ANAITASUNA

IV URTEA - N.º 41

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Irailla-Urria (9-10) 1957


Viena'ko Kongresua

Iraillaren (septiembrearen) azken egunetan, Prensa Katolikoaren Bostgarren Kongresu Mundiala ospatu da Viena'n, Austria'ko uri nagusian. Batzar orretan 30 naziñoko 400 delegadu batu izan dira. Lau egunean egon dira Prensa Katolikoaren problemak estudiatzen, eta atentziñoz entzun ditue Aita Santuaren verba argitsuak.

ANAITASUNA ezin eiteken ixilik egon jazoera onen aurrean. Geuk be, ba-daukogu gure prensatxua. Euskerazko prensa txikia. Prensa katolikoa.

Gorputzez ez baiña, arimaz egon gara geu be Viena'ko Kongresuan. Danontzako egon da lekua. Danok euki dogu verba egiteko erea. Danok aurkitu dogu argia ta laguntasuna. Danontzako euki dau Aita Santuak bere verba egokia.

Eta zer esan dogu? Gure asmoak, gure amesak.

Ez gagoz pozik oraingo ANAITASUNA-gaz. Txikia dalako. Pobrea dalako. Aundiagoa gura geunke. Zortzi orrikoa. Amasei orrikoa: Ogetalau, ogetamabi pagiñakoa. Eta presentaziñoa? Obea nai geunke. Azal ederra, fotografia ugariak, koloreak, dibujuak eta abar. Ezin geintekez egon puntu onetan erderazko errevista katolikoak baiño beerago. Arlote komplejurik ez dogu euki gura.

Edozer gauza, barrutik ona izanarren, kanpotik ederra ez bada, ez da estimetan bear dan bestean. Baiña itxurea gorabeera, barruak emoten deutso publikaziño bateri valorerik aundiena.

Orregaitik, errevista on bat atara gura geunke, Aita Santuak Viena'ko kongresisteri diñotsen lez, bizitzako gorabeera guztietan euskaldun katolikoeri bide zuzena erakusteko, euren entendimentua argituteko eta vorondatea berotuteko, eureri beti egia eta beti Eleiza Katolikoaren pentsamentua bildur barik esateko.

Publikaziño eder ori atarako bagendu, aurrerapide aundia egingo leuke gure erlegiñoak eta... euskereak. Atara kontuak, oraingo bi millen ordez ogetaz milla euskaldun katolikok ANAITASUNA irakurriko balebe. Zelako aldakuntzea, zelako indarra!

Eta zegaitik ez atara oraintxerik amesetako errevista eder. ori?

"Kristiñauak —diñotse Aita Santuak Viena'koeri— lagundu egin bear deutse "prensa katolikoari, ekonomikalki libre izan daiten." Orixe berori esaten deutsegu geuk be oraingo ANAITASUNA pobrearen irakurleeri. Lagundu, lagundu, lagundu!

Baiña diruzko laguntziñoa baiño geiago, beste bat bear dogu. Zeuen espirituzko laguntziñoa, zeuen abegi ona, zeuen komprensiñoa, zeuen eskerrona.

Ori egiten badozue, mesede aundia egingo deutsazue erlegiñoari eta euskereari.

Berriatua


Pio Amabigarrena

Vaticanoko gentearen bildurra.—Sei ordu lotarako.—Aita Santuaren pasealdia.—Vaticanoko leioa.—Bilbaoko Atletikoa ta Aita Santua.—Mariskal Montgomery-ren visitaldiak.—Aita Santuari geratu eragin eutson neskatxua.

Ameriketako errevista baten irakurria dot oraintsu, Aita Santua San Pedro Basilikan bere tronuko mailletan laban egin eta beiaren gaiñera jausi zala. Notizia au genteak asko asko aintzat artu ez badau-bere, gauza graveren bat izan ete zalako pekoa zabaldu zan. Eta Vaticanora kartazko diluvio bat asi zan jausten, jazoera onen barri seguru ta ziurren eske.

"Egun batzuk leenago —diño errevista amerikanoak— Vaticanoko Monseiñore bategaz egon nintzan, eta esan eustan: Audientzietan arduraz beterik ibilten gara beti, Aita Santuak, bere jezarleku gestatoriotik jatsita, tronuko maillak arin, arin baiña, igoten ditualako. Ez dau gura izaten besotik oratu ta eusterik, eta bildur izaten gara sotana barrena zapaldu ta jausiko ete dan. Bera da ardura barik ibilten dana.

Gure bildurra egiazkoa zala, igaro dan aprillaren 10-ean ikusi zan. Egun orretan, Italiako baserritar langilleeri emon eutsen audientzian, jausi ez zan egin, sotana ertza zapaldu, ori bai, eta ia ia jausi, baiña anrin zutundu zan, eta geiagoko barik, Aita Santuaren irribarretxu bategaz amaitu zan episodio guztia."

Pio XII-garrenak 81 urte ondo beteak daukoz. Baiña alan ta guztiz-bere, miragarrizkoa dirudi bere bizkortasunak, eta egunero esku artean darabiltzan arazoak gizon gazte bat ondo nekatu erazotekoak dira.

Egunaren 24 orduetarik sei daukoz lotarako. Goizean goizean despertadore txikitxu batek zarata andiagaz ots egiten deutso seiretan puntuan. Zazpiretan gertu egoten da mezea emoteko. Zortziretan artzen dau armosu arin bat: laranja ura edo kafe utsa.

Gero irakurten ditu Italiako edo erbesteko periodikoak. Geientxuetan eskuan lenen lenen artzen dauana, Italiako "Unità", komunistena, izaten da. Bederatzi ta laurenetan sartzen da bere estudio gelara, eta an artzen ditu bere bearlagun eta lankiderik barrukoenak, baita gerotxuago kardenalak, obispoak eta munduko gizon ospetsuak. Pelegrinaziño txikiak-bere orduan etorten dira Aita Santuaren aurrera. Eta onenbesteagaz pasetan da goiza.

Ordu batetan bazkal tokira. An, eguneko notiziak radiotik entzun ostean, jezarten da maian bazkaltzeko. Bazkari ostean, butaka baten jezarrita, ordu erdiko lo arin bat artzen dau. Ordu bietarik iruretara, ordu beteko paseada bat egiten dau, Vaticanoko jardiñetan daukon artadi eder baten aterri danean, eskepe baten euria bada. Aita Santuaren artadiak 200 metro daukoz luze, eta ogetabost joanetorri egiten ditu ordu bete justuan. Onek esan gura dau, bost kilometroko bidea egiten dauala egunean egunean bere artadian.

Iruterdietan kapillara joaten da, eta oraziñoan jarduten dau bere barruan sartuta. Lauterdietan, agoa bete kafe arturik, barriro sartzen da bere estudio gelan, 24 orduan mai gaiñera etorri ta pillotu direan arazoen arpegi emoteko. Orduan artzen ditu biaramonean kardenalen ta beste laguntzailleen agertuko deutsezan arazo guztiak.

Zazpiterdietan, ostera-bere joaten da kapillara, Brevianoko Orduak errezatzeko. Zortziterdietan aparia artzen dau. Ostean, errosarioa errezetan dau inguruan daukozan zervitzailleakaz batera, eta bederatziterdietan danak joaten dira bakotxa bere gelara. Aita Santua-bere bai, lotarako ez baiña, besteak lez.

Pio XII-garrenak barriro ekiten deutso bearreari, batek ba-daki ze ordutararte. Edo bai. Erromatarrak ba-dakie noiz amatetan dan "Erroma Uriaren begi jagolea". (Olantxe esaten deutse bere gelako leioan). Gaberdiraiño, beti ikusten da Vaticanoaren fatxada guztian argi bakar au. Ordu orretan, amabietan, amatetan da, eta ez gaixo aurretik lez, ordu batetan. Gaixo ostean, onetantxe bakarrik makurtu dau Pio XII-garrenak burua medikuen esanera.

Igaz, au da, 1956-an, eun milla persona baiño geiagori emon eutsen audientzia Aita Santuak. Batzutan audientzia espeziala, oneetariko edo areetariko kategoriakoen. Bein Kardiologiazko Kongresuari, beste bein Bilbaoko Atletikoari, gaur amerikano aviadore pillo bateri, urrengoan Milan-eko ezkonbarrieri.

Mundua larri dabil gaur egunean egiaren billa, eta Eleizeari jagoko erakustea. Orregaitik Pio XII-garrenak uste dau, bere obligaziñorik leenena dala, beragana datozan guztieri egiazko verbatxu bat esatea, naiz dala maixu bateri, naiz jakitun bateri, naiz futbolista bateri, naiz edozeiñeri. Aita Santu onen meritu andienetakoa da, Eleiza Katolikoaren universaletasuna agirian ipintea, oraiñarte iñok ez bezela.

Gaur Pio XII-garrenak irabazita dauko mundu guztian ezin esan besteraiñoko errespetu andi bat, naizta Eleiza Katolikoagandik urrun, benetan urrun, dagozan erlegiñoen artean-bere. Mundu guztitik datoz Erromara pelegriño taldeak, ez bakarrik katolikoak, baita protestanteak-bere, baita gureagandik erlegiño apartaduenak-bere. Oraindiño oraintsu ikusi izan dira audientzia baten Tibet mendietako ogei Budista Nagusi, Aita Santua ikustearren bakarrik etorrita.

Persona internazional goratuenak eta entzute andikoenak honore anditzat dauke Aita Santuan visita bat egitea. Askoren artean aitatu daigun Montgomery Generala. Txitean pitean ikusteri da berau Erroman, Aita Santuagana joateko. Ba-dira diñoenak, katolizismora konvertidu nairik dabillela. Baiña oraingoz fundamentu bako esamesak dira. Nok daki, gero?

Aita Santuak bere visitatzailleeri bakotxari bere verbetea egiten deutso, al izanik: ingeles, frantses, espaiñol, aleman eta portugesean beiñik bein. Estilo barria da au Vaticanoan, eta importantzia aundikoa dala ezin ukatu.

Aita Santu onek bere poliglota doiak periodismo katolikoaren kongresu baten agertu zituan. Orduan Kardenal Pacelli zan, Pio XI-garrenaren Estaduko Sekretarioa. Kongresu orretan ainbeste naziñotako verbetan egin zituan bere diskursuak. Erromara biurtu zanean, Pio XI-garrenak zorionak emon eutsozan, esanaz: Ederto, Pacelli, Kongresuan Pentekostes eguneko itxurea emon deutsazu.

Emen aitatu doguzan bost verbetak geroago obetoago ikasi gura ditu. Orain iru urte, bein baten, gaixorik egoala, ta mundu guztia bere osasunaren pentzura arduraz beterik egoala, radio bat eskatu eban, ingeles leziño baten jarraituteko.

Umeakanako maitasuna da Aita Santuaren karakteristika agirienetako bat. Audientzietan ikusten dituanean, beti egiten deutse verba, estudioak direala ta, jolasak direala ta alan. Bein esan eutsen instituto bateko mutilleri: "Ta... apetitu ona?" Eta mutillak erantzun: "Bai, Aita. Santua. Baiña sarritan sopea egosiegi ekarten deuskue." Eta Aita Santuak: "Bai, e? Orduan koziñeruari belarrietarik ten egin bear deutsazue."

Beste bein, iru urteko umetxu batek "Aitita" deitu eutson. Bere gurasoak lotsaz eta bildurrez geratu zirean, baiña Aita Santua irribarrez.

Oraintsuago, neskatxu txiki batek, amaren eskutik joiala, iges egin eutson, Aita Santua jezarleku gestatorioan etorrela. Umeak Aita Santuan deadar egin eutson: "Geldi, geldi egon." Sazerdote batek artu, ta alde eragin eutson umeari. Onek, falta aundiren bat egin ebalakoan, negarrari emon eutson. Baiña sazerdoteari-bere iges egin, eta joan zan Aita Santuaren aurrera, ta esan eutson: "Nik ez deutsut miñik egin gura izan; bakar bakarrik zeu ikusi." Aita Santuak, aulki gestatoriotik bajatuta, buruko uleetan karizia bat egin eutson umeari.

Onelako okasiñoetan Pio XII-garrenaren inguruan dabiltzan sazerdote, kapellau eta servitzaille guztiak arduraz beterik ibilten dira, gauzak euren legetik urten barik egin daitezan; baiña sarri askotan ezin lortu izaten dabe, Aita Santuak oneetariko diplomaziakeritxuen larregizko importantziarik emoten ez deutselako.

Aingeru


Zinematografia

José María García Escudero, entzute aundikoa da Espaiñia osoan ziñeko gauzetan. Jakintsua dalako, eta guretzako gaiñera, benetako katolikoa dalako. Egiak argi esaten dakian katolikoa. Dempora asko ez dala, konferentzia batzuk emon dauz Madrillen ziñe sozialaren gaiñean. Zarata aundia atara dituen verbaldiak.

Emen agertzen doguz orain, ziñelari ospetsu onek, une atan, Madrilleko periodista bateri emon eutsozan erantzunak.

Euskaldunak, gero ta ziñezaleago biurtu dira. Baserritarrak eurak be, eurrez doaz ziñera. Erderazko ziñera, jakiña. Demporea emotearren bakarrik, ziñera joan ez daitezan eta ziñeko gauzen gaiñean pentsetan ikasi daien, ipinten dogu emen artikulu au.

Ez zaiteze arritu, irakurleok, erdal itxurako ainbeste verba erabilten badodaz. Zeuen aurrean banengo, eta olan verba egingo baneutsue, ez zeunskite orregaitik ezer esango. Seguru nago. Begitandu eizue ba, esate baterako, Ekintza Katolikoko batzar toki baten gagozala, eta euskerea landuteko preokupaziño barik, ziñeko gauzen gaiñean, alkar ulertzeko moduan, verba egiten asi gareala.

— Zer esan gura dau ziñe sozialak?

— Askoren ustez, ziñe soziala eta ziñe errevoluzionarioa gauza bat dira. Euren eritxiz, ziñe sozialak aldatu gura dau gaurko soziedadearen bizikerea. Ez dagoz guztiz oker ori diñoenak, ze gaur egunean preokupaziño sozialak daukezan guztiak, edozein naziño eta erlegiñoko izanarren, danak dagoz konforme gure gaurko soziedade au aldatu egin bear dala.

Baiña nire ustez, ziñe soziala, ori baiño geiago da. Pelikula batzuk ez dabe gogora ekarten ezelango aldakuntzarik. Esate baterako, "Continente perdido" pelikuleak. Alan ta guztiz-bere, gizonen artean alkartasunezko espiritua biztuten dabe, edo urrunean bizi direan gizonen bizimodua erakusten deuskue, euren gauza onak ezagutu, eta eurak be gure projimoak direala jakin daigun. Orregaitik, edozein valore sozial aintzat artzen dauan ziñea, nire eritxiz, ziñe soziala da.

Zaletasuna

— Gentea ondo bizi dan naziñoetan, egiten da ziñe sozialik?

— Bai, asko be. Nortamerikako Estadu Alkartuetan, esate baterako, ez da sentiduten, Europan beste, naziñoaren bizikerea aldatuteko bearrizanik, batez-bere aldakuntza ori errevoluziño moduz egin bear bada. Alan ta guztiz be, amerikanoak ziñe sozial indartsua dauke, evoluziñozko aldakuntzazaleak izanarren.

Baiña, zetan esan be ez, bizimodu gogorra daroen naziñoetan eta bake sozialik ez dauken errietan, ziñe sozialak beste iñon baiño importantzia geiago dauko. Berton daukogu ejemplua: Espaiñian oraindiño errevoluziño unadan gagoz, eta orregaitik emengo gaztedia ziñesozialzale itzala da.

Eskubidea

— Zure ustez, ez litzake oba izango, ziñe soziala Estaduak bakarrik egingo baleu?

— Ez ba. Danak euki bear dabe ziñe soziala egiteko eskubidea: Estaduak eta soziedadeak berak, goikoak eta bekoak. Zoritxarrez, edo goikoak —gobernukoak— bakarrik egiten dabe ziñe soziala, eta orduan dana da propagandea eta larrosa kolorea; edo bekoak bakarrik, eta orduan dana izaten da kritikaziñoa eta kolore baltza. Kasu baten naiz bestean, kaleko gizonari —ziñea ikusten doanari— ez jakoz erakusten problema sozialak, benetan direan lez.

Gauzarik onena izango litzake, Estaduak bere ziñe soziala egin daiala, baiña besteen euren ziñea egiten itxi deioela, argi verba egiteko eskubidea larregi estutu barik.

Diferentzia

— Ze diferentzia aurkituten dozu Nortamerikako ziñe sozialaren eta Europakoaren artean?

— Europako ziñeak —Frantzia eta Alemaniakoak atan— soziedadearen kritikaziño garratza egiten dau; baiña ortxe geldituten da, gatxa erremediatzeko ezer egin barik. Ziñe amerikanoak barriz, generalean beste bide bat daroa. Hollywood'eko ziñegilleen ustez, Estadu Alkartuetako bizimodua ona da, eta problema sozialak geienetan ez dira agertzen soziedadearen erruz, persona partikularren faltaz baiño. Ez dogu ori ikusten "Solo ante el peligro" eta "La ley del silencio" pelikuletan?

Baiña alan ta guztiz-bere, ango soziedadeak be ba-daukoz bere utsune espiritualak, estadu ekonomikoa ona izanarren. "Muerte de un viajante" eta "Un tranvia llamado deseo" pelikulak agirian ipinten deuskuez utsuneok, eta puntu onetan Europako pelikula sozialen antzekoak dira.

Neorrealismoa

— Zein da, zure ustez, Italiako neorrealismoaren valore sozialik aundiena?

— Duda barik, lagun urkoa ezagutu eragitea. Neorrealismoak presentatu egiten ditu problemak, baiña berak ez deutse urtenbiderik emoten. Alan ta guztiz-bere, projimoaren sufrimentuak begien aurrean ipinten ditu, eta soluziñoa geuk daukogula adierazoten deusku. Soluziño ori, alkarmaitasuna da. Ez dago ziñerik, neorrealismoak baiño geiago biotza ikututen dauanik. Neorrealismoa, nire ustez, benetako kristiñau ziñea da, edo beiñik bein gitxi falta jako orretarako.

Itxaropena

— Ziñe sozialak egin leike ezer, oraingo soziedadearen bizikerea aldatuteko, eta Aita Santuak gura dauan "mundu obea" sortu eragiteko?

— Bai, asko be. Baiña orretarako, injustiziaz beteriko gaurko mundu au aldatuteko, lenen lenengo, itxi egin bear dogu alde baten gure mentalidade norberekorra eta biztu gure artean alkartasunezko espiritua. Aldakuntza au ez dogu lortuko lengo edukaziño metoduakaz. Orretarako "propaganda" esaten jakona egin bear dogu. Eta propaganda egiteko, ez dago ziñea lakorik.

Espaiñia

— Zegaitik ez dago Espaiñian ziñe sozialik?

— Ez, ez dago ziñe sozialik Espaiñian. Problema sozialak bildur larregi emoten deuskuelako. Bildurragaz gitxi egin leiteke edozeiñ gauzatan. Gauza sozialetan barriz, ezer be ez. Bildur orren errua, orregaitiño, ezin leitekioe bota besteen bakarrik. Filmegilleak eurak be errudunak izan dira.

Zorionez, oraintsu agertu dira ziñe direktore barri batzuk, bildur ori alde baten itxi dabenak, eragozpen guztiak gora beera. Bardem'en ziñe osoa soziala da, eta Berlanga'ren pelikula guztiak esangura sozial aundia dauke barruan. Oraindiño, bide zuzenaren asikeran baiño ez gagoz, itxaropenez beteriko asikeran baiña.

LONGA


Emakumearentzako

Umetxo bat dago etxean

 Umetxu txiki txikitxu bat. Illabete, bi, iru... Geiago ez bere edadea. Etxean dagozan andrazko guztiak darabiltz bere pentzura: ama, amama, izekoa, neskamea... Guztiak diardue bere txilioak eta zotintxuak jagoten. Asi da orain alako irribarre zoragarriak erakusten. Eta bere gurari ta kapritxu guztiak zelan beteko, zoratu bearrean dabil gentea.

Baiña kontuz gero! Orain bizitza vegetativutik urten, eta zentzunen bizitzan sartu da umea. Aurrerantzean, ikusten dauan guztia, entzuten dauan guztia, inguruan daukon guztia, bere edukaziñoarentzat edo mesedegarri edo kaltegarri izango da.

Orain laster, bere emoziñoak, bere erraien astiñalditxuak, biozkadak-eta agertzen asiko da umea. Oneri, fakultade oneri emotivutasuna deituten jako.

Egia esan, emotivutasun au jaiotzatik jatorko umean, baiña oraiñarte lo egon da. Oraintxe asi da esnatuten edo itzartuten. Oraintxe da ba sasoia, umeari edukaziño on bat emoten asi ta bere pausuak bide onetik eroateko.

Ona emen zer egin:

Sorpresarik ez emon umeari. Ikarea sartu leikion emoziñorik be ez. Ezagun ez direan personak, edozer gauza umearen aurrean gogorkiro egiten badabe, kalte aundia egin leikioe bere emotivutasunean.

Oitu egin bear da umea gauza barriak ikusten eta persona barriak ezagututen. Baiña orretarako geldi geldika preparatu bear dau amak bere umetxua, barritasunak impresiño txarra egin ez deion.

Onelantxe lortuko da, umea griña baten menpean, esate baterako bildurraren menpean ez jaustea. Edukatzaille ona bada, amak ardurarik aundiena ipiñi bear dau, umea ez daiten izan bildurtia.

Urtebetegarrenera doanean, gurasoak eta umearen ondoan dabiltzan persona guztiak jakin bear dabe, inguruan pasetan dan guztiagaz konturatuten dala, eta dana beraganatuteko kapaz dala. Verberan asi baiño askoz lenagotik itzartu da bere inteligentzia.

Au onan bada, vistan dago zelako ardura aundiagaz begiratu bearko daben gurasoak euren komportamentua umearen aurrean. Kontuz verba loi, aginka, aldarri ta asarrez beteriko ziñuakaz. Ez gogortasunik, ez aurpegi tristerik. Beti alai, beti pozarren umearen aurrean. Umeak sasoi onetan bere, ezaguera guztiak experientzia personalagaz ikasten ditu. Orregaitik amak, ama on batek, fintasunik aundienagaz ipiñi bear ditu umearen begien eta belarrien aurrean bizitzarako ejemplurik onenak, biar edo etzi imitagarri izateko modukoak.

Bazterretxea


Esamesak

Egin da emen, Bilbon, Euskal-astea deritxona. Beste eginkizun guztien gañetik, txistularien jarduna izan zan gauzarik entzungarriena. Oraindiño zeozer sentiduten dabe lur onetako lagunak; emengo zeren gorabeerea adirazo nai dogu.

Indarketak-eta bere, izan dira, eta oneetako gizonak, oneek bai, euskaldunak izan dira eta euren izkuntzan —geure izkuntzan— zabaldu ditue deadar ta zaparradak Arenal-eko moilla-ertzean. Gabetan bere, ederto kantau dabe Bizkaiko erri askotakoak, gizon eta emakume. Atsegiñez sumau dogu euren kanta gogozkoen artean, gureenganako izan daben jita ta joerea.

Eta orrenbestean, amaitu yaku... euskal-astea. Euskera urri, baiña...

***

An, Olabeaga aldean eratu ta ipini daben Gauzen-erakusketea, orixe bai dana ikusgarria. Industri astuna eta ariña, bakoitxa bere etxe berezietan, apain eta txairo ikusi izan dogu. Erakusketa au VIII-garrena izan da emen, eta aurrerantzean, urtero egingo da sasoi onetan, etxe ederrok orretarakoxe bakarrik egiñak dira-ta. Eurotarik nagusienak, eun baiño geiago metro ditu luze, eta aberik edo eutsigarririk eztau bere erdian. Entzutea ezta, ostera, naikoa; ikusi egin bear da jakiteko.

***

Aspaldi "Anaitasuna"-n eskatutakoa, bete da itsas-ondoko Lekeitio erritxuan. Joan dan Andra-Mari egunez, ango seme ospatsu ta euskaldun aundi Azkue zanari, kale bat eskeiñi dautse, eta antxe dago kale-ertzean arlandu eder bat aren izena ezarrita dauala. Aren jaiotetxean, beste arri bat jarri eben.

Orren ostean, ango "Gora-Buru" antzokian, berbaldiak izan zirean.

Alkateak lenengo itzegin eban, "Azkueren irakasgo" edo katedra bat errian sortuko ebala agindu euskun, beti-betikoz, euskera irakasteko. Gero, errikoseme bik berba egin eben. Bata, Elorrioko parroku jauna izan zan, Zamora jauna, eta Azkue nor izan zan adirazo eban. Eta besteak, azkena emon eutsan jaialdi areri, —auxe idazten diarduanak— lekeitiar aundi aren asmo batzuk, aren idazlan gitxi batzuk irakurriaz eta Euskeraren alde errikide guztieri biotzez dei-egiñaz.

Omen ori apal-samarra izan da, benetan. Baiña nai danik ez danean, al dana bearko. Zazpi urte barru, eun urte beteko dira Azkue jaio zanetik. Orduantxe edo...

***

Mutillak, kontuz osasunaz barriro bere! Or ei yatorku, geroago ta urreago asiatar geiso kutsugarri ori, arako gripe dalakoa. Izan bere, Asia ori nai ta nai ez, gura ta gura ez, modan dabil aspaldian. Baiña bai antziñan be. Sinismen-era geienak edo guztiak, guganik urrenekoak beintzat, andikoak ditugu.

Gu geu bere, andikoak gareana dudarik eztago, jakitunak diñoenez.

Dana dala, gogor egin geisoaldiari, eta badaezpadan... gerra-denporan lez, paittarra eskutik urrun barik euki.

Urrengorarte, eta txarto esanak parkatu.

Bilbotik - ERKIAGA E.