ANAITASUNA

1979.EKO MARTXOAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

378. ALEA

60 PZTA.


[AZALA]

EZKER ABERTZALEA AURRERA


AURKIBIDEA

4. Editoriala.

5. Diskoak Hamabostero. K. Arko.

6. Ezker Abertzalearen Hauteskundeak. J. Llerandi.

8. San Kanutoren Txalaparta. E. Entziondo.

10. Emakumeak, hauteskundeak eta alderdien paternalismoa. I. Urtasun.

12. Mitin Feminista. I. Urtasun.

14. Hamabost egun hankaz gora. I. Zabaleta, Begoña Zia.

15. Ohar laburrak.

18. Ipuin antzerako gertakari bat. Ekatxa.

20. Karlos Santamaria ikastoletaz mintzo. Manu Barrena.

22. We're fired up, we ain't takin no more. A. Eguzkitza.

24. Frantziako azken mugimendu sozialak. M.ª J. Esteban.

26. Nazio Alderdiaren mythoa (I). X. Kintana.

28. Kooperatibak sozialismo bidean (3) K. L. B.

30. Boterearen aurka. J. Sendagorta.

32. Euskal Herriko animalia jatorrenetarikoekin egindako azterketen berriak.

37. Bilboko karate lehiaketa. E. Entziondo.

38. Euskal Irakasleei jazotakoak. E. Ekatxa.

39. Gizaki. Gentz.

40. Euskararen Komodinak. J. R. Etxeberria.

41. Gurutzegrama.

42. Ardibeltz. Astabelarriak.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J.R. Etxebarria, Miren Izagirre, E. Knörr, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

E. Knörr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

M. Alvarez, A. Eskisabel, M.J. Esteban, T. Trifol

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J.M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, I. Azkoaga, J.L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionandia, J.J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxebarri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J.R. Bilbao, J.M. Arzubiaga.

MAKETAPENA

R. Zumalabe, J. Etxebarri

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Iparragirre S.A.

Carretera a Galdacano s/n. BILBAO

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Editoriala

Aurrera

Estatuko prentsa eta komunikabide nagusietan Euskal Herriaren kontra eramaten den kanpainaren argudio nagusietariko bat, ezker abertzalearen izaera minoritarioarena izan dugu bat. Azken hauteskundeek errealitatea bestelakoa dela frogatu dute. Aurrerantzean, ez du gehiago balio argudio horrek. Ezker abertzalea, lehenengoz gure historian zehar, pisuzko indar politiko bat legez agertu da.

Euskal Herri askatu, sozialista eta euskaldun baten projektuaren alde izan diren koalizio biek, batera 250.000 botu lortu dituzte. Kopuru honekin, ezker abertzalea Hegoaldeko bigarren indar politikoa bilakatu da. Ez gara, beraz, lau katu zoro.

Aurrerapen galanta egin dela bistakoa izan arren, denak ez dira larrosak ezker abertzalearen baratzean. Helburu estrategikoei dagokienez ados etorri arren, ezker abertzalea ez da bat, eta Euskadiko Ezkerrak eta Herri Batasunak aukeraturiko hildo politikoak, hain dira desberdinak, non hainbatetan aldarrikaturiko batasuna epe laburrean lortuko dela pentsatzea ez zaigu erraza egiten.

Hauteskunde hauek frankismo erreformatuaren frakasua erakutsi digute. Konstituzioaren aurrean ezetzik argiena eman zutenak izan dira arrakastarik handiena jaso dutenak.

Hurrengo, udaletxeetarako gizonak hautatuko dira. Udala herriari lotu behar zaio berriro. Gutti batzuren interesen probetxurako erabili dira udaletxeak azken sasoiotan. Orain dena daukagu egiteko. Ezkerraren gestioa udaletxeetan, ezin daiteke eskuinarenaren modukoa izan, demokraziaren kontzepzio desberdina baitaukagu. Udalari dagozkion arazoak, herriari zuzenkien ukitzen diotenak ditugu, eta herriaren parte hartzea ahal denik eta maila gorenetara eramateko aukera ederra dugu. Gure kontzejalek gestio herrikoi eta zuzena bultzatu behar dute. Hiritarren parte hartzea ezin muga daiteke botu bat ematera.


Diskoak hamabostero

"Izukaitz" Lpa

IZUKAITZ

Xoxoa X11.103

Hona hemen disko estimagarri bat, hamabostaldiko disko aukeratutzat hartzen duguna.

Izukaitzek lortu egin du obra zail eta konplexu bat, non europear folklore korronteak sartzen diren eta gure herri eta folklore kantu eta dantzekin batzen, soinu propio bat erdiesteko entseiu batean. Beren xede hori iritsi egin dutela esan daiteke, musika bretoi eta batipat ingelesaren eragina aski nabaria gertatzen delarik.

Diskoan herri musikari balioa ematen dioten karakteristikak aurki daitezke: Bilaketa musikala, jatortasuna eta berrikuntza.

Lan honetaz, Xoxoa diskoetxe berriak lagundu nahi ukan du euskal mugimendu musikalaren finkatzerako, hitzegin dadin hortaz hemendik kanpoan ere, eta esan dezakegu hasia dela hori jazotzen Espainol Estatuko kritikalarien artean.

Diskoa herrikoi eta bestelako kantuez osaturik dago, inspirazioz beteriko kantu bat (Agur), jazz piruetak eta herri estetika berriaren parte diren alarde kromikoak.

Izukaitzek urrutira begiratzen du. Batzutan hau kaltegarri lekeieke, zeren teknizismoa eta beronengandiko hoztasuna baitaitezke diskoaren akats bakarrak.

Baina, bestalde, konplexutasunerako joera horrek ondorio zuzen eta seguruagoak prometitzen dizkigu bigarren grabaketarako.

Zikiro Beltza, Xori Bele, Jarrai eta Agur guztiz perfektuki grabatu eta guztiz buruturiko temak ditugu. Beharrezkoa da diskoa behin baino gehiagotan entzutea.

"Euskalduna naiz eta maite dut herria, oroz gainetik gure hizkuntza garbia"

PANTXOA ETA PEIO

Pantxoa eta Peioren lana bere kontestu propioaren barnean aztertu beharrekoa dugu: Euskal kausaren mitinlari legez, eta ez musikoak. Zentzu honetan "Euskalduna naiz..." diskoak oraino gure askatasun nahiak itotzen dituzten problema grabeak ba direla gogorarazten digu diskoak. Musika erraz eta zuzen batek, jendea testuen edukiaz ohartarazten du, berehalaxe kantatzeko egokia izanik.

Nik uste, honelako diskoek gero eta zentzu guttiago izanen dute, ez kantuen edukiarengatik, eta ez Pantxoak eta Peioren zintzotasun eta konbentzimenduengatik ere, baizik eta hauen kantuen eragingarri musikalen ezagatik. Hau kontutan hartu arren, aipatu beharrekoa da, Iparraldeko bikotearen bigarren album honetan, musika zainduago bat dagoela, musik tresna gehiago sartuz egin dutena, batzutan ezegoki samar gertatu arren.

Azpimarkatzekoak dira "Ibañetako kanta", bikotearen hymno-nortasun ezaguna erakusten baitu, eta Xalbadorren "Nigarre begian" erakusten dituean berritze asmoengatik.

Disko honekin, Elkar ofizialki hasten da bere diskoak ataratzen Hego Euskal Herrian.

"Argi tirriutau"

URRIA URR-04 78

Iparraldean grabaturiko disko honetan, kantu gehienak aintzinako moduan grabaturiko dantzak eta jatorri desberdindun kantuak ditugu, hau guztiau euskaldun folklorearen muga geografikoen barnean. Testuek —gaztelaniazko bi kantu— langile eta batipat abertzale ñabardura daukate.

Urria seikotean, bi izen agertzen zaizkigu gailen: Jose Agirre, diskoko gaztelaniazko kantuen egilea, eta Pantxoa Axiari. Disko honen produkzio, finantziaketa eta banaketa taldeak berak egiten du.

Urriaren musikan Behe Nafarroako musika ("Lantzeko ihauteriak"), bertsolari tankera ("Ene maitia..."), bretoi musikan finkaturiko eboluzioak ("Goizean Goiz jeikirik"), molde klasikoz eraturikoak ("Camarada andaluz", "Zapatero") eta freskotasun eta zentzu berriz eraturikoak ("Loiolako fandangoa", "Azpeitiko kaleetan bidekoa arin arin") etab. Hitz bitan, gazteek eginiko herri kantazko disko bat, non aurki baitaitekeen askatasunaren alde erorientzako omenaldia, zapaltzaileei eginiko kritika, herriarekiko maitasuna eta ihauteri musikaren alaitasun beroa. Hau guztiau, taldearen posibilitateetan sinestarazten zigun zentzu gazte eta moderno batez desarroilaturik. Eta sinestarazten zigula esan dut, zeren eta azken berrien arauera taldea banatu baita.

"Anjel Illarramendi" LPa

ANJEL ILLARRAMENDI

Txindoki-Zafiro NLX 1121

Ohizko pobrezia galduz doan gure panorama musikalean ere, denetarik egon beharra omen dago eta hemen datorkigu Anjel Illarramendi. Ez du gustu onaren, puntua aurkitzen, ez eta Arestiren "Nire aitaren etxea defendituko dut" ezaguna konpontzen duenean. Ez dakit nik disko hau hain desegoki, zaharkitu eta kaxkar izateko, bere Madrileko kolaboratzaileek edo Lupe bezalako laguntza adiskidekorrek lagundu dioten, baina niri... horixe iruditzen zait. Maitasun anaikorrak, areto erromantikoetako musika eta ahots sibilino bat, ongi egon daitezke, baina niri ez zait gustatzen. Sentitu egiten dut.

Hauxe da inuzente erromantiko estilo horretan, euskaraz entzuten dudan lehen "lige" diskoa. Julio Iglesias edo Italiako azken modako kantarien moduan, baina euskaraz, besterik ez genuen falta! Baina dena goxoegia izan ez dadin, hor ditugu Anjel Illarramendi konposatzaileari kategoria ematen dioten erakusketa instrumentalak —zentzu sinfoniko klasikorik zabalenean desarroilatuak— nahiz eta berauen protagonismoa beste musikoek eraman, gure ustez, edonola kontratatuak izan direnak.

KARLOS ARKO


Euskal Herria

Ezker abertzalearen hauteskundeak

Joanak dira hauteskunde jeneralak. Azken hilabete honetako euforia elektorala pasatua da. Ordea, ez denbora luzerako, apirilaren hasieran udaletxeetarakoak hospatuko baitira.

Bozketa hauk zerbait interesgarririk erakusteko baliagarri izan zaizkigu, hots, ekainaren 15ean agerturiko indar erlazioa ez zela batzuk nahi bezain definitiboa izan. Konstituziorako erreferenduaren ondoren aurreikusi zitekeen bezala, Euskal Herriko panorama politikoa desberdina da gaurregun eta aski dugu erresultatuei begirakada bat egitea, alderdi majoritarioek eta prentsa estatalak minoria erradikal bezala agertarazi dituztenak, egiazko indar politikoak direla ikusteko.

Abstentzioaren hauteskundeak

Estatu osoaren mailan, zerbait nabarmenik izan badute bozketa hauek, hori eman den abstentzio portzentaia handia izan da. Estatu mailan bozik eman ez dutenak % 33,6 a dira eta Hego Euskal Herriari. dagokionez abstentzioa ekainaren 15etik hona % 10 batean handitu da. Azken erreferenduan eman zen abstentzio handi osoa PNV-k kapitalizatu nahi izan zuen, oraingoan ikusi denez, abstentzionisten kopuru hori beste sektore batzuri dagokio, eta batipat PSOE-renari.

Abstentzio honen kausa zein izan den suposatzea ez da zailegia. Erreformaren deslilurapena, kontsentsuaren politika, ezkerreko alderdi nagusien erreformismoa eta Moncloako itunak dirateke abstentzio horren sortzaile nagusiak.

Ba dira ere abstentziora jo dutenen artean, konbentzimendu ideologikoarengatik egin dutenak. Hor sartu behar genituzke, Ezker abertzaleko zenbait sektore asanbladari, autonomoak, zenbait anarkista, etab.

Baina begira ditzagun alderdi nagusiek lorturikoa.

PNV: Euskadiko alderdi nagusia baina...

Jelkideen alderdiak mantendu egin du bere nagusigoa Hegoaldean. Baina globalki so eginik botuak galdu dituela esan beharra dago, Nafarroan irabazi duen ala ez zail da jakitea, ez baita alderdi legez aurkeztu, "Nazionalistas Vascos" izeneko koalizioaren barnean baizik, EE, PTE eta ESEIrekin batean; baira beste herrialdeei dagokienez, Gipuzkoan 16.000 hautesle galdu ditu, Bizkaian 12.000 eta Araban berriz 5.000 botu gehiago irabazi ditu.

Historian zehar PNVk indar gehien izan dituen probintzia bi hauetan 28.000 botu galtzearen zergatiarekin ba dukete zerikusirik 28 hartan ETAren kontra egini manifestazioak, Espainiako batasunari emaniko baietzak, eta Euskal Herriaren autodeterminazioaren aurreko abstentzioak. Ea bada, ikasten duten. Batzuren eritziz, Ezker Abertzaleak lorturiko arrakastak behartu eginen luke PNV bestelako politika bat eramatera, ez dakit zein puntutaraino gertatuko den hori, EAJko base eta buruzagien arteko kontraesanak sor bailitezkez alderdi horren izaera interklasistaren kausaz.

EAJ hildo horretan jarraituz gero, ez litzateke harrigarri izanen gero eta hautesle gehiago galtzea eta bestalde, denbora jelkideen, kontra dago, ez baitira gai izan gazteria beren planteiamenduetara erakartzeko eta biologiak ez du barkatzen.

Mugica Herzog-en merituen pagamendu justua

Ekainaren 15etik hona entzun eta berrentzun ahal izan dugu PSOEko buruzagien ahotik, beraik zirela Euskadiko alderdi majoritarioa, beraik zirela euskal langileriaren klase interesak ordezkatzen zituztenak, etab. etab.; ezker abertzalekook, talde minoritario eta erradikalizatu bat baizik ez genuen osatzen haien ustetan. Hogei hilabetetako politikabidea aski izan dute, porrotik handiena izan duen alderdia bihurtzeko, eta lehengo errealitatea zeharo aldatzeko, beraien kontra noski.

Suarezen politika errepresiboa onartuz, Konstituzio burjes eta zentralista bati baietz esanez, langileriaren interesentzat kaltegarri izan den politika erreformista bat eroanez, psoezialistek beren benetazko aurpegia erakutsi diote Euskal Herriari eta horrela, hain merezia zuten saria hartu dute. PSOE izan da hauteskunde honetan galtzailerik handiena. Euskal Herri osoan, 80.000 botu galdu dituzte eta hori ez da kopuru ttikia. Zerbait irabazi egin duten probintzia bakarra Nafarroa izan da, non lehen baino 800 botu gehiago eskuratu dituzten. Ondo beraz.

PCE, ezker espainolaren bigarren alderdiak hobeto jakin du bere tokia mantentzen, hala ere 1000 bat botu galdu du. Hau dela eta, orainarte legez, alderdi minoritario bat izaten jarraitzen da.

Eskuin espainola

Estatu mailan irabazle izan den alderdiarekin hasiko gara, UCD halegia. Nahiz eta Araban eta Bizkaian alderdi horrek 14.000 botu galdu, Nafarroan beste 9.500 errekuperatu ditu. Gipuzkoan aurreratu ala atzeratu den ezin jakin dezakegu aurreko hauteskundeetan ez baitzen presentatu, baina lortu egin du probintzia honetan Oreja ateratzea, nahiz eta Orexako herritxoan botu batik ere atera ez.

Lehen Alianza Popular eta honetan Unión Foral del País Vasco deitu den koalizioak, UCDk baino askoz gehiago galdu du; Bizkaian kandidatura buru Olarra finantziari ezaguna presentatzen zuen koalizio politiko honek 13.000 botu galdu ditu, eta Gipuzkoan 32.000 botu (aurrekoetan UCD ez zen presentatu), bitartean Araban gutti baino 700 botu irabazi ditu eta Nafarroan UPN koalizioak aurrekoetan Alianza Foral Navarra-k baino zazpi mila botu gehiago lortu ditu.

Hauteskunde hauetako punturik beltzena, Nafarroarena izan da, ezein alderdi abertzalek ez du inor ateratzerik lortu. Kontutan hartuta Martin Villak UCD-ri guztiz mesedegarria gertatzen zaion lege bat prestatu duela Kontseilu Foralaren hautatzerako Nafarroa CGV-ra sartzeko arazoa oso zail presentatzen da.

Ezker abertzalearen hauteskundeak

Estatu mailan nazioetako alderdien gorakada nabaria eman da, eta gure kasuan ere azpimarkagarriena Ezker Abertzalearen arrakasta izan dugu, Herri Batasunarena bereziki. Koalizio honek hiru diputatu eta senadore bat erdietsi ditu, bere alde 171.000 hauteslek bozkatu dutelarik.

Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerrak lorturiko botuak bat eginik, ezker abertzalea Hego Euskal Herriko bigarren indar legez agertzen da. Batasunaren koalizio horri gainera ez litzaioke askorik faltatuko PNVren tokia erdiesteko; Batasun falta horren ondoriorik tristeena Nafarroan deusik ez ateratzea izan dugu.

Herri Batasunaren botuen jatorria aski hetereogeneoa dugu, baina sektore desberdinak bildu egin dira koalizioaren burruka programa bultzateko. Orain arte PSOEren monopoliopean izan diren langile emigranteen sektore batzuk, Herri Batasuna aukeratu dute honetan bozkatzeko orduan. Herri Batasunaren botua, botu burjesa izan dela esan duten PCkoek hobe lukete datuak serioskiago aztertzea. Eibar, Barakaldo, Sestao, Hernani, Errenteria eta Gasteiz eta Iruñako langile hauzuneetako datuak aski argiak dira eta.

Azpimarkagarria, Bilboko "La Palanca" eta Otxarkoagako marginaziozko hauzategietan Herri Batasunak bigarren tokia irabazi duela PSOEren atzetik.

PNVrengandik, honen politikak frustraturik, ihes egin eta Herri Batasunari botua eman dion zenbait sektore ere izan da.

Herri Batasunaren altxatze honek ez die beste alderdi eta koalizioetako politikariei grazia handirik egin. Hori segi daiteke egin dituzten deklarazioetatik. Batzurentzat H. B. ez da ezkerreko indar bat; "irrespontsable eta pasoten botuak izan dira", "UCDren politikak lorturiko botuak", "nazionalismo erradikal eta amorratuaren botua". Eritziak eritzi, ez litzateke arraroa izango, ezker abertzalearen koalizio honen indarrak beste alderdiek beren politikabideak berplanteiatzera bultzatzea.

Herri Batasunaren botuak, KASen puntuen aldekoak izan dira, hots, ETA militarrak defendatzen duen alternatiba beraren puntuak.

Batzuren aburuz, gaurko kojunturan, ETA militarraren ekintza erradikalek, KAS eta Herri Batasunaren planteiamendu irrealek, indar hauk gero eta baztertuago egotera, masengandik isolatzera eramango zituzten. Hauteskunde hauetan bestelakoa frogatu da, masengandik isolaturik geratzeko arriskutan daudenak besteak direla.

Zerbait argi geratu da, hau da, Euskal Herrian Suarezen erreforma orain arte frakasu egin dela. Konstituzioaz lortu nahi izan duten burjes demokrazien estabilitatea, Euskal Herrian ez da hain errazki lortuko, frankismoarekiko egiazko apurketarik ematen ez den artean. Zenbaitzurentzat, KASen puntu horik utopikoak dira, nik neuk ez dakit zer den utopikoagoa KASen puntuok ala Euskal Herriaren burruka ezerrezean geldituko dela pentsatzea inolako erdiespen minimorik lortu gabe.

J. Llerandi


Euskal Herria

San Kanutoren txalaparta

Oso baketsuak izan ditu, Deustuako Unibertsitateak azken urteok. Duela hiru urte, euskararen aldeko kanpaina bat antolatu zen Euskal Kultur Mintegiaren bidez eta nahiko arrakasta izan zuen. Jende asko ari izan zen lanean eta 2.000 baino gehiago euskara lantzen.

Ikasleen lanak bideratu zuen burruka hau. Laguntza egokiago baten ezagatik hurrengo kurtsuetan indarra ahulduz joan da. Urte berean, "La Bernarda"k izenpetzen zituen kartel kritikoak agertzen ziren, zeinetan gertaera politikoak, telebistako gauzak eta abar satirizatzen baitziren.

Beste aktibitateak zeudelako edo, kartel hauek ez zuten ondore zaratatsurik izaten, baina hurrengo kurtsuetan ikaslegoaren aktibitatea jeitsi zenez gero, "El Tomate Rojo"k —"La Bernarda" zenaren semeak— harrera hobea eduki zuen ikasleen artean.

Urtarrilaren 19an, F.I.C.E.ko lehen eta bigarren kurtsuetakoek "San Kanuto" delako jaia ospatu zuten. Ondorioak, "El Tomate Rojo"ko lau ikasle espedientaturik eta geroago 40 inguru ekaineko azterketara ezin presentatuz zigortuak.

Hilabete baino gehiago da, hauzi hau hasi denetik. Istilu honen zergatia pixka bar argitzeko asmoz, Deustuako paraninfora joan gara bertan hitxirik daudenekin hitz egitera.

Paraninfoa oso leku handiosa da. Elizetan egoten diren zurezko imajina horietakoak, goia dena irudi klasikoz eta latinezko letraz eta abar... Sartu dituzten lo egiteko zaku, kitarra eta janariekin nahaste harrigarri eta nabarmena.

Maite, Alex, Armando, Txato, Ana eta beste batzuekin hitz egin dugu. Ez dugu jarriko galdera bakoitzari zeinek erantzuten dion, elkar hizketa kolektiboa egin baitugu.

— ANAITASUNA: Konta egiguzue, zergatik hitxialdi hau?

— Ba, ba dakizue, 19an FICEkoek "San Kanuto" antolatu zutela, ondoren erretoregoak karta bat bidali zuen prentsara eta gurasoen etxeetara, jaiak kutsu erlijioso eta sexuala eduki zuela esanez. Jaian gertatu zenaz, agiri bat atera dugu erretoreak esaten duena gezurtatuz.

— 19ko jaia, txupinazo bat eta kalez kale batekin hasi zen. Unibertsitatetik zehar joan ondoren aula magnara sartu ginen. Errektoreak "Imagen esperpéntica y símbolo de la más baja sexualidad" zela esan zuen. Laranja kajoi bi, kubia edo kalabaza bat eta porruak buru eta ile gisan, besterik ez zen. "El gran Kanuto Rojo" azenario bat zen. Jendea ihauterietako modura, disfrazaturik ibili zen. Gero, porruaren zozketa. "1,2,3" telebistako programan legez eta antzeko gauzak egin ziren.

— Jai hau zigortzearen helburua, problemak sortzen dituen mugimendu kritiko bat —"El Tomate Rojo" hain zuzen— garbitzea da. Karguak guztiz arbitrarioak dira, adibidez jairako kartelak jartzeagatik eta jaian egoteagatik.

— ANAITASUNA: Zenbat egun daramazue berton hitxirik?

— Hemen paraninfoan, aste bat bakarrik, baina urtarrilaren 25ean hasi genuen hitxialdi hau.

— Lehengo, eta FICEkoen eraginez, biblioteka zentralean egon ginen. Otsailaren 11rarte, —maratoia egiten zen eguna— baina goizaldeko 4retan bisita berezi bat eduki genuen...

Gehienok lo geunden, baina guretariko 4 kanpoan gelditu ziren kitarra batekin kantatzen, eta hara non, Oroz jauna, bertoko jesuita bat, poliziekin etortzen ikusten dutela. Kanpoko laurak: La bofia, la bofia oihuka hasi ziren, baina gehienok txantxetan hartu genuen.

— Jode, pankarta bat apurtu eta mahaiaren kontra, kolpeka hasi zirenean denok altxatu ginen. Karnetak ahoan eta ormaren kontra denok, Guttienez 11 furgonetan ekarri zituzten, kristoren gris pila, batzu paisanoz dena arakatzen hasi ziren "drogen" bila.

— Bi, karnet gabe zeuden eta komisaldegira eroan zituzten, besteok: kalera.

— Udaletxearen ondoko "La Tortilla" tabernara joan ginen; geroago, eroan zituzten biekin batu ginen eta, Posta kalean pisu bat lortu genuen zakuak eta janaria gordetzeko. Agin bat ere egin genuen prentsara eta mitinetara eroateko.

— Hurrengo egunean, astelehenean, asanblada bat egiten dugu Sarrikon eta Bellas Arteseko fakultatean segitzea erabakitzen da.

Aste bete egin eta gero, Deustu berriz irekitzen denean paraninfora etortzen gara.

— Erretoregoak, 31an, Unibertsitatea hertsi zuenean, talde bat Apezpikutegian egon ginen.

— ANAITASUNA: Hitxirik egoteaz aparte, beste burrukarik egin al duzue?

— Ba, esate baterako, hilaren 5ean, burruka eguna antolatu genuen; geldiune egin genuen. Deustuko plazan geundela polizia pila bat etorri eta... banatu egin gintuzten. Gero Jadoko plazan, berriro bildu ginen, berriz etorri ziren eta betikoa...

— Josu epaitu zuten egunean ere, mobilizazioa egon zen, Juzkatuaren aurrean egon ginen. Josuk estudioak bukatu ditu baina erretoreak "Allanamiento de Morada" delakoagatik salatu du.

— Beste burruka moetak ere erabili ditugu "tuna" bat egiten genuen gauero eta pasabideetan zehar joaten ginen jesuitei azken gabonak emateko...

— ANAITASUNA: Organizazio arazorik ez duzue eduki?

— Gure artean ia ez, hitxialdian geundenok komisio batzu egin genituen, garbiketak egiteko; materialea (eranskailuak, dirua...) lortzeko; kanporako informazioa biltzeko —adibidez jende pila batekin mintzatu gara. Jesuiten probintziala den Egañarekin, Bandres, Maturana eta abarrekin; beste talde edo komisio bat, agiriak prestatzeko...

— Bestalde arratsaldero, hurrengo egunerako ekitaldiak pentsatu eta programatzeko batzarreak egiten ditugu.

— Aste bukaeran, pegatinak saltzeko eta dirua eskuratzeko bidaiatxoak egiten genituen.

— ANAITASUNA: Ikasle mugimenduak zer moduz erantzun du?

— Hasieran desorganizatua egon da, kontutan har, birritan hitxi dela Unibertsitatea, eta beraz, jendea ezin baturik ibili dela.

— Klasez klaseko asanbladak egin dira, jaiaren arazoa eztabaidatzetik beste gauza asko aztertzera pasatu da, hala nola jestio demokratiko baten beharra, Unibertsitate estatalaren premia, adierazpen askatasunik eza...

— Klasera sartu nahi dutenak ere ba dira, baina ikaslegoaren gehiengoak asanbladan erabakitakoa onartzen du.

— Bestalde Magistergo eskolan eta Medikuntzan ere burruka latzak izan dira.

— ANAITASUNA: Erretoregoarekin berba egiteko ahaleginik egin duzue?

— Bai, baina erretoreak ez gituen hartzen. Ez zuen gure eritzirik entzun nahi.

— 20an egin zen asanblada baten ondoren, 4 pertsona aukeratu ziren negoziatzeko; bat, neu nintzen; joan ginen Aranzadirengana eta ezer ez.

— Geroago, irakasle talde bat bidaltzea pentsatu zen. 48 orduko epean, erantzun bat eman zezan eskatzen zitzaion. Negoziaketan, gure aldetik, normaltasuna eskaintzen genuen, piketerik ez jartzea eta klasera joateko askatasuna; bere aldetik, zigorrak kendu beharra zeukan. Gero puntu batzu aldatu ziren... baina halaxe da.

— Erantzuteko epea, luzatu egin da. Unibertsitatea geldi dago eta gu zain hemen, beti gu hemen.

E. Entziondo


Euskal Herria

Emakumea, hauteskundeak eta alderdien paternalismoa

Ekainak 15-ean hainbeste promesa egin zizkiguten! Pentsatzen genuen, horren ondoren, hauteskunde hauetarako pila bat emakume agertuko zela alderdietan lanean jo ta ke. Baina kandidatu zerrendetan ikusi dugunez, edo ez da horrela gertatu, edo alderdiek lan hau egiteko posibilitaterik agian, eta gogorik ere ez behar bada.

Ezin dugu esan alderdi ezkertiarretan emakumeek gehiago hartzen dutenik parte kandidaturetan. Araban, "Unión Nacional" da emakume gehien atera dituena. Beste hiru herrialdetan EMK-OIC da aurretik joan dena.

Zerrendetako buru izan diren emakumeak 7 dira Euskal Herri osoan. Senaturako: EMK-OICko 1, Euskadiko Ezkerra 1, Herri Batasunako 1, Falange auténtica-ko 1 eta Falange A. T.-ko beste bat. Kongresurako: P. Proverista-k bat presentatu du eta EMK-OIC beste bat, Rosa Olivares, hain zuzen ere, beraz hau izan dugu ezkerretik kongresura joan zitekeen emakume bakarra.

Eta zer?

Zer konklusio atera genezake? Datu hauk errealitate baten ispilu direla. Gaur egun, alderdi politikoetan, gizarte osoan bezala, emakumeak baztertuak daudela. Nahiz eta alderdi batzuk, beste itxura bat agertzeko edo, emakumeak publikoki presentatzea komenigarritzat jo.

Matxismo hutsetik paternalkeriara

Emakumearen mugimenduak egin duen presioa dela eta, zenbait erakundetan problematika hau ari da planteiatzen. Konkretuki, emakumearekiko erakunde barruan dagoen bereizketaz kontzientzia ari dira hartzen.

Baina honi eskaintzen ari zaizkion irtenbidek ez dute zokoraketa hau gainditzen.

Lehen emakume gutti agertzen zirela mitinetan, eta orain gehienetan emakumeren bat sartzen dute, baina ukitzen dituen gaiak hauk izaten dira: Emakumearen problematika, amnistia, irakaskuntza, sanitatea... Hots, alderdian bazterretako diren gaiak.

Zuzendaritzan emakume gutti dagoela eta honenbeste sartu behar direla. Beraz, aukera egitean, "hau eta hori eta hura kargurako gauza direlako, eta... zein emakume jarriko dugu? Zuzendaritzan ardurak banatzean, emakumeak bat garantizaturik dauka: Emakumearen problematika.

Kandidatuak izendatzean ere... "emakumeren bat sartu beharko dugu..."

Jarrera honi guztiz paternalista deritzogu.

Alderdien feminismoa

Eta hau da batzuentzat, alderdiak jasotzen ari diren feminismoa: Emakumeak zuzendaritzan, mitinetan, beren erakunde autonomia dute alderdi barruan, eta gainera emakumearen problematikaz txosten batzu argitaratzen dira.

Honela gertatzen da, egoera politiko jenerala aztertzen dutenek, hots, gidariek, ez dutela azterketa honetan gizon-emakume kontraesana sekulan ere agertzen.

Sindikalgintzan dabiltzan liderrek ez dute emakumeak egiten duen lanak dauzkan bereiztasunaren berririk.

Nazio arazoa dela, estatutua dela, dena dela, inoiz ez dugu opresio bereizi hau bere textuinguruan jartzen.

Gero, beste kapitulu batean, "emakumearen problematika", antisorgailuak, abortoa, lana, sexualitatea...

Harrigarria horrela planteiatzea problematika, materialista dialektiko etab. batengan.

Emakumeak ez gara sektore bat

Emakumeok sektore guztietako partaide gara. Ezaguna dugu nola sartzen gaituzten zokoratuen zerrendan, "gazteak, homosexualak, zaharrak eta emakumeak...". Baina, gazteen artean ba daude emakumeak, homosexualen artean ere bai, emakume zaharrak ere ba dira.

Eta sektore guztietan emakume bezala problema bereizi bat daukate.

Beraz feminismoak, problema honi erantzuna bezala, sektore guztiak, arazo guztiak, zeharkatzen ditu eta horren arauera aztertu behar ditu.

Halaber, gizartearen errealitatea ikusi nahi duenak, ezingo du ikuspegi hau alde batera utzi, orain arte egin den bezala, azterketa zientifiko horietariko bat egin nahi baldin badu behinik behin.

ITZIAR URTASUN


Euskal Herria

Mitin feminista

Otsailak 22, Sestaon, mitin feminista bat izan zen, Euskadiko lehenengoa hain zuzen ere. Mitin hau, hauteskunde kanpaina barman eman zen eta bertan, EMK-OIC, Euskadiko Ezkerra, Herri Batasuna eta LKI-ren kandidatu batuk hartu zuten parte, denak emakumeak.

Berria jaso genuenean, ez genekien oso ondo zein helburuz egiten zen mitin hau. Eratzaileek esan zutenez, honen garrantzia, kanpaina barruan emakumeen erreibindikapenen defentsan ezkerreko alderdi hauen batzean zetzan.

"Beno! Agian beren alderdiek antolaturiko mitinetan ezin dutena esan esango dute!" pentsatu genuen. Bestela, emakumeen erreibindikapenak defendatzeko, zer dela eta mitin bereizi bat? Ez al dute ba alderdi hauek defentsa hau beren mitinetan egiten?

"Batasuna izango da helburua", harrigarria dena dela, hain borondate oneko alderdien artean batasun beste punturik ez aurkitzea. Hau bi arrazoiren ondorio izan daiteke. Bat alderdiei hain gutti axola zaienez emakumearen problematika eta hau betiko "antisorgailu-aborto-dibortzio-bereizkeria"ra mugatzen dutenez gehiago sakondu gabe, oso erraza zaie ados egotea beren artean. Bi, emakumeek botua ematen dute eta zentral nuklearrek ez, esate baterako, horregatik ez dute mitin antinuklear baturik egin... ba diteke emakumeak beste mitinetara ez joatea, bestalde.

Gaiak: abortoa, dibortzioa, langabezia

Herri Batasunaren Maite Beñaran, dibortzioaz aritu zen, LKI-ren Aintzane Saitua emakumearen langabeziaz, Euskadiko Ezkerraren Karmele Baelo eta EMC-OIC-ren Uri Ruiz Bikandi berriz, abortoaz. Konklusioa: Emakumeak lan egiteko eskubidea du, dibortzioa beharrezkoa da eta abortoaren legalizapena exigitzen dugu. Guztiz ados, baina, alderdi lauek zergatik esaten dute hau beren emakumeen ahotik, hauteskunde kanpainan eta emakumeentzat bakarrik? Beren ia beti gizonezko gidariek, ez al dakite ba hau esaten? Beren mitin handietan ez al dute astirik gai hauk merezi duten sakontasunez azaltzeko?

Dibortzioa, abortoa, langabeziaren aurkako borroka, ez al dira alderdi hauentzat guztiok hartu behar ditugun helburuak, eta ez emakumeek bakarrik? Harrigarria, kontutan edukitzen badugu, gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin daudela alderdi hauetan, "iraultzak horrela behar duelako, klase eta nazio loturak direla eta".

Klasea eta nazioa oso garrantzitsutzat joko dituzte baina sexu kontraesana ez. Guztiz logikoa, bi sexuak batera daudenean erakunde hauetan, bat dela nagusi tradizioz. Normala, emakumearen problematika, "sektore" baten mailara mugatzen denean, estrategia matxista baten barruan (feminista ez denez).

Emakumeak alderdietan bai, baina nola?

Hauk eta besteak esaten baditugu, ez da antialderdikeriaz. Alderdi batean lan egitea positiboa izan daiteke, beste edozein tokitan egitea bezala. Eta alderdi hauetan feminismoa defendatzea ere ondo dago, baina alderdi hau feminista bezala presentatzea, ez zaigu oso egokia iruditzen. Ez al da maila batean alderdien matxismoari jokoa egitea Sestaokoaren moduko mitinak ematea, benetakoa ez den irudi bat eskainiz emakumeei, alderdi hauengan beren konfidantza jarri dezaten?

Zergatik ez zaio exigitzen alderdi hauetako edozein buruzagiri feminismoaren ezaguera sakon bat izan dezan? Nola onartuko dugu emakumeok buruzagi bezala, gizartearen erdiak daduzkan problemei buruz ezer ez dakien elementu bat? Nola txalotzen du feminista bafek, bere alderdiak mitin batean, emakumearen problematika, ez bigarren baizik eta bostgarren mailako gauza bat bezala azaltzea?

Azaltze bakarra aurrerapen bat izan dela egia da, baina orain irteteko modu hau integragarri gertatzen zaigu, ez badugu azala besterik ikutzen, apurrak onartzen baditugu.

Alderdiek, marxismoaren iturrietatik hartu duten teoria orokorrean egin dute lan, oinarri honetatik batera edo bestera jo dute borroka sozialaren interpretamen desberdinak direla bide, bai nazio mailan, bai nazioarteko mailan. Baina ez oinarri honetan, eta guttiago ondorengo teorizapenetan, ez da ikuspegi feminista bat azaltzen inondik inora.

Orain, emakumearen mugimenduak izan duen igoera dela eta, alderdi hauen programetan erreibindikapen batzu ari dira azaltzen, emakumearen egoera bereiziari dagokionean.

Alde guzietara, hemendik feminismora ba dago bidea aurretik. Emakumeak, gazte-jubilatu-homosexual-ikasle-nuklear-errepresio-etab. ekin batera jartzen bagaituzte "sektore" edo "problema" konkretu bezala, horregatik da: Teorizapenen iturrian, historiaren azterketan, ez delako sexu kontraesan hori estudiatu.

Beraz, oinarritik hasi behar berriro, problematika orokorra ikuspegi berri batez aztertuz.

Horregatik, egun alderdi batean lan egitea eta feminista izatea batera, posible da; baina ezin da feminismo hau kontsekoenteki aurrera eraman alderdikeria itsugarri batez, estrategia berrikusi gabe.

Hori bai, orain arte egiaztatu dugunez erreibindikapen hauk kanpainetatik kanpo, paperean gelditzen dira eta kanpainetan ere mitinetatik ez dira ateratzen. Gustura ikusiko genuke, nazioarteko mailan izango diren abortoaren aldeko borroketan, alderdi hauek bere indar guztiaz parte hartzea. Ez diegu feminismo oso bat eskatzen, baina bai orain esaten dutena kalean ere defenda dezaten; eta ez emakumeek bakarrik, baizik eta militante guztiek, lantegietan, hauzoetan eta toki guztietan.

Beste arazoak direla eta, ba dakite egiten. Ahalmena ba dute. Ezaguera ere bai. Ea ba, praktikan ikusten ditugun aditu ditugun konpromezuak. Guk laguntza guztiak onartzen ditugu.

Emakumeok geure politika egin behar

Laguntzak bai, baina hori ez dugu aski. Guretzat ez da nahikoa abortoa eskatzea, nahiz eta beharrezkoa izan. Gizarte osoari eman behar diogu erantzun bat geure ikuspegitik.

Sestaoko mitina, dagoen textuinguruan aztertu dugu, baina beste balore bat ere izan dezakeela uste dugu. Nahiz eta horrela ez agertu, emakumeok geure politika egiteko daukagun behar objetiboaren lehendabiziko urratsen parte izan daiketela pentsatzen dugu. Halaber, alderdi batzuetan emakumeek bere erakunde autonomoak izateak ere honen ispilu dela erakusten du.

Eta hau ez da alderdi mailetan bakarrik azaltzen. Donostiako Emakumeen Asanbladak Euskal Herriak sufritzen duen errepresio egoera dela eta, entzerrona bat eratu zuen. Lehenbizikoz, harrigarri egiten da problema orokor honi erantzun bat emateko, eta kontutan edukiz hainbat honelako ekintza egiten dela Euskal Herrian gizon eta emakumeen artean, emakumeentzat bakarrik eratzea hitxialdi hau. Ageri bat atera zuten, errepresioa, exilatuen egoera, polizien basatikeria, etab. salatuz eta herriak bereak egin dituen erreibindikapenak azalduz. Ageri hau, beste edozein hitxialditik ateratakoekin konpara daiteke eta berdintsuak dira. Zergatik ba emakumeentzat bakarrik? Asanbladan jarrera hau eztabaidatu eta sakondu egin behar dutela pentsatzen dute, gau hartan ez zuten posible izan eta, poliziek apaizarekin bat eginez, bota egin zituzten eta elizatik.

Nolabait, eta nahiz eta oso kontzienteki ez izan oraindik, emakumeon erakundeetan ari gara "emakumearen problematika" nolako zabala den ikasten eta honen sustraiak bilatzen.

Bide hau jarraitzen badugu, agian, datozen hauteskundeetan, mitin edo horrelako zer edo zer benetan FEMINISTA bat egiteko gauza izango gara.

ITZIAR URTASUN


Hamabost egun hankaz gora

Espainian, 70 % entrepresa kiebrak jota

Euskal Herriko problema ekonomikoei buruz egin zen debate batetan, Luis Olarrak zera esan zuen: "Espainiako ehuneko hirurogeita hamar entrepresa, kiebrak jota ala pagamendu suspentsioan aurkitzen dira".

Debate edo mahainguru horretan, Unión Foraleko Luis Olarra aipatua, PNVko beste ordezkari bat, PCEko beste bat, PSOEko bat ere bai, eta azkenik, UCDko bat ere egon ziren, eta Bilbon egin zen.

Debatea hiru puntutan zentratu zen: Langabeziaren problema, siderurgiaren krisia, eta zErGa iraultzailearen arazoa.

Denetarik esan zuten hizlariek, baina agian, gauzarik interesgarriena, Olarrak esan zuen: Espainian, 70 % entrepresa kiebrak jota ala pagamendu suspentsioan aurkitzen dira".

Hori egia baldin bada, Espainiako sistema ekonomikoan transformazio handiak izango dira laster, zeren eta kapitalismoaren porrota baita.

Hori egia baldin bada, gure askatasuna hurbilago dago.

Baina nork frogatzen du portzentaia hori egia denik? Nik ez.

Estimulagarri sexualak poliziak harrapatuak

Europa Press agentziak jakin duenez, Bartzelonako poliziak "estimulagarri sexualak" harrapatu eta kendu zizkion gizon bati, orain dela zenbait egun.

Estimulagarri sexual horien balioa ia 200.000 pezetatara ailegatzen zen.

Gauzak horrela gertatu ziren: Paristik zetorren Talgoa Bartzelonara heldu zenean, gizon bat trenetik jeisten hasi zen bere maletarekin. Orduan, poliziak altua bota zion eta gizonak ihes egin zuen. Poliziak maleta jaso zuen, eta hor zeuden aipaturiko estimulagarri sexualak.

Asuntu honetan ere, ikasi dugunez, txibatazoa edo salaketa izan da, zeren bestela poliziak ez baitzekien deus.

Talgoa Bartzelonara heldu eta poliziak gizonari altua bota, dena bat izan zen.

Ai, txibatoak!

Eta txarrak al dira estimulagarri sexualak? Agian, bere burua "estimulatzen" ez dakienaz, horrelako erramintaren bat erabili beharko du.

"Sozialismoa ez da askatasuna"

"Sozialismoa ez da askatasuna. PSOE-ren egiazko programa". Honela titulatzen da, Pilar Cambra kazetariak idatzi eta argitaratu duen liburua.

Liburua oso polemikoa izango da, zeren eta, gaiaz aparte, hauteskunde garaian argitaratu baita.

Pilar Cambraren erreferentziarik ez dut, baina entzun dudanez eskuindar amorratu bat da, eta ez du sozialismoa begi onekin ikusten. Horrengatik esaten du titulu probokatibo horretan, sozialismo ez dela askatasuna.

PSOE-ren gaurko programa politikoa aztertzen du, eta gainera, azken ehun urteotan partidu horrek hartu dituen erabaki inportanteenak ere jasotzen ditu. Dokumentu guztiak hortxe daude.

Hauteskundeak gainean, jadanik ospaturik, eta liburu hori PSOE-ren kontra doa.

Dena ez gezur izango.

Ceutan eta Melillan 18.000 soldadu

Kanarias, Ceuta eta Melillan 34.000 soldatu daude akoartelaturik, hiru lurralde horik defendatzeko. Datu hauk, espainol harmadako "defensa" aldizkaritik atera dira.

Ceutan eta Melillan 18.000 soldatu daude, hiru taldetan banaturik: "Regularrak" bat, eta beste biak Legiokoak.

Oso datu interesgarri da, Ceutan eta Melillan 18.000

soldatu izatea, zeren eta Euskal Herrian dauden poliziak 13.000etara ailegatzen baldin badira, proportzioz Afrikan baino gehiago dira hemen.

Kontutan hartu behar dugu, Euskal Herrian akoartelatuta dauden soldaduak, harmadako soldaduak, ez ditugula kontatu, poliziak bakarrik baizik.

Ceuta eta Melilla koloniak dira, eta defendatzeko soldadu ugari dauka espainol gobernuak.

Euskal Herria ere kolonia bat da, eta defendatzeko polizia ugari dauka espainol gobernuak.

Kolonialismoaren analisis bat egiteko, oso inportante izaten da beti, harmada eta polizia kolonialistaren bolumena kalkulatzea.

IÑAKI ZABALETA


Ohar laburrak

Abortoaren eskubidearen aldeko kanpaina dela eta...

Otsailak 17, Bartzelonan, estatuarteko emakumeen topaketa bat izan dugu. Honen helburu nagusia, zera zen: Abortoaren eskubidearen aldeko nazioarteko kanpaina. Aurreko urteetan, Parisen, Bruselas eta Londresen egindakoen jarraipena da. Zergatik aurten Espainiako estatuan? Ba, hemen abortoa hilketa bat bezela hartua delako eta hala zigortzen delako, Irlanda eta Portugalen antzera.

Estatu guztietan egoera berdintsua dugu puntu hauetan:

- Ez digute galdetzen, haurrik ekartzea nahi dugun ala ez.

- Ukatzen digute zenbat eduki nahi genituzkeen.

- Noiz eduki nahi ditugun baita.

Azken batez geure sexualtasunaren ukapena da, geure gorputzaren andre eta jabe izatearen ezetza; amatasun aske eta desiratua nahi genuke.

Horrela, interes politiko eta ekonomiko batzuen azpian, estatu batzutan esteriltzapenak eta beharrezko abortoak egitera behartzen dituzte (Indian, Puerto Ricon,...) beste batzutan, emakumeen burrukarekin lortuz, legalizatzen dute abortoa (Ingalaterran, Frantzian, Italian) eta azkenez, beste batzuetan onartzen dituzte (Suizan, Alemanian...).

Bizkaiko Emakumeen Biltzarreak, topaketa hau eta kanpaina guzti hau bereganatzen du.

Denok dakigu inori ez zaiola gustatzen abortatzea, baina azken aukera bezala jotzen dugu; estatu mailan milioi erdi bat emakume behartuak dira urtero klandestinoki abortatzera...

BIZKAIKO EMAKUMEEN BILTZARREAK

Euskal filologo bat espedientatu

Azken bolada honetan gauza kurioso bat gertatu zaio zenbait gazteri Bilbon. Goizaldean egunero ohi duten bezala eta betiko leku inguruan aparkatu dute autoa. Goizeko eginkizunak egin eta eguerdian autora joan direnean... autoaren atea giltzarik gabe!!! Eta noski, autoak ez markarik eta ez urratu izpirik.

Eta zer uste duzu falta dela? Magnetofonoa? Irratia? Dirua? Kasetak? Libururen bat? Ez, halakorik ezertxo ere ez.

Autoan falta dena jaka da, txaketa edo txamarra, eta barruan zegoen agenda: Telefonoz, helbidez, eta anotazioz betea.

Eta noski, dagoenekoz, belarrietan dut irakurleak egin duen komentarioa: "Eta zer, zer dago berria denik lapurreta horietan?". Eta hona erantzuna: Orain arte lapur horien biktimak, guztiak, ezker abertzalekoak izan dira.

Kasoalitate hutsa dela? Agian. Ez dela kasoalitatea? Auskalo.

OIHARBIDE

Benetan txalogarria

Behin batean, aldizkari honen horrialdeotatik berauetatik, "euskal" prentsan euskarazkorik eza salatua eta maixeatua izan zen. Hark ondorio apurra, fruitu xumea ekarri bide du.

DEIA egunkariak azken hauetan horrialde betea ematen du euskaraz edonolako notiziak komentatuz. Euskaldungoak merezi du.

Aurten horrialde betea jarri eta datorrenean beste bat eta hola segituz gero, ba liteke benetako bihurtzea, hamar urtetarako pentsatu den berreuskalduntzea.

Eredua ba dugu, bidea ba dakigu. Nor bereari lot bekio eta hor konpon! esan beharrean, hementxe eta oraintxe konpon.

 Azken honetan DEIA paperak

 oso poliki horriyak,

 euskara hutsez ematen ditu

 denetako notiziyak.

 Iruditutzen zaizkit neri

 oso probetxagarriyak,

 DEIAk merezitzen ditu ta

 eman zaizkagun graziyak.

BEZI

Lapur arraroak Bilbon

Jakin ahal izan dugunez, Deustuko Unibertsitatean espediente banaketa gogorra egin da, eta baratzearen hesiak gainditurik dituzte dagoenekoz.

Espedienteak dituztenen artean "Tomate Gorria"-koak ezezik Euskal Filologiako ikasle bat ere ba da.

Unibertsitatea itxirik den bitarte honetan Aita Aranzadi Errektore Jaunak gutun bana bidali die ikasleei. Eta besteak beste, gutun horretan zera diotse, eta espainolez, esan ere, noski: "Para los que sentís la problemática cultural de nuestro país quiero añadiros que la Universidad de Deusto desea y aspira a responder a las culturales de su entorno social estudiando y fomentando los valores de la cultura vasca".

Hitz hauk, seguraski, zuzenen, euskal filologoei doazkie. Baina haiek hitz politak baino nahiago dituzte espedienteei atzera eragitea eta Euskal Filologiarekiko ardura gehitxoago erakustea.

Euskal Filologiak une honetan espediente bat baino beharrezkoago du euskal dekano bat, euskal kulturaren berri dakiena eta euskal munduaz zertxobait arduratuko dena.

Eta ondoren datoz beste mila problema, hemen aipatuko ez ditugunak, baina euskaldun lizentziatuak egiteko espedienteak baino premiazkoagoak direnak.

AIMAR IDARSOROA

Autodeterminazioa noizko? Nazionalistak eta independentistak Euskadin nagusi

Sektore nazionalista eta independentistak nagusi dira Euskadin sektore autonomista eta zentralista soilen gainean, euskal bozemaileen jokamoldea ikusiz gero. Hauek alderdi abertzaleei 653.466 boz eman dizkiete, autonomistei eta zentralistei 574,189 soilik.

Herrialdetan, abertzaleek Gipuzkoan % 56,87, Bizkaian % 48,51, Araban % 36,49 eta Nafarroan % 17,11 hautesle dituzte.

Asteburuan euskal politikazko soegileei gogoa eraman dieten zenbakiotan Nafarroakoak ere sartzen dira, azken honetan Euskadira sartzearen aldeko diren alderdiek emandako % 54,15 botu lortu dituzte, Eusko Kontseilu Nagusira Nafarroaren ez-sartzearen alde dauden UCDk eta Unión del Pueblo Navarrok lortutako % 43,81en aurrean.

Estradizio gehiago?

Valensolen izan diren errefuxiatuetarik hamabost libro utziak izan dira, hala ere Euskal Herrian bizitzeko eskubidea ukatzen zaielarik. Beren egoitzetaz erabakitzeko, Iparraldetik guttienez berrehun kilometrotara dauden tokiak aukeratu beharko dituzte, hau beteko ez balute, frantses agintariak prest daude parte honetako poliziei entregatzeko. Bestalde beste bi errefuxiatu atxilotu egin ditu frantses poliziak: Mikel Goikoetxea eta Martin Apaolaza. Espainol gobernuak eskatua du hauen estradizioa, eta Euskal Herriak arrisku honen aurrean premiazko erantzunik emanen ez balu, segurua da Giscardek mesedetxo hori eginen diola Martini, ba dakizue halako demokraten artean zelako ondo konpontzen diren. Bestalde Soriako gartzelan daudenentzat ez ezer aldatu eta gero eta jende gehiago ari da bertara sartzen. Madril entzungorrarenak egiten ari da euskal preso eta Euskal Herriaren erreibindikapen minimo horien aurrean. Hala ere, azken sasoiotan nahiko moteldurik izan den amnistiaren aldeko burruka gogortzen ari da berriz ere.

Piketeari tiroka eraso

Metalaren greba dela eta egundoko manifestazioak ikusten ari gara Bizkaian. Bilbon eginiko asanbladetan milaka lagun hartzen ari da parte. Sindikatu guztiak, ELA-STVren salbuespenaz, greba bultzatzen ari dira. Bai eta UGT eta CCOOekoak ere, azken hauk, agian, gogoz kontra baina bestelako erremediorik ez dute izan.

Harrigarriena Sodupen gertatu dena izan da. Langile grebalarien pikete bat, herri horretan dagoen "Talleres Yanguas"eko langileengana jo zuen, lanuzterako batasun bila. Orduan, lantegi horren patroiaren semeak tiroka eraso zion piketeari 13 lagun zaurituz.

Basatikeria honetaz hitzegiten ote zuen Iñigo Agirrek greba basatiak aipatzean?

Oraintsuko hauteskundeek sorterazitako eta asteburu honetan jendearen politikazko apetaz jabetutako beste datu batzuk, ezker abertzaleak uneotan daukan benetako potentzia erakusten digute; beronen indar espezifikoa ezin froga zitekeen hauteskundeetarainokoan, ekainaren 15ean zenbait sektorek mantendutako abstentzio jitea zela eta.

Martxoaren 1eko datu berrien arauera, ezker abertzale hau, burruka harmatuan diharduten ETAren bi adarren jasotzaile eta bermatzaile, Gipuzkoako lehenengo indar politikoa bilakatu da, emandako % 30,48 botu dituelarik, honen ondoan PNV dago % 26,49rekin, eta PSOE % 18,26rekin. Bizkaian bigarren lekua du, % 20,06 duelarik, aurrean PNV % 28,45ekin, atzean PSOE % 18,61ekin.

Araban EEk eta HBk laugarren lekua dute (% 14,22), aurrean UCD (% 24,68), PNV (% 22,27) eta PSOE (% 20,76) dituztelarik. Nafarroakotik ezin atera da ehunekorik, EEk PNV eta beste indar batzurekin koalizioa osatu baitzuen, Halere, HB laugarrena da % 8 hautesle baino gehitxoagorekin.

Datuok, halabaina, hegoaldeko herrialdeetan abstentziogileek lortutako % 29tik 35erako tartean dauden zifrekin kontrastatu beharra legoke. Abstentziogileetan, PSOErekin istilutan dauden UGTen sektore zenbaitek ez dute boturik eman; bestalde, asanbladakidetasunezko ezker abertzalearen beste sektore batzuk, berebat, abstentziorako jarrera faboratuko zuketen.

J. M. I.


Euskal Herria

Ipuin antzerako gertakari bat

Artikulu honek, izanez, Valensolen dauden euskal errefuxiatuekin elkarrizketa bat izan nahi zuen. Hori zergatik ez den izan kontatzeko erabiliko dugu.

Bilbotik Valensolerantz 180 lagun abiatu ginen, hiru autobusetan. Gure autobusa Zabalburutik 8,30etan irten zen.

Mugara 10,15etan heldu ginen. Polizia espainolarekin ez genuen problemarik eduki. Gure pasaporteak seilaturik, denok poz-pozik, polizia frantsesarenganantz joan ginen.

Hor hasi zen gure odisea. Gu, ofizialki, Marsellara (edo Marseillerantz, mes amis) joateko ginen eta horrela esan genien CRS direlakoei. Hala eta guztiz ere, ezin genuela pasatu esan ziguten, nahiko modu txarrez, noski, eta gure galderei erantzunik eman gabe. Berriz ere "alde espainolera" bidali gintuzten.

Mementu horretan beste autobus biak heldu ziren. Beraiekin ere, gurekin egin zuten maniobra berbera errepikatu zuten, bai espainolek eta bai frantsesek, baina, azken hauek indar-despliege galanta eginez. "Hombres de Harrelson" direlakoen imitatzaile leial batzu, CRS-en uniformez jantzita, ekarri zizkiguten ikusteko edo.

Hiru autobusak eta barruan geundenok, hor geratu ginen aparkaturik.

Prentsari abisatu behar geniola ikusiz, gure ondoan zegoen telefono-kabina batetara joan zen neska bat. Kabinan gizon bat zegoen hitzegiten. Neska sartu zenean ez zegoen linearik... (Mila esker, jauna!). Oinez kilometro bat ibili, behar, autopistatik, beste telefono batetara heltzeko.

Ordu 2ak inguruan, xoferrak autobusetatik joan ziren gu autobusen utziz. Polizia espainolak gure jarrera "de poco decoro" zela esan zigun.

Hor segitu genuen, batzu hizketan, beste batzu lotan. 4,20etan neska bat hasten da argazkiak ateratzen. Goardia zibil bat, harmaturik, noski, autobusera etorri zitzaigun fotografoa eta makina eramaten. Filmea kendu zioten. (Ez horregatik!)

Larunbatean, goiz goizean, aurreko gauean abisaturiko EGINeko kazetari batzu etorri ziren argazki batzu ateratzera.

Goizeko 9,40etan, Behobiako beste mugara joan ginen. Polizia espainolak libre utzi zigun pasatzea. Frantsesek akats bezala zera esan ziguten: autobusak beste mugatik pasatu behar zutela. Ping-pong jokuan bezala...

Berriz, autopistara heldu eta polizia espainolak xoferrak deitu zituen. Guk hartu genuen explikazio bakarra zera izan zen: ezin da "frantses muga" pasatu.

Goizeko 10,30etan gure arteko neska bati goardia zibil batek zera esan zion: "Lo que pasa es que a los autobuses les falta un papel del Ministerio de Obras Públicas francés. Si hubierais "untado" (sobornado) a los guardias hubierais pasado, porque los franceses son unos cerdos. (Inoren begian lastoa, baina norberean enborrik ez). Pregúntale al chofer a ver si le falta algún papel de los franceses. Seguro que a él ya lo sabe, pero no os lo quiere decir por no dejar mal a la Compañía".

Pierre Lartzabalekin hitz egin genuen, telefonoz, eta Valensolera inor ere ez zela heldu esan zigun, kontrolak ziren eta.

Hor desmoralizatu ginen.

Goizeko 11etan asanblada bat egin genuen mugan. Oka-Langraresera joatea erabaki zuten batzuk eta etxera beste batzuk.

Azkenean, hor bertan, "Eusko gudariak", ukabila goian, kantatu genuen eta 11,40etan handik joan ginen.

Oka-Langraresera ezin izan zen heldu. Barazar bortuan poliziak autobusak geratu zituen, xoferrei gidatzeko karneta kendu eta Bizkaira eskoltaturik ekarri. (Gu bidean ez galtzeko edo).

Hor bukatu zen gure abentura.

Eta hola izan bazen, sar dadila kalabazan eta irten dadila Derioko plazan...

Ondorio modura

Hau da puntuz hor gertatu zena. Gauzak gertatzen ziren momentuan apuntatzen nituen nik. Baina hau guztiau ez da egia osoa; hau azala baina gehiagorik ez da, ispiluan ikusten dena.

Zergatik debekatu ziguten joatea?, zergatik eraman dituzte gure errefuxiatu horik Valensolera?, zergatik ez diete euskaldunoi errefuxio-eskubidea ematen estatu frantsesean?...

Galdera hauen erantzunetan dago egia.

Estatu frantsesak eta espainolak problema berbera dute: nazio ukatuena, nazio zapalduena. Gure errefuxiatuak zapalkuntza horren kontra burrukatu dira eta Ipar Euskal Herrian dauden bitartean, arrisku bat du gobernu frantsesak: Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna berpiztea. Horregatik, eta bai beste euskaldun guztiok desmoralizatzeko ere, eraman dituzte Valensolera.

Estatu kapitalistaren kontra burrukatzen direnez, kapitalisten ordena apurtzen, sozialismora heltzeko, "terrorista" deitzen dituzte, eta jendeari hori sinestarazi nahi diote.

Baina Euskal Herriak ez du horretaz sinesten. Euskaldunontzat errefuxiatuak abertzale zintzoak dira, neba-arreba maite maiteak. Horregatik joan ginen Valensolerantz. Eta horrexegatik ere ezin izan ginen heldu. Gure pentsaerak, pentsaera ofizialaren kontra jotzen duelako.

Euskal errefuxiatuen kontra daramaten kanpaina, ofizialki, estatu espainolean demokrazia dagoelako da, baina Montzon gartzelan dute, Bilboko ihauterietan poliziak egin duena ere hor dago, sanitarien kontrako errepresioa ere bai, Herri Batasunaren kontrako errepresioa ere bai... Non dago frantsesek ikusten duten demokrazia? Euskal Herriak ez du ikusten, eta ikusmen oso ona duela segurtatzen dizuet.

EKATXA


Euskal Herria

Karlos Santamaria ikastoletaz mintzo

Eusko Kontseilu Nagusiko Hezkuntzaren arduradun den Karlos Santamaria jauna izan dugu berrikitan Bilbon. Otsailaren 9an hain zuzen ere, ostiralez. Udal liburutegian hitz egin zuen eta mintzaldiaren gaia ikastolen etorkizuna izan zen.

Aretoa jendez beterik zen. Bilbo eta inguruetako andereño, irakasle,maisu, guraso, zuzendari, testugile, arduradun eta abar zen bertaraturik. Euskaldun jendeak, bada, zinez, egun hartako entzulegoa osatzen zuena. Erdaldun bakarren bat ere izango zen, noski, baina horixe, "bakarren" bat, ez gehiago.

Ez dugu Santamaria jaunaren hitzaldia puntuz puntu kritikatzeko, ez eta alternatiba oso bat eskaintzeko asmorik, baina bai defendatzen dugu konbenioaren ardatza izan behar lukeela uste duguna: ikastola guztien batasuna. Bestalde, programaren zenbait puntutaz ere ez dugu zen esanik, zuzen ikusten ditugula baino, hala nola, ikastola bakoitzak erabaki behar duela azken batetan zer egin, edo eta ikastolen autogestiogintza gorde behar dela. Une honetan bederen, utz ditzagun puntu horik daudenetan.

Lehen lehenik egiteko dugun kritika, eta kritika oso gogorra gainera, hitzaldiko diglosiari dagokio. Mila bider kondenaturik den diglosia horretaz dugun hitza EZETZA da. Mila bider ezetz, teorian hain poliki esandakoak praxiara eramateko era negargarri horri. Santamaria jaunak ez zuen euskararik erabili hitzaldian, esposizioan. (Bizpahiru esaldi izan ezik, ganoragabeko protestarik inork egin ez dezan, halakoak ere izaten dira eta).

Eta hori ez da jokabide zuzena, Santamaria Jauna. Ez zara kritikatu zenituen galdetzaileak baino euskaldunago. "Koño! progre bat jaurti bazenu ere. Eta entzuleriaren gehiengoa —gehiengoa diot— euskalduna zen. Edo eta hamar minututako sarrera bat edo ere ezin zitekeen egin euskaraz, itxurak gordetzeko ere? Eta ikastolei buruz ari zinen!!! Non erabiltzeko da, bada, euskara? Non, noiz, eta nortzuren artean??? Ala Kontseilu Nagusikook ez duzue behin edo behin —exenplu emanez— euskalduntzen hasteko asmorik? Santamaria jauna, euskaldunagoa zinela uste genuen, bai zu eta bai lagun duzun Lasa kalonje ohia ere, "Euskal Ikasgu Nagusia"-z bere teoriak argitara emana dituena, eta Deustuko Hizkuntz Eskola Ofizialean irakasle dena. (Ba dakigu bai, eta ongi jakin ere, galdetzailea edozein hizkuntza erabiltzeko libre dena —orain libertate hori konstituzionala ere ba da: ikus 3garren artikulua— baina libertate hori beti gaztelaniaren mesedetan erabili beharra da kezkatzen gaituena.

Baina honez gero, gauzak diren bezala hartzea besterik ez dugu. Gero, euskaraz hitz egiteko aparteko erraztasunik ere ez duzula ikusi genuen, Santamaria Jauna, eta ez duzunik ezin eskatuko dizugu.

Bigarren salatu nahi duguna —hitzaldian bertan eman zizuten aditzera— zera da: "errealismoa". Zinen, errealismoz jokatzea beharrezko gauza da, eta tekniko batengan "derrigorrezkoagoa". Baina Madrilera gauzak eskatzera aldez aurretik mugak jarrita joatea ez da errealismo gomendagarria. Otoi, Santamaria Jauna, Madrilen egin behar dituzun eskaerei ez jarri mugak Donostian.

Hirugarrenez, Nafarroa gainontzeko Euskal Herritik bereizirik den une honetan, zergaitik ez bultzatu serioago eta ganora haundiagoz Federazioak gaur gaurkoz Euskal Herriko ikastola guztiak biltzeko era bakarra hori bada? Federazioek hori egin dezaketela aitortu zenuen, bai, baina jende tarteko norbaitek horretara erdi beharturik edo. Zergaitik ez bultzatu, beraz, Nafarroako ikastolak ere babestuko lituzkeen erakunde bat, EKNrentzat hori ezina bada? Federazioen Federazioa" Beste bat" Izena da guttiena, baina guztiak baturik izatea ez da kontseilari batentzat marka txarrena.

Eta azkenez, EKNko kontseilari zaren Santamaria jauna, hurrengoan Bizkaia aldera zatozenean ez esan hemengo ikastolak ezagutzen ez dituzunik. Horren moduko esaldi batek zure zintzotasunaren haundia adierazten du —eta zorionak— baina, mesedez ez esan berriz horrelakorik. Ala geuk adierazi behar ote dizugu, Bizkaiko berririk ez baduzu zeuk joan behar duzula berri horien bila?

Hona bada, Santamaria jaunaren hitzaldiari buruzko gure gogoetak, eta gure eritzia. Eta kritika honen garraztasuna bistako gauza bada ere, aitortu nahi diogu Santamaria jaunari, bere lagintza, EKNen egiten ari dena, orohar, txalogarritzat jotzen dugula, atsegin dugula.

Beraz, hezkuntz kontseilari jauna, tartean huts batzu izanik ere, ez gal adorea.

MANU BARRENA


We're fired up, we ain't takin no more

Honela egiten genuen deihar Ameriketako ingeles dialektuaz —"sutan gaude, ez diogu egoera honi luzeago eutsiko" (we are fired up, we are not taking any more)— Mississipiko Tupelon ihazko Hazilaren 25ean, kaleetan zehar 3.000 bat pertsona, zuri eta beltz, gizon, haur eta emakume, elkarren lagun gindoazenean.

Munduko estaturik aberatsena den Iparrameriketako Batasun honetan gauza asko gertatzen da harrigarri, eta lehenengo eta behin, aberastasun barroko eta ikaragarriaren ondoan, toki guztietan ikus daitekeen txoritasun eta pobrezia, baina ez guttiago norberaren haurmundu mittikoa egiaztaturik ikustea, "Hego Sakon"era heltzean (the deep Saouth) Mississipi hibaitzarraren alboan, jende beltzak, jauregi kolonial georgiarrak eta Ku Klux Klan-eko zano zuridun kide arrazista desonestak hiregandik hurbil igartzerakoan.

Iparmississipiko Liga Batuak eta Tupeloren aldeko batzordeek antolatua,Hazilaren egun horretan "askatasunaren ibilaldi" labur bat egiteko zela jakin genuen hiru astebete lehenago Iowa aldean. Zortzi hilabete burrukan sartuta, ligak manifestazio handiago bat egin gura zuen indarra erakusteko. Azken denbora horretan Tupeloko populazio beltzak ez zuen zuri gehienen, arrazista direnen, dendetan ezer erosten eta ia astero manifestazioak egiten zituen hirian bertan. Boikotea, nonbait, arrakastaz zoan aurrera eta alkatea, dendarien galerak zirela eta, hiriaren erdikoenengatik batez ere, ere orobat industrileku baketsu bezala berberak hiriari eman gura zion ospearen suntsiduragatik, azkenez zerbait egiteko prest bide zegoen. Boikotea eragin zuen lehergaia, antza, denda batetan lanetik bidali zuten gizon beltz gazte baten kasua izan zen, baina 60-70 hamardakan Martin Luther King eta haren mugimendu baketsuaz egin ziren Eskubide Zibilen aldeko burrukak eta guztiz ere, Tupelo aldean, eta Mississipiko estatuaren iparralde osoan ere hala izaten ohi da, azkenengo urtean poliziak beltz gazte bi hil zituen, zenbait langile beltz oso arrazoi merkez lanetik bidaliak izan ziren (uneon bost hilabeteko lanuztea zegoen hiriko fabrika batetan), eta behin baino gehiagotan Ku Klux Klan-a, oso lantsu alderdi honetan, jende beltza izu- eta makilatzen ibilia zen. Gainera, krisialdi ekonomikoa dela eta, Lee konterriko populazio beltza zen ondoriorik latzenak jasaten zituena, Batasuneko hegoalde osoan legez, horko zuriak, beste estatuetakoekin alderaturik oso pobre badira ere. Irailean, "Labor Day" (Lanaren Eguna) delakoan, ez baita Estatu Batuetan "Maiatzaren Lehen" gorririk ospatzen, beste ibilaldi bat egina zuten, eta antza, arrakasta politaz, 800 pertsonak hartu baitzuen parte eta Ku Klux Klan-eko berrogei lagun ("Ku Klux Klan scum of the land", Ku Klux Klan lurreko bekorotza) desafioka ondotxotik agertu baziren ere, galtzada beste manifestatzaileek hartua zegoelarik, banaka banaka pasa behar izan omen besteen alboan, beren txanotzar zuri horiekin, hango jendeen irrigarri eta isekagai.

Ibilaldia larunbateko goizean izateko zela, aurreko ostegunean "Thanks giving Day" izana zelarik jendeak ez baitzuen asteburu luze horretan lan egiten, ostiraleko arratsean sei lagun irten ginen Iowa City-tik 1.200 bat kilometro egitekoan. Halako ameriketar beribil handi batez gindoazela, gasolina asko irentsi ezik eta agian istripuren batetan —hain baitira luze— barruko jendea zeredozer gehitxoago defendatu ezik, balio berezirik ez dutenak, gure hiri unibertsitari ttipia zortzietan uzten genuen atzean. Mendebalderditik (Midwest-etik) Batasuneko estaturik txiroena den Mississipiko iparralderaino joan behar genuen, ameriketarrak horrelako zerbait egiteko bezain zoro baitira, automobil bat hartuta, miliak egiteko, beraiek oraindik dioten legez, edozein mementutan baitaude prest.

Horrela, Davenport-etik, Iowa-tik Illinois-eko estatuan sartuta, Chicago-tik 200 kilometrotara, estatu horretan zehar, Mississipi hibaiaren parean beti, Missouri-koraino joaten gara, bertan San Louis-etik pasa, eta estatua utzi eta gero, Arkansas apur bat ikutua, Tenesse-ko mendebaldeko musturretik zehar Mississipiraino. Oso kamino eta autobide onak izanik, bidaia osoan gauza berberak ikus daitezke gaueko ilunean, Mcdonald's, Pizza hut, Kentucky chicken, zarama eta sats pilo ikaragarriak eta segi aurrera. Eta norbera ez da harritzen Estatu Batuetan bada talde naturzaleek indar gehien dutenetako herria, kaminoaren ondotik bederen dena baitago zikin, apurtu eta deseginik. Hirixkak etxe txikiz, baina denak egurrezkoak eta edozein haizek eroateko modukoak: maiz jazotzen den bezala Ameriketako alderdi honetan, Kanadatik datozen haize hotzak eta Mexikoko Golkotiko beroak elkartzen direnean haizezinmola izugarriak osatzen baitira. San Louis-en ezin harrituago hango autobide-sistemaz eta zubi ikaragarriaz. Eta erdi lo egin eta gero, gasolingaldara hiru biderrez beteta, gidatzen ez dugunok zazpiretan itzartzen garenean Arkansas-era heltzen gara. Zubi batetatik sartuz, Konfederakundearen eskualdetan gaudela ezin ahantz dezakegu, Jackson-en kasu baiez, estatuko hiriburuan, aurreko urterarte berrogeita hamar izardun banderaren ondoan konfederatuena ere erabiltzen baitzen. Bost bat minutu eginda, Tenesse-n sartzen gara, Menphis-en Luther King hil zuten hiria, eta izenaren zahar eta espantugarriagatik —Tutankhamen, Kleopatra eta halako asko igarotzen baitira burutik— zirar berezia egiten duena; eta are gehiago zerbait gosaltzeko gelditzean (aurkitzen ditugun), bi autobus bete Chicagotar (ikustean), gurekin batera Tupelo aldera (baitoaz), Bertan ordubete emanda, hamaikak aldean Tupelon gaude joan behar dugun tokia aurkitu baino lehen halako jauregi zuri horietako baten ateetaraino heldu garela oker gidaturik. Beltzen hauzunean gaude, eta heldueran jende multzo polita ikusten da gure begira: Hazilean bada ere 25 gradu (ditugu), oso haize atseginaz. Manifestazioa hamabietan hasten dugu; ligakoek antolaturik, launaka goaz galtzadaren erdia besterik ez betetzearren, lehenago hirika eta eskualdeka taldekatu garelarik. Iowa City-tik 12 pertsona etorri gara, eta hiru lerro eginez goaz beraz. Manifestazioa hasi baino lehen telefonozenbaki bat jaso dugu denok, poliziak atxilotuak izanez gero ligari deitzeko eta isuna ordaintzeko. Ordu bi ibilita, oso astiro baikoaz, hiriaren erdian gaude, jende zuri asko guri begira,amorruz begira, seguru asko beren irrazionaltasun arrazistaz manifestazioko zuriak ezin ulerturik, edo eta iparrekoek erasoak berriro ere senditurik. Komisaldegikoa izan ezik, etxaurre gehienak hautsirik daude, leihoak apurtuta eta dendak hutsik ikusten dira. Komisaldegiaren ondoan igarotzean, polizigizonak barrurik geratzen dira begiraka. Azkenean, konterriko hauzitegiaren ateetan, halako tankera "ameriketarxoniko"az eraikia, mitina egiten da. Eta mitinlariak,oso dotore jantzita, janzki urdin eta gorbata, kantatzen hasten direnean Euskal Herriaz gogoratzen naiz, halako kantu izpiritual beltz sarkorrek bihotza baitute dardazten. Eta arrazista izateko arrazoi bi daudela bakarrik, ahalbide bi bakarrik, otu zait uneon, estupido eta itsusi izanda batetik, norberaren estupidokeria eta itsustasuna zuzenestearren, edo eta guztiz gustugabeko, azken batetan sendikortasunik gabeko munstro bat izanda bakarrik uler baitaiteke halako kantu ederrek jota ez gertatzea.

Mitinak ordu bi iraun du, baina harrigarriena azken ordu erdian gertatu da, komisaldegiaren ondoan, eta gu ikusteko toki aproposean, hogei bat Ku Klux Klan-kide zuri jantzita agertu direnean. Sinestezina, baina egia: Tom osabaren mundura iritxi garela ematen du, ondoko plazan beharbada, esklabo-inkantza bat, gerta daitekeela ordu erdi barru: eta amorrua senditu dugu, bada ez bada ere komisaldegiaren parean ikusi ditugunean. Jendeak, bai, ez die jaramonik egin eta mitina amaiturik berriro itzuli gara, kantuz eta deiharrez, beltzen hauzunera, hango zaharren aurpegi hits-alaiak ikusirik haien etxe zairbailduen ateetan. Arratsaldeko bostak dira amaitu dugunean. Zerbait jan eta gero, antolatzaileek emandako janaria, 5,30 itzultzen hasten gara. Biharamoneko goizeko zortzietan Iowa City-ra heltzen gara eta atsedenalditxo bat hartzearren, 2400 bat kilometro eginda, ohean sartzen.

ANDOLIN EGUZKITZA


Nazio artekoa

Frantziako azken mugimendu sozialak

Otsailaren 8an, Nantes-en egin zen langileen manifestazioa. Kapitalismoaren krisialdi honek frantses estatua ere ukitu du. Langileria bere interesen defentsan ari da mugitzen. Entrepresa asko hersten ari da eta langabezia gora doa. Jendea haserre dabil, eta otsailaren 16an greba osoa izan zen Frantziako iparraldean. Sindikatuak ta gobernua giroa lasaitzen saiatu dira. Arazoa hala ere, sakonagoa da eta ez du ematen erraz konponduko denik.

Azken urteetan, kapitalismoa krisi handi bat bizitzen ari dela, guztiz ezaguna da; nonnahi ikus daitezke geldituak; inflazioak nonnahi egiten du gorantz eta gorantz; nonnahi, deskontentamendua, pobretasuna,... Egoerea larri hau dela eta, herri desberdinetako langileak, beraienak kontsideratzen dituzten eskubideen alde mugitzen dira.

Oraingo honetan, Frantzian tokatu zaio. Eta hori gertatzeko behar diren baldintza guztiak, joan den urtearen amaieran hasi ziren agertzen. Leku guztietan, geldituen portzentaia: handia bada, egunero langileak beren lantegietatik bidaliak izaten badira, edo lantegi txikiak hersten badira, Frantziako iparraldean gertatu denak, muga guztiak gainditu dute: egun batetan 10.000 langile dauzkan USINOR entrepresa herstera doala jakiten da, hurrengoan, beste 5.000,... eta horrela gelditu gabe.

Frantziako iparraldean eta Lorraine delakoan dagoen ia industria bakarra, siderurgia da, hango herri askotako populazioaren 80%-a siderurgian sartuta dagoelarik. Beraz, lantegi horien hersketek asko suposatu dute, hango egoera nahasteko; eta bat-batean ez dira txarto aurkitu lanik gabe daudenak soilik, horrela geratzeko beldur direnak ere bai baizik. Berri beltz horik jakin eta laster hasi ziren langileak mugitzen: grebak, hertsaldiak, manifestazioak,... Herri osoek protestatzen zuten beren etorkizun iluna ikustean: gizonak, emakumeak, umeak, irakasleak, ikasleak, dendariak,... denak.

Mugimendua arinegi zabaltzen ari zela laster ikusi zuen gobernuak, eta beste herrialdeetara zabal ez zedin, sindikatuekin kontaktuan ipini zen. Hala ere, eta itxarotekoa zenez, ez zen inolako soluziorik aurkitu, gobernuak esaten zuen gauza bakarra, lantegi horik ez zirela errentagarriak baitzen; eta langileek, aldiz, lan egin nahi zutela.

Lan-ministruak, hala ere, laster ikusi zuen zerbait agindu behar zuela, eta orduan, lanpostu berriak sortuko zirela erakusteko, han eta hemen lantegi berri batzuren eraikitzeaz mintzatu zen: entrepresa bat herri batetan, agian FORD lantegi bat beste batetan,... Baina hori guztiori gehiegi konkretatu gabe, eta gainera problemari soluziorik ez emanik, zeren hango industria guztia baitago hauzitan, eta beraz, ezin baita irtenbidea bilatu txaplata batzu ipiniz.

Soluzioa hurbil ikusten ez zenez gero, sindikatuek burruka-egun bat konbokatu zuten Otsailaren 16rako, egun horretan, Frantziako iparralde osoan, geldialdiak, manifestazioak, etab. antolatuz. Aurreko egunetan gainera, Parisera etorri ziren langile asko, ekintza berezi batzuren bidez, beren egoeraren berri ematera.

Eta 16a heldu zen; eguna ondo hasi zen: siderurgiako 90% langile geldirik; herrietan dena hitxita; eskolak zabaldu gabe; bideetan oztopoak; trenak, geltokietan geratuta,..., dena greban. Eguerdian, eta ia herri guztietan, manifestaldiak, eta garrantzitsua dena, polizia agertu gabe, CFDT sindikatuko batek esan zuenez: "ez baita mementu egokia, jendearen haserrea areagotzeko".

Bestalde, M. Barre lehen ministruak, eta M. Giraud lan-ministruak, atzean ez geratzeagatik, egunaren zentzua ulertzen zutela agertu zuten; eta ez hori bakarrik, langileen beldurra eta haserrea guztiz konprenigarriak direla, eta egoera kritiko hau konpontzeko, irudimena (agian beraiek ez daukatena) beharrezkoa dela ere esan zuten. Eta bukatzeko, aditzera eman zutena, oraindik argigarriagoa da: sindikatuek antolaturiko burruka onartzen dutela, ordena baten barruan egiten baita, eta ez ostera, elementu inkontrolatu batzuk antola dezaketen edozein ekintza. Betikoa, beraz, protestak ondo daude, baina neurri batzu gordez, noski.

Komunikabideetan 16ko gauean eta 17an hitz egin zuten sindikatuetako ordezkariak, oso pozik agertu ziren, egun horretako helburua eta gehiago iritsi baitira. Eta indar agerpen hau oso garrantzitsu izan daiteke datorren 28an hasiko diren elkarrizketak bideratzeko; egun horretan, prezeski, mahai baten inguruan jezarriko dira gobernu eta sindikatuetako ordezkariak, problemari soluzioak bilatzeko. Aurkituko al dituzte? Argi dago ezetz, problema ez baitago lantegi konkretu batzuren hersketan, sistema osoan baizik.

Nahiz eta lanpostu berriak lortzeko, nola ipin dudatan, langeldituen zenbakia gora eta gora joango dela, inola ere gelditu gabe?

M.ª J. ESTEBAN


Gaiak. Politika

Nazio alderdiaren mythoa (I)

Ezaguna dugu Frantses Iraultzatik hona, jakobinista eta xovinisten laguntzaz, Frantzia eta Espainian sortu izan den Estatu-Nazioaren mytho zapaltzaile eta zentralista. Beronen arauera, Herrialde batzuetako bizilagunen zerbitzutan egon beharko lukeen Estatuak, jende horik bere interesen zerbitzutan darabiltza, hastapeneko Nazio bakoitzari Estatu bana hartatik, Estatu bakoitzari Nazio bana delakora iraganez, hots, planteiuaren aldrebeskuntza osoa eginez.

Beronen eraginak hor daude, eta kalte egiten digute oraino. Hala ere, etsai jadanik ageri eta salatua den neurrian, beragandik gordetzen eta haren kontrako defentsa prestatzen hasi eta ikasi dugu aspaldian. Honez gainera, ordea, ba da gure artean beste mytho bat, aurrekoaren arrisku ezagunetik salbatuz joaten eta joango garen neurrian, haren pareko etsaia bihurtzen ari zaiguna, Alderdi-Nazioarena, hain zuzen.

Faxisten gogoko mythoa

Alderdiak, komunzki onhartzen denez, helburu batzutara heltzeko erakunde politikoak izateri dira, halako edo holako ideologiaren aldekoen indarrak batu eta koordinatzeko sortuak, partaideek banaka lortuko ez luketena beraien zuzendaritzapean erdiesteko Alderdiak, beraz, zerbaiterako BIDEAK dira, ez besterik.

Nazio-Estatutik Estatu-Naziora inoiz gertatzen den aldakuntza, dena den alderdietan ere suertatzen da maiz, eta honetara, hasieran helburu batzutara iristeko BIDE zena, askotan HELBURU bihurtzen da, azkenean bai partaideak eta bai helburuak alderdiaren zerbitzu eta komenientziapeko zerbait bilakatuz.

Helburu-okertze hau, histona luzeko alderdi gehienen zoritxarra izaten da, bai eskuinean eta bai ezkerrean, kasu berezienetako bat Alderdi-Nazioarena izanik. Berau nazionalismo xovinista eta eskuindarraren defentsarako sorturiko alderdien jomuga izaten da. Hasieran nazioaren defendatzailetzat jarririk, beren ideologia, programma, leader eta symboloak, pixkanaka, nazioaz identifikatuz doaz, azken buruan biak, nazioa eta alderdia gauza berbera direla uste izan eta aldarrikatu arte. Horretara, holakoen eritziz, alderdiaren buruzagi eta jokabideak oro nazio osoarenak dira, berauen kontra egindako kritika guztia NAZIOARI BERARI egindako irainak, eta boterea eskuan duten neurrian, urrikalgabeki zigortzekoak. Era guztietako faxismoek agertu dute, horrela, beren aurpegia.

Kasu hurbil bati begiratuz gero, hortxe dugu frankismoa. Frankistak beti saiatu izan dira beren ideologia, klase guztien gainetik eta azpitik, espainol herri osoaren interesekin batera agertzen, beren symboloak (bandera gorri-horia, armada, harmarria, hymnoa...), sloganak (Espainia bat, haundi eta askea; lehenago gorria zatitua baino; Espainiako herri eta gizonen batasun saindua...) eta balioak (familia, erlijioa, ordenua, bakea, aberria, tradizioa, hispanitatea, hizkuntza...) nazio osoarenak bailiren. Beraien heroi eta politikariak, halaber, nazio osoaren dudagabeko gizaunditzat zerabiltzaten (Espainiak asko zor die Franco eta Jose Antoniori, tradizioaren martiriak, Jainko eta Espainiagatik hilak...). Haiekin ez zegoen guztia edo eta haiez kritikarik ttikiena egitea, nazioari berari egindako burla gaiztoa zen, antinazionala beraz, edonolako gaztigua merezi zuena.

Portugal, Alemania, Italia, Txile edo Argentinan, noski, gauza bera ikusiak gara, faxistek ez baitute inon irudimen haundiegirik agertu.

Denbora berrien seinalea

Demokrazia heltzen denean, ordea, nazioaren ordurarteko defendatzaile suhar bakarrek, gogoz kontra bada ere, beren exklusibismo inozo hori alde batera utzi behar izaten dute, nazio oso horretako klase eta interes konkretu eta aski mugatu batzuren aldeko gisa biluzik geldituz. Eskuindar zentzudunak, UCD edo AP, esaterako, laster asko Konturatzen dira egoera berriaz eta alderdi klasista zabalago edo hertsiagotan eratzen dira, nazioko beste klaseenen aurka burrukatzeko prest.

Amorratuenek, aldiz, iraupen miresgarri bezain fanatikoaz, lehengo erara segitu nahi izaten dute, epe berrian jadanik guztiek onhartzen dituzten symbolo erakargarrienak berenak bailiren azalduz. Horrela ulertu behar da, kasu, Fuerza Nuevakoek bandera espainolaz nahi luketen exklusibismoa. Eta horrek bere logika du, zeren beren lehenagoko nagusigo politiko-ideologikoaren garaitik gizarte berrian geldituriko symboloen aitatasuna gogoratzean, alderdi horren ukaezinezko partaidetasun eta garrantzi historikoa erakusten eta zabaltzen dute, symbolo horik hain alegeraki onhartu dituzten alderdi berriek kontutan hartzen ez dutena agian. Helburua, noski, symbolo horik begi onez dakuskien jendea erakartzea besterik ez da, lehenagotiko identifikapenaz baliatuz.

Euskal Herriko alderdi-nazioa

Zinez interesgarria dugu, ikusmira honetaz, geure Herriko alderdi baten jokabidea aztertzea, PNVrena, hain zuzen. Hemen ere, eta neke handirik gabe begiratzea aski da, kanporako seinalatu ditugun ezaugarri guztiok ematen dira, gero eta botere politiko handiagoaren jabe eginez joan den neurrian are izaera larriago eta kezkagarriagoz hornituz.

PNVren exklusibismo nazionalistaren iturria, jakina, bera Euskal Herriko lehen alderdi abertzalea izatean aurki liteke, baina hau, nolanahi ere, xehero aztertu beharko genuke. Berak behin eta berriro laur haizetara esan duenaren kontra, ez zuen PNVek Euskal Herrian nazionalismoa sortu. Beraren aurrean ba zen karlismo (bai eta liberalismo ere) bat.foruen eta herri eskubideen defentsa parlamental eta harmatuan bere nazionalismoaren froga garbia luzaro eman zuena. Zumalakarregi, Xaho, Iparragirre, Moraza, Kanpion, Luis eta Sabino Arana berak, kasu, horien fruitu jatorrak ziren.

PNVek, hala ere, sorreratik bertatik nazionalismo exklusibistaren bandera hartu zuen, euskal nazioa alderdi horren jabego pribatua izan balitzen, karlista eta liberal foruzaleengan zegokeen euskaltzaletasun positiboa ukatzen eta haiekiko loturak oro hausten saiatuz. Astiro aztertzeko gaia litzateke zein puntutaraino izan zen Sabino bera nazional hertsikeria horren iturri eta zein parte dagokien haren geroagoko jarraitzaileei. Abandotarraren obrak hotzean irakurri eta gero, nik neuk Sabinorengan akats horren erro sakonak maiz agertzen direla esango nuke. Azkuek berak, bestalde, Sabinok euskara bere jabego pribatutzat zeukala salatzean, intrantsigentzia hertsi horren berri ematen digu, hizkuntzaren orthographiaren batasunaz Hondarribian Aranak protagonizaturiko eskandaluak are hobeki nabaritua.

Sabino erreala eta mythikoa

Gaur egun, edozein gizon historiko juzkatu eta kritikatzea —bai Jesukristo bera ere— bidezko iruditzen zaigun aro honetan, Sabino Aranaz gauza bera egiten ez uztea fanatismo ez beste dateke. Eta Sabinoren bizitzaz azterketa seriosik egin nahi ez dutenak, paradoxaz, beraren alderdikoak berak dira, berek hartaz ofizialki emandako irudi faltsua apurtuko ote zaien beldurrez. Fuerza Nuevakoak ditugu, halaber, Francoren biographia objektiboen kontra direnak. Zeren PNVek gure artean ezaguterazi duen Sabino Arana izaki mythiko bat besterik ez baita, egiaz bizi izan zen pertsona historiko hura ez bezalakoa.

Interpretatzaileen arriskua

Maoren liburu gorria, esaten denez, ez omen da txinatar buruzagi haren pentsamendu politikoa ezagutzeko biderik onena. Arrazoia sinplea bezain argia da: hor azaltzen diren textuak, Maok idatziak izan arren, Lin Piao jeneralak hor han hemenka hautatu eta bilduak dira, bere ideologia eta interes berezien arauera. Horrela, beraz, Maorena barik, Lin Piaoren ideiak azaltzen ziren nagusi bertan.

Sabinorekin beste horrenbeste esan genezake. Guk eskuharki dazagugun Arana PNVek haren bizitzaren pasarteetatik hortik eta hemendik aukeratu eta interes batzuren arauera fabrikatua da, textuinguru osotik aterea. Eta bere alderdiaren interesen modukoa izan delarik, Sabino Arana ofizial hori, logikoki, urteetan zehar aldatua izan da, PNVren aldaketaz batera. Horrela, gerraurrean abandotarraren ikuspegi arrazista batere lotsarik gabe erakusten zen, gaur hori tabu bihurtu arren. Bai orduan eta bai gaur —baina agian ez bihar!— Arana-Goiriren azken orduko espainolismoa estali izan da. Haren katholizismo esentzialista ere, bestalde ("nahiago dut Euzkadi esklabua, ezkristaua baino" idatzi zuen) gaur, denbora berrietara moldatuz, pixkanaka itzaliz doa.

Ez noa ni esatera, ez eta antzik ere, alderdi batek bere fundatzailearenak ez bezalako bideetatik ibiltzeko eskubiderik ez duenik, baina gure Herriaren historia ahalik eta objektiboenik ezagutu nahi baldin badugu behintzat, on litzateke, hori egiten denean, gauzak argi eta garbi esatea.

Ala Arana espainolista, integrista, arrazista eta antisozialista hura ere ez al zen Sabino? Norbere gustu eta balorapen subjektiboen gainetik, gutxienez, pertsonaia historikoen ezaguera erreala beharko genuke, zein nolakoa zen jakiteko.

Xabier Kintana


Gaiak. Politika

Kooperatibak sozialismo bidean? (3)

Langile pentsakera eta burrukabideak

Egun gure Herrian egoera politiko —eta ondorioz ekonomikoa— ikusirik, konklusio batetara heltzen gara: KAPITAL HANDIAK EZ DUELA NAHI EUSKAL HERRIAN INBERTITU.

Gobernuak bere sasi arrazoiak eman arren, garbi dago txantaia bat besterik ez dela herria desmobilitzatzeko, bere dinamismo berezia itzaliz.

Begiratzea besterik ez dago langabezia nola ugaritzen ari zaigun eta nora heldu litekeen...

Egoera honen soluzioen artean, bat, kooperatibak sortzea da, baina kooperatibak gaur funtzionatzen duten bezala, problemari erdizkako soluziobidea ematea besterik ez da. Eta langileok SOLUZIO OSOA BEHAR DUGU!!

Langile eta euskaldun bezala, zeren egun kooperatibismoak Euskadin erresponsabilitate historikoa baitu.

Erabateko erabakiak hartu beharra daukagu kooperatibetan, Euskadiren etorkizunari begira. Arazo sozialak etengabeko eboluzioan egon behar du edo bere buruaren esplotatzaile bihurtzeko arriskuan erortzen da gizakumea.

Kooperatibismoaren sistemak moldagarria izan behar du:

a) Bere langileen pentsakera sozializatuz.

b) Sozialismo maila batzu bizitzeko bideak eskainiz.

Euskal Herriaren etorkizuna sozialismoan dagoela sinesten dugunok, orduan sineskorra izango baitugu kooperatibismoa sozialismo bidean doala.

Esan beharra dago kooperatiben direkzioak nolabaiteko sinesmena ba duela eta lanean ere aritzen dela. Baina, beraien sinesmena ekonomi indarrean gehiegi finkatua ote dagoen antza ematen dute.

Eta ekonomi indarra oso beharrezkoa badugu ere, nork uka dezake ekonomia maiz erabiltzen dela langile pentsakera eta burruka-bideak itotzeko?

Norbaitek honela ez dela pentsatzen badu, honelako galderak egingo genizkio: Funtzional, erretorno, interesak eta kapitalaren depreziazioaren aplikapenak langile kontzientzia jasotzen al dute?

Biziaren garestipenagatik konpentsazioa "a razón de índice" egiten da. Ordainketa funtzionala ere ezberdintasun batean dago. Direktiboek eta ofizial maila dutenek 0,40n dute limitea eta beste langileek 0,20n. Hau ere indizeren arabera. Metodo banantzailea ez ote?

Hauetariko ezberdintasunek langileen artean "klaseak" sortzen dituzte era guztietara eta nola ez dirua jasotzerakoan...

Indize estrukturalen artean, ezberdintasun ikaragarriak egotetik kanpo, oraindik zapaltzaileago dugu indize funtzionalaren aplikapenak. SARI bezala erabiltzen da, gizonaren portaera apala, ixila, eta serbilista saritzeko.

Erretornoak dira beste puntu problematiko bat. Ezberdintasunez egitetik kanpo, bazkideen libretetan jartzen dira baina diru hori zorigaiztoz ez da izaten lanpostu berriak sortzeko, baizik eta "aliziente" bat bazkideentzako.

Sozialismoa, "klaserik" gabeko gizartea bada, nola noar daitezke sozialismoaren izenean honelako oinarriak?

Kooperatibetako langileok duda handiak ditugu egiten ari garen "estruktura" gure pentsakeraren aurka ez ote doan. Zeren sortzen ditugun aberastasun materialak, gutxiren eskuetan gelditzen direlako eta askotan (langileen) sozial aurrerabideak mugatzen dituztelako.

Erraz da esatea kooperatibismoa horrela dela... estatutuak guk onartuak ditugula eta aldatu genitzakeela... baina, noiz eta nola izango da posible, bien bitartean kooperatibetako sistema langileok banantzen ari bada?

Sistema honi bere indar apurtzailea ahultzeko alternatiba bat jarri behar dugu. Lehen pausoa hau litzateke.

a) Kooperatibistok ohartzea sistema faxista batek jarritako tranpa bat dela, sozial kontzientziaren hazia agortzeko. Honen froga daukagu entrepresa kapitalistetan. Langileek zapalketaren kontzientzia biziago dute, elkartu eta burrukatzen dira beren eskubideak lortzeko eta gu —penagarria da esatea— elkar saltzeko gertu gaude...

b) Euskal Herriko askatasunaren burruka bikoitza da: Nazio askatasuna eta langile askatasuna. Hau ere bi eratara ulertuz:

1) Herri legez gure ekonomiaren jabe izan da.

2) Ekonomi horren jabe gutxi batzu izan gabe, baizik eta denok —gehiago, aberastasuna sortzen ditugunok— bost langileok.

Banantzen gaituzte "txantaiak" —diru ezberdintasunak, estruktural, funtzional, erretorno, interes, kapitalaren depreziazio, bizitzaren garestitzea etab.— aztertzeko gai izan, elkar indartu eta langile batasuna lortu. Ez dugu esan nahi, estruktura aldetik ezberdintasun maila bat ez denik egon behar. Soldata aldetik bai baina beste guztiak ez dute izateko arrazoirik.

Prozesu konstruktibo bati hasiera emateko, gertu egon behar ginateke —sozialismoaz sinesten dugunok behinik behin— lehen aipaturiko "sariak" eta ezberdintasunaren ondorioak, bakoitzak bere sakelean gorde gabe "fondo de reserva"-ra sartu, lanpostuak ugaritzeko, (emakumearen eskubideak kontuan izanik) langile gertuketa gehitzeko, lan seguritatea hobetzeko, etab...

Euskadiren aberastasuna eta askatasuna LANEAN oinarritzen da. Lanean dago gure etorkizuna, baina lanaren ordaina kolektiboki inbertituz eta ez produktua ahal dugun gehien etxera eramanik.

Jokera indibidualista honen ondorioa sarritan izaten da, entrepresak Bankuen dependentzian egotea, makina berriak, lehen gaiak etab. behar direlako eta Bankuek —ez ahaztu— ez dira sozialismo zale, are gehiago, kapitalismoaren seme zintzoenak baizik. Gerriko uhalak hestutzeko garaia heldu da, baita ere denok lana egiteko, burokraziaren zerbiketa apurtzeko eta gure artean "buzo" gehiago ikusteko. Honela jokatuz gero, orain ezin biziak hestutzen dituen uhalak apur bat lasaituko dira.

Alternatiba hau aurrera eramateko langileen eritziak jasoko ditugu, honako galderen bidez. Epe bat emanda gero —ez luzeegia.

1.- Gure artean dauden eskirolekin zer egin behar da?

2.- Langile pentsakera eta burruka apurtzen ari direnekin nolako neurriak har genitzake?

3.- Kontseilu soziala batzorde zuzendaria, Pertsonal Departamentua, zuzendari kontseilua, egunero egiten den "sabotajea"ren errespontsableekin zer egin behar litzateke?

Eritziak jasoz gero, determinazio gogorrak hartzeko gertu gaude, naiz eta hori ez izan gure nahia. Kooperatibistok erresponsabilitate historikoa daukagu langileriaren aurrean eta Euskadi burrukalariaren aurrean.

K. L. B.

Kooperatibetako langile batzordea


Gaiak. Politika

Boterearen aurka

Garai guztietan zehar, bizitzak artearekin dituen mugak deuseztatzea, kimera baten modukoa izan da. Egia baita, etendura hori lortzeko egin diren entseiu guztiek porrot egin dutela. Politika eta kultura konbentzionalak deuseztatzeko izan diren mugimenduek ez dute bestelako bukaerarik izan.

Gaur egun, nik uste, inork ez du sinesten familia tradizionalaren alternatibaz, ez eta horren ordezkoa komuna daitekeenik ere. Bizitzaren dramatizaketak ere ezin ditu politika edo kultura tradizionalen kontraesanak gainditu. Bestalde, inork ez dezake sinets gaurko "familia" edo ideologia ezkertiarraz eta bere ekonomizismo aurreratzaileaz. Arte mailan ere, ez dugu jadanik onhartzen, pintaera berri batek iraultzarantz gizartea bultzatuko duenik.

Sistemaren kontrako erreakzioak

Sistemaren kontra joan diren erreakzio guztiek, ez dute egoeraren aldatzerik lortu. Esan dezakegu, egoera hori aldatu beharrean, finkatzen eta orokortzen ari dela. Dena dela, ez baldin badugu gure buruak kontserbatzaile eta konformista bihurtu nahi, erreakzio inuzente horiek zabaldu zizkiguten ateetatik jarraitu beharra daukagu.

Izan diren erreakzioak nolakoak izan diren ikusteko begirakada bat botako diogu erreakzio intelektualari: Filosofo berrientzat, egiazko azpiegitura, funtsa edo motorea ez dago jadanik produkzio harremanetan; horiek ikusten duten motorea, funtsezko kontraesana, guraria da, diskurtsua, jarraipenik gabeko hizketaldia.

Horien kontra, bestalde, hauxe dugu: Boterea, instituzioak, familia, zientzi lengoaia. etab, besteak erreprimitzen eta instituzionalizatzen.

Deleuzek eta Guatarik honela diote: "Guraria eta arazo soziala besterik ez dago. Beste instituzioak oro, berauen adierazteko eta berrafirmatzeko dira, bai familiarki, genitalki edo produktiboki, etab., ez dira haien errepresio tresnak baizik.

Psikoanalistek harreman edipikoak gurariaren genealogiaren motore eta arau legez jartzean, arrazoia ematen diote gurariari, eta gurari horren apalketa edo errepresioa funtsezkoa bezala jotzen dute.

Foucault-ek gurari hutsaren ordez, diskurtsuari buruz hitzegiten digu: Diskurtsua edo gertaera basati eta jarraipenik gabekoa. Eta diskurtsu hori apaltzeko, sozializatzeko eta zuzentzeko, instituzioak, dotrinaren lengoaia, diskurtsu araupetu eta kontrolatuak, etab. Hots erlazio sozialen funts eta oinarrian, errepresio eta diskriminaziozko sistema aurkitzen dugu (Rubert de Ventos-ek "Logofobia sakona" deitzen du).

Boterearen kontrolak

Planteiamendu honek zera adierazten digu: Produkzio harremanen kontrok eta honen erreprodukzioa gaurregun gainditurik eta domeinu harremanak bihurturik daudela. Gaur kontrolpean daudenak ez dira bakarrik lana eta produkzioa, oinarrizko zerak ere berdin daude: Guraria, mintzaera eta diskurtsua.

Gainera kontrol hori, nonnahi agertzen zaigu sakonki: Hots, ez da bakarrik lehen bezela produkzio medioen kontrola eta jabegoarena, baizik eta horren lengoaia, diskurtsu eta xedearena ere bai. Gaurregun sistemaren domeinua ez dagokio bakarrik errendimendu ekonomikoari, interpretazioak eta esangurak ere sistemak jabeturik ditugu. Sistemak kontrolatzen dizkigu gauzen eta gertaeren interpretazioak eta adierazpenak ere. Ez mundu objektiboa bakarrik, mundu subjektiboa ere bai.

Lehen, lanerako indarraren lapurketa, irabaziaren bilaketa aurkitzen genituen. Gure egunotan, boterea askoz ulergaitzago eta eskuragaitzagoa bilakatu da. Faucauld-ek esan legez: (l'ordre du discours) gaur guk sorterazten dugun onura nora doan eta non berrinbertitzen den ba dakigularik, behar genuke jakin boterea noraino erabiltzen den, zein moduz, egituraz eta mekanismoz; eta noraino hierarkiak, kontrolak zigorrak, debekuak etab. botereak erabiliriko tresnak diren. Boterea non egon, bertan erabiltzen da, bertan behartzen du. Inor ez da benetan haren jabe eta dena den, norabide berdinerantz erabiltzen da. Boterea nork duen ez dakigu, baina bai nork ez duen. Deleucek dio: Esplotatua nor den, abantailak ateratzen dituena nor den jakin daiteke, baina boterea hori baino eskuragaitzagoa, hedatuagoa da. Nola konpreni daiteke bestela, boterearen ardurarik ez daukaten pertsonek berarekin identifikatzea. Baina axola edo interesa ez da azkena; garrantzitsuena, gertatzen diren gurarien aldaketak dira. Gure gurariak aldatu, eta berauen ordez beste batzu sortarazten dizkigute, hau da, iraulketa bat gertarazten digute nahien maila horretan".

Behin eta berriz agertzen zaigu gurari eta boterearen arteko banaketa hori. Botere horrek gure gurarien sistema kontrolatu eta kolonizatu egiten du, baina ez hori soilik, gurarien lengoaia ere haren azpian erortzen da, eta guraria erreibindikapen ekonomiko eta arazo pertsonala bilakatzen lehiatzen da.

Honela lengoaia eta beronen kodigo eta arauak kontrolatzean, botereak guk geure eskakizunak ez planteiatzea lortzen du, berak osatu eta bete nahi dituenak baizik.

Komunikabide horik kontrolatuz, kodigo produktibista, aurrerakoi eta kontsumista bat barreiatzen da, eta jendeak, kodigo hori arautzat onartuz, haren gurariak adierazten dizkio besteri, eta bere buruari ere bai.

Botereak arriskuak non dauden eta gure etsaiak nortzu diren esaten digu beti, hauk sistema kanpotik datozkigula adieraziz, eta denon gaudela berdin mehatxaturik, bai zapalduak eta bai zapaltzaileak ere. Energiaren krisiaz eta hondamen ekologikoaz, esate baterako, denok berdin pairatzen dugula esaten digute eta errudunik ez dagoela. Bestalde ere, behar sinbolikoak eta justiziaren xedeak, botereak progreso eta teknologi terminoak bilakaturik itzultzen dizkigu.

Prozesu honen adibide bat unibertsitatean aurkitzen dugu. Illich-ek dioen bezala: "Jende gazteak, bere interes intelektualak betetzeko, betiko formazio bidetik segitu beharra baldin badauka notetan eta dokumentutan neurturik eta finkaturik, ba dago prestaturik bizitzaren edozein alderditan planifikazio instituzionala onartzeko. Hau da: Edozein amets, gurari edo helburu betetzeko, ba dago gizartean instituzio bat, bere barnetik aurreratu edo osatzeko, eta ba. dago ere gizartean, objektu bat, gurari hori betetzeko". Esate baterako gurari sexuala betetzeko, egon da eta gaur egun, nahiz apur bat aldatuta izan, ba dago ere ezkontza, eta oraindik maitasun librea praktikatzen dutenei ez zaie berau erraz barkatzen.

Kodigoa, arauak kontrolatuz, botereak bere nagusigoa finkatzea lortzen du. Marx-ek zion moduan, objektu bat subjektuarentzat produzitu beharrean, subjektua sorterazten da objektuarentzat.

Baina gure sentimenduak, xedeak, astia, etab. sistemak aurretik manipulatu behar ditu, kodifikatu behar ditu eta kontsumo lengoaia bilakatu. Hau da, pertsonek gauzak aldatzeko dituzten nahiak, "moda" bilakatu, jakiteko gurariak tituluak bilakatzen ditu, bidaiak egiteko gurarietaz turismoa ateratzen du, etab.

Ezer ez da gelditzen sistema kapitalistatik kanpoari. Gizonarenak diren gauzak oro interesatzen zaizkio eta kontrolatu egiten ditu. Gizon modernoak erosotasun handiagoa lortzeko, ordu guttiago ematen du lanean. Halabaina, aisetasun; ongi izate eta asti hori erabiltzeko kontrola galdu egin du. Sistema honetan, bizitza denbora osoko lan bat bihurtu zaigu. Gaurregun, gure denbora osoa, bai lantegikoa, bai bestea, produkziorako pentsatu eta planifikatua dago. Astia ere, sistemak emandako produktuetaz betetzen dugu. Telebista, futbola, zinema, igandeetan automobila, dantza tokiak etab.

Kontrol orokor bat

Toki eta sasoi guztietan aurkitzen ditugu kontrol sistema berriak eta sistemaren aurkako erreakzioak ezin dezake bestelako erarik hartu, ez ohizkoak diren portaerak baizik. Mundu guztiz planifikatu batean gaude eta gure portaera eta ekintzak, botereak erakutsita ditugu. Bere kontra egiteko, onartzen ez diren bizi moduak, anomaloak, kolonizatuak ez direnak erreibindikatu behar genituzke. Hots, turismoaren ordez, nomadismoa, informazio manipulatuaren ordez, grafittiak edo irrati piratak, familiaren ordez komuna, errepresio sexualaren ordez, homosexualitatea, trabestismoa edo sexualki diferentziaturik ez daudenen portaerak, etab. Irudimena sartu behar genuke eguneroko bizitzan.

Heziketa eta kulturaren gainegiturek ez dituzte bakarrik pasiboki erakusten maila soziala eta bortxadura, erakusteaz aparte horik erreproduzitu ere egiten dituzte. Gainegiturek ez dituzte azpiegiturak zilegitzen, azpiegiturek (aurreramenduak, ekonomi hobakuntzak, etab.) gainegiturak baizik. Horregatik zientzi aurreramenduaren izenean zilegiak bilakatzen dira, arraza bortxaketak eta kultur eta gizarte mailako diskriminatze eta baztertzeak.

Horrela, bortxaketa eta esplotazioa, pertsonaren barne mailetaraino iristen ari dira. Lehengo ekonomi errebindikapenak, kultur erreibindikapenak bilakatu dira. Orain duguna ez da bakarrik produkzio medioen jabegoan oinarritzen den bortxaketa ekonomikoa; bai eta errepresio eta diskriminazio espezifikoak ere: Emakumeena, homosexualena, hiritarrena, profesionarienak, etab.

Honelako mundu batean premiazko da nork bera daukan bereziena, anomaloena erreibindikatzea.

Tekno-egitura modernoak ezin onar dezake ohitura, portaera edo erabilkeren askatasunik, kontsumorako berauk kontrolatu beharra baitauka, portaera estableak behar dituelako.

Sistema honetan posibleak dira oraindik edonolako askatasun ideologikoak, edo alderdi politikoenak. Baina sistemarentzat onarrezinezkoa dena zera da, nork bere denbora, astia, fantasioazki, askatuki edo pribatuki erabiltzea.

JON SENDAGORTA


Hauteskundeak, Nafarroa eta euskara

Zaldizko jasaren ondoren uholdeak izaten dira. Oraingo erauntsi politikoaren ondoren hauteskundeen uholdeak izan ditugu. Aurrena Madrileko kongresu eta senadurako hauteskundeak. Gero herrigizonak aukeratu behar dugu. Parlamentu honek erabakiko du Nafarroa CGVan sartu ala ez.

Erne ibili behar dugu. Hauteskunde guztiak dira garrantzitsuak. Baina Parlamentu Foralaren hauteskunde hauek garrantzi handiagoa dute. Parlamentu honek ezetz esaten badu Euskadi lau zatitan banatuko da: Ipar Euskadi, Vascongadas, Errioxa eta Nafarroa.

Hartu berria dut Nafarroako UCDren propaganda. Beste gauza gehiagoren artean hau dio: "Si en el Parlamento hubiéramos estados solos, Navarra, a estas horas sería Euzkadi" Ikusten denez UCDk ahalmen sobrenaturalak ditu. Egunen batean Nafarroako UCDk esanen du burdina ez dela 26. elementua; Hiru Erregeen Mahia ez dela mendia: gari eta barazki asko egiten dan zelai ederra dela eta Bidasoako urak ez doazela Kantabriar Itsasora, Mediterraniora baizik.

Baina ez. Gauza hauk horrela izateko UCDk esatea ez da nahiko. Eta ez munduko biztanle guztiek esatea ere. Burdinak nukleoan 26 protoi ditu eta horregatik da 26. elementua. Hiru Erregeen Mahia 2.438 metroko altura duen mendi zorrotz bat da eta ez gari eta barazkiak egiten diren zelaia. Bidasoak ez du Belateko gaina irautzeko gogorik eta horregatik Kantabriar Itsasora joaten da.

Eta Nafarroa ez dela Euskadi, Bai, Nafarroa Euskadi da. Hau sinetsi nahi ez duena doala mendiz-mendi eta herriz herri eta ikusiko du Nafarroako mendi, zelai eta herriak euskal izenez josiak daudela (jakina, batzuk erdal izen traketsarekin daude. Adibidez: Las Dos Hermanas eta Arriba, baino hauek ba dute beren euskal izena: Bi Haitzek eta Arribe). Baita ere ikusiko du 1.512. urtean Duque de Alba Sakanatik sartu zitzaigun ez geroztik gu zapaltzen ari direla, baina hala ere ba garela oraindik Harri Harotik datorkigun euskara hitzegiten dugunok. Eta gaur Nafarroan euskara galduta dagoen lekuetan ere entzunen du "cabra hautskolore, erresumin" eta honelako euskararen sustrai asko.

Utz ditzagun elkarren arteko gora-behera eta sar ditzagun gizon egokiak Parlamentu Foralean. Honen ezetzak sendatzen zaila den zauri bat eginen luke eta urte askotarako okerra ekarriko liguke.

Herrigizonak aukeratzekoan hirigintza, mendiak, kontribuzioak bakoitzak dituen aberastasunen arabera kobratu, ikastola eta beste herriko problemei irtenbide zuzena emanen dioten gizonak izan behar dutela gogoan izan. Eta hau bakarrik ez. Batzarreetan euskaraz hitzegin duten gizon edo emakumeek izan behar dute.

Mujikak idazten ditu euskararen egoerari buruzko artikulu bikainak "EGIN"en. Lehengo urtean argitaratu zituen bi artikulu gordeak dauzkat. Udaletxean erdaldun bakar bat sartzea nahiko dela denak erdaraz hitzegiteko, dio Mujikak.

Tolosak 12.500 biztanle euskaldun ditu —dio Mujikak— eta 5.500 erdaldun. Beraz % 69 euskaldunak dira. Baina kaleetan, entzun ongi jaunak, % 4 bakarra hitzegiten da euskaraz.

Euskararen egoera larria da. Euskara biziko bada euskaraz hitzegin behar da. Eta leku guztietan gainera. Mujikak dioena gehiago gertatu ez dadin egin ditzagun herrigizon batzarretan bildurrik gabe euskaraz hitzegingo duten gizon edo emakumeak.

ASTAITZ


Gaiak. Zientzia

Euskal Herriko animalia jatorrenetarikoekin egindako azterketen berriak

Hemen naukazue gai arraro batetaz idazteko asmoarekin. Ez nekien zein ikuspegitik tratatu, baina lagun bati egingo nuela prometatu nionez...

— Gai lotsagarriren bat izango ote da?

— Ez horixe! Baina, eta hau sarritan besteen irriak ikusi ditudalako diot.gai barregarri bat ez ote den zenbait kasutan zalantzan jarri naute.

— Beno, esanen didazue, zertaz idatzi behar duzu?, artikulua aurrera daramazulako, eta oraindik ez diguzu pistarik ere eman.

— Bai? Ba hor doa! Bareei buruz idatziko dizuet.

— Bareei buruz? Zer dela eta?

— Bilboko Zientzi Fakultateko Biologiaren: Departamentuko Animalien Biologia aztertzen saiatzen garenok, duela zortzi urte gutti gorabehera animalia hauk gaitzat hartu genituelako, nahiz egia esanik, nik bakarrik bost urte honetan eramana.

— Bareak? Ezer aztertzeko ba al dute ala? Lingirdarik baino ez badute!

— Hainbat bide entzun ditudan esaldiok!

Kaletarrek ezagutzen dutenentz ez dakidanez, Euskal Herriaren bare espezie bat baino gehiago daudela esanen dizuet. Baina arruntena, handiena eta beraz, jendeak gehien ezagutzen duena "gure" barea da. Bere izen zientifikoa: Arion empiricorum. Bere izen espezifikoak dioenez empiricorum "enpirikoen" barea da. Izen hau, aintzina "kataplasmak" eta horrelako gauzak prestatzeko erabiltzen zelako datorkio, eta ba liteke gaur eguneko medikuntza herrikoian erabiltzea ere, kaltzio asko baitu.

— Ez didazue sinesten? Galde, galde iezaiezue herriko zaharrenei edo zori hobea baduzue herriko "kuranderoari"!

"Gure" barea morfologia aldetik nolakoa den orain esango dizuet. Lau adartxo, luzeenen erpinean begiak daramatzalarik; burua beltza du, baina gorputzaren kolorea desberdina izan daiteke: beltza, gorriska, marroia, grisa, zuriska, etab.; baina den denak laranja kolorezko eta lerro beltzez zeharkatutako zerro bat dute gorputza inguratzen. Eskuin aldean, aurrean jarrita eta animaliaren gogoaren arauera zabalduago ala hertsiago aurki dezakegun pneumostoma edo birikaren irtengunea kokatzen da.

Azalpen hau zerbait argitzeko eskematxo bat jarriko dizuet.

Biologoentzat animalia honek zenbait berezitasun interesgarri ditu. Hona hemen batzu:

—Gure herrialdeko molusku lehortiar handiena da.

— Benetan?

—Benetan!

— Azal mehea eta hezea duenez, eta bestalde ez maskorrik eta ez beste inolako babes egiturarik ez duenez (anfibioak dira baldintza hau betetzen duten beste animalia bakarrak) urgaltze handiak izango ditu, ez da?

— Zer esanik ez, karaktere hauek animalia honen Fisiologia, Ekologia eta Etologia ere eragiten dituzte.

— Kasu gehienetan beren bizitzaren luzera urte batetara heltzen ez denez (10 hilabete batezbeste), eta bareen populazioen kopuruak aztertuz eta animalia bakoitzaren tamaina ikusiz (100 gr-taraino, eta ibiltze jarreran 26 cm-taraino heldu daitezkeela gure esperientzia pertsonalak frogatu digunez), beraien errendimendu digestiboak nahiko onak izango direla eta uraren aldetik nahiko ondo konpontzen direla aurreko berezitasunetarik ondoriozta dezakegu.

— Zer deritzozue orain? Ez da egia, "gure" barea munduko animaliarik interesgarrienetarikoa bihurtzen ari dela?

Makinatxo bat lerro idazten dihardut eta orain arte gaiaren mamia ezkutuan gorde dizuet askoren kontzientzi biologikoa heldua ez baitzen.

Biologo gehienok eboluzionistak garenez, neure buruari gertatu zitzaizkion aldaketak zientzi arloan behintzat, kontatzera noakizue, garai baita.

Lehenik esana dut gure Fakultatean zela edo hala bareak langaitzat hartzeko tradizio antzeko jokaera zegoela, eta zer esanik ez, jokaera honek bizi-bizirik irauten du.

Lehen mementutik bareen errendimendu digestiboak interesatu zitzaizkidan; eta hau kontutan harturik, neure buruari lehen egin nizkion galderak, honexelakoak izan ziren.

— Bareak zertaz elikatzen dira?

— Batez ere belarrez, nahiz eta beste animalia hilak (aparteko proteina-iturriak omen baitira) jaten sarritan ikus ditzakegu; batez ere intsektuak eta beste bare hilak.

— Zeintzu dira belarraren konposagai nagusienak?

— Ura, zelulosa, eta gero beste azukre edo polisakarido batzu, eta proteinak.

— Zelulosa, ez da?

Baina, zelulosaren metabolismoak problema itzelak dakarzkie izaki bizidun guztiei, batez ere animaliei. Adibidez, Ornodunen artean zelulosa elikagaitzat hartzen denean, e. b. behiak, zaldiak, ahuntzak, ardiak, etab.), beti sinbiosira edo bizikidetzara jo behar dute, zeren bestela ez baitago zelulosa probetxatzerik.

Ornogabeengan —eta hain zuzen ere barea Ornogabea da— arazo hau ez da sakonki aztertu. Dirudienez, animaliek berek "zelulasa" (zelulosa zatitzen duen entzima) delako entzimak produzitzen dituzte.

Ohartxo bat. "Zelulasa" diogunean, ez dugu entzima bat delakotan hartu behar, hitz honetan entzima pilatxo bai sartzen dute; baina prozesu biokimikoaren azterketa sakona gure lanaren mugetatik landa geratzen dela uste dudanez, bertan behera utziko dut.

Bestalde, Ornogabeak ere mikroorganismoekin harreman sinbiotikotan jar daitezke zelulosaren metabolismoa errazago aurrera eramateko.

 Ez dut ezagutzen kasu bat ere, zeinetan prozesu bien garrantzi erlatiboa —bai animaliaren entzimen inportantzia eta bai mikroorganismoen inportantzia— argi eta garbi geratu den.

Honetaz zerbait gehiago esango dizuet. Moluskuak, eta hain zuzen ere Gasteropodoak, dira Ornogabeetarik berezko zelulasa gehien produzitzen dutenak. Eta gure bare laguna Molusku Gasteropoda dugu. Beraz, ez dugu uste zelulosaren metabolismoa aztertzeko animalia hau ontzat har dezakegula? Bai. Ba aurrera!

Moluskuen gibelarea da, entzima digestibo gehienak jariatzen dituen guruina. Beraz, zelulasa produzitzekotan, hau izango da aukerako lekua entzima hau topatzeko.

Beraz, zuzen-zuzen sartu ginen guruin hau aztertzen. Gibelarea homogenatu ondoren, eta prozesu biokimiko batzuz baliatu ondoren, aterakin edo extraktu entzimatiko zerbait purifikatu bat ateratzen genuen. Aterakin hau entzima edo entzimen jokaera eta berezitasun biokimikoak aztertzeko gai zen.

Honela pH-rik egokiena (pH-5,9) tenperaturarik egokienak (37º C eta 47º C), erreakzioaren produktuak (zelobiosa eta glukosa), zinetikak zeintzu ziren, etab., etab. aztertu genituen, eta honela entzima biren existentzia proposatu genuen.

Halaber, barearen hestea mikrobiologikoki aztertu genuenez, zenbait bakteria zelulolikiko edo zelulosa-zatikatzaile aurkitu genituen.

Bestalde, hestearen erdiko zatian luzerako zentimetro bakoitzeko, gutti gorabehera bost milioi bakteria zeudela atera genuen. Bost milioi hauetarik batzu zelulosa-zatikatzaileak ziren eta animaliaren prozesu totalean beren inportantzia erlatiboa zein den, oraindik aztertzeko dago.

— Beno, eta horrek zertarako balio du?

pH-ren balorea ikusiz, gure hurrengo galdera hau izan zen.

— Ba dakigu entzima hauk gibelareari dariela, baina barearen hodi digestiboaren zein partetan ekingo dute?

Beraz, gure hurrengo urratsa barearen hodi digestiboaren pH-a aztertzea izan zen eta hestearen pH-a nahiko urrun zegoela eta berriz hodi digestiboaren aurreko zatiaren pH-a 5,7-6,1-en artean aurkitzen zela topatu genuenean, benetan harrituta geratu ginela.

— Orduan, barearen heste luzeak ez du ia garrantzirik zelulosaren metabolismoan?

— Zertarako du orduan hain luzea?

Jainkoak zekien orduan!

Gure Fakultateko beste ikertzaile batzuk ikusi dutenez, elikagaien mintzarteko garraioan eta uraren garraioan du bere funtzioa.

Beraz, ba genekien zerbaitxo:

— Lehen eta behin, bareak berak zelulasak jariatzen dituela.

— Entzima hauen guruin jariatzailea, gibelarea dela.

— Zelulosaren zatiketa, batez ere hodi digestiboaren aurrekaldean ematen dela.

— Baina entzima hau berezkoa edo konstitutiboa zen, ala berriz, induzigarria? Hau da, nahiz eta janarian zelulosarik ez agertu, entzima hau produzitu eta jariatzen zen?, ala, bakar-bakarrik animaliak janarian zelulosa zuenean

— Eta bestalde, berezkoa edo konstitutiboa balitz, zenbat eta zelulosa gehiago ipini, hainbat eta entzima gehiago produzituko luke?, ala, ostera, gutti gorabehera beti kantitate berdina produzituko luke?

Orduan, janari bereziak prestatzen hasi ginen, zeintzuetan karbohidrato bakarra zelulosa baitzen; beste janari batzutan almidoiarekin eta beste karbohidratoekin nahasturik (dieta osoa) agertzen zelarik eta hirugarren dieta moetan karbohidrato bakarra almidoia zelarik. Zer esanik ez, dieta hauek beste konposagai batzu ba zuten; albumina (proteina), bitaminak, gatz mineralak, olioa, etab.

— Eta bareari hodi digestiboko bakteriak kentzen badizkiogu, ezer igarriko zaio?

Goazen orduan, beste hiru dieta prestatzera. Aurrekoak bezalakoak baina antibiotikoekin.

Zazpigarren dieta, belarrez osotutako janaria izan zen (dieta "naturala").

Bareak, hamar animaliatako taldetan banatu genituen, zeren taldeekin lana egiteak diferentzia indibidualak murrizten baititu, eta honela, batezbeste, taldeen jokaerak estadistikoki berdintsuak izanen dira.

Animalia guztien metabolismoak zela edo hala sinkronizatzeko, astebete baraurik jarri genituen, eta barau-astea amaitu ondoren, jaten eman genien.

Lau astetan lehen aipatutako zazpi dietak jaten (edo pairatzen?) eduki ondoren, talde guztiak hil genituen, gibelareak atera genituen. Beren aktibitate entzimatikoak neurtu genituen.eta ondoko taula atera genuen.

DIETA AKTIBITATEAREN UNITATEAK

Osoa 34,01

Almidoia 33,85

Zelulosa 46,22

Osoa + Antibiotikoa 32,03

Almidoia + Antib 28,36

Zelulosa + Antib 41.26

Belarra (Taraxacum) 40,91

Ikusten dugunez, "zelulasen" kantitate handiena zelulosaren dietarekin lortu genuen.

Baina orain beste arazo bi agertzen zaizkigun:

— Guk azarez aukeratu genuen epea (lau astetakoa), egokiena zen, ala, berriz, aurrerago edo atzerago lortzen zen produkzio mailarik altuena?

Aztertzekoa zela pentsatu genuenez, horretan saiatu ginen ea produkzio handieneko dieta aukeratuz, zelulosarena beraz, honelako grafika hau atera genuen.

— Bai, hau bareak gaztetxoa direnean jazotzen da; baina zaharrak direnean, barearen eme fasean, eta bere metabolismoa zeharo aldaturik duenean?

Azterketa berbera, udazkenean egin genuen berriro eta beste grafika hau atera genuen.

Itxura berdinekoa, baina aktibitate handiagokoa. Beraz, "zelulasa" kantitate handiena atera nahi badugu, zelulosa dietarekin, udazkenean eta hirugarren astean hil behar ditugu bareak.

Lehen galderari erantzuna eman diogu, baina orain bigarrena datorkigu.

— Bareak dieta desberdinetaz elikatzen dira, bai. Baina nork baieztatzen digu bareen "osasuna" nolabait deitzekotan, ona edo onargarria behintzat dela? Zeren eta dieta batekin edo batzurekin animaliak gaizki elikatuta edo nahiko gaixorik egon baitaitezke.

Metabolismoaren gorabeherak ikusteko asmatu genuen erarik aproposena, arnasketa neurtzea izan zen. Beraz, arnasketa neurtu behar genuen, baina:

— Zein ordutan?

— Berdin zen goizean edo arratsaldean neurtzea, eguerdiko hiruretan edo arratsaldeko zazpietan?

— Ba al dute bareak arnaste erritmorik egunean zehar?

Arazo hau aztertzeko, bareak taldetan banatu genituen eta astebete barautan eduki ondoren, taldeen arnasketa egunaren 24 orduetan zehar neurtu genuen. Grafika hau atera genuen.

— Kontxo, piku bi agertzen zaizkigu! Horrek esan nahi du, bareek ordu finko batzutan beste batzutan baino arnasa gehiago hartzen dutela.

— Zer dela eta ordu horietan metabolismo arinagoa dute, nahiz eta astebete baraurik egon?

Galdera polita benetan. Honen erantzuna politagoa izenen dela uste dut baina gaur egun benetako erantzuna bakarrik Jainkoak daki!

— Eta dieta desberdinekin elikatutako taldeetan honelako gauzarik agertuko zaizkigu? Azter dezagun!

Taldeak aste bete baraurik eduki ondoren, beste astebetean dieta desberdinetaz elikatzen eduki genituen, eta honelakoxe grafikak atera genituen.

Norbaitek esango du:

— Hau ez dago ulertzerik! Dieta bakoitzarekin, grafika desberdina!

Momentu honetan grafika hauen azalpena bilatzen ari garela esan behar dizuet.

— Bestalde, erritmo zirkadiano hauk erritmo endogenoak dira, hau dira, berez ematen dira nahiz eta animalia baldintza konstanteetan jarri ala egun eta gauaren jarraipenari darraie?

Datoen udaberrian, bareak —gure lagun minak— berriz agertzen zaizkigunean, berriro aztertzeko asmoarekin gabiltza.

Bitartean, arratsaldeko laurak aukeratu genuen ordurik aproposentzat, egunero eta bost astetan zehar bareen taldeen arnasketa neurtzeko.

Bestalde, arnasketaren balorea tenperaturaren arauera handitzen edo ttikitzen dela kontsideratu behar dugu batez ere bareak poikilotermoak (gorputzaren tenperatura eta inguruneko tenperatura nahiko berdintsuak) direla kontutan hartuz.

Bestalde, zenbat eta bareak pisu handiagoa eduki, hainbat eta arnasa gehiago, eta zenbat eta gehiago jan, hainbat eta arnasa gehiago, zeren eta digestioa egiteko behar den lan metabolikoa handiagoa baita. Eta zenbat eta gorotzen kantitatea handiagoa izan, hainbat eta arnasa guttiago (hodi digestiboan janari guttiago) geratzen baita.

Faktore hauk guztiok dietekin batera kontuan harturik, grafika pilo izugarria agertzean zaigu.

Hona hemen batzu, baina ia azalpen gabe, zeren momentu honetan egiten gabiltzen azterketak baitira eta erresultatu hauk interpretatzen saiatzen ari baikara.

Noiz edo noiz amaitzeko, beste gauzatxo esanen dizuet. Azterketa hauk egiteko behar diren bare-kopuruak izugarriak direla (ia 600 bare azken azterketan), eta bare-biltzaileen laguntza behar dugula. Halaber, baretegiak bilatzen ari gara gure Unibertsitateko inguruak despopulatzen ari baikara, Lejoako baserritarren pozaren pozez, jakina.

Gure egoera larri hau konpontzeko ezagutzen baduzu, dei ezazu Anaitasunara eta eskerrik asko.


Bilboko Karate Lehiaketa

Urtarrilaren 27an Bilboko Kirol Pabeiloian "Urrezko Lauburua" deitu den Karate Lehiaketa bat egin da.

Komunikabideetan ez zaio txapelketa honi bat ere lekurik eman, eta ez dakigu zergatik, zeren alde batetik Bilboko Kirol Pabeiloia betetzeak, aipamen bat baino gehiago merezi duela uste baitugu, eta bestetik parte hartu duten Klub eta Karaten kopurua azpimarkatzekoa izan da, Miarritze, Donibane Lohitzune, Araba, Gipuzkoa, Santander eta Bizkaiko ekipoak...

Agian federazioari ez zaio atsegiten izan txapelketa hau Bizkai Karate Klub, Oyama eta Judo Klubek antolatua izatea. Dena dela, azken klub hauek beren kontura prestatu badute, federazioaren inoperantziagatik izan da, ez baitu ezer ere egiten.

Karatea eta arte martzialak, duela gutxirarte ez du ia harrerarik izan; orain, ba dirudi sartzen hasi dela, Judo eta Karate Klubak nonnahi irekitzen ari baitira.

Karate hitzak esku hutsa esan nahi du. Esku eta gorputzaz defendatzea. Hastapena, laborariek, Txinako harmadaren kontra egiten, defentsa tekniketan dago. Harma gabe egonik, sokak, makilak eskuak eta bernak erabiltzen ikasi zuten, sarritan animalien jokaerak kopiatuz.

Japonen, aurrerakada ekonomikoarekin eta nazionalisten eraginez, judo eta karateari bultzada ikaragarria eman zien eskoletan eta sartuz.

Karatearen oinarria, Katak —hau da, kolpe eta geratzeen konbinaketa koordinatuak— eta konbatak dira.

Ezagumendu maila handituz doan neurrian, gerrikoa aldatzen da, zuritik beltzera. Lehen, ekitearen ekinaz eta urtetako esperientzia eta burruken eraginaz, gerrikoak berak kolore beltza hartzen zuen; gaur egun koloreak, aldatu egiten dira... zuria, horia, laranja, berdea...

Txapelketetan, katak eta konbatak egiten dira, konbatetan ez du jotzeak balio.

27ko lehiaketa, erakusketa polit bat izan zen. Eguraldia oso txarra egin zuen. Haurtxo pila bat kimonoz desfilatzen, dantza talde bat eta konbatek giro ona sortu zuten.

Karateka trebeak eta preparatuak agertu ziren. Inor aipatzekotan, Cesar, Bizkaiko karate Klubekoa oso ongi egon zen eta Miarritzeko ekipoa ere. Arbitroen artea, Cobo, Koitxi eta beste irakasle jatorrak ikusi genituen, Karatea, Atsegin izango zaizu, kirol gogorra egin nahi baduzu.

E. Entziondo


Euskal irakasleei jazotakoak (negar egiteko sketch-ak)

I

Mattinek euskarazko klasea leku ofizial batetan ematen du.

Irakasleen soldata ez zen heltzen, hiru hilabetetan, eta gure mutila guztion izenean, hortaz protestatzera, Perez jaunarengana, langileburua bera, joan zen.

Langileburuaren idazkariak ea zertan zihoan galdetu zion, eta Mattinek dirua eskatzera joan zela esan zionean, neskak horrela erantzun zion:

— Baina kobratuko duzuela pentsatzen duzue, ala? Mattin, sustoaz, lurrera jausi zen...

II

Oihanak Gau-eskola batetan egiten du lan.

Egun batetan andre bat etorri zitzaion, ea ordua zenbatean kobratzen zuen galdetuz.

Oihanak hirurehun pezeta ordaintzen ziotela esan zionean, erantzun hau hartu zuen andrearengandik:

Jesus! Ia, ia ingelesezko irakasle batek kobratzen duen beste! Ez zara kexatuko....

Oihanak arrabiazko malkoak bota zituen egun horretan.

III

Alaitz unibertsitatean ikasle eta euskarazko irakaslea da.

Gorasoen lagun batekin hizketan ari zen kalean:

— Gorkak ba du meritoa, bai. Ikasten ari da eta lan egiten du, akademia batetan.

— Nik ere, horrela egiten dut...

— Bai? Noiztik, ba?

Urte batzu daramatzat euskarazko eskolak ematen.

— A! Nik benetako lan bat egiten zenuela pentsatzen nuen...

Alaitzek, erantzun gogor bat ez ematearren, txua irentsi behar izan zuen...

AZKEN OHARRA: Ipuin antzeko hauk, triste eta harrigarri badira ere, aurton, 1979. urtean, eta hemen, Euskal Herriko Bilbo inguru honetan gertaturikoak dira.

EKATXA


Gizaki [Komikia]

Gentz


Gaiak. Gramatika

Euskararen komodinak (I)

"Hizkuntzaren komodinak" eta euskararen konkretuki aipatzean, maila desberdinetako hitzak eta hitz-multzoak adierazi nahi ditut. Ez dakit, izen hori egokia denentz eta, bestalde, ez naiz hitz horien kategoria gramatikala aztertzen hasiko, zeren eta artikulu honek duen helburu praktikorako hori gutxiena baita. Ba dakit, hala ere, gramatika aldetik gehiago sakondu behar dela puntua. Baina, aldez aurretik esan nahi dut, helburu gisa idazterako arau sinple batzu ematea hartu dudala, bestelako eztabaidatan sartu gabe.

Eta nolabait, hasteko, lehenik eta behin definitu eginen ditugu hitz horik beren ezaugarri batzuren bidez, eta gero, zertarako, non eta nola erabiltzen diren azalduko dugu, horrelakoen zerrendak emanez bukatzeko.

Besterik gabe, ba, honelakoak dira, nik "euskararen komodinak" deitzen ditudanak:

Normalean hitz bakar batez (bizpahirutakoak ere ba dira) osoturik daude.

Lotur hitzak dira gehienetan, esaldiak edo eta textu-zatiak lotzekoak.

Erritmoa eta esaldi luzeak apurtzekoak eta prosa arruntean lagungarritzat erabiltzekoak.

Batzuk, erritmoa, apurtzean, erraztu egiten dute irakurketa, textuari argitasuna emanez. Horrela estiloa bera ere arindu egiten da.

 Axularrek berak eurrez erabiltzen zituen honelakoak, eta GERO liburua zabaltzea besterik ez dago, horretaz laster konturatzeko. Ene ustez, oso praktikoak baitira, euskal idazleek eta ikasleek ongi ezagutu behar dituzte.

Eta zenbat eta komodin gehiago ezagutu, hobe. Horrela, asko ezagutzean, aldatzeko posibilitatea edukiko dute, textuetan behin eta berriro forma berberak ez erabiltzeko posibilitatea halegia.

Idatzitakoak irakurri ondoren, goazen, ba, horrelako batzuren zerrenda jartzera. Zer esanik ez, zerrenda hau ez da inola ere osoa, guztiz irekia eta osotua izateko prest dagoena baizik. Edonola ere, nolabait hasi behar denez, neure erako sailkapen bat eginen dut, komodinok multzo desberdinetan banatuz. Sailkapena egiteko erabili ditudan kriterioak, ez dira, egia esan, ortodoxoegiak, heterodoxoak direla ez esatearren. Baina, neure praktikan behintzat oso erabilgarri gertatu zaizkidanez, nik neuk sailkaturik ditudan moduan emanez dizkizuet.

Hona hemen, ba, aipaturiko sailkapena eta zerrenda.

1.- Esaldien hasieran eta nolabait aurretik esanikoaren ondorioa ematekoak. Esangura kontsekutiboa dute.

Orduan, ba

Beraz,

Honela (Horrela, hala)

Honela, ba,

Honelatan, ba,

Horregatik,

Gehienetan, koma bat jarri ohi da hauen ondoan.

2.- Esaldien hasieran eta aurreko esaldiaren kontrako zerbait edo mugaren bat adierazteko erabiltzen direnak:

Hala ere,

Bestalde,

Haatik,

Hala eta guztiz,

Baina

Hala eta guztiz ere,

Edozertaka,

Edozein kasutan,

Edozein eratan,

Edozein modutan,

Dena den,

Dena dela,

Nolanahi (ere),

Edonola (ere),

Edozelan (ere),

Zer esanik ez.

ikusten denez, hauen ondotik ere gehienetan koma bat jarri ohi da.

3.- Aurreko esaldien arrazonamendua indartzera datozen esaldien hasieran jartzeko komodinak.

Gainera,

Bestealde,

Modu berean,

Era berean,

Halaber.

4.- Tartean jartzen direnak (bai hasieran edo bukaeran ere) eta azalpena emateko direnak. Askotan, koma artean doaz.

, esaterako,

, esate baterako,

, adibidez,

, kasu,

, hau da,

, hots,

, hala nola,

5.- Antzerakoak dira, esaldi adbertsatiboak lotzeko erabiltzen direnak.

, ordea,

, ostera,

, berriz,

, aldiz,

, aitzitik,

, alderantziz,

, bestealde,

, baina,

, alabaina,

6.- Azalpen modura edo atzetik erabiltzen direnak.

hain zuzen (ere)

prezeski

noski

behintzat

bederen

behinik-behin (behinipehin)

7.- Aposizio modura erabiltzen direnak, aurretik eman den izena azpimarkatu edo egin nahi denean hain zuzen ere.

 delakoa

 izenekoa

 aipaturikoa

 famatua

8.- Galdegaiaren funtzio arintzeko, izenordain edo esaldi-ordain gisa ageri direnak

 zera

 hauxe

 ondokoa

 ondoko hau

Emaniko zerrendarekin, ba, bukatu eginen dugu artikulua oraingoz. Ba dakit, jakin, hitz hauen erabilera adibideen bidez ematen dela argien eta zehazkien. Edozertara ere, hasteko nahiko dugu zerrenda honekin eta hurrengo artikulu batzutan osotu eginen dugu zerrenda hori eta adibideak ipiniko ditugu.

J. R. ETXEBARRIA


Gurutzegrama


Ardibeltza [Komikia]

MONTI


Urrezko astabelarriak

Lerro hauk idazten nagoela, ez da oraindik martxoaren lehen egun famatu hori heldu. Eta argitaratzen direnerako, ordea, hauteskundeetako erresultatuak ezagunak izango dira agian. Orduan, UCD ponpoxoak Euskal Herriko "majoria ixilarengan" duen indarra ikusiko da; edo nahiago baduzue, propagandak (telebistak eta bestek) pertsona horiengan duen eragina.

Dena den, datu horietatik aparte, eta Gipuzkoan boto asko zein gutxi lortu, euskaldun bezala, kritika gogorra egin behar diogu Oreja jaunari. Agian jatorriz hori ez bada ere, "oreja" hitza erdaraz, euskarazko "belarri" hitzaren esangurarekin erabiltzen dela bagenekien ere, ez genuen uste, Oreja jaun ministro agurgarriak (omen), astabelarriak merezi zituenik. Eta astoaren izena aipatzen dut, elefante afrikarrarena ez aipatzearren.

Bai jaunok, euskal eskolan astabelarriak merezi ditu, bai Oreja jaunik; eta bai Espainiako Estatuan jaun eta jabe diren UCDkoek ere. Zeren eta bestela, nola demontre hartu behar dugu euskaldunok, Gipuzkoarako propagandan erabili duten euskara (sic)? Hona hemen adibide bat.

Hori, adiskideok, nik dakidala, ez da euskara, Madrileko euskalkia ez bada behintzat. Gehiago oraindik: Euskararen kontrako iraina da. Burla bat. Euskaldunoi barre egitea.

Zer esanen lukete Isabel Katolikoaren finkan, UCDkoek inperioko hizkuntzaz "LO DICHO... HECHO" idatzi eta esan beharren, "LO DECIDO... ACIDO" edo antzekoren bat ipiniko balute?

Astabelarriak, beraz, zuretzat, o ministro ahalguztidunori! Ez horregatik.

R. GARAI

***

Eman zure

BOTOA

MARCELINO

OREJA-RI

Onako au nai degun euzkaldunak gera berriz bizimodu erosoa eukitzea.

Onako au nai degun euzkaldunak gera Espaiña Europaratzea.

Onako au nai degun euzkaldunak gera indarkeria bukatzea.

Onako au nai degun euzkaldunak gera Foruak eta Konzierto Ekonomikoak berriz indarrean jartzea.

Onako au nai degun euzkaldunak gera euskaldun eta espaiñiar izatea.

GIPUZKOA-KO UCD