ANAITASUNA

1977.EKO UZTAILAREN 15EKOA

344. ZENBAKIA

35 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 700 pezeta

Latin Amerikarako 800 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta

Ale bakoitza: 35 pezeta


[AZALA]

URTE OSOA FRUITU BATEN ZAIN?

EUSKAL UNIBERTSITATEA


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5. Donostiatik

6-11. H.A.S.I.

12-14. Erreformategiak

15-16. 70.000 Barakaldar etxe-bizitza ilegal ote?

17-18. Bilbo Handia eta Plan Generalaren sagarra

19. San Juan kutsatua

20-22. Komikia

25-26. Giscard teknokrata ala diktadorea?

27-29. Hezkuntza Txinak

30-32. Euskara eta politik alderdiak (I)

33-36. UEU-ari buruz hizketan

37-39. Literatura

40-41. Musika

42. Kaleko

Makinistak: Itziar eta Idoye

Maketapena: Erramon Zumalabek

Muntaiak: Txomin

Argazkiak: Arkoila

Moldiztegia:

Gráficas San Pedro.

Part. Alzola, 2

BILBO.

Leg. Gor.: BI-1753-1967


Editoriala

Paga bezate!

Asko lauskitu dute herri hau. Hemengo populazioari ahal izan duten guztia xurgatu diote, eta Euskal Herriko populuaren izaera ostikoka tratatua izan da.

Basatien bortxaz —bortxa instituzionalduaz— enplegatu dira, gure hizkuntza eta kultura zilo beltz batetan sar zitezen.

¡Hable usted en cristiano! Hau oihukatuz, maizegi egurtu gaituzte eskolatan, orain borondate onetan sinets dezagun.

Espainiako gobernu guztien hezkuntza ministruen politika kulturala, Euskal Herriko kultura desagerbidean ezartzea izan da. Beraz, hemen izan diren espresio kulturalak herri xehearen bizkarrean babesturik egon dira. Ezin gintezke honela jarrai.

Kontu egin dezala gobernuak, borondate onezko deklarazioak hizki-mizkiak direla guretzat. Ez garela fidatzen. Frogak behar ditugu. Gure kulturaren desarroiloan, lekuko eta partaide izanik.

Ba dira hainbat lan euskal kultura zabal dadin. Haien artean Euskal Herriak bi errepikatu ditu azken urteotan:

1.- Euskararen ofizialtasuna

2.- Euskal Unibertsitatea

Agintariek zor dute. Paga bezate!


Euskal Herrian

Ikasbide ikastolako hauteskunde xelebreak

Ikastolako gurasooi haurren bidez karta ireki bat bidali zitzaigun IKASBIDE ELKARTEKO batzarrea hospatzen zela eta, gurasook Ikasbideko sozio partaide izatera gonbidatuz.

Ikasbide kultur elkarte bat da eta kultur elkarte honek daraman zerbitzu nagusia da ikastola. Junta berria hautatzeko sozioa behar da izan, eta beraz, gurasoei ez zaie deitu Ikasbideko batzarrera, sozioei baizik. Guraso gehienak sozio ez badira ere, elkarteko estatutu zaharren arauera sozio ez diren guraso guzti horiek ez dute eskubiderik ikastola zuzenduko duen junta horretan sartzeko, ez hauteskundeetan parte hartzeko.

Gauzak horrela, bildu ginen ekainak 27an. Ikasbideko ikastolan, oso jende gutxi, alde batetik Junta zaharrekoak, juntan egon berri diren bikoteren bat, junta berrirako inguratutako beste batzu eta Ikasbideri HITXI kutsua kendu nahiz agertu ginen beste ezker abertzale batzu. Azkeneko hau garbi gera bedi, batzarrean parte interesatua naizelarik.

Ihaz hospatu behar zen batzarrea eta junta berritzea ez zen egin, eta justifikatzeko arrazoirik eman gabe, orain bi urte egin zen akta eta gurasoei igorri berria den "memoria" irakurri ziren.

Egitarauko galde-erantzunak iristean, berehala planteiatu ziren estatutuak berritu beharra. Junta eratzeko guraso guztiak deitzea, e.a., baina, bi mundu desberdinetan ari ginen, nonbait, batzuentzat sozio elkartea besterik ez baitzen batzarre hura, eta besteontzat, berriz, guraso guztiona ere behar zuen izan. Aterabide bakarra, guraso guztiak sozio egin daitezela eta kito, eskubide oro izanen dituzte, xinplekeria horretatik aurrera ikusteko nola ez baitziren gauza, bi ordu eta gehiago ihardun genuen xexio honetan. Sozio ez diren gurasoak ez deitzeko ematen zen arrazoi nagusia, horik ez direla ikastolarekin arduratzen, ez lanetan ez beste antolakizunetan, sozio gisa diru laguntza ere ez ematean, Ikasbideko Junta eta honen hauteskundeetatik kanpo jartzen omen dira (edo ipintzen dira).

Ondoren Juntako hauteskundeei ekin genien. Junta diot edo Zuzendaritza eta ez Batzordea, ez baita gurasoek guraso bezala hautatutako batzordea, areago, batzarrearen gaindik muntatua bezala baitago. Estatutuen arauz seitik hamabira behar dute izan Juntakoek. Junta zaharretik seik bakarrik jarraitzen bazuten ere, seiok Juntako ukitezinak bezala presentatu ziren, nahiz eta urtero Juntaren erdia berritu behar eta sei horietatik gehienok 4 edo 6 urte Juntan egon.

Bestalde, lau hautesgai bakarrik presentatu ziren ezarritako epe barruan eta sozio zaharrak izaki. Lehenik, bost ziren legez aurreratutakoak, baina horietako batek berak aitortu zuenez, epeaz gero presentatu zen, nahiz eta juntakoren batek presentazio eguna gainetik zuzendua egon. Han geunden batzuk ba genekien Ikasbideko lehendakariak legezkotzat presentatu zuen beste batek ere, ez zituela estatutuen legezko baldintzak betetzen, halegia, sozio berria eta berandu presentatua baitzen baina gauzak gehiago ez harrotzeagatik eta ia gaueko amabiak zirelako aurrera iragatea erabaki genuen.

Beste batzu legez kanpo presentatuak bezala jo ziren, edo sozio bezala urtebete ez zeramatelako edo epeaz geroztikakoak zirelako.

Baten batek Junta zaharrak dimititu eta hauteskunde orokorrak egitea eskatu zuenean, juntako zaharrenetako batek berak ez zuela dimititzen eta junta zahar osoa entzungor geratu zen. Asanbladak ez genuen bozketa bakar bat ere egin. Han gauzak eginda bezala zeuden eta asanblada, nonbait, baieztatzeko zen soilki.

Batzarre penagarri eta nahasia izan bazen ere, asanblada baikorra gertatuko delakoan nago. Han esandakoak kontsideratuz, uste dut, guztiok dugula zer ikasia eta hurrengo batzarrean (Propio gurasoena ere egitea proposatu zen) guraso gehiagok parte hartuko ahal dugu. Gurasook ez omen dugu ikastolarekin kolaboratzen eta egia da,baina ez deritzot sistima honek gurasoak lankidetzera bultzatu dituenik.

Han agertu genituen arazoek ez zuten inolaz ere eta ezertan Ikasbideko elkartea eta ikastola arriskuan jartzen. Baina Ikasbideko junta osoak kontserbatzaile eta gisa berekoa (euskal eskuinekoa) behar zuen izan, agian.

Junta zaharrekoei seriostasun pixka bat eskatuz, umeekin ez dabiltzala gogora erazi nahi nieke. Ba dugu, horregatik, demokrazi bidean zer ikasia, eta neuregatik ere ba diot.

Alex


Euskal Herrian

Abiaturik da Euskadiko Askatasunaren aldeko Ibilaldia

Hego Euskal Herriko lau puntuetatik (Lodosa, Gernika, Agurain (Salvatierra), Zarautz) trebeki abiatu dira, burruka zaharra berri, ibilaldi gogor, latz eta bero batez Iruinearantz, aldapaz gora, Euskadiko hiriburura. Euskal herrialde guztietatik eta Belgikatik (exilatu taldeak) herri mobilizapen zabal bat Autonomi Estatutu eta Amnistia Osoa jaitsezinezko exigentziatzat harturik Agorrilaren 28an Iruinean burutzeko.

Guztiok dakigunez, Euskal Herriko mobilizapen hauen etsaia ez da garai bateko faxismo kapitalista bakarrik, Frantziako gobernuak mugak harantz iragaitea debekatu omen, PNV eta PSOE, e.a. eguneko burjeseriaren eta erreformismoaren jauntxo bilakatu dira. Alderdi hauek boikotatu egin baitute herri mobilizapen hau eta desegokitzat jo beren afiliatu eta gainerakoen aurrean. Baina, alderdi hauek bozak biltzeko boteretsu eta dirudun agertu badira ere, kontutan hartu beharrezkoa da jende epela eta politizatu gabea delako gehiengo batek edo beren egoera ekonomikoa bakarrik begiratzen dutenek eman diotela, batipat, beren boza PNVri edo PSOEri.

Euskal langileriak, ordea, azken urteetako historia bereziak erakutsi bezala alderdi guztien gainetik edo aparte, edo batera, herri heldutasunez, ibiltzen ba daki, pausoak emateko inoren eskutik ibili behar gabe.

Lodosatik Oilorakoa izan da nafarren lehen ekinaldia. Arabarrek Agurainetik Altsasura bitartean gorpuzti sendoa eratu dute herriz herriko harrera txalotsu eta ibilkera baterakoi batez. Gernikatik 1500 ibiltari irten eta, Busturian zehar jangai eta edari oparoak eskaini zaizkielarik, Bermeora iristeko hiru milak osatzen zuten martxa multzoa.

Gipuzkoan Zarautzetik 500 bat ibiltarik ekin zutelarik. Orion beste hainbeste bildu zitzaizkien, jatordu zoragarria, berriz, Usurbilekoa, trikitilari eta giro eder batean. Donostiako Antiguan txistulari taldeen harrerarekin, beste milaka batzu elkartu ziren Kontxako Ibilpide osoa bete betean agertzen zen ertz batetik besteraino, abeslari eta "Apala Askatu", "Atzerriratuak etxera", "Independentzia", "ETA herria zurekin" e.a. oihukatuz.

Gipuzkoako enparantzan burutu genuen lehen ibilaldia, Valentin Angiozar antiguatarraren erdarazko hitzalditxo pizgarri eta ordenuzaleegiarekin. "Eusko gudariak..." abestu eta erretiratzen hasi bezain laster, enparantza ertzetik, Elkano kaleko goreneko lehiotik espainiar bandera luze bat atera eta astindu zuten jarrera probokagarri batean eta jendetza guztia "H. de P." "Faxistak zuek zarete terroristak", e.a. garrasika jarri zitzaien. Lehiotik agerturiko bi mutilek argazki eta pelikula egiten ihardun ondoren, eskuak faxist eran luzatuz gero, erretiratu ziren beren banderakin. Etxe hartan bizi den andre batek zioenez Larrauritarren etxea da etxe osoa, eta gehiko bizitokitik azaldu zenetako mutil bat Larrauritarren semea zen, eta gerrileroa omen.

Talde batek etxeko ataria inguraturik eduki zuen oso gaua arte, polizia agertu eta gorderik zeuden mutilak bere babesean eraman zitueino.

Alex

Donostia-ko Mitin Jaialdia

Arratsaldeko 7etan hasi behar zuen saioa, 8etan hasi zen, ahots tresneriarik gabe ez baitzen ongi entzuten, eta enparantza osoa jendez betea jarraitzen zen. Luis Mari Mujikak garbi jarri zuen, euskara garbian, Autonomi Estatutuari ezarri behar zaion oinharria, hau da, nazio subiranotasunaren aitorpena, euskal nortasuna eta euskaradun herria. Valentin Angiozar, Ibilaldiaren bi helburuak azpimarkatuz ibilaldiaren arauei lotu zitzaien.

Eta besterik gabe, amnistiaren aldeko gestoreen izenean Miguel Castels jauna mintzatu zen amnistia osoa oraindik ez dugula lortu eta Martutenen jarraitzen dutenak eta A.T.C.ko langileen amnistia beharra ere gogoratu zizkigun. Ondoren, Martuteneko presoen karta ireki bat irakurri zen amnistia lortu dela dioten alderdiak salatuz eta herri mobilizapenak eragin eta aupatuz.

Halako batean, ekin zuten alderdi zerrendako ordezkariek: EKA, ESB, ORT, OIC, LAIA (BAI), PC, PT, LKI, FEMINISTAK, MC, EIA, HASI, ANV, PSP, UCE eta LAIA (EZ).

Nire eritzi koxkorrean, ESB eta PC, bakoitza bere aldetik hauteskunde aurretik baino borrokalariago eta herrikoiago agertu ziren. EIAkoa oso garbi eta ausartki mintzatu zen. HASIkoa inor gutxi bezalako politikari iraultzailea nabaritu zen.

Baina, feministek hautsi zuten hitzaldi eta kantaldietako normaltasuna, gizontasunezko normaltasuna, agian. Aurreko egunean, bai gazteri mugimenduarekin eta bai feministekin bakoitza 8 minutu mintzatzekotan geratu ziren, Valentinen esanez, baina feministak ez ziren 8 minuturekin konformatu. Feministen artean ere joera desberdinak ba dira, eta talde bakoitza bere agiria agertzen saiatu zen. Saiatu esan dut, mahaikoek moztea aginduarren, emakumeek aurrera jarraitu baitzuten etengabeko euskara-erdarazko agiriekin, eta jende gehienek ere protesta eta istiluka ekin zieten andre feministei, eta une luze batean oilategi bat zirudien Trinitateko enparantzak. Feministak berriro zanpaturik sentitzen zirelako edo... jendetza gehiena aurka jartzea ez zitzaien axola izan.

Egia esan, zenbait ezker alderdik aipatu zituen andreen errebindikapenak, baina oso axaletik, abortua legeztatzea, e.a. ez baitira oraindik herrikoiak (ez da harritzekoa eliza katolikoak erakutsi eta bortxatu dituen itxuragabekeriekin). Dena dela, feminista taldeek izan dira bakarrik, andre errebindikapenak beren gordintasun osoan agertzeko gauza.

Istilu hauen ondoren jendea urrituz joan zen, eta politikarien zerrendako azkeneko eta erradikalenak UCE eta LAIA (EZ) agertu ziren. LAIA Ez-eko Txelisek burruka iraultzailea egunoroko bizitzan eraman behar dugula zioen, euskaraz eta erdaraz, eta Estatutua eratzea burjeseriarekin eta faxistekin paktatzea denez, estatutuaren aurka azaldu zen eta, beraz, estatutua utzita zuzenki eta pausoz pauso euskal langileriaren independentziagatik burrukatu behar dugu.

Asanblada bidez, batik bat, lantokietan, gazterietakoetan, e.a. geu joan behar gara askatzen, Euskal Langileria aska dadin arte. Txelisen jarrera guztiz garbia da. Baten batek "profeta de la revolución pura" deitu du, arrazoiarekin. Dudarik ez, Txelis eta LAIA Ez-ekoen salaketak eta iraultza ekintzak Euskadiren iraultzarako aski aportatzen dutela. Baina, HASI edo EIAkoekin dagoen funtsezko desberdintasunari bagagozkio, azkeneko hauentzat Autonomi Estatutua, naziotasun aitorpenetik abiatuz, hastapen bat baino ez da, bitarteko bat, euskal langileriaren independentzia lortzeko posible diren aurrerabide guztiak probetxatuz bakarrik Euskadi Sozialista eta Independentea buru baitezakegu.

Alex


Konbergentziaren semea: H.A.S.I.— Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea

Azken hamabost egun hauetan politikoki gertatu izan den gauzarik inportanteenetarikoa hauxe izan da: HA.S.I.ren jaiotza. Duela urtebete hasitako konbergentzi prozesu baten ondorioa dugu H.A.S.I. alderdia.

Hilaren lauean eginikako asanblada, Fundazio Asanblada izan zen; beraz, oraindik, H.A.S.I.koek ezina dute koherentzia handiegirik ukan, ez baitira alderdi bezala praktika politikoan aritu. Halere, sei hilabete barru konstituzio Asanblada ukanen dutenez, bistan dago hortik aurrera koherentzia handiagoa ukan dezaketela. Behar dugu aipatu, halaber, alderdi berri honi susmatzen diogun indarra, sendoa izanen dela.

Ikus dezagun, ba, zer nolako prozesua eman ohi dute H.A.S.I.koek bera fundatu arte.

Ba dirudi ezen konbergentzia honen muina E.H.A.S. izeneko alderdia izan dela batipat; eta hau ez da kili-kolozko afirmazio bat, konstatazio objektiboa baizik; zeren eta, kontutan hartu behar baita, E.H.A.S. zela prozesu honetan indartsuena, aparatuak zituena, eta militanteen kopuru handiena osatzen zuena. Hala eta guztiz, nahiz eta E.H.A.S. izan konbergentzia honen erroa, eta Eusko Sozialistak zati eder bat ipini, benetako protagonistak eta saltsa, independenteak izan dira. Nondik datoz, ba, independenteak?

Euskal Herrian, ETA izan da, dudarik ez, diktadura gehien zirikatu, larritu eta mindu duen talde politikoa; beronek, noski, pertsekuzio eta errepresio handiena jasan du era berean. Errepresioak, ETAren etengabeko burrukak eta beste hainbat arrazoik, ETA libertateen sinbolo bat bihurtu dute. Honela, ba, populuak ikaragarrizko sentsibilitatea bizi izan du ETArengana. Eta, herriaren begiek ikusi dutena ikusiz, itxura gabe mugimendua sortu da Euskal Herrian: mugimendu soziologiko bat. Geroztik, mugimendu hau abertzale-sozialismoa deitua izan da.

Halabeharrez, bada, Euskal Herria xahutu nahi zutenek, Euskal Herriarentzat birbizketaren oinharriak ezarri dituzte, ETArekiko sentitu eta inprimatu duten bortxa dela medio.

Baina, ETAren barneko egiturak (lau fronteak) eta errepresiboak, ez zioten abertzale-sozialismoari egitura iraunkor bat egiteko posibilitate fits bat ere eman. Horrexegatik hainbat eta hainbat talde ttiki eta jende solte aritu zen politikazko beste lan batzutan, hau da: langile mugimenduan, kultur mugimenduan, hauzoetako burruketan etab,... nahiz eta beti haien lana abertzale-sozialismoaren koordinatuetan erori.

ETAk ez zuen estabilitaterik ematen, eta bistan dago —ez zegoen— sozialismoaren aldeko burrukak masa erakunde egituratuak eta sendoak behar dituela ukan, honela iraunkorrak izan daitezen; eta sentsibilitatezko inplantazio batetan bakarrik oinharriturik egon ez daitezen.

Beste arrazoi bat aipatu behar da. ETAren burruka, antifaxista izan da batipat; ez noski, horretara mugatu delako; historia, ideologi kontradizioak, eta inprimatu dioten erritmuak antifaxismoaren bidetik mugatu dutelako baizik. Honek ere, klar dago, independenteen kopurua altxatu egin du, zeren eta abertzale sozialismoaren barnean egon arren, hainbat jendek, masa, alderdi eta erakunde iraunkor sortu nahian ibili baitira. Dena den, kontua da, jende asko egon dela barreiaturik eta jo eta ke lanean isiltasunean alderdi berrien zain.

Ezin ahantzi ere, demokrazia baten aurrean burrukatzeko manerak edo moduak aldatu egiten direla, hau da, euskal erresistentzia bereziki, burruka harmaturik aritu bada ere, demokrazia batetan argi dago, ezin dela politika guztia honelako burruka batetatik abiatu. Beste arrazoi bat izan liteke. 1974.urtean, militarrek emandako arrazoiak arestikoak izan litezke gutti gorabehera. Gero, politiko-militarrek 1976.urteko irailean egindako VII Asanbladatik ateratako konklusioak ere, bide honetatik mugitzen ziren.

Hau guztiau izan da inportantea Euskal Herrian, hots, soziologikoki abertzale sozialismoaren formazioa. Independenteen garrantzia hor datza.

H.A.S.I. alderdi berrian, hain dira inportanteak independente jendea izan direnek, non alderdiaren % 60 osotzen duten. Era berean arduradun kargu gehienak beraiek osotzen dituzte, adibide baterako idazkari orokor gisa aukeratua izan dena, independente prestigiotsu bat da.

Zergatik pentsatzen dugun, H.A.S.I. alderdia indartsua izan litekeela? Lehenik eta behin, independente jendeak parte har lezakeelako, orain arte inoiz ez baita honelakorik gertatu. Eta gero, zabala delako, ez baitu sektarismorik egin nahi, ez ere protagonismo huts batetan erori nahi.

Segi diezaiogun historiari:

1976.urteko uztailean, eta zetorkien egoera politikoa ikusiz, EHASek, ETAp-m-ri, LAIA-ri eta ES-ri konbergentzia projektua aurkezten die. Lehenengo biek ez zuten erantzunik eman, zeren politiko-militarrak VII Asanblada prestatzen ari baitziren eta susmagarria baitzen desdoblamendu bat egonen zela. Bigarrengoek ez zuten interesik.

Abuztuan KAS fundatzen da, segur asko, koordinadora bat egitera baino, bestelako akordio batetara heldu ez zirelako.

Halabeharrez, bada, EHAS, eta ES harremanetan sartu ziren —aurretik kontaktuak zituzten— konbergentzia burutzeko. Prozesua aurrera zihoalarik, VII Asanblada egin zuten ETAp-m-koek, eta hemendik sortzen da alderdia edo —alderdi projektua— harremanetan jarriz, E.HA.S.ekin akordio batetara heltzen dira, bilera batetan oinharrizko ideologia ontzat emanez. Beraz, ba zirudien EIA ere konbergentzian sartuko zela.

Baina, Otsailaren 15ean Bilbon egindako bilera batetan, bertan Independenteak, E.H.A.S., ES eta EIA aurrean zirela, EIAk zera adierazten du, berak daraman prozesua oraindik burutu gabe daukala, eta ez dela konbergentzian sartuko. Beraz, EIA mugimendu honetatik kanpo geratzen da.

Martxoa heltzen da eta E.H.A.S.ek konbergentzia projektuaren oinharrizko ideologia baieztatzen du bere II Asanbladan, epe bat ezarriz —lauzpabost hilabete— konbergentziaren lehen asanblada egina izan zedin. E.H.A.S.ekoek irmoki sartzen dira katalizadoreak izate nahian. Beraiek ipini diote gatza.

Beraz, arestian esan dugun bezala, E.H.A.S. eta E.S., jadanik lankide direnak, lanean hasten dira. Herriz herri, eta denborak ezarritako mugaz, hitzaldiak ematen dituzte EHn zehar. Harrera ona du konbergentziak eta independente asko sartzen dira bertan, hemendik aurrera hitzaldietan parte hartuz. Arrakasta, noski, nabariago egiten da Gipuzkoan eta Bizkaian.

Eta Eusko Sozialistak? Eusko Sozialistak, USOtik datorren talde bat da, halegia, estatalismotik datorkiguna. FPSen egon da partaide eta bere praktika politikoa gero eta gehiago abertzale linea batetara hurbildu zaigu. Eta azkenik H.A.S.I.ren sorreran egon da. Hau oso da inportantea; estatalista estrategia batetik abertzale sozialismora sartzea; pauso kualitatibo bat da.

Zein da, bada, H.A.S.I.ren projektu nagusia? Ezker abertzale sozialista iraultzailean alderdi bakar bat egitea, tendentziarik gabekoa, marxista iraultzailea eta taldetan diziplinatua. Hori da xede nagusia eta ideologi oinharriak numero honetan ematen dizkizuegu.

Bestaldetik, hilaren lauean egindako asanblada neketsutik irten ziren erabakiak, hilaren 5ean egindako prentsaurrekoan aurkeztu zituzten H.A.S.I.koek. Oraingo zenbaki honetan ematen dizuegu hau ere.

maria goiburuko

HASIren oinharriak

A.- Ideologi oinharriak

1.- Abiaburutzat ondoko puntuak jartzen ditugu:

a) Gizarte klase sozialen kontrastetan banatua dela eta, elkarren arteko burrukaz hura dynamizatuz doala.

b) Euskal Herria nazio bat dela, beraren lurraldea gaur Nafarroa (Garaia eta Behera), Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Zuberoa izanik, bere hizkuntza, kultura eta nazional kontzientzia berezi eta objektiboak dituela, espainol eta frantses Estatuen azpian zatitu eta zapaldua egonik.

c) Ekonomi eta nazional zapalkuntza bikoitz honek, kapitalismoak sortuak, orain phase inperialistan eta Hego Euskal Herrian diktaduraz areagotuak, Euskal Herria klase arteko burrukaren barruti autonomotzat eratzen duela.

2.- Prozesu honen barruan, zapalkuntza bikoitz kontrako burruka hastean, langileriak protagonista eta abangoardia izateko bere funtzioa agertu duela.

3.- Hala ere, burruka honen gorakadaz ez dira horregatik iraultzabide horrexetarako erakunde-tresnak paraleloki aurreratu.

B.- Helburuak

1.- Euskal Estatu Sozialista bat eta independentea lortzea.

2.- Herri burujabeen arteko elkartasun sozialista lortzea, beronetan berezko komunitateak artikulatuz, honetara Herri Sozialismo Unibertsala eraikiz.

Helburu hauen aldeko burrukan, espainol eta frantses Estatuetako beste herriekiko solidaritatea ekintzaz eta iraunkorki indartuko dugu, bai eta kapitalismoaren kontra eta beren nazional nortasunaren alde burrukatzen duten europar eta munduko beste herriekikoa ere.

3.- Egin nahi dugun Euskal Herri Sozialista hori moldatzeko eredu politikoari dagokionez, estatismoa eta burokrazia gaindi dezakeen herri demokrazia bat beharrezkotzat daukagu, beronetan, langileriaren zuzendaritzapean, Herriaren parte hartze zuzena, batzarre-oinharritik sortutako delegazioa sistima kontrolatuaren bidez, artikulatuz, klaserik gabeko gizartea lortu arte.

4.- Berreuskalduntze osoa eta nazional kultura ekintzaile eta herritarraren aurrerabidea.

C.- Alderdia

1.- Esandako helburuak lortzeko burrukarako giltza, egin nahi dugun alderdi sozialista iraultzailea da, beronen funtzioa Euskal Herriko langileria, klase herrikoien buru delarik, beroni aurrerabide historikoak eskaini dion papera bete dezan, ideologi, politik eta erakunde mailan harmatzea delarik.

2.- Alderdiak klase arteko burruka euskal iraultzaren eragiletzat joko du, eta marxismoa errealitatea aztertzeko bidetzat hartuko, berau modu kritiko eta euskal gizartearen ikuspegitik bereganatuz.

3.- Alderdia, geroko gizarte sozialistaren eratzailea den aldetik, erkideen Biltzarretik demokratikoki eratu beharko da partaidetasunez, behar diren ordezkal eta kontrol bide konkretuak jarriz. Alderdiaren barruan ez da joera eraturik onhartuko. Erkideen Biltzarre Nagusian erabakiko dira hain zuzen ere, beraren jarraipide ideologiko, politiko eta estrategikoak.

4.- Alderdi talde organikotan banaturiko erkide oinharri zabal, kontzientziatsu eta ekintzaile baten oinharri eratuko da, honela desbideratze burokratiko, hierarkhizagarri edo erdirakoi guztiak kontrolatzeko, eta erakundeko, ideologi eta politik diziplina ekintzaile eta dynamikoaren arauera eratuko da, alderdiaren komenentzia ideologikoa garantizatuz.

5.- Alderdia nazional mailan eratuko da, Iparraldean eta Hegoaldean batera arituz.

D.- Ekintzabidea

1.- Alderdiaren ekintzabidea herri boterea sortu eta berau indartzen saiatuko da, beronek maila guztietan beste gestio eta kontrola erabil dezan, beroni, langileriaren egiazko nagusigoaren oinharri denez gero, hauteskundepeko eskuhartze publiko eta politiko itxurazkoen gainetik, garrantzia emanez.

2.- Masen bidearen alde eginen du, horrela langileriaren eta herri masen autoerakuntza biltzar oinharrian bultzatuz, beronen bidez, bere askatasunaren alde egiten duen herri blokean behargin klaseak nagusigo politiko eta ideologikoa eduki dezan.

3.- Une bakoitzean boterean dauden klase atalen aurkako estrategia bat erabiliko da, zehazki iraultzaile dei daitekeen azken phasera heldu arte, zeinetan, oinharrizko salbuespenik gabe, bide iraultzaile egokienak erabiliko baitira, horrela Euskal Iraultza Sozialista, era atzeraezinez, iraunkorki gera dadin.

4.- Masen burrukari garrantzirik handiena eman arren, Alderdiak erakunde juridiko-politikoetan eta burruka politiko soila erabiliko du, berorik garantiazkoak izan edo hautakizun iraultzaileetarako ongarriak gerta daitezkeenean.

5.- Beronek, bere aldetik, herri blokeko beste politik erakundeekiko aliantz estrategia egitera garamazke, klase arteko burrukaren zenbait abagadunetan helburukide diren neurrian behintzat.


Euskal Herrian

Uztailaren 4ean H.A.S.I. alderdiari buruzko prentsa aurreko bat egin zen Bilbon, Aretxabaletan egindako Asanbladaren bi egun ondoren. Zazpi kazetari egon ginen. Askotxo, era honetako prentsa aurrekoetara gutxiago joaten baitira normalki. Gure aurrean, HASI alderdiaren aurkezpena egiteko prest bazkide hauk izan genituen: Santi Brouard, HASIren ordezkari jenerala bezala: Txomin Zuluaga, nazioarteko harremantzailea: Enrike Urkijo, "public relations" arlokoa eta Alberto Figeroa, lan-abokatua: Laurok exekutiboaren betiko Asanblada barrukoak.

HASI nola sortu den adieraziz hasi zen prentsa aurrekoa. Konbergentzi bidearen ondorioa dugu HASI, bi alderdi batu baititu: EHAS eta E.S. Konbergentzi bide hau, jakina, ez da osatu, HASI beste talde guztiei irekita baitago. Bai eta, noski, EIAri ere, bi aldetatik orain susmatzen diren ezberdintasunak kamuzten baldin badira, eta honetarako alderdi bakoitzak bere joera eta egoera ideologikoa non dagoen zehazki agertu behar du.

Non dira HASIren muga politikoak? Nondik nora doa politik maila barruan? Prentsa aurrekoan esan zutenez, alde batetatik, eskuin aldetik, sozial demokrazia dago (kanpoan geldituz), eta ezker aldetik, ezker muturrekoak daude, HASIren espektrutik at geldituz. HASI barruan KASen bost puntuak onhartzen dituzten alderdi abertzale, sozialista, iraultzaile, independentistak eta batasuntzaileak sar daitezke.

Aske edo independente asko sartu dira HASI alderdi berrian. Aretxabaletan, 1.300 lagunen artean, independenteak 700en bat izan ziren. Alderdi berri honetan gaur lauzpabost mila lagun batzen dira, prentsa aurrekoan esan zigutenez. "Marxista talde eta askeen batze hau izugarrizko arrakasta da, eta HASI alderdiaren oinharrizko lortze bat", esan zuen Brouard jaunak.

Lehen urratsak

HASI, lehen pausoak egiteko prest dago. Zentzu honetan hitz egin zuen Figeroak, hauteskunde munizipaletako HASIk bere bide berezia egina izango duela esanez: "Hauteskunde horik benetazko proba bat izango dira guretzat", baieztatu zuen, "eta HASIk oraintxe hartuko ditu bere lehen erabakiak, mobilizapenak indartuz, hots, Askatasunaren Ibilaldia eta Itsasalde Nuklear baten kontra egingo den manifestaldia bultzatuz".

HASI-ren sortzea onhartua izan da, ezker aldeko beste taldeen artean. Aretxabaletan hainbat telegrama hartu ziren zentzu honetan. ETA-militarrak eta EIAk bidalitako agurrak txalo eta zarata handiz hartuak izan ziren HASIren sortze-asanbladan. Hona hemen lehen taldeak bidali zuen telegrama: "Telegrama honen bidez geure agur beroena eta geure bultzakada bidali nahi dizuegu, konbergentzia hau politik urrats handitzat hartzen baitugu ezker abertzaletasunaren barruan batasuna lortzeko. Asmo hauk garbiki agertu dituzue gaur arte KASen barruan. Azken hauteskundeetan izan duzuen joera ere onhartu dugu. Une zail horietan ere zuen jokabidea benetan iraultzailea izan da eta ETAk beti Espainiar Estatuaren kontra egin duen burrukaren jarraitzaile jatorra izan da. Beste talde batzuren joera, ordea, Suarezen jokabide maltzurraren kontra herria bideratu beharrean, herriaren atzetik joan dira, erreformismo bidea aukeratu duenean. Talde hauek, gainera, beren burua gure jarraitzailetzat agertu dute. Aurrera, burkideok!"

E.I.A.k, bere aldetik, hurrengo hitzak bidali zituen Aretxabaletara: "E.I.A.-k, Abertzale Sozialista Konbergentzia agurtzen du, eta Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde burrukatzen ari diren indar politiko guztien arteko elkartasuna sendotzen saia dadila. EIA."

Telegramak bidali zituzten beste taldeak hauxek izan ziren: PT, E. Komunistak, LKI, OIC, PCE, Kataluniako MUMPC, Esquerra Catalana dels Treballadors (Ipar Kataluniakoa) eta Brest-en egindako agiriaren zenbait izenpetzaileak: Unión do Povo Galego, PSAN, Bretainiako UDB-ek Gales-eko Cymru Goch (Gales Gorria)...

Legalizazioa etab.

Kazetari batek ea HASIk legalizaziorik eskatuko duen ala ez galdetu zien aurkeztaileei. HASI-ren exekutiboaren arazoa dela legalizazioa eskatze edo ez eskatze hori erantzun zioten. Burruka harmatuaren aurrean HASIk izango duen egoeraz beste batek galdetu zuenean, HASIkoek zera erantzun zuten: HASIk bide politikoak aukeratu ditu bere helburuak lortzeko, baina honek ez du esan nahi HASIk beste taldeek burruka harmatua erabiltzea kritikatzen duenik. Talde bakoitzak ikusi behar du une bakoitzean erabili behar dituen burrukabideak.

Autonomi Estatutuaren arazo aurrean zer egingo duen HASIk galdetu zuen beste kazetari batek. Estatutu hau lortzeko egingo diren bideak ibiliko ditu HASIk, Autonomi Estatutua urrats bat izan baitaiteke, azken helburuak lortzeko bidean.

Birbatze edo erreunifikazio arloan, HASIk bere interes handiena agertu zuen. Berez, gaur Ipar Euskal Herrian HASIk ba ditu bere lehen sustraiak eta Iparraldean sozialistak konbergentzi bidean aurrera doaz. Iparraldeko konbergentzia honen gidari EHAS da eta batasunerantz doazen taldeak Jazar, Ezker Berri, Herriaren Alde eta beste batzu, —Hendaitarrak bezala— dira. Birbatasuna ez da, ba, asmo huts bakar bat. Bospasei hilabete barru Iparraldeko konbergentzi bide honen fruituak argi ikusiko dira.

Estruktura

Gaur egun 8 lagun dira Biltzarre Permanentea osatzen dutenek, baina herrialde bakoitzak ere bi ordezkari izango ditu, 18-20 laguneko talde batek Exekutiboa osatu arte. Estruktura zera izango da, behetik gorantz: taldea, eskualdea, Hegoaldea eta Iparraldea. Sail hauetan langileria izango da lehen-leheneko gidaritza izango duena.

Ikurrina

Oraingoz ez da erabaki zein izango den alderdi berri honetako ikurrina edo synboloa. Gure ikurrinaren koloreak, izar gorri batek eta eskumutur batek osatuko dute, baina nolakoa izango den ez da oraindik erabaki.

X. A.


Euskal Herrian

Erreformategia

Berrogei urte luzeotan, gure gizarteko gauza guztiak ondo, oso ongi egon dira. Ofizialki gure mundua paradisu antzekoa izan da, paradisu berbera izan ez denean. Gure manikomioak jende zoriontsuz beterik zeuden, lantegiak irribarrez... Pobreak, txirotxoak ere, pozik eta alai bizi izan dira, Espainiako zeru urdin eta eguzkitsuaren pean edo gau izartsuen magalean bizirik. Hemendik hiru urtetara saindu izango denaren babesean, bekatuak eta bere izugarrizko ondorioak, zezen larrua utzi eta atzerrira alde egin behar izan zuten. Eta, gainerako, Fraga berberak espainiartxoei eskolak, bideak eta transistoreak eman zizkien. Baina... Paradisu miragarria paperezkoa zen eta, orain agertzen ari zaigun bezala, garbitzeko paperezkoa gainera. Gaur aberatsen mundu ulergaitzari egingo diogu begiradatxo bat. Aberatsek beren herria arerioari saltzen zioten artean edo lantegietan langileen diruarekin jokatzen zuten une berean, "beren" umetxo pobreak zaintzen zituzten bihotz samur handiz. Askotan, langile zapalduen umeak ziren, aberats hauen "kuttunak". Nola ulertu horrelako joera? Paternalismo huts eta zikina besterik ez da izan zapaltzaile hauena. Ikus dezagun hurrengo lerroetan nolakoa izan den aberatsen pobretxoen bizimodua, aberats hauek antolatutako eta zuzendutako kolegio hauetan.

Zenbait zehaztasun

Bizkaian asko dira "benéfico-asistencial" erako kolegioak. Gaur dakargun estudioa, sozial laguntzaile batzuk egindakoa, hogei kolegiotan bildutako zehaztasunetan oinharritua dago. Estudioa egin dutenek zailtasun handiak aurkitu dituzte lana aurrera ateratzeko. Kolegio hauetara bidalitako inkestak ez dituzte erantzun gehienek. Trapu zaharrak etxe barruan gordetzeko eginak dira eta, ikusten denez, kolegio hauek zatarrez beterik daude. Zatarrez eta mojatxoez. Hogei kolegioetatik, hamar mojatxoen babesean jarri ditu Elizak Bizkaian behintzat. Hara Bizkaiko zerrendatxoa: Zabalbiden, "Angeles Custodios"eko mojak dira zaintzaile; Zabalbiden ere Adoratrizak ditugu; Torre Urizar-en, Larrondo, P.P. Italianos eta Esclavas-etan, Amor Misericordioso ordeako mojak ditugu eta, amaitzeko, Oblatek ere ba dute non "txirotxoak" zaindu Beste hiru kolegio "Junta Partikular"ren magalean ditugu: hauetariko bi —Amurriokoa eta Unbe Mendikoa— Javier Ybarra jauna zuten lehendakari eta, besteak, Misericordiako kolegioa, Pedro Ampuero du lehendakaritzan. Hiru kolegio hauetan lan egiten dutenek Terciario Capuchinoek eta Hijas de la Caridad ditugu.

Beste ikastetxeak Auxilio Sociala, Udaletxeak, Tribunal de Menores, Protección de Menores eta Justizi Ministergoa dute jaun eta jabe bezala, Dakizuenez, Tribunal de Menores-en lehendakaria Ybarra jauna zen eta Protección de Menores-en kasuan gauza berbera gertatzen zen.

Nortzu dira zuzendariak

Diru bideak jartzen dituztenak dira kolegio hauetako zuzendariak. Baina ez beti. Hauetariko kolegio gehienak Elizaren eskuetan utzirik daude eta Eliza beste antolakundeen zerbitzari apala dela esan dezakegu. Kolegio hauk, berez, Estatuaren eskuetan egon eta Estatuaren diruaz baliatu behar lirateke, dirua bai Diputazio eta bai Udaletxe, Protección de Menores eta beste ofizial erakundeen bidez harturik. Baina ez da horrelakorik gertatzen, Erakunde hauek egiten dutena "diru synboliko" bat ematea da. Hauen laguntza oso txikia da: Tribunal Tutelarrak edo Juntak, adibidez, mutil bakoitzarengatik egunean 60 pezeta ematen die Elizaren kolegioei, "beren" kolegioetan ume bakoitzaren eguneroko gastuak ehun pezetatatik gorakoa dela aitortu ondoren. Gogora eraz dezagun Juntak, Tribunal Tutelarrak eta Justizi Ministergoak kolegio bana dutela, eta bere "mutiltxo eta neskatxo" gehienak Elizaren kolegioetara bidaltzen dituztela, Eta, beren umeak eta mutikoak kolegio horietara bidaltzen, bakoitzari 60 pezeta ematen diotela, Elizari "hor konpon" esan ondoren. Eta, jakina, Eliza ez da ondo konpontzen, eta mutil eta neskak dira ez-konpontze honen lehen sufritzaileak. Dirurik gabeko kolegio batek, nola aurrera segi? Kolegio hauetako barru-lanak mutil eta nesken eskuetan jarririk. Neskek, batez ere, kolegio batek daraman lan guztia egin behar dute egunero, urteak joan eta urteak etorri. Heziketa berezi berri bat ote da?

Nahiz eta, esan dugun bezala, gure aberatsak esaten duten baino diru gutxiago eman "pobretxo" hauentzat, erabakiak hartzeko unean beti erne daude. Beraik dira mundu honen zaindari eta gidari. Bizkaiko familia aberatsak, langileriaren esplotatzaileak, ume hauen aingeru zaintzaileak ditugu. Mundu honetan, kolegio hauetan husten dute bere paternalismo osoa, langileek ukatzen duten paternalismo zikina. "Umeak: hauk bai direla onak eta umilak, ez langile iraultzaile horik!". Eta "beren umetxoekin" argazkiak egiten dira, gero egunkarietan eta telebistan jendeek Bizkaiko aberatsak zeinen onak diren ikus dezaten... Langileekin ez dira argazkirik egiten, ordea.

Kolegio hertsiak

Baina jarrai gaitezen kolegio hauetan dagoen giroaz zenbait datu ematen. Kolegio hauetan sartuz gero, mutil eta neskak kanpoko munduarekin ia lotura guztiak galtzen dituzte. Nesken egoeran, batez ere, hau oso nabarmena da. Nahiz eta kolegio gehienak herri inguruetan egon, ikasleak ez dira herri horietan sartzen eta gutxiago herri horien biziaren partaide izaten. Hogei kolegio hauetariko lauk bakarrik dituzte harreman txiki batzu. Hiru kolegiotan parroki taldeekin dituzte harremanak eta, kolegio batetan, "scout" talde batekin irteten dira noiz behinka.

Hogei kolegio hauek nortzuren eskutan dauden ikusi ondoren, ikus dezagun zer nolakoa den kolegio hauen hezkuntza. Nahiz eta beren artean ezberdintasun batzu aurkitu, hezkuntza oso pobrea dela esan dezakegu, estudio honek dioenez. Askotan, "txiroentzat" egindako instituzio hauk han, urteak joan eta urteak etorri egoteko eginak izan dira. Neskentzat antolatutako kolegioetan, batez ere, hau argi ikusten da: neska asko 25 urte bete arte hantxe egoten dira, ezer ez ikasi gabe —"Estudios Primarios"eko titulua gehienek ez dute eskuratzen— eta, urte luze horietan etxe lanetan egon ondoren, ez dakite ezer egiten: hauetariko kolegio batek agertu duenez, bere neskak esnea zabaltzen, gailetak egiten, trikotosa erabiltzen eta arropak josten benetazko maisuak dira... 25 urte betetzean kolegio hauk uzten dituzten neskak "oso etxekorrak" ateratzen dira, halajaina! "Kalera irteteko ausartziarik ezin dute izan", esaten dugu guk kolegioan izan dituzten ikasketa kaxkarrak ikusi ondoren.

Nesken kolegioetan egoera hau aurkitzen baldin badugu, mutilen eskoletan ez da askoz hobeagoa: estudios primarios maila mutil gutxik lortzen dute, eta gutxiago dira Batxillera ikasten ari direnak. Mutilak, behintzat, kolegio hauetatik hamazazpi urte betetzen dutenean irteten dira eta, orduan, trauma ere txikiagoa izaten da.

Ba dira ere "mixto"ak diren kolegioak eta, hauetan, neskak eta mutilak apartezko kolegioetan dituzten arazoak, bat egiten dira, problemak nahaspildurik. Hauetariko kolegio batetan, mutilak elektrizitatea, mekanika, zapatagintza etab. ikasten duten artean, neskek jostuna, makinaz idaztea eta etxeko lanak ikasten dituzte.

Nortzu dira kolegio hauetan lan egiten dutenak? Hamazazpi kolegioetan E.G.B. mailako maisuak dituzte: hamar kolegiotan, nahiz eta batzu erreedukazio mailakoak izan, ez dute hezkuntza berezirik, "Tribunal de Menores"en kolegio batetan, halere, osagile bat, psikologo bat, eta irakasle bereziak dituzte. "Juntas Particulares"ek daramatzaten kolegioetan, ordea, psykhologo bat bakarra dute hiru kolegioetarako.

Nesken erreedukazioa, beste aldetik, mojatxoen eskuetan jartzen da, beren aingeruzko eskuz ardi galdu hauk bide onetara bidera daitezen. Adoratrizek, Trinitariek etab., horrela, "edukatzaile bereziak" bihurtzen dira, borondate on osoz beterik.

Hezitzaile bereziak dituzten kolegioetan, ordea, hezkuntza guztiz autoritaria da eta zigorrak maiz erabiltzen dira.

Gurasoak kanpora!

Neska eta mutilen gurasoek ez dute ezer egiterik kolegio hauetan. Erabakiak hartzeko uneetan, gurasoak zeharo ahaztuak eta alderatuak gelditzen dira. Kolegioan semea utzi ondoren, seme hauekin harremanak moteldu egiten dira. Kolegiokoak izango dira ume hauen gidari eta erabakitzaileak. Mojek eta kolegioetan lan egiten dutenek ez diete galdetzen ikasleei zein eta nolako lana nahi dute egin beren bizitzan. Lan erabakia irakasle edo zaintzaile berberek hartzen dute, ez ikasleek. Eta, jakina, gurasoei gutxiago galdetzen zaie gai honetaz. Kolegio bakar batetan entzuten zaie noizbait gurasoei, Erlijio arloan, kolegio gehienak mojen eta fraileen eskutan egotean, heziketa guztiz konfesionala da eta gazteek ez dute arlo honetan erabakirik egiterik. Gurasoek heziketa erlijios hau onhartu beharrean aurkitzen dira.

Laburki

Asistente sozialek diotenez, kolegio hauetan zabaltzen den heziketa kaltegarria zaie gazte askori eta, kolegioetatik pasatu ondoren, berriro eguneroko munduan sartzeko zailtasun handiak aurkitzen dituzte, gazteen "erreedukazioa" guztiz faltsua izan delako. Kolegioetako autoritarismoak ez du "heziketa berezia" esan nahi. Heziketa berezi batetarako pertsona bereziak behar dira eta ez pertsona zigortzaileak. Finantzabideak ere ikusi ditugu nolakoak diren "Subsistencia" mailako bizitza egiten da kolegio hauetan eta ikasle berberek egindako lanaz segitzen dute aurrera. Neskak ikastetxeetatik kanpo irteten direnean eta neskame bezala edo beste lan batez diru pizka bat irabazten hasten direnean, maiz diru honetako zati bat kolegioari eman behar diote.

Zer nolakoa diren zentru hauen estatutuak jakitea oso zaila da, nahiz eta estatutu horietan berton zabaltzen den heziketaren muina egon. Estudioa egin dutenek ez dute lortu Estatutu berezi hauk ezagutzea. Estatutu batzu, halere, 1905.ekoak eta zaharragoak direla jakin dute.

INSTITUZIOEN KOLEGIOAK INSTITUZIOAK Zenbat diru ikasle

  bakoitzagatik

- Sda. Familia T. Menores 60 pezeta egunero

- S. José Artesano (Lujua) Protec. Menores. 60 pezeta egunero

- Amor Misericordioso Ministerio Just.

- "Juana de Castilla" (Mungia) Aux. Soc. 200 pezeta egunean

- Hogar Calvo Sotelo (Baracaldo)

- Asilo Calzada (Gernika)

- Asilo de Algorta

- Bost kolegiotara bidaltzen ditu ikasleak,

eta Protec. Menoreskoek bi kolegiotara Diputazioak 30 pezeta egunero

X. A.


Euskal Herrian

70.000 Barakaldar etxe-bizitza ilegaletan ote?

Barakaldok, Hibaizabal hibaiaren ezker aldeko hiri handi industriatsu horrek, bizi modu ezin txarragoa opatzen dio bertako jendeari. Industria handiz beterik, superpopulatua, zabaltze zonarik gabe, izugarrizko kutsaduraz hornitua... benetan hirigintzako desastre itzela dugu Barakaldo hau. Egungo hirigintza katastrofiko honetara abiatu gaituen prozedura iluna azaltzeko, baliozko izango den kasu ilun bat argitzen ari da, beste hainbat bezala argi ez zegoen usain txarreko kasu bat. Duen tamainagatik, frankista denboretan egin den frauderik handiena izango litzateke.

Historia laburra

Gure historia, orain dela 20ren bat urte. Barakaldo herri zabalkor eta indartsua zenean eta hurrengo urteetan etorriko zen populario zabaltzeari aurre egitera prestatzen ari zenean hasten da.

1.957. urtean, bolumen handiko eta dotazio gutxiko etxegintza permititzen zuen hirigintza plan bat erabaki zen Barakaldorako. Plangintza honi jarraituz garaitzen eta zabaltzen da Barakaldo 1.963. urterarte. Urte honetan, gaur arte azalpen gabe geratu diren arrazoiengatik, Udalak hirigintza plan berri bat proposatu zuen, lehenagokoaren antzerakoa izanik ere, diferentzia nabari bat zuena, hau da: plan berri honetan etxegintzarako garaiera gehiago zilegi zela.

Baina plangintza berri hau ez zen inoiz erakunde konpetenteetan aprobatua izan; hala eta guzti ere norma berriei zegokien modura eraikitzen hasi zen, udalaren baimenaz, nahiz eta hau ilegala izan.

Azken 14 urteotan egin diren etxe berrietariko zenbat dira 1.963.eko plangintzari jarraituz egindakoak, eta, beraz, ilegalak?

Etxe ilegal guztien kopurua egitea, lan luzea da eta oraindik egiteke dago. Asuntu hau argitaratu duen Euskal Herriko Arkitektoen Kolegioak, 1.957. urtetik hona egindako obrak aztertu ditu eta erresultatuek berez hitz egiten dute: aztertutako obra guztiak ilegalak dira, denak 1.963.eko plangintza ilegalari jarraituz eraikiak baitira; gainera, batzuk plangintza honek permititzen duen garaiera ere gainditzen dute.

Ikerketek ondorio berdinak ematen segituko balute, 1.963. urtetik aurrera Barakaldon egindako etxe guztiak ilegalak direla aurkituko genuke. Honela, egun kasik 70.000 barakaldar dira, etxe ilegaletan bizi direnak. Estafa ikaragarri honen balorea, kalkulatu ezinekoa da.

Nor da estafa honen errudun?

Barakaldoko hauzo elkarteek diotenez, orain, jakin beharrezko da hirigintzan egindako fraude ikaragarri hau zergatik izan den;hirigintza plan bat nola legeztatzen den ez dakitelako, udaletxekoen inkopetentzi arazoa den edo eta baten batek arazo honekin bere poltsikoak bete dituen; eta ondo bete benetan!

Erantzunkizunak oraindik delimitatu gabe daude; baina udalak eraman duen konportamendua ez da argia izan; beti arazo hau estaltzen eta ikerketak gelerazten saiatu baita.

Euskal Herriko Arkitektoen Kolegioaren eskuetan dokumentu nahiko konprometitzaileak daude. Horien artean eta 1.963. urteko Urrian fetxatutako bat, bertan Barakaldoko udaletxeak presentatutako hirigintza planifikapena Bilbo Handiko gorporazioak legez ukatzen duelarik. Beste batetan eta 1.971.eko Otsailaren datarekin, plangintza berdina, Bizitza Ministergoak debekatua ageri da. Ez zaigu logiko agertzen, Barakaldoko udalak dokumentu hau ezagutzen ez zuela, eta, beraz, kontzientzia trankilez ihardun dela.

Garrantzizkoa da, halaber, Arkitektoen Kolegioak duen dokumentu bat; bertan, Barakaldoko udal sekretariak 1.967.ean izenpeturik, esplizituki onhartzen da 1.957.eko plangintza zaharra bakar bezala.

Hori nahiko ez balitz, hor dago azken egunotako Barakaldoko udalaren konportamendua: Udaletxeak ordenantza munizipalak ez ditu argitaratu nahi izan, nahiz eta legez hau beharrezko izan. Hainbat ezetzen aurrean, Xabier Martin Arkitektoen Kolegioko sekretaria notari batek lagundua ordenantzak eskatzera joan zenean, arkitektoa oporretan zegoela erantzun zioten, eta geroago beharturik eman ziotenean, lehenengoz —eta konturatu gabe noski!— planu faltsu bat eman zioten.

Benetan konportamendu arraroa esku garbiak dituen batentzat! Hau guztiau nahiko ez balitz, gainera, udalaren hirigintz bulegoko aparejadore bi etxegintza ilegal batzutako aparejadoreak dira, eta, alkatea, Luis Alfonso Caño jauna, Bizkaiko eskuin muturreko Kidea eta probintziako Mugimendu Nazionaleko bigarren buru izendakoa.

Ez dago dudarik, etxegintz fraude honekin asko urrezkoak egin direla inmobiliariak, lur espekulatzaileak eta etxegileak batez ere. Eta galdu duena betikoa izan dela: herria, Barakaldoko herria.

Ebazpidea: etxeak behera bota?

Honelako arazo zahar eta hain handia, ebazpide zailekoa da. Pasa den Maiatzaren 26an Arkitektoen Kolegioak obra lizentzia guztien berrikusketa ofiziala eskatu zuen. Prozedurak aurrera segitzen badu, soluzio legal bakar bat izango litzateke, halegia, lizentzia guztien anulaketa eta etxeak behera botatzea, bizilagunak indemnizatuz. Baina honi oso zail deritzogu. Nola bota Barakaldo erdia? Nondik atera familia guztiak indemnizatzeko behar den beste diru?

Bestalde, errudunei erantzunkizun zibilak eskatu behar dizkien legeak azaltzen duenez, gartzela urte askotako kondenak ezarri ere.

Azkenotan udal eta herri arteko akordio batetara heltzea negoziatzen da. Akordio honen bitartez, udalak administralgoari dirua eskatuz, zona berde gehiago eta hobeagoak sortuko lituzke, eta bai zerbitzu dotazio... hobeak ere. Negoziatze posibilitate honek, ez ditu errudunak estali behar; aitzitik, izenen argitaratzeak aurrera segitu behar du, Barakaldoko herriaren kontura aberastu badira, zigortuak izan daitezen.

Azken oharra

Barakaldarrek, honelako egintza hain handi bat hainbeste denboran estalirik nola egon daitekeen, galdetzen diote beren buruari. Argi dago hainbat urtetan sufritu dugun egoera antidemokratikoaren ondorioa dela hau.

Gobernari deskontrolatuen eta bertoko gobernu faltaren ondorioa...

Urtsa


Euskal Herrian

Bilbo Handia eta Plan Generalaren sagarra

Nahiz eta ondorioengatik gezurra iruditu, Bilbo Handiko eskualdeak, Euskal Herriko hiri-kontzentrazio handien denak eta populazio osoaren ia % 40 duenak, Espainiako hiri-legislazioan planifikazio-instrumenturik aurreratuena izan zuen orain 3 urte: eskualde osorako plan orokor bat.

Behar bada, denbora hartan inork ez zuen usteko estrenu honen bidez zonako hiri-egoera konponduko zenik, orduan ia nahiko konfliktiboa zena. Gaurko perspektibatik ikusita berriz, argi eta garbi esan liteke Bilboko gaurko errealitatea 1946.eko plan hartaz eta geroko 1961.eko beste plan berri batez (1964.ean aprobatua) eraikia izan dela, eta horretarako, zoritxarrez, ez zegoen planen beharrik. Erresultatuak ikusi ondoren, zera gelditzen zaigu: planak ez direla benetako planifikazio-instrumentuak izan, eta azken denboretan erritmu handiko haziera demografikoa bizi izan duen inguru geografiko bat ordenatzeko ez dutela balio izan.

Plan Generala eta berarekin batera sortutako erakunde administratiboa —Corporación Administrativa del Gran Bilbao delakoa— neurri politikoak izan dira bereziki, espazio komarkalaren kontrolea Bilboko Udaletxeak lotzeko (Erakunde horretako burua zela eta bertako presidentea, Gobernadore Zibila, kanpo gelditzen zela) eta, honen bidez, Bizkaiko oligarkia "aurrerazaleak" dena kontrolatzeke, beti Udaletxera ondo loturik egon baita.

Gaur egun, hau ez da inorentzako notizia berri bat izango. Gure nahia, gainera, ez da gure aurkikunde bereziaren erresultatuak hemen agertzea. Egia argi eta biribilak zaizkigu berriz, eta ezin daiteke estal, ez eta hitz goxoetan xamur ere, huts teknikoen edo horrelako zerbaiten atxakiak jarriz. Orain arte Bilboko hiri-planifikazioaren egiazko gakoa argitara agertu ez bada, ez da gure espazioaren maneiatzaileen diskrezio handiagatik izan. Beharbada orain, maila guztietan, errealitatea analizatzeko gaitasun handiagoa izango dugu, baina, batez ere orain ba dugu gauza batzu esateko aukera, bere izen propioaz izendatzeko parada. Eta argi ikusten da, halaber, azken urteotako zapalkuntza faxista nahiztaezko neurri bat izan zaiela, ordenazio-planak espekulazio-instrumentuak bilakatzeko.

Inportantea da, baina, Bilboko kasu konkretuan, aspalditik Plan Generalaren sagarra, itxuraz bakarrik gozoa zena, dastatzeko posibilitatea ematen zitzaigula, kaos horren barruan beti aipatzen zen Plan Generala, arrazionaltasun-izpi bat utzi nahiz. Puntu honetan, errepresio politikoa laguntzaile bezala erabili da, planaren arrazionaltasuna dudatan jartzea galeraziz.

Eta orain arteko giroa denuntziatzeko dugun interesa, ez litzateke inportantea izango, etapa hau superatua izango balitz, azken urteotako egoera gainditua izango bagenu. Nahiz eta Administrazio Lokalaren demokratizazioa egiazko eta berehalako espektatiba bat izan, nahiz eta bizi dugun errepresio politikoa orain artekoa ez izan, eta kritika eta denuntzia-bide ugari ireki dugun arren.

Orain urte askotatik errebisioan egon arren, 1964.ko Plan Generalaren iraupenak, Administrazioak errebisio hau egiten eta batez ere hiritarren aurrean presentatzen ari den moduak, gauden puntu zehatzez eta epe laburrean ditugun posibilitateaz erreflexionatzera bortxatzen gaitu.

1964.eko plana ez doa 1946.ekoa baino aurrerago; bereziki legeztatu egiten ditu zeuden situazioak eta Bilbo Handiko haziera oinarritu duen premisa fundamentala indartzen du, hau da: industri-interesen prioritatea (produkzioarenak) hiritarren interesen gainetik (kontsumuarenak).

1970.ean, hau da aprobatu ondoren 6 urte geroago, 1964.eko planaren errebisioa erabakitzen da, eta hau eskualdeko hiri-planteiamenduan eragiten duten benetako faktoreak argitara ateratzen dituen kasu interesgarri bategatik. Altos Hornos de Vizcaya S.A.k Barakaldoko Ansioko ibarra industri-lurra bilakatu nahi izan zuen.

Egia esan, Plan berria aspalditik egongo litzateke aprobatua, lehenengo errebisioaren lanik asko 1973.ean bukatu zirenez gero. Mementu hartan Aireko Ministerioaren Sondikako Aireportuko pista aldatzeko erabakiak plana atzeratu zuen, Bilbo arintzeko egiteko zegoen Asuako poligono erresidentziala ezerezturik. Horregatik, alternatiba berriak behar dira Komarka-hazierarako, ordutik eta ulerterraz diren arrazoiengatik lanaren desarroiloa ahalik eta gehien zabaldu nahia ikusirik: Asuan lur-oferta inportante baten galtzeak, alde batetik gelditzen den hiri-lur apurra garestitzen du eta beste alde batetik argudiotzat erabiltzen da, gelditzen den lurraren errekalifikazioa lortzeko, edifikabilitatea gehituz.

Noski, errebisioa egin izan balitz, laster plan berri bat egongo zatekeen, eta honekin eskualdean hiri-lur gehiago, zeuden orubeen prezioak merkatuz eta egiten ari ziren lur-errekalifikazioak arrazoirik gabe utzirik. Horregatik, uste dugu, errebisioak izan duen atzerakuntza, egun, hilabete edo urtetan baino egokiago dela espekulazioaren bidez irabazi diren milioietan neurtzea, eta beste alde batetik, Bilbo Handiko eskualdea beste gauza guztien gainetik markatzen duen miseria urbanistikoaren etengabeko gehitzean ere.

1976. urterarte, bada, modu batera nahiz bestera, errebisioan erresultatu inportanterik ez ateratzea lortzen da. Urte hartan eskema zuzendari komarkal bat agertzen da, oso eskasa bera, eta errebisioa aurrera eramateko eskema prebio legez hartzen dena (!!). Dudarik gabe, denbora irabazi dute, eta zenbait komunikabidetik oihu ugari altxatzen da, errebisio berriaren hasiera urjentea eta era arin eta efikaz batez egiteko eskatuz.

Jakina, hau ez zen horrela gertatu; lanak adjudikatzeko konkurtsoa konbokatzen asko tardatu zen, ez zegoen lan monografiko guztiak koordinatzeko plan zehatzik, eta bigarren errebisio honen hasiera luzapen eta tardantza berrien hasiera izan zen. Hau dena ikusirik geure buruari galdetu behar diogu ia ez zatekeen aproposagoa izango lanen planteiamendu konkretua baino (egin zen legez), errebisioa bera denuntziatzea.

Gaur egun, planak bederatzi-hamar hilabetetako atzerapena darama. Monografia batzu pasa den Irailerako bukatuak izan behar ziren eta oraindik bukatu gabe daude. Bien bitartean, gure eskualdean egin nahi den edozein erreforma partzialek betiko oztopoa aurkitzen du: etorkizuna modu global batez defini dezan eskualde mailako plan bat behar dela.

Oso modu eskolastikora heziak gara, eta ondo ikasiak ere jeneraletik partikularrera joan behar dela. Horretaz baliatzen dira gu enganiatzen saiatzeko, edozein erreforma konkreturik hasi baino lehen Plan Generala bukatu behar dela esanik. Oferta diaboliko hori onartzen badugu, gure pekatuaren prezioa ez litzateke seguru aski gure lehen gurasoek paradisuko sagarragatik pagatu omen zutena bezain garestia izango, baina beste bizpahiru urtez adarra jotzen izango gintuzkete, eta betikoek egoera zaharraren bide guztiak erabiliko, orain arteko desastre urbanistikoak irauteko.

Garantiazko plan zuzendari bat nahi genuke: Probintzia mailako, eta ez eskualde mailako bakarrik, erresultatuen fiabilitatez segurtatzeko presupostu minimoak izan zitzan bat. Baina berehalako urjentziazko plan bat exijitu behar genuke maila lokalean aktuatzeko, plan zuzendariarekin lotura minimo batzu behintzat izango zituena.

Bilbo Handiko Planaren errebisioaz hain ilun presentatzen zaigunez, berehala exijitu behar dugu, aipatu dugun urjentziazko plan hori zonako, hauzategiko edo Udaletxeko mailan.

Azkenez, ez da oso erreza izaten tinta gastatzeak balio duen, edo eta zenbat tinta gastatu behar den jakitea, gure planifikadoreek beren plan komarkala buka dezaten. Horretarako Bilbo Handiko Plan Generalaren etorkizunari buruzko galdera batzuren erantzunak ezagutu behar genituzke.

Errebisio-saialdia, berez, besterik ezean suntsituko ote da?

Planaren azkena teknikoen jubilazioagatik etorriko da, edo beren bizitze profesionalaren mugan beste gazte batzuk desplazatuak izango dira, gazteengan eternalki egon den indar eta azkartasunez?

Esan ohi denez, zezenak planifikadore-koadrila harrapatzeko biderik aurkituko ote du?

Nolako zezena izango da, suharra ala ez, adar-apal ala adar-zabala?

Bururatzen zaizkigun galdera bakoitzaren ñabardura diferenteek eta dauden posibilitate desberdin eta ugariek, azken puntuak erantzunik gabe uztera behartzen gaituzte, baina ez da gure errua; geure burua edozein errespontsabilitatetik garbitzen dugu.

TALDE, Euskal Estudio Elkartea S.A.


Euskal Herrian

San Juan, kutsatua

Ez. Ez da santu berri bat. Gaurko egunotan santu gutxi dabil kaleetan zehar. San Juan, gure San Juan, Santurtziko hauzune bat da. Orain direla hamabi urte itsas haizeak ziren jabe San Juan aldean. Baina... Iberduerok zentrale bat jarri zien, eta aurrean, sanjuandarrei eta orduan hasi ziren problemak. Keak eta gasak zirela eta, egun batetan hauzune honetako bizilagunak eztulka hasten ziren eta, hurrengoan, nylonezko alkondarak eta emakumeen barru-jantziak erre egiten zitzaien, anhidriko sulfuriko erretzaileak jota. Iberduerok, gero, erretako alkondarak eta prakatxoak ordaintzen zituen, eta kito!

Maiatzak 23: termozentralearen gasak haserratu egin ziren eta, San Juan hauzoko zenbait ume eta nagusi erdi itoak gelditu ziren. Emakume batzuk, handik egun batzutara, birikak oraindik gaizki zituzten. Hauzoko komisio bat Iberduerora joan ziren —ondo ezagutzen dute bidea— eta han ingeniariek hitz onez eta irribarrez, etxerantz birbidali zituzten, beraiek ipinitako "sentsoreek" kutsadurarik agertzen ez zutelakoan...

San Juan-eko bizilagunak hala ere, ez ziren lasai gelditu eta ingeniari eta sendagile batzu bilatu zituzten, 23an jazotako kutsaduraren iturriak iker zitzaten. Hauetako ingeniari batek aurkitutakoa dakargu hurrengo lerroetan.


Euskal Herrian

"B.I.A.", non dago?

Santurtzin Iberduerok erretzen duen fuela merkeena da. Fuel honek sufrezko %2,5etik 3,6ra du, eta anhidrido sulfuros asko botatzen du. Santurtzin, horrelako fuel bat erretzeak egunean gas honetako 260.000 kilo aska dezake. Eta, noski, urrun bizi diren bizilagunen birikek, haur eta emakumeek batez ere, gas honen ondorioak nabaritzen dituzte. Hortik datoz itoketak, eztulak, begiminak... Zentrale batek horrelako fuel moeta erretzea galerazita dago... Ingalaterran, eta Europa eta Ameriketako beste herrialde batzutan. Ingalaterran, adibidez, Santurtziko zentraleak "B.I.A." edo "Bajo Indice de Azufre" duen fuel moeta erre beharko luke. Fuel honek duen sufrezko maila % 1ekoa da. Baina, zoritxarrez, Santurtzi Euskal Herri menperatu batetan dago eta ez Ingalaterran, eta "B.I.A." fuela erre beharrean, ahal duen merkeena erabiltzen du. Zer garrantzi dute ehun umeen eztulak eta emakume pobre batzuren itoketak? "Beste alde batera bizitzera joan zaitezte", erantzun omen zien "ingeniari" argitsu batek orain direla egun batzu. Eta lasai lo egin omen zuen!

Santurtziko jendeak mugitzen hasiak dira gai honetaz. Orain arte egin duten manifestaldi bakarrak ez zuen jende askorik bildu. Hauteskunde miragarriak direla eta, alderdi politikoek ba dute beste gauza garrantzizko batzu egiteko. Ikusten denez, jende txiroen eztulak, "gauerdiko ahuntzaren eztulak" baino balio gutxiago du.


Euskal Herrian

Muntaia langileak lanuztean

Ugazaberiaren kontrako gure burruka muntaia langile guztiak hartzen dituen estatu mailako komenio baten erdiespenean hasten da.

Behar hau ageriki somatzen da, lan sektore hau lan ordenantzetan gaizkienik tratatuen eta barreiatuenetarik bat denez gero, halako moldez non ugazaberiaren arbitrarietateen pean babespen gabe baikaude. Komenio honetan ba genekusan oinharrialokairu finkoaren, lanpostuan segurtasunaren, higiene-segurantzan kontrolaren, lekualdatzeetan segurtasunaren, lanaldi guztietan habilitate garantien, eta lan amnistiaren beharra.

Hilabete batetatik gorakoan, ugazaberiaren erresistentzi gunea Bizkaia bakar-bakarrik da.

Bizkaiko muntaia langileok ba dakigu, uneotan Euskadi eta Bizkaiko langileekiko trionfatzeko erantzunkizuna dugula, ba dakigu uneotan gure burruka ugazaberiarekin negoziabide berri bat irekiko duen giltza dela koordinakunde orokorraren eta lanaldi ordezkarien bidez, Asanblada Orokorretan uneoro kengarri diren ordezkariok; asanbladok gure burrukaren erabakigailurik gorena dira, langileen eritzietara uneoro irekiak, erabakiak eskualtxatuz hartzen eta akordioak gehiengoaren baietzaz onhartzen direlarik.

Gure burruka uneotan burjeseriari, kanporatze masiboak eta langile klasearen desbatasuna inplantatzeko, eraisteko geratzen zaion paretarik soilena da, eta Suarezen gobernuak eta erreformist alderdi eta erakundeek, Euskadiko langile klasea ixilerazteko aurkitzen duten erresistentziarik bakarrena da; klase beronek azken urteotan faxismoaren aitziko, aurkako lantza eta sastakaia izatea erakutsi du, hontaz muntaia langileok Euskadi eta Bizkaiko herri osoaren elkartasuna eskatzen dugu, langileen artean esperantza berria ereiteko, Aurrera, Tarabusi, Okintza eta Eraikintzan pairatutako derrotek ahuldu ondoren.

Guk Euskadin erakutsi dugu ezen mobilizapena eta elkartasuna herri eta langileen helburuak lortzeko bide bakarra dela, halaber geure presoentzat amnistia mugatu bat erdietsi dugula. Batasunaz erakutsiko dugu, Euskadiko langile klasea ez dela enganiatua. Ba dakigu, eta esperientziak erakutsia du, ezik burjeseriari eta gobernu erdirakoiei zerbait erauzteko moldea, herri-langile mobilizapenak direla; beraz galdatzen eta erregutzen dugu zeuen sostengua eta elkartasuna eman diezaguzuen, Bizkaiko langileok garaitia bat behar dugunez gero, Euskadiko langileen garaitia litzatekeena, uneotan Bizkaiko muntaia lagunok errepresentatzen dugularik.

GORA LANGILERIAREN BATASUNA

GORA EUSKADIKO LANGILERIA


Anaitasunaren komikia (9)

SIDER bi mila 2000 [Komikia]

Irudiak: Erramon Zumalabek

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (9)

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Munduan barrena

Giscard, teknokrata ala diktadorea?

Frantziaren mamua izan behar da nahitaez Giscard-en mamua. Aspalditik Frantziako lehendakarien hitzaldietan ezker batasuna naturaren kontrako paktua eta deabrukeria bihurtu da. Beraiek, lehendakarien inguruan dabiltzanak, sainduak, abertzaleak, gizon onak, langile jatorrak, eta pentsa genitzakeen bitxi baliotsuenak bilakatu dira. Beraiek ba dakite zer den benetako politika jatorra eta herritarra egitea, beraiek ba dakite ekonomiaren eritasuna zertan datzan eta nola konpon daitekeen. Besteak, oposiziokoak aldiz, Mitterrand eta beronen kide guztiak, komunista gaizto eta okerrak hartuta, buru arinak eta Frantziaren etsaiak dira. Hala ere, lehendakari lagun eta koinatuentzat, gaiztorik gaiztoenak komunistak dira. Sozialistak, gizaxoak, elkarkeria horretan sartu badira ez pentsa ideiengatik izan dela berau, engainatu eta erosita daudelako baizik, eta zoritxarrez Frantzia laztan eta maite honen interesak baino beraien interes pertsonalak defendatze nago dituztelako.

Giscard, etxe honetako jaun nagusia, askatasunaren eta libertade guztien defendatzaile porrokatuena, ama errepublikaren affaire hauetan jaioa eta trebea dena, telebistatik eta Estatuko irrati eta beste komunikabideez honelako azalpen ez ezagun eta guztiz berriak ematen ari zaigu aspalditxo honetan. Erakusketa publiko hauetan, aurrez prestaturik egon behar den guztia halabeharrez gerturik egoten da: Hautsontzia mahai erdian edo ta ertz batetan ipini daiteke. Mahaia koadratua zein biribila izan, beti haritzaz egina izan behar da. Ondoan, eta negu gorria bada, su handi bat eduki behar du, txipristinekin eta guzti, giroa berotzeko, zenbait pentsamendu txar eta alegoria gaizto kiskaltzeko. Monsieur Giscard-ek, frantses jatorra denez, kilo bat t'erdiko pomadak gantzatua, beren betiko Mesdemoiselles, mesdames, messieurs, komak eta apartekoak ongi errespetatuz, grabaketaren grabaketaz ahotsa bizkortuta, kolgatez ala close-upez garbitutako gezurrezko hagin zorrotzak erakusten dizkigu.

Oi zein goxo eta esportzagarri den hitzaldiei adi egotea! Marie-Claire edo Jours de France irakurtzea baino probetxagarriago. Hala eta guztiz, orain arte ez da sekula biluzik agertu; agertuko balitz LUIzaleek baja egingo lukete eta baja edo desagertze honen ondorioz. kontsumuzko gizarteak dauzkan infladura, inflazio eta handidura organiko guztiak, organismo guztietan desinflazio, eta ttikidurak sortuko. Hara non inflazioaren soluzioa. LUI desagertu eta deuseztatu behar da. Nola ez zaio lehendakariari bururatu?

LUI pornografiko hau desagertzen den artean guk beste punta larriagoak eta haik bezain serioak aztertzen saiatuko gara. Lehendakariaren azkenengo hitzaldi bera esaterako. Inflazioa, honetan ekonomi inflazioa, beti lehendakariaren ustez, aurtengo bukaeran amaituko da eta inflazioarekin batera ekonomi krisisa. Horretarako, edo eta datozen hauteskundeetan garaile ateratzeko, "gehiengo"aren batasuna prestatu behar da eskuindar guztiak: Gaullistak, errepublikakoak, independenteak, erradikalak eta beste animalia atzerakoi guztien arteko paktua sortuz. Gehiengo honen batasuna edo elkartasuna egitea, zaila omen dela esan ohi da. Interes eta pertsonalkeria asko dago eta. Chirac, Pariseko alkateak, ez du Giscarden nagusigoa onhartzen, eta arrazoiak ba ditu. Gehiengo honetako alderdi indartsuenak Chirac du jabe eta gidari. Giscard aldiz hauteskundeetarako egin zen promesa baten semea besterik ez da. Giscard-en atzean ez dago inongo alderdi boteretsurik, errepublikarako independenteak, Giscarden alderdikideak, bost katu besterik ez direla dio Chirac-ek. Guzti honengatik, biak, Giscard eta Chirac, burrukan ari dira, ea nagusiagoa nork lortzen duen asmoz, ea Frantzia zoragarri hau noren babesean gelditzen den jakiteko. Azken batez, Nazio askotako interes pribatuek haur solas hau mugatuko dute.

Ondorioz, bihotzak altxatuko dira eta Frantzia eternal, chauvinista, rochilldista, eta abarrezko oh-la-la guztien defentsarako burrukek, adimenak elkartuko dituzte.

Honela izan da jadanik eta horrela izan behar da oraingoan, Frantziaren mamua edo ezker batasun hori deuseztatu arte behintzat. Giscard-ek eta Frantziak aurretik izan dituen lehendakarien taktika politika ez da, Suarezek egiten duen moduan, mutur guztietako kontzentrapena lortzeko pentsatua. Istorio hau Espainian egin daitekeen taktika da, zeren penintsulako herriak ez baitira gai horretaz oraindik aspertu. Frantzian aldiz, atzerakoiengandik jasotako ilusio eta promesa onak pikutara joan dira aspalditik. Interes multinazionalak defendatzen dituen gobernamendu batek ezin ditu Frantziak behar dituen soluziobideak praktikan hartu. Promesak eta gogo onak azaldu bai, Baina hainbeste egin dira. Hainbeste esan dute, azkenean dena gezurra eta engainu bilaka dadin! Horregatik, Espainian azaltzen den "gogo ona" eta "intentzio garbia" ezin dute bertan praktikatu. Espainian esaterako, Carrillo jauna eta Felipe mutikoa, Moncloaren korridoreetatik zehar ikustea, pasatu den gauza bat da. Frantzian, honelako ikusketak harrigarriak izango lirateke. Ez, Frantzian, nahiz eta gizabide onekoak izan, ezin dute komediatan ibiltzea. Populua ba, beste argudio batzuren bidez, garaitu izan behar da. Argudioak ez dira guztiz berriak, Marx-en garaian erabiltzen zituztenak eta Frantziako "gehiengoa"k erabiltzen dituenak berdin xamarrak dira.

Argudio horik nolakoak izaten dira eta zeintzu diren jakitea komeniko litzaiguke nik uste; mundu honetan zauriaren mamia ukituz gero, masaren menperabide moderno guztiak antzerrak ferratzera joaten direla jakin dezagun.

Argudio hauk ez dira nik asmatutako exajerazio edo sinplezia batzu. Zoritxarrez, hauteskundeetarako garaia helduz, bai irratiz ala telebistaz sekreturik gabe azaltzen diren argudio berberak dira. Parentesis barruan agertzen den azalpena, neuk egosi dut.

Hauxek dituzue erabilenak: Eskuineko gehiengoak galduz gero, Frantzia eternalari dagokion Demokrazia historikoak galduko du. (Arrazonamendu hau ez dagoela hain txarto uste dut nik).

Gehiengoak galduz gero, dauzkagun libertate guztiak galduko ditugu (Nik uste nuen popatik hartzeko libertate hestua besterik ez zegoela, baina tira)

Ezker batasunak gizarte kolektibista jaso nahi du. (Ez da horrenbesterako motel, aberastasunak Frantziarenak izan beharrean, kolektibapen berezi horren lagunenak izango direla esan nahi du horrek).

Katastrofe horik handiak ez direla iruditzen ez bazaizue ere, Frantziako dirudunek, diruarekin batera noski, alde egingo dute. Alde egitean, ekonomia guztia hondatuko da. Ondorioz, gabezia, iraultzaldia eta gosaldia nagusituko dira Frantziako kaleetan zehar. (Baina susmoa dabil prozesu desegoki honen bukaeran armada demokratikoa eta salbatzaileak parte hartuko duela esateko).

Ikusi dugunez, teknokrata guztiei larrialdia heltzen zainean, teknika guztiak ahaztu egiten zaizkie eta aintzinako diktadoreen erara, teknika berrien baliotasunez mesfidaturik, betiko teknika, guri barre eta irri gogoa sortzen digun teknikaz baliatzen dira; beste asko aldiz, beldurtu eta ikaratu egiten diren bitartean.

Mundu honetan, diktadoreen semeak teknokratak izaten dira. Eta teknokratenak diktadoreak.

T. Trifol


Esker onez

Edonork daki, dudarik ez, euskal prentsa ahula dela. Jende gutti mintzatzen da euskaraz, guttiagok irakurri eta idatzi. Eta, hala eta guztiz ere, erakunde ofizialek ez dute laguntasun ttikiena ere ematen. Honela, bada, lan honetan —eskribu lanean— dihardugunok ezin ditzakegu hainbat projektu burutu, diruak mugatzen gaituelako batipat.

Eta, herri hau euskaraz mintza dadin eta bere hizkuntza idazten jakin dezan: euskal prentsa indartu beharra dago. Guztion lan bat da,

Esker onez lerroratzen ditugu zenbaki honetara laguntzen gaituzten pertsona batzu. Beste batzu ez ditugu aipatzen, nahiago izan baitute anonimatuan egon,

Milesker

IÑAKI BURDAIN

JOSE MANUEL ZABALA


Munduan barrena

Txinar heziketaren esperientzia

1977.eko Martxoaren 13tik 31arte irakasle eta profesional talde bat Txinara heldu zen, bertako heziketa esperientzia ezagutzeko nahian.

Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolakoa den Kepa Perez-Urraza irakaslea, talde horretan zegoen. Utz diezaiogun berari hango gorabeherak esatea.

1.- Ibilaldiaren zergatiak.

2.- Irakaskuntzaren historia.

3.- Irakaskuntzaren oinharriak eta helburuak

4.- Gaurko egoera: Eskolaurrea, heziketa Orokorra, Unibertsitatea, e.a.

Ibilaldi honen zergatiak

Aspaldi honetan alderdi politiko asko abertzale eta sozialista deitzen dira. Alderdi politiko hauek, helburu bi hauk euskal irakaskuntzan nola finkatzen dituzte? Zein oztopo gainditu behar dugu geure heziketa abertzale eta sozialistaren bideetatik abiatzeko?

Euskal Herriko ikastetxeetako eta bereziki Ikastoletako Irakaskuntza gehiena, Madrileko eta Pariseko ikuspegira moldatu beharrean gaude. Beraien interesak eta jokabideak betetzera derrigortzen gaituzte. Eta interes horik euskal interesen aurkakoak dira. Beraien interesak antieuskaldunak eta kapitalistak dira, eta eskola bitartez beraien aginteari jarraitasun bat ematen diote. Bestalde gure interes nagusia abertzaletasunean eta sozialismoan datza.

Beraz, Estatu sozialista baten esperientzia ikustea eta sakontzea komenigarritzat iruditu zitzaidan:

1) Alde batetik gaurko egoera exkax honetatik irteteko. Horretarako Madrileko eta Pariseko normak ahal ditugun neurrian baztertzera joan behar gara.

2) Bestetik, abertzaletasun eta sozialismoa medio direla, gure Irakaskuntza euskal premiei erantzuten hasi behar da.

Eta Txina, estatu sozialista bat denez eta euskaldunok sozialismo batetan bizi nahi dugunez gero, honako alderdi hauxek aztertzera joan nintzen:

- Haurtzaindegiak. Noiz sortzen dira? Zein portzentaiatan?

- Eskolaurrea: bertako ekintzak, irakurtzeko adina, haurraren berekoikeriari nola egiten diote aurka?

- 1. Haroko Ikasketak (Haien Oinharrizko Heziketa Orokorra)

- 2. Haroko Ikasketak (Haien B.U.P. eta C.O.U.)

- Unibertsitatea

- Irakasteko erak

- Gurasoen partzuergoa

- Umeen erantzunak

- Irakaslegoaren egoera

- Ikasketa eta lana, bikote hau batera nola betetzen duten.

- Selektibitatea. Azterketen balioa.

- Geletako giroa eta zigorra.

- Haur bereziak eta atzeratuak.

- Nagusien formaketa.

Madrilek Espainian, Parisek Frantzian eta Txinak bere lurraldean beraien gizartea antolatzeko ahalmena badute, euskaldunok ere, gaurko eta biharko Euskal Herria egiteko inork ken ez dezakeen eskubide eta premia berdin berdina daukagu. Gure umeek behar duten heziketa euskal baloreetatik antolatuta eta bideratuta egon dadila.

Azkenik, Txinako esperientziaren ezaguera globalki hartuta aberasgarri izanik ere, heziketa arloan bereziki, guk, gaur egunean planteiatuta dauzkagun problema batzuren aurrean, han nolako erantzunak ematen diren ere, aztertuko dut. Esate baterako:

- Ikasketa eta lan produktiboaren lotura.

- Teoria eta praktikaren lotura.

- Haur aurreratuak eta atzeratuak.

- Guraso edo irakaslearen agintea eta haurraren askatasuna.

- Irakaskuntzako selektibitatea (batzuk bakarrik ikas dezakete) ala denok aukera berdina edukitzea (denek ikasteko ahalmena izatea).

- Gelako ekintzetan lankidetza (kooperazioa) ala nor gehiago izatea (konpetibitatea).

- Neska-mutilen heziketa.

- Zentralismoa (goitik behera arauak derrigortzea) ala gestio demokratikoa (ikastetxe bakoitzak oinharri batzu onharturik irakaskuntza bere erara moldatzea).

- Antzinako alferreko gaiak eta edukiak ikasi ala gaurko gizartearen problemak eta beharrizanak konpontzeko gaiak.

Bikote hauxek azkenean egingo dudan gonbaraketan argiago ikusiko dugu.

Zergatien laburpen gisa, hiru puntu esango ditut:

1) Txinako Irakaskuntzaren ikuspegia orokor bat bildu.

2) Beronen balore positiboak ezagutu eta

3) Gure Euskal Irakaskuntzara, abertzaletasun eta sozialismo batetan posible izateko, gai eta lagungarri diren neurrian, esperientzia honen aportazioak onhartu eta beraiez baliatu.

Historia

Gaurko Txinako Irakaskuntza ondo ulertzeko eta dagoen maila egokia neurtzeko, Mao Tse Tung-ek egindako Iraultza ere ulertu beharra dago. Zeren iraultza horren ondoren, orain dela 27 urtez geroztik, Txinako gizartean, gauzak asko aldatu izan dira: politika, ekonomia, sozial eta kultur alderdi guztiak.

Irakaskuntzari gagozkiolarik zera esango dut: Nazionalitateetan, Tibet, Mongolia, Sinkiang, e.a. % 95 analfabetuak ziren; irakurtzen eta idazten ere ez zekiten. "Han" hizkuntza nagusia den tokietan, eskolara heltzeko % 20k bakarrik posibilitatea zeukaten.

Txinako gizartea, bi mailatan zatiturik zegoen: 1) alde batetik nagusiak, agintariak eta jauntxoak. Klase dominatzailea, aginte eta indarra zuena. 2) Beste aldetik herri menperatua, zapaldua, eskubiderik gabekoa: langileak, nekazariak, gatibuak eta abar.

Konfuzio, Txinako aintzinako filosofo eta ministru bat izan zen. Beronen mentalitatea agintarien alde zegoen. Konfuziorentzat herritar xehe batek jakiturira heltzeko ahalmenik ez zuen. Herriak, jaiotzez, adimena guttituta zekarren eta beraz, nazioa gobernatzeko ez zuen balio. Herria, lan egiteko eta gobernatua izateko gai zen. Besterik ez.

Konfuziok berak bizi izan zuen gizarte zatikatua ontzat ematen zuen. Eta Mao Tse Tungek iraultza harmatua egin zuen arte, Txinako gizartean, bere mentalitateak eragin handia eduki zuen. Eta irakaskuntzan gizarte baten alderdi bat besterik ez denez gero, Konfuzio eta Kideak, aurkako klase bi horik indartzeko, heziketaz baliatu ziren.

Eskola eta ikastetxe guztiak, agintzen zutenen menpean zeuden. Agintarien zerbitzuan eta herritarren aurka.

Holanik, jauntxoek beraien nahiak eta klase indarra derrigortzen zuten.

Maok egindako Iraultzaren ondore gauzak zeharo aldatu ziren.

Eta 1966. urtean beste iraultza bat gertatu zen: "Proletalgoaren Kultur Iraultza". Kultur Iraultza honetan oraintxe aipatuko diren oinharriak eta helburuak jarri ziren.

Oinharriak eta helburuak

Oinharriak eta helburuak jakiteko bertan idatzitako textu batzutara joko dugu.

"Kultura Berriaz" 1940.eko Urtarrilean egindako liburuan Mao Tse Tungek hau dio:

- "Gure kultura nazionala da, Inperialismoaren aurka doa. Gure nazioari dagokio eta bere berezitasunak daramatza. Txinako kulturak bere berezitasunak daramatza. Txinako kulturak bere jatorrizko era edo modu bat eduki behar du, modu nazionala, noski. Mendebaldeko kultura sozialista eta demokratikoa gurea aberasten duen neurrian erabiliko dugu.

- Gure kultura zientifikoa da. Aintzinako azalkeria baztertuz, joan gaitezen ekintzetara. Ekintzan daukagu egia guztia, teoria eta praktika batasun batera eramanez. Eta gaurko premiei erantzuteko, aintzinako kontenidua baztertu egin behar dugu.

- Kultura berria jendoldeena da; beraz demokratikoa. Langileriaren zerbitzuan egonen da, zeren nazioaren % 90a berauk baitira. Kultura, alde batetik kalitateaz indartu eta bestetik, ezagumenduak herrira hedatuz, edo zabalduz".

Txinako Alderdi Komunistak 1966.eko Agorrilean idatzitako lan batetan, Kultur Iraultzaren garrantzitsuzko norabide edo erabaki bat hartu zuen:

"Heziketa, proletalgoaren zerbitzuan egongo da eta lan produktiboarekin bat etorriko da, nolabait Irakaskuntzan daudenek heziketa moral, intelektual eta fisiko bat har dezaten. Irakaskuntzaren helburuek, langile jakintsu eta kontzientzia sozialistadunak lortu behar dituzte.

Ikasleak, liburuetakoa ikasiz batera, beste ezagumendu batzu aztertu eta sakondu beharrean daude: ez bakarrik kultur alderdia ezagutuz, baizik eta industria, lurgintza eta militar arloetako ezagumendua praktikatuz.

Eta ikasi, zer esan nahi du? Liburuetan ikasi bai, baina zein problema konpondu behar duen jakinez. Hau da, ikasten dena, bizitzako problemei aplikatzeko eta eguneroko premiak konpontzeko izan dadila. Haur batek ikasten duena, bizitzako ekintzetan konprobatzen badu, ederto asimila eta barnera dezake. Beraz, teoria guztiak praktikan eta ekintzetan jarri eta oinharritu behar dira.

Mao Tse Tungen eritziek zera esaten zuten: alde batetik "ez gehiago langileen problematikatik urruti dauden ikasketak" eta bestetik "Ikasketa eta lan produktiboa elkarrekin lot dezagun".

Zeren lehenagoko gizartean irakasten zena ezin zitekeen gizartean aplika, eta gizartean beharrezkoa zena ez zen irakasten.

Beraz, Irakaskuntza osoa alderdi hauetan aldatu beharra zegoen:

- Irakaskuntzaren eta formaketaren helburuak.

- Liburuen eta gaien programaketa eta edukia.

- Araudia, materiak eta irakasmoldeak.

- Irakaslegoaren mentalitatea.

- Ikastetxeetako antolaketa eta gestioa.

- Eta abar, eta abar.

Kultur arloan, proletalgoaren politikak, lehen tokia harrapatu behar du. Proletal iraultza aurrera ateratzeko langile klaseak irakaskuntzaren zuzendaritza hartu behar du, hau da, langile eta irakasle eta ikasle iraultzaileek eta aurrerakoiek hirukote batetan integraturik eta ikastetxeetako gestioan parte harturik, klase burruka zabaldu eta indartu egin behar dute.

Shanghaiko hirian egin zen esperientziaren berri azalduko dut. Ea, zer esaten diguten.

"Alde batetik teoria badago eta, praktika bestetik, hau da, teoria eta praktika artean dagoen zatiketa eta ikasleek langileekiko duten urruntasuna ikusiz gero, ikasle batek, bere 20 urte edo 24 urte luzeetan gizarteari ez dio ezer ematen.

Ikasten egon den bitarte horretan tutik ere ez du aportatu.

Gainera ikerketa alderdia eta zentzua, haurrengan lantzen ez badugu, beraien iniziatiba eta sormena agortu egiten dugu.

Haur batek, bizitzako problematikatik hain kanpo hezi ondoren gizartearekiko afekturik eta sentimendurik eduki al dezake?

Beraz, ikasketa, lan produktiboa eta ikerketa batera joate hori indartzen dugularik, langile jakintsu eta kontzientzia sozialistadunak lortuko ditugu,

Eta helburu honen xedea proletalgoaren iraultzarako jarraitzaileak prestatzea besterik ez da.

Azkenik, heziketa iraultza honen oinharriak eta helburuak hauxek dira:

1) Heziketa, proletalgoaren zerbitzuan egon dadila.

2) Produkzio eta ikasketa elkarrekin lotu.

3) Heziketa jende guztira hel dadila.

4) Langile jakintsu eta kontzientzia sozialistadunak sorrerazi.


Euskara eta politik alderdiak (1)

Tarradellasen lezioa

Beti egoten da zer ikasirik, eta oraingoan Tarradellas izan dut irakasle. Politikazko tratutan ez; bestela.

Lehengoan irratiz mintzatzen entzun nuen, Radio Nacional de España-tik. Katalan usaineko gaztelania pitxi bat egiten zuen, eguneroko bizimoduan beste hizkuntza batez hitz egitera ohiturik dagoen batena, frantses, ingeles edo alemanek egin ohi dutenaren modukoa. Eta horrek zer pentsa eman dit. Alde batetik, hotz hotzean aztertuz gero, ez dago hor ezer arrarorik. Hizkuntza bat egunero eta orduero egiten duenak hizkuntza horretan trebetasuna hartzen du, hura etorriz darabil, hartan bere pentsamenduak aise eta erraz adieraztera ohitzen da. Beti hizkuntza berean aritzeak aldamenean besteak zokoratzea dakar, herdoiltzen uztea. Besteak, agian, jakin bai, baina praktikatzen ez ditugulako, pixkanaka ahantziz doaz, eta beraietan erreztasuna galtzen dugu. Eta horixe da edozein lagun normali gertatzen zaiona. Tarradellas, hortaz, katalana denez gero, eskuharki katalanez mintzatzen da eta, ondorioz, usu ez darabilen gaztelaniaz aritzeko etorria galduxea dauka. Bere usadiozko lehen hizkuntza katalana da, eta ez gaztelania. Logikoa da, beraz, beronetan aise ez egitea.

Elebitasunaren diglossia

Izan ere, batzuren gogoko elebitasuna horrexetan gelditzen da: bi hizkuntza ofizialki onhartuak diren lekuan, bakoitzak maiteago duenaz mintzatzeko era baldin badu beti, ez ditu pertsona berberak biak inoiz berdin ikasi ez erabiliko; nahiago duenean beti mintzatzeko era duenez gero, bestean —theorian ongi jakin arren— usadiorik ezaz gero eta gaizkiago moldatuko da. Hau ondo kontutan hartu beharko dute aspaldi honetako elebitasunaren apologistek: legezko elebitasunak, zuzena bada bederen, norberaren gogoko diglossia besterik ez dakarrela, hots, bakoitzak aukeratzen duen hizkuntzaren aldeko erabilera exklusiboa, eta ez inolako parekotasunik.

Nazional hizkuntza eta kulturaz

Bihur gaitezen "honorable"agana. Lehen esan dudanez, Tarradellasen gaztelania arraroak ez du berez zer miretsirik. Katalanek, galego eta euskaldunon antzera, "beste" nazio bat osatzen dutela aldarrikatzen dugunon artean, Tarradellas bere nazioaren hizkuntza eta kultura propioan ongi jantzita egotea egokitzat hartu beharra dago, inorenean, hots, gaztelauenean, hain "dotore" egon ez arren. Ingeles, errusiar edo frantses ikasi bati, kasu, bere kulturaren maila, lehengo eta behin, bere hizkuntza, literatura eta kultur balio nazionalen arauera neurtzen zaio beti. Ezein ingeles, esaterako, ez da lotsatzen Lope de Vegaren obrak irakurriak ez izateagatik, ez eta erdipurdiko espainola egiteagatik ere, espainol ikasi batek, komunzki, Lord Byron-en poemak ez irakurtzea edo ingelesa (ongi) ez jakitea lotsagarri ez duen arrazoi berberagatik.

Unamuno "gureak" —espainolari zegokiola— zera esaten zuen, inoren hizkuntza egiterakoan, apropos gaizki xamar egin behar litzatekeela, ongi egitea mintzaira propiorako utzita, horrela bestea gurea ez dela nabareraziz. Guztiongatik, beraz, katalan batek, kulturaduna izateko, bere nazioaren kulturaz ongi horniturik egon behar du, inorenean dakiena gehigarrizkoa delarik.

Baina bihotzak dio...

Ederki. Katalunia urrunetik gatozen orain Euskal Herri hurbil eta bihotzekora. Eta pentsa dezagun, Derioko plazan bageunde bezala, gure artean ere ba ote dagoen Tarradellasekin, hizkuntzaz den bezainbatean, aldera dezakegun euskal politikaririk, hots, euskaraz mintzo delarik oso ongi egin arren, erdara euskarakadaz betetzen duenik. Zeuk ezagutzen al duzu inor, irakurle?

Nik neuk kasu bat dazagut, beraren barkamenaz hemen aipatzeko dudana. Bera ez da, noski, alderdi batetako plazagizon bat, baina guztiok bezalaxe, bere aukera politikoa eginik dauka, eta inoiz bere ideialen alde publikoki mintzatu ere bai: Jose Luis Lizundia durangarraz ari naiz, Euskaltzaindiko idazkariordea bera.

Jose Luisek, daukan ofizioagatik, eta beste askoren antzera, eguneroko bizimoduan euskara erdara baino gehiago erabiltzeko zoria du, eta horregatik mintzatzeko erraztasunik haundiena bere hizkuntzan dauka. Lehengo batean, Zornotzan, meeting batetan hitz batzu esan behar ukan zituen. Hasiera euskaraz eta azkenaldia, lehen esandakoaren laburpen gisa, "ez zornotzarrentzat, berauek euskara jakiteko obligazioa dutelako, hona etorri diren erdaldunentzat baizik", erdaraz egin zuen. Tarradellasen gisako erdara postizuan, dirudienez.

Entzuleetariko batek, "abertzalea" bera, mesprezioz, honelako iruzkina egin zion albokoari: "En vasco se expresará bien, pero lo que es en castellano...!" Eta hark esan zuena, seguraski, beste "abertzale" askoren pentsamendu ezkutua besterik ez zatekeen, boz goraz esana baina.

Euskal Herrian, eta hauxe begi bistan dago, lagun baten kultur maila orain arte, beti erdal parametroez neurtzera ohitu gara. Euskaraz ongi mintzatzen dakiena, euskal kulturaz ondo horniturik dagoena, erdaraz ere ez badaki, gutietsia izaten da,... "abertzaleen" beren artean ere. Kulturaren neurritzat ahoz hainbat gorrotatzen ditugun erdal balioak onhartzen ditugu. Gure artean askoz ere hobetsia da euskara gaizki edo batere ez dakien basko "eskolatua", nazional hizkuntza eta kultura ongi jakinik erdara traketsa egiten duen indigena "gizaixoa" baino. Eta hau aberrazio bat da, aspaldidanik datorkigun eta sekula salhatzen ez dugun kontraesan nazional nazkagarri bat. Euskal balio nazionalak, hots, hizkuntza, kultura etab., erdaraz diogunez, biziki maite omen ditugu, baina eguneroko praktikan haik ez ditugu eskuratu nahi, eta beraietan nabariegi izateaz lotsa gara. Horra hor gure paradoxa: nahi dugu, baina ez dugu nahi.

Gure politikariak salhatuz

Gure hizkuntza egunero dagienak —denbora berean erdara ez dagielako— hobeki egiten du euskaraz espainolez baino. Hortaz, gure politikarien hizketak entzunik, haietako zenbatek egiten du euskaraz normalki egunero? Non daude gure artean Tarradellasen kide euskaldunak? Gure politikarietatik zenbatek daki euskaraz mintzatzen? Dakitenetatik, zenbatek daki —praktikatzen duelako— euskaraz irakurtzen? Gure politikarietatik zenbat dira euskaraz idazten dutenak? Zenbat, artikulu edo libururen bat euskaraz egin dutenak? Gure politikarietatik zenbatek irakurtzen ditu erregularki euskaraz argitaratzen diren aldizkari eta liburuak?

Ni ez naiz symbologiaz ari. Nik ez dut huts hori salhatzen, ez, gure nazional ohorerako lotsagarria delako; hori, berez ere, aski litzatekeen arren. Ez. Neronen salhakuntza urrunagora doa, sakonera. Euskara ez darabilenak, euskaraz mintzatzen, irakurtzen eta idazten ez dakienak, ez daki, horrexegatik, gure nazioaren hizkuntz egoeraren berri, ez eta gure egiazko kultur problematika zein den ere. Euskaldunon artean gertatzen denaz ez dira enteratzen! Beraiek bizi ez dituzten arazoak dira gureak. Eta horiei soluzio bat ematen dietenean itsu-itsuan ari dira, ezagutzen ez duten problema bati erantzun azientifiko eta desegoki bat eskaintzen diete, nahiztaez. Euskaraz ez jakiteak euskal arloan ezkonpetente bihurtzen ditu "gure" euskal politikariak. Kondiziootan, nola fidatuko gara haietaz? Nola nahi dugu batere kezkatzen ez dituzten problemak konpon ditzaten?

Lotsatzekoa benetan gure egoera. Kolonialisten balioak barru barruan sartuak ditugu, onetsiak, kontsakratuak, eta hori "abertzale" omen garenon artean. Nazional balioak symbolikotzat jotzen ditugu oraino. Hitzaldi bukaeretako euskal poematxoak, sarrerako lauzpabost euskarakadak, erdaraz egindako panphleto originalen euskal itzulpen traketsa: horra gure nazionaltasunaren funtsa! Gure Herriaren hizkuntza nazional bakarra ikasi nahi ukan ez dutelako, euskara ez dakiten euskal politikariek elebitasuna lau haizetara aldarrikatzen ari... erdaraz! Euskalduna izanik bere lanak inork euskaratu behar ukan dizkion doctor ezagun bat euskal kulturarako izendaturik ikusiak gara euskaldunok egunotan. Euskal analphabetoak irakasle. Medice, cura te ipsum! Noiz arte pairatu behar dugu ixilik euskaldunok, nazionalki zapalduenok, baskoen kolonialismo krioilo hau?

Estatu- eta naziozaletasuna

Berjabetasunak, Estatu propio bat izateak, bide eroso bat eskain diezaguke nazional balioak berreskuratzeko, bai. Hori egia hutsa da, eta hor daude Txekoslovakia, Suomi, Israel edo Viet Nam. Baina ba dira, halaber, beste exenplu batzu, hurbilagoak, beldurgarriagoak.

Latinamerikako herrialdeetan espainol eta portugesen ondorengoek, metropolisen kontra gogorki burrukatu ondoren, berjabetasuna, independentzia, beren Estatu subiranoak lortu zituzten, bai; gero beraietan erdara eta erdal kultur balio guztiak ofizialki kontsakratzeko. Eta krioilo separatista estatuzale eta erdaldun haien azpian, orain ere, indiar herriek, nawatl, ketxuar, maiar, aimara etab. nazionalki zapaldurik diraute beren etxean.

Irlanda ere hortxe dugu, nazio karikatura zentzugabe hori. "Zatoz Irlandara ingeles ikastera, Londresen baino hobeto ikasiko duzu eta", hauxe irakurria naiz ikastetxe batetako propaganda kartel batetan. Irlandar lerdook! Ingelesa ingelesek berek baino hobeki egiteaz harrotzeko burrukatu al zenuten orduan! Orain zeuen kolonialisten kulturaz bantatzeko ixuri ote duzue hainbeste odol? Horretarako hobe zenuketen zeundeten bezalaxe irauteaz.

Eta Bilboko, eta Donostiako, eta Gernikako eta hainbat eta hainbat euskal hirietako egoera datorkit, mailu gisa, burura. Zenbatetan ez diegu guztiok kaletar "abertzaleei" Euskal Herrian entzun erdara Madrilen, Caceresen edo Malagan baino hobeki egiten dela, eta horregatik harro harro senti! "Si no saben ni hablar" etorkin gizaixoei bota... euskaraz tutik ez jakiteaz lotsa ez ziren baskoek!

Zein da beroriek eta berorien politik ordezkariek euskaldunontzat amesten duten etorkizuna? Bihar etzi alemanei espainola ikastera horietako batzuk Azpeitira etortzeko ez ote dieten deirik egin nahiko beldur naiz. Zeren, bistan da, holakoen Euzkadi erdalduna ez da, ez eta hurrik eman ere, besteon Euskal Herri euskalduna izango.

Xabier KINTANA


Elkar ikuska

V. UEU-ari buruz hizketan

 Martin Orbe jauna. Errigoitiarra eta Zeanuriko eskola profesionalean irakasle. Ihaz, Uztaritzen eginiko Asanblada batetan Udako Euskal Unibertsitatearen idazkari bezala izan zen hautatua. Hautapen horrek leporaturiko erantzunkizunari aurpegi emanez, hor zehar aritu izan da urte osoan oraingo udako ekitaldia antolatzen: idazkaritza lanak, koordinaketa, propaganda, leku egokia, baimenak, eta abar. Negua luze izan den arren, hotza gorabehera, nahiko izerdi isuri duela. Eta, seguruen, berak ezagutzen duke ongien aurtengo UEUren prestakuntzaren historia. Horregatik, bada, berarengana jo dugu argitasun eta informazio bila. Gaiak horrenbeste eta gehiago merezi duela uste dugu. Goazen, bada, galderak egitera, berari hitz egiteko aukera utziz, bestela gu geure kalamatikarekin hasiko gara eta aspertu eginen zaituztegu.

— Zer sentitu zenuen idazkari gisa hautatua izatean?

— Zuzen esateko, beldur apur bat; UEUaren inguruan talde interesgarria lanean ari delako batez ere, eta talde horrek Antolakunde Ofizialetatik zerbait baino gehiago merezi duelako. Zenbait sektore sozialetan, bestalde, ez da ia kontutan hartzen UEUan egiten den lana. Izan ere, hori falta baita Euskal Kulturaren inguruan: errespetoa eta prestigioa Hori dela eta beldur nintzen, nire lanak ez zuela nahiko eragin edukiko, sektore horien onharpena lortzeko.

Beldurraz gainera, poz handia ere bai, Euskal Herriaren aldeko lan onuragarria egiteko aukera ederra ematen baitzitzaidan.

— Urte osoan zehar ba al duzu lanik?

— Zer esanik ez, udan, UEUren aurretik eta inguruan lana areagotu egiten da. Ordea, horrek ez du esan nahi urtean zehar lanik ez dagoenik. UEUk antolakunde finkorik ez duenez, zenbat gura lan dago irakasleak biltzen eta koordinatzen, udan maila dexenteko ekitaldirik eginen bada.

— Urte osoko ekitaldi eta lanez ari garela, nola dakusazu UEUtik urte osoko Euskal Unibertsitaterako pausoa?

— Euskal Unibertsitatea oso gauza konplexua da. Legeen, ekonomiaren eta kulturaren ikuspegitik aurrebaldintza batzu behar ditu. Eta aurrebaldintza hauen sorrera eta prestakuntza bideratzeko, puntu asko mugitu behar dira, baina zer esanik ez UEUk asko lagun dezake aurrebaldintza horien prestakuntzan.

Aurrebaldintza horietariko batzu epe laburretan konpontzeko modukoak gerta daitezke, hala nola finantziatze arazoa eta lege arazoa. Beste batzu ordea, epe luzetan konpondu beharko dira, eta oraindanik hasi beharko dugu lanean. Hauetariko bat ikaslegoa eta irakaslegoa euskaraz ikasten eta irakasten trebatzea da, eta hau ez da iluntzetik goizera egin daitekeen gauza. Eta baldintza honekin batera, Ikastolak guztiz finkatzea, textugintza aitzinatzea, euskal aldizkariak hedatzea, eta abar daude. Egintza hauk areagotzean du UEUk bere helburu bat.

— Nola hartu zaituzte erakunde ofizialetan eta entrepresetan, UEUren idazkari gisa aurkeztean?

— Inkoherentzia handia aurkitu dut askoren portaeran. UEUren premia guztiek ikusten dute, baina beren laguntza praktikara eramateko orduan ez diote ia garrantzirik ematen.

— Diru laguntza guztiz beharrezkoa dateke honelako ekintzetan, laguntza ofizialik ez dutelarik. Zuek diru laguntzarik lortu al duzue? Batezbeste nola portatu dira Bankuetxeak? Zenbatek eman dute laguntza eta zenbatekoa?

— Gure aldetik, Bankuetxe guztiei, entrepresa askori eta erakunde askori (Diputazioei, Elkargo Ofizialei, Udalei) eskatu diegu diru laguntza. Ordea, orain arte guttirena hartu dugu (Bankuetxe batena eta zenbait entrepresarena) baina beste batzuk ere emanen digutelakoan gaude. Horretarako, liburuska bat prestatu genuen, UEUren historia eta propaganda eginez, eta, bide batez, aurtengo presupostu ekonomikoa agertuz. Presupostua 6.000.000 pezeta baino goragokoa da, eta oraingoz heldu zaizkigun dirulaguntzak 300.000 pezeta ingurura heltzen dira. Nolabait ere, diru gehiago etorriko zaigula espero dugu, zeren bestela...

— Aurten UEU Iruiñean hospatuko da. Zer dela eta ekarri da Ipar Aldetik Hego Aldera?

— Ipar Aldetik Hego Alderako pasatze hau asko eztabaidatu zen, eta azkenez erabaki zen, onena Euskal Herriko hiri eta probintzia desberdinetan txandaka eratzea. Beraz, datorren urtean ikusi egin beharko da non egin.

Askok galdetzen didate, bestalde, ea zergatik aukeratu dugun Nafarroa. Alde batetik, guk dudarik ere ez dugu egiten Nafarroa Euskal Herria denik, eta horretaz gainera Euskal Herrian lehentasuna izan duela eta orain ere behar duela. Denok dakigu Nafarroako zenbait eskualdetan euskara eta euskaltasuna moteldu egin direla, baina hau berdin gertatzen da beste probintzietan ere. Araban, adibidez, gehiago galdu da, eta horregatik ez du inork probintzia hau ukatzen. Gainera, historikoki, Iruiñea euskaldunon hiri buruzagia da.

— Baimenak lortzeko oztoporik egon al da?

— Oztopoak baino gehiago, nire ustez, txarrena, baimenak lortzeko bitarteko batzurengana jo beharra izan da. Zoritxarrez, horrek nolabait adierazten du, ofizialki onhartua ez izatean, euskal kulturak bere burua altxatzeko bide propiorik ez duela, eta gurea dena —eta horretaz aitzinatzeko eskubidea— erdi mesedez lortu behar dugula. Horretaz gainera, Madriletik hainbat zehaztasun eskatu dizkigute eta luzapen aspergarriak gertatu dira.

— Noiz eta non eginen da aurtengo ekitaldia?

— Propagandarako eta matrikulatzerako horrietan ikus daitekeenez, uztailaren 18tik 30ra bitartean hospatuko da. Tokia, Larraona izeneko Kolegio Nagusia izanen da eta honekin batera "Verbo Divino" ikastetxea ere erabiliko dugu ostatu gisa. Bai bata zein bestea Iruiñearen alboan daude.

— Matrikulapenak nola doaz?

— Matrikulapen arazoaz joera anarkiko samarra dagoela kontutan hartuz, beste urteetan bezala, segur asko jende asko joanen da bertara oraindik matrikulatu gabe. Dena den, gero azken orduan problemak egoten direnez, jendea aurreko urteetan baino erregularkiago matrikulatzen hasi da. Eta gaur (1977-VII-6) Bizkaian laurogei ta hamar bat matrikula eginik daude, eta Gipuzkoan beste horrenbeste. Nafarroa, Araba eta Ipar Aldean moteltxoago dabiltza. Pixka bat ausartuz, bostehunera edo iritsiko garelakoan nago. Bestalde, hemen ez ditut kontatzen UEUren izenaren babesean ikastoletako irakasleentzat egiten ari diren ikastaroak. Horrela, bada, jende asko denetara: mila edo?

— Euskal Herriko informabideek interesik agertu al dute? Orain arte behintzat, Ipar Aldean zelako edo Anaitasuna eta Zeruko Argia kenduz, besteek ez zuten informazio askorik ematen. Aurten, zer?

— Zer esanik ez, beste urteetan baino ardura gehiago dudarik gabe. Alde batetik Herri Irratiek interesa agertu dute —lehen ere bai—. Erdal aldizkariek oso interes gutti, beti bezala. Punto y Horak eta Deiak ordea, zerbait agertu dute, eta ba dirudi arduraz hartu nahi dutela.

— Informazio eta propagandaz ari garelarik, informabideekiko kanpaina berezirik antolatu al duzue? Azken aste honetan informazioaren boom bat egiteko asmorik ba al duzue?

— Asmoa ba dugu, eta nolabait lanean ere ibili gara. Ba dirudi aste honetan telebistako Euskal Herria programan zerbait agertuko dela. Herri Irratietan eta egunkarietan egunero egunero ikastaroen programak azaltzeko asmoa ere ba dugu. Propagandarako ormirudiak prestatu ditugu herri guztietan banatzeko.

— Azken hilabete hauetan politikariek eta gizon publikoek leku berezia izan dute eguneroko bizitzan. Hainbeste lan eginen dutela, Herriaren zerbitzutan daudela, gure ordezkariak direla, eta abar, eta abar. Zer jarrera ukan dute UEUri buruz, alkateek, deputatu-senatoreek talde politikoek eta antzekoek?

— Alkateengana jo dugu —Bergarako taldekoengana— eta erantzun jatorra hartu dugu. Baimen kontuetarako zenbait bide zabaldu dizkigute eta bestalde, beren diru laguntza ere jasotzeko gara. Besteei buruz, hauxe esanen nuke: UEU ez da orain jaioa, duela lau urte baizik, eta interesa eduki duten ikasle eta irakasleak berak hurbildu dira lan egitera eta laguntza ematera. Deputatu-senatore eta politikariengandik ere gauza berbera espero dugu, halegia, lan egitera etor daitezela jadanik etorriak ez badira. Beldurra dugu, ordea: UEUn emankizun guztiak euskaraz burutzen dira, eta, zoritxarrez, talde politikoen arduradunen eta deputatu-senatoreen artean euskaldun (euskaradun) gutti ikusten dugu; beldur gara, koordinatu desberdinetan ez ote gabiltzan, zeren eta nola konponduko ote dituzte gure problemak, bizi ez dituztenek?

— Horrelako egintzatan, eta UEU oraindik erakunde guztiz ofiziala ez delarik, bestelako erakunderen baten laguntza hartu dukezue. Zertzu erakunderen babespean antolatu da aurtengo UEU?

— Lehenik eta behin Euskaltzaindiaren babesa ukan dugu, eta gero Iruiñeko Udalarena ere. Orain, hauen bitartekotasunari esker Ministergoaren bai men ofiziala dugu, idatziz.

— Beste zerbait esan nahi al duzu?

— Bai, bukatu baino lehen eta gaizkiulertuak egon ez daitezen, puntutxo bat argitu nahi nuke, Beharbada, aurtengo UEUren programan ez dira gehiegi agertzen Euskal Kulturan izena eta izana duten irakasle batzu. Zer esanik ez, horien maisutza ez dugu dudatan jartzen, bere bizitzean zehar hainbat lan eta nekeren bidez aski frogatua baitute; baina zerbait erantsi nahi nuke. Irakasle horiek Euskal Kulturaren alde lan egiten segituko dutenez, jende berria lanean jarri behar dugu, nolabait beraien iraupena prestatzeko. UEUren xedeetariko batez da soilik maisu handiei entzutea —hori ere bai— baizik eta jende berria ateratzea, eta posibilitate berriak eskainiz eta zaletasun berriak landuz, Barandiaran, Mitxelena, Txillardegi, Irigoien, Santamaria eta antzerako gazteak sorteraztea. Izan ere, irakasle horiek zabaldu digute bidea, orain baino garai ilun eta arriskugarrietan. Guk geuk hau egin ahal badugu, beraiei esker da. Eta nahiz eta programan beraien izenak agertzen ez diren, bertara etorriko zaizkigulakoan gaude.

— Besterik ez, Martin. Eskerrik asko eta ea urte osoan zehar egin duzuen lan eskergak tamaina bereko fruituak ematen dituen.

Ramon Garai


Literatura

Helpideek, ordea, literatura baino gehiago izan beharko dute. Literaturak bere partetxoa eginen du. Baina edozeinek ikusten du: hori ez da letra bidez lortuko. Eta hori horrela, kondizionamendu horik onhartu beharko ditu literaturak.

Izan ere, izugarri ona omen da Azurmendiren hitzaurrea, erdarazkoa euskarazkoa bezain ona gainera, patrian sekulan argitaratu den libururik handienean ipini duen esaldizopa hori txapela kentzekoa omen da, bai, hala diote Euskadiko Bankukoek ere. Ezpairik gabe, handicap handia zipitzik ere gustatu ez zaigunontzat, ez baita lan makala gertatzen 42.000 ale —"ale" diot hizkuntzaren beharretara makurtuz, baina ilar umilarena ere ale delarik, "puska" hitza erabiltzea egokiagoa litzateke— horien aurka joatea. Ni ez bainaiz David, txabiladun hura, eta Goliath etsai handiegia somatzen baitut: ene ilarrak izanen al du tximeletak adina bizitza... Ez dakit nola hasi, eta ez bakarrik tontoa naizelako, zer ikusia ba du horretan diskurtsu horren moldaerak ere, eta bala bala hitz egiten dutenen mintzoa bezala, erabat goitik beheraino ukatzeko tentazioa gorria sorterazten dit. Idazkera hori, gure artean, Martin de Ugaldek bere elkar hizketetan erabili du sarri: giro afektiboa sortuz —joera narkisistei dei eginez bereziki—, kontzeptuak zehaztasunik gabe erabiliz (anbiguitate handiz hain zuzen) eta ahalik eta abaniko handiena estaliz, karea eta harea berdin barreiatuz planteamenduen multiplikazioaren bitartez, aurrenekoa bukatu baino lehen bigarrena, eta hau frogatu baino lehen hirugarrena eta laugarrena, kontraesanen edo ez, axolarik ez dio, ez baita inor fijatuko.

Halere gustua emanen diot neure buruari, eta Kultura Ministruari erantzuten saiatuko naiz, ahal dudan modurik didaktikoenean.

Herri mutua omen da, eta lehen ere hala izan omen zen, gurea. Hara hemen bi hitz enigmatiko, "herri" eta "mutu". Esaldia hitzez hitz hartuz gero, faltsua da, eta gure musika, bertso, theatro tradizionalak frogatzen dute hori, beste ezer aipatzen aritu gabe. Ez zait iruditzen gure herri kultura —kulturak hausten baitu mutugoa, espresioa den heinean— beste edozein herritakoa baino makalagoa denik. Mutua, berriz, kultur inprimaturik ez duenari deitzen bazaio, egia dateke, baina ez Azurmendiren arrazoi lanturoso-narkisista (pena zoriontsuegia, esanen luke Koldok) horiengatik bakarrik. Galegoek ere sufritu zituzten berenak eta bi, eta halere, Rosaliak eta Enriquez-ek —ez naiz literatura honetan tekhniko, baina segur naiz beste izen batzu ere ba direla— etxe barreneko literatura lotsatua eta beldurtua baino zerbait gehiago egiten jakin zuten. Zure arrazoiek ez dute balio, Braulio.

Gero Sabino Arana aipatzen da, eta bere garrasia, eta Azurmendiren hitzetan esateko, hura izan omen da "Herri mutua garrasika jarriko duena...", eta hau onhartzea ere aski zaila egiten zait. Politikoen lorategi honetan, hauek esan beharko dute haren infludentzia politikoaren nondik norakoa, baina beste arloetan politikari ez garenok ere izanen dugu, noski, horrenbeste eskubide. Eskubide hori profeituz, bada, zera esanen diot Azurmendiri, berak dioena gezurra dela herri kultura tradizionalari begira, sabinianismoak alde baino kontra gehiago jokatu baitzuen arazo horretan. Gerra aurrean, oso murriztua zegoen bertsolaritza Bizkaiko partean, bertsolariak lotsa zirelako bere euskara "mordoiloaz", eta publikoak maite ez zituelako hainbeste erdarakada erabiltzen zituzten arloteak. Sabinok ezin zezakeen maite Udarregi bezalako tipo bat, ezin zuen onhartu. Urrentxindorra izan zen, agian, egoera hori asimilatu zuen bakarra. Gipuzkoan, ordea, bertsolari handi asko izan ziren garai horretan, euskara garbiak hainbeste indar ez zuelarik, eta Txirritari "despatxatuko" "ermita" eta antzeko hitz erdaldunak erabiltzea inporta ez zitzaiolarik. Jakina, Lekuona bezalako gizon bakan batek maite zuen bertsolaritza, baina oso giro txarrean salbatu zuen bere zaletasuna; Lekuonak berak aitortu zidanez, giro kaskar horrek bultzatu zion bertsolaritzaren defentsa liburuz egitera. Eta gauza berbera esan dezakegu theatroari buruz, sabindar ideologikoek jaramon guti egin ziotela pasturala eta toberari, esate batetarako, eta theatro estupido eta naturalista bat egin zutela euskaldungoa baino erromatargoa gehiago defendatuz. Behar ote da exenplu gehiago?...

Kultura inprimatua ugaldu zen noski, baina ez dut uste suerte handirik izan genuenik horretan ere, ez gara merke pagatzen ari tededeunen kultura zentzua, hizkuntzan ere antiherritar zena.

Hitzaurrean barrena abiatu eta gero, nabarmenduz doa Azurmendik literatura moeta bati dion mania, literatura berberaren kontzeptua ilunduz doan neurri berberan. Azurmendirentzat zer ote da "literatura ona", zergatik saiatzen ote da berak "elkar lana" deitzen dionaren eta autore lanaren artean etendura, oposaketa bilatzen?... nori deitzen die "idolozale", zergatik dira idolo literatur egileak, nondik atera du hori, norengan pentsatuz?... Zer da "elkar-laneko" literatura hori? Big brother paregabe batek bezala, "despistatuak" deitzen die bere programa onhar ez dezaketen guztiei, eta frakasua ere agintzen die, Kafka kolektiboa, Strinberg ekipoa, Elliot korua eta beste koadrila batzu izan baitira noski gizonari hobekien mintzatu zaizkienak...

Euskal Idazleak, indibidualitate bitxirik edo ez, baina ekipo baitira, lankide... esaten du aurrerago, eta hitzaurrearen mezua konprenitzearren egokia da. Zeren, Azurmendiren textu azpitik dabilena, fronte planteiamendua baita, zeinen bitartez euskaldun guztiok —dendariak eta eskaleak, homosexualak eta abadeak, proletalgoa eta burjeseria, jende ohoragarria eta ohoregoseak, etab— BAT deitu izarraren pean belaunikatzen baikara. Gure klase kokaketa kontuan hartzeke, gure bizitzaren bereiztasunak ahantzirik, indibidualitateak direnik ere onhartu gabe, eta munduan bakarrik bageunde bezala. Erdarazkoa, hitzaurrean erremediorik gabe jo beharra dauka, fronte planteiamendu moeta horren ondorio zuzena delarik, JAP de R. jaunaren esanera, "unidad de destino en lo universal" esaldia aipatzera. Eta ez da harritzekoa; ez esan kuriosa ez denik, eta halaber harrigarria ere ez denik euskaldun kritiko bakar batek ere esaldi horren bitxitasuna ez salatzea, hainbeste antifaxista omen daudelarik... e, txo? Gora Euskadi, Una, Grande y Libre! Lehengo harira itzuliz —lotsa ematen baitit lehengo bidetik segitzeak— eta literaturaren arloan, Azurmendi beti ibili da honako ekoazio honi atxikia: literatura = f (euskara, herria). Planteiamendu honetan irristatzea ez da gauza zaila, zeren ba dirudi bere aurka joanez gero, herriaren aurka ere ba goazela. Jakina, guk gaizki ikusten duguna literaturaren menpekotasun hori da, bere baitan justifikaziorik ez balu bezala, eta bestalde, Herri hitzaren beste kontzeptu batzuz baliatzen gara ezbairik gabe. Ekoazio honen fruitu izan da, esate baterako, berak egin duen subliteraturaren propaganda, Corin Tellado euskalduna eskatuz, eta Lafuentetar Estefaniaren nobelak promozionatuz —itzultzen ere hasi omen ziren honen lanak, ba dakizu, Ringo sei oineko gizona zen, eta bere Kolt miresgarria....— eta nik "Hitz" aldizkarian egin nion kritikak ez du, antzo, bere pentsakera gradu bat ere aldatzea lortu. Orduan esaten nion bere arazoa ez zela literaturgileen arazoa, industria batena baizik, neokapitalismoak euskal fotonobela errentabletzat jotzen bazuen izanen genuela, ez larritzeko. Esaten nion baita ere zein berezia zen euskaraz alienatzea erdaraz alienatzea baino gehiago maitatzea, eta orain ere gauza berbera errepikatzen diot. Errepikatzen diot baita ere euskararen problema ez dela literaturaren bizkarretara bota behar, eta hizkuntza salbatuko bada ez duela honek salbatuko, hori azterketa estupidoa dela, eta ofentsiboa gainera egunero eskribitzen dugunontzat. Miranderen azken eskribua, burua bota aurretik idatzi zuena, euskara batuan egina dago, eta aditza ere gipuzkeraz... aipamen hipotetikoa nazkantea den hein berberean.

Batzurentzat, ez dago gramatika eta nobela baten artean desberdintasunik, edo euskalduntzen hirugarrengo ariketen eta poemen artean aparteko bereiztasunik. Haiengatik sentitzen dugu.

Azurmendik, hierarkhia oso dudakoa erabiliz (zer da "literatura garai" hori bere ustez, "literatura zaila", "esperimentala"... edo zer?), historia epeka aurreratzen duen zerbait bezala esplikatuz, ez du ipuintxo (vide Juliantxo, Manueltxo) desdibujatu bat baizik kontatzen bere hitzaurrean. Heidy-ren herrian, non denak zintzoak baitira, Heidytarrak gaztelua egiten saiatzen dira, gaztelu nazionala seguru asko, harriz harri, urtez urte nekez eta trixte, oso trixte. Martiriak ere ba dira, Marco adibidez, zein Argentinan Videlak bahitu baitu, demonio kaiku. Baina ba doa gora eta gora gaztelua, eta literaturak ere ba du bere partetxoa (a, usotxoa!). Noizean behin etortzen da Kultur Ministrua, eta esaten ditu bereak eta bi: gure herria ttipi eta pobre da, guk ez daukagu zergatik handien handikeria bila joan (que inventen ellos!, Azurmuno) eta bedeinkatuak (hostiaz, edo) gaztelua dorreetatik hasi nahi dutenak, baina Herri Maitea, zer nahi duzu?... literatura eder, aberats, haundiren bat,...?, harrotzea nahi al duzue? (Jesus!) edo "libertate literatura? nahi al duzue?...

Literatura aberatsari kontrajartzen dion "libertate literatura" delakoa definitzen ere saiatzen da, eta definizio ia marabilosa lortzen du. Zergatik den marabilosa, hori beste kontua da.

Bukatzeko, liburuaren beste parteak kritikatzeko asmoa betetzeke geldi daitekeenez badaezpada ere, Torrealday-ri ohartxo batzu egin nahi nizkioke, bere datu soziologikoak hobekiago jar ditzan: ni ez naiz 49 urtekoa, 51ekoa baizik; Koldori urte bat kendu diozu, eta bestalde ahaztu egin zaizu "Panpina Ustela" aldizkari literaria sartzea, berau Azurmendik hainbeste bider aipatzen duen pertsekuzioaren jaki izandako errebista izaki.

bernardo atxaga


Musika

Iñaki Eizmendiren lehen diskoa

Eskuartean dugu Iñaki Eizmendiren "Gureak ez diren kale ixilen bi milagarren samina" izeneko L. P. berria. Denbora luzez egon gara Iñakiren lan honen zain. Izan ere, ihazko azken egunetan grabatu zena orain gutti kaleratu dute, eta, ba dirudi, beraz, Movieplay-kardantxa-k, Madrileko diskoetxeak, jarraituko diola euskal kantarien diskoak ateratzeari.

Itxuraz oso ongi apaindua heldu da. J. M. Susperregik egindako argazkiaren tonua zinez egokia iduritzen zaigu. Hainbat disko azalen presuntziotik urrun kokatzen da honako hau, oreka ongi gordez.

Norbaitentzat agian Iñakiren ahotsa ezezaguna gerta liteke, diskoa entzun baino lehen. Hala ere, bere trajektoria ez da oraingoa. Oihartzun masiboen bila izan ez bada ere, aspaldian ibilia da kantari legez zenbait herritan.

Diskoa kritikatzean parte bi egitea beharrezkoa iduritzen zait, eta Iñaki aurrez aurre kantatzen ikusi dugunok behintzat, honetan bat etor gaitezke: alde batetik, bere emaitza eta esperientzia eta bestetik, diskoa bera, hots, musika moldakuntzak eta diskoetxearen lana.

Iñakiren lanari bagagozkio berezitasun bi ikus ditzakegula uste dut: erritmuen estudioa eta melodien bilakaera. Gure kantutegi eta modu zaharrak ezagutu eta gero aurrerabide posible batetik abiatu nahian dabilkigu Iñaki. Beste euskal kantari askoren antzera lehenengo urratsa kanta zaharrei atxikitzea izan zitekeen, baina zein da espresiobide hauk oraingotzeko bidea, egungo tendentzia musikalekin harremantzeko nondik nora jo lezake? Euskal kantari gehienen trajektoria oso lineala izan da. Salbuespenak aparte, noski, gaurko euskal kantak orain dela hamar urtetakoaren konstanteak gordetzen ditu sarri. (Hau ez da gainera egiturari buruz bakarrik esan ahal). Alde honetatik, Iñaki doinu apainduen aldekoa agertzen zaigu, melodiaren arduratsu. Beste zenbait kantariren eskematismo musikaletik urrun ibili nahi dute hamaika bariazioz hornitutako frase musikal luzeek. Batzutan, bestalde, Mediterranio inguruetako musikaren infludentziak nabari ahal zaizkio; Hego Amerikako musikarenak... baina —eta hau ez da gure artean ohizkoa— infludentzia hauk ez dira ezinbestean hartutakoak, baizik eta aurrerabidean egindako aukerak. Beste hainbeste musika tendentzia ezagutuz, bere konstanteak lantzeko eta kantari bakar batek dituen posibilitateei egokitutako moduak dira.

Iñakiren berezitasun hauetatik aparte, moldakuntza musikalei buruz ere hitz egin beharra dago. Zoritxarrez edo azkenaldi honetan Madrilen atera diren zenbait euskal disko aztertzean banaketa hau egin behar ukan dugu. Hango diskoetxeek ba dituzte beren exigentziak eta aldez aurretik markatutako epe baten barruan grabatu beharrean izatetik aparte, gehienetan moldakuntzak eta musika inguru dena, moldatzaile profesionalen eskuetan gelditzen da. Euskal musikaren etorkizunari begira, kantariak baldintza baten aurrean daude: produktu on bat ateratzeko premiak Madrilen grabatzera bultzatzen ditu, eta bitartean ez da hemen bertako musikariekin azpiegiturarik lortzen. Musikari profesionalek, nahi eta ez, beren jitea inprimatzen diote lanari, honek dakarren kalte guztiarekin. Uste dut, textuinguru honetan ulertu behar dela L. P. hau. G. Knörren "Txalaparta-n" bezala, H. Icasto da musika moldakuntzen arduraduna, eta nahiz eta Gorkaren diskoan baino trebeago agertu, ez du gure ustez Iñakiren musika ulertu: erritmua bada Iñakiren konstanterik funtsezkoenetariko bat ez dugu uste behar bezala tratatu dutenik. Batzutan tresna gehiegi sartzen dute eta honek, erritmua frenatzetik aparte ez du bere lana ongi betetzen, bakarrik uzten du bestetik hain trebe eta fin agertzen zaigun Iñakiren ahotsa ("Larra erdian", "Gure herria"), Ahotsetik musikara alde bat balego bezala, ongi fusionatuko ez balira bezala entzuten dira kanta batzu. Harmoniari dagokion partetik, berriz, instrumentazio finago bat beharko lukeela uste dut, betiko efektuak eta baliabide gastatuegiak erabili barik ("Gernikari" hasierakoak edo kanta zaharraren haize hotsa...)

Azaleko argazkiak eta barruko aldean dagoen textuak adierazten dute Iñakiren asmoa, diskoaren oinharrian datzana, hain zuzen. Hiri barnekoa da egin nahi duen musika, hiriko biztanleei egokituta. Hala ere, ez dugu uste disko honek azpian daramatzan asmoak oso osorik bete dituenik. Ez du erakusten Iñakik kanta urbano batetarantz egin duen lana. Kontutan eduki behar da grabatutako zenbait kanta bere lehen epekoa dela ("Gure jakintsuak") eta orain errepertorioan dituen kanta batzu ez dituela grabatu beste diskoren baten itxaropenean, seguru asko.

Hitzak begiratuz gero, beren jite modernoa ezin daiteke dudatan jar, baina honek ez du nahi eta ez urbanoak direnik esan nahi. Letra guztiak bi ezik (bata zaharra eta bestea B. Atxagarena), Iñakirenak dira eta beraietarik urbanoa hutsik kontsidera dezakeguna "Zintzilik dauden eskuen balada" dateke. Bestetan oraindik beste eratako haztarrenak ikus ditzakegu (lexikoa: mendia, harkaitza, itsasoa, larra...)

Dena dela ikonoez eta hitz magikoez baliatzen ez den kantari honek ba du zer esaterik euskal kantagintzaren zirkulu honetan. Kantamolde berri bat lantzen ari da Iñaki, eta aipagarri, zinez aipagarri da bere lehen emaitza hau.

Gureak egin du.

TXanTXiku


Musika

16 ATAUN 10etan: Amets taldea

 Ruper Ordorika

16 DONOSTIA Portuan: Izukaitz

 Gure Bidea

 Aitor Badiola

 J.M. Aranburu

16 AZKOITIA Kiroldegian Xiker

9etan: Gorka Knörr

 Jon Bergaretxe

16 ARMINTZA Enparantzan Miren Aranburu

8etan: J.K. Larrañaga

16 DURANGO Arriondiko Koska

enparantzan Maite Idirin

9etan: Gontzal Mendibil

16 PORTALDE Parrokian 8etan: Lupe

 Edu Iriondo

 Jentilak

16 PLENTZIA Enparantzan Jokin eta Josu

10'30etan: Usoa taldea

 N. Gaztelurrutia

17 BILBO Errekaldeberri Gure Bidea

hauzoan 8etan: Ruper Ordorika

 Oskorri

17 ZUAZA Pilotalekuan M. Aranburu

7etan: Edu Iriondo

 Lupe

22 OINATI S. Lorentzo Maite Idirin

eskolan 10etan: Izukaitz

23 LEKEITIO Karraspio Koska

10etan: Geizkak

 Indar Trabes

 Jeiki

23 ARANO (Naf) 11etan Gorka Knörr

24 MOTRIKU Pilotalekuan Maite Idirin

8'30etan: Jentilak

 Hibai Rekondo

24 OIARTZUN Iturriotz Gontzal Mendibil

hauzoan 10etan Lupe

27 ORDIZIA Pilotalekuan Xiker

6'30etan: Hibai Rekondo

27 ZALLA Aranguren hauzoan Maite Idirin

7'30etan: Gure Bidea

29 ETXEBARRI Pilotalekuan Maite Idirin

8etan Hibai Rekondo

 Jokin eta Josu

30 BILBO San Ignazio hauzoa Etxamendi eta Larralde

(pilotalekuan) 8etan: Edu Iriondo

30 OTXANDIO Enparantzan Hibai Rekondo

10etan N. Gaztelurrutia

 Jokin eta Josu

OLAZAGUTIA Kanpan Lupe

10'30etan Josu Goia

 M. Aramburu


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO