ANAITASUNA

IV URTEA — N. 36

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Urtarrilla-Zezeilla (1-2) 1957


Ziñea eta gu

Bilbaoko periodiko batek verba egin dau ille onetan, ziñeak gure artean artu dauan indarraren gaiñean.

Gaur egunean —diño periodisteak— 25 ziñetoki dagoz Bilbaon, kategoria industrialekoak. Beste 15, klase orretakoak ez direanak, kolegio ta parrokietan diarduenak. Guztitara, 40 bat ziñetoki. Danen artean —kalkulua oker ez badago— 35 milla jezarleku eukiko ditue gitxi gorabeera.

Egin daigun, domeketan sesiño guztietan ziñetokiak bete egiten direala, eta 100 milla lagun eukiko doguz, domeketan ziñera doazanak. Onek esan gura dau, Bilbaon orretarako edadea daukenen artean, erdiak baiña geiago domekan domekan ziñera doazala.

Bilbaotik kampora urtenda, provintziako errietara joaten bagara, 120 ziñetoki or or aurkituko ditugu, batzuk ofizialak, beste batzuk katekesikoak. Euren aforua kalkulatzea ez da gauza erreza; baiña alan ta guztiz-bere, jezarlekuen numerua ez da ibilliko 60 millatik beera nunbait. Eta provintziako ziñetoki bakotxak kalkuletan badogu domeketan sesiño bi bakarrik emoten dituala, orduan ziñe-ikusleen numerua 120 millara elduko da.

Gauzak olan direala, bildur barik esan geinke, Bizkai guztian domekero 225 milla lagun gitxi gorabeera ziñera doazala. Eta Bizkaian jazoten dana, proporziñoa gordeta, bete betean luzatu geinke Gipuzkoara. Orrezaz gaiñera, Espaiñian egiñiko estadistikak diñoskue, ziñetokiak dagozan errietan, amaika-amabost urteko neska-mutikoen artean euneko larogetamazazpi astero ziñera doazala.

Auxe da ziñearen estadua gure artean. Estadu egiazkoa. Aor dagoz numeruak. Ezin ukatu geinke egia. Gaur egunean, naitanaiez jaramon egin bear deutsagu ziñeari danok, batez-bere gurasoak eta gaztediaren edukatzailleak: maixuak, abadeak, fraideak eta monjak.

Alde batetik, poztu egin bear giñake ziñearen orrenbesteko zabalkundeagaitik. Pelikulak onak direanean (eta ba-dagoz egon be film bikaiñak) influentzia guztiz ona egiten dabe ikusleen biotz-buruetan.

Beste aldetik barriz, ez doguz begiak itxi bear ziñearen peligruaren aurrean. Zoritxarrez, filmegille goienak kasu geiago egiten deutse euren probetxu ekonomikoari, lagun urkoaren onari baiño. Eureri ez jake konveni, adibidez, pelikula asko gazteentzako bakarrik egitea, olan diru gitxiago irabaziko dabela-ta. Orre-gaitik. gaur egunean, gitxi, oso gitxi dira pelikulak, ume ta gazteentzako egoki direanak.

Zer egin ziñearen peligruaren aurrean? Besoak batuta egon, arik-eta pelikulak berez ondu daitezan artean? Lekutan dago oraindiño egun ori; urrun dogu oraindiñokarren «Film Ideal» aren garaia. Eragotzi ume ta gazteeri ziñera joatea? Alperrekoa izango litzake gure alegiña. Gaztea ziñera doa, eta ziñera joango, gu gorabeera.

Oraingo une onetan, auxe da, nire ustez, guraso ta edukatzailleentzako biderik egokiena: formatu txikitatik gazteen espiritua, ziñetik probetxurik geien ataraten ikasi daien eta pelikulak kalterik gitxien egin deioeen.

Berriatua


Frantziako euskaldunak

Gabonetan eta Urte Barri egunetan, Bizkai-Guipuzkoetan zear ibilli da Dom Xabier Iratzeder, Frantziako euskalduna, Beloke'ko Benediktinoa, fama aundiko euskal poeta eta eskribitzaillea.

Fraide ospetsu onen impresiñoak ANAITASUNA'ren irakurleeri ezagutu eragiteko, eta Beloke'ko Benediktinoen barri gure artean zabaltzeko, kuestionario bat bialdu neutsan bere komentura. Beingo baten erantzun eustan Laburdi'ko euskera ederrean.

Ona emen, bizkaieraz ipiñita, bere erantzunak:

— Nun dago Beloke?

— Lapurdi'n. Baiona ta Hazparne bitarteko mendi baten gaiñean. Ez dago Arantzazu baizen altu. Oñati'tik Arantzazu lez, gitxi gorabeera. Ahurti'tik urrun.

Iñoiz Beloke'ra bazatoz, ez artu Ahurti'rako bidea. Zoaz Baiona'ko San Andres eleiza ondora, eta an artu arratsaldeko lauterdietan Bastida'ra doan autobusa.

Oraintxe dira larogetabi urte, Beloke'ko komentua jaso zala. Sasoi atan, moltzoka joaten zirean euskaldun gazteak Ameriketara. Errian batzu-batzuk geldierazoteko eta bertoko guztien laguntzarako, Lapurdi'ko iru abadek jaso eben komentu au.

Euskaldun gazte asko fraidetu zirean orduan eurakaz batera; eta ogei urte igaro baiño lenago, ogetamar bat fraide gazte bialdu al izan zituen Notamerikara (Oklahoma'ra), eta Sudamerikan Argentina'ra an sakabanaturik bizi zirean euskalduneri kristiñau bideetan laguntzeko.

1906'an Frantziako lege baltzak Beloke'ko fraideak kampora bota zituen, eta eurakaz sortu ta ornidu zan Gipuzkoan Lazkano'ko Benediktinoen etxea. 1926'an barriro biurtu zirean Beloke'ra, fraide giputzak Lazkanon itxita.

— Zein da Fraideen zeregiña?

— Lenen lenengo, gau ta egun Eleizearen otoitza euskal lurretik zerura bialtzea. Gero, otoitz bitarteetan, Aita Abadeak (Nagusiak) aginduriko lana egiten dau bakotxak. Komentuko lanak: umeeri eta fraidekieri jakin bear dabena irakatsi, eta etxaldeko lurrak landu. Egunean gitxienez ordu beteko esku lana guztiok egin bear dogu. Errietan zear, zazpi edo zortzi Aita fraide ibilten dira prediketan. Belokera bertora, gente ez gitxi etorten da, fraideakaz otoitzean jardun eta egun batzuk igaroten.

— Zenbat Fraide Beloken?

— Larogei fraide gara. Amar bat bizi dira Paue'ko gure komentuan. Beste guztiak Beloken: berrogetamar inguru Aita fraide, amalau Anaia, eta amabi Aitafraideki edo seminarista.

— Nundikoak?

— Irutarik bi Euskaldunak dira, besteak Biarnokoak ta Landestarrak. Ba-dira iru edo lau Parisekoak, eta lenengo urteetan giputz asko zirean Anaien artean.

— Vokaziñoak ugari?

— Ez. Urtean, batez beste, gazte bi sartzen dira. Baiña komentuan urtean bat ilten dan ezkero, orregaitik geldiro geldiro geituz goaz.

— Zer egiten dozue euskerearen onerako?

— Zer? Dana. Euskerearen onerako Jaungoikoari osorik eskiñita bizi gara, eta gure otoitza, predikaziñoa, eta jardun guztiak aren onerako izaten dira. Azkenengo urteetan liburu asko atara doguz. Orra, batzuen izenak: Kantitak, Méthode basque, Eguerri, Ezkongai, Ezkillen bataioa, eta abar. Baiña egiñak, egitekoen ondoan zer? Lan aundia egin dau Aita Lerchundik eleiz-kantak zabaltzen. Aita Gaxitegik be, Ameriketan ainbat urte igarota gero, kemen aundia darabil baserritarren artean arlo onetan lan egiten.

— Zelan dago euskerea Frantziako euskaldunen artean?

— Zelako preguntea? Verbaldi oso bat bear litzake ondo erantzuteko. Eleiza guztietan abadeak euskeraz prediketan dabe, uri aundi ta beranduko mezetan izan ezik. Genteak euskeraz egiten dau bere bizitzako artuemon guztietan, euskeraz egiten dauan ala ez pentsau be egin barik. Azkenengo sei urteotan, Paris, Bordele eta Tolosako euskal ikasleak asko bizkortu dira, eta uda sasoian euren batzarrak egiten ditue euskerearen onerako.

 — Orain baiño lenago egon zara iñoiz Ezpaiñiako Euskalerrian?

— Bizkaian ez. Gipuzkoan sarri, eta Naparroako Lekarotzen igaz Aita Donostigaz igaro nituan-egunak. ez ditut iñoiz aztuko.

— Zelako diferentziak aurkitu dozuz Euskalerri bien artean?

— Zuen eta gure baserritarren artean gitxi. Miñik geien emon deustana, eleizetan ikusia. Gentearen kantua, korukoak jan dabe zuen Euskalerrian. Gizon guztiak eleizan, eta guztiak mutu! Gure artean barriz, mezatan gogoz abestuten ditue Kyrie, Credo, meza-kantak, eta vezperetan modu zarreko salmoen tonuak. Gizonak alper egoten badira eleizan zelan ez dira ba gogaituko. Onetan, ba-dauke zuen arteko eleizgizonak eginbear aundia. Ona emen beste diferentzia bat: Or zuek indarra ta sua, guk baiño geiago daukazue. Baiña indar eta su orrek galdu eragiten deutsue askotan gure artean ikusten dan neurri ta gustu oneko euskaltasuna.

— Zer diñostazu Frantziako bizitza liturgikoaren gaiñean?

— Verbatxu bat bakarrik. Ederto zabaldu dira Beloken egiten ditugun meza santuko kantak, batez-bere «Gau Saindua» ta «Pasionea». Azkenengo au, Hazparne'n, Donibane Lohitzunen eta beste leku batzuetan, solemnikiro kantetan dabe urtean urtean.

— Zelan aurkitu dozu euskerea gure artean?

— Bilbaon, ia ia ez dot bapere euskerarik entzun. Beste tokietan, uste neban baiño geiago. Min artu dot zuen artean azpitiko erriertak ikusiaz. Batzuk garbizale dira, besteak argizale. Batzuk osozale. (euskera osotua gura dabenak) besteak txokozale (euren erri edo provintziako euskerea maiteegi dabenak). Dana dago ondo, baiña neurria ta gustu ona ez da galdu bear. Bide guztiak oba, alper egotea baiño. Beste guztien gaiñetik, arren, alkarren kontra ez ibilli, anaiak! Etxearen arerio gaiztoenak, geu; etxearen ondatzailleak, barruan bizi gareanok! Buru gogorregi gara. Besteen eritxiak ezin eroan izaten doguz. Urrunekoa maiteago, etxekoa baiño. Alkartu gaitezan guztiok!

— Zer gustau jatzu geien gure artean?

— Lenengo, leku guztietan egin deusten ondoetorri zabala. Ondo litzakigu sarriago alkar ikustea. Urrunetik gerizea ikusten da, urretik argia, ta onelan alkarren berotasuna zabaldu. Ez ditut aztuko Arantzazun Aita Fraideekaz, Gesaltza'ko bertsolariagaz, Aita Goikoetxea, Aurraitz, Enbeita, Basarri ta beste batzukaz igaro ditudan ordu beroak.

Bigarren, atsegiñez jakin dot, ba-direala Bilbaon eun bat euskaldun barri, Iruñen berreun... Euskera ikastea, orra or jaioterria maite izateko modurik onena.

Irugarren, orko euskaldunak, egiazko gizonak! Baiña pentsa daiela kurutzeak gizondu dituala eta ez daiela oraingo errez bideetan kurutzearen amodioa galdu.

Uste dot, zuen artean gure Euskalerrian baiño obeto ezagututen dabela Jesukristo. Sarriago doaz mai santura komulgaltzen. Sei gizaldi oneetan, Kristoren libertadea ta poztasuna zabaldu izan dabe Frantziskanoak zuen artean. Egiazko libertadea ta poza, kurutzearen lora!

Mendiz bestalde orretan ibillian ibillian ikusi dot, Benediktinoak be eginkizun ederra egin leikeela. Eta nok daki gero? Ba-leiteke, Lazkanon dagozanak toki ederren bat, Beloke antzekoa, or nunbait aurkitutea, beste fraideen lagun, zuen euskal gogoa neurrian eta gozotasunean obarantza eroateko. Gozotasuna ta neurria, ixiltasunaren lorea!

Laugarren, esan bear neuke ze atsegin aundia izan neban Bermeoko fraideekaz, zenbat gustau jatan Azkue'ren egunean Aita Berriatua'ren «Lagunarteko Mezea» eta Escudero'k musikaz apainduriko Lizardi'ren «Illeta».

Baiña bego berton, geiago barik. Bizi bedi ANAITASUNA. Eta orko euskaldun guztiak alkarren anai izan daitezala, guztien adiskide: mundu zabala baizen zabalik daukela guztiak biotza.

AINGERU


Zentzunbako usteak

Ez dira gutxi gure artean; beste erri geienetan lez, euskaldunen artean be bada makiña bat zentzunbako uste ta pentsakera bidebako. Zentzun aundiko erria garean entzutea euki arren, zenbat kaikukeri darabilgu gure buruetan barru-barru sartuta: indarra, zorioneko asto-indarra, yakituria ta zintzotasuna baño gorago ipinten doguna; ardau asko erateak emoten daben gizontasuna; yatea, saiaren antzera yatea, ¡a ze ederra dan! naiz da urdalleko miñez il. Zelako ardura emoten dauskuen gure eztarri ta sabelak. Besteak baño geiago izateak, indarrez edo erronkaz. Eta burua? ja! izan be, burua... txapela erabilteko. Baña izakera onen susterrak urrundik datorkiguz. Txikitatik entzuten gagoz: «yan, yan, yaten dabenak aldean dauko ta», «Ez kantsau bururik zoratuko zare ta», «Ori dok mutilla, azunbreterdi eran da igarri bez», eta abar.

Erri bakoitzak bere izakera osotzen dauren oitura ta yokerak eukiten dauz, batzuk onak eta beste batzuk txarrak edo kaltegarriak; oneik galerazteko alegiñak egiteari bidezko deritxiot, erriak be, gizonak letxe, euren izakera obetzen alegindu bear dabeleko.

Orregaitik, gure astokeri zaletasunak aitatzen asi naz.

Baña gaurko lerro onen asmoa auxe da soilki: eskerari buruz doguzan zentzunbako usteak agertzea. Izan be, gauza onetan, euskaldunen yokera, aspaldiotan beintzat, ezta guztiz zentzunduna.

Utzi daiguzan alde batera euskaltzaleen aburu ezberdiñak: batzuk alde batera yoten deure ta beste batzuk bestaldeko ertzeraño doaz; batzuk, erderakadarik ez esateagaitik inguruka ibiltzen dira ta besteak ostera, erakusgarritzat edo, erdal itzak erabiltzen dabez, bear eztiranean be; baiña badira ta ez gutxi erdiko bidetik dabizenak be; zentzun onak beti garaitzen dau ta arlo onetan be uste dot garaituko dabela. Gaur agertu gura dodazan kaikukeriak, geure artekoak, erri guztietako geienok ziñizkaitzat daukaguzanak dira; ona emen bat; euskera garbia izan ezik ez dala euskera uste izatea; amaika euskaldunen buruetan bada uste au, itz garbiz izan ezik, ezin leikela idatzi edo irakurri, ezta berba egin be leku askotan; uste onek kalte aundia egiten dautso euskereari. Munduko erri guztietan izkera yatorra ta aberatsa ta al bada garbia erabiltea egoki izaten da, baita gurean be, yakiña; baña ezta beti gauza erreza yakintza arazoetatik baztertutako izkera bat ondo yakitea ta gutxiago euskerea lako izkera zar bat, eskolatik kampora dagoena; onan dala ¿zer egin? ¿erdera erabilli? au egiten dabe askok, baña egite au, euskerea ta euskalduntasuna ukatzea da. Obe da euskeraz yarrai, dakigun neurrian eta ikasten alegindu; beste izkuntzak be eztira berez yakiten, ikasi egin bear dira, ta ¿zegaitik ez dogu ikasi bear geurea? Ez gaitezen izan kaiku alperrak. Eta entzun ondo: erderakada batzukaitik ez ikaratu, ez lotsatu erderazko itzak erabilten, bearrezkoak diranean.

Badogu beste ustekizun ero bat, lengoaren bestaldea dirudiena, baña bera baño zarragoa ta txarragoa dana, nire ustez: geure erriko edo auzoko berbetea onena dala uste izatea. Geuk ondoen egiten dogula ta beste daneri irri ta barre egiten dautsegu: orregaitik, auzo-errietakoak gure artean doguzanean, sarritan guk baño obeto yakin arren, ez dabe gura izaten euskeraz berba egiterik gure «barretxoaren» lotsaz.

Erderaz egiten dabe naiz da txarto egin, da onelan, astiro.astiro, euskerea, gure izakerea emon dauskun izkuntza, geure erruz baztertzen dogu. Afrikako beltzak egingo baleukie au, atzeratuak direala esango geunke, eta gu ¿zer ete gara? Zeinbat obeto egingo geunka inguruetakoen itz yatorrak eta egokiak ikastea, euskalduneri beti euskeraz egin eta iñor ez indartu erdera erabiltera. ¡A, olan balitz! Beste adar baten legoke txoria.

ZALTZAI


Jaiak, zertarako?

Astea nekez doa. Luza egiten dira egunak astelenetik domekara, ta ganera baditu egun bakoitzat ainbat ordu lanean ekiteko. Baserritarra amaitu ezineko lanetan diardu, lan gogorra ta sari eskasa.

Naturalezaren indar guztiak bere gainera jatorkoz. Negu gorriak bere arpegi kolorgea, bere gorputz billosa erakusten dautsonean, dindirriak zur-ziloetatik dingilizka, belaun buruak alkarreri mosuka, aizearen oiu zorrotzak belarrietan ataraten dautson durundua, infernuetako deabru guztiak balebiz lez txistu-otsean; eztanean eguzkia bere suzko garrakaz kaldan ipinten dauena, gorputz guztiko izerdia lur egarritsuagaz bat egin da, uda goienean etxeratuko dituan laboreen ernerasiz baita Jaungoikoaren lege gogorra «zeure bekokiko ikerdiagaz...» bete bearrean. Beti burua makurrik, egun obeagoen esperantzan.

Azken baten, etorri da zapatuko iluntzea. Etxaldeko mutil gazteari agertzen jako aurrean domekea, mariñelari portua, ta mendian gabaz galduta dabilenari an urrinean ikusten dauan argitxoaren keiñua bezala.

Ogei urteetako ilusiñoari egoak ipinten dautsoz, ta txori bat kaiolatik urtetan dan antzera, an doa aidetik egazkadaka ametsaren arraiñura. Ezta urrinegi joango, bere mundua txikerra dan ezkero. Biar, au, ta ori, ta bestea. Auzuneko mutil lagunakaz ekitaldi galantak egingo dauz, joan diran San Juanetako arito-burrukak dirala ta. Barriro be ikusiko ditu aitzpeko baserrian bizi dan alaba gaztearen begi baltz zoragarriak, ta irudituko jako biotzaren taupadak lagunen aurrean zalatuten dauriela, bardin lapur batek uste dauenez bere egite gaiztoak seiñale bat jartzen dautsiela bekokian.

Domekea etorri da, ta joan be bai arin. Ta alan doaz, igarri barik, astegunak, jaiak eta illak. Ta alango baten ¡Soldautza! Iñoiz ezta aitatu itz triste au baserrian, jakin arren lege onen beso astuna errukibarik luzatuten dala guztiari ukutuagaz. Amaren negarrak, ta aitaren «kontuz gero» laguntzen dautsie leenangoko amabost egunetan. Gero...

Etorri da, ba, mutilla betiko etxera. Gizon itxurea artu dau. Bizarra ugaritu jako, begiak sakondu, baita bere izakera aldatu da: mututu egin da, bere barrea azalekoa bakarrik da, pentsamentuak ostontan ikasi dau. Ezta leengoa. Ekiten dautso baserriko zereginetan, baña obligaziño bat lez, bere gogoa urrinean dauka beti. «Eingo da», diño aitak, «domekeak ekarriko dau», amaren erantzuna.

Idia, be, buzturrira egiten da; bridak erakusten dautsie zaldiari biorra zaneko bizitasuna eztala betiko. ¡Neskatillak! Bai zera, ainbeste ikusiak da, ze.

Beste bide batzuk ikasi ditu Argiaren ordez, iluntasuna; eguzkiagandik igezka dabil, ta mozollo bat bezala gabari eskeintzen dautzoz bere onenak, taberna bazterrean kabia eginik, ardauren espirituak zentzuak lañotuten dautsazela, ta bide batez bere miña askatu. Nozean bein aituten jakoz oneitiko berbak: «mundu barri bat», «erlegiñoa», «komunismoa».

A. Totorika


Geisorik dagoanak, osasuna gura

Eztautsagu bapere baliorik emoten osasunari, oiñen ganean bizkor gabiltzan-artean. Ori, berez eta dubarik yatorkula uste izaten dogu-ta, kanpoko aizeari beste jaramon egiten dautsagu gure osasunari.

Eta arro arro ibilten gara, au eta ori egiteko asmotan; biar ara joateko ustez; urrengo astean zeregin batzuk amaituteko itxaropen osoz.

Baiña... guk eskatu ez arren, guk deitu ez arren ¡txaka! alakoren batean, uste uste barik, orra nun agertzen yakun aspaldiko adiskide GEISOA, isil-isilik, aurretiaz iragarri barik.

— Ene! Zer ete dot au? Burua, ariña ala astuna dodan, ezin igarri. Gerriak bere, nagitasuna edo, miña edo... Begien logurea egunez, etzunteko gogoa. Eta nik al dakit zeinbat zer!

Zer gertatu dala? Leentxoago esan doguna. Ezertxu adierazo barik, arrotza, kanpotarra sartu dala gure gorputzera. Eta bein eldu ezkero, ez yako gustaten bereala barriro aldegiterik.

Eta orduan asi oi da eztabaidea.

Arrotzak guregan, gure soiñean egon gura; ta guk, geiso dagoanak, lenbailen kanpora bota nai. Guk puzkadak eta bira-birakak eta arnasaldi luzeak... Eta geisoak edo gatxak, isilik arean bere, bere leku ta bazter jakiñak ondo artu gura, geuregan alditxu baten ostatari egoteko asmoz.

Aspaldion, edonok dakigu osasun kontuan leengoak baiño geiago.

Galtzarpean ipinteko kristaltxua ez al dakizu zein dan? Or, teillatu ganeetan eta, burdiñazko burduntzi antzeko bat ipini oi dabe, aizea nundik datorren jakiteko. Aize-orratza deritxo ziri orreri.

Guk, soin-termometru oni, osasun-orratza esango geunskio izenez.

Kristaltxu orrek, egundoko poza emoten dausku sarritan. Batzuetan, ostera, atsekabea eta buruaustea. Zergaitik ete dot nik gorputzean onenbeste bero? Sukarra eta dot ba? Oi dan baiño berotasun geiago? Eta egia, bero-neurkiña galtzarpean ipini eta... kontxo! 38-tik gora an barruan dabillen zidarrezko arra. Luzatu eta luzatu! Olakorik!...

Eta orduan... agur gure amesak! Bertanbeera gure bein beiñeko asmoak. Oien barruan sortu, izara artean batu, eta kitu... Eztago kalera urteterik.

Gatxak, laster arin igarten dau bere etorrerea sumau doguna. Eta badakizu zer akiakula edo azerikeri egiten dauskun? Biaramon goizean apal apal eta bigun bigun agertu Sukarra ezkutau lez egiten dau; gabaz lorik egin ez baldin ba dogu, goizealdean eta eguberdi ingururarte edo, lo egiten uzten dausku.

Eta orrek, gure asmoak barriztau egiten ditu Au joan da, osatu gara ainbatean. Baiña, bai zera! Ziri ederra sartu, gero, arranotan guri GEISO jaunak!

Arratsalde erdian, orra, barriro bere, nun yatorkun astuntasuna, nekea, berotasuna, sukarra!

— Nora eroan daustazue, ba, neure osasun-neurria, termometrua?

Barrirren barri jarri daigun besapean. Minitu bat, bi, iru... Ondo ete dabil orratzau, ostera? Gitxi igon dauala uste dot nik, buru onek eztanda egin bear daustala dirudi ta! Ia, barriro ipinita.

— Ai, ai, ai! Ori beste konturik da! Ba nengoan ba! Ogeta emeretzi baiño marratxo bat gitxiago!... Biar goizean, osaguilleari dei egin bear dautsagu.

Osaguille jaunak gizon zintzoak dira. Beti dagoz lanez gaiñezka. Beti, edo beintzat, astean bost eta erdi egunez bai. Zapatu arrastian eta domekan geisorik jarten baldin bazara, ori... zeure kontura izango da. Geisorik jarteko egun egokienak dira... osagilleak kanpoan edo jolasean edo atsedenean diraleko.

Ingelesak euren lanak eta atsekabeak, astelenerako uzten ei ditue. Geiso jarriko danak bere, beste orrenbeste egin bearko aurrerantzean...

Eta emen asten da gure oe-aldiko bigarren atala.

Izerdi, min, egarri, gogaitaldi; orrek guztiok batetik. Eta bestetik, oraingo zikilladak. Bei eta idiei lez egiten dautsez orain gizonei bere, sastada ederrak. Arei akuluaz ziki egiten dautsen antzera, guri beste kristalezko tubotxu orrein puntako orratz mutur zorrotza sartzen dauskue mamiñean, edo zanetan bere bai. Eta mamiñean danean, tira! Atximurkadatxua lez izatean da, baiña luzaroago irauten dauana.

Ez, ostera, bein bakarrik, ez orixe. Egunero izan oi da joste au, ari bako josketa au. Eta orduan bai, askenerako, minduta izten dauskue besoa, edo iztarra, edo atzekaldea. Eta jesarrita egon nai, eta kontuak izaten ditugu...! Etzunda egon bearko! Eta noiz arte? A, ori... beste morroiak esango dausku noiz. (Beste morroe ori, GATXA da, guregan bizi dan arrotza; goizetan sukar apala eta beekoa emoten dauskuna, eta illuntzean, 38, 39 eta abar iragarrierazoten dauskuna).

Gaurko naikoa da, irakurle, eta urrengoan agertuko ditugu geisoaldiko beste gorabeera politago batzuk.

E. Erkiaga


Zinematografia

- Igaro dan illean, Humphey Bogart artistea il da Iparramerikan 56 urtegaz. Bere gaixoa, cancer (euskeraz biziena) izan da. Azkenengo pelikuleagaz irabazi dauan guztia, gaixo orren kontra lati egiteko itxi dau. Bere apellidua ez zan Bogart, Bogarti baiño. Bere gurasoak, italianoak zirean.

- Laster eroango da pantallara «Viktor Riesel'en Historia». Gizon ori, New York'eko periodista ospetsu bat da. Orain dempora asko ez dala, bere periodikoan gansterismoaren kontra izugarrizko artikuluak idazten asi zan. Egun baten, radio ta televisiñoz verbaldi bat eginda gero, etxera joianean, ganster batek azidu sulfurikoa bota eutson aurpegira eta itsutu egin eban. New York'eko polizia laster movidu zan, eta ganster talde guztia kartzelan sartu eban. Eta antxe dagoz oraindiño tribunalen sententziari begira. Pelikulea New York'en bertan egindo da, eta gauzak zirean lez agertuko dira. Olantxe goratu nai dau Nortamerikak periodista bikain ori.

- Orain dempora asko ez dala, Madril'en egon da Vittorio de Sica, ziñeko gauzetan fama aundiko gizona: direktore ta artistea batera. Gutariko geienak ondo ezagututen dogu Vittorio de Sica artistea, pelikula askotan Gina Lollobrigida ta Sofia Loren'en ondoan ikusi dogu-ta Berrogetamar urte baiño geiago eukiarren, Italiako pelikuletan bera da oraindiñokarren «mutil gazte ta galai» estimaduena. Pelikuletan agertzen danean —apurtxu bat baiño ez bada be—, diru guztiz asko pagetan deutse, beste iñori baiño geiago. Artista dan aldetik ezagutuarren, bearbada ez dakigu Vittorio de Sica munduko ziñe-direktorerik onenetarikoa dala. Bere pelikula batzuk, askoren eritxiz, ederrenen artean ederrenak dira. Esate baterako, «Limpiabotas», «Ladrón de Bicicletas», «Milagro de Milán», «Umberto D.», «El Techo». Azkenengo au oraindiño ez dau ikusi Espaiñiako publikoak Luis García Berlanga'ren ustez, «EI Techo» da ikusleen biotzetan sakonen sartzen dana. Pelikula guztiz ona izan bear dau nunbaite be, Ziñearen Ofiziña Internazional Katolikoak lenengo saria emon deutso-ta. Madril'en egon dan egunetan, entrevista asko egin deutse; berak emoniko erantzunen artean, oneexek biok ipiñiko doguz emen: «Siñistuten dozu Jaungoikoagan?» «Bai, italiano on baten fedeagaz». «Katolikoa zara?» «Baita, Jaungoikoagan benetan siñisten dot-eta».

— Aita Felix Landaburu, deontologiazko konferentziak emoten asi da Madril'en, ziñearen bitartez. Orretarako, tema batzuk aintzat artu ditu, pelikuletan geien geien agertzen direanak: gorrotoa, karidadea, bildurra, suizidioa, gerrea, guzurra, maitasuna, adulterioa, valore sozialak. Gauzak obeto argituteko, tema bakotxeko pelikula bi autatu ditu: soluziño zuzena dakarrena bata, eta soluziño okerra emoten dauana bestea. Elegidutako pelikulen artean, ona emen batzuk: «Idolo de Barro», «Rashomon», «Muerte de un Ciclista», «Torero», «La Ley del Silencio», «Brigada 21», «Marty», «Picnic», «Ladrón de Bicicletas», «Surcos», «La Gran Ilusión», «El CrepúscuIo de los Dioses». Lenengo konferentzia guzurraren gaiñeau izan da, eta «Rashomo», pelikulea artu da estudio arlotzat. Pelikulea ikusita gero, alkarrizketa beroa sortu da, eta gogoz estudiatu dira film orretan agertzen direan egitadak (batzuk onak, beste batzuk txarrak), pelikulearen pesimismoa eta osterantzeko problema moralak. Guztiz ondo asi dira Aita Landaburu'ren konferentziak. Nunbaite be, exitu aundia eukiko dabe Madril'eko ziñezaleen artean, alde batetik konferentzia-agillea guztiz ona dalako, eta bestetik pelikulak valore estetiko aundia daukelako.


Humorearen txokoa

Au be Plaentxian gertau biar

Plaentxiako errian, gizonik aña gaitz-izen. An iñok ezautzen ete dau bere egizko izena?

Bein juan zidan umia bautizatzera, da abadiak itandu eutson aita-pontekoari:

I, Atxolin, izena zelan ipiñiko jeutsagu?

— Ba..., orregaitik ezaitez estutu jauna ipiñiko deutsie-ta.

Egixa esan, ezeukan errazoi makala gure Atxoliñek. Baiña:

— Tira, tira, emoidak izen bat, esaten deutso abadiak.

— Ba..., e..., Tigre ipiñikotsagu.

— Tigre?, Aitxiaren ta semiaren!, diño abade jaunak, ik esateko eztok asko! Baña ez aldakik kristauari basako pristixen izenik ezin leikiana ipiñi?

— Da, gure auzoko Zozua-n semiari ipiñi zeutsien ba Leon.

Agua-bete agiñekin laga eban.

ILLORDO


Humorearen txokoa

[Bineta]


[Esaldi solteak]

Euskaldun dana anaitzat artu daigun nonai ta lagundu deiogun.

Euskaldun izatea munduko doairik aundienetakoa da egun gaiztoetan be.

Guraso euskaldunak euskerearen eusle.

Aal danik eta geien baliatu gaitezan euskereagaz gure bizitzako zeregiñak eta esan-bearrak adierazoteko.

Bertso-barriak zabaltzea euskaldunen nortasunari indarra emotea da.

Euskalerriko alderdi guztiak berba egiten deuskue ipuiñen, kanta zaarren eta olangoen bidez.