ANAITASUNA

IV URTEA - N.º 38

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Maiatza-Bagilla (5-6) 1957


Ekintza Katolikoa

Maiatzeko azkenengo domekan ospatu dogu Ekintza Katolikoaren Eguna.

Eleiza katolikoan azkenengo urteotan jazo dan gertakuntzarik aundiena, duda barik Ekintza Katolikoa da. Ori gorabeera, Ekintza Katolikoaren Egunak ez dau gure artean zarata aundirik atara.

Ezin leiteke ukatu Ekintza Katolikoaren importantzia. Ekintza Katolikoak zutunik jarri ditu lanerako mundu guztiko kristiñauak, eta lankide sutsuak emon deutsez eleizgizoneri euren apostoladu zeregiñetan.

Baiña zoritxarrez, leku guztietan ez dira izan ain ugariak Ekintza Katolikoaren frutuak. Euskaldunen artean beiñik bein, ez dau Ekintza Katolikoak indar aundirik artu, munduko katolikorik onenak gareala batzuk uste izanarren.

Zegaitik ori? Nire ustez, frakasu orren kausa printzipala, euskaldunen individualismoa da. Ez daukogu alkartasunezko zentzunik. Gure norberekeri onek ez deusku itxiten proximoaren onerako lan egiten. Bakotxa bere modura kompondu daitela": orixe izaten da gure betiko leloa. Ez dogu erantzunbearrik artu gura, geure geureak ez direan gauzetan. Bai erlegiñoan, bai osterantzeko gauzetan.

Euren barruko indar guztiak zabaltzeko eta influentzia soziala dauken obrak egiteko, euskaldunak Euskalerritik kampora urten bear izan dabe geienetan.

Gure santuak —San Iñazio, San Frantzisko Xabier— erbestean egin zirean. Gure jakitunak —Aita Frantzisko Vitoriakoak, Unamunok eta beste askok— erbestean lan egin eben. Gure gizon ospetsuak —Elkanok, Legazpik, Zumarragak— erbestean egin zituen euren egitada izugarriak.

Ekintza katolikoak, bere izenak diñoan lez, lan egin daiala eskatuten deutso kristiñauari, bere bakarkeriari itxi deiola, lagun urkoaren salvaziñoa bere gain artu daiala. Ekintza Katolikoaren dei onen aurrean, gutariko geienak entzungor egiten dogu, eta momentu baten be ez gara lotuten dei onen importantzia estudiatzen.

Eta gero, gure nagitasuna zurituteko eta gure individualismoa ostenduteko, tontakeri batzuk asmetan doguz: Ekintza Katolikoa au ta bestea dala, politikan sartzen dala, euskalzale ez dala, bere bandera buruan Espaiñiko ikurriña daroala, eta ez dakit nik zenbat kirtenkeri geiago.

Sasoia da, euskaldunok, lan positivua egiteko, gure aspaldiko norberekeria alde baten itxita. Ez daigun demporea galdu negativukerietan. Itzartu gaitezan gure nagitasunezko lozorrotik, eta lan egin daigun gogoz erlegiñoaren alde. Orretarako indar emon deiogun Ekintza Katolikoari, fronterarik ezagututen ez dituan mundu guztiko kristiñau movimentu miragarri oneri.

Berriatua


Gure erria

Bizitzailleak

LURRALDEAK.—Euskalerriko lurraldeak zazpi dira: Benaparroa, Lapurdi ta Zuberoa, Frantzian; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa ta Naparroa, Espaiñian.

URIAK.—Ona emen Euskalerriko uri ezagunenak:

Araban: Gazteiz (Vitoria), Laudio (Llodio), Amurrio.

Bizkaian: Bilbao, Bermeo, Gernika, Durango.

Gipuzkoan: Donostia, Tolosa, Eibar.

Naparroan: Iruña (Pamplona), Izarra (Estella), Tudela.

Benaparroan: Donibane Garazi (Saint-Jean-Pied-de-Port), Baigorri, Donapaleu (Saint-Palais).

Lapurdin: Baiona, Biarritz, Donibane Lohitzune (Saint-Jean-de-Luz).

Zuberoan: Maule (Mauleon), Atarratze (Tardets).

VERBETEA.—Euskerea da euskaldunen izkuntzea. Bera da Europako verbetarik zarrena. Griegoa ta latina baiño zarragoa. Euskerea guztiz ederra da. Munduko jakitun guztiak arrituta geratuten dira, gure izkuntzea ikasten dabenean.

Euskereak, beste izkuntza guztiak lez, kampoko verba asko daukoz. Historia guztian, artu-emon aundia euki dau alboko izkuntzakaz, eta habilidade aundia erakutsi dau beti, erbesteko verbak ugari artzen. Jakitunen ustez, artu-emon onexek jagon dau euskerea eriotzatik.

Euskerearen edertasun eta valioa, bere verboan eta itzen joskeran dago. Batez-bere gaur egunean, radio ta televisiñoaren gizaldian, euskereak ez dau ezer galtzen, erbesteko zenbat gura verba artuarren.

Euskerearen galdumendi bakarra auxe da: euskeraz ez egin, euskeraz ez irakurri, ezin ulertzeko moduan eskribidu, euskereagaz lotsatu, euskerea aztu, euskerea zokondoratu eta baztertu.

Aintxiña, orain baiño leku geiagotan verba egiten zan euskeraz. Amar garren gizaldian, Burgos alderaiño eltzen zan euskerea. Gaur egunean, ia ez da ezer entzuten Araban, eta asko galdu da Naparroan eta Bizkaian. Baiña ori gorabeera, azken urteotan euskera zaletasun aundia sortu da euskaldunen artean. Euren eskuetan dago euskerearen salvaziñoa.

BIZITZAILLEAK.—Ona emen Euskalerriko habitanteak:

Bizkaiak, 629.530 (Bilbaok, 252.460)

Gipuzkoak 401.759 (Donostiak 120.540)

Naparroak 346.139 (Iruñak 78.467)

Lapurdik 142.621 (Baionak 33.312)

Arabak 125.021 (Gazteizek 56.601)

Benaparroak 30.734 (Donibane Garazik 1.537)

Zuberoak 18.077 (Maulek 4.611)

Guztitara 1.693.881

Baiña munduko euskaldun guztien numerua jakiteko, kontuan euki bear geunkez Euskalerritik kampoan, batez-bere Ameriketan bizi direanak (Canadan, Iparramerikako Estadu Alkartuetan, Venezuelan, Argentinan eta beste leku askotan).


Zinematografia

Interes aundiko dokumental bat filmatu dabe Paris'en dolore bako umegintzearen metodu barriaren gaiñean. Pelikula onen direktorea, Jean-Paulle Canois, urte bete baiño geiago egon da lan egiten, dokumental au egiteko. Novela baten antzekoa da, eta medikuaren zeregiña asikeratik azkeneraiño ziñe-ikusleen aurrean agertzen da.

Argumentua guztiz ximplea da. Paris'eko ginekologo bat, Doktor Laurent izenekoa, mendi arteko baserri batera doa biziten, ango klima onagaz bere osasuna sendotuteko. Asten da bertan genteari irakasten zelan ekarri leitekezan dolore barik umeak mundura.

Erriko andrak, oso tradiziñozaleak, ez deutse jaramonik egiten Paris'eko jakitunari, eta inguruetako medikuak metodu barri orren kontra jarri dira.

Ori gorabeera, emakume ezkonbarri batek —Francine bere izena— aintzat artzen ditu Doktor Laurent'en irakaspenak, eta beronen menpean ipintzen da, metodu orren valioa ikusteko.

Erriko genteak barre egiten deutso emakumeari. Interes asko dabiltza jokuan. Akusatu egin dabe medikua, eta erantzun egin bear dau beronek agintarien aurrean.

Eldu da juiziora joateko ordua. Egun orretan bertan sentiduten ditu Francine'k umegintzearen lenengo seiñaleak. Bere medikua defendietako, bera joango da umegiten juezen aurrera.

Baserriko andrak emozionatu egin dira, eta jarraituten deutse emakumeari urira. Eta euren eta mediku guztien aurrean, Francine'k umegiten dau bere lenengo umea dolore bape barik.

Jean-Paul le Chanois'ek zearo estudiatu dau bere arloa. Lenengo, espezialisten liburu guztiak irakurri ditu. Gero, bere aitagaz —medikua berau— lan egiten ibilli da, detaille guztiak atonduten. Geroago, beste mediku lagun bategaz bizi izan da Pirineo mendietan. Azkenik, bere pelikulea Paris'en amaitu dau, metodu barri ori erabilten dauan klinika baten.

Dolore bako jaiotzeak ez dauko sekreturik pelikula onen direktorearentzat. Bere ustez, emakume guztiak jakin bear leukee metodu barri au zer dan eta zelan eroan leiteken.


Naste-borraste

- Azkenengo 20 urteotan, Europako burdiñazko produziñoa euneko larogetabostean geitu da.

Naziñoen arrean, aurrerakuntza onetan Italia izan da lenengoa, euneko 176'ko aumentuagaz. Gero, Espaiñia dator, euneko 89'ko aumentuagaz. Urrengo Frantzia, Belgika ta Alemania Okzidentala.

Ori gorabeera, Espaiñiko burdiñazko produziño guztia, beste naziñoetakoa baiño askoz txikiagoa da. Alemanian, produziño ori 21 milloi toneladara eldu da; Frantzian 12 milloira; Italian eta Belgikan 5 milloira; Espaiñian barriz, milloi bira bakarrik.

"Boletín Minero e Industrial"ak diñoan lez, ia milloi bat burdiña toneladak urten dabe Bizkaiko fabriketatik: kasik Espaiñia osoaren produziño erdia.

- "Informations Catholiques Internationales" izeneko errevista frantsesaren ustez, sei problema garratz daukoz bere aurrean Eleiza Katolikoak: persona zurien eta baltzen arteko separaziñoa, naziño atzeratuen askatasuna, langilleen eta ugazaben arteko auzia, komunismoaren eta demokraziaren alkarbizimodua, jaiotzen limitaziñoa, irakasteko libertadea.

- New York'en, 6-4200 telefono numerura deitu ezkero, otoitz bat eta sermoi laburtxu bat entzuten dira. Egunean egunean 800 bat personak egiten dabe dei ori.

- Norteamerikan, katoliko askok badaezpadan plaka bat eroaten dabe aldean, iñoiz desgraziaren bat eukiten badabe, euren guraria jakin eragiteko. Plaka orrek alde baten personearen izena ta bizilekua dakaz, eta beste aldean Virgiña Milagrosearen irudia verba oneekaz: "Katolikoa naiz. Deitu eiozue sazerdote bateri".

- "Poz aundia artzen dot, albaiñel baten semea naizala gogoratuten dodanean, eta iñoizko baten neuk be ofizio ori euki nebala". Auxe esan dau orain asko ez dala, Celso Costantini Kardenalak, Italiako erri baten kondekoraziño bat emon deutsenean.

- Iparramerikako Kanzer Instituto Nazionaleko Doktor W. Hueper'ek esan dau, pulmoietako biziena geien geien benzopirenotik datorrela, motorrak botetan daben gasetik.

- Ezkondubakoen paradisua, Australia da. Emakumeak baiño eun milla gizon geiago bizi dira. Australiara doazan gizonak ez dabe ezkondu gura bertakoakaz, eta Europako emakumeeri itxaroten dagoz.


Or, an, emen

HOLANDA. — Margarita Komple, 44 urteko andrea, izentatu dabe Zeregin Sozialetako ministrua. Bera da lenengo emakumea, Holandako gobernuan sartu dana. Eta emakume ori katolikoa da.

Azkenengo gerra mundiala asi orduko, kolegio baten egon zan matematikak, jakintza naturalak eta fisiko-kimikak irakasten. Gerra demporan, lan aundia egin eban emakume organizaziñoetan. Gerra ostean, Holandako agintariak Naziño Alkartuen Batzarrera bialdu eben. Auxe izan zan lenengo pausua bere politika bizitzan. Eta orain Zeregin Sozialetako kargua emon deutse.

Parlamentuko diputadu katolikoen artean itzal aundia dauko, eta berak esaten dau azkenengo verbea problema sozialetan. Gobernuan zeregin aundia eukiarren, beti aurkituten dau astia, organizaziño internazional katolikoetan lan egiteko.

Bere ustez, lau kondiziño bete bear dira, katolikoak munduko organizaziño ofizialetan (UNO, UNESCO, etc.) benetako influentzia eukiteko:

1.—Katolikoen presentzia.

2.—Katolikoen jakituria ta lebertasuna.

3.—Alkarlaguntasun geiago organizaziño katolikoen artean.

4.—Iniziativazko espiritua eta benetako egintzak.

Ibieta

BILBAO. — Aprilleko 29-tik maiatzeko 5-era misiñoak izan doguz euskeraz San Juan-go eleizan. Aita Zubieta anaiak, frantziskotarrak, izan dira kemen eta adore bizia piztu dabenak entzule ugarien artean.

Badirudi egarri aundia egoala euskeraz entzuteko Jaungoikoaren berbea. Bilbon bizi dan gente asko, aspaldian entzun eztauela euskerazko sermoirik, gose egoan eta bero artu dau, biotz guztiagaz, eta or ikusi dogu eleizea gaiñezka, abots batez misiñoetako kantak kantetan: Erdu pekataria, erdu eleizara...

Eta zeinbat eleizeari itxita egozanak agertu direan, norbere izkuntzak biotzean egin leien eragiñaren indarrez!

Olango gauza bat egiteko bearrizan aundia egoan Bilbon; eta duda barik, frutuak ikusita, ugaritu egin bear litzake, baita errietan be; eta orretarako dei egiten deutsegu bearrizan au dagoen errietako semeeri aalegin aundiagoa ipiñi daien euren eskabideetan, eta errespetoz eta begirunez egin.

Ia ba, apurka apurka zuzentzen dan, aal dan neurrian, Euskalerriko erorialdi izugarri au, gorantzako bidean ageri agerian jarri arte. Baiña orretarako, euskaldunak, lenengo lenengo bear doguna da gauzak zuzentzeko gogo egiazkoa.

IZTUN


Emakumearentzako

Dolore bako umegintzea

Dolore bako umegintzan, amak berak kontrolatu eta dirigiduten dau partua, medikuaren laguntzeagaz. Modu onetan gitxitu edo bapeztu egiten dira amaren dolorea eta bildurra.

Umegintza au guztiz naturala da. Sufrimentua kentzeko, ez da artzen medikamenturik. Orren ordez, seigarren illabeterik aurrera instruziño espezial bat emoten jako ama izango danari.

Egunean egunean gimnasia egin bear da eta arnasa ondo artzen ikasi. Modu onetan, gorputzeko muskuluak umegintzarako preparatu egiten dira, ordua datorrenean, partua dolore bakoa izan daiten.

Metodu au lenengoz Rusian agertu zan, eta oraintsu asi da Espaiñian zabaltzen. Lenengotan, arerio asko euki zituan, baña orain gero ta jarraitzaille geiago daukoz munduan. Gauza ona izango litzake, extranjeruan lez Espaiñiko hospital eta klinika guztietan metodu orrentzako departamentu bat balego.

Igaro dan neguan, ofizialki esan eban Aita Santuak, dolore bako umegintzea gauza ona ta probetxugarria zala. Arrezkero, metodu ori kristiñauen artean asko zabaldu da. Ordurarte, emakume askok pentsetan eben, dolore artean umegin bear ebela, erlegiñoak orixe aginduten ebalakoan.


Euskaltzainditik

1.—Euskaltzaindiak sari bi ipinten ditu, lenengoa sei milla pesetakoa eta bigarrena bi millakoa, Bizkaiko euskerea ikasteko metodorik onenentzat.

2.—Gaur egunean beste izkuntza batzuek ikasteko erabilten dan sistema modernuren bat artu leiteke eredutzat.

3.—Aditzaren aldetik, aal dala, errez azaltzeko modua billatzen saiatu, ikasleari erreztasuna ta argitasuna emonik.

Asko komeni da antigualeko autore bizkaitarrak erabilten dabezan formak estudiatzea: Mogel, Añibarro, eta abar.

4.—Itz eta eraen aldetik, izkuntzaren bizian sustrairik sakonena dabenetara eta zabalduenetara joteko aalegiñak egin.

5.—Epea 1958-garreneko martiaren 31-ean akabetan da.

6.—Lanak bialdu bear dira: Academia de la Lengua Vasca. Ribera, 6, Bilbao, izenpetu barik, lema bategaz. Sobre itxi batean sartu bear dira izena ta zuzenbidea.


Arri opilla

 Neure umearoan, ipuin eta izkirimiriak ugari ekartzan liburu zaartxu bat geunkan etxean.

Ipuin areen artean, bat beintzat, begi begiko egiten jakun eta sarri irakurten gendun, anai-arreben artean.

Zelan ete zan? Gogoratuko ete neuke? Alegiñak egin bear doguz beintzat.

Erderaz idatzita egoan, eta onan asten zan:

Galiziako erreiñuetan bidean zear

Guda-mutil bat etorran.

Baserritxura eldu zanean,

Pozik trabenan sartu zan.

— Eup! Egun on, etxekoandra. Zeozertxu jateko izango dogu, ezta?

— (Dirurik ekarteko antzik etxakak onek eta, esetz esan bearko). Ez ba, eztaukagu ezertxu bere.

— Arrautzatxuren bat eta ogi pizkat eta ardaorik be ez?

— Ez ba. Atzo guztiak amaitu genduzan, eta barririk ezteuskue ekarri oindiño.

Oldozkor geratu zan mutilla, eta bere kutan esan eban: Jatetxe beroan sartu nok ni orraitiño! Baiña ni ezer jan barik enayoak ba aurrera, eta zeozertxu asmau bearko joat. Eta etxe barrenetik zear joian errekatxuari begiratuaz, esan eutsan atsoari:

— Erreka orretan arritxuak izango dira, ezta?

— Bai orixe! Arriok obeto, kaskaillu eta arrainkariak baiño.

— Ekarri eidazuz ba, mesedez, azpil bete arritxu, politenak eta... samurrenak, al dala. Neuk erakutsiko deutsut jaki merke bat egiten. Gaiñera, gose au zelanbait ase barik, ezin jarraitu neikio daroadan bideari.

Eta andratxua errekara jatsi zan bitartean, gure mutil azkarra, guda-txamarrea erantzi eta lanerako antzean gertau zan.

Laster agertu zan etxekoandrea plateragaz.

— Orain, orio pizkat eta arrautza pare bat emongo deustazuz, ezta?

— (Arriokin zer egiten joan onek, ikusi bear joat nik beintzat).

Ekarri eutsazan orioa eta arrautzak.

Gure soldaduak arriok eta orioa erratilluan nastau, arrautzak ondo ondo iribiyau eta guztia sutan jarri eban.

Arrituta begiratu eutsan andratxuak, eta...

— Jesus milla bider! Zelako arri opilla egin jok gero, beronek?

Mutillak, opilla bere puntuan eukola ikusi ebanean, jarri zan maian nasai nasai eta eskatu eban oindiño bere.

— Ekarridazu ba orain, ogi erdi bat eta pitxar bete ardao.

Eta opil guzti guztia, ogi ta ardaoa gogo onez austu zituan, arritxuak... aldamenian itxirik.

— Eta arri orreek? itandu eutsan etxekoandreak.

— Orreek ba... euren onura guztia emon dabe-ta, lengo lekura jaurti eikezuz.

— Ziri ederra sartu deustak. Joadi Jaungoikoagaz txotxo. Ez az i beintzat gosez ilteko jaioa.

Eta:

Ipuin ipuin alabanera,

Auntzak igon laba ganera.

BELU


Erbestean ikusia

Atzerrian nengoala, domeka arratsalde baten RUBY jokoa ikusten joan nintzan.

RUBY au foot-ball berbera da, baiña oiñakin barik eskuakin jokatzen daña; atezaiñak barriz, eskuen ordez oiñak erabilli bear ditu eta ostikada otsian bere atea zaindu. Joko oso gogorra da, beste foot-balla baiño askoz astoagoa, eta alkarreri bultzaka eta edonundik oratuaz dabilz leyatsu jokolariak.

Arratsalde atako jokoa, Burdeosko eta Baionako taldearen artean zan, eztakit zetariko kampeonatuan.

Gogorren eta sendoen ebiltzan unean, jokolari bat urreratu jakon epaikariari, arbitroari, eta nik eztakit zer esan eutsan, baiña bat batean bere txistua jo eta jokoa gelditu eban.

Gero, aldra bateko eta besteko mutillak joko landea zeatz zeatz arakatuten asi zirean lurrera ondo begiratuaz, zerbait billatzen iñarduen eran.

Zer jazo ete zan? Auxe baiño ez: Arbitroari zerbait esan eutsan gazte arek, samatik beera eroian Lourdesko Amaren domiñatxu bat galdu ebala.

Idoro zan medaillatxu ori, eta bai laster jokoa barriro jarraitu be, len baizen gogor eta kementsu.

Neuk ikusia dala, bene benetan siñistu zeinkie.

BELU