ANAITASUNA

1981.eko Urtarrila

407. alea

75 pzta.


[AZALA]

urte berri on!!


ANAITASUNA

Ale honetan lankide izan ditugu:

Millan Aldana, I. Antiguedad, I. Alvarez, J.A. Azkargorta, J.R. Bilbao, Biriki, J.R. Etxebarria, M. Gereka, J. Idigoras, A.M. Muxika, S. Oregi, X. Portugal, K. Santisteban, J.M. Susperregi, T. Trifol, G. Urrutikoetxea, M. Urteaga, Bilbo Zaharreko euskarazko irakasleak.

ANAITASUNA

Zabalbide 68 - entlo.

Tfnoa.: (9-4) 411 66 20 - 30

MOLDIZTEGIA

Estudios Graficos

Lege G.D.L. BI 1753 - 1967.

Printed in the Basque Country.


AURKIBIDEA

3.or.- Agiriak

4.or.- Aurkibidea

5.or.- Artikuluburua

6.or.- Apal eta idazmahaietan zeuden liburuak.

 Durangoko Azokan stand batetik bestera iragatean gauza batek harritu gaitu: irakaskuntzarako eta luxozko liburuen protagonismo nabarmenak.

8.or.- Prentsa-Euskaraz kanpainaren datu batzu.

9.or.- Euskal Herriko udal eta erakundeei.

 Agiri hau dela eta, udal itzultzaileak eskaturiko batzu jadanik martxan jartzen ari dira gure Herrietako udaletan, behintzat ahaleginak egiten horretarako.

10.or.- Itsutasunaren Argia.

14.or.- Joko Demokratikoa.

 Herri honetan gehitu behar da. Nekaturik gaude beti kentzen. Soluziobidea ez zaigu etorriko mito edo historio erromantikoetatik... ez eta Gorri-Gorriz jantzitako askoetatik.

16.or.- Hankaz gora.

17.or.- Joseba Sarrionaindia'ri

18.or.- Kibutzak zer dira?

 Israelgo lurrean Judu herriaren baldintza bereziek sortutako bizimodu kolektiboa da.

21.or.- Haurrak egiten du

22.or.- 1981 edo beldurraren kontrako burruka zoriontasuna berreskuratzeko.

23.or.- Antzerkia, neguko lorea ere bai, zorionez.

26.or.- Leonard Cohen Donostian.

 Musika matizez beteriko kontzertu bat.

27.or.- Soldadutza Nortasunaren ukapena.

28.or.- Botikak, momiak eta beste

 Ekialde hurbilera doan hainbeste jendek halako pomada beltz harrigarri estrainoa ekartzen ohi du sekretuki. Hango bizilagunei kasu eginez delakoak bizitza ere luzatu eta sendatuko luke. Herabe gara euskaltzain famatu hark ekarri zuena bituna merkea eta ez besterik izatea.

29.or.- Egun mingotsak. Historia zati bat.

30.or.- Ametsaren hegalaldia.

31.or.- Gabonetako agerkundea.

32.or.- Fernando Savater eta Lasaitasuna.

33.or.- Gramatika.

 Euskal azentuazioari buruzko zenbait ohar.

34.or.- Besteak


Agiriak

ARTEDER'81

Ingurua

 ARTEDER-81, Apirilaren 28tik Maiatzaren 2arte, Denborakideko Arte Azoka. Bilbon, lau milioi biztanle dituen geografi arearen muina, berauek autoz gehien jota bi orduta egin ahal den eremuan multzoturik kokatuta daude, hots (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Logroño, Burgos eta Santander, bakoitza berari dagozkion herrialdez horniturik). Herrialde honek dirutza haundia erabiltzen du eta Arte eta Kultura aldetik baditu zenbait museo, alegia, Bilboko Museoa, San Telmo, Gasteiz eta Donostiakoa, Bereziki, Bilbokoa Espainian daudenetarik garrantzitsuena da, Del Prado Museoaren ondoren, bertan erakusten denetik 60% emaitza partikularrak izanik.

Edukia

 ARTEDER-81 hurrengokooi zabaldua duzu:

- Edozein Arte Galeria (pintura, eskulturgintza, fotografia, keramika, filmeak eta denborakideko arteari buruzko grabapen magnetikoak).

- Lan grafikoko argitarazleak.

- Bibliofiloentzako liburuen argitarazleak.

- Artearen Azoka Librea:

Erakusketaren modulu tinkoak non artistek erakusketa egiteko aukera baidute eta beraien lana indibidualki saltzeko. Berri on honek artista zirikatzean dauka helburua.

Egunbete teknikoak

ARTEDER-81 Delakoak Nazioartean Arte Saileko jende ospetsuen laguntza dauka (artistak, kritikoak, museotako zuzendariak, etab.) ihardunaldi eta zabalkunde saileko egunbete teknikoak antolatzeko.

Antolaketa

Bilboko Nazioarteko Erakustazokak ARTEDER-81 babesten du, beronek baitauka moeta askotako lehiaketetan antolatze-experientzia. Guztionek ARTEDER-81 delakoarentzat muntaia bikain bat garantizatzen du Bestalde, Azokak goizeko hamaiketatik arratsaldeko zazpiak arte etengabeki zabalik iraungo du. Esparru barnean jatetxe bat ere egongo da erakusle eta ikusliarren zerbitzutan.

***

Herri Taldeak ipintzeko eskatzen du zure aldizkarian laguntzaile abisu hau. Mila esker

En Bretagne comme au Pays Basque, l'Etat Français opprime les Peuples qui luttent pour leur libération nationale et leur émancipation sociale.

Les cultures Basques et Bretonnes sont bafouées et folklorisées.

La langue Bretonne et langue Basque interdites dans les écoles, la radio, la télévision et l'administration sont reléguées au rang de pièces de Musée pour les spécialistes et non pour le peuple.

Vivre et Travailler en Bretagne ou au Pays Basque est la revendication première des travailleurs Bretons et Basques qui luttent contre le chômage l'exil la sous-industrialisation, la touristification et la mise à sac de nos pays.

La seule réponse de l'Etat Français aux justes revendications des Peuples Travailleurs Bretons et Basques, c'est la REPRESSION par tous les moyens.

- Les C.R.S. qui répriment les travailleurs.

- La justice d'exception qui condamne les militants politiques et syndicaux.

C'est pourquoi les HERRI TALDEAK se déclarent SOLIDAIRES des militants Bretons inculpés et soutiennent les revendications des K.A.D.

HERRI TALDEAK

***

Gobernadore Zibil jaun ohargarria:

 Iñigo Cesar Kastresana Palacios-ek, DNI 16268869, Gasteizen sortua 63-ko urtarrilaren 18-an, Ricardo eta Maria Flora aita eta ama dituela, ikas e dela, Castilla kalean 46 zenbakian 6gn. eskuin aldean, Gasteiz-en bizi dela, Berorri errespetoz.

ADIERAZTEN DIZU:

 1- Abenduaren hil honen 20an, batera bidaltzen den isunaren fotokopiak agertzen duenez ziklomoto batetan bi lagun zirkulatzeagatik isun bat ezarri zitzaion hau idazten duenari.

 2- Egiazko arrazoi ordea, 115 zenbakia duen Gasteizko udaltzainari "arratsalde on" erantzutea izan zen, urte eta hil honen 20 garreneko "EGIN"-en, bidalitako fotokopiak agertzen duenez, azaldu zen kontaeraren arabera.

 Honegatik, Berorri errespetoz.

ERREGUTZEN DIZU

 Oraingo legetasuna eustearren behar diren neurriak har ditzazun eta batere demokratikoak ez diren gertaera hauek eta Euskal Herriaren Kulturaren, zeinaren idazten duena ohorez jabetzen baita, zapaltzaile direnak, ez daitezen gehiago gerta.

 Berorren zuzentasunaz heldu espero duen mesedeaz zalantzarik ez duena. Jangoikoak opa diezazun bizitza luzea.

 Gasteiz, 80eko abenduaren 22ean.

Araba Gobernadore Zibil Jaun Ohargarria

***

Oskorri

Lagun agurgarria:

 Aurretik esana genuen bezala, behin eta gure diskoa kaleratu ezkero, hasiko gara errezitalak egiten Euskal Herriko hiri eta herri handienetan, "Plazarik plaza" disko berria publiko aurrean aurkezteko asmoz.

 Urtarrilaren 2an, ostiralez, gaueko 10etan, Arrasateko Gurea Zinean kantatuko dugu.

 Urtarrilaren 3an, larunbatez, gaueko 10tan ere, Donostia-ko San Telmoko Abadian.

 Urtarrilaren 3an, larunbatez, gaueko 10tan ere, Donostia-ko San Telmoko Abadian.

 Urtarrilaren 4an, igandez, eguerdiko 12tan, Iruñeko Gayarre Teatroan.

 Urrengo asteetan ere lanari jarraituko diogu eta guztiaren berri zehatz bidaliko dizugu.

 Agur ba, eta mila esker zure betiko laguntzagatik.


Artikuluburua

 Aldizkariaren ale hau aspaldian gerturik zegoen, 80.ko Abenduaren hamazortzigarrenetik hain zuzen. Urteburuko jaiek atzeratu dute gure kaleratzea. Kasurik egin gabe, hainbeste egunetan moldiztegian lotan egon eta gero, azkenean zuen eskuetara iristen gara. Atzerapenez, beti bezala, "garrantzi handirik" ez daukan aldizkari bati dagokion bezala, besteen komenientziaz, besteen beharkizunei makurtuta.

Honen aurrean zenbait erabaki hartu dugu, beharrezkoak zirenak, besterik ez, suposa dezakezuenez inprimategikoek ez dute berriro gure irakurlegoez barre egiteko abagunerik edukiko. Garbi atera dugu hori behintzat.

Hori guziorrengatik, zuen pazientzia amaigabe horri barkatzekoak eskatzeko beharrean gaude behin eta berriro.

ANAITASUNARI dagokionez, hemendik aurrera hamabostkaria barik hilabetekaria izatea erabaki dugu. Egia esan, aldaketa honek ez du suposatzen gauza berririk, bakarrik teorian baikinen hamabostkaria. Hemendik aurrera bada, egiatan ginena izanen gara, hilabetekaria.

Erabaki hau hartzeko arrazoi nagusiena ekonomikoa izan da, ez dugu atzean arazo ekonomikoak konpontzen dituen ezein erakundek eta etxe honetakook ezin ditzakegu galera hauek jasan.

Hala ere, 81. urte honetan zehar prentsa artean eta bereziki "euskal prentsa artean" gure jarrera eta lekua finkatzea espero dugu, ANAITASUNAko orrialdeak deneri, Euskal Herriaren arazo eta gorabeherei bereziki, irekirik edukiz.

Eta Euskal Herriari dagokionez, 81. urte honetan oso gauza gutti aldatu denez, berriro ere, burrukarako beste urte berri bat izanen dela jadanik ba dakigu eta ba dakizue.


Euskal Herria

Apal eta idazmahaietan zeuden liburuak

 Abendu honetako 6,7 eta 8an hospatu zen Durangon Euskal Liburu eta Diska azoka. XV. edizio honetan argitaletxeek hartu ahal izan dute parte, zabaltzaile pare batekin batera: ihaz liburudendak eta zabaltzaileak guztiz jabetu ziren azokaz; hau zela eta, antolatzaileek kritika zorrotzak jaso zituzten azokaren bokazioa argiro azaltzeko eskatuz eta lehengo bidera itzuli dira.

Larunbatez ireki zen, hilaren seian, baina sarrera biharamunean ukan zuen, Antonio Tovar jaunaren hitzaldi batez; interes eta gatzik ukan zuen beronek, jende gutxi hurreratu bagintzaizkion ere.

Beste hiru solasaldi itsatsi zitzaizkion Azokari: "Euskarazko literaturaren krisia" eta "Hizkuntzen birreskuratzea"ri buruzko mahai biribil bi eta datorren urteko UEU prestatzeko batzarra.

Joxe Azurmendi krisiaren kontzeptu berarekin bat ez bazetorren ere, hantxe hasi ziren bera, Koldo Izagirre eta Josu Landa, Andu Lertxundi moderatzaile zelarik. Krisiaren ideia hau erratua dateke, gaur egun Inoiz baino gehiago ekoizten da eta. Hala ere, nolabaiteko ezinegona hedatu da. Joxe Azurmendik publikoarekiko harremanak hoztu direla esan zuen. Lehen Harri eta Herri argitaratzea gertakari bat zen. Gaur Estatutua. Koldok "entusiasmoa falta dela" zioen: literaturari ez zaio kasurik egiten.

 Gazteen protagonismoaren gaia eztabaidatu zen. Josu Landa absurdoaren zentzazioaz mintzatu zen: hemeretzi urte eta jadanik idazle kontsakratua. Idazlearen prestakuntzaren beharra eta honekin batera aspalditik datorren problema: profesionaltasuna. Dena dela, Joxek impassean aurkitzen ditu gazteak. Datozen urteetan lehertuko da krisia, irtenbiderik topatzen ez ba zaie.

Euskara Batua eta literatur hizkuntzaren kontrastea aztertu zuten ondoren. Koldo-rentzat hizkuntza hotz eta normalizatu horrek Elhuyarrekoentzat balio du; baina euskaraz nola esan "matar dos pájaros de un tiro"? Hala ere, bi moduen arteko gatazka ez dago garbi. Azkenez, bat zetozen denak Euskara Batuak suposatu duen zerbitzuaz.

Biharamunean "Hizkuntzen birreskuratzea"ri buruzko mintzaldiak izan ziren. Munduko zenbait kasu azaldu zituzten Txillardegik (Irlanda), Xabier Kintanak (Georgia), Ma José Azurmendik (Canada) eta Gonzalez Txabarrik (Israel) beronek moderatzaile bezala jokatu zuelarik.

Hauts gehien harrotu zuena Txillardegi izan zen Irlandako kasua goitik behera miatuz eta bera izan zen Amatiño interrogatu zuena, Euskal Gobernuaren berri eskatuz.

Honek parlamentuko oposizioaren jokoa aipatu zuen: datorren Martxoaren hirua baino lehen euskarari buruzko Oinarrizko Lege bat eskatu dio gobernuari. Amatiñok gobernuaren zenbait projektu aitatu zuen, euskara eta komunikabideen arteko harreman negargarriak etab. Dena dela, euskal gobernuak ezin dezake inolako hitzik eman, politika guztia akordio Ekonomikoek baldintzapetzen dute eta: euskaldun berri bat sortzeak dirutza ikaragarria kostatzen da: 80.000 pezeta.

Dekada batetako lorea

Durangoko Azokan stand batetik bestera iragatean gauza batek harritu gaitu: irakaskuntzarako eta luxozko liburuen protagonismo nabarmenak. Sakelezko euskal bildumetan ez da liburu kopuru handirik atera; Gero, Kriselu eta beste argitaletxeek liburu gutxi kaleratu dituzte. Hor ikusi ditugu "Historia General de la Guerra Civil en Euskadi", "Geografía de Euskal Herria" eta gisako obrak, haur eta gaztetxoentzat liburu piloa, ezin konta ahalezko metodoak, eta abar. Zer dela-ta?

 Joan Mari Torrealdayrentzat merkatuaren jokoaren ondorio da. Orain zazpi edo hamar urte, editorial berriak plazaratu zirenean ideologia berria finkatzen zihoan. Honek debate giro bat sortu eta zabaldu zuen, eta agertzen ziren obra asko unibertsitateetako tesi liburuak ziren. Ekoizpen hau 1600-1700 aletakoa zen eta harpideek mantentzen zuten gehien bat.

 Denboraren poderioz ordea egoera hau aldatuz joan da. Salmenta honek ezin manten zitzakeen argitaletxeak eta profesionaltzeko garaia heldu zen. Eta profesionaltze honek bi irtenbide ditu: erdarazko liburugintza ta irakaskuntzaren inguruan dabilena.

Durangoko Azoka honetan erdarazko liburuen artean gehienak enziklopedikoak eta luxozkoak dira, liburu-objetu bezala defini ditzakegunak. Nork eros ditzazke holako liburuak pairatzen dugun krisi gorri honetan?

Gisa horretako liburuak argitaratzen ez dituen editore baten eritzia jasotzen dugu: "Krisia sofritzen poltsikoak ez dira 20.000 pezetakoak, 40.000 koak baizik". Luxozko liburuen editoreek, hain ozenki ez badiote ere, hala ezagutzen dute. Eta beste faktore bat aipatzen digute: saltzaileena. Sareak ondo antolaturik dituzte. "La Gran Enciclopedia Vasca"ko "La Gran Enciclopedia del país vasco"k gainezka dira; esaterako, "Historia General de la Guerra Civil en Euskadi". Salmentatik atera ditzaketen komisioak dira saltzaileen oldarkotasuna eragiten dutenak.

 Oro har, euskarazko liburuak erdarazkoen bizkarretik bizi dira; hor ditugu Elkar, Hordago eta besteren kasoak. Hain zuzen, Hordagokoek esaten zigutenez, liburu politikoen uzkinei esker atera izan dituzte euskarazkoak.

Azoka honetako beste pertsonaia, irakaskuntzaren inguruko liburua da. Metodoak etengabe ateratzen dira eta baziren Durangon berriak. Sail honetako beste liburu mota osagarriak dira. Euskalduntzen eta beste metodoekin batera doazenek sekulako arrakasta izan dute. Honela zioten Hordagokoek, "jendeak ez gaitu sinesten, baina Karraspioren abenturak 20.000 ale saldu dira eta beste batzu. 10.000 inguru. Telefonoz hots egin eta guzti egin digute, euskaraz zer edo zer irakurtzeko gauza direla eta eskerrak emanaz".

Elkar-ekoek landu duten saila gaztetxoentzako liburuena da. Hain zuzen politika honekin irakurleen kopurua handitzea espero dute: gazteak erdaraz irakurtzen ohitzen dira materiale faltagatik, eta ez dira euskaraz irakurtzen hasten. Haro honetan titulu pila bat eskaintzen badiegu, izango dute beren egarri non hase. Horrela, irakurle potentzialetatik ahalik eta gehien aprobetxatu behar da. "Gazteak tituluez bonbardeatu behar ditugu", zioten Elkarrekoak.

Joan Mari Torrealdayrentzat, egoera hau gutiengoen hizkuntza guzietan gertatzen da: irakaskuntza eta literatur liburuek dute lehentasuna. Honela behatzen du literatura gaztearen egoera. Lehenengoz, idazleek beren burua literatu bezala definitzen dute soilik. Bigarrengoz, narratibak du nagusitasuna. Narratiba honetan hizkuntzaren berriztapen bat ikusten da, batuaren pisua arintzen duena. Halabaina, berriztapen hoek literatur balioen pobrezia estaltzeko balio dezake. Bestetik, literato gazteok ez dute obra nagusirik idatzi. Narrazio txikiek sail bat osatzen dute, eta bertan askotan hizkuntza experimentatzen dabiltza.

Geroari buruz, argitaletxe guztiak behin eta berriz itaundu baditugu ere, bakar batek ere ez digu inolako plangintzarik azaldu.

Kanpotarren hilpo sakona

Hala esaten zigun Karlos Arko-k: multinazionalek, erraz, Euskal Herriko merkatuaren %90 dute. Beren politika komertziala benetan oldarkoia: "Lo arrasan todo, lo compran todo, hasta escaparates de los comercios; y aquí no se ha olido esto".

 Euskal Herriko diskagintzaren hurbilduz gero, behin eta berriz azaltzen zaigu profesionaltasunaren arazoa. Kantariengandik hasita. Beren lana ez da inongo bazterretan estimatzen. Ehundaka festibal antolatzen ziren Euskal Herrian; huraxe zen profesionaltzeko okasioa. Baina jendeak uko egin zien: ezin pentsa zezaketen euskal kantari batek sosik kobra zezakeenik. Hala ere, Karlos Arko-k gauza bitxi bat kondatzen zigun: «Orain dela gutxi festibal bat antolatzen lagun niezaien eskatu zidaten. Euskal kantariak gratis nahi zituzten, baina ez zuten Lluis Lach kontratatzeko eragozpenik, takillaren %75 eskatzen duela jakinda ere".

Multinazionalen konpetentziari aurre emateko irtenbide bera dago: entrepresa bezala planteiatu diskaetxeak. Boluntarismoa haizeak darama eta badira estudio propio bat duten diskaetxeak, grabaketan Madrillen edo Bartzelonan ibili gabe.

 Hala baina, gastu asko dakartza birregituraketa honek, eta urte luzez juxtu juxtuaren ibiliko dira entrepresa hauk.

 Komunikabideak dira industria honen bigarren oina, eta egoera ez da oso lasaigarria. Bilbon SER eta Herri Irratiak laguntzen dute, Karlos Arko eta Felix Linares edasleen borondate pertsonalagatik, baina Donostian txarto dago kontua: Radio San Sebastianen jendearen presioari esker hasi dira euskal musika barreiatzen.

Dena dela, Karlos Arko-k itxaropen apur batez ikusten du etorkizuna. Kantarien artean belaunaldiz aldatzen ari dira eta gazteenak besteen burua zentzatu dira, eta planteiamendu berriekin datoz. Musika mota guziak landuko dira, baina batez ere bi: kaletarra eta folk mailakoa. Hala bedi.

Mikel Gereka


Euskal Herria

Prentsa Euskaraz kanpainaren datu batzu

 Hona hemen Euskal Prentsaren aldeko herri-eskaera eta kanpainaren datu batzu. Datu hauek, azpimarratzekoa da, behin behinekoak dira oraindik, hala ere, herri-eskaerari dagozkionak, salbuespen batzu kenduta, behin betikotzat kontsidera daitezke.

BIZKAIA

 BILBO ERDIA GUZTIRA 381.309,50

BILBOKO HAUZOAK

 Altamira 9.184

 Basurto 29.234,50

 Deusto 24.972,50

 Errekaldeberria 33.350

 La Peña (Abuso) 15.545

 Parte Zaharra 72.948

 San Inazio 20.533,50

 Santutxu 251.402

 Uribarri 13.150

 Zabalburu 18.512

 Zorrotza 39.031

 GUZTIRA 527.762,50

 BILBO OSOA 909.072

 Abadiño (ez dago daturik)

 Arratialdea (ez dago daturik)

 Bakio 5.963

 Barakaldo 20.450

 Basauri-Arrigorriaga (ez dago daturik)

 Busturialdea 9.519

 Bermeo 53.588

 Durango (ez dago daturik)

 Ea-Elantxobe-Ibarrangelua 10.966

 Erandio 12.764

 Etxebarri 10.456

 Leioa (Unibertsitatea) 8.275

 Leioa (Herria) 36.441,50

 Gaminiz 30.500

 Gernika 24.100

 Getxo 70.455

 Lekeitio 20.994

 Markina 13.826

 Ondarroa 53.080

 Portugalete 121.228

 Santurtzi 90.960

 Sopela-Urdulitz 24.052

 Ugao 8.900

 Bilboko Erakuztazokan 29.400

 GUZTIRA 673.853,50

 BIZKAIA GUZTIRA 1.582.925,50

GIPUZKOA

 DONOSTIA GUZTIRA 100.725

 Arrasatealdea 115.000

 Bergaraldea 75.810

 Debaldea 24.173

 Errenteria 15.660

 Hondarribia-Irun (Bidasoaldea) 68.925

 Legazpia 21.300

 Goi-Herriko eskualdea 134.238

 Pasaia, Pasaia Donibane 41.070

 Pasaia Antxio 18.720

 Orio 17.233

 Zestoa 12.345

 Zumarraga 24.164

 GIPUZKOA GUZTIRA 669.363

NAFARROA

 Iruñealdeko eskualde osoa 117.681

 Nafarroa GUZTIRA 117.681

ARABA

 Gasteiz 150.824

 Laudio 25.935

 ARABA GUZTIRA 176.759

HEGO EUSKAL HERRIA, GUZTIRA 2.546.728

 Asociación Vendedores prensa de Bilbao 8.961

 Donostiako Gau Eskolak 5.125

 Gipuzkoa Bankuko Langileak 6.061

 Donosti Aurrezki Kutxako Langileak 2.550

 Corte Ingles 25.000

 Zaldibiako Udalbatza... 15.000

 Gipuzkoako Foru Diputazioa 500.000

 Manu Reguero 500

 Bar Bolivar 1.000

 Barakaldoko Liburudenda bat 5.000

 Bilboko Gau Eskolak 18.294

Bilbo Aurrezki Kutxako langileak 29.051

Anoetako udalbatza 2.000

GUZTIRA 616.542

 Herri Eskaera-laguntzak 3.163.270

 Gastuak (behin behinekoak) 786.998


Euskal Herria

Euskal Herriko udal eta erakundeei

 Euskararen ofizialkidetasuna legez onartu ondoren, berori bideratzen hasteko, itzultzaileak kontratatzeari ekin zaio. Itzultzaileen eginkizuna, zenbait idazki euskaratzea besterik ez da oraingoz eta sarritan euskaratze-lan horiek jendearengana gutxien hel daitezkeen paperak izaten dira. Bestalde, itzultzailearen lanpostua bera eranskin bat besterik ez da leku askotan eta honek beronek ematen dio euskarari morrontzarik lotsagarrienaren finkapena.

Ofizialkidetasunak, erabilera ofizial berdina esan nahi du. Eta gauetik goizera lortu ezin bada ere, eman behar diren urratsek, sendoak eta ondorio ugariak ekarriko dituztenak izan beharko dute. Hori lortzeko bide nagusia, ahalik eta jende gehienarengana heldu behar duen guztia euskaraz adieraztea da. Hau noski, ez dezakete itzultzaileek bakarrik lor.

Litekeena da halere, norbaitzu oso prest jartzea euskaraz adierazte honetan, baina hedakuntza osorik loitzen ez bada Euskal Herri osoan zehar, zenbaitzuren ekintza soil mailan gora daiteke beste gabe. Beraz, alor honi dagokionez, erabaki politiko irmoak hartu eta bete erazi beharko dira.

 Hauek honela, hiru mailatako erabakiak hartu eta bete beharra ikusten dugu lan honetan abiatu garenok:

1) Euskaraz adierazi beharreko gaien artean lehentasuna zeintzuk duten zehaztu eta erabakitzea.

2) Euskararen erabilpena gauzatzeko behar diren pertsonak izendatu eta lanean jartzea.

3) Erabaki politikoak hartu eta bete eraztea, erabilpena egia bihur dadin.

I.- Euskaraz adierazi beharreko gaien artean lehentasuna zeintzuk duten zehaztu eta erabakitzea

Itzultzaileok dugun experientzian oinarriturik eta ahalik eta jende gehienarengana heltzea helburutzat harturik, lehentasun-ordena hau jartzen dugu:

1) Kaleratu behar diren ohar, dei, bando, zigilu, inpreso, notifikazio eta berriemateak euskaratzea. Eta hauekin batera eta maila berean Udal-bulegariak eta Udaltzainak nahiz beste Erakundeetako bulegari eta zaintzaileak euskalduntzea, jendearekiko harreman zuzenak eta ugariak dituztenez. Hemen bereziki aipatu nahi genuke bulegari euskaldunen alfabetatzea, makina-lanak eta gainontzekoak ere euskaraz egiteko gai izan daitezen. Itzultzaile deituok bakarrik ez dugu Administrazioa sekulan euskaldunduko. Gainera, alfabetatzea ez da klase batzurekin bukatzen, eguneroko lanbideak alfabetatzen baitu benetan.

Klaseak emate hori, itzultzaile nahiz Euskal Eskoletako irakasleen bidez, edo eta bien bitartez egin daitekeela deritzogu.

2) Ondoren eta denbora, pertsona eta abarren baitan, aktak, mozioak, diktamenak, txostenak, batzordeetako idazkiak eta beste guztiak letozke, hau da, kontzejalen, teknikoen eta beste erakundeetako exekutiboen barne-funtzionamenduko gaiak eta paperak, baina jendaurrera agertu behar dutenak (Batzarra eta bileretara).

3) Aurreko guztia lortu eta gero, bulegoetako papertza guztiaren euskaratzea letorke. Baina hori lortzeko alfabetatze teknikoen bidez prestatutako bulegariak beharko dira, eta une horretatik aurrera hizkuntza-arduradun edo gisako zerbait besterik ez lirateke izango gaurko itzultzaileak.

II.- Euskararen erabilpena gauzatzeko behar diren pertsonak izendatu eta lanean jartzea

 Nolabait hasiera emateko, itzultzaileak hartzen doaz Udalak eta beste erakundeak (Diputazio, Gobernu, etab). Itzultzailea, bide-urratzaile garrantzitsua dateke, baina jarraipena behar du luzarora gabe bere inguruan. Alor honetan eman beharreko urratsak hauek lirateke:

1) Itzultzaile edo hobeki Euskara-arduradunak kontratatu, itzulpen eta paper-lanak egiten nahiz klaseak emanez zerbait aurreratzen hasteko. Langile hauek ordea, zeharo profesionalizatu egin behar dute, behin horretarako gaitasuna agertuz gero. Horretarako, hauentzako postu ofizialak sortu behar dira. Beraz, alde horretatik Erakunde bakoitzak beharrezko zaizkion guztiak kontratatu beharko ditu benetako lanik egitekotan. Eta Erakundea (Udala edo delakoa) oso ttikia balitz eta lan guttiegi izango balu, bi, hiru edo laurentzako Euskara-arduradun bat kontrata dezatela, baina beti ere ofizialki (Idazkariak eta besteak bezela) eta behar bezala lan egitekotan, ez etxean etab. ezkutuko orduak sartuz.

2) Bulegari eta Udaltzain nahiz beste Zaingoetako euskaldunak alfabetatu eta euskararen erabilpenean (mekanografia, instantzi-betetze, txostengintza, etab) trebatzen abia erazi, itzultzailearen hizkuntza-gidaritzapean administrazioa euskalduntzen has dadin.

Ondorengo epe batetan bulegari etab. euskaldunberriak prozesu berean sartuz joan.

III.- Erabaki politikoak hartu eta bete eraztea erabilpena egia bihur dadin

Lehen bidenabar aipatu den bezala, lan guzti hau eremu mugatuan bakarrik egiten bada, indargabea da eta ofizialtasunik gabekoa. Ofizialtasunak hain zuzen ere edozein lekutarako erabilgarritasuna adierazten du berori deklaratzen den eremuan. Euskal Herriaren barnean ez dago. 1. mailako eta 2. mailako euskal eremurik jartzerik Erakunde mailan, nonahi euskaldunberriak sortzen ari diren garaian.

Beraz, erabilpen orokor, hedatu eta zabala izatekotan eta besterik ere izan daitekeen arren, Euskara erabil eraztera behartuko duten erabaki politikoak behar ditugu eta erabaki horietako garrantzitsuenetakoa honoko hau dateke:

DAGOENEKOZ ZENBAIT UDALEK ERABAKIRIK DUEN BEZALA, EUSKAL HERRIKO ERAKUNDEETATIK EUSKARAZ IDATZI GABE HARTZEN DEN ESKUTITZ, TXOSTEN EDO IDAZKIAK EZ ONARTZEA ETA DATOZEN ERAN ITZULTZEA.

Behar-beharrezkoa ikusten da neurri hau praktikaratzea, baldin eta Euskara hizkuntza ofizialkidea bada. Hori gabe ez dago ofizialkidetzarik eta jadanik dugun legerik ere ez litzateke beteko.

Udal Itzultzaileak


Euskal Herria

Itsutasunaren argia [Bertsoak]

Aurton, beste askotan bezalaxe, Olentzaroa heldu zaigu mundu osoan milaka lagun preso dauzkagula. Bertso hauk prestatzerakoan, Ulster-ko Sean Mckenna izan dut gogoan, berau baita, seguru dakizuenez, itsua geratzeko arrisku bizian zegoena, Maze izeneko kartzela horretan gose grebari heldu ziotenen artean. Eta Alfonso Sastreren nobela baten eskale dioenez: "Kartzelak egiteko behar diren adrilu horiekin guretzako etxe pila bat egiteko modua zegoen".

Soinua: X. Amurizaren "gizona ez da ogiz bakarrik bizi".

 Irlandako kartzeletan

preso asko ba dira

kaleratu egin baita

pobre guztien i.r.a.

hitz egoki ta ederrez

inor ere ez da fida

hola heltzen dira aurton

gabonak hango herrira

segi burrukan bakoitzak

berak daukan neurrira

hobe biziko ginake

besteak ez balira!

 Justiziarik ez dago

baldin ez banago oker

adar okerrekin dabil

edonon zenbait aker

libertatea erosteko

zenbat dilista-plater?

baina ezetz dinogu ta

nahiago dugu leher

ez lider ez luzifer ta

ez ere paternoster

honetaz oroitu bedi

Londresko Mistress Thatcher!

 Herrera, Soria, Fresnes,

Sttugart eta Maze

gizarte hontan kartzela

ez al daukagu base?

herriak utzia dauka

hor barruan oinaze

presoen minez besteak

ederto dira ase

hauentzat kartzelak dira

eztiaren orraze

baten bat alde balego

sar dadila huraxe!

 Preso han ta preso hemen

preso bazterrik bazter

kalean eskuin libre ta

barruan preso ezker

eta hori gertatzen da

ganster gutxiri esker

nagusi daukagu orain

hainbat Don eta Mister

kartzeletako atea

zabalduko atea

ta bizi egingo gara

Euskal Herri ta Ulster!

 Batzuk ez dute ikusten

aurrean daukatena

pozik abiatzen dira

gizartean barrena

oso pobre dute hoiek

barruko ikusmena

baina zuk begian erne

daduzkazu Mckenna

eta itsu nahi zaituzte

ez ikusteko dena

Irlandak ba du zurengan

argirik argien

 Ulsterrek ez du nahi izan

Inglaterraren otsein

beronek hango kaleetan

gorrotoa baitu erein

askatasun ametsekin

da pobre den edozein

gizon andre neska mutil

atso agure ta sein

hurrengo urtean ere

gogorki burruka ein

eta opa nahi dizuet

kanpaina ona Sinn Fein!

Sastraka


Kaka egiten dute, bai!

 Gizarte honetan milaka eta milaka gauza barregarri gertatzen direla gauza jakina da; baita ere denon jakina dateke barregarrizko gauzez gainera ba direna ere serioak, seriotasuna eskatzen dutenak.

 Espainia sakratuaren gobernuko lehendakari izatea gauza ezin seriogoa da, esaterako; edo Espainia berberaren errege izatea edo... Bai, pertsona horiek ba dute sama haundia bizkar gainean. Beharrik gizonsko berberoriek ordezkariak indarrez menperaturiko eremuetan dituztela, bestela ez lukete ahuntzaren gauerdiko eztula entzunen, ez. Euskal Herrian ba dabiltza ibili Marzelino Belarria supergobernadorea eta supergobernadorearen peko gobernadoreak (gobernadoretxuak falta dira hirukotea osatzeko). Oraintsu arte Donamari generala izan dugu ere. Zerbitzari leialak denak, alajainkoa!

 Irratian ez da irudirik ikusten, ahotsaren egoera susma daiteke bakarrik. Telebistan aldiz, "gobernatzen" gaituztenak ikus genitzake. Nolatan ikusi? Jakina, beti serio, ikaragaitz, hutsik gabe. Baina batek pentsatzen du erregeak (gurea —euskaldunona— izango balitz "erregek" esan beharko, gramatikek diotenez...) bere uniforme diztiratsuak eta Suarezek bere smoking inpekableak erantzi beharko dituztela noizean behin. Eta zer esan Donamari generalaren biboteaz, erantzi beharko du noiz edo noiz. Batek pentsatzen du hori. Batek eta bik. Eta anintzek agian.

 Lotarako orduan zelan egingo dute beroriek? Hor ba liteke jantzirik egotea ere eta biharamunean lisakina pasa. Seriotasunaren arazoa da. Problematsua. Hor nik ez dut oztoporik ikusten Sofia erregina erregearen brageta bizpahiru aldiz urtero irekitzen-ixten antzemateko. Edo Suarezena edo besterena. Bapatekoa da hori. Ostera, transzendentalagoa gertatzen da kaka egitea. Prakak jaitsi beharra baitago ezinbestez. Hortxe bai, seriotasuna galtzen dute gobernariek.

 Suarezek arestian Euskal Herrian egon zenean ba omen zekarren ekarri kakapirria. Ajuria-Enea-ra joan zen eta han berarentzako komunik ez! Denak okupaturik zeuden, Gobernu Baskongadokoak prakak jaitsita han zeudela-ta. Suarezek, ezin jasanez, prakak aldatu behar, seriotasuna galdu zuen baina.

 Nik ba dakit Casadearriba lehendakariak, Arzallusek, Castañaresek eta bestek kaka egiten dutena ere; prakak jaisten dituztela. Ez dirateke diruditen bezain serioak... kala egiten dute, bai.

Karlos Santisteban


Salsa

 Salsa modan omen da. Harritzekoa ote da?

 Tipi nintzanetik, hau da ohartzen hasi nintzanetik orain arte, halako musikak "modan" egon izan ohi dira Hego honetan.

 Ba da honetan gauza bitxi bat.

 Ezin uka horrelako musikak ba dutela gatza, baina, zergatik ez dira inglesak edo modan egoten 40 urtez?

 Ez noa salsa kritikatzera; Hego Ameriketako kantak ere ez. Baina, "rantxerak" oraindik modan dira. Zergatik?

Francoren denboran, orain bezala, Venezuela-Colombiako kantuak, Andaluziako "cante flamenco" etabarrekin batean entzuten genituen, ito beharrez sartzen zizkiguten, zergatik?

Honetaz ohartzeko nahikoa duzue igandero Nafarroako "Malloas"etara edo Zarautzko dantza leku batera joatea. Orain ere!

Guzti hauek badute pundu komun bat: espaineraz eginak direla, kasualitatea ote da?

Gogoratzen naiz, orain 10-enbat urte, abertzale burrukalari batzuk "rantxerak" kantatzen jartzen zuten arreta. Euskaraz bazekiten, baina ez ziren mintzatzen, Ni harrituta egoten nintzen haiek entzunaz. Nerekiko, ba zen han zerbait zuzen ez zena.

 Kantu horien edertasunean al da gakoa?

 Fazistek edertasunagatik irentsiarazten ote zizkiguten? Edertasunaren zentzurik ba ote zuten?

 Ez. Beraz, zergatik hauen propaganda egiten zuten?

 Inperioko hizkuntzan emanak zirelako, inperioa zabaltzen, mantentzen eta gogorarazten zutelako baizik. Eta Hego Euskadi espainoltzen zutelako.

 Egin-ek Urrileko 25-ean badakar salsari buruzko artikulu bat eta besteak beste horrela dio: "Se trata de la nueva moda, tras la que se esconden los más poderosos intereses económicos (y políticos)". Azken hau nik erantsia da.

Bistan da, politikazko helburu bat duela honek, ez bakarrik edo batez ere egiten dutenen aldetik, baizik eta martxan jartzen dituztenetik.

Zer da bada moda? Moda inposatzen den gauza bat da, tresna bat da, interesatua da.

 Nik uste Hego Euskadin, Lola Flores, Manolo Escobar, Carmen Sevilla, etabar, etabar, ez direla sekulan modan egon. Bizkitartean, zerbait entzunak ditugu... nardatzeraino.

Esan behar dut, nik ez dudala ezer Andaluziaren aurka, ez eta ere beurak hainbeste maite dituzten kantuez. Adiskide minak ba ditut Andaluzian. Hauen bihotza manipulatua izan da Hego Euskadi espainoltzeko, gure nortasuna galtzeko.

 Gaur salsa modan jartzea, kasualitatezkoa ote da?

Mikel Urteaga


Euskal Herria

Europako Elkartearen Batzordea Euskal Merkatal Ganbara oinezkoentzako gezurretxape bat

 Azken sei urte hauetan lanik gabekoen kopurua hiru aldiz gehiago igo da Frantziako Estatuan, 500.000tik 1.500.000etara hain zuzen. Britainia Handian sekula eman ez den langabezia ere jasaten ari dira.

 Europako Elkarte Ekonomikoaren burua, Alemaniako Errepublika Federatua, bihurgune batetan ere aurkitzen da; azken Urrian langabekoak 900.000 izatera iritsi dira, langileetako 3,8. Espainia aldean utzirik, langabeziaren lasterketa honetan Belgikak irabazten du lehen tokia, langileetako 8,5 lanik gabe aurkitzen baita.

Europako Elkartean langabezia kronikoa bada ere, handiegia ez dela kontsidera daiteke, hurbiltzen zitzaizkigun urteetakoez pentsatzen badugu. Aurrikusteen arauera, hemendik lau urtetara, hau da, 1985.ean langabezia hiru aldiz gehiago handituko da eta Europako Elkarte Ekonomikoan (Grezia, Portugal, Espainia gaberik) 11-15 milioi pertsona egonen da lanik gabe.

Batzordearen aurrikusteak

 Aurrikuste pesimista hauek bultzatuta Europako Elkarteak Veneziako biltzarrean langabeziaren fenomenoaz eztabaidatzeko eta berari ahalbide eta soluziobideak prestatzeko batzorde bat izendatu zuen.

 Iragan den Abenduan bildu da lehen aldiz batzordea. Batzordekoentzat langabezialdia ez da oso iraunkorra izango; haien ustez 1985tik aurrera hasiko da jeisten.

 Batzordearen ustez, jarialdi zikliko hauek zenbait faktore demografikok sortu zituen hirurogeietan... jaiekuntza gehiegi egon omen zela argudiatzen dute Bruselako Batzordekoek.

 Puntu honi buruz ez dakigu serio ari diren ala benetan adarrak jotzen ari zaizkigun baina behintzat hori berori izan zen prentsaurrean eman zuten explikazio bakarra.

 Bitartean eta errealitatera bihurturik, gazteriari eta emakumeari eman zaio txarrenetakoa asuntu honetan. Izan ere, 25 urtetarainokoak, %40 tan lanik gabe daude eta egonen dira. Emakumeari buruz, langabekoen kopurua gizonezkoen baino hiru aldiz gehiago da.

Europako Elkartearen Batzordearen ustez, langabezia geldierazteko zabalkunde ekonomikoaren erritmoa segurtatu behar da. Beldur gara zabalkunde ezinezkoa ez obe den zeren 1985. urtean langabekoen kopurua hiru milioitaraino jaisterazteko urteroko landugabeko produktu nazionala (PNB) %7tan jaso beharko litzateke hemendik aurrera. Gaurko (PNB)-ren gehikuntza %2takoa besterik ez denez aipatutako jasotze hura ezinezkoa eta fikziozkoa dela kontsidera daiteke. Europako Batzordeak ateratako ondorioak ez dira inola ere serioak izan eta ba liteke ere prentsarentzako ondorio argitaragarriak bakarrik izatea. Guk uste dugu ordea, langabeziaren benetako iturburu eta etorriak azterturik gabe gelditu direla. Europako Elkartean ez du inork serioski langabezia kendu nahi; langabezia kentzeko oraingo ekonomiaren oinarriak ezabatzea beharrezkoa baita.

Langabeziaren iturburuetarik asko ezagun-ezagun dugu jadanik. Industrietxe eta lantoki askotako ateak hitxi dira. Langileak milaka kalera botatu dituzte. Betidaniko industrigintzak kolpe gogorrenak hartu ditu, metalgintzak, untzigintzak, ehungintzak, jantzi eta zapatagintzak hain zuzen. Azken sei urte hauetan Frantziako jantzigintzan bakarrik 100.000 lanpostu desagertu dira; untzigintzan berriz, gaur daudenetako erdia.

Krisisaren arrazoia oso sinplea da. » Fabrikak desagertu dira baina kapitalak ez. Kapitalak oso urrun eraman dituzte, inbertsioak hirugarren munduan eginez, Argentinan, Brasilen, Mexikon, Venezuelan, Hego Korean, Côte d'Ivoire/Costa de Marfil-en, Kongon etab...

Hego Euskal Herriko batzordea: Merkatal Ganbara

 Eta aurrikusteak horrela badira Europan, hemen Hego Euskal Herrian beste batzorde batek antzeko argudioak atera dizkigu orain ez asko. Euskal Merkatal Ganbarari buruz ari gara. Akordio ekonomikoak sinatu eta geroko agiri batetan Ganbara honek "berreskuratze ekonomikoaren sintoma bereziak" nabaritzen ari direla diosku... "Forzando el lado optimista podríamos quizás encontrarnos en el preámbulo de la recuperación económica, teniendo en cuenta que ésta de ningún modo aparecerá súbitamente, sino que constituirá un largo proceso en el que los esfuerzos no podrán ser escatimados por nadie".

 Ongi da. Zuzpertze ekonomiko berri bati buruz ari dira. Ba dakite ezinezkoa dela. Ba dakite langabezia gero eta handiago izanen dela baina hala ere galeriarentzat optimismoa botatzen dute; zertarako bada baketzea, akordioak, polizia autonomoa, etab, etab.? Baina argi diote: "Constituirá un largo proceso en el que los esfuerzos no podrán ser escatimados por nadie".

 Prozedura luzatuko zaigunez amaigabeki, errudunak laster bilatuko dituzte: grebak, ETA, zerga iraultzaileak eta ba liteke drogadiktoren edo halako zerbait bertan sartzea.

 Euskal Ganbararen agiria eta akordio ekonomikoak bata bestearen atzean iritsi zitzaizkigun. Lehenengoa azkenaren ondorio positiboa.

Hainbeste urtetan zehar Espainiak atera ditu mozkin izugarri handiak Euskal Herrian, mozkinok bere kasta menderatzaileak oso urrun eramanez. Guk ez dakigu nora eraman zituzten eta zehatz-mehatz halakoekin egin zutena. Gauza seguru bat ba dakigu: Aberastasun horiek hemen ez ziren gelditu, ez zuten beraz ez euskal burjeseria ez langileria gizendu.

Euskal Herriak apur-papurrekin gelditu zen. Baina oraingo honetan gauzak aldatu direla jende askok pentsa dezake. Ez dugu uste hainbeste aldatu denik, formak bereziki aldatu dira. Krisisa dela eta, Estatuak ez ditu jadanik garai haietan atera zituen mozkinak berriro ateratuko eta, zaudete seguru, krisisarik egon ez balitz akordiook ez ziratekeen inoiz sinatu, ez baita berdin mila milioiren %60 eta ehun milioiren portzentaia berdina.

Lantxo hau bukatzerakoan aholkutxo bat euskal ganbarari eta handikiei eman nahi diet erdaraz: "No os recupereis mucho porque os los vuelven a quitar".

E.H.


Euskal Herria

Joko demokratikoa

 Eriotza eta bizitza, gure bazterretako zulo eta karkaba guztiak betetzen ari den joko demokratiko honek orain apenas lau urte argia ikusi zuen. Joko demokratikoarengatik onartu ez zen konstituzioa inposatu zitzaion herri honi. UCDko burmuin grisak, Martin Villak, administral eta politik egiturak moldatu zituen Euskal Herrian, Nafarroan batez ere. Kartak trukatu zituztenez, irabazteari jarraitzen omen diote.

Joko demokratikoak autonomi estatutu berezi bat inposatu zuen eta Gernikako lehen idazketa barik bigarren idazketa eskasagoak gaina hartu zuen. Egin zituzten jokaera politiko eta demokratiko hauek badakitzagu ere, oroitzea komeni zaigula uste dut, joko demokratikoaren baldintza guztiak nolakoak diren eta izan diren gure buruetan eraman ditzagun.

Joko demokratikoari esker, gure Herri osoaren errebindikapen "Ez demokratikoak", independentzia, berjabetasuna, alderdi politiko guztien legeztapena, polizia autonomoa, Hego Euskal Herriko lau herrialde historikoen batasuna, euskara, Ez FOPik, Lemoiz eta ab. antiterrorista deritzan legepean erori dira. Eusko lege biltzarrea, hortaz eta beste askotaz txontxongilea da. Eusko Gobernua, txorimalo bat Honen eta haren kurruskadak malo bat. Honen eta haren kurruskadak (Lemoizeko arazoari buruzko erreferenduma) konstituzioaren kontrakoak. Beren atribuipen eta eskubideak, errealitateari baino, fikzio zientziari dagozkie. Haren ministro batzuren intentzio onak, bolandera politak besterik ez dira. Kolore eta zarata asko baina mami gutti. Ikastolek subentziorik gabe dihardute ehuneko 80an, euskarazko eskola publikoa utopia bat besterik ez da, euskarazko komunikabideak edo ia apenas ez dago edo eta daudenak hiltzear, euskal telebista "ad calendas graecas" eta bitarte luze luze horretan herriak bere betiko sakela zulatuetan txanponak bilatzen ditu.

Gainerako arloetan sartzean zer esan genezake joko demokratikoaz? Torturaz, txikizidioaz, atxilotze, arrastatze eta gartzelaratzeaz? Zenbat preso daukagu presondegietan 350?, 400? Zenbat atzerriratu? 500? Francok ez zuen garaia hartu, ez, joko demokratikoak hartu du. Baina joko demokratikoaren ondorioak ez dira horrekin bukatzen.

 Paradisu honetan arrantzaleak oinortozik daude, ez urik ez arrantzarik. Industrigintza behera doa, ttikia eta handia. Ttikiak, porrot, handia Afrikara eta Amerikara. ETAri errua botatzean kunplitzen dute Olarrak eta joko demokratiko honen aldeko guztiek. Baina hala ere, jende asko harrotzen da joko demokratikoaz. PSOE, PC eta zer esanik ez UCD eta AP. Joko demokratiko honek putetxe merke baten antza ba du; irabazi dena, euskal burrukalariengatik izan baita. Gogora dezagun, Espainia faxista eta erdirakoi honetan euskal estatutua txar-txarra bada ere, Espainiako garaiena da eta garaipen hori, gogora dezagun berriro, euskal burrukalariei esker izan da, harmatuei eta ez harmatuei baina gehien batean lehengoei.

Joko demokratiko honetan Nafarroari zati txarrena eman zaio. Adierazgarria hilabete honetan bertan izan dugu, Diputazioak H.B., E.E., E.M.K. eta E.A.J. kanpoan utzi ditu arrazoi logikorik gabe "forua hobetzeko" asuntuan. Baina modu berdinez eta PSOEren laguntzaz delako diputazioak UPN sartzen du nahiz eta diputazioan parterik ez hartu. Beraz, Nafarroako euskaldunak ez dira nafarrak. Rosonek bitartean lasai, lasai, banda harmatuak munta ditzake euskal abertzaleak hiltzeko. Erahiltze hauetan begi puntuan daudenak errefuxiatuak eta HBzaleak izaten dira baina EEkoak eta EAJkoak ez dira horregatikan libratzen; nahiko dute aberriaren alde udaletxeetan edo beste tokietan erabaki abertzaleak hartzea eta erahilik izateko aukera irabazten dute berehala. PSOEk ez du nahi Nafarroako arazoa "demokratikoki" erabakitzea. Erreferenduma baztertzen dute eta denok dakigu zein den atxakia. Eusko estatutuaren aldeko erreferenduman ez zuten ez, halako kontzientziarik.

 Eguberrietan gaude eta gure euskal presoak, gure etxekoak, gure senideak usteltzen ari dira joko demokratikoaren gartzeletan. Zigorra, ehun urte baino gehiago dute askok eta "bitarte" horretan pentsu lehorra ematen dietelarik erotu eta zapuztu egin nahi dituzte.

 Berorixe dugu zapaltzaileen taktika hotza. Herria nekatzea, herriari gogo kentzea, frustratzea eta horretarako dena baimendurik dago. Zoritxarrez, guretako askok, alderdik zein erakundek, halako joko demokratiko horretan laguntza handia ematen ohi diegu inolako politika eta taktika errealistarik ez baita aurrera eramaten. Beraiek bai, beraiek ba dute taktika hotza. Alde batetik, bakearen aldeko frontea litzateke atal bat. Bigarren atala, alderdi abertzale guztien desprestigioa, hirugarrena, akordio ekonomiko batzu lortzea, laugarrena Nafarroan hestutu eta ito egitea. Bostgarrena, guk geuk egiten eta eratzen dugu, zeren dugun taktika guztia kaleetan oihukatzea baita.

Egoera honetan Suarez etorri zitzaigun bisita egitera. Bisita honek beste asko ekarriko digu eta akordio ekonomikoekin batera Espainiako erregea bera paseatuko dituzte gure herrietan zehar, Otsailean, Martxoan, Apirilan? Erabakitzeko dago oraindik. Zapalkuntza eta errepresioa ez dago erabakitzeko. Erregearen bisitarekin gartzelak beteagoko dituzte berriro eta gu jarraituko gatzaizkio betiko bideari: Batzuk etsipenari, beste batzuk amets iraultzaileari eta txokolate con txurros artzeari. Tartean, indiferentzia, pasotismoak gizenduko al ditu lerroak?

 Baina joko demokratiko honen ezaugarriak horrela izan arren, soluzio bidea ba dago. Eta soluziobidea ez dator inongo ziri majikotik, ez datorkigu kaleetan zehar botatzen ohi ditugun hots eta garrasietatik Urtzitor ahalguztidunak gure etsaiak eta zapaltzaileak kiskali edo eta mitraila ditzan. Soluziobidea ez zaigu etorriko mito edo istorio erromantikoetatik. Soluziobidea ez dator ezker mutur-muturretako haurkerietatik ez eta GORRI-GORRIZ jantzitako askoetatik.

Hemen, herri honetan GEHITU behar da, ez KENDU! Hemen, ANIZTU behar da ez BEREIZTU! eta lehentasun hauen arauera herri guztiak askatasunerantz abiatu dira.

 Baina nola GEHITU?, nola ANIZTU?... Etsituen eta "iraultzaile" super-star hoien bitartean ba dago herri honetan benetako ahalmen bat; martxan jartzea nahi duen jende pilo handi bat, burrukan parte bat hartzea nahi duen eta behar duen jendea; parte hartzea, lan egiteko dinamika batetan egotea frustrazio kolektiboan ez erortzeko hain zuzen ere. Jende guzti hori, apurtura demokratikoaren alde dagoena, beren iniziatibak behar ditu aurrera eraman, desarroilatzea. Hau guziau litzateke GEHITZEA. Norberak bere joko kolektibo eta propioa eramanez, elite gidatzailerik gabe, talde burokratikorik gabe. Burruka harmatuak ba du bere jokoa, baina herriak ez du joko kolektiborik burrukan. Asuntuak garbitzea, erabakitzea, argitzea DENON ARTEAN eta ziria eta zurrumurrua UTZI! Kritika eta kontrakritikari bai! Eztabaidarik gabeko erabakiei ez! eta jakina hau guzionek APURTURA DEMOKRATIKOA LORTZEKO BENETAKO ESKUSARTZE POLITIKO PRESTATU behar du gure herriak lan egin dezan, parte har dezan eta bere burua hezi dezan.

E.H.


Hankaz gora

Bankuak gero eta aberatsago

 Ekonomi krisisan oso osorik sartuta bagaude ere, ez du ematen horrela daitekeenik hainbat jenderentzat. Espainiako Estatuko zazpi banketxe nagusienek mozkin izugarri handiak atera dituzte oraingo honetan. Gutti gora behera 50.000 milioi pezeta kalkulatzen da urte erdi batetan. Oso osasuntsuak daudela ematen dute alde guztietatik. Osasun honetako arrazoi garrantzitsuena prestamoetan dago. Prestamoen erdiko kostua %20 eta askotan %30ean egoten da. Ezberdintasun hauei esker Espainiako Estatuko bankuak lehen postua irabazten ari dira munduko beste banketxeen artean. Eta fikziozkoa ba dirudi, horrela da. Industriaz eta ekonomiaz guztiz atzeraturik dagoen Estatu honetan zazpi banketxe nagusienak beren uzta onuragarrienak biltzen ari dira. OCDE-ren estudio baten arauera, kobrantza eta ordainketaren arteko ezberdintasuna %5,7koa da eta beronek errentagarriena izatea egiten die delako banketxeei. Mendebalde osoan Dinamarkako bankuek soilik irabazten diete hemengoei. Estudio berean datu adierazgarriak azaltzen dira: Negozio kopuru osoaz Estatu honetakoek %1,46 irabazten duten artean, italiarrek edo eta frantses banketxeek %0,5 irabazten dute. Bitartean, gobernuari berdin dio hau guzionek eta krisia pagatzerakoan langileriak eta industria ttikiek pagatu beharko dute.

Durangoko Azoka

 Aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan berrogeita hamazazpi argitaletxek beren standak zabaldu zituzten. Hiru egunetan zehar zabaldurik egon den azoka honek gustu ona utzi du hara joan direnengan. Hala ere, euskarazko liburuen alorrean ez da beste munduko produkziorik eman azken hilabeteotan. Elkar-ek argitara duen "Psikologi Hiztegia" eta Ediciones Vascas delakoak eman duen Txillardegiren "Euskal Fonologia" dira ahaztu ezinekoak.

 Haur literaturaz arduratzen diren argitaletxeek egin dute aurtengo honetan ahaleginik oparoena, kolekzio berriak ere dexente baitira ipuin eta komiken sailean. Hordago-k argitara duen "Xagusarra" aldizkari-liburu literarioa ere aipagarria da.

 Azkenik, saltzaileek esaten zutenez, jende asko izan bada ere, salmenta ez da neurri berekoa izan, erostera baino, ikustera gehiago baitoa.

 Aipatzekoa da bestalde, Gerediagakoek argitaratu duten katalogoa, bertan, euskal argitaletxeen obren zerrenda baliotsua azaltzen baita.

Ibilgailu istripuez, Espainiako Estatua lehena

 Ibilgailu istripuez, Espainiako Estatuak lehen postua irabazten du eta irabaziko du dudarik ez hemendik aurrera. Hildakoen porzentaiak gonbaratuz gero, 1976.tik 1977.ra hildakoen kopurua %1,8 gehitu zen. Baina hurrengo urtean, hau da, 1977.tik 1978.ra hildakoen kopuru hori 10,7ra igo zen. Europako beste Estatuen porzentaiak bitartean guttitzen ari dira. 1974.tik aurrera hildakoen kopurua guttitu da Europako Estatu guztietan, Espainiakoan ezik.

Hona hemen grafiko adierazgarri bat:

Aldizkari berri bat Iparraldean

 Azaroak 20 beste aldizkari berri bat sortu zen Iparraldean. Izena "Herriz Herri" ba du ere, zabalkundea ez da Euskal Herriko herri guztietara izanen. Iparraldean ere ez. Dirudienez, Nafarroa Beherean eta Laburdiko zenbait herritan zabalduko da soilik. Aldizkatasuna asterokoa izanen da eta bertan idazten dena frantsesez eta euskaraz argitaratzeko asmoa dute. Lehen alean %50 euskaraz egon da. Etorkizunak esanen digu porzentaia hori gordetzen den ala ez. Hala ere, porzentaia berdinetan segituz gero, oso eredu ona litzateke bestaldeko hainbeste "eskualtzale eta abertzale" porrokatuentzat, berauek argitaratzen duten ia guztia frantsesez egiten baitute.


Gartzela handitik gartzela txikira: zorionak!

Nahikoa idatzi da euskal prentsan Joseba Sarrionandiari buruz. Baina segur asko, ez behar bezainbeste. Euskal idazleok motel erantzun diogu beraren gartzelatzeari; ez dugu ausartziarik izan, egintza kolektibo batetan geure inpotentziaren haserrea kaleratzeko; ez dugu kemenik izan, torturen salakuntza gogorrik egiteko; ez dugu...

Ba dakit, Joseba ez dela gartzelatu eta torturatu bakarra eta, zer esanik ez, beste guztien arazoa ere buruan daukat. Edozertara, euskal idazleen indar potentziala kaleratzeko aukera ederra pasatzen utzi dugulakoan nago.

Oraingo bertso hauekin, berri pozgarri bat atxakitzat hartuz, Joseba (eta beste gartzelatu-torturatu guztiak) aipatu nahi dut, bide batez zorionak bidaltzeko probetxatuz. Kontua hauxe da: Gartzelatu dutenetik hona, hiru literatur sari irabazi ditu. Gartzelatua behar ote zen izan horretarako? Euskal Herriak gartzelan utziko ote du usteltzen etorkizun handieneko idazle hau? Eta beste preso guztiak? Galderak hor daude.

Nik ez dakit egoki den, horretarako bertsoak eskaintzea, baina X. Amurizak gartzelan zegoela "Euskal Herritik aparte" izenez prestatu zituen bertsoen doinuaz, ondoko hauk prestatu ditut:

Lege bat dela bitarte,

horrela hainbeste urte,

lanez dabilen jendearentzat

zigorra dakarte

Nahiz ta torturatu fuerte

arrazoirik ez daukate

fazismoaren indar zitala

besterik ez dute.

Nahi dute dena kakaztu

gure ingurua nahastu

Paloak hartzen ohituak gara

hala ere estu

Agoantaturik justu

zuen alde mila esku:

Jende zintzoa gartzelatuez

ezingo da ahaztu!

 Hauxe dugu komedia,

esan behar dut egia:

bildotsa preso dagon artean,

 libre azeria.

 Gaitezen denok abia,

 burrukara alegia,

 Apurtuz mundu hontan dagoen

 gartzela handia.

 Joseba adiskidea,

askatasunik gabea,

egoera lez, ez pentsa denik

gurea hobea.

Bihotz barruko labea

lanez duzu aterea:

Mundua azal lumaren bidez,

idazle trebea!

 Gustura hartzen nuen Pott,

hori lotsa gabe diot;

txalogarria zuen langintza,

sinetsi, lagunok!

Argitaratzeari lot,

hiltzea nahi luke askok

Anima zaitez, Euskal Herriak

ez du egingo pot!

Maite dituzu poemak

idatziz gauza sakonak.

Gauza ederrak agertzen ditu

egia dionak

 Epai-mahaietan egonak,

harritu dira gizonak

Ondo merezi, duzu saria,

beraz, zorionak!

 Poztu naiz berriarekin,

nola ez hartu atsegin?

Udal saria irabazirik,

Azkuerena berdin.

Segi lehenago bezain fin!

Idazketan tinko ekin!

Euskaldunontzat literatura

espetxean egin!

Preso gertatu arren hor,

zurekin dugu hainbat zor.

Saiatzen gara, baina ez behar

bezainbeste gogor

Aritzen bagara jator,

Zuek libratuz derrigor.

Amnistiakin horko guztiak

hona laster etor!

Txepetxa


Nazioartekoa

Kibutzim (kibutzak): zer dira?

 Edozein fenomeno aztertzerakoan prozesu oso baten barruan sartu beharko litzateke. Gauza bera gertatzen da kibutzekin. Ezin da fenomeno hau beronen koordenadetatik kanpo aztertu, eta koordenada horik Israelgo atzoko, gaurko eta biharko egoerari dagozkionak dira. Egoera hau oso konplexua izanik ez naiz hemen ausartuko Israelgo egoeran kibutzek daukaten jokabidea zehatz-mehatz azaltzera, baizik eta, fenomeno honi hurbiltze bat askorentzat interesgarri izan daitekelakoan.

Zer da kibutza? Hona hemen hango panfleto batek dioskuna: "Ez da fenomeno berri bat, orain dela 70 urte (1909) sortu baitzen lehenengo kibutza (Degania izenekoa) Galilea lakuaren ondoan eta gaur egun ia 250 kibutz aurkitzen baitira Israel osoan, 100.000 pertsonaz gora batzen dituztela. Kibutza ez da sekta erlijioso bat, gaurregun 20ren bat kibutz erlijioso izan arren; ez da koljoz sobietiko bat, entrepresa kolektiboa izan arren; ez da Txinan Estadupean dauden komuna horietariko bat ere ez; Kibutza ez da gazteentzako udalekua". Baina orduan, zer da kibutza? Jarraitzen dugu irakurtzen: "Kibutza, Israelgo lurrean Judu Herriaren baldintza bereziek sortutako bizimodu kolektiboa da". Bizimodu hau, ba, juduen ideia nazionalek gidatuta dago: "kibutzetako kideak ez dira denak idealista osoak, baina kibutzak berak Mugimendu bezala, eta kibutz bakotxa unitate bezala, ideia haundi batek eraginda daude. Estatuaren inongo potereak ezin galerazi dezake kibutzkideen zirkulazio askea. Bizi-modu hau bizitzeko kide bakotxak daukan nahia da kibutzen oinarrizko hastapenetariko bat. Gizarte honetan kideek parte hartzen dute dauzkaten guztiak emanez: lurrak, lanabesak, dirua... hau guztiau jabego kolektibora pasatzen dela".

"Bakoitzak ahal duena egiten du eta behar duena hartzen du. "Kibutza bera arduratzen da kideek behar dituzten zerbitzuetaz: etxebizitza denontzat; laguntza medikoa; heziketa dohaina eta beharrezkoa 18 urte arte —hemendik aurrera unibertsitatera doazenei kibutzak berak ordaintzen dizkie ikasketak—; eguneroko beharrizanak...

Kibutz baten eraketa

 "Batzarlekua da eraketa horren ardatza. Hasieran bertan egiten zen jana-kontua. Gaur, hortik kanpo egiten bada ere, kontserbatu egin du bere funtzioa: hiru janari bero egunero (kibutzkide guztiek jaten dute hemen egunen behin bederen). Bertan mintzatu, eztabaidatu eta erabaki egiten dira era guztietako arazoak: administratiboak, lanekoak, pertsonalak...

 "Kibutz baten bizitzari dagozkion arazo guztiak asanbladan eztabaidatzen dira. Asanblada Orokorra goi mailako instituzioa izanik. Bertan kargoak aukeratu, diru-kontua onartu, erabakiak berraztertu, kide berrien sarrera diskutitu, eta normala ez bada ere, batzutan, kibutzaren funtsezko oinarrien arauera bizi ez den kideren bat bota ere egiten dute. Ez dago Asanbladan eztabaidatu ezin daitekeen inongo arazorik.

Kibutz baten idazkaritzak zazpi lagunetik hamaikara dauzka eta kibutzaren eguneroko bizitza administratzen du. Horko lagunak Asanblada Orokorrak aukeratutakoak dira, urte bat edo bitarako eta kargu horiek ez dute abantailarik ematen. Hauek kibutzaren lan administratiboak betetzen dituzte: idazkaritza orokorra, arazo sozialak, finantzak, lana, heziketa... Idazkaritza, ba, Asanblada Orokorpean dagoen potere ejekutiboa da".

 "Kibutzeko bizitza familiarra, ideia faltsuak hedatu badira ere, oso inguru egonkorrean desarroilatzen da. Kanpoko bizitzarekin gonparatuz, bertako familietan arazo ekonomikoek ez daukatela inongo eraginik guraso eta haurren arteko harremanetan esan genezake. Harremanok maitasun eta elkar ulertzen dautza. Ez da arraroa gertatzen familia bereko lau belaunaldi batera egotea kibutz berean".

Nekazaritza eta industria kibutzean

 "Mugimendu honen oinarriek diotenez bertako lanak kideek egin behar dituzte. Baina kibutz guztiek ezin dute honela jokatu, batez ere uztaroan, eta laguntzaren zain egoten dira. Laguntza hori, Israel edo kanpoko gazte bolondresengandik datorkie. Umeak, ostera, txikitan hasten dira lanean: eskolan daudenean uztaroan laguntzen dute".

 "Nekazari juduak ez zeukan, hasieran, inolako experientziarik ez eta lur egokirik ere ez. Hasiera-hasieratik asi behar ziren eta hortikxe datorkie arlo honetan lortu duten arrakasta itzela. Gaur gorenetariko maila lortu dute nekazaritzan eta gainera, aplikatu dituzten ezaguera zientifikoak eta teknologia berriak beraiek desarroilatuak dira. Duela gutxi arte, zingiraz beterik zeuden aldeak gaur, berriz, berdeleku bihurtu dituzte. Eguzkiak hain gogor jo arren, oso alde zabalak izaten dira nekazariek prestatuak. Negutegiak ere erabiltzen dituzte eta etengabeko eguzkiari esker, posiblea daukate neguan barazki eta frutuak Europara bialtzea".

 "Abeltzantzan ere, dena daukate mekanizatuta. Gogorki kontrolatzen dute animalien jana eta produkzioa".

 "Honekin batera, azken bolada honetan industria ere garatuz joan da kibutzen artean. Espezializatzen hasi dira: beraiek ateratako produktuak kontserbatan ipintzen, plastikoak lantzen, glukosa eta almidoa produkzitzen, etxerako tresnak egiten, industria elektronikoan, ikerkuntza-laboratorioetan..."

Heziketa kibutzean

 Garrantzi handikotzat hartzen da heziketa, eta umeena bereziki. Kibutz batzutan umeak gurasoekin bizi dira; beste batzutan, ostera, elkarrekin bizi dira umeak haientzat egindako etxeetan, eta gurasoak hara joaten dira nahi dutenean umeak ikusten.

"Kibutzak berak hartzen ditu ume guztien ardura, jaiordutik ikasketak amaitu arte eta arlo guztietan: fisikoa, soziala, irakaskuntzan, haur problematikoen kasua bai eta superburutsuena ere bai".

"Ume guztiak doaz eskolara 18 urte egin arte. Gero soldaduxka (hiru urte mutilentzat eta bi neskentzat). Honez gero nahi badute unibertsitatera joan, joan egin daitezke kibutzak berak ordainduta. Heziketaren lehenengo etapa (14 urte arte) kibutzean bertan egiten da. Hemendik aurrera eskualde bereko kibutzen arteko eskolara joaten dira egunero, kibutz bakoitzean ez baita egoten (orain arte behintzat) behar adin bat. Maixu-andereñoak kibutzkideak izaten dira eta eskolan gizarte kibutzarraren baloreak ere irakasten dira. Kibutzetako eskoletan pedagogiaren metodo modernoak hartzen eta experimentatzen saiatzen dira. Lanerako heziketa laster hasten da, umearen indar eta desarroilo fisikoaren arauera. Horrela, langile onak izaten dira eta graduatzen direnean teorian falta zaiena praktikan ikasitakoarekin betetzen dute".

Kibutzeko jaiak eta artea

Bialik poeta nazionalak esan zuenez: "jaialdiak eguneroko lautadaren gainetik altxatzen diren mendiak bezalakoak dira". Hau dela eta, beharrizan materialak eta kulturalak maila berean kontsideratuak dira eta kibutz guztietan izaten da jaietarako etengabeko batzorde bat, behinik behin saio kulturalak eta kirol-saioak ere antolatzen dituena. Arteetarako interesa handia daukatenak hori baino ez dute egiten eta kibutzean bizi dira beste edozein kide bezala. Kibutzak berak sostengatzen du artista beronen desarroilo osoa permitituz. Artista etengabe ari da ingurugiroaren kritika oldartzen, baina askatasun osoa dauka bere zereginean. Era honetan, kibutzetako lan artistikoa oso da onetsia Israel osoan".

 "Urtean zehar jai asko ospatu ohi dira kibutzean, nazionalak zein lekukoak (esate baterako, kibutzaren urtehurrena). Dena dela, kibutz guztietan Bazkoan ospatzen den "Seder" izenekoa da jairik haundiena, kibutzkide eta berauen familiakoak batzen dituena. Beste jai batzu hauxek dira: "Udaberriaren jaia"; "Bar Mitzva" (13 urte betetzean gazte judua heldutzat hartua da erlijioaren kontuetan); "Shavuoth" gizarte nekazala izanik ospatu egiten dute dohainaren jai hau; "Purim" hango ihauteriak,.."

"Israelen ez da ezkontza zibila existitzen; hau dela eta, erlijiosoak izan behar. Ezkontzera aldatu egiten da kibutz batetik bestera: batzutan, hurkotasunean egiten da, beste batzutan, ostera, kide guztiek hartzen dute parte".

 "Kibutzen mugimendua judu ez-praktikarik sortu bazuen ere, urteak joan eta urteak etorri kibutz erlijioso batzu joan dira finkatuz. Bizimodu orokorraren aldetik ez da aldaketa handirik besteekiko, erlijio kontuan izan ezik. Erlijiosoetan sinagoga izaten da leku nagusia eta erlijioaren legez gidatzen dira".

Azken hitza

 "Kibutz baten aspektu batzu ikusi ditugu: lana, bizitza kulturala, umeen heziketa, ospakizunak. Mugimendu honen sustraia ezagutzen dugula esan genezake orain? Erantzuna hauxe litzateke: EZ, GUZTIZ. Kibutzaren izakera nahiko berezia eta konplexua da, orri batzutan explikatu ahal izateko. Ba daude gurekin denboraldi batetan bizitzen egon direnak eta oraindino fenomeno hau posibletzen duten faktoreak ezagutzen ez dituztenak: batzarlekua ez da jantokia, umeen etxeak ez dira barneratokiak, nekazaritza ez da bakarrik ogia irabazteko bidea, idazkaritza ez da administrazio-kontseilua... Eta hau da betiko galdera: bizi-modu iraunkorra da hau ala Israelko gaurko baldintza politiko-ekonomikoek inposatutako bizimodua, iragapen-etapa honekin amaituko dena? Eta galdera honek ba dauka erantzuna: 70 urte Degánia sortu zenetik; 250 kibutzim eta 100.000 pertsonaz gora".

Iñaki


Haurrak egiten du

Baso alaia ipuina

 Ameriketako baso batean txori denak kantari ari ziren goizeko freskura harekin. Denak pozik zeuden udara etorri zelako. Baso hartan mutiko bat bizi zen, Antton izenekoa. Anttonek baso hartako abereak asko maite zituen eta abereak ere Antton asko maite zuten. Baso hartatik gertura gaztelu eder bat zegoen, hango erregea oso zuhurra zen eta baso hartako abereak gorrotatzen zituen eta Antton ere bai. Baso harek Alaitasuna izena zuen, abereak poz pozik egoten zirelako. Erregeak Alaitasun basotik elefante bat harrapatu nahi zuen, baina inoiz ez zuten elefante hori harrapatu. Erregea haserretuta zegoen bere gudariekin, ez zutelako elefante hori harrapatzen.

 Gau batean gudariak basora joan ziren elefantea harrapatzera. Baina Antton esnatuta zegoen eta somatu zuen elefantea harrapatu nahi zutela. Elefantea sartu zuten kaiola haundi batean gudariek, eta elefanteak bere tronparekin Anttoni oihu egin zion. Antton laister azaldu zen abere pilo batzuekin eta baita ere borrokan hasi gudariekin.

Gudariak elefante gabe joan behar izan zuten gaztelura. Erregeak oso hasarre gazteluko toki txikienean. sartu zituen eta ogia eta urarekin egon behar zuten, bizkarreko ederrak ere hartzen zituzten. Handik egun batzuetara gudariak berriz ere Alaitasun basora joan ziren eta orduan ez ziren joan elefantearen bila, baizik Anttonen bila. Antton gizajoa erregearen aurrean negar eta negar egiten zuen. Basoan konturatu ziren Antton falta zela eta toki guztietatik bila ibili ziren. Halako batean katagorriak esan zuen usten zuela gaztelura eraman zutela. Orduan denak pentsatzen jarri ziren zer egin. Batek hau esaten zuen, besteak hori eta horrela ari ziren pentsatzen. Azkenean goizaldera gaztelura joatea erabaki zuten. Burruka egitea eta hango traste, gauza, tresna eta harrapatutako gauza guztiak puskatzea erabaki zuten. Urrengo goizean esanda bezala denak batera joan ziren Anttonen bila. Denak gaztelura sartu ziren eta harrapatutako gauza guztiak puskatu zituzten.

Azkenean Antton bilatu zuten eta askatu ere bai. Handik piskatera denak Alaitasun basoan zeuden eta festa bat egitea pentsatu zuten.

Eta egin zuten festa hori, gau hartan denak lo ederki egin zuten.

Ana Mari Mugika 12 urte

Lasarte


Gaiak. Eritziak

1981 edo beldurraren kontrako burruka zoriontasuna berreskuratzeko

 "Progresoaren" mito zaharrak desagertzen ari dira eta Superman gauzak konpontzera Metropolira itzultzen bada ere, gaurregun, metropolitako arazoak ez ditu inongo Supermanek konponduko. Supermanek zaramen birziklatzeaz edo kalitatezko elikaduraz deus ere ez dakitelako. Superman, sinpleki, ez dago modatan, beste gauzaren artean, amerikarra delako, gasolina edaten duelako eta bizikletaz ibitzen ez dakielako. Gainera, Superman ez da existitzen, hegan egiten zoriontasunera iritsiko ez zela egiaztatu zuenean desagertu egin zen eta.

 Honen imitatzaileak lortu duten gehiena, Ilargian "alpargata" jartzea eta itzultzean horrek ez duela ezertarako balio jakitea izan da. Ilargia ederra da, bai, baina Lurretik begiratuta bakarrik. Sekulan ez dira bueltatu.

 "Mundu desarroilatuak" ederki erakutsi digu bere aurpegia; itsusia, zikina eta hortzez beteriko aurpegia. Gaztetan, maltzurki izkutatu zuen bere itsuskeria; geroago, eta promesez beterik, miresle asko lortu zuen. Baina, gaurregun, mundu desarroilatu horri ez zaio fans bat ere geratzen. Geratzen zaiona, zapalkuntza, kutsadura, langeldiketa, bortxaketa eta progresoaren "apaizen" zerbitzurako jarrita den adimen zati handi bat baino ez da; progresoa, zentzugabeko utopian datzana; BURRUKATU, MUNDU FINITO BATEAN, GAUZA INFINITOAK LORTZEKO.

Agintariek denbora soberan izan dute beren ezintasuna frogatzeko, UTZ DITZAGUN! Ez dugu apezik gura, beraien erlijioek ederrak badirudite ere. Gure benetako NORTASUNA zein den jakin gura dugu, xinpleki, emakume bezala, gizon bezala, inoren menpean egon barik. Taldearen nortasuna, komunitatearena bere berezko inguruarekin. Gure benetako beharrak eta gure geurezko baliabideak zeintzu diren jakin gura dugu. Etorkizuna geure eskuz egin gura dugu eta egingo ere; eta geure adimenez, gaurregun, berena izan barik ondo lotzen dutenengandik atereaz.

 Ez zaizkigu mende honen bukaeraz modatan dauden ezkorkeriak gustatzen, milenarismoak beti izan baitira erlijioen bultzatzaileak eta hurbiltzen zaizkigun hondamenen predikarien sortzailea ere. Azkenean beti geratzen zaiguna BELDURRA da, eta beldurra, zapaltzaileen esentziarik maiteena da, berauek ederki baitakite hurbiltzen den hondamen bakarra, autoritatea galdu ondoren, zapalkuntzaren porrota eta iraulketa orokorra dela.

Honez gero, asko gara, gehiegi gutxi garela esaten jarraitzeko, inork ez dakien zeren defentsarako mundu honen harmatzea zapuzten dugunok; sistema hau mantenitzeko erabiltzen den bortxakeriaren kontra gagozenok; inposatu diguten bizimoduaren ondorioak ezagutzeko aukerarik ematen ez digun sistemaren kontra gagozenok, zeren eta, tristea bada ere, zientziak berak ere ez ditu ezagutzen.

"Komunismoaren jokabidea" edo "helburu aitortezinak dauzkaten erakundeen jokabidea" dela guri esaten saiatzen badira ere, eta horrela kristoren zapalkuntza justifikatzen saiatzen badira ere, gero eta jende gehiago, munduko txoko guztietan, ari dira egunero bere nortasuna kaleratzen, edozein motatako zapalkuntzaren kontra, autoritatearen kontra... Metropolitako bizilagunak, ume zein langile, ikasle zein indio, zapalkuntza guztien kontran borrokatzen, iraulketa sozialerako oinarriak sendotzen hasiak dira.

1981. urtea, eta hurrengoak ere, beldurraren kontrako borroka izango dira, ZORIONTASUNA GUK GEUK BERRESKURATZEKO.

Sastraka


Gaiak. Antzerkia

Antzerkia, neguko lorea ere bai, zorionez

 Problema zera da, fatxek exklusiba hartu dutela, edo hori ematen du behintzat. Oraingo honek "Un piano desafinado" zeukan izena. Pianoa Espainia zen, eta lehen "aitita"rekin ondo bazebilen ere, orain noski desafinatuta, eta politikariek (Fraga, Felipe, Carrillo eta Suarez) ez dakite nola konpondu. Beraz... norbait etorri behar da (Don Blas agian?). Itxuragabekeria hontan Fernando Sancho, Fuerza Nuevako aktore ezagun gorrotagarria zegoen sarturik.

 Aurreko lan batetan neure buruari galdetzen nion, ea teatroa Euskal Herrian udako lorea besterik ez zen, udan bakarrik izaten baikenuen antzerkia ikusteko aukera, ohizko salbuespenak salbu.

 Zorionez, ba dirudi ezetz. Bilbon bederen udazkenaren erdi erdian, ia neguan, gustu guztietarako teatroa izan dugu eta gure hirian berriro:

 Alde batetik teatro komertzialaren bidez, gutxi eskatzen duen publikoarentzakoa. Esaterako, Azaroaren lehen egunetan Miguel Sierraren "Maria la mosca" ("Mari eulia") antzerki ospetsua egon da aurkezten Florinda Chicoren konpainia. Prostituten egoera latza salatu, eta dibertigarria izan arren, ez da beste munduko gauzarik.

 Hilearen azkenaldian errebista bat eta guzti izan dugu antzoki batetan. Ni beti izan naiz errebistaren defendatzaile amorratua, nahiz eta bat baino gehiagori arraro iruditu, zeren benetan "genero herrikoia" dela uste baitut, eta egiazko partehartzearen teatroa izan daitekela ere. Problema zera da, fatxek exklusiba hartu dutela, edo hori ematen du behintzat. Oraingo honek "un piano desafinado" zeukan izena. Pianoa Espainia zen, eta lehen "aitita"rekin ondo bazebilen ere, orain noski desafinatuta, eta politikariek (Fraga, Felipe, Carrillo eta Suarez) ez dakite nola konpondu. Beraz... norbait etorri behar da (Don Blas agian?). Itxuragabekeria hontan Fernando Sancho, Fuerza Nuevako aktore ezagun gorrotagarria zegoen sarturik. Dantza-talde eta musika ez ziren txarrak bestalde, eta Mª Jose Nieto vedetteak bere papera betetzen zuen egokiro.

 Bestetik teatroa independiente delakoaren zenbait talde izan dugu (batzu profesionalak izanik ere). Adibidez, "Akelarre" taldeak Unamunoren "Fedra" errepresentatu du. Hontaz nahiko ondo zegoela esan behar dut, nahiz eta honelako taldeen moduko antzerkia ez izan. Esan genezake Aurrezki Kutxaren subentzioa jasotzeko edo derrigortuak sentitu direla obra hau aukeratzera. Hala ere, eta Unamunoren textua irakurri dudala aitorturik, montaia orokortasunean egoki geratu zaiela uste dut. Egitura tradizionaleko antzerkian talde independienteetako aktore-aktoresak ere askatasunez mugitzen direla egiztatzeak poztu egin nau; gainera Iturri bera igon da eskenatokira hainbat urte atzekaldean egon ondoren.

"Intxitxu" taldeak bere azken lana presentatu du, eta Sevillako "La Cuadra"k "Andalucia amarga"rekin inork itxaroten ez zuen arrakasta izugarria lortu du. Azken bi talde hauetaz luzatuko naiz pixka bat, haiei egindako elkar-ikusken bitartez.

"Andaluzia garratza", herri baten oihu urratua

 "La Cuadra" taldeak 71. urtean jaio zen. Gure asmoa Andaluziako kantak eta dantzak berreskuratzea zen eta beraien textuinguru dramatikoan kokatzea. Dibertimendu eta kordegabeziazko leku haietatik ateratzea, zeinetara baztertuak baitzeuden.

 Honela "Quejío" lehen antzerkia sortzen da. Geroago "Los Palos" ("Makilak") etorri zen. Hemen elementu historiko bat sartzen dugu, Federico Garcia Lorcaren heriotza, espektakulua bere lekuan, bere garaian jartzeko.

 Gero ikerketa heltzen da, espektakulo batetan funtsezkoa da eta. Orduan lanabesek dauzkaten posibilitate dramatikoak ezagutzen hasten gara. Honekin, haien bizitzan bizitzeko erabiltzen dituen jende multzo bat eskenariora igoteko aukera aurkitzen dugu".

 Zein teatro moeta egiten duzue?

 "Gauza bat definitzen denean, jadanik hilda dago. Sailkatu egiten badugu amaituta dirudi. Gurea aurrerabidean dagoen hizkera bat da, eta ez du sailkapenik onartzen. Historikori ez dagoela honelako lan baten aurretikorik uste dugu, historikoki herriak ez baitu inoiz egin bere teatroa; sektore bat zegoen beti, berarena egiten zuena. Eta aurretikorik ez dagoela teatroa ez delako; eta gaur egun herri giroa, hain zuzen ere, industriaren inguruan kokatzen da. Antzerki nolabaiteko kaletar edo herrikoi bat izan zitekeen garaietan, ez zegoen gaur dagoen industriar langileria".

 Baina andaluziar teatrorik ba al dago?

 "Teatroa eginkizun inpertsonal bat da, eta edonongoa izan daiteke. Gure handi nahietako bat zera da, gure herriaren historian eta kulturan sustraitutako teatroa sortzea. Ez da hitzetan bakarrik oinarrituriko teatroa izan behar. Antzerki bat ingelesez edo serbo-kroateraz egiteak ez du esan nahi ingeles edo jugoslaviar teatroa denik. Antzerki berbera izaten jarraitzen du edozein hizkuntzatan. Arazoa bestelakoa da; herri baten elementu kulturalak agertuko ez diren bitartean, teatro inpertsonala izango dugula. Hau lortzen bada, orduan egongo da andaluziar teatroa, eta euskalduna, eta ingelesa... Orain, ene ustez ez daude".

 Zergatik edo zertarako "La Cuadra" Euskal Herria?

 "Andaluzia serioski ezagutzen has dadila biziki nahi dugu. Andaluziaren kontzeptzio klasikoarekin benetan amai dadila gura dugu, egina den manipulapen folkloriko horrekin. Andaluziako herria, herri oso serioa dela jakin dadila gure helburua duzu; euskal herriarekin antzekotasun haundia daukala bere nortasuna defendatzeko eran.

 Hemen andaluziar herria topikoen bidez baino ez da ezagutzen, eta horrek ez du zerikusirik herri andaluzarekin. Alderantziz ere berdin gertatzen da. Bi kultura hain ezberdin artean batasunezko puntu komun bat dagoela pentsatzen dut, hots, sentikortasuna.

 Lagun asko ezagutu dugu hemen, eta sensibilitate handia daukatela esaten ahal dugu, Euskal Herriaren parte direlarik... Nahiz eta guztiz diferenteak izan, kidetasun handia dago bi kulturen artean.

 Zoritxarrez ezin izan dugu Euskal Herriko beste inora joan. Donostiara joatea nahi genuen baina ez dugu harremanik lortu. Hona Bilbora hirugarren aldiz etorri gara. Lehenengo "Quejío"rekin Santiago Apostolen egon giñen, eta gero "Los Palos"ekin salesianoen ikastetxean "Akelarre" taldeak ekarrita.

 Beste taldeek esaten ziguten Bilbon jendea ez zela teatrora joaten. Beraz bildurrez etorri ginen, jenderik izango ez genuela pentsatzen genuen. Eta ikusten duzunez, ostera gertatu da (Azken egunetan ezina zen sarrerarik aurkitzea). Gure espektakuluek beti daukate egun bat edo bi motel apur bat jendeak ez dakielako edo, baina hirugarrenean berehala planu batetan jartzen dira. Egia, sorpresa atsegingarria izan dela guretzat antzokia egunero betetzea, elkartasunezko txaloak entzutea, eta sentitzen den emotibitate moeta hori...".

 Andaluziako herriaren egoera antzerkian ikusten dugun bezain latza da?

 "Oraindik latzagoa da. Hemen gutxienez ez dugu zifrarik ematen, eta andaluziar herriaz zifrak aipatzen direnean, hauek benetan dramatikoak dira.

 Iraultzailetzat jotzen dituzue zeuen buruak?

 "Iraultzaile sentitzea ez da kapritxozko gauza. Gurea iraultzailetzat har daiteke, gauza batzu eztabaidatan jartzen ari garen neurrian, gu ez baikabiltza aurrekoan finkatutako teatrorik egiten. "Iraultza hitza, jadanik oso gastaturik dago; nik "eztabaida kultural" batetaz hitz egitea nahiago dut. Nire ustez hau zerbait zeharo politiko eta iraultzaile da. Kultur alternatiba bat planteiatzea soilik. Berez, iraultzailea da beste erako teatroa egitea, ez diot hobea denik, diferentea baizik.

 Izan liteke gai iraultzaile bat planteatzea, adibidez, baina antzerkia konbentzionala izatea. Niretzat iraultza beti "itxura"z hasten da: Zerbaiten itxura zalantzan ipintzen denean, horixe ba da, dagoeneko, eztabaida haundi bat planteiatzen duen ekintza oso traszendentala".

"ANDALUCIA AMARGA" ("Andaluzia garratza"), oraingoan ekarri duten antzerkia, espektakulo desberdin bat da. Bertan hitzak garrantzi eskasa du, eta agertzen denean beti kantetan. Nagusitzen dena gorputz adierazpena da, aurpegiarena barne, musika, argia eta beste efektu batzu lagungarria dutelarik.

 "Andalucia Amarga"k poema fisiko eta ozen bat besterik ez du izan nahi".

 Hiru zati argiro nabaritzen dira. Lehenengoan Andaluzian daudenean gosea, ohiturak, erlijioa, zapalketa... Aste santuko eskena hemen sublime izatera iristen da deskribagaitza da emakume horren aurpegiaren adierazgarritasuna.

 Hirugarrenean dagoeneko atzerrian agertzen dira. Hemen garbi ikusten da gizonaren burruka "makina"ren kontra. Makina, noski, sistema osoaren ikurra.

 Teatro era berriak denon gustukoak ez dira nonbait. Baina hala ere nik denoi gomendatuko nizueke joatea, ahal izanez gero, zeren antzerki hontan Andaluziaren errealitate larria alde batetik, eta bestetik garaia delako gure buruhertsi hori sentikortasun artistikora eta irudimenera irekitzeko. Hortan benetan txarto gaude eta.

 "Opera honda" deitu diote "Andalucia amarga"ri osorik kantaturik izatean, halabaina amaitzerakoan errezitazio bat dago:

Azken hitzak

 "Gazpatxoa jateko gatzik

 ez genuelako etorri ginen

 ezta ogia, olio gordinetan bustitzeko.

 Lurrak erreta utzi gintuen...

 etorri ginen

 eta herrietan bake hutsa.

 Tren ilun batetan, tortila usainez

 atzerantz mila bider begiraturik

 etorri ginen.

"Intxitxu" taldea antzerkigintzan jo ta ke

 "Intxitxu" orain dela 11-12 urte sortu zen Oiartzunen, garai hartan sortzen ziren talde gehienak bezala, euskararen alde burruka egiteko. 30 edo 40ren bat gazte omen ziren. Zenbait antzerki lan eginak dituzte; haien artean: "Aralar", "Orria 778", "Deusetik izatera", "Karlistaden Kronika"...

Orain, beste taldeetan gertatu denez, lankideen kopurua gutxitu egin da, 7 edo 8 lagun direlarik. Beren emanaldiak edozein lekutan ematen dituztela diote, inolako oztoporik gabe; ala zinetan, ala herrietako plazetan... nonnahi. Erabiltzen duten euskara gehienbat Oihartzun aldekoa izanik ere, "Oinarrizko euskara" esan diezaiokegula adierazten digute. Nik, hala ere, haiei arrazoia kendu barik ere, bestela esango nuke; hots, euskara zuzena izanik, ez dela hain erreza, hain oinarrizkoa, normala baizik.

 "Guk 10-11 urte luzetan lan bat izan diagu: euskal teatro formal zaharrak ba direla Euskal Herriari esan nahi izatea. Orduan, pastoralatik ibili gaituk, beste egitura batzutatik, maskaradak eta abar. Orain, "Inexa" lan hontan baserri barruko giroa sortu diagu. Baserri barnea guretzat oso inportantea duk, bertan euskal sen handia dagoelako. Nik hau antzerki hau teatro unibertsal batekin konparatuz gero, teatro espontaneoa dela esango niake, momentuan sortzen delako. Nik ez diat esango gure lan hau espontaneoa denik, bide hortatik doa".

 Zein teatro moeta atseginen duzue, edo zein dago errotuen herriarengan?

 "Guretzat berdin zegok. Orain,t herri euskaldunetan pastorala emango niake, pastorala berriztua. Musika, bertsoak, kantuak... eta guzti hori dela eta, pastoralak giro hobea aurkituko lukela uste diat, alaiagoa delako edo. Dena dela, sakonagoa eta askoz indartsuagoa duk antzerki hau ("Inexa..."), oso dinamika bizia delako, espontaneoa... Hau duk gehienbat ez antzoki batetan emateko, lagunen artean baizik. Inprobisatu, giro bat sortu... Hemengo espazio hutsa hontan (teatro batetan aurkitzen gara), eta nahaskeria indiferente batekin, nahiko jota ibiltzen gaituk. Azkenean hau zera duk, erdian jarri eta inguruan jendea, eta eman; hau da, baserri batetan ematen zuan bezala. Orain ez, 1950ean edo galdu zuan. Honek zutik iraun dik gerraurrerarte".

 Taldeak egindako azken lanak "Inexa..." dauka izena. Argumentua, Inkisizioaren denboretan gertatzen delarik, Euskal Herrian egiten ziren sorginen "ehiztaldi" etaz aritzen zaigu, eta honen bidez, nolabait emakumearen askatasunaren alde mintzatzen.

Teatroko leihatilan eman zidaten orri argigarri batek dioenez, akelarreak mugimendu klandestino baten azalpena omen ziren. Sinismen zaharretan txertatutako mugimendua, erlijio kristauaren kontrako oposizioaren ondorio, eta, agian, ezkutukiago Euskal Herriko giza erakuntza ofizialaren kontra altxatu zen mugimendua. Trentoko aginduak herriska guztietara ailegatu ziren, gure literatura hasberria tintatu, eta behin betirako ezarri omen zuten erlijio patriarkal eta autoritario bat, emakumea gizonaren itzal apala bezala azaltzen duen munduikuskera bat.

 "Problema sozial bat erakusten dik "Inexa..."k, emakume baten problematika. Hortaz experientzia berria duk. Teatrora etortzen den jendeak drama bat dela pentsatzen dik. Eta hala duk, bai, bizitza drama; teatroa bizitzan finkatzen duk eta".

 Zelan ikusten duzue euskal teatroaren egoera?

 "Orain egun gutxi, egia esan, nahiko ilun ikusten nian euskal teatroaren etorkizuna. Baina orain, zorionez, Labayenekin izan diagu elkar hizketa bat pertsonalki, eta bere pentsakera antzerkiari buruz oso ona duk, zeren eta lehendik euskal teatroaren infraestruktura bat osatu behar dela pentsatzen dik, taldeak sortu behar direla, kementasun bat sortu. Gero, horren ondoren profesionaltasun bat. Hori niretzat berri onenetakoa duk. Datorren euskal telebista delako hortan ere ba dagoela euskal antzerkirako lekua ematen dik nonbait.

 Hala dadila, falta egiten zaigu eta!

I.A.

***

Azken ordua

 Azken orduan beste bi berri iritsi zaizkit, "Andalucia amarga" berriro etorriko dela Bilbora Abenduaren 9tik 21erarte edo, eta orduan, gutxi gora behera, Bilboko jende talde batek "Ozko Magoa" komedia musikal ospetsua aurkeztuko duela, sarreraren prezioa zinearenaren antzekoa izango delarik.


Gaiak. Musika

Leonard Cohen Donostian: Musika matizez beteriko kontzertu bat

 Gau hartako melodia, musika moeta batek gure ideialak eta gure neurosis guztiak lagundu zituen urteetako oroipen eta bizipen egin zen.

 Une honetan orduko zenbait abeslarien izena aipatzen hastea, tintontzian baten bat uztea izanen litzateke, baina ezin dugu ahaztu Leonard Cohen horietako bat zenik.

 Erlatibozko ixiltasun urte batzuk igaro ondoren (diska gehiago argitaratu du, jaina hauek ez dute 70. urteetako hasieran izan zuten harreraz gozatu) 45 urteko kanadiar honek sentikortasun eta ikus-entzunlegoari eskaintzaz betetako kontzertu bat eskaini zigun (eskupeko 5 abestiek ederki frogatzen dute berak eta denon artean lortu genuen espektakuluaren kalitatea).

 Jende askok errezital poetiko bat espero zuen, baina berak musika matizez beteriko kontzertu bat eskeini zigun, bakar guztietan eta talde bezala nabarmentzen ziren musiko zoragarri batzuen laguntzaz.

 Leonard Cohen kuttun, goibel eta alai azaltzen zen.

 Bere abestiek muga guztiak apurtzen zituen (hortik datorkie kritikoei bere musika sailkatzeko zailtasuna), itxaropena, maitasuna eta bakardadea aldarrikatuz.

 Ezin badugu alde batetik Leonard Cohen-en jatorri judua ahaztu, bestetik bere filosofiak 2 korrontetik edan duela kontutan hartu behar dugu: tradizio biblikoa bata, existenzialista bestea, baina hori dena bere buruan zentratuz. Horregatik bera, pertsona kontraesankor batetan bihurtu da, ideologiz eta musikaz.

 Bere kontraesanak ("Maitasun eta gorrotoko abestiak") eguneroko bizitzan murgiltzen dira.

 Begiak itxiaz, bere abestietan sartuz, sentikortasunaz beteriko beste errealitate batetik ulertzen saiatu behar genuke, hots, nolaz abes dezaken berak une batetan "The partisan" (alemandarren aurka altxatu ziren frantzes gudarien omenez egindako abestia), eta gero Sinai Mendian, israeldar gudariei eskeinia egindako abesti bat: "Lover, lover, lover", edo zergatik "Gizon eta ema.kumearen artean, behartsua eta aberatsaren artean eta burruka dagoela eta ez dagoela esaten dutenen artean burruka bat dago" —eta berak esan arren, Leonard Cohen, dogmatismo guztietatik urruntzen den, hainbat neurosietatik baztertuz, zeren eta berak dionez "Nire moduan, alanbrean txori bat bezain libre izaten saiatu naiz".

 Agian bere "Songs from the room" ez dira batzuetan besteen presiotik ihes eta guregan ixteko behar dugun egoeraren erremedioa bestetik izango, munduko zeremonia zahar honetan bizirik sentitzeko sentikortasun bat behar dugulako oraindik (New skin for the old ceremony). Bere lan osoa bezain kontraesankorrak sentituz, hala ere bere musikarengatik eta igandeko kontzertuarengatik Leonard Cohen miresten jarraituko dugu.

Xabier Portugal


Gaiak. Musika

Mikel Laboa

 Duela aste batzu kaleratu da Mikel Laboaren azkenengo diska. Beraz Durangoko Azoka baino aste bete lehenago kalean ikusteko ahala izan genuen.

 Batzu aspalditik itxaroten genuen, kasik urte bi. Ia urte bete igaro du, kalean azalduko zela susmoa entzun zenetik Abenduaren 6-7-Barte.

 "Bi urtetako lanaren ondorioa da 'lau-bost' hau. Eta bertan jarraitzen ditut hasieran buruturiko hiru zutabeek; abesti herrikoa, eguneroko olerki musikatuak eta Lekeitialdean gehien ezaguturiko musik-esperimentala", esaten digu Mikel Laboak.

 Beraz berri nabariena "Lekeitio" deituriko saio hoiek ditugu. Hotsak ikaragarrizko indarra du euskaraz; eta euskal linguistik-kultura ondo ezagutu ondoren lortzen diren sentsu-efetu hoiek. Bere meritua zaratekin, komunikatzen, esaten lortzean, jakitean datza. Are gehiago jendeari lotzen zaio bere hots, soinu eta zaraten bidez Orreagan aritutako Erroldan-en hiletarena, diskako gai obeagoagoan bihurturik...

Atzo hasi zen

 Mikel Laboa 1934. urtean Donostian jaioa da. Barcelona Medikuntza ikasten dagoela Ataualpa Yupanqui ezagutzen du, eta harekin herriarekiko nortasuna bere ohituretan —noski, hauen artean abestia dago— datzadala ohartzen da.

 "Berreterecheren kanthoria" ikasi zuen lehenengo abestia da, eta 1963. urtean Zaragozan Osasunak Zaragoza-Fubol-klubaren aurka jokatzen zuen egunean, Argensola Antzokian eman zuen lehengo kantaldia. Jaialdia "Hogar Navarro" deritzan taldeak eraturik.

 Garai hartan errekordinatu ziren bere lehenengo diskak, singleak alegia. Lehenengo biak "Goiztiri"k argitaratu zituen, eta ondorengo guztiak OTS-Herri Gogoa, azken hau ezik —Xoxoak atera ba du—. Orotara bere ekoizpena lau single eta bikoitz diren LP bitan banatzen da.

 Abesti onenen artean "Haika mutil", "Txori txori", "Zaude lasai", "Berreterecheren kanthoria", "Xori erresiñula", "Baba, biga, higa", eta azkenik "Gernika" dugu bere lan oberena.

 Mikel egile handia dugu, ere berean gure herriko musikaren ikertzaile nekegabea.

Sabin Oregi


Soldadutza / nortasunaren ukapena

 Urtero-urtero hogei edo urtetako gazteak beren egunoroko aktibitatetik atereak izaten dira eta armada deituriko makinatzar horren hatzaparretan erortzen dira. Hortik ez dago ihes egiterik, dena kontrolaturik baitago; atzerrira ihes egitea ez bada. Euskaldunok ere ezin dezakegu "libre" gineneko denboretara jo, gerra karlistak galtzeaz geure zuzenbide guztiak galdu genituen. Eta "santa cruzada" delakoan badaezpada zeintzu diren Euskal Herriaren zuzenbideak gogoerazi zitzaigun. Orain urtero, egunero birgogoerazten zaigu.

 "Urtebete pasa eta kito". Horixe da entzuten den esaldi magikoa. Eta zergatik urtebete hori (edo gehiago) etxetik urrun pasatu behar? Galde diezaiegun geure buruei: Benetan denboraldi horretan zehar prestakuntza militar, hau da, defentsazko, bat ematen al zaio gazteari? Beharrezkoa al da hainbeste jende gaur egunek armada batetan? Ala besterik al dago?

 Erreklutaketak zerikusi haundia dauka armadaren funtzio ideologikoarekin. Gaur eguneko defentsazko metodoekin armadek oso unitate espezialdutan zentratu behar dute beren potentziala eta baliabide tekniko gero eta sofistikatuagoak erabiliz. Armada tradizionala historiazko liburuen orrietan geratu da eta gizona ez da jadanik (esaten zaigunaren kontra) parterik garrantzitsuena, ez eta guttiago ere, guda batetan. Armadaren teknifikazio-gradua hobetuz doan heinean, beharrezko soldadu-kopurua txikiagoa izango da. Soldadu askoren lekuan arma sofistikatuak eta teknika berriak.

Espainol armadaren potentzial ofentsiboa ere, berehalaxeko parte-hartzerako unitateetan oinarritzen da, eta unitate hauek profesionalek nahiz boluntarioek betetzen dituzte batez ere. Zein da, bada, soldadutzaren papera?

 Soldadutzak armadaren barnean ideologiazko helburu bat dauka batez ere, ez dago ezarririk armada indartzeko eta berari operatibitate gehiago emateko. Ideologiaren kontua da bereberki.

 C.I.R. batetara joan bezain fite, gaztea desgizondurik aurkituko da eta beste nortasuna ukatua ikusiko du. "Soldadutzan obeitu egin behar da, besterik ez"; "erreklutak ez du pentsatzen, dena eginik ematen zaio"; Macho izan behar"; "potroiak, potroiak eduki behar..." Holakoxea da soldadutzan erabiltzen den lengoaia. Matxista eta errepresiboa. Baina ez, gizabanakoaren "hezkuntza" ez da soldadutza hasten. Gizona mundura jaiotzen dan momentutik beretik, gizarte burjes honek prestatzen digun makinerian erortzen da. Hezkuntza atzerakoi eta paternalista-matxista jasoko dugu familian eta eskolan, soldadutza hesiaren azken harria izanik. Gaztea "inkonformisten" eta "hezgaitzen" den momentuan, odolbizien den momentuan —eta, beraz, arrisku bat inkorformismo, hezgaiztasun eta odolbizitasun horiek bideratzen ez badira—, eskola desgizonatzaile horretan sartua izango da, bere inguru-girotik aldendua. Lengoaia berri bat sarreraziko da gazte honen garunean. Oihu, kolpe, mehatxu eta kastiguen bidez disziplina eta jerarkiapean egoten ohituko da gaztea. Agindu bat berehalaxe obeditua izango da. Ez dago galderarik. Ez dago "zergatik?" itauntzerik. Obeditu bakarrik. Kunplitzea soil-soilik.

Hor egongo da ere apaiza bere diskurtsoarekin, fede "erlijiozko-militarra" sarrerazi nahiz. Gaztea agindupetu behar da, gizartean —gizarte honek eskatzen duen bezala— integra dadin gizonak gizarte-legeak ezagutu behar ditu.

 "Aberriaren defentsa" da armadaren helburua, eskaini behar diogu geure bihotza, geure bizitza ("azken odol tanta barne beharrezko balitz)". Zalantza guztiak argitzen dituen argudioa da hori, horretaraxe heldurik ezin itaunketa gehiago egin, ezin duda-mudatan egon. Aberria da azken helburu sakratua. Galdera hauxe: "zein da zure aberria?"

Karlos Santisteban


Gaiak. Zientzia

Botikak, momiak eta beste

 Esportatzaileek, txiro eta esklabu hilberrien gorpuak hartu, betuna xiringatu, eta eguzkitan lehortzen bi hilabete ukan ondoren, faraonen edozein dinastiatako momiak balira bezala paketatzen eta untziratzen zituzten Europarantz.

Sobietar Batasuneko farmakopean oraino badute zentzurik botika eta botikari arruntek. Farmazilariek produktuak saltzeaz gain, badituzte beren dendetan zenbait sendagarri prestatzen. Eta nahiz eta egungo farmakopean kimika nagusi izan, gauza naturalez prestaturiko produktuek landareez, beren sustraiez, etab— kontsumatzaileen artean harrera ona eta aski hedatua dute.

  Hauetariko bat gutxienez gureganaino iritsi da. "Mumia" izenarekin ezagutzen da. Eta nola edo hala honi dagozkion bitxikeria batzu kondatu nahi genizkizueke.

  Substantzia hau solidoa, beltza eta galipot itxurakoa da, eta beraren propietateak ia miresgarriak. Ez du zehazki ezer sendatzen, baina batera pixka bat dena omen du osatzen. Ongitasun orokor bat sorterazten omen du, eta bai —batzuren ustez— joezinaren (inpotentzia sexuala) kontrako konponbide ona omen da.

 Bestalde, eta produktu berbera den ala ez jakin gabe, baina izen berberarekin, beste sendagarri bat aurki dezakegu Farmaziaren historian. Erdi Aroan eta Errenaisantzan zehar Europa osoan eurrez (1) erabili ohi zena.

 Espainian bertan, urrunago joan gabe, 1737.urtean oraindik, Felix Paredes jaun doktorearen "Palestra Farmaceutica" izeneko liburuan, aipamen hau aurki zitekeen: "Mumia, substantzia beltz bat da, gogorra eta erretxinatsua, zeinek baltsamo eta lurrinekin gordetako gorpuetan bait du bere jatorria".

 Benetan izugarria! Garai hartan momien haragiarekin hautsak, ukenduak eta olioak egiten ziren. Eta hain zuzen ere "mumiaren hautsa" zaurien ixtean erremedio bikaintzat zeukaten.

 Momietatik ateratako betunak eta nitroek ere odolaren zirkulazioa berrezartzen omen zuten.

 Sendagarri funebre honen erabilera Alejandriako mediku judu batek hasi zuen 1300.urtean, eta XVIII. mendearen azkenaldirarte iraun zuen.

 Hain handia izan zen "mumia"ren kontsumoa Europan, ezen Alejandriako populua XVI eta XVII.mendeetan, nekropoli zaharrak zakuratzen, saiatu zela. Modu honetara, hilobi zaharretako momia asko desagertu zen.

 Lapurre, merkatari juduei saldu, eta hauek Europako bazkideei berehala bidaltzen zieten, non osasunerako hain preziatua zen produktu honek eskari handia bait zuen.

 Baina alde batetik, zakurapen makabro honek Alejandria eta inguruetako momia guztiak laster agortu zituelako, eta bestetik agintariek abusu haien kontra ediktu gogorrak atera zituztelako, ekoipen harrigarri honek geldiune bat ezagutu zuen.

 Halere, eta giza irudimena mugagabea denez, laster agertu zen industria honen bariante bitxi bat, bestea bezain aparta, momia faltsuak fabrikatzea hain zuzen ere.

 Esportatzaileek, txiro eta esklabu hilberrien gorpuak hartu, betuna xiringatu, eta eguzkitan lehortzen bi hilabete ukan ondoren, faraonen edozein dinastiatako momiak balira bezala paketatzen eta untziratzen zituzten Europarantz.

 Baina denborarekin, sendagarri honeganako konfidantza ere bukatuz joan zen. Jadanik XVI. mendetik hasi ziren "mumia" honen erabileraren ongarritasunaren ongarritasunaren kontrako eritziak, eta beraren propietateen gutxiespenak ere. Eta bide honetan, Ambroise Pare zirujau famatuak zera zioen: "momiaren haragiak, soilik urdaileko mina, gomituak eta ahoko usain txarra dakartza".

Nolanahi ere den, eta nahiz eta Paredes jaunak XVIII.mendean eginiko sendagarriaren deskribapena eta gurea berdin antzekoak izan, ez dugu pentsatu nahi gaurko "mumia"k eta aintzinakoak zerikusirik dutenik, izenaz kanpo.

Bestalde eta argitasun gisa, jakizue momia izena arabiar "mumiya"tik datorrela, eta betuna edo asfaltoa adierazten duela. Ezaguna denez aintzinako egyptiarrek betuna erabiltzen zuten oparoki momiak prestatzean (faltsutzaileek ere) haragiaren usteltzea geldierazteko. Eta honela betunak, bere izena pasatu zien gorpu famatu haiei, musulmanen etorreran noski.

 Guk ezagutzen dugun "mumia"k —botika modura gaur egun erabiltzen denak— ere betun itxura du, lehen aipatu dugu bezala.

 Eta beharbada, azken argitasun honi begiratuz bilatu beharko dugu bi sendagarri hauen arteko erlazioa. Horrela nahiago genuke badaezpada ere.

Antton Azkargorta

1) asko, ugari.


(Historia zati bat). Egun mingotsak

 Danborren tarrapataren ondoren, Napoleon "Zaldi Zuri"aren patioan jaitsi zen, Fointenebleau-ko gortean...

 — Enperadorea!— oihu egin zuen bere ahots burrunbatsuaz Bertrand jeneralak.

 Baina honako honetantxe enperadorea ez zen borrokaldi berri batetarako suzmintzatzera etorri izan, agurtzera baizik.

 — Nire goardia zaharraren soldaduok... Nire agurra ematera etorri nauzue... Ezin zaituztet denok musukatu... Zuen buruzagia, zuen bandera musukatuko ditut.

 Filetan, grognards-ek, hainbeste eta hainbeste borrokatan arituak eta eguzkiak kiskalita, ezin eutsi zioten negar egiteari. Napoleon bera, bere sentimenduak momenturik zailenetan ere disimulatzea lortu izan zuena, bihotz hunkiturik gertatu zen; berarekin inperio bat eraiki zuten gizonengandik urruntzea, ordura arte experimentatu zuen guztiaren ezberdina zen.

Ondoren, Elba irlarako bidea hartu zuen, hark berak "Sancho Panza-ren Irla" izenaz izendatu zuena. Lyon-aino, enperadorea goratua eta errespetuz tratatua izan zen, baina laguntalde Provenza-n sartu zenean, monarkiarekiko fidel iraun iraun izan zuen herria, harrera aldatu egin zen. Irainak eta mehatxuak nondiknahi zetozen. Napoleon beldur izan zen. Beti jendeteriaren beldur izana zen; herabetasun gaindigaitza sentierazten zion.

Bertrand jeneralengana zen:

 — Ziur gaudela hemen al deritzozu?

 — Bai horixe, maiestate... Gainera, ba daukagu eskolta.

 Herrixka bat zeharkatzean, Napoleonek lastagixon bat ikusi zuen korda batetik zintzilik zegoela eta odolez estalirik. Hurbilagotu zenean, lastagixon hura beraren karikatura barregarri bat zela konturatu zen izuikaraturik. Europako menderatzailearen aurpegia izuikaraz zurbildu zen. Bertrand-en kontra instintiboki hestutzen zen bitartean.

Ene Bertrand ona, utz nazazu irten hemendik... Utz neure burua mozorrozta nazala...

— Gura dezazun bezala, maiestate... Baina ziur nago beharrezko ez dena.

Napoleon mozorroztatu egin zen eta zenbait ordu galopatu zuen konboiaren aurrean, batidorez. jantzirik. Halaber, maina hau ere ez zen nahikoa izan beldurra gainditzeko. Berriro ere jeneralengana zen:

Ekardazu austriar uniforme bat... Seguruago egongo naiz. Uniformea aurkitu zuten eta frantsesen enperadoreak jantzi egin zuen. Gero longain bat eskatu zuen eta errusiarra zedin nahi izan zuen, nor zen inork susma ez zezan. Boillidou-n bere arreba Paulina-rekin topatu zen, bere bila zetorrela. Halakoxe modu jantzirik ikusi zuenean, negarzotinka hasi zen.

— Maiestate... Napoleon, nik ez zaitut sekula besarkatuko jantzi horiek eraman ditzazun bitartean.

— Barka nazazu, Paulina, jendeteriaren erru izan da... Nahiago dut gudaurrean egotea sugarretan, gizataldeen oihuak baino...

Albo batetara jaurtiki zituen zeramatzan janzkiak eta bereak jantzi zituen berriz, lagun taldea berriro ibiltzen hasi zenean kontserbatu ere.

Ia ezina dirudi Napoleonek, urtebete igaro gabe soldaduen balei atzea emango ez ziena holakoxe modu hain barregarriz obratzea; gizon guztiek dituzte beren ahultasunak baina.

Karlos Santisteban


Gaiak. Literatura

Ametsaren hegalaldia (II)

 Kaixo Bihotz jauna! Hemendik-hortik nabilela probetxatuz zu ikustera etorria nauzu. Ba dakusat ikusi, arras lanpeturik zaudela, hots..., beti bezalaxe; jo eta ke, su eta gar. Ez duzu nirekin solastatzeko atsedenalditxoren bat ordea?

Azken gora beherak, gure existentziaren izatasuna, plasmaren inportantzia, odolbideen taiuketa..., zertaz nahiago duzu?

Barka! Barka nazazu jauna!, ez nuen inolako asmurik, ba dakizu ametsok oso nahasiak garela eta... orotaz ahazten gara.

Eta zer da edaten duzuna? Zergatik orain jaurtiki? Ulertuko duzula deritzot, ezen ez bainago hauetan egona. Askok uste du trinko-trinkoak garela, baina oso bestelakoa duzu egia. Anitzetan, oraindik hazi, erdiak izaten gara.

Eta guretako asko hor barruan omen dago!, hori ito beharra! Amets bat odoljale! Hara, hau gure artxiborako elkarrizketa bat duzu; ezin dezakezu gezurrik egin, eta gainera, ez zaizu komeni zure gerorako. Kondairaren altzoan zimarkuak ez du baliorik, dena kontra erortzen da.

 Lehenengo galdera: entelekiaren sektakoa zaitugu?

 Azkena: erakuntza ontogenikoa izan al duzu?

 Bai, dagoeneko dena argixeago dago. Zipirri-zaparra ibili beharrean askozaz emankorragoa da gauzen iraganbideetatik joatea. Ez dago galtzerik. Zer gal zitekeen dena dela?

Izugarri poztu naiz zu ezagutzeaz, ziñez. Eta ea trukatzen duzun lanbidea! Bestela sekulatasunaren jopu ikusten zaitut zure nagusiaren heriotza arte.

 Birikaren ordezkaritza odolbide horretatik aurrerantz, ez da?

 Bai, hau enparantza politta! Udazkena ote ailegatu?

 Ai! ai!, zer dela eta horrelatan hartzen nauzula? Eten pixkat putzaldi horiek! edo eta, gin pausatuxeagoak!

 Zuk eta Bihotz jaunak etorkizun berbera duzue, ez eta ametsik egin!

Zertarako bizi orduan? Ala ez duzue bizi gura?

 Noski, airea guztiz inportantea da eta zure erantzunbeharraren handitasuna ezaguna duzu, baina zergatik beste anitzek uzten du eta poztasunaren petik hasi?

 A beldurra! Denok haren itzalen izuor.

 Zuri zer axola zelula eta globuxkak? Non ikusten dituzun ondasunak?

 Horrela ez dago ezer aldatzerik, ezin dugu akordiorik egin.

 Europan ere lanuztea zilegi da!

 Erlojua kontsultatu berria dut eta denbora iraungiz doakit, eta oraino ikusteke —senti barik— gehiena. Planteiamendu ongixe planifikatu bat behar dut..., baina nola honelatan ametsa? Agian haragi nire dudak? Hau akabukoa da! kaixo, zer moduz bihurri lotsagabea? Beti orotaz trufatzen! Baina ni ez nauzu nornahi, guztiz errespetagarria nauzu. Eta ba dakit beterazi neureak.

Esaidazu, arren, zer senti izaten duzu maiteminduen ahoetan?

Zer beste mihiren batekin ukitu dagizunean? Hain da sentzazio goxoa? Eta zergatik hain hospatsu bihotza?

A!, bizi-lege! Zuek egin lantxoa eta besteok hartu uzta. Ez, ez zarete epikuriarrak!

Orain oroitzen naiz idazlearen drama hartaz. Ez zuen hartu kontutan bihotza eta bakarrik hilek irakurri omen zioten. Eta horrelatan ez dago jarraitzerik. Ez dugu maite egia. Eta egitasunak zuzentzen dizkigu urratsak.

Begira zu: non geudeke —eta zer ginateke— ametsok errealitatearen faltaz?

Mailua iltzera bide doa, baina egia ametsetara, eta ametsa zertzearen goseti...

 Ez zaitut aspertu gura ordea, eta ba noa ezpainen aldera!

 Zer dago berri hemendik musulari lagunok?

 Triste eta zurbil ikusten zaituztet. Ez duzue dastatu maitasun beroa?

 A!, horixe samina (saminagorik badago), gaixotuta zaudete eta ezin egurastera irten! Baina, deitu maitasun-medikuari! Ez dizue sosik hartuko eta kenduko bai, goibelaldia.

Garaitia maiteminduok duzue!

Nik neuk, ba ditut ukan, anitz eskarmentu horretaz, eta orain oso naiz sentigabea.

Zer edo zer —nor edo nor— maiteago duzunean... haiduru iritsiko zaizu ondikoen semea.

 Eta gero iluntasunak iluntasun... beltzezkoaren aita aurkitu arte.

 Eta nahiz eta borrokan garaile; nola konpondu hizki bustiak? Blai-blai itxasoa dago...

Zuen jokaera zintzo-zintzoa aldatu beharrean zaudete. Ez izan beldur inori!

 Musukatu —dastatu— ere bizia bestea! Zimurdura horiek ezereztu! Har zoriontasun-jario!

 Ez zarete damutuko. Ez duzue damurik ukango.

 Ez, ez naiz hain odolberoa, baina apoderatua nago hauetan! Nola, esnatzeke, loak hartu?

 Benetan durduzatuta zaudete, eta ez dizuet nahi negarraldirik eragotzi, ez dago poten bat niretzat ordea?

 Hurrengo arte eta ondu gaitza!

 Oi!, hauek haitzulotxo fabulosak! Noizdanik zure menpean dituzu? Egona dago antropologoa hauetan? Euskal arnasa bere garbitasun osoan! Malurteko aireak bizirik!

Eta ametsok hain bizi aldakorra...

Baina zabor pilaketa horiek..., gure arbasoen arnasa galduak? Ba liteke birpiztu gaur bertan..., baina dena aldatuz doa, ezin dugu atzerantz itzuli. Nire anaiaren bat mezulari bizi zen, eta aurrerakuntzaren kontrakoa izanik —eta berori eragozteko— mezu guztiak irensten zituen; baina kalte egin zioten eta larri-larritan hil.

Ametsok aurrerapenak suntsituta gara, ez dagokigu askotxo iraun. Eta bizi nahi dugu! Bizi behar dugu!

Zuek ere ez zarete ametsaren oso adiskide, bestela itxura barregarriagorik zenukete.

Pentsa nolakoak zinatekete, sudurtxo hori eduki beharrean, sudur luze-fin-kiribilatu batekin. Ez dozue atsegin? Eboluzioa zertan dago? Ez litzateke praktikoagoa? Eta estetikoagoa? Nik abantaila asko ikusten diot eta, batez ere, samurtasuna... Eskuak beren zereginetan daudenean; nola harraskatu ideiak? Eta dantzaldiren batetan bakarrik egonki, norekin eleketan egin? Eta euria ari badu zelan oratu aterpe?

 Horixe duzue irtenbide! Alda ezazue zuen itxura!

 Ezin dezakezue? Hasi, hasi!; natura adimentsu da! Baina askotan da nagi eta uzkur. Iratzarri beharra zuotan! Eta ez utzi ezer biharko, eboluzioak erlojurik ez du eta! Dena zaio haien labur! Beti gazte eta indartsu. Baleki zer duen aurretik! Ostera, frankotan konformakor izan behar.

 Arestian, sagar bar zuritzen nengoela, konturatu nintzen horretaz. Jan egin nuen magintxa, eta botatu mamia; magintxatik arbola bat goratu zen eta urdailean min-mina.

 Denok izango bagina adar, zertan orduan sustraia?

 Halarik ere igurikazu pixkat. Mundu barik ez da —inola ere ez— ametsik.

 Eta non edo non iraungo baldin badugu, tokirik toki-lekurik leku, estakuruaren jabe behar dugu izan. Zer gara bada atxakia baizik?

 Pairakorrok lurpean izango duzue muga...


Gaiak. Literatura

Gabonetako agerkundea

 Ama! Ama!

 Begira elur malutak kulunkari haien beheranzko bidean. Ze eder eta ze ikusgarri! Ezari-ezarian. Taigabe. Egingo nuke ederragorik ezetz.

Baina gure etxetxoko leihotxoak txikiegi zaizkigu kanpoko osotasuna ikusi ahal izateko. Zergatik ez ditugu ormak botatzen?

Ama! Ama!

Orain bai ikusten! Elur zuri-zuri daukagu gurekin. A!, ametsak itorik nagooo!...

"Kaixo Xabiertxo!, ameslarien hegalaldiak zuzentzen (bideratzen) dituena nauk eta gaur hirekin diat lekua, hemen nahi dezaana, guztia, haizeetara jaurtiki ahal duk.

Guzti-guztia?

 Bai horixe! Guztiz orotasuna! Ikus, ikus...

 Oi! Oi! Hauek lurralde atseginak, non bizi dateke hemen? Harri horretan zer edo zertxo dakusak; hemengo bizilagunen mezurik?

"Euskalduna hilik dago. Hemen haren arnasa..."

 Eta hau da atsegina? Arras beldurtzen nau inskripzio horrek, baina gezurretan ari da, noski. Noski? Gainera hor ez dago inolako datarik ez izenpeturik, noizdanik edo noizko ote da?

 Euskaldunon etsairen baten hizki bustiak, zentzugabekoak, izango dira bakarrik. Etsai asko izan dugu historian. Pozarren irakurriko luke hori gure Aymeric Picaud kutunak; "gens barbara libidinosoa eta..." berez suntsituko da, basoak amaituz doaz, ez die bizilekurik geratzen. Eta, beno, behinik behin arnasa omen daukagu... gaitz erdi! Non zaitut arnasa hori?

Ja! Ja! Ja!

 Irrikor?; iztartean kilikor?

 Zure beldurrak eragiten nau; zure beldurrak eta egia haizatzeko zure ahaleginek. Baina horrelatan ez duzu deusik ere ez aldatuko. Patuak eginik ditu bereak. Herriak oro daude denboraren balantzan. Gutxien pisatzen duena... ezer ezerantz... Eta zu, nor zara? Suertatze nahikorik izan dut dagoeneko eta oraino beltz-ilunetan... Ezin diezadakezu zeure burua agertu?

 Bai horixe, barre eragiten didazunorrek! Egiasamin jauna zurekin eta zure zerbitzurako.

Biziki pozten naiz orain, jadanik pixkat desmoralizatuxerik nengoen. Lehenik oro ikusteko posibilitatea eskaini zait, gero harri misteriotsu hura, eta orain... zurekin. Orduan, Egiasamin hori, zein da naraman bidea?

 Egia biluzien mundutxoa da bideratzen zaituena, ikusten baduzu poztasunik, lasterka ailegatuko zaizu belatzen itzala; edaten baduzu urik, behazun-edari sentiko duzu eztarrian.

 Egiasamin-en hitzak zer edo zertzat baldin badauzkazu... sinets ezazu, bai. Baina ez izan ardura horregatik, nik uzkur-uzkur, ostera, diraut!

 A! bizi enea. Zergatik gara hain indargabeak gizakiok? Nik bestelako gauzak nahi nituzke ikusi... Ez joan oraino Egiasamin! Esaidazu, otoi, zuk ez duzu seniderik?

 Bai, hortik dabil indarge bat. Presentatuko dizut guratan bazaude. Egiasamur deritzo.

 Agur t'erditxo Egiasamur!

 Baita hiri ere.

 Ba..., erdi galdurik nabil hemendik eta orain artio haize-horbela besterik ez dut aurkitu. Zuk ahots eztitsua omen duzu.

 Ni oso nauk alaitsua, farrazle eta baikorra! Inskripzio hori..., kasurik ez! Alaitasuna behar diagu bakarrik, bizia alaia baita! Euskalduna hilik?, hori zozokeriaren haundia! Zer haut hi bada? Ez ote dizkiagu Axular, Moguel eta gainerako apaiztegia? Eta zenbat doktorego tesi ez dik egin nik dakidan zenbat hizkuntzalarik? Euskera baldin badago euskalduna ere bai. Trankil!

 Ez sinets! Ez sinets!, Egiasamin zurekin. Euskara ez da bakarra, hor dago erdera! Eta erdera lagun on-indartsuak izan ditu kondairan. 1839.a, 1876.a, 1936.a, 1978.aren eta 1979.aren Urria... erderaren datak dira; erderaren jabeen menpekotasun-kateak dakarzkigutenak.

 Ze katea eta ze arraio! Pozik, pozik bizi behar. Euskara oso duk politta. Urrezko kaxa bat egingo zioagu!

...Zalaparta eskerga sortu didate; zeinek arrazoia! Izan ere egia gura badugu, hotz pentsatzea beharrezkotzat daukagu. Eta gainera bihotza, maittasuna, txoriñoak, hibaiak, gorputz-deliziak eta anitz abar gehiago ahaztu dituzte. Zer dela eta euskaraz soil-soilik? Hain da garrantzizkoa?

 Egia esan, odolak oxigenatua izan behar du, haizeak tenperatura-aldaketak nahitaezo eta usoak hegoak guztiz beharrezko. Euskaldunok euskera gabe odolbatuta-egun sapa-usoaren eskeletua?..."

 Ama! Amaaaaaaaaaa!...

 Ez ditut maite elur malutak, gezurtiak dira oso! Garbi-garbiak dirudite baina haien uretan sartuz gero... dena iluntasuna!

 Eta zergatik elurra gurekin! ez dut gura! Abendua ez dut atsegin. Eta luzetan elurreztatuko dira goikaldeak... muina beti bezalaxe... Noiz ekarriko digute gabonek behar dugun gabonsaria?

"Gabonetako arbola tantaia

ez da adarkatuko gugan

zabaltzen duzun

mundu-pozik?

Gabon gau ñir-ñirkari nahi genuke

gabonsubilaren sugarrek

gauaren argian

beren gabon kantak

xuxurla ditzaten.

Gabonetako itxurako anaitasuna

ez dugu zure itzala nahi

usain usteldu

hitz zantarra.

Gabon zaharra

izan zahar betiko!

eta ekar urteberrian

euskerak behar-behar duen

aterpe!

 Gabon!

Karlos Santisteban


Gaiak. Eritziak

Fernando Savater eta lasaitasuna

 "Una buena dosis de relajamiento (con perdón de los moralistas de uno y otro signo) no ha de venir nada mal" hala eskatzen du Savaterrek eta beste 33 intelektualek argitaratu ohizko agiri batetan; guztion (Euskal Herriaren) lasaitasuna sendagarritzat proposatuz.

 Egunen batetan, herri guztiak gurutzabide batetara iristen dira, bide gurutzatu batetara. Oztopoz eta sakrifizioz beteriko urte luze asko, hor zehar ibiltzen, buruan helburu fixo bat dutelarik, hainbat lagun —ezin konda daitezke— hilik geratu dira karkaba askotan. Beste batzu oso urrun daude, gartzelan, atzerrian, beste asko martxan abiatu ziren artean. Aspaldian, tabuez, mitoz eta ilusio kolektiboez sorturiko belaunaldi oso bat jarri zen martxan. Eta mito bat eraiki zuten. Herria osatzearen mito kolektiboa. Beren izaerari, gure bizitzari, denon izateari arrazoi bat eman zioten, zeregina, bilakapen historiko bat. Eta mito asko erori ziren gugandik. Gure kanpai dorreetako hotsa ez zen jadanik zerutiarra. Ordena, desordena guretzat, eta ordezkari politiko eta militarren ukiezintasuna gero eta hurbilago, hilkorrago bilakatu zen. Cain bezala, lurra nahi dugulako, hiltzen eta erahiltzen ikasi genuen, beste guzti haiek bezala.

Eta gurutzabide batetara iritsi gara eta ba dirudi ez dela hain erraz gainean zehar iragatea. Mito asko eraitsi dugu eta gurea eraiki. Mundu honetan gizateriak mitoak behar ditu bizitzeko eta mitorik ala sinesmenik ez badu ez da ezer. Urte askotan burrukatu dugu gure mitoaren alde. Gorpuzten ari da eta errealitatea bihurtzen.. Mitorik ateratakoa hala ere, ez du antzik gurearekin. Desitxuraturik, guttiturik, trenkaturik dago. Mito zerutiarra ematen du berriro, etsaien mitoa, burrukalariak hiltzen eta gartzeleratzen dituena, gazteria torturatzen eta ezabatu nahi duena. Boteretsuen mitoa ez da nolanahi akabatzen, zutik dihardu, lehen bezala. Ez dute garaitu baina zutik dihardute. Ez dago herririk, beren lege eta arau zapaltzaile guztiak kulturan eta bizitzan dauzkagu; eskoletan, familian, afektibitatean, hezkuntzan, ekonomian, produkzioan... Euskadiko herria iritsi da bide gurutzatu horretara eta bertan dagoen harreseak, berak uste zuen baino askoz zailagoa ditu iragatea. Sakrifizio gehiago, ahalegin gehiago, alaitasun handiago, poz handiago eta zergatik ez, lasaitasun handiago eskatzen digu.

 Bai Savater, lasaitasun-arazo horretan zurekin nago baina ez dut uste zure helburuak eta herriarenak antzekoak direnik. Zure helburuak eta gurinaz eta marmeladaz gosaltzen duten zu bezalako intelektualak ez datoz bat herriarekin. Zuek ez duzue sinesten mitoez.

Ba liteke egunen batetan, iraultzaren mutikoa zinela eta gurinaz eta marmeladaz gosaltzen zenuen egun berean, "zure" errepresio bereziez konturatu izan zinela... Francoren garaiak, bizimodua ez zegoen gaur bezainbat askatuxe... ez zegoen belarrik, eta larrua jotzen zailago zen. Horregatik, —espektroan ikusmen zabal eta sakona izanik zuen errepresio guztiak, politiko eta ekonomikoak baino psikikogoak zirela erreparatu zenueten. Konprenitzekoa da beraz zuek egin duzuen desmitifikazioa; adimen zorrotzen ondoriotzat har daiteke. Zoritxarrez, iragan mendeko intelektualen gisa, oker berdina egin duzue, gizakiok mekanikoki bereiztuz. Psikea metafisika hutsa bilakatu zaizue baina psikeak ere herrien eta pertsonen zapalkuntza kolektiboa gera dadila eskatzen digu mitoek sor dezaketen indar irmoarekin. Zuek —nahiz eta sinestu ez— ez dituzue mitoak alde batetara utzi, mitoak soilik trukatu dituzue. "La enriquecedora complejidad universal, el relajamiento de las costumbres, el desconfiar de los santos si van armados", eta beste guzioek ez dituzue mitotzat hartzen eta nire ustez, zure proposamenok zuen beste mito horien oinarri batzu besterik ez dira.

 Lasaitasuna proposatzen duzu sendagarritzat eta lasaitasun hori, indiferentzia, pasotismoa, frustrazioa eta animalkeria daitezke eta ba dira ere. Zure mitoa, —eta honetan ongi ba dakizu— Honey-Bull-en eta Martin Villaren mitoen antza dute. Gure mitoa ogirik eta mantequillarik gabe eginda dago nahiz eta guretako txapel gorri batzuk XIX. mendeko gazteria zarrapastrotsu eta gosetien mozorroaz jantzi eta publizitatea egin. Beharbada, eska genazaieke delakoei lasaitasun handiagoa, baina desdramatizaziorik ez, guretako asko atxilotu eta hilik baitago. Ezin desdramatiza ditzakegu Hamlet eta Otelo absurdu barregarria eginen baikenuke. Berdin gertatuko litzaizuke zure mitoari, berdin zapaltzaileei beren mitoa desmitifikatuko balute. Baina zergatik ez lasaitasuna eskatzea? Bai, beharrezkoa dela pentsatzen dut, etsaia hobe deuseztatzeko. Lasaitasuna, herriaren etsaiak gure eskupeten begi puntuan hotz-hotzean akabatzeko.

T. Trifol


Euskal azentuazioari buruzko zenbait ohar

 Euskara lantzerakoan garrantzia eman zaie sintaxiari, ahozkerari, morfologiari eta abarreri, ondo txikia halabaina azentuazioari. Horrela, erraz kontura gaitezke, —nator menditik, —etzean saude, —makilarekin jo diot, eta horrelakoak txartzat ematen ditugula, baina ondoko hau berriz, —gúk bukátu dúgu góiz honétan— txartzat eman ez ezik, erabili egiten dugu askotan.

Euskara euskaldunek beren harremanetan darabiltzen hizkuntza denez, hori ez da euskara —euskara "ona" behintzat—.

 Horrelako egoeraz bukatzen hasteko, hemen zenbait proposamen botako ditugu. Berau egiterakoan, Euskal Herri ia guztiko euskarak entzun eta aztertuak ditugu, eta nahiko frogatutzat ematen dugu ondokoa. Orain bai, garbi dugu Euskaltzaindiak egin beharreko lana dela, entonazioa aztertzea, lan izugarria baita, eta "afizionatuen" ahalmenetatik at geratzen dena. Eta berau probetxatu nahi dugu, Euskaltzaindia nolabait erantzutera behartzeko: uste dugu, epe laburrenean nolabaiteko estudio bat egin behar duela, arau nagusiak behintzat finkatuz.

Are eta derrigorrezkoagoa deritzogu honi, beronetaz ezer eginik ez dagoelako, eta gainera euskara kultotzat sartutako zerbait delako. Horrela, goikoari darraion azentuazioa bakarrik entzuten da, euskara "kultoa" omen dagoen lekuetan, gaueskola, ikastola, hitzaldi eta abarretan.

Besterik gabe, hona hemen proposamenak:

1.- Linea nagusitzat hartzen dugu, euskaraz hitzek azentu agudu bat dutela, beste zenbait azentu eduki badezakete ere.

 2.- Bi silabatako hitzek azentu agudua dutelarik, aditz laguntzaileek eta izenlagun erakusleek bakarrik azentu hori dute.

 3.- Hiru silabatako hitzetan, bi jokabide daude: 2. eta 3. silaba azentuatzea, edota lehen eta 3.a.

 Ba dirudi 1. eta 3.a duten kasuetan, lehen silabako azentu hori zerbaitek behartua dela. Erdaraz azentu hori duen hitza izan daiteke —áutoa—, edo bi silabatakoa izanik, azentuhiru silabatan mantentzen duena —héldu, héldutá—. Bi silabakoetan 2. azentua noiz agertzen den ez dakigu —egón, irtén—.

 4.- Hitz luzeagotan," ba dirudi nagusia dela, 2.a eta azkena azentuatzea, nahiz eta leku batzutan, eta jeneralean kasu batzutan, 1. eta azkena azentuatzen diren —pelikulá/pélikulá; beti krónikatán.

 Hau guztia aldatua izan daiteke, esaldiaren barruko ingurunea dela eta, esaldiari zentzu berezi bat eman nahi zaiolako... Gainera, beste mila gorabehera daude —adibidez, bi esanahi desberdin dituen hitz berberaren azentuazio desberdina, eta abar—, guk azter ezin ditzakegunak.

 Ba dirudi, halaber, beronek Zuberoan ez duela baliorik. Baina gure euskara sasikultoa ez da Zuberoerarekiko hurbilketa, baizik eta erdal kutsaduraz gertatutako euskara arrotza.

Azkenez, esan nahi dugu, euskaldun zaharrari euskara "kultoa" arrotza egiten bazaio, maila handi batetan, entonazio maltzur horregatik dela.

Hona hemen, bukatzeko, adibide-zerrenda bat:

TXARTO

 géuk bukátu dúgu góiz honétan

 hónak ásko dáki; béste hórrek ordéa, ézer gútxi ikási dú

 klaséra etórtzen denéan, órdu érdi bát emáten dú bidían

 Káixo, mútil, zélan zágoz Bílbo aldéan?

 políta égin didázu, ()! Holáko kólpe izugárriá éman...

 nerónek eramángo záitut, gauéan denbóra dáukat éta.

ERA ZUZEN POSIBLEA

 géuk bukátú dugú góiz hónetán

 hónék askó dakí, besté horrék ordéá, ezér gutxí ikási dú.

 kláserá etórtzén déneán, ordú erdí bát emátén dú bidáián.

 Kaixó, mutíl, zélán zagóz Bilbó aldeán?

 politá egín didázú, geró! Holákó kólpé izúgarriá emán...

 nerónék erámangó zaitút, gauéán denbórá daukát etá.

Bilbo Zaharreko euskarazko irakasleak


Postaz etorriak

"ANAITASUNA"ko jaunak

 Irakurri det zuen idaz lana, beti pozoituta, oraintxe lertzeko zorian zaudete; zuentzako "Prentsa Euskaraz", "ANAITASUNA", "ARGIA"ta "JAKIN" bakarrak dira; neretzako xoxik ere ez dute balio iru oiek; E.T.A. comunista iltzen danean baten ilko dira iru paper zikiñ oiek, dirurik jasoko ez dezutelako ildakoen eskutik.

"HERRIA" euzkera utzean ez da etortzen, prantzezes ere bai pixka bat; "jakin" berriz praile ta cura progre-marxisten batzuen zikinkeri bat da eta "Anaitasuna" berriz iñork baño obeto dakizutenez euzkeraz ez da etortzen baizik ehuskaranto zikin batean.

"Goiz Argi"k bere itxura apalean bakarrik zuen iru oiek batuta baño iru aldiz arpidedun geiago dauzka ta au ondo aditu E.T.A. koek ez diote xentimorik ere ematen, ongi jokatzen duenak diru zikin lapurtua bearrik ez du.

Ta zer diozute "Saski-Naski" ren gatik?... ori da liburuxka eder eta mamitsua, batere politikarik gabe ta euzkera jatorra ta jakingarria, orri txapela kendu bear zaio.

Ikusi zenduten Okendo kale ko konbentuko mumu-bizerdunak nola eskuak garbitu zituzten "zeruko ARGIA"ri buruz erruak praile gazteai ri botiaz, zuen artean ere frailazo asko daude,... Berriatua, Azurmendi, Vilanaste, Torrealday eta abar, praile "progresistas" sin Dios tarrak; zai gaude bizardun sin Dios tarrak egin zutena zuek "prantziskotarrak" noiz egiten dezuten.

 Orain "zeruko" izena kendu ta "ARGIA"... ¿nori lapurtu diote izen au?... nik badakit zeñi. Onek lengo lepotik dauka burua naiz ta axaletik beste arpegi bat azaldu, bizitza laburra itxaro zaio oni ere. E.T.A. iltzean batean "ARGIA" iltzaliko da, ta onen "Protectoreak" ostatulari, jatetxelari, ta chocolatero ta "PASTELERO"ak beren eginkisunetara joango dira ta obeto joango zaiote.

Oarra: zalantzari gabe ziur nago lerro auek ez dituzutela argitaratuko.

Donostian - Mariano Zuaznabar


Besteak

Hoy ese problema del IRREDENTISMO por la incorporación de Navarra está planteado de manera explosiva, alimentado por una serie de tópicos ideológicos y fomentado por intereses políticos contrapuestos:

- Domina sobre todos ellos el tópico cesarista de la UNIDAD NACIONAL en su doble vertiente: la del españolismo reaccionario que se cimenta sobre la sacrosanta UNIDAD NACIONAL española y que sueña con utilizar a Navarra para una nueva cruzada neofranquista; y la del españolismo revolucionario que se sirve de la irrenunciable UNIDAD NACIONAL vasca para desarrollar el «marco revolucionario» vasco como parte esencial de la estrategia marxista-leninista dirigida al implantar la dictadura del proletariado, no sólo en Euzkadi, sino en todo el Estado español.

- Para ambas tendencias el concepto de UNIDAD NACIONAL es una especie de imperativo categórico que se impone por la fuerza. A él se opone el concepto democrático y anticesarista de UNION de hombres y pueblos, único creador de la VERDADERA SOLIDARIDAD NACIDA DE LA LIBERTAD.

- Junto al concepto abstracto de UNIDAD que hemos dejado expuesto, se nos impone la idea de INCORPORACION o INTEGRACION, cuando la personalidad vasca de Navarra, que por ser precisamente vasca es ya Vasconia, Euzkadi o Euskalerria, o como quiera denominársele, REQUIERE QUE NO TENGA QUE INCORPORARSE A NADA Y EXIGE RECOBRAR SU ARREBATADA LIBERTAD y, a través de ella, DECIDIR LAS FORMAS DE SOLIDARIDAD QUE ESTIME PERTINENTES.

Grupos de Estudios Políticos de Goiz-argi

Creo que en los ámbitos de ETA hay un declive del componente abertzale y eso dificulta enormemente un plan de recuperación futura. Hemos tendido la mano muchas veces y muchas veces ha estado en el aire, solitaria, esperando un apretón que hubiese sido definitivo para la aceleración del funcionamiento de este país. Una Euzkadi ensangrentada no nos beneficia a nadie y nos aparta más de Navarra, de mi Navarra, de nuestra Navarra. CREEME, PIENSO, Y MUCHO, EN UNA CONFRONTACION, INEVITABLE ENTRE VASCOS POR ESTAS HERIDAS ABIERTAS Y QUE MANAN TANTO PUS.

Labayen en su primer turno se dedicó a señalar una serie de vaguedades inconcretas que en modo alguno satisfacieron a la oposición, y que además se hizo más incomprensible por la pésima traducción simultánea con la que fue obsequiada la prensa. En una posterior intervención, en castellano, dijo que cuando sea conocido el personal con que se dotará a la futura televisión, se creará un ente público con unos estatutos similares a los actuales de RTVE-EGIN.

Carlos Garaikoetxea-ren Gabonetarako desioak

"Quien no les oye gritar por aquí INDEPENDENTZIA? Y muchos, cuando la oyen, creen (lo he comprobado muchas veces) que gritan en favor de la independencia de Euzkadi. Y NO HAY TAL. Para ellos "independentzia" quiere decir Euzkadi comunista, provincia de España también comunista. Identifican "independencia" con comunismo. Para ellos donde no hay comunismo e imposición de su partido, no hay independencia. Los comunistas de Euskadi son hermanos gemelos de los de todas partes.

EUZKADI (EAJ-ren aldizkaria).

Biurko

"El proceso de negociación de transferencias lleva a la destrucción del Estado"... "Pero en el PNV hay cantidad de gente sensata que no están de acuerdo en como se están llevando las cosas. En el PNV hay dos líderes, Garaikoetxea y Arzallus"

Txiki Benegas

"Pero el éxito de la gestión revolucionaria de ETA, arrastrar al Pueblo Vasco a la cruzada revolucionaria española, depende en gran medida de las posiciones del PNV. Su debilitamiento ante los ojos de nuestro pueblo, es la condición para el éxito de la tarea que se propone. De ahí que el partido nacionalista vasco sea el gran enemigo a batir, por parte de quienes están empeñados en la tarea revolucionaria, de implantar a toda costa la dictadura del proletariado en Madrid. Esta perspectiva ofrece nuevas luces al problema de la pacificación del país, así como nuevo contenidos a la línea partidaria de la reconciliación.

Jon Mimenza, Goiz-Argi,n (Euskal-Aldizkaria)

El lehendakari Garaikoetxea aseguró al presidente Suarez que el objetivo de su política no era la independencia.

(EFE)

"El Pueblo Vasco estaba deseando en gran manera la visita de su presidente Adolfo Suarez, eso es lo que hemos podido deducir de los diversos contactos mantenidos aquí".

Rosa Posada, Estatu idazkaria

"Juan Tomas de Salas... se ha ido a Estrasburgo a extender la llama indignada y virtuosa del antiterrorismo. Fortuitamente ha llegado a nosotros su ponencia, que publicamos en este número, con anotaciones al parecer de su propia mano. En ellas dice que la prensa favorable al terrorismo sigue vigente hoy en Euskadi, Deia, Egin... hemos acabado concluyendo que lo que más le duele del "terrorismo" son los 226.000 lectores de EGIN. Mientras tanto "Diario 16" con su último regalito oficial del gobierno de 25 millones y según la misma fuente disfruta de la modesta cifra de 66.000 lectores antiterroristas"

Punto y Hora-ren artikuluburua

 Hendayako "Bar Hendayais"-en egindako atentatuari buruz "Le tir n'était pas si aveugle que ça: quelques instants avant se tenait dans le bar une réunion des réfugiés."

FR3 telebista katea