ANAITASUNA

1976.EKO IRAILEKOA

323-4. ZENBAKIA

35 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

EUSKAL EZKER BAT

K.A.S.

hondarribia odoletan

USTARITZ 1976 UEU


AURKIBIDEA

3: Editoriala

4: Tantaka

5-11: Uztaritz 1976

12-13: K.A.S., manifestua eta agiria

18: Terrorismoa eta ONU

19: Poliziaz. Emakumeen burrukak

20: Arriskua

21: A. Garate gure prensan

22-23: Festa, Borroka eta lasterrak Baztanen

24-25: Euskal prentsa euskaraz

26-27: Elkar-ikuska: Arich Xoval

28-29: Donostiako elkarteen goraberak

30: Fluorosis Mungian

32-33: Munduan barrena

34-36: Zentral nuklearrik ez!

38-39: «Garaia»ren geroko «geroaren» erredentismoa

41-43: Elkar-ikuska: Andoni Elizondo

44: Erlijioa

45: M. C.ren konferentzia

46: «Landeya»

47: Liburuak

48-49: Postaz etorriak

50: Kaleko eta irakurleontzat ohar bat

Maketapena: E. Zumalabe

Marrazkiak: A. Olariaga

Argazkiak: «Arkoila» eta X.A.

Moldizteguia:

Elexpuru Hnos.

 San Martín, 153

 ZAMUDIO

 D. L. BI 1753-67


Editoriala

Herriaren oihua

Demokrazia hitza entzuten da edonon. Herriak behar duela izan herriaren nagusi.

Euskal Herriak badu hitz eginik azken urte hauetan entzun nahi izan duenarentzat. Entzungogor asko dabilke entzun ez bada.

Euskal jendeak "BATASUNA" oihukatu du zenbait kale eta plazatan. Batasun pundu batzu eskatzen zizkien politikoei euskal ezkerrak, berrogei urtetako "despolitizapen"aren hutsunea betetzeko. Batasun oinharri baten gose-egarri zen euskal ezkerra. Euskal ezkerrak badu bere batasuna.

Herriarentzat edozein memento edo une ona da bere ahotsa entzun erazteko. Eta politika herriarena denez, azken bolada honetan herri festak herri espresiobide bihurtu ditu herri politikoak. Baina ez denen gogoko herri ahots hau. Euskal Herri osoko herri festen zapalketa lekuko. Jesus Maria Zabala erhana eta zenbait zauritu, "amnistia" eta "Pertur askatu" oihuztatzen zutela.

Ondorengo herri erantzuna ez da itxaron: herriak hitz egin nahi du, bere hitza inork ere kontrolatu gabe, eta entzuna izan dadila.

Herriaren ahotsari jaramonik egiteke bizi izan den zenbait alkatek, herriaren zapalketa berton ikusiz, eta aginten eza forogatuz, dimisioa aurkeztu du, protesta gisa.

Herriak euskal kultura nahi du, euskal Unibertsitatea nahi du, euskara maila horretara irixten denez gero. Besterik ezean, hor dago Uztaritzen bildu diren 500 ikasle eta irakasle, euskararen balio eza defendatzen dutenen arrazoi falta forogatuz.


Tantaka

Pasargada laureledun aldizkaria

Lisboako hiritik dator oraingoan berria. Manuel de Seabra portugaldar idazlearen zuzendaritzapean, Pasargada izeneko literatur aldizkari bat agertzen hasi da Portugalen. Aldizkari hau, urtean laur aldiz agertuko da, eta galaiko-portugesez, gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz idatzia izanen da. Lehenbiziko alean, euskaraz, Arestiri egindako omenaldi bat dator, euskaldunek moldatua.

Renotik ingelesez

Ameriketako Estatu Batuetatik, Newsletter aldizkariaren 14. zenbakia heldu zaigu, Nevadako Unibertsitateko agerkaria berau. Ingelesezko berripaper hau, Willian A. Douglass-en ardurapean azaltzen da, Jon Bilbaoren lankidetza baliosaz, eta euskal estudioez aritzen da beti. Ale honetan ondoko artikuluok aurki daitezke: From the editor; Is there some basque in your english?; Consul of the U.S. for the port of Bilbao. Eskatzeko: Basque Studies Program, University of Nevada Library, Reno, Nevada 89507 (USA).

ANAITASUNAko komiki berria

Caja Laboralaren babespean, laster komiki berri bat azalduko da euskaraz ANAITASUNAn. Pertsonaiak Airko (Antton Olariagaren irudietan), Sider 2000 (Erramon Zumalaberen marrazkiez) eta Krisket eta Popolo (J.K. Egillorrenak) izanen dira, erromatarren garaiko, oraingo eta geroko euskaldunen bizimoduak agertuz. Gidoiak X. Kintana eta B. Barandiaranen ardurapean eginak.

I. Berriatua eta X. Kintana Israelera

Jakin dugunez, Imanol Berriatuak eta Xabier Kintanak Irailaren erdialdean Israelera joatea pentsatua dute. Bidaia honen helburua, israeldarrek beren hizkuntza irakasteko darabiltzaten sistima aurreratuak in situ aztertzea izanen da, bai eta literatur eta kazetal mailako estudio batzu egitea ere.

Cervinon bere azken ikurrina

Beste bost mendizale hil zaizkigu euskaldunoi. Oraingoan Cervino mendi eder baina ikaragarrian izan da. Mendi gailurrera heldu ondoren, behera bidean elur ekaitz izugarri batek suntsitu zituen mendizaleak. Hauetariko batek, Ciudad Realeko herri batetan jaiotako Celestino Valverdek, Cervinora ikurrin bat eraman zuen gailurrean ipintzeko asmoz. Bizitzari bere azken agurra izan zen gure ikurrina jartze hori. Lerro hauetatik bost euskal mendizale hauen familiei gure dolumina.

Elebitasun pitxia

Ipar Euskal Herriko batzuk, Euskal Departamentu baten beharra ikusirik, honen alde dihardute aspaldion. Oportunistak, ordea, ez dira hemen ere falta. Euskal Departamentu horretan elebitasuna ezartzeko komenientzia aipatu zuen norbaitek. Oso ederki, jaun horrek nahi zuen elebitasuna frantses-espainolarena ez balitz!!!

ETAk ESBkoez dioena

Agorrilaren 21ean, U.E.U.era ETA militarreko zenbait kide azaldu ziren, bertan, ikasleen artean, paper batzu, ESB taldeari buruzko argitasunak emanez, banatuz. Haietan esaten zenez, ETAk ez du deus ikustekorik ESB taldearekin, eta beronek KASen parte hartu nahi ez duela eta, beronen jokabidea gaitzesten. Dirudienez, ESBkoek zenbait toki publikotan "beraien atzean ETA dagoela" aldarrikatu dute, antza denez ETA gure Herriaren sektore batzutan daukan prestigioaz baliatzeko asmoz. Horregatik, ETAk gauzak argi utzi nahi ukan ditu.

Euskal irakastaldiak Georgian

Tbilisiko Unibertsitateak prezeski deiturik, Jan Braun poloniar irakasleak uda honetan astebeteko ikastaro bat azaldu du Georgian. Dakikegunez, aurten hasiko dira, modu ofizial eta iraunkor batez, euskarazko eskolak ematen Sovietar Batasuneko Errepublika horretako Unibertsitatean.

Galegoak aitzindari

Euskaldunok lo edo ibiltzen garela ematen du. Katalan alkateek kanpaina gogor bat daramate aspaldidanik Kataluniako herrien izen jatorrak ofizialki katalanezko forma eta idazkeraz ezartzeko. Orain, gainera, galegoak ere burubelarri sartu direla dirudi. Lugoko sei munizipiok, Diputazioan beren izenak aldatu eta galegoz jatorki ezartzeko eskabidea egin dute ofizialki. Horrela, Piedrafita del Cebrero, Pedrafita do Cebreiro, Corco, o Corgo, Otero del Rey, Outeiro de Rei, Vicedo, o Vicedo, Jove, Xove eta Germade, Xermade izanen lirateke. Ba dugu non ikas.


Euskal Herrian. UEU Uztaritz 1976

UEU. Ba dugu Euskal Unibertsitatea!

...Baina euskaldun askok ez du horren berririk, Euskal Herriko erdal Unibertsitatearen haizeak eta hotsak bakarrik datozkiolako.

Ausardi eta kemen handiz Udako Euskal Unibertsitatea izenez orain dela lau urte bataiatu zenak laugarren urtea bete du aurten, eta mutilkoskortua dago.

Asmo handi eta esperantza sakon baten baieztapena da Udako Euskal Unibertsitatea. Berriro ere, eta inoiz baino indartsuago aurten, ez dugun, nahi dugun eta behar dugun benetako eta urte osoko euskal Unibertsitate demokratiko eta herritar baten oinharria eta sustraia izan nahi duela adierazi da.

Horretara iritsi nahi duela eta ahal dela egitez aitortu eta baieztatu da: Eta egitez aitortzen eta baieztatzen duenak badu EUSKAL UNIBERTSITATEA.

Ez da zoro batzuren amets edo ameskeria ustela: bostehundik gora unibertsitari gazte, heldu eta adinekoak ez daukate ameskeriatan usteltzeko gogorik. Horrexegatik ere ordua da, lau urteotan bazterretik ibili den "errealitate" honi alderdi guztietatik bide zabalagoak eta tinkoagoak irekitzeko, ezarri zaigun erdal Unibertsitate burokrata eta burjesaren kontrako aukera benetakoa izan dezan Euskal Herriak.

UEU-k ez du Madrileko Ministergoaren ofizialtasunik; baina bai Euskal Herriarenik: Euskaltzaindiaren babes morala, Landagoien izeneko unibertsital etxea gogo onez eta dohan utzi duten Laburdiko Herrien babesgunea, Bordeleko Unibertsitarien lege babesa eta aurten batez ere Euskal Herriko talde eta alderdi politiko herritarrek eman nahi izan dioten herri babesa: hauek guztiok ematen diote UEU-ri ofizialtasuna.

Euskal Unibertsitatearen eginkizuna ez da euskararen bide berriak urratzea bakarrik —euskara batuak zientzi maila irabazi behar duela onhartua dago—. Gaurko Euskal Herriaren dinamika gizartezko, politiko, kulturazko eta ekonomiazkoen azterketa zientziazkoak egitea eta argibide seguruak bilatzea du bere eginkizuna.

Ihazko UEU-k agiri bat eman zuen: Euskal Unibertsitate nazional, herritar eta euskaldun baten alde. ANAITASUNAK bere egin zuen, osorik argitaratuz. Aurten beste agiri bat eman du, ihazkoaren gogoak aurtengo asmo eta egitamu bihurtu nahian. ANAITASUNAk berea egiten du, eta gogoz argitaratzen.


Euskal Herrian. UEU Uztaritz 1976

Uztaritz 1976

Uztaritzen, 1976.eko Agorrila. Goi aldeko landa batetan dagoen Landagoien etxea, Euskal Herriarentzako bilgunea bihurtu da. Toki zoragarria eta lanera bultzatzen dutenetarikoa, nahiz eta aurten ttiki geratu den. Seinale ona, halafede! Hilaren hamaseigarren egunaren goizean, jadanik eurrez etorria zen jendea; bildua zen, batasun lanean batzeko. Bi aste besterik ez dira izan; gure nortasunaren finkatzean eta aitzinatzean, ordea, garrantzi handitakoak. Denetara 332 pertsona matrikulatu dira; eta matrikulatu gabe egon direnak kontatuz, bostehun seiehun bat partaide ukan ditu IV. Udako Euskal Unibertsitate honek.

Sarrerako hitzaldia

Hilaren 16an, hamaikak aldera eman zitzaion hasera Unibertsitateari. Saio hau Haritxelhar jaunaren esku geratu zen, Euskaltzaindiko buruordea eta Landagoien etxeko buru den aldetik. Udako Euskal Unibertsitatearen azalpena egin zuen, dituen ofizialtasun moeta desberdinak —Euskaltzaindiarena, Bordeleko Unibertsitatearena, Lapurdi Herriarena (Landagoien Lapurdiko Udalena baita)— azalduz eta azpimarkatuz.

Goizetako ikastaldiak

Interesgarri eta jakingarri delakoan, jadanik historia den IV. U.E.U. honen antolamendu akademikoa adieraziko dugu. Goizero, gosaldu ondoren, Uztaritzeko herrigunean dagoen Bilgune izeneko etxera jaisten ginen. Horren arrazoia oso sinplea zen: Landagoienen, guztiok biltzeko moduko gelarik ez zegoela. Nork pentsa zezakeen horrelakorik, duela hiru urte Donibane Lohitzunen lau katu biltzen ginelarik!

Bilgunen hiru ikastaldi ematen ziren goizero. Ikastaldiok jende guztiari zuzenduak egon dira, hots, dibulgazio modura antolatuak izan dira, modu honetan, jendeak erdaraz bereganaturiko kultura orokorra, euskaraz birberegana ahal zezan asmoz. Hori dela eta, hiru sail berezitan banatu ziren ikastaldiok: Zientzi Saila, Gizarte Saila eta Hizkuntza-Arte Saila. Bide honi jarraikiz, egunero hiru hitzaldi egiten ziren, jende gehienaren parte hartzearekin, eta berrehun pertsonaz gora bilduz.

Goizetako ikastaldi hauen alde positiboenetariko bat, berorietan parte hartu duten irakasleen kopurua dateke: orotara, hogei ta hamar irakasle desberdin. Praktika honekin, hauk guztiok euskal irakaskuntzan trebatzen ari dira, noski, eta orain arte unibertsitatean ageri den euskal irakasleen hutsunea betetzera etor daitezkeenik, ezin uka. Izan ere, zer izanen ote litzateke etorkizunerako aldarrikatzen dugun Euskal Unibertsitatea, euskal irakaslerik ez balego?

Arratsaldeetako mintegiak

Hamabi t'erdiak aldean, berriro ere Landagoienera joaten ginen, bertan bazkaltzeko. Honela nolabaiteko indarra hartu ondoren, arratsaldeko mintegiak zetozen. Mintegiok ikastaldiez beste era batetara moldaturik zeuden: Oraingo hauetan.jendea hainbat sailetan banaturik aurkitzen zen, zein bere gustukoen zen sailean halegia. Nolabait esatearren, espezialisten lana betetzen zen mintegietan.

Egin diren mintegiak, hauxek dira: Hizkuntzalaritza, Zientzia, Pedagogia, Medikuntza, Filosofia, Ekonomia, Literatura, Unibertsitatea. Horietaz gain, itzultzaileak prestatzeko ikastaro bat ere egin da. Dena dela, mintegien eremuan hutsune nabariak ere izan dira, hala nola Historia, Natur Zientziak, Psikologia, Arte eta beste arlo batzutan ageri izan direnak. Pertsona batzu horietaz galdezka aritu izan dira, eta, zoritxarrez, ezin bete ahal ukan dute beren guraria. Datorren urtean aseko ahal dira!


Euskal Herrian. UEU Uztaritz 1976

UEUko ekitaldi bereziez

Euskal Herriak egun bizi duen giro politikoa ezagutuz gero, ezinbestekoa zen era batetara zein bestetara euskal politikaren azterketa gogoa Udako Euskal Unibertsitatearen barnean harrotzea. Giro honetan hezurmamitu ziren, ikaslegoak proposaturik Idazkaritzak onhartu zituen zenbait ekitaldi politiko.

Unibertsitateak herriaren bilakaera politikoari eman behar dion erantzuna ukaezina da. Hala eta guztiz ere, aitortu behar da, batzuren eritziz U.E.U.ak programaturiko kultur ekitaldiak serioski jorratzea, erantzun politiko jator bilakatzen dela; beste batzuren ustez, aldiz, Politikari zuzenean atxikitako zenbait gai eta ekitaldi bazterrezinekoak ziren. Dena den, Idazkaritzak eta Ikaslegoak soluziobide bat asmatu zuten ekitaldi politiko batzu antolatzeko, kultur saioen denborari eta seriotasunari ezer kendu gabe.

Bi partetan partituak eta bereziak

Bi partetan bana genitzake aipatu ekitaldiok: hitzaldiak alde batetik eta zenbait talde politikoren ideologia eta programaren agerpena bestetik.

Jokin Apalategi eta Beltza azaldu ziren hizlari. Jokinek, berean, Nazionalismoaren ikuspegi teorikoak aztertu zituen. Hitzaldiaren xede nagusia hauxe izan zen: Nazionalismoa ez da gauza fijo bat; ba ditu elementu fijo eta aldakorrak. Ikusmira honetatik analizatu zuen hiru garaitako nazionalismoa: Karlistadetako, Sabindarra eta gerra ondorengoa, halegia.

Beltzak, aldiz, euskal langileriak burjeseriaren aurrez aurre epe labur batetara eraman beharko duen burruka latza aztertu zuen. Langile mugimendu estatalisterekiko harremanak azpimarkatzean, puntu bat baino gehiago ilun gelditu ziren gure irudiko.

Estudianteen boza

Talde politikoen ihardunaldiei gagozkiolarik, I.A.M.ek eman zien hasiera. Euskal ikasleen arteko batasunaren erakunde politiko bilakatu nahiz ari dira. Abertzale eta sozialista direla aitortu ondoren, I.A.M.en barnegiturak eratzeke daudela azaldu zuten eta ikasle guztien artean, demokratikoki, zenbait puntu taktiko finkatzearen premia.

M.C.E.koek nazional arazoari buruz beren alternatiba plazaratu ahal izatea eskatu zuten. ez Aldez aurretik argitu nahi genuke, beraien agerpena eman aurretik, zehaztasun eta baldintza batzu finkatzea eskatu zitzaizkiela. Programa taktikora mugatu ziren gehien bat eta, ondoren zabaldu zen debatean, kontraesan franko nabarmendu ziren. Amaitzeko, beste hau ere esan behar dugu. Hitzaldi honetan norbaitek hartu zuen jokaera desegileari ez zitzaion Ikaslegoa jarraitu, aspalditik politikagintzan ari denarena baino heldutasun gehiago frogatuz.

Koordinatzaile Abertzale Sozialista mintzo

K.A.S.en aurrepresentapen labur bat izan zen ekitaldi hauen arauera azken eman zena.

Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, presentatu ziren talde bakarrak E.H.A.S. eta L.A.I.A. izan ziren.

Beltza aukeratu zuten K.A.S.ekoek moderatzaile bezala. Honek hasiera eman zion ekitaldiari K.A.S. batasunaren historia laburra eginez eta beraren puntu estrategiko nagusiak aipatuz.

Ondoren, E.H.A.S.eko militanteei utzi zien txanda eta berauek beren estrategia orokorra eta Ipar eta Hego Euskal Herrirako taktikak azaldu zituzten.

Hauek bukatzean L.A.I.A.ren ordezkaria mintzatu zen bere alderdiaren zenbait puntu azalduz. Ere berean, Beltzak K.A.S. taldea osotzen duten beste taldeei buruzko ohar batzu egin zituen.

Ondorioak

Konklusio gisa honako hauk azpimarkatu nahi genituzke:

- Ekitaldi hauk programatzean eta ematean euskara erabili zela soilki. Gaur egun, onhartu eta inork eztabaidatzen ez duen puntu bat da, Euskal Unibertsitatean euskara, eta ez beste, komunikabide bezala erabiltzea. Euskal politikaren zenbait buruzagik eta talde politikok urtean zehar eraman behar luketen jokabidearen aurrean, ikasbide esanguratsua iruditzen zaigu.

- Abertzale indarren koordinatze eta elkartzea aspaldi sentitutako goseegarria zela nabaritu zen. Hau honela, Ustaritzen azaldu zen ezker abertzalearen Koordinatzailea, zoriondu besterik ez genezake egin.

- Azkenez, ekitaldi guztiok giro anaikor eta demokratiko batetan iraun zutela esan behar. Denbora argitsuagoen egunsenti izango ote? Hala espero dugu.

Martin Orbe


Euskal Herrian. UEU Uztaritz 1976

Unibertsitateko jaialdiaz

Udako Euskal Unibertsitatean jaialdi bat eratu zen Agorrilaren 21eko gauean. Hara, gure Herriko kantari, txistulari eta dantzari guztiak deituak ziren. Horren kariaz gazte multzo ederra bildu zen egun horretan Landagoienera. Zoritxarrez, deituak izan ziren gehientsuak ez ziren etorri. Dirudienez, Agorrileko larunbatak ez dirateke horretarako egunik aproposenak.

Dena den, Alfontso Irigoyenek, presentatzaileak, 6 ordutan zehar bere ahaleginak egin zituen jaialdiari giro eta su pixka bat ematen, kantu, bertso eta irrintzien bidez. Pixkanaka, beren baitarik, zenbait gazte hurbildu zitzaizkion, Uztaritzeko txistulariak, Oskarbiko neska bat..., eta denetarik txalo gehien jaso zituena: Telesforo Monzon betigaztea, Txikiaren omenez kanta eder eta sentitu bat kantatu ziguna.

Denbora aurrera zihoan. Gau hotza. Beronen kontra, zorionean, ba zegoen jaialdian mamagoxoa non eros. Zenbait lagunek, beharbada, gehiegitxo edan zuten.

Geroago Manex Pagola azaldu zen, eta guztiek kantatu zuten harekin. Goizeko laurak aldean, Nafarroako kantaldi batetik etorrita, Oskorri taldeko batzu —guztiek muga pasatzerik ez zuten eta— agertu ziren Uztaritzen. Talde hau zela eta, jendearen eritziak banatu egin ziren, eta batzuk ziztuka hartzen zituzten artean, beste batzuk kantatzen entzun nahi zituztela zioten. Giroa laster garraztu zen, batez ere, estatal ideologia ezagun baten kontrako oihuak hasi zirenean.

Natxok bere bigarren kantari hasiera ematen zionean, lagun bik mikrophonoa kendu eta bere saioa bertan bukatzeko esan zioten. Eztabaidak gertatu ziren, bai eta kolperen bat ere. Alfontso Irigoyen eta beste zenbait lagun bakea egiten saiatu ziren eta ordu erdi geroago edo, jendea barreiatzen hasi zen. Jaialdia horrela bukatzen zen, Euskal Herriaren egoeran logiko bezain tristagarria den moduan.

U.E.U.ko idazkaritzak, gertakari hori zela eta, ondoko informea atera zuen hurrengo egunean:

Udako IV -garren Euskal Unibertsitatea informea

Agorrilaren 21 ko gauerdiko jaialdian gertaturiko arazoaz den bezainbatean, U.E.U. ko idazkaritzak ondoko puntuok argitu behar ditu:

1. U.E.U. k Euskal Herriko kantari, txistulari, dantzari eta jaialdian parte hartu nahi zuten guztiak egun horretan Landagoienera kantatzera deitu zituen.

2. U.E.U. a ihazko agiria oinharritzat harturik, euskara mintzabide eta lantresna bezala darabilten euskaldun ikasle eta irakasle guztiei irekia izan da. Bidezkoa dirudi, beraz, kantariekin etab. jokabide zabal berbera erabiltzea.

3. Oskorri taldea, hortaz, beste edozein taldek bezala kantatzeko eskubidea zeukan. Eta kantatzera etorri zen.

4. U.E.U. ko idazkaritzak, ideologi arrazoi guztiez landa, ez du bere gain hartzen istilu horren erantzunkizuna, euskaldunon arteko oraingo bizikidetasun eta gizabidea demokrazian ulertzen dituelako.

76.8.23an

Idazkaritza


Euskal Herrian. UEU Uztaritz 1976

UEU

Arratsetako ekitaldiak

Mintegiez gain, afalosteetan zenbait ekitaldi berezi antolatu izan dira: zinema eta antzerki saioak, mahai inguruak, filminak, jaialdia, hitzaldiak eta abar; batzu, lasaigarri, beste batzu, alaigarri, beste batzu, pentsagarri... Kultur eta informazio egintza bezala muntatuak, edozein unibertsitate-lan betetzen duten hutsunea betetzera etorri dira.

Gauarekin loturarik edukitzeko, ez da faltatu, inprobisatuki "prestaturiko" parranda ederrik. Nekagarri izan arren —goizalderarte luzatzen baitira sarri—, balantzan jarririk ba dute, bihotza alaitzeko eta indartzeko zerbait berezirik; eta indargarri eta bultzagarri diren aldetik, betoz holako parrandak ugari!

Bazkalosteak eta politika

Bazkalosteetarako, atsedenaldia pentsaturik zuten antolatzaileek, 2-3 1/2 bitartean hain zuzen. Baina hainbeste euskaldun kezkatu toki berean biltzearekin, abagadune ezin hobea zegoen, bestela ezin egin daitezkeen lanak egiteko. Horrela, U.E.U.ren antolatzaileetatik kanpo, egintza politikoen prestapen eta agerpenerako saioak eratu dira, atsedenerako geneukan tartea baliatuz. Talde politiko batzuk beren aurkezpena egin dute, zenbait hitzaldi sakon egin da, eta abar. Ezin esan daiteke, beraz, denbora alferrik galdu denik. Horrelako lan egiterako nahiak eta praxiak urtean zehar irauten badu, espero izatekoa da, lanari esker gure egoera asko hobetuko dela. Ea bada!

Zenbait egintza berezi

Larunbatean gau osorako jaialdi bat antolatu zen. Ez dakigu zergatik —beharbada, deiak ongi zabaldu ez zirelako edo— baina oso kantari eta bertsolari guti etorri ziren, eta arte aldetik nahiko eskas geratu zela esan dezakegu. Edonola ere, ez gara horretaz gehiagorik luzatuko, Anaitasuna honetan bertan bestelako aipamen berezirik baitago.

Igandean Zuberoara txango bat antolatu zen, bide batez Euskaltzaindiak egiteko zuen batzarrean parte hartzeko asmoz.

Unibertsitateak iraun duen bitartean, Haurtzaindegi zerbitzua eratu izan da, gurasoekin batera etorri diren haurrez arduratzeko. Guztiz beharrezkoa zen zerbitzu hau, lehen aldiz eratua izan da aurten. Zorionak, beraz, aurrera eraman dutenei.

 Liburu eta diskoen erakusketa eta saltokia ere antolatua izan da, beste zenbait tokitan eros ezin daitezkeen liburuak erosteko probetxatua berau. Gehien saldu diren liburuak Ortzi-ren "Los vascos, Ayer, hoy y mañana" eta Gaurhutsen "Sobre nacionalismo revolucionario, socialismo abertzale y marxismo nacional vasco" izenekoak izan direla esatearekin, nahikoa esanik dagoela uste dut. Magnetofono kasetekin ere berdintsu gertatu da, "Ortziken" eta "Peio eta Pantxoa-2" izenekoak gehien saldu direlarik.

IV. Udako Euskal Unibertsitatea zifratan

Bukatzeko, eta datuak zehazkiro biltzea ezinezkoa gertatu den arren, batu ahal izan direnen aipamena egitea, guztiz interesgarri dateke.

Hasteko, alboko lau koadroetan matrikulatuen eta egintzen datuak agertuko ditugu. Denetara 332 pertsona matrikulatu dira.

Jatorria Zenbat

Araba 1

Bizkaia 116

Gipuzkoa 163

Iparraldea 28

Nafarroa Garaia 24

Orotara 332

U.E.U.n matrikulatuak, jaioriko herrien arauera.

Adin tartea Zenbat

18 urtez behera 12

19-25 urte bitartean 176

26 urtez gora 129

Ez dute jartzen 15

Orotara 332

Adinaren arauerako klasifikapena.

Batezbesteko adina 25 urte.

Ogibidea Zenbat

 Irakasleak 119

 Ikasleak 110

 Langileak 22

 Ingeniariak 9

 Ekonomistak 6

 Administrariak 6

 Lizentziatuak (F eta L) 4

 Teknikariak 3

 Medikuak 3

 Partaideen artean gehien ageri diren ogibideak.

 Ekitaldiak Zenbat

 Antzerkia 1

 Filmeak 3

 Hitzaldiak 40

 Mintegiak 114

 Mahaia inguruak 2

 U.E.U.ko ekitaldiak zifratan.

 Ekitaldi horietan irakasle bezala parte hartu dutenak: 60.

 Ikasleen jatorria

 Hiritikoak: % 75

Baserritikoak: %25

 Sexu banaketa

 Gizonezkoak: % 54

Emakumezkoak: % 46

Ikusten denez, beraz, probintziaka harturik, Gipuzkoa eta Bizkaiaren nagusigoa ageri da, gauza normala berau. Adinez, gazteria da nagusi; zer esanik ez, hori oso gauza interesgarri eta garrantzizkoa da etorkizunari begira. Ogibideak era guztietakoak dira; ikastolatako maisuak eta unibertsital ikasleak nagusi direlarik. Ekitaldien koadroa ikusirik, zerbait baino gehitxoago egin dela esan dezakegu, eta prestatuz doan irakasleen kopurua geroago eta handiagoa dela ere bai. Aipagarria da, hala ere, ikasleen artean, % 20 euskara nagusitan ikasitakoak zirela.

Dena den, ohar bat egin behar da, ageri diren datuei buruz. Matrikulatu horik, U.E.U.n nolabaiteko iraupenez parte hartu dutenak dira. Horietaz gain, jende asko etorri izan da egun bat edo beste pasatzera, giroa ikustera, hitzaldi berezi batzu entzutera eta abarretara. Gauzak horrela, zenbat lagun etorri ote da? Bostehun edo seiehun bat beharbada. Baina zehazki ez dakigu.

Bisitatzera etorri direnen artean, Informabideetako batzu daude. Landagoienen izan dira Anaitasuna eta Zeruko Argia, Donostia, Loiola eta Bilboko Herri Irratiak, Radio Montecarlo, Frantziako telebista (TF-3 katea), Berriak aldizkarikoak, eta beste.

Hitzatze gisa

Agiriko Unibertsitatea bukatu da. Urtean zeharko Unibertsitateak iraungo ote? Batzuk zerbait gehiago lortu nahi zuketen. Uztaritzen, eta horregatik desilusionaturik joan dirateke; beste batzu, ordea, ni barruan nagoelarik, optimista sentitzen gara, hainbeste jende lanean ikustean batez ere. Ba dakigu, antolakunde aldetik problemak egon direla, baina beren posibilitateen mugen barneko eremuan, antolatzaileek nahiko ongi lan egin dutela esanen nuke.

Hurrengoan gehiago eta hobeto!

J. R. Etxebarria


Euskal Herrian. UEU Uztaritz 1976

Udako IV Euskal Unibertsitatearen manifestua

Aurten, Udako Euskal Unibertsitatea egiteko, euskal ikasle eta irakasleak laugarrenez bildu gara Uztaritzen. Oraingo Euskal Herriaren egoeraz kezkaturik, euskal unibertsitatearen eta euskal hezkuntzaren beharra argiro ikusi dugu. Hori dela eta, Uztaritzeko ihazko ageriaren bidetik, ondo erabakiok hartu ditugu:

1.- Euskal Unibertsitate honek erakuntza sendo bat eduki behar du. Horregatik, uste dugu IDAZKARITZA IRAUNKOR BAT osatu behar dela, gutienez pertsona batek zuzendua, horrela, eta urte osoan zehar, unibertsitate arazoen ardura eraman ahal izateko. Halaber, uste dugu, unibertsitate hau osatzen duten sailek eta gero sor litezkeenek elkarren arteko komunztadura bat behar dutela, eta, jakina, horretarako, Uztaritzen egiten dena urte osoan zehar eten ez dadin, ezinbestekoa da sailburu erdiliberatu batzu izendatzea.

2.- Gaur egun euskal kulturgintzan ari diren guztien lanak bateratzeko, eta gure premietarako plangintza orokor bat moldatzeko, oso komenigarria litzateke Euskal Kultur erakunde orokor eta koordinatzaile bat lehenbailehen sortzea. Hortaz, U.E.U. horretan parte hartzeko prest dago, erakunde hori herri eta demokrazi oinharrietan antolatua izatekotan, eta ez bestela.

3.- Esan dugunagatik, euskal politik, erlijio eta kultur erakunde guztiei hauxe eskatzen diegu: Uztaritzeko ihazko eta aurtengo manifestuak ofizialki onhartzea, eta berauen arauera euskalduntze benetako bat, maila guztietan, sorterazi eta indartzea; esaterako, herri guztiei beren euskal izen jatorra ezartzea, kaleen izenak euskaratzea, denda, saltoki, entrepresa eta erakundeen izen eta idazki guztiak euskaraz agertzea, bai eta estatar, erlijio eta pribat dokumentu guztiak euskaraz ematea, guztiotan Euskaltzaindiaren arauak onharturik. Ozenki salatzeko kontua da, bestetik, gure Herriak frantses eta gaztelau kulturen azpian pairatzen duen diglosi egoera larria. Hori dela, eta egoera aipatua gainditzeko, maila guztietan euskara ofizialki eta lehenbailehen ezartzea eskatzen dugu. Berau, bereziki, beren teori oinharrietan Herri bakoitzak bere hizkuntzan hezia izateko eskubidea onhartzen dutenei zuzentzen diegu.

4.- Euskal Herriaren egungo sozial egoeran lotsagarriak dira gure herri kulturak dituen eragozpenak, ekonomi arloan batik bat. Beraz, Euskal Unibertsitateari eta Euskal Kulturaren aldeko erakunde guztiei ahalik eta laguntzarik zabalena ematea eskatzen dugu.

5.- Oraintsu emandako indultuari buruz, beronen urritasuna salatu eta deitoratu behar dugu euskaldunok. Hau dela eta, Euskal Herriaren eta Espainol Estatupeko beste herrien askatasunen alde burrukatu duten preso guztientzat, egiazko amnistia orokor bat, inolako mugarik gabe, exigitzen dugu.

6.- Udako Euskal Unibertsitateak Euskaltzaindiaren bidetik joan nahi du; nortaz, Unibertsitate honetan egiten diren lan guztiak euskaraz egiten direnez gero eta zenbait euskaltzainek berton parte hartzen dutelarik, Euskaltzaindiak Unibertsitate honetan lankide gertuak aurkituko ditu beti.

Horregatik, Euskaltzaindiari hauxe eskatu nahi diogu: gure Unibertsitate hau Euskal Unibertsitatetzat aitor dezala.

7.- Oligarkia dominatzaileak ezarritako nazional zapalkuntzaren kontra, gure Herriak, hezkuntzaren lehen mailan, ikastolak sortu ditu. Euskal irakaskuntzaren zutabe trinko diren aldetik, U.E.U. ikastolen alde agertzen da.

Bestalde eskola profesionalak daude, sistema kapitalistak eskulana eta buru lana bereizteko darabilen irakaskuntz moldea. 1975.eko agirian esaten zenez, geure unibertsitateaz guk berezkuntza hau gainditzeko asmotan dihardugu. Alde honetatik, premiazko iruditzen zaigu, orain arteko bereizkeriak baztertuz, eskola profesionalen Planteiamendua errotik aldatzea.

Guzti honegatik, hau da, irakaskuntz molde bi hauen fruitu gisa, Euskal Herria ekintza honi jarraiki eta, gaur egun, unibertsitate paralelo bat sortzera behartu izan da. Honela ulertu behar dugu, hain zuzen, Udako Euskal Unibertsitatea, halegia, urte osorako sortuko dugun herri unibertsitatearen hasera gisa; Euskal langileria eta Herri osoaren egitekoa berau.

Uztaritzen, 1976. eko Agorrilak 28 an.


Euskal Herrian. K.A.S.

Euskal langile klaseari eta Euskadiri zuzenduriko agiria

EUSKAL HERRIKO ALDERDI SOZIALISTA (E.H.A.S.), EUSKADI TA ASKATASUNA (Politiko-Militarra) (E.T.A. P-M), LANGILE ABERTZALE IRAULTZAILEEN ALDERDIA (L.A.I.A.) erakunde politikoek, eta LANGILE ABERTZALEEN BATZORDEA, (L.A.B.) eta LANGILE ABERTZALE KOMITEAK (L.A.K.) langile erakundeek, 1976.eko Agorrilaren 18an K.A.S.eko (Koordinadora Abertzale Sozialista) batzarre extraordinarioan bildurik, beren esfortzuen bateratzearen komenientziaz eta premiaz konturaturik, ondoko erabakiok hartu dituzte:

1.- E.H.A.S., E.T.A. (P-M) eta L.A.I.A. erakundeez osoturiko K.A.S. antolakundea formaltzea, indar abertzale eta sozialista guztientzako politika bateratu baten lortzeko.

Antolakunde hau modu honetara eratzen da:

2.- Osatzen duten erakundeentzako eztabaida-mahai nahitaezkoa izanen da. Bertako erakunde guztiek K.A.S. barruan aurkeztu behar dituzte beren alternatiba eta egintza politikoetarako autonomia eta askatasun organizatibo eta politikoa errespetatuz, K.A.S. barnean ahobatezko erabakia hartzea ezina denean baizik ez dute autonomia hori erabiliko.

Eztabaida hauen helburua hauxe izanen da:

2.1.- Historik kojuntura bakoitzerako, Euskal Langileriaren nahiei erantzunen dien alternatiba politiko bateratuak formulatzeko posibletasuna.

2.2.- Batasuna potentziatzeko hitzarmena, eta bere kasuan, masa erakundeen sorpena —langile eta herritar erakundeak prezeski—, berorien bidez euskal langile klasea eta herritar klaseak adierazten eta onhartzen direlarik.

Eztabaida hauetarako, esanikako masa erakunde horien etengabeko presentziaren premia du, K.A.S.ek, euskal iraultza sozialista finkatzen deneko oinharri soziala, erakunde horiek osotzen baitute.

3.- K.A.S.eko partaideak, antolakunde honen barnean daudelarik, konpromezua hartzen dute, berek apuiatzen dituzten masa erakundeen arteko lankidetza eta koordinaketa —ahalik eta hertsiena— desiratu baten puntuak eztabaidatzeko.

Aurreko atalean adierazi den bezala, funtzio hori betetzeko, K.A.S. barruan, erakunde horien etengabeko presentzia guztiz beharrezkoa da, lankidetza eta koordinaketa hori egokiro instrumentaldu ahal izateko.

4.- K.A.S. erakundea irekirik dago, hemen bertan azaldu diren arauak eta, modu berean, agiri honen hurrengo lerroetan adierazten diren helburu eta hastapenak OSOKI ONHAR DITZATEN indar antolatu guztiei, jadanik sortuak edo sortzeko direnei:

E.H.A.S, E.T.A. (P-M), L.A.I.A., L.A.B., L.A.K.

L.A.B. eta L.A.K. langile erakundeek Agiri honetan formaltzen den K.A.S. erakundearen bileretarako bere presentzia prometatzen dute. K.A.S.aren bidez instrumentaltzen den aliantza estrategikoaren izateko arrazoia osatzen duten E.H.A.S., E.T.A. (P-M) eta L.A.I.A. erakundeen hastapen eta helburu estrategiko komunen edukia ezagutzera emateko asmoz, ondoko manifestua argitaratzen dugu:

Manifestua

Euskadi, nazio bezala moldatzen duten ezaugarri bereziak dituen gizarte historikoa berau, espainol eta frantses Estatu inperialisten domeinu pean zabaldu eta azpiraturik aurkitzen da gaur egun. K.A.S. antolakundea osatzen duten indarren nahia da, euskal jendearen aspirazioak eta bere askatasun nazionalaren alde eramaten ari den burruka, osorik onhartzea eta bereganatzea.

Euskadi, bizigune nazional berezia, beren interes antagonikoengatik elkarren kontra ari diren klasetan zatiturik aurkitzen da, kapitalist sistemen pean dauden gizarte guztiak bezala. Klase horien artean, eta euskal herritar klaseen barruan, langile klasea dugu, zeina, gizarteko kontradikzioak gradurik gorenean jasaten dituelarik, eta beraren barne kohesioagatik, herritar klaseen multzoaren klase zuzendaria izateko bidetan somatzen baita. K.A.S.a osotzen duten indarren nahia, euskal herritar klaseen interesen defentsa asumitzea da, eta, era berean, interes horien lortzeko, langile klasearen zuzendaritz papera onhartzea eta potentziatzea.

Euskal Errealitatearen alde biak, nazionala eta soziala, —azken batez, eta era desberdinetan, klase burruka ber baten dinamikaren agerpenak ezin banan daitezke inola ere, ez eta partzialki konpondu ere, bietariko edozein bestearen menpean jarriz. Honela, bada, K.A.S.a osatzen dutenen nahia, euskal errealitatearen burrukaren bi arlo hauetan batera eta koordenatuki aurreratzea da, Euskadin antolakuntz eta estrategi askatasuna mantenduz.

Baiezturiko nahi horrek, euskal eta klase gabeko gizarte baten sorpena posibilitatuko duten helburu estrategiko —epe luzetarako helburuak— batzuren eskabidean hartzen du forma.

Hauxek dira helburuok:

Euskadirentzako erabateko askatasun politikoa, hots, euskal populuak bere etorkizunari buruz erabakitzeko gaitasun osoa, beronek Euskal Estatu askatu eta birbatu baten lorpena adierazten duelarik.

Iraultza sozialistaren lorpena, beronek, langileriaren buruzagitzaz osaturiko Euskal Estatu hori, Herri-Errepublika Sozialista eta Demokratiko baten ezarpena adierazten duelarik, eta bertako formula konstituzionalek, euskal gizartearen gestio osoan populuaren parte hartze oso eta zuzena garantizatuko dutelarik.

Maila guztietan, euskal nazional eta herritar kulturaren berreraikuntza eta aintzinamendua, eta hori euskal langileriaren produktu eta adierazpen bezala ulertuz; eta prezeskiago esanez, euskalduntzea eta euskararen erabiltzearen normaltze osoa, gaur eguneko egoera trilinguetik hasiz.

Modu berean, Euskadirentzako betirako askatasuna, espainol eta frantses Estatuetako, eta Europa eta mundo osoko beste Herri guztientzako askatasunarekin loturik doalako kontzientzia dugu, eta internazional solidaritatean inolako domeinurik gabe finkaturiko harremanen mantenamenduari lotua ere ba.

Aurrean aipatu helburu horik, gure herria zurrupatzen eta zapaltzen dute kapitalist eta inperialist egituren deuseztatzearekin baino ezin lor daitezke. K.A.S. antolakundeak, beraz, espainol eta frantses kapitalismo inperialistaren aurkako burrukan, estrategia hori onhartzen du.

E.H.A.S., E.T.A. (P-M), L.A.I.A.


Euskal Herrian. K.A.S.

Hego Euskadirako E.H.A.S., E.T.A. (P-M), L.A.B., eta L.A.K.en politik alternatiba

Gaur, Espainol Estatuan gobernamodu frankista zaharra burjes demokrazia baterantz lerratzen ari den une honetan, dudamudaz eta atzerapausoz beteriko prozesu hau Boteretik bidea bere helbururaino ailegatzeko interesik ez dutenek ezin geldiroago badaramate ere, EHAS, ETA (P-M), LAB eta LAK (?)eko indarrak Euskadi osoari Hego Euskadirako proposatzen dugun geure alternatibaren programa agertu nahi diogu. Gure iritziz, gutienezko askatasun demokratiko eta nazional hauekin osaturiko programa hau da, hain zuzen, egiazko demokrazi dynamika baterako oinharri bakarra. Programa honek, eta beronen inguruan egindako Erakunde Bateratuak, euskal herri-klaseei elkartzeko era eraginkor bat eskainiko dietelakoan gaude, horrela, Euskadin dagoen masa-burruka azkar eta erradikalizatuak dauzkan bideekin, oligarkia, orain batzurekin duen tolerantzi eta permisibilitate —eta beste batzurekiko darabilen errepresio— jarreratik jaistera behartuz. Alternativa programa hau ondoko puntuek osatua da:

1.- Askatasun demokratiko osoen ezartzea, inolako murrizterik gabe.

2.- Amnistia osoa: askatasuna preso politiko eta sindikal guztientzat, axilotu guztien herriratzea.

3.- Errepresio gorputz (BPS, PA, GC) eta jurisdikzio berezien deuseztatzea, bai eta gure Herriaren kontrako errepresioan kriminaletan nabarienik aritu direnei horren kontu eta erantzuna eskatzea ere.

4.- Herritar masen —eta bereziki langile klasearen— bizimodu eta lanbidean egoera hobetzeko neurriak hartzea. Beraien erakunde errepresentatzaileen bidez agerturiko sozial eta ekonomi eskabideak lehenbailehen betetzea.

5.- Euskadiren nazional soberania onhartzea, hau da, bere nazional etorkizuna erabakitzeko duen behar eta eskubidea onestea, Estatu propio bat eratzeko aukera barne delarik.

6.- Lehenbiziko unetik, Hego Euskadirako, behin behineko autonomi gobernu bat ezartzea. Estatutu hau dokumentu honek bultzatu nahi duen alternativa erakunde bateratuan moldatuko da eta gure Herriak proposa ditzakeen iniziatiba guztiak bilduko ditu. Errepublikar garaiko estatutuak ez ditugu ahantziak, baina gure ustez gaur eguneko Estatutu berriak Euskadiren oraingo egoerari eta ordutik hona nazional burrukan lorturiko aurrerapeneei egokitua izan behar du. Horrexegatik, eta beste batzuren artean, ondoko eskabideok eduki behar ditu:

6.1.- Hego Euskadi osorako izatea, hau da, gaur egun espainol administraziopean dauden Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako probintzietarako.

6.2.- Euskal gizartearen arazo garrantzitsuenei dagokienean, arlo exekutibo, legislatibo eta judizialetan, aski zabala izatea, hots, ekonomi sailean (hazienda, finantzak, industria, lurlangintza eta merkatalgoa), sozial arloan (lana, medikuntza, etxebizitzak), oinestrukturan (komunikabideak, garraioak Herri Lanak, energi iturriak), barruko arazoetan, defentsan, atzerriko harremanetan eta hezkuntz eta kultur erakundean bereziki.

6.3.- Hego Euskadi osoan elebitasuna ofizialki ezartzea, orain arte pairaturiko hizkuntz eta kultur zapalkuntza luzearen ondorio guztiak ezareztu arte, euskarari lehentasuna emanez. Halaber, maila guztietan nazional kultura aurreratzea.

6.4.- Orain arteko estatar mugen gainetik Ipar (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa) eta Hego (Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) Euskadi populazioak elkartzen dituzten loturak indartzea.

6.5.- Ekonomiaren kontrol demokratiko eta antioligarkiko bat garantiza dezaketen neurri ekonomiko batzu hartzea, horrela ekonomia (oinharrizko sektoren nazionalkuntza, hiri eta industri lurren sozialkuntza,...) Euskadiren serbitzutan ezarriz.

6.6.- Jatorrizko eta etorritako populazioaren arteko egokitze prozesua indartzea. Hiritar guztiek duten jatorria dutelarik oinharrizko eskubide berberak ukanen dituzte.

6.7.- Syndikal autonomo eta artez bat bultzatzea horrela langileek beren errepresentatze organo propioak antola ditzaten.

6.8.- Herrian herriko eta tokian tokiko komunitateen antolakuntza demokratikoa indartzea.

7.- Esandako Estatutuaren barruan, Behin behineko Gobernu bat eratzea, beronetan parte hartu nahi duten eta berton aipaturiko askatasun eta hastapenak onhartzen dituzten euskal indar demokratikoez osatua Gobernu hau, Hego Euskadiren izenean faxismoaren porrotaren eta demokraziaren garaipenaren ondoan sortuko den Botere Zentraleko organoetan presente egonen da. Hego Euskadik Behin behineko Gobernu Zentrala eta estatar mailan emanen den konstituzio berria onhartu eginen du, baldin eta berauek hemen azalduriko hastapen eta askatasunak eta espainol Estatuko beste nazionalitateenak onhartu eta garantizatzen badituzte.

8.- Aipaturiko eskubide eta askatasunotarik deus guti lor daiteke Juan Carlosen Monarkiaren gobernu erreformistekiko harreman eta tratu burokratikoen bidez. EHAS, ETA (P-M), LAB eta LAK en ustez, hemen azalduriko nahi demokratiko eta nazionalak lortzeko, herri burruka prozesu bat beharrezkoa da, horrela, Euskadiren interesen etsai eta beronen nahien zapaltzaile diren faxismo eta botere oligarkikoaren iraupena zatikatu eta birrintzeko. Hori aski garbi dago, Francoren heriotzaz gero gure Herrian gaztigugabeki egindako asesinatu ugariak, tortura berretu eta basatiak, atxilotze, eskuindar atentatu eta, hitz batez, terrore giroa kontutan harturik. EHAS, ETA (P-M), LAB, eta LAK(?)ek beraz, lortu nahi duten Erakunde Bateratua burruka-erakunde gisa ezartzea proposatzen dute, herritar eta langile mobilizapenak, diktaduraren gainbeheratze osoa eta gure nahiak lortu arte, bultzatuz.

EHAS, ETA (P-M), LAB eta LAK ek, esandako eskabide eta hastapenak eta espainol Estatupean zapaldurik dauden beste nazionalitateenak puntu askotan, antzekoak gerta daitezkeela uste dute. Bide honetan beraz, haiekiko aliantz politika baten alde agertzen da, espainol Estatupeko Herri guztien askatasun demokratiko eta nazional guztien eskabide elkartua egin ahal izateko. EHAS, ETA (P-M), LAB, eta LAK ek alternatiba-proposamendu hau Hego Euskadin ari diren erakunde politiko eta masa-antolakunde guztiei eskaintzen diete, eta alternatiba honen oinharriekin bat datozen guztiekin, Erakunde bateratu bat osatzeko borondatea argiro aldarrikatzen, honen bitartez faxismoaren kontrako alternatiba demokratiko eta nazionala bideratzeko. EHAS, ETA (P-M), LAB eta LAK (?), gainera, alternatiba honen puntuak zabaldu, aurreratu eta konkretatzeko gertu daude, prestatuko dituzten proposamenak moldatu nahi den Erakunde Bateratura presentatu eta eztabaidatuak izan daitezen.

E.H.A.S., E.T.A. (P-M), L.A.B. eta L.A.K.


Euskal Herrian

Hondarribia odoletan

Hauk izan dira laburrez, Hondarribiko erhateak izan dituen ondorioak:

Irailak 7, asteartea: Hondarribiko jaiak direla eta, gaueko 10'30etan goardia zibil batek Jesus Mari Zabala Erasun irundar gaztea tiro batez erhaten du. "Hostal Emperador"ean, une berean, Hondarribiko gorporazioa Gobernadoreakin zegoen afari hospetu batetan. Erhatearen berri izatean, Hondarribiko udaletxekoek uzten dute, gobernadoreak han segitzen duen bitartean.

Irailak 8, asteazkena: Hondarribiko gorporazioak festak amaierazi egiten ditu, bere dimisioa agertu eta goardiek erabili duten indarkeria mugagabekoa salhatuz.

Goizean, Pasaian, Luzuriagako langileek manifestazio bat antolatzen dute. Ondorioak: langile batek hanka batetan tiro bat hartzen du.

Hondarribian, arratsaldeko 8etan, baimenik gabeko manifestazio bat egiten da, gobernadoreak baimenik ez baitzuen eman. Egurra ugari. Txillida eta beste personaia batzuk ere, Zabala eroritako lekuan goardia egiten ari zirela, indarkeriaz alde egin behar dute.

Irailak 9, osteguna: Irunen Zabalaren oroimenez elizkizunak. 10-15.000 lagun biltzen dira Santa María del Junkal elizan. Berton Donostiako apezpikuak egindako homilia irakurtzen da. Homilian goardiak erabilitako indarkeria zuzenean salhatzen da. Salhakuntza hau Donostiako egunkarien horrietan isiltzen da.

Irailak 10, ostirala: Gipuzkoako hamazazpi gorporaziok dimisioa agertzen dute. Hauk izan ziren: Azkoiti, Azpeiti, Arretxabaleta, Eibar, Elgeta, Eskauriatza, Gabiria, Hernani, Legazpi, Arrasate, Oihartzun, Ormaiztegi, Usurbil, Villareal, Bergara, Zaldibia eta Pasaia. Eskakizun batzu ere egiten dituzte, "orden público" indarrak kontrolpean jarriak izan daitezela, horien artean. Villafranka, Tolosa eta Zarautzeko gorporazioek eskakizunak izenpetzen dituzte baina ez dute horregatik dimisiorik eskaintzen.

Irailak 12, igandea: Donostian estropadak direla eta tentsio haundia nabaritzen da goizetik. Estropadetara joandako ikusleak ez dira aurreko urteetan bezain ugari. Zine Festibalean dauden kazetari eta zine-jende multzo batek Festibal barruan gertatutako "gala", bankete eta beste jaialdiak kenduak izan daitezela eskatzen dute. Festibalaren antolatzaileek eskakizun hau onhartzen dute. Hondarribi Irun eta beste herri askotan taberna eta jantoki askok beren ateak hersten dituzte.

Estropadak amaitzean, Pedreñako patroiak Konstituzio plazako balkoi batetik irabazitako Espainiako bandera erakustean oihu eta deihadarrez hartua izan zen. Arratsaldean, Biblioteka Munizipalaren balkoi honetan zegoen espainiar bandera kendu eta ikurrina ipini egin zen. Igande honetako gauean ere, Donostiako Parte Zaharrean, manifestari multzo handi bat tiroka sakabanatua izan zen.

Irailak 13, astelehena: Gipuzkoan eta Bizkaian greba orokor batek lantegi haundi eta ttikiak geldierazten ditu. Dendak ere hertsirik gelditzen dira. Sestaon sekulako indarkeriak egiten ditu poliziak eta baita ere Basaurin. Langile zaurtuak hamabi dira. Sindikatu ofizialak dioenez, astelehen honetan beren lanak alde batetara utzi dituzten langileak 230.000 izan dira, hauetatik 160.000 Gipuzkoan.

Irailak 14, asteartea: Lantegi nagusienek greban irauten dute, beraien barruan bilerak egiten diren bitartean. Bilbon. Errekaldeberri hauzategian lantegiek greba egiteri dute eta dendek ateak hertsi. Goardiek manifestazio bat gogorki sakabanatzen dute. Galdakaon ere, nahiz eta bere jaietako egun garrantzitsuena izan (Sta. Kruz eguna), taberna eta jatetxeek ateak hersten dituzte, jaialdi guztiak kenduak izan ondoren.

Irailak 11, larunbata: Sesio gogor baten ondoren eta herriak dimisioa eskatzen zion bitartean, Donostiako gorporazioak, lehen Diputazioak bezala, agiri bat agertzen du, indarkeria "ofiziala" birsalhatuz. Saioa amaitzerakoan, Donostiako gorporaziokoak (alkatea tartean) Zine Festibala irekitzera zihoazela, grisak eraso gogor batetan kolpeka jotzen ditu. Otazu prokuradoreak hartu zituen kolpe gogorrenetakoak.


Euskal Herrian

Euskal Herriko alkateak, herriaren zerbitzari ala poliziaren morroi?

Santurtzin emakume bat bota zuten. Donostian, oraindik orain, emakume bat zaurtua. Udako eta herri festa guztietan izan da herria makila epelak hartua. Errenterian, herriaren ahotsa entzuteagatik, alkatea eta kontzejal guztiek Udaletxeko beren postuei utzi egin die. Bestalde, Tolosa ondoko herri batean, Ibarran hain zuzen, alkateak bere makila utzi du. Hau ez da Euskal Herrian gertatzen denaren adierazpen bat besterik. Amaiera gisa, Hondarribikoa izan da. Langile gazte bat erori da kale erdian. Handik gutira ez zuen gehiago arnasarik botako.

Berrogei urteotan indarra nagusi zen garaian, isilpean bizi izan gara. Orain ere, indarra dugu nagusi. Lehen, diktaduraren izenean eta orain, "demokrazia" eta "Ordenaren" izenean. Kaleetan, geure herriko kaleetan, inoiz baino odol isurtze gehiago ematen ari da. Suarez-ek berak esanagatik, herria ezin da kaleetan lasai ibili.

Ez da denbora asko telebistatik esan zuela, "Herriak du agintea". Herriak ala indar harmatuek?

Herriari atze emanik ari dira agintzen oraindik, Euskal Herriarekin kontatu gabe eta, are gehiago, bere aurka. Presoak gartzeletan, noiz arte? Herriarekin kontatu gabe, noiz arte? Herriaren aurka, noiz arte? Indar harmatuak jaun eta jabe, noiz arte?

Hala ere, oraingoan, ez da horren aurkako ahotsa kaleetan entzun. Ez. Gipuzkoako Udaletxe batzuk hasi ziren egoera honen aurka beren postura agerteraziz, agintea utziz. Alkateek, Errenterian, Ibarran, Hondarribian eta Oinatin azaldu dute jokaera hori. Elkar hartuta aurrera jo nahi izan dute. Gipuzkoako 17 Udaletxetako alkateek, irailaren 10ean, Hondarribiko gertaerak izan ondoren, Gobernadoreangana jo zuten. Beraien asmoa, sei puntutako agiri baten bidez, beren postura agerteraztea zen. Gobernadorearen eritziz, horrelako arazoetan, berak du hitza gauzak konpontzeko eta gertatzekotan berari deitzeko zuzen zuzen.

Zertarako dago, beraz, alkatea? Pertsona bat hil eta gero alperrik da gobernadoreari deitzea. Zer da alkatearen egin beharra?

Dena dena, alkateek aurrera jo nahi izan dute eta herriaren izenean aurpegia heman dute. Bergarakoaren ondoren eta, beste arazo larri baten aurrean batu egin dira; ez guztiak ala ere.

Ondorengo pauso bezala, Irailaren 12an, alkate talde bat Oreja ministroarekin hitzegitekotan da Madrilen...

Zer ondoren edukiko dituen esatea ez da erraza jakitea, baina, pauso batzuk ematen hasiak dira Udaletxe mailan ere. Politika batu baten beharra nabari da. Bergaran pauso bat aurrera egin zen. Oraingo prozesu honek noraino eramango gaitu? Beste mila gauzetarako bidea erraztuko duen esperantzan.

ORTZIKAR


Politika

Terrorismoa eta O.N.U.

Entebbe-ko aireportuan bukatu da, oraingoz, palestinarren azken ekintza, eta lehendik Mendebal Europako Estatu batzu terrorismoaren aurkako estrategia internazional bat proposatzen bazuten, palestinarren aipaturiko azken gertaera honek areagotu egin du terrorismoaren problematika.

Terrorismoaren aurka nazioarteko estrategia bat behar dela? Ados gaude. Baina, zer da terrorismoa? Zein haren definizioa? Zergatik sortzen da terrorismoa?

"Terrorismo" hitza erabiltzen den zentzuan, terroristak dira, adibidez, palestinarrak, irlandarrak, etab. Terroristak dira tupamaroak, kurduak. Baina, zergatik jo behar izan dute harmetara?

Giza Eskubideen Karta Internazionala eman zenetik hainbat urte iragan dira, eta epe luze horretan zerbait nabarmendu bada, Karta hori bete erazteko ONU-ren ezintasuna izan da. Hainbat Estatutan giza eskubideak zapaltzen dira, bai gizabanakoaren mailan, bai nazio mailan.

Estatu bakoitzak bere legeak ditu, eta polizia bat haik bete erazteko; ONU-k ez du bere menpean polizia internazionalik, berak emandako legeak Estatuei bete erazteko. Norbaitek, hau irakurtzean, bere jantziak urratu egingo ditu: Estatuei zerbait bete erazi? Inola ere ez! Hori onhartezinezko mutur sartze bat izango litzateke. Estatu barneko zereginetan eskua sartzea. Nazional soberaniari egindako atake bat. Eta nork daki honelako zenbat lerdakeria gehiago esango lituzketen.

Ba, jaunak, ONUk ezin baditu Estatuak behartu giza eskubideak gordetzera, orduan permiti gaitzatela barre egitea terrorismoaren aurka ekintza internazional bat defendatzen dutenez. Seriotasun piska bat, jaunok! Giza eskubideak legez bete erazten dira, eta bestela harmekin. Eta harma hauk egongo dira, polizia internazional baten eskuetan edo eta terroristenetan.

Sute bat itzal erazteko, alferrik da kea uxatzen aritzea: sua bera da ebaki behar dena. Gure arazoan, alferrik da terrorismoa gonbatitzea, giza eskubideak defendatzeko bide baketsuak ez daudenean. Giza eskubideak zapaltzen diren bitartean, terrorismoak iraun egingo du.

Ez dezala inork pentsa gu hemen terrorismoaren alde agertu nahi dugunik. Ez, eta inola ere ez. Guk hemen, soilik, terrorismoaren aurka agertzen diren batzuren maskarak kendu nahi ditugu.

Terrorismoa, kea da. Giza eskubideen zapalketa, sua. Terrorismoa, zapalketa haren ondorioa da. Eta ondorioaz aritzea, kea uxatzen ibiltzea, alferrikakoa da sua itzal erazten ez den bitartean.

Mundurako, mundo osorako, bakea nahi dugu, eta bake hori ez da adarretatik ibiliz lortuko, benetako problemari ausartki aurpegia emanez baizik. ONUk bete erazi behar du, mundu osoan zehar. Giza Eskubideen Karta, behar bada polizia internazional baten eraginez. Estaturen batek huts egingo balu, betetzera behartua izan behar luke. Planteamendu hau onhartzen ez duen Estatuak, ez beza terrorismoaren aurkako burruka internazional bat defenda. Hori egingo balu, adar jotze bat litzateke,

Terrorismoa bazter erazteko bide bakarra, giza eskubideak gordetzea da. Besterik egitea, itxurak gordetzea litzateke, hitz batez, faltsukeria.

Xabier Deustua


Poliziaz

Venezuela-ko poliziak, egun hauetan zabaldu denez, Jorge Rodriguez sozialist buruzagia torturatu eta hil egin du komisaldegian. Ondorioz, Gobernuak indarkeria honetan parte hartu duten lau polizi, destituitu eta prozedura kriminal batetara eraman ditu.

Arazo honek Poliziaren problematika berriz ere plazaratzen du. Hauzitegiak bezala, Eliza bezala, Harmada bezala, Poliziak ere profesionala izan behar luke, hau da, gizartearen goi erakundeak bezala, neutrala, politik, sozial eta beste edonolako burruken gainetik egon behar luke.

Poliziak zeregin on, goitiar eta oso errespetagarri bat bete behar luke: ordena gorde. Herriak, bere ordezkarien bidez emandako legeak bete eta bete erazi. Eta herriak legeak ematen dituenean, legeok zuzenak izaten dira. Orduan, poliziek zuzenki, hau da, bortxakeriarik gabe, lege zuzenok bete erazten dituzte. Orduan, zuzen jokatzen dutelako, errespetagarriak dira, herriaren aldetik ongi ikusiak, eta herriaren laguntza eta arnasa lortzen dute.

Baina beti ez da horrela gertatzen. Ba dira herriaren abotsa isilaraziz, diktadore nazkagarri horietarikorik duen edo izan duen Estaturik. Eta orduan legeak ez dira onak, diktadorearen zerbitzuan eta ez herriarenean eginak direlako. Orduan, polizia ez da profesionala, politikoa baizik. Orduan, poliziak ez du zuzen jokatzen, bortxakeriaz baizik. Orduan ez du poliziak neutral jokatzen: persegituak alde batekoak izaten dira soilik, nahiz eta bestekoak delitu berbera egin.

Estatu baten lehen zeregina, diktadore bat joan eta demokraziarako bidean abiatzekoan, nolako Polizia duen aztertzea litzateke. Herri horri Polizi profesional batek soilik eman liezaioke zuzen jokatuko duenaren segurantza, jaunek eta ez jauntxoek osaturiko Polizi batek. Beraz, beharrezkoa litzateke Polizi neutral eta profesional bat, lege zuzenak ZUZEN bete eraziko lituzkena. Estatu administralgo berriaren demokratizatzeak, Polizia demokratizatzea eskatzen du, hau da, despolitizatzea, neutral bihurtzea, indarkeria eta partzialkerietatik at jokatuko duena. Hau egiten ez den bitartean Estatuko estruktura demokratiko osoa kolokan egongo da.

Xabier Gereño


Emakumeen burrukak

Emakumeak beren artean mintzatzea, eguneroko gauza da. Baina, emakumeak burruka giro bateri beren askatasun orokorraz mintzatzea, hori bai egunoroko gauza izan ez dela, euskaldun emakumeontzat bederen, 40 urte hauetan.

Zartatzen ari den diktadura honek, bitarte edo zulo batzu uzten ditu, nahi eta nahiezko. irekitasun bat eta zulo horietatik burua agertuz doaz hainbeste denboran pilaturiko eta zapalduriko espresio nahiak.

Lehen hain ederki sakabanatu zena bildu, eritziak eta ideiak jaso eta kontrastatu, bakarkako burrukatik... burruka antolatu batera pasa, hauek izan dira Donostian egin berri diren Gipuzkoako emakumeen batzarreetan lortu diren helburu batzu.

Zenbait eztabaida eta iskanbilaren ondoren, emakumeen burruka bultzatu eta koordinatuko lukeen Elkarte bat sortzea izan da batzarre hauen ondorioa.

Emakumeen askatasuna nahiz eta soziopolitik eta ekonomik aldakuntzara bakarrik ez mugatu, aldakuntza hauei oso lotua dago. Beraz, garbi dago, Elkarte honetakoa izan arren, emakumeek beste erakunde politiko, sindikal, hauzoetako eta abarretan parte har dezaketela.

Nahiz eta Elkartearenganako lotura indibiduala izan, bere barnean onhartzen dira talde eta joera ezberdinak marko demokratiko baten barnean, uste dugu.

Oraingoz, eskabide plataforma bat, estudio talde batzu eta lege asesoritza bat daude martxan. Batzorde eragilea oraindik izendatu gabe dago. Batzorde eragile honek, eskualde edo herrietako ordezkariekin batera eramango ditu Elkarte honen eratze eta legepetze lanak.

Bainan haseran aipatu duguna da garrantzitsuena. Emakumeak, beren egoeraz jabetu daitezela eta elkar harturik erantzun bat eman egoera horri.

Eta ez egon erregaluen zain. Benetan askatzaile den ezer, ez da erregaluz hartzen baizik eta konkistatzen. Ez al da hala?

M.A.L.


Euskal Herrian

Arriskua

Gai hau ez dugu gaur lehenengoz erabiltzen, baina berriz ere aipatzea beharrezkotzat jotzen dugu.

1936 aurretik, PNV alderdia soilik agertzen zen euskaltzale bezala. Gainerako alderdiak, ezkerrean eta eskuinean (karlistak barne), motel edo hotz agertzen zitzaizkigun beren euskaltasunean. Eta euskararenganako hoztasun politiko honen parean, euskara beraren egoera apala nabarmentzen zen: euskara batu gabe zegoen, ia ikastolarik ez, liburugintza urria. Hitz batez, euskararen baztertzearekin, euskaltasunaren baztertzea zetorren.

Azken 40 urtetan, politikagintzan aritzea debekatua zegoenez, indar ugariak erabili ditugu euskal kulturaren arloan. Orain, euskara batua dugu, ikastolen mugimendu indartsu bat, liburugintza aberats bat. Eta orain, egoera honetan, alderdi politikoak burua altxatzen ari direnean, horra non agertzen zaizkigun euskaltzale. Baina gogoan har fenomeno hau (lehen euskaltzale ez eta orain bai) ez dela berez lortu, 40 urtetako lan isil eta nekezaren fruitu bezala baizik.

Eta hemen dugu orain arriskua. Azken 40 urtetan lortutako fruitua (ez agintariek emana, baizik eta haien kontra burruka bizian lortutakoa), arriskutan dago. Era arriskua, politikan datza. Politik memento oso interesgarri batetan gaude; dudarik gabe, eta politikagintzan ere lan egin behar dugunik ez dugu ukatuko. Baina, kontuz! Ez gaitezen politikan buru belarri erori. Ez dezagun bazter euskara eta euskal kulturaren aldeko burruka. Ez dezagun pentsa politikak soilik konpon ditzakela Euskal Herriko problema guztiak. Politikagintza, bai, baina euskal kulturgintza bazterturik gabe.

Irekitasun politiko batek, askatasunak, asko lagun diezaiekete euskara eta euskal kulturari, haik zuzen erabiltzen baditugu, azken bi hauen bultzagarri gerta dakizkigukelako.

Arriskua hemen datza: 40 urtetan, politikagintzan zapaldurik egon ondoren, orain denok, buru belarri, politikan aritzea. Hau, bestalde, oso normala litzateke, baina horregatik, normala litzatekelako, ez genuke burua galdu behar, ez genuke euskara eta euskal kulturaren aldeko burruka bigarren maila batetan utzi behar.

Erabil dezagun euskara gero eta gehiago, euskara, erabiliz salba dezakegulako. Sar dezagun euskara maila guztietako ikastetxeetan. Landu dezagun inoiz baino gehiago euskal literatura. Honela, eta honela soilik, lor dezakegu Euskal Herria euskalduntzea, alderdi politiko guztiak euskal kutsuz betetzea, euskaltzale bihur eraztea.

Ez gaitezen eror 1936 aurreko euskal politikariei jaurtiki diogun bekatuan. Ez dezagun jar euskara politikaren zerbitzuan, alderantziz baizik. Euskara da gure Herriaren nortasunaren oinharria. Ez dezagun ahantz balioen mailaketa. Azken helburua Euskal Herri zuzen eta zoriontsu bat lortzea da. Euskara, hori lortzeko erreminta bat da, garrantzitsuenetakoa. Baina azken helburu hura lortzeko, erremintaz jabetu behar dugu lehenen. Erreminta egokiekin soilik altxa dezakegu etorkizuneko Euskal Herri. Beraz, gure helburu hurbila erremintaz jabetzea da.

Arriskua hor dago. Arrisku hori gaineztea gure eskuetan datza.

Xabier Gereño


A. Garate gure prentsan

Jose Antonio Garate frantziskotarrak, orain guti dela, GOIZ ARGI astekariaren Zuzendaritza utzi du. Isil isilean erretiratu da, ia inor enteratu gabe. Isilegi, gure ustetan.

Gerra ondoko euskal kazetaritzaren protagonistetarik bat, Aita Garate da. Aldizkariak sortzen, zuzentzen, laguntzen, zabaltzen eta idazten ikus genezakeen. Garaiko gizona, eta Euskal Herriaren maitasunak barne barnetik heltzen ziona. Hona haren zenbait lan: 1944an Irugarrengoen Maixua delakoaren Zuzendaritza hartzen du 1950 arte. Honekin batean, 1947an hasita, Franciscanismo ere zuzentzen du. 1950ean Anaitasunaren sorreran ikusten dugu, eta 1955 arte hor dabil. Gipuzkoako Anaitasuna zen hau. Eta hain zuzen hemendik, eta Garateren baimenarekin, sortzen da gurea, ANAITASUNA Bizkaia, 1951an, Imanol Berriatuaren eraginez.

Gerra osteko urte hauetan euskal kulturgintza ia hilik zegoela ezin da ahantzi. 1949an ateratzen da hemen gerra ondoko lehen liburua. Lege-kondizioak ikaragarri gogorrak ziren. "Orduan etzan Euskalerrian beste aldizkaririk". dio Garatek.

Urtetan "Astea" izeneko astekari bat argitaratzea pentsatu ondoren, azkenik, 1960ean Goiz Argi hilerokoa sortzen du, "Aranzazu" aldizkariaren eranskin antzo. Beste lanetan ibili ondoren, Zuzendaritza Garate berak hartzen du 1964ean. Idazle gisa ere, hainbeste lan egin zuen, hilero hilero 10 folia aldizkarirako idatziz. 1970etik Goiz Argiko lan eta arduretatik aldentzen aldentzen joango da Garate, osasun arrazoiengatik batez ere, eta burrukarako gogorik ez duelako ere bai, batik bat, aldizkariak hartu duen bide berrian.

Aita Garateren beste ekintza garrantzizko bat, Egutegia da: Arantzazuko Amaren Egutegia, 1947tik gaur arte milaka eta milaka euskal sukaldetan irakurtua. Ia hiru milioi irakurle harez gero izango zuen horrialdetxo horien inportantzia euskal kulturan seinalatzekoa da. Lehenengo argitaraketan, kixotismo sano batekin, 40.000 ale bota zituzten. Geroztik, urtero urtero, 24.000 ateratzen dira. Gaur, 16.000 gipuzkeraz, eta 8.000 bizkaieraz.

Orain, Aita Garate kazetaritzaren lanetatik erretiratu egiten da. Aintzindari bat izan da. Berak dioenez, oraingo gizarteak aire berriak, aldaketak, jende gaztea eta berezitua eskatzen du. Euskal kazetaritzaren epe berri bat hasten da orain.

J. M.


Euskal Herrian

Festa, borroka, lasterrak

Abuztuak, Baztandarren Biltzarre eguna zuen Elizondon igande 29an. Hogei milatik gora jende bildu zen bertako herri festan, baztandarren festan, euskaldunen festan.

Egun argiak, pintada gorriz josita ikusi zituen Elizondoko etxe xukenetako paretak. Bezperatik lana egina zuen P.N.V.-k.

Goiza trankil joan zen, bazkalondoa, aldiz, sutua, eta honen luzapena arratsaldean etsi gabezko borrokan iragana. Bai, mutur joka! Nor noren kontra? Ala... Nor eta nor elkarren kontra? Abertzaleak eta espainolistak elkarren kontra. Tartean ere manifestaldi bat izan zen.

Azkenean, ilunabarra aldera, goardia zibilek, "ordena" ipini zuten. Herria berrogeinaka gurutzatuz, gazte eta jende larria aurrean hartuz, kolpeka, uxatu zuten. Arratseko bederatzietarako baztarrak husturik zeuden, anima guti ikusten zen.

Laisterka egiteko garaian, abertzale ala espainolista bereizkuntzarik ez zegoen.

Baztandarren Biltzarre eguna, politik nahasi eguna eta kolpe laisterkada eguna suertatu zen azkenerako.

Pertsona baino ikurrina gehiago ikusten zen. Oihuek ere bete zuten Elizondoko ingurua.

Eguna nola

Goiza.- Haraneko hamabost herrietako herri-gizonen Elizondoko agintariekiko errezibimenduarekin eman zitzaion hasera egunari goizeko 9-etan. Berehala, eraturik zegoen bezala, Meza Santua eman zen euskaraz.

Haraneko herrietako karrozen ibilketa, bertan hamabostek parte hartuz, oso ederra izan zen. Hautariko bost Elizondo bertakoak ziren, zeren eta herri batzuk ez zuten aurtengo biltzarrera karroza eramaterik ukan. Euskal Herrian egun daukagun politik egoerari nahiko aipamendu egin zioten hauek. "Nafarroa Euskadi da", "Euskadi bat", etab., irakur zitezkeen makina bat karrozetan.

Urrena, bostehun dantzarik baino gehiagok dantza saioa eskaini zuten beren taldeekin. Aipagai da Tafallako, Lizarrako eta Zankozako (Sanguesa) dantzari taldeek parte har zezaten. Honen ondoren, eguerdiko ordu bata aldera, mutil dantza prestatu zen.

Segidaz, frontoi berriaren ondoan dagoen arboladian, herri bazkaria mila eta zortzirehunentzat.

Goizean, ikurrina baten eta pankarta pare baten azalpena ezik, ez zen deusere pasatu.

Bazkalondo beroa.- Ongi joan zen bazkaria. Giro alegera zegoen bazkalagunen artean. Bertsolarientzat eta soinu jotzaileentzat prestatu koskatik, antolatzaile batek, denei, bai lanean ziharzutenei, bai han zeudenei, eskerrak ematekiko idatzi bat irakurri zuen. Ordurako ia, bere jarrera oso xalotua izanik, kolama baten bueltan-bueltan jarrita, ikurrina bat zekusen.

Kafea hartzeko tenorean, epeldua nabaritzen zen giroa.

Baztango seme gazte batek hitz egiten du koskatik, Gaztelumendi Zabaleta Manuelen bere herrikoekin ezin egona azalduz. Beraz, dio, Segoviatik ihesitariko bat dugu Elizondoko seme hau, eta dirudienez ez da bere eskuetaraino amnistiarik helduko. Mikrofonoa moztu arren, Euskadiren politik egoeraz ere mintzatzen da. Honek hitz egitekin batean, pankarta zuri zabal bat hedatzen dute Gaztelumendiren seme-alabek denen bistan: "Gaztelumendi askatu", Elizondoko gazteriak sinaturik.

Horrela gauzak, giroa pausoka gontzen hasten da. "Gora Euskadi askatuta" eta "sozialista" eta gisako oihuak, "Eusko gudariak" eta "Gernikako arbola" kanten artean maiz entzuten hasten dira.

Kiderrekiko ikurrina bat hasten da eskuz esku pasatzen. Gizonezko eta emakumezko batzuk, buruaren gainetik aideratu ondoren musua ematen diote. Euskadiren eta Perturren aldeko oihuak sarritan.

Gizon bat koska batera igotzen da enparantza erdian, P.N.V.koa dela diote, eta eskuineko eskuan ikurrina, ezkerrekoaren behatz bi sardexkan jarriz. beren nazionalista himnoa hasten da abesten. Jendeak erdizka eta emeki laguntzen dio, dirudienez ez daki leloa. Gazte multzo batek, aldiz hark mementu haretan ordezkatzen duen alderdiaren euskal politik jokaera ez dela zinezkoa eta bere burjes izaera salatu nahi dute, "Nafarroa Euskadi da" "Pertur askatu" eta beste oihuen bidez boikot egin nahiaz. Halaz ere, amaitzen du himnoa.

Bazkal garaian eta ostean ere propaganda botatzen dute zenbait alderdik, P.N.V.k eta L.C.k hoien artean.

Ezker abertzaleak sumatzen dira han hemenka.

Geroxeago, oraindik kafe ostean gaude, hiru t'erdiak-laurak inguruan, aurresku eta beste dantza bat aurkezten du dantzari talde batek ikurrinaren aurrean. Zera zion batek: "Ifar aldetik bidaltzen dizkiguten postalen antzo, hara nola hemen ere ikurrinaren aurrean dantzatzen duten. Orain arte ikusigabekoa genuen."

Ez dira hamar minutu pasatu eta gazte mordo bat bilduta, talde hertsian, besoak goian, oihuka hasten da: "Gora Euskadi gorria"... behin, berriz, behin eta berriz. Baita "El pueblo unido..." "Vosotros fascistas..." eta gisakoak, denak erdaraz. Orduan, inguru gehienetatik erantzun bizkorra jasotzen dute: "Euskaraz" "Espainolistak kanpora" "Sukursalistak kanpora". Istilua latza da. Talde bildu hori espainolistatzat hartzen dute besteek eta hauk, era guztitako euskaldunez hasi ezkerretik eskuineraino osaturik egon arren, abertzale konsidera dirateke. Berehala, okasio gogorrak sortzen dira. Eztabaidak, muturjokak, botila eta pastel botakak. Zer eta norainoko zera den bakoitza ezin daiteke jakin, baina garbi dagoena, hemen bi talde egin direla, aipaturikoak. Gori dago giroa.

Arratsaldea.- Lau t'erdiak aldera, mundu guztiak uzten du jan leku eta istilu lekua, eta txistuz, soinuz lagundurik herriko plazara doa. Dantza eta palda sortzen da han eta hemen. Inguruak ere jendez beteak ditu plazak.

Ikurrinak azaltzen dira eta oihuak gehiagotu. Lau-bost milakaz osatutako manifestaldi bat abiatzen da plazatik. Buruan ikurrina bat doa eta ondotik "Gaztelumendi askatu"ren pankarta zuria. Ia atzerago, beste hiru ikurrina gehiago. Hautariko bat erdi ikurrina besterik ez da, zeren aurrez doan aldetik "Amnistia denontzat" eta "Komunisten Liga" hitzak daramatza, atzetik aldiz, eskutu aldetik, Euskal Herriaren ikurrina ikus daiteke, baldin norbera ere atzetik jartzen bada.

 Kale Nagusira helduz gero euriak erasotzen du eta anitzek aterpea bilatzen dute. Gainontzekoek aurrera jarraitzen dute. Kalearen ertzean dagoen Eliza baten burdin hesitik, aipaturiko erdi ikurrina hori zintzilikatzen dute Liga Komunistakoek, hitzak errepide aldera eta ikurrina baztar aldera jarriz.

Hau jartzerekin batera okasio latza sortzen da berriro. P.N.V.koa ezagun den batek, bortizki kentzen du burdinetatik zapia. Ligakoak, multzo bilduan zeuden, gainera jaurtikitzen zaizkio, hura eta hauk elkar joka hasiz. Hauk, bakoitzak nahi duena jar dezan, esaten dute. Zapia berjartzea lortzen dute, baina denbora gutirako, zeren tiratzen du honetatik beste batek eta hor doa laisterka ihes, atzetik arrapa nahian dituela.

Gelditu direnen artean, eta gainera jende asko loan zaie biltzen, okasioak, jokak, haserrak sortzen dira. Berriz ere, eta une honetan alderdiak ahantz ditzagun, izugarrizko nahaspilaren ondoan, era guztitako jendeak bi aldetara jotzen du. Gertakariak, sorrera aurresandako zapi kentze-jartze haretan du ukan, baina hori txingarra besterik ez da izan, orain gauza oso beste alde batetik doa. Batzuk abertzaleak eta besteak espainolistak omen direla-ta, elkarri usadiozko oihuak botaz. Nerbioak azalean. Arratsaldeko sei t'erdiak inguru da.

Bi gaztek, burdinetara igoz, pakea jarri nahiaren alde hasi ziren mintzatzen, baina, jendea hain zegoen sutua, aski gutik egiten zien kauso.

Denen xaloen artean, bi ikurrina soil, hitzik eta izenperik gabe, ezartzen dituzte, hauk ere geroxeago norbaitek kenduak izateko.

Errepide erdian, hor dago jende pila geldirik, ez aurrera, ez atzera, okasioan, elkarren kontra oihuka. Euskararen behar eta balioa, abertzaletasuna, espainolismoa, eztabaida latzetako gaiak dira bi talde hauetan. Kapitalistek eta burjesek ere gorriak entzuten dituzte.

Nahasketaren erdian, ondoko etxeko hirugarren pisutik ozenki zerbait esaten hasten da andre bat. Ez da ongi aditzen, "Gora Baztan" bederen bai. Behetik, gazte batzuren erantzuna "Hija puta" oihukatzea da. Lotsagarri benetan. Mutil bat edo bi, mozkor bezala, sarrerako atea bortxaka ireki nahiaz hasten dira. Jende gehienak, bai hauk baztar erazi, bai birao hori isil erazten du.

Poliki poliki, plaza aldera sakabanatzen da jendea. Denbora gutiz gauza asko pasatu da.

Zazpirak aldera azaltzen dira goardia zibilak, egun guztian. Elizondoko eta inguruko herrietako errepidetan kontrolak jartzen eta autoen ibilerak eragozten aritu ondoren. Koartelaren ondoan hamabost jeep konta zitezkeen. Herrian, ehun eta hogeitabosten bat zibil hiru multzotan banatzen dira eta jendearen kontra oldartu. Mundu guztia laisterka, inon ez da lasaitasunik ikusten. Herriko kale guztietan barna, gazte eta larri jendea, zibilen aurrean entzierroan dabilela dirudi. Baina ez nolanahiko entzierroa. Kolpeak barra-barra. Pertsona. askoren hitzetan, beraik dabiltza probokatzen, zeren jende askok, amorruz, kolpearen eta laisterraren truke asmahalak esaten dizkie.

Sei gazte arrapatu zituzten, eta eraman ere, baina arratsean denak kanpoan ziren.

Festa zapuztu, jendea uxatu, hona hauen ordenaren ondorioa.

Baztandarren Biltzarrea, kanpokoen eta bertakoen entzierroa bihurtu zen azken ordurako.

I. Zabaleta


Euskal Herrian

Euskal prentsa euskaraz

Aldizkari berriak

Aldizkari berri zenbait sortzen ari da Euskal Herrian azken aldi honetan. Apirilean sortu zen Punto y Hora de Euskal Herria, uztailaren atera berri da Garaia, eta udazkenean datoz beste bi: Berriak eta Sorka. Hauzalan eta Nafarroan sortzeko zela entzun genuen noizbait, baina orain ez dugu horren oihartzunik. MCEk ere besteren bat ateratzeko asmorik ba omen zuen. Gero, beste sarritasun batekin, Erria egunkaria ere ba datorke.

Euskal Herriko aldizkarien sorketa ugari hau, Espainiako prentsaren "boom" delakoaren atzetik dator. Hiruzpalau urte duela sortzen eta indartzen dira Espainian Cambio 16, Posible, Guadiana, Doblón, El Europeo, etc. Gaur munduan arrakasta handiena duten aldizkariak molde honetakoak dira, izan ere. Eta garbi ikusi denez, 1923an Time magazine eta 1939an Newsweek sortu zirenetik zentzu honetantxe doa eboluzioa. 50-60 urtealdian argi eta garbi agertu da nola errebista grafikoa krisian dagoen (Life eta Look desagertzen dira) eta nola eritzizko aldizkariak eta berdin ekonomiazkoak newsmagazine molde honetara lerratzen diren.

Eboluzio hori ikasirik, aldatu ziren urte honen haseran Zeruko Argia eta ANAITASUNA. Formula berdintsua hartu zuten biek, Aldakuntza inportantea da egin zutena. Inportanteagoa, hala ere, euskal kazetaritzaren hauzia argitan mahai gainera ateratzea. Geroztik argi eta garbi gelditu da, kazetaritzaren arloa, arlo zabala dela, eta konpontzerik nahi bada, gauza asko jorratu behar direla: profesionaltasuna, ekonomia, subentzioak, tituluak, hizkuntzaren trebetasuna, demografia linguistikoa, jendearen alfabetatu beharra, etab. Guzti hau, arazoaren planteaketa hau, euskal aldizkarian meritu da, eta ez erdarazkoena. Jakin nahi genuke, aurrerantzean euskal kazetaritzaren alde gertatuko ote diren erdal aldizkariak, eta zer egingo duten.

Epe berri bat

1976: euskal kazetaritzaren urtetzat jotzea, beraz, euskal kazeten iniziatiba eta asmoa zen. Hori dela eta, egin ziren proposamenak ere euskal kazetaritzaren alde zihoazen.

Aurtengo urte hau epe berri bat bezala euskal kazetaritzan kontsideratzeko, datu berririk ez da falta. Sozio-politikazko baldintzen aldakuntzak gainerontzeko guztia aldatzen du, bistakoa denez, Ezaguna da, jadanik, kazetak lehengo motelean ez duela jarraitzerik. Berri-emaile izan nahi den kazetak mugikortasun izugarria behar du orain. Politik bideak zabaltzerakoan, kazeten posibilitateak ere gehiagotu egiten dira. Baimen arazotik hasita oposizioko aldizkariak ateratzerainoko aldaketa.

Legeak, edo legea hartzeko moduak, orain posible egiten duelako, euskal aldizkariek ere baimen modua aldatu egiten dute. Orain arte, erlijiozko informazioa soilki eman zezaketenak legez, aurrerantzean, legez, informazio orokorrekoak izango dira, Beraz, lehen eliz-babesean bakarrik posible zena, gero edozein taldek ahalko du.

Kazetaritzaren ingurua ere bapatean aldatzen zaio orain euskal kazetagintzari. Euskal kazetaritzaren faboretan izango ote? Ikusten dena hau da, euskal aldizkariak sortzeko projektu guti dagoela bazterretan. Askoz ere tentagarriago da erdaraz aldizkariak egitea. Lehiaketa eta norgehiagoka ikaragarria dago alderdi, talde eta joera politikoen artean. Bakoitzak nahi du bere aldizkaria, edo aldizkarien baten kontrola. Ikusera politikoz ikusten da orain euskal kazetaritza ere, eta ez arestian bezala, kultur ekintza bezala.

Alderdi, talde eta joera politikoen prentsarekiko lehiaketa ikusirik, galde batek ba du hemen lekurik: nork egingo dio jaramonik euskal prentsari? Euskal prentsa ez ote da izango Euskal Herrian aterako den prentsaren parent pauvre, etxekorik pobreena?

Erdararen premia

Zeren-eta, hemen hartu dugun perspektibatik, nork ez du ikusten erdal prentsa abertzalea bera ere euskal prentsaren kaltetan izan daitekeela? Ikusera honetan oinharriturik, zaku berean sar genitzake Punto y Hora de Euskal Herria, Garaia, Berriak, Sorka, denak batean gurekiko hizkuntz desberdintasun bera baitute.

Erdararen beharrik ez dugu ukatzen. Euskal prentsak, orain oraingoz, eta gauzak asko aldatzen ez diren bitartean, eta gauza horik aldatzeko ere, erdararen premia onhartu behar du. Erdara behar da hemengo erdaldunak euskalduntzeko, konzientziatzeke. Beharrezkoa da erdara kanpora begira lana egiteko ere.

Baina gure artean erdaraz agertzen diren aldizkariok argi eta garbi esan beharko dute euskal prentsaz zer jokabide hartzen duten, nola lagunduko dioten, zeren eta euskal prentsak laguntza behar du. Zeintzuri kenduko dizkiote irakurleak aldizkari hauek: Cambio 16 eta holakoei bakarrik eta euskarazkoei ere bai?

Erdal prentsa euskal prentsaren aurka

Ez da batere segurua erdal errebistek ez ote dioten euskarazkoei irakurleak lapurtuko. Bai baitakigu euskaldunaren alfabetatze-maila nolakoa den. Beldur izateko modukoa da gerta daitekeena. Euskaldunari asko kostatzen zaio euskaraz irakurtzea. Bata bestearen ondoan euskarazko eta erdarazko textua jarririk, erdarazkoa irakurri ohi dela behin baino gehiagotan entzun dugu. Ohiturarik ezari eta zailtasunari motibazioa eta arrazoia kentzen badiogu, erdarak eramango du lehoiaren partea, lehendik ez balu bezala. Euskal prentsari publikoa kentzea ez da txantxetakoa.

Eta euskal kazetariak, euskal idazleak? Ezagunagoak izateko, gehiago irabazteko, eta beste mila erraztasunengatik ez ote dute erdarara joko, euskarazkoa astia dutenerako utziz? Harritzen naiz, esaterako, Garaiako plantillan hainbeste euskal idazle, eta hain zuzen euskal aldizkarietan lan egiten dutenak, ikusiz. Jende berria bilatzeko ahalegin gehixeago egitea eskertzekoa litzateke. Euskal kazetaritza kazetarien premia gorrian aurkitzen denean, adarra jotzea dirudi euskal idazleak erdaraz idaztera bultzatzea. Erdaraz idazteko besterik ez balego bezala!

Etsai objektiboagoa da oraindik ere erdal Prentsa beste puntu batetan: publizitatean. Euskal prentsaren azken berrikuntza, neurri on batean, publizitatetik hartutako diruari esker izan da. Merkatuan agintzen duten publizitate-legeek ez dute askotan euskal prentsarentzat osorik balio. Esan nahi dugu, publizitatea euskal aldizkari bati ematen dionak ez diola arrazoi beragatik Cambio 16ri emango.

Nere ustetan, euskal aldizkariari eman ohi zaion publizitatean bi arrazoi nagusitzen dira, beste guztien gainetik, abertzaletasuna eta kalitatezko publikoa zaintzea eta horren bidez etxearen "image de marque" delakoa hobetzea. Bi arrazoi hauek berdin funtziona lezakete ia osorik erdal prentsa abertzale edo izen oneko batekin. Irakurle berdin xamarra harrapa dezake publizitate-emaileak eta irudi ona gorde ere bai, eta gainera euskarazkoak har dezakeen baino publiko hedatuagora iritsi. Euskal prentsari, merkatuko ez diren arrazoiengatik gehienbat, benetan atxekia ez den publizitate emaileak, abertzale izan arren erdal prentsa dena lagunduko du.

Euskal prentsa euskaraz dela aitortu, onhartu eta laguntzen ez duen erdal prentsak diglosia finkarazten du. Aldizkarien euskal izenak eta tituluak ez daitezela inoren engainutarako izan.

Hona hemen euskal kazetaritzaren puntu larri batzu. Aztertzeak merezi du, eta aurrez aurre ez ikusi nahia geure buruaren kaltetan da. Erdal eta euskal prentsaren arteko erlazio hau, euskal kazetaritzaren urtea amaitu orduko argitan jarri behar genukeen arazo bat da.

joan altzibar


Elkar ikuska

Arieh Xoval Euskal Herrian

Ez da egunero gure artean honelako bisitarik izaten. Arieh Xoval Israeleko Estatuko Hezkuntza eta Kulturarako Ministeritzako ordezkari orokorra da, eta aurten Donostiako Apezgaitegian Uztailaren 20tik 22ra elebitasunaz egindako symposiumera gonbidatua izan da, bertan Israeleko esperientziaz mintzatzeko.

Berrogei eta hamar urteak bete gabe oraindik, Arieh Xoval Israelen jaioa da. Gurasoak, orain 50 urte, Kievetik etorri ziren asaba zaharren herrira. Semea bertako judu eskola batetara bidali zuten, hebraiera ikas zezan.

Arieh, zure gurasoek hebraierarik ez al zekiten batere?

Ez, etxean jiddisch hizkuntzaz mintzatzen ginen. Jiddisch hori, dakikeanez, ekialdeko juduen mintzaira berezia da, alemaniera zaharraren gisakoa. Nik neuk hebraiera eskolan ikasi nuen, eta gurasoek niri barik, nik gurasoei irakatsi behar ukan nien. Beren azken urteetan mintzatzeko adina ikasi egin zuten, baina hala ere, gure artean, lehenagoko ohitura eta afektibitate giroagatik, beti jiddischez mintzo ginen.

Zure haurrak, aldiz, hebraieraz mintzatuko dira...

Noski. Gure seme-alabena izan da, oraingo Israelen, gurasoengandik hebraiera etxeko hizkuntzatzat jaso duen lehenbiziko belaunaldia. Gurean, bai senar-emazteen artean eta bai haurrekin, beti hebraieraz mintzatu izan gara. Egon, ba daude, gainera, hebraieraz landa beste hizkuntzarik ez dakiten hainbeste haur eta gaztetto Israelen.

Eragozpen asko ukan al dituzue zeuen hizkuntza birbizteko?

Asko izan dira, baina azkenez lortua dugu. Ez dizut ukatuko orain, Estatu propio bat dugun aldetik, horretarako bide ugari eta erosoak ditugunik. Bide tekhniko hutsak, ordea, ez dira aski. Helburu argiak edukitzea eta horietaraino ailegatzeko nahia dira gauzarik inportanteenak, ene irudiko. Theodor Herzlek, joan den mendean Estatu Judu propio baten lehenbiziko proposatzaileak, ez zuen pentsatzen Israeleko Estatuko hizkuntza hebraiera gerta zitekeenik. Alemana edo eta frantsesa jotzen zituen hark ofizial ezarri beharrekotzat.

Eta nola bururatu zitzaizuen hebraiera birbiztea?

Hizkuntza propiorik gabe nazio ezaugarri nabariena faltako genukeela berehala konturatu ginen. Hortaz, mende honen hasieran, Ben Jehudak hebraiera zaharra birbiztu eta egungo premietarako egokitzea pentsatu zuen. Giro ona aurkitu zuen lan horretarako eta hiztegi moderno bat eratu zuen. Batzuk ameslari utopikotzat jotzen zuten hura, baina berak beti esaten zuen: "Benetan nahi baduzue, ez da hori amets bat izanen". Gure hizkuntza berreskuratzeko, dena dela, ez genuen askatasun egunerarte lo egon. Europan zehar barreiaturik geundenean ere gutariko asko jo eta ke aritzen zen hebraiera ikasten eta seme-alabei irakasten.

Hebraiera aintzinako hizkuntza birbiztu bat da. Nola jokatu duzue hitz berrien arazoan?

Hara... hebraiera zaharra, semitar hizkuntza guztien antzera, eratortzeko antzu xamarra zen, baina hala ere hitz elkartuak sortzeko gaitasuna du. Hortaz, ahal den neurrian, iturri jatorraz hainbeste hitz berri asmatu zuen Ben Jehudak, baina ez zen horregatik hertsiegi ibili. Hitz internazionalak ere eurrez onhartu zituen: telefono, Biologia, Khimia, Botanika, kafe, garage... kasurako. Garbizalekeriarik ere ez zaigu falta izan, baina gehienetan Herriak berak baztertu egin ditu holako hitz arraro eta kakophonikoak.

Nola irakasten duzue hebraiera?

Lehen, zuen moduko ikastoletan ari ginen, medio baino borondate on haundiagoaz. Hortaz zera esan behar da, irakasleek ohi ez bezalako lana egin dutela gure nazio hizkuntza birbiztean. Gaur ikus-entzuteko sistimez baliatzeko era dugu, baina denbora tzarragoetatik ere ibiliak gara. Helburuak garbi eta horietaraino heltzeko gogoa da printzipalena, nik uste. Orain dela berrogei ta hamar urte, 100.000-k zekiten hebraieraz egiten. Israeleko Estatua sortu zenean,aldiz, 1.948-ean, jadanik 400.000 lagun ginen mintzatzeko beste genekienok, eta gaur egun, azkenik, Israeleko hiritar guztiok dakigu, hirur milioik inguru, halegia.

Nola dakusazu zuk, Xoval jauna, gure euskararen egoera?

Egunotan euskaldun askorekin egon naiz eta hemen Israeleko neure gazte denborako giro berbera nabaritu dut. Xedeak, helburuak, argi dituzue; ba dakizue nora joan behar duzuen, eta horretarako gogoa ere ez zaizue falta. Horrela segituz gero, zuek ere zeuen ametsa lortuko duzue egunen batez. Horretan izpirituz zuekin nago. Kennedy presidenteak Berlin bisitatu zuenean, bertakoei esan ziena datorkit burura: "Ich bin ein Berliner" (ni ere berlindar bat naiz); nik neuk berdin esan diezazueket: hizkuntzaren aldeko burrukan zuekin naukazuela; ni ere zuen arteko euskaldun bat naiz. Ekin eta aurrera, lagunok!

Mila esker Arieh Xoval jauna zure adorezko hitzengatik.

Ai ledi lehenbailehen zure itxaropena bete!

Xalom velehitraot! (Agur eta ikusi arte!)

Xabier Kintana


Euskal Herrian

Donostiako hauzo elkarteen goraberak

Donostian ere, dudarik gabe, hauzo elkarteek hutsune handia betetzen dute. Udaletxeek herrikoetxe izateke, interes partikularrek bultzatuta ibili dira eta dabiltza. Oker hau zuzentzera datoz hauzo elkarteak, administrazio ofizialaren lekuan herri administrazio bat eratu nahiez.

Halere, Iruinean baino suerte hobea dugu Donostian, han azken Anaitasuna aldizkariak zioenez, lau hauzo elkarte baitaude soilki legez onhartuak, hauzolanean hamasei ari badira ere. Egiazko demokraziak herri demokrazia bat behar du izan, base edo oinharritik, behetik eratzen dena eta hau lortzeko langile batzordeek, hauzo elkarteek eta herri batzarrek alderdi politikoek baino ere garrantzi gehiago dute herri demokrazia baterako garantia bezala.

Antiguako Martxa dela ta

Denok ezagutzen dugu Antiguako martxaren berri, 50.000 lagunek uztailak 3 eratutako ibilaldi handi, baketsu eta legezko hura. Baina, hemen ibilaldi horren inguruan sortutako gorabera batzu aurkeztu nahi ditut, ahal dudan informaketa berezkoenaz. Hasiera batez Antiguako hauzo elkarteak eta alde zaharreko Hauzoak ekin zuten martxarako organizazio lanetan. Antiguako Hauzo Elkarteak, ordea, hauzoko beste elkarteekin kontatu behar zuen eskuin indarkerien aurkako antolaketa honetan, eta Jakintza Ikastola elizako elkartea eta Peña taurinak hala baldintzatuta noski, Antiguako hauzo elkarteak hauekin beste fronte berri bat eratu zuten, alde zaharreko Hauzoakin organizazio lanetan etenaz. Beraz, azken orduan ibilaldiaren antolaketa Antiguako elkarteek beregain hartu zuten, eta Hauzokoek haserre ziren Antiguako Hauzo elkarteak egin zion desplante zatarragatik. Ondorioz eta geroztik hauzo elkarte mailan bi kritika agertu ziren, bata alde zaharreko Hauzoak Antiguakoari eginiko eskutitz zorrotz (egi)a eta bestea Añorga Txikikoena. Lehenik aipatutako eskutitz irekiak gaizki adituen azpitik (abertzale-estatalista) diferentziak gordetzen baditu ere, Añorga Txikikoari lotuko natzaio, nire eritzi koxkorrean, mamitsu eta bortitzagoa delakoan.

Añorga Txikikoen kritika

Hauzo elkarteek behetik sortu badira eta herritarrak izaten irauteko goitik edo kanpotik edo beste hauzo batetik datorren iniziatiba neurtu edo aukeratu egin beharko da politik mugimendu eta zenbait interesen olatupean ez galtzeko. Horregatik, eta hauzo elkartearen egitekoa benetan betetzeko, hauzoko arazoak eta hauzotarrek eraman beharko dituzte arazo horik. Baina, ez da batere erraza, batez ere, guztiori dagozkigun herri arazo orokorrak jasotzeko eran. Dena dela, arriskua zeran datza, hauzo elkarteek hauzoko prolematikari lotzeke (eta hauzotarren eritziarekin konta gabe) edozein iniziatibari baiezkoa ematea, adibidez, Antiguako ibilaldia Antiguako elkarteen (edo berdin izanen zen Alde zaharrekoekin batera ere) organizaziopean beste hauzoek parte hartzeke, sartzea, ez da noski benetan demokratikoa, arazo hori ezpaita hauzoan ez sortu, ez bere antolaketan parte hartu ere.

Bi arriskurekin aurkitzen gara, beraz, hauzo elkarte mailan, alde batetik, hauzoak (edo hauzoko gehienbateko eritziak) hauzo elkartean tokirik ez izatea, edo eta hauzo elkartea jendea erakartzeko gauza ez delako edo hauzo elkartea taldetxoren batek erabiltzen duelako. Eta, beste arriskua gaurko politik eta sozial egoera larri honetan hauzo elkarteaz (benetako herrigintza izateke) halako talderen bat bere interesen plataforma bezala baliatzea.

Eta holako zerbait gertatzen da zenbait deklarapen izenpetu behar direnean ere, interesgarriak berez, baina hauzo elkarteetako batzordeek edo zuzendariek basearekin diskutitu gabe firmatzen dituztenean.

Hauzo elkarteen artean gauza bikainak antolatu dira, halere, bide egokiagoen faltan antolatu badira ere, Arestiren Omenaldia, Antiguako Ibilaldia, eta azkenik Foruen Mahai Ingurua eta Antiguako Elkarteak eratutako Foruei buruzko hitzaldi saioa, beharbada, orainarterakoan antolatu diren onenak.

Elebitasunaren aldeko batzarrak

Heziketa Ministergoaren aurrean Gipuzkoako irakasleek (hauzo elkarte eta beste kultur taldeekin baturik) elebitasunaren aldeko gestora bat eratu nahi eta batzar, baterako da hauzo elkarteei azkenik egin zaigun dei inbitazioa. Nik oso ongi ikusten dut irakasle talde honen planteamendua, alegia, mementuko eta lehen pauso bezala Gipuzkoako ikastetxe orotan (eskola ta institutu) euskera obligatorioki sartzea, eskola ordu barruan, irakasleak Heziketa Ministergoak ordainduta eta hori guztiori datorren ikasturterako. Hau, jakina, lehen pauso bat besterik ez da, euskerari Euskal Herrian irakaskintza eta bizitza osoan dagokion lekua kontutan hartuta, baina, gaurko egoeran pauso handia izanen da, alde batetik maximalista izan behar badugu, bestetik errealista behar dugu izan, eta pauso hau emateko denok alkarren beharrean aurkitzen gara. Batzarrean aipatu zigutenez irakasle talde hau, batez ere, irakasleen sindikatuan dabiltzatenak dira, baina hauzo elkarte, kultur talde, ikastola federakuntza eta beste taldeekin konformidadean batzorde bat eratu nahi dute Heziketa Ministergoaren aurrean indarra pausoz pauso egiteko, eta nik jokabide hau, eroso eta positibotzat jotzen dut, eta beraz, ez bakarrik lagundu baizik parte hartu eta bere antolaketa erabakitzera prestatu behar genuke.

Alex


Euskal Herrian

Fluorosisaren aurkako manifestazioa Mungian

Agorrilaren 1ean, igandea, hamabiak jota, bospasei mila pertsonatako manifestazio bat egin zen Mungian, fluorosisaren arazoaren aurrean beren jarrera agertuz.

Dakikezuenez, Mungia aldean, hainbat baserritarrek kalte handiak pairatu dituzte eta pairatzen ari dira, fluorosisaren kausaz. Ferro Emanel izeneko lantegia da erruduna. Baina, nahiz eta inguru horretan fluoroa erabiltzen duen lantegi bakarra berori den, bertako agintariek ez dutela ezer poluitzen diote, eta bide horretatik abiatuz, ez dituzte baserritarrak indemnizatu nahi. Azken hauei gertatzen zitzaien irtenbide bakarra, manifestazioa zatekeen.

Jendearen egintza ordenarik handienean gertatu zen. Behin Udal Etxe aurrean helduz, "Camara Sindical Agraria" delako elkarteko sekretariak COSAko lehendakariari emanen zion gutuna irakurri zuen euskaraz eta espainolez. Aipatu elkarteko lehendakariak, gutun hori Mungia, Maruri eta Gatikako alkateei eman zien.

Orduan gauza bitxi eta interesgarri bat gertatu zen. Jendea "Agertu alkatea" oihuka esatera hasi zen. Alkatea balkoira irten eta espainolez hitz egiten hasi zen. Jendea, oihuka, "euskara", hots euskaraz hitz egiteko. Eta egin egin behar. Interesgarria benetan.

Problema larria da benetan. Jadanik 130 baserritar ari dira egoera hau jasaten eta hirurehun baino behi gehiago daude kutsaturik. Horretaz gainera, baso, soro eta baratzeetan eginiko kalteak ere eduki behar dira kontutan. Pinadiak dira kalterik handiena jasaten eta pairatzen dutenak.

Problema hor dago, ebatzi egokiaren zain.

J.R. Etxebarria


Euskal Herrian

Hego haizearen ikurrina

Donostiako La voz de España egunkari mugimendutarrak desafio izugarria bota die gipuzkoarrei. Gipuzkoarren (benetako gipuzkoarren) irudimenari deia ("La Voz" delako, antza denez) egin zaio. Gaia: Ikurrin berria (hori "de España" delako, izango ote?).

Gaurkotasunaren atxakiaz, deiturabertzaletasunari jarraikiz, jostailu berri bat asmatu nahi dute zenbaitzuk (Zergatik orain, hain zuzen, jostailu "apolitiko"hori?).

Ikurrin hori bi koloretan oinharrituko dateke: zuria eta gorrian (Realekoak zuri-urdinak ez al dira ba?). Gero Pais Vasco osoan zabaltzeko asmoa ere agertzen dute, horrela vasco guztien bandera "zaharra" bihur dadin. Amen.


Munduan barrena

Manifestazio bat Burgosen

Ez zaitezte harri, euskaldunek egin baitzuten Burgoseko manifestazio hau. Hamabi euskal preso politiko direla eta, Burgoseko gartzelan (Bizente Gurrutxaga, Josu Apalategi, Jon Mikel Goiburu, P. Ignazio Perez Beotegi, Mariano Ibarren, Karlos Agirre, Emilio Goitia, Benito Mendizabal, Joxe Mentxakatorre, Imanol Albisu, J. Ignazio Mujika Arregi, Martin Etxeberria), Agorrilaren 16an preso hauek presondegi honen zuzendari den Ramon Santillana jaunari buruz duten mila kezka, idazki batez, ezaguterazi zuten. Idazki hau Espainiako Justizi Ministroari eta "Instituciones Penitenciarias" eko zuzendariari bidali nahi izan zieten, beren helburua lortu gabe, ordea. Idazki hau, halere, gartzelatik kanpora ateratzea lortu ondoren, beraien familiek hartu zuten kexa hauk ezaguterazteko lana. Horrela antolatu zuten, Agorrilaren 29rako, Burgoseko katedralaren alboan, manifestazio bat. Igande horretako goizeko hamaiketan berrehunen bat lagun elkartu ziren toki honetan. Bereala agertu ziren poliziak eta, tentsio une batzu ondoren, familiakoek idazkia gartzelan ematea erabaki zuten.

Gartzelako bidean, kilometro bat falta zela, polizi automobil batek kontrola jarri zuen eta euskal automobilen txoferren karnetak eskatu eta matrikulak apuntatu zituen. Gartzelara heltzeko ehun metro falta zirenean, presondegi barrutik goardia pila bat agertu zen, sekulako "aparatuaz". "Director, dimite" garraisi egin ondoren, bost gartzelaturen amak goardien teniente batekin elkarikusketa "bero" bat izan zuten eta gero familia guztiak berriro Burgosera bihurtu eta Gobernu Zibilera joan ziren. Bide honetan "Berriak" aldizkariko bi argazkilariei egindako argazkiak hondatu zizkieten goardiek eta baita "Diario de Burgos" eko kazetari gazte baten notak apurtu ere.

Gobernu Zibilean familiakoek Gobernadorearen ordezkoari idazkia eman zioten. Esan digutenez, Gobernadorearen ordezko honek ederki onhartu zituen familiarrak.

Hurrengo lerroetan, hitz laburrez, Burgosen dauden hamabi euskaldunen kexak eta eskakizunak aurkituko dituzue. Presoek egindako idazkiak, berez, lau folio ditu.

Presoen egoera larria

1.- Egunean hemeretzi ordu terdi beren geletan egon erazten die.

2.- Aldizkari politikorik ez da Burgoseko gartzelan sartzen. Burgoseko zuzendariak dioenez, "As" eta "Marka" ere debekatzekotan dago, "oso pornografikoak bihurtzen ari baitira". "Cambio 16" ez die gure presoei uzten "kalte morala" egiten baitie presoei.

3.- Euskal presoek ezin dute ez iganderoko mezara ez eta zinera joan, beste preso guztiek egiten duten bezala. Zinea astero bi aldiz izaten da.

4.- Familien bisitetan ezin dute euskaraz hitz egin ez eta normalki hizketan egin ere, garraisiz baizik, funtzionari baten begipean.

5.- Janaririk ezin da sartu, ez bada prestatua eta lagun bakar batentzat gertua. Gailetak, txokolatea, fruituak, tomateak etab. debekatuak daude, Hau presondegiko "Economato"an gauzak eros ditzaten egiten da, baina "economato"an gauza gutti eta txarrak aurkitzen dira eta, gainera, hiru hilabete lehenago eskatu behar dira.

6.- Barruan Zuzendariaren ordezkari bati agertutako kexek ez dute erantzunik izan.

7.- "Seguritate"aren izenean Zuzendariak presoen eskubideak zapaltzen ditu egunero. "Seguritatate" atxakiaz, biboteen luzeera ere mugatu du.

8.- Geletan ez dago ez mahairik ez armairurik. Arropak eta liburuak lurrean utzi behar dira.Ez dago kalefakziorik. Argia oso gutti da eta edateko ura kaltegarria, hibaitik zuzenean eta filtrorik gabe hartutakoa baita. Gure presoek ezin dute doinu tresnarik izan eta estudioak debekatuak daude.

Gure presoek eta beraien etxekoek eskatze dutena hauxe da: egoera larri eta bereizgarri honi amaiera ematea.


Munduan barrena

Europa. Italiako gobernu berria

Azkenez, hilabete baino luzeago eman eta gero, Italiako gobernu berria osatu da; Andreotti kristaudemokrataren zuzendaritzapean, eta Leone Jaun Lehendakariaren onespenaz sortu da gobernu berri hau. Hainbeste luzatu da kontua, ezen behin Berlinguer, Italiako Alderdi Komunistaren idazkaria, Biltzarretxeko barrera joan zela, maiz egiten ez duena, zera itauntzera Galloni jaunari, biltzarkide kristaudemokraten idazkariari, ea noizko zukeen prest Andreottik bere gobernua.

Zenbaitek Andreotti komunisten eskutan egon dela uste du. Argi dagoena zera da baina, Demokrazia kristauarekin batera orainarteko gobernuetan parte hartu duten erdi-ezkerreko alderdiek, beren lanean plausta plausta ibiltzean erantsi zaien bekorotza, era batez ala bestez, behin betiko uzteko prest daudela, bizi izanen badira, behinik behin. Hori da kristaudemokraten idazkariak, Zaccagnini-k, zioena, beraiek beste zikinez, errepublikarrek, sozialdemokratek eta sozialistek lohitu dutela Italiako Errepublika. Il Giornale Nuovo ren berbetan: errepublikarren eta sozialdemokraten neurosia.

Gobernu berria datorren bezala osatua dago:

- Giulio Andreotti: Lehen ministroa.

- Tina Alseni: Lan ministroa.

- Antonio Bisaglia: Industria Estatalen ministroa.

- Paolo Bonifacio: Justizi ministroa.

- Francesco Cossiga: Barne ministroa.

- Carlo Donat Cantin: Industri- eta Merkatalgo ministroa.

- Francesco Fabbri: Itsas merkatalgorako ministroa.

- Luciano da Falco: Osasun ministroa.

- Arnaldo Forlani: Atzerritar arazoetarako ministroa.

- Antonio Gullotti: Lan publikoetarako ministroa.

- Vito Lattanzio: Defentsa ministroa.

- Ciriaco de Mita: Ministergorik gabeko ministroa (hegoaldeko eskualdeen arduraduna).

- Franco Maria Malfati: Hezkuntz ministroa.

- Tomaso Morlino: Planifikazio ministroa.

- Rinaldo Ossola: Kanpoko merkatalgo ministroa.

- Filippo Mario Pandolfi: Finantzi ministroa.

- Attilio Ruffini: Trafiko ministroa.

- Gaetano Stammati: Altxor ministroa.

Lehenago 21 ministergo zeuden, orain 19. Ez da berau kontutan har daitekeen erreforma. Partaideez denaz bezainbatean, kriataudemokratak direla denak aldez aurretik emanda, dena esanik dago. Teknokrata bi, arazo ekonomikoetarako; eskuindarrak, hiru behintzat Fanfaniren aldekoak; bost bat, alderdiaren ezkertiarrak, eta noski Andreottiren jarraitzaileak, alderdiaren erdikoak edo. Lan ministroa, Italiako kondairan ministro izanen den lehen andrea da, Tina Anselmi, 49 urte dauzkana, eskolirakaslea, gerlan erresistentzian ibili eta gero, azkeneko urteotan burruka sindikaletan ezaguna. Forlani, berriz, kanpo ministroa, politika atlantikozalearen habea dateke. Pasadizuen mailan honetaz ohar gaitezke, barne ministroa, Cossiga, Berlinguer-en lehengusua izateaz.

Gobernu hau sortzeko, gutiengo-gobernua, gertatu direnak ez dira makal.

Aipatzekotan, zalantzarik gabe, Schmidten hitzak izan behar dira, agian Italian jazoa, eta jazotzeko zena, aldatu ez dutenak, kanpotik begiratuz behintzat, baina bai zertxobait eragin, Demokrazia Kristauaren eskumari indarra eman dion neurrian.

Alemaniako egunkariek ziotenez, Europa osoa jalki zaie "alemanei" aitzi. Eskumako egunerokoek, Alemaniak bete ohi duen biktima papera erabili dute ahotik hortzera. Ezin esan, neurri batez, Alemaniaren lepoan, askok bere burua zuzenetsi ez duenik, baina arazoaren zama horretan ikuseraztea, ene aburuz, Schmidt sozialdemokratak defendatzen dituen interesen aldeko beste burrukera bat, ederragoa, besterik ez da. Ez dugu frantses nazionalistarik erakarri behar, hala nola Debré Jauna, baina argi dago, hauteskundeak datozelako Alemanian, Schmidtek berak, eta Europako beste ministro eskuindar eta sozialdemokrata guztiek pentsatzen dutena, oraingo abagadune honetan helburu bi lortu dituela, batetik pentsatzen dutena esatea, eta bestetik Alemanian SPD-ri, Alderdi Sozialdemokratari, kontra egiten dion CDU-ri, eta darabilen esaldi propagandistikoari kolpe gogorra jotzea. Beronen esaera: Askatasuna ala Sozialismoa.

Berrogei urtetan Italian eskuina boterean egon delarik ezer ez dute Alemaniako sozialdemokratek esan. Nondik datorkie bada, oraingo beldur eta grina? Alderdi komunistek darabilten bulegokraziatik, ala azken batetan kapitalismoaren administratzaile gizatiarrenetarikoak izatetik? Tamalgarria. Agerian dago defentsan eta zemaietan daukala kapitalismoak irtenbide bakarra, Iralak bere "bat bitan banatzen da" delakoan ederto esan bezala. Eta tamalgarria halaber, klaserik gabeko gizarte baten alde, teoriaz dauden batzu, oraingo sozialismo ereduak ez onhartzearren, askok ontzat ematen ez ditugun moduan, askatasunaren aldeko burruka aurrera ateratzeko gogorik ez argudiorik ez ukatea.

Andolin Eguzkitza


Euskal herrian

Zentral nuklearrik ez!

Agorrilaren 29an, Euskal Herrian Iberduerok jarri nahi dituen nuklear zentralen kontra manifestazio bat izan zen. Plentzian. Manifestazio "baimendun" honetan 20.000 lagunek hartu zuten parte.

Manifestazioa Plentziako plazan hasi zen eta bertako hondartzaren inguruan dagoen zabalune batetan bukatu. Goizeko hamaiketan, Plentziako udaletxe aurrean, egin ziren lehen pauso eta oihuak. Ofizialki emandako baimena ordu bakar batetarako zen eta horregatik ibilaldia oso puntualki hasi zen. Hogei mila lagunen aurrean Euskal Herriko lagun oso esagun batzu jarri ziren: Txillida eskultorea, Ruiz Balerdi, Aya Goñi e.a. Zenbait pankarta ere ikusi genuen, itsasaldeko eta Euskal Herriko herrien kexak ageriaz. Hara hemen pankartetan irakurritako kexa batzu: "Abertzaleek ez dute nahi Zentral nuklearrik Euskadin. K.A.S.", "Euzkadik ez du nahi beste Hiroshima bat", "Eako herria zentral nuklearren aurka", "Zergatik Euskal Herrian industria, zerri guztiak?", "Centrales de interés de los capitalistas en contra del pueblo", "Euskal Langileen Sindikalgintza Zentral Nuklearren kontra". L.A.B. Amorotok, Zarautzek, Debak eta beste zenbait herriek ere beren pankartak ere agertu zituzten. Nafarroa eta Araba ere han egon ziren. Lemoitzeko zentralean lan egiten duten langileek, beste letrero batez zentralaren kontra daudela zioten eta herriaren alde. "Por un trabajo digno", zioten langile hauek.

Ikurrinak

Manifestazio barruan bi ikurrin ikusi genuen eta gu bezala helikoptero batetan manifestarien buru gainetik pasatzen ziren goardiek. Nahiz eta manifestazio ingurutan goardia gutti ikusi, helikoptero honek egindako pasada baxuak —une batzutan manifestazio gainean geldi-geldi eta berrogeita hamar metro garaitara jartzen baitzen— manifestarien kexa eta oihuak sorterazten zituen, helikopteroa ikurrinaren gainean jartzen zenean batez ere.

Ibilaldia, gure ustez, polikiegi egin zen eta eguerdirako amaitzeko zenez azken orduan jende guztiak presaka eta korrika egin behar izan zituen azken metroak, lautadara garaiz heltzeko.

Ibilaldian eman ziren oihuak hauxek izan ziren: "Ez, ez, ez, nuklearrik ez", "nuklearrik ez - amnistia bai" "Ez, ez, ez", txaloz horniturik. ziren "Slogan" asko entzun eta une batzutan, aurrealdean behintzat, giro txepela izan genuen. Ibilaldia aurrera zihoala, halere, giroa sakon beroagoa egin zen.

Hamabitan, manifestariak lautadan eseririk zeudela, euskaraz eta gaztelaniaz zentralei buruz egindako idazki bat irakurri zen. Idazki honetan herriak nola arazo honetan ez duen parte hartzerik izan agertzen zen. Berton ere, Iberduerok izan duen axolagabekeria galanta salatzen zen, Administrazio Zentrala eta Bizkaiko Diputazioak lagun, Lemoitzen bere zentral nuklearren lanak aurrera eramatean (gaur zentral honetan bi erreaktore ipinita daude eta hirugarren bat jartzekotan). Izpazter-Eako projektuak ere salatu ziren, beren arrisku mugagabeak (bai gizon, animalia eta landareentzat) ere agertuz. Eskakizun garrantzikoena hau izan zen: Lemoitzeko lanak orain geldituak izan daitezela eta egindako projektuak ukatuak. Dakizuenez, Gipuzkoako herriak egindako presioei esker Gipuzkoako diputazioak Debako zentralen projektuei uko egin die.

Antolatzaileak diputazioari gutun bat

Nortzu izan ditugu manifestazio honen antolatzaileak? "Euskal Itsasalde Nuklear" baten aurka jotzeko elkartu diren zenbait herri-talde. Hara hemen Bizkaiko Diputazioari bidalitako gutun luze baten sinatzaileak: Lekeitio, Ondarroa, Elantxobe, Mundaka, Santurtzi, Bermeo eta Armintzako Arrantzale Kofradiak; Ea, Lekeitio, Mungia, Deustu, Gure Etxea, (Gurutzeta), Durango, Ermua, Trapaga (San Salvador del Valle), Errekaldeberri, Basurtu, "Nuestro Pueblo" (Sestao), Lamiako, Romo, Erandio, Portugalete eta Elexaldeko (Leioa), Famili Elkarteak, Lemoitzeko "Gure-Mendi" eta Bilboko Rodriguez Arias 31. etxeko jabe komunitateak; "El Desván", Lutxana, Jata (Mungia), Plentziako "Gaminiz", Ermuko "Arce", eta Mungiako "Anaitasuna", "Elkartasuna", C. Mungia, "Gure-Ize", Pilota eta Uriona elkarteak. Oso luze joko liguke lerro hauetan beste sinatzaileak nortzu izan diren jartzeak. Beren artean era guztietako profesional, elkarte eta izen ikusten dira. Bermeon, adibidez, bost izan dira sinatzaile taldeak.

Gutunaren laburpena

Bizkaiko Diputazioari bidalitako gutunak hamabi horrialde ditu. Berton Diputazioa Lemoitz eta Izpazter Ean egindako irregularitate guztien erresponsable egiten da eta Lemoitzen egindako zentralaren aurrean izan duen isiltasuna salatzen. Probintziako elkarte" ofizialen isiltasuna garbi agertzen da ere. Delako projektua geldierazi dituzten arrazoiak berdin balio beharko zuten Lemoitzeko lanak eta Izpazter-Eako projektuak gel erazteko. Debako projektuen aurka hauxek izan ziren arrazoiak:

- Debako lurraldeak gero eta bizilagun gehiago izango ditu, bere kontzentrazioa handituz. Hau berbera gertatuko da Lemoitz eta Izpazter-Ean. Bilbo ere alde horretarantz handitzen doa.

- Iberduerok ez zituen egin Deban —ez eta Lemoitz eta Izpazter-Ean ere— alternatiba moduko lanik.

- Iberduerok ez du gure lurraldeei buruz estudiorik egin.

- Iberduerok ez du emergentzi mementu batetarako estudiorik egin.

- Errefrigerazio arloan, Iberduerok hemen erabili nahi duen sistema Estatu Batuetan ukatua izan dena da, itsasoko urentzat kaltegarri baita. Sistema hori gure ondartzentzat ere oso kaltegarria izanen litzateke.

- Gipuzkoako Diputazioen salakuntzetan ere Iberduerok Geologi, Hidrologi, eta Ozeanografi mailak ia alde batetara utzi dituela ikus dezakegu.

Iberduerok Gipuzkoan agertu duen irresponsabilitatea Bizkaian ondorio okerragoak izango zituen, gutun honek dioenez, eta gainera Iberduero eta zentralei buruz sortutako mesfidantza etorkizunean handituko dela dio. Gai hontan psikologi aldeko arloak ez dira ezezagutu behar.

Zentral hauen ondorio txarrak Euskal Herri guztiari ukituko zion. Amaieran gutunak euskal komunitate guztiari egoera larri honen aurka jotzearren dei bat egiten dio. Nahiz eta Iberduerok milioi batzu Lemoitzen gastatu, honek ez du herriaren erantzunentzat oztoporik izan behar. Herriak legeak bete erazi behar ditu eta gainera, ea zentral hauk berarentzat onak edo txarrak, komenigarri diren ala ez erabaki. Noizbait Bizkaiko Diputazioak estudio hauk egiteko asmoak agertzen baditu, herriaren ordezkariak deitu beharko lituzke beren eritziak ezagutzeko.

Diputazioari gutun hau Administrazio Zentralera bidali dezala eskatzen zaio.

X. A.


Euskal herrian

"Garaia"ren geroko "geroaren" erredentismoa

Pozez hartu dut euskaldun bezala GARAIA izeneko astekari berria. Dudarik gabe euskal prentsak duen hutsune nagusia betetzera dator. Astekariaren asmoa "revista de opinión vasca" izatea da. Hori guztiori egia eta oso txalogarria. Aldizkari honek Euskal Herriko jendeak duen informaketa baten gosea ase nahi du. Baina nere galdera da, noren gosea, Euskal Herriko "vascoena" bakarrik? Euskaldunek (euskaradunak ulertu, noski) jai al dute?

"Garaiaren" monocastellanismoa zenbaitzuren EUZKADIKO vasquismo "erromantiko-folklorista" batean ez ote da funtsatzen? Neure kritika bide hortatik egin aurretik, balioztatzen dut positiboki haren honen trinkotasuna eta zenbait artikuluen mamia. Foruen lana ongi dago, baina astekari batean halako monografia luzeak agian ez; dena dela artikulu trinkoak dira. Formatoaren aldetik airostasun gehiago eskatuko nioke...

Esan dudanez nere gaurko gakoa beste toki batetik doa; beraz, EUSKAL HERRIAK gaur sentitzen duen kultur kontradizioen aldetik begiraturik GARAIAren jokabide (kasik gaztelanofonoa) zeharo defraudatu nau... Dirudienez delako EUSKAL ABERTZALE KONBERGENTZIA bateko zenbait jenderen abots emaile bada, nolatan erori zaigu GARAIA "aberchaletasun folkloriko" horretara? Denok dakigu zenbait "aberchaletasun" folklorikoen jokabideak zeintzu diren. Jokabide horik aspaldi entzundako "geroko geroaren" erredentismoa finkatzen dira. Dialektika hori sofisma bat da, ihesketa bat praxian, edo eta posibilismo arriskugarri bat, gutienez...

 "Politik erreboluzioa egin ondoren euskaratuko dugu EUZKADI" esateak injenuitate handia darama; era berean komoditate handia da hau esatea "Soy muy abertzale, yo no sé vascuence, pero mis hijos ya aprenderán"... Edo eta "Primero la revolución política y luego la cultural"... Holako pentsabideetan ezkonprometatu nahia, irredentismoa, eta azken finean injenuitate handi bat dago...

Dirudienez, GARAIAK praxian dituen "abertzaletasunaren" ideiak eta nireak ez dira guztiz berdinak. Akusazio hau publikoki baita ere PUNTO Y HORA hamabostekariari doakie. Noiztik "PUNTO Y HORA" de EUSKAL HERRIA? Astekaria, ia osorik, Herri honi milaka urtetan arraro izan zaion hizkuntzan gure problemak emanez ari da. Ez, ez, ez, EUSKAL HERRIAK, jaunok, koordenada antropologiko batzu ditu, eta zuen EUZKADI hori EUSKAL HERRIAREN koordenada kulturaletan ez bada ezartzen, nik ez dut zuen "abertzaletasun" folkloriko horrekin ezer ikusi nahi. Dudarik ez dago gure "funtsa antropologikoa" salbatzeko politika egin behar dugula, "errebindikazio sozialak" egin behar ditugula. Are gehiago, ni osoro konbentzituta nago, azken finean, euskararen benetako soluziobidea POLITIKATIK etorriko dela, baina ez edozein politikatatik... Gaur egun burruka ez da egin behar POLITIKA mailan bakarrik, fronte kulturalen ere bai, "geroko geroa" utzirik. Burrukak osoa, integrala izan behar du, hau da, a) Politikoa, b) sozial-igualitarista c) kulturala. Hiru kondizionamendu horik bereizten, edo eta alkarlotzen ez badira, gure herria halako "desbideraketa nazional" batera ailegatzeko arriskuan dago. Politika frontean kultural (euskararen ofizialtasuna bereziki) balioak ez baditugu erreibindikatzen guk lortuko dugun herria EUZKADI entitate "geografiko-administratibo bat izango da "vasco" izena edukiko duena, baina inolatan ere ez "euskalduna". Askoren EUZKADI horretan euskarak EPIFONEMO bat bezala dirau, EUZKADI horrek ez du EUSKAL HERRIA autoizendatzeko eskubiderik izango, desbideraketa "munstrual" bat izango delako. Beraz EUZKADI izenak ez du EUSKAL HERRIAREN semantika berezi eta antropologikorik. Gure herria milaka urtetan autodefinitu eta autoizendatu da "euskaraz mintzo den Herri gisa". Dakigunez literalki EUSKAL HERRIA ez da itzultzen "PUEBLO VASCO", baizik eta "PUEBLO QUE HABLA VASCO" bezala. Gure herriaren etimologia jakin behar dugu, Era berean "vascoaren" korrespondentzia ez da etimologiaz "EUSKALDUNA". Hizkuntzalarien esanetik ba dakigu "euskalduna" EUSKARA-tik datorrela, eta bere semantikak hau adierazi nahi duela literalki: "euskaraz egiten duen laguna".

Uste dut gure kaletan "Gora EUZKADI" oihua botatzen duten askok osoro funts desberdinak ematen dizkietela gure herriari eta etorkizunari, sozial eta politika mailatik aparte. EUSKAL HERRIAREN antropologi balioek duten koordenadatatik urrundutako EUZKADI bat eraiki nahi badugu, akzidentalismo batera goaz. EUZKADI horren funtsa eta entitatea guztiz administratibo-geografikoa izango da. EUZKADI hori heresia galanta litzateke gure asaben pentsakeran; aintzinakoek ez zuketen horrelako nazional entitate batean pentsatzerik nahi izango. Zergatik? Erantzuna erraza da, EUZKADI hipotetiko horrek EUSKAL HERRI deitzeko eskubiderik ez lukeelako mamia "kulturalak" kenduz gero. Argentina edo Irlanda bezalako Estatu administratibo-soberano bat besterik ez litzateke.

GARAIA irakurtzekoan horrelako pentsamenduak datozkit, eta ba dakit GARAIAKOAK ez direla "sukurtsalista" denigratu horietakoak. Baina "Abertzaletasunaren praxia" nola egiten dugu?

Ba dakit GARAIAREN erantzuna zein izango den. Erantzun hori bere editorialean dago. Barkatu baina ni ez naiz EUSKAL HERRIAN euskal monolinguismo bat ezarri nahi luketen horietakoa; hori utopia hutsa da gaurko egoeran; geroago bai, eta planteatu dezakegu noski eta eskubide guztiaz... Nik GARAIAri eta PUNTO Y HORA de EUSKAL HERRIA (??)-ri kritika hau egitekoan ez dut erori nahi beraiek egiten duten alderantzizko "zapalketa kultural" batean. Ez, ez dut eskatzen GARAIA edo PUNTO Y HORA euskera hutsean ateratzea; ezta ere erdia, askoz "posibilistagoa" naiz. Nik eskatzen dudana da gutienez % 30 bat euskaraz idatzia egon behar lukeela, "euskal politik astekaria" deitzeko.

 Gaurko errealitate erdaldunak (erdarafonoak) eskatzen du gure informaketa ERDARAZ ere nahitanahi ez eman behar dela, jende hori gure nazional arazoetara bihurtzeko. Dakigunez jendeak Madrileko astekariak irakurtzen ditu; honela "gure herritarrek" ba dezakete beste ikusmira osatuago bat eduki. Ni ez nago erdararen aurka (posibilista naiz). Baina ez dut onhartzen GARAIAREN eta PUNTO Y HORA-en kontradikzio nagusi hori. Bien euskarazko artikulu BAT BAKAR hori parragarria da, eta "involuntarie" gure herriko etsaiek eta faxistek gure kulturaren aurka egin duten jokabidea hartzen dute.

"GEROago, GEROago egingo dugu euskaraz, "Herriaren errekonbertsioa" egingo denean esateak, injenuitate handi bat darama...Beraz, gerta daiteke GEROKO GERO hori iristekoan euskara hilda egotea. Medita, politikariok, Irlandan pasatu den jokabideaz, eta gure 31 eta 36 urtetako Euskal Estatutuek duten kontextura diglosikoan!! Euskararen erreibindikazio eta praxia GAUR GAURTIK hasi behar da, GERORA uzteak sorpresak ekar ditzake. Burruka gaurtik, ez bihartik. Euskararen erreflexioa eta erreibindikazioa aldizkarietan bai erdaraz eta bai euskaraz, baina ez ERDARAZ bakarrik. GEROAREN praxi hori arriskutsua da, eta gerta daiteka, bai, gure etsaiena bezain likidazionista.

Bi aldizkari hauen kontrako kritika ez litzateke hain gogorra 6 edo 7 bat "euskal astekari oso bagenitu". Egoera oso desberdina da, ordea. ZERUKO ARGIA ETA ANAITASUNA, adibidez, oso toki mugatuetara iristen dira. Irun eta Santurtziko "vascoentzat" laurdena "bakarrik" euskaraz duen aldizkari bat (beste % 70 edo 73 erdaraz) oso positibo eta beharrezkoa da; horrela inpaktu egin diezaieke gure kulturak, eta berehala bultza kultura hori lkastera.

Bukatzeko, ohartxo bat baina... Baldin eta GARAIA edo PUNTO Y HORA hasiko balira % 30 batean euskaraz idazten arren ez eror "baserri-diglosia" batean. "Baserri-diglosia" da gure la VOZ DE ESPANAk, DIARIO VASCOk eta beste batzuek egiten dutena; halegia, euskara ferian tipulak, patatak, idiapustuak, bertsoak, nobenak, errosarioaren beharra eta horrelako gaietara mugatzea. Bertsoak periodikoan ondo daude, baina oso "gaizki" bertsoak eta feriako prezioek euskararen ekologia guztia mugatzen dutenean. Zergatik ez euskaraz editorialak, batzutan? Zergatik ez artikulu politikoak, mahainguruak, etab.?

Urte batean ia 200 liburu atera dituen hizkuntza batek "baserritar" egoera hori gaindurik dauka, eta "hizkuntza standard" bihurtuta dago. Entzun, 200 liburu inguru ziren joan den urtekoak, eta ez 285-edo eurrez PUNTO Y HORAk eman zituenak. 200 liburu horik benetako record bat dira.

Azken bukaera honetan hasi naizen dialektikara noa. Ez dut uste GARAIAK EUSKAL HERRIAREN koordenada antropologikoak onhartzen ez dituen EUZKADI baten pentsatuko duenik. Hortaz, ez eror "GEROKO geroaren erredentismoan". Gaurtik hasi, bestela EUZKADI "estatu vasco geografiko" bat bilakatzeko arrisku bizian gabiltza.

Luis Mari Mujika


Elkar ikuska

Gerraosteko futbola Euskal Herrian

Andoni Elizondo nork ez du ezagutzen? Andoni, duela 43 urte jaio zen Donostian. 12 urtetan futbolari profesionala izan da, eta, gero, 8 urtetan entrenatzaile. Bata eta bestea "Real Sociedad"-en. 20 urte, beraz, futbolaren mundu barnean, zerbait ezagutzeko moduan.

Gaur futboletik erretiratuta dago. Gehiago ez hastekotan. Hitz emanda. Aspertu zelako utzi zuen. Gaur egun ez omen du futbolean pentsatu ere egiten. "Ba da gauza inportanteagorik".

Gauza inportante horiek beste batetarako utziz, futbola bera aztertu nahi genuke guk, Andoniren eskutik. Futbola, baina ez deporte bezala, baizik eta fenomenu sozio-politiko den mailan. Zalantzarik gabe, gerraoste honetan Espainian —eta gure artean— politikatik hurbil egon da futbola. Erregimenak bere politikarako erabili du. Baina baita oposizioak ere nolabait. Katalanismoaren ezaugarri omen zen Barça; eta abertzaletasunarena, Athletik de Bilbao. Baina azken 15 urteotan plazaratu den politik izpirituan, identifikatze hauk ez dira horren argiak. Orain futbolak ez du gizarteko funtzionaltasun bera.

1.- Futbolaren politizatzea aztertu aurretik futbolaren munduaz ardura gaitezen. Mundu hori zelaikoa ez baino janztokietakoa eta Club barnekoa ez ezaguna da, erdi sekretua, osoa ez denean. Dakigun apurrak adierazten digunez, bestalde, ustel usainik ere ba da. Futbolariaren, entrenatzailearen eta Club baten penak eta pozak ezagutu nahi genituzke.

Mundu hori, futbola erabiltzen duen mundu hori, labur esateko, interesen mundu bat da. Era askotako interesak, dirua eta fama horien artean. Zuzendari zenbaitentzat politik bide ere bai. Esaterako, Zaragozako bi Lehendakari, alkate izan dira geroztik.

Club batek entrepresa bezala lan egiten du, entrenatzailea eta futbolariak enplegatu bezala hartuz. Erresultadoen araberako futbola —zeren eta gaur gauza guztien gainetik irabazi egin behar da, futbolaren makinak bere lana egiten jarrai dezan— okertzen hasten denean, kanpora bota ohi da entrenatzailea. Ezaguna da. Gure artean —Donostiaz ari naiz— gauzak ez dira hain gogor gertatzen. Lagun giro gehiago dago. Baina, ekipoa galtzen eta galtzen hasten denean, ikaragarri gaistotzen da bertoko entrenatzailea batentzat kaleko giroa.

Sanoenak, futbolariak dira, jokalariak. Cluben langile dira hauk. Futbola egiteko —edo irabazteko— ordainduak. Ongi ordaintzen zaie goreneko mailan bederen. Sarrerak oro kontaturik, alegia, soldata, sariak, etc, jokatzen dutenek behintzat miloi t'erditik hasita 5-6 miloraino irabazten dute. Pirri, Iribar eta hauk goiko horretan ibiliko dira. Baina ez dugu sekula ahaztu behar futbol-jokatzaileen bizitza oso motza dela, 10-12 urte. Bizimodu erraza era bai, eta burua hotz kontserbatzea eta etorkizun iraunkor bat prestatzea kondizio horietan ez dela erraza.

2.- Dirudienez, kontzientzia berri baten sorrera dago futbolariengan orain. Sindikatu bat sortu nahian ote dabiltzan jakin dugu.

Jokatzaileak hasi dira gauregun beren bizimodua eskutan hartzen. Bai sindikatu bat eratzekotan dira. Gure ingurutik, Martinez eta Iribar ere tartean dabiltza. Ba dute, bai, zer eskatu eta zer hobetu. Bi puntu aipa nitzake bereziki. Bat, Cluba dela futbolariaren jaun eta jabe: kontratua amaitzean, Club horrek nahi badu, legez, jokalaria kale gorrian utz dezake. Berdin, gehiago futbola ez praktikatzeko eran gelditzen bada. Jokalaria interesatzen bazaio, ordea, "derecho de retención" delakoari esker, azken fitxaketaren gain % 10 emanez, besterik gabe gorde dezake, nahi duen arte. Bigarren puntua, hau da: zigorrak eman ditzakeen Batzordearen aurrean, inolako defentsarik gabe dagoela jokalaria, arbitroa delako nagusi. Baina nola likete bat bere salatzaile eta epaile?

3.- Erakunde mailan, hemengo ekipoek Madrilekin istilurik izan al dute? Oriundoen arazoa mahaingainera atera zenean, azpiko hasarreren bat nabari bide zuen norbaitek.

Hemengo ekipoak ez direla beti ongi tratatuak izan, hori begien bistakoa da. Subentziotan eta, ezagun da hori. Alde batetik, gu ezkerreko begitik ikusiak garelako, politikagatik. Eta bestetik, ustelkeriarik ez delako falta goiko maila horietan. Kinielatako dirua behar den lekuraino osorik iristen ote da? adibidez, etc.

 Oriundoen arazoan, mengantza asmorik ez zegoen, baina bai garbiketa eta gauzak bere lekuan uzteko gogoa. Bi arrazoi izan ziren gidatzaile. Gauza argia zen jokalari asko eta asko legearen kontra ekarriak zirela. Mundu guztiak zekien hori. Eta ez zen aurka deus egiten. Hori baino gehiago: gertatzen zena gerta zedin ez zegoen zalantzarik Delegazioaren eta Federazioaren batzugandik laguntzarik ere ba zutela. Ustelkeria deportibo-juridiko hori salatu behar zen, bateko. Eta besteko, geure interesak ere arriskutan zeuden. Orbegozori otu zitzaion ideia. Eta Bilboko Athletic-ek berehalaxe onartu zuen. Izan ere, lekuko jokalariekin jokatu nahi duenak nola burruka miloien truke ekarritako futbolari hoberentxoenekin osaturiko ekipo batekin? Tarte handiegia gerta zitekeen. Eta hemengo ekipoek orain arteko politikarekin jarraitzea nahiago zuten, hots, euskaldun futbolariekin bakarrik jokatzea. Bilbok estatutotan du hori. Realak ere bide bera jarraitzen du. Politik asmo-punttarik ez da falta hor.

4.- Gauza ageria da, nahiz eta oraindik behar bezala estudiatua ez izan, gerraosteko futbolak, fenomenu, soziologiko bezala, politikaren eragina alde guztietatik jasan duela. Politikaren konpentsaziotzat hartu izan da, bizimodu gogorraren aringarritzat Futbolaren bidez ahaztu nahi izan dira benetako problema gorriak. Futbolaren bidez, klase diferentziak ere desegin nahi izan dira, futbol-zelaian ugazabak eta langileak bat egiten zutela eta. Askoren ustetan futbolak frankismoaren irudira funtzionatu du: politikan bezalatsu guti batzuk jokatu eta gehienak begiratu bakarrik, parte hartu gabe. Alienazio bide, beraz. Baina, beste modu batetara ere, politikaren sasi-irtenbide bat izan da futbola. Politik alderdien ordez futbol ekipoak hautatu ohi ziren. Ez ala?

 Zalantzarik gabe, bai. Futbolaren gerraosteko Politizatzeak alderdi asko ditu. Egitura bera da oinarritik politizatua: Federazioa Delegazioaren azpian dago, eta hau Mogimenduaren mende. Ohar gaitezen honen garrantziaz, zigorrak eta subentzioak emateko unean. Eta deporte afizionatua OJE delakoak antolatzen duela gogoratzen al dugu?

 Bestalde, politizatzea Club eta ekipoei dagokienez ere garbi garbia izan da. Erregimenari Club-ik lotuena, Athletic de Madrid da, Real Madrid baino ere gehiago. 1939an Atlético de Aviación bilakatu zen, eta militarrek eta zibilek osatzen zuten Zuzendaritza. Militarrengandik laguntza ere izan dute, noski: bidaietarako gasolina, adibidez. Real Madrid-ek ere, 1939an, jeneral bat du Lehendakaritzat. Beste kasu ezaguna, Barzelonakoa da. Katalanismoa, Barçarekin; eta espainolismoa R.C.D. Españolarekin parekatu ohi ziren.

Eta gure artean? Athletic-en eta Real-aren artean ez dago horretan alderik. Tradizioagatik, edo, hala ere, politikazko identifikatze hori Athletic-ekin aisago gertatu da. Futbol zelaitan eta ekipotan abertzaletasunak etengabe iraun du.

Madrilekoek ez bezalako tradizio bat jarraitu dugu guk. Politikan bezala futbolean. Gerrakoan, deseginik gelditu ziren ekipoak. "Combinado vasco" bat Europa eta Ameriketan zebilen artean. Gerra amaitzean, haietatik bi bakarrik itzuli ziren, Gorostiza eta Roberto Etxebarria. Gainerontzekoek desterrua nahiago izan zuten, hala nola, Blasco, Eguskiza, Aedo, Areso, Barcos, Regeiro, Mugerza, Ziliaurren, Zubieta, Iragorri, Langara, Larrinaga... jokalariek. Orain ere abertzaletasunak zutik dirau.

Joan Mari Torrealday


Erlijioaz

Teologoak eta herria

Sinatzaileak hau dira: Ricardo Alberdi, Rafael Belda, Olegario González de Cardenal, Juan Martín Velasco, Fernando Sebastián, Antonio Palenzuela, José María Setién.

Ikus daitekeenez, zazpi horietarik hiru euskaldunak dira edota Euskal Herriko semeak behintzat.

Nire eritzi apala hauxe da. Dokumenduari doakionez, oso teorikoa eta abstraktua iduritu zait, haseratik azkeneraino printzipio mailan mantentzen delarik. Ideia nagusi bat ageri da gailen luze-zabalera osoan: gizarte pluralista eta sekularizatu batetan, Elizaren berezitasunari eutsi beharra, halegia. Noski, berezitasun horrek ez du ukatzen gaurko munduan presente egon beharra, baina beti ere Jesukristorekin dituen loturak hautsi eta ahantzi gabe.

Euskal Herriko hiru teologo horiei gagozkielarik (halakotzat eman ditu prentsak), hobe zuketen euskaldun teologoekin elkartu balira eta hemengo (beren Herriko) errealitateari hurbiletik lotu balitzaizkio.

Halabaina, teologoek oraindainokoan hurbileko errealitatetik ihes egiteko dohain aparta erakutsi dute eta oraingoan ere horrelako zerbait gertatu bide da.

Gertakari honek akuilaturik, gogoeta soil batzu eskaini nahi nituzke hemen. Honenbestez, euskal teologiari buruz hor aidean dabiltzan kezka batzuri haize piska bat eman nahi nieke.

Euskal teologia nahi litzateke. Horretan gara gu ere. Hauzi honetaz pentsatzen hasi orduko, ba dira zenbait gauza txokante.

Alde batetik, Hego Euskal Herrian ba daude hiru Teologi Fakultate (Iruinean, Bilbon eta Gasteizen), baina hor dabiltzan irakasle eta teologoek ez dute nonbait somatu oraino euskal teologiaren beharrik. Eta, bestela bada, ondo isilik daude.

Guzti honek kezka biziak sortzen dizkit. Izan ere, zernolako teologia egiten da ikasgu horietan? Zer da teologia hor dabiltzan horientzat? Alde handia dago teologia modu batera ala bestera ulertu: behin betirako finkatua legokeen egi bilduma bezala ala Herri baten historiak fededunari sortzen dizkion galderak jorratzea eta sakontzea bezala, Jainko Hitzaren argitan.

Hamaika jende ibili da eta ba dabil gure artean Jainko Hitzaren aberastasunak herriari azaldu nahian. Halabaina, inor gutiri entzun diot oraindainokoan, Jainkoaren hitza behar bezala jasotzeko gizonaren eta Herriaren hitza ere entzun beharra dagoela.

Joan den ekainaren 1.ean, zazpi teologok, tartean bi apezpiku direlarik, dokumendu luze bat argitaratu dute Espainia aldean. "Afirmaciones para un tiempo de búsqueda": hala dio izenburuak.

Jainkoaren hitza, ene iduriko, ez da paper zaharretan lizunduta geratu den mintzoa. Liburu Sainduak Herri baten historia bizian mamitu ziren eta gaur bertan ere historiaren dinamika barruan ulertu behar dira. Hortakoz, ez dago liburu horik behar bezala konprenitzerik orduko eta gaur hemengo Herri bizitzaren barrenetik ez bada.

Ondorioz, ez dago Euskal Herrian Jainkoaren hitza behar bezala atxematerik, gure Herriaren ahotsari entzungor eginez. Jainkoaren hitza eta Herriarena hertsiki lotuta daude. Ez dut esan nahi biak bat direnik, baina ezin daiteke konpreni bata bestea gabe.

Agi denez, teologia egitea ez da hain gauza sinplea. Teologia egitea ez da Liburu hotz batetatik ateratako zenbait ideia salmentan ipintzea, goitik behera ezarriz. Teologia, hondo-hondoan, Herri baten historia interpretatzea da. horretarako giza jakintzen datuak haintzakotzat hartuz eta batik bat Jainkoak Jesukristogan eman digun hitz betearen argitan gure Herriaren gorabeherak jorratuz.

Hauk honela, Euskal Herriko teologo, exegeta, katekista eta gisa horretako jendeari dei larri bat egin nahi nieke hemendik. Izan ere, nolatan eman lekioke Herri bati Jainkoaren hitza, Herri berberorren hitza haintzakotat hartzeke? Nola mintza gaitezke hain alegerak Jainkoaren hitzaz, gizonaren hitza lotuta daukagun bitartean? Ene ustez, Jainkoaren hitzak ez zuen horrelako biderik asmatu. Beraz, horretan gabiltzan bitartean, Jainkoaren hitza lardaskatzen ari gara, ez bestetan.

Nik ez diot inori borondate onik ukatuko, baina ni hemen gauzen errealitateaz ari naiz soilki. Ez da aski borondate ona. Gauzak ba dute beren sentidua eta dinamika, eta hortik jo behar da.

Dena den, Herriaren eta Herriarentzako teologia egin nahi baldin bada, zenbait puntu ezin litezke albora utz. Esate baterako, Jainkoaren hitzak eta gizonarenak dituzten harremanak, Herriaren boza ere hor sartze delarik. Eta, bestalde, Eliza eta Herriaren arteko loturak. Adibidez, Herria egiteak (herrigintzak) zernolako garrantzia dukeen Eliza biltzeko eta eraikitzeko.

Labur esan, teologia egitea ez da ideologi bat barreiatzea. Teologo izatea ere ez da bizibide erosoa. Halaz guztiz, teologoak ba du zereginik gure Herrian. Azken finean, Herria teologoak ez badu defendatzen, nork defendatuko du?

Jose Altuna


Politika

M.C.E.ren konferentzia

Agorrilaren 28 eta 29an, Movimiento Comunista de Euskadi—Euskadiko Mugimendu Komunista delakoaren berrehun eta berrogei ta hamar ordezkari bildu ziren alderdi honen lehen konferentzian. Ordezkari hauk Hego Euskal Herriko lau probintzietatik etorriak ziren. Buruzagi gisa, Manuel Escudero (Bizkaikoa), Patxi Iturrioz (Gipuzkoakoa), Juan Carlos Etxebarria (Gipuzkoakoa), Rosa Olivares Txertudi (Bizkaikoa) eta Jesus Urra Bidaurre (Nafarroakoa) azaldu ziren.

Bi egun hauen barruan Mugimendu Komunistaren ordezkari hauek mugimendu honek Euskal Herrian izan duen joeraz eta aurrerakoan egin behar duenaz pentsatu eta hitz egin zuten, nork bere eritzia emanez. Ba ziren bilera honetan, halaber, gonbidatu gisa, beste alderdi batzutako ordezkariak, hala nola, "Acción Nacionalista Vasca", "LCR-ETA VI", "E.K.A.", "O.R.T.", "P.C.E." eta "P.C. de Unificación" alderdietakoak.

Euskadiko Mugimendu Komunistak bere burua langile, alternatiba baten opatzaile, euskaldun eta indar demokratiko bat bezala agertu zuen. "Ezberdintasunak alde batera utzirik" ezkertiar indarren batasunaren bila ari direla esan zuten alderdi bakoitzeko ordezkariek.

M.C.ko ordezkari batek esan zigunez, "Euskal Herriko beste alderdi ezkertiar batzu" gonbidatuak izan arren, ez ziren han azaldu, E.H.A.S. haien artean. "Penintsulako beste hispaniar nazionalitateekin batera burrukatu behar dute euskaldunek", esan zigun. Euskarari buruz, M.C.E.k honela dio prentsarako gaztelaniaz egindako bere idazkian: "Lehen egindako akatsak gainditu ondoren, euskara egunero zabalik defendatzeko prest gaude, eta, beste euskal indarrek bezala, Euskadik (sic) bere kultura gero eta gehiago indartu behar duela uste dugu. "Lehen Konferentzia Nazional" hau amaitzerakoan, euskal giroa "Eusko gudariak" eta Oskorriren kanta ezagunenetako batzu kantatuz osatu zen.


Lan Deya

Iraultzero berriak ote?

"Berrogei urtetako klandestinitate baten ondoren, plazara goaz, kalera", zioten, Bilboko laur izarretako hotel bateko areto batetan, sindikal talde batekoek. Berauk "euskaldun eta langile"tzat azaltzen ziren. "Gure asmoa sindikatu bat egitea da eta, horretarako, Uztailaren 31an eta Agorrilaren 1ean kongresua egin nahi dugu". Kongresu lekua Bilboko Unibertsitate Autonomoa izango zela agertu zuten.

Dirudienez, batzurentzat behintzat, hor entrepresarien azpijoku bat dago, langileria zatikatzeko eta, bide batez, oposizio politikoaren kontrako jokaera. Bestela, ez da hain erraz konprenitzeko gauza, bertan azaltzera eman ziren bezala ikusirik, kazetaurreko bat emateagatik hainbat diru nola erabil daitekeen, eta are guttiago, gainera, langile erakunde baten antolaketa denean. Ez da hori egunero ikusten den gauza, halafedea.

Elkar hizketan aipatu ziren puntu nagusienak hauk izan ziren:

ELA-STV

"ELA-STV ofizialean sartzeko ahalegin guztiak egingo ditugu, baina orain kaleratzeko asmoa besterik ez dugu. Egia da, bai, STVko presidenteak, Manu Roblesek, guk egin nahi dugun kongresua desautorizatu egin digula, baina guk ELA bezala jokatu nahi dugu eta beharrezkoa iruditzen zaigu kongresua egitea. Horregatik, guk denei pasatu diegu inbitazioa kongresu honetarako; ELA-STV ofizialari ere bai".

Era honetan ulertzen da sindikatu eta indar sindikal gehienek, bai Europakoek (CES, CIOSL, CMT), bai Espainiakoek (UGT, USO, CCOO), Kataluniako SOC-ek eta, nola ez Euskal Herrikoek (ELA-STV, LAB, LAK) kongresu honetara ez datozela esatea. Honekin batera, bertara doazenak esatea ere argigarria dateke: Hego aldeko laur probintzietako Camara de Comercio delakoen ordezkariak halegia.

Euskal sindikalgintza

"Ba dakizue ELArekin zein posturatan gauden. LAB eta LAKekin harremanak eduki ditugu, baina ez ditugu oraino ongi ezagutzen. Berauekin ditugun ezberdintasunak entrepresetako estrategian daude alde batetik, eta, bestetik, Euskal Herriaren etorkizunaz den bezainbatean. Esate baterako; kontutan hartu behar da greba bat egiterakoan zertarako eta zergatik egiten den eta ekintza hauetaz nortzu probetxatzen diren, zeren, askotan, langileen kalterako izaten baitira".

Non dago CCOOen demokrazia?

"Mugimendu sindikal honek jokaera erraza eraman du gure Herrian. Herria, garbi da, erdaltasunaren aurka dago eta hauek Herria "erabili" dute baina ez dute euskaldun jokabiderik hartu. Espainiar indar sindikalen aurrean kondizio bi ipiniko ditugu: bata demokratikoki jokatzea, eta, bestea euskaldun izatea"

Sozialismoa ontzat ematen dugu

"Langileriak duen eginbeharretako bat entrepresen erreforma aurrera eramatea da" haien eritziz; horregatik "Euskal Herrian, azken 20 urte hauetan ez da industri sektore aurrenetakorik sartzeko politika zuzenik lortu; ez da aurrerabiderik eman eta, gaurko egoera modernoak beste baldintza batzu eskatzen ditu, hemen, noski, betetzen ez direnak. Beste alde batetik, langileak bere interesak defendatu behar ditu. Jokabide honekin, espainol langilearekin batzea baino euskal burjeseriarekin elkartzea nahiago genuke..Hala ere., guk sozialismoa ontzat ematen dugu".

Ezin dezakegu iparrekoekin, oraingoz, lanik egin

Azken puntu gisa ipar aldekoen gaia ukitu zen. Honi buruz, beraien ustez, "euskaldunak denok gara eta horregatik bat egiten dugu. Horrek ez du esan nahi han eta hemen lan berdina eta era berdinean egin behar dugunik. Garbi dagoena da hemen ongi finkatu gabe ezin dezakegula goikoekin, oraingoz, lanik eraman. Hori luzarora begira egin behar den gauza da".

Egia esan, ez gaude handikeria hauetara ohituta eta klandestinitatean lana egin duten taldeetan ez dugu oraindik horrelako amerikar tankerako kazetaurreko elkarrizketarik ikusi.

Behin eta berriro ere sigla batzuren manipulazioaren aurrean aurkitzen gara. Oportunismo hutsa. Bluff haundi bat.

ORTZIKAR

ELA-STV OFIZIALAREN ARGIPENAK

ELA-STV ofizialaren presidente den Manu Robles-Arangiz eta Jose Migel Leunda idazkariaren izen-deiturez firmaturik, ANAITASUNAn gutun bat jasoa dugu. Hor ELA-STV ofizialak, beste talde batek, ELAren izenean, Uztailaren 31an eta Agorrilaren 1ean Bilboko Unibertsitatean konbokatu duten kongresuagatik bere protesta adierazten dute, syndikal erakundearen siglak manipulatzeko ukan duten lotsa eskasa salhatuz, Gutun berean, ELA-STVek bere batzarre ofiziala Urrian eginen duela argitzen du.


Postaz etorriak

Tolosa 1976 abuztua 1

ANAITASUNAren Zuzendari Jn.

Bilbo.

Adiskide:

ANAITASUNAk euskal Foruei eskaini dien ale berezian Euskal Foruak Espainiako Gorteetan nire lantxoa argitara duzu.Eskerrik asko, eman diozun sarbideagatik.

Lan hori dela eta, zuzenketa bat egin nahi nioke agertutakoari, izan ere puntu interesgarri batean inprimategiko deabrukumeak egin ere egin baitu bere deabrukerietako bat.

1876ko Cánovas-en legeari buruz hau nioen: legeak "sarreran bestelakorik baldin badio ere, laugarren eta bosgarren artikuluetan bi trataera ezberdin agertzen dira garaile eta bentzutuentzat". Garaile eta bentzutu haiek, denak euskaldunak ziren, azken karlistadan alde batean eta bestean parte hartutakoak. Bi aldeei legez ezartzen zitzaizkien bi trataera ezberdinek ba zuten, noski, Gobernuaren asmoetan beren "filosofia" politikoa... Horregatik, komeni da ondoren etorri behar zuten nire lerroei beren testu ingurua ematea, zegokien toki honetara ekarriz, hola zioten:

"Zergatik berezketa hori (garaileen eta bentzutuen artekoa, halegia)? Ba dirudi Euskal Herria erdibitu egin nahi dela: alde batetik karlistak, bestetik liberalak. Monarkia birreraiki berriak bere "klientela" segurtatu egin behar du euskal gizartean".

Ene ustez, lege hura horretaxe zuzendua zegoen; elkarren kontra burrukatutako bi alderdikoei ematen zizkien trataera desberdinen bidez, alde bat Madrilera begira jartzera. Gerratearen luzapen bat da lege hura. Azpitik joko politiko bat zegoen: Euskal Herriko talde pribilejiatu baten bidez Euskal Herri osoari etorkizun libre bat lapurtzera. Gerra galtzaileak, eskubideak ere galdu egiten baititu, nonbait. Vae victis!

Horixe bakarrik zen argi utzi nahi nuena. Agur.

Joseba Intxausti

***

ANAITASUNAKO LAGUNOI

KAIXO ADISKIDEOK:

Urte bete da Anaitasunak oharpidedun naizela. Ordainketa papera ailegatu zait eta ordaintzeaz batera aldizkariari buruzko eritxi batzuk eman nahi ditut,partaide sentitzen bait naiz, onerako izango direlakoan.

Azter ditzagun hiru puntutan: 1) Zelan dabilen Anaitasuna azkenotan, 2) Zer hutsune betegarri ageri den euskal alorrean, 3) Zer bide har dezaken aurrerantzean aldizkari honek.

1) Azken aldiko berrizteaz polit-xamar agertu ohi da, baina ez da hau aski. Zeren tapa eta paper mota guztiak adieraziaren lagungarri diren aldetik baino ez bait dute balio. Egia esan, artikulu pobre xamarrak ateratzen dira.Alde batetik, leku gehiegi okupatzen dute komunikaduek, ageriek, kultur aste eta jaialdi programak, hitzaldi anunzioak e.a. Baina benetako problema idazlan askoren garra-falta da eta, batez ere, sakontzen joanik: tematikaren erdikoitasuna dateke.

Politika joerari bagagozkio ere zabalago jokatu beharko litzake. Abertzale sozialista omen da. Hain zuzen irekia egon beharko luke planteamendu abertzale ezkertiar guztientzat, (komunistei e.a.-en alegia) ez bait dute hor hots haundirik orain arte.

2) Besteren artean hauk daitezke euskal alorre hurbilean dauden zereginak:

- Euskal kultura nazionala eta euskara proletargotu. Honetarako, adibidez, puntu hauk: euskal kulturbideak merketu, ateak ireki kanpora eta lantegira irtetzeko. Nazionalidadea langileriak batzen du eta langileriaren eskutan dago Euskal Herriaren etorkizuna (ez da demagogia) eta hau euskal periodismoak ongi kontutan hartu behar du tematika eta jarreren aldetik.

- Guztiz deskuidatua uste dut duzutela, bestalde, literatura, eta batez ere literatur kritika. Baita ere berdintsu ahaztu xamarrak dituzue beste gizarte gai asko(soziologia, marxismoaren teoriaren eztabaidak, historia eztabaidak e.a.).

- Euskal periodismo eskola bat edo. Honetaz, beharrezko ikusten dut hontarako mintegi bat montatzea unibertsitate mailan edo.

3) Anaitasunak zer? Ba... esandakoari... Hiru ikuspuntu marka daitezke. Planteamendu orokorrez bata, aipatutako jokabidez merkeagoa (argitarazio merkeak ez du aldizkaria ahultzen) eta herrikoiagoa (harpidedun gehiago lortzeko kanpainak eginda). Bigarrena, errebistaren tematika: orokorra izan beharko litzateke, berriak eta azterketak ongi konpaginatuta (politika, soziologia, literatur kritika, liburu kritika e.a.). Hirugarrena: aldizkariaren kanpora begirako lana gazteren formazioan (kazetaritza base gertatzean) ere egon daiteke.

Eta zergatik tokatzen zaigu guri? Esango didazue... Eta nondik ateratzen du tipo honek holakoak eskatzeko eskubidea?... Ba mangapetik noski. Baina edozelan ere euskal jendeok arduratu xamar gaude gure komunikabidetaz eta honela edo hala saiatzen gara hortan egin ahalean.

Eta norberak erdaraz sarri marabilak irakurtzen dituenean (EL PAIS, OZONO, Cuadernos..., ZONA ABIERTA etc, etc) lotsatu egiten da pixka bat etxeko ANAITASUNAn, batzutan, irakurritakoak berirakurri eta hormigoia irentsi behar duenean.

Ikasi, badugu zer ikasteko. Badakigu zuen aldetik ez dela ahalegina faltako. Izan daitean ANAITASUNA herriarena, herriarentzat eta herriak egina. Halabiz, denon artekoa.

J.S.

Durangon Uztailak 28

***

Zuzendari jauna agur:

Anaitasunaren 318. zenbakian, "Langile Batzordeak gaur (Hego) Euskal Herrian" deritzan artikulua irakurri berri dut.

Neure ahalmen guztiekin, zuzendari jaunari erregutuko nioke era horretako artikuluei bukaera emateko.

Inork uste ahal du gaurko Euskal Herriko langile Batzordeen ikusmira neutral bat eman daitekeenik? Nola esan daiteke Euskal Herriko Langile Batzordeak CONE eta CECO taldeetan zatiturik daudela? Hauetatik at ez ote da besterik? LAB, LAK, ELA etab. non daude CONEn ala CECOn? Eta ezin esan ezagunak ez direnik! Zergatik "Langile da CCOO erabiltzen?

Galdera guztiok erantzun eta gero, uste dut artikulu horren egilearen borondate ziztrina bistan dela, eta aurrera begira era honetako partzialkeriak bazter-tuz joan behar duzuelakoan agurtzen zaitut.

M.I.

Idiazabaldik 1976-6-9

ANAITASUNAREN OHARRA:

Esandako artikuluan egileak ez zituen Euskal Herriko Langile talde guztiak aipatzen, erdaraz Comisiones Obreras (CCOO) deitzen direnak baizik: arrazoizkoa iruditzen zaigu kritika, dena den, eta hurrengorako erdal izan eta siglak "dauden bezalaxe" uzten saiatuko gara.


Liburuak

GURE AMARA, aldizkari berria

Donostiako Amarako hauzo elkarteak aldizkari berri bat kaleratu du, "Gure Amara" izenarekin. Lehen zenbakia dohainik zabaldu dute. Harigarria da benetan, hauzo elkarteak hartzen ari duten indarra. Gure esperientziaz, ba dakigu jakin, aldizkari bat aurrera ateratzea ez dela batere gauza erraza. Hala ere, amaratarrek —beste hauzo elkarte batzuk jadanik egina duten bezala— beren aldizkaria kaleratu dute, eta ongi kaleratu ere.

Maketapen aldetik poliki, zenbait argazkiz hornitua, artikulu interesgarriak,... Aldizkaria bi hizkuntzatan dator, eta euskara gehiegi ez badakar ere (20 horrialdeetarik 4 soilik baitaude euskaraz), ba dirudi, elebitasunaren aldeko lanik franko egin dezakeela eta eginen duela. Zorionak, beraz, aldizkaria posible bihurtu duten guztiei! "Ezina, ekinez egina" dio esaera batek. Hasera nahiko ona ukan duen aldizkari horrek, amaiera hoberik ukanen ahal du!

R.G.

AZURMENDI, Joxe

"Zer dugu ORIXEren kontra"

JAKIN, Oiñati 1976

Euskara batuan. 184 horrialde. Orixe ahantzirik omen dugu eta Azurmendik plazaratu nahi digu. Liburu bitan aztertuko du idazlea eta bere lanaren hainbat zehetasun. "Esku artean dugun liburu honek ez du Historiarik egin nahi" (11. horr.), ez eta Orixeren lanaren azterketa literario kritiko bat. Orixe zergatik bandera bihurtu den, zergatik "eskuindar kafre guztiak Orixeren deboto izatera obligaturik daude"n (11. horr.) eta zergatik azaldu berriarentzat Orixe existitzen ez den.

Biografia labur bat Orixeren sortzeaz eta hezitzeaz, irakurlea Orixe nor zen jakin dezan. Orixeren hainbat alderdi aztertzen dira ondorengo kapituluetan. Haren erlijio eta moral hestutasuna nabari da sortu zuen literaturan eta "oker ez banago, honelako testuak, oraingo irakurleari baino are gogorragoak egiten zitzaizkigun atzokooi; orduan Kardinale Segura, Goma, Pla i Deniel, eta abar oraindik irakurri egiten ziren, eta Kristo Erregeren gerrilaririk oraino ez bazebilen ere" (39. horr.).

Orixeren lanari pietismoa dario. "Nahiago zuen euskara hiltzea, euskarazko biraorik baino" (47. horr.). Bestalde, Orixe euskaltzale eta abertzale zen. Orixeri eta Arestiri hainbat karakteristika komun aurkitzen die Azurmendik. Bat, sorlekuarena. Arestik, Bilbo aipatuko du, Orixen Uitzi bezala. Uitzin, "etxe inguruan hartzen da gauza guztien neurria" (60. horr.). Bere produkzioan, ber bizitzan zehar, behin eta berriz joko du Orixek bere baserri girora, bere haurtzarora.

Maisu trebe zen Orixe, bai hitz neurtuan, bai prosan, baina Maisu izan arren, ez du eskolarik sortu: "Orixeren euskara famatua Orixerekin joan zen" (70. horr.).

Erabili zituen gaiak, gehienbat, erlijiosoak izan ziren eta itzulpenak egin behar zituenean, libertade handiegiak hartzen zituen, berak aitortu baitzuen idazleari baino begiramen handiagoa irakurleari zor ziola (hau moralean zuen kontzeptuaren arabera). Baina maiz erabiltzen zuen euskarak baldintzaturik. Adibidez, Giza Eskubideen Deklarazioaz hau dio Azurmendik: "Daukaguna Orixeren deklarazio bat da, ez ONUrenik" (145. horr.). Oro har, eta liburuaren tituluak bestela adierazten badigu ere, Azurmendiren tribunaletik Orixe dezente samar irteten da, hiru lehen euskal literatoen artean sartzen baitu.

Eta, zer esan Joxe Azurmendiz? Harrigarria da idazle honen emankortasuna. Ene ustez, Azurmendi dugu horrialde gehien bete duen euskal idazlea. Azurmendi irakurtzeko, irakurleak ez du inolako problemarik, denborarena ez bada, idazle berak ere idazterakoan ez duen bezalaxe. Ba dirudi, idazterakoan, hizkuntza ez dela oztoporik (Orixeren kasuan ez bezala) nahi duena idazteko. Hizkuntza normalizatu beharrean aurkitzen garen garai honetan, euskara standard bat sortzeko une honetan, hor dugu Azurmendi, nahi duena idazten irakurleak ulertzeko eran. Jadanik, euskara ez da Azurmendirentzat buruhauste bat, helburu bat. Haren helburua, idaztea da, eta euskara, idazteko tresna. Izan behar duen bezala.

Xabier Gereño

JUARISTI, Jon

"Euskararen ideologiak"

KRISELU, Donostia, 1976

Euskara batuan. 80 horrialde. Trilogia bat osatuko duten hiru liburuetatik lehena. Lehen liburu honetan, Jon Juaristik aztertzen ditu euskara eta euskal gizartearen arteko harremanak historian zehar, Arana Goiri arte. "Hizkuntza, lan berezi baten produktoa dugu", Rossi Lande-ri jarraikiz (10. horr.), eta "klase sozietateetan produkzio hori klase nagusia eta haren intelektual organikoen zuzendaritzapean desarroilatzen da". Gizaldiz gizaldi, euskal populua euskaldun monolingue zen eta horrela jarraitu zuen Ahaide Nagusien garaian ere, XIV mendean merkatal burgesia sortu arte. Burgesia berri hau Gaztelako Nobleziaren eraginaz kutsaturik dakusagu eta haren hizkuntza hartzen du. Moderno Haroan fenomeno hau gertatzen da Euskal Herrian: diglosia bat bilinguismorik gabe. Horren zergatia: oligarkia eta populua monolinguek dira, hura gaztelaniaz eta hau euskaraz, "eta euskararen bandera populu zelaiaren eskuetan kulunkatu zen" (38, horr.), eta oligarkia erdaldunduaren eraginez, euskara marginaturik geratzen da. Burgesiaren intelektual organikoak sortzen zaizkigu, eta ondorioz Tubalismoa, "oligarkia berriak behar zuen noblezia unibertsala frogatzeko" (68. horr.).

Liburu hau Sabino Aranarekin bukatzen da, baina haren lana ukitu gabe, hori izango baita hurrengo liburuaren gaia. Dena den, Jon Juaristik zerbait dio Aranaz, hemen kopiatzea interesgarri iruditu zaidana: "Ene ustez, bidegabe handi bat kometitu da Sabinorekin, eta hogenaren parte printzipala haren epigono politikoen lepoetara doa, "Maisu" aren pertsonaiaz aszeta serio eta malkotsu bat egin baitute. Sabino izan dugu bilbotar umoristarik lehenetako bat" (71. horr.).

Emandako laburpen honek adierazten duenez, Jon Juaristiren liburuak ba du interesik eta euskal liburugintzan alor berri bati maisuki hasiera ematen dio.

Xabier Gereño


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Gurutzegrama