ANAITASUNA

IV URTEA - N.º 40

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Agustua (8) 1957


Kristiñau langille gaztedia

 Agustuko azkenengo domekan, larogei naziñoko ogetamar milla kristiñau langille gazte batu izan dira Erroman, Aita Santuaren aurrean euren kristiñau fedea autortuteko eta mundu guztiko kristiñau beargiñen alkartasuna sendotuteko.

Kongresu internazional onetako gauza ikusgarrien artean, ezin ixildu geinke azken eguneko batzarraldi aundia. San Pedro plazan, irureun milla gazte batu izan dira Aita Santuaren verbaldia entzuteko. Ango alegrantzia, ango poza, ango txaloak Jesukristoren ordezkoaren aurrean! Euskaldunak be, antxe egon dira, eta bertaraiño eroan dabe euren biotzen adorea eta euskal dantzen alaitasuna.

Bere verbaldian, gauza bat ipiñi gura izan dau ondo agirian Aita Santuak: Kristiñau Langille Gaztediaren espiritualismoa.

Gaur egunean, gizon geienen eritxian, gitxi valio dabe indar espiritualak diruaren eta teknizismoaren aurrean. Katolikoen artean be, bestela baitakoan sartu da uste ori, eta gure arteko askok —gizonezkoak atan— gitxi erixten deutse ventaja praktikorik ez dakarren edozein obra edo instituziñori.

"Seme-alaba maiteak —diñotse Aita Santuak gazteeri—, jakizue aundiak direala on egiteko daukazuezan posibilidadeak, zeuen kristiñau vokaziñoari bear dan moduan erantzuten badeutsazue. Ondo dakizuen lez, ez dago triunforik ekinaldi barik. Eta espirituzko gauzetan, nagusi urtetea oraindiño gatxago izaten da, sakrifizio geiago eta gure buruen ukamen aundiago egin bear dogulako. Zuen ekiñaldi espiritual orretan, ez dozue lan egiten, obari ekonomiko-sozial batzuk bakarrik lortuteko. Ori ez dozue naikoa. Beste edozer gauza baiño lenago, beargiñen arimak irabazi nai dozuez Kristorentzat."

"Ori konsegietako, J.O.C. (Juventud Obrera Cristiana) movimentuan sartuta zagozenok, alegin guztiak egiten dozuez, beargin gazteak ekanduen eta kulturearen aldetik ondo azi daitezan eta bizitzearen egiazko zentzuna ezagutu daien. Ardura aundiagaz irakasten deutsezue tentaziñoeri gogor egiten ta edozer zatarkeri alde eragiten. Begien aurrean ipinten deutsezue ze gauza ederra dan alkarren arteko laguntziñoa eta biotz zabaltasuna. Euren espirituak eta biotzak moldatu gura dozuez, eguneroko erantzunbearrakaz ondo konturatuta bizi daitezan, eta edozein eginkizun egiteko, sekulako adorea euki daien.

Jocistak egiten daben lan espiritual oneri, "apostoladu guztiz praktikoa eta bearrekoa" deituten deutso Aita Santuak bere verbaldiaren beste leku baten.

Ikasi daigun emendik, gure erlegiñoaren indar espiritualak estimatzen eta euren frutuak beste edozein probetxu ekonomikoren gaiñetik ipinten.

Goratu daiguzan Kristiñau Langille Gaztediaren asmo espiritualak, eta aintzat artu daiguzan bear dan bestean, Eleiza Katolikoan, Jocisten antzera, diru barik, itxura aundiko obra barik, ixillean, espirituzko apostoladuan diarduen ainbeste ta ainbeste eleizgizon eta eleizemakumen sakrifizioak eta izerdiak.

Berriatua


Erreligioso bizitzearen formula barri bat. Instituto Sekularrak

Gure artean askok entzun dogu verba egiten Opus Dei dala ta eztala. Bein baiño geiagotan esan deuskue Espaiñiako gobernuko ministru batzuk Opus Dei-koak direala. Baiña bearbada ez dakigu ondo, Opus Dei ori zer dan. Ez deusku iñok esan, Opus Dei Instituto Sekular bat dala.

Instituto Sekularra... Gauza barria, eta izena oraindiño barriagoa. Orain amar urte direala, Aita Santuak emon eutsen izen ori, komentuetan sartu barik erreligiosoen iru votua'k egiten dituen andra-gizonen alkartasuneri.

Gero ta geiago dira mundu guztian, Instituto Sekularren bizimodua artzen dabenak. Gertakuntza barri baten aurrean gagoz. Soziedade klase guztietako andra-gizonak Evangelioko bizitzea bizi gura dabe, eta euren apostoladuagaz "Eleizea errira eroan eta erria Eleizara."

Verba asko egin da aspaldion laikoen apostoladuaren gaiñean. Sazerdote beargiñen experientziaren ostean batez-bere, problema onek interes aundia sortu eragin dau kristiñauen artean. Askok esan eben orduan, sazerdote beargiñen ordez "erreligioso laikoak" joango zireala fabriketara. Periodikoak eurak be, aitatu egiten ditue lantzean bein Instituto Sekularrak. Eta ori gorabeera, gitxik dakie ondo, Instituto Sekularrok zer direan.

Artikulu onek argi apur bat emon gura dau euren gaiñean.

Gaurko kristiñauak apostoladurako bide barrien billa dabiltza. Fenomeno au edonon ikusten da, eta duda barik ogeigarren gizaldiko katolizismoaren aparteko marka bat da. Oraingo mundua asko aldatu da, eta apostoladu metoduak be era berean barriztau bear dira.

Gogoan daukogu oraindiño Frantziako "sazerdote beargiñak" egin ebena. Fabriketara euretara joan zirean lan egiten, beargiñeri Jesukristoren Barri Ona eroateko. Bearbada euren alegiña erdi alperrekoa izan zan, baiña beiñik bein euren sakrifiziozko bizitzeagaz bidea zabalduta itxi eben euren atzetik datozanentzat.

Azkenengo amar urteotan, asoziaziño asko sortu dira kristiñau movimentu barri onetan. Eun urterik ona ibilli izan dira kristiñauak, erreligioso bizitzearen formula barri bat topa eziñik. Eta azkenean aurkitu egin dabe. Oraindik aurrera, mundutik urten barik, kristiñau perfeziñoa lortu al izango dabe, eta klase sozial eta bizibide guztietan penetraziñozko apostoladua egin.

Erromako aprobaziñoa

1947-an, Sede Santuak aintzat artu zituan ofizialki kristiñauen alegiñok, eta estatuto kanoniko bat emon eutsen asoziaziño printzipaleri. Orretarako, Aita Santuak "Provida Mater Ecclesia" konstituziño apostolikoa argitaratu eban. Alantxe agertu zirean Eleiza Katolikoan Instituto Sekularrak.

Aita Santuaren dokumentu onek urten ebanetik urtea amaitu orduko, larogetamabost asoziaziñok eskatu eben Instituto Sekularren estatutoa. Azkenengo zortzi urteotan, berreunek baiño geiagok egin dabe eskabide berori. Baiña Sede Santuak ez deutse emon daneri aprobaziño definitivua, geienak oraintsuko asoziaziñoak direalako. Ori gorabeera, gauza bat dago argi: gaur egunean Instituto Sekularren bitartez "irakitaldi" izugarri bat sortu da Eleiza Katolikoan, laikoen artean atan.

Frantzian berrogetamar Instituto Sekular baiño geiago ei dagoz, Erromako aprobaziñoa daukenak eta ez daukenak numeru orretan sartuta. Ezagunenak aoneexek dira: Kleruaren Laguntzailleak, Pobreen Anai Txikiak, San Pauloren Kompañia.

Espaiñian be, asko dira olako asoziaziñoak. Ona emen banaka batzuen izenak: Opus Dei, Institución Teresiana, Operarios Diocesanos, Sociedad del Sagrado Corazón de Jesús, Misioneras de la Realeza de Nuestro Señor Jesucristo, Misioneras Seculares, Alianza de Jesús por María.

Ez dago zetan arritu ugaritasun onegaitik. Gauza normala da. Oraiñarte, sozioen numeruak ez dauko importantzia aundirik. Instituto geienak ez daukez eun lagunetik gora. Gaiñera, zabalkunde momentuan gagoz, eta orregaitik edonon sortzen dira Instituto barriak. Askok ez dauke oraindiño Erromako aprobaziñorik, beste askok ez dabe iñoiz eukiko, eta ez gitxi demporeagaz alkarren artean batuko dira.

"Opus Dei"

Instituto onek Madrillen euki eban bere asikerea, 1928-an, urriaren bigarrenean. Instituto guztien artean berau da, Sede Santuaren aprobaziñoa lenengo errezibidu dauana. Naziño askotako eleizagintariak indar egin eben Aita Santuaren aurrean, ainbat ariñen (1950ean) aprobaziño ori lortuteko. Naziño orreetan ezagunak zirean, asko edo gitxi, Opus Deiko gizonak.

Euren apostoladua, Espaiñiatik asita, Italiara zabaldu da, Inglaterra, Alemania, Portugal, Argentina, Cuba, Mexico, Chile, Irlanda, Colombia, Peru, Japon, Frantzia eta Iparramerikako Estadu Alkartuetara. 1954-an, eun zirean euren etxeak eta seireun gitxi gorabeera sozioak.

Institutoaren asmoa auxe da: zabaldu soziedadeko klase guztien artean, intelektualen artean atan, Evangelioko perfeziño bizitzea.

Opus Dei-k emakume errama bat dauko. Baiña alkarren artean errama biok ez dauke ezelango dependentziarik.

Gizonen artean sozio kategoria diferenteak dagoz, zelakoak direan euren obligaziñoak. Batzuk, ez asko, sazerdoteak dira.

Berau da lenengo Institutoa, sozio baten beatifikaziño kausea Erromara eroan dauana. Sozio ori RENFE-ko ingenierua izan zan. Bere izena, Isidoro Zorzano (1902-1943).

Instituto Sekular bateko gazte batek erantzuten deusku

Zer zarie zuek, Erreligiosoak, Klerikoak ala Laikoak?

— Parkatu eidazu, baiña pregunta ori ez dago ondo eginda. Gu ez gara sartzen iru kategoria orreetan?

Ez zarie ba Erreligiosoak, komentuan bizi ezarren?

— Ez, ez gara "erreligiosoak", verba onen esangura garbian. Alan ta guztiz-bere, gure artean eta komentuetako erreligiosoen artean, ez dago diferentzia fundamentalik. Baiña "erreligioso" baten definiziño kanonikoan ez gara egokiro sartzen.

Ba-daukozue ezer, Irugarren Ordenak ez daukenik?

— Gu ez gara ezkonduten, eta Evangelioko iru kontsejuak gordetako obligaziñoa artzen dogu gure gain: erreligiosoen antzera, pobretasunean, obedientzian eta kastidadean bizi gara.

Ba-dago diferentziarik zuen artean. eta Ekintza Katolikoaren artean?

— Ekintza Katolikoa ez da bizimodu estadu bat. Instituto Sekularrak barriz, estadu bat dira, eta euren bizimodua iraunkorra da.

Zuen artean, eta erreligiosoen artean, sustraiko diferentziarik ez badago, orduan zegaitik ez dozue eroaten habiturik?

— Soiñeko habitua eroatea ez da bearrekoa, benetako erreligiosoa izateko. Gaiñera, gaur egunean, sarritan eragozpen aundia izaten da habitua, leku askotan apostoladua egiteko.

Baiña zuek ez zarie bizi alkarregaz. Komunidadean bizitea ez da bearrekoa ala?

— Bai, bearrekoa da. Orregaitik, asko edo gitxi alkarren artean batuta bizi gara. Ez gintzakez kapaz izango bizimodu au eroateko, guztiz bananduta biziko bagiña. Temperamentu oso apartekoa euki bearko geunke orretarako. Duda barik, bear bearrekoa da guretzako, alkartasunezko bizitzea, alkartasun ori batzuetan guztiz laburra izanarren. Gure Institutokoak illean ordu batzuk bakarrik alkarregaz egon al izaten gara. Nire ustez, alegin guztiak egin bear litzakez, gure arteko alkartasun au egunean baiño egunean estuagotuteko; eta ekipo bateko guztiak etxe baten biziko balira, oba.

Eta modu orretara beti biziko ete zarie?

Ezkontzea alde baten itxita, Evangelioko zelibatua elegidu badogu, zetan esan be ez, estadu barri au betiko artu bear dogu, ezkonduak matrimoniñoa artzen daben lez. Bestela, Instituto Sekularrak ez leukee luzaro, iraungo eta frutu apartekorik emongo.

Baiña zuek ez dozue voturik egiten?

Bai, egiten doguz. "Votu publikoak" ez baiña. Jaungoikoaren aurrean artzen dogun obligaziño oneri, batzuetan "donaziñoa", beste batzuetan "promesea" naiz "juramentua" deituten jako. Baiña izena diferentea izanarren, bardiña da Jaungoikoari egiten deutsagun gure buruen entregamentu osoa.

Egia da, erreglamentu fijurik ez dozuela euki gura?

Instituto askok ez ditue oraindiño euren erreglamentuak eskribidu. Baiña ori ez da, erreglamentuen kontra dagozalako, ezpabere oraindiño experientzia geiago euki gura dabelako, erreglamentu fiju bat atara orduko. Instituto Sekularrak a priori-ko teorien kontra dagoz, eta ez dabe gura legearen kumplimentu azalekorik. Orregaitik, erreglamentu fiju bat idatzi baiño lenago, urteak igaro bear dabe, bizimodu barri au sendotuteko eta apostoladuko frutuak ugarituteko.

Institutoan sartuta gero, beste ofizio edo bizibide bat ez dozue artu bear?

— Generalean, geure lengo ofizio edo profeziñoan jarraituten dogu, eta antxe egiten dogu al dogun apostoladua. Baiña eskandalua emoten daben bizibideak itxi egiten doguz. Oraingo profesiño askotan, danok dakigun lez, justiziazko irabazien gaiñetik, beste diru asko eskuratu izaten da. Gu ezin geintekez ibilli olako irabazpideetan. Oraindiño gitxiago txarrerako direan arazoetan, esate baterako, gerreagaz, eutanasiagaz, etc. zerikusi estua dauken zeregiñetan.

Aparteko indarragaz esan deustazu len, Evangelioko bizimodua eroan nai dozuela. Zuen espezialtasuna ez da ba "apostoladu modernua"?

— Guretzako gauzarik printzipalena, Evangelioko bizimodua eroatea da. Beste edozetarako baiño lenago, orrexetarako sartu gara Instituto Sekularretan: Evangelioak bere agindu ta kontsejuakaz erakusten deuskun bideari jarraiturik, gure arimen perfeziñoa lortuteko. Onek ez dau esan gura, apostoladua guretzako gauza importantea ez danik. Gure bizitza guztia apostoladurako da. Bakotxak bere inguruan al dauan guztia egin bear dau projimoaren onerako. Baiña ez uste, jakez jantzita ibilli ta beste barik, mundua salvatuko dogula. "Apostoladu modernuak", luzaroko zerbait egin gura badau, arima barruko espiritua bear dau. Instituto Sekularrak espiritu ori sendo ta ugari euki nai dabe.

Ibieta


Zinematografia

Donostiako ziñe jaiak

Igaro dan garagarrilaren (julioren) azken egunetan, zarata aundiagaz ospatu da Donostian Ziñearen Festival Internazionala. Urtean baiño urtean importantzia geiago artzen asi da Festival au, eta bildur barik ipiñi leiteke Berlin'en, Cannes'en eta Venezia'n ospatuten direanen alboan.

Euskalerriko periodikoak, Gipuzkoakoak batez bere, verba asko egin dabe aurtengo Festivalaren gaiñean. Baiña bearbada, ez dabe agirian ipiñi, bear dan bestean, katolikoak Festival onetan euki daben partizipaziñoa.

Bere organizaziñoan sartu ezarren, parte aundia artu dabe katolikoak Festivaleko aktu guztietan, Ziñearen Ofiziña Katoliko Internazionalaren (edo O.C.I.C.'aren) bitartez.

Ofiziña onek, Sede Santuaren ardurapean, zuzendu eta gidatu egiten ditu mundu guztiko katolikoen ziñe aktividadeak.

Festival guztietan, O.C.I.C.'ak (edo "Oficina Católica Internacional del Cine"k) sari bat emoten deutso valore espiritual aundiena daukon pelikuleari. Importantzia aundia eukiten dau sari onek: batzuetan Festivaleko premio ofizialak baiño aundiagoa.

Donostiako Ziñe Jaietan, O.C.I.C.'ak juradu bat izentatu eban, pelikularik onena zein zan erabagiteko. Batzar orretan sartzen zirean Alemania, Belgika, Frantzia, Egipto, Inglaterra ta Españiako ziñe espezialistak. Juraduak, "Ich suche Dich" ("Zure billa nabil") pelikula alemanari emon eutson Saria.

Domekan, Festivaleko azken egunean, "ziñearen mezea" ospatu zan. Gente asko batu zan Santa Maria eleizan, meza ori entzuteko.

Antxe ikusi eitekezan Festivaleko autoridadeak, Espaiñiako zinematografiaren zuzendariak, extranjeruko eta naziñoko delegadu ia ia guztiak, eta Donostiara etorri zirean artisten artean kasik danak.

Guztien izenean, Susana Canales artisteak lora txorta bat eskiñi eutson Andra Maria Koruko, Donostiako Zaindariari.

Meza bitartean verba egin eban Radio, Zinema ta Televisiñoaren Komisiño Episkopaleko sekretarioak, Calahorrako Obispo jaunak. Verbaldian azaldu eban zegaitik dagoan presente Eleiza Katolikoa Ziñe Jaietan, eta zegaitik sartzen dan ainbeste ziñeko gauzetan.

Festival Internazional onetan, O.C.I.C.'aren zeregiña aundia izanarren, ez dira orregaz kontentu egon katolikoak. Donostiako Ziñe Klubekoak, Ziñe Jakintzearen Lenengo Kursua atondu dabe. Ikastaldi onen zuzendaritzan parte artu dabe, bakotxak bere arloan, Madrilleko Ziñe Investigaziño eta Experientziazko Institutoak eta O.C.I.C.'aren Delegaziño Nazionalak. Asko izan dira ikasleak: 108, Espaiñia ta Portugaletik etorriak.


Naste-borraste

Egipto'ko kristiñauak

Egipton 18 milloi mahometano artean, 4 milloi kristiñau bizi dira. Geienak, zismatikoak dira baiña. Minoria aundia izanarren, ez dauke ezelango influentziarik naziñoko bizitzan. Danok dakigun lez, gaur egunean nazionalismo izugarria sortu da egiptoarren artean. Kristiñauak be, gogoz sartu dira movimentu orretan. Gobernu mahometanoak begi onakaz ikusten dau kristiñauen alegiña. Askotan deklaratu dabe agintariak, "aberria danontzako" eta "erlegiñoa Jaungoikoagazko kontua" dala. Ori gorabeera, Egiptoko kristiñauen zoriona ez da guztizkoa. Gobernuak estutu egin deutse oraintsu eskoletako libertadea. Aurrerantzean kristiñauak be, Koran-a (mahometarren liburu santua) ikasi bearko dabe euren ikastetxeetan.

Romy

Aurtengo urtarrillean (eneruan) Romy izena ipiñi deutse 500 umeri Alemaniako Nuremberg errian. Noraiño eldu dan "Sissi" pelikulearen influentzia! Film au ikusi dozuenok ba-dakizue, artista printzipalari Romy Schneider deritxola.

Matrakea

Alemaniako soviet alderdian, berreundaberrogetamar radioemisora dabiltza, gau ta egun, beste alderdiko radio estaziñoeri embarazu egiten.

China

Orain, 1957-an, oso gitxi dira Chinan dagozan misiñolari katolikoak: Obispo bakar bat, lau sazerdote sekular, zazpi erreligioso eta amaika erreligiosa. Orain bederatzi urte, 1948-an, askoz geiago zirean: irurogetamar obispo, iru milla ta amabost sazerdote, bi milla irureun ta berrogetamaika monja, eta laureun ta irurogetamabost hermano.

Universidadea

Dakar, Afrikako Atlantiko aldeko erri aundi bat da. Araxe joango ei dira aurten atunetan Bermeoko arrantzaleak. Portu eder bat dauko, aurrerakuntza modernu guztiakaz ornidua. Orrezaz gaiñera, universidade aundi bat egingo dabe laster, bertakoentzat eta hispanoamerikanoentzat.

Erregalu eder bat

Frantziako katolikoak maleta-kapilla bat bialdu deutse Kardenal Mindszenty'ri, meza santua egokiago esateko. Kardenala Budapest'en bizi da Estadu Alkartuetako embajadan, eta oraiñarte mezea esateko ogi ordinarioa erabilten izan dau eta kalizaren ordez kristalezko vaso bat.


Munduan zear

Lourdes'eko Basilika Barria

Datorren urteko zezeillaren (febreruaren) lenengorako amaituko dabe Lourdes'eko basilika barria. Eleiza au lur azpian egiten dabiltza. Luzeran 200 metro daukoz, eta 80 zabaleran. Erromako San Pedro eleizeak baiño apurtxu bat gitxiago.

Barruan arrain baten antza dauko. Itxura ori emon deutse, arraiña Kristoren simbolua dalako. Ain aundia izanarren, eleizeak ez dauko kolumnarik.

Datorren urtean zelebretan da Lourdeseko apariziñoen eunurteurrena, eta ori dala-ta zazpi edo zortzi milloi pelegriño joango ei dira bertara munduko alderdi guztietatik. Oneexek dira beiñik bein kalkuluak.

Ainbeste gente bear dan moduan errezibietako, asi dira Lourdeseko agintariak neurriak artzen. Ura ekarteko bakarrik, 250 milloi franko gastatu ditue. Bidebarri zabalak egin dabez. Ofizina postal barri bat jaso. Aeroportua, 70.000 pasajeru artzeko moduan zabaldu: igaz 18.000 pelegriño etorri zirean aeroplanoz Lourdesera.

Momentu onetan, 310 pelegrinaziño dagoz sendaro artuta datorren urterako. Aprillaren 13-an, itsuen pelegrinaziño bat egongo da, eta agostuaren 4-an beste bat gormutuena.

Lurrazpiko obrea egiteko, 5 milloi dolar bear izango dira, eta mundu guztiko kristiñauen diruaz egingo da. Afrikako baltzak be bialdu ditue euren donativuak.

Basilika barria San Pio Amargarrenari dedikatua izango da, eta al bada, Aita Santu onen erlikiaren bat gordeko da bertan. Aita Santu bat ilten danean, erre egiten dira berak erabilli dituan gauza guztiak. Auxe da Vaticano'ko oiturea. Baiña San Pio Amargarrenaren arrebak, nebearen solideo bat gorde eben. Buruko prenda ori Parisen dago orain, eta Lourdeseko eleiza barria amaituten danean, bertara eroango ei dabe.

Obra au egiteko, difikultade tekniko aundiak igaro bear izan dira, batez-bere urre urrean erreka bat doalako. Baiña eragozpen guztien artean nagusi urten dau Monseiñor Theas'ek, Lourdeseko Obispoak.

Ain baten, Euskalerritik be pelegrinaziño asko joango dira datorren urtean Lourdesera. Ez litzake txarto egongo, gentea oraintxetik arako dirutxua aurreratuten asiko balitza.