ANAITASUNA

1979.EKO URRIAREN BIGARREN HAMABOSTALDIA

390. ALEA

60 pzta.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


[AZALA]

BIZI NAHI DUGU ABORTATZEKO ESKUBIDEA.

ITSASOAN URTEKARI.

NICOS POULANZAS HIL DA.


AURKIBIDEA

4. Artikuluburua

5. Diskoak Hamabostero. K. Arko.

6. Bizi nahi dugu. I. Urtasun

8. Abortatzea legearen aurrean.

12. Eztei tzingaro bat Donostian. I. Urtasun.

14. Lekeition, antzerki topaketak. Txantxan.

16. Itsasoan urpekari, fotokamera eskuan. J. Etxebarri

24. Nicaraguaz berriro. K. Santisteban.

26. Ertafrikan frantsesak eskusartzen. M. Aldana.

27. Alemtejoko lurra odoleztaturik. M. Aldana

28. Errusiar emakumea. M. A. Landa

32. Nicos Poulantzas hil da. Pello Salaburu

34. Estatu modernoaren Teorizatzaile. Ch. D.

36. Liburu berriak. J.S.

38. Donostiar Zinemaldiaren inguruan. X. Portu.

42. Aitasantu ibiltaria. P. Agirrebaltzategi.

46. Gurutzegrama. Ardibeltz.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, Andolin Eguzkitza, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, J. Llerandi, E. Martin, Joseba Sarrionandia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, J. L. Alvarez (Txillardegi), J. Mendizabal, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga, K. Santisteban, B. Atxaga, J. Idigoras.

FOTOGRAFOAK

Imanol, R. Zarrabeitia, A. Alday, Txaber

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Artikuluburua

Gogoetarako ordua

Atzean gelditu da gure historian ERREFERENDUAREN EGUNtzat ezagutuko dena. Makina bat euskaldunen gomutan, duda barik, gatazka eta gezurrezko oroitzapen baten moduan geldituko da.

Espero zenez, Estatutuaren projektua onartua izan da, alde % 53 doi bat lortuta. Euskal Herrian hain zauri sakona zabaldu duen jaioberri honentzat ez da, beraz, sinesgarritasun marjen handirik izan.

Gogoetarako ordura ailegatuta gaude, eta Euskal Herriaren geroaz sinesten baldin badugu, gure sozialismoranzko bidea itzulezinezkoa baldin bada, pausaldi bat egin behar dugu eta, prestutasun osoaz geure buruoi itaundu, ea san eskas honek merezi izan ote duen honenbeste banaketa eta enfrentamendu, Estatutu honek, benetan bake eta berreraikuntza nazionalerako prozesua zabaltzen digu ala UCD-ren gobernuaren tapakia izango da, Suarez-en erreformaren oposizioa, oposizio guztiak deuseztatzeko? Lehen sintomak nabaritzen ari dira, Erreforma onartzen ez duen ezker abertzaleko gazteen atxiloketan, gehitzen ari dira hilaren 25etik.

Nabaria ere, UCD-ren gobernuak kontzentzuaren aldekoei inposatu dien morrointza. PSOE-ko militante baten erabilketaz deituriko greba jenerala, ez da izan abstentzionistak eta, batipat, ETAren kontra eraturiko kanpaina bat baizik. Geure indar guztiez salatu behar dugun maniobra horrek, libratu egiten dizkio eskuak Madrileko gobernuari eskalada errepresibo bortitza burutzeKo, eta bestetik, zabalik uzten du bidea, hurrengo batean, "esku beltzak berriro ere, antzeko gehiago egin ditzan; gero, deuseztatu nahi dituztenen kontura pasatzeko, ezker abertzalea besterik ez direnak.

Gure indarrak zapalkuntzaren kontra mugitu beharko dira, amnistiaren alde, langabezia eta Langilearen Estatutuaren kontra. Eta, helburu hauk sistematikoki boikotatuz, beren buruak askatasun eta zuhurtasunaren txapeldun agertzen dizkiguten indar politikoek, nahasmenduzko barruti bat sortzen dute, UCD-ren gobernu erdirakoiari bakarrik ondo datorkion nahasmendua berau.


Diskoak hamabostero

"EUSKAL ROCK"aren formak sendotu eta egituraturik. Errobiren "Ametsaren bidea" Garai hontako euskal musikaren iniziatiba haundiosa.

Errobirena urrats erraldoia izan da, bere "Ametsaren bidea" laugarren LPean. Aldi hontan ahoberokeriarik gabe segurta daiteke ezen "euskal rockak", euskal mugimendu musikalaren oraingo historian talderen batek ekarri duen obrarik haundienarekin topo egin duela. Gustu eta ideiologiez landa, rocka izan daitekeen jeneroari buruz, eta beraren jatortasun zenbaitentzat dudagarriaz kanpo. Bai eta taldearen zenbait osokidek rockaz daukan kontzepziotik urrun ere, "rockari" gisa ezin identifika dakiekeela diotenean, Baina ez dut eztabaidarik ere sortuko zeintzu planteiamendu eduki behar dituen bereizkunde hauetako obra batek, rockaren definizioari fidelki erantzun ahal ukateko. Egunoroko praktikan ba dagoena harako jendea da, Errobi rockezko —hara, ez rock and rollezko!— talde eta jaien ondoan kokatzen duena, eta frogarik sendoena, nik uste, taldeak bere musikari ematen dion tratamendu formalean dago. Beste gauza bat da musika horren neurria. Iradokitzen eta mugierazten duen hatsa. Martxa, erroilua eta rock and rolla.

"Ametsaren bidea" aurrez aurre kokatzen da, Europako azken hamarkadako eskena musikalaren obra helduekin. Segurtatu eginen nuke, haren edukinaren azterketa doi batean, guzioi begiak irekierazten dizkigula, gaurgeroz "haur txikiak" ez garela ikusteko, melodien, erritmuen eta holako elixiren munduko —bai, munduko— panoraman eta, kalitatean funtsatutako gar honekin, gure merkatu musikalak kanpora begiratzen hasi behar duela.

Errobik bere musikari ematen dion aitzinamenduak Estatu espainolean bakarrik dauka parekorik, kataluniar mugimenduaren zenbait talde halakoa baita, La Compañía Eléctrica Dharma haien artean, kasu.

"Rock autoktono, autonomiko edo independentistaz, —ideiologi merkatua doakien arauera— mintzo direnak ene ustez, zedatzen duen etnian datxekion rock propioaz mintzatzearekin akort dira Errobiren kasuan, ñabardura sakon hori hizkuntzan ezezik bere obra iradokitzen duen erabateko doinuan aurkitzen dugu, obrari uste sendoa eta arta herrikoi haundia hornitzen diotela. Argi eta garbi dago.

Dihardugun disko honen hitzak ez zaizkigu euskal nortasun zehatzaz mintzo. Ez hertsapenaren nazkagarriaz. Ez kontzentzuaren estrategiaz. Ez estatutu "askatasunez". Lehendabiziko aldiz,

Errobik liberatu egiten ditu bere hitzak eta besarkatu gure Herriarena ere den beste hurbiltasun baten berotasuna. Pertsonalaren ikusgunetiko besarkada beroa. Bere hitz berriek barneko nahikaria daramate. Hau, bateratuta, jendeari idokitzen dio, heriotzeaz, Jainkoaz, samurtasun berriaz, askatasunaren zehazkabetasunaz partehar dezan haren ondoan. Eraldakuntza pertsonalaren aldaketa da, partehartze sozialaren multzoan. Bereizkunde interesgarria berau, egun herrialdean gogor gerta baitaiteke, batipat Errobik bere planteiamendu musikal ideiologikoak alda ez ditzan galdatzen segitzen dutenentzat. Nik uste dut ezen, ez aldatu ezezik beraietan segitu egiten dutela. Ikusgunea da aldatu dena. Orain berria da ezohituagatik. Mingarria, erabatekoa, sormen artistikoaren zentzu konbentzionala hausten baitute.

Musikari dagokionez, haren kantek lehen haroan (hitzei batipat zerbitzatzen zien haro hartan) zeuzkaten kanta standardaren moldeekiko inkonkrezioa nabarmena da. Egun Errobiren harrigarriena zera da, musikari ematen dion askatasun handia. "Andere" gisako gai hedatsu eta landuek ematen dute taldearen posibilitate gaitzen benetako neurria. Eta daukan esportapenerako irudi sendoa. Kanta honek, Durangaldeko herri melodietan, konkretuki "banako"an oinarrituta (hau bai sekulako ideia), sorterroetatik sormen pertsonalaren arlora garamatza. Gai bikain hontan "mediterraniar" soinua lortzen du, zenbait zalek hola esanen luke, aldez Mitxel saxo-sopranoaz baliatzen baita —lehen aldiz Errobik erabiltzen du joiki hau diskotan— kataluniar banden modu-modura. Nik neuk kenduko nukeen bateriaren bakarjoa gezurrezko, erantsizko soinua egiten baitu, Benat Amorena herrialdeko bateria-jotzailerik hoberena dela pentsatuta ere.

Molde gogor eta oso harmonizatuak nahasten zaizkio herri joikien egokitzeko eta antolatzeko ahaleginei, alboka kasu ("Alboka" gaia). Honelako taldeetan haien erabilerari garrantzizko baderitzot ere, ez dut uste hura erabiltzen igarri duenik, Errobiri nagokiolarik.

Grabaketa akats gabea da eta produkzio honen bidez, Jean Phocas gure orain-oraingo musikaren uki-harria bihurtu da, ahots eta joikiei, ezaugarri pertsonala emanez, aterarazten dizkien soinuak harmonizatzeko nagusitasun ez-arrunta daukan gizon bezala. Teknikaren hoztasunari buru-bihotzezko ezaugarria ezartzea bezalakoxea.

Iragarria zaigu ezen diskoa zenbait herrialdetan barna banatuko dela eta baldin gutienezko eragin eta gorapena lortzen badu, nik uste dut, Europako rockaren merkatu zaharkitu, nazioarteko eta alienagarrietan egun izan daitekeela irudimena eta kalitatea indarberritzen dituzten obra urrietarikoa.

Karlos Arko


Euskal Herria

Bizi nahi dugu

Ez gara umekiak. Ez gaude inoren sabelean. Emakumeak gara eta gizarte honetan gaude. Lan egiten dugu, ideiak dauzkagu eta pertsonen eran adierazten ditugu. Umekiek ez dakite hau egiten.

Horregatik, "bizitzaren defentsan" dabiltzala esaten dutenek beren ahuriak gure prentsan botatzen dituztenean, ez egin kasu handirik; umekiek bizi nahi dutela, esaten dutenean, ez dakigu nondik atera duten konklusio hori... umekiek ez baitute inoiz ezer esaten. Gainera, Jaun horiek daramaten "bizitzaren defentsa" hori oso susmagarria da. Besteen sabeletan dauden umekien berririk ez dute baina emakumeonak bai. Ba dakite GUK BIZI NAHI DUGULA, eta hil egiten gaituzte, gartzelatu egiten gaituzte, umekiak salbatzeko. "Bihar pertsonak izan daitezke".

Bai jaunok, normalena hori izaten da. Baina gu GAUR gara pertsonak eta bihar ere nahi dugu izan.

"Umekia bizirik dago. Ez gordetzea hilketa bat da."

Eta zuen espermatozoideak ere bizirik daude. Zergatik botatzen dituzue? Beti zuek hiltzaileagoak...

Lelokeriei erantzuteko, handiago bat botatzea metodo ona omen da, baina ez dugu eztabaida beren arlora eraman behar, ez gara hasiko orain umekien arimaz edo aingeruen sexuaz.

Emakumeontzat, gauza askoz ere sinpleagoa da.

Geure gorputzaren jabe geu gara

Eta barruan daukagun guztia gurea da. Min egin diezaigukeen edozein zati mozteko edo botatzeko erabakia har dezakegu eta inork ezin digu eskubide gu eskubide hau ukatu bere moralaren. izenean, morala berea delako eta gorputza berriz gure. Bakoitzak, bere morala bere gorputzari ezar diezaiola! Potroak gangrenatzen zaizkiola eta bere moralak ez dituela galdu nahi... ba gorde ditzala! Emakume batek ez duela umerik nahi baina bere moralak ume bat inposatzen diola... ekar dezala!

Abortua eskubide bat da, ez helburu bat

Ez gara abortistak. Nahiz eta kondizio onenetan egin ez digu inolako plazerrik ematen abortatzeak, eta beste edozein ebakuntzaren modura, beti arriskutsua da gorputzerako.

Erabaki hori hartzen dugunean, benetan umea nahi ez dugulako izaten da; ezingo diogulako behar duena eman edota ama izateari garrantzi handia ematen diogunez, ez dugulako desiratzen ez dugun izaki bat mundura ekarri nahi.

Emakumeak, gaur eta hemen abortatzeko bere burua arrisku bizian jartzen du, baina hala eta guztiz ere, nahiago du hori umea ekarri baino. Arrazoi astunak izango ditu dudarik gabe.

Horrela, praktikan, ume bat ez badugu ekarri nahi abortura jotzen dugu. Dirua dutenak klinika on batean, emakumearen mugimenduarekin harremanetan jartzen direnak Karman metoduaz —garaiz hartzen badute—, eta bakarrik daudenak... ba dakigu nola: perrexila, xaboia, galtzorratzak... hauk dira hiltzen diren emakumeak, jauntxoen morala ase bedi, amen. Emakume hauek ordea, bizi nahi zuten.

Beste asko hil ez daitezen, hil ez gaitezen, baldintza onenetan abortatzeko eskubidea exigitzen dugu. Gure gorputza geuk nahi dugu kontrolatu, geuk erabaki dagokion maila guztietan.

Baina geure gorputza maite badugu, zergatik egin behar diogu abortuaren moetako erasorik?

Zergatik geratzen gara umedun?

Maite, 44 urte, ezkonduta, 2 seme-alaba.

"Medikuak, antisorgailurik ezin nuela hartu esan zidan. Nire senarrari kondoiak ez zaizkio gustatzen. Nik nahiago nuke "hori" ez egin haina gizona haserretu egiten zait... Gure harremanak oso txarrak dira, horrela ezin dut beste ume bat ekarri..."

Miren, 18 urte, ezkongabea, umerik ez.

"Ez dakit nola gertatu den, beti kontu handiz ibiltzen gara mutila ta biok, ba dakizu, garaiz atzera bota..."

Mari Carmen, 19 urte, ezkonduta, alaba bat.

"Umeak asko gustatzen zaizkit, neska nahita ekarri genuen, baina orain senarra lanik gabe geldituko zait, ni ere lanik gabe nago... Antisorgailu hartzen ditut, baina hilabeteko atsedenaldi bat ari nintzen egiten ta begira...".

Mari Jose, 18 urte, ezkongabea, umerik ez.

"Mutil batekin ibiltzen naiz eta ezin dugu sarketarik egin, fimosisa oso hitxita du eta. Ba dirudi oso gertu isuri zuen edo... baina ez dut ulertzen! sartu gabe..."

Gure gorputza ez dugu ondo ezagutzen, antisorgailuak ez dakizki erabiltzen, hemen lor daitezkeenek min egiten digute eta beste batzuen berririk ez daukagu edo ezin ditugu eskuratu. Gure sexualitatea gizonaren arabera bizi dugu hori bizitzea baldin bada, sarketa inposatzen zaigu...

Abortua den tragu txarra ez badugu pasa nahi, neurriak hartu behar ditugu garaiz. Informaketa zabal bat behar dugu. Sarketa gustatzen bazaigu, antisorgailurik egokiena aukeratu beharko dugu. Zein den jakiteko, medikuari galdetzea ez da metodo onena izaten... medikuntza gure herrian nola dagoen kontutan hartzen badugu. "SELF-HELP" taldeetan dabiltzan emakumeek diotenez, gure gorputzari kalte ttikiena egiten diotenak Kondoia eta diafragma dira; espermatozoideak hiltzen dituen krema on bat batera erabiliaz eta ondo jartzen baditugu, ondorioak onak izaten dira segurtasun aldetik ere.

Dena dela, sarketak ez badigu plazer handirik ematen... ez diezaiogun inori gure gorputza sakabanatzen utzi. Harreman onak izateko, beste bide batzu ere ba dira, aurki ditzagun! Ez da hain zaila, irudimena eta maitasuna, besterik ez da behar. Ondo pentsatu eta... ez da hain erraza.

Itziar Urtasun


Euskal Herria

Abortatzea legearen aurrean. Concha de la Peña-rekin berbetan

Emakumeen "deliktu" eta hauen defentsetaz esperientzia luzea jasoa duen Bilboko abokata bategana jo genuen. Concha de la Peña. Honelako kasu asko ezagutzeko aukera izan du bere lanean, eta horretara zuzendu dugu elkarrizketa, abortatzearen lege alderdirantz.

A.: Concha, zein da, Abortuari dagokionez, espainol legeriaren historia?

C: Legeria hau "Fuero Juzgo"tik abiatzen da. Abortatzea beti egon debekaturik. Sasoien arauera, erabili den tolerantzia hestuago edo zabalagoa izan da, baina zilegitu, Catalunyako Generalitatean bakarrik egin zen II Errepublikaren garaian. Sasoi horretan Estatuko beste parteetan legala ez bazen ere, toleratu egiten zen behintzat eta abortu terapeutikoak, hau da, umaldia amaren bizitzarentzako arrisku bat denean edo umekia anormala denean, onartuak ziren.

Harez gero, azken berrogei urte famatu hauetan erabili eta, ukitu batzu salbu, gaurregun ere erabiltzen den Kodigo Penala Frankismoak 1944.ean atera zuena da. Honetan, 411. artikuluan zigor gogorrez debekatzen da hilaurtzea, bai abortatu egiten duen emakumearentzat, bai laguntza eman dionarentzat. Profesionalen kasuan, beren karreran aritzeko baimena ere ken diezaiekete.

A.: Zeintzu ohi dira abortatzera eroaten duten kausak?

C: Emakume gazte eta ezkongeen kasuetan, ume hori ez dutela nahi, hainbat problema sozial inportante ekar bailiezaiekeelako, denok ezagutzen dugu ama ezkongeen egoera. Gaur tolerantzia soziala handiagoa bada ere, ezin oraino esan osoa denik. Gero, emakume ezkonduen kasuetan, osasuna eta diru kezkak izaten dira kausa nagusiak. Hilaren 26an juzkatuko dituzten emakume horien kasuetan eta gehienetan, adin bateko emakumeak dira, jadanik seme-alaba gehiago dutenak, eta problema ekonomikoak.

Aparte lanaren arazoa ba dago, inon ez zaio lanik erraz ematen emakume haurdun bati. Absentismo laborala emango dela dakitelako. Eta emakumea maila batzutan lanaren munduan integratu egin denean, normala da seme-alaba gehiagorik nahi ez izatea, lanpostua gal dezakeelako.

A.: Eta nola dago abortatze klandestinoen arazoa?

C: Normalean, ez da ezelako garantiarik izaten. Abortugileak 9, 10, 15.000 pezeta kobratzen ditu, baina jende aprofesionala ohi da. Ba dira ere mesede pertsonal baten moduan egiten dutenak, oso kantitate ttipien truk. Gero egoera sinestezinezkoak sortzen dira askotan. Aurten ez dakigu, baina iaz Tribunal Supremoak azaldu zuenez, 300.000 hilaur egin ziren Espainol Estatuan, horik dira Tribunal horrek nolabait ezagutu dituenak eta pentsa genezake beraz, errealitatean askoz gehiago izango direla. Hauetarik 3.000 bat emakume gertatzen da hilik edo serioski afektaturik, antzu edo osaezinezko ondorio fisikoekin.

A.: Euskal Herriari buruzko datu zehatzik ba duzue?

C: Ez, ez dago deus, zenbait indizio bakarrik, azterketa ttikiak egin dira, baina nik neuk behintzat, ezer baliozkoren berririk ez dut.

A.: Argi dago bestalde, problema horik, ez zaizkiela agertzen atzerriratzeko dirurik dutenei...

C: Bai, aberatsek erraz egin dezakete, Londresko asteburuak denok ezagunak dira.

A.: Zenbat balio dezake osasun garantiez abortatzeak?

C: Berton, 60-80.000 pzta., Atzerrian, noski, ia deus ez, 10-12.000 pezetaz egin daiteke, askotan bidaia ere sartuta prezio horretan, Ingalaterrako sisteman bezala, honetaz gauza bitxi bat jazotzen da, Londresera telefonoz dei egin eta gaztelaniaz erantzuten dizute?

A.: Zein da Abortatzeko eskubidearen kontrakoek erabiltzen duten argudio nagusia?

C.: Bizitzaren defentsa. Baina, gero, lege mailan eta esanguratsu samarra da berau, berdin zigortzen dira ume bat jaiotakoan hiltzea eta abortatzea. Zigorra bera da kasu bietan, gartzelaldi ttikia, sei hilabete eta egun batetik sei urtetara. Eta denok dakigu haurrilketa bat zer den, bizirik dagoen ume bat hiltzea. Bitartean 1944,tik Jurisprudentziak behin eta berriz errepikatzen digu, emakume batek bere haurdunaldia mozten duenean, "espex hominis" bat hiltzen duela, hau da, giza esperantza bat, eta gero era berean zigortzen dute pertsona bat hiltzea eta giza esperantza hori.

Gainera, bizitzaren defentsaren argudio hori, oso ahula iruditzen zait, zeren eta umekia bideragarria izango ez dela jakiten denean ere, akats kongenitoak dituelako edo, orduan ere abortu terapeutikoa debekatua da. Ba liteke holako kasuetan zenbait medikuk praktikatzea, baina medikuoi kontzientzi arazo bat zaielako, handik jaioko dena munstro bat izango dela baitakite. Baina medikua harrapatzen badute prozesatu egingo dute duda barik.

Beste kasu bat, haurdunaldia emakumearen heriotzea sorteraz dezakeenean ere ezin aborta daiteke. Elizak beti esan du haurra edo amaren bizitza aukeratu behar denean, haurrarena hautatzeko beti, hori niretzat basatikeria bat da eta argiro erakusten digu, sakonean motiba zio erlijiosoa dagoela.

A.: Gero, umekia bizirik noiztik kontsidera daitekeen arazoa ere ba da...

C: Noski, eta ez dakigu hori. Baina, lege alderditik aparte, hemen dagoen problema nagusia moral sozialarena da. Pentsa genezakeenez, moral soziala jendeak onarturiko balore batzuk osatzen dute, baina maila laiko batean, eta sineste konkretu bat suposatu gabe, hemen kristau sinesteaz jazotzen dena, eta hau da jendeari inposatzen diotena normatiba horren bidez, zeren zalantzarik gabe, abortatu nahi ez duenak, nahiz zilegitua izan, ez du egingo noski. Eskatzen dena, horrelako kontzientzi eragozpenik ez duen jendeak, libreki egin ahal izatea da, bestela inposaketa moral bat delako.

A.: Orduan Eliza Katolikoaren jarrera...

C: Eliza katolikoak eraginik handiena duen herrietan, agertzen da hitxikeriarik gogorrena arazoaz. Eliza guztiz dibortzioaren kontrakoa izanda, pentsa liteke zelakoa izango den bere abortuarekiko janera. Duela gutti, "borondatearen errespetuaz" berba egiten zigun Diez Alegria jaunaren moduko zenbait pertsonaia ezagun eta militantzia kristau aktibodun talde batzu aparte, Elizaren jarrera bere ohizko hildo integristari darraio.

A.: Nola akusazu mementuon eskubide horren aldeko burruka?

C: Orain argitara sortzen ari den fenomeno bat da, orain behintzat berba egin daiteke, baina oso erreakzio sozial gogor bat dago kontra, emakumeak berak baitira abortuaren errealitate soziala ezagutu nahi ez dutenak. Oraintsu, Bilboko hibaiaren udal batzarretan, abortuaren mozioak aurkeztu zirenean, nik ikusi ahal izan nuen, batzarrean burua makurtuta zeuden emakumeak zirela, gero gure kontra bortizkien erasotzen zutenak, gizonezkoak baino txarragoak. Adineko eta emakume nagusiak gehienak, baina gazteak ere agertzen ziren kontra.

A.: Hala ere, ba dirudi kontzientzia handituz doala horretaz...

C: Bai, batipat, oraingo judizioko emakumeen kasuak benetan esanguratsuak direlako. Ez dira izan askatasun batean jokatu duten emakume gazte batzu, nahiz eta inguruko errealitate sozialak gaitzesten duen eskubide bat dela jakin. Ez, guztiz kondizio sozioekonomiko eta sanitari latzek abortatzera beharturik aurkitu diren emakume batzuren kasua baizik.

Europan burruka normala da aspaldian, ondorio desberdinez, jakina, eta dudarik gabe, denbora arazo bat izango da. Burrukatu egin beharko da, baina onartu beharko dute, abortatzea zerbait naturala zaiola emakumeari bere bizitza salbatu edo haurdunaldia moztu nahi duenean. Gainera beste kasu bat ere ematen da, Alemanian abortatzearen zilegitzearen bidea zabaldu zuena, hau da, emakume bortxatuen kasua, hauei haur bat inposa diezaiekete, eta ezin dira, aldiz, haur horrengandik libratu.

A.: Hemen ere antzekoa gertatzen dela pentsa daiteke...

C: Bai, gauza bera. Tolerantzia handiagoa izango litzateke, maila judizialean haurdunaldi hori inposatua izan zela frogatuko balitz. Baina seguru da, abortatu egin bazuen, kondenatua izango zela.

A.: Lehen emakumeen eritzietaz mintzatu zatzaizkigu, nolakoak izaten dira gizonezkoen jarrerak?

C.: Judizio hau dela eta eroan den kanpainan, sorpresa handia sortu zidan, mahaietara sinatzera zetozenak emakume gazteak eta gizon gazte eta nagusiak zirela ikusteak, Errepublika sasoian bizi izan ziren gizonak batipat, 35-45 urtetakoak izaten dira, aldiz, errealitate sozial hau ezagutzeko gogorrenak.

A.: Arazoa aldatzeko Kodigo Penala aldatu behar litzateke, beraz...

C: Bai, baina ez litzateke aski izango zigorgabetzea, legeztatzea ere premiaZkoa da. Zeren Zigorgabetze hutsaz, deliktu zibiltzat ere jo baliezakete, orain adulterio edo ohaidetzaz jazotzen dena, biak zigorgabeturik izan arren, desederatzearen kausak dira emakumeentzat. Legeztatze osoa beraz.

A.: Besterik.

C: Bai, emakume eta medikuentzat, abortatzea azken soluzioa déla, baina horretarako aurreko famili planifikapena informazio sexual osoa beharrezkoak direla, egiazki abortua azken soluzioa izan dadin.

J.LL.

***

Kodigo Penaletik

Capítulo II

Del infanticidio

410. La madre que para ocultar su deshonra matare al hijo recién nacido será castigada con la pena de presión menor.

En la misma pena incurrirán los abuelos maternos que, para ocultar la deshonra de la madre, cometieren este delito.

Capítulo III

Del Aborto

411. El que de propósito causare un aborto será castigado:

1. Con la pena de prisión mayor si obrare sin consentimiento de la mujer.

2. Con la de prisión menor si la mujer lo consintiera.

Si se hubiere empleado violencia, intimidación, amenaza o engaño para realizar el aborto en el primer caso, o para obtener el consentimiento, en el segundo, se impondrá en su grado máximo la pena de prisión mayor.

Cuando a consecuencia de aborto o de prácticas abortivas realizadas en mujer no encinta, creyéndola embarazada, o por emplear medios inadecuados para producir el aborto, resultare la muerte de la mujer o se le causare alguna de las lesiones a que se refiere el número primero del artículo 420, se impondrá la pena de reclusión menor, y si se le causare cualquiera otra lesión grave, la de prisión mayor.

412. El aborto ocasionado violentamente, a sabiendas del estado del embarazo de la mujer, cuando no haya habido propósito de causarlo, se castigará con la pena de prisión menor.

413. La mujer que produjese su aborto o consintiere que otra persona se lo cause, será castigada con la pena de prisión menor.

414. Cuando la mujer produjere su aborto o consintiere que otra persona se lo cause para ocultar su deshonra, incurrirá en la pena de arresto mayor.

Igual pena se aplicará a los padres que, con el mismo fin y con el consentimiento de la hija, produzcan o cooperen a la realización del aborto de ésta. Si resultare muerte de la embarazada o lesiones graves se impondrá a los padres la pena de prisión menor.

415. El facultativo que, con abuso de su arte causara el aborto o cooperase en él incurrirá en el grado máximo de las penas señaladas en los artículos anteriores y multa de 25.000 a 250.000 pesetas.

La misma agravación y multa de 5.000 a 50.000 pesetas se impondrá a los que, sin hallarse en posesión de título sanitario, se dedicaren habitualmente a esta actividad.

El farmacéutico que, sin la debida prescripción facultativa, expendiere un abortivo, incurrirá en las penas de arresto mayor y multa de 5.000 a 50.000 pesetas.

La sanción del facultativo comprende a los Médicos, Matronas, Practicantes y personas en posesión de títulos sanitarios, y ala del Farmacéutico a sus dependientes.

416. Serán castigados con arresto mayor y multa de 5.000 a 100.000 pesetas los que con relación a medicamentos, sustancias, objetos, instrumentos, aparatos, medios o procedimientos capaces de provocar o facilitar el aborto o de evitar la procreación realicen cualquiera de los actos siguientes:

1. Los que en posesión de título facultativo o sanitario meramente los indicaren, así como los que, sin dicho título, hicieren la misma indicación con ánimo de lucro.

2. El fabricante o negociante que los vendiere a personas no pertenecientes al Cuerpo médico o a comerciante no autorizados para su venta.

3. El que los ofreciere en venta, vendiere, expendiere, suministrare o anunciare en cualquier forma.

4. La divulgación en cualquier forma que se realizare de los destinados a evitar la procreación, así como su exposición publica y ofrecimiento en venta.

5. Cualquier género de propaganda anticonceptiva.

417. Los culpables de aborto, se hallen o no en posesión de título facultativo o sanitario, serán condenados a las penas señaladas en los artículos anteriores y, además, a la de inhabilitación especial, que comprende, aparte de los efectos propios de ella, el de prestar cualquier género de servicios en clínicas, establecimientos sanitarios o consultorios ginecológicos, públicos o privados.


Euskal Herria

Eztei tzingaro bat Donostian

Uda honetan, eztei berezi batera joateko aukera izan dugu. Eguerdian, iritsi ginenerako giro alai bat aurkitu genuen. Talde bat musika jotzen ari zen landan. Inguruan, automobil ederrak, bakoitzak rulot handi bat ondoan zuelarik. Europako toki desberdinetatik etorriak: Frantzia, Italia, Holanda, Alemania, Belgika eta Espainiatik. Denak Donostian elkartu ziren ezkontza bat hospatzeko.

Emaztegaia agertu zenean, txaloak ugari izan ziren; zuriz jantzita eta urrez beterik, zoragarria zegoen 17 urte baino gehiago izango ez zuen neskatila, baina aurpegia triste.

Gero senargaia irten zen, oso dotore bera, garai bezain gazte.

Eskutik lotuta eseri ziren argazkiak ateratzeko.

Bitartean, musika eta dantza. Pentsatzen nuen beren folklorea aterako zutela horrelako gertaldi batean... baina ez; musikalariek abesti modernoak jotzen zituzten eta tzingaroek rock-a dantzatzen, oso ondo gainera!

Emakume batzu bazkaria prestatzen ari ziren eta haiengana joan nintzen zuzen:

— Gizonek ez al dakite sukaldaritzaz?

— Oi ez! Hori beti emakumeok egiten dugu! Umeak, garbiketa, janaria... gure lanak dira.

Senarrak berriz, dirua irabaztera joaten dira.

— Gaur ezkontzen direnak, zer dira zuentzat?

— Mutila nire semea da —esan zidan argazkian azaltzen den andre argal horrek—, bere ezkontza antolatu dugu eta hemen gaude!

— Zuek antolatu duzue, baina elkar maite al dute?

— Bai noski! Hori jakin gabe ezin ditugu ezkondu... maitasuna behar beharrezkoa da!

Mahai batzu; beraietan ardoa, garagardoa, champagnea. Atzean, gizonak eserita, lodi lodiak eta kapela buruan. Haiek ez zuten lanik egiten.

Andre zahar bat negarrez.

— Zergatik zaude hain triste?

— Neska nire biloba da, nik hazi dut eta orain niregandik urrun eramango dute.

— Nora joango dira ba?

— Mutilaren familiarekin. Ez da gehiago gurekin etorriko. Beti gabiltza batetik bestera, noizbait agian toki berera iritsiko gara eta elkar ikusiko dugu, baina... oso zaila da.

— Bera ere triste dagoela dirudi.

— Bai, niregandik urruntzen dutelako.

— Baina bere senarra maite baldin badu, zoriontsu izango da berarekin...

— Bai. Gainera diru asko dute, miliodunak dira, baina... pena ematen dit.

Amona kontsolatu ondoren, buelta bat ematera joan nintzen. Rulotak barrutik oso txukun eta garbi zeuden, telebista eta guzti zeramaten. Baten ondotik pasatzean mutil bat etorri zitzaidan eta nirekin dantzan hasi zen, gero bere anaia, gero bere laguna, gero mutil koxkorrak...

— Zuek, ijitoak, oso dantzariak zarete.

— Gu ez gara ijitoak, hungariarrak edo tzingaroak baizik.

— Ez al da berdin?

— Ez, guk dirua dadukagu, ez gara lapurretan ibiltzen, ez dugu pelearik egiten... gainera arrazaz ez gara berdinak.

— Zuen artean zein hizkuntza erabiltzen duzue?

— Hungariera.

— Nahiz eta toki desberdinetatik etorri, zuen lege bereziak gordetzen al dituzue?

— Bai, gure tradizioak oso finkaturik ditugu. Adibidez, ezkontzeko ez gara ez elizara ez inora joaten. Geure artean egiten dugu, gaur ikusi duzuen bezala. Gero neskak soineko zuri bat janzten du eta odolez zikintzen badu, dena ondo joan da!

— Eta, ez badu zikintzen?

— Orduan ez da emakume errespetagarri bat eta ez zaio ondo begiratzen.

— Dibortziorik ba al duzue?

— Ez. Beno, andrea beste gizon batekin joaten bada, senarrak bidali egiten du etxetik eta ez du gehiago ezertarako eskubiderik, ez umeak ikusteko ez etxetik ezer eramateko...

— Eta gizonak emakumea zigortu edo hil egiten badu kasu honetan?

— Mesedez! ez gara kriminalak.

— Alderantziz, gizona beste emakume batekin joaten bada?

— Eskubide osoa daduka eta andreak ezin dio inolako konturik eskatu.

— Egoera ez da oso ona emakumeentzat ba...

— Guk emakumeak asko errespetatzen ditugu, baina emakumea eta gizona oso desberdinak dira!

— Emakumea ez al da inoiz kanpora irteten lan egitera?

— Horretarako gu gaude.

Hau denau gizon batek esan zidan; bere andrea ondoan zegoen eta ez zuen ezetz esaten. Emakumeekin gai hauetaz hitzegitea oso zaila egin zitzaidan. Bati galdetu nionean dibortzioari buruz ez zegoela esan zidan besterik gabe.

— Baina, adibidez, gizonak andrea jotzen badu?

— Hemen ez dute inor jotzen! Adizu! —esan zion lagun bati— senarrak inoiz jo al zaitu?

— Ni? Nik joko nuke lehenago!

Arratsaldean, festa bukatu ondoren, emakumeak dena jasotzen eta garbitzen hasi ziren, neska ezkonberria ere han zebilen lanean bere jantzia aldatu eta gero. Gizonak eserita. Gure arteko edozein familia igande batean mendira bazkaltzera joaten denean bezala!

Emakumeak, tzingaroen artean garbi daduka bere eginkizuna. Ondo betetzen badu, errespetu bat exigitzen du bere lanaren truk eta errespetu hori jasotzen du, ikusi nuenez.

Orain, erakutsi dioten bide hestu horretatik irteten bada noizbait... bere etorkizuna itxaropenik gabe agertuko zaio.

Musika, dantza, koloreak, aurrea... baina aurpegia triste.

Itziar Urtasun


Euskal Herria

Lekeition, antzerki topaketak

Lekeitiok udan izan duen girotik —jende, kotxe, zarata eta trafiko mugimendua— oraingo egunetan bizi den lasaitasunera benetan alde handia dago. Eta ez da batere harritzekoa, 6.300 bizilagunentzako egitura urbanoa edukirik udan 30.000 jasan behar duenean: ondorioa, jakina,... leku eza, trafikoa, lohiak eta estolderia problemak...

Egunotan aldiz, Lekeitio euskaldunago eta lasaiago bat dakusagu: itsaso bizia..., olatuak talan..., hondartzan kalatxoriak beste inor ez..., portuan arrantzale batzu..., lasaitasuna, isiltasuna.

Halere turismoan oinarrituta egoteak, lanik gabeko negu luzea dakarkigu. Larunbat eta igandeetan tabernak betetzen badira ere, astegunetan ez tabernarik, ez dendarik. Eta Santa Katalinako serra, lealde eta latoneriak... lanpostu gutxi batzu baino ez dituzte ematen.

Euskal Herriaren zoritxarrezko jazoerak, errefuxiatuen arazoa, seme Iraultzaileen erhanketak e.a. erantzun gogorrak aurkitu dituzte Lekeition ere; asanbladak, manifestazioak, gose grebak, geldiuneak eta pixkanaka hedatuz doan kontzientzia iraultzaileak bultzarazi dituen ekintzak. Burruka aurrera doa...

Lekeition, Hazilaren 2,3 eta 4an UNESCOren III.ren babesean hospatzen diren nazioarteko antzerki topaketak muntatzeko dira. Oso leku ezberdinetan hospatu izan dira. 1976.ean (Belgrado) Jugoslavian, 1977.ean (Bergamo) Italian, 1978.ean (Ayacucho) Perun... Eskandinaviako "Edin Teatret"-ek, tercer teatro delako antzerki kontzepzioaz harremanen bat duten antzerki taldeekin koordinaketan jarri eta ihardunaldi hauk muntatu izan ditu. Herriak sortutako adierazmoldeekin, herri dantza, musika... eta abarrekin lotura tinko bat bilatzen ari dira antzerkilari hauk...

Antolatzaileak, Txiruliruli taldekoak dira; Lekeition aurkitu ditugu.

Anaitasuna.: Lehenengo eta behin, esan iezaguzue Txirulirulitaz zerbait.

Txiruliruli.: Gu antzerki eta espresioaren inguruan aspaldidanik dabilen talde bat gara. Hor-han-hemenka ibiliak gara, teatro talde ezberdinetatik, maisu eta andereñoei espresio eskolak ematen Durango eta Deban, gorputz espresioa irakasten e.a. Orain dela urte bete pasa, Lekeitiora etorri ginen, eta hemengo udaletxeko kultura batzordearekin lanean hasi ginen; hemen lantxo batzu egin ditugu ere. Klaseak eman ditugu, antinuklearrekin espresio lanak egin ditugu eta obratxo batzu aire zabalean jokatzeko eginak.

A.: Goazen, nazioarteko topaketa hauetara. Nola sortu da ideia hau?

T.: Danimarkan kokatzen den "Odin Teatret" autoreen erakunde internazionalak azken urteetan, antzerki topaketak antolatzen dihardu. Aurten Eskandinavia eta Euskal Herriko taldeak batzeko gara, nork bere esperientziak atera eta elkarri azaltzeko. Eskandinaviarrak kaleko agerpenak eta dramatizazio mailako ezagupenak eskainiko dizkigute, eta era berean guk geure maskaradak, pastoralak eta abarreko esperientziak.

A.: Zergatik Lekeition?

T: Ba, agerian dago, Gasteizen edo beste edozein hiritan, diru eta promozio aldetik erraztasun handiagoak izango genituzkeela, baina gure ustez hiri handiak, agerpen kultural gehienen monopolioa edo jabetza hartuz doaz, erakusketa kulturalak zentralizatuz. Gure asmoa, herrietaranzko joera kulturala bultzatzea da. Bestalde, lehen esan dugunez, hemengo ahalegin kulturalak indartu nahiean gaude Lekeitioko udaletxeko kultura batzordearekin batera.

A.: Zein da topaketen eguneroko programa?

T.: Goizetan, 9etan hasi eta 4,30 ak arte "Odin Teatret"-ekoek zuzenduriko antzerki praktikari buruzko ekitaldia.

55 antzerkilarik parte hartuko dute, Suedia, Norvegia eta Danimarkako 15 eta gainerazkoak Euskal Herrikoak. Galiziako talderen bat ere gonbidatua izan da.

Arratsaldez, 4,30 etatik 6,30 etara arte zinema. Projektatuko diren filme batzu, Odinekoek Hego Italian eta Amazoniako tribuekin izandako esperientziei buruzkoak dira. Kalean izandako antzerki esperientzietan ere emango da zerbait eta filmeen ondoren debateak...

7etatik aurrera Bali-ko dantzak eta Kathakali; kalez kale, animazio jokuak eta antzerki taldeen agerpenak. Arratsaldeko ekitaldiak irekiak dira, noski. Lekeitiarra nahiz kanpotarra, dei bat egiten zaio etorri nahi duen guztiari. "El Correo de la Unesco"-k eta aldizkari espezializatuek topaketa honen berri emango badute ere, antzerkilari, kritikalari eta kazetariei dei berezia egiten diegu, honaxe etor daitezen. Egunkarietan, eguneko ohartxo bat ateratzeko asmoa dugu.

Antzerkiari buruzko argazki eta kartel erakusketa bat ere prestatuko dugu. Zuberotar batzu ekarri eta pastoral zati bat hemen antzeztea bururatu zaigu, baina ez dakigu ahal izango dugun ala ez.

A.: Lehen esan duzue, diru aldetik problemak dituzuela.

T.: Ba, bai, Eskandinaviarren pasajeak, kartelak, mozorroak e.a. egiteko materialeak, projektore eta zinetoki baten alokatzea... ez da oso presupostu handia baina oraindik ez dugu finantzaketarik.

Lekeitioko herriak, elkarte eta txokoek beren laguntza eskaintzen digute, beraz janari eta lo egiteko arazorik ez dugu.

A.: Amaitzeko, zer gehituko zenukete?

T.: Antzerkiak elite txiki batentzat instituzionalizatzeko duen arriskua aipatu nahi genuke. Antzerkia sortu den ingurunetik aldenduz doa. Eta hortik kalea eskuratzeko premia eta antzerkira joaten ez den edozein maila sozialetako jendearengana heldu nahia.

A.: Ba, ea dena ondo irteten zaizuen eta antzerki topaketak eta gero kondatuko diguzue nola joan diren.

Txantxan


Euskal Herria

Teatro munduaren deia

Komunikatu honen bitartez, antzerki eta dantza taldeek, eta behean izenpetzen duten Euskadiko antzerki giroan bizi diren pertsonek, datorren Azaroaren 2, 3 eta 4an, Lekeition hospatuko den Euskal-Eskandinabiar antzerki topaketan parte hartuko dugula esan nahi diegu Euskal-Eskandinabiar antzerki topaketan parte hartuko dugula esan nahi diegu Euskal Herriko kultura zaintzea dagokien erakunde eta organismoei. Bai eta ere, gure laguntza eman nahi diegu antolatzaileei organismo hauengana jo behar baitute topaketa honen presupostua betetzeko.

Gertaera honek, partaideen antzerki lana nazioarteko mailan projektatu eta ezagutzea esan nahi du, eta teknik arloan Euskal Herriko antzerkiari izugarrizko aurreramendua eman ahal dio, esperientziak elkar aldatuko baitituzte.

Bilbon, 1979.eko Irailak 10.

Izenpetzen dute: Gasteizeko DENOK antzerki produkzio lankidegoa. Bilboko COMICOS DE LA LEGUA - KILIKILARIAK. Durangoko GEROA. Gasteizeko LA FARANDULA. Donostiako TRINTXERPE. EUSKAL ANTZERKI TALDEEN BILTZARREA (Federación de Teatro Vasco). BASAURIKO ANTZERKI ESKOLA. DURANGOKO ANTZERKI ESKOLA. Debako GOAZ. Oiartzungo INTXISU. Elgoibarko TAUPADA. BURUNTZA SARIBARI. TXONTXONGILO. EREINTZA.


Euskal Herria

Itsasoan urpekari, fotokamera eskuan

Itsaspeko gauzak aipatzen ditugunean, berehala datozkigu burura olagarro izugarriak, marrazo ikaragarriak, eta haiekin burrukan ari diren gizon harmatuak. Zinearen eraginaren ondorioak ukitu gabe, eta fikzioa alde batera utzita, urpekari gazte batzurengana jo dugu, itsaspeko munduaren errealitatea ezagutzera, hain zuzen, itsaspeko FOTOGRAFIAren ikuspegitik. Berengana zuzentzen gara.

 Anaitasuna.— Kaixo, mutilak. Egiguzue aurkezpentxo bat, eta esaiguzue nola ausartu zareten, fotokamera bana eskutan duzuela, itsasoan murgiltzera.

Mikel.— Orain dela zenbait urte, kamera erosia nian. Urpean erabiltzeko asmotan erosi nian, baina tira... besterik gabe. Orduan, adiskide bat nuenez Kanarietan, berari eskatu nioan enetzat erosteko. Bi edo hiru urtez, mendian eta erabiltzen nian kamera... aproposa baita gainera hauts artean edo elurretan eta erabiltzeko. Eta gehiagorik gabe, egun batean, botilarik gabe, betaurrekoak, oin hegalak eta hodia harturik, bada, fotografiak egiten hasi nintzoan. Gehienak, noski, txarto irten ziaizkidan.

 A.Nola izan daiteke hori? Urpera sartzerakoan fotokamera, ez al da bustitzen?

M.— Bai baina. Hara, kamera bat urpean, bi eratara erabil daiteke, bata berez estankoa den kamera erostea, nik aldi hartan erosi man bezalakoa (Mikonos) edo Calipso Nikkor izenekoa... eta bestea bada dukean kamerarentzako kaxa estaliko bat erostea edo heuk egitea. Batzuk egin egiten juek, eta beste batzuk, ostera, erosi. Egitea, zail samarra dela uste juat.

A.— Murgilaldi honen aurretik, zer egiten hauen?

M.— Musu igeri egiten nian. Niri, musu igeri egitea gustatzen ziatzaidan. Orduan, musu igeriaren eta murgiltzearen alternatiba gisa, itsasoaren urpeko arranketa planteiatu ziatzaidan. Eta arranketan eman nituen urte batzu. Azkenez, arranketa ez ziagokidanez konturatu nintzoan zeren, arranketari ekin beharrean, han agertzen zitzaidanari so geratzen nintzoan eta. Artatsuago niaukan itsas hondoak arrainek baino, eta orduantxe pentsatu nian urperako fotokamera erostearena, eta urpean ikusten nitian gauzen argazkiak egitea. Hartatik aitzina, arranketaren kontua, bada..., zeharo ezabatu ziatzaidan. Nik i... kamera harekin segitu nian, eta egun batean, ba..., periodikuan iragarki bat irakurri nian, urpeko argazkaritzari buruzko solasaldi bat hospatuko zela hemengo, Bilboko, urpekari klub batetan. Orduan, joan nintzoan berbaldi hartara, eta sorpresa handi bat aurkitu nian. Hau duk, klub hartako kidego osoan zehar, ez zegoela urperako fotokamera soil bat ere.

Fernando.— Eta besteok ere hantxe giaunden, neu, Rafa, Pablo eta. Eta interesa hartzen hasi gintzoazen.

 A.Klub hau nolakoa da, pribatua ala bestelakoa?

Rafa.— Ez, ez. Hemengo, Bilboko klubik ezagunena duk: CEVAS. Urpekaritz ikastaroak ematera saiatzen den kluba duk, eta musu igeriketazko teknika batzu ere bai, eta urpeko arranketaz ere bai, eta une hartan ez ziaten ezertxo ere fotografiazkorik.

 A.Zeuok zenutenarekin bakarrik abiatu behar zineten, beraz.

R.— Bai, zerotik hasi behar genian, han inork ere ez baitzuen kamerarik. Orduan, hango partekide batek, kamera bat erosi zian eta harentzako estalki bat ere bai. Kamera merkea duk, baina asko falta ziaiok gauza onik egiteko. Hogeitamaseiko erroilo batekin "Ricoh" (hola zik izena) honek hirurogeitamabi argazki egiten zitik. Gainera, disparatzerakoan erroiloa pasatu egiten duk, horregatik oso erraxa duk haren estankotasuna. Flash bat eta bonbilatto bat ere ba ziaramak baina ez zituk egiten argazki onegiak.

 A.Noiz osotu zenuten zuen argazki talde hau?

M.— Bi urte dela, interesa gorantz ziahoan, eta materialea ere eskuratzen giandoazen banaka-banaka. Hiru kamera erosi zian eta hola egin ziagu aurrera.

 A.Zergatik utzi duzue arranketa? Oker ez banago, utzia duzue arranketa eta...

M.— Ba, bai, utzia ziagu arranketa, zeren konturatu baikara, azken urteotan adi bidez, ez direla ikusten neurri dexenteko arrainik gure kostaldean. Hori urpeko arranketarien kontua dela uste ziaguk, eta arrazoiak zitiagu hori pentsatzeko.

 A.Ekologistak al zarete?

P.— Bai, alde honetatik bai.

 A.Zer gustatzen zaizue gehiago, fotografia ala itsasoko fauna edo flora?

F.— Ba,... ene ustez fotografia, fauna eta flora horren berri emateko medioa dateke.

 A.Eta biologoak, esan dezagun... hau da, teorikoki itsasoko biziaz interesaturik daudenak, harremanetan daude zuekin ala ez?

R.— Bueno, zinez, geu gaituk haiengana jotzen dugunak, eta jende interesatuaren bila giabiltzaanak biologiazko maila honetan, ea aurrerantzean adibidez, gure kostaldeko biziaren istudio bat edo beste egin daitekeen edo.

 A.Orduan, pentsatu behar dugu, pertsona hauek ba dutela materiale aski, ez da?

R.— Ba, ez, kasik ez ziate materialerik. Izan ere, duten materiale apurra "fosildurik" ziate. Fosilak direlako, alde batetik, eta zaharxka delako bestetik. Materiale klasikoa ziate, baina gaur egun ez ziok balio, Biologia, istudio seriostzat jo duen ezein pertsonarentzat.

M.— ... eta konexio falta handi bat ziagok, eta pertsona hoiek onurarik atera dezakete fotografietatik.

 A.Zer da zailago, urpekari bat fotografo egitea ala fotografo bat urpekari bihurtzea?

F.— Ba, zalantzarik gabe, zailago ziaiok fotografoari urpekari bihurtzea. Urpekariak, aitzitik, kamera hartzea besterik ez zik, jaitsi urpera eta disparatzea. Ondoren, ondorioak ateratzea eta hobetuz joatea. Edozein fotografok zailtasun handiagoak zitik urperatzerakoan, materialea, ekipoa, eta trebakuntza... urpean gustora aurkitu arte behintzat. Eta horretarako denboratxoa behar duk, dudarik gabe.

 A.Zer proposatuko zeniekete zuek, itsaspearenganako kezka edo interesa duen pertsonari, edo halako fotozale bati musu igerian ikasteko?

M.— Musu igerian ikasteko? Ba, mundu guztiak egiten duena, betaurreko batzu oinetarako hegalak eta arnasarako hoditxo bat, eta murgilean joan dadila urazaletik zehar, behean diren gauzak ikusten dituelarik. Gero entrenamendu pixka bat eta...

 A.Hau, lehen urratsa dateke. Zuek aspaldi eman zenuten urrats hau, ez da?

M.— Guk... u... botila gabe ekiten genioan musu igeriari eta urpeko arranketari, egoera berri honi eutsi baino lehenago. Baina fotoak egiteko, ia beharrezko duk ekipo autonomoa eramatea, aire konprimatuz beteriko botilak eramatea.

 A.Zenbat balio du ekipoak? Zenbat kostatuko litzateke?

M.— Garesti xamarra duk. Garestitxoa duk hemen, beste alde batzutan merkeago duk. Baina, ekipoarena ez duk problema nagusia, adaptatzearena baino. Norbaitek, gauza hauetan interesa badu, musu igeri egiten ikasi behar zik. Musu igeri egiten ikasi ondoren, orduan pentsa dezake ekipo on bat edo kaxkarrago bat erostean. Eta zinez zaleturik dagoenak aurrera eginen zik. Ez dezala norbaitek ekipo osoa eros besterik gabe, eta bi hilabete geroago, bada, aspertzen dela eta...

 A.Orduan,...?

F.— Orduan, birika hutsezko musu igeriaz ohitu behar zik, eta ikusi ea gustatzen zaion. Eta geroago, musu igeri autonomoan trebatu ikastaro baten bidez, hemen Bilbon, CEVASen egiten dituzten bezalako ikastaro batetan.

 A.Beno, toki bakoitzean, urpeko ekintzen federazioari atxekitako klub desberdinetan...

R.— Bai... Bueno, titulua ematen duena, Marinako Komandantzia Militarra duk; Federazioak, segurtatzen du, urlien tokitako klubean ikastaro bat egin duen pertsona batek, urpekaritza autonomora saiatzeko gaitasunik duen ala ez duen segurtatzen du.

 A.Beraz, karnet bat behar da musu igerian ekiteko.

R.— Ba, bai. Formalismoetatik gain, segurtasun bat ere ba delako, urpekariarentzat.

 A.Beraz, edozeinek ikas dezake musu igeri egiten. Hori bai, zaletasuna behar du. (— Horixe.) Baina ez diguzue esan numerotan zenbat balio duen ekipo batek. Berriz galdetzen dizuegu (numeroak egiten ditugu).

M.— Kalitatezko argazkiak egiteko behar den ekipoak... gutienez ehun eta berrogeitamar mila pezeta inguru balio zik. Hara nola:

Kamera 50.000

Flasha 20.000

Esposimetroa 5.000

(Italian, hemen ez baitago)

Trajea eta hegalak 20.000

Botilak 45.000

Gainontzekoak 20.000

Denetara 160.000

Noski, hau kostatuko litzatekek, hemen erosten badugu, eta ekipo berria erosten badugu. Kanpoan, noski, gutiago izango litzatekek.

 A.Irabazi eskasak dituen pertsona batek, nola eros litzake? Zer pausu eman beharko lituzke?

M.— Lehenbizi, oinarrizko ekipoa erosi beharko likek, betaurrekoak, hegalak eta hoditxoa, ea gustatzen zaion ikusteko, lehen esan dugunez. Gustatzen bazaio, trajea erosi beharko likek, hotzaren babesgarri eta ahalik eta denborarik gehien irauteko uretan. Eta orduan, klubeko lagunen baten bidez edo, inoren botilak erabiliz... Lor daiteke... hau da, ekipoa dutenekin joan musu igeri egitera, fotokamera prestatu bat erabiliz... Adibidez, bost edo sei lagun badoaz, hiruk argazkiak egin ditzakete, eta besteek muestrak bil ditzakete, edo...

 A.Zuek egiten dituzuen argazkiek ba dute salmentarik? Ba al dute irten biderik ala helburu altruistak al dituzue?

M.— Orain arte ez zizkioagu eman baliapiderik. Geure atsegingarri izan duk guztia. Nahi geniake bide komertzialen bat aurkitzea, eguneroko gastuak nolabait arintzeko edo. Hau duk, erroiloak eta flasharen bonbilak etabar.

 A.Urpeko argazkaritzaz landa, eta urpeko arranketaritzaz kanpo, beste ekintza batzu ere ba daude, ez da?

F.— Orain ba da beste ekintza bat ere, "orientación subacuática" izena daramana, Txapelketa batzu egiten dituk, baina kirol hutsezko kutsua duen zerbait duk. Guk geuk, beste modu batetara ikusten dugu hau guztiau, itsasoaren hondoa istudiatzea alde desberdinetatik. Adibidez, hondakinak ateratzea eta Biologia. Hondatutako untziak edo-eta beste edozer lokalizatzea. Batzutan, pentsaezinekoak aurkitzen dira. Guti dela, motor atal bat aurkitu genian oso-osorik, eta gainera gure untzitxoarena bezalakoa zuan,

 A.Birpopula daiteke itsaspea, bizia galtzear ari den kostaldeetan?

R.— Bai, bai. Adibidez, han diagok Medas aldea Gironan; han, urte batzu direla, eragotzi zuten urpeko arranketa. Ez arrantza, urpeko arranketa baino. Orduan, han ikusten diren arrainak inon baino handiagoak dituk eta gainera askozaz ere fidakorragoak dituk eskutik jatera etortzerainokoak; eta hori pentsa ezineKoa duk urpeko arranketa egiten den tokietan.

 A.Hemen Kantaurin ez dago honelako lekurik, ez da?(— Ez, ez zegok) Eta urpeko arranketa ere ez dateke biziaren etsairik handiena.

M.— Itsaspeko arranketak, arrainari hurbiltzeaz tajutzen den arazoa mamitzen zik. Besterik ez. Beste arranketa eta arrantza teknika batzuk askoz ere oker handiagoak egiten zitek. (— Eta kutsadurak?) kalterik handiena horrek egiten zik, kutsadurak algak eta aukak sakonerago joatera behartzen zituk kutsadurak. Eta horrela, egunen batean, argirik gabe geratuko dituk, eta argirik gabe geratzen direnean, ba, hil eginen dituk. Irtenbiderik gabe aurkituko dituk: hau duk, gorantz badoaz, kutsadurak hilko zituk, eta beherantz jotzen badute, bizirik irauteko argia faltatuko ziaie.

F.— Hauxe duk oinarrizko arazoa. Lehen mailako bizia faltatuko denean ezingo dituk birsortu beste espezieak eta itsasoko biziak, galera handiak jasanen zituk.

 A.Zer eska zeniezaieke agintariei?

F.— Isurketak kontrolatzea. Ez isurgai organikoak, azken batez, erraz birziklatzen baitira, baina batez ere, inorganikoak, paperoletakoak adibidez. Eta batez ere, untziek beren tankeak garbitzerakoan, korronte bortitzak diren alde egokietan egin dezatela, kostaldetik urrun, berau ez alferrik galtzeko.

 A.Eta urpekari zaletuari?

M.— Urpekari zaletuei, ezin geniezaioke gehiegirik eska. Zeren arranketaria baldin bada, arranketan segituko duelako. Baina bai, kontzientzia pixka bat har dezala. Batzu ez dituk konformatzen lau kilo arrain harrapatzearekin zortzi harrapa zezakeenean, eta gero arrain hoiekin ez dute ezer egingo, hauzoari erregalatzea ez bada. Edonor konforma daiteke bi edo hiru arrain eder ateratzeaz, ene ustez, eta hauzoarekin bestela bezain ongi geratu.

 A.Eta jendeari oroharki? Eta batez ere itsaspeko biziaz arduraturik direnei?

M.— Ba, kontu egin dezatela problema hauetaz eta indar agintarien aurrean etab... ("Eta zuen lana ere probetxa dezatela). Horixe, balia gaitzatela, zeren fotografiarekin zenbait kasu salha baitaiteke, Eako paperolaren kasu adibidez, bere hondakinak itsas ertzean bertan isurtzen baititu, inguru guztia kontaminatuz.

Honetan, itsasoko biziaz arduraturik dauden pertsona guztiek ekin dezakete.

 A.Emaiguzuez, bada, zuen helbideak gure irakurlegoaren artean zuekin harremanetan jarri nahi duten guztiei eskaintzeko.

RAFA PAZ 94-433 34 79 (arratsaldeetan) eta MIKEL ESCRIBANO 94 432 85 94 (lan orduetan).

Normalki, aurretiaz jasotzen dugu eguraldiaren eta itsasoko giroaren berri. Batez ere, hemen Kantaurin ezin pentsa daiteke urpeko argazkitan, itsasoa ondo ez badago. Itsasoa ondo dagoenean, larunbatez irteten gara, eta Santandere aldera jotzen dugu, Rafak Kastron duelako etxe bat, eta hantxe gordetzen dugulako gure untzitxoa eta ekipoa. Botilak Bilbon betetzen ditugu, CEVASek daukan konprimagailuan. Orduan, larunbatez dena prestatzera saiatzen gara, igandean itsasoratzeko. Adibidez, azkenekoz, Noja eta Islares bitartean aritu ginen. Igerian joan ginen, musu igeri egiteko lekuraino, eta hara heldu ginenean, 12 metrotako sakonerara murgildu ginen. Gurekin etorri zen Algortako algologo bat, Txema Gorostiaga, beste tesina —algei buruz— prestatzen ari dena, eta bere biziko lehen aldiz murgildu zen botila eta guzti. Harpe ikusgarri bat zeharkatu genuen, inolako arriskurik gabe, eta algak eta abar ugari ikusten hasi ginen, eta erreportaia hau janzten duten argazkiak egiten. Egon ginen sakoneran, bi ordutarako airea generaman, baina ordubete inguru iragan zenean, bat edo beste hozturik zegoenez, eta gainera, murgilean igeri eginez itzuli behar ginenez, bukatu egin genuen gure foto ekinaldia. Oso polita izan zen, Mediterraneotik baikentozen.

Itsaspean, lehengotan ongi aztertzen da ekipoa, ez hestuegi ez lasaiegi, betaurrekoetan urik ez dadila sar etab... Dena ondo dagoela ikusi ondoren, kamera, esposimetroa eta flasha frogatzen dira, diafragmak eta belozitateak egokitu eta begiratzen hasi.

Normalki, binaka joaten gara, batak bestea ez ostopatzeko. Eta mimikaz baliatzen gara zerbait komunikatu behar diogunean elkarri, baina ez legoke gaizki gor-mutuen mintza moldea ikastea.

J. Etxebarri


Nazioartekoa

Nicaraguaz berriro

Azken aldiotan hitz asko egin da Nicaraguako iraultza izan dela kausa, eta gehienetan, holako tristetasun bat nabaritu da hango gertaeren berriak jasotzean.

Hasteko, sinestezina zirudien sandinotarren (azkenean Nikaraguan guztiak izan ziren sandinotarrak) garaipen militarra U.S.A.-k parte hartu gabe; baina nahiz eta marineak hurbil-hurbil izan eta erasotzeko, Pentagono-ko aginduak itxaroten, erretiratu egin ziren.

Somozak amerikarren laguntza oso-osoa izan zuelarik eta beraien morroi leiala izanik, nola izan zatekeen momentu hartan bertanbera utzirik izatea?

Galdera horri erantzuteko mila argudio entzun dukegu eta hortxe datza hain zuzen Nicaraguako iraultzari buruz izan diren erreserbek gakoa.

F.S.L.N. delakoak, oso zuhur jokatu omen du hasieratik beretik, arriskutsuegi lirudikeen jarrera politikorik hartu barik eta, honelatan, behin behineko eklektikotasunaren bidexkak posibilitatuz.

Joku berorren fruitua dugu Nazional Berreraiketarako, Gobernua, eta honek eraman duen politika posibilista, zeinek kanpoko gainerako gobernuetarako (gehienak faxistak direlarik) imajina demokratikoa bai, baina ez komunismoaren mozorro beldurgarriaz jantzirik, eratu du. Eta horixe da nahasten gaituena, Nicaraguar iraultzaren benetako jitea zein den jakitea.

Ba dira sintoma batzu berriz, prozesu iraultzailea bide onetik zuzentzen dela adierazten digutenak:

Ekonomi arloan, finantzar kapitalaren kontrola, nazionalduriko bankaren bidez. Eta hauxe da sistima kapitalistaren arima eta esentzia, haren boterearen pean dagoenean; eta heriotza berriz, herriaren eskutan gertatzen denean. Banka, botere iraultzaile baten eskuz delarik, kapitalaren erabilera eta banaketa kontrola daiteke eta momentuko beharren arabera erabili.

Botere honetako ondorio legez dugu, balio nominal haundiko bileten (1.000 eta 5.000 kordobakoak) desdirupena; zeinek dirutza izugarria itzulerazi baitzuen Nicaraguarako; kanpoko somozatarren eskutan eta yanqueen banketxeetan kokaturik zetzana. Eta jakina, dena Nicaraguar herriari ebatsia.

Operazio honek, ez zukeen izan zuen arrakasta izango banka ezbalitz nazionaldu. Somozatarren ondasunen nazionalkuntza eta bertan bertako komunitateetan eginkako nekazaritzaren kolektibapena, iraultzak hartzen diharduen bidearen lekuko eta ohargarri dira.

Alor militarrean, yankeen eta delako "Paktu Andino"aren barnean aurkitzen diren herrien (Venezuela, Colombia, Ecuador, Peru eta Bolivia) presioak eta mehatxuak, profesiodun armada bat egin zedin (betiko ezaugarriekin: Kapital eta burjeseriaren zerbitzurako, jakina eta momentua zelarik kausa erreakzio eta imperialismoaren zerbitzurako ere) izan arren; haren lekuan, Sandinotar Herri Armada egin da. Hau da, Sandinotar Frontea, eta ez Berreraiketarako Gobernua, da botere militarra duena, herri lorpenen zerbitzurako Gobernua, da botere militarra duena, herri lorpenen zerbitzurako; eta Kapitalaren kontra.

Gero eta neurri gogorragoak hartzen ari dira iraultzaren barneko etsaien aurka eta, aldi berean, herria prestatzen da kontrairaultza gatazkatzeko. Nazioarteko arloan, herri iraultzaileen eta nazional askapenerako mugimendu iraultzaileen onespenak, batez ere, nikaraguar iraultza elkartasun internazional iraultzailean konsideratzea permititzen du.

Haren pittinka-pittinkako eta etengabeko elkartasunezko hurbilpena Cubarekin eta haren urruntzea (paulatinoa ere, baina gero eta handiagoa) amerikar gobernu burjesen laguntzarengandik, mintzatzen ere zaizkigu prozesuaren norabideari buruz.

Nicaraguak gaitzetsi egin du edonola-baldintzapeturiko "laguntzarik", zeren nahiz eta egoera latz-latza izan, ez baitu kluk egiten eta honexegatik beronengatixek, hastean benetako azterketa somozismoa lurperatzen laguntzeko izan zena, orain irribarrezko laguntza bihurtu da.

Cubak bere laguntza nabariki gehitzen duen bitartean, Paktu Andino-koek Salvador, Honduras eta Guatemala bisitatzen dituzte. Costa Ricak, profesiodun armada baten prestakuntza hasten du, inoiz ukan ez duena.

Somozismoa egozten lagundu zuten erri berberak, hesi bat ari zaizkie ipintzen nikaraguar prozesu iraultzaileari eta Ameriketako gainerako mugimendu iraultzaileengan izan dezakeen eragipenari. Hatz hauk guztiok guztiz determinanteak ez izan arren, arras esanguratsuak dira nikaraguar iraultzaren bidea ezagutu ahal izateko. Joandako prozesua, oraingoa eta gerokoa argi ikusten dira:

1. Imperialismoaren kontrako indar guztiak elkartzen dira Nicaraguan, imperialismoaren ordezkaria birrintzeko, somozismoa halegia.

2. Burjeseria inperialista suntsitzen da, Latinamerikako burjeseria antinperialisten laguntza handiz.

3. Nicaraguako burjeseria nazionala ia ia desagertzen da, haien fabrikak eta ekonomi boterea birrinduta geratu baitziren gerraren erruz.

4. Herri botereak hartzen du egoeraren eta mozkinen kontrola, Latinamerikako burjeseriek amesten zituzten mozkin berak hain zuzen. Eta lortu ez zituelarik, beren laguntza berreraikuntzarako erretiratzen dute apurka-apurka; sistima antikapitalista bat sortzen ari den heinean eta haren eragina hazten Ameriketako prozesu iraultzaileengan.

Horrelaxe hasten da politik ingurapena, alboko diktadura inperialistei (Salvador, Honduras, etab.) zuritzen eta laguntzen nahiz, haien gobernamenduak "demokratizatzeko" eta horrelaxe matxinada iraultzailea ekiditeko.

Hurrengo urratsak:

a) Nicaragua kontrako hesi psikologiko bat sortzea (hasita dagoeneko), latinamerikar herriak berari kontrajartzeko.

b) Barneko erreakzioa piztea, gobernu iraultzailea diktatoriala deklaratuz.

c) "Desestabilizapena" bizkortzea eta gobernu "demokratiko" bat sortzea, Venezuela, Ecuador edo Peruko eratakoa.

Honek guztionek, geroaldi gatazkatsua eskaintzen digu Latinamerikarako; eta bereziki Caribea, irakindegi sutsua izango bide da.

Beren independentzia (Holanda, Frantzia, Britainia Haundia... etabarren hatzaparrengandik) lortzen ari dira hango irlak, Cubatik hasita eta Jamaica, Santa Lucia eta Dominacatik jarraituz.

Herri ez-lerrotuen erakundeak, Fidel Castrok zuzendurik, laguntza izugarria eman dakieke ere, hango herrien independentziaranzko mugimenduei.

Hurbiltzen ote zaigu Bolivarren eta Marti-ren eta Sandino-ren eta Che Guevara-ren etabarren iraultza kontinentala???

Zalantza izpirik gabe, hurrengo hamardaka oso esannahitsua izango zaigu.

Karlos Santisteban


Nazioartekoa

Ertafrikan frantsesak eskusartzen

Nazioen Biltzarrean esanikako hitzaldian, Kanpoko Arazoetarako frantses ministrariak nolabait, aldez edo moldez adierazi eta zuritu zuen frantses armadaren eskusartzea Ertafrikan, Bokassa enperadorearen gobernamendua azpiraraztearren. Kigaliko konferentzian, ertafrikarrek gobernamenduaren basakeriak salhatu eta kondenatu zituzten; Frantziako Gobernuak bere laguntzari uko egin zion, ondoren ertafrikarren beren eskabideei eman bazien ere baietza. Kondiziopeko laguntza: Dacko lagundu zuen Errepublikaren lehendakaritza eskuratzera, baina Angel Patasse, gobernamenduaren beste partida, kontrako, jarkitzaileari eragotzi dio herriratzea.

Frantses Gobernuak jauskariak edo parakaidistak igorri ditu; jauskariek, ordenuzain gisa, polizi ekintzatan dihardute eta esana denez, zenbait libiar hatzeman eta herrialdetik at bidali dute eta frantses enbaxada inguratzen zuen jendaldeari oldartzen zaizkio.,. Jendaldeak Patasse itzultzea eskatzen zuen, zein Parisen baitago frantses poliziak geldierazita eta bere herrira joatera eragotzita. "Bahiturik nago" dio Patassek. Mitterrandek, egin dituen deklarapen batzutan, Bokassari urtetan barna emandako frantses laguntza agerterazi du, Bestalde, oraingo aldaketak "kontzientzia kulpant" bat bakarrik estaltzen duela jakinerazi du,

Frantses Gobernuari, lehenean eskerronaren merezient omen zena Ertafrikan, oraintxe akusatzen zaio estatukolpea herrialdearen onuragarri ez, bere profeiturako baizik prestatu izana, gobernamendu berriaren buruzagitzan haren fidantzapeko gizona jartzeko, Frantziaren eta Mendebaldearen aldeko politika burut dezakeen gizona, nahiz eta berrikitan berrezarritako Errepublikaren onuraren kontra doakeen.

M.A.


Nazioartekoa

Alemtejoko lurra odoleztaturik

1974.eko Apirilaren iraultzak aldean ekarri zuen zenbait bahipen, desjabetze eta nazionalpen, gestio batzordeei fabrika eta entrepresa emanaldi eta lur banaketa, honekin batera halako sozialismo autogestionari bat bideratzen ziharduelarik. Pixkanaka iraultza iraungiz joan zen; kontrairaultza abiatuta zegoen eta ondorengo gobernuak, lehen bahitu eta nazionaldutakoa bihurtzen hasi ziren. Lurjabe zaharrak, lehengo kapitalak hasi ziren etortzen, aldi berean Iraultzaren Kontseilutik eta gobernagailuetatik lekueraziak zirelarik Apirilaren "kapitainen" izenak. Nork erabaki zuen lurren itzultzea? Mario Soaresen gobernu sozialistak eta bere nekazaritzarako ministrariak, Barretok: Portugaleko Alderdi Komunista soilik jarki zitzaion parlamentuan. Parlamentutik, at, lurrez jabetutako nekazal langileak, ehun mila inguru zirenak.

Itzultze hauk negoziaketaren bidez burutzen saiatu da, nekazariei lan kondizio eta etxebizitza hobeak eskainiz bestalde. Negoziapenak huts egin duenean, bortxaren bidez egotziak izan dira. Eta azkenaldi hontan bortxakeriak gaina jo du: Errepublikar Goardia Nazionala harmaz oldartu zitzaien lurrak kitatu nahi ez zituzten nekazal langileei. Eta bi hil zuen Goardia Nazionalak.

Portugalek, odol gabeko iraultza burutuaz harro baitzegoen, ba du bi hil honez gero, kontrairaultzak erhanik. Ba da protestarik, gaitzespenik, manifestaldirik eta lanuzterik herrialdean barna. Eskuinak eta ezkerrak jazotakoaren kondenu egiten dute, baina Maria Lurdes Pintassilgoren Gobernua —ezkerrak babestu eta eutsi, eskuinak gatazkatutakoa— bortxabidera jo duena izan da.

M.A.


Errusiar emakumea: Amets ondoko kronika xumea

Iñaki Muniategiri eskainia

Udako oporraldietan Errusiara joan ginenontzat, emakumeak edozein lanetan iharduten zutela konprobatzea, gauza harrigarrienetariko bat izan zen. Berehala gure argazki makinak ateratzen genituela, aitortu behar dut, lotsa apur batez... KLIK! neska estudiante batzu, enborrak leku batetik bestera eramaten. KLIK! beste argazkia, autobusa gidatzen zuen emakumeari, haur txiki bati biberoia ematen autobusaren geldiune batetan... KLIK! KLIK! Aldamioetan lanean zeuden emakumeei eta emakume kale-garbitzaileei... eta emakume igeltseroei...

Argazkilari sutsuak bihurtu ginen, ez baikenuen errealitatearekin harremanetan jartzeko beste biderik.

Esan zigutenez, egun, sovietar errepubliketan, emakumegoaren % 90ek, etxetik kanpo iharduten dute. Eta guk ikusi genuenez, hala da benetan. Trenetan, metrotan, autobus edo tranbietan, museoetan edo bulegoetan, emakumeak giza produkzioan erabat murgildurik zeuden.

Baina...

Zenbait arlotan, nabarmenagoa da oraindik emakumezko presentzia hau % 85 medikuntzan, % 74 irakaskuntzan. Baina, ba dirudi lanbide hauk gero eta prestigio eta soldata guttiago dutenetarikoak direla, hain zuzen, Kasualitatea ote?

Esan zigutenez, "lan berdinari, soldata berdina", oso zorrotz betetzen da. Baina, zergatik ez dira emakumezkoak zuzenbide postuetan hain ugari ikusten?... Hau da, nahiz eta duela hirurogei urte sozialismoa eraiki, oraindik emakumeen presentzia, beheraka, guttituz doa goi mailetara igaten den neurrian. Goiengoetara iristerakoan agertzen ez direlarik, Kasu konkretu bat: Nahiz eta emakumeek osatu zientifikoen artean % 42.a, Zientifikoen Akademiako berrehun eta lau bazkideetatik, 2 bakarrik dira emakumeak.

Lantegietako zuzendarien artean, % 12 bakarrik dira emakumezkoak. Eta harrigarria da horien falta sovietar gobernuan edo eta diplomazian,

Alexandra Kollontai. Gogoan zintudan

Tamalez, urteek ondo frogatu dute, sovietar sozialismoak huts egin diola emakumearen zapalkuntzari. Urriako Iraultzaren garaian, emakumeen askatasuna helburu nagusienetariko bat zen. Inork ez du hori ukatzen. Hor ditugu, Alexandra Kollontai edo Klara Zetkin edo beste emakume batzu lekuko. Horien ideia iraultzaileek ez zuten urte asko iraun. Familia tradizionalaren kontra zuzen jotzen zutelako eta nolabaiteko gizon-emakumeen arteko harreman libreago eta berriagoak sortu nahi zituztelako. Emakume horien arrasto gutti ikusi dugu gaur egungo Errusian. Leninen hainbat museo eta Iraultzaren museo bisitatu ondoren, Moskuko "Leninen Museoa"n, Alexandra Kollontairen argazkitxo bat bakarrik ikusi ahal izan genuen. Gure gidari-interpretatzaileak ere, ez dut uste iraultzaile horien existenzia ezagutzen zuenik.

Iraultzaren lehen urteetako errusiar gizartea astindu zuten ideia askatzaile haiek, 1979.eko Errusian zertan konkretatzen dira?...

Hirurogei urte eta gero, hau

"Emakumearen eta sukaldearen arteko banaketa, Eliza eta Estatuaren arteko banaketa bezain garrantzitsua da... Gogora ekartzen dut, Alexandra Kollontairen esaldi eder hau. Zeren, egun, sovietar errepubliketan errealitatea hauxe omen baita... Nahiz eta estatar zerbitzuek (Haurtzaindegiak, jatetxeak, etabar) kapitalist nazioetan baino ugariagoak eta eskurakorragoak izan, sovietar emakumea da, etxea bere gain hartzen duena. Halaber, bere gain daude etxeko lanak eta haurren ardura. Hau da: lan eta jornada doblea. Emakumeak, eguneko lana bukatu ondoren, etxeko lanetan jarraitu behar du, sozialismoak ez baitu lortu sukaldetik eta familiar erantzunkizunetatik emakumea askatu.

Familian, esan dudanez, ba da harritu ninduen besterik: Hainbat eta hainbat ezkonberri zuriz jantzita, eskuan lore sorta zutelarik... Dirudienez, lore sorta horik gerran hildakoen monumentuetan jartzeko ohitura dute... Eta hainbat bider ikusteko aukera izan genuen. Elizara beharrean; Ezkontza Jauregi delakoetara joaten dira, non hospatzen baita ezkontza zeremonia. Eraztuna eta guzti. Eta gero, argazki dendara (ikus ale honetan) ezkontza pottolo horietako bat ateratzera... Eta zori pixka batez eskaparatean agertzeko.

Komunikaziorik eza

Normala denez, guztioi gustatuko zitzaigukeen, honetaz eta beste gauza askotaz hitzegitea, gure bidaia horretan aurkitzen genuen jendearekin. Baina hizkuntz arazoek galerazten ziguten. Gidari-interpretatzaile bat genuen. Neska gazte eta liraina. Takoi eta gonaduna. Oso ponpoxa bera. Eta hasieratik bukatu arte lagundu ziguna. (Ezta, Iñaki?) Bera izan zen, sovietar gizartearekin lotzen gintuen katea bakarra. Katea ofiziala, gainera. Beharbada, horregatik zenbait galderari erantzuteko, iheskor xamarra agertzen zitzaigun gure gidaria.

Horregatik, Vida, 21 urtetako neska, lantegi batetako langilea, bere aita argentinoa eta erdara poliki menderatzen zuena aurkitu genuenean, galderaz josi genuen. Pentsa ezazue zenbat eta zenbat galdera egin genion Vidari... Sovietar emakumeari dagozkionak bakarrik aipatuko ditut oraingo honetan eta konturatuko zareten bezala, ia "interrogatorio policial" bat dirudi restaurante batean egindako elkarrizketatxo honek... Galderak, erantzunak baino askoz luze eta mardulagoak baitira. Baina, tira!, Anaitasunarako ekartzen baditut Vidaren hitzak, 21 urteko sovietar emakume gazte arrunt baten ahotsa interesgarria izango delakoan egiten dut.

Vidari egindako elkarrizketa

A: Vida, erakutsi diguten eskola, neska-mutilena zen. Hemengo heziketa mixtoa alda?

V: Bai...

A: Heziketa mailan, desberdintasunik al dago neska-mutilen artean?

V: Ez, ez... Denok jasotzen dugu heziketa berbera.

A: Baina ez daude neskatoentzako gai batzu eta mutilentzako beste batzu?

V: Beno, bai.. Neskatoentzako josi eta holako aktibitateak eta mutilentzako, tailer lanak eta...

A: Eta etxean, neska eta mutilen tratua berdina al da?... Adibidez, neskatoei, mutilei adinbateko askatasuna ematen al zaie?

V: Bai.

A: Eta etxeko lanak, neskatoentzat bakarrik uzten al dira, guri gertatzen zaigun bezala?

V: Beno, gure etxean behintzat, denok tratu berdina jaso dugu...

A: Eskolan, sexual heziketarik ematen al da?

V: Ba, ez. Horretaz familia arduratzen da.

A: Hemen, gazteek, sexual askatasunik ba al dute?... Elkarrekin bizi al daitezke? Komunitaterik ba al dago?

V: Ez. Nik dakidalarik ez. Estatuak, etxebizitza familiei eskaintzen die eta horregatik, gazteek elkarrekin bizi nahi izan balute, ezin izango zuketen...

A: Eta gazteen komunitaterik edo antzeko zerbait?

V: Ez, ez dut uste dagoenik. Nik behintzat ez dut ezagutzen eta ez dut inoiz entzun.

A: Gazteen artean, ezkondu aurreko harremanik ematen al da?

V: Orain hasi dira...

A: Egia al da, homosexualitatea sei urtetako gartzelaz zigortua dagoela?

V: Bai!

A: Jendeak ez al du onartzen?

V: Ez! Ez!... Oso gaizki ikusita dago.

A: Kaleetan, ezkonberri asko ikusi dugu. Oraindik elizatik, inork ezkontzen al da?

V: Orain gehiago. Modan jarri delako. Baina orain arte ez... Elizatik ezkontze ori moda bat besterik ez da.

A: Dibortzioa, askotan ematen ohi al da?

V: Nahikoa,..

A: Eta seme-alabak?

V: Seme-alabak, beti amarekin geratzen dira, kasu berezietan ez ezik... Adibidez, burutik ondo ez dagoenean, edo edariari emana denean...

A: Esan digutenez, bikoteek hemen seme-alaba gutti dute...

V: Normalki bat edo bi.

A: Eta nola kontrolatzen dira jaiotzak? Antisorgailuei buruz, zabalkunde eta heziketarik ba al dago?

V: Antisorgailuak badaude.... Eta Seguritate Sozialak ordaintzen ditu. Baina jendeak ez ditu gehiegi erabiltzen...

A: ... Orduan, abortu asko al dago?

V: Bai. Bost hilabete arte aborta daiteke. Hemen, neure hirian, norbaitek esan zidan egunoro 50 abortu ematen zirela...

A: Baina, halere, Gobernuak seme-alaba ugari izatera bultzatzen omen du, gauzak asko errazten omen ditu...

V: Bai, bai... Emakume ahurdunak, haurra izan aurretik 5 hilabeteko oporrak izan ditzake eskubidez eta urtebetekoak, haurra izan ondoren...

A: Gobernuaren aldetik, jaiotzak ugaritzeko, zeintzu bide gehiago erabiltzen ditu?

V: Beno, etxebizitza handiagoak eskaintzen ditu... telebistan propaganda egiten du...

A: Ama ezkongabeak eskubide berdinak al ditu?... Gizarteak onartzen al du ama ezkongabea?

V: Bai, bat.

A: Hemen, ba al dago emakumearen askapenerako mugimendurik?

V: Zer da hori?...

Mariasun Landa


Gaiak. Politika

Nicos Poulantzas hil da

1979.eko Urriaren 3an, Nicos Poulantzas hil da. Askori ez dio, seguraski ere, ezer esango izen honek. Zoritxarrez: politikak eta politikeriak inguratu gaitu behar den bezala, gizarteari buruzko beharrezko diren analisi zehatzak alde batetara utzirik: erraxago dirudi politikaren araberaz handik hona joatea, atzokoa iraultzaile zena, gaur kontserbatore bihurtu; ihazko dependentzia egungo autonomiarik lasaientzat onartu.

Izan ere, Poulantzas baita mende honetako marxologo marxista argien eta bitxienetariko bat. Poulantzasen marxismoa bi mailatan, gutxienez, kontutan hartzekoa dugu: filosofia arloan, politika arloan. Baina, nor da gaur hil den 43 urte adineko analista hau? Poulantzas Atenasen jaio zen 1933.ean. Greziako Alderdi Komunistako partaide, alde egiteko lana izan zuen 1967.ean eta Frantziara joan zen, Parisera, hain zuzen ere. Centre National de la Recherche Scientifique-n irakasle lehenik eta Pariseko Unibertsitatean katedratiko gero, pasatu ditu azken urteok erakusten eta idazten, batez ere.

Poulantzas-en ekarpena textuinguru zehatz mehatz batetan sortzen da: Europan hasiak ziren stalinismoaren aurkako erreakzio ideologikoek bilakarazi zituzten Europan mugimendu diferenteak. Ikuspuntu erreformistatik Stalin kritikatu zen, gogorki gainera. Alderdi politiko txikiagoek, aldez, ezkerretatik ematen zioten su. Marx-en gaztaroko eskuidazkiak irakurtzen ziren eta Europako ikasle gazteek berpizten zituzten III. Internazionalaren lehen orduko teorilariak. "Gizon berria", "Marxismoaren humanismoa, "Marx gaztea eta Marx zaharra", Gramsci-ren lanak, Garaudy-ren joanetorriak Frantziako Alderdi Komunistan, Marcuse-ren liburuak eta Berkeley-ko Unibertsitatean sortzen hasten ziren saltsak, Frantziako Maiatza, etab., etab.

Zer esan ez, horrelako mugimenduek oinarritu zituzten edo baldintzak ezarri —bederen— eskola inportanteak sortzeko nahiz eta eskola hauek oso desberdinak izan puntu batetan zetozkigun bat: TEORIAK berak duen indar iraultzailean. Eta teoriari ekin zioten indarrez. Horrelaxe plazara ziren Luis Althusser —bere eskolarekin—, Bettelheim eta bere ekipoa eta Poulantzas bera. Azken hau jurista zen, besteak ekonomista bata (Bettelheim) eta filosofoa bestea (Althusser). Kontura gaitezen eskola bakoitzak pentsalari aberatsak eman dizkigula (Balibar, Amin, Emmanuel,... den denak primerako irakasleak).

Metodologia aldetik eskola hauek estrukturalismoa onartu dute eredu bezala. Dena den, ez dute nolanahi hartzen: bakoitzak berea kendu edo eman egiten dion bitartean, dialektika zehatza aplikatzen dute, klase burrukak duela inportantziarik nagusiena. Louis Althusser-ek apurtu zuen bai Marx gaztearen historizismoa eta humanismoa, lehenik, marxismoaren dialektikaren eta Hegel-en dialektikaren arteko mugak garbi garbiki ezarriz: horrela desegiten du marxismo ofizialaren eskematismo mekanizista. Talde-lan guztion ondorio gisa aipagarri dugu liburu hauxe: "Kapitala irakurtzeko" (1967). liburu honek mugatu du marxismoa eta bere burua marxistatzat jotzen duten idazleen artean sekulako eztabaidak sortu zituen: hemendik aurrera konponezinezkoak izanen dira liburu honen aldekoak eta kontrakoak. Ni neu aldekoen artean nago, dudarik gabe. Marxismoak gero erabiliko dituen kontzepturik nagusienak hementxe burutu ziren: formazio soziala, produkziorako modua, azpiko eta gaineko egituren arteko erlazioak,...

Poulantzas ere textuinguru honetan hasten da argitaratzen: "Estatuaren hegemoniaren estudioari sarrera", "Teoria politiko marxista eta Marx eta Deretxo modernoa", "Estatu eta gaur egungo Deretxoaren azterketa marxista eta "alternatibaren" izaera". (Ikus daitekeenez, aipatzen ari natzaizuen lanen titulu guztiak euskaraz ematen ditut; hala ere, ez dut Poulantzasen lan bat ere euskaratua ikusi). Artikulu guztiok dira gero ateraraziko duen lanik sakonenaren sarrera goxoa: "Botere politikoa eta klase sozialak" hainbat aldiz eta hainbat hizkuntzatan argitaratua. Estatuaren problematika ukitzen du bereziki liburu honek: 1968.a zen. Lan hauek erabiltzen duten hiztegia eta nomenklatura oso zaila da irakurle arrontarentzat, "ikasia" ez bazara. Horregatik nolako mesedea ez ote zigun egin Marta Harnecker-ek Mexikon publikatu zuenean "Materialismo historikoaren kontzepturik oinarrizkoenak". Hau ere estrukturalista, banaka banaka aztertzen ditu liburu pedagogiko honetan kontzeptu guztion esangurak. Garbi gera dadin, dena den, Marta Harnecker eta Nicos Poulantzas puntu askotan baztertzen direla. Esan dezagun, liburu honen arrakasta ikusteko, Mexikon bakarrik 22 edizio izan zituela 4 urteko epean. Espainian debekaturik egona garai luzean.

Ez noa ni Poulantzasen lan guztien laburpenik egitera: haien berri emateko leku gehiago beharko genuke eta sintesia ezin da bi lerrotan egin, hain sakonak dira eta. Ez dezagun ahantz "Botere politikoa eta klase sozialak" estilo berria kanporatu zuela eta egitura sozialeko maila ideologiko politikoaren analisiari ekin ziola: Estatuari buruzko teoria marxistaren adierazkizuna estudiatu zuen bereziki. Hemendik aurrera zehazten du Klase Sozial kontzeptua, ordura arte edozein modutara erabilia; bloke dominatzaileko klase dominatzaileen bateratasun organizazioa, Estatuaren papera, estatuaren aparailu errepresatzailea, estatuaren aparailu ideologikoak, etab...

Lehen liburua lan teorikoa izanarren, bigarrenean teoriaren aplikazioa egiten dio kasu historiko bati: "Faxismoa eta diktadura: III. Internazionala faxismoaren aurrean" (1970). Alemania eta Italiako kasuak aztertzen ditu banan banan. Formazio sozial bat analizatzeko denboran kontutan hartu behar den modelua dugu liburu hau. "Klase sozialak eta botererako aliantzak", "Klase sozialak gaur egungo kapitalismoan" (1974), Ralph Miliband-ekin eduki zuen polemika ezaguna estatuari buruz, bi artikulutan bilduta dago: "Estatu kapitalistaren problematika" eta Milibandena beraren: "Estatu kapitalista: Nicos Poulantzasi erantzuna". 1975.ean argitaratu zuen gehienbat korritu izan duen —gure artean, behinik behin— lana: "Diktaduren krisia: Portugal, Grezia, Espainia". Nire ustez, hau dugu Poulantzasen libururik eskasena, eta egia esateko, han aurreratzen zituen gauzak ez dira bete errealitatean. liburuan nahasten dira, nahiz eta Poulantzasek ez onartu, bi gauza: zientzia maila, politika maila. Politikan, eurokomunismoaren alde jokatu zuen bere bizitzan eta liburu hartako prebisioek Espainiako Alderdi Komunistak zituenekin bat egiten zuten. Han planteiatzen zuena frankismoaren hausturaz, gero zuzendu beharko: "Horrelako hausturarik gabe diktaduratik ateratzeko gai izatea Espainian, izan da gehienik harritu nauena" ("El Pais"; 1979-Urr-5ean).

Askotan esan zaio marxismoari ezin duela aurretik jakin zer gertatuko den gero sozietatean eta horregatik ez omen da zientifikoa. Marx-ek berak ez du inoiz honelakorik esan: bilakaera batetan ez du bilakaera horretako bigarren fasea determinatzen, aurreko fasean faktore determinatzailea zenak. Edozein fasetan gertatzen dira sakoneko aldaketak eta lehen determinatzaile zena, orain menperaturik geratzen da. Nahi eta nahi ez, ez da aurretik gerokoa azaltzen, gerotik aurrekoa baizik: "monoaren anatomiak ez du gizonaren anatomia esplikatzen: gizonaren anatomia dugu monoarena ulertzeko gakoa".

Beste idazle batzurekin batera, eman zigun Poulantzasek 1976.ean "Estatuaren krisia" eta azkenik, "Estatua, boterea, sozialismoa" argitaratu zuen 1978.ean. Askok ere askok hartzen dugu gure burua marxistatzat edo marxista leninistatzat, marxismoa lerro bat irakurri gabe eta ia ia III. Internazionala aipatzen badugu zer den hori jakin ez. Beste horrenbeste pasatzen zaio zenbait anarkistari: Kropotkin, Bakunin, Malatesta edo Isaak Puente beste galaxiako izenak zaizkie. Ez, momentu honetan inoiz baino beharrezkoago dugu teoria, eta teorietan, teoria marxistari dagokionez, nahiz Poulantzasekin egon edo bere kontra egon, ez dago dudarik azken hamar urte honetako Europak eman duen pentsalari argienetariko bat Nicos Poulantzas dugula.

Pello Salaburu


Gaiak. Politika

Nikos Poulantzas, estatu modernoaren teorizatzaile

Parisen, urriaren 3an, berrogeita hiru urte zituelarik, hil da Nicos Poulantzas jakitun gaztea. Marxismoaren teorizatzaile bizkor, gaurko gizarteko botere eta Estatuari buruzko obra sail baten autore zen.

Greziarra jatorriz, gaztetatik Frantzian finkatua, ezaguna zen Nicos Poulantzas. Soziologiazko hitzaldi maixu, Paris-VIII, Vincennes-ko unibertsitatean, "Presses Universitaires de France" (PUF) eko "Politiques" saileko zuzendari, arreta haundiz begiratutako hainbat libururen autore zen. Nicosen eraginak marxisten eremua gainditzen zuen. Marxista izanik, alderdi komunista grekoaren kide zen. Hala ere, bai ekonomiaz, bai estrukturalismoz, ongi jantzirik, irekirik zituen begiak mende honetako korronte zientifiko guztiengana. Neurri batez, Louis Althusser-en ikasle zatekeen. Halaz guztiz, Poulantzasen obrek "Lire le Capital"en egileak zuzenki aztertu ez zituen eremuak jorratzen ditu, eta, bereziki, Estatuarena. Garrantzia handiko gaia, batez ere kontutan hartzen baditugu azken bolada honetan obratu diren aldakuntza politikoak.

Bestalde Marxen lanek ez digute argi haundirik ematen gai honi buruz. Lerro bakar batzu dira "Louis-Napoleon Bonaparte-ren Brumarioko 18a"n aurki ditzakegunak, horrialde bakan batzu "Frantziako gerla zibila" delako lanean eta beste zenbait ohar han eta hemen sakabanatuak, Estatu greko eta Erdi Haroko Estatuaz. Ezer gutxi botereaz eta errepresioaz behar adinbateko teoria osatu ahal izateko.

Hutsune horik gogoan, Marxen jarraitzaile gehienak saiatu dira erantzun bat ematen, baina arrakasta haundirik gabe. Ez Leninek ("Estatua eta Iraultza"), ez Troskyk ez digute argibide handirik eskaintzen XX mendeko bigarren parteko Estatu teknokratikoa ulertu ahal izateko.

Hutsune horixe izan da, hain zuzen, Poulantzasek bere obraz betetzen ahalegindu dena. Lehenik "Pouvoir politique et classes sociales" (Maspero, 1968) izan zen, gero "L'Etat, le pouvoir, le socialisme" (PUF, 1978). Poulantzasen ibilbidea instantzia politikoaren aztertze eta sakontze lana izan da. Althousser-en jarraitzaile, printzipio nagusitzat ezarria zeukan, instantzia hori ezin daitekeela izan guztiz independentea, instantzia horrek oinarriak egitura ekonomikoak lituzkeela. Hori horrela, ekonomismoarrek oinarriak egitura ekonomikoan lituzkeela. Hori horrela, ekonomismoaren arriskua gainditu nahian, "surdetermination" (gaindeterminatze) kontzeptua zerabilen estatu boterearen ezaugarri den "autonomia erlatiboa" adierazteko.

Produkzioa eta erakundeak

Bistan da Estatua "orokorki harturik" aztertuko duen teoria globalak ezina dirudiela, lan horrek ekoizpen sistimak, "orokorki harturik", aztertuko lituzkeen teoria beharko bailuke. Poulantzas, zentzu handiz, Estatu teknokratiko eta interbentzionistaren azterketara mugatzen da, berrogei urtez geroztik, Europako Mendebaldean bezala Ekialdean, izan duen garapena aztertuz.

Eta bide horretan, berak aurkitzen duen ezaugarririk nagusiena izan da, instantzia politikoak, produkzio ekonomiKoaren prozesuan, izan duen eragin eta eskuharmen gero eta handiagoak. Izan ere, Estatu modernoa ez baita konformatzen zaindari eta begirale izateaz. Estatu modernoak kudeatzaile eta gestionari izan nahi du, batipat. Bere helburu du, zentralizapena ez ezik, planifikapena ere. Estatuaren aparatuek, lehenago, batez ere, funtzio errepresibo eta ideologikoa betetzen zutenek, orain eginkizun ekonomikoa obratzen dute. Eskola, adibidez, gero eta zehazkiago, heziketa profesional eta teknikora zuzentzen da. Beste horrenbeste militar eremua, aintzinamenduzko sektore teknokratiko eta industri bide bat bilakatu delarik, harmamendu salketaren bidez irabazpide handiak sortu baitira.

Gaurregun ezin daiteke "boterea" aipa, produkzio eta erakundeen arteko lotura konkretuak kontutan hartu gabe. Hori da Poulantzas-en berezitasun nabariena, azterketaren koherentzia eta objetibitatea hain hestuki zaintzen zituelarik.

Haatik, Poulantzasen lanek ez zuten teoria abstraktuaren mailan geratzeko asmorik. Estatua, klase sozial berrien beraien arteko harremanek mugatzen dutelarik, burjeseria kapitalistaren fakzio banatuen arteko borrokaren jomuga eta harrapakin da. Borroka hau da hain zuzen barrenetik aldarazten duena. Estatuaren giltza nagusiek maneiatzen dituzten gizonak berak ere, menderatzen dituen sistima baten jokuan hitxirik, irten ezinik, aurkitzen dira, nahiz berek besterik nahi Mendebaldeko. Ezker partiduek onartu beharko lukete, ez dela aski boterea eskuratzea kapitalismotik irteteko. Merezi luke, bestalde, beraien estrategia guztia birplanteiatu eta birbaloratzeak.

Hori zen, behintzat Nicos Poulantzasen usterik fermuena. Harentzat bakar bakarrik sozialismoak eman ziezaiokeen zentzua ezagutuko ez duen etorkizunari.

Ch.D.

Atenasen, 1936ean jaioa, Poulantzas Frantzian bizi zen 1960.ez geroztik. Soziologiazko hitzaldi maixu zen Paris-VIII-Vincennes-ko unibertsitatean eta Zientzia Sozialetako Goi Ikasketetako Eskola-ko irakasle. Nicos Poulantzasek lan hauk argitaratu ditu: "Fascisme et Dictature" (Maspero, 1971); "Les Classes Sociales dans le Capitalisme aujourd'hui" (Le Seuil, 1974), "La Crise des dictatures" (Maspero 1975), "La crise de l'Etat" (obra Kolektiboa, PUF, 1976), "L'Etat, le Pouvoir, le Socialisme" (PUF 1978). Horretaz ba ditu hainbat artikulu eta txosten han eta hemen argitaratuak.


Liburu berriak

HIRU SAIOKA BERRI

Ikastoletarako euskarazko material falta handi bat izan da betidanik. Hala ere, alor hontan urteotan zehar esperientzia arras interesgarri bat eraman izan da aurrera SAIOKA delako liburu bildumaren bidez. Euskal haurren heziketari zerbitzeko sortutako bilduma hau, SAIOKA, ez da euskaratze lanera mugatu. Aitzitik, euskal haurrei dagozkien ikasgaiak prestatzen saiatu dira, euskal pedagogia aktibo baten ikuspegitik.

Aurtengo ikasturtearen hastapenetan beste hiru liburu argitaratu ditu Bizkaiko Ikastolen Konfederakuntzak. Hain zuen; Saioka-3/Matematika, Saioka-6/Hizkuntza eta Saioka-6/Sozial Arloa. Banan baian komentatuko ditugu hiru liburuok.

 SAIOKA-3/ Matematika: Egile askoren artean prestaturiko liburu bat da, ariketazkoa batipat, umeak esperienzia arrunten bidez hel daitezen logika eta matematika ulertzera.

 SAIOKA-6/Hizkuntza: Egileak J. Dorronsoro eta Boni Urkizu dira. Alde batetik, oihalgilearen kutxaren antza hartu dakioke, baina idazkera, gramatika eta lengoaiari dagozkion beste gauza elementalak ikasteko metodo bezala interesgarria da, batez ere, aplikazio pedagogiko egoki bat ematen bazaio.

 SAIOKA-6/Sozial Arloa: Saioka honek sozial arloaren ikerbide edo ikasbide interesgarri bat proposatzen du, hau da, mundua progresiboki ikasiz joatea. Lehen unitatean medio naturalaren erak azaltzen dira, bigarrenean geografia, hirugarrenean urrutiko geografiak, laugarrenean geografia, hirugarrenean urrutiko geografiak, laugarrenean bizimodu eta gizarteen bilakaerak eta bost garrenean historiako lehen zibilizazioak aztertzen dira. Azalpen oso egokiak dira.

Saiakera lantsu eta ontzat hartu daitezke hiru liburuok. Alde batetik, euskarazko materialaren hutsunea betetzen lagungarri direlako eta, bestetik, pedagogia ireki eta praktikoago biten bidetik abiatzen direlako.

EL ESCRITOR Y SUS FANTASMAS

Ernesto Sabato

Zergatik, zelan eta zertarako idazten dira fikzioak? Hau da Ernesto Sabato idazle argentinoak bere buruari egiten dion galdera eta liburu honen bidez erantzuten saiatzen dena. Erantzuna, hala ere, ez da azaltzen teoria osotu baten antzera. Argi eta sakonki azaltzen dira fikzioaren erroak, baina ez saiakera zehatz baten bidez, areago dira idazle baten egunkariko ohar solteak. Ohar luzeak nahiz laburrak, eritzi sentikorrak nahiz idazle gazteentzako aholkuak. EL ESCRITOR Y SUS FANTASMAS delako liburu hau 1967an argitaratu zen lehendabizikoz, baina argitara berri du Seix-Barral editorialak bertsio definitiboa.

Ernesto Sabato 1911n sortu zen Rojas deritzon herriskan, Buenos Aires aldean. Fisika eta filosofia ikasi zituen, baina 1945ean utzi egin zuen guztia literaturara dedikatzeko. Geroztik nobelagintzan eta saiakeran dihardu. Bere hiru nobelak oso ezagunak dira: EL TUNEL (1948), SOBRE HEROES Y TUMBAS (1961) eta ABADDON EL EXTERMINADOR (1974). Idatzi izan dituen saiakerak ere arras interesgarriak dira, batez ere UNO Y EL UNIVERSO (1945), HOMBRES Y ENGRANAJES (1951) eta abar.

EL ESCRITOR Y SUS FANTASMAS delakoan egungo literaturari buruzko bere eritziak azaltzen ditu. Fantasmak uxatu eta alderdi ahantziak erreibindikatu. Liburu irakurgarria da Sabatorena eta milatik gora folioko askok baino zeresan gehiago du, seguru asko, liburu aldakor eta atsegin honek.

JE T'AIME

Michel Meignant

Avance

1975.eko Otsailaren 3ko "Le nouvel observateur" izeneko aldizkari famatuan gertaera harrigarri bat argitaratu zuten: "Vincennesko unibertsitatean larrutan nola egin erakusten da". Aldizkariko idazkia estilo eta asmo eskandalagarri sentsazionalistaz idatzirik zegoen, baina errealitatea ez zen hain harrigarri. Vincennesko unibertsitatean, eta Michel Meignant jaun irakaslearen ardurapenean sexologiari buruzko ikastaro bat eratu zen. Egia esanez, ikastaro honen asmoak edo helburuak ez ziren ohitura edo balore tradizionalak zaintzea, sendotzea eta indartzea, arazo sexualak ikuspegi zabal eta aurrerazale batetik aztertzea baino. Eskandalu periodistikoa oso haundia izan zen eta Vincennesko esperientzia hori nolakoa izan zen jakiteko bertako sexologia irakasleak idatziriko liburua eskura dezakegu. "Je t'aime" izeneko liburu hau espainolez ere izen berdinaz ezagutzen da —1975. urtean argitaratu zuten, hemen 1976. urtean—. Liburua elkarrizketa bat bezala agertzen zaigu. Elkarrizketako partaideak irakaslea bera eta bi ikasle gazte, neska eta mutila dira. Ikasleen galderen bidez, irakasleak, Michelek, bere bizitza eta arlo sexualekiko bere teoria guztiak agertzen dizkigu.

Nahiz eta dela bost urte espainolez argitaratua egon, liburu honen garrantzia haundia dela uste dugu. Putetxeetan hiru minututako ihardunaldietan eta arineketa hutsean edo kotxeetako atzeko jarlekuetan maitasuna egiten ikasi genuen gizonentzat, edo heziketa klasista, antifeminista eta klerikaloide ortodoxoan bere gorputzaren ezezagupenaz eta sexuari buruzko oskurantismoaz hezi ziren, eta diren emakumeentzat, edo masturbazioa egin ondoren ifernuko sugarrez eta minez pentsatzen genuen gazteontzat, eta pentsatzen dutenentzat, eta beste abar luze batentzat, liburu honen irakurketa guztiz gomendagarria iruditzen zaigu.

Ez da bakarrik egoera faltsu eta larri horik oso ongi deskribatzen dituelako, baizik eta gizonen eta emakumeen maitasunezko praktikentzat, egoera horiek ekarri dituzten ondorio kaltegarriak ondo azaltzen eta aztertzen dituelako. Gure historia egungo arazoak eta irtenbideak ere, teorian noski, liburuan plasmaturik ikus ditzakegu.

Liburua, egileak dioenez, sexualitate berari dagozkion arlo guztietara zabal dezagun dago idatzirik. Inolako aurreritzi barik. Inolako errepresiorik gabe. Berton, edozein gai munduko naturalitate haundienaz aztertua eta perfilatua aurkezten zaigu: felazioa, kunnilingusa, Master eta Johnson sexologoen teorien eta metodoen buruzko kritika, zakil tamainua, homofilia, isurketa arina, eta abar. Hainbat aurreritzi kentzeko, edo baztertzeko, edo interpretatzeko bederen, interesgarria izan liteke liburu honen irakurketa zein, benetan, gustura egiten baita.

Antonio B.


Gaiak. Zinema

Donostiar Zinemaldiaren inguruan

Tomas Albari eskainia, berarekin zenbait filme-emanalditan batera egon bainintzen.

Zinemaldia azkendu ondotik zenbait aste geroago, aurtengo emanaldia hasieratik inguratu duten problemetaz berriz aritzea harroputz eta errepikagarri gerta liteke.

J. Idoeta Batzorde Zuzentzailearen buru gisa izendatzetik bertatik, haren barnean sortu zen elkar oldartzea; Watergate arazoa; lokalaren prezintatzea; presa eta lehia; Cannes; Batzorde Zuzentzaile berria,... Kazetaritzan dauden betebeharrak direla kari, horik guziok bigarren mailara pasatuak dira hurrengo egunean. Azkenez, Zinemaldiaren buru gaineko Damoklesen ezpatak, FIAPFen azken abisamendua kasu, aurten agertuko ziren problema guztiak gainhartzen zituen.

Aurreko hauen partida gisa, Zinemaldiari alderdien laguntza, Udal Polizia ordenu zaingoaren arduradun izendatzea (zentzu hontan tamalgarri da Zinemaldia bukatu izana), donostiar populuaren seriostasunak eta erantzupenak hospatutako manifestaldietan esperantzazko kolore eta antza ematen zioten Iñaki Quijeraren erhanketan, L. Caloren larritasunaren eta ekintza hauei buruz populuaren erantzunaren ondoan. Zinemaldiak salbatzea merezi ukan du. Etorkizuna besteren eskupean dago.

Hontaz guziontaz luzaz aritzeari buru gabe deritzot baina ez dut aukera hau galetsiko, Zinemaldiari buruzko nolabaiteko kritika demagogiko zenbaiti beha ene harridura agerterazi gabe; beraik erizpide teoriko eta abstraktu samarretan oinarrituta daudelarik. Ez daukat behin ere adituta inork langile bat kritika eta maisea dezanik, haren lanaz eta honek sorterazten duen plusbalioaz burjesena eta oligarkia mantentze soilagatik.

Denok dakigu zer nolako plataforma ideiologiko, politiko eta ekonomikoaren gainean dauden eraiki eta egituratuta Zinemaldiok, baina hau ez da eragozkarri, gizarte horren errotarnak irensten ez dituenak Zinemaldi honen izatasuna barne-barnetik aldaraz dezan, euskal kulturaren eta oro har, zinemagintzaren laguntza dela eta.

Gipuzkoako herrietan eta Nafarroako zenbaitetan 180 projektapen eman ahal ukana, mintzaldi programatuekin batera (A. Sartre, Eva Forest, Felipe Cazals, Gipuzkoako Emakumeen Batzarrea, EHGAM, Rosette de Saint-André, E. Loteanu, etabar, etabar), Nazionalitateen zikloaren hospakuntza (halanola Euskal Herria, Kanariak, Galizia, Andalusia, Katalunia, Gaztela, Leon, Okzitania, Bretainia, Hegoamerika, Belgika,....) bertan ikusi ahal ukan dugu halako zinema nazionala, bazterreraturik, eremu hontarik landa ezagutu ahal ukateko paradarik gabe ia-ia; Arte eta Saiorako zikloa (27 filmerekin) eta honelako zinema, bere definizio etabarren "Problematikari buruz burututako egunak, Taviani senideei eskainitako atzerabegirada. Cannes (produktore-banatzaileen Babilonia) eta Berlin (Merkatua) hirietakoak bezalako Zinemaldien ondoan, Donostiakoa obratzaile, errealizatzaileen beren topagune izatea eta euskal zinema ikustera espreski Euskal Herriratuko ez zirenek ezagut dezaten gai izatea; hauek guziok balantza makurrerazten ahal dute alde positiborantz, baldin eta denok kontzient eta jakitun bagara zer behar duen Euskal Herriko egoera politiko eta kulturalak.

Azkenez, nahiz eritzi pertsonal samarra den, nik uste dut ezik Zinemaldi honek I. Uriberen "El proceso de Burgos" salbatu ahal ukan duela, Canneskoak F. Ford Coppola-ren egoera salbatu zuen era berean, bere Appocalypse Now-rekin. Gobernutar hertsadurek hala eman zuten aditzera.

Modu oroz ere nor bere esku da nahi eran pentsatzeko, honek denok dazaguzkigunen faboragarri soilik datekeen girorik sort ez dezakeen guzian. Eta ba da holako arriskurik.

Azaldutako filmeei orori buruz elestatzea litzateke lan itzalgaitza. Gu denok menpean gaituzten denboraren mugen barnean zaletu gisa ikusi ahal ukan ditudan filmeei atxekiko natzaie. Ba daude hirur filme sail ofizialeko (Marathon otoñal, Saint Jack, El pequeño Arquimedes), berak ikusi ez ukana damu baitut; beraz haien egiteko den kritika mendratua izanen da gonbaratiboki. Garen hasi.

Manhattan

Ardura erraten da egiazko egileak kasik beti filme berdina egiten duela. "Interiors" burututakoan, tankera hori hausteko gai izateak eta "Manhattan" egiteak erakusten dute W. Allenek oraindik esateko handia duela zinemaren arloan. Gershwin-en musikaz baliatuz, "Annie Hall"-en egindako modu berean mintzo zaigu haren pertsonaiak pairatzen dituen obsesio eta zaputzaldi guziez: emakumeekiko harreman sentimental eta sexuala, bere bizirik segitzeko arrazoiak, New York-enganako bere maitasuna, snobismo intelektuala, psikanalisia, adiskidetasunaren zentzua, hau denau gidoi bikainaren eta bere hiriarenganako sentitua jasotzen duen zuri-beltzezko irudiaren bitartez, sentikortasunez eta arraitasunez beterikako burutzapenarekin batera, haren hurrengo burutzapena noiz gertatuko zain gauzkalarik.

Appocalypse Now

Ene iduriko, ba daude hiru filme Estatu Batuen Historia zer izan den eta den berez zehazten dutenak: "El nacimiento de una nación" - D. W. Griffith; "Ciudadano Kane" - Orson Wells (amerikar "way of life" delakoaren goreneko puntua, botere sistima osoa eta hartarako irispideak zehazten dituena) eta "Appocalypse now" - F. Ford Coppola (haren gain-beheraldia, haren beraren hatzaparpean harrapatutako gizartearen muga fisiko eta psikikoa).

J. Miliusen gidoiaren barnean J. Conraden "El corazón de las tinieblas" kondaera sartuz, erakutsiz doakigu, hibaian gaindi, Kurtz koronela (Marlon Brando) akabatzeko aginduz, Williard kapitainak (Martin Sheen) egiten duen bidaiaren bidez, guduaren beldurkunde guzia (bai VietNam, bai edonongoa), Zalduneriaren 7. errejimendukoa bailitzan gudukan jokatzen duenaren hoztasuna (gogoratzeko da, Wagneren musikaren narritaduraz, "surf"-ean bere hondartzan aritu ahal izateko, R. Duvall-ek herrigune bat errausten duen eskena), "napalmak garaipenaren usaia dauka" bezalako esaldiak, etab. Bidaia errealista, fisiko, kanpoko oso hau Kambodian bukatuko da, bertan Kurtz koronelak erkidego bitxia fundatu baitu, Aginte Nagusiaren obedientzatik urrun. Une hontantxe, filmeak, aldaketa jasaiten duelarik, orduraino begietsi dugun zarrada osoaren interiorizazioa erakusten digu. Pertsona bere beraren mugaraino heldua da eta guduaren beldurkundea eta laztura adiskide kontsideratzea hautatu du, honela ez egitekotan zorotasunera, ala bestelako zorotasunera ote?, eramanen luketenez gero. Barneko bidaia honek, bere buruaren sakonerainokoak istorioari berari balio berria dakarkio (haren burutzapena desberdinagoa den arren), filmearen zentzuan sakonketari dagokionez, era guzietara. "El regreso" edo "El cazador" gisako filmeak gainditzen dituelarik.

Interesgarriak izan dira, halaber, aurtengo emanaldian ikusi ahal ukan ditugun Ekialdeko filmeak: "Angi Vera" (Hungaria), "Pesadillas" (Polonia) eta A. Wajdaren lau filmeak, beronen lanaz berriz aritu beharra delarik, "El hombre de mármol" eta "Sin anestesia" filmeekin hartu duen norabide berria dela eta.

Gogotan edukitzekoak dira "Mama cumple 100 años" (Saura bere mamuez gabetuz doa), "Paradistorg" (filme interesgarria, bizitza bideratzeko bi erazkoa: behatzailearen eta partehartzailearen erak, eta azkeneko eklosioa. Produktorea: I. Bergman), "A través del huracán" (M. Hellman; interesgarria, western inguruaren barnera dakarren berrikuntzari dagokionez), "La golfa" (J. Renoir-en filme klasikoa, oraindaino ikusteko aukerarik ukan ez dugularik), "Canoa" Felipe Cazalsena, M. Littin-en "El recurso del método" (eztabaidatua eta eztabaidagarria, baina zenbait arrazoirengatik interesgarria, nahiz eta hemen haietaz mintzatuz ezin hedatu) "La Luna" (domaja, Bertolucci azkenekoan beste filme batzutan bezala mintza dakigun berriz, "La estrategia de la araña" erakuskaririk klarkien legoke, aitaren bilaketaz, gai hau delarik protagonista, baina ikuslearen gogoa erorerazten du burutzapen bikaina gorabehera, aita bilatuz geroz problemak oro suntsitu eta gauzak lehengo bidera arrajiten direlakoz (?)). "La Batalla de Chile-"ren hirugarren atala eta "Im feuer bestandem", Heynowski & Scheumannenak (bi dokumentalok Allenderen Chile dute interesgunetzat, batzutan errepikagarri gerta daitezkeelarik egileen beren beste dokumentalekiko, halakoa baita "La guerra de los momios" etab.), Bibermanen "La Sal de la Tierra", Schlondorf-en "Tiro de Gracia", Taviani Senideen "Il Pratto", "Allonsanfan", M. Valersteinen "La empresa perdona un momento de locura" eta abar azkengabea.

Halere, ez dut lan hau bukatu nahi guretzat garrantzitsuena izan denaz hitz. egin gabe: Zinemaldiaren barnean euskal zinemagintzaren egotea. "Ikastola", "Gernika", "Ikuska 1" eta "Ikuska 2" hurrenez hurren, "Erreferenduma". Ikuska egile taldearena, M. Armendarizen "Barregarriaren dantza", A. Merikaetxebarriaren "Bilbo" (Ikuska 3), laburmetraiatarako Urrezko Maskorra irabazitakoa. eta plater azkarra, I. Uriberen "El Proceso de Burgos", "Antxotan" eta J. M Gutierrezen "Balantzatxoa"-rekin batera gure zinemagintza jadanik katakunbetatik irteten ari dela erakutsi duena, zenbait zirkunstantzia politiko, ekonomiko eta kulturalek orain arte haietan egon erazita.

Espero dugu hurrengo alean euskal zinemagintzaren azken ikuspegi eta alderdi hontaz solastatuz hedatu ahalko garela gehixeago.

X. Portu


Gaiak. Erlijioa

Aitasantu ibiltaria

Zalantzarik gabe hestuegia da Erroma eta Vatikanoko ingurunea Joan Paulo II.arentzat.

Oraindik ez da garaia, azken bi asteotan Aitasantuak Irlandatik eta Amerikako Estatu Batuetatik egin duen ibilaldia sakonki aztertzeko eta horren ondorioak ateratzeko. Hitzaldiak, harremanak, elkarrizketak, ateraldiak... asko eta ezberdinak izan ditu. Ez da erraza izango guzti horren sintesia egitea. Baina egin beharrekoa izango da, Erromako Eliza nondik nora dabilen jakiteko.

"Urrutitik datorren Aitasantua" deitura eman izan zaio Joan Paulo II.ari, Baina Poloniatik Erromaratua izan arren, erromatarrek eta erromazaleek ez dirudi gaizki hartu dutenik. Ezagunak dira zein arrakasta handia izan duten Aitasantu honen audientziek Erroman bertan.

Hala ere, Joan Paulo II.ak edozein aukera hartzen du, Vaticanotik ihes egiteko. Hestua gertatu zaio zalantzarik gabe hango giroa. Pio XII.ak beretzat egina balu bezala bizi zuen Vatikanoko palazioen eta harresien eta kongregazioen giroa. Joan XXIII.ak hautsi ahal izan zuen hesitura eta Erromatik kanpora bere ihesaldi bakanak egin zituen. Paulo VI.ak gogo onez eta kontzientzia osoz onartu eta bereganatu zuen jokabide berria: Aitasantuak ez zeukan, Kontzilioaren ondoren, Vatikanoko "gaztelua" zaintzen egoterik, munduko gorabeherak handik juzkatuz eta kristau herria Entzikliken, dekretuen eta hitzaldien bidez handik bertatik gidatuz. Hala ere, Paulo VI.a, bere izaeragatik-edo, gustorago bizi zen Vatikanoko giroan eta ez "mundura" ateratzen zenean. Ibilaldi garrantzizkoak eta ez errazak egin zituen (Jerusalem, India, USA, Geneva, etab.); baina ez zen ibiltaria, eta sufritu egiten zuen nonbait ibilaldiotan.

Joan Paulo II.ak, ordea, erlatibizatu egin du Vatikano, Aitasantuaren bizileku bezala; nabari denez, atsegin zaio munduan zehar ibiltzea, Vatikanon geldiezina nabari zaion bezala. Baina bere izaera aparte, Aitasantutzaren irudia bera aldatzen ari da, eta bide irekiagoak hartzen ditu horrek. Beharbada Erromaren eta Vatikanoren zentralismoa hausteko balio izango du jokabide honek. Munduan zehar libreago sentitzen da nonbait Joan Paulo II.a, Vatikanon baino.

Lau ibilaldi, lau plataforma

Lau ibilaldi handi egin ditu Joan Paulu II.ak urtebetean: Mexikora, Poloniara, Irlandara eta Amerikako Estatu Batuetara. Lau irteera eta ibilaldi hauek gauz bat dute elkarrekin: laurak plataforma gisakoak izatea.

Mexikora joan zen, Latinamerikako Apezpikuek (CELAMek) hospatzen zuten Batzarre nagusira. Eta nahiz eta Mexiko Hegoamerikako eta Ertamerikako Estatuetatik urruti xamar egon, egoera politiko-sozial eta ekonomikoan begira, Aitasantua Mexikoko ihardunaldietaz baliatu zen Latinamerika osoari hitzegiteko.

Nabarmenagoa izan zen plataformarena Poloniara eginiko ibilaldian. Inork ez zuen zalantzan jani, Europako Herri sozialista guztien aurrean jartzen zela Aitasantua, eta guzti horiei begira hitzegiten zuela. Aukerako "pulpitua" zuen bere Herria, Polonia, mundu sozialistarekin urrutiko harreman hori hasteko.

Berriki Irlandatik egin du bere ibilaldia. Beste inon baino entzute handiagoa izan du ibilaldi honek Britania Handian. Ingalaterran prentsa laikoak eta profanoak "Roman Catholic Church" (Eliza katoliko erromatarra) deitzen dute Aitasantuaren menpeko Eliza. Inolako esanahi teologikorik ez du titulu horrek; Eliza anglikanotik eta besteetatik bereizteko izena besterik ez da. Eta jakina da, Erromako Eliza katoliko horretatik eta horren eraginetik urruti gelditzen dela Ingalaterra, ez Iria delako bakarrik, eta bai bere historiagatik ere eta bere Eliza Anglikano ofiziala eta estatala duelako ere. Guzti honegatik, Aitasantuari nahiko bihurria gertatuko litzaioke, lehen urrats bezala, Ingalaterrara bertara joatea, zuzenean hango herriarekin harremanak izateko. Irlanda katolikoa izan du horretarako bidea, eta Ipar Irlandako arazo eta istiluaz baliatu da Britania Handiarekin elkarrizketa hasteko. Zoritxarrez Ipar Irlanda bitarteko besterik ez da gertatu, hango jendea bera ikustera joaterik ez baitzuen izan Aitasantuak, Ingalaterrako Gobernuak nahi ez zuelako, seguruenik.

Azkenik, USAra egin du Joan Paulo II.ak bere ibilaldi entzutetsua. Eta berezi ONUra. Mendebaldeko Estaturik indartsuena eta Munduko Estatu guztien ordezkarien Biltokia eta bozgorailua den ONU, plataforma oso egokiak zituen Aitasantuak bere ahotsa mundu osora zabaltzeko. Lehenagotik ikusia eta erabilia zuen Paulo VI.ak ere. Elizak, lehen mendetan Erroma aukeratu zuen bere "Hiriburu" bezala, Inperioaren Hiriburua zenez gero. Erroma ez da gaur Italiaren Hiriburu besterik; eta Eliza katolikoarentzat ere ezin izan zentru nagusi bakarra. Zalantzarik gabe Historiak lotuta dauka Erromari bai Aitasantua eta horrekin batera Eliza katolikoa. Baina gaurko munduan eragin eta entzute handiagoko zentruak daude; eta plataforma horietaz baliatu beharra ulertu dute azken Aitasantuek.

Plataformaren taktikaz aparte, Joan Paulo II.aren ibilaldi hauek besterik ere erakutsi dute: gidari moral eta izpiritual batek gaurregun ere izan dezakeen erakarmena. Gidaritza eta erakarmen horiek Politikaren lotura asko dituzte noski. Baina ezin uka, gidari politikoek, Estatuburuek eta Gobernuburuek nahi luketela berentzat, Joan Paulo II.ak bere ibilaldi hauetan agertu duen erakarmena.

Inguruan sortu duen festa-giroa eta dramatismo-giroa, biak nahasirik, jendea eta komunikabideak beste inolako gidarik baino gehiago inguratu ahal izan ditu joan den leku guztietan.

Elkarrizketa ala gidarismoa?

Ibilaldion arrakasta horrek beti uzten du atzetik bere zalantza ere. Populismoak uzten duen zalantza; eta ezin uka, Joan Paulo II.aren ibilaldiok populismoaren kutsu handia dutela.

Hiru mailatan edo jaulki izan dute Aitasantuek horrelakoetan beren mezua: mundu politiko eta sozial zabalari, kristau ez-katolikoei eta katolikoei.

Diplomazi hari asko baldin badituzte ere Aitasantuaren ibilaldiek, ez dira izan ohi, indar eta gidari politiko eta sozialekin elkarrizketa luzeak egiteko eta akordio handitara iristeko. Horrelako ibilaldiei ez dago eskatzerik ere horrelako fruiturik. Maila horretan harreman diplomatikoek eta hitzaldiek osotu dituzte Joan Paulo II.aren ibilaldiak. Hala ere, ba dirudi, harreman diplomatikoei ere adiskide-giroa ematen jakin izan duela berak. Dena dela, abstraktuegiak eta edonolako adierazpidetarako izan ohi dira horrelako harremanak eta hitzaldiak. Hiru puntu nabarmendu izan dira, hala ere, Joan Paulo II.aren ibilaldietako hitzaldietan: Askatasun politiko, sozial eta erlijiozkoa; biolentziaren kontrakoa; eta herri eta klase pobreen aldekoa.

Kristau ez-katolikoei buruz eskasak izan dira Joan Paulo II.aren ibilaldiak: ez dute ekumenismo-asmo eta programa argirik agertu, nahiz eta erlijio-gidarien aldetik hitz onak eta laudorioak entzun ahal izan. Britania Handiari buruz eta begira Irlandara egindako ibilaldiak ba zirudien asmo ekumeniko nagusia ukan behar zuela. Baina ez da horrelakorik agertu. Aitasantuaren jende-erakarmenak eta komunikabideetako entzuteak gainezkatuta bezala utzi du Ingalaterran bertan Eliza anglikanoaren burua, Canterbury-ko Artzapezpikua. Honekin elkarrizketa edo elkarrekintza ekumenikorik ez du abiatu bere ibilaldi horretan. Gauza berbera esan ote daiteke, USAko erlijio-gidariei buruz?

Eta katolikoei buruz zer? Seguru asko gidarismoa eta populismoa gailendu dira. Zalantzarik.ez, horretarako balio handi» duela Joan Paulo II.ak.

Baina bisitatu dituen Elizen barnean problema latzak dituzte hango kristau askok, nahiz eta gutxiengoak izan. Polonian, edota Irlandan, edo USAko Elizan, katoliko askok arazo larriak dituzte, eta hain zuzen ere Eliz Hierarkiarekin, nahiz eta arazo horik oso ezberdinak izan Eliza bakoitzean. Seguru asko katoliko-multzo horien galderak eta arazoak ez dira konpontzen Aitasantuak milaka lagunen aurrean egiten dituen hitzaldiekin. Beraiengana hurbildu beharra izango luke Aitasantuak berak, elkarrizketa hurbileko eta sakona abiatzeko.

Bere arrakasta eta guzti, zerbaitek hutsegin die Joan Paulo II.aren ibilaldiei. Edo dena dela, zalantzaren bat gelditzen zaigu hor barruan.

Paulo Agirrebaltzategi


Gaiak. Kultura

Gomikia 2. Ehun kilo

A.: Noiz hasi zineten Gomikia argitaratzen?

— Ba, orain dela urtebete, 78ko urtarrilean Zeruko Argia-ren inguruan ibiltzen ziren grafistak hasi ginen eta gero zabalduz joan zen zirkulo hori.

A.: Zein helburu izan zenuten hastapenean?

— Ba. Ipurbeltz eta umeei zuzenduriko komikiak oso mugaturik daudela ikusiz, bai gal, marrazki, teknika eta euskararen aldetik ere, komikia lengoaia bezala desarroilatzea izan da gure asmoa.

A.: Euskararen aldetik esan duzu, nola?

— Komikiari apropos dagokion hizkuntza bat asmatzen saiatu gara. Hau ezin egin daiteke teknikoki, praktikoki eta eginez baizik. Gauza bera esateko, marrazkien bidez istorioak kontatzen ikasten ari garen bitartean, ikasi egingo dugu euskara apropos hori erabiltzen.

A.: Nahi baduzu, Ehun Kilo hau istorioz istorio komentatuko dugu. Esate baterako lehena zer?

— Lehena "Gabonetako oparia da" eta Olariagaren istorio beltz bat da, normalean erabiltzen ez duen estilo batean, suspentse eta misterioaz umorea egiteko saio bat.

Bigarrena zein da?

Hau neska bizkaitar batek egin du. Iruiñan bizi eta Bilbon ari da ikasten: Gentz del Valle. "Gurpil Zero" egin du. Klasifikatzea zaila da, baina fikziozko mundu bateko ekologia, hirigintza eta halako arazoei loturik dago. Berria da neska hau komikigintzan eta gai zabala hartu du Istorio luze samar bat azaltzeko.

A.: Bai, ANAITASUNAn ere kolaboratzen du neska honek. Bueno, errepasatzen ari garela, 27. orrialdean artikulu bat agertzen da hizlauz. Zer dela eta?

— Tituluan esaten den moduan, Joxan Muñozek idatziriko testu bat da, "Gomikiaz, euskaraz, euskal gomikiaz". Gomikia eta Ehun Kilo aurrean dituela balantze giseko bat egiten du.

A.: Hurrengo komikiak ba du zerikusirik Soriarekin. Ez dea?

— Titulua, "Seguritate handiko espetxea" besterik ez da esaten. Mikel Plazaola gidoigileak eta Luis Astrain marrazkilariak ez zuten holako intentzio gaiztorik buruan. Berehala konturatuko zarete gartzela horren barruan gertatzen dena, oso urrutiko gartzela siniestro batean gerta daitekeela bakarrik.

A.: Nola egin dute elkarlana komiki honetan?

— Gomikia delakoan bakoitzak bere komiki luzea egin zuen. Baina honetarako elkartu egin dira biok. Batak batez ere marrazkiak eta besteak gidoia eta bineten distribuzioa batipat eginez, elkarlan saio bat beraz.

A.: Nor da Alberto Saavedra, Laugarren komikiaren egilea?

— Hau Donostiako mutil bat da, beste gauza askoren artean antzerki lana egiten duena. Kikio Mimoa pertsonaia asmatu du eta kontatzen digu, sagarretan ari zela bonba bat topatzen duela eta berau kitatzerakoan, gertatu zitzaizkion pasadizoak, eta Hau guztiau hitz bat ere esan barik.

A.: Gero fotoak datoz?, zer ostia egiten dute hemen?

— 1574.eko hauzi zahar baten kronika da, marrazkia grabatu kutsuaz eginak dira, giro antigual hori lortzeko eta testua euskaraz, erdara zaharraren itzulpena.

A.: Hurrengo komikia, Larrarte-rena da, Zeruko Argia-ren kolaboratzaile batena.

— Bai emakumeak nagusi diren mundu bat azaltzen du, 2045.urtean.

A.: Ez berri tristerik ekarri, mesedez, zein da hurrengoa?

— "Korbato" deritza, gidoia eta marrazkiak Xabi Lopez-enak dira. Hemen. Hain polita dagoen Santa Klara popotik hartzera doa istripu nuklear bategatik. Eta mutante batzu sortzen dira geroztik, Korbato delakoa hauen artean... Suspentsezko istorio bat beraz.

A.: Eta C'est fini?

— Bai, ale hau bai, baina ez da guztiz bukatu. Sarreran diogun bezala.

A.: Bestalde pentsatu duzue noizbait Europan eta Ameriketan zehar egiten diren zenbait komiki itzultzeaz, kreazio lanetik aparte?

— Hori guretzat eman ezin dezakegun urrats bat da, ez baitakigu seguru hirugarren edo laugarren libururik aterako den ala ez. Gainera, seguru asko izango dira editorial batzu, Asterix eta Obelix-ekin gertatzen den bezala, merkatu bat ba dela ikusten badute, "abertura" hori aurrera eramateko prest egongo direnak.

A.: Noizko aterako duzue hirugarrena, gutti gora behera?

— Lanean ari gara Gabonetarako ateratzeko. Ikusiko dugu...

A.: Hirugarren honek ere izen subertsiboa izanen al du?

— Oraindik pentsatu gabe dugu, hala ere ez dugu uste Ehun Kilo subertsiboa denik, beharbada pisu samarra. Izen bat asmatzen ari gara "Tximist eta Plast". Hala ere arriskutsua iruditzen zaigu, kaleetan zehar geure propaganda sartzen hasten bagara, jendeak ikusiko du estatutu honekin tximist eta plas...

Joseba Sarrionaindia


Gaiak. Gramatika

Garapen. Gara ustea garatzen

"ANAITASUNA"ren 379/380 zenbakian, garapen hitza euskal haizetara ematen zuen J.R. Etxebarriak. Hitz hau promozionatzeko asmoz, proposamen bat egiten zuen. Zentzuz eta benetako ganoraz egina iruditu zitzaidan proposamena eta egoki jaurtikia. Eta oraintsu esan didatenez, Etxebarriaren asmoa garaitza bidean dugu: erroak eman eta "desarrollo" ustearen adierazle gotor izateko bidean omen dugu garapen hitza.

Ez nau batere harritu oraingo albiste honek, baina bai ordea harritu ninduen proposamen hura irakurtzeak; Etxebarriak esaten zuenez, ideia, nire liburuaren izenburutik hartua zuen. Baina nire harridura ez zetorren horretatik, beste zerbaitetatik baino.

Hogeitaka urteak daramazkit zenbait horrelako hitz jator eta egoki (ene ustez) barreiatzen. Euskaldun zaharrengan bizirik ditugun eta gaurko bizibidearen garakeran erakor genituzkeen hitz eta formak haizatzen. Baina alperrik. la etsitua, honetara egina nengoen. Badirudi, hemengo euskalariek beren begiak barnerantz begira edo dituztela. Eta bakoitzak bere iturritxoko ura bakarrik edan ohi duela. Beraz, norbait bere inguruetara emeki begira sumatzeak harritu ninduen.

Bai eta beste zerbaitek ere eta ez gutxiago: Etxebarriak ez ditu garbiro azaltzen bere idazkian, (ez ditu espreski izendatzen) baina bai planteatzen ditu, euskerari buruzko arazoetan beti gogoan behar genituzkeen bi puntu nagusi: hizkuntzaren atondura (estruktura) jarrai eta errespetatu beharra eta fonetikaren estetika edo izendatuko genukeen hori ere badela. Puntu horiek haintzat hartzen dituen euskalari gutxi ageri zaigu gaur. Eta jokabide hau, galgarritzat, kaltegarri haunditzat egozten dut nik, euskara batua sortzen ari zaigun garai honetan.

Hizkuntzaren atondurari buruz, euskaran garrantzi haundia du, hitz famili osoak atontzeko eta eraikitzeko erakortasunak. Baina latin hizkeretan puntu horrek ez du garrantzi haundirik (honen zergatikoa adieraztea luzamendu litzateke orain) eta hizkera horien arauz euskara lantzen ari garenez, halako gorotzak egiten ditugu. Begira desarroilo eta debelopamendu hitzekin zer hitz famili sortu ahal izango litzatekeen. Batak (desarroilo hitzak) badirudi ukakor zentzu batetarako egokiagoa dela, bere des- hasierakin, garatze zentzua adierazteko baino: des-arroilo (arra ez den oiloa edo arrautzarik egiten ez duena adierazteko balitz pasa.) Eta besteak (debelopamendu) zaldi lasterketa edo horrelako zerbait adierazi behar duela dirudi, lehen entzute batetan behintzat. Baina irakurleak egin beza saialditxo bat, hitz-familiak bi hauen gain eraikitzen eta euskarak zer behar duen ohartuko da zerbait.

Fonetikaren estetikari buruz, ez dakit zer esan. Hainbatekin hitz egin dut honetaz, baina halako begirada arraro batez erantzuten dute; zorakeriatzat hartzen ote duten nago. Eta ene barrena ez larritzeko, daltoneridunek ere gorria eta berdea bereizten dituztenak erotzat inoiz hartuko dituztela pentsatzen dut. Dena dela, gure senean edo senostean (subkonszientean) horrelako sentasun bat badarabilgu. Etxebarriak bere idazkian nahiko argiro erakusten du arazoa. Eta edonon indartsu ageri izaten da, gure oharmena eme ezarriz gero. Eta, neska gazte lirain bati Miserikordia edo Ranabalo deitu ezaiozute, ingurukoek zer jestu egiten duten. Eta bi izen horiek emakumezkoentzat erabiliak ditugu. Berdin dira, desarroilo eta debelopamendu bezalako hitzak euskaldunen belarrietan.

Luzeki idatz dezakegu bai hauei buruz, bai eta euskalgintza arloan bizi dugun "idorraroari" buruz ere. Baina gaurko nire asmoa bestelakoa da: gara uste eta hitzaren gain zelako hitz-familia eta atondura eraiki dezakegun erakustea. Beraz, hemen doakizue ene eskaintzatxoa (Erdaraz adieraziko ditut, nahiz eta "atxurkadaren bat" eman.

 Gara - desarrollo (idea primaria, amplia de sentido absoluto).

 Garatu - desarrollar.

 Garatze - desarrollamiento (idea de la acción en su riempo - sustantivado y declinable).

 Garapen - desarrollo - desarrollamiento (idea intemporal de la acción).

 Garaketa - desarrollamiento (idea de la acción en su dinámica).

 Garakera - desarrollamiento (idea de la acción en su modo).

 Garabide - medio, vía de desarrollo (garabidean - en vías de desarrollo).

 Garataldi - tiempo, período de desarrollo.

 Garataro - época de desarrollo.

 Garakunde - desarrollo (idea de la acción en su magnitud y tiempo).

 Garakuntza - desarrollo (idea intemporal de la acción en su magnitud).

 Garakizun - asunto o problema de desarrollo.

 Garatasun - desarrollo (cualidad positiva).

 Garakeria - desarrollo (cualidad viciosa).

 Garatzaile - desarrollador.

 Garadun - desarrollado (que posee desarrollo).

 Garage - sin desarrollo (que no posee desarrollo).

 Garatzeke - sin desarrollar (que no ha sido desarrollado).

 Garamotz - subdesarrollo (poco desarrollado, de desarrollo corto).

 Garamin - muy desarrollado.

 Garagaitz - difícil de desarrollar.

 Garatezin - imposible de desarrollar.

 Garaterraz - fácil de desarrollar.

 Garagarri - digno o apto para desarrollar.

 Garagarri - posible de desarrollar.

 Garatuegi - hiperdesarrollado.

 Garatze lotua - hipodesarrollo.

 Garagiro - ambiente de desarrollo.

 Garakor - propenso al desarrollo.

Hauek guztiok eta beste asko sortu daitezke uste honen arloko hitz-familian. Esate baterako, erdigaratze, okergaratze, garatxar e.a. Bai eta, Etxebarriak proposatzen dituen supergaratze, hipogaratze e.a.

Hizkeragintzaz arduratzen den irakurleak bere kontuak aterako dituela uste dut bai eta, euskarari buruz gaur ditugun usteak zentzu sakonezko saldatan beratu beharretan garela ere. Eta gaurkoz, hauxe aldarrikatuko nuke: latin hizkerak hitz-atonduren gain eraikiak diren neurrian, euskara, uste-atonduren gain eraikia dugula (eritzi hau hobeto adierazteko, ez da aski artikulu bat). Beraz, euskara batu ganorazko bat bultzatzean, ezin dugu ibili txantxetan. Etxebarriak planteatu dituen puntu nagusiak eta euskararen beste arau guztiak gogotan beharko ditugu. Bestela, iraun ezingo duen munstro bat sor dezakegu.

Kapanaga


Ardibeltza [Komikia]

MONTI


Gurutzegrama