ANAITASUNA

1976.EKO URRIAREN 15EKOA

326. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

40 urtetako euskaldunon gobernua


AURKIBIDEA

3: EDITORIALA

4-5: Azkoitia Ikaratan

6-7: Presoen senideen agiria

8-9: Katalunia-Euskal Herria

9-10: P.N.V. ulergaitza

11-12: Erdarazko euskal aldizkariak.

14-15: Bilbon Errektore berria

16: Politika STOP

18-22: Nekazaritza Euskal Herrian

24-25: Portugaleko "Liga Iberista"

26: Bost amnistiatu mintzo

27-30: Munduan barrena

31: Teologia Euskal Herrian

32: Postaz etorriak

33: Liburuak

34: Zapaburu birbiztua

Maketapena: Fernando eta Zumalabe

Marrazkiak: Olariaga eta Fernando

Argazkiak: Arkolla

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos. S.A.

San Martin, 153

Zamudio.


Editoriala

Euskal Gobernuaren 40 urteak

Euskal Gobernuak 40 urte bete ditu. Urtebetetze gogoragarria da, edo hobe, izenaren edo "santuaren" eguna. Izan ere ospatzen dena, lehenik, izen bat da, "Gobierno Vasco" edo Euskal Gobernuaren izena, gobernua bera baino gehiago, 40 urte hauetan hemen egon den gobernu bakarra Espainiakoa izan baita. Ezin genezakeen beraz euskal gobernuaren 40 urtebetetzea ospatu, "Gobierno Vasco"rena baino. Orain 40 urte izena ezarri zitzaion sustantibo bat ospatzen dugu.

Ezer gutiagorik esan daiteke. Gobernatzerik izan ez bazuen ere (gudaren ondorio gisara), gutienez bizitza eman zioten eta gerrak hautsi zituen euskal herri nahiak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarenak bederen) errepresenta zitzazkeen. Honen ordez, Euskal Gobernuak izate guztia bere orain 40 urtetako sustantibitatean finkatu du, herriak eman zion gobernatzeko ordezkotzan finkatzeke eta delegazio honi uko eginez. Ekin liezaioken hartu zuen funtzioari.

Inolako formalitaterik gabe, gobernu bat eguneko ekintza historikoan partaide izateko botere instituzioa da, herriaren ordezkaritza zuzen eta demokratikoz sortua. Baina Euskal Gobernuak ez du botere instituzio izaterik ukan, guda irabazleek kendu bai zioten boterea; ez eta harez geroko Euskal Herriaren historian parte hartzerik ere, jatorriko legalitatetik ez bai da pasa; eta ez da bere baliotasuna eman zion herriaren delegazio hori berreskatzeaz arduratu. Eta bere garaiean lehenengoaren aurka burrukatu bazen ere, ezin daiteke bigarren eta hirugarrenaz gauza bera esan.

Honela Euskal Gobernua, sasoi batetako herri instituzio bat bezala dakusagu; baina boterea kenduz gero, 40 urtetako burruka historia luzean zehar parte hartzeari eta parte hartze horretarako behar zuen herriaren delegazioa berreskatzeari uko egin zion.

Gaurregun, beraz, Euskal Gobernua zera da: alde batetik, historiaz kanpoko zerbait, maila handi batetan euskal burrukaren abiadaz kanpo, garai batetan izan zen haretan finkatua dagoena, eta bestetik, izan zuen errepresentatibitatea galdu duen instituzio bat.

Hala ere, Euskal Gobernuan dauden indar batzuk ba dute Euskal Herrian herri onhartze bat. Eta horietan jar daiteke oraindik esperantza.

Euskal Gobernuak ezin dezake osatzen duten indarrena beste birtualitaterik ukan, berez historian ehortzitako sustantibo bat besterik ez bai da (ez du gainditzerik lortu). Honegatik osatzen duten indar beraien interesentzat ere instituzio negatiboa izan daiteke.

Guzti honegatik, indar horiek politik ekintzarako bide historikoagoak, hau da, errealagoak, aurkitzea nahiko genuke, lanerako eta bere arazo nazionalez arduratzeko prest dagoen herri baten arauera.


Euskal Herrian

Azkoitia ikaratan

Erasoaren beldurrez bizi izatea ez da ederra.

Aspalditik Euskal Herria horrela dago. Izan ere zerbait esan edo egin nahi izan duen bakoitzean egurra hartu du. Eta honela isilean eta izkutuan ibiltzen ikasi du eta egoera honetatik irten egin behar da.

Herria ikaratan dago. Gauza asko esan beharrik ere ez dago, baina herria tensio gogorrean bizi da.

Lehen liburu dendak ziren. Gaur neska bat —Maria Jesus Gurruchaga— zaurituta eta sendakaitegi edo botikategi bat —Uria alkatearen emaztearena— bombaz lehertuta. Gaur edo bihar edonor izan daiteke eskuin eta orden zaintzaileen (goardi-zibilak...) aldeko indarkeriaren helburua.

Eskuindarrek beren legeen babesean ibili dira beti eta bestalde ekintza horien indarkeriaren azpian egon gara denok. Orain gure herrian gertatzen ari dena ez da gauza berria. Berrogei urteotan gertatu dena da.

Gu nor garen galdetuko dute norbaitzuk. Gu nor eta zer garen esan behar handirik ez dagoela uste dugu. Bakarrik egiaren maitaleak gara, egi gose eta egarri handikoak gara.

Informe hau egitearen arrazoina "La voz de España" eta "Diario Vasco"ren berrien manipulazioa izan da. Ohartu gara Azkoitiko gertakizunen berri ematea oso motza eta gezurrezkoa izan dela eta egiak bere lekua izan dezan, txosten hau idatzi dugu.

Bestalde gu ez gara periodistak, bakarrik hemengo gertakizunen berri nahi dugu eman eta gainera ahal dugun eta zabalera handienaz.

Txosten honen egileak herriko jende anitzen iritziez baliatu elira informazio hau agertzeko.

Esan digutenez, Maria Jesus Gurruchaga, zauritutako neska, ondo omen dago, eta honek sendategitik edo hospitaletik irtetzen duenen berri zehatzagorik emanen dugu.

Lekukoak mintzo

Irailak 27, astelehena

Egun hau, Euskal Herri guztian bezala, zaratatsu eta iluna izan zen. Ezin genituen ahantz ihazko gertakizunak.

Astelehenean leku guztiak gelditu ziren.

Gaueko 8ak

Gero, gaueko 8rak inguru horretan manifestazio bat egin zen, eta 8 t'erdietarako amaiturik zegoen. Ondoren, jendea etxerantz zihoelarik goardi-zibilak azaldu ziren —manifestazioa 5 edo 10 minutu bukaturik zela— eta kalez kale egurra ematen hasi ziren eta orduan jendea bakean zegoelarik korrika eta ihes egitera behartua izan zen. Kaleak gora-behera, honetako batean, goardi-zibil talde bat Plaza-berri aldera zetorrela, jendea ihesika zebilen, etxeko atarietara, sartuz edo ahal zuen lekutik irten ez. Honela, Mari Jesus Gurruchaga "Correos" etxeko atarian sartu eta lehenbiziko bizi-tokiraino igon zen eta han ilunetan zegoelarik norbaitek argia piztu, hark burua atera eta goardi-zibilak izan. Hauek orduan, behera jeisteko esan zioten, behera zetorrela, danba! goardi-zibil batek ezer egin eta esan gabe, tiroa bota zion.

Bitartean, tiroen soinuekin herria erdi izuturik zegoen. Jendea alde batetik besteraino korrikan eta kristorenak hartuz zebilen. Batzu laugarren bizitokiraino persegituak izan ziren, kulatazoak ugari eta mehatxuak ere ez ziren falta.

Bestalde, Mari Jesus zauriturik zegoen, ezer esan gabe, eta bi metrotara baino ez zegoen arren, tiroa bota zioten. Lurrera erori eta gero bere kabuz jeiki zen eta erren ibiliz eta odolez, ataritik irten zeti.

Gero, goardi-zibilak lagundu ere ez zioten egin, bakarrik galdera hau egiteko ausardia eduki zuten, "Zer gertatzen zaizu?", eta Mari Jesusek erantzun, "Utz nazazue baketan" eta ondoren bera bakar bakarrik etxera —ahal zuen moduan— joan zen. Etxe ingurura iritxi zenean, bere etxepekoek, onharturik lagundu zuten, ondoren sendagilea deitu, eta Donostiara eraman zuten.

Herriko sendagile batek egin zuen "parte medikuak", hau esaten zuen: "Orificio de entrada: Tercio medio externo muslo izquierdo. Salida: Tercio inferior interno, muslo izquierdo".

Honela, herria erdi ikaratan oheratu zen, baina gaueko bakeak ez zuen asko iraun.

Irailak 28, asteartea

Goizeko 4ak

Goiza aurrera zihoan, eta goizeko 4ak inguru horretan, Azkoitiako herria zarata ikaragarri eta ezkil edo kanpai hots larri batez esnatua izan zen. Jendea kaleratu zen, gertatuaren berri jakiteko. Etxe guztietako lehioak jendez estalirik zeuden, erantzunaren egarri eta ikaraz beterik.

Zurrumurrua olioa bezain azkar zabaldu zen, Zurrumurruak hau zioen: "Alkatin andrien botikie bonbaz apurtute eta txikitute izen dek" (azkoitiarrez).

Zurrumurruak ugari, mar-marrak ere ez ziren falta, eta honela egunsentiaren zain, gertakizunaren arrazoinaz jabetzeko asmotan berriro ere, herria oheratu egin zen.

Goizeko manifestazioa

Egun honetan Azkoitia oso gelditurik zegoen. Batzu goiz goizetik, gehienak 10ak alde horretan, eta guttienak eguerdirako.

Kaleak jendez estalirik, denak botikategia ikusi nahiean, eritziak ugari erdi isiltasunezko elkar-hizketan, aurpegi luzeak...

Herri giroa horrela zegoen, eta goizeko 10 t'erdiak inguru horretan, Azkoitiako herria alkatea eta neska zaurituarekin zegoela adierazi nahirik, manifestazio isil eta handi bat egin zen. Manifestazio honetan herri osoak parte hartu zuela esan daiteke.

Eta arratsean, beste manifestazio bat izan zen.

Itsumenaren ondorioak

Itsumenak ez du gauza onik ekartzen. Itsumenaren setak eta harrokeriak honelako asko egin du. Oraingoan ere neska gazte bat zauritu du, bere atzaarretan. Bestalde, botikategi bat lehertua izan da.

Harmak ez du begirik. Harmarik gabe gizartea noizkorako ote dugu?

Betor lehenbailehen.


Euskal Herrian

Bizkaiko preso politikoen senideen bilerako agiria

Euskal preso politikoen senideok, emana izan den "amnistia" delakoaren aurrean, hain esku hestuz erabilia dela ikusirik eta Espainiko Estatuko espetxerik gogorrenetan, benetako tortura gisako egoeretan (hainbeste aldiz guk salatuak izan arren agintarien aldetik erantzun positiborik hartu gabe) euskal preso gehienak zigortuta jarraitu beharko dutela konturaturik hau jakin erazten dugu:

Gure Herria aspalditik iraindua agiri zaigula bere nortasunean (indar gogorrez bere hizkuntza, kultura, eskubideak eta askatasun orokorrak ostikopetuak) eta egunero egoera bortxatzaile baten menpean dagoela (hor ditugu pertsona-araketak, etxe-azterketak, lanetik botatzeak, moltzozka egindako atxilotzeak, torturak, espetxeak, herbesta, heriotzak) bildur-giro zabal batetan. Egoera hau zeharo ugaritua izan da azken urte bi hauetan, eta batez ere azkenengo hilabeteetan hain garbi agiri manifestazioak bai jaialdiak bai bestelako herriko agergarriak desegiteko askatasun eta arrisku osoz erabiliak izan dira pistolak, fusilak eta metrailetak. la egunero entzuten dira tiroak Euskadin, eta tiro horiek, sarriegi zoritxarrez, zaurituak eta hilak egiten dituzte, nor nor den bereiztu gabe, Gure Euskal Herria eguneroko ezinbesteko eta nahigabezko bildurpean jarriaz. Erandio, Lekeitio, Gasteiz, Basauri, Burgete, Santurtzi, Hondarribi herrien izenek, beste askoren artean, gure Herriko tragedia adierazten dute.

Hauk honela, gero ekintza gogor batzuren aurrean aurkitzen gara (hauetako asko gure senideei leporatuak izan dira) eta Nafarroako apezek 1973ko otsailaren 4an esan zutenez, menperatutakoen eta oinperatutakoen erantzunak baino ez dira; edo eta Herriak lehendik leporatua duen zapalkuntzaren aurka egindako zerbait. Zapalkuntza eten gabe horrek sortuak dira, noski, zapalduek eta zigortuek eta irainduek beraien eskubide orokorrak zaintzeko erabiltzen dituzten indarrezko ekintza horik.

Ofizialki jarraia eta legez onhartua izan den bildur-larrizko egoera hori gabe ez zen sortua izanen gaur egunez hain maltzurki aipatua izan den "terrorismoa".

Gainera, gure senideen aurka eramandako hauziak inolazko defentsarik eta segurtasunik gabe eginak izan dira eta epai denak proba bakar batetan oinharrituta emanak hots: presoei komisaldegietan zigorren bidez ateratako aitorpenetan.

Bestalde,argi agiri zaigu espetxeratutakoei emandako neurri gabeko epaietan jokera politiko batzuk zigortu nahi izan direla (gure Euskal Herriak askatua izateko daraman burruka-jokera, hain zuzen) eta ez egite konkretu batzuk.

Hauk honela, gure kasu dugun "Amnistia" izeneko Dekretu-lege denari begiratuz, egiten dituen bereizketak alde, (inolaz ere ezin dugu egiazko amnistiatzat hartu, herriaren deiak eta manifestazioak uxatzeko bidetzat baizik).aurrera eramatea Justiziako Tribunalen esku uzten da. Honek zeharo urrituko du irtengo diran presoen taldea —agirian gertatzen ari den bezala— ba, ezer egin dugu itxaron, esku-gogorrekoak izatea baino, inolazko errukirik eta probarik gabe gure senideei heriotz-epaiak edo eta ehundaka urteetakoak eman dizkietenen eskuetatik. Dekretu horretan ez dira langintza-amnistiaren eskabideak ere betetzen, beraien interesen edo lagunen alde, ugazaben eta lan-agintarien aurka jokatzeagaitik zigortuak izan diren kaleratuei lan egiteko eskubidea ukatuz.

Amnistia honekin azken gerrako zauriak sendatu nahi omen dira. Gure senide espetxeratuak, gure arteko edozein preso edo herbesteratu, gaur egun gerrako ondorengoak ditugun aztarnak dira. Hain zuzen, gure senideek —beste askorekin batera, noski— makurturik jasan nahi ez eta espetxerako edo herbesterako edo heriotzerako bide izan dituzten zapalkuntza eta askatasun-eza, ordutik datoz. Eta oraindik aurrera ere gerra-aztarnak izanen ditugu preso politikorik espetxean den artean, herbesteraturik etxera etorri ezinda aurkitzen den artean, edo eta Euskal Herriari, bai eta beste Espainako Estatu barneko herrialde guztiei, gudan kendutako beraien eskubideak eta askatasuna berriztatzen ez zaien artean, edo Euskaditik bildur-giro gogor hau uxatzen ez den artean. Izan ere hor ditugu azken ezaugarriak. Santurtzin, preso guztientzat askatasuna eskatzean, hildako Normi eta inolazko zigorrik gabe askatasun osoz, gure lurretan ari diren eskuindar taldeek egin duten Pertur abertzalearen sekuestroa.

Benetako amnistia batek, aurreko garaian izandako askatasun-eza adierazten du eta jakina, garai horretan egindako ekintza politikoak, lehen horrela hartuak desegiten ditu. Gure kasuan, espetxetik irteten diran presoak, espetxe-bide izan zuten egoera-gisa berdintsuan aurkitzen dira, gizonaren eskubide orokorrak erabiltzean berriz bertara joateko arriskutan. Beraien egoera, oraindik hestuagoa egiten da, aipatutako eskuindar talde horik, inoren bildurrik jabe eta askatasun osoz, hemen etxeak erretzen eta hor norbait hiltzen edo nahi dutena egiten eta nahi duten modura jokatzen, inor oraindik espetxeratua ez dela izan ikusiz.

Gainera, gure ustez, askatasun kaskarrenezko egoera batek herri gehienaren eskabideak eta gogoak betetzea eskatzen du eta Amnistia oso hau, sarritan eta ugari eskatu izan du herriak. Horregatik, Amnistia, edozein erregeren edo gobernuren eskuzabaltasuna edo kupida baino sakonago zerbait dela eta gaude, Amnistia osoa, behar-beharrezkoa da demokrazia hitza erabiltzekotan.

Egoera honen aurrean, guk euskal preso politikoen senideok, beste behin ere, askatasun-ezezko eta bildurrezko egoera hau aldatzea eta presoak eta herbesteratuak askatasun osoa lorturik, bildurrik gabe bizi ahal izatea eskatzen eta beharrerazten dugu. Gu, hori lortu arte, eten gabeko burruka egiteko asmotan gara eta Herriari ere dei egiten diogu, ixildu gabe, Amnistia oso-osoa lortu arte, gure preso eta herbesteratu guztiguztiak benetako askatasuna eskuratu arte, eta lanetik botatakoak berriro hartuak izan arte, burrukari jarraitzeko eskatuz.

Bilbon, 1976-70 Irailaren 15-an


Euskal Herrian

Gaztaina zimelak

Duela bederatzi edo hamar hilabete, Madrilen, TOPeko karrejo itsusietan zehar genbiltzala, garai hartan (Franco jauna bere azken arnasaren zorian larri xamar zebilen garaiari nagokio) agertzen ari zirenak ikusiz eta gerotxoagokoak sumatuz, TRIUNFOren zuzendariari honelaxe nintzaion: "Laister ikusiko duzu: norbaitek frankista bat idoro nahi baldin badu, Diogenes agure zaharra bezala, argizai bat eskuratuz, kaleetan gora eta behera saiatu beharko da".

Barre egin zuen, baina berealaxe entzun nion erantzunak adierazi zidan guztiz ados zetorkidala: "Eta... norbait aurkituko ote luke?".

Arrezkero gertatu —eta gertatzen ari— direnak nere aurriritzi hura egiztatu —eta geroz eta gehiago egiztatzen— dutela ukatzeraino ez litzateke gaur egun, ene ustez, inor ausartuko. Alderantziz, hain da gaur hori gauza nabaria, zeren denok gabiltza bestetariko lotsaz gorriturik: anitz gizon-emakume, azkeneko berrogei urteetan frankista zintzo izan direnak, izan direna izatea gaitik lotsaz beterik, lehen harrokeritzat zeukatena orain beren burugainetik uxatu nahian ikusten baitugu. Aldaketa bikaina: frankistek urritzen ari diren era berberean dira gaur demokratizaleek ugaritzen.

Gai honetaz banatorkizue, ez da hori, inola ere, nik garai hartan etorkizuna aurrikusi nuela eta, beraz, gizon oso argia edo begizorrotza naizela pentsaraztearren. Ez, ez nakar harrokeriak, argigoseak baizik; gauza bat aitortu beharrean bait nago: TRIUNFOko lagunari esan nionari garrantzi handiko zati bat falta zitzaiola. Orduan ikusi ahal izan ez nuen baina egun geroz eta nabariago dugun alderdi bat. Hor goian esandako "aldaketa bikaina" osatzen duela esan daitekeen gertakizun harrigarri bat, halegia.

Begira nola azalduko nukeen: frankistek urritzen eta demokratizaleok ugaritzen ari zitzaigun era berberean, agertzen ari zaigu, gaur egun, lurpetik, edo zerutik, edo... "abertzaleak", "euskalzaleak" Herriaz "arduratuak" direla oihuka dabiltzan (eta orain arte izkutuan, inolako arriskurik gabe, epel eta lasai bizi izan diren) "euskotar" probetxolari sekulako mordoa.

Zorionez —berrogei urteetako zori gaizto luze baten ondorio den zononez, noski— herriak bere begiak zorrozturik ditu. Hona hemen bere engainaezina den araua: "Gaur benetako abertzale nortzu diren jakiteko biderik badugu, denetarik egokiena atzo nortzu ziren jakitea dugu". Eta arau honetan, gaur horrek erraztasuna edo ta loria darama, atzo haiek odolezko zailtasuna, arriskua, heriotza... zekarren bezala.

Oraindik hurbil dugun kondaira pittin bat gehiago argitzekotan irudirik behar bagenu, "gaztaina zimelak" aipatuko nituzke. Danborila, sutan, kirteneraino bero-bero zegoenean, gaztainak nork atera zizkion herriak ez du ahantzi, eta ez ere hain erraz ahantziko. Baina ahantziko balu ere, hor luke ezinbesteko seinale bat: "haiek" sasoian gaztainak ateratzen benetan saiatu zirenak, beren behatzak erreta, zauriturik daude.

Eta hortan du, gaztaina zimel epelak eskaintzen datorkionari —bai "abertzale", bai "euskal" politiko alderdia, bai "sigla" edo beste "sasizerbait" dela— planteatuko dion galdera larria: "Ia, erakutsi iezazkidazu, mesedez, zure behatzak".

Bernardo Arrizabalaga


Euskal Herrian

Kataluniako baimen giro hemen ezezaguna

Katalan idazle adiskide batek gonbidaturik, Agorrilean astebetez egona naiz Katalunian. Lagun horren bitartez Bartzelonako zoko-moko eta giro bereziak ezagutzeko parada ukan dut. Lehenago ere bertan egona nintzen, baina ez nuen, ez eta hurrik eman ere, hiria ezagutzen.

Alde batetik, harriturik utzi nau bertako "askatasun" giro zabalak. Ez da sinesteko erraza Estatu berean eta lege berberen azpian gaudelarik, Kataluniako eta Euskal Herriko egoera bereziak batera nola egon daitezkeen. Gurean oztopo, traba eta debeku besterik aurkitzen ez ditugun arlo askotan, Katalunian, aldiz, liberaltasunik haundiena da nagusi.

Sexu arloan, hasteko, El Molino moduko porno-theatroska batetik Scala bezalako toki erotiko sophistikatu bateraino, era guztietako kabaretak aurki daitezke bertan legearen bedeinkazio guztiekin.

Are haundiagoa eta garrantzitsuagoa da, ordea, politikan gertatzen dena. Hemen galerazten diren meeting eta politik hitzaldiak han eskuharki ontzat emanak izaten dira. Santanderren egiteko zen "Europar Herrien Bilera", gure artean textu soil soilez iragarria, Bartzelonako kale-plazetan iberiar nazioen banderez horniturik ikus zitekeen karteletan, gure ikurrina tarteko.

Bertako liburudenda batetan erosia da, kasu, hemen azaltzen den posterra. Lluis Companys, Errepublika garaiko katalan gobernuko lehendakaria, Franeok fusilarazia, hor dago, bere herriko bandera eta guzti, edozein tokitan ezartzeko moduan. Zer gertatuko litzateke guk Jose Antonio Agirre edo eta Sabino Aranarekin beste horrenbeste egin nahi bagenu? PSUC-eko propaganda egiten zuten kartelak ere salgai agertzen ziren dendetan!!

Katalan bandera bera ere hor dago, edozein toki ofizialetan (Herriko Etxe gehientsuetan, esaterako) haizetara kulunka. Hemengo zenbait vozerok hortik aldarrikatu duten arrazoiak, hots, Kataluniako banderak historia zahar bat duela, halegia, ez du balio. Duela bospasei urte, orain katalan bandera jator eta historikotzat jotzen duten berbera, separatista zela eta, gurea bezain galerazia izan da Katalunian. Orain, ordea, hemengoa gaitzesten dirautenek berek hura onhartua dute.

Bartzelonako Herriko Etxean dauden agintari daktil-hautatuek katalan kulturaren alde hainbeste milioi ematen dituzten artean, guk aldiz, Euskal Herrion jai dugu. Telebistari dagokionez, berdin: han astero hamabi ordu ematen dira katalanez eta gurean, ordu erdixkatxo bat besterik ez.

Jokabide ezberdina, erizpide bi, permisibilitate selektiboa, bereizkeria... eta hori espainol guztiak lege aurrean berdinak direla aldarrikatzen dutenengandik.

X. Kintanak


Euskal Herrian

P.N.V. ulergaitza

Herri xehe mintzo

- "... Enian uste erraiten ziela, Aitunen semek gezurrik"

- Baina, hik ere hobe huen, usten izan baldin bahuen.

Garai bateko gertakizunak gaurregundu zaizkigu euskaldun xeheoi; bere burua abertzaletzat jotzen duen herri arrunt, xeheari.

Haurzaroan dotrinak irakatsi zigun "Gezurra zer den"-ez gainera, beste moetakorik ere ikasi dugu azken garai honetan. Partido Nacionalista Vasco-ri galdetu bestela. Horren berri bai ote duen ustetan gaude. Bederen, ulergaitza deritzagu bere politik jokaerari. Hori bai! Euskaldun herri xehe gara; eta agian, Errepublika garaitik eta frankismozko berrogei urteotan hainbat politik lan egin eta politik esperientzia jaso duen alderdiaren estrategia edo jokabidea, euskaldun arrunton adimenaren goitik dago, eta horregatik beharbada ez diogu gure P.N.V.gazteari zenbait politik joku konprenitzen.

"Punto y Hora de Euskal Herria" aldizkarian irakurria dugu Arabako Gasteizen, duela guti, egin zen mitinaren berri eta honen inguruan izan zen kontu zahar: Abertzale eta ez-abertzale diren alderdiak mintza behar ziren. Abertzale alderdi batekin (E.H.A.S.), besteren batek ere (M.E.E.) ezin azaldua ukan zuen. Hori ikusirik, E.K.A.-k eta E.S.-k aplazamendua proposa omen zuen. Zer den demokrazia eta leialtasunezko joku garbia ezagutzen zuten. Baina proposamendu hau, gutxiengoan egon arren, beste hiru alderdi politikoengandik arbuiatua izan zen. Eta noski! Hau egiteko eskubide osoa zuten, nola ez! Baina gizalegea? Beno, oraingoz trapu zaharretako armarioan sar dezagun gizalegea. Berrartzeko beta ukanen dugu.

Horrela gauzak, lasai eta bakarrik aski mintzatu ziren hiruok: P.N.V., P.C.E., eta P.S.O.E. (Espainol, oraino bederen, "uste" dugu). 1936ko Estatutoaren alde aldarrikatu ziren hiru P.P.P.-ok (Oharra: P sigla, gaztelaniazko Partido da)

Eta orain, gure, herri xehearen, aitorpena dator. Euskal jende arruntaren ulerpen gaitasunetik at dago, P.N.V.-k, 1936ko Estatutoa defenda eta aldarrika dezan.

Estatuto honek Nafarroa kanpoan uzten du, osotara kanpoan, Aragoi bat antzo. Eta Euskadiko euskaldun erakundeek eta alderdiek, Nafarroaren egoitza, izatea, Euskadiren barrenean dela borrokatzen eta ikusten baldin badute, nola daiteke bere burua euzkotartzat (irakur: euskaldun) eta Jeltzaletzat (guti gora behera irakur: abertzale) jotzen duen P.N.V.-k, euskaldunen kontrako jokaera egin dezan eta haren herrialde batentzat ondagarri datekeen estatuto bat lor nahi izatea.

Hitzetan gauza bat, ekintzetan beste bat, ala?

"Enien uste erraiten ziela..."

Herri xehearen uler ezina!

Bai, esan dezakete, Historian zehar P.N.V.-k eraman duen bidea estatuto honen lorpenetik iragaiten dela, hiru probintzitako, sekulan ez dezaten esan Euskadiko, herbesteratu gobernuan egoteak mugatzen duela; historik arrazoiek lotzen dutela; etabar, etabar. Baina, beti kontu zaharrekin ibili behar ahal duzue?

Espainiako Errepublikaren gobernuak gerra laguntzaren truke eman zuen autonomi murriztuarekin, hain zuzen ere garai hartarako urri eta etsigarri zena, nola atera zaitezkete "Eusko Aberriko" plazara, isilaren eta nagiaren sakelean hainbeste denporaz ihartzen edukirik duzuen 36-ko Estatuto honekin? Geu, herri xehea, azken hamasei urteok lekuko, ez gara zuen sakela berberean egon, ez gaude iharturik, ez murrizturik, desioetan eta itxaropenetan bederen.

Hego aldeko lau probintziez (lau dira lau) eta Ifar aldeko hiruez osaturiko Euskadi baten desio eta itxaropen hezeak ditugu. Baina, arren, 36-ko Estatuto moduko estalgarri adabakiturik etzazue ezar herri xehearen nahimen eta adimen ez oso jakitunetan.

Baina, otoi P.N.V, gure Herria zatikatu nahi duen P.E.E. eta Filipito Takatunero hoiei, ez senide eskurik eman hain xinpleki, ez lehortu historik konpromezuen eskuialarekin herri xeheak hoiei botatzen dizkien histuak. Ez, otoi, lotsagarri da zuentzat kanpotarren aldera, etxekoen aldera baino joera handiagoa uka dezazuen.

Lotsa ere, zinezko gizalegearekin batera, trapu zaharretako armarioan sartuta dago.

Beste aldetik, oso normal deritzaigu aipatutako pundu hoiek onhar eta burruka ditzaten P.E.E.k eta Filipitotarrek. Zaldibiko herria euskaldun ez dela ere defendatuko lukete alderdi hauek, nonbaitetik hartarako agindurik etorriko balitzaie. Beraz, hainbat E ikusten dugu egun baztar guztietan ezen, P.C.E. kasuan, bere gain duen E horrek zer esan nahi duen ez dakigula, Espainia, Euskadi, ala Ekuador.

Zer esanik ez P.S.O.E.-ri buruz. Filipito Takatunek berea esan zuen Eibarren.

Eta horrela, eskutik hartuta doaz herriz herri Gasteizen antzo, hiru probintzitako, beren hitzetan Euskadiko, euskal gobernuaren hiru partiduok "Al corro de las patatas" jostatzen.

Euskadin edozein suertetako alderdi eta mugimendu politiko larretzen da. Aski zola ugaria du gure larre, gure Euskadi zatikatu honek. Horregatik, bereizkuntza garbi bat egiten du hoiekin herriak. Batzuk espainolistak eta besteak abertzaleak dira. Hirugarren moldekorik sortua ote zegoen ustetan gaude jeltzaleak.

- Herri xeheak etzien uste, erraiten ziola etxeko seme batek gezurrik.

- Hobe zien uste izan baldin bazien.

Halaere, usteak eta politik jokuak berraldatzeko garaiez gaude, denok. Zeren, inon euzko zalerik aurkitu badugu, Euzko Alderdi Jeltzalean izan da.

Ale


Euskal Herrian

Erdarazko "euskal" aldizkarien inguruan

Gaurko egoera sozolinguistikoa kontutan harturik, euskarari holako aldizkarien % 30 bat eman beharko litzaioke, irakurleak gure hizkuntza ikastera pixkanaka bultzatuz. Eta euskararen egoera normaltzeko, behar beharrezkoa da hor ere kultur eta informazio hizkuntza gisa erabiltzea. Hortaz, aldizkariaren sailburu guztiak bi hizkuntzatan ezarri eta zenbaki batzutan indistintuki, sail batzu euskara eta beste batzu erdaraz agertu beharko lirateke. Editorialak, nazioarteko politika, etab., beraz, euskaraz tratatu beharko lirateke aldizka, hain maite omen dugun geure hizkuntzari txokoxka bat utzi gabe. Zeren, Suarezen deklarazioengatik jantziak urratu dituzten batzuk, gero, praktikan, ez baitute ematen harengandik hain urrun daudela, fruituak lekuko.

Aldizkarien "independentzia"

Antza denez, euskal irakurleok tontotzat edo gauzkate norbaitzuk. Beren burua "Revista Independiente"tzat agertzen diguten batzu, nik dakidalarik, ez dira hain independiente. Bai GARAIAren eta bai BERRIAK-en atzean zeintzu talde dauden mundu guztiak dakien zerbait da. Horrexegatik hobe zatekeen, nik uste, gezur biribil eta nabari horrekin irrigarri gelditzea baino deus ez esatea.

PUNTO Y HORAk, agian denetarik independienteena denak, ez du horretaz inoiz ezer esan eta, horrexegatik, hain zuzen, irakurlegoaren aldetik ongien ikusia da.

Aldizkarien ideologi independentzia, noski, zerbait fiktizioa izaten da komunzki, eta ez dago zergatik harritu. Talde bakoitzak eskubide osoa du bere aldeko politika bat eramateko, baina gauzak nahasten eta desitxuratzen aritzea, aldiz, beste gauza bat da. Zein nor den esatea oraingoz esatea komenigarri ez bada, guttienez, gezurrik ez esan.

Eta ideologi independentziaz aparta —edo, nahiago baduzue, beronekin batera— diru independentzia ere ba da. Eta gaur egun zenbait aldizkarik ez daramate oso joko garbia, ez dute konkurrentzia leialik agertzen. Zeren atzean alderdi indartsu baten edo batzuren sostengu ekonomikoa dutenak eta bizirik irauteko beren salmenta hutsekin kontatzen dutenak ez daude, inola ere, egoera berean. Batzuek, iraungo badute, beren produktua nahiz eta nahi ez saldu beharko dute. Besteek, oro gal ere, atzeko taldeen hondoekin, luzaro segitu ahal dute publikatzen. Eta hau argiro dago ez doala konkurrentzia zintzoaren onean.

Aurreko ANAITASUNA batetan Joan Altzibarrek artikulu mamitsu bat eskaini zigun. Ez noa ni hark hain ederki esandakoak hemen berresatera. Zenbait gauza gehitu edo eta osatzea, ordea, interesgarri iruditu zait.

Euskara-erdara arteko proportzioa

Guti da, oro har, gure erdarazko "euskal" aldizkariek euskarari eskaintzen diotena; orain arte behintzat. Honetan —eta paradoxatzat hartuko dukete norbaitzuk berau— BERRIAK dateke arlo honetan aurrerazaleena eta euskaltzaleena. Ba dago beste puntu okerrago bat, gainera. Euskarari txoko bat eskaini ohi zaio, museoko pitxi bat balitz bezala. Honetan folkloristena, ene ustez, GARAIA da. Emakume, Batasuna, Elebitasuna eta gisa honetako hitz asko tituluetan eta gero artikulu osoak erdaraz. Behialako "el lendakari le dijo a las emakumes del batzoki que los gaztetxus sacaran la ikurriña..." xelebre eta nigargarri hura dakarkigu gogora, eta gaurko euskaldunok ez dugu beti erdaraz aipatzen den Euzkadirik nahi, erabat herritar eta euskalduna izango den Euskal Herria baizik.

Publizitatearen arazoa

Hauxe da, Altzibarrek ongi dioenez, arazorik larrienetako bat. Publizitatea aldizkarien finantzabiderik inportanteena izaten dela ez da sekretu bat inorentzat. Honetaz, Euskal Herriko merkatariek publiko "abertzale"agana heltzeko, lehen Z. Argia, Anaitasuna eta Goiz Argi bazituzten, orain beste bide zabalago, irakurtzeko errazago eta egokiago batzu dauzkate erdarazko "euskal" aldizkari berriotan. Honek, jakina, luzarora izugarrizko kaltea ekar diezaieke euskarazko euskal aldizkariei. Aldizkari berriotan erdaraz egindako publizitateak Euskal Herriko merkatariei "irakurle abertzaleekin" kunplitzeko era eroso bat eskaintzen die, euskarazkoa baztertuz. Bide batez, bistan da, euskarazko agerkariei publizitatea eta, beraz, finantziabide bat lapurtzen zaie.

Honek dukeen soluziobide bakarra, nik uste, hauxe dateke: erdarazko euskal aldizkarietako zuzendariek beren bezeroei beren publizitatea euskaraz —edo eta bi hizkuntzatan— ezartzeko "kontseilatzea", irakurleek horrela hobekiago ikusiko dutela esanez.

Euskal irakurleak, bestalde, portaera ezberdinez juzkatu behar ditu iragarkiak erdaraz publikatzen dituzten merkataletxeak, eta, gure hizkuntza zapalduari laguntza emanez, euskaraz argitaratzen dituztenak. Eta, noski, kontsekuenteki obratu.

Honek euskarari merkatal munduan sarrera garrantzitsu bat eskaintzeaz gainera, euskarazko aldizkariei modu on bat emango lieke merkataletxe horietatik beren horrialdeetan erdal-euskal aldizkarietako euskal publizitate hori eskuratzeko.

Beste bide bat, egin beharrekoa gainera, hauxe litzateke, erdarazko euskal aldizkariek euskarazkoei "dohainik" publizitatea egitea.

Berau egiten ez den artean, nik uste, konkurrentzia oportunista eta diglossikotzat hartu beharko dugu euskaldunok agerkari berriok geure orain arteko euskal aldizkariei egiten diotena. Abertzaletasuna sentimentuzko zerbait baldin bada, hertzaletasuna, aldiz, praxisean froga daiteke.

Xabier Kintana


Euskal Herrian

Bilboko Unibertsitatean errektorea aukeratzen

Hurrengo ikasturtean errektore berria izanen dugu Bilboko Unibertsitatean. Bai politika eta bai Hezketaren aldetik begiraturik, oso garrantzizkoa da izendapen hori, errektoreak gidatzen baitu zuzenki 10.000 bat unibertsitarien lana, eta bera baita Bizkaiko Hezketa antolamenduaren buru. Hori dela eta, interesgarri delakoan, errektore berria izanen datekeen pertsonarekin eginiko prentsaurreko elkar hizketaren laburpena prestatu dugu, eta hemen aurkezten dizuegu.

Jakina denez, Bilboko Unibertsitateko errektorea izan den Justo Pastor jaunak, utzi egiten du bere lana, edo hobeki esateko, utzi egin behar du. Eta hori, ez jendearen oihu eta kexei kasu eginez, legearen arauera joan behar duelako baizik, hau da, eta konkretuki esanez, adinez zaharregi delako. Horrela, bada sarri desegokiro erabilia izan den postu garrantzitsu hori, hutsik geratu izan da; eta bete egin behar zen hutsune hori.

Horretarako, eta gehienbat ohizko goitik-beherako bidearen hildo sakon eta eginetik, Unibertsitateko Batzarrea (Klaustroa) antolatu izan da, postu hori bete dezaketen hiru pertsona aukeratzeko. Batzarre horren inguruan demokrazia itxura gorde nahi izan duten arren, ba dirudi, zerbait arraro ere ba dabilela tartean, ikasle eta irakasle ez numerarien ordezkariak Batzarrea egiteko aukeratu den egunaren aurka mintzatu direlarik. Hauen eritziz —eta J. Pastorri zuzenduriko gutun batetan irakur daitekeenez— Batzarrea opor garaian hospatzean, problema gogorrak sortzen dira, kandidatura guztiak ezagutzeko eta beren errepresentatuekin haik eztabaidatzeko. Bestalde, gutun berean, Bilboko Unibertsitateko Klaustroaren errepresentatibitate falta salhatzen dute.

Dena dela, irailaren 20an hospatu zen Klaustro hori, eta bertan hiru pertsonaren izenak aukeratu ziren, Madrilera bidaltzeko. Gero, azken aukerapena eta, bide batez, izendapen ofiziala Madriletik etorriko da, agintariek erabakitzen dutenaren arauera. Ba dakigu: "Apezak azken hitza bere".

Bilduriko botoen arauera, ondoko hiru jaunok izan ziren hautatuak: Ramon Martin Mateo, Joaquin Aginaga eta Justo Mañas. Edonola ere, bakoitzak izan zituen botoak ikusirik (58, 34 eta 27 errespektiboki), ba dirudi, errektore berria Ramon Martin Mateo jauna izanen dela. Izan ere, horrela ezagutu eta aitortu zion Aginagak berak, hauteskundeen emaitza ezagutu ondoren, errektore morala zela esan zionean.

Martin Mateo jauna prentsarekin

Gauzak horrela, eta Madrileko izendapenari aurreratuz —Martin Mateo jauna ez baita oraindik ofizialki errektore— ikasleen ordezkariek jendeaurreko eta prentsaurreko elkar hizketa bat antolatu zuten irailaren 23an, eta bertara gomitatu ninduten ANAITASUNAko idazle bezala.

Hiru puntu nagusi erabili ziren elkar hizketa horretan: gestio demokratikoa, gestio ekonomikoa eta Euskal Unibertsitatea. Ikus dezagun, bada, gai bakoitzean esandako gauzen laburpena.

Hasteko, errektore izateko den jaun honek, bestelako tratamendu zabalagoa eman zigun, aurreko errektoreek emanikoa ez bezalakoa. Zihurki mintzatu zen, demokraziara bidean abiatu nahi duela adieraziz. Esan zuenez, bere aldetik askatasun osoa egonen da egintza kultural, politiko,... guztietarako, hots, gure Unibertsitatean "askatasun demokratikoak" deiturikoak egon daitezen saiatuko da. Eta hau —beti berak zionez— ez soilik biologikoki horrela pentsatzen duelako, Unibertsitatearen funtzionamendu onerako ere garrantzizkoa delako baizik. Ikasleen sindikatu ilegalaz, legalki ez lezakeela onhar esan zuen; baina era berean, sindikatu bat sortuko balitz, ilegala izan arren, harekin nola edo halako harremanak ere izan beharko lituzkeela aitortu zuen.

Gestio demokratikoarekin bukatzeko, estatutu berriak egin eta berehala, bere kargua Klaustroaren eskuetan utziko lukeela esan zuen.

Gestio ekonomikoa gai harturik, ez zuen problemarik egin, kontabilitate liburuak jendearen aurrean agertzeko. Esan zuenez, zenbait sozial arloren kudeantza —kafetegiak, jantokiak eta abar— ikasleen eskuetara pasa daitezke, Eta modu berean, ikasleek parte handia hartuko dute beken eta diru laguntzen banapenaren arazoan. Unibertsitateko Kudeantz antolamenduari egin zaizkion kritikei buruz, txekeo bat eginen zaiola iragarri zuen, kudeantza ahalik eta ondoen hobetzeko asmoz. Ohar gisa, lerro hauk idazten ditudala, Unibertsitateko kudeatzaile izan den Azpitarte jaunak bere dimisioa aurkeztu duela jakin ukan dut.

Elkar hizketarako azken puntua interesgarria izan zitekeen, motel geratu bazen ere: Euskal Unibertsitatea. Martin Mateo jaunak ebazpen konkreturik prometatu ez bazuen ere, bere eritzi batzu azaldu zizkigun.

Euskararen koofizialtasuna gauza garrantzizkotzat jo zuen, koofizialtasun erreala behar genuela azpimarkatuz. Euskarazko ikastaldiei buruz, trabak ipini ez zituen arren, ez zuen laguntzarik eskaini; zioenez, arazorik latzena dirua lortzean datza.

Euskal Herrirako (Hegoaldea bere pentsamenduan) unibertsital distritu bakarraren komenientzia aipatu zuen, baina honetan indar politikoei pasatu zien neurri handienean presioa egitearen erantzunkizuna. Gure Herrian, eta Bilboko Unibertsitatean prezeski, falta diren fakultate batzu lortzearen garrantzia ez zen utzi alde batetara, baina edonola ere, horretaz bere ahalmenen mugatasuna adierazi zigun. Hau dela eta, Euskal Herriko aberats, oligarka, dirujabe, eta entrepresaburuen erantzunkizuna agerian geratu zen; eta bide batez, prentsak, irratiek eta antzekoek egin ditzaketen kanpainen garrantzia seinalatu zuen.

Zer pentsa?

Ba dago zer aztoraturik Bilboko Unibertsitate ia jaioberri, baldres, eskas,... honetan! Are gehiago, gure etorkizunerako eduki dezakeen garrantzia kontutan edukirik.

Guk geure aldetik indar egin nahi dugu, goian aipaturiko puntu askotan. Bestalde, ez gaude inondikan eta inola ere ados orain arte eraman den bidearekin. Eta hori konpondu behar den arazo bat da.

Bitartean zer pentsa errektore berriaz?

J. R. Etxebarria


Politika stop [Komikia]

OLARIAGAKO


Euskal Herrian

Nekazari klase sozialen banaketan

3.a.1. Nekazari ttikia

Gaurko gizarte kapitalistan langilearen esplotazioa tresna askoren bidez egiten da eta sistima bat dago esplotazio jori burutzeko antolatua.

Nekazaritzan ere horrelako zerbait gertatzen da.

Eskema klasikoan, langile klasea osatzen dute beren esku indarra besterik ez dutenak, laneko bitartekoak eta produktua jabe pribatuaren eskuetan gelditzen direlarik. Jabeak alokairu bat ematen dio langileari bere lanaren truke. Hau da, langileak bere lana saltzen du eta noski ez dauka beste bizibiderik, plusbaliakin jabea geldituaz.

Nekazariaren kasuan, sarritan edo gehienetan lan tresnak bereak ditu eta ba dirudi produktua ere berea dela. Horrengatik nekazari xehea ere ez da langiletzat hartzen burges ttikitzat baizik, nahiz eta aitortzen den zapaldutako gizataldea dela eta inoiz ez zanpatzailea.

Guk, ez dugu eskema hori hautsiko, nekazariaren esplotazioa agertuko baizik. Gainera gaurko nekazari ttiki gehienak bihar langile izatera bortxatuak daude.

Nekazariaren dependentzia eta esplotazioa bi era nagusitara egiten dute instituzio finantzatzaile, industrial eta urbanoek:

1.- Merkatuan guztiz sartu araziaz beren erosketetarako (haziak, ongarriak, belar eta intsekt hilkariak, giza janariak, pentsuak, makinak...) eta beraiek produkzitutakoak saltzeko margena berek ezarriaz askotan ezin bizira edo industrira bultzatuaz.

2.- Merkatu eta bitartekoek menpean eta dependentzia osoan ezartzen dute nekazari ttikia, bere iniziatiba itoaz, inongo aginterik gabe.

Kontsumoaren bidez ere esplotatzen da nekazaria.

Lehen esan dugun bezala, nekazaria geroz gehiago da lehen materien eskaintzaile, industri batzuk transformatzen eta komertzializatzen dituztelarik produktuak. Industri hauetan gainera, inon baino nabariago dira multinazionalak, beraz, zera esan daiteke geroz eta haien menpeago dela euskal nekazaria.

Bere kontura lan eginaz den esplotazio familiarra aipatutako egituragatik, objetibuki langile klasearen mailan gertatzen da, nahiz eta batzutan bere patrimoniotxoaren pixua antzematen zaion.

Hauek beren burrukan langileekin bat etorri behar dute, hauei bezala, sistima kapitalistak ez bai die inolako irtenbiderik eskaintzen; langileak bezain zapalduak dira eta interes berdinak dituzte kapitalismoa botatzeko.

Estatu monopolistaren esplotazioa ere gero eta nabariagoa da nekazari ttikientzat langile izatera bultzatuaz nekazari hauk. Antimonopolistak dira beraz.

3.a.2. Nekazari handiak

Laburtzearren, nekazari ttikietatik handietara pasa gara eta behar bada, zera esplikatu behar dugu hau, halegia, gure ustetan nekazaritzan halako prozesu bat dagoela: handiak herdikotu, herdikoak ttikitu, eta ttikiak langile soil bihurtzearena.

Handien eta herdikoen artean ordea edo latifundio izaten jarraitu edo ta kapitalista esplotazioa ipinirik jarraitzen dutenen jokabidea dago eta hauk deitzen ditugu nekazari handiak.

Oso handiak ez ba dira monopolien menpean egon ohi dira.

Kapitalizatzeko, kreditoak lortzeko posibilitate gehiago dituzte.

Latifundioen kasuan, nekazaritza estensiboa egiten dute produkzio bolumen handiak lortuaz eta era horretan irabaziak gelditzen zaizkie.

Askotan hauen eta nekazari ttikien interesak kontrakoak dira hauek produkto exzendentarioak sortzen bai dituzte (garia,...) eta administrazioari salneurriak igoarazi ganaduzaleen kaltetan.

Hauk nekez batuko dira nekazari ttikiekin egitura aldatzeko oraingoa oso ondo bai datorkie.

Entrepresa kapitalista modura antolatuta jokatzen dutenek, berriz, industrializazioan eta komertzializazioan gero eta interes zabalagoak dituzte.

Hauk ere antimonopolista izan daitezke, baina handienak batipat monopolioen konzentrazioaz irabazten irtetzen dira, askotan berak ere partaide bai dira.

3.b. Urbanizatutako lurren jabeak

Hauk gehienak nekazariak bide ziren baina gaur ez dira. Industrian egiten dute lana eta beren lurrak utzita edo errendimendu kaxkarrean dauzkate gehienek nahiz eta batzuk ahal dutena aprobetxatzen duten. Etxagile edo industrial bat erostera noiz etorriko zai daude.

Hauk ez daude baserriak ematen edo emango duenari begira baizik eta toki egokian lurralde batzuk dituztelarik, aberastea itxaroten dute. Langile patrimoniodun ditugu hauk, interes kontrajarriekin.

Nekazaritzaren kaltetan doa hau, zeren sarritan soro eta belardi ederrak piñu sartzen dira hauzokoari utzi ordez eta nahiago dute sasiak hartuta eduki urte batzutarako errentan eman baino.

Beste alde batetatik, langileriari komeni zaion lur urbanoen sozializazioaren aurka daude, beren interes espekuladoreen kaltetan bai doa. Nekazari askori gelditzen zaien itxaropen bakarra hauxen dela, ere egia da.

3.c. Industri-nekazari langileak

Mota hontako langileak dira Gipuzkoan eta Bizkaian gaurko nekazari gehienak. Ez erabat nekazariak dira, eta ez industri langile hutsak ere, baserria bai dute.

Hau dirudienez belaunaldi batetako egoera da, hauen seme alabak kaletar huts bihurtuko bai dira.

Baserriko gazte askok beren lantokiko irabazia osorik berentzat gordetzen dute, baserrian bizi eta janaz egiten duten lanaren truke. Honek gazte hauen konformismoa dakar, diruz nahiko ondo bai dabiltza (kaletar hutsak baino hobeto) ala eta guztiz, ba dira baserritar langile burrukalariak.

Baserriko maiorazgo asko beren gazte denbora baserrian pasa eta gero joan dira fabrikara, batere prestakizunik gabe lanik gogorrenak egiteko prest. Gainera lehengo ideologi finkatuarekin: Agindutakoa egin, emandakoa hartu sumisio oso batetan beldurraren menpean seguritate bila. Hauk saiatzen dira beren seme alabak ikas dezaten.

Aukera une batetan langilediarekin bat etorriko dira hauk beste edozein klase sozialekin baino lehenago, bai monopolioen aurka eta bai sozialismoaren alde, eta, noski, giza talde hau garrantzizkoa da benetan.

Nekazari produktuen transformazioko industri eta komerzializazioko langileak industri langile bezala jotzen ditugu.

Nekazari instituzioetako tekniko asko sistima honetaz etsita daude eta hontzat hartuko luketela uste dugu, sistima sozialista bat nekazariak langile klasearekin bat egitea onhartuaz.

4. Nekazari egitura gizarte sozialista batetan

Problema ezberdinak aipatzen joan geranean egin behar batzuk ere aipatu ditugu konponbide bezala.

Zaila zaigu, oraindik erabaki gabeko sozialismo batetan nekazari egitura nolakoa izango den edo izan behar duen finkatzea.

Aurrez diogu, hau guztia oso probisionala dela eta esperientzia joango zaigu irakasten sartzen joan behar dugun aldaketak.

Hurrengo puntuan aipatuko dugun bezala, gizarte sozialista lortu bitartean ba dira pauso batzuk eman beharrezkoak, biharko ere onuragarri izango zaizkigunak.

Azken pauso bezala proposatzen ditugun zenbait puntutan, batzurentzat laburregi geldituko gara eta beste batzurentzat urrunegi joango gera, eta hori, beharbada, puntu guztietan.

Ikusi dugunez, kapitalismo sistimak ezin diezaiokee irtenbiderik eskain nekazaritzari eta ezerk eskaintzekotan gizarte sozialista batek eskain diezaioke.

Nekazari guztiak ez dira jarrera hontakoak eta batzuk objetibuki ez dira inoiz izango ere, baina hauen interesak (nekazari handienek) ez gaituzte bultzatzen nekazaritzaz arduratzera noski.

Gure lana, zera da: bakoitzaren benetako interesa aurkitu eta konbikzio eta argitze lan bat egitea langile klaseakin bat etorri daitezkeenekin, gaurko beren ideologian oinarritu gabe geure jokabidea.

Nekazaritzak gizarte sozialista batetan beste sektoreekiko eta bere barruan berdintasuna behar du: Jakintzan, errazionalitate ekonomikoan, segurantzan, erretiroan, bizitokian, bideetan, jolaslekutan, jaitan, gaixotegi eta, e.a...

Plangintza bat beharrezkoa da: lurrari probetxua ateratzeko, behar diren janariak sortzeko, gure ahalmenei zumoa ateratzeko, behar diren produkzio aldaketak egiteko, nekazarioi bizi kalitate egokia eskaintzeko. Plangintza honetan guztiok hartuko dugu parte nekazari, langile, komertziante,..., eta inguruko eta mundu guztiko nekazari produktuen egoera kontuan hartuko litzateke hemengo posibilitateekin batean

Ikastetxe egokiak prestatu beharko ditugu geure gazteria era honetan prestatzeko.

Nekazari esplotazio berri bakoitzean autogestioa izan daiteke antolamendurik egokiena.

Gaurko lurraren jabetza pribatua, emugatu edo desegin egin behar dugu baliakizunak arrazoinalki probetxatzeko.

Gure nekazaritzaren arazoak egiturak eragindakoak dira gehienak eta egitura aldaketak bakanik konpondu ditzake.

Sistima kapitalistaren barruan nekazari irtenbidea aurkitzeko intenturik bortitzena baserri eta herri elkarteena izan da eta ekonomi azterketak diotenez luzarora begira nahiz eta aurrerapen batzuk nabaritu ez zaizkigu nahiko gertatzen sistima hontan. Baserri edo esplotazio bakartiarraren produktibitatea handixeagoa da dirudienez bai pertsonako eta bai Ha.-ko elkarte hoietan baino. Bakarkakoengandik ez da antzematen produkzio azitzerik beraz. Ez dirudite bide egokia egoera honetatik ateratzeko. Pasadizoko formula bezala agertzen zaigu elkartea beste era batetara ezin konpondu daitezkeen egoeratan, baserritik ez aldegitearren hartutako jokabidea eta inoiz ez: konponbide bizi, indartsu eta iraunkorra. Nola nahi ere gizarte sozialista batetan balio dezakela deritzaigu.

Baserriaren konponbidea ez dator baserritar bakoitzari eskainia, sektorea aurrera irten dadin baserritar edo nekazari gehienak kaleratu (bizibidez behintzat egin) beharko dute.

Gizarte sozialista batetan neurriak hartu beharko dira: produkzio egituran, komertzio eta industri transformatzaileetan interbenituz.

Egin beharrezkoak:

- Lur jostea edo lur-pusen konzentrazioa.

- Mendien komunalizazioa: produktibo bihurtuaz eta lehen ziran bezala udal edo kontzejuaren eskutan jarriaz. Zuhaitzak jarri dituztenak konpentsatu egin beharko lirateke.

- Hauzo lana potentziatu.

- Lur urbano guztiak sozializatu herriaren eskuetan jarriaz.

- Esplotazioak handitu: baserri posibilitate gabeak espropiatuaz edo erosiaz han diranei bizibidea eskainiaz, produkzio bakoitzerako neurri egokia lortuaz.

- Inoiz ez litzateke bizitokirik espropiatuko. Lurrak probetxatzen ez dituztenak, espekulazio itxaropenik gabe, prezio egokian saltzera berehala prestatuko lirateke eta erostea udalek eskualdeka, diputazioek egin beharko udalek eskualdeka, edota diputazioek egin beharko lukete, terreno hoik probetxa ditzakeen nekazari edo elkarteari eskainiaz errenta baten truke.

- Laborantzan jarraitzen dutenen lurrak berenak lehendik direnean horrela utziko lirateke. Maiztarrak balira espropiatuko egingo lirateke udalaren eskuetara pasatuz.

Konpensazioko mekanismo batzuk ipini beharko lirateke arriskuei aurpegi emateko, hauek garrantzi handia bai dute nekazaritzan.

- Nekazari esplotazio berriak behar dituzten kreditoak erreztasunik handienetan emanak izango lirateke.

- Mendien probetxamendurako plangintza batzuk egingo lirateke; zeinetan zer baso, eta zeinetan larretokiak, etab.

- Produktuen transformazioko industrializatze eta komertzializatzea, gaur kapitalista eta monopolioen eskutan dena, guztia espropiazio bidez kontrol kolektibo batetara pasako litzateke, kontrol honetan baserritarrek ere parte handia izanik.

- Ikerketa eta jakintza bidez lortutako teknologi aurrerapen guztiak, nekazaritzara ere aplikatuko lirateke teknika hobetuak nekazarien eskuan jarriaz.

- Baserritarrok botere politikoa izango dugu geuri eta euskal gizarte osoari dagozkion erabakietan: Berreuskalduntzea, kulturizatzea, hirigintza, irakaskuntza, ekonomi politika,...

Honeraino, biharko nekazari egiturari buruzko proposamen batzuk. Problematikan sakontzeak aldaraziko dizkigunak, noski.

5. Sektorean egiteko lana

Bistan da agertu ditugun helburuak lortzeko gaurtik ekin behar diogula bidea urratzeari, ezarria dugun erara.

Gizarte sozialista bat lortzea ez da nekazarion egitekoa soilik eta Euskadin ez gara talderik garrantzizkoena guk ere geure partea izan arren.

Gaur, ez gaude sistima sozialista batetan, boterea estatu inperialista baten eskutan dago, gure burrukak, herri eta klase zapalketa honetatik askatzeko izan behar du.

Sarritan, gure planteamentua, nekazaritzaz ihardutean ekonomizista hutsa izan ohi da errentabilidade arazoa bakarrik aipatzen dugularik. Eta gaur baserritar edo nekazariok era askotara gaude zapalduak: giza eskubideetan, ekonomikoki, kulturalki, politikoki, ideologikoki,..., eta zapalketa guzti hoietatik askatu behar dugu geure burua.

Gure alienazioa eta kontzientziarik eza, beharbada, beste sektore batzurena baino larriagoa da eta sarritan honetaz baliatzen dira hurrupatzaileak. Hau kontuan hartu dezatela gu esnatu nahian guregana hurreratzen direnek.

Nekazariok geure barruan sarturik dauzkagu kultura burgesa: dependentzi zentzua besteak baino gutxiago ote garan irudipena, mingoztasuna eta kulpabilitate konplejua bazterturik sentitzen gara, geure etorkizuna ilun ikusten dugu ezkontzeko edo haurrak hezitzeko, azken urten hauetan bizi izan ditugun aldaketa guztiek bildurtu egiten gaituzte, nolabait esateko lehengora ohituak geunden.

Maite dugu baserria, maite ditugu lurrak eta abereak baina buruhaustea besterik ez dakarkigute.

Fidakaitzak gara edozer eskaintzera datorkigunarekin, hainbeste aldiz barre egin bait zaigu.

Geure arazoez jabetzen daukagu lehenengo eginbehar larria eta egunerokoa gainera.

Nola nahi ere egoera konkreto hontan, etorkizun, hobe bat bideratzen burrukan ari garen bitartean, hobe genezake gaurtik geure bizimodua, hortarako egiteko batzuk geure buruari ezarriz:

a.- Epe motzera.

b.- Herdi eta epe luzera.

5.a. Epe motzera

Gaurko nekazari guztioi nekazaritzan bertan irtenbidea eskaintzea demagogia merke bat izan daiteke. Egin behar dena beterik da: zaharrei bizibide bat eskaini, gazte bokazionatuok nekazari on bezala prestatu, nekazari politika baten ideagile, egile eta errealizatzaile izan gaitezen, eta beste askori industri eta zerbitzu bidea eman.

Beste sektoreak nolabait nekazariokin lehen eta orain egindako zorrak ordaindu beharrean daude, justizia orokor bat lortuaz.

Eskakizun batzuk ba ditugu, beraz, baina aurrez esplikaziotxo bat eman beharrean gara.

Oso zabaldua da gure artean honako pentsakizun hau: "Gure produktuen prezioak baxuak dira baina kanpoan baxuagoak direnez eta konpetitu behar denez, kostuak nola jaitsi pentsatuz joan behar dugu, prezioen igotzeak ez dakarkigu konponketarik".

Pentsakizun honek ito ditu gure ustez azken aldi hontan nekazarion errebindikazio burrukak. Hau gainera sarritan nekazari zerbitzen direla diotenen kontsejua da. Gure ustez, zerbitzu eskasa eskaintzen zaigu horrela laborarioi. Bistan da kostuak eraitsi egin behar direla, hori erakutsi beharrik ez daukagu, hori ba dakigu guztiok, nola eraitsi irakastearen laguntza behar dugu, baina soldata bat irabazi behar dugula ere uka ezinezkoa zaigu edozein langileri ukatzen ez zaion bezala.

Horrengatik, benetako egitura eta errazionalitatea nahi dugunok prezio juxtuak lortzen ere saiatu eta burrukatu behar dugu errebindikazio mailan ero ihardunaz.

Beraz hau erreibindikatzen dugu:

1.- Oferta kontrolatzeko posibilitateak, prezio juxtu batzuk izateko, eta tartekotzaren kontrola.

2.- Seguritate sozialean berdintasuna. Nekazari ttikiak langileak bezala ordaindu eta eskubide berdinak izan.

3.- Azterketa, asesoramentu, e.a.-etarako komeni zaizkigun instituzio autonomoen sortzeko erraztasunak eta finantziazioa.

4.- Osasungarri diren produktuen kanpainak komunika bideetatik administrazioak ordainduta.

5.- Ikastetxe egokiak gazte bokazionatuak prestatzeko eta aldizka hauen formazioa osatzeko.

6.- Kredito erosoagoak (merkeagoak eta plazo luzeagorako), bizi bidea (kamioak, argi-indarra,...) hobetzeko laguntzak.

7.- Geure interesak zaintzeko komeni zaizkigun elkarteak sortzeko eskubidea. Berdin sindikato autonomo bat sortzeko ere, hala erabaki bageneza.

8.- Nekazari instituzio ofizial guztietan euskara dakitenak egotea gure eskakizunak atenditzeko.

Hainbat eskakizun egin genezake baina horik burrukatuz goazen bitartean, eginbehar konkreto batzuk hauk izan daitezke:

1.- Baserritar edo nekazari prestaketarako era guztietako ikastaldiak antolatu: teknika, kultura, ekonomia, politika,... irakatsiaz.

2.- Nekazari erakunde bat sortuz joan: zabala, arazo ezberdinetakoak bilatuz joango dena, beharbada, sindikato forma emanaz. Euskal nekazarien interesak zainduko dituena.

3.- Ekipo interdisziplinar bat sortuz joan: albaitari, ingeniari agronomo, perito, ekonomista,..., baserritarrekin kontaktoan eta haien zerbitzuan egongo dena eta haientzat lanak prestatuko dituena.

5.b. Herdi eta epe luzera

Planifikazio egoki bat behar da, herriak egina, herriaren zerbitzuan, nekazariak berek bertan parte handia behar dutelarik.

Plangintza honen egitekoak eta helburuak hauk dira:

1.- Kontsumatzaileen beharrak erakutsi, eskaintza-eskaera berdintzeko kanpoko produkzioa kontuan hartuaz. Nekazaritza prolema, desberdintasunak barne, mundu guztikoa da. Euskadiko nekazarion egoera nolabait inguruko eta mundu guztiko egoerari lotua dago.

2.- Gaur produkzitzen dena kontuan harturik, zer produzi daitekeen eta behar litzatekeen erabaki behar da.

3.- Nekazarion prestaketa oso bat egin behar da. Teknikoen laguntzak erabatekoa behar du izan.

4.- Inbestigazio lan gogor bati ekin behar zaio: eguraldia, arrazak, emaitzen kalitatea, ongarriak,...

5.- Natura zaindu, atseden leku egokiak prestatu.

6.- Gizarte sozialistan izango dugun lehen agertutako nekazari egiturara iristeko behar diren pausoak eman, auzoka, herrizka, eskualdeka, etab. baserritar batzarrak indartuaz, erakundeak sortuaz.

Hau ere kontuan dugu:

Beste sektoreekin batean, langileekin batipat, gizarte sozialista bat eraiki behar dugula, gizon guztiek berdinak izango direna. Hontarako, langile burrukak ahal dugun neurrian babestuko ditugu eta saiatuko gara gureetan haien kolaborazioa lortzen.

Bistan da transizioko une batetan, janariek merke eta ugari izateak duen garrantziarengatik sektorearen posibilitatea sozialismora bidean. Beraz, langile eta laborari kolaborazioa saritzea behar beharrezkotzat jotzen dugu.

Kolonialismoaren hatzaparretatik geure buruak askatuaz gainerako herri atzeratu eta zapalduekin kolaboratu behar dugula askatasuna lorturik, gosea eta miseria gainditu ditzaten. Haietan bai da gaur nekazaritza nagusi, kolonialismoak hortara bortxatu dituelako eta gainera goseleku direlako.

Truke ezberdinak mundu zabaleko nekazarien aurka jokatzen duelarik gero eta nabarmenago eta nazio aberatsetako soberakinak komertzio arrazoiengatik botatzen diren garai hontan, munduko beste nekazariekin bat gatoz eta ahal duguna egiteko prest jartzen gatzaizkie.


Iberian zer

Portugaleko "Liga Iberista"ren agiria

Portugal, mendetako koloniak galdu ondoren, Penintsula Iberikara begira jarri da berriz. Hobeto esan, jartzen hasi da, zeren oraindik pentsalari batzuren mezua eta gogoa besterik ez baita.

II. Gerrate Mundialaren garaian, Londresen biltzen ziren "Euzko Etxean" zenbait politikari "Comunidad Ibérica de Naciones" sortzekotan, eta beren asmoa "Aliatuei" aurkeztu nahiean ibili ziren. Euskaldunen aldetik Irujo lizarrarra zebilen, portugaldarren izenean Cortesao sozialista Oliveira Salazar-engandik ihes egindakoa, Pi i Sunyer katalana eta Araquistain, PSOEko gaztelarra. Azkenengo honen zitalkeriak oso nabariak izan ziren.

Orain, ordea, Lisboatik datorkigu albistea, portugaldar gizon argi batzu urrunera begirako politika bat planteatzen hasi dira, eta beraien ustez, irtenbide bat, Penintsula Iberikako beste Herriekin, hots, Galizia, Euskal Herria, Katalan Herrialdeak eta Gaztelarekin, nazionalitate elkarte bat egitea litzateke. Ez, eta hau argi dute, Portugaleko Estatuaren eta Espainiako Estatuaren arteko batasuna, bost Herrien Elkartea baizik. Hara hitzez hitz zer dioen Ligaren Agiriak beren hizkuntzan: "O que todos exigem é que essa possivel uniâo se faça em termos de associaçâo de nacionalidades —a portuquesa, a castelhana, a catalâ, a galega, a vasca— e nâo em funçâo de um Estato portugues ligado a um Estado espanhol. A liga Iberista está consciente de que uma ligaçao deste ultimo tipo seria nociva á individualidade da naçao portuguesa e por isso a rejeita".

Alde askotatik guretzat oso berri interesgarria dela uste dut. Gure Herriaren, eta era berean katalan eta galegoen onerako, portugaldarren mezu horrek beste polarizazio bat baitakarkigu, betiko Erdiaren jirabira politikotik at.

Hara ondoren euskaraturik Agiri hori, eta bakoitzak ausnar beza.

D. Amaitermin

***

HIRITARROK:

Bost mendez mugak itsasatzeko lurraldeetan finkaturik izan ondoren, Portugal Europako lurraldeetara mugatuta aurkitzen da gaur Madeira eta Azores uharteak ez ezik —bertan ere askatasun bozak ere entzuten dira gaur— Portugaleko lurraldeak erdi-mendekoak dira. Hiru enperadoregoren ondoren —Asiakoa, Amerikarra eta Afrikakoa— Portugal bere europar mugetara bihurtu da, lehen mugen barruan.

Beste epeetan Goa, Brasil, Angola eta Mozanbike "aberri" bezala izendatuak izan ziren. XIX. eta XX. konstituzioetan, "Nazioa" Portugalen banderapean zeuden, europar, afrikar, amerikar eta asiar lurraldeen batasuna bezala ikusi zen. Portugal "Miño hibaitik Timor"-era dauden lurraldez osatua zegoela esan ohi zen. Nazio interkontinental honen batasuna eta ezin-banatzea zalantzan jarri zutenak —asko izan ziren— traidore bezala hartuak izan ziren.

Hau ikusiz, nork esan dezake orain asmo onez, "Aberri" konzeptua ez dela aldatzen, "Nazio" zentzuak garai batetako bitartea eta bere itxurapena egiten dutenen asmoak gainditzen direlarik? Hala ere, orain antolatutako "Liga Iberista Portuguesa"k Portugal Nazio bat denik ez du zalantzan jartzen. Bere nahia ez da Portugal iberiar nazio batetan urtzea, nahiz eta bere biltzarkide askok hau eginkor eta helburu bezala onhartzea. "Liga Iberista Portuguesa" delakoa nazionalista da eta abertzaletasun horren bultzakadaz, Nazio askatuago, zoriontsuago eta aberatsago baten bila dabil.

Portugalek, uere 89.000 Km2-z eta Europako mugetan kokaturik, mundu zibilizatu eta moderno baten barruan ezin du ezer egin. Bostehun urte barru, kolonialist historia barruan, ez ditu koloniarik gabeko bizitze baten oinharriak jarri, koloniak saltzean bere bizitzea posible egingo luketeen oinharriak. Portugalek ez du Holandak, Dinamarkak, Noruegak, Irlandak edo Greziak dituzten bezalako baliakizun naturalik, industriarik edo lurgintzarako baliakizunik. Zalantzan jartzekoa da Portugalek, lan gogorraz, zailtasun hauk gainditzeko nahiak izatea, bere produkzioa bultzada batez gorantz eramateko.

Portugaleko Estatuan, orain bezala jarraitzekotan, portugaldarren bizi-mailak behera joko du eta beren aberastasunak gutxitu eginen dira, Europatarrenak gora doazen bitartean, edo bestela portugaldarrak ekonomi arloan nagusi direnei gero eta gehiago lotuak egonen dira, bere autonomia osorik galduz,

Errealitate hau kontutan harturik, "Liga Iberista Portuguesa"k Nazioari beste bide bat opatu nahi dio. Bide honetan portugaldar bakoitzaren bizitzeak eta herri osoarenak aurrerapide bat izango lukete ekonomi aldetik, beren nortasuna iraun eta gehiagotuko litzateken bitartean. Hau dugu bidea: etorkizun hurbil batetan iberiar elkarte batetan sartzea. Elkarte honetan nazio bakoitza, bere herriaren baietzaz sendotua, beste nazio guztiekin libreki politik lokarriak lotuz.

Elkargo honek, hala ere, ez du bakuntza esan nahi, eta guttiago, "batasuna". "Liga" barruan elkar aurkitzen dira Iberiar Politik Estatu bat nahi dutenak eta batasun zatitu eta neurrituen defendatzaileak direnak (ekonomi batasun bat, adibidez). Estatu politiko bat nahi dutenen artean ba dira eritzi desberdinekoak direnak ere. Batzuk Federazio bat nahi dute, beste batzuk konfederazioa, Estatu batasuna edo historiak eta une bakoitzeko beharrak eskatzen dituzten politik erakunde motak. Denok eskatzen duguna, hala ere, hauxe da: batasunaren oinharriak nazio nortasunetan egotea —portuguesa, gaztelaniarra, katalana, galegoa, euskalduna— eta inolaz ere ez batasun hori portugaldar eta espainol Estatuen artean egitea. "Liga Iberista"k azken moetako batasuna portugaldar nazioen nortasunarentzat oso kaltegarri izango litzatekeela uste du eta horregatik ukatzen du. Iberiar Batasuna espainiar Estatu barruan dauden nazioen autonomiei baldintzatua egongo da.

Horrelako iberiar elkartasun batek portugaldarren bizimoduak zein neurritan hobetuko ote du? Istudio batzuren bidez, Ligak noizbait egiztatuko du Azores etik Baleares era, Espainia eta Portugalen artean dauden zergak kenduz ekonomi eremu bat egitea, lurgintza, merkatalgintza eta industriarentzat oso ongarria izango dela, europear mailak lortzeko batez ere.

Honek biziera hobetuko luke eta baita ere emigrazioa guttitu ere. Une berean, kultur arlo bat eginez portugaldar hizkuntza Iberiako hizkuntza ofizial bat bezala zabalduz —beste guztiekin batera— gure hizkuntzak eta gure literaturak gora joko lukete, orain ezin pentsa dezakegun goi mailatara, eta berdin gertatuko litzateke beste kultur agerketen buruz. Maila guztietan Iberiar elkargo batek abantail handiak ekarriko lizkieke portugaldarrei.

Ba dira iberiar asmo hauk europear integrazioaren aurka bezalakoak ikusten dituztenak. Gure ustez batek ez du bestearen kontra jokatzen. Integrazio osoa lortzeak oso denbora luzea beharko du, baita ekonomi arloan bakarrik izanik ere. Zalantza handiz ikusten dugu Portugalek denbora luze honetan penintsula kanpoko ekonomi eta politik loturarik ez lortzea. Argi ikusten dugu, bestalde, Portugalentzat askoz hobe litzatekeela, Europan iberiar elkargoan oinharriturik sartzea, herri ttiki eta ekonomi bideetan hasiberri bezala baino. Elkargo iberiar batek, Bretainia Handia, Frantzia, Italia edo Alemania Federal baten ekonomi eta kultural indar berdintsuak izatean, herri hauekin izanen dituen harremanak berdintasun baten barruan eginak izanen dira.

Amaitzeko, garbi esan behar dugu, Portugaleko Iberiar Elkartea ez dela alderdi politiko bat ez eta talde baten ideologia agertzeko bide bat ere. Bere jarraitzaileen artean politiko joera guztiak aurki ditzakegu. Iberiar Elkartea politik elkarte guztien gainetik dago, baina, lortuko den iberiar elkargoan, moeta guztitako politik batasunak, erregimen desberdinak eta estatu barruko antolaketa desberdinak ikus daitezke. Gaur historian zehar aurkitzen diren federazio, konfederazio eta politik antolaketa desberdinak guk emandako eritzia indartzera datoz.

HERRITARROK:

Gure iberiar ideialak, guk nahi dugun Portugal gero eta hobe bati erantzuten dio, Hispania guztiko herrien asmoei berdin erantzunez. Iberiar ideialak zentralismo gogor batengatik egindako kalteei amaiera emanen die; eta ideial hori herri horien aurreratze egokiaren oinharria dugu, orain denek eskatzen duten autonomi osoa kontutan harturik.

Guretzat, portugaldarrontzat, iberismoa gure historiaren epe berri bat da, Asia, Amerika eta Afrikako enperadoregoak hilak eta lurperatuak izan ondoren. Europa barruan eta gure lehengo mugen barruan gure buruak berraurkitzean, gure lurraldeak ere berriz ikertuko ditugu eta, gure kultur ahalmenak indartzean, beste europarren mailara igonen gara, sortherritik kanpora joan behar gabe.

Lisboan, 1976.ean

Liga Iberista Portuguesa


Elkar ikuska

Bost amnistiatu mintzo

Nahiz eta talde politiko ezberdinetakoak izan, elkar ikusketa honetan parte hartzen duten bost amnistiatu gazteak abertzaleak dira. Berauen izenak hauexek ditugu: Goyo Larrazabal, hiru urte gartzelan ("amnistiak" zortzi hilabete "barkatu" dizkio); Iñaki Egiluz, Arrankudiagakoa, lau urte gartzelatua (urte bat kendu diote); Plentziako Jexus Meñaka, bi urte t'erdi "hoteletan" (zortzi hilabeteko barkamena); Kepa Kruzelegi eta Iñaki Meñika, biok bilbotarrak, biok bi urte t'erdi gartzeletan eta zortzi hilabeteko "barkamenak".

Guztien artean Espainiako lurralde "zoragarrienak" ikertu dituzte: Segovia, Carabanchel, Zamora, Burgos, Jaen etab.

Bost abertzale hauen erantzunak ez ditugu berezituko, guztiak beste guztien erantzunei buruz ados agertzen baitira.

— Une hauetan kalean baldin bagaude, herriak egien duen burrukan esker da—. esaten digute. Nahiz eta sasiamnistia bat izan, lortu duguna burruka bidez izan da, eta ez inork "eman" duelako.— Honek asko behartzen gaitu orain—, dio beste batek—. Guk orain kalean egon arren ezin dugu bizitza lasai bat hautatu...

— Gure erkide guztiak libre ikusi arte burruka latzean iraungo dugu guk ere, nahiz eta birgartzelatuak izan...

Amnistia orokorrez

Orain denok amnistia orokorra dugu helburu: nola lor dezakegu helburu hau, zuen eritziz?

— Burrukan segituz...

— "Hau" leher araziz, behin eta betiko... Ez dugu uste amnistia orokorra "emana" izango denik...

— Amnistia orokor batek gartzelatuek ez dutela "deliktu"rik egin onhartu behar luke.

— Gobernu demokratiko batek amnistia orokorra bere lehen helburu bezala hartu behar luke. Gobernu demokratiko batek amnistia oso batetan oinharritua izan beharko du.

— Amnistia ala hil...

Gartzelak, beti gartzelak

Gartzeletan igarotako urteek ez dituzte gudari hauen bizitza burrukatzaileak menperatu. Hala ere arima barruan gartzeletan bizitako egun gogorrak sakon sartu zaizkie.

— Gartzeletan, biziera gero eta gogorragoa bihurtzen ari da. Diktadorea hil zenetik gure bizitza mugatuagoa egin zen, kanpoan politikari ofizialek "liberal" hitzak esaten zituzten une berean.

Zigor gelak, bakartateak, umiliazioak, liburu zentsurak, gure herritik gero eta urrunago egoteak... Bizitzako esperientzia guztiak multzo ilun batetan agertzen dizkigute bost abertzaleok.

— Gutatiko bi, pro-amnistia talde batetan sartu gara, herri-presio baten agerpen bat baita.

— Preso arruntak gu baino askoz hobeago bizi ziren gartzeletan eta, gainera, funtzionariek gure kontra jartzen zituzten...

— Gose greba egitea "falta muy grave" da eta erredentziora heltzeko bidea urte oso batez atzeratzen du...

Pro-amnistia eta beste erakundeak bere agerietan azaldutako injustiziak indar itzalez hornitzen dira bost aho hauetan.

— Gartzeletako zuzendari batzu ez dira normalak. Funtzionari artean ba dira gizon ondratu batzuk, baina gehienak...

Segoviatiko ihes-egitearen ondoren gartzeletan bizi izandako egun ikaragarriak, batez ere, bizirik daude gizon hauetan.

Koordinaketak, beharrezkoak

Abertzale koordinaketaren defendatzaile sutsuak ditugu amnistiaren hauk.

— K.A.S. behar-beharrezkoa da—, dio Goyok Herri mailan, langile mailan, ezberdintasunak ttikiak izaten dira askotan eta, nire ustez, koordinaketa bidez zuzendarien artean izaten ohi diren ezberdintasunak gero eta ttikiagoak bihurtuko dira.

Bost gazteek E.T.A. batatzaile garrantzikoena bezala ikusten dute.

— E.T.A. izan da urte askotan herriaren defendatzaile gogorrena eta hortik dabiltzen sukursalistek orain burruka honen fruituak bereak egin nahi dituzte. Hortik dabiltzan askok, ahotan Euskadi "gorria" dutenek, guk gure paperak Euskadi sozialista eskatuaz izenpetzen genituela jakin dezatela.

— Troskoak beti berdin...

X.A.


Munduan barrena

Poloniako oporketak

Iraultza sozialista lortzeko "Alderdi Komunistaren Gidaritza" bete beharreko baldintza da, diote Maok, Stalinek, Leninek jakina, eta teorilari marxista-leninista guztiek. Berau eta bakarra, antza, zeren hori gabe ezin omen baita ezer erdietsi. Boterea lortu eta gero, eta sortu baino lehen askotan ere, gidaritza horrek sortu duen bulegokrazia, ordea, zehatzago diodan, aristokrazia, oso da beldurgarria horregatio, eta komunismoaren helburuak lortzeko ematen dituen ahalbideak oso zalantzatan jartzekoak.

Ez dut itaun txatxarrik eginen, ez dut Txekoslobakiako kontua aita izan nahi ez eta, esate baterako, errepublika sozialisteetatik jendeen ia irtenezina ere, baina bai zalantzatan jarriko, boterearen nagusi horik proletalgoaren ordezkari jatorrak direla, beronek aukeratuak, eta halaber beren politikaz beren buruak ondo gorde eta zaindu besterik, klaserik gabeko gizarte horren antolaketarako ezer egiten duketenik.

Gertakariak ezagunak dira, Poloniako gobernuak jakien salneurriak goratu nahi ukan ditu, eta langileak kalekurridetan hasi zaizkio, beren bizimoduari ezin luzeago eutsiz. Proletariekin batera "inteligentsia"ko elementuak ibili bide dira.

1970.an gauza bera gertatu zen; hartan, Alderdi Komunistaren orduko idazkariak, Gomulkak, bere postua utzi behar ukan zuen. Oraingoak, Gierek ez dirudi gauza bera eginen dukeenik. Hartan 20 % igon nahi ziren prezio guztiak. Gogorra izan zen langileen erantzuna beren "ordezkarien" kontra. Poliziak 12 hil zituen tiroka. Orain, zauritu asko eta hil bi behintzat gertatuz gero, epaiketa ahalkegarri batez 5 urterarteko atxilotze-kondenak dituzten epaiak eman dira. 1970.an Gierek-ek aldaketak zituen prometatu eta agindu; kontsumurako gaiak apur bat gehitzea izan dira hauk guztiak, eta azkenean, espero zitekeen moduan, kale nagusia.

Agian, baten batek iraultzarako "beharrezkotzat" zuzenetsi nahiko duke jokabide hau. Gierek berak eta Alderdi Komunistaren bulegokrata guztiek bezala. Hau da hau, boterea galduko luketenek, hain zuzen, kontuak aldatuko balira. Libre egin nahi den proletariaren izenean, polizia haren kontra erabili behar bada, ez dakit nongo "burjes koskorkeriagatik" oso kapitalistazale delako, utikan alderdi zapaltzaile hori! "proletalgoaren diktaduratzat" alderdi batena ulertzen bada, doazela kaka jatera eta ez daitezela langileen izerdiez bazka! Baionako biltzarretan lagun batek erran zuen moduan: "Marchais jaunak ez luke proletalgoaren diktadura atzera bota behar, alderdiarena baizik".

Ez da izaten berezko, nik uste, Augusto Assia eta hainbat "komunistek" zaharkitu eta burjes koskortzat gauza bera jotzea, Autokudeakuntza, inongo eta inoren botere eta ahalmen pilatzerik uzten bide ez duen sistema bakarra, nonbait. Marxek esaten zuen hura "behera lan alokatua, behera lan alienatua", ene ustez marxismoaren benetako muina, gertakizun egin bide dezakeen molde bakarra.


Munduan barrena

Terrorismoa munduon

Juliane Plambeek, Monika Berberrch, Grabielle Rollniek eta Inge Viet lau anarkistek ihes egin dute Berlineko Lehter kalean dagoen emakume-gartzelatik. Laurak akusazio larriez horra sarturik, sekulako atralakia sorterazi dute Alemaniako Errepublika Federalean. Berlineko Justiziministroa (Justizminister) Oxfort Jaunak, Alderdi liberalekoak (F.D.P) bere kargua utzi du, edo eta utzi behar ukan du, eta urrian izateko diren parlamendurako hauteskundeak direla eta, CDU/CSU eskumako alderdiek ikaragarrizko eraso propagandistiko batez hasi dira higitzen.

Horrela, bada, Herrialdeen Biltzarrean (Bundesrat), Biltzarre Federala dei genezakeena euskaraz, CDU/CSU-ko biltzarkideek, Gobernuak gertatu duen Terrorismoaren kontrako legea atzera bota du, lar makala delakoan. Izan ere, lege hau beste baten gogortzea da izatez, 1970an egin zen beste lege baten zorroztea. Biltzarrean, hots, Parlamenduan, F.D.P.-k eta S.P.D.-k (Alderdi liberal eta Sozialdemokrata) gehiengoa dutenez;, horiek osatzen baitute oraingo gobernua. legea onhartua zegoen. Eskualdeko Biltzarre horretan baina, atzera igorri denez gero, Alemaniako Lehendakariak erabaki beharko du, Scheel Jaunak, hain zuzen, F.D.P.-koak. Biltzarre Federal horretan, jakina, CDU/CSU-k gehiengoa dute, jendetzaz ez bada, herrialde-gobernu gehiago zuzentzen baitituzte. Betiko legez, eskuinak indarra du argudio bakarra, aztertu gabeko errealitatearen hutsen kontrako daukan "ebazpen" bakarra horixe baita, bereri interesen defendatzekoa, noski.

Hau guzti hau Alemanian, eta aste bete dela Europako Elkarteko ministroek batu eta terrorismoaren kontrako lege eta ekintzak prestatu behar direla erabaki dute. Ez da, horregatio, harridura hain bizkor desagertzen; Genscher, Alemaniako atzerritar arazoetarako ministroa, Brasilen Geisel eta hango gobernariekin mintzatzen eta itunak egiten ikusi dugunean, edo eta Giscard Hegoafrikako Errepublikari zentral nuklearrak saltzen.

Alemaniako Alderdi liberaleko politikalari batek "errealismoa"z zuzenesten zuen politika hau. Ontzat eman daitekeen argudioa, agian, baina terrorista hauekin, Txile, Brasil... e.a.koekin errealismoagatik mintzatzen bada, zergatik beste "terroristen" aitzi legerik sor? Saldo eta erosi behar delako noski. Ez da erraz ulertzekoa baina badakigu azken batetan atzeak duena erakusten aurreak nola dantza. Hipokresia eta lizunkeria hemendik dabiltza nagusi bazterrak harrotzen, zeren argi baitago Brasileko edo Hegoafrikako Errepublikako, edo Txileko mugimendu harmatu guztiak, eskuineko poliziterrorismoaren kontrako erantzun bat besterik ez direla agintearen terrorismoaren kontrako ihardespen bat.

Eta ez da hau, jarkera hau, askok dioen moduan, ezkerrari dena barkatu nahi izateko jarkera, eta eskumari deus ez, zera baizik, azken batetan oraindik sozialdemokratak, Europa osokoak, (sozialistek oraindik ez dute berau erakutsi) kapitalismoaren administratzaile zintzo eta gizatiarrak erakustekoa direla. baina ezertan ere ez edo oso neurri tipian daudela prest, kapitalismoaren interesen kontra ezer guti egiteko.

Gauza bat kontutan hartu behar datekeena, edozein kasutan ere, bizirik dabilen hipokresia hori dela eta hau da: ez dela komeni, eskumaren argudioak ezer balio ez dezan, burruka egiten den eskualdetik kanpoko jendearekin sartzea, azken finean ezer guti jakiri gabe ondo xamar bizi den alemanak eta ingelesak aitzi deus egin ez dezaten, eta bai zertxobait alde, bere lasaitasunean bizi izaten utzi behar baitzaie.

Andolin Eguzkitza


Munduan barrena

Teatroa: Les grands sentiments

Zergatik ez pentsatu, teatroa, funtsean, zirko hutsa dela. Jerome Savaryk hori pentsatu bide du. Eta bere teatro Ensembleari Grand Magic Circus deritza. Animaliok, denak pertsona dira, noski. Aktoreak eta aktrisak. 1968-an hasi zen Jerome Savary bide hortatik. Urtea aipatzeak zerbait argitzen du kasu honetan.

 Grand Magic Circus ijito zirkoen antzera, herriz herri dabil. Goitik behera, dena esperimentu hutsa duzu ekipoa. Les grands sentiments deritza aurten erakusten duen ikuskizunari. Zergatik sentimentu haundi bakar bat ospatu, sortu, ikuslerian; eta ez sentimentu ttipi asko? Zergatik inpresio haundi bat, eta ez inpresio ttipi asko? Les grands sentiments sentimentu ttipi askoren patata zaku bat da.

1968-az gero arte produkzio guzia dabilkigu oilategi moskor bat baino nahastuago. Teatroan, halaere, beste inon baino gehiago esperimentatzen da. posibilitateak ere inon baino haundiagoak dira. hemen arte produkzioa, errepresentazioa ta kontsumoa, denak elkar-bat litezke. Aktoreak egiten du ikuslea ta ikusleak egiten du aktorea. Errepresentatzea ta ikustea esperentzia kreatzaile bat eta bera bihur litezke, bi esperentzia banatu izan ordez. Aktoreak eta ikusleak esperentzia ber-batetan murgil eta urtu litezke.

Funtzioa hasten denerako, han daude Savaryren aktore eta aktrisak atarian, publikoaren zain. Geroko beren teatro jazkera, aurpegi pintatu ta maskara ta rekisitoekin. Datozenekin solasean: agur honi ta magur hari, betidaniko ezagunak balituzte bezala. Publikoa sartu denean, haien atzetik sartzen dira aktoreak, bata tronpeta joaz, bestea sasofoia, kantu sentimental bat abestuaz publiko guziarekin. Hasi da festea.

Savaryren obra-eskenakera bakoitza esperimentu bat eta entsegu bat izan da. Obra bat entseiatu da, sentido bat. Eskenakera berri bat esperimentatu, irudi bat. Filosofia bat eta bere kontrarioa burrukan erabili dira. Tituluek berek nahiko adierazten dute: Zartan, Tarzanen neba gaitzeritzia; Robinson Crusoeren azkeneko bakartade egunak, Moisegandik Maoganaino, ta gehiago. Savaryren teatroan ekitaldi bakoitza osoa da. Ekitaldi batek besteari darraika, baina ez dio segitzen. Ez du ekitaldi batek bestea desarroilatzen. Eta, oro har, ekintza, gertatzen dena, zatien suma besterik ez da. Desenlazerik ez dago noski, enlazerik ez dago ta.

 Les grands sentiments-en dena batera aurkitzen dugu: zerbait show, apur bat Brooklyn-musical, ballet pittin bat, komeria asko, zirkomeria ia dena, melodrama, kantalijeroa publikoaz batera, dena teatro azkenean. Ez dago, aktore ta aktrisek buruz dakiten paperik. Inprobisazioa oinarrizko parte da zirko-teatro honetan. Eta inprobisazioan asko esan nahi du, publikoa nola portatzen den. Bertsolarientzat bezala. Numera denak aldakorrak dira, segun publikoa.

Savary zirko presentatzailea da. Jendea agurtu, tontakerak esan, numeroak presentatu, komentarioak egin, han dabil eten gabe, aktoreak eta aktrisak berean ari diren artean. Ipuinetako tipo ezagun guziak manejatzen dira, nola bait: Txanogorritxoak eta Basajaunak eta sorginak. Aktoreak eten gabe maskara aldatuz ari dira. haur bat jaiotzen da eskenarioan. Cinderella pobreak dirua eskatu behar du kalean, beste Magdalena batzuk nahiago dute etzanda diru irabazi. Neskak, biluz-biluz, publikoan sakabanatzen dira. Prestidijitadoreak ohizko untzia ateratzen du: baina ez sobrerotik, publikoaren erdian egindako kopulazio aparatoso batetatik baizik. Eskenarioan liliputanoa ta jigantea ikaragarrizko burrukan ari dira, boseoan, printzesa tristeagatik Savaryk publikoa bi alderditan banatu du, garraisika, denbora guzian ari den piano desesperatua baino garraisikago, zein liliputanoaren eta zein jigantearen alde. Jakina liliputanoak irabazten duela.

Savaryk lehenago Arrabal eskenarazten zuen. Orain ideia honetan bukatu du: teatroa aktoreen eta ikusleen festa da.

Gregorio Baldatika


Munduan barrena

Gruppo Teatro Libero

Italiako herri teatroaren buruan jarri da, denbora gutitan, Napoliko ensenble hau. Nora heldu, harriak ere dantzan jarri ditu. Presentatzen daki eta probokatzen daki. Eta, gehiago dena, kalitaterik hoberena gordetzen daki, mezuan soil konfiatu gabe.

Armando Pugliese eta Elvio Portaren Masianello emanez ibili zaigu joan den sasoian.

Masianello historia zahar baten ikuskaria da. Gizon sinple baten historia: nola goien-goieneraino igon eta beheraino jausten den Napoliko iraultzaldi batetan, XVII-gn mendeko arrandegi baten jabea zen Napolin Tomasso Aniello lehenengo Masaniello eta gero Masianello deitua. 1647.eko uztailaren 7an iraultza ikaragarri bat sortu zen Napolin. Albaramendu izugarria. kasua zen, Espainiako Errege-ordezkoak arrain, ogi, baratzekari eta beste jakien gainean zergak ipini zituelako. Dendari ala herri, samaldaka denek kalera irten zuten asaldatuta sutan. Masianello herri-tribuno bizkor agertuko da, sua dariola, guzien buru. jendaroste amorratuen buruzagi altxatu da Errege-ordezkoaren aurka. Ikaraturik, Errege ordezkariak amor ematen duen itxura egiten du, eta Masianello herriaren Kapitain jeneral izendatzen du. Gorteak ohoraturik, herriak txaloturik eta segiturik, Masianellori haizez betetzea zaio burua eta arrain ttipi analfabeto batentzat ur haunditan sartzen da. Politika haunditan hasten da. Mundua ordenatu nahita hasten da. Nagusi ahalguztidun bezala gobernatzen du. Tirano beldurgarri bihurtzen da. Hitzik kontra ateratzen dionari, lepoa moztuko dio. Aholku onik damaiona ostikoka darabil. Lehengo adiskideak izutzen ditu. Bakarrik, gelditzen da. Eta iraultzaren hamaikagarren egunean, Meza Nagusian dagoela, Del Carmine elizan, tiroka garbitzen dute. Jendarosteek haren gorpua urkatu egiten dute.

Zeinek garbitu du: Gorteak, Elizak, bere segitzaileek? Denak izan zitezkeen Masianello, herriko seme eta herri tribunoa, herriaren salbatzailea, denek etsai zuten, azkenerako herriak ere, eta herriak ez gutienik hain zuzen. Denen gainetik zigorka eta ostikok pasa den Terrorea da. Eztanda absurdo baten zartada. Denek biztu duten infernua. Denak erauntsi eta zanpatu ditu. Deusezean suntsitu da. Hamar egun iraultza Napolin.

Bruno Garofalak eskenario bat propio prestatu du obra honetarako. Aire librean edo sala zabal batetan —merkatu edo fabrika sala— errepresentatzeko eran: sei eskenario edo tarima desberdin, mugikorrak, heren artean konbinakera aldatzeko. Bi partetan banatuta seiok. Alde batetan, Gortea, Eliza, jauntxoteria. Bestean, herria, Masianelloren etxean, asaldatuen biltzarrea. Ekintza desberdinak batera desarroila litezke. Erlazioak desberdinki antola litezke, ekintza aurrera doan eran: herria eta Masianello, herria eta Gortea. eta abar. Tariniok arroda gainean daude eta eskena ezberdinetarako hara eta hona eramaten dira.

Hasieratik azkeneraino eskena bortitz, inpresionagarriak. Sekulako kanbioak. Bizi-bizia. Iraultza biztu, nagusitu, alferrikaldu eta suntsitu, hamar egunetan egiten du dena.

Giulio Genoino ahokatuak laguntzen dio lehenengo Masianello analfabetoari. Herriko seme sinpleak errespetu kasik erlijioso batez entzuten dio ikasiari. Oso paternal, eskoladuna. Baina gero, indartsu sentitzen denean, Masianellok ez du ezer jakin nahi eskoladunarekin. Ez du Genoinoren aholkurik nahi. Genoinok irabaziak aseguratu nahi ditu. Genoinok egituretan pentsatzen du. Masianellok indarra eta gertaerak besterik ez ditu ezagutzen. Inteligentzia eta iraultzaren indar espontaneoa ezin dira elkarrekin ulertu. Masianello intriga artean nahastuko eta galduko da. Inteligentziak bere zortera abandonatuko du.

Errealistak, eskenak. Jauntxoen mainak. Paper faltsuz, kontzesio faltsuz, titulu faltsuz, ohore faltsuz, Masianello Gorteak nola enganiatzen duen. Masianello gajoa tranpan nola erortzen den. Gorteak, egituren indarrak, bereetako bat egiten du iraultzaren indarra. Are despotikoago.

Zeinek saldu du eta galdu du iraultza?

Munduen arteko diferentzia erakusten da: herriko gizon sinplea eta gortesanoa. Masianelloren emazte Bernardinaren eta Erregin-ordezkoaren elkarrizketa. Herria, iraultza sutan bizturik; desengainu saminetan errerik.

Obra hori sentimentu guztien feria da errebolta batetan. Jendearen beroak eta biziak XVII mende napolitanoan berea eransten dio. Jendea gora eta behera nahasturik nola dabilen. Sentimentu olatuak nola iraultzen diren. Herria sutan bihurrituta, Gortea uzkur ikaratuta lehenengo; herri desengainatu negargarria eta Gorte ziniko garaitsua gero: bildurra eta mendekua. Herriko seme zintzo bat, minez eta indignazioz lehenengo, ausart eta argi gero, harro ta krudel azkenean, haundinahi eta tirano: herrian, herriko seme bat besterik ez delako mendekatzen dena. Intelektuala, maisukiro aholkari eta onginahiezko herri maitale jakitun lehenengo, hotz eta zuhur eta bere buruan ustez beterik, garaipena eta garaipenean bere influentzia aseguratu nahita gero, behazunez eta herriaren mespretxuz aldendurik azkenean. Masianelloren emazteak, gora begira, goi-goiko Erregin-ordezkoa, urre eta zeta artean, nolako begiz ikusten duen, eta honek behe-behean arrantzalearen emaztea nola ikusten duen; gero biak parean, solaskide, bildurra eta gorrotoa, miresmena eta mespretxua, bi klase sozial emakume bik agertuta. Paradigma bat da dena.

Ihardunaldi bakoitza kantuz iragartzen da. Tarantela eta herri kanta napolitano zaharren eran prestatu da musika.

Gregorio Baldatika


Erlijioaz

Teologia Euskal Herrian

Duela denbora guti eta ANAITASUNAn bertan, zerbait idatzia dut arazo honetaz, bidenabar gure arteko zenbait teologo (?) astintzen eta jipoitzen nituelarik. Orduko bide beretsutik doa gaurko ere eta haren segida bezala har daiteke.

Gai hauetaz ezer guti argitaratzen da gure artean eta horretxek adierazten du, hain zuzen, gure egoeraren larria eta gorria. Gaurko Euskal Herrian fededun izatea ez ba batere erraza eta gutienik aitortu beharrekoa hauxe da: herrigintzaren barrenetik bere fedea bizi eta pentsatu nahi duena erabat umezurtz aurkitzen dela. Azken finean nire galdera eta kezka hauxe da: Euskal Herrian ba ahal da Elizarik eta fededunik, gure Herriaren mementuari erantzun bat damaionik? Nik neuk ez dut batere garbi ikusten hauzia. Hobeki esan, Euskal Herriko Eliza, erakunde eta multzo bezala, erabat zaharkitua eta Herriagandik apartatua ikusten dut.

Dena den, eta gure egoera latzaren gainditzeko, zenbait gogoeta proposatu nahi nituzke, urlia edo sandiarentzat baliagarri izan daitezkeelakoan. Ikasturtearen hastapenetan gauden honetan, egokia dateke gisa honetako zenbait planteaketa egitea. Horrela, besterik ez bada ere, kursoan zehar eihotzeko alea daramakegu Euskal Herriko errotara.

Teologiaz mintzatzerakoan, lehendabizi planteatzen zaigun hauzia zera da: non eta nondik egin teologia? Bestela esan, non txertatu behar da fedeari buruzko "logos" hori?

Erantzun baten bila has bagaitez, laster etorriko gara puntu honetara: halegia, teologia Herri baten dinamikaren barrenetik egin beharreko gogoeta dela, eta osterantzean ideologia hutsa bilakatzen dela. Hori bai, beti ere fedeari buruzko gogoeta izanen da, baina fedea eta fededuna Herri batetan suertatzen dira ezinbestean.

Hortaz, Herriaren historia eta dinamika —Herriaren prozesua eta bizitza— guztiz haintzakotzat hartu beharrekoak dira teologia egiteko. Hortik kanpora, ezin genezake teologiazko planteamendu seriorik pentsa. Herria, beraz, fedearen hermeneutikarako lekugune nagusia eta berezia gertatzen da.

Herriaren bizia eta dinamika, ordea, kultura berezi batetan gatzatzen eta adierazten da, hots, herri kulturan. Herri kulturak sail asko harrapatzen du: politika, ekonomia, kulturgintza, etab. Hortaz, hori dena ezinbesteko mediazio duke teologiak. "Humus" horretan sar ez badadi, teologiazko gogoeta txaingu eta maingu geratuko da, lurrik eta uztarrik gabe aidean legokeen arbolaren pareko.

Hauzi honetan, punturik zailena hauxe dateke: une eta muga jakin batetan, nork esan dezake eta nola asma daiteke Herriaren dinamika (dinamika askatzailea, noski) nondik nora doan?

Ene ustez, teologi lana finkatzeko orduan, ez litzateke gehiegi murriztu beharko Herri kontzetua. Herria askatu nahian dabiltzan indar guztiak hartu beharko lituzke kontzetu horrek, Beraz, teologia kritiko bat egiteko, ezin gintezke ideologia jakin baten esanetara erabat muga. Hori ere teologia ideologia bihurtzea izanen litzateke. Noski, teologiak —giza sorkuntza den aldetik— beti izanen du ideologiatik zerbait, baina printzipioz bederen teologia ezin daiteke erabat ideologia baten eskemetan sar eta hertsi. Jakinaren gainean, hala ere, teologiari beharrezko zaizkiola ideologiak giza mediazio bezala.

Bestalde —eta hemen dator beste puntu nagusi bat—, teologiak ondo gogoan eduki behar du Herriaren proiektu historikoa, Herriak zer nahi duen eta zeren bila dabilen, halegia. Proiektu horrek ba du bere autonomia, eta teologoa —eta Eliza— ez da inor bere gisa beste proiekturik aurkezteko. Teologoak eta Elizak, fedeari darion aportazio berezia eskainiko diote Herriaren proiektu historikoari, baina ez besterik. Fedeak herrigintzari trazendentziarako irekitasuna damaio eta, bide batez, giza dimentsio guztietarako irekitasuna.

Gauzak gisa horretan planteatuz gero, ez da erraza herrigintza eta Jainkoagandiko salbamendua nola uztartzen diren adieraztea. Dena den, biak batera gertatzen dira, nahiz eta biak gauza bera ez izan. Nola esplika liteke hori?

Esplikabide bat honako hau litzateke, agian. Herrigintza beti ere Jainkoagandik datorren salbaziora idekia dago. Bestela esan, herrigintzaren (praxix historikoaren) une eta maila oso Jainkoaren praxis salbatzaileari idekia dagokio, salbazio hori orainaldian mundu honetako historian gertatzen delarik, historia bera harantzago bultzatuz. Trazendentzia hemengo historian (herrigintzan, praxis historikoan) egiten da presente, baina beti ere trazendentzia bezala. Hots, trazendentzia dohain libre eta doan emana bezala ageri da beti. Horri esker, gizona bera ere libertadez hornitua aurkitzen da goitik (Jainkoaganik) datorkion dohaina onhartzeko, dizernitzeko eta interpretatzeko.

Teologiak Herriari beronen historian lagundu behar dio, herrigintzaren autonomia haintzat hartuz eta fedeari dagokion berezitasuna ukatzeke. Teologia, hortaz, herrigintzari buruzko gogoeta kritikoa izanen litzateke, Jainko Hitzaren argitan. Horra teologiaren definizio berria, Gustavo Gutiérrez-en hildotik.

Hau dena Euskal Herriari begira dago esana. Hain zuzen, hemen egin daitekeen teologiak seriotasun apurrik izanen badu, geure Herriaren bihotzetik hitz egin beharko du, hots, herrigintzaren hildotik eta esperientziatik. Hortik kanpora, hitz oro hutsal eta alferrikako gertatzen da.


Postaz etorriak

ANAITASUNAren Zuzendari Jn.

Donostia.

Zuen Iraileko 323-4. zenbakian Martin Orberen idazlan bat dator Uztaritzeko U.E.U. dela-ta. Hemen, besteak beste, M.E.E.koek agertu zuten alternatiba berri ematen digu eta azalpen honetan gertaturiko hauzi bat aipatzen. Hona hemen bere hitzetan, konforme ez nagoen puntua zertan den: "Hitzaldi honetan norbaitek hartu zuen jokaera desegileari ez zitzaion irakaslegoa jarraitu, aspalditik politikagintzan ari denarena baino heldutasun gehiago frogatuz".

Ikus dezagun zertan datzan "jokabide desegile" hori.

Bat. MEEkoen jokabide praktikoa salatu zen. Salaketa honetan erakunde honen praktika politikoa agirian geratu zen, eta praktika hori ez da abertzalea.

Bi. UEU bloke abertzaleak atera du aurrera, eta bereziki ezker abertzaleak. Hortaz, UEUaren baitan dagoen plaza publikua, ez da edozein fakultateko plaza publikua.

Hiru Plaza publiku honetan partaide izateko, gutien gutienik, ihaz UEUak plazaratu zuen Manifestua onartu behar da. Ez dirudi, ordea, MEEk horri buruz onespen publikorik egin duenik. Eta, beraz, plaza publiku honetan parte hartzeko meriturik irabazi duenik ere ez.

Lau. Eta azkenik. Uztaritzen "norbaitek" egin zuena hauxe izan zen: MEEkoek han beren lekurik bazuten ala ez kuestionatu.

Ordea, Martin Orberentzat kuestionatze hori "jokabide desegile" bat dela dirudi. Orduan badaki zer egin ezker abertzaleak: galtzak jatsi eta ipurdia jarri.

Joxe M. Odriozola

***

Gernika'n 1976-ko dagonillaren 28-gnean.

ANAITASUNA-ren zuzendari jauna:

Azkenengo zuen Anaitasuna Amerikanoak Martitzera eldu direla irakurri dut. Arritu egin nau itz orrek; eta belarrian min samartu ere bai. Lerro gutxitan neure iritzia agertzen dizuet. Argitaratu gura ba'dituzue, eskertuko nizueke. Agur biotzez, eta agindu.

MARTITZ ALA MARTE?

Oraintsuko amerikanoen ibillerak eta ibillaldiak dirala-ta, zarata ta zer esana ugari sortu da bazterretan. Iñoizkorik ospetsuen eta ezagunen egin zaigu planeta berria: Marte. Nolabait esan bear eta MARTITZ deitu diote gure arteko zenbaitzuk. Anaitasunakoek lenengo, uste dut. Eta olakoxeko azalpena dakarre beren oarpenetan: Martitzena, Martise(gu)n-etik. Eta ortixek eta orren antzeratsu: Martitz, planetaren izena.

Alabaiña, ezetz esango nuke nik. Gure belarrietara, erderaz oituak izaki, arrotz egiten da, batetik. Marte esango dizue euskaldun guztiek berez berez, beste gabe. Orrez gaiñera, euskeraz jator esan gura izan ezkero, Marte da ta ez Marti. Martitzena bai, Martisena (ta ez Martis-e(gu)na). Orretxen, Martis'en, zerbait dala. Genitibo da, izan ere (1). Ala ere, genitibo ez ba da, akusatibotik atera zuten beti euskaldunek beren itza. Lex, legis (akusatibo: legem eta LEGE). Pix, piscis (akusatibo: picem eta PIKE). Nex, necis (akusatibo: necem eta NEKE). Eta ezagunago dan errege: rex, regis (akusatibo: regem eta ERREGE). Oien antzera: Mars, martis (akusatibo: martem eta MARTE) bear luke, beraz. Eguna Martisena bai, baiña planeta Mart(is-em) bera dugu-ta.

Orra zuen itz berriak idaroki didana. Besterik ez.

Etxebarria'tar Juan Anjel

(1) Emen genitibo biak: latiñarena ta euskerarena (-is eta -en).


E.H.A.S.ren oharra argibide gisa

BERRIAK, aldizkariaren 2.alean, 8 horrialdean eta "ELA-STV: EN PLENO CONGRESO" izeneko artikuluan zera agertzen da: sindikal erakunde horren barruan gure alderdiko erkideak daudela.

Horri erantzuteko, E.H.A.S.ren Komite Eragilea ondorengook argitan jartzera beharturik aurkitzen da:

1.- E.H.A.S.ren erkide langileak, edozein langile erakundetan ekiteko askatasuna dute, erakunde horrek ondorengo baldintzapenak betetzen baditu:

a) Langile Klasearen interesak bere gain hartzea.

b) Fabrika Asanbleen erabaki nagusia onhartzea, horixek baitira, gure uztez eta oraingoz, langile arteko demokrazia zuzena plazaratzeko erakunde bakarrak.

c) Fabrika Asanbleak koordinatzearren burrukatzea, Euskal Herria mailako egiazko langile kontrabotere bat lortu arte, oinharritik eta oinharriak berak zuzendurikoa.

2.- ELA-STVen helburuen azterketa batek zera diosku: erakunde honek ez dituela gaurkoz, baldintzapen horik betetzen. Horregatik lekuz landa ikusten dugu gure erkideen partizipatzea. Halere fidantza handiz gaude ELA-STVeko atal progresista batzuren ahaleginen zain, zeren euskal langileen eskabideetara erakunde hau moldatu nahiean ari baitira beronen barruan burrukan.

3.- Lehen puntuan azalduriko gutienezko baldintzapenak betetzen dituen erakunderik ba dago Euskal Herrian, langile klaseari libre eta demokratikoki baliagarri gertatuko zaionik. Gure erkideek beren eguneroko langile burrukan duten askatasuna berraipatzen dugularik, gure ustez, eguneroko praktika horrek eta gertatzen ari den abiapuruen koordinatzeak sortuko du erakunde bat, zeinak burrukan zehar gibiztatuko baititu Euskal Herriko langile guztiak.

Euskal Herrian, 1976 - urriak 2.

(K.A.S.ren osokide den)

E.H.A.S.ren Komite Eragilea


Liburuak

CASENAVE, Junes.

"Santa Grazi"

JAKIN. Oiñati. 1976.

Zuberotarrez, euskara batuan eta frantsesez. Pastorala. 176 horrialde. Haseran, P. Laffite-n aintzin solas paregabea, euskara dotore eta aberats batean. Laffitek azaltzen digu pastoralen sortzeren teoria bat: "mystère" direlakoetatik? Noiz? Lepanto-ko itsas gudua (1571) aurretik, haren iduriz. Baina zuberotarrek ez zituzten frantsesak hitzen hitz kopiatu, beren gisara antolatu baizik. turkoak gaiztotzat erabiltzen badituzte ere, "mystère"etan ez bezala. Zuberoan ez dituzu taulen gainean ez jainkorik, ez Jesusik, ez Ama Birjinarik ikusiko. Bestalde, satanek ez dira frantsesen mamu itsusiak, mutiko lerden eta dantzari on batzu baizik. Jarraian, Laffitek pastoralen zehetasunak ematen dizkigu: eszenarioa nola antolatzen den, eta janzten diren, etab.

"Santa Grazi" pastoral berriari gagozkiolarik, Laffitek diosku Santa Garazi (lehen Urdaix) herriaren historia azaltzen digula, eta herri horren historiako hainbat zehetasun ematen digu. Jarraiko horrialdeak, Junes Casenave-ren pastoralari eskaintzen zaizkio. Textoak, argazkiez horniturik, zuberotarrez ematen dira, haien parean euskara batuan eta frantsezez eskaintzen zaizkigularik. Euskaldunon gehiengoarentzat pastoral honek esanahi handirik ez badu ere, interesgarria deritzogu liburu honen aztertzeari, Hego Euskal Herrian pastoralak ia zeharo ezezagunak direlako.

GEREÑO, Xabier.

"Metodo de Euskara"

CINSA, Bilbo, 1976.

Euskara batua ikasteko metodoa. 1000 hitzetako hiztegi oinharrizko bat erabiltzen du, eta 1 300 esaldi eskaintzen dira, euskaraz eta gaztelaniazko itzulpenarekin. Liburuaren azken partean euskal aditzaren eta deklinabidearen koadroak daude. 176 horrialde eta 200 pezetaren balioa dendetan.

NARBAIZA, Antxon.

"Goimenditan zehar"

GERO, Bilbo, 1976.

Euskara batuan. 160 horrialde. KIMU saileko 15. tomoa. Gaztetxoentzat, euskara errazean idatzita.

Liburuaren gaia mendiak dira, eta foto eta grafiko ugariz datorkigu. Mendi zaletasuna nola sortu zen aztertzen du Narbaizak hasieran. Gero, mendizaleek erabiltzen dituzten tresnak, kanpamenduak non eta nola eraiki, etab. Bigarren kapituloa Izoztegiei lotzen zaio, eta hirugarrenean mendi igoera ezagun batzu kontatzen digu. laugarrena, mendietako abere eta landareei eskaintzen dio. Bostgarrenean, mendiko gaitza aztertzen da. hurrengo kapituloak mendizale famatuei eskaintzen zaizkie. Batzu, euskal mendizaleei, hauen izen eta biografiaz azalduz.

Everest mendiaren historia oso interesgarria da eta zehetasun ugariz eskainia. Antxon Narbaizak dioskunez, "Everest mendiarekin Euskal Herriko hainbatekin bezala gertatu da: izena erdaldundu, arroztu diote. "Sagarmantha" edo "Chomolungura" izan behar zuenak, eta harrigarria bazaigu ere, Sir Georges Everest jaunaren izenaz ezagutua da. Georges Everest hau ez zen mendizalea edo ikertzailea, matematikoa baizik". Liburuaren amaieran, hiztegi teknikoa ikus daiteke.

Liburu hau biziki gomendatzen dugu batez ere ikastoletako liburutegietarako.

CASTILLAO (idazle)

IZAGIRRE, Kolde (itzultzaile).

"Kristalezko begia. Eskeleto baten oroimenak"

KRISELU, Donostia, 1976.

Euskara batuan, 64 horrialde. Castelao dugu, idazle galegoren artean ospetsuenetakoa. Liburu honetan azaltzen digu kristalezko begi bat zuen eskeleto baten pasadizuak, bai kanposantu barruan eskeleto lagunekin solasean ari dela, bai toki hartatik irten eta ikusten zituanak jasorik. Humoristena eta Banpiroarena dira, behar bada, interesgarrienak. Liburu ongi presentatua, eta Castelao beraren irudiz aberastua


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

EUSKADIKO IRAKAZKINTZA GAUZETAZ SAIAKERA

Documentos de trabajo del Partido Comunista de Euskadi

Euskadiko Alderdi Komunista

***

 Partido Comunista de Euskadi-koek Dossier sobre cuestiones de enseñanza en Euskadi izeneko bat argitaratu berri dute, dauzkan irudiak —guk dakigularik horretarako baimenik inori eskatu gabe, baina tira, komunistak badira...— Anaitasuna-tik harturik.

Dossier horren tituluaren euskal itzulpena —euskaraz datorren gauza bakarra berau— oker nabariz azaltzen da. Ez dakigu irakazkintza hori ikatza egitearekin zer ikusirik duen ala ez, ez eta ezike-delakoa zer arraio datekeen. Carrillo burkideak Goiz Argi-ri erantzun ez badio, noski, euskara ez dakielako besterik ez da, eta jakina, ez dadienik nekez irakats diezaieke bere jarraitzaileei.


Gurutzegrama