ANAITASUNA

V URTEA - N.º 45

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Zezeilla (2) 1958


Aita Santuak diñosku ze:

Urtero-urtero, Gabon inguruan, berbaldi ospatsu bat egin daroa radioz Aita Santuak. Berbaldi orretan gogoan eukiten ditu mundu zabaleko gizaseme ta gizalaba guztiak; kristiñauak eta kristiñau eztireanak be bai. Guztion Aita dalez, danontzat zabalduten ditu beren erakutsi mamitsuak. Gaurko gizadiak daukozan zauriak eta gatxak, eta zauri orreek osatuteko osagarria, urtean baiño urtean biziroago ta ozenago adierazoten yatorku Pio Amabigarrena.

Aurten be egin euskun Gabonetako berbaldi ori. Luze, sakon, zoragarri. Beronen mamin guztia ezin lei emen lerro gitxitan sartu. Baiña idea buru eta nagusi batzuk beiñepein gomutau ta ikutu gura geunkez.

Gaurko gizona —diño Aita Santuak— arro dago beren asmaketa arrigarriak direala-ta. Izan be, zer eztau asmau gizonak gure egunotan? Ze aurrerapenak ez gabiz ikusten, egunean baiño egunean andiagoak? Eta guztiok izan dira materia menperatuteko, izadi itsuaren indarrak gizonaren eskuetan ipinteko. Ori eztago txarto, ez. Baiña. zer jazo da? Teknikea jarri yakuta jaun eta jaube. Beironen agintepean gagoz. Makiñak eta burdiñezko tresnak ugari eta franko sortu dira, baiña espirituari yagokon jakiturian, aurrera barik, atzera ez ete goazen bildurrez dago Aita Santua. Orregatik diño berak, homo faber = gizon arotzak (materiazko esku-lanetan diñarduenak) baztertu ta ito egin dabela bestea, homo sapiens, au da, espirituaren jakituriaz jantzirik egon bear leukiena. Goi-maillako valorea alde batera itzi dogu, eta azpikoa goian ipiñi.

Izan be zulorik andiena ortxe dauko gaurko gizonak. Gauzen azalari eta ez mamiñari begiratuten deutso. Ardurabagekeria, olgetea, nasai bizi gura izatea, seriotasunik eza, orreek dira gure denporako gatxak. Sentiduei larregi emoteri yako, espirituari, barriz, gitxi edo bapez. Gaurko gizona kasik ezta gauza bizitzearen giarra ta sustantzia direan egia andiak ausnartu eta eioteko. Ain dago oitua axalari bakarrik jaramon egiten!...

"Sabelak emoten deutsu ardura geiago, arimako gauzak baiño": alan diñotso Peruk Maisu Juaneri. Eta beste ainbeste esan leikion gaurko gizonari be. Izan be Peru Abarka-ko Maisu Juan ori dogu gure denpora onen irudirik zeatzena. Jaungoikoa barik, Jaun-beekoa maite dau gaurko gizonak. Au adoretan dau, oneri bakarrik deutsa lotsa ta begirunea.

Landare bat, dala garia edo garagarra naiz oloa edo beste edozein ortubedarra, bear dan modukoa izan daiten, gauza asko bear dira: eguzkia, aizea, euria, otz-bero egokiak, ta lurra be ez edozelangoa, landareak bear dituzan elemento guztiak daukazana baiño. Bestela, elemento bearrekoren bat falta bayako, erneko da bearbada, baiña erkin, ziztrin eta gauza eztana urtengo deusku. Eta gizonagaz be orixe jazoten da. Gorputzaren legeak gordetzen badira, eta arimearenak ez, giza-landarea ezdator bear dan modukoa. Makal, zimel ta beren egiazko itxurea galduta aziko da.

Baiña Jaungoikoak ba-daki gure gatxen barri. Eta nundik egin dogun pekatu, eta andixik bialduten deusku bai zigorra eta bai zuzenbidea be. Beren progresu materialaz arro egoan eta dago gizona. Lilluratuta, mozkortuta letxe. Baiña gizonaren asmaketak ain biurtu dira ikaragarriak, ze orain bildurretan dago progresu ori ez ete dan gizonaren beraren kontra biurtuko. Bomba atomikea eta iretargi guzurrezkoak (satelite artifizialak) or dagoz gure buruen ganean dingilizka, biotz danetan bildurra ipinten. Gizonak asmautako tresnok ez ete dabe azkenean gizona bera zapalduko eta azpian artuko? A, gizona okertuten danean, onen Egille andiak ba-ditu bai milla bide, zentzau eragiteko! Eta orretarako eztauko ezer sortu bearrik. Gizonaren ibillerak eta asmaketak eurak dira naiko zuzentzaille ta iratzarle.

Edozelan be —eta au da Aita Santuak erakutsi gura deuskana— burdiñezko tresnak ezin dabe gizona bete ta zoriondun egin. Jaungoikoak beren irudi-antzera egin eban gizona. Espirituzko arimea dogu gure atalik bikaiñena. Eta arima ori goi-bizitzaz bakar-bakarrik ase ta bete daiteke.

L. Villasante


Santa Ageda kantak

Bedeinkatua izan dedilla

etxe onetako gentia...

Urtearo urtearo, Zezeillaren 4'garren arratsean, gure erri ta baserrietan «Santa Agedak» abestuten dira. Ori nok eztaki?

Baña nire gaurko asmoa ezta oitura ezagun eta eder onen barri emotea, ez. Ganera, orain Bizkai erdian, Bilbo barruan dala, abestuten diran «Santa Ageda Kantak» nik eztakit nundik eta norakoak direan. Emengoak eztira beintzat. Ez letrarik, ez musikarik dauke gure umearo ta gaztearokoen antzakorik; areen gatzik eta bixitasunik-bere ez. Oraingoak lo-loren antza geiago dauke.

Baiña goazen geure arira.

Geienetan Donearen edesti latsa ta oiñazekorra gogoratuten da lenengo, eta gero koplak deritxoen beste letratxu batzuk sartzen dira, nun zein atara bear dan ondo begiratuaz.

Emen idazten noiazanak, orain urte asko, neure erri ta bere inguruan neuk bilduak dira, eta, batzuk beintzat, ondo polit eta egokiak.

Etxeko nagusiari zuzendu bear yakozanak:

Usua doa otara,

nire begiak lotara;

oraintxe noa, nagusi jauna,

bedorren koplaetara.

Eder soloan goldie,

soiñean kapa modie;

etxe onetako nagusi jauna

ondo gizontxu noblie.

Odei artian izarra,

erreka munen leizarra,

etxe onetako nagusi jaunak

urre gorrizko bizarra.

Urre gorrizko bizarra eta

urre zurizko samia,

errialbikoz eginda dauko

eleizarako bidia.

Etxeko andrearentzat orain:

Etxe onetako andra zabala

Leku oneko alaba,

bidian esaten etorri gara

lemosnera ona zarala.

Etxe onetako Mariye,

Orain esango'tsut egiye;

ainbat lasterren topau egizu

oillo pintoen abiye.

Okaran txiki gorri betie,

aurten da zure urtie;

errialtxu bi emon ezkero

urte guztiko bakie.

Baña geienak eta samurrenak etxietako neskatilleri zuzenduak izaten dira:

Errotapien arriye,

aren ganien txoriye;

erastun baten sartu leiteke,

Maritxu, zure garriye.

Zure ortuan madari,

adarrak dituz amabi;

Etxe onetako alabatxuak

baba loria dirudi.

Erastuntxua letonez,

begiak urre kolorez;

etxe onetako alabatxua

edozeinentzat egon ez!

Etxe onetako ugazabak;

ederrak ditu alabak;

goizean goiztik jagi bearko

arek gura dituzanak.

Eta azkenez kantetan dira eskabidea zuzen zuzen daroienak:

Solomuaren luzia!

Aren koipien gozua!

Zatirik kentzen ibilli barik

emon eiguzu osua.

Amaseikua bai dala zabal,

Larogei peseta ditu.

Guri pare bat emonagaitik

irurogetaz gelditu.

Eta oindokerren emokuna agertzen ezpada, auxe:

Emongo bozu, emoizu;

baldin emongo badozu!

Zuri begira emen egonda

egiten yaku berandu.

Eta naikua da, Ezta?

BELU (Gernika)


Munduan zear

Lourdes'erako asmotan bazagoz... (S. Antonio-errebistatik)

Aurten, 1958'garren urte onetan, egiten dira eun urte Ama Birjiña Santa Bernadetta'ri Lourdes'en agertu izan yakola! Ta Andra Mariaren aintza ta omenerako jai aundiak gertuten dabiz. Mundu guztiko alderdietatik etortzeko dira ainbat peregrinaziño: oraiñarte jakiñak ta gerturik dagozanak mille inguru dira. Ta orrela, Lourdes erri koxkor bat izana, orain mundu zabalean ezagutua da. Ta zein biotz-ikutugarriak bertan egiten diran eleizkizun ederrak! Ta ze leku zoragarria, gure zeruko Amak auturiko au! Zelan bere Amatasun gozoa sentitzen dan bertan! Bake santuz, biotz-samurtasunez inguraturik geratzen da bat, bertan dagola; ain da gozoa Andra Mariaren urreratasuna usmetan dan leku bedeinkatu au! Bere iru Basilika eder, bata bestearen ganean; lurpean egin dan Basilika barria; Ama Birjiñak sortu-eragin zituan ur osagarrien tokiak; kurtze-bide gomutagarria; Kristo Sakramentuaren prozesiño gogoragarria; ta Kristo beragaz gaixoen bedeinkaziño ixillaren ederra; eta azkenez illuntzeko argi prozesiño goragarria, guztiak Andra Mariari «Agur»'ka doazela. Oneik biotza betetzen dabe, ta dardara bigunean jarri.

KOBA SANTUA.—Baiña benetan biotza ikututen dau gozoro Lourdes'ko atx-zulo arek. Ementxe agertu zan Andra Maria: bertan jarri eban bere oiñ santua: bertatik egin eutsan penitentzirako dei zabala munduari. Orain, Koba onen barrenean, altara bat dago mezak esateko. Eta atxaren alboko zulo batean, bost metro goi, Andra Mariaren irudi bat. Irudi onen beko aldean, letrero bat: «Ni naz Sortze Garbia». Alboetan, kandelak, aundi ta txiki, beti biztuta. Euren keiak baltzitu dau atx-azpia. Emen, toki santu onetan,... ixilia eta otoitza. Jentetza, joan-etorri luze ta bizian, arimea zeruko gauzetan pentsetan, barru guztia Amari erreguka, ezpanetan Errosario Santuko otoitza esaten.

BASILIKAK.—Lenengoa, Koba santurako bidean aurkitzen da, ondiño amaitu-bakoa. Lurpean dago, ta bertan sartu leitekez 30.000 persona. Aurrerago, Kobako atxan bertan, beste iru Basilika, alkarren ganean, euretarako eskillara ikusgarriak dituezala. Barruko ormetan, Ama Birjiñari marmoletan idatziriko esker-agiriak. Basiliken aurrez-aurre zabalera eder bat dago, 100.000 lagun artu leikezala.

 PROZESIÑOAK.—Basilika-aurreko zabalera onetan egiten dira prozesiñoak. Arratsaldez izaten da bat, Jauna agirian doala. Onen amaikeran, plaza-alboetan dagozan gaixoeri emoten yake Jaunagaz bedeinkaziñoa, erria Kristori eskarietan dagoan artean: «Jauna, erruki zakiguz. Jauna, nai ba-dozu, osatu nagikezu». An ikusi ikusten da fedearen dirdira gaixo-begietan, itxaropenaren gura-izana arpegietan. Momentu aztu-eziña! Kandela-prozesiñoa illuntzean egiten da. Millaka erromesak, bosna edo seina, erreskada luzean, otoi eta kantu, kandelak eskuetan biztuta daroezala. Bakotxak bere izkuntzan «Ave... ave...» esaten illuntzeko ixillean. Kantuaren oyartzunak biotz-barrena dardaratu egiten dau. Gabeko illunean kandela-argiak dizdizka, lerrotan; zabalera guztian. Azkenean, Salbe bat kantetan da, ta Kardenalen batek edo an diran Obispoak emoten dabe bedeinkaziñoa.

UR-TOKIA.—Koba'ren ondoan dago Ama Birjiñak sortu-eragiñiko uraren tokia. Ur onetara egunero eroaten dira osasun-billa eunka gaixoak. Eta iñoiz-sarritan-andik urten dabe osaturik gaixoak. Zein izaten dan biotzeko dardarea alako bat jazotean!

KURTZE-BIDEA.—Ederra da benetan. Irudiak, gure neurrikoak. Bidea, barritz, latza ta arriz beterikoa. Erromes askok ibiltzen dabe bide santu au penitentziketan.

Au da LOURDES'KO Amak autaturiko leku bedeinkatua, aurten dirala eun urte elejidu be.

AIXANGIZ


Sermolari, gitarra jotzaille, mixiñolari, bertsolari

Frantziako errietan agertu da bertsolari bat, gitarra bat eskuetan daroala: Aita Duval, Jesuitea. Gaztea bera, or dabil erririk erri biotzetik Kristoren sua, ezpanetarik kantuaren ezti gozoa dariola.

Bein baten pentsamentu bat sartu yakon buruan: Gaurko munduari gustetan yakozan musika soiñu barrietan zegaitik atara ez nik bertso polit batzuk Jaungoikoagana arimak eroateko?

Eta paper bat artuta, idazten asi zan: Zure bizi-leku ederraren ondoan...

Uste dot —diño A. Duvalek— berba onexeri begira egingo neukala kopla barri bat. Ia:

I

Jauna, ene adizkide kutun!

Zure eskutik zeuk naukozu.

Ezer galdu barik Zugaz

Bide-goira elduko naiz.

II

Zugaz, naiz aize artean,

Naiz otz gogorra danean...

Bardin niri biotzean

Zaitudala jakitean!

III

Nun. nai yantza ta irribarre,

Edonun atsegin gose,

Baiña ni banator billa

Zure arpegiaren dirdira.

IV

 Bertso kantari nator arin:

Zain zaitudala badakit,

Zu, bai? bizi-leku aurrez,

Ate ondoan biotzez.

V.

Ortxe zagoz! Atea idigi

Ta ikusten dot zure arpegi,

Ta zure etxeko mai zuri,

Ta mai ganean plater bi.

Auxe izan zan A. Duvalen lenengo kantua. Orain Frantzia guztian zabaldu da bere izena, eta an dabil erri batetik bestera. Erri batera eltzen danean dei egiten deutso genteari ziñe tokira, euren artean jezarri ta gitarrea eskuetan artu ta kantuan asten da. Jentea agoa zabalik entzuten, eta azkenik txaloka amaituten da ekitaldia. Momentu au uste izaten dau egokiena arimen ardurea artzeko. Orduantxe egiten dau berbaldi laburtxu bat Jaungoikoaganako maitasunari edo fedeari edo itxaropenari edo Jaungoikoari berari yagokona. Bere berbak, zeruko garo biguna bailiran, bustiten dituez graziaz euren arimak. Alan egiten dau jesuita gazte onek bere apostolutzako lana.

Iñoiz beste modu batera bere bai: Erriko kafetegian gizon illun, arpegi baltz, azal gogor, eleizatik urrun, abadeen kontra dabiltzanen artean egiten dau bere kantu aldia. Orduan ez dau sermorik egiten. Entzun eidazuez, mesedez, —esaten deutse— neure amaren izenean eginiko bertsuak. Titulua: Jauna etorriko da. Neure amari, bere bizitza guztian pobre izanari, beste Zeruren itxaropenik, Jesus, arexena ezpada, eztaukan ama koitaduari. Kafetegiko mai baten kontra besoa ta lepo erdia bota, ta asten da bertsuetan, gitarrea lagun. Lan fiña, samurra, biotzean ikututekoa. Ogei, ogetamar gizon daukoz belarriak zur, eta azkenerako danak asten yakoz txaloka. Orduan asten dau eurekaz ariemearen edo Jaungoikoaren ganeko diskusiñoa. Geienetan langillez eta obreruz beterik egoten da lekua, ta eurentzako izaten da mixiñolari onen barri ona: Jauna, zeuk leporatu deustazu pobretasun karga aztuna, baina oindiño geuk aldatuko dogu mundua...

Frantziako errietan eta Frantzitik kampora zabaldu da jesuita onen izena. Eta ez uste izan erri txikietan bakarrik, andietan be emon ditu bere konziertuak. Pui, Dijon, Bourges, Toulouse, Paris... Suiza, Belgika ta Luxemburgon.

Orain arte ikusi ez dan modu orretan doa gizon umil eta biotz oneko au Kristoren barriona gaurko munduari esaten. Motorrean ibilten da batetik bestera, gitarrea lepoan daroala, Jainkoaren bertsolari au, Kristoren birigarro nekatu ezin au. A ze apostolutza ederra!

ARIZPE


Or, an, emen

1) «Gallardo» ardao-zale

Badakizu, irakurle, nor dan «Gallardo»? Ez dozu jakingo, bear bada. Ez ba: eziñan iñoiz egon izango Ombreira deritxon Lugo'ko erritxoan-da.

Baña ez dozu ba entzute gitxikoa morrosko au! Nor eta asto bat dozu «Gallardo». Bai asto, bat. Baña apartekoa, antza.

Urik be ez eukan-da, ardo-txurrut bat emon eutson jaubeak egarri izan zan baten. Eta bai gozo edan be astoak ardoa.

Baña begira zer jazo zan urrengo egunean. Apareju ta guzti bearrerako prest ipiñi eban jaubeak «Gallardo». Baña «Gallardo'k» zirkiñik be ez. Ze arraio ete eukan gero astoak? A, bai: egarri izango zan. Eta jaubeak emon eutson ba ur presko-preskoa. Baña bai zera edan urik astoak! Gorantziak artu egizak. Ardautxua nai izan eban; ardautxu gorria...

Eta arrezkero ez ei dau bearrik egiten bakotxeko bost-sei txurrut onak egin ezik.

Baten bateri «Gallardo»-vokaziñoa etorteko be!

2) Bizitza luzeagoa

Orain gizaldi batzuk baño geiago bizi dira gaur egun gizonak. 1900 urtean 49 urte ziran, apur bat gora-bera, geienen edade neurria. 1958 urtean, ostera, 70 urte. 1900'garren urtean, milletik amazaspi persona il oi ziran jaio ta urtean bertan. Gaur, ostera, bederatzi besterik ez.

Umien eriotzak guztiz gitxitu izan dira. Gizaldi onen asieran, milleko eun da irurogei il oi ziran jaio urtean barruan. Gaur eztira berrogeitik gora be urte bateko eguzkia ikusi barik ilten diranak. Kukurruku-eztulak zaspi milla ume eroaten ebazan beste mundura gizaldi onen asieran. Gaur konta egizuz irureun, eta naikoa dozu.

Aurrerapen aundiak egin izan ditu urteotan gaixo-klase guztietako medikamentuak. Gaixo-klase bat ezin galerazo.

Au txarra! ERIOTZA.

3) Agiñeko-miña

Ez, dozu iñoiz euki izan dentistearengana joan bearra?

Zorionekoa zeu olan bada. Zorionekoa arrazoi onegaitik: ez deutsazulako miñik emon ez zeure karteriari ezta zeure buruari be.

Kartera-miñak nondik etorri leikezan jakingo dozu, nik uste. Lar be! Baña agiñeko-miñen iturria dan karies ori, ete dakizu gero nondik datorren?

Jakintsu bik esan dabe oraintsu baleikela karies ori sortzea janari edo edari otzak eta beroak bata bestien jarraituan artzeagaitik.

Kontuz, bada, irakurle, zeure agiñ-ortzokaz. Ollo-saldia ta sagardo txurrutea era batera ez artu. Osterantzean: agiñetan miñ eta boltzilloan... miñ eta erdi. Ezta oba!

4) Musikeagaz, dana obeto

Alantxe diñoe pruebea egin izan dabenak. Musikeagaz lana pozago eta obetoago egiten ei da.

Beiak eratzi be, askok musikea lagun eratziten dabez, eta balde eta ontziok esnez igerri barik bete.

Oraintsu baten Japoi'ko granjeru bateri txarrieri be, musikea lagun, jaten emon bear eutsela otu yakon. Eta ete dan gero musikea txarri-loditzalle! Azken sei illabeteetan, txarriok euneko berrogeitamar pisu irabazi ei eutsen.

Eta guk, mutil, solomo-zaleak izanda, jakin ez orain arte aurrerapenok! Olakorik!

ZUETZA


Esamesak

Bake billa

Erri andietako agintariak ara ta ona diardue bake billa. Ez da erreza bake ori topautea. Bakea, ain zuzen, kalean edo aidean aurkitzeko gauzea ez dalako.

Gizonak barruan bake gogoa baiño, naaste ta asarre gogoa ez ete dauko sarriago? Geu nagusi, edo ta bestela musturrak ausi, diño esaera batek, ta argi ta garbi esan be. Bakearen alde ete gabiltz, ala indartsuagoaren alde joan ezkero obeto biziko garealakoan? Indarra be gauza iragankorra da. Ezta beti bardin dagoana. Zuzentasuna, ostera...

Obakuntzak

Gure baserriko gorabeerak obatuteko sasoia noiz izango ete dan galdetu deust leengo batean baserritar batek. Langilleak-eta ba eidabe batetik edo bestetik laguntasuna. Industria andiak be alkar ondo koipeztuten dakie guztien onerako —euren onerako esan gura dogu— izan daitezan euren artuemon eta erabagiak.

Eta Euskalerriko basetxeak eta lurreko lanak zer aurrerakuntza egin dabe aspaldiko urte luzeetan? Beste paper baten ikusi doguz lantxu politak gure baserritarren alde egin leitekeana agertuaz. Komeni izango litzake gure ANAITASUNA onetan —zer orreek ondo dakizanen batek esanda— asmo on batzuek agertu, ikasi ta irakastea.

Bizimodua gorantza

Onek emoten deuskuz kontuak onek. Egunero jan bear, eta bear dana ta nai dana ezin errez topau. Okelea ezta egunero jan leitekeana, ez ona estalako, poltsak zimel dabiltzalako baiño. Arraiña, ez merkea berau, askok ikusi be ez dabe gura, batez bere umeak. Umetan arrain zale ezta iñor izaten. Azurrak, bizarrak, azalak... zeinbat gauza iguingarri! Eta arrautzak nun dagoz eta zenbatean? Oilloarenak ezezik paitearenak-bere jango leukeez erri andietakoak. Bai orixe. Jantzi? A ori bai. Ori edonok egiten dau gaur egunean. Dotore, txairo ta apain gero! Jan? Gaur baru, biar erdi ase. Txarri bodatxuren bat izango bagendu amabostean bein edo... Ez giñakez txarto ibiliko, urdaillak eta gibelak zintzo erantzuten daben bitartean.

ERKIAGA E.

***

Kristiñau dotriña barria

Bilboko Obispo Jauna bete betean dago euskerearen alde. Espaiñia guztirako egin dan Kristiñau Dotriña barria Euskaltzaindia-ri emon deutso euskeraz ipinteko, eta argitaratu da. Orain ez dauko iñok atxakiarik lo egoteko.

Jarraitu ikasbidea

Astrabadua-n euskalzale talde eder batek, euskal kanta zaarren, euskerea astertuten daragoio. Geroago teatru talde bat egiteko asmoa dago, ango euskerearen susterrak barriro be lorea emon daien. Erri guztietan egin bear litzake au erria alkartuteko, tabernetako aizeak apurtxu bat baretu daitezan. Ez diñot ardaoa edatea txarto dagoenik, baiña apurtxu bat gitxiago edanda be ez litzake kalterik etorriko.

Euskaltzaindiaren euskerazko klaseak

Bilbon, Euskaltzaindiak dituen klaseak ikaslez beterik dagoz. Illabete batzuk pasa dira klaseak asi zireala, eta ikastaro onetan argi argi ikusten da euskalzaletasuna baztarretan egunetik egunera sendotzen doala.

IZTUN


Valentin Berrio-Otxoa Doatsuaren kartak

III

Bizi bedi Jesus!

Logroñon, martiyen ogeitairugarrenian, milla zortzireun da berrogetamabigarren urtian.

Amatxo:

Niri deustan amoriyuak burutik erain deutso? Ortik urten nebanian emon eustazen bizkotxuak birian galduta, merezi neban ez geiyago bialtzia (1); orregaitik ikaratuta gelditu nintzan, lengo egunian Esteban errotariyen semiak sei bizkotxu ekarri eustazenian. Sei onetatik bi nere lagun maite Merinori erregalau neutsazen, bat Erretore Jaunari, beste bat Infante Jaunari, bat beste katedratiko bati, eta beste bat gelditu neban neugaz. Eskerrik asko, ama.

Azkenengo kartia eskribituta laster artu nituan zortzireun errial Landako semien eskuetatik; egon bada ardura barik.

Osabiari esan beiyo, maiyatzeko loretan elorriyoarrai sermoe bat egin bear deutsela ondasunen zaletasunen gaiñian, bada bizkaitarrai diruaren gosiak ezteutse ixteri gizentzen ariman Jaungoikuaren aurrian; da au eztodala esaten txantxetan.

Asko da, ama, gaurko; aitari eskiñi beiyoz semiaren biotzeko afektuak; da kumplietan dabela osabiagaz, arrebiagaz, mutillakaz, izeko Susanagaz ta beste gura dituzan guztiakaz.

Jakin bei ba-daukala Logroñoko seminariyuan seme bat, mundu onetan desio deutsana graziya ugari, da zeruan gloriya bere amari.

Valentin de Berrio-Otxoa deitxo berari.

Ah mutillen sentimentua! (dirá aquí mi madre). Arrazoia dauko, amatxo, sentimentuak bizkotxuak ekarriko baleustaz; baiña zein negar egin, zein barre egin, bizkotxu barik dago Valentin. Gauza bat galtzia pena emon biar deusku, eta gauza au zein da? zein? da Jaungoikuaren graziya, eta bakarrik Jaungoikuaren graziya, zergaitik au galduaz, guztiak galtzen dira, eta au daukanari ezer etxako falta.

O graziya, graziya!

Zure preziyua guztiz da andiya,

Jaungoikuaren Semiak guretzat irabaziya.

Gure amorez igaruaz eriotzako larriya,

Zugaz mundutik doianentzat da zeruko gloriya,

Aintxe ikusi nai nuke nik nere ama Mariya.

(1) Bizkotxuak galdu zituanean, erderazko karta baten akabuan auxe eskribidu eutson bere amari: