ANAITASUNA

1976.EKO ABENDUAREN 15EKOA

330. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

HATOR, HATOR

MUTIL ETXERA...


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5. Euskal preso politikoak

6. Tantaka

7-8. Referendumaren kanpaina

9. P.N.V. Anoetan

10-11. Euskararen egoeraz

12. Bi talde, ikurrin bat...

14-15. Laudio isilik

16. Legegizonak preso

17. Apareilarien eskeak

18-20. Elkar-ikuska

22-24. Osasun heziketaz

25. Iruinea: euskara Magisterioan

26. Lopintania (I)

28. Unibertsitateko analfabetuak

29. Dekano bat eta euskara

30. Firestone

31. Pasargada saria

32. Liburuak

33. Irudimenaren txokoa

34. Kaleko

Maketapena: Fernando eta Zumalabe

Marrazkiak: Olariaga eta Fernando

Argazkiak: Arkoila

Moldizteia:

Eguiluz

E. Mala, 22

BILBAO

Dep. Legal: 1753-1967


Editoriala

Zoriontsua hi, demokrata berria!!

"Anaitasuna"k zenbaki hau kaleratu orduko erreferendumaren "bai" galantaren ondorio triunfalistaz gorputza eta arima beterik izango dituzu, irakurle. "Anaitasuna" kaleratu orduko Espainia Europa izango da eta ez betiko Espainia, Santiagorena (donearena, noski, ez bestearena), Francorena, Manoleterena, Lola Floresena...

Betiko Espainia, madarikazio batek jota, alde batetara utzia izango da, munstro izugarri baten gorputza izan balitz bezala. Zoriontsua zu, Abenduaren bigarren hamabostaldiko gure irakurle! Jaits zaitez kalera eta pozez jauzika zoazen artean demokraziaren usainak sudurra eta birikak beteko dizkizu! "Espainiar mirari politikoaren" lehen ondorioak bizitzen ari zara...".

Demokrata bihurtze hau mirari bat dela diote, behintzat, zenbait europarrek. Eta horrela da benetan, zer arraio! Nahiz eta gartzeletan gure lagunek segitzea hau demokrazia bat izatea ez al da mirari bat? Nahiz eta grisek zure atzetik beti bezala egurra astintzen segi, ez al da mirari bat kolpe horik Europa guztian ematen direnak bezain demokratak izatea? Ez al duzu mirari bat zure alderdiak sufritzen duen galerazpena orain Europar bedeinkapenak izatea? Nahiz eta euskara aurrera eramateko betiko oztopoak aurkitu, orain berrogei urte barru Espainiar gobernutan demokrata-disimulatuak izan direnen oztopoak demokratak izango dituzu; nahiz eta aurten turroia inoiz bezain gogorra izan, zure hortzak demokratikoki galduko dituzu...

Zoriontsua zu, demokrata berria, mirari politiko hauen gozatzailea! Zoriontsua oraindaino miraritan sinesten duzulako, nahiz eta zure gorputz eta arimaren gainean kolpeak gero era sakonago, odoltsuago baino demokratikoago erori!


Euskal preso politikoak. Zatozte, bai, laster etxera...

NOR NONGOA GARTZELA

BIZKAIA

 Maite Arevalo Sestao Alcala

 Xabier Larena Santurtzi Caceres

 Iñaki Biar Bilbo Caceres

 Pedro Fernandez Bilbo Puerto

 Andoni Arrizabalaga Ondarroa "

 Iñaki Garcia Ondarroa "

 Jon Iturbe Basauri "

 Ramon Aurtenetxe Bilbo "

 J. L. Artetxe Basauri "

 Josu Abrisketa Miravalles "

 Patxi Arana Bermeo Basauri (Ihes)

 Jose I. Aramayo Ondarroa "

 Abel Poruria Gernika "

 Karmelo Madariaga Morga "

 Joseba Mandaluniz Mujika "

 Jon Malasetxebarria Gernika "

 Jokin Kalero — "

 Pedro M. Ilarduya — "

 Xabier Izko Berango Cordoba

 Iñaki Orbeta Bilbo Cordoba

 Karmelo Garitaonaindia Bilbo Cordoba

 Sabino Landeta Basauri Zaragoza

 J. I. Villanueva Gernika La Coruña

 Kepa Aulestia Ondarroa Barcelona

 Josefina G. Aramburu Bilbo Basauri

 Koldo Zabalo Basauri Cartagena

 Bittor Arana Bilbo Cartagena

 Joseba Mentxakatorre Bilbo Burgos

 Felix Egia Arrigorria Burgos

 Emilio Goitia Zornotza Burgos

 Iñaki Cuevas Sestao Jaen

 J. J. Mendiola Barakaldo Jaen

 Andoni Bedialauneta Ondarroa Zamora

 Jose I. Egireun Galdakao "

 Jon Mendizabal Santurtzi "

 Luken Solaguren Zornotza "

 Txema Larrea Basauri "

 Diego Elorrieta Derio Carabanchel

 P. Gabikagogeaskoa Izpaster "

 Xabier Landa Gernika "

 Xabier Ortuzar Gernika "

 Joseba Oruba Bilbo "

 Sabin Arana Sestao "

 Fernandez Larrinoa Bilbo "

GIPUZKOA

Joxe Dorronsoro Ataun Alcala

Gonzalez Terron Legazpia Carabanchel

Iñaki Mugica Herrera Burgos

Josu Apalategi Beasain "

Vixente Gurrutxaga Placencia "

Mariano Ibarguren Zarautz "

Karlos Agirre Donostia "

Jon Goiburu Villafranca "

Manu Albisu Errenderi "

Benito Mendizabal Isasondo "

Martin Echebarria Lazkao "

Jokin Gorostidi Tolosa Caceres

J. M. Zubimendi Usurbil "

J. A. Garmendia Abalzisketa "

Patxi Jaka Berastegi "

J. Agustin Atxega Itziar Carabanchel

Enrike Pagoaga Arrasate "

Vixen Apalategi Beasain "

Sabino Landeta — "

Iñigo Montalvo Zarautz "

J. M. Bujanda Zarautz "

Rodriguez Zarautz "

Arruabarrena Ikaztegieta H. Carabanchel

Manu Isasa Lasarte "

Iñaki Hernandez Ibarra "

Iñaki Villanueva Donostia La Coruña

Iñaki Garmendia Donostia Cordoba

Jose M. Yarza Lasarte "

J. M. Dorronsoro Ataun "

Mario Onaindia Eibar "

Fernando Izagirre Lasarte Cartagena

Iñigo Alkain Donostia Jaen

J. M. Olano Hernani Jaen

Venancio Echebarria Isasondo Jaen

Pio Intxausti Donostia Martutene

Carlos Sanchiz Hernani "

Jose Goiburu Orio "

Cornelio Arregi Hernani "

J. L. Goikoetxea Hernani "

J. M. Errazkin Hernani "

Jon Kortabarria Oinati "

Angel Osinaga Oinati "

J. L Alzibar Eibar "

Aizpurua Orio "

M. Luisa Arruti Donostia "

Maite Intxausti Donostia "

Arantza Arruti Zarautz Puerto

Imanol Mitxelena Errenderi "

Iñaki Sarasketa Eibar "

Josu Zabarte Arrasate "

Enrike Gesalaga Eibar "

Joxe Ibargutxi Eibar "

Lorenzo Egia Lasarte "

J. I. Egaña Itziar Valencia

Sole Intxausti Donostia Yeserías

Biktor Aranzabal Arrasate Zamora

Juan M. Aldalur Itziar Zamora

Koldo Iñurritegi Oinati Zamora

ARABA

Martinez de la Fuente Gazteiz Barcelona

J.L. García Gazteiz Caceres

Eduardo Uriarte Gazteiz Cordoba

NAFARROA

Xabier Izko Artaxona Cordoba

GARTZELAN ERE

M. Gaztelumendi Elizondo

Santiago Arrospide Lasarte

Eduardo Lertxundi Donostia

Luis Iztueta Villafranca

Andoni Urkia —

Jose Goikoetxea —

Mikel Herce Zumarraga

Mikel Unanue Lezo

J. M. Begiristain Lazkao

Iñaki Zabaleta Hernani

Xabier Zeberio Isasondo

M. A. Mendizabal Isasondo

J. L. Gonzalez Villafranca

Fermin Varela Donostia

J. M. Moran Orio

Jokin Murua —

Miren Gabilondo Hernani

Isabel Pascual Eibar

Angel Amigo Donostia

Carmen Antia Donostia

Izaskun Rekalde Tolosa


Tantaka

Aperribay jaunari ezetzea

Legazpiko Udaletxeak, erdaraz idatzitako idazki batez (noiz arte ukatuko dute euskara gure udaletxe eta batzorde "baskoek"?) hogei ta hiru gipuzkoar udaletxek Jokin Aperribayk Gipuzkoako Diputazioko Lehendakari izateko asmo aurrean agertu duten erantzunaren berri eman digu.

Aperribay jaunaren lehendakari izateko asmoak ez dira onhartuak izan, politik aldaketak une hauetan izendatutako Diputazio baten lehendakaritzaren errepresentatibitatea oso laburra bihurtuko lukeelako. Hogei ta hiru udaletxeek diotenez, lehendakaritza hau betetzeko "Erreforma Politikoa" zertan izango den itxarotea hobe izango litzateke, "Erreforma" horren ondoren lehendakaritzarako egindako hauteskundeak demokratagoak izango baitira.

Idazki honen bidez 23 udaletxek beste euskal udaletxeei laguntza eskatzen diete Aperribay jaunaren aurka jotzeko eta, izendatua izanez gero, izendatasun horren kontra ekiteko asmoak agertzen dituzte Bergara, Usurbil, Eibar, Zalbidia, Zegama, Oinati, Elgeta, Aretxabaleta, Eskauriaza, Segura, Bilafranka, Oiartzun, Belauntza, Zestoa, Gabiri, Urretxua, Ormaiztegi, Azkoiti, Arrasate, Hernani, Azpeiti, Ezkioka eta Legazpiko udaletxeek.

Seriotasun pixka bat jaunok

Demagogia merkea egitea, noski, Herriari gauzak ongi azaltzea eta politik heziera on bat ematea baino errazagoa da. Eta horixe da, hain zuzen, PNVek —edo berdin dena, ez gaitezen engania, PNVeko batzuk— egiten diharduena. Frankismoaren peko berrogei urteotan deus egin gabe egon ondoren, orain, gerraurreko harropuzkeria eta triumphalismo berberaz agertu nahi du.

Mamiz aldatu duela sinesterazi nahi digu, eta jendeak alderdi eskuindartzat jotzen duelako, bere jantziak haserre sainduz urratzen ditu, behin eta berriz sozialista dela esanez. Baina, Espainiako Alderdi Demokrata-Kristauen Federazioan sartuta badago, zer arraiotzat eduki behar ote dugu ba? Izan gaitezen kontsekuente jaunok. Ruiz-Jimenez eta Gil Robles, guttienez, horretan zintzoagoak dira.

Anoetan esan denetik, gainera, euskal ezkerrak —horretan gure Herriaren usario jatorrari segituz— darabilen terminologia okerra da, "pues el nombre de 1a patria de los vascos es Euzkadi" eta abertzale esaten segitu behar dugu guztiok, eta ez hertzale.

Dirudienez, PNVek oraindik uste du bera Euskal Herriko alderdia dela, bakarra eta ahalguztiduna, gaur egun beste batzuren arteko bat agertzen dela ahantzirik. Hortaz, PNVeren saindu partikularrek beren ideologia bereziaren funtzioan asmatu zutelako, terminologia nazio osoari sarterazi nahi izatea eta besteei berena aukeratzen galeraztea absurdua bezain harroputza da. Publikoki beti erdaraz ari denak gainera euskaldunoi geure nazioaren izen jator eta historikoa ukaturik, alderdi horren fundatzaileak 1901.ean asmatua erdaraz proposatzea izenak gabeko ausartkeria da.

Izar ere, Hitler, Mussolini eta Franco jadanik hilik daudenean, alderdiaren hymnotzat Euzko Abendearen Ereserkija, h.d., euskal arrazaren hymnoa, moduko perla klerikal eta arrazista erabiltzen dirauenak bere hitzak hobeki pentsatuz esan beharko lituzke.

Referendumari... Haratuztea

Horixe izan da Gipuzkoako zenbait herritan agertu den planfeto batetan zetorrena. Erdarazko abstención edo abstinencia (de carne, noski) delakoan pentsatu bide zuen hiztegigileren batek itzulpen hori egitean eta, dzapal, horra hor ondorioa. Humorea humorea da, jakina, baina ondo nabari da hor gure politik talde batzuren euskal kultur maila.

Telebistaren itsukeria

Atotxan Athletic eta Realeko jokalariek agertu zuten ikurrina ez telebistak ez eta Bilbon asteartean azaldu zen "La Gaceta del Norte" egunkariak ez dute ikusi nahi izan. Astelehenan egindako "Telenorte"k ikurrina "ez ikusi" ondoren, gauean egin zen "Estudio Estadio"n berdin jaso zen, nahiz eta teleikusle guztiek ikurrinaren berri izan, Donostia eta Bilboko "Hoja del Lunes" asterokoek Atotxako ikurrinaren berri eta zenbait argazki goizean eman baitzuten. "Gaceta del Norte"k asteartean, Atotxako kronika barruan, ez zuen ikurrina ikusi, "una bandera bicrucífera" baizik. "El Correo Español"ek ikurrina Atotxan egon zela onhartu zuen bere aldetik.

Telebistaren itsukeriaz jarraituz "Telenorte" bertan P.N.V.ek Anoetan egindako bilerari buruz eman zuen berria penagarria izan zen. Nahiz eta alderdi horretakoak ez izan, P.N.V.ko buruak "derecho de replica" erabiltzera bultzatuko genituzke. Arzallus oso ezkertiarra izan ez arren, "Telenorte"k "Blas Piñar" izan balitz bezala presentatu baitzuen, Arzallusek esandako hitz batzu nahastuz.


Euskal Herrian

Referendumaren kanpaina inguruan

Ematen duenez, Madrileko gure gobernarientzat, euskara, zerbait eskatu nahi digutenean izan ezik, ez da existitzen. Horretan Arteagako apez famatu haren antzekoak dira; hark sermoi oso erdaraz egin ondoren, "Eta orain kristau maiteok, elizarentzat limosnatxo bat uzteaz ez zaitezte ahantz" gaineratzen zuen beti. Behialako 25 pake urte xelebre haren ondoan, orain, Espainiako historia osoan bigarrenez, Madrileko agintariek Euskal Herriari bere hizkuntzan zerbait eskatzen diote.

Alde batetik zorionak ematekoa da, nik uste, euskarazko textuan gure astabelarrietarako motiborik ez egotea, gure arteko panphletoetan, zoritxarrez, maiz gertatzen ez dena berau. Ikas dezagun.

Absurdoaren bestaldean

Burgoseko prozesuan euskaldun batek bere buruaren defentsan euskaraz zerbait esan zuenean, juje jaunek "pronuncio unas palabras inintelegibles" idatzi zuen beren aktetan, euskarari giza hizkuntzen maila bera ukatuz.

Eskolan, halaber, euskara ez da ezer izan, ez du inolako existentzia ofizialik ukan. Niri neroni, kasu, eskola eta kolegio aldian ez zidan inoiz inork euskaraz ezer esan ofizialki. Hori horrela delarik, nondik nora nahi du Madrileko gobernuak euskaldunok berak euskaraz jartzen digun propaganda irakurtzen jakitea berak sekula irakatsi ez badigu?

Irakurtzen, batzuk behintzat, ba dakigu, eta hori gure hizkuntza ukatu eta zapaldu duen gobernuaren kontra eginez lortu dugu, haren kontsigna gaztelaniatzaileei uko eginez. Haserre sorterazi behar zuen, eta horrelaxe gertatu da, madrildarren oraingo euskaltzaletasun pitxi honek. Baina haserratzen gaituen ekintza honek, bide batez, poztu egin beharko gintuzke nolabait, orain arte dena ukatu diotenak, euskararen balioaz konturatzean hartaz baliatzera obligatu ditugulako. Oportunismo hori, hortaz, garaipen bat da guretzat, etsaia amore ematera, euskara erabiltzera, makurterazi dugulako. Gure politikari eta talde "abertzale" jator bezain monolingue batzuk ba dute hor non ikas, bai eta, jakina, orain arte euskara ezer ipintzera ausartu ez diren, "gure" merkatariek ere.

Hitzen sorgintasuna

Referendumerako publizitate kanpaina munstro hau BBCeko eskuetan jarri du gobernuak eta horretan 1.300.000.000 pezeta gastatu. Ez da harrigarri, beraz finantziapen horrekin tekhnikarik sophistikatuenak erabiltzea.

Hitzen lilura ezin hobeki neurtua izan da. Hjelmslev hizkuntzalariaren hitzak datozkigu gogora: Diktadore izan nahi duenak on luke linguistika ikastea. Begira dezagun astiro, esaterako, hor azaltzen zaigun slogana: SI VOTAS HOY..., VOTA HOY. Erdarazko (bai) eta si (baldin ba-) esanguraz erabat ezberdinak izan arren, itxuraz berdinak suertatzen dira, are gehiago hemen bezala, eta ez kasualitatez, majuskulaz idatzita agertzen baldin badira. Horrela, berdintasun optiko horretaz baliatuz, erdal irakurleari, esaldi itxuraz kondizional baten bidez, boza afirmatiboki emateko sugerentzia egiten zaio, SI hori dela eta. Behealdeko VOTA HOY... horrek, goikoarekiko symetriaz, vota hoy si biribildu behar dela ematen du argi eta garbi. Lehen mailako profesionariak ditugu, bai horixe, kanpaina honetan ari diren publizistak!

Bai baina...

Tamala da, ordea, slogan hori gure hizkuntzaren funtzioan egina ez izatea, eta, horrexegatik, Madrileko jaun argien asmo labanak euskarazko textuan inon ez azaltzea, aitzitik, ia ia kontrakoa lortu da, baldin baduzu horrek daukan indeterminazio eta zalantza nabaria lekuko. Euskal itzulpena ezin hobea da —Akademiara jo omen dute— baina hala ere indarra falta du, textua erdaraz eta erdararako pentsatua delako, ez euskararako.

Lezio ederra

Gobernarien asmoak alderantziz irten ote diren ala ez alde batera utzita, hemen ere, ordea, etxerako ikaskizun on bat atera genezake euskaldunok. Gure artean ere, zenbat eta zenbat slogan eta esaldi ez ote dira erdararen funtzioan egiten? Pueblo Trabajador Vasco, Izquierda abertzale, Disolución de cuerpos represivos, alternativa política potenciada por respuesta a nivel nacional, descomposición progresiva, encrucijada histórica, organismo unitario, movimiento estudiantil... Makina bat eztabaida gertatzen dira gure artean egunero esaldi egoki bat "erdaraz" aurkitzeko. Eta gero, alderdi guztiek horretarako edukitzen duten esklabuari "hala, ahora pon esto en euskera" esan eta kito! Hor euskara kunplimentuzko zerbait-tzat jotzen dugu oraindik, legea, itxura egiteko estalkitzat.

Gure politikariek, dirudienez, ez dute euskara jakin behar Euskal Herrian euskal politika egiteko, eta gero PSUC-eko idazkariak katalana ez dakielako jantziak urratzen ditugun!! Gure intelektualtzako askok ez dakusate oraindik euskararen premia euskal intelektuala izateko.

Politik sloganak euskararen funtzio exklusiboan burutzea eskatzea asko baldin bazaie —katalanek holaxe egiten dute beti— asma ditzatela, gutien-gutienez, euskaraz lehenik edo eta euskararen baliabideak kontutan harturik!! Euskal kulturaren etsairik gogorrenak, ez duda, etxeko "abertzale" horik ditugu.

Referendumaren kanpainak begiak ireki erazteko balioko al digu!

Xabier KINTANA


Euskal Herrian

PNVren bilera Anoetan

Bost mila lagun elkartu ziren joan zen 5ean Anoetako pilotalekuan, Donostiako P.N.V.ko burubatzarrak antolatutako bileran. Hiru izan ziren hizlariak: Joxean Lizarribar, Gerardo Bujanda eta Xabier Arzallus. Mahai-buru gainean sekulako ikurrina ipini zuten antolatzaileek eta pankarta batzutan "Zatoz gurekin E.A.J.ra", "Aberri askean gizon-emakumeak buru jabe", "Euzkadi-Europa", "Demokrazia", "Sozialismoa" e.a. sloganak ikusten ziren. Sartzerakoan pilotaleku aurrean grisak ikusi bagenituen, irteeran ordea, ez zegoen poliziarik. Bost mila entzuleek Anoetako esertoki eta ibilbideak gainezka betetzen zituzten. Entzule-multzo haundiena 40-50 urteko pertsonen osatzen zuten. Ba ziren, hala ere, jakina, gazte,zahar eta baita ere oso gaztetxoak. Bilera bukatzeko "Euzko Abendaren Ereserkia" hots, Himno de la Raza Vasca erdara batuaz, abestu zen. Ikusi genuenez, himno hau kantatzeko entzule askok sarreran emandako horritxo batetan hitzak begiratu behar izan zituzten. Bileran oso euskara gutti entzun genuela esan behar dugu, Arzallus jaunaren aldetik batez ere. Beronen hitzaldiak 51 minutu izan zituen eta hauetatik... 45 segundu (segundu, bai) euskaraz.

Arzallusen puntu batzu

Nahiz eta hizlariak hiru izan, lerro hauetan Arzallusek esandako zenbait puntu jasoko dugu, hitzaldi honetan beste bi hizlariek agertutako ideiak berean ere jaso baitzituen. Arzallusen hitzaldia bere buruaren defentsa batekin hasi zen, ondoren Ajuriagerraren defentsa eginez. "Arerioak pertsonen aurka jotzen hasi dira", esan zuen Arzallusek, bera markesa batekin ezkonduta dagoela eta etxean bi morroi eta txofer bat duela esaten dutenen aurka hitz eginez. Gero P.N.V.ren defentsa sutsu bat egin zuen, alderdi hau burjesa dela esaten duenen kontra. "Gure alderdia —esan zuen Arzallusek— interklasista da, demokrata da eta, nahiz eta bere sigletan "S" letrarik ez eduki, sozialista da". "S" letra zenbaiten arimak baketutzeko jarria izan dela esan zuen. Historiatik hartutako adibide batzu ere erabili zituen hizlariak P.N.V.ren demokrazia agertzeko.

Defentsa honen ondoren Arzallusek P.N.V.ek gaur dauzkan zenbait premia azaldu zituen, alderdi honek gaur erabaki-maila guztietara heltzeko asmoak dituela esanaz. Honek munizipio eta eskualde mailetan, alderdikoek tresna bereziak sortu beharko dituzke lehenbailehen, behetik gora, bide honen demokratikotasuna bizpahiru aldiz defendatuz. "Euskaldunok ez dugu behar kanpotik ekarritako eskemarik, gure herriak beti sortu baititu egokienak" Iraultzaren efektibitateaz bere zalantzak agertu zituen.

P.N.V.ri buruz egin zuen irudia "el partido de los vascos"ena izan zen eta ez "uno de los partidos de los vascos"ena. Beste opzio eta bide ba direla ere esan zuen eta baita ere beste talde hoiekin loturak egiteko asmoak ere, baina... P.N.V. ez da "alderdi bat", "alderdia" baizik. Hau izan zen, behintzat guk ulertu geniona.

Ezkerraldeko euskal alderdiek darabilten terminologiaren kontra altxatu zuen Arzallusek bere boza. Sabinok asmaturiko Euzkadi eta abertzale hitzen ordez Euskal Herria eta hertzale kondenatuz.

Arzallusek Madrileko "Mesa Democrática"n Gobernuarekin hitz egiteko egon beharra defendatu zuen, "han egosiko diren gaien testigu izateko". Etorkizun hurbilari begiratuz bazkide guztiei hurrengo hilabetetan jasoko diren burruketan partaide izateko eskatu zien.

Referendumean P.N.V.k ez zuela parterik hartuko esatean txalo handiak izan ziren Anoetan. Hala ere Arzallusek greba eta manifestaldiak Abenduaren 15ean egitea ez zuen onhartu, "langileen goseaz ezin jolas daitekeelako". P.N.V. alderdi iraultzaile bat ez dela esan ondoren, gaurko industria ezin dela behera bota esan zuen, hau adierazteko apokaliptiko eran hitz eginaz. Marxismoa ere ukatu zuen Arzallusek, kanpoko eskema bat baita. Euskal Herriko talde politikoen batasun beharra aipatu zuen, P.N.V.k hau lortzeko zer egingo duen esan gabe.

Berrogeita hamaika minutuko hitzaldi batetan, noski, beste gauza batzu ere esan zituen Arzallusek, baina puntu garrantzitsuenak hemen agertu ditugula aste dugu.

Diglosia

Noiz arte gure talde politikoen buru direnak euskara ukatzeko prest dira? Anoetan jasotakoa beste batzutan ere gertatu da. "Euskara ez dakiten batzu" bileran egon daitezkeela aitzakia ateraz, erderara jotzen da beti. Gero, noski, alderdi horik euskararen defendatzaile trebe modura agertzen zaizkigu... teorikoki. P.N.V.ren bileran Arzallus jaunak egin zuena ez zuen inork onhartu eta hizlariak erdaraz hastean oihu batek euskaraz egiteko eskatu zion. Horrela helduko al gara euskararen ofizialtasunera? 51 minututik 45 segundu euskara egitea euskara ukatzea dela uste dugu. Hau "espainolista" batek egitea barkatzekoa ez bada, nola onhar "Euzkadiko Alderdi Jeltzale"ko buru batek egitea? Ala "guztiek uler dezaten" horren aitzakiaz beraiek dakiten euskaratxoa ez dela inondik ere heltzen hain trebeki darabiltzen erdara dotorearen mailara ezkutatu nahi al digute?


Euskal Herrian

Euskal Herriko hizkuntz egoera. K.A.S.en alternatiba

EUSKAL HERRIKO ALDERDI SOZIALISTA (E.H.A.S.), EUSKADI TA ASKATASUNA (E.T.A. (p-m), LANGILE ABERTZALE IRAULTZAILEEN ALDERDIA (L.A.I.A.), erakunde politikoek, eta LANGILE ABERTZALEEN BATZORDEA (L.A.B.) eta LANGILE ABERTZALE KOMITEAK (L.A.K.) 1976.eko Hazilean bildurik, agiri hau plazaratzen dute.

Euskal Herriarentzako erabateko askatasun politikoak, hots, euskal jendeak bere etorkizunari buruz erabakitzeko gaitasun osoa, Euskal Estatu askatu eta birbatu baten lorpena adierazten du.

Iraultza sozialistaren lorpenak, langileriaren buruzagitzaz osaturiko Euskal Estatu horrek, Herri Errepublika Sozialista eta Demokratiko baten ezarpena adierazten du, eta bertako formula konstituzionalak, euskal gizartearen gestio osoan populuaren parte hartze osoa eta zuzena garantizatuko ditu.

Maila guztietan, euskal nazional eta herritar kulturaren berreraikuntza eta aintzinamendua, hori euskal langileriaren produktu eta adierazpen bezala ulertuz, zuzenago esanez, euskalduntzea eta euskararen erabiltzearen normaltze osoa, egungo egoera trilinguetik hasiz.

Modu berean, Euskal Herriarentzako betiko askatasuna, espainol eta frantses Estatuetako eta Europa eta mundo osoko beste herri guztientzako askatasunarekin doalako kontzientzia dugu, berau internazional solidaritatean inolako domeinurik gabe finkaturiko harreman mantenamenduari lotuta dagoelarik.

Aurrean aipatu helburu horik, gure herria zurrupatzen eta zapaltzen duten egitura kapitalista eta inperialisten deusestatzeaz ez bada ezin lortu daiteke K.A.S. antolakundeak, beraz, espainol eta frantses kapitalismo inperialisten aurkako burrukan, estrategia hori onhartzen du.

I.- Euskal Herriko errealitate diglosikoa

Euskara, gaztelania eta frantsesaren menpean dagoenez, Euskal Herriko hizkuntza egoera erabat diglosikoa da. Egoera hau, historian zehar konstante bat zaigu. Diglosia hau, produkzio moldeak ezarritako sistema politikoen ondorioa da.

Zapalketa sozio-politiko honek aurrerabide ekonomiko, politiko eta kulturala erdaraz ematera bortxatu gaitu, herri xeheak euskara infrabaloratzea lortuaz. Euskal Herrian industrializazioa ezartzen duen burjesiak, kapitalismoaren hazkundeak eraginda, Euskal Herriaren etorkizuna oligarkiaren eskuetan (bera ere barnean dela) uzten du. Hemendik sortzen da Euskal Herriaren menperatasun sozio-politikoa.

Politika zapalkuntza honen ondorioa garbia da, hizkuntza zapalketa. Gure herriak ezagutu duen inmigrazio neurri gabea dela eta, langile askoren artean ere erdara nagusitu da. Euskal jendea, hau da, nekazalgoa, langileria, eta beste zenbait sektore herritar euskaraz bizi izan da. Euskal jende honek osatu du gure errealitate iraunkorra.

Euskara, hizkuntza nazionala bihurtzea, sistema burjesak ezarritako zapalkuntza oro deuseztatuaz, langileriaren esku dago. Sistema burjes honek ezarritako kontraesan ekonomiko, politiko, juridiko, eta kulturalak gaindituaz, langileok lortuko dugu gure hizkuntza nazional ezartzea. Azken finean, Euskal Herriko Langileria eta Klase Herritarrok ez dugu izanen euskal hizkuntza eta kultura nazionala, geure klase eta nazio independentzia lortu arte. Beraz, hizkuntza arloan burrukatuko garen helburu estrategikoa hau da:

EUSKAL HERRIAREN BERREUSKALDUNTZEA, HONETARAKO EUSKAL HERRI OSOAN HIZKUNTZA NAZIONAL BAKARRA EUSKARA EZARRIZ.

Honek eskatzen du: Euskarari lehentasunezko sarbide progresiboa emanen dion politika baten ezin besteko beharra. Ahalik eta lasterren Euskal Herriko bizilagun guztiei euskara ulertzeko, hitz egiteko eta erabiltzeko ahalmena emango dien egiazko politika demokratikoa ezartzea, nazio hizkuntza eta kultura lortu ditzaten. Prozesu horrek ezin egiazki aurrerapen eraginkorrik izan, aurrez esandako eran, sendotzen ez bada prozesu horren benetako egitea, politika honi epeak ongi zehaztuaz.

II.- Gaurtik hasita lortu behar ditugun oinharrizko eskariak

1.- Erdarekin batera euskararen ofizialkidetasuna legez Euskal Herri osoan:

1.1. Administralgoan. Erakunde ofizial guztiak, dokumentazio oro eta abar, hizkuntza bietan izan daitezela.

1.2. Komunikabideak. Maila guztietan, euskarak erdarak adina denbora eta leku eduki dezala.

1.3. Ikastetxeak. Euskara eta euskal kultura, euskaraz irakastera progresiboki pasatuko dira. Hau da, irakaskuntza osoa euskal unibertsitateraino, euskaraz hartzeko egoki iritsi daitezen.

1.4. Magisterio eskola. Euskaraz dakiten ikasleentzat, irakaskuntza osoa euskaraz. Euskaraz ez dakitenak jakinda irten daitezela

1.5. Unibertsitatea. Euskaraz irakatsiko duen unibertsitatea behar dugu. Egoera honetara progresiboki iritsiko da.

1.6. Lantegietan. Maila guztietan euskara progresiboki sartuz joanen da.

2.- Euskal Herri osoan elebitasuna ofizialki ezartzea, orain arte pairaturiko hizkuntza eta kultur zapalkuntza luzearen ondorio guztiak ezereztu arte, euskarari laguntasuna emanaz.

3.- Galdua den lekuetan, berreuskalduntzea progresiboki eginen da, horretarako behar diren epeak mugatuz.

4.- Datorren Euskal Gobernuak berreuskalduntzeko aurrekontu ekonomiko berezi bat beharko du.

5.- Nazional kulturaren aitzineratzea maila orotan.

6.- Hizkuntzaz programaketa eginen duen erakundeak hemen bertan egon beharko luke, bai programatzeko, erabakiak hartzeko eta bai subentzionatzeko.

7.- Gure herriaren berreuskalduntzea irakaslegoaren esku egonen denez eta horietatikan % 85 ek euskaraz ez dakitenez, euskararen birbiztea ez dadin atzera eta irakaslegoak euskera ikas dezan, hiru edo lau urtetan euskaldun diren profesionariek (abokatu, peritu, laguntzaile sozial, lizentziatu...) Euskaltzaindiaren lehen mailako tituluaren jabe direnek irakaskuntzan ofizialki ihardun dezaten exigitzen dugu. Epe honen barruan irakaslego guztia euskaldun behar du izan.

III.- Oinharrizko eskabide hauk lortzeko urratsak

K.A.S. eta mementu honetan, puntu konkretu hau exigitzen ditu.

a.- Kargu ofizialak dituztenek (administralgo eta abarretan) euskaraz ikasteko bost urteko epea.

b.- Komunikabide maila guztietan euskararen ofizialkidetasuna ezarri. Euskal Herrian sortuko diren euskarazko zenbait aldizkari, errebista eta abarrei laguntza ofiziala ematea.

c.- Euskaraz egiten den lurraldeetan eta euskaraz ikasketak ematen den ikastetxeetan (ikastolak ez) gaztelania asignatura izatera iritsiko da. Erdaraz egiten den lurraldeetan eta irakasten den ikastetxeetan, aurtendik hasita, asteko bost ordu euskararentzat, ordu ofizialen barnean.

d.- Oraindik hasita, magisterio ikasten den eskoletan elebitasuna ezartzea eta Euskaltzaindiaren bigarren mailako tituluaren jabe izanik irtetea.

Unibertsitate eta Teknika ikastetxeetan ikasketak bukatzen dituzten ikasleek Euskaltzaindiaren lehen mailako tituluaren jabe izanik irtetea.

Irakaskuntzan ihardun behar dutenek (lizenziatu, doktore...).

Euskaltzaindiaren bigarren mailako titulua edukitzea.

e.- Euskal Unibertsitatearen eskaera. Distritu bakarra Hego Euskal Herrirako. Ipar Euskal Herrian unibertsitate esperimental bat kokatua denez, ahaleginak egingo dira bertan iraun dezan.

f.- Euskaltzaindiak behar duen urteroko aurrekontua eta ikastola guztiak diruz osoki eta ofizialki subenzionatzea.

g.- Lantokietan eta lanerako orduetan euskarazko klaseak ematea. Iragarki, txartelak eta abar, hizkuntza bietan jartzea.

Puntu hauk lortu ahal izateko herriari, eguneroko bizitzan euskara erabiltzen saia dadin dei egiten diogu: iragarki, txartel, propaganda, bulego, ta abarretan.

Eta berean euskararen birbiztearen aurka edo oztopoak jartzen dituztenen aurka burrukatzea eskatzen diogu. Bakoitzak bere erakunde barruan, politik eta sindikal erakundeek elebitasunari ekin diezaiotela: mitin, planfleto... Erakunde hauetako gidariek bi urte barru euskaraz jakin dezatela eta euskaldunak alfabeta daitezela.


Euskal Herrian

Bi talde ikurrin bat

Herriaren burrukak futbol mitifikatuaren maila osorik ukitu duela esan dezakegu. Futbol barruan urteak eta urteak lasai bizi izan diren idoloak, haragizko gizonak bihurtu zaizkigu gaur egun, Euskal Herrian, behintzat.

Joan zen Atotxako partidurarte, bagenekien, geure futbolarien artean ba zirela gure herriaren arazoetaz kezkatzen ziren zenbait; baina Atotxan talde bezala jokalariek ikurrinari egin dioten omenaldia, berria da. Arerioarentzat hau gehiegi izan da eta bere telebista penagarriak ez du ikurrina ikusi izan nahi. Atotxako tribunan zenbait tripakomin izan ziren igandean! Futbola ondoren Donostian betikoek erabili zuten gogorkeria eta gorrotoak, Atotxan izan zuen bere sorlekua.

Zer jaso da, beti hain ofizialki erabilia izan den kirola, orain mesfidagarri bihurtzeko? Herri burrukak, herri giroak idolen bihotz eta buruak ukitu dituztela, eta idoloak herri baten barruan bizi direla konturatu direla.

Metamorfosi hau ez da erraza izan. Epe luze batetan bi taldeak bata bestearen aurka jarriak izan direla, denok dakigu. Komunikabide ofizialek bi taldeen jarraitzaileen elkar gorrotoak handitu nahi ukan dituztela ere garbi ikus dezakegu. Euskal Herria zatitzeko, bi futbol taldeak oso bide erabiliak izan dira beti. Orain Atotxan jasotakoak eta beronen ondorioek, gorroto horik betirako alde batetara utziak izan direla esan nahi dutela, garbi dago. Atotxan ikurrinaren inguruan ikusi zen elkartasunak, asko esan nahi du. Atotxa euskal jaialdi bat izan zen. Donostiako "Hoja del Lunes"ek ikurrinaren legalizazioaren une historiko bat bezala hartu zuen Atotxan jasotakoa. Bilbon ere izen bereko astekariak zentzu berean hitz egin zuen.

Herriak futbolaren paradisuan bere ahotsa entzun erazi du. Herri kutsadura paradisu horren aire garbi eta paketsura heltzeko, zerbait jaso behar izan du —eta oso sakona, gainera— gure iji-ajazko herri trebe honetan.


Euskal Herrian

Laudion baimenik ez

Aiara haraneko 12 Hauzo Elkarteek manifestaldi bat egiteko baimena eskatu zioten Gobernadoreari, Laudio herriak dituen hirigintz arazoen aurrean herriaren ikuspegia eta konpon nahia agertzeko. Hazilaren 21ean hospatzekoa zen.

Era berean Ortega y Gasset Ikastetxeko Ikasleen Guraso Elkarteak Hitzaldi bat antolatu zuen Lateorron, hauzategi honek dituen hirigintz problemak aztertzeko.

Baina Gobernu Zibilak bi ekintza hauk debekatu egin zituen.

Arazoaren egoera

Laudioko herria (irudian ikus daiteken bezala) bitan partitua du trenbideak, Hibaizabal hibaiak eta Bilbo-Burgos kaminoak herritik Lateorro hauzategira iragateko bi bide daude soilik: oinezkoentzat lurpeko pasabidea eta trenbide pasua auto eta oinezkoentzat.

Lateorro aldean bi ikastetxe daude, bien artean 1.500 ikasle dituztela. Eta hauetarik hauzategi horretan bizi ez direnek lau bider pasa behar dituzte egunero hiru traba horik.

Hau dela eta asko trenak eta autoek erhan dituztenak, eta beste zenbait zauritu ere bai.

Egoera hau gainditu nahiz, orain urtebete, gutti gora behera, ondoko proposamenok egin zituzten Hauzo Elkarteek:

- Bilbo-Zaragoza autoestratatik, autobide bat ateratzea, Areta hauzategian, industri tokiraino joango dena, honela Laudio erditik kamioi handirik pasa ez dadin.

- Herriaren bi alderdiak autoz komunika ahal izateko airezko nahiz lurpeko zubibide bat eraikitzea.

- Trenbidea segurki pasa ahal izateko, oinezkoentzat bizpahiru pasabideren eraikitzea.

Hiru proposamen hauetarik bigarrena, zubibidea hain zuzen, orain urtebete onhartu zen. Baina deus ere ez da ikusten.

Egoera honen aurrean erabaki zuten 12 Hauzo Elkarteek manifestaldi bat egitea, herriaren nahia eta beharra eta administralgoaren nagikeria agertu asmoz.

Debekuaren ondorenak

Gobernazioaren ezetza jaso ondoren, erantzun gutun bat prestatu zuten Hauzo Elkarteok.

Eskatu genuen manifestaldi egitea debekatzeko Gobernu Zibilak eman dizkigun arrazoiak hauk izan dira:

- Eskari hori egitea ez delako izenpetzen zuten Elkarteen konpetentzia.

- Ordena publikoagatik.

- Arazoa dagokien Erakundeak jakinaren gain daudelako eta konponbide azkar batetarako urratsak emanen dituztelako.

Gobernadorearen erabakia onhartu eta manifestaziorako egina genuen deia erretiratu egiten dugun bezala, ohar batzu jarri nahi genituzke:

1. Gobernadoreak, Laudiora etorri zenean, haran honetako Elkarteak deitu zituen herriaren arazoak ager ziezazkioten eta honek, nolabait bederen, Elkarte hauen konpetentzia onhartzea adierazten du: ezin dugu, beraz, ulertu onhartze honen ondoren oraingo ukatzea...

2. "Kontrol gabeko taldeak" ugari diren une honetan, ongi deritzogu ekintza horik deuseztatzeko interesari. Talde horien ekintza galeraztea Ordena Publikoaren konpetentzia da, eta ez bilkuraren antolatzaileena, bilkura horren zentzua ez aldatzea beste egiterik ez bai dute.

Bestalde, Laudioko herriak bere gizatasuna ongi frogatua du zenbait istiluren aurrean.

3. Azkenotan oraingoaren moduko beste arazo berdintsu batzu aztertzeko zenbait bilkura egin dela, eta aurretiaz ugari anuntziatu diren legalizatu gabeko erakunderen zenbait batzarre irekik ez duela debekurik jasan ikusiz, erabat ulergaitz eta kontradiktorio deritzogu oraingoari.

Laudion, 1.976eko Hazilaren 19an.

Erantzun gutunean hirugarren puntuaren osagarri gisa eta ukapenaren ulergaiztasuna ikus ahal izateko, hona hemen Laudio bertan Hazilean Gobernazioaren baimenez egin diren agerketak:

2an: Areta hauzategian, satsudurari buruzko hitzaldi elkarrizketa.

5ean: Laudion alimentazioaz hitzaldi-elkarrizketa.

9tik 12ra: Emakumea eta haurraren osasunari buruzko astea.

17an: Laudioko satsudurari buruzko hitzaldi-elkarrizketa.

10an: E.L.A.-S.T.V. (Lejoa)ren aurkezpen irekia, bere helburu, egitarau eta ekintzabideak agertuz. Honek ere baimena izan du (nolabaitekoa), Guardia Zibilaren inbestigapen brigadako batzu presente direla eta aurretiazko propaganda kontutan harturik.

Jakingarri litzateke lehen lau hitzaldiak Hauzo Elkarteek eskatuak zirela. Azkena, aldiz, legalizatu gabeko erakunde sindikal bat denez, eta "oposiziokoa" gainera, bere militanteek diotenez, Laudioko jendeak ezin uler dezake horien aurkezpenak baino problema gehiago sor lezakeenik arazo batzurentzako konpondu nahia herriak bakez eskatzeak.

Honelako "demokrazia" baten beldur da jendea, herriari beldurra diotela uste bai du. Eta bitartean, Laudioko herrian, alde batetik bestera pasatzean, jendeak hiltzen segituko du, eta herriak ezingo du agertu bere hitza.

A. Errota


Euskal Herrian

Iruinea: legegizonak preso

Ostiralean, hilak 12; Iruinean Poliziak 28 pertsona detenitu zuen, beren artean 5 legegizon, beren bulegoan lan egiten duten andreak, eta bezero batzu ere.

Goizeko lauretan, bulego atean zain zegoen polizia, eta sartzen zen guztiari altoa eman eta komisaldegira eramaten zuen. Inori ez zitzaion detentzioaren motiboak jakin erazi. Inori ez zitzaion ez Abokatu Kolejiora ez Magistratura de Trabajora deitzen utzi. Abokatu hauetatiko bik, beren bezeroen defentsa egin behar zuten goiz hartan Magistraturan. Beste abokatu bat, gezurrez eraman zuten. Beste bat gaixorik zegoen, bainan azaldu zenean, berdin eraman zuten.

Komisaldegian 40 ordu pasa ondoren, Gurruchaga, Lasa eta Lezana abokatuei interrogatorioa egin zieten. Galdera gehienak beren egunoroko lanari buruz izan ziren: bulegoaren funtzionamendua nolakoa den, zer jende moeta defendatzen duten, zer alderditakoak, laboral gaiak edo politikoak... eta abar. Despatxu honetan era guztietako lanak egiten dituzte, baina oso bereziki langileekin mugitzen dira batikbat. Gainera, bost legegizon hauetatiko bi, Amnistiaren aldeko batzordekoak dira. Esan beharra dago, biak, Iruinean emandako amnistiaren aldeko asanblada batetan egin ziren oihu eta jarri ziren pankarta eta ikurrinengatik, multatuak izan zirela, beste lau pertsona batzurekin, orain dela gutti. Guztiek "rekurso" delakoa egin zuten, baina recursoan emandako arrazoiak ez dizkiete onhartu, eta zihur aski, laster, seirak gartzelaratuak izanen dira.

Baina, goazen harira, Detentzioak 48 ordu iraun zuen. Bitartean, bi ordu terdiko miaketa egin zuten despatxuan, Juzgatuko Idazkaria aurrean zegoela. Eta, noski, edozein tokitan bezala, paperen batzu aurkitu zuten, baina "garrantzizko" gauzarik ez.

Berria jakin zenean, Iruineko abokatu gazteak mugitzen hasi ziren. Gauzak argitzeko asmoaz, Komisaldegiko Nagusiarengana zuzendu zituzten beren pausoak. Horrela detentzioaren arrazoia jakitera heldu ziren. Eta hona hemen: Ostegunean bi mutil detenituak izan ziren, eliza batetan egin zen asanblada batetatik irteten ari zirenean. Beren gauzen artean, bulego honen telefonoaren zenbakia aurkitu zieten. Honetan oinharriturik poliziak zera pentsatu zuen: bulego honetan biharamuneko huelgaren koordinaketa eginen zen.

Abokatu gazteen hiru ordezkarik Juezarekin hitz egin zuten, bai detentzioari, bai bulegoa miatzeko baimenari buruz. Juezak, bere burua garbitzeko nahian edo, trantsiziozko momentu honetan, legal eta ilegal diren ekintzak bereiztea oso zail zitzaiola esan zien. Abokatuek, gertakizun honek botere judiziala gobernal kriterioaren —edo txarrago dena— gobernariaren iritxi pertsonalaren edo txandako komisariaren ustearen menpean zegoela frogatzen zuela erantzun zioten.

Honen ondoren, Abokatu Kolejioko Dekanoa ikustera joan ziren. Honek, berria jakin zuenean, Komisaldegian bere protesta jakin erazi zuen, autoritatearen arinkeriagatik.

Detenituen sendiko bat, arkitektu bat eta abokatu gazteen ordezkari bat, berriz, komisariarekin hitz egitera joan ziren. Poliziaren ekintza honek helburutzat bulego hori —langileei dedikaturik dagoen bulego bat— desprestijiatzea izan zuela esan zioten. Komisariak, polizia batzuk holako bulegoei herra dietela onhartu zien, nahiz eta berak, abokatuen kontra ezertxorik ez duela aitortu. Abokatuek asanblada hartan parterik ez zutela hartu ere esan zuen, baina hala ere, ez zituen askatu, nahiz eta berarekin zeudenek hori eskatu. Hala ere, Juezak askatuko zituela esan zien.

Abokatu kolejioko Dekanoak, ez juezak, ez eta poliziak ere, ez zutela hola obratzeko motiborik izan aitortu zuen, larunbata arratsaldean eginiko bilera batetan. Bai eta gertakizun hau denuntziatzeko asmoa zuela ere. Era berean, Abogaziako Kontseilu Jeneralari jakineraziko ziola.

Abokatu gazteek protesta idatzi bat argitara eman zuten, eta berriz komisaldegian azaldu ziren, beren kideen askapena eskatzeko asmoz. Oraingoan, inork ez zituen errezibitu. Gauza bera gertatu zen Kolejioko Dekanoarekin ere.

Igande goizean, Juezak, oraindik deteniturik zeuden 14 pertsonak askatu zituen, beren artean 5 abokatuak zeudela.

Gertakizun honek argi eta garbi uzten digu, zapaltzen gaituen sistemaren hainbat kontraesan. Egun horretako huelga konbokatu zutenak. Madrilen kalean libre ibili ahal izan dira, batzu polizial protekzioaz eta guzti. Beste batzu, Iruinean, ezeren frogarik gabe, detenituak izan dira eta beren despatxua zeharo miatua. Gertakizunak hainbat gauza argitzen digu. Horregatik, indar gehiagorekin gure lanari eutsiko dio Iruineako langile herriak.

KOLDO


Euskal apareilarien eskeak

Hiru egunez Apareilari eta Arkitekto Teknikariek beraien bilera nagusia izan dute Malagako Torremolinosen. Estatu osoko apareilarien aurrean euskaldunek izan duten agerpenak Euskal Herriko arazoak argi eta garbi azaldu ditu. Eta euskaldun gisa apareilarien agerpen honek ondorio batzu izan ditu. Agiri baten bidez bilera nagusi honetan gertatutakoak ezaguterazi nahi izan dituzte Torremolinosen egondako gipuzkoar apareilariek. Hara hurrengo lerroetan agiri honen laburpena.

Krisia

Beren ogibidea krisi sakon batetan sartuta dagoela esanez eman diote hasiera agiriari apareilariek. Estruktura kapitalistek apareilari eta arkitekto teknikarien jokabidea hondatu eta elite moduko giro batetan sartu dutela diote, elite bizimodu honen ordaintzailea, noski etxe-eroslea izanez.

Oinharrizko akats hau zuzentzeko bilera nagusi bat antolatu zen. Gizarte demokratiko batetara beren ogibidea moldatzeko gertua izan zen, hain zuzen. Torremolinos bilera nagusi honetako biltzar herria gisa aukeratzea salatu ondoren —Torremolinos jaitoki bat denez gero herrialde konfliktibo guztietatik urrun dago—, hari bildutako 1.200 lagunen aurrean gipuzkoar apareilariek Euskal Herriko arazoak azaldu zituzten. Hiru puntu nagusiak hauk izan ziren:

a) Konstrukzio arloak sozializazio baten behar bizia du, lurraren eta etxegintzaren kalitatearen kontrolek ere duten bezala. Estruktura kapitalistak, etxe-beharraz baliatuz, esplotazio izugarrizko bat bihurtu du etxegintza.

b) Nazio eta herrialde bakoitzak beren unibertsitate berezia behar dutela agertu zuten apareilariek bigarren puntu honetan, unibertsitate hauek ikasleek demokratikoki gidatuak izan behar dutela esanaz. Unibertsitateak, gainera, ikerketa lan berezi bat egin behar du, ikerketa ez baita Estatuaren monopolio bat. Ikerketa hau gizarte osoa hobetzera zuzenduko litzateke.

c) Alokairu edo soldaten bidez konstrukzio entrepresek apareilari eta arkitekto teknikarien artean zegoen batasuna zatitu dute. Konstrukzio barruan dabiltzan "elite" langile hauek elitismo hori alde batetara utzi eta, beste guztiekin batetan, sindikatu demokratiku baten bidez beren lan eskubideak defendatu nahi dituzte.

Hiru puntu horien ondorio bezala, euskaldun hauek beren asmoak horrela agertu zituzten:

- Goitik-beherako sindikatua ukatu.

- Alokatu profesionalak sindikatu klaseko, demokratiko eta libre batetan sartuak izan daitezela eta hau (garrantzi haundiko puntua dugu) nazio bakoitzean sortu diren sindikatuak guztiz errespetatuz.

- Kolegioek eta sindikatuek elkarrekin joka dezakete.

- Kolegioek autonomoak izan behar dute eta, gaurko Goiko Konseiluaren ordez, federazio demokratiko baten beharra dago.

- Gizarte barruan duten influentzia argi ikusi eta neurtu behar dute Kolegio hauek.

Nazio arazoa

Nahiz eta une guztitan euskal apareilariek nazio bezala Euskal Herriak duen identitatea baieztatu, USOk, UGTek eta CC OOek bidalitako gonbidatuek, beraien hitzaldietan, nazio arazo hau alde batera utzi zuten. Gero, gipuzkoarrek egindako eskaera bati erantzuna bezala, amnistia orokor bati buruz hauteskunde bat egin zen. % 71 amnistia orokor baten alde agertu ziren eta % 20, aldiz aurka.

Bilera Nagusi honetan gipuzkoar Apareilariek argi ikusi dituzte bi puntu: nazio arazoa bai eskuindarrek eta bai estatalista ezkertiarrek behin eta berriro ukatu nahi dute eta, bigarren puntua bezala, beraien profesioa alienatuta segituko duela, nazio arazoa ukatua izatean.


Elkar ikuska

Biblia euskara batuan. Euskal protestaimteak prest

Gure azken zenbakian "Tantaka"n, aipatzen zenez, Euskal Herriko Eliza Ebangelikoak euskara batuan Bibliaren itzulpena egiteko asmoak ditu. Xabier Kintanak egindako "Tanta" hori irakurri ondoren gai honetaz gehiago jakin nahi izan dugu eta, honetarako, bi pertsonengana jo dugu. Bata Julian García izan da, Bizkaiko Eliza Ebangelikoaren artzaina. Bestea, Iñaki Mendiguren, eliza protestante honen jarraitzailea eta Xabier bere anaia bezala, euskaltzale trebea.

Julián García artzaina Bilboko Zabalburu plaza inguruan Eliza Ebangelikoak duen aretoan aurkitu genuen. Martin Luther King ebangelikoaren irudi bat orma batetatik begiratzen gaituen artean, gure elkarrizketa zuzenki doa Biblia euskara batura itzultzeko asmo hauetara.

"Gu prest gara"

— Dakizutenez Leizarraga kalbinistak euskaratu zuen lehenik Biblia, XVI mendean— esaten digu hirurogei urteko artzain honek. Dirudienez, euskal Biblia protestante hau dugu euskaraz idatzitako lehen liburuetariko bat.

— Zuentzat, orduan, euskarara Biblia itzultzea ez da gaurkoa...

— Protestanteok, generalki, beti kontutan izan dugu herri bakoitzean egiten den hizkuntzan erabiltzea. Orain ere bide horretatik jotzeko prest gaude, gure aldetik...

— Gure aldetik, esan duzu: ba al dago besterik?

— Bai, noski Bibliaren itzulpen hau katolikoekin batera egiteko, geure aldetik, oztoporik ez daukagulako.

— Nola egingo litzateke itzulpen hau?

— Nire ustez Itun Berritik hasi beharko litzateke, errazago delako. Itzulpen guztiak, noski, hebraieraz eta grekoz idatzitako iturri jatorretatik egin beharko dira.

— Hebraieratik Euskarara eta Grekotik Euskarara, orduan...

— Hala da. Eta lan hau egiteko, jakina, bi hizkuntza horik eta euskara oso ederki ezagutuko behar dituzte lan horretan sartzen direnek.

— Horrelako "jakintsurik" ba al duzue zuen Eliza Ebangelikoan?

— Bai. Euskal Herrian lan hori egiteko guttienez sei pertsona ditugu, eta katolikoen aldetik ere bai, nire ustez.

— Lan horri ekiteko, dirua beharko...

— Londresen ba dago elkarte erdi-filantropiko bat, "Biblical Society" deritzona. Elkarte horrek era honetako lanak osorik laguntzen ditu. Laguntza hau lortzeko egin beharko genukeen gauza bakarra hau izango litzateke, hain zuzen: Ebangelio edo eta Epistola baten itzulpen on bat egitea, Londresen lan haundiagoak egiteko gerturik gaudela ikus dezaten.

— Diru emate protestante honek ez al du itzulpen protestante baten alde jokatuko?

— Inola ere ez. Gaur egun dugun giro ekumenikoan horrelako arriskurik ez dago. Guk, katolikoek edo guk eta katolikoek egindako itzulpen lana, lan ekumeniko bat izango da beti, nire ustez.

— Katolikoek itzulpena finantziatuz gero, orain bezain prest egongo zinatekete zuek?

— Bai, bai noski. Gure aldetik eta katolikoen aldetik nahi duguna Biblia Euskal Herriari bere hizkuntzan agertzea da, Euskal Herria Bibliara inguratzea.

— Non dago lan hau aurrera eramateko zailtasunik haundiena?

— Lan honi ekin dakizkiokeenak osorik itzulpen lanera bihurtzea, beste lan guztiak utzi eta itzulpen lana bakarrik egitea. Bokazio kontua da.

— Londresek dirua eman eta lana egina dela pentsa dezagun. Hau "tanto" ederra litzateke, katolikoei sartutako "gol" bat, ez al da horrela?

— Gure aldetik ez genuke horrelakorik pentsatuko, ez eta protestanteek dirua jarri dutela inoiz esan. Gure asmo bakarra Jaunaren hitza gaurko Euskal Herriari bere hizkuntzan agertzea da.

Eta hitz hauekin artzainarekin elkar-hizketa amaitu eta Iñaki Mendigurenerantz jo genuen.

"Taldekeriarik ez"

Giputza dugu Iñaki Mendizabal, Ezkiogan jaioa. Jesuita izateko bideetan jarri ondoren, gero ebangelikoa egin zen. Gaztea da, neska ingles batekin ezkon berria. Nahiz eta baserritarrak izan, gurasoek bere "konbertsioa" (protestante aldera, noski) onhartu zuten.

— Euskal Herrian protestanteok geure tradizioa dugu—, esaten digu Iñakik, bere protestante egitea "mistika iraultzaile bat" bezala ager ondoren. Gero Leizarragak XVI mendean egin zuen Bibliaren itzulpenaz hitz egiten dugu.

— Gaur egin nahi dugun itzulpena ez da noski Leizarragak egin zuena bezala. Leizarraga, kalbinista hutsa zen aldetik, kulteranoa izan zen bere itzulpenean, bere itzulpenarako, hitz asko hartuaz, nahiz eta euskal hitz berezia ezagutu: "pescatore" "arrantzale" ordez, "fluvioa" "hibaia" ordez eta horrelakoak. Gaur hitzak bigarren maila batetara iragan dira eta hitz horiek gaurko pertsonari zer esan nahi dioten, hitzen esannahia begiratuz itzuliko genituzke.

— Lan hau egiteko, nola ikusten duzu katolikoekin batzea?

— Posibilitate haundiak ikusten ditut, katolikoen artean taldekeriarik sortzen ez baldin bada. Nik katoliko irekiak eta lan hontarako oso egokiak ezagutzen ditut Euskal Herrian.

— Euskara batua egokia al da Biblian erabiltzen den mintzaira itzultzeko.

— Beste edozein hizkuntza bezain egokia.

— Nola gaindituko zenuteke, bai zuek eta bai katolikoek, bi erlijioen artean dauden oinharrizko desberdintasunak?

— Interpretazioak borondate onaz eginez. Ba dira, bai, desberdintasunak, Ama Birjina "graziaz betea" ala ez ikustea edo "penitentzia" guk "damutasuna" bezala begiratzea, baina borondate onak zailtasun horik ttikitu egingo ditu.

— Euskal protestanteek euskara batuari laguntzeko prest eta Bizkaiko Apezpikutegiak, berriz, bizkaierari jo eta ke; euskara erabiltzen duenean, jakina...

— XVI mendean gertatu zena ikusi ondoren, ironikoa izango litzateke orain ere bestainbeste jasotzea, benetan. Euskal protestantismoarentzat, dudarik ez, asmo hauk aurrera eramatea gauza on bat izango litzateke. Bai guretzat eta bai kristau sentitzen den euskaldunentzat.

— Zuen elizkizunetan euskara erabiltzen al duzue?

— Bilbon ez, euskaldunok bi edo hiru (hirurogeiren artean) garelako. Orain geure haurrei "Euskalduntzen" irakasten hasi gaituk. Donostian, ordea, bai, eta liburuxkaren bat euskaratu dute gainera, nahiz eta gipuzkeraz izan.

— Zertarako balioko du, hitz batez, Biblia euskara batuaz itzultzeko lan hau?

— Euskal katolikoek eta euskal protestanteok elkar ezagutzeko Biblia batu bat oinharri garrantzitsu bat izango litzateke.

Asmoak hor daude, ba dira medioak. Lana nork egin? Gure ustez etorkizun hurbil batek erantzuna emango digu.

X.A.


Euskal Herrian

Heziketa sanitari egokiaren bila

Euskal Herriko Medikuntz eta Osasun Antolamendua guztion onerako ongi aztertu behar dugun gauza bat da. Gure bizitzearen beste alderdi askotan gertatu ohi den bezala, kasu honetan ere ez dugu eduki Euskal Herrian, euskaldunok antolatua eta euskaldunon onerako zuzenduriko erakunderik. Idatzi ere, oso gutti idatzi da honetaz, eta ba ordua, ostrukaren begi-hertse itsu eta zozoa alde batetara utziz, geure oinharrizko arazoez kezkatzen has gaitezen. Patxi Letamendi mediku gazteak lehen pausoak eman nahi ditu bide honetatik, eta jendearen ardura nolabait pizteko, artikulu bilduma bat prestatzeko asmoa du. Hurrengo lerroetan duzuena, serie horretako lehena duzue. Lanaren bidez, lortuko ahal dugu herriaren zerbitzutan jarritako Medikuntzarik!

Osasunaren Mundu Antolakundeak dioenez, osasuna izatea, fisikoki, mentalki eta sozialki sano egotea da: Dena ekilibrio harmoniko batetan. Horrela, ez da posible fisikoki sano egotea, mentalki eta sozialki sano ez bagaude, eta alderantziz.

Hala ere, definizio hau —ederra izan arren— gaur egun ez da onhartzen, utopia bezala kontsideratzen baita. Horren ordez, kontzeptu ekologiko berri bat sartzen da: Osasuna, inguruarekiko egokitze hobe edo txarragoaren ondorioa da. Bizitz inguruari ongien egokitzen zaionak, osasunik onena izanen du, eta, alderantziz, egokitu ezinik dagoenak, osasun eskasa.

Osasuna guztion eskubidea da

Bai, gure eskubide bat da, eta ba liteke eskubiderik, oinharrizkoenetarikoa, lehenenetarikoa ez, aurrerapenaren oinharria baita. Pertsona osasuntsua, lotura triste bezain gogor batetatik aske dago, eta bestela, eri dagoena. Gizon eria gizon zapaldua da, eta beronentzat —sarri behintzat— beste askatasun moeta guztiak soberan daude.

Osasuna, beraz, gizon guztion eskubidea da; eta gainera, osasuna dela eta asko ordaintzen du Herriak urtero, eta eskubide osoa du laguntza sanitaririk onena edukitzeko. Kontzeptu hau argiro uztea, garrantzi handitako gauza da, zeren eta oraintsu arte, medikuntza eta karitatea gauza bertzat hartu izan baitira, eta ba da ordua eta garaia, mito eta interesez beteriko ideia hau baztertzeko.

Osasunaren garrantzia

Gauzak gurpil zoro batetan bezala gertatzen direla esanen nuke. Hara zein den, ene eritziz, osasun faltaren inguruan sortzen den gurpil eroa.

Eskema horretan adierazten dudanez, osasunak ba du zer ikusirik kulturarekin, hazkunde intelektualarekin eta, azken batez, aurrerapen eta hazkunde orokorrarekin.

Dudarik ez, horrek ez du esan nahi, osasun ona duten guztiak intelektualki maila gorenekoak izanen direla nahitaez; baina "hazia ernetzeko lur hobea" izanen dutela, gauza segurua da.

Ondorio modura, beraz, geure Herriaren egoera hobetu nahi badugu, beste punto askoren artean, osasunaren ere oso kontutan eduki beharko dugula esanen nuke.

Osasuna hobetzeko, bestalde, bide desberdin askotan jokatu beharko dugu, haurren heziketa sanitariaren arloan batez ere, zeren eta geroari begira eta "ia gureak egin du" esaldia gogoratuz, pertsona nagusi eta helduekin hastea —hauxe ere bai, noski— baino harrekin ihardutea errentagarriago eta positiboago izanen dela uste baitut.

Denok desio diegu osasun on eta bizitze luzea geure haurrei; baina hori egiatan gerta dadin, hainbat ohitura desegoki aldatu beharko ditugu. Ba ote gaude prest, bide horretatik abiatuz egin beharko ditugun sakrifizio eta ohitura-ukamenak egiteko?

Haurren heziketari begira, hauxe esan behar dugu medikuntz eta sanitate ikusmiratik. Gure haurrak familia batetan jaioak dira, ikastolara doaz eta herri edo hiri batetan bizi dira. Hiru mundu edo sektore hauen eragina jasaten dute eta, neurri handi batetan behintzat, haurren formazio sanitaria ere, sektore hauenaren arauerakoa izaten da. Artikulu honetan adierazi nahi dudana, horixe da hain zuzen, esandako hiru mailetan osasunaren aurkako egintzak egiten ditugula, eta horien kausaz osasun kaxkarragoa eta, dudarik gabe, hazkunde orokor eskasagoa izanen dugula.

Bai pertsonalki eta bai kolektiboki, txarto gabiltza gauza askotan, geure osasuna arriskutan jarriz. Honela, adibidez, indibidualki pentsaturik, errebisatu, berraztertu eta berrantolatu egin behar ditugu geure elikadura, higienea, deskantsua, heziketa sexuala eta abar, eta kolektiboki pentsaturik, geure ohiturak, geure inguruko satsudur egoera, geure hirietan gertatzen den jende-pilamendua eta beste.

Elikadura

Sarri —gehienetan ez esatearren— euskaldunok geure zentzuen gozamenari begira jaten dugu, geure eguneroko premiei erantzuteari begira jan beharrean. Bestalde, gehienetan, gure janariak ez dira ongi balantzaturik egoten (karbohidrato, koipe eta proteina kantitateez esan nahi dut), eta kalitate biologikoari dagokion aldetik ere, ez dira onegiak izaten maiz. Hori dela eta, hainbat problema agertzen dira gure artean:

a) Loditasuna, eta beronekin batera datozen konplexuak, istripu traumatikoak, arteriosesklerosia, bihotz eritasunak eta abar.

b) Anorexisa, hau da, jateko gogorik eza. Haurren artean agertzen da sarri, aurretik lar jateagatik.

c) Extrenimendua, biologikoki oso degradaturiko gauzak jaten ditugularik, gorotzak egiteko masa nahikorik ez baitugu.

d) Gorputzaren garaiera. Estatistikoki ikusi denez, giza taldeen batezbesteko garaierak zerikusi handia du elikatze ohiturekin.

Higienea

Honetaz ere, euskaldunok ba dugu zer konpondurik, zeren eta gure higiene maila munduko beherena ez den arren, gorena izatetik ere nahiko urrun baitago.

Zenbait alditan, kriterio etiko edo sozial batez garbitzen gara, hala nola, mezatara medikuarengana edo andregaiarengana joateko eta abar. Baina ez geure bizitzarako higiene plangintzarik dugulako.

Garbitasunaren izenean eta geure onerako, egunero edo ia egunero dutxatu beharko ginateke, eta burua ere, sarri garbitu beharko genuke —astean behin edo bitan—, ile luzedunek batez ere. Zenbatek egiten dugun horrela?

Edozein modutan, garrantzizkoago da, eskuen garbiketaz zerbait jakitea. Frogaturik dagoenez, esku zikinen erruz hainbat eritasun harrapatzen dugu, eta hori dela eta, ez genuke ahantzi behar, jan aurretik eta beharrizan biologikoak egin ondoren eskuak garbitzea.

Hortz-haginen higienean ere oso gaizki gabiltza. Izatez, puntu honetan mundu osoak duen problema bat da, baina gure artean oso nabarmen agertzen da.

Atsedena eta jolas orduak —hauk ere higiene arloan kontsideratu behar baitira— beharrezkoak dira, haurrentzat batez ere. Etxeetatik hasi behar dugu, atseden orduak errespetatzen eta ahalik eta baldintza egokienetan betetzen. Sarritan, gure atsedena bortxatua gertatzen da, tentsioz betea, mugatua. Eta hori oso kaltegarria da, horren kausaz hainbat patologia sor bailitezke: lo ezina, buruko minak, neke kronikoak, errendimendu baxua, neurosismoa, e.a.

Ohiturak

Hauen artean, geure Herrian nabarien eta gogorren salhatu behar ditugunak, alkoholarena eta tabakoarena dira. Alkoholismoa problema latza eta grabea da gure Herrian, eta gainera, konpontzeko zaila.

Alkoholismoa dela eta tontoturik bizi gara, erreakzionatzeko kapazitaterik gabe, jopu alai batzuren antzera. Alkoholismo asko dagoen herrietan, kultur maila beherea ohi dago, gutti irakurtzen da eta, azkenik, gaixotu eta hil ere gazte egiten da.

Tristea da, baina, hala ere, agirian dagoen gauza da, gure herrietako jendeak tabernak milaka egotea eta liburutegi publiko dezenterik edo eta guztiontzako polikiroldegirik ez egotea normaltzat hartzen duela ikustea.

Antolakunde eta egintza kolektiboak

Arazo indibidualak —neurri ttiki batetan behintzat— aipatu ondoren, arazo eta egintza kolektiboez ere, ba dugu zer esanik. Guk hiru arazo aipatuko ditugu soilik: poluzio eta kutsadurarena, jendearen pilamenduarena eta salubritate publikoarena.

a) Satsudura eta kutsadura. Maiz aipatu eta azterturiko gaia, baina oraindik konpondu gabea. Garrantzi handia du sanitate ikuspuntutik. Ekologi sistema aldatzen ari gara eta jadanik horren ondorioak jasaten ari gara: bronkitisak, udako beheranzkoak eta abar.

b) Jendearen pilamendua. Duten itxura gorabehera, nork esan dezake gure etxeak osasuntsuak direla. Ba dakigu jakin, Afrika edo Hego Amerikako etxolak bezain eskasak ez direnak; baina hala ere akats asko dituzte. Elkarren gainean bizi gara ia, erabat pilaturik, espazio zabal handirik gabe, eta oxigenatzeko problemekin. Sarritan pentsatzen dut, gorrotoz eginiko herri eta etxeak ditugula, zeren eta gure hiri eta herrietako hauzategi batzu baino gauza itsusi eta desfuntzionalagorik gutti izanen baita. Problema handierekin aurkitzen gara, adibidez, eriak etxe batzutatik oheskatan atera nahi ditugunean; beste batzutan, eriautoak ezin heldu ahal izaten dute etxeen atarietaraino; eta abar luzea.

Etxe eta herri deshumanizatutan bizi gara: leiho ttikiak, panoramika minimorik gabe eta esan dudan legez, afuntzionalak.

c) Salubritate publikoa. Edateko ura, gorotz eta exkrementuen kontrola, eritasun-garraiatzaileen tratamendua eta beste horrelako gauza asko aztertu eta hobetu beharko genuke. Honek duen garrantzia ikusteko, Thomas Mc Kwew izeneko epidemiologoak hauxe dioela gogoratuko dugu: "Mendebaldeko herrietan hobeto bizi bagara, honako hiru puntu hauengatik da: Janarien ugaritzeagatik, birsorkundearen kontrolagatik eta salubritate publikoaren aurrerakuntzagatik" Gaurkoz nahikoa da. Hurrengoan bestelako puntu konkretuago batzutaz arituko naiz. Eta ea poliki-poliki, guztion lanaren fruitu gisa, geure Herriaren zerbitzutan egon dadin Medikuntzarik lortzen dugun! Hala biz.

P. Letamendi


Euskal Herrian

Iruineako Magisterio ikasleak eta euskara

Euskarazko katedra bat Iruineako behe Mailako Irakaskuntzako Unibertsital Eskolan sortzeari buruz, Nafarroako Diputazioak argitara eman duen albistearen aurrean, behean izenpetzen dugun Magisterioko ikasleok beharrezko uste dugu urrengo zehatasun hauk adieraztea:

I.- Uste dugu katedra horretako egin den kontratazioak ez digula inolako garantiarik merezi, zeren, ez Euskaltzaindiak —gaurkoz euskararen alorrean den eredurik onhartuena izanik— ez eta delako Euskaltzaindia horrek Nafarroan duen ordezkaritza ofizialak ere, ez eta "Principe de Viana" erakundearen euskararen aldeko batzordeak ere ez dutelako deus ikustekorik izendatze horretan.

II.- Izendatzeko modu hori aldebatetik antidemokratikoa eta onhartezina da, edozeinentzat ahal bide berdinik utzi ez baitu, eta beste aldetik ez da inolako harreman edo parte hartzerik izan gure aldetik eta hona orain ez dakigula, nola duen izena ere izendatuta dagoen ordezkari batekin aurkitzen gara.

III.- Eginketa ilun eta demokraziarik ezaren aurrean, nahitanahiezko eskakizun hauk adierazten ditugu:

A.- Argitasuna eta informazioa, ikasleok parte hartu ahal ukan dezagun, hainbeste ukitzen gaituen arazo batetan.

B.- Euskaltzaindiaren gain gel dadila 76-II-26-ko Dekretuan (B.O.E. 76-III-25) ezagutzen zaion eskubidea, euskarazko arduradun egokiak izendatzeari buruz.

C.- Irakaskintza hau euskara BATUA delakoan egin dadila, honela bakarrik lortuko baitugu behar duen aberastasun eta egokitzea, bai zientzi bai literatur aldetik, HIZKUNTZA GAURKOTU bat bihur dadin.

D.- Ikasketak astean lau ordutakoak eta talde txikietan, gehienez 20 pertsona, izan daitezela, esperientziaz ba dakigu ikasle multzo handiagoetan ezina dela hizkuntzarik ikastea.

E.- Gure Eskolan gaurkoz diren maila guztietara irits dadila: 1., 2., 3., 4., eta Alfabetatzea.

F.- Ikasketa hau ofiziala izan dadila, aukera maila batetan.

IV.- Guzti hau egia bilakatzen den arte (uste dugu ikastaro honetan izanen dela) egokiena deritzoguna zera da, Eskolako zuzendaritzak, Nafarroako Forudun Diputazioarekin batera, era guztietako laguntzak eman ditzala (Eskolako gelak, diru laguntzak eta abar) Euskaltzaindiaren ardurapean geuk, ikasleok, antolatzen dugun ikasketarako.

V.- Agerian utzi nahi dugu, euskararen ikasketa guretzat behar beharrezkoa dela, maisu bezala gerokoan elebitasunaren arazoarekin topatuko baikara eskolan.

VI.- Eta pentsatzen dugu azkenik, lehen aipatu baldintzak betetzen baldin badira, katedra hori urrats baiezkor bat izanen dela gure hizkuntzaren NORMALIZAZIO bidean.

VII.- Berri emanez eta garrantzi handiko ohar bezala, jakin erazi nahi dugu, Bilboko eta Donostiako E.G.B.-ko irakaslegoko ikasleentzat prestaturiko euskarazko eskolak, Euskaltzaindiaren ardurapean daudela, ofizialki euskara batua emanez, gorago esandako baldintzetan.


Euskal Herrian

Lopintania 1

Lopintanian bozketak

 "El león no es tan fiero como lo pintan" Nik neuk Lopintan (majuskulaz) honek kazetaritzan graduaturiko erdi animalia naizen honek, hatxez josiriko artikuluz artikulu bati ereduzko taju bat ematera abiatzen naiz. Oraingo aldi honetan, gai gutti dugunez irakurlegoaren atseden gisa, gure Estatu berri honen berri ematera ausartzen naiz, neu bainaiz Lopintaniako bestsellergilea.

Erroilo gehiagorik gabe, sar gaitezen gaian: Lopintana dugu animalia fieroenetariko absolutuena. Lopintan-sentimentu honek batzen gaitu Lopintan guztiok. Denok harro gaude Lopintan izateaz. Izan ere, Lopintan izatea pribilegio bat da, sistemak errekonozituriko inteligenteek, bestela uste badute ere. Balioz, lan egiteko baino ez dugu balio; baina egiatan, gure labore soziala, tabernatan egiten dugu arruntero. Gure aurpegia irribera da. Hitz asko eta hizkera baikorra. Kantatzeko prest gaude, eta gure jantziak eranskailuz beterik daude, batez ere oraingo botatzea dela eta. Jakina, telebistan agertzeko koefiziente mentalera ez gara ailegatzen. Baina guk ez dugu askorik botako. Francoren ondoren, ez genuen usteko botarkiarik etorriko zenik. Horregatik ez gaude prest eta gerturik botoa emateko. Gainera, guk ez dugu ezer ematen, eskerrik askorik ere ez. Baina hori berdin zaie jende inportanteei. Uste dute, guri hitz politak emanez gero, animaliatxoen antzera erantzungo dugula Lopintatxook, baina baia... zera!

Egia esan, gu ez gara jende formala, zerebroa erdi galdurik dugu. Ez dugu gure etorkizunaren erantzunkizunik. Demokrata izateko era osoa datorkigunean, ez botatzeko eranskailuak, pegatinak eta panfletoak gustatzen zaizkigu. Guk ez dakigu ezer. Demokraziaz barreka ari garela dioskute.

Txikito batzuk eta gartzeletako presoentzako askatasunak, mesede gehiago eginen ligukete hamabosteko pitorreo honek baino. Baina, tira: Francorena hamalauean izan zenez, egun bat aurreratu dugu. Aurrerantz goaz.

bukatzeko: gure botoa emana dago, PRESOAK KALERA! eta EUSKALDUNAK IZAN NAHI DUGU Lopintania askatu arte. Eta...

Tilista


Euskal Herrian

Unibertsitateko analfabetuak

 Jakin ukan dugunez, Bilbon hogei milatik gora unibertsitari matrikulatu dira, hasi berri den ikasturterako: hamalau mila, unibertsitate estatalean, eta sei mila, jesuitek Deustuan duten unibertsitatean. Ez da gutti, halajaina! Hala ere, oraindik ez dugu unibertsitate osorik, eta unibertsitari askok kanpora joan behar dute, hemen ikas ezin daitezkeen gaiak ikastera. Ez ote dugu premia nahikorik edo eta ez ote diogu diru nahikorik ematen estatuari, unibertsitate osoaren eskubidea gorputz dadila exigitzeko? Harrigarria benetan!

Dena den, artikulu honetan ez dut puntu hori ukituko. Ostera, aipatu hogei mila unibertsitariok Euskal Herriaren kultur hazkundean ukan dezaketen garrantzia aztertuko dut.

Euskal kulturaz eta euskararen erabilkuntzaz kezkaturik bainago, goiko datuaz pentsatzen ari nintzela, ihaz Lejoako Zientzi Fakultatean eginiko inkesta bat etorri zait burura. Inkesta horren emaitzak hango Fakultateko ikasleei zegozkien; baina gizarte mailaz eta izakeraz, beste Fakultate eta Unibertsital Eskoletako ikasleak ere antzerakoak diratekeelakoan, extrapolatu egin ditut inkestaren emaitzak eta gauza harrigarriak agertu zaizkit. Horik dira orain azalduko dizkizuedanak.

Aipatu inkesta horretan, ikasleetariko 24'26 %-k ezagutzen dute euskara: 4'88 %-k idazten eta irakurtzen dakite; 5'66 %-k mintzatzen dakite soilik; eta 13'72 %-k erdixka ezagutzen dute (Inkesta horren emaitzak ANAITASUNAren 318. zenbakian argitaratu ziren). Beraz, emaitzak extrapolatuz, Bilboko unibertsitarien artean 4.852-k ezagutzen dukete euskara: 976-k idazten eta irakurtzen, 1.132-k mintzatzen soilik eta 2.744-k erdixka.

Zifra horik ikusi ondoren, has gaitezen orain extrapolazio mental eta ideologikoak egiten. Teorian behintzat, unibertsitariok izanen dirateke etorkizunean, gure gizartean kultur mailarik gorena ukanen dutenak. Eta hemen agertzen zaigu lehen kontraesana: Lehengo zifrak ikusirik, eta arazoa konponbidean jartzen ez bada, gehienak analfabetuak direla (horrela iraunen ote dute?), hots, euskaraz analfabetuak direla ikusten dugu, zeren eta 976 horik kenduz, besteak ez baitira euskaraz idazteko eta irakurtzeko gai, nahiz eta beharbada frantsesez, ingelesez edo eta nik dakita zerez ongi dakiten.

Zer esanik ez, euskaldun oso izateko euskaraz alfabetaturik egon behar dela, eta, Euskal Herrian ikasitzat hartua izan nahi duenak, euskara ezagutu behar duela. Beraz, ba dute lanik franko, euskaraz elbarriturik dauden 3.876 horik (2.744 + 1.132), unibertsitari kultuak izateko. Arazo are larriago agertzen da ordea, 100 – 24'26 : 75'74 % multzoan daudenen kasua aztertzean, hau da, euskara ezagutzen ez dutenen kasua aztertzean; eta hauk 15.148 dira. Nola euskaldunduko ditugu horik guztiok? Euskararen aldeko kontzientziapena hedatuz eta aurreratuz doa eta euskalduntze nahia indartuz doa. Kontzientziapena eta euskalduntze nahia aurreratuz doazen neurrian, geroago eta posibleago bihurtuko da, bihurtzen ari da (bihurtu ote da?) arazo honen konponketa. Puntu honetara helduz, burura datozkit Napoleonen general batek esaten omen zituen hitz haik: "Posiblea bada, eginik dago; eta ezina bada, egin eginen dugu"! Esandako eritzi hau indartzeko, aurten hasiriko ikasturtean, Zientzi Fakultatean euskara ikasten laurehunetik gora ari direla esanen dut. Datu llabur hau, sortzen eta bizkortzen ari den mugimenduaren abiadaren adierazgarri dela uste dut.

Eta extrapolatzen hasi naizenez, oraindik ere aurrerantz eginen dut bide horretatik. Unibertsitari horik guztiok alfabetatuz, euskal kulturan zer nolako eragina ukan dezaketen pentsatu ote duzue inoiz? Euskal lanetan hasiko balira, milaka kultur langile genituzke; euskal aldizkari eta liburuak erosiko balituzte, hauen argitaralpenak askoz ere handiagoak izanen lirateke, eta horrek euskal idazleen profesionalpena posibletuko luke;...

Astakeriarik esan dudala? Beharbada. Baina gauza zailagoak ere gertatu izan direla ba dakit. Eta gurean ere zerbait berezi eta handi gerta daitekeelako eta gertatuko delako esperantzan bizi naiz. Eta zuek?

J. R. Bilbao


Euskal Herrian

Zientzi Fakultaleko Dekanoa eta euskara

Euskal Unibertsitatea Euskal Herriak duen premiarik handienetakoa dela eta lortu behar dugun gauza dela inork ukatzen ez duen zerbait da. Halaber, Unibertsitate horren benetako lorpena erdiesteko, urte luzetako lana dukegula ere ba dakigu, horrelako antolakunde batek behar dituen azpiegiturak ongi oinharritu arte behintzat. Horregatik, Euskal Unibertsitatea gure Herriak pairatu eta gainditu behar duen prozesu gisa kontsideratu behar dugu. Eta prozesu horretan hainbat pauso eman beharko dira: handiak batzu eta ttikiak beste, baina guztiak garrantzizko eta gehienak beharrezko.

Horrelako pauso bat bezala kontsidera dezakegu, 1976.eko hazilaren 19an Lejoako Zientzi Fakultateko Klaustroan emanikoa. Bertan, aurreko ANAITASUNAn elkar hizketa baten bidez agerturiko Antonio Bernalte jaunak, sarrera modura Dekano gisa eginiko hitzaldia, euskarazko esaldi batzuz bukatu zuen, modu honetan "Euskal Herriarekiko errespetuari eta oneritziari" erantzunen ziola esanez. Ez da horrelakorik sarri ikusi, sasi-intelektual askok euskara basatien hizkuntzatzat eduki duten aurreko urteotan.

Gauzak aldatzen ari omen diren momentu honetan, ba dirudi, zerbait aldatzen ari dela. Jendea konturatzen ari da, euskara unibertsital mailako hizkuntza izan daitekeela. Pausoak ematen ari dira, eta hauen artean, hor dugu Udako Euskal Unibertsitatea. Baina oraindik beharrezkoa dugu beste pauso asko ematea. Pauso horik ematera zein neurritan laguntzen dugun galdetu ote diogu inoiz geure buruari?

Ramon Garai


Euskal Herrian

Nahiz eta lantegiak 180.000 m2 izan Firestonen euskarak lekurik ez

Firestonek Basaurin duen lantegi haundian euskara irakasteko ez dago gelarik. Hau izan da, orain arte behintzat, lantegiko zuzendaritzak langile euskaltzale talde bati eman dion erantzuna. Idazki baten bidez langile talde honek euskara ikasteko gela bat eskatu zion orain dela egun batzu. Firestoneko jauntxoen artean ba dira "oso abertzaleak" direla dioten batzu, baina orain arte euskarak ez du tokirik bere lantegi dotorean, nahiz eta langileek beren idazkian euskarak euskal kulturaren arloan daukan oinharrizko lekua garbi agertu. "Bai hemen jaioak, bai kanpotik etorritako langileok euskara ikasi edo hobetu nahi dugu, denok herri berean lan egiten baitugu", diote langileek. "Firestone Euskal Herrian dagoenez gero, herri honetako kultur eta gizarte giroa gogoan hartu behar du, beste entrepresa batzu egiten ari diren bezalaxe... Horregatik gela bat euskarari uztea eskatzen dizuegu, langileok geure gain hartuko baitugu ikastaldiak antolatzea eta beharrezko irakasleak aurkitzea, honetarako Euskaltzaindiaren laguntza aurkituko baitugu..."

Firestonek Basaurin duen lantegiak 180.000 m2 ditu eta horregatik euskarak metrotxo batzu ez izateak sinesgaitz egiten zaigu. Lantegiko ardura dutenek, nahi izanez gero noski, metro gutti batzu euskarari uztea erraza da. Honegatik, nahiz eta lehen erantzuna ezezkoa izan, entrepresak bere eritzia aldatzea langileek espero dute. Bai eta guk ere.


Euskal Herrian

Erizainak burrukan

Erizainak burrukan dabiltzikgu egun hauetan. Burruka honek, noski, izan ditu bere atxilotuak ere eta lerro hauek idazten ditugun artean Crucesen harrapatutako bost erizain komisaldegian daude. Aurrera segitu baino lehen gauza batek argi gelditu behar du: erizainen burrukak ez ditu gaixo eta zaurtuak zaindu gabe uzten, burruka hau beren turnoetatik libre daudenek egiten baitute.

Burrukaren helburua hau da, hitz laburrez: beraien estudio programaketak gaurkotzea, 1953.ean egindako programaketa —gaur segitzen dutena da— oso zaharra gelditu delako eta programaketa horren bidez erizainek ezin dutelako hogeitairu urte barruan medikuntzak egin dituen aldaketen parean iraun. Erizain eskolek gaur zabaltzen dituzten ikasgaiak oso atzeratuta gelditu dira.

Medikuntza karrera bat baldin bada Erizainenak ere unibertsital mailakoa izan beharko zuen, Europa osoan jazotzen den bezala. Unibertsital, maila lortzeko, gaur dauden hiru eskolak —gizon erizainena, emakume erizainena eta emaginena— batu beharko lirateke.

Apirilan erizainak koordinaketak sortzen hasi ziren beren artean eta helburutxo batzuk lortu dituzte: eskolak gizon eta emakumeentzat, "mistuak", izatea eta eskola hauetatik kanpora bizitzea, esternu erregimen batetan.

Erizainak aukeratu duten lehen burruka era oso baketsua izan da: beren arazoez gaixoen ikertzaileei pertsonalki berri ematea. Erizainek ere, errepresio baten aurrean, bide gogorragoetara bultzatuak izango al dira?


Iberian zer

"Pasargada" ipuin-sari nazioartekoa

1.- PASARGADA literatur aldizkariak, PASARGADA ipuin-sari nazioartekoa dei egiten du, nora presenta baitaitezke originalean euskaraz gaztelaniaz, katalanez, galegoz edo portugesez idatzitako ipuin-bilduma publikagabeak.

2.- Lanak idazmakinaz, lerroune zuri bat utziaz eta hiru kopiaz bidali behar dira. Euskarazkoaren kasoan ale original bakar bat eta beste lau hizkuntzetatik edozeinez egindako itzulpenaren hiru kopia izango dira bidali beharrak. Lanen hedadurak gutienez 150 foliokoa izan behar du.

3.- Lan sarigaiak korreoz bidali behar dira, PASARGADA-ren idazkolara, Rua Coelho da Rocha, 95 - 3º. Dtº, Lisboa.-3, Portugal, 1976ko Abenduaren 31-a arte.

4.- Saria Udako Solstizio egunean (1977ko Ekainaren 21 ean) emango da, mahaikoak Joan Oliver (katalana), Francesc Rodon (gaztelania), Manuel de Seabra (portugesa), Basilio Losada (gailegoa), Ibon Sarasola (euskara) eta Carlos Silva (PASARGADA aldizkariaren errepresentaria, berdingoa gertatzekotan hautarkiduna izango dena) direlarik.

5.- Saria 15.000 portuges eskutukoa (35.000 pezeta inguru) izango da, eta PASARGADA aldizkariak egingo duen portugesezko edizioaren eskubideen aurreradiru bezala emango da, kantitate hartara heldu arteko lehen ale salduen salprezioaren % 12,5 aren arabera.

6.- PASARGADAK bere horrietan bilduma sarituko ipuin bat edo bi hizkuntza originalean argitaratzeko eskubidea bereganatzen du, liburu gisa atera ditzan baino nahiz lehen nahiz ondoren.

7.- PASARGADA aldizkariak ahaleginak egingo ditu lan saritua onhartzen diren hizkuntzetatik batzutan edo denetan publika dadin, baina bere burua autorearen eta editorial interesatuaren arteko bitarteko soiltzat harturik, kontratuan gerta daitezkeen eskubide guztiak autorearentzat geratzen direlarik. Lan santua zernahi hizkuntzatan argitaratzeko egin duken kontratoan, autorea "PASARGADA ipuin-sari nazioartekoa 1977" adierazgarria liburuan ezartzera behartua aurkituko da.

8.- Lan sarituei buruz ez da posta-harremanik izango, eta lana berrartu nahi duten konkurtsariak, erantzun-kupoi nazioartekoak (I.R.C.) bidali beharko dituzte, bueltatze-gastuak ordaintzeko adina balioz.


Liburuak

PEILLEN, Txomin

"Jon Mirande-ren idazlan hautatuak"

GERO, Bilbo, 1976

Euskara batuan. 390 horrialde. Aurten, orain arte, euskaraz argitaratu den libururik inportanteenetarikoa. Liburu hau Txomin Peillen-ek antolatu du eta azken moldaketa GERO taldearen esku geratu da.

Aurrera egin baino lehen zerbait argiztu behar nuke, hau da, ANAITASUNArako liburuez idazten ditudanak ez direla haien kritika, irakurlearentzat presentapen bat baizik. Ene helburua ez da liburuaren azterketa sakonik egitea, ohar batzu presentaturik irakurleak liburuaren nondik norakoa jakin eta euskaraz irakurtzera bultzatzea baizik. Eta goazen harira. Inork Jon Mirande ezagutzen bazuen, hori Txomin Peillen dugu. Biak Parisen jaioak, biak guraso euskaldunetakoak, biak erdaraz hasi eta heziak, biak euskaldun berriak eta biak euskal idazleak. 1975-76 ikasturtea bukatzear zegoela, Peillen Deustuko Unibertsitatera etorri zitzaigun Mirandez hitzaldi bat ematera. Haren hitz jarioa euskaraz izugarria zen. Berak aitortu zigun honela kontsideratua zegoela, hiztun bezala. Eta oso gustora entzun genion. Bukatzean, zorionak eman nizkion eta beste nobela bat idatz zezan eskatu. Ez dadila gerta Peillenekin, Miranderekin bezala, zeren haren mailako idazlerik baztertzea bekatu larria bailitzateke euskal literaturaren apaltasuna ikusita. Gainera, nobelak behar ditugu.

Gaurko euskal irakurlegoaren gehiengoarentzat, Mirande "Haur besoetakoa da", ez baitu haren lanetatik ia besterik ezagutzen, baina gutxik daki nobela hori 15 urtetan argitaratu ezinik eduki zuela, garaiko euskaldunen moral mugatua kausa zela, Mirande berak Peilleni kartaz aitortzen dionez: "baina ezin publika eraz dezakela borobilki erraiten deraut (Mitxelenak EGAN-i buruz)... bertzela "akabo aldizkaria" (196. horr.). Eta Miranderen komentarioa honetaz: "Hainbat gaixto euskal publikoarentzat".

Orixe bezala, Aresti bezala, Mirande jenio bat zen, indar sortzaile berezi bat zuen. Baina haik ez bezala, Mirande bakardade izugarri batetan dakusagu. Orixek eta Arestik giro bat zuten edo lortu izan dute beren inguruan, omenaldirik nork egin ba dute, ikurrin bat bihurtuko dutenik ba dago. Miranderekin ez da horrela gertatzen. Noren erruz? Behar bada berea, ala gurea da. Baina egia hori da, idazlea eta irakurlearen artean etendura bat zegoela. Mirandek ez zuela bere publikorik, eta horrek argitzen digu haren bizitza, eta batez ere haren heriotza.

Presentatzen ari garen liburuan Miranderen nortasun berezia agertzen zaigu, batez ere karta pribatuetan. Adibidez, ikus nola bukatzen dituen hauetariko batzu: "Jainkoak eta ez-jainkoak zurekin izan bitez" (56.horr.), "Buddhak zuhurtzia eman dizaizula!" (193.horr.). Euskara eta Euskal Herria maite zituen. Behin batean, Peillenek bulegora telefonoz deitu zion, eta Mirandek honela idatzi zion: "Sekulako eztabaidak izan ditut bulegoan buruzagi eta lankideekin, larunbatean izan dugun euskarazko telefon-elkarhizketa dela zio, hain baitira "fransquillon" animal urdeak" (57.horr.). Beste batean bere ideologia aitortzen digu: "Dakusazun bezala, perilean nago Euskal Herrian demokratek urde faxistatzat atxikiko nautela, latin herrietako faxistek urde demokratatzat atxikiko nautelarik... eta funtsean ez naiz ez bata ez bertzea, europar razista baizik" (64.horr.). Euskaldunez etsiturik, arabetarantz begiratzen du: "Horko mahomatarren ohiturez desaidazunak halako nahikari bat eman dit horra joateko eta Profetaren fedean ene burua murgiltzeko.. Hasteko, arabikoaren ikasbide bat erosi du... Zer nahi izanda ere, edozein fedek hemengo jendeen kristautasunak baino..." (198.horr.).

Peilleni hil aurretik zuzendu zion azken kartan, 1972-II-6an, honela dio: "Azperturik nago zinez aldi huntan Euskal Herriaz" (362.horr.). Bere buruaz beste egiteko, Gabon eguna aukeratu zuen, egun hori "beste gehienentzat egun eder bat den legez (364.horr.) Miranderentzat higuingarria zelako". "Bere buruaz eta Euskal Herriaz etsiturik hil eta Euskal Herriaz etsiturik hil dela..." (364.horr.) segurtatzen digu Peillenek.

Zain beheraldiak zituen eta lo-erremediatzeak erabiltzen zituen lo egiteko. 1925-XI-10ean jaio zen Parisen eta 1972-XII-25ean, 47 urte zituela, hil zuen bere burua, dirudienez lo egiteko pastilla mordo bat hartu ondoren

Irakurleak, jadanik, ikusi du Jon Miranderen nortasuna. Orain, liburu hau irakurriz, ikus beza haren lumatik irteniko produkzioa.

Xabier Gereño


Irudimenaren txokoa

Barcelonan /76/XI/16gn

Agur lagunok: zuen "Irudimenaren txokoa"k, aspaldidanik buruan nuen ideia azaltzeko aukera eman dit.

Nik uste dut ba garela multzo bat, euskara, aldez edo moldez, ikasi dugunok, bai eta orain milaka ikasten ari direnak ere.

Euskal aldizkariak zabaltzeko eta euskaldun irakurlego bat eta finkatzeko, konkurtsu edo lehiaketa bat proposatzen dut.

Euskara lantzeko, euskal aldizkarietan (Zeruko Argia eta Anaitasuna guttienez) horri berezi bat, euskaldun berriei eta euskara ikasten ari direnei zuzendua. Horri honetan, ikaskuntzaren maila bakoitzari dagokion konplejitatez, esaldi, frase eta irakurketa zati batzu, oker batzurekin hornituta, azal daitezen. Irakurlegoak, euskaldun berriek, alfabetatuek, eta ikasten ari direnek ere, zuzendu beharko dituzte azaldutako okerrak, aldizkarira igorririk, ongi zuzendutako oker bakoitzagatik puntu bat irabazirik. Honela epe baten buruan, hilabetero, hiruhilabetero edo seihilabetero (eperik egokiena bilatu behar da), puntu multzorik gehien lortzen duenak sari bat irabaziko du.

Zer sari? Hori denon artean asmatu behar.

Ba dakit, hau aurrera eramateko jende pila ederra beharrezkoa da, zuek edo irakurlegoak juzkatu beharko duzue hori.

Nik uste dut horri honen bidez, euskara batuaren zati berdin batzu lantzeko aukera ukanen dugula, eta batean "probintzianismo" zerriaren aurka gatazkatzeko aukera ere.

Agur.

Oharra: hau da ideia. Ulertuko dukezuela uste dut, horrengatik, edozer gauza aldatzeko ez zaitezte beldur, ideia klaroagoa adierazteko.

Euskaldun berri batek.

Langile, ikasle, irakasle, eta beste gauza pila horien artean abertzale.

X. GARRALDA


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Honez gero euskara askorentzat irabazpide bihurtzen ari da. Ba zen garaia! Jendea euskaratik bizimodua ateratzen hastean hasiko baita, hain zuzen, gure hizkuntzaren benetako normaleztapen eta sendatzea.

Euskal itzultzaileak, nonbait, falta eta, dakusagunez, edozein amateur hasten da arlo honetan, MAVES argitaratzaileko honen antzera, ipuin ezagun bati HIRU HARTZ ETA HILE GORRI moduko izen harrigarria ipini diona. Guk geuk, geure ezjakinean, HIRU HARTZAK ETA ILEGORRI edo eta ILEGORRI ETA HIRU HARTZAK moduko zerbait jarriko genukeen.

Ez dakigu itzultzaile berberarena den, baina orain arte ERRAUSKINE izenaz nahiko zabaldurik zegoen ipuinari HAUSTERTXU ezartzea ez dirudi euskal bidegintza komunaren onerako denik, anarkiarako pauso tamalgarri bat baizik.

Beraz, goian azaltzen diren ganorabakokeriak direla eta, aste honetako astabelarriak itzultzaile horri eskaintzen dizkiogu bihotz bihotzetik.