ANAITASUNA

V URTEA - N.º 51

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Agostua (8) 1958


Gure anaien atsekabea

Kristiñau kalendarioan, agostuko egunik ospatsuena Asuntziño eguna da. Aurten gaiñera, egun orrek ospe aundiagoa euki dau, munduko kristiñau guztiak, Aita Santuaren erreguz, Ama Virgiñeari bederatziurren bat egin deutse, edo egin bear izan deutse-ta.

«Aundia da —diño Aita Santuak— Ama Virgiñearen bitartekotasunean daukogun konfiantzea. Orregaitik gura dogu, Asuntziño aurreko bederatzi egunetan mundu guztiko katolikoak Eleiza persegiduaren alde aparteko otoitzak egin daiezala.

Andra Mariaren bitartez eskatu beioe Jaungoikoari: Eleizearentzako, bere eginkizuna mundu onetan kumplietako askatasuna; eleizgizonentzako, euren ministerioa eragozpen barik egiteko libertadea; kristiñau persegiduentzako, egiazko fedean irauteko indarra ta argia.

Erregutu beioe Ama Virgiñeari: eskoletan, universidadeetan, fabriketan eta osterantzeko lantegietan diarduen gazteak, marxismoaren, ateismoaren eta hedonismoaren azpian jausi ez daitezala, eta kristiñau zintzoak izateko adorea ta argia euki daiela. Eskatu beioe berari: Kristoren dotriñeak edonon ateak zabalik aurkitu daizala, eta danak jakin daiela, egiaren eta karidadearen kontra luzaro ezin joan leitekela.

Erregutu azkenik persegitzailleen alde: zeruko graziak noizbait argitu daizala, eta gero ta gero-bere egiazko bidera etorri daitezala.

Katoliko guztien otoitzak eskatu ostean, exhortaziño onegaz amaituten dau Aita Santuak bere enziklikea: «Baiña zuen erreguak Jaungoikoaren aurrean indarra euki daien, naitanaiez aldatu egin bear dozue obarantz zuen oraiñarteko bizimodua. Eskiñi Jaungoikoari, zuen oraziñoakaz batera, zuen sakrifizioak, zuen penitentziak, zuen virtutezko egintzak, zuen penak, atsekabeak eta doloreak. Ori egiten badozue, Jaungoikoa seguru bai seguru errukituko jatzue.»

***

Betiko lez, Aita Santuak Jaungoikoaren izenean berba egin deusku, eta bere irakaspenak guztiz importanteak izan dira.

Oraziñozko bederatziurren bat eskatu deusku, komunismoaren eta osterantzeko arerioen menpean bizi direan kristiñau anaien alde erregututeko.

Komentario luzeak egin leitekez, gure anaia errukarriori lagunduteko daukogun obligaziñoa dala-ta.

Gaur egin deiogun geure buruari preguntatxu au bakarrik: Gutariko zenbatek egin ete dabe bederatziurren ori? Gutariko zenbatek erregutu ete deutse Ama Virgiñeari, galtzairuzko oialaren beste aidean bizi direan kristiñauakaitik? Gutariko zenbatek jaramon egin ete deutse Aita Santuaren deiari?

Individualismoa da gure erlegiñoaren areriorik aundienetarikoa. Individualismoa da euskaldunen defekturik kaltegarriena.

Gu kristiñauok bat eginda biziko bagiña, gure anaien bearrizanak geureak lez sentiduko bagenduz, batak besteari biotzez lagunduko bageuntso, orduan, erlegiñoaren arerio ta peligru guztiak gorabeera, kristiñau erria ez litzake ezeren bildur izango, eta danok biziko gintzakez bakean.

Berriatua


Emakumearentzako

Munduko neskarik politena

Artikulu onetan, gizon eta andra, guztiok daukagu zerikasi. Baiña emen esaten dana obeto dator emakumeentzat, naiz ama direanentzat, naiz matrimoniño santuan ama izateko vokaziñoa daukenentzat. Artikulu onen idazlea, Armi Kuusela da, 1952 urtean Miss Mundu izanikoa. Au da, urte orretan, mundu guztiko neska gazteen artean politena, liraiñena, virtutsuena, maitagarriena izanikoa.

Orain ez deusku esango zelan egin zan Miss Mundu. Beste gauza bat esango deusku. Berak idatzita jakingo dogu, zelako bideetatik ekarri eban Jaunaren graziak protestantismotik katolizismora, eta zelako ardureagaz aintzat artu eban bere erlegiño barria.

Helsinki, neure aberriko kapitalean estudiante nintzala, nire lizeoko ikaslagunak "politasun konkursu"-an parte artzeko eskatu eusten. Apur bat iñozentetxua nintzan, eta ez neban ulertzen, orrelako bideetan noraiño joan neinteken. Eskerrak Jaungoikoari! Bere Providentziak asmo miragarriak eukiten ditu, eta berak daki gure pausu okerrak geure onerako biurtuten.

Miss Finlandia egin ninduenean eta Miss Mundu izateko eskatu eustenean, nire ilusiñoak eta gurariak ez zirean aundiak: Diru apur bat egin eta bizi al izateko empleutxu bar artu; avioi aundietan edo transatlantikoetan kamarera izan, eta bide batez erri aundiak ikusi ta munduari vueltea emon. Orreexek zirean nire ilusiño guztiak.

California-ra urten nebanean, adiskide batek esan eustan: "Agur! Laster ikusiko zaitugu artista eginda, Ingrid Bergman eta Greta Garbo baiño fama aundiagoaz." Eta nik erantzun: "Jaungoikoak ez daiala gura izan olako gauzarik niretzat." Mundu zinematografikoa ez jatan gustetan, neure emeretzi urteakaz bildur nintzalako, taiu orretako arazoetan eginkizun gatxen bat etorriko ete jatan. Baiña ez jatan buruan iñoiz sartuko, California-rako bide ori izango zala niretzat Damasko-ra bidea, egiazko fede santura ekarriko ninduana.

New York-era eldu nintzanean, uri orretako periodistak jaialdi aundi bat atondu euskuen Waldorf Astoria hotelean. Esan eusten, konkursuko bigarren edo irugarren lekua irabaziko nebala, eta eskiñi eustezan ziñerako eta propaganda lanetarako kontraturik asko.

An ezagutu neban "Clin", Filipinas-etako neskatxa lirain bat, bere aberriaren izenean konkursura etorrena. Mutil gazte bat ekarren lagun, dempora gitxi barru neure gizona izango zana. Laster gogaitu nintzan Waldorf Astoria-ko zeremoniakaz; eta jaia amaitu orduko andik urtenda, Miss Filipinas eta bere lagunagaz neure hotelera etorri nintzan, zerbait jateko asmoz, gose, benetan gose nintzalako.

Apari artean artu neban mutil aren ezaupidea. Gil zan bere izena, ingenierua, kontratista baten semea. Gizonak emakume bategaz lenengoz berba egiten dabenean, ez dabe erlegiñozko ardurarik agertzen. Baiña arek, lenen lenengo auxe preguntatu eustan: "Ze erlegiñokoa zara?" Benetan olgetan erantzungo neutsan: "Zuri zer deutsu ardura?" Baiña ez. Beingoan konturatu nintzan, intentziño onagaz egin eustala preguntea, eta garbi garbi esan neutsan luterana nintzala. Berak esan eustan katolikoa zala, ta anaia bat eukola sazerdote jesuitea.

Gerotxuago, Miss Mundu egin ninduenean, Long Beach-en alkar ikusi genduan, eta lenengoetarikoa izan jatan zorionak emoten. Eta Filipinas-etako "sampaguita" lorakaz egiñiko koroi bat eskiñi eustan, bertatik avioian ekarrita. Beste koroi bat-bere emon eustan: perlazko errosario bat.

Urrengo egunetan, Metro Goldwyn Mayer zinema etxea ikusten joan nintzan. An idunetik eskegita eroaten neban errosarioa, eta ea katolikoa ete nintzan preguntetan eusten. Ezetz erantzun bear, egia esateko; baiña orduan genteak, apur bat arrituta, erruki izaten ninduan.

Gil-eri deituta, esan neutsan ea zegaitik artzen ninduen ain errukarri, katolikoa ez nintzalako. Gil-ek explikatu eustan, Jaungoikoaren Providentzia zer dan eta errosarioa zetarako dan.

Nire izakera barri onetan, bakartade aundi bat sentietan neban neure barruan. Gurako neban, neure ama neugana ekarri Finlandia-tik. Baiña ondo nekian, ori ezin izango zala. Gil-ek esan eustan Ama Virgiñean laguntzea eskatuteko, eta orretarako Agur Maria errezetan irakatsi eustan.

Arratsaldean, empresarioak eta fotografoak ez eusten bakerik emoten. Noizbait sartu nintzan neure gelan, eta negarrari emon neutsan. Alan ta guztiz-bere, errezatu nituan errosarioko berrogetamar Agur-Mariak. Eta oneexek berbak ezpanetan neukozala: "... erregutu eizu gu pekatarion alde orain eta gure eriotzako orduan" artu ninduan loak.

Urrengo egunean eleiza batera eroan ninduan Gil-ek. Errosarioko Ama Virgiñean bederatziurren bat egiten egoan gentea. Gil belauniko. Ni zutunik, gentearen barruko argitasuna ta poza euren aurpegietan begira. Gil-ek urten gura. Nuk ezin urten, dana ikusi artean. Alantxe egon giñean; eta azkenean, beste guztien atzetik kamporatu nintzan.

Honolulu-n (Ozeania-ko Hawaii isletan) egotaldi bat egin gura izan neban. Baiña antxe sentidu neban iñoizko naibagerik aundiena, erlegiñoa geiago ta obeto jakin naiagaz. Eta dei egin neutsan Gil-en telefonotik Los Angeles-era. Tokio-n alkar ikusiko genduala erantzun eustan; eta esan ta egin, antxe aurkitu neban aeroportuan. An San Frantzisko Xabier eleizara eroan ninduan. Aita Mahoney jesuiteagana.

Aste bete osoa egin neban Japon-go kapitalean, Jesuiteagaz erlegiñoa ikasten. Gero, Gil eta biok Manila-ra joan gintzazan. Filipinas-etan beste ambiente bat aurkitu neban. Niretzako egiten zirean-errezibimentuak, Manila-ko familia etxe onak emoten eustezan; familia askok euren kapillaua euken, eta bein baiño geiago etxekoakaz mezea entzun neban.

Bein baten, Gil-ek bere emaztetzat gura ninduala esan eustan, eta orretarako bere erlegiñoa artu bear nebala. Nik baietz. Baiña Gil-ek, ezkondu orduko, bateatu bearko nintzala gaiñeratu eustan. "Nire bizitzako momenturik aundiena bautismoa izango bada —erantzun neutsan nik— antxe bateatu gura dot, katolikoa izateko erabagia artu neban-lekuan". Eta alantxe, Tokio-n erri pagano aretan bateatu ninduen 1953-an, Pazkoetan, eta biaramonean ezkondu.

Orain ama naiz, benetan zoriontsua. Nire zorionak gaiñezka egiten deust barruan; eta Miss Mundu izateak emoten deustan gloriak eta satisfaziñoak ez dauko zerikusirik, ama izateagaz daukodan gozotasunaren aldean.

Ama izatera eldu naizanean ikusi dot lenengoz, universuaren jaube izatea zer dan. Ementxe, neure alboan, neure kuman daukodan mutiltxua da nire mundua.

Emen Filipinas-etan, familia aberatsak dauken oitureari jaramonik egin barik, ez dot ugazamarik ekarri gura izan, nire seintxuari titia emoteko; Amatasunari jagokon gauza txikienik-bere ez dot galdu gura. Dana jakin nai dot, neugan neuk ikusita baiña.

Arnaldotxu-k urte bi daukoz. Neuk irakatsita ikasi dau lenengo pausuak emoten. Onetarako metodu artifizialik ez dot erabilli. Neure agotik ikasi ditu ingeleseko lenengo berbak. Finlandesekoak bardin. Laster emongo deutsat, uste dot, arrebatxu bat, eta gero anai-arrebatxu asko.

Orain neure aberri barri onetako oiturak eta tradiziñoak neuretzat artu gura dodaz. Edo —bardin da— Filipinas-ek artu naiala neu oso osorik beretzat. Eleiza funtziñoak asko gustetan jataz. Oneek eleizkizunok Filipinas-etako bizitza sozialaren parte printzipala dira.

Ikasi dot emengo erara jatekoa egiten. Arnaldotxu-ri egin deutsadan lenengo janaria, neure amagiñarrebari ikasita dakit: arroz egosia, ain gustora ume filipino guztiak jaten dabena.

Finlandia-tik ona dagoan distantzia, aundia da. Beiñolako Miss Mundutik oraingo etxekoandreaganaiño dagoana, benetan aundia. Baiña au ez da ezer, orain ibilteko daukodan bidearen aldean. Umeak ondo azi: auxe da nire aurrerantzerako obligaziñorik aundiena. Neure umetxuari edukaziño on bat emon, Jaungoikoak mundu onetan izentatu deutsen eginkizuna betetan eureri lagundu.

Nire zorionik aundiena, bete betea, oso osoa, mundu onetan, auxe izango litzake: Neure alabatxu bat monja izatea, neure semetxu bat sazerdote izatea.

Aingeru


Aberastu zure euskerea

Ona emen, ANAITASUNA-ren numeru onetan agertutako berba batzuk:

ADIERAZO, azaldu, jakin eragin.

ALDATU, kambiatu.

ALDRA, taldea, pilloa. Gizon aldra bat etorri zan.

ARRISKU, peligru.

ATZERRITAR, kampotar.

BIRIAK, pulmoiak.

EGUNDO, iñoiz, eguno. Ez dot egundo ikusi gizon ori.

ERETI, momentu egokia.

GELA, kuartua. Gelan sartu nintzan.

GERTATU, pasatu, jazo. Beti gertetan da ori.

 GERTU, prest / prestatu, preparatu. Gertu nago. Afaria gertu dogu.

GIZARTE, soziedadea, gizonen arteko bizitzea.

GUENEAN, ostean. Bost illebete guenean.

HEDONISMO, gizonaren bizimodua, gauza guztien gaiñean zentzunen atsegiña ipinten dauana.

IDORO, aurkitu, topatu.

IDUN, samea, kokota.

IÑOAN, esaten eban.

JARAMON EGIN, kasu egin.

JOLAS, jokua, olgetea.

KRITIKO, artezko naiz espirituzko obra baten gaiñean eritxia emoten dauana. Kritikoen ustez, "Cabiria-ren gabak" pelikula ederra da.

LIRAIN, polita. Neska liraiña.

MOTX, laburra. Ule motxa.

NEKATU, kantsatu.

OITURA, kostumbrea, ekandua.

OLDOZTU, pentsatu.

ONURAGARRI, probetxugarria.

SEIN, umea. Seintxuari titia emon.

TAIU, itxurea. Ze taiuzkoa da gizon ori?

TRADIZIÑO, aintxiñatik guganaiño, batak besteari esanda, etorri dana. Kristiñau tradiziñoak irakasten deusku ori.

UGAZAMA, aiñea, umeari ugatza emoten deutson andrea.

URDURITASUN, artegatasuna, ardurea.

URI, erria. Errigoiti-ko uria.


Zezenak plazan

Erriko zaindariaren jai nagosiak zirean: Andra Mari ta Sandrokeak.

 Gure erri geienetan, guztietan ez esatearren, senide eta adiskide, Bilbotik-eta etorrita, konbidauak izaten zirean. Geure poza, arrokeria eta atsegiña izaten zan, bakotxak bere etxean, iru edo lau edo geiago konbidau izatea. Neure adiskide batek bein, kanpotik iñor etxakala etorri ikusita, lenengo kalean idoro eban eskekoa eroan eban etxera, eta beragaz maian bazkaritan jarri.

Emakumeak —etxekoandra eta alaba nagosienak beintzat— bazkari on, ondo ornidu eta ugari bat gertuteko, etxean geratzen zirean artean, gizonezkoak, zar eta gazte, atzerritar edo kanpoko eta erriko, meza nagositara joaten giñean.

Oneetariko bilbotar konbidau bat joan zan ba, urte aretan bere, amarretako mezatara. Ebangelio ostean aurreratu zan entzuleakanantz Parroku jauna, Don Basilio Diaz de Espada; eta asteko barriak emon ondoren, esan eban, meza ostean urtearo lez prozesiñoa izango zala.

Gure bilbotarrak ez eban antza ezer ulertu, eta aldamenean jezarrita eukan gizon bateri itaundu eutsan erderaz:

— Abade jaunak zer esan dau?

Eta besteak, bat batera eta seno seno erantzun eutsan:

— Ba... gaur arratsaldeko lauretan zezenak izango direala erriko plazan.

Arrituta geratu zan kanpotarra, ori entzun ebanean, anuntzio ori eleizarako egokia ez zala iruditu jakon-da. Eta bazkalorduan konbidauta egoan etxera eldu zan baizen laster, didar egin eban:

— Jesus, eta Jesus milla bider! Olakorik sekula ezta iñoiz ikusi, ez iñon entzun bere!

— Baiña, zer entzun dozu, edo zer ikusi dozu, edo zer diñozu ainbeste zaratagaz? itaundu eutsan etxekoandreak.

— Zer entzun diñozu? Ara: neuk eztot ezer ulertu, Parroku jaunak erderaz egin dau-ta; baiña neure alboan jezarrita egoan gizontxu bateri itaundu deutsat, abadeak zer iñoan, eta... arratsaldeko lauretan zezenak plazan izango direala esan dabela erantzun deust. Eta ori, neugaz bat izango zarie guztiok, eleizetan iragartea eztala egoki egokia deritxat.

— E...? Abadeak ori esan dabela...? Benetan arritzekoa da. Baiña goazen geldiro, eta esan egidazu: Ze moduzkoa-edo, ze taiuzkoa-edo izan da zeure aldamenean jezarrita egoan gizon ori?

— Ba... txiki samarra, zimeltxua, eta lebita ta guzti, baltzez, ondo jantzia.

Andreak pixka bat oldoztuta gero:

— Ba..., ba..., ba..., ointxe amaitu dozu. Ori, zuzen bera Tomas jostuna, Atxinka sastrea da. Eta arek, beti lez, umore ona eta nornairi ziria sartu eta adarra joteko, gogo obea. Onezkero, berak bere kontau dau etxean. Eta guztiak, zure lepotik, barreka daukazuz. Zezenak plazan, e...? Ezta izan zezen txarra zuretzat beintzat Atxinka zirin eta zital on.

"Zezenak dira, gaiztoak dira,

Arrapatzen bazaitu,

Bertan bertan ilgo zaitu."

Zur ibilli bear da, gizona, zur!

Belu


Balentin Berrio-Otxoa Doatsuaren Kartak

XIII

Manila-n, 1857-garren urtian

Amatxo maitia:

 Zenbat gau galdu ditu,

Cadiz-tik urten genduan ezkero?

Eta nik sosigu andiyan

Pasatu ditut lo

Itxasuaren erdiyan.

Egunak kontatzen egongo zan,

Sustoz betenk karta au artu artian;

Eta osasuna bakiagaz

Egon da gure artian.

Jaungoikuan milla esker,

Faltatu etxaku ezer;

Beti euki dogu mai ona,

Eta egunian eguniango ogi biguna.

Lau euskeldun-bere etorri gera;

Noizian bein itz egin dogu euskeraz.

Bat zan San Frantzisko frailia,

Eta bera Otxandio-ko semia.

Andrakumia beste bat:

Irun-en zituan bere asabak.

Beste batek eukan barkuaren agindua,

Eta au zan Bermio-n jaiua.

Fraile dominikua laugarrena:

Semia da Mari Elizalde-na.

Pixka bat luzetu da gure viajia;

Aiziaren faltiak dauko kulpia.

Bost milla legua ibilli gera,

Eta estutasun gutxitan ikusi gera.

Virgiña Mariyaren amparuan

Galduko giñian ba itxasuan?

Bost illabete guenian

Lurreratu giñian.

Zer pozik Virgiñaren arpegiyan

Ipiñi nituan nere begi biyak.

Nork explikatu

Virgiña onen edertasuna?

Askori emoten dio

Gorputzeko eta arimako osasuna;

Bera da ziudade onetako ondasuna.

Viva gure Virgiña Mariya!

Beria izan dedilla biotz guztiya.

Amatxo, bete dot iya papela;

Uste dot gaurko asko dabela.

Agur diot gurasuan,

Gorantziyak ezkonbarriyari.

Don Ignazio Retolaza

Eta beste kabilduko Sazerdote Jaunak,

Artu dizatela

Neure eskumunak.

Santa Ana-ko fraile

Eta monja guztiyak,

Jaungoikuan nigaitik

Egin deiyela erregu andiyak.

Agur! Kumplidu senide guztiakin.

Apenas kabituko da emen.

Valentin

XIV

Manila-n, 1857-garren urtian

Nere amatxo maitia:

 Zelan dago gure gentia?

Ixilik dago kartia;

Akaso erratu egingo eban bidia;

Izanik ain luzia,

Ezta milagro andia.

Oindiño ba-daukat esperantzia,

Leiruteko amaren letria;

Alperrik ikaraz egon plumia,

Amoriyuak ventzitzen dau guztia.

Ze gente dira ezkonbarriyak?

Gente honratua emon oi dau Urrutiyak.

Pruebak emongo ditu lengusiña Mariyak.

Amatxo, ba-da berori bapere makurtu?

Ai! Urtiak iñori ezteutse barkatu;

Oindiño ezta ainbeste atxotu;

Ardatzian nork berori ventzitu?

Baiña urtiak gaitik ez ikaratu;

Jaunaren bidurrian bizitza bada pasatu,

Il barik ezta iñor zeruan sartu.

Txoruentzat utzi deigun mundua;

Jauna maitatzen badaukagu biotz berua,

Ezta faltako zeruan ostatua.

Alperrik lurrian nekez jan artua,

Bizitza pobria zerurako da atajua:

Ez larregi desiatu dirua.

Alperrik izan urria ederra,

Galtzen bada gure arima bakarra,

Ezta faltako begiyan negarra,

Ez lepuan sua eta garra.

Errosariyo sendua eskuan,

Aita guria eta Ave Mariak aguan,

Pensamentu santuak buruan:

Ze gauza ederragorik munduan?

Ea bada, ama guria!

Deiez dago berorren semia;

Euki daigun biotza garbia,

Zergaitik dan Jaunaren legia.

Iñoz badau pekatuak loitzen,

Zergaitik ez gera eleizan sartzen?

Aingeruak zeruan asko dira postutzen,

Pekatariak pekatua dabenian konfesatzen.

Aita Santo Domingo-n nigaitik erregutu,

Eta Mariya Virgiñiagaz ez aztu;

Oraziño ondo egiñak

Apurtu oi dioz diabruari agiñak.

Laster utziko dot Manila;

Visitatzen noia gentila;

Izanagaitik gizon txikiya,

Azi biar dot bizar andiya;

Tapatzen danian aurpegiya,

Orduan bai ni ikaragarriya.

Agur, ama! Ondo bizi;

Ez larregi burua ausi.

Agur, urrengo artian!

Ba-dao diversiñua kartian;

Biotza, bada, nasaitu dedilla;

Ondo dago berorren mutilla.

Leituko ditu letra onek?

Ala uste dau Valentiñek.

XV

Macao-n, 1858-garren urtian

Hermana Maria Antonia:

 Alperrik zuk niri ez eskribitu,

Lau verba esan biar deutsudaz.

Lenengo ta bat:

Hermana Luisa-ri

eskribitu deutsadan guztia

Igual da zuretzat.

Bigarren: Ez aztu Ama Virgiñia

Biotz biotzetik maitatzen;

Berari gusto eman nai badozu,

Atentziño aundiagaz

Errosarioa errezatu egiozu,

Eta egunian egunian

Mortifikaziñoren bat eskiñi egiozu.

Irugarren: maitatu egizu

Asko zure zeldia;

Eta nezesidaderik eztaguanian,

Ondo da ortik ez urtetia;

Aintxe ondo entzungo dozu

Jesus maitiaren verbia:

Auxe da alegre bizitzeko bidia.

Laugarren: Oraziñuan

Euki egiozu afiziño andiya;

Oraziño barik ez zera izango

egiazko monjia;

Zeure lanen erdietan

Jaso biotza zerura:

Antxe daukagu geure

Ondasun guztia.

O nere biotzeko

Jesus maitia!

Larri dabil

Emen gentia.

Noiz libratuko da

Gorputzeko sokia?

Noiz izango naiz

Guztia zuria?

O zelan luzetzen dan

Neure bizitzia!

Egin bedi gauza guztietan

Zeure vorondatia.

Agur, Hermana;

Agur, zerura artian.

Ez nigaz akordatu.

Biar dozube karta au

Erre ta kiskeldu.

Fr. Valentin


Ama Virgiña Begoñakoari Bertso barriak [Bertsoa]

 Ama Virgiña Begoñakoa,

Bizkaitarren Erregiña!

Mantupean gaur artu gaituzu,

Zeruan daukagu oiña.

Zure irudiak emoten deusku

Fede sendo ta indarra;

Gizon modura egingo dogu

Pekatu danen negarra.

Bertsolarien aldekoa


Esamesak

Bakoitzari berea emotea, zuzentasunaren susterra ta asierea danezkero, orain, aurtengo ostikoketa aldia edo futbol-aroa amaitu da-ta, udazkenean esan genduana, izan be, osoro aldatu ta beste modu batean jarri dala esan bear.

Arako Atletikoen-gaitik adierazo genduan orduan, makal-antzean eta nekatuta edo ez egoki ebiltzala. Baiña, uda-inguruan, kereixak lez edo, eldu egin dira, eta orra ba, kopa galanta ekarri deuskue Bilbora.

Emen ingurukoen poza ezta makala izan. Bai seguru be! Sekulakoak emon deutsez euren jolas-arerioari, eta aurrera, mutillak. Egundoko poza ta zaparradea izan genduan ona eldu ziranean. Ia, ba, urrengorako be, gertu egon, antziñan lez.

***

Udea eldu yaku, noiz edo noiz. Beti gertetan da ori, aurreratxuago edo gerotxuago. Gorputzeko azalak narru baltz biurtuteko eretia izango dogu emendik aurrera.

Zelako modea izango ete da aurtengoa? Emakumeak «prenda» bat ala bi atarauko ete deuskuez ondartzetan? Bi dirala entzun dogu. Baiña oiñetakoak bere... kontuan izan bear direala.

Onelako esanak, niri neuri, basamortuko soiñuak iruditzen yataz. Bestela zoaze itsas-ertzetara. Antziñako prakaluze ta gona belauneraiñokoak amaitu zoazan!... Gaurkoan, antziñagokoen modak ditugu. Erropa urri ta motxak; eta ez ostera merkeago egitearren. Jantzi bata eguzkitan egoteko dabe emakumeak; eta beste bat uretara joateko. Eztakigu irugarren bat ete daben urteten dabeneko...

***

Kristautasuna indartzeko, gazteen artean sortu dira aldrak eta lagun-taldeak. Kurso batzuek egiten ditue, eta dakiguzan gauza asko ta asko, barriro gogora ekarri eta batez bere, ia noiz benetan jarriko ditugun geure gizartean.

Aspaldiko urteetan teoria franku dauskagu inguruetan. Baiña emoirik edo etorkiñik lar, eztogu susmauten. Dana dala, gazteon ardurak eta urduritasunak gure txalo ta abegi zintzoena izan begie.

***

Lengo batean, or mediku batek, itzelak esan ditu guk, erri aundian bizi gareanok ditugun arrisku eta kutsu eta zer kaltegarriak dirala-ta. Autsak, keiak, lurrun eta gasak, zaratak... ainbat eta ainbat gauza onuragarri ez yakuzanak gizonoi.

Batez be, Bilbo inguruko lantegiak, olak, fabrikak, kaleetako ainbeste automobillen gas zikiñak... Erri txikietan, basa geiago izango dozue kaleetan eta bideetan emengo kale ederretan baiño. Alan ta guzti be, erri aunditakoak, amaika aize zatar sartu bearra dabe euren bular eta birietara.

***

Zer esan aundiak atarau ditu kritikoen artean, «Cabiria-ren gabak» deritxan pelikula orrek. Emen, zer bi kontuan izan bear ditugu.

Bata, pelikula ori, berez, gauza zera ta goragarria ta irakasgarria dala, bere barruko gaia eta gunagaitik. Sakona da izan, eta ba dauka bere ondorena.

Baiña, bigarren kontua auxe da: ezin leiela edozeiñek ikusi, geiagoko barik, film ori. Umeak eta gaztetxuak iñundik iñora bez. Gaia gogorra da, gordiñegia. Eta bere leku eta goraberak bardin. Begien aurrean ikusten dana baiño, bere barruko leziño zorrotza izango yake onuragarri, baiña beti be nagusiai, ez ume ta gaztetxuai.

***

Eguneroko paperak, lengo batean, barri onak emon deuskuez garia dala ta eztala. Aurrerantzean kanpotik ekarri bearrik eztala izango edo, fronterak igaro barik be naikoa gari izango dala ta.

Atsegiñak dira beti be, olako albistak. Ogia ugari dagoan bitartean beintzat, goserik eztala izango-ta...

Baleiteke ori jakiñik, asko ta asko gertutea laster ezkontzeko. Esakerea, beiñipein, olan da izan. «Ogia merkatuten danean, ezkonduko gara...»

Bat edo batek esan lei, beste au be: «Gatza merkatuten danean...»

Bai, ba. Gatza bere, edonok eztau eukiten-ta...

Bilbotik - Erkiaga, E.