ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 79

BAGILLA (6) 1961

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Kuba kurutzean

"Kuba: Amerikako lenengo Estadu komunistea". Auxe zan lengoan leidu naben periodikoaren asierea. Eta beratxoago, letra txikiagoaz, beste auxe ekarren: "Bakearen Lenin-saria Kastrorentzat". Urrengo orrian: "Kontuz ibilteko diñotso Kastrok Kennedy lendakariari New York eta Washington beste Hiroshina eta Nagasaki batzuk biurtuta ikusi nai ez badauz". Eta onelako naikoa badakar aspaldi onetan.

Zer gertatzen yako ba "bizardunari"? Jumm...! Alakoa dago yankien kontra, bera bota gurarik sartu ziran egun aretatik! Esturea be bear bada igaroko eban, baña gaur astoputza baño arroago eginda dago. Alejandro Nagusia, Anibal edo Napoleon eztanik eztau pentsatzen beintzat. Bere garraxiak eta bere arrantzak iñoiz baño aundiagoak eta arroagoak dira. "Betoz —diño— amerikanuok eta neuk erakutsiko deutsiet nor nazen".

Egon be txarto dago oraingoan Kuba. Denpora gitxi dala Yon Kepak Kuba Kalbario bidean aurkitzen zala idasten eban. Baña gaur geiago esan bear dogu: kurutzean josita dagoala. Kastro eta Rusiaren artean, jentea gosez albo-alboka eta armaz agiñetaraño beteta. Ogia kendu eta armak eskeiñi, kontu eskasa. Armak gosea kendu baño ekarri geiagotan egin eidabe eta gaur be bai kontixu.

Kuban komunismoa bete-betean sartu yaku eta koko au kentzea beti izan da gatza.

Eta Eleizea? Txarto. Komunismoa eta Eleizea beti izan dira etsaiak, eta ezin bizi biak etxe baten, ezin jan katillo batetik. Uste danez, etorri bear dau zeozerk Eleizaren ganera. Len be iñoiz esan dau Raulek: "Laster esango dautsague abade eta praile orreeri nora joan bear daben".

Esan dabeena egia bada, eundaka abade eta praille egon dira kartzeletan. Pare bat obispo be bai. Arteaga Kardenalak anka egin eban enbajada batera. Radio telebisiño eta periodikoak jaurtialak botaten dabez euren kontra, eta, uste da, Eleizeak txarto geratu bear dabela oraingoan.

Praille euskaldun asko daukagu an. Aundia izan zan gure bildurra lenengo orduetan, ez genkian ezer eta. Baña abisatu deuskuenez, euskaldun guztiak ondo dagoz eta ezta egon iñor kartzelan. Iru edo lau ondo zainduta eidagoz, baña besterik ezer be ez.

Negargarria benetan Kubaren egoera au. Eta Kuba bakarrik balitz. Sarritan pentsa dot su-bateoren bat bear ete dogun. Dana dala Jaungoikoaren eskuetan gagoz eta datorrela datorrena Jaunak zainduko gaitu. Bitartean egin daigun danok otoitz Kuba errukarriagaitik eta munduko bakeagaitik.

Antonio Zubizarreta


Ba dakizu...?

Gure "Anaitasunaren" euskerea

Bost edo sei karta eldu iataz, gure "Anaitasunaren" euskereatzaz diarduenak. Batzuk, egia esateko, biotz eta asmo onez beteak; beste batzuk bear bada amorru edo alako ikusi ezin gorritxoz jantzita. Ezkerrik asko lenengoeri, euren kezkak asmo onak eraginda agertu deustezelako; besteeri berbatxo bi:

Bildurtu be egin nintzan lenengoan karta orreekin. Aita Imanoleri agertu neuntzazan neure bildur eta estureak, eta esan eustan metro erdiko pilloa eukala olako kartatan.

Karta oneen atxekiak, geienbat beintzat, onexek dira: euskera errexegia egiten dogula eta erderazko berba larregi dabilgula.

Gauza oneek sarritan pentsatu eta ondo ausnartu doguz. Bein baño geiagotan atera izan doguz geure autuetan, eta batzuetan batzuekaz eta beste batzuetan beste batzuekaz, eta gure errazoiak ateratean ontzat emon dabez.

Gaur orri onetan zeozer esan gura neunke:

1.—EUSKERA ERREXEGIA. Egia da, baño asmoz. Sarritan beste berbea miñaren puntan dindilizka eukiarren irentsi egiten dogu. Zergaitik? Gure euskerea al danik eta geienak leidutea eta aitutea gura dogulako. Baña orregaitik sakoaren beste zulotik urten barik. Ori bai. Guk gura dogun euskerea da: ez garbiegia, ez zikiñegia, erdian gura dogu ibilli. Enoia onegaz euskera ederreko errebista orreen kontra. Orixe ez ba, milla txalo eureri. Baña begira:

Gure Euskalerrian jente asko dago. Batzuk euskera goitik bera dakienak; beste batzuk, geienak, juxtu eta estu dabiltzanak. Errebista orreek ondo dagoz lenengoentzat, baña ez bestientzat. Geienak eztabe ezer aitzen, edo, beintzat, kristonak egin bear izaten dabez zeozer garbi aterateko. Eta zer gertatzen da? Arazo ori ez artzearren dana isten dabela. Gure euskerea muga larri baten aurkitzen da gaur egunean, eta guk egin geinkeen gauzarik onena auxe da: leidu edo irakurri dagiela beintzat zeozer euskaldun orreek, betiko baztertu ez dagien euren euskerea. Eta ori zelan lortu? Euskerea emonda. Baña eurek aitu leikien euskerea. Ata orixe da gure Anaitasunak gura dabena: leidu daiela zeozer beintzat. Eta baten batek nai badau euskera obea, badago ugari.

Nire ustez, errebista biak bear dira: euskera errexekoak eta euskera garbiagokoak. Eta eztot uste bigarreenak lenengoak baño bearrezkoagoak diranik. Biak dira bear-bearrezkoak.

2.—ERDERAZKO BERBAK. Ez dot uste ainbesteraño eltzen garianik. Len saso baten bear bada, baña ez gaur. Ondo neurtuta doaz berba orreek.

Auxe esan gura neuntsuen eta ara or ba. Baten batek beste era batera pentsatzen badau eta errazoi gogorragorik badauko esan daiztala, mesedez. Beti artzen dodaz pozik kezka orreek eta. Argia egiten da. Batez bere errebistearen maitasunak eraginda badatoz. Eta beste orreek, pentsa dagiela: laureun edo bosteun euskaldun on eukiarren, beste danak aldeten badabe, euskerea astuten badabe, zer?

Pozik artzen dodaz ba zeuen kartak, eta baten batek zeozer esan gura badeust ara emen nora zuzendu:

P. Antonio Zubizarreta.

PP. Franciscanos IRALABARRI. - Bilbao.

***

Milla esker errebista oneri ainbat laguntzen deutseen suskritoreeri. Asko dira iru eta lau bider geiago ordaindu dabenak. Eskerrik asko.


Alemaniara biarrean

Jatekoa, etxea, dirua

Txarto jaten ei da Alemanian. Zergaitik? Nazio bakotxak bere gurariak daukoz eta bere gustoak jatekoetan. Eta, antza, angoak eta emekoak eztira bardiñak. Orregaitik, Españiko emigranteeri ango janariak barre gitxi eragiten deutse. Nire ustez, lenagoko atxakia izango da au, gero, denporeagaz, orretan bere oitu egiten da-ta.

Bizi-lekua oso eskaxa eida ta surreko kostipauak sarriak.

"Diruagaitik izango ez balitz..." Egia esan, dirua da Alemaniko españarren poz zurtza. Erreza da —euren esatez— illero bi edo iru milla peseta batutea. Batzuk atzerriko urtea amaitu orduko etxea ta bigarren eskuko autoa erosi ei dabez. Ori emen gatx izango litzake; baiña an be ezta ori danan zoria.

Nork lagunduko deust?: bakartasuna

Beste erri bat, beste etxe bat, beste biarleku bat, eta beste berbeta bat. Berbetearen ezbardintasuna da, batez be, angoen bakartasunaren orma zabalena. Edo firma bat bota bear dalako, edo atxaki bat emon, edo gauzaren bat zuzendu, berbak bear dira danatarako, eta angoagaz oso txarto ei dabiltz. Orixe da ango bakartasunaren zio garratza. Askok, urtea eginda gero, eztabe besterik ezaututen: eskaparateak, dantza-lekuak eta andrak edo neskatillak... dantza-lekuak eta andrak. Batzuk gañera, ezkonduak dira, emaztea ta seme-alabak emen itxi dabezenak, eta onen bakartasuna negargarriagoa da oindiño: ezin dira "txoritan" ibilli...

Abadeen aldetik aaztuak dira lar. Bertako españar abadeak oso gitxi dira ta ezin dabez emigrante guztien eskariak eta anima bearrak entzun. Angoak, ba, benetako bakartasuna dabe.

Azkena

Auxe da ba, berba laburretan, Alemaniko biargiñen bizierea. Izan leiteke zuetariko batzuk bertara joetako gogoa izatea. Baiña, zuentzat izan dira ba nire berbak: ezautu nora joaten zareen, zelan ibilko zareen, ze gatx eukiko dozuezan, zuen animak ze etsai izango dabezan, eta gero... joan bakean, gura ba-dozue. Jaungoikoren bidea dozue.

S. P.'tar PELLO-MARI'k


Euskaldun frantzes arraintzaleak

Milla berreun arraintzale

Neguan arrastan, udan atunetan

Gobernuaren kredituagaz egiñiko barku ederrak

Indar aundiko kofradia

Gerorako asmoak

Erlegiñoaren pratikamentu eskasa

Euskerea, geroago gitxiago.

Aita Imanol Berriatua-k

Baiona-ko portuan nago kargako barku baten. Paper pastea artuko dogu emen, eta etzi-edo urtengo dogu Irlanda-rantz. Atzo goizean, eskapadatxu bat egin neban Donibane Lohitzune-ra (San Juan de Luz-era). Artez artez joan nintzan portura, eta antxe aurkitu nituan neure Dakar-reko lagunak: patroiak, mariñelak eta Itxas Apostoladuko kapellaua. Momentu gozoak igaro genduzan alkarregaz. Gero, eguerditan, kapellauaren etxera joan nintzan bazkaltzera. Biok egon giñean bakarrik: Aita Idiartegaray eta neu. Era ona, Donibane-ko arraintzaleen gaiñean berari preguntatxu batzuk egiteko.

— Zenbat dira Donibane-ko arraintzaleak?

— Milla ta berreun gitxi gorabeera. Euretariko geienak Ziburu-n ta Zokoa-n bizi dira, portuaren beste mandan. Donibane-n bertan, ia danak legortarrak dira.

— Kanpotarrik ba-dago arraintzaleen artean?

— Euskaldunak ez direanak, total gitxi. Ba-dagoz bretañar batzuk. Ogetamar-edo. Ta danak edadekoak. Aspalditik berton bizi direanak. Euskaldun españolak barriz, asko.

— Arrastako barkurik ba-daukozue?

— Bai. Baiña arrastan urte guztian ez dira ibilten. Neguan arrastan, udan atunetan. Aurten amairu barku ibilli dira aolan. Eta datorren neguan ogei-edo ibilliko dira. Frantzia-n libre da arraintza modu batetik bestera pasatzea. Gobernuak ez dau ezelako eragozpenik ipinten. Bretaiña-n ia untzi guztiak ibilten dira arrastan neguan. Lau-bost gizoneko barkutxuak-bere bai. Donibane-n igaztik asi dira batzuk olan. Baiña ez dot uste ori izango danik, barku aundientzako beintzat, negua salvetako soluziñorik onena.

— Zenbat kostetan jatzue atunzale barku bat?

— Artez esango deutsut. Olezko bat, ez aundiegia, ez txikiegia, arraintzarako tresna guztiakaz, lau milloi t'erdi, bost milloi peseta kostetan jaku.

— Bermeo-ko barkuen aldean, askoz obeak dira zuenak. Komodidade geiago daukoe eta gizonaren diñidadeari geiago begiratuten deutsoe. Zer? Olako barkuak egiten gobernuak obligetan zaitue ala?

— Ez. Ez gaitu obligetan. Geuk geure kabuz egiten doguz olako barkuak, geure itxasoko etxeak izan bear daibe-ta. Baiña gobernuak asko lagunduten deusku.

— Zelako laguntziñoa emoten deutsue ba!

— Guztiz aundia. Zuek, euskaldun espaiñolak, ez siñestuteko modukoa. Barku osoa kostetan dan besteko kreditua emoten deusku. Bai, entzuten dozuna. Barku osoak balio dauan besteko kreditua. Interes baixuagaz gaiñera. Lau t'erdiko interesa, eta amar-amabost urtean pagetako plazua. Ba-da gero laguntziñoa. Gobernuak konfiantza guztiagaz lagunduten deusku, euskaldun arraintzalea langille fiña dalako eta Donibane-ko kofradia, kasurik txarrenean, bere indar eta bere diruagaz erantzungo daualako.

— Aurrerantzean-bere, joango ete dira Dakar aldera neguan Donibane-ko arraintzaleak?

— Oraingo kondiziñoetan ez dot uste. Gastuak, aundiak dira. Dakar-retik arraintokira eltzeko, gasoil asko erre bear da. Arraintzaile portua, Dakar-ren barik, Monrovia-n naiz Abidjanen balego, orduan beste gauza bat izango litzake. Baiña alan ta guzti-bere, Afrika tropikalera joateko, kongeladore barkuak bear dira.

— Zelako kongeladoreak?

— Esango deutsut. Guretzako soluziñorik onena, kongeladore aundi bi eukitea izango litzake. Kongeladore transporte bi, arraintzaile guztien onerako kofradiak erositakoak. Atunzale barkuak ondo dagoz, orain dagozan lez, euren tamañu ta edur sistemeagaz. Kongeladoreak atunzaleakaz batera joango litzakez Afrika-ra, eta euren alboan ibilliko lirake beti, oilloa txitakaz ibilten dan antzera. Kongeladore bi izan bearko leukee derrigorrean, batak Afrika-tik bertora arraiña igaroteko, bestea bertan geratuten dan bitartean. Olan diru askoz geiago irabaziko leukee arraintzaleak, eta bertoko atun fabrikak urte guztian ibilliko litzakez lanean. Auxe da guretzako soluziñorik onena. Guk, geure kristiñau sindikatu edo kofradiaren bitartez ebatzi gura doguz gure portuko problema guztiak, arraintzale guztien onerako eta kapitalismoari lekurik ez emoteko. Orrexegaitik gagoz kongeladore txikien kontra, bide ori armadore batzun onerako bakarrik izango litzake-ta.

— Orain beste gauza bat. Kristiñau aldetik, zelakoak dira Donibane-ko arraintzaleak?

— Danak daukoe kristiñau mentalidadea. Erlegiñoaren pratikamentua barriz, total eskasa. Euneko ogetamar-edo komulgetan dira urtean bein, eta domeketan euneko amabost bat bakarrik etorten dira mezetara. Aspaldion asko obatu da euren kristiñautasuna. Len, antiklerikalismo aundia egoan euren artean. Orain ostera, portuan Itxas Apostoladuko abade bat lanean asi danetik, erlegiñorako bidea asko zabaldu da, eta esperantzak onak dira.

— Eta euskerea? Zelan dago euskerea arraintzaleen artean?

— Ez ondo, zoritxarrez. Jakin, danak dakie. Edadekoak —ogetamar urterik gorakoak— geienetan euskeraz egiten dabe. Gazteak barriz, frantseserantz daukoe jokera aundia. Eta ba-dagoz banaka batzuk, donibandarrak izanarren, euskeraz ez dakienak berbarik be. Orretan, bermeotarrak milla bidar obeto zagoze.

Beste gauza askoren gaiñean-bere berba egin genduan. Bazkalostean, erriko arrain fabrikak ikusten joan nintzan. Gauza asko ikusi ta ikasi neban. Ordu zoragarriak igaro nituan. Aita Idiartégaray-ri milla esker emon neutsazan. Eta Donibane Lohitzune-ko erriari agur eginda gero, Baionara biurtu nintzan.

Bokale (Baiona), 1961.


Eskontzako ordurik onena noiz?

Andria gizonaren alaba?

Alan emoten dabe batzuetan. Noiz edo noiz ikusten dira andra gaztetxuek, ia neskatillak oraindik, ogei edo berrogei urte zarragoako gizonarekin. Onelako andrazkuen artian "andra-kumeak" izaten dira batzuetan; ezkonduta be umeen bizitza xamurra jarrai nai dabenak.

Onetariko emazteeri urrundik igerten jakue: soñekuak iru mille kolorekuak gitxienez, berbetia ume mikatuena, eta etxetik urten dakuan bere gizonaren eskutik txintxilika, txepetxak lez saltoka. Berez be umeak dira eta aiñ bizerdun senarraren albuan zer esanik be ez, besoetako umetzat artu leitekez. Gizona zer danik be ez dakie: bigarren aita, lenengua baño gazteagoa bai, baña aita dala ta dagoz eta eurak bere alabatxu maiteenak. Ezkontza bera be mundu onetako olgetarik alaienatzat daukee. Txori buru orretan egundo ez da ganorako gauza bat sartu eta gero, berrogei urteetara orduko, umekeririk aundiena egin dabela aitortzen dabe eta baita damutu be; berandu orain. Ze negargarriak emetik aurrerako urtiak! Lo egozan artian ezkondu eta esnatzen diranian, damutu. Eta ez uste orrelako emazteak banakak diranik.

Baña ezin leike ezkondu norberak nai dabenarekin edo zer? Urtietan alde aundia euki arren ezin leike andra-gizonak ondo alkartuta bizi? Ez diñot nik ezetzik. Ikusten doguz orrelakuak be, bai Jaunari eskerrak, baña orretarako zer bear da? Naiz gazteak izan, naiz zarrak, gauza bat da bear-bearrezkua andra-gizonen artian: egizko alkar maitasun bizi-bizia, ez daitela batak batera eta bestiak bestera jo; esate baterako, korputz bat, buru bat eta biotz bat izan deitela erabaki danetan. Onela ez dago arriskurik zar-gaztien artian egiten diran ezkontzeetan. Beste danak gañerazkuak dira, baña au bear-bearrezkua, derriorrezkua eta gatxa.

Eleizak diñona?

Gure Eleiza Amaren gogo bizi-bizia auxe da: Ezkontzara orduko ezkongai dan-danak nagusitasunaren jabe izan daitezela. Ez dau nai ikusi, kalte-garrizkua da eta, andra-gizonen artian, norberaren eta bien arteko egin bearraren barririk ez daukenik eta bete ezin deitekeanik, esate baterako, umerik. Bear-bearrezko edade barrena 16 urte gizonezkuentzat eta 14 andrazkuentzat ipinten dau. Urte oneen azpitik egiten diran ezkontzak indar bakoak gelditzen dira, eta bein bete ezkero ez dau ipinten, Eleizak, trabarik. Alan da guzti be, Eleizak, gure Ama dan ezkero, toki bakoitzean bertako oitura onak zaindu eta gordeteko agintzen deuzku.

Osagilleak

Osagilleak diñuenez ez dira naiko Eleizak agintzen dituan urteak. Sasoi ortan gazteak ez dagoz oraindiño ondo eginda, beste urte bi gitxienez bear ditue bakoitxak eta nasai ibilteko, 23 eta 21'tik gora.

Codigo Civil'ak diño: "14 urtetik beerako gizonezkueri eta 12'tik beerako andrazkueri ezkontza debekatzen jakue".

ARRIOLA


Dantzea

Legezkoa ala ez?

Arlo beroa ta dotorea benetan auxe! Baila nik emen enkuesta baten artu dotazan errazoi batzuk danen agirian jarri baiño ez dot egingo.

1. Dantzea, berez, ezta txarra edo pekatua; bere musika ta mobimentuakaz gorputzak sentitzen dauan atsegin berezia be ezta pekatua. Enkuesta orren erantzunetatik atara leike dantzea zikinduten daben zioak onexek dirala: dantza-giroa edo anbientea eta dantzarien asmo zatarrak. Onegaitik, dantzea ona izan-arren berez, askotan gure asmo gaiztoak txartuten dabe. Gure asmoa! Orixe salba bear da beti garbi. Baiña

 2. Dantzea berez pekatua ez izan arren ezin leike esan ori dantza guztietzaz, Dantzea guztiak dauke bere sustraien aragi-itxurea ta pekatu-zalea. Eta, beraz, kontuz ibilli bear gara beti gure dantzetan. Egia esan, dantza batzuk beste batzuk baiño geiago biztuten dabe gure aragikeria, eta orregaitik

 3. Europako-dantzak dira garbienak, au da, Europan jaio edo sortu diranak: vals, polka, mazurca... Dantza oneek alkar-errimu ezkaza beardabe. Ondo esan leike, ba, Europako-dantza oneek ez dirala pekaturako bide aztunak, momentu guztietan soñuaren kargu aundia euki bear dalako batetik eta bestetik kostunbriak kalte-bakoak egin dauazalako. Ez pentseu, barriz, sarri pekatu-sorian jarten ez gaituenik, batez be griña txarrak eraginda dantzaten gabilteanean.

4. Deitutako "Dantza-baltzak" eta "Ego-Amerikakoak" nabarmenkeri utsa baiño ez dabe dario.

 Ego-Amerikan jaiorikoak: rumba, karioka, boyero, bayon, samba, raspa, boogie-wogie, cha-cha-cha... eta besteak, oneek, dantzan egiteko, une askotan errimu bizia ta osoa eskatuten dabe eta, orregaitik, zietz lotsagabeak dira. Barren-barrenetik dagoz aragikeriz beteta, dantzatzean artu bear diran posturekgaitik. Dantza orrek griña txarrak itzartuteko egiñak dagoz bakarrik. Joko denganiñuak!

Orreek baiño garbiagoak dira "dantza baltzak": slow, tango, one-step, boston, charleston... Baiña, etenbako alkar-errimuan dantzatu bear dira eta, beraz, dantza zantarrenak ez izan-arren, pekatu aztun bidean ipinten gaitue beti, berez lotsagabeko mobimentuak daroezelako. Gitxitan dantzatu leikez.

5. Erabaki batzuk

Bein da bein, dantzea ezta berez okerra, gizonezko edo andrazko bategaz jira-bira pozkari batzuk botatzeak ez dauko ezer-eta. Baiña, joku oneri, beste askori lez, bere ontasuna ala okertasuna gauza askotatik yatorko: gizonak edo emakumeak daroezan asmoakgaitik, jantzietatik, sarri egiten diran gangarkeri zitaletatik, eta... Dantzatoki baten lizunkeria agertuten da edonun; pekatua an beti dabil irikiten... Orregatik, gu gitxitan joan bear gara leku orretara, eta joan baiño ariñago, gure asmoak guztiz garbitu bear doguz.

Egia da Ipar-Amerikan eta beste lekutan Azion-Katolikako salak atonduten dirala dantzarako domeka arratsaldetan. Baiña gure Eleiza Amak beste leku zikiñagoetatik jentea ostutearren egiten dau ori, dantza zatarragoak aaztu eragiteagaitik.

Gaur dantzea itzelean zabaldu da mundu guztian eta ezelan be ezin dogu gure errietatik kendu. Baiña ez gara izango kapaz dantzea olgeta garbi bideetara ekarteko, pekatutik urrunduteko?

Neska-mutil gaztea!, ez aaztu: zuretzat dantzea ondamendi ta pekatu bide bat bat da, derrigor itxi bear dozu "joku" ori; edo ez daukozu parkaziorik, pekatuan zagoz.

Yon ZABALGO


Or, an, emen

 1. ISRAEL.—Israel'en iñoizko epai bat jazoten ari da, iñoizkoa: alde batera, 6.000.000 ildako juduek, eta bestera, il orreen gizon eraillea, Eichmann. Nok errazoia? Israel'go epai-maiak eztaki zelako erantzuna ebaki. Epai-mai orrek ezin dauala Eichmann epaitu? "Ez gagoz epai-maia juzgatzen, —erantzun deutsoe Servatius bitartekoari—, erruduna juzgaten batu gara". Erruduna! Baleiteke Eichmann'ek Hitler'en agindu nagusiak bearrez betetea, baleiteke guk be garai aretan bardin jokatutea, baiña Jaungoikoaren legea bear eta garai guztien gañetik egon dago. Hitler'enak ala Jaungoikoarenak ziran ildako juduek? Ba, Jainkoarenak izatekotan, Israel'go epai-maia noren zai dago Eichmann-auzia betiko azalduteko? A! Baiña... Israel'go epai-maiak eztau Jaungoikorik ezagututen, eztau Jaungoikoaren bearrik, eta eztaki, gizajoak, zelan azaldu auzia, eztaki nora jo. Negargarria! Jainkobako legeak 6.000.000'eri eraillea ezin ezelan bere kastigatu, ezin. Orrenbeste uts dauke...!

2. ZINEA TA JAUNGOIKOA.—Zinean bakarrik, Alemaniako familiak erlegioko gauzetan beste diru emon dabe; frantzesak, 13 bidar geiago; belgak, 40 bidar geiago; eta italianoak, 78 bidar geiago.

3. GAGARIN.—Gagarin'ek zeruak jo ditu. Gizakume guztion izenean, ruso abiadore orrek, aprillaren 12'an, zeru-aizeak irabazi ditu: ordu bat izan yako naiko munduari jira-bira osoa emoteko "Vostok" koetean. Ederto ibilli ei da. Urte askotan, Gagarin! Jaungoikoa ezta asarratuko gizonak zeru-aizeak menperatuten asi diralako. Bein da barriz agiri da Jaungoikoak mundua, eta bere misterioak, gizonaren eskuetan itxi dabezala, gure zoriona bein da barriz lortuteko. Baiña, bildur gara. Gero ta obeogo ezagututen ditugu bai munduko misterioak eta mirariak; gero ta gatx gitxiago dauz munduak gizonantzat; baiña orrek erreza dirudi. Norberaren barrua ta barrukoa ezagututeak baiño askozaz errezagoa iruditen yat munduko misterioak agertutea, eta norberaren barrua konponduteak baiño askozaz atsegingarriagoa dirudi kanpoko gauzak zuzenduten ibilteak. Bildur gara, bildur. Zeruak ukutuarren, oraindiño gizonak; umeak gara, bape gizondubakoak eta bape gure izate sakona obeagotubakoak. Su-azaoa, ba, gizon-umeen eskuetan dago. Umeak ez dakie suaren indar gaiztoa.

4. CONGO.—Atzo Congo, gaur Argelia, biar Tanganika, eta etzi Angola... eta azkenean Afrika dana. Orrelan, konturatu barik. Afrika eskuetatik joan yaku. Nora? Itaun zorrotza ta nekegarria. Alperrik egin dau deadar Eleizak, alperrik itzartu gara "zuriok" berandu. Afrika ba-doa... eta gugana ez ba-letor, sikeran!

PELLO-MARI