ANAITASUNA

SUPLEMENTO DE LA HOJA «ANAITASUNA» DE GUIPUZCOA

VIII URTEA - N.º 76

ZEZEILLA (2) 1961

DEPOSITO LEGAL SS. 1092-1959


Kennedy: zuzentasuna. Fidel Castro: "teddy boy"?

Kennedy lendakariak, bere lenengo berbaldian, olako gauza zuzen eta ederrak esan dauz:

"Gizonaren eskubideak ez datoz Estadu baten ontasunetik, Jainkoagandik baiño". "Lur onetan Jainkoaren naia, geurea balitz lez betetan alegindu bear gara".

Kennedyk, bere indar guztiagaz, alkar lagundutera dei egin deusku, bearrizanik gorrienean aurkituten diranetatik asita.

Gizon adoretsu onen berbak, itxaropen apur bat sortu dabe mundu artekatu onetan: konfiantzea lako zeozer. Gaur bake larria daukagu benetan; bildurrez egiñeko bakea. Gizona, bere eskuetatik urten daben izakien aurrean dardarka aurkituten da, bildurgarriak diralako. Ondo esan dau Kennedyk: "Gizonak ba-dauko munduko pobretasun guztia desegiteko almena, baiña beste alde batetik, bizitzaren errasto danak garbituteko indar bildurgarria be bai bere eskuetan".

"Anaitasuna bear dogu", esan dau Ipar-amerikako lendakariak. Indarrezko bakea trixtea da. "Legez egindako ekilibrioa bear dogu: indartsuak zuzenak izanez, argalak pozik aurkitu daitezan". Zuzentasuna: gizonaren deretxoak errespetatu, libertadea gorde.

Kennedy prest dago bakea gura dabenari bidera urtetako. Gerra negargarri baten mamua aldenduteko alegiñak egin gura dauz. Baiña argi esan dau: ez gaitu bildur lotzagarriak iñoiz atzeratuko.

Argi ikusten dogu Kennedy-ren proposito danen erdian Jainkoaren legea dagola. "Jauna, ipiñi Zure eskuak bere eskuetan".

 Cuba gurutz bide larrian dabil. An dana dago iruntzetara, dana aldrebes. Gizonaren deretxo guztiak zapaldu dira. Eta Kennedy-ren dei zintzoak ez dau izan erantzunik. Norbaitek, Fidel Castro "teddy boy"-ganberro bat dala esan dau. Baleiteke. Dana dala borondate on gitxi ikusten da beregan. Urte bien barruan Cuba lur jota gelditu da. Eta amar urte gitxi izango dauz lengo mallara igoteko.

Askok uste dabe, Castro indarrez zapaldutea izango litzakela onena. Baiña Cubako egoerea ez da Estaduko golpe bategaz konpondutekoa. Gizonak bonbaz il leitekez, ideak ez, ostera. Fideel Castrok metxa bildurgarri bat biztu dau Hispanoamerika guztian. Eta metxa ori amatetako, an, zein Afrika edo Asian, justizizko bidea da bide bakarra: justizi geiago. Kennedyk arduraz esan dauana: zuzentasuna.

Cubako ori, ejenplo ederra izan da Hispanoamerikako naziñoentzat. Ikusi dabe komunismoa pizti txarra dana. Baiña alan da guztiz be urduri ta artekadu dago gauzea. Ez dago bear dan beste justizi, eta sarritan ez dira gizonaren deretxoak errespetaten. Eta bien bitartean, or dabil komunismoa, al daben moduan musturra sartzen.

Ordu larrian dago Hispanoamerika, eta Ipar-amerika ondo konturatu da. Kennedyk eskeiñi deutse laguntasuna, eta betarrak ontzat artu dabez bere eskeintza on eta zintzoak.

J. K. Guarrotxena


Famili'ko zoriona lortzeko. II. Emaztea

Ez deust bierrik emoten

Au eta antzeko berbakaz goraipatu gura dabe emazte askok euren senarra. Bere izate ona edo bere jatortasuna. Berba batean, ondo ordenatua dala esan gura dau. Baiña alperrik. Ez da ori bere senarrak gura dabena. Espaiñian eta beste lekuetan be bai, aintzakotzat daukoe gizon guztiak desordenatu xamarrak izatea. Gizon aundi eta apartekoen doaia dala esaten dabe. Emazte guztiak bear deutsoe ba uste ori bere senarrari. Esan, etxeko "jenioa" dala zure senarra.

Atsegin al jatzu jantzi au?

Sarri ogetik jagi ta laixter emakume askok egiten dautsen itauna auxe! Baiña ez dakizu gaba txarra igaro dabela, begirik itxi barik?

Jantzi barri bat gura dozula ta zure senarrak azkenengo itza emotea gura dozu? Baiña orrek ez dira orduak, gauza orretzaz berba egiteko.

Eta ondiño okerragoa da, jantzia gizonak elejidutea eta zuk, gusto txarra daukola, ez daukola gustorik ta abar... atzetik berba egitea. Ez. Emazte zintzoak berak aukeratzen ditu jantziak eta gero senarragana joan atsegin au emotera.

Senarrak pozik goralduko zaitu jantzi egokia erosi dozulako. Ta askotan, bere barruan ebillen eta esatera ausartzen, atrebiduten, etzan pentsamentua igarriko deutsazu: "Neure andrea, naiz jantzi zarpil batzuk jantzi, pitxia baizen ederra da".

Eta askotan jazoten dan gauza olako au: Zuk bape uste barik, senarra iru edo lau lagunekaz sartzen jatzu etxean. Ta jakiña! Ez eutsun ezer esan-eta, ezebe preparau barik aurkitu zaitue. Zu, sua dariozula asten zara senarraren kontra beriak eta bost esaten. Zeozer esan baeutsun, baiña... ezebez!

Amarretik batek ez dau gogo onez eroango gizonaren erru au. Arrazoi ugari dozula agireka egiteko? Baiña etxako iñori atsegin, besteen aurrean asarre ta agirekak entzutea. Gatxa dala umore onean eroatea? Egia, baiña olako gauzetan erakutsi bear deutsazu zure senarrari zure emakumetasuna ta zure maitasuna.

Ez geiegi goraldu

Astiro ibilli zure laudorio guztietan. Ez geiegi goraldu zure gizona. Lagunen artean zure senarraren goralpena egiten asi zareanean, senarren artean eredutzat jartzen dozula, askotan ere kontra ari zara. Ez bazara konturatzen zure kapritxo eta gurarietara makurturik bizi dan gizon baten erretratua egiten asi zareala; eta zure senarra baiño zure morroi edo kriadu bat geiago dirudiala.

Ez geiegi arduratu

Naiz zure senarra zaar kejoso bat ez izan, zure ardura eta kariñoen bearrean aurkitzen da. Ta ondo dago zuk arretaz artzea; baiña ez geiegi arduratu. Lagun arteko otordu edo olgeta-aldi batean zure senarraren gaiñetik kendu barik asi bazara; egizu au: jan trankil eta ez nekatu geiegi... Zure senarra artegatu eta mindu egingo da. Izan be, besteen aurrean, ezertarako balio ez dauan papela egin-eraiten deutsazu. Andrea gaiñean ez badauko, bost xentimo balio ez daben itxura. Ondo dago zure ardura ori, baiña zarata barik, iñor konturatzen ez dala egin bear deutsazu.

Beloki'tar Deunoro


"Nire pazientzia gitxituaz doia" diño Dr. Fisher'ek

Kantorbery'ko arzobispo Dr. Fisher'ek bere kargua ixteko erabakia artu ebanian muin askoko beste berba onetxek be esan ebazan irurogeita iru urteko gizon arek: "...Nire kemena ez da makaldu, eta ziur nago nire buru-argitasuna geiagotuaz doiala; baiña nire pazientzia gutxituaz doiana be badakit eta onexegaitik nik uste dot nire ordua eldu dala".

 Kristau-eleizen alkartasun naiak Inglaterrako Eleiza ikaratuta dakarrena gauza jakiña da. Fisher jaunak gai ontan pauso aundiak emon dauz. Eta baliteke auxe izatea Dr. Fisher'i bere buruzagitza ixtera eragin deutson iturburua, Aita Santu Juan XXIII'garrenari ikustaldi ustebagea egin ondoren itxi dau ta. Berak lenengo pausoak emon dauz; urrengoari jagoko falta diranak emotea.

Kristau-eleizen urreratze onek, Inglaterrako Eleizaren aldetik, doktriña gauzetara zuzendu biar dau batez be eta ontarako Buruzagi bizkorra bear da, teologi gaieri buruz batzar eta alkar-izketak zuzen eroan leikezan gizon argi bat. Zein izango ete da gizon au? Orain Inglaterrako buruzagi jarria izan dan York'ko arzobispoa ete da?... York'ko arzobispo au Arthur Ramsey da. Oso gizon jakintsua, baiña ez ain organizadore on ona be. Dana dala ango aundikiak ala naita, gaur Kantorberyko arzobispoa da, ta Inglaterrako Buruzagi.

Buruzagi barri au gazte xamarra da oraindik, berrogei ta amasei urte daukoz. Eskonduta dago baiña ez dauko semerik. Oso gaurko edo modernua da, eta alde ontatik, gaurko egunerako gizonik egokiena. Politika gauzetan Ramsey jauna liberala da. Sarritan egin dautso kolonismoari aurka; desarmearen eta anaitasunaren laguna lez agertu da askotan.

Joan zan garagarrillean Aprika aldetik jira bat egin eban eta ango nazionalisten naia, au da, Rhodesia eta Nyasalandia'ren federaziñoa, lagundu eban. Lengo Urrian barriz Scarborough'ko laboristen Kongresuan izan zan eta gero bere eleizan sekulako sermoi bat bota eban teknika barriari eta kapitalaren eta lanaren alkar-ikusiari buruz, langilleak nola jokatu bear daben esanaz.

Oraingo kargu barrian Ramsey jauna Fisher'ek asitako Inglaterrako eleizaren eta eleiz katolikoaren urreratze lan oni jarraitu biarrian izango da. Ramsey jaunak oso gizon pake zalea emoten dau baiña dotriña gauzetan arria bezin da gogorra.

Eleiz bien burruka gogorrena Aita Santuaren ezuskortasunari buru dago. Ramsey komprome dago Aita Santuari obispoen artean lentasuna aitortutean baiña ez ez-uskortasuna (infalibilidad).

Eta Eleiz Ama Santak gai ontan ez dau atzera egingo, ezin daikelako egin, sinistu bearreko egi bat da au-ta; Auxe da gaur egunean mugarik burrukatuena eleiz bien artean.

Agustin Biain


Dakar aldetik

Gaur, zelan bizi garean esango deutsuet, eta zer egiten dogun emen frai Alberto-k ta biok.

Beste urteetan —laugarren urtea da oraingoa— dempora guztian egon giñean itxasoan. Aurten barriz, errian geratuteko asmoa ekarri genduan. Itxasoan baiño obeto egongo giñake, eta arraintzaleeri mesede geiago egingo geunskioe. Pentsamentu orregaz eldu gintzazan Freetown-era. Baiña ango gauzak ez ebiltzan ondo, eta pena aundiagaz joan bear izan genduan barriro itxasora.

Arraintzaleen bizibide latza

Gogorra, itxasoko bizikerea. Errian bizi zareenok, ez dakizue zelakoa dan arraintzaleen bizimodua. Bertora etorri bear zeunkee, euren ibilkera gogorra ikusteko; eta orduan, batez-bere arraintzaleen andrak, bigunagoak, samurragoak izango zintzakeze eurakaz, errira naiz etxera datozanean.

Bizimodu gogor au gorabeera, gu biok pozarren ibilliko gintzakez beti itxasoan, Itxas Apostoladuak ori eskatuko baleusku, eta arraintzaleentzako probetxu geiago ortik etorriko balitza.

Freetown-en geratu eziñean, Dakar-ren desembarkatzea erabaki genduan. Bertora etorri orduko, aste bi egin genduzan itsasoan. Arraiñik egongo zalakoan, egotik ibilli giñean ainbeste egunean, Sierra Leona ta Liberia-ren arteko kantil ertzean. Antxe igaro genduzan Gabon gaua ta Nativitate eguna. Zoritxarrez, ez genduan arraiñik jo.

Aolantxe dira arraintzako gauzak. Batzutan asko; beste batzutan, ostera, ezer be ez. Ez da naikoa arraintzale fiña izatea; suerte apurtxu bat-bere euki bear izaten da.

Asi giñean gero gorazka gorazka, erritar geienak egozan tokirantz. Batu gintzazan eurakaz. Atrapatu genduan polito arraiña. Eta gero ta gero be, sartu giñean amabostgarren egunean Dakar-reko portuan, urtarrillaren 6-an, iru Erregeen jaian.

Atsekabe barriak

Dakar-reko bizimodua guztiz karua da. Gauza guztiak asko kostetan dira, eta nekez topetan da biziteko toki merke ta dezente bat. Gaiñera, legorrean geratuteko, nik beiñik bein eleiz agintarien baimena bear neban; eta aste atan, alan bearrean, Dakar-reko artzobispoa Frantzia-n egoan.

Orreigaitik, etxea billatuteko eta beste emparaduak arreglatu artean, frai Alberto bakarrik lotu zan-errian, eta ni ostera-bere itxasora.

Ordurarte nik ez neban aurten esku lan gogorrik egin nire barkuan. Iru urte latz eta baltz egin dodaz Bermeo-ko arraintzaleakaz, eta uste neban eldu zala momentua, esku lan gogorrari itxiteko eta eginbear espiritualetan geiago jarduteko. Uste neban, laugarren urtean Bermeotarrak jakingo ebela zein dan kapellau baten arazoa eta zetarako Kristok bialtzen ninduan euren artera. Zoritxarrez, oraindiño Bermeo-ko arraintzale askok ez dakie zein dan sazerdotearen benetako eginkizuna. Ori dala-ta, sei eguneko mare atan, neure amurru guztiagaz, txiparrari eldu neutsan; eta egun guztian, goizetik gauerarte, entxaduak soiñean, itxasora ura botaten ibilli nintzan.

Seigarren egunean, portura etorri giñean, neverak bete bete eginda. Iñoizko arrain geien ekarri genduan: kasik 27 tonelada. Aste atan, arraintzu onak egin ebezan Bermeo-ko barku guztiak. Eta obeak egingo zituen, Dakar-reko portua obeto preparatuta egon balitz.

Dakar-ren biok

Ordurako frai Alberto-k, aurkitu eban bere bizilekua. Planta baja polit bat, mueble ta guzi, portutik urre; eta dana merke merke, ez siñestuteko prezioan. Eskerrak Louis Fourment Achalandabaso-ri. Bilbaotarra da bera. Aitaren aldetik frantsesa, ta amarenetik Maruri-koa. Bere aititak Australia-ko lana denda bat eukon Atxuri-n, orain 44 urte direala. Berak lortu euskun etxea, eta asko lagunduten deutse Bermeotar guztieri. Gizon ona, gure adiskide aundia. Bertoko ferreteria aundi baten lan egiten dau, eta edozetarako dago gure esanera.

Emen gagoz ba, Dakar-ren, Parent kalean, 5-garren numeruan, Kermel merkatuaren alboan. Emen daukozue zuen etxea.

Bost t'erdietan jaigiten gara, eta seiretan joaten naiz frai Alberto-gaz mezea emoten San Frantziskoren Ordenako Monja Zurien kapillara. Eurak etorten dira gure billa, eta kotxean eroaten gaitue, urrun samar bizi dira-ta.

 Meza ostean eta eurak emoten deuskuen armosu ederra janda gero —parkatu, nik konfiantza guztiagaz verba egiten deusuet—, vueltatxu bat egiten dogu portura, ea barkuren bat etorri ete dan ikusteko. Beti egoten da lana barkuetan guretzat, batez-bere frai Alberto-rentzat.

Goizetan, bera radioak kompontzen egoten dan bitartean, ni portuko dispensariora joaten naiz tratamentu espezial bat bear daben gaixoakaz, eureri interprete lez lagunduteko.

 Arratsaldeetan, frai Alberto joaten da dispensariora, eta antxe egoten da osatu ta osatu, bere erropa zuriagaz ta guzti, ordu bietatik seiretararte, saldarrak kentzen, agiñak ataraten, zauriak josten, belarriak garbitzen, pikurak egiten, eta abar. Toki polit bat itxi deutso bertako medikuak, eta errezpide guztiak emon deutsoz lan egiteko. Frai Alberto-k kuadernu baten apuntetan dauz berak egiten dituan tratamentu ta osakuntza guztiak, eta lantzean bein medikuari presentetan deutso, beronek firma daian. Bear larregi egiten dau gizaixoak; eta datorren urtean ona bagatoz, laguntzailleren bat edo bi emon bearko jakoz derrigorrean.

 Nik ez dot berak beste lanik egiten, ezta urrik emon be. Gurako neuke. Oraindiño ezin dot baiña. Nire zeregin printzipala, espirituala da; eta orrexegaitik, gatxa da, eskasa da, ixilla, garratza, legorra, geldiro geldiro egiten dana, eta sarritan barruko negarra ataraten deustana. Ori gorabeera, beti egiten dot zerbait: mezea emon, radiotik verbalditxuak bota, frai Alberto-ri lagundu, interprete egin, kontseju onak emon, ezjakineri kartak idazten lagundu, bertoko barriak orko periodikoetara bialdu, eta olako gauza txikitxurik asko.

Oraiñarte ondo gabiltza. Osasun ona daukogu biok. Portuan barkurik dagoanean, bertan jaten doguz bazkari ta afaria. Bestela, geu geuretara kompontzen gara eguerditan zeredozer jateko geure kuartutxuan; eta arratsaldean, gallego baten hostatu pobre batera joaten gara afaltzen.

Ba-dakizue orain gure bizimodua. Erregutu asko gure alde, gure apostoladuak arraintzaleen arimetan on egin daian.

Gure zuzenbidea: B. P. 1400, Dakar, Senegal.

Agur, urrengoarte.

Dakar, 1961, urtarrillak 31

Aita Imanol Berriatua, O. F. M.


Komunismoaren dotriñea

l.—Materia besterik eztago. Gizona eta gizadia materi onen zatiak ze eztira. Soziedadea gizon arteko artu-emonaren frutua. Artu-emon oneek, batez be ekonomikoak, soziedadearen oñarriak oira. Eta soziedade onen istoria lege derriorrezkoak eta bardinak zuzentzen dabe.

Libertadea ezta lege naturaleengandik norbera askatutzea, eurak ezagutu eta norberen usteetarako zalan aprobetxatu leikeezan jakitea baño.

2.—Soziedade onetako aurrerapen guztien eragillea gauza materialen produziñoa da. Soziedadea itsua da. Derriorrezko legeak eraginda egiten dau dana. Olantxe pasau da bost malla oneetatik: lenengo gizonena, esklabuena, feudalismoena, kapitalismoena eta komunismoena. Gizadi onen aurrerapenik aundiena eta azkenengo mugea komunismoaren etorreria da. Orduan ezta izango pobre eta aberatsik. Ezta egongo klaserik eta propiedaderik.

3.—Eztago betiko dan moralik. Estaduagaz ondo dagoana dana dago ondo eta dana da ona. Beren kontra dagoana dana txarra. Ostutea, erretea, iltea, dana da ezin obea komunismoaren komenientzia bada. Gizonak onak edo txarrak direan jakiteko be orixe jakin bear da: Estaduakaz zelan portaten diran.

Orrexegaitik Relijiñoa gauzarik eta txarrenatarikoa da, gizonen benenoa, eta benenorik txarrena, eta ori Estaduaren kontrako gauza asko agintzen dauazalako.

4.—Arin edo nekez etorriko da Estadu sozialistea. Derriorrezko gauzea da.

Komunismoa obreruen partidua da. Obreru klasea da rebuluziño au egiteko aukeratua. Rebuluziño au gerrearen bitartez edo al dan moduan egin bear da, dana da ona orretarako bada ta.

Rusian egin eben au lenengo aldiz. Bertan dago 1956-ko urtetik "Kominform", mundu guztiko komunismoen zuzentzaillea. Euren biarra beti da ixilla. Alde guztietan egonarren ez dira presentaten aintzakotzat, bestela baliteke inork ez artzea ta. Azpitik egiten dabe euren egitekoa.

Euren burutxoak ondo aukeratuta egoten dira, eta obeto pagauta. Egizko komunistea izatea oso gatxa da, kondizio gogorrak bete bear dira. Orrexegaitik, Rusian bertan be sei milloi dira bakarrik komunistak, au da, 3 %. Partidukoa izatea gauza aunditzat eukiten dabe. Regla ikaragarriak daukez, eta bete egin bear nai ta nai ez armaen indarrez besterik ezpada. Nai eztabenak "purgau" egiten dabez.

5.—Komunismoa ateo da, au da, Jaungoiko bagea. Materia besterik ezpadago eta dana bada materia, ezin egon Jaungoikorik ez antzekorik. Euren obligaziño gogorra da Jaungoiko eta erlijiño guztien kontra egitea. Batez be Katolizismoaren kontra, txarrena eida eurentzat eta. Orretarako esan bear dautsee erlijiñoa benenoa dala, aberatsen erlijiñoa, euren arerioen erlijiñoa.

Paulov dabe komunistok euren maixua. Mutikoak artu nai izaten debez batez be eurentzat. Zaarrik ez ei dabe bear eta. Ume-umetatik artu ta jo ta ke diardue mutiko oneen buruak komunista pentsamentuz ondo ase arte. Alemanian, komunistaen aldean, 1956-ko urtean, aste oso-osoa igaro eben ango mutikoak. Españako azkenengo gerrako kantak ikasten. Gero jolas ugariak be izaten dira. Gerrak egiten dabez komunista eta faszista artean. Gerra oneek beti amaitzen dira komunistaen triunfoakaz.

Askenean umeak sinistu egiten dabe. Eta asitakoan or botaten dabez mundu guztian zear komunismo azia zabaltzen. Rusian dan-danak ikasi bear dabe komunismoa, nai ta nai ez. Zuzentzailleentzat eskola apartekoak daukez. Rusiatik kanpora be aurkitu dira eskola oneek.

Geinetan bizitza gogorra eroaten dabe: goizeko seiterdietan jagi eta arratsaldeko zortziterdietan biarrari itxi.

Ara emen komunismoatzaz gauzatxo batzuk. Datorren illean jarraitzekotan ixten dot. Euren metoduak edo biar egiteko moduak esango dautsuedaz. Bien bitartean ikasi komunistaegandik lan egiten. Eta pentsatu baita, zelan kontra egin geinkioen.

Danak diñoenez, Eleiza eida, bakarrik, bear dan beste indarrekoa komunismoari kontra egiteko.

F. Antonio Zubizarreta


Zoroen bonbak

Norteamerikak beren lenengo bonba atomikoak, Nagasaki eta Hiroshima erri errukarrietan bota ebazenetik, nazio aundiak ez dira lotu bonba au lortu arte.

Milloi ta erdi gizon il arren ez dira bildurtu, eta ezta negar askorik egin be.

Gaur egunean or dabiltz jakitunak, bakotxa norberen nazioko agintarien menpean, geroago eta bildurgarriagozko bonbak asmatzen.

Bide onetatik lurraren ganetik gizona kentzera goaz, eta dana auts biurtzera.

Bonba atomiko oneen kontra munduko bazter guztietatik iatorkuz zerutar deiak, esanez izan dedilla lenengoa eta azkenengoa Japongo erri biena.

Ara emen munduko borondate oneko gizonari egindako deiak:

 PIO XIII. Ainbeste indar gure eriotzarako gastau bage, sinismen guztietako jakitunak eta naziño guztiak sentidu bear leukie obligazio aundi bat: atomiko indar guztiak gizonaren onerako aprobetxatzea.

 EINSTEINEK. Gure egunetako zeregiñik aundiena auxe da: mundu onen ganean dagon zigorrik aundiena beste bide batetik zuzentzea.

 CHURCHILLEK. Zorakeri aundi bat izango litzake, arma atomikoak aurrerantzean ez dirala usauko pentsatzea.

 ALEMAN JAKINTSUAK. 1957'ko aprillaren 12an, amazortzi jakitun, danak alemanitarrak, alkar artuta, Bundeswehren arma atomikoen kontra jagi ziran.

 NIEMOLLER ARTZAIAK. Beste zazpi artzai protestantegaz bat eginda len beste alemanitar jakintsuak esandakoa bera diñoe barriro.

 ALBERT SCHWEITZERREK. (bakearen Premio Nobel) Radio Noruegaren bitartez, Afrikako Landebere gaixotegitik mundu guztiko gizon daneri, euren iritxiegaz nazio guztiko agintarieri erabagi bat artu eragiteko eskatzen deutse: atomiko arma guztiak baztertu deiezela.

 INGLATERRAKO JAKINTSUAK. Nazio onetako atomiko jakintsuak, bonba atomiko oneen ondorengo arrizkoak agertuz, liburu bat ateraten dabe. Eta 1958ko garagarrillaren egun baten agerpen bat egiten eben bonba onen kontra.

 ESTADOS UNIDOS. 1957an bi milla jakintsuk erriko agintarieri atomiko ezperientziak amaituteko eskatzen deutze.

 JAPON. Eten bageko protestak eta ganera gogorrak jatorkuz Japon aldetik. Eta larogei fisikok ontzat emoten dabe alemanitar jakintsuek egiña.

 INDIA. Nehru lendakariak bere berbaldietan atomiko gerrate baten arriskuak zarri agertu dauz. Eta bertako Parlamentuak zarritan eskatu dau atomiko pruebak bein edo bein galerasoteko.

 FRANTZIAN. Lanza del Vasto eta beste berrogetamar filosofok kalezkale agertu eben euren protestea.

Beste olako asko ekarri geinkez ona, baño naikoa izango da, mundua zelan dagoan jakiteko.

Rusiako N. Semenov jakitunak diñonez munduaren etorkizuna onantxe ikusten eida: zoragarrizko edertasunez betea edo negarrez eta autsez betea.

Berak diñonez, gizon danak eidauke obligaziño aundi bat, mundu onetan bizi diranentzaz eta geroago etorriko diranatzaz: bonba oneek baztertu.

Iñaki Arriaga


Or, an, emen

1960'ko amar-pozak

 Ezta mundu gaizto eta zital onetan be dana negarra eta tristurea. Izaten dira bai berton be lantzian bein alako pozkaritxoak eta poz aldiak. Ara emen igaro dan urte onetako amar:

1) DACHAU ETA ORADOUR. Azkenean, Munichko Batzar Eukaristikoa dala-ta, aitortu dabez alemanak gerra denporan egindako astakeri guztiak. Nun eta izan be Dachaunen. Konzentrazino kanpo onetan funtzino ikusgarriak egin dabez.

Prantzesak, euren aldetik, Oraduor errian beste orrenbeste egin dabe. Alamanari euren makurkeri guztiak parkatu deutsez, kristinautasunez beteriko funtzino batzuetan. Itxuraskoa izatea ori da! Izan be danok gara anaiak, eta bakea nai badogu parkatzen ikasi bear dogu.

2) JUAN XXIII. Ara or 80 urteko gazte bat. Mundu onetako estura ta larritasun artean zuzen eta seguru ioakun gure argia. Beren ardurarik aundiena munduaren bakea da. Auxe benetako gizon bakuna, ona ta alegria, beti pozik eta esperantzaz beterik bizi dana. Kristinau eta mundu guztiarentzat argia.

3) JAKINTSU BAT. Jean Ronstand, Frantziko biologo aundia da. Ateoa izanarren gizon zintzoa eta zuzena. Berak esan deusku auxe: "Jakintzak gauza bat erakusten deusku: bata-besteaganako maitasuna. Eta ortik zuzen-zuzen kristinautasunera goaz".

4) BODA BAT. Beljikako errege Balduino Fabioalagaz eskondu da. Mundu guztia poztu da boda onegaz. Fabiolaren triunfoa umiltasunaren eta bakuntasunaren triunfoa izan da izan be. Biak dira sekulako kristinau onak, bein baño geiagotan erakutsi deuskuen lez. Danok poztu gara ba errege-boda onegaz.

5) GRENOBLEKO ASTEA. Frantziko erri onetan estudio aundi eta sakonak egin dira, batez be sozialak. Danen konkluzinoa auxe izan da: "Zibilizaziño baten benetako aunditasuna ementxe ikusteai da: debilleenari dagokioen errespetua badautse: zarrari, pobrieri eta prisionerueri".

6) POLITIKO BAT. Alemaniako kantziller dan Adenauerrek auxe esan deutse bere azpikoeri: "Mundu onetako aberastasunen egarria eta semerik euki ez naia batera doaz. Onela bagoaz, ogetamar urte barru Alemania guztia zaarren nazio bat izango da". Tristea da mundu materialista au orretara ikustea. Betoz Adenauer asko, eta sasorako.

7) TEKNIKO BAT. Badakizue Von Braun Amerikako proiektil guztien asmatzailea dana. Bere ama maitea ilten ikusirik bizikoak artuta, auxe esan dau: "Zarritan itaundu dot auxe: orrek espazioak arrapatzeko emonda dagozan eun milloi dolarrok ez ete legokez obeto kantzerraren kontra gastatuta?" Oraingoan be, beti lez, barruko miñak gauzak zuzen erakutsi dautsoz jakintsu bateri.

8) TESTAMENTU BAT. Logango (Birjinia) mineru baten testamentua da. Josh Chaffinsek ikusirikan galduta egoala minazulo aretan, testamentu auxe idatzi eban eta bere biarreko lanparatxoan eskegita itxi eban: "Mabel, iñoiz pentsatu dozun baiño geiago maite zaitut; zaindu ondo semeak eta erakutsi eiozue Jaungoikoaren maitasuna".

9) MEDIKO BAT. Thomas Dooley Amerikako medikoak len Albert Scheweitzerrek egin ebana egin dau: itxi alde batera be ontasun eta nasaikeri guztiak eta Bietnango pobreen artean sartu da. Jaungoiko onak lazter, ordainduko dautso bere egite ona, biziak eldu dautso berari be ta. Alan da guztiz be, operau ondoren, barriz asi da diru eske bere pobreen alde. An dabil barriz be Bietnango pobriekin, eriotzaren zain, aintxe beren pobreen artean il nairik.

10) MUTIKO BI. James —amabi urte— eta Lenari —amalau— auxe itaundu dautse: "Zer eskatuko zaunskio Kristori agertuko balitxatzu". Jamesek erantzun eban: "Iñoiz tokatuko balitxat olakorik auxe eskatuko neunskio: izan dedilla jueza neure aita ta amaren artean ia bein edo bein dibortzioa itxi ta alkartzen badira". Eta Lenak: "Eskatuko neunskio emon daiztala diru gitxiago nai badau, baña bake geiago nire gurasoeri. Etorriko balitz Kristo gurera derrot preparatuko leuskioe banket bat. Baña Kristok esango leuskioe: "Zergaitik eztozue zabaltzen pobreen artean diru au"? Auxe pozgarria, umeak erakusten deuskuena.

Fr. Damián Zabalgo