ANAITASUNA

1979.EKO AZAROAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

391. ALEA

60 pzta.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


[AZALA]

ABORTATZEKO POSIBILITATEAK

Eskandinabiar teatroa Lekeition

durangoko disko eta liburu azoka.


AURKIBIDEA

4. Artikuluburua

5. Diskoak hamabostero. K. Arko

6. Durangoko XIV Liburu eta Disko Azoka. Hibaiko

8. Abortatzeko Posibilitateak. I. Urtasun

10. Xuberoan: Larrañe; eta Garazin: Eiheralarra. M.L. Uhaitze

12. Teatro Topaketak Lekeition.

16. Euskararen arazoa ikastoletan. M. Kalzakorta

19. Espainiaren alde. A. Eguzkitza.

20. Kartak gora begira. X. Armendaritz

22. Euskal Herrian Euskaraz (Agiria)

23. Hamabost egun hankaz gora. Bixer

26. Algeria. Iraultzatik 25. urtea. T. Trifol

28. Hua Guofeng Europan. M.J. Esteban

29. Ekialdeko Europako zenbait gertaera. M.J. Esteban

30. Pragako euskaltzalearekin hizketan. M.J. Esteban

32. El Poeta Condenado. J. Azurmendi

34. Liburuak. J. Sendagorta

36. Paris-Mosku Erakusketa. J. Sendagorta

38. Sukalderako saltsak.

41. Gramatika. J.R. Etxebarria

42. Gurutzegrama. L. Trask


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, Andolin Eguzkitza, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, J. Llerandi, E. Martin, Joseba Sarrionandia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, J. L. Alvarez (Txillardegi), J. Mendizabal, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga, K. Santisteban, B. Atxaga, J. Idigoras.

FOTOGRAFOAK

Imanol, R. Zarrabeitia, A. Alday, Txaber

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Artikuluburua

Euskal Herrian euskaraz

Garaziko Bernat Etxeparekoak, "Euskara jalgi hadi plazara!" hura bota zuenetik, lau mende baino gehiago iragan da. Lau nnendeotan euskaldunok gutiengoa bilakatu gara etxean. Eta horrela jazo bada, Iparraldean eta Hegoan, etengabeko bortxakeria linguistikoa pairatu behar izan dugulako izan da,

Lau mendetan, gaztelania eta frantsesa nagusitu egin dira gure komunikabide orotan, telebistan, irratietan, egunkarietan; irakaskuntzan, administralgoan etab, eta euskararen egoera larri-larria da. Euskalduna bigarren mailako hiritarra bihurtu da bere herrian, linguistikoki bazterturik eta gainera, gehienetan, bere hizkuntza naturalaz azaltzeko konplexuaz, edo "edukazioa"z.

Ez, euskal prentsaren zoko honetatik, gu ezin izan gaitezke euskararen etorkizunaz optimista. Errealitate erdaldun erraldoi hori aurrean daukagulako, eta zalantza handiak ditugu, orain aplikatuko diren erremedio epelek (Elebitasun Legea, Euskara Irakaskuntzan, etab). egiazko efikazia izango ote duten desagerpide hori itzularazteko.

Lehenago euskara printzipio politikoen izenean zapaldu eta baztertua izan da. Azken urteotatik, ez da gehiago horrelako argudiorik erabiltzen, orain efikazia eta praktikotasunaren izenean zapaldu eta baztertzen da denok maitte maitte omen dugun euskara. Beraz, sasoi dugu, euskaldunok, arazoaren ondorioak zuzenkien pairatzen ditugunak izanik, ekintzara pasatzeko, bidezkoa zaiguna eskuratzeko bide bakarra. Ba dakigu elebitasuna ezin izan daitekeela behin betirako soluzioa, halabeharrez gainditu beharko dugun urratsa baizik, baina jadanik behar dugun urratsa.


[Komikia]

Javi Etxenike


Euskal Herria

"Durangoko XIV Liburu eta Disko Azoka". Euskal liburugintza ofizialtasunerantz

Durangoko XIV. Liburu eta Diska Azoka hau, eta azken urteotan eratu eta orainarte hospatu diren bertako Azoka gehienak, hainbatean, ofizialdu nahi duen liburugintza eta diskagintza, eta hedapenez, hizkuntza eta kulturaren agerpena baino ez dira.

Lehenago gure kultura eta hizkuntzak erakunde ofizialetatik urrun egon beharra bazuen ere, beti aurki genezakeen sistiman txertaturik zegoen norbait, edo sistiman txertatzeko helburu eta ekintza bikainak egiten zituena. Baina egun, kultur gizon eta emakume gehienek, ekintza kultural gehienek, erakunde ofizialetan murgiltzeko asmoak erakusten dizkigute argi eta garbi. Eta berau klarki dakusagu, edo ikusten dugula deritzogu, Durangoko Azoka honetan.

Bizkaiko Caja de Ahorros-en laguntza ofiziala aspaldidanik du Gerediagak. Eta Azokaren inguruan egiten dituzten hitzaldiek, mahai-inguruek, erakusketek, batzarreek eta antzeko guztiek hori baieztatzen dute. Gerediagatarren asmoa, beraz, zera da: Durangoko Azoka Euskal Herriko Azoka Ofiziala bihurtzea (Zein ekintza antolatzen du Gerediagak urtean zehar?). Eta horretara dator Barojaren "Guipúzcoa" filmea, Mitxelenaren hitzaldia, Eusko Kontseilu Nagusikoen parte hartzea mahai-inguruetan, Ikastoletako Zuzendarien azalpenak... Eta Azoka sasoi honetan agertzen diren beste zenbait elkarte ezofizial, adibide konkretu bezala "Euskal Herrian Euskaraz", banketera autogonbidatuak baino ez dira (Zenbat gerediagar egon zen elkarte honen batzarrean edo jendaurrean?).

Zer esanik ere ez, Azoka honetan aurkezten zaizkigun argitaletxe eta liburuei buruz. Aspaldi batean kritikatzen ziren "La Gran Enciclopedia Vasca" bezalako liburu apaingarriek gaur egun kopurua gehitua ikusi dute beste argitaletxeetako diren "Historia General de la Guerra Civil en Euskadi (I, II, III, IV)", "Geografía de Euskal Herria", "Poemak" eta abar liburuekin. Eta honekin ez dut esan nahi Aresti, bere obra guztiak, larru gorriz argitaratzeko adina ez denik. Baina ofizialtasunak aberastasuna ere ba dakar, hau garrantzitsuena izan ez arren. Bestela nola uler daiteke hau: Argitaletxe berdineko liburuak, "Karitate", 140 horrialde, 300 pzta, "Arnas Gaiztoa", 156 horrialde, 300 pzta, "Dekameron ttipi bat", 160 horrialde, 400 pzta. Baina, noski baino noskiago, Arestiren kulturatik...

Eta Durangoko Azokan ikus zitekeena zera zen: txozna apainduak liburu apaindu eta txukunekin. Saltzen zirenak, gainera. Era guztietako jendea, bai, baina jende "inportantea" ere bai, ugari, ondo jantzita, jende inportantearekin hitzeginez. Euskal liburugintzak, neurri batean, estabilizazioa lortu duela dirudi, gaur egungo egoeraren nagusiek onhartzen dute eta. Eta Azoka bera ere joera honen zerbitzutan dago, eta gerediagarrek hau berau bultzatu nahi dute, hau berau lortu nahi dute. Hemengo botere faktikoen onarpena.

Gure idazleek, hizkuntzalariek, argitaratzaileek, hezitzaileek, artistek,... ofizialtasunaren babesa lortu nahi dute. Zilegia berau, ofizialtasunaren abantailak haundiak baitira; eta ez dut hemen diruaren gorabehera azpimarkatu nahi, aspektu orokorrak baino. Horrela kultura egin daitekeela diote, eta orain arte horretarako posibilitate eskasak egon direla.

Nik galdera bat, besterik ez, egiten diot neure buruari, ofizialtasunak ez ote dakarren berarekin erakunde ofizialekiko moldaketa? Ez ote den, gero, kultura sistimatik aparte egin behar dugun burruka? Zeren gure azken helburuak ez baititugu beherapenetan jarri, ez da?

Hibaikoa


Euskal Herria

Abortatzeko posibilitateak eskaintzen dituzte Donostiako Feministek

11 emakumeentzat amnistiaren alde Donostiako Udaletxean egin zen entzerronan, asanbladakoek prentsaurreko bat eskaini ziguten, "Sexualitate, kontrazepzio eta aborto" batzordeak egin dituen lanen eta asmoen berri emateko.

Batzorde honen beharra, emakumeen asanbladan sortu zen; sexualitateaz hitzegitean, antisorgailuei buruz informaketa sakon bat behar zela konturatu ziren, eta lan hau egiteko asanblada zabalegia zenez, batzordea sortu zuten.

Gure gaurko kontraesana: sexualitatea eta osasuna

Ezagutzen eta erabiltzen ditugun antisorgailuek, gure gorputzari eraso egiten diote.

Honen kontzientzia hartzen ari diren emakume askok, ez dituzte gehiago hartzen edota jartzen, baina beren sexualitatearen formak ez dira aldatu funtsean, beraz, umedun geratzeko arriskuak hor daude, eta praktikan, emakume hauek askotan abortura jotzen dute.

Baina, abortua ere eraso bat da gure gorputzarentzat, orduan, zer egin?

Batzuen eritzia hau da: "Nahiago dut noizbehinka abortu bat, urteetan zehar pilulak hartzen egotea baino".

Eta agian arrazoia dute, abortua Karman metodoaz eta higiene baldintza onenetan egiten bada, ez baita hain arriskutsua; hala ere, beti dago arrisku bat, hau ttikiena izanik ere. Beraz, ez da irtenbide on bat.

Gure osasunari, hots, gure pertsonari, merezi duen garrantzia ematen badiogu, daramagun sexualitateak aldaketa bat behar duela jabetuko gara.

Gaur eguneko harremanak gizonaren arabera finkatu dira gure artean mendez mende. Gure kontra badoaz, orain ba dugu harreman hauk zalantzan jartzeko garaia, beste batzuk lantzeko aukera, hots, gure alde eta ez gure aurka doazen harremanak hain zuzen ere.

Baina bitartean, emakume asko dira abortatzeko beharrean daudenak eta hauei gaur eman behar zaie irtenbide bat.

Nola ematen zaien emakumeei abortatzeko aukera

Emakume batek, zortzi aste bete baino lehen, libreki, abortatzeko erabakia hartzen badu eta batzorde honetan lan egiten duten feministekin hitzeginez gero, abortatzeko aukera daduka.

Baina, ez zaio abortua bakarrik eskaintzen. Lehenago, eta lasai egon dadin, berarekin mintzatzen dira Karman metodoaz, erabiliko diren tresnak erakusten zaizkio eta horrela, emakumeak zehazki ezagutzen du bere gorputzari egingo zaiona. Dauden antisorgailuetaz informaketa ematen zaio, berak, gehiago komeni zaiona aukera dezan.

Informaketa hau errazagoa eta zabalagoa izan dadin, batzordeak txosten bat prestatu du argitaratzeko.

Sexualitateaz elkarrizketa bat ere izaten dute abortatzera doanarekin, bere prolemaren iturburuaz jabe dadin.

Orain arte eduki dituzten esperientziak aztertuz, feminista hauek oso positibotzat jotzen dituzte hitzaldi hauk: esaten dutenez, emakumeak askoz ere lasaiago joaten dira abortua egitera eta errutasun sentimenduak parte handitan gainditzen dituzte.

Kontsultategi bat irekiko dute Donostian

Hilbeltza edo Otsaila eman zuten epe bezala.

Oztopoa, beti bezala, dirugabezian datza Hasteko, ordu batzuetarako utziko dieten gela bat izango dute. Bertan, eskatzen duenari informaketa emango zaio eta hitzaldiak antolatuko dira sexualitateaz,antisorgailuetaz eta abortuaz.

Helburuak, errealitatetik urrun

Areto zabal bat telefono eta guzti, dirua eta jende asko lan egiteko prest... baldintza hauek bide asko zabalduko lituzkete dudarik gabe. Self Help teknikak ikastea oso interesgarritzat jotzen dute, baina indibidualki ez badute emakume batzuek ikasteko asmoa hartzen, orain, zaila egiten zaie gai hauetan asko sakontzea.

Mediku titulurik ez da behar gure gorputza ondo ezagutzeko eta laguntzeko edota Karman metodoaz aborto bat egiteko, baina... ikasi bai, asko ikasi behar da teorian eta praktikan.

Autoeratzea, abortu lege bat baino baliotsuagoa

Emakume hauk egiten ari direna, hasiera besterik ez da. Euskal Herriko beste hiriburuetan ere ba daude horrelako taldeak eta beren arteko koordinaketa sortu berria dute.

Abortatzeko aukera eskaintzen dutela publikoki esatea, oinarria izan daiteke. Horrelako gune sare indartsu bat eratzen bada, gure gorputza geure kontrolpean jartzeko gauza izango gara, abortua, antisorgailuak eta beste prolema guztiak direla eta.

Gure indarra eta gure autoeratzea izango da, bestalde, arrazoirik onena boterearen aurrean, ezartzen digun errepresioa gerarazte ulertuko duen bakarra.

Itziar Urtasun


Euskal Herria

Frantzia eta abortua

Abortuak Estatu Espainolean hainbeste arazo planteiatzen den momentu hauetan, inguruko herriei begirada bat bota ondoren, han egoera hobeagoa deia pentsa dezakegu, eta alde batetatik, egia da hori.

Hala ere, ez dezagun pentsa han dena arrosa kolorekoa denik. Adibidez, eta nahiz eta urte batzu direla, Frantziako Parlamentuan abortuak egiteko baimen legalak eman, (dena den Asegurantza Sozialak pagatu gabe) botatu zen legea behin-behinekoa zen. Beraz, aurten, Hazilean, lege hori berriz eztabaidatuko da.

Problemaren garrantzia dela kausa, zenbait hilabete dira batzuak eta besteak kontrako edo aldeko kanpaina egiten ari direla, eta ez da gutxiagorako: emakumeak, berriz, beste leku batetan ere, mehatxatuak ikusten gara. Noiz arte oraindik?

Maria Jesus

***

Londresko helbideak

Bizkaiko Emakumeen Asanbladak argitaraturiko txosten batetik, gure irakurleentzat interesgarri gerta daitezkeelakoan honako helbide hauk atera ditugu:

Corner of Arodene Road S W 2

LONDON

Gaztelaniaz egiten dute. 14.000 pzta.

Pregnancy Consultation Services

40 Mortimer Street

LONDON. Tfnoa: 01-580-9001.

Marie Stopes Clinic

108 Whitfield Street

LONDON W 1.

Tfnoa: 01-388-0662

British Pregnancy Advisory Service

138 Dyke Road

Brigton Road

SUSSEK. Tfnoa: 0273-509726.


Euskal Herria

Xuberon: Larrane, eta Garazin: Eiheralarre. Jatzarkuntzea baten abiadura ote?

"Larrañeko auzapeza gaztigatua" hori izan da urriaren azkeneko berri nagusiena. Hain zuzen, Xuberoko aldean, bereziki, jende anitzek ez dute ontsa hartu Prefeta jaunaren egitatea. "Larrañeko lurrak Larrañtarrentzat!" zioten Larrañeko bi gaztek.

Gu ere joan gara, urriaren 27an Larrañe gainera. Organbidexkako lepoan elurra zen, zuri zuria eta lodi. Ihizlari kanpotiarren berebilak ere kukutuak zituen elur hotzak, bideak moztuak zirelakotz, jende horik, Irati gaineko ostatuetan goxo goxoa berotzen egon dira. Xiberoko sindikak ez zezazkeen jende horik, bistan da, manera hortan utz, eta laster lasterra igorri die elur baztertzeko tresna bideen zabaltzeko. Etxoletan dauden artzainak aldiz palarekin hasi izan dira beren etxolarateko bideen garbitzen. Halabainan, elur baztertzaileak ez dira nor nahirentzat ari lanean, lehenik ihiztarientzat eta gero (araiz?) artzainentzat.

Dena dela, ahal zen bezala eta ahal den orduan (goizeko hamaikak inguruan) "heldu gara Larrañera. Autotik jautsi bezain laster mintzogoragailu bat entzuten dugu eta hor ikusten Larrañeko plazan, jende multzo bat, 150 laguneko andana bat, herriko auziari doazkion azalpenen hartzen ari. Haizea neke zebilen plaza gainean, jendea hortz klaskaka ari gen baina hortz izanagatik inor ez da hantitzen, Larrañtarrak eta auzotiarrak denak han egonen dira, arbola ondo batzu bezala, higitu-gabe.

Hiru gazte mintzatzen zaizkigu, batean Xiberotarrez, bestean Frantsesez, "Zer makur edo zer kalte egin duen Larrañeko Marcel ACCOCEBERRY auzapezak?" "Jaun prefetaren egitate hori ez zaigu gustatzen guri Larraintarrei. Larrañek bereak dituen mendiko lurrak eskatzen ditu beretzat; norbaitek nahi baldin badu Xuberoko sindikaren elkartetik atera, inork ez dezake jalgitzetik traba, inork ez dezake bere gogoaren kontra egin". Hona zer zioten Larrañeko hiru gaztek.

Baina zertan da Larrañeko auzia...?

Ihiziari dagokio Larrañeko auzia, baina sakonago aztertuz edonork ikus dezake ihiziaren problema hori ez dela gaitz garrantzitsuago baten kanpoko azalpena baizik. Arazo guziaren mamia ez da ihizian, baina lurren jabetasunean, Hain zuzen, Larrañek dio bere komunaren lurrak edo Larrañe herriari doazkion lurrak Xuberoko sindikak "ebasten" dizkiola edo guttienez desjabetzen duela. Gainera, Accoceberry auzapezak berak dio "Xuberoko sindikaren ageri batean irakur daiteke, sos sartzeen totala izan dela 3.625.861,22F (362 milioi diru xahar) baina inon ez da ikusten diru horren errepartitzerik Xuberoko berrien artean. Bestalde irakurtzen dugu 3.625.861,22 F despenditu dituela Sindika horren, bizkitartean despendio horien ondoriorik ez da ikusten gure herrietan. Beraz, Larrañek esaten du: ASKI! Xuberoko Sindika hauts dadila."

Arren, Larrañek dioenez Xiberoko Herriek hobe lukete Sindikaren elkartetik ateratzea eta bakoitzak bere lurren goitibeheitiak agintzea, Zoritxarrez, dakusagun bezala Duboscoq Sindika buruak ez du horrelakorik nahi. Zergatik ez duen nahi errex zaigu ulertzea, lehenik, Larrañeko herria baita lur eremuz haundiena, zabalena, bigarrenik usoen pasai denboran troparik nagusienak Larrañeko mendietarik pasatzen baitira eta hirugarrenik sindika hausten balitz, Duboscoq jaunak bere politikaren tresna egokiena, hoberena, gal bailezake. Beraz, arriskuan litake, ber denboran, laborarien gainean duen eraginaren eta hedaduraren galtzeko. Orduan, adio Duboscq eta adio Inchauspe bere lehen kusia. Hots, Larrañe herriaren ixtorioa luzea izan da oraino, urriaren 9an Larrañeko 24 ihiztari gaztigatu zituzten jendarmek, Prefetak hautsi zuen Herriak egin antxara (ihiziko postak antxaratzen dira Xuberon eta dirurik gehiena ematen duena hura da posta hoberenen jabe bihurtzen. Beraz, ez Larraintarrak!) Emile Francisco Izeneko Bordeles batek tribunalera deitu du Larrañe esanez "Larrañeko jendeek nahi dutela ihiziari dagozkion ponduetan berek legea egin eta Euskadi libratu dagoen zapalkuntzatik (?)" Horrelakorik ez dutela inoiz esan aitortu digute Larraintarrek baina hemen altxatu behar-dena da, kanpotiar horren tupeta. Nork sinets dezake oraino kanpotiarrak ez direla inperialista batzuren antzera etortzen? Nork ez dezake sinets Larrañek duela arrazoiz?

Azpimarka dezagun hemen, Garaziko sindikaren barnean ere, auzi, berdina sortzen ari zaigula. Ez du oraino, Larraineko herrian bezainbat garrantzitasun hartu baina jada, Eiheralarren ere, Prefetak hautsi du Herri kontseileraren erabaki bat. Hain zuzen, ihiziari doakiona. Eta gainera Eiheralarrek, Larrañek bezala nahi omen du Garaziko Sindikatik atera.

Gure jauntxoen akabantza ote?

Dela-dela, gora zuek, Larrañe eta Eiheralarre.

M.L. Uhaitze


Euskal Herria

Euskadi-Eskandinaviar teatro topaketak

Aurrezko zenbakian esan genuen moduan, hilaren 3,4 eta 5ean hospatu izan dira Lekeition Euskadi-Eskandinaviar teatro topaketak. Azpimarkagarriena, kultur arlo abandonatu honetarako agertu den interes bizia izan da. Jendearentzako zabalak izan diren ekitaldi guztietan parte hartzea masiboa izan da eta. Larunbat arratsaldean, kasu, bi mila lagun inguru batu zen herriko pilotalekura, Italiako Teatro Nucleo-ren saiorako, eta antzera besteetan ere.

Teatro tailerretan ere, hainbat teatro munduko jende izan da, bai profesionalki aritzen direnak, guttienak herri honetako panorama teatral eskasean, bai amateur taldeetakoak etab. Honek guztionek argiro utzi du, ba dela gure herrian teatro zaletasun eta interesik, dauzkagun medio txiroetaz kontraste bizian.

Aurretiaz 150 bat lagunentzako ohe eta janaldiak prestaturik zeuden, Lekeition baina azken orduan, topaketotan parte hartzeko agertu zirenak, doblea baino gehiago ziren. Hala ere, Txiruliruli talde antolatzailearen ahaleginaz eta lekeitiarren laguntzari esker posible izan da eraketa alderdi hau politto konpontzea, Esan liteke, Euskal herriko teatrogintzan ari diren talde gehi-gehienek beren ordezkariak izan dituztela topaketa hauetan. Aukera egokia zen beraz, teatroaz egiten dugunari begirada eta azterketa egiteko.

Programa

Hemen, bereiz daitezke batetik tailerretan eroan diren ekintzak gehienbat, aktoreen formakuntzarako teknika eta errekurtsuen inguruan, hauetan, atzerritar taldeen esperientziak aztertu ziren batez ere, espazioa, ahotsaren erabilera, espresioa etab; eta bestetik publikoarentzat zabalik, areto hitxietan, zein kalean zehar, eraturiko saioak, kalejirak berbaldiak, etab.

Atzerritik etorritako taldeen artean, Dinamarkako ODIN Teatret izan da protagonista nagusia topaketotan, hauk Hirugarren Teatroa izendatu denaren adierazle nagusiak dira. Noruegako Salt Compagniet (Gatzaren Kompainia), Teatro Nucleo, talde argentino italiarra eta Galiziako Teatro Laboratorio izan ditugu ere.

Herriko kaleak, portua, plaza, kolore giro alaiaz jantzi ziren taldeok prestatu kalejiretan. Teatroa kalean zehar, haur eta nagusientzat, erraldoi eta pertsonaia miresgarrien jaialdi ezohizkoa.

Topaketak?

 Euskadi-Eskandinavia Topaketak izena ikusirik, espero genezakeen euskal eta eskandinabiar teatrogintzen arteko esperientzien trukatze bat sortuko zela. Errealitatean ez da hori jazo, eta topaketak barik, euskaldun taldeontzako Eskandinabiar erakusketa, izan da gehiago. Saio eta hitzaldiren batzuk salbatu dute erakusketa, izaera hori erabatekoa izatetik. Gure teatroaren errealitatea ez da topaketotan gehiegi erreflexatu. Hurrengo ekitaldi batzuetarako premiazkoa da eginkizun hori ere betetzea,

Eskandinabiarrek eta gehien bat, ODIN TEATRE-ekoek hemen arruntki ezagutu ohi ez ditugun esperientziak eta teknikak erakutsi dizkigute. Izugarrizko espresio eta gorpuz kontrola, munduko teatro tradizio zahar eta desberdinetarik jasoriko aportaketaz oinarriturik, askotan. Zentzu guztietan aktore osoak direnen prestakuntza ikusi ahal izan dugu, egun osoa teatroan eta teatrorako bizi diren artista batzuena.

Gure pobrezia teatralaren aurrean jarririk, horrek ia zerotik abiatuta gaudenontzat, ikaskizun oraindik zenbat dugun frogatu digu. Hiruzpalau talde profesional besterik ez daukagun panorama honetan, gure errealitate eta ahalbideetatik kilometro askotara dagoen teatrogintza eta lan egiteko modu desberdina. Hori eta teatrorako agertu den indar eta Interesa, interes eta subentzio ofizialen parekoak ez direnak, izan dira topaketon aportaketa nagusiak.

Euskara bazterturik

"Euskal Herrian Euskaraz" erakundea sortu berri dagoelarik, izan da alderdi horretan Lekeition zer kritika. Topaketok Euskadirentzat eta eusKaldun herri batean ospatu arren, euskara ohi den legez, baztertua izan da gehienetan, eta gaztelania nagusi. Betikoa. Batzutan, harriturik ikusi ahal izan dugu, publiko euskaldunaren aurrean, aurkezpena erdaraz eta ingelesez egiten, eta publiko horren hizkuntzaz ez.

***

Txiruliruli taldea

Azken ANAITASUNAN ere izan genituen gurekin beraiek topaketaren antolatzaile izanik, lan handia burutu behar izan dute antolakuntza guztia aurrera egiteko.

"Topaketok, euskal teatroarentzako berrikuntza bat suposatuko dute".

 ANAITASUNA.Behin topaketak amaituta, zelako beilantzea egiten duzue zuok, antolatzaileok?

TX.— Harrituta nago benetan Lekeitioko herriaren aldetik izan dugun erantzunaz. Agertu den ezagutu-nahia ikaragarria izan da. Ez dut ulertzen nola, sekula kultur bizitzarik izan ez duen herri batetan, posible den jendeak halako interesa erakustea. Gaurko saioan kasu (Teatro Nucleoren "Los Funestos" obraz ari da), espektakulu zail bat izanik, teatro espezialistentzako obra bat, milaka lagun izan da ordutan pilotalekuan jesarrita, Eta kalejireetan etab. ikusnahi bera egiaztatu dugu.

 A.Zeuen ustetan, zer aportatzen diote topaketa hauek euskal teatrogintzari?

TX.— Topaketek teatro berri baten itxuraketa aportatzen du, apur bat, erabiliegi dagoen teatromodu diskurtsiboaren mugetatik at. Talde desberdinetako jendea, areto bereetan eta lana batera eginez, teknika desberdinak ikusten dira, eta gainera konprenitu egiten dugu beren garrantzia, jende horrek frogatu eta gainera, guk ere ikusi eta bizi egiten ditugulako. Nire ustez, benetazko berrikuntza.bat suposatuko dute, lan seriotasunaren beharraz egiazko kontzientziatze bat.

 A.Antolakuntza mailan, gauzok espero zenuen bezala gertatu dira.

TX.— Aurretiaz, 150 lagunentzako logelak eta janaldiak prest ziren. Gero etorri direnak 3 edo 4 aldiz gehiago izan dira, 500 bat pertsona guztitara.

 A.Arrakasta honen ondoren, antzeko projektu gehiagotan sartuko zareten jakin daiteke?

TX.— Hain izan da berau guretzako estimulo handia, non burua berotzen ai baitzaigu. Honelako ekintza gehiago pentsatzen ari gara. Ihauterieri eta udaberriari begira, euskal dantzen jaialdiak etab.

***

Dinamarkako "Odin Teatret"

Kathakali dantza honetan, Indiar mitologiako pasarte bat erakusten da. Eskuen jarrera bakoitzak, mugida bakoitzak bere esangura berezia du.

"Ez gara teatro talde bat, aktoreen formakuntzarako eskola esperimental bat baizik".

Zalantza barik, topaketon protagonista nagusia Dinamarkako ODIN taldea izan da, "Hirugarren Teatroa" izendatu denaren ordezkari nagusiak. Lekeition, beren TEATROAREN MUSEOko Kathakali (Indiako hegoaldeko dantza mitiko erlijiosoa) eta Baliko dantzen bidez, guregandik urrutik sortu diren beste gorputz kultura desberdinak erakutsi zizkiguten.

ANAITASUNA.— Azal eiguzu laburki ODIN taldearen historia.

TONI COST.— Odin taldea 1964an sortu zen Oslon, Eugenio Barbaren iniziatiba batetik. Lehen taldea osotzen zuten gehienak Osloko Teatro Eskola Ofizialerako azterketetan, onartua izan ez zen jendea zen. Oslon sortu zuten lehenbiziko espektakulua eta Dinamarkan, Noruegan eta Suezian zehar eroan zuten. 1966.ean, kultur programa baten barnean teatro talde bat sortu nahi zuten Holstebro-n (Dinamarkako 35.000 bizilagun duen hiri bat), harez gero taldea bertan finkatuko da eta lanari ekin. Teatro pedagogia esperimentalaren bidetik jo zuten, batipat, eta teatro talde bat baino gehiago, aktorearen formakuntzarako eskola esperimental bat bihurtzen da, eta gaur egun ere horixe gara.

Historia gehiago? Ba, 64.etik 79.erarte bost espektakulu egin ditugu eta denok uste dugu taldearen oinarrizko sorkuntzak direla, lan osoa talde horretan egin baita 1974.ean taldea sei zazpi hilabetez izan zen Italiako hegoaldeko herri tipi batean espektakulu bat sortzeko emigrazio handia izan duen herria izanik, zaharrak eta umeak besterik ez zegoen. Bertako Jendeak ikusi egiten zituen aktoreak goizeko bost edo seietatik, zelaietan, ahotsaz eta abarrez lanean. Jakin nahiak bultzaturik gurekin harremanetan jarri zirenean, gure espektakulua ikusi nahi zutela esan ziguten. Orduan teatroa kalean egitera beharturik aurkitu ginen eta handik sortu zen parada, dantza eta pailasoen espektakuluen ideia.

A.— Zer da Hirugarren Teatroa deitu dena?

T.C.— Definitzea zail da. Lehen Teatroa, tradizionala litzateke, Bigarrena, abangoardiazkoa eta, Hirugarrena guk egiten duguna. Geuk Talde Teatroa esaten diogu. Taldeak ez dute kulturarik egiten, taldea bera baita kultura eta bere lanaz eta bere lanaren bilaketaz espresio modu bat burutzen baitu, eta hau kanpora ateratzen denean, jendeak taldearen zerbait propiotzat ezagut dezake. Ez da kopiarik egiten, ez da besteengandiko testurik hartzen, dendena egiten da taldean.

A.— Nolako eritzia osotu duzue topaketa hauetatik?

T. C.— Harrigarriena jendearen erantzuna iruditu zaigu. Lekeitioko jendeak gure logela eta janariez arduratuko zela esan zigutenean, teatroa gustatuko zitzaiela edo Txirulirulikoekin harreman onak izango zituztela pentsatu genuen. Baina pilotalekuan horrenbeste jende bildurik ikusteak, interes eta karga handiak erakusten ditu eta aktoreok nabaritu egiten dugu berau.

***

Teatro Nucleo

"Lan egiteko gogo eta indar handiak ikusi ditugu, baina elementu gabezia ikaragarria da Euskal Herrian.

Topaketotara gonbidaturik parte hartu duen talde argentino-italianoa dugu "Teatro Nucleo". Argentinan sortua 74. ean, Europara jo behar izan zuten derrigortuta, beste askoren moduan. Topaketotako tailerretan hartu dute parte, eta "Los Funestos" eta "Claro de Luna" monologoa aurkeztu zituzten.

Taldeko zuzendarikideari, Clara Herreindorf-i itaun hauk egiteko aukera izan genuen.

A.— Nola definituko zenidake "Nucleo" taldea gaurko panorama teatralaren barnean?

C.H.— Ez dut uste definiketarik egitea merezi duenik; duela urte askotatik halako talde nomada bat gara. Taldea Argentinari sortu zen, azken sasoiotan batetik betera ibili gara. Eskandinabia eta Italian zehar. Mementu honetan, Italian Ferraran finkatu gara, baina ez dakigu seguruegi geratuko garen.

Oraingoz, bertan ari gara beharrean tailer batean eta Ikerkuntza Teatralerako Zentrua sortu dugu.

A.— Topaketa hauk direla eta, Euskal Teatro munduaren egoerara hurbiltzeko aukerarik izan duzue?

C.H.— Oso gutti, baina ikusi ahal izan dugun apurrean, indar handia dagoela aurkitu dugu. Lan egiteko gogo itzala nabaritu dugu jende askorengan. Baina oso laguntza eta baliabide eskasak.

Topaketa hauek oso inpresio ona egin didate. Madrileko panorama eta bertokoa guztiz bestelakoak dira. Topaketak, bertan, kaotikoki hasi ziren. Jende bikaina zegoen, baina kaos sentsazio sakon bat daramate, Madril den hiri handiak irentsita eta norantz jo jakin barik baileuden. Hemen organizazio handia topatu dugu, dena zegoen prest, ez da inolako istilurik agertu eta jendeak galdera bat planteiatzen du etengabeki: zelan joka aurrera egiteko. Madrilen ez da itaun hori horrenbestetan egiten. Nolabait nekaturik daude.

Baina bertoko elementu gabezia izugarria da. Lekeition izan den erantzunaz argiro ikusi da, ateak zabalduz gero, jendea prest dagoela teatroan parte hartzeko, baina taldeek bizi egin behar dute.


Euskal Herria

Euskararen arazoa ikastoletan (I)

Sarrera

Denok dakigu edo eta irakasleok bai behintzat, txarto ere txarto dagoela euskal irakaskuntza. Baina bestalde Euskal Herriko ekintzarik inportanteena dela, "teorian" behintzat, ez da hortaz ezertxo ere idatzi aspaldi. Zergatik ote? Politikabide baten edo besteren izenean gure egoera latz eta arduragarria izkutatu nahi ote da? Ikastolak sortu zirenean denok uste genuen euskararen salbabidea zirela. Baina urteak joan eta urteak etorri, aurrera barik gure haurren euskara maila atzeraka doa zoritxarrez. Orain telebista jotzen dugu salbabidetzat. Baina ez ote dugu, gehiago edo gutxiago, geure buruon justifikagarritzat hartzen? Ez baitugu minimoa ere eman euskal irakaskuntzan. Nik neurez, artikulu hauen bidez, Ondarroako Zubi Zahar ikastolan eduki dudan esperientziaren arabera, euskararen egoeraren nondik norakoa adierazi nahi dut, neure ikuspegitik noski.

Artikuluetan zehar diodana, duda barik kritika- eta eztabaidagarria izan daiteke tokian tokiko esperientzia desberdinen arabera, Kritikak espero ditut, ea denon artean nolabaiteko irtenbide bat aurkitzen diogun gure euskara gaixoari, baina ahaztuz barik irtenbide guztien oinarri-oinarria gure artean hain urri ematen den lana dela.

Euskararen egoera haurtxoengan

Lan hau 1977-1978 ikasturtean, Ondarroako Zubi-Zahar ikastolan 4 urtetik 7 urterarteko haurretaz —Eskolaurreko 2. mailatik O.H.O.eko 2. mailarainokoetaz— sei hilabetetan zehar egindako behaketa batzuren ondorioa da. Aurretiaz zera esan behar dut, oharketa (behaketa) naturalez egin dudala dena, ez baitut ezelako ikasketarik pedagogiaz zein psikologiaz, ezta linguistika eta soziologiaz ere. Aztertutako haur guztiak, 3 edo 4 izan ezik, euskaldun huts edo huts samarrak ziren, 250en bat gutxi gorabehera. Esango dudan guztia aditzeko kontutan eduki behar dugu ikastolan hasteko orduan haurrek etxetik dakartzaten egiturak 3 urtez oso sinpleak direla eta beti orainaldian.

Hasieratik nire lana zela eta, egunero 7 urterarteko haur guztiei euskerazko eskolak ematen bainizkien, eskolaurreko haur guztiak, 3 urtetakoez gain 4 eta 5 urtetakoak, multzo txiki bat izan ezik, lehen aldiko adizkerak egiteko orain aldiko adizkeraz baliatzen zirela ohartu nintzen, hala nola, "Atzo hondartzara joan NAIZEN" esan "Atzo hondartzara joan NINTZEN" barik; "Atzo arratoi bat ikusi DOTEN" esan, "Atzo arratoi bat ikusi NEBAN (NUEN)" barik etabar. Fase honetatik, konprobatu dudanez haur guztiak pasatzen dira baina 4 edo 5 urte dutela normalean, nik uste. Beraz, 6 edo 7 urte dutela pasatzen badira edo eta pasatzen ez badira zerbait ez-normal dago, kontutan edukiz, eta berriz esango dut, euskaldun euskaldun zirela haurrak.

Harrigarri iruditu zitzaidan, nahiz eta erdal giroaren eraginez honelako hainbat kasu ezagutu euskal giro makaleko zenbait herritan. Baina hau ez da Ondarroako kasua, berau, bai kalean zein etxean euskaldun euskaldun giroko herria baita. Gainera neure azterketetan zeraz jabetu nintzen, 4 edo 5 urteko haur multzo txiki batek, lehen aldiko adizkerak ondo zerabiltzaten bitartean O.H.O.-eko 1. mailako 6 urte haur gehienek txarto zerabiltzatela baita 2. mailako 7 urte haur askok ere, Honelako kasuak adin horietako erdaldunekin ez direla gertatzen jakinik nire harrimena areagotu egin zen.

Haurren izakeraz

Lehen aldiko egiturak txarto erabiltzearen arrazoiak bilatu nahirik haurren izakera aztertzen hasi nintzen, bai ikastolan zein kalean, baita guraso bat edo besteri ere galdera batzu eginez beren haurretaz. Ondorioz, izakeraren arabera 3 moetatan sailkatu nituen haurrak:

a) Haur amazuloak.

Haur hauek ez zuten ia parte hartzen ikasgelako lagunartean, isolatu samar portatuz, Eguneroko harremanetan parte hartu barik edo gutxi hartuz behintzat. Ikastolatik irten bezain laster ere ez ziren lagun artean ibiltzekoak eta amaren inguruan edo magalpean zeuden beti.

b) Haur bakartiak.

Haur hauek bakartiak ziren bai ikastolan zein kalean, baina ez ziren aurrekoak bezain amaren magalpeko. Denetara 2 edo ziren soilik.

d) Lagunkoiak.

Haur hauek bai ikastolan zein kalean beti zebiltzan lagunartean amarekin beharrezko harremanak soilik zeuzkatela.

Hiru haur talde hauek zerabilten euskarari behatuz zeraz ohartu nintzen, haur amazuloak ondo zerabiltzatela lehen aldiko adizkera —"Atzo mendira joan NINTZEN" "Atzo zozo bat ikusi NUEN", etabar— baina haur lagunkoi eta bakartiek, —ikaslegoaren ia 100 %—, txarto zerabiltzatela lehenaldiko adizkerok.

Euskararen jasobideak

Ondoren, euskara nola jasotzen duten haurrek hasi nintzen aztertzen, eta ezagun denez hizkuntza bat jasotzeko eredu bat behar da. Horretara ba, euskararen 4 jasobide ikusi nituen, eta oraindik ere ikusten ditut gaurko euskal gizarte honetan haur mailan.

1) Komunikabideak (telebista, irrati...).

2) Lagunartea.

3) Ikastola (irakasle-andereño).

4) Gurasoak.

Telebista eta irratiz esan beharrik ere ez dago ez dutela ezer jasotzen haurrek, ez baitago euskal telebistarik eta dagoenetik zerbait jasotzekotan beharbada, gauza kaltegarriak euskararentzat. Irratizkoari dagokionez, euskarazko saioak dauden arren, batetik, nik uste, ez dute programa egokirik adin hoietakoentzat eta bestetik, haurren sasoia dela eta, programa egokirik izan litekeen arren ez dira erakargarri haurrentzat eta ez dute entzuten beraz.

Lagunarteaz zera esango nuke, haur guztiak hizkuntz maila beretsuan daudenez egiturei dagokienez behintzat, ez dira elkarrekiko hizkuntz eredubide, eta maila apal batetan ez bada, ez dute elkarrengandik egitura berririk jasotzen. Lagunarteko liderrak txarto mintzatzen badira gainera, egoera okerrago liteke.

Orain arte hizkuntz eredubideei buruz ikusi dugunaren arabera, gure euskal gizarte honetan euskararen jasobide bi soilik dituzte haurrek, familia eta ikastola irakasle).

Eskolaurreko irakasleen aldetiko jasoketa dela eta, zeraz konturatu nintzen, haurrei ez zitzaiela ezer ere eman hizkuntza jasotzeko, hau da, ez gairik, ez ipuinik, ezta hizkuntza bera ere sistematikoki.

Argi eta garbi dago irakasleak ez zirela hizkuntz eredubide izan haurrentzat, beraz, irakasleengandiko hizkuntz jasoketa ia bapezbeste zela.

Esandako guztiaren ondorioz ikusten denez, eskolaurreko haurren jasobide ia bakarra familia (gehienbat ama, jakina) zen. Horrexegatik, hain zuzen, haur ama-zuloak ikastolatik kanpo amaren gonapean zebiltzalako, beraientzat eredubide nagusia eta ia bakarra ama zenez, lehen aldiko adizkerak ondo zerabiltzaten. Beste haurrek —lagunkoi eta bakartiak— ez zutenek eredubiderik —kontutan izan eredu ba zutela gurasoengan, baina harremanak askotaz urriagoak zirenez, berauek ez ziren ez sarkor eta ez iraunkorrak, eta haurrek ez zituzten menperatzen jatorrizko lehenaldiko adizkerak, eta hauek egiteko orainaldikoez baliatzen ziren aipatutako trakeskeriak eginez.

Azken ikasturte honetan ez dut behaketa sakonik egin baina konturatu naiz, haur batzuk 6 edo 7 urtez eskuratu dituztela lehenaldiko adizkerak. Adin honetako haurrak (1. eta 2. mailakoak) 1. eta 2. haroetako ikasleekin batera daude ikastetxe berean, Beraz, jolasaldi eta egunoroko eskolen ondoren ba dituzte nolabaiteko harremanak nagusiekin eta laguntza handia izan daiteke, heldutasunez gain, jatorrizko lehenaldiko adizkerak eskuratzeko. Eskolaurreko haurrak beste ikastetxe batzutan daude, eta jakina, haur nagusiagoekiko harremanik gabe. Arazo honek ere beharbada hizkuntzaren jasoketan eragina eduki dezake. Beste eragin bat ere zera izan daiteke, 6 urtez irakurketan eta idazketan hasten direnez, mailan mailako liburuetako gaietatik hizkuntza jasotzen dutela. Orain nire galdera zera da, 6 eta 7 urteko haur guztiek eskuratuko ote dituzte adizkerok? Eta 4 eta 5 urtekoek? Etengabeko kate bat sortuko ote da 5 urtetik edo beheragoko gizaldikoen artean lehenaldiko adizkerok galduz?

Lehen, ezkorra banintzen, aurten ostera, baikorra naiz, Zubi Zahar ikastolako eskolaurreko irakasleak jabetu baitira arazoaz, gaiak eta hizkuntza eman dituztelarik (1978-1979 ikasturtean zehar).

Honelako kasua Ondarroa bezalako euskaldun giroko Herri batetan gertatu bada, zer gerta ote daiteke erdipurdiko euskal giroko ikastoletan, kondizio beretsuko irakasleekin?

Bestalde Ondarroako haur guztiak eguneroko berbeta bizian, txarto darabiltzte N-NK eta N-NK-NI aditz laguntzaileak. Erabat nahastatzen dituzte biak. Gaur egun N-NK aditz laguntzailea 3.pertsonetan soilki darabilte ondo, eta ez beti, ezta denek ere. Beraz, N-NK-NI aditz laguntzailea nagusitu egin da, N-NK.en eremua ere hartuz, hala nola "Jonek jo (dau) sta", "jo NAU" esan beharrean // "Kalean ikusi (do) tsut", "kalean ikusi ZAITUT" esan beharrean. Eta honela ia 100 % ean.

Honen arrazoiak ez ote dira lehengo berberak? Noski baino noskiago. Haurrek, edozein egiturei buruz informazio masa egoki eta intentsibo bat jasotzen ez dutenean, daukatenez baliatzen dira berriak sortzeko, edo eta N-NK eta N-NK-NI.ren arteko nahasketan, (NK-NI) gehien entzuten dutenez, beronetaz baliatzen dira N-NK.ekoak egiteko.

Ondorioa

Gaurko euskal gizarte honetan, kale ordutan, hainbat jostabide dela edo dena dela eta, haur gehienek harreman gutxi dute gurasoekin, lehengo aldean behintzat. Etxean bertan ere, telebista dela eta, zera dela eta, lehengo aldean haur-gurasoen arteko harremanak asko urritu dira, eta ez dago lehengo ipuin, pasadizu eta abar kontatzerik, eta gurasoek ez dira lehen bezalako hizkuntz eredubide. Argi dago, beraz gaurko euskal gizartean euskal hizkuntzaren jasoketa nagusia ikastola bidez egin behar dutela haurrek, euskal telebistarik ez dagoen bitartean behintzat.

Ezelako dudarik gabe zera esatera ausartzen naiz, gaur egun, bizi garen gizarte honetan, behin haurrek eskolaratuz gero, haurren euskararen jasoketa 70 % eta 80 % irakasleon gain dagoela, euskal giroko ikastoletan behintzat. Bera, ikasleek txarto hitz egiten badute, erraduntasuna, eman dudan neurrian irakaslegoarena da, batez ere eskolaurre eta 1 eta 7 mailetan, tarte honetan hizkuntz oinarri nagusiak jartzen bait dituzte haurrek. (Jarraitzeko).

Mitxel Kalzakorta


Euskal Herria

Espainiaren alde

Aspaldiko gauza dugu eguzkipean ez dagoela ezer berririk, edo are pedanteago "nihil novum sub sole". Ez dut nik, beraz, deus berririk hona erakarriko, baina bai azken boladan entzuten ez den zerbait berresango, hori delako, ene gardiz, gaisoen kontra oraingoz dazagun txerto bakarra. Zeren Espainia bat eta bakarra egon baitago aspaldiko urteetatik, oraindik Euskal Herria den legez, zenbaiten berbaroa eta besteren jakiterik eza eta guztiz ere. Hori baita azkeneko denboretako anitzen grina eta buruhaustea, Espainiar Estatua modu batez ala bestez salbatzearren, edozein projektu aurrera ateratzea, horretarako Espainiar Herria desagertu behar badute ere, edo Euskal Herriaren banakuntza betikotasunerarte aldarrikatu. Edo ez dutela beste estaturik jura esan beharrean badaude ere, egonean dagoena hobe delako, nonbait; betiko errealista ziztrinen esana edo pseudoanarkista pitoen nahia: hobe txori bat eskuetan,ehun zuhaitzaren adarretan baino.

Eta kontu berririk ez nuela aipatuko esan badut zeragatik izan da, Castelao-k beste askoren artean hau ere defendatu zuelako, galiziar idazle eta pintore onak Espainiako Estatuan lau nazio daudela argi eta garbi aitortu baitzuen: Espainia, Katalandar Herrialdeak, Galizia eta Euskal Herria. Eta beste guztia hutsaren hurrengo. Horik baitira nazio bat osatzen dutenak nazionalitate bat dutelako, edo eta nazionalitate bat dutenak nazio bat direlako. Espainia bai delako, noski; guretzat gura genukeen kultura aberats eta handiarekin, izan ere. Haatik, ez dakioke inori nazio bat osatzeko eskubidea ken eta ez diot nik inongo gizatalderi eskubide hori kendu nahi, horregatik Kanaria irlak eta Andaluzia agian noizbait izanen diratekeela nazioak esan beharrean gaude. Utz dezagun, baina, oraindik orain aski akademiko gertatzen den eztabaida hau. Zeren separatista izanik, eta osotoro izanda ere, ez bainaiz antiespainiar, lar estimatzen baititut Machado, Lorca, Valle Inclán eta Cervantes eta halaber espainiar kulturaren hainbat agerkari eder, denak herri handi baten lakoxeak, eta horrexegatik gure herriarenak ezbezalakoxeak. Gainerakoan, ez baitiot inor edo ezerri gorroto ukan nahi, oso baita garesti eta gustu txarreko. Baina hori dela eta, konstituzio espainiar berrian idatzi diren zaztarkeriak idatzi direla, euskaldun naizela esan behar dut, eta oraindinoko espainiar hiritarra, eta orobat gure herriaren askatasun osoa, burjabetza eta independentzia gura dudala.

Bestalde, oso zurruburru zalapartatsua gertatu da, "El País" espainiar egunkarian, nazionalismo demokratari buruz Jimenez Losantos eta Savater-en artean. Lehenengoak, baina, delako joeraren defentsan Azaña eta espainiar errepublikazale demokratak erabiliz, eta ez Madariaga edo Sanchez Albornoz lako pizti faxistakoiak. H.d., demokrata izanik Espainia mitikoa —Espainiar Errepublika Unitaria-ren Espainia— defendatu zutenak, edo beste era batera esanda, Espainiar Estatuko burjeseria erdirakoi demokratak eragin zuen intelektualgo errepublikarrak sor zezakeen Espainia bakarraren defendatzaileak. Eta mitikoa deritzot, ez faxisten Espainia zelakoan, mito inperialista bat, demokrata izanarren, zelako baizik: hots, oso gizakomunitate ezberdinez osaturiko Espainia —baina funtsean bat—, hizkuntza bat duena nagusi, unibertsalpidea omen den gaztelania, baina beste hizkuntzak eta kulturak errespetatzen ba dakiena, Jimenez Losantos en kasuan bezala "indar instruktiboen" interesak ez badaude tartean, jakina. Kontua agerian dago. Espainia dela problema esaten denean, esaten dutenean, historikoki maiz euskaldunok kaskagogorkeria hutsez bakarrik onartu ez dugun, edo eta geure askatasunaren amorez ezelan ere onar ez dezakegun Espainiar Estatuaz ari dira, modu horretara espainiar herriaren askatasuna bera ere "ab calendas graecas" ahantziz. Hori da haien problema, nola batasun sagaratu horri euts. Tresna eta bide asko erabili da orain arte, azkena Espainiako eskualdeko jendeak —naturazko espainiarrak— eta beste nazioetakoak modu berean izendatuz, Espainia guztiok osatzen dugun multzoaren izendapentzat utziz.

Halabaina, joera honen kontra dugun burrukapidea ez da, noski, deihar egitea edo eta "gu eta gutarrak gara onenak" esaka ibiltzea, edo espainiar idazlerik onena den Cervantes-i destaina egitea, duela labur Lejoan egin zaion bezala, Mirande-ren hitzez, hain pobre eta erkin den gure kultura garatzea baizik, beste jendeei erakarkorra egitea, euskaraz jakitea ezdadin, hizkuntza ikasi behar duen arrotzarentzat, luxu garestiegi bat izan, eta bai egitea merezi duen beharlekua. Ezta ere inozoki pentsatzea baina, Espainia eta beraren hizkuntza direla gure "unibertsal izateko tresna nagusi eta bakarrak" edo geratzen zaigun irteera soila. Mundua askozaz handiagoa da Espainia bera baino eta orobat mundukultura, handia izanik ere arlo askotan Espainiak emandakoa. "El País" den kulturtresna ikaragarria ez dela munduko bakarra, mundua Orduñako partetik ikus daitekeen baino zabalagoa dela. Aski, beraz, espainiarrekin batera denbora luzez bizi izan garelako, ez dugula espainiarrekin batera betiko izatea besterik, edo gauza amankomun asko daukagulako hori dela ebazpen arrazoizko bakarra. Gauza bera gertatzen zitzaien aljeriar eta frantsesei, edo eta burjeseriaren boterea desegin gura duten, eta apaltzen saiatzen diren langileei.

Beharbada, inoiz, espainiarrekin egotea betiko aukeratuko dugu bakepidez, ez da ordea izanen mundua desezagutzen dukegulako, edo desezagutarazi digutelako, libre garelako baizik.

Andolin Eguzkitza


Euskal Herria

Kartak gora begira

Herri honetan, Plaentziarrak, duela zenbait mende, hango galtzairuaren Sekretuak txilpean aztertzeko, Suediara joaten zirenetik, industri espionaia gauza ezaguna izan da eta bide horretatik datorkigu, nik uste, oraingoa. Ezin baita kasualitatetzat jo, noski, Bizkaiko eta Bilbo Aurrezki Kutxek, batera, bezaroentzako erregalutzat, jokorako kartak argitara ematea.

Ideiak, bultzatzaileen ahoko hitz ederrak gora behera, helburu argia du, lehen ere liburu eta litografien eskaintzaz egiten zenez: kartak jasotzeko txutxuaz kutxek aurrezki diru mordoak biltzea. Dirua helburu, beraz, baina hori ez da zertan kritikatu behar mundu honetan, are gutxiago, gainera, banku baten zeregin berezia izanik, eta horko publizitate-arduradunek egin behar zutena besterik ez dute egin.

Vizcainismotik Euskadismora

Une honetan, halabeharrez, euskaldunok halako jakobinismo pittin baten premia dugula esango nuke. Izan ere —irakur bestela Xabier Dominguez Marroquin-ek (Jefe Territorial de vascongadas de F.E. y de las JONS) Gernikako Estatutuari bere ezetza emateko erabili dituen argudioak, 79/X/18ean Correo Español-en agertuak— maizegi aipatu dizkigute Vizcaya, Alava, Guipuzcoa, Navarra... (honelaxe bai, aipatzaileentzat Bizkai, Araba, Gipuzkoa, Nafarroarik ez baitzegoen!). Euskal Herria delakoaren batasuna estali eta ukatzeko. Gure nazioaren batasun Instituzionala egiteko une larrion, ordea, herrialde historiko bakoitzaren nortasuna horregatik zokoratu gabe, orain arteko probintziakeria gainditzeko, beharrezko dakusagu gehienok, zalantzarik gabe, euskaldun guztiok batzen gaituzten puntuak finkatzen saiatzea, nork bere txokokeriak denen aurrean goratzen ibili gabe.

Hori dela eta, diferentzia nabariz agertzen zaizkigu kartok, Bizkaiko Aurrezki Kutxak bereak "naipe vizcaino"tzat azalduz, Bilbo Aurrezki Kutxakoak "baraja vasca" diren artean. Eta erdaraz izendatzean ez dut uste inori bidegaberik egiten diodanik, horixe baita, izan, aurkeztaileek berek erabili duten terminologia zehatza.

Erdara, ohi bezala, hemen ere nagusi

Bizkaiko Aurrezki Kutxaren kartetan, gainera, naipe vizcaino delakoa ez da publizitatea egitean erabili den zerbait, kartetan bertan ageri den eskribua baizik. Karta vizcainoen aurrean gaude beraz, vizcainoentzat eginak, bizkaitarrok karta bizkaitarrik gabe geldituz.

Euskararen baztertze hori estali nahirik edo, pastelada antzean, bilbotar jende aski ezagunaren bide xelebrea aukeratzen dute, eta makilla, Jaun Zuria, arrantzale edo nekazari hitzen ondoan, Copa y boletos para votaciones, siglo XVII, Ferrón eta Pastor del Gorbea modukoak agertzen dira, euskarazko izenei artikulua kentzean (arrantzalea edo nekazaria esango genuke guk) guztiak erdarazkotzat emanik.

Horrelako arlotadak "honez gero ezin dira ontzat eman eta Chomin del Regato moduko batengandik espero izatekoa, ezin barka dakioke Aurrezki Kutxa serio bati, areago "nuestro agradecimiento al Instituto D. Labayru (Labayru Ikastegia) por la colaboración prestada a esta importante realización" hori ikusirik. Ez al zen hobe, txarrenean ere, bi sorta ezberdin, euskaraz bata, erdaraz bestea, egitea? Ez al dugu bizkaitarrok horrelakorik merezi ala?

Shakespeare tartean

Ezpata batekoa Shakespeare-k bilba deitzen omen zuen "mandoble vizcaino del siglo XV" bat da. Nik ez dakit nondik atera duten egileek —edo lankideek— hitz hori, Shakespeare-k dakarrena, hori barik, bilbo baita, ingelesezko hiztegietan sword "ezpata"ren sinonimotzat aipatua, beraren plurala, gisa denez, bilboes izanik, "irons", "fetters", hau da, "burdinak", "kateak" esanguraz.

Izen hori, zer esanik ez, Bizkaiko hiriburuarenetik dator, ingelesek, oraintsu artebehintzat, Bilboa gisa idatzia. Horrela etortzen zen, gutxienez, Gabriel Aresti Bilboko portuan lanean ari zenean, Ingalaterratiko kutxetan idatzirik.

Jebismo kutsu haundiegia

Bilbo Aurrezki Kutxak egindako kartek, texturik ez dakartenez gero, ez dute hizkuntz aldetik deus aipatzekorik, urre batekotzat agertzen den kutxako lauburu azpian dagoen GORA EUSKADI hori salbu karta joko batetan zertara datorren ongi ulertu ez dudana, ez baitut uste gauzek —ez eta pertsonek ere— "euskal" izateko ondoan Gora Euskadi edo txapel bana behar dutenik. Zer esango genuke Vive la France edo Viva España lekarketen kartez, egileak burutik sano ez dabiltzala besterik?

Ene ustez, Udal Kutxaren kartak, nolanahi ere dela, besteak baino hobeak dira, nahiz eta, besteetan bezala, euskalduntasuna baserriko giro azalezkoenaz identifikatu, Krutwigek, azken MUGAn, bilbainoideei —eta ene ustez arrazoi osoaz— egozten dien bekatua berau. Kopatzat txikitoak edateko ontzi lodiak presentatzea jebokeria hutsa da, gure museoetan hainbeste kopa landu eta ederrak, joan diren mendeetan eginak, diren artean.

Baina tira, nonbaitetik hasi behar.

Xabier Armendaritz


Euskal Herria

"Euskal Herrian Euskaraz" elkarteen agiria

Euskal Herriak ("Euskararen Herria" bere etimologian) hizkuntza nazionalari dagokionez azken aldian daraman experientzia penagarria da.

Honela Euskara Heriotzara doakigu. Euskaldunok orain bi urte demokrazian eta indar abertzaleengan ipinitako itxaropena, diglosiaren egia gordinean amaitu da. Orain abertzale ez direnak ez-ezik alderdi abertzaleek ere, neurrietan, edo-ta abertzaleetan, euskarak ez du aurkitzen benetako defentsarik. PNV-ak, ESEI-k, EE-ak, HB-ak, etc. abarrek, ez daukate euskararen suspertzerako benetako asmo, programa eta praxirik. Gure udaletxeetan abertzaleak nagusi direlarik, ez da nabari, gehien batean, benetako bilinguismo edo elebitasun baterako urratsik. Sasi-efikaziak eraginda, aipatutako alderdiek erdara darabilte nagusien beren harremanetan, agiri eta batzarretan. Ikastolak, alfabetatze mugimendua eta kultur taldeak dira, ia soilik, diglosia gaintzeko borrokan ari direnak.

Zifrak nahiko nabarmenak dira marjinazio honen arazoan. Adibidez, PNV-aren "Euzkadi" organoan, berriz, azkenekotan españolez idatzia dago ia erabat; HB-aren aldizkariek ere eta gauza bera Iparraldeko "Enbatakoek" eta abarrek ez dute euskararen benetako erabilpen logikorik. Egunkarietan gertakari berbera dugu: egun, ordea, % 6 inguruan dabil "DEIA", eta batzutan, "Diario Vasco"k igandeetan baino gutxiago ere eman izan du; eta "Egin" % 17-ren batetik, % 7 edo % 8-ra jetxi da: Irratietan ez du inork errespetatzen, adibidez, Gipuzkoako euskaldunen kopurua (% 49), dituen 320.000 euskaldunen arabera. Euskarazko irratsaioak, irratirik gehienetan, sinbolikoak dira, Herri Irratiak ezik; eta. honek ere ez du sekula Gipuzkoako euskaldungoaren arabera jokatzen.

Mitinetan, batzarretan, gauza berbera. Efikaziagatik omen, euskalduna isilik eta "española" nagusi. Eusko Kontseilu Nagusiarentzat, era berean, euskara, "hizkuntza nazionala", hizkuntza arrotza eta estrainua da.

Nahiz eta abertzaleak (PNV, EE., HB) udaletxerik gehienetan egon, oraindik ere hirietako errotulazioak, ia erabat, españolez jarraitzen du; eta berdin merkatu eta autobideetako seinale nagusiak. Euskara maioriaren hizkuntza den herrietan ere, batzarrik gehienak erdaraz egiten dira.

Geroz eta gehiago da gauza nabarmena, hemen dabilen "vasco"aren kontzeptu geografiko hutsa; aspaldiko kontzeptu kultura orokorra, hau da, euskaldunarena, hizkuntzari lotua, baztertzen delarik.

Honela abertzaletasuna hemen, benetako eduki edo kontenidoaz hustuz doa; Euskal Herria vaskoen herri den "Euzkadi deseuskaldun" bat bihurtzen delarik. Gure izatean kontzeptu geografikoak akzidentalistak dira, zeren eta gure herriaren pentsakeran tokiak eta arrazak baino hizkuntzak edo euskarak eduki baitu esanahi nagusia, "euskalduna" (euskaraduna) hitzak adierazten duen bezala.

Gure herrian "euskal komunitatea" da (ez "vaskoa) egoera hau bereziki sentitzen duena; euskaraz ez dakiena, jeneralean, ez du, azken finean, sufritzen gure hizkuntzaren marginazioa, eta benetan sufritzen duena azkenean euskaldun egiten da noizpaitean.

Hori guztia dela-ta, amnistiaren eta beste borroka politikoen alde sortu diren "gestora" delakoen antzera, euskararen aldeko "talde eragileak" sortu behar direla pentsatzen dugu, euskara espezifikoki diglosiatik eta heriotzatik salbatzeko, hemengo "alderdi abertzaleek" zoritxarrez, betekizun hori gehien batean ahaztuta dutelako.

Talde horien izena "EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ" Elkarteak izango da, eta puntu minimo hauetan oinarrituko dira:

a) Elkarteen izaera berezia, erreibindikatzaile edo borrokatzailea izango da. Ez dira mugituko, beraz, kulturaren edo teknikaren munduan, erreibindikazio edo eta borrokaren mailan baino; nahiz eta, jakina, osoki apoiatu eta ontzat eman euskal kulturaren ekintza.

b) Erreibindikapen eta salaketa hori ekintza praktikoetan azalduko da.

d) Elkarte hauek autonomoak izango dira edozein partidu politikorekiko, eta aski da bertan parte hartzeko puntu minimo hauekin, eta idatzi honen filosofiarekin ados egotea.

Alderdi politikoetako buruzagi-karguak dituztenak, dena dela, ez dira elkarte hauetako zuzendaritzan egongo.

e) Elkarte hauetan dauden partaideak, norberaren egoeran eta partiduetan, euskararen marjinazioa salatzeko borroka gogorra egingo dute, diglosia "protesta"ren bitartez gainduaz.

f) Euskara izango da Elkarte hauen hizkuntza egiazkoa eta faktikoa.

g) Euskararen minimoak eskatuko dira gutienez batzar, komunikabide, mitin, eta abarrotan; tokian tokiko proportzioa, dena dela, beti kontutan hartuz.

h) Elkarte hauek elebitasun edo bilinguismo-egoera, guztiz iragankor edo transitorioa dela adierazten dute; bi hizkuntza elkarren ondoan bizi direnean, benetakoa orekarik ez baita ematen. Luzarora ezin daiteke bilinguismo iraunkor eta faktikorik eman; baina, gaur gaurkoz, benetako elebitasuna eskatzen dugu.

i) Jakinaren gainean gaude, bestalde, elebakar erdaldunek, ia beti, euskalduna bera "erdal monolingue bihurtzen dutela: bai kalean, bai elizan, batzarretan, eta abarrean. Diglosia gaintzeko, elebakar erdalduna elebidun bihurtu behar da; eta hau lortzen ez den bitartean, gaurko zapalkuntza salatuko dugu ekintza praktikoen bitartez. Botere publikoak dira errespontsable nagusi zapalketa honen menderapenean.

j) Elkarte hauen ekintza Euskal Herri guztira zabalduko da; hau da: IPAR ETA HEGO EUSKAL HERRIRA, eta tokian tokiko elebitasuna aterako da aurrera.

"EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ" Elkarte azpian, Euskadi EUSKAL HERRI (euskararen herri) benetan bihurtzeko asmo nagusia dago. Gaurko egoeran euskararen aldeko minimoak ez dira betetzen. Euskararen presentzia komunikabideetan, irakaskuntzan (gaur EGB-an bakarrik dago euskara, Euskal Herriko eskualde batetan bakarrik, eta erdal zona aldean euskara lotsagarriro "voluntario" hutzi dalarik), eta administraritzan egiazko elebitasuna (gaur % inguruan dabilelarik) lortu arte.

Euskaldunok: Euskaraz egin dezagun. Euskaldun bezala ditugun eskubideak de defensa eta eska ditzagun.

Euskaldun ez zaretenok: Euskara dohainik ikusteko duten eskubidea defensa eta eska.

Jakitun gara denok: ez dago Euskal Herririk, eta are gutxiago EUSKAL NAZIORIK, EUSKARARIK GABE, Beste abertzaletasun mota guztiak akzidentalak eta ustelak dira; eta guk, geure eskubideetan zauriturik, gogorki erantzungo dugu. EUSKARARIK GABE, EUSKAL HERRIRIK EZ.

Durangon, 1979ko Azaroaren 4an.

"EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ" Elkarteek.


Hamabost egun hankaz gora

Boliviako gertaerak

Jakingo duzuenez, Bolivian Estatu kolpe bat eman dute; baina, dirudienez, herria ez dago oso konforme gertaera honekin eta, greba orokorraren bidez, kolpearen aurka saiatzen da. Egia da ere, Hego Amerikan nazkaturik daudela hainbeste errejimen militar edo antzekoak jasan beharrean aurkitu baitira.

Herriak ez du beste diktadurarik nahi eta, horren aurka burrukatzen da; eta nahiz eta gobernu berriak lanera bihurtzeko agindu, greban mantentzen dira. Noiz ikasiko ote dugu ikasgai hau? Honelako egoera batetan, Boliviako herriak pertsona bat bezala erantzun du. Eta, era honetan bakarrik lortuko dute pertsonek, langileek, beharrezko duten askatasuna. Nota hartuz joari!

Abortua dela eta

Egunkarietan egunero irakurtzen dut zerbait honetaz eta piska bat komentatzea merezi duela uste dut.

Alde batetan, hor dugu 11 emakume horien epaiketa, orain dela urte asko abortatu zutelako.

Eta, bestalde, honen inguruan sorturiko polemika. Hau dela bitarteko, bi talde, zeharo desberdinak agertzen zaizkigu: aldekoak eta aurkakoak.

Azken hauek erabiltzen dituzten argudioak hauk dira: erlijioa eta morala (burjesiak inposatua), batez ere.

Besteek, aldiz, bere gorputza erabili eta kontrolatzeko emakumeak duen edo eduki behar lukeen eskubidea defendatzen dute. Eta, azken urteotan sufritu dugun ezjakintasuna (sexualitate mailan) eta desinformazioa aipatuz eta honi irtenbide zuzen bat ematea esijitzen dute.

Abortua bai, baina sexualitateaz informazio zuzen eta sakon batez osaturik. Nire ustez, kondizio hauk beteko balira ez lirateke abortuak gehiagotuko, alderantziz baizik.

Torturak?

Espainiako konstituzioak dioenez, torturak debekaturik daude. Baina, dirudienez, hau dioen artikulua letra hutsean bakarrik gelditzen da. Azken batez, nahi dutena egiten dute. Lehen, kontrakoa frogatu arte, atxilotua erruduna zen. Orain ez da erruduna bakarrik; horretaz gainera, terrorista da.

Konstituzioak, atxilotzean, abokatua ondoan edukitzeko ere eskubidea dugula dio; baina, noiz bihurtzen da hau egia bat? Inoiz ere ez.

Poliziak ez du torturatzen; baina, horren frogak agertzean, egundainoko bildurra hartu dute. Zergatik ote da? Antza denez, atxilotuz gero torturatuak izan direla esaten duten guztiek, beraiek zauritzen dute beren gorputza horrelakoak esateko. MASOKISTAK OTE DIRA?

Euskera batuaz

Euskara batua dela eta ez dela hamaika komentario eta kritika entzuten da. Kritika horik, gehienetan, erdaraz agertzen zaizkigu. Zergatik? Ba..., batasunaren etsairik amorratuen artean erdaldun asko dagoelako. Duela denbora gutti lantegiko neska batek hauxe esan zidan: "Neuk era ba dakit euskara batuaz hitz egiten; hau lortzeko UA hitz guztiei ipini eta kito! (adibidez: mesa = mesua, ventana = bentanua eta abar) Ez zekien euskaraz hitz egiten, noski.

Nire ustez, hizkuntza baten indarra batasunean dago. Batasun literarioan, noski. Hor dugu, bestela, gure inguruetako hizkuntza nagusien adibidea (gaztelera eta frantsesa) Nahiz eta leku bakoitzean era konkretu batez mintzatu, denek berdin idazten dute.

Baina arazoa ez dator hortik, garbizaleen artetik baizik. Ez dira berdinak garbiTASUNA eta garbiKERIA eta ez da berdin LEHIOA edo URRUTIZKINA esatea. Lehen hitza betidanik ukan dugu ete bestea, grekotik itzulpen zehatza egitetik datorkigu.

Zergatik ez telefonoa mundu guztian eta hizkuntza gehienetan edo guztietan esaten den bezala? Hain bereziak ote gara euskaldunak? Zergatik esaten dituzte, orduan, honelako garbikerien defendatzaileek "una emakume" eta horrelakoak erdaraz hitz egitean? Ez litzateke hobe "una mujer" esatea? Ala euskarari buruz duten ezjakintasuna honetaz justifikatu nahi dute?

Euskara eskoletan

Orain, euskara eskoletan dugu. Jende asko poztu egin da. Baina, horietatik, zorionezko lorpen bat dela uste dutenak eta papeleta betetzeko egin beharreko gauza zela pentsatzen dutenak bereiztu behar dira.

Azken hauen artean gobernukoak ditugu. Hauek, nolabait, hildakoa gainetik astindu dute, eta kito!

Eta, bitartean guk, zera ikusten dugu: Euskara eskoletan dago; baina...

- Denbora gutti dedikatzen zaio.

- Aurten euskara emango duten maixu asko ez daude batere prestaturik, ez baitute euskara ondo menderatzen.

Gainera, euskara emateko gai ziren frogatzeko egin ziren azterketetan, alde batetatik,

- askok azterketa kopiatu egin zuten.

- jende horrek, gehienetan, ez du inoiz ere, ez euskaraz ez beste hizkuntzaz klaserik eman. Eta, ez dute metodologiazko eta didaktikazko ikastarorik sekula ere egin.

Eta nire ustez, jende hau kaltegarri gerta daiteke. Eta egundainoko mesedea egiten diete, beti, euskararen aurka saiatu direnei.

Gainera, telebista eta irratian kanal oso bat euskara hutsean jartzen ez duten bitartean ezer gutti lor genezake.

Terrorismoa, demokrazia, eta...

Eguneroko gaia dugu hau ere; baina, honetaz hitz egitean, normalki, ezkerreko indarren burruka bakarrik aipatzen da. ETAk daramana batez ere.

Baina badago "Terrorismo de Estado" deitzen den zerbait ere nahiz eta hau, askotan, itzalean eta komentario ttiki batzuetan gelditu.

Eskuinekoek, lasaiki, nahi duten guztia egiten duten bitartean, herriaren zapalkuntza gero eta handiagoa da. Lege antiterrorista aplikatuz, edonor bihurtzen dute terrorista. Torturak, gure eguneroko ogia dira.

Eta, bitartean, gure "demokrazia" aurrerantz doa. Demokrazia arraroa, herriaren zapalkuntza indartu eta instituzionalizatzen duena.

Herriak, bere burrukaz lortutako guztiak pikutara bidaltzen dituzte. Prezioak gorantz doaz; alokairua beherantz. Ipurdia jartzea besterik ez zaigu gelditzen.

Azkenik, erdal errefrau bat botako dut. Honela dio gutti gora behera: Kaka dirua balitz, langileak ez luke hori ere egingo.

BIXER


Nazioartekoa

Algeria: Iraultzaren 25. urtea

Duela 25 urte, 1945ko Hazilaren lehenean gauez, Alger guztia hogeita hamar eztandaz astindua izan zen. Eztandok Algeriako gerratearen hasiera markatu zuten. Zortzi urte geroago gatazka hau independentziarekin batera bukatuko zen.

Baina gau hartan ez zuen inork esango gerra bat hasia zenik, ez eta are gutxiago Algeriak Frantziatik alde egingo zuenik.

Jauntxorik gabeko iraultza

Hazila hartan algeriarrek berek ez zekiten ongi zer ziren. Frantziaren 130tako kolonizazioak haien nortasun galtzen galtzearen alde guztietan ikus zitekeen ondorio nabaria zen. Aldamenetako arabiar herrietan, Maroko eta Tunisian arabez hitz egiten zen, politikoki independentzia lortu baino lehenagotik babiserrien (protectorados) tituluak zeuzkaten. Algeriak aldiz batere ez. Algeriarren hizkuntza ez zen jadanik arabea, frantsesez hitzegiten zuten, frantsesez edo halako zerbait; kasu hoberenean arabiar hizkera berezi bat, erai frantsesa, erdi ezezaguna, batzutan kabildarra izanez gero, behintzat berberera.

Argeliar zibilizazioak beraz, segidarik gabe geratu zen bat batean historian zehar.

Soilik zenbait herrixka isolatuetan, basomortuko goiherrietan, administralgorik, soldadu, polizia eta irakaslerik gabeko haietan arabea zen oraindik nagusi.

Hazilaren lehenean ezer egon balitz, batera gertatutako zenbait eztanda egon zen, ez besterik. Nork pentsatuko zuen bada, eztanda haiek independentziaren aldeko lehen oinarriak zirenik? Ez zuen iñork baieztuko halakorik, zeren eta une hartan nekazari eta herritarrek eratutako harmadetaz ez zuen inork sinesten. Iraultza egon dadin eliteak eta buruzagi burjesak egon bear dira gutxienez. Hor dute Tunisiako kasua; intelektualak, abokatuak: Bourghiba esaterako, sendagileak, sindikatuen buru sofistikatu batzu. Hoiek denok iraultzaren lema hartzen dute. Beroiek ditugu gidari. Marokon oraindik korapilotsuago dugu. Han sultanak —gaurko erregeak— hartzen du itsasuntziaren lema. Sultanak eta jauntxoek batez ere daramate projektua aurrera. Herri apala da, jakina, kolonizatzaileek hiltzen dutena baina hitzarmena izanik Frantziak badu norekin mintzo: Jauntxo burjesekin. Baina eta Algerian?

Horregatik ezin pentsa daiteke Algerian hasi dena independentziaren aldeko burruka denik. Ezin susma daiteke nekazari eta herritar gaizkile eta terrorista horiekin zortzi urte geroago, De Gaullek Hitzarmena sinatuko zuenik. Orduan hasten da zabaltzen etengabeki Frantzian zehar berba berria, terrorismoa, zein landua izan baita komisaldegietako torturatzaileen bidez.

Ez ezker, ez eskuin aldean, ez progresistenen artean ere, ez eta Algeriatarren artean, ez zegoen inor orduan Algeriako iraultza gerra zibil baten bidez hasia zenik esateko. Baina Horrela hasia zen. Lehen mementuan nazionalistek ez zuten ez harmada ez polizien kontra burrukatu. Algeriako nazionalismoa oso hotz zegoen. Berotzeko Algeriako arabiarren kontra burrukatu zuten lehendabiziko une haietan nazionalistek.

Frantziaren taktika okerra

Frantses administralgoaren errakuntza eta hanka sartzeari esker, arabiarrak beren nazionalitate bereziaz gero gehiago ohartzen hasi ziren. Lehengo epean Frantziak frantsestu nahi izan zuen Algeria eta lortu ere. Hala ere Algeriarrek legez ez ziren frantsesa, ez ziren Frantziako hiritargoaren zati edo puxka berezia. Txarrago oraindik, frantses bilakatu nahi zuenak ezin zezakeen hura bilaka. Geroago gauzak aldatu zirenean, lehenago frantsesa nahi izan zutenek, ez zuten jadanik nahi. Bestetik, Camus idazlea eta beste antzeko liberal batzu kenduta, ez zen ongi ikusten, progresistenen artean ere, terrorismo eta gaiztakeria hura.

Horrexegatik, Algerian zeuden eliten puxkak azkenean Frantziaren taktika tzarrak nazionalistak ere bihurtu zituen.

Bitartean gatazkak eta gerraxkak aurrera zihoazen. Berauek lotuko zituzten geroxeago elite algeriar puxkatuak.

Logikaren indarrez zapalkuntza lortzeko ekintza behar zen. Are eta ekintza gehiago are eta zapalkuntza gehiago.

Zapalkuntza eta errepresioa algeriarrek berek nahi izan dute, hori baitzen iraultza guztien prozedura, hori baitzen algeriarrak berotzeko bide bakarra. Eta frantsesek amorrua irentsi egin zuten. Errepresioa, itzela izan zen. Suteak, torturak, hilketak, afusilaketak. Guzti hauek FLNko lerroak handitu eta bete zituzten. Errepresioa gogor eta krudela izan bazen, erasoketak ere izugarrizko neurriak hartu zituen.

Ez da harritzekoa beraz, Algeriako asuntu hauek ixilpean egon badira luzez Frantzian zehar. Azkotan benetako tabuak bihurtu egin dira.

Buru askok ba du oraindik odola beregain.

T. Trifol


Nazioartekoa

Hua Guofen Europan

Zenbat da bidaia honetaz Europako prentsan iharduten dela? Ez naiz gogoratzen baina asko, dena den. Eta honen arrazoia argi dago. Txinak munduan daukan eta eduki ahal duen lekuak kontsideratzen badira, eta batez ere momentu honetan, biraketa politiko itzela eman ondoren, zer itxaron daiteke Txinatik?

Alde batetatik, eta politika mailan oso garrantzitsua da herri hori, oso handia izanik, eta periodo espansionista baten aurrean bide dagoelako, kontutan hartzekoa baita, munduan dauden indar handienak kontsideratzean.

Bestalde, eta ekonomia aldetik, 800 milioi biztanle edukirik, ezin du Txinak oraindik jende guzti horren beharrei erantzun, eta beraz, inportatu beharra dauka, batez ere, teknologiaren alorrean. Behar duten infrastruktura burutzeko, industria berriak muntatu beharko dizkiete, eta hori merkatu izugarria izan daiteke herri kapitalisten produkzioari irteera bat emateko. Esan ere da, orain bizi ari garen krisitik ateratzeko bide bat ahal zela, baina argi dago, dagoeneko, Txinak ezin duela dagoen superprodukzioa irentsi, ez eta gutxiago ere.

Eta hirugarren alde bezala, zera agertzen zaigu: SESB-ekin daukan gatazka arriskutsua izan daitekeela munduko orekarako, eta txinatarrak oso interesatuta daudela beste herri guztiak beraien alde ipintzen.

Arrazoi guzti hauengatik, oso garrantzitsua da bidaia hau, baina Frantzian egon den interesa hori baino askoz handiagoa izan da. Herri honen xobinismoari jarraituz, eta Guofeng-ek bisitaturiko lehen herri bezala Frantzia aukeratu zuenez gero, pozik pozik zebiltzan frantsesak. Eta hori zen, nire ustez, arrazoi bakarra, zeren Europako Ekonomi Elkarterako Txinako kontratuak zerbait inportante izan baitaiteke, baina partikularzki Frantziarako, ez da ezer, errusiarrekiko harreman onak gordetzeagatik, ezin sal diezaiekete ondo etorriko litzaiekeen gauza bakarra: harmak.

Beno,esan ere, daiteke Txina misterio handia daukan herri bat dela, bai kulturan, erlijioan, janarietan, filosofian, baita bizimoduan eta sistima politikoan ere:

Aste bat. Frantzian pasatu ondoren, Alemaniara joan da Txinako I. ministraria. Eman nahi izan den inpresioa, akordio orokorrekoa izan bada ere, ezin esan daiteke elkarrizketa horiek ondorio on eta ugariak ekarriko dituztenik. Lehen esan dudan bezala, ekonomia aldetik, aurretik ezaguna zen ez zela gehiegi egingo. Politika mailan, aldiz, egoera, batzutan, barregarria zen: batzuk, munduko indar handien arteko tentsioaren apurtzearen alde hitz egiten zuten bitartean, besteek Mendebaldeko Europak SESB-en imperialismoaren kontra egiteko prestatu behar zutela... Eta, hala ere, dena zen han irribarrea, ados egongo balira bezala. Eztabaida handiena, agian, Indotxinako egoera diskutitzean sortuko zen, zeren Frantziak ez batzuak ez besteak defendatu nahi baititu. Txinak khmerak apoiatzen ditu, hor ere SESB-ekiko beste burruka bat sortzen delarik.

Artikulu hau argitaratuko denerako, Guofeng jadanik egongo da bere herrian. Egin, agian, ez da ezer egin, baina denak bide daude pozik...

María Jesús Esteban


Nazioartekoa

Ekialdeko Europako zenbait gertaera eta hemengo interpretapena

Bi dira goiko izenburuan aipatu nahi ditudan gertaerak: Ekialdeko Alemaniak beraren urtehurrenean emandako amnistia, eta Txekoslobakiako ezakort-talde bati egindako jujamendua, halegia.

Lehenengoa oso ondo Ikusia izan da Mendebaldeko Europan, ondokoa esaten zelarik: hango gartzeletan injustuki "sozialismo zapaltzaile horrek dauzkan zenbait pertsona, azkenik, kalean daude. Han ezin da hitz egin, ezin da libreki pentsatu, ez dago hemen dagoen demokrazia, ez eta askatasuna ere (sic)".

Txekoslobakiakoak, berriz, zarata handia atera du: Non geratzen dira askatasuna eta giza eskubideek?

Honetaz guztiontaz baliatuz, herri horien sistimaren kontrako kanpaina handia muntatu da; hemengo egoera itzela izango balitz bezala...!

Dena den, zerbait onartu behar dugu, zera, halegia: alde batetatik, egia dela deituriko sozialismo hori ez dela guri gustatuko litzaigukeena, askatasuna egunero atakatzen egunero atakatzen dela, langileen kontrola ez dela existitzen, oraindik klase pribilegiatu bat dagoela, desbidapen ugariak ikusten direla, etab. Eta hori denori, zintzo izan nahi badugu gutxienez, kritikatu behar da, noski. Baina arrisku bat agertzen da orduan! Gure kritika horik probetxatu ahal dira, herri kapitalisten aldeko propagandarako, zeren argi baitago gure herrietan egiten den zarata hori guztiori sozialismoa txarra eta hemengo sistima askoz atseginago eta hobea dela frogatzeko dela.

Alemaniako kasua asko aipatu da, batez ere, Rudolf Bahro. Ekonomilari hau. Mendebaldeko Europan "Alternatiba" bere liburua publikatzeagatik, espetxeratua izan zen: liburu hori, bera gartzelan zegoen bitartean, oso eztabaidatua izan da, zeren ez baita sozialismoaren kontrakoa, Alemania Demokratikoan existitzen den sozialismoarenekoa baino. Gartzelatik, amnistia hori esker, atera ondoren, eta bera horrela eskatua zeukalako, Gobernuak Alemania Federalera joateko baimena eman dio. Berehala prentsa bere atzetik bota da, ea zer kontatzen zuen jakiteko; zorionez, sistimarekin ados ez dauden guztiak ez dira Aolihenitsin bezalakoak, eta honek bere herriko biztanle gisa oraindik kontsideratzen dela esan du, bide batez berak egiten zuena sistimaren desbidapenak kritikatzea zela adierazi duelarik.

Txekoslobakiakoa, aldiz, askoz arantzatsua da, jakina, zeren han egindako jujamenduan argi ikusi da nola izan diren zapalduak gizon-emakumeen eskubiderik funtsezkoenak, horrelako kasu baten aurrean, nola ixildu, nola pertsona horik bakarrik, injustizia eta zapalkuntzaren aurrean?

Batzuk, kontrako jarrera hartuz, "ezakort" horiek burjeseriaren boterea birlotu nahi dutela diote. Egia da Ekialdeko sistimaren kontra dauden pertsonen artean horrelakoak ere ba daudela, baina hori ez da guztien kasua zorionez. Beraien artean benetako sozialistak aurkitzen dira, eta, batez ere, horietaz gogoratuz, nola ahal ditugu hertsi begiak eta ahoa?

Egoera hori salatu, bai, halaber, kritika dezagun gertaera horien aurrean herri kapitalistek hartzen duten jarrera paternalista eta faltsua. Ez dezagun kolabora etengabean egiten den propaganda lotsagarri horretan!

Maria Jesus Esteban


Nazioartekoa

Pragako euskaltzalearekin hizketan

Pragako kaleetatik ibiltzean, dena aurkitzen da desberdin: etxeak, jendearen itxura eta hizkuntza, tranbiak, kotxeak, dendak,... Zerbait behar duzunean, norbaitekin mintzatu nahi duzunean, beren txekoa entzunerazten dizute beti; suerte ona badaukazu, ingelesez edo hitz egiten duen pertsona bat aurkitzen baduzu, euskalduna zarela esatean, ia inork ez daki nondik gatozen. Hala ere, eta batzutan galdurik sentitu ahal zarela iruditu arren, ez da sarritan hori gertatzen, hemengo pertsonak, jeneralean, oso zabalak eta begikoak baitira.

Egun batzu direla Pragatik buelta eta bueltaka ibili ondoren, ideia bat geneukan buruan elkarrekin geunden bi euskaldunok: hiri honetan bizi den Norbert Tauer euskaltzalearen helbidea daukagunez gero, zergatik ez joan bera bixitatzera, alde batetatik berari Euskal Herriaren aire pixkat eramatearren, eta bestetik, gure herriarekin lotzen gintuen gizon hori ezagutzeagatik? Eta pentsatu bezala egin.

Arratsalde batetan, eguraldi hotza baina eguzkitsua egonez, beraren etxera heltzeko hartu behar genuen tranbiara igon, eta... ezezaguna zitzaigun arrazoi batengatik, beste bide batetatik gindoazela konturatu ginen. Azkenez, kalez kale, planoari begira, bilaturiko etxera heldu ginen. Buzoietan begiratu, 4. pisura igon, beste pertsonaren bat ateraz gero, nola ulertuko genukeen elkar arduraturik; baina atean bi zahartxo agertu zitzaizkigun; Norbert Tauer bera, eta beraren emakumea.

Euskaldunak ginela eta bera ikustera etorriak esanda, berak, guztiz nahastu eta harriturik, erdi gaztelaniaz, erdi euskaraz, barrura sarrerazi gintuen. Egongelan, sartu orduko, bi zubiarre ikusi ahal izan genituen, eta zein arraro egiten den hori guztia Herritik urrun egotean!

Hasieran zailtxo egin zitzaigun hiruroi elkar hizketan sartzea, batez ere berari, zeren sorpresa ez baitzen makala izan.

Laster, bere Euskal Herriko lagunetaz mintzatu zitzaigun, batzu zaharrak, besteak ez hainbeste, baina denak beraren buruan; guretzat hain ezagun diren hamaika izen eta ekintza aipatu zigun, guztiaz dago ondo informaturik: iraganaz, orainaz,... Guk ezagutzen ez genituen zenbait pertsonen berriak eskatu zizkigun, Jokin Zaitegi beraren lagunaren elkar hizketa sortu zen.

Beraren begitxo urdinetaz begiratzen gintuen, eta behin eta berriz "zer egiten duzue hemen?", "non bizi zarete Pragan?", "zer ikusi duzue dagoeneko?" etabar galdetzen zigun.

Gure galderei nostalgiazko begirada batekin erantzuten zien; berrogei urte dira gure herrian azken aldiz egon zenetik, baina Estatu Espainolean hainbeste urte, 18, iragan ondoren, nola ez gogoratu oraindik hango guztiaz eta guztietaz?

Gurekiko beraren historia pixkat arraro dateke: Madrilera joanda, Txekoslobakiako enbaxadan lan egitearren, hango Ateora joaten da euskara ikastera. Berak, Pragan espainiera ikasten zuen denboran, ba zeukan jadanik entzunda "euskaldun" deituriko batzu existitzen zirela, eta Madrilen egonik, beraren interesa handiagotuz joan zen, oporren zati bat beti Euskal Herrian pasatzen zuen eta lagunak ezagutu ere; gainera ba dirudi Euskal Herriarekiko interes horrek zenbait arazo sortu ziola denbora hartako giroan, zeren, eta hau Historiako konstante bat dirudi, euskaldunak ez baitzeuden ondoegi ikusita Madrilen; hala ere, berak gogor ekingo dio beti bere euskaltzaletasun horri, nahiz eta, ia seguru betirako, hain urrun bizi: artikuluak, korrespondentzia ugaria,... bere bizitzaren alde hori guri erakustearren, bere euskaraz eta euskarari buruzko zenbait artikulu erakutsi zizkigun, eta halaber, euskaldun batzurekin eduki duen korrespondentzi bilduma, 80 urte betetzean, Euskal Herritik heldu zitzaizkion postale eta karta guztiak,... eta ikustekoak ziren momentu haietan beraien begiek zeukaten dirdira eta ahoko irribarrea. Guri tontakeria bat iruditu ahal zaigu berak kartei dien maitasun hori, baina zirkunstantziak ikusita, ez da guztiz ulergarria?

Gure mirespena gizon horrekiko gero eta handiago egiten zen, eta ea puntaraino heldu, armario baten barruan zeuden bere euskal liburuak ikustean: oraingoetaz aparte, zaharrak ere, horiak eta narruz azaleztaturik, guri erakustean beraien eskuek laztandurik, Vinson-enak zirenak, eta gero berak erositakoak, orijinalak eta hori dena Euskal Herritik 2.000 Km. tara. Azkenean, agurraren ordua heldu zen, eta hau errepikatu zigun 3 aldiz: "Mesedez, euskaldun guztientzat nire egurrik beroena; lagun horientzat, goraintziak".

Eta beraren nahi hori betetzeko, artikulu hau idaztea izan da aurkitu dudan biderik onena.

Linea hauk, ba, bai beraren nahiei jarraiera emateko, eta bai Txekoslobakian aurkitu dugun euskaldun honetaz, Euskal Herriko euskaldunak gogora gaitezen izan bitez.

Maria Jesus Esteban


Gaiak. Literatura

El poeta condenado y las espadas de la justicia y del verso

I. Zabaletaren "Bertsoaren ezpata" poema-drama

Biolentziaren kontzeptu kaskarra da gurea, norbaiti bi tiro eman diotenean, bonba baten zartadak esnatu gaituenean goizaldera, Donostian, gogoratzen badugu biolentzia. Hitzak bere zentzua kastatu egin du. Iñaki Zabaletak, Iruiñea zaharretik, moderatuen biolentzia aipatu digu. Justiziaren biolentzia. Ohitura urbanizatu txukunetan akumulatu eta transformatu den biolentzia. Ilusioak, utopiak bihotzean ito dituen biolentzia. Grinak moral zahar baten hautsez estali dituen biolentzia. Aintzira usteleko ur geldietan ihi zorrotzek duten biolentzia. Basamortu hutsaren eta zeru urdinaren espazioetako biolentzia. Uraren biolentzia Suarena. Herriak kiskali zituen suak, hotzak dagoena berotzen duen suak. Etxea eraman zituen urak, gari soroak ernaltzen dituen urak. Bizitza den biolentzia gogoratzen digu Zabaletak. Hemen eta nonahi, ez Euskadin bakarrik. Txikizioa bezain biolentzia da kreazioa, hiltzea adina bizitzea. Biolentzian bizi gara, sentsibilitate apur bateko edozeinek sentitzen duenez, edonoiz edozertan sofritu behar izaten dugunez, biolentzia onartu eta ikustea ahaztu arte.

Zabaletaren poemarentzat biolentzia ez da bera bizi den esistentziaren markoa besterik. Marko soziala, kosmikoa.

Biolentziaren poema-drama

Iñaki Zabaletaren lehenengo poesi liburu hau, "Bertsoaren ezpata", ELKAR-ek oraintsu argitaratua, Patxi Zabaleta izenkide eta lagunaren sarreraz, poeta baten hauziaren poema-drama da. Agintariak akusatu du poeta. Esan dezagun, berdintsu bailitzateke: ohiturak, ordenu tradizionalak, egunoro bizi dugun bizitza honen sentidoak, presentatu dute akusazioa. Balantza eta ezpatazko justiziak juzkatzen du poeta. Akusazioa, hitz egin izana da. Poetak hitz egin du. Hau da, poetak, alde guztietatik ezpataz jositako mundu honetan, hitzaren ezpata fina jaso du. Poetak, akusazioak dioenez, biolentziaren alde hitz egin omen du. "Apología del terrorismo" edo antzeko zerbait beraz. Hori da poemaren lehen mailako sentidoa, hots, poemaren aitzakia. Situazio fiktizio baina korrientea, esplikazioa biolentzia unibertsalaren markoen barruan aurkitzen duena.

Zein da poeta hori, biolentziaren defentsa egiteagatik akusatua, baina mozkorrari bidean eror ez dadin oinpean lauxak ipintzen dizkiona, aingeru goardako baten modura; ihiaren azalean lazdurarik ezin ikusi duena, tristatu gabe; ametsen lautadan harri koskorrik ezin jasan duena, herri pobrearen poeta? Zein da, gorbata bila dabilen bankuko jaun, Night Clubeko neska, apez eta filosofo zalantzati, jendez betetako autobus artean hitz egitera ausartu den poeta?

Egiazko desarroiloa, bigarren sentido batetara iristean, lortzen du, Zabaletaren poemak. Hots, biolentziaren arazoak, esanahi superfizialetatik barnagora ausartzen garenean. Poema honetako biolentzia ez da periodikoetako biolentzia. Izan ere, beti biolentziaz mintzo gara. Eta zenbat gehiago biolentziaz mintzatu, sentido gutxiago dauka biolentzia hitzak. Ekintza modu konkretu eta bereziki drastiko, ezohitu batzuetarako esklusiban uzten dugu. Poetaren drama, aldiz, bizitzan dagoen biolentziaren erdian ibiltzea da, ezpata artean bezala. Poetak, begiak ireki, ikusi kalean etxetzar horiek, eta biolentzia somatzen du. Ez biolentzia ekozida bakarrik: harginaren mailu hotsak entzuten ditu, Harkaitzari ebaki dioten harriaren haragi unatuaren dardara sentitzen du. Mitraileten eta porrazoen biolentzia fisikoa ez baita biolentzia bakarra, agian ezta okerrena eta mingarriena ere, desegileena eta umilgarriena behintzat, baina bestea, poetak, biluzik eta bakarrik, ezpata bat soil eskuetan, liburuaren azalak erakusten duen bezala, jasaten duen biolentzia unibertsala, kosmikoa, gizakumea antzutzen duena. Esistentzian sartzea, biolentziazko kosmo baten erdian desarmaturik erortzen da, hitza beste ezpata gabe. Eta gizonak, beste ezpata haik hauts daitezen artean, bere ezpata zorroztu beste erremediorik ez dauka, biziko bada.

Ezpata. Hitz klabea. Ezpata Nafarroan, Erresuma zaharrean. Poeta hau, leize zulo beltzetik eraso dion erensugeari buru egiten dion San Migel Aralarkoa da, baina ezpataz. Gerra Saindura irten diren Armadako apez, jeneral eta mila inozoen ezpatak eta gurutzeak. Justizia irudikatzen duen amandre marmorezkoaren ezpata. Poetaren ezpata, Hitza, —"espadas como labios", hots, "labios como espadas".

Poemak ez du Euskadi gehiago kantatzen mundu honetako edozein zoko bazter baino gehiago, Euskal Herriari eta bertoko egoerari mila modutako erreferentziak egin arren poema guztian. Gure patua ez da batere orijinala. Mundura sortu zen poeta sentsible baten kondena kantatzen du, edozertan biolentzia ikusi eta gero, biolentzia, kondenatu adina, kantatu egin zuelako, bizitza eta libertatea ezpataz aritzea baita, sua eta ura, esku beraren txikizioa eta kreazioa, noizpait, nonbait, maitasunez eta "justiziaren jainkosarik ez den legean" bizitzea oraindik amets egiten dutenentzat. Justiziaren, urbanitatearen, guruztari sainduen, ezpata guztien kontra, poetak bertsoaren ezpata altxatzen du.

Drama estatiko bat bost ekitalditan

"Bertsoaren ezpata" poemak bost ekitaldi bai, baina ekintzarik ez du: desarroilorik, desenlazerik. Kondenarekin bukatzen da, baina hasi ere kondenarekin hasi dugu hauzia: poeta hori tribunaletan aurkitzea baino kondenazio egoera gehiagorik ez baita kabitzen.

Pertsonaiak ere, lehen planokoak, estatikoak dira, erretorikoak, ez dute bizirik (poesia guztia deklamatorioa da, tragedia greko batetara itzularazten bait gaitu poema-dramako giro guztiak). Epailea, hauzitegiko idazkaria, korua eta koruko bakarlaria, mesfidatia, basamortuko oihartzuna (izpiritua, eskarmentu historikoa, edo holako zerbait) eta agintaria dituzu pertsonaia horiek. Maskara batzuk. Egiazko pertsonaiak bigarren planoan mogitzen dira: ezpata, balantza, justiziaren ezpata/bertsoaren ezpata, ezpata hautsia/bertso hautsia, isiltasuna eta bertsoa, etab. Eta horien mogimendua da poemaren mogimendua, ekintza guztia, adjetibo gutxi batzuen mogimendu minimoa, edo errepika komun batzuena: zilarrezko balantza, azkenerako urrezkoa bilakatu dena, etab.

Pertsonaien artean erlaziorik, zentzu hertsian, ez dago. Bakoitza bere paperean geratzen da, irten ezinda, bestearengana ailegatu ezinda. Eskenategi kafkaesko bat imajinatzen dugu, hutsa, inolako dekoraziorik gabekoa, bakoitzak bere roiloa deklamatzen du eta haren pantomima paralizatu egiten da hurrengo txandara arte, fantasma batzuen kabinet batetan bageunde bezala. Nafarroako edozein elizatan ikus daitekeen erretaula horietaKo bat landu digu Zabaletak, egurrean hain zuzen: jesto geratuen inmobilitate bizi, larri, kasik ridikulo absurdua.

Ezerekin bada, Zulaikaren Adanekin erlazionatzen dela, iruditu zait, gaurko euskal poesiaren barruan, Iñaki Zabaletaren poeta: haren poeman ez bezala, Zabaletarenean, isuria, tentsioa, dardara, larria, drama, espresioan alegia, irudien desfilea, basikoak izan arren.

Biolentziatik bizitzaren sentido batetara

Biolentzia gure arnasa, egunoroko ogia, Aita Gurea eta goizoroko periodikoa bihurtu zaigu Euskadin. Bizitza, Euskadin, biolentzia arteko lorea da. Euskadin bakarrik? Agian bidezkoa zen, behintzat, inon baino errazago Euskadin iristea bizitzaren konprentsio horretara.

Absurdua da, noski. Eta hemengoa biolentzia absurduena. Poetak maitasunezko eta batasunezko erreinu batetan bizi nahi luke, Iñaki Zabaletaren poema, arrazoizkotasun bilaketa bat da, hemengo egoera absurdua sistema batetan, osotasun batetan, konprenitzeko lehen entseiu poetiko bat. Biolentzia ez da Euskadiko esklusibarik, ez eta kanpoan geratzen zaigun gauzarik ere, arimaraino sartu gabe.

Biolentzia ez da purgatorio bat, gero parabisura iristeko; Izatearen dohain bat da. Poetak beti goiztiriz hitzegiten dio gizonari. Poetak —hots, profetak— egunsenti bat eman nahi lioke gizonari. Baina poeta honek nahitaez kondenaturik bukatu beharko du. Bere mezua kaioari kantatu beharko dio: "Poetak, azkenik, ez du gizonik".

Oraingo poetak orain egin nahi lukeena, atzoko poetek egin nahi izan zuten atzo: basamortuko oihartzuna bilakatu dira, mundu kiskali batetan geratu den memoria.

Abenduko gau hilargi gabetan

oinaze lasterkariaren errezelaz

estaltzen du desertua

bertan bizirik

diraun hegalari bakarrak:

oihartzunak.

Historia betetzen duten esperantzen, edertasunen, utopien, hondar zahar artera erortzea, izango da poetaren bidea. Baina basamortuko oihartzuna eta hitzaren ezpata utziko dizkio gizonari, bere betiko kalbarioan lagungarri. "Nor da nekaturik doan gizona?... Berbera ikusi dut mendetan zehar, berbera espero dut ikustea etzidamu".

Fusilaren puntan krabelin bat, komeria hutsa da, karnabalito llabur, krabelinek bakea gutxienez fusilek heriotza bezain efektiboki disparatzen ez dakiten artean. Eta holako komeriaz, teatroz eta ideologiaz, aski da. Onar dezagun, biolentzia, ez positibo eta ez negatibo dela: esistentziaren oinarri-oinarrizko forma da eta kito. Azken gabe, mendeen muga lanbrotsuetaraino, justiziaren ezpata sorren kontra, hira dardaratsuzko bertsoaren ezpata biziz borrokan jarraitzea, geratzen zaio poetari, etsi-etsian, guztiz etsi eta amore eman gabe. Esperantza ilun bat.

Joxe Azurmendi


Liburu berriak

Poesía aldizkaria

Editora Nacional - Ministerio de Cultura.

Madrid.

Hemen dugu, Poesia aldizkariaren laugarren alea. Ba dakit sinesgaitza dela baina esan beharra dago, Ministerio de Culturak egiten dituen gauza guztien artean hau bakarrik dela ona egiaz, oso ona.

Ale honetan, Leopoldo Panerok egindako artikulu eta aukera dugu, "Ultima Poesía no Española". Izen horren atzetik datorkiguna, poesia espainola da beraz, poeta gazteek egindakoa.

Vladimir Nabokov-en 18 olerki eta xakeko 18 problema. Gero Maria Zambranoren "La Aurora de la Palabra" obraren hiru zati. Baina interesgarriena eta luzeena, 58 horrialde, Frank O'HARA olerkariari buruzkoa da. Poeta honek, guztiz ezezaguna gure ingurunean, ba du bere axola amerikatarren kulturarentzako.

Ardura hori dela eta adierazi beharra dago zerbait berari buruz.

New York-eko eskola

Hiri erraldoi horretan, 50. urtean inguru, talde poetiko bat sortu zen. Hemen partaideen batzu: Kennet Koch, James Schuyler, John Ashbery eta Frank O'hara. Talde hau, aldizkari baten ingurura batu zen: Art News. Aldizkari hori ez zen literarioa, arte plastikozkoa baizik, nondik eta poeta horiek, eragipen handia jasan zuten pintoreen eta artisten ekintzaz.

New York-en, 1950aren inguruan, iraultza artistikoa jazo zen, munduko zentru intelektuala hara abiatzen eta mundu guztira bere eragipena hedatzen.

Jackson Pollock, Franz Kline, Robert Bidner, Larry Rivers, De Kooning, Alex Katz, R. Buckhartdt, Jasper Jonhs eta beste hainbeste pintorek Parisetik, New York-era aldatu zuten aintzingoardiaren zentrua. Arte modernoaren Klasikoak bihurturik une horretan dominatzen zuen artea pintura zen, eta James Schuyler-ek esan zuen bezala, "Artelari batek ere ezin du bere ingurunean dominatzen duen artearen eragipena ukatu". Honela da eta poeta horik, O'hara ere, oso loturik zeuden zirkingune piktorikoarekin. O'hara konkretuki, arte modernoko museoaren konserbatzailea Izan zen. Beste aldetik ere, Alberti Girrik dioskun bezala, Harold Rosenberg pinturarako kritikalariaren artikuluren batek eduki zezakeen poetentzat, pintoreentzat baino eragipen handiagoa. Esan nahi dudana hau da: "Gai mailan, prozeduraren mailan, xede eta gurari mailan gertatzen ari den deuseztapena, arte plastikoak izan litezke poesiarentzako iturri berri bat, non edan baitzitzakeen ixurkai berriak ere. Arte plastikoak honela poesiari irakats liezaiokete ikerketa berri bat, esperimentaketa berri bat". (Alberto Girri) Beste aldetik ere talde horren olerkariek orok tentaketa plastikoak egin dituzte, pinturaz. O'harak ordea, eskultura saiatzen du, eskultura asiriarraren erakusketa batek hunkitua.

Literatura mailan, olerkari horien poesiarik maitatuena, frantsesa zen eta gure garaikidea hots: Breton, Pierre Reverdy, Max Jacob, Apollinaire, eta bereziki O'hara-rengan, Maiakowsky.

Frank O'hara. Bizitza eta poesia

1925.ean jaioa zaigu Baltimoren. 18 urterekin, harmadara aurkeztu zen eta guda amaitzerakoan, Harvard-en graduatu zen. Hortik aurrera bere bizia beti izango zen artearekin batua: Art News aldizkarian hasten da idazten eta New York-eko arte modernoko museoan ere hasten lanean.

Kewin Power honela mintzatzen zaigu O'harari buruz:"Bere lagun zirkulua, "Espresionista Abstraktaren" bigarren belaunaldiko pintore askoz konposatua zegoen. Bere olerkiak, haien biziaren gauza txiki eta ardura-gabekoz beterik daude. Haien une onak eta amodiozkoak, haien barre eta abar... O'harak, Pollok-ek Kline eta De Kooning-ek, denok zer berdina dute: haien eguneroko bizia zer bortxazko eta izugarri bat bilakatzeko ahalmen mitologiko bat, oro hondatu bere presentziaz eta oldarrez. Bere poemak, abiadura iraunkorraren impresioaz beteak daude, energia erakusteko behar batez beterik...

O'harak artea pentsatzen du, edozertaz ari izatea prozesu bat bezala onhartzen eta konprenitzen. Bere estetika, Espresionista abstraktuen berbera da: nahimen edo gurari bat, bultzada bat, poema edo ehuna tratatzen espazio bat bezala, espazio hutza, beterik izan behar dela, artelariaren ekintzaz. Esperientzia ari denean prozesu berberaz beteko du ehuna, horrialdea...

O'harak, Pollokek deitzen zuen "sekreturik gabeko argitasun izpirituala", bilatzen omen zuen".

***

Al-mu'tamid poesia

Antini Bosch, argitaldaria.

Barcelona.

Olerki hauen egilea, 1069'ean, Sevillako "Taifas"-eko erresumaren erregea egin zen. Bere hltzaurre luzean, liburutxoak adierazten duen bezala, nahiz eta gerla bukagaitzak artean desarroilatu bere erresuma, Al-Mutamid-en gortea, parerik gabekoa zen Al-Andalus-en eta Europan.

Ainitz poeta eta artelariz beterik gortearen bizitza poesietara, arteetara dedikatua zegoen.

Al-Mutamid bera, poetarik handienetariko bat zen, sentikortasunaz beterik eta poesia sortaldekoak beti izan duen findatez betea.

Poema gehienak amodiozkoak dira, bizi erraz eta luxuz betearentzako hospea eskaintzen Ba daude ere, bere erresumaren ardurak eta gorabeherak, eta zein izango litzatekeen soluzionatzeko era hoberena.

Al-Andalus zer aberats eta kultoa izan zen ikus dazakegu, lerro hauetan, Verlain-ek egindako bertso horien kopia balitz bezala: "Câlme, luxe et voluté".

Hona hemen olerkari fin honen olerki pare bat:

"El alba arrancó la ropa de la oscuridad como Maha arrancó mis penas con la mano.

Brindemos por ella con el vino de su saliva, color de mejillas tristonas."

***

Umberto eco

Obra abierta

Ariel Quincenal. Barcelona

Arte modernoaren hurbilketa hau, ikuspegi desberdin batzuetatik egina dago Artea, bere gaur egungo manifestapenetan, informazioaren teoria aldetik agertzen zaigu jorratua, gehienetan. Lengoaiaren analisis ere erabiltzen du. Eco-k, pintura informalista, musika konkretua, poesia modernoa eta hainbat arte mota adierazteko bere ikuspegi berezietatik.

Artearen obra, eremu zabal eta esangura batzukor bat bezala adierazten digu liburu hauen egileak. Obra, ez da hainbeste, egilearen ekintzaz emana duguna, ikusleak onhartzen duena baizik. Hortik eta izena: "obra abierta". Ecok hitzaurrean dioskun bezala, liburua ez da unitaterik duen gauza bat eta artikulu desberdin eta xeheak ditu. Luciano Berio musikalana "Omaggio a Joice" obra egiten zebilela eta Ecori proposatu zioten horretaz zerbait, idaztea. Geroago poesia modernoari buruzko artikulu bat sortu zitzaion eta honela liburua hornitzen ari zen.

Eco, komunikabideetan espezialista bat da eta bere formazio berezi hori erakusten digu textuan. Oso axolagarria da bere ikerketa hau, zeren eta ez baitira arruntki, artea eta bere problemak komunikabideen ikuspegitik begiratzen.

Beste aldetik ere, eta garrantzi hori erakusteko, esango dugu, guk, hainbat aldiz ikusi dugula aipatua, estetikari buruzko idazlanetan, dedukzio berri eta izugarriak sortzen baititu.

***

La teoría de las artes en Italia

Anthony Blunt

Ensayos arte. catedra. Madrid.

Blunt-ek obra honetan, ematen dizkigu, Errenaisantza eta Manierismo Italiarren interpretazioa eta aurkezpena.

Migel Angel, Leonardo de Vinci, Bruneleschiren obrak eta garai horretako teoria artistikoak agertzen zaizkigu.

Arte mailan izandako garairik emankorrena adierazten digu ikuspegi konkret batetik: artearen teoria, bere praktika, eta ideologia mailan zer eta zertzu ziren agintariak. Adibidez ikusten dugu zer apurketa, zer etendura dagoen Erdi Aroko artearekin eta kontzeptuekin, baina ikusiko dugu ere, nola elizak jarraitzen da agintari hainbat mailatan eta sortzen ari den kultura humanistak nola eragiten dion pintura eta eskultura berriari.

Bluntek beste aldeak ere tratatzen ditu; adibidez, artelariaren egoera eta artean zer liberala bezala.

Garrantzitsua ere dira denbora mugak: 1450etik 1600-era arte bakarrik ikertzen ditu arte arazoak. Lehenengo fetxa hori justifikatzen da, arteari buruzko tratadu errenazentistak orduan hasten direlako, 1600 urtean Pintura barrokoa edo bere aitzindariak sasoi horretan agertzen.

Ez da liburu definitibo bat baina Errenaisantza Italiarra konprenitzeko, oinarrizkoren bat.

Jon Sendagorta


"Donostia Hiria" ipuin lehiaketa

Euskara literatur mailan indartzearren eta euskaldun idazle berriak sor daitezen, Donostiako C.A.T.k, Aurrezki Kutxa Munizipalaren laguntzaz, "DONOSTIA HIRIA" ipuin lehiaketa antolatzen du.

Arauak

lª. Aipatzen den epearen barne bidaliak izanen diren idazlan guztiek har dezakete parte.

2ª. Ipuinak euskaraz idatziak izanen dira, gaia libre dutelarik. Partaide bakoitzak nahi dituen idazlan haina bidali dezake. Ipuin bakoitzak bere izenpurua edukiko du eta lema ere erabil daiteke.

3ª. Obrek 12 orrialde bi lerrotan eta alde bakarretik idatzirik gehienez izan ahal ditzakete. Lau kopia, inolako egilearen ezagubiderik gabe, eta, sobre hitxi batetan, ipuinaren izenpurua, nahiz lema, egilearen izen et deiturak, helbidea eta herria idatziko dira.

4ª. Idazlanak bidaltzeko epea 1979ko abenduak 10 ean hitxiko da. Eskutan emanda nahiz postaz bidaliak izanen dira lanak, honako helbide honetara.

"DONOSTIA HIRIA" IPUIN LEHIAKETA

C.A.T.

Reina Regente, z/g -DONOSTIA-

5ª. Honako sariok eratzen dira:

Lehen Saria: 100.000 pta. eta Urrezko Medaila

Bigarren Saria: 30.000 pta. eta Zilarrezko Medaila

Hirugarren Saria: 20.000 pta. eta Zilarrezko Medaila

6ª. Lehiaketa hau, 1.980ko Urtarrilaren 18 an, hots, Donostiako jaien barne, Notari aurrean epaituko da eta informabiden bitartez jakin eraziko da.

7ª. Saritutako ipuinen jabetza C.A.T.k gordetzen du. Erakunde honek, hala nahi izanez geroz, haren ustez literatur balioek dauzkaten idazlanak argitara ditzake; horretarako hain zuzen, idazleen adostasuna aurresuposatzen da, besterik ez badiote plikan bertan.

8ª. Sarituak gertatzen ez diren lanak —"Antologia" delakoan parte hartuko dutenak ezik— behin epaia ezagutuz hogeita hamar egunen buruan jaso ahal izanen dira. Epe hau betez geroz, idazleak bere obrekiko ez du eskubiderik izanen.

9ª. Sariak desertu izan daitezke

10ª. Bere garaian epaia nork osatzen duen jakin eraziko da.

Donostian, 1979ko Urrian


Gaiak. Artea

Paris-Moscu erakusketa. Errusiako iraultza eta aintzingoardia artistikoa

Azkeneko denboran, ene baitaraino helduak ditut, hainbat aldizkari eta egunkaritan, Parisen, Pompidou zentruan, dagoen erakusketari buruzko berriak. Honela, Deian, Zeruko Argian eta Ere aldizkarian, agertu zaizkigu erakusketa horretaz mintzatzen zaizkigun artikuluak. Erakusketan ikus genezakeen, errusiar artelari askoren obra, arte modernoak dion zor handia obra axolagarri bat.

Jakina den bezala, Tatlin, Malevitch, Rodtchenco, El Lissitsky, Larionov pintoreek edo plastik artelariek, Maiakovsky idazlearekin eta beste batzuek —Gorki adibidez—, ez zuten bakarrik aintzingoardia izugarrizko bat garatu, baina, eta hori da jarraitzeko ereduren bat, aintzingoardiazko obra horik iraultzaren bihotzetik sortu ziren, iraultzarekin loturik eta obra teoriko garrantzitsu baten konpainian. Artelari horiek eman ziguten historian zehar dagoen arte-herri loturarik handienaren exenplua.

Horregatik eta zer jazo zen geroago ezagutzen dugunez, nahi nuke nik adierazi zer harreman moetaz izan ziren loturik politikariak eta artistak Sovietar Errusiaren barruan. Alde hau axolagarria izan arren, barik iruditu zai ukitu izaizkidalate dalako beste artikulutan, 1917.eko iraultza funtsezko aldaketen seinalea izan zen artearen alorrean ere. Bertako aintzingoardiak, bere obra gizarteari ezaguterazteko eta artearen hazia ereiteko sasoia iritsia zela ikusi zuen.

III Internazionalaren monumentua eraikitzen ari zelarik, hauxe idatzi zuen Tatlin-ek: "Gure 1914.eko arteak iragarri egin zituen 1917.eko gertaera politikoak. Materia, bolumena, eraikuntza haren oinarritzat jarri genituenean". Malevitch bera ere hurbil zebilen honelakoak esatean: "Kubismoa eta futurismoa, mugimendu iraultzaileak izan ziren arte mailan, ekonomia eta politika egoera aurreratuz".

Eisenstein, bere aldetik, harmada gorrian sartzen da urte haietan "Agitprop"-en ea intelligentsia boltxebikeekin lan egin zezakeen galdetu ziotenean "egin dezake eta egin beharra dauka" erantzun zuen. Eta Maiakovsky-k, "iraultza neurea zen" erantzun zion itaun berari.

Aintzingoardiako artistak, beraz, berehala sentitu ziren iraultzaz identifikaturik, baina problemak ere berehala sortu ziren, artea eta iraultza bat egin behar zituztela ikusi baitzuten.

Marcelin Pleinet-ek esaten duen bezala, 1917. eta 1920.arteko intelektualek, artistek ahalegin handia pairatu zuten, beren artea edo ahalmena iraultzaren zerbitzuan jartzeko.

Baina —jarraitzen du Pleinet-ek—, zerik ikusgarriena, politika maila eta ideiologia maila artean zegoen nahaspila da, Hauxe ikusten zen, Agit-Prop-ek lortu zuen garrantzia eta handiera begiratzen. Artistarik gehienek medio horretaz egiten zuten lan "Sovietentzat". Eta Soviet-ek axola handiz eman omen zieten artistei; hola konpreni zitekeen iraultzaren lehen urteburuan, nola Altmanek eta Boguslavskaiak antzeztu zuten "Neguko jauregiaren" konkistaldia. Kontuan eduki behar ditugu garai horretako baldintzak eta zer arazo zuten iraultzaileek, ondo konprenitzeko zer suposatu zuen halako antzerki erraldoiak.

Artistentzat ordea, egoera iraunkor hori agerkunde bat zen. Artistak eta intelektualak, beren buruak halako posibilitateekin ikusiz, aktibitate grinatsu batera abiatu ziren. Gogoberoaldia, ilusioak, etab, baina nahaspila ideiologikoz estaliak.

Lenin-ek, Lunatcharsky hezkuntzarako komisaria zenaren aurka, jo zuen Proletkult lehen kongresuan. Motiboa. Antza, artistek, ilusio eta aktibitate gaindizko bat eraman zutelako, aintzingoardia artistikoa eta teorikoa sorterazten, baina agian, konturatu gabe, errusiar egoeran premia, herriak jasaten zuen errealitate gordina zela, % 66 analfabetoak izan.

Era berdinez honela idatzi zion Lunatcharskyri: "¿ez zara lotsatzen baiezko botua ematen, Maiakoskyren liburu baten ehun mila ale argitaratzeko? Ene ustez, halako liburuaren mila eta bostehun baino gehiagoko argitaraldia ez da egin behar, museo eta exzentrikoentzat".

Lunatcharsky, honela muga biren artean aurkitu zen: artisten xedeak eta politikarien aginteak.

Hona hemen borroken hasiera: Maiakovsky, artisten izpiritu aurreratzailearen ordezkari bezala: "artearentzako mausoleorik ez dugu behar. Giza izpirituaren, fabrika bizia, kaleetan, lantegietan, eta langileen etxeetan baizik". Deklarapen hauk, gaizki ikusiak izan ziren eta arduradun politikoek debekaturik.

Trotskyk berak, futurismoari buruko testu batean honela idatzi zuen: "Futurismoak, bere bigarren etapan, berari eskainita, bere giza sormenaren jita eraman zuen; hots: burjes bohemioarena. Nahiz eta futurismoa aintzingoardia izan literatur mailan, igaroa den denboraren ondore bat baino gehiago ez da. Chuyak kamaradak esan duena, futurismoak literatura askatu duela eta lehengoko denborarekin lotzen zituen sokak deuseztatu dituela, lehengo loturak txarto ezagutzea da. Futuristek egindako deia, tradizioarekin etendura izan behar dugula, Puchkin utzi beharra dagoela, etab, bakarrik da baliagarria, lehenengo "intelligentsiarekin" ados zeudenentzat. Baina ez du zentzurik proletarieentzat.

Langileek denbora igaroarekin apurtzeko ez dute beharrik, zeren eta lehengo tradizio literarioarekin ezbaitira lotuak aurkitzen. Langileek lehengo tradizio artistikoa ezagutzen ez baitute. "Lenin bere aldez Trotsky bezain argia da: "Hainbat intelektualek, burjeseriatik sortuta, hori dugu lehenengo errua. Askok pentsatzen du langileentzat eta nekazarientzat egindako zentru eta instituzio berriak, bere kapritxoentzat direla. Eta haien manierismoak inposatu dituzte nortzurentzat diren behatu gabe".

Hemen dugu kontraesana: artearen diziplina guztiak prestatuak egon daitezke aurrerapen handia egiteko, jauzia egiteko, baina baita ere gerta daiteke gizartearentzat deus ere ez dezatela balio. Hori da tirabira. Honela dugu, mende honen lehenengo hogei urtetako pintura, Errusian, hain aurrerakoira izan arren, hasieran ez zen sortu gauza edo aktibitate espezifiko bat izateko, beste ekintzen laguntzailea izateko baizik. Hau dela eta, Donal Dew-ek idazten duen bezala, "Lenin agintaria izan zen artean URSS-en, artisten aktibitatea, alderdi komunistak kontrolatua egon beharra zen. Portaera indibidualistak edo 'artea, arteagatik' teoriak, heresia deuseztagarri bezala tratatzen ziren. Gauza guziak bezala, eta gero eta gehiago, artea oso kontrolatua gelditu zen. Alderdiak planifikatzen zituen artearen papera, ekintzak, manifestapenak eta artearekin ikusirik zeukan gauza oro. Planifikapen horren ondorea erraza pentsatzea den bezala, gizabakarraren adierazpideak desagertzea eta orain Errealismo Sozialista agertzea zen, Estatuaren arte ofizial bezala".

Honela izan zen artista izugarri horien aldegitea, —Kandinsky, Pevsner, Gabo, etab!— edota ikerketa plastikoak abandonatzea. Bentura laburra, nahi ba dugu, baina oso emankorra. Propagandarako eta ideiologia ofiziala zabaltzeko baliagarrienak ziren teknika plastikoak eta artistikoak jarraitu ziren beren bide aurreratzailean: zinemagintza, Eisenstein, Vertov, 1935.ean zoritxarrean jausi arte, eta kartelgintza: Vladimir eta Gueorgui Stember bezala.

¿Zer jazo zitzaien artista horiei 1930.etik aurrera?, galdetzen zaio Lew Nussberg-i —atxilotuta dagoen errusiar eskultore—. Fisikoki bizirik jarraitu ziren baina izpiritua guztiz neutralizatuta. Batzuk, txalo egin omen zioten Stalin-i.

Jon Sendagorta


Sukalderako saltsak

Itsaski-Nahaski (Itsaski-coctela)

 Jateko hau egitea nahiko erraza eta merkea da, nahiz eta horrela iruditu ez.

 Sei pertsonentzat ondokoak beharko dituzu:

 Limoi erdi bat laranja bat, tomate katchup pote erdi bat, ziapea, bi goilarakada cognac, uhaza (1) bat, 300 gr. ezkira (2), 18 txirla, 18 muskuilu (3), kilo erdi bat itsasapoa (4), bi arraultze, gatza, biper hautsa, perrexil pixkat eta maionesa (hiru arraultze, olioa, ozpina)

Eltze edo lapiko batera, ura, gatza eta limoi erdia botatzen da, bertan ezkirak eta itsasapoa jarriz. Ipin eltzea sutan eta ura irakin bezain laster erretira ezazu sutatik.

Hoztu denean azalak kentzen zaizkie.

Garbi itzazu ur hotzez muskuiluak eta txirlak Hauek beste eltze batean ipintzen dira baina urik gabe. Urlurrinetan egosiko dira eta. Honetarako beharrezkoa duzu lapikoari estalkia (5) jarri. Irekitzen direnean sutatik atera itzazu.

Uhaza garbituta, zati ezazu nahiko txiki, zerbitzatuko duzun tresnean ipiniz.

Egos itzazu bi arraultze.

Egin ezazu maionesa. Hona hemen egiteko modu erraz bat:

Ipin gorringoak katilu batetan. Gehi ezaiezu ziape koilarakada handi bat, gatza, biperhautsa eta ozpin tanta batzu. Gero, olioa botako diozu pixkanaka gogor eraginez. Honela eginez gero ez zaizu galduko maionesa. Azkenean, olio zapore gogorra kentzeko ur irakina (goilarakada handi bat) botako diozu, berriro bizkor eraginez. Kasu egin! Ur irakina, ez irakindako urik!

Maionesa honi, tomate katchup, laranja ura eta cognaca botako diozu. Zuzen ezazu gatza. Azkenean, arrain zatitua eta itsaskiak uhazakin nahasiko dituzu, saltsa, gainetik botatuz. Hau guztionen gainean bi arraultze egosiekin apainduko duzu.

On Egin.

1) Lechuga, laitue.

2) CREVETTES, GAMBAS

3) MEJILLONES, MOULES

4) BAUDROI, RAPE

5) Tapadera, convercle


Gaiak. Gramatika

Zenbait menpeko esaldiren joskera

Unibertsitateko mintegietan ikasle eta irakasle askoren euskarazko lanak ikusteko eta zuzentzeko aukera eduki dudalarik, behin eta berriro agertu zait menpeko esaldi batzuren joskeraren problema. Zenbat aldiz ez ote ditudan joskera-problema berberak zuzendu! eta noski, ekinez, azkenean ikasi egiten da.

Euskal idazleak formatzeko, zuzentzaile onak behar ditugu. Artikulua idatzi ondoren, horrelako zuzentzaile batengana joatea komeni da, estilozko hutsuneak zuzentzera. Baina idazleak ikusi egin behar ditu bere akatsak, eta azaldu egin behar zaio akats horien iturburua eta horik gainditzeko bidea. Horrela, idazleak hobetu eta zehatzagotu egiten du bere idazmodua. Hitz batez, ongi idazten ikasten du.

Nik neuk, niri dagokidanez, oso pozik gogoratzen ditut, hainbat urtetan zehar Imanol Berriatuarekin eginiko zuzenketak. Artikulua idatzi ondoren, berarengana joaten nintzen, eta ni aurrean nengoela, zuzendu egiten zidan lana, zuzenketa bakoitzaren zergatikoa azalduz. Zinez aitortzen dut, zuzentze-saio horietan ikasi dudala euskara gehien. Ba, hari horretatik esan behar dut, orain oso zuzenketa gutxi susmatzen dudala lanetan, eta hori oso kaltegarri gerta daitekeela euskararen batasunerako. Azken urte honelako artikulu eta liburuak ikusiz, arduragabezia nabaritzen da joskera eta ortografiazko puntuetan. Eta arazo horrek oso kezkaturik nauka.

Horrela, ba, artikulu honetan arau sinple, labur eta errazak nahi ditut, idazketaren zuzenketarako lagungarri gerta daitezen asmoz. Norberaren autozuzenketarako izan daitezen nahi nuke, zeren eta, ene ustez, ongi idazten ikastea horixe baita, norberaren idatziak zuzentzen ikastea, hots, autozuzentzen jakitea.

Erdara/euskara interferentzia

Sarritan, arazoaren sorrera, erdararekin dugun interferentzia izaten da, S. Altubek aspaldi adierazi zuen bezala. Bai! Euskaldunok gutxiegi arduratzen gara egiturazko erdarakadetaz, hau da, barnesakoneko erdarakadetaz; eta ostera, gehiegi, itxurazko erdarakadetaz, hitzenetaz halegia.

Menpeko esaldi batzuren kasuan gertatzen zaiguna, horixe da prezeski. Erdarak modu bat du menpeko esaldiak egiteko eta euskarak, bestelakoa. Erdararen interferentzia, eta presioa neurriz kanpokoa izatean, euskara erdal eredura eramateko Indarra egiten ari da. Prozesu honi aurka egiten ez bazaio, euskara erdaldundu egingo da bere barnean, erdarakadatu.

Azalpena pixka bat konkretatzeko, bi eratako esaldiak aztertuko ditugu: baldintzazkoak eta ezezko menpekoak.

Baldintzazkoak

Dakigunez, erdaraz, esaldi hauen hasieran si hitza jartzen da, baldintza datorrela abisatuz edo. Euskaraz ordea, ez da zertan abisatu behar —zenbait kasutan baldin delakoa erabiltzen da horretarako, baina ez da beharrezkoa—, eta ba- aditz-aurrizkia esaldiaren azkenean jarri ohi da. Honela hain zuzen ere:

Sasoiz egingo balu, ongi aterako litzateke Jonek astakeria hori esan bazuen, beste erremediorik ez zuelako izan zen.

Hala ere, erdararen interferentziagatik eta erdaraz euskaraz baino hobeki alfabetaturik gaudenez, batek baino gehiagok honela idazten du.

egin du ez du egin

egin duenez, egin ez duenez,

egin duelako egin ez duelako

egin duenean, egin ez duenean,

egin duelarik, egin ez duelarik,

egin badu, egin ez bada,

egin duela ez duela egin

Horretaz gainera, ezezko menpekoetan aditza esaldiaren atzeko partean jartzen komeni dela dirudi.

Azken oharrak

Dirudienez, "Erderismos" liburuak euskara mintzatua hartzen du oinarritzat, nagusiki. Egia esan, euskara idatziak bestelako problemak ere ba ditu. Bestalde, gaur eguneko kultur munduan esaldi luzeak era erabiltzen dira eta kasu hauetan tratamendu berezia eman behar izaten zaio textuari. Baina esaldien luze-laburtasunari buruz hurrengo batetan arituko gara.

Artikulu honetako aranak zerbait erlatibo dira. Horik erabiltzean esaldia gehiegi gogortzen ez bada, aurrera! Baina esaldia gogorregi gertatzen bada, gozotasun eta adigarritasunaren mesedetan lasai apur daitezke.

J.R. Etxebarria

***

Bermeotik, 1979.eko Herriaren 28an.

Juan Ramón Etxebarriari

Bilbao

Adiskide:

"ANAITASUNAN" berriz ihardun zara, baduzu ba duzu gaiari buruz.

Ni ez naiz inondik inora ere ikasia, baina nire ustez ez da jakintza bereizirik behar, badugu ba dugu bereizteak ematen duen argitasunaz jabetzeko.

Sarri harritu naiz, idazle aurrerakoitzat ditudan idazle batzu beti baturik idazten ikusteaz.

Ezin dut sinetsi, beraiek ez direla konturatzen horretara idazteak ematen duen iluntasunaz eta Irakurketa nekeza eta zalantzazkoa sortzen dutela.

Konturatzen naiz, beharbada, Euskaltzaindiarekin leial izateagatik horrela idatziko dutela, zeren bestela, ulergaitza da bereizteak ematen duen abantailekin ados ez daudela pentsatzea.

Euskaltzaindikoei arazoa berriro aztertzeko eskatzen diezula ikustean zurekin guztiz ados nago. Arazoa, begien bistan dagoena da eta ikusiko dugu iluntasunaren edo argitasunaren alde irtetzen diren.

Aspergarri izan banaiz barka, baina.

Zuk jarrai aurrera.

ANTTON MENDIZABAL ZULUETA


Ardibeltza [Bineta]

MONTI


Gurutzegrama

L. Trask