ANAITASUNA

V URTEA - N.º 52

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Irailla (9) 1958


Barriro itxasoa

Itxasoko problema guztiak, importantzia aundia dauke euskaldunontzat. Asko dira euskal familiak, euren semeak itxasoan zelan edo alan bear egiten daukezanak.

Orregaitik, poztu egiten gara, gure itxasgizonen alde zerbait egiten dala jakiten dogunean.

Oraintsu agiri da Madrille-n Kreditu Navaleko legea. Lege onen bitartez, Espaiñia-ko gobernuak lagundu gura deutse gure portuetako gizoneri, arraintzuko gorabeerak gero ta gogorragoak dira-ta.

Mundua beti doa aurrera, eta arraintzuko gauzak-bere aspaldion asko aldatu dira. Orain ez da ikusten gure portuetan ikatzezko embarkaziñorik: danak dira gasoillezkoak. Oraingo untziak egunean baiño egunean aundiagoak dira: gure portuak laster txikiak izango dira.

Euskal ertzeko itxasoak pobretuten asi dira. Gure untziak asagora urten bear dabe, arraintzu ugaria egitekotan. Neguan ez dago zeregiñik gure portuetan, eta zerbait irabazteko eta zorrak pagetako, erbestera joan bear.

Orregaitik, arraintzaleen erlegiño bizimodua be aspaldion asko aldatu da, asko gogortu da. Orain arraintzaleak gitxiago dagoz errian; domeka geiago galtzen dabe itxasoan; peligru geiago dauke erlegiñoagaz aztu eta materialismoan jausteko.

Ez gintzakez benetako kristiñauak izango, peligru orren aurrean besoak batuta bagengoz. Eurak eleizara etorri ezin badira, eleizgizonak eurakana joan daitezala.

Orrexen gaiñean egon dira berba egiten, ain zuzen be, ille onetako lenengo astean, Vigo-n batu direan Españia guztiko seminaristak. Antxe egon dira, itxasgizonen erlegiño problemak estudietan, biar egunean eurakaz itxasora joateko eta kristiñau bizimoduan lagunduteko.

Aita Santuak biotz barru barruan daroaz itxasgizonak. Oraintsu argitaratu dau «Exsul Familia» Konstituziño Apostolikoa. Konstituziño orren bitartez, jagon gura ditu Aita Santuak itxasoan dabiltzan gizonak.

Aita Santuari arazo onetan lagunduteko, langille asko bear dira. Lenengo itxasgizonak eurak: sortu daitezala embarkaziño bakotxean benetako apostoluak, erlegiñoaren ardurea lagunen artean sartzen dakienak. Gero itxas familiak: euren laguntza barik gitxi egin leiteke zeregin onetan.

Eta azkenik itxas eleizgizonak: sazerdote artezak, transatlantikoetan benetako kapellauak izateko; mezadun zintzoak, karga untzietan joateko; abade ta fraille santuak, arraintzaleakaz itxasoan gau ta egun ibilteko.

Berriatua


Solo bearretarako makiñak

Arantzazu-ko GOIZ ARGI-tik Bizkaieratua.

Sarri entzun oi da gure baserrietan makiñak sartu bear dirala, ta onezkero ez litzakela idirik buztartu bear gure soloetan lan egiteko.

Kastilla aldean mandoak legez, gure lurretan idiak naitanaiezkoak izan dira, atxakiarik asko euren kontra euki arren.

Idiak, orraitiño, lanerako gauza ez diranean, aragitara valio izaten dabe. Mandoak ezetarako bez, eta, gañera, arin zaartzen dira, ta arin atara bear euren valioa, jabearentzat kaltegarri izango ez badira.

Mantenietako bere, idiak merkeago izaten dira. Bear gitxi egiten dabenean, naikoa izaten dabe bedar utsagaz. Mandoari pentsu fiñak eta karuak emon bear.

Baserritarrak maite izaten ditu bere lanerako lagun izaten dituan idiak. Baiña kontuan artu bear leukez kortan alperrerian pasetan dituen egunak.

Nik ez dot emen ezer esango mendian edo gurdiagaz karga astunak igaroten idieri bear eragiten deutsen baserritarragaitik. Idiak soloetako lanetarako erabilten dituezaneri bai esan gura deutset zerbait. Zeinbat valio deutsu idiak? Zeinbat irabazi emoten deutsu? Erosi zenduanean kosta jatsuna zelan pagau deutsu? Lanerako gauza ez danean aragitarako zeinbat valioko deutsu?

Baiña batek baiño geiagok baliteke esatea, baserrietan, geienetan beintzat, idi barik golde lanetarako ta onen antzekoetarako ezin leitekela pasau. Ori olan da. Orregaitik esan dogu asieran idiak, euren atxaki ta guzti, nai ta naiezkoak direala baserrian.

Baiña gaur gure baserrietako kortetan irabazi geigo atarako leukeela uste dogu beiak eta zekorrak, eznetarako ta aragitarako, lanerako idiak baiño.

Eta idien ordez «traktorak» ipiñi. Ez ikaratu, adizkide! Solo bakotxerako egoki diran tamañukoak, konveni diran taiukoak, tankera guztietakoak dagoz salgei.

Eta ez esan zelan sartuko dozuezan traktorak gizon bat zutunik ezin ibilli al izateko aldatzetan. Aldatz orreek, nire eritxian, ez dira labrantzarako. Bedartzarako, eta bide batez, arboladi (naiz sagardi, naiz kereixadi) ipiñi, ta ganaduak botetako, edo, orain ainbeste ikusten danez, piñua sartzeko, obeto izango dira.

Badakit baserri baterako ona izango dan traktora billatzea gatx izango dala. Badakit arrisku andiko arazoa dala, gaiñerako ezaguera andi barik, orretariko traste bat etxera ekartea. Geienetan buztin lurrak izaten dira gure soloak, eta indar asko bear eurak landuteko. Orregaitik, are asko dauken luretan bere bizikoak atera diran traktorak, gure lurretan txarrak urten dabe. Gure ustez auxe izango litzake gauzarik egokiena: Auzodi batek danen artean traktor bat erosi, golde lanak eta beste gogortxuenak egiteko, eta eznetarako ez diran beiakin lanik samur eta errazenak egin. Bei oneek izango lirake txalak emoteko, ta golde lanik egin barik, beste baserriko beartxuak egiteko.

Beste idea batzuk. Baserrian norbait diruduna badago, beronek zegaitik erosi ez traktora, ta auzoeri emon alkilerrean? Eta, modurik izan ezketiño, Hermandadeak zegaitik erosi ez, eta alkilerrean emon? Espaiñiako leku askotan onelantxe egiten da.

Dana dala onetariko makiña bat asko kostetan da, eta erosteko kontu andia euki bear da. Ez litzake txarto egiña izango gure Provintzietan nekazaleeri laguntzeko Diputaziñoak dauken dirutik, zati bat makiñeak idien ordez ze ventaja dauken ikusteko izentatzea.

Gure baserriak aurrera joatea gura badogu, idien ordez makiñea zelan sartu leitekean estudiatu bear da.

Joxe Mari BUSKA


Gazte bardingo baten "diarioa"

Gazteak euren lenengo gaztetzaroan buruausterik asko emoten deutse persona edadekoeri. Gure artean eta mundu guztian. Geienetan zaarrak ez dituez ulertzen gazteen problemak, eta makiña bat okerreko pausu emoten dira edukaziño on baterako bideetan. "Nostro Figlio" deritxon Italiako errevista batek atara ditu amalau urtebeteko mutil bardingo baten "Diario"-ko pagiña batzuk, mutillaren izena agertu barik, eta, itxuraz, mutillak ez dakiala. Ona emen "diarioa"ren zati bat edo beste, gure eritxiz interesik andikoenak. "Nostro Figlio"-k diño ze, emen, diario onen zatietan, ikusten direala edukaziño arazoetan egiten doguzan errakuntzarik andientxuenak.

Gure asmoa emen ez da izango pedagogia lanetan iñori leziñoak emotea, ezpabere zelako errakuntzak egiten direan agertzea baiño.

1-XI-55

Gaur ikusi dot Mirentxu. Amak faltarik asko topetan deutsoz. Baiña neska politagorik nik ez dot ikusi. Simpatia andia artu deutsat. Niretzat ez dauko faltatxu bat baiño: edonorentzat simpatika izateko afana. Eta nik neuretzat bakarrik izatea gura. Ganera, ez dot gura pentsa daian beragaitik interesik daukodanik. Datorrela bera neugana... gura badeu. Gauza bat dago emen zegaitik dan nik ez dakidana: zegaitik gurean ainbeste zarata, Mirentxugaz bi bidar ikusi nabela ta beste barik? Egingo neuke nire arreba, mamala zarra, ori izan dala tempestadea altsa dauana.

***

24-XII-55

Geroago ta gogaituago nago zaarren berbeta moduagaz. Iñoizkoren baten zerbait ondo esaten badabe, ta neure barruan poztu ta entsusiasmetan banaiz, esaten deuste: Ik ez dakizak oneek gauzak; geroago jakingo dozak.

***

15-II-56

Atzo aitatxuk berba egin eustan emakumeen ganean begirune andiagaz. Zelako peligruak eta problemak datozan ortik. Bera ta amatxu ezkongaiak zireaneko pasadizuak eta abar. Korage andia asmau neutsan aitari onelako gauzak kontetan eustazanean. Baiña urtebete atzera dabil. Orain dana dakit, berak esan orduko.

***

16-II-56

Gure ama beti dabil nire ta neure lagunen arteko diferentziak ataraten. Areek bei mutillak, areek, ez ni! Baiña ama ez da kontuan jausten areek ez daukela problemarik, nik daukodazan moduan.

***

20-II-56

Batzutan gizona izateko guraria sentietan dot. Gauza serioen ganean berba egiteko, gauza asko irakurteko, dana jakiteko. Gero, bat batean, ume izan gurea, umeen holgeta gurea. Neska bat pasetan ikusten badot, barriro gizonduten naiz, orduerdi baterako bedere, gero, ostera bere, umekeri zale.

***

27-III-56

Badakit orain mundua bomba atomikaz beteriko baso bat dala. Edonor yatort esaten zelako peligruak dagozan, zelako tentaziñoak. Eta kontuz ibili naiteala, jausi ez naitean. Gauza bat dago esaten ez deustena: eurak zelan konpondu zirean ez jausteko.

***

12-V-56

Gure aitarentzat injustizia berari ofizinan egiten deutsena. Nik esaten badeutsat, nire ustez, injustiziak zeintzuk direan; Idea errevoluzionariak daukozak, oraingo gazteen antzera. Ez daukok experientziarik bat bere erantzuten deust. Baiña nik diñot, eze, zelako experientzia da, ba, eurena, baztarretan ainbeste miseria ez ikusteko ta erremediorik ez topetako? Orrek ez yaukok erremediorik, esan, eta trankil geratzen dira.

***

10-IX-56

Don Pedrok orain iru urte lez irakasten deusko Katezismoa. Garbitasuna au dala, pekatu mortala ori dala, Jainkoaren atributoak onelan direala, ta orrelan ez direala. Berak diñoana, guretzat dana ziur bailitzan, esaten deusku. Eta ez da kontuan jausten gutariko erdiak zelako peillekadak, zelako buruausteak eta burrukadak darabilguzan gure animak, pekatuan zikindu barik, Jainkoaren Grazian eta Sinistean gordetako. Beste erdiak galduta dagoz. Zer valio deutse ainbeste definiziño? Ezetarako bez. Jakitea ez da gatxa. Jakitea ta bizitzea alkarregaz ondo konpondutea, aori da gatxa!

***

Gazteak extremistak eta intoleranteak direala esan oi da. Baiña geu ez ete gara armazoi ustelduak euren eusteko, kanal ugertuak euren pentsamentueri pasu emoteko? Gazte bardingoen ondoan egotekotan, adizkide taiuan egon bear da. Gurasotasuna ona izango da, euren gogoa irabazteko alan bear bada, bestela ez; eurakaz gure tratamentua edukaziñozko bideetan zuzentzeko bear danean, eta atarako egoki dan neurrian, bestela ez.

 Berba egiten deutsegunean, mutil bardingoak ez dabez aintzat artzen gure errazoiak eta berbak. Eurak, gure barruko idea ulertu ta gure intentziñoa igarri, orixe gura izaten dabe. Gauza batek emoten deutse enfagu andia: euren konfiantzea irabaztearren, hipokresiaz eta faltsokeriaz jokatutea.

Oindo badago zerbait sendoro, gorroto dabena. Eurakaz zer egin edo ez egin ez dakigula ibiltea. Eurakaz bildur gareala adietan emotea. Eurak gizon egin gura doguzanean, geu ume izatea.

Benetan buruauste gatxa guraso batentzat amalau urteko mutilla. Baleiteke noiz edo noiz bera gizona izan eta umetzat artzea. Baleiteke bere aurrean daukozan drama naiz andiak naiz txikiak guk ez ulertzea. Ez deutsegu lagunduko persona zaarren mundura etorten?

Aingeru


Aberastu zure euskerea

Ez esan: Esan:

Gosea daukat Gose naiz

Egarria daukat Egarri naiz

Bero egiten dau Bero dago

Otz egiten dau Otz dago

Edurra egiten dau Edurra da

Euria egiten dau Euria da


Goizaldean

«Bart arratsean beranduan

nekez etxian jo-genduan»

Enbute, Arrut eta Txaparro geure erriko iru gizon ziran: langilleak, zintzoak eta sendi-maitaleak, baña bai jan-edan zaletxuak bere.

Iruren artean, orain «orkestina» deituko geunskion aldra polit bat, orniduten eben.

Txaparrok auspo-soñua edo pillarmonika, Enbutek gitarrea eta Arrutek beste gitarra txikitxuago bat joten ebela, erririk-erri eta baserririk-baserri ibilten ziran: Nun esteguren bat, erri jai azken usaiñen bat edo zerbaiten zaratea edo durrundia susmau ezkero, araxe.

Bein, irabaziak bere politak, ontxuak izan ziralako-edo OLESKO deritxon auzouneko trabenean, bear dan lez, ondotxu, apalduta gero, or, goizeko ordu biak inguruan, berbaldun eta barriketalari ba'etozan erri alderantz.

 Prantzezkalean sartu ziranean Enbutek esan eutsan Arrut'eri:

— «Gaur, berandutxu bere ba'dok-eta, eztue iri andreak etxeko aterik idigiko. Eta alba'ko mesatarako berak etxetik urtetan daben artian, beintzat, kalean, zintzarrian jesarrita, egon bearko dok, beste egun askotan bezela.»

— «¡Ez, orixe! Aterik idigi-ez, ostera? Gaur eztok olakorik jazoko. Sakelian jakart nik dei-ots eta «aldabarik» uts-bako, egoki eta ziurrena. Itxaron pizkat eta biok ikusiko dozue.»

Eta bizi zan etxe atera eldu ziranean:

— DAN, DAN, DAN deitu eban... baña an etzan iñor bizi, antza.

Ixillune txiki bat eta;

— DAN, DAN, DAN barriro bere, eta len baño sendo eta gogorrago, etxe guztiari dart-eragiteko eran... Baña alperrik.

Orduan gure Arrut'ek geldiro eta polito atara eban sakeletik zidarrezko ogerleko zuri eder bat eta...

— DIN, DIN, DIN sei-zortzi aldiz kaleko losetan ots-eragin eutsan...

Larregi itxaron bearrik etzan izan. Berialaxe etxe barruan entzun zirean oiñ-otsak eta emakume abots bigun, garbiak didar egin eban:

— «BAIiiiiii, Banoa...». Eta Juana Marik, Arrut'en emaste zimel, maratzak, aurpegi alai eta irri-barrez, kaleko atea idigi eutsan: «Gabon, ba'zatoz»... maiteki-maiteki esanaz...

Eta Arrut'ek begira eukazan adiskide biai «kiñu» eta agur egiñaz, etxean arro sartu zan...

Beste lagun biak, bitartean, Goyenkalerantz aldatza artu ebenian, alkarreri ezertxu bere esan barik, ixil-mixilka auxe abestuten joyazan

TXIN-TXIN, TXIN-TXIN, diruaren otsa

orrek emoten diost, maitia,

biotzean poza...

BELU (Gernika)


Liburu barri bat

Liburu barri bat agertu da Naparroan (1). Emen, pagina onen oiñetan ipiñi doguzan erdal tituluak gora beera, ta Angel Irigaray, Euskaltzaindikoak, jarri deutsan Introducción kendu ezketiño, euskeraz idatzia da. Ondo ornidua dago.

Autore bi dira Irigaray Jaunari liburua egiteko gaia emon deutsenak: Enrike Zubiri Gortari (1867-1943) eta Pablo Fermin Irigaray Goizueta (1869-1949). Introducción-ean, beste gauza batzuen artean auxe diño egilleak: «El estilo de ambos escritores es intermedio entre el purista y el excesivamente popular (que linda con la chavacanería)». Norentzako diñoz Irigaray Jaunak berba orreek? ANAITASUNA-koak beiñik bein ez doguz geuretzat artzen. Lenengo esango deutsagu emen purista ori ez dakigula zer dan. Ondo ez beintzat. Bakarrik esango dogu ez dagola deretxurik umeen ezpanetarik BERBA, SAKRAMENTU, ta beste onelako asko Bizkaiko Katezismuan kentzeko, garbiak ez direalakoan, Gipuzkoan gitxi gora beera beste orrenbeste egin dabe. Naparroan ez dakit, ango Katezismoa ez bai dot ikusi.

«Y el excesivamente popular (que linda con la chavacanería)». Beste oneek bere ez dot uste guretzako direanik. Ona emen zegaitik Zubiri Gortari-ren lumeagaz esanda: «Ba... bainan Iruñarrak gipuzkoarra ikasten: nahiz erdia ere ez dugun ulertzen (zonbait aldiz hitzak banazka yakinak izanikan ere) eskualdun barriak egin lana. Bizpairu aldiz irakurtzen dut, baino ezin argirik atera, edo biziki nekez». Bizkaieraz: «Ba... baiña Iruñarrak gipuzkoarra ikasten; naiz ta erdia bere ulertu ez (noizean bein berbak yakiñak izan arren) euskaldun barriak egiñiko lana. Bi edo iru bidar irakurten dot, baiña ezin argirik atara, edo guztiz nekez».

Guk ANAITASUNA-n ez genduke gura onelako gauzarik irakurleari pasa dakion, eta orregaitik egiten dogu euskera errez, erreza, garbi garbia ta argi argia. Kalekoa ta mendietakoa; kale ta mendibideetako autsa ta lokatza kendu ta beste barik, eta ori euskerearen maitasunagaitik, euskereari luzaroko gizaldietan bizi erasoteko asmoan.

Gure izkuntza oneri ez deutsagulako kendu gura munduko beste izkuntza guztiak dauken eskubidea, au da, bear direan edo konveni direan berba guztiak artzeko libertadea.

Emen guretzako artu dogun tema ideala auxe da: Irakurleak ANAITASUNA-gaz egin daiala erderazko edozein periodikugaz egiten dauana, irakurri, ta zelan irakurri, alan entenidu, pentsatu bere artean: ze ondo dago! ze txarto! Eta bota Anaitasuna ta urrengo numeroa itxaron, aregaz beste orrenbeste egiteko. Eta ez ibilli Zubiri Gortari gizajoa legez bizpairu aldiz irakurtzen, baino ezin argirik atera, edo biziki nekez. Burua gogorra baitut naski.

Vid. pag. 104, azkenean.

Madariaga

(1) PROSISTAS NAVARROS CONTEMPORANEOS EN LENGUA VASCA. XX-GARREN MENDEKO NAFARROAKO EUSKAL IDAZLARIAK. Selección de Narraciones, Crónicas y Artículos de Enrique Zubiri-Gortari y Pablo Fermín Irigaray Goizueta. Ordenados, anotados y prologados por Angel Irigaray de la Academia de la Lengua Vasca. Diputación Foral de Navarra, Institución "PRINCIPE DE VIANA" Editorial Gómez. Pamplona. 1958.


Valentin Berrio-Otxoa Doatsuaren kartak

 Aoneexek dira, Valentin doatsuaren euskerazko azkenengo kartak. Beste enparaduetan lez, ondo agiri da bere ama zaarrari deutson maitasun samurra.

XVI

Tunkin-etik, 1859-garren urtian

Neure amatxo maitia eta gure atxo bizkorra:

Bizi da oindik, ala urten eban mundu onetatik?

Desiua etxat falta, neure amaren letra asarratua ikusteko; urte bat eta erdi da iya, nere amaren notiziarik eztaukadala. Asarratuta dago nigaz, ala aiskide gera?

Gorroto guztiyak alde batera itxi biar dituguz, Mariya Virgiñiagaz aiskide izateko.

Neure partetik beintzat, maite dot nere amatxo; eta alperrik otzak izan nere oraziñuak, Jaungoikoaren aurrian presente eukiten dot gure atxo piña, eta Ama Virgiña Mariyari eskatuten deutsat, libratu deiyela peligru guztietatik, ezteiyola itxi pekatuan jausten, eta eriotza on bat emon deiyola, Jaungoikoaren arpegi ederra zeruan ikusteko sekula guztietan. Amen.

Akabatu da sermoia.

Amatxo, alkar zeruan ikusten garianian, erdera berba egin biarko dogu, zergaitik euskeria iya aztu da.

Ni bizkor eta osasunagaz nabil; urte bete eta erdi baiño geiyago da etxe baten naguala; eta palazio eder oriek lastozko teillatua dauko, kakamasazko ormia, kaiñazko postiak, kaiñazko kuartoiak eta kapiriyuak, kaiñazko atiak; eztauko suelo bat baiño, eta au da lurrekua. Palazio andi onetan erregiña berian baiño obeto bizi naiz.

Illundu dau, eta orregaitik asko da gaurko.

Con que ondo bizi, ama. Errosariyo senduari ez itxi eskutik jausten, eta erregutu asko berorren seme bakartxuagaitik.

Gorantziyak aide guztiai eta sazerdote jaun guztiari.

Fr. Valentin

XVII

Tunkin-etik, 1859-garren urtian

Nere amatxo maitia:

Lau illabete pasatu dira, neure azkenengo kartia eskribitu nebala. Orain barriro okasiñua presentatu da Macao-ra eskribitzeko, eta nik aprobetxatu nai dot okasiño au, lau letra berorri eskribitzeko; eztakit karta au berorren eskuetara elduko dan, zergaitik emendik eta Macao-ra bide txarrak dagoz, eta enemigo asko.

Berorren semetxo bakarra osasunagaz bizi da, Jaungoikoari graziyak. Iya Tunkin-eko lurrak ondo artzen nau; orregaitik bizi bedi berori ardura barik; gure Aita zerukuak eta Virgiña Mariyak ondo gordetzen nau, eta gabian eta egunian bere miserikordiazko hegiak nigan ipiñita dagoz; ezpedi ba berorrek gaberik galdu semiaren gaiñian pentsatzen; gauza bat berorrek pensatu biar dau, eta da Jesus maitiari eta Ama Virgiñiari biotz guztitik erregutu, neure azkenengo arnaseraiño lagundu deidala bere graziya eta amparuagaz.

Nik ere Jaungoikoari eskatzen deutsat berorregaitik, eta egun guztietan meza santuan neure guraso maitiakin akordatzen naiz.

Preparatu gaitian eriotza on baterako, alkar zeruan ikusteko.

Agur, amatxo; eskumunak aide guztiari, batez-bere nere osaba frailiari.

Semiak eskuan mun egiten deutsa amari.

Fr. Valentin Berrio-Otxoa


Ortik emendik

¡Calabazas!

Dantza leku baten gizon txiki, gizon erdi bat, begi okerra ta belarri motx bat, kuadernu bat eta lapiza eskuan, joako neska gazte lirain baten, ta diñotso belarrira:

— Zure telefonuko numerua?

— Listiñean dago.

— Zure izena?

— Listiñean dago.

Robert Donat

Zine aktore ingeles au, ain entzute andikoa il da oraintsu. Aginduta itxi dau bere testamentuan bere funeraletan eleizan kantetako San Frantziskoren kanta bat magnetofonetik, berak eginikoa, ANAITASUNA-n 1957-ko abenduan agertu zana:

O, Jauna, egin naizu zure Bakearen zabaltzaille.

Gorrotoaren lekuan ipiñi deidala maitasuna...


Aita Imanol

Bere nagusien aginduz, Aita Imanol Berriatua, Orritxu onen zuzendaria, lau illabeterako kapellau joan jaku MONTSERRAT transatlantikoan. Ille onen 18-an urten dau Vigo-n, Venezuela, Jamaica ta Inglaterra-ra joan-etorriak egiteko. Danok dakizue, Aita Imanol zelan joan zan igaz Dakar-rera Bermeo-ko arraintzaleakaz. Ille onen asikeran, Vigo-n egon zan Seminaristen Batzarrean, eta konferentzia bi emon zituan itxas apostoladuaren gaiñean. Orain otoitzak eskatuten deuskuz, bere apostoladu barri au frutu aundikoa izan daiten pasajeru ta tripulanteen artean.

Agur, Aita Imanol, eta Jaungoikoak lagundu deizula.