ANAITASUNA

1976.EKO HAZILAREN 15EKOA

328. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

xalbador hil zaigu


AURKIBIDEA

3. Editoriala.

4. Tantaka.

5-10. Durangoko Euskal Azoka.

12-13. ELAren III Kongresua.

14-15. Agur, Xalbador.

16-17. "A. Pro-Amnistia".

18-20. Elkar Ikuska.

21-23. Euskadi Venezian.

25-27. Bi euskaldun Israelen.

30-31. Kirolak.

32. Liburuak.

33. Irudimenaren txokoa.

34. Kaleko.

Maketapena: Fernando eta Zumalabe.

Marrazkiak: Olariaga eta Fernando.

Argazkiak: Arkoila.

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos.

San Martin, 153

Zamudio.

Dep. Legal: 1753 - 1967.


Editoriala

Lau gai

Euskal Herriko gaurkotasunak lau oinharri izan ditu azken asteotan. Hauxek izan dira: etxegintzan lan egiten dutenen greba, Durangoko Euskal liburu azoka, ELA-STVren kongresua eta Xalbador bertsolariaren eriotza.

Etxegintza arloan lan egiten dutenen arazoa, gero eta larriago da egunero eta, lerro hauk idazten ditugun unean, langile eta entrepresaren artean hasitako elkarrizketak, langile-komisio barruan zegoen baten baituragatik geldituta daude, eta indarrezko irtenbideak gogortzen ari dira. Langileriaren hurrupatzea sakonagoa izan da beti konstrukzioan, eta denbora luzean menperatuak izan diren langile indarrek, gaurko greba luze honetaz erantzun dute. Euskal Herriak langile hauk laguntzeko bideak aurkitu ditu, eta euskal langile indarrak, arazo honen barruan egiten ari duen lana kementsua da.

Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka kultur mailako gertaldi on bat izan da. Euskal irakurleak gero eta gehiago eskatzen die, ez argitaldari etxeei bakarrik, baizik eta euskal idazleei. Gaurko irakurleak ez du edozein liburu aukeratzen eta hau, arlo guztietako liburuetan. Durangoko Azoka ikertzea behar-beharrezkoa bihurtu zaio, bai irakurleari eta bai euskal idazleari berari ere.

ELA-STVek Eibarren egindako batzarre nagusiak euskaldunen eta euskaldun ez direnen arreta izan du. Nahiz eta ELA-STVren planteiagintzekin politika aldetik ez ados egon, euskaldun askok batzarre honen arrakasta onhartu dute, euskaldun gisa.

Xalbador, gaurko bertsolari onenetako bat —onena, askorentzat— haizkora batek jota bezala hil zitzaigun bere omenaldia amaitu bezain laster. Bere bihotza gaixo zegoen azken denbora hauetan eta omenaldiak sortutako sentimenduak gehiegi gertatu. Euskal Herriak bere poeta onenetako eta herritar bat galdu du, gure herriarentzat ahotsak hain beharrezkoak diren une honetan. Agur, Xalbador.


Tantaka

Zakurrak, barrura

Nork zioen Bilboko Udaletxeak dirurik ez duela? Orain egun batzu direla, bere Bilera Nagusi batetan, bost urtetan "Sociedad Protectora de Animales y Plantas"i hamar milioi pezetaz laguntzea (bi milioi urtero) erabaki zuten kontzejal jaunek. Diru horren bidez piztitxoak eta landareak zaintzeko gertuta izan den elkarte horrek hotelak eta etxeak egingo ditu, berauetan zakurrak barrura goxo-goxo eta janari onez sartzeko. Bilboko zakurrak horrela langileak baino hobeki biziko dira.

Laguntza

Lejoako Unibertsitatean antolatutako euskal jai baten bidez ehun eta berrogei eta hamar mila pezeta bildu dira Etxagintzaren langileentzat. Unibertsitateko Ikasgela Nagusia bete-beteta egon omen zen, lau mila lagun elkartu baitziren jaialdi honen bidez langileak laguntzeko.

Eranskailuak

Zenbat eranskailu zabaldu ote dira gure Herrian azken hilabete hauetan? Gure ezagun batek hirurehun bildu ditu eta eranskailu hauen bidez estudio psikologiko bat egiteko asmoa du. Eranskailuak biltzea ez da gauza erraza eta, batzutan, arrisku ttikiak ditu: ezagun honek, Basauriko kaleetatik zihoala, eranskailu ezezagun, berri eta arraro bat gazte batek zeramala ikusiz, emozio haundiz berengana jo eta eranskailua eskatu zion. Polizia bat zelakoan gazteak eta bere lagunak eranskailu-jasotzailearen aurka izugarrizko biraoak bota zituzten. Gero, gure ezagunen esplikazioak entzutean, ez bat, baizik eta hiru eranskailu eman zizkioten gustuz.

Aldakuntza

Bilbon agertzen den "Hoja del Lunes"en zuzendaritzan aldakuntza izan da. Antonio Guerrero, orain arte zortzi urte eta luze barru bere zuzendaria izan denak lan hori utzi eta gaurtik aurrera Ignazio Iriarte izango da zuzendari. Zuzendari gazte honek Bilboko kazetari gazte eta "irekienak" "Hoja del Lunes" egiteko bildu nahi ditu. Dakizuenez denbora onenetan Bilboko "Hoja del Lunes" honek beste bilbotar egunkariek esaten ez zituzten arazoak sakonki agertzen zituen eta harrera ona izaten zuen irakurle artean. Zortzi urte apal samar egon ondoren, asteroko honek, ez kirol berriak, baizik eta herri arazoen berri emateko prest dagoela dirudi. Ea asmoak egiak bihurtzen diren oraingo honetan!

Ikurrina: antieuskaldunen aberasgarri

Zurrumurrua baino gehiago ere ba da. Bilboko merkatal katea madrildar batek, euskal banderaren arrakasta ikusirik, 100.000 ikurrin egin erazi omen ditu, eta jadanik saltzeko prest omen dauzka. Gobernuak argi berdea eman bezain laster egundainoko irabaziak egiteko uste sendoaz dago, gainera. Ez litzateke hain estrainio izango, editore ezagunen bat ideia berberaz ibiltzea.

Euskaldunoi lortzea hainbeste gartzela, tortura, odol eta multa kostatu zaigun ikurrina, zenbait erdaldun diruzale espabilaturen aberaspidea bilatzeko zorian dugu. Zerrikeria oportunista honen aurrean, nik uste, boikot kanpaina oso bat muntatu beharra dago lehenbailehen. Ikurrina erosi bai, baina beraren irabaziak preso, ikastola, euskal ikastaro eta erakundeentzat izanez gero. Boikot osoa oportunistei!

PCEk Nafarroari ez

PCEk bere inkontsekuentzien tranpan erori zaigu berriz ere. Idiáquez jaunak Anoetan esanak esan arren, Nafarroako PCEko komunistek, oraintsu egin duten asanblada batetan, "que Navarra no es Euzkadi" erabaki dute. Zer espero zitekeen bada PCEko horiek esatea, 40 urteotan beren "nagusiei" bertako burjesek berek predikatzen zuten antieuskaltasuna besterik entzun ez badiete? Ardilarru berriak ez dio otsoari boz berririk irakasten.

E.K.M.ren ohiu berriak

Urtero bezala Deustuko Euskal Kultur Mintegikoak batzar orokorra hospatu berri dute. Junta berria sartu da, zaharra irten da eta ilusioak bete ditu mintegiko bulegoak eta ikasleak.

Aurten liburutegia kendu eta hemeroteka jarri dute hainbat aldizkariekin, euskaldunak eta nazio ttikietakoak dira gehienbat, horrela bulegoetatik jende gehiago pasatzea gura da.

Ekintzak ere berriztu dira, teatro, arte, musika, jaialdi, mintegi eta beste eratu dira, baita fakultate bakoitzean komisio tekniko bat fakultatea euskalduntzen ihardutzeko. Era berean euskal kultur taldeen koordinadorari garrantzi gehiago emango zaio... Lan bat kendu ere egin dute, euskara hizkuntza irakastea unibertsitate beraren eskuetan utzi dute.

Ideietan berriz, aurrerantza doaz, aurten kontrakultura organo bihurtu nahi da EKM. Oraingo kultura kutsatuari zatiak kenduz, kultura herrikoi eta langileriarentzat, hesparru berriak zabaltzen saiatuz.


Euskal Herrian

XX Euskal Liburu eta Disku Azokaren inguruan

Gerediaga Elkarteak, urteoro Durangon eratzen duen Euskal Liburu eta Disku Azokaren inguruan beste inguru bat izaten da, sariketena, batzarrena, elkarikusteena. Beraz, eta azken batetan, euskalgintzan dihardutenen elkar topaketa bat bihurtzen dira Domu Santuak.

Gure aldetik gai honi helduko diogu, hamaikagarren Azokari, aurtengoari, begiratuz.

Sariketak

"Rikardo Arregi"

Urriaren 12an bildu ziren Merinaldeko Auzitegian, Astolan, Jose I. Abasolo, Durangaldeko Alfabetatzekoa eta Gerediagako Buruzagitzakoa; Jose Maria Odriozola, Gipuzkoako Gau Eskola-Alfabetatzekoa eta Pedro Maria Legarreta, Bizkaiko Alfabetatze Koordinarietakoa. Zeregina, 1976 urteko

"Rikardo Arregi" alfabetatuen arteko saria erabakitzea. Lanaren lema "Gu ibili behar gara, ez gu eraman", eta irabazlea Zaldibarko Gaizka Zabarte. "Rikardo Arregi" alfabetatuentzako sariketa honek hedadura gehiago behar duela izan zen epailarien proposamena, zeren aurten bigarrenez emanda eta Durangaldetik kanpora oso harrera txikia izan baitu. Gipuzkoa guztian alfabetatzen diharduten ikasleek, eta Nafarroan antolaketa egitura bat hartzera dihoazenak partaide sentituz, andoaindar eragile haren izeneko sariketa honek hedadura zabalagoa hartuko duelakoan gaude.

"Kirikiño"

Mañariar idazle eta kazetari izandakoaren izenean bigarrenez iragarria zen, euskal, beraz euskaraz, kazetaritza sariketa hau. Lehendabizia orain bi urte, Luis Alberto Aranberri "Amatiño" kazetari aspergaitzak irabazi zuen.

Aurten Amatiño bera, Xabier Gereño eta Hendrike Knör epailari zirela, Joan Maria Torrealdai Foruko semeak jaso zuen. Etxeko zuzendaria delarik, merezi arren, ez goaz laudoriorik egiten, ANAITASUNAko irakurlegoak bere berri ongi jakingo baitu gainera. Aipamen berezi bat eman zitzaion, Joxe Lizarralde, Zeruko Argian eta hemen bertan hainbeste kronika egin dituen goiherritarrari.

"Andima Ibinagabeitia"

Caracas-eko "Euskera Lagunen Elkarteak" joan diren urteotan "Andima Ibinagabeitia" 1.000 dolarretako saria antolatzen du, eta hara joan-etorrietan denbora ez galtzeko Euskaltzaindiak egiten du bitarteko, lanak hartu, epai mahaia izendatu, etab. Aurten Alfonso Irigoien, Juan A. Letamendia eta Juan Anjel Etxebarria izan dira epailari.

Sariketa hau Durangoko Udaletxeko Batzartegian eman zien erdi bana Jon Urresti E.L.E.ko ordezkariak, Azokari hasiera emateko batzarrean, Andolin Eguzkitza santurtziarrari eta Joxe Azurmendi zegamarrari, beren lan hauekatik: "Jon Mirande-ren Haur besoetakoaren azterketa" eta "Espainolak eta euskaldunak (XVI-XVII mendeetan)".

E. L. E. ren ustetan, urteoro sariketa hau Durangoko Azokaren egunetan emango da.

1976 "Gerediaga Sariak"

Dirudik gabeko sariak badira ere, diplomazko eta aipamenezkoak bakarrik, euskal argitaldariek eta euskal irakurlegoak noski, beren interesa izaten dute, Gerediagak berak banatzen dituen sarietan. Azokatik Azokara agertzen diren liburuentzat eta Azokan bertan presentatzen direnentzat izaten dira. Aurten epailariak, Nikolas Altzola "Anai Berriotxoa", Abel Muniategi eta Juan San Martin izan dira, eta hona hemen saritutako liburuak:

 Euskarazko liburuak: Sari Nagusia: JON MIRANDEren IDAZLAN HAUTATUAK, Gerok argitaratua; accesitak: Zientzia sailean: NATUR ZIENTZIAK hiztegia, Arantzadi elkarteko talde baten egina eta Jakin-ek argitaratua; Saiakeran: ZER DUGU ORIXE-REN KONTRA Joxe Azurmendi-rena, Jakin-ek argitaratua; Nobelan: ZERA, Luis Haranburu-Altuna-rena, Kriselu-k argitaratua, Ikerlanean: EUSKALDUNEN SEKSU BIDEAK, Jose Mari Satrustegi-rena, Jakin-ek argitaratua; Pedagogian: NATUR ARLOA 4 (SAIOKA), Iker-ek argitaratua eta GEOGRAFIA 6 (GIZARTEA), Gero-k; Grafia eta Foto Artean: SUSTRAIETAN, Antton Elizegi-rena, CAJA LABORAL POPULAR - JAKINek argitaratua.

 Erderazko liburuak: Sari Nagusia: EL NACIONALISMO VASCO, Beltza-rena, Txertoak argitaratua; Accesitak: EL GRAN LIBRO DE LA PELOTA, Luis Bombin eta Rodolfo Bozas-Urrutiak egina eta MUSICA VASCA, Jose Antonio Arana Martija-k egina eta Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones-ek argitaratua.

 Gerediaga Sari Berezia. Aurten Foruen galeraren ehun urte betetzea dela eta, sari berezi bat jarri zen Foruen Historiaz eta Ikerketaz egin diren liburu berrientzat, hau da, reedizioak ez direnentzat, Sarituak hauk izan dira: CARLISMO Y ABOLICION FORAL, Idoia Estornes Zubizarreta-rena, Auñamendik argitaratua; DE LOS FUEROS A LOS ESTATUTOS, Federico Zabala-rena, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones-ek argitaratua, eta EL ESTATUTO VASCO, Jose Manuel Castells-ena Kriselu-k argitaratua.

Batzarreak

Azoka honen inguruan jadanik egin dira zenbait bilkura, hala nola Euskal Herriko bibliotekari nagusiena, argitaldariena eta abarrena. Aurten, Udako Euskal Unibertsitateak deiturik egin zen Urriaren 31eko goizean bat, eta arratsaldean alfabetatzeko beste bat. Euskal idazleena ere egitekoa zen, baina Iparraldeko idazkariaren ezbehar bategatik, ez zen posible izan azken orduan deiak egitea eta behar den bezala antolatzea.

Udaletxeko Batzartegiko aulki guztiak beterik zirela, eta jendea zutik franko, euskal kulturgintzan dihardutenentzat batzar guztiz interesgarri bat izan zen. Beste norbaitek beste alderdi batetik sakonkiago ikutuko duenetik, hau bakarrik esango dut: euskalgintzan diharduten erakunde, elkarte eta taldeen inbentariatze batetatik hasten bada ere, batzarre horren fruituak ikusten, Iparraldetik hasi eta Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait tokietatik han azaldu ziren lagunek (tamalez ez zen arabarrik izan) aurrera joko dutela euskarari eta euskal kulturari erakundekatze eta azpiegituratze tinko batzuk jartzera. Urriaren 31k, fetxa bat marka lezake.

Alfabetatzaileek arratsaldean kazetaurreko bat egin zuten, baina aurretik batzar bat eginez eta agiri bat onartuz, eta ondoren Azokan bertan irakurriz. Beste leku batetan agertuko denetik ez naiz ni luzatuko. Bakarrik alfabetatze batzarre hau Bizkaikoa izan zela, beraz hurrengo urterako komeniko litzateke, beste herrialdeek ere parte hartzea. Gipuzkoan aspalditik ba dago hedatua eta Nafarroan oraintxe bertan egituratze batetan dihardute.

Astelehenean, Domu Santu egunez, urteoro bezala, azken eguneko arratsaldean egiten den erara, editorialekin batzar bat Gerediagak egingo zuelakoan egon gara. Gainera, hasiera batetan programatuta ere bazegoen. Elkarteko burukide batekin mintzatu ginen eta hau izan zen bere erantzun zehatz eta lehorra "Aspertuta gaudelako ez dugu azkenean batzarrik egin ez baitute merezi gainera. Denak ez ditugu saku berean sartuko, txiki batzuk ongi portatzen baitira. Esandakoak ez dituzte betetzen, eta zorioneko katalogo nagusi delakoa egiteko fitxak ere ez dituzte bidali gehienek eta hiru urtetan gabiltza horren atzetik".

Hitzaldiak

Hitzaldi bi egon dira aurten Azokaren inguruan biak gai berari lotuak, Unibertsitateari. Lehendabizi Alfonso Irigoien, Deustuko irakasleak, Azokari hasiera emanez batera, gai honi eldu zion, beste pundu batzuen artean, lau probintzien arteko solidarizazioa eta koordinaketa azpimarkatuz. Mahaipuruan zeuden Bizkai eta Gipuzkoako diputatu bi, Amorrortu, durangarra eta Egia, eibartarra. Biak hain hauzo izanik, ez dut uste horretaz behin ere mintzatu direnik, eta gomitatuak izan arren, Araba eta Nafarroakoak, beren Foru titulu hori eta guzti ere, ez ziren azaldu. Handik egun gutxitara Bergaran, Gipuzkoakoak bakarrik ziren. Azaolak aipaturiko "insolidaridad crónica entre las provincias vascas", Diputazioen eta gainerako agintarien artean egia nabarmen nabarmena da.

Biharamonean, L. Mitxelena Salamancako irakaslea, gai beraz mintzatu zen, Honek ere herrialdeen arteko batasunari egin zion, distritu bakar bat azpimarkatuz. Euskaltzaindiak, ikastolek eta Udako Euskal Unibertsitateak egin dituzten lanak goraipatuz, epe laburrerako eskabide posibilistak berehala lortu behar zirela esan zuen, posible baitzen bere ustez. Elkarrizketa interesgarri bat hasi zen hitzaldiaren amaieran.

Topaketak

Aldizkari honen 305. zenbakian J. M. Torrealdaik hau zioen: "Okasio paregabea da Durangoko Azoka, edozein kulturak behar duen "feedback" delakoa lortzeko... Ohitura bat jadanik sortzea lortu du Durangoko Azokak. Kultur munduan dabiltzanak denak horrabil eraztea. Azokari esker, behingoz bederen, euskaltzaleen taldetik ateratzen da, ghettoa uzten du, kidekoekin edo ezaupenen bat edo hitzasperturen bat edo egitasmoren bat egiteko... Bizpahiru egunetarako bederen, Euskal Kulturak ba du Hiriburu onhartu bat: Durango". Zenbaki berean "Gadu"k, Juan B. Gallastegi Duñabeitiak alegia, "Kaixoka eta agurka" izeneko kapituluan beste alderdi batetik begiraturik antzerako gauzak esaten zituen.

Zenbaki berean egin nuen "Hamar urtetako kronika" zenbait xehetasunez argitzen nuen kapitulu honen zer-bera. Zoritxarrez, beste toki eta fetxa batzuk falta ditugu, hortik eta Udako Euskal Unibertsitatetik kanpo, ez baitugu Euskal Herri osoko hedadurako topaketa-rik. Gabonetan, Aste Santuan eta beste egunen batzuetan ez ote daiteke kulturgintzako topaketarik antola, beste hiri jakin batzuetan? Politik bideetakoak hasiak dira, hilunpetik plazara zenbait agertuz, batzuk protagonismo nabarmenaz, baina ez denek argitze baldintza berberekin (eta handicap hau ez dute aitortzen agiri agirian ibili daitezen zenbaitzuek). Politika topaketa hauk edo elkar-topekak, ahariak bezala, oinarri bezala kultur topaketen beharrizana ez ote dute?

Ez naiz ni, politikari lehentasuna kenduko diodana, ez horixe. Baina euskalgintzan zerbaiten oinarritzen badu gure Herria, hizkuntza da, eta honek sortarazten duen kultura, herri kultura, topaketa hauen beharrizanean dago, elkarren artean kontrastatzeko eta koordinatzeko, besterik ezean.

Datorren Urriaren azkenetan, ia XII. Azokan gure politikari sonatuak jaisten diren Durangora, kultur-politika eta politik-kultura (ez baitira gauza bera!) habe nagusien loturaz, mintzatzen, tratatzen, elkar topatzen. Bi alor hauen alternatibagintza egiteko baitago. Ez dezala inork beldurrik izan, zeren Gerediagak inori kalabazarik emateko ustea duen berririk ez baitut.

J. L. Lizundia


Euskal Herrian

Euskalduntze eta alfabetatzearen agiria

Durangon eta Liburu Azokaren giro egokiaz baliatuz Alfabetatze eta Euskalduntzeko kanpaina daramatenek idazki bat irakurri zuten azokan bertan eta, prentsaurreko bilera baten bidez, idazki hau eta beren eritziak kazetariei azaldu. Hara hemen idazki honen hitzak eta prentsaurrean jasotako alfabetatze koordinatzaileen eritziak:

"Nolabait hasteko, eta gaurko Alfabetatzearen berezitasunak eta egoera ulertzeko, denporan zehar mugimendu honek eduki duen historia azaltzea komeni zaigu.

Bizkaiko Euskalduntze Alfabetatzeaz ari garelarik, mementu bakoitzeko gizarte politika joerak, pertsona eragileak, printzipio teorikoak eta beste zehaztasun batzuren berri labur bat azalduko dizuegu.

Gizarte egoerari bagagozkio, (1968. urteaz ari gara) Herri Gaztedik eta Gizarte Eskolek zuten garrantzia eta eragin berezia oso kontutan eduki behar ditugu. Giro honetatik baitzetorren jenderik gehiena.

Alfabetatzearen printzipio teorikoa ere aipatutako mugimendu haien azterketetatik zerien. Ideia nagusia asko zehaztu gabea bada ere, hastapenetan gaudela ahaztu gabe, hauxe zen: "Gizon euskaldunaren heziketarako lehen pausoa, duen kulturaren kontzientzia hartzea da. Bestalde instrumentu erabilkor bat behar zuen heziketa bide: euskara, ordurarte harreman publiko eta idatzietan erabilia ez zena."

Hala ere kultura lanari ez zitzaion garai honetan lehen mailako garrantzia ematen.

Orain pertsonari bagagozkio, Juan San Martin, Iñaki Beobide, Mikel Lasa, Kepa Enbeita, Rikardo Arregi eta beste abar eta abar luze eta neketsu bat aipatu behar genuke.

Hain zuzen, honela zioen Rikardo Arregik: "Gaur hizkuntza bateko semeek iraupenerako, beharrezkoa dute kultura, beharrezkoa beren hizkuntzan irakurten eta idazten jakitea" Rikardo Arregik bultzatu zuen, alfabetatzea landu eta gorpuztu zuen, Rikardo Arregi 1969. urteko Uztailaren 10ean Mendaron hil zitzaigun, istripu batez. Baina gaur ere bere izpiritua bizirik dago. Hain zuzen Alfabetatze sari nagusia Durangoko Azoka honetan emoten da eta bere izenean, baren lanari jarraikiz, Alfabetatzea indartuz eta ekintza hau gorpuztuz.

Beste zehaztasun batzuri bagagozkio, (kulturaz ari gara) hizkuntza kulto bat nahi dugu, Alfabetatze Euskal Herri batzaile bat nahi dugu; zazpi Euskal Herriak bat egitea... Kultur hizkuntza batu bat Euskal Herri baturako behar genuen. Horretan saiatu ziren eta saiatzen gara. Ikastaldien mamia gai aldetik hau zen!! "Herri eta gizarte zapaldu bat bere askatasunaren bila" Herri gizarte maila zapaldu baten kontzientziatzaile eta askatzaile izan behar baitzuen Alfabetatzea.

Herriz-herri

Metodo aldetik, beste hizkuntza batzu irakasteko metodo modernoak kontutan hartu ziren. Eta honela sortu ziren Patxi Altunaren Euskara Hire Laguna, Euskalduntzen, eta beste metodo berriak, beste zaharrago batzu atzean utzirik.

Hau guztiau, argi dagoenez, ezin dezakegu manten erakunde iraunkorrik gabe. Euskaltzaindiak Jagon Saila deitu barnean, Alfabetatze Batzorde bat izendatu zuen bere arautegi eta guzti. Gaur egun ere horretan gaude.

Bizkaiko Alfabetatze Euskalduntze mugimendu honen egoitza, Euskaltzaindiaren Bilboko Bulegoetan zegoen eta dago. Erakundea lehenengotan herrietako arduradunek eta Bizkaiko Alfabetatze Batzordeak osatzen zuten. Baina ekintza ugalduz erakunde zabal baten premia nabari da.

Lehen herriz herri orain eskualdez eskualde antolatzen dira. Adibidez 1975-76eko urtean zazpi ziren koordinaturiko eskualdeak.

Era honetan heltzen gara 1976.eko Udako ikastaroetara. Nonnahi antolatzen dira euskarazko eskolak. Adibidez, Deustu, Txoriherri, Mungia, Gernika, Bermeo, Durango etab.

Mementu honetan ikaslegoaren ugaltze izugarria ikusten da.

Ikastaro hauetatiko bati, atentzio berezia egin behar diogu, Deustuko Unibertsitatekoari hain zuzen.

Ikastaro honetan partaide ziren ikasle eta irakasle batzu arazo hau aztertuz ikasleen ugaltzea eta guzti hauei erantzun egoki bat ematerako plangintza baten beharrizan batez ohartu ziren. Esan beharra dago baita ere, beharrizan honetaz ohartua zegoela iadanik orain arteko erakundea, baina Udako gertaera honek bultzada berezi bat eman zion eginkizunari.

Honela heltzen gara gaurko egoera berrira.

Beste alde batetik gaurko euskararen egoera sozio-linguistikoa asko zehaztu da; gaur ba dakigu, eta lehen onhartu ez zutenek ere gaur onhartu egin behar dute, Euskal Herrian hizkuntza aldetiko normalizatze batera jotzeko, hau da euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizial bakarra izatera, elebitasun batetik pasatu behar garela, ahalbait arinen pasatu ere, baina pasatu egin behar gara.

Alfabetatzearen kontzeptualizapen aldetik ere zerbait aurreratu dugu.

Gaur Alfabetatzea eta Euskalduntzea euskal nazioaren berreskuratze baterako bi prozedura bezala kontsideratzen ditugu, biak batera joanik euskara arloan ez bada ere, bai euskal kultura ezagutze arloan.

Euskararen batasun aldetik ere urrats batzu eman direla esan genezake hastapenetatik hona hainbat gauza batu baitira.

Beste fenomeno aipagarri bat. Orain Alfabetatze Euskalduntzearen eginkizunaren mugaketa.

Eta, mementu honetako mugimenduaren egoera: Erakundea hamaika eskualdetako arduradunek, hiru koordinatzailek, herrietako arduradunek eta batzorde tekniko batek osotzen dugu.

Gure helburua, ikastetxe eta Unibertsitateetatik kanpo gelditzen den Alfabetatze Euskalduntzeari erantzutea da, baina oraingoz denari erantzuten saiatzen gara. Beraz, era bateko probisionaltasun baten barruan sentitzen gara.

Eta azkenik, hauxe da mugimenduaren egoera larria: 10.000 mila ikasle ari dira jadanik ikasten 500 ikaslerekin, hau lehengo toki klasikoetan, klaseak emanik, baina beste 5.000 mila bat gaude la tegietan eta ikastetxeetan ikasi nahirik, eta beste 2.000 bat gela gabeziarengatik kalean gelditu direnak.

Nola da posible euskara ikasi nahi dutenen uholde izugarri hau?

Nola interpreta genezake gertaera hau? Hori geroxeago aztertuko dugu, baina oraingoz, gure agintariok kontutan hartu beharko dute herriaren keinu hau, eskari hau; eta non daude bada, Madrileko berri horiek "lengua vernacula" deritzotenei zor dien konpromisoa?

Ez baitugu oraindik erraztasun handirik somatu zenbait ikastetxeren zuzendariengan.

Non daude Euskal Herriaren prosperitatearen alde irekitzen dituzten Banku, Aurrezki Kutxa, eta beste zenbait erakunderen laguntza?

Zorion handiak, bidaltzen dizkigute baina ditu laguntza guti. Ala ez al duzue euskara ikasi nahi izatea prosperitatetzat kontsideratzen?

EUSKAL HERRIAK EUSKARA NAHI DU!!!

Laguntza, laguntza...

Pedro Mari Legarreta "Alvaro", Jon Aurre eta Xabier Oleaga dira Euskaltzaindiak alfabetatze arloan koordinatzaile bezala jarri dituen gazteak.

— Alfabetatze lan hau ez da gaurkoa, 1968. urtean hasi baitzen. Hala ere beti erdi-izkutuan lan egin da eta, gaur arte, ez gara inoiz ez antolaketa bat bezala agertu.

— Zergatik zuen ezkutapena utzi eta argira atera zarete?

— Hemendik aurrera gure lanari ekiteko denon laguntza beharko dugulako eta, laguntza hau aurkitzeko, zenbait kanpaina eginen dugulako: jaialdiak, azterketak etab.

— Diru bila, noski...

— Dirua behar-beharrezkoa dugu, zoritxarrez. Gaur euskara ikasten ari direnak zortzi mila bat dira, gutti gora behera eta hamabost mila lirateke diru eta ikastoki arloetan medio gehiago izanez gero.

— Bizkaian eta Euskal Herrian diru asko dago. Hala diote, behintzat...

— Baina guri ez zaigu heltzen. Asko zoriontzen gaituzte, bai, bainan dirua behar dugu.

— Zenbat, gutti gora behera?

— Esan dezagun bostehun milioi. Gaur, borondate on asko erabiliz, alfabetatze lanean hirurogeiren bat milioi erabiliko dira, baina kontu egizue gaurko bostehun irakasleek ez daudela profesio arloan sarturik, behar lukeen bezala. la ezer ez kobratu gabe hirurogei milioi mugitzen badira, bostehunen bat etorkizunean beharko direla ez da ausarkeria bat pentsatzea. Alfabetatze lanerako gaur berrehunen bat "liberatu" beharrezkoak izango lirateke... Eta hiru gara...

— Zuek al duzue alfabetatzearen monopolioa?

— Ez. Ba dira lan honetan sartu diren beste talde batzu, "Euskerazaleak" bezala, adibidez.

— Zer opa diezue zuen bidez euskara ikasten ari direnei?

— Euskara ikasten hasi ondoren bi urtetan gure hizkuntza mendetuko dutelaren segurtasun bat. Euskara ikaste honek, gainera, euskal kultura osagarriago batetara bultzatzen du.

— Noizko lantegietarako gertutako alfabetatze zabalkunde bat?

— Zenbait entrepresatan langileek euskara entrepresaren babespean ikasteko proposamendu batzu onhartu samarrak izan dira. Hala ere, beste batzutan, euskara politika tresna bat bezala ikusten dute eta bildur samar agertzen dute langile euskaltzaleek egindako eskakizun hoiei buruz.

— Amaitzeko: nori doakio zuzenean zuen laguntza eskea?

— Euskal Herri osoari, bera baita gure beharrak ederki ulertzen dituena. Euskal Herrian dauden aurrezki kutxak, banku eta gisa honetako erakundeek ere diru kontuan asko lagun lezakete. Hauentzat ere ba da gure deia.

X. A.


Euskal Herrian

"R. Arregi"ren irabazlea

Hego eta Ipar Euskal Herria

Euskal Herriak, dakigun lez, zazpi herrialde ditu. Hiru Frantziaren menpean daude eta beste laurak Espainiaren menpean.

Nazio bat edo herri bat zatitzeko modu asko daude, gehienak zikinak, eta Euskal Herriak danak edo gehienak esagutzen ditu. Muga bategaz alderdi bitan bananduta gaude eta alde bakoitza estatu zentralista baten menpean ari da.

Ipar aldea Parisko zentralismoaren menpean bizi da eta zentralismo hauentzat Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea ez dira ezer, ez nazio eta ez herrialde bezela. Parisko Administrazioa oso alperra da eta Frantzia banandu du hainbat distriteetan; honela Ipar aldea 64. distritokoa da. Baina Parisko gobernuak beste sistema batzuk ere erabilten ditu nazionalitate tikien aurka. Ipar aldearen ekonomiak turismoan edo baserrietan du oinharri haundiena. Ez da industriarik. Orduan zer egingo dute hango gazteak? Euskal Herritik irten behar dute lana aurkitzeko.

Orain ikusi dezagun nola ari dan Hego Euskal Herria. Badakigu Madrilgo zentralismoarentzat Nafarroa Euskal Herritik kanpora dagoela eta denok esagutzen dugu Hego aldean dagoen errepresio armatua. Beste sistema bat euskaldun nortasunaren aurka doana, gerra ostetik dagoen inmigrazio deskontrolatua da.

Honela bizi da gaur Euskal Herria eta gisa honetan bizi gara gaur egunean euskaldunok. Baina denbora kaltegarriagoak ere eduki ditugu. Gerra ostean delitoak ziren euskaraz hitzegitea, txistua jotea eta abar.

Hemen azaldu ditut guti gora behera Euskal Herriaren aurka egiten diren gauza batzuk, baina gehiago ere badaude.

Honek sistema guztiok oso kaltegarriak izan dira gure herriarentzat, baina oraindino ez dute erdietsi euskal nortasuna lurperatzea eta nik ez dut uste inoiz ere erdietsiko dutela asmo hori. Muga batek, hiru urteko gerra batek eta berrogei urteko diktatura batek ez badute erdietsi nork eta nola erdietsiko du?

Gaurko garaian lan haundia dugu euskaldun guztiok, eta lan hau alor guztietan sartu behar da. Lan hauek bide desberdinetatik joan leitekez, baina helburua bat izan behar da denontzat. Honek esan nahi du batasun bat behar dala, ez denok bardin pentzatzea, hori ere ez da beharrezkoa, baina bai ahal dugun guztia alkartasun batean egitea. Uste dut batasun hau oinharrizkoa eta garrantzitzua dala Euskal Herriko arazoak konpontzeko.

Dudarik gabe, gaur egunean Euskal Herriko arazo haundienetakoa euskara indartzea da. Hego aldean, batez ere, asko galdu da gure hizkuntza, bai eta ere Nafarroako alde batzuetan galdu dira hizkuntza eta euskaldun nortasuna. Gafdutako nortasun hau berbizteko lehenengo hizkuntza zabaldu behar da.

Euskal Herri guztian euskara hitzegiten bazen euskal jende guztiak obeki identifikatuko ziren elkarrekin, baina oraindino bide asko geratzen da horretara eltzeko eta bide hori denon artean bete behar dugu gure eguneroko lanaz.

Ipar aldean ez dakit nola ari dan euskara, inoiz ere ez naiz egon eta. Negargarria da herri baten barruan horrelako muga bat edukitean honegatik gure helburu haundienetakoa izan behar da muga hori kentzea.

Noiz eskatu dugu euskaldunok muga bat Euskal Herria banantzeko? Inoiz ere ez. Orduan kendu muga hori eta batu herria. Izan leiteke herriak batasun hau helburu utopiko edo hitzaldietarako egina ikustea, honegatik helburu hau herrikoitu egin behar da.

Zenbat kalte euskaldunari Bidasoa hibaiak eta Auñamendiak!

Gaur eguneko gizarte merkatari eta materialista ez da bizi herrien nortasunari begira, dolarrari baizik; eta herrien nortasunari ez duenak begiratzen nortasunen aurka doa. Hemen ez du balio erdiko posturarik, edo alde batera edo bestera.

Denon lana da eta denok aurrera jo behar dugu gure helburuak erdietsi arte. Oso bide gotorra da, baina uste dut egun batean irabaziko dugula eta iluntasunetik irten.

GU IBILI BEHAR GARA, EZ GU ERAMAN.

GAIZKA ZABARTE LASUEN

Zaldibar


Euskal Herrian

ELAren III Kongresua

KONGRESURA:

3 Nazioarteko Konfederakuntza — CMT/CIOSL/CES—

34 Nazio Konfederakuntza

14 Nazioarteko Industria Federazio eta,

Euskal Instituzio politiko eta sindikal,

2.000 ELAko ordekariez, gainera.

Eladio batzarraren salaketa: ez Lejoakoei

ELAren Kongresuan zerbait garbi gelditzekotan hauxe da: klaseko euskal sindikatua ez da Lejoakoena; hauek, langileria banatzeko sindikatu horia egin dute.

Etxeberriak zioen bezala, gogo onez sartu diren langileek ez dute ezeren kulparik; dirijenteak dira «letxe txarrez» egin dutenak, eta hariei doakie gure salaketa. Manuren Agurretik hasi eta, Leundaren azken hitzetaraino gauza berbera entzun zen. Jarrera garbien eta gogorren azaldu zutenak, CMT, CIOSL eta CES izan ziren, eta, berdin, igande goizean, euskal instituzioen ordua ailegatzean, ESEI eta ANV mintzo ziren klarkien gai honetaz. Jendearen txalotzeak ere, garbi agertzen zuen, nor nor den garbi azaltzeak duen inportantzia. Han, garbi ikusi zen, ez zela «zozoak beleari ipurbeltz» esaera hori betetzen kasu honetan, eta, Lejoakoak (Dirijenteak) zikinkerietan dabiltzala. Gainera, kanpoko errepresentazioak berak baieztatzen eta frogatzen zuen postura hori. Kongresu ondoren egin zen prentsaurrekoan, kazetari baten hola moduzko galderaren erantzuna, era berdinekoa izan zen: beraien presentziak ezeztatzen zuen Lejoakoena, halegia.

Manu, lehendakari

Manu, lehendakari, Durangon egin zen lehen bilaldi edo saioan izan zen aukeratua. Lehenago, Gasteizeko II. Kongresuan aukeratu zuten, orai dela 44 urte. 1933an eta 1976an; bietan, Manu. Oraindik ere, zutik! Lehen saioaren bukaeran berak zioen bezala, «Niretzako duzuen konfiantzagatik eskertzen zaituztet, baina, tristura apur bat hartu dut, berriro ere lehendakaritzat aukera nauzuelako, zeren, hainbeste urtetako lanak zama handia egin dit niri. Dena dela, pozik nago hemen ikusiagatik; talde ezberdinen batasuna lorturik e. a. Hemendik aurrera, 36.aren aurretik izan zena lortu behar dugu orain ere: Euskadiko organizaziorik indartsuena.»

Legezko haria egon da Manurengan. Garrantzi handia eman zaio legal alderdi honi eta, horrekin batera, organizazioaren instituzionalizatzeari. «Prozesu hau, Eibarko 2. saioarekin bukatzen da» Etxeberriak esan bezala. Bere aurrengo hitzetatik hartzen dugu hau ere: «Beraz, Kongresu hau eratzeko, hamar hilabetez lan egin ondoren, konfidantzaz esan dezakegu, Konfederakuntza, gaurko errealitate berrian, aurre emateko prest eta kapaz dela.» Aurrerantzean, Manuren lana honela eskertu zuen: Manuri esker jarraitu da ELA, eta, horretaz konturaturik, berak errepresentatzen zuen legitimitateari eutsi genion, eta, elkarrekin lan eginez, hemen gaude. Eta horretaz gainera, Manuk merito handia eduki du gaurko sindikalismo moldeetara egin delako. Ez da erraza hau egitea, gure Manuk lortu duena. Horrek eta, militante askok egin dugunarekin batera, posible izan da ELA 1976ean kalean ipintzea.»

Ezin dezakegu atzera begira egon. Kongresua bukatu ondoren hasten da benetako lana

ELAko Idazkari Nagusiak Konfederakuntzaren historiari buruzko zehaztasunak agertu zituen, Manuren errelebantzia adieraziz. Oraingo Kongresua etapa berri baten hasera dela —zioen— eta, militanteek inoiz baino bizkorrago eta sakrifizio espirituz jardun behar dutela azpimarkatuz. Aparatua egina dagoenez, indartzearen beharra dagoela. Sindikatua, langile klasearen tresna baliagarritzat jo zuen, nahiz eta —esaten zuen— mundu guztian sindikalgintzan halako krisia nabari. Beste aldetik ELAri sindikatu bezala, zein patronala, estatu edo alderdi politikoetatik dagokion askatasunaz mintzo zen. Baina, euskal instituzio bat delarik, ez da sindikal maila hutsean gelditzen; halaber, euskal politikan parte handia hartzera bultzatua dago.

Beste parte batetan, eta estatu mailan duen egin beharraz, hauxe esan zuen: «Estatuko erabaki nagusietan hartuko dugu parte.» Euskal politika bultzatuz, Autonomiaren alde dauden guztiekin batzea proposatzen du. Lehen esan bezala, nahiz eta bere bidea inongo menpetasunik gabe markatu, Euskadiko politikagintzan zeregin handia du. Beraz, Estatu mailako sindikatuekin sindikalgintza bultzatu eta, euskal instituzio guztiekin politika bide minimo batetan sartu. Azkenengo hitzetan, ELAren helburu nagusienetakoa bota zuen, hemendik hurrengo Kongresurartekoan: «Hurrengo Kongresurarte, gure lana euskal sindikalgintza behin betirako finkatzea da.»

Jende gaztea eta heldua

Hauxe zioten atzerriko ordezkariek, Kongresu ondorengo elkar hizketetan: «Hemen bezalako hainbeste jende gazte eta heldurik ez dugu toki askotan ikusi; eta nolako partizipazio zuzena egin den, enmienden bidez eta abar...!» Egia esateko, guttitan ikusten den giroa (batipat Euskal Herri penagarri eta zoriontsu honetan!) zegoen Eibarren eta, hori, han egon zen edozeinek esanen luke. Jende zaharra poztu eta gaztea harritu, han ikusitako organizazioagatik... Larunbat osoan egon ginen barruan sarturik. Ez zen aguante gutxi behar! Atzerrikoen agurrak, bertan hartutako telegramak... Nahiko patxadaz egon zen jendea halaz ere.

«Denbora luzeko lanaren ondorioa da» Etxeberrian ahoz entzun genuenean, egia zela praktikoki geure bistaz ikusi ahal izan genuen. Ez da egun batetan edo bitan, han egin zena lortzen; ez.

Partizipazio zuzenaren adibide, enmiendak izan ziren, eta, hainbeste zirelako, eta guztiak ez aipatuak ez izan arren, hemen, Kongresuak berak txalotu eta aho batez baieztatu zituenak dakartzagu.

Txaro Arteagak gaurko emakumearen balorazioaren aurka irten zen, eta konkretuki, umea ekarri ondorengo denboraz eta bai senarra edo bai emaztea, biak dutela etxean gelditzeko aukeraz egin zuen bere enmienda. Irakaskuntza aldetik, M. J. Alkortak presentatu zuen enmienda baliagarri bat. Irakaskuntzako alternatibetan sartzen diren puntuak aipatu zituen. Beste bat aipatzekotzan, L. Etxeberriak egin zuena, euskararen ofizialtasunazkoa halegia. Eta, azkenik, I. Alkortak, Subnormal eta elbarrituen problematika ongi azalduz, presentatu zuena. Azken enmienda honi, Ponentziakoek berek eskerrak eman zizkioten, gizarte osoaren eta bereziki langileengan dagoen arazoa, bizia dela adieraziz.

Astelena pelotalekuko dekorazio eta andamio sentzillo haien artean egin zenak, ba du euskal langileriaren barneko leku berezia. Denborak berak esan beharko beste guztia.

J. Larrañaga


Euskal Herrian

Agur, Xalbador

Udazkeneko arratsalde euritsu bat da gaurkoa. Nafarroa Behereko Urepel herri ttikian, 1841.urtean egindako bere eliza dotorean mila euskaldun Xalbador lagunari bere azken agurra opatzeko bildu dira. Aldare inguruan hamabiren bat apez. Arratsaldeko laurak dira erretore jaunak, Bautista Bazkanzek, mezari hasiera ematen dion unean. Euskal Herriko plazetan maiz egon izan den bezala Xalbador bertsolaria, poeta eta laguna bere lagun hurbilenen artean dago. Hiru egun lehenago bezala, omenaldi egunean bezala. Baina gaur asteazkena da eta, igandean esan zituen hitzak Xalbadorrek ezin ditu errepika. Hiru egun lehenago halaxe zioen bertsolariak, haren semeak esan zigunez, bere omenaldian bildutako lagun multzoa ikusiz: «Nik jende gaixo hoiek eskertzen ezbaitut ahal...»

Meza aurrera doakigu. Han eta hemen noizbait zapiek poltsikoetatik begietara doan bidea egiten dute. Erretoreak, aldare albotik, beste bizitzan Xalbador dagoela dio baina Xalbador igandean bezala denon artean ez egotea sinesgaitza, ulergaitza dugu guztiok. Hamazazpi urteko neska bat jendean tartean bultzaka eta begiak gorri gorri elizatik irteten da. Aurrean dugun baserritar gogor bat bere aurpegi latzean malko bila dabilkigu. Eliza barrutik inguratzen duten bi balkoi zerrendetan harritasun aurpegiak agertzen dira baserritar haiengan, Xalbadorren bertso zuzenak plazetan entzuten zituztenean bezalaxe.

Meza amaitu da. Ixiltasun oso baten ondoren Etxaun, Lopategi, Lizaso, Lasarte eta Mattin bertsolariek, ahotsa beren eztarri hertsietatik bultzaturik, Xalbadorri beren azken agurra bertso bidez egiten diote. Gaur Xalbador entzule garrantzizkoena da.

Hilherria elizaren ezkerreko ormaren alboan dago. Eliza da, hain zuzen, nahiz eta bere ormez landa izan. «Aspaldi honetan inoiz baino gehiago bizi nahi zuen», esan zigun Xalbadorren seme batek. Hala ere Xalbador hilhobian sartzen ari zaizkigu. Artza anaien txalapartak, eliz alboan dagoen menditxo batetatik, hilherria, eliza, herria eta Euskal Herria bere egurrezko agurraz betetzen ditu. Korapiloak eztarrietan hestuagoak egin dira Xalbadorren lagunengan, bertsolariek egiten duten multzo haundian, barez ere. Multzoan bertsolari asko ikusten ditugu: Muniategi, Basarri, Azpillaga, Agirre, Lazkano, Lazkao Txiki, Larrañaga, Egileor, Arozamena, Sebastian eta Kosme Lizaso, Etxeberria, Arregi, Mugartegi, Arrosagaray, Mendiburu, Xanpun, Ezponda, Enbeita eta beste asko. Kantari batzu ere han dira: Manex Pagola, Mikel Laboa, Gexan Lantziri... Hilharrien gainean lore koroak egun euritsu honetako grisak gorriaz, xuriaz eta berdeaz puskatu dituzte. Koroetan hitz batzu: «Ortziken'ek Xalbadorri», «Xalbador Urepeleko maixuri Donostiako Ur-Kirolak», «Xalbador pertsulari lagun maitiari»... Euskal Herri osotik datozkigu koroak eta lagunak.

Txalapartak bere oihuak amaitu ditu eta Urepeleko mendi eta zelaiak eguneroko ixiltasun eta doinuetan daude berriro. Amona zahar batek, posible aski, erlategira hurbildu eta erleei argizari gehiago egin dezaten eskatu die, Hazilaren 11eko arratsalde honetan, arratsalde baketsu eta triste honetan. «Nik piztuko zintuzket, ahal banu», bere lagun bertsolari batek esandako hitzak Urepelen egondako mila euskaldunok bihotzean daramatzagu, gure bizitzaren bide arruntei Urepeletik urrun, birsegitzean.

X. A.


Euskal Herrian

"Asociación Pro-Amnistía de Vizcaya"ren prentsa aurrekoa

"Asociación Pro-Amnistía de Vizcaya"ren prentsa aurrekoa.

Gure izenburua erdaraz idatzi baldin badugu arrazoi honegatik da: prentsaurreko honetan kazetariei emandako idazkiak erdara hutsean eginak daude. Nahiz eta "Asociación" honek dituen helburuak oso-osorik geureak egin, behar-beharrezkoa dugu erdara hutsean egindako prentsaurre eta idazki hauk lerro hauetan salatzea. Elebitasun jator batetara heltzeko ez dugu oraingoan gertatutako hau bide egokiena.

Helburu eta bideak

"Asociación" izenak orain sortutakoa komisio bat ez dela agertzen digu. Eta, elkarte bezala, legalizazio baten bila dabil. Orain dela bi hilabete ofizialki eskatutako paperak bidali zituen eta, nahiz eta erantzunik izan ez, paper hauk onhartuak izatea espero dute elkarte honen antolatzailek.

Helburu nagusia hauxe dute: amnistia orokor bat lortzea eta, hau errealitate bat ez den artean, lege eta diru aldetik preso, atzerriratu eta beraien familia guztiak lagundu. Helburu hauen artean ere preso eta atzerriratuak izan direnen sozial berrartzea lortzea dute, berauentzat lan toki egokienak bilatua eta gizartean dituzten eskubideak legez defendatuz.

Dirua biltzeko bideak ere gertatzea garrantzi haundikoa dute elkarte honetakoek gaur egun. Orain arte pertsonalki eman diren diru laguntzez baliatu dira beren lehen pausoak egiteko, baina hemendik aurrera beste bideak ireki nahi dituzte. Datorren Abenduko 10ean, Bilboko Kirol Gelan, euskal jaialdi bat egitea nahi dute eta Gabonetako hiru artista euskaldunek apaindutako egutegiak ere salgai egongo dira.

Kartagena

Bere lehen idazkian Bizkaiko Pro-Amnistia Elkarteak Espainiar gartzeletako egoera larria salatu izan nahi du. Idazkiak dionez, gaurko gartzeletatik gogorrena Kartagenakoa da. Abokatu eta presoen familiak egindako presioak Burgos eta Puerto de Santa Mariako giroa hobatu egin badute, ez da Kartagenan berdin gertatu. Gartzela guztietan bizitza gogorra baldin bada, euskaldunentzat batez ere, Kartagenan ezin sinestekoa da. Gure presoek zigor-geletan beti bizi direla esan dezakegu eta, diziplina aldetik, hango gartzeltzainak euskaldunen aurka duten grina izugarrizkoa da, edozein gauzagatik zigor-geletara bidaltzen baitituzte. Gartzela bat ez baizik eta konzentrazio zelai bat dela esatea zuzenagoa izango zen. Nahiz eta gartzela guztiak txarrak izan, abokatuek Kartagenakoa gaur txarrena bezala jotzen dute.

Arantza Arruti

Arantza Arrutiren kasua beste kasu askoren adibide argi bat baizik ez da. Dakizuenez, Arantza Arruti Puerto de Santa Mariara joan zen Goyo Lopez Irasuegi bere senarra denen kaleratzea ikustera. Hango herri batetan zegoela, Arantza Arrutiri goardia zibil batzuk hurbildu eta, intsultatu ondoren, gartzelara eraman zuten, lehen Cadizera eta gero Jerez de la Fronterara. Hantxe dago gaur egun eta, ofizialki "Auto de Procesamiento"ak dioenez, gartzelan urte pila bat gelditzeko arrisku haunditan, "fuerzas armadas"en aurka Arantzak birao haundiak esan baitzituen, Chiclanako herrian "hango jende baketsuak mehatxatu ondoren". Horrela dio, noski, ofizial "Auto" horrek.

Puerto de Santa Mariara beren presoak ikustera joan diren familiak maiz herritik barrura segituak eta hauetako familia bat gartzelatua izan dira. Familiar bat Madrilera eramana eta, bi egun ondoren, kaleratua izan zen. Grinaz betetako giro hau izan da Arantza Arruti gartzelarazi duena.

Ipar E. H.ko egoera

Ipar Euskal Herrian gaur nabaitzen dan ikara giroa ere salatu zen prentsaurreko honetan. Orain polizia frantzesa da bildur-giro honen egile. Nolabait polizia hauen joera arbitrario honen aurka jotzeko Bizkaiko Pro-Amnistia Elkarteak Europan dauden elkarte internazionalen laguntza bila dabil eta hauetako antolamendu batzuk —Amnisty International eta Gurutze Gorriak, adibidez,— beren laguntza eskaini dute. Bitartean Bizkaiko elkarte honek atzerriratuei eta beraien etxekoei beren laguntza osoa emango die.

Nortzu diren

Elkarte honen lehen gidatzaileek hauxek ditugu: Lehendakaria: Juan M. Vidarte, abokatua; Lehendakari-ordezkoa, Javier Iruretagoyena, futbol jokalaria; Diruzaina, Trifon Echebarria, ex-presoa eta langilea; Bokaleak: Gontzal Mendibil, kantaria; Jose Angel Iribar, football jokalaria; Elisa Kalzada, ex-presoa, langilea; Begoña Alkorta, Andoni Campilloren ama. Junta honetan dauden beste lagunak: Vicente Goitia, langilea; eta Burgosen dagoen Emilio Goitiaren anaia; Begoña Egia, Felix Egiaren arreba. Felix Carabancheleko hospitalean judizio zain dago Jose Ignacio Egiluz; langilea, ex-presoa. Pontevedra eta Segovian egondakoa; Francisco Herrera: Villanueva atzerriratuaren ama; Domingo Unzalu, Gernikako apareilaria; Jon Viar, kimikaria, Caceresen dagoen Iñaki Viar-en aita; Andres Aya medikua, Javier Aya'ren aita; Andoni Abando, medikua; Jesús Elorduy, ekonomista; Miguel Iriarte, medikua; Rufino Basañez, arkitektoa; Juan Manuel Idoyaga, kazetaria; Bernardo Arrizabalaga, kazetaria; Jose Ignacio Meñika, hiru urte kartzelatua egon den ex-presoa; Francisco Abrisketa, abokatua; Jose Luis Lizundia, Udaletxeko Ordezkaria; José Maria Orua, footballaria izandakoa.

Denoi irekia

Elkarte hau denontzat irekita dago eta, hau argi esan behar da, Pro-Amnistiaren alde burrukatzen ari diren talde guztien laguntzaile izan nahi du eta, noski, talde horiekin bat eginez burrukan gogor iraun.

X. A.


Elkar ikuska

Zientzi Fakultateko Dekanoarekin hizketan

Antonio Bernalte jauna. Bartzelonan jaioa 1927. urtean. Gaztetatik, mugagabeko kuriositate eta jakingurak bultzaturik, unibertsital egintzetarako guraria sortu zitzaion. Lehenik Matematikan eta gero Fisikan lizentziaturik, utzi egin behar ukan zuen bere jaioterria, Madrilera hiru urtetarako joateko. Handik Parisera eta gero Estatu Batuetara (California-ko Berkeley-ra hain zuzen). Amerikan hainbat urte egin zituen, bertako ikasleen lehen mugimendu handiaren ikusle izateko abagadunea ukanik. Bere doktoretza bertan egin zuen 1968. urtean, Fisika arloan, eta gero berriro itzuli zen Bartzelonara. Bi oposiziotan garaitu ondoren, 1972. urtean Bilboko Unibertsitateko Egoera Solidoaren Fisika deitu katedra lortu zuen, eta ordudanik geure artean dugu. Metaleen propietate elektronikoen eta mekanikoen arloan lan egin du eta oso kezkaturik dago fisikaren ikuspegi matematikoaz. Dena dela, guk ez dugu horregatik antolatu elkar hizketa hau. Aldiz, Zientzi Fakultateko Dekano bezala hautatua izan delako hitz eginen dugu berarekin. Eta hautatua diogu, zeren eta hauxe baita ikasle eta irakasleek aukeraturik izendatu den lehen Dekanoa. Bestalde, beraren eritziak oso interesgarri gerta daitezkeela uste dugu.

— Noizdanik zaude Bilbon?

— 1972.eko Urrian heldu nintzen, katedratiko bezala izendatua izatean hain zuzen. Lehen urtean unibertsital erresidentzia batetan bizi izan nintzen, ikasleekin batera, oso giro interesgarrian. Hurrengo urtean nire emaztea ere etorri zen, eta ordudanik Algortan bizi gara.

— Zer sentitu zenuen, Fakultateko estamentu desberdinen onharpenez Dekano bezala hautatua izatean?

— Egia esan, lan horretarako aukeragarri ziren pertsona gutti ginen. Fakultateko Klaustroan sorpresarik gabeko bozketa bat egin zen eta bertan neu hautatu ninduten. Gero tramiteak gelditurik egon ziren hainbeste denboratan, eta lau hilabete iragan ondoren heldu zitzaidan izendapena Ministergotik. Dena dela, hautapen hori halabeharrez eta pena pixka batez onhartu nuen, zeren eta neure egintza zientifikoetatik urrunduko baininduen, eta gaur egunean Unibertsitatean dagoen problematikak eskatzen zidan erantzunkizunaz eta bertako estamentuek nigan utziriko konfidantzaz guztiz arduraturik geratuko bainintzen. Bestalde, hautapen hau aldakuntza politiko eta sozialetako une batetan gertatu dela konturatzen naiz.

— Zer uste duzu Unibertsitatearen gestioan buruz? Zure ustez, nortzuk hartu behar dute Parte gestio horretan?

 Ene ustez, zehaztu egin beharko genuke hobeki kontzeptu hori. Hasteko, eta ezer baino lehenago, Unibertsitatearen egoerari buruzko diagnostikoa egin behar da, gaur eguneko egoeratik irteteko proposamenak egin ahal izateko. Dena dela, arazoa guztiona baita, horren konponketa ere guztioi dagokigu; eta hau guztiau estatutu berrietan gorpuztu beharko da. Edozein modutan, ene ustez, ideia berri bat sortu dugu, oraingo talde eta subtalde antagonikoen kontzepzioa gaindituko duen ideia eta kontzientzia berri bat.

— Entzun dugunez, zeure Fakultatean kontseilu batzorde batzu izendatu dituzu, berorien bidez Fakultateko gestio zabalean estamentu guztiei bidea eskainiz. Zer eta zertarako dira batzorde horik?

— Ez dugu ahantzi behar, gure Fakultatea Bilboko Unibertsitatearen parte dela, eta Unibertsitate honek bere estatutuak dituela; eta estatutuok, probisionalak izan arren, bigentzia dute oraindik. Pragmatismo hutsez, eta efikaziaren izenean, estatutuok eskaintzen duten bidea probetxatzen hasi naiz. Berorietan agertzen denez, ba da kontseilurako batzordeak izendatzeko posibilitaterik. Batzordeok dituzten abantaila nagusien artean, Fakultateko edozein kideren parte hartzea zilegitzat jotzen dutela aipatuko nuke. Beraz, une honetan, batzordeek parte hartzerako bide efektiboa eskaintzen dute, nahiz eta, kontseilurako bakarrik baitira, erabakitze formalerako biderik ematen ez duten. Horrela, bada, Dekano bezala izendatua izan eta nire berehalako ardura, horrelako zenbait batzorde antolatzea izan zen. Hasteko, batzorde batzutan bi irakasle numerari, bi irakasle ez numerari eta bi ikasle egotea pentsatu ukan nuen. Eta egin ere, horrela egin nuen.

— Batzordeez hitz egiten ari garenez gero, interesgarri litzateke, zeintzu batzorde antolatu edo antolatzeko diren jakitea.

— Sortu dudan lehena, Dekanoaren kontseilurako batzordea izan da. Bertan hiru unibertsital estamentu nagusietako partaideak daude; Fakultateko problema nagusiak aztertu ondoren, batzorde honetakoek ebazpideak proposatzen dizkiote Dekanoari, edo eta bestelako batzorde berezietara bidaltzen dituzte. Horretaz gainera, batzorde honek Klaustroan aurkezteko projektuak ere prestatuko ditu. Batzorde honek ez du erabakiak hartzeko ahalmen legalik dauden estatutuen arauera, baina edonola ere Fakultatearen funtzionamenduan eragin handia ukanen duela uste dut.

Beste batzorde batzu ere sortzen ari dira: Irakaskuntza eta ikerkuntzaren ordenamendurako batzordea, ekonomi arazoetarako batzordea, eta euskal kultura zientifikoaren aldeko batzordea.

— Euskal kultura aipatu duzularik, zeintzu pauso eman dira arlo honetan?

— Urriaren haseran bi ikasle etorri zitzaizkidan hitz egitera, euskararen irakaskuntzaren ofizialtasunaren posibletasuna azter nezan. Fakultateko sekretaria den Arias jaunarekin aztertu nuen arazoa. Ebazpide urgentearen premia zegoen eta aurretiko prezedenterik gabe aurkitzen ginen. Hiru puntu hauk erabaki genituen:

a) Lehen seihilabeteko astelehen, asteazken eta ostiraleetan eguerdiko ordubatetatik ordubietara, asignaturen ikastaldirik ez jartzea, ordu horietan euskarazko ikastaldiak eman ahal izateko.

b) Irakasleei Euskaltzaindiaren zertifikatua edo eta baimena eskatzea, irakaskuntzarako prestamenaren garantia gisa.

c) Euskal kultura zientifikoaren aldeko batzordea antolatzea.

Bide horretatik egin ditugu gauzak, eta gaur egun azken batzorde hori funtzionatzen ari da. Batzorde horretako kideek elkar hizketa bat ukanen dute laster errektorearekin, plangintza hau Unibertsitateko beste zentruetara hedatu ahal izateko.

— Katalana izanik, hizkuntza ez ofizialek dituzten problemak ezagutzen dituzu. Nola aurkitzen da zuen hizkuntza Unibertsitatean?

— Benetan eskertzen dizut, arazo honetaz Euskal Herrian hitz egiteko ematen didazun abagadunea, ene eritziak baldintza berdintsuak bizi ukan dituen adiskide batenak bezala hartuko dituzulakoan. Pena bakarra, ene eritziak itzulpen bidez agertu beharko dituzula.

Azken urteotako hersturak gutitzearekin batera, gero eta entzungarriago dira Euskal Unibertsitatea eskatzen dutenen ahotsak. Zer esanik ez, bere Unibertsitateaz kezkatzea Herriaren heldutasunaren seinalea da, zeren eta etorkizuneko kultur egoera, puntu horretan finkatuko baita neurri handi batetan.

Katalunian Unibertsitatea-Gizartea elkarrakzioaren beharraren kontzientzia kolektiboa dugu. Elkarrakzio horren alderdirik garrantzizkoenetarikoa hizkuntza da: Unibertsitatean egiten den kulturaren sortze eta transmititzea, herriak erabiltzen duenaz besteko hizkuntza batetan gertatzen bada, elkarrakzio hori moteldu egiten da, aipatuko ez ditugun ondorioak sortuz. Baina, zer gertatzen da, kultura eta hizkuntza desberdinak dituzten populazio taldeak batera daudenean? Katalunian ofizialkidetasunaren alde daudela dirudi. Ttikitan, Errepublika garaian, eskola publikoetan, egun batetan katalanez eta hurrengoan gaztelaniaz ikasten genuela gogoratzen naiz; eta ene gogoramenak atsegingarri dira.

Eta Unibertsitatean, zer egin? Ene ustez, problema hau unibertsital kulturaren oinharrizko jarreraz aztertu behar dugu: azterketa arrazionalaz, errespetuz, elkar ulertzeko gogoz, borondate onez eta idealismoz. Euskal Unibertsitatearen hazkundean parte hartzen dutenek, erantzunkizun handia dute euskal kulturaren eta mendebaldeko zibilizazioaren aurrean, beronen parte baitira. Arazoa ez da konpontzeko erraza, eta azaleko itxuretan geratzeko arriskua dago, epe laburreko atsegin itxurazkorengatik zientzi kalitatea sakrifikatzen bada.

Edonola ere, lan gaitz horretan zuen aldeko lana egiteko prest nagoela jakin ezazu. Eta modu berean, beti gustura lan eginen dudala, ene borondatez hartu dudan Euskal Herriarekiko errespetuari eta oneritziari erantzunez.

Besterik ez. Mila esker eta gure artean zauden bitartean, zorteak lagun zaitzala, behar eta nahi dugun Unibertsitatea lortu arteko lanetan zeure hare alea ipintzen.

Ramon Garai


Munduan barrena

Oztopoak gainditu ondoren. Euskal Herria Bienalean

Euskaldunontzat ez da erraza izan Venezian egindako burruka. Herri burrukatzaile bat izateak, hala ere, ba du noizbait bere saria. Venezian, 1976. urteko Bienalean Euskal Herria bere nortasun osoz onhartua izan da, burokrazi-politikar baten aurka denbora luze batetan aurrera egin ondoren. Hara hemen gure herriak Veneziako bideetan aurkitutako oztopo eta zailtasunak.

Han ere betikoak

Bienalako antolaketa izugarrizko "desantolaketa" dela esaten hasi gaitezen. Bienale barruan urte osoan lan egin dutenek hala diote eta, guk ikusi dugunez, hori sinestea oso errez egiten zaigu. Diru faltagatik ez zenean, Bienale barruan dauden politik alderdien artean jasotako eztabaidak ziren delegazioaren lanak atzeratzen zituztenak. "Italiarrok horrela gara gauza guztietan", esaten zigun italiar lagun batek. "Zoaz lantegi batetara, sindikatoetara... Beti desantolaketa daramagu..."

Giro nahasi hau aurkitu zuten euskal ordezkaritza zeramatenek Veneziara heltzean. Hauetako batek, Veneziara iristean, Oteiza topatu zuen kalean, Veneziatik alde egiten zuen uneberean. "Hona heldu naiz eta, euskaldunoi buruz ez zekiten ezer Bienalekoek. Horregatik lehenbailehen alde egingo dut", esan zuen eskultoreak, maletak berrartzen zituen artean. Une hartan oraindik bi aste falta ziren Euskal Herriaren egunak hospatuak izateko. Nahaste guztia, ikus dezakezuenez, ez zen Bienalekoen aldetik bakarrik, baizik eta euskaldunen aldetik ere.

Horrela zeuden gauzak Urriaren lehen egunetan. Hala ere Venezian zeuden euskaldunek, matraka egunero eginaz, antolatzaileengandik promesa bat lortu zuten azkenean: Euskal egunak Urriaren 15, 16 eta 17an izango ziren. Baina poztasuna oso laburra izan zen, promesa hau egiaztatzeko Bienalekoek ez baitzuten ezer egiten. Egunak joan eta egunak etorri, erabakiren bat hartu behar zen une bakoitzean, antolatzaileek ihes egin edo eta bestela Erromara telefonoz deitzen zuten, alderdi antolatzaileen zentraleetan euskaldunei buruz zer egin erabaki zezaten. Horrela, bai P.C. italiarrak, bai sozialistak eta bai D. C.koek euskaldunen asmoak gero eta gehiago ukatzen zituzten. "Euskaldunak ez al dira espainiarrak? Zergatik ez dira beste espainiarrekin etorri?" Galdera hauek zuten erantzuna zuek pentsa dezakezue: "Bienaleak gure herria Euskadi bezala har dezala nahi dugu." Hau entzutean italiarrek beste galdera bat egiten zuten: "Nortzu zarete? Zer nahi duzue?" Galdera berbera egiten zioten Erromari eta noski, Erromakoek Madrileko burkideei... Euskaldunek Venezian aurkitutako oztopoen iturriak ez Italian baizik beste penintsula batetan zeuden.

Italiar lagunak

Italian badira Euskal Herriaren gora-beherak egunero jarraitzen dituzten lagunak. Hauetako batzuk gure Aberri Egunetan izan ohi dira... Italia osotik zabaldutak daude, "Euskadi-Italia" komite barruan bildurik. Nahiz eta beren lehendakaria, Elio Franzin, ezkertiar sutsua izan, komite honetan edozein alderdiko jendea aurki dezakegu. Denok euskaldunek Bienala aurrean egindako eskakizun eta burrukak bereak bezala hartu zituzten. Zergatik? Komitekoek Euskal Herria Europa barruan dauden herri zapaldu eta burrukatzaileen aintzindari bezala ikusten dute eta herri zapaldu hauen askatasuna behar-beharrezkoa bezala dute "Herrien Europa" bat etorkizun labur batetan lortzeko. Italian, gainera, ba dute beren etni minorien arazoa, nahiz eta Errepublikaren Arauerak teorikoki herri ttiki hauen eskubideak defendatu.

Komite Euskadi-Italiakoek euskaldunoi buruz italiar prentsan irakurtzen den "desinformazioaren" aurka beren horri eta aldizkarien bidez burrukatzen dute. "Ezker aldeko eta eskuin aldeko egunkariek euskal burrukatzaileak "terrorista" izenez bataiatzen dituzte, —esan zigun hauetako lagun batek— eta kontu egizu italiar batentzat eskuin muturrekoa dela ezagutzen duen terrorismo bakarra... Italiar askok euskaldun gazteak faxista hutsak direla uzte dute..."

Hiru egunak

Oztopoekin alde batetik eta lagunekin bestetik, Euskal Herriari ospatutako hiru egunak heldu ziran azkenean, Urriaren 22, 23 eta 24an. Azken unean antolatzaile batek oraindik hiru egunen zentzua aldatu nahi izan zuen, afitxetan azaltzeko idatzitako hitzak aldatuz eta Euskadiren egunak "Espainiako herri batenak" bezala agertuaz. Zorionez "akatsa" garaiz zuzenduta izan zen, "antolatzaile" honen hasarre aurrean.

Euskal artea Bienalean ez zela ia ageri aitor dezagun. Lehen egunean "Ama Lur" filmea ikusi genuen; bigarrenean "Ikimilikiliklik"; hirugarrenean "Axut", "... Ere erera...", "Arriluce" eta "Euskadi en lucha" filmeak. Venezian bildutako arte adibide hauk ez zirela onak ez dugu esan nahi, jakina, baina Venezian ez genuen ikusi ez pinturarik ez eta eskulturarik... Gure desantolaketa puntu honetan argi eta garbi ikusi da.

Hiru egunetako saio interesgarriena, Euskal Herriko egoera agertu baitzuen, amnistia aldeko komisioak egindako prentsa aurreko bilera bat izan zen. Ortzik gure historia laburki (ordu erdi batetan) adierazi ondoren, komisioko abokatu batek gaurko euskal egoera larriaz hitz egin zuen. Italiar kazetariek egindako galdera batzu hauxek izan ziren: Nola hartzen dute euskaldunek burruka harmatua? Monzonek euskaldunok burruka harmatua ez dugula maite baina gaurko egoeran erresistentzi eran beharrezkoa izan dela erantzun zuen. "Euskaldunok bakea eta askatasuna maite dugu baina gure gazteek kartzeletan gerra-presotzat irauten duten artean burrukari ekingo diogu. Gure herrian bakea birbizteko Europarrek asko egin dezakezue". Beste kazetari batek zergatik Euskal Herriak ez du beste herriekin batetan faxismoaren kontra burrukatzen galdetu zuen. Erantzun moduz euskaldunak antifaxista haundienak izan garela esan zion Monzonek kazetariari eta penintsulan beste herriek gurea aitzindari bezala ikusten dutela esan zion, gure herriak burruka honetarako bere indar bereziak gertu dituela esan ondoren. "Gure herria errespetatzen duen "instantzia unitaria"rik ez da oraindik antolatu". Beste galdera batzu ere izan ziran, Euskal Herriko elizari buruz, batez ere.

"Happy end"

Lehen egiten ziren amerikar filmeetan bezala, Veneziako euskal-italiar "soka-tirak" amaiera zoriontsu bat izan zuen. Bai Bienaleko lehendakariak, Ripa de Meana jaunak, bai beronen laguntzaile den Veneziako alkateak, Euskal Herria bere nortasun osoz onhartu zuten ofizialki, gureak "Espainiako herrietatik at" bere buruaren jabe izateko eskubideak dituela aitortuaz. Biok hurrengo urtean Bienaleko ateak Euskadirentzat irekiak izango direla esan zuten behin eta berrire, aurten "zailtasun batzu" izan direla ere aitortuz.

Veneziako udaletxean alkateak euskal komisio bati Veneziako "San Markos" lehoiaren irudi bat eman zion, komisioak alkateari ikurrin bat ematen zion une berean. "Italiarrok erraz esaten ditugu hitz politak", esan zigun hango italiar batek, Bienalekoei idazki bat bidali behar zitzaiela gomendatu ondoren. Hara idazki honen eskariak:

1- Hurrengo Bienalean Euskadiren parte hartzea gertu dezan, Bienalak lan-talde bat antolatu behar du, bai Euskal Herriko eta bai beste herri zapalduen arazoak argi eta garbi Bienale horretan ager ditzaten.

2- Hurrengo Bienalean Italiako faxismoak, frankismoaren laguntzaile bezala, Euskal Herriaren aurka izan zituen errespontsabilitateak idazki eta argazki bidez zabalik ager ditzala.

Italiar lagunek azken eskari bat izan zen: hurrengo Bienalerako euskaldunek gure parte hartzea hobe gerta genezan. Urte honetan euskaldunok Venezian egindako urratsa garrantzi haundikoa izan da, baina hurrengoa egitean ezingo dugu aurtengo akatsik egin.

X.A.


Munduan barrena

Berri laburrak

"Asimilazioz"

"Il Gazzetino" Veneziar egunkariaren kazetari batek asko lagundu ditu Bienalean egon diren euskaldunak. Kazetari honek oso ongi ulertzen zuen euskal arazoa. Arrazoia: Aberri Egun batetan, "egurra" hartu ondoren, preso-gela batetan beste gazte batzurekin sartua izan zen. Hauetako batek, agenda bat sakelan zeramala eta, preso-gelan berekin zeudenen artean agenda-horriak zabaldu eta denon artean jan zituzten. Italiar kazetariak "horritxoak" ezin erantsirik oraindik eztarrian daramatza... Hori bai dela euskal-arazoak "asimilatzea"!

"Veneziar" Ikurrina

Venezian zegoen ikurrin bakarra... italiar batzurena zen, Euskadi-Italiako lagun baten emazteak egina, hain zuzen. Beste ikurrin bat beharrezkoa zela eta, presa handiz, euskaldun batzuk Veneziako oihar-dendak ikertu ondoren oihal zuri, berde eta gorriak erosi zituzten eta baita ere jostundegi baten jabeari oihalak bereziki ebaki eta josterazi zizkioten. Dena 13.000 lira balio izan zuen (1.100 pezeta, gutti gora-behera). Ikurrin "veneziar" hau ez zen Veneziatik atera, Alkateari eskeinia izan baitzen.

"No bombe!"

Euskaldun batzu pensio bateko rezepziora heldu zirenean eta euskaldunak zirela esatean, italiarraren eskakizun hau entzun zuten: "Baschi? Prego i No bombe!?"

Lau olak

Mikel Laboa, Arza anaiak eta bere jaialdian lan egiten dutenak arrakasta handiak jaso dituzten Italian, han hiru bider egindako beren "Ikimilikiliklik" bidez. Milano'ko disko-etxe garrantzitsu batetan ere "txalaparta"ren grabazio berriak egin dituzte. Jaialdi bakoitza amaitzean, italiarrak "txalaparta" bertatik ikustera eta beren lau olak ukitzera hurbiltzen ziren, sinesgaitz egiten baitzitzazkien tresna hartatik sortutako soinu garbiak.

"Jasoketa"

Laboak eta bere lagunek txalo ederrak jaso zituzten, bai, baina ez zen dena jasotzea izan. Milano'ko leku baketsu batetan bazkaltzen ari zirelarik, automobiletik "norbaitek" hiru maleta "jaso" egin zieten, maleta batek identitate karneta bat barruan zuela, Hurrengo egunean erropa berriak erosi behar izan zituzten eta, berretortzean, baita ere batek beste karneta berri bat egin.

Italiar angulak

Guk dakigunez behintzat, angularik ez dute ezagutzen Italian. Hala ere ba dute han angula-antzeko janari bat: "spaghetti" batzuk egosi ondoren (zuri-zuriak eta luze-luzeak dira, angulak bezala) gero olio, baratxuri eta piper piska batekin (angulei egiten zaien saltsa berdina) "italiar angula" hauei jartzen diete. Hala ere angula euskaldunak "italiarrak baino hobeak eta, batez ere, garestiagoak dira.


Munduan barrena

Euskaldun bi Israelen

Herrialde Sainduetara joan etorria egin ondoren, lagun guztiak galdezka ditut. Zer moduz Israelen? Zer ikusi duzue? Nola salbatu dute han beren hizkuntza?

Ez da erraza, noski lerro guttitan han hilabete luze eta aberats horretan ikusiak laburki esatea. Liburu oso baterako gaia ba da hor. Liburu hori, gainera, Israel Euskaldun biren begietan, jadanik martxan dago, eta bertan azalduko ditugu, xehero, Israeleko geure esperientziak. Dena den, zenbait gauza, gainetik bederen, hemen azalduko ditut.

Bidaia

Bidaia Irailaren 26an hasi zen, Imanol Berriatua eta biok Bilbotik irtetean. Biharamunean, trenez helduta, Parisen geunden, eta bertan, bisatua egin ondoren, hurrengo egunean Israelerako hegazkina hartu genuen. Tel Aviveko aireportuan Arieh Xoval zegoen gure zain, eta bere automobilean gau hartantxe Jerusalemera eraman gintuen.

Arieh Xovali zor diogu, izan ere, geure bidaiaren ongi irtetea. Berari esker, Israelera ginderamatzan kezka, hots, juduek beren hizkuntza nola birbiztu duten in situ aztertzea erabat bete genuen.

Elkarrikusteak

Gure bizilekua Jerusalemen zegoen, En Kerem izeneko hauzategian frantziskotarrek duten komentu batetan. Toki horrexetan Joan Bateatzailea jaio omen zen.

Arieh Xovalek irakaskuntz arloko zuzendari, arduradun eta langile askorengana bidali gintuen. Etorri berriei hizkuntza nazionala nola irakats, haurrentzako heziera nola presta, arabiar kultura nola ematen den, hebreiera guti dakitenentzako aldizkariak (Lamathil, Xaar...), hezierarako telebistaren antolakuntza, ULPANAK (hebraiera intentsiboki ikasteko eskolak) nolakoak diren, Hebraitar Hizkuntzaren Akademiako (Hakademiah Le-Lexon Hibrit) zuzendariak... guztiok hurbilki aztertu eta ezagutzeko era eskaini zitzaigun.

Israelek euskaldunoi ongi etorri

Harrigarri bezain pozgarri gertatu zitzaizkigun juduek egindako harrena on eta erraztasunak. Han ia mundu guztiak ezagutzen zituen baskim (euskaldunok) nortzu garen eta gure Herriaren problematika, oro har, zein den. Xovalek Euskal Herritik itzuli ondoren bertako prentsan eta irratian egindako artikulu eta deklarazioak, gainera, arreta haundiz hartuak gertatu ziren.

Maariv-eko kazetari batek, tirada haundiena duen egunkarirako, elkarrikuste bat egin zigun, eta Euskaldunak Israelera beren hizkuntza indartzeko asmoz izenaz artikulu bat eman zuen argitara.

 Kerem Kayemet Le-Israeleko (Israeleko Hondo Nazionala) arduradun batek, Oskar Sapolinsky jaunak, Jerusalem ondoko mendi batetara eraman gintuen eta bertan "Bakearen oihanean" zuhaitz bana landarazi zigun, ohorezko bisitalaritzat harturik.

Gaza ondoko kibbutz batetan, Mefalsim-en (Bidegileak), egun oso bat eman genuen, Israeleko bizimodu kolektibista famatua ikusteko.

Heziera eta Kulturarako ministroak Imanol eta biok bere bulegoan errezibitu eta berarekin ordu laurden bat aritu ginen hizketan. Euskal Herriaren politik eta kultur egoeraz oso interesaturik agertzen zen. Egun batzu geroago, Xulamit Katzenelson-en bitartez, Israeleko ulpanik haundieneko zuzendaria berau, Efraim Katzir, Israeleko presidentea ezagutzeko parada presentatu zitzaigun. Israelera etorritako bi baskim haiei ongi etorria eman zien, hain zuzen.

Israeleko miraria

Pitxarkada bete ur hotz da, noski, bota behar dudana, baina egia besterik ez da. Israelen ez dago inolako miraririk. Hebraiera birbizteko lan haundi, neketsu eta luze bat egin behar ukan dute juduek. Hizkuntza nazionala jakitea intelektualen begietarako nahiz eta nahi ezko zerbait zen. Han ez zegokeen politikaririk hebraiera ez zekienik.

Laster asko, judu kontzientziadun guztiek hebraiera ikastea eta jakitea irakurtzea edo eta idaztea bezain beharrezkotzat jo zuten, eta horretan gogorki eta luzaro saiatu. Eta hizkuntza nazionalaren aldeko burruka hau beren Estatu propioa lortu aurretik ere hasia zuten. Indartu bai, baina Israeleko Estatuak ez dio hebraierari bizia eman; aitzitik, neurri haundi batez, hebraierak sorterazi du Israeleko Estatu berria.

"Gure aita —zioskun Xulamitek— pertsona normal bat zen, liberala eta irekia. Baina Ukrainan bizi ginenean argiro ikusi zuen giro gogor hartan hebraiera ikasiko bagenu, gogor jokatu beharko genukeela kontrara. Hark bigunkeriaz jokatu ukan balu, gaur nik ez nekike hebraierarik."

Euskara ez dakiten eta ikasten ere saiatzen ez diren "euskal" intelektualtzakoak gure Herriaren errepresentazio eta bidegintza eramaten ausartzen diren artean, bistan da, ez da Israeleko miraria hemen gertatuko.

Hizkuntza normaldua

Egun, hebraiera toki eta maila guztietan erabiltzen da: etxean, kalean, eskolan, lantegietan, dendetan, zineman (kanpotiko filmeak azpidazkiz azaltzen dira), telebistan, egunkarietan, unibertsitatean, konputagailu elektronikoetan, harmetan...

Hiztegi kontuan, beren hizkuntzaren ahalmenez usu baliatu eta baliatzen dira, baina ez inondik ere garbizale amorratuak: universita, moderni, humanist, norma, psykhologia, televisia eta modu honetako hitz internazionalak eurrez entzun eta irakur daitezke.

Hitz berrien arazoan idazleak eta irakasleak dira, hau da, hizkuntza egunero eskribuz darabiltenak, asmatzaile nagusienak. Han Akademiak, aztertze eta ikertze lanez kanpoan, idazleek asmaturiko hitzak, ongi daudenean, onhartu edo, gaizki badaude, kritikatu eta gaitzetsi egiten ditu. Akademiaren esanak, han ere, gomendiozkoak edo kontseiluzkoak izaten dira, duten indarra haik ematean azaltzen diren arrazoietan egonik soil-soilki.

Arabiarrak Israelen

Ni neu, zertarako uka, palestindarren arazoa dela eta, nolabaiteko mesfidantza neraman Israelera. Bertan ikusia, entzuna eta irakurria, aldiz, aski izan dira hemendik aurrera urrunetiko albisteez eskeptikoago izateko.

Israelen, hebraieraz gainera, arabiera eta frantsesa ere hizkuntza ofizialak dira. Frantsesa diplomazi arazoengatik mantentzen da, baina praktikan ez daki ia inork. Ingelesa, aldiz, irakaskuntzan derrigor sartua da.

Arabiarrek, Israeleko Estatuan, beren eskolak arabieraz dauzkate, eta, noski, gobernuak berak ordaindurik. Erlijiosoen ikastetxeak —arabierazkoak ia guztiak— Estatuak onhartzen ditu eta diruzko laguntasun haundia jasotzen dute berarengandik. Hebraiera, guztiotan, bigarren hizkuntza gisa irakasten da. Sei egunetako gerraren ondoan lorturiko eskualdeetan, aldiz, arabiera hutsez egiten da irakaskuntza, Israelek, harrapaturiko lurralde horik bereak jotzen ez dituelako. Arabiarrekin bakea lortzeko harma gisa darabiltzate soilki.

Unibertsitatean irakaskuntza hebraieraz ematen da eskuharki, baina arabiarrek, irakasle titulaturik eskuratuz doazen neurrian arabierazko unibertsitate bat lor dezakete. Hebronen, kasu, goi mailako irakastegiak lortuak dituzte. Unibertsitate guztietan, ordea, semitar hizkuntz eta literatur fakultateetan, arabierazko eskolak egoten dira, bai eta literaturazkoak ere, denak arabieraz emanak.

Tratuzko arrazoiengatik, bai eta kulturagatik ere, judu askok arabiera ikasi eta ikasten dute. Kaleak eta bide seinaleak hebraieraz, arabieraz eta ingelesez azaltzen dira, arabiar populazioa dagoen tokietan behintzat. Dendak jabeen gogara idazten dira: hebraiera hutsez, hebraiera-ingelesez, hebraiera-arabieraz, arabiera hutsez, arabiera-ingelesez...

Arabieraz bi egunkari agertzen dira Israelen. Egun osoan arabieraz ari diren irratiak ere ba dira. Telebistan, erdia inguru arabieraz da. Arabiar hauzategietako poliziak arabieraz egiten du (Neuk ikusia).

Dirua, postatinbreak, karnetak eta agiri ofizialak arabieraz ere agertzen dira, eta Parlamentuan arabiar minoriak bere txosten, proposamendu eta hizketak arabieraz egiten ditu.

Irakurlearen argitasunerako, derradan Israelen 3 milioi judu bizi direla, eta milioi erdi bat arabiar. Sei egunetako gerran harturiko lurraldeetan, gainera, milioi bat arabiar bizi da.

Hiritartasunari doakionez, Israeleko lagun guztiak israeliar dira, baina naziotasuna —han erlijioaren arauera banatua— judu, musulman edo kristaua izan daiteke. Erlijioan askatasun ia osoa dago (Espainian baino gehiago), ofiziala judua izan arren.

Arabiarrek ez daukate oraindik hiritar eskubide osorik. Juduak, 100 milioi arabiarrez inguraturik eta gerran daudenez gero, ez dira Israeleko arabiar populazioz erabat fidatzen, eta zenbait eskubide, armadan aritzekoa, kasu, ukatzen diete. Honek, dena den, ez die min handirik arabiarrei emanen, nik uste, Israeleko soldadutza gizonezkoentzat 3 urtetakoa izanki, lizentziatu ondoan urtero beste hilabete bat aktiboan eginik. Emakumezkoek, halaber urtebeteko soldadutza dute nahiz eta nahi ez. Unibertsitateko hizkuntz murriztasunaz gorago mintzatua naiz.

Zenbait arlotan, merkatalgoan kasu, judu-arabiarren arteko integrazioa jadanik hasia da, baina oraindik komunitate bien arteko aldeak oso haundiak dira. Bitzuetatik isuritako odol ugaria ezin da une batez ahantzi.

Dakusagunagatik, kultur arloan behintzat, Israeleko palestindarrak gu baino ehun milioi bider hobeki tratatuak direla esan genezake batere kezkarik gabe, eta, kuriosoa da, noski, gure hauzo hurbil batzuk Ekialde Hurbil urruneko bidegabeen aurrean beren jantziak nola urratzen dituzten ikustea, bitartean Iparralde Urrun hurbilean bizi garenoi juduek arabiarrei eskaintzen dietena ukatuz.

Ondorioak

Oro har, Israeleko gure bidaia oso probetxagarria izan da. Euskaldun guztioi mesede eginen liguke handik ibiltaldiño bat egiteak, Katalunian ibiltzeak egiten duenez. Hura ikusita, ba dugu geure buru epel eta erdaltzaleaz zergatik lotsa.

Irakaskuntzan methodo eta bide berriak ikusi eta ikasi ditugu, hemen laster praktikan ipiniko ditugunak. Ni neu Urriaren 26an etorri arren, Imanol oraindik han dago, Gabonak arte, Ulpan batetan hebraiera ikasteko asmoz. Berak esperientzia luze eta konkretuagoak ekarriko dizkigu.

Xabier Kintanak


Kirolak eta dopaia

Goi mailako kirol lehiaketak (Joku Olinpikoak, munduko lehiaketak eta abar) ia ia egintza politiko bezala hartu behar dira. Estatuen izen ona «jokatzen» da bertan. Horregatik, garrantzizkoena ez da parte hartzea, irabaztea baizik. Eta irabazteko, edozein bide da ona, kirolarien osasunean egin daitezkeen kalteak gorabehera. Horrela aitzinatu dira dopatzeko teknikak. Arazo larria dopaiarena, baina kirolarien artean guztiz hedatua. Marka berriak lortu behar dira, geroago eta zailagoak; eta, horretarako, gizona makina bezala kontsideratzen da. Besterik gabe, naturalki esan nahi dut, mugarik ez ote du giza gorputzak? Zer balio ote du, dopaia bidez lorturiko markak? Hala ere, dirudienez, azken urteotan lorturiko mundu-marka asko, horrela lortuak dirateke.

Dopaia zer den

Egia esan, ez da erraza, dopaia zer den zehazki esatea. Gutti gorabehera honela defini dezakegu: «Dopaia, edonolako substantzia edo medio bidez, lehiaketei begira kirolarien indarra, erresistentzia edo eta, hitz batez, errendimendua artifizialki handitzea da, metodo horren kausaz kirolariaren osasun fisiko edo psikikoa arriskutan jartzen delarik». Beraz bi puntu nagusi ditu dopaiak: artifiziala izatea eta horrekin kirolarien osasuna arriskutan jartzea. Dena dela, definizio hau ez da guztiz zehatza, eta sarri ez dakigu non hasten eta non bukatzen den dopaia.

Gaur egun, nahikoa azterturik dago dopaiaren arazoa, eta dopagarri bezala kontsideratzen diren berrehun bat produktuz, zerrenda ofizial bat prestatu da. Eta hori da, goi mailako lehiaketetan kontrolatzen dena. Berrehun dopagarri horien artean era askotako produktu eta metodoak daude. Horregatik horien klasifikapen laburra egitea komeni da, arazoaren korapilatasunaz konturatzeko.

Dopaia moeta desberdinak

Lau multzo nagusi kontsideratuko ditugu dopagarrien artean: kitzikagarriak, lasaigarriak, hormona maskulinoak, eta odol-dopaia. Eta interesgarri direlakoan, banan banan aipatuko ditugu, markak hobetzeko dituzten abantailak adieraziz:

 Kitzikagarriak: Hauk kitzikatu (hots ezitatu) egiten dute kirio sistema. Estimulatu eta bizkortu egiten dute egintza intelektuala eta nekapen sentipena ttikitu egiten dute. Dena dela, nekapena beranduago agertuko da, handiturik gainera. Hauen arteko dopagarririk erabiliena, anfetamina da.

 Lasaigarriak: Kirolari batzu oso urduri egoten dira lehiaketetan, eta hori dela eta, ahal dutena baino guttiago egiten dute urduritasunaren kausaz. Horrela, beren kirioak trankiltzeko eta lasaitzeko, honelako trankilgarri asko hartzen dituzte kirolariek. Ziklisten artean, palfium izenekoa oso erabilia da.

 Hormona maskulinoak: Honelako hormonek proteinen sorpena errazten dute eta, modu berean, hezur-ehunen hazkundea. Neskek hartzean, hauek mutil itxura hartzen dute politiro. Edonola ere, nahiz eta giharreak indartzen diren, tendoiak ez dira neurri berean gogortzen, eta gero erraz apurtzen dira. Gehien erabiltzen diren hormonak, testosterona eta anabolizanteak dira.

 Odol-dopaia: Oso dopaia modu bitxia berau. Lehiaketa baino hilabete lehenago, odol litro bat gutti gorabehera ateratzen zaio kirolariari. Odol hori jelatu egiten da. Hilabetea pasatu ondoren, kirolariak bere odol bolumena errekuperaturik du. Orduan berriro ere sartzen zaio lehen kenduriko odola, baina plasma eta bikor zuririk gabe; hots, bikor gorriak soilik. Zer lortzen da horrela? Odolak giharretara daraman oxigeno kantitatea handiagoa da, eta borrek kirolariaren erresistentzia handitzen du.

Dopaiak sortzen dituen arriskuak

Aurreko adibideetan ikusi dugunez, dopaiaren bidez bortxatu egiten da gorputza, berea ez den erritmu bat eramatera. Eta hori arriskugarria da.

Kitzikagarriek desorekatu egiten dute sarri kirio sistema psikosiak, haluzinazioak eta kasurik txarrenean eskizofrenia sortuz. Inoiz kirolari batzu hil egin dira anfetaminen kausaz. Honela, 1967.eko Tour-ean, Simpson izeneko ziklista, bidean bertan hilik geratu zen arrazoi horregatik.

Gai trankilgarrien artean palfium izenekoak, erregularki hartuz, toxikomania sortzen du, morfinaren antzera. Bestalde, gai anabolizanteak kantzer-sortzaile direla frogatu izan da.

Eta kronika beltz hau bukatzeko, odol-dopaiaren kausaz odolbatuak sortzen dira erraz, eta horrela, tronbosien arriskua handitu egiten da.

Dopaia nola kontrola

Legea eginez, tranpa ere egina dateke. Dopaia debekatu denetik, hura kontrolatzeko erabiltzen diren medioez kontrola ez daitezkeen dopaia modu berriak asmatu dira. Eta horrela, espiral batetan sartu gara: zenbat eta kontrola gogorragoa, dopaia metodoak sofistikatuagoak. Gaur egun, biologikoki haztarrenik utziko ez duten dopagarritan pentsa daiteke. Orduan nork irabaziko du, kirolaririk onenak ala dopaia metodorik sofistikatuena duenak?

Bestalde, dopagarri bezala kontsideratzen diren gai batzu, medikamenturik arruntenetan agertzen dira, haien formularen osagarri bezala. Kasu bitxi bezala, honetaz, Merckx izeneko kirolari hospetsuari Italiako Giro batetan gertaturikoa kontatuko dugu. Katarroaren aurkako tanta batzuren erruz, deskalifikatua izan zen, dopaturik bailegoen. Debekaturik zeuden gai dopagarrietako bat, tanta haien osagarri zen.

Dena dela, kirola garbiaren izenean, eta giza osasunari zor zaion begirunearen izenean, gure ustez dopaiaren aurka gogor jokatu behar da.

Baina edozein modutan, galdera eta kezka hau datorkigu burura: Non hasten eta non bukatzen da dopaia? Zeren eta haurrak oraindik haur direlarik, kirola konkretutarako aukeratzen eta erabat espezializatzen direlarik, hau ere dopaia modu berezi bat ez ote den galdetu behar baita. Eta hori egin egiten da.

Kirola estatuen prestijiatzerako eta propagandarako harma bezala erabiltzen den neurrian, problema geroago eta konponezinago izanen da. Eta daramagun abiaduraz, ez dirudi zorioneko egun batetan, kirolarientzako gauzarik inportanteena parte hartzea izanen denik.

J. R. Etxebarria


Liburuak

Natur Zientziak Hiztegia. Etorkizunari begirako liburu haundi bat

Durangoko liburu azokan, beste batzuren artean, ba zen pozez harriturik utzi ninduen liburu bat: Jakin editorialeak argitaraturiko Natur Zientziak deitu hiztegia. Lana Arantzadi elkarteko talde batek egina da, koordinaketa Paulo Agirrebaltzategiren eskutik joan da eta euskaratze lanak Fernando Mendizabalenetik. Paulo Agirrebaltzategiren sarrera mamitsu batez hornitua, bertan poliki azaltzen dira, Jakin editorialeak era honetako hiztegiak prestatzerakoan ukan dituen asmoak eta eritziak. Horretaz gainera, sarrera horretan bertan, zientziazko euskarari buruzko eritzi oso interesgarriak agertzen dira eta, modu berean, aurrizki-atzizkien kasurako idazkera egokienen azterketa. Gero, liburuan Biologia eta Geologia hartzen dira aztergaitzat, eta zientzia hauen atal nagusiak eta hitzik garrantzizkoenak aipatzen eta azaltzen dira. Irudiak ugari dira, hitzen argitasunaren lagungarri.

Batek baino gehiagok hiztegi hau zertarako eta norentzako egina izan den galdetuko bide du. Galde horren erantzuna lehen aipaturiko sarreran ematen zaigu, eta horregatik bertako hitzak ekarriko ditugu hona: "Lehen epekoak, —hiztegiez ari da— espezialistek landuak izan arren, ez dira berez espezialistentzat, baina espezialistentzat ere beren alorreko euskara lantzeko oso egokiak izan daitezkeela uste dugu. Maila honetako hiztegiok ikastolako eta bereziki BUPeko ikasleentzako nahiz irakasleentzako kontsultaliburu egokiak izanen direla uste dugu. Irakasleentzat oso garrantzizkoa da, gaiak adieraztean, hitzak edukitzeaz gainera esaldiak ere eginak edukitzea. Honelako hiztegiek, hitzak esalditan jantzita ematen dituztelarik, irakasleen egitekoa oso errazten dutela uste dugu. Irakasleak nahiz ikasleak, hitzez gainera hizkera bat behar du, eta mota honetako hiztegiek horrixe eskaintzen dute."

Dena den, zer esanik ez, oso ongi etorriko zaie hiztegi hau Unibertsitatean Biologia eta Geologia ikasten ari diren guztiei, beren arloan ere euskara nola erabil daitekeen ikus eta ikas dezaten.

Hiru milatako hitzak agertzen dira hiztegi honetan. Lehen mailakoak, garrantzizkoenak, artikulu luzeren bidez azaltzen dira; hitz hauk zientzia horien atal nagusien izena adierazten dutenak dira. Adibide gisa, hauen artean Kristalografia, Entzimak, Eskizofitoak, Protozooak eta antzerako hitzak aipatzen eta azaltzen direla esanen dugu. Bigarren mailako hitzak azalpen luzetxoa dute, baina ez lehenekoak bezain luzea. Eta hirugarrenekoak, definizio hutsez edo eta itzulpen hutsez (espainolez eta frantsesez) adierazten dira.

Azken horrietan bi hiztegi huts dakartza. Euskara: gaztelania / frantsesa bata, eta gaztelania / frantsesa: euskara bestea. Oso erabilgarriak biak.

Gaiaren aldetik, eta nahiz eta hiztegia gehienbat BUP eta COU mailan prestatua izan den, ongi eta zientifikoki landua izan da, ez baita alferrik izan espezialistek egina. Azken batez, hauxe dateke, profesionalpenaren bidez, nork bere arloan bete beharko duen hutsunea: euskaraz idatziriko lanek, bai zientifikoki eta bai profesionalki harturik, erdaraz idazten direnen mailakoak izan behar dute gutienez. Honetaz, espainolez eta frantsesez antzera argitaraturiko hiztegi batzu ezagutzen ditudalarik, haik bezain ona ba dela esan dezaket.

Euskara aldetik, ez dute lan makalik egin, halafede! Ba dakigu jakin, denborarekin zenbait gauza hobeki finkatu eta landuko direna, baina kontsulta asko egin ondoren idatzi baita, garantia handikoa gerta daiteke.

Presentapena ona da, asko erabiltzeko diren liburuei dagokienez. Luxu eta bitxikeria superfluorik gabe, ongi enkoadernaturik dago eta tamaina ere egokia da. Arrazoi honegatik batetik, eta hiztegiaren beraren egituragatik bestetik, oso erabilgarri gerta daiteke, eta gertatu beharko litzateke. Geu gara orain, erabili eta kontsultatu behar dugunok. Egia esan, eta predikapena exenplua emanez indartu behar dela kontutan hartuz, nik neuk liburu hau jadanik serioski erabiltzen hasi naizela esan behar dut, eta gainera ikastolentzako textuliburuen prestakuntzan baliagarri gertatzen ari zaidala esan dezaket.

Hitz guttitan, liburu bikaina. Berau esku artean edukitzean, edonori datozkio burura zorioneko (edo zoritxarreko?) Suarez jaunaren hitzak. Erantzuna, ene ustez, hitzen munduan baino egintza errealen munduan agertu behar delakoan, liburu honek begietatik urrun ez daitekeen erantzun erreala ematen die hitz haiei.

Euskaldunok ba dugu, nahi eta behar dugun etorkizuneko euskal gizarte euskalduna eraikitzeko harri bat: Harri tinko eta ongi finkatua. Zorionak harri hori oinharritu dutenei, horren gainean eraikitako etzeak luzaro iraunen ahal du zutik. Eta ea beste arloetan ere antzerako oinharriak finkatzen ditugun!

J. R. Etxebarria


Irudimenaren txokoa

Euskararen alde

Zer egin euskara zabaltzeko? Txoko honetan irakurlearen proposamenak agertuko dira. Irakurle guztiak gonbidatzen ditugu, beren eritzia labur-labur ematera.

Erabateko euskalpena

Euskara zabaltzeko, lehengo beste Estatu bat behar da. Gero beste herriek antzeko situazioetan erabili dituzten metodoak ikasi behar ditugu. Israelen zer egin duten. Hizkuntza nazionalik sortu nahi duten Afrikako Estatuak nola ari diren. Indonesian nola sortu ta zabaldu den, ehundaka hizkuntzaren ordez, hizkuntza nazional bat.

Txinan lantokietan, trenetan, gizonak biltzen diren leku guzietan, altabozak jarrita daude eta etengabe ari dira pasarte labur eta ulerterraz bera esan ta esan.

Estudianteak —maisu, maistra, abogadu, midiku izan nahi dutenak— urtean bi ilabete eskolak ematera obligatu behar dira, Cuban egin duten moduan. Analfabetismoa zeharo garbitu dute.

 Kultura proletarioaz liburuan hau irakurtzen da Sobiet Batasunaz: "Herria eskolatzeko kurso asko antolatu zen. Kurso horietan parte hartzen zuten langileek, bi ordu lanetik libre ta pagatuta zeduzkaten, eskola egunetan"

Gauza guziak ezin ibili litezke euskarari begira bakarrik. Baina gauza guziak jarri behar ditugu euskarari ere begira.

Nire ofizioa: Esilaturik bizitzea.

Langileak

Langileak zortzi ordu eta gehiago sartu behar izaten ditu. Ba da nahikoa lan. Familiari ordu batzuk zor dizkio. Bere buruari distraizio bat ukatzeak neurasteniko bihurtuko luke.

Langileari ez dago eskatzerik, eguna lanean pasa ta gau-eskolara joan dadin, euskara ikastera.

Langileek euskara ikasiko badute, denak batera hartu beharra dago: lantegian. Honelatsu joka liteke: lanean hasi baino ordu erdi bat lehenago, egunoro, hiru ordu laurdengo eskola. Bestela baino ordu laurden bat beranduago hasten da lanean. Horrez gainerako ordu erdia langileak bere denbora libretik jartzen du. Lanari kendutako ordu laurdena ordu erdi bezala kontatuko da jornalerako. Langileak ez du alferrik sakrifikatu bere ordu erdia.

Ikastokiak eta maisuak lantegiak jarriko ditu. Maisuak izendatu, ordea, Probintziko komisio batek.

Honelako esperimentuak egin izan dira, Arrasaten adibidez. Kasu bakoitzean ikusi behar nola egin, orduak eta gogoan hartuaz. Baina modelo horrek balio du.

Nire ofizioa: Familia pobreko estudiantea.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Basauriko orma batetan ondoko irudi eta eskribu zoragarriok agertu dira egunotan.

Dirudienez, Espainiako mapa da, erdian BAT hitza daramana. Inguruko textua hauxe da: EZ NUKE EGON NAI AUTXIZEN DUAAREN LARRUAR. Hau da, euskara ulergarriagoan: "Ez nuke egon nahi hausten duenaren larruan", hots, espainolezko "No quisiera estar en el pellejo del que la rompa".

Tira ba, Espainiako eskuindarrak beren mehatxuak euskaraz egiten hasi dira, gure eskuindarren antzera, h ateo eta komunistarik gabe bada ere. Eta, honez gainera, gure orain arteko panfletoen tradizio jatorrean erabat murgildurik, erdaratik itzulia izateaz gain, ortografiazko okerrez betea. Hau duk marka, hau!