ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 88

APRILLA (4) 1962

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Samiña

Zazpi ariko gitxarra bat eida gizonaren bizitza: sei samiñerako, eta bat pozerako.

Samiña, txarra, naigabea eta negarra, mundu onetako egi batzuek baño ez dira. Euren xerak, bein edo bein, danok artu doguz; eta ondo garratzak.

Baña itxasoa be gazia ez balitz, ez eilitzake izango ain garbia. Gure bizitzako negar-samiñak be badaukie zeregin bat, eta zeregin au orixe da: gure bizitza garbitu.

Gizon zoriontsua, dana daukona, arintxo aastutzen da Jaungoikoagaz, eta oker bideak errez eta arin artzen dauz. Jaungoikoa, ostera, zuur dago beti, eta orduan derrot joten dau bere txiliña. Txarto goazela adierazoten deuskun txiliña. Eta txilin edo lei orreek, gure ezbear edo naigabeak dira.

Garizuma Santua penitentzi denporea da; eta Jaunaren dei ori iñoiz baño apalago eta zintzoago entzun bear dogu; saso onetan ixilin orren deiak beste gauza bat be badiñosku-ta: pekatuen penitentzi egin, eta gure bizitza garbitu bear dogula.

Antonio Zubizarreta


Garbitasuna

Garbitasuna, larrosa gorri eder bat da, bein erre edo igartu ezkero, ezin ezelan be konpondu. Bera dala-ta, onelako egi andiak esan dira:

1.—Garbitasun zauritua osatutzeko sendagillerik ez dago. (Ovidiok)

2.—Lora betian dagoala, leiak atrapaten dauan lorategiaren errukarria.

3.—Edertasuna garbitasunik barik, usain bako lorea.

4.—Galdu dan garbitasunak, etxera biderik ez daki.

5.—Garbitasuna ez da aurkitzen galdu dan tokian. (Gar-Mar)

6.—Neskatilla garbiak naiko dote daroa. (Kilonek)

Antonio Zubizarreta


Familia ta Konzilioa

Familiaren izenean zer eskatuko zeunskioe Konzilioari

— "URRILLAREN amaikan asten ei da Batikano'ko bigarren Konzilioa!...

Katoliko ta euskaldun askok eta askok oztasun itzelegaz artuten dabe barri au. Gaurko "gizarte-auzi edo sozial-problema" onek kenduten deutse ikusmen guztia-edo... Eleiz-Batzar nagusiari, ez deutsoe beintzat ardura apartekorik emoten. Ba! ezer danik bere ez! Jazoera miragarri onen ateetan, eta bear-bada, ogeigarren gizaldian izango dan jazoera bear-bearrenetakoaren aurrean, ikerarik txikienik bere ez! Baiña, euskaldunak, zeuen problematxo barragarriak buruan sartuta, Konzilioari jaramonik egin barik egongo zaree? Orretara ez dago gero ez katolikotasunik, ez Eleiza-batasunik. Ez eta ez.

Zeuen etorkizuna

Askotan entzuten da: "Zer ardura deust, ba, niri Konzilioak?" Txarto esanda. Guzurra da ori. Orretara berba egiteko eskubiderik ez dauko iñok. Zer ikusi aundia daukazue Konzilioagaz. Batez be, bere eginkizunik arrigarriena danok Jaungoikoaren gerizpean jartea dalako: eta zu bere bai! Bai, Konzilio onetan garbi eta artez esango jatzue zer egin bear dozuen, gaurko egun zorabiotsuetan Kristogaz bizitz osatuagoa izan daizuen.

Zeuen seme maiteen etorkizuna be Batzar nagusi onetan sustraitua egongo da ia dana. Erroma'tik eskegita legez dago mundu guztiaren bizitza. Bi milla obispoen artean iminten deutsuen bidetik jarraitu bearko dozue danok. Kristoren dotriña santuari era barria emongo deutsoe Erroma'ko Batzarrean.

Eta egizko katolikoak bazaree, ezin zeinkeeze, irakaspen orreek alde batera itxi ta, ardura barik bizi. Orregaitik, ondo egongo litzake, eta auxe da zuen bete-bearra, mundu zuzentze onetan Kristoren apostolutza barriaren egarria sentiduko bazendue.

Zeuek be ELEIZEA zaree

Konzilioak artuko dabezan asmoak, zeuek eta zeuen semeak bete bearko dituzue. Eta, orregaitik, zer-ikusi aundia daukozue Batzar onegaz. Konzilioaren bierrak eta asmoak, zeuen-zeuenak dira. Bai, Eleizearenak diralako ta zuek be Eleizearenak zareelako. Eleizeari bere bidetan lagundutea ez da, bakarrik; frailleen egin-bearra, baita erritarrena be! Bestela entzun Pio XII'garrenak esan eutsuena: "Eleizearen lelengo illaratan aurkituten dira gaur erritarrak... Jakin daiela, ba, Eleiz-seme mutuak barik Eleizea ber-bera izan bear dabela". Ekin, ba, ELEIZEA egiten, gurasoak! Zeuen prolema, neke ta eginbear guztiak eleiz-gizoneri ta obispoeri agertuten badeutsezue, obispoak antxe, Erroma'n, atarako ditue zeuen izenean berba egingo dabe. Olantxerik bakarrik osatuko dogu Kristoren Eleizea.

Zeuen artzaiakaz berbetan

Ain ondo be, gaur obispoak menpekoen laguntasuna sarritan eskatuten dabe. Begitu zer, diñotsen kristiñaueri Veuillot obispoak: "Zuen indarra, zuen argia obispo batentzat iñoiz baiño bearrezkoagoa da gaur. Emendio aundikoak dira Eleizearentzat, obispo ta kristiñau arteko alkar-berbetak! Zenbat eta kristiñau zintzoagoak izan, ainbat eta alkartasun geiago obispoagaz. Eta menpekoen problema biziak eta pregunta sendoak obispoarentzako argi dizdiratsuak dira".

 Ezingo zaitue banan-banan artu, obispoaren akaboa izango litzake-ta. Orregaitik, ba, gurasoak zeuek-zeutara egin bear dozue famili ta ezkontzaren "bizitza-azterketa" ori. Eta olantxerik, zeuek atarako dozuez ondoen datorren Konzilioan, ezkontza ta familibarritze au lortuteko, ikutu ta erabilli bearko diran puntuak.

Sasoirik ederrena

Gurasoak, Eleizeak zeuen eskuetan imiñi dau bere indarra. Zeuen ordua da! Konzilioaren ateetan, ba, katoliko egiñak legez saiatu bear zaree. Izartu zaiteze!

Eta azkenez, danok euki bear dozue gogoan, zuek nai dozuena ez-baiña Espiritu Santuaren esana egingo dala Konzilioan. Orregaitik, egunero egin bear dozuez Aita Santuak eskatuten deutsuezan erregu bero ta zuzenak. Batez bere, saiatu zaiteze, zeuen otoitzez Konzilioari bidea idegiten.

Zeuen semeak be jakin bear ditue Batzar onen gora-berak. Eta familia sarritan batu bear zeunkee Konzilioari buruz berba egiteko, ta semeekaz batera erregututeko. Ganera, semeeri Eleizearen bizitza eroaten erakusteko, Konzilio aurreko egunak baiño asti obeagorik ez jatzue etorriko geiago, ta galtzea txarra izango litzake!

Anai Jon Zabalgo


Or, an, emen

Polonia-ko katolikotasuna ejemplutzat

Aita Santuak, konzilioari buruz berrogei kardenaleri egindako itzaldi batean, Polonia-ko kristiñauen katolikotasuna jarri dau Eliza guztiaren aurrean. Euren erakuspena jarraitu daigun. Kardenal pillo aretan egoan, konzilioko gora-berak konponduten etorrita Wyszynski be. Wyszynski Poloniako kristiñauen eta obispoen buru ta artzaia da.

Aita Santuak, Polonia-ko kristiñauak Ama Birjiñarenganako dabien zaletasuna ta deboziñua goraldu ebazan. Baita Erromako Aita Santuari deutsoen errespeto ta leialtasuna be.

Polonia, komunismuaren atzamarretan katigatuta dagozan naziñotariko bat da. Baiña onegaitik ez dau galdu fedea, ezta Erromarako joerea be, Txina-n jaso dan legez. Ba-dakigu zein dan komunismuaren jokaeria onelako naziñoetan. Obispuak Erromagandik aldendu, Eliza nazional bat egin daien. Baiña Polonia-n ez dabe lortu gurari au. Ta onegaitik iminten deuskuz Aita Santuak gure begien aurrean Poloniako kristiñau zintzoak.

Poza U. S. A.-an

Goialdeko burruka gorituten doa. Nok irabaziko dau? Errusiak edo Norte Amerikak?

Glenn-ek, munduari emon eutsozan jira-birakin errusitarrak zartada ederra artu dabe, amerikanuak ostera indartu egin dira. EE. UU. dala ta eztala, gauza asko esan dira egun oneetan. Eta ez ain zuzenak danak. Mundu guztia egon da Glenn jaurtia izango zan unea itxaroten. Danok une onetatik zintzilika, zer gertatuko ete zan begira. Azkenean bota dabe. Ta Glenn goialdean lau ordu ta berrogei ta amazortzi minutu jira-biraka ibilli ta gero, lurrera jatzi iaku barriro. Errusitarrak ezik danok giñan pozik.

Glenn-eren "egazkadea" Gagarin errusitarrarena baiño askozaz luzeagoa izan da, baiña Titov-ren "egazkadea"-ri ez deutso antzik be emon.

Bardinduten doa goialdeko burrukea. Gagarin, Titov, alde batetik; Shepard, Glenn, bestetik. Orain ikusi bear zeiñek botaten daben ordago "andira".

Amerikanoeri itxaropena ez iake falta. Gogoz artu dabe antza arazo au, Espaiñiako futbola legez. Brainard Holmes N.A.S.A.-ko diretoreak esan dau: "Aurton bertan egingo doguz Glenn-erenlako iru edo lau "egazkada" ortik goietatik zear. Euretiko batean, gitxienez, amazortzi bira emon bear deutsaguz munduari". Larregitxuegi ez dok izango Brainard? Ez dozak ollandaren egazkadak gero?

"Telón de acero" ondatu da

Len "Telón de acero" misterio bat zan. Ez genkian ezertxo. Dana zan ixilla ta jan gurea. Ta genkian apurra espiaren bitartez. Orain amerikanuak Glenn-en jira-biran, idigi dabe "Telón de acero" ori. Espiaren ta U-2-ren lana, laguntasun bat baiño ez da izango gaurtik. Proyektil oneen bidez, jakin leikie amerikanuak Errusia-n dagoana. Ango sekretuak, ta abar.

"Alto el fuego" Arjelia-n

Siñistu geinke? Zer ez da esan Arjelia dala ta eztala! Dana zan itxaropena, baiña azkenean itxaropen guztiak lurrera etorri ziran. Noren errua? F.L.N. edo O.A.S.-na? Bien bitartean odola ta illak ugari.

Diñoenez, Paris-ko ta Arjelia-ko gobernuak, gertuta ei daukeez "alto el fuego"-rako bideak.

"Alto el fuego" egi biurtuten bada, Arjeliarrak, iru edo lau ille bete barru, euren iritzia "referendum" baten bitartez emango dabe.

Paris-en entzuten danez, Arjeliak azkatasuna lortu arren, Frantzi-ko ejerzitua bertan geldituko da iru edo lau urtean, badaezpadan. Arjelia-n dagozan europeutarren problemak konponduteko eta O. A. S.-ko moltso bildurgarri batzuek menperatutako. Europatar askok eta askok urten ei dau egun oneetan Arjelia-tik Frantzirantz. Frantzia-k daukon prolemia ez da makala! Non sartu jente orrek? Oraingoz beintzat baketu daigun Arjelia.

Leopoldo


Aita lmanol-ek Sierra Leonatik

Penak eta pozaldiak

Atzo pozik, gaur triste. Goizean pozarren, arratsaldean ernegetan. Biar alegre, etzi ta etzikaramu barriro itzal. Auxe da euskaldun arraintzaleen bizimodua West Afrikako alderdi onetan. Baiña, ori gorabeera, aurten askoz pozago bizi dira aurreko bost urteetan baiño. Zegaitik ori? Aurten arrain guztiz asko atrapetan dabiltzalako, eta atunaren prezioa iñoizkorik onena dalako.

Beiñola, Bermeoko barku batek 800 kintal ekarri zituan portura sei eguneko termiñuan; eta kronika au zuek irakurri orduko, seguru nago, baten batek 300 tonelada baiño geiago atrapatu ditu. Noiz ikusi da olakorik euskaldun atunzaleen artean?

Iñoiz be ez, eguno be ez.

Gaurtik aurrera ez dago dudarik. Afrikan arrain asko dago, atun asko dago; gure arraintzaleak bertora etorri bear dabe neguan, dirua polito irabazteko, euren bizibidean progresatzeko eta —beti izan dan lez— munduko arraintzalerik onenetarikoak izateko.

Baiña ez da dana emen larrosa kolorekoa. Emengo bizimoduak ba-daukoz bere alderdi gogorrak, bere laztasunak, bere atsekabeak, bere naigabeak, bere tristurak. Gaurko kronikan, beiñola jazo jakun pasadizu triste bat kontatuko deutsuet.

Lekeitiar baten eriotzea

Fausto Valencia zan bere izena. Paloma Divina-ko koziñerua. Ondo akordetan naiz beragaz. Bariku goiz baten, eneruaren 26-an antxe egoan portuan neuri itxaroten, ainbat ariñen medikuagana joateko. "Ez nago ondo, Jauna —esan eustan—. Areiñegun, gau beranduan, guztiz txarto jarri nintzan. Kalenturea, otzikarak, mareaziñoa, tripetako miña: ez dakit nik zer etorri jatan derrepentean. Ikaratu egin nintzan; eta medikuagaz alik ariñen egoteko, beste barku baten etorri naiz errira".

Joan gintzazan biok korrian osagillearen etxera. Examiñatu eban medikuak goitik beera, eta malariaren kontrako medikamentuak emon eutsozan. Biurtu giñean geure etxera. Eguerdi atan polito jan eban bazkaria, kalenturea naikoa eukiarren. Joan zan ogera, eta ezin lorik egin. Deitu neutsan afaria jaten, eta ezin jan. Gau aretan ez eban ondo deskantsatu. Medikamentuak ez eutsoen ezer egiten. Txarto asmetan eban bere gorputza. Atzamarrak dardar egiten eutsoen. "Nik ez dot onetatik urtengo" —esan eustan bein. Presentimenturen bat eukon gizaixoak. Eldu zan bigarren gaua, eta oraindiño txarrago igaro eban. Alan ezin eiteken segidu. Joan giñean ostera-bere medikuarenera. Alarmatu egin zan apurtxu bat medikua —gaixo txarren bat sumatu eban urrean— eta beste barik hospitalera bialdu eban. Domekea zan.

Hospitalean

Oso ederra da hospitala. Sanatorio baten antzekoa. Menditxu baten gaiñean jarria. Toki freskua, baketsua. Bertako personala, guztiz atentua. Esku onetan itxi neban gaixoa. Gau atan obeto egin eban lo. Urrengo egunean iñoiz baiño trankillago aurkitu neban. Pentsa eiteken onerantz egiten ebala. Baiña, gitxien uste genduanean, martitzen goizean, guztiz txarto jarri zan. Nekez verba egiten eban, eta dardakadea geitu egin jakon gorputz guztian. Beste mediku bat —espezialista bat— etorri zan arratsaldean; eta gaixoa ondo examiñatuta gero, oso grave aurkitu eban. "Ondo izango litzake, etxera kablegrama bat bialtzea" —esan eustan berak, gaixoaren gelatik urten ebanean.

Ain txarto egoala konturatu nintzanean, azkenengo sakramentuen pentsamentua etorri jatan burura; eta momentu atan bertan urretuten jat enfermera bat eta diñost: "Jauna, emon beioz gaixoari ainbat ariñen eleizakoak, guztiz txarto dago-ta. Joan nintzan artez artez beragana, esan neutsan argi ta garbi txarto egoala, galdetu neutsan ea artu gura zituanentz azkenengo sakramentuak, erantzun eustan pozarren baietz, bajatu nintzan andanan errira eleizakoen billa, biurtu nintzan alik lasterren gaixoaren albora, biztu nituan kandelak, konfesatu neban, emon neutsazan komuniñoa, azken oleaziñoa ta eriotza orduko bedeinkaziñoa, eta trankil trankil geratu zan. Nik neuk, askotan emon dodaz azkenengo sakramentuak; baiña ez naiz eguno ain pozik geratu, orduan baiño.

Urrengo egunean, urtarrillaren ogetamaikan, eguaztenez, arratsaldeko ordu batetan, kristiñau on bat lez il zan. Arik-eta autopsia egin artean, medikuak ez eban jakin seguru eriotzearen kausea. Gero agertu zan, septizemia edo odolaren envenenamentua izan zala. Goian bego Fausto Valencia, Lekeitiar arraintzale zintzoa!

Funeralak

 Justuria lez zabaldu zan arraintzaleen artean eriotzearen barria. Eta barriagaz batera, atsekabea ta ikarea. Atsekabea, lagun on bat galdu ebelako; ikarea, tifusegaz il zala lenengotan esan zalako. Urrengo egunean egin genduzan funeralak Freetown-eko katedralean, goizeko amaiketan. Eundaz arraintzale batu zirean eleizan. Antxe ikusi nituan Lekeitiar guztiak: Paloma Divina-koak, Anabel-ekoak, Arminche-koak. Kompaiñia amerikanoko agintari nagusiak-bere antxe egon zirean.

Biurtu giñean gero danok portura, eta arratsaldean tiki-taka asi zirean barkuak itxasora urtetan. Baiña errian geratu giñeanok, gauza importante bat egin bear genduan oraindiño: bialdu Espaiñira gorputza aeroplanoz. Guztiz asko kostatu jakun; baiña, bertoko persona on batzuri eskerrak, gauza guztiak urten euskuen ondo.

Agur, urrengorarte


Emakumeentzat

1.—Bakoitzak berea

Askotan gertatuten da, batez be emakumeen tartean: norberaren bierra, norberaren ofiziua, norberaren "kurutzea" aundienengotzat, aztunengotzat eukitea. Bestiena dana da ona, dana xamurra. Norberarena, ostera, dana txarra, dana gogorra, mingotza.

Ez gaitezan izan inbidiosuak. Mundu onetan bakoitzak berea eroan bear dau. Kristo-k eroan euskun "kurutze aundia"; eta Kristo-ren jarraitzalleak gareanezkero, eroan daigun geure "kurutze txikia".

Lagun urkoari begiratutea gauza ona da, batez be laguntza eske jatorkunean; baiña ez gaitezan "begi-okerrak" izan. Eroan daigun lelengo Jaungoikoak bakoitzari ipini deuskun kurutzea, baiña eroan daigun "murru-murruka" ibilli bage. Bakoitzak daukagu geurea: nik neurea, zuk zeurea, berak berea. Kurutzea, bai, kurutzea bezarkatuten ikasi bear dogu, batez be Garizuma dempora onetan.

Zenbat bidar entzuten da, batez be emakumeen tartean.

— Ai a!... Ederto bizi da, "pepe" eginda!...

Ta bear bada ori esaten dabena "pepe ta erdi" eginda bizi da. Askotan gitxien uste danak daki kurutzea onduen eroaten.

Kristiñau-kurutzea eroatea ez da aiñ gauza erreza, ez; kristiñau-kurutzea ondo eroateko kondiziño asko bear dira, batez be: apaltasuna, ixiltasuna, alaitasuna.

Amaika bidar entzun dogu:

— Ori beti daukazu alaitsu...

Alaitsu? Zergaitik? Kurutzea zuk baiño obeto erbaten dakialako.

Zenbat gaztek uste daben, esate baterako, ziñeko artistak zoriontsu bizi dirala! Baiña eurak be euren kurutzea daroe! Euren biar-arloa egin ondoren, zenbat bidar gelditzen dira aulduta, autz-eginda!

Kurutzea, besteen kurutzea, baiña batez be ZEURE kurutzea!

2.—Naiko? Iñoiz be ez!

Aldizkari edo errebistak dirauskuenez, Persia-ko erregiña, ezkontzako arazoak amaitu ondoren, barriro asiko ei da "Arkitektura" ofiziua ikasten.

Ejenplo ederra benetan!

Emakumeak, (bardin gizonak), adimen bat dauko. Zoritxarrez, emakume askoren adimenak bein amasei, amazazpi urtera eldu ezkero, ugertuta legez, ustelduta legez egiten dira. Ezetz?

Begira: Jaungoikoak emondako doaiak ez doguz euki bear gordeta, ez; Jaungoikoak emondako doaiak, bai arimakuak, bai gorputzekoak, asi eta ezi egin bear doguz. Adimena, esate baterako, ezta ule "fiñaren" azpian eukiteko edo "permanentepean" lotan eukiteko, ez; adimena, beste doai guztiak legez, Jaungoikoari eta gizarteari laguntzeko da.

Ez uste izan Jaungoikoak emondako doaiak zeure onerako diranik bakarrik, ez; zure doaiak zeure onerako, zeure familiaren onerako, gizartearen onerako eta mundu guztiaren onerako dira! Gaurko munduak alkar-laguntasuna bear dau. Gizarteak, mundu guztiak zure ta nire laguntza bear dau.

 Astindu dagiguzan, ba, gure doaiak; astindu daigun geure adimena!...

3.—Kolorea gauza ona dozu

Askotan, gorriz, edo urdinez, edo oriz, edo zuriz jantzita doan neskia begi txarrakaz ikusten dogu. Zergaitik? Kolorea gauza txarra da? Kolorea, berez, ez da gauza txarra ez ona; koloreagaz doan arrokeria txarra da, baiña kolorea, ez.

Ikasi daigun betirako zer dan ona ta zer dan txarra.

Koloreak biotza alaitu, irribarre goxoa atara eragin ta, askotan, buruko-miña bera be kendu egiten deusku.

Askok baltztasunak edo kolorerik-ezak kristiñautasun geiago daukala uste dabe; eta au ez da egia; bestela ikusi abadeek eleiz-puntziñuetan erabilten dabezan jantziak: zuria, gorria, urdina, baltza; baiña ez beti baltza... Ez pentsatu, bada, Katolikuen erlejiñua "kuakeroen" (protestantien adar bat) erlijiñua danik, ezta entierruetarako bakarrik danik be; Kristoren erlijiñua, erlijiñu "osoa" da: entierratu bear danean entierrateko, ta jai egin bear danean jai egiteko.

Kolorea ta kolorez apaindutea ez da pekatua. Pekaturik eztagon tokian ez gaitezan pekaturik idoroten ibilli; daukaguzanak ez dira naiko ala?...

Apaindu koloredun jantziekin, apaindu koloredun oñetakoakin; baina, emakume, ez jantzi koloreak askotan daroan "arrokeriakin"!...

Idoyaga-tar Xabier


«Chester» eta «Peninsulares»

Andragaiagaz egoan nire laguna; azkenengo berba apurrak esaten. Eta "Itxoidak apur baten, alkarregaz joango gaituk eta" esan eustan. Andragaia laga orduko "Chester" pakete bat atera eta erreten asi zan.

Trenean:

"Erre egin bear dogu" esan eustan itaunkeran.

"Bono" erantzun neutson. Eta "Peninsulares" bat atera eustan.

Ez genduan berba aundirik egin bidean. Uste neban nire lagunak, beargiña dan legez, tabako exkaxa erreten ebala beti. Eta zigarroen ke artean, ezkongaitz asko guzurrezkoak dirala beitandu jatan; neska-mutil ezkongai asko ez dirala zintzoak alkarrekin, ez dabeela nai diran legez "lagunaren" aurrean azaldu; norberaren akatzak eskutatzea dala euran ardurarik nagusiena; aurretik "Chester" eta atzetik "Peninsulares" dirala.

Aberats azaldu naian ibiliten dira neska-mutil asko, alkar lilluratu naian.

Eta ezkongaitza bata-bestea ondo ezagutzeko garaia da, bizitza guztian lagun izan bear dabena aukeratzeko.

Baiña zelan ezagutuko, zelan jakingo noregaz gabiltzan, guzurrezko itxurean eskutaten bagara? Eta ezkongai askoren elburua au dala esan lei: "Ez daiala jakin nolakoa nazen".

Eta gero, ezkonduz gero, uste etziran akatxak eta egiak azaltzen diranean, utsa biurtuko da bizitza, asko uste eztan bizitza, geza eta motela.

Arriola


Aberats barriak

Bide asko dagoz aberastuteko; izan be asmatzaillea gizona. Azkena Ameriketan asmatutakoa da. Eta gaur arte asmatu diran zantarrena seguru asko. Gauza bi egin bear dira:

Ezkondu lenengo eta gero ezkontza ori juezeen aurrean ausi eta kalteen ordaiña artu.

Jakiña, Zenbat eta geiagotan ezkondu ainbat eta aberatzago. Olan dabiltz ziñeko ainbeste larruts. Ara: Gregory Peck-eri 3.600.000 pta. eroan eutson ezkontza austeak; Frank Sinatra-ri 8.400.000 eta Marlon Brando-ri iru milloi. Betsy Blair-ek 26 milloi jaso zituan, «Dorothy Hartek 90 milloi eta Bobo Rockefeller-ek 160 milloi.

Silvia Hawker lau biderrez ezkondu da eta lautan banatu. Millonarioak ziran laurak, baiña Silvia danak baiño aberatzago biurtu da.

Bizibide lotsagarria benetan, lotsagarriena. Gizonaren muiña, maitasuna, diruaren mende! Eta bitartean ainbat ezkongai zintzo egiz maitatzen diranak, ezkondu eziñik, dirurik ez daukeelako.

Arriola


Euzkerearen alde

Edezti zaarrak diñozkue zenbat toki, lurralde, lurki edo errietan, erabilten zan, orain ainbat urte, euzkerea.

"Pirineos" eritxon mendietako mugatik iparralderantz dagozan Prantzi antxiñako lurren euzkaldun biztanleak alde batera itxirik, ikusi dadigun Kantauri itxaso ta mendi orren ego aldeko lurretan euzkeldunak izan zirianak zenbat zirian.

Asi, Huesca "provintzi"ko buruan, Naparra, Logroño, Zaragoza (Ebro ibai'tik gora), Burgos iparraldeko zati bat, Araba Gipuzkoa, Bizkaia ta Santandere'tik arantz.

Ez uste ori, orain eun urte izan zala! Ezta milla urte! Biar ba'da bi milla edo geiago izango ete diran nago, lurralde orretako biztanleak euzkerea erabilten ebela bere izkuntzaz.

Irakurle'en batek, bere kolkorako esango dau: "¡Ze "errekondo" dabil orrek orain bi milla urteko kontuak ataraten? Guzurrak ez ete dira?"

¡¡Ara!! Euzkerearen bizitza bi milla, edo iru milla, nai anei milla geiago, urteakaz, ezin leiteke ainbatu.

Euzkaldunak eztira Euzkalerri'ko jatorrizkoak. Euzkalerria'n beti etziran bizi. Euzkalerri berak be euzkaldunak bertara etorri ziralako artu eban izena. Euzkalerri'ra etorri baño lenago, lur askotxu, ibilli izan eben. Urrunetik etorri zirien.

Jakitun batzuk, Asia'ko lurralde baten, berestuten dabe euzkerea ta euzkaldunen jaioterria, gizadiaren asieretan. Besteren batzuk barritz, gure lenbiziko gurasoen izkuntza euzkerea izan zala, diñoe.

¿Nork ainbatu leikez ordutik ona igaro diran urtiak?

***

¡Guazen orain bi milla urte orretan euzkeriari zer gertatu yaikon ikustera!

Erromatarren alditik, 10-garren eunurterarte, Aragon lurraldeko aranetatik, atzeratu zan. Bedaratzigarren eunurtetik, 14-garrenerarte galdu zan; Burgos inguruetatik (Juarros deritxon lurraldetik) Ebro ibai gora. Aragoi ibaitik Erronkari'ra. Amasei'garren eunurtetik, 20'garrenerarte, Ebro ta Aragon ibaietatik, Iruña'rarte atzeratu zan.

Alan geldiro geldiro yoyan atzeratuten, gaur daukon lurki txikia euki arte.

¡Ori gero aldi aretan! Oraingoetan, ibilketa edo atzeraldi ori, azkarrago ta zakonago doya.

¡Begira beztela geure erki edo probintzietan zer jazoten dan. Obeto esateko, danetan ez. Naparra, Araba ta Bizkaian, ze Gipuzkoan! Jainko lagun! asaba zarren oituteran eta euren izketan jarraituten dabe... da...! ez bazerri ta errietan bakarrik, Donostian bertan be euzkerea polito entzuten da.

Naparra'n esan dogu lenago, zer jazo zan ta orain euzkerea bere lurralde'ko arangureneraño bastertu da. Otxagabi, Aezkoa, Baztan Aranetan eta Prantzi ta Gipuzku'ko mugetan zeozer... da! Kitu!

Araba'n zer? Egiten ba'dabe, Aramayo Ezkoriatza ingeru'ko, Bizkai ta Gipuzkoa'k izten daben bitarteko bastertxuan izango da.

Eta Bizkaian?

Nerbion ibai ezkerrian, "Enkartaziño" deritxon errietan, aspalditxu da, galdu zala.

Bilbo'n nok egiten dau? Zaspi "Kale" zarretan zeozer ta bertan be, bilbotar eztiranak, errietatik etorri'koak.

Nerbion'en eskuma'ko ibarren ertzan dagozan Deusto, Erandio, Ondarreta Algorta, Plentxi'rarte ez asko: barruantza geiago. Gero Mungi, Gernika, Durango ta Markiña'n eta euren inguruetako, erri-baserrietan asaba zaarren izkuntza darabille.

Mundaka

Maixu