ANAITASUNA

1981.eko IRAILA.URRIA

414. ALEA

100 PEZETA


[AZALA]

"GUERNICA", AMNISTIA BAI

PUERTO, SORIA, CARABANCHEL... EZ


ANAITASUNA

ALE HONETAN LANKIDE IZAN GARA

I. Antiguedad

J.I. Basterretxea

J.R. Bilbao

J.R. Etxebarria

J. Idigoras

I. Lasa

J.M. Pastor

T. Trifol

R. Zumalabe


AURKIBIDEA

3.or.- Artikuluburua

4.or.- Agiriak

5.or.- Aurkibidea

6.or.- "Guernica" zirika: Inportanteena Espainian edukitzea ote. Kilometro gutxixeagotara egon arren ere ez da gure artean. Madril "veni, vidi, vinci".

8.or.- IX. UEU Zenbakitan: Ez da azaren azpiko orria aste bitan 470 lanordu egitea, ez horixe.

10.or.- Imanol Berriatua hil da.

11.or.- Koordinakundea informatzen.

12.or.- Adarra jotzen.

13.or.- Urteroko iraileko kontua (Komikia).

14.or.- Hankaz gora.

16.or.- Dossier: Antzerkia.

21.or.- Txomin Peillen: Beti lanean, beti presente euskal kulturan. Elkarrizketa.

26.or.- Euskal Unibertsitate berriaren alde.

28.or.- UEU: Urte Osorako Ekintza Ugalkorra.

30.or.- Kirola Osasunaren Alde.

32.or.- Euskaldunberri baten burutazioak: Euskerarik ez jakitea bizi garen Euskal Herrian azkena da, baina egin nahi eta ezin akabua.

33.or.- Ipuina.

34.or.- Erramadana: ohitura ala inposamendua.

36.or.- Donostia: Jazzaren urratsetatik.

39.or.- Balearen arrantza eta "Euskera-Islandera" hiztegia.

40.or.- Urrezko astabelarriak.


Artikuluburua

"El árbol seguirá en pie"

Urtero bezalatsu, Alderdi Eguna delakoaren bezperatan, jelkideek deiadar egin dute zeren eta haientzat hain garrantzitsua den egun horretan hatzaparrak erakutsi behar baitizkiete beren baseei.

Euskal Parlamentuko esanak ostera ere entzun dira Nafarroa baztertuaren landetan eta hala, kontu hoietaz eta zahatoa, tortila, txapela, ertzaingoa e.a. eramanez egun ederra eskaini diete berenei.

Bitartean, Txiki eta Otaegi gogoratu nahi zituztenek ez dute ia denborarik izan kolpeetatik ihesi aldentzeko.

Gauzak hala doaz. BAINA, IRAILEROKO OSTIKALDIAZ APARTE, ZER DUZUE EUSKAL HERRIARI EMATEKO, "BORONDATE ONA" ETA ESKUAK HUTSIK EZ BADIRA? ZUEN ESTATUTO KUTTUNETIK HONA HAUXE DUGU:

NAFARROA: Gero eta urrunago, ente autonomoa agertzen da horrez gero.

AMNISTIA: Lehen Martutene eta Nanclares, gero Soria, geroago Carabanchel, orain Puerto, bihar... auskalo.

LEMOIZ: Bukatzear dago. Euskal gobernuak ez dauka erabakitzeko ahalmenik.

EUSKARA: Gure hizkuntza eta euskal kultura, lehenaren legez. Hirugarren munduko herri baten antza daukagu. Euskal prentsarentzako subentzioak irrigarriak ditugu, "Eusko Jaurlaritzako" ministrari bakoitzak bere idazkera du: bizkaiera zein gipuzkera; batua zein BANTUA. Artean partiduak "una revista abierta y agresiva" ateratzen du nazionalismoa "sendoagotzeko".

EUSKAL POLIZIA: Madrilgoek nahi izango duten neurrian egingo da, ez gehiegi exijitu!

EKONOMIA: Garaikoetxeak berak esan zuenez, Euskal Herriko egoera politiko eta soziala okertuz doakigu.

Eta orain ezker abertzaleak arrazoia edukiko ote duen beldur omen zarete.

Ez, jaunak, ez. Ez duzue gauza haundirik egin "Madrilgo botak" ez baitituzue ezertxo ere egiten uzten. Herria nekatuta dago zuen loreez.

Ez oihukatu UCD eta PSOE traditu zaituztetela esanez (ZAITUZTETE, ez GAITUZTE). ESKUINA NAHIZ EZKERRA; ATZERAKOIA NAHIZ "PROGREA" UCD NAHIZ PSOE EDO TA PCE, FUNTSEAN ESPAINOLAK DIRA eta BEREN ABERRIAREN ALDE BURRUKATZEN DUTE, HORI, LENDABIZI. ETA KITTO!!

JAUNAK, EZ ESAN GAUZAK ALDATU ZAIZKIGUNIK, EZ BOTA ZERRAUTSIK ORAIN SEI URTE EUSKAL HERRIAREN ALDE HIL ZIRENON ODOLARI.


Agiriak

Imanol Berriatua Ibieta

Ulibarri Euskaltegiko irakasleak

Agur eta atseden

Imanol jauna,

jauna baita zure lana

Min dugu zu joana

Poz zaudela etzana.

Zeure jainkoaren

lurrean etzana

Zeure euskeraren

alde joana...

Zautzana.

Ulibarri Euskaltegiko zure lagunak

***

Juan Mateo Zabala Euskaltegia

GURE EUSKALTEGIAREN ARAUTEGIA.

- 1981-82 Ikasturtea Urriaren 5ean hasi eta Ekainaren azkenean amaituko da.

- Bi eratako Ikastaroak izango ditugu:

NORMALAK (Kursoan zeharkoak). Hiru egun astean, bi ordu egunean. Urriatik Ekainera (200 ordu).

INTENTSIKOAK (Hiru hilabetekoak). Bost egun astean, bi ordu egunean.

- Klaseak goizean, arratsaldez eta gauean emango ditugu.

- Matrikulazioa Irailaren 15etik 30era, Frantziskotarren konbentuan (Irala, 8), Tfnoa. 431 19 36.

- Matrikularen ordaina ikastorduko hirurogei bat pezeta kalkulatzen dugu.

- Talde mugatuak.

- Euskararen Maila guztiak.

- Zuzendari: Imanol Unzurrunzaga.

Juan Mateo Zabala euskaltegiak hamar ikasgela berri (12-14 ikaslerentzat), Areto Nagusia (180 jezarleku), Irakasleen biltokia, Sekretaritza, Materialdegia, zerbitzuak... eskeintzen ditu Euskararen Irakaskuntzarako.

Irakasle taldea AEK barnean urteetan esperientziaduna.

Iralako Frantziskotarren ardurapean.

***

Ikas Euskara Korrika

Izen honen bidez, A.E.K. erakundeak (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak) Euskal Herriko lurralde guztietan Irailaren 15-etik 30-era euskarazko eskolei buruz arituko den informaketa zerbitzu publikoa kaleratzen du.

Azken urte hauetan jasandako ugaltze nabari berak, bai eskeintzan eta bai eskaeran justifikatzen du "Informaketa Zerbitzu" baten beharrizana ikaslegaiei aukera guztien berri emateko.

Beharrizan honen jabe eginik, AEK erakundeak (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak) Euskal Herrian zehar euskarazko eskolen berri eman era hedatuko den Informaketa Zerbitzu publiko bat eratu du Hegoaldeko hiriburu bakoitzean bulego bat izanik.

"Ikas Euskara Korrika" deritzan zerbitzu publiko honek Irailaren 15-etik 30-era ihardungo du toki eta telefono hauetan:

BILBON: Diputazio kalea, 3-eskuma - 423.L5.52.

GASTEIZEN: San Antonio, 14. 423.31.39.

IRUINEAN: Komedias kalea, 14- 421.23.86.

GIPUZKOAN: Palacio de la Diputación. 42.80.50.

BAIONAN: Gau eskolen elkartea 15 rue Port Neuf. 29.67.91.


Euskal Herria

"Guernica" zirika

Eraman egin dute. Zer pentsatzen zenuten, bada, gure herriarekiko erahilketa sinbolizatzen duen koadroa berton izango genuela? Ez. Inola ere ez. Biziki maite gaituzte. Ez dute geure iraganaz paira gaitezen opa. Gainera, El Prado-n baino hobeto gordeko den tokirik ez omen dago. Zergatik ipini behar Vascongadasetako herrixka horretan?

Veni

1.981ko irailaren hamarraren zortziak laurden guttiagotan, negoziazio estu batzu ondoren, "Guernica"k espainiar lurra zapaltzen du. New Yorktiko junboa Barajasen lurreratzen da. Aireportua, poliziez txen-plen. Madril alerta gorriaz dago. Espainiako bigarren errepublikak finantzatu koadro ospetsua eskuratu da. Kultur ministraria den Iñigo Cavero harroputz ageri da. Irribarrez. "Espainiar demokrazia bakanaren" azken arantzea desagertu da Estatu Batuek "Guernica" eman dietelarik. OTANako bidea onartuz, merezia dute saria.

Vidi

"Guernica" Madrilen. Ez dute zein tokitan jarri eztabaidatu aldez aurretik erabakirik baitzeukaten. "Inportanteena —esan dute politikari gehienek—, Espainian edukitzea. Koadroa bakearen aldeko kantua da, faxismo eta gerraren basakeriak salatzen ditu eta".

Tierno Galvan-ek Espainiako irrati nazionalean aitortu zuenez, Madril dugu tokirik egokiena: "— El cuadro es universal. No tiene símbolo alguno. Por eso mismo debemos decir que no pertenece a ninguna REGION determinada. Como universal que es debe estar en un museo universal como el de EL PRADO. Yo, como alcalde de Madrid, me enorgullezco de que tengamos aquí el "Guernica".

Eta halaxe izango da. El Casón del Buen Retiro egokitzen ari dira Picasso-ren jaiotzaren mendehurrena ospatuko duen erakusketan ipintzeko. Antologikoa izango omen da. Hantxe izango dira "Guernica" eta bere 57 bozeto. ON EGIN!!!

Vici???

Eduki ba daukazue. Zuen demokrazia indartu egin da Madrila eroateaz. Bai, Madrila. Picassok Madrilen jartzea erabaki omen zuelako. Baina, EZ OTE DA EGIA ERE ERREPUBLIKA ETA DEMOKRAZIA HELDU ARTE EZ ZUELA ERAMAN NAHI? EZ? Orain, "errepublika" hitz horren ordez SISTEMA DEMOKRATIKOARENA ipini duzue. Ederto zioen Rafael Albertik koadro horrek oraindik sentimendu eta grina asko berpiztuko zituela eta ez zela seguru egongo azpimarratzean. Nola jagongo duzue beste Tejerokada bat jasoko dugunean? FAXISTEK KULTURA ARBUIATZEN DUTENEZ, LEHENENGO EGUNEAN "GUERNICA" ZAINTZEN ARITU ZIREN TALDE BERBEREK APURTUKO LUKETE. "GUERNICA" ETA GERNIKA GORROTO DITUZTELAKO. KOADRO BARRUAN BEREN BURUAK NABARITU DITUZTELAKO.

Urriaren 25ean erakusketa zabalduko da eta seguruen erregea handik agertuko dena. Picassoren obraz hitz batzuk esango ditu eta "Guernicaren" zentzuari lorerik goxoenak eskainiko. Baina hala eta guztiz ere, "GUERNICAREN" SINBOLOGIAK EZ DU BAT EGITE GAURKO EGOERAREKIN, ETA HORI EDERKI DAKIZUE. ERREGE HORI GERNIKAREN GENOZIDIOAREN ERANTZULEAK BERAK JARRI ZIGULAKO "GUERNICAK" NEW YORKEN JARRAITU BEHAR ZUEN. Eta egunen baten handik hjgitzeko baldintzak emanez gero, Gernika gurera ekarri. KOADRO HORI GERNIKAREN HILKETARENA BAITA. Picassok denbora tarte bat itxadon zuen bere obra egin aurretik. Gernika bonbaztatu zutenean, SORTZEN HASI ZEN. Lehenagoko bonbaketak ez zituen kontutan hartu Errepublikak agindurikoa betetzerakoan. Gernikakoak unkitu egin zuen. "GUERNICA" unibertsala da, jakina, baina hala ere ekintza konkreto baten basakeriaz oinarritzen da, Gernikan gertatuarenaz, hain zuzen ere. Bestela, ZERGATIK "GUERNICA" IZENA, TIERNO JAUNA?

Koadroa Madrilen geratuko da. Nahi beste oihu eginda ere ez diguzue emango. Gure herrian egonez paralelismo antzeko zertxobait ikus genezake eta ez duzue gu hortaz konturatu nahi. Masakrearen lekutik at hotzago egongo gara eta ez dizkigu gaur egungo arazoak gogoraraziko.

Ezta, Calvo Sotelo jauna?

Hilabete batzu barru euskaldunontzako txarter merke batzu antolatuko dituzue, geure historiaren irudia MADRILEN ikus dezagun. Hori pasatu arte, Puerto de Santamariarantz abiatzean eskala egingo dugu eta El Pradon IRAGANA ETA ORAINALDIA BATERA DOAZELA IKUSIKO ERE. IZAN ERE, ZALDIAK —KOADROKO INOZENTEAK, EUSKAL HERRIAK— GARRAISIKA DIRAU, BERE ZAURI ZAHARRA EZ BAITIOTE OSATZEN UZTEN.

J.M. PASTOR


Euskal Herria

IX. UEU zenbakitan

Zenbakiak hotz gerta daitezke, beharbada. Hala ere, uka ezineko zehaztasun eta objektibotasuna adieraz dezakete eta horregatik, artikulu hau prestatzean, gauzarik egokien eta zuzenena horrelako zenbakiak ia huts-hutsean ematea pentsatu izan dugu.

Ikusiko denez, zenbaki hauek argi hitz egiten dute, U.E.U.-k —Udako Euskal Unibertsitateak, noski— duen garrantziaz. Beraz, hitzen kalamatrika alde batetara utziz, pasa gaitezen zenbakiz beteriko koadroak ikustera.

Partaideei buruzko sailkapenak

Denetara 544 lagun matrikulatu dira ofizialki 1981.eko ekitaldi honetan. Hortik aparte, egun bat edo beste bisita modura joan direnak ere kontatu beharko lirateke. Hurrengo koadro biek partaide horien sailkapena adierazten dute, lehenak jaioterriaren arauera eta bigarrenak bizitokiaren arauera.

I.- Partaideen jaioterria

 Zenbat % 1980. urtean

Araba 18 3,31% 11

Bizkaia 259 47,6% 203

Gipuzkoa 201 36,95% 167

Nafarroa G. 33 6,07% 28

Iparraldea 8 1,47% 13

Beste 25 4,59% 18

DENETARA 544 100% 440

II.- Partaideen bizitokia

 Zenbat % 1980. urtean

Araba 22 4,05% 14

Bizkaia 281 51,65% 2313

Gipuzkoa 188 34,56% 144

Nafarroa G. 40 7,35% 30

Iparraldea 10 1,84% 14

Beste 3 0,55% 7

DENETARA 544 100% 440

Interesgarri da zenbaki hauk ihazko ekitaldikoekin konparatzea; horregatik ipini ditugu alboan 1980.urteko datuak. Argi ikusten denez, Iparraldea kenduta, partaideen kopurua gora joan da, herrialdeen arteko proportzioak mantenduz. Bizkaiaren pisu soziologikoaren garrantzia ere garbi ikusten da, Gipuzkoarekin batera 85%-a gutxi gorabehera hartzen dutelarik.

Hurrengo hiru taulatan adina, sexua eta ezkontzegoera hartzen dira sailkabidetzat.

III.- Partaideen adina

Adin-tartea Zenbat % 1980. urtean

15-20 112 20,5% 15,9%

21-30 320 58,8% 59,3%

31-40 74 13,6% 18,4%

-40 28 7,3% 6,4%

Ez dute erantzun 10 1,8% --

 Batezbesteko adina: 25,47 urte.

IV.- Partaideen sexua

 Zenbat % 1980. urtean

Gizonezkoak 282 51,84% 56,4%

Emakumeak 253 46,51% 43,6%

Ez dute erantzun 9 1,65%

V.- Partaideen ezkontzegoera

 Zenbat % 1980. urtean

Ezkonduak 120 22,5% 23,4%

Ezkongabeak 401 73,7% 74,7%

Bananduak 2 0,36% 0,23%

Ez dute erantzun 21 3,86% 1,6%

Adinari dagokionez, ihazko urtekoa baino pixkatxo bat gazteago ageri zaigu (ihaz, 26,1 urte) eta bestalde, emakumeen portzentaia gorantz doa (ihaz, 43,6% izan baitzen). Ezkontzegoerari buruzko portzentaiak ia-ia ihazko berberak dira.

Baina nola parte hartu izan dute horiek UEUren barnean? Hurrengo koadroan galdera honi erantzun nahi zaio nolabait.

VI.- UEU barnean partehartzeko modua

Ikasleak 414 76,1%

Irakasleak 59 10,8%

Bietara 49 9,0%

Prentsa bulegoa 3 0,55%

Ez dute erantzun 19 3,49%

Partaideen ikasketa-mailen artean gorabehera handiak agertzen ziren. Dena den, hurrengo datuak aztertzean soma daitekeenez, Unibertsitate giroko jendea da nagusi. Ohar gisa, diogun, "Unibertsitate-maila" jartzen dugun horretan ikasketak bukatuta dituztenak eta oraindik bukatu gabe dituztenak sartu ditugula, laster bukatuko dutelakoan edo.

VII.- Partaideen ikasketak

Batxileratua 137 25,18%

Heziketa profesionala 21 3,81%

Unibertsitate maila 340 62,50%

O.H.O. 3 0,55%

Ez dute erantzun 43 7,91%

Inork ez du ukatzen UEUren ardatz nagusienetariko bat ber erabiltzen den hizkuntza dela: euskara alegia. Nola ote dabiltza UEUko partaideak euskararen arloan? Ez da erraz galdera horri zehazki galdetzea, baina hurrengo koadroetako zenbakiek hainbat informazio agertzen digute.

VIII.- Noiztiko euskaldunak?

 Zenbat %

"Betidanikoak" 346 63,6%

Euskaldun-berriak 185 34,01%

Ez dute erantzun 13 2,39%

IX.- Euskal tituludunak

Euskaltzaindia B mailako titulua 32

Euskaltzaindiko D mailako titulua 242

Hizkuntz Eskolako titulua 28

Derioko titulua 2

DENETARA 304

Dirudienez, ba, hizkuntzaren domeinuaz oso arduraturik dagoen jendea da; gehiago oraindik, euskaraz zerbait irakasten dutenak 277 direla ikustean.

Bestelako zenbakiak eta azken gogoetak

Emandakoekin ez dira bukatzen datu estatistikoak, baina aspergarri gertatzeko arriskua edukiko genuke. Hala ere interesgarri da, partaide ez gain eginiko ekitaldiak ere aipatzea.

Ukitu diren arloak ondoko hauxek izan dira: Botanika, Ornitologia, Geologia, Fisika, Kimika, Matematika, Injinadoretza, Ahozko Euskal Literatura, B eta D mailetako tituluetarako Ikastaroak, Glotodidaktika, Linguistika, Bertsolaritza, Deretxoa, Ekonomia, Filosofia, Psikologia eta Historia. Hurrengo koadroan, zenbakien bidez adierazten dira ekitaldiak.

X.- Ekitaldiak

Ikastaldiak 139

Mintegiak 65

Laborategiak 21

Lanorduak (denetara) 470

Ez da azaren azpiko orria aste bitan 470 lanordu egitea, ez horixe.

Aipatu beharrekoa da halaber, emandako ikastaroen maila etengabe gora doan faktore bat dela eta zenbait arlotan ikerkuntzako lan sakonak egiten direla. Faktore hau hitz laburrez eta zenbakitan ematekoa ez bada ere, nolabait azpimarkatzeko, Unibertsitate ofizialetan lanean ari diren 48 irakaslek parte hartu dutela esan behar dugu. Bestalde, aurten tesi doktoral bat eta hamar tesina aurkeztu dira.

UEUren gurdia aurrerantz doa, beraz. Zenbakiek horrela diote. Kontua zera izango da, alegia, goranzko abiada horri eustea. Mila eratako oztopoak ditugu horretarako, baina gaudenak gaudela, urtean zehar neukume berriak egiten baditugu, lortuko dugun kontua da. Ea ba!

J.R. Etxebarria


Euskal Herria

Imanol Berriatua hil da

Behin batean gizon txiki, argal eta apal bat bizi zen Bilboko Nerbio hutsa bihotz handia.

Jenioa ere ba zeukan, baina nahiko kontrolaturik eta hezirik. Behintzat ez zuen eskandalurik ateratzen, horretarako hamaika motibo bazeukan ere.

Hori bai: Lan egiten zuen. Etengabe. Egunez, Gauez. Lorik egiten zuenik ez dakit, baina ez zuen antzik ematen, egineko lana ikustean behinipehin.

Duela hamar bat urte ezagutu nuen pertsonalki. Ordurako, ANAITASUNAko azkenaurreko orrialdea goitik behera, koma bat ahantzi gabe, aztertzen eta buruz ikasten nuen. Dena edo ia dena zekien pertsona zen nire ustean. Horrelako batetan ni ere ausartu nintzen zerbait idaztera eta neure lehengo artikulua bidali nuen aldizkari horretara. Ondo gogoratzen naiz: Erlatibitatearen Teoriari buruzko lantxo bat zen. Berak, ohiturazko zuen zehaztasunez zuzendu eta horrela argitaratu zen. Eta bide bat ere eskaini zidan: Nik nahi izanez gero, neure aurrean zuzenduko zidan artikulua, aldaketa edo zuzenketen arrazoiak banan banan azalduz.

Nire poza! Ordutik aurrera, hamabostero edo, Iralabarriko komentura joaten nintzen hango harreragelan ordubete edo ordu pare bat lanak zuzentzen aritzeko. Inoiz beraren gelara ere joaten ginen, Azkue, Lhande eta besteren hiztegiak hobeki kontsultatzeko.

Zenbat ordu ez ote dugun horrela elkarrekin pasa! Nola ordain orduko laguntza!

Lauzpabost urte ibili ginen horrela eta egia esan, maisu hoberik ezin aurki nezakeen. Geroztik ANAITASUNAren egitura aldatuz joan zen eta bera ere bestelako lanetan hasi zen: Israeleko kontua, euskara erraza, "Hitz egin" metodoa, euskaltegietako kontua eta abar. Gutxiago egoten ginen elkarrekin, baina bai noizean behin, kafea, kopa eta zigarropurua hartuz, bide batez zenbait zalantzari buruzko galderak egiteko probetxatzen nuelarik.

Israelerako azken bidaia egin aurretik hartu genuen azken kafea. Gogoratzen zara? Hirurogeitasei urte gainean eta zuk zeneukan ilusioa! Ba nuen zurekin egoteko gogoa, bueltan esan nahi dut, gure ama biak oso pozik etorri baitziren bidaiatik. Baina begira nola diren gauzak, gogoarekin geratu beharko dut.

Tira, tira! Joan zara eta ni hemen zure ohorez zerbait idatzi beharrean, idatzi nahian geratu naiz. Publikoki aitortu gura nuen, euskararen arloan izan dudan maisurik onena zeu izan zarela, beste askok aitortuko lukeen bezala, eta horixe egin gura izan dut artikulu honetan.

Besterik ez! Penarik dudan ala ez, hori ez dut esango. Bakar bakarrik, maisu eta lagun handi bat joan zaidala.

J. R. Etxebarria


Euskal Herria

Koordinakundea informatzen

Adineko jendearen irakaskuntzan ihardunaz, euskaldunak, irakurri eta idazteko alfabetatzen eta euskal hiztunak sortzen ari da Alfabetatze Euskalduntze koordinakundea.

Ikasturte beri honetan 387 Euskal Eskolak dihardu Euskal Herri osoan, A.E.K.ren irakaskuntza alternatiba bultzatzen, bere barnean elkar koordinatzen dutelarik.

1981-82.ko neguko ikasturtean, astean gutxienik sei ordu ematen dugula, 180 ordutako ikastaroak eskeintzen ditugu batetik. Urtean zehar ordu hauek gehiagotu ohi ditugu, 300-400-500 ordutako ikastaro intensiboak eta barru ikastaro trinkoak ere antolatuz.

Irakaslegoaren prestaketaz kezkaturik, Euskal Herriko talde didaktikoa ikastaroak ematen ari da Iruinea, Donostia, Bergara, Zornotza, Gasteiz, Angosto era beste zenbait herritan, koordinakunde barru eta kanpoko irakaslegoa irakaskuntzarako kapaztuz.

Eraketari buruz ere urrats handi bat eman dute Euskal Eskolek azken urteotan, euskararen irakaskuntzan profesionalki diharduten Euskaltegiak antolatuz. Gipuzkoan, Goi Herriko Euskal Eskola, Bizkaian Gabriel Aresti, Bilbo Zaharra.

Nafarroan Arturo Kanpion Euskaltegiak, lanean ari dira aspaldidanik eta hildo bera sakonduz Bilbaon, Resurrección Maria de Azkue, Mateo Zabala, Getxoko Euskaltegi eta Donostian Rikardo Arregi euskaltegiak zabalduko ditu A.E.K.k Urrian.

A.E.K. eta Euskaltzaindia

Rikardo Arregiren eraginez, 1968an gau-eskolak Euskaltzaindiaren babespean lanean hasi zirenez gero, bilakatze handia gertatu da A.E.K.ren historian, gizartearen egoera aldatu den heinean ere aldatu egin bait da.

Desarroilo honetan 79-80 eta 80-81 ikasturteetan A.E.K.k behin eta berriz aurkeztu du han hemen bere irakaskuntza alternatiba, egungo egoera, helburuak eta epe motz eta luzerako proiektoak zehaztuz. Azkenik, Uztailean Euskaltzaindiak erabaki du Euskal Herriko Alfabetzatze eta Euskalduntzea ez dela bere barrutik egin beharreko lana eta honela agertu dio A.E.K.ri, egiteko horretan bere kabuz jarrai dezan eskatuz.

A.E.K. eta erakunde publikoak

Nahiz eta Nafarroan Foru Aldundiak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak batetik eta Foru Aldundiek bestetik euskararen aldeko gogo eta egitarauak agertu dituzten, Iparraldeko egoeraz ere aski larriturik, A.E.K.k hizkuntz plangintza nazionalaren falta eta behar nahi ta nahiezkoa agertzen du eraberean egiteko horretan bere burua ere inplikaturik jotzen duela.

Korrikaren diruaren balantzea

SARRERA 33.386.301.- pzta.

IRTEERAK 21.201.254.- pzta.

SARRERAK:

Bizkaia 15.125.149.- pzta.

Gipuzkoa 5.132.486.- pzta.

Nafarroa 5.383.432.- pzta.

Araba 2.712.422.- pzta.

Erakustazoka 4.689.420.- pzta.

Anonimoak 343.392.- pzta.

 33.386.301.- pzta.

IRTEERAK:

Erakustazoka 4.078.118.- pzta.

Korrika-antolaketa 2.809.860.- pzta.

Publizitatea 8.352.466.- pzta.

Materialea 5.940.810.- pzta.

 21.201.254.- pzta.

Superabita: 12.185.047.- pzta.

Materialea: 2.926.000.- pzta.

Txoznak: 3.234.600.- pzta.

SUPERABIT 18.345.647.- pzta.

OROKORRA

AEK


Euskal Herria

Adarra jotzen...

Profesionaltasun objetibo eta neutroaren mitoa agertu zaigu irakasle lehen borrokalari eta aktibo askoren baitan ere, eta desira horrek bete du nolabait agorrilaren azken astean egindako V. ihardunaldi pedagojikoetako giro epela.

Txalogarria benetan ADARRA kolektiboaren asmoa: sektore guztietako irakasleak bildu eta denen artean irakaskuntza-sistimaren kritika globala egitea; irakasle-lanak inguru honetan duen funtzioa aztertuz eta alternatibak proposatuz.

Baina azken urte honetako ihardunaldiak helburu horretatik urruntzen ari direla aitortu behar. Arrazoiak?:

- ADARRAk ez du gainditu irakaslegoak duen joera bat, alegia, sektorez-sektore ematen den disgregazioa; eta, horrela, gehienbat irakaskuntza "estataleko" eskolaurre eta OHO-eko irakasleak aurkitzen ditugu, ihardunaldietan (ikastaro gehienak ere hauentzat prestatuak izanik), eta oso gutxi edo ezer BUP, Unibertsitate edo ikastoletako irakaslerik. Azken hauek Irakasle-Elkarteek antolaturiko ikastaldi bereziak izan dituzte uztailean.

- Bestalde, eta beharbada irakaslegoaren gogo subjetiboari erantzunez, profesionarien hobekuntza eta espezializakuntza zaindu du ADARRAk, eta horren neurriko ikastaroak antolatzen ahalegindu da, sistimaren kritika egiteko bide batzu zabaltzen baino gehiago. Eta horrela, kontzientzia hartzera baino bere profesionari-maila hobetzeko asmoz hurbildu da jende asko ADARRAra.

Egia esan, ez da erraza gaur irakaskuntza-sistimaren analisi kritikoa egin eta honen alternatibak lantzea. Alde batetik, sistima honen arduradunek, Hezkuntza-Ministeritza autonomoak eta besteak ez dira jende aurrean bere lanaren erantzule agertzen. Bestalde, bere sektoreko arazoak ondo ezagutzen baditu ere, irakasleari falta zaio askotan beste sektoreen problematikaz jabetzea.

Eta, honen ondorioz, irakaskuntzaren kritika baztertuz ("politikoen lan"-tzat kontsideratuz), profesionaltasunaz arduratzea da irakaslegoaren gaurko joera nagusia.

Hala ere, eta joera hau lojikotzat hartu behar badugu ere, ezin dugu ontzat hartu. Irakaslegoaren hobekuntza teknikoa berez da helburu ona; baina irakasleak ezin du bere burua tekniko neutrotzat kontsideratu, Teknika —edo honen aplikazioa— ez baita inoiz neutrala, eta are gutxiago arlo honetan.

Argi esan zuen ADARRAren arduradun batek bertan egindako azken asanbladan: "Ez da gure helburu printzipala prestakuntza teknikoa eskaintzea, sistima honetan irakasleok betetzen dugun funtzioaren kritika egitea baizik".

Hau beti egia izanik, gaur Euskal Herrian dugun egoerak ematen digu lan horren premia larria. Euskal gizartearen euskalduntzea irakaskuntzari loturik doa. Herri honek ez du bere euskal eskola publikoa lortu, eta ikastolak ikastetxe pribatu bihurtzeko bidean ikusten ditugu kasu askotan. Ez du oraindik inork aztertu orain arte "eskola estatalak" izan direnen funtzioa zein izango den. Euskal Herriko irakaskuntza-sistima kapitalismo modernoari gero eta moldatuagoa aurkitzen dugula esan dezakegu. Baina, gainera, ezin dugu esan gero eta euskaldunagoa denik ere. Halako inguruan, zein da irakaskuntzako profesionari trebe eta neutro baten funtzio tristea?

Egia da, nire ustez, V. pedagoji-ihardunaldi hauek gaur irakaslegoan ematen diren tendentziak kanporatu besterik ez duela egin, eta ADARRAk, beraz, hor ez du ardura berezirik: ispilu bat izan da.

Egia da, baita, tendentzia hauek aldatzea ez dela gaur edonolako lana. Baina joera "neutro" hori indartu duten gure erru batzu aztertu beharko genituzke, adibidez lan pedagojikoa eta lan sindikala zein bere aldetik eta gauza bereziak bezala kontsideratu ditugu askotan, eta bikoiztasun hau irakasle askorengan elemendu ideolojikoa bihurtu da.

Bestalde, berehalako erreibindikazioetan finkatu dugu sarri askotan gure lan sindikala, eduki pedagojikoen eta sistimaren antolaketaren eta ondorio sozialen kritika ahantziz.

Azkenik, ez dezagun etorkizunean irakaslegoarengan joera naturala den sektoretasuna indar. Elkar ditzagun ikastola zein beste sektoreetako irakasleak ihardunaldi bakar batean, irakaslean beharrezko duen espezializapena baita irakaskuntza-sistimaren ikuspegi orokorra eskainiz.

K. L.


Urteroko irailako kontua [Bineta]


Hankaz gora

SHIGEGHIO ISUMI-k 116 urte ditu. Japoniarren artean urterik gehien dituena omen da. Guiness-en rekord-liburuan munduko bizilagun zaharren bezala agertzen zaigu, hori nahikoa eztabaidagarria izan arren. Shigechio Tokunoshima delako irla ttipian bizi da eta egunero berrehunen bat bisitari hartzen ditu bere etxean, haietariko gehienak ezkonberriak direlarik. Pertsona bakoitzari mila yens (bost dolar gutti gora behera) kobratzen dio. Ordainaren truke agureak kopatxo batzu arroz-ardo, ahurraren fotokopia bat eta luzaro bizitzeko kontseiluak eskaintzen ditu. Zer pasatuko da Espainian Elena Francis kuttuna zaharragotuko zaienean?

JELIO BIAFRA "Kennedy-tar hilak" deitzen den Californiako talde punk baten zuzendaria da. Talde horren kanta baten hitzak hala diosku: "HAURRAK HILTZEN DITUT ETA POZTU EGITEN NAIZ HILTZEN IKUSIZ". Diska-argitaletxe batek hori kaleratzeari uko egin zionean taldeko aingerutxoek beste bat aurkitu zuten, "Faulty Products" izenekoa. Argitaletxe honek gogoz onartu zituen eta orduan, NEGOZIOARI EKIN.

EZ DAKIGU ORAINDINO zergatik Hilda Tornstrom-ek gorrotatzen dituen gizonak. Baina egia hutsa da. Neska honek Estokolmoko denda baten behar egiten zuen eta gizonezkoentzako galtzerdi salgaietan "pika-pika" edo hazkura sortzeko hautsa sartu zuen. Eta ez hori bakarrik. Neskatoa ez zegoen pozarren eta azkenean barneko arropetan ere ipini zuen, galtzotziloetan alegia. Zoritxarrez berarentzat, noski —emakumezko lankide batek oro ikusi zuen eta kondatu ere. Orain Hilda (JILDA eta ez hilda) kanpoan daukagu lapik gabe. ESKERRAK GURE ARROPAK MATAROTIK DAKARZKIGUTENA!

ESTATU BATUETAN senadoko legegileak zeharo harrituta geratu dira. Izan ere, iaz denda eta merkatuetan jasoriko lapurretak 9.000 milioi dolarretaraino igotzen dira eta halako gauza bat ezin gerta daiteke haien herrian. Atxakiak bilatu behar zirenez, senatoreek joera hori onargarria dela esan dute zeren eta Estatu Batuetako gizarte barruan sakonki sartu baita. Hala eta guztiz ere inork ez du aitortu Ameriketan langabezia gehituz doala eta egoera soziala gero eta okerrago dagoela.

GUY BROUTY eta JEAN LOUISE frantsesek buru-hauste bat sortu dute, munduko buru-hausterik haundiena. Asmakariaren luzeera bost metrotakoa da, haren zabalerak hiru metro dauzkalarik. Haren 50.000 hutsune betetzeko 18.000 berba idatzi behar dira. Saiatu gero!

NOSTRADAMUS astrologoa 1566.ean hil zen arren, oraindik ere irauten du horoskopozaleen gogoan. Pertsonaia honek "Centuries" liburua idatzi zuen 1.555.urtean. Liburu honetan igarpen asko daude. Hori dela eta, "Bild-Zeitung" alemaniar komunikabideak zera azpimarratzen du: Nostradamusek behin eta berriro esaten zigun IGITAIAK kalte itzelak ekarriko zizkiola gure gizarteari.

Jakintsuek pentsatzen dutenez, KOMUNISMOARI BURUZ mintzatzen zen nori igartzean.

"Bild-Zeitung"eko azti gizajoek hamaseigarren mendean ere ikusten dute komunismoaren itzala.


Dossier: Antzerkia

Sar zaitez antzerkian, deitu gabe

Karraka antzerki taldea 1980. urtean sortu zen, Comicos de la Legua-Kilikilariak taldearen partaide izan ziren pertsona batzuren bidez. Kooperatiba honek "Fasas para títeres", "Historia de Llodio", "Stand nuclear", eta "Historia de un soldado" egin ondoren, "Pase sin llamar", "La mujer que osó quitarse el otro guante" eta "Karrika Karraka" aurkezten ari dira herriz herri. Alex Angulo eta Cesar Saratxurekin izan dugun elkarrizketa hau delarik medio, antzerkia bizirik mantentzeko egiten ari diren ahaleginak eta beren kezkak ezagut ditzakegu.

— Orain dela urte bete edo, Comicos de la Legua-Kilikilariak taldea desagertzen zen antzerki mundutik. Zuetariko batzuk parte hartzen zenuten bertan. Zeintzuk izan ziren desagerketa horren arrazoinak?

— Ezin da esan arrazoin bat bakarrik izan zenik. Hasieran, motibu bat ekonomikoa zen. 6 urtetan zehar subentziorik gabe, erakunde ofizialek antzerki politika bat eratu gabe, etab, horiek denek jendearengan neke hondar bat uzten dute, antzerki edo kultur munduan oso zaila dela profesionalki bizitzea ikusirik. Bestalde, Francoren garaian antzerki independientea zenbait bereiztasun konkretoez sortu zen. Gaur moeta horrek ez du lehengoko funtzioa betetzen, eta Comicos de la Lengua bezalako talde bat erakartzen du bere erorketan.

— Nik uste dut taldeak, urte horietan, bere funtzioa bete zuela, hots, jardunaldi zirkuitu bat irekitzea, antzerkia jaiari erantsi ziezaion. Azken urteotan Comicos de la Legua taldeak bere barneko lan jokaera ez zuen taxotzen; ez zen estetika edo politika arazo bat, antzerki hizkeraren harmak gizarte berrira egokitu behar genituela baizik.

— Karraka kolektiboa Kooperatiba profesional bat bezala eratu da. Gaurko euskal kulturaren egoeran aukeraketa horrek ez al du arrisku bat suposatzen? Pertsonalki, zer erakartzen dizue horrelako lan batek?

— Profesionala izateak suposatzen duen arriskua gureganatua genuen Comicos de la Lengua taldean geundenez geroztik, baina gaurko egoeran ekonomia aldetik arriskutsuagoa den egitura bat aukeratu nahi genuen, gure estrukturak aktorearen lana atseginagoa izatea onartzen baitu, lehen talde txiki batetan bakoitzak bereganatzen zituen lanekin konparatuz. Ideia, urte honetan zehar experientzia hori posible den ala ez eta jendearen aldetik zer nolako harrera dugun ikustea da.

— Gainera Karraka-ren produzio kapazitatea Comicos taldean genuena baino askoz handiagoa da, talde guztiak parte hartzen ez duen ikuskizun eta ekintza antolatzeko ahalmenaz. "Pase sin llamar", "Karrika karraka", Laudioko lilitegian izan dugun lana eta experientzia, etab. lekuko.

— Azken urteotan antzerkia karakter berri bat hartzen ari da. Lehen antzerki independientea sistima politiko eta antzerkiaren ohizko egituren kontra joatean baldin bazetzan, gaur egun zer uste duzue eskeintzen diola karraka taldeak euskal ikuslegoari?

— Egun, egoera politikoa pixka bat aldatu dela jakin arren, jokaera kritiko horrekin jarraitzen dugu, ikuspegi estetiko batetik eta aktorearen lana aldetik gure antzerki jokaera sakonduz.

— Gainera Comicos taldean kanpaina lan bat egiten zen batzutan kalean zeuden kezka eta mugiketetan oinarritzen bait ziren gure lanak. Gaur egun, "kalea" artea baino bizkorrago doa. Horregatik gelditzen zaigun aukera oinarrizko ez den zerbait lantzea da, kalean dauden gaiak ez ordezjartzeko, gaur egun langileriaren burrukak kulturak baino indar gehiago baitu. Horrek ez du esan nahi politika gaiak ikuttu behar ez dugunik, sakontasunez eta azterketa handi batez baizik, azaleko testiguntzatik urrun. Dena dela, beti dago politika antzerkiko militantearengatik ordezjartzeko arriskua. Hortxe dago gakoa.

— "Pase sin llamar" lanera mugatuz, pailasoak, biak, zirkoko pertsonaia ergelak izatea gauza bitxia da. Zergatik ez dago augustorik, taldeko azkarrik?

— Hasieran ez genuen azkarra alderatzeko asmorik. Gure helburua geure barnean daramagun pailasoa aurkeztea zen, eta pailaso hori horrela atera zaigu. Nahasten den, hanka sartzen duen pertsonaren antza du, eta ez araua eta legea itxuratzen dituen augustoarena.

— Zineman objetuak balio espezifiko bat lortzen du. Antzerkian, ordea, garrantzia elkarrizketan datza. Zuen lana mimoan oinarritzen delako agian, objetuei balio berezi bat ematen diezue?

— Espektakulu honen elkarrizketa pailasoa eta objetuaren artean sortzen den erlazioa da. Hortxe ditugu, esate baterako, atea, aulkia, ikurrina, etab. Oso inportantea da objetu horien balio aldaketa tinkatzea. Katilu batek, mahai batek, espezifikoki daduzkan baino balio gehiago dute. Itsasontzi batek, hegazkin batek, zuk nahi duzun erara funtziona dezake.

— Hitz gutxitan, zein da "Pase sin llamar" lanaren helburua?

— Norberaz trufatzea da, bakoitzaren astakeriak eta fantasiak lotsagarritzea. Gainera kreazio bilakabidea oso berezia izan da, berez sortzen ziren objetuetan oinarritzen baikinen, gure behekonszientean zeuden gauza asko lanean utziaz. Badago zenbait gauza irakurketa politiko bat dutenak, besteak, berriz, gizazkoagoa, kuttunagoa. Ez gara abiatu emaitza konkretu bat bilatuz, ikerketa lan horren azken emaitza erabatekoa izan zedin baizik.

— Zer esan dezakezue "Karrika Karraka" azken lanari buruz?

— Lehenengo gauza: Kalekoa dela, hobe esanda, kanpoan egiteko pentsatuta dagoen espektakulu bat. "Pase sin llamar" lanarekin konparatuz, hitza erabiltzen da. Elebiduna da. Oso intraszendentala da eta topiko askorekin jokatzen dugu: Aurrezki Kutxak eta beren subentzioak, harri azpitik sortzen diren eta oiloak domatzen dituzten euskal artistak, eta titiritari talde bat betiko trukoekin.

— Zuen antzerki lana haurrei begira ere planteatua dago. Ene ustez, askotan haur antzerkia helduen ikuspegitik lantzeko arriskua dago. Nola planteatzen duzue zuek haur antzerkia?

— Antzerki moeta hau egitea erabaki genuenean, haurrek espektakulu bukatuak ikus ditzaten ukatu genuen, animazio ekintza bat bultzatzea bait zen gure asmoa. Gu umeen artean aurkitzen gara giroa lantzeko eta umeek antzerkia eginaz jolas dezaten. Saiatu behar dugu umeak bidematen, motibatzen, eta ez geuk nahi duguna egiten.

— Beti esan ohi da Administralgoa, gure kasoan eta hemendik aurrera Euskal Administralgoa, ez dela behar hainbat kezkatzen kulturaz. Subentzioak, noizpait iristen badira, nahikoak direla beren erantzuna neurtzeko uste duzue? Talde profesional bat izateak aldatuko ote luke zerbait?

— Ni, berez, subentzioen alde eta kontra nago. Taldea lanean jarraitzeko soilik balio badute subentzio horiek ez dira nahiko, kultura eta antzerki plangintza falta delako. Subentzio asko banatu arren, ez bada azpiegiturarik eratzen, kultur ekintza horrek ez du iraupenik izango.

— Gainera subentzio horiek aplikatzeko kriterioak beharrezkoak ditugu. Ez da inoiz kontutan hartzen espektakulu batek izan dituen harrera eta eskaera. "Iparragirre" montatuko da oso garrantzitsua delako eta bere heriotzaren mendeurrenean gaudelako, baina norentzat planteatu da? zein ikuspegitik dago Iparragirre aztertua? Beti ahazten da ikuslegoa. Talde bati subentzio bat ematen zaio eta ikuslegoa behartua dago antzerkira joatera. Baina zer gertatzen da jendea ez bada "Iparragirre" ikustera joaten eta bai subentzionatua izan ez den talde baten lana ikustera? Herriko harrera eta eskaera kontutan hartu behar dira eta ez eskaera ofiziala.

— Bestalde, plangintza honetan Udaletxeek badute zer esanik, jendeak antzerkia gauza arrunta bezala ikus dezan, zinema ikustera doan bezala. Toki egokiak prestatu behar dira horretarako eta Udaletxeek beren kultur politikan antzerkia ere sartu beharko lukete.

Xabier Portugal


Dossier: Antzerkia

Udaldiko teatroa

Aurten, betiko legez, udan eduki dugu teatro profesional delakoa ikus ahal izateko aukera. Iruinera San Ferminetan hasten dira Madrilgo konpainiak heltzen, baina gehienak Abuztuan etortzen ohi dira guregana.

Udaberri hontan, hala ere, nahiko ondo ibili gara Euskadin antzerki arloan, zeren Bilboko Aurrezki Kutxak eta Banco Guipuzcoanoak bederen teatro ihardunaldi batzu eratu dute, Euskadi mailako talde askoren eskuharmenarekin, hala nola "Maskarada", "Karraka", "Peter Roberts", "Denok", "Geroa", "Porrusalda", "Akelarre", "El Lebrel Blanco", "Txontxongilo"... Ezina izango zen talde guztien lana juzkatzea, alde batetik aldizkarian sartuko ez litzatekeelako, eta bestetik denak ikusi ez ditudalako.

Hontaz gainera, Bilbon bi talde berri aurkeztu dira: "Picaresca" eta "Ardatz". Lehenengoa aspaldian "Akelarre"n egoniko jende batzuk osaturik omen dago; bigarrena, aldiz, antzerkigintzan hasberriek osatzen dute.

Aipatu behar dugu ere "Karraka" taldeak ekarrita, Mezzanoko (Italia) "Compagnia Dramático Vegetale" a pasatu dela Bilbotik. Izena, heurek esan zidatenez, Pinotxoren ipuinetik hartua da. Talde hoetakoek, "Karraka" eta Claudio Nadierekin batean, modalitate berri bat asmatu zuten, eta egun beretan, antzoki berean, baina ordu ezberdinetan, hiru espektakulo erakutsi zuten.

Instituzioek bultzaturik ikusi dugun bakarra Calderon de la Barca-ren "La Cena del Rey Baltasar" auto sakramentala izan da. Egia esan, nahiz eta jende pilak parte hartu (dantzariak, kantariak, aktore-aktoresak...) guztiz astuna gertatu zitzaigun.

Dantza ere izan dugu gure artean: ballet klasikoa "Ballet de Rhin" taldearekin, eta ballet kontenporaneoa, Karmen Larunbe nafarraren taldearekin. Jakingo duzuenez, K. Larunberen ballet hau Belgikan dagoen hoberenetariko bat da, eta Europa osoan ezaguna. Bere lanik ospetsuena "Gernika" dugu, hain zuzen ere.

Beno, eta hasierako haria berrarturik, ihazko arrakasta itzelak eraginda, aurten inoiz baino konpainia gehiago etorri dela ematen du. Bilbora behintzat.

Moeta askotako antzerkia izan dugu.

- Errepikatzaile amaigabeak: Jose Rubio gorrotagarria "Enseñar a un Sinvergüenza"rekin 8. urtez, Pedro Osinaga, 11.nez edo, "Se infiel y no mires con quien" dakar.

Errepikatzaileak dira ere ondoko hauek, baina ez dira oraindik hain aspergarriak bihurtu, bakarrik heuren 2. urtea da eta: "Alicia en el País de las maravillas", Rafaela Aparicio, Pedro Civera eta Mara Goyanesek parte hartzen dutelarik. Orain bi urte egon zen obra hau Euskal Herrian. Tontakeria hutsa da, baina ikus daiteke, inolako garrantzirik eman barik, noski.

 "Cinco horas con Mario" Lola Herrerarekin. Ihaz hitz egin nuen honetaz beraz ez dut ezer esango, ez bada benetan merezi duela.

 "Petra Regalada" Antonio Galaren lan zoragarria, Julia Gutierrez Caba aktoresarekin. Joan den urtean esan nuena diot berriro, guztiz gustagarria dela Galaren teatrozaleentzat (neuretzat, adibidez), besteentzat batek daki! "Filomena Maturano". Aurten Concha Velascoren paperean Queta Claver ikusi ahal izan dugu. baina Jose Sazatornilek jarraitzen du.

- Urtero etortzen diren aktore ospetsuak izan ditugu aurten ere: Paco Martinez Soria, inolaz ere erretiratzen ez dena "Que mala sangre tienes", obrarekin. Arturo Fernandez, Amparo Larrañaga laguntzaile duelarik, "Un huevo de Pascua"rekin. Mary Paz Pondal, aldi hontan Máximo Valverderekin, "Un inglés de Gibraltar"rekin obrarekin. Eta amaitzeko, burusoilek (Juanjo Menendez eta Jesús Puente) berriro etorri dira baina gauza berri batekin "Dos al derecho, dos al revés."

- Hain sarritan etortzen ez direnak: Elisa Ramirez, "Tranpa" antzerki poliziako barregarria Francisco Valladares-ekin. Ricardo Hurtado eta Irena Daina "Un muerto de risa" obragaz Conchita Goyanes "El galán fantasma"rekin. Esperanza Roy-k "Llámame Señora" ekarri du. Obra ez da batere ona, baina emakume honen lana benetan ezinhobea da. Aproba argia duzue, obra bera orain zenbait urte beste aktoresa batekin estrenatu zutenean, porrot itzela izan zela esaten badizuet, ihaz berriro aurkeztu zuten Madrilen hilabete t'erdirako, eta oraindik dabil hortik zehar egunero teatroak betetzen. Derrigorrez ikusgarria, batez ere Esperanza Roymaniadunentzat.

- Musikalen arloan bi baino ez dira etorri. Tony Leblanc eta Quique Camoiras "Tu y yo con dos cojines" errebistarekin. Gehienetan bezala, zoritxarrez, dantzataldea nahiko ona izan arren, bere orokortasunean jasangaitza gertatzen da itxugabekeria hau.

 "Locos por la Democracia" Luciana Wolf eta Karinarekin. Antonio D. Olano-rena izatean, ba dirudi beste fatxada bat dugula bistan.

Hemen ere Ma Dolores Praderak egingo dituen errezitaldiak sar daitezke. Gainera oasi gisa balio izan zaizkigu.

Antzerki interesgarriak

Lehen, inoiz baino teatro gehiago izango genuela aurten esan dugu. Eta egia da. Baina konturatzen bagara, hiruren bat izango dira bakarrik antzerki berri interesgarriak:

Antonio Galaren "La Vieja Señorita de Paraiso". Madrilgo kritikak oso txarto utzi zuen obra hau. Arrazoiak egiazkoak izanez ere, nire ustez ez zuen hain kritika txarrik merezi. Egia da, bai, ez duela ezer berririk aportatzen, topiko hutsak direla ukitako gai gehienak; baina hala ere, eta betiko legez Galaren idazlanetan, poesia eta sentimenduz beterik dago textua. Gala errepikatzen da, bai, berriro kazikismoaren aurka (eta zer?), berriro maitasunari kantu bat (eta zer?), berriro emakume-aktoresa-izar batentzako obra (eta zer?)...

Askotan esan dute Galak burjeseriarentzat idazten duela. Hau da, errebindikapen deskafeinatuak egiten dituela, andre burjesak pozik uzteko oso modernak direla uste izanik, holako "protesta teatroa" ikustean. Izan liteke, baina hala izanik ere, oraindik aurkitzen dizkiet edertasuna eta salaketa zintzoa Galaren obrei.

 "La Vieja Señorita del Paraiso"ren pertsonaia nagusia emakume heldu bat da. Aspaldian maitemindua, baina bera maiteak alde egin zuen, hantxe itxaroteko esaten ziola. Eta hantxe dago bera, jazotakoa gertatu zen ostatutik irten gabe, bere maitearen zain, itxaroteko esan baitzion! Eta hortik barrutik, zuzengabekeria guztien kontra altxatzen da andereñoa: harmen lantegi baten eraikitzearen aurka, arrazen diskriminapenaren aurka, bi mutikoen arteko maitasunaren erreprimitzearen aurka...

Galak berak dio andereño zaharrak indibidualismo anarkikoa daukala. Anekdota gisa zera esan behar dizuet, Mary Carrillo aktoresa, andereñoarena egiten zuena Madrilen, ez dela etorri problemarik eduki omen duelako konpainiakide batekin (Viky Lagos). Bere lekuan Irene Gutierrez Caba izango dugu. Beraz Gutierrez Caba bi ahizpak batera egongo dira hemen, eta biak Galaren obrekin.

 "Yo me bajo en la próxima. ¿Y usted?" Beharbada musikalen artean kokatu beharko genuke, uste dugunez nahiko musika baitauka. Adolfo Marsillac-ek idatzi duen lehen antzerkia da. Dibertigarri samarra omen da, eta antzeslari bakarrak José Sacristán eta Concha Velasco.

 "El beso de la mujer araña", Manuel Puig idazle argentinoaren nobelaren egokiera. Aktoreak Jose Martin eta Juan Diego. Argumentua zera da, preso politiko bat eta homosexual bat zelda berberan daude espetxean. Obra osoa bien arteko elkarrizketa da. Egileari asko gustatu zitzaion teatroraketa, baina gehienek esan dute nahiko hobea dela nobela antzerkia baino. Dena dela interesgarria.

Beste hiru obra, gutxienez, agertu dira gure hirietako eskenatokietan. Bata Woody Allenek idatziriko bat, eta besteak Arniches-en "La locura de Don Juan" eta Javier Poncelaren "Los habitantes de la casa deshabitada" dira. Aipatu dudan azkenean, konpainiaburuak Antonio Garisa eta Amparo Baró izan dira. Entzun dudanez, antzerki honek ez dauka balio haundirik, ez bada Errepublika garaikoa dela eta beraz teatrozaleentzat nolabaiteko interesekoa.

I.A.


Dossier: Antzerkia

Claudio Nadie, antzerkigile

Gure artean dagoen beste argentinar bat dugu Claudio Nadie. (Hainbat daude). Politikan aritzeko etorri omen estatu espainolera, baina hemen egonik Argentinan estatu kolpea izan zenez, gurekin gelditu zen.

C.N.— "Bai, nire erakundearen liberatua nintzen eta politika arazoetarako etorria. Teatroa utzita neukan zenbait denbora zela. Baina kolpea etortzean nire alderdikide batzu erahilak izan ziren; orduan hara itzultzea atzeratu egin nuen, eta zer egin ez nekienez, antzerkira bihurtu nintzen. Orain sei urte izan zen hau.

Kolpeak Madrilen hartu ninduen, baina nik Bilbon ezagutzen nuen, eta nire iragan politikoa zela eta, ezagunak nituen hemen. Horrez gero, berriro etorri nintzen poesi errezitaldi batzu egitera batez ere, neure poesietako errezitaldiak, eta Argentinako egoeraren larritasuna ikusirik, hemen gelditzea erabaki nuen eta hasi nintzen antzerkian sendokiago lanean".

A.— Zein zen aipatu duzun talde politiko edo alderdi hori?

C.N.— "Orientación Socialista" zeukan izena. Gaur egun talde politiko izatetik eritzi talde bat izatera pasatu da".

A.— Zer egiten duzu orain teatroan?

C.N.— "Orientación Socialista" zeukan izena. Gaur egun talde politiko izatetik eritzi talde bat izatera pasatu da".

A.— Zer egiten duzu orain teatroan?

C.N.— "Monologo sorta bat egiten dut. Eduki batzu desarroilatzen ditut: eguneroko gauzak, alde filosofikoak... era askotakoak. Ikuspegi teknikotik begiratuta, nire lanaren bidez, monologoak bereganatu ahal dituen teknika ezberdinak aztertzen saiatzen naiz".

A.— Italiako "Compagnia Dramatico Vegetale" delakoaren "Peter Pan" obraren egile gisa zeu agertzen zara propagandean. Idazlea ere al zara?

C.N.— "Bai. "Peter Pan" ipuinaren egokiera bat da, baina bertsio guztiz orijinala da, zeren textuak planteatzen dituen helburuak ez baitira egilearenak berak, desberdinak baizik".

A.— "PORRUSALDA" taldean sarturik zaude, ez da? Nondik dator talde hori?

C. N.— "Sektore bat aintzineko "Kilikilarien Eskola"tik dator; gero, beste taldetatik etorritako aktoreak ere ba ditugu; beste batzu berriak dira teatro arazoetan, eta gero ni. Neuk idatzi baititut textuak, zuzendu egiten dut taldea, eta interpretatu ere bai.

Talde honek bi generoren ikerketan lan egin nahi du: monologoa eta kabareta. Bi genero hauk europear korronte teatral berrietara egokitu nahi ditugu; korronte polakoetara, adibidez. Eskola polakotik oso hurren gaude.

Kabareta bezalako genero bat, orain arte arin eta hutsaltzat hartutako generoa, ikerketa serio batekin lotzen saiatzen dugu.

A.— "Kabaret literario" mugimenduaren barruan koka liteke "Naufragos y Mendigos" zure oraingo obra, edo "Porrusalda"ren lana?

C.N.— "Bai, nik baietz uste dut. Espektakulu hau nahiko osoa da, eta kabaretaren berezitasun guztiak ditu".

A.— Oso leku diferentetan aritu zara, unibertsitatetan, antzokietan, "zirkuito underground" direlakoetan, e.a. Ezberdintasun aipagarririk nabaritu duzu?

C.N.— "Bai. Teatroak erritu bat ezartzen du. Publikoak errespetatu egiten du erritua. "Txoko Landan" (Gay mugimenduaren egoitza) edo "Lamiak" (Kafe feminista) bezalako eskenatoki batetan, zeinetan kabaretak sarrera haundiagoa duen, publikoak jokabide diferentea dauka. Aktore eta publikoaren arteko harremana oso hurbila da, publikoarekin kontaktu zuzenean dago. Publikoa ez dago han, itzalean galdurik, egiazkoa da. Askoz gehiago hartzen du parte, positiboki eta negatiboki. Zirikatu ahal du. Antzoki batetan, gainera, lana landuagoa da, estetikoagoa...

Unibertsitatean ondo, jendea, pixka bat berezia dena, zorrotza da, intelektuala delako edo. Han zure lana ezin bizikiago egin dezakezu, haien artean ulertuko duten pertsona batzu ba daudena dakizu eta".

A.— Eta lurraldeetako jendeen artean, ba dago diferentziarik.

C.N.— "Bai. Herrien historia politiko eta desarroilo kulturalaren arauera izaten da publikoa.

Hemen egoera nolabait Europakoaren atzean dago oraindik. Kultur iluntasunezko urte asko bizi izan baitziren hemen, eta bost edo sei urtetan ezin da holako egoera hain txarrik gaineratu. Hau manifestapen artistikoen pobretasunean nabaritzen da, zeren plastika planoa eta musikaren zerbait aspektu kenduta, hemen arteak oraintxe hasten hasi direla esan baitezakegu: teatroa bera duzu adibide argi argia".

A.— Behartuko bazintuzte teatroan egiten duzuna definitzera, jakingo al zenuke?

C.N.— "Beno, bai. Iharduera hau nire jakintza bilaren parte bezala egiten dudala esango nuke. Neure buruaren bila baita niretzat teatroa. Hau da... ba horixe!, teatroa eskola baten modura bizi dudala".

I.A.


Elkarrikuska

Txomin Peillen: Beti lanean, beti presente euskal kulturan

Udako Euskal Unibertsitateak izango ditu bere akatsak, zelan ez?, baina baita bere gauza onak ere, eta horien artean Euskal Kulturaren inguruan bizi direnen topalekua izatea. Hango Sarrera-Hitzaldi egunean, hala izan genuen hemendik maiz ikusten ez den TXOMIN PEILLEN-ekin berba egiteko aukera, bera izan bait zen Hitzaldi hori emateko arduraduna. Hitzaldi interesgarri hori, elkarrizketaren ondotik doakizue (nahiz eta gure konpetentzia zuzena eta arerio mortala den ARGIA-k guk baino lehenago argitaratu) bere eragina izango duela uste bait dugu. la ordu bete egon ginen berarekin, eta azkenean konturatu ginen ia ez genuela hitzik ere egin bere pertsonaz. Ezpainetatik irribarrea sekula kentzen ez duen gizon honen bihotzean beti dago presente Zuberoaganako ardura, eta aukera aprobetxatu dugu Euskal Probintzia mitiko horren errealitatera hurbiltzeko, apur bat sikeran, eta beste alde batetik, berak bizi duen eta bizi izan duen Euskal Kultur mundua ezagutzeko.

 Parisen jaiotako zuberotar hau —ez bakarra, berak dioen moduan— 1932an jaio zen eta bere ikasketak eta bizitza osoa Frantziako hiri-buruan egin ditu. Biologiazko eta Euskarazko klaseak ematen ditu, eta orain Letretan Doktoratu da 10 urte eroan dion "Anatomiazko Hiztegia" lanarekin. Gurasoak zuberotarrak zituan eta haien artean euskaraz egiten zuten, baina semeei frantsesez. Honela, 16 urtekin hasi zen euskara ikasten, eta Zuberoako kantu zaharren liburu baten bidez ikasi zuen idazten. Andima Ibiñagabeitia elantxobetarrak bultzatu zuen euskaraz idaztera, Jon Mirande eta bere anaiarekin batera, zeinek ipuin bat publikatu zuen euskaraz baina gero ez zuen jarraitu. Euskaltzain Laguntzailea da, eta hainbat nobela eta artikulu idatzi ditu, Gernika-n, Euzko Gogoa-n, Egan-en, Anuario de Eusko Folklore-n, Igela-ko zuzendaria izan zen, eta orain Baionako Bulletin du Musée Basque-n, Cuadernos de Etnografia Navarra-n, Fontes Linguae Vasconum-en eta abarretan idazten du, eta itzulpenak ere egin ditu. Hiru sari literarioren jabe da. Esan genezake Zientziak eta Letrak lotzen jakin duela, literatura eta etnolinguistika batera eginaz. Euskal Herrian beti egon da presente nahiz eta Parisen bizi, bere lanen eta harreman pertsonalen bitartez. Euskal Kultura, eta konkretuago Literaturaren berrikuntza garaiean parte hartu zuen eta onduko bere lagun bitaz hasten gara berbetan:

Jon Mirande, herri tipiarentzat eman dezagun, pixkat originala zen, eroa. Garai hartan abertzalea izatea eroa izatea zen. Ez da ibili behar abertzalea izatea eroa izatea zen. Ez da ibili behar abertzaleekin, esaten zuten, erotu egiten bait da. Batzuk eroa zela esaten zuten, eta beste batzuk profeta zela: Kristori bezala.

ANAI.— Mirande aspertu egin zen Euskal Herriaz?

TXOMIN.— Bai, aspertu egin zen eta guk ez genuen konbentzitu. Ibiñagabeitia eta ni ez ginen haren eritzia-kideak eta ez genuen bildu. Adiskide asko zituen, mota guztietakoak eta bakoitzarekin bere une onak zituen: nirekin euskaltzale zen, beste batekin sozialista, beste batekin faxista, edo integrista edo tradizionalista, baina ez zuen admititzen Euskal Herrian gertatzen zena. Bitxia zen. Gero, ba zituen bere problema pertsonalak ere, lanarekin eta, eta gaixoa ere ba zen nerbioetatik eta depresioak zituen, zain-hausketak... Lo-erremedioak ere hartzen zituen eta behin 15 egunetan jarri zuten lo eta handik atera zenean gaizkitu egin zen. Mirande oso adiskide zen Aresti eta Etxaiderekin; hauek ziren bere adiskiderik onenak.

ANAI.— Eta Gabriel Aresti?

TXOMIN.— Azken urtean, hil zen urtean, bakazioak elkarrekin pasatu behar genituen, Ea-n, itsasbazterrean. Orain oso guti aurkitzen den espiritu zabala, oso zabala zen. Eritzi eta kontrario guztiak admititzen zituen. Miranderen oso kontrario zen baina oso adiskide ere bai. Euskal Literaturari saio usaina, zuen kimika usain fuertea kendu zion, bizitasuna emanez eta kreazioa bultzatuz.

Bere idazlanen zerrenda irakurtzen diot ondo dagoen jakiteko eta begira nolako abenturak eta desbenturak kontatzen dizkidan:

 Euskal Herriko Ekonomia.- Dibulgazio lana zen, ekonomia eta geografia hartuz, eta 150 bat orrialde zituen. Bibliografia asko erabili nuen hura egiteko. Juanito San Martini eman nion eta honek Oñatiko bati; hainbat denbora pasa ondoren euskaraz idatzi nion Oñatiko honi, eta españolez erantzun zidan lan hori ez zuela sekula ere ikusi erantzunez. Beraz, ez dakit non paratu den, galdu egin dute.

 Tximinuen segeretua.- Nobela poliziakoa. Euskaltzaindiak antolatutako sari batetara presentatu nuen beste izan batekin, hiru kopia bidaliz. Laugarren bat nuen eta Txertoa-k eskatu zidan. Erdarara itzuli zuten eta zentsuraren baimena lortu zuten, baina gero esan zidaten "guk ezin dugu euskaraz publikatu baina kontaktoan jarriko zaitugu I. Sarasola eta Saizarbitoria-rekin" eta bildu ginen Zarautzen; emaztearen aurrean eman nien eskura publikatzeko eta aurkezpen bat egin nuen eta haiei bidali; handik sei hilabetez idatzi nien eta zera erantzun zidaten: "ez zutela sekula nire aurkezpena ikusi ez eta nire nobela hartu", beraz, hori ere galdua da. Lau kopia egin nuen, eta ene ustez nahikoa zen, baina... Beste hirurak Euskaltzaindiak izan behar ditu nonbait.

 Emazte goxo bat.- Beasaingo nobela laburren saria irabazi zuen, eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxak publikatuko zuela esan zidaten baina ez du egin. Hordago-k ba du kopia bat hortaz.

 Jon Miranderen Mito-Hiztegia.- Bilbon, Deustuko Unibertsitatean hitzaldi bat eman nuen erakusteko nondik zetozen haren obran agertzen ziren mitologiak: euskalduna, keltikoa, grekoa, erromatarra eta holako gauzak. 80 orrialdetako lana zen eta Alfontso Irigoien-en eskuetan utzi nuen: publikatu behar zuen baina ez du egin, eta Hordago-k ere ba du kopia bat.

Beste liburu bat ere ba dut idatzia, ene ustez inportanteena dena, Argeliako iraultzaz. Saio bat da, eta ondotik 8 ipuin idatzi nuen hango eguneroko bizitzaz. Enfermero bezala egon nintzen han gerra-denboran eta arabiera ikasi nuen. Herriko jendearekin hartuemanak nituen eta iraultza baino lehen, iraultza garaiean eta iraultza ondotiK nola bizi ziren estudiatu nuen. Ipuinak hango bizitza kontatzen dute: frantsesena, arabiarrena, presoena, enboskadak nola egiten ziren eta abar. Hori ere Hordago-koen eskuetan dago.

Orain ez dut literaturarik idazten. Ez du balio. Ez da publikatzen.

Dena den, ba daukat saio nahiko luze bat ahaztutako autore zuberotar batetaz, XVIII mendean filosofiaz eta historiaz idazten zuena euskaraz: Joseph Hegiategi. Euskaltzaindiak azkenik egindako bileran aipatua izan da.

Orain dela hamairu urte deskubritu nuen, Pariseko Bibliotekan obra bat zegoelako, eta orain beste obra bat deskubritu dut. Beren lehen liburua "Filosofo Euskaldun" deitzen da eta Mitxelenari eman diot, egunen batetan publikatzeko. Liburua kopiatu egin dut eta ehun bat orrialdetako oharrak egin dizkiot aurkezpen batekin. Filosofia kristianoa eta kritikoa da garai berean.

Beste obra hau begira nola deskubritu nuen: Pariseko Biblioteka Nazionalean katalogoa oso txarto egina dago. Ba zegoen eskuiskribu bat "Les proverves de M. Oihenart", eta nik esaten nuen, ba dakit zeintzu diren Oihenarten esaerak, ez dut ikusi beharrik, baian egun batez eskatzen dut eta halako liburu handi bat ekartzen didate, eta esaten dut, baina hori ezin da izan Oihenarten esaerak, eta non ikusten dut, eman dezagun, 40 orrialde edo Oihenarten esaeraz baina ondotik Hegiategik egin zuen enziklopedia bat, historiaz, filosofiaz eta deretxoaz, euskaraz eta frantsesez, eta hartan sartzen dira Zuberoako historia, protestantismoa, fueroak eta halako gauzak, eta gero ba dago filosofia historikoa: filosofo grekoak, erromatarrak eta bere denborakoak. Izugarrizko euskara erabiltzen du: Zuberoako euskara zaharra Larramendiren hitz berriekin, Lapurdiko hitzekin; euskara batu bat nahi zuen egin eta euskara batu bat egin zuen. Eskola-maisua zen eta autore interesgarria da Larramendiren ideiak eta teoriak nola zabaldu ziren Zuberoaraino ikusteko, eta ez-intelektual baten filosofia ezagutzeko. Herriko gauzetan kontserbadorea zen baina kritikala ere bai, eta batzutan kontserbadorea nahi du izan baina kritika gainditu egiten da; Elizaren kontra eta orduko gizartearen kontra agertzen da, orduko aberatsak eta burgesia sortu-berria kritikatuz. Euskal Herria salbatzeko aberats sortu-berriak baztertu egin behar direla esaten du, eta salbatuko dutenak populua eta aitonen semeak (nobleak) direla. Kuriosoa da. Lan hori oraingo euskaran ipintzen ari naiz baina oraindik ez dut bukatu.

Donostiako Bibliotekan ba dago Hegiategiren lan bat "Ekonomia domestikaz" baina kopiatzaileak ez zekien euskaraz eta hutsez beterik dago.

Momentu honetan beste gauza bat ere egiten ari naiz: Zuberoako idazleen lorategi bat, antologia bat. Hordagok eskatu zidan eta ba dut 150 bat orrialde eginak Zuberoan bakarrik idatzi denaz, gauza zaharrak —XV eta XVI mendekoak— eta berriak nahastuz.

Txomin pertsona berbatsua da, baina ez berba-lapikoa, horregatik nahiko da ideia bat botatzea berak hartaz hiru-lau minutu hitz egiteko arazoa sakon analizatuz. Aurretiaz nekien gaurregun Zuberoan Phastuala edo Pastorala dela eta ez dela, neskak sartu ala ez sartu dabiltzen eztabaida, eta hori azaltzeko eskatu nion.

Eztabaida bat dago. "Iparraguirre" izan da lehenbiziko Pastorala gizon eta emakumekin emana, baina jendeak ez daki zergatik den hori. Aintzinean, gizonak eta emakumeak batera batzen zirenean teatroa emateko eskomulgatu egiten ziren botinajeak edo nahasketa sexualak egon ez zitezen baina hori Europa osoan izan zen eta orain lege hori kenduta dago. Beste alde batetatik, orain pastoralak idazten ari den bakarrak, Aita Jules Casenave-k, erlijio kutsua kendu dio eta teatro laikoa bihurtu, eta eszenarioan populua, herri xumea nahi du jarri eta orain arte ez zen onartzen hori. Sujeta, heroea behar zen, borrokalari bat, santu bat, errege bat, bertsolari bat, eta orain eguneroko bizitza nahi da jarri eta batzuk ez dute admititzen. J. Casenave-k bi pastoral idatzi ditu "P. Basaburu" eta "M. Basaburu" gizonezkoen eta emakumezkoen eguneroko bizitzaz eta borrokaz eta hori nehork ez du eman nahi teatroan, "baina ez dago heroerik" esanaz. Gizonezkoen eta emakumezkoan nahasketa zaharrek ez dute onartzen baina gazteek bai.

Beste problema bat, jendearen falta da. Herri batzutan ez da gazte nahikorik pastorala emateko eta orduan bizpa-hiru herri bildu behar dira.

Nik Casenave-ri pastorala aldatzea proposatu diot, pastoral komikoa (asto lasterra) berbiztuz, trajeak aldatuz (orain Napoleon III garaiko soldadu uniformeak eta jantziak erabiltzen dira), musikak ere aldatuz (oraingo martxak XIX mendekoak dira, eta aintzinan biolonarekin eta txirularekin laguntzen zen). Roger Idiart-ek egin ditu musika berri batzu, kantuak eman dezagun, baina gorrien eta urdinen martxak aldatu behar dira.

ANAI.— Pastorala hiltzeko arriskurik ez dago horrela?

Krisis pixka bat ba dago eta aurten ez da pastoralik izango baina uste dut berbiztuko dela. Idazleak ba daude eta teatro egileak egongo dira nonbait. Zaharrek esaten dute pastorala aldatzen bada ez dela inor ikustera etorriko era hil egingo dela. Baina jendeak berrikuntzak onartzen ditu: kantuan, eman dezagun, Niko Etxart-en kantaldietan jende pila bat dago, dantza berriak ere onartzen ditu, era orduan, zergatik ez du teatroan berrikuntzarik admitituko? Gainera gaiak aldatu egin dira: aintzinan santuak, bibliako pertsonaiak, frantsez erregeak ziren, eta orain pertsonai euskaldunak etorri dira; aldaketa handia izan da eta inork ez du ezer esan.

Eta hemendik Zuberoaren egoera sozio-politikora pasatzen gara.

ANAI.— Baina ohitura zaharren zaleok edo kontserbadoreok nortzu dira?

Kontserbadoreen artean ezkerreko jendea dago, eta kontserbadoreak dira gauza bategatik, uste dutelako aldatzen baldin bada abertzaletasun ideiak sartuko direla horren bidez. Beste alde, hor dago ETA eta ENBATA-ren arazoa. Zuk euskaraz idazten duzu eta esaten dute: hori ETA-koa edo ENBATA-koa da, berehalaxe, eta hori insulto bat da, horrekin esan nahi bait dute "hori ez da ezer" edo "pixkat eroa ala nahasia da".

ANAI.— Gure ikuspegitik ez da hori argi ikusten. Zuberotartasuna eta abertzaletasuna aurka dauden kontzeptuak dira ala?

TXOMIN.— Bai aurka, aurka daude. Nik ezagutzen ditut oso frantsesak direnak eta euskaraz hitz egiten dutenak, eta Chirac-zaleak, eskuindarrak, Miterrand-zaleak eta denetarikoak euskaraz hitz egiten dute baina ez dute nahi jakin ezer abertzaletasunaz, ezta Euskal. Departamenduaz ere. Kontra daude.

ANAI.— Euskal kulturaren kontra ere bai?

TXOMIN.— Haientzat orain arte, eman dezagun pastorala, babes bat zen. Ba zegoen pastorala eta Etxahun, eta hori paret bat zen eta haren babesean nahi dute egon: besterik ez dute nahi entzun ere. Ez dute nahi ikastolarik, euskara batua erdi española delako, era benetako euskara Zuberoakoa delako, eta Zuberoako Ikastolan zuberoera irakasten da eta ez dute euskara baturik nahi.

Begira, ni telebistan izan naiz emisio batetan eta hamar minutuz mintzatu naiz bi alditan, ba, zuberotar bat etorri zitzaidan nire ikustera eta esan zidan "ba dakizu, niri ez zatzaizkit bat ere gustatzen, zuen bazter hartan ikastolak ari bait dira zabaltzen eta ikastoletan ez bait duzue egiazko euskara irakasten, baizik erdi española" eta orduan eskuen artean bait nuen J. Luis Davant-ek ikastoletarako egindako liburu bat, esan nion: liburu hontan hatzematen ba duzu hitz bat españulez txanpaina bat hartzen deizüt. Konprenitzen duzü?, eta berak: bai, bai, baina hau ez da irakasten dena. Beraz kontserbadoreek, euskara batua erdi española dela uste dute.

ANAI.— Ba, Bizkaian behintzat, batzuk berdin pentsatzen dute baina aldrebes: behin, kontserbadoreen elkarte batetako buruak esan zidan euskara batua erdi frantsesa zela, beraz, kontserbadoreak bat datoz mugaren alde bietan.

TXOMIN.— Bai baina gurean kontserbadoreak ezkerrekoak dira, eman dezagun sozialistak, ez dut esan nahi gazteak, baina bai 50 urtetako jendea. Beti daude horretan: guk ez dugu bakerik ETA-KOEN ERRUZ; ETA-koak guretzat kaltegarriak dira; gu hemen mugan gaude eta atzean ikusten dugu español armada eta beldur ematen digute; gu ez gara lasai egon ahal.

ANAI.— Iparraldean, eta Zuberoan ere bai, noski, Euskal Kulturan apaiz asko dago. Zer diote horretaz kontserbadoreek?

TXOMIN.— Hori dela eta, Euskal Kultura apaizena dela diote eta berak laikoak direla.

ANAI.— Eta orain Etxahun hilda, laiko bat gutxiago kulturarako, ez da?

TXOMIN.— Etxahun gauza bitxia zen. Sozialista zen (frantsez sozialista, ez EHAS-koa) eta pastoralak idazten zituen, eta bere pastoraletan ba daude zati osoak abertzaletasunez beteak, Euskal Herriaren alde, euskal borrokaren alde, baina jendeak ez du kasorik egiten, eta ez dira konturatzen abertzaletasunaren aldeko mezu bat direla, eta hori txarra da.

ANAI.— Miterrand-en garaipenarekin gauzak ez dira hobetuko?

TXOMIN.— Orain, frantsez sozialistak euskararen alde atea dira, eta Zuberoako sozialistak harrituta daude, harrituta!, ez dakite zer pentsatu. Gaur, Atharratze-ko alkateari euskaraz egiten badiozu, euskaraz erantzungo dizu, baina lehen ez, lehen "ez zekien euskaraz" nahiz eta jakin. Ulertzen duzu?

Ba da diputatu sozialista bat oso euskaltzalea dena, eta Euskal Departamendua egiteko hitza eman dute, baina orain kontsulta bat egin behar da, eta kontsulta hori ez da pasatzen. Euskal Departamendu horretan alde batetik euskaldunen erantzun hotza dago, eta bestetik % 60 ez dira euskaldunak ez eta euskaldunen semeak ere, kanpotarrak dira eta horiek ez dute nahi. Ez dago inongo laguntzarik. Adibide bat gauzak nola pasatzen diren erakusteko: Euskal Departamenduaren aldeko zerbait propaganda egin denean, Zuberoako aldizkariek ez dute aipatu, eta orain esaten dute "zer da Departamendu hori, sekula ez dugu entzun eta?".

Berdin gertatzen da talde kulturalekin. Ba dago talde bat "SUHAZIA" euskararen alde lan egiten duena, 50 lagun dira, eta zerbait egiteko prest dagoena, baina beti gertatzen da lehen pastoralekin gertatzen dela esan dizudana: beti dago freno bat atzetik.

ANAI.— Zuberoako euskal kulturaren etorkizuna?

TXOMIN.— Kultura biziko dela uste dut, baina hizkuntza gaizkiago dago. Eman dezagun 17 herritan guztiek dakitela euskara, baina beste 18 herrietan zaharrek eta adinekoek ba dakite, baina 20 urtez azpian ez da hitz egiten, editzen dute, entelegatzen dute baina ez dute hitzik egiten eta umeek ez dakite ezer. Gaur zerbait aldatu da eta euskara prestigio pixka bat hartzen hasi da, baina beranduegi gauza askotarako, umeentzat adibidez. Komertzioetan eta bankuetan eta, lehen askoz gehiago erabiltzen da; lehen toki hauetan euskaraz hitz egin eta frantsesez erantzuten zizuten, eta gaur ez, baina...

ANAI.— Emigrazioa handia da, ez?

TXOMIN.— Lehen bai, baina orain jendeak ez du emigratu nahi, eta ba direla bizpa-hiru urte jendea ez da joaten Zuberoatik, eta joaten diren gutiak departamenduan gelditzen dira, Lapurdin, Behenafarroan eta Biarnon, baina ez dira Parisera joaten, eta hau herrian gelditzeko lehen pausua da.

Denbora aurrera zihoan eta elkarrizketa amaitu beharra zegoen, Txomin egun batetarako baizik ez bait zen etorri U.E.U.-ra eta jende askok nahi bait zuen agurtu. Orduan, amaitzeko Euskal Literaturari buruzko galdera bi zuzendu genion: bat, Euskal Literatura gaien aldetik itxiegia ez da?, eta bi, krisian dago?, eta hona hemen bere erantzunak:

Uste dut gaurregun euskaldunen artean ez dela unibertsalismoa onartzen. Nik orain lau-bost urte Polonia eta Rusia bisitatu nituen eta lan bat egin horretaz, baina ba dakit hori ezin dela publikatuko ez duela inork nahi. Argeliari buruzko ipuin bat publikatzerakoan behin esan zidaten "hori ez da euskal gaia eta ezin da izan euskal literatura". Orduan, zer egin behar dugu, silborra begira egon? Hori ez da... POTT-ek zuen zabaltasuna gustatzen zitzaidan, baina orain ez da argitaratzen eta...

Krisisa?, bai krisisa dago, baina krisis-garaiean gauzak hobetu egiten dira. Euskara gorputz bat bezala da, eta gaixotu egiten da, baina gaixotzen denean beste gauza batzu egiteko prest dago gaixoalditik irteteko. Krisisa dago baina beharrezkoa zen. Garai batean literaturak polo batzu zituen eta polo horik galdu dira, Mirande, Aresti eta horiek galdu egin dira, eta oraingo literatura pertsonalagoa da, eta poesia aldetik ez dut uste txarragoa denik. Aresti zerbait zer poesian, ez bait zegoen ezer aurretik (Orixe eta halako batzu) eta orduan izar bat bezala azaldu zen. Orain aberastasun gehiago dago eta ez ditugu izarrak ikusten, izar asko denean ez bait da izar bat ikusten.

Agurtzean gauza bat baino ez genion eskatu: ez etsitzeko, nahiz eta lanak publikatu ez eta mila zerrikeria egin, ez desesperatzeko, Euskal Herrian, era gaurregun inoiz baino gehiago, lan egiten dutenak behar bait ditugu. B. Brecht-ek esan zuen moduan, "egun batez burrukatzen duten gizonak onak dira, baina bizitza osoa burrukan ematen dutenak dira ezinbestezkoak".

J.R. BILBAO


Gaiak

Euskal Unibertsitate berriaren alde

"Agurtzen dut Nafarroa, agurtzen dut Iruñea, euskaldunen hiri nagusia. Euskaldun maiteok, agur".

Ez natzaizue esaten hasiko Euskal Unibertsitatea beharrezkoa dela, ez eta zergatik beharrezkoa dugun. Nere gaurko jarduna Euskal Unibertsitatea "zertarako behar dugun" izanen da.

Azken hogeitabost urteetan, erresuma askotako Ikastetxe Nagusietan galdera berdinak egin dira: Nora goaz? Noren alde? Zeri buruz goaz? Batzutan borroka latzak ere gertatu dirade; beti, Unibertsitate Erakundearen helburuak ta balorea zalantzan jarriz. Zoritxarrez Udaberri ta Maiatza eder horiek ez dute, itxaroten zen fruta ta emaitza ederrik ekarri.

Orain arte gure Erakunde nagusi horien egitekoa, horien xedea zen: jakintza erakastea, gero ahalik eta ikaslea, gizartearen onetan, ikasiaz balia zedin. Hau teorian.

Praxiaren ikerketak erakusten digu, ordea, nola filosofoak eta unibertsitariek ez duten gizartea moldatu, ez aholkatu, baina jarraitu, justifikatu. Gizarteari moldatu ez direnak benenoa edan, gulaga ezagutu, eta herri liberaletan diru laguntza gabe gelditu. Gizartearekin konformatze horrez beren buruak garbitzeko, Frantzian gure unibertsitarie diote "eztela zopan txisturik bota behar" eta ez dute aditzen nola euskaldun unibertsitariek ez duten oroz lehen frantsesaren alde borrokatzen, sabelaren eskez, onez.

Ikus dezagun orain aintzinako unibertsitariak nola gizartearen aurrean belaunikatu diren. Jakintzaren etikak orain arte, Izadiaz, Naturaz baliatzea oinharri bezala izan badu, produkzio horren, ekoizpen horren betetzeko hirur indar erabili ditu gizonak: lehenik, gizon esklaboaren beso indarra, bigarrenik aberen indarra, azkenik Izadi hilak eta Mekanika eman energia. Lehenbiziko indarraz Aristoteles-ek zioen: esklaboa ezta gizona, beraz nola nahi erabil diteke". Pentsalari handi hori gizartearen garbitzeko, giza eskubide ta zuzenen ukatzaile, agertzen zaigu.

Bigarren indarraren erabilpenak, XVII.garren mendean eztabaidak sortu zituelarik, Pascal frantses filosofoak eta ondotik unibertsitari guziek, oihukatu zuten" "Aberea ez da izakia, tresna hutsa da horregatik jan eta erabil diteke".

Hemeretzigarren mendean, azken indar berrien erabilpena haziko denean, garatuko denean Fisiokratekin hasi Ekonomiazaletaraino, Positibisten gaindi "Gizona Izadiaz kanpo dago" erakatsiko da ta garai berean "Izadia ekai hutsa da gizonaren zerbitzuko". Aurrerapena progresua mitu bezala zabalduko da eta hunen izenean, makinen bazkatzek batzuen aberasteko Izadia molda, alda, desegin dezakegu Izadiaren zuzenak ukatuz, hala nola egin zuten atomazko bonbaren aita diren, Einstein ta Oppenhaimer-ek.

Beraz, euskaldun maiteok, unibertsitari ta filosofo handienak gizarte baten eskupeko jarri dira, berriztapen ta aurrerapen delakoen izenean.

Gure egunetan, baldin iñor ezpada, benetan, progresuaren aipatzen eta goraipatzen ausartzen, idealismu gutiago duen eta beharbada kaltegarriago den mitu baten menpeko erortzen gara. Frantsesek ahoa bete "développment", españolek "desarrollo" eta guk "garapena" diogu. Grape Garapena, bai garapena, ez ote du Bizkaiko gara, lore baino gehiago Kastillako pena gehiago ekartzen?

Badakizue, ordea, garapenaren izenean oraingo unibertsitari jakintsu batzuk, industriatu erresumetan, Izadiaren eta gizonaren menpekotasuna onhartuerazi nahi digutela. Bai, gizartearen salbapenak goiti behera, hierarkiaren bidez, jaitxi behar luke; horregatik erabat kapitalista, nahiz erabat komunista diren herriek gizonezkoen Gizadiarta naturaren Izadiari eskubideak murrizten ukatzen dizkiete, Onura Orokor baten gatik eta bat eginik, Industriaren garapena helburutzat harturik, beharrune sortzaile ta mundu zapaltzaile bihurtzen.

Europatarrok, ekonomia mailan, hogei bat urte beranduarekin Ipar amerikatarren pentsa moldeak eta industriagintza jarraitzen ditugu, haien eredua okerretaraino imitatuz; berriz gizartearen geroari buruz, Euskadin behintzat, batak Errusiaz, besteak Xinaz, azkenak Cubaz amets egiten dabiltza.

Euskaldun unibertsitariek beste egitekorik behar luteke, beste helbururik, ideia horiek gizartea bortxaxetan badute ere: ez gara, ez ideologia baten zerbitzuko, ez eta oposizio hutsezkoak izanen ere, baina gure herriaren neurrian, gure Izadiaren aberastasunekin, jende bakoitzaren garapena ta eskubideak, ahal bezain ongi, zainduko dituen gizarte egitura bat pentsatuz.

Beraz, euskaldun unibertsitariok konzentzia bat izan behar duzue; hortarakotz, uste dut, baldin Unibertsitateaz kanpo teknikak eta jakintzak ere ikas baditzakegu eskolatu guziek ideien irazki ta garbitegi lizatekean Euskal Unibertsitate berri batetik pasatu behar genukeala, gizonaren, izadiaren errespetua ikasteko, gizarte abstraktu batena baino. Hortarako ere gure gogoak aldatu behar ditugu, itsumendu askok batetik bestera bortitzki erabili gaituztelakotz euskaldunak; geronen kontrasanekin aski ez bagenu bezala, kutsatu gaituzten estatu erdirakoi eta tormentatzaileen eskupetara erori gara eta nekez zutitzen, beren akatsak hartu ditugulakotz.

Nahikoa da, aski da, egun batzu Bilbo aldean emaitea ikusteko, zer axola dugun euskaldunek Izadiaz, lurraz, aireaz, uraz. Ez uste horregatik atzeraka nola nahi ibili behar dugunik ez eta aize garbidun otsezko herrietan gauzak hobeki joaiten direnik ere: esate baterako, euskaldun artzaina aspaldidanik zuhaitzaren etsaia da eta Nafarroa Beherako ta Garaiko mendi gorrituek erakusten digute, mendiak erretzeko, errakin egiteko ohitura Atxarra eztela berealaxe galduko.

Baldin atzera egitea ez bazaigu zilegi, ez zaigu komeni, beste bi dialektika berri nagusien menpean jarraitzea. Lehenak, industriakeria izenda genezakenak, dio "langile berriari lan emateko, zaharrari berriztatzeko, geroago ta gehiago lurra ta lurpea esplotatu, hutstiraz behar ditugula.

Teoria honek triunfalkeria kutsua du eta Euskadin behintzat, kaletar; modan dago urbano, hiritar hutsa izatea, ta auzokoa baino hiritarrago izan nahi horrek. Bai nahikunde horrek parre ta irri eragiten dit: Parisen jaio eta beti Parisen, orainarte, bizitu izan naizelakotz. Gogoarekin ari naiz askotan" Euskal Herriak eta euskaldunek ez dute hi bezalako baten, beharrik berak baino kaletarrago den baten beharrik". Kaletar ta euskaldun on izateko, Izadia, Natura, gutietsi, mespretxu handian eduki behar da. Ez ahal zuen euskal kritika batek, aurrerapen handi bat bezala miresten euskaldun kaletar askok ez zituztelakotz pago ta haritza bereizten, ez hitzak ere ezagutzen (Gernikako arbola nonbait ezta haritza izenda-banana ondoa) Zer poza! zuhaitzak izendatzeko arbola hitza baizik ez ezagutzea. Parisen eskola apur bat dugunok bereizkuntza horren egiten badakigu, probintzialkeria ta kaletaberri esnobismu hortara erori gabe.

Naski, hiritarkeria hori, beste keria baten aurkako, beste bati ihardokitzeko sortu to ez ahal gara Euskal Herrian gehiegikeria jokuetan trebeak izan? Denbora batean, eta eztu aspaldi, gure herrialdea paradisua, urrezko garai ezagutu omen zuen; orduan egiazko euskalduna baserritarra zen ta hirian bizi zenak, euskaldun izateko, lan kasta horren ohiturak eta itxurak hartu behar zituen, euskaldun on diploma ardiesteko ezta euskal idazleek —Lizardi iritxi arte— moda hori zabaldu digute.

Orain, ordea, liburuak eta liburuzaleak utzita, lurrera itzuliz, hain zuzen Bizkaia ta Gipuzkoa eskualdeetan laster ez da baliman aski nekazaririk izango; azkenak, beren mendiak eta belardiak pinu basoz estal eta lañoari ihesi kalera doatza ke irestera. Eskierki, baserritar ta nekezari eredua gehiegi goratu eta goretsi da, gainera hala idazten zutenek sardea baino hobeko ezagutzen zuten luma ta ez zituzten beren liburuak golde batekin trukatuko.

Halaz ere ez zaigu alderantzizko akatsean erori behar, bai baserritarrak ere euskaldunak baitira, jatorrak, egiazkoak, beharrezkoak besteak bezala.

Ez ahal dugu Euskaldunek azkenean kanpotarrek ekarri gehiegikeriekin, behin behin, hautsiko; gizartea bortitzki inarrosteko ordez, ez ote dugu ikasiko gauzak argian ipintzen, bestelan ziberotar idazle batek idatzi zuena gertatuko zaigu:

"Eta gau batez, gordailuz, gudari, mugazaiñak hil eta guztieak Ameriketarat ihes egin zuten".

Ailedi ez holakorik gerta! Oxala eztadila hola gerta! Saia gaitezen, gogoak aldaturik, gure soluzio eskaintzen, dakigularik gure eta besteren akatsak zein diren.

Herri txipi batek ezin duela bere geroaren jakintza bat, filosofia bat eratzen eta beste herri industriatu guzien huts eta akatsetarat erortzea komeni zaigula, uste badugu, ez gara oraindik koloniakeriatik sendatu; utz ditzagun, modan dauden herri handi sistemak gure herriari guti egokitzen direnak eta egin Islandian bezala beheti gorako egitura berria, ekoizpena eztadin izan azkenean gizonaren kaltetan.

Hortarako, gogoak aldatu ondoren, gure egiteko handiena Euskal Herriaren giza, bizidun, lur, lurpe ta itsaso aberastasunen inventarium oso, egitea da, gero Siadeco-n, U.E.U.-n, eta Gazteizen hasi duten bezala, geroari buruz plangintza hobeak eskaiñi ontasun orokor horien zaintzeko.

Badakigu Unibertsitateak ez dituela, gizartea aldatzeko poter beharrezkoak eskuetan, baina haren, Euskal Unibertsitate berriaren eginbidea aginte guzieri bere botza entzunaraztea, bai sindikatei, bai alderdiei, bai sinismenei. Eztugu bi mila urte horietan egin den gisa gizarte egoera baten buru garbitzaile izaten jarraituko, ez ukatzaile its ere.

Zeren baldin atzerrietan asmatzen dena teknika arloan eta jakintza alorrean, probetsugarria izaten bazaigu, ez ahatz, ez gal gogotik ez dugula ez aurrerapen baten, ez berriztapenaren, ez garapenaren izenean, kanpoko eredua euskal zuhaitzean txertatuko —barkatu, txertoaren nekazar irudia, baina medikuntzan ere erabiltzen da— Holako txertoarekin gure Euskal Herri maitearen bizia agortzeko arriskua izanen dugu. Eskandinabiako herri txipi batzuek, gure aterabidea bila genezakeala erakutsi ditugu. Baldin mundu zabalak ezpadaki ere eta Gernikako zuhaitzak Euskadin ematen baditu frutuak, gure nortasuna, gure heziera daukagu herri bizi bat izango gara, iraungo dugu, nahi dugun anaitasunean gozatuko.

Sermoi huts honetan nahikoa esan dut, zer behar lizatekean egin eta orain, nere buruari erran dezaiodala: "aski mintzatu haiz, isil adi!"

Txomin PEILLEN (Uzei-ekoak)

U.E.U.rentzat

Iruñean 1981.ko uztailaren 20.an

***

Txomin Peillen-en Bibliografia

1957.- "Xuberoan artzain": Anuario de Eusko Folklore. Col. Aunamendi. Donostia. (Jean Peillen-ekin batera).

1960.- "Euskal Herriko Ekonomia": galdua

1962.- "Xikitoak": Igela, Paris.

1962.- "Azken Inkesta": nobela, argitaragabea

1962.- "Tximinuen segeretua": nobela, galdua.

1962.- "Tristan eta Isolt": nobela, argitaragabea.

1964.- "Amodiozko baratzetan": Gure Herria, Baiona.

1965.- "L'élevage ovin dans le Pays de Soule": Bulletin du Musée Basque, Baiona, (Jean Peillen-ekin batera)

1967.- "Gauaz ibiltzen dana": 1964. urteko Domingo Agirre sariaren irabazlea. Kuliska Sorta. Zarautz

1972.- "Itzal gorria": 1966. urteko Domingo Aguirre sariaren irabazlea. Kuliska Sorta. Zarautz

1972.- "Recueil des recettes vétérinaires de Jauréguiberry": Bulletin du Musée Basque. Baiona.

1973.- "Gatu beltza". Gero. Bilbo.

1974.- "Latin-Euskara hiztegia. Anatomiaz": Elhuyar, Donostia,

1975.- "Heriotza biologiaren ikuspegitik": Elhuyar, Donostia.

1975.- "Zaharreria, haren ezagupideak": Elhuyar, Donostia.

1975-76.- "Eske-pertsuen bilduma": Cuadernos de Etnografia de Navarra. Iruñea.

1976.- "Alberto Magno euskaraz": Bulletin du Musée Basque, Baiona.

1976.- "Jon Miranderen idazlan hautatuak": Gero, Bilbo.

1977.- "Emazte goxo bat": Beasaingo nobela laburren sariketako irabazlea.

1976.- "Jon Miranderen mitu-hiztegia": Hitzaldia, Deustua-Bilbo.

1978.- "Burla egiteko soinuak Xuberoan": Fontes Linguae Vasconum. Iruñea

1979.- "Galdera Xuberoako euskaran": F.L.V. Iruñea

1979.- "Igela". Hordago. Donostia. (Jon Mirande-rekin batera)

1979.- Haurren ipuinen itzulpenak: "Errotaria Errege", "Bufalo Bill-en abenturak", eta "Mirko printzea".

1980.- "Gonzalo de Berceo eta euskara": F.L.V. Iruñea.

1981.- "XII mendeko euskal sineste zahar bat": F.L.V. Iruñea.

1981.- "Irinetik ogirat": Bulletin du Musée Basque. Baiona.

1981.- "Lexique Basque de l'Anatomie". Tesi doktorala.


Gaiak

U.E.U.: Urte osorako Ekintza Ugalkorra

IX. UEU AMAITU DA. GORA X. UEU! Honela entzun genuen abuztuaren 1'ean Iruineko Larraonan aurtengo UEU amaitutzat emateko egindako asanblada nagusian. Nire ustez ihazko asanblada nagusiarekin konparatuta aurtengoa aktiboagoa izan da, jende gehiago hartu duela parte (idazkari-taldea ere pozago ikusi genuen). Izan ere, etorkizunerako arazo batzu plazaratu ziren han: unibertsitate ofizialarekiko harremanak, hurrengo urtean non egin, etab.

Baina zeozer falta zaigulakoan nago, gure zereginaren beraren kritika sakona, hain zuzen. Gizarte-mailako kritika, jakina. Txomin Peillen-ek aurtengo sarrera hitzaldian (ikus ale honetan) zioenez:

 "Nora goaz?" Noren alde? Zeri buruz goaz?". Kritika horren beharrean aurkitzen gara, eta etengabekoa izan behar da UEU udarako hamabostaldi batean Euskal Herriko txoko batean egiten den zeozer izan ez dadin. Nondik etorriak garen ba dakigu: Ustaritzetik eta hantxe egiteak zeuzkan kausetatik. Baina nora joan gura dugu? Norekin? Noraino?

Ez dut UEUren historia osoa ezagutzen "mundu" horretan orain gutxi sartuta nago eta. Hala ere, eta oker ez banago, oso kritika gutxi egin da ohiturazko agirietaz gainera. Buruan daukat orain J.M. Larrazabal-ek Zehatz aldizkarian egindakoa, soilik. Idazlan honen bitartez neurea bota gura nuke. Egia esan lainoturik nago, ez dut dena argi eta garbi ikusten. Horrexegatik behar dut neurea bota eta zuena hartu. Elkarrizketa zabaldu bai noizbait UEUkide izan garenon artean eta bai kanpotik ibiltzen direnen artean ere.

Agirietan ageri ohi denez helburua hauxe da: unibertsitate nazionala, herritarra, euskalduna eta zientifikoa. Hitzen banaketak ideien zatiketa ezin ekarri dezakeenez eta hitzok elkarren arteko osotasunean aztertu behar direnez saiatuko naiz nahastuta erabiltzen. Hitzak hutsak utz ez ditzagun.

Nazionala, herritarra, euskalduna, zientifikoa, denak dira izenlagunak "unibertsitate" hitzari eransten dizkiogunak. Zer da, ba, unibertsitatea? Nondik nora gauza hori? Berdinak al dira Opus-ekoa eta Sorbona? Berkeley eta Errekaldeberriko unibertsitate herritarra? Zein tankerako unibertsitatea lortu nahi dugu? ARGIAn (918) UEUko idazkariak horrela dio: "Egia esan guk horretan ez dugu asko pentsatu". Eta hau ez da idazkaritzari leporatu behar zaion zeozer, ez eta gutxiago ere; hau denon konpromezua izan behar da, UEU zelan edo halan gorputzen dugunona.

Nire ustez garrantzi handikoak diren elemento batzu aipatuko ditut, Uztaritzen 1975. urtean egindako agerpenean azaltzen direnak:

 "Eta, jakina, (Euskal Unibertsitatea) ideologia menpetzaile oro gaindituz ihardun behar du. Honek guztiak, funtsean, elemento hauk eskatzen ditu:

- Ikerkuntz eta hezkuntz tresna egoki eta jator baten lortzea.

- Gizartearen eguneroko bizimodua ikertzea, eta gizarte moldean ebazle bihurtzea.

- Sortutako aldakuntza eta dinamikaren egiazko kontrola eta jabetza, herriaren eskuetaratzea.

- Unibertsitatea ez da, bere baitan, hertsiriko zerbait, produkzio eta gizarte munduari lotua baizik.

Udako Euskal Unibertsitatea bera ere, dinamika horretan uler daiteke soilki".

Zer puntutaraino lortu du UEUk "dinamika horretan" egotea, "eguneroko bizimodua ikertzea", "ebazle bihurtzea", "produkzio eta gizarte munduari lotuta" egotea? Oker ez banago (eta oker banago ere neure pentsamendua da) hor aipatzen diren elementuak "funtsa" dira eta hildo honetatik uste dut doala Txomin Peillen-en ideia: "jende bakoitzaren garapena ta eskubideak, ahal bezain ongi, zainduko dituen gizarte egitura bat pentsatuz".

"Ikertzea", "ebazle", "produkzio mundua", "aldakuntza" esaten da, eta honek "zientifiko" izatera garamatza edo eraman beharko gintuzke. Honela dio 1975.eko agerpenak: "Eguneroko problemez ikerketa eta azterketa zientifikoak burutuz, eta era berean, ebazpen egokiak proposatuz, zeren arazo sozial eta politikoek, gizarte baten eraikitzean, zientzian oinharriturik egon behar baitute". Egon behar dute eta daude. Ondo dakigu (?) zientzia ez dela neutrala (interrogazioa jartzen dut zeren honetaz ez dut uste UEUn sakondu denik). Gurea ere ez da neutrala izango. Zientzia beharrak sortu bazuen ere, gaur zientziak sortzen ditu beharrak, kontsumismo itsua, eta gizarte molde berri baten projektuan sartuta bagaude hau kontutan hartzekoa da.

Ezin beti egon besteen zientzia euskaratzen ez nago horren kontra, unibertsalak izan behar dugulako, baina ez dut uste hori itsu-itsuan egin behar denik eta aurtengo UEUn honelako gauza "extraterrestre" batzu izan omen dira), geureari ekin behar diogu, hortarako dauzkagun bideak eskasak izan arren. Teoria hutsetik atera eta praktikara joan, gure inguruak izan ditzakeen behar logikoei erantzunez. Inguru fisiko baten barruan bizi gara ("nazio" hitzak ezin ulertu dezake hori) eta berorrek jarritako muga (ez frontera) naturaletan barrenean bizi behar, "amaiera gabeko progresuaren" gizartea bukatzear dago eta. Honela dio Txomin-ek: "gure egiteko handiena Euskal Herriaren giza, bizidun, lur, lurpe ta itsaso aberastasunen inventarium osoa egitea da... geroari buruz plangintza hobeak eskaiñi ontasun orokor horien zaintzeko". Filosofia "berri" batetan sartzen gaitu Txomin-ek, sartu behar azken bolada honetan sinisterazi zizkiguten mito ekonomiko guztiak desmitifikatu baititu naturak. UEUk erantzuna eman behar dio egoera "berri" honi?

"Gizarte" esaten da eta horrek "herritar" izatera eraman behar gaitu. Baina ezagutzen al du Herriak UEU-ren zeregina? Honela zioen batek aurtengo asanblada nagusian. Nik neuk behintzat argi eta garbi daukat: baietzezetz. Jende askok ba daki UEU egoten dela uda aldean eta "euskararen alde" egiten duela. Hauxe penagarria, euskeraren defendatzaile eta goratzaile bezala, soilik, ikustea UEU! Ez da UEU zuzenean kalera irten (Lemoiz aurkako ihardunaldietan e.b.), egiten duena zuzenean kalera atera, liburuetan geratu da UEU-ren lana, eta hortik letorke ezagutzarik eza. Hortik letorke ere, UEUkide gehienak "ikasle ofizialak" izatea, burulana egiten dutenak, esku-lanekoak oso gutxi diren bitartean. Hau dela eta, honela dio 1975.eko agerpenak: "Produkzio prozesoak eta hezkuntz prozesoak elkarren eragina edukiz, hau da, burulana eta eskulana batera aitzineratuz, lanaren zatiketa soziala arras gaitzezten eta kondenatzen dugularik". Hor ba daukagu beste desafio bat.

Baina ez, ez dugu bihurtu behar euskararen defendatzaile huts, ez eta "hizkuntz mundu honetan" geratu ere. "Euskalduna" esaten da, euskara duena, alegia. Baina izenlagun bezala erabiltzen dugunean, orduan zer esan nahi du? Zer da herri euskalduna? zer gizarte euskalduna? Zer unibertsitate euskalduna? Nire eritziz "euskalduna" esaten dugunean "euskaraz sortzea, kreatzea" esan beharko genuke: euskara jakinez eta beronen bidez eguneroko errealitatean zeozer berria sortzen, kreatzen, ahalegintzen dena. UEUn eta irakaskuntza ofizialeak euskara hutsez azaltzeko (apunteak eta guzti). Euskara irakaskuntzarako tresna baliagarria dela frogatu dugu. Edozein gai azaldu dezakegu euskaraz ikasleen aurrean eta elkarrizketa sortu ere. Orain urte batzu, Parisen UCDko buru batek, buruhandi batek hobe esanda, aipatutakoa ("no me imagino a nadie enseñando física nuclear en vascuence" horrelaxe zioen gutxi gorabehera) zeharo gaindituta dugu eta ez bera izorratu arren guk aurrera jo behar dugulako baizik.

Baina ez ote gara maila akademikoegi batetan jausi? Hasieran euskara bera oztopoa bazen ere, moldatu, trebatu egin dugu eta gaur arazoa bestelakoa da. Ez gaitezen, ba, euskararen defendatzaile huts gera? (eta aurtengo afalosteko mahai-inguru batean —euskal prentsa— entzun genuenez horrelakoa gertatzen da gehienetan). Era honetako militantismoa pasatuta dago. Euskara oina izan behar da ez gorputza. Euskaldunok gorpuztu behar dugu?

Bildur naiz, eta parka nazazue akademikoegiarena berriro aipatzearren, baina irakaskuntz mundu hutsean murgildurik egoteak kezkatzen nau. Aurrean daukadan parrafo bat idatzi gura nuke esan nahi dudan honen lekuko: "Ez, mundua ez da guretzat sortua izan; gu izan baino lehenago bera zen, eta gu berarengandik jaio gara. Ez gara, ez eta hurrik eman ere, uste dugun bezain jakintsu. Irakasle bezala, gaurko gazteak, guztiek martxan kontserbatu gura duten makina higuingarri honen zati bihur ditzadala eskatu didate, makina hori nondik nora doan ez badakite ere. Baina nik ezin hartu dezaket hori heziketaren helburutzat... Benetan, ez dut uste zientifikoago izateak lagun gaitzakeenik, are gutxiago ordenadoreak erabiltzen baditugu, berauk baitira inozo perfektoak. Egia esan, ez dugu geure zientzia hobatu behar; oso ona da eta gu oso jakintsu, baina zientziak, berak egiteko sortua izan ez del lana egin dezakeela sinistea gu kirten izatea baino ez da" (El idiota espabilado. Scorer).

Beno, amaitzera noa. Batzuk pentsatuko duzue nahastuegia dagoela roiloa, baina ez esan abisatu ez dizuedanik; gainera gure inguru hau ez al da aldrebestuegia ere? Eta horra sartu behar. Larrazabal-ek (Zehatz. 1978) horrela zioen: "Xeetasunetan sartzeko garaia etorri zaio UEUri". "Hobe da zikindurik bizi eta indartu, garbi garbi zokoren batetan agonizatu baino". Ni neu behintzat txirukak jartzera noa. Ba al zatozte?

Andutz


Gaiak

Kirola osasunaren alde

Kirol eta Hezkuntza Fisikorako Nazioarteko Batzarreak, UNESCOren bidez, aditzera ematen die mundu osoko Gobernu eta erakunde publikoei zein osasungarria den hiritarren artean Atletismoa eragitea, suztatzea,bera delakoz kirolik egingarriena sortzen dituen ondorioengatik. "

50 arrazoi korrikan egiteko. Arrazoi orokorrak

- Haurrak egiten duen lehenbiziko "kirola" delakoz.

- Aintzinakoena eta naturalena izateagatik.

- Eguneroko bizimodua neketsua eta aspergarria zaigulako.

- Kirolik errezena eta merkeena delakoz.

- Korrika egitea gizonari berez sortzen zaiolako.

- Besteek ez bezalako jokabide berezia sorrerazten duelako.

- Korrikan egitean ez delakoz inor baztertzen edozein izanik ere norberaren klase soziala, eta demokratikoena delako.

- Bakoitzak nahi bezain lehiatsu joka dezakeelako.

- Neke handirik gabe, nahi bezain emeki, egina izan daitekeelako.

- Bizimodu berria eragiten duelakoz.

- Korrika saioa edozein toki edo ordutan egin daitekeelako.

- Korrika bakarrik edo taldean egin daiteke.

- Beste kiroletarako premiazkoak diren ahalmenak korrika egiterakoan ezagutzen dira.

- Hasi berria ez du elkar jotzeko arriskuan jartzen.

- Hobetzen du lan egitean produktibitatea.

- Nazioartean ezagutuena eta hedatuena da.

- Ez du beste jokuak bezala arau berezirik jakitea eskatzen.

- Beste kirolek jokuaren taktikara adi adi egotea eskatzen dutelako.

- Bizitza osoan egin daitekeena da.

- Taldeka egiten diren kiroletan ez bezala korrika egitean bere burua protagonista dakus korrikalariak, berak kontrolatzen duen egintza gisan.

- Korrikalaria eta natura elkarganatzen ditu.

- Pertsona gogoz eta gorputzez zailtzeko eragile premiazkoa da.

- Norberaren indarrak hobeki ezagutzeko bidea delako.

- Kirol honen egitean, egilea ezagutuz doalako egunero zertarako den edo ez den gauza.

Osasun arrazoiak

- Erretzeko ohiturari kontra egiten diolako.

- Drogapean edo alkoolpean daudenen zuzpertzea azkarragotzen duelako.

- Pertsonari autokontrola eta buruz lasaiago egotea dakarkiolako.

- Gogo sendogarria eta lasaigarria delakoz.

- Kezkak xahutzen dituelako.

- Kirol guztiak bezala, osasun iturri delako.

- Aldez aurretiko medizinan, nagusienetakoa da.

- Oxigeno ahalmena handitzen du.

- Bihotzaren bonbeatzeko ahalmena handitzen du.

- Arteri presioa gutxitzen.

- Hobetzen du seksu bizitza.

- Handiagotzen bular auspoen ahalmena.

- Infartorako arriskua gutxitzen, txikiagotzen du.

- Handiagotzen duelakoz gogor egiteko indarra, abiadura eta zimeltasuna.

- Loditasuna galduerazten duelakoz.

- Atletak lo hobeki egiten duelako.

Pedagogo arrazoiak

- Pertsonari kemen handiagoa ematen diolako.

- Egun hainbesteko garrantzia hartzen duen irakaskuntza intelekto-informatikoan adierazpen naturalik sortzen ez delako mugimenduaren bidez.

- Lanari norberak ekiteko gogoa pizten duelakoz.

- Atletaren ezaugarri nagusietakoa, geroz eta garaipen handiagoak lortzen eta norbera hobetzen saiatzea, arduratzea.

- Bakoitzak bere bizimodua disziplinatzen laguntzen duelako.

- Kirol bera egiten ari direnen artean elkartasun giroa eta ahulenganako adiskidetasuna bizi erazten digulako anitzetan.

Korrika ibiltzeko moduan zaude?

Korrikalariak tamainu, adin eta ahalmenez, denetarikoak izan ohi dira. Halabaina, urterik urte korrika egiten jarraitzen dutenek, badituzte denek antzeko ezaugarri berezi batzuk. Zu ez bazara korrikalaria, test honek erakutsiko dizu zu izan zintezkeen edo ez anitzetan amesten duzun korrikalari hori.

BAI EZ

1. Dagozkizunak baino bost edo kilo gehiago dituzu?

2. Erretzen duzu tabakorik?

3. Gustatuko litzaizuke kiloak galtzea, betirako erretzeari uztea, bai bat eta bai bestea?

4. Noizbait kezkatu zaitu bihotzaren atake baten arriskuak?

5. Gustatuko litzaizuke arrisku hori gutxitzea?

6. Lehen ez bezain ongi zaudela nabari duzu?

7. Gustatuko litzaizuke lehengo sasoia izatea?

8. Ez zaude nahi bezain pozik egiten duzun ariketa fisiko saioekin?

9. Hobeki lo egin nahiko zenuke?

10. Lo gutxiago egitea eta atseden handiagoa izatea nahiko zenuke?

11. Lasaiago, erlaxago egon nahi zenuke?

12. Jaialdi handi batetara joatea baino nahiago zenuke arratsaldea bakarrik edo adiskide min batekin pasatzea?

13. Bilera handietan, zure burua arrotz nabari duzu?

14. Bakarrik zauden gehienetan, pozik egoten zara?

15. Beste pertsonek ez bezala inolako axolarik gabe joka ahal izateko zure buruaren jabe zara?

Hamabi galdera edo gehiagori BAIETZ erantzun badiozu, zu korrika egiteko gauza zara.

BAIEZKO erantzunak 8-9-10 edo 11 izan badira, agian gozatu ere gozatuko duzu korrika eginez.

BAIEZKOAK bostetik zortzirartekoak izan badira, ezin dizugu goikoa bera aseguratu, mereziko luke, ordea, aprobatxoren baten egiteak.

BAIEZKOAK lau edo guttiago izan badira. Probabilitateak ez daude zure fabore.

ZAZPI KIROL: ZENBAT ETA ZERTAN LAGUNTZEN DUTE

Gaitasun Fisikoa Korrika Ziklismoa Igeri Tenis Eskubaloi Golf

Bihotz-arnasaren iraupena 21 18 21 16 19 8

Giharre iraupena 20 18 20 16 18 8

Giharre indarra 17 16 14 14 15 9

Zimeltasuna 9 9 15 14 16 8

Oreka (ekilibrioa) 17 18 12 16 17 8

Pisuaren kontrola 21 20 15 16 19 6

Giharrez mugatzea 14 15 14 13 11 6

Digestioa 13 12 13 12 13 7

Loa 16 15 16 11 12 6

Guztira 148 142 140 128 140 66

ATLETISMORAKO NAFAR FEDERAKUNDEA

Joxe Jauregik euskaratua


Gaiak

Euskaldunberri baten burutazioak

Euskara ikastea eragozten diguna ez da hizkuntzaren "zailtasun" delakoa, ez eta Bandresek aitzakitzat eman duen deabrukeria ere ez. Jaiotzatiko euskaldunak bere hizkuntza ikasten du erdaldunok gurea bezain errez. Eragozpenen zergatia egunero ikusitako eszenetan bilatu behar dugu: kalean entzundako euskaldun amona haren ilobaren 'a mí, a mí' okerrak zuzentzen, 'niri, niri, niretzat' aparte esanez, umearen amarekin erdaraz jarraitzen duen bitartean hamabost urteko alabari porroaren kalteak salatzen dizkion aitak bezala, fariasen ke eta koinakaren zurrutadaren artean. Edo politiko burrukalari eta ezkertiarrak bere emazteari erdaraz egiten dio aretoetan defenditzen duen hizkuntza etxean baztertzeko dispentsa edukiko bailuen, jende arruntak haren hitzak serioski hartzen dituela eta Euskalduntzen Birekin irtengabeko borroka frustratzailea daramala ahaztuta. Edo emakume euskaltzale euskotar jator hori (Mussoliniren Italian Aberriaren Ama Medaila irabaziko zukeena) erdaraz elkarrizketa bizian baserritar aurpegidun gizakote horrekin: ez zaie euskaraz egitea ahazten elkar agurtzeko eta ume zaratatsua isiltzeko.

Euskaldunberri baten buruhauste nagusienetariko bat euskaraz noiz egin dezakeen deskubritzea da. Bere hitzegiteko gogoak zenbait truko erakusten dio beren burua izkutatzen dutan euskaldunak bereiz ditzan. Erdal elkarrizketaren azken hitza bezala 'agur' edo 'adio' esaten du, ea ea 'bai' ozen bat jasotzen duen, euskaldun zahar baten zalantza gabeko zeinua. 'Bai' hori entzun duelarik, hurrengo aldiz lagun berdina topatzean elkarrizketari euskaraz ekingo dio gure ikasleak. Baina hemen ere euskaldun zaharren maltzurkeriak gaindituko du. Lehenengo hitz urduriak botatzen ditu neofitoak, euskararen lege soziolinguistikoak hausten dituela konturatzeke: erdal erantzuna jasoko du. Euskaldunek euskaraz umeei eta zakurrei soilik egiten omen diete berba, baina gure euskaldunberria laister ohartzen da bakoitzaren araudia askozaz konplikatuago dela, gaia, seksua, edadea, harremana, lehen aldiz elkar ikusi duten lekuaren giroa kontutan hartzen direlarik. Euskaldun-berriari solaskideak erdaraz egiten dio ezezagunekiko hizkuntza delako.

Egia esateko, euskara errekuperatu nahi duenaren euskal hitz urduri hoiek erizpide egokia dira, bere entzulea euskalduna den ala ez jakiteko, baina ez berak pentsatutako modura. Orduan, ekiniko lanari jarraituz, erdi esandako perpausaren hitzak zuzendu dituelarik, eta ahantzitako 'k' erantsirik, gure euskaldunberri galanta euskaldun zahar susmatuaren hitzen zai dago. Soinu txitxekari arraro hauen aurrean, erdalduna erreduna sentitzen da: 'Barka, baina ez dakit euskaraz' edo 'Zer ongi egiten duzun. Nik ahal izango banu...' botatzen du, ikasteari laister ekin behar diola gogoratuz, edo datorren irailean berriz hasteko asmoa sendotuz. Ez hola euskalduna: laguntzeko ala ikasteko gogoak ezabatzeko —inoiz ez dakigu— hitzen forma okertua konpontzen du, erdal antzeko hitzaren ordez sabinkeria jatorra bilatzen du, euskara batua 'euskera de laboratorio'tzat joz eta herriko euskara garbia ohoretuz. Gero elkarrizketaren gaiari erdaraz jarraitzen dio, jarraitzen badio, zeren gehienetan ikasteko asmoaz esandako hitz hoiek bultzatzen dute Francorenpean hizkuntzak jasan zituen eraso eta telebistak aurki eskeiniko dion etorkizun apoteosikoari buruzko txosten bat ematera. Lehenengo aldiz txosten honek gogoa ematen dio ikasleari; pentsatzen du oraindik gaizki egiten duela eta gehiago ikasi behar duela; horrexegatik bere solaskidea, erdaraz mintzatzen dela. Baina hamaika aldiz gauza bera entzuteak egiten du.

Moeta honetako eszenen bidez ikasle heroikoa euskararen errealitatea ezagutuz doa. Euskaldun gutxik irakurtzen du, eta gutxiagok idazten, nahiz Caja Laboralaren —barka nazazu, irakurle, Lan Kide Aurrezkiaren— txeke bat besterik ez izan. Eta idazten duenean, hainbeste ortografi-idiosinkrasiaz josirik uzten du lana, nekez irakurtzen baita. Ordurarte hitz ezezagun bat topatzerakoan, gure euskaldunberriak ez daki egiazko berritasun baten ala ortografia bitxi baten aurrean aurkitzen den. Ez du erreztasun eta zihurtasunik topatzen, desordena baizik. Baina ez bedi kexa: benetako aukera badu bere solaskideak —betiko salbuespenak salbu, hots praileak eta euskal irakasleak, bi sail hauek bereiz badaitezke— gaztelaniaz egingo du, euskaraz egiten familia edo egoeraren arau soziolinguistiko izkutu batek behartzen ez badu.

Noizean behin orduan, euskarazko elkarrizketa aurrera joango da: baina honek ere ez du dena konpontzen; gure euskaldunberriak ez ditu bere entzulearen erantzun, galdera, baiezpen eta puntak ulertuko. Hortxe dago euskalkien arazoa. Eta buruhauste horri irtenbidea emateko urteak beharko ditu, inongo testuliburuk ez dakartzan aditz formak eta laburilketak pixkanaka bururatuz, hurrengoan berrezagutzeko nahiz eta ez erabili.

Beharbada, guzti honen aurrean, Uliseren pekatuaren oroimena bururatzen zaio gure euskaldunberriari. Dantek kontatuz, Ulisek inpernuan amaitu zuen, helburu zuzenik gabeko jakituna bihurtu zelako. Bere bidaietan ahal zituen munduko esperientzia guztiak ezagutzera joan zen, ezagutze hutsagatik. Danteren ustez,ezaguera horren aplikapen zuzenak Jainkoaren zerbitzuan izan behar zuen. Nola Ulise, hola euskaldunberri? Hainbeste ahalegindu eta gero, erabili ezin daitekeen eta ia inon aplikatzen ez den jakituria eskuratzen ari dela konturatzen da. Eta funtzio gabeko mintzaera egiazko hizkuntza dela nork sinistuko du? Beraz, egoerak edozein ikasleri gogoa kenduko dio, Uliseren jakiteko obsesioa ez badu.

Azkenean edozein euskaldun zaharrek bezala, eta euskararen egoera diglosikoa betikotuz, oso giro mugatuetan erabiliko du ikasleak: ezagunekin, intimidadean, gai arruntei buruz.

Euskara bere ghettoan geratuko da. Eta behar denean, erdarara joko du, bere ideiak esangaitzak bihurtzen direnean. Bera ez da "más papista que el papa" izango. Euskaldunek euskaraz egiten badiote, euskaraz erantzungo die, bestela ez. Ezagun berriei jakinaraziko die euskaraz badakiela, baina ez du euskararen erabilera bultzatuko. Euskara menperatzea plazer pribatu batetara mugatuko da, eta lehen momentuetan animatu zuten helburuak —aintzinako hizkuntza zapaldua berreskuratzea, euskararik gabeko Euskadirik eza, herri-nortasun galdua birbaieztatzea— mito hutsatzat jotzen ditu, euskaldunek berek hustutakoak askotan.

Eta euskararen geroa ulertzeko Irlandaren ereduari begiratuko dio, mutandis; Espainiako konstituzioak ez badu elebakarreko euskaldunik permititzen, euskarak bere bizitza independienterik nola lortuko duen bere buruari galdetuz. Telebistaren programazio-orduekin neurtzen den bizitasunak ez dio esperantza handirik eskeintzen.

Xixa


Gaiak

Iñaki Amandriaren ipuina

Harriolan, gure amandreen ipuinek oso garrantzitsu haundia izan dute beti.

Sorginen kontuak, ohitura eta sinismen zaharrak oso zabalduta daude, eta bai baserrietako tximinietan eta bai ere kaleko sukaldeetan, ipuin hauek ahoz aho biziak iraun dute gaurko egunetaraino.

Nahiz eta lehenagoko ohiturak erdi galduak egon, bere oroimena kristau sinismen berrietan egokitu eta finkatu egin dira. Lehenagoko sorginak, jentilak, momorroak, lamiak... San Juanen suekin eta Aste Santuaren elizkizunekin nahasten dira.

Ikus dezagun ba, Bidetxulo baserriko Iñaxi amonak, bere suaren ondoan, kontatu ziguna.

Gure herrixkan, Pazko igandean hildakoen berpiztearen sinismena izan dugu beti.

Gure arbasoek beti esan digute, egun hortan kalera ez ateratzeko. Eta honela egin dugu beti.

Urtero, Pazko igandea iristean, herriko elizan ospatzen dugun mezatara ez ezik, ez gara sekula inora irteten.

Etxeko txoko batetan pizten genuen kandela, santua jarri, eta otoitzak egin. Honela pasatzen genuen eta oraindik pasatzen dugu eguna, otoitza eta erlijioso abestien artean.

Bitartean, kanposantuko hilobiak irekitzen ziren, eta gure arbaso hilen gorputz gizarajoak irteten ziren, bereak izan ziren etxeetara itzultzeko.

Bidean bizia ikusten zuten, guztia galduta zegoen, eta igandea pasata hezur eta gorputzerdi ustel hoiekin batera kanposantuaren lur azpian bukatzen ziren.

Bainan herrira etorri zen maixu erdaldunak ez zuen gure gauzetan sinisten, eta horregatik Pazko Igandea iritsi zenean, atera zen kalera gure sinismenak desafiatzen. Kalean gora kalean behera ibili zen goiz osoan beste munduko gauzarik ikusi gabe. Eguerdian bazkaltzeko etxeratzen zenean, bere etxeko atea irekita ikusi zuen. Etxean korrika sartu, eta bere andre eta semearen buruak moztuta zeuden lur gainean, eta bere senideen gorputzen azpian izugarrizko odol putzua.

Putzutik ateratzen ziren odol tantei jarraituz, kanposantu barruraino heldu zen. Odola hilobi zahar eta zikin baten aurrean bukatzen ziren.

Hilobiaren gainean sega odoltsu bat ikusi zuen, eta hilobian zegoen gurutzean idatzita honelako testua irakur zezakeen.

"Hemen datza Antxon Orkoleta Atariondo etxeko azken jabea".

Hau irakurrita, maixu berriak ulertu zuen dana. Atariondo zen bera bizi zen etxeko izena, eta Antxon Orkoleta bere aintzinako jabea; eta Harriolako baserritarrek kontatzen zituzten ipuinen egia nabarmenegia agertu zitzaion. Baina oso berandu zen.

Ane Miren Urbiztondo


Gaiak

Erramadana: ohitura ala inposamendua!

Aurten, uztailaren 2an ikusi zuten ilgora Afrikako ipar-mendebaldean; jendea berehala hasi zen hurrengo egunetarako planak prestatzen: aurrerantzean; eta 28 egunetan zehar, Erramadana zen. Guk ba geneukan horren berri hara joan aurretik, eta beraz, burubelarri ginen; nola gertatuko zen errealitatean teoria hutsean ezagutzen genuena? Nola konponduko ginen gu?

Erramadana zera da, urtearen (urte musulmana) ez dakit zein hiletan, musulman direnek ezin dute ez jan, ez edan, ez erre, ez larrurik jo, etab. goizeko ordu bietatik eguzkia arratsaldean sartzen den artean, aurten 7,45etan gertatzen zena. "Onak" izan behar dute, eta lagungarriak, apalak, lasaiak...

Lehen egunean ez ginen gu altxatu goizeko ordu bietan beraiek hartzen duten gosari itzela ikusi edo hartzeko: ordu batetan oheratuak ginen, geundeneko etxekoak itzartuta geratu ziren artean. Goizean, denak zeuden etxean etzanda, egun luzea ahaleginik egin gabe pasatzeko asmotan.

Kaleetan, merkatuetan, milaka pertsona erosketak egiten. Goxokien piloak miresgarriak ziren, eta fruituak barazkiak, okelak,... Eta jendea han, begiratzen, erosten, eztabaidatzen, jeneralean bizitza egiteko daukaten patxadaz, baina itzaliago oraindik. Masokismo hutsa egun osoa janaria erosten, afaria prestatzen, zokoetatik paseatzen ematea.

Guk ere ez genuen bazkaldu, ez eta kalean edan ere ez: ez genuen jendea tentatu edo probokatu nahi.

Gabean, 7 t'erdiak aldean, etxeetako erritmoa hautsia zegoen, eta denok prestatzen ginen mahai baten inguruan "harira" (hamaika gauzaz egindako zopa edo purea) eta datileak jateko. 7.45etan, puntu-puntuan, kanoiak entzun genituen Rabat-eko etxe eta leku guztietan, imitatuz) zopako untzien gainera. Ezer ez zen geratzen 2 minutu beranduago: baraua apurtuta zegoen; ordutik goizeko ordu biak arte, janaria non-stop, ganbeluen antzera, urdaila egun osorako betetzeko.

Egunero ikusi ahal ziren mogimendu berberak. Erritualak ziren. Guk nola edo hala, kalean ez jatera saiatu ginen, baina barruan geundenean, eta beroa gora zihoala ikusita, fruituz eta urez betetzen genuen kolkoa egun osoan zehar.

Bitxia zen 7'erdietatik 8ak arte kaletik ibiltzea: mogimentu itzela somatzen zen kalean baraua apurtzeko zegoenean, tentsioak, jendea korrika, diskusioak, dendak ixten; kanoiak edo sirena (segun zein herritan) entzun bezain laster, denok korrika etxera, edo alboan prest guru egon zintezkeen kaletik zebiltzan edonor atzerritarra zela; 10 minutu pasatuta, berriz, jendea hasten zen kaleratzen, ate eta jatetxe guztietatik hibaia osatuko zuten jende-errekak irteten zirelarik. 8 t'erdietarako kale guztiak zeuden jadanik beterik; jaia hasten zen, egun osoan hutsik ikusten genituen tabernak eta terrazak, bete-beterik. Zeinbatek esaten zutenez, eguna hasten zen.

Gu lehen egunetik saiatu ginen ea benetan erramadana egiten zutenentz jakitera. Hori egiteko bidea, galdezka ibiltzea ez zela laster somatu genuen. Denok, gazteak barne, enpeinatzen ziren gu konbentzitzen, denok bide ziren musulman onak. Edo izan behar, gutxienez.

Baina ahaleginak egin eta gero, ikusi genuen nola egiaztatu beraiek esana; ez, gehienetan jan eta edan egiten dute, baina izkuturik.

Gu pixkanaka hegoalderantz, Sahara-rantz, joan ginen, eta hara hurbiltzean, beroa eta lehortasuna gorantz zihoazen geldigabe. Guretzat bizio bihurtu zen edatea; ura, ura, mesedez. Jan ez, hori ondo ulertzen genuen; hain bero dagoenean, ez da posible fruiturik ez dena jatea. Baina, nola pasatu egun osoa edan gabe?

Hegoaldean, eta jendea zibilizaziotik at pixkat gehiago dagoenez gero, ireki egin zitzaizkigun zenbait, eta benetako ohiturei buruz hitz egin ere: etxean gelditzen diren zaharrak, edo jeneralean, lanik egiten ez dutenek, baraua egin dezakete, baina edozein lan egiten dutenek, ez. Beraz, bi konponbide aurkitu dituzte, edo Erramadana aste batetan edo baino ez egin, edo gauez lan egin, eta egunez, lo. Baina egunez jan, edan edo erretzekotan, izkututa, etxean, edo ezagunen artean soilik.

Zergatik hainbeste beldur besteek ikusteko? Erramadana, Marokon, legez egin behar delako. Eta agirian apurtuz gero, gartzelara joan zaitezke, eta han denboralditxo bat emanez gero, burusoil irten zaitezke adibidez, jende guztiak jakin dezan.

Dena den, hemen kontatzen ari naizena, Marokon ikusi ahal izan dudana baino ez da.

Beste herri musulmanetan gertatzen denarekin konparatzeari interesgarria deritzot, zeren bakoitzaren jarrera nahiko ezberdina baita.

Herri integristenetan, Arabia Saudiarrean edo Libian adibidez, gogor ekiten diete Islameko ohitura zaharrei, eta gogor zigortu ere hortaz pasatzen direnak.

Hala ere, intolerantzia nahiko orokorra da, eta Afrikako Iparraldean erramadana egitea ala ez aukera daitekeeneko estatu bakarra Tunezia da, hots, europaizatuena alegia. Han zure erlijioa aukeratu ahal duzun modu berberean, berari loturiko eginbeharrak ere aukeratzekoak dira.

Argelian bertan, interes osoa daukate algeriarrek Islameko legeak betetzeko; jendea, eta gazteak batez ere, nahiko pasatzen dira, baina erakutsi gabe, berriz ere. Duda badaukate, pasaportea eskatuko dizute kafe batetan atzerritarra zarenentz ikusteko. Konbentziturik daudenean, berriz, problemarik gabe serbituko dizute nahi duzuna; bestalde, hil egin zaitezke egarriz edo gosez, eta deskuidatzen bazara, komunean ere ezin izango duzu edan: frauderik ebitatzearren, moztu dute agian ura.

Hau dena ikusita, aberekeria hutsa dela pentsa daiteke; hala ere, azken urteetan horrela pentsatzen ez duten zenbait pertsona topatu dut eta nahiz eta oraindik konbentziturik ez egon, nolabait aldatu da nire ikuspegia. Pertsona horiek higiene-neurri gisa; ikusten dute Erramadana hilabete horretan zehar, gorputza garbitzeaz aparte, bizitza sano eta gogorra egiten ikas daiteke. Ba dirudi poluzio ideologiko txikia eduki behar duten herrixketako biztanleek edota nomadek ere, gustora egiten dutela Erramadana, eta gainera, ahalegin handirik gabe.

Ikuspuntu hau extrapolatuz, gogora gaitezke zenbait naturistek gomendatzen duten barau-egunaz (bat astean, bat hilean,...) Gorputza garbitzeko eta lasaitzeko dela esaten dute.

Agian, honelako helburu bat zuten ere Erramadana asmatu zutenek; baina txarto atera zaie, zeren kasu gutxitan ez ezik, zerera mugatzen baita Erramadana, eguneko ordu luzeak jan-edan gabe igarotzeko gauean zehar, geldigabe, jan eta edan, gorputza bortxatuz eta ataskatuz.

Edonola ere, interesgarria da aldi hori estatu arabiar batetan bizitzea; errazagoa da orduan erlijioaz edo ohituretaz mintzatzea, eta jendearen portaera soziala aztertzea; baina ez da erraza beraiekin Erramadana hertsiki egitea. Ez arduratu, ez dago problemarik, fedegabeei pekatu egi tea onartzen digute eta.

Maria Jesus Esteban


Gaiak

Donostia jazzaren urratsetatik

"Gameilu" batzuk egon arren, Donostia, Jazzaldian zehar, ez zen basamortu bat izan, jai bat baizik. Alde zaharreko kaleetako ertz guztietan musikalari gazte talde batzuk gure eguneroko bizitza alaitzen zuten, diru pitin bat eskatzen zuten bitartean. Bulebarreko kioskotik jazz nota batzuk ateratzen ziren deskuidatuenari hiria jazzaldi batetan bizi zela ikus arazteko. Hitzaldi eta filmeek kultur ahogozo bat jartzen zioten giroari, Belodromo ondoko ogitarteko saltzaileen gingaz bukatzeko.

Kontrola dezagun geure irudimena eta goazen mamira.

Non stop lehiaketa

Zerbait nabarmendu beharko bagenu aurtengo amateurren txapelketan, parte hartu duten taldeen kalitatea azpimarratuko genuke. Lehenengo saio honetan 2 taldek jazz tradizionala jotzen zuten, beste lauek moderno joz. Eta hemen hasten dira arazoak. Klasikoak jotzean, oso ondo egin arren, ezin dela talde hauen sormena balioztatzea denok dakigu, moderno jotzen dutenekin konparatuz gero, berea birtsorketa baita. Eta hau jazzean oso garrantzitsua da. Gainera txekoslovakiar taldeak ez zuen bere jokeran bero handirik jarri, notei eta ez giroari begira egonik. Lund Jazzkapel suediar taldeak lortu zuen, berriz, entzulegoarekin komunikapena, gaiak oso ondo joz ere bai.

Lehenengo saria Michael Klotchkoff Hirukotearentzat izan zen. Talde honen oinarria M.K. pianojolea dugu. Bere jazza oso atsegina zen, Bill Evans-en antzekoa zenbait unetan, nahiz eta Klotchkoffek Evans-ek baino guttiago hazjardun. Epai-mahaikoentzat erabakia ez zen erreza, Werner Pusch Seikoteak, taldetzat, oso trinko zela erakutsi baitzigun.

Madrilgo Orgon taldeak aipamen berezi bat izan zuen "hainbat ahalegin eta osotasunez konbentziozkoa ez den musika bat jotzeko erronka onartzeagatik".

Egia esan, 6 talde asko da gau batez entzuteko, eta gehiago bakoitzak bere joera badu. Dena dela, gau interesgarri bat izan zen, taldeen kalitatea kontutan hartuz.

Euskal jazz taldeen lehiaketa

 Egia esan eta iazko jardunaldiarekin konparatuz, aurten, 2. txapelketa honetan parte hartu duten taldeen kalitate maila askoz hobea izan da. Gehienek jazz jo zuten (dena dela etiketa arazoa ez da erreza mugatzen) eta kontutan hartzen baditugu ere IZ diskatxeak argitaratu dituen 3 diskak, itxaropen aire freskua sartzen ari dela euskal musikan aitor dezakegu.

Lehenengo saria ALEN taldearentzat izan zen, eta benetan hoberenak izan ziren, eta zer esanik ez iazko saioarekin konparatzen badugu. Ez dut aipamen hau bukatu nahi Pepe Zubiria pianojolearen jardunaldia eta Ana Bejeranoren abotsa miragarri eta xarmagarria azpimarratu gabe. Anaren kasuan, Ella Fritzgerald txiki batekin topatu gara eta berak duen indarra eta gozotasuna entzutean sentitu genuena aspaldidanik ez genuen hain biziki sumatu.

Klabelin Komik-entzat izan zen bigarren saria. Une batzuetan merkataleztapenari amore ematen ziotela iduritu zitzaidan.

Aurten euskal jazzak aurrerapen nabaria izan du, eta dudarik gabe, Donostiako Jazzaldiak talde hauei bere markoan eman dien jotzeko aukerak badu hor zer esanik. Aurrera denak eta ea datorren urtean halako zerbait ere esan dezakegun.

Mc Coy Tyner: Art Tatum berria

Pianojole hau 1938.ko Abenduaren 11-n jaio zen, Philadelphian, bere ama izanik musika munduan sartu zuena.

17 urte zituelarik John Coltrane ezagutu zuen, eta biok elkarrekin jotzea erabaki zuten, noizpait Coltranek talde bat osatuko balu. Bitartean Art Farmer eta Benny Golsonen Jazztet-ean jotzen hasi zen, "A love supreme"-ren egileak deitu zuen arte. Coltranekin jarraitu zuen 1965. urtera arte. Beste musikalari batzuekin ibili zen eta 1972. urtean "Sahara" diska grabatu zuen. Handik aurrera bere ospea handituz zihoan, "Milestone Jazzstarsin Concert" eta "Together" berak grabatu dituen diska inportanteenak izanik. 1975. urtean "urteko musikalaria" gogartua izan zen.

Irakurleak lerro hauek irakurri arte egun asko igaroko da, Abuztuari dagokion alea ez baita atera. Horregatik kontzertuetaz ez dudala gehiegi luzatu behar uste dut. Donostian eskeini zigun saioa ez dugu hain erraz ahaztuko. Eskuak tekladi gainean botatzen ditu, bere trebetasunaz pianoari zartada kontzeptu bat emanaz, ia hazjardun gabe, Taldearen jardunaldia oso ona izan zen, Ronnie Burraje bateriajolea nabarmenena izanik.

Chick Corea aurtengo star

Chick Corea Massachusetts-eko Chelsean jaio zen. Aita musikalaria zuen eta honek sartu zuen musika munduan. Stan Getz, Mongo Santamaria eta Herbie Mannekin jo ondoren, 1965. urtean bakarra jotzea erabaki zuen. 4 urte pasa ondoren, Miles Davis-ekin zenbait diska grabatu zuen.

Gero "Return to forever" taldea eratu zuen, baina inoiz bere erara mugatu gabe, musikaren bidez une bakoitzean bere barruko egoera hobeto adierazteko. Pianojole hau aurtengo Jazzaldiaren izarra izango zela garbi zegoen, eta horrela bakarrik uler dezakegu kontzertuan zeuden 15 mila pertsonen egona.

Chick Corearen gaiak beti birtsorketa baten sentiberak izaten ohi dira. Bereiztasun honek eta musikarien yayotasunak oso saio egoki bat lortu zuten. Batzuk, ene ustez, ez zuten Chick-en musika gehiegi ezagutzen eta "marcha" pittin bat espero zuten. Hau ez zen, hasieran behintzat, pianojole honen asmoa eta denetatik egon zen jendeak, zenbait unetan, baldintzatu zuen kontzertu honetan. Dena dela, lortu zen ekilibrio horretan oso jazz ederra entzuteko aukera izan genuen, bukaeran batipat, Roy Haynes bateriajoleak eta Joe Henderson-ek batipat, ederki laguntzen bait zioten pianoaren soinuari.

Art Pepper eta Woody Shaw: bi joera saio berean

Art Pepper 1925. urtean jaio zen. 9 urte zituelarik klarinetea jotzen ikasten hasi zen, saxoarekin jarraituz. 1943. urtean Guz Arnheim, Benny Carter eta Lee Young-ekin jotzen hasi zen. Gero eta 1952. urtera arte Stan Kenton-en taldearekin jo zuen noiz behinka. Drogekin zenbait arazo eduki zuen, baina leheneratuz gero, berriro hasi zen zenbait taldekin, Buddy Rich-en orkestarekin esate baterako, saxoa joz.

Woody Shaw Cardinan orain dela 37 urte jaio zen. Willie Boboren taldean sartu zen, tronpeta joaz, Eric Dolphy-ren taldean bukatu arte.

Bi musikari hauek ezezagunak ziren ia ia gure artean. Art Pepper-en saxoa entzuteak Charlie Parker eta Coltrane-n eraginak noraino irits daitezkeen ikusteko balio izan zuen, kartzelatik pasa ondoren Art-ek askatasun osoa lortu nahi baitu. Bere joera ez da mugatzen jazz cool hotzak aurresuposatzen duen bidera, "Besame mucho" eta beste zenbait antzeko doinu entzun ahal bait genuen. Bere lirismoa barruraino iritsi zitzaigun, giroan ahogozo ona utziz.

Woody Shaw-en saioa ona izan zen ere, baina kontzertuaren iraupena eta bere musikaren monotoniak ez zuten hain giro beroa lortu jendearengan, bere doinuaren kalitate maila eztabaidan jarri gabe.

Jazzen swinga egiketan dago, eta ez musika textoan (D. Ellington)

La Romanderie orain dela 8 urte osatu zen, 7 ijito alemaniarrak taldearen arima izanik. Beren asmoa, diotenez, Django Reinhardt-en musika jotzean datza, Stephan Grapelli, Ellington eta Gershwinen doinuak kanpoan utzi gabe. Baina, ene eritziz, saio polita izan arren, ez nuke nik hura jazz zenik esango. Doinu guztiak nahiko stand ziren, eta gehienetan inprobisaketa falta zela nabaria zen. Dena dela musika gozo hori entzutea oso atsegina zen, eta gai gehienak, gainera, oso ezagunak ziren.

Aurtengo Jazzaldiari ALL STARS BIG BAND-ek jarri zion urrezko krisketa. Nahikoa zen bere 16 musikalarien artean Clark Terry, Harry Edison Al grey, Buddy Tate eta Joe Newman-en izenak ikustea, kontzertu galant baten aurrean aurkitzen ginela jakiteko.

Nekerik gabe igarotzen ziren minutuak big band hau entzuten genuen bitartean. Ezin da orain hauen maisutaz ezer esan, hitzek ez baitute giro hura isladatzen. Horrelako talde baten musika entzun behar da, begiak itxirik, giro horretan murgildurik une hori gogoan betirako grabatzen. Ezin zitzaion Jazzaldiari amaia hobeagorik eskeini. Gainera, horrela, jazz moeta guztien artean beharrezkoa den ekilibrioa lortzen zen, hara egunero joaten ginen jazz-zale guztion atseginerako.

Oharra

Ez dut bukatu nahi kezka bat azaldu gabe. Informazio orri guztiak, hasierako bat ez ezik, erderaz iritsi zaizkigu prentsakoei. Nik ez dakit antolatzaileen asmoa langabezia soluzionatzea zen ala ez, baina informazioa erderaz etortzen bazaigu, euskal komunikabideetako guztiok orri bera euskaratzen hasi behar dugu, bakoitza bere aldetik. Biderketa ederra dugu aurrean, batek egin beharrean, denok lan berdina hartu behar badugu. Hau, zalantzarik gabe, ez da arrazoin bakarra, etab denok eskatu behar dugu beti, informazioa, guttienez, bi hizkuntzetan bidal dezaten, baina ezin da, besteen ondorioa den arazo hau ahaztu.

Xabier Portugal


Gaiak

Balearen arrantza eta "Euskera-Islandera" hiztegia

Euskaldunentzat, balearen arrantza balea bezain zaharra da, edo hobeto euskalduna bezain zaharra.

Baleak Kantauri Itsasora banan banan etortzen ziren. Ama bere umeekin, eta batzutan ere, arra emearen atzetik.

Denborarekin, baleak gure itsasoetan urritu eta agortu zirenean, euskaldunak Galizia aldera joateko beharrean aurkitu ziren, eta hortik Islandia eta Iparameriketako itsasertzetara.

Lehenengo bale-arrantzaleak euskaldunak izan ziren; Gero piskanaka piskanaka beste herri batzuk hasi ziren ere balearen arrantzan.

Balearen aztarrena jarraitzen, gure haroko 1.000 urtean gutxi gora behera, euskaldunak Ameriketara iritsi ziren. Horko biztanleekin izan zituzten kontaktuak salmenta eta erosketarenak izan ziren bakarrik. Honengatik gaur, gure arbasoen ibilaldiaren frogak ematen ez da lan erraza.

Anekdotaren munduan badago zerbait. Iparameriketako eskimal batzuei bere hizkuntzaz "zer moduz?" galdetzen zaienean, bere hizkuntzaz "oso ondo" esan nahiean euskaraz erantzuten dute "apaizak bezala". Hau ezin da kasualitatearen hegaletan utzi, nahiko nabarmena bait da.

1.- Bale arrantzalearen otoitza

1.650ean, Joanes Etcheberry zuberotarrak bildu zituen bertsoen bidez, gure arbasoek itsasoetan eraman zuten bizia ulergarriagoa egiten zaigu.

"Biziaren gatik degu arriskatzen bizia arren bada egiguzu, jaun putxanta grazia sarri gelditzeko arrain itsasoko handia gutarik zuartu gabe bere indarraz, segadetan dabillala buztan edo bulharraz, edo chalupa irrauli gabe gillaz gañera, edo berekin eraman gabe urtan behera begira diazazugu printzipalki bizia".

"Gure indarrak etziren deus bunenen aldean zure fagorea dugu senditu konbatean".

2.- XVII-garren mendeko "Euskera-Islandera" hiztegia

Amsterdanen 1.637an, Dicolas Gerardus Hondricus Deen-ek argitaratu zituen bi glosario latineraz idatzitak. Eta glosario hauetan Euskeraren hiztegi labur bat azaltzen zen.

Lehenengo glosarioan 517 hitz agertzen dira, eta bigarrenean 228. Hitz hauek lapurteraz daude, eta honengatik Vestifirdin herrialdean bizi ziren euskaldunak Donibane Lohitzunetik joanak zirela suposatzen da.

Glosario hauetan euskal artikuluaren bereizitasunak aztertzen dira. Badago ere infinitiboaren ikasketa sakon bat, diptongoak, konsonanten taldeak, eta soinu konposatuak ikertu ondoren, hiztegi labur bat ikus daiteke.

3.- Balearen arrantza

Dena hasten zen talaietan sua piztutzean. Gero hasten ziren ezkilak joka, eta bale-arrantzaleak bere harpoien bila joaten ziren korrika. Bazegoen dena prestatua.

Zarauzko Talaimendi, Getariako San Antton mendikoa, eta Donostiako Ulian zegoena, ziren garrantzitsuenetako talaiak!

Balea harrapatuta, kaiara eramaten zen, eta hor eskribau eta alkatearen aurrean, antolatzen zen bere salmenta!

Bale arrunt batek, 4 kintaleko 80 upela ematen zituen, eta kontuan izan behar da kintale bakoitzak lau arroa zituela.

Haragia gazitzen zen, eta gero frantsesei saltzen zieten. Balearen bizarrak emakumeen jazkiak ornatzeko saltzen ziren, eta hezurrak eserlekuak, leiho eta ateen markuak egiteko oso gutiziatuak izaten ziren.

4.- Glosarioen hiztegia

Azaltzen diren hitz gehienak, ikus ditzakegun bezala, euskaldunek bale arrantzan erabiltzen zituztenak dira.

EUSKERA ISLANDERA EUSKARA BATUA

gisona madur gizon

emastia kona emazte

hara bara haur

eskonduba hion ezkondua

uncia skip itsasontzi

pilotuba styremadur piloto, timonel

laguna skipsfolk lagun

ogia braud ogi

arnau vyn ardo

ura vatn ur

esnia miolk esne

balia hoalfishur bale

billara tobach tabako, bela

elisa kyrkia eliza

etsia hus etxe

galsa buxur galtza

galsa barnigua nabuxur galtza barnekoa

orassia kambur orrazi

debossiunia lestrakbok liburu, debozionario

januna oflata hostia, jaunona

enia perfur pu pab nerea

ilia har ile

begigia augu begi

sudurra nef sudurra

koccotsa haka kokotsa

leppua hals lepo

bisarra skego bizar

bularra binga bular

sabilla mage sabela

sobralda oxl sorbalda

biscarra brigurr bizkar

escomutarra vlflidur eskumutur

miralia stor speigell ispilu

escuba hond esku

hartsa biarndyr hartza

arasaldia kvolld arratsalde

bigiar a morgun bihar

sacurra selur itsas-txakurra, foka

arensuria hakal marrazo, tiburoi

parruca pirrich hile-ordeko

sapardalaco snoppungur masaileko

Eta salmentetan lana errazteko, bigarren glosarioak euskal zenbaki zerrenda eskeintzen digu.

BAT, BIGIA, HYRU, BORTS, SEY, SORCI, BEDHERACI, HAMAR, HAMEICA, HAMAVI, HAMAYRU, HAMALAUR, HAMABORTS,... HOGOI...

Karlox Barrentsoro


Urrezko astabelarriak

Ohore garaiko astapotroei!

Aspaldian horrelako perla bikainik aurkitu gabe geunden: Itsaso tropikaletako txirlatan bakarrik aurki zitezkeela pentsatzera ere helduak ginen. Baina hara non, Bizkaiko Garai herritik, itsasorik eduki ez arren, ondo biribildutako perla distiratsu hau heltzen zaigun. Ondo etorria, zer idatzia ematen baitigu.

 Bankisur Aulkia. Bai horixe. Centraleko arazoa gertatu zenetik, orain, badaezpada, guztiak lurrean etzaten dira, aulkipean. Zerbaitegatik esaten baitzuen "Tellería" jaunak (itzulpen libre xamarra): "Tu bi o no tu bi", alegia "Hik hil bi eta nik beste bi". Hau ere libre xamarra da, baina. kontatu didaten bezala kontatzen dizuet.

Oraingo honetan sinesten hasiak gara, X. Kintanak bere hiztegiaren sarreran, hitzaurrean alegia, jarritako "makila bota", "bekoki kulturala" eta "neskameak oilaskoa iturrian dakar mahaira" esaldi haik (ikus XXIV orrialdea) ez zirela asmakeria hutsak, errealitatean erabiltzen ziren —erabiltzen ote dira orain ere?— esaldiak baizik. Dena den, hurrengo edizio baterako "Bankisur Aulkia" ere hitzaurrean jartzeko eskatuko diot, ohorezko toki hori merezi duelakoan nago.

Eta besterik ez. Garaiko asto horiek bertako inguruetan belar gozorik izango dutelakoan ez gara arduratuko lastorik bidaltzeaz. Hori bai! Hitzen esangura semantikoa kontutan hartzeko kontseilatuko diegu, tripakominik sor ez dakien. Arrantziak, barkatu, goraintziak Bilboko astoen partez! ondo ibili eta gutxi gastau!

***

Gernikako Arbola Abeztia atara zuela Garaiko Dantzetatik.

Ibilaldi amaitu ondoren HERRIKO DANTZARIEK SAIO orokorra Durangaldeko Ezpatadantza dantzatuz.

Ondoren - Ohorezko Aurreskua.

 Arratzaldeko 6,30 etan.- Aurresku Lehiaketa, erreglak izeneko moduan, sari hauk banatuko dira:

1.º - 2.000 pezeta eta TALLERES SERAFIN eskainitako trofeoa eta txapela

2.º - 1.750 pezeta eta BANKISUR AULKIAK eskainitako trofeoa

3.º - 1.500 pezeta eta ASADOR GUIURIAK eskainitako trofeoa.

4.º - 1.000 pezeta.

Aipatutako sariezgainera, beste sari berezi bi egongo dira 40 urtetik gorakoentzat hau da, 1.º- 1.000 pezeta eta 2.º- 500 pezeta. Herriko lehen klasifikatuarentzat, UDAL ETXEKO trofeoa.

Beste partaide guztiek dieta dabe.

EPAILARIAK: ROBERTO BERRIZKOA, MIGUEL GARAIKOA, ZARRABEITIA ABADIÑOKOA, ETA AGUIRRE ZORNOTZAKOA

MUSIKA: ALEJANDRO ALDEKOA.

 8 etan - DANTZARI DANTZA, Neskak eta mutilak.

 10 etatik 3 etara - GAU PASA MARATHON DANTZA MUSIKALA: IZEKETA ATERA.

Ramon Garai