ANAITASUNA

1979.EKO MAIATZAREN LEHEN ETA BIGARREN HAMABOSTALDIA

381-382. ALEA

60 PZTA.


[AZALA]

Sinesgaitza: Frantsesen arrazismoa

Mikel Zarate zenari

Masa komunikabideak euskal diglosiaren hilobia

Lana, lurra, mintzaira


AURKIBIDEA

4. Editoriala

5. Soriako giltzapetuei

6. Lana, Lurra, Mintzaira. J. Llerandi

8. Jon Luis Davant Iparraldeaz mintzo

10. Masa komunikabideak: Euskal diglosiaren hilobia. T. Trifol

14. Hamabost egun hankaz gora. I. Zabaleta, B. Zia

16. Ume berezi euskalduna. L. Enbeita

17. Ohar laburrak

18. Arantza Urretabizkaiarekin hizketan. M.A. Landa

20. Les kurdes et les Kurdistan. A. Eguskitza

22. Sinesgaitza, Frantsesen arrazismoa. M. J. Esteban

24. Joerak eta gizonak. J. Lekerika

25. Mikel Zarate zena. P. Salaburu

28. Gizarte hau usteltzen ari. C. Santisteban

30. Passolini pintorea. J. Sendagorta

32. Zakil batez gogoetaka. Anbotoko andere modernoa

34. Masak ala eliteak (6). Galtzagorri

36. Gas zentrifuga. Elhuyar

37. Komikia.

38. Lauburugintza. J. M. Agirre

40. Sukalderako saltsak. On Egin

42. Botua nori eman zaion jakiteko metodoa. J. R. Bilbao

44. Euskararen komodinak. (eta 2). J.R. Etxebarria

45. Gurutzegrama. L. Trask

46. Ardibeltza eta urrezko astabelarriak


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, B. Atxaga, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, E. Knorr, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

A. Eskisabel, M. J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, I. Azkoaga, J. L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J. R. Bilbao, J.M. Arzubiaga.

MAKETAPENA

R. Zumalabe

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Editoriala

Ganoraz, baina haserrerik gabe...

Euskadi, manifestazio gehien egiten den munduko herria dateke. (Manifestapen eta manifestaldi kontatu barik, jakina). Presoak eta exiliatuen alde, Aberri Eguna, Nuklearrak, Maiatzaren lehena etab. Denetan oihu berberak: "Independentzia, Askatasuna, ETA herria zurekin" eta abar guztiak...

Manifestatzaileok oso eskas gara, txiro eta pobre konsigna berriak ateratzen. Honetan, nola ez, ba du garrantzi handia geuk bakarrik erabiltzen dugun hizkuntza honek: euskara. Gehientsua, erdalduna, edo berdina dea, euskal diglosikoa izanik, burua hausten zaigu oihu berriak asmatzen. Egon balego ere!

Aipatzen den nahia askotan, mitoarekin eta "ezintasunarekin" elkarturik doa. Hara lehengo egunean Bilbon "Herriko Botera", "In-de-pen-den-tzia", "extradizionik ez", "Zutik ilurren kondenatu" eta beste horik. Txarrena, altabozetatik entzun beharra eta ez UGT-tik hain zuzen.

Ba dago zera dioena: ezen folklorea herriaren burruka parte bat besterik ez dela. Eta ez zaio arrazoirik falta. Beti legez, folklore itsu eta hilak ba daude. Jakin behar dena zera da, ea gurea bizirik denentz, Manifestaziotik manifestapenera gabiltzan artean. E.K.N.k eta gure "politikari" guztiek berenak egin dituzte. Erreferenduma, diputazioak eta Soriara joateko H.B.k prestatzen dituen herri asanbladak.

Editorial honen apolitikotasunak beraz, guztioi, gure txalo beroenak bidaltzen dizkie.


Soriako giltzapetuei [Olerkia]

Argirik gabe ez nagokek,

gauez gau usteltzea,

niretzat duk ifernua.

Haritz zahar, haritz gazte,

haritz ederraren ezkur berde,

bana banaturik aritzeko orde,

ama onak duen esne,

elkargarri lezaiguke,

askagarri has gintazke,

zer gorputza, zer bihotza.

Arima dut hotza,

busti eta lotsa,

bizirik ere ez dezaket goza.

Indar batez, bi indarrez,

ezkur ondu, ezkur berde,

etxearen ikusteko,

ezpain baten jastatzeko,

eguzkira berotzeko,

burdin, su eta tu den ate hau,

ate galgarri hau,

zuek, irekiko didazue.

Haritz honen ezkur berde,

joanen naiz, joanen,

libre!

M. L. Uhaitze


Euskal Herria

Lana, Lurra, Mintzaira. Aberri Eguna Iparraldean

Espainol telebistak gaueko informatiboan Aberri Eguna "provincias vascongadas" eta Nafarroan ospatu zela esan zuen, Iparraldean egin ospaketaz aipamenik ere ez zuten egin.

Hala ere, komunikabide estatalei laket ez bazaie ere, izan da mugaz beste aldean Aberri Egunik.

Iparraldean ere aldatuz doaz gauzak eta duela zenbait urte nabaritzen ez zen mugimendu bat gorpuztua da egun. Gero eta gehiago dira laborari, langile eta gazteen artean Parisek inposatu nahi dien etorkizun "turistikoa" onartzeko prest ez daudenak. Haserre hau agertu zen ikastolen aldeko manifestazioan, errefuxiatuen aldekoak izan genituen gero eta azkenik, Bazko Egunez beren herrian lan egin eta bizitzeko egarria aldarrikatu dute.

Zuberoa, Iparraldearen egoeraren ispilu

Zuberoa hautatu zuten aurtengo eguna egiteko, eta ez kasualitatez, baizik eta herrialde honek erakusten baitu argienik Ipar Euskal Herriak pairatzen duen egoera, langabezia, etengabeko jendeen odolhuste batean, bertako herriak zaharren herriak bilakatu zaizkigu anitzetan.

Atharratzen egin zen irteera goizeko bederatzietan, gero Mauleraino oinez joateko. Hamahiru bat kilometro.

Alderdi eta talde frankok konbokatu zuen manifestaziorako: Ezker Berri, Jazar, EHAS, IZAN, MAT (Miarritzeko Abertzaleen taldea), Emazte Abertzaleak, Baigorriko taldea. Iparraren errealitatea hain hurbilki ezagutzen ez dugun hegoaldekoei, ez zaigu erraz egiten, alderdi eta talde hauen berezitasun eta desberdintasunez jabetzen, baina agian talde gehiegi direla ematen digu. Hegoaldeak ere, ez du horretaz panorama hoberik eskaintzen. Alderdi frantsesik ez da batu manifestaziorako. Beharbada, erreibindikapen nazionalak Ipar Euskal Herrian gogorragoak izan daitezen egunean, konbokatu egingo dute horiek ere.

Hiru hitzez adierazten zuten Aberri Egunari eman nahi zitzaion zentzua: LANA, LURRA, MINTZAIRA.

Atharratzetik irtetean jende askorik ez izan arren, bidean zehar gero eta jende gehiago batzen ari zen. Maulen, bukaeran, 3.000 lagun baino gehiago ba ziren. Nor bera kalkuluetarako nahiko eskasa da, baina EGINek Maulen 5.000 lagun bildu ginela esan zuen. Gehienak Iparraldekoak izan arren, ugari ziren ere mugaren beste aldetik etorri zirenak. Edonon ikus zitezkeen Donostia, Bilbo, Nafarroa eta Gasteizeko matrikulak. Gero, mugan, jadanik ohizkoa bihurtu denari jarraituz, "operación filtro" egiten ari zirela jakin genuen.

Pankartek herrialde haietan sentitzen diren arazorik mingarrienak ezagutarazten zizkiguten. Iparraldeko hainbat ormatan irakur daitezkeen esaldi berberak: "Lana, herrian bizitzeko", "Herrian bizi nahi dugu", "Langabeziari ez" "euskara nahi dugu ikasi". "Extradiziorik ez" etab. Hegoaldeko manifestazioetan entzuten diren kantu berdinak: "Zain dago ama...", "Eusko gudariak...". Kontsignarik entzunenak: "Gora Euskadi askatuta eta sozialista", "Gora ETA", "Gora Iparretarrak", "Extradiziorik ez".

Xirularen doinuz jendea animatzen hasi ziren batzu, "Que se vayan" ere kantatu zen. Carrerorenarekin jendeak beroki hartu zuen parte, jertseekin batipat.

Iparraldeko euskaldungoan ezagunak diren aurpegi asko: Manex Goihenetxe, Pantxoa eta Peio kantariak, Jean Louis Davant euskaltzaina, etab.

Maulen

Hiri horretara heldurik, hiriko karriketan zehar ostera bat egin ondoren, jendea pilotalekuan biltzen da, Maule erdian.

Talde politikoek stand batzu jarriak zituzten, beren materiale eta informazioak zabaltzeko. Jazar, Ezker Berri, EHAS-HASI eta beste batzu ikus daitezke.

Zuberotar batek, han jarritako taulatu baten gainetik, jendeari mintzatzen hasten zaio. Euskara hutsez dena. Xuberoaren egoera latza oroitarazten digu, Xuberoa ez dela soilik maskada, dantzari eta pastoralen herria esanik. Mintzaira, euskararen galpidea aipatzen du, ez baitu lekurik eskoletan, lantegietan, komunikabideetan eta administralgoan.

Honek eta ondoren hitzegin zuten beste biek euskaraz eman zituzten beren mintzaldiak. Inork ez zuen frantses edo gaztelaniarik erabili. Irakaspen ederra, Hegoaldean horrelako ekintzatan ari direnentzat.

Ondoren, ongi, argi eta gogor Eñaut Etxamendi (Etxamendi eta Larralde kantari bikotekoa) mintzatu zitzaigun. Iparraldearen arazo nagusien aurrean, abertzale eta langileen batasunaren premia azpimarkatu zuen. Laborarien egoera salatu zuen eta bai lurretaz espekulatzen dutenen joko lohi eta mafioskeriak. Harriturik utzi zuen jendea hizlari honen indarrak.

Nafarroatik etorritako Patxi Zabaleta mintzatu zen azkenik, Hegoaldetiko errefuxiatuek Ipar Euskal Herrian bizitzeko daukaten eskubidea defendatu zuen, eta Euskal Herria burruka eta lanaz bakarrik aska daitekeela esan zigun.

Egun inportantea Iparraldearentzat. Horrenbeste lagun mugitzea inportante eta esanguratsua baita. Bere etorkizuna turismoak hipotekaturik ikusten duen herri hartan, Aberri Eguna sufritzen duten egoeragatik protestatzeko eguna izan dute.

J. Llerandi


Jon-Luis Davant Iparraldeaz mintzo

Arras gizon ezaguna dugu Jon Luis Davant iparraldean, eta bai mugaz beste aldeko euskaldunen artean. Politikaria, euskal idazlea, Euskaltzaindikoa. Iparraldeko eskualdeak, jendeak eta hauen problemak hurbilki sentitzen eta ezagutzen dituen pertsona.

Bere etxean topatu dugu. Zuberoako Mithikilen. Bertan hango eta hemengo gaietaz hitzegin dugu. Magnetofoiaren aurrean hitzegitea bere gogokoa ez dela esan digu. Postaz igorriko dizkigula erantzuna. Konforme.

 Zein da mementu honetan euskaldungoaren eta euskararen egoera Ipar Euskal Herrian? Aurreratzen ala atzeratzen ari gara?

— Lehenik aipa dezagun zenbatek dakien euskaraz. Pedro de YRIZAR jaunak 1973-an agertu duen azterketaren arabera (1), 80.000 gara ipar aldeko euskaldunak (Euskaradunak): 100 biztanletarik 35; Basa-Nabarran ia denak; Zuberoan hiruetarik bi; Lapurdiko itsas-aldean arauka zinez gutiago.

Aurreratzen ala atzeratzen ari garen? Nonbrez atzeratzen ari gara, duda gabe: jubilatu arrotz asko sartzen zaigu Lapurdin; haurrei euskaraz ez dute irakasten etxeko hainitzek.

Kalitatez aldiz aurreratzen ari garela iduri zait, bereiziki ikastolei, gau eskolei eta Mende-Berri taldearen ikastaldiei esker. Gobernuko eta Elizako eskoletan ere zerbait hasten da, nahiz gutiegi. Irrati-telebistan, oso guti dugu.

Gobernuarekiko Karta bat apailatzen ari da euskal kulturaren alde. Horri buruz lan haundia daramate euskalzaleek. Baina gobernuaren baitan ez dut konfiantza izpirik. Segur bezala naiz dena izorratuko duela, Bretoinekin egin duen bezala, betitik ohi duen legez.

Euskaldungoa berriz zertan dugu, nora doakigu? Segurki 40 urtez goitiko jende gehixenak euskaldungoari praktikan uko egina dio, euskararen eta Euskal herriaren geroan ez baitu sinesten. Jainko berri batean emana du bere Fede osoa: hori da Estatua, Erresuma, Gobernua. Hortarik omen datozkigu alokazio, subentzio, erretreta, fagore, ongi guztiak.

Euskaldungoari dagokiola, eta hartzen duten errespetu osoarekin, kurutze bat egin dezagun jende horien gainean.

Geroa egin behar dugu geroan sinesten dutenekin, erran nahi dut gazteekin, bereiziki abertzale gazteekin. Gure herri eta populuaren gatza eta piperra dira, usteltzetik zaintzen gaituztenak. Gazterian ederki aurreratzen ari zaigu euskaldungoa. Horren lekuko ditugu batez ere garai honetako borroka guztiak, aterbetuen aldeko ekintzak eta Mauleko Aberri-Eguna.

 Nolakoa da euskal literaturak eskaintzen duen panoramika Ipar Aldean?

— Piarren EHULATEI-CHARRITTON-ek erakusten digunez (2), polliki hazten ari zaigu euskal liburugintza, eta ber denboran sekulartzen, hego aldean bezala. "1937-1946 tarteko 26 liburutarik 12 erlijio gaiez ari ziren, hau da % 46, baina 1967-1976 tarteko 79-etarik, 19 bakarrik, % 24".

Eta honela jarraitzen du: "1978ko iragan urte horretan liburu berri bat argitaratu duten gure 8 idazleetarik 3 ziren bakarrik sekularrak: Pierre Moureu "Orreaga"; Jon Casenave "Zutaz Amoroski"; Daniel Landart "Aihen Ahula", beste 5ak apez, fraile edo kalonje dira: Junes Casenave "Ibañeta"; Etien Salaberry "Ene sinestea"; Piarres Larzabal "Nere Mendixkatik"; Manex Erdozaincy "Hinki-Hanka"; Janbatit Etcheberri, "Han-Hemenka". Ez da ez hor "Marxismoa" hots handirik ozen, ez batzutan "Aberri" oihartzunik nabari. Han edo hemen bai, aldiz, zaharkeria zaharkituenak ageri dira, jantzi aberatsenaz apaindurik. Berdintsu erran genezake gure aldizkari ezagunenak ikusta eta eskuzta bagenitza. "Herria" batek aipamen eta leku eta ohore gehiago ematen diete eliza inguruko gorabeherei edozein aipamen eta leku eta ohore gehiago ematen diete eliza inguruko gorabeherei edozein astekari "katoliko" erdaldunek baino. Gure eskualdeko bilakaera beste asko tokitakoa baino hurriagoa da: Gazteria apurra dugu-eta. Bizkitartean Erdozaincy eta Landart Batzu, bai eta Larzabal, Salaberry edo Casenave, bakoitza bere moldera, aldaiera baten lekuko dira gure aldean".

"Guk geuk hemen ikertu ditugun Iparraldeko LAROGEI eta zenbait euskal idazleen zerrenda luzea ikusita, erraz da asmatzea, Hegoaldeko haize onak izpi bat laguntzen badio, bereziki, uzta ederrik altxa dezakeela oraino gure mintzairak eskualde honetan"

 Euskara batua eta bertako euskararen arteko harremanak?

— Bi euskalki literario daude gaur ipar aldean: Nafarro-Lapurtarra batetik, Ziberotarra bestetik. Bietan Idazten dut. Batuari buruz urrats batzuk egiten dira Nafarro-Lapurtarrean, bereiziki ortografiari dagokiola, "Herria" astekarian ikus daiteken bezala.

Ziberotarrez aldiz, euskalki guztien ortografia errespetatzen duen bakarra naiz. Apezak dira ziberotar idazle gehienak, eta beren ortografia badute, Elizakoa, elizkizunetakoa, zinez fonetikoa, hitzen erroak errespetatzen ez duena (Hala nola "etxia" edo "besua" idazten dute).

Junes Casenave-Harigilek Batutik hitz berri batzuk hartzen ditu. Txomin PEILLEN berriz, aspalditik idazten ari zaigu bai Gipuzkera batuan, bai Ziberotarrez. Baina zoritxarrez Parisen dago. Herrira itzultzen ahal balitz, mesede haundia egin liezaiguke Ziberotarrei, gure euskalkiaren bilakaeran eta bestekilako harremanetan.

Oraingoz bakarrik gertatzen naiz idazletan beste euskalkiekin nolabaiteko batasunaren atxikitzeko (nahiz militanteen artean problemarik ez dagoen horien aurka). Zoritxarrez, beste hizkuntza bat bilaka daiteke Ziberotaidatzia, eta bere bakartasunean hil daiteke. Hots, Baturantz ari zaigu emeki-emeki Nafarro-Lapurtarra gaurko idazleen, irakasleen eta ikasleen artean. Ziberoan dituzkegu problema larriak, bai ortografia orokor baten sartzeko, bai Ziberotarraren eta beste euskalkien arteko harremanen zuzentzeko. Ez da dudarik ikastolan Ziberotarrez hasi behar dela. Baina gero, maila batetan, Batua ere sartu behar litzateke polliki-polliki.

 Zein da abertzale indarren eragina Ipar Aldean?

— Ekintzetan, haundia da indar horien eragina. Duda gabe, horiek dira herria gehienik mugiarazten dutenak. Baina hauteskundetan ez dager horien garrantzia. Botzaren emaitean, segurantza bilatzen dute jende gehixenek. Holakorik ez dakarke abertzale mugimenduak. Alderantziz, aldaketa haundiak ditu proposatzen.

 Azal diezagukezu eskematikoki Iparrean diren talde abertzaleen arteko diferentziak eta bereizgarriak?

— Hirur indar mota dakuskit: erdi-ezkerrekoak, E.H.A.S., radikalak (3). Erdi-ezkerrekoak dira "Izan" (Enbata girokoa) eta "Ezker-Berri" (Mende-Berriren ingurukoa). Autogestiozale daukate beren burua.

EHAS, berriz, HASI-ri loturik dago ideologiaz eta estrategiaz. Baina taktika eta jokabide bereiziak ditu, desberdinak baitira hego aldeko eta ipar aldeko egoerak eta baldintzak. Hauteskundetan agertzen da EHAS.

Hauteskundeak arbuiatzen dituzte aldiz radikal gogorrek ("Jazar" eta herri batzutako taldeek). Hor daude gazte hainitzak. Ez dute alderdi mugatu batean agertu nahi. Mugimendu herrikoi bezala jokatzen dira.

 Noizko ipar Euskal Herriko ezker abertzalearen batasuna?

— Bai, noizko... Ekintzan behintzat bat egiten hasi gara: aterbetuen alde, Aberri-Egunaren antolatzeko eta abar...

Oztopoak? Alde batetik badira pertsonen artekoak, baina hauk gaindi daitezke. Bestetik daude haundiagoak: hauteskundeetan ez dut sineste haundirik ipar aldeko egoeraren aldatzeko. Baina hauteskundeak bazter utziz geroz, beste bide batetik garaitu behar da. Bozken eta guduka harmatuaren artean zer gelditzen da? Oso bide hertsia, naski!

 Nola ospatu da Aberri-Eguna azken urteotan hemen?

— Lehenik Bazko astelehenetan ospatu genuen Itsasun: 1963 eta 64-an ederki. Gero folklore kutsu bat hartu zuen askoren begietan.

Bazko egunarekin hasi genuen 1971-an, Burgos-ko auziaren ondotik, Donibane-Lohitzunen. Debekatu ziguten Ithurralde eskuindar auzapezak eta Paueko Prefetak (Gobernadoreak). Poliziarekin borroka izan genuen, eta gero auzia.

1972-an, Maulen, Goikoetxea hil zuten garaian, debekatu zuen Prefetak, baina ez eskubi liberaleko auzapezak. Han ere borroka, baina ez auzirik. Irabazi genuen. Geroztik beti debekurik gabe plazan ospatu da, mementuko borrokei loturik: 1973-an Donibane-Garazin, egun haietan eroritako Eustakio Mendizabal-en oroimenez, mila bat lagunekin, oso ederki; ondoko urtetan Donibane-Lohitzunen, 500 batekin; 1078-an Larrune mendi kaskoan, berriz mila batekin.

Aurtengoa, Maulen, duda izpirik gabe ederrena izan da. Baina nik bezain ondo ikusi duzue ANAITASUNAkoak, han baitzinaten.

Beraz, hemen ere goiti ari gara. Oraindik lan asko egiteko badugu. Egingo dugu, zuen laguntzarekin.

(Jon-Luis DAVANT-IRATZABAL)

64240-Hasparren

(1) Jakin, Ipar Euskal Herria (II). Iparraldeko euskal idazleak gaur. P.E.

(2) Los dialectos y variedades de la lengua vasca. Estudio lingüístico-demográfico, por Pedro de Yryzar. Real Sociedad de los Amigos del País. Separata del Boletín. Año XXIX-Cuadernos 1, 2 y 3. San Sebastián, 73.

(3) Jakin, Ipar Euskal Herria (I). 9. Urtarrilla-Martxoa 1979. Ipar Euskal Herriko indar politikoak. J.L.D.


Euskal Herria

Masakomunikabideak: euskal diglosiaren hilobia

Artikulu honek ez dauka apropostasun politikorik. Honekin zera esan nahi dut, ez dut euskal erakunderik, E.K.N. kasu, gaizki aurreikusten. Ene ustez, bilinguismoa praktikara eramateko, behar beharrezkoa den zerbait aipatzen dut ondoko lanean.

Irakaskuntza ez dugu sendagaia

Asko esan eta etengabeki berresan da euskararen salbabidea irakaskuntzak oinarrituko duela eta egia izan edo hala iruditu arren, hemendik beste antzeko bat ateratzen digute, erdi egia edo guztiz gezurra den presupostua, hau da, salbupena irakaskuntzatik etorriko zaigula diote, maila guztietako euskararen irakaskuntzan oinarritzen dela beraz euskararen etorkizuna. Asuntu honetan, deklarapen mailan, hezkuntzarako kontseilaria den Santamaria jauna izan da jo eta ke ibili den pertsona, salbazio berbera hortik etortzen hasiko litzaigukeela esanez. Erakunde horren efektibitate praktiko eta askotan soilik den teoriko faltaz aparte, ez ditut hala nik begiak hain itsu, hezkuntzarako kontseilari honen merituak ukatzeko gisan, aitzitik, ezean ere, berorrek egindako lana positibotzat jo behar dugu. Hala ere, kontseilu honi, euskararen azterketa politiko orokorra askotan ahantzi egiten zaio eta etengabeki kontseilaritza askoren koordinaketa falta, alde guztietatik agertzen da. Ba liteke horrela ez izatea, zera, herriak jakin ez dezala beren gidariek egiten duten guztia.

Euskararen berreskuratzea, euskarak daukan bizitasunaren aurreratze hori ez datorkigu soilik arlo batetik, irakaskuntzaren arlotik bereziki. Faktore multzo batetik etorriko zaigu, lehendabiziko faktore nagusiena euskararen irakaskuntza ez izanki. Gurea bezalako den gizarte honetan euskaldun gehiengoa inguru giro etsai batetan higitzen da eta ez da bertatik hain erraz ateratzen, ateratzeko, kontrola egiten duten botere publikoen ekintza ausart eta erabakior baten borondatez soilik egin daiteke; giro etsaia, giro laguntzailea bihurtuz; hau da, inguru giroa berorien eskuetan eta kontrolpean jartzen lortuz. Eta honetaz nagusiki, egon beharko litzateke Kontseilu Nagusi horren kulturarako kontseilaritzaren eragina.

Ez da harritzeko bestalde, lehengo legealdian kontseilaritza berbera PSOEren eskuetan, euskararenganako maitasuna oraindik frogatu behar duen alderdian, eror zedila. Hauen bilinguismo nahia, gibelasmoa besterik ez zen. Nik ez dut dudarik horretaz. PSOEren lehen gogoa, bilinguismoarena egitea zen, komedia; pixkanaka, benetako bilinguismo baten oinarriak birrintzeko. Hor ditugu esaterako Mujica Hertzog-en deklarapenak: "Edozein biltzarretan, nahiz eta gehiengoa euskalduna izan, baten batek euskara egiten ez badu, erdaraz egin beharko litzateke dena. Baina PSEkoei martxoaren lehenak eta apirilaren 3ak moztu diete bide hori.

Oraintxe honetan, folkloreak ez gaituela asetu ba dakite; elektoralistak direnez gero, euskarari buruzko deklarapen espainolistak edo eta antieuskaldunak aldatu beharko dira beraien modu eta neurriaren arauera.

Orain 60 urte, diglosia zegoenean

Euskarak duen ingurugiro etsaiaz hitzegitean, ba dirudi gauza garbi bat behintzat dagoela: Euskarak inguru giroaren orma gogorra topatuko du eta berau apurtzean nor dagoen egiazko bilinguismo baten alde eta nor ez, garbi ere ikusiko da. Baina utz dezagun gerorako puntu hau eta gatozen bilinguismoak esan nahi duenera.

Egiazko bilinguismoa dagoen herrietan, Belgika edo eta Hego Afrika kasu (azken honetan bilinguismoa guttiengo zurientzat bederen) edonork hitzegin dezake nahi duen hizkuntzaz. Egoera horretara arin heldu da, bata eta bestearen hizkuntzadunen kopurua berdin samar baita. Belgikan esaterako, irakaskuntzan eta batez ere hezkuntzan jarri zen eragina, flamera standar bat lortuz, neerlandera modernoa, Holandak egiten duen berbera. Baina lehengo garaiak ziren, eta denboraldi hori aski urrun dago gugandik.

 Hizkuntza oso bizia zen flamera, komunitate zabal batetan hitzegiten zelako, flamerak aurrera egin zuen eta desarroilo horretan masakomunikabideek ez zuten parte handirik hartu zeren eta komunikabideok ez baitziren existitzen ez flameraz ez oposiziosko hizkuntzan nagusiki. Horixe dugu Belgikako hizkuntzaren aurreratzeak irakatsi behar digun lekzioa. Irlandako kasua nire ustez garbi ere dago.

Hizkuntzaren irakaskuntzak, herrien afitxak eta letreroen indarrak ez dira gai aldakuntza sakona edo minimoa lortzeko, zeren eta jadanik hizkuntza, guttiengoak bakarrik hitzegiten baitu zeren eta guttiengo hori jadanik diglosikoa baita. Eta berauxe da orain gure kasua, gutti gora behera. Hau da, ezin diezaiokegu Irlandako gobernuari errua bota gainera, asmoa behintzat izan ez zuela esanez, errua botatzekotan zergatik ez zen gaia izan galdetu behar zitzaion eta analizatu behar da beraz zergatia. Borondatea falta ote zitzaion ala inguramenak eragotzi al zion? Mende hasieraren infradesarroilaturiko komunitate horrek ezin zuen inguru-giroa aldatu eta egin ez bazuen, arrazoi batengatik izan zen nagusiki: Masa komunikabideen falta. Zine barik, telebista, irrati, egunkari, aldizkari eta abarreko gaberik edozein hizkuntza "diglosikoa" hondatzen da. 1920. inguruan mila familietarik batek soilik, irrati tresna bat zeukan, eta bost mila irlandarretarik hiruk soilik, egunkari bat edo beste, astero behin, irakurtzen zuen. Irlandera edo gaelikoa 1920. urtean "diglosikoa" jadanik izateak hondatu zuen.

Denok dakigunez, hauk ez dira hizkuntza bat galdu edo errekuperatzen den kasu bakarra, beste batzu ba daude: Txekoera, suomi, hebraiera. Guretariko askori euskara eta hebraieraren kasuen konparaketa egitea gustatzen zaio; normala da, guttiengoren hizkuntzak garaitu zuenez, konparaketa, atsegingarria zaigu, baina hebraieraren egoera eta geurea, ez dira zoritxarrez berdinak. Bertan hebraieraz hitzegitea beharrezkoa zen, ez baitzen hizkuntza bat edo bi harremanetarako, guttienez sei ezberdinak izaten ziren; frantsesa, ingelesa, alemana, errusiera, arabiera eta espainola, jidish kontatu barik jakina. Hizkuntzaren berreskuratzean, borondate abertzaletik aparte, faktore ekonomiko garrantzitsu bat hartzen dugu eta beronek, egoera aurrera bultzatu zuen. Baina ez zen bakarra, hizkuntzen batasuna ingelesetik etorri bailiteke. Baina hebraieratik etorri zen, nazionalismo edo sionismoak bultzatuta. Euskal kasuak ba du, hala ere, hebraierarekin antza, zera, hizkuntza nazionalaren alde, guttiengo garrantzitsu bat izatea. Kasu batean zein bestean, egoera erroz aldatzeko, masa komunikabidetan oinarritu zen eta oinarritu beharko da gure salbapena. Bestalde batetik eta gure kasua jotzen, ez daukagu gure kontra inolako faktore ekonomikorik, are gehiago, herrialdea baketzeko, badirudi, euskarak ere bere eragina duela, Euskal Herriaren estabilizazioa lagunduz. Hala, amaitu da ere, Estatu-nazio-elebitasunaren hirukoiztasuna alde guztietatik eta batasun hirukoitz hori gainditurik geratzen da makrestruktura askotan, behintzat hizkuntzari dagokionean. Ideologikoki hitzegiteko, euskara, herri zapalduaren banderenetariko bat bilakatu da, bere zortea euskal herri langileari eta bereziki ezker abertzalegoari lotuta egonez. Abiadura iraultzailean errebindikapen sentitua ba da gure euskara. Hala ere baina, behin behineko taktika iraultzaileak ezin menera dezake euskara, haren komenientziaz eta etorkizunez. Gezurti eta idiota izango litzateke euskararen normalizazioa eragoztea; idiota eta tontoa, euskal iraultza hipotetiko bati kontradizioren bat ez kentzearren, nola edo hala, euskaldunon hizkuntzaren normalizazioa galeraztea, kultura burjesaren giroan mugituko delako, edo eta batek jakin zer edo zer batzuri burura joan lekiekeelako. Horrelako iraultza bat ez litzateke guttienez zerori izango: euskalduna.

Nori interesatzen zaion euskararen berreskuratzea?

Galtzearen aurrean, nortasunaren beharrak (zein soziologikoki, edo eta ekonomikoki izan), errebindikapen sentituak lortzeko sektore herrikoi eta zapalduen batasuna probokatzen du. Sektore hauen burrukak hastapen ideologikoak sortzen ditu eta espektro guztiaren ikusmenak, zapalkuntza orokorra dela, sistema batek jarritako zapalkuntza dela, sinestarazi egiten du ondoriotzat. Kontradizio hauen areagotzeak, lurralde batetan soilik jasoz gero, ematen digu burruka horren autonomia; hau da, Euskal Herrian klase burruka autonomoa da, barne, hizkuntza errebindikapena gordetzen duelarik. Egoera horretan, akzio-errepresio espirala bere maila gorenean funtzionatzen du eta berau geldiarazteko, Gobernuak soilik egin dezake, garrantzizko kontzesioak emanez.

Hala egiten ez badu, burrukan gogorturiko talde iraultzaileak ez du sozialismoa eta independentzia besterik nahi izango eta badaude zoritxarrez edo zorionez karrera horretan apostu gogorrak egin dituztenak. Euskal Herrian dakigunez abiadura hau aurrerantz doa. Teorikoki, habiadura berbera geldituko da "benetako demokrazia-burjesarekin": K.A.S.eko puntuekin bereziki.

Argiturik ez dagoena zera da, burruka aurrera eramatean, inongo alternatiba burjesak beranduegi baletor ez dezakeela jadanik abiadura hau geldi. Eta nahiko argiturik dagoena bestalde zera ere da: K.A.S. edo K.A.S. barik inongo iraultzailek ez luke geratuko abiadura. Eta zer du guzti honek hizkuntzarekin?

Ba da, desestabilizatze faktore bat kentzen ari garela ahaztuz, gizarte desestabilizatu honek euskara gaurdanik estabiliza dezakeela onartzen al da ala ez?

Beste modu batetara, komunikabidemodu balioduntzat hartzen al da euskara, edo bandera politikoa segitu beharko du izaten?

Onartzen al da hizkuntzak berez, iraultzaile edo kontrairaultzaileak ez direla? Klase guztien arteko komunikabidea dela onartzen al da? Eta horrela bada, euskal-eskuindarren eskuetan utz al dezakegu hizkuntzaren kontrola? Zein punturaino interesatzen zaion PNVri euskararen berreskuratzea? Zer da hizkuntza eskubitarren eskuetan? Harma bakegilea, hazienda, industria eta merkatuak kontrolatzeko behar duten harma bakeegiletariko bat eta ez besterik? Hobe izango litzateke hau guztionetaz ongi ustea.

Bilinguismo katxondoak

Artikulu honen haseran bilinguismoak suposatzen duenari buruz hitzegin dugu. Ofizialki, Estatuaren ordezkarien aurrean hizkuntza bitan, bata zein bestean, hitzegiten denean, bilinguismoa legezkoa da.

Folklorikoki oso katxondoa izango da Udaletxeetako edo diputazioetako lehiatiletan ondoko letreroak ikustea: "Hemen euskara hitzegiten da". Modu berdinean trebea izango da funtzionari guztiei euskara jakiten eskatzea. Herri Batasuneko estatutua irakurri ez zuen EMKko lagun batek "que estabamos coartando gravemente la libertad individual" ziostan lehengo egunean. Posible baietz. Baina Algortatik Bilbora joatea nahi duen bati kotxez, trenez edo oinez behartzen zaio modu berberean. Behartze hau ez zen oinarritzen ustez euskara ikasi beharrean, baizik eta bost urte pasata, norberaren ezjakintasunaren agerpenean

Eta ezjakintasun hau izango da agian itxaropengabekoa. Borondate onez apainduriko morroi askok ba darama 5 urte edo, euskara ikasi nahiez eta ez dago zer eginik. Imaginatzen dituzue administralgo zaharraren funtzionari erdi faxistak euskara ikasten? Eta ezkerreko espainolistak? EMK horrentzat hau guzti honek ondorio antidemokratikoak edukiko lituzke, zera, Euskal estatu autonomoaren administraketa euskaldunon eskuetan egongo litzateke, hau da, PNVko eta ezker abertzalegoaren eskuetan; eta hori zen benetan bere beldurra. Baina norentzat ote bilinguismoa? PNVko militante apalentzat eta ezker abertzalegoaren sektore punta batzurentzat bakarrik ote dea? Bilinguismoak zer suposatzen duen eta zer esan nahi duen ez konprenitzeagatik sortzen dira horrelako ikarak.

Euskal Herrian bilinguismoa izan dadin, goitik beherantzeko eragina egin behar da, zeintzu diren faktore nagusienak oso kontutan edukiz.

Zeinek apur dezake berehala diglosia?

Faktore hauek sailka ditzakegu hiru multzotan: Aktiboak, mixtoak eta pasiboak. Sailkatze hau egitean, euskararekiko jarrera pertsonala kontutan eduki da.

Aktiboak ondokoak dituzu: Ikastoletako irakaskuntza euskaraz. Alfabetatze kanpainak, euskalduntze kanpainak, liburu eta paperen irakurtzea,

Mixtoak ondokoak izango lirateke: Euskararen irakaskuntza derrigorrezkoa eskoletan. Euskal Herrietan irakaskuntza euskaraz.

Pasiboak izango lirateke: Irratia, zinema eta telebista.

Gaur egun, gure egoera latza erro-errotik aldatu nahi izanez gero, elementu pasiboek ekarriko lizkigute euskararen iraultza linguistikoa. Telebistak batez ere, ingurugiroaren diglosia eragingo luke gogor. Aldi berean, haurrideengan batez ere, estruktura logikogonparatzaileak sortuko lituzke. Telebista, Telebistaren kontrol euskaldunak bene benetan euskaldun guztiongan eragin handia eduki dezake, epe labur batetan diglosiko guztiak egiazko bilingueak erlatiboki bihurtuz. Beste medio batzu erabilita, bost edo hamar urte egiten kostatu duena, oso erresultadu pobreekin gainera euskara hutsezko telebista kate batek urte pare batetan egin dezake. Gauregun Telebistak egin dezakeena ezin gonpara daiteke irakaskuntzak egin dezakeenarekin. Bistan dago, euskaraz eskolaturiko Bilbo Handiko 13 urte baino guttiago duten haurretariko ehuneko 98k erdaraz egiten du, erdaraz pentsatzen du. Telebistak hain arin aldatuko luke panorama negargarri hau non esango baikenezake mirari bat sortu baitzaigula.

Bost urtetik zazpi urterarte duten eskualde hauetako haurrak erdaraz temati hitzegiten eta pentsatzen hasten dira. Adin berorretatik aurrera, euskara pobre, trakets eta sintaktikoki erdalduna finkatzen dute eta sentimentu nazionalarik ez balego 13 urteren inguruan euskara beren bizitzatik baztertuko lukete. Ez da horrela gertatzen, abertzaletasunak ez baitu permititzen baina seguraski ingurugiroa aldatzen ez bada diglosikoa izarien da bere bizitza guztian.

Nagusigoengan Telebistak egin dezakeen berreskuratzea gainjartzekoa izaten da. Erdal estrukturen gainetik euskal estrukturak jarriko lirateke, lege baten arauera hizkuntzaren ohitura sortuz: Estruktura logiko-gonparatzaileen legea.

Telebistaz hitzegitean ez gara jakina informatiboei buruz egiten ari, astiematekoei funtsean lotzen gara. Nork ez du haurren hizkeran telebistaren pisutasuna ikusi. Zein haurrek ez du "abeja maia, Mazinger Z, Jacky" eta abarreko ipuinik edo kontaketarik ezagutzen. Halako filmeak euskaraz dobla dezaketela ez pentsatzea tontoen bekatua da. Euskararen estabilizazioa nahi izanez gero hortxe berton dugu giltza: doblaketa. Doblaketa hauetan, norberaren ideologiak ez du parterik hartu behar. Zera esan nahi dut, ezkerreko batek giroa kontroldurik Mazinger Z-ren edo Superman-en pasaketa galeraziko zukeen, baina ez zukeen berdin egin beste asko gehiagoekin, pedagogikoak edo baliagarriak izanez gero behintzat Hor dauzkagu eredutzat, filme polakoak, txekoak eta baita amerikanoak ere. Hala ere asuntu hauetan Estatuak ingurugiro hori sozialistok kontrola ez dezagun, medio guztiak erabiliko dituela gardentasunez ikusi behar dugu. Ez gara baina filmen eduki ideologiori buruz eztabaidatzen ari, tekniko eta linguistikoa den arazoez baino ez gara ari. Teknikoki posible da gaur egun edozein filmea, etorkitik frantsesa, zein ingelesa, espainola edo japondarra euskarara doblatzea, berdin teatroa. Kultura eta hezkuntzarako kontseilaritzetatik kanpo, Eusko edo Euskal Kontseilu Nagusiak hizkuntzarako kontseilaritza berezi bat sortu beharko luke. Kontseilaritza honek beste funtsezko lan batzurekin batera, Koordinaketa orokor bat egitea egin beharko luke. Doblaketan eta beste entzun ikusteko medioetan euskal Profesionalak eratzea izango litzateke kontseilaritza honen sekzio baten betebehar nagusia, Estatuari behar diren medio ekonomikoak irmoki exijituz.

Doblaketak diglosiaren sendagaia

Batzuk diotenez, euskarara egindako doblaiak oso garestiak izango lirateke. Honelako jenderi, askoz munduko urre guztia baino garestiagoa dela euskal hizkuntza nola galtzen den ikustea, erantzun beharko genieke. Afer hau diru ikuspegi batetik ikusita, besteak bezain garestia edo merkea ateratzen da. Estatuak deficit berdina egiten du erdararekin (gaztelania) edo eta euskarak egingo lioken deficitarekin, penintsulako gaztelaniak ez baitu balio Amerikan ez eta alderantziz ere. Amerikak normalki ez du onartzen Peninsulako gaztelaniarik. Amerikako etxeek beren merkatua dute eta beren produktuak ez dira gehienetan Penintsulan saltzen.

Euskaraz berdin gertatuko litzateke. Baina hau guztiau ia herri guztietan gertatzen da. Suediako doblaketek, Finlandiakoek, Txekoslobakiako, Italiako eta abarrekoek beren herrietan bakarrik balio dute. Belgikak Holandari bakarrik sal diezaioke. Ez dio Hego Afrikari saltzen eta arrazoia sinplea da; hizkeren ezberdintasuna oso nabaria da. Gainera ez dugu zerori ahantzi behar: Telebista zerbitzu publikoa da.

Jatorrizko programaketa, hau da, guk euskaldunok egindakoa, dudarik gabe askoz aberatsagoa litzateke, baina hori egiteko lehengo urratsak egin behar dira. Jatorrizko programaketa batetara heltzeko, lehengo eta behin euskara normalizatu behar dugu eta berau nahi badugu doblaketa dugu lehen pausoa. Beronek bultzatuko lituzke jatorrizko produkzioak. Gaur egun ezin utz daiteke euskararen etorkizuna jatorrizko produkzioan, euskara berbera itoko genuke besterik egiten ez bada.

Ba dirudi E.A.J.k telebista pribatu bat ezarri nahi duela Euskal Herrian. Legea aldatzen den ala ez ikusi beharko litzateke lehendik horri buruz. Dena den, euskaldunak, sozialista izan ala ez, Estatuari behar den beste milioi exijitu beharko dio. Honela eginez, Estatu zapaltzaile eta anti euskaldun horrek gurekin daukan zor moral eta fisikoa betetzen has dadin, herriari kendu zaiona ematen has dadin. Egiten ez badu, Herri oso bat aurrean, herri burrukatzailea, azkeneraino burrukatuko duen herria edukiko duela jakin beza. Jakin bezate hala ere, jakin Eusko Kontseilu Nagusia eta Suarez jauna, benetako bilinguismoa eta hizkuntza bat berreskuratzeko inor bortxatu gabe, inolako inposizio jasan gabe, EUSKARA HUTSEZKO TELEBISTA KATE BATEN SORTZEAREKIN HASTEN DELA.

T. Trifol


Hamabost egun hankaz gora

Felipe González Mexikon: "Sozialismoa da bidea Hegoameriketan"

Felipe Gonzalez Mexikora joan zenean, hurrengo deklarazio hauk egin zituen: "Hego Amerikako nazioek sufritzen duten zapalkuntzatik libratzeko, sozialismo demokratikoa da bidea".

Bai gauza ederrak eta sozialistak esaten dituen Felipek, extranjerian dabilean!

Ea noiz aplikatzen duen teoria berbera hemen, zeren eta inork ez baitu ukatzen Euskadi zapaldurik dagoela.

Felipe Gonzalez, PSOEko idazkari nagusia denez gero, saiatu beharko da Espainiako "zezen larru honetan" sozialismoa jartzen. Baina ez dirudi horrelako intentzio handiegirik duenik, zeren eta UCD-kin kontsentsuak eginez, ez da sozialismoaren bidea egingo.

Baina beti erraza izaten da, urrun dagoenean, sozialismoa eta bla bla bla esatea.

Euskadin esan beharko luke horrelako zerbait... eta gero egin!

"Maiatzak bat" langileen eguna

Maiatzak 1 bertan dago, ailegatu ez baldin bada, eta zentral sindikalak prestatzen ari dira.

CC.OO. eta UGT esan dutenez, 20.000 bizilagun baino gehiago dituzten herrietan egingo dira manifestaldiak.

Efe agentziak dioenez, Madrileko manifestaldian lau mila pertsona izango dira ordenazaintzaile.

Ikusiko dugu zer pasatzen den Euskadin, baina ez nintzateke deus ere harrituko polizia joka eta koipeka hasiko balitz.

Ihaz, Iruiñean ekin zioten jendeari, eta kepoteak bonbardeatu zuten hiria.

Ea "klase sindikatoek" zenbat Jende biltzen duten manifestaldietan. Erreferentzi gisa, interesgarri izango da zer mobilizazio dagoen Euskadin eta zer Estatu mailan.

Euskadin ezker abertzaleak baitu indarra langileen artean, eta Estatu mailan PSOEk eta PCEk indar gehiena.

"Oscar" sariak eta Vietnam

Urtero bezala, Hollywood-en banatu dira "Oscar" sariak, eta aurten Vietnamgo gerratea izan da protagonista.

"Ehiztaria" pelikulari eman diote sari hori eta "Etxera itzulia" pelikulari ere bai.

Bi pelikula horik Vietnamgo gerrateari buruz dira. Kritikariek esan dutenez, ez omen dira oso pelikula onak, baina soziologikoki bai omen dute garrantzia.

Jane Fonda eta Jon Voight izan dira irabazle.

Eta zergatik eman dieten pelikula hauei saria, pentsatzen hasi naizenean, zera bururatu zait: noizbait ere, Euskal Herriaren borroka, Euskadiren askatasun borroka zinera eramatean horrelako sariren bat irabaziko duela.

Orduan txaloak izango dira, orduan zorionak. Eta bitartean, hemen segitzen gure Herriak, zanpaturik.

Zinean oso ederra izaten baita Herri baten borroka bere askatasunaren alde, nahiz eta errealitatean mingarri izan.

Iñaki Zabaleta


Ume berezi euskalduna

 Batasunaren emaitza dogu

 Maitasunaren bakaldun

 Errurik gabe gaixoa eta

 Errurik gabe erdaldun

 Bere hizkuntza erdera aina

 Ikasteko bada ahaldun

 Eskubiderik ez ahal du berak

 Izan nahi badu euskaldun?

Apirilaren 8 eta 15eko EGIN irakurri dut, ume berezietaz euskaraz dakarren iragarkia. Nire arazoa ume berezi euskalduna da. Bera inguratzen duen giroan, gizarte aldetik euskalduna izan edo ez ardura-gabetasuna nabaritu dudalarik, ez nuke nahi, iragarki hau egun huts batetarako laguntza eskatzeko edo emateko era bat baino ez izatea. Niretzat, iragarki hau euskara hutsean egina izatea, urrats garrantzitsua da; eta sinetsi nahi nuke, ba dela euskal familiarik eta bai gizarte-zatirik ere, ume hauek, beste edozein hiritarrek bezala, Euskal Herriaren ondorengo eta etorkizuna izateko eskubidea dutela.

Ni ama euskaldun bat naiz eta ume berezi euskalduna dut. Zazpi urte ditu, hiru urterekin haurtzaindegi euskaldun batetara eraman nuen, eta han, bost urte bete arte, ume normal eta euskaldunen artean egon zen. Gero toki berezi bat behar zuen; toki hori ez zuten ikastolek eta eskola berezi baina erdaldun batetara sartu behar izan nuen. Ikasketa, lagun, eta andereñoak erdaldunak ziren. Hautakizunik ez nuen izan, erdalduna izatera kondenaturik balego bezala, eta inorengan ez nuen ardurarik eta kontzientzi kezkarik nabaritu, haurtzaindegiko andereñoetatik kanpo. Ordea, batzuk aholku eman zidaten erdara egiteko, zeren eta ume bereziek ez omen zuten hizkuntza bi ikasteko erraztasunik eta euskaraz ez zen ezer beren hezkuntzataz. Errealitateari begira, umeari oztopoak kendu beharra ikusten zuten, nire sentimenduei uko eginik. (Noski badaki: zenbait herri txikitan ez dela honelakorik gertatzen, baina herri txikiak ere giro jeneralaren eraginez nahiko kondizionaturik aurkitzen dira). Egoeraren aurka nintzen eta arazoa erdara eginez ez zela uxatzen pentsatu nuen, zeren eskolarako zuen oztopoa kenduko nion, baina, etxean, inguruan, baztertua izango baitzen, amaren hizkuntza euskara zelako eta inguruan, etxean, giro euskalduna zuelako.

Euskal Herria era guztietako pertsonek osotzen dugunez, nire ustez, guztiek dute euskaldun izateko eta sentitzeko eskubidea. Eskubide hau ez diot zapaldu nahi izan, eta ez zapalduko ere Asierri. Arazo bat ezin dela utzi ahaleginik egin gabe pentsatzen dut eta arazo hau Euskal Herria osoarena da: ikastolarena, eskola bereziarena, gizarte euskaldunarena. Besterik ezean toki bat eskatzen dut ume hauentzat ikastola batetan, edo eskola berezi euskaldun batetan, Bizkaia mailan edo bailara mailan.

Ez dut uste ezina denik, kontzientzia arazoa baizik.

Ba dira psikologo batzu arazo honetaz arduratuta, eta bai guraso batzu lan egiteko gertu ere. Hauk, eskutitzak, oharrak, bertsoak,... bide harturik, Bilbao Herri Irratira urreratua dira. Bilbao Herri Irratiak arazoa ulertu ez ezik bere alde jarririk, "Lagun artean", "Bertsolarien txokoa", "Bizkaitik Bizkaira". Irrati saioetan gogoz aditzera eman ditu guraso horien hastapenak.

Ume berezi euskaldunaren eskubideak aldarrikatu nahi nituzke. "Naziotarteko Umeen Urtea" denez, eta bai aditzera eman ere, nik bezala pentsatzen dutenekin harremanetan jartzea dela, nire eskutitz honen helburuetako bat.

Nire telefonoa 415 77 34 da.

Libe Enbeita


Ohar laburrak

Euskara Biltzarre nagusietara ere

Ongi ikusia dugu, zera, norbaitek telebistan luzarotxo edo, (minutu t'erdi) euskaraz aritzea. Berau, EAJren Gipuzkoako Diputazioaren lehendakaria. Hobe ikusi genuen Jon Castañares udaletxean euskaraz aritzen. Arrazoia sinplea, euskaraz esan zuena berdin berdin egin zuen erdaraz, ez guttiago ez gehiago. Ea sarrera solemnetan geratzen ez zaigun. Orain praktikara jo behar da. Euskaltzaindiak honetarako hiztegitxo bat prestatzen ari omen da, "plenos, sesion, inconpatibilidad eta horrelako hitzak euskaraz ongi esan ditzagun..."

Bestalde eta honi buruz egiten berriro, Euskadiko Ezkerrak (E.E.) Lemoizi buruz ponentzia bat, euskaraz soilik berau, irakurri zuen Gipuzkoako Biltzarre nagusiotan. Honekin batera beste ponentzia ezberdin bat erdaraz aditzera eman zuen. Ba dirudi omen, UCDko batek itzulpena eskatu zietela Euskadiko Ezkerrekoei, eta besteok ezetz, bat ere itzulpenik. Itzultzeko noski, itzultzaileak jar ditzatela, horixe eta ez besterik baita bilinguismoa.

Iruineako alkatea zela eta

Batzuri ez zaio gustatu H.B.ko jarrera Iruinean. Ba liteke, askorentzat, guretzat bereziki, PSOE eta UCDren artean ezberdintasun nabaririk ez egotea. Hala ere, langile askorentzat, UCD eta PSOE ez dira gauza bera; gu horrela ez pentsatu arren. Era berean, euskal langile askok beren interesak defendatzen ez dituzten alderdi askori ematen diote botua. Zergatik? Seguraski, argibide zuzenik ez daukatelako egiten dute horrelako gauza bat. Argibidea burrukak emango du. Norbera nor den ikustean, zer defendatzen duen ikustean, nolako gizarte moeta proposatzen duen konturatzean. Baina zoritxarrez bederen, "masei", zapalkuntzak usteldu dieten "kultura" horri ez dizkiete balio gizarte teoriko moetek, ez eta jarrera super-iraultzaileek. Oso polita izango da baina ez diete balio. "Masei" doakiena, konprenitzen dutena bestalde, zera da: Eskuindarrekin (UCD, UPN) tratutan ez ibiltzea, lurreremu eta eraikuntzaren aurrean zer erabakitzen den, nuklearrei buruz zer nolako jarrerak defendatzen diren jakitea. Noren gain ezartzen den ekonomi krisiaren pisutasuna garbi ikustea. Elkargo baten arazoak konpontzeko nolako bide hautatzen diren ezagutzea. Berton ikusi behar da ezkertasuna eta hertzaletasuna. Berton, hau guztiau burruka orokorrago batetan sartzen den ala ez, sozialismoa, abertzaletasuna, euskalduntasuna mamitzen denentz. Burruka guzti horik, masen eta herriaren burrukaren partea, eta ez besterik, direnentz, etab.

Gure botuen bidez, Euskal langileriak jasaten duen zapalkuntzaren erantzule nagusiena atera dedila permititzeak, kalde edo fabore ekarriko ziokeen H.B.ri? Nork sinesten du benetan, nafar langileria osoa lekukotzat harturik, mesedegarria izango litzaigukeela guk ere, nolabait, UCD ateratzea? Ala aingeruak al gara? Nork zikinduko zukeen bere burua gehiago? PSOEk bakarrik akaso? H.B.k ez? Noski ere baietz. Zeren herri eta lur honetako errealitatean, biek, batak zein besteak, modu berdinez egingo zuten. H.B.ri nazka eman dio PSOEri botua ematea. Baina horrela eginez, nafar langile askok PSOE zer den ongi ulertu dute: UCDren aliatu bat.

E.H.

Herri Batasuna traktorea eta geu

Mende oso bat iragan ondoren Gipuzkoako Batzarre nagusiak bildu ziren lehendabizikoz. Berauetara, denok dakigunez, H.B. ez zen joan eta dirudienez koalizio honek ez du nahi horrelako saltzatan bere burua sartzerik. Ez Madrilen, ez diputazioetan, ez "juntetan". Udaletxeetan behintzat parte hartuko du. Madrilekoa ez da gaitz ulertzeko. Den bezala ulertzen da, nik neuk behintzat, ez da dogma bat, jakina. Gorteak espainolak direlako ez da ere. Oinarrian zera da: Gorteak erreformaren espiritua dira eta erreformak ez du Euskal Herrira demokrazia ekarri. Hau guztiau oso ondo dago baina teoria gisan ez zaigu balio zeren eta udaletxeak? Ez al dira erreformistak? Udal boterea loturik daukaten lege horik zertzu dira? Udal boterea deusezta dezaketeen legeak zer? Gaur egun udala, herriaren botere subiranoa dea? Komunaren biltzarrea? Noski ezetz. Bueno ba, beste teoria bat horri buruz asmatu egin behar da zeren bestela...

Baten batek dudarik edukiz gero, H.B.ri nik botua eman diodala jakin beza, badaezpada ere. Eta txarrena edo onena ematen segituko dut.

Gauza guztietan bezala, honetaz ere asko hitzegin behar litzateke. Hitzegitea eta eztabaidatzea oso ona baita, Sizilian ezik.

Asuntu hau soluzionatzen den bitartean erabaki bat hartu behar dut. Urrutxu, nire lagunari zerbait esan behar diot. Gizajoak arazo batzu ditu diputazioarekin, ba dakizue, traktore bat eskuratzea, hauzoko bidea eta kredituarena. PNVrengana jotzeko esango diot, baina berak tamalez H.B.ri eman dio botua. Zer egin? Erreformarena explikatuko diot, instituzio burjesak eta hori guztiori, agian ulertuko du eta etxean traktore, kreditu eta biderik gabe geratuko da. Faxistekin ohitura zeukan eta.

E.H.


Elkar ikuska

Arantza Urretabizkaiarekin hizketan

 Joan den Martxoan, argitaratu zen Arantza Urretabizkaiaren azken nobela: "Zergatik Panpox".

 Euskal nobela baten argitarapena aparteko gertakizun bat baldin bada, euskal kulturaren inguruan, emakume batek egindako nobelaren kasuan are gehiago izan beharko luke. Zergatik?... Ba, orain arte euskal literatura gizonezkoena bakarrik izan delako eta euskal literaturari emakumeen ahotsa eta kutsua falta zaiolako.

 Arantza Urretabizkaiak urratzen duen bidea zabal eta normaliza dadin besterik ez dugu nahi. Lehenbailehen. Horretarako, ez litzateke gauza txarra izango Arantzak elkarrizketa honen bukaeran proposatzen zuenarekin hastea: Literatura egiten duten emakumeak, literaturaz kezkatzen diren emakumeak, beren zuloetatik atera eta elkar hitzegitea. Marginatuentzako, elkar baturik, zailtasunak gainditzea errazago baita.

A.: Nola eta noiz hasi zinen idazten?

A.U.: Ni Lur editorialean idazten hasi nintzen eta lehenbiziko gauza, Historiazko liburu bat izan zen: "Mendebaleko Ekonomiaren Historia" Ibon Sarasolak, Ramon Saizarbitoriak, hirurok egindakoa. Hori da nik egin nuen lehenbiziko gauza. Hori ez zen zerbait literarioa, baina horrekin asko ikasi nuen. Pentsa ezazu!... Ordurarte ez nuen nik sekulan idazten euskaraz eta horrekin ikasi nuen pizkanaka. Gero itzulpenak ere dexente egin nituen... Literatura egiteko gogoa geroago sartu zitzaidan, baina ez nintzen gehiegi atrebitzen. Bat-batean, poema sorta bat egin nuen. Inori esan gabe "Premio de Guipúzcoa" delakora bidali nuen eta saria irabazi nuen.

A.: Argitaratu zen poema liburu hori, ezta?

A.U.: Bai. Kolektibo batetan atera zen. "Euskal Literatura 72" deitzen zen...

A.: Zer adierazten dizu poema liburu horrek, gaur egun?

A. U.: Poema liburuxka hark, ene adolezentziaren bukaera adierazten du. Gai nagusia aita zen, eta erritmua nuen helburutzat poema horik egin nituenean. Erritmuaz kezkatzen nintzen garai hartan eta... Liburu horrekin, inguruko jende guztia erabat harritu zen. Hor nolanahi, nahiko sentsibilitatea adierazten zelako eta garai hartan nik hori dena ez nuen jendearen aurrean azaldu nahi... Orain, berriz, sentsibilitate hartaz ez naiz lotsatzen.

Gero EGIN egunkarian bi urtetan egin dut lana eta lan betegarria absorbentea zelako, asko kostatzen zitzaidan berriro idaztea...

A.: Baina hemen dugu azkenean "Zergatik Panpox"... Zein izan da liburu hau idazteko nahia edo beharra?...

A.U.: Esan dizudan bezala, urte batzutan literatura "frivolidad" bat bezala kontsideratuz gero, ba, idazteko eta literatura birbaloratzeko gogoa sortu zitzaidan. Nik berriz idatzi nahi nuen. Bolada batean, emakume batek zer egin beharko lukeen planteiatzen egon nintzen... Hau da, nik emakume bezala zer errespontsabilitate nuen, zer gai, nola idatzi beharko nukeen. Emakumeek egindako literatura irakurtzen hasi nintzen. Eta egun batetan konduzitzen nindoala, gaia sortu zitzaidan... "Hauxe kontatuko dut. Emakume apartatu baten gorabeherak". Eta hortaz ihardun nintzen. Hasieran, liburua askoz zabalagoa zen, baina garbiketa bat egin ondoren "Zergatik Panpox" gelditu zen.

A.: Zure nobelan, niri gehien gustatu zaidanetariko bat zera izan da: Haur eta amaren artean ezartzen diren harreman goxoak, konplizitatezkoak eta neurri batetan erotikoak...

A.U.: Bai!... Aspalditik konturatuta nago zein erotikoak izan daitezkeen haurrarekin dauzkagun harremanak. Batez ere emakumeentzat. Haurra ukitzea, musikatzea, usaintzea, laztantzea, erotismoz beterik dago. Pertsonaiari berari gertatzen zaiona emakume askori gertatzen zaiola uste dut. Gizonarekin dituzten hutsune erotikoak, haurrarekin betetzen dituztela.

A.: Beste aldetik, ba dirudi zure liburuan nabarmentzen dela interes handi bat emakume batek bere gorputza sentitzen duen era aztertzeko.

A.U.: Bai, arrazoia duzu. Emakumea gorputz inguruan mugitzen dela beti uste dut. Eta hori sakondu beharko genuke gehiago. Adibidez... orain ez nago oso pozik hilekoari eman diodan tratuaz... Nobelan, zama bat bezala agertzen da. Nik neuk askotan hala sentitu dudalako. Baina orain dela gutxi, Annie Leclerc-en "Parole de femme" irakurri dut eta horrek bide berriak eskaini dizkit. Hori irakurri ondoren, hilekoa, erregla, askoz positiboagoa, sentsualagoa, ikusten dut. Orain beste eratan tratatuko nuke gai hori. Dena dela emakumeen sentsibilitatea, erotismoa, aztertzen jarraitzea asko gustatuko litzaidake. Perspektiba berriak bilatu... eta sakondu.

A.: Azkenaldi honetan, asko entzuten da emakumeok sentitzeko eta espresatzeko era berezia dugula, batez ere arte mailan... Zure eritziz literaturan agertzen al da emakumearen artearekiko berezitasun hori?

A.U.: Ez dakit. Zihur asko bai, baina ez dakit zertan datzan. Sentsibilitatean... sentikortasunean, gaietan, ikuspegietan, zerbait berezia dagoela iruditzen zait... Dena dela, hori demostratzeko gai gehiago beharko genituzke... liburu gehiago emakumeek idatzitakoak. Batez ere bere burua ikuspegi kontziente batetik egindako liburu gehiago... Hola ikusiko genuke zertan dagoen asuntu hau. Nik emakumeek egindako liburuak dexente irakurri ditut, baina ez daude bere burua emakume bezala hartu eta bide baten bila dabiltzan emakumeek egindako gauzak...

A.: Are gehiago euskal literaturan, ezta? Nola ulertzen duzu gaur egun euskal literaturaz emakume gehiago ez ihardutea?

A.U.: Beno, euskal gizartea nahiko patriarkala dela, ba dakizu, ezta? Euskara, apaiz, fraideen eskuetan egon da eta ez monjen eskuetan...

A.: Baina orain, aitzaki gutxiago ditugu...

A.U.: Orain ere emakume batek ez du eragintasun askorik idazteko, marginatuta dago, inork ez du berarengandik ezer espero. Horrek txiki txikitatik markatzen zaitu...

Honi buruz, esan ezazu mesedez, elkarrizketa horretan, asko gustatuko litzaidakeela literaturaz interesaturik dauden andreekin kontaktutan jartzea... Giro bat sortu eta talde bat ez garen bitartean ez dugu aurrera gehiegi egingo eta...

A.: Bale! Gustu handiz beteko dut enkargu hau, Arantza.

Mariasun Landa


Nazio artekoa

"Les kurdes et le Kurdistan"

Xah-en jautsapenarekin Irango erreboltaz, ez baitirudi horrek iraultza bat, maiz entzun dugu aspalditxo honetan. Pahlevi-tarrek zerabilten diktaturaz, eta Khomeini-k ezarri gura omen duen demokrazia islamiarraz (nork ez ditu mendebaldeko zibilizazio kristauaren defendatzaileak buruan?). Amerikarrek, azken unean izan ezik, dena galduta zeukanean, Xah-i eman zioten laguntzaz, eta Sobietar Batasunak inori eman ez dionaz. Baina, hainbeste iruzkin eta berriren artean, laburkiro bada ere, euskaldun askok, nik uste, Irango kurduak berriro hasi direla burrukan irakurri dukete. Hala dut espero, behintzat, dependentzia nazionalean aurkitzen diren gizajendeen artean guztiz natural eta berezko izan behar duen sendimendu nazioartekozaleagatik. Bai, orain berrogei urtebetez errepublika bat sortu zuteneko hiriaren ondoan, Mahabad-en hurbil, zenbait tribu kurdu matxinatu direla eta soldadu persiarrekin gudu latzak eduki dituztela entzun da, eta halaber Teheran-go gobernu berria prest bide dagoela autonomia "emateko", ehun soldadu behintzat hil baitira. Orain zortzi urte Irak-en bezala, eta dirudienez munduko historia osoan bezala, harmen indarra gertatu da entzun den arrazoi eta argudio soila, desegitearen kontra zapalduek, kasu honetan hamabost milioitako herri batek, duten tresna bakarra.

Hasieran ezarri dugun izenburua da orain sei hilabete Maspero-k Paris-en argitaratu duen liburuarena, kurduei buruzko zortzi lan, bibliografia bat eta hitzaurre bat dakartzana. Bertan kurduen herria; ez bitan, bost estatutan baizik sakabanaturik daudela irakur daiteke, eta horietako batetan bakarrik direla errespetatu eta defendatuak, Sobietar Batasunean, berau, lantzean behin gertatzen ohi diren nazionalismo errusiarraren erasoak eta guztiz ere, munduan bere barneko herri txikiak begirunez erabiltzen dituen estatu bakarretarikoa baita. Orobat, ez direla aleman nazionalsozialistak herrihiltzaile bakarrak, Turkiako Estatuak, kasu batez, milioi t'erdi kurdu hil baititu eta Kurdistanetik eragotzi mende honen hasieratik, edo palestinarren eskubide justuen aldeko burruka laguntzen duten siriar eta irakiarrek inperialista eta nazionalista hutsak direla, arabiar nazionalista, kurduen herriaz denaz bezainbatean.

Guztiz liburu irakurgarri eta gomendagarria. Amaitzearren hitzaurreko zenbait pasarte baliotsuak itzuliko ditut, interesgarriak direlakoan, arazo nazionala oso era zuzenaz planteiatzen dutelako.

Honela dio, bada, Maxime Rodinson jaun irakasleak, kurduek munduko ezkertiarren laguntza behar dutela esan eta gero:

"Ni ez naiz haien defentsa egiten munduko eskuinaren aurrean ausartuko, ez eta ahalbideak eta ezintasunak, mugimendu bakoitzaren pundu indartsu eta makalak, beren estrategiarako abantail eta desabantailak neurtzen dituzten politikalari errealisten aurrean. Lehenengoek ez dute herrien zuzenetan sinesten. Batzuk eta besteek abantailak dakarzkienean bakarrik lagunduko dute mugimendu kurdua, baina bertan behera utziko kontrako kasuan. Jarkera hau morala barik, koherentea da. Politikalari kurduak saia daitezke agian halako gizakiekin eztabaidatzen. Baina ez nik, ez eta nire egoeran daudenek, ezin aurki dezakegu hizkuntza amankomunik haiekin."

"Asko dira beren herriarentzat askatasuna eskatzen dutenak (edo lagun dituzten herrientzakoa) eta besteei ukatzen dietena, edo beste batzuei behintzat, beren menpean daudenei batez ere... Besteongan hain bortizki salaturiko sloganak erabiliz gero: right or wrong my country! Vaterland über alles!"

"Ez da gauza baten kontra besterik lo behar, batzuen berekoikeria existentzialaren kontra, haien machiavelismoaren kontra, haien estrategia errealistaren kontra. Ba daude ere —eta hemen eztabaida beharrezkoa da hatsarri berberak dauzkagulako— burkide onest eta prestuak, duten grina interesgabekoak, beren hautapenaren karia etikoak, edo eta hautapen horri zinez erantsi dizkioten justizifikazioak ahantzerazi dizkienak. Utz ditzagun alde batera horrelako hautapen bat ez dela moral oraindik sinesten dutenak, halako behar zientifiko batek, edo determinismo natural batek eragindakoa dela sinesten dutenak. Horregatik egunero erremediatu behar diren sufrimenduak aipatzen dituzte, bakoitzak burrukatu behar dituen zapaltzaileen ezgizakortasuna. Zoriontsuak izpirituz pobreak! Noski, hasieran ba dago benetako aukera bat balio etikoen aurrean... Horrela eskubide nazionalak garrantzigabekotzat jotzen dituztenak uler daitezke..."

"Egoera politiko batbedera guztiz Konplexua da, baina aukera etikorik gehienak, berriz, oso bakun."

"Zergatik orduan isilgune hauk kurduen zuzen nazionalen aurrean, Kasurik onenean argiagorik ez ziren beste mugimenduen defentsarako hain sutsu higitu direnengandik? Zergatik dute batzuk onartzen eskubide horik errespetatuak direla, egindako baieztapenak direla fede, beste edozein herriren kasutan susmagarritzat eragozteko prest egonen liratekeenean? Zergatik hainbeste kakomako kurduen nagusien ekintzez, beste edozein kasutan, zuzentasunez, mugimendu baten estrategia eta taktika, eta orobat buruzagiak, ez direla zer eta nor mugimenduaren justizia juzkatzeko esanen lukeen horrenbeste pertsonaiarengandik?

Kurduek ukan duten zoritxarra, edo eta egin duten errakuntza zera da, autoerabakikuntzarako eskubidea bi nazioren aurrean (beste batzuren artean) defendatu dutela, nazio horiek eskubide berberak defendatzen ari zirenean, eta horregatik munduko ezkerraren laguntza zutenean. Lehendabizikoz, iraganaldi hurbilean, Turkia nazionalistaren kontra, Mendebaldeko potentzia inperialistek joputzat ukan nahi zutenean, eta haren barnebilakabidea oraindik ez zenean ezkerraren desgogoko bihurtu. Gero, eta batez ere, Irak-eko arabiarren kontra (eta Siriakoen kontra apur bat ere), arabiar herri osoa inperialismo berberen bitimatzat agepertzen zenean eta haien kontrako burrukan lehenengotzat. Kurduak, nolabait, zapalduen zapalduak dira."

"Ideiologiak zapalduak ez dituela berezko bertute guztiak ahaztu gura du etengabe. Proletalgoa ez da saindu zioen Lenin-ek."

"Antikolonialista izatea, antiarrazista, antinperialista izateak ez du esan gura, zenbaitek sinesten bide duen bezala (edo sinesten balu bezala egiten duenak), juduak, arabiarrak, beltzak edo beste edozein sagaratzea, orotako eta betiko hutsik gabekotzat jotzea. Pundu guztietan hutsik gabekotzat izan balira iraganean, edo eta balira orainaldian edo etorkizunean, gizateriari baino esentzia goragoko bat ematea beharrezkoa litzateke. Eta ez dut diferentziarik ikusten, esplizitu edo inplizituki, tesi honen eta beste herriren gaineko herri goiagoen meneratze beharrezko eta onuragarria defendatzen duten tesi arrazisten artean. Antikolonialista izatea, antiarrazista izatea, antinperialista izatea, etnia baten zapalkuntzari oldartzea da, herri batenari, beste nazio batzuk eragindako nazio batenari, eta edozein dela eragile eta egilea, jarkera eta ekintza zapaltzaile guztiak burrukatzea, beharrezkoa bada, juduen, juduen kontra, arabiarren kontra, beltzen kontra... edo kurduen kontra. Modu berean, justiziaren defendatzaileak izatea, inikitate guztien kontra gatazkatzea da, eta beharrezkoa bada, inoiz zapalduak izan diren ta oraindik diren etnien izenean egindakoen kontra, iraganaldian edo orainaldian klase zapalduen izenean egindakoen kontra, etniak eta klaseak zapaldu eta hustiratu izatetik oso erraz bihur baitaitezke zapal- eta hustiratzaile. Historian maiz eguneko jazartzailea bezperako jazarria izan da."

"Honek gure gaitasun kritikoa eragin behar du honelako jarkerak defendatzen dituzten argudioen aurrean. Batasun nazionala gordetzearen izenean egindako argudio eta paralogismoak dira bereziki atzera bota behar direnak. Nik neuk, hirugarren munduko herri baten antolakunde ezkertiar baten agerian hau irakurri ahal izan dut: autoerabakikuntzarako hatsarriak naziobatasunaren hatsarriaren azpian egon behar du. Sinestezinezko hitzen ahalmena!"

Andolin Eguzkitza


Sinesgaitza. Frantsesen arrazismoa

Asko hitz egin da Euskal Herrian arrazismoaz, edo lehen nazionalistak arrazistak zirelako, edo, gaur egun, jende askok euskaldunak arrazista garela esaten dutelako. Hasieran, hori entzuten dugunean, ez zaigu gehiegi gustatzen; baina horretaz apur bat pentsatzen badugu, sarritan, arraza bezala agian ez, baina herri bezala, besteak baino hobeagoak kontsideratzen garela onartu beharko dugu, eta batez ere espainolen aurrean. Egia da herri batek beste bat zapaltzen duenean, gorrotoa sortzen dela bigarrenean lehenarekiko, baina ez dezagun ahantz Euskal Herriaren zapaltzaileak ez direla espainolak, Espainol Estatuaren klase bat baino; burjesia espainola da bai, Euskal Herria, eta, BAITA, estatuko beste herri guztiak zapaltzen dituena. Ez dezagun, ba, gauzak nahas, zeren hau dena ondo ulertzen badugu, ez dakit nola segitu ahal izango dugun espainolak, abstraktuki, gorrotatzen. Eta onartu beharra dago: oso hedaturik dago, zoritxarrez, gorroto irrazional hori.

Baina gure herriaren kasua, defentsa-prozesu baten bidez sortu den fenomenoa bada, horrela ulergarriagoa gertatzen zaigularik, zer esango dugu Frantzian, oso egoera desberdinean, jazotzen dena ikustean?

Herri honetara etorri baino lehen, ez dut uste hemen gertatzen dena imajinatu ahal denik. Frantzia osoan, eta Paris aldean bereziki, atzerritar asko bizi dira: bai Frantziak kolonizatu dituen herrietakoak: Algeria, Marokoa, Senegal, Indotxina,...; bai herri arabe guztietakoak, edo ia eta bai, Europa eta Ameriketatik hona datozen hainbeste langile eta ikasleak; benetan, hemen dagoen arraza eta kulturen nahasmendua sinesgaitza dateke, inoiz ikusi ez duenarentzat.

Hau ikusita, kultur eta ohituren arteko kontaktuak handiak direlarik, itxarotekoa izango litzateke hortik guztientzako aberastasun bat sortzea. Zoritxarrez, ez da horrela gertatzen.

Askok esaten dutena zera da: frantsesak inbadituak sentitzen dira, eta horregatik, beraiena defendatzeko, atzerritarrenganako jarrera negatiboa hartzen dute jeneralean. Baina zeren kontra defendatzeko? Zeren hona datozenak ez dira etorri, inola ere, ezer atakatzeko: edo langileak lan egiteko, beren herrietan lanpostu aski ez daudelarik, edo ikasteko, horrela frantses kultura goi mailan ipintzen dutelarik.

Hala ere gauzak horrela gertatzen dira, eta atzerritar edo inmigranteen aurkako egintza asko poliziak antolatuak badira, jende xehearen artean ere besteenganako mesprezu handia ikus daiteke, mesprezu horren bidez, beraik afirmatzen direlarik, hots, hain ezaguna den frantses "chaubinismoa".

Atzerritarren kontrako jarrera horik era askotan hatzeman daitezke. Imajina ezazu atzerritar inmigrante bat zarela.

- Lan bila zabiltza; arabe edo beltza bazara, ez duzu, benetan, posibilitate handiegirik. Lortuko duzuna, egiten baduzu, txarra baino txarragoa izango da.

- Gela edo apartamentu bat bilatzen duzu; europearrek edo amerikanek, afrikarrek edo asiatarrek baino askoz errazago aurkituko dute. Azkenez zerbait lortzen baduzu, mesfidantzaz beterik begiratuko zaituzte beti, zerbait txarra egiteko aproposagoa baitzinen.

- Gelarik aurkitu ezinean, zuretzat dauden "foyer"-en batetara joaten bazara, hau, baldintza minimoenak betetzen ez direlarik, lohikeria, hotza, hezetasuna, urruntasuna,... pairatuko dituzu.

- Kalean edo lantegian zerbait gertatzen bada, beti izango zara zu lehen susmagarria, eta besteak zure erruduntasuna frogatu beharrean, zuk zure errugabetasuna frogatu beharko duzu.

- Etxetik irtetean, ez ahantz inoiz dokumentazioa, mesedez. Metroan edo kaleetan aurkitu dituzun kontroletan, eta asko daude beti izango zara geldierazia. Gendarmeek, metroan, ez dizkiote edonori paperak eskatzen; azala zuria ez baduzu, edo arabiarren aurpegia badaukazu, edo paper horik ez ematearren ipintzen dituzte oztopo guztiak oraindik gainditu ez badituzu, komisaldegian egingo duzu lo, irainduta, eta egian, kolpatuta izango zara, tipo guztietako mehatxuak egingo dizkizute, etab.

- Zure lantegian gauzak ondoegi ez badoaz, eta langileen kopurua gutxitu nahi badute, pentsa ezazu lehenetariko bat zeu izango zarela. A, zure herrira bueltatzeagatik, diru pixkat emango dizute, ordaintzat edo.

- Lan egiteko paperak gero eta zailago emango dizkizute... ez duzu ikusten frantsesei ogia kentzen diezula?... Beraiek, gizajoek, lanik badaukate, nola edukiko duzu zeuk, ba? Hala ere, zuk beti erantzun ahal izango diezu: "eta zeuek garbituko dituzue espaloiak eta komunak, eta zaramak batuko dituzue?

Eta hauk guztiok hemengo egoeraren detaile batzu baino ez dira. Edozein pertsona senti daiteke zapalduta Parisen, baina inoiz ere ez du europear edo amerikar batek algeriar edo senegaldar batek pairatzen duena jasan beharko. Hots, arrazismo-maila desberdinak daude, edo hobeto esan, ez arrazismo, besteenganako mesprezu eta begiramen txikia, zeren desberdintzak ez dira beti soilik egiten azalaren kolorearen arauera, prozedentzia edo eta sozial mailarenarena ere baizik.

Zenbat sufrimendu

- beren seme-alabak eskolan bazterturik ikusten dituztenentzat,

- gela miserable batetan bizi den familia batentzat,

- lanetik arrazoi gabe bidaliak direnentzat,

- egunero, edonon, besteen mesprezua sentitzen dutenentzat,

- orain arte txarto bizi izan arren, etorkizunaren aurrean bildur direnentzat,

- ez beren herritakoak, ez eta frantsesak ere sentitzen direnentzat, betirako edo edonon atzerritarrak izango baitira.

Errua frantsesena ez dela esango dute, sistemarena baino. Bai, egia da klase bati horrela segitzea interesatzen zaiola, eta jende normalaren sentimendu horik ere bai. Baina, dena den, beti izan dira frantsesak oso bereziak, beraiena ez dena beti gaitzesteko ohitura izan dutelarik. Denak ez dira horrelakoak, noski, baina jarrera hori oso hedaturik dago, zoritxarrez.

Maria Jesus Esteban


Nazio artekoa

Joerak eta Gizonak. Frantziako Alderdi Sozialistaren kongresuan

Apirilaren 6an amaitu da Frantziako Alderdi Sozialistak Metz-en egin duen Kongresua. Frantziako Alderdi Sozialistaren azken Biltzarreak oro munta handikoak izan badira (gogora Paue, Nantes, etc), oraingo hau ere linea berean dago. Inportantea izan da Kongresu hau, ez hain zuzen erabaki denagatik, baizik eta erabaki gabe gelditu denagatik eta agertu diren indar berriengatik.

Kongresu honen kronika egin duten gure inguruko komunikabideek esaldi bat behin eta berriz erabili izan dute: "Victoria pírrica de Mitterrand", alegia, nahiz eta Mitterrand-ek botu gehienak bereganatu idazkaritzan jarraitzeko, ez duela egiaz eta benetan irabazi eta zartatua gelditu dela haren irudia. Hori esan nahi du "victoria pírrica" delakoak, eta horixe da gertatu dena.

Tendentzien burruka

Frantziako Partidu Sozialistan joera desberdinak elkarrekin bizi direla, gauza ezaguna da. Ezaguna da, baita, tendentzia horietako batzu, azken aldi honetan, indartu eta gorpuztu egin direla.

Lau joera bereizi ohi dituzte aztertzaileek: 1) lehena, leninista jitekoa, C.E.R.E.S, bezala ezagunagoa dena. Mandatuen % 14 atera dute hauek oraingo Kongresuan. 2) Bigarren, sozial-demokraziaren tradizioan oinarritzen den joera, Pierre Mauroy, Alderdiko bigarrena, buru bezala duena. Hauek % 16,8 mandatu jaso dituzte. 3) Hirugarren joera eta indar bezala, Rocard-ek gidatzen duen korronte autogestionarioa dator. Zalantzarik gabe, Alderdi barneko bigarren indarra da, oraingo jokabidearen alternatiba bezala aurkezturik jadanik dagoena, gainera. Mandatuen % 21,2 jaso dute. 4) Eta azkenik, Mitterrand bera, eta honek errepresentatzen duena. Notable zein militante zein intelektual da honen jarraitzaile. Mitterrand-ek bildu ditu mandaturik gehienak, noski: % 46,9. Lehenengotik (Mitterrand: % 46,9) bigarrenera (Rocard: 21,2) bada alderik, pentsa lezakexe norbaitek. Eta hala da izan, zenbakiei soilki begiratuz gero. Ez, ordea, politika indarren erlazioa eta eboluzioa kontuan hartzen baditugu. Alde batetik, portzentaia hauetan ez du inork gehiengo absoluturik. Beraz, Mitterrand bera konbinazioak egitera beharturik aurkitzen da. Dirudienez, garai batean hain gogorki eraso zituen C.E.R.E.S.-koekin bilduko da Mitterrand, horrela %61era iristen direlarik. Bere aldetik, Mauroy eta Rocard ere elkartu eginen dira, bien artean % 38 osaturik.

Portzentaia hauen esanahiaz ongi jabetzeko gogoan izan behar den beste puntua, esan bezala, Alderdi Barneko joeren eboluzioa da, eta horiekin batean pertsona batzuena. Ez du nehork ahazten, Mitterrand-en % 46,9 hori neurtzerakoan, Nantes-eko Kongresuan, Mitterrand-en txostenak %75 mandatu bereganatu zituela. Gora eta gora doan gizona, Michel Rocard da. Le Nouvel Observateur astekarian inoiz irakurri ere egin dut, 1978 ezkeroz Frantziako gertakari politikorik handiena, Rocard-en igoera hauxe dela.

Bi gizon: Mitterrand eta Rocard

Lau tendentzia horien gainetik, bipolarketa bat nabari da Frantziako Alderdi Sozialistaren barruan. Bi joera eta bi gizon, azkenik. Mitterrand eta Rocard. Eta Rocard-en hitzetan, bi kultura sozialista: bat, jakobiarra, zentralista; eta bestea, berea, dezentralizatzailea eta autogestionarioa.

Zalantzarik gabe, bi gizon hauek tarteko direla hezurmamituko da, datozen urteetan, Frantziako sozialismoa. Ez dakigu nola konponduko diren Alderdiaren barnean: elkarbizitza baketsuan ala elkar-joka? Seguruenik batak bestearen premia du. Mitterrand-en beharra du Rocard-ek Alderdi Sozialista "egin" eta indartu eta prestigiatu eta batu hark egin baitu. Eta pentsatzen dudanez, Rocard-en beharrik ere badu Mitterrand-ek sozialismoaren esperantza bat sortzen baitu harek, ekonomia eta askatasuna ezkontzeko saio serio bat eskaintzen baitu Rocard-ek, Alderdi dimentsioaz gain nazio hedadura ere baitu Rocard-ek.

Joanes Lekerika


Mikel Zarate zena

ANAITASUNA

Kaixo, lagunok:

 Argitaragarritzat jotzen baduzue, publikatzeko bidaltzen dizuet lantxo hau. Ez du inongo garrantzirik. Mikel Zarateren ikasle bezala, lagun bezala, bidaltzen dizuet. Txartzat hartzen baduzue, berriz, paperontzira bota eta beste egun bat arte. Zerbait zuzendu nahi baduzue, lasaiki egin, ez naizela horrengatik haserretuko. Ezagutzen ez nauzuen legez, hau idatzi duena baztandarra da jaiotzez, soziologian lizentziatua eta euskal filologiako ikasle. Besterik gabe.

Pello Salaburu

Seiak egin eginean zeuden. Seguraski ere Espainiako zezen plazaren batetan zezen bat hiltzen ari ziren. Lezamako Andra Mari elizan hilezkilak joak zeuden, jendea bildua, eliza barrua bete betea, kanpoan ere jendea ugari. Mikel Zarate zenaren hiletak entzutera hurbilduak ginen. Pertsona ezagun asko elkartu: "Zer moduz, aspaldiko?", "Bai, hau izan da izateko modua", "Gizona, nork esan horrelakorik?", "Ni behintzat, ba noa hemendik... norbait negarrez ikusten badut..."

Negar malkoa bihotzari zerion. Ixil ixilik, noizean behin, kanpoko atean —barruan ez zegoen lekurik eta— baten bati uzten genion pasu: "Bai, pasa zaitez", "Mesedez...". Han, ehundaka izan zuenetariko ikasle bat; hemen, apez bat; haraxeago, adiskidea; hortxe non, lagun zintzoa; euskaltzainak ere ageri ziren, irakaskideak, fotografo bat, herria, berriko jendea, eguzkia, herria. Beltzez jantzirik Bizkaiko gotzainek ere gure aurretik gurutzatu zuten. Arropa sakratuez nortzera.

Lezamak ez zuen aspaldion horrelako hiletarik ikusia: bidea, elizetxetik beheragoxe dagoen bidea, seiak inguruan nahasten hasi zen, ez hara ez hona, ezin egin, gertu lekuan. Txofer bat baino gehiago izan zen Mikelen azken mezaren testigu mutu. Bero. Pertsona batzuk elizpetik ate joateko lana izan zuten.

Orduan iritsi zen hilberebila. Aurrez aurre, zain egon gabe, tope egin genuen gorpuarekin. Eguzkia hilargi bihurtua.

"Hementxe egoten izan zara

baina orain az zaude

gurekin.

Hementxe egoten izan gara

baina orain ez gaude

zurekin"

Organo notek ziztekatu zuten ixilunea: goragailuek lauaxetara zeramaten doinu mingarri hura. Asteazken saindua, bero. Hantxe zegoen, buruz buru, hainbat aldiz hilargiaz argituriko idazlan bizidunen jabea. Ordurik gabeko gau luze batek erraustua. Nork uste zezakeen honela amaitu behar zuenik? Hamabi bat abade bai konta genitzake, bi apezpikuez gidaturik.

"Gaztea zen orduan, gazte urduri ameslaria, etorkizunaren itxaropen gozoa. Eta gaztetasuna ta edertasuna gainezko zituelarik, kanta kantari kantore, aurrera zihoan beti bere bidean, aurrera karabilkatsu, sugelandare bat legez, zoro-zoro"

Kotxearen ondoan geratzen dira momentu batez bere senide eta ahideak, aurpegia bete bete zeukatela, negar malkoak. Herria, beroa. Denok, kanpoko aldera begira geundenok itzuli ginen, apezak eta gorpua eliza barruko iluntasunean desagertzen ikusteko denbora izanez. Berehala entzun ahal izan genuen bertsolariaren abotsa:

"Kulturarentzat kalte handia..."

Zenbat ikasle ez ote gara bere "Euskal Deklinabidea"rekin hasi euskaran alfabetatzen? Zenbat ez ote gara "Euskal Literatura" I eta II direlakoekin euskararen olerki edo prosa eremuetara azaldu? Zenbatek, azkenez, ez ote ditu zure "Ipuin antzeko alegi mingotsak", zure "Higidura berdez" edo "Bizipenen bultzadaz" irentsi, herri literatura baten eza nabaritzen genuelarik?

Prosista eta olerkari zintugun, Mikel: ene ustez olerkari baino prosista hobe, nahiz eta sari bat baino gehiago olerki mailan eskuratu.

"Lo dago txoritxoa

kaiola barruan,

lo dago katutxoa

zure esarlekuan...

zuk ere egin lo,

ene kutuntxo!"

Duela urte batzu irakatsi zenidan "bi", "bik", "biek", "biak", "biok", gauza desberdinak zirela. Hain zapaldurik zegoen gure euskara ez genuela diferentziarik ikusten "baten" eta "bataren" artean, berdin berdin zitzaigula "gizonaren", "gizonan", "gizonen" edo "gizonain" esatea. Zuregandik ikusi genituen batetik bestera zeuden aldeak. Bildur gara norbait jarraituko beharko zaiela zuk hasitako eginkizunei. Zure idazlumatik espero genituen lan guztiak pikutara joan dira. Euskal literatura umezurtz geratu zaigu.

Bai, ba dakigu sekulako eztabaidetan parte hartu duzula euskara arloan dagoen egoerari zer zaion soluziobide egokiaren bila. Jakina, eztabaidatu egiten du ari denak, ari ez denak ezin baitu. Zure posizionamenduak pisuz beterik zeuden. Ez dut esan nahi bat natorrela, ez. Kontra kontrakoak ere izan dituzu. Horixe da, ordea, bizitzaren sortiturria. Bizi berriak, bi eztabaidari behar, gutxienez.

"Euskal literaturan ere egon dira alegilari batzuk. Gutxi, baina egon dira. Urriak, zoritxarrez, beste erri batzuetako liburuetan agertzen direnen parean. Eta 'dagoenean dagoentxoa, ene enetxoa' utsune hori pizkatxo bat bete nahirik nator. Berandu, jakina; baina atzerakeria hori gaurkotasunez eta berritasunez zuzendu eta aurrerabidean sartu gurarik".

Eta sartu ere sartu, nola sartu zen Mikel euskal literaturan. Erraz zerabilen idazluma: etorri handikoa zen eta poztasuna ematen du haren idazlanak irakurtzeak. Izan ere, Mikel klasiko bat da jadanik.

Meza aurrera doa. Mikel apaizaren beste apaiz lagunek ematen diote hasiera "Gure Aita"ri. Buruz beheiti, gure pentsakeretan sartu sarturik eta bihotz zokoan noizbait ikasitako otoitzari ahalegintzen gara segida ematen. "Eta zure izpirituarekin". Kantari ona genuen gure Mikel. Baita bertsolari ere.

Norbaitek Mikelen idazlanak bildu beharko ditu: han hemenka galduta daudenak, liburuetan, egunkarietan, aldizkarietakoak, idazmakinez apaindu gabe etxean egindakoak, eta besteak.

"Ez dut nahi hitz, aditz, hizki,

hizkuntza arkaiko ulergaitzik;

ez dut nahi axularkeriarik,

ez dut nahi aranakeriarik;

ez dut nahi sitsak jandako euskararik,

euskara herdoildu hatsitu momiaturik.

Euskara bizi berri batu gazte bat nahi dut"

Horixe zioen berak. Mesedez, faborez, euskara ateratzeko kanpo-santuetatik, museotik, hil ez zedin, ito ez dadin. Euskararen heriotzaz kezkatua zegoenaren heriotzak utzi du kezkati euskara. Euskara nagusitu zaio.

Zazpiak inguru dira eta meza emaleak Jaunaren bakean joan gaitezen agindu digu. Jendea lekutzen ari da. Eguzkiak lurra besarkatuko du laster. Kotxeak ari dira berriz ere alde batetik bestera. Bakarren batek gaur jakin. du Mikelen berri. Bizitza aurrera jarraitzen zaigu, mina dariola.

Espainiako zezenplazaren batetan toreatzaileak sartu dio ezpata. Jendea oihuka: bi belarriak eskatzen. Zezenketa amaitu egin da.

PELLO SALABURU

1979/4/12


Gaiak. Literatura

Gizartea usteltzen ari

Gizartea usteltzen ari da, horixe da aspaldion nire buruak darabilen kontzeptua. Eta ez dut uste froga handiegirik beharko denik hori ikuserazteko, munduari begirada bat ematearekin nahikoa bide dugu.

Gaurko bizimodu guztiak kontsumuzko gizarte honetan arras murgildurik daude, eta ez dirudi irtenbiderik dutenik.

"Koka-Kola", "Winston", telebista kolorez, kotxea... Mundua aurreratuz doala esaten da, eta honekin bat datoz zientzigizonak, politikoak, gobernariak... Egunero ikus ditzakegu telebistan, edo entzun irratiaz honi buruzko albisteren bat. Mundua aurrerapenerantz doa, eta ez omen dauka mugarik; gizonaren adimenak gauza berriak sortzen dirau; beharbada erabiltezinak, ezgizakorrak, zoritxarrekoak, baina gizona aurreranzko bideari...

Gobernu "aurrelariak", gero eta harma gehiago egiten ari dira, gero eta ahaltsuagoak; eta berau, hobe ez!, aurrerapenaren izenean. Ba dirudi, horren arauera, hiltzeko kapazitatea estatu baten aurrerakuntzaren neurria dela; baina guztiz bestelakoa da, noski. Estatuek harma berriak fabrikatzen dituztenean, ez dute gizakideez pentsatzen; edo hobe esateko (hori erratea inozokeria hutsa baita), ez daukate gogoan gizonen bizitzaren hobakuntza, baizik eta zapalketa; zeren eta pentsatu bai, pentsatzen baitute.

Hortxe dauzkagu, baita, zentral nuklearrak; estatuen ekonomi egoera azaltzen omen dutenak. Neurri polita berau, bai!, zenbat eta gehiago ahalbide duen herri batek gorpu bukatzeko, ongitasun gehiago dauka.

Ordea, gauza hauk guztiauk dira, hain zuzen ere (beste askorekin) sistima kapitalista defendatzen dutenak, langile klasearen oldarraren aurka. Burjes kontsumu-gizartearekin, zeinetan zeharo integraturik baikaude, bermaturik daukate gure buruen kontrola; behintzat bidetik makur ez gaitezen bitartean.

Gizon guztiok, berdinak jaio garateke mundura (nahiz eta ere, hori oso erlatiboa izan) eta gizakion xedea, atsegina liteke, edo eta beharko litzateke izan.

Bai, denok saiatzen gara laketasunik gailena bilatzen, denok irrikatzen dugu ezti laketsua; baina batzuk laketuntzi batetan eta besteok zanpatzen gaituen oinpean.

Bizitza kaxkarra hau, ez da malura besterik, hiltzearen anaia borta. Gizakume bati eman lekiokeen guztia, debekaturik dakusagu; lana eta oinazea izan ezik. Gure antsia eta irrika guztiok, ez dakite gure kinka gehitzea baino. Eta munduak aurreratzen dihardu. Aurrerapena eta usteltzea, bitasuna bilakatzen dira, eta bitasun horrek munduaren suntsimendua zertuko da.

Ez dauka konturik zerbaitez ahalegintzea, saiatze hori dagoeneko ezerezean lehertuko da, indargabea.

Zalantzarik gabe, saiatzen bagara, erdietsiko dugu sarturiko gauden ingurunearen aldatzea, baina denboralki bakarrik. Ustelkeriaren harrak kosk eginiko gizadiak, ezin baitu bere zaborra bazter batetan lagatu; beti-betiko zama bihurtuko zaio.

Eremu labaina da berau, eta irrist egingo bide dugu, denok geure buruaren bidaztiak izan nahi dugu eta. Bidaztiak eta baita gogaideak ere; topatuko dugu denok, ordea, dagokigun hilobia, eta gorputzak barreiaturikako kiratsa, ustelduz doazen gizarte honen gehigarri izango da.

Ez dakigu lortuko dugun

baina bizitzan jaurtikiak

irtenbiderik ez dago.

Ezerezean

lehertutako

hitzak,

ez digu

haztarnarik utziko;

eta hildo beretik

doakigu

geure itzalari jarraitzen.

Gure errainetan

bihotza kanta

kantari dabiltza

absurduaren zaborra

simaurtegian moduan.

Mingotsa da fruitua

jokabidean ustelduta,

arbolaren sagar goxoa

oinazeei amildua.

Eta haize-barneak dakar

maluraren usain,

nazka...

nazkagarria.

Karlos Santisteban


Pasolini pintorea

Friulin, Pasoliniren amaren lurraldean, 192 obraren erakusketa antolatu du Pasoliniren laguna zen Giusseppe Zigainak —Teorema filmean agertzen den esku pintoreak—: Ia Pasoliniren marrazki guztiak eta koadro edo pintura batzu.

Pasolini pintorea. Zinegilea eta poeta ere bai. Nor da Pasolini pintorea? Teknikatik aparte, "metier" eta pintaeratik aparte ere, pintura beretzat, zinea bezala, prozesu narratibo bat zen. Pasolini, gizon sakona izan zenak, irudia aukeratu zuen espresabide bezala. "Irudiak dituen posibilitate dialogikotan (biren arteko solastatzeko posibilitatean) oinarrituriko lengoaia bat" dela dio Pedro Fiorik. Komunikatzea, irudien bidez. Bere pinturak eta marrazkiak ez ziren sortu espontaneoki. Prozesu ezezaguna baina luzea zuketen. Bolonian, bere sorlekuan, Roberto Longhi irakaslearekin, Masolino eta Masaccio errenazimenduko pintoreak ezagutu zituen. Irakasle ospetsu honek haztarna sakona utzi zuen Pasoliniren sentsibilitatean: dizdirapen figuratiboa berari zor diola esan zuen eta 1962an "Mamma Roma" filmaren "scenegitura" dedikatu zion. Gaztaroan hasi zen, ba, pintatzen eta marrazkitzen. Marrazkiak ikusterakoan esan zitekeen pintore instintiboa eta grinatsua zela, espontaneoa; baina ezagutzen zituen baita ere "teknika, prozedimentua, pintorearen ikuspegia". De Michelik dioen bezala. Ezagumen hori "Gramsciren errautsak" liburuan ikus dezakegu Picassori eskeinitako poeman:

Lehenengo ehuna, azal biziduna

eta arrosatua, arabesko ernetsu batean

ia artisaua, lurrez eta su ezkutatuez

pintatua: gerlaurrean

zaharren ispiritua oraindik freskoa

iskanbila eta jaia nahastatzen ditu

pentsaeraren zer aparta

eta teknikaren funtsa.

Bere lehenengo marrazkiak eta poema batzu Boloniako "Il Tamize" aldizkarian agertu ziren, 1942an, hots, hogeita bi urte zituela. Obra injenuoak dira teknika zauli eta espontaneo batez eginak: mutil gazte bilutsiak kainaberaditan jolasten, pertsonaiak kitarra jotzen, Casarna delako bere amaren herriko baserritarren erretratuak, bere amarenak ere bai e.a. Gerla mundiala zela eta gelditu egin zuen bere obra. Oinazez jasan zuen gertaera izugarri hori. Bere lagunei bidalitako eskutitzetan ikusten da Pasoliniren sufrimendu sakona:

"Bakarrik nabil bideetatik, eta ibili eta ibili egiten dut, Friuli huts eta amaigabe hontan. Tiro usaina du denak, goragalea sortzen du orok, pentsatzen baldin baduzu tipo haiek lur honen gainean kaka egiten dutela. Listukatu nahi nuke lur honen gainean, lur lantzoi hau, oraindik hosto berdeak eta lore horiak eta urdintsuak eta haltzen gainean ernamuinak sorrerazten dituelako. Eta listukatu nahi nuke, baita ere, italiar hauengan, kristau hauengan, "casarsesi" hauengan. Tiro usaina du denak, eta oin usaina du guztiak. Zerk lotzen nau lur hontara? Ez zaitez beldur, Luciano, ni ere sobera usteldua nago neure burua kaka oso honi lotua ez sentitzeko".

Arima hutsik, bere sentikortasunak ezin du hainbeste krudeltasun pairatu.

Gerla bukatzerakoan, ostera hasi zen pintatzen eta marrazkitzen, gizonenganako fedez eta esperantzaz beterik. Bere ariman izandako zauriketak osatu ziren baina orbainak gelditu zitzaizkion. Igarotako oinaze sendimenduen mamuak aurpegira botatzen zizkion minaren oihuak. Garai horretan Zigaina pintorea ezagutu zuen eta biok batera hasi zuten ezkertiar militanzia. Italiatik zehar zinean, literaturan errealismoaren korrontea ari zen. Garai horretakoak dira: "autorritrato con la vecchia scarpa" (1946), "autorritrato col garofino in bocca" (1947), azken hau Van Gogh-en eragipenaren erakusle. Zigainak dioenez garai honetako obrak eta "tenperak" Pasolinik egindako obrarik interesgarrienak direla. Eta Pedro Fiorik hau dio: "Margoa gero eta dramatikoagoa bihurtzen da, deskribzioa ukatuz. Bere erreboltarien intuizioak dominatu egiten du teknika, honela teknika sentsibilizatuz. Irudia, bere sentimenduzko irakinotsen testimonio bat bihurtzen da. Berak beti pintatu du poeta baten gisara".

Pasolini beti mintzatu zen bere obrari buruz kutsadura prozesu baten ondorio bezala. Baina Fiorirentzat lengoiaren kutsadura da. "Keinu batekin egiten dut lan: keinu hori kutsadura da. Hots, irakurtzen baduzue ene liburuetako orrialderen bat ikusiko duzue kutsadura ekintza dominantea dela. Ni mundu burges batetik natorrelako eta, ez burgesa bakarrik, baina ene gazterian behintzat, mundu hortako toki errefinatuenetatik. Ni, idazle dekadenteen irakurlea, ene mundu hontara heldu naiz, idazten du Pasolini berak. Kutsadura, bada, Pasolinirentzat ekintza estilistiko gisakoa da, baina a bakarrik lengoaiaren kutsadura, Fiorik dioen bezala, bizitzarena ere bai.

Marrazkietan ikus dezakegun bezala, gizonak pairatzen dituen hainbat kutsadura agerrerazten dizkigu Pasolinik: gizonarengan denborak sortzen dituen orbainak, barrukoitasunean eta sentimendutan eta nola agertzen den itxura fisikoan. Pertsonaia torturatuak, itxaropengeak bere amodio ekintzetan ere. Bere autoerretratuak oso ikusgarriak dira alde hortatik. Autoerretratu atsekabeak: "autoerretratua sukarrez", edota beste erretratuetan: bere "amona hila", bere "ama gaisorik" eta abar.

Gizonaren miseria eta mingain osoa agertzen zaizkigu marrazki hoietan. Ez dira Pasoliniren autoerretratuak bakarrik edo bere amarenak e.a. gizadi osoarenak baizik. Gizonaren oinazea, gizonaren gaisotasuna, hori da Pasolinik so egiten duena, gaisoena bera balitz bezala. Berak bere oinazea —edozein gizonena dena— eta gizadi osoarena ere, gure begietara botatzen digu eta gizartearen erdian utzirik oihu bat bezala gure belarri gorretan: "Gaisoak ezin du, bere gizonarenganako sinpatia naturalarengatik bakarrik, hiri baten arnasari nahasketa ekarri baino" idazten du H. Michauxek. Hiriari deskontzertua ekarri zion, gizarteari, izpilu bezala, bere aurpegi zatarra erakusten ziolako. Horregatik hil zuen hiri honek Pasolini. Gizarte hiltzailea. Ez da aski bizitza espirituala egunero hiltzea, batzutan arnasa ere kentzen su. Marrazki sakon honetan gizonak munduari dion beldurra erakusten digu Pasolinik, eta bizitzaren eta heriotzaren larritasuna, izatearen angustia eta mina. Mundu honetarako Pasolinik minezko eta amodiozko begiak zituen. Begi horiek gizona begiratzean oihua eta zauribera bihurtzen zuten:

"Heriotzaren beste erresumako ateetan ez bada

ikusiko ez ditudan begiak

han erresuma hontan bezala

begiek denbora eskasa irauten dute

malkoek baino pixkat gehiago irauten dute

eta burlaz begiratzen gaituzte" (T. S. Eliott).

Trufaz eta dolorez Pasoliniren begiak gu begiratzen. Gizona beste gizonez eta kanpoko munduaz kutsatua. Gizonaren izaera sakona, bizitzaz zelatua, eraso izana, bera kontsumitzen zuen amodiozko sukarra, bizitzaren atsekabea, erakusten digu Pasolinik. Gizonak lur hontan egiten duen masakre eta odolezko akelarre guztien deihadarra eta kulpa. Gizon guztien kulpa hori, Pasolinirengan ezarria, bera gizon guztiak izaki. "Itsasoa baino indartsuagoa da ene oinazea" dio irlandar Erdiaroko poeta izengabeak. Baina Pasolinik, oinazea jasan arren, beti ukan zuen gizonarenganako esperantza zabal bat, gizabanakoarenganako amodio eta fedea. Hiperionek dioen bezala: "Bera, bere etxetik, gizonen basakeriaz eta patuaz egotzia, arrotz artean haurtzarotik bizitzen, atsekabez eta piztitasunez beterik eta dena dela bere bihotzeko sakontasunean, maitasunez beterik".

Gizona maitatzen hainbeste suntsidura eta hondamen artean, bere baitan gizonaren kulpa osoa kargatzen, bizitzaren xoxokeriak erakusten dizkigu; hutsunea, izua eta beldurra. Posible ote da pizkundea?

Baina dena dela Pasolini gizonarenganako maitasunez betea zegoen. Zinezkotasunez betea. Intelektual bezala, berak gizonarenganako egin zuen hurbilketa bat bere ekintzetan, bere obra osoan eta marrazkietan ere bai, baina ez beste intelektualek bezala, gizonaren barruko sufrimendu eta itzaletatik zehar baizik.

Berak nahi zuena hau da: Gizonaren izate egiazkoaren aurrean etzan eta bere dizdirapen beltzez bere arima deuseztatzea, haren kontenplazioarengatik.

Friulin egindako erakusketak, bada, Pasoliniren obra osotu eta bere zentzua hobeto ezagutzen laguntzen digu. Badakigunez, "Saló" filma egin eta gero hil zuten gure Pasolini, gizon bizikorra zelako, munduaren baitan eta gizonengan amodioz beterik zegoelako. Baita ere fazismoaren aurkakoa zelako, eta ez zen izan bakarrikan fazismoaren kontrako, baina gaur egun zabaltzen ari den fazismo egunerokoaren aurkakoa ere. Filme horren azkenengo planoa: militar fazista bi dantzan ari dira, baina beste militar gazteen eta beren biktimen mota berdinekoak dira. Batak besteari galdetzen dio: "Zein da zure emaztegaiaren izena?" Margarita, erantzuten dio besteak, eta kanpoan masakrea, torturak eta suplizioak jarraitzen dira.

Hil ziguten bai eta Castanedaren Don Juanek maitatzen zuen J. R. Jimenezek egindako poema izan zen Pasoliniren azkeneko pentsamendua: "Eta ni joanen naiz eta geldituko dira xoriak kantatzen..." Pasolini joan zen baina xoriek ez dute oraindino kantarik mokoetan. Edo agian bai eta hor dago Pasolinik erakusten digun egoera. Gizona xori kantaria da baina, lur latz honetan, kantari mutua.

"Ni banoa. Oi oroitzapenak! Nire gizon librearen pausoez, triburik gabe, hordarik gabe, hondarraren kantuen artean eta, bekoki bilutsiarekin, fosforozko erlez apaindurik, altzairuzko zeru berde zabalaren azpian, itsasoaren hondo batetik bezala, eta ene Sibilas herriari, sineskaitzen ene herriari xistu jotzen, ametsetan hainbeste izaki ikustezinen artean, laztandu egiten dut eskuaz ene Europa zakurremea zuria izan zena, eta ni baino gehiago poeta".

Jon Sendagorta


Gaiak. Literatura

Zakil batez gogoetaka

Bai, bai... T. Trifol politikari famatua, Anaitasunaren erredakzioan daukagun pertsonarik serioena, ez zaigu beti hain serio agertu. Monzonen argia jaso baino lehen, pornografia zen bere zaletasunik handiena, eta gure aldizkari zintzo honetan ere nahi zuen bekatua sartu. Nire lagun bati hau kontatzen ari nintzaiola, eta bera ere bekatari amorratua denez gero, ideia gustatu zitzaion eta ondoko foto hau eman zidan argitaratzeko, "hemen duzu argazkia, hitzak besterik ez zaizkizu falta", eta hemen nauzue. Ba dira bi hilabete irudi hau nire eskuetan daukadala, baina gaur arte... ezin!

Begira eta begira, baina zer ikusten dut? zakil bat eta bi arraultze. Baina zakil hori, norena ote da?

Ezin zaitut zure jabearengandik bereiztu. Zeurez ez dizut balorerik aurkitzen... Ez dakit polita ala itsusia zaren, baina lasai zaudela ikusten da eta hori gustatzen zait. Tente egongo bazina ez nintzateke gustora sentituko. Zutik jartzen zaretenean gudarako prest zaudetela dirudi eta normalki zuen suak itzaltzeko putzu, laku edo itsaso baten beharra izaten duzue... eta niri horrelako bat daukadanez beldurra sartzen zait. Agian zu ez zara horrelako lapurketetan ibiltzen, baina zure antzeko bat baino gehiago etorri zaizkigu asmo horiekin eta benetan ez dela atsegina.

Baina zu lasai zaude, gainera zure buruari ez diozu garrantzi handirik ematen, nahiko apal ikusten zaitut, ttikia, pottoloa eta oilo batek jarritako bi arraultzekin fotoan ateratzeko prest egon zara! Zakil harro batek ez luke inoiz horrelakorik egingo.

Hala eta guztiz ere ez zaitut maite. Ez zintuket ikutuko, ez nizuke musurik emango, ez zatzaizkit gustatzen. Zer dago zure atzean? Mutur zorrotz hori handitu egiten da eraztunera heldu arte, atseden bat hartu eta indartsuago gorantz, hor ile kixkur beltza eta besterik ez da ikusten, baina seguraski sabela egongo da zilbor eta guzti, gero gerria, bularra, lepoa, burua, nor zara? ez zaitut ezagutzen.

Beno zakiltxo, zurekin batera bizi den buru horrek ez dakit zer daukan barruan, zu bera baino lehen ezagutu zaitut eta normalki alderantziz gertatzen da.

Alderantziz gertatzen denean, batzuetan penagarria izaten da. Hain goxoa dena baina zakilaren tentetasuna irauten duen bitartean bakarrik, gero "agur, ez zaitut gehiago behar". Gauez emandako musuak, eguzkiaren argipean jarraipenik ez duten laztanak, alkoholak ateratako hitz hutsak... Bekatua! bekatu beltza! zakilaren hazkura nahi zenuen lasaitu baina ez duzu nire uretan bainatu, ez zen ona izan zuretzat eta nik berriz baietz uste nuen. Burmuinean nituen olatuak ez ziren beheraino iritsi egun hartan. Zuregan damua sumatu dut, zure begiradak ihes egiten dit. Ni ez naiz damutu, bekatua ez baita bekatu niretzat.

Alderantziz gertatzen denean pozgarria izaten da batzuetan. Zure izakera asko gustatu zitzaidan, dadukazun sensibilitate arraro hori, gauza ttikienetan adierazten duzu, benetan ederra. Behar bada gazteegia zarelako ez zaitu gure belaunaldiko gaixotasun mistiko-politikoak kutsatu edo eta horren aurka jokatzeko harmak garaiz hartu dituzu. Zure gorputzarekin harremanak baketsuak izan ziren, gero eta erotikoagoak. Olatuak biziak izaten dira, gorputzean gora, gorputzean behera, gauerdian edo eguerdian, bakarrik, jendea inguruan, berdin da. Ez dago bekaturik, ez loturarik ez eta ere lotsarik. Zure zakila lehen ez zitzaidan gustatzen, orain maite dut. Hibaia eta itsasoa, biok elkartzen diren tokian, hor gaude gu. Gazia eta gozoa, umeltasun xamurra. Bere tentetzea ez da gudaria, laztanak nahi ditu eta hori da berak dadukan eskatzeko modua. Laztantzen dut, gustatzen zaio, hitz goxoak esaten dizkiot, pozten da eta pozaren pozez urtzen da. Oi zakili! Non dago zure tentetasuna? Bustia, potoloa, xeratsua, ikusten duzu maite? Polita da.

Urteak dira elkarrekin gaudela. Ez dugu elkar guztiz ezagutzen, ez ezagutuko ere. Nork bere bere aldaketak ematen ditu eta bide desberdinetatik jo dugu. Beti daukagu zer edo zer berri besteari eskaintzeko eta bestearengandik hartzeko.

Baina, ba aldago zirkilurik guregan? Burutik pasatzen zaigun guztia elkarri esateko ez dugu inongo oztoporik. Halaber, gure gorputzeko txoko eskutuenak ere ateak zabalik ditu bestearentzat. Zenbat denbora pasatzen dugu elkarri begira? Beti berria balitz bezala. Konturatzen zara? zure ileak nireak baino kixkurragoak dira eta beltzagoak... nire ezpainak zure zakilaren punta baino ilunagoak dira. Zure poltroak eguzkia ondo hartu dutela dirudi, nire botoitxua nigarrez hasi da, titi andereñoek asko maite dute zure zakil ponpoxoa eta nik ere bai. Nire ttikitxua, zergatik bizkortzen zara horrela muxu ematen dizudanean?

Anbotoko Andere Modernoa


Gaiak. Politika

Masak ala eliteak? (VI)

Gizarte berriaren ekonomi aurrerapenak, zeregin sozial eta politikoen konponbidea eskatzen du. Demokrazia sozialistak, bere lehen fasean, masak Estatuaren zuzendaritzara eransteko eta botere organuetan, nahiz politikazko, nahiz ekonomi, nahiz eta sozial erakunde ezberdinetan beraien ekintza handitzera laguntzen du. Gaurkotasunezko ekonomi, politikazko eta kultur arazoak: estatar egitamuen kontrol zifrak, lege berriak, neurri berrien projektuak... etab. herriaren eztabaidatze sakon batetara prestatzen dira. Leninek idazten zuen: "Gero eta langile milioi gehiagok ikasi behar du Estatu arazoen zuzendaritzaren artea. Eta sovietak, dena abarkatzen duen botere herritar erakundea izanik, gizartearen gobernuarekiko masen partehartze zuzena segurtatzen dute". Masen indar sortzaileetan fede sakonarekin, Leninek, marxistak ez zirela utopistak zioen eta ba dakitela jakin, peoi edo sukaldari bat Estatu arazoak zuzentzeko gai ez direla berehala. Baina, aberatsek soil-soilik administra dezaketela Estatua dioen prejudizio nardagarri horrekin berehala apurtzea exigitzen zuen. Langileek, "praktikan herria gobernatzen ikasi, burjeseriaren monopolio zen guztia ikasi" behar zutela zioen. Estatar gestioarekiko langileen eranste dezisiboak (estatar gestioaz hitz egin behar dut, oraindik ezein lurraldetan ez baita fase honetatik irten), bokantzoski frogatu du burjeseria gabe eta burjes funtzionariak baino hobeto gobernatzeko gai direla. Alderditar eta Estatar zuzendaritzaren hastapenik funtsezkoenetariko bat eta lan egiteko era leninistaren ezaugarririk bereizienetako bat, masetan bermatzea eta medio ahalgarri guztiekin beraien ekintza bultzatzea da.

Sozialismoa eta masen eginkizuna

Era berean, gobernamolde sozialistan izugarriro goratu da kultura izpiritualaren sorketan masek duten papera. Ideiologo atzerakoiek, langileei sorketa ahalmen baten izatea ukatzen dietenean, masek kulturaren aurrerapenean jokatzen duten papera lotsagabekiro itxuragabetzen dute. Masak dira histonaren hasieratik, gaur diren zientzia eta arte ezberdinei jaiotza eta aurrerapena eman dietenak. Horrekin, sorketa herritarra izan da artearen nazional formaren eta herri bakoitzeko zientzia eta literaturaren iturburu. Masa herritarrak dira lurraren, landareen, abereen eta azken batetan, elementuen propietateak aurkitzen hasi zirenak. Masa berberak dira nekazaritza, arrantza, ihiza, abereen hezitze eta abarretarako metodoak aurreratu eta aldaraziko zituztenak.

Honekin ez ditut gutietsi nahi elementuen propietate berriak aurkitu eta sorkari berriak asmatuko dituzten ondoko jeinu eta zientzigizonak, baina, azken batetan, guzti hori herritar masek egindako aurkikundeen fruitu bezala dator. Era berean, eskulangintza, arte aplikatuak eta arkitektura herritarrak, ondoko artista eta arkitektuen sorketarako oinarri izan ziren. Letrak, gaurregun sektore eskolatuen pribilegio, historiaren hasieran izaniko lehen aurrerapenaren produktu dira. Olerki epiko, ipuin, tradizio, esaera eta abestiek idazle eta olerkari profesionalentzat oinarri gisan zerbitzatu zuten. Aintzina, letrak, herriak erabiltzen zituen soilik. Kulturaren, zientzien eta arteen kimu guztiak, herriaren, masen fruitu dira, gero dominatzaile klaseen jabego esklusibo izatera iraganak, dena bereganatu ahal izan baitute. Lan intelektual eta fisikoen arteko kontrastearen likidapena, eskolatze herritarraren irispide handia, langileen teknikazko eta kultur mailaren gorakada eskerga, zientziaren produkzioarekiko lotura, arrazionalizapen mugimenduan masen partehartze zabala, irakaskuntza eta lan produktiboaren konbinaketa eta arte alorrean masen ekintza sortzailearen gehikuntzak osatzen dituzte zientzia herriarekin lotzen eta beraren kultura maila altxatzen duten lokarri sendoak. Sozialismoak suposatzen dituen abantailetarik bat, gizarteak duen emaririk hoberenaren, bere gizonen talentua, xahutzeari amaiera jartzean datza. Sozialismoak estamentar, politikazko eta ekonomi pribilegioak ezabatzen ditu, horrela giza fakultateen erabilera arrazional eta aurrerakuntza oso batetarako baldintzak sortuz. Honek, berez, aurrerapena bortizki arintzen du bizitza sozialaren sektore guztietan. Eta berdintsu, herriaren kultur gorapenak bere sortzaile gaitasunaren hazkundea darama.

Honekin, sozialismoak sozial ekintzaren esfera orotariko herriaren partehartze puntako batetarako oinarri egokiak sortzen ditu.

Bera, ondoriozta dezakegu, historian masek jokaturiko paperaren ondorio bezala, bizitza politiko, ekonomiko eta sozialean herritar masa zabalen bat-bateko sarrera ez dela fenomeno berri bat, baizik eta oso aintzinakoa; baina, egite hau ez da inoiz gaur bezain definitorio eta mundua aldarazten duten gertakizunen sorterazle izan. Gure mendea, historiaren protagonista bilakaturiko jendetza eskergen altxamendu honen lekuko da.

Iraganeko historialariek sozial bilakaeraren kausa, masek mantsoki jarraitzen zituzten gizon ohoretsuen, errege, enperadore, elizgizon, estatista eta militar jeinu eta talentuan ikusten bazuten, gaur ostera, masa berberak dira garbiki lehen planuan agertzen direnak, mundua hunkitzen duten gertakizunak diktatu eta bultzatzen.

Errealitate hau, jakina, boterea gorde nahi dutenen idatzi eta teorietan estalita dago, masen ekintza beti iraultzailea izan baita. Elite eta aristokrazien, pribilegioen eta beraien nagusigoaren defentsa, ez bakarrik antiherritar, baizik eta kontserbatzaile eta atzerakoi ere dira.

Galtzagorri


Gaiak. Zientzia

Gas-zentrifuga

Euskal Herrian ba dugu egun, gai bat baino gehiago, segidan bero-bero jartzen gaituena. Horietako bat energia nuklearra dugu. Hitz hori entzun, eta eztabaida segurua da. Baina "nuklear" entzun bezain laister, zentraletaz pentsatzen dugu. Eta zentraleak bakarrik ez dute uranioaren ziklo osoa osatzen. Energia nuklearrak beharrezkoa du azpiegitura bat, sarritan ahaztu egiten dena. Gaur, hain zuzen, azpiegitura honen zati bati buruz hitz egingo dugu.

Zentrale hauek funtziona dezaten, erregai bat behar dute, noski. Baina erregai hau ez da Naturan guk behar dugun eran aurkitzen. Hau dela eta, mea purifikatu beharrean aurkitzen gara.

Duela gutxi, Carter-ek, harma nuklearrak ugal ez daitezen, besteak plutonioz ez hornitzea erabaki du, honetarako erreaktore birsortzailearen projektua gelditu behar badu ere. Honen arrazoia, beraren funtzionamenduan datza: erreaktore hauek, funtzionatzean, plutonioa produzitzen dute. Bigarren erabakia, hauxe izan da: agindu berrirarte, gastatutako erregai nuklearraren birprozesamendua galeraztea, zeren eta hondar hauek ere plutonio baitaramate beste produktu askoren artean.

Politika honen ondorioz, beraz, garbi dago: uranio aberastuaren produkzioa ugaldu egin beharko da Estatu Batuetan, kanpoan funtzionatzen duten zentraleak erregairik izan dezaten.

Honek, zenbakitara pasatuz, 10.000 tonelada uranio urtero aberastu beharra adierazten du, orain arte aberasten denaz aparte. Beraz, Estatu Batuek beren aberaste-ahalmena 30 % batetan ugaldu beharko dute. Hau dela eta, orain arte erabilitako metodoak (difusio gaseosoak) ikaragarrizko energia elektrikoaren kantitatea gastatzen zuenez gero (2 zentrale nuklear handi behar dira honelako zentru batek behar duen energia sortzeko), beste metodo batez egitea pentsatu da: gas-zentrifugaren bidez, alegia. Metodo hau energia nuklearra asmatu zen denborakoa da. Baina orduan, teknologia behar zen hainbat aurreratu gabe zegoelako, baztertu egin zen. Gaur, aldiz, problema hau gaindituta dago, eta metodo honen energi kontsumoa bestearen 4 % bakarrik izanik, egungo azpiegitura elektrikoarekin hau da, honetarako zentrale berririk eraiki gabe, honen energi beharrak lasai bete daitezke.

Baina, zertan datza metodo hau? Ba dakigu, uranioa bi isotopoz osatuta dagoela nagusiki: uranio-235 (guztiaren 0,71 %) eta uranio-238 (99,29 %). Uranio 235 dugu, Naturan daukagun isotopo fisionagarri bakarra. Uranio 238, ugariena, ez da fisionagarria. Bi isotopoen masak desberdinak izan arren, diferentzia oso txikia da, 238ak hiru neutroi gehiago baititu soilik. Masen diferentzia honetan oinarritzen dira bi metodoak. Difusio gaseosoan, gasa (Uranio 235 eta 238) barrera porotsu baten zehar pasatzen da. 235 isotopoa bestea baino azkarrago pasatzen denez gero, gasa poliki poliki uranio 235ean aberastuz doa. Zentrifuga batetan, aldiz, gasa kamara batetan bira erazten da. 238 uranioa bestea baino piska bat astunagoa izanik, paretara hurbiltzen da, kamararen barne aldea 235 uranioak betez. Honela, gas-zentrifuga batetik bestera pasatuz, aberastuz doa. Metodo hau lehenengo aldiz 1940.ean erabili zen, baina bere bira-abiadura hain handia izanik (100.000 bira minutuko gutxi gorabehera) segidan hondatzen ziren. Bestalde, bertan erabiltzen den gasa U238F eta U235F gasen nahaste bat da, eta gas honek errodamendu guztiak txikitzen zituen. Egungo zentrifugetan errodamenduak magnetikoak dira.

Europako hiru estatuk, Ingalaterra, Holanda eta Alemaniak hain zuzen, elkarte bat sortu dute metodo hau beren aldetik aztertu eta biharko egunean energi iturri propio bat izateko. Elkarte honen izena URENCO dugu. Jadanik zentrifuga bat diseinatu dute, eta hemen emango ditugun datuak bereak dira, amerikanoek ez baitute orain arte ezertxo ere esan. Zentrifuga honen abiadura tangentziala 400 m/s da. Erabiltzen den gasaren kondentsazio-presioa oso baxua denez gero (... kg/cm2) zentrifuga barneko gas-bolumena ezin daiteke handia izan. URENCOren makinan 100 miligramo gas sartzen da segunduko.

Zentrifugak aldentze-unitatean kalkulatzen dira. URENCOren zentrifugek dirudienez, aldentze-potentzia 2 eta 20 artekoa dute urteko.

Beraz, 9 milioi aldentze-unitate urteko lortzeko ahalmena duen zentrale bat eraikitzeko, 500.000 5.000.000 zentrifuga artean beharko dira.

Energia Atomikoaren komisioko presidente izandakoak esan duenez, amerikarren zentrifugak europarrenak baino 10 aldiz boteretsuagoak dira. Halaz ere, Ameriketan 50.000 5.000.000 zentrifuga muntatu beharko lirateke, barneko eta kanpoko erregai-kontsumoa berdindu nahi bada. Eta noski, horrelako etorkizunak fabrika bat baino gehiago alaitu du, zentrifugen produkzioa epe motz batetan industria potente bat bilakatuko baita.

J. J. Elhuyar

aldentze-unitate unidad de separación

azpiegitura infraestructura

biprozesamendua reprocesado

difusio gaseoso difusión gaseosa

erreaktore birsortzaile reactor regenerador

erregai combustible

kondentsatze-presioa presión de condensación

nahaste mezcla

uranio aberastu uranio enriquecido

gas-zentrifuga centrífuga de gas


Gizaki [Komikia]

G.V.L.


Lauburugintza

Guztion hezieran dagoen izugarrizko hutsunea betetzera natorkizue. Dena dela, oraingo artikulua ez dateke ANAITASUNAren edozein irakurlerentzat, ez eta guttiagorik ere. Seguraski, alderdi politiko berri bat (edo eta zaharren elkarte bat) eratu nahi duenari baino ez zaio interesgarri gertatuko.

Non ote dago, ba, koska? Hara! Alderdia antolatzerakoan, sinbolo egokia aukeratu behar omen da (nik neuk ez dakit deusik horri buruz, baina, guztiek egin ohi dutela ikusiz gero, horrela dirudi). Alderdia guztiz "gorria" baldin bada, bost puntatako izarra hauta daiteke, eta kitto! Txikitan, horrelako irudia egiten guztioi irakatsi zigutenez gero, gure egileak ez bide du oztoporik batere aurkituko horretarako. Baina, baldin alderdia abertzalea zein foruzalea izatea nahi badu, eta sinbolotzat lauburua aukeratua badu, problema batekin egingo du topo, zeren, nori irakatsi ote zioten lauburua marrazten? Neroni ez, bederen; beharbada, orain, ikastoletan edo... Aditu batengana jo daiteke, jakina, baina, hasieran, zein alderdik du horrenbeste diru, eskuindarrek izan ezik. Hori dela eta, hementxe diotsat antolatzaile gizagaixoari, oso lauburu polit eta lerdena nola lor, eta, gainera, dohainik. Ez dago zergatik!

Baina goazen harira. Hona hemen "errezeta":

- Har bitez elkarren perpendikularrak diren bi zuzen.

- Aukera bedi luzera bat. Demagun L dela.

- Ditugun lau zuzenerdietariko bakoitzean, har bitez lau puntu A, B, D eta E, OA = AB = BD = DE = L direlarik.

- Zuzenerdietan, marraz bitez L erradiotako bi zirkunferentzierdi, OB eta BE hain zuzen ere, zentruak A eta D direlarik.

- Har bedi 2L erradioa eta B zentrua duen OE zirkunferentzierdia marraz bedi.

- Ezaba bitez bi zuzenak.

Gauzak argiago ikusteko, lehen irudiari begira dakioke. Ongi geratzen da, ez da?

Oraindik aipatu ez dudan beste irtenbide bat dago. Ekialde Urruneko bi YING-YAN harturik, bakoitza bitan zatituz lor daiteke lauburu berbera. Ikus bigarren irudia. Guztiok ezagutzen dugun egileak hau jakin izan balu "Punto y Hora" aldizkarian argitaraziko zukeen, lauburuaren egiazko interpretapen gisan, hermetismoaren ikuspuntutik begiraturik, behintzat.

Bestaldetik, ba dakigu jakin, hain irudi erregularrean hainbat erlazio geometriko aurki daitekeela, "Scientific American" famatuan Martin Gadner-ek hilero idazten dituen artikulu pare bat betetzeko bezainbeste. Baina bego horrela, oraingoz.

OHARRA: Gure antolatzaileak, bestelako laubururen bat nahiago baldin badu, erraz alda dezake hemen erakutsitako errezeta, zeren hori egiten ez baleki, nola demontre izango bailitzateke alderdia antolatzeko gai? Nolanahi ere, hirugarren irudian ageri da beste posibilitate bat.

J. M. Agirre


Sukalderako saltsak

Antxobak gaziduran (salazoian)

Jende askori gustatzen zaion janaria dugu hauxe. Hala ere, kostakoak ez garenontzat, ba dirudi latetakoa beti erosi eta jan behar dugula. "Salazoia" edonork egin dezake etxean. Prozedura luzea da. Baina luzea bezain sinplea ere da. Maiatzean hasita, urriaren erdian has daitezke jaten. Salazoia zeuk eginez gero onen eta gozoena zein den frogatuegi geratuko zaizu.

Beharko dituzunok: 10 edo 20 kg antxoba lodi (guttienez). Gatz ugari, lata pote handi bat, lataren neurri berdineko ola batzu (1).

Enpakatzeko modua

Has zaitez honela:

Garbi itzazu antxobak, burua eta tripak kenduta. Tripak buruekin batera atera beharko dituzu arraina apur ez dadin. 10 (20) kiloko lata bateko beheari bota iezaiozu gatza, behe osoa estaliz. Antxoak, elkarren ondoan, ezker eskubi ipinita, enpakatzen dira. Buru partea kanporantz eta buztana barrurantz. Lerroa eginda, gatza berriro botatzen zaie, pixkat estali arte. Lehen lerroa bete duzunean, egiozu latari bira erdia (buelta erdi bat) (2), antxobak zentzu berdinean gera ez daitezen.

Jarrai modu honetara bukatu arte: Lerroa enpaka ezazu; gatzez estal eta latari bira eginez has zaitez berriro berdin.

Lata betetakoan, gainari gatz geruza (3) lodi bat ipintzen zaio eta haren neurriko olatxo biribil batekin estaltzen da. Lehenik, olatxo batekin aski duzu. Geroago, denbora pasata, antxobak beherantzka hasiko zaizkizu. Orduantxe olatxo gehiago ipini beharko dituzu. Ola horiek lata gainaren parean beti egon behar dira.

Gatza urtzen hasten denean salda ilun bat ateratzen du gazidurak. Orduantxe gaineko geruza garbitu beharko duzu, ur lohiak kenduz eta gatz berria botatuz; behar duten beste ola jarrita.

Gogora zaitez, olek beti lataren gainetik gorantz geratu behar dute.

Lau edo bost hilabete behar du salazoiak ongi egin dezan. Bitarte horretan beraz, gaineko geruza garbi ezazu noizean behinka, urak kenduz eta gatz berria botatuz. Ez iku antxobak ezertarako ere! Gaina bakarrik garbitu behar da.

Lau hilabete edo iraganda, dasta ezazu antxoba bat eta ikusiko duzu eginik dauden ala ez.

Prestatzeko modua

Artazi (guraize)-ekin buztana eta tripa hegatsak ken itzazu. Behar ez duzun trapu zahar batekin gaineko zuritasun guztia ken. Trapua (4) latza bada, hobe, errazago ateratzen baitzaio azala. Pasa gainetik trapua, azala kendu arte.

Lan hau eginda, antxoba nahiko zikina geratzen da. Ur pixka batekin garbi daiteke. Ez erabil ur askorik!

Antxobak garbituta (azala kenduta), barruko hezurra kentzen da, antxoba bi ataletan geratuz. Ipin itzazu zati guztiak lerroka oihal zuri eta siku baten gainean. Ez ipin zatiak elkarren gainean baizik eta elkarren ondoan.

Oihala baterik, biraka, zulo baten antzera hitxi behar duzu, kolpe batzu gainean emanda, ahal denik eta sikuen uzteko.

Hau guztiau eginda, edonolako potutan sartuko dituzue oliotzan. Olibolioa hoberena da.

Bost hilabete iraun duena ez ezazu jan bost egunetan, iturri guztiak ez lirateke soberan egongo.

On Egin

1. Zurezko oholak. Ola=ohola.

2. Tour.

3. Capa, couche.

4. Chiffon.


Botua zer ordutan eta nori eman zaion jakiteko metodoa

Hauteskundeak atzean geratu dira, baina oraindik ere interesgarri gerta daiteke jolas hau. Izatez ume denboran gutariko askok "pentsatzen den numeroa" asmatzeko sarri egin dugun jolasaren bariante bat baino ez da. Ikus dezagun, ba, jolasa.

Lagun batekin zaudela, zera diotsazu:

— Baietz asma, zein ordutan botatu duzun!

— Ezetz.

— Tira! Galdera batzu eginen dizkizut. Zintzoki eta zuzenki erantzuten baduzu, nik zein ordutan botatu duzun asmatuko dut.

— Ea, ba!

— Pentsa ezazu, zein ordutan izan zen. Baina ordu osoa hartu behar duzu. Adibidez, hamabiak eta hogei izan baziren, hamabi (12) zenbakia hartu behar duzu kontutan.

— Ongi da! Pentsatua dut.

— Biderka ezazu zenbaki hori bi (2) zenbakiaz.

— Bale! Egina da.

— Emaitzari gehi iezaiozu bost (5).

— Hori ere egina da.

— Orain biderka ezazu emaitza bost (5) zenbakiaz.

— Ongi da. Prest dago.

— Orain hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi eta koalizioen zerrenda bat emango dizut, bakoitza zenbaki batez numeratua. Adibidez, hauxe: 1, PNV; 2, HB; 3, EE; 4, PSOE; 5, UCD; 6, PCE; 7, LKI; 8, EMK-OIC; 9, ORT-PTE. Pentsa ezazu zein talderi eman zenion botua. Talde horri dagokion zenbakia, lehendik daukazun zenbakiari gehituko diozu.

— Egina dut batuketa.

— Azkenik, lorturiko emaitzari hogeitabost (25) kenduko diozu. Egina duzu?

— Bai.

— Esango al didazu zenbat lortu duzun?

— Bai, noski. Berrogeitazazpi (47).

— Ba, zuk lauretan botatu zenuen eta LKI-ri eman zenion botua.

— E? Nola jakin duzu?

— Oso erraza da, mutil. Begira. Demagun, botua eman duzuneko ordua N dela eta alderdiari dagokion zenbakia A dela. Egin dizkizudan galderak aztertzen badituzu, ondoko eragiteak egin dituzula konturatuko zara:

(2N + 5)5 + A - 25

Eta kalkuluak erraztuz, hauxe geratzen zaizu:

10N + 25 + A - 25 = 10N + A

Hau da, hamarrekoen unitateak ordua adierazten dizu eta unitate sinpleak, alderdia.

— Ulertzen dut. 112 ateraz gero, hamaiketan eta Herri Batasunari (2) botatu zaiola esan nahi du. 123 irtenez gero, hamabietan eta Euskadiko Ezkerrari (3);...

— Oso ongi! Gainera, tranpa txiki bat ere egin ahal diozu, zein talderi botatu dion esan nahi ez dizun adiskideari. Zein ordutan botatu duen baietz asma esan, eta horren atxakiarekin, jolasa onartzen badu, konturatu gabe esango dizu bere taldearen izena.

— A! Ba, ba dakit nori egin. Beharbada, pixka bat haserretuko zait, baina hor konpon!

J. R. Bilbao


Gaiak. Gramatika

Euskararen komodinak (eta 2)

Aurreko artikulu batetan eta izenburu berberarekin, "euskararen komodinak" zer diren definitu nuen eta bai horrelakoen zerrenda bat eman ere. Oraingo artikulu honetan, osotu eginen dut zerbait zerrenda hori. Eta txanda batez gai honekin bukatzeko, horrelako komodin batzuren erabilerari buruzko ohar batzu eginen ditut.

Has gaitezen, ba, zerrenda osotuz. Aurreko eguneko numerazioari jarraiki, honela gera daiteke:

9.- Atzetik datozen hitzak norberaren eritzi soila direla adierazteko erabiltzen diren komodinak:

 Ene ustez,

 Nire ustean,

 Nik uste,

 Ene eritziz,

 Nire eritzian,

 Uste dudanez,

Ikusten denez, esaldien hasieran jartzen ohi dira eta normalean koma bat jartzen da ostean.

10.- Aurretik esandako zerbaitetan —edo jakina den zerbaitetan— oinarrituz, arrazonamendu bat egiten hasi nahi denean, era honetako sarrerak erabil daitezke:

 Dakigunez,

 Dakigun bezala,

 Esan bezala,

 Esan den legez,

 Esan denez,

 Ikusten denez,

 Ezaguna denez,

 Jakina dugunez,

Hauk ere esaldien hasieran jartzen dira gehienetan, eta ondoren koma dator ia beti.

11.- Segurtasun osoa ez dagoenean erabiltzen diren komodinak. Bi multzotan bana ditzakegu.

11.a.- Esaldi artean erabiltzen direnak:

 segur asko (zihur asko)

 agian

 beharbada

 nonbait

 seguruen

11.b.- Aditzarekin batera eta aditzari zuzenki loturik:

 bide (egin bide du)

 omen (esan omen dute)

 ei (ekarri ei duzu)

12.- Lehentxoago eginiko galdera baten erantzuna eman aurretik erabiltzekoak:

 Hara

 Begira

13.- Eztabaidak puntu batetara eraman ondoren, abiapuntua aldatzeko erabiltzen diren komodinak. Bakarrik doaz esaldian gehienetan

 Tira

 Beno

 Tira-tira,

 Ea

14.- Exklamazioak eta harridurazko hitzak

 Gaitzerdi!

 Bo!

 Arraioa!

 Arranopola!

 Halafede!

 Halajaina!

 Halajainko!

15.- Etcetera ideia adieraztekoak

 eta abar

 eta beste

Komodinei buruzko zenbait ohar

a) Halaber/ere formen erabilerari buruz zenbait nahaste sortzen dira idazleen artean, joskerari dagokionez batez ere. Bien erabileraren artean dagoen desberdintasuna ikusteko, adibide batzu jarriko ditugu:

 Hitz honek ba du, halaber, esangura hori.

 Hitz honek esangura hori ere ba du.

 Ba dakit, halaber, hori esanen didala.

 Hori esanen didala ere ba dakit.

Esaldien hasieran, bestalde, beti erabiltzen da halaber forma, eta sekula ez ere delakoa.

 Halaber, zerbait gertatzen denean, nirea omen da errua.

Bestalde, ere partikularekin eta bai (edo eta ez) formak ageri dira askotan, Honela prezeski:

 Hauxe esan digu eta bai gurekin ados ez dagoela ere.

Kasu honetan oso zabaldua dago, eta bai idatzi ordez, baita (ere) idazteko, Gauza berbera gertatzen da ezezkoetan ere, eta ez/ezta formekin.

 Esan duenez, ez du lan hau egingo eta ez biharko daukana ere.

b) Eta abar delako formak deklinazio-atzizkiak hartzen ditu. Horregatik, bere aurretik berekin batera dituen hitzak deklinaturik daudenean, abar hitza ere deklinatu egin behar da. Adibidez:

 Hainbeste lan egin du aldizkarietan, komunikabideetan eta abarretan.

Gauza berbera esan daiteke eta beste delakoari buruz. Bestalde, bi hauen kasuan idazle batzuk ohitura dute laburturik idazteko: etab. Dena den, honelako laburpenak irakurtzean, deklinazio-atzizkiak ere ahozkatu behar direla eduki behar da kontutan.

c) halegia, halafede, halabaina eta horrelakoak idaztean, bi joera ageri dira: Batzuk h batez idazten dituzte eta beste batzuk ezer gabe. Ez dakit, azkenean zer erabaki hartuko ote den horretaz.

d) Arazo honekin bukatzeko, ohar orokor bat egin nahi dut. Komodinei buruzko lehen artikuluan esaten nuen legez, egindako sailkapena guztiz behin-behinekoa da eta ezosoa gainera; zeuek osotzekoa. Edozertara ere, praktikoa izan daitekeela uste dut —horrela izatea gura nuke behintzat—, baina horretarako, erabilia izan beharko du. Dena den, ez dut dudarik, egiten forma hauk prosa arruntean erabiliz, asko erraztuko dela euskara idatzi estandarizatuaren irakurpena. Ez al duzue uste?

J. R. Etxebarria


Gurutzegrama

L. Trask


Ardibeltza [Bineta]

MONTI


Urrezko astabelarriak

Arratirantz, umorez

"Arratiko zekorra, txikerra baina gogorra"

Horrela dio esaera zaharrak, eta agian labur geratu da. Zekorrak ezeze, astoak ere galantak daude haran eder horretan. Eta astoekin batera —astoek barka nazatela konparazioagatik—, astabelarriak merezi dituzten zenbait euskaldun analfabetu ere.

Gainera, segur asko, astabelarriak soilik ez dituzte, zeren eta nahiko astapotro eta astazakil izan behar baita, orain agertzen dugun bezalako iragarkia egunkarian argitaratzeko. "Homo sapiens" hori ez bide da "euskaldun alfabetuz" familiakoa; segur asko, hurbilago egonen da "astapotrus galantus" familiatik. Edozela ere, bere kulturaren mailaren agerpen gisa, hor adierazten dizkigu sinonimo-bikoteak: igande/domeka eta azoka/merkatu. Bere sasijakintzaren adierazgarritzat jarriak, noski.

Esandakoa pixka bat biguntzeko, diogun ezen textu hori aurreko Udalaren izenean egina izan dela, eta nolabait euskaraz ere jartzeko ahalegina adierazten duela. Dena den, euskara idatziari errespetu handiagoa zor zaiola uste dut. Bestalde, oraingo hauteskundeekin Igorreko Udalean alfabetatze-kanpainetan ibilitako jendea zinegotzi bezala sartu denez, horrelakorik ez dela aurrerantzean gertatuko uste dugu. Bale, Albaro?

Bitartean, eta penitentzia eginen duelako esperantzaz, astabelarriez gainera, lastoa eta sekulabelarra bidaltzen diogu textu horren egileari, gosez hil ez dadin, zeren itzultzaile bezala ez duke etorkizun argirik. Errefrauak honela baitio: "Oiloari oloa eta astoari lastoa".

Ez horregatik!

R. Garai

***

IGORRE'KO UDALETXE

OARPEN

Udaletxe onek oarpen onen bitartes adiarozo ten deu bateste Arratia'rrari datorren otsaila'ren asita igande edo domekero, goizetan, azoka edo merkatua egongodala Goiko Plazan.

1979'ko urtarrila'k 29

ALKATE ORDESKOAK

AYUNTAMIENTO DE YURRE

ANUNCIO

Por medio del presente anuncio este Ayuntamiento hace saber, que a partir del primer domingo de febrero (día 4), comenzará a funcionar en la Plaza del Ayuntamiento un mercado de libre concurrencia, al cual se le dará una frecuencia semanal y en el que se prestará especial atención a los puestos de frutas y hortalizas.

Horario del mismo: Toda la mañana.

Yurre, 29 enero 1979

EL ALCALDE EN FUNCIONES