ANAITASUNA

IV URTEA - N.º 43

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Avendua (12) 1957


Arimeari jaten emoten deutsazu?

Lengo illean zelebrau zan Bilboko Obispadu onetan Ebangelio Santuaren astea. Gure Obispo Jaunak gura dau kristiñau guztiok libru santu ori obeto ezautu, geiago maite ta sarriago erabilli daigun. Izan be, Jaungoikoak bere Seme maitea bialdu euskun mundura gizon egiñik, eta Ak egiñikako eta erakutsiriko gauzak, libru orretan dagoz gordeta. Ba al dago janari oberik eta berba aberatsagorik gure kristiñautasuna azi eta sendotuteko? Alan da guztiz be, zenbat dira gure artean libru santu ori ezaututen eta irakurten dabenak?

Gipuzkoako Tolosan be Zemendiaren 13tik 15era egon dira itzaldi batzuk, Madrid-ko PPC dalakoak (Propaganda Popular Católica) ipiñita: PPC-ko jaun orreek aspalditik dabiz folleto batzuk ataraten erderaz, kristiñau erlegiñoko egiak eta irakaspenak erriaren artean geiago zabaldutearren: Euskerara be biurtu dira orrelako folleto batzuk, eta apurka-apurka geiago be biurtuko eta argitaratuko dira oindiño. Euskerazko folleto orreen esposiziñoa egin zan, ba, Tolosan, eta bai asko saldu be. Eta itzaldietan berba egin ebenak auxe esan eben gitxi gorabera: kristiñauak ze obligaziño zorrotza daukon bere erlegiñoko gauzak jakiteko, eta orretarako danok eutsi ta lagundu bear deutsagula Prensa katolikoari.

Egia aundia au. Euren burua kristiñautzat joten dabenak be, askotan ba al dakie gure erlegiñoak erakusteri dabenaren laurenik be? Kristiñau dotriñeak dakarrena jakingo balebe sikieran... Eta eztakiana, zelan biziko da gero bere kristiñau izenak eskatuten daben moduan? Orregaitik ikusten dira bazterretan ainbeste ta ainbeste kristiñau txar. Izenez kristiñauak, izanez edozer gauza...

Gizonak zati bi ditu: gorputza eta arimea. Eta gorputzari jaten emoten deutsagulez, arimeari be jaten emon bear yako. Eta arimearen jatekoa dira egia, dotriñea eta jakitea. Eztago kristiñaurik, kristiñau eskola barik. Eta eskola ori kristiñauak nun ikasiko? Ain zuzen be orretarako dagoz sermoiak eta berbaldiak, baiña eztira naiko. Gaur eguneon libruak eta danetariko paperak sartuten dira leku guztietan, azkeneko okelluetaraiño. Eta askotan paper orreitan datorrena ezta izaten kristiñauaren eskola garbia. Kristiñauak ikasi bear dau mundua eta bizitza kristiñau begiekin ikusten. Gaur eguneko arazoak, auziak, problemak kristiñau begiekin ikusi, eta kristiñau sustarren bidez erabagi. Eta orretarako bistan dago libru katolikoa eta Prensa katolikoa derrigorrezkoak dirala.

Eta euskaldunak euskeraz, gaiñera. Esango deustazu gitxi edo bape eztagola euskerazkorik. Zoritxarrez gitxi dago. Baiña ez ain gitxi be. Urte oneetan urten dabe kanpora makiña bat euskerazko libruak. Baiña dagoan apur orreri eusteko eta lagunduteko zer egiten dau kristiñau euskaldunak? Geienetan jaramonik be ez.

Eta beste batzuk, atxakiak ipiñi. Garbi-zale antzera badator, a euskerea gatxa dala ta ezin leikela ulertu. Argi-zale bada, euskerea zikinduten dabela, eta olakorik eztogula bear. Eta bitartean, Buridan-en asto-emea lez, garagarra ta pentsua ondo-ondoan euki ta goseak ilten itzi. Ez gaitezan ibilli zozokeritan, Jaungoikoaren amoriarren! Zentzau gaitezan, eta dagoan apurrari eutsi ta lagundu daiogun. Ez gaitezan itsuak izan, batzuk eta besteak erlegiñoaren alde eta euskerearen onean gabiz-ta. Gaiñera, kristiñau libru eta orriak zabaldutea, apostoladurik ederrena egitea da.

L. Villasante


Esamesak

Joan dan urrian, baztarrak guztiak dardaganean jarri ditue errusiatar jente zoliak. Zer dala-ta? Aspaldion beti dauke, nundik edo andik ikara antza sartzeko aukera ta eretia. Oraingoan, ba dakizue guztiok, or goian bira-biraka jarrierazo daben satelite edo ingurari ori dala-ta. Mundu-bola onen inguruan beste mundutxu txiki-txiki bat, baiña gizonak asmauta eta eginda.

Iretargitxu gorria eta Sputnik izenak ezarri deutseez. Arrezkero, amerikanuak or yabilkuz jo ta su, besteak baiño eskasago izan nai ezik. Bakerako ba lira asmakizun orrek, eta ez gizonen kalterako...

***

Sarri be sarri esaten dakiz berba ederrak gure Aita Santuak. Oraingoan bere, argi ta garbi adierazo deuskuz gizonak euren izakerea zainduteko dituen eskubideak. Bakoitza, bakoitza izan bear da, eta ez ondokoaren antzekoa goitik eta beeraño. Eta erriak bere, ez dabe galdu bear euren barruko izakerea.

Gure denporako bardindu bearrak, ez dirala bidezko. Orra Erromako Aita gurenaren esakera argiak. Guretzat bere, egoki datoz berba orreek. Euskalerriak eztauko zetan galdu bere izakera eta antzik.

***

Barruko izakerea galdu ezarren, ganeko zerok noiztik noizera aldatu eta barriztautea, ezta ostera ezer okerra. Eta orra ba. Paris-eko jantzi-asmaitzaille punterengoaren il barria zabaldu da munduan, eta laster zabaldu be. Bai, irakurle; Dior il da, eta moda-goraberak orain moteldu eta gusto barik lotuko ei dira.

Baiña, bai zera! Eztogu orrenbesterik siñistuko. Periodistak esaten dituen gauzak dira olakoak. Gizon bat galdu arren, barriren bat agertuko da.

***

Emen dabiz bilbotarrak larri, musturrak oker eta surrak astinduta.

Zeozer izango da orren aziera ta susterra. Bai, badakigu. Zera... Atleti-ko mutillak ez darabillela ganora aundirik eta...

Aurten be, naikoa lan izango dala talde edo ekipu ona atonduteko. Ori be, ezta bear modu txarto pagauten dana baiña... Gogorik ez? Nekatuta? Ez egoki?

***

Arrantzale euskaldunak beti izan dabe maite itsasoa.

Ain zuzen be, euskaldun bat izan zan, munduari lenengoz bira osoa egin eutsana. Getariako semea, Elkano entzutetsua. Ameriketako lurraldeak topau ebezanean be, antxe ebiltzan euskaldunak españar, portugaldar, italiarren artean.

Kolon-egaz ainbat Euskalerriko seme joan ei zirean. Eta geroago, Legazpi eta Txurruka eta ainbat eta ainbat euskaldun ibili dira itsasoak austen. Bizkaiko erritxuetan, arrantzale izan ezta be, edonun dagoz ur aundietan ibilitakoak; batzuk nabegetan ibili diralako, eta beste asko Ameriketara ta joan etorriak egiñak diralako.

Orrez gañera, eta orrez antziñago, euskaldunak amargarren mendean edo bear bada leenago be, baloi edo arrain aundien atzetik eta makallauen billa, aspaldiko denporetan ibiliak ei zirean Islandia eta Terranoba-ko alderdi inguruetan.

Eta orain, orra nundik nora, barriro be, euskaldun arrantzaleak emengo uretatik urrunera doazan.

Afrika aldera, Dakar portu alderantz doaz, an atunetan eta egaluzetan jarduteko. Emen, Kantabrikoan, urrira ezkero, amaitu oi da atunetea. An, barriz, zezeilleraño ekingo deutse arrain artzen, bape suerterik ba dabe.

Ondo ibili, arrain asko artu, eta osasunez eta ondasunez etorri zaitezela guztiok, beranduegi baiño leen!...

***

Edozek dauko gure egunotan bere Eguna. Misiñoien eguna, Liburuaren eguna, Irakaslearen eguna, Umearen eguna, Amaren eguna... eta abar.

Gure Euskera maiteak be, bear eban bere eguntxua, eta orain dala bost urte edo, kanpoan dagozan euskaldunak asmau eben Egun ori aukeratzea. Eta badakizue noiz izaten dan Euskerearen eguna?

Illaren iruan izan zan Frantsisko Xabier-en jai-eguna. Eta orduantxe izan oi da gure berbetearen jai-aldia be.

Il zanean, an Indietako lur beroetan, bere azkeneko itzak, euskerazkoak izan ei zirean, Xabier deuna euskalduna zalako, geu langoxe euskalduna. Orregaitik, nor zaindari ta jagola oberik, bera baiño, gure Euskera maitagarriak?

Emen, Bilbon, meza bat izan zan, eta bertan euskeraz esan zirean alkar-jardun edo dialogoak, euskeraz idazkia eta barri ona, euskeraz kanta gozoak.

Egun orretan asmo barria artu genduan, beste urte bete osoan, euskeraren alde jo ta su ekiteko.

ERKIAGA E.


Gabon oiturak

Gabon inguruan gagozan ezkero, ezta txarto etorriko, geure Gernika orietan oraindiño irauten daben oitura polit baten barri emotia.

Gabon aurreko bederatzi goizaldetan, gizon aldra txiki bat kalerik kale ibilten da, Jesusen jaiotzeari dagokiozan abesti berezi bereziak kantetan. Abesti oneeri eta baita abeslari eurai bere, Mari-Jesiak deitzen deutsegu.

Ze pozik entzuten doguzan goizaldean, oe epeletan batu batu egonda! Oh, ba-jatozak Mari-Jesiak!

Lenengo lau egunetan, muxika doñu bat erabilten dabe, eta beste bost egunetan, beste bat; muxika biok eta baita Gabon egunekoa bere, oso ezagunak doguz, eta txiki txikitatik ikasi genduzan gernikar guztiok.

Mari-Jesiak letratxu egoki egokiak erabilten dabez; eta aukeraz daukaguzan ezkero, —eta larregi ez luzatutiarren, bakotxetik bi ipiñiko doguz:

Abendu santa onetan

Kristoren jaiotzia:

albiste eder onegaz

guztiok poz gaitian.

Maria, Jose

Jesus, Maria.

Idigi dira zeruak,

ate diamantezkuak,

eta eurakin batera

leio izarrezkuak.

Maria, Jose

Jesus, Maria.

Nor eta nor bizi da

etxetu zar orretan,

nor eta zer gura zeunke

Jaunaren ordu onetan.

Jesukristo, adoratzen zaitugu, Jesukristo.

Billosik bazagoz bere,

etzara zu pobria:

zeruan josirik dago

zuretzako erropia.

Jesukristo, adonatzen zaitugu, Jesukristo.

Eta Gabon egunian bertan, Mari-Jesiok bi aldiz igaroten dira geure kalietan zear: lenengoz goizaldeko laurak inguruan, eta bigarrenez seiretan, baiña orain erriko tanbolin jotzailleak aurretik dirala.

Txistulariak euren zortzikoa joten dabe; Mari-Jesiak barriz, euren betiko kantak. Iñundik inora eztauke bardintasunik, baiña alan da guzti bere, ze ederto alkarteen diran geure belarrietan, eta ze atsegiñez entzuten doguzan!

Gero erriko plazan aurreskua izaten da, eta azkenez abeslariok egun guztian etxerik etxe eskean ibilten dira:

Belengo urian

Gabon gabaren erdian,

Birgiña guztiz santia dago

atsegintasun andian.

Da bart Belenen

jaio da Jesus Nazaret.

Ortixik gora ni noiela,

ospitaletxu zar baten

Aita San Jose ikusi neban,

asto txiki bat txalmatzen.

Da bart Belenen

jaio da Jesus Nazaret.

Bederatzi goizaide oneetan, eleiza aurretik igarotakoan, eta baita asikeran eta amaitukeran be, belauniko jartzen dira eta, altara nagusiari aurre emonaz, auxe abestuten dabe:

Sakramentu santua,

Jesus onen gorpua

izan bedi munduan

beti bedeinkatua.

Gernikatik

BELU


San Frantziskoren otoitz bat

Emen ipiñiko dogun otoitz au Norte-Amerikan, liburu baten agertu izan da orain amar amabi urte. Liburuaren izena Words We Live By, au da Biziten Irakaasten Deuskuezan Berbak, eta andik artuta, This Week deritxon errevisteak zabaldu dau mundu guztira.

Otoitz eder au San Frantziskorena bada, bere biotz maitasunez gorituaren barrurengo odolagaz idatzia da.

Ordurik ona 700 urte baiñio geiago dira, baiña orduan legez, gaur-bere eta denpora guztietan izango da gure bizitzako illuntasunetan argia, naibageetan itxaropena, pozaldietan indarra.

ANAITASUNAREN irakurleak ondo egingo dabe oraziño eder onen verbak buruz ikasi ta sarri esatea.

Egokia dirudi Jauna artu aurretik eta ostean egiteko.

San Frantziskoren otoitza

O, Jauna, egin naizu zure Bakearen zabaltzaille.

Gorrotoaren lekuan ipiñi daidala maitasuna,

Injuriaren lekuan parkamena,

Dudearen lekuan sinismena,

Naibagearen lekuan itxaropena,

Illunaren lekuan argia,

Atsekabearen lekuan atsegiña.

O, Kristo, neure Jaungoiko Maisua! naiago izan daidala

Alaitu, ez alaitua izan,

Aditu, ez aditua izan,

Maitatu, ez maitatua izan.

Alantxe da, Jauna!

Emon ezkero, artu egiten dogu,

Parkatu ezkero, parkatuak izango gara,

Eta Zugan il ezkero betiko, Bizitzara jaioten gara.


Naste-borraste

Televisiñoa

Inglaterrako radiofonista batek esan ei eban: «Errien muña redioa bada, errien begiak televisiñoa izan bear.» Televisiñoaren begiakaz ainbeste gauza jakiten doguz, eta segurantza osoagaz geratuten gara, ikusi egin dogulako. Ori dala-ta, jakinbide au guztiz atsegingarria da gentearentzat.

Frantzian

Asko zabaldu da TV-a auzoko naziñoan. Igaro dan aprillean, Inglaterrako Isabel II Frantzia visitetan etorri zanean, edonun egin zirean «erregiña batzarrak». Izen ori emon eutsen frantsesak, erregiñea Frantzian egon zan bitartean, televisiño aparatuen ondoan egiñiko batzarreri.

Erregiñearen hondran jai asko egin zirean, eta geienak televisatuak izan zirean. Frantsesak, milloika ikusi al izan zituen euren etxeetan, TV aparatuaren ondoan trankil trankil jezarrita.

Italian

«Cristoforo Colombo» transatlantiko italianoak, Genova-New York joanetorria egiten dauanak, televisiño emisorea daroa barman. Bera da, aurrerakuntza ori daukan lenengo barkua. Pasajeruek euren kuartuetara ikusi leikee naiz pelikula bat naiz orkesta bat naiz beste gauzaren bat.

Hispanoamerikan

Zazpi naziñok dauke televisiñoa. Emisora guztiak, ogetabost dira. Cubak bederatzi estaziño daukoz, Mexicok zazpi, Venezuelak iru, Colombiak bi, Puerto Ricok bi, Santo Domingok bat, eta Argentinak beste bat. Televisiño aparatuak, kalkuluak oker ez badagoz, 310.000 baiño geiago dira. Programen duraziñoa, Argentinan esate baterako, amar ordukoa da egunero.

Estadu Alkartuak

Nortamerikako Estadu Alkartuetako televisiñoaren azkenengo aurrerakuntzea auxe da: TV aparatuari beste aparatu espezial bat ipinten jako eta olan ziñea ikusi leiteke. Zulo batetik botetan da dolar bat, eta beste barik ikusi leiteke errian emoten dan edozein pelikula.

Inglaterra

Berton jaio zan televisiñoa. Euneko berrogetamarrek daukez TV aparatuak. Orain alegin aundiak egiten dabiltza, eskoletara televisiñoa eroateko, eta umeentzako programa egokiak atonduteko.

Espaiñian

Igaz agertu zan Espaiñian televisiñoa, Inglaterran jaio zanetik ogetamar urte igarota gero. Madrilleko TV programak iru ordu irauten dabe. Gure artean gauza bigaitik ez da zabaldu asko televisiñoa: emisiñoak Madrilletik 70 kilometroraiño bakarrik eltzen direalako, eta aparatuak guztiz asko valio dabelako. Modelu txikiena, instalaziño ta guzti, 17.000 peseta kostetan da.


Emakumearentzako

Ama diran eta izango diranentzako sei berba on

Orain urte asko ez dirala emakume on asko ilten ziran ama izatean. Eta umetxo asko etozan ilda mundu onetara. Orregaitik amatasuna bildurgarri egiten zan.

Gaur, gauzak bestera jo dabe. Garbitasun geiagoak eta mediku-jakintzak asko egin dabe orretan. Entzun, ama, konseju batzuk:

1. Biena jan ete bear dozu?

Bientzat jan bear izateak, ez dau esan gura biena jan bear dala. Larregi jatea da ama barri batentzat arriskurik aundiena. Laugarren illabetera arte, ez dau andreak len baño geiago jan bearrik. Gero, ostera, gitxiago: berak jaten dauazan eundik bi edo zazpi bakarrik; amargarren partea be ez. Naikoa dau ama barriak gose danean jatea.

Loditzea ez dau ona. Ama barriak ez dau bere pixuan bederatzi edo amabi killotik gora irabazi bear. Kaltegarri berarentzat, eta biarko aurtxoarentzat.

2. Zer jan bear ete dozu?

Ez dago erregla bat guztientzako. Gazteak eta bear egiten dauanak geiago jan bear, seguru.

Gitxi gora bera amen egun guztiko otordua:

- Litro bat esne, umearen azurrak ondo formetako bear diran kalzio eta fosforua daroazalako.

- 150 gramo gaztae.

- Arrautza bat, burdiñea eta bitamiñak daukazalako. Gibelekoa badaukazu, bapez arrautzarik.

- 90 edo 100 gramo okela.

- Berdura eta fruta asko. Ogi gitxi. Arrain preskua, astean bein edo bitan.

3. Gatzik artu bear?

Askotan medikuak gitxiago artzeko aginduten dabe eta ori loditu egin arazten daualako. Guztiz itxi bearrik ez daukazu.

4. Zerbezak kalte egiten ete dau?

 Ez onik ez txarrik ez dau egiten. Baña bai loditu. Eta lodi egotea kaltegarri da ama batentzako.

5. Kafea eta likorrak?

Kafea, bere neurrian, ona da. Goizean jikaratxu batek eta eguerdian beste batek ez deutsu kalterik egingo. Baña nerbiosa bazara, kontuz.

Likorrik, ostera, bape ez edatea oba. Likorrak lenengo zure odolera doaz eta gero umearenera. Ardau apurtxo bat artu ete zeinken? Uragaz nastauta bai.

6. Zer ez dozun jan bear?

Iru eratako janariak ez dozuz jan bear:

- Len be nekez dijeriduten zenduzanak; orain nekezago sartuko dozuz-da.

- Janari gogorregiak: okelak, asko jaten danean, eta arraiñ batzuk: angulak batez be.

- Prijiduak, saltsak eta dijeriduteko gatx diran orreik. Gibelak lendik be badauka ama barriagan lanik asko.


Valentin Berri-Otxoa Doatsuaren kartak

 Karta asko eskribidu zituan Valentin Doatsuak. Euretarik ogeiren bat euskeraz. Bere amak ez ekian erderaz. Eta orregaitik egiten eutson beti euskeraz.

Karta ederrak danak. Bere arimearen ispillua. Pozik argitaratuko geunkez danak errevista onetan. Ori eziñean, ille onetatik aurrera euskerazkoak beinik bein argitaratuko doguz. Onelan, uste dogu, obeto ezagutuko dabe gure irakurleak Bizkaiko Doatsua, bere irakaspen zerutarrak ikasiko ditue eta —zegaitik ez ba— bere euskera samurra gogoz irakurriko dabe.

Berak idatzi zituan lez argitaratuko doguz, ortografia bakarrik aldatuta. Noizik bein notaren bat ipiñiko dogu, Doatsuak esan gura dauana expliketako.

Orain publikatzen dogun karta au, Doatsuaren lenengoa da. 1845-ean idatzi eban, 18 urte eukozala, Logroñoko Seminariora abade izateko joan zanean.

I

Nere amatxo maitia:

Oingo, konsideraziñoko begiyakin Logroñora bost bidar begiratu eban; baiña illa bat oindiño ezta igaro; berorrek emondako plazua baiño lenago akordau naiz.

Baiña, zer gura dau nik orain esatia? Berorrek erantzungo dau: dana dan legez edo bezela eskribitia. Ondo dago bada. Kampuan egotekotan, gaozen baiño obeto ezin geindekez egon.

Goizian artzen dogu txokolatetxua fotarekin eta vaso bete ure azukerresanarekin (1); eguardian, sopia, azia, garbanzua, urdaiya okela tajada onakin, eta postrian matsa. Arratsian afaitan oliyo azia, baiña ez erozeinbe modutakua; beste fratel andi bat bete solomo edo okela, edo beste alako tajada onak daukazen gauzen bat; eta postrian matsa. Ondo ipintien eta ostantzeko garbitasunen gañian, eztago zer esanik. Gobernumodu au ikusita, ez naiz atrebidu preziyuen ganian verbarik egiten.

Asko da, ama, gaurko, eta orregaitik agur egiten deutsa urrengo ardan berorren seme bakar,

Valentinek

(1) azukarilluakin