Urtebete oso bat ebaluazio fasean eman ondoren, ICANN erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu du. PuntuEus Elkarteko kideen esanetan, "iritsi da urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza. Euskararen herriaren nazioarteko aitortza: .eus lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat". Hala adierazi zuten joan den larunbatean, ekainaren 15ean, Euskaltzaindiaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Euskaltzaindia sorreratik bertatik da PuntuEus-eko kide, eta Joan Mari Torrealdai Akademiaren ordezkaria da.
ICANN erakundeak .eus domeinua onartzea, fase berri baten hasiera da. Elkarteko kideek argitu dutenez, ".eus domeinuaren benetako ibilbidea oraintxe hasi da. Bospasei hilabete inguru beharko ditugu domeinua martxan jartzeko falta diren urratsak emateko. Eta behin martxan jarrita, domeinua erabiltzea, ikustea eta indartzea da .eus domeinuari zentzua emateko modua. Hain zuzen, horixe da, nazioarteko aitortzatik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua".
PuntuEus Elkartearen oharra irakurtzeko, sakatu hemen.
Bestalde, domeinua onartua izan dela ospatzeko ekitaldi bat egingo dute datorren ostiralean, ekainaren 21ean, 13:00etan, EHUko Bizkaia Aretoan, Abaindoibarran, Bilbon.