ANAITASUNA

1978.EKO IRAILEKOA

367.-368. ZENBAKIAK


[AZALA]

Mirakuloski bizi behar


AURKIBIDEA

3 Editoriala

EUSKAL HERRIAN

4 Udaletxerako lehiaketa oportunista Donostian.

6 Sasidemokrazietan euskaldunok gabiltza odoletan.

7 Gasteizko apezpikua eta besteak

8 Ohar laburrak

9 Egun hits bat

11 Udatiarren madarikazioa

12 Mila kontu

ERITZIAK

13 KASen inguruan gabiltzanontzat.

14 Euskadi entseiu orokorraren astea.

ESTATUAK

15 Mallorca-tik oporretan

16 Frantzian alderdi komunistak eta intelektualak

HUMOREA

17 Marzinger Z

GAIAK

19 Anaitasuna Dossier. Biolentziari buruz zenbait eritzi

23 Ekologia. Orainaldiaren errebindikazioa.

24 Euskara. Bergarako biltzarrearen ondoan.

26 ELKAR IKUSKA

Ibañeta pastorala

28 Biologia: Bizitz zuhaitzaren beste adarretan

30 Artea: Nobela/Zinema beltza

32 Kultur ekintzak: UEU hasia da jadanik

34 Politika: Errudunentzat zigorra.

36 Gramatika: Ikastolako ala ikastolaren taberna

37 Gurutzegrama

38 Postak, Zilarrezko krabelina

ANAITASUNA

ZUZENDARITZA, IDAZKARITZA, ETA LANKIDEAK: J. Arzelus, T. Trifol, J. Llerandi, X. Kintana, M, Aldana, X. Gereño, J. M. Torrealday, M. Alvarez, A. Oiarzabal (Gipuzkoa), I. Zabaleta (Araba eta Nafarroa), M. Lanhatoua (Iparraldea), J. Agirreazkuenaga (Bizkaia), J. R. Etxebarria, P. Agirrebaltzategi, A. Eguzkitza, X. Mendiguren, I. Azkoaga, A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, J. Iturbe, B. Atxaga, I. Urtasun, M. Haranburu, M. Lasa, I. Mendiguren, Jon Etxebarri, R. Ordorika, E. Enziondo, J. L Alvarez, S. Laffite, M. Pagola, J. Idigoras, K. Anakabe, E. Martin, J. Aurre.

MAKETAPENA: E. Zumalabe.

FOTOGRAFIA: Susperregi.

KOMIKILARIA: A. Olariaga, I. Lauzirika.

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA: J. Idigoras, A. Uribe.

IDAZKARITZA, ADMINISTRAZIOA ETA HARPIDETZA: Zabalbide 68 - BILBO. Tf: 433 58 00/7/8/9.

MOLDIZTEGIA: Iparragirre S. A. Carretera de Galdácano s/n. BILBO.

OHARKIZUNA

Anaitasuna ez da arduratuko artikuluen edukiek duketen erantzunkizunaz. Beronek ez du esan nahi ez alde ez aurka dagoenik. Bestaldetik, beregain hartuko du editorialearen eta bere izenez izenpetutako artikuluen erantzunkizuna, berau baita (hola dugu ulertzen) bere ideologi hildoa.


Editoriala

Mirakuloski bizi behar

Hona datorkizue berriro beste ANAITASUNA bat. Langile batzuren fruitu helduegia agian. Miraria, beti bezala, atzerapenez, baina azkenez eginda. Mirari hau zoritxarrez ez du metafisikak egiten, gure langileon soldatatik ateratako mirari sinple eta arrunta da ANAITASUNA hau.

ANAITASUNAk akats asko eduki du bere historian zehar. Denak euskal prentsaren ondorioak. Diru oso gutti batez ere, gai batzutan espezializatuegia eta beste batzutan, erdal prentsak betetzen duen toki horretan, profesionaltasun eskasa, medio eskasago baina borondate ederra. Dena den, higitu deneko giro eta bere herriaren fruitu logikoena. Eta giro honetan euskarazko prentsa guztia sartu behar da, ez dago oraindik salbuespenik, nahiz berauxek bilatzeko ahalegin guztiak egin.

ANAITASUNA izan da Francoren diktadura garaian erresistentzi lana, gure hizkuntza eta kulturaren zerbitzurako Kixoteriazko oihu olinpikoa. Demokraziarekin, beste bideetatik abiatu zen alegeraki. Saltoa egin zuen eta sasidemokrazia, frankismoa egiteko gai ez zena, lortzen ari da, gozo eta poliki, batzuren pozerako eta guztien axolagabetasunean.

Eta diruezak, medioezak zailtasuna eta hertsitasuna dakar. Ez dugu uste errudunak aurkitzeko ordua heldu denik, ez luke gainera ezertarako balio izanen. Harria bota eta eskua gorde egin zutenak —kasu guztietan gertatzen ohi den bezala— alde eginda daude jadanik.

Errudunenak euskal demokrazia baten mitoetan sinestarazi egiten dutenak dira. Euskaldunen demokrazia historikoan sinesten duten jende sonatu horik,Eusko Kontseilu Nagusiaren garaian, "bai euskarari" kanpainaren garraisiaren mina gure belarrietan oraindik oihartzuna delarik, euskal prentsaren zati garrantzitsu bat ondora doala konturatu beharko lirateke. Euskal demokraziarik balego, euskarak duen egoera honetan, inongo aldizkaririk desagertuko litzateke.

ANAITASUNAri kritika ezin dakiokeena bestaldez argi dago: EUSKARAREN ALDE, ABERRIAREN ALDE, eta LANGILERIAREN ALDE egin duen burruka. Erromantikoegia da seguru, eta demokrazian erromantizismoetarako lekurik ez dagoenik ez ohartzea da denon bekatu larriena.


Euskal Herria

Donostia. Udaletxerako lehiaketa oportunista

UCDren gobernua bere komenientzian udal hauteskundeak nahi ala atzeratzen ari den bitartean, alderdiek Herriari hain ondorio latzak dakartzan kapritxo laidogarri hori salatu eta borrokatu beharrean, behin behineko (alderdien) gestora bat muntatzera jarri dira.

Bai xelebreak horratio! Donostiako udal lehiaketa hauk. Alde batetik gehiengo alderdi eta beren jarraitzaileak (PSOE, PNV, EIA, EMK, etab.) aparteko estrategia bat eratu dute dagoeneko Otazuk eta Cia.k udala desegin eta gestora salbatzailea udal exerlekuan ezarri ahal izateko.

Alderdiok maltzurki eta zuhurki jokatzen badute, ordea, Otazu jauna ez da inor baino gutxiago maliobra abiltasunean, eta gestorakoek dagoeneko udala antidemokratikotzat salatzean, Otazuk badaki Barne Ministeritzako babesa onhartzen eta bere dimisioa haren eskuetan omen eta ez inolaz ere udaletxerako aukeratuak izan ez diren alderdi batzuren borondatean. Ahari joko hau irabazten duenak menderatuko du noski artaldea. Espektakulo tristea benetan hauxe Donostiako herriarentzat.

Udal zaharra goitik behera ezarria izan bazen, alderdien gestora hau ez goitik ez behetik ez du inork erreklama. Ekainak 15 gorte eta senatu ganbaretarako egin hauteskundeak ez du udalarekin zerikusirik. Hori, "liga" irabazi zutela eta "kopa"rako ere aurrekoaren irabaziak jasotzea bezala litzateke.

Ba dakigu hirigintz aldetik, etab. ba direla ahalik eta azkarren moztu behar diren gauzak, eta lehenbailehen hirigintz politika bati eskualde osoari begira ekin behar litzaiokeela. Hirigintza planifikatu bati heltzeko, ordea, udal hauteskundeak eratu behar dira lehenik, eta hauzategien espekulapen eta gehiegikeriak mozteko, berriz, egokiago dirudi hauzoen gestora bat bultzatzea.

Alderdien gestora ala hauzoen gestora?

Jakinekoa da gehiengo alderdi batzuk hauzoetako ordezkariekin uztartzerik ez dutela ametitzen. Noren izenean alderdien ahalmen berezi horik ordea, Donostiako herriak udalerako aukeratu ez baditu? Alderdi aurrerazaleago batzuk bai, hauzo elkarte eta herri erakundeei egina die gestorarekin batera lana egiteko deia. Baina horien eritzian ere alderdien gestora izanen litzateke udaleko exekutibo bakarra, eta herri erakundeak udaleko presupostu, artxibo eta gestioak kontrolatzeko bidea izango omen, hauzo erakundeen ordezkarik, ordea, boza bai baina ez dute ez boturik ez hauzategiari dagokiona betearazteko indarrik ere ukanen.

Ez gaitezen engania, alde batetik alderdi batzuk inolako kontrolik onhartzen ez dutelako eta besteak hauzo elkarteak beren alderdi jokoetarako erabiltzeko asmoz, ez da inondik ere alternatiba herrikoi batentzat zirriturik ere ageri.

Alderantziz, hauzoetako gestora bati deritzogu herri alternatiba bakarra hauteskundeak eratu bitarteko berezi honetan. Donostiako hauzategietan urteak daramatzagu borrokan lehen beharrak ezin lortu eta lur espekulapen eta etxegileen gehiegikeriak ezin mozturik. Udaletxe eta etxagileen arteko espekulapenak nahiko zimentu harriz bere dizkigute gure hauzategiak, baina oraindik leku gutxitan lortu ahal izan da haurtzaindegi egokirik, aitonetxerik, anbulatorio edo kulturetxerik. Orainarteko udalek hauzategietako lehen beharrak ere bete gabe, espekulapen itsu batez aritu izan badira, hauteskundeak arteko hutsunea betetzea hauzoetako koordinakuntza edo gestora bati dagokio, dudarik gabe.

Beraz, hauzategi bakoitzak bere batzarreetan, edo hauzo elkarte edo beste kultur taldeen bidez delako gestoraren zentzua aztertzea komeni litzateke, nolabait ere hauzategi bakoitzaren partehartzea zihurtatuz. Hortarako teknikariekin konta beharko da eta Donostialde osorako planifikatzeari dagokionez, batipat. Baina hauzotarrek aurkeztu behar ditugu gure beharrak eta eskubide minimoak, adibidez, udaletxeko berdegunerik edo etxerik balego haurtzaindegi, aitonetxe... bihurtzeko lanean jarriaz.

Zenbaitek erdi erotzat hartuko nau, Otazu eta Cia.k alderdien gestora aurrean Barne Ministeritzaren babesean gordetzen bada, hauzoen gestora baten aurrean armadakoen adarrak ere berehala aterako dizkigu. Dagoeneko sasidemokraziarekin ez litzateke harritzekoa herri demokraziarik jatorrena ere ez dakit zein demokraziaren izenean eta indarrez zanpatu eta itotzea.

Udal alternatiba herrikoia

Udal lehiaketa eta adabaki planteiamenduok alde batera utzirik, udal alternatiba herrikoi batek hiru baldintza hauk jaso behar lituzke, hau da, autonomia, herrikoitasuna, eta euskalduntasuna.

1) Oraindainoko udalek ez dute gutxieneko autonomiarik ere. Gobernuko katearen azken txirringa besterik ez baitira. Goitik behera eratzen da dena, eta beraz, nahi eta ez halako udalak dagoeneko gobernu erdirakoia mantentzen du, gobernuak udal hauk bere arabera erabiltzen baititu. Horregatik, eta euskal udalek historian zehar izan duten hariari helduz, udal autonomoak behar ditugu, bai finantzamendu eta bai beste eremuetan. Udal hauk, gainera, hirigintzari, heziketari, etab. dagokionez bailara edo eskualde milan egituratu beharko dira.

2) Garai bateko eleizaurre edo hauzategiek batzarretan beren ordezkariak izendatzen zituzten, udaleko batzordea edo Juntak behetik gorako herri demokrazia bat eraikitzen zutelarik. Gaurregun ere, euskal udalak demokrazia moderno batez eta herriaren kontrolpean eratu nahi baditugu, lehenik hauzo batzarreako bulzatu beharko dira hiri hauzoetan, eta herri batzarreak herrietan. Hain zuzen, hauzo batzarreak eta hauzo elkarteak erakundetu eta istituzionalizatzea egokia litzateke ikuspegi honetatik. Eta Donostia batean udaletxe herrikoi bat eratzeko hauzategi horien ordezkariak, bai hauzo asanblada, bai hauzo elkarte eta bai kultur taldeen ordezkariak behar dute parte hartu eta koordinakuntza bat antola. Alderdien gestora eta gainerako planteiamenduak ez dira demokratikoak eta ez herrikoiak zentzu honetan eta alderdien izenean osatzen den gestora burokratikoa ez baina hauzoetako gestora batek bideratuko du bakarrik herriaren partehartze zuzena eta udal gestioaren kontrola.

3) Donostiako udalak euskalduna behar du izan, halegia, gobernu katearen azken txirringa bezala ez ezik Euskal Herriaren behetik goragoko oinharri demokratikoa eta Euskal Autonomia edo Burjabetasunaren garantia eta habe sendoa.

Bide batez, alderdi erreformistak eguneko udal sistema eta E.K.N. ustel honetan murgilduak ditugu buru belarri, nahiz eta alderdi batzuren ahotan borroka itxura eta deklarapenak agertu. Jokabide honekin, ordea, funts gabeko demokrazia bat bultzatzen dute eta biharko egunez demokrazia erdirakoi eta burokratiko baten pean eta dagoeneko deseuskaldunketa hildotik suntsituko gaituzte. Hori bai, dena burjes demokraziaren eta Kostituzioko askatasunaren izenean, eta euskaldunontzat arrotz eta kolonialista den gehiengo baten izenean.

Hortik hiru puntuok euskal udalarentzat hain beharrezkoak izatea, eta hortik Euskal Herriko demokraziarentzat garantia bezala Junta Generalak edo Udal Batzar Nagusia egituratzea.

Bestalde, alderdi erreformista edo botere gosetiok nola utziko, ordea, udaletxea hauzoetako gestora baten eskuetan? Beren estrategia guziak lurperatuak lirateke, eta hagin eta hortzez defendatuko dituzte (herriaren izenean asmaturiko) eskubideak. Halere, konprenitzekoa da jadanik hauzoetako koordinakuntza bat alderdien aurka muntaezina gerta daitekeela.

Beharbada, koordinakuntza bat eratuta gero elkarrizketa bidez konponbide edo irtenbide bat bilatu beharko alderdiekin. Ba dira Euskal Herrian esperientzia interesgarriak. Hain zuzen ere, Arabako Laudion udalgizonak teknikariak baizik ez dira, eta herri asanbladetan, etab. erabakitzen dena aurrera eramatea besterik ez dagokie teknikari horiei. Ordizian, berriz, akordio bat lortu izan behar zuten alderdi eta guraso elkarte eta abarrek elkarrekiko gestora bat bulzatu ahal izateko. Halegia, Donostia batean orain arte Donostiaren alde eta hauzategien alde borrokatu eta lanegin dutenak hartu behar dute delako gestoraren protagonismoa. Eta alderdiei protagonismo oportunista hori erantziz eta hauzategietako koordinakuntzaren lagungarri bezala planteiatzea irtenbide baliagarria litzateke.

Alex


Euskal Herria

Sasi demokrazietan euskaldunok gabiltza... Odoletan

Frantzia, Alemania, Europa komuna guztia haserretan dabil. Beren oinharrien sendotzeko behar guztiz beharrezkoa sentitzen dute sasi demokraziek (edo hobeki esateko demokrazia faltsuek) Zergatik horrelako beldurra? Lobelarraren arazoagatik? Ez! Lapur eta kriminalengatik? Ez! Gazteen desgustuagatik? Ez eta ez! Demokrazia faltsuak antolatzen dira lobelarraren arazoarekin, kriminalenarekin, gazteen desgustuarekin eta oposizioarekin (sozialistak eta komunistak). Horik denak, ezer ez dira eta gainera guztiz beharrezkoak sasi demokrazientzat. Lobelarra jendeei loa emateko, alkoholismoa ahazmena sortzeko, kriminalismoa haserre sozialaren gidatzeko. Egia esan, horik denak gizartearen "zanpantzarrak" baizik ez dira, hobendun alegiazkoak. Ongi dakusagu, berez, horrelako arazoen eginbeharra eta helburua: benetako hobendunak izkutatu, benetako erru organikoak itzali. Hona sasi demokraziek nolako hautsa botatzen diguten begietara, nola sortzen digun burjes mentalitatea. Hots, gezurrezkoa delako gezurraren gainean oinharritzen zaigu sasi demokrazia.

Orduan esanen digute gezurrezko gauza asko, adibidez "euskaldunak asozialak garela, Euskadirik ez dela eta Euskadi ez daitekeela bere gain bizi". Hain zuzen, asozialak ez gara eta gure sozial harremanak sozialismo iraultzalarian murgildu nahi genituzke, euskaldunak gara, euskal populua dago bere izate guztiekin, Euskadi bere gain bizi daiteke. Hau da gure egia, herriarena eta askatasunarena. Demokrazia faltsuek ez diezagukete horrelako ideialik onhar, benetako ideialen kontrakoak baitira baina jendeei gezurra saka eta gezurra gezurrezkoa ez den sozial zapalkuntzaz populua zapal.

Hori da, sasi demokrazien benetako egia: zapalkuntza era guztietara. Gaur era horietarik bat zaigu agertu gure borrokakide bretoien gartzelatzean. Frantses kolonialismoak, borroka "harmatua" zeramaten zortzi gazte zintzo bildu ditu eta zer espanturekin! Baina hala, sasi demokraziaren "justiziak", poliziak eta prentsak jadanik jujatuak ditu "kriminalak omen direla". Bistan da, kriminalak beti flakoenak dira! Inoiz ez digu batek ere esanen kriminalak frantses eta espainol gobernuak direla, Euskadi eta baita Europa osoko populuak zapaltzen dituzten horik. Alta, hori daiteke benetako egia: Kriminalak ez direla beren herria askatu nahi dutenak baina kriminalariak direla "Herri inperialistak, Frantzia eta Espainia. Dena dela, gaurkoan bretoiak dira, Iparraldeko bat (Xan) preso egon da eta bihar zenbat izanen ditugu? Agur, bretoi borrokalariak ez ukan etsi, guztiok berborroka daramagu gezurrezko "libertateak" suntsitu arte. Hona zeren beldur diren sasi demokraziak: Bretainaren, Cortsaren, Kataluinaren, Euskadiren beldur. Benetako askatzaileen borrokaren beldur. Bai, dudarik ez da, borroka jarrai. "ETA BIETAN JARRAI" hori da gure defentsa bakarra, askatasunerako bide bakarra. Iparraldekoek ba dakigu zein diren sasi demokrazien harmak, zenbat legunak eta biguinak, lobelarraren parekoak.

Bretoiak preso sartzen zituztela, Giscard "demokrata" Espainian zebilen espainol "demokraziaren" agurtzen. Ikusi eta entzun dugu zer buru betetzena zerabilten telebista irratiek. Gaurkoz, frantses guztiek ba dakite Espainia guztiz dela demokrata. Hots, merkatu komunean sartzeko ondo ondua eta bakantzalarientzat parerik gabea. Euskaldunak aldiz "terrorista batzu" baizik ez. Bi "erregek" elkar entzun dute, komunistek "eginaren: Giscard-en emaztea" esku xuri garbia musutu. Zapalkuntzaren eskua. Hona sasi demokrazia zer den: Traidorearen musua. Herri ukatuen odolaren gainean denak adosten dira. Batipat, beren oinharritzat faxismoa daukaten "demokraziak", hain zuzen, benetako izatez faxistak baitira, herri zapaltzaileak eta ustelak.

Odolaren hitzak pena eta tristura asko dakarkigu euskaldunei. Nolakoak ditugun egun hauk denek dakigu eta denek ere sakonki sentitzen geure borrokalarien heriotza. Gaurdanik Euskadi, mutil eta neska gazte horietaz oroitzen da bere hezur muinetan barnea. Inoiz ez ditugu ahantziko eta oso ongi dakusagu gudularien odolak autonomia hits bat baino gehiago eskatzen duela: independentzia bera. Gaur egun Agurtzane hil digute eta Juan Jose Etxabe handizki zauritu. Beraz, sasi demokrazien faxistak Iparraldean genituen Giscard-en benedikazioarekin eta Juan Carlos-enarekin. Frantses poliziak ezer ez du egin eta segur gara oraindik TERRORISTA horik ez dizkigula inoiz gartzelaratuko. Bai benetan, Euskadin gerla ez zaigu amaitu eta baldintza horietan ez amaituko ere Gerla doa, gerla daramagu era askotara baina dudarik ez, geroa gure izanen dela. Ez gaitezen ilusiona, Iparraldea Aberriaren aldeko borrokan sartu zaigu eta guretzat ere heriotzeak izanen dira, ezin baita bestela. Dena dela, Iparraldeko abertzaleen agur beroena zor dizuegu, Euskadi osoaren ohore handiena hartzen duzue zuek Herriaren borrokalariek, Herriarekin zareten horik.

Etxabe-ren gertakizunak agertu digu ere beste gaitz pisu bat: Frantses prentsaren manipulazioa. Telebista irrati, izugarrizko eragina dutela guztiek dakigu baina zein mirariren beha gaude GURE prentsaren eraikitzeko. Batipat, Iparraldeari nahi ote diogu informatzen sakon, argi eta euskaldun baten posibilitatea eman? Nahi genuke sinetsi baietz...!

M. L. Uhaitze


Euskal Herria

Gasteizko apezpikua eta besteak

Francisco Peralta Jn.a, oraintsu arte Gasteizko Apezpiku izana, bertako Administratore apostoliko bihurtu da: hau da, Aita Santuaren izenean eta ordezkari bezala Diozesia administratzeko izendatua izan da. Behin-behingoz bakarrik; izan ere, Gasteizkoa edo Arabakoa Diozesia denez, bere apezpikua dagokio; apezpikuak, ordea, nork bere izenean administratzen du Diozesia, eta ez Aita Santuaren izenean edo ordezkari bezala, nahiz eta Aita Santuak izendatu izan.

Beraz, Gasteizko Diozesia bakante dago. Eta beste apezpiku bat bilatzen du.

Euskal Herriko kristau gehienak, eta arabarrak ere, nahiko ustekabean hartu ditu errenuntzia honek. Behin baino gehiagotan Arabako apaizek eta kristau askok eskatua zuten Peralta Jn.aren dimisioa. Eta une honetan, Vaticanok apezpikuak izendatzeko eraman ohi duen politika ezagutzen dutenek ez zuten uste Gasteizkoa aldatzekoa zuenik. Hala ere, ixilpeko politikaren bidetatik Gasteizko elizbarrutia bakante gelditu da. Une honetantxe, hain zuzen ere.

Osasun eskasagatik errenuntzia eman omen du Peralta Jn.ak. Eliz munduan bada hitz bat, "errenuntzia", hain zuzen ere, "dimisio" hitza baino gehiago erabiltzen dena. Ba dirudi, apezpikuak eskubide modukoren bat duela, apezpiku izateko, eta kargua uztean bere eskubideren bat uzten duela: halabeharrez, eta penaz eta dolorez eskuraturiko eskubideren bat utzi beharrean gertatzen dela. Oraingoan osasun eskasak behartu du nonbait Gasteizko apezpikutza uztera. Ez dago Eliza eraberritzeko esperantza handirik, bere barruko karguak "eskubideen eta errenuntzien" teologian oinharritzen baldin baditu. Logika hori baztertzen hasia dela espero dugu; Arabako hainbat apaiz eta kristauk ez zion Peralta Jn.ari "dolorezko errenuntzia" eskatzen, eta bai "ohorezko dimisioa".

Berrien bila

Gasteizko eta Arabako kristauak beste apezpiku baten bila ari dira dagoeneko... Bila ari dira ala zain daude? Galdera honek berriro ere Apezpikuak aukeratzeko eta izendatzeko bideak eta sistemak astintzen ditu. Ixilpean, diplomaziaren bideetatik, kalkulu politikoen sareetatik eta Arabako kristau gehienek ez susmo eta ez kezkarik ez dutelarik "ezarriko" ote zaie beren apezpiku berria?

Baina Gasteizko apezpiku berriaren arazoak Euskal Herriko Elizaren apezpikuen eta Euskal Elizaren beraren arazoa nabarmendu du berriro ere.

Gipuzkoako Argaia Jn.ak aurkeztua du nonbait bere dimisioa Vaticanori, 75 urte bete dituelako. Eta nahiko segurua da Vaticanok onhartu egingo duela dimisioa. Setien Jn.a, berriz, orain arte Gotzai Laguntzailea izan dena, ez da derrigorrez zaharraren ondorengo izango. Bere alde duen zenbait lagun ere bildur da ez ote den Gipuzkoan geldituko, Argaia erretiratzen denean; eta besteren bat izendatuko ote duten Donostiarako.

Baina hemen ere zeinek jokatuko du jokoa? Setienek ez du Argaiaren jarraitzaile izateko eskubiderik, Eliz Legearen arabera. Baina apezpikua Aita Santuaren ordezkari hutsa ez baldin bada, bidezkoa da Gipuzkoako kristauek beren hitza esatean, beren apezpikuari buruz, Eliz barruko demokraziaren arabera.

Bizkaiko gotzain zaharra, Añoveros halegia, oso gaixorik dabil azkenaldi honetan, nahiz ez izan hain "zaharra". Orain dela urte batzu, Uriarte Jn.a eman zioten laguntzaile bezala. Badirudi honek daramala diozesiaren ardura eta dinamika nagusia. Noiz gertatuko da Añoverosen "dimisioa"? Badirudi laister izan beharko lukeela. Orduan, Gipuzkoan bezala, Bizkaiko kristauek beren apezpikua bilatu beharko dute, Uriarte ez baita derrigorrez eta legez haren jarraitzaile izango. Beren jokoa jokatu behar dute kristau guztiek.

Baionan besterik gertatu da. Han ere ba da apezpiku bat —ez da euskalduna bera—. Orain dela urte batzu, laguntzaile bat emari zioten, arrotza bera ere. Geroztik hau beste nonbaitera bidali dute, eta berriro ere laguntzailerik gabe dago Baionako apezpikua. Ba dirudi, orain dela urte batzu, gazteagoa izanik, apezpiku laguntzaile baten premia baldin bazuen, orain handiagoa izan behar duela. Iparraldeko kristauek beren arteko apezpiku bat, euskalduna izatea dute egiteko eskabide bat; baina horretaz gainera, euskal Diozesia, euskal hiru herrialdeak bakarrik bilduko dituena, lortzea dute seguru asko beren eskabide nagusia, Baionako oraingo Diozesiak, euskal herrialdeez gainera Biarno ere hartzen baitu. Beren jokoa jokatu beharrean dira Iparraldeko kristauak ere.

Nafarroara berriz, orain dela gutxi etorri zen apezpiku berria: Cirarda Jn.a. Nafarroako kristauek ez zuten izendapen horretan parterik izan. Hala ere, ba dirudi urte batzutarako behintzat beren apezpiku izango dutela Cirarda Jn.a.

Eta Euskal Elizaz zer?

Euskal Herria eraikiz joateko oso garrantzizkoak izango dira datozen urteak. Eta Euskal Herriari Euskal Eliza dagokio.

Oso luzatzen ari da Vaticano Hegoaldeko lau herrialdeak —eta Diozesiak— Eliz Probintzia batetan biltzeko, milaka kristau eta apaiz askok, eta hemengo apezpikuek beraiek ere, aspalditik eskatua diotenez gero. Zergatik luzatzen da? Beharbada Euskal Herriaren autonomia nondik nora joango den zain dago, eta bereziki Nafarroaren etorkizuna zein izango den zain. Ez du urrats diplomatiko faltsurik eman nahi seguru asko; baina Elizari urrats profetiko egiazkoa ematea dagokio.

Dena dela, Euskal Eliza ez da eraikiko euskal Probintzia sortuz, ez eta Euskal Herri osoko —Iparraldeko eta Hegoaldeko— Apezpikuen Konferentzia sortuz. Euskal Eliztarrek osatzen dute funtsean euskal Eliza. Horregatik herritik bertatik, "kristau herriaren" beraren erakunde eta antolamenduetatik hasiko da bereziki Euskal Eliza mamitzen. Bestela, euskal Eliz Probintzia edota Apezpikuen Konferentzia gainegitura hutsa izan daitezke.

Baina euskal kristauek joko hau ere jokatzekoa dute, Euskal Eliza eraikitzeko. Besteak beste, ez Gasteizen ez Baionan, ez eta beste diozesietan ez dago aurreantzean, euskaraz ez dakien apezpikurik onhartzerik.

Baina puntu garrantzizko —oso garrantzizko— bat besterik ez da hori, Euskal Herri berrian zernolako Eliza nahi dugun jakiteko. Horrekin batera beste arazo asko daude: eta oinharri-oinharrian Elizaren lekua zein izango den bere iraultza nazionala eta soziala bideratzen ari den Herri honen barnean; zein izango den kristauen egitekoa eta lekua, gaurko eta biharko euskal gizarte berri horretan.

Eliza krisi latzean sarturik dago Euskal Herrian. Eta funtsean Euskal Herriaren beraren krisia darama barnean.

Paulo Agirrebaltzategi


Euskal Herria

Ba dugu aita santua edo hobe, ba dute katolikoek. Elizak duen inertziak biderik errazenera darama bere burua, arrisku guttien daukan zidorrari jarraitu nahi zaio. Ez da 'ezer' aldatu oraindik. Kardinalek berehala autatu egin zuten aita berria; ez ziren eztabaidetan sartu nahi. Argi dago zergatik.

Ba liteke aita berritzaile, progresista, bildurgabe batek eliza historikoa ebanjelioari lot ziezaiola baina ebanjelioak Vatikanoko eliza deuseztatuko zukeen berehala. Mozkinak, prebendak, kardinalak —elizaren printzeak—, politika eskuindarra, akzioak eta honen guztionen inguruan dagoen guztia desagertu beharko lituzke eliza ebanjelikoak. Mitoak, botere ekonomikorik gabe, jausi eginen ziratekeen ere bai. Rituak, mezak, sakramentuak eta folklore mitiko den guztia desagertu, ondorio gisa. Ba liteke ere orduan ebanjelioan irakurri dugunez, eliza, kristautarren komunitate espiritual eternala izan zedin baina fedea falta egiten zaiela kardinaleei ematen du eta... marxistak bezala oinarri mitiko ekonomikoetan finkatzen dute elizaren eternaltasuna.

Sir Jauna


Ohar laburrak

Konstituzioa, Calvo Sotelo eta Europa

Europarekiko harremanetarako Calvo Sotelo ministrari jaunari esaldi sonadu asko arbuiatzen zaio.

Lehengo egunean, bere horko bidai batetan UCD eta UCDkoak bakarrik ez diren ikuspundu batzu ageri zituen.

"Es posible que la nación española haya cojeado en su estructura interna a causa de las diferencias regionales, tanto políticas como económico culturales. Esta constitución valdrá para estabilizar en España una nación fuerte en todos los terrenos, que iguale toda diferencia que por otras vías no dio resultado, antes de la constitución de una Europa políticamente unida".

Arrazoia ministrari jaunari. Konstituzio honek Espainia egin dezake. Espainia den proiektu soziologiko eta kultural erdibukatu hau gorpuzten hasiko da konstituzioarekin batera. Espainia zuena bizi dadin ahalegin guztiak eginen duzue, eta jakina hori egiteko Euskal Herria deuseztatu behar da. Birrindu behar da euskara eta euskal kultura. Euskal Herriko heriotze gozoa ekar dezake konstituzio honek. Nor bere burua euskalduntzat daukanak ezin du honelako konstituziorik onar.

Araba euskaldunduz

Zu ote zara aitaren zazpigarren alaba? dio kanta batek Araba aipatzean. Araba omen da probintziarik erdaldunena. Estatistikek hori diote behintzat.

Baina hala ere, Arabak ez dio uko egin nahi bere euskalduntasunari, eta froga bezala, iniziatiba txalogarri hau dugu Gazteizetik Bilborantz bukatzen ari den autobidean eta Arabako lurretan, herrien izenak adierazten dituzten iragarkiak, euskaraz daude, euskal ortografiaz idatzirik. Beste batzuren artean pozik ikusi ditugu.

Murgia eta Ametzaga

Ez da gauza handia baina, zorionak arabarrei euskara kalera —autobidera— atera dutelako! Dakigunez. Bergarako udalak ere antzerako bidea hartu du. Ea besteok ere antzera egiten hasten garen!

A! Ahantzi egin zait, autobide hori Arabako Diputazioaren kontu egin dela esatea. Ea besteek ere exenplu hartzen duten, Nafarroakoak batez ere.

La Paz Vasca

Konstituzioaren erreferendum orduko zenbait Euzkadiko Alderdi politiko delako 'Paz Vasca'ren alde kanpaina handi bat muntatu nahi dabil. Kanpaina horretan hitzaldiak eta kantaldiak antolatuko dira. Bitxiena, kantari guztiak atzerritarrak izan beharko dira. Euskal kantariek ez dute kanpaina horretan parterik hartzeko inolako gogorik. Paz Vascak bi atal berezi edukiko ditu: Bata "Guerra sicológica al terrorismo vasco" eta bestea "aprobación de la constitución por el Pueblo vasco". Konstituzio onartzeak beraien ustez Paz Vasca ekarriko digu, gure ustez aldiz, ez dakigu benetan serio badabiltzatela edo adar jotze berri bat ez bada. izanen.

Ajuriagerrari agur!

Berandu bada, hobe da berandu inoiz ere baino. Batzurengandik Ajuriagerra jauna oso hurrun bide zegoen, ezker abertzaleengandik batik bat. Egin ez daitekeena, ordea zera da, hura hil eta ezker abertzaleen zenbait talde politiko dolumin komunikatuak agertzeko ere gai ez izatea. Euskal Herriak daukan egoeran oso ikusmen laburra edukitzea erakusten du zerorrek, laburregia agian. Ikuspundu moral batetik begiratuta lotsagabekeria iruditu zaio askori eta ikuspundu politiko batetik, ez dezagun ezer esan hobe ixiltzea.

Euskal poesia Belgikan

 Te Gernika Gelezen izenaz ("Gernikan irakurria") oraintsu XIX-XXetako euskal poesiaren antologia bat argitaratua dute Belgikan nederlanderaz. Itzultzaile-moldatzaileak, Bob de Nijs eta Jan Deloof dira, Xabier Kintanaren lankidetasunaz.

Obra hiru partetan banatu da. Lehenbizikoan, lehen nazionalismo erromantiko garaiko poetak datoz: Iparragirre, Etxahun, Bilintx, Elizanburu eta Xenpelar. Bigarrenean, gerraurrekoak: Lizardi, Lauaxeta eta Orixe. Hirugarrenean, azkenez, belaunaldi berriak azaltzen dira: S. Mitxelena, Iratzeder, Mirande, Lekuona, Gandiaga, Aresti, M. Lasa, Harzabal, Mujika, Azurmendi, Lete, Saizarbitoria, Sarasola, G. Trintxerpe, Urretabizkaia, A. Lasa eta Zulaika.

Eskatzeko: Desclée De Brouwer, Henao 6, 3º esk. Bilbo-9.


Euskal Herria

Egun hits bat

Goizeko hamarrak direla, lagunekin elkartu eta asmaketan hasi gara nora joanen ote garen igande pasa. Bizkaitik joatea erabaki dugu, gure lagunen umeak hala behartzen baikaitu, arratseko zazpiretan etxean egon behar duelarik, afaldu eta zortzitako ohean sartu. Egun argia da, ez lar bero, eta eguraldiak beroago agintzen badu ere, ez dirudi pairezin gertatuko denik. Haize xafladak ere noizean behin agertzen dira, gure ibiltzeko gogoak bizteko lain bederen, eta udako egun atlantiko ederra egiteko bezain bigun eta atsegin. Azkenez, neuk proposa eta besteek ontzat jo. Zergatik ez Gernikatik igaro, PNVren mitina entzun, eta gero noraedonora bazkaltzera joan? Proposamendua, egia da, beldurrez egin dut, horrelako egunak ez baitira izaten politikarien joku maltzur eta gezur galantak, lantzean behin egiak ere, aditzeko aproposenak. Zalantzatan lehendabizikoz, erabaki sendoz gero, Gernikarantz abiatu gara.

PNVk dakien eta ahal duen halako antolamendu baten beldurrez garelako, joanen den jendetzaren beldur hain zuzen, Zornotzatik, Autzaganetik barik, Larrabetzutik, Morga-Muxika kaminoa hartu dugu; eta ez dugu poto egin edo txarto igarri, guztiz deseginda dagoen bide horretatik ibili eta gero, baina oraindik bazterrek eder egiten duenori utzirik, Muxikan, Zornotzaraino heltzen den automobil ilera ikaragarri batekin egin baitugu topo; haatik, bideak eman digun abantailaz baliatuz, Alderdiaren hertzainek (ertzañek) lagun, erreskadan para gara eta hamabiak jota Gernikara heldu.

Ikurrinez beterik dago Gernika, Gabriel Arestik euskaldunon ziutate eta erretiragune nahi zuen hura jendez gainezka daukagu, toki batetik eta bestetik, berebilak, autobusak, jendeak, mundu bat bildu da gaur Euskal Herriko herri eta hiri "agian saindu" baina oraino erdaltzale amorratu honetara, horixe baita Gernika. Horregatio, ez dira horik izan barruan bipil ibili zaizkigun sendimenduak heldu garenean. Agian, Euskal Herritik kanpo ibiltzeak dakarren ezagatik, edo eta beharbada etxen hala hazi eta hezi gaituztelako, baina giroak hunkitu gaitu, Zuhaitzaren ondoan gaudela Lizarrako abertzale p.n.v.tarrak agertu direnean eta jendeak txaloka hasi; eta hainbeste, non sartukeran aparkalekua aurkitzearren besterik ezean euskaraz ulerturik erdaraz erantzun behar izan digun hertzaina ahaztu egin dugula. Bai, hala da. Sendimental huts garatekeelako, batzuon ustez 'nazionalista pobre eta burjes koskor', edo ez dakit zergatik, baina giroak unkitu nau. Apika eguraldiarekin batera dena egon delako gertu, eta gisa zen.

Heldu orduko, mitina ordu erdi beranduago basiko dela egin gara jakitun, jendeari ailegatzeko ahalbidea emateko nonbait. Hamabi terdiak jo eta, gutti gora behera, hasi egin da mitina, egun argi honetan giro egiteko promes egiten zuen mitina.

Eta Carlos Garaikoetxea izan da lehen; euskaraz hasi da, polit, poetiko, astiro, lanbide horretan zeredozer ba dakien baten sarreraz. Hiru, lau, bost minutu apika egon da euskaraz berbetan, eta gero, gure egoera larriaren kausaz erdaldundua daukagun herriaren amorez erdaraz jarraitu da. Eta hor bai, hor dena izan da su eta gar, ahotsa gora eta mehatxua gorago, aurreko larunbatean Iruineko zezenketa gertatu baita. Ez dugu esan behar zerbait harritu ez garenik, baina tira, sarrera hori entzunez gero, esperantzaz jarraiki gara aurrera. Cuerda etorri da hurrengo, Gasteizko indarra erakarri duena bererekin, eta erdaldun-hutsa izateagatik, noski, erdara hutsez aritu izan zaiguna. Ezin esan hasieran bezala gaudenik, baina oraino Arzalluz dugu entzutear. Eta Arzalluz etorri zaigu behingoan, eta ohi denez eta behar, euskaraz hasi zaigu. Nire ondoko euskaldun batzu poztu dira euskaraz entzun dutelarik beren gizona. Bost, sei, beharbada hamar esaldi bota, batetan edonori gerta dakiokeen 'Lapsus Linguae' batekin, eta erdarari ekin zaio. Eta gureak erdi eginda geratu gara; orduan bai dantzatu baititu daukan predikari onaren tankeraz Madrileko sorgin eta demoninoak, Villa eta beraren zerbitzariak, batzu eta beste. Azkenez, Iruxo zaharraren esku, erdaraz ari berau ere, alderdiaren himnoa abestu dute denok batera, musikaz, ezen ene gustuz hitzez, hain eder den 'ereserkia'. Eta amaitu garenean joan egin gara. Bai, hits joan, eta goibel, zera pentsatu dugulako, UCDren mitin batetan, beharbada, euskara gehiago entzun litekeela, erdaldunen bilkura batetan errespetu gehiagoz erabil litezkeela euskaldunak. Bai, goibel PNVren euskaltzaleok eduki ditugunean gogotan, Euskal Herriko euskaltzaleok eduki ditugunean pentsamendutan, abertzaleak irabaziz gero, ez baitute euskarak eta euskaltzaleok garaitu. Zera pentsatu dugulako, erdaldunek uler dezaten, eta euskaldunok izorra gaitezen.

Eta, nik uste, heldu da ordua izorramenduak banan banan hartzeko, zeren ulertzen ez duen erdalduna aspertu egiten bada mitin baten erdian, horrela baita aspertzen berriro gauza bera entzun behar duen euskalduna beste erdian. Aitortu behar dugu, ilundu zaigu eguna, tristatu bihotza. Ez ote inoiz posible izanen? Hain da gure astura txar? Euskaltzaleok, ezker zein eskuin, saiatzen ez bagara ez digu arazoa inongo abertzalek ebatziko. Eta batez ere PNVren eta beraren ondoko euskaltzaleok eduki ditut gogotan; hala omen den haren lehendakaria, edo DEIA apur bat euskalduntzeko lan latzean aritzen direnak, edo eta bere herri euskaldunaren alde hainbeste gauza egin duen eta hainbeste prest emateko den euskalduna. Inoiz bere burua salduko ez duena. Jokin Zaitegi iragan zait burutik, eta Lizardi eta Aitzol eta aita Lino Akesolo, eta Josu Oregi edo beste mila ezezagun horik, Lauaxeta edo Onaindia eta Lekuonatarrak, erdal famari euskaltzaletasun irmoa saldu ez diotenak, Euskadi (edo Euzkadi) hori Euskal Herri ikusi nahiko luketen guztiak.

Bazkaltzera joan gara, Durangaldera. Ez da baina goizeko goibeltasuna argitu, ez dugu bekokia distiratsuago erakutsi ahal izan, eta atzera etorri gara, besterik ezean, etorkizun argiago baten itxaropenez, bateko eta besteko, bat ere koldartasunik gabe euskaldunok geure burua defendatuko dugulako esperantzaz. Hala biz.

Andolin Eguzkitza


Euskal Herria

Errefuxiatuei buruzko elkar hizketaz

Ekaineko alean, errefuxiatuei buruzko edo errefuxiatuekin elkar hizketa bat irakurri dut eta ni Iparraldekoa izanik (ez nuke subjetibizatu nahi) eta egoera ezagutuz bai Ipar Euskadikoa eta bai errefuxiatuena ere, nahiz eta azken hau guttiago, uste dut ba direla akusazio batzu oso gogorrak eta oso arinak aldi berean herri xeheari buruz. Hau diot hemendik kanpo utzi nahi baititut bai estatuko aparatuak eta estatu mailako organizazio burjes erreformistak, eta gainera ikusiz akusazio horik herriari egiten zaizkiola.

Elkar hizketa hortan guztian Iparraldeko herriari buruzko mesprezua baizik ez dut ikusi, eta horrek mina egin dit herritar bat naizelako eta Euskadiko zati bat garela uste dudalako, nahiz eta hori irakurri ondoren ez dakit zer pentsatu!

Errefuxiatu horiek (eta beste anitzek ere beharbada) egiten dituzten bi akusazio garrantzitsuenak hauk dira:

- Ipar Euskadi frantsestua da, eta ez da fitsik egiten ahal eta horregatik ez dira beren herrian sentitzen.

- Errefuxiatuak espainol bezala hartuak dira eta nahastatzaile batzuk bezala ez dute inongo laguntzarik.

Bi puntu hauei buruz erantzuna emateko analisi bat osoa eskatzen dute eta hori oso zaila da hemen egiteko, baina hala ere zerbait esan nahi dut.

Hasieratik esan nahi dut elementu batzu izaten ahal direla ezin errekuperatuak eta bazterrera utzi beharrekoak, baina Herri bat sekulan ere EZ da neurri hortan ikusten ahal, ezen eta neurri hortan gauzak ikusiz oso erraz da jaikia den Herri batean lana egitea, baina nik galdetzen dut militante baten eginkizuna zer da ? edo partiduen militante edo herri militante? Hau esaten dut, alde handia baita batetik bestera.

Bestalde, ikusi behar da Ipar Euskadik bizi izan duen eta bizi duen egoera politiko ekonomikoa (demokrazi burjesa eta lanik eza) Hego Euskadikoa bezain txarra dela, eta ez dut uste esplikazio handirik behar denik hau konprenitzeko, ezen Hego Euskadin situazio berdinera baitoaz, edo ETAren ekintzen kondenatzaileak ez dira ugaritzen ari maluroski? Uste dut gauza horrek nahikoa adierazten duela!

Bestalde, esan behar dut edo galdetzen dut sekulan analizatu duten zenbat biztanle dituen Ipar Euskadik eta hau oso garrantzizkoa da, ezen denerako proportzioak atxiki behar baitira, ez du balio jende gutti mugitzen dela esateak, etab. Hego Euskadin 2.500.000 jende bizi da eta Ipar-Euskadin 200.000 eta nola sakabanatuak!

Bigarren puntuari buruz beste zerbait. Azken hamar urte hauetan mila batzu errefuxiatu pasatu dira eta ez dut uste kalean egon direnik ez eta oihalezko etxoletan, baizik etxe batzutan. Bizi dira, galdetzen dut, jende horiek denek zer lan egin dute herri honen bereganatzeko eta kontzientziatzeko? Nork egin ditu getoak? Herria ez da militanteengana joango, baina militanteak behar du Herriarengana joan. Bestalde, militante neurria utziz gizon neurrian soilik ikusi diren posizio asko eta asko grabeak analizatzen ez dut hasi nahi!

Hizkuntza izanik Herri baten espresione garrantzitsuenetako bat, zenbat eta zenbat ziren errefuxiatuen artean euskaraz hitz bat ez zekitenak eta ikasten ere saiatzen ez zirenak beti espainolez mintzatuz? Eta hori egunero sumatzen dugun egia da, baina horiek berek hemen herria afrantsesatua sumatzen dutela diote, zer ironia!

Horik horrela, hemengo jendea Hego Euskadira joan eta gertatzen da galdetzea: nola zaudete Frantzia aldean? galdetzea eta hau niri gertatu zait eta nahi baino maizago, edo lagunei agertzea lagun frantses batzu bezala, eta guk esan, ez Ipar Euskadikoak, a bai egia barka!, eta horregatik ez ditugu hartzen espainol batzu bezala.

Zenbat jende da oraindik Ipar Euskadira etortzen dena eta Frantzian izan dela esaten duena, nahiz eta Hendaian izan? Ez dut gurea justifikatu nahi hau denarekin, bakarrik adierazi nahi dut gu bakarrak ez garela errudunak eta esan nezake jende kontzientziatuen artean maizago gertatzen dela era hortara Hego aldean bestela baino eta jende xinpleen artean berdintsu dela alde batekoa eta bestekoa.

Bukatzeko, pentsatzen badugu Ipar Euskadi Gasteizen neurriko herri zati bat dela eta horrenbeste militante pasatu ondoan Gasteiz neurri hortan balego zer pentsa genezake?

Jende batzurentzat ez dakit Euskadiren zati bat garen edo... baina nik diot: GORA EUSKADI BATUA!!!

Zubiri


Euskal Herria

Urkamendia

Topikoa bada ere eta nigar egiteak ez badu ezertarako balio izaten, neronek bakarrik, nigar egin nuen Punto y Horak argitaratu zuen Satrustegiren "Urkamendia" artikulua irakurtzean.

Hala ere ba dago urrun bizkaitarrontzat Urdiain hori, ez luke inork esango euskara oraindik hor egiten zenik. Galsoroak eta guzti daude eta.

Durangoko kaleetan oso goiz ez bada, ez da ezertarako entzuten euskara. Elkarrizketan oso talde gutti baztertuz harremanetarako hizkuntza erdara da. Arratsaldeko bostetan Ezkurdi Plazatik paseatzeak Bilboko Gran Vian zaudela ematen dizu. Gernikan berdin. Betidaniko Bermeo euskalduna orain dela bost urtetik hona bertoko gazteria asko erdaraz hasi zaigu. Euskaraz jakin arren erdaraz nahiago izaten dute hitzegitea. Zer esanik ez, Mungian, Bakion, Mundakan, Lemoan, Galdakaon, Zornotzan eta beste leku askotan. Lekeitio Ondarru eta pixkat Igorre geratu zaizkigu euskaldunak. Nigargarriena, zera izaten da. euskarari buruz hitzegin eta denak euskaldunak ageri nahi. Jende polito euskalduntzen eta alfabetatzen badago ere, gero pratikan ikasitakoa laburregia eta artifizialegia geratzen zaio askori. Oso astuna da euskaraz saiatzea, txarrena ez da izaten bizia. Astapenekin gertatzen ohi den bezala gertatzen zaio jende askori, egin gura bai eta egin ezin. Serioa, oso serioa baita euskaraz hitzegitea, bigarren hizkuntzen problematika osoa.

Diglosia, komunikabideak, delako "concentración escolar", analfabetismo, kanpotarrak (gizaixoak) izanen dira errudunak baina errealitate bat osatzen dute. Norberaren arduragabea, ezkonzientzia agiria oso sarturik daukagu.

Umeen artean Bizkaiko ikastola la guztietan harremanetarako hizkuntza erdara da, guraso euskaldunen artean umeak aurrez daudelarik harremanetarako hizkuntza erdara da kasu askotan. Gero jendea kezkaz dabil. Oso elaberri gutti, teatro eta obra on gutti agertzen direlako. Gehiena filosofia. asko askotan oso merkea, zientzi maila eta gramatikak izaten dira. Hiltzen ari den hizkuntza baten ondorio logikoa besterik ez da. Erretorika da asko euskararen goi maila, egunkariak, prestigioa eta abar baina bizitzan atzera goaz izugarri. Gure mitinlariei begitu besterik ez dago. Bost edo hamar minutu betetzeko papeleta. Errudunak beti erdaldunak izan behar. Ilogikotasun hau alde guztietan agertzen da baina arrazoi nagusiena bere inkapazitatean bilatu behar da. Erretorika ederra daukate erdaraz, euskaraz aldiz pobrea eta askotan hila, oso literarioa. Ez dezagun ideologiarik aipa, berdin gertatzen zaio HASIri, EIAri, EAJri edo ETAko komunikatuei. Urkamendia datorkio Euskal Herriari, gozo, poliki baina datorkio. Belarriak hixteak ez du balio, soluziobidea, osoa orain eman behar zaigu. Konponbidea badakigu non dagoen Euskara bizi dadin, sentitu eta dibertitzeko balio dezan, hau da nagusiki hizkuntza bat, komunikabide guztietan sartu behar du eta kontu honetan denok batera izan behar dugu MAXIMALISTAK.

E.H.


Euskal Herria

Udatiarren madarikazioa

Dakikegunez arazo asko dago Iparraldean: langabezia edo egoera ekonomikoa, alienazio kulturala edo euskararen egoera. Baino arazo guztietan nagusiena daukagu ekonomikoa. Bistan da, inork ez du izkutatuko mintzairaren mementu larriak dakarzkigun grinak eta buruhausteak, pertsona askok daramaten borroka nekea urteetan zehar. Dena dela, horik guziak kontutan hartu ondoren, guziak sakonki azaldu ondoren gauza bat argi dago: turismoaren zerikusia, ekonomi arazo honen zabaltasuna eta garrantzi izugarria.

Hain zuzen, gaurkoan udan gaude, eguzkia, itsasoa mendia eta exotismoa. Hitz bezainbat amets eta mito, hitz bezainbat borrokabide Euskadirentzat. Egiari bere bidea eman nahi genioke eta horrexek berak behartzen gaitu oharpen zenbaiten onhartzera. Arren, aitortu behar da Euskadiren arazoari dagozkion problema askok jende guti baizik ez dutela motibatzen: euskal alorretan gabiltzanok aspalditik dakigu gure indarraren neurri tipia, euskal arrenkuren eragin tipia, jendeen ezaxolkeria. Alderantziz ikasi behar dugu ikusten turismoaren benetako garrantzia. Batipat, inork ez baitezake esan "Turismoa? Niri ez zait interesatzen". Guziak, nahi edo ez itoak gara, borondatearen alde edo kontra, ez edo bai esatera behartuak gara. Hau, arrazoi xinple batengatik: arazo ekonomikoak guziok desafiatzen gaituelako. Bat, menperatu bezala eta bestea menperatzaile bezala: bat kanpoko bezala eta besteak Euskadikoak bezala. Hots, bertakoen interesak ez dira kanpotiarrenak eta bertako langileenak ez dira kanpoko langileenak. Puntu desberdin honetan dago arazo guziaren antagonismoa.

Langileriaren interesak zeintzu dira?

Ikus dezagun lehenik kanpotikakoak nor diren. Batzu langileak, besteak burjesak eta klase goikoak. Zenbat dabiltzan batetik eta bestetik ezin dezakegu esan. Dena dela, biok elkartzen zaizkigu egarri edo amets berdin batean: bakea, pausa, lasaitasuna, josteta deskantsagarriak, etab. Beraz, lehen oharpen hau: izan daitezen zapaldu edo zapaltzaile biek egarri berdina daukate. Bi kategoriak ezkontzen dira, gu, euskaldunen bizkar, gure aurka jartzeko. Hots, euskaldunok ez daukagu bi kategoria hauen bereizterik beren nahitara bateratuak direnez gero. Benetan turista inperialista huts huts bat besterik ez da. Esan ezik, ez dugu guk ukatzen langileen elkargoa edo internazionalismoa, baina turistak berak. Hain zuzen internazionalismoa ukatzen digu, ez baitu hori bilatzen, ez baitu langileen elkartasunaren arrenkurarik nahi, baina lilura, buruaren bete izar, gogoaren bete, euskal kolore eta "Euskal Herri". Halabaina, ez al ditu 11 hilabete luze lantegi batetan eraman? Horregatik langile turistak pentsatzen du eskubide eta gaintasun guziak dituela. Ez aipa honi elkargorik, ez aipa bertoko langileen grinarik. Bere langile zapaldu kondiziotik (bere egiazko kondizioa) inperialista zapaltzaile bihurtzen zaigu. Frantses langileak horrela superatzen du bere kateazko kondizioa: Euskadin SARTZEN delako, euskaldunok apalak eta basa jende batzuren irudikoak garelako. Zer atsegina, zer zoriona, frantses langile zapaldua behin bederen goiko zapaltzaile bihurtzen da. Hona, Iparraldera etortzen zaizkigun turista batzuren ametsak. Baina, gu egun guziez karrikan gabiltzalako azter dezakegu hauen jarrera eta konportazioa. Bai, benetan euskal langilearen borroka beharrezkoa izanen da. Euskadiko langileen elkargoa eginen ahal dugu?

Bertoko burjesiaren interesak zeintzu dira?

Bertoko burjesiaren interesa burjesia guziarena dugu: dirua bildu langileen bizkar, hauen esplotazioaren bizkar.

Komertzalaria eta dendaria turismo liluragarriaren alde doaz, hain zuzen, pentsatzen baitute beren diru bide sakonena horretan daukatela. Fede horrengatik dendaria faxista bihurtzen zaigu. Ez frantses botere politikoaren aurka baina abertzaleon aurka. Bere azterketa okerrak ondorio honetara darama: abertzaleok turismoaren aurka garela, beraz beronen ogibidearen aurka. Hortantxe nabaritzen zaigu dendarien alienazio politikoa. Baina inolaz ere alienazio horrek ez dezake barka langileen bizkar daraman esplotazioa gogorra.

Dendari eta bertako burjesia honek egin digute beti Inchauspé-ren aldeko kategoria bikainena, Inchauspé-ren militanteak berak burjesia honetan topatzen ditugu, borrokalari amorratuak gainera. Dena dela, gaurkoan alderdi politiko bat bakarra agertu zaigu turismoaren eta esplotazioaren kontra, EHAS alderdia. Horregatik, beti eta garbiago nabari da abertzaleok etsai ustel batzuren irudira ikusiak garela. Baina hau ez al da gure borroka zuzenaren izenpetzea? ez al da seinalea etsaiaren eta gure arteko mugak ongi sartuta daudela? Gainera, txartel honek dakarkigu beste alde bat: esplotatu euskaldun langileak poliki poliki ulertzen eta onhartzen ari gaituela. Benetan guretzat itxaropengarri! Esplotazioa pisuago eta langileriak askatasun egarri handiago. Horrela jarraituz, burjesiak lanaren zapalkuntza eta indar politikoek euskaltasunarena, arrisku handi handian, benetako hasarre baten ohea egin diezaguke kapitalismoak.

Emeki emeki Iparraldeko abertzaletasuna ere aurrera doa, sustrai onekin eta hain garrantzitsu zaigun langile borrokaren oinharriarekin. Hots, kontuz turismoari, inork asmatzen ez duen zaparta eta uztar indartsua sor baitezakegu egun urren batean. Ordu hartarako gertuko al gara? Gaur bertan nola murgilduko eta telegidatuko dugu udatiarren esklabo dabilen langile gazteen mundua? Abertzaleen eginbehar benetakoa, hau da.

M. L. Uhaitze


Mila kontu

Videla, espainiarren erregea eta beste

Jende guztia kritikatzen du Videla jenerala: Diktadore omen da, bere herrian errepresio handia ezarri du, hainbeste jende gartzelaratu du, hainbeste pertsona hil ditu,...

Espainiarren erregea, ezen ez euskaldunona oso demokrata omen da, Espainia bera ere omen den bezala. Baina,... Argentinara bidaiatzea erabaki du. Eta Espainiako demokratek urratu egin dituzte beren jantziak. Hura iskanbila! Hori diktadura bati laguntzea dela, Videla gaitzetsi egin behar dela,...

Ni neu ez naiz Videla-zale, noski. Baina barregura ematen dit. Ez ote dugu hemen eta orain errepresiorik jasaten? Ez ote da jendea desarrazoiz gartzelaratzen? Atzerrian bizitzera beharturik dagoenik ez al dago? Inor ez al da (dute hemen hiltzen?)...

Beharbada, neurri kontua da. Videla jenerala diktadura lotsagarri baten buru denik, ez du inork ukatzen. Baina hortik Espainian demokrazia dagoela esatera, alde handia dago. Euskaldun gisa ongi izorratzen gaituzte behintzat.

Videlak dioenez, bere herrian ez dago preso politikorik. Gartzelatuak 'delinkuente subertsiboak' dira; eta atzerrira doazenak, berek nahi dutelako doaz, zeren eta ondraduak ongi bizi baitaitezke bertan. Baina ez; atzerrira doazen horik, patriaren —ezen ez aberriaren— etsaiak dira. Eta Espainiako kazetariak harritu egiten dira Videlaren lotsagabekeriaz. Baina ez ote diote berdin Espainiako agintariek ere?

Ba dakizue! Itsuen erresumaren, begibakarra errege (edo presidente). Eta hipokrita guztiek ongi ikusten dute albokoaren begian, berenean zuhaitz-enborra ikusten ez badute ere. Nahiz eta kasu honetan, Videlarena lastoa baino zertxobait gehiago den!

R. Garai


Mila kontu

Videla eta Aita Santua

Katoliko (sic) on bezala, Videla ere han zegoen,, Aita Santuaren 'urbi et orbe' bedeinkapena —eta honekin doazen indulgentziak— hartu nahiz. Eta zer demontre! Azken batez ondo egiten du, zeren eta zeruan sartu nahi badu, horrek bai beharko dituela indulgentziak!...

Hala ere, hori dela eta, zenbait jende eskandalizatu egin da. Hain bihotz gogorreko gizona, hain diktadore latza!... Memoria eskasa dugula uste dut, Horrelako lanetan Patxi zaharra —ongi lurperatua segi dezala— ez zen azaren azpiko horria. Diktadoretzan behintzat, Videlaren irakasle, eredu eta aintzindari izan dela esan daiteke. Francisco gureak ere gizon franko hil zituen. Baina hori bai: Katolikoa zen, oso katoliko. Eta ahal zuenean —hau da, nahi zuenean— bere katolikotasuna erakustera saiatzen zen. Paliopean paseatzea ere gustatzen zitzaion. Eta segur asko, hainbeste indulgentzia irabazteko ahalegina egin zuen. Mesedegarri gertatu zaizkion ala ez, hori ez dakigu.

Dena den, Videlaren kasuan, bistakoa da, aurpegia garbitzeko otsoazala ardilarruz estaltzea komeni zaiola. Eta ardilarru egokia janzteko, merke gertatu zaio Erromara bidaia. Espainiako erregeari eta beste batzuri ere merke gertatu zaien bezala.


Eritziak

K.A.S.en inguruan gabiltzanontzat

KASen inguruan gabiltzanok ez gara bat eta bi. Asko gara. Asko baldin bagara berriz, indarra dugu, eta indar hori Euskadiren alde jarri nahi badugu ezin gaitezke umekeriatan ibil. Jo dezagun elkarrengana, bil gaitezen, oinharri sendo batez talde homogeneo eta zabal bat egin dezagun, programa eta alternatiba batzu osatu eta betetzen saia gaitezen, epe luze, motz, erdi eta berehalako programa eta alternatibak.

Zeruko Argia 790 zenbakian Mikel Urteagaren "LABez iritzia" idazlana irakurri ondoren eta aspaldidanik ezker abertzalearen egoera zintzilik ikusten dudalarik, idazten jarri natzaizue, bizkarrean daraman zama hau nolabait arintzeko asmoarekin.

LABeko I Batzarrean nabarmenki erdibitu ziren bi linea ezberdin, bi ikuspegi ezberdin. Bat, LAB KASen barruan jarraitzekoaren alde, bestea berriz LAB KASetik irtetearen alde. Azken iritzi honetakoek irabazi zuten eta geroztik LAB KASetik at dago.

Une hartan min eman zigun gertaera honek baina egia esan, hala espero genuen. Zenbaitek joan egin nahi izan zuen Batzarretik eta baten batek karneta hautsi ere bai. Jakina da guztioi gogorra gertatu zaigula egoera hau baina onhartu beharra dugu, aldaketa hori ez dela zerutik etorri baizik beste modu batera pentsatzen duen talde batek eraginda gertatu dela. Ba da orduan guk baino lan gehiago egin duen talde edo alderdirik. Beraz, ondoren gaitz hau gertatu baldin bada, gure erru eta lan eskasaren fruitu ere izan da, alde batetik behintzat.

Gure herriarentzat kaltegarri den egoera hau ikusirik ezin gaitezke has karnetak hausten eta geure ideologiaz arduragabetzen. Azterketa sakon eta serio bat egin beharrean gara, kaltegarri gerta diezaizkigun neurriak hartu aurretik. Bestalde, I Batzarrean gertaturiko gure posturaren hondamena,

KASen onerako izan dela sinetsirik nago. Orain konturatu baikara, egin dugun baino lan gehiago egin behar dugula: lanera behartu gaitu.

Nondik hasi ordea hau dena koordinatzen? Egia esan, ez dut uste askok pentsa lezakeen bezain zail gerta diezagukeenik koordinaketa hau aurrera ateratzea.

Esan bezala, hor dago KASen alde dagoen LABeko sektore zabala. Indar garrantzitsu hau nahi eta nahi ez koordinatu beharra dugu; banan bana, herri guztien koordinaketara iritsi behar gara. Lehen urratsak emanak dira lan honetan. Orain ondo organizaturik, mugimendu sendo bat izatera ailegatu behar dugu. Beraz, abiatuak gara, baina zailena egiteko dugu oraindik: konpromezu serio batez lan iraunkor batetan hastea.

Bestalde, aski ezaguna da batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan ASK mugimendua. Zenbait herritan behera etorria da baina ba dakigu ASKren koordinaketa aurrera doala eta jende ugari dagoela herrietan lanean hasi edo jarraitzeko asmoz. Beraz, hau ere inar garrantzitsu bat dugu eta dudarik gabe zenbait lekutan indarra duena.

LAB eta ASKren ondoren HASI eta LAIA ere aipatu behar dira nahi eta nahi ez. Beraien bitartez oso eginkizun ona egin baikenezake herri askotan, bila ari garen batasun honen alde. Eta hemendik zera eskatu nahi nieke LAIA eta HASIri: alderdikeriak alde batera utzirik (ez dut esan nahi inoiz izan dituztenik) elkarrengana hurbil daitezela, baina ez beraien artean soilik, KASen inguruan gabiltzan guztiokin batera baizik; egiteko lanak, elkarrekin egin ditzagula, alderdian daudenak eta alderdietatik at gaudenok; eta azkenik LAB eta KAS gogoz bultza dezatela.

Baina aipatu ditugun hauk ez ezik, bada gure herrian beste sektorerik, oso kontutan izan behar ditugunak:

Esate baterako independienteak: denok dakigu oraindik independiente ugari dela gure artean.

Esate baterako EIA alderdiko sektore bat: nork ukatu, eraman duen ibilbidearekin ados ez egonik, alderdi hontako zenbait militante "guregana" itzuliko ez denik?

Esate baterako ESB eta ESEIko sektore bat: eta EIAz egin dudan galdera berdintsua egin genezake.

Esate baterako gazte mogimenduak.

Nork esan du bada gutti garela?: LAB, ASK, LAIA, HASI, INDEPENDIENTEAK, agian EIA-ESB-ESEIko sektore bat, GAZTE MOGIMENDUAK, e.a.

Lana, hauek denak koordinatu, organizatu eta egituratzen dugu. Lehen esan dudan bezala Euskal Herriaren alde saiatu nahi baldin badugu alkarrengana bildurik lan egin behar dugu eta mugimendu guzti hauk elkarrengana biltzea lortzen badugu eta gorago aipatu ditudan berehalako, epe motz, erdi eta luzeko programa eta alternatibak aurrera ateratzen baditugu ez gara gaizki ibiliko eta herriak ez du kalteko izango.

Norbaitek esan dit, lan hau egitea LAIA eta HASIn arteko konbergentzia sendotzea izango litzatekeela. Egia esan, idazten hasi naizenean ez dut horrelakorik pentsatu, baina ez dut ukatzen agian horrela gerta daitekeenik. Baina horrela gertatzen bada ere Euskal Herriaren kalterako gertatuko ote da? Ez dut uste.

Azkenik, esan ditudan guzti hauen koordinaketa kontutan harturik puntu hauek azpimarratu nahi nituzke:

a) Batasun bidean serio hasi beharrak garela. Ez hitzezko batasuna ordea, egintzako batasuna baizik; ez izpirituko batasuna, kalean ikusten den batasuna baizik.

b) Abiada honetan, KASen inguruan gabiltzan guztion batasuna lortzea da neure asmo edo ideiaren izpiritua.

c) Indar guzti hauen artean (HASI eta LAIA barruan izango lirateke) gehien bat, konbergentzia zabal baten aldekoa baldin bada, konbergentzia hori hala sortu beharko litzateke.

d) Era honetan konbergentzia zabalagoa izango litzateke, eta zabalagoa izanik aberatsagoa gerta daiteke. Aberatsagoa baldin bada berriz, herriaren onerako izango da.

e) Konbergentzian sartzen ez diren edo ez garen guztiok, konbergentzian sartzen direnekin batera ari beharko genuke lanean.

f) Gure arteko batasuna lortu ondoren, ezker abertzale deritzon alderdi edo sektore guztietara jo beharko genuke, ezker abertzale guztiok ahalik eta gertuen egon gaitezen zapaltzaileen aurka daramagun borroka honetan. Beraz, epe luze samarrera begira bada ere, EZKER ABERTZALE BATU eta BAKARRAREN alde saiatu behar ginateke.

g) Hori dena lortzea ez litzateke garaipen eskasa izango. Eta ezker abertzale sendo eta indartsua nahi baldin badugu ez da beste biderik.

J.J.U.


Eritziak

Euskadi, entseiu orokorraren astea

"Soy inocente... y que conste que en mí se ha juzgado al Pueblo Vasco y a todos los pueblos oprimidos del pueblo español".

Hitz hauk, Juan Paredes "Txiki"k esanak izan ziren bere borreroen aurrean, eta gaur bere osotasunean betetzen ari dira. 1975.eko irailaren 27an, Txiki eta Otaegiren erahilketarekin, gaur ere zutik dirauen faxismoak, Euskal Herria Sinbolikoki hilaraztea nahi izan zuen, eta "euskal arazo" delakoa bukatutzat jo. Gure herriaren aurka diktaturiko heriotz epai hau laster bete nahi dute. Orain, Konstituzioan materializatzen den zapaltzailearen "grazia" hartu ahal izango zukeen aldia iragana dago jadanik, eta gure historian ohizkoa den legez "grazia" hori ez zaigu eman. Euskadi hilarazten ahalegintzen dira. Euskadik Konstituzioan jarririko esperientzia guztia, ez asko, nahiz eta Konstituzio atzerritar eta inposatua izan, desagertu egin dira. Euskadik ezin izango du grazia eskubiderik eduki. Azken odol eta terrorezko aste honekin, espainiar gobernuak, eta ez bakarrik "botere faktikoak", batzuk sinistarazi nahi diguten bezala, Euskadi heriotzearen barrenbidean sartu nahi izan du, hurbiltzen zaion etorkizun beltz eta ekaiztsua ezagutzen has dadin.

Horretarako, azpilan izugarri bat asmatu dute, eta horrekin beren ekintza zuritzea espero dute. Baina denok dakigu Iruinean gertaturiko indar errepresiboen jokaera ez zela agindu baten interpretazio oker baten ondorioa izan. Argi dago interes oligarkiko zentralista jakin batzuri erantzuten zuen probokapen bat izan zela, Nafarroan beldur eta terrore giro bat sorrarazteko asmotan. Iragandako aste honetan Euskadin eraginiko biolentzia giroa, gure herriarekiko gobernuaren politika errepresiboa baieztatzeaz gain, miloika teleikusleren aurrean euskal odolaz goseti agertzen den Martin Villak eginiko deklarazioekin burutzen da, esaten duenean: "Lo nuestro son errores, lo otro son crímenes", era berean erantsirik: "Las soluciones policiales son parte de las soluciones políticas".

Hemendik ondorio bezala atera dezakegu zernolako ahalegin handiak egin diren azken berrogei urteotan, Euskadirentzako soluzio politikoen bilaketan; zenbat eta odol gehiago ixuri, orduan eta efikazago gainera soluzio politikoak. Ez daitezela, beraz, harri Madrilen soluzio "politikoei" erantzun politikoekin erantzuten bazaie edo eta "errore" direlakoei, handiagoekin. Ederra dago gero Tarradellas, euskaldunok ez dakigula politika egiten dioenean, Martin Villak Errenderi eta Euskadi osora bidaltzen dizkigun irakasleekin!

Aste luze batetan zehar, gure hego herrialdeak hil eta zaurituz bete dituzten indar zapaltzaile eskergek Euskadirekiko eginiko okupazioa, Madrildik zuzenki orkestaturiko kanpaina izan da. Suarezena bezalako gobernu faxista batek herri bat deusezteko bere esku dituen harma guztiak erabili dituen kanpaina bat... Diplomazia eta atzerriarekiko harremanak beste harmekin batera erabili ditu, horrela Ipar Euskadiren gain joz, Agurtzane Arregi erahil eta Juan Jose Etxabe hilbizian uzteko. Hau izango zen Euskadiren historian gelditurik geldituko den aste tragiko baten preludioa. Sorpresa erabili du eta soldatazko gizaerahileen eskuetan terrorea erein duten harmak, nahiz hiriburuetan, nahiz herrietan. Prentsa, irrati eta telebista harma bezala erabili ditu, alde batetik informazioa manipulatu eta desitxuratzeko eta bestetik, Euskal Herriari arazo suminduak botatzeko, iraindu eta degradatuz, eta indar errepresiboen jokaera justifikatuz gero. Barne arazoetako ministroak berak ere Euskadiri gerra irekia azaldu zion, edo hobeto esan jarraitu, esaterakoan: "Pasaremos el reto de la Constitución". Ez zuen azaldu orain dela bi urte Euskadin "Indar errepresiboak apurtu" deihadar jeneraldua zela eta dela orain ere, beste deihadar hauk ere gehituz: "Ejecución de los cuerpos asesinos" eta "ETA, ven y mátalos".

Baina gobernuak ekintza honekin bilatu duen helburu nagusia, ez da terrorea terroreagatik, baizik eta helburu politiko eta militar argi eta aurrepentsatuak, gobernuaren aldetiko gertaeren orkestapena baiezten dituztenak.

Lehen eta behin, eta frankista garaiaren politika jarraituz, Euskal Herriari kalte egiten dioten interes oligarkiko-zentralista batzuren aldeko terrore boldaka sortu nahi izan da, Gobernuak bestalde, Nafarroa ez zedin euskaldun sentitu behar zuen, eta beraz, Euskadiren beste herrialdeekiko lotura hertsiagoa egiten duten jai herritarrak agurtzen saiatu dira.

Bigarren, indar errepresiboen jokaera aurrepentsaturiko honen aurrean, Gobernuak, parlamentarien eta beraz CGV-ren erreakzio eta erantzun posiblea ezagutu beharra zuen.

Hirugarren, alderdi politikoen erreakzioa ezagutu behar zuen, nahiz parlamentuan errepresentaturikoena, nahiz extraparlamentariena. Erreakzio honen estudioak, indarrak neutraltzeko posibilitate gehiago emango dio, gobernuak horrela behar lukeen mementuan.

Laugarrenez, gobernuari, alderdi politikoen zatiketan hainbeste koska sortu duenean Euskal Herriak era honetako gertaeren aurrez aurre, zer puntutaraino Euskal Herriak Madrileko demokrazia faltxuan sinetsi duen jakitea interesatzen zaio.

Azkenez, azken aste hau, lege antiterrorista jeneraldu eta herri osoari zuzenduriko baten praktikaratze entseiu bat, eta indar faxisten aldetiko Euskadiren okupazio baten entseiua, Funtsean "Estado de Excepción" deitu ditzakegunak edukiko ditugu urte honetan Euskadik bere askatasun asmoekin jarraituz gero. Egitera heldu daitezkeenaren oharpena egin nahi izan dutela esan dezakegu.

Galtzagorri


Estatuak

Mallorca-tik oporretan

Ondoko argazki hori C'an Picafort da. Itsasertz zoragarria eta turismoarentzat ongi esplotatua. 50etik gora bai hoteletxeak, diskoetxe eta taberna bereziak, zehazten hasi gabe. Uda honetan dena dago bete xamar, baina neguan lau hoteletxek jarraitzen omen dute zabalik.

Kalean eta souvenirs-etan ikusten denez, arrotz jendea da gehienbat. Hotel eta souvenirs gehienetan alemaneraz, ingelesez eta frantsesez irakurtzen da, gaztelania eta mallorkiera ere aipatu gabe. Nork dirua, hura jabe. Baina ez pentsa hona datozen atzerritar uholdeak dirua barra barra botatzen dutenik. Atzerriko turista hauk langile jendea dira batik bat, eta agentzien bidez eta taldeka antolatuta, hotelik merkeenetara etortzen dira. Penintsulako edozeini atzerritar hauei baino garestiago gertatuko zaio Baleareseko hoteletxe bat, atzerritarren aurrez kontratatzen baitituzte %75 Plaza lantegiko entrepresaren dirulaguntzaz, e.a. zenbait hoteletan.

C'an Picafort-eko udaletxea Sta. Margarita-n dago. Maiz gertatzen da hau irla honetan. Itsasaldean hondartza eta hoteletxeak, C'an Picafort-en bezala Alcudiako portua, Follensako Portua... eta udaletxeak irlan barnerantzago daude. Nekazari herriak ziren jatorriz, baina gaurregun turismoa nagusitu egin da. Ekonomi biderik garrantzitsuenak turismoa eta ostalaritza izanik ere, ba dira larrua eta perlak lantzeko fabrika ezagunak ere, Manacor-eko "Perlas Mayorica", e. a.

Mallorcako hiriburua, Palma, guztiz miresgarria da turismoarentzat. Bere gaztelu ederra, kaiak, aireportua, hotel sailak eta gerizpe lasaigarria demaiguten palmondo lerrokadak.

Mallorcan eta Menorcan, Ibizan bezain jator eta larrugorririk ez badabiltza ere, monobikiniaz hasiak dira bideak urratzen. Hau ere, gizonaren askatasunerako puntu interesgarri bat izanen da, dudarik gabe.

Balear irletan ere, katalanez mintzatzen da, ez baitute Valentziarekin batera "Paysos Catallans" alferrik osatzen. Dirudienez, katalanak ere, euskarak euskalkiak dituen legez, ba iditu bere dialektuak, hau da, valentziera, mallorkiera, menorkiera, ibizera, e. a.

Autonomiaurrekoak direla eta, ez gara euskaldunok bakarrik diskriminatuak, Nafarroa dela eta. Nahiz eta alde honetan katalanez gehiago mintzatu, Euskal Herriaren batasuna baino urrutiago ikusten dut "Paysos Catalans"-en batasuna. Beharbada Euskal Herrian baino kontzientzia nazional guttiago eta Espainol burjesiaren domeinua (UCD eta abarrena) argiagoa da Balear irletan.

"Educación y Descanso"-ren erresidentziak: sindikal ekintza

Langile familientzat antolatu zituen garai batean Sindikatu Bertikalak erresidentzia hauk. Mallorcan bi daude, bata Artanen eta bestea C'an Picaforten. Hoteletxe gisako etxe handiak, beren areto, kafetegi eta guzti. Hemengoak pinadi eder bat du atzeko aldetik, 180.000 m2-takoa. Eta aurreko aldean hondartza ederrak. Mallorcara etortzea errazago da, zeren aski garestia den itsasuntzia hartu behar denez jende guttik eskatzen baitu. Mallorca bi hauk daude bakarrik eta Canarias-en ez dago deusik.

Erresidentzia hauk Sindikatu zaharretik Lan Ministeritzara iragan dira, orain arteko burokraziak eta zurikeriak dirautelarik. Egunen batean, sindikal ondare hauek ere, benetako langile sindikatuen elkarte batera pasatu beharko dute. Horretan dihardute behintzat UGT-k eta beste sindikatuek arrazoi osoarekin.

Guttien irabazten duten langile familientzat horrelako erresidentziak antolatzea guztiz interesgarria litzateke, baina ez dagoen burokraziaren bidez, informaketa garbi bat emanez eta langileon kontrolpean baizik.

Alex


Estatuak

Frantzian: Alderdi Komunista eta intelektualak

Hauteskundeen ondorenak: Frantzian, martxoko hauteskundeen ondoren, ezker alderdiak oro astindu dituen haize bolada batek jo du, antza. Galtzen denean gertatzen dira holakoak. Elkarren arteko ituna hankaz gora joan da, noski. Elkarrekiko konfidantza ere bai. Alderdi Sozialistak Komunista salatzen du, eta honek hura. Eta tartean, bata eta beste salatuz, Ezker Errepublikanoak.

Eskuinera joan izatea salatzen dio Alderdi Komunistak Sozialistari, eskabide eta errebindikapen zenbait isildu egin zuela azken orduan, nazionaltze arazoan batez ere.

Sozialistekin aginterik nahi ez izatea salatzen dio Alderdi Sozialistak, bere aldetik, Alderdi Komunistari, gobernua ez eskuratzeko aurretik haserrea sortzen ahaleginak egitea, noiz iritsiko zeudenean hain zuzen; Alderdi Sozialistaren nagusigoa ezin onhartu izatea.

Salakuntza hauetan dena geldituko. balitz, gaitz erdi. Ezkerraren batasuna pikutara joan da. Gehiago. Dirudienez, alderdi bakoitzaren barneko batasunak ere izan du arrakalarik. MRG alderdian R. Fabre lehendakaria, hauteskundeetako porrotaren ondoren, dimititu beharrean aurkitu da; eta lehendakari berria aukeratzeko orduan bi joera oso desberdin nabarmendu dira alderdi barruan. Alderdi Sozialistaren barneko urak ere ez daude bare bare. Rocard-zaleak eta CERES taldekoak behin eta berriz jarri dira aurrez aurre, eta Miterrand'en aurka, edo eta hau haien aurka.

Alderdi Komunistan eztabaidak

Baina krisirik esan-nahitsuena Alderdi Komunistan gertatu da. 300 eta gehiago komunista bildu ziren hasieran Alderdiaren Zuzendaritzak hauteskunde garaian izan zuen jokabidea kritikatzeko asmoz. Milatik gora ziren gero. Kanpainaren autokritika zela eta hasi den dena, Buruzagitzak, kanpainari buruz, egin zuen interpretapen ofizialean, Alderdi Sozialistari leporatzen zion erru osoa, bere burua horrela zurituz. Buruzagitzaren eta Alderdiaren jokabide hori militante guztien artean aztertzekoa eta eztabaidatzekoa zela esanez hasi ziren kontestatariak. "Tribuna askeak" eskatzen zituzten, Alderdiko aldizkarietan hortaz idatzi ahal izatea alegia. Bai autokritika eskubidea bai tribuna libreak sortzea ukatu zien Marchais'ek, Frantziako Alderdi Komunistako Idazkari Nagusiak, eta modu txarrez ukatu ere.

Baina noski, ez ziren ados kontestatariak, eta ez ziren hor gelditu. Aurrera jo zuten. Alderdiaren funtzionaketa osoa salatzeraino jo zuten. Pisu handiko salakuntza bat: Alderdi Komunistan ez dago barne demokraziak. Estalinismoa oraindik bizirik dago omen. Frogarik? Ba, frogarik ageriena, eztabaida honek beronek ematen du, diote. Zein izan da Zuzendaritzaren jarrera?

Marchais'en txosten ofiziala apoiatzea, berrikusterik ez onhartzea, Alderdi Sozialistaren eta burjesiaren aldeko jokoan zebiltzala besterik gabe akusatzea, eta batez ere tribuna librerik Alderdiko prentsan ez uztea. Izan ere ba du zer harriturik honek: Alderdi Komunistaren prentsak ugaria da eta ez du eztabaida honen ia albisterik eman. Kontestatarien jarrerak ez dira azaldu; bakar bakarrik, eta testuingururik gabe, Zuzendaritzaren erantzunak inoiz. Nora joko zuten bada kontestatariek? Kanpora. Le Monde aukeratu zuten. Egunkari hortan argitaratzen zuten Alderdiko prentsan nahi baina ezin zutena "Extra Muros", beraz. 40. zenbakitan bederen arazo hau erabilia izan da Le Mondeko horrialdetan.

Intelektualak gidari

Moeta askotariko jendea izan da kritika horretan sartu dena baina intelektualak lenen mailan, Hauek atera dute zaratarik sonatuena. Hauek eta aparatuko zenbait jende ezagunak ere bai. Baina ez da intelektualen gerra bakarrik izan hau. Langileak ere inguratu dira. Gertatu ohi dena zera da, beste, hark esaten zuenez, intelektualak idatziz egiten dutela protesta eta langileek hanka eginez, hots, alderdia utziz.

Dena den, jende ezagun eta famatu asko bada kontestatarien artean, eta punta puntan ibiliak ganera, hala hola, L. Althuser, J. Ellestein, D. Barak, Fremontier, Balibar, Guy Bois, Labica, etc. Ikus daitekeenez, joera ezberdinetako gizonak.

Eta horrela, kritika ere bitan adarkatzen da. L. Althusser'en bidetik batzu, guttienak. Hauen eritzian, Alderdiaren XXII kongresua berrikusi egin behar da, eta proletalgoaren diktadura esakuntza atzera onhartu. Burrukalari ez izatea, geza izatea salatzen diote Alderdiari.

Oso bestelako bidetik doaz oraingo kontestatari gehienak. XXII kongresua onhartuz noski, han harturiko konpromezuak zuzen ez betetzea salatzen diote Zuzendaritzari; Leninismoaren ukapena eskatzen dute, erreformismoaren aurpegia lotsarik gabe azaltzea. J. Ellenstein'ek era guztietara aldarrikatu ditu ideia hauk.

Salakuntzak, zihur, egiazkoak dira. Eskabideak hor daude airean, denak ezagutzeko moduan. Ondoriorik? Gogorki erasoz hasi zen Apirilean Marchais. Intelektual erreboltatuak ez ziren kokildu. Hauzia nondik lehertuko zen ez zekien inork. GAur badakigu: Ez da lehertuko, baretzera jo du Buruzagitzak, Ekainaren 19 eta 20ko bilkuretan Claude Pope'ren jaunaren txostenari jaramon egiten badiogu. Zain gelditzen da, XXIII kongresuan zer gertatuko zain.

Joanes Lekerika


Humorea

Marzinger Z.

Eta Dkt. Inpernu ez zegoen lasai. Bere munstro mekanikoei teknikaren azken oihua perfekzionatzeko beti prest. Munstro berrien oihukada galant hori: HAUUUU! Ikaragarria zen egiatan belarri barruan produziktzen zuen HAUUUU delako garrasiak. Teknika sofistikatu horren kontra burrukatzeko lehen ideia Pandreasi burutu zitzaion.

"Egin ditzagun paperezko tximeleta batzu".

Hala enkargatu zituen Hor dago a la grande entrepresa bikoitz batetan. Tximeleta guztiek 40 urte eta gero zeramaten dindilizka.

HAUUU supersonikoak munstruek batera kantatzen zituzten. Planeta urdinaren gerrilero guztiek hizpi ultrasonikoak bota eta bota edonon, denak gorrak geratu arte. Han hasi zen ZIAren gomendioz Mattin Bilak zarata guztiak kontrolatzen. Hainbeste kontrolatu zuen non azkenez bera ere kontrolaturik baitzegoen. Asunto hau hala ere, programadore zibernetikoen nahaspil ttiki bat besterik ez litzateke behar izango; laster konpontzekoa.

Oso ederki zetorkion Bilari ariketa ultrasoniko hauk. Bera, bizitzean, itsusia, fraile izandakoa, marikoia, astigmatikoa, edukazio guttikoa, monjakerietan beti hezia. Ultrasonikoen dibisioa kargutu zenerako pixkat gehitu zuen bere kultura, batez ere, konstelazio haretako senadore-diputaduen hitz gozoak, telefono harietatik entzunez gero. "Jolines eta pordios" juztiak baztertu eta "mekaguen K", "kabroia", "zelako putada egin diok momia horri, puruak eskatu eta Valentziako laranjak eman".

Baina gatozen gure harira. Hainbeste Hauuu, miauuu, guauu, fitxi,fitxi, egon zen non konstelazioko bizietsaiak elkar ulertzeko euskaraz egiten zuten. Nolako buruhaustea! Nork imajina zezakeen mendebaleko konstelaziokoek, izena ez dakit ongi Praxis edo Partxis duen horrek ke ze baian elkar kantatzen. Babel horretan, Monroyal, "super levaduras dispersas" izeneko fabrikaren zuzendariak bere ogisaltzaile guztiak bildu eta El Caserio zartzuelatik aterata "enmienda in voce", berorrek zuzendu eta gehitua presentatu zion Dkt. Inpernuri.

 "Erronquarico iazquerec, hirur beien iaiec, Saraco contrabandistec, Miarritzeco eta Donostiaco casinoek baita carlisten demboran bi aldetatic eguindako tunelec Ipar eta Hegoaren anaitasuna garbi eracusten dute" ziotson Monroyalek, bazkaldun guztientzat, iparraldekoentzat batez ere espainoltasuna eskatzen ari zitzaiolarik.

 "Ni hablar", itzorrotu zuen Inpernuk. "Kiskarrek ez du nahi. Hallitschelhar H-ren alde dago, Pintchauspé franko guztien alde eta nik ezagutzen dudan Anaitasuna bakarra Pilotan hilargitaratzen da".

- "Gezurti da berori, gezurti eta ekibokoa, oinortozik fabrikatuko dute; pilotan desdeluego ez. Zabalbide batean baizik" errepikatu zion besteak.

- "Ez luzerako, Abandoko arranoaren hezurrak deslurperatu behar baitut ere, ondatuko zaituet". A mi la guardia.

Mementu berean gauzak konpondu nahiez, Loquintania jaun akademikoa, Karmele Molinera eskutik eutsita sartu zen gelara. Bat bateko agerkunde honek konpon lezakeen zipizape iskanbilotsuaz pentsatzean, denek tente jarrita, euskal foruak aho batera proklamatu zituzten, H-rekin, PH-rekin eta guzti, Karmelek Arranondoko eskuera garbijari buruz bere matraka disleptikorra botatzen ziharduela eta munstro mekaniko ia ia guztiak urtzen ziren artean.

Gora Karmele, gora Monroyal, gora Loquintania, gora gure foruen faborez fabrikatu den farra juridikoferruginosa. Harmatuko den txotxo juridikoa EAJ 28k konpontzen ez badu gomaguztidunek konponduko digute datorren elkarmizketan.

...Eta kar, kar, kar, hasi ziren usadio zaharraren arauera bazkaldun guztiak.

 ..."Ja, ja, ja, por Don Quijote! engainatu dugu konstelazio hau. Tranpa makurrean erori dira" entzun zekiokeen Leringo Delburgo konteari. "Arbaiungo arroilean amilduko ditugu beraien foruez lagunduta. Gu gara ultrasonikoen erregeak, dena kontrolpean daukagu; telefonoak, telebistak, telesexuak, telikastolak, teleabioiak, diruetxeak, meatzak, zubiak, telepostak, teleportuak, telemunstruak eta Aterradellas, jaja, jaja! Plan hau amaitzeko bakearen goardiak eta Santa Teresa-del-kikirriren aingeru gordetzaileak ipiniko ditugu lanean. LSD eta PSE fulminatzailea gurekin dabil, ji, ji, ji,"...

Bitartean, lehengo Anaitasuna batetan irakurri dugunez?, Marzinger Zk planeta urdineko egoera ez jakinez, bere segurtasunean baina betiko 600 deskapotablean abiatzen zen ekialderantz zarata superriraultzaile batean. "Planeador Abajo" euskaraz esanda, lurreratzen hasi zen pitinka pitinka, berdegune batetan.

 "Hau basamortua!, ez dago inor. Nork laiatuko ditu eremu egarritsu hauk? Non daude lehengo egunean hain fermuki Kokakolak antolaturiko solasaldian laiatzen ari ziren estudiante horik?... Dena abandonaturik dagoela ematen du. Zilardegia zena, sologaiztoa bilakatu da eta sologaiztoaren aldekoa dagoenak ez du zilardegirik. Mirari politikoak"... susmatu zuen.

...Eta non daude El Rubio, El chiqui, El Bajo, El Altocochero eta kuadrilla abertzale hori osatzen duten besteguztiak?".

Azkenez Bilboko ibarrean topatu egin zuen iskanbiletan.

 "... Ibar lohia, zikina, odoltsua, bazkaldunen txixtxiputzua, kiratsa eta besterik ez dago hemen eta zuen bileratan ekarri behar horrelako ordezkariak... Ze prostituziotan sartu zarete orain?... Konstituzio honi ez, eta prostituzio honi bai! Orain ikusiko duzue zer den izpi baten argitasuna!"

 "Puños fuera" euskaraz esanda bazkaldun haik Zeruko Argiaren larritasun kronikoan utzi zituen.

 Pandreas eta Paneros, hebreo eta arameo ikasi berriak direnak, akojonatuta, bigarren aldiz, euzko gudariak gara kantatzen zuten bitartean.

Sir Jauna

(Jarraituko da omen)


Dossier Anaitasuna

Biolentziari buruz zenbait iritzi

Gure aspaldidaniko asmoa zen biolentziari buruz dossier oso bat argitaratzea. Alde batetik alderdi oso guttik erantzun zion Anaitasunako deiari, beti bezala. Azkenez, dauzkagun apurrak eta erantzun diguten eritziak argitara ematen ditugu dauden bezala.

Biolentziari buruz (EPKren jarrera)

Humanitatearen historian zehar zabaldu den beste fenomeno bezala, ezin da ulertu biolentzia zentzu bakar batetan. Biolentzia iraultzaile eta kontrairaultzailearen arteko zatiketa zaharrak balio haundia ez duela esan daiteke ere bai. Erreferentzia bezala har genezake gehienez ere. Brigada gorrien ekintzetatik MPAIACenetara, Angolako MPLAren borrokatik, OASen jokaerara politika mundialean dagoen tarte haundia eta aberatsa dago.

Horregatik, gehien interesa daitekeena Ekialdeko Europako herrialde desarroilatuetako talde harmatuen ekintzen balioa aztertzea a, omen duten ideologia alde batera utziz. Hau harrigarria gerta daiteke, baina azken finean, borroka harmatuaren interesatzen zaigun gauza bakarra ea langileriaren askapena zentzu sozialista batetan laguntzen duen da. Halegia, haren ondorio politikoak, zeintzu baitira alderdi politiko bati aztertzea dagozkionak. Berbakeria, aldarrikatutako helburuak, etab. lagatzekoak dira.

Ekialdeko Europaren oraingo zirkunstantzietan —hementxe aztergaitzak direlarik— sistema demokratikoa ez zaio komeni oligarkiari: langileek, sistema bera erabiliz eta sakonduz, aurrerapen nagusiak bizitzaren alderdi guztietan inposatzen dituzte, eta prest daude sistima kapitalistaren aldaketa gradualari ekiteko eta sozialismoa eraikitzeko. Baldintza hauetan, borroka harmatua, terrorismoa, epe monopolistaren Estatu kapitalistaren gaixotasun estrukturala da, zeinak balio baitu botere politikoa Estatu beraren alde erredistribuitzeko, Estatuaren tresneria indartzea errazten duelarik, haren bilakapena eragotziz.

Gaurregun planteiamolde hau betetzen da Euskadin: ETAren ekintzek bakarrik laguntzen diete indar zentralista eta oligarkikoei, berdinak direla, langileen borrokak eragotziz, azken hauk Euskadik orain jasatzen duen nazional eta sozial zapalketatik ateratzeko indar bakarra direlarik.

Frankismoren 40 urte dira horren kausa garrantzitsuena. Baina partidu iraultzailearen betebeharra ez da fenomenoaren interpretazio soila, horren baloraketa politikoa eta joera kontsekuentea baizik. Zeren, kasu honetan, Estatu monopolista eta zapaltzailearekiko erantzun biolentoak ez du balio biolentzia instituzional gehiago egin dezaten eta askatasun nazional gutiago erdiets dezagun besterik. Zeintzu honetan ETA euskal herriaren ejerzito iraultzailetzat ulertzea ez da urrun paranoiatik. Eta erakunde horren ekintzek langileei ez dietela laguntzen baina biolentzia instituzionala ere ba dagoela esatea diskisizio politiko-filosofikoa besterik ez da, partidu politikoari ez dagokiona. Zeren, noski P.K.-k nahi duela biolentzi instituzionala desegitea, eta Estatua ere! Baina ameskeriak utziz, borroka luzea behar da, non, besteak beste, bidean sortzen den eta Estatu monopolistaren biolentzia berrindartzen duen biolentzia paraleloa, baztertu behar baita.

Honen irtenbiderik hoberena demokrazia sakontzea da. Gaurko Euskadiren baldintzetan honek suposatzen du Euskal Kontseilu Nagusia indartzea autoritate demokratikotzat, lau probintzientzako Autonomi Estatutoaren lorpena, benetako botereak —haien artean Ordenu Publikoaren indar berrien gaineko boterea— izango dituena, bizitza demokratikoaren tinkotzea, honen barnean partidu politikoen ekintza librea, eta baseko erakunde demokratikoen sendotzea daudelarik etab. Halegia, euskal herriak izan ditzala bere eskuetan bere interesen alde borrokatzeko tresna demokratiko nahikoak.

***

Bortizkeriak klase-gizartean interes desberdinen artean sortzen den borrokaren errealitatea azaltzen du. Hala ere, batzutan bortizkeria eta terrorismoa maila batean ezarri ohi dira, argitasunik handiena behar duen arazo hontan nahasmen elementu bat sartuz, izan ere, terrorismoak Euskadi eta Estatu osoan hartu duen zabalkundea ez baita nolanahikoa.

Bortizkeria kontzeptu mailan terrorismoa baino zabalagoa da, edo eta nahiz terrorismoa bukatu ez litzateke bortizkeria bukatuko klaseak desegin arte, eta beraz bortizkeria mila modutan azalduko litzateke. Terrorismoa gizakien bizia edo seguritatearen kontra erabiltzen den bortizkeriari deitzen diogu.

Bortizkeria kontzeptuan bi moeta erabat desberdinak azaltzen dira: erreakzionaria eta atzerakoiena alde batetik, klase dominatzaileek Estatu burjesaren bidez erabiltzen dutena: eta iraultzaileena bestetik, langileriak eta klase zapalduek zanpaketaren kontra eta kapitalaren uztarria apurtzeko erabiltzen dutena.

Frankist-Diktaturaren azpian eta bere kontra egindako ekintzak epaitzen ohituta, ekintza terroristak gaur egun duten esannahia nahasia azal daiteke. Orduan horrelako ekintzak itsumustuan ematen zen erantzun bakoitz eta zuzena baitzen eta era berean baita Estatu fazistak bere lege espezialekin, gartzela-urte luzeekin, exepzio-estatuekin e.a.-ekin erabiltzen zuen terrorismoari erantzuna.

Gaur ordea, terrorismoak eta ekintza terroristek beste esannahi bat dute: trantsizio politikoa desestabilizatzea da beren zeregina. Ekintza hauek bide hortan oztopoak ezarri ta faxistek Estatu burgesaren instituzioetan, batez ere Ejerzitoan eta Ordenu Publiko deitu Indarretan, dauzkaten postuak mantentzera laguntzen dute. Honela "atzeraka buelta" eman nahi dutenei, faxistei halegia, elkartu, bildu, indarrak batu eta libertate demokratikoen kontra ekintzara pasatzea ametitzen baitiete.

Ezker-aldeko deitu terrorista-taldeetan ba dira gutxienez hiru moeta desberdin: bata da GRAPO eta antzekoena USA eta URSS-eko zerbitzu-sekretuek maneiatuak ezaguna denez, eta "inkontrolatu" deitu faxistek parte hartzen dutela seguru aski. Bestea da Canarias-eko MPAIAC-ena, Errusiako sozialinperialistek han muturra sartzeko erabiltzen duten indar harmatua da. Argel-en du bere operazioen basea. Gaur egun talde hau Madrileko Gobernuari txantajea egiteko erabiltzen dute errusoek, eta bihar hauek Algeciras-en jarri nahi duten basea ez badute lortzen, Canarias Espainiatik apartatzeko ahaleginak egingo dituzte, URSS-en menpeko Estatu bat sortuz.

Hirugarren kasua ETA-rena da: honek herriaren babesa lortu eta mantentzea bilatzen du, ez da beraz, beste sustrairik gabeko taldexka asko bezala. Hala ere euskaldun independentistek kontuan eduki behar lukete errusiar sozial inperialismoaren muturra-sartzearen arriskua. Hau nahiz La Habana, Argel, Praga edo Estocolmon barrena sar daiteke. Honek iraultzari laguntzeko aitzakiarekin liberazio-mugimenduak erosi ta desegin ohi ditu, hauetan KGB-ko elementuak sartuz.

Zer soluziobide?

Lehenik, Estatu-aparatutik, Ejerzitotik eta Ordenu Publiko deitu indarretatik, faxistak apartatzea, berdin torturatzaile eta errepresioan nabarmendu direnak.

Bigarren, banda faxistak detenitu, desarmatu eta desegitera jo behar da. Ikerketa eta epaiketa publikoa egin behar da, hari horik nork maneiatzen dituen garbi uzteko.

Hirugarren, terrorista-ekintza guztiengaitik erresponsabilitateak eskatu behar dira (Gasteiz, Tenerife, Malaga, Atocha, Carabanchel, Lemoiz...).

Laugarren, Euskadin okupazio-indar bihurtu diren Ordenu Publiko deitu Indarrak duten zereginaz amaitu behar da, hauen kontrola autogobernuko instituzioen eskutara pasatuz, eta Autonomi Estatutuan Gobernuaren eta autonomiazko instituzioen eskutan zer dagoen garbi utziz.

Eta azkenik, herriaren eskabideei erantzutea, eskakizun eta eskubideei errepresioz ez erantzutea eta guttiago oraindik Martin Villa-ren poliziaren jarrera probokatzaileaz.

Hauk dira gaurko terrorismoen arazoa soluzionatzen hasteko bide batzuk.

O.R.T.-ren Euskadiko Komite Nazionalaren partaidea.

Ana Eizaguirre

Bilbon 1978ko maiatzaren 9an

***

Historian zehar elkarren aurkako bi jarrera ezagutzen dira indarkeriaren aurrean: Alde batetik, kapitalist gizartearen pakea eta ordena kolokan jartzen duen zapalduen indarkeriarekin lotzen den ikuspegi burjes eta ideialista, honen aurrean pakezko demokraziari errespetua eskatuz, eta bestetik langileriaren ikuspegia, biolentzia edo indarkeria, klaseetan banaturiko gizarteari eta burjes erakundeei lotua dagoen zerbait dela adierazten diguna. Honen aurrean zapalduen biolentzia iraultzailea eskatuz, sozial berdintasuna, askatasun politiko eta giza-anaitasuneko gizarte bat lortzearren. Bi ikuspegi hauen aurrean, zenbait korronte ideologikok, sozialdemokraziak eta errebisionismoak adibidez, indarkeriaren aurkako jarrera agertu dute edozein aldetatik datorrelarik ere. Honela, justizia, berdintasuna eta askatasuna bakezko eta demokraziazko bideetatik lor daitezkeela esanez. Jarrera honi, burjes pentsamenduaren zati bat eta gizarte klasistaren analisis faltsu bat besterik ez dela deritzogu.

Oinharrizko bi indarkeria moeta ezagutzen ditugu

Kapitalist gizartean produkzio erlazio-sozialak ere indarkeriazkoak dira, burjesiaren kontrolpean dauden politiko, ideologiko eta kultural aparailuak indarkeriazkoak diren bezala.

Estatuak, ejerzitoak eta poliziak suposatzen duten errepresioaren bidez, kapitalist klaseak bere menpean mantentzen ditu langileria eta herria.

Burjes legeak instituzionalizatu duen biolentzia, legezko burjes diktadura bihurtzen da honela herri langilearentzat.

Burjesiak "estatu demokratikoaren" bitartez botu eskubidea eskaintzen dio herri langileari, honen bitartez ezkutuan gorde nahirik beraien gain ezarri duten zama.

Hitz batetan, legeztutako indarkeriaren gain mantentzen da Estatu burjesa.

Egoera honen aurrean, beharrezkoa da biolentzia iraultzailea.

Eta beharrezkoa da kapitalismoak dakarkigun zapalkuntza gainbeheratzeko; burjes gizartearen, ekonomiko, sozial eta politiko egiturak indarrez bakarrik desegin daitezkeelako.

Zapaltzaileek ez dutela inoiz borondatez beren pribilegiuen uztarririk utzi erakusten digu historiak.

Alderantziz kapitalismoa menperatu duen leku guztietan iraultzaile indarraren bidez lortu ahal izan dute beti zapalduek garaipena.

Kapitalaren biolentziazko zapalketaren aurrean, erantzun zientifikoa, iraultzaile biolentzia da. Beregan, langileriaren helburu sozial eta politikoak daramatzalarik, iraultzaile biolentzia askatzaile bilakatzen da.

Langileriak eta herriak bakea nahi dugu. Baina klaserik gabeko gizarte batean oinharrituriko bakea, zapaldu eta zapaldu eta zapaltzailerik gabekoa. Eta jakina, bake hori lortu ahal izateko iraultzaile biolentzia erabili behar, kapitalaren eta bere estatuaren aurkako borroka irekian.

Indarkeria Euskadin

Burjesiak herri langilearen gain ezartzen duen biolentzian lekutu behar dugu baita ere, historikoki indarkeriaz Estatu burjesari lotuak izan diren nazioen gain honek mantentzen duen biolentzia.

Espainiako kapitalismoaren zentralismoa, estatuko nazionalitateen gain ezarritako errepresioaren bidez mantentzen da.

Aspaldiko urteetan Euskadik jaso duen errepresioaren zama larriak gure herriaren askatasun nazionalaren egarria piztu eta sendotu du. Espainol oligarkia konsziente da, Euskadik bere projektuentzat errepresentatzen duen arazoaz, eta hori estali nahiz politiko, kultural zapalketa berezi bat erabili du, polizi indar errepresibo gogor batez baliaturik. Frankismoaren garaietan kontaezina halako errepresioa jasan du gure herriak. Erahilketak eta torturak detentzioak eta gartzela eguneroko ogia izan ditugu Euskadi osoan.

Horregatik diogu, orain hilabete batzu UCD, PSOE eta PCE-k, ETA-ren biolentzia kondenatu nahiz bilera batera deitu gintuztenean, kapitalismo berberaren aurpegiarekin agertu zitzaizkigula inongo mementuan kontuan hartzen ez zutenez gero, sistema beraren legeztutako biolentzia zela beste biolentzia guztiaren kausa.

Ez da Euskadin biolentziaren arazoa konponduko, gaitzestearekin ez malko potoloak ixurtzearekin, herriaren askatasun eskakizunak betetzearekin baizik.

Indar politiko guztiek defenda ditzagun askatasun politikoak mugarik jarri gabe, autodeterminatzeko eskubidea daraman Autonomi Estatutu bat lor dezagun, e.a. Langileriaren askatasun osoa eta antikapitalist borroka defenda dezagun. Guzti hau defendatuz, neurri demokratiko hauk harrarazi egingo benio UCD-ren gobernuari, biolentziaren deuseztean urrats bat emana genuke.

Hala ere garbi dago ez litzatekeela herrien amaituko iraultzaile biolentzia. Langileriak daraman klase borrokari lotua baitoa, estatu burjesa desegitea lortu arte. Hau oso argi izan behar dugu.

Lehen aipaturiko demokrazi neurri hauk, erakunde harmatu minoritario baten biolentzia gelditzeko bakarrik izango lirateke, herriaren protagonismoari sarrera emanez maila guztietan.

Josu Perales Arretxe

Euskadiko E.K.E.

***

Bortxakeria

Sarrera

 Gai hau ukitu baino lehenago esan beharra dago, ez dela hain zuzen lau hitzetan aztertzeko gaia, baizik liburu bat egiteko adinako zabaltasuna daukala gutxienez, eta ondorioz, lan hontan agertzen ditugun ideia gehienak erabat zabalgarriak izan daitezkeela.

 Beraz, herriari eskaintzen dizkiogun lerro hauk, bakoitzak bere gisa zabal eta azter ditzala.

 Hiru zatitan banatuko dugu lan hau, hots:

 - Bortxakeria legeztatua

 - Bortxakeria iraultzailea

 - Irtenbidea.

Bortxakeria legeztatua (instituzionalizatua)

Klase sozial batek (burjesiak) agintari bezala ezarri nahi badu, nolabaiteko indarra beharko du izan beste klase sozialaren (langileriaren) indarra menperatzeko eta beronen plusbaliaren jabe egiteko, zeren logikaz, minoriak ezin izanen luke zanpatu maioria (langilegoa), indarraren bidez ez bada.

Hementxe sortzen da estatua, hots, klase antagonikoen artean kontradikzioak nabarmentzen direnean. Harmadan datza, bada, burjesiaren garantiarik handiena agintari eta klase hegemoniko bezala jarraitzeko, hortarako sortu baitu.

 Halere Harmada ez da aski "masa" eusteko, batez ere, desarroilo industrial sakon bat ematen denean ekonomi aldetik, nolanahi hedapen industrial berak, langile jendetza biltzen du lantokien inguruan, eta hauk kontrolatzeko, burjesiak beste indar batzu beharrezko ditu. Horik dira "Ordenuaren indarrak" eta bigarren mailako indar zapaltzaile bezala klasifika ditzakegunak, nahiz eta herriak jasaten duen erasoaldietan lehen mailako bezala agertu.

Hontaz herriak (eta batez ere langileriak) asko daki, bere mamian sufritu duelako, eta ezer berririk ez dugu esaten, baina gure kezkarik garrantzitsuena ez da bortxakeria phisikoa, baizik psikikoa.

Egun Euskal Herrian hainbat indar zapaltzaile ezagutzen dugu, harmada, grisak, goardia zibila, brigada politiko-soziala, etab., beraien lan hutsa herria phisikoki menperatzea izanik, azken finean nolabait ikus eta burruka ditzakegun indarrak dira. Baina ba ditugu ere gure artean beste bortxakeria moeta batzu, ikusten ez direnak eta indar zapaltzaile phisikoen adinako min izugarria sortzen dutenak; erabat bortxakeria phisikoa aldarrikatzen dutenak, ea ea ezbeharrezkoak bihur dezaketenak. Bai, iraultzaile pentsamoldea erreformista egiten dutenak eta jokabide iraultzaileak ezereztuz jendea gizarte burjesean integratzen dutenak. Hitz batetan, langilea klase esplotatua bezala perpetuatzen dutenak. Hauxe da une hontako gaitzik handiena Euskal Herrian.

Ezin genezake pentsa gizarte berri bat egitea, sozialista noski, egungo burjes ideologia dominatzailetik abiatzen bagara; eta hortan ari da saiatzen gaurko oligarkia. "oposizio"aren laguntzaz baliaturik. Ez da posible umetatik burjes heziketarekin hasten diren haurrak, bihar, iraultzaile pentsamoldea edukitzea, eta are gutxiago, gizarte sozialista baten beharra sentitzea. Astoa egurrari egiten den bezala ari gara ohitzen Euskal Herrian forma ideolojiko burjesak onhartzen, jakinik, hain zuzen, demokrazia faltsu bati esker direla, eta gure helburu nagusien kontra doazela zuzenki.

Demokrazia burjesa finkatzen ari den neurri berean ezarri nahi digute maila guztietan beren "philosophi demokratizatzailea", hots: telebistan, irratietan, egunkarietan, zinean, heziketan, etabar luzea.

¡¡KONTUZ IRAKURLE!! lehendik ere ba dakigu L.A.I.A. "puristatzat" jotzen dutela, eta hori jakinik ez gara berriz erru berean eroriko, baina bestalde, ez dugu begiak hitxi nahi eta ez dagoen euskal gizarte arrosa bat agertu. Behar bada, erradikal xamartzat har dezakezu gure ikuspegia, dena dela arbola okerra gazte den bitartean zuzendu behar da, gero ez dago erremediorik.

Bortxakeria iraultzailea

Lehen aipatu dugun estatua (indar zapaltzaile orok), une batean herriak gainditu behar badu, zer esanik ez bortxakeriaren bidez izan beharko dela. Une horretan, langileriak indarraren bidez burjesia menperatzen duanean, bortxakeria iraultzailea inposatzen ari da. Dudarik gabe, iraultzailea, majoriak bere nahia minoriari ezarazten diolako, eta gizartearen jende gehiena benefiziatzen delako esplotatzaile multzo ttipi baten kaltez.

Jakin ere ba dakigu, iraultza une hori eman aurretik, esperientzi edo eta heziketa beharra daukala herriak; ondorioz, gaur bertatik hasi beharra dagoela desarroilatzen kapazitate iraultzaile horren sustraia. Hortan oinharritzen da gure gaurko baimena borroka harmatuari. Honek (borroka harmatuak) bere garrantzia duenez gero, ez diogu ezer kentzen, baina alderdi iraultzaile bezala langile klasearen kontzientziapen iraultzailea ugaritzea da printzipalena. Inon badago, hementxe datza (langileriagan) Euskal Herriaren benetako indar askatzailea; hau gabe izan genezake Euskadi independiente bat ere, baina burjesiaren menpean, noski.

Beraz, bortxakeria legeztatua bi moetakoa izan daiteke, bat phisikoa (indar errepresiboak), eta bestea ideologikoa (informazio, heziketa, bizimodua, etab.).

Lehenengoaren kontra, aspaldidanik ikasia dugu nola borrokatzen den kalean, mobilizapen bidez eta burjesiaren akats zorrotzenak agertuz; sistema kapitalistaren kontradikzioak tinko oihukatuz eta gure helburu sozialistak herrian zabalduz.

Bigarrenaren kontra dago borrokarik zail eta gogorrena, zeren ez baita erraxa, ikus eta ukitzen ez den etsaia eraso eta gainditzen. Euskal gizartea aldatu behar da, ez bakarrik pertsonaz eta estrukturaz, baizik ideologiaz ere. Azken finean, iraultza izanen bada, bigarren baldintza ideologiko honek erabakiko du helburu nagusiak, eta bai pertsonak nahi estruktura guztiak, kontenido politiko iraultzailearen neurrian aldatuko dira.

Irtenbidea

Ez da zaila, baina ba du berezitasun bat gure eritziz.

Lehen esandakoari jarraituz, uste dugu bortxakeria instituzionalizatua desegiten joateko, beharrezko direla gonbinatzea indar phisiko iraultzailea (kaleko borrokak) eta egokitzen zaion heziketa ideologiko zuzen bat.

Horrela, saiatu behar dugu bilatzen "demokrazia" burjesak eskaintzen dizkigun tranpa zuhurrak eta berehalaxe aztertu, ondoren kaleratzeko.

Bestalde, borroka harmatuaren zerbitzuak ere beharrezkoak iruditzen zaizkigu; noski, moeta hontako ekintzak herriaren kontzientziari gorakada emateko laguntzen badiote, bestela kontrairaultzaile bihurtuko lirateke.

Orduan, eta bukatzeko, lehen mailan herri-lantegi borroka (phisiko-ideologikoa), eta honi lotuz eta beronen menpean borroka harmatua.

Euskadin, 1978ko maiatzak 4


Ekologia

Bizitzaren heriotzaren aurka (orainaldiaren erreibindikazloa)

"Sistema hau eta bere ohiturak izpirituaren heriotzea dira". Paul Goodman-en esaera honek gure eguneroko bizitzaren huskeria adierazten du, gizarte honen bizia zer bihurtu zaigun. Nik uste, maila edo alor hauetan uler dezakegu hau:

Naturak, esate baterako, galdua du jadanik guretzat hasieran zuen zentzua edo funtsa.

Natura bizitzeko jaio garen ingurunea da, eta hiria, gizonaren sormenak naturaren baldintzak hobetzeko, baina natura abandonatu barik. Gaur egun natura espekulaziogai eta hiria larruketa eta pilaketaren zentrua bilakatu zaizkigu.

Rubert de Ventos-ek dioen bezala, naturak erabilketaren balioa zeukan gizonarentzat. Lurraren erabilketa, beronen gainean bizitzeko. Natura, biziaren eta atseginaren iturria.

Gaur egun, ostera, erabilketaren balioa aldaketaren balioa bihurtu da. Merkatal balio bat. Hauxe ez da era orokor batean jazo, baina gero eta gehiago jite hori handitzen ari da, sakontzen ari da. Adibidez, urak ba du guretzat erabilketaren balioa, guk ura edaten dugulako, baina gaur egun ordaindu ere egiten dugu ur hori, eta ezagutzen dugu ur botilaratua; hots, aldaketaren balioa: merkatal balioa. Horrela, atsegin iturria zen ura merkagai bihurtu zaigula daukagu.

Natura osoa ari da bihurketa hori jasaten, gizarte honen sistema osoak norabide horretara bultzatu egiten duelako.

Adibidez, oporretan hondartzara joateko, naturaz atsegin izateko, ikusten dugu sistema osoak aldarazi digula naturaren egiazko zentzua: autobusa hartu behar, jantziak aldatzeko kaseta alokatu behar, aproposko jantziak erosi behar, etab. Hots, aldatu egin dugu naturaren zentzua, berarekin negozio eginez. Baina gogorrena lurraren espekulazioarekin gertatzen da, eta natural ingurunearen deusezketa kutsaduraz.

Lurraren espekulazioan (naturaren espekulazioan), lurra aldaketaren balio huts bat bihurtzen da, eta merkatal balioaz ezabaturik geratzen da bere erabilketaren balioa. Bere gainean etxeak eraikitzen dira eta asfaltu azpian desagertu egiten da.

Kutsaduraz, atmosferaren erabilketa, beste merkagai bat bihurtzen zaigu. Entrepresek atmosfera erabiltzen dute, berau zikintzeko. Zikinduko ez balute, entrepresetan inbertsioak, aldaketak eta hobeketak egin beharko lituzkete, tresna antikutsatzaileak, etab. Horrela hibaien eta atmosferaren erabilketa ordain bat bilakatu dira: entrepresariek aurreratzen dutena natura zikintzean, lantegian deskutsatzaileak jarri beharrean.

Hiria, jatorriz, komunikazioetarako, elkartruketak egiteko eta bertan bizi direnek harremanak izateko tokia zen. Gaur egun ikusten dugunez, berriz, gizabakarra ez da inon hirian bezain bakar eta alienaturik aurkitzen, publizitateak, itsusitasunak eta zaratek erasota. Askotan atseden hartzeko eta astia emateko leku egokirik gabe, ez dugu gaur beste inon aurkitzen hirietan, kale erdian, eta jendez beteta dauden tokietan dauden bakartadea eta inkomunikazioa.

Lehengo hiri burjesak behintzat, ba zuen oraindik erabilketa balioa. Burjesak gustuz eta ondo bizitzeko tokia egiten zuen. Baina hiri kapitalistetan egoera hori aldatu egin da, eta lan indarren gordailu bat, esplotaziorako tokia da gaur, eta Errekaldeberrin bizi den botonesen bizilekua, urrun dago Gran Viako Bizkaiko Bankuko gerentearenetik.

Lanari buruz

Gizonak ez du bere bizitzako denbora baizik, atseginerako eta esperientziak edukitzeko. Norberaren denbora erabiltzeko. Baina gizarte honetan, gizonak saldu egin behar du denbora hori; aldaketaren balioa berriz ere. "Gizonak bere energia saltzen du, baina ahal duenean bere bizitzako denbora gordetzen du. Bizitzeko denbora hori, langileak gordetzen duena, bere azken ondasuna da, eta gizarteak gero eta gehiago kentzen dio, kontsumatzaile eta ikusle bat bihurtzen duelako" (H. Lefevre).

Hots, denbora ez da jadanik gizabakarrarena, eta lana denboraren salmentaz, biziaren salmenta bilakatzen da.

Eta lanean alienapen bi jazotzen dira: inklusioz eta bazterketaz.

Bazterketazko alienapena, langabezian dagoenarena edo lanik aurkitzen ez duenarena, bazterreratu sozialak sortzen ditu honek, alkoholizatuak, etab.

Hori da alienapenik argiena, lanetik kanpo ematen dena, baina ba dago lan barnean ematen dena, inklusiozkoa.

Lan barnean pertsona "pertsonal" bilakatzen da. Lana, langilearen xedeetarako medio izan beharrean, berez xede bat, xede hits bat bihurtzen da. Artesau tradizionalen tankera eta egokitasuna, produktibitate hutsa bilakatzen da. Efikazia plusbalioa bakarrik izaten da eta langileak ez du jadanik zer ikusirik bere lanaz edo, hobeki esan, bere lanaren produktuekin (gerta daiteke zer egiten duen ere ez jakitea) eta ez du zer ikusirik ere bere lanaren balio moralarekin ere. Alienapen honetan konpreni daiteke langile sozialista batek, Saharako herria zapaltzeko harmak egitea (nik ezagutzen ditut hau egiten duten Andoaingo langile batzu).

Lanaren alienapenak, desnaturaldu egiten du lanetik kanpoko bizitza, sistema hitxia delako, gero eta hitxiagoa.

Hasieran lanetik kanpoko astia, langilea fisikoki errekuperatzeko zen bakarrik. Gero handitu egin ziguten asti hori, alde batetik langileen borrokarengatik, eta bestetik teknologia eta oporretarako industriaren interesengatik (telebista, tabernak, zineak, makina tragaperrak, etab).

Baina oporraldi hori alienaturik dago, sistemak komunikaziorako posibilitateak kendu egin dizkiolako gizabakarrari.

Gizabakarrak komunikaziorako dituen bide bakarrak "mass media"renak dira. Komunikazio zentralizatua, urrundua, nahasia, manipulatua, komunitatearen aurkakoa. Sistemak menperatua noski, eta berak manipulatu eta bere xedeetarantz norabideratua.

Hirietako jendoldeen galdurik, naturarekin harremanik gabe, hauzo harreman pertsonalik gabe, eta egiazko kultura hiritarrik gabe, gaurko langilea gizonaren itzala baizik ez da.

Langabezian dauden langileen artean ere ikusten da alienazio hau, nahiago izaten ohi dute lana egin, oporretan egon baino, gogaiturik izaten baitira bestela!

Horregatik orainaldia da berreskuratu behar duguna. Hemendik gure bizitzaren atseginetarako ezintasunak ikusten dira. Bizitzaz pentsatzen beti etorkizuna edo lehenaldiari begira egiten dugulako.

Zer jazo da orduan? Bizia, orain garena, orainaldiko denbora galdu egin dugula eta bizi beharrean, abstrakzio bat egin dugu eta biziaz pentsatzen dugu. Galdu egin dugu berez bakarrik justifikaturiko esperientziaren atsegina. Esperientzia eta gurarizko bizia, akto bizikorrenak gure biziaren xedeekin lotzea, bizia hutsa da. "Guraria eta bere xedeen artean misteriozko harreman bat dago" Bretonek dioen bezala eta harreman horretan bizi behar ginateke.

"Zabal itzazue hegoak eta ausartziaz has zaitezte hegaka zuen garaiaren guztiz gainetik, zuen ispiluan etorkizunezko egunsentia lehun lehunki has dadin" (Shiller).

J. Sendagorta


Euskara

Bergarako Biltzarraren ondoan

Duela hamar urte, Arantzazun batasunaz egin zen biltzarrean bertan, Euskaltzaindiak gure hizkuntza batzeko lehen pauso ofizialak egin ondoren, hauxe ere aipatu zuen: handik hamar urtera beste biltzarre bat egitea komeniko zela, Batasunak Herrian izandako onarpena ikusteko eta, era berean, duda-mudazko puntuak berraztertzeko.

Aurten bete dira ba hamar urteok. Hori dela eta, Euskaltzaindiak Bergaran, Luis Eleizalde euskaltzalearen jaiotzearen ehun urteak bertan hospatzeko, beste biltzarre bat egin da, batasunaren arazoak berrikusteko.

Aste osoan, hortaz, euskaltzainak, idazleak, irakasleak, kazetariak ikasle eta ikusle asko bildu izan dira Bergaran, hitzaldi, txosten eta elkarrizketa bidez lan eginez.

Hitzaldiak

Biltzarreari, Elkoro alkate jaunaren ongi etorriaz gero, Luis Villasante euskaltzainburuak eman zion hasiera, Akademiaren zeregin eta helburuak, hitzaldi mamitsu batez ongi gogoratzen zituelarik. Koldo Mitxelenak, berriz, Arantzazutik Bergarara egindako bidearen balantza egin zuen, lortu dugunaren handia seinalatuz, baina aurrerago joateko premia ahantzi gabe.

 Joan Mari Torrealday-k, Xabier Mendigurenek eta Andoni Sagarnak, SIADECOren lankidetasun teknikoaz, euskara batuak idazle, argitaratzaile, ikastola eta euskal irakasleen artean izandako harrera eta arrakastaren berri zehatzak agertu zizkiguten, inkesta bidez lorturiko datu estatistikoekin.

 Mikel Zaratek euskalkietatik euskara batura joaterakoan bizkaitar eta zuberotarrekin kontuzago ibiltzeko eskatu zuen bere hitzaldian, eta guztiok eztabaidetan aritu baino lehenago dugun ikasi behar handia,

 Txillardegik fonetika eta ortografia batuari buruzko proposamen batzu egin zituen, batzu oso eztabaidatuak. Honetara, gehienei ez bide zitzaien ongi iruditu, kasu, etxea, astoa, itsu eta gisa hitzetarako, etxia, astua, itxu eta gixa ebakiera proposatzea. Ez eta erdal yeismoen beldurrez, mutila, teila hitzak irakurtzeko mutilla eta tella esateko gomendatzea. Erabat onetsia izan zen ordea, s/z, ts/tz, r/rr ondo bereizteko gomendioa, bai eta j letra espainol eta frantsesezko y bezala ebakitzea ere.

H letrari buruz, ipar aldeko euskaltzainen lan bat aurkeztu zen, J. Haritschelhar jaunak irakurria. Horretan xehetasun linguistiko oso interesgarriak agertu ziren.

 Luix Mari Mujika hiztegi lanez mintzatu zen, morfologia eta ortografiaren zenbait alderdi ukitzen zituelarik.

 Ibon Sarasolak soinu bustien idazkeraz ihardun zigun (ll, ñ, dd, tt, x) beste hizkuntza askotako exenpluak azalduz.

 Patxi Altunak eta Alfontso Irigoyenek, nork bere aldetik, erakusleen usario zaharrez hitzaldi bana eskaini ziguten, datu eta ohar baliosez hornituak biak.

 Mitxelenak, bestalde, kanpotiko euskal hitzen idazkeraz zenbait kontsidero sakon egin zituen, berak aitortu bezala, hitzaldia teorikoegi gelditu arren. Jendeak zerbait konkretuagorik espero zuen, noski.

Txostenak, berriz, oso ugariak izan ziren, berauetan beste zenbaiten artean, A. Zatarain, Txillardegi, X. Kintana, A. Eguzkitza, L.M. Mujika eta Karmele Rotaetxek partehartuz.

Apezak azken hitza bere

Bukatzeko eta esaera zaharrari berea aitortu nahi bezala edo, Euskal Herriko eliz barrutiaren izenean Etxezarreta jaunak hitzaldi luze eder bat azaldu zuen. Hartan Elizaren orain arteko jokabidea, jende xehe askoren maila apalaz, justifikatu zuen, pixkanaka bada ere, berak ere euskara batuaren bidea onartu eta hortik segitzeko asmoa duela azalduz. Patxi Altunak eta beste zenbait apezek ohar batzu egin zizkioten.

Euskaltzaindiaren agiria

Biltzarrearen azken egunean, Irailak 8an, Euskaltzaindiak, bertara joan ziren euskaltzain oso guztiek —inolako arrazoirik eman gabe handik ezkutuki ihes egin zuen Irigarai jaunak salbu— sinatu ondoren, agiri bat atera zuen, euskalkiak hobeki ikertzeko gomendioaz batera, euskara idatzi batua aurrera eramateko erabakiaz. H-aren arazoari dagokionez, iparraldeko euskaltzainen lana hartzen da oinarritzat, erakusleak eta beste zenbait puntu zalantzazko aski aztertuak zirelarik, lehenbailehen erabaki bat hartzera konprometatuz.

Ondorioak

Batzarrearen ondokoak, gure ustez, argi daude. Alde batetik biltzarrea agertoki bat izan da, nork bere kezka, gogo eta jakituria, —batzutan sasijakituria—, jakituri-ustezkoa eta harrokeria ere bai erakusteko katarsis leku aproposa.

Batasuna onartzen ez zuten baitzu ere hantxe egon ziren Oñatibia anaiak, Zatarain, Azurtza, Latiegi, Olazar... eta gure ustez berauen gizontasun eta adorea zin-zinez aitortu beharra dago. Izan ere, beraiek inoiz esan zutenez, biltzarrean minoria izan arren, beren ideiakin zintzo izanik, bertan egon eta parte hartu zuten. Agian inoiz hitz gogorren bat edo beste azaldu zen han, baina beti gizonki, aurpegia emanez. Kritikagarriagoak, ene eritziz, besteak dira, publikoki hitz egiteko okasioa eskaintzen zaienean etorri nahi ez eta gero, bazterretan eta ezkutuz txutxu-putxuka aritzen direnak.

Nik neuk ez dakit, baina ezetz esango nuke, batasunaz bere eritzia lehendik eginda zeukan inor batzarre honek bere uste horretatik atera ote duen. Eta alde horretatik, bertan elkarrekin gizabidez mintzatu arren, ez dirudi batuzale eta kontrakoen artean Bergaran bigarren besarkada egin denik.

Batasuna onartzen dutenen arteko zalantzak, dudak eta puntu ilunak argitzeko eta erabakitzeko, ordea, uka ezinezko aurrerapausoa izan da. Arantzazukoari orain Bergarakoa darraio. Ba liteke, gainera, h-ari buruzko zenbait jarrera maximalista, Krutwig-Kintanarenak, kasu, hemendik aurrera urritzea, eta onhartu, oinharri, philosophia, mathematika, eta phisika-ren ordez onartu, oinarri, filosofia, matematika eta fisika hobetsiko omen.

Emakumeen hutsuneaz

Hau Elisabete Garmendiak Bergaran bertan salatua izan zen. Lotsagarria izan zela emakumeen parte hartzerik eza. Eta honek ez du inolako arrazoi logikorik. Karmele Rotaetxek egin zuena, hots, andereñoen hutsunea Euskaltzaindiaren 'matxismoari' egoztea gehiegikeria eta demagogia besterik ez da.

Gizarte honetan, noski, normaltzat har daiteke, kasu, andre ingeniaritan gizonezkotan baino gutxiago egotea, emakumeek jasaten duten bereizkeria inork ez baitu ukatzen. Baina euskara kontuan hori ez da horrela, Euskara guztiontzat egon da galerazirik eta ukaturik, bai gizon eta bai andre euskaldun guztientzat. Hala ere, ikastolak direla medio, gure hizkuntza bizibide bilakatu izan da aspaldion pertsona askorentzat, eta, kasualki, euskararako liberatu horien gehiengoa emakumeek osatzen dute. Ba dirudi, beraz, profesioaren izenean eta hori hobe betetzeko, andereñoek izan behar luketela euskara ongienik lekiketenek, euskararen interesatuenak. Praktikan dakusaguna, paradoxaz, besterik da. Andereñoen profesionaltasun maila hori ez da liburu eta artikulugintzan inon azaltzen, eta hau ikusteko aski da Torrealday-ren lanak begiratzea. Areago esango nuke gainera, duela zenbait urte orain baino gehiago idazten eta irakurtzen zutela. Orduan pedagogiari buruzko artikulu eta saioak, bai eta aldizkaritxoak ere egiten zituzten. Zer gertatu da? Zer gertatzen zaie? Agian norbaitek emakumeen euskal absentismo horren berri zehatzagorik emango digu noizbait.

Biltzarreak, dena den, gauza bat erakutsi du: oraindik asko dugula ikasteko guztiok, eta euskal estudioak agortu ezinezko putzu oparo bat direla Nahi izanez gero ba dugu hor geure egarria non ase.

Xabier Galdeano


Elkar ikuska

Ibañeta pastorala: lehen eta gaurko Euskadiren borroka

Pastoralak ditugu Zuberoko aspaldiko ohitura, batzuk diote Behenafarroan ere egin direla oso berandu arte, gerla aurrean bukatu omen ziren. Dena dela, aurten bi pastorala ba ditugu: bat ORRIA izenekoa eta bestea IBAÑETA izenekoa.

Orria pastorala Garaziko herrialdeak antolatua digu, batipat nahi duelako lehenago galdu zaigun ohitura berpiztu. Geronek bi pastoralak ikusi ditugulako esan genezake ORRIA pastoralak behingoz bere apostua galdu duela. Eta hori arrazoi askorengatik: lehena lehengokerian itota dabilelako, gaurkotasunik ez daukalako eta azkenik "apolitikoa"ren txartelarekin agertu nahi izan duelako. Hots, bizirik ez dauka eta eskuineko politikarien kolorea dakarkigu. Egiari bere bidea emateko eta bide guzia, nabaritu behar da ere pastorala hau frantses sozialisten jendeak duela jotzen (baita kudeatzen). Hain zuzen, ORRIAk bere benetako politikazko helburua hauxe dauka: Euskal populuari erakustea frantses sozialistak ere interesatzen direla euskal kulturaz.

IBAÑETA pastoralak ordea bere helburuak argiki eta garbiki agertzen dizkigu: benetako egiari bere bidea ematea, gezurrezko historiaren zuzentzea, eta euskaldunei beren garaipenaren erakustea. Beren apostua, antolatzaile zuberotarrek oso osoki dute irabazi. Gainera, Zuberoak pastoralen tradizioa betidanik daukalako inor ez bezalako jokalariak ditugu mendi ozen horietako jendeak. Zahar eta gazte, denek beren zeregina daukate. Hirurogeita bost urteko gizonak igaten direnean taula gainera, nabari da Zuberoko pastorala guziz dela herrikoia eta zimendu sakonak dituela arbasoen hezur zaharretan barna. Hots, euskaldun guziek ikusi behar dugun pastorala IBAÑETA. Hain zuzen, askatasunerako borroka eta kulturgintza elkartzen dizkiguna baita. Karia horretara hitzegin dugu Junes Casenave Harigile eta Oier Idiartekin, berauei utziz elea, inork baino hobekiago eginen zigutelako presentazio egoki bat beraiek asmatutako obra zoragarri honetaz.

ANAITASUNA.— Nortzu zarete pastorala honen idazle eta jokalariak?

CASENAVE.— Idazlaria ni nauzu Junes Casenave Harigile, gero itzulirik izan duzu Oier Idiartek. Aktoreak Arbailleko gaindikoak dituzu, erran nahi baita zazpi herri ari izan dituzula prestatzen pastoral hori, eta ez dakit erran nahi duen zerbait baina zazpi herriak bat egin dute pastoral horren agertzeko. Euskal Herriak bat egin behar duen bezala.

A.— Arballe hori zein toki da edo zein herrik muntatzen dute?

CASENAVE.— Arballe hori Maule ondoan, ezkerreko gaindian da eta ba duzu hiru parte Zuberoan: Pettara, Basaburua eta Arballa. Horietarik bat dugu Maule ondoan hemen eta Arballako oihaneko gaindian.

O. IDIARTE.— Herrien izenak: Altzürükü, Pagola, Muskildi, Urdinarbe, Iraultze, Lanbaie eta Gaindañe.

A.— Noiz sortu dira Pastoralak Zuberoan?

CASENAVE.—Nik pentsatzen dut betidanik ba zirela pastoralak Zuberoan. Baina ez ziren pastoralak deitzen, izen hori beranduago jin duzu. Ba ziren Europa guzian, kanpoan egiten zirenak, baserrietan, antzerki klase horik.

Eta geroztik, Zuberoan ere izena pastorala egon da, baina pentsatzen dut betidanik izan dela hemen jai horien amodioa, haste hastetik. Ba duzu gauza bat pastoralean egiten dena, hor daude urdinezkoak eta gorrizkoak, onak eta gaiztoa. Onen eta gaiztoen jai hori betidanikoa den arren, izena beranduago etorri zaio.

O. IDIARTE.— Erraiten zenuen duela zenbait egun, nola San Graziko elizan itxura bat, harri bat landua ba dagoela zizeldua, erakusten baititu soinu egileak eta Satana ere bai. Hori marka da aspaldiko gauza dela pastorala.

CASENAVE.— Bai, balio du ikustea. Itxura hori, segurrez ere, eginik izan duzu X. mendean. Orduan ba du mila urte, ba dugula pastoralen egiteko ohitura.

A.— Zein helburuaz egiten dira gaur pastoralak?

CASENAVE.— Pentsatzen dut mende bakoitzak ba daukala bere izatea. Nik egin dut Pastorala hau, lehen lehenik Ibañetako gudukaz, XII. mendea baitzen ere ikertzeak egin ditut alegiak bazterrera utziz. Horregatik uste dut on zela egin genezan Historiaren arauera eta ez alegiaren araueran pastorala hau.

O. IDIARTE.— Guk ikertu gaietarik egin ziren alegiak. Nahi genituen aldi honetan agertu egiak.

CASENAVE.— Ba ditugu pastorala honetan zortzi kantu eder heziak, beren doinuekin eginak. Biga aire zaharrekin "Iruneko feirietako" airean eta bestea pastorala zaharretatik hartua. Bestela hitzak, parte nik egin ditut, parte O. Idiartek eta musika Idiartek oso osoan.

A.— Zer etorkizun daukate Pastoralek, Herriaren problemetarako eta abertzaletasunerako?

CASENAVE.— Uste dut pastoral honek ba daukala horretarako aipu handia. Lehenago ematen ziren pastoral zaharrak, orain berriak ematen ditugu, erran nahi baita egia gehiago ezartzen dugula aitzinetik baino. Eta nik, nahi izan dut "Santa Grazi" pastorala egitean Herri baten bizi agertu orain den bezala eta aintzinetik zen bezala, historia ikertuz. Gaurko hau ere nahi izan dut horrelako izan zedin egiaren arauerako pastorala. Horrelako pastoralak ba ditut beste zenbait eginik, geroago emanen ditugu, horik ere nahi ditut jarraiki gure herriaren aipu bezala eta horietarik bi ba ditut gaurko biziaren gainean. Eta gero, beste bi gibelera joanen banintz bezala, Historia Saindutik harturik, "Dabid eta Judith". Baina hauek ere ba daukate segur abertzale zentzu handia.

A.— Herriaren problemetan, zeintzu dira aztertzen dituzunak?

CASENAVE.— Problema anitz! Gure izatea lehenik, gure jakintza edo kultura. Eta gero ba daukagu gure Zuberoan eta Iparraldean neke anitz. Behar dute jendeek edo gazteek nahi badute bizi, herriz beste egin. Eta horrek min handia egiten baitigu, hortarakotz nahi genuke izan daitezela hemen lanbideak eginak. Egun batez, zuek menturaz Hegoaldetik etorriko zarete guri lagungoa ematera".

A.— Non eman duzue pastorala hau?

CASENAVE.— Abuztuaren 15ean Ibañetako lepoan eman genuen. Emanaldirik handiena, abuztuko hori izan da, dudarik ez.

M. L. Uhaitze


Biologia

Bizitz zuhaitzaren beste adarretan

Gizonaren adimenak oraindik lortu ez duena, zentzu oharmenez lortu du zenbait kasutan animalien erreinuak.

Gure entzumenari ihes dagioten sarritasuneko soinuak entzuten, gure begiek ikus ezin ditzaketen argi izpiak kaptatzen edo gure usaimenak adi ezin ditzakeen usainak bereizten dituztelako, eta beste ahalmen askotan ere gu baino abantailatuagoak direlako, sarritan jarri ditu gizonak bere ordezko lanetan animaliak, eta berak egin ezin dituenetan ere bai.

Langile trebeak

Honela, izarren baten esistentzia egiaztatu nahirik, teleskopioa hartarantz zuzendurik izpi ultramoreak ikusteko gai ez den gizonak, txindurriak (bai, txindurriak!!) jarriko ditu teleskopioaren okularrean. Ba baitaki, behin baino gehiagotan experimentatua duenez, izarra ikusi orduko urduri jarriko direla txindurriak.

Oraindik hegazkinik ez zegoenean, erromatarren garaietan, eta, orduko 70ko abiaduran, aldiko 500-600 kilometro egin ditzaketen usoak erabiltzen zituzten postari gisa. Hiri setiatuetara mezuak bidaltzeko era erabili izan dira eta etsaiak konturatzeko moduan gainera, zeren hauk, aireko zubi horretaz oharturik, aztore eskoadrilak askatzeraino heldu izan baitira. Egun, ez dira postari bezala erabiliko, baina bai entrepresetako produktuen kalitate kontrolatzaile bezala, gizonaren begiek ikus ezin ditzaketen hutsuneak soma bait ditzakete hegazti hauek.

Guretzat gauza bitxia bada ere, Australian eta Ameriketako zenbait tokitan, dendazaintzat sugetzarrak (bezatuak, jakina!) eta artzaintzat ostrukak ikusteak ez bide du jendea gehiegi harritzen, baina bai bildurtzen, ondotxo betetzen baitute beren eginkizuna.

Aireko gerra

Hainbeste denboraz berentzat bakarrik izan duten zeruan hegazkin lotsagabe batzu ikusteak, jeloskor jarri behar du duda gabe hegazti bat baino gehiago. Horregatik batzutan eta ihes egiteko denborarik ematen ez zaielako bestetan, hegazkinen kontra joaten dira sarritan. Txokean hegaztia hiltzea maiz gertatzen da, baina behin baino gehiagotan gertatu izan da ere, hegazkina bapatean lurrareratu beharrean aurkitzea, motorra hondatuta edo beirina apurtuta. Horregatik, eta ixtripu gehienak aireportuaren inguruan gertatzen direla ikusirik, aspaldidanik jartzen ziren txorimaloak aireportuetan. Egun, ordea, gabiraien moduko hegazti harraparien bidez egiten zaie gerla aireportu inguruan dabiltzan hegaztiei.

Amu bizidunak

Arrantzarako ere baliatu izan da gizona animaliez. Txinoek, lepoan eraztu bat duela botatzen dute itsas bela uretara, lokarri batez loturik. Oso buzeatzaile ona denez, laster harrapatzen du arraina, eta eraztunagatik ezin irentsi izatean, nagusiari ematen dio.

Erromeroa, berriz, oso hedatua da ur epeletako eta tropikaletako itsasoetan. Bizkarreko hegala eranskailu baten modura jarria du eta flotatzen duen edozein gauzari eransten zaio, dela arrain handi bati, dela itsasontzi bati. Sarritan marrazo bati eransten zaio, haren hondakinak jateko bakarrik askatzen delarik. Lokarri batez loturik, arrain handi bat dagoen tokira bota aski da arrantzarako. Berekin ekarriko du arraina edo dena dela.

Ubide garbitzaileak

Ureztapen kanaletan sortzen diren ur landareak oso kaltegarri dira, ubideen ur garraioa asko guttitzen baitute. Eta ur premiarik handiena dagoenean gainera, hots, udaberrian eta udan. Segamakinaz, karramarroz eta altzairuzko kabledun traktorez izkutarazi nahi izan dira landareok, arrakastarik gabe. 1960.ez geroztik urazaleko eta hondoko landareez elikatzen diren arrain landarejaleak erabili dira, landareak eta hauetan sortzen diren eltxoekin batera, malaria eta abar guttieraziz.

Eguraldi igarleak

Gizakiak ez du oraindik ekaitzak gelerazten edo desbideratzen ikasi, baina ekaitza hurbil dela jakiteak aldentzeko edo kaira sartzeko beta ba damaio behintzat.

Hegazti eta animalia askok garaiz igartzen dute ekaitzaren hurbiltasuna, itsas barometrak baino lehen, hain zuzen ere. Izurdeak harkaitz tartean babesten dira, baleak itsas zabalera doaz eta oskoldun ttipiak ur ertzera irteten dira. Medusek, ekaitza baino 10-15 ordu lehen, 8-13 hertziotako frekuentzia duten infrasoinuak jasoko ditu.

Zizare eta izainek ere laster igartzen dute eguraldia. Ona dagoenean, aquariumeko ontziaren hondoan egoten dira izainak; euri aurretik, uraren nibelean, ormetan erantsiz. Ekaitza datorrenean, berriz, uretatik irten egin nahi izaten dute, uraren nibela baino gorago ormetan igonez.

Zizareak lurrazalera irtetean, euria eta ekaitzak hurbil.

Igelak erabil daitezke barometro bezala, ezaguna den bezala. Eskailera bat sartzen da ura duen ontzi batetan eta igel bat ere bai. Eskaileretan igotzen bada, eguraldi txarra. Jaisten bada, aldakorra. Urazalean ibiltzen bada: beroa eta lehorra. Zergatik guzti hori? igel larruaren hezetasuna erraz lurruntzen da. Eguratsa lehor dagoenean, larruazala deshidrata daiteke. Horregatik doa uretara beroa espero denean.

Eguraldi on eta lehorraren aurretik kemen biziz ehotzen dituzte sareak armiarmek. Eguraldi txarra datorrenean, txindurritegien sarrerak ixten dituzte txindurriek, erlauntzetan gelditzen dira erlak burrunbaka, euli eta eltxoak etxe edo autoetan sartu nahi izaten dute.

Katastrofeen bezperetan

Bost minuturo lurrikara bat gertatzen da lurrean. Ehun mila baino gehiago urtean. Lurrikaren energia 1025tik 1027 ergiotaraino heltzen da epizentruan. Terremotoen fokoa lurrazaletik 600-700 kilometrotara egon ohi da. Ehundaka urtetan zehar joaten da pilatzen lurrikara sorreraziko duen energia.

Iturburuetako Radon kantitatea guttitu egiten da lurrikara aurretik. Erradiaktibitatea zerbait igon egiten da.

Ur sakonetako arrainek aldez aurretik sentitzen dute katastrofea. Izugarrizko lurrikara batek Tokia birrindu baino bi egun lehen, 1923.eko udan, itsas ertzen ur sakonetako makailao bibotedun bat ikusi zuten. Handik hamar urtetara, milaka metrotako sakontasunean ibili ohi den itsasingira mota bat eman zion arrantzale batek biologo bati. Egun hartan bertan lur astindu gogor bat gertatu zen inguru haietan (japoniar itsasertzean).

Lurrikaren zinturoiaren barnean sartzen diren lurraldeetako agintariek, zenbaitek behintzat, akurionak kontseilatzen dituzte, lurrikara datorrela sentitzean, gertatu baino ordu batzu lehenago, oso urduri jartzen baitira.

Zooetako animaliek eta etxabereek izugarrizko kontzertuak ematen dituzte lurrikara aurreko gauez eta, ahal izanez gero, ihes egiten dute, zenbaitetan nagusia ohetik iratzarri eta etxetik irten erazi ondoren, hainbat txakurren kasuan bezala. Txindurriek multzoka ihes egiten dute. Suge eta muskerrak beren zuloetatik irten egiten dira.

Sumendi baten erupzioz erabat kiskalita gelditu zen hiri batetan 30.000 giza gorpu aurkitu zituzten eta animalia bat besterik ez. Gero ohartu zirenez, hilabete aurretik hasiak ziren animaliak ihes egiten.

Mixel A. Haranburu


Artea

Nobela / Zinema beltza (The Maltese Falcon)

Ametsak ehotzen diren materialezko alkoi maltarra

The Maltese Falcon pelikularen bukaeran Sam Spade (Humphrey Bogart) "berunezko alkoi maltarra" eskuetan duela agertzen da. Inspektore batek zerezkoa ote den galdetzen dio, eta berak: "— Ametsak ehotzen direneko materialezkoa".

Panikoa. Jolasa. Enigmak. Errealismoa

Heriotze odol eta krimenezko literatura izuan oinarritzen da. Bernardo Atxagak artikulu batetan (Z. A. 773 zenb.) "panikoaren artisau" deitzen zituen literatura beltzaren idazleok. Baina literaturaren bidez isladatzen eta adierazten den paniko hau finkatu hala jolasa bihurtzen da. Literatura poliziako beltza, beraz, beldurgarria bezain ludikoa da. Ez da edozein jolas bezalakoa, noski, jolas izugarri bat baizik. Baina nobela poliziakoan panikoa ez da paniko primitiboa, magikoa eta irekia. Nobela poliziakoko panikoa paniko kontrolatu eta probisional bat da, jolasaren zirkuito itxian soluzionatuko baita, hau da, bukaerako azalpenean. Nobela beltz bat, halegia, imajinazioarentzako arrengura lebe eta atsegingarri bat da.

Baina nobela poliziakoa diogunean ez dugu gauza homogeneo bat adierazten. Ba ditu funtsezko ardatz desberdin batzu. Thomas Narjerac idazleak nobela poliziakoaren jatorria fikzioa logikarekin lotzen denekoa dela dio, hau da: enigma. Berak dioenez, orakuloa da nobela poliziakoaren aitzindari arkaikoa. Batean eta bestean, ezagumenak erabakitzen baitu planteiatutako arazoa. Baieztapen hau baliosa dateke, batez ere, nobela poliziakoaren korronte inglesa aztertzeko, nobela-gurutzegrama analizatzeko.

Baina errealitatea nobela moeta hontatik at zegoen, Dashiell Hammet, Raymond Chandler, Ross McDonald (ikus POTT aldizkariaren bigarren 3. zenbakian autore gris honi buruzkoa), Chester Hymes eta enparauek izanen ziren nobela beltzaren bidez nobela-poliziako-jeroglifikoa gainditu eta errealitate sozialean berritsatsiko zirenak. Autore hauek, nolabaiteko errealismo sozial bat praktikaturik, gizartea aztertzen dute nobela poliziakoaz. Hauen obretan krimenak gertaera kotidianoak dira, eta legalitatea ziudadanoak arbitrarioki banatzeko muga bat da, boterearen zutabeak dirua eta bortxa baitira. Detektibe protagonistak (Sam Spade, Philip Marlowe, Lew Archer) ba dakike, halaber, kriminala harrapatu arren ere ez duela deus soluzionatzen, oro berdin iraunen duela. Honegatik beren jokaera gogorra baina eszeptiko eta etsitua.

Idazleak. Magoak. 1929-1941

Egungo gizartean idazlea ("artisaua") mago bat ere ba da. Aintzinako primitiboen artean aztiek izua uxatzen zuten bezala, egungo idazleak gizarte autokonzientziaren eta autoseguritatearen zaindariak dira. Idazleak lengoaiaren eta fabulazioaren magoak dira. Eta ba dute botere bat, misterioarekiko alde batetik eta gizarte ordenarekiko bestetik. Misterioa esortizatu egin daiteke logikaz/inbestigaketaz, gizarte ordena bultzatu eta desordena denuntziatu egin daitekeen bezala. Kriterio hauk arras baliosak dira nobela poliziakoaren bilakaera aztertzeko.

Bestalde, gizarteak literaturarekiko eragin bat ba duelarik gizartearen irakaraldiek ere arrasto nabarmenak uzten dituzte literaturan. Ez baita kasualitatea Dashiell Hammet bat 1929 inguruan sortzea. Ezta ere Humphrey Bogart eta zinema beltzaren zuzperraldia 40.50 hamarrurtean izatea. Bortxa kalearen jabea zen nabarmenki, beti bezala baina nabarmenkiago.

Nobela poliziakoaren bilakera

Nobela poliziakoari genero bezala Edgar Allan Poek eman zion hasera XIX. mendean Morge Kaleko Erahilketekin, trama misterio-inbestigaketa bikotean ardazturik. Geroztik, eta mende hontako kondizio sozial faborableengatik laster hedatu zen nobela poliziakoa. Hala ere ez modu nomolineal batez. Alde batetik Sir Arthur Conan Doylee eta bere Sherlock Holmes detektibe zuhurraren ondoren nobela poliziako-jeroglifikoa finkatu zen Inglaterraldean: C. K. Chesterton, Agatha Christie... misterio eta inbestigaketaren arteko arestiko oreka inbestigaketarantz aldatzen zen, obrak logikaren zirkuitoan hertsiriK. Beste alde batetik, beranduago, Dashiell Hammet nobela poliziako amerikano "beltzaren" aitzindaria izanen zen 1929 aldian, inbestigaketaren zirkuitoa kontenido sozialez kutsaturik eta gertaerak bazterhauzo eta hanpara kaleraturik. Dashiell Hammet-en linean helduko da kronika beltza bere espresio gorenera. Dashiell Hammet, Raymond Chandler eta Ross McDonald-en nobeletan krimena kalera irtetzen da, ajedrez gelak abandonaturik. Lege Lehorraren garaian idazten dute, 1929-eko depresioak hanpa ugaldu eta gizartea osorik bortxaren orekara menperatu duelarik. Iragana da iadanik Sherlock Holmes moralista logiko britanikoa eta gizarte inperial enkortsetatua. Sam Spade, Philip Marlowe eta Law Harcher bortxaren moralez eta giro sozial tentsu batetan burrukatzen dira, eta ez dira jadanik superzuhurrak, jakintsuak, guapoak eta ikertzaile kanpotiarrak, baizik eta irauteko eskua krimenean murgildu behar duten indibiduo etsituak. "Gaua, amesten dugun eta aurkitzen ez dugun justizia bezain nabarmena eta hotza zen" zioen Chandler-ek Lehio Siniestroa delako nobelan...

Nobela beltza. 1929. Dashiell Hammet

Dashiell Hammet, The Maltese Falcon nobelaren egilea eta nobela poliziako beltzaren autorerik inportanteena, Maryland-en sortu zen 1894an. Lanean goiz hasi eta ferrokarrileroa, kargadorea, eskribiente eta anitz ogibide izan zituen gaztaroan, 1914an Pinkerton ajentzian detektibe pribatu gisa sartu zenera arte. Lehen Gerla Mundialean hartutako gripe bat tuberkulosi bihurtu zitzaion eta 120tik aurrera hospitalizatua izanen da sarri. Erizainarekin ezkondu eta literaturara sartzen da San Franciscon bizi delarik Smart Set eta Black Mask aldizkarietan argitaratzen dituen narrazioen bidez.

1927an bere bost nobeletatiko lehena argitaratzen du: Uzta Gorria (Red Harvest). Geroago bigarrena: Daindarren Madarikazioa (The Dain Curse). Emaztea eta alabak abandonaturik, bizimodu bohemio eta irregular bat hasten du. Ifarramerikan, euforialdiari depresioak emanen dio segida 1929 orduko. Kontrastez, urte hau Dashiell Hammet-en arrakastarena ere ba da. Bere hirugarren nobela argitaratzen da urte hontan: Alkoi Maltesa (The Maltese Falcon). Honako hau eta bere urrengoa den Kristalezko Giltza (The Glass Key, 1930) dira bere nobelarik helduen eta hoberenak, Bere azken nobela beltza, Gizon Argala (The Thin Man, 1934), eskasagoa da.

Honez gero Sam Spade, Conan Doyle-ren Sherlock Holmes edo Chesterton-en P. Brown beste omena du, zinemaren bidez hedatu eginen den ospea, bestalde. 1931an Dashiell Hammet Hollywood-en bizi zen, eta han ezagutuko zuen Lilian Hellman ere. Anitz Pelikula egin ziren bere narrazio beltzetan oinarriturik. The Maltese Falcon nobelaren lehen adaptazio zinematografikoa 1931an egin zen (Roy del Ruth zen zuzendaria), bigarrena 1936an (William Dieterle), baina biak dira eskasak. Hirugarrena, John Huston eta Humphrey Bogart-ena, komentatzen ari garen hau, obra ikusgarri bat da.

Zinemara adaptatu ziren, halaber, The Thi Man (Woody Van Dyke, 1934) eta birritan The Glass Key (Frank Tuttle, 1935 / Stuart Heisler, 1942). Bestalde, marxismoak hunkiturik Ifarrameriketako Alderdi Komunistan sartu zen 1937an. Bigarren gerla mundialean ere burrukatu zen boluntarioki. Bere mozkor ugariek delirium tremens bat ere eragin zioten. McCarthysmoaren "sorgin ehizean" espetxeratua izan zen eta sei urtetara kondenatua izan arren sei hilabete bakarrik bete zituen. Ahuldurik eta gaixorik bizi izan zituen Lilian Hellman-en laguntzan bere azken urteak, eta 1961an hil zen bere birikietako gaixoa minbizia bihurtu baizitzaion.

Zinema beltza. 1941. Humphrey Bogart

Ifarramerika neurosi kolektibo eskerga batek harrapatu zuen II. gerla mundialaren ondoren. Hau dateke, kriminalidade indizearen igoerarekin batera, zinema beltzaren hedadura eta arrakastaren motiboa. Izan ere zinema beltza izan zen gerlaondoko (1950 arte behintzat) zine amerikanoaren joerarik ugari eta homojeneona. Hain zuzen, THE MALTESE FALCON (1941) da pelikula beltz estraineko eta inportanteenetariko bat. Dashiell Hammet-en obra honen hirugarren adaptazio zinematografikoa zen. John Huston-ek zuzendu eta Humphrey Bogart-ek interpretatu zuen. Humphrey Bogart, geroztik, seriearen enkarnazioa izanen zen: traje gris eta kapeladun detektibe indiferente, desilusionatu eta gogorra. Bere omenezko festibalean bere garai hartako zazpi pelikula ematen dituzte: The Petrified Forest (1936), High Sierra (1941), The Maltese Falcon (1941), Casablanca (1943), To Have and Have not (1945), The Big Sleep (1946) eta Key Largo (1948). Humphrey Bogart pertsonalitate aparta bat zen, Dashiell Hammet-i ere atsegin zitzaion eta garai oso bateko sinbolo eta mitoa bihurtu zen. Lauren Bacall bere amoranteak dioenez: "Bogey garai oroetako gizonaren sinboloa zen. Gizon bat zen, hain zuzen. Gazte guztiek izan nahiko luketen baina Bogart-en kultoa bezalako koartadez inguratzen diren bitartean ezin izango diren indibidualista zen". 1957an hil zen, baina begirada gogor, hotz eta humano honen irudia mitikoa eta inmortala bihurtu da jadanik. John Huston ere garai honetako zinema amerikanoko zuzendari garrantzitsuenetariko bat da, bere The Maltese Falcon (1941) honekin, edo Key Largo (1948) eta Asphalt Jungle (1950) pelikulekin batez ere. Humphrey Bogart-en figuran nahiz John Huston-en obretan bortxazko gizarte bat isladatzen da, humanoa hala ere, oro gizarte giro hestu eta psikotiko batetan murgildua.

The Maltese Falcon

"Alkoi maltarra" 1530ean Maltako Zaldunek Carlos V enperadoreari erregalatu zioten urregorrizko eta errubidun estatuatxo bat da. San Spade hilketa batzuk medio hura bilatzen saiatzen da, lapur eta poliziekin konpetentzian. Sam Spade gizon hotz eta eszeptiko bat da, arras humanoa hala ere. Situazioaren jabea da uneoro. Baina antiheroe bat ere aldi berean. Ez baitu heroe izateko behar den zorion esperantza ez utopia ilusiorik.

Gizarte hortan oro dago indar erlazioen menpean. Mesfidantza da nagusi. Legalitatea arbitrarioa da. Sam Spade-ren jokabidea ere tankera hontakoa da. Gizarte horri dagozkion azpijoko eta engainuak eta bortxak erabili behar ditu kotidianoki irauteko. Azken baten irabazi egiten badu honegatik da, gogorragoa delako, eta gogortasuna maitasunari eta bizimoduari berari ere gaineratzen diolako.

Dashiell Hammet, John Huston eta Humphrey Bogart pelikula ikusgarri bat osotzeko elkartu dira The Maltese Falcon hontan. Kronika beltzaren bidez gizartearen anatomia degradatu bat ematen digute etsituki. Irudi honegatik bakarrik merezi du pelikula ikustea. Eta beste deusengatik ez balitz ere, merezi luke pelikula ikustea interpreteek sonbreiruei dieten estimuaz ohartzeko.


Kultur ekintzak

VII. UEU hasia da jadanik

VI. UEU (Udako Euskal Unibertsitatea) bukatua da aspaldi. Hor, nonbait, argitaratuak izan dira hango partaideei eta egintzei buruzko datu estatistikoak: Partaideen kopurua, gizonezko eta emakumeen portzentaiak, euskaldunberrien portzentaia, bizkaitarren nagusigoa eta abar. Gertakari bitxien berri ere emana da eta bai sorturiko nahasteena ere, hala nola bertsolarien egunean sorturikoarena. Aurreko urteekin konparatuz, aurtengo ekitaldiaren propaganda gehiago egin da bai irratiz eta bai egunkariz ere. Ez nahi bezain zehatz eta zabal; baina informabideek aurrerapausoa eman dutela esan dezakegu. Zorionak, beraz, alde horretatik.

Informazioa emana bada, zertara dator, ba, horri buruzko artikulu bat, aktualitaterik nolabait galdua duen aldizkari honetan? Ba, alde batetik, aspergarri gerta daitekeen arren, on dateke hartaz zenbait eritzi agertzea eta zenbait gogoeta egitea. Eta beste aldetik, artikuluaren izenburuan diodanez, VII. UEU hasia da jadanik, eta horretan lanean hasi behar dugu, beste aurrerapausorik eman nahi badugu behintzat.

Uholde indartsua

UEUren inguruko mugimendu kulturala garrantzizkoa da jadanik. Bostehunez gora ikasle, ehun bat irakasle, eta erakunde iraunkorra ez dira txantxetako kontuak. Muga guztiekin eta oraindik heldutasunera iritsi gabe, azpiegitura sendoa prestatzen ari da, gure Herriaren kultura bultzatzeko. Kontutan hartu behar da, bestalde, urtero hainbeste jende berri jartzen dela abiadan, eta gainera jende asko etorri ezinik geratzen dela lanaren edo beste arazoren baten kausaz. Nik neuk ez dakit benetan konturatzen garenentz uholde honek eduki dezakeen garrantziaz, baina minez somatzen dut, oraindik ere UEU arbuiaturik dagoela laguntza politiko eta ekonomikoa dutenen artean. Baina, gaur eguneko abiadan segitzen badu, oportunismoz baino ez bada ere, laster hurbilduko zaizkio, uholdeak nahi eta ez eramaten baititu inguruko gauza guztiak.

Urte osoan lanean

Beharbada ez dago ongi, ni neu sartua nagoeneko sailaren goraipamena egitea, baina harro izatearen kritika eginen badidate ere, zientzi arloko goraipamena eginen dut.

Arlo horretakoak izan dira argitaratu diren liburu gehienak eta materiale hori erabiliz errazago eta partehartze handiagoz burutu dira ikastaldi eta mintegiak. Hori ongi da, baina praktikoago bide da, arrakasta horren kausak aztertzea, bestelako arloetarako ere lanbide horren alde onak hedatzeko. Zientzietako gaietan zenbait faktorek parte hartu dute:

- Lantaldeek urte osoan zehar egin dute lan eta UEUra lan horren fruituak aurkeztu dituzte.

- Ikastaroetarako materialea aldez aurretik prestatu izan denez, posible izan da UEUrako argitaratzea, eta hortik hainbeste abantail lortu dira: Ikasleak ez dira presaka apunteak hartzen ibili; gaiak aldez aurretik irakurri ahal izan dituzte; geroari begira, kontsultarako materiale erabilgarria dute; eta abar.

- Materialea edukitzea, irakasleek beste era batez eman ahal izan dituzte ikastaldiak. Askoz ere eskematikoagoak, puntu garrantzizkoenak presarik gabe aztertuz, eta ikasleen partehartze handiagorekin. Hitz batez, ez hain magistralki, baina askoz ere aktiboago eta eramangarriago.

- Mintegiak aktiboak izan dira, zeren eta guztiek eduki dute aukera ona aldez aurretik eztabaidak prestatzeko, eta horrela ez da monologo aspergarri gehiegirik izan.

- Lanerako metodologia bat prestatu da. Urte osoan zehar lan egitean, lantalde iraunkorrak eratu eta finkatu dira. Hauetan langiro egokia sortu da, ikasle-irakasle muga desagertuz eta guztiek batera UEUrako lana egiteko helburuarekin batuz. Harreman-moeta hau zabaldu da partaideen artean, eta beharbada horixe dugu metodologiaren elementurik nagusiena, eta, egin nahi dugun Euskal Unibertsitaterako garrantzizkoa.

Zenbait kritika

Aurrekoen goraipamena egin dudan bezala, beste batzuren kritika ere egin beharra dagoela uste dut. Izenik aipatu gabe, eta beste ikastaroetan parte hartu duten hainbaten eritziak bildu ondoren, kritika orokor hauk egin daitezke:

- Batzuk ez dute serioski hartu UEU eta uste ukan dute, urte osoko lan handirik gabe, momentu batetan inprobisa daitezkeela mintegiak eta lantaldeak.

- Urte osoko lanik ez da egon, eta UEU gertakari puntual bat izan da. Zenbait kasutan, kultur aste batetako hitzaldi isolatuak bezalakoak izan dira ikastaldiak.

- Materialearen faltan, ikastaldi batzu guztiz pasiboak izan dira.

- Jende askok UEU akademia bat dela uste dute. Bertara joan, han esaten direnak entzun, eta horrela dena eginik dagoela uste dute. Hots, guztiz pasiboki hartzen dute UEU. Eta ene ustez, hori oso kaltegarri da, zeren eta UEU geuk egin behar dugun, geuk mamitu behar dugun mugimendu bat baita. Eta benetan mamitu nahi badugu, guztiz aktiboki hartu behar dugu parte bertako egintza guztietan: erakundetze-lanetan, propagandan, urte osoko lanetan, ikastaldi eta mintegietan, eta abarretan.

Euskaldunen arteko harremanak

Neurri batez, UEU bezala —beste maila batetan, noski— Euskal Herria ere egiten ari den, egunero egiten dugun Herri bat da. Eta horretarako beharrezkoak dira euskaldunon arteko harremanak. Alferrekoa da, "Nafarroa Euskadi da!" esatea edo "Ipar Euskal Herria" aipatzea eguneroko praktikan eta harremanetan kontutan hartzen ez baditugu, eta harreman horietan euskara erabiltzen ez badugu. Bestela, ipartarrak frantses izanen dira, eta nafarrak, nafar.

UEU leku egokia da, euskararen bidez Euskal Herri guztietako euskaldunak biltzeko: Anaitasun-giroa, jende berria biltzeko eta ezagutzeko tokia, plangintzak egiteko tokia, jendea lanean animatzeko tokia... Eta zenbait kasutan oso garrantzizkoa dena, euskalgintzan dihardugunok bakarrik ez gaudela eta zoraturik ez gaudela konturatzeko lekua.

Hori dela eta, interesgarri dateke egintza alaiak eta bertako partaideen arteko harremanak lantzeko balio duten egintzak bultzatzea. Horrelako zerbait egin nahi da kirol sailean. Dena den, zenbait hutsune ikusi dira arlo honetan eta datorren urteari begira zuzendu beharrekoak. Kirola gorputzaren osasunerako eta harreman pertsonalak bultzatzeko bide ona izan daiteke, horrela nahi izanez gero, zeren eta bestela konkurrentzia itsuan erortzeko arriskua baitu. Eta hain inpertsonala den mundu honetan Euskal Unibertsitateak eskain dezakeen berezitasunik handiena berdinen arteko harremana eta giroa da, inguruko Unibertsitatean, zoritxarrez —eta desberdintasunak apropos sortzen direlarik— ematen ez dena.

Bukatzeko

Erakunde ofizialek ez dute gehiegirik kontutan hartu UEU. Alde batetik, Espainia mailakoek aipatzerik ere ez dute merezi. Gure inguruan mugitzen direnen artean Consejo General Vasco delakoa ere kritikatu beharra dago. Lan gehiegi ote dute? Nafarroa beren eremutik kanpo gelditzen delako izan ote da? Ez ote da garrantzizkoa UEU bezalako mugimendu kulturala, Kultur edo Heziketa Kontseilaritzaren begien aurrean? Airean gelditzen diren galderak dira; agian haizeak eramanen dituenak.

Edozein modutan, urte osoan lan egin behar dela uste dugunontzat, VII. UEU hasia da jadanik. Parte hartu nahi al duzu? Bai? Ba, has zaitez lanean, taldean integraturik bada, hobe.

J. R. Etxebarria


Politika

Errudunentzat zigorra!

1978.go uztailak 8. gure bailarako jende asko, Pasai Antxon zegoen Sanferminak ospatzen. Goizeko 4etan edo, jakin zuen herriak berria: "Iruinean norbait hil dute". Taberna guztiak hitxi, barrakak ere bai eta honela bukatu zen festa eta hasi aserrea. Kamino 'nazionala' moztu egin zen barrikadez, gero hauei sua eman, eta dena espontaneoki, asanbladarik egin gabe, pentsatzeko astirik gabe, aserre bizienaren ondorio hutsa.

Erantzun hau berehala hedatu zen, eta konkretuki Errenteria izan zen biharamunean ekintzaren buru gure bailaran. Greba orokorrak, bai fabrikan eta bai herri mailan asanblada izan zuen gidari. Polizien jokaera eta mobilizapen gogortasuna, ezagunak ditugu bere orijinaltasunean... poliziek lapurketan ibili ziren Errenteria eta hauzoetan, dendetatik magnetofoiak, betaurrekoak, etab. harrapatzen zituztelarik. Ostegunez, uztailak 15ean, kalean inor ikusten ez zenean, han sartu ziren tiroka, erotuta, kristalak apurtzen, lapurketan, 'ordenaren zaindari' hauk. Arratsaldez, herriko asanbladan, indar hauen basatikeria salatu ondoren, ikertzaile batzorde bat izendatzea erabaki zen eta ondoko puntu hauk exigitu ziren:

- Indar Errepresiboen deuseztatzea

- Errudunentzat zigorra

- Gobernuak, kalte materialak ordain ditzala.

Ikertzaile batzordearen helburuak, hauetan konkretatu ziren:

Errenteriako gertakizunak aztertu, zaurituen eta material kalteen gain datuak jaso, indemnizazioak exigitu, etab.

Dossier txosten bat eratu, Errenterian borroka nola eraman den esplikatuz, (Asanbladak, eztabaidak, etab.) eta jasoriko datuak herriak ezagut ditzan.

- Borroka hedatu eta bere jarraipenari eutsi. Iruinean, Donostian eta hauzoetan, asanbladetatik sortu diren beste batzordeekin koordinaketa bat proposatu

Ikertzaile batzordeen koordinaketa.

Errenteriaren proposamenari erantzuna emanaz, eratu zuten koordinakunde hau. Honek, prentsaurreko batean informaketa eman zigun ikerketa eta helburuei dagokioenean. Koordinakunde honetan, Larratxo, Egia, Astigarraga, Errenteria eta Iruineako taldeak —peñak— hartzen dute parte.

Taldeotako ordezkariek, Iruineako gertakizunei dagokien datuak jasorik, dossier bat argitaratu dute eta kriminal kereila bat aurrera daramate. Baina, 'ez dugu balorapen politikoetan sartu nahi, ez baita peñen alorra' esan ziguten ordezkariek.

Beste batzordeak, Errenteria Eta Donostiako inguruetan jaio ziren, han izan baitziren mobilizapen eta errepresio handienak, Polizien basatikeria berdintsua izan zen puntu guztietan; beraz, ez lirateke hain inkontrolatu izanen. Egian ikurrinak erre eta oinkatu, atezain automatikoak apurtu, kristalak ere bai; Errenterian ikurrinaren aurka tiroka, atari eta denden kontra jo, lapurtu..., eta nonnahi jendea hil eta zauritu. Herriaren erantzuna ere gogorra izan zen, baina guztion galdera hau da: "Hain gogor hasi zen borroka, nola amaitu hain ahul"?

Errenteriak: "Alderdi gehienek ez zuten borroka bultzatzeko ezer egin baina bai galerazteko"

"Udal gestorak ez zuen, lapurketak gertatu baino lehen, ikertzaile komisiorik eratu, nahiz eta balak zaurituriko jendea izan".

(Magnetofoiak pertsonak baino gehiago balio al dute?)

Larratxok:

"Borrokaren bukaera frustantea izan da"

Astigarrak:

"Ez ginen alderdiek eraturiko batzordean sartu, hainbat interes sumatu genuelako han barruan"

Dena den, denon eritziz, greba bukatu ondoren ere, han esandakoei eutsi egin behar zaie. Asanblada guztiek Indar errepresiboen deuseztatzea eskatu zuten; Egian eta Larratxon Martin Villaren dimisioa ere.

Baina zein irtenbide eman publiko-ordenari? Batzuek "polizia autonomoaren" beharra ikusten dute, besteek berriz ez. Debatea herrietan jarraitzea beharrezkoa ikusten da. Helburu honetan eta datuen informaketa herriari emateko, Errenterian asanblada bat egin zen Irailaren 8an. Ez zen jende asko joan eta giroa benetan hotza izan zen. Zer izan da ba greba orokor hau? Euskal Herrira hilek dakarten berotasuna? Zenbat hil beharko ditugu gure helburuak garbi ikusteko eta hauk lortu arte borroka jarraitzeko? Baina eguneroko borroka eta ez barrikadetako sutan berotu eta gero itzaltzen

Itziar Urtasun


Gramatika

Ikastolako ala ikastolaren taberna?

Azken bolada honetan, herri askotan zabaldu dira era honetako tabernak. Arrakasta handiz gainera. Eta dudarik gabe, hainbeste elementu positibo dituzte: euskal giroa hedatzen dute, ikastolaren herritartasuna finkatzen dute, jendea ikastolaren aldeko egintzetara bultzatzen dute, dirua biltzeko ere bide ona dira (Madriletik datorrena baino gehiago eta bizkorrago), eta abar.

Zer esanik ez, nik neuk ere oso ongi ikusten ditut. Baina gramatika-sail honetatik, horrelako taberna gehienetan erabiltzen den izenaren kritika egin nahi nuke.

Nahastearen iturburua: Nongo, Noren

Beharbada erdaraz biak berdin erabiltzen direlako edo, sarri nahastu egiten dira -(e)ko eta -aren atzizkien erabilerak. Jatorriz, hala ere, zeinek bere eremu semantikoa du.

 Nongo delakoak zentzu lokatiboa du, lekuzko azalpen batetik datorkiona. Izan ere, non delakotik sortua da, eta beraz, zein lekutako, zein tokitako den adierazteko erabiltzen da. Bestela esanik, non dagoen esateko erabiltzen da. Dena den, lekuzko zentzu honi buruz, esan beharra dago ezen euskaraz denborak espazioaren zentzu berbera duela atzizkiak erabiltzean eta horrela non eta noiz berdintzat jo behar direla. Modu berean, nongo galdegilerako esan duguna, noizko galdegilearen kasurako esan daiteke. Hona hemen, ba, nongo galdegilearekin zerikusirik duten zenbait esaldi:

 - gure herriko lorategiak

 - kaleko trangoak

 - ihazko festak

 - etxeko lanak

 - buruko mina

Erraz ikusten denez, kasu guztietan non (noiz) dagoen galderari erantzuten zaio zuzenki.

 Noren delakoak, ordea, posesioa adierazten du, hau da, pertsona baten edo gauza pertsonifikatu baten propietate edo ahalmen bat. Azken batez nork duen edo antzerako zerbait esan nahi du. Hona zenbait adibide:

 - adiskidearen autoa

 - mendiaren ederra!

 - nire lagunaren alaba

 - euskararen etorkizuna

Hala ere, arazoa ez da hain sinplea eta behin baino gehiagotan zalantza sortzen da bi genitibo (posesibo eta lokatibo) hauen artean. Egia esan, zenbait kasutan eremu semantikoak ez dira erraz banatzen.

Herriaren, herriko

Zalantza sortzen da, halaber, pertsona eta gauza (edo leku) gisa erabil daitezkeen zenbait hitzen kasuan. Hauetariko bat, Herria hitza dugu. Dakigunez, hitz hau lekua edo eta gizataldea adierazteko erabiltzen da. Eta era honetako esaldiak egin daitezke:

 - Euskal Herriko hondartzak zikin daude

 - Euskal Herriaren geroa iluna da

Ikusten denez, lehenean lur-eremu gisa kontsideratu dugu, eta bigarrenean pertsonifikatu egin dugu eremu semantikoak argi banaturik daude eta ez da problemarik sortzen, hurrengo esaldi honetan sortzen ez den bezala:

 - herriko langileek herriaren alde lan egiten dihardute

 Herri hitzean finkatuz, asko erabiltzen den hitz konpostu hau sortua da: Herriko taberna. Oso hitz herritarra eta ongi erabilia, zeren eta herrian dagoen taberna herritarrari atxekitzen baitzaio. Dena den, hitz honen analogiaz edo, Ikastolako taberna delakoa sortu dute batzuk. Beste batzuk ordea, Ikastolaren taberna jarri dute. Bietarik zein aukera? Ala biak?

Ene ustez, kasu gehienetan Ikastolako taberna delakoa gaizki erabilia dago, zeren eta normalki taberna hori ez baitago Ikastolako lokaletan, aparteko lokale batzutan baizik. Hobe deritzot Ikastolaren taberna erabiltzeari, Ikastolak (gizatalde edo erakunde gisa) eratu duen taberna bat baita.

Izatez, Ikastolako taberna delakoa ere baliagarri da, baina beste esangura batez: Ikastolan (etxe gisa kontsideraturik) dagoen taberna.

Adibide batez azalduko dugu berriro arazoa. Demagun bi esaldi hauk ditugula:

 - ikastolako lagunak okerrak dira

 - ikastolaren lagunak gutti dira oraindik

Biak ondo ote daude? Zein da bien arteko desberdintasuna? Erraz ikusten denez, bi gauza adierazi nahi dira. Lehenean, haur batek berarekin batera ikastolan ikasten duten haurrak aipatzen ditu (nongo lagunak? ikastolakoak). Bigarrenean, ostera, ikastola-mugimenduak dituen lagunak edo aldekoak dira eta ez ikastolan bertan daudenak soilik (noren edo zeren lagunak? ikastolarenak).

Beraz, kalamatika aspergarri honekin bukatzeko, Ikastolaren taberna idatzi behar dela dirudi.

J. R. Etxebarria


Gurutzegrama

Larry Trask


Postak

KOMUNIKATUA

BASAURIko IX garren euskal abesti jaialdiaren oinarriak talde berrientzat BASAURIko udaletxeak antolatuta.

1. Jaialdi honetan parte hartuko duten taldeek (Hiru ala gehiagorekin osatuta) ohar hauk bete behar dituzte.

a) Euskal abesti jaialdi bi baino gehiago irabazigabeak izan behar dira.

2. Abesti hitzak euskaraz egongo dira.

3. Jaialdia 1978-ko urriaren 12an arratsaldeko 20etan ospatuko da "Cinema Social de Basauri" delakoan.

4. Parte hartzaileek datu pertsonalak bidali behar dituzte, izen deiturak, helbidea, tokia, jaioeguna eta norberaren D.N.I. eta hiru abesti hitz (ala gehiago nahi badute). Bakoitzak hiru kopia eta erdaraz itzulita.

Guzti honek Irailaren 28-an baino lehen izan behar du. Beharrezkoa baita taldearen izena.

5. Sariak ondokoak dira:

1. 11.000 pzta. eta trofeoa.

2. "

3. "

4. "

5. "

6. Jaialdiaren irabazlea era honetan aukeratuko da:

a) Botu guztietatik erdiak 5 pertsonaz osatu jurado batek edukiko ditu eta hauek parte hartzaileen lan pertsonala kontua edukiko dute, bai abesgintzan, bai hitzean, bai esanahian, bai soinuan bai interpretazioan eta baita ere gaurko musikari ematen zaien bultzada berrian.

b) Beste erdiak jaialdian dagoen jendeak emango ditu.

7. Partaideak helbide honetara jo behar dute.

JOSE MIGUEL MERA BENGOA

Tiburtzio Bergaretxe /K n/o 1

BASAURI

BIZKAIA

Tf. 449.09.02

OHARRA:

Parte hartzen duten taldeak bost baino gehiago balira, kanta saio bat egonen litzateke Urriaren lan, eta bertan erabakiko da nortzuek hartuko dute parte azken saioan.

Azken saio honetara iragaten ez direnak 1.000 pztako saria guttienez izanen dute. Joanetorriak kontuan edukiko ditugu agian. Talde guztiei eskatzen zaie telefono bat ematea.


Zilarrezko krabelina

Nor da euskaldunen artean, aldez edo moldez, Verdesen liburudendaren izena eta izana ezagutzen ez duenik? Nor, noiz edo behin bertara euskal obraren baten bila joan ez denik? Asko eta asko, zoritxarrez. Baina, tira ba, ez luke inork egon behar.

Verdesen liburudenda, dena den, Bilbon euskal liburutan gehien saltzen duena da, eta erosketak biltzeko paperak euskaraz jarrita dauzka, oso egoki gainera. Posta kalean —hobeki IKURRINAREN KALEA litzateke, hor jaso baitzuen gure Sabinok lehenbizikoz gure bandera— dagoen denda horri, beraz, zenbaki honetako zilarrezko krabelina opa diogu bihotzez. Ez dago zergatik.