ANAITASUNA

IV URTEA - N.º 42

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Zemendia (11) 1957


Biblia ta Liturgia

Estrasburgo-n Kongresu ospetsu bat zelebrau da 1957-ko uda onetan: Biblia eta Liturgiako Kongresua. Beste jaun askoren artean, Alemania Orientaleko Obispo bat be izan da Kongresu orretan. Mons. Splubeck yako izena Obispo oneri, eta gauza guztiz jakingarriak eta konsolagarriak esan ditu komunisten menpean dagozen katolikuen gaitik.

Ateismuak askatasun osoa ei dauko paraje areetan. Eskola eta Universidadeetan ezta orixe besterik erakusten. Erlijiñoaren aldeko eskolak galazota dagoz. Kargurik edo ofiziorik lortu gura dabenak, Eleizeagaz apurtu bear dau; bestela etxako ogibiderik emoten. Berba baten esateko, kristiñauak eztaukie euren alde urteteko ez biderik eta ez eskubiderik. Edonok esango leuke fede katolikoak il agiñean egon bear dabela, baiña ezta alan. Protestanteen artean bai, oso gitxi ei dira euren fedeari irrime eusten deutsienak.

Katolikuak berez gitxi dira lurralde aretan, milloi-erdi bat edo. Eta leku guztietatik dagoz arerioz inguratuta. Alde batetik protestante liberalak, eta bestetik ateoak daukiez euren kontra. Ta alan da guztiz bere, ilteko zorian egon bear leukien fedea, egunean baiño egunean sendoago ta azkarrago agiri ei da. Kristiñau egiazkoak, benetakoak, zindoak eta ondo probatuak, asko dira. Zelan lortu dan mirari ori? Hitler-ek garaua ta lastoa berezitu egin zituan, alkarrengandik apartau zituan. Oraingo kristiñauen fede bizi ta gartsua, konzentraziñoko kanpuen eta martirien frutu bikaiña ei da.

Domekatan batuten dira. Domekea da euren bizitzako arimea lez. Eguneroko lorrak eroateko indarra orduntxe artzen dabe. Bestela, sakabanatuta bizi diralez, domekako eleizkizunetan izan ezik, ez ei dabe ikusten alkar. Berbearen ogia domeka arratsaldetan banatuten yake sermoi luzeetan.

Kristiñau areek ba-dakie ondo Eleizearen alde lan egitea eztala abade eta frailleen arazoa eta ardurea bakarrik, eta ikustekoa da zelan saiatuten direan euren kristiñau fedea zabaltzen. Biotzean sartu-sartuta daukie Eleizea familia bizi bat dala, eta bata besteagaz zer-ikusi estu-mearrak ditugula kristiñauok. Kristo ezta areentzat atzoko edo beiñolako kontu zaarra, orain-oraingo persona bizi bat baiño, eta Beragaz bat eginda bizi dira. Bene-benetan aitu ta konprenitu dabe egia andi au: Kristianismua eta Kristo bat dirala, kristiñautasunaren un eta mamiña Kristo dala. Kristo ezagutu, Kristo maitatu, Kristogaz bizi: orra zer dan kristiñau izatea.

Ganera, danak maite dabe euren Misala, eta Biblia santua be estimaziño anditan daukie. Eta Salmuak kantatzean, zelako konfiantzea ta uste osoa sartzen yaken biotzetan! Salmuetako liburuari, alde ta egal guztietatik dario Jaungoikoaren konfiantzea, eta kanta zoragarriok kantatzean, konfiantza sendo ta sakon ori erraietaraiño sartzen yake. Ba-dakie Satan eztagola lo, etenbako lanean diardula, eta eureri be kristiñau fedea bildur eta lotsa barik agertzeko ordua eldu yakela. Deabruari "ez", eta Jaungoikoari "bai" esateko ordua.

Gomutau gaitezan sarri Katakumbetako gure anai orreekaz! Isiltasunarea Eleizea! Ba-dogu eurengandik zer-ikasirik asko!

L. Villasante


Zentenario bat

 Zentenario bat ospetu da Bermeon. Uri onetan Frantziskanoak dauken komentuaren VI Eunurteurrena.

Zentenarioak, gaur egunean modazko gauzea dirudie. Baiña ez. Orain beintzat, zentenario au ospatutea bere lekuan egon dala ezin ukatu.

Euskalerrian lenengoa

Bermeoko uri polit onetan dago Bizkaia ta Gipuzkoako komenturik zarrena. Orain 600 urte, 1357'an izan zan beronen fundaziñoa.

Onen urrengo datoz: Burtzeiñan, Bilbao ondoan, Mertzedarioena (1382). Izaron, Frantziskanoena (1427). Bilbaon, San Mamesen, Frantziskanoena (1446). Arantzazun, Gipuzkoako lenengoa, Frantziskanoena (1469). Orduñan, Frantziskanoena (1471). Bilbaon, Frantziskanoen komentu nagusia (1477).

Apostolu mintegia

Historiadoreak diñoenez, Bermeoko komentuak ez eban zerikusi gitxi euki Euskalerrian Eleizearen zabalkunde arazoetan. Ejemplurako, ona emen garau bat edo bi:

Bermeotik joan zirean Azpeitira ango Kontzeziño komentuko fundatzailleak, eta Bermeotik zabaldu zan Euskalerri guztira Jesusen Izenaren devoziñoa, ta Mariaren Sortze Garbiaganako siñestea.

(Egia esan, Bermeoko Frailleak, asieran "konventualak" zirean, au da, San Frantziskoaren erreglea, batez-bere pobretasunean, dispensa ez gitxigaz gordetan ebenak; eta urte batzuk igaro zirean, Bermeoko "konventualak" San Bernardino Senakoaren observantzia estua artu orduko).

Komentuko eleizan, sarkofago edo sepultura zaar batzuetan dagoz Jesus eta Maria-ren monograma batzuk, amalaugarren gizaldikoak edo amabostgarren asikerakoak, emen esan dogunaren sendogarri.

San Iñazio umetxu zala egon zirean Bermeoko Frailleak Loiolako jauregian edo torrean. Ara joan zan Frai Pedro de la Hoz, Bermeoko Fraillea, San Iñazioren lengusiña Maria Enparan eta beste eleizabide andiko Andra batzuekaz, Elormendiko ermitatxuan, monja frantziskanoen komentua fundetako.

Ez da au lekua, Bermeoko komentuaren historia zeatzari sei gizaldietan zear segiduteko. Baiña komentu onetarik urten eben, dakigunez, Frai Martin Arteaga ta bere lagunak, emen urrean, Izaro islan komentua ipiñi ebenak.

Beste gizon aundi ta argi asko komentu onetako semeak dira. Oneen arrean, Frai Mariano Estaria, Larrabetzuko semea, lengo gizaldiko errevoluziño ostean, Kantabria Provintziaren errestauratzaillea; Frai Pedro Añibarro ta Frai Jose Antonio Uriarte, bizkaitarrak, euskal idazle ospatsuak; Frai Frantzisko Saenz de Urturi, Santiago de Cuba'ko Artzobispoa, arabarra; eta Frai Migel Gereka, Arrietako semea, Frantziskanoak orain bizi airean komentuaren fundatzaillea.

Eskutik eskura

Egoki dan lez, Fraille komentu au Frailleen eskuetan egon da, iñok galerazo barik. Baiña azkenengo eun urte ta geiagotxutan, eskurik eskura ibilli izan da, nok norena dan ez dakiala, Frailleakandik Gobernuagana, Gobernuagandik atzera Frailleakana. Barriro Gobernua, barriro Frailleak, gero aiuntamentua egin dira komentuaren jaube.

Orain, Aiuntamentuaren eskuetan dago. Eta antxe dauka, klaustro ojival ederrean, verdura plazea; eta erdiko patio zabalean, arraiña saltzeko lekua. Goiko bizitzetan, ume eskolak, juzgadua, musika bandearen ensaiulekua, maixuen bizitokia, traste zaar askoren gordelekua.

Periodistearen belarrietaraiño eldu da zurrumurrutxu bat, Frailleen eskuetara etorriko ete dan barriro aintxiñako komentua.

Eleizea, aundia, zabala ta argia da. Lengo gizaldian, unada laburtxu baten izan ezik, beti egon da ta dago Frantziskanoen eskuetan.

1357-1957

Komentu onen eta eleiza eder onen VI Eunurteurrena dala-ta, jai ederrak egin dira Bermeon.

Iraillaren (septembrearen) azkenengo amar egunetan eta urriaren lenengoetan, makiña bat kanta eder, diskursu ta sermoi, vertsolari ta dantzari ikusi ta entzun izan dira berton. Egun oneetan, Bermeon —Bizkai osoan eta Euskalerri guztian ez esatearren— frantziskanismoa bizi erazo izan deuskue Bermeoko Frailleak.

ANAITASUNA-ren irakurleentzat jazoerarik jakingarrienak emen ipintea izan beite periodistearen gaurko egitekoa.

 Frailleen sermoiak, eleizan barruan, euren pulpituetan entzuten oituak gagoz. Baiña kale baztarretan eta fabriketan barruan ez dira sarri sarri ikusten Frailleak. Oraingoan bai. Iru fabrikatara joan bear izan neban iraillaren (septenbrearen) 23'an. Iruretan aurkitu nituan Fraille pare baña; batean sermoigintzan, edo sermoi antzeko verbaldi bat egiten; bestean kanta batzuk irakasten; urrengoan Fraillea bera zan kantari, bere baritonu voz zoli ta mardulagaz.

 Eurak esan eusten zein zan euren eginkizuna: erri guztian zabaldu San Frantziskoaren barriona: Bakea ta Ona Pax et Bonum! Zenbat bidar entzun ete dogu Agur gozo onen durundia belarrietan eta biotz ondoan! Fabriketako andra langilleak beintzat, errespetuz, pozez eta vorondate onez entzuten zituen, Fraille bedeinkatu oneen verba sutsuak.

Gabaz, eleizako aktuak amaituta gero, beste orrenbeste egiten eben Frailleak, baiña ez fabriketan, "Lameran" edo parkean baiño. Ez, ostera, andrazkoeri bakarrik; andra ta gizon, ume ta gazte, Lameran egoan-gente guztiari. Nik neure artean: Ori ondo dago. Ainbeste dira eleizara ez doazan kristiñauak. Betor Eleizea eurakana, kaleetara, parkeetara. Sartu bedi Eleizea tabernetan eta barretan; bearrean, jolasean, eskolan eta familian. Ipiñi daiala bere argia, karidadea ta grazia gure bizitzako artuemon guztietan. Betoz eleizgizonak geugana, Kristoren espirituz beterik; eta kristiñau izenaren jaube bagara, onetan ezin geinke topa, ezin ipiñi ezetariko atxakiarik.

Egun zuriak

Izen onegaz seiñala daiguzan irailiaren (septembrearen) 26, 27 ta 28, eguena, barikua ta zapatua. Eguena, umeen eguna zan. Bermeotarra izan, eta ia neure bizi guztia ementxe igarota, Bermeon ainbeste ume batera ikusi dodazanik ez dot uste. Kale eskiña batetik ikusten nituan, zelan etozan kalea betean Parkerantza.

Baiña, zenbat eta nondik datoz ? Euren komuniño generala Andra Marian euki ebela esan eusten, eta orain —programeak esaten eban lez— Parkera etozala, euretariko batzuk diskursutxu bi edo iru egiteko, bautismoko promesak barriztuteko, eta segiduan txokolate gordiñezko armosua artzeko. Euri zaparrada batek alperrik galdu euskun Lamerako azken ekitaldia.

Urrengo eguna, andra ezkonduena zan. Santa Eufemian euki eben komuniño generala. Bermeoko andrak beti izan dira eleizabide aundikoak, baiña bariku aretan ondo erakutsi eben zenbateraiñokoa dan euren devoziñoa ta biozberatasuna.

Zapatu goiza, neska gazteena. Eta Almonikako Santuarioa, euren devoziñoa erakusteko lekua. Antxe, bermeotarren Ama zerukoaren begirapean batu zirean bosteun, seireun bat gazte, zazpirak inguruan. Ikustekoa zan euren alaitasuna, entzutekoak euren kanta zoliak. Meza bitartean —Ofertorioan, zeatz esateko— Mariaren Legiñoko gazte bi agertu zirean altara aurrean guztien izenean. Ogia batek, besteak ardaoa ekarren, sakrifizio eukaristikoaren simboluak, eta gaztedi guztiaren ofrezimentuaren seiñaletzat.

Zapatu gaba, gizoneri dedikatua. Gabeko amarrak zirean. Joan zan Parkera Aita Agirretxe, eta beste gabetan lez, mikrofonutik asi zan verbetan. Geldiro geldiro, gizonak gero ta geiago bere inguruan batu zirean. Alako baten, "Gizonak, orain goazan danok eleizara" esan eutsen, eta beragaz ekarri eta eleizea gizonezko utsez bete zan. Eleizan, Aita Agirretxek, kampoan lez jarraitu eban, bere arenga sutsuak egiten eta prozeziñoan zer egin bearko eben irakasten.

Gure Jauna agirian ipiñita, beingo baten organizatu zan prozeziñoa, kantu bakoa, banakaren bat izan, ezik; errezu bakoa, estaziño bat edo beste izan ezik. Ze prozeziño izan zan ba ori? Jakulatoriazkoa. Aita Agirretxek esan jakulatoria bat tonu zuzenean: Gora Altarako Jesus! Eta gizonak erantzun tonu berean: Guztiok maite daigun! Bigarrenez eta irugarrenez, altuago, eta gizonak alantxe beti erantzun. Alantxe izan zan prozeziño au, biotzik gogorrenari ta otzenari dardar eragitekoa.

Asko ta asko izan zirean gau atan eta urrengo goizean konfesiñoko tribunalera ta eukaristiako mai santura etorri zireanak.

San Migel

Eta ona emen illaren 29-an, San Migel egunean. Goiz atan dana zan apainduria ta argitasuna, eleizan eta kampoan. "Portala" ta eleiza inguruko kaleak, balkoiak eta dana, tela zuriakaz apainduta ikusten zan. Balkoi askotan, Frantziskanoen simbolua: beso bi, bata billoxik, bestea jantzirik, eta bien erdian kurutze santua. Noizean bein Frantziskanoen agurra: Bakea ta Ona: emen euskeraz, or erderaz edo latiñez. Erriaren sarreran, arku eder batek zirautsen kampotar guztieri Bermeoren izenean: Ondo etorriak!

Goizeko amarrak inguruan, lenengo autobusaren zaratea entzun zan. Baiña lenengoaren atzetik beste asko. Nungoak zaree ba, anaiak? Gu Araoztarrak —erantzun eusten—, gu Motrikuarrak, gu Azpeitiarrak, Azkoitiarrak gu... Ondarroa, Lekeitio, Markiña, Bilbao, Begoña, Portugalete, Mungia, Baldo, Meñakakoak. Eta trenean, Elorrio, Durango, Gernikakoak. Eta beste erri askotakoak. Amabiterdietan ezin eiteken pausu bat emon San Frantzisko inguruetan.

Ordu onetan asi zirean Basarri ta Enbeita vertsolariak, euren desafiuan ekiteko, eta Bilbaoko "Dindirri" dantzariak, euren bizkortasuna erakusteko. Txalo bero ta ugariak irabazi zituen euren jardunaldi bakotxean.

Ordu bateterdietan, gentea bazkaltzeko batu zan, bakotxak al eban lekuan eta moduan. Geienak, ondo pentsatuta, eurak ekarri eben jatekoa; eta eskerrak orrexeri; bestela non aurkitu Bermeon ainbeste lagunentzat jatekoa!

Azken batzarra

Arratsaldeko iruterdietan, barriro egoan beterik Portaleko Plazea. Estradu zabal baten, txandaka agertu zirean mikrofonoaren aurrean, Aita Madariaga, komentuko Guardiana, guztieri ondoetorria emoteko; Irasuegi Abadea, Asuako Artziprestea, Kristoren maastian zelan lan egin bear dogun argi esateko; Rocha Jauna, Sestaoko langillea, Portugaleteko Irugarren Ordenakoa, Frantzisko aundiaren espiritua zelan sentidu bear dogun barruan, eta zelan agertu bear dogun kampoan adierazoteko.

Azkenengo, Aita Agirretxek egin eban verba. Guztiontzat euki zituan alabantza beroak, baiña lantzean bein zartada batzuk artu bear izan genduzan, Irugarren Ordenan oraiñarte alper samar bizi izan garealako.

Diskursu tartetxuetan, "Bermeo" Orfeoiaren kanta ederrak, vertsolarien urtenaldiak eta txistularien soiñu gozoak atsegin izan zirean belarrientzat; "Dindirri"koen txairotasuna begientzat.

Arratsalde aretan guztiok sentidu genduan, aurrerantzean obeak izateko guraritxu bat.

Otazua


Emakumearentzako

Frantsesak eta familia

 Frantziako familiak, amairu milloi zortzireun milla (13.800.000) dira. Orixe diñoe estadistikak. Kasik bederatzi milloi familiak ez dauke amasei urterik beerako umerik.

Beste bost milloi familien artean, erdiak gitxi gorabeera (2.530.000) ume bat bakarrik dauke. Ume bi daukezan familiak 1.470.000 dira. Iru ume daukezanak, 623.000. Lau daukezanak, 269.000. Bostekoak, 115.000. Seikoak, 53.000. Zazpikoak, 23.000. Zortzi edo geiago daukezanak, 15.000.

Bordele'ko batzarra

Fama aundikoak dira mundu guztian Frantziako Aste Sozialak. Urtean urtean batzen dira katoliko frantsesak batzar aundi baten, euren naziñoko problema sozialak estudiatzeko.

Aurten Bordele'n (Burdeos'en) batu izan dira garagarrillaren (julioren) 15-etik 21-era, eta euren ikastaldi guztiak familiaren gaiñean izan dira. Iru problema estudiatu ditue: divortzioa, ume ugaritasuna eta gurasoen autoridadea. Guztiz jakingarriak dira batzarreko konklusiñoak.

Divortzioa

Ezkontzako gauzarik gatxena, batak besteari aginduriko zintzotasuna da. Baiña ain zuzen be, zintzoak izateko promesa orrexek zainduten dau familia, griña txarren frenua dalako. Divortzioak barriz, libre ixten ditu pasiñoak, eta birrindu egiten dau familia, gizonen alkarbizitzearen zimentua."

Jaiotza neurria

"Eleiza Katolikoak errekomendatu egiten dau jaiotza neurria, orretarako motivuak euki ezkero. Neurri orrek noraiñokoa izan bear dauan, edo beste verba batzukaz esanda, umeak zenbat izan bear daben, senar-emazteak ikusiko dabe Jaungoikoaren eta kontzientziaren aurrean.

Baiña zetan esan be ez, jaiotzak urritu naiz bapeztuteko, medio bat bakarrik dauke: kontinentzia osoa edo noizik noizerakoa.

Jaiotzak neurtuteko, edo umeak geiago naiz gitxiago ekarteko, motivuak euki bear ditue senar-emazteak, esate baterako, euren probetxu personala, zein gorputzekoa zein arimakoa, seme-alaben edukaziño egokia, gizonen arteko probetxu generala, naziñoaren progresua eta Eleizearen aurrerakuntzea."

Autoridadea

"Gauza kaltegarria izango litzake umeen edukaziñoarentzako, aita bere autoridadeagaz seme-alaben azieran sartuko ez balitz. Baiña, aitaren autoridadea bearrekoa izanarren, amari itxi egin bear jako umeak defenditzen, aitaren autoridadea neurritik gora dabillenean."

Ibieta


Naste-borraste

Azkue jaun agurgarria eta euskal jakintsu gorenengoa, gure kanta zarren billa ebillen sasoian, eldu ei zan bein Gorozika deritxon baserritxura. Eta parroku jaunagaz berba egin ondoren, sakristaua lagun ebala, zuzendu zan kanta zar eta esakune zar askotxu ekiazan atsotxu zimel baten basetxera.

Jakin bere, askotxu ekiazan andratxu arek, eta Don Resurrección-ek pozik, guztiak paperean ipinten, egunerik erdia igaro eban.

Noiz edo noiz baiña, atsotxua ixildu zan, eta Azkue jaunak itandu ei eutsan:

— Geiago eztakizuz?

— Geiago... jakin bai, baiña...

— Zer baiña?

—Eztakit ba esan al baneiz, arintxuak eta badaezpadakotxuak dira-ta... garbiegiak bere ezta... Eneuke pekaturik egin nai.

— Orregaitik baiño ezpada —erantzun eutson Azkue jaunak— ez zaitez ikaratu; eta neuk, abadea nazan aldetik, oindixik parkatzen deutsudaz orregaitik egin daikezuzan pekatutxuak. Nik kanta zar guztiak batu nai neukez.

Eta oindiño bere, luzarorako lana izan ei eban gure Azkue jaunak.

***

Geure abade zarrari entzunda daukat nik, bein irurogetamar urte inguruko aguretxu batek esan ei eutsan:

— Nik gure Jaungoikoari sei gauzatxu eskatzen deutsadaz.

— Zeintzuk dira ba sei gauzatxu orreek?

— Ara: osasuna ta bakie, andra ona ta dotie, jan ugaria eta botie.

Ez gitxi be!

***

Ogei urteko neskatilla batek idatzi dabela-ta, auxe irakurten dot:

"Aurtemin izan zan neure jaiotza urteurrena, eta artu nituzan zorion-agurren artean, bat beintzat ondo begiko egin jatan: Amaika larrosa zuri ederdun txorta bat.

Amaika baiño ez, amabi bez?

Ez! Baiña loren artean tarjetatxu bat etorren, eta Mikelek berak eskuz idatzita, auxe:

Amabigarren lorea, Maitetxu, zeu zara."

BELU

Aintxiñako lorak

Amazortzigarren gizaldiko jantzi zar baten boltzikoan, Londreseko koleziñozale batek pakete bete azi aurkitu dau. Erein ditu aziok, eta orain ezagututen ez direan geranio lorak agertu dira.

Jakingarria

Inglaterrako Mary erregiñeak, 1953'an il zanak, bere bizitzako azken urteetan jokera aundia sentidu ei eban katolizismorantza. Ori gorabeera, ezin aseguratu leiteke ixillean katoliko egin zanik.

Stalin'en surra

Hungriako errefugiadu gazte batek Stalin'en surra ekarri dau New York'era. Benetako surra. Arrizkoa baiña. Budapest'eko estatua batena zan. Igazko errevoluziñoan, Hungriako abertzaleak Stalin'en monumentua beera bota ebenean, gazte orrek surra artu eta gorde egin eban.


Gernika'ko Astelenak

 Nork eztaki Bizkaian Gernikeko astelenak entzute aundikoak direana? Ori edozeñek. Bai ondo jakin be! Batez be Urriko astelenak badira. An batuten dan gendetza! An izaten dan joan-etorri ta sartu-urtena! Ango jai ta algarak!...

Baña aurtengo Urriko astelenetan andratxu bat falta izan yaku Gerniken: Ana Mari Kontze. Beste astelenetan oi ebanez, etxaku etorri bere astotxuaren otzarak bete-bete eginda.

Eta eztakit ba zergaitik ezan etorriko. Gripiegaitik izango zan. Osterantzean ez dot asmetan zer bestegaitik izan leitekian. Aitaren!... Generoak balio izan dauan eskandalua! Pratikera guztiak apurtuta geratu yataz oraingoan.

Ara:

- indabak: 11 peseta killoko.

- Patatak: 1 peseta killoak

- piper gorriak: 12 peseta dozeniak

- txorixo-piperrak: 55 peseta euneko

- pipermiñak: 0,75 dozeniak

- Kortezubiko angulak: 250 peseta killoko

- azak: 6 eta 8 peseta bakotxak

- letxugiak: 3 peseta bakotxak

- porruak: 12 peseta dozeniak

- ollaskoak: 75 peseta pareak

- olloak: 150 pesetatik gora pareak

- ollagorrak: 35 peseta bakotxeko

Ikaragarria benetan! Ta gero baserritarrak esango dabe ezin dirala aberastu. Ez arraietan!...

— Baserritarrak aberastu? Zer zabiz esaten?

— E? Zer? Nor zaitut gero?...

— Nor nozun? Ana Mari Kontze be bardin. Zer daukozu gure kontra esan bearrik?

— Esan... esan —entzuten egon zara?— esan esan... nik neuk ezer be ez, Ana Mari. Baña badakizu ba... preziju orrekaz ba...

— Zer daukie ba prezijuok?

— Goitxu dagozela ba...

— Bai goitxu! Ta zuk zalduten dozuzan "trastiok" debalde zalduten dozuz ala?

— Ez, debalde ez. Baña badakizu ba: kategori aundikoak be badira-ta...

— Bai kategori aundikoak! Zer dauke ba apartekotasunik zure "zerok"? Esaterako, egunotan zaldu ta zaldu zabizan "Tirozetas" edo "Bayer" direlako orreik?

— "Tirozetas" eta "Bayer" diñozu? Ai orrek, Ana Mari, orrek gripearen kontrako erremedio berebizikoak dira. Orrek asko balio dabe!

— Bai, ezta? Orrek asko balio. Eta porru ta indaba ta ollasko ta piper da orreik ez ete dabe ba ezer balio? "Gripe"gaz dagozan askok baleukiez ugari, laster osatuko litzakez.

— "Tirozetas" eta "Bayer"'egaz baño ariñago?

— Bai orixe! Bestalakoa izango litzakioe ollasko iztar baña!

— Ba orduan periodikuetan-da jarri bearko dogu erremedio ori jakin daien...

— Ez, ez daukozu zetan barrerik egin. Eta jakizu bein betiko baserritarrok zuk uste dozun baño langille fiñagoak gareana.

— ¿...?

— Bai, fiñagoak. Eta porru ta piper da ollasko ta guzti orreik "berezkoak" direala uste badozu, erdu neugaz urte baterako baserrira.

***

Umore ona gero gure Ana Mari Kontzek! Baña ez, ez deutsat "desafioa" artu:

Izan be, naiko arrazoirik izan dau andratxuak. Eztiño ba San Paulok berak bakotxak bere lanetik jan bear dauala?

Ekin ba fiñ-fiñean, baserritarrok. Ta on dagitsuela Gernikeko astelenak!

Nortsuri ez deuskue on egiten gero!...

ZUETZA