ANAITASUNA

VI URTEA - N.º 56

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Urtarrilla (1) 1959


Kristiñauen batasuna

Testamentu Zarreko Libru santuetan ba-da istoria ederrik asko. Nok eztaki buruz Babiloniako erregearen amesarena? Nabukodonosor erregeak amesetan egin ei eban bein. Begitandu yakon irudi edo estatua itzal bat eukola begien aurrean. Galanta zan, bildurgarria eta distira aundikoa. Irudi onen burua urregorri utsa ei zan, bularra ta besoak urrezurizkoak, sabela ta istarrak burdin oriz egiñak; bemak eta oiñak, zatika, erdia burdiñezkoa, eta beste erdia baseagaz egiñikoa. Alako baten, ara zer ikusten daben: mendikanetik arri txikitxu bat datorrela goitik bera, arin-aringa, iñok bota barik. Eta arrikirri txatxar onek irudia oiñetan jo eta ankaz gora bota dau. Bereala basea, burdiñea ta urrea, danak apurtu, txikitu ta birrindu egin zirean eta aizeak eroan zituan, agotza baiño ariñago. Irudi garratzaren arrastorik etzan geiago iñundik agiri. Eta bitartean, mendiganetik jausiriko arri xumea, geroago ta andiagoa egiñaz joan zan, eta azkenean mendi itzala biurtu zan, mundu guztia estalduteko modukoa.

Auxe izan zan Nabukodonosor erregeak amesetan ikusi ebana. Eta Daniel profeteak agertu eutsan erregeari bere ames onen esangura ezkutua. Lau zati ezbardiñekaz egiñikako irudiak zera adierazo gura eban: lurrean lau erreinu egongo zireala, zein baiño zein ospetsuagoak eta bildurgarriagoak. Eta erreinu orreen ostean, Jaun zerukoak sortuko ebala beste erreinu bat, iñoiz ondatuko eztana, akaberarik ezagutuko eztabena, eta mundu guztira zabalduko dana. Ain zuzen be, zeruko erreinu ori esan gura eban arri txiki, mendi biurtuak.

Ona emen ederto adierazota Jesukristoren Eleizea zer dan. Mundu onetako erreinu eta Estadu guztien ganetik jarri eban Kristok bere Eleizea, gizonen arimak zainduteko. Zeruko erreinu onek eztau mugarik, errialde eta lur-alde, danak, arraza guztiak, berbeta ta kolore guztietako gizakumeak besarkatu nai ditu. Bere besoen artean danak artzen eta sartzen ditu. Eleizea da, ain zuzen be, Jesusek ipiñi daben etxea, gaisorik eta jausita dagoan gizona osatuteko. Ebanjelioak esaten deusku Jesus errukitu egiten zala, bere inguruko jentea ikustean. Artzain bageko ardiak iruditu yakozan, jausita, miñez, gatxak jota. Egoera negargarri onek min emoten eutsan Jesusi, eta gure gatxen osagarritzat sortu eban Berak Eleizea. Samariar errukitsuaren antzera jokatu eban Jesusek. Bide-bazterrean etzunda, zauriz josirik dagoan gizona jaso, ardaoaz ta orioaz bere zauriak garbitu ta igurtzi, astoganean gizon ori ipiñi, ta ostatura eroan eban. Eleizea da gure ostatu ori. Gizonari zeru-bideko gauzetan argi ta indar emoteko, Jesusek ipiñi daben etxe-ostatua.

Kristoren Eleiza onek fede bardiña erakusten dau leku danetan. Agindu bardiñak, dotriña bardiña eta sakramentu bardiñak daukoz danontzat. Eta agirizko Buru bat eta bakarra mundu guztian: Erromako Aita Santua. Batasun eta bardintasun sendo au urratu eziñezkoa da. Baiña zoritxarrez, ba-dira batasun onetatik kanpoan bizi direan kristiñauak. Oneek dira protestanteak eta zismatikuak. Orain dala milla urte, Zismatikuak, Erromako Aita Santuari zor yakon menpetasuna ukatuaz, egiazko Eleiza bakarretik urrundu egin zirean. Protestanteak be bardin; lareun urte baiño geiago dala, kristiñau fedea apurtu egin eben, zati bat artu eta bestea itziaz. Bai batak eta bai besteak kristiñau izena daroe, baiña Kristok jarritako Eleizatik kanpoan bizi dira, ardi galduak legez, Eta gu benetako kristiñauak galduak legez. Eta gu benetako kristiñauak ba-gara, ezin egon geinke nasai arik eta orreek danak egiazko Eleizearen barruan ikusi artean.

Orixe da Aita Santuak bere gabonetako berbaldian gogoratu deuskuna. Urteoro, urtarrillean, 18-tik 25-era, zortziurren bat egiten da, kristiñau guztien batasuna eskatuteko. Eta erreguok egiten dituez bai katolikuak eta bai protestanteak eurak be. Asmo ederra benetan auxe. Kristiñau izena daroagun guztiok otoitzean ikustea, danon batasun ori ainbat ariñen lortu daiten.

Nok daki batasun ori, guk uste baiño urreago ez ete dan egongo? Jaungoikoaren eta Kristoren arerio amorratuak erlijioa su ta gar ondatu naiez dabizenean, ba-dirudi ba-datorrela danok bat egiteko sasoia. Gure aldetik beintzat alegiñak egin daiguzan alan jazo daiten. Gure erreguak eskeiñi daioguzan Jaungoikoari, erlojuak batasunaren ordua jo dagian.

Villasante


Geldi egon eziña

Gaur egunean mundua orain urte batzuk baino txikiago egin da, ta geroago ta txikiago egiñez doa. Bideak, naiz auzorako, naiz erbesterako, laburtu ta ugaritu egin dira. Orain ez dago urruntasunik. Emendik sartu yako gaurko gizonari geldi egon ezin bat, orain arte iñoiz ez bezelakoa. Urten, urten egin gura dau bere aranetik, bere mendi artetik, bere itxas ertzetik, eta joan. Nora? Edonora. Eta zori onak irribarre egiten badeutso, arin dirua poltsaratu. Zori txarrak ziñu egiten badeutso, lengo irabasiak-bere galdu, zorraren azpian bizkarra makurtu ta gorputz eta arimako osasuna ondatu.

Orrenbestegaz ikaratu barik, asmo barriak artzen ditu beste leku baterako, ta itxaropenari barruan sustraiak sakon bota erazo ta, badoa, badoa, gizajoa, ontzi baten erraietan, edo avioi baten egoetan itxasoaren andiko aldera, bere bizitzeari zumo guztia atara arte.

Zer ikusteko ete dagoz gaurko gazteak? Atarako dabe inventuren bat Igetargira edo Martera, edo, nok daki nora joateko, zorion egarri, an txakurrak eurak, kate ordez, lukainkaz lotuta dabiltzalakoan.

***

Gaurko gizonaren geldi egon eziñak arduraz beterik dauko Eleizea. Eleizea ez da gizonari eskuak eta oiñak lotuteko sortua. Ez da kate zale.

Arean-bere, Eleizearen lenengo ardurea arimen salvaziñoa da, ez emengo aberastasunen ardurea. Baiña nok ez daki? Munduko ta zeruko arazoak naastean ibilten dira ez gitxitan, eta gauza bakotxa bere lekuan ipiñi gura badogu, sekulan ez dogu aaztu bearko, emen, teillatuen azpiko ondasunak-bere, ondasunak direala, ta Jainkoak emonak. Baiña gauza bat dago emen gaurko gizonak ikasi ez dauana: ondasunak bakotxa bere maillan ipinten. Arimakoak bere maillan, mundukoak bere maillan. Emen beko jaioterria beste aberrirako bidea da, emengo aberastasunak goikoak irabasteko. Bai, baiña esango deustazu au ez dala sermoiak egiteko sasoia. Egia, baiña alantxe da, ta esan egin bear da. Oraingo gizonari, Jaioterria ta Eleizearen gerizpean ikasiriko ekandu garbiak eta gurasoen irakatsiak aaztu egiten yakoz etsetik erbestera urteikeran. Sarritan Fedea galdu, edo ez gitxitan epeldu. Orixe da Eleizeak gura ez leukeana. Ortik Eleizearen ardurea erbestera doazanakaz. Orregaitik, oraitsu lurperatu dan Aita Santu Pio XII, aaztu eziñak, «Exul Familia» deritxon Konstituziño Apostolikuan garbi ipiñi izan ditu eleizgizonen eginbear guztiak erbestera doazaneri laguntzeko, prestaerak egitean, bidean, eta biziteko aukeratu daben aberri barrian, eguneroko ogia, dala arimearena, dala gorputzarena, falta ez dakioen.

***

Esan daigun emen zelan 1922 urtean sortu zan Glasgow, Ezkoziako urian, katolikuen artean Apostolatus Maris deritxon instituziño bat. Bere izena Ingeles Apostleship of the Sea, Erderaz Apostolado del Mar, Euskeraz Itxas Apostolutza.

Euskalerriko itxas gizonak ondo dakie zelako mesedeak egiten dituen euren artean Apostolutza onek, ez bakarrik gauza espiritualetan, bai ta mundu onetako bizitzeari dagokiozan arazoetan bere.

Orain naziñoetako gobernuak kontuan jausi dira, nunbaitean be, erbesteera doan personeari lagun egitea mesedegarri dala, ez bakarrik personeari laguntzearren, bai ta gobernueri eureri buruausterik asko kendu ta urruneratuteko bere. Orretarako sortu da ia Europako naziño guztietan laburkiro C. I. M. E. deritxon organismu bat. Bere izen osoa onantxe da erderaz: Comité Intergubernamental para las Migraciones Europeas.

Ezin esan leiteke berba gitxitan zelako laguntzea emon deutson CIME-k erbesteratu bateri, joateko prestaerak egiten asten daneko ta gero.

Beste batzuen artean onexek dira CIME-k erbesteratuen alde egiten dituen lanak:

1) Dirua aurreratu interes barik.

2) Lana billatu ta emon erbestean.

3) Familiak alkartu.

4) Galduta dagozan familiakoak billatu edo billatzen lagundu.

5) Familien barriak jakin erazo.

6) Erbesteratzeak dakarzan problemak —gatxak sarri askotan—, bapeztu, argitu, errazagotu.

ANAITASUNA-ren irakurle guztiak ez dabe jakingo, seguru, zelako ta zeinbat buruauste ta joanetorri ekarten dituezan emen aipatu doguzan arazoak. Etxetik kampora urteteko prestaerak egiten asi direanak, edo urten dabenak, bai, ontzian kabina baten jabe egin orduko egin bear direan kastuak eta igaro bear direan sufrimentuak zelakoak izaten direan. Bidean igaro bear direanak ez daiguzan aintzat artu. Andiko itxas ertzean, moille ganean oiña jarri bezin laster asten da kalvario barri bat onako konsuladutik arako ministeriora, orain iru foto bear direala, gero bost, orain hostatua billatu, gero taillara ta ugazaga, askenik poltxikua utzitu, gogoa nekatu ta burua zoratu. Onelan, edo antzera, izaten dira erbesteratuen lenengo pausuak, arako prestaerak ondo egiten ez direanean. Baiña CIME-k bere kontura artzen ditu onetariko tramiterik asko, organismu onen laguntzea eskatu ta beste barik.

 Naziño batzuetan CIME-k bere eskubiderik asko, edo geienak, edo guztiak Eleizeari emon deutsoz. Eta, esan bearrik ez Eleizeak pozik artu dauala bere kontura misiño ain ederra: gizonari bere munduko pausuetan laguntzea, bide batez, arimeri justiziazko bideetan ibilten lagun egiteko.

Espaiñian Gobernua ta Eleizea batera dabiltz onetariko lanetan. Eleizeak, edo bere izenean Episkopaduak sortu izan dau Comisión Católica de Migración, eta Gobernuak bere aldetik Instituto Español de Emigración. Bat onek eta beste orrek, biok alkar artuta, lan ederra dabela eskuartean, eta euren egotekoa ondo egiten dabela autortu bear da.

Biak egin daben lana zeinbateraiñokoa izan dan emen esateko ez daukat ganorazko estadistikarik. Baina jakitekoa da Espaiñia guztian 67 ofiziña dagozala beste orrenbeste Diozesietan, eta beste 8, itxasorate portu, (au da puertos de embarque) izentaduetan, onetariko laneri arpegi emoteko.

Comisión Católica onek Espaiñiatik Amerikara edo andik ona, familiak osotu ta alkartuteko eroan edo ekarri dituan personak 22.000-tik gora dira. Lan ederra!

MONTSERRAT ontzian nabil kapellau. Ingelaterra, España, Canarias, Venezuela, Port of Spain, Barbados, St. Kitts, ara ta ona, da gure ibiltea. CIME-ren ardurapean datorren andra batek seintxu eder bat ekarri dau mundura. Egun artan bertan bateatu zan barruan. Eleizkizun eder bat, sermoi ta guztikoa. Kapitana aitabitxi, senide arteko bat amabitxi, Umetxuaren izena MARIA MONTSERRAT. Ni bateatzaille.

AINGERU


Auzoko berriak

Irakurle, ba-zan ordua eta banatortxu. Aspalditik neukan berbatxo bi esateko gogoa. Etzaitut aspertu gura; labur berba egingo deutsut.

Au leidutean errebista bat daukozu zure eskuetan. Ba-dakizu zein dan: ANAITASUNA! Bost urte dira illero-illero errebistatxo au bere irakurleen eskuetara eltzen asi zala. Bost urte!

Ba-dakit nik, zuk errebista aundiagoa, ederragoa, kolore askotakoa gure zeunkena. Bai eta guk be. Eta iñoiz agertu deutsuguz gure asmoak.

Zeri begira gagoz ba?

Barkatu, baiña negarra yatort begietara: gitxik, oso gitxik, irakurten dabe errebistatxo au.

Eta guk orixe gura: irakurleak, lektoreak, ugaritzea, geitzea.

Eta errebista aundiago ta ederrago bat atarateko orixe bearreko: irakurleak ugaritu. Esate baterako: ANAITASUNA-ren irakurleak ogei millara eldu ditezela, eta munduan danik eta errebistarik onenaren inbidi barik agertuko da gure errebistatxoa, eta oso merke.

Gaurkoz, ba, auxe bakarrik esan gura deutsut: Urte barri ontan zear, 1959'garren urte ontan ez dozu zeuk, bai zeuk, orritxu au irakurten zagozan orrek: zeuk, ba, ez deuskuzuz lektore bat edo bi aurkituko, topauko? Ai! danak auxe egingo bazendue! Orduan bai denpora gitxi barru gure errebistatxoa polito jantzita agertuko litzakela. Ez litzakez orain legez bi edo iru izango bertan idatziko leukeenak, ez; amar, ogei... eta geiago. Irakurleak eurak be euren txokoa, lekua, eukiko leukie.

Agertu dautsut ba, nere biotza. Ez dozu guraritxo auxe beteko? Euskeraren izenean da.

Bai, bakoitzak: bat, bi, iru... suskritore ANAITASUNA'rako! ESKERRIK ASKO!!!

Euskerazko egutegia

Eskerrik asko!

Or goian berba batzuen azkenean esan deutsut eskerrik asko! Orain aurretik esan bearra baiño ez daukot.

Zuk derrigor ezagutu bear dozu Bizkaiko euskeran agertzen dan Arantzazu Amaren Egutegia. Ezta? Jakiña! Eta ni eskerrak emoten natortxu. Zergaitik? Aurten asko saldu diralako, bai asko: 8.000.

Egi onek, errealidade onek, gauza asko esan gura dauz nere ustez: euskera zaletasuna gure eskatzetan ba-doala sartzen, euskeraz leiduteko gogoa be geitzen doala.

Jarraitu olantxe.

Datorren urtean be sasoian elduko da Egutegi polit ori. Etzara damutuko bera artzeaz. Gauza asko erakutsiko dautsuz, bai; liburutxo lodia da izan be! 365 orri daukoz.

Datorren urtean bear bada geiago atarako doguz; baiña goizetik ibilli, aurten be asko gelditu dira bape barik-eta. Errebistatxo onek abisauko deutsue noiz saltzeko prest dagon.

Eskerrik asko, ba, aurten arrera ona agin deutsazuelako, eta eskatu datorren urtean be.

Kepa


Gaxo txar bat [Bertsoak]

Zer dot ikusten negargarrizko

Erbeste gizartetan...?

Enda, aberri, uri ospetsu,

Aundi eta txikietan...?

Zer dot ikusten gure baserri

Deun ta maitagarrietan...?

Zer... Kurutz Deuna jarririk dauken

Euskalerriko mendietan...?

Zeru urdiñaren agindu danak

Ausi ta oinperaturik,

Lasai ta barrez gizadi gaixo,

Lizunkerian sarturik!

Nor gara, baiña, gu, bizitzeko

Lege onek apurturik...?

Ez ete dogu gaizki egiñen

Kezka, ez Jaunan bildurrik...?

Gaurko kristauak ardura gitxi

Gogoatzaz dogu jarten;

Naikoa lanik dauku gorputzak

Margoztu eta apaintzen.

Ai, giza-gaixo...! Zer dogu egin

Ludi oso geuganatzen...

Betiko bizi daukan gogoa

Gorputzaz badogu galtzen...?

Gorputz lizuna erdi billoizik

Zabiltzaz emakumia...,

Arritu zaitez!... Laiter yatortxu

Jaungoikoaren epaia.

Isaias'ek dirautsu argi

Zein dan onentzaz saria:

«Usain garratz ta ulea moztu

Ta saku zar bat jantzia».

Ai, ene gazte! Aragi usain

T'atsegiñak itsututa,

deabruaren sare artera

Zoaz olan jarraituta.

Buru bakoen bide galgarri

Orreitan sartuta:

Zer billatzen dok? Atsegintxu bat

Zeru ederra galdu-ta...?

Estaldu zaitez emakumia...

Gazte maitia!... aitortu,

Galdu zenduan Jaungoiko onaz

Barriz egiñaz alkartu.

Au egiñagaz ludiko bake

Ta zoruna daigun lortu...

Karmen'go Ama, maitasun kutxa,

Zeure babesian artu...!

Sarduy'tar Deunoro'k


Gure bertsolariak

Bertso zale amorratuak gara gu euskaldunok. Izan be gure odolean barruan daroagu bertsolaritasun au. Baiña zer da bertsolari izatea? Ala olako bertso batzuk egitea? Nik ez dakit, baiña begira Lekuona jaunak zer diñoan:

«Txoriak ba-daki kantari: baiña ez daki zelan kantatzen dauan. Zuk be ba-dakizu bertsoak egiten; zuk be ba-dakizu koplak botatzen. Baiña kopla-muiña, bertso orren guna ta eztia zertan eta nun dagoan badakizu? Neronek al dakidan diñozu? Baserritar olerki orren guna ta eztia zertan dagon bai al dakidan? Oba bai neronek be baneki!... Egunoro dagiot Jaungoikoari eskerrik asko, baserritar egin nindualako: eskerrik asko bai, beste batzueri ez legez, neuri, kopla baten jario garratza gustatzeko emon deustan ago-gozoaren alde. Baiña neronek be, —ibilli asko egin ondoren— ez dakit, egia esateko, ezertxo garbi gai zoragarri orretzaz».

Eta ori Jakitun batek, bertsoak dirala-ta ainbat ikasi dauan batek. Zer dogu bat bertso orreri darien aitu ezin ori?

Nik be ezin esan, baiña gauzatxo bat bai, lengo batean neuri bertsolari batek esan eustana adierazteko: bertsolariak dagozan bitartean Euskalerriak be iraungo duala eta Euskalerria altxatzeko erarik egokiena bertsolariak ugaritzea dala. Bai eta egi aundia izan be. Egin daigun gure aldetik dagona.


Bokaziñoaren etorkizuna

Beiñola, Jesuseri gazte bat aurreratu yakon preguntaz: «Irakasle on, zer egin bear dot zeruetako erreiñuan sartu nadiñ?» Jesusek maitekiro begiratuz: «Oso osoa izan gura badozu, zoaz, saldu daukozun guztia, banatu beartsuen artean, etorri eta jarraitu eidazu».

«Etorri eta jarraitu eidazu». Orra or erlijiosotarako bokaziñoa. Ori egitea bokaziñoa betetzea da.

Ba-dakizu zer egin eban Ebanjelioko gazteak: atzera, bildurtu egin zan. Orain be Jesus deika dabil. Askotxok gazte arek egiña egiten dautse. Baiña, beste askok, «jarraituko deutsut» eta jarraitu egiten deutse. Baiña Jesuseri jarraitzea edonori on egitea da. Bai al dakizu zer diñoan Ebanjelioak Jesusek barri ona zabaltzen igaro ebazan urte aregaitik? «Edonun on egiñaz pasau zan». Orra Jesusek egiña. Orixe bera egiten ikasi bear bere bokaziñoa bete gura dauan gazteak. On egin danari: batzuk gaixoen artean; Mixiñoi lurraldeetan askok kristiñautasuna sortu edo berbiztuten, Txina, Japon, Kuba, Bolibia..., eta beste lurraldeetan bizia emoten ari diran erlijioso bikain aren antzera.

Askotan abade eta prailleak ejerzizioak edo Mixiñoiak emoten ikusiko dozuz edo eskolatan erakusten, gaztediak zuzentzen, aldaretan Jainkoa gureganatzen, aitorlekuan pekatuak parkatzen. Abade-prailleak beti gizonari on egiten.

Auxe bai, irakurle, gogoan ondo euki bear geunkela! Abadea, praillea, daukan, euki dauan edo euki leikean guztia: etxe, emazte, seme... guztia animakaitik itxi dauan gizona da. Au bear dan lez aitzeko aiña fede bagendu!

Abadea zuretzako da. Ez esan iñoiz be: «Nik ez daukat zer ikusirik aren formaziñoarekin». Zer ikusi aundia daukozu eta lagundu bearrean zagoz zure otoitz eta limosnatxoakin. Zertan obeto gastau zure dirua abade ta praille gaieri laguntzen baiño? Abadegai bat, meza emotera eroatearekin egiten doguna aituko bagendu!...

Errota


Gizona ogi utsez ez...

Gizona ogi utsez ez da bizi, bai ta edertasun, argi, durundi ta gauzen alkartasun, egia ta ondasun, lan ta olgeta, lagun-egarri ta adiskidetasun, gurari ta auspaztasunez be.

Ogi utsez ez, bai ta arkaitzak apurtuz datorren itxaso indartsu, oxin ur-geldiko illargiaren dardara, mendiak beera zapartaka doan errekatxu argi, edur matazen ertz polit-ugari ta asmugiñen asmuekaz be.

Ogi utsez ez, bai ta zeruaren gabetako argitasun, egun-sentiaren bizitasun, illuntzearen itzaltasun, arbola loretsuen edertasun eta mendien aunditasunez be.

Ogi utsez ez, bai ta urretxindorraren abesti atsegingarri, aizearen irristada, arrabotearen soiñu zoragarri ta argi-erdiz argitutako eliza aundiaren bikaintasunez be.

Ogi utsez ez, bai ta larrosen lurrin, sagar-loren atson, bedar ebagi-barrien usain, adiskideen esku-estutze ta amaren laztanen samurtasunez be.

Ogi utsez ez, bai ta irudimenaren irudi, jakitunen zurtasun, santuen goi-poztasun, ta gizon aundien bizikeraz be.

Ogi utsez ez, bai ta lagun-arte ta urtentasun jator, billatu ta topau, ar-emonak euki ta maitatu ta maitatu izateaz be.

Gizona ogi utsez ez da bizi, bai ta zintzotasunez otoitz egin, Espiritu Santuaren eragitez zuzendu ta Jainkoaren borondate santua orain eta betiraun guztian billatu ta egiteaz be.

AURRAITZ


Izkirimiriak

ATASIO, geure erriko gizon motz-motz, itxusi-itxusi bat zan: begi bakarra, beste begia erdi kiñuka beti eukana; bekoki malletua eta zapala, eta aurpegi enparaua larraskaz (surcos) bete-betea. ¡Benetako barregarrija!

Baña, aor ba, eldu zan bein errira bixarkentzalle atserritar bat itxusitasunean «bereak» eukazana, eta txiki, txatxar ezerreza, ganera.

Etorri ta laster, Kataliñ'en trabenan alkar-ikusi eben eta atserritarrak, poz-pozik eta algaraz, esan eutsan ATASIO'ri:

— Jaungoikuari eskarrak, noiz edo noiz neu baño gizon itxusiago bat ikusi yoat. ¡Ator ona, adizkidea, eta baso bete ardao pozik ordainduko uat».

«Lora» oneik gora-bere, etzan ATASIO asarratu; eskiñi eutsan ardaoa edan eta... arrezkero adizkide onak izan zirean.

***

Gerra-osteko salvakondutoak-eta erabilli bear izaten zirean garaya zan. Eta beste askoren artean. Bilbo'tik Donostirako bultzian niñoyan.

ERMUA erritxua igaro ta berialaxe, agertu zan geure burdian (kotxean) «Poliziako agente» gazte bat, eta esan euskun:

— Egun on jaunak: zeuen «paperak» mesedez... Guztiok erakutsi geuntzazan geureak. Irurogei urte inguruko gizontxu bat baña, beretzat ezer etzoyalakoan-edo, geldirik egoan, jaramonik egin barik.

Guztion «paperok» ikusi zituzanean, esan eutsan «agenteak» gizonari:

— Zeure salvakondutoa, mesedez, jauna. Eta txake-solapea jasoaz polizi orreek ezaugarritzat eroaten daben «plakea» erakutsi eutsan...

Gizontxua, orduan, jaso zan jesarrita egoan lekutik, txapela kendu eta lotsa andiaz plakeari mun emon eutsan! Domiña'ren bat zala uste eban, antza...

Guztiok barreari emon geuntsan, eta «polizia» bere irribarreka aldendu zan.

Zer-egingo eutsan ba? Ori egiten ebana, ezin leikean gizon txarra izan...

BELU


Iñusente eguna

«Ume-errubakoan» eguna, Abendu edo Lotazilla'ren 28'garrena, egun pozkarri eta alaitsua izaten zan, geure umearoan batez bere.

Goizetik gabera or ibilten giñan nork-nori «iñusente» egin: lepotik dingillizka paper barregarriak eskegi nairik eta «zer jausi yatzu lurrera», «Ene, or paparrian zer daroazu?» eta abar, edozeñi itanduaz.

Eta zaarrak bere, euren illuntzetako tertulietan naboz egindako kandela zuriak biztu-erazo nairik; serrautza barruan eukan txokolate katillotxua edo arbizko tostadak azkaritzat eskiñiaz...

Onelakoxe egun bat zan, orain berrogetamar bat urte...

Neure aitita gero izango zanak, Atxirika jostunak; ikasle-mutil, aprendiz, gazte bat eukan.

Egunoro lez, goizeko zortziretan lanera etorri zanean, arnasarik artzeko bere aztirik emon barik, agindu eutsan:

— Joadi, txotxo, Barrenkaleko Larrea sastreagana eta jostorratzak zorroztuteko arria mesedez emoteko esayok, «zeregiña bete ondoren berialaxe eroango eutsakala-ta...».

Joan zan azkar, ariñeketan mutilla agindua betetan... eta Larrea sastriak (¡a beste bat!) bere adiskidiaren eskaria entzun ebanian laster konturatu zan Atxirika'ren asmoa zer zan eta ikasle-mutilla etxe atzean eukan baratz txikira eroanaz, lurrean egoan arri landu andi bat erakutsiaz, esan eutsan:

— Artuik mutill arri ori lepoan, bizkarrean, eta eroan akiyok eure ugazabari... eta len-bai-len biurtu dagiztala, esayok».

Eta gure gazte gaxoa berrogetamar kilo inguruko arria ganian ebala izerdiz, nekatuta eta arnasestuka eldu zan bere nagosiaren dendara.

Atxirika'k, tayu aretan ikusi ebanian, irri-barrez eta erdi-ixekaz esan eutsan:

— Jaurtik, txotxo, arri ori or barreneko kortan... Oingoan jausi az... baña espabillau egin biarko dok mutill, espabillau... ¡¡Iñusente!! Eztakik gaur ze-egun dan, ala?

Ikasle-mutill ori, urteak joan eta urteak etorri, ugazaba'ren alaba gazteenegaz eskondu zan eta  geure aita izan zan.

¡¡Zenbat aldiz, bere aotik entzun gendun, an geure eskaratz zarreko sutondo inguruan jesarrita, iñusente egun bateko jazoeratxu, edesti, polit au...

BELU - Gernika


Or, an, emen

Gizonaren egarria ez da asetzekoa. Orain urte ta erdi asi yakuzan, Igetargira joan bear dala-ta lenengo ensayoak egiten. Aurtengo Urtarrillaren lenengo zapatuan jaurti dabe rusoak satelite edo deritxakon orrelako bat. Ezta lenengoa ez: ba-dakigu lendik be ainbat jaurti dabezala bai amerikanoak eta bai rusoak eurak be; baiña oraingo au aunditxoegia da ixillik eukiteko. 1467 killo pisetan dauz. Norarte joan da? 500.000 kilometro bakarrik!! Igetargia bera baiño askoz gorago. Ez da barriro lurrera jausiko. Mundu guztia, batez be amerikanuak, ikaratuta dagoz orrenbesteko pisua zelan ararte bialdu al izan daben jakin eziñik. Amerikanuenak ez dira 38 killotik gora igon. Txarto ibilli bear dogu eurak lenengoz Igetarira sartzen bayakuz. Gero nor urreratu ara! An be jarriko deuskue «telón de acero», edo orrelakoen bat, eta kittu!! Eta gabaz Igetargiak emoten deuskun argi apurragaitik kontribuziñoa eskatzen badeuskue...?

* Aspalditxo ontan Cuba aldera begira bizi izan gara, ango gerrie zelan amaituko ete zan. Azkenean, Batista'k bere lagunakin iges egin eban, eta andik bi egunera Fidel Castro'k artu eban falta yakona eta bera zan Cuba'ko nagusi. Baiña, berak esan eban lez, bera ez ei da beste Cuba'tar edozein beste baiño, eta ez ei da din bere erriaren presidente izateko. Orretako balio dauana Urrutia dala, eta Urrutia jarri dau, gauzak baketu eta elekziñoak egin arteko denpora ontan Cuba'ko Presidente. Urrutia au (apelliduz euskalduna), juez bat zan lenago: oraiñarte Batistak kanpora atara-ta, Ipar Amerikan bizi izan da.

* Batistaren semetxoak Ipar ameriketara joan dira, New York'era. Abiotik jatxikeran au egozan Cuba'tarren batzuk burlaz eta zantzoz ebezan. Ze erru ete eukeen umetxo arek? Orain Hotel baten dagoz, Amerikako poliziak zaintzen dituala.

* Naguib Generala il da. Bera izan da munduko monarkiarik zaarrena, Egiptokoa lurreratu ebana. 1952'garrenean Nasser'ek jaurti eban tronotik Europaren ain lagun aundia zan Naguib General aundia. Beste estaduen batzuk edo lagundu baleutsen gaurko egunean Egipto eta Afrika'ko erri asko etziran ainbestean Rusiagana beratuko, ez. Irurogeta amazazpi urte eukozan Nasser'ek gobiernua kendu eutsanean.

* Lourdes. Izen gozo ta eztitsu onek ainbat biotz poztutzen dauz. Igaztik aurtengo Otsaillera dogu bertako Urte Santua. Ba-dakizue zelan urte onen asikeran, Martiaren 25'an zabaldu ta bedeinkatu zan lurpean egindako eleiz barria. Pio X'garrenari eskeiñia dago. Luzeran 200 metro ta zabaleran 50 ditu. Eleiz ederra eta gaurko eleiz barrien itxurakoa. Ez gaitezen aztu, gure zeruetako Amagatik zerbait egin barik geratu; gogoratu gaitezen amaitzeko dagoan urte santu onen azkenengo egunetan besterik ezpada. Ainbeste mirari egin dauz oraintxe be gure Ama onak Massabielle'ko zulora benetako siñismenakin joan diranengan; eta milloika joan be eginda gero jentea!

* Telefonoak: Telefonorik geien daokozan lurraldea Ipar Amerika, Estados Unidos, da: 63.621.000; gero Inglaterra: 7.354.000; Canada: 4.816.000; Alemania: 4.731.945; Yapon: 3.886.327; eta Rusia: 3.558.000. Amerikanuen estadistika batek diñoanez 117.800.000 telefono dagoz munduan; au da, igaz baiño zortzi milloa geiago. New York'ek bakarrik Prantzi guztiak baiño telefono geiago daukoz: 4.204.007; Londres dator urrengo urietan: 2.149.000. Baiña Washington, eun laguneko 70 telefonokin, munduko erririk telefonistena dogu.

* Naparroan, Printzipe de Biana deritxon Ikastetxekoak eta abar, euskerari indarra emoteko asmo zintzoz dabiltza. Erriko eskoletan irakasten asiko ei dira. Asmo ta barri txalogarriak!