ANAITASUNA

1979.EKO EKAINAREN BIGARREN HAMABOSTALDIA

384. ALEA

60 PZTA.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

Zuzendaria

X. Arzelus

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


AURKIBIDEA

4. Editoriala

5. Diskoak hamabostero. K. Arko

6. Euskadi is different. Txillardegi

8. E.I.A. langileen alderdia eraikitzen. M. Aiorabide

10. Ahetzeko komunista beldurgarriak. M.L. Uhaitze

11. Euskal Herria saila eta ni. Ekatxa

12. Komunikabideei buruz (I). Kazetari ikasleen kidegoa 14. Atzeratu mentalak. E. Entziondo

18. Haur zinemagileekin hizketan. M. A. Landa

20. Hamabost egun hankaz gora. I. Zabaleta, B. Zia

22. Inozoak edo. Harotza

24. Europako hauteskundeetaz. M.J. Esteban

26. Nazioarteko erreforma ekonomikoaren mugak. Galtzagorri

28. Aita Santua Poloniara. P. Agirrebaltzategi

30. Self Help. Leonor Taboadaren liburu interesgarria. I. Urtasun

32. Sexismoa, zapalkuntza guztien oinarria

34. Hölderlin eta Marx. Igoa Aizpurua

36. Hurbilketa bat OVNIren fenomenoaz (II). T. Trifol

40. Gramatika. J.R. Etxebarria

41. Gurutzegrama. L. Trask

42. Astabelarriak


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, Andolin Eguzkitza, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, J. Llerandi, E. Martin, Joseba Sarrionandia, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, J. L. Alvarez (Txillardegi), J. Mendizabal, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J. M. Arzubiaga, K. Santisteban, B. Atxaga, J. Idigoras.

FOTOGRAFOAK

Imanol, R. Zarrabeitia, A. Alday.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Editoriala

U.C.D. ez da dorpea. Antieuskalduna da

"Maltzurrago eta zientifikoago diren bide batzuren medioz Herri bat kondenatu eta deuseztu, ekintzok zapalkuntza zuzenean oinarritu ez baina, beharrezkoa ez den eta nahi ez den sendagarria edo hobe hil garria eman, eta ez dago ez hitzik ez adierazpiderik Herri osoaren haserrea geldiarazteko.

Elebitasunaz mintzo da, Euskal Herriko ordenuzaintzaileei buruz, hertzainez edo bestetaz elikatzen da politikari asko eguneko. Jende oso inportante autonomien finantziaketaz luzatzen da hizketan. Euskal Herriaren aurrerapena eta nortasunaz beti prest dago norbait hitz joko horretan parte hartzeko. Baina mamirik ez dago".

Horrela mintzo ginen ANAITASUNAren editoriale batetan, orain urtebete justu. Eta ez du ematen denborarik iragan denik. U.C.D. eta akolitoak Gernikako estatutua izorratzeko bere toxinak goitik egiten ari dira alde guztietatik. Herriko zapuzturik gabeko borondatetsuok behin eta berriro utziko dute larrua eztabaidan eta mamia barik hezurra emanen zaie.

Garaikoetxearen hautapena antikonstituzionala da. Onaindiaren eskelak ez zaizkio gustatzen epaikari estraino eta arrotz bati eta gehiegi ez bada, ironiaz, Akademiako laguntzaileak espainol-kultiboan sartu nahi ditu. Punto y Hora-ren zuzendaria tribunaletara deitzen da, Askatasuna-ren alea bahitzen da. Herri Batasunari bide guztiak moztu egiten zaizkio bere Iruineko biltzarrea debekatuz.

Lehen minoria besterik ez ginen. Orain gehiengoa osotzen dugula erakutsi delako denok gaituzue antikonstituzionalak. Hazienda barik, kulturarik gabe, hemengo poliziarik gabe, nork sinets dezake Herri honen etorkizunaz edo eta bizitzaz? Arazoa garbi dago. "Porque somos nacionalistas españoles y además democrato-fascistas, el pueblo vasco, como pueblo entre pueblos del mundo... a muerte, como región de esta España eterna y puerta solera que languidezca conjuntamente con Navacerral del Carnero".

Arazoa garbi dago. Bide guztiak mozturik daude. Edo benetako erresistentzia zibila programatzen dugu DENON artean edo harmak mintza daitezela.


Diskoak hamabostero

"Sentimentuen hauspoz"

IMANOL

JZ-115D

Imanolen disko guztietan nabari da, sortzen den mementua eta laguntzen dioten musikoen eragina. Kantari bakar legez, Ipar Euskal Herrian eginiko lanak, Gwendal edo Paco. Ibañez-ekin, bere obra eritzi maila desberdinetan jarri duten historia musikal baten parte dira.

Oraingotan Imanol, Iñaki Uriak (baxoa), Michel Longaronek (bateria), Pedro San Martinek (kitarra), Santi Gimenezek (kontrabaxoa) eta Karlos Gimenezek osaturiko talde batekin itzuli da.

Diskoak bereizgarri nagusi bat du, intimitatea. Musikalki parte biak oso desberdinak direla nabari da. Kantuen estiloa ez dela homogeneoa. Eta ez hizkuntza bitan egina dagoelako, agertzen diren kantuen jatorri desberdinengatik baizik. Poesia dugu kantuen letren bereizgarri nagusia, samurtasun handiz eginiko maitasun tradizionalari buruzko kantuetan, eta zenbait mementutan disko honetan minimizaturik geratzen diren problematika sozialari buruzkoetan.

Imanoli gustatu egiten zaio herri kantagintza eta igarri egiten zaio hau "Mayo" eta "Maitiak galde egin zautan" kantuetan —lehenago Urriarekin grabatuak—. Bertsolaritzatik hurbil dauden kantuak ditugu eta hau, guztiz Imanolen gogokoa dugu. Bestalde, kantu elaboratuek gehiago markatzen dute musikoen eragina, (Gimeneztar anaiena konkretuki) kantariarena baino, eta honek, lortu du gure inguruan ezagutzen dugun talderik uniformeena batzea. Bateriak agian, eta zenbait aldiz, kitarralariak sinkronizaketa handiagoa behar lukete. Tema batean Luis Pastor-en ahotsa agertzen zaigu.

Gure ustetan, disko hau da batzuk nahi dute kantari eta bertsolari zaharren klasizismoa, eta beste batzuk entzun nahi duten modernismo esperimental eta sortzailearen arteko zubia.

"Hontz Gaua"

HAIZEA

Xoxoa 11.105

Luzaro izan gara, Haizearen balioa, Txomin Artola zen parte inportantea gabe, norainokoa den ikusteko zain, eta azkenez, "Hontz Gaua"k erakutsi digu sekretua.

Parte natural bitan banaturik datorkigu disko bilduma: Lehenean lau kantu desberdin eta solteak agertzen zaizkigu, eta obraren edukia zentratzen den bigarren partean, sorginen mundua ukitzen da.

Komentatzen dugun obraren moduko bat egiteak suposatzen duen eginahala kontutan harturik, gehiago espero genuen Xabier eta bere lagunengandik. Hala ere, esan daiteke urruti iritsi direla.

"Hontz Gaua" kantata edo suite bezala, galdu egiten da, lau zati ezberdinen bidez (Sarrera, Deia, Ospaketa eta Akelarrearen Amaiera), akelarreen mundua erakustean. Entzun ondoren, zail egiten da parteren batetaz jabetzea, luzeegi eta inkonkretuegia baita, eta batipat, misteriozko giroa sortu nahi denetan. "Hegoa heldu da" izeneko sarrera kantua, izugarri lirikoa dugu, agian, diskoak duen hoberena. Hemen Pellok giro gregoriano eder bat sortzea lortu du, bere ahotsa lau aldiz nahastekatuz eta elkar gainean jarriz. Obraren beste puntu eder bat "Maritxiki korupeko" dugu. Horretan Amaiak entonazio ezezagun eta apalago bat ematen dio bere ahotsari, aurreko diskoan ezagutzen ez genuena.

A alderdiko lau kantuek, elkarrekiko loturarik gabe, Haizearen inguruan dauden ideia desberdinak erakusten dizkigute, eta bai konkreziorik eza. "Anderea"n konponketa komertzial bat egitea lortu dute, "cow-boy" musikarekin duen antzagatik desfasatu samarra. "Argizagi ederra", "beste alde"ko gai herrikoi batez eginiko melodia bakuna. "Arnaki", ahumea esateko hitz grekoa, izeneko kantuak hasiera interesgarri bat du Jethro Tull-en hildoan, baina sasoi bateko "Relámpagos" edo "Pequeniques" gogorazten amaierako partea.

Globalki diskoa bikaina da. Xehetasun handiz egina dela nabari zaio, baina zenbait parte instrumentaletan, giro enigmatiko bat sortzeko, zinten bidez soinuak aldatu dituztela ematen du. Hauetan melodikotasunik eza nabaritu zaio.

Azal tetrikoaz, diskoaren gaiarekin ados datorrena, giro oso ona lortu dute. Diskoarekin batean doan liburuto zabal eta dokumentatu baten bidez, xeheki informatzen gaituzte "Hontz Gaua" denaz. Sarrera Jon Juaristik egina da.

Karlos Arko


Euskal Herria

Euskadi is different

Behin eta berriz entzuten dugu lelo berbera: "Lucha contra las bandas armadas... El terrorismo internacional y el Estado moderno... ETA y GRAPO constituyen el mismo peligro para la democracia", eta abar. Hitz batez: Euskal Herrian ez da EZER BESTELAKORIK gertatzen. Euskal Herrian gertatzen dena, nun-nahi gertatzen den gauza bera besterik ez da. Bestela esateko: Euskadin EZ DAGO NAZIO-ARAZORIK.

Erabat izututa ez dagoen nornahik daki hauxe dela inperialisten etengabeko leloa. Eta alderdi honetatik agertzen da garbikienik sozial-inperialisten jokoa: gaur, orain dela hamar urte, eta gauza bera orain dela berrogei-ta-hamar urte. Euskal arazorik ez dago; eta, hori dela-ta, "euskal" hitza Kakotsen artean jartzen: el llamado "problema vasco", la llamada "cuestión vasca", el llamado conflicto "nacional" vasco... Mundu guztiak daki "horrelakorik ez dagoela". Euskadin badago, hori bai, klase-burruka, "reivindicaciones democráticas", zentralismo arazoa, foruak, forurik eza, "bandas armadas", arrazakeria, "irracionalidad política", nahi dena. Baina NAZIO-ARAZOA EZ DAGO.

Hots, NAZIO-ARAZOA DAGO HEMEN, hain zuzen; herri DESBERDIN BAT ZANPATUA, ETA HERRI DESBERDIN GISA UKATUA ETA ZANPATUA. Izari nagusia hemen, NAZIO-IZARIA DA, hain zuzen ere. Eta hobeki dakite hau Madrillekoek eta Parisekoek, geronek baino.

Alde honetatik, Aix-en-Provence-n lortu duguna, nahiz Castells-ek oso egokiro azpimarratua izan, ez dugu behar bezala baliatu. Apaolaza eta Goikoetxea ez dira, ezta FRANTSES zuzenbidetzan ere, "bandas armadas"ko bi lagun, NAZIO-ARAZO baten bi GUDARI baizik. Iazko manifestazio famatu hura eratu zutenen kontra (eta "Euzkadi" hitza ahoan zutelarik!!), Aix-en-Provence-ko Tribunaleak BEREZI egin du ETA-koen burruka; eta terrorista EZ DELA aitortu du. Urriaren 28-an ikusi ziren uso madarikatu haiek, horretara, itua erratu zuten; eta "terrorismo-mota guztien kontrako" hitzaldi eta artikulu haiek, gure kondairako orrialde beltzen artean geldituko dira betirako; eta manifestazio hura bultzatu zutenak, lotsagarriro bezturik ere betirako.

Baina, neure errespetu guztiekin, nor ziren Txiki eta Otaegi-rekin batera hil ziren hirurak? Nola zuten izena? ETA eta gainerako talde armatuak gauza bera baldin badira, nola liteke hiru horietaz Españan oso jende gutxi oroitzea, eta hiru izen horiek ia inork gogotan ez izatea; itzuletara, berriz, Txiki eta Otaegi-ren izenak Euskadi guztian gogoratzen direlarik?

Errespetu guztiekin berriro, ETA batetik, eta burruka armatua daramaten españatar talde horiek bestetik BERDINAK EZ DIRELAKO; eta berdintzat, beren herriek berek ez dituztelako. ETA-k Euskal Herrian daukan oihartzuna, eta GRAPO-k edo FRAP-ek dutena, edo izan dutena, ALDERATU EZINAK DIRA. Eta ongi dakite hau Madrillen. Tristeena berriz hau da: gure arteko batzuk oraindik ez dutela sinetsi nahi!

Hain zuzen, orain dela oso gutxi AVUI katalandar egunkariko kasetari batekin hitz egiten nuelarik, hauxe esaten zidan: Kataluñatik ikusirik, harrigarria dela osoki hemen gertatzen dena. Kaseta horretxek bidalia, orain dela oso gutxi izana omen zen Bizkaiko herri txiki batetan. ETA-ko gudari baten urtemuga omen zen, eta erreportaia egitera joan omen zen. Ezin omen zezakeen hura sinets: herri guzti-guztia geldirik, dendak eta ardandegiak itxita, herri OSOA BAT bertako "terrorista" haren oroitzapena gogoratzeko... "No llegamos a comprender lo que pasa en Euskadi", esaten zidan miretsirik.

Eta hauxe gertatu da berriro GLADYS zoritxarrekoaren arazoan.

Gutxitan ikusi da Euskal Herrian Ekainaren 5-an ikusi den giroa. Hegoalde GUZTIA jarri da zutik berriro: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia ("El País Vasco y Navarra", Madrilleko prentsaren arabera...). Manifestazioak, ezin ugariago, ezin GOGORRAGO ere bai, Hego-Euskadi OSOAN egon dira. Lan-oporraldia OSOA izan da Euskadi OSOAN. Gladys-en heriotzak sutan jarri du herria mutur batetik bestera.

Eta ene galdera hau da: zer gertatu da Murcian? Zer gertatu da Guadalajaran eta Jaen-en? Zer gertatu da Badajoz-en eta Zamora-n? Dirudienez: EZER EZ, edo hor nunbait. Eta Del Burgo-ren eta gainerakoen ahalegin guztiak ("Navarra no es Euskadi"... Autobidea Aragoi-aldera eta ez Donostia-aldera... eta abar) ALFERRIK IZAN DIRA. Tudelako gertakari hitsak Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia altxatu ditu; baina Aragoi ez du altxatu, eta Andaluzia eta Extremadura ere ez.

Gauzak garbi daude; eta frankismoak eta sozial-inperialismoak (elkarrekin biek, bai, "kif-kif" biak beren anti-euskaltasunean) erein zuten ALIENAZIOA gainditu-ala, BAT agertzen da Hego-Euskadi.

Eta BATERA senditzen, eta BATERA maitatzen; eta BATERA ERE beren hilak eta heroak ospatzen.

Zenbaiti hau guztia txit mingarri eta etsigarri bazaio ere!

txillardegi


Euskal Herria

E.I.A. langileon alderdia eraikitzen

E.I.A. sendatu eta finkatu egin da. Euskadik behar duen alderdi komunistaren oinarriak ezarri dira argi eta garbi. Artikulu honetan biltzarre horren erabaki garrantzisuenak gogora datozkigu, hala nola, Euskadi eraikitzea, marginatuen arazoak, OTAN, L.A.B. eta abar.

Egunokaz egunkari aldizkari guztietan E.I.A. ren biltzarre Nagusiko erabakiak irakurtzen ari gara. Guztia konprenitzeko, alderdiaren historia bat egitea beharbada litzateke zuzenena. Biltzarre honetan nire ustez gauza asko gertatu eta egokitu dira, eta hitz bitan laburtzeko: Alderdia SENDATU eta FINKATU egin da.

Beti ezker abertzalegoko alderdietan, hutsik handiena teoria eza izan dugu hain zuzen ere, eta ez da harritzekoa, zeren hautapen berria denez, bidea ibiliaren ibiliaz egiten ari gara. Beraz Biltzarre honetan, oinarriak gehiago argituz eta finkatuz erakundea sendatu egin da, eta gaur egungo eguneroko ekintzabidea marxismoak ematen digun teoria iraultzailearen arabera landu egin dugu.

Eta erabaki egin diren tesien arabera, esan genezake, Euskadiko langileriak behar duen alderdi komunistaren oinarriak, ezarri direla argi eta garbi.

Klase burrukaren bultzadan eta lege unibertsal hau geurea egiten dugula, Euskadi eraikitzea hartzen dugu gure egiteko inportantenetariko bat bezala, dependentzia gabeko, geure buruaren jabe eta solidario izanen den herri bat, munduko beste langile eta herriekin. Gure ustez estrategia nazionalean oinarrituriko alderdia behar dugu, internazionalki eramaten ari den burruka sozialista Euskadin gihartzeko. Herriaren eraikuntza, dependentzia gabeko herria sortaratzea, langileon askatasuna lantzea dugu. Klase burruka gizarteko atal guztietan giharturik dago, eta orain gure egitekoa iraultza sozialista aurrera eramatea da. Beste erabaki garrantzitsua, gaur egun delako mugimendu marjinalen arazoak geureak egiten ditugula zeren klase burruka maila guztietan (ideologian, etikan, sexu harremanetan...) burutu beharra dago. Holan ba, sakonki eztabaidatu zen emakumeen arazoa, gay arazoa eta abar.

Beraz, alderdiaren oinarrizko printzipioak argi eta garbi azpimarkatu ziren marxismoaren tradizio historikoa geurea egiten dugula eta aitzitik gure egitekoa ez dela soilik hemen aplikatzea huts hutsean, baizik gure gizartea aldatzea marxismoaren printzipiopetan gihartzen dugularik. Gure ekintza gizarte hau transformatzea da, eta ez gure aurrekoen errepikatzea.

Baina Euskadiren lekutze geopolitikoa, gure projektuak aurrera eramateko, ezin genezake ahaz. Horregatik aztertu genuen, eta honen beharra sortuarazi ere, indar internazionalen egoera. Eta OTANen aurka gaudela erabaki zen, Europa batu eta langileena jasotzeko.

Eta nola ez, arazo sindikalaren eztabaidek langile alderdi baten baitan, parte nagusienetarikoa bete zuen. Batez ere, gaurko egoeran, burjes demokrazia berezi honetan, langile sindikatu erreformistak nagusigoa dute jendetza aldetik, eta beraz zein izan behar da gure ekintzabidea? Burjeseriaren ofentsiba honetan zer egin? Honek galderak, eta besteak erantzunak: L.A.B. indartu dugu orainarte indar guztiekin, baina aldi honetan sindikatu honen mugak aztertu ziren kritikoki, zenbateraino langile populazioengandik aldetzen ari den eta bakartzen gure getoan, sarritan sindikalismorik egin gabe, jendetza berria heldu gabe. Erabakia konkretatu zen, L.A.B. indartzea inoiz baino gehiago, baina ez huts hutsean edo hutsaren truke. Norbait beste sindikatu batetan afiliaturik alderdian sartzen baldin bada, egon dagoen sindikatuan burruka dezake, alderdiaren teoria sindikalaz jabeturik eta ekintza jartzen. Militante batek gogoratu zigun Errepublika garaian Euskadiko alderdi komunista, bere sindikatu iraultzaile eta guztiz, UGTra sartu zirela, zeren langilegoaren parte handi bat UGTn zegoen.

Azkenean ondorengo biltzarre berezi batetan aztertzeko gara, esperientzia sindikalak, eta joera argiagoak hartzeko.

Eta honela, azken egunera iritsi ginen. Esan genezake E.I.A.k militanteak sendotu egin dituela bere iritzietan eta berriak irabazi dituela. Holan, biltzarrean zegoen kidego bat, EKIAkoa hain zuzen ere, E.I.A.n sartu zen. Eta ez dago dudarik aurrerantzean berriak irabazteko oinarri sendoak jarri direla.

Eta ekintzabideari buruz gaurko burruka aldia dugu, Gernikako estatutuaren alde indar demokratiko guztiak biltzea, eta batetara burrukatzea burjeseriaren frakzio oligarkikoaren kontra. Zeren helburuak argi ditugunean eta igaro behar diren aldiak zientifikoki aztertu eta ezarri direnean, delako konponketa majiko idealistak ahaztuz, ez dago beldurrik aliantzak egiteko, geure indar eta interesen jabe baikara. Noski, bigarren aldi bat ere etorriko da, eta gure ustez ez hain urrun.

Bukatu nahi dut. M. Onaindiaren azken hitzekin, euskaraz esanak hain zuzen ere, G. Aresti parafraseiatzen zuelarik: Euskal Herria euskal harria da, baina euskal burjeseriak, moeta, kolore, forma eta era guztietako burjeseria, euskal area bihurtu nahi du. Baina hori ez daiten gertatu eta herria harria izaten jarrai dezan, harrizko alderdia behar dugu, harrizko langileriak osaturik, eta holan langile harriek, harrizko herri hau, herri libre bezala eraikiko dugu.

M. Aiorabide


Euskal Herria

Ahetzeko komunista bildurgarriak

Ipar Euskadi saltzen ari digutela, hori ba dakigu. Turistak, jende erretiratuak eta langile kategoria bat ere, gure lurrez, etxeez, bordez jabetzen ari zaizkigu. Adibidez, gutartean dabiltza turista aisestatuak eta bati edo besteri gustatzen bazaio gure etxea, arbasoen etxe zaharra, erosten dute. Ondoren etxe zahar horri behar diren antolaketak emanen dizkiotenean etxe hori bilakatzen da bigarren etxe. Asteburuetarako eta pausa egunetako ezinago egokia. Beraz, jende honek desjabetzen gaitu gure Herriaz. Baina ba dago ere beste kategoria bat, komunzki deitua langileria. Donibane Lohizune, Hendaia, Baiona inguruan topatzen ditugu gehienak, itoak eta metatuak. Metakeria honen arrazoia errax da ulertzeko, lantegiak (diren guttiak eta ttipiak) hirietan daude. Metaketa eta industrien leku batetaratze horrek zer dakarkigu? Langileek berek hiri inguruetan, edo beren lantokitik hurbil erosten dituztela lur peazu batzu beren etxeatzen eraikitzeko. Gauza normala dela diote zenbaitek. Baina oro har, gauza hau edo langileen behar hau berdin ondagarri da nekazarientzat eta aberatsgarri espekulatzaileentzat.

Problema grabe honi nolabait erantzuteko sortu ziren P.O.S. "Plan d'Occupation des Sols" delakoak. Hain zuzen P.O.S. honen bitartez, Herri batetako Kontseilu batek delibera dezake beronek hautatzea eta eratzea berari doakion plangintza.

Non egin lantegi bat, non plaza bat, geltoki bat, langileen etxeak, turisten biletxeak etab... P.O.S. batek dakar beraz abantail hori: bertako jendeek erabaki dezaketela non zer egin eta non ez. Bistan da, ez da hau herri baten autonomia, are gutiago egiazko erabaki libre bat baina halaere, ba dirudi nolabaiteko geriza edo defentsa bat izan daitekeela. P.O.S. baten lanjer haundiena da, Parisek turismogintzari doazkion ardatzetan oinarritzen dela. Parisek nolako direktibak ematen dizkion eta P.O.S.a aginte horretatik doa. Aski garbi dakusagu beraz ez dagoela deus garbirik eta deus ere ez politika kolore gaberik. Hona nolako P.O.S.ean, edo zer kontestutan sortzen den AHETZEKO afera.

Ahetzeko afera

Asko gertakari pasatu dira Ahetzen, baina bukaeraren bukaera izan da Maiatzaren 13ko bozketa. Bozka hori COCAGNE Ahetzeko alkatearen P.O.S.aren kontra eratua izan da eta egunkariek salatu digutenez Aheztarrek beren eza eman diote. Arren, P.O.S.rik ez da eginen.

Halaere, azpimarkatuko ditugu gauza harrigarri zenbait, Aheztarrak oso andana haundian eta nasaian erabili direla P.O.S.-aren aurkako elkarteak gidatutako bilkuretan. Ehun eta zenbait jende aldi bakotx. Baina ongi pentsatu eta, horrenbeste pertsona mobilitzatzea, funtsean, harri garri ote zen?

Gure ustez ez. Ezen Aheztarrak mobilizatu baldin badira P.S.O.aren kontra izan da, dudarik gabe beldur zirelakotz beldur beren jabetasuna galduko zutela, lur peazu baten saltzeko eskubidea P.S.O.ak kenduko ziotela. Hots, betiko deabru zaharretan zebiltzan Aheztarrak eta komunismoaren beldur diren bezala beldur doaz ere P.S.O.arentzat. Hain zuzen, P.S.O. plangintzak ere guti gora behera erabaki indibidualista gutitzen baitu eta nagusitasuna ematen deliberamendu orokorrari, Herriarenari.

Elkarte bat altxatu zaio COCAGNE alkateari baina elkarte hori bera ez da suspisiorik gabe, are gutiago ezkertiarra. Eta azken finean kontraelkarte horrek galdetu badie Aheztarreri bozkatzea, ez ditu turismoaren kontra bozkarazi baina bai jabetasun pribatuaren alde, jabe pribatuaren alde. Bakotxak ikus dezake zer jende klase zebilen kontraelkarte horretan. Altafutxo, ez genuen uste Ahetzeko alkatea komunista zenik, ez eta kontraelkarteko horik interes "kolektibaren" defendatzaile amorratuak zirenik. Hauk saltsa, batean oro ezkertiarrak direla eta bestean oro eskuin doazela.

M.L. UHAITZE


Euskal Herria

Euskal Herria saila eta ni

— ... Iparraldean langabezia, errepresioa, deportazioak... Ez al dago beste gairik?

Horrela mintzatzen zen lehengo egunean Tomas, gure kritikalari zorrotza, Anaitasunako erredakzio bileran: Euskal Herria sailaren mamia aldatu beharko dugu.

Eta, egia esan, arrazoia dauka gure Tomasek. Ba dago Euskal Herriko jendeari interesatzen zaion hamaika gai, Anaitasunan sekulan ere ikutu ez ditugunak: OVNIak, txakolindegiak, etab., hain zuzen ere; hauk denak gure gai erabilietatik at.

Ni neu, desafioa onartzeko prest nengoen, eta, ez pentsa!, oraindik ere zerbait egingo dudalakoan nago.

Baina ez da hain erraz, ez... Nola arraio idatzi txakolindegietaz, txakolina edateko gogorik ez dudanean? Zer demontre esan OVNIei buruz, zerura begiratzen dudanean FOP direlakoen helikopteroa besterik ez badut ikusten?

Kabreaturik nagoenez gero, ezin dut nire kabreoaren abstrazioa egin...

Minduta nagoenez gero, nire dolua artikuluetan agertu behar dut...

Arrabiaz beteta nagoenez gero, Herri osoaren arrabiarekin bat nator...

Nigarrez ari naizenez gero, malkoek artikulua bustitzen didate...

Antinuklear burrukan, Euskal Herriko askatasunerako burrukaren atal batetan, hots, Gladys hil digute... Berriz ere.

Eta niri, bere erahilketaren berri jakin dudanean, begiak malkoz bete zaizkit... Ez dut udaberri honetako lore ederren kolorea ikusten... Ezin dut udaberriaren loreei buruz ezer idatzi...

Atzo, nire herriko mutil bat atxilotu zuten,... gartzelara eraman digute... Beste bat.

Eta niri, lagunen aurpegi tristeak ikusi ditudanetan, beren falta hezurmuinean sentitu dudanean, ez zitzaidan ardoa samatik pasatzen... Ezin dut ardoari buruz ezer idatzi...

Baina nik zoriontasunari buruz idatzi nahi dut... Edertasuna, Askatasuna, pertsonen arteko Maitasuna... Horik dira nire gustuko gaiak... Eta ezin dut,... eskua ez zait mugitzen,... burua zuriz geratzen zait... Marginazioa, frustazioa, angustia, barne barnean sentitzen ditut nire gorputzean.

Nik beste era batetara idatzi nahi nuke, bai, benetan... Baina ezin dut. Nola egin? Zer esan orain, egoera honetan?...

Gaia aldatzeko, giroa aldatu beharko litzaidake... Giroak bultzatu ninduen idaztera eta berak mugitzen nau gaur ere idazten dudanean. Giroa angustiaz beteta badago, horrela idatzi behar ditut nire artikuluak...

Irtenbide bat behar dut eta neuk ez dakusat. Zer egin behar dut? Zer egin behar dugu, irakurle?

EKATXA


Euskal Herria

Komunikabideei buruz (I)

Oraingo gai honi ekiten diogunok, kazetaritza ikasle gara Lejoako Unibertsitatean. Anaitasunan sartuberri gara eta lan hau da egiteko proposatu diguten lehena.

Egun hauetan hitz asko egiten ari da egunkari eta aldizkarietan euskal komunikabideen beharrizanaz; hain zuzen ere, guk lan honekin hasi nahi genuen ekitaldi sortari, aurrea hartu dio T. Trifol-ek, baina hemen doa gurea ere.

Orainarte informabide edo komunikabideez trebatu nahi zuen euskaldunak zorigaitzeko Madrilera edo bestela Bartzelonara joan behar izaten zuen.

Gu oraintsu konturatu bagara ere, Madrilek bazekien bere interesekiko zein peligrotsu zen Euskal Herriak bere komunikabideak eta hauen manaiatzaileak sortzeko ahalmena edukitzea, harmak erabiltzen jakitea besteko peligrotsu zela ba zekien.

Madrilek ba zekien eta ba daki baita, euskal ikasleak eta beste nazioetako ikasleak beren herrietatik atera eta Madrilen sartzeak dituen abantailak, ikasleak jatorriz deserrotzeko eta Madrilen "integratzeko".

Baina orain euskaldunok ba dugu gure lurretan arlo honetan trebatzek aukera eta hain zuzen honexegatik gatozkizue.

Informabide Zientzien Unitatea. Historia pixka bat

Bartzelonako Unibertsitatean (Bellaterran) ari ziren euskal ikasle batzuen eraginez lortu zen unitate hau Euskal Herrira ekartzea.

Hau lortu zenean (1976-77 ikasturtea), Gazteiz eta Donostia Valladolid-eko barrutian zeuden eta Nafarroa "Opus Capitalistei"-ren esku. Honegatik, Bilbo aukeratu zen toki egoki bezala eta 1976-eko abenduan izan ziren Unibertsitateko, Errektorearekin harremanak.

Ikasturtea aurrera zihoalarik, projektuaren egiteko balorapenetan ziharduten: finantziabideak, antolamendua, eta abar. Bartzelona eta Bilboko Unibertsitate Autonomoko zenbait kargudunekin hitz egin zen, IZU izango zenaren funtzionamendurako orientabideak eskatuz.

Azken projektua 1977-ean aurkeztu zitzaion Bilboko errektoreari eta honek zergarik gabe onartu zuen. Jestio eta burokrazia joan-etorri guztiak bete ondoren, 1977-78 ikasturtean hasi zen unitatea martxan.

Gaurko egoera eta funtzionamendua unitatean.

Hauxe izan da azken bi ikasturtetako ikasleen kopurua:

1977-78 556

1978-79 778

Irakasleei dagokienez:

1977-78 23

1978-79 37

Baina historia alde batera utziz, gaurko egoeraz arituko gara, impasse une hau deskribatuz.

Egun, 36 lagunek osatzen du Unitatearen gidaritza organoa: 16 ikasle (2 ikasmaila bakoitzetik), 16 irakasle (8 irakaslego asanbladaren ordezkari eta 8 unitateko sail bakoitzaren koordinari) eta 2 P.N.D. deritzonaren ordezkari.

Lehen esan bezala, impasse batetan aurkitzen gara, jendearen aktibitate zaletasunaren faltaz sortutako: ez dago euskal komunikabideei buruzko debaterik, ez da aztertzen gure formazioa "euskal" kazetari izan gaitezken...

Hitz batetan esateko, Leon-en ikasten bageunde, berdin berdin izango litzateke (han beharbada, irakasleak UCD-koak izango lirateke eta hemen... beno, "progreagoak"); euskara irakasten da, baina entzun hurrengoa: euskara derrigorrezko asignatura da gure unitatean (Bartzelonan katalana derrigorrezko denez eta gu Bartzelonako unibertsitatearenpean gaudenez, ba...) baina datorren urterako kendu eta optatibo izango ote den ba dira zurrumurruak, eta ingelesa derrigorrezkoa. Bai, ondo irakurri duzue;datorren urtean bilinguismo dekretu berria jarriko da martxan, baina gure Unitatean atzerantz.

Ez dakigu argi eta garbi nola antolatu behar dugun gure eginbeharra unitatean eta biharretziko euskal komunikabideetan; ez dakigu zehatz-mehatz nolakoa behar lukeen izan euskal komunikabideak sortzeari begira dagoen irakaskuntza, baina topiko bat ba da ere, ba dakigu nolakoa ez duen izan behar.

Hainbat dira une honetan airean ditugun arazoak: aipatutako "junta"-ren efektibotasuna, ikasleengandik honenganako esijentzia eta proposamenak; jestioen informapena eskatuz, ideia berriak emanez... guk nahiago genuke ikasleek berek zuzenki parte hartuko luketen erakunde bat sortzea, baina egungo ikasleen bizitasun falta, oztopo da horretarako ere.

Dena dela, hor dago orain arteko esperientzia. Datorren kurtsuan fakultatea edukiko dugu eta ez unitatea, Madrileko buruzagiek hori prometatu baitute Maiatzaren 28 izan zuten batzarre batetan.

Baina Euskal Herrian beste fakultate espainol bat, komunikabideak Euskal Herriko langile klasearen maila guztietako emantzipabide izatea nahi badugu,... egon gaitezen erne eta has gaitezen arazo hau kaleratzen eta proposamen eta abiabideak aurkezten.

Hauxe da idazki honen eta aurrerantzean aterako ditugunen helburua. Norbaitek zerbait esaterik ba du honetaz, esan beza.

KAZETARI IKASLEEN KIDEGOA


Euskal Herria

Atzeratu mentalak

No confies en nadie

...

en nadie...

porque, en el fondo, todos estamos deseando,

todos estamos muy preocupados

en buscarte una plaza segura

en un centro para deficientes mentales

un centro, eso sí, con todas las garantías,

dependientes de todas las Excelentísimas Diputaciones

de todos los egoísmos Provinciales

columpio lejano y aséptico

donde se balancea en carne viva

la inútil soledad de los niños subnormales. (1)

Ez dugu hitz egokirik aurkitu... idiota; atzeratu mental sakona; ergela; atzeratu mental entrenagarria, moroia eta antzeko hitzez baliatu izan da gizartea, bereziak diren mutiko, neskato, gizon hauetaz gogoratu izan denean.

Ba dirudi, subnormalen arazoari ematen izan zaion erantzuna, aldatzen hasi dela. Etxetik ia atera gabe eta erdi izkutuan eduki izan da subnormala, maite eta zaindu behar den haurtxo bat bailitzan.

Erraz ikus daiteke, aipatu jokaera hau, gizartearen uste irrazional baten ondorioa dela: "Ley de peligrosidad social" delakoan sartuak izan direla, ikustea besterik ez dago, gaurko zenbait joeren zergatia ulertzeko. Gertaera lotsagarri bat bezala kontsideratua izan da,... eta hortik marginazioa...

Ez dugu, oraingo honetan, azterketa sakon bat egiteko asmorik; etorriko gara berriz ere harira beste artikulotxo batetan...

Ba dira urte batzuk, Josu eta Pili giro honetan sartu zirenetik; Pili monitorea da eta Josu gizarte honek normala kontsideratzen ez duenetariko bat.

Buelta bat egiten dugu. Bilboko kale zaratatsuen espaloietatik, automobil, semaforo eta jendearen artean galtzen garela,... hitz egiten dugu.

Anaitasuna: Laster subnormalen aldeko kanpaina hastera doa, nork eta zelan muntatzen du hori?

Pili: Hori, Asoziazioak —Asociación Vizcaina Pro-Subnormales-ek. Dirua batzen da, baina ez dakigu noraino lortzen den arazo honen kontzientziatzea.

Hitzen eta gogoz aldatu behar den errealitate baten aurka egin nahi da, baina jendearen burura baino, bihotzetara zuzentzen dira askotan, argazkiak eta planteiamolde gehienak. Zoritxarrez, oraindik muntaketa lakrimogeno asko erabiltzen da eta ez dogu karitaterik nahi.

 A.: Josu, zuk lan egiten duzu ez?

Josu: Bai, Boluetan. Caja de Ahorros-ek lantegi berezi bat ipini deusku eta bertan, egutegiak, bobinak... egiten doguz. Bederatzietan sartu eta ordubatak arte, goizean eta gero ordubietatik seietara arte egiten dogu lan.

Ez gagoz oso pozik, baina guretzat ez dago inon tokirik. Enpresa normaletan, ez gaituez hartzen eta... hemen zerbait egiten dogu.

A.: Monitoreek irakasten dizuete, ala zeuek ikasten duzue?

J.: Nik horiei "enkargaus" deituten deutset; ez gaituez ondo tratatzen, batzuk jo eta guzti, egiten dabe. Eta gainera, diru gehien kobratzen dabenak 13.000 pezeta ateratzen ditu.

Niri 5.000 pezeta ordaintzen deuste eta nik egiten dodanaz, gitxienez 35.000 hartu beharko neuke.

P.: Lanaren arazoa nahiko latza da, eta mutiko honeen integraziorako bidean, funtsezkoa. Lanerako gaitasuna, errendimendua eta lanaren kalitatea frogatuta dago baina nahiz eta subnormalentzako lantegitxo honeek beharrezkoak izan, enpresa normaletan beren lanpostuak eukitzeko ahalmena, lortu beharko litzateke... nahiko konplexua da arlo hau...

Integrazioa bera aztertu beharko genduke... azken finean kontzientziatze jator bat zabaldu beharra dago baina horretarako kalean onartuak izan behar dira; eta gurasoak, berak dira askotan kaletik ibiltzen izten ez deutseenak; amazulo bihurtzen dabez, eta oso gitxi ahalegintzen dira beren kontura ibiltzen ikasi dagien.

J.: Askotan klubetik urteteko inork ez dau planik egiten, ez dabe eukiten iniziabarik...

Gogoratzen dozu, Gorbeiara joan ginanean? Ba... laino handia egoan eta talde bat, galdu egin ginan, hainbeste denbora laino tartean. Pili bildur zan, besteok nahiko lasai gengozan. Ordu batzuk bota genduzan ibiltzen bidea topatu arte eta gero, autobusa galdu genduan. Azkenean gabeko 12etan heldu ginan Bilbora; gurasoak kezkatuta, itxoten...

P.: Halere, esperientzia ona izan zan. Beti gogoratzen dogu Gorbeiako historia hori. Gurasoek kristorenak bota euskuezan, baina tira... ikasgai bat izan zen.

A.: Zeintzu egunetan ateratzen zarete kalera? Edo mendira?

P.: Talde batzuk zapatuetan, beste batzuk domeketan... Nahiko ondo ibiltzen gara.

Gure ustez, atzeratuak kaletik ibiltzen ikasi behar badau, kaletarrak, hiritarrak, atzeratua ulertzen ikasi behar dau. Gu taldeka joaten gara; autobusean sartzen bagara, monitoreok isilik gelditzen gara, atzeratuak berak kobratzailearekin konpon daitezen.

Taberna batera sartzen garenean, bardin... Ez dogu iniziatibarik eroaten; heurek ikasten dabe eskatzen, eta tabernariek erantzuten.

J.: Ba dira kasuak, adibidez Juan, gugaz dabilen bat da. Ez dau berba egiten, baina oso komunikatiboa da; zer edo zer azaltzeko, bultzaka hasten jatzu, eta gauzak nahiko biolento azaltzen ditu, eta, jendeak ez dauenez ulertzen Juanek oztopo hori dauenik... ba, ni puto caso...

A.: Zenbat talde zarete Bizkaian?

P.: Bizkaia osoan 15 agrupazio dagoz; Bilbon, hiru Klub; gure klubean 45 lagun dira. Santiagoko elizan doguz lokalak.

Talde gehienak, 10 bat pertsonatakoak dira.

J.: Gure taldean Berriz, 17 lagun gara. "Batasuna" deituten da.

P.: Lehen, taldeak, monitore eta gurasoek egiten ebezen orain libreagoak dira eta bakoitzaren esku gelditzen da, batean nahiz bestean sartzea. Dena dela, zapatu eta domeketan kalera urten ahal izateko, klubera jo beharra, eta honelako talde batean sartu beharra nahiko tristea da... Klubean, teatro, erritmoa, plastika, keramika... eta horrelako gauzak egiten dira. Kalera goazenean, zerbezatokira edo hortik zehar konkurtsuak egitera...

A.: Zer da "denbora librea" edo deitzen dena?

P.: Ba, hauxe, geuk egiten doguna, komunikazio eta adaptazio handiago bat posibletzen deutseen ekintzak, kaletik ibiltzen ikasi dagien; eta gero udako koloniak ere ideia honen barruan sartzen dira.

A.: Monitoreen aldetik, zeintzu problema ikusten dituzue?

J.: Gehienak gazteak dira eta urte bete, eskas agoantatzen dabe klubean, orduan gitxienezko formazioa be, ez dabe beteten. Eta gainera, sarritan, zerua irabaztera etorten jakuz.

P.: Bai, bereizgarririk nabariena, iraunkortasun eza da. Bestalde ezagupen minimoak ere ez doguz betetzen, talde dinamikan eta espresioaren arloan, batez ere. Monitoreak, taldearen martxa aztertzeaz aparte, gazte bakoitzaren eboluzioa, taldearekiko harremanak eta komunikazioa eukiko ditu kontutan. Dena den, denboraz ikasi egiten da, eta orduan ulertu egiten dozuz.

A.: Zer gehiago esan nahi diezue Anaitasunako irakurleei?

J.: Ipini, guk be burrukatu egiten dogula.

P.: Giza harreman berri batzuen alde burrukatzen duenak, atzeratu mentala marginatu bat dela ikusi behar dau, eta iraultzailea bada, gogoan edukiko ditu, orduan, nahiko egoera txarrean dagozen mutil eta neska atzeratuak; marginaturik dagozen beste taldeak kontutan hartzen dituen legez.

Atzeratu mentalaren zuzenbide jeneral eta berezien deklarapena....

* 1968.eko urriaren 24ean Jerusalemen egon zen atzeratu mentalaren defentsarako elkarteen Liga Internazionalaren Asanbladak onartua...

* Nazio batuak onartutako gizonaren zuzenbideen deklarapen unibertsalak aldarrikatzen duena; hots, giza familiaren pertsona orok eta salbuespenik gabe, giza askatasunaren eta duintasunaren eskubide berdinak dituela, kontutan harturik:

* Atzeratu mentalaren aldeko elkarteen liga internazionalak, atzeratuaren zuzenbide jeneral eta bereziak aldarrikatzen ditu, honela:

I. Artikulua.-

Atzeratu mentalak, bereak egiten ditu, edozein hiritarrek eduki ditzakeen eskubideak.

II. Artikulua.-

Atzeratu mentalak, bere ahalmenen desarroilatzea posible egiten dituzten, hizkuntza, irakaskuntza, osasun atentzioa eta abarretarako eskubidea du.

III. Artikulua.-

Atzeratu mentalak....

Oso politak dira hitzak...

Benetan politak, teoriazko liburuaren erretorika eztian...

Paradisua, kolorezko planeta, bihurtzen dute hitzaldia.

Giza eskubideak?

Giza eskubideak antzu dira.

Horri bat kentzen zaio, egunero, denontzako legearen liburuari.

Gizona izateko eskubidea, errespetatzen al da?

Munduan?

Maitasun eskubidea errespetatzen al da?...

Erlijio askatasuna errespetatzen al da?...

Ezkontza sainduak saindutu ez duen emaztearen

haurrik, errespetatzen al da?...

Beltzak errespetatuak al dira?...

Giza zuzenbidea ez doa zuzen

giza eskubideak, giza eskubideen liburuan dautza...

Baina, liburutik kanpo,

giza eskubideak, antzu dira.(2)

Txantxan

Bibliografia

1) Angel de Miguel - C.I. 50 "Poemas de un maestro de niños subnormales" Liburukoa.

2) M. Pacheco - "Poesía en la Tierra" tik hartua.

Sakondu nahi luketenek, hauxe irakur dezakete.

1. Informe gaur. Asociación gipuzkoana pro subnormales.

2. R. Zazzo. "Los débiles mentales". Fontanella. Barcelona 1.973.

3. Siglo cero n. 33, Mayo - Junio 1.974. Subnormalidad y sociedad. (Fierro, Toro, García Echagoyen.

- Federazioaren hilerokoa ere irakur daiteke "VOCES" deitzen da.


Euskal Herria

Haur zinemagileekin, beren filmeaz hizketan

Joan den apirilaren 25 ean, Lehenbiziko Haur Zinemaren Erakusketa ospatu zen Donostian. Zazpi filme agertu ziren. Euskal haurrek egindakoak zazpiak. Helburu nagusia zera zen, alegia, haurrek berek beren zinema egin zezatela, protagonismo guztia beren esku utziz. Erakusketa horretako filmeok nahiko politak izan zirela aitortu behar dugu.

Filme horietako bat, komikien filme bat izan zen: TXORIA. Motza baina guztiz interesgarria. Haurren lanaren posibilitateak zenbatekoak diren ikusteko, Anaitasunako ateak neskato artista hauei irekitzea komenigarria iruditu zait.

Elkarrizketatxo bat egin genezakeela eta nere inguruan dauzkat hamairu neskatila alai eta zaratatsuak, galdera guztiei erantzuteko prest. Hamaika urte dute, Zarauzko Irakastolako panpoxa hauek eta beren izenak Ainhoa, Maria, Belen, Garbiñe, Olatz, Ainhoa, Miren, Nerea, Itziar, Jaione, Amaia eta Arantza dira.

Anaitasuna: Nola eta noiz sortu zitzaizuen filme hau egiteko ideia?

— Ihaz...

— Aurrena ez genuen pentsatzen pelikula bat aterako zenik...

— Hasieran marrazkiak egiten genituen paper tira batzuetan...

— Eta gero, ea zinea egin nahi genuen esan zigun andereño Anek...

A.: Ipuina, filmaren gaia, norena zen?... Edo, nola asmatu zenuten?

— Denon artean.

— Bai... baina ideia Ainhoarena izan zen...

A.: Konta ezazue filmaren gaia...

— Ba, zera gertatzen da. Gizon bat ehizera doala eta txori bat ikusten duela. Txori hori hegaka dator eta zuhaitz batetan gelditzen da. Han habia dauka eta... baina habiaren ondoan erletxe bat zegoen eta orduan, gizonak txoria jo beharrean tiroa erleei botatzen die. Orduan erleak bere atzetik doaz eta gizona hibai batetara erortzen da...

A.: Eta txoria?

— Txoria libratzen da eta Euskal Herriko atea irekita aurkitzen du...

— Eta Euskal Herrian sartzen da.

A.: Lan asko al du era honetako filme batek?... Hau da, nola esango zenieke honetaz ezer ez dakien haur bat komik filme bat nola egiten den?...

— Ba, marrazki pilo bat egin behar dela...

— Adibidez, ehiztaria mugitzen denean hanka batek bakarrik hamabi marrazki suposatzen ditu.

— Bi hanka, hogeitalau.

— Kartulina batetan marrazki bat egiten duzu eta gainean "azetato" horri batzuetan, ba... mugimendu guztiak marrazten dira...

— Eta bakoitzari argazki bat atera...

A.: Zuek filmatzen zenuten?

— Hasieran ez, bainan gero bai.

— Filmatu genuen egunean, arratsaldeko hiruretatik gaueko hamaikak arte egin ginen!!

A.: Noiz egiten zenuten lan hau guztia? Klase ordutan ala klase ordutatik kanpo?

— Hasieran plastikako ordu barrutan, gero ordutik kanpo.

— Udan ere etortzen ginen, ez pentsa!!

— Uztailean ibili ginen jo eta ke, goizeko hamaiketan etorri eta...

— Goizeko hamarretan!!

— Eta askotan arratsaldean ere!

A.: Pozik iharduten zenuten ala noiz behinka...?

— Pozik!

— Bueno, batzutan...

A.: Ez duzue mementu txarrik pasa? "Zer egiten ari gara?" "Hau ez da behinere bukatzen!..." eta holakoak ez al zenituzten pentsatzen?

— Bai, bai...

— Gauzak ondo ez zitzaizkigunean ateratzen...

— Jo, desiatzen bukatzeko!

A.: Nola sortu zen, taldea?

— Andereñoak gela guztiari esan zion...

— Oso luzea izango zela filmea egitea eta horregatik ez ziren animatu besteak!

— Gainera gu koadrilan ibiltzen gara...

— Hasieran andereñoak esan zuen: "Zeinek nahi du?" eta gu bakarrik hasi ginen.

A.: Zer ikasi duzue filme hau eginez? Zer suposatu dizue? Orain arte ez zenuten jakingo nola egiten zen filme bat, ezta?

— Ez, ez genekien.

— Nik behintzat zera uste nuen... errazago zela.

— Marrazki gutxiago.

— Telebistan ikusi eta ematen du erraz erraza dela. Baina gero, egiterakoan...

— Asko lagundu digute... hori ere esan behar da.

— Filmatzeko tresna utzi egin ziguten, azetato papera erregalatu...

— Manolo Urbietak musika jarri...

A.: Beste filmaren baten projekturik?

— Bai, bai!!

— Ipuina asmatuta daukagu!

— Ideia pilo bat.

A.: Jarrai zaitezte animo handiz, eta eskerrik asko, potxolak!!

MARIASUN LANDA


Hamabost egun hankaz gora

Euskadiko borroka egunen desinformazioa

Tuterako Hilketa Eskuindar Prentsan

Gladys del Estal neskaren hilketa, tiroz, Tutera-ko egun antinuklearrea, oso komentatua izan da Espainiako prentsa guztian. Eta haren ondorioz Euskal Herri osoan egin zen greba eguna eta borroka egunak ere oso komentatuak izan ziren.

"HAMABOST EGUN HANKAZ GORA" sail honetan Espainiako eskuindar prentsak, eta batik bat, Madrileko prentsak zer esan zuten eta zer informatu zuten komentatuko dut.

Baina aldez aurretik, ohar bat egin nahi dut; oharra hau da, Euskadi mailan bakarrik egin zirela grebak eta borrokak, hala Bizkaian, Araban, nola Gipuzkoan, eta noski, Nafarroan. Baina Zaragozan eta Logroñon inor ez zen mugitu, inork ez zuen grebarik egin, nahiz eta Tutera kilometro gutxitara egon. Honek garbi adierazten du Herri bat osatzen dugula, Tuteratik Bilboraino.

Igande batez hil zuten Gladys, astelehenean Nafarroa paralizatua zegoen, asteartean Euskadi osoa paralizatua zegoen, eta asteazkenean honela informatu zuten zenbait egunkarik.

Diario de Navarra (Ekainak 6)

(Nafarroako egunkari bat izan arren, Madrilekoa dirudi).

 Urralburu (PSOE): "Aquellas fuerzas políticas que no condenaron el asesinato de cuatro militares en Madrid, que no condenaron el atentado de la cafetería California o el asesinato de dos guardias civiles son quienes en definitiva encubren o apoyan el terrorismo asesino".

 Egunkari honetako editorialea.—: "... Egun hauetan ongi ikusi dugu nola ari diren minoria erradikalizatu batzuk "pais" hau beldurrez betetzen, eta tiranoen gisa, pakean bizi nahi duen "pais" hau menperatzen". "... nafar gizarteak ez badu garaiz erreakzionatzen, katastrofera eta anarkiara joanen gara".

Pensamiento Navarro (Ekainak 6)

"Navarra, primer objetivo" (Iñigo de Iratik idatzia)

"Nor dago poliziaren kontra? Nor dago FOP-en kontra? Erantzuna erraza da: asasinoak."

"... Garbi dago gerra prestatzen ari dela ... Madrilen bizi diren nafarrak kezkaturik daude. Normala da hori. Baina esperantza ere bada, nahastaileek nafar herria engainatuko ez duten esperantza. Ez nahastaileek, ez eta Nafarroa errepresentatzen ez duten udal horiek gure Erreinua ez dute engainatuko".

El Imparcial (Ekainak 6)

Lehen horrialdean

"La guerra revolucionaria estalló en el Norte",

¡HAY QUE SALVAR A NAVARRA!

"Desde ventanas y balcones se arrojó aceite hirviendo contra la Policía nacional. Cientos de personas abandonaron la ciudad huyendo del caos y de la inseguridad".

"Ez da gerra iraultzailean aditu bat izan behar, azken egunotan Nafarroan gertatu dena oso ongi, eta aurretik, prestatua zegoela, konprenitzeko. ETAk bere lurraldeetan etsai bizkorrik ez duenez gero, garbi zegoen edozeinentzat, bi puntu neuralgikoenetan erasoko zuela, hau da: Madrilen eta Nafarroan.

Nafarroan gertatu dena prestaturik zegoen, aldez aurretik ongi prestaturik, eta manifestatzaile taldeak kontrolatuak eta zuzenduak ziren Poliziaren kontra ekiteko".

Barne horrialdeetan (zerbitzu berezia)

"Exodo hacia el sur de centenares de personas que huyen del terror impuesto por los "abertzales". Ciertos sectores pretenden que la policía nacional y la guardia civil salgan desarmados para hacer frente a la insurrección".

"Por los cielos de Pamplona sobrevuelan helicópteros enviados desde Madrid, pero su labor se ve dificultada por la espesa niebla que domina toda la zona desde primeras horas de la tarde".

(Egia esateko, ni Iruiñean nengoen eta ez nuen helikopterorik ikusi, eta lainoa ere ez dakit non zegoen, baina Iruiñean gutxienez ez).

"La policía nacional y la guardia civil están siendo objeto, en el momento de redactar estas líneas, de ataques por todos los lados, y ellos sólo se limitan a repeler causando el menor daño a personas o cosas".

(Gaitzik gutxiena egiteko kezka horrengatik hil ote zen Gladys Tuteran?).

"Existe miedo, auténtico pánico en todo el País vasco y Navarra. Se teme lo peor: la guerra. La mayoría de la población está en sus casas, pero quien más, quien menos, prepara lo que tiene para defenderse".

Honelako informazioak irakurri dituzte Espainian, eta informazio "objektibo" eta egiazko horien ondorioak ez dira euskaldunen aldeko izanen. Gero esaten dute, prentsak egiak kontatzen dituela.

Eta ez noa luzatzera, zeren eta komentarioak sobera baitira.

Iñaki Zabaleta


Euskal Herria

Inozoak edo...

Guri eman eta eman zigorra, noiz arte? Halere, beti, frailekerian hasi zaizkizunak hor dituzu.

Orain, turnokoak, modan jarri duten zorioneko Estatutu deskafeinatua hor dute, aho zabal guztiak tapatzeko... Ezin zitekeen bestela izan, beren helburuei uko egin eta, kafesnea eskatzen besterik ez dakitenez.

Ez, ez dakitela benetako zera esaten, ahantzi dutela baizik. Ez, ahantzi dutela, benetako zera galdatzeko kemenik ez dutela baizik. Ez, galdatzeko kemenik ez dutela, ez dutela egin nahi baizik.

Nora goaz? nora doaz halakoak? Nora eraman nahi gaituzte hauek? Inozo hauek? Gizaixo hauek?

Hori bat. "Hor duzue Gernikako autonomi papera" Lourdesko Amabirjinaren Azkeneko Mirakulua balitz bezala...

Nor tronpatu nahi ote dute (aingerutxo) horiek?

Gezurra dirudi, lehen burrukan, beren larrua uzten ibili diren horik orain, halako kataplasmarekin etortzea...

Zeren honekin, (Tuterako) hilketarik ez da gehiago izanen. Zeren honekin, presorik ez baita gehiago izanen; edo berek dioten bezala, ez da gehiago horrelako presorik izanen. Ez dute ordea esaten nolakoak, zer piztia moetatakoak izanen diren. Zeren honekin, gure burujabetza ukanen dugu. (Zeren honekin, sozialismo-bidean jartzen baikara.) Zeren honekin paradisuan izanen baikara.

Herriko erretorearen igandeko sermoia dirudi.

Zer gertatu da? Lehen ez zekitela zer egiten zuten,edo orain ez dakitela zer egiten duten.

Zer gertatu da, erori ondorenak markatuak utzi dituela betirako?

Zer gertatu da, erori ondorenak, torturak, tortura fisikoak, eta batez ere tortura psikologikoak, markatuak utzi dituela betirako?

Betirako ez nuke esango, zeren gizonak, gizon denez, burua beti lepo beretik izaten baitu; bai noski.

 Hautatu duten ingurumenak halakoak bilakarazi dituela eman dezagun! Baina, nork bortxatu ditu ingurumen hori hautatzera? Bortxakeriarik izan al dute?

Sozialistak, hau da, marxistak, bortxakeriagatik errebisiozaleak bihurtu al dira?

Abertzaleak, bortxakeriagatik, estatalistak bihurtzen al dira?

Iraultzaileak, bortxakeriagatik, erreformistak bihurtzen al dira?

Eta, hala ez bada, zergatik?

Orain direla urte batzu, batek, "revolucionarios de butaca" aipatu zuen; zergatik ote?

Zergatik, burjes-demokraziak, hainbeste eta hainbeste jende bestelakatzen ditu?

Esan ohi da, kakak berak ere, goitik behera, kurri egiten duela. Ez da gezurra.

Gaur gertatzen zaigunak, ba du honekin zer ikusiriK.

79/6/4

HAROTZA


Nazio artekoa

Europako hauteskundeak

Duela gutti, hauteskundeak egon dira Europako Elkarteko bederatzi estatuetan. Hauetako batzutan, ea konturatu gabe eman dute botoa; bestetan, aldiz, garrantzi itzela eman zaie; Frantzian, adibidez. Hauteskunde horik ekainaren 10ean egin badira ere, urtearen hasieran hasi ziren beraien inguruko tirabirak.

Espainol estatuan propaganda handia egin da aspalditik Elkarte horretan sartzeko abantailetaz, han egotea paradisua izango bailitzen. Interesgarria dateke, ba, barruan dauden estatuetako jendearen eritziak ezagutzea.

Frantzian, oro har, bi jarrera daude: alde eta kontra daudenetakoak, halegia, talde bietan ezkerrekoak eta eskuinekoak daudelarik. Alde, U.D.F. (Giscard-en alderdia), eta sozialistak; kontra, PCFa eta R.P.R. (Chirac-ena, hots, gaullistena). Hauk dira, noski; gehien ikusten diren taldeak, baina ba daude beste listak ere, ia guztiak, troskista batzu salbu, sartu baitira jokoan.

Kanpaina ofiziala maiatzaren 26an hasi zen; hala ere, jarrera guztiak, asko dela dira ezagunak kaleko jendearentzat, horretaz baino ez baita hitz egiten hemen azkenengo asteotan.

Baina zer dela eta, daude hain jarrera kontrakoak? Zer dago Europako Elkarte horren atzetik? Zer espero dute hortik batzuek eta besteek?

Orain arte, Elkarte hori izan dena zera da: ekonomia aldetik akordio batzutara heltzea, muga ekonomi eta administratiboak pixkat makaltzea, multinazionaletarako oztopoak kentzea, eta gutxi gehiago. Erromako hitzarmenak ematen dizkion posibilitateak oso urriak dira, eta hala ere, oraingo honetan, izugarrizko boterea daukala, edo, gutxienez, eduki ahal duela dirudi; are gehiago, esaten dena entzutean, edonork pentsa dezake batasun honen bidean, estatuen independentzia galtzera doazela! Noski, ez da hau kasua, eta bestea pentsatzea zorakeria hutsa da.

Estatu bakoitzak bere bizitza egiten du, ia besteekin ezertarako kontatu gabe, eta soilik politika ekonomikoan eta planifikazioan akordio batzu errespetatuz.

U.D.F.rentzat, Europa garapenerako bidea da, han Frantziak rol garrantzitsu jokatu beharko duelakoan baitaude. Jarrera guztiz kontsekoentea da gobernuaren politika ekonomiko-sozialarekin, eta Elkarte honen bidez, Frantziaren indartzea, eta besteen gaineko nagusigoa lortzea gustatuko litzaieke.

R.P.R.-rentzat, aldiz, Europan egoteak Frantziaren makaltzea ekartzen du; askotan esaten dute hauek ez dutela Europa alemandar batetan bizi nahi; hortik begiratuta, beraien arazoa arrazistak direla, edo eta frantsesen eta alemandarren artean aspalditik egon den gorrotoaren jarraitzaileak direla pentsa zitekeen; baina ez, nahiz eta hori askotan esan den, ez dago hor kakoa. Beraien jarrera ere ekonomiari dagokio ere bai: beraik ez daude batere ados Barre-k markatzen duen linearekin, hots, errestrikzioak, austeritatea, litzentzamenduak, inflakzioaren frenatzea, etab. Berauentzat, oraingo egoera segiturik, eta batez ere Iparraldean horrela jarraituz, iraultzarantz doa Frantzia. Eta gobernuaren neurri horik beharrezkoak direnez gero, gutxienez Europako bide horretan indartsu segitzeko, ba Europaren kontra daude, hor Alemania baita botere eta indar gehiena daukana; beraz, beraien jarrera nazionalista hitxia bada, ez da arrazoi filosofikoengatik, praktikoengatik baino.

Beste alde batetatik, hor daude komunistak, inork baino gehiago kontra eginez Kontutan harturik oraingo Europan multinazionalen interesak baino ez direla zaintzen, lehen begiradan ondo iruditzen da jarrera hori, baina ez da hori zoritxarrez beraien arrazoia. Beraiek ez dute noski, inoiz esaten langileen, onerako dihardutela, Frantziarenerako baino. Internazionalismo izpirik ere erakutsi gabe, hor dabiltza, nazionalismo hitxi eta atzerakoi batez jantzirik, estatuaren barrutitik irten nahi ez dutelarik. Eta hori gutxi bazen, inork baino gehiago ere egiten dute kanpaina Elkargotik at daudenak sar ez daitezen.

Gainera, eta harrigarria iruditzen bada ere, ez dute ezer pentsatu, hautatuko den Europako parlamentua beste alderdi komunistekin lan egiteko.

Eta sozialistak?... Hitz politak esaten: Europako barrutian errazago izango dela langileen alde burrukatzea klaseen arteko desberdintza gutxitzea, erreformak egitea,... sozialismoa (?) erdiestea. Beraz, nahiz eta hauk ere oso nazionalistak diren, Frantziako batasun eta independentzia edonola gorde nahi dutelarik, kontsekoenteago dira internazionalismoaren printzipioarekin.

Ba daude ere beste zerrenda batzu: ezker-erradikalena, LCR eta "Langileen burruka" taldeena, Bretoiek eta Okzitanoek eratu dutena, hots, "Europako erregioak" deiturikoa; azken hauen Herri eta erregioen Europa proposatzen dute, eta beste estatuetako talde autonomiazaleekin daude harremanekin, guztien artean estatu-egituraren kontra egitearren.

Baina egia esan, ez da ezer egon jokoan hauteskunde hauetan, ez langileen interesak, ez herri zapalduenak, ez marjinatuena, ez gizon eta emakumeenak, Europa edo Europa gabe denak berdin segituko baitu. Emakumean dagokionez, eta betiko teatroa egiten, beren kalkuloak egin dituzte talde guztiek, zerrendetan emakume batzu sartuz, ez gehiegi, ez gutxiegi, ematen den irudia garrantzitsua baita. Horrela, ondo ikasi dute emakumeek atera "behar" duten kopurua, beren posizioa, etab., eta erresultatuak gutxi gora behera ezagunak direnez gero, aurretik kalkulatu ahal izan dute (taldeen gizonek, noski) zeintzu eta zenbat emakume irtengo diren.

Kanpainari berari lotuz, orain arte egin den propagandatik aparte, irratia eta telebistan hasi dira alderdien "buruak" mintzatuz. Beti eta edonon bezala, alderdi majoritarioek daukate ia denbora osoa. Bestalde, debateak ere prestatu dira, jarrera desberdinak elkarrekin aurkezteko edo. Baina... ezin dira hor egon eritzi guztiak, noski, majoritarioak, lau handiak egon baitira soilik, nahiz eta aurretik jende askok bere protesta agertu zuen.

Eta ba dago oraindik gauza lotsagarriagorik: lehen ministroa eta lehendakaria alderdi bati loturik ez baileuden, beren burua neutrotzat eta alderdien gainetik aurkeztuz, frantsesei mintzatu zaizkie telebistatik, jarrera ona erakutsi nahiz. Beraz, eta, modu maltzur honetan, balantza desorekatzera saiatu dira, informazio-berdintasuna hautsiz.

Nahaste-borraste honen gainetik, hala ere, ba da argi dagoen zerbait: Europa honetan ez da posible ezer egin, batasun hori gutxi batzuren (betikoen) onerako baino ez baita. Europako batasunerantz, bai, herrien federazio librerantz, mugen desagertzerantz, baina ez batzu gehiago aberats daitezen, guztiak libreago eta zoriontsuago bizi gaitezen baino.

Maria Jesus Esteban


Nazio artekoa

Nazioarteko erreforma ekonomikoaren mugak

Nola definitu ahal izango ote genuke Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berria? Ideiologia nagusiaren eta hirugarren munduko "alineatu gabeko" herrialdeek maila internazional batetan egiten dituzten ahaleginen fokugune gisa defini dezakegu. Nazioarteko Ordena Ekonomiko Berria, hirugarren munduak gaur egun bizi duen azpiaurrerabidezko egoerarekiko alternatiba izan nahi du. Sistima kapitalistako bloke dominatzaileen burutapen inperialistak garaituko dituen alternatiba. Inperialismo hurrupatzailearen pisuaz leherturik dauden herrialde guztiak elkartzen dituen alternatiba, herrialde periferikoen aurrerabidean mugarri berri bat markatuko duen Nazioarteko Paktu baten lorpenaren ahaleginetan.

Projektua ez da berria; 20 urtetako burruka etengabearen fruitua da, nahiz eta, askotan beren munduarekiko agintea edozein preziotan mantendu nahi duten herrialde inperialisten kontrajartze saboteiatzailearen medioz, burruka hori etena gertatu.

Oraintsu deskolonizaturiko. hirugarren munduko nazioek, arin ulertu zuten independentzia politikoaren lorpena ez zela inperialismoaren hatzaparretatik irteteko nahikoa; independentzia ekonomikoa ere lortu beharra zegoen. Nahiz eta gobernu-sistima askeak eduki, hirugarren munduko herrialderik gehienetan dauden ekonomi egiturak, bloke inperialisten (EEBB, Japonia,...) menpetasun nabarian daude beren aldetarik gehientsuenetan. Beren ekonomiaren iraupena ez dago lehengaien esportazio ahalmenean soilik, herrialde inperialisten demanda-borondatearen funtzioan ere baitago.

Independentzia ekonomikoaren eta, beraz, aurrerabide propio baten lorpenerako burruka, 1955. urtean hasi zela esan dezakegu, 29 herrialdek Bandung-en (Indonesian) hospatu zen Konferentzia Afroasiatikora beren ordezkariak bidali zituztenean. Bertan parte hartu zutenek, beste arazo batzuren artean, periferiaren autodefentsa ekonomikorako exigentziarik funtsezkoenetariko bat planteiatu zuten, hau da, metropolietara eginiko lehengaien esportaziotik deribaturiko errenten gorabehera handiak eragoztea posible egingo luketen neurri batzuren eskaera, Hala ere, konferentzia horren garrantzia, erreformarako propos konkretu batzuren zehazteaz kanpora ere hedatzen da, bertan hasi baitzen gorputzen inperialisten interesen aurkako Hirugarren Munduko interes-batasuna. Konferentzia horrek, botere politikoaren lorpenerako egingo ziren saioaldien preludio gisa balio izan zuen; gerora begira metropolietatik aske aktuatzeko gai litzatekeen botere ekonomikoa lortzeko ahaleginen preludioa.

1.955. urtetik aurrera, alineatu gabeko potentzien ordezkariek beraien exigentziak konferentzia askotan planteiatu dituzte. Garrantzizkoen bezala, Komertzio eta Aurrerabiderako Nazio Batuen lau Konferentziak aipa ditzakegu (UNCTAD).

Maila internazional honetan erabiliriko exigentzia eta denuntzia politika guztiz positibotzat jo daiteke, alineatu gabeko herrialdeen artean Hirugarren Munduko partaide izatearen kontzientzia sortzera lagundu baitu. Baina, ere berean, bere faktore negatiboa ere eduki du; faktore hori, herrialde inperialistek erabiliriko gorren politika dela medio, sorturiko etsipen izpirituan azaltzen delarik, azken herrialde horiek, ohizko duten hurrupatze-politika jarraitu baitute herrialde periferikoetan.

Baina azken hamarkadako gertakizunen bilakaerak, bloke inperialistak Hirugarren Munduarekiko alertan jarri ditu. Bi izan dira horretara behartu dituzten arrazoirik funtsezkoenak. Lehenengo eta behin, OPEP delakoaren herrialdeek 1973 urtean petrolioaren prezioaren gorakada inposatzeaz batera lorturiko arrakasta. Bigarrenik, Nazio Batuen baitan botu koerlazioak jasaniko aldaketa (1.970.eko hamarkadaren hasieran, ONU-ko partaide ziren Hirugarren Munduko nazioen kopurua 110etik gorakoa izatera heldurik zegoen eta URSS, Europako Ekialdeko herrialdeen, Txinaren eta herrialde eskandinabiarren laguntzarekin, Hirugarren Munduko herrialdeentzat interesa zuten arazo askotan gehiengoa lortzeko egoeran zeuden).

Horrela, 1.974.eko ONU-ko Batzarre Jeneralaren Seigarren Sesio Berezian, maila programatiko batetan, "Ordena ekonomiko berri baten ezarpenerako deklarapen eta egitaraua" onartuko zen; bere helburua "desberdintasunak zuzentzea, injustiziak aztertzea eta herrialde desarroilatuak desarroilo bidean aurkitzen direnetatik urruntzen dituen zulo egunetik egunera zabalagoa deuseztea permitituko duen nazioarteko ordena ekonomiko berri baten ezarpenerako, luza gabe lan egitea baitzen. Gertakizun honi, "estatuen eginbehar eta eskubide ekonomikoen karta" delakoaren onarpen formala jarraituko zitzaion.

Hala ere, praktikan, dena paper erretan gelditu da, ordutik hona iraganiko lau urteetan ez baita ezer funtsezki aldatu, eta bloke inperialistek periferiako herrialdeak esplotatzeko politikarekin segitzen baitute.

Galtzagorri


Aitasantua Poloniara

Artikulu hau argitaratu orduko Aitasantua Polonian ibilia izango da. Eta besteren batek ibilaldiaren berri emana izango du. Harantz joateko dagoelarik idazten dut, eta, beraz, datozen egunetan zer gertatuko den ez dakidalarik. Ez dira nereak, ibilaldi bati buruzko gogoetak, aurregogoetak baizik.

Lehen aldiz doa Aitasantu bat Estatu komunista batetara. Honetxek ematen dit gogoetarako haria.

Aitasantu poloniarra

Wojtila Aitasantua poloniarra da. Lehen aldiz, historia osoan. Honek beraxek explika dezake agian zergatik doan Aitasantu bat lehen aldiz Estatu komunista batetara. Bere herria duelako, eta beste edonork bezala bere jaioterrira joateko eskubidea duelako? Arrazoin bidezkoa litzateke. Aitasantuak ere zergatik ez du herrimina eduki behar?

Baina aitzaki —arrazoin?— "serioagorik" atera du Aitasantuak Poloniara joateko. 900. urteburua ospatzen du hango katolizismoak. Zehazkiago esanik, S. Estanislaoren heriotzaren urteburuaren 900. urteburua ospatzen du. Boleslao II.ak, Ausarta gainizenekoak, hil egin zuen, bere gehiegikeriak kondenatzen zituelako. Krakoviako apezpikua izan zen; eta Poloniako katolizismoaren aitatzat hartzen dute. Joan Paulo II.a Krakoviako bertako apezpikua izan da oraintxe arte, Aitasantu izan arte. Beraz bidezkoa zirudien —dirudi—, bere gogoa eta asmoa, harantz ibilaldi bat egitekoa.

Aitasantu hau poloniarra da. Berak ez du inoiz hori ezkutatu, eta bai etengabe agertu. Oraintxe bertan, bi Kardinale poloniak berri hautatu ditu. Bata, Krakoviako apezpikua, bere ondorengoa. Bestea, Rubin apezpikua, Sinodo Generalaren Idazkaria urte luzetan izandakoa. Bata nahiz bestea Kardinale hautatzeko, logikarik badago, Vatikanoko jokabideari begiratuz gero. Hala ere, Poloniako bi kardinale berri batean egitea harritzeko xamarra da. Joan Paulo II.ak, ordea, harantz abiatu baino lehentxeago hautatu ditu.

Ondo prestatua du Aitasantuak Poloniarako bidea!

Polonia eta besteak

Polonia Estatu komunista da. Baina aldi berean herririk katolikoenetakoa, erlijio-praktikari eta agerpenei begiratzen baldin badizkiegu. Hauxe da Aitasantuaren indarra, eta harantz joateko "eskubiderik" ematen dion oinarririk nagusiena. Poloniako erregimenak onartu behar izan du hango herri katolikoarentzat Aitasantua poloniarra izateak duen garrantzia. Garaipen nazionaltzat hartu dute hango katolikoek Aitasantua poloniarra izatea.

Eta gobernua bera harrapatua gertatu da. Nekez uka ziezaiokeen bertako semea den Aitasantuari, hara joateko eskubidea. Eta ez bertako seme bezala bakarrik, eta bai mundu zabaleko Eliza katolikoaren gidari nagusi bezala ere. Poloniako katolikoek aspalditik daramaten, erregimen komunistaren eta nazionalismo katolikoaren arteko tirabira horretan gertatu da Gobernua bera. Eta oraingoan, seguru asko, nazionalismo katolikoak irabazi du.

Horretaz baliatu da Joan Paulo IIa. Baina, zalantzarik gabe, Poloniako erregimenari buruzko garaipen erlijiozko politikoa baino asmo zabalagoa du Aitasantuak, bere ibilaldia antolatzean. Erregimen eta Estatu komunista guztiei buruzko jokabide eta politika berriak abiatzeko aukera du berak, eta ba dirudi, jokabide-politika berriak abiatzeko aukera du berak, eta ba dirudi, jokabide-politika berri horiek aurrera eraman nahi dituela. Paulo VI.ak irekitako "Ostpolitik" edo Estatu komunistei buruzko politika, bizkortu eta areagotu nahi du Joan Paulo IIak. Baina hura baino egoera askoz hobeagotan gertatzen da hau.

Poloniara egingo duen bere ibilaldiak ez dio 900. urteburuari bakarrik erantzun nahi. Aurrera begira, Eliza Katolikoaren eta Estatu Komunisten arteko harremanak hestutu nahi ditu. Alde honetatik oso interesgarria gerta daiteke, Joan Paulo II.ak egun gutxi barru egina izango duen ibilaldi hau, Erromako Elizaren jokabide politiko-erlijiozkoentzat.

Kristautasuna eta Marxismoa

Baina erlijio-politika bakarrik bizkortu eta indartuko ote da hemendik aurrera? Ala baita "ideologi politika" ere, nolabait esateko? Harreman diplomatikoetan bakarrik geldituko bada Eliza Katolikoaren eta Estatu Komunisten arteko elkarrizketa berria, ez dio horrek kristau herriaren barneko berrikuntzari lagunduko.

Eliz barneari —beronen egiturei, jokabideei eta pentsaerari— begiratuz, tradizionala eta kontserbatzailea agertu da orain arte Joan Paulo IIa. Baina kristau herriaren base zabal eta dinamiko batetan oso bizia da kristautasunaren eta marxismoaren arteko elkarrizketa: ez harreman praktikoetarako bakarrik, eta bai elkarganatze ideologikorako ere. Zalantzarik ez dut, gaurreguneko kristautasunak duen desafio nagusienetariko bat marxismoarena dela; eta Eliza katolikoak ausardiaz eta posez onartu behar du desafio hori. Kristau askok onartua du, eta, tirabira eta guzti, nolabait bere bizitzan bizi du: beharbada, teori mailan, zalantza eta kontraesan guztiak argitu gabe, eta praktikan elkarbide eta kidetasun garrantzizkoak sumatuz eta bizitzaratzen saiatuz.

Elizaren baseko elkarrizketa eta elkarbizitza horretan sakonduko da bereziki kristauen eta marxisten arteko harremana, eta Vatikanoren eta Estatu Komunisten mailako harreman diplomatikoen bidez.

Areago, harreman diplomatiko horik bultzatu nahi dituen Aitasantuak, Elizaren barnean, irekitasun handiz ikusi eta bultzatu beharko dituzkeela dirudi, oinarrizko elkarrizketa serio eta sakon hori aurrera eraman nahi dituztenak. Alde honetatik Joan Paulo II.a ez zen oso ausarta agertu, Mexikora egin zuen bere ibilaldian. Ausartago dirudi, Poloniara doan honetan.

Baina bi maila ezberdinetan planteiatzen dira, seguru asko, bi ibilaldiok. Eta Aitasantu honentzat errazagoa da, ibilaldi honetako harreman diplomatikoak bultzatzea, Iberoameriketako kristauen askapen teologia bedeinkatzea eta areagotzea baino.

Paulo Agirrebaltzategi


Self Help. Leonor Taboadaren liburu interesgarria

Leonor Taboadarekin elkarrizketa izan genuenean, bere "Introducción al Self Help" liburuaz ezer gutti mintzatu ginen. Orain, liburua aurrean dugularik eta interesgarritzat jotzen dugunez, haren berri dakarkizuegu.

1978.ean idatzia izan zen, eta mugimendu feministak ordu arte jasotako informazioa eskaintzen digu laburki. Guk hemen, laburkiago oraindik, han azaltzen diren puntu garrantzitsuenak adierazten saiatuko gara.

Lehendabizi, biologiak nola markatzen gaituen erakusten digu. Gizakia birsortzeko daukagun kapazitate horrek, gure betebeharrak zeintzu izango diren seinalatu zigun, gaitasun horren jabe gizona egin zenez geroztik, hots, gure lan indarra umeak egiteko erabili, ume hauk gero lanerako eta gerrarako balio daitezen.

Horrela, gure ahalmen honetaz jabetu zirenean, gure gorputzaren kontrola kendu ziguten, baren eskuetan hartuz. Honetarako, zenbait sistema erabiltzen dituzte eta garrantzitsuenatakoa medikuntza da.

Begiratu al ditugu inoiz gure genitalak? Geure buruei galdera hau egiten badiegu, erantzun gehienak ezezkoak izango dira seguraski. Esaten digutenez, hori bai, komenigarria izaten da aldizka, ginekologoarengana joatea azterketa bat egin diezagun, eta zer esanik ez umedun geratzen bagara edo minen bat sentitzen badugu. Bisita hauetan, gure eginkizuna hauxe izaten da: etzan, egon eta entzun, gero medikuak esan diguna hitzez hitz betetzako, beste problemarik gabe.

Self Help, medikuntza hau eztabaidatzen hasi zen, gure gorputzaren kontrola geureganatu nahian, gure zenbait egoera fisiko gaixotasunak ez direla esanez (hilerokoa, haurdunaldia, menopausia), eta gure gorputza, geuk, edozein ginekologok baino hobetoago ezagutu dezakegula e egiaztatuz.

Self Help, amerikar batzuk definitu dutenez, "ideologia erosi gabe, teknologiara iristeko saialdi bat" izango litzateke. Honela, gero eta gehiago dira Self Help erabiltzen dituzten klinikak munduan, guztiak emakumeen kontrolpean. Beraietan, emakumeari bere gorputza aztertzen erakusten zaio eta tratamendu baten beharra baldin badauka, pausoz pauso adierazten zaizkio, hitz arrarorik erabili gabe, zergatik eta nola, berak bere prozesua jarrai dezan.

Nork bere gorputzaren kontzientzia hartzeak, beti ekartzen du ondorio bezala bere pertsona osoaren nagusitasuna. Horrela, Self Help praktikatzen hasten diren emakumeek, izugarrizko aldaketak ematen dituzte beren bizitza osoan, sexu harremanak direla, besteekiko jarreretan eta mundua ikusteko moduan. Self Help delako honek, filosofia berri bat dakarrela berarekin esango genuke, agian.

Beraz "Self Help" taldeen helburuak bi izango lirateke: sanital hezkuntza eta emakumeon autoegitea.

Espekuloaz sekretua igarri

Lehendabiziko pausoa, beti sekretuz beterik mantendu dizkiguten genitalak ezagutzea. Horretarako has gaitezen ispilu batez gure klitorisa, pixzuloa, maginaren sarrera, ezpain handiak eta ttikiak, perineoa eta uzkia lasai aztertzen. Baina, zergatik ez gara barrurago ere saiatzen? Hau posible dugu espekulo baten bidez. Espekuloa, medikuek erabiltzen duten gailu bat da, ahate moko bat dirudi, plastikozkoa baldin bada errezago ikusiko ditugu maginaren paretak eta umontziaren lepoa. Sanital materiala saltzen duten denda batetan lor daiteke edo bestela hospitaletan. Nola erabiltzen den ondo ikasi ondoren, espekuloa maginan sartuko dugu (tampax bat bezala) eta barruan dagoelarik zabaldu egingo dugu. Gero ispilu bat hartuko dugu eta baita linterna bat ere; hauen bidez, garbi ikusiko dugu barrua. Hau aldizka egiten badugu, anormaltasun bat agertzen baldin bada, sagituan konturatuko gara fluxoa eta kolorea ez direlako normalak izango.

Honetaz gainera, sintomak eta beren iturriak ikasten baditugu, mina sentitu baino lehen jakingo dugu zer edo zer ez doala ondo eta garaiz hartuko dugu. Saiatzen bagara, problema bakoitzari erremedio leunak jartzen ere ikas dezakegu. Guzti honi buruz oinarrizko informazioa Leonorren liburutik atera ahal diteke.

 Plazerra lortzeko eskubidea ere iharduten da, masturbaketez eta sexu harremanetaz.

Antisorgailuak eta abortoa

Antisorgailuei, tratamendu sakona eskaintzen die, dauzkaten akatsak beldurrik gabe agertuz. Eta zergatik izango ba da beldur?, ba orain arte, atzerakoiek, emakumeari bere sexualitatea bizitzen ez uztearren, mila historia kontatu digutelako pilulak dakartzan gaitzei buruz. Horren aurka, "progre" guztiak pilula goraipatzen hasi ziren eta horretan dabiltza oraindik.

Batzuen eta besteen kontra, gure helburu bakarrak gorputzaren osasuna eta plazerra dugularik, geu gaude.

Leonorrek, pilularen alderdi positiboak onartzen ditu, baina dakartzan problemak ez ditu gordetzen. Halaber, hartzen badugu, nolako neurriak erabili behar ditugun ere esaten digu, marka batzuen eta besteen artean dauden desberdintasun nabariak kontutan harturik. Pilula hartzen ari garenean, umedunaldi faltsu batean gaudela esan daiteke, eta honetan gertatzen den modura, bitaminak galtzen ditugu; beraz, beharrezkoa da bitamina konkretu batzu hartzea. Bestaldetik, zenbait sintoma nabaritzen badugu, segituan utzi behar dugu pilula, ez baldin badugu arrisku serio bat pasatu nahi. Eta noski, denbora horretan inoiz baino gehiago kontrolatu behar dugu gure gorputza.

Norberak ikusi behar du zein metodo erabili, baina osasunaren aldetik, ba dirudi onenak "barrera" egiten dutenak direla, hots, diafragma eta hain ezaguna dugun kondoia. Efektibotasuna dela, krema antisorgailu baten laguntzaz, ondo daude. Diafragmak ez dakar ondoriorik, hirritagarri ez den krema bat aukeratzen badugu. Efektiboa izan dadin, oso inportantea da neurria ondo hartzea eta ondo ezartzen ikastea.

 Abortoaren problemaz ere hitzegiten du, praktikoki aztertuz; helbide batzu ere eskaintzen dizkigu.

 Hilerokoak batzuei ekartzen dien hainbat ondoez lasaitzeko moduak ere ba daude: erlaxapena, ariketa fisikoak, masaiak,...

Bularren autoazterketa

Ispilu baten aurrean, lehendabizi ea aldaketaren bat izan duten adi begiratu. Besoak igon, bi ditiburuak berdin mugitu al dira? Aurrerantz makurtu zaitez, tolesturarik, zulotxorik edo bestelako anormaltasunik nabaritzen al duzu?

Hau egiaztatu ondoren, bularrak nola ukitu behar ditugun erakusten digu irudi batzuen bidez, koskorren bat harrapatzen badugu, garaiz izan dadin.

Zitologia ere beharrezkotzat jotzen du, kantzerra aurretik hartzeko: pilula erabiltzen dutenek urtean birritan eta besteek behin guttienez egin beharko luteke.

 Infekzio maginalak sendatzeko zenbait kontseilu ematen ditu, antibiotikoetara jo behar gabe; hauek askotan, aurkitzen duten guztia hiltzen dutenez, defentsarik gabe uzten gaituzte. Infekzioa garaiz hartzen bada, aski izaten dira "etxeko" baliabideak (yogurta, baratxuria, ozpina, belarrak).

Hauk eta venerearrak ez harrapatzeko, higienea oso inportantea da. Beraz, hortik hasi behar.

 Menopausia gaixotasun bat bezala tratatzen dute, prozesu guztiz normala denean: "sendatzeko", benetan arriskugarriak diren estrogenoak ematen dituzte medikuek.

Eta bukatzeko, gorputzaren defentsaz ari garenez, medikuntzarenak baino zuzenkiago ematen dizkiguten kolpeetaz iharduten da. Zer egin emakume batek senarrarengandik edo beste edozeinengandik agresio bat sufritzen duenean? Dena. Burua erabili, guztien aurrean salatu, eta inoiz ez ixildu!

Emakumearen gorputza dela gai, zenbat liburu ez ote dira idatzi, "Zure edertasuna", "Zazpi egunetan inor baino ederrago", "Zure senarrak eder behar zaitu", hitz batez, nola egin emakumearen gorputza gizonaren gusturako.

Leonorrek eta berarekin Self Help taldeetan dabiltzan emakumeek ere, emakumearen gorputza aukeratu dute gai bezala, baina geuretzat, geure gusturako eta geure osasunerako.

Itziar Urtasun


Sexismoa: zapalkuntza guztien oinarria

Gizon batzuk beste gizonak esplotatu dituzten guztietan, nolabait justifikatu nahia sentitu dute. Egiten duten zapalkuntza justifikatu nahia, baina hortaz probetxatzeaz utzi gabe, noski!

"Behar beharrezkoa da gutti batzuk gehiengoaren zuzendaritza izatea, gehiengoari agintzea, bestela zerbitzariak, esklabuak, nazio zapalduak, masa eta jendoldea ez lirateke oso urrutira joanen. Ez luteke ezer probetxugarririk eginen, sorketa edo kreatibitate guztia moztua litzateke"...Orduan nolabait ere, pribilejiodun gizakume (gizon-zuri kapitalista) hauek emakumegoaren beltz eta proletalgoaren zuzendari izanen lirateke, hauk esaneko eta otxanak izateko kondizioa betez gero. Pribilejiodun minoria honek berak lortu du egiten duen zapalketaren arrazoitzea. Nolabait ere "naturala" dela sinesterazi du.

"Lege orokor bat da: ba daudela elementu natural batzu dominanteak direnak eta beste elementu batzu dominatuak. Gizon libreak zerbitzariengan duen agintea. Era bat da. Gizonak emakumearengan egiten duena, bestea." (Aristoteles)

Honela bada, gizarte sexistarentzat emakumeak ahulak, pasiboak eta naturaz bigarren mailako gizakumeak dira. Horrela gizonek zuzenduak izan behar dutela sinesterazi du. Denbora berean, gizonak naturaz indartsuak, iniziatibadun eta lehen mailako herritar jotzen dituelarik. Aita, senar eta maitaleak bata bestearen atzetik eginbehar honetaz arduratuko dira. Sexist ideiologiak emakumearen balore nagusi eta bakar gisa, sexua ipintzen du. Hau da, emakumearen egiteko nagusia bere sexuaren bitartez betetzen duena izanen da. Emakumea gizaki pasibo hori da eta egiteko nagusi bi ditu:

- Gizonari atsegin ematea

- Haurrak gizonari erditzea

Beraz, sexista ideiologiarentzat emakumea GAUZA bat da. Zerbaiti "gauza" kategoria ematen zaion mementutik, adimen balorerik ez duela kontsideratzen da. Sorketa edo iniziatibarik ez duela. Eta ondorio bezala, emakumea gizonak gorde eta zaindua izanen da. Eta emakumeak obedientzia osoa eskainiko dio.

"Natura nahi izan zuen emakumeak gure zerbitzariak izatea. Gure propietate dira zuhaitz baten fruituak zuhaitz zainari dagozkion bezala. Emakumea haurrak egiteko makina bat, besterik ez da..." (Napoleon)

Sexist ideiologiak gizon emakumeen diferentziak natural eta bazterrezinak balira bezala agertzen ditu. Bere oinarri oinarrian, batzu, berez, gehiago direlakoan. Batzuk agindu, zuzendu eta zapaldu behar dutelakoan. Aldiz besteek obeditu edo esanera egon behar dutelakoan.

Beraz ez gara harritu behar sexismoa, arrazismoa eta klase esplotazioaren agortu ezineko iturria dela esaten denean. Ar-kondizioa, eme-kondizioaren gainetik dagoela onartzea ez ote arrazismoari eta klase zapalkuntzari indar ematea? Zeren gizonak pentsatzen badu, naturaren izenean, gizonak agintzeko sortuak direla eta gehiengoa aginduak izateko.

Zerbait oso garbi dago: Sexismoari, nola bereiztasun bortitz hauk, gizon eta emakumeen arteko diferentziak, gehitu eta hazitzea komeni zaiola. Diferente direnez, interes desberdineko sail bi egitea onuragarri zaio. Behar hainbat desberdin, bi gizaki zentzudun gisa santan elkar ez daitezen. Elkarren aurkako izate horri inoiz utz ez diezaioten.

Noizbait pentsatzen dugu herri zapalduek beren nortasuna lortuko dutela, langilegoa bere produkzioaren jabe izanen dela baina inoiz lortuko ez dena zera da: sexu baten izkutatze edo deuseztatzea. Ez da sexismoa gainditua izanen, sexu baten deuseztatzeaz, nahiz eme, nahiz ar, deuseztatu, baizik eta, ar-emeen erlazio benetako eta justu batzuren bidez. Gizon-emakumeen hurreratze jatorraren bidez,

Jende askok botere kapitalista eta burjesaren deuseztatzearen nahia du. Jende askok, herri zapaldu bakoitzari bere burujabetasuna zor zaiola pentsatzen du. Bale! Baina, inor gutxik konprenitzen du erlazio sexista hauk, gizon erlazio hauk gainditzea zailenetakoak direla. Esplotazio eta errepresio guztien oinarri oinarrian daudelako.

M.A. Landa


Gaiak. Literatura

Marx eta Hölderlin

 Alda beti errotik oro! Gizateriaren sustraietatik sor bedi mundu berria! Jainkotasun berri bat nagusi dadin gizonen gainetik, etorkizun berria ager dadin hauen aurrean!

 Lantokian, etxeetan, biltzarretan, tenploetan, alda bedi oro alderdi guztietan!

"Hiperión"

Marxek esan zuen poetei dena behar zitzaiela barkatu. Hölderlin-i, beste edozeren gainetik poeta izatea barkatu ez diotenak marxistak eta filosofoak dira. Oraingoz, Benito Perez Galdos-i, kanariar nobelagileari jazorikoaz baliatuko naiz. Gaur egun ematen duenez, XIX mendeko Espainiaren errealitateaz (exenplifikazioetan izkutaturik), historigile eta soziologoei hainbat datu emateko gai izatea da, Galdos preziatzeko motibo nagusia. Jaun horik kanariarraren obra hartu eta gero, berak deskribaturiko gizartearen datuez bakarrik osaturiko botin eder batekin itzuli dira ikasgeleetara. Eta Galdos-en obra erizpide estetikoz irakurtzen saiatu denak, dudari gabe "botina" kenduta gero, deus interesgarririk geratzen ez dela ikusiko zuen. Hortaz, ez da harrigarri, Juan Benet-en baieztapenak, "Galdos osoa emanen nuke Stevenson-en obra baten truk", iskanbila eta gaitzespena sortzea Espainiako giro literario profesionalduetan.

Hörderlin-en kasua paraleloa dugu ia, haren obrari prestaturiko eraso extra-literarioei dagokienagatik. Tomas Mann-ek esan zuen, "Karl Marx-ek Hölderlin irakur zezan egunean, Alemaniak bere burua aurkituko zuela" (Kultura eta Sozialismoa, 1928). Askoz beranduago, Julio Cortazar-ek argentinoak, "Prosa del Observatorio"n, halaber premiazkoa izanen zela Hölderlin-ek Marx irakurtzea, idatzi zuen.

Argentinoak anakronismo deliberatu hori egin zuen, bere ideiak ilustratzeko; baina antzeko proposamendu argigarri batetatik abiatu zen Peter Weiss dramagilea bere "Hölderlin" teatro obra sortzeko, non aurrez aurre agertzen baitira poeta eta iraultzailea, elkarri berbaldi batzu egiten dizkiotelarik, bion jokabideak azken batean, publikoari komunak izan direla erakusteko: baina. Ai! Hölderlinen gizarteak kondizio batzu falta zituen —kondizio objektibo famatuak, nik uste— berak, zenbait urte geroago, Marx-ek deskribituriko maila lortu ahal izateko.

Haren eskribuetan nabari dakiokeenez, Hölderlin frantses iraultzaren egiazko miresle bat izan genuen, baina poetaren energia —zirkunstantzialtasunetik abiatzen den arren— (irakur B. Brechten poema, Hölderlin-en Empedokles-en errefusapen bat dena), historikotasunetik haratzago doan zerbait da, gizakiaren izatea bera iristeko. Eta hor zabal liteke bigarren kapitulua, poeta handien antzemanetan, munduaren ezagumendu intimoago bat ikusteko jolasten duten filosofoena (Heidegger, "Arte eta Poesia", F.C.E.). Eta hori egia izanik ere, gizon batek, expresatzeko, poesia premiazkoa izan zuen motibo beragatik, filosofoak saiatzen diren aztarkapen lana, hetereogeneo zaio poesiari.

Batzuk, hauk zehazgabetasun hutsa baizik ez dela esango dute, kultur luxuak, joko elitista ergelak, baina horrela esan eta marxismoaren barnean daudenak, besterik gabe, nabarituko dute ez dutela Karl Marx haren gustu eta sentsibilitaterik.

IGOA AIZPURUA


[Komikia]

Javi Etxenike


Gaiak. Zientzia

Hurbilketa bat OVNIen fenomenoaz (II). Eguzkiaren Sistema

 Lehen artikuluan, bizitza carbonoren kimikatik sortu zitzaigula ikusi dugu. Bizitzaren azalpenetaz mintzatzen garelarik, zera berriro aipatu behar da: Guk ezagutzen dugun bizitzaz ari gara. Bestelakorik balego ez gara nagusiki lan honetan horretaz ari. Carbonoren konbinaketak ugari aurkitzen direla unibertso ezagunean zehar ikusi genuen aipaturiko artikuluan. Honetan, azterketari aurrea emanen diogu gure Eguzkiaren ingurugiroa aztertuz.

Galileo-ren ukapena

1663.ko Jaungoikoaren urtean, ekainaren 22 haretan, Galileo Galilei, gauza guztien gainetik bere bizitza propio eta pertsonala maite zuenak bere errakuntza, oker eta heresia guztietaz abjuratu egin zuen jendaurrean. Galileo-ren heresia eta okerrak, Lurraren eta planeta guztien biribiltasuna, ez zela hura unibertsoaren erdian kokatzen, hura ere eguzkiari birak egiten omen zizkiola esatea izan zen. Gainera, Galileok berak, ausartkeriaz beterik, Hilargian ere menditxo eta lautadak ba zeudela esateko harrotasuna eduki zuen. Dolutu eta damutu zelako gure Galileo gizagaixoa, ez zuten apezpiku eta Elizamaren ordenuzaintzaileek sutara bota. Martziano eta O.H.E.taz sinesten duten haiek ez dira jadanik sutara botatzen, hala ere, gure gizarte hau, gure euskal gizartea bereziki, ez da ez horretaz ez beste arazo batzuetaz ere aurreratuegia, azken batez, "politika-zientzia" denona eta konkretuki inorena ez den askatasuna dela ematen baitu. Baina gatozen harira.

Esnebidea - Via Lactea

Hauxe baita gure galaxiaren izena. Galaxia izena ere, grezieratik datorkigu; grezieraz esnebidea esan nahi du eta. Gurean 100 miliar izar dago. Gure galaxiaren forma, muskuiluaren ohola edo eta disko batena da; lodia erdian eta meheagoa bazterretan. Baina izarrak ez daude distantzia berdinetan prestaturik. Leku batzutan izarrarteko hutsak handiosak izaten dira, beste batzutan aldiz, gure galaxiaren zentroan batez ere, izarrarteko huts horiek txikiagoak dira. Eguzkiaren sistema, esnebidearen bazterrune batetan kokatzen da, oso bazterturik gelditzen da galaxiaren zentrotik. Gu gara, nolabait esateko, hiri handi bateko errebal baketsu eta ezezagunaren bizilagunak.

Eguzkia, gure izarraren izen arrunta, mila izar edo eguzki horien arteko beste bat besterik ez da. Eguzki guztiek, gurea ere sarturik, galaxiaren ardatzari "eternalki" birak egiten dizkiote.

Lehenago ikusi genuenez, espektrographoaren bidez izarren adina kalkula daiteke. Unibertsal neurriak aplikatuz gero, galaxiaren izar guztien adinak berdin samarrak lirateke baina geologikoki edo eta humanoki neurtuz gero, adin ezberdintasunak milioika eguzki-urtez dira lasai.

Guk ezin dugu Esnebidea bere osotasunean ikusi eta arrazoia sinplea da: Berton bizi garenez, angulo bat besterik ez dezakegu beha. Hala ere, uda gau argitsuetan nebulosa antzeko bide luze bat mira daiteke. Euskaldunok artzain edo frantses bidea deritzogu. Horixe da gure galaxia.

Handiostasunaren ideia txiki bat hatxemateko pentsa ezazue, hor zeru goietan ikusten duzuen esne bide hori gure galaxiaren angulo bat dela eta gu bertan sarturik gaudela. Orain konpara ezazue distantzia eta ezina dela berton sarturik egotea etorriko zaizue gogora. Ba ez, hortxe berton, gu ere galaxia horretan kokaturik gaude. Andromeda M 31.ko soegile batek Lurretik hatxematen den distantzia hori nabaritu ere ez luke egingo, eguzki sistema honetatik 97.000 argi-urtetaraino izar nebulosa gizen bat ikusiko bailuke. Bai hala da. Esnebidearen diametroa 100.000 argi-urtetakoa baita. Ez pentsa handiegia denik! Andromedarekin konparatuta kaka bat dugu. Hark 300.000 neurtzen du punta batetik bestera.

Eta bide horretan jarraikiz, beste 12.000 galaxia ezagunak konta genitzake. Hilargiaren antzeko ikusmira baten barruan 400 galaxia gutti gora behera sartzen zaizkigu. Azken aldi hauetan igerturiko galaxia bat, 3C 295garrena, gugandik 6 miliar argi urtetan kokatzen omen da.

"Omen" esan behar da, zeren galaxia horrek argia bidali zuenean, (orain 6 miliar urte) ez zen izaten ez eguzkia ez eta Lurrik ere. Arrazoi bera dela eta, galaxia hori seguraski gaur egun ez da ere izaten, nahiz eta guk haren argia ikusi.

Hau guztiau hain handios eta neurgabekoa bada, ez al da orduan tentela, gu bizi garen hauts desprestigiatu honetan bakarrik bizitza sor daitekeenik pentsatzea?

Eguzkia eta planetak

Eguzkiaren sisteman barne gu bezalako bizitza topatzeaz ez du jadanik inork sinesten. Martzianoen ipuinak garai arin baten kontaketak legez hartzen ohi ditugu. Bizitza aurreratua topatzea ezinezkotzat jotzen da gure Sistemaren mugarri barruan, baina hain gutti dakigun unibertsoaren misterioez, non ezin dezakegu anatemarik bota, zeren posible ala frogagarri ez ba da, ez du esan nahi horregatik ere, aintzinetan ematen ez zenik; aitzitik, teoria guztiak errespetugarriak dira eta kontrako frogak aurkitu arte ez da asuntu honetan ezer onartezina. Burura datorkit Venus-en arazoa. Venus txarmangarria da. Geroago luzatuko gara Venus-en misterioez. Esan dezagun orain, Venus-en bizitza intelijentea egon zenaren kontrako argudiorik ez dagoela. Horixe besterik ez.

Zer da planeta bat?

Masa bat, nolabait deitzeko materia zati bat, izar batetik sortutako ekaia edo eta bere orbitan eroritakoa. Gure Sistemaren planetak bederatzi dira. Beraien kokapena ez du azareak egin. Espazioan lekutzen diren tokia beraien masa eta tamainuekin erlazionaturik dago eta masa hori tenperaturarekin eta baita daukaten eguratsarekin hestu hestu erlazionaturik daukate.

Erlazio hauetatik lege fisiko batzu atera daitezke. Laburki emateko ondokoak ditugu:

1. Sistemaren erdiko planuarekin planetal orbiten planoak makurdura txiki bat dauka. Gure Sisteman Pluton eta asteroideak salbuespenak dira.

2. Jeneralean, planeten eta sateliten errotatze ibilzentzua eta beren biratzea, bat bera da eguzkiaren-sistema guztian. Hemen Venus da salbuespena.

3. Orbita guztiak ia biribilak dira eta planeten kokapena lege fisiko bati lotzen zaio.

Gure Sisteman Eguzkiak Sistema guztiaren ehuneko 99,9 dauka.

Hirugarren puntuari dagokionez zera esan behar da, lege horren arauera Ceres eta Neptuno matematikoki eta inolako miraketarik gabe ikerturik izan zirela. Geroago, teleskopioa bertara seinalatu eta puntu berberean aurkitzen ziren.

Emaitza hauek beharrezkoak izanen ditugu gerorako, beste sistema batzu estudiatzean batez ere. Orain bihur gaitezen berriro gure planetetara berton gainbegirada bat botatzera.

Planeta handiak

Gure Sisteman bi planeta moeta dauzkagu. Batzuei telurikoak deitzen dizkiegu, azala solidatua dute eta. Hauek txikiak dira: Merkurio, Venus, Lurra eta Martitz. Besteak handiak dira, azala solidatua ez dutenak: Jupiter, Saturno, Uranius eta Neptuno. Saturnoren dentsitatea hain koskorra da non uretan ere flotatuko bailuke.

Amerikarren sondei esker, gero eta ezaguera handiagoak dauzkagu Jupiterrez. Planeta handi guztiek egurats dentsoak dauzkate.

Lehen ikusi dugunez masa eta eguratsa oso erlazionaturik daudelako planeta txikiei pisu txikiko gasek alde egin diete. Planeta handien eguratsa itsas batekin konpara daiteke, bertan konbinaketa guztiak likidoa edo eta gasa izanki.

Planeta hauen tenperatura -(minus) 140ºtik -200ºtara higitzen da. Planeta hauetaz ideia bat hartzeko, labur daiteke beraien estruktura.

Honelakoa da: Planetaren bihotzean arrokaz eta burniz solidaturiko nukleo txiki bat. Gero, honen gainean, urezkoa ez den geruz itzoztu lodi bat; geroago gainetik, eguratsa likidoa eta azkenean eguratsa gaseosoa.

Horrelako giroan bizitza intelijentea sortzea ezinezkotzat kontsideratzen da, baina dena esatearren, laboratorioan egindako esperientzia batzuen arauera, zenbait virus eta mikroorganismo amoniakozko eguratsetan bizitzeko gai dira, bertan ikaragarrizko presio eta tenperatura hotz hotzetan zeudelarik.

Planeta txikiak

Lauotatik hiru (Venus, Lurra eta Martitz) inguru biotermikoan (1) aurkitzen dira. Merkurio baztertu behar dugu berehala, bertan egoten diren tenperaturak 400º gradutakoak ohi dira. Merkuriori gainera eguratsak alde egin dio, masa txikia du eta.

Venus, maitasunaren "izarra"

"Izar-planeta" guztien gainean erromantikoena. Arratseko lehen puntu argitsua, goizaldeko azkena. Gure artizarra edo eta goizeko izarra ez dena baizik eta planeta. Venus Lurraren anaia bikia da. Bi ur tanta berdinak dira. Dimentsio eta masa antzekoak, dentsitate berdinekoaK. Bere orbita eta gurea ia ia berdinak: dira, Eguzkiarekiko distantzia ere oso antzekoa da. Baina Venus-ek lege fisikoak apurtzen ditu. Venusek ez du besteen modura errotatze-birarik egiten. Atzerantz egiten du errotatzea, erlojuaren orratzek egiten duten aldrebezko zentzutara. Errotatzea ez du 22 edo 24 ordutan egiten baizik eta 245 egunetan, Eguzkiari ia betiko zona berbera emanez (2). Venuseko tenperaturak -(minus) 33ºtik (plus) 400ºtara hel daitezke. Venusek ez du ionosferarik eta eguzkitiko irradiapenak planetan barne sartzen dira. Bere eguratsan CO2 (Carbono dioxidoa) ugari dago. Eguratsaren dentsitate honek tenperaturak altxaten ditu. Izan ere, Eguzkiaren argiak planetaren azala ukitzen denean, behegainak izpi infragorriak (3) igortzen ditu, berauk eguratsera berriro bihurtzean Carbono dioxidoak harrapatzen ditu bere espazioranzko kanporatzea eragotziz. Fenomeno honek tenperatura altxaten du. Lurrean ere fenomeno horretatik probetxu asko ateratzen dugu. Zerretan esaterako. Bertan landareak has daitezen, kristalez ala beirez edo eta plastikoz egindako txaboletan landatzen dira fruituak izpi infragorriak bertan harrapatuz.

Baina fenomeno deigarriena errotatzearena da. Zergatik egiten du atzerantz? Norbaitek gastatu al zuen bere energia zinetikoa? Eta ondorioa planeta gelditzea izan zen? Norbaitek izorratu al zuen bere ionosfera? (4) Zientzia fikziozko galdera hauek ez dira hain arinak.

Ikus dezagun zergatia.

Energia zinetikoa

Lurraren errotatzearen indarrari dagokio energia zinetikoa. Energia zinetikoaren bidez errotatzearen indarra berreskuratzen da. Gaur egun gure planetan energia asko ateratzen da modu honetara. Itsas energiadun zentralak dira. Zentral hauek egia esateko, Lurraren energia zinetikoaren pixka bat besterik ez dute gastatzen. Hala ere gaur egun Lurrak 100.000 milioi Kw/h urtero irensten ditu. Energia guztia zinetikoki ateraz gero gure Lurra 840 milioi urtetan geldituko litzateke baina kontsumorako daramagun gehitzearen arauera, (ehuneko 3,5 urtero) 491 urte gehiago geldituko lirateke gure planeta, osorik. 2.370.urtean gure Lurrak ez luke bira gehiagorik egingo.

Horregatik lehenago prestaturiko galdera. Venus-en halako zerbait jazo al zen? Izorratu al zen ionosfera? Gastatu al zen energia zinetikoa eta ondorio gisa tenperatura altxatu eta eguratsan dioxidoa kondentsatu?

Hola behintzat esaten dute liburu zahar batzuk. Inolako barrerik gabe J.C. aurreko 18.617.84. urtean Venustarrak lurreratu omen zirela aipatzen dute.

T. Trifol

(1) Bizitza karbonatua sor daitekeen edozein espazioko bazterrunea.

(2) Trasladatze periodoa 224 egunetan betetzen du.

(3) Beroa.

(4) Eguratsaren goi geruzetako bat dugu. Ionosferaren existentzia beharrezkoa da bizitza karbonatu aurreratuarentzat. Ionosferarik gabe eguzkitiko izpi guztiek lur azala ikutuko lukete, bizidun guztien heriotza probokatuz. Ionosfera egunoro deuseztatzen dute alegeraki abioi eta hegazkinen jarioek zeren berauek NOH eta anhidridoak botatzean desionizatu egiten dute aipaturiko geruza. Modu honetara jarraituz gero, urte batzutan inosferaren deskonposatzeko prozedura atzeraezinezkoa bilakatuko da.


Gaiak. Gramatika

Berdina / (ber)bera

Azken urteotako idazleengan nahiko nahasketa ageri da ber eta berdin formen artean. Gehiago oraindik, dirudienez, berdin delakoaren eremua zabaltzen ari da, ber delakoari dagokion eremua hartuz. Artikulu honen helburua, bakoitzaren aplikazio-arloa zehazki azaltzea da, gero praktikarako arau sinpleak emanez. Has gaitezen, ba hitzok banan-banan aztertzen.

Berdina

Hitz honen bidez bi unitate (bi elementu) edo gehiago konparatzen dira eta bien artean, antz handia (berdintasuna) dago. Oso igualak izan daitezke, baina bi dira. Eman ditzagun zenbait adibide:

 Zure jertsea eta nirea berdinak dira

 A = B (A berdin B)

 Atzo ere berdin antzean esan zenidan

Ikusten denez, bi elementu konparatzen dira kasu guztietan. Eta kategoria gramatikalari dagokionez, bi eratan ager daitekeela esan dezakegu: adjektibo bezala eta adberbio bezala. Bestalde, hitz honek bestelako esangura batzu ere ba ditu, Azkue edo Kintanaren hiztegietan ikus daitekeen legez. Baina artikulu honetan igualtasunari, antzekotasunari dagokiona aztertzen ari gara soilik.

(Ber)bera

Kasu honetan unitate edo elementu bat bakarra da, egoera desberdinetan aipatzen dena. Gauza bat eta berbera da. Batzutan ber(a) eta bestetan berbera, nahiz eta ikusiko dugunez, bien erabilkeran desberdintasunak dauden. Hona hemen adibide batzu:

 Gaur duzun jertsea, atzoko berbera da

 Atzo ere gauza berbera esan zenidan

 Ber delakoa postposizio modura ageri da eta aurreko hitzak daukan deklinazio-atzizki berbera hartzen du. Hara, adibidez, Axularrek dakartzan zenbait kasu:

 Naturalezak berak

 Euskaldunek berek dute falta

 Miserikordiaren beraren kontra

 Iainkoaren beraren kontra zabiltzala

 Hala pentsatzeaz beraz ere

Edozertara ere, kasu batzutan ez da errepikatzen atzizkia:

 Errege berari

 Jaun berari

Eta lekuzko kasu gehienetan errepikaziorik gabe agertzen da:

 era berean

 Konpainia berean

 modu beretik

 bide beretik

 molde berean

Dena den, eta berbera delako forma ber(a) delakoaren errepikazioa dela pentsa eta esan daitekeen arren, bi horien erabilkeran desberdintasun txiki bat dago, hurrengo adibideetan soma daitekeen bezala:

 atzokoa bera

 atzoko berbera

 gaur etorri den pertsona berbera etorri

 zen atzo ere

 gaur etorri dena bera

 esan duzun berbera

 esan duzuna bera

 Ber delakoa beste kasu batzutan ere erabiltzen da, bestelako unitateak sortuz.

 halaber

 ber gisan

Eta izenordeekin forma errepetitiboak sortzen ditu:

 berau, berori, bera

Ondorio modura

Erdarazko textuak itzultzean, zalantzak agertzen dira, el mismo, la misma / le même, la même formak alde batetik eta igual, equivalente / égal, equivalent direlakoak bestetik nahasten direlako. Dirudienez, lehenei (ber)bera dagokie eta bigarrenei, berdina. Eremu semantikoen banaketa artikulu honetan azaldu denaren antzera egitea komeni dela uste dut. Eta bien arteko kontrastea ikusteko, hurrengo bi adibideetan forma biak batera ageri dira:

 * Bi haltzari horik berdin-berdinak dira; lantegi berekoak direnez, ez da harritzekoa.

 * Bi animalia horien kolorazioak berdinak dira espezie berekoak izan ez arren.

Zer esanik ez, ba dakit, emaniko arauekin ere, zenbaitetan zalantzak azalduko direla. Baina edozein modutan, aplikazio-eremuen banaketa argiago geratuko dela uste dut.

J.R. Etxebarria


Gurutzegrama

L. Trask


Ardibeltza [Bineta]

MONTI


Urrezko astabelarriak

Zoaz Erandiora,... han ere astakoak dira

Erdi alde batetara utzita eduki dugun "Urrezko Astabelarriak" delako saila, indartu egin beharko dugu berriro, ea horrela jendeak ortografia pixka bat ikasten duen. Zeren praktikak erakusten baitigu, metodorik hoberena umorearen bidezkoa dela, eta mila azalpen ematea baino hobe dela astabelarriak erregalatzea.

Oraingo honetan Erandio Goikotik dator notizia... Ikus ezazue nolako perla ederra! Eralde zailak —nik neuk ez nekien errazak ere ba zeudenik—, txistulariak —txiza egiten edo gehienok ba dakigu—, irakazleak, meza naguzia, zintzotazun aurrezkua, zaiatukodabe, zariketa, garai-kura (ez dakit zer demontre den: Garaiko ura? Garaiko abadea?... hainbeste nahaste trofeo esateko!), eta abar.

 Iurrebaso izenean agertzen den s letra kenduz, textu osoan ez da bestelako eserik agertzen. Dirudienez, euskararen ortografia errazteko edo, h guztiak kentzeaz gain, s guztiak kendu nahi ditu textuaren egileak. Zer esanik ez, beti z erabiliz, ez da zertan ortografiarik ikasi behar eta bizkaitarrontzat problema latz hori ebatzirik eta konpondurik geratzen da. Bapo! Eta bizkaitarren izena aipatu dugunez, hain bizkaiera-zale den textu horretan zer demontre egiten dute larunbata eta igandea direlakoek? A! Eta kontutan eduki, lerro hauk idatzi dituena goitik beherako bizkaitarra dela.

Dena den, s bat bakarra dagoela esan dut; baina hau ez da guztiz zehatza, behekaldean zera irakur baitaiteke: "Asto probak, zari ederrakin". Bai horixe! Astoprobetan sari galantak irabaziko zenituzke; eta zeure ortografia zuzentzen ez baduzu, segur asko berriro ere irabaziko dituzu sail honetako astabelarriak. Horrela, hauk buruan ipiniz, ez duzu mozorro berezirik beharko, txatxo jolazketa-ra joateko (kontuz hemen, maskara-dantzara ulertu behar baita).

Ez zaitez desanima. Euskaraz idazten segi, baina, mesedez, alfabeta zaitez eta euskal textuak argitaratu aurretik Kontsulta itzazu dakien batekin Oraingoan eginiko astakeriaz damutuko zarelakoan, astabelarriekin batera Arratia aldeko sekulabelar pixka bat bidaltzen dizugu Erandiorantz, goserik izan ez dezazun. On egin!

***

EGUAZTEN, 13

 Gabeko 9 etan: aralde zail eta txiztulari kale biribilketa.

EGUENA 14

 Goizeko 8,30 etan: biribilketa eder bat emongo dabe erriko aralde zail, eta txiztulariak. Euren aurrean joango dira Xabier Aburto eta Andoni Lekunberri irakazleak.

 10,30 etan: meza naguzia errian ildako guztien alde. Jarraian zintzotazun aurrezkua ezpata jantzari guztien aurrean. Au amaitu oztean zaiatukodabe Goi alde-Beti lagunak-Gorantzaleak- Gure dantza-Trabuduko txikiak-Zukalde alai-Zutik eta gure oiturak.

Talde onek zaiatzen daben bitartean, arrautz opillen zariketa egongo da.

Zariak: 1.º 1.000 lauerleko eta garai-kura

2.º 800 lauerleko

3.º 500 lauerleko

4.º 200 lauerleko

 Arratzaldeko 6 etan: Arrijazotzaleak eta aizkolariak; Iurrebaso, Aretxa II, Aierbe eta nafarreteko ezkertia.

 9 etan: Auzpo zoiñuen zariketa; zoiñulariak izango dira nezka mutillak amalau urtetik berakoak.

Zariak: 1.º 10.000 lauerleko eta garai-kura

2.º 7.000 lauerleko

3.º 5.000 lauerleko

4.º 3.000 lauerleko

Zariak ataraten ezdabenentzako 500 lauerleko zari bat eukiko dabe.

 Gabeko 10,30 etan: Gau jaia egongo da, bergarako orezkintza udabarri alaituta. Gizaldean zuzko zezena.

IGANDEA 17

 8,30 etan: Biribilketa eder bat emongo dabe erriko aralde zail eta txiztulariak.

 12 etan: Erandioko probalekuan ari topeka eta ollar borroka, ordainzariak izango dira 50 lauerleko, 25 gaztentzako eta 8 urtetik bera bapez.

 Arratzaldeko 6 etan: Txori-erriko zokatiren txapelketa. Aztuntazun neurri barik izango da.

Zaraiak: 1.º 8.000 lauerleko eta garai-kura

2.º 5.000 lauerleko

3.º 3.000 lauerleko

4.º 2.000 lauerleko

 8 etan: Txinga erute eta gizon proba. Zari ederrakin.

 9 etan: Asto probak, zari ederrakin.

Jarraian txatxo jolazketa eta "Zikodeliak" alaituta emongo dogu jaiari amaiera: Gero danok lo egitera.

R. Garai