ANAITASUNA

1978.EKO URTARRILAREN 15EKOA

355. ZENBAKIA - 50 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 1.000 pezeta

Latin Amerikarako 1.150 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 1.300 pezeta

Ale bakoitza: 50 pezeta


[AZALA]

KULTURAREN AHULA!


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5. Ohar laburrak

6-7. Politikakeriak

8-9. Euskal Herriko ezkerraz

10. Doña Prudentzia

11. Labur baina mingots

12-15. Iparraldearen haserrea

16-17. Ikasbide ikastolako irakasleen oharkizuna

18-19. Halere...

20-21. Txilen komeria txar bat

23-25. Elkar ikuska

27-29. Gure Gernika Unibertsala

30-31. Txaloak (Autonomiaurrekoa dela eta)

32. Ahosabaia lehortu egiten zait

33-35. Zientzia

36-37. Natur Eremuaz (1)

38-41. Haurra aktibitatean hazi eta hazi egiten da

42-44. Zinea (Joseph Losey)

45-47. Musika (Oskorri taldearen disko berria)

48-50. Kirolak

51. Irakurlearen saila

52-53. Postak

54. Anaitasunaren oharra

55. Gurutzegrama

56-57. Gramatika

58. Kaleko

Leg. Gor.: BI - 1753-1967


Editoriala

Kulturaren ahula!

Baina eta hemen egunero behar da lan egin; egunero behar da asmatu, eta gehienetan asmaketak asmakeria ergelak besterik ez zaizkigu bilakatzen. Eskuak begira eta zerrautsa fin eta inozoa; eskuak astindu eta lurrera; haizearen indarren boladekin aidera, eta han, noizbehinka —baina noizbehinka—, norbaiten begietan hazkura pixkat probokatzen dugu. Esaten dutenez sei mila irakurle inguruk eskuratzen dute aldizkaria. Ez da asko, ezta?. Kulunkada bat edo beste, beste eta beste: milaka kulunkada. Ezin asmatu: egunerokoa. Aidearen zikinkeriak, batzutan —gutxitan— guk ematen dioguna hain zuzen: oso zuzen; hala egiten baitugu: oso zuzen; ba..., airearen zikinkeriak norbaiten ohorea edo ohore falta eta azulmarinoa omen du itsusten. Tira eta bira. Lan ingrata: gurea eta zuena; eta ez gu irakurtzeagatik, baizik eta zuena ere ingrat datekeelako segur asko.

...A, bai!. Herri hartako "jaunttoari" —urteotakoa, hauk ere aldatzen baitira— ez omen zaio horrelakorik gustatu. Ezen ba dakizu horik nolakoak diren, he!...

Jaunttoen herria: jauntto txiki, erdiko eta handi. Guztion gustukoak. Ttiki izatetik hasi, erdikoa bilakatu eta handia bihurtu. Poliki, beharbada, baina bakoitzak du hemen bere posibilitatea, kasik Ameriketan bezala. Merde pour toi, maldito! Jaunttoekin gogait egin lezake edonork, baina berauxek ere instituzio bat dira: Oinaz eta Ganboa (sui generis, noski).

Eta kultura? Batek daki zer arraio datekeen kultura.

Jakin dakigu bederen guztion "bedeta" izan dela eta dela, eta horretarako bakoitzak du bere neurria eta nahia: halere "bedeta".

Eta lan hau, kasik segur, ez da zuena baino txarrago; ez pentsa. Guztiona zaiguke ingrat, guztiona baldar.

Beti eske, eske, eske; mixeria gorrian mixeria eske, besterik zaila baita ikustea. Halere eske.

Lan madari-madaria, madarikatua, euskalduna izatea.

Bertsolariek ez omen dute kantatzen eta Zeruko Argia diruz urri omen dabil: geu bezala.

 De motu propio.


Ohar laburrak

Jadanik segurua

Frantziako Ezkerraren Batasuna zatitu egin da, edo hilabete batzu hasitako etendura prozesua definitiboki erabaki da, Alderdi Komunistaren Idazkari Georges Marchaisek hilak 7 egin dituen deklarapenetan ikus daitekeenez, hots, komunisten alderdia bakarrik joanen dela Martxoko hauteskundeetara.

Honela bada, 1971. urtean hasitako bidea hautsi egin da boterearen hurbil izan diren mementu berean eta ez kasualitatez. Orain, legezkoa denez, komunistek sozialistei botatzen die kulpa eta alderantziz; baina, bistakoa denez, komunistek ez dute agintea hartzeko interesik eta azken hilabeteotan sozialisten probokatzean aritu dira. Hain zuzen, nazionalizazioak zirela eta, programa berriztatzeko orduan komunistek ez zieten amorerik eman sozialistei; beraz bistakoa da, komunistek ezkonponketa bilatzen ari zirela, zeren beraientzako mementu honetan aginte arazoan sartuko balira, krisi ekonomikoa erdian dela eta Europako politika ez dela oso sendo, politikan sozialdemokrata eramatera behartuak izanen baitziren.

Berriro, bada, frantsesek eskuin gobernua ukanen dute.

Faxismoa sortu nahi

Militar diktadura baten arauera sortu zen Pinotxeten agintea Txilen, orain, dirudienez, faxist mugimendua eraikitzeko asmotan dabiltza Txileko plutokrazia eta Militarren Junta. Kasu baterako, azken teatroa —erreferenduma organizatzea— bide horretatik uler daiteke. Txileko oligarkiak jakin daki populazioaren babesik gabe ez daukala agintean denbora luzez irauterik, edo, bai bederen, denbora luzeagoan jarrai lezakeela mugimendu faxista sortzen baldin badu; honela, interes plutokratikoak errazago mantenduz noski.

Nahiz Pinotxetek, erreferenduma dela gai, eman dituen datuek zakurraren putzak hainbeste balio, ba dirudi, Corvalanen deklarapenek diotenez, Txileko Nazional Alderdiak populazioaren %20 duela alde, eta ezaguna da Nazional Alderdia faxista dela bere zentzu osoan. Beraz, eta penaz, faxismoak ba du oinharririk Txilen; eta guztia kristaudemokraziari esker.

Nazionalitateak

Lerro hauetatik nazionalitate berbari buruz aipamen batzu egin genituen lehengo Anaitasuna batetan esaten nola konstituzio berriak, zirudienez, berba hori gure ustez onhartuko zuela. Ba, ez da horrela izango. Berba horrek Estatu Espainola kontrolatzen dutenentzat zera ekar lezake: "legitimaría una actitud nacionalista, separatista, propiciadora de la autodeterminación". Nahiz eta giza eskubideetan autodeterminaziorako lege zehatz bat egon, Espainiako konstituzio berriak aurrez eta prezeski debekatu nahi du eskubide hori. Espainiako batasuna gauza guztien gainetik pasatu behar da eta horretarako beste herri periferikoen eskubideak, nahi duten modura zapaltzen segituko dute. Konstituzioari botua emateko garaia helduta, zer esango du "gure" Partido Nacionalista Vascok hortaz? Alde ere egingo al du? Ez gara ezertaz harrituko. Heriotze zigorraren kontra egin zuen bezala. Ahobero ibili ondoren ez zuen botaziotan parterik hartu, gobernuak irabaziz.

Ezer lortuz gero hobe da behintzat dezentzia galdu baino lehen maximalista izatea, guttienez gero!

Mundu osoa katastrofe itzel baten arriskuan

Aldizkari honetatik batzutan etzidamuko berriak, fikziozko berriak atera ohi ditugu. Oraingo honetan ez da fikziozkoa. Bene-benetako albistea dugu. 50 kg. Uranioz osaturiko bonba ikaragarri bat ibili da gure buru gainetik, mundu osoko lur guztien gainetik, lasai eta inork jakin barik. Izan ere, Sobietarrek orain duela sei hilabete inguru, satelite bat, satelite espioi bat bota dute espaziorantz. Baina ez zen besteen modukoa. Hauxe nuklear indarrek higitzen zuten, bertan 50 kg. uranio 235ez osoturiko nuklear zentrale ikaragarria eramanez. Lantzamendu ondoren satelitea orbita guttikor batetan sartu zen eta pixkanaka pixkanaka lur gainaldearen kontra jotzerik gero eta hurbilago ibili da. Amerikanoek eta Sobietikoek munduko gobernu gehienak sekretuki abisatu dituzte. Suitzatik, Frantziatik, Japoniatik gain ibili da. Lehergailua azkenez, atmosferan sartzean, Kanadako mendebaldean deuseztatu edo desintegratu da karga nuklearra libre utziz atmosferan zehar. Hemendik sor daitezkeen ondorioak itzelak izan daitezke.

Batzuk pentsatuko dute honelako katastrofe bat sortuz gero humanitate guztia galtzailea dela, bai aberatsak edo boterea kontrolatzen dutenak bai eta gu gizaixoak edo eta klase zapalduak eta honelako ekintzoi ez diete logika askorik topatuko. Baina logika ikaragarri bat dago guzti horretan. Zapaltzaileek ongi dakite nuklear indarraren garrantzia eta pisua. Bera kontrolatuz gero, mundua eta klase zapalduen meneratze osoa lortzen dute eta horregatik edozein arriskutan jartzen dituzte bai berak eta bai gu.

23-01-77

Efren Torres Abrisketa

Beste batzuren modura kontrol batetan zibilek tirokatu eta hila.

Eta zuoi ere, ETAko militanteoi, Iruinean eta Basurtuko ospitalean demokraziaren izenean hil zaituztenoi.

Euskal Herria libre izan dadin hil zaretenoi; betidanik euskaldunon kontra bortxakeriaz eta indarrez aritu direnen balen pean erori zaretenoi. Zuon oroitpenean gogoangarri izanen zaituztegu.

Bihar edo etzi Espainiako demokraziak hil egin gaitzakeenok.

Mazuri euskalzain?

(Airea: Mehetegiko zakurra)

1-

Akademiko Mazuri

Prefetak zuen igorri

Donapaulen sortu berri

Ikastola zezan hetsi

Euskara utzirik sarri

Frantsesez dadin ikasi.

2-

Mazurik andereñori:

Zer derasazu haurreri?

Ez zazula egin irri,

Bainan uko Batuari!

Berak hitzik ez jakinki,

Zer euskalzalea hori...

3-

Eskerrak jaun Prefetari

Bai eta Inspeturrari

Euskaldunak, ihurtzuri

Baigara mugitzen hasi,

Milaka plazara jautsi,

Auzia han irabazi.

4-

Sarako Biltzarran ziri

Bazen gain hartarik naski:

Prefeta euskaldun berri,

Auzapezei trufan ari.

Huntzak biligarroari:

Habil hortik, buru haundi!

5-

Bere aldetik Mazuri:

Ikastolan zein euskalki?

Inspeturra, ixil hadi,

Otsoa ez zukek ardi.

Euskara euskaldunari

Beharko duzute utzi!

Urte berri on

Anaitasunari

Eta

Euskal prentsa guztiari

Gora Zazpiak-Bat

Euskalduna!

J. L. DAVANT

Parada hau aproposa zaigu J. L. Davanti eskerrak emateko bere bertsetengatik eta bide batez bere eskaintzagatik.

Anaitasunako langileok.


Euskal Herrian

Politikakeriak

Euskal parlamentarien frakasua

Autonomiaurrekoa dela eta euskal parlamentarien eta hauen agindua zuten nafar parlamentarien frakasua nabarmena da, nafar uzedetarren menpe baitabiltza. Gezurra dirudi euskal politikari profesionalek, beste euskal indar guziekin kontatu beharrik ez zuketen negoziatzaile zorrotzak halako frakasu sonatua ukatea. PNV eta PSOEko parlamentari jauntxoen garaipena ausnartzen egonen da vascongadoen artaldea. Abenduko 4rako manifestaldiak moztea komeni zen, artaldea bere lozorrotik emetzea ez baitzen datorkeen demokrazia burjesarentzat egokia, eta agian, horrela harma hobeak zituzten Nafarroarekiko autonomiaurrekoa negoziatzeko.

Lehendabizi delako referenduma xinple bezala hartu behar omen zen eta kito! Baina orain ez da hura, Nafarroako uzedetarrek Nafarroa Euskal Kontseilu Orokorrean sartu ahal izaiteko, lehenik "Nafarroako Kontseilu Foruzalearen" erabakia bi hirukoz gainditzea esijitzen baitute.

Beraz, hainbeste negoziaketa eta protagonismokeriak antzu eta frakasu borobila bilakatu dira. Halere, alderdi boteretsuok dagoeneko diktadura txuriaren lankide bihurturik komunikabideen poderioz estalgarri enganiagarriak hedatu dituzte herrian barrena. Hala, Euskadiko prentsaren izenburuak "Satisfacción en Euskadi por la preautonomía". Gurasoak: UCDko gobernua eta euskal parlamentariak. Semea: Autonomiaurreko abortua. Ezker abertzaleen egunerokoa omen zen EGIN ere apenas bereizten den frankokume diren beste izparringietatik. Adibidez, Konstituziorako aurreprojektuaren balorapena honela agertu zuen lehen planan: "Amplias Facultades para las Autonomías". Ez da harritzekoa euskarazko bi aldizkari bakarrak "Zeruko Argia" eta "Anaitasuna" prentsa pobrea, iraultzailea eta testimoniala izatea, bi errebista hauk ez baitira gehiengoa menderatzen duen kapitalismoaren edo gehiengoa menderatzen duten alderdi boteretsuen zerbitzutan jarri.

Amnistiaren alde borrokan berriz

Hainbeste kukurruku egin duen amnistiazko oilarrak ere euskal borrokalarientzat ez du benetako amnistiarik ekarri, barkamen lotsagarri bat baizik. Oraindik askatasun minimoak ere ezin lorturik gabiltza, adibidez, adierazteko, elkartzeko, grebarako, KASeko alderdi politikoak legez kanpo, autonomiarako promesak nahas luzamendutan, eta luzarorako ere indar errepresiboak organizatzenago.

Halegia, UCDko gobernua euskaldunontzat diktadura txuria besterik ez dela agertzeko horra hor Errenterian gertatutakoak, gauerdian metraileta eta guzi miaketa eta 15 atxilotze probokatzaileak. Errenterian 5.000tik goragoko manifestaldia ikusi genuen espetxeratuen askatasuna, "ETA, Herria zuekin", "Independentzia", "Zuek faxistak, zarete terroristak", e.a. oihukatuz. Errenteriako eta Bidebietako asanblada eta manifestaldien ondoren abenduko 8an milaka batzu bildu ginen Donostiako manifestaldian lehen aipaturiko herri oihuak eta "David, Arzelus eta Iribar askatu" ahots bizian agertzen.

Beste hainbeste gertatu da Irunen. Eta baita COPELekoekin elkartasunean Herreran katea batez lotu zirenekin. Lantxo hau argitaratzerako beste zenbait gizaseme izanen dira atxilotuak Euskal Herrian, baina baita beste hainbeste herri asanblada eta herri mobilizapen aurrera aterako ere.

Gehiengoko alderdiek ez dute Errenterian gertatutakoaren kontra protestarik egin. Ez dakigu "pecata minuta" edo gobernuaren jokabide honekin ados dauden. ETAkoak mugitzen direnean bizkorrago eta aho beteago mintzatzen dira.

ESEIren fantasmagoria eta Altsatsuako mahaia

ESEIren azken fantasmagoriak txakurraren gauerdiko zaunkak bezala urratu du Euskal Herriko politik soro nahasia. Aspaldi galdu zuen ESEIk ezker abertzaleen arteko sinesgarritasuna Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra ez baina PSOEren euskal bertsio bat bailitzen jokatzen baitu. Bere politik ardatza posibilismo hutsa denez, gehiengoen alderdiei lotzen zaie, PSOEri e.a. horretarako euskaldunen lorpen bereziak, hau da, autoorganizaketa, herri mobilizapenak eta abar hipotekatuz.

Sozialismo demokratiko iraindu batez ari zaigu, euskal sozialismo demokratiko talde osoa Altsatsuako mahaian dagoela ezin aitorturik. ANV, ESB eta HASI bera ere bai KASekin zubi eginez. Euskal sozialismo demokratikoa errotuz doa ESEI beste adarretatik ibili den artean, eta ez hori bakarrik, sozialismo demokratiko abertzale hori ezker abertzale osora ere hedatu da KASeko indarrekin elkartuz.

Beraz, ESEI berandu eta lekutik kanpo datorkigu igarlearena egitera. Altsatsuako mahaia da ezker abertzaleen batasunean lor* tu den pausorik garrantzitsuena, eta ESEIrekin edo gabe aurrera joanen da.

Zenbait herritan udal hauteskundeetarako lanean dihardu Altsatsuako Mahaiak, eta hauzoetako eta herrietako (ASK edo) ezker abertzale taldeekin koordinatzen ari da Herri asanbladak eta herri mugimendua ezker abertzale alderdien laguntzaz bortizki egituratzeko.

ESEIk bere sozialismo demokratiko fantasiatsu hori lortuz gero Euskadiko Ezkerrarekin aliatzera joko luke. Baina horretarako, dirudienez, KASeko indarrak (ELA ezik) baztertu eta zanpatu ere beharko lirateke. Altsatsuako Mahaia martxan dago ordea, eta behin ezker abertzaleen batasuna finkatuz gero mahai irekia izanen da Euskadiko Ezkerrarekin fronte bat eratzeko (udal hauteskundeetarako, e.a.) Euskal ezker batuago eta indartsuago baten alde, oligarkia faxistaren aurka lehenik, eta sozialinperialisten (PSOE-PC e. a.) eta burjeseriaren (PNV) aurka gero.

Alex


Euskal Herrian

Eta K.A.S. hilzorian

Baldin eta gorabeheraka bada ere, dirudienez KAS hagonian dugu. Orain urte bi, 1975. urtearen bukaeran, abertzale sozialisten nolabaiteko bilduma egiteko asmotan sortu izan zen KAS hura, gero eta ahulago, gero eta inoperanteago bihurtu zaio euskal ezkerrari. Mementu batez, herri gehienetan, KASen aldeko sinpatia eta identifikazioa izugarri hazi zen; antza denez, KAS berak ez du jakin ukan duen arrakastaren eraketarik egiten, dena izan da ahoz-ahozko zerbait. KASek garai hartan indar handi eta berri baten lehen urratsa zirudien, hori uste izan zuen jendeak bederen.

Hilak dira esperantza zaharrak. Arrazoiak era askotakoak daitezke noski, eta horri buruz alderdi politikoek jakinen dukete zehatz-mehatz inork baino hobekiago. Eman beharko dituzte arrazoiak publikoki noiz edo noiz. Ondorio bezala, zera bihurtu da arriskugarria bene-benetan, hots, projektuarekiko frustrazio sendimendua, alderdikerienganako asperketa eta jendeak biziki duen amorrua..., azken finean, alderdienganako errezelua bihurtu dena. Horrek bai, erne izaten eska diezaiekeela alderdiei.

Bestalde, eta txarrago datekeena, LAB bertan ere, eztabaidarik gogorrena HASI eta EIAren artean datzala diote; beraz, hor ere, bizioak birproduzitu egin dira. Ez litzateke hau lan airosik izanen euskal langileriarentzat. Eta are gehiago, azken egunotan dirudi ezen LAIA, LAK zaharra birbizteko asmoekin dabilkigula —nahiz oraingoz ez izan kondu segura—.

ASK, herri mailako mugimendua, dirudienez, kasik hila dago eta susma genezake hauteskunde munizipaletan ezer guti derrakeenik. Bitartean, militarrak gero eta gogorrago ari dira burruka harmatua dela eta. Guztionek suposa lezake nahaste handi honen protagonista hegemonikoa militarrak bilakatzea berriro ere, eta une berean alderdien ahalbideak mugatzea. Guztiau agian, noski.

Bestelakorik izan zitekeen panorama baina horrela dela dirudi. Halere, ezker berririk sortu da azken bi urteotan: saia bitez alderdiak egoera berriari irteera berririk ematen.

Dena den, garai batean oso izan zela inportantea KAS begi bistakoa da. Eta, Estatuan gauzak nolabait aldatu direlako edo ezker berri eta gazte hau helharoan delako; bata, bestea edo biak daitezkeela kausa, gaurregun KAS hagonian dago. Iragan astean lagun batek ziostan, alderdiek hobe zuketela hileta on bat baliezaiote egin, ezen bestela azkenik kiratsa bota bailezake

j.g.


Euskal Herrian

Euskal Herriko ezkerraz

Erdal aldizkari batetan, "Viejo Topo"-n hain zuzen, irakurri berri dudan artikulu batek eman dizkidan gogoeta batzuetaz arituko natzaizue.

Artikuluaren izenburua: "Parapsicopatologia del izquierdista". Berari buruz bi hitz:

- Europa erdialdeko herrien ezkerraren deskripzio bat da.

- Bertan ez da kontutan hartzen herri zapalduen burruka. Hau dela eta, eurokomunismoa eta horren ezkerrean mugitzen den mugimenduari atxikitzen zaio.

Erresumen gisa hauk dira atera daitezkeen ondorio garrantzitsuenak:

1) Estatu horietako klase iraultzaile baten falta. Horren ondorioz estrategia erreformista nagusitzen da klasean, eurokomunismo eta sozial-demokrazia.

Nortzuk defendatzen dute estatu horietan estrategia iraultzailea? Batez ere, klasetik kanpoko jendea, konek frustrazioa eta marginazioa erakartzen duelakorik estrategia iraultzailearen defendatzaileengan.

2) Iraultzaile erakundea sortzeak planteiatzen duen arazoa. Hau da, oinharrizko demokrazia eta burokratismoaren arteko arazoa. Hau gainditugabetzat jotzen da eta nahiko eritzi ezezkorra agertzen du idazleak.

Puntu bi hauk oinharritzat harturik gure herriari buruzko gogoetak sortzen zaizkit.

Ba dirudi, azken urteotan klase iraultzaile bat sortu dela, hezi dela gure Herrian. Frogarik onena beraren burruka da. Zapalketa orokorraren aurka ausartki altxatu zaigu klase hau. Sistemari aurpegi eman dio.

Gaur egun asko eztabaidatzen da klase horren iraultzaile kontzientziari buruz. Sistemaren aurpegi atseginago honek lortuko al du klase hau enganiatzea? Sistema bera, kapaz agertuko al da bere barne-kontraesanak gainditzeko? Galdera hauk, noski, mugatu egiten ditut denboraz eta gaurko abagaduneari lotzen natzaio, azterketa egiterakoan

Galdera oso garrantzitsuak, hauxek. Zeren, erantzun desberdinetatik estrategia desberdinak sortzen baitira.

Eta ba dakigu: une bakoitzeko iraultzaren aurrerakadarako ezinbestekoa da estrategia zuzena eramatea. Kontutan hartu behar dugu gainera inoiz ere ez dugula zihurtasun osoa izango arazo honi buruz, geroak esaten baitu gehienetan planteiamenduaren zuzentasuna ala okertasuna.

Ba dakit, eztabaida honetan askoz gehiago sakondu behar dela; eritzi subjektiboetatik at, datu objektiboak izan behar ditugula kontutan. Baina hala ere, bizpahiru gauza esatera ausartzen naiz eztabaidarako pizgarriak izango direlakotan:

1- Euskal Iraultzaren bilakaera autonomoa diogunean ez diogu esaldi huts bat, zerbait konkretuagoa esaten dugu. Honen berezitasun batzu gaur arte hauxek izan dira:

- Arazo nazionalari buruz agertu duen agertu duen jarrera (independentismoa).

- Burrukatzeko era (frontamenduzkoa).

Ba dirudi puntu hauk, gaur, hauzitan daudela. Nik hauxe bakarrik esango dut: puntu hauk eztabaidan jartzeak Euskal Iraultzaren bilakaera autonomoa eztabaidan jartzea suposatzen du. Eta Euskal Herriko Iraultza nahi badugu egin hau kontutan izan behar dugu.

2- Ekainak 15eko hauteskundeez geroztik giroa ilun dago, faxismoarekin gonbaratzen badugu. Lehen ez zeuden konponente berri batzuk jokatzen dute gaurko politikan; hitz batetan esateko, parlamentarismoa. Honen eragina ukaezinezkoa da eta kontutan hartzekoa.

Hauzia honetan datza: ea parlamentarismoak efikazia bat erakusten duen une honetan herriaren nahiei erantzunak emateko gai agertzen den.

Noski, guzti hau ez da estatikoa. Oso dinamikoa baizik eta KASen dinamika hor kokatu behar dugu.

Parlamentarismoa (inolaz ere bloke bezala hartuta, baina KASi buruzko jarrera berdina agertzen duena askotan), KAS, herria eta sistemaren kontraesanak; hor koadroa. Eta galdera bat. Geldituko ote KAS herriarengandik urrun? Bihur ote daiteke KAS politikari frustratu, marginatu eta klasetik kanpoko jendearen inguru-mingurua?

Noski, beti eta leku guztietan dagoen arrisku bat da hori. Baina nik ez dut uste gure Herriaren kasuan gerta daitekeenik, Zergatik? Euskal Herria egiteke dugulako; halaber Iraultza bat. Hortik datorkigu gure ahulezia eta gure indarra. Gu, ezin gaitezke inoiz herritik urrun ibil, herri hau jaso nahi badugu behintzat. Politikoki honek zera suposatzen du: arazo nazionalari buruz erantzun orokor, gogor eta kontsekuente bat ematea. Noski kontsekuenteak ez bagara alferrik gabiltza lan hauetan.

Artikuluaren azkenengo puntuari gagozkiolarik, burokratismoa, oinharrizko demokraziaren arteko dualismoa, halegia, ba dirudi ahalegin serios batzu egiten ari garela herri honetan demokrazia nagusi dadin gizarte guztian. Horrela, eraiki nahi dugun gizarte berria, denon arteko lanarekin egin dezagun.

Dena dela, bidea oztopoz beterik izango dugun eta hona hemen artikulugileak zer dioskun honetaz:

"Alderdi edo mugimendu batek, iraultzari buruzko nahiko teoria interesgarri, berri eta aberatsa ateratzen duenean, bere izan beharrak, bere funtsezko puntuen kentzera darama, beronen irudi atsegin bat ematera, hitz baten bera autopromozionatzera abangoardia legez. Hau denau, ahal den eta jende gehiena hartzeko, Batera "alternatibak" eta "erantzunak" ematen saiatu behar direla uste izango du, eta efikaziaren izenean indarrak erdikoiratu behar direla".

Mendizabal


Euskal Herrian. Doña Prudentzia eta Idealista

Gaur Doña Prudentzia beranduago heldu da barrera. Salmahaira hurbildu denean Idealistak hitz egin dio.

IDEALISTA.— Berandu, e? Uste izan dut gaur huts egingo zenuela.

DOÑA PRUDENTZIA.— Bai zera! Umeak oporretan daude eta ez dut goiz jaiki beharrik.

I.— Eta zer? Nota onak ekarri al dituzte?

D. P.— Beno, txarrak ez dira.

Idealistak zer zerbitzatu behar dion jakin nahi du.

I.— Eta zer?

D. P.— Ekar iezadazu wermouth bat.

Doña Prudentziak, edaten duen bitartean, elkarrizketaren gaia planteiatu du.

D. P.— Ba al dakizu Estatuak erlijiosoen kolejioei subentzioak kendu nahi dizkiola?

Idealistak mesprezuzko keinu bat egiten du.

I.— Horrek ez nau batere kezkatzen. Nik ez dut semerik, eta edukiko banitu ere, ez nituzke erlijiosoen kolejiotara bidaliko.

Idealistak erabili duen tonuera ez zaio Doña Prudentziari atsegin izan. Serioski erantzun dio.

D. P.— Zuek ezker abertzaleok antiklerikalak zarete.

I.— Beraik antieuskaldunak diren heinean. Eta bereziki agustinoak.

D. P.— Beno, baina horrek ez du subentzioekin zerikusirik. Ez da zuzen erlijiosoen kolejioei subentzioak kentzea eta ikastolei ematea. Ala ikastetxe pribatu guztientzat dago, ala inorentzat ez.

I.— Bapo! Gonbara itzazu erlijiosoen kolejioak ikastolekin.

D. P.— Eta zein alde dago batetik bestera.

I.— Ikastoletako linea gurasoek markatzen dutela, eta kolejioetakoa erlijiosoek.

D. P.— Baina gu gurasook ados gaude erlijiosoek markatutako linearekin. Gurasoen artean inkesta bat egingo balitz, hori agertuko litzateke.

I.— Eta ez diot ezetz. Txilen ere berdin gertatuko da Pinochet-ek orain egin nahi duen plebizituarekin. Inkesta soil batek ez dit niri ezer frogatzen. Zein guraso ausartuko litzateke erlijiosoen linearen aurka mintzatzen?

D. P.— Hor oker zaude. Gure eritziak errespetatzen dituzte. Norbaitek bere seme-alabei erlijiorik irakats diezaieten nahi ez badu, ez zaie irakasten.

I.— Barka, Doña Prudentzia, baina hori ez da egia. Adibide bat ipiniko dizut: Deustuko ikastolakoa. Orain direla hainbat urte, pasiotarrek hainbat irakasle eta guraso irten erazi zituzten, haien eritzi berberekoak ez zirelako. Gurasoek Obispadura jo zuten, justizia eske, eta han ez zieten jaramonik egin. Beraz, non dira gurasoen eskubideak?

D. P.— Gogoan har ezazu ikastetxe bat entrepresa bat dela, eta erlijiosoek entrepresa hori finantzatzen dutela, erantzukizun bat dutela. Beraz, linea nagusia beraiek markatzea bidezkoa ikusten dut.

I.— Bego horrela. Eduki bezate eskubide hori. Baina ez bezate eska subentziorik, libre diren eskola eta ikastola guztiek 100 %eko gratuitatea lortu arte.

D. P.— Hor oker zaude. Zergak guk ere ordaintzen ditugu. Beraz, subentzioak denentzat berdinak izan behar lirateke.

I.— Ez, Doña Prudentzia. Ikus koinakarekin zer gertatzen den. Edozein zapaztok Veterano bat edaten badu, zerga bat ordaintzen du prezioaren barruan. Baina Napoleon kopa bat edaten baduzu, zerga handiagoa ordaindu behar duzu. Luxuak, berezitasunak, zerga handiagoa du. Ikastetxeekin, berdin. Ezin gonbara dezakegu gurasoek eta irakasleek asanbladan markatzen duten ikastoletako linea, eta erlijiosoek aldez aurretik markatutako linea bat jarraitzeko eraikitzen dituzten kolejioak.

Dagoeneko Doña Prudentzia wermoutha bukatu du.

D. P.— Beno, etxera noa. la gaur umeek nolako barrabaskeria egin didaten.

Xabier Gereño


Euskal Herrian

Labur, baina mingots

Bat

Egun hauetan ohean egon beharra eduki dudala, denbora luze samarra eduki dut, zenbait liburu berrikusteko. Hauetariko bat aztertzean —Euskal Idazleak Gaur izenekoa— harriturik geratu naiz, zenbat euskal idazle dagoen ikustean... eta euskaraz zein gutti idazten duten susmatzean. Ba daude, bai, zenbait zoro (?) edo, lan izugarria egiten dutenak,. nekea jasaten dutenak eta, ohore gehiegirik ematen ez bazaie ere, benetan ohoragarriak direnak. Zorionak eta eskerrik asko horiei.

Beste idazle batzu, ordea, inoiz lorturiko izen onaz mantentzen dira, iraganaz bizi dira, izena egunero irabazi beharko ez balitz bezala. Bekatua aipatu nahi dut, bekataririk aipatu gabe. Baina harrigarria da ikustea, nola euskal idazle ontzat hartuak diren askok, azken urteotan edo ez duten ezer idazten edo eta idazten dutena erdaraz idazten duten. Gabriel Arestik esaten zuenez, ohorea bai baina nekerik ez dutela nahi dirudi.

Bi

Modan jarri dira aldizkari eta,egunkari elebidunak (?). Euskarari laguntzeko direla diote, baina berrietan eta gauza interesgarrienetan dakarten euskararen portzentaia ikusiz, efektibitatearen izenean edo, eta beharbada. konturatu gabe, erdararen alde jotzeko ohitura dute. Adibide bat: Lehengo egun batetan, ohar bat bidali genuen holako egunkari batetara (ez dut esanen zeinetara), euskaraz eta erdaraz idatzirik, eta argitaratzeko erregutuz. Ez dakit zeren izenean, baina agian efektibitatearen faboretan, erdara hutsean ageri zen. Biba efektibitatea! Biba elebitasuna! Biba erdara!

Hiru

Euskal Herria linguistaz (eta sasilinguistaz) populaturik omen dago. Hala ere, linguista ez garenok traba handiak aurkitzen ditugu, euskararen gramatika euskaraz eta euskal zentzuz aztertzeko eta ikasteko. Nik dakidanez behintzat —eta oker banengo, hobe— euskarari buruzko gramatika guztiak espainol gramatiketan zuzenki finkaturik daude (euskaraz idatzirik daudenak ere), eta haien itzulpen antzeko bat baino ez dira. Onak edo txarrak diren, hori beste kontu bat da.

Euskarari eta beraren izakera linguistikoari buruzko eta maila zientifiko altuko lan gehienak, erdara hutsean egiten dira —salbuespen ohoragarriak ere ba dira, —zorionez—, indirektuki horretarako euskara gai ez dela nolabait frogatuz. Praktikan behintzat, hori adierazten digute, teorian bestela badiote ere.

Linguistek jakin dezaten, euskaldunok euskararen gramatika euskaraz eta euskal zentzuz egina ikasi nahi dugula esan nahi diet. Eta horrela nahi badute, probokaziotzat har dezaketen galdera hau eginen diet: Linguista euskaldunok ez ote zarete gai, euskara hutsez, euskal kategoria gramatikaletan finkatuz eta laster gramatika on bat egiteko? Sinets iezadazue: Penagarri litzateke.

Lau

Hari beretik doa puntu hau ere. Gramatika arloko hutsuneaz hitz egiten ari ginela, lagun batek jakin erazi zidan ezen euskal idazle hospetsu bat euskararen gramatika berria prestatzen ari dela. Izenik ez dut emanen, ez baitu merezi. Baina salhatu nahi dudana zera da: Gramatika hau ere erdaraz egiten ari dela, eta horrela argitaratuko dela. Biba erdara! Efektiboagoa da euskara baino. Erdara gabe euskarak ezin dezake ezer egin.

Sarritan datorkit burura Klaberiaren bertso zahar hura:

Burlatzen naiz Garibaiez

bai halaber Etxabez

zeinak mintzatu baitire

erdaraz eskaldunez.

Ezen zirenaz geroztik

eskaldunak hek biak,

eskaraz behar zituzten

egin bere historiak.

J. R. Etxebarria


Euskal Herrian

Iparraldearen haserrea

Baiona

Lehendabiziko gertakari bortitza genuen Baionan gertatu zaiguna. Hau hazilaren 22an zen. Ba dakigu nola Euskal Zuzentasuna (E.Z.) izeneko talde batek subonbak bota dituen BIS eta ECCO lan agentzien aurka. Bere arrazoiak ematen dizkigu. Batipat, agentzia hauek langilearen bizkar egiten dutelako beren dirubidea. Adibidez, nagusi batek langilearen beharrean dabilanean, agentziari urrutizkinaz egiten du eta laster, agentziak behar duen multzoa bidaltzen. Baina, ez uste izan langilea lantegiak ordaintzen duela, horretan enganiatzen gara. Hona nora doan dirua: lantegiak agentzia ordaintzen du eta ondoren, honek langilea. Okerrago deritzoguna oraino, agentziak langilearen jornaletik zati bat beretzat hartzen du. E. Z. taldeak, esaten digunez, agentzia kategoria hau bitartekeria edo intermediokeria huts-hutsaren bidez aberasten zaigu.

Eta gainera nola onhart ezinonetsizko jarrera hau: iparraldearen langabeziaz baliatzen zaizkigula eta beren profeitua hemengoen miseriaren gostuz egiten. E.Z. taldeak, honela jarraitzen du haserrearen oihua "langabezia da iparraldearen problema nagusia. Urte guziz 3.500 gazte joaten zaizkigu herritik kanpora, Parisera edo Bordelera. Eta hau zergatik? Bertan, lanik ez dagoelako. Eta zer da langabeziaren motibo nagusia? Turismoaren aukera politikoa. Hots, frantses gobernuak turismokeriaren aukera egina digu. Horrela, Iparraldea atsedenleku bihurtzen zaharrentzat eta erretretaratuentzat". "Nagusi, deputatu, senadore, alkate, prefet (...) eta beste zahur guziek, kolonialisten laguntzaile guziek, kasu, kasu! Hemendik aurrera Euskal langileak ez du onhartuko zuen zapalkuntzarik eta kolonialismorik. Ez, kolonialismoari! Ez, zapalkuntzari!" Hona nola hitzegin digun E.Z. taldeak. Nork entzunen digu? Gure zapaltzaileek ote? Espero dugu baietz. Dena dela, nabari da orain, gauzak larri doazila. Jaiki zaigun oldar berri hau inork ez jakin non geldituko den.

Baigorrin

Baigorriko kantonamendua ere haize berdintsuak darabil. Hemen ahatik ez da bonbarik zapartatu eta bertako gazteek beste jokabide demokraziagokorik hautatu dute. Geroak esanen zer balio duen, oraindik aitortuko dugu populuari beldurrik ez diola sortu, ez sartu. Behenafarroako herri honetan elkartu zaizkigu inguru haietako 500 gazte. Biltzarreak egin, elkarrizketan ari izan etab... Hots, 30 gazte azkar batzuk lan sakon eta ontu bat eraman dute. Bertako langabezia, lehenagoko lantegien hestea, eraiki behar litezkeen lanbide berriak, euskararen egoera, artzainen egoera, nekazariena, denak, aztertu dira. Gazte hauek, nahiz ez diren oraino estrukturatuak eta elkarlanerako prestatuak, lan ona ibili dute. Hauetan agertzen zaigu Euskaldungo garbi eta indartsu bat. Batipat, labur laburra esateko, Euskaldun zintzo eta konpromezu gabeko bezala salatzen dute beren jarrera. Iparralde honentzat jarrera oso berria eta dinamika ezin neurtua. Honetan ikus daiteke etorkizuna aldatzen ari zaigula poliki baina segurki. Benetan itxarongarri! Dakusat, Inchauspé eta Duboscq eskuindiarren boterea leizeratuko zaigula, ezen gaztaldi honek fruitu asko emanen digulako. Hau gauza segura. Egia esan, aitortu behar da, populu menperatuak eskuin bozkatzen duela. Baina horrelako aukera egiten baldin badu, alienatua delako eta iraultzaren beldurra duelako egiten du. Ez du honetan hobengorik, ideologia honen kudeatzaileek dute pagatu behar; ez populuak! Gazte hauen jarrerak ordea, erakusten digu bi belaunaldiren arteko muga largoa. Gazte hauk ere dira benetako populua: bere nortasunaren axola duena eta enganiatzaileen kontra bere borroka daramana. Hona orain gazte hauen borrokabide ageria nolakoa izan den: lehen urratsa, mozione baten idaztea eta frantses kargudun guziei bidaltzea izan da (berdin euskal burjeseria traidoreari). Mozione hau 233 gaztek azpimarkatu dute. Hauek ere, Baionako E. Z. taldearen oihu samin bera oihukatu dute. "Lana Herrian. Herrian bizi euskaldun bezala! Ez, soluzio faltsuei Ez, soluzio itsuei!". Ondoren, Baigorrin bertan meeting on eta serios bat apailatu digute. Parada horretara Euskal abertzale asko hor zeuden, batipat, Etxamendi, Larralde, Sarazola, Borda kantari oso ezagutuekin. Biltzarre jakingarri hori dena, bertako langile gazte guztiek eraman dute. Horrela inork ezin zuen ukatu, hauk ez zaizkigula konprometatu. Kargudunak ordea ez dira agertu, bakarrik hor zegoen Baigorriko alkatea, Haritschelar jauna. Honen benetako kuraia agurtuko dugu, ezen behar zen kemen eta indar horretaratzeko. Inchauspé eta leinu guzia beldurtu ahal zaizkigu? Edo, desinteresatu? Eta, noiz arte ote? Ikastolaren arazoa ez komeni, gazteen oihuak ez komeni, zer ahal da beraz komeni?

Zer ondorio konkritu sortuko digun abenduaren 17ko egun honek, ez dakigu. Baina nire beharriek entzun dute, Garaziko eta Baigorriko komertzantek ez dituztela hurbiltzekorik ere, gure gazteen grina berdinak. Hain zuzen, hauen ametsa delako, Eiheralarre (Detxepare idazlearen herria) eta Esterenzubiren artean urgeldi edo laku baten egitea. Turistentzat, bistan da! Dena dela, ez gaitezen etsi eta ikus dezagun positiboki gure indarra, gazteen aukera itxarongarria eta dinamika askatzaile hau. Populuak bere indarraren sakontzeak eta kanporatzeak, horra zerk autonomiratuko gaituen. Bidea ireki da, askok hartu diezagutela.

Azalez azal baldin bada ere, bortizkeriaren edo borroka bortitzaren arazoa ukitu dugu. Arazo oso zaila, egun hurren batean aztertuko duguna.

M. L. UHAITZE


Euskal Herrian

Baigorri kantonamenduko gazteak borrokan

Huna hemen Baigorri kantonamenduko gazteek egin duten mozione bat eta beste 233 jendek izenpetu dutena.

Jaun Prefeta, Subprefeta, Deputatu eta Kontseilu jeneralak.

Azken urteotan ardura izan zirezte gure herrietan, eta azkenik Baigorrin, trinketaren irekitzen.

Ez dugu ukatzen obra horren balioa eta beharra. Baina mementoan, gure herriek ba dute beste arrangurarik.

Lana

Xoragarri zen trinketean hoinbeste pilotari gazteren ikustea jauntzi xuritan. Baina horik, ogei urtetan, nun izanen dira? Oraiko maneran, herrian segurik ez.

Kantonamendu guzian, jendeak gauza bera dio: "LANIK EZ DA". Eta mentura, gero ta guttiago.

Orai arte "La Rosée" Bankako etxea zen enplegu emaile haundiena, eta hor ere langileak ttipituz doatzi.

Lantegi batzuen famak jalitzen dira. Baina!...

- Zerk edo nork gibelatu du Bidarrairat jin beharra zen kontserbu egiteko ARGAL lantegia?

- Zerk edo nork igorri du Senpererat Arrosan gelditu beharra zen espartin lantegia?

- Zerk edo nork gibelatzen du Urepeleko lantegiaren irekitzea (Iturri Haundi, uraren botoiletan ezartzeko)?

Egitate horien arabera ez duzue lantegirik nahi gure kantonamenduan. Zuen indar guzia emaiten duzue Turismari, eta hari bakarrik. Gure kaltetan. Noiz artio leku hok miserian atxiki gogo dituzue zuen politika egiteko eta nausi bakarrak izaiteko?

Duela 30 urte, gazteak Ameriketarat zoazin, eta orai doazi Pariserat, edo gisa guziez herriz kanpo. Orduko lantegiek leher egin dute. Berririk ez da sortu.

Guk, Baigorriko kantonamenduko gazteok nahi dugu Herrian bizi. Eta hortako Herrian lana.

Zerendako ez ditazke hemengo aberastasunak, hemengo mozkinak, (egurra, harria, esnea, haregia, etb.) hemen berean balia, hemen berean transformatu? Iruinetik Baionarateko bidea noiz zabalduko duzue, hemengo ekonomia pitz dadin?

Laborantza

Guk laborariek eta artzainek ere ba ditugu gure arrangurak. Lurraren prezioa beti goiti ari da. Gazte bat ez da laborantzan plantatzen ahal, ez baitezake lurrik eros.

- 1962.ean pasatu zen lege bat. Lege horren helburua zen Eskual Herria laborari gaztetaz hustea. Lege horrek emaiten zituen hortako abantailak.

Hala nola, gure herrietarik urrundurik, laborantzan artzeko, lurrak erosi nahi zituztenek ba zuten diru laguntza, epe luzekoa, interes ttipikoa (3 %). Bestalde, hemendik joaiteko gastu guziak pagatuak zituzten.

Zerendako ez dezazke ukan, orai, abantail horik berak, hemengo gazte batek, sorherrian laborantzari lotzeko?

- Hemen gelditu girenak subentzionez bizierazten gaituzte. Ba dakigu subentzionerik gabe nekez bizi gaitezkeela mendi xoko hotan.

Hori da gure beldurra. Zonbaitek atxikitzen gaituzte beldur horren pean beren abantailetan. Beldur horrekin luzaz beharko dugu ote egon?

Guk nahi dugu bizi gure lanetik, eta ez, ukaiten dugun amoinetik. Nahi dugu bizi gure lanaren fruitua balio duen prezioan salduz.

- Hemen bizitzeko, behar dugu hemen lurra. 1962.eko lege horren ondorioa izan da gure etxaldeak eta bordak hustu direla. Nork erosten ditu? Arrotzak ari zauzkigu herrian nausitzeko, dakizkigun ondorioekin.

Orai artio gertatzen dena ez dugu gehiago onhartuko.

Gure mintzaira

Azkenean, ez dugu aipatu gabe utzi nahi eskuara, gure mintzaira. Berrikitan izan den Donapaleuko Ikastolako gertakariak erakusten dauku gure mintzaira ito nahiz ari zireztela. Edo bederen, ez duzuela deus funtsezkorik egiten horren alde.

Guk Baigorriko kantonamenduko gazteok galdatzen dautzuegu eskuarari utz dezazuen zor zaion lekua:

- Irratian

- Eskolan

- Telebistan

Guk nahi dugu bizi

- Gure lurrean

- Gure lanetik

- Gure mintzairarekin.


Euskal Herrian

Irakurleak erantzule. Donostiako hauzategietatiko egia erdiak direla eta

Gure Anaitasuna hamabosteroko 350. alean, "Donostiako Hauzategietatik" izenburuz eta Alex jaunak izenpeturikako idazlantxoaz zenbait oharkizun edo argitasun eman nahirik gatoz; eta hain zuzen ere idazleok, Amara berriko Ikasbide Ikastolako irakasleak gaituzue, "Ikasbide luxuzko Ikastola?" horretako langile garenez gero, bai baitugu hainbat egia esateko gogorik eta asmorik ez dadin inor engania.

"Amara Berriko Ikasbide ikastola nahiko nahastua dabil aspaldidanik" diozu zeure idazlantxoaren haseran. Eta hain zuzen ere ez diozu gezurrik, halaxe dela aitortu beharrean gaude gu ere. Baina ikus dezagun noiz eta nola sortuak diren nahasmendu horik.

Zuk diozunez Urriaren 11n hasia da nahasmendu guzti hau. Hortik abiatzen zara behintzat azterketa hau hastean. Eta xuxen-xuxen presupostua ihazkotik % 80 igatean. Baina, ongi asko dakizunez, presupostu hau gure zenbait eskakizunen ondorio duzu eta ez besapetik asmatutako zerbait. Zeren eta gure soldata hain juxtua izanik, igan beharrean aurkitzen baitzen egungo bizimoduak eskatzen zuen eran. Eta bestalde, 11 irakasletatik 5ek bakarrik baikenuen Seguritate Soziala, beste 6k Lagun Haro ukanik. Hauxe zen, beraz, gure bigarren eskakizuna, gelditzen ziren 6rentzat Seguritate Soziala eskatzea, eskubide osoa genuenez eta zuk zeuk adierazten duzun bezala ukiezinak bezala dakusazuenez.

Hau horrela izanik, zuk ere jar zenazakeen, presupostu osoaren % 76a irakasleen soldatek eta Seguritate Sozialak osatzen zutela. Eta gelditzen zen % 24a bete beharra zutela irakaskuntza toki guztietan beharrezko diren beste behar sail guztiek.

Eta gainera oraindik Subentziorik ez dugula gaineratu beharra dadukagu, nahiz eta zuk ez aipa ezertarako.

Jarraituz hauxe diozu: "Zenbait guraso berehala ohartu ginen presupostu hura itxuragabeko astakeria bat zela, eta bestalde, delako presupostua moztu eta zenbait bidez jaits erazteko erarik ba zela".

Non dira, Alex jauna, presupostua jaits erazteko erak? Eta non geroago aipatzen duzun "zorioneko guraso batzordearen presupostu berria"?

Presupostua aztertzeko guraso taldeak hau ongi ikasi ondoren, ez al du bada ezin dela ezer jaitsi esan Gurasoen azken Batzarrean?

Eta gero haur bakoitzari lau mila pezetaren goitik dagokiola diozu. Noski, dirua bilatzeko inongo ekintzarik aurrera eraman gabe, haur bakoitzari lau mila pezetaren goitik dagokio bere ikaskuntza ordainketa. Eta zein ikastolatan ez?

Baina nolatan guk ezin genezake presupostu hau konpon beste ikastola askotan egiten den antzera, milioiren defizita utziz eta gero denon artean osatuz?

Zergatik atzera bota, bada, Batzarre berean beste guraso talde batek aurkezten dituen diru-iturri posible batzu eta boikotatu 200.000 pezeta lortzeko lehen ekintza erraz bat?

Bide honetatik abiatuz, norantz eraman nahi genuke Ikastola, presupostua jaistera ala beste nonbaitera?

Ba diozu beste zerbait ere: "Ikastola honetan nabaritu den beste arazoa zera da, halegia, guraso erdiak baino gehiagok ez dutela arazorik delako kuota horik ordaintzeko, guraso horik arkitektu, injeniari e.a. baitira, batik bat". "Eta % 30 edo 40 ezin gorrian ibilita ere, Junta Nagusiak lehenengoen mailan planteiatu izan ditu Ikastolako ekonomi martxa, eta pedagogi plateiamenduak, lehen mailetako haurrak bi klasetan banatuz, klase batetik 17k bakarrik dihardutela, gurasoek luxu edo komenientzia guzti horik aurrera ateratzeko gauza diren edo ez diren ongi aztertzeke".

Zenbait argitasun merezi duela uste dugu lehenbizi aipatzen duzun pundu horrek, halegia, % 30 edo 40 diren ezin gorrian dabiltzanak ala ez.

Ikasbideko Gurasoen sozial maila ikusi ondoren oso harriturik gelditzen baita edonor zuk diozun baiezpen horrekin. Eta zerorrek ere baiezta zenezake guk diotsuguna.

Gainera 233 gurasotatik 67 emakumek lanean iharduteko posibilitatea dute, etxeko lanak neskame baten gain utzirik, hemengo batez besteko familia bakoitzeko seme-alaben kopurua ez dela hirutara heltzen kontuan edukirik.

Azkenik, baita ere, azaldu beharrean aurkitzen gara, benetan ezinean dabilenarentzat BEKAK onhartuak daudela Ikastola honetan.

Bestalde, ba dakizu zuk aipatzen duzun klase horretan ez dabilela 17 haur 20 baizik. Eta honen zergatikakoa ere nabaria dela Amara Hauzoa eta bertako hizkuntz arazoa ezagutzen duenarentzat. Zeren eta Ikastolan euskaraz irakatsi nahi baita eta ez euskara soilik, askok eta askok uste dutenez eta, barka baina, zuk ere hala uste duzula dirudi. Bestela ezin esplika genezake goian duzuna, halegia, 20 haur gela batetan edukitzea luxu edo komenientzia dela, benetan haur gazteleradun batzu euskaldun bihurtu nahi ditugula bazterreratuz.

Eta azkenik beste zenbait ondorio:

1.- Zure eritzian, eta zuk diozunagatik, irakasleon alokairu eta eskubideak itxuragabekeria bat dira, eta aurrean esan dugunagatik, ez Junta baizik eta gu, irakasleok, izan gara presupostu egoki bat planteiatzeko gauza izan ez garenak. Bestela esplika ezazu zer esan nahi duzun.

2.- Zuk diozun guraso Batzorde horren "presupostu berriak" eta "Junta normalak" zer erakutsiko digu?"

a) Eskolaurretik hasita, nahiz euskaldun soil izan nahiz gazteleradun izan, 35 edo 40tako taldeak jarri?

b) Irakasleon alokairu eta eskubideak ahal den gehien jaitsi, noski, irakaslegoarekin gaizki gelditu gabe, eta beti ere legez jokaturik, aurrez nahiz Delegazioan, nahiz beste zenbait Ikastolatan ongi informaturik?

d) Euskara arazoa, pedagogia arazoa, eta hitz batetan ikastola arazoa baztertu?

e) Eta azken finean, bide honetatik Ikastolaren betekizuna —ekonomia arazoagatik?— ahaztuz, Ikastetxe bihurtzen lagundu?

3.- Eta azkenik bukatzeko beste ohar bat: Erakunde edo eta talderen baten aurkako zerbait izatean, konpon berarekin eta ez dena lardaskatzen has (Junta, pedagogia, irakasleak, alokairua, eskubideak, haur kopurua, euskara e. a.). Hauxe baita gaur Ikasbiden gertatzen dena, eta ez genuke hau gerta dadin nahi, Ikastolak Ikastola izanez jarrai dezan baizik.

IKASBIDE IKASTOLAKO IRAKASLEAK


Iberian zer

Halere...

Diktaduraren heredentzia Suarezen gobernuari aski nabari zaio; eta ez administralgoa edo gizonen etorkia hangoa duelako bakarrik, egiteko modua, egiteko estilua hura iturbegi dutelako baizik. Hau, eta gehienbat, nabari litzaioke poliziaren gorabeheratan eta armadako gauzatan. Bigarrenari dagokionagatik, dirudienez, zenbait krisi gainditu behar izan ditu gobernuak, zeren eta armadako nagusigoaren gehiengoak eskuinaldeko sinpatiak dituela oso baita ezaguna, halaber ere patriaren salbapena aurrera eramateko prestu baitira, eta ez noski arrosariorik errezatuz.

Dena den, ba dirudi, arestikoari dagokionagatik, Errege eguneko diskurtsuak eta muntaketak zirela eta ikusiz, gobernuak azken hilabetetan ukan duen arazo larri hau gainditu egin duela. Han izandako hitzalditan erregeak eta bi jeneralek —Vega Rodriguez eta Gutierrez Mellado— aditzera eman zutenez armada profesionalduago beharko zuen izan, ofizialeak apolitikoak izanik. Ba dirudi, hain zuzen, gauzak bideratzea lortu dutela gobernukoek —beraientzat, noski—, baina ez litzaiguke erraz izanen jakitea noiz arte ahal dituzketen kolpisten erokeriak izoztu eta kontrolatu.

Poliziari buruz doakionagatik, gauzek hemen ere ba dute beren kontua. Diotenez, espainiar polizia miraturik dago Alemaniakoaren "garaipenak" direla eta. Garaipen tristeegiak eta zaharregiak munduarentzat, eta mundu guztiak kopiatu nahi dituenak, ezen, antza, oso baitira "efikazak". Eta espainiar poliziak jakinen gainean dagoela "terrorisma" ez litekeela aintzinako metodoekin suntsi; ba, hori dela eta, metodo berririk edo asmatu omen du. Frogantza: Iruineako karrika batetan. Ikus beza nahi duenak.

Honela bada, UCD Gorteetan polizia nazionala eratzearen aldekoa agertu da. Leoneko lehoinak ba daki nondik norainokoa ukan behar duen demokrazia honek neurria: berak eta bere alderdiak ezartzen duten neurriraino. Eta ez du uste jendeari deusik azaldu behar zaionik; zertarako? Villak omen daki ongi nola zain kalea!

Estrategia guztiau Estatu gogor bat sortzean datza: Estatu poliziala; zein eta, noski, ez daitekeen konfundi Estatu demokratiko batekin. Gauzak garaiz.

Bitartean, udal hauteskundeak atzeratu eta atzeratu egiten dira eta batek daki noiz arte. Jendeak dionagatik gobernuan dagoen alderdiari, UCDri, ez zaio komeni oraindik egitea, zeren behar baitu bere alderdiaren zabalkundea Espainia guztiko herri ttikietan egin, bistakoa baita alderdia boterean izatearen laguntzaz ari dela eratzen. Honela, orain urtebeteko agindua baztertu eta paper errea bilakatzen du, hots, hauteskundeak urtebete barru eginen zirela. Baina tira, ez dugu uste Suarez jaunak bere pilarea —Peridisen pilarea— hain erraz utz lezakeenik, horrelakorik aipatu du bederen Jimenez de Pargak hots, Espainiari Suarezek beste hamar urte irautea litzaiokeela ona. Horretaz Martin Villak ere eritzi berdina omen du. Tira..., ia noiz hasten diren aintzirak egiten, eta inauguraketak NODOn projektatzen aspaldi honetan ez baititugu ikusten;eta hain ziren miresgarria!

Boterearen gustua, demokraziarentzako desgustua... —Juan, Santutxuko tabernari batek esana—.

Eta gauzak ondo baino hobeto doazenez gero, zeren autonomiaurreko projektua oso aurreratua baitago —kasik euskal ezkerraren batasuna adinbat—, PNVk UCD gizaixoari laguntzarik ematen dio Gorteetan.

PSOEk Heriotze Zigorraren kontra aurkeztutako projektuari, UCDk, noski, ezetza eman dio eta begi bistakoa da PSOEk laguntzarik behar zuela projektua aurrera ateratzeko; PNVkoek, antza, bilkura inportanteren bat ukan beharko zuketen Euskal Herrian.

Apika, manifestapenen bat? Zeren egun horretan Jaungoikoari esker —eta oraingoan ere: esker, ez ezker; ez baitzaio Irujori horrelakorik komeni bihotzarentzat— ez baitziren Gorteetan azaldu. Ederki: ondo: ederki: hobeto... Gizon gaiztoren batek esanen zukeenez, negoziaketa horretan UCDk —Euskal Herrian PNVri, han egindakoaren ordez, Consejo General Vasco-ren (sic) lehendakaritza lortzera lagunduko lioke, PSOEren gain lor dezan, ezen antza PSOEk ere horrelakorik omen du nahi.

Bien, ¿no? Requiescant in pacem. Amen. Suarez han, Irujo edo beste hemen.

Negozioren bat ba du hemen ezagutzen ez duguna, norbait ari da Suarezen eta Martin Villaren alde egiten. Errealismoaren izenean dateke, bai noski.

j.g.


Munduan barrena

Txilen komeria txar bat

ANAITASUNA hamabostkarirako gure azken kronika idatzi genuenetik, gauza asko gertatu da munduan. Iraganaren ondorio batzu, etorkizunaren seinale beste zenbait. Ez da aukerarik falta: Viet Nam-Kanbodia arteko gerra, Israeleko Beginek Egipto bisitatzea, Portugaleko gobernu krisia, Ipar Amerikako Carteren munduaren inguruko jira, Bokassa enperadore koroatzea, Pinocheten garaitzapena.

Aipatu ditugun horik, gertakari nagusienetakoak dira. Ba da besterik ere, eta batez ere bestelakorik.

Gaurko nire kronikarako bi gizon apartatzea pentsatu izan dut: Bokassa eta Pinochet. Bistan da ez direla hauk munduaren eboluzioa aldatuko dutenak, ez eta gertakaririk handienak. Gizon hauek egina, edo hauen inguruan gertatua, ordea, nekez uka daiteke inportantea ez denik. Garrantzizkoa baino ere areago: esan-nahitsua. Gauza askotan gainera, bi mundu-eskualde zabalen adierazgarri: ez alferrik dago Afrikan Bokassa bat, Idi Amin Dada bat, eta antzeko jauntxo apalago asko; ez alferrik dira horren ugari Hego Amerikan diktadoreak eta gobernu militarrak. Pinochet eta Bokassa, Hirugarren Munduko gizarte egoera malapartatuaren sinbolo ere ba dira.

Azkenik, Pinochetekin bakarrik gelditu naiz gaurkoz.

Pinochet irabazle

Noski. Ezin zitekeen bestela gerta. "Victoria arrolladora" idatzi du Efe albiste-emaile espainolak.

Urtarrilaren 5ean antolaturiko Erreferendum sonatuan, 75% txiletarrek baietza eman dute, eta 20'41% ezetza esatera ausartu dira. Baina zeri edo nori baietza eta nori edo zeri ezetza? Hor dago koska. Hain nahasirik joan baita dena, zerbait ulertzeko jatorria eta desarroiloa ezagutu behar baitira.

1973.ez geroz Txilen gertatua, giza-eskubideen biolazioa dela erabaki du ONUk (Espainiak ez zuen baietzik ez ezetzik esan badaezpada). Pinochetentzat ostikada bat bezala izan da erabaki hori. Berehala erantzun du: erreferenduma. Herriari galde, noski. Baina zer erantzun dezake lau urte t'erditan ixiltzera behartua izan den herriak, eritzi desberdinik entzuten ez duenak, herri ikaratuak? Nazionalismotik jo du Pinochetek: "kanpoko mehatxua", "atzerriaren mutur-sartu-nahia" eta holakoak, salakuntza sarri erabiliak izan dira. Atzerria zen presio horren aurka, herriak "manifestapen espontaneoak, berarizkoak" egin ditu eta Erreferendumean baietza eman du. Jakina.

Gu ez gara fitsik ere harritzen. Holakorik ezagutu ere ezagutu baitugu. Hitz berak maiz entzun ditugu Francoren eta honen lagunen ahotik; jendea "espontaneoki" bildu, Madrileko Oriente plazan bildu izan da. Eta abar. Francoren Espainia da Pinocheten Txileren eredu: Chile, uno, grande y libre. Geografia gorabehera (hau da, txiletarrak jarri beharrean, espainolak jarriz gero), Francoren hitzak izan zitezkeen honako hauk: "...los chilenos no necesitamos que nos vengan a dar lecciones de democracia ni sobre la forma como gobernarnos". Plebizituaren arrakasta hospatzeko bildu zen manifestapen "espontaneo" batetan Pinochetek esanikako hitzak dira. Tonu bereko (eta oroitzapen bereko) beste esaldi jatorrik ere ba du Pinochet-ek: "Hoy hemos dado un sí a Chile y un respaldo al que habla y al Gobierno para expresar con todo el corazón el repudio de nuestra patria a las Naciones Unidas".

Nahasmendu hau, abertzaletasunaren eta bere erregimenaren arteko bateratze hau alegia, han eta hemen salatua izan da. Barruan bertan ere bai. Kristau Demokraziaren buru den Eduardo Freik horrexegatik, ez du bozik eman. Kristau Demokraziak dokumentu bat atera du esanez Erreferendum honek txiletarren abertzaletasuna Pinochet-zaletasunaren arabera epaitzen duela. Ikusi besterik ez dago noraino iritsi diren: "Bai" hitza zekarten botu-paperek Txileko bandera zeukaten, eta "Ez" jartzen zutenek errektangulu gris bat.

Luzaz jarrai genezake Txileko kontakizunetan.

Baina galdera larri batekin buka dezagun: Noiz arte iraungo du Pinochetek agintean?

Noiz arte iraungo?

Ez jakin. Ba dirudi barruan sendo dirauela. Lurreko Indarrak eta Gendarmeria berarekin ditu. Alde hortatik seguru dago. Eta seguruenik, besteetatik ere bai. Hala eta guztiz ere, Erreferenduma dela eta hain zuzen, Marinako eta Abiazioko Buruak haserratu egin zaizkio. Abiazioko Nagusi eta Pinochet beraren agintekide gobernuan den Leigh jeneralak eskutitz ireki bat idatzi ere egin dio bere ez-adostasuna agertzeko. Baina Pinocheten agintea kolokan jartzeko hori baino gehiago beharko da, askoz gehiago.

Kanpotik datorkioke kolpea, arestian laguntza bezala. Washingtonetik hain zuzen ere. Kiessinger erori denetik, puntu asko galdu du Pinochetek Ipar Amerikako gobernuaren begietan. Carterek ez omen du Pinochet maite. Giza-eskubideen defendatzaile gisa egin zuen Lehendakaritzarako kanpaina; "giza-eskubideak" izan da munduko jira honetako leit-motiv ezaguna. Programa hori aurrera ateratzeko (edo irudi hori arretaz gorde ahal izateko) ez datorkio batere ongi Txile, Uruguay, Paraguay, Brasil eta holakotsuen lagun bezala agertzea. Horrek ba du erremediorik: nazio horietako erregimenak aldatu. Ba dirudi hori izanen dela Washingtonek Latinamerikarako pentsatua duen politika. Halegia, "Demokrazia mugatua" edo neurtua dei genezakeena. Komunismoari eta sozialismoari bidea mozteko bide bakartzat hori jotzen da. Hori dela eta, ba da Pinocheten egunak kontatuak daudela dioenik. Luzarora, zihur baietz. Eduardo Freiren alde legoke Washingtoneko Gobernua. Hori bide da Goiko Amerika Ahalguztidunaren Hego Amerikako politikarekiko azken erabakia.

Joanes Lekerika


Elkar ikuska

Eskubirekin

Eskubi: "Hemengo zentraleak ez dira nuklearrak izango"

Zentrale nuklearren arazoa gero eta biziagoa dago Euskal Herriaren kontzientzian. Gure herrietako kaleek maiz ikusi dituzte zentrale hauen kontra egindako manifestapenak. Kultur aretoetan ere asko dira arazo honi buruz egindako hitzaldiak. Orain Euskal Herriak ba daki ikaragarrizko arrisku baten aurrean dagoela Barasorda (Basordas), Ea-Izpazter, Deba eta Tuterako zentraleak egiten badira. Orain dela bospasei urte, ordea, Euskal Herria erdi-lo zegoen arazo honi buruz. Beste arazo gogorrak genituen orduan, bai, baina zentraleena ez zen txikiena. Eta, pertsona batzuren ardurapenak herria esnatzeko ahalegina egin dute eta lan honen fruitua gaur berton ikus daiteke: Euskal Herriak bere eskuetan hartu nahi du arazo hau eta bere burua defendatzeko prest dago.

Komisio baten hasiera

1.976. urtean, Udaberrian, Euskal Itsasertza nuklear arriskuaren kontra defendatzeko komisio bat antolatu zen. Giputzek Debako projektua geldierazi ondoren, Bizkaian Barasordako zentralearen kontra zerbait egin behar litzatekeela pentsatu zuten bizkaitar batzuk. Gaur hauetariko bizkaitar batekin dugu elkar-ikuska. Eskubi jauna oso ezaguna dugu anti-Barasorda lan honen barruan. Berberak esango digu nola hasi zen lan hau Bizkaian.

— Gure lehen urratsak indibidualki egin genituen, bakoitzak bere aldetik. Eta, jakina, lan honetan ez du balio lan moeta honek. Nire kasuan, "El Desván" elkarteko kultur komisio barruan Jose Allende aurkitu nuen eta zera ikusi nuen, Allendek asko zekiela gai honetaz eta Bizkaian ba zeudela Barasordako zentraleari buruz arduratuak ziren beste pertsonak. Orduan komisio bat prestatzea erabaki genuen.

Nola egin zenituzten komisioaren lehen pausoak?

— Pertsona talde bat elkartu ondoren, gai honetaz gauza asko ikasten hasi ginen eta arlo honetan Allendek izugarrizko laguntza eman zigun, berak baitzuen zentrale hauei buruzko liburu asko. Bizkaiko itsasaldean, gainera, interes haundia aurkitu genuen, hango jendeek susmatzen baitzuten Barasordako zentralea arrisku bat zela. Debako zentralearen kontra 1973. urtean egindako komisioaren berri ba zuten hauetariko batzuk.

Zer nolakoak izan ziren bizkaitarrok gai honetaz izan zenituzten lehen harremanak?

 1976. urtean Komisioa egin baino lehen, bai giputzekin eta bai Aeorma barruko talde batzurekin izan genituen harremanak. Arlo honetan oso interesgarria izan zen Igeldon 1974. urtean Aeormak egindako mahai-inguru bat, han bildu baikinen Euskal Herri osoko jendeak, kataluniar batzu ere gure artean genituela, Vandellós herriko alkatea hauen artean. Han ezagutu nituen ere Cuesta, Carrasco, Mario Gaviria eta beste pertsona interesgarri batzu.

Giputzek Debako projektua geldierazi ondoren, zer egin zenuten Bizkaian?

— Ekinaldi hura oso garrantzitsua izan zen guretzat. Debako projektua gelditzeko arrazoiek Barasordako zentralea geldierazteko gehiago balio zuten, gure ustez, zentrale honen inguruetan Deban baino herri eta pertsona gehiago bizitzean. Baina Diputazioaren bunkerrarekin topo egin genuen.

Diputazioa

Noiz hasi zineten Bizkaiko Diputazioarekin zuen harremanak?

— 1.976.eko Maiatzean bidali genion geure lehen idatzia, Bizkaiko hirurehun osagilek sinatua, Baina laster ikusi genuen Diputazioak ez zuela erantzuten, ez eta erantzungo ere. Gipuzkoan Diputazioak eta Gobernari Zibilak herriaren presiopean Debako projektua geldierazi bazuen, Bizkaian ez zen honelakorik gertatuko. Bizkaia Iberdueroren habia da eta honek ba du bere astuntasuna... Lehen idatzi haren ondoren beste asko bidali genuen Bizkaiko Diputaziora, baina alferrik... Diputazioak ematen zituen erantzun bakarrak zerak ziren, Iberduerok Barasordan legetik kanpo egindako lanak "legepean" jartzea eta Iberduerorentzat bideak zelaitzea...

Nolakoak izan ziren zuek Komisio bezala egindako ekinaldiak ?

— Gure lehen lana Barasordako arazoari buruz berri ematea izan zen. Honetarako hitzaldi programa bat antolatu genuen. Lehen hitzaldia egiteko baimena eman ziguten, baina ondoren Komisioak baimenik gabe egin behar izan ditu beste guztiak. Behin Lekeition hitzaldi bat eman ondoren, atxilotuak izan ginen bai antolatzaileak eta bai hizlariak. Ni lau orduz egon nintzen komisaldegian. Goardiak zera zioten, gure bultzatzailea ETA zela eta gu etarrak ginela.

Nola hartu zuen Bizkaiko herriak zuen lana?

— Oso ondo. Lekeition, adibidez, Iberduerok behar zituen lur zati batzu guztion artean bildutako diruaz erostea pentsatu zuten, baina gero zailtasun handiak sortu ziren asmo hau aurrera eramateko...

Aurrera segitu baino lehen, ona izango litzateke izen arazoa behin eta betiko baztertzea, batzuek Lemoiz esan eta besteek Barasorda esaten baitute...

— Barasorda, Lemoiz eta Mungiako itsasgolko txiki bat da. Ogella, Ea-Izpazterreko hondarra txiki bat eta, gauzak gehiago nahasteko, Tuterako zentralea Tutera-Bergarako lurretan egin nahi dute baina, noski, Gipuzkoako Bergarak ez du ezer ikusirik....

Projektuak

Gai hau argitu ondoren, jarraiki gaitezen aurrera: Iberduerok baztertu al ditu betirako Deba eta Ogella (Ea-Izpazter) projektuak?

— Ez, aurrera ateratzeko asmoak ditu. Honen froga bat bezala adibide bat dugu: Lekeitioko portuan Iberduerok untzi bat du. Lehen "merlucera" bat zen untzi hau, baina orain ozeanografi untzi bat bihurtu dute. Noizik behin untzi honek Deba eta Ea-Izpazter aurreko uretan bere estudioak egiten ditu. Untzi hau Lekeition beti prest mantentzeak urtean milioi erdi pezeta kostatzen zaiola Iberduerori kalkulatu dugu, eta urteak dira untzia lan hori egiten dagoela...

Zuen Komisioa ez da ekologi talde bat... Non daude, zure ustez, diferentzia handienak?

— Ekologistak gu baino arlo zabalago batetan dabiltza, natura "zibilizazioaren" aurrean defendatu nahian... Gure lana, ordea, konkretuagoa da, zehatzagoa, zentrale konkretu batzuen kontra jotzen baitugu, zentrale hauk gure herriarentzat oraingo arrisku bat izatean... Baina ekologistekin lotura onak ditugu eta ondo laguntzen gara. Ipar Euskal Herrian, adibidez, ekologistak lan polita egiten ari dira, nahiz eta ekologistetatik kanpo beste ipar euskaldun gehienak erdi-lo egon... Frantses demokraziak, ikusten denez, erdi-lo utzi ditu.

Gure herriak kontzientziarik hartu al du Zentrale arazoetaz?

 Bai. Herrialde batzuetan besteetan baino gehiago, jakina, baina jeneralean herria erne dagoela esan daiteke. Nafarroan Mario Gaviriak lan polita egin du eta Araban ere Burgosen dagoen Sta. Maria de Garoñako zentralearen aurrean kezka sortzen ari da. Miranda aldeko ortuari eta lur-produktu asko jaten ditugu euskaldunok eta, gainera, haizeek erradiaktibitatea duten keak Arabarantz bultzatzen dituzte... Mirandako biztanle eta nekazari asko kexatzen hasi da azken garaietan... Nafarroan, bestalde, herri mobilizapenik ez da izan, Diputazioak zuzen jo baitu Tuterako arazoan.

Ipar Euskal Herrian zentrale bat egiteko projekturik ba al dago?

 Ez, oraingoz behintzat, baina hango ekologistak Bordelen egiteko den zentrale baten kontra doaz, eta baita Hegoaldeko itsasaldean egingo direnen kontra ere, itsas eta haize mugimenduak Hegoaldeko ur eta aireak Iparralderantz eramango baititu.

Komisioaren lanaren kontra doazen batzuk zera diote, komisioa arrazista dela...

— Inola ere ez. Gure komisioko partaideak edozein lekutara joaten dira berri ematera: Huelvan, Badajozen, Santanderen eta beste tokitan egon gara hitzaldiak ematen. Baina hemen arazo gorri bat dugunez gero, normala da gure ekintza gehienak Euskal Herri barruan egitea. Hau ez da arrazista izatea, errealista baizik. Gu edozein laguntzeko gertu gaude beti eta zentrale nuklearrak kaltegarriak direla diokeen edozeinentzat. Guk nahi ez duguna ez dugu besterentzat nahi.

Nola izan da gaur arte alderdi politikoen jokabidea?

— Alderdi politikoek gero eta gehiago bultzatzen dute gure burruka, baina batzuk ez dute gai honetaz posiziorik hartu. Talde batzuk aspaldi eman zioten beren ezetza Barasordari, beste batzuk orain direla egun batzu. EHAS, EIA, HASI, PTE eta ANV dira orain arte Barasorda ukatu duten taldeak. Beste alderdi batzuren komite lokalek (itsasaldekoak, bereziki) zentralearen kontra ere jo dute, hots, PNVkoek, PSOEkoek eta PCEkoek, ez baina partidu hauen Euskal Herriko komiteek. Orain Euskal Gobernua oso interesatuta dago eta arazo honetaz zer dagoen jakin nahi du.

— Amaitzeko: nola ikusten duzue Komisiokook arazo honen etorkizuna?

— Optimistak gara eta ba dakigu Euskal Herriko zentraleek ez dutela inoiz nuklear indarrik erabiliko. Herria erne dago eta bere burua defendatzeko prest.

Hala biz.

X. A.


Gure Gernika unibertsala

Juan Larrea bilbotarra da. Diktaduratik iheska —askatasuna maite zuelako segur asko, askatasuna beharrezkoa zuelako agian—, Europan zehar eta Ameriketan bizi izan da urte luzetan. Picassoren laguna zen. Eta adiskide bezala ulertu ahal izan zuen Picassoren Guernica obraren esannahia. Bere ulerkera adierazi nahian, literatur obra bat idatzi zuen: Guernica titulua eman zion.

Picassoren Guernica bezalatsu, Larrearena ere diktaduraren kondenapean egon zen urte luzetan. Gaur, azkenik, Madrilen argitaratu ahal izan da erdaraz. Eta Larrea Jn.a, bere Guernica besapean duela, atzerria utziz, honantz etorri da berriz.

Larreak, bere liburua Bilbon aurkeztu duenean, besteren artean hauxe ere esan du: "El Guernica de Picasso es una asombrosa profecía genuinamente española y abiertamente universal".

Gernika ez da lekune geografiko eta demografiko, hutsa: ez da "hiribildu" bat bakarrik. Bere mugak gainezkatuak ditu. Euskaldunontzat ukan duen garrantzi historikoa eta duen esannahi politikoa ere gainezkatuak ditu, ez ordea gaindituak.

Gernika kultur sinbolo bihurtu da: euskal kulturarentzat, kultura espainolarentzat eta kultura unibertsalarentzat. Horregatik Gernika baliozko sinbolotzat hartu dute pinturak, literaturak, zinemak, antzerkiak, abestiak, teologiak...

Gernika gurea

Euskaldunok, gu geu hasi ginen Gernikaren garrantzi historikoaz eta funtzio politikoaz harantz, balio eta esanahi kulturazkoa ematen: euskaldunon askatasunaren sinbolo bihurtzen.

Atzerrian "euskaldunen hiri sakratua" deitu ohi dute Gernika. Baina Gernika ez da euskaldunontzat hiri sakratua, israeldarrentzat Jerusalem den bezala, edo musulmanentzat La Meca den bezala, edo eta kristauentzat Erroma izan daitekeen bezala. Gernikak ez du euskaldunentzat erlijiozko sakratutasunik, eta bai askatasunaren eta burujabetasunaren sakratutasuna.

Iparragirrek, orain dela ehun urte baino gehiago, kantatu zuen Gernikaren balio eta adiera sinbolikoa, horren haritza kantatuz: "Gernikako Arbola" kanta, literatur balio eskasekoa baldin bada ere, mamitsua eta sakona da kultura aldetik, sinbolo berri eta aberatsa sortzen eta agertzen baitu euskal kulturaren historian.

Hizkera erlijiozkoa erabiltzen du benetan Iparragirrek: "bedeinkatua", "adoratzen", "santua", "Jainkoak jarri zuela Gernikako arbola"... Baina bere adiera erlijiozkoaren barnean, bestelako kontzeptu eta balioak nabarmentzen ditu Iparragirrek sinbolo berria lantzean. Horik kantatu dituzte, "Gernikako arbola" ehun urteotan zehar kantatu duten euskaldun guztiek.

 Gernika geurea dugu: "guztiz maitatua" dugu bere arbola. Euskal Herriaren historiari oso lotua dago Gernika, eta hau bere arbolari. Horregatik Gernika euskaldunen nortasun historikoaren sinbolo bihurtu da. "Gernikako arbola" kantatuz, bere burua baieztatu nahi izan du Euskal Herriak.

 Euskal tradizio eta instituzioen euskarri. Horiekin batera bizi eta indartzen da Gernikako arbola: "Ez zera eroriko arbola maitea, baldin portatzen bada Bizkaiko Juntea". Euskal Herriaren biziarekin loturik dago arbolaren bizitza: "Eroritzen bazera erras galdu gera".

 Euskaldunen batasunaren erdigunea. Gernikako arbolak ez ditu legez eta erakundez inoiz euskaldun guztiak bildu, ez eta hegoaldekoak ere. Hala ere, Iparragirrek eta horien ahotik kantatu duten euskaldun guztiek, lau probintzion batasunaren eta euskaldun guztion arteko bakearen sinbolo bezala ikusi eta ulertu dute Gernikako arbola: "Laurok artuko degu zurekin partea, pakean bizi dedin euskaldun jentea".

Baina euskaldun nortasunaren, tradizioaren, historiaren eta batasunaren sinbolotzat kantatu dugun arbola, Euskal Herriaren eta beronen kulturaren unibertsaltasunaren sinbolo bezala ulertu dugu, Iparragirreren ondoren: "Eman ta zabal zazu munduan frutua". Kultura unibertsalaren sinboloa izan aurretik, euskal kulturaren unibertsaltasunaren sinboloa izan da Gernika, bere arbolarekin batera.

Gernikaren egia unibertsala

Baina Espainiaren "unidad de destino en lo universal" defendatzen zutenek Gernika birrindu zuten, eta horrekin batera horren sinboloa desegin nahi izan zuten. Euskaldunen "hiri sakratua" profanatu zuten, eta euskal kultura ere —beste edozein giza kultura bezala— unibertsala zela ukatu nahi izan zuten.

Baina sinboloak eta kultura ez dira bonben bidez birrintzen eta desegiten; hiriak, bai, nahiz eta "sakratuak" izan, bonben bidez birrin daitezkeela erakutsi zuten. Eta Gernika suntsitu hartatik, euskaldunen hiri profanatu hartatik sortu zen kultura unibertsalaren sinbolo unibertsala: askatasunaren sinbolo unibertsala bihurtu zen, Iparragirrek sortu eta landuriko euskaldunen batasunaren eta nortasunaren sinbolo pribatua.

Picasso espainolak sortu zuen sinbolo unibertsal hori, eta kultura unibertsalari eskaini. Geroztik beste hainbatek landu eta mamitu du. Eta Gernika euskalduna, Gernika unibertsala bihurtu da.

Gernikaren birrinketarena historigileen kezka etengabea izan da, ordutik gaur arte. Gertaera historiko bezala —edo eta anekdota bezala— erabili eta aztertu —edo eta estali— dute historigileek beren artikulu-liburutan, kazetariek beren kroniketan, hainbat hizlarik bere hitzaldietan. Gezurra eta egia burrukatu dira Gernikaren gertaera historikoaren inguruan. Hortxe neurtu dira Espainiako gerraren egia eta gezurra. H. R. Southworth, H. Thomas, C. Uriarte, G. Thomas, L. Bolin, F. Bravo, V. Talon, K.A. Meier, Sterr eta beste zenbait historigile Gernikaren egia ala gezurra ematen saiatu dira.

Baina historia, dokumentuen argitan —edo ilunpetan—, aztertzea eta idaztea, egia argitzeko bide bat besterik ez da. Eta, bestalde, Gernikaren egia ez da anekdotikoa eta pribatua, kulturala eta unibertsala baizik. Eta hau aurkitu eta zabaldu artistek eta pentsatzaileek egin dute.

Picassok, Parisen, pinturaren bidez adierazi zuen Gernikaren sinboloa. Parisetik eta New Yorketik bere unibertsaltasuna erakutsi du Gernikaren egiak.

Eta horren jarraian Larrea eta Paul Tillich etorri ziren: bata literatua, bestea teologaria. Ingelesez idatzi zuen Larreak, Guernica-ren bere "ikusketa": horrela literaturarentzat ere sinbolo unibertsal bihurtu zuen Gernika: Bake nahiaren sinbolo, berak dioenez. Tillich-ek ere Ameriketatik egin zuen Picassoren Guernica-ren adierazpen filosofi-teologikoa. Kulturaren teologia egiten ihardun duen gizon honek ezin zezakeen kultura modernoaren sinbolo handia, Gernika, ahantzirik utzi. Alemaniako nazismoari iheska, Ameriketara atzerriratu zen teologariak gaitzaren kontrako protesta-profezia aurkitu eta landu du Gernikaren sinboloan: protesta hori justifikapenaren hastapena da.

Arrabal-ek ere Guernica titulua eman dio bere zine bati. Irudiaren bidez Gernikaren sinbolozko egia aurkitu eta eman nahi izan du.

Zinearen irudia eta pinturaren irudia hitz literarioa eta hitz teologiazkoa: denak elkartu dira Gernikaren sinbolo eta egia unibertsalak argitzeko eta lantzeko eta kultura unibertsalari eskaintzeko.

Gernika geuregana

Gernikak bere sinbolozko unibertsaltasuna egiaztatu du, eta bere egia zabaldu, Euskal Herriak ixilik egon behar izan duen bitartean. Orain etxeratu egin nahi dugu sinbolo unibertsal hori, bere jatorrira itzuliz eta Gernikaren sinboloa geureganatuz. Geureganatze, etxeratze, itzultze honetan ari gara azken aldian.

Picassoren Guernica bere erakustoki egokienera ekarri nahi dugu askok: hau da, Gernikara. Urte luzetan, Picassoren lauki handia urruti zegoelarik ere, hainbat eta hainbat euskaldunek bereganatua zuen kopia bidez, besterik ez bazen ere, eta bere etxeko tokirik egokienean jarria. Zalantzarik gabe, Picassoren Guernica adinbat beste pintura laukirik ez da zabaldu euskal etxeetan. Baina azken aldian, katera eta kaminoetara ere atera da: Donostian behintzat leku batetan baino gehiagotan ikusi ahal izan ditugu gazteak Picassoren Guernica neurri handitan pintatzen.

Ba dirudi euskaldun bakoitzak nolabait bereganatu nahi duela Gernikaren sinbolo euskaldun eta unibertsala: Picassoren laukia erakutsiz, edo eta Gernikako haritzaren landareren bat aldatuz, edo eta Gernikara bertara bisita eginez, edo eta zerbait idatziz, nik orain bezala.

"Gernikako arbola" abestia Euskal Herriaren ereserki ofizial bezala onhartzea ere eskatu du Kimu Berriren Autonomi Estatutuak. Aldizkari bat ere ba da, Gernika tituluduna.

Bideak ezberdinak dira, geure sinbolo unibertsal hori geureganatzeko; baina bereziki pozgarria da azken aldian euskal artisten aldetik ere berreskuratze hori nabarmentzen ari dela: Haranburu Altunaren antzerki batek Gernika titulua da; Mikel Laboaren abesti batek ere bai. Agian kulturazko sinbolo unibertsal bat norbereganatzeko biderik jatorrena artea da, kopiatzea ez eta bai kreatzea den neurrian.

Gernikaren sinboloa geureganatzeak, euskaldunon historia, nortasuna, batasuna eta unibertsaltasuna berreskuratzea eta gaurkotzea izan behar luke.

Paulo Agirrebaltzategi


"Txaloak". Dossier baten apurrak

Anaitasunak, ustez gauza mahoa zatekeela, ezen euskal herrian diren alderdi politikoek gure horrialdeetan autonomiaurreko projektuari buruz eritzia ematea, telefonoa hartu eta honako hauk deitu genituen: PSOE, LKI, EIA, PNV, HASI, ESB, EMK, ANV, LAIA, ORT, OIC, EPK (PC).

Geure funtzionamendu normalerako bospasei egun lehenago bakoitzaren bulegoekin mintzatzerakoan zera adierazi genien; hilak 10erako gure bulegoetan egon behar zuela beraiek idatzitakoa. Gauzak honela, eta buelta gehiago eman gabe, hilaren hamarrean segur ginen guziek edo gehienek bidaliak izanen zituztela beren oharrak.

A, geu ttonttook! Bi alderdik, hilaren 11n, ekarri zituzten egindakoa, hots, EPK eta OIC; besterik ez zen azaldu hilaren 11n. Beraz, gehiago ez jasotzea erabaki ondoren, ohar hau egitea pentsatu genuen.

Guk ere ba dugu zer esaterik eta, ustez alderdiek beren funtzio soziala dutela, salhatu egiten ditugu lerro hauetatik.

Txaloak!

Euskara ere irakurtzen baita.


Autonomiaurreko errejimena

Autonomiaurreko errejimenari buruz, lehen pauso inportante bat dela esatea, hori egia izanik, ez da gauza asko. Zoritxarrez, eta azken arrazoietan sartu gabe, esan daiteke inungo poztasunik gabe iritsi dela preautonomia gure herrira: ez dugu ikurrin bat ere ikusi balkoietan. Eta gogoan ditugu Kataluniako Generalitat lortu zenean, hango manifestapen ikaragarriak.

Bai, Autonomiaurreko errejimena lehen pauso bat da, lehen garaipen bat. Egia da eraikiko den Kontseilu Nagusiak botere handirik ez duela izango bere eskuetan, eta Madrilekin eztabaidatu beharko duela hainbat transferentzia. Hainbeste aldiz zapaldua izan den herri honentzat, Euskadi instituzionalki eraikitzeko lehen pauso bat da, nahiz eta Nafarroako gorabehera kiliki-koloka gelditu, erabaki hoberena mahaian utzirik.

Baina lortu den lehen pauso hau ezin da folklore bihurtu, eta beldur gara zenbait indar politikoren artean horrelako zerbait gertatzen ari dela. Lehen pauso horrek esanahi konkretuak eduki behar ditu gure herriarentzat, eta ez hitz handitan edo bilera luzetan gelditu. Formatu beharko den Kontseilu Nagusiak errespontsabilitate handia du bere eskuetan: Euskadiko hainbat arazori irtenbide konkretu bat lortzeari laguntzea.

Lehen, ekonomi krisia, Monkloako Akordioen betetzea exijituz, akordio horien euskal itzulketa egoki bat eginez, zeren ekonomi krisia Euskadiko lehen arazo nazionala dela esatea ez da ezer dramatizatzea. Bigarren, bortxakeria harmatua baztertzea gure herritik. Euskadiko arazoen konponketa askatasunean eta bake giro batean aurkitu behar dira, eta ez dago arrazoirik herriaren boza pistolen hotsaz trukatzeko.

Kontseilu Nagusiak ez du botere handirik izango lehen mementuan, baino inork ez dezake uka herriaren aurrean aginpide demokratiko zabala lor daitekeela gaurko egoeran.


EKE-OIC autonomiaurreko errejimenaren aurrean

EKErentzat, autonomiaurrea, Dekretu-legeak planteiatzen duen terminoetan, Euskadik bere askatasun nazionalen alde daraman burrukan pauso politiko garrantzitsu bat da, nahiz eta Euskal Kontseilu Jeneralak atribuzio motzak izan, bertan Nafarroa Euskal Herriaren barnean hartzen du. Euskal Kontseilu Jeneralean Nafarroa sartzea neurtzen duen Dekretu-legearen firmak, UCD egiten ari den negoziazioen faltsukeria garbi agertzen du, zeren eta bere taktika denbora pasatzen uztekoa izanik eta hau hilaren 4ko mobilizapenekin hautsi ondoren, agindu eta maneiu berrietara jotzen du, gero ez betetzeko jakina, eta PNV eta PSOEko Parlamentariek —ez dakigu nola— onhartua izan zen.

Jokabide honengatik, alderdi hauek sinplezia bakarrik dutela pentsa genezake edo eta bestela UCDk bezala, mobilizapenen beldurra dutela, hauek behar erazi baitie negoziazio arduragabe eta lasterkakoak egitera. EKErentzat onhartezinezkoa dena zera da, Euskal Kontseilu Jeneralean Nafarroa sartuko den ala ez erabakiko duen organo forala izendatzea Gobernuaren eta Nafarroako integrista den Diputazio Foralaren eskuetan uztea. Eskubide hau, Diputazio Foralaren konpetentziak aurrez traspasatuak izango zaizkion organismo foral demokratiko eta errepresentatibo batek bakarrik erabil ditzake. Jakina da, erabaki hau gehiengo edo majoria sinpleaz hartua izan behar da, bestela UCDri bakarrik egingo dio mesede eta Nafarroako zentralista eta eskuineko jauntxoei.

Referendumari buruz berriz, lehenengo, gure esijentzia zorrotza gehiengo sinplea izan dadin; bigarren, gure posizioa, referenduma egitea da nahiz organo foralak edozein erabaki hartu, hau da, bai Nafarroa Euskal Kontseilu Jeneralean egotea onhartzen badu eta baita onhartzen ez badu ere. Lehen kasuan bakarrik egitea, berak nahi duten bezala, zeharo antidemokratikoa litzateke; eta hirugarren, guziz zehaztutako autonomia baten aurrean eta Hego Euskadiko lau herrialdeetan egin behar litzatekeen referendum baten aurka jartzen ez bagara ere, uste dugu benetan zorigaitzekoa litzatekeela referendum bat onhartzea nafarrak defini daitezen, ez bakarrik guziz osatu gabeko autonomi Estatutu baten aurrean baizik eta atribuzio eskaseko autonomiaurre bati buruz. Neurri hori mesedegarri izango da "Nafarroa ala Euskadi" linean orienta dezan, ondoren bezala Nafar herriaren zatiketa ekarriz.

Egin dugun analisi honen ondoren, konklusio hauetan intziditzeari guziz garrantzitsua deritzogu:

- Nafarroak bere etorkizun autonomikoa zer metodoren bidez erabaki behar duen argi eta garbi jakin arte, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban autonomiaurreko errejimenaren iharduna geldierazteko beharra.

- Euskal Kontseilu Jeneralera herrialde hau batzea segurtatzeko ahal den baldintza hoberenean, Nafarroan aliantza autonomista zabal bat eraiki beharra.

- Euskal Kontseilu Jenerala, Nafarroako problematika konpondu ondoren martxan jarri behar dena, benetan demokratikoa izateko beharra eta hortarako, Euskadiko parlamentutik kanpo dauden indar politikoen errepresentazioari bere barnean tokia egiteko beharra.


Ahosabaia lehortu egiten zait

Bai, hala da. Ene gelako txokoan jezarrita nagoelarik, euskal aldizkariak irakurtzen has, dauden egunkari euskaltzaleetako euskarazko artikulu apurrak eskuartean erabil —Deiakoak beharbada salbuespen eginda— eta hala da, ahosabaia lehortzen zait, ileak lazten zaizkit, biloak gogortzen, eta daukadan amorruaz eta isurtzen dudan hiraduraz ene urdaila, ene gorputz osoa, larritzen. Bai, hala da, hain baita pobre, txiro, erkin eta errumes hor agertzen den hizkera, ez baturik ez ezer ez dena, merdara itsusi eta motza baizik. Eta damu dut, zintzoki diot, damu dut hau esan behar izaten dudalako, baina beste irtenbiderik ez dut erideten. Eskubiderik ez dagoelako, zuzenik ez daukagulako, munduko idazle guzti guztiek hiztegi bat lagun idatzi ohi dutelako, euskaraz izenlagunak izenaren atzean kokatu behar direla oraino ikasi bide ez dugulako, nire bizitze osoan herriarengandik entzun ez ditudan erdarakada galantak irakurri behar izaten ditudalako, erdarakada merke eta peripatetikoak gehienetan, zeren nik neuk, bizkaitarra izanda, "apuiatu" sekula entzun ez baitut, zeren nik neuk batekin geratzen naizenean berarekin geratzen naizelako baitiot berarekin geratzen naizela, eta ez berarekin egoteko naizenean, zeren lantzean behin ere euskaraz omen dagoen testua ulertzeko erdarara itzuli behar izaten baitut han esaten dena ulertuko badut, "norbera" eta "bat" artean euskaraz dagoen diferentzia ikasi bide ez dugulako, zeren leporaino bainago guk geuk geure buroi diegun estimazio gutiagatik, guk geuk egoera zailetatik itzurtzearren dugun era errazagatik, guk geuk denok dugun alferkeriatzarragatik.

Desesperoak gero eta handiagoak bilakatuz doaz, eta ez gara oraindik konturatu euskaldun iraunen badugu, gauza erraz, polit xamar eta horrelakoetatik aparte guk geuk behar dugula euskaraz geure gosea ase, denok, maila bateko gauzok behar dituztenak, eta beste maila bateko kontuok maite ditugunok. Egungo kulturak, egungo munduak burruka gaitza proposatu digu, eta ni neu ez nago gogotan betiko legez martiri edo eta gizauren bat bilakatzeko, berriro diot, leporaino nagoelako. Desafio gogorra bota zaigu eta guztiz makal erantzuten ari gatzaizkio. Bihotzean geratzen zaigun energia, nahikunde eta maitasuna ereti honetan hain modu merkez saltzen badugu, gastatzen badugu, goibel dakusat geure zerua, eta are ilunago etorkizunari igartzen.

Lizardiri bezala nigarmina zait ene bihotzaz nagusitu, nigarmin etsia, ene desesperantzaren marka gertatzen zaidan iluntasun samina. Zeren halaz eta guztiz ere aitzina egin nahi baitut, aurrera jo gura baitut, euskaldunkiro lur honetako gizaki bat besterik izan nahi ez naizelako.

Andolin Eguzkitza


Uranok ere erhaztuna du

Orain arte uste zenez, Saturno zen bere inguruan erhaztuna zeukan planeta bakarra. Ihaz aztertu zen phenomeno bati esker, ordea, gaur astronomoek ia segurtzat ematen dute Uranok ere holako beste erhaztun bat duela bere inguruan.

1977.eko Martxoaren 10ean, Uranok, izar distiratsu bat (SAO 158687) eta Lurraren artetik pasatu beharra zeukan. Izarraren "eklipsea" begiratzen zuten astronomoek, Urano haren gainean gelditzean, izarraren argia desagertzen ikusi zuten, baina handik 8 segundutara berriz argia ikusi zuten, gero, segundu batetako 4 saltorekin, 25 minutu itzaliz. Ondoren phenomeno berbera, baina alderantziz: ikusi, segundu batez itzali, berriz agertu, beste segundu batez itzali, berriz agertu... azkenez zortzi segundutan desagertu ondoren, izarraren argia erabat agerian geratu arte.

Phenomeno estrainio honi astronomoek eman dioten interpretazioa —beraien ustez posible den bakarra— zera da, Uranok bere inguruan bost erhaztun ttikiz osaturiko erhaztun haundi bat dukeela, haitz eta harri haundiz eginak guztiak. Horik ziratekeen izarraren argia, tarteka, planetara heldu baino lehenago, pasatzen uzten ez zuten oztopoak.

Lurrarena baino diametro laur bider handiagoa duen planeta erraldoi horrek, beraz, 10 kilometrotako erhaztun zabal bat eta kilometro batetako beste laur ttiki dauzkake aldean, espazioaren irudigileek kontutan hartzeko datua berau.

Xabier Armendaritz


Diagnosigailu berria

New York-eko mediku kolegioko laborategian E. Roy John-ek eta bere ikertzaile taldeak "asmatu" duten burumuin azterketarako prozeduraren berri ematen du 77.eko Hazilaren "Psychologie" aldizkariak.

"Quantitatif electrophysiological battery" (Q. B.) deitu prozedura honetan, elektrodo batzuren bidez ordinagailu bati elkarturik gelditzen da pazientea. Honela, burumuineko uhinen potentzial aldaketak hamabost minutuz jaso ondoren, analisi ultrakonplexu bat egin dezake ordinagailuak, gaur arte ezagutzen den burumuin funtzionamenduaren azterketarik zehatzena eskuratzen digularik.

Orainarte Elektraentzefalograma izan da burumuinaren funtzionamendua ikusteko prozedurarik onena, metodo fisikoei begiratuki. Q. B.-ak elektraentzefalogramaren elementuez gain, 30 testadizional ere ba daramatza eta elektrodoen enplazaketa E.E.G.-rena bezalakoxea izan arren, burumuinaren alderdi bakoitzaren irudi zehatzagoa ematen digu, Hona nola hel daitekeen Q. B.-a laurogeitabost mila konbinapen ezberdinen berri ematera: 57 elektrodo zerebruaren alderdi ezberdinetan finkatuak, x burumuinaren elektra ihardunaren 30 alderdi x 50 kondizio ezberdinetan aztertzen da burumuina.

25 epileptikoei egin azterketa batetan, hogei identifikatu ditu Q.B.-ak, analisiaren garaian tratamenduan egon arren; horietarik hamarrek ez zuten epilepsiaren haztarnarik ematen EEG-ren arabera, baina Q.B.-ak hogeitabi detektatu zituen. Burumuin tumore bat zuten hogeitabost pazientetatik (hamar afekzio haztarnarik gabeak) hogeitalau detektatu zituen Q.B.-ak.

EEG-k inolako okerrik ez ematean, autismoa diagnostikatu zitzaion mutilkozkor batek psikoterapi tratabidea zeraman, Q.B. bat egin zitzaion arte. Zentzu mezuak interpretatzen diren burumuin alderdian uhin geldi gehiegi zituela ikusi zutenean, berriro beste EEG bat egin zitzaion eta bai epilepsi kurba karakteristikoa aurkitu ere.

Diagnosiaren garaian ezezik, tratamenduarenean ere ba dituela abantailak metodo honek dirudi. Metodo klasikoekin, osagileak sintomak ezkutatuz doazen ala ez ikusi behar du, tratabidea ona den ala ez jakiteko. Q.B.-ak, aldiz, tratabidean sartu orduko, zuzenki, irakurtzen ditu burumuin ihardunaren aldaketak. Daniel Goleman-ek esaten duen bezala, EEG sukarra neurtzen duen termometroa den artean, Q.B.-ak sukarra sorterazten duena identifika dezake.

Ultzeren kontra

Urdail eta duodeno ultzeren zeru ilunean argi ttipi bat agertu da, sekretapen azidoaren mekanismoa iruzurtzen duen sendagai bati esker.

Duela urte batzu, zera ikusi zuten ikertzaileek; urdail eta duodenoko mukigeruzaren azido klorhidriko sekretapena histaminak kontrolatua dela. Orain, histaminaren antzeko produktu batzu prestatu dituzte, haren errezeptoreekin haren ordez elkar daitezen, hots, histaminak azidoaren sekretapenik estimula ez dezan.

Histaminaren errezeptoreak iruzurtzen dituzten substantzia hauetako bat zimetidina da, orain arte lurralde askotako eritegietan esperimentatua eta aurrera ere ondoren onak iragartzen zaizkiona.

Endorfinak berriro ere

Duela urte batzu hasi ziren akupunturaren eta mendebaldeko medikuntzaren arteko lankidetzaren lehen urratsak ematen: gure nerbio sistema autonomoaren Sinpatiko eta Parasinpatikoaren eta akupunturaren praktika oinarritzen duten Yin eta Yang printzipioen artean zerikusirik ba zegokeela pentsatzen hasi ziren. Aurten eman den beste urrats garrantzitsu bat endorfinei dagokiena izan da. Geure burumuinean produzitzen ditugun substantzia neurotransmititzaile hauk minaren pertzepzioa guttierazten dutela ikusi denean eta Pekineko Medikuntz eskolako ikertzaileek isurki zefalorrakideoan faktore minkentzaile bat ikusi dutenean (akupunturak sorterazia), faktore hori endorfina bat izan daitekeela pentsatu da.

AKUPUNTURA: Txinako sendabide tradizionaletarik bat (landare sendabidea da bestea), XVII mendean heldu zen Europara. Taoismoaren printzipio handi batetan oinharritzen da: unibertsuko gauza guztiak bi printzipio oposatu eta konplementaritan bereiziak eta osatuak direla (Yin eta Yang).

Yang-ek beroa, eguna, uda, indarra eta zerua adierazten dituen artean, Yinek hotza, gaua, negua, inertzia eta printzipio emea adierazten ditu.

Giza gorputzaren lau adarrak urtearen lau haroak dira eta haietan (adarretan) lekutzen ditugun hamabi meridianuak, urteko hamabi hilabeteei dagozkie eta txinar egun tradizionalaren hamabi orduei ere bai.

Meridianu horietan 365 puntu zehatz kokatzen dira, urteko egunei dagozkienak. Eta horietan zehar zirkulatzen du elikaduratik, arnasketatik eta unibertsuarekiko kontaktutik datorkigun bizitz energiak.

Gaixotasunaren sustraian yin eta yang arteko desoreka dago, 365 puntu horietariko batzutan eta akupunturazko tratabidea puntu horietan orratza ezartzean datza, falta zaien energia emateko edo sobera dutena kentzeko.

ENDORFINAK: duela hamabi urte aurkituak izan ziren arren, berriro hauzitan jarriak gertatu ziren eta berriki berraurkituak izan dira, glandula pituitariak fabrikatutako peptido hauk (Amigdala eta sistema linbikoa dira endorfinentzat errezeptore gehien duten alderdiak).

Minarekin, atseginarekin, emozioekin eta buru gaixotasun askorekin endorfinek duten zerikusiaz jabetzean, hauen sintesiari ekin zaio, baina, estruktura kimiko ezaguna duten arren, endorfina gramo bakoitza 25 milioitatik gora kostatzen da oraindik.

Honen aurrean, eta ganbeluek minari buruz duten erresistentziaz oharturik, 500 ganbeluren gurintxa pituitariak eskuratu zituzten ikertzaileek eta —lipoproteinaren puska den— endorfina atera, gaixo psikotikoen sendaketarako. Erantzuna oso positiboa izan zen. (Alexandre Dorozynski-k Abenduko "Science et Vie"n dioenez).

Itxaropen berriak ireki ditu endorfinen aurkikuntzak, beste produktu antipsikotikoei erantzuten ez dieten gaixoen hauei erantzuten dietela ikusi denean eta burumuinak berak produzitzen dituen produktu naturalak izanik, bigarren mailako efekturik ez dutela sortuko (oraindik) espero denean.

Klaudio


Natur eremuaz (I). Txakurrak non mihia, han mina

Naturzale eta ekologistek aspaldion beren boza ozenki entzunerazten dute. Ezarri digutelako, inguruan dugun natur giroaren degradapena, izan ere, ez da guttiagorako. Industri zibilizazio goraipatuaren laguntzat, satsudura eta kutsadura datozkigu, Apokalypsis berriaren aitzindari. Giza bizitza, etxe barruan, lehen susma ezinezkoak ziren atseginez hornitzen ari den artean, kanpoa, aldiz, simaurtegi kiratsa ari zaigu bihurtzen. Naturak lehen dohainik eta berez eskaintzen zizkigun edertasunak, orain artifizioz berregitera beharturik gaude. Eta musika sterephonikoari berea ukatu ez arren, udaberriko txorien kantak amesten ditugu, flaskoko lurrinen usainaren ondoan, loreena nahi genukeen bezala.

Txinako enperadore hari gertatu omen zitzaiona egin zaigu guri ere: bera baztertu ondoren eta haren lekuan txori mekhaniko batez liluraturik egon eta gero, haragizko errexinula maite dugula orain, agian beranduegi denean.

Mundu guztiak aitortzen du naturatik urrunduz joan garen neurrian, sortu direla gure artean gaur zapaltzen gaituzten ezin egonak, eta geuk kreaturiko bizimodu irudikorra bera dela, azken buruan, gure zorarazle. Baina kexuok, funtsean daukaten egia gora behera, ba dirudi, entzunaren entzunaz, belarria gortu digutela, eta ekologistak, lehenagoko naturalisten antzera, halako erromantiko inozotzat hartuak izaten direla askotan, diotenari kasu handirik egin gabe.

Ezin uka daiteke, noski, behialako landarejale eta esperantista amorratu haien antzera, ekologisten artean ere ba diratekeela pertsona xinple edo eta zenbait utopista fanatiko, baina, oro har, Naturaganako gaurko jaugin berriak erro sakon eta zientifikoak ditu.

Lurra: giza jabego eta ondarea

Bizi, Lurrean bizi gara, hots, izen horretako planetan. Gure eustazpiak, hortaz, giza bizitzaren barrutia mugatzen eta beraren aurrerabidea baldintzatzen du nahiztaez. Hauxe dateke, beraz, ekologiarako oinharrizko planteiua. Eta honi darion berezko ondorioa zera da: Lurraz arduratzea geure bizitzaz beraz arduratzea besterik ez dela.

Marxistontzat ez den arren, oraino —zenbaitzuren artean behintzat— eztabaidagarria dateke produkziorako tresnen jabegoa komuna ala pribatua izan behar ote den. Produkziorako tresnak, erremintak zein makineria haundia, artifiziozko zerbait dira, gizonak zuzenki edo eta zeharka sortu edo eskuratuak.

Natura, ordea, ezin du arrazoiz inork bere jabegotzat gorde. Natura berez dago, egon. Eta gizona baino lehenago ere egon zegoen. Mendi bat, lurralde bat, hibai bat jabedunak direla esatea, aireak edo itsasoak jabea ba dutela esatea bezain absurdua da. Gauza guztiok, norbaitenak izatekotan, bertan kolektiboki bizi den giza taldearenak lirateke, beraien jabe pribatu guztiak, gaurko legeen babesaz egon arren, behialako lapur eta bortxatzaileak izanki.

Eta Historian aztertuz gero, lurraren eta naturaren jabeko komun hori Herri eta toki guztietan, zentzu onaz, holaxe onhartua izan da. Euskal Herrian ere bai, eta oraintsu arte.

Natura guztiena zenean, taldeak zaintzen zuen, eta bakoitzak ezin zezakeen hura gehiegiz hurrupa besteen gaztigua jaso gabe, edozeinen abusua besteen kaltean baitzihoan. Hola edukiriko natura, hurrupatua bazen ere, landu eta zaindua ere ba zen, eta oihanetatik egurra ekarri arren, urtero zuhaitz berri asko landatzen ziren haien orde, oreka egokia gordez.

Jabego pribatuaren ondorioak

Natura esku pribatu eta bakarretan jartzeak edozein gehiegikeriari eman dio bide, beronekin batera sartu zen balio ekonomiko hutsaren kontzepzio alienagarriagatik, batez ere.

Guztiok dakigu erraz lorturikoa ez dela gehienetan estimatuegia izaten. Ehizia harrapatzeko, erremintak egiteko, etxea eraikitzeko edo eta uzta lortzeko, luzaroko trabailuak behar izaten dira. Guztiok erdiesteko, gizonak bere ahalegin eta izerdiak bota behar ditu eta erabat logikoa da, horrexegatik, azkenean eskuratzen dituenean, holako gauzak "bereak" kontsideratzea, nolabait bere lanaz berak sortu edo lortuak izanki. Natura, ordea, ez du gizonak egin, eta indarraz zein legeaz —funtsean biak gauza bera baitira— lortzen duenean, hura sortzeko neke zuzenik ezaz, hartaz abusatzeko joera izaten du askotan.

Bakoitzak bere probetxutan legez "bereak" dituen natur baliabideekin edozer egin dezake, hauzoa basamortuz edo zikinkeriaz inguraturik utzi arren ere. Eta beronen exenpluak nahi adina ditugu. Pentsa dezagun, esaterako, gure herri baso komunak zatikatzean, jabego moeta honegatik pinuekin zer gertatu eta gertatzen zaigun, edo eta hibaiak, ingurua eta airea kutsatzen dizkiguten "legezko" fabrika guztiekin.

Baina problema are urrunagora doa. Lekuz hauzoa izorratu ez eze, denboraz ere ondokoa izorratzen ari gara horrela. Gaurko belaunaldiak, bere diru gosezko gehiegikeriokin, BIHARko belaunaldiei Naturak eskain diezaiekeena kentzen die batera. Mendian berez hazten zen badadi ederra gaur ebakitzen duenak, biharko gizonei oihan horretaz gozatzeko zeukan eskubidea eragozten die. Meatze bat abusuz urritzen duenak gerokoak hartaz gabetzen dituen bezalaxe. Hainbeste mila urtetan eboluzioz lorturiko natur ondare orekatua, azken mendeotan gizona alferrik galtzen ari da. Gurea ez den natur herentzia miserableki gastatzen ari gara.

Horregatik, giza leinuari den estimurik ttikiena baldin badiogu behintzat, jaioko diren berriengan —geure seme-alaba kolektiboengan— geure giza eta herri jarraipidea badakusagu bederen, ezin dezakegu burua bestaldera itzul eta arazo honetaz itsuarena egin. Lurra guztiona da, Natura guztioi dagokigu eta, beraz guztioi doakigu bera zaintzea.

Xabier KINTANA


Haurra aktibitatean hazi eta hezi egiten da (1)

Aurrerakoan aktibitatearen garrantzia, izana eta haurraren ikasgoan duen zentzua ikusi dugu; honekin batera, gure ikastegien azalpen eta textuetan nola tratatzen den ere. Premiazko dugun sakontzeaz gainera, gure azterketak askoz goizaleagoa izan behar du. Horrialde hauetatik guk ezin genezake dena har, noski, baina gure konklusioak oinharritzen dituzten puntuetara hurbildu nahi dugu.

Haurraren berezko aktibitatea

Haurraren lehen pausoei behatu behar diegu, zenbait datu ateratzeko. Hauen interpretapena askotan hipotesietan geratzen zaigula ezin uka, konprobatzeko eta esperimentatzeko dugun ahalmena guztiz mugatua baita. Nahi eta ez, psikologo, pedagogo, haurtzainen lanez eta "Askatasunean Hazkundearen" esperientziez baliatu behar dugu gure lan honetan. Has gaitezen, bada, sinpleenetatik, haurrarekin bizi den edonork, gurasoek lehenik, noski, ikus ditzakeenetatik.

Haurraren lehen zentzazioek, hotsek, argitasunak, ukitze eta dastamen atseginak, lehen erantzun afektiboa dakarte, zein aktibitatean, erreakzio higierazle bihurtzen baita, gauzak hartuz, xurgatuz, ukituz, etab. Geure ikastegietan estruktura hartzaileak finkatzen ditugu; haurrak entzun eta bereganatu egin behar du, hauxe baita azken helburua. Jaioberria, ostera, ez dago zain, bera doa bila. Gauza ezaguna dugu gizakia norainoko ezgauza den abere espezietan; hala ere, bilatzen dihardu, ez da itxaroten gelditzen nigar eta oihuka bere beharrizanak, superbizipen eta segurtasunaz kontura erazten du egin egiten du. Hauek eta jasotako zentzazio atseginek esperimentazio munduan murgiltzen dute, kasualitatez aurkitutakoa haurrak berak errepikatu nahiz.

Hari honi jarrai gakizkioke, bilatzeko egarri hori nola mugatu diguten eta dugun ikusteko, baina... jo dezagun aurrera!

Haurraren behaketa eta bilaketaren ondoan, inguruan dagoen guztia maneiatzeko beharra jarri behar dugu: txintxirrina dela, zurrupagailua, gomazko edo plastikozko panpina eta jostailuak, egurrezko takoak, kartoi eta paperak... Hots, forma, kolore, ukitze batzuren atsegina, berezko aktibitatearen eragilea da; hau da lehen motorea. Lot ditzagun prozesu honetan, ikusten ditugun interes eta adierazpen motoreak: inguruko tresnak pilatzea, sartzea, ateratzea, botatzea, joan-etorriak, etab. Datu hauk ezin ahantzizkoak ditu, haurra inguru iradokor, berezko eta ugari batetan jarri nahi duenak; hau da, haurrak molderrazak dituen tresnak.

Gure kontsumuzko gizarteak, ordea, jostailurik sofistikatuenak sarrerazi nahi dizkio, bete eta bukatuenak. Jostailu hauek ez dute aukerarik uzten, markaturik dakarte dena. Hauek ere, errezeptibitatea indarberritzen dute, guk jostailu beraren funtzioa inposatu nahi dugunean behintzat. Haurrak, ostera, maneiatu egin nahi du, bestelako guztiekin egin nahi duen bezala.

Beste horrenbeste egin nahi izango luke etxe, pertsona, lege, ordu eta besterekin; beraren legera moldatu. Haurra bere egiteari, bere dinamikari jarraitzen zaio, inork estrukturaturik eman nahi dionari gabe. "Haurraren berezko aktibitatea" delako pelikula honen hurrengo eskenak ikusterakoan, fikzio zientziara pasatu beharra dugu. Gure gizarteak, hirikoak bereziki, irmoki lotu ditu lasai eta probetxuz irauteko hariak.

Gizarteak ez du haurra kontutan hartzen

Gizarteak bere lege, ohitura, moldadura, bere "egitea" ondo ikasi eta irakatsia du. Familiatik hasi eta, onena eta bakartzat inposatzen zaizkio haurrari: bizimaila, giza harremanak, lan eta atseden orduak, etxea, estetika, moralea... etab. Muga besterik ez du topatzen: "Ez uki!, ez begira!, ez egin!, ez higi!, ez joan!, orain ez!..." Magnetofonoa edo belarria jartzea nahikoa dugu, gure etxe, ibilaldi, kale, ikustaldi eta elkarrizketa aspergarrietan. Gure elkarrizketa luzeak! Zein haurrek ez du "Goazen!" esaten minutu eta erdika guretzat hain atsegin baina haurrentzat guztiz gogaikarri diren egonaldi horietan?

Bi alditako kontzertua dugu: bata haurraren iniziatiba, ekintza, hazkundea hitz batetan, deuseztatu, eta bestea errezeptibitate hutsa bihurtzea,

Haurraren adierazpena, berezko hazkundea moztuz gainera, mundu biribil bat, egina, inposatu nahi diogu. Honetan ez du ezer egin behar, ahoa zabaldu eta irentsi baino. Adibide batez ulertuko dugu: gure gizartearen azken asmapen hori, telebista. Hau tresna maneiaezina dugu, ematen zaigun bezalaxe onhartzekoa. Piztuz gero, ikusi entzun eta isiltzea dugu; sekula ere ez parte hartzea, gure eritziz programaren martxa aldatuz, edo bukaera moldatuz edo proposatuz gutienez. Hau dugu, beraz, gaurko gizarteak sortutako hezlaririk trebeena; honek ematen digu geure gizartearen banaketa nagusia: erabaki eta egiten dutenen multzoa batetik, eta "amen!" esaten dutenena bestetik. Bigarren hauek, noski, ez dute egiten, egina baitatorkie.

Ondorioak ez dagozkio haurrari soilik, baina arlo honetan mugatzera gatoz artikulu honetan.

Ohizko Pedagogian ugari ahozkatu da "Haurra nagusigai hutsa da" esana; eta gaur egun ideologia eta praktikan iraunkorra dugu asmo hori. Haurraren balioztapena defendatzen duten ahotsek —"Haurra berezko mundu bat dela" diotenek— ez dute fruiturik ematen. Hitzaldiak, informe eta entseiuak, ikastaro eta mintegiak paper errea dira, Errealitatea, familia, irakaskuntza eta ingurua guztiz adierazgarriak ditugu.

Familia eta inguru fisikoa

Ikusia dugu haurrari txikitatik jartzen zaion bizimodu hertsagarria. Ez dugu uste datu gehiegirik atera beharko denik, seme-alabak gurasoek berauk diren edo izan nahi zutenaz moldatu nahi dituztela egiaztatzeko. Nolako geroa nahi duten gurasoek, halako bizimolde, ohitura, zaletasun eta abar luzea sarrerazten diote. Haurrak berezko lege, interes eta gogozko harremanak ditu; askotan gure interesen, bai eta "gizamoldeen" kontrakoak ere. Haltzariak, paretak, liburuak, apaingailuak, janariak, bere erara eta zerbitzutara erabiltzen ditu. Dena dela, ez gatoz haurraren diktadura —beraren nahia, nagusi— defendatzera. Hain zuzen, haur mimatuen kasua dugu hau, beste aldeko muturra, nolabait gizarte osoa beraren eritzipean jartzea delarik; hau hezlari aurreratuenek ere ukatzen dute. (Ikus Neill, Martí eta abarren idatziak).

Gaurko gizarteak, bai eta familiak ere, haurraren integrazio hutsa bilakatzen du. Haurra onhartzaile zintzo eta baiezkoa nahi dugu; inola ere ez bizi den gizagune horren kritikatzaile eta eragilea. Lehen aipatu dugun binomioa, telebistagailu-ikus-entzulea, baieztatzen da; honetan, gainera, amatatzeko ahalmenik gabe. Egin egiten dutenak besteak dira eta haurrak, nagusigai delarik, gerorako ikasi behar du. Honetatik irten eta ulertzen dira erretolika, zigor, erreformategi eta zentzategiak. Honela justifikatzen da, gaztelanieraz ikasitako "la letra con sangre entra" esan jakintsua.

Neba-arreba zaharrenek integrakuntzaren eredu izan behar dute: "gizontxo bat da", "nagusi bat dirudi", gizaixoak 7 urte dituelarik.

Haurraren berezko bizitza, aktibitate eta hezkundeak, tamalez, ez dute bizimoldeen muga bakarrik. Gu bizi garen inhurritegiak, lo egiteko bizilekuak, motoreen jabegoko kaleak,... gainerazko lazeria dira.

Bizilekuak

Baserrietako haurrak inguru zabal eta irekia gozatzen du. Kanpoa eta barrua bat datoz. Ateak ez du ezer banatzen. Inguru honetako haurrek, irten, sartu, jostatu, igan,...; ez dute etxeko lanak eta eguraldia baino mugatzat. Kaleko etxeko ateak, ostera, bi mundu ezberdin banatzen ditu. Honez gainera ate hitxia da; joz gero, ireki egin behar digute. Ezin gurutza dezakegu geure nahieraz, nora edo eta zertara konkretu baten beharra dago.

Kanpoa —hiriko kaleak— gehienetan haurraren aktibitate eta sormenaren beste muga bat dugu. Semaforo, hesi eta abarrez beterik, autoen eta oinezkoen aldetan banatzen da, azken hau, sarritan, aparkaleku, saltzaileen erakustoki, publizitate eta trafiko ezaugarri toki delarik. Honetan ere, ezin josta daiteke, ezin molesta dakieke iragaten direnei; geldi egon behar da. Kontutan hartu behar dira auto, semaforo, txinel, soropil, leiho eta erakustoki, oinezko, jezarri, zahar, hondakindegi, arratoi... eta abar.

Eta bizi garen "poxpolu kaxen" barnean, gelaska antzeko batzu dituzte haurrek. Hauetan ere ezin higi daitezke, kontuz ibili behar dute pareta, haltzari, lanpara, leiho, beheko eta goiko hauzoko (lotan dagoena) eta abarrekin. Irakurtzen, puzzleak berregiten, jostailu "pedagogikoekin" (?), telebista ikusten, GELDI egon behar dute!

Hauxe da familia-haurra lehenetariko ahozko komunikapenean nabari den agindua, "GELDI EGON HADI!" Denok dakigu, berriz, norainoko zaila den agindu honen lorpena, "ez da sekula geldi egoten", "ezin du geldi egon"... Gehiago esaten dugu guk: Haurra ez da izaki geldia, guztiz alderantzizkoa baino.

Haurtzaroa zahartzaroa bihurtu nahi dugu. Bizia, projektu eta eginahal denak ez du zer ikusirik guk bizi dugun zahartasunarekin, gure mundu bukatu eta zaharkituarekin.

SAIOKA


Joseph Losey

Zine munduko aktoreek, autoreek, direktoreek, muntatzaileek, kameramanek eta beste guztiek hospe eta fama bereziak dituzte, beste arte guztietatik desberdinak.

Berezitasunak ez dira oraindik kalean edo jendearengan hitz aproposetan isladatzen eta "arrarotasun", "bitxikeria", "zinezkoa" edo beste zerbaitez mintzatzen gara zinegileen berezitasunak tratatzen ditugunean. Arrarotasunaren eredu gisa Losey aurkez dezakegu: Amerikarra izanik, ingeles zinearen maisutzat hartua izan da; ezkertiarra izanik, klasista den zine baten egile bezala hartua izan da; beste asko legez zentsuratua izan arren, madarikatuena bezala hartua izan da. Hori guztiori irregulartasun kreatibo bat gehitzen bazaio, Losey-ren irudi nahiko barroko eta egiazko bat edukiko dugu.

Losey teatrogile

Beste asko bezala, Losey ere zine mundura teatro egin ondoren sartu zen. Hala ere, arte eskenikoarekiko joera ez zaio familiaz etorri, Amerikako puritanismo hertsian jaioa eta hezia baitzen. Puritanismoa lan guztietan agertuko zaio, nahiz eta Medikuntza ikasketak utzi zituenean (1929.ean, 20 urterekin) inguru hori alboratu.

Teatro eta literatura kritikaz bizi da, eta 1930.ean teatro lanetan profesionaltzen da. Hurrengo urtean, Europan zehar bidaia bat egiten du, Europako teatroa ezagutuz Amerikan sartzeko. Zuzentzen duen lehen obra panfleto gisa kritikatua izan zen: Losey-k sozietatearen problematikaz teatro konprometatu bat hasten du. Beste lan batzuren artean, Sacco eta Vanzetti-ren prozesuaz ere obra bat muntatzen du.

1935.ean Europara berriz doa, eta Moskun Bredit-ekin, Meyerhold-ekin eta beste askorekin dihardu. Amerikara itzuliz, ideiak argi ditu: teatro popularra egin beharko zen, sozietatea aldatzeko eta hobeagotzeko helburuekin.

Ingenuitate haro honetan (Losey-k berak horrela kalifikatzen du) "The living Newspaper" taldean sartzen da, non aktualitatezko diren fenomenoak errepresentatzen diren. Muntatzen den lehen obra zentsurak debekatzen du, antifaxismo gogorregia baitzeukan. Pare bat obra gehiago egin ondoren —eta ez gutti kostatuta— "Living"-a ahitzen da.

1937-1939. tarteko urteetan, Aktualitate politikoari buruz zenbait show zuzentzen ditu, Espainiako gerra beste gai askoren artean tratatuz. 1939.ean zenbait filme labur edukatiboak egiten ditu. Gero, hamar urtetan zehar teatroa eta zine edukatiboa elkar-konbinatuko ditu.

Losey Europan

1948.ean eta 39 urterekin Losey bere lehen filmea egiten du: "The boy with green hair" (Ile berdedun mutikoa). Filme hau tolesgabea, xinplea, didaktikoa, erromantikoa, bakezalea, ez ona, ez zen uste askotan ikusi ahal, Howard Hughes-en ideien eta negozioen kontrakoa baitzen. Horretaz gainera, produktoreak Antiamerikar Aktibitateen Komitearen aurrean deklaratzera joan behar zuen filmea utziz. Lehen filmea, lehen problemak.

Gero egingo dituen filmeak beste filme amerikarren antzekoak dira: "The lawless" (Legegabea), "The Prowler" (Inguratzailea), —haro honetakoetarik onena—, "M" (Fritz langen remake bat), "The big night" (Gau nagusia). Jadanik Losey-k presio politikoak pairatzen ditu eta Italian filme bat zuzentzen ari den artean, komitearen aurrean deklaratzera deitua da. Ez doa; ondorioz, zerrenda beltz batetan jarria da, eta ezin du ez Amerikan lan egin ez eta bere lanak Amerikan presenta. Ingalaterran lan egiten du: iragarkiak, telebistarako filmexkak eta abar egiten ditu, izen orde batez "The Sleeping tiger" (Tigre loak hartua) egin arte. Merkatal problemen kausaz, kalitate baxuko filme batzu egiten ditu baina "Time without Pity" (Pietate gabeko denbora) delakoarekin arrakasta pixkat lortzen du. Orain produktore etxeek Losey diru iturri bezala ikusten dute eta askatasun apur bat ematen diote. 1960.ean haro honetako filmerik ezagunena egiten du: "The criminal" (Kriminalea). Filme honekin kritikariek deskubritu egiten dute eta hemendik aurrera Losey filmegileetarik onenetariko bat izango da espezialistentzat.

Orain Losey-ren filmegintzaren bigarren etapa bat hasten da: Ingalaterran errotuta dago, bertako aristokrazia ezagutzeko parada ukan du, ingelesa bihurtu dela esan genezake. Eta han ez da aldakuntza bakarra: aurreko filmeetan agertzen zen ardura sozial eta misionistak oraingo filmeetan ez dauka tokirik.

Losey-ren filmeetan problema orokorretatik —injustizia, arrazismoa...— pertsonaren estudio zehatza egitera pasatzen da. "Eve", "The Servant" (Otseina), "King and Country" (Erregea eta Herria), "Accident" (Ezbeharra) dira filmerik ezagunenak.

Baina denborarekin filmeak kalitatez urrituz doaz, sinbolismoan edo preziosismoan eroriz. "Secret Ceremony" (Zeremonia sekretua), "Figures in a Landscape" (Giza ehiza), "The Romantic Englishwoman" (Ingeles erromantikoa). Hauekin batera filme oso onak ("The go-between" —Mezularia—) edo oso txarrak ("The assassination of Trotsky" —Trotsky-ren asasinatzea), egiten ditu, irregularitatearen fama oso merezia ukanik.

Losey-ren estetika

Ia 70 urterekin Losey bizitza kreatibo baten eredu dugu. Arterako teatroan jaio eta bizi, zinean bizi, hil, birjaio eta berriz bizi, beti ideia berriekin, zinearen kontzepzio desberdinak erakutsiz (ingenuismo inozo batetatik, pertsonen eta pertsonaien barne muinetaraino sartuz), hizkuntza zinematografikoa haro desberdinetan aldatuz.

Irregulartasun guztien gainetik gauza bat mantentzen da: Losey-ren estetika: imajinaren estetika, perfekzioaren teknika, erritmua, ezer ez sobera ez eta falta, drama guztiak irudien bidez azalduak; dekoratuak, musika,... Losey-k ikuskari ikusgarriak ematen dizkigu, irudia mintzabide delarik. Azken batez, Losey-ren ustez, pertsona estetikaren bidez askatuko da.

I. Zuazo


Musika

Oskorri Taldearekin mintzo

Kaleratu berri xamarra dugu Oskorri Taldearen bigarren diskoa. Lehena, orain urtebete inguru argitaratua, Gabriel Arestiren poematan oinharrituz eskaini ziguten; oraingo hau beste poeta baten poemei buruz landu dute: euskal literatura klasikoaren Bernat Etxepareren poematan.

Oskorri Taldea oso da ezaguna Euskal Herrian, eta beste arrazoi askoren artean, maiz ibili delako herriz herri errezitaleak ematen. Gure ustez, orain arte burutu duten lanik hoberena disko hau dateke. Uste izan dugu beraiekin hitz egitea litzatekeela zuzenena, honela beraiek esplika ziezaguten diskoaren mamia. Lana galanki egin dute Oskorrikoek.

 Zergatik hartu zenuten Etxepare lan honetarako?

Etxepare aspalditik hartuta genuen eta argitaratu ditugun kantak orain dela bi urte eginak zeuden, Aresti hil baino lehenago berarekin eratu baikenituen textu orijinalak. Pentsatu genuen oso interesgarria zela klasikoren baten poemak ateratzea, eta horretarako Etxepareren poesia zen aproposena, oso xehea eta herrikoa izanez gainera guztiz kantagarria zelako. Ba liteke linguistek edo ikuspegi horretatik juzkatzen dutenek Etxepareren poesiak ukitzeagatik gu kritikatzea, baina edonork ikus dezake noraino den zaila Etxepareren euskara gaurko euskaldun batentzat; horregatik nahiz eta aldaketa handirik ez egin, Arestirekin batera zerbait aldatu genuen. Etxepare argitaratzeko zegoenean Gabrielen heriotzea etorri zitzaigunez lehenengo disko handia berari omenaldi bat legez gertatu genuen eta orain kaleratu dugu bigarren hau.

 Disko honetarako bertsolaritzaren doinua hartu duzue erreferentziaz?

Disko honetako doinu guztiak bat izan ezik gureak dira baina igual bertsolari-tankerakoak izango dira. Lehengo diskoan bai, kantu batzuren aireak bertsolarien doinu herrikoetatik hartuta zeuden. Guri beti asko interesatu zaigu bertsolarien izaera, nortasuna, sortze-lana, berriztapena, hitz batez, bere gaurko egoera, egundaino gure euskal kantutegiaren oinharririk bereziena izan direlako. Beharbada betiko topikoak esango ditugu baina guretzat oso inportantea da gure musikak seilu nazional berezi bat edukitzea, egia esan ez dago definiziorik euskal musika zer den edo zer ez den adierazteko baina nortasun bila gaudenez gure sustraiak aurkitu eta finkatu behar ditugu, eta horretarako oso inportantzia handikoak zaizkigu bertsolariak bai eta gure dantzak, trikitia moduko koblak, herri-bandak, iparraldeko fanfarriak, euskal musika-tresnak... hau dena ikasirik eta asimilaturik uste dugu ba dagoela biderik herri-musika eta poesia berriztatzeko eta aurrera eramateko.

 Guk nahi genuke Etxepareren diskoko kantu bakoitzaren azalpen txiki bat egin zenezaten.

Bai, "ESKAINTZA" esate baterako, liburuaren hasieran agertzen den eskaintza bat da, textu honi kutsu arkaiko erdi haroko kutsu bat aurkitzen diogu, eta hori kontutan harturik giro horretako aire bat jarri genion, dultzainak eta guzti.

"SAUTRELA" dateke gure ustez Etxeparek duen kanturik alaiena. Bertan Etxeparek nola lehenengo euskal liburua argitaratu den diosku eta horregatik bere poztasuna erakusten digu. Musika arin eta alai bat jarri genion orain sei bat urte, hau dugu Etxepareren poemekin guk konposatutako kanturik zaharrena.

"DOKTRINA KRISTIANA". Etxepare jendaurrera presentatzeko uste izan genuen berak ukitutako gai guztiak ateratzea oso egokia zela, eta hola disko honetan bi kantu erlijioso agertu eta jaialditan beste bat ere kantatzen ditugu. Elizkutsuko kantu honi Bixentek jarri zion musika, Elizako giro hori batez ere azkeneko korutetan nabariago agertzen dela.

"MUSUREN GALDATZEA" eta "AMOROSEN DISPUTA", andre baten eta gizon baten arteko elkarrizketa erotiko eta barregarriak poetan nahiko arin erabiltzen baititu, guk ere musika arin eta alaia jarri genien poemoi. Euskal kantutegian, bertsolariek kendu ezik, ezer gutxi erabili dira gai erotikoak. Kantatzeko eta gure taldean denak gizonezkoak garenez, batek egiten du gizonarena eta beste batek andrearena.

"AMOROS SEKRETUKI DENA" maitasunezko kantu serios bat da, Etxeparek horrela eskribatu zuen eta guk ere tratamendu berdin antzekoa eman nahi izan diogu. Uste dugu euskal amodio-kanta zaharren bidetik doala.

"LANTZEKO IHAUTERIA" eta "BOSTEKOARENA" pezak, erromeri giro alaiekoak ditugu. Etxeparek bere liburuaren agertzeari alaitasunezko giroa jarri zion eta guk ere Etxepareren errezitala jai-giroaz inguratu nahi izan dugu, hori da dantza horik sartzearen arrazoia; "Lantzeko ihauteria" Nafarroako herri-dantza bat da eta "Bostekoarena" mutildantzen antzera guk konposatua.

"MOSEN BERNAT ETXEPAREREN KANTUA", liburuan dagoen kantu autobiografiko bakarra da, bertan Etxeparek estilu deskriptibo erraz batez kondatzen dizkigu bere penak, nola gartzelara eraman zuten eta abar; guk letrari indarra emateko eta jende guztiak ulertzeko musika sinple eta xehea erantsi genion, Aita-semeak kantuaren lineari jarraituz.

"KONTRAPAS"a gure taldean egon zen lagun batek egina da, Imanol Herediak. Honek orain urte mordo bat airea egin zuen eta hasiera bateko doinu txiki horretatik kantu oso bat egitea oso nekekoa izan zen, asko landu behar izan ditugu konponketak, instrumentazioak eta abar, buruhauste ederrak eman dizkigu kantu honek, nahiz eta oso melodia herrikoia izan amerikar influentziekin beldur ginen baina azkenean gure gustokoa gelditu zaigu.

"ANDREEN FABORE". Etxeparek oso serioski planteatzen du andreen aldeko defentsa hau baina gaurko ikuspegitik ikusita esan genezake gauza izugarri matxistak esaten dituela. Poema honi grazia berezi bat aurkitu genion eta hala triki-trixa moduko musika jarri eta instrumentu diferenteekin aberastu. Tankera honetako musikaz ez dugu esperientzia handirik eta horregatik oso zaila gertatu zitzaigun instrumentuak ondo erabiltzea guretzat berria den kantu arlo honetan, baina ala ere oso pozik gaude bide berri bat urratu dugulako, triki-trixa bidetik abiatu garelako.

"JUDIZIO JENERALA" igual izango da disko honetan gure bidetik agertzen den kanturik aldenduena, lehengo diskoan agertu zen "Maldizio Betikoa" bezala kantu esperimental bat da. Batzuek kritikatu digute herri-musika disko batetan era honetako kantu bat sartzea, kantu hau izan ezik beste guztiak folklorikotzat eman ditzakegu eta; baina nahiz eta gaur egun Euskal Herrian rock taldeak sortu ere uste dugu sobran ez dagoela honelako kantu bitxiak ateratzea gure musika edozein gauza berriren beharrean baitugu. Beste aldetik Etxeparerengan aurkitzen dugun kanturik gogorrena eta dramatikoena denez, guk ere horrelako musika bat jarri genion, giro dramatikoari jarraituz.

 Orduan talde bezala, linea desberdin batzu lantzen dituzue?

Bai, baina uste dugu honetan kontraesanik ez dagoela. Askok esaten dugu estilo baten bila gabiltzala baina norarteraino esan liteke hau egia dela? Jendeak askotan pentsatzen du kantari batek edo talde batek bere estiloa ba duela eta beti bide berberari jarraitzen diola eta hori ez da horrela; Euskal Herrian ikusten da eta beste herrietan ere artistak bere nortasunaren bila daudela eta hori ez dela inoiz osoki lortzen, esate baterako, argi ikusten da gure musikari euskal tankera eman behar zaiola baina horretarako edo betiko kantu zaharrekin musika folkloriko hutsa egiten duzu edo bestela egitera musika modernoa ausartzen zara nahiz eta molde arrotzak errepikatzeko arriskurik egon, Batzuetan gure kantu batzuentzat justifikazioaren bila egon gara baina azken batez ikusten dugu ez dela justifikaziorik behar. Ateratzen ditugun lanak jendeak ulertzen eta onartzen baditu, gure euskal nortasuna aurkitzeko daramagun burruka prestua eta finkoa bada, orduan hau euskalduna da ala ez da euskalduna?, Guk baietz uste dugu nahiz eta batzuentzat gauza batzu arraro xamarrak izan, euskal artista batzuek egina delako.

 Zuentzat zer da euskalduna eta zer arrotza?

Bakoitzak bere iturriak ditu, esate baterako Laboak bere kantak egiteko bada iturri arrotz batzu ere, nahiz eta oso kantari euskalduna izan. Lertxundik azken diskoan, nahiz eta oso maila oneko lana izan, molde kanpotar batzu erabiltzen ditu, guk ere, dudarik gabe, gure infludentziak izango ditugu, baina hori guztiz normala da gehien saiatzen direnen artean.

 Guri heldu zaigu, fanfarriako disko bat ateratzeko asmoa duzuela, zer dago horretaz?

Gure helburua ez da inoiz disko bat ateratzea izaten, baina fanfarreko errepertorio bat edukitzeko saiatuko gara udako herri-jaietarako, diskoarena geroko utziko dugu. Bizi garen gizarte honetan herri ekintza gehienak asimilatzeko hamaika bide dago horregatik inportante deritzogu herri-kultura bere toki naturalera, kalera, plazetara, frontoietara ateratzeari; beste alde batetik azken urteotan dantzarako musika eta dantza bera ere nahiko baztertua eta ahaztua egon da eta berriz ere gureganatzeko ahalegindu behar gara, jendeak parte hartu behar du dantzan egiten, kantatzen edo beste edozein moduan. Hau da dantzarako musika lantzeko eta erabiltzeko ikusten dugun arrazoirik funtsezkoena, ario honetan gainera aberastasun handia egon da herrietako bandekin, fanfarreekin, txarangekin eta abar...

 Euskal kantaren krisisari begiratuz, nola ikus daitezke bere arrazoiak?

Uste dugu problema ez dela euskal kantuarena bakarrik, asko sakonagoa dela. Euskal literatura, aldizkariak, bertsolaritza, eta euskararen inguruan bizi den mundu guztia krisisean dago. Orain arte jende askok gure nazionalitatea indartzeko behar politiko bat zuen eta euskal ekintza kulturalak bultzatzen zituen nahiz eta askotan euskara jakin ez. Euskal ekintza kulturalek sarritan autojustifikatzeko balio izan dute, orain berriz ba daude beste bide batzu politikan parte hartzeko, partiduak, sindikatuak eta abar, eta ekintza kulturalek bere arloan, bere tokian gelditu behar dute; lehen jende asko motibazio politiko hutsengatik joaten zen euskal ikuskizunetara eta orain berriz ez hainbeste, orain musika entzun nahi dute, espektakulu onak eskatzen dituzte, publikoa nekatuta dago jaialdiekin eta ihaz baino asko jende gutiago etortzen da, krisis larri bat pasatzen ari da euskal espektakuluaren mundu guztia.

 Baina hortik aparte ez duzue uste, gure kantariak eta musikalariak pertsonalki formazio eskas batekin ibili direla eta dabiltzala?

Bai, euskal kantari berriok ez gara oso onak izan, hori dudarik ez, batez ere musika aldetik. Poesia aldetik berriz maila on bat lortu da, zoritxarrez ez kasu guztietan, baina jeneralean euskal kantariok erabili ditugun poemak balore literario dexentekoak izan dira. Alderantziz, eta hau dateke jendea batzuetan euskal jaialdietan aspertzeko arrazoi sendo bat, musika aldetik ez dugu aski landu eta gure kontra ere egon da kultura musikal gehienaren desagertzea, Errepublika denboran omen zegoen giro musikal, bai bandetan, orfeoietan, kontserbatorioak eta abar, dena apurtu eta pikutara joan da, horregatik berriz hasieratik hasi behar dugu eta begi bistan dago Aiuntamenduen, Diputazioen eta Ministerioen laguntza ofizialik ez dagoen artean konpontzerik ez dela egongo.


Kirolaren pertsonaiak: 6. Zuzendariak eta agintariak

Gaur eguneko kirolaren egituran, garrantzi handia dute Klubek alde batetik eta Federazioek bestetik. Kirolaren piramidearen bi maila desberdinetan badaude ere, bi erakunde moeta horik dira kirola kanaltzen dutenak, batzuek —klubek— basearekin dituzten edo eduki ditzaketen harremanengatik eta besteek kirolari gainegitura egokia eskaintzeko posibilitatea dutelako eta diru ofizialaren eta planifikapenaren zentrugunea direlako.

Bai batzuetan eta bai besteetan Zuzendaritz Batzordeak daude eta berauetan zuzendariak eta agintariak. Kirolaren norabidea zuzentzen duten gizon hauen lana aztertu nahi dut artikulu honetan.

Zuzendariak nortzu diren

Normalean ez dira kriterio berberak erabiltzen Klub eta Federazioen zuzendariak aukeratzeko. Kluben kasuan hauteskunde demokratikoen denbora heldu dela dirudi. Hortik gauza interesgarriak etorriko dira beharbada etorkizun hurbilean, klubetako kideek heziketa esportibo egokia hartuz badoaz. Bitartean, kriterio extraesportiboz aukeratu ohi dira zuzendariak. Lehiaketa-kiroletan eta kirola profesionaletan, zuzendariak kirolari ez diren pertsonak ohi dira. Sarri, adinekoak eta kasurik onenean kirolari-ohiak; gehienetan, zuzendari horiek espektakulu gisa kontsideratzen dute kirola, hau da, gutti batzu praktikatzeko eta gehienak (klubeko kideek) ikusteko den gauza bezala; hori argi ikusten da futbolaren kasuan. Profesionalki, zuzendariak industrigizonak, bankujabeak, entrepresaburuak eta antzerakoak ohi dira, hots, aberatsak edo eta kreditu pribatuak erraz lortzeko gai diren pertsonak. Kirola entrepresa batetan (klubean) langile batzuk (kirolariek) produzitzen duten espektakulu bat da horien eritziz.

Federazioetan gauzak are txartoago doaz. Sarri, kriterio politiko hutsez goitik behera hautaturiko (hobeki esan, ezarritako) pertsonak dira. Basetik eta klubetatik bereizirik eta urrundurik dauden erakundeak gertatzen dira Federazioak, eta berorien zuzendariak akats berdinez kutsaturik jaiotzen dira eta horrela irauten dute.

Zer esanik ez, giro ilun honetan kirola jendearen parte hartze aktibora eraman behar dela uste duten zuzendariak ere ba dira. Baina zoritxarrez, hauk guttienak ohi dira.

Zuzendarien lanaren garrantzia

Aurrera baino lehen, interesgarria da, zuzendarien lanak eduki dezakeen garrantziaz konturatzea. Gauzak aldatzen ez diren bitartean —aldatu behar direla, dudarik ez dut egiten—, kontsidera dezagun, zuzendarien, lanak duen eragina.

Maila guztietan, kirolaren eta kirol egintzen planifikapena eta antolapena beraien eskuetan dago. Berek markatzen dute politika esportiboa: kirolaren promozioa, eraikuntza berrien prestaketa, dauden eraikuntzen modernaketa, kirolari berri eta gazteen prestapena, kirolaren herritarpena, jende arruntarentzako kirolaren promozioa,...

Diruaren erabilkeraren eta bideratze moduaren katalizatzaileak ere berak dira. Direkzio batetararatz edo bestetarantz bidera dezakete dirua: kirolari-espektakulu kanpotar eta garestiak ekartzeko (Cruyff-en kasua adibidez) edo azpiegitura egokiagoa prestatzeko.

Ikusten denez, ba, lantza eskuan dutenak zuzendariak dira, eta errefrau zaharrak dioenez, "lantza eskuan duenak, indar guztiak bere". Bi bide geratzen zaizkigu horren aurka joateko, elkarren lagungarri eta osagarri izan daitezkeenak gainera: bate, zuzendaritz postuetan herriaren behetik-gorako ordezkariak jartzea, eta bestea, kirolaren egitura hestu hori aldatzea.

Kirola, guztion eskubide

Hauxe da, ene ustez, guztiok —eta zuzendariek ere bai— argi eduki behar dugun kontzeptua. Kirola ez da luxu bat izan behar, ez da gutti batzuk —elite batek— praktikatu behar duten egintza bat. Kirola ezin daiteke kultur eta irakaskuntz egintzetatik bereiz. Hezkundearen parte bat da, gorputzaren hezkundearen parte bat hain zuzen ere, eta ez gazte edo eskola denboran praktikatzeko soilik, bizitza osoan zehar praktikatzeko baizik. Eta gure gorputzaren hazkunde, hezkunde eta osasunerako beharrezkoa denez gero, guztiok dugu kirola praktikatzeko eskubidea.

Eskubide hori eguneroko errealitate bihur dadin, kirolaren zuzendaritza herritartu egin behar da. Ez dugu eliteen kirolarik nahi, pertsona arrunten kirola baizik. Baina honetara heltzeko kirolaren kontrolera heldu behar dugu, kirolaren autoantolakuntza eta autokudeantzaren bidez. Udaletan kirol politika eramanen dutenak basean aukeratuz, beroriek kirola egiteko eraikuntza publikoak bultzatuko dituzte nagusiki: polikiroldegi publikoak eta antzerakoak, eta halaber promoziorako lehiaketa lokalak antolatzera saiatuko dira, helburua ahalik eta jende gehienak parte hartzea delarik.

Federazioetan eta klubetan, ordea, lehiaketa-kirolari begiratzen diote nagusiki. Kirolari hospatsuak lortu nahi dituzte. Ene ustez, asmo hori bigarren mailara pasatu behar da. Eta kirola-espektakulua eta goimailako kirolarako eraikuntzak, behe-mailako premiak aserik dauden neurrian bultzatu behar dira soilik.

Zer esanik ez, oso beharrezkoa da kirolari buruzko filosofia hau zabaltzea eta hedatzea, kirola guztion lagungarri eta gozagarri izan dadin nahi badugu. Ba dakit jakin, ideiak aldatzeko inertzia handia ohi dagoela, baina ekinaren ekinez lortu behar dugun gauza bat da. Bestela, ez dut uste kirolak mesede handiegirik eginen digunik.

Gaur eguneko egoera Espainiako estatuan

Guztiok dakigunez, oraindik desagertu ez den diktadura baten menpean bizi izan gara azken urteotan Espainiako estatuan. Diktadura frankistaren eragina kirolan ere agertu zen, eta beharbada beste sektoreetan baino gogorkiago. Gazteen kontu hutsa zelakoan edo, Frente de Juventudes delakoaren eskuetan egon da kirolaren zuzendaritza. Horretaz gainera, kirol arazoetarako ordezkari probintzialak goitik-behera izendatuak izan dira beti. Probintzietako Kirol Batzordeetako buruak Gobernadore Zibilak izan dira. Eta abar.

Txarrena ez da hori ordea. Diktadurari buruz hitz egitean, asko —ez dakigu zeintzu asmoz— iraganean mintzatzen dira, itxuraz horrela delakoan edo. Baina bai zera! Hemen —kirolaz ari naiz— ez da ezer aldatu. Lehengo berberek agintzen dute. Zenbait kasutan hauteskunde demokratiko —zer izen ederra, e— batzu egin dituzte. Baina gauzak ez dira aldatu. Sistemak inertzia handia du.

Non daude autonomia eta erregionalismo famatuak? Ea orain aurreautonomia jaioberriarekin eta berau neurri ttikiegiz eginiko jantzia —brusa?— bada ere, kirola ere autonomikoki antolatzen den! Ezin gal dezakegu kirola herritartzeko edozein aukera. Baina beldur naiz, autonomi arazoetan ari diren talde politikoek ez ote duten behetik-gorako bide hori praktikan baztertzen, eta politikan bezala kirol arazoetan ere ez ote duten aginte guztia beren eskuetan eduki nahi, majoritariak —beren gustuko hitza da— izanki.

Dirudienez, UCD zentrokanpistaz (?) osoturiko talde famatuak indar handia edukiko omen du, Hego Euskal Herrirako lau ordezkari probintzialak izendatzeko. Jainkoak anpara gaitzala! Hori horrela bada, edozer gauza espero dezakegu. Dudarik gabe, UCD-k Euskal Herriari dion maitasuna kontutan edukiz, gauza harrigarriak ikusteko bide gara. Adibidez: Del Burgo jauna astoprobak antolatzen, edo eta Aizpun Euskal Herriko Olinpiada herritarrak antolatzen, edo eta...

Euskal Herria eta kirola

Etorkizuneko Euskal Herria eraikitzen ari garelarik, ba dirudi jende askok uste duela, autonomiarekin bertoko kirola autoktonoak baino ez direla promozionatu behar (haizkolariak, idiprobak, harrijasoketak eta antzerakoak). Pilota ere bai, noski, baina hau jadanik kirola unibertsala da, Euskal Herriak mundu osoari eskaini dion kirola ederra. Eta ondo dago hauk ere bultzatzea. Baina beste kirola guztiak ere, unibertsalak direlarik, gureak ere ba dira; eta jendearen parte hartzerako egokiak izanik, horik ere bultzatu behar ditugu.

Bestalde, alderdi politikoen artean interes eskasa ageri da kirolaz, berau herriaren opioa bailitzen —egia esan, erabat pasibo izatean hori gerta daiteke—; eta askotan arbuiatu egiten dute kirola, eta hori egitean harro agertzen dira. Ordua da, kultur politikarekin batera kirol politika ere zehazten has daitezen. Eta kirola jende arruntaren mailara jaisteko ahaleginak egin ditzaten.

Probintzia desberdinetako kirol agintari eta zuzendariek ere ba dute lanik franko, beren arteko kirol harremanak sendotzeko (eta hemen ez ditut soilik gogoan hegoaldeko laurak). Honetaz, guztiz gogoangarriak dira mendizaleak, (Hego) Euskal Herrirako Federazio bakarra lortu baitute; ea noiz sartzen duten Iparra, iparrik gabe galdu egin baitaitezke. Eskubaloi taldeek ere miniliga euskalduna egin dute Gipuzkoa eta Nafarroako taldeekin. Zer esanik ez, hauk guztiok ere Euskal Herria egiten ari dira.

Bukatzeko, ba, politika esportiboaren faltan gaudela, ordua da, honetaz kezkatzen has gaitezen, eta Euskal Herriaren mailan lan egiten eta antolatzen has gaitezen. Eta honetan guztiok parte hartu behar dugu, hauzategietatik hasiz, herri mailan segituz eta hortik gora ere antolatuz. Behetik gora, jendearen autoorganizazioz. Bestela, talde eta alderdi politiko nagusiek edo bestelako agintariek nahi dutena emanen digute, kasualitatez ez bada, guk nahi dugunaz desberdina.

J. R. Bilbao


Irakurlearen saila

Irakurle izengabe honen gutunari begira, Anaitasunak pentsatu du irakurlearen ideia, asmo, iruzkin, komentarioen sail baten irekitzea. Honekin inputagarri zaigukeen hertsikeria (artikuluetan eta gaietan) nolabait baztertzeko.

Zer hau erregutuko genizueke: Komentarioak ahal den laburkienik egin itzazue, arren, besteenei ere irteera emateko. Baldin eta ahal ezbada edo luzeak izanez gero, zaudete lasai, berdin-berdinzki aterako ditugu. Bestaldetik, zuek idazten duzuena errespetatuko dugu gutunen edukiari begira. Gure esku geratzen dira gramatik arauei (morfologia, ortografia, etab.) begira egin daitezkeen zuzenketak, denon ulergarri izan daitezen. Lehenik eta behin horrialde bete bat eskaintzen dizuegu.

Adio; idatz dezazuen artio.

Anaitasuna

***

Donostia Ilbeltza 5 - 1978

Zuzendari jauna: Urte mordo batzuk badira "ANAITASUNA" aldizkariaren arpidedun naizela.

Izenpetu gabe bidaltzen dizut gaurko lerro auek, bañan gustora eta maiz bialiko nizuke nere izen da abizen da guzti, itza emango baliazuke nere iritziak idatzita bezela argitaratuko zenukela.

Jakiñen gañian nago aldizkari "ANAITASUNA" Bizkaiko praile batzun babesean irtentzen dala, orrexegatik animatu naiz bear bada idazki au aintzakotzat artua izango dalakoan. Aurretik esango dizut aurrenetako urteetako "Anaitasuna" zerbait gustatzen zitzaitela bañan azkeneko urteetakoa ia batere ez, ez ortografian da gutxiago bertan geyenak idazten duten idazleen tankeran.

Ni euskaltzalea bakarra naiz eta etzait gustatzen ezkerkeriazko eta eskubikeriazko istilla ta joko zikiñak; Euskalerriaren askatasuna lortzeko ez duela batere lagunduko ustekoa naiz ("Anaitasuna" oso ezkerrez bakarrik jokatzen daki) bañan naastu ta naskatu beiñipein jendia egiten duela bai.

Donostiako "La voz..." ta "Diario Vasco" egunkarietan bere orritxo bat izaten dute batzuen eta bestien iritziak azaltzeko, olakoxe txoko bat irikiko bazenduke (naiz ta "Anaitasuna" enpresarioari asko ez gustatu) ausartuko nitzake ni ere lantxo batzuk sarritan bialtzen.

Agur eta eskarrikasko.

Arpidedun bat.


Agerki Elkarteak antolatutako jaialdi eta errezitalak

EGUNA: Urtarrilaren 20an

HERRIA: BILBO

TOKIA: LA CASILLA KIROLDEGIA

ORDUA: 8etan

ABESLARIAK: HAIZEA - ERROBI - URKO - GORKA KNORR

EGUNA: Urtarrilaren 20an

HERRIA: BASAHURI

TOKIA: KULTURA ETXEA

ORDUA: 8etan

ABESLARIAK: ETXAMENDI ETA LARRALDE

EGUNA:Urtarrilaren 21ean

HERRIA: SAN IGNAZIO (BILBO)

TOKIA: KIROLDEGIA

ORDUA: 10etan

ABESLARIAK: GONTZAL MENDIBIL - TRABES

EGUNA: Urtarrilaren 21ean

HERRIA: EIBAR

TOKIA: UNIVERSIDAD LABORAL

ORDUA: 10'30etan

ABESLARIAK: ERROBI

EGUNA: Urtarrilaren 27an

HERRIA: IRUN

TOKIA: FRONTOIA

ORDUA: 8etan

ABESLARIAK: URKO

EGUNA: Urtarrilaren 28an

HERRIA: DEBA

TOKIA: TXITXARRO DANTZATOKIA

ORDUA: 10'30etan

ABESLARIAK: ERROBI

EGUNA: Urtarrilaren 29an

HERRIA: DEBA

TOKIA: TXITXARRO DANTZATOKIA

ORDUA: 8etan

ABESLARIAK: ERROBI


Postak

"Anaitasuna" izeneko hamabosterokoaren Zuzendari jaunari, lankide eta irakurle guztiei bihotzaren erditik nire zorionik beroenak bidaltzen dizkiet Gabon eta Urteberrirako.

Nire adiskideen aldetik "Anaitasuna" zenbakitik zenbakira hartzen dut eta gogotik eta arreta handiarekin irakurtzen ditut dakarzkien artikulu guztiak.

Nire eskerrik bizienak bidaltzearengatik.

"Gora Euskal Herria" eta "Gora Euskara" deiekin bukatzen ditut nire lerro xumeak.

Pragatik 1977. eko abenduaren 6an.

Norbert Tauer

***

Anaitasunako lagunok

Artikulu hau publikatzea nahi nuke, egoki-samarra ikusten baduzue, eskerrik asko.

(Izen burua) GAURREGUN EKIALDEKO FILOSOFIARI BURUZ

Denok entzun dugu ekialde edo sortaldeko kulturaz zerbait, eta, nik uste, denok kezkatzen gaitu hura ezagutzeak.

Azken hogei urte honetan egundoko aurrerakada egin du gai honi buruzko interesak; "Askatzeko Bidea" (Txinako Tibet alderdian eta Indian ezaguna den bezala) eskaintzen duten filosofiengatik batez ere. Batzu, eta nere eritziz inportanteenak, hauk dira; Budismoa Zen-a, Yoga eta Taoismoa.

Konsziente edo inkonszientela mendebal edo sortaldeko gizonaren pentsamendua bizkor aldatzen ari dela ohartu gara, eta hoen aurrean nahaste egoera batetan aurkitzen gara, ase-ezin existentzial era baten agertuz.

Hau guzti: hau gure pentsamenduaren zuzendaritza era konbenzional eta eznortzailea; eragin honen aurrean, mendebaleko gizonaren pentsamendua erabat ahuldua dago.

Mendebaleko jakintzek, erlijioa, filosofia eta zientzia adibidez, gaurregun bizi izateko orientabide bat eman digute, eta bizikera honek balore transzendentalak aurreratzen ez dituela ikusten dugu, baloreok benetako baloreak bilatzeko beharrezkoak izanik.

Hau honexetan agiri da: gure segurtasun psikologiko eta izpirituzkorako, termino absolutoak, printzipio eta lege tinkoak behar ditugu haiei irmoki lortzeko.

Uste dut beraz, arreta edo interes berezia merezi duela batzurentzat soluzionagarri eta beste duela batzurentzat milaka urtetan etengabe bizi izan den mundu diferente, erreal eta konsziente baten esnagarri izan den bizikera horrek.

J. K. Maguregi

***

"ANAITASUNERA":

'Ez periodista eta ez errealista den' Agirrebalzategi idazlea Anaitasunaren egungo krisisaldian bertara itzultzen dela pozik irakurri dut. Ados nago aipatzen dituen krisisaldien deskribapenarekin, oro har, baina egungo egunean, azken aipatzen duen krisisaldiari zerbait erantsi behar zaiola uste dut. Aipatzen dituen arrazoiekin batera, "Anaitasuna" beraren pentsamolde partzialegiak ere krisis horretan bere partetxoa izanen du, nerekiko. Aspaldidanik "Anaitasuna" unibertsitari mailakoentzat eta aurrelarientzat pentsatua izan da, baina horien artean ere euskaldunek haniztasunik osaturen dute... bestela ez ginateke areago euskaldun izanen. Eta hain euskal aldizkari gutti dugunez gero arte eta arreta gehiago eduki behar genuke euskal errealitatea bere osoan aztertzen eta ematen.

"Euskal astakerian inguruan" Xabier Kintanak zenbait euskal itzulpen eta esaldiei egiten dion kritikarekin ados nago. Ez ordea, darabilkien tonuarekin autosufizientzi gehiegi, dogmatismo gehiegi; gramatikal okerra ez ezen beroien jatorrian datzan ideologia jota xehetu nahi gehiegi... Euskaragintzan eta herrigintzan baino gehiago etsaigogintzan diharduela dirudi.

Sexualitateari buruzko lanak ere nahiko partzialak ez direnik ezin uka. Ez dut esaten arazo horiek agertu behar ez direnik; pentsamolde horrek ERE tokirik izan behar ez duenik... baina, euskal aldizkarien aukeratik ez duen euskaldunak sexu ikusmolde hori bakarrik irentsi behar ote du golpetik eta bere familiara eraman? Bestalde, patriarkal familia madarikatu horren ordezko alternatiba jator bat noiz eman behar digute iraultzaile borrokatu horiek? "Homosexualitatea" izenezko azken lanak ez bait du inolako irtenbide jatorrik nortasungintza, elkartegintza, herrigintza bati buruz proposatzen. Plazerra dea kriterio bakar eta absolutoa? Ez dute hortaz alferrik eman beren bizitza gure Herriaren alde hainbeste eta hainbeste gudarik! Sexual iraultza saihetsetik ere gure herriari etsaiak?

"Anaitasunari" lagundu asmoz egungo egunean.

Juan Jose Uranga

***

1978.eko Urtarrillaren 11n. Deustuan

EUSKAL ZINEMAREN ASTEA DEUSTUKO UNIBERTSITATEAN

Azken urteotako euskal zinearen berpizte ukaezina kontutan harturik, E.K.M.n lanean dihardugun Deustuko Unibertsitateko ikasle batzuk unibertsital arloan euskal zinea potentziatze beharra ikusi dugu. Hein honetan euskal zinearen aste bat antolatu dugu; bertan euskal zinearen eboluzioa azalduko diguten egileen presentziaz kontatzen dugularik.

Aste hau, hilabete honen 11tik 19rako bitartean izango da, egitarau honekin:

Hilaren 17

"Ama lur" zinearen projekzioa, beren egileen, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquet, presentazioaz. Ondoren debate bat egongo da.

Hilaren 18

Euskal zine elkartearen presentapena.

"Euskal Santutegi Sakona" eta "Vera un ensayo de arquitectura popular" filmeen projekzioa eta beren egileekin, Anton Merikaetxebarria eta Iñaki Nuñez, elkar hizketa batez.

Hilaren 19

Imanol Uriberen "Ez" eta Iñaki Nuñezen "Estado de excepción" filmeen projekzioa.

Amaieran mahai-inguru bat emango da, kritikari eta egileek parte hartuko dutelarik: Merikaetxebarria, Nuñez, José Angel Rebolledo, J. Bernard Heinink, Nestor Basterretxea eta Luis María Matía.

Projekzio eta elkar hizketak arratseko 7etan hasiko dira, Deustuko Paraninfoan eta Hitzaldi Aretoan.

E.K.M.ko Euskal Zinema Taldea

(Euskal Kultur Mintegia)

***

Zuzendari Jaunari: ondoan dagoen agiria mesedez publikatzeko eskatzen dizugu.

Han eta hemen izan diren bilkuren ondotik bai eta E.H.A.S.en buruzagitzak hazilaren 19an Xuberoan egin duen biltzarraren ondotik, E.H.A.S.-ek jakinarazten du:

Euskal Herriaren AUTONOMIA bai eta haren INTRESEN alde, deputatu-kandidat hauk hautatuak izan direla:

- Itsas aldeko: Manex GOYHENETCHE eta Augustine MASSIGOGE

- Barne aldean: Battitta LARCABAL eta Manex LANATUA.

I/ Orroitarazten dugu Euskal Herriak edozoin populuk bezala bere buruaren jabe izaiteko deretxoa baduela. Euskal Herriaren bateratzea obratu behar da Herrien eta Langileen Europan, ez eta diruzale haundiek eta monopolioek nahi duten hortan.

II/ Bozka horietarat joanez ez dugu kargurik galdegiten Euskal Herria edo mundu guzia kanbiatuko ditugula hitzemanez, mirakuilu batez bezala! Behar diren kanbiamenduak ez dira eginen orai artinoko borrokak indartzearekin baizik. Hauk ageri dira jadanik Euskal Herrian aski garbiki, eta erakusten dute oraitik Euskadiri zeraukala urrats handia bere AZKATASUNA NAZIONALA-ri buruz bai eta ber denboran SOZIALISMOARI buruz.

III/ Bozka edo hauteskunde horietan molde bereziz aipatuko ditugun gaiak izanen dira:

1) Herrian bizi ahal izaitea, "Lana Euskadin" eginez hortarako industriatze berri bat sortuz langile eta laborari koperatibak fagoratuko dituena.

2) Laborarien intresen zaintzea.

3) Turismako planen geldiaraztea.

4) Euskal kultura eta mintzairaren alde borrokatzea.

5) Gure bazter naturalen zaintzea etxegintza salbai batetik bai eta atomiko zentralen partetik.

IV/ OIHUSTATUKO dugu Euskal Herriak behar duela bizitzekotz zor zaion ERAIKIDURA INSTITUZIONAL bat, hau baita EUSKAL HERRIAREN AUTONOMIA Euskal Herriaren eskubide demokratikoak segurtatuko dituena bai eta denbora berean urrats sendo bat eginaraziko sozialismoari buruz.

E.H.A.S. (Euskal Herriko Alderdi Sozialista)

B.P. 9

64100-BAYONNE


Gurutzegrama

Larry Trask


Gramatika

Istripua gertatu deneko ordua

Zer desberdintasun dago ondoko bi erlatiboen artean?

- ni bizi naizeneko herria oso garbi dago

- kale asko dituen herrian, garbitzaile franko. Zer dela eta lehen esaldian -eko gehigarria sartu dugu, eta bigarrenean ez? Artikulu honetan arazo hau aztertzera saiatuko gara.

Erlatibozko esaldiak

Erlatibozko esaldiek izen baten determinatzaile edo mugatzailearen funtzioa betetzen dute. Izen horri dagokion kualitate edo berezitasun bat adierazten dute. Jar dezagun adibide bat:

 Elektroiak jaurtikitzen dituen filamentua hotz dago oraindik

Esaldi nagusia: filamentua hotz dago oraindik

Menpeko esaldia: elektroiak jaurtikitzen ditu

Zein da bien arteko lotura? Galdera honen bidez lotzen dira.

Zein filamentu?: Elektroiak jaurtikitzen dituena.

Adibide honetan ikusten denez, erlatibozko esaldiak determinatu egiten du esaldi nagusiko hitz bat. Mugatu eta osotu egiten duela esan daiteke. Berdin gertatzen da ondoko adibideetan:

Ekarri didazun liburua oso interesgarria da.

Jadanik osaturik dauka, udan hautsi zitzaion hezurra.

Dena den, esan beharra dago ezen hauxe ez dela erlatibozko esaldiak egiteko forma bakarra, eta zein partikula eta bait- aurrizkia erabiliz ere egin daitezkeela. Honela:

Berandu arte egon da bere lagunarekin, zein Iruiñetik etorri baita.

Ezta haur Iesus, Iosephen semea, zeinen aita eta ama guk ezagutzen baititugu? (J. Leizarraga).

-(e)neko atzizkiaren erabilkera

Morfologikoki aztertuz, -(e)n —ko dela ikusten da, -ko hori lokatibo kasuari dagokiona izanik. Beraz, -(e)neko erako erlatiboetan espazioko leku bat edo denbora une bat determinatu nahi izanen da (edo eta bi kontzeptu). Denbora eta espazioa aipatzen ditut (Noiz eta non) zeren eta euskaraz berdintzat hartzen baitira biak deklinabiderako.

Bestalde, aurretik esan dugun legez, erlatibozko esaldiak izen baten determinatzaileak (hots, "adjektiboak") ohi dira. Baina erlatibozko esaldietan aditz bat dago, eta aditz horretan zenbait subjektuk parte hartzen dute. Kasurik jeneralenean hiru subjektuk: subjektu aktiboak (ergatibo kasuan dagoena), subjektu pasiboak (nominatibo kasuan dagoena) eta subjektu datiboa (datibo kasuan dagoena). Erlatibozko esaldiak menpeko esaldiak direlarik, beraietan ez da datibo etikorik —hika hitz egitean sartzen dena— agertzen.

Esaldi erlatiboaz determinaturik geratzen den izena, subjektu horietariko bat izan daiteke edo ez, Subjektuetariko bat denean, erlatibozko atzizki arruntarekin —hau da, -(e)n delakoarekin— ongi geratzen da esaldia eta ez du inolaz ere -(e)ko beharrik.

Hala ere, izen hori erlatibozko esaldiaren aditzaren subjektu partaidea ez denean, esaldia erdi kilikolo geratzen da sarri, eta -(e)ko atzizkia jartzea, erabat beharrezkoa ez bada ere, argigarri gertatzen da kasu askotan. Adibide erraz batez azalduko dugu berriro, azken lerroetan esanikoa:

Ura irakiten dagoeneko tenperatura ehun gradutakoa da.

Esaldi nagusia: tenperatura ehun gradutakoa da.

Menpeko esaldia: Ura irakiten dago.

Zein da bien arteko lotura? Hauxe:

Zein tenperatura? Ura irakiten dagoenekoa,

Determinaturik geratzen den hitza, argi ikusten denez, tenperatura da. Baina erlatibozko esaldia aztertuz ikus dezakegunez, hitz honek ez du bertan parterik hartzen, aditzaren subjektu bezala behintzat.

Zer dago irakiten?: ura.

 Tenperatura hitza ez da dago aditzaren subjektua. Azalduriko teoriaren arauera, ongi datorkio -(e)neko atzizkia.

Kasu honetan ZER erako aditza ageri da erlatibozko esaldian (hots, subjektu pasiboa). Edozein modutan, erregela berdin aplika daiteke ZER-NORI, NOR-NORK ZER-NORI-NORK aditzetan ere. Kasu hauk adierazteko, zenbait adibide jarriko ditugu, pazientzia pixka batez eta adibide gisa, erregela honen aplikatze moduaz jabe zaitezten:

- Mikeli istripua gertatu zitzaioneko bihurgunea kentzeko asmotan dihardute.

- Jonek lana egin dueneko laborategia, hauxe da.

- Maiteri oparia emanen diodaneko egunean, jai ederra atonduko dugu.

- Ioi negatiboak biltzen direneko plakari, anodo deritzo.

- Oxidapena gertatzen deneko elektrodoa, apurtu egin da.

- Hori esan duen gizona doaneko autoa, gorria da.

Edozein modutan, -(e)ko atzizkiaren erabilkera beharrezkoa ez dela esan behar dugu berriro ere, baina modu berean, azpimarkatu egin nahi dugu, esaldiari argitasuna emateko oso lagungarri gertatzen dela sarri.

Itzultzaileentzako oharra

-(e)ko atzizkia, bestalde, oso praktiko gertatzen da itzultze lanetan, erdaraz "a donde, de donde,..., en el cual,..." eta antzekoak agertzen direnean batez ere. Erdaraz, esaldi horik lekuzko edo denborazko esaldi zirkunstantzialak dira. Euskaraz, ordea, hobe legoke erlatibo gisa tratatzea, eta honetan oso lagungarri. gertatzen da -(e)neko atzizkia.

Honetaz informazio zabala nahi duenak, Villasanteren "Sintaxis de la oración compuesta" deituriko liburura jo dezake. Dena den, bertan ez zaio garrantzi handirik ematen -(e)ko partikulari eta Mitxelenaren ohar batek dioenez, partikula horren erabilkera gauza modernoa da. Hala ere, oso praktikoa gertatzen da idazten —niri lagungarri gertatzen zait behintzat— eta erabilkera hori arautzea interesgarri dela uste dut.

J. R. Etxebarria


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Gipuzkoar adiskide batek bidalirik, hona hemen zenbaki honetako astabelarrietarako kandidatu egokia. Kartel antologiko honetan agertzen diren okerrak ia ia kontaezinak dira, noizbaiteko zeruetako hareak, itsasoko izarrak edo eta Lope Garzia de Salazarren ondorengoak bezain ugariak halegia.

Zenbaitzuk holako kirtenkeriak idazten dizkigute bazterretan, inork ezer esanez gero, h batzu nola edo hala sartzen dituztela eta, hura euskara batua delako atxakia ateraz. Horri euskara batua barik, sumatraera bitua esatea hobe litzateke.

***

Fanfarre Tirri-Tarra aretearen inagurazioako

Egoandiko 12etan: Damborrada.

Arratzaldeko 1 bat terdietan: Aretoaren inagurazioa lehen da bizi, Damborreroak fanfarreko doinua joaz, horman egongo a mural bat aigiratuko da. Urren aretoa irikiko da "lunch" bat ezkeinia joatendan jende guztiari.

Arratzaldeko 4'tan: Anka-ostiko edo futbol jokoa.

Arratzaldeko 8'tan: FANFARRE JAI-ALDI EDERRA:

POMPOSHOS (Donosti)

IRUNGO ATZEGIÑA (Irún)

TIRRI-TARRA

eta beste batzuek ere etorriko dire...

Gero gau-jai aldia ta dantza, gaueko 12,ik arte eta ondoren Zuzko-Zezena erreko da.

IGANDEAN URRILAK 30


Funts gabeko zurrumurruak Olariagak alaba bat!!!

Zenbait aldizkari arinek hortik barreiatu duten albistea gezurtatu beharrez gaude. Antton Olariagak, Kaleko, Hormasprayko, Zakilixut etabarren aitak, ez du inolako alabarik EGIN. Alaba egin duena, aldiz, Olariagaren andrea izan da, hori bai, haren lankidetasun osoaz, mutila edozein lanetarako beti fina izan da eta! Ez da egia, ordea, aitak jaioberriari Alubera izena jartzeko intentziorik duenik. Egia da, aldiz, bai geure lankide eta adiskide min dugun Antton Olariagari eta bai beraren andreari, bihotzez bidaltzen dizkiegula ANAITASUNAko guztiok geure zorionik beroenak.