ANAITASUNA

V URTEA - N.º 47

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Aprilla (4) 1958


Itxasgizona, ezezagun ori

Oraindiño ez da ille bete, euskaldun arraintzaleak Dakar-retik etorri direana. Igaro dan illaren 15-ean, goizeko ordu bat et'erdietan sartu zan Bermeo-n, Dakar-rera joaniko azkenengo itxasuntzia.

Berba asko egin da, periodikoetan, errevistetan, radioan, euskaldun arraintzaleen itxasorate onen gaiñean. Berba asko, bertori Euskalerrian eta erbestean. Gero ta gero be, asi da gentea gure itxasgizonen gorabeerea aintzat artzen. Asi da zeredozer ezagututen, azaletik bada be, euskaldun arraintzaleen problema garratzak. Arraintzuzko problemak, diruzko problemak, erlegiñozko problemak. Dana problemak. Bai ba, Euskalerrian arraintzalea ezezagunena dalako.

Genteak gitxi daki nor eta zelakoa dan arraintzalea. Ez daki, beste gauza askoren artean, arraintzalea dala bearbada Euskalerriko euskaldunena. Parkatu deistela baserritarrak. Arraintzaleen euskalduntasuna dinamikoagoa da. Baserritarrena barriz, estatikoagoa. Ta momentu onetan, peligru aundiko sasoi onetan, gure euskalduntasuna salbetako, geien geien dinamismoa bear dogu.

Arraintzaleen barruko indar ori, benetan, guztiz aundia da. Edonori arritu eragiteko modukoa. Lastima aundia, sarri askotan alperrik galtzen itxi dogula.

Oraiñarte baiño leku zabalagoa emon bear jake arraintzaleeri gure erriko gauzetan. Euskerazkoetan, sasoi onean gagoz oraindiño, ze gure itxasertzeko portuetan gure berbeta zaarra bizi bizirik dago, sendo dago, ondo armaturik dago. Erlegiñozko gauzetan barriz, ez ete gara beranduegi eldu?

Aspalditik dakigu, Euskalerriko portu batzuk gaur egunean erlegiñozko krisi aundi bat igaroten dabela, eta gauzak txarrerantz doazala. Krisi orren kausak, asko dira. Emen ez daukogu zetan aitatu bear danak. Gaur naikoa izango da bat bakarrik gogora ekartea, ainbat ariñen erremedioa billatu daiguntzat.

Gure itxasertzeko portuetan, batzuetan beintzat, arraintzalea ezezaguna lez bizi da bere parrokian. Esan leiteke, gure eleizak legortarrentzako bakarrik egiñak direala. Eurentzako sermoiak, erderazkoak geienak. Eurentzako «Círculos de Estudio» deritxoenak, oneek be erderazkoak. Eurentzako parrokiako aktividade guztiak. Eurentzako kulturazko ekintzak, orfeoiak, koruak eta abar.

Orregaitik, arraintzalea, kampotar bat baillitzan egoten da eleizan eta eleizako gauzetan. Eta andik urteten dauanean, zeredozer daroa bere barruan. Bearbada bera be ez da konturatuten zer dan. Guk ba-dakigu. Ez dau aurkitu bere parrokian, bere eleizan, bere anaia legortarren artean, berak bear dauan berotasuna, bereratasuna, alkarrezagutzea.

Olan ez da arritutekoa, arraintzalea gero ta geiago eleizatik eta erlegiñotik urrunduten bada, asagotuten bada.

Berriatua


Erri baten nortasuna

Bizkaiko erri baketsu baten nago, eguneko ordurik geienak beteten. Erri aundi baketsua bai: baiña, beste Bizkaiko asko lez, euskal zaletasuna edo euskera zaletasuna beintzat galtzen doana.

Goiz baten, irrintzi baten oiartzunak itxartu nendun. Irrintzi arek berrogei, eun, berreun irrintziren erantzunak euki zituan. Danbolin soiñua, euskal abesti alaiak, zaratea ta zaratea... Baiña... zer gertatzen da gaur erri onetan? galdetu neutsan neure buruari.

Bermeo! Bermeoko umeak ziran. Itsasertzeko neska-mutillez bete zan gure erria, euren biotz ederren garbitasuna ta poztasuna erakutsiz.

Au ikusita, abesti ain gozoak entzunda, alaitasunak eta erri-miñak bate-batera bete dau nire barrua.

Sarritan entzungo zendun, irakurle maitea, Bermeoko euskerea mordoilloa dala, bermeotarrak erdi zoroak dirala... Ez egin kasurik! Nik ordun lez, berreun edo irureun ume euskeraz berbetan entzun ezkero, euren begi ederretan barruko ontasun guztia azaltzen ikusi ezkero, ez dozu Bermeoko erria zoroa ta galdua danik esango, ez. Bermeok bere nortasuna edo personalidadea dauko, itxasertzak emoten daben euskal nortasun sendoa.

Baiña poztasuna ta erri-miña batera sortu dirala neure barruan esan dot, eta egia da. Len esandako gertaerak alaigarriak badira, gure erriak daukozan kezkak illundu egiten dabez gure etorkizunerako bideak.

Bai, jauna. Euskalerriaren nortasunak baratz ederrean daukoz lurpetuta bere sustraiak. Baiña kaltegarrizko bedartzak bere bai. Norberekeriak, erdal zaletasunak eta diru zaletasunak euren adar tartean korapilloturik daukez euskal biotz asko. Irurak txarrak badira, irugarrena txarrena, nire ustez. Diru zaletasunak ekarten dauz beste biak sarri askotan. Diru zaletasunagaitik pleitutan sartuta ikusiko dozuz gure baserritar asko ta asko. Zaletasun madarikatu orregaitik gure erri askotako gazteak, sorlekua abandonaturik, Ameriketarako itxasbidea artuko dabe.

Euskalduna egoakaz jaioten dala. maletak eginda eukiten dabezala, ta beste olako asko entzun dogu gure oraindik bizi laburrean. Baiña, nire ustez, eta parkatu oker banabil, atxakiak baiño ez dira; gure nortasunak daukon zaletasun txar au ixilpetu ta gordeteko atxakiak baiño ez.

Oraindiño egun asko ez dala, Caracas-tik artu neban karta luze bat. Nire aintxiñako lagun batena zan, eta negargarria. Venezuela-n asko ta asko dira galduta bizi diran euskaldunak; atzera sorterrira etorteko arpegirik ez, eta bertan biziteko modurik ez daukeuak: auxe da euskaldun askoren egokera mingarria. Gure erriko agintariak artu bear leukee gure anaiok gureganatuteko arazoa, eta agindu edo eskiñi eureri laguntasuna.

Baiña, irakurle, parkatu; nun asi ta nun amaitu ez dot jakin idazlantxu au. Gaia bermeotarrak emon deuste, eta Caracas-ko kanpotar bategana erban nau iparraizeak.

Gure itxas-ertzeko gizonak beste kezka asko eukiko dabe; baiña, nire uste apalean, diru zaletasuna ez da arraintzalearen pekaturik aundiena. Dagoanean jo ta ke, ta ez dagoanean kito. Baina pobretasunak eta goseak gitxitan eukiko dabe indarra, gure arraintzaleak sorterria itxi, gure berbetea eta oiturak galdu eta betiko gure ondotik aldenduteko.

Gora gure itxas-ertzeko erriak!

Mungitik

Bilbotar


Munduan zear

Sekulako bautismoa

Beargin baltz batzuk basoan lan egiten egozala —diño Aita Devalle Nyeri-k, Afrika Ekuatorialeko misioneruak—, rinozeronte bat agertu jaken asarre bildurgarrian. Gizonak, leenengo ikarea pasatuta, armak eskuan arturik, bala batzuk sartu eutsezen barruan. Piztiak orduan igesari emon eutson solorik solo, zaurietarik odola galtzen ugari. Azkenean jausi zan lurrera, geiago ez jagiteko. Baiña jausita gero be, ikustekoa zan bere furia mustur gaiñeko adar bakarraren movimentuakaz. Mutil bardingo bat larregitxu urreratu jakon ondora. Eta alako baten piztiak bere azkenengo indarrak batu ta atara, ta zartada baten adar bakarra sartu eutson mutikori alde batetik bestera.

Inguru aretako misionerua, au entzunda, arin joan zan bertara. Ezagutu eban mutikoa: bere katezismoko ikaslerik zintzoenetakoa zan, laster bateo santua ta beste sakramentuak artzeko preparetan egoana. Ekarri eban ura ta, beste barik, bekokia busti ta esan eutson: Nik bateatuten zaitut Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Mutilla polito polito adarretik atara, ta bearen gaiñean ipiñi eban; baiña beste gauzarik egiteko ez eban astirik emon.

Jazoera ikaragarri ta alaigarria

Doktor Santarelli, Mexico-n, Celaya deritxon erritxu bateko medikua da. Gaztea. Leberra. Eta bere eginbearretan esku onekoa. Osorio boxeadoreari operaziño bat egin eutson begietan. Ederto egin eta ondo urten. Klinikan, ia osatuta egoala, burutik eginda, neska gaixozaiñari joten asi jakon. Au ikusirik, medikua neska errukarria defendietako etorri zan; baiña orduan Osorio-k medikuari elduta, atzamarrakaz begi biak atera eutsozan. "Ez deutsat demandarik ipiñiko egin deustan kalte onegaitik" —esan eban medikuak bere zoritxarraren aurrean. Eta bere ezkongei gazteak bere aldetik: "Leen asko maite izan dot Santarelli. Orain leen baiño askoz maiteago". Munduko ainbeste zikinkeri artean, olako egitada ederrak zelan nasaitu ta poztuten daben gure biotza!

Milan-go misiñoak

Italia-ko Eleizearen historian gogoangarri izango dira, igazko udagoienean Monseiñor Montini-k, Milan-eko artzobispoak, atondu izan dituan misiñoak. Lombardia-ko uri andi orretan, milla ta irureun misiñolari (1.300), euren artean obispo asko, ibilli izan dira kaleetan zear, batera ta bestera, misiñoak prediketako prest. Oraindiñokarren iñoiz ikusi ez dan neurrian erabilli dira periodikoak, radioa, televisiñoa ta propaganda, modu guztiak, misiño ta misiñolarien laguntzaille, kristiñauen arimak iratzarri ta biztuteko. Eleiza, eskola ta hospital guztietara sartu izan da misiñoa. Bear-bere bai. Mundua geroago ta geiago jausten da kontuan, beretzako geratu jakon itxaropen bakarra, kristiñau bizitzea dala. Italia-ko komunistak, Monseiñor Montini dauke orain, Aita Santuaren urrengo, euren areriorik aundienentzat. Eta eleziñoak preparetan dabillela bota deutse aurpegira.


Esamesak

Plazako bazter batean, autu luzean ikusi ditut gizon bi. Nortzuk? eta, bata Txomin, an bertan denda zabal ederra daukana; eta bestea, Urizargoiko basetxean bada ba, gizon patxadazkoa? Ba, berbera, Peru esangiña.

Jakinguraz jarri nabe gizonok, eta isil-isilik euren ondotxura joan natxake. Auxe iñoan Txomin-ek ni euren albora naizanean.

— Errien arteko adiskidetasuna, ezta gero auntzaren gaberdiko eztula.

— Bai, erriak alkarren adiskide izateko, geu gizonok izan bearko lenago.

— Ezta ez, gauza erreza.

— Ez, zuek kaletarrok beti zaree gu baserritarron kontrako.

— Olakorik, ointxe esan dozu egi galanta! —zirautsan Txomin-ek, barre karkaixa zabala egiñaz—. Gu baserri ingurura ezkero, laster dakizue zuek esaten: «Bai, ointxe be, kaletar txankameok ezer onik ba ete dakarre, gero?»

— Adiskidea! Txikitan jakin ez oi dan gorabera asko, jakin oi da geroago.

— Ezta guzurra ori be. Ba, leen esan deutsudan lez, orain erri aundien artean, zera, zingo aundiko batzarren bat egin bear ei dabe; arako... alto nivel deritxena.

— Altu ni be! Bai, naikoa asi giñean-ta, luzatu bearrik eztogu geiago, guk beiñepein.

— Zuek baserritarrok, antziñeko eran zabiltze oraindiño gauza askotan. Bateko laiak, besteko atxur ta kakoak... Erri aundietan gauza asko, makiñen bitartez egiten ditue; beiak eurak eratsi bere bai.

— Beiak erastea, elitzateke gauzarik gaitxena izango... errapeak ondo beteak euki ezketiño.

— Ai, au da Peru! Zure ideko Peru Abarkaren tertzioan ba-dakizu zuk bere...

— Bearko jakin. Lanari iges egitea, guztiontzat izango litzateke gustokoa: baiña ekin egin bear, jango bada...

— Guk dendariok be, ba dogu naikoa elorrio. Beti gauzak gora eta gora, eta erosleak beti asarreka.

— Baiña erosleak dendara datozan bitartean, dendariak nasai lo egiten dabe.

— Ez gero pentsau be egin, dendara datozan guztiak fiñean emoten dabenik daroenaren ordaiña. Bai zera! Ba-dagoz bazterretan egon... zelako gibelak, baiña!

— Baserritarren artean, ezta, orraitio, olangorik jazoko.

— Zuen artean bere, ez uste izan, gauzak lengo bestean dabiltzanik. Ez al dakizu gaur eskuarte ugaria bear dana, bai jazteko, bai jateko, bai... batera ta bestera ibilteko? Ara: nik, ogei urte bete nituan arte, Bilborik ikusi bere ez neban egin... erretratuan izan ezik. Eta oraingoak zer? Oraingoak... dendak sarratuta dagozan egunean bere, Bilbora joaten dakie: partidua dala, zine nabarmentxua dala, dantzaleku andiagoen guraz dagozala, eta...

— Bai, gu bere, amaika bidar bolaka ibili izan oi giñan, emendik urten be egin barik. Orain, etxagok olako konturik. Orain, oin bikorik gitxi yagok, egon be. Edozeñek dauko bere txirringutsa, edo Vespa... badaezpada.

— Alperrik erriko abadeak beste gauzarik esan: jai-eguna ezkero, eurrezean gazteak erritik urrun, eta erloju barik ganera, mutil, erloju barik. Sarritan... etxera orduan, illuntzea dala uste izan, eta orra ba! egunsentia, gizon, egunsentia!

— Ta zelako soiñuak eta zelako kantak! Nik iñoiz, radiotik entzuten ditut batzuk, eta, ene bada! Lengo batean, kristiñau antzik bere ez eukan baten kantea zala-ta egon nintzan, konkortuta mutil! zelan edo alan akabauko ete zan-ta.

— Korkotxen bat edo besobakoren bat ete zalakoan?

— Nik bere orixe pentsau neban. Baiña, azkenerako, edozer eukan, mutil. Onela asten zan kantea: «Tienes ojos, tienes labios...» Zer gura ta axe...!

— Lotsarik?

— Orixe ez neuskizu esango. Ganera, oingo gazteak... bear bere ez ei dabe lotsarik, ez neurririk, ez... erlojurik.

— Orreek bere zaartuko dituk, eta orduan asiko ditut gazteai lotsea eskatzen... eurek iñoiz emon ez-ta...!

***

Barregura aundiaz egon nintzan Peru-ren eta Txomin-en kontuak entzuten, baiña azkenerako, neu bere, buru-austeetan jarri ninduen.

Oraingo gazteak!... Oneek uste dabe euren aurretikoak guztiz tentelak izan zireala. Eta aurkitu dogunik geiena, aek emon eta itxi deuskuena izan, barriz!

ERKIAGA E.


Aberastu zure euskerea

Ona emen, ille onetako ANAITASUNA-n agertzen direan berba batzuk, bearbada zuk ez dakizuzanak:

ABESTI, kantua (berba barria)

ALAITASUN, poztasuna, alegrantzia (Gipuzkoako berbea)

AUTU, konversaziñoa

BARATZ, ortua (Gipuzkoan erabilten da)

ELORRIO, naibagea, esturasuna, atsekabea

ESANGIN, obedientea

ESKUARTE, zerbait egiteko medioak

ETORKIZUN, etorriko dan demporea, erderazko porvenir

GALDETU, preguntatu, itaundu (Gipuzkoan erabilten da)

GERTATU, pasatu, jazo (beste dialektuetako berbea)

JAZOERA, gertaera, pasetan dan gauzea, erderazko suceso

IDEKO, bardiña, iguala

IGES EGIN, eskapatu, erderazko huir

KORKOTX, konkortia, jiboa daukona

LEBER, abilla (Bizkaiko berbea, Bermeo aldean esaten dana)

NORTASUN, personalidadea (berba barria, neologismoa)

NORBEREKERI, egoismoa (neologismoa)

OIARTZUN, arribizia, erderazko eco

PLEITU, auzia

 TERTZIO, sasoia, demporea

URI, erria

ZINGO, sakona, ondoa (Lekeition erabilten da)


Naste-borraste

Ori dok ganadua!

Axola basetxeko ugazabak anuntxio auxe jarri eban egunoroko baten: "Gure kortan abere larregi daukaguz, eta oneexek salduko geunkez: Mando bat, txarri bi eta bizikleta bat."

Eta nik diñot: Bizikletea ze ganadu modu ete dok?

Metodu barria

Kosnoaga mendi bizkarrean bizi dan Josanton-ek, pianu eder bat erosi, eta bere baserri etxean sartu dau. Bere ezagun guztien itauna auxe da: Zetarako gura ete jok Josanton-ek tramankulu ori? Baiña berak laster bete deusku gure jakingurea, esanaz: "Ara ! nik beiai esne erasten diardudan bitartean, neure emazteak eta neure semeak, txandaka, pianu joten ekiten deutse (ots eragiten beintzat, joten batak ez besteak eztakie-ta), eta beiai esnea oso ugarituten jake. Pianu soiñurik entzun ezean, barriz, iturri guztiak laster agortuten dira."

Ba-dakizu ba, baserritar adiskidea, zelan beiai esnea geitu.

Kirten ta eroi

Gure Txotxo Kirten-ek bei bi eta burdia daukoz. Eta buztartu eta azpigarri billa basora joan da. Baiña lanerako berotxu be ba-egoala-ta, oraindiño goizetitxu be ba-zala-ta, pago tantaipean etzun eta lo gozotan ordu bi inguru igaro ditu. Itzartu danean, bere aurrean burdia baiño ez egoan. Larregi estutu ez naibagetu barik, oldozkor (pentsetan) jarri eta berekutan diño: "Ni, Txotxo Kirten nok edo enok. Txotxo Kirten banok, bei bi ostu jeustiezak, eta galdu joataz; baiña Txotxo Kirten ezpanok, burdi bat irabazi joat."

Txotxo, kirten da erdi be ba-az i, ikusten dogunez.

Irabazi galanta

Orain urte batzuk dirala, gure erriko botikan andratxu batek zeozer erosi eta ordaingarritzat peseta biko bat eta bost txakur andi emon ditu. Eguerdian botikarioaren emazteak diru kaixea aztertu dabenean, ikusi peseta bikoa, eta diñotso senarrari:

Baiña, Jose, peseta biko au paltsua da!

— E? Paltsua? Etxaramon, andrea; oindiño paltso ta guzti bere, errial bat irabazi dogu.

Ezta irabazi txarra! Orraitiño orduan bere...:

«Amarrean saldu, bederatzi irabazi:

Euneko zenbat ete dok ori?»

Monagilloen gauzak

Ordurik ona urte batzuk igaro dira baiña, zertzeladea polita da-ta, ipiñi daigun: Bilboko errevista baten erretratu polit polit bat ikusi neban. Bertan eleizmutil bi, monaguillo bi agertzen ziran, organuan jezarrita, eta bietarik nagusitxuenak esaten eutsan txikiñenari: "Ara, oneek tekla zuriok bateoetarako dozak; eta oneek baltzok, barriz, enterruetarako."

BELU


Emakumearentzako

Geiago ta obeto lo egin

Sarri askotan, ordubete geiago lo egiteak gozatuko deutzu zeure karakter lior ori.

Ordubetetxu geiago lo egingo bazendu, ez ziñakez ibiliko orrako zeure arpegi luze ta mustur oker orregaz. Ez zenduke katua jaurtiko ostikoaren punteagaz. Ez zenduke atea itxiko dumbadaka. Ez zenduke etxe guztia tristurazko gerizpe baten ipiniko.

Etxeari zoriona ta poza, alaitasuna ta bakea ikusi gura badozuz, ordubete geiago lo egin.

Ordubete geiago! Bear dan beste ezin danean!

Bai. Bear bada, laguntxuren bat ez yatsu faltako esango deutsuna: Zegaitik ez dozu artzen alako edo olako pastilla bat? Zeuk gura ez dozula be lo egingo dozu.

Eta tentaziñoan jausi zara. Bazoaz farmaziara..., eta urrengo gaubean aingerutxu baten lez lo egin dozu. Bigarrenean bardin. Irugarrenean, tira, ez ain txarto.

Baiña zeinbat eta sarriago artu, ainbat efektu gitxiago egiten deutsu pastilleak. Eta gero, baten lekuan, bi artu bear, alanda guztiz bere lo ondo ez egiteko; eta goizean nekatuta jagiten zara, baiña zeure pastillatxuak ezin itxi, ta geroago ta dosis andiagoak artu bear.

Kontuz ibilli zaite! Zeure somniferuokaz verenua sartzen dozu odolean, eta osasuna ta bizia bera peligru andian ipinten zabiltz. Mediku on batek ez deutsu orretarako kontsejurik emongo. Ondo lo egiteko medizinarik onena auxe izango dozu: Zeure nervioen eta buruaren jabe izan zaite! Pazientzia apur bat bearko dozu zeure bizikerea atondu ta konpondu, zeure orduak jagon, eta gauza bakotxa bere sasoian eta lekuan egiteko. Galdu dituzun loak alantxe irabaziko dozuz barriro.

Eta begira! Emen esango deutsudazan gauzak ez dira txantxetan ipiñiak izango, ez iñoren lepotik barre egiteko:

1.—Goizetik eta gitxi afaldu.

2.—Zoaz lotara beti ordu baten.

3.—Ez joan lotara digestiñua apur bat aurreratu barik.

4.—Lotara baiño lenago baiñu epel bat artu.

5.—Lotara baiño lenago, zeure oraziñotxuak eginda, zeure ogerako soinekoa jantzita, egizu zeurekutan kartoizko ta trapuzko muñeka bat zareala, eta gero, jausi zaite bearen ganera, ta iru lau minutuan etzanik egon zaite ardura guztiak kenduta... Orain pentsa egizu patata zaku bat zareala... ondoan zulo andi bategaz, zulotik urten deutsuez patata guztiak eta utsitu egin zara...

Gelako leioa zabal zabalik itxi. Zoaz ogera.

Besterik ez.

— Gau on!

— Jainkoak emon!

AINGERU


Balentin Berrio-Otxoa Doatsuaren Kartak

V

Neure ama maitia (1):

Ia predikadore baten legez eskribietan ikasi dau.

Berorren kartan aituten emoten deust, Jaungoikoaren vorondatiagaz konforme daguala, beretzat ni gura banau erreligiñuan. Asko alegretan naiz; bada jakin biar dau, baldin da biotz biotzetik eskeintzen badeutsa berorren semia, Mariya bitarteko ipiñita; mundu onetan egin al deiyan Jaunaren obra gustosuena egingo dabela uste dot.

Eskatu beiyo profesa etorri baiño lenago euki deirala (2) aziertu on bat, eta aurrera; ez gaitian Jaungoikutaz urri ibilli; zeruan leku zabalak daukaz guretzat, lurrian bere vorondatia egiten badogu.

Animo, asko valiyo daben gauzia asko kostetan da. Domeketan biyua Santanako konventura, eta Aita Santo Domingoren oiñetan auspaztuta, esan beyo: Aita Santo Domingo, seme bat baiño eztaukat, eta bera guztiz maitia; baiña zeuretzat gura badozu, zeuria dozu; bakar bakarrik eskatuten deutsut, zeure egiyazko seme bat egin deizula, eta izan zaitiala neure aita, bere bizitzan eta eriotzan alkar ikusi daigun zu zagozan lekuan. Amen. Alan izan dedilla, ama.

Logroñuko zaldun txikiyen aitak pagau eustan diligentziya Madrileraiño; eta orregaitik iñoizko demporan ortik pasauko balira bañuetara, alegrauko nintzake, berakaz kumpliduko baleu, bada nik merezi ezpadot-bere, arek merezi dau, berorren seme bati alako graziya egin eutsalako.

Agur, ama Mariya.

Frailleko (3) bat dago semia, kasik edurra lango jantzi zuriyaz.

Valentin Berrio-Otxoak

VI

Amatxo (4):

Berorri gusto emotiarren artu dot plumia, kartia itxita gero, lau verba baiño ezpada be esateko, alperrik zeregin aundiyak euki (5).

Emen gizon santuen erdiyan arkitzen naiz; gau eta egun Jaungoikoa alabetan dagoz; gaberdiyan bein baiño sarriyago jaiki dira maitiñak kantetan eta Aingeruen ofiziyua egiten, eta berorren sabeleko seme bat-bere bai berakin batian.

Ai, ama, zer zoriyoneko gaberdiyak arek! Berori lo eguan demporan, berorren semia Jaungoikuari erregututen eguan. Amatxo, aserre ala adiskide gera? Ni beintzat adiskide naz berorregaz.

Santa Monikaz meza bat esan neutsan, eta ez neuke gura azkena izan dedin.

Agur, ama. Semetxo bat zeruan dauka beti erregututen berorregaitik; triste daguanian, deadar egin beiyo, eta bitartekotzat artu bei bere erreguetan. Euki deigun konfiantza andi bat zeruan guztiok alkar ikusiko gariala. Araxe ekarriko deutsadez Indiyetatik erregalutxo batzuk.

Agur.

Valentiñek

(1) Ocaña'tik, 1854-ko asikeran idatzia.

(2) Daidala.

(3) Frailletxu.

(4) Ocaña'tik, 1854-ko maiatzean.

(5) Zeregin aundiak eukiarren.