ANAITASUNA

1976.EKO ABENDUAREN 1EKOA

329. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

etxegintzaren greba: 42 egun


AURKIBIDEA

3: Editoriala

4-6: Tantaka

7-12: Etxegintzaren greba.

14-16: Ekor'en aurkezpena Zarautzen

17: Xalbadorri egindako bertsoak

18: Marrazkia

19: Referendum'i buruz K.A.S.en agiria

20-21: "El Ciervo"ren adarrak

22: Donostia: Magisterio eskolaren agiria

23-24: Eskoziako hizkuntz arazoa

25: Ba al da euskal Elizarik?

26-27: Elkar-ikuska: X. Kintanarekin hiztegiaz hizketan

27-30: Postaz etorriak

32: "Natur Zientziak" kalean

33: Txapela kenduz batera

34: Kaleko

Maketapena: Fernando eta Zumalabe

Marrazkiak: Olariaga eta Fernando

Argazkiak: Arkolla

Moldiztegia:

Elexpuru hnos, S.A.

San Martin, 153

Zamudio

Depósito Legal: 1753-1967

Gure azala: Hilabete hontako 16an, hiru emakumek era hau aukeratu zuten etxegintzako greba Bilboko Arenaleko zubitik pasatzen ziren lagunei ezagu arazteko. Katez loturik, hiru ordu laurden egon ziren, afitxa batzutan grebaren arrazoiak eta eskeak agertzen zuten artean. Greba luze baten agerkunde ttiki baina sakon bat izan zen.


Editoriala

"Referendum"ik ez

Inoren errepresentatzaile ez diren Madrileko Gorteetan biltzen diren diputatuak "herritarrak" bihurtu zaizkigu azken egunotan. Herriaren arazo nagusiak erantzunik gabe utzi ondoren, orain Francoren denboretan bildu zen diputatu-lagun talde hori, beraiek egositako erreforma politikoari herri-indarra emateko, herriaren bozen atzetik dabilkigu. "Herriarentzat herririk gabe" formula politiko hura Madrilekoek honelaxe bihurtu dute: "Guretzat baina herriakin".

Datorren "referendum" baiezkorra norentzat izango den profitagarri argi dago: herriaren errepresentatzaile ez diren Madrileko diputatuentzat. Nahiz eta herriak bere ordezkari bezala diputatu horik ez ikusi, Europa aurrean beren postuak herriarenak bezala agertu nahi ditu. Madrileko lagun talde horrek.

Bitartean herriaren arazo nagusienek, asmo haundienek, irtenbiderik ez dute aurkitu. Biltzeko eskubidea azken egunotan zapaldua izan da gure herrian eta gai horretaz zenbait alderdik ba dakite. Gure presoek gartzeletan segitzen dute, bestalde, amnistia orokor behar-beharrezko eta oinharrizkoa oraindik ez dutelako.

Euskal Herriak, preso bat gartzelatua dagoen bitartean, ez du Madrileko laguntzar talde horren politikarik onhartuko, ez eta guttiago ere haien gainbizitzarako laguntzarik emango. Euskal Herriak bere bideen jabe izan nahi du eta herri bezala jotzen ba daki.

Etxegintzaren greba luzean Euskal Herriak herri sendoa dela agertu du. Euskal Herriaren laguntzaz 30.000 langile zapalduren grebak beren helburuak lortu ditu 42 eguneko burruka bat egon ondoren. Egun horietan entrepresariek legez egin zitzaketen zapalkuntza guztiak erabili dituzte, gaurko legeak zapaltzaileak direlako. Haien aurka herriak gogor jokatu du. Lantegi Koordinatzaileek, beste "indar langileri" batzuren oztopoak gainditu ondoren, etxegintzako langileriari bultzakada haundi bat eman dio burrukari ekiteko. Eta etxegintzakoak lanera indar, izpiritu eta kemen berrituaz bihurtu dira. Herria ere burruka honetatik trebetasunez beterik atera da.


Tantaka

Poster berria euskaraz

Antton Olariagaren diseinuz eta Arkoilaren argazkiz da, IKER, S.A.k oraintsu argitaratua. Ideia Xabier Kintanarena da eta lauburu batetan elkarturik, T. Zumalakarregi, A. Xaho, S. Arana eta J.A. Agirre agertzen ditu. Euskaldun buruzagi horien garrantzia aitortuz —"horiei firme eutsi" esango luke Xenpelarrek— hitz hauekin bukatzen da: "jaioko dira berriak, guztiok gara Euskal Herria".

Eskatzeko: IKER, SA., Zabalbide, 68. BILBO-6.

Ordizian hitzaldia

Aurreko ikastaroan gazteen artean egin zen inkesta.bati eman zitzaizkion erantzunak hortaraturik, AMETS BIDE Taldeak hitzaldi sail bati ekiten dio. Lehen hitzaldia ABENDUAK 3, ostiralean, arratsaldeko 8etan, Ordiziako Udaletxeko Areto Nagusian izango da. FEDERIKO ZABALAK hitz egingo digu "EUSKAL HERRIKO ERAKUNDE SOZIO POLITIKO"ei buruz. Hitzaldi hau erdaraz izango da.

Aurrera begira, beste hitzaldi sail bat pentsaturik dute, azken mendeetako historia jorratzeko asmoz, eta egungo egoera, kultur, Politiko, Sozial eta Ekonomiko alorretan. Hitzaldiak euskaraz eta erdaraz, edo bietara, izango dira. Garaiz emango dugu hurrengoaren berri.

Zumarragako gaixotegia

Agorrileko 698. Zeruko Argian agertu zen, halegia, Seguritate Sozialeko Buru zen Sánchez de León jaunak esana: Zumarragan eginen zela eta urte hau bukatzerako, haginak sartuko zitzaiola...

Orain, aldiz, Isturiz jauna dago Sánchez de León-en tokian eta egoeraren berri jakitearren, Goiherriko Guraso Elkarteen Ordezkaritza bat Madrilera joan zen urriaren 27an.

Lehenik, lehengoarekin mintzatu nahi zuten eta gero oraingoarekin, baina atzerapenen bat zela bide, lehengoarekin ez zuten hitz egiterik izan. Isturiz jaunak esan zienez, lehenengo Donostiako Geriátrico-a prestatu behar dute eta horretarako 900 milioi pta. behar da. Gainera, berori urtebetez ari dadin, beste 600 milioi pta. Baina Geriátrico-k ba duke beste arazorik. Bere barne Arautegi dioenez ez bide da horretarako egina, zaharren bizilekutarako baizik... Lege arloa "konponduz" gero, 400 bat milioiz eskuratu nahi bide du Seguritate Sozialak Fundación Matía-gandik eta gainera, azken erakunde honi 400 ohedun Maternitatea eginerazi 400 milioi horiez. Eta hor dago nonbait koxka...

Ekintza hauetatik landa beste zerbait egiteko hainbat dirurik ez omen dago orain, beraz Zumarragakoak pasa-misi du aurtengoz.

Lehen, ura zen arazo eta Barrendiolako potzuaren esku zegoen Zumarragan egitea. Orain, Barrendiola prestatzen ari direlarik, Madrilek dirua inoiz eman nahi duen da kontua (beti bezala). Dena dela, Isturiz jaunak esan zuenez, datorren urtean hasteko "posibilitateak" ba daudeke... eta aztertu ondoren hilabeteko epe batetan erantzun bat agindu zien Ordezkariei.

Beasaini dagokionez, bere Anbulatorioa, oso era txarrekoa omen da eta Espezialitate mailakoa egin behar omen da. Lurrak eskainiak ditu aspaldian Udaletxeak. Hau ere, Madriletik jaurtiki txanponen zain dagoke... Gai hau, ez da asko haizatu erdal egunkarietan...

Protestanteek Biblia. Euskara batuan

Bide gertu batetik jakin dugunez, Euskal Herriko Eliza Ebangelikoak pauso oso aurreratuak egin ditu Biblia oso euskara batuan argitaratzeko.

Honez gero, Londreseko Bibli Elkartetik itzulpen lan eta argitarapen gastuetarako diru laguntasuna eskainia dute eta lanerako taldeak martxan dira jadanik.

Gogora dezakegunez, protestanteak izan ziren, XVII mendean, Euskal Herrian Jainkoaren hitza euskaraz azaltzen saiatu ziren lehenbizikoak, horrela katholikoak beste horrenbeste egitera bultzatuz.

Oraingoan ere, Bilboko apezpikutegian, —horretarako Herriari dirua eskatuz— bizkaierazko Biblia bat argitaratzeko asmoz dabiltzanean, euskaldun protestanteek aurrea hartu dietela dirudi.

Antonio Arrue hil da

Hazilaren 17an, bihotz atake batez, Antonio Arrue jaun euskaltzaina hil zen Donostian, 73 urte zituela. 1903.ean Asteasun jaioa, Arrue gerraurreko denboretatik politikan aritua zen, espainol nazionalista, foruzale eta tradizionalista gisa. Gipuzkoako familien tertziotik Gorteetako prokuradore izendatua izan zen, baina azken urteotan politika, hala ere, erabat alde batera utzia zuen.

Euskaltzain osoa, Arruek bere ahaleginak egin zituen Euskal Akademiaren lege egoera eta onhartze ofizialak lortzeko. Hizlari sutsu eta yayoa zen eta, idazle gisa, oso ezagunak dira, JAN-EDANAK sailean, Egan-en argitara emandako lantxoak.

Azken urtebetean aurpegiz aski eroria zegoen, barruan zeukan min eta ondoezaren seinale, beharbada. Euskaltzaindiak bere kide garrantzitsu bat galdu du. Goian bego.

Euskaldunok baskoen inperialismopean

Garai ere ba da arazo itsusi hau salhatzeko. Euskaldunok, oraintsu arte, etsaitzat beste aldekoak genituen, geure Herriaren existentzia bera ukatzen zutenak. Oraindik ere, gutiago ba dira ere, ba dirau holakorik. Hauen artekoak dira, besteak beste, Venezian euskaldunoi Herri berezi gisa parte hartzea ukatzen saiatuak.

Baina bestelako etsaiak ere ba dira; etsai ezkutuago eta hurbilagoak, maiz, gainera, jatortzat jotzen ditugulako. Agente faxista batek euskaldunoi euskara egitea galeraziko baligu, holako batek, haserre sainduz, bere jantziak urratu eginen lituzke, baina berak, bere presentzia soilaz horixe berberori egiten du egunero gure artean eta, erdara egitera obligaturiko euskaldunok horixe barkatu behar diogu: "porque es aberchale de Euzkadi".

Horixek dira, ez gaitezen engania, non eta Italian, italieraz gainera Euzkadi en la Bienal moduko eskribu euskaldunik ezarri digutenak. Besteak kanpoko inperialistak baziren, berauk etxeko inperialistatzat hartu behar, halajaina!

Haien Euzkadi erdaldun hori agian bai, baina bestelakoa, euskaldunona, Herriarena, ez da Veneziako Bienalean errepresentatua izan, jaunok. Baskoen Euzkadia eta euskaldunon Euskal Herria, gaur egun, ez dira jadanik hitz synonymoak, gure nazioaren bi perspektiba, bi kontzepzio ezberdinen ispiluak baizik.

Luis Mari Muxikak salhaturiko estatalismo basko erdalduna kantzer erreal bat dugu euskaldunok. Alfontso Irigoyenek azken hitzaldi batetan esandakoa egia hutsa da: "Euskaldunok Euzkadi Euskal Herria bihurtu behar dugu".

E.K.M.ren oihu berriak

Urtero bezala Deustuko Euskal Kultur Mintegikoek batzar orokorra ospatu berri dute. Junta berria sartu da, zaharra irten da eta ilusioak bete ditu mintegiko bulegoak eta ikasleak.

Aurten liburutegia kendu eta hemeroteka jarri dute hainbat aldizkariekin, euskaldunak eta nazio ttikietakoak dira gehienbat, horrela bulegoetatik jende gehiago pasatzea gura da.

Ekintzak ere berriztu dira, teatro, arte, musika, jaialdi, mintegi eta beste eratu dira, baita fakultate bakoitzean komisio tekniko bat fakultatea euskalduntzen ihardutzeko. Era berean euskal kultur taldeen koordinadorari garrantzi gehiago emango zaio. Lan bat kendu ere egin dute, euskara hizkuntza irakastea unibertsitate beraren eskuetan utzi dute.

Ideietan berriz, aurrerantz doa, aurten kontrakultura organo bihurtu nahi da EKM. Oraingo kultura kutsatuari zatiak kenduz, kultura herritar eta langileriarentzat, hesparru berriak zabaltzen saiatuz.

Hazilaren batean Txori-Herritarrok omenaldi bat eskaini diegu Euskal gudariei.

Goizeko 11etan, hirurogei bat lagun bildu ginen Etxebarrieta anaien hilobi ondoan, koroa bat eta ikurrina jarri ondoren, talde batek ateratako horri bat irakurri zen eta ondoren Eusko Gudariak gara abestuz manifestazio gisan, Ikurrin bat aurretik zela Jon Goikoetxea "Txapela"ren hilobira heldu ginen. Hemen hirurehun bat lagunen aurrean lehen esandako koroa eta ikurrina jarri ondoren, esandako horria eta Monzonen idazki bat, Donostiako azken ekintzaz, irakurri ziren. Eusko Gudariak abestuz bukatu zen 12ak inguruan.

Indartuz eta finkatuz doa gure geroko Euskal Herria.

Bascongadoen Estatutua

 "La Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País"ek oraintsu jakin erazi duenez, Euskal Herrirako autonomi estatutu bat gertatzeko asmoa du. Ez dakigu, ordea, nongo eskubide eta errepresentatibitateaz hartu dute hori egiteko ausartia, zeren, hortik hitzerdika aipatu denez, berrogei urte hauetan potrojorran aritu den elkarte zaharkitu eta galdo horrek ez dauka, ez eta hurrik eman ere, "Sociedad de Estudios Vascos" zaharrak zeukan prestigio eta errepresentatibitaterik. Bascongado eta vascongado leialen txaloak merezi ukan dituen ideia hori, beste gabe, susmagarritzat jotzekoa da. Arrizabalagak aurreko zenbaki batetan idatzia datorkigu gogora: erakuts diezazkigutela, holako lanetan hasi baino lehen, eskuak.

Ikurrina ez da nahikoa

Euskaldunok aurrera eramaten ari garen burrukan, ikurrina publikoki agertzea ere, lortu nahi den punttu bat da. Eta punttu diot —eta ez puntu—, zeren eta ene ustez gauzen azala, itxura, ikurra eta izenari baino gauzen izen eta errealitateari begiratu behar baitiogu.

Atzo ikusitako gertakari batek, batzuren eritziz euskaldunon erreibindikazio bakarra ikurrina publikoki agertu ahal izatea dela ustera narama. Zer dela eta diodan horrelako astakeriarik? Hara! Bilboko eliza batetan hiletak hospatu ziren abertzale baten ohoretan. Beraren familia euskalduna zen —euskaraz zekiten halegia—, bertara joan ginen asko eta asko, euskaldunak,... Hilkutxa ikurrina batez estalia izan zen eta meza guztia... ERDARAZ eman zen.

Gertakaria hor da. Zeuek juzka!

Olentzaro eta euskara

Bide beretik doa tiro hau ere. Ihaz, Bilbo Zaharreko denda batetakoek Gabonak probetxatu nahiz, dzapa! Olentzaro jarri zuen atean, haurren gozagarri. Olentzaro Euskal Herriko pertsonaia berezia da, eta, nik dakidala behintzat, euskalduna. Hala ere, Bilboko Olentzaro haiek —bi baitziren, hau akabua!— ez zekiten euskararik. Horrelakorik! Pariseko Papa Noël ingelesez hitz egiten amesteko bezainbesteko imaginaziorik ba al duzue? Euskaldunok hori baino gehiago ere ba dukegu, goikoa ikusi ondoren behinik behin. Edozein kasutan, Espainiako Errege Magoek —listoagoak nonbait— Ekialdetik etorri arren (arabiarrak segur asko, petrolioak duen prezioa kontutan harturik), ongi mintzatzen dira espainolez. Euskal Herriko Olentzarori ahantzi egin ote zaio euskara?

Dena dela, abisua aurretik bidaltzea ongi dagoke, aurten ere antzerako gauza barregarririk gerta ez dadin. Abisatzen duena, ez da traidore!

Hernaniko Udaletxearen ohar bat

27 Alkateen Taldeak Aperribay Jauna bultzatu zuela Gipuzkoako Diputazioko lehendakaritzarako esan da zenbait komunikabidetan. Honen aurrean, informazio horik guztiz faltsoak direla esan behar dugu.

Pro-Amnistia Jaialdia

Bizkaiko Pro-Amnistia Elkarteak Abenduko 10erako euskal jaialdi haundi bat eratu du. Hala ere, lerro hauk idazten ari geran unean, ofizialki behar diren baimenak oraindik ez dira lortu. Jaialdi honetan parte hartuko duten euskal kantari, bertsolari eta musikalariak hauxek ditugu: Gontzal Mendibil, Xabier Lete Urko, Xeberri, Pantxoa eta Peilo, Gorka Knör, Xabier Amuriza bertsolaria eta Edorta Agirre txalapartaria. Jaialdia —paperak lortuz gero, noski— Abenduaren hamarrean, ostiralean, arratsaldeko 7,30etan Bilboko Kirol Areto Munizipalean ("La Casilla" deritzon toldan) izango da eta txartela, esan digutenez, 150 pezeta inguruan ibiliko da.

Gure azken zenbakian agertzen zen bezala, Elkarte honen helburuak amnistia orokor bat lortzea eta bitartean preso eta herbesteratuak arlo guztietan laguntzea da, gartzelatu eta Euskal Herritik kanpo daudenen familiak diru bidez lagunduz. Jaialdian bilduko diren diruak helburu hauetarako erabiliko dira. Lerro hauetatik guk ideia bat eskaini nahi dizuegu: jaialdia ofizialki debekatua izan balitz, zuen dirua bai Elkarte honetara edo eta bide berean lan egiten duten beste edozein elkarteri bidaltzea.

Jaialdi bat Algortan

"Datorren Abenduaren 3an, Algortako Gran Cinema-n, gaueko 10etan, jaialdi bat izanen dugu. Kantaldi honetan, URKO abeslariak, eta Etorkizuna talde berriak, parte hartuko dute.

Jaialdi hau ETORKIZUNA ELKARTEA-K antolatu dago"


Euskal Herrian

Etxegintzako greba Bizkaian. 42 egun luzeren historia

Bizkaian etxeginek egindako grebak berrogeitabi egun iraun du. Nahiz eta berrogei urtez etxegintzako langileria kondizio okerragoetan bizi izan eta klase nortasunik ez izan —ez eta ere burruka tradiziorik— etxeginek azken asteotan egindako greba Euskal Herrian egindakoen artean luzeenetako bat izan da. Hona hemen, hurrengo lerroetan, greba luza honen iturri, helburu eta ondorioak, etxegintzan dabiltzen langileek jakin erazi diguten bezala.

Iturriak

Hasiera Martxoan izan zen, langile taldetxo batek, etxegintzako egoera txarra ikustean, egoera hau hobetzeko erabakia hartu zuenean. Arloa oso zabala zen, lan-kondizioak eta diru sariak etxegintzako langileen artean oso txarrak izatean. Talde honen lanari esker paktu sozial izenpetua izan zen Ekinean. Hala ere paktu honek ez zituen entrepresarien eta langileen asmoak bete. Entrepresarienak, beraien liburuetan soldaten goratze hau ofizialki erregistratu ahal ez izateagatik eta langileenak paktu honen bidez irabazitako ekonomi gorapenak beste kontzepturengatik ezertan ez gelditzeagatik. Peoi batek paktu honen bidez irabazten zuena, 45 orduko aste bat eginez, 15.300 pezeta ziren. Lan egun baterako 200 pezetako plusa eta lanera bidea egiteko 90 pezetak, nahiz eta paktuan egon, gero entrepresari gehienek ez zituzten ordaintzen.

Lehen asanbladak

Goitik-beherako sindikatuak egindako lanaren ezegokitasuna ikusi ondoren, Agorrila eta Irailean etxegintzako langileek, bilera batzuren bidez, entrepresariei presentatzeko eskakizunen zerrenda bat gertatu zuten. Entrepresariei zerrenda hau onhartzeko astebeteko epea eman zieten langileek baina entrepresariek ez zuten langileekin elkarrizketetan hasi nahi. Langileek, beren eskakizunak ukatuak zirela jakitean, greba orokor bat egitea erabaki zuten. Greba hau Urrilaren 11.an hasi zen, langileek agertutako eskakizun zerrenda hauxe izanik:

- Lineal moduan, 8.000 pezeta hilero goratzea.

- Astean 40 orduko lana.

- IRTP eta Sekuritate Soziala entrepresak ordaintzekoak.

- Diru-atzerapen guztien ordainketa.

- Istripu eta gaixotasunetan soldata osoa.

- Egiazko soldata nominan agertzea.

- Lanera joan eta etorritan egindako denbora lan-denboratzat hartua izatea.

- Sekuritate eta Higiene arloak langileen eskuetan uztea.

- Destaju moduko lana ukatzea.

- Goitik-beherako sindikatua ukatua izatea.

Eskakizunen arrazoiak

Ekonomi unea oso txarra zela eta, entrepresariek, eta baita ere prentsako artikulu askok, eskakizun hauk errealitatetik kanpo zeudela eta gehiegizkoak zirela zioten. Ikusten denez, Euskal Herrian zerbait eskatzea beti "desegokia" bezala hartzen dute askok, nahiz eta goiko zerrendan ageritako eskeak behar beharrezkoak eta justizi osokoak izan. Ageri denez, politik, sozial eta ekonomi akatsen ordaintzailea langileriak izan behar du beti. Hara eskakizun horik zergatik egin ziren:

Ekonomi arrazoiak

a) Peoi arrunt batek irabazitako soldata 15.300 pezeta zen hilero, familia bat aurrera ateratzeko oso eskasa.

b) Zergek eta arielek orain arte ez dituzte langile txiroenen soldata eskasak kontuan hartu eta Sekuritate Sozialaren arazoan bezala, kuotak haundiegiak izan dira langileentzat.

c) Nahiz eta legez beharrezkoa izan, entrepresa askok beren nominetan ez dute alokairu erreala agertzen. Honek garrantzi haundia du, baja edo jubilazio unean langileak hartzen dituen diru eskasak ttikiagoak izango baitira egiazko alokairua agertzen ez baldin bada.

d) Langilea gaixo edo istripu batengatik baja denean dirua inoiz baino gehiago behar du. Hala ere une txar horietan hartutako alokairua % 75 izaten da (peoi batentzat, 9.500 pezeta).

Sozial arrazoiak

a) Etxegintz lanean asko izaten dira lan-istripuak, zoritxarrez, eta gainera langilea izaten da, entrepresek diotenez, istripu horien errudun bakarra, lana kondizio oso gogorretan —euria, hotza, arrisku haundiko garaietan e. a.— egiten dela kontuan hartu gabe. Higiene arloan, nahiz eta legez etxelan bakoitzean langile-bizilekuen kondizioak erregulatuak izan, errealitatean txabola horietan ez dago ez urik, ez komunik, ez garbitokirik, Gaixotasunek higiene falta honetan bere iturri nagusiak izaten dute etxegintz langileen artean.

b) Behar-beharrezkoak zaizkiolako, etxegintzako langileak egunero hamar orduz lan egin behar du. Entrepresariak, gainera, zortzi ordutatik aparte bi gehiago egitea behar dezake langilea, "presa haundiko" lan gisa "Delegación de Trabajo"k horretarako baimena ematen dionez gero. Langileak bi ordu horik uka ditzake, baina orduan "base" erako soldata hartuko du eta alokairu honekin ez dago bizitzerik. Lanaren kondizio gogorrak eta egunero orduak sartze honek etxegintzako 50 urteko langile batek zahar baten itxura hartzea egiten du.

c) Destafu erako lana esplotazioaren gain-gaineko lana dugu. Destaju erazko lanaren bidez aurrera jotzen duen entrepresariak, ezer arriskatu gabe, diru "garbiak" irabazten ditu, destaju erako lanean langilea sekuritate sozialen sartua ez dagoelako. Bestalde destaju lanean langileak ez du inolako eskubiderik.

d) Goitik-beherako sindikatua deustea beharrezkoa da, entrepresariak laguntzeko bakarrik balio baitu.

Grebaren historia

Greba honen iturriak ikusi ondoren, grebak izan duen historia ikertuko dugu orain.

Greba hau Euskal Herriko langileriak bere eskubideen alde daraman burruka barruan ikusi behar dugu eta, beste langile guztiek egin duten bezala, langileriaren aurka egindako lege arautegi mugatzaile baten barruan.

Giro honetan erabil zezaketen bide zuzen eta egokiena erabili dute etxegintzako langileek: asanblada edo bilera bidea. Asanbladetan langileen asmoak hartuak izan dira. Langileri mugimendua Asanblada Orokorrean oinharritua izan da eta, Asanblada honen bidez Bizkaiko Etxegintzako langileek aurrera segitu dute beren burruka bidean.

Asanblada Orokor honetara heltzeko bidea hauxe izan da. Etxelan bakoitzean langileek beren eskakizun eta asmoak ezaguterazten zituzten eta, ordezkari baten bidez, eskakizun hauk herrialde bakoitzean egindako Asanbladetara eramanak izaten ziren. Delegatu edo Ordezkari Koordinaketaren bidez langileen eskeak Asanblada Orokorretan onhartu eta eztabaidatzen ikusten ziren. Langileei berri-ematea oso garrantzi haundikoa izan da, une bakoitzean gertatzen ziren gauzak ezagutzeak langileei beren gidatzaile-papera ikusterazten baitzien. Delegatu edo Ordezkari Koordinaketetik Komisio Gestorarako ordezkariak irteten ziren. Hauek, Asanblada Orokorraren autoritatez, komite guztien artean loturak sortzeko lana egiten zuten. Komiteak hauxek izan dira greba honetan:

- Antolatzaile komitea.

- Prentsa eta berri-emaile komitea.

- Propaganda.

- Teknikari ikerketa.

- Erresistentzi kutxa.

- Negoziatzaile komitea.

Azken komisio hau, Komisio Gestorako ordezkari batzurengatik osatua izan da Patronalarekin harremanak eramateko. Hala ere negoziatzaileek erabakirik ezin zuten hartu (exekutibo gisakoak ez ziren eta), Bilera Orokorrak bakarrik esan baitu paper hau.

Hiru fase

Greba honek gero eta haundiagoa bihurtzean, hiru fase izan ditu. Esan dugunez, greba Urriaren 11an hasi zen. Bi astetan —Urriaren 25 arte— berri-emate lanari ekin zitzaion, langile guztiek greba zergatik zen ondo ezagutzeko eta greba luze batetarako gertuak izateko. Asanblada, bilerak berri-emaile talde bidez denok jakin zuten greba jasotako edozein berri.

Goitik-Beherako sindikatuak sasi-berriak eman zituen lehen bi aste hauetan, greban 13.000 langile zirela partaide esanez, 33.000 zirenean (36.000 langile artean). Lehen fase hau oso bultzatzaile izan zen eta Etxegintzako Euskal Langileek beren eskubideen defentsa gogo haundiz egin zuten. Patronal aldetik, negoziaziotan hasi beharrean, "look out" edo etxe lanak bi astez hersteko erabakia hartu zuen —Urriaren 25etik Haztiaren 8ra—, sekuritate Sozialean bere langileen baja presentatuz.

Bi aste gogor hauetan euskal langileek beren antolaketak indartu zituzten eta burrukari ekiteko bide egokienak bilatu.

Bizkaiko Lantegi Koordinaketak, Etxegintzako langileak laguntzeko, Hazilaren 4. egunerako geldiketak antolatu zituen, Etxegintzaren burruka euskal langileentzat garrantzi haundiko zela ikusi ondoren. Estatalista politik eta sindikal antolaketek boikota egin zioten geldiketa-egun honeri, 3.000 langileen arazo gogorra alde batera utziz eta Hazilaren 12rako Euskal Herrian jarraitzaile eskasak izan zituen "greba orokor" egun bat antolatzen ari zirelako.

Diru jasotze arloan toki askotan hitzaldiak, jaialdi e. a. antolatu ziren Etxegintzako langileak laguntzeko. Antolaketa hauen bidez Euskal Herri osoak Etxegintzaren burrukan partaide bezala jo zuen. Langileen bilerak elizak utzi eta herritako plazetara irteten dira, herri guztia bileretan parte hartuz.


Euskal Herrian

Mugimenduaren barrukotasuna

Grebak hartu dituen erasoaldirik gogorrenetariko bat, langileei politizazio salhakuntza egoztea izan da, Patronalaren sektore baten aldetik eta hobe ez, sindikatu bertikalaren aldetik. Ikusi dugu erasoaldi hauk bata besteari jarraikiz joan direla grebaldian zehar, komunikabideak direla bide; hala nola: berripaperak (La Gaceta del Norte), telebista, irratia, eta abar.

Jakinaren gainean gaude, zenbaitzu erakunde politiko eta sindikali dagozkion gizonak greba honen barruan ari direla eta erakunde horiei, greban laguntza eman erazi dietela; adibidez, berorien gaitasun teknikoa, gizonak, aparailuak... Hala ere, inoiz ere ez dute protagonismoa bereganatu, ez beraien gizonek, ez eta Etxegintzaren Euskal langile klasearen erakundeek ere. Honetaz, ez dago protagonista bakarrari buruzko dudattorik ere, euskal langilea, bere esku dituen bide eta medio guztiez baliatzen jakin duena.

Prentsan agertutako artikuluxkaren batetan, zenbaitzu talde eraturen esistentzia irten da argitara. Esan den artikuluan —Bilboko "Hoja del Lunes", 15. egunean—, COS eta ORT-PT blokeen esistentzia aipatzen zen. Zinez sinesten dugu, bi blokeetan prestatutako gizonen esistentzia, baina ez dute leporatu ez protagonismoa, ez eta grebaren pisua ere, nahiz eta erakunde hauek beren gizonak zuzendu, ez eta erizpiderik eman ere arazoak eta problemak planteatzerakoan.

Kasu honexetan, talde abertzaleen gizonak daude, grebaren zertzelada guztiak aztertzean, eragipen handia ukan dutenak, Euskadiko Langile Klaseari zerbitzu bezala.

Greba honek, planteatu izan den uneon, ekonomi krisiaren erdian, ekonomi laburtzapenaren legea ezarri berria, erreforma politiko eta sindikalaren planteamendua eta egin den lekua (Bizkaia, Euskadi) dela bide, geuk uste dugu, garrantzizko helburu bat lortu duela Langile Mugimenduaren barruan, orohar, eta Euskal Langile Mugimenduan bereziki.

Ondorioztapenak

Gezurra ematen badu ere, Bizkaiko etxegintzaren grebak erakutsi du langilearentzat irtenbiderik bakarrena, bere eskubideen erabilpena dela, eta bere indar propioez baliatzea. Dauden lege eta ordenei begira bagaude, Langile Klaseak Azken Judizioari itxaron diezaioke, bere arazoak antolatzeko, zeren eta lege eta orden hauek guztiok Patronalaren nahietara plegatzera behartzen baitute, C.N.S.en magalpeak babestuta.

Egungo Estatuaren egituren kontra jartzeak alboan dakarrena aztertuz, Langile Mugimenduaren aurrerapenaz konturatuko gara. Honek suposatzen du langilearen eskubideen erabilpena, bere erabakimendu propio eta bakarraz, Estatuari eta Patronalari erakutsiz Langile Klasearen ordezkaritza erreala, Klase honen egiazko nahiak eta erizpide batzu iraun erazteko duen indarra.

Geuk uste dugu urrats itzel bat emana izan dela langileen burrukan eta muga bat finiktua izan dela beste sektoreetako langileentzat, beren eskakizunak planteatzerakoan C.N.S.en kanpoan.

Poliziaren egintzek Patronalaren eginahalak sendoagotzen dituzte langileak menderatzeko, adibidez Erandion, Romon, Barakaldoko Sta. Teresa Eliza gaseztatzea eta Errekalden ehun zaurtutatik gora sorterazi zuen karga basati eta hiltzailea.

9. egunez gero hirugarren fasea hasten da, negoziatzekoa deituko duguna. Patronal, Sindikatu eta Gobernuaren Koakzioak alferrikako zirela nabariturik, entrepresek langileen ordezkariekin parlamentatzeko amore ematen dute.

Grebako bostgarren astean zehar (8tik 15ra) bi komisio negoziatzaileak biltzen dira eutsi eta tati ari izanez, langileei buruzko xahupen psikologiko eta materialezko guduka batetan.

Aurrera segitu baino lehen, komenigarri litzateke, Patronalari buruzko salbuespen bat egitea.

Euskal Herrian, Bizkaian bereziki, zenbait entrepresa estatu barrutian ari dira, eta SEOPAN delakoan bilduta, estatuaren banku kapazitatea hurrupatzen dute eta gobernamenduko sistemaren barruan hedatzen dituzte beren erroak, eta bestalde, euskal entrepresa txikia eta erdikoa, lehen esandakoen interesekin bat direlarik, gehien bat ACP delakoan bilduta daude (ACP: Asociación de Constructores y Promotores, hau da Etxegile eta Eragileen Elkartea).

Negoziapenetan zehar, Bizkaian, lehentasuna lortzearren, erakunde hauen burruka eta istilua konpontzeko SEOPANen interesik eza ageri izan da.

Negoziatzeko interesik eza erakusteko negoziapenen zenbait akta azalduko dugu.

Honez gain, zera gehitu behar dugu: langile ordezkaritzaren osatzaile bat (Pedro Solabarria) greba honen garrantzizko osokide bat baita, gartzelatua izan da.

Honek behar du azterpen sakonagoa baina hemen egiteak luze joko liguke.

Jarrera honen aurrean, langileek, eskakizunen taulan oinharriturik, proposapen bat eskaintzen dute, guztien atsegingarri, baina SEOPANen osokideen gogokoa ez izanik, —Dragados y Construcciones-eko ordezkariaren ahoz mintzo dira. Ordezkari hau da Guerrero Jauna, zinezko entrepresari mamua dena— eta proposamena eginkor den arren, onhartzean biribilki uko egiten diote, argudio sinpleak aurkeztuz, negoziatzeko eta askoz gutiago, Etxagintzako euskal langilearen eskubideen bultzadari amore emateko gogorik eza hola erakutsiz.

Prozedura oso honetan, sindikatu bertikalaren etengabeko esku sartzea egiaztatu ahal izan da UTTeko bileretan eta beronen aldetik prozeduraren autentifikatzeko eta sinatzeko nahietan agerteraziz.

Negoziapenen bi aste betez gero, patronalaren asken eskaintza, langileek matizatua, Asanblada Orokorrean ezin izan zen hautetsia —sindikatuaren azpijokua eta agian, SEOPANen interesak zirela bide— larunbat-igandeetan (21-22) sistematikoki eragotzia izan zen.

Igandean, 21an, Barakaldon hospatu zen asanblada batetan, Komisio Kudeatzaileari konfidantziazko boza eman zitzaion, beronek, lanari lotzeari eta proposamena onhartzeari egoki eritz ziezaien, lau t'erdiz erabakiak hartzen egonez gero.

Emakumeak

Emakumeak greba honetan egin duten lana txalogarria izan da. Eskakizun zerrenden defendatzaile trebeak izan dira une bakoitzean eta, Durangon jaso zen bezala, lanean segitzen zuten langileei lana utzi erazi zieten. Durangora, adibidez, autobus batetan 35 emakume joan ziren eta hogeita hamabostak atxilotuak izan ziren. Bilbon, Arenaleko zubian, hiru emakume katez lotu ziren, kartel batzuren bidez etxegintzako langileen arazoak agertuz. Hiru ordu laurden egon ondoren, poliziek hiru emakumeak atxilotu zituzten arratsaldeko 8ak arte. Emakumeek beren eginkizunak programaketa baten bidez antolatu zituzten: egun batetan bilera bat egiten zuten eta, hurrengoan, manifestaldi bat.

Grebaren zenbait zehaztasun

Bizkaian egindako etxegintzaren grebak 42 egun iraun du. Urriaren 11n hasi eta Hazilaren 22an amaitu zen. % 95 langile egin zuten greba hau (30.000 langile, gutxi gora behera). Egunero langile bakoitza hiru bileretara joan da —bat lanetxean egina, beste bat eskualde mailan eta hirugarrena bilera orokor mailan. Asanblada Orokorrak egiteko zailtasun asko egon dira eta poliziak bilera batzu gogorki deuseztu ditu, langile batzu atxilotuz. Entrepresariekin hitz egiteko aukeratutako langile baten atxilotzeak —Solabarriarenak— denbora luzean entrepresari-langile harremanak geldierazi zituen.

Asanbladak eta berri-emaile taldeak izan dira greba honen giltzak, bilera eta talde hauen bidez berri-emate lana egin baita eta langileak, une bakoitzean grebaren egoera jakitean, protagonistak izan direlako. Prentsak greba honetan izan duen jokabidea gezurtia izan da, "La Gaceta del Norte"rena, batez ere eta egunkari honek Bilbon duen etxe aurrean bi bider langileek kazeta ale batzu erre dute protesta eraz. Greba amaitzean, lehen lan egunean %50 langilek lan egin zuen, prentsan grebaren amaiera irakurtzean ez baitziren fidatu eta berek aukeratutako delegatuen berri-ematea itxaron zutelako.

Laguntzak

Diru laguntza garrantzi haundikoa izan da greba luze honetan. Karneta berezi batzu eramanaz, 180 lagun diru biltze lana egin dute. Hamar milioi pezeta bildu ziren erresistentzi kutxetan (lau milioi, jaialdi, hitzaldi, e.a. bidez) eta hamar milioi pezeta hauetatik 9.902.000 zabalduak izan dira 950 famili artean. Senar-emazte bakoitzak astero 1.500 pezeta hartu ditu eta mila pezeta gehiago seme bakoitzarengatik. % 75 langile ezkonduak ziren baina ezkondu gabeko langileak ere lagunduak izan dira, pensioak eta jantokietan egindako gastuak ordaindu batzaizkie.

% 10 langile beraien familiekin Bizkaitik beste probintzietara alde egin dute lan egitera baina, greba amaitzean, berriz etorri dira. Grebak 165.000 lagunei, gutxi gora-behera, ukitu die, langile askok lau edo bost seme-alaba zituztelako.

Record bat

Entrepresariek record bat bete dute greba honetan: mahai baten inguruan arazoak langileekin batetan aztertzeko hilabete bat pasa behar izan zuen. Hau lortu ondoren harremanak arin joan ziren eta azken dokumentuaren izenpetzea egun gutxi batzuren ondoren egin zen.


Euskal Herrian

"Ekor" = "Einkor"

"EKOR"en aurkezpena Zarautzen

Joan zen 15ean, Zarautzen, "EKOR"ek (Euskadiko Entrepresarien Koordinadorak) bere aurkezpena egin zuen kazetari talde baten aurrean. "EKOR"en sortzea ez da erraza izan, hurrengo lerroetan irakurriko duzuen bezala. Haien hitzak sinesten baditugu, "EKOR" da "EINKOR"ek zuen lehen oinharrizko printzipioak dituen entrepresari taldea.

"EINKOR" hil da... gora "EKOR"!

"EINKOR" projektuan zortzi hilabete barru lan egin ondoren, azken egunotan zatiketa bat sortu zen projektu honen sortzaile ziren entrepresarien artean. Non egon zen banaketa honen iturria? Zergatik "EINKOR" semea jaio baino lehen "ama" barruan ito egin zen? Ez dakigu. Nahiz eta aurkezpenean kazetariek zatiketa honen iturriei buruz mila aldiz galdetu, "EKOR"en sartuta dauden entrepresariek ez ziguten galdera hau erantzun. Beraiek diotenez, "EKOR"ek eta beste zatiak elkar egindako komunikatu baten bidez jakin eraziko dira banaketa honen kausak.

Aurkezpenean, nahiz eta erantzunik ez eman, bi "pista" eman zizkiguten zatiketa honen iturria aurkitzeko. Lehena, "EKOR"en printzipioak eta beste taldearenak (zati honek ez du oraindik izenik) irakurtzeko eta beraien artean dauden desberdintasunak ikusteko esan ziguten. Bigarren "pista" bezala... etorkizunean bataren eta bestearen eginak ikusteko eskatu ziguten.

"EINKOR" projektua hil da baina "EKOR"ek haren printzipioak ditu, aurkezpenean esan zigutenez gero. Hauxek ditugu "EINKOR-EKOR"en oinharriak.

Oinharriak

1.- Langintza-elkarteen erakunde hau langintzari bereziki dagozkion interesen alde egiteko eta Euskadin guztion ona eta elkar-bizitza soziala lortzeko den elkarte bat bezala onartzea.

2.- Askatasun eta kreatibidade bide den neurrian, ekintza pribatuari eustea eta laguntzea.

3.- EKOR langintza-elkarteen erakunde demokratiko bezala eratzea, inolako indar edo alderdi politikori menperatu gabe.

4.- Beren interesen alde egiteko langileek duten askatasun osoz elkartzeko eskubidea onartzea eta laguntzea.

5.- Oraingo molde instituzionala, demokratikoki aukeratutako molde politiko berri batera aldatzen saiatzea, unibertsalki onartutako askatasun arauetan finkatutako moldeetara.

6.- Langintza-elkartearen interes eta arduren erabakiak hartzen dituztenen artean, oinordekatuak izan behar diren beste guztiekin batean, langintza-elkarteen erakundeen bitartez parte hartzea.

7.- Europako komunidadean sartzeko diren oztopo guztiak kentzen saiatzea, ordezko egokiak direnagatik oinordekatuak izateko eskubidea lortuaz.

Hauek dituzue "EKOR"en zazpi puntu nagusiak. Zein puntu izango da banaketa honen iturria? Noizbait jakingo dugu. Hala ere gaur dakiguna hau da: banaketa ez da "Euskadi" ala "País Vasco" erabiltzearen eztabaidagatik agertu, prentsan azaldutako berri batzuk zioten bezala, nahiz eta zalantza hau beste batzuren artean egon. Banaketa agertu zen bileran (135 bozek "EINKOR" desegiteko alde eta 111 jarraitzekoaren alde) "Euskadi" ala "País Vasco" erabiltzea ez zen gai nagusia izan, ezagutzen ez dugun puntua baizik.

"EKOR" zer den

"Ekor"en sortzaileek Gipuzkoako eta Bizkaiko entrepresariek egiten dute batez ere, nahiz eta Arabako entrepresari bat ere barruan egon. Nafarroako entrepresaririk ez dago gaur egun, "Ekor"ekoek oraindik Nafarroara jo ez dutelako. "Ekor"en lehen Zarautzeko bilera honetan 123 entrepresari bildu ziren baina gehiago direla esatea beharrezkoa da, "EKOR"en izpiritu barruan dauden entrepresariak askoz gehiago direlako, lehen bileran egon ez arren. "EKOR" entrepresa ttiki eta erdikoen interesak defendatzeko sortua izan da, entrepresa hauen interesak Euskal Herrian "inork azken urte hauetan ez dituelako defendatu Administrazio aurrean". "Euskadikoak" direla entrepresari hauek maiz esan zuten "EKOR"en aurkezpetzaileek eta, gure ustez, puntu honetan dago "EINKOR"en banatzea.

Sindikalgintzari buruz

Langileen sindikalgintzari buruz entrepresari hauek honela zioten: "EKOR"en dauden entrepresariek ofizial sindikalgintza baten arloan langileen sindikatuekin harremanetan sartzeko prest daude. Zein sindikatu onhartuko dute "EKOR"ekoek? Langileek berenak bezala onhartuko dituztenak. Langileekin paktu eta komenioak herrialde edo herri bakoitzean antolatzeko ados daude "EKOR"en dauden entrepresariak.

Langintz amnistia bat onhartuko dutela esan zuten "Euskadiko Entrepresarien Koordinadora" honetan daudenek Sindikal kuotak ordaintze ala ez ordaintze arazoa beren hurrengo bileretan erabakiko behar dute "Ekor"eko entrepresari sindikatuek, beste arazo asko bezala. "Orain arte gai hauk ukitu ez baldin baditugu beste oinharrizko gaiak antolatzen egon garelako izan da", esan ziguten. Nafarroari buruz izandako ahanztea ere iturri hau du. Nafarroak, gainera, Arabako entrepresekin harreman gehiago ditu eta, Araban, entrepresari haundi eta ttiki-erdiek sindikatu bakar eta bere bide berezia segituko duen bat antolatu dute.

"Guk beste edozein entrepresari sindikaturekin harremanetan jartzeko prest gaude, bai eta "EINKOR"en zatitu den beste taldereakin ere.

Nortzu dira "besteak"

"Beste" taldean dauden entrepresak era guztietakoak dira: haundiak, erdikoak eta ttikiak. Dirudienez, entrepresa erdi eta txiki hauek ez dute haundien babesa galdu nahi eta nahiago izan dute "EINKOR"en sortutako "beste" taldean iraun. Baina ez uste bi entrepresari sindikatu bakarrik izango direla Euskal Herrian, beste hirugarren bat ere sortzen ari baita...

Politika aldetik "EKOR"ek ez du alderdi politikoekin loturarik eta, berez, ez du politik kutsurik. "Euskadikoak garela esatea politikoa baldin bada orduan bai —esan ziguten— orduan politikoak gara". Politik aukera baten aurrean, bestalde, entrepresariek beren eritzi bereziak izango dituzte une bakoitzean.

Sindikatu ofiziala hila dagoela esan ondoren, honek utzitako hutsunea (bai "Ekor" eta bai beste entrepresarien sindikatuak) betetzeko gertu daudela esan ziguten.

Sei hilabete

"EKOR"en lehen juntak, gehien dela, sei hilabete iraungo du, denbora horretan beste junta bat aukeratu beharko baita. "Ekor"en arauak segituaz. Gaurko lehendakaria Durangoko Jon Estankona jauna da.

Helburuak

Lehen "Ekor"en oinharriak agertu baditugu, hona hemen helburuak. Eta, amaitu baino lehen, "Ekor"ek euskaraz eta erdaraz kazetarientzat egindako paperak eskertzen ditugu. Beste erakundeek euskaraz beren paperak agertzeko ohitura on hau hemendik aurrera hartuko al dute? Eta, beste gabe,) hara hemen "Ekor"en helburuak:

1.- Entrepresarien interesen defentsa, bai eta entrepresa berriak sortarazteko eskubidea ere askatasuna eta kreatibitatea suposatzen dituzten artean.

Maila orokorreko lehen helburu hau, hiru ekonomi sektoreen arauera zehaztu beharko da, eta gainerako subsektore eta dagozkien adarren arauera.

2.- Estatuaren ekonomi politikari buruzko erabakietan EKOR-en parte hartzea, honetarako bereziki sortu beharko diren erakunde aproposen bitartez.

3.- Finantzi merkatu argi, ireki eta eskurakoien sorkuntza, proiektoen baliagarritasunaren eta eragileen entrepresari ahalmenaren arauera soil-soilik erabakiak. Zentzu honetaz, nahita nahiezko da ofizial kreditoaren demokratizapena, eta txiki eta erdi mailako entrepresekiko oztopoak deuseztatzea, helburu hau erraztuko duen finantziari erakundea sortaraziz.

4.- Egungo zerga sistimaren erreforma laguntzea, eta ingreso eta gastu publikoaren kontrolaren demokratizapena.

5.- Burokraziaren gutitzea, eta Euskadiko ekonomiarekiko administrazioaren kontrolen deszentralizapena, Euskal Herriko hazkuntzak planteatzen dituen behakizunetan herriaren aurrezki pribatua aplikatuz.

6.- Egungo Giza Seguritatearen erreforma, bere barneko partaide guztien gestioa demokratikoki posible eginez.

7.- Langileen interesak benetan errepresentatzen duten sindikatoekiko harreman eta erlazioak.

8.- Entrepresaren irudia argitzea, beroni esker Herriak aurrerabide bat ezagutu duenez gero, eta egiazko demokrazia batetan aurrerabide hori sakonago eta hedatuago izan daitekeelarik. Honetaz, Euskadiren hazkuntzaz txiki eta erdi mailako entrepresak izan duen garrantziaz jabetuz, eta ekonomi zein politik erabakietan izan duen eragin urria kontutan hartuz, EKOR-en beretzat eskatzen du egiazko ekonomi egoera aztertzeko eskubidea, eta orobat bere hazkuntzarekiko posibilitateak eta era guztitako beharkizunak ikertzeko ere.

9.- Ikerketa eta teknologi hazkuntza landuko duten erakundeei laguntzea, eta teknik ikastegiei bereziki, maila guztietan.

10.- EKOR-en barruan, Euskadiko entrepresen hazkuntza potentziatzeko behar diren zerbitzuen sorrera.

11.- Egungo Merkatalgo, Industri eta Itsas Ganbararen demokratizapena, eta entrepresarien egiazko interesen serbitzutan bilakatzea.

X.A.


Euskal Herrian

Xalbadorri bertsoak

Xalbadorren heriotzak gure bertsolarien artean izan dituen erantzunak asko izan dira azken egun hauetan.

Luzeegi joko liguke horrialde eskas hauetan Xalbadorren oroimenez eta ohorez egin diren bertso saio guztiak jasotzeak. Gure aldetik eta omenaldi ttiki bat gisa Xalbadorren hiletan egindako bertsoak ekartzea erabaki dugu. Lan hau egitean oso estimagarri izan zaigu Bilboko Herri Irratiaren laguntza, beraiek utzi baitizkigute hiletan egindako grabaketak.

Hara hemen Etxaun, Lopategi, Lizaso, Lasarte eta Mattin bertsolariek Urepeleko elizan, Xalbadorren hiletan egindako bertsoak.

ETXAUNEN bertsoak

Bizia labür, hortxe proba da,

llabürregi zuretako.

Nork sinets ez tzütügularik

Xuberun ar ikusiko.

Izarra zinen aus ederregi

mende hontan zahartzeko.

Ezadiorik, gaixo Fernando

ez zütügü ahazteko.

LOPATEGIREN bertsoak

Agur tristea egin zenigun

omenaldiko egunez

ta hona berriz inguratua

gizon, andere eta umez.

Bizkaian erein ditut, Xalbator,

zure zenbait azken amets.

Sortuko diren lore ederrekin

gaur egiten dizut promes:

Urte guztitan etorriko naiz

Urepelera erromes.

LIZASOREN bertsoak

Euskal Herria guzia

zuela testigu

Xalbadorrek mundutik alde egin digu.

Gipuzkoar lagunak

agurtzen zaitugu

baldin zeruko Jaunak

laguntzen badigu

ehun haundian alkar ikusiko degu.

LASARTEREN bertsoak

Izar eder bat,

igesi joan zera menditxo batetik,

berriz piztu zintuzket pozik

nik nere borondatetik.

Zeruko aitak aska zaitzala

bekatuaren katetik.

Xalbador maitie, agurtzen zaitut

Napar guztien partetik.

MATTINEN bertsoak

Hainbertze ibiliak biak herriz herri

azken agurra egun egin behar Xalbadorri!...

Jauna zure aintzinan

inor ez da garbi,

zerua ikus dezan egiozu argi.

Ba zuen amodio, ba zuen bertute...

Jinkoaren legea nahiz ongi bete

aingeruek arima eraman zioten.

Agur, agur, Xalbador,

eta ikusarte.


Euskal Herrian

K.A.S. (EHAS, ETA (p-m), LAIA) antolakundearen eta L.A.B. eta L.A.K., langile prentsarako agiria

Referendum-ari begira: Abstentzioa

Suarez-en Gobernuak, iraupen frankistaren maniobrabilitatearen eremua zabaltzen duen textuinguru baten barnean dagoen Erreforma politikorako projektua, aurrera ateratzea lortu ukan du Gorteetan. KAS barruko erakundeen eritziz, erreformarako projektu honen funtsa, oligarkiaren oinharri elektoralista zabaltzeko saio batetan datza, erregimen faxistari europar eratako demokrazia burjesen itxura eman nahiz, baina botere osoa beren eskuetan uzteaz ahantzi gabe, eta bestelako alternatibetarako biderik utzi gabe. Ez dago demokraziarik, bestelako alternatibetarako posibilitaterik ez badago, eta beraz, saio honi ezin eman dakioke demokratiko izenik.

Gorteetan beraren politikari eman zaion oneritziarekin ase ez delarik, Gobernuak herriaren onespena lortu nahi du. Erreforma horri baietz edo ezetz esan dezagun nahi dute, eta horretarako medio eta baliabide itzelak erabiliko dituzte, baietz esatea demokrazia esatea dela frogatzeko. Herriak berak proposatuko lituzkeen terminoez bestelako batzuz planteiatu nahi digute dilema hau.

"Ezetz" esatea zera onhartzea da, Estatuko planteiamendu konstituzional berrietan protagonismoa Gobernu Erreformistetan eta frankismoak sorturiko Gorteetan dagoela, hau da, faxista bikaina izatea da.

Modu berean, "baietz" esatea, Gobernuak Gorteetan duen protagonismoa berronhartzea da, eta planteiamendu konstituzional berrien iturri gisa iraupen frankista birbaieztatzea, eta hau, beraren zuzendaritza konkretua onhartuz.

Zuriz bozkatzea ere, Gobernua eta Gorteak onhartzea da, beraien intentzio konkretuak baieztatzeaz edo ezeztatzeaz erabakitzen ez bada ere. Gure dilema bestelakoa da: Frankismoa ala demokrazia eta autonomia nazionalak. Gure jarrera horrelako joku trakets horretan parte ez hartzea da, eta ez bozkatzea, ez baietz, ez ezetz, ez zuriz: abstenitzea.

Euskal herritar klaseek, aurrean langile klasea daramatela, eta K.A.S.aren inguruan baturik, beren protagonismoa eta beren etorkizuna moldatzeko eskubidea erreibindikatzen dute. Klase hauetaz abstentziozko erantzun masiboa espero daiteke, erantzun horren bidez oligarkiari burruka urte honetan adierazi nahi dituzten gauzak lortzeko hartu duten erabakia beste batez ere frogatuz.


Euskal Herrian

Herri-eritziaren sondaketa referendumaren aurrean

Oraingoz gutariko bati baino gehiagori etorriko zitzaion, matrailak irribarretsu dituelarik, aldiko galdegite dontsuak esanez: Bozkatuko al duzu? Betiko eritzi sondaketak dira, kapitalist demokraziak ugaritasunez erabiltzen dituen metodoetarik bat, bere programa politikoak justifikatzeko.

Espainiar Estatuan hamar dira, egiten ari diren inkestak, zihur dakigularik. Harmadak, isiltasun ikaragarriaz daramatzan bi eginak ditu, Television Españolak ere ikertu du, Tierno Galván-ek (PSP) ere egindu ikerketa bat eta Kristau Demokraziak eta PSOEk ere eginak dituzte, Alianza Popular, Díaz Nicolásen atzean dabilela dirudi. Data, Consulta, Sie eta Metra merkatal etxeek ere eginak dituzte sondaketak. Hasiera batetan, merkatal etxeek egiten zituzten sondaketak eta gero, salgai ezartzen zituzten. Orain alderdi bakoitzak bere inkesta propioak egitea gura du, datoak alderdiaren interesen arauera osatzeko. Hau guztiau, suposatuko duzuenez, milioiren dantza ikaragarriaz, diru horik nondik irteten diren inork ez dakielarik. Baina, irten egiten dira.

Inkesta guzti hauen atzean, USAn espezializatu den espainiar soziologo famatu baten irudia agertu da. Babespen hauk ditu: Estatu Batuetako gobernamenduaren beka, Espainiar Gobernuak gonbidatua da eta DATA consulting entrepresaren ikerketa buru bezala dago. Esan daiteke Suárez imagina legitimatzeko arduratu den soziologoa dela.

Nori zerbitzatzen dio Linz-ek? Alde batetatik, Izquierda Democráticari lotua dagoela dirudi, baina une berean, gonbidatu duena Gobernua izan denez, suposatu behar da Suárezen irudia bere atzetik dabilela.

Gure ustez, Linz, Gobernuak jokatuko duen erreformaren legitimizazioaren baza laguntzera etorri da. Beste batetan ere, soziologoa tratalari onenari saldua. Parte hartze politiko libre bat gabe eginen den erreforma bada, bere justifikazioa ideiologikoa izanen da beti ere, kasu honetan bere ideiologia, erreforma hau aurrera eramatea nahi dutenekin batuta joanen da, hau da, burjesiarekin eta batik bat, oligarkiarekin.

Laburtuz esanen dugu, erreforma prozeduran buru grisak paper handia jokatzen ari direla, ikusten den burua Suárez delarik (kuriosa da, Suárez lehendakariaren irudia nola saltzen den konturatzea) eta hau guztiau justifikatuko duen teknokrata Linz dela.

Orain galdera bat etortzen zaigu burura; ikerketa guzti horiek Euskal Herriarentzat balioko ote dute? Dudatan jartzen dugu. Ez dira kontutan hartzen sondaketa guzti horietan abertzaletasuna bezain interesgarri diren bariableak, Euskal Herrian kapitalist produkzio moetak duen aurpegia, gizarte klaseen eta inmigrazio maila eta beste. Inkesta osatzen duten teknikoen artean, euskal errealitatearen ezagupen eta bizi esperientziaren falta, garbi nabaritzen dira.

Guztia gutti bailitz, eritzien inkestek ez dute ezer balio, normalki % 30 bezain handiak diren erruekin erantzunak jasotzen baitira. Horrela inkesta bidez ezin dugu jakin zenbatek erantzunen duen baiezkoa edo ezezkoa, zeren erru horrekin berdin izan baitaitezke % 40 baiezkoa ematen dutenek edo % 70. Horren erraz da.

GONZAZKO


Euskal Herrian

El Ciervo-ren adarrak

Aurtengo Hazilaren lehen hamabostaldian, 295. zenbakian, EL CIERVO aldizkariak, Regiones, Naciones y Estado en España izenaz, artikulu mordoa eskaini digu, haietako bat, gainera, gure herkide Carlos Santamariak egina.

Zenbaki honen azalak, nonbaitetik hasteko, euskaldunoi egindako burla bat dakar, Nafarroa besteetatik aparte jartzen baitu.

Baina marka guztiak gainditzen dituena, noski, Josemaría de Campos Setién Valladolid-tarraren artikulua da. Valladolideko beste baten lana irakurtzen ari ginela ematen zuen, halafedea!

Euskal Herriaz mintzatzean, Sabino Arana dela eta, hauxe dio: "empresario profundamente católico, a fines del siglo pasado inventó el nacionalismo vasco, (...) Las provincias vascongadas en ningún momento de su historia habían formado una comunidad política unitaria e independiente, ni existía, por tanto, palabra en vascuence que expresara esta comunidad. (...) Entonces en 1902, Sabino Arana empezó a emplear un neologismo, que gramaticalmente era erróneo pero que políticamente hizo fortuna: Euzcadi (vascoleda) (sic).

J.A. Agirrez, Valladolideko romanzado ilustreak, romance garbian honela diosku: "Una de sus últimas pretensiones es la Universidad en eusquera (sic). Bien está que se el estudie "el" vascuence, pero lo que resulta imposible es una enseñanza universitaria "en" vascuence, porque carece de vocabulario para tal menester".

Nik neuk, oso ezjakina naizelako, segurki, ez dakit oraindik zein fabrikaren jabe zen Sabino, goian ipini dena egia baldin bada behintzat. Eta Sabinok euskal nazionalismoa asmatu zuela esatea, Garat, Xaho, Zumalakarregi eta XIX. mendeko karlistak nortzu eta zertzu ziren ez jakitea da, Sabinok meritu bat du, oso berezia, Euskal Estatu politiko propio bat amestea eta hori lortzeko alderdi konkretu bat, bere sasoian nazional arloan aurreratuena gainera, fundatzea. Eta hori, bistan da, asko da euskaldunok hura sekulan ahantz ez dezagun.

Gurean, antza, ez da inoiz egon politik ez ethni batasunik, eta horrexegatik, euskaraz, guztiok, Bizkaitik Zuberoaraino, berez, espontaneoki eta inolako politik presio eta kutsurik gabe, geure burua euskaldun deitzen dugu eta geure nazioari Euskal Herria izena ematen (1571.ean Leizarragak Heuskal Herria idazten zuen jadanik. Santxo III.aren garaian, bestalde, Iruineko erresumaren mugak noraino heltzen ziren, dirudienez, ez daki oraindik Josemaría de Campos Setién jaun gaztelauak. Hau guti delarik, gainera, erdaraz, erromatarren garaietatik, beste izen bat egon da gure Herria adierazteko: Vasconia, Valladoliden oraino entzun gabea.

Sabinok, (1901.ean, eta ez 1902.ean) Euzkadi delako zerbait asmatu zuen eta ez Euzcadi. Vascoleda ez da, bestetik, oso itzulpen ona, vazconeda, agian, egokiagoa litzateke.

J.A. Agirrek jadanik gerraurrean nahi zuena, hots, Unibertsitatean euskara eta euskaraz irakastea, ez da haren ameskeria hutsal bat, oraingo euskaldunok — malgré l'université de Valladolid!— aurtengo udan laurgarrenez ongi frogatu dugun gauza bat baizik. Suarezen memelokeria berbera entzun behar, beraz.

Dakusagunez, edozein Pepelerdok du aspaldion euskaldunoz bereak eta bost esateko eskubide eta ausartzia, zertaz ari den ez badaki ere.

Baina, gaztelau horren kritikan, besteak beste, ba dago zerbait euskaldunok serioski pentsatu beharko genukeena. Ez al daude hor, Sabinoren kasuan bereziki, gutariko batzuk hortik zehar barreiaturiko ideia batzu?

Haren betiko benetakoak oraindik bizi dira, aurtengo Hazilaren 24ean Bilboko El Correo Españolen agerturiko eskela hau lekuko.

Kanpokoek gure Sabino atakatzean, noski, euskaldunok haren alde irten behar dugu; baina noraino eta noiz arte? Sabino aho biko ezpata bat da, eta labana gainera. Haren obran ba dira ideia nagusi batzu, jenialak benetan baina ez dira gutti, hala ere, absurdoak izateaz gainera, giza duintasunaren kontrako irain hutsak direnak. Eta Euskal Herriaren gaurko populazioa nola osatua den kontutan harturik, zuhurtasun politikoaren izenean —besterik ez balitz ere!— Sabinoren alderdiok lehenbailehen astindu beharra dagoke. Kanpotar etsaien aurrean defendatzen dugun artean, haiei aurrera harturik, haren puntu beltzen kritika zorrotza egin behar genuke agudo. Geure burua jotzen duguneko harria, hain zuzen, ez dute besteek hartuko gu harrikatzeko.

Zeren, ba dirudi, Sabinoren lanak ez dituela gure politikarien artean inork orain arte irakurri, ez eta ideiologia hartan oraino oinharritzen diren aurreritzi eta jarrerak ikusi ere. Beharbada euskaldunok faxismoari eskertu beharko genizkiokeen mesedeetariko bat, nik uste, Sabinoren obrak orain arte galeraztea da. Zer gerta zitekeen, kasu batez, orain urte batzu, Herri-eta politik kontzientzia oraingoa ez bezalakoa zenean, Euskal Herrira etorritako guztien eskuetan De su alma y de su pluma moduko perla bana jarri balitz! Eta orain, haren betiko benetakoen pozerako, obra horik laster salgai ikusiko ditugu nonnahi.

Pertsona hilek, noski, errespetua merezi dute, eta politik buruzagiek bereziki, baina haien jainkotze itsu eta aberranteak baino garrantzi haundiagoa du, ene ustez, Euskal Herriko bizilagun guztien giza duintasunak, etorkinenak bereziki.

Xabier Kintana


Euskal Herrian

"Irakasle Eskola"ren agiria. Donostian euskarari buruz egindakoa

Idazki luze eta mamitsu baten bidez, Donostiako "Irakasle Eskola"ko ikasle talde batek euskararen gaurko egoeraz agiri bat aurkeztu dute. Oso luzea denez gero eta azken unean eta gure aldizkariaren ale hau inprimatzeko prest zegoenez gero oraingoan agiriaren laburpen bat —aurkibide bat, ia— egitera behartuak gaude, hurrengo alean lasai eta sakonkiago argitaratzeko asmoz.

Sei dira idazki honetan ukitzen diren puntuak. Lehenengoan zer den hizkuntza bat, hizkuntza baten eginkizunak eta euskara beste hizkuntzen aurrean ikusten dira. Bigarrenean gai berberak baina orain kulturari buruz agertzen dira. Hirugarrenean euskararen beharra, bakoitzarekiko eta gizartearekiko ageri ondoren, "Ez dago Euskal Herririk euskara eta euskal kulturarik gabe" gaiaz idazten dute maisu-ikasleek. Laugarren puntuan euskararen egoera eta egoera honen arrazoiak eta zergatiak ikertzen dira. Bostgarrenean "Euskara eta euskal kultura irakaskuntzan" gaia zabaldu ondoren, seigarrenean "Euskara eta euskal kultura Magisterioko eskola" gaiaz idazten da.

Lehen puntuan hizkuntza guztiak desberdinak eta bereziak direla, errealitatea egoera desberdinetatik begiratzean ageri ondoren, hizkuntzalari batzuk Suarez espainiar presidenteak "Paris-Match"eri esandako konzeptuei erantzuten die. Bigarren puntuak Satrustegik idatzitako lerro batzu agertzen dizkigu. Beren ideia nagusia hau da: "Herri bati bere hizkuntza lantzeko eskubidea ukatzen zaionean, herri horrek duen nortasuna ere ukatzen zaio". Euskararen egoeraz, elebitasunaren esan nahiaz idazten da, Euskal Herria "errealitate bilingue" bat ez dela esanaz, baizik eta egoera diglosiko baten adibide argi bat: "Elebitasuna mitifikatuz, burrukaren nahitaezko etena baretu egiten da, elebitasun diglosikoaren pean aurkitzen den herria bere hizkuntza galtzen ari da", diote hirugarren puntu luze eta sakon batetan.

Laugarrenean Estatu espainolak euskara eta euskal kulturari buruz ofizialki ezaguterazi dituen kontzeptuak ikertzen dira. Dekretu horietan nola euskal kultura ez den aipatzen argi ikusten da eta, guttiago oraindino, Euskal Herriak euskara eta euskal kulturan bere sustraiak izan behar dutela esan. Azkenik, bostgarren eta seigarren puntuetan maisu-ikasle hauk "Magisterio" eskolarako euskara eta euskal kulturaren alde eske batzu egiten dituzte. Esan dugun bezala, hurrengo batetan agiri interesgarri hau sakonkiago aztertuko dugu.


Euskal Herrian

Profesionariak Bartzelonan

Urriaren 30. eta 31.ean eta Hazilaren lehenengoan Estatu barruko nazio eta eskualdeetako profesionariek bilera bat egin zuten Bartzelonan, Unibertsitate Zentraleko Paraninfoan. Kataluniako intelektual eta artisten batzordeak antolatutako bilera hau azken orduan gobernadore zibiliak galerazia izan zen. Nahiz eta Euskal Herriko profesionariak egindako programari egiteko prest egon —"legalitate" eta "ilegalitate" arazoa agintariena izatea— hiru egunak bitan gelditu ziren eta profesionarien agiriak presaka, laburki eta klandestinitatean irakurriak izan ziren.

Bileraren helburuak hiru izan ziren: nazio eta herrialde bakoitzaren egoera ezagutzea; profesionariek, nork bere herria, errepresioaren dossier bat gertatzea eta, azkenez, amnistiari buruz hitz egitea. Azken orduko debekuak eta bilera beraien bideetatik eramateko zenbait alderdien asmoek datorren hilabetean beste bilera bat antolatzea kontseilatu zuten. Euskal Herriak bilera hau Iruinean egitea proposatu zuen baina P.C.koek, bat eginik, Iruinea ukatu zuten.

Bartzelonan agertu diren gauzak hauxek ditu; gu: Euskal Herriko eritzi eta erabakiak garrantzi haundikotzat hartzen dituztela ere honetako bileretan; alderdi politiko batzuk bereganatu nahi dituztela eta, nazio bakoitzaren agiria ontzat hartzeko aski dituztela alderdi hauek agiri hauetan agertzen diren pertsonaien izenak. Eta, gure ustez, nazio bat pertsonaia batzu baino gehiago da.


Munduan barrena

Eskoziako hizkuntz arazoa

Oraintsu, Zeruko Argia batetan, Eskoziako egoera politikoari buruzko artikulu bat irakurtzeko parada ukan genuen (ikus: Z. A., 705. zenbakia). Bertan azaltzen zenez, gaelikoa, bertako hizkuntza halegia, "neurri handi batetan galduxea dago iadanik", baina horrela izanik ere, gaelikoaren bilakatzea azaltzeari interesgarria deritzot, eta heldu zaidan liburuxka batetik (1) atera ditudan datuez baliatu naiz artikulu hau egiteko.

Historia pixka bat

Kristo ondorengo III. mendetik hasiz, eta zenbait belaunalditan zehar, Irlandan —Ulster-en hain zuzen— zegoen leinu bat, Féni izenekoa, Bretainia Haundiko Iparraldera hedatu zen: Eskozesak ziren —Irlanda, latinez, Scotia baitzen—, beraien hizkuntza gaelikoa zen, eta gaur egun Eskozia izenez ezagutzen dugun lurraldean bizi zirenen herrietarik kultuenak ziren. Eskozesak heldu baino lehen, beste hiru herri hauk zeuden bertan: Piktoak, erromatarren etsaietarik amorratuenak, eta Highlands-etan lekutuak; Britonak, erromanizaturiko Lowland-etako herri bat; eta Angloak, Eskozia eta Ingalaterrako muga inguruan bizi zirenak.

Nahiz eta herri desberdinak izan, beraien arteko loturak asko ziren, egitura sozial-politikoetan, artean eta folklorean batez ere. Gero, mendetan zehar, loturak handiagoak egin ziren. Kristautasuna —Britonen aldetik eta nagusiki Iona-ko monastegitik etorria— Eskandinaviako vikingoen aurkako burruka, eta Ingalaterrako presioa dira, beste faktore askoren artean, Eskoziako batasuna lortuko dutenak, 1034.ean. XI. mendean lortuko du, dudarik gabe, gaeliko hizkuntzak bere punturik altuena: Eskozia osoan mintzatzen zen, erresumako hizkuntza ofiziala zen (eta Elizarena halaber), literatura indartsua zuen, eta abar.

Hizkuntzaren atzerakada. Lehen pausoa: XI-XVI. mendeak

Baina XI. mendeko azken urteetatik aurrera, gaelikoa, eskozesen hizkuntza, atzera joanen zen. Arrazoiak hauk ziratekeen:

a) Eskoziako Gortea Ingalaterran eta Frantzian heziriko nobleek eta erregeek osotzen dute eta berorik herbestean ikasitako hizkuntzaz mintzatuko dira, gaelikoa bigarren mailakotzat utziz.

b) Nobleak, harreman komertzial eta ekonomikoekin batera, jatorrizko leinuen sistemaren ordez, feudal sistema inposatzera ahalegiten dira.

c) Beste herri askotan bezala, Eskozian atzerritarrez populaturiko burgoak, hiriak eraikitzen dira.

d) Ingalaterraren aurkako gerra ugariek beste era batetako harremanak sortu zituzten, eta, beti, burruka zelaian suertatzen ez zena, hizkuntz arloan ingelesa gertatzen zen garaile.

Honen ondorioz, XVI. mendeko haseran, Hego-Eskoziako zatirik handiena ingelesez mintzatzen zen, eta Ipar-Eskozian zeuden hirietan, ingelesa zen nagusi, nahiz eta hiritarrek hizkuntza biak jakin. Gortean, gaelikoz mintzatu zen azken erregea James IV.a izan zen, eta beraren heriotzaren ondotik (1513.ean), gaelikoa arloteen hizkuntza bezala geratu zen; ingelesa, ostera, nobleen eta merkatarien mintzabide bezala. Are gehiago, ordurarte denok eskozesak izan arren, ordutik aurrera, eskozes izenaz, Eskozian bizirik ingelesez mintzatzen direnak izanen dira ezagutuak, eta gaelikoz mintzatzen direnak, aldiz, irlandes izenaz, eta hau konnotazio pejoratibo guztiekin.

Hizkuntzaren atzerakada. Bigarren etapa: XVI-XIX. mendeak

XVI. mendean, Eskozia zatikatzeko beste arrazoi bat agertu zen: Erreforma erlijiosoa. Hego-Eskozia —Lowlands— erreformatu egin zen ia osoro; ez, ordea, Ipar-Eskozia —Highlands—. Baina estatuaren heziketaren zuzendariak hego aldean zeuden, eta hizkuntza-erlijio-puritanismo giroak, gaelikoaren erabilera ofizialki debekatzera eraman zuen. Honekin batera, eskola ofizialak, ingelesa mintzabidez, gaelikoaren sistema edukazionala hondatzera eramaten du. Halaber, beste herri gaeliko batekin zeuden harremanak —Irlandarekin prezeski— eragotzi egiten dira. Hemendik aurrera, gaelikoa etxe hizkuntza bilakatuko da, sozialki gaizki ikusia. Gaelikoaren mugak astiroki atzeratzen doaz, eta XIX. mendean, iraultza industrialaren denboran, hizkuntza baserri giro batetan aurkitzen da. Industrialtzeak apurtu egiten du, ordurarte zegoen oreka —hiritar giro ingelesa, baserritar giro gaelikoa—, baserritarren hiritarratzea erakarriz.

1843.ean, Eskoziako Eliza ofizialak kisma bat jasatzen du, Free Church —Eliza libroa— sortuz; kongregazio honek herriari herriaren hizkuntzaz hitz egiten dio. Ondorioz, herri gaelikoetan, gaelikoz idatzi literatura erlijiosoak birpizte bat du. Baina herri horietara ez doa industriarik, eta kanpora doan emigrazioa handia da.

Gaelikoa gaur: XX. mendea

1872.eko Edukazio legearen tendentzia zera zen, Gaelikoa Highlands-etan bizi zirenen hizkuntzatzat kendu egin behar zela; eta joera hau oraindik ere mantentzen da. Gaelikoa, hizkuntza bezala, 1915. urterarte ez da irakaskuntzan sartzen, eta orain dela hamar bat urterarte ez du beste hizkuntzarekiko kidetasunik lortuko.

Nahiz eta bilingue diren eskoletan gaelikoa trabagarri gabe lagungarri dela konprobatua izan den, 1936.ean egin zen inkesta baten arauera, gaelikoz mintzatzen ziren gurasoek ez zieten beren semeei gaelikoa irakatsi nahi, eta, ondorioz, semeok gaelikorik ez dakite, eta gainera ingelesa oso txarto. Gaelikoa eskulangileen eta zaharren hizkuntza bilakatu da. Baina gaelikoari laguntzarik ez emateko, ideia maltzur eta zital bat hasi da nagusitzen: gaelikoz mintzatzen diren eskozesak oso gutti dira eta ez dute administrazio berezirik behar. Gaur egun, Hebrides direlako irletan, Skye irlan eta leku gutti gehiagotan mintzatzen da: 80.000 pertsonak dute mintzabidetzat (Eskoziako populazioaren 1'66 % a). Umeen artean gaeliko lehen hizkuntzatzat duten haurrak, 0'5 % dira soilik. Mila pertsona ere ez daude, gaelikoz soilik mintzatzen direnak: erdiak, 9 urte baino guttiagoko haurrak; eta 300 inguru, 65 urtetik goragoko agure zaharrak.

Gaelikoa ez da ofizialki inon erabiltzen —Hebrides-etan dauden bat edo bi aiuntamentu salbu—. Irratietan 2 1/2 ordu astean entzun daitezke gaelikoz —Eskozian 500 ordu ematen dira astean—. Telebistan noiz behinka zerbait eman arren, ez dago erregularitaterik. Liburuak, 6-8 ateratzen dira urtean, liburu zaharren berredizioak —ingeles izulpenekin— edo gaelikoaren gramatikak batez ere.

Aldizkarietan, soilik periodiko lokal batetan, "West Highland Free Press" delakoan, zerbait idatzita agertzen da, poesia eta txokoko gaiei buruz, eta ez asko. "Scot National Party"-ren, (SNP-ren) edo eskozes nazionalisten aldizkarian, "Scot Independent" izenekoan, gaelikoz ez da poesia pare bat ezik ezer agertzen, eta bai, ordea, eskosez, Eskozian mintzatzen den ingelesaren dialektu batez, halegia. Hala ere guztiz ere, beren propaganda, gaeliko herrietan, hizkuntza bietan egiten dute.

Eskoletan, gaelikoz primario eskolak ematen dira gaeliko diren komunitateetan; baina 12 urtez gora estudiatu nahi duen gaelikoduna, gaelikoz mintzatzen den herrietatik irten egin behar du eta ingelesez estudiatu egin behar du —gaelikoa ere asignatura edo gai bezala ingelesez erakusten da—.

Gaelikoaren etorkizuna

Nahiz eta zenbait gaztek gurasoek ez erakutsitako arbasoen hizkuntza ikasten ari diren, gaeliko sozietatearen iraupena, etorkizuna, gaeliko sozietateak berak egin behar du. Ba dirudi, XXI. mendeak gaelikoaren heriotzea ikusiko duela, gaeliko hizkuntzaren eta herriaren aldeko kontzienziarik ez baita. Herri ttikien patu gaiztoa. Ez ahal zaigu berdin gertatuko!

I. Zuazo

(1) "The Lion's Tongue" Kenneth MacKinnon. Club Leabhar-Inbhirnis (Inverness) 1974.


Erlijioaz

Ba alda Euskal Elizarik?

Joan den irailaren 20tik 25era, Euskal Herriko apez multzo bat bildua egon da Bilbon, gure Herriko problematika aztertzen eta Elizak hor dukeen eginbeharra estudiatzen. Euskal Elizaren lehen urratsak dirateke.

Jendea aise mintzatzen da euskal Elizaz. Horren premia eta egokitasuna gauza nabaria da. Horren izatea eta esistentzia, ordea, beste upel bateko sagardoa da. Nire kezkak nondik datozen berehala antzemango diozu.

Euskal Herriko Eliza eta uhin berria

1964. inguruan, kultur mugimendu berri bat loratzen da Euskal Herrian. Mugimendu hau gure herrigintzaren birplanteaketa batetatik dator hein handi batetan, guzti horretan kanpotiko haizeek ukan duten eragina ahantzi gabe. Dena den, uhin berriarekin halako eten bat sortzen da gure kulturgintzaren alorrean. Kultura berri hau sekularra eta akonfesionala da gehienbat, ezkerreko mugimendu politikoekin bereziki uztartua.

Delako eten horretan, Euskal Herriko Eliza, erakunde bezala, zubiaren bestaldetik geratu zen, hots, lehengo munduari atxikia eta ez dirudi oraino zubia pasa duenik.

Aipaturiko urte inguru hori arte, euskal kulturaren monopolioa Elizaren itzalpean zegoen nolabait. Horrek esan nahi du, Erdi Haroa gurean bukatu berria dela, baina bukatua hala ere. Oro har, Elizak euskalgintzaren lema eta gidaritza galduak ditu jadanik, nahiz eta haren itzala aski esanguratsua den oraino.

Kultur aldaketa bortitz honek krisi gogorrean ipini du gure Eliza, eta krisi horren zantzuak sumatzea, ez da batere zaila. Kultur arloan sartu garenez gero, hauxe aipatuko nuke erakusburu bezala: gure erlijiozko literaturaren eskasia eta pobrezia. Merezi duen ezer argitaratzen al da gure artean, eremu honetan?

Okerrena zera da: ba dirudi gure Eliza, erakunde eta multzo bezala, gaurko euskal kulturgintzatik nahiko aparte dabilela. Horrek sortzen digun susmoa ez da askoz esperantzagarriago: gure Herriko trenaren abiada galdua ote du Elizak?

Izan ere, gauza bat da Elizak herrigintzaren gidaritza galdua izatea, hori sekularizatzearen prozesuak edonon dakarren ondorena baita. Baina beste gauza bat da —eta oso bestelakoa, noski— Elizak herrigintzaren eta euskalgintzaren sintonia galdua izatea. Azkeneko hau askoz grabeago da, izan ere. Azken finean, hori egia balitz, ez legoke hemen benetako kristau Elizarik.

Gaurko mundu berriak Elizari jotzen dion erronkaren gakoa hementxe datza: Elizak ez du izan behar mundugintzaren lemazain eta gidari, baina Elizak Eliza izan nahi badu, gaurko munduan eta batik bat gaurko mundugintzan presente egon behar du. Horretarako, gaurko kulturan murgildua egon behar du eta haren hari nagusiak sakonetik ezagutu behar ditu. Mundu honetan haragitua egoteko beste biderik ez dago.

Nik neuk Euskal Herriko Eliza gaurko euskalgintzaren dinamikatik aparte samar dakusat aspaldion, eta guztiz tamalgarria da hori horrela gertatzea. Labur esateko, horrek adieraziko luke, hemengo Eliza ez dela gaurko Euskal Herrian bizi, beste batetan baizik. Horra trajeria!

Euskal Herriko Eliza eta elebitasuna

Puntu hau ere erakusburu bezala doa, nire tesiaren egitasuna forogatu nahian edo.

Garai batetan, "Pacem in Terris" eta Vaticano II.aren ondoren batik bat, oso modan jarri ziren Elizaren ahotan "aldien zantzuak" (gaztelaniaz, "signos de los tiempos"). Idatzi ere asko idatzi zen gai honetaz. Agi denez, azkenerako bazterrak ase egin ziren halako hitz zaparradaz eta aspaldi honetan ahaztuxeak dauzkagu zantzu horik.

Giza balio eta herri balio mailan egiten diren aurrerapenak eta lorpenak, horik dira "aldien zantzuak". Elizarentzat garrantzi handikoa da seinale horik begiz jotzea eta haintzakotzat hartzea, beraren ekintzak gaurko munduan sentidurik ukanen badu.

Gaur Euskal Herrian "zantzu" horietako baten bila hasiko bagina, nik behintzat elebitasuna begiz joko nuke, beste zenbaiten artean. Elebitasuna gaur gurean Herriaren eskea da, dudarik gabe.

Euskal Herriko Eliza jabetu ote da fenomeno honetaz? Jabetu baldin bada, ondo isilean dauka sekretua. Elizaren ihardunbideari bagagozkio, berriz, ez da inolako aldakuntzarik somatzen oraindainokoan. Beraz, ba dirudi, gure Eliza lozorroan dagoela.

Zenbaitek gauzak bere onetik ateratzea dela eritziko balio ere, zera esaten ausartuko nintzateke: Euskal Herriko Elizak ez du sekula (XVI. mendeaz gero bederen) seriotan hartu euskara eta gaur ere horixe berori gertatzen zaio. Hain zuzen, gure hizkuntzaren egoera diglosikoa ikusteko, Eliza bezalako ispilu guti dago. Noiz arte horrela?

Ba da ordua Elizak, hitzez eta egitez, euskara gure Herriaren hizkuntza ofiziala bezala onhar dezan. Hortik pasatzen ez den ebangelioa, ideologia huts zapaltzailea da, eta ez du begirunerik merezi. Ohar modura esan dezadan, honek ez duela esan nahi, Elizak euskal gramatikaren erregelak predikatzen hasi behar duenik, edo eta bere gisako euskara bat (euskara made in ecclesia) sortu eta erabili behar duenik. Eliza ez da Euskaltzaindia, nik dakidanez.

Elizari eskatzen zaiona hauxe besterik ez da: gure Herri zapalduaren hizkuntza haintzakotzat har dezala behingoz, eta hori, bere egitekoa behar bezala burutzeko premisa bezala. Izan ere, Herri baten hizkuntzak ba du zerikusi hesturik, Elizaren eginbeharra den Jainkoaren hitza predikatzearekin. Herriaren hitzari uko egiten dionak, nola hots egin dezake behar den moduan Jainkoaren hitza?

Jose Altuna


Elkar ikuska

X. Kintanarekin hiztegiaz hizketan

Aspaldidanik sentitua da gure artean euskal hiztegi moderno baten premia, euskara batu, zientifiko, tekniko eta aberatsa eskainiko duena. Euskaldun guztiok, ikasleek, irakasleek, irakurleek, ikastoletako haurrek, guztiok genuen horren premia.

Eta zorioneko hiztegi hori amets bat ez, baizik eta errealitate bat da honez gero. Xabier Kintanak, Bizkaiko Alfabetatze Kanpainako lagun batzurekin jadanik egina du hiztegi hori. Hortik zehar zerbait entzunik, guztiok izan dugu albiste on horren berri, baina argitasun gehiagorako, Kintanagana jo dugu, beronek zerbait gehiago azal diezagun.

— Nortzuk egin duzue hiztegia, Xabier, eta noizdanik aritu zarete lan horretan?

— Hara... orain dela hiru bat urte Bizkaiko Alfabetatze Kanpainak lan hau egin nezan eskatu zidan. Hortaz, nerau hasi nintzen, baina fitxak gehituz zihoazen ginoan, behar beharrezkoa ikusi nuen laguntasuna. Horrela, Joseba Tobar hasi zen nirekin lanean. Lana gero eta haundiagoa zela eta, gauzak arintzeko, fitxategien ordena eta koordinatze lana ongi eramateko, beste langile bi etorri zitzaizkigun: Sabin Egileor eta Koldo Zuazo. Guztiok, derradan bidenabar, Euskaltzaindiko irakasle tituludunak eta euskara irakasten eta alfabetatzen luzaro arituak. Neronek lanaren zuzendaritza eraman arren, beste guztion lana ez da ttikia izan, inola ere. Juanjo Zearretak, Jon Aurrek, Rikardo Badiolak eta Joan Luis Goikoetxeak, nork bere sailean, halaber, laguntza ederra eman digute.

— Hiztegi hau nolakoa da, euskara hutsezkoa ala euskara-erdara?

— Begira, hiztegia, alde batetik, euskara-espainiera da, eta bestetik espainiera-euskara. Euskal hitzak espainolera itzuli eta azalduta datoz eta espainolezkoak, aldiz, euskaraz. Horrez gainera hiztegiak grammatikazko laburpen bat dakar, deklinabide, aditz eta synthaxisaren punturik inportanteenekin. Ba daude, bestetik, zenbait gehigarri: Geographi izenak (nazio, mendi, itsaso, irla, etab), pertsona izenak, histori eta mythologi izenak... Berauk, gure ustez, oso probetxugarriak izanen zaizkie irakurleei.

— Zenbat hitz dakar?

— Egin ditugun kontaketen arauera, euskara-espainol partean 42.000 bat hitz daude, 55.000 adiera ezberdinekin. Espainol-euskara partean, aldiz, 30.000 bat hitz, 35.000 adiera ezberdinekin. Guztira, 70.000 hitz eta 90.000 adiera inguru.

— Hitz berri eta internazional asko sartu al dituzue?

— Bitzuotarik askotxo dago. Hitz internazionalak euskarazkoak ere ba ote diren erabakitzeko arrazonamendurik onena, nik dakidanez, Jose Ramon Etxebarriarena da: Hitz internazionalak, definizioz, nazio guztietan erabiltzen direnak baldin badira, Euskal Herria nazio bat denez gero, gureak ere ba dira; eta kito. Argiago ezin. Dena den, hitz internazionalen zabalera jakiteko, beste hizkuntzetako hiztegiak aztertu ditugu (frantses, ingeles, aleman, errusiera, arabiera, georgiera...), horrela besteen erizpideak ezagutzeko. Kasu hauetan, beste guztiak bat zetozenean, bukaera euskarara moldaturik, holako hitzak jatorrizko iturritik hartu ditugu geurerako. Beste kasu askotan, aldiz, hitz berriak hautatu ditugu, bai orain arteko idazleek erabilitakoak, ongi asmatuak zirenean, eta bai geuk sortuak.

— Euskalkietako hitzak ere ba al datoz?

— Noski. Euskara-espainiera partean euskalkietako hitzak ere jarri ditugu, euskara batuan nola diren azalduz. Espainiera-euskara partean, berriz, euskara batuzko ordaina besterik ez dugu ezarri. Horrela, orain arteko liburuetako euskal hitz dialektalak azaltzen ditugun artean, irakurlea, pixkanaka, batasunerantz gidatuko dugu. Exenplu batez: bai barri eta bai berri ba daude, baina barri dagoen tokian forma batua berri dela esaten da, beronetan itzulpen eta argitasunak emanez. Espainolezko "nuevo" euskara?: nola den jakin nahi duenak, aldiz, berri besterik ez du aurkituko.

— Hiztegi lodia izango da orduan, ez da? Muxikarena beste edo?

— Ez, ez da hain lodia izango. Hitzen letra ez da oso haundia, eta, gainera, hirur kolumnatara egina da, hain lodi gerta ez dadin.

— Eta noizko irtengo da kalera, Xabier?

— Betiko galdera madarikatua! Tira ba. Honez gero azken probak zuzenduta daude eta hiztegia jadanik inprimatzen ari da. Durangoko azokarako irtetea nahi genuen, baina pixkatxo bat atzeratu zaigu. Urtea bukatu baino lehen bai, ordea.

— Luxuzkoa ote?

— Pentsatu ere ez. Hiztegia euskaldun normalentzat izango da eta ez, ormak apaintzeko, liburuak metroka erosten dituztenentzat. Zenbait ale, oso gutti, larruzko azalez argitaratuko dira, zenbait konpromiso eta erregalu egiteko eta ordaintzeko gogoa duketenek dirua non eman ukan dezaten.

— Zein preziotan salduko da?

— Nik ez daramat diru arazoaren kontua eta ezin dizut esan. Entzun dudanetik, oso oker ez banago, mila pezetara ez da helduko, hala ere.

— Mila esker, Xabier, ea salmenta ona duzuen!


Postaz etorriak

WESTINGHOUSES. A.

STV-ELA (Lejona),ri erantzuna

LAN DEYA'ren azken alean "WESTINHOUSE, S. A." tituluaz agertzen den nota dela ta, enpresako SINDIKAL COORDINADORA honek nota horretako zenbait puntu nahasi zehaztea nahi du:

1.- STV-ELA erakundearen ordezkari bat presente egon zen batzar hartan, eta beste erakundeen ordezkariek bezala izenpetu zuen, gero enpresan zabaldu zen orrian.

2.- COORDINADORA honengandik zeharo kanpo geratzen da STV-ELA erakundeak bere militanteekin duen erlazio, funtzio eta kontrola.

3.- Harritu eta haserratu egiten gaitu, euskal langile klasearen ordezkari sentitzen den STV-ELA sindikal erakundeak gure COORDINADORA salatzeak, zer dela eta, bere siglak gureganaturik euskal langileria maniobratzen ari garala, eta ez demokratik oposizioaren bideak urratuz baizik eta faszizmo eta Sindikato Vertical'arenak esaten digunean.

4.- Holako ekintzen aurrean geure protestarik gogorrena altxatu nahi dugu, demokratik oposizioaren izenean langileriaz horrela mintzatzen direnek ezpaidute halako izenik merezi; hain zuzen ere, langileriaren batasunaren alde ez baizik eta zatiketa baten atzetik doazelarik. Eta COORDINADORA honen berebiziko helburua, Euskadiko langileriak bere sozial eta nazional eskubideak bereganatzearen aldeko langileriaren batasuna indartzea delako.

5.- Nota horretan ematen den informazioaren zuzenketa lasterra exijitzen dugu, bere ondorenak, explotatzen eta zanpatzen gaituen burgesiarentzat baitira bakarrik ongarri.

U.G.T. (Unión General de Trabajadores)

L.A.B. (Langile Abertzale Batzordeak)

C.O.E. (C.C.O.O. de Euskadi)

Borrokalari Independienteak

***

Anaitasuna-ko buruzagitzari, agur.

Anaitasunaren 320 zenbakian, euskara hedatzeko bideez mintzatzen zarete. Nolabait eta zuen kidetzat hartzen bait dut neure burua, ahal bezain laino eta garbiki nire ustekizuna, "erdia ustel" ba du ere, ematen saiatuko naiz.

Historiaren haize zoroek, sentikortasun berri batek pasadizo bideen barna garamatzite. Zinkurinaldi eta oinaze minez hustiraturik, bortxadura gurpil zorotik jalgitzen hasiak gara. Jareigintzaren abiadura, gure nortasun eta eitearen eraikuntzan zertuz doa.

Eskutada, ttantaka, euskararen superbizipena jaretsi dugu eta euskal aztarrena eskuratu. Orain dagokigu zailena, herri hizkuntza bilakatzea, aldez edo moldez euskal herritar ororen hizkuntza bihurtzea. Estakuru frango egon da eta dago, "deserdirapena" ("regionalizatze", irakur bedi) ez da ttipiena. Bilbo moldakoi burjeserian "Subvenzio" kolpe batez, gure eskakizun eta soramen munta ezabatu nahi luke. Beude hortan.

Alta bada, txantxetan, puxtarri jokoetan, ez bait gara aritu euskaldunok, nahiz eta ganoragabeki eta utopistez fidaturik maiztxo xamar jokatu. Etsaien jokutriak umotu gaitu, beharrik. Erruez inharrosi gaituztenok aiero izkutuen landa ideki digute. Euskararen dynamika — dinamitaren itxuraz, zenbaitetan— aranarazi behar dugu (Krutwig arrazoina honetan ere). Eragipen nagusia ibiliaz dabil: Euskal Herriko gizasemeen gataska. Areagotu behar dugu, ahatik: mentalizapena sakon eta gotortu behar dugu. Euskaldun orok dute hitza Euskaltzale alderdiok —batik pat— hartu behar dute euskararen bandera —"abertzaletasun" horren mugatzeko euskararen buruzko joera ikusmira inportant baita— eta ikastera behartu eta lagundu aberri militante izan nahi dutenoi (PSUC-en etsenpluan ba dago non ikas) edo ta bestela erakundetik at utz eta zokoratzea, zapalduek ezin bait dute etsaien hizkuntzetan iraultza jator bat burutzea. Ba dago ere lagun talde andana bat, euskaldun eta erdaldunez osatua; honetan aiseago dager irtenbidea: erdaldunek euskara ikasten ari diren bitartean besteekiko eta elkarrekiko, keinuz eta aieruz, harremanak ukan ditzatela. Euskaldunok ere, akzidentez, euskaldun euskaraz dagiten eskualde batetan jaio izatearren, euskalduntze (Erribehera, Aiala, Enkartazioak, Bilbo, Biarno?...) eta alfabetatzearen (Baztan, Deba harroa...) eragile behar dugu izan, bakantza garaian, eta uda guztian estudianteak Euskalduntze eta Alfabetatze Brigadak osatzen. Ez dakigula gerta, Xapela eramateko bakarrik erabil diezagula burua!

Funtsean legeak eta politikal eta ekonomikal egiturak aldatzea dukegu. Eta honekin batera, eliza, eskola, harmada, eta aginte aparato osoan euskara sar eta ezar. Bainan ez gaitezen fida eta ez dezagun "Ad calendas graecas" gure fede ona, gure masokist euskalduntasuna eraman, guzti hau, ezinbesteko izanik ere, ez baita aski. Nigar dagitenok ez dute inoiz garaitu, jo-ta-ke dihardutenok, bai, ordea. "Gero" higikunekoek ziotenez, "ez da ehorzketarik izanen, Bazko Festa baizik".

Danel Bordaberri

***

Agur: Irakurri dugun "ANAITASUNA"ren 320 zenbakian, "EUSKAL SOZIALISTA BILTZARREA"-z zela eta, J. M.-ek eginikako idazlantxo bat dager. Hartan eta besteren artean auxe diosku:

"Agirian garbi dagoenez, eta prentsaren galderari erantzunez esan zigutenez, Biltzarre edo Konbergentzia" bezala agertu nahi izan badute, Euskal sozialistak biltzeko pretentsionarekin da. Baina gerora, alderdi bilakatuko direla, gauza segurtzat eman dezakegu. Asmo horiekin oraingoz bildu direnak, hauk dira: Eladio deitu horik, AINTZINA Nafarroako Ekipo Sozialistak, Ezker Berriaren zati bat, eta independiente zenbait..."

Egoera nahastekatua dago: oker legoke ahatik, eta horren aitzakiz agian, gehiago iluntzea, areagotzea. "AINTZINA" taldeko militante ohiak baikara, ohartxo onen bidez, argitasun apur bat nahi genuke eman. "AINTZINA", "Egi-Batasuna"ren izena berria zen. "Egi-Batasuna"-ren sorrera PNV(EAJ)en politika strategian zetzan; gazte mogimentu bati zegokienez, herri burruka hastea, hitz batez EKINTZAK eskatzen zituzten EGI-koek. 1968.an Artajo eta Asurmendi nafarrak, hil ziren lehergailu bat zeramalarik Ultzama aldean. 1969.an, Bizkai Buru Batzarrak, manifestu bat argitaratzen du, Euskal Herri Langilea (P. T. V. delako hitz famatua) "factum" bezala harturik, eta gaitzetsi gabe harmen bidea erabiltzeari. Manifestua ateria eta hedatua zenean, "Euzkadi Buru Batzarrak" kondenatzen du. Orduan talde bat agertzen da, EGI-ko zenbait jendekiez osaturik eta "Egi-Batasuna" izena hartuaz (nolabait phenomenu horik ezagutu zituzten partaideak, adibidez Muxika Arregi, Abaitua Gometza, Elkoro Basurko batikbat bizirik daude), Hendrik Knörrek ongi bide dakienez, eta hoien eritzian ditezke argigarri gagozkion arazoari.

PNV delakoaren menpean geratu zen EGI-rekin ez nahasteko (EGI hartan 1936.ean "Euzko Gaztedi" izandakoak baitziren ere, nahiz eta orain hirurogei urte eduki) "Egi-Batasuna"-ren izena hartu genuen. Geroxeago publikoki agertzeko eta PNV-rekin lotura eta lokarri guztiak, "Euzko Gaztedi" izenarekin ere, erabat mozteko "AINTZINA" izena erabaki genuen erabiltzea, (a) famatuen pintaketekin hasiaz, Euskal herrien zehar. Bainan PNV delakoaren azpilan eta maltzurkeria berriz nabaritu zen. Honela (a) hoik PNV-ekoenak bailire adierazi zuten ((a): askatasuna, anaitasuna, aberria, Añoveros etab. zelakoan). "Gudari" izeneko aldizkari famatuan "EGI del Exterior (Caracas) expulsa a EGI del Interior" ageri famatua azalduaz. Areago 1972-ko Aberri Eguna zela-ta pintatuak zeuden (a) ondoan e bat ((a) e), Aberri Egunerako dei bat zela azalduaz. Hortakoz, beharbada, "AINTZINA" izena ez zen ezagunegia.

Esate baterako "AINTZINA"-n bi joera zeuden: zenbaitek ETA-rekin batzeko aldekoek, gainontzekoek "AINTZINA" bezala jarraitzeko aldekoek. Elkar-hizketen ondoren eta ondorioz, ETA-rekin batzea akordatu genuen, eta zazpi puntu oinharri bezela ezarriaz elkartu ginen. "AINTZINA" berez, "AINTZINA" bezala, ostendu zen, ETA-rekin biltzeran.

Ideologi mailan, autokuosantzaren bidea eta Xilardegik emanikako bideratzea ("Zuzen", "Branka") eta formaziozko idazlanen bidea ("Cartas al ejecutivo" etab.) utzi genuen, ETA-k defenditzen zuen sozialismoa iraultzailea onhartuaz eta sendotuaz.

Argi bide, beraz, "Gazteiz"-ko E.S.B. hortan, Hendrik Knörr edo Xilardegi bera baleude ere, ez dagola inungo "AINTZINA" talderik, esango genuke eta diogu.

"Pallach-en ikasleak ez dirateke gure maisu hoberenak"

Euskal Herri aske bategatik agurtzen zaitugu.

Gartzelan dauden bi lagun.

***

BILBOKO HERRI IRRATIA ETA HIZLARIAK

Bilboko Herri irratiaz azken aldiotan idatzi diren lerro denak egoera lazgarri baten salatari dira. Izan ere, euskararekiko harturik duen jokabideak zeresanik hamaika ematen du.

Baina lot nakion neureari, zeren oraingo honetan Bilboko Herri Irratiko hizlari batetaz ihardungo baitut bereziki. Hain zuzen ere, Zorion Egileor dontsuak daukan euskara penagarriaz esan nahi dut zer edo zer.

Lehenago ere, bai Armendaritzek eta bai Xabi Etxebarriak, beste hainbaten artean idatzi dute gai honetaz. (ikus ANAI. 271. eta 303. zenbakietan).

Bazkalostean egunoro, hiru t'erdietatik aurrera ordu bete luzatzen den "Lagun artean" deitu irratsaio "alaian", hizlariak euskaraz ERE hitz egiten du. Eta, irakurle, hemen datza guztiaren gakoa: zer euskara erabili ere gero!!! Irratsaio hau entzuteko "atsegina" ukan ez duenak, ez beza horretarako presarik har; gauzak daudenetan daudeino, hobe du, "atsegin" horretatik ahalik eta urrunen bizitzea. Eta irratsaioak ez dio belarriko minik egingo.

Euskal Irratiak (???), ene ustetan, Zorion Egileor bere hizlari baldar eta traketsen arteko lekurik gorenetarikora eroatea lortu du. Hain euskara deitoragarria eta txarra baitarabil, izan ere, Zorionek!

Zorionen euskara lau esaldi jakinetara mugatzen da. Disparateak puntuan puntuan jaurtikitzen ditu, eta hori ezin daiteke permiti: irratiz disparateka? (Honez gero Bilboko Herri Irratiko antenek ere maskur ederrak diauzkatek, hireak entzuten). Ez du aberastasun ez joritasun apurño bat ere. Ez du hatzematen esaldiaren joskera, eta mintzatzeko erraztasunik ez du.

Zorion, euskaraz jendaurrean hitz egiteko, erdararako bezalaxe, preparatua egon beharra diagok, hik ala uste ez baduk ere. Honegatik hire lekua ez irratian, baizik alfabetatze ikastaro batetan dagoela uste diat. Han disparateak, ikasgaia menderatu arte bederen, ulerterrazak dituk.

Nabarmenki ohar daiteke, Egileorrek irratiaz kanpora euskara askorik ez duela egiten. Agian, deus ez. Eta horrela ezin hizlari erdizperdikako ere izan: apika entzuleen burlarako bakarrik. Euskaraz ere —eta batez ere jendaurrean— itxuraz hitz egingo bada, euskaraz asko pentsatu eta hitz egin beharra dago aurrena. Eta Zorionek irratiz diharduenean, gaztelaniaz pentsatzen du eta euskal hitzez jantzita jalgitzen pentsamendua: goian aipatutako joskera —erdal joskera— eta erdalkeria ugariak lekuko.

Gutti erabiltzen den lantresna herdoildu egiten duk luzarora gabe, Zorion, eta horixe gertatzen ari duk hire euskararekin.

Eta ez dihardut hemen euskara batuaren arazoaz; edo ez erabiltzearren, ni garraztuta nagoelako ez. Arazoaren muina zer honetan datza: Zorionek ez duela euskararik menperatzen, ezta urrundik ere, eta une honetan Bilboko Herri Irratiak bere euskal entzule sailarekiko lehen betekizuna, euskal hizlari ganorezko bat zuzentzea du. Eta luzamendutan ibili gabe, hizlari talde dynamiko bat ere bai, hau da, irakurtzeko ezezik trebeki hitz egiteko ere balio duen talde bat, zeren irakurtzeko edo estrapuzuka hitz egiteko oraingoa aski baitu; Euskal arloan berrikuntza eder baten, eta hamaika estrenoren premian dago Bilboko Herri Irratia.

Hizlari bati lehenik eskatu behar zaion baldintzapena, hizkuntza menperatzea da; eta Egileor horrexen premia gorrian dago, hain zuzen ere. Lantresnaz baliatzen ez dakienak nola egin dezake lan? Euskaraz baliatzen ez dakien bat nola jar daiteke mikrofono aurrean? Nola uzten dute hori Bilboko Herri Irratiko arduradunek?

Egoera honetatik irteteko (hobeto, irteten hasteko) entzule guztion izenean, Zorioni, dimiti bezala eskatzen diot, eta biziki eskatu ere. Utz dezala lekua antzatsuagoa den beste batentzat. Zonon, mesedez, dimiti ezak. Alfabetatze ikastaro batetan matrikula hadi.

Bilbon, urrutira gabe, merezi duenik ba diagok. Irratiz mintzatzen segitzekotan, gaztelaniaz bakarrik egin zak, zeren sobera ongi frogatua baituk, gaztelaniaz ederki usatua eta trebatua haizela. Euskaraz ez bezala.

Amaia Azkona


Anaitasunaren oharra

Orain arte, Euskal Herriko talde eta elkarteetatik, agiri eta gutun asko heldu zaizkigu erdaraz. Portaera hau, gure ustez, euskal prentsa eta irakurleekiko, itxuragabea da, eta, horregatik, anaitasunak, hemendik aurrera, erdaraz heltzen zaizkion eskribuak ez argitaratzea erabakitzen du. Prentsarako agiriak euskaraz ipintzea, izan, alderdi, talde eta elkarte bakoitzaren egitekoa da, eta ez anaitasunarena.


Kultura

Txapela kenduz batera

Txapela kenduz batera agurtzen dut Jokin, bizitza Euskal Herriari eskaini dion edonor agurtuko nukeen legez, eta makurtzen dut burua zerbait irakasteko gai den edonoren aurrean makurtuko nukeen bezala, hirurogei eta hamar udazkenek jotako arrasatetar honi herriak onespena agertzen dion une berean.

Hilabete honetan egingo zaio omenaldia, bere herrian. Inork ez dezan esan merezi gabekoa denik, hemen dakart Mitxelenaren aipua: "Ez dago euskaldunik asko hizkuntzari eta herriari Zaitegiren neurrian lana, ondasunak, osasuna bera eskaini dizkienik".

Arrasaten jaio zen 1906. urtean Apeza eta gudaria. Bakearen gudaria inoiz ez gerra zalea. Berak dioenez, euskal apez gudaria.

Gudu garaian Belgikan bizi zen eta ez zioten sorterrian bizitzen utzi. Atzerriratu egin ondoren Ameriketako lurraldeak ezagutu zituen. Filosofian doktorea zen garai hartarako eta irakasle legez ihardun zuen Guatemala aldean.

Harat mugitu orduko idazle bezala kontsakratua zegoen, V. Olerti Egunean zillarrezko haritz-abarrez saritua izan zen bere "Tori nire edontzia" olerki dotorea.

Nahiz eta gerra aurreko eskolakoa izan, bere ekintza garaia katakunbeetakoekin bat eginik datorrela adieraziko nuke. Euskal dinamikak azken gizaldietan izan dituen berrogei urte beltzetan igarri zelako bere lanaren garrantzia.

Bere bizitzan xede bezala izan duen lana "Euskal Irakastola Nagusirako" liburuak prestatzea izan da; ez dezagun pentsa orain, bada, hain gogorki burrukatzen ari garen unibertsitate euskaldunaren nahia eta projektua hain berria denik.

Filosofo bezala Platon aztertzeko lana hartu zuen bere gain, horrela eman digu "Platoneneko atarian" saiakera mardula. Gero Platon bera grekotik zuzenean euskaratzen ari da, SOFOKLES osorik eta Euripideren Medeie lehenago euskaratu zituen legez.

Beste lan batzu ere ba ditu, hain zuzen ere olerki sailean "Goldaketan" eta "Berriz ere goldaketan". "Ebangeline" eta "Bidalien eginak" ere iruzkinez eman ditu.

Ameriketan egon zen garaian hasi zuen lana izan da, behar bada, berak erain duen hazirik emankorrena: "Euzko Gogoa" aldizkariari ekin zion, gerra ondoren euskaraz zegoen aldizkari bakarrenetarikoa izan zen eta bertan hazi ziren idazten egungo euskal luma aipatuenak.

Bitxia dirudi baina hona hemen gizon honengan orain euskal kultura hain beharturik dagoen lan bi, alde batetik "mass mediak" egokitu euskal irakurlegoari euskaraz irakurteko ahalbideak emanaz, eta beste aldetik Euskal Unibertsitateko zutabeak ezarri, textuak apainduz eta ikerketa lanak euskaraz eginez.

Noski, berak eta nik ez dugu berdin pentsatzen, ez dira berdinak berak eta nik amesten ditugun komunikabideak, ez eta unibertsitatearen izaera. Ba da garaia Platonen sozialismo utopikotik zientifikora iragateko nahiz Platon aintzakotzat hartu.

Izan ere ni baino hiru bider urte gehiago ditu, garaiak ez dira berdinak politikan ere, alderdi jeltzailearen zalea da, gaztaroa alderdiaren gailurretan eman zuen. Ni berriz iraultzaz serioski hitz egiten den garaikoa.

Ba dugu hala eta ere, bion arteko lotura bat, asmo onak, herritasun eta kemena. Oraingokook askotan bere garaikoekin eten egin dugu. Eten eta kito egitea azientifikoa dela esango genuke. Eten bai, beharrezkoa da baina ekiteko, iharduteko.

Eten lotura bezala ikusi beharko genuke, konprenitzen al da? Drastikoki beste era bateko egoera eskatzen dugu, euskal gizarte berdintsua, klase diferentziarik gabekoa nahi dugu, ez gara konformatzen mendiak eta bazter ederrak euskaldunenak direla esanaz. Eta berean, drastikoki lortzea gura dugu euskal kulturaz hornituriko Euskal Herria eta hemen dago lotura. Orain zutik, berriz agurtu eta makurtu ondoren, katakunbetarik irteten lagundu diozun Euskal Herrian lana egitea guri tokatzen zaigu. Arrasateko arekek ez dezatela alperrik eraman Erdiko Kalero ura.

Iñaki AZKOAGA


Kultura

"Natur Zientziak" kalean

Liburu hau ez da berez atera, euskarari eta euskal kulturari ezarritako egoera gainditzeko urtetan zehar eraman den burrukaren fruitu bat da: euskal kulturak eta euskal liburugintzak urtetan zehar eraman duten burrukarena. Horregatik orain, zapalkuntza horren erantzule direnei edo izan beharko luketenei salakuntza bat, baieztapen polemiko bat eta eskabide zorrotz jartzen die aurpegira.

Gaurko aurkezpen hau, bada, ez da argitara berri den liburu baten aurkezpen soila eta formala. Liburuaren beraren balioa aparte, euskal kulturaren politik, sozial eta hizkuntz inguru jakin eta berezi batetan agertu ahal izan eta agertzen da honelako liburu bat. Gaurko aurkezpen hau ez dago inguru hori alde batetara utzita egiterik. Gurasoen eta ahaideen kontra burruka eginez karrera eta doktortza ohoretsu bat atera duenaren antzekoa da liburu hau.

Horregatik, liburu honen kaleratzeak berak gure aurrean eta nahi duenaren aurrean salakuntza bat, baieztapen polemiko bat eta eskabide zorrotz bat jartzen ditu.

Agur, jaunok-andreok!

Gaur zuen aurrean aurkezten dugun liburu hau liburu berri bat da. Baina ez da berna kaleratu berria delako bakarrik, euskal liburugintzan urrats berri bat ematen duelako baizik. Zientzi alor baten Hiztegi espezialdu, tekniko eta sistematiko bat eta zientziazko hizkera bat ematea gauza berria dela uste dut euskal kulturan eta liburugintzan.

A. Salakuntza bat

Suarezek berriki Paris Match aldizkariari eginiko deklarazioei erantzunez, honela zioen Kataluniako Aldizkari batek: "Euskaldunei ura eta gatza ere ukatu egin zaizkie beren hizkuntza lantzeko". Denok dakigu euskara debekatua eduki duela gure Herriak, eta gero toleratua bakarrik.

Euskal komunikabideak burruka batetik eta heroismo batetatik sortuak dira eta heroismo horretan bizi izan dira, ez zentsura legeak zorrotzak zirelako bakarrik eta bai euskara bera zentsuratua zegoelako eta susmo txarren artean aurrera jo behar izan dutelako.

Euskal Herriak ezinetik sortu eta bultzatu ditu ikastolak, euskararen bizitza bere salbatzeko, agintarien kontra, laguntza ofizialik gabe, lege persekuziotik ihes egin beharrean. Euskara baztertua egon da Unibertsitatean, azken urteotan burruka latz batek pittin bat sartzea lortu duen arte.

Euskal kultura itota eta zapalduta egon den giro eta ingurune honetan, eusKal liburugintzak bizitza larria ukan du.

Baina ilunpe horretatik gaurko kulturari eta zientziei egoki erantzun nahian, liburu honek irten ahal izan du.

Horregatik azken berrogei urtetako euskal kulturari buruz eraman den politika ofizialaren kontrako salakuntza gogorra da liburu honen kaleratzea.

B. Baieztapen polemikoa

Bere deklarazio haietan adierazten zuenez, orain arteko kultur politika hori eutsi nahi lioke nonbait Suarezek... Aitzakia: euskaraz ezin daiteke Batxileratua eman, are gutiago "Fisika nuklearra" irakatsi. Lege zapaltzaileen bidez ezindu da hizkuntza, eta ahal ezin hori betirako lege bihurtu nahi da nonbait.

Baina Larramendik "El imposible vencido" idatzi zuenetik, ikasia dugu euskarak berak ez duela ezinik: Ezina ekinaren bidez egina bihurtzen ohituak gaude. Unamunok ez zekien, izan ditugun berrogei urteren buruan eta horien kontra, honelako Hiztegi bat atera ahal izango zela, eta Suarezek ez zekien berak deklarazio haik egiten zituen bitartean, Hiztegi hau inprimategia eta Fisika-Kimikaren beste honelako bat prestatzen ari ginela. Bai baterengan eta bai bestearengan ez jakinetik sorturiko hitzak ziren. Baina Euskarak gaurko kultura modernoari eta zientziei aurpegi emateko ba dela erakutsi du.

Unamunotarren eta Suareztarren kontrako erantzun argia eta garbia eta baieztapen polemika da liburu hau.

C. Mendetan Eskabide zorrotza

Mendetan zehar Euskal Herriari bere Unibertsitatea ukatu egin zaio; eta azken urteotan, euskal Unibertsitate benetako bat sortzeko asmotan, Udako oporraldiei egunak janez eta hemengo lege eragozpenei ihes eginez, Euskal Iparraldera bildu izan dira hainbat gazte (Donibane Lohitzunen edo Ustaritzen): Honela Udako Euskal Unibertsitate bat bideratu ahal izan da, urte osoko euskal Unibertsitatea ukatzen zaigulako.

Liburu hau oihuka bezala kaleratzen da, benetako euskal Unibertsitate eske:

- alde batetik, liburua bera Unibertsitate horren bideak urratuz dator.

- beste aldetik, euskarak gaurko Zientzi guztien alorrak hartu eta azaldu nahi dituela agertu nahi du, eta horretarako benetako euskal Unibertsitatea eskatzen du, honelako hiztegiak gero eta gehiago atera ahal izan daitezen.

Ez du Euskal Herriko Unibertsitatea bakarrik, edo Euskal Herriaren Unibertsitatea bakarrik eskatzen Euskal Unibertsitatea eskatzen du.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Hona hemen Ordiziako irakurle batek bidalitako perlak.

Zuen astabelarri xelebre horik direla eta, nik ere zerbait aportatu nahi eta, horra saria jasotzeko aski merezimendu duen Beasaingo Bideluze kaleko Festetako Programa bat. "EVIRA (EURIA) EGITEN BADUGU" hori bikaina da, harrigarri ez bada ere Beasaingoen laineza ezaguturik. "PILOTA ITXIAN" hori oso nahasgarri gerta daiteke... Agian Inprentariaren errua izanen da azken hau LEKUrik ez zuelakotz edo. Esan behar da, baita, OINARRA izeneko talde horrek OINARRI deritzala.

Besterik gabe, agur!