ANAITASUNA

1976.eko Uztailaren 1ekoa

320. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

donostia ikaratan

ETA... HERRIA NORK ZAINDUKO


AURKIBIDEA

3. Herria ikaretan

4. Tantaka

5-6. Antiguon indarkeria

7-8. E.S.B. agirian

9. Euskal sozialdemokrazia

10-12. Anoetako politik bilera

13-14. Guztiok sozialista

16. Jatortasunaren neurria

17. Basurton euskara

18. Euskal sindikalgintza

19. Euskara lantegietara

20. Baserria

21-22. Astronomia

23. Botorritako brontzea

24-25. U.S.A.ren independentzia

26-27. Erligioa

28-29. M. Luisa Ozaitarekin

30-31. Postaz etorriak

32. Irudimenaren txokoa

33. Hizkuntza

34. Zapaburu bizbiztua

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos.

San Martin, 153

ZAMUDIO

D.L. BI - 1753 - 67


Editoriala

Herria ikaratan

Lehen liburu-dendak ziren. Gaur edonor izan daiteke eskuin aldeko indarkerien helburua. Hau ez da berria, noski, urte luzeetan horrela gertatu delako. Gaur indarkeri hauk agirian daude. "Zinezagoak" direla esan genezake. Eskuindarrek bere legeen babesean ibili dira beti eta ekintza horien indarkeriaren azpian egon gara danok. Gaur, hala ere, lege horik arindu nahiean ditugu eskuindar batzu, Europan sartu beharra ikusten dutenak. Azalez arindu dituzte baina lege horiek zuten indarkeria beste bidetatik datorkigu gaur. Legeen "arintasuna" armen pisuaz berdintzen ari dira.

Arazo honi irten bidea ez diogu gaur ikusten. Berrogei urtez indarkeriaren maisu izan direnak nahiago izango dute mundua leher araztea biguintasuna aukeratzea baino. Berentzat "biguinkeria" dateke Euskal Herria ez dela hil onhartzea, nahiz eta urte luzeotan horren bila saiatu. "Biguinkeria" dateke beren legeen aterpea behera botatzea, beren zaindariak aurka jartzea, beren dirutzaren iturriak herstea. "Biguintasuna" da berentzat, hitz batez, benetazko demokrazia onhartzea.

Eskuin aldetik beti etorri, etortzen eta etorriko zaigu indarkeria, bai bonbaz, bai legez. Orain gure herrian gertatzen ari dena ez da gauza berria. Berrogei urteotan gertatu dena da. Hiltzeko zorian dauden piztiak basati eta hiltzailegoak izaten dira. Hau da gaurko indarkeri moeta ikustea sortzen zaigun itxaropen bakarra.


Tantaka

Zumarra jauna, euskaraz ondo!

Ausarkeriaren azken mailetaraino heltzen hasiak gara. 76-VI-21-eko Hoja del lunes de Bilbao-n Olmo —edo "Zumarra"— jauna, euskaraz askorik ez duela ulertzen publikoki aitortu ondoren, Bilbo Zaharrekoek ipini duten kartel bat juzkatzera ausartu zaigu. Ribera adierazteko, Hibaiondo ezarri dute, eta Olmo jaunak dioenez, euskaraz, lehengo eta behin, ez dago h-rik, eta ondo "bueno" omen da gainera. "Ribera"rik ez, beraz.

Herri normal batetan Herriko hizkuntza ez jakitea edozeinentzako aski lotsagarri litzateke, baina Olmo moduko idazle bilbaino batentzat euskara japonesa bezain gauza urruna dateke, eta holakorik jakiteke ere burua kulturaduntzat eduki daiteke antza. Gai dugu, bestalde, sekula aztertu ez duen arlo batetan edozein lerdakeria esateko.

 H-ak, dirudienez, oraindik hots exkaxa egin du Zamarra jauna horren existenziaz jabetzeko. Ribera kalean, bestetik, Euskaltzaindiaren etxe nagusia dago eta kale horren euskal itzulpena emateko, Azkuek berak Hibaiondo hitza asmatu eta erabili zuen. Baina bilbainoak dirudienez, lasai egon daitezke hori jakin ez arren ere.

GALEUSKA Pasaian

Pasaiako herritik dator notizia... eta KEXALDI kultur, kirol eta joku egintzarako elkarteak antolaturik, Uztailaren 8an, gaueko hamar t'erdietan, GALEUSKA izeneko kantaldi bat eginen da. Galizia, Euskal Herri eta Kataluinako artistek osatua.

Partaideak hauk izanen dira: Galiziatik Miro Casabella, Kataluniatik Rafael Subirachs eta Euskal Herritik Peio eta Pantxoa, Gontzal Mendibil eta Xeberri.

Jaialdi hau, esandako egun eta orduan, Pasaia Antxoko zezenplazan izanen da.

ELA-STV Ginebran

Ekainaren 2an hasi zen Ginebran OIT delako erakundearen urteroko Batzarre Orokorra. Bai CIOSL-ek, eta bai CIUT-k, FSIM-k eta CES-ek zera planteatu zuten: Espainiako Estatuan mugitzen diren erakunde ile galak bere barnean onhartzea.

Batzarre honetan, ELA-STV-ren izenean, bere idazkari Laguntzaileak hartu zuen parte, hots, Alex Agirrezabal jaunak.

Aresti TVEn

Ekainaren 24ean, Euskalerria telesaioan, Gabriel Aresti bilbotar poetari omenaldi bat eskaini zioten telebistako bere lagunek. Haren bizitzari buruzko datu eta literatur xehetasunak agertu ondoren, Euskal Herria poema, irudiz lagundurik, irakurri zen.

"24 ORDUAK EUSKARAZ" oraindik

Donostiako Herri Irratiak eta Loiolakoak antolaturik, martxoaren 27an hospatu zen egunak zer nolako harrera ona eta arrakasta izan zuen guztiok dugu gogoan. Egun horrek, baina batez ere gau hark, marka bat egin du euskal kulturan. Eta bista onarekin, euskal kulturaren egun horren erdi erdian Euskaltzaindia jarri zuten antolatzaileek. Izan ere, eguerdian Euskaltzaindiaren bilera irekia eman zen antenetatik. Eta gaueko Jaialdia, Anoetakoa, Euskaltzaindiaren omenez eta Euskaltzaindiarentzako dirua biltzeko egin zen. Jaialdian ateratako dirua, 1. 210.800 pezeta dira. Eta gastu eta kostu guztiak ordaindu ondoren, garbi garbian Euskaltzaindirako gelditzen dena, 353.806 pezeta.

Diru hori Euskaltzaindiari entregatzea ekainaren 25ean egin du Jose Ramon Belokik, Euskaltzaindiaren hileroko Biltzarrean. Gure zorionak antolatzaileei eta Euskaltzaindiari.

Arratoien ehiztaketa

Ekainaren 12an, larunbata, Santutxuko kaleak ehiztari inprobisatuz bete ziren. Gazte taldeak eskuetan aire presionatuzko eskupetak (txinberak) tiragomak, makilak eta abar. Zertara ote zihoazen? Arratoiak ehiztatzera. Pentsa dezakezuenez, arratoiak ez dira jateko, katuentzat izan ezik. Baina Santutxuko arratoien aurrean, segur asko, katuek atzerantz eginen lukete, 48cm. luze baitira arratoi erraldoi hauetariko batzu.

Poliziari, antza denez, ez zitzaion gehiegirik gustatu ehiztaketa modu hori, eta hauzategian zehar, arratoi-ehiztari taldeak apurtuz joan zen.

Ekainaren 13a, igandea. Eguerdi aldean ehiztariak Basarratera bildu ziren beren ehiziak erakusteko, eta berauekin lehiaketan parte hartzeko. Bertan arratoiei buruzko kanta paper zabaldu ziren, eta alaitasun handiz, kanta hauen bidez eman zitzaion bukaera protesta egun honi.

Baina protestak arazoak konpontzeko egiten dira. Noiz demontre antolatuko du Udal Etxeak desarratoitze kanpaina bat? Kontutan eduki, Bilboko zenbait hauzategitan problema hau oso latza dela. Eta demokrazia omen datorrelarik, kontu handiz ibili behar dugu, hauteskundeetan arratoiek gehiengo handiz garaile gerta ez daitezen!

Ramon Garai


Euskal Herrian

Indarkeria nagusi, Antiguon

Anaitasunaren 318. zenbakian Donostiako "Antiguo" hauzunean gertatutako eskuin aldeko egitada terroristez idatzi genuen. Egitada horiek, tamalez, ez dute bukaerarik izan eta gogorrenak azken egun hauetan ikusi dira.

Ekainaren 13an goizeko bostetan, "Ibarguren" harategia gasolinaz sutan jarria izan zen. Barruko tresna eta gauza guztiak zeharo kiskalita gelditu ziren. "Ibarguren" denda honek lehenago ere ezagutu ditu indarkeriak, bere kristalak bi aldiz hautsiak izan baitira.

Indarkeria honek Antiguoko jendearen erantzuna izan du. Hauzategiko dendari guztiak, lehen, eta beste Antiguoko bizilagun guztiak, gero, batu egin dira egitada hauen aurka beren buruak defendatzeko. "Ibarguren" harategiaren hondamenak ba du, ba, beste alde izugarri bat: denda hau, anonimoak dioenez, hondatuak izango diren lau denden errenkada bateko lehenengoa delako. Errenkada horretan lehen agertzen zen denda "Ibarguren" zen. Mehatxuak egitez segituak izan dira denda honen aurka. Zer gertatuko da orain beste hiru dendekin?

Zerrenda hortako bigarren denda "Bar Alaya" dugu. Jantoki hau, dakizuenez, zeharo desegina izan zen orain dela hilabete batzu, eta, hauzune eta Donostia osoan bildutako diruaren bidez (bi milioi pezeta) berregina izan da eta egun batzu barru bere ateak berriro ireki ditu. Zerrendan agertzen diren beste bi dendak "Bar Echeberria" eta "Galerias Ondarreta" dira.

Zer egin mehatxua hauen aurka? Esan dugun bezala, dendariek bilera bat egin zuten Ekainaren 14 an. Bilera honetan hartu zen erabakia berriro beste idatzi bat gobernadoreari bidaltzea izan zen, poliziaren zaingoa gehiagotua izan dadila eskatuz. Bilera horren erdian polizia agertu zen eta polizia batek beraik "apolitikoak" direla jakin erazi zuen, han zeuden guztien "harritasunaren" aurrean.

Astelehen berean Donostiako alkatea ere harategia ikusten egon zen eta Antiguoko arazoei irtenbide bat aurkitzeko ahaleginak egingo zituela esan omen zuen. Hauzategiko bati, bere aldetik, horrela zion Donostiako poliziburuak: "Antiguoko arazoak ez ditugu garrantzitsuenak eta gainera ez dut Antiguoko kaleak gau eta egun zaintzeko nahiko gizon". Hala ere, astelehen horren arratsaldeko zortzietan Antiguon agertu ziren poliziak piloak izan ziren. Baina ez hauzunea zaintzeko, noski, baizik eta bertan ageri den terrorismoaren kontra antolatutako kale-bilera bat desegiteko. Han ikusitako makila eta korrikadak asko izan ziren. Antiguotar talde batek eliza barruan aurkitu zuen aterpe eta poliziarekin bi orduz hitz egiten egon ondoren lasai samar irten ziren handik.

Hurrengo egunean, Ekainak 15, eguerdian, Antiguoko kale batetan hiru gizonek antiguotar neska bat berebil batetan sartzea nahi izan zuten. Neska honek, hala ere, azkenean ihes egin zuen. Susto galant honen ondoren, bere etxera heltzean, horri batetan idatzitako hil-mehatxuak aurkitu zituen, bere aurka eta antiguotar beste bi gazteen aurka.

Neska honek, mehatxuen bildurrez, gaixo egon ondoren, bere bizilekutik ihes egin behar izan du. Antiguoko beste bizilagun batzuk ere erabaki berbera hartu dute.

Indarkeria honen aurka, zer egin dezakete antiguotarrek? Ekainaren 16an, Antiguoko lagun batzuk eta Donostiako jende ezagun batzuk bilera hertsi bat nahi izan zuten egin, baina "Unidad" egunkariaren lehen horrialdean agertutako "convocatoria general" antzeko berri batek bilera horren antolatzaileen nahia desegin zuen, hauek ez baitzuten nahi bilera hori hain irekia egin. Nork agerterazi zuen egunkariaren lehen horrialdean berri hori? Zertarako? Haren nahia bilera ttiki hori desegitea ez baldin bazen, bere helburua garbiki lortu zuen.

Esate baterako: antiguotarrek ez dute une honetan nola jo garbi ikusten, hauzuneak behar duena, —benetan zaindua izatea eta eskuindar terrorista horik harrapatuak gertatzea— ez baitago beraien eskuetan, poliziarenetan baizik. Eta, orain arte ikusi denez, poliziak ez du antiguotarrak defendatzeko gauza egiazkorik egin.

Uztailaren 3.an

Joan den Ekainaren 23an, bilera bat izan ondoren, antiguotarrek ibilaldi baketsu bat antolatzeko erabakia hartu zuten. Ibilaldi hau Uztailaren 3an (larunbata) eta arratsaldeko 8etan hasiko da Antiguo hazategian ("Benta Berri"n, hain zuzen) kontxa barrutik "Parte Zaharrera" heltzeko. Baimen guztiak eskatuak izan dira.

Donostiako hauzo elkarteek bere babespean hartu dute ibilaldi hau, nahiz eta Antiguoko Hauzo Elkarteak, Antiguoko Parrokiak, "Jakintza" elkarteak eta "Peña Taurina"k deia egin. Argitaratu duten kartelak honela dio:

"Donostiarrok: Euskal Herri Langilearen kontra eskuin puntakoek egin dituzten indarkerien aurka zuen ukoa azaltzeko antolatutako ibilaldi baketsura deituta zaudete. Ibilaldi hau "Benta Berri"n hasiko da eta, Kontxa, Avenida, eta Txurruka kaletik igaro ondoren, Bulebarrera helduko da. Eguna: Uztailak 3. Ordua: 8etan.


Euskal Herrian

E.S.B.ren lehen bilkuran. Euskal Herriari

Politikaldi berria hasi bide da españatar erresuman. eta Euskal Herriari aukera berriak gertatuko zaizkiola dirudi. Hori dela-ta, joera sozialista duten zenbait organizaziok eta taldek elkar hartzea erabaki dute; eta, beren indarrak batuz, helburu zehatz hau lortzea: langileek, gazteriak eta gainerako gure herriko sail aurrerazaleek aspaldidanik eskatzen zuten euskal sozialista erakunde politikoa eraikitzea.

Xede horren alde beren buruz ari diren sozialista talde guztiak izan dira deituak; aldez aurretik inoren kontrako bazterkeriarik gabe.

Bi oinarritan funtsatu zen deia. Alde batetik, herriak eskatzen duen ezkertar sozialista erakundea sortzeko beharra onartu behar zen; eta, bestetik, ondorioz jaioko zen erakunde hori bakarra behar zen izan, eta sozialista joera guztien biltzaile.

Noski: lehenengo baldintza horretara, taldeen eta pertsonen joera sozialistak berak behartzen zuen; baina Euskal Herriaren parte handi baten nahia bete-beharrak ere bai. Ezen, orain arteko hutsunea, euskal menpetasuna edo buruzagitza ez duten erakunde politiko herbestekoien alde baitzetorren.

Bigarren ideiak, berriz, hau adierazi nahi zuen: ez zuela parte hartzen zuen inork, bere buruz, besteak gabe helburua betetzen saiatu behar; eta, hortaz,ondoriozko erakunde elkartuak, anizkor eta demokratiko izan behar zukeela, politikabideak oro aurrerantzean elkarrizketaren bidez eta barne-erabaki demokratikoen fruitu gertatuz.

Parte hartu duten gehienek onartu dituzte bi oinarri horik, beren burua beren buruz kanpoan jartzea erabaki duten batzuek ezik; eta, geroari buruz, eta sarrera berriak onartzerakoan, tinko daude oraindik ere biok.

Elkarrizketa horien ondorioa hau da: EUSKAL SOZIALISTA BILTZARREA (E.S.B.), gaur Euskal Herriari lerro hauen bitartez bere burua eskaintzen diolarik.

Sorrerazko bere biltzar nagusian bere politikabidea eta jokabidea herrikoigiro onartu ondoren,

Agiri

hau argitaratzea erabaki du.

E.S.B.-ak, politikazko erakundea denez, sozialista aukera bat mamitu nahi luke Euskadi-rentzako.

E.S.B.-a euskaldun sozialista guztientzako zabalik dagoen erakundea da. Barne-demokraziaren bitartez, eta aldioroko biltzarretan, moldatuko dute barneko bere militanteek taldearen politikabidea.

Elkarrekin oratua eta egina duen historiarengatik, bere hizkuntza eta jakintzarengatik, hein batez ere bere klase eta gizarte-mailen arteko interesen batasunarengatik, bere lurraldeen batasunarengatik, etengabe bere herritarrek erakutsia duten nahiarengatik, Euskadik nazio bat osatzen du; eta honi bere burua loturarik gabe gidatzeko eskubidea dagokio.

Orain, ekarpen-indarren eta kulturaren hazkundeak Europako herrientzat askatasun-aldia, dezentralitzapena eta hazkunde herrikoia iragartzen dituen une honetan, E.S.B.-ak beregaintasuna nahi du Euskadirentzat, herrien elkarkuntzan. Euskal-Herriak, horrela, munduko isuriekiko zabalik egonik ere, bere nortasuna osatuko du.

Halaz ere, eta nahiz nazio-interesen alorrean nolabaiteko batasuna izan, eta internazionalismoari dagokionez gogaide gertatu, ezin daiteke ahantz munduko gizarte osoa, euskal gizartea barne delarik, klase-egituran oratua dela; eta, honen barruan, euskal langileriak eta honen araberako sail aurrerazaleek badituztela beren interes bereziak; baita horietxei dagokiela gaur kondaira-eginkizuna. Gizarte-kontradizioen sakona eta klase zanpatzaileen kontra-gizatasuna kontutan hartu gabe, «interes orokor» delako horri eutsi nahi izatea, klase zanpatzaile horietxek zerbitzatzea besterik ez litzateke. Hain zuzen, hauek «interes orokor» hori zaitu nahiz, omen, beren zerbitzu berezi eta soilean antolatzen dute gizarte osoa, eta jokaera honetatik sortzen dute klase-borroka.

E.S.B.-ak bere egiten ditu, hortaz inolako zalantzarik gabe, euskal langileria zabalaren interesak: industri-lengile klasetik hasi eta soldatazko teknikari eta karreradunenganaino; eta gizarte sozialista, loturagabe, berdinkor, anizkor eta herrikoia eskatzen du Euskadirentzat; honetatik zanpaketa eta alienazioa uxa araziz, eta lantegia eta ikasgua, hauzoa eta herria, hiria eta nazioa bera herriak bere buruz, eta auto-jestio-bidez, zuzentzen dituela.

Ekonomi-demokraziaren aldeko izanik, E.S.B.-ak burokraziak oro gaitzesten ditu, eskuinekoak eta ezkerrekoak; baina egiazko eta ustezko baldintza batzuk gertatzen direlarik, herrigintzan parte hartzeko gertu dago.

E.S.B.-ak, herrikoi eta autojestioaren araberako gizarte sozialista baten eraikieran klase-organizazioek duten garrantziaz ongi jabeturik, gure honetan nolanahiko aginte arrotzetik at euskal sindikalismo herrikoi eta anizkorraren antolakunde eta hazkundean saiatzen ari diren guztiak agurtzen ditu.

Orain arteko historiak, eta behin eta berriz Euskal Herriak erakutsi duen nahiak, garbi agertu dutela ikusten du E.S.B.-ak, gure nahiaren arabera jokatuko bada, españatar erresumaren barruan, eta gutxienez, euskal izaki politiko bat sortu behar dela gaur egun; eta izaki horretan, zeinek bere gisa eta bere berezitasunean, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia sartu behar direla. Bere gain eraikiko den euskal izaki politiko horrek, bere esku eta beregaintasunean finkatzen zen foru-agintearen ondorio izan behar du, aginte-mota hura indarka eratxi baitzuen halako batez bere kabuz alderdietako batek.

Horrez gainera, E.S.B.-ak hau ere proposatzen du: euskal izaki politiko horren egoitza Iruñan izatea; hiri hauxe izan baitzen Nafarroako Erreinuaren hiriburua, eta berori izan baita Euskal Herriak historian barrena ezagutu duen lehenengo erresuma.

Nolanahi ere, E.S.B.-ak hau jakin-erazi nahi du garbiki: elkartzeko eskubidea inolako mugakeriarik gabe finkatu behar dela españatar erresuman; eta hiritarrek, azpikeriarik eta abantailik gabe, beren nahia jakin-erazi behar dutela menaz, egiazko hauteskundeen bitartez. Egia horrela azaldu ondoren, Euskal Herriaren borondatetik sor daitezke, baina ez bestela, españatar erresumako beste herriekin burubidez elkartuko duten loturak.

Gure herriarentzako sozialista plangintza bati buruz, zabalik dago E.S.B.-a euskaldun sozialisten batasunaren alde; baina, denbora berean, euskal buruzagitza duten euskal indar politiko eta sindikalak oro deitzen ditu mintzatzen hastera euskal nazio-politikaren moldakuntza. Herriarekin eskuz esku joanda, indar-elkarketa horretxek segurta ditzake gure herriaren interesak, eta ez besterik ezerk; eta hori españatar erresumako alderdiekin harremanetan jartzeko: bai agintean daudenekin, bai besteekin.

Agiri honen bitartez, euskal sozialista guztiei egiten die dei EUSKAL SOZIALISTA BILTZARREAK. Eraiki dezagun, denok elkarturik, Euskadiko klase herrikoiek eta giza-sail aurrerazaleek oro eskatzen duten alderdi sozialista handia, batera herrizale eta autojestiozalea.

GORA EUSKADI ASKATUTA!

GORA EUSKADI SOZIALISTA!

Euskadin, 1976-ko Ekainaren 6


Euskal Herrian

E.S.B.

Ekainaren 11an, Gasteiz ondoko Iradier Hotelean, egin zuen lehen bilkura ageria Euskal Sozialista Biltzarrea (E.S.B.) delako Elkarte jaio berriak. Bilkura publikoa izan zen, Gobernadorearen ordezkari eta guzti, hain zuzen agerian eta legalitatearen barruan jokatzea erabaki baitute (Kaierok esan zigunez, legalitatean sartuko dira, legeak berak ere kabitzeko adina leku emango dielakoan). Joku horretarako, Espainiako Estatu mugetan planteatzen dute politika, Ipar aldea, AGIRIAn, aipatu ere egin gabe.

120ren bat bildu ginen han, afari baten inguruan, Biltzarrearen aurkezpenerako. Inbitatuen artean, biltzarkide ziren gehienak, aldeko edo zale ugari (ELAko asko), eta prentsa. Alderdi sukursalistakorik ez zen inor, ez baitziren deituak izan ("gure autonomia agertzearren"). Katalanak eta galegoak bai, horik deituak izan ziren. Baina guti etorri zen. Bat bakarra, Partido Galego Social Democrata delako bat. Katalanen falta nabari gelditu zen, nahiz eta telegramaren bidez eta Consell-aren partez Pujol agertu.

Bilkuraren muina, AGIRIAren irakurketa izan zen. Hori eta prentsarekiko elkarrizketa, oso osorik, elebitasunean egin zen. Mahaian, politik gizon bezala agertu zirenak hauk ziren: Karlos Caballero, Andoni Kaiero, Gerardo Goñi eta Hendrike Knör, baina bereziki lehendabiziko biak.

AGIRIAn garbi dagoenez, eta prentsaren galderari erantzunez esan zigutenez, Biltzarre edo "Konbergentzia" bezala agertu nahi izan badute, euskal sozialistak oro biltzeko pretentsioarekin da. Baina gerora, alderdi bilakatuko direla, gauza segurtzat eman dezakegu. Asmo horiekin oraingoz bildu direnak, hauk dira: Eladio deitu horik, Aintzina, Nafarroako Ekipo Sozialistak, Ezker Berriaren zati bat, eta independiente zenbait. Denetara, 2.500ren bat militante, eta horien artean % 40 industri-langile, esan zigutenez.

Biltzarkide izan nahi ez duenik ere ba da, hala nola Ezker Berriko parte bat, EHAS eta LAIA. Hautako batzu bederen, Biltzarrearen sozialismoaz ez dira fiatzen. Sozialismotzat ez baina sozial-demokraziatzat jotzen dute hauek haien joera. Sozial-demokraziaren salhakuntzaren aurka gogorki mintzatu zen Kaiero bilkurakoan. Arazo mingarri bat da nonbait. Sinesgarritasunaren arazoa ote? Dena den, eta berez hala izan ala ez, ukaezina da, askorentzat, irudi bonekin plazaratzen dela Biltzarrea.

Hor eta hemen ibiliz, eta esan ohi dena bilduz, ba dirudi Biltzarreari buruzko eritzietan punturik eztabaidatuenak hauk direla, halegia, talde hauen sozialist eitea, Ipar Euskal Herria ez aipatzea, eta, hirugarrenik, gaurko legalitatean sartzeko erabakia.

Ibiliz frogatuko du Biltzarreak zer nahi duen. Zalantzarik gabe, euskal politikaren etorkizun hurbilean, Biltzarreak izango du hitzik.

J. M.


Euskal Herrian

Euskal sozialdemokrazia jaio da

Gasteizen E.S.B.ak (Euskal Sozialista Biltzarreak) egindako agerketa aparteko gertakari politiko bat izan da. Lehengo artikulu batetan ere (Ezkerra ala Euskal Sozialismoa, Anaitasuna, 319. zenb.) zera aipatzen genuen, hots, gure Herrian dauden sektore sozialdemokratek politik indar gisa eratzeko zeukaten premia, arazo hori baina, guri zuzenki ez zegokigun arren. Begira nondik erantzuna, luza gabe gainera, hortxe dugun: ESBa, madrildar tankeraz, eder eta distiratsuki agerterazia.

Politik erakunde bat zenbait modu ezberdinez defini daiteke: bere etorki sozio-politikoaz, bere sozial oinharri, politik programa, erakunde kontzepzio edo eta bere praktikaren arauera.

Etorki sozio-politikoari dagokionez, ESBa ELAren iturburuko joera batzuren arteko konbergentziatik sortua da Alde batetik syndikalismoa alde batera utzi eta bestetik PNVa hautatu ez duten ELAkoek osatua, hain zuzen ere. Ahalegin honek, halaber, joera autogestionari antimarxista batzu bereganatzea lortu du, baina ezkerragoko joerakoak, aldiz, bidean galdu ditu, berauek eladio ezagunez osaturiko erakundea begi txarrez baitakusate, eta eladio horietako bat da, prezeski, talde horren idazkari orokortzat izendaturik dagoena. Hitz guttitan: ESBaren etorki soziopolitikoa, funtsean, bi joeron arteko konbergentzia da: ETAren kontrako zentrismoak eta antimarxismo autogestionariak obratua. Diplomazia finaz presentatua izan den aldetik, konbergentzia honek, derragun bidenabar, beste zenbait lagunen atxekimendua ere lortu du eta berauengandik, agian, hain anti ez datekeen politika bat espero dezakegu.

Sozial oinharria Erdi eta sozialdemokrazia guztiei dagokiena da, hau da, gizarte kapitalistan eredu liberal gisa ari diren populazioaren sektoreak, kapitalismoaren teknikariak izan arren, beronen botere eta hobariak zuzenki gozatzen ez dituztenak, horien ordez, dena den, sozial prestigioa eta irabazi handixeak moduko pribilegioak badauzkate ere. Bestela esanik: profesional eta unibertsital arloak, bai eta burjes ttiki eta erdi mailakoak, systema kapitalistaren barrutik beronen kritikalari izateko egoeran daudenak.

Gasteizen agerturiko manifestua, politik programazioan, belaxka da, gaurko Euskal Herriaren nahiak kontutan harturik, urregia. Hau, beharbada, honela ulertu behar genuke; dokumentu hori, agian, sinatzaileen egiazko helburuak barik, Fraga ez haserratzeko moduko eskribu taktiko bat besterik ez da, ministruaren tolerantzi neurrien artean toki bat lortzeko asmoz burutua. Hau guztiau, dena den, litekeenaren mailan dago, baina ezin segura genezake. Ustekizun hau publikoki frogatua ikusi nahi genuke, hala ere.

Marka-izen berberak —E.S. "Biltzarrea"— jadanik zein erakundetarantz jo nahi duten erakusten du. Politik erakunde baten ordez, zera da gehiago, euskal sozialismorako fronte taktiko baten desira, eta, hortaz, manifestuak horrexen gutienezko puntuak dauzkake. Aukera politiko eta eritzi-organo estrategiko bat barik, abagadune honetako sozialismoari zein aukera komeni zaion formulatzeko jarreran da. Jarrera hau, hasteko, nahasgarria da, nahi duena, hain zuzen ere, ezin izan eta izan behar ez duena delako, euskal sozialismoa, honez gero, beste erakunde batzutan jadanik oso ondo errepresentaturik dagoelako.

Are positiboago eta argigarriagoa litzateke, gure ustez, ESBak bere egiazko izaera agertzea: Erdikoen eta euskal sozialdemokraziaren politik erakuntza. Honela, gutienez, benetan doakion markaz jantziko litzateke. Marken kontutan azken hitza ematea, ordea, ez dagokigu guri, are gutiago, gainera, marka horik jendartean, irudi liluragarri gisa, merkatu berri bat lortzeko asmoz eginak direnean, oraingoak argiro ematen duenez.

Praktikaz den bezainbatean, azkenik, guti esan dezakegu oraindik, baina hortxe dago irudi kontziliagarri hori, burruka politikoa tolerantzia ofizialaren barrutian planteiatzeko prest. Honek, agian, arbitraia politikoen jarreretara eraman lezake, gobernu eta euskal oposizioaren artera, batetik, eta besterik euskal eskuin eta ezkerraren artera.

Gisa honetako arbitraiak, ordea, botere eta eskuinarekiko aliantzetan bukatzen dira maiz. Hemendik konstante historiko baten abisua ematen dugu, ESBak bestelako jokorik eginen duelako esperantzan.

H. Aske


Euskal Herrian

Anoetako politik bilera

Zailtasun eta oztopo asko gainditu ondoren, "Interprofesional de Estudios y Proyectos"-ek antolatutako politik bilera igande goizeko hamaiketan hastekoa zen, Donostiako frontoian. Ordu honetan, grisak kanpoan erne zeuden bitartean, zazpi lagun hizlarientzat gertatutako mahaira heldu ziren. Eta beraiekin lau elkarte politiko lehen aldiz bi mila eta bostehun entzule aurrean une berean publikoki beren eritziak jakin eraztera agertzen ziren. Gaia: "El futuro de Euzkadi". Hizlariak: PNVko Xabier Arzallus; PCEko Francisco Idiáquez; PSOEko Múgica Herzog eta Partido Carlista de Euzkadiko Mariano Zufia. Moderatzaile bezala Joseba Elosegi eta Castells Adriansens; presentatzailea Luis Mari Mujika.

Hitzaldiak hasi baino lehen "Interprofesional"eko antolatzaile batzurekin egon ginen. Berrogei urte ondoren lehenengo aldiz antolatutako bilera politiko honen aurrean nolabaiteko beldurrez zeuden. Zer gertatuko zen? Entzuleak "entzule" bezala egongo al ziren? "Zirikatzailerik" egongo al zen entzule artean, zarata eta oihuz bilera desegiteko? Sartzeko txarlelak ezagunen artean zabalduak izan ziren baina, hala ere...

Castells notari jauna ekin zitzaion bilerari. Euskal Herrian askatasunaren aldeko burrukan hilak, herbesteratuak, giltzapetuak eta zigortuak izan diren alde ixiltasun minutu bat eskatu zuen. Isiltasun sakon honen ondoren Luis Mari Mujikak sarrera-hitzak esan zituen, bilera hau Martxoaren 31.an egitekoa zela esanez. Gero jakin genuenez zailtasun handienetako batek "Idiáquez" zuen izena, gobernadoreak ez baitzion hitzegiteko baimenik eman nahi.

Hasi zen lehen hizlaria. Alfabeto ordenaz PNVko Arzallus izan zen. Ordurako "askatasuna" oihu batzu entzunak genituen. Arzallusek mikrophono aurrean irribarrez bere eskuineko hatzamarrez "V" bat jartzen zuen bitartean, frontoiko goi aldean ikurrin bat jarri zuten. Ikurrin hau eta "EKA"ren siglak zeramatzan beste bat izan ziren bileran ikusitako ikurrin eta symbolo bakarrak.

Arzallus (P.N.V.): "Politika egin behar da"

Arzallusek euskaraz egin zituen bere hasierako hitzak. Gero, beste hizlariak bezala, erdarara aldatu zuen, hori egitea tamalgarria zela esan ondoren. Oso euskara gutti entzun genuen bilera osoan. Arzallusen egoera eta hizkera patxadakoak izan ziren. Hitz laburretan jarriko dugu berak esandakoa: 40 urtez burrukan ibili den Euskal Herria berriro bere historiaren jabe bihurtuko da. Politik lehen bilera hau egitea honen hasiera bat da. Etorkizunean ez ditugu lehen egindako akats astunak berregin behar. Akats handiena politika jokoa gure artean alde batera uztea izan da, gure etxean sarturik egonez. Honen adibide bezala 1930. urteko "Pacto de San Sebastian" delakoa jarri zuen. Nahiz eta bilera hura Donostian izan, euskaldun politikariak ez ziren egon. Katalanek, beren aldetik, 1932.ean lortu zuten Estatutuak "paktu" honetan izan zituen bere oinharriak. "Politika, politika egiten den tokian egin behar da", esan zuen Arzallusek. "Gerra zibila ukatu behar dugu". "Pinochet"ak ez dira eskuin aldean bakarrik sortzen, baita ezkertiar batzuren umekerian eta lelotasunean ere". Indarkeria harmatua ere ukatu behar dela esan zuen. Hitz gogorrak esan zituen ezer egiten ez dutenentzat ere. Politika egiteko "Dena ala ezer ez" slogana ukatu behar da. "Estatutua birlortzea beharrezkoa da gure herri-nortasuna birbizten hasteko Etorkizunean Euskal Herriak behar duen sozialismoak euskal nortasunean eta euskal demokrazi joeran izan behar ditu bere sustraiak. Euskal lege eta erakundeek euskal herriaren demokrazi eritzietan izan dituzte beti beren oinharriak". "Herriak ba daki zer nahi duen eta ez dira behar kanpotik ekarritako eta herriak bereak bezala ikusten ez dituen sozial eskemak". "Demokraziari buruz Euskal Herriak asko irakatsi diezaioke Europari". "Iraultzak ez ditu arazo eta problemak argitzen. Euskal Herrian egin behar dena oligarki taldeak deuseztatzea da, oligarkia hauk izan baitira herriaren eskuak lotu ondoren zentralismoaren eskuetan jarri dutenak". "Euskal Herriak dituen baliakizunak bultzatu egin behar ditugu. Nekazarien egoera larri eta itogarriari bukaera eman behar zaio. Nekazariak dira gure nortasunaren eta hizkuntzaren sorlekuak. Euskal Herriak kultur eta komunikazio sailetan indartzea behar du une honetan, kulturaren bideetatik aurrera jotzeko" "Kultura duen herri bat herri sendo bat da. Herri sendo bat kultura duen herria da". "Euskal unibertsitateak herrietako kale eta soroetan eduki behar ditu bere sustraiak. Hemendik aurrera euskaldun guztien batasuna behar beharrezkoa da"

Arzallusen ondoren Francisco Idiáquezek hitz egin zuen.

Idiáquez (P.C.E.): "Amnistia"

"Compatriotas, compañeros" hitzez eman zion hasiera Idiáquezek bere hitzaldiari. "Meeting" moetakoa izan zen.

Idiáquezek aukeratutako estilua. Era honetako hitzaldiak egiteko ba ditu Idiáquezek zenbait birtute, ahotz argi eta on bat hauen artean. Gauzak "esaten" ba daki eta hau oso garrantzi handikoa da. Entzuleak entzun nahi duena ere ba daki. Bilera osoan ikusi genuenez, Idiáquez izan zen jendeak txalotzen zuen guztia, bere txaloez ere onhartzen zuen hizlari bakarra.

Bere hitzaldia Euzkadiren alde beren bizitza eman dutenen oroimen batez hasi zen. Idiáquezek aipatutako gaiak hauk izan ziren laburki: Faxismoaren aurka egindako Euzkadiren burruka: Amnistia herriaren lehen eskakizuna da: jazarpena zenbat gura eta gehiago dugu: Preso bat dagoen bitartean ez dago askatasunik: Preso politikoak ez dira behinere ez "konponketak" egiteko bide batzu izango. "Amnistia da askatasuna lortzeko lehen baldintza", "Berrogei urte iraun duen tuneletik irten ondoren gure herria inoiz baino sendoago aurkitzen da". "Euzkadi herri bat, nazio bat da". "Nafarroa Euzkadi da". "Espainiar Estatu barruan dauden herriek beren nortasun berezia dute" Autodeterminazioa beharrezkoa dute. "Euzkadik politik batasuna behar du bere lau probintzietarako eta ez bakarrik Bizkai eta Gipuzkoarentzat "régimen administrativo" berezi bat".

Erreformak porrot

"Madrilen egiten ari diren erreformak herria alde batera utzita eta diktadura iraun erazten egiten ari dira". "Martxoak 8an herriak eman zuen erantzuna handienetako bat izan da". "Erreformak pot egin du". "Euzkadiko politik indar guztiak batu egin behar dira" "Unión Nacional Vasca" bat behar-beharrezkoa da". Euzkadiko erakundeak birbiztu egin behar ditugu. "Gure eskakizun premiazkoa Autonomi Estatutu bat da". "Guk behar duguna askatasunean mugituko den sozialismo bat da. Horrela gure gizarte ideala, gizarte komunista, lortuko dugu" "Ez dakizkigu gizarte horren berezitasunak ez eta hartuko dituen bideak ere". "Askatasuna, demokrazia eta autogobernua behar dugu".

Bere hitzaldia amaitzeko "Batasuna" euskaraz hiru aldiz oihu egin zuen Idiáquezek.

Múgica Herzog (P.S.O.E.): "Askatasuna orain eta hemen"

Múgicak bere PSOE elkarte politikoaren izenean hitz egin zuen. Bere hitzaldia oso astuna izan zen, bere hitz egiteko moduagatik batez ere. Múgicaren zoritxarrerako, gainera, Idiáquezek egindako "meeting" erako hitzaldiaren ondoren hitz egin behar izan zuen.

PSOEk Euskal Herrian duen historia agertu zigun Múgicak. PSOE 1890. urtean Bilbon greba egin zuten sozialisten elkartea izan zen. Sozialistak Euskal Herrian izan diren langile-burruketan egon dira. "Zentralistak garela diotenei hau esango diegu: guk Euzkadiren askatasuna beti defendatu eta defendatuko dugu" "Euzkadiren askatasuna hemen eta Estatuko edonon defendatuko dugu" "Gure helburua "Nazionalitateen Errepublika Federalista" bat lortzea da "Plataforma de Convergencia Democrática" barruan eskatzen duguna "eten demokratiko" bat da eta nazionalitate bakoitzarentzat autogobernua" erakunde federalista batetan" "Nazio askatasunik gabe ez da askatasunik izango". "Dena ala ezer ez" joerari jarraitzea gaur ez da eginkorra" "Lau metrailetak ezin dute 400 tankeren aurka jo". Gaur behar ditugunak askatasunak dira, askatasun horien barruan gure joerak antolatzeko". "Askatasuna hemen eta orain nahi dugu". "Eten paktatu" bat. behar dela esan zuen Múgica jaunak. "Askatasuna eta autodeterminazioa lortzeko burrukatuko dugu" Beren azken hitzak "Por la libertad, todos a una" izan ziren.

Zufia (E.K.A.): "Estatutu berri bat"

Mariano Zufiak Federalismo baten barruan autonomi joera bat lortzea helburu garrantzizkoena dela esan zuen. Autogestioa ez du "kapitalismo eta komunismo" baten erdian dagoen hirugarren bide bat bezela ikusten, baizik eta "sozialismo bizi bat" bezala. "Euzkadi bizi da eta inork ezin du bere lurra banatu". "Euzkadin dauden indarrak batu behar ditugu". "Une honetan gure oroimena hemen ez dauden abertzale-indarrentzat da". "Oraingoz gure burruka Hego Euskal Herrian bakarrik egin beharko dugu" "Autonomi erregimen bat behar dugu".

Zufia jaunak dioenez, nahiz eta nafarrek beren burua beti euskalduntzat ikusi, beste euskaldunak izan ziren gerra zibila baino lehen Nafarroa alde batera utzi zutenak. Zufiak esan zuenez Nafarroak 1932. eta 1936.eko Estatutu projektuak onhartu ez bazituen, Estatutu haik "oso zentralistak" zirelako izan zen. "1936. urteko Estatutua "españolista" hutsa izan zen"

"Euskal izaeraren aurka egindako burrukak Nafarroan oso argi ikusi dira. Halere gaur Nafarroan euskal kontzientzia gora doa. Nafarroako eskuindarrek, "foru" izenaz Nafarroa Euzkaditik urruntzea nahi izan dute. Nafarrok ez dio inoiz euskal izpirituari "ezetzik esan". "Euskaldun izateak ez du nafartasuna guttitzen". "Euskal erakundeak errespetatu behar dira. Zentralismoa kaltegarria da" "Euskal batasun bat, behar beharrezkoa da" "Euskal Herria behar duena programa bakar bat da. Horretarako Estatutu berri bat egin behar dugu" "Hemen gauden politik indarrok ez dugu helburu berdinik baina norainoko bidaideak izan gaitezkeen ikusi behar dugu"."Eibarrera heltzeko, Maltzagatik pasatu behar da. Maltzagaraino elkarrekin joan gaitezen, ba".

Elkar hizketa

Horrelako hitzaldi eta baizkoak entzun ondoren ez da harritzekoa entzuleengan galderak egiteko gogo izugarriak ikustea. Halere ordurako, ordu bata zen eta elkar hizketak ordu bietarako amaituta izan behar zuen. Galderak egitera igon ziren batzuk, gero bere ideiak agertzeko emandako sei minutuez baliatu ziren. Horrela igon ziren. L.C.R.ko bi gazte. Hauek mahaian zeuden elkarteak ez direla benetako burrukalari izan eta herria, langileri batez ere, izan dela burrukatzaile bakarra esan zuten. Beste gazte batek, Euzkadik, berrogei urteko klandestinitatean, esan zuen.

Nafarroako beste gazte batek PCEko Idiáquezeri zergatik Nafarroan PC "de España" den galdetu zion, Idiáquez beren hitzaldion "Nafarroa Euzkadi dela" esan baitzuen. Idiáquezek erantzun zion "Oker larri bategatik" zela eta "oker hau lehenbailehen" zuzenduko zela esan zuen. Orain arte egin ez baldin bada" nafarren euskal nahi izate asmoa garbiki ez zelako besterik ez da izan. Idiáquezeri ere gure sozialismoa nolakoa izango den galdetu zioten "Ez dakigu", erantzun zuen honek: "Marxista-leninista edo beste era batekoa izatea herriak erabakiko du"

Arzalluseri ere egin zizkioten galdera batzu. Gazte batek PNVren sozialismoa nolakoa den galdetu zion eta zergatik PCE ez dagoen Euskal gobernuan izan zen bestea. Arzallusek bere aldetik beste galdera batez erantzun zion, gazteari "askatasuna" beretzat zer den galdetuz. Hemen entzule batzu txistu eta oihuka hasi ziren, Arzallusek askatasun eta sozialismo kontzeptuak Euskal Herrian marxismoa ageri baino lehen finkatuak zeudela esaten zuen bitartean.

Entzuleak

Esan dugunez Anoetako frontoian entzule gehienak gonbite-txartelaz sartu ziren. Giro on eta apal xamarra izan genuen bileran, antolatzaileen oharrei jarraikiz. Entzuleen bataz besteko adina hogeita hamar urtekoa izan zen. Txaloak asko izan ziren. Idiáquezek entzun zituen txalo ugarienak, bere esateko eragatik batez ere. Beste hizlariek nahiz eta Idiáquezek esandako gauza berberak esan, txalo guttiago entzun zituzten. Une batzutan entzuleak ez ziran hizlariekin ados izan, Zufia jaunak Euskal Herriak Nafarroa alde batera utzi zuela esan zuenean, kasu, edo eta Arzallusek zuzenean erantzun ez zuenean, esan dugun bezala.

Antolatzaileak pozik zeuden bilera bukatu ondoren eta, esan zigutenez, hurrengo bileran euskal langileri indarrek izango dute bere hitz egiteko txanda. Zorionak "Interprofesional"ari.

Oharra

Diru-zigorrak

Gipuzkoako gobernadoreak ez ditu onhartu Anoeta esandako hitz batzu. Miguel Castells Adriansens notario jaunari, "Interprofesional de Estudios y Proyectos"en lendakari bezala, 250.000 pezetatako zigorra jarri dio eta Francisco Idiáquezeri, 200.000 pezetatako beste multa bat. Jakin dugunez, Castells jaunak, ordaindu baino, nahiago zuen hori kartzelan egun batzu egonaz bete, baina bere adiskideak beste iritzi batekoak izan dira eta nahiago izan dute diru hori ordaintzea.

X.A.


Euskal Herrian

Bilboko banderak

1937.eko Ekainaren 19an, hauteskundez autonomi estatutu bat lortua zuen Herrialdearen hiri nagusia hartua gelditu zen. Bilbo hartako alkate berriak, Areilza jaunak, erdaraz, noski, "Bizkaia nazional soldaduei esker berriro ere Espainiaren zati bat da" esan zuen "militar konkista honi esker, lehengo eskubide guztiak ezerezturik geratzen dira", gehituz.

Hogeitahemeretzi urte geroago, irudiz, hitz haien izpirituak bizirik dirau oraino. Arestik idatziak datozkigu gogora.

Bilbaon ba dagoz bandera

Gorri eta beilegiak

Holan dinosku legiak,

Garela epelegiak.

Bilbaon ibiltzeagatik

Nik ez nuen galdu bernikan.

Orain ez dut ezer nik han,

Hil nintzelako Gernikan.


Euskal Herrian

Guztiok gara sozialista, zer arraio!

Gauza bat modan jartzen denean, publizitate kontuengatik besterik ez bada ere, mundu guztiak hartaz jabetu nahi duela dirudi.

Lehen, demokrazia eta demokrata kontzeptuak ziren modakoak. Orduan jende guztiak ziren demokratak, herri demokraziatik hasi eta demokrazia organikoraino helduz. Hitz hori, ordea, gaur gastatu xamar dago eta politik modak beste bide batzutatik doaz. Gaur sozialismo hitzak du arrakasta.

 Eguzkia nora, zapiak hara delakoa, zenbaitzurengan egia hutsa bada ere, aspalditxuon ideiei barik berauen itxurari, agertze publikoari aplika dakioke ongi, Funtsek, ideiologi edukiek, berdin diraute, baina botilaren etiketa, ordea, itxurosago dute orain.

Hjelmslev hizkuntzalariak esandakoa Den der vil vaere diktator, vil gore klogt i at studere semantik, hau da, "Diktadore izan nahi duenak on luke semantika ikastea", serioskiago hartzekoa dugu.

Bunkerista ezagun batek F.Franco munduko sozialistarik haundiena izan zela esan zuenetik, denek hartu dute ideia eta beren burua sozialistatzat aldarrikatzen digute. Faxistak, kapitalistak, burjesak, erreformatzaileak, sozialdemokratarik ipurtagerienak, guztiak, sozialista ditugu orain.

Bistan da hitz baten erabilera desegokiak adierazia bera ere balio gabe uzten duela, hots, hitzaren esangura gastatu egiten dela. Hau, batez ere, esangura "eritzi subjektiboetan" oinharritzen duten hitzekin gertatzen da. Gorria, kasu, kolorea denean, arrosa-laranjaz inoiz nahasixea gerta baledi ere, ezin aplika dakioke inola ere "urdin" denari; baina ezkerraldeko idiologiaz den bezainbatean, symbologiaz arituz, arazoa subjektiboagoa dateke eta zenbait interesen arauera, bai ezkertiarrek eta bai eskuindarrek, zeinek bere zentzu berezian, berba hori erabiltzen dute.

Honek zera dakarke: politik hiztegia etengabeki gastatzea. Hori, erabat zuzentzerik ez badago ere, puntu batetaraino bederen, hitz gardenekin konpon liteke, hots, beren forman kontzeptu baten azalpen garbia ematen dutenekin. Kapitalista, diktadore, marxista, trotskista, maotar, estatalista, kasu, hitz gardenak dira, argiak, ideiologia edo joera konkretu baten adierazle zehatzak izanki.

Beste bidea, aurrekoarekin batera joan daitekeena, zera da, hitzen esangura politikoa hertsiki mugatzea, eta politikariei hitzen mugak behar bezala errespetatzen eskatzea dateke. Horrela jakin genezake, kasu, faxismo, liberalismo, sozialdemokrazia, sozialismo edo eta komunismo esatean zer arraio adierazi nahi dugun. Honetarako, ordea, subjektibismoa ez baina objektibismoan finkatu beharra dagoke.

Euskarak, erabilera politikotik landa luzaro egon dela eta, ez du horrenbeste gastatzerik eduki. Paradoxaz, euskal hitzek ukan duten erosioa erdaraz ukan dute, hortxe izan baitira, azken batez, erabiliak.

Kontutan har dezagun, esaterako, abertzale hitzaren aspaldi honetako jaitsapena. Gaur egun, PNVetik hasi eta PCErainoko guztiek beren burua definitzeko erabiltzen dutelarik, hitzak bere esangura osoa galdua du. Eta esandako kasuan hitz horren fetitxismoan, ulertzen ez dugun hizkuntza baten berba erabiltzeak ba dauka, nik uste, bere garrantzia.

Euskara, istilu hauetan arlo birjina da ia guztiz, Gure hiztegia ez dago politikan gastaturik, eta gero ere egon ez dadin, on litzateke orain hiztegi berezi hori moldatzen hasten gareneon, hitz gardenak sartzen ahalegintzea. "Basko"aren subjektibotasunaren lekuan "euskalduna", aldiz, erabat objektiboa da; "abertzaletasun"aren frogarik gabeko sentimenduen aurrean, "hertzaletasun"a operatiboagoa da, aukera ageri engaiatu bat, halegia. Euskara ez dakien euskaldunik ezin dagoke, herriaren alde ezer egiten ez duen hertzalerik ezin dagokeenez. Zenbaitzuk, ordea produkziobideen jabego pribatua onhartzen duen sozialismorik egon daitekeela sinesterazi nahi digute, dakusagunez.

Ez legoke gaizki euskal dynamikaren barruan, praxisaren galbahea hobeki erabiltzen hastea.

Xabier Kintana


Euskal Herrian

Berriro ere Bizkaiko Elizaren elebitasunaz

Aurreko ANAITASUNA batetan ere (315. zenbakian), Bizkaiko Elizak elebitasunaren problemaren aurrean hartu duen bidea salhatzen nuen; baina, antza denez, gure ahotsaren oihartzuna ez da heldu bertako agintarien belarrietaraino. Horregatik bada, berriro ere salhakuntza ttiki bat egin nahi dut jendearen aurrean, ea ekinaren ekinaz behin edo behin enteratzen diren.

Corpus Christi eguna dela eta, anaien arteko maitasunaren eguna hospatzen ohi da. Eta egun horren propaganda egiteko, iragarkiak jarri dituzte hainbat tokitan: iragarki batzu, handiak; beste batzu, ttikiak. Iragarki handiak, erdara argi eta hutsez idatzirik. Iragarki ttikiak, erdara eta euskaraz idatzirik; baina euskal textua ttikiago eta pobreago izateaz gainera, letra ttikiagoz egina da. Euskara bigarren mailako hizkuntza da, ala? Iragarkiak prestatu dituztenen jokabide diglossikoa argi dago.

Horretaz gain, etxe askotako gutunkutxetan —gehienetan, beharbada— propaganda-horri batzu zabaldu dituzte; eta hauetan, arazoa gaizkiago agertzen da. Bi zati labur izan ezik —eta hauen euskal itzulpena ere letra ttikiagoz egina da— beste guztia erdara hutsez eginik dago. Onena, ezikusiarena egitea, noski! Zeren eta bestela haserreak bero-bero eginda utz baikaitzake. Eta, zoritxarrez, horrela utzi gaitu.

Hankasartzeak ez dira horretan bukatzen, ordea. Gauza batzutarako hain hiztegi zehatz zaindu, aukeratu eta eskrupulosoa duen Elizak, kasu honetan ez du batere zehaztasunik agertzen, "dia nacional de caridad" dioenean. Edo eta bestela, adjektibo misterios horrek adierazi nahi duen kontzeptua zein den azal diezagula. Gauzak argi, eta txokolatea lodi, jaunok!


Euskal Herrian

Euskal 'jatortasunak' ba al du minimum bat?

Ortodoxiaren funtsa zuzentasunean dagoela dirudi. Ortodoxiak bere azken finean mugak eta egokibideak eduki behar ditu. Ortodoxiatik fanatismora beherabidea erraza da.

Ortodoxiak, bestalde, halako garbitasun baten dialektika darama, eta garbitasunak ere "garbizalekeria", puritanismo bilakatzeko arriskua du. Horregatik ortodoxiaren barnean umiltasuna birtuterik handienetakoa da; umiltasunak hemen erreformismoa esan nahi du, hau da, betiro aldatzeko prest egonahia. Ortodoxiaren beste etsaia iluminismoa da. Iluministek, goiargituak direlarik, ez dute errurik beren bidean; halako eta holako siglak ezerezteko birtute eta abantaila dute; errealitatea beren muga herstura behartzen dute nolabait.

Gaurko euskal politikagintzaren arlora etorririk, iluminismoaren arriskua ba dagoela adierazi nahi dugu. Zenbait politikariren eta sasipolitikarien ahotan "jatorra" hitzak ba dauka halako semantika osoro berezia. Halakoa eta holakoa ez da "jatorra" diote. Zer esan nahi du horrek? Nor da euskaldun "jator"? Ze baremo erabili neurtzeko gure jokabide politikoa gaur egun?

Definizioak ematekoan oso umil ibili behar dugu, eta neurria halako "minimum" batzutan ezarri behar da, subjektibismoetan ez erortzearren. Non dira beraz "euskal jatortasun" baten muga minimoak?

Puntu minimoak jartzekotan BAT ikusten dut nik garbiena, gaurko politikagintzaren arloan erro errokoa dena; nolabait subjektibismoak gaintzen dituena, eta Euskal Herriaren identitate sustraian adierazpena duena, hau da EUSKARAren konpromezua da; geroz datozke besteak. Gure politikarietan euskararen konpromezu ezagatik kontraesanak bere hartan irauten du, eta ez dut garbiro ikusten nolatan Euskal Herria erredimitu nahi duten batzuk beronen zapalketa berezienetako batekin konprometatu nahi gaberik.

Gobierno de Euzkadi-k euskara non?

Euskara EUSKAL HERRIARENTZAT ez da EPIFENOMENO bat; EUSKARA gure herriaren mumuin antropologikoa da, bere sintesi historikorik nabarmenena. Hizkuntza herri baten ikusmolde funtsezkoenetan sartzen da.

Ongi dakigu edozein hizkuntza FUNTZIO dela, eta funtzio delarik erlatibo ere ba da. Baina hemen erlatiboa ez nahasi "osokor edo integral" kontzeptuarekin. "Funtzio" izateak ez du esan nahi inolaz ere kultura-ekologian gauza bat baztergarri denik, edo eta azalezkoa denik. Hitz batean, EUSKARA Euskal Herrian Gaztelan gaztelania bezainbateko funtzioa da. Euskararen "erlatibista" horiek jakin bezate Gaztelak ere bere hartan iraun dezakeela gaztelania bertatik ezkutaturik. Baina, Gaztelaren kultur antropologian hain erlatiboa al litzateke bertan egun batez ingelesa ez beste mintzatzea? Ez, ez, esango didazute. Ba hemen berdin, EUSKARARIK gabe lortu dezakegu bai EUZKADI (hots Estatu administratibo) bat, baina sekula ez EUSKAL HERRIrik. EUZKADI bat bai, baina EUSKAL HERRIRIK EZ. Fenomeno honetaz "abertzale" jator batzu ez dira oraindik enteratu

Euskal Herrian iharduten duten zenbat talde politikoetako pertsonek ez dituzte galdera hauk egin nahi. Euskal erredentismoa beste arlo batzutan egin nahi dute; Beren soluzioak ez doaz errotuta benetako "jatortasunean" gure ustez. Beraz, BILBOKO vasco askorentzako, eta euskal partiduetako gidari batzurentzat euskararen herio eta eskasia ia patu beharrezkoa dela dirudi. Ya es irremediable entzun dugu. No merece la pena esanez bezala iharduten dute politikari horiek gure identitate mailak irauliz. Zenbat euskaldun jator eta "ortodoxo" idiologi bitxikerietan gelditzen da. Bitartean "euskera ikasi gabe" dabiltza. Sozial programetara mugaturik daude; Euskal Herria erredimitu nahian dabiltza, euskarari pertsonalki soluziobideak eman gaberik.

Talde politikoetako buruetan "euskara" ez jakitea gaur egun kontraesan nagusia da, kontraesan hori ez gaintzeko bide zehatzak jarri nahi ez izatean ideologikeria vascoa aurkitzen dugu azken batean.

Talde batzuren teorizazio maila osoa erdaraz ematen da ia hutsik. Azter ditzagun gure propagandak. Adibidez, O.R.T Tolosaldean egina duen propaganda gehiena erdara hutsean dago. Azkenalde honetan E.K.A. egiten ari den propaganda gehiena erdara hutsean dago... ta gure P.N.V.-ren boletin batzuren euskera "folkloriko" hori zer da? Hasiera muturtxoa, eta azkeneko "gorak" rito sakratu bezela euskaraz soilik jartzea ez da "jatortasuna", folklorismo hutsa baizik.

Batzuen ahotan "jatorra" hitza abertxale mokotxuri baten gradura ere ez da iristen. Kopa batzu edan ondoren "gora" batzuk botatzeak ez dio inori birtuterik ematen, "ortodoxo" azaltzeko. Egia esan, ba dira hor zenbait gizon "jatorrago" partidu sukurtsaletan vasco folklorista horiek baino meritu gehiago dutenak, konpromezu horrekin gaur egun logikoagoak direlakoz Abertzaletasunaren lehen konpromezua "euskaldun" portatzea da, eta ez da aski "vasco" izatea; dakigunez "euskaldun" izateko integralki euskara jakin behar da, hainbeste teorizatu gabe. Lehenengo "euskeradun" izan behar dugu, eta gero erredimituko dugu Euskal Herria...

Ez dakit zer esan, baino 31 eta 36-ko estatuturen behe planteamenduetan euskaraz azaltzen duen egoera diglosikoak hemen ditu bere erroak hainbestean. Euskararen ofizialtasuna Euskal Herriaren laurden batera iritsiko den planteamendu hori ez da "jatorra", ez da "ortodoxoa", nahiz eta gero txapela erabili eta "gora" asko bota Bilbo ta Iruineko comités de mentalización nacional biltzarretan. Azter ditzagun gure bilera, aldizkari-editorialak, propaganda, elkarrizketak, etab. Ze Euskal Herri hirrikatzen dugu? Zer nahi dugu? Euskadi Estatu administratibo bat, ala Euskal Herri euskaldun bat? Ezar dezagun "jatortasuna" behar den tokian!

Luis Mari MUJIKA


Euskal Herrian

Basurtuko Ospitalea euskalduntzen ari

Hiltzear dugun ikasturte hau gogoragarria izanen da Basurtuko Ospitalean. Izan ere, aurten heldu baita euskara lehengoz Ospitaleko ikasgeletara, eta goiti heldu ere.

Jadanik, ihaz euskara ikasteko zenbait klase eratu zen. Ordea, munta handirik gabekoak gertatu ziren, besteak beste, egoerak ez zuelako gehiagotarako eman.

Aurten ere, kurtso haseratik, erizain talde bat euskara ikasteaz kezkaturik zebilen. Erizain talde honen berriak medikuenganaino heldu ziren. Ondorio bezala, hauetariko bizpahiruk erizain taldeari eranstea erabaki zuen. Denok alkarrekin lanari ekin zioten.

Urtarrilean, euskara ikasi nahi zuenik ba zela pentsatuaz, dei zabal bat egin zen. Deia Ospitaleko langile denengana hedatzen zen. Erantzuna ezin zitekeen hobea izan: ia 300 lagunek eman zuten bere baietza.

Berehala antolatzaile taldeak bai "Junta de Caridad" delako elkargora eta bai Erizainen Eskolako Zuzendari jaunarengana jo zuen baimen eske.

"Karitate Elkarteak" baietza emateaz gainera ekintza txalogarri bat zela adierazi zuen. Are gehiago, Ospitale eta Erizainen Eskolak bere betekizun bezala hartzen zutela ere jakin erazi zuen. Ordea —dena esan behar baita— "Karitate Elkarteak" ikaslegoari murrizpen bat ezarri zion: 200 lagunek bakarrik ikas ahal izango zuten euskara, hau da, erizainek eta M.I.R.-ek (Médicos Internos Residentes) soilki; mediku espezialistak, laguntzaileak, erizain espezialistak, administrariak etab, kanpoan geratzen zirelarik. Izan ere, Ospitaleko ia langile erdiak euskara ikasteko prest egotea beldurgarria ere ba zatekeen...

Erizainen Eskolako Zuzendariak, hots, Landa jaun doktoreak baietza baino ezetza nahiago zuen, baina ez zen hainbestetaraino ausartu. Eta baietza ozta ozta eman ondoren, ikaslegoa klaseetan aritzeaz berehala aspertuko zelako itxaropena jalgi zuen. Gainera, erizainei zegokienez, klaseak berak agin zezanean hasiko zirela, eta erizainen ikasgeletan haik bakarrik sar zitezkeela agindu zuen.

Une honetarako, sei lagunetako irakasle talde batek ere klase banaketan, eraketan, etab. lanean ziharduen. Landa jaun doktorearen erantzunaren arauera, ikasgela berriak aurkitu behar izan ziren, eta taldeen banaketa arras berritu, zeren erizainek darabiltzaten ikasgelak, beraiek bakarrik erabil ahal izango zituzten.

Azkenik Otsailaren bigarren astean hasi ziren klaseok. Ikaslegoa hiru mailatan banatu zen. Klaseko, hamabi ikasle, gutti gora behera.

a) Euskaraz deusik ere ez zekitenek 1. maila osatu zuten "Euskalduntzen" 1.arekin aritu dira. Guztitara 150 ikasle. % 75ak.

b) Zerbait zekitenek egin zuten bigarren maila hau. Eta "Euskalduntzen" bigarrena eduki dute metodotzat. Guztitara 30 lagun. % 15ak.

c) Jadanik euskaraz mintzo zirenek osatu dute 3. maila hau. "Alfabetatzen"-az ihardun dute. Bi taldetan banaturik zeuden, eta 20 lagun izan dira guztitara. % 10ak.

Ospitale eta Erizainen Eskolako Zuzendariek plangintza hau ontzat ematearekin batera, ikastaroaren ekonomik arazoa ere beren gain hartzea deliberatu zuten. Hileroko presupostua 75.000 pta. ingurukoa zen (Ospitaleak hilero erabiltzen dituen diruetarako 75.000 pezetatako gastua gastutxo urri bat besterik ez da). Gaina Otsailean bertan, klaseak hasi eta laster, Landa jauna erabaki hura hartzeaz damutu egin zen, eta finkaturik zegoen presupostu haren erdia bakarrik ordaintzea —erizainen gastuei zegokienez, noski— agindu zuen, eta hori ezezik datorren ikasturtean ez zuela euskarazko klaserik bere eremuan utziko adierazi zuen.

Ondoren ekonomik arazoa nahiko larria bihurtu zen, zeren ikasleek beren eskuz ordaindu behar zituzten bai liburuak, bai irakasleen lana, eta bai hileroko kuota bat ere. Kontutan eduki behar da erizainek, —gehiengoa berauek egiten baitzuten— hileroko bat ordaindu behar diotela Ospitaleari ere, eta karrerak dirauen hiru urtetan ez dutela deusik irabazten. Ordea, problematxoa izan zitekeena, bere hortantxe geratu zen, zeren ikaslegoaren adorea eta kemena ez ziren ez belaxkatu ez eta zabartu ere. Ikasle gehienek ez zuten ordainketak egiteko oztoporik jarri.

Euskara ikaste hutsaz gain, kontzientziatze dei ditekeen lan bat ere egin zen. Esan nahi baita Euskal Herriaren historiaz, geografiaz, eta euskal mundu bizi hau beti pil-pilean daukaten hainbat gauzez ere eman zitzaizkiela ihardunaldiak. Egiaren ohoretan esan behar da azken zeronen eraketa ez zela nahi bezain ongi irten. Dena den, hitzaldi bi ere eratu ziren: Joxe Martin Apalategik —Ipar Euskal Herriaz— egin zuen lehena eta X.Kintanak bigarrena Europako nazionalismoez. Eta bi hitzaldiok bikainak etab. zirela, ezin zitekeen gehiago luza aurtengoz.

Baina datorren urterako kezka bizi bat sorturik geratu da. Datorren ikasturte horretan pentsatuaz, lehen plangintza zirriborroa burututa egoteak ederki salhatzen du hori. Hazia jalgita dago.

Guk ikastaro honetatik ondorio hauk ateratzen ditugu:

1.- Parada bat emanez gero, medikuntzako profesional multzo handi bat dago euskara ikasteko prest, zeren euskara kezka bizi bat sortzen hasia da arlo honetako profesionalen artean ere. Lau hilabetetan barrena Basurtun eman den ikastaldi hauxe lekuko.

2.- Medikuntzako profesionalek derriorrezko deritzote euskara ere jakiteari. Besteak beste, gaixoa bera ulertzeko eta klinik historia ahalik eta osoen egiteko gaixoaren mintzairaz baliatu beharra dutelako. (Euskara besterik ez dakien gaixo bat baino gehiago agertzen da oraindik ere ia egunero Basurtura).

3.- Euskara ikasteko deiari erantzunaz hainbeste lagun mugitzea ez da oharkabean pasatzeko gauza. "Karitate Elkartea" kasurako, "garaiz" ohartu zen horretaz, eta mugak ezartzea deliberatu zuen.

Guk ozenki adierazi nahi dugu euskarak medikuntzako profesionalen artean eman duen urrats hau arrakastatsua izan dela. Eta Landa jaun doktoreak besterik ba deritzo ere medikuntz arloan euskarak aurrerakadatxo estimagarria egin du; mirarik ez, baina oinharri bat finka, eta zindoa, agian. Emanak garbi mintzo dira.

Patxi Letamendi

M. Balentziaga


Euskal Herrian

Euskal sindikalgintza

Langileriaren lehen mailako interesak defendatzen dituen erakundea, sindikatua da. Lantegietan sortzen diren langileen errebindikazioak aurrera eramatea bere helburua baita. Kapitalismoaren zapalketaren aurka langileriaren elkar ekintza baten beharrak sindikatua sorterazi zuen. Eta historian zehar hauxe izan da bere puntu aipagarrienetako, bat. Gaur oinharrizko errebindikazio horiekin (soldata, lan orduak, etab.) batera zapalketaren muinak gehiago begiratzen dituzten beste ekintza batzu ere bai aurrera eramaten ditu (lan postuaren definizioa, lantegietako erabaki ekonomikoetan eta jestioan parte hartzea...).

Hala eta guztiz ere, planteamendu sindikala lantegian mugatuko balitz motza geratuko litzateke. Ahalmen politiko eta ekonomikoen arteko harremanen influentzia langileen bizimoduan, lantegi maila baino urrunagora doa. Ingurugiroaren arazoa, hirigintza, hezkuntza, kultura zentzu zabalenean —adibide batzuk ipintze arren— sindikatuaren ekintza barruan daude eta honek ez du esan nahi lehenago aipatu ditugun lanak guttiesten ditugunik.

Klase planteamendua bere osotasunean hartzen duen edozein sindikaturentzat, hau eguneroko egia da, baina euskal sindikatuarentzat esan nahi berezi bat du. Kontutan hartuz gero Euskal Herriari eskubide nazionala ukate dizkiotela, euskal sindikatu batek eskubide horion alde burrukatu behar du, baina beti euskal langileriaren ikuspegitik.

Euskal langile bezala ezin dugu gure sindikatua arazo sozialetan mugatu, alderdi baten eskuetan errebindikazio politikoak utziaz. Edozein alderdik helburu konkretu batzu ditu —beste batzuren artean agintea hartzea— eta hauk lortzeko hauteskundeetan parte hartu beharko du. Argi dago hau ez dela sindikatuaren bidea baina honek ez du esan nahi sindikatu eta alderdien arloak guztiz bereztuak daudenik. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina ez da gauza erraza norberari dagokiona zehaztea, zeren eta gizartearen arloak ezin baitaitezke bereztu zehatz-mehatz, teorian egiten den bezala, eta hori langileentzat oso arriskutsua izan daiteke. Langileriaren historiak ikasbide asko erakuts diezaguke arazo horretaz.

Pentsatzen dugun bitasun hori (alderdia-sindikatua) ez da sindikalgintzari buruz dagoen asmo oker bakarra. Beste batzuk sindikatua mesprezatzen dute, beronen mugak eta berezitasunak salhatuz hestukeria baten ondorioak bezala. Honentzat sindikatuak zerbait zabalago baten adarra izan behar du, alderdi edo masa mugimendu batena, eta horregatik erakunde horien menpean bere interesak jarri beharko lituzke. Sindikatu honi dena kanpotik etorriko litzaioke: bai ekintza, bai helburuak, bai dinamika e.a.

Ikuspegi bi hauek akats berdina dute: sindikatuak interes profesionalen defendatzaile hutsa izan behar du eta horregatik lantegietatik ez du irten beharrik.

Euskal sindikatuak ezin du bere burua alderdi baten azpian ipini, bere "transmisio-hedea" delakoa bihurtzeko, baizik eta autonomia zabal bat gorde behar du. Baina euskal langileok garenez gero, gure Herriaren kezka eta asmoak gureganatu behar ditugu. Euskal Herri askatu baten alde jokatu behar dugu, burruka horretan gure ezaugarriak langile bezala azkeneraino eramanez.

L. Arrieta


Euskal Herrian

Euskara jalgi hadi lantegietara

Azken urteotan lan handia egin da euskarari buruz. Denok dakigu zenbaiterainoko zailtasunak gaindu behar izan ditugun sail honetan lehen hildoak irikitzeko; batez ere, egunetik egunera zabal eta sendo zitezen hasierako urrats horik. Egun, esan genezake Gure Herri gehienetan haurrentzat ikastolak ba ditugula, nahiz eta oraindik egina baino zer egin gehiago eduki. Nik ordea, gaur, beste era batetako ikastolez egin nahi nuke orrua.

Euskal Herria egintzan, gutti edo gehiago zalantzaturik gabiltzanok beti esan ohi dugu euskara zabaldu, indartu, giza harremanetarako benetan balio duen hizkuntza egin behar dugula; hau da XVIgn. mendeko Etxapareren oihua guretzat eginik esaten dugu: EUSKARA JALGI HADI PLAZARA.

Baina nire eritziz, gaur egun, sakonago aztertu behar dugun gaia da. Ez da behin ere ahaztu behar, zein momentutan bizi garen —XX mendearen bukaeran— eta momentu horretan nola azaltzen zaizkigun gure herriko burrukak. Hots, nor diren zapalkuntza eta esplotazioaren aurka dauden indarrak eta nor berauen etsaiak. Indar aurrerakoiak, irauleak bakarrik eman baitezakete euskara plazara, eta giza harremanetarako benetan balio duen hizkuntza bilakatu.

Egun, gehienok gauza bera esaten gabiltza: Langileriak ez bestek aska dezake Euskal Herria, langileriaren burrukak. Eta nire eritziz egia da. Burjesiaren interesak ez baitaude herri baten nortasunean eta guttiago askatasun orokorrean, besteen bizkarretik aberastean baizik. Gehiago oraindik, gaur eguneko egoera ikusirik, euskara jakintza maila guztietarako zabaltzeko lan eta diru asko eskatzen da eta langileak esplotatzeko burjesiak nahikoa du gaztelaniarekin, langileriari euskaraz eginik zumu handiagoak kentzeko irteera ikusiz gero bakarrik egongo da burjesia bide hori hartzeko prest.

Gauzak honela azterturik, euskara giza harremanetarako benetako hizkuntza egin nahi badugu eta langileriak gidatutako burruka batek bakarrik lor badezake hori, geure pausoak bereziki arrazoi bi horiei lotu beharren aurkitzen gara.

Non erabili, zabaldu eta oinharritzen dira bereziki giza harremanetarako erlazioak? Eskola mailan, Unibertsitatean, herri mailako harremanetan, baina batez ere lantegietan.

Irakaskintz maila guztietan elebitasuna edo bilinguismoa lortu beharrezkoa dugu, euskara lehen mailan ipiniz Euskal Herriko hizkuntza bezala, euskal herriko kultura birpiztea eta Euskal nortasunaren beharrak azaldurik. Lehen mailatik goi mailarat ihardunen duen irakaskuntzaren arazoa bereganatuz, herri osoaren kultura haintzat harturik.

Beste honenbeste esanen nuke herri mailako harremanetaz.

Eta zer lantegiei buruz? Beste sailetan ezer gutti egin badugu euskarari buruz, hemen, lantegietan ezertxo ere ez. Eta nola nahi dugu langileriak Euskal Herriko askatasun burruka gidatzea? Etxapare gogoratuaz oihu bat irteten zait: EUSKARA JALGI HADI LANTEGIETARA!!!

Nahiz eta behin ere baino indar gehiago azaldu euskararen eta Euskal Herriaren alde, benetan larria da beren egoera. Eta hotzean gauzak azterturik, egoera honek betiko bidea eskatzen digu berriro: Burruka; eta burruka kontsekuentea gainera.

Honela beste dei bat egin behar dugu: IKASTOLA BAT LANTEGI BAKOITZEAN!!!

Egin ditzagun Asanbladak gai hau azaltzeko, bere esanahia azterturik, inkestak eginik nork nahi duen euskaraz ikasi, e.a. Antola ditzagun ikastolak lantegietan, nagusiei tokia eta irakasleen sariak exigiturik.

Gai honek beste esanahi haundiko arrazoi bat ere badu. Gure herrian kanpotik etorritako milaka eta milaka langile daude. Orain dela urte batzu egindako inkesta batek dioenez, berriz, % 70.ek umeei euskaraz irakastea nahi dute. Oraindik gehiago esanen nuke, gizonen eskubideei begiratuz, geure herriko arazoak antolatu nahi baditugu, kanpotik etorritako langileak onez, gogorkeririk gabe, euskalduntzeko ahaleginak egin beharrean aurkitzen gara; eta jakina, nolako erraztasunak aurkitzen dituzten, era hartan saiatuko dira euskaraz eta euskal kulturaz jabetzen.

ANTTON KARRERA


Euskal Herrian

Euskal baserriaren inguruan

Euskal baserria aipatzen dugun bakoitzean, mota askotako eritziak eman eta entzun ohi ditugu baserriaren egoera eta konponbideak azaltzean.

Oso entzuna izan da gure artean honako esaera hau: Eutsi Baserriari! Gaur alderantziz, badira ere diotenak, ez dugula kezkatu behar baserria galtzeagatik, hobeto esanda, garrantzi guttiko sektorea dela eta ez duela kezkatzerik merezi. Bistan da, hau guztiau noski Bizkaia eta Gipuzkoari mugatua dago.

Nola ez, badira erdiko jokabideak ere; baserriaren problematikari heldu, behar diren aldaketak egin eta lurrari ahalik eta probetxurik onena atera kosturik merkeenean.

Laburki eta sinpleki adierazitako hiru jokabide hauetan, lehengo biek, aipamena merezi dute, baina, batipat hirugarren jokabidea eta berak sortu dituen ondorenak izango zaizkigu aztergai, hori izan baida eraginik handiena sortu duena azken hamabost urte hauetan.

Eutsi baserriari!

Eutsi baserriari! diotenen artean nekez topatzen da baserritarrik; bai baserrian jaioak, baina gaur kalean direnak. Jokabide hontan bereiziki euskaltzale zaharrekin topatzen gara, eta berauen jokabidea (Idealista juzkatzen dudana) euskal izaera jatorraren kontzepzio eta iraun erazi nahian oinharritzen da, zeren gure baserritar izaera eta kultura jotzen baita jatortzat eta benetakotzat. Orduan, baserria izkutatzen bada, harekin batera badoa euskal izaera jatorra. Euskalduntasunaren ikuste pesimista bat ba da barnean nik uste.

Industria nagusi

Baserria haintzakotzat hartzeko hainbat ez dela diotenen arrazoiak hauk dira: gure lurraren ezberdintasunengatik mekanikapena neketsua dela, hemengo produktuek preziotan ezin dezaketela konkurri, etab.

Jokabide honen arrazoiak aztertuz erosotasun zentzun bat ageri da: problematikaren zailtasuna ikusi, nagusiagoak ba direla, eta alde batetara utzi.

Hontan sartzen dira gaur gure artean diren talde asko (gehienak nik uste) baserri arazoa inoiz ez aipatuz edo aipatzerakoan slogan-ak edo generalitateak erabiliz.

Euskal planteamentu oso baten falta nabari da, eta galdera hauxe litzateke: Zer egin gaur baserrian direnekin, eta lurrekin?

Gure nekazaritza

Nahiz eta ez ezagutzearen ondorio, eritzi hauk Bizkai eta Gipuzkoara mugatu, aurrez garbi utzi nahi dudana zera da: asmoa, euskal nekazaritza osoki hartzekoa dela Ipar eta Hego aldekoa. Orduan, gogoan behar ditugu Iparra, Nafarroa eta Araba, nekazaritzak garrantzirik nagusiena hauetan izanik eta alde bakoitzak ba ditu berekin berezitasun handiak aztergai direnak.

Herri ttikien eskubideen aldeko garenok herri horien barruko sektore ttikien aldeko izan behar gara baita ere; horrengatik ezin dugu baztertu gure nekazaritza.

Are gehiago, Euskal Herrian nekazaritzak ba du garrantzia oraindik. Azterlariek diotenez 12-15 % bizilagun nekazariak dira, Gipuzkoan eta Bizkaian aldiz 4-5 % jendetza egilea nekazaria da. Azken azterketa batzuk diotenez bost mila inguru dira oraindik baserri hutsetik bizi direnak. Kezkagarriena da, hauetako zenbatek dituzten beren ondorengoak baserrira begira prestatzen edo iharduten.

Gaurko sistema kapitalistak, nekazaritzaren handitze, hazkunde, antolakera egokia, etab., beste atal asko bezala, erabat baztertuta, marginatuta dauzka, ekonomi handitzearen oinarria industrializatzean jarri duelarik, nekazari ordenazio bati inongo lekurik eskaini gabe.

Ixkanbilak sortutakoan: grebak, e. a., petatxoak jarriko dira eta jarraikiko da lehen bezala konpontze sakonik eman gabe. Hontan ere suertedun dira oraingo?, zeren nekazarien etsipena hain handia izanik, burruka eginda ere bere egoera hobetu edo aldatu daitekeeneko itxaropena galduz baitoa.

Baserritarra, ixil-ixilik, ahal duen eran baserria utziz doa, beste era batzutara, industrian batipat, lan egiñez bizibidea ateraz.

Guztiak ez dira hontan baina gehiengoa bai, ene eritziz.

Gaurko egoeratik geroa lantzen

Gaurko egoera aztertzerakoan, baserritarren jokabidea esplikatzerakoan, alderdi askotatik begiratu beharra daukagu:

1) Inguruaren aldaketaren eragina.

2) Baserri zuzendarien pentsakera eta jokaera.

3) Erakunde ofizialen eragina edo eraginik eza. Lehen, hirugarren jokabidea aipatu dugunean, aitortua dugu haik izan direla baserri goraberen eboluzioan influentzia handiena ezarri dutenak. Hontan sartu litezke hainbat abade, albaitaro, teknikari, instituzio pribatu, baserri gazteriakoak, baserritar zenbait...

Nolanahi ere, ideologi arrazoiak ez bezelako eragina eduki du, lehen aipatu dugunez, inguruaren aldaketan, hots, ekonomi arrazoiek, azken urte hautako baserri eboluzioan indar haundia ukan dute. Iniziatiba askotan bilatu nahi izan den errentagarritasun ekonomikoa, produkzio razionalitate baten barruan izan da, baina ezin litezke juzka intentuak erabateko frakasotzat, ezartzeko behar zen boterea falta izan baita.

Azken urte hauetan hainbat intentu egin dira (batzu lortuak) baserritarrak elkartuz:

- produzitzeko.

- komerzializatzeko.

- aseguratzeko.

Bakarka ere egin dira hainbat intentu, denak gutti edo gehiago: bizilekua hobetu, ikuiluak erraztu, belar ziloak, mekanikapena, ganadua gehitu, etab. bizibidea eta beronen kalitatea hobetzeko. Eta zerbait lortu delako zalantzarik ez; baina ez goaz inora lehengoarekin konparatuta, baizik gaurko beste sektoreekin konparatu behar da eta hontan da koxka, gero eta handiagoa.

J. M. ZEBERIO


Astronomia fisikaren frogalekua. Fisika eta Astronomia gaur

Zientzia guztiek beren mundu ezkutu eta misterios bat dute, hizkuntzaren teknikotasunean eta gaiari hurbiltzearen zailtasunean eraikia batez ere; baina zientzia guztien artean, ba dago oraindik ezkutuago eta misteriosago den bat: Astronomia. Hitz hau entzutean, zientzi gizon bizartsu batengan pentsatzen dugu, zeinek teleskopo baten aurrean jarririk, gau osotan zehar planetak eta izarrak estudiatzen dituen.

Baina irudi poetiko hau oso zaharkitua geratu da eta gaur egun zientzia honetan diharduten zientzilariek, beste edozein zientzilari baten itxura dute. Eta norbaitek galdetuko duke, oraindik Astronomiaz arduratzen denik ba al dago? Ez ote da zientziaren adar hau beste alorren aurrean pixka bat baztertua geratu izan? Ez. Lehen zeukan garrantzia, orain ere ba du; eta aintzina Newton-en legeak egiaztatzeko balio ukan bazuen, orain erlatibitatearen teoria egiaztatzeko ere balio ukan du.

Astronomia teoria fisikoen egiaztatzailea

Natur Zientzien artean, Fisika izan zen, besteetatik lehenik bereizi zena, Newton-en legeek eman zioten zehaztasunaren kausaz, batez ere Newton baino lehenago, zientzi gizonek ba zekiten nolakoak ziren planeten higidurak, eta, baita ere, zein zen beraien posizioa eguzkiarekiko; baina higidurok azaltzen dituzten legeak falta ziren. Newton-ek bere legeak planeten higidura azaltzeko atera zituen.

Nola egiaztatu ziren Newton-en legeak? Hara, 1781.urtean, Herschel-ek kasualitatez deskubritu zuen Urano izeneko planeta. Beraren posizioa estudiatzerakoan, beste planetak bezela ez zela higitzen ikusi zen: hor ziratekeen Newton-en legeak betetzeke! Baina kontu handiago batez ikusirik, Arago-k, Urano planetaren irregulartasuna beste planeta batek eragina gerta zitekeela pentsatu zuen; eta irregulartasunak kontutan edukirik, Neptuno planetaren existentzia eta posizioa iragarri zuen; geroago, teleskopo ahaltsuago baten bidez, planeta hori deskubritu zen, Arago-ri eta Newton-i arrazoia emanez.

Mende honetako teoria fisikorik ausartenak, Einstein-en erlatibitate teoriak, halegia argiaren propietateen artean "pisua" sartzen zuen. Kontuz: honek ez du esannahi, kilo bat kandela-argi edo arroa bat neon-argi pisa eta sal daitekeenik; aldiz, argia, unibertsuan zehar doanean, oso arin eta oso zuzen, planeta edo izar baten ingurutik igarotzen denean, bere direkzioa aldatu egiten duela esan nahi du, eta hau, planetak edo izarrak duen masaren arauera eta kausaz. Zientzi gizon bat baino gehiago, teoria honen aurrean sinesgogor geratu zen, eta teoria egiaztatu arte, ez zuen horrelakorik ametitu. Baina, nola egiaztatu zen? Astronomiaren bitartez.

Eguzkiaren ostean argi iturri bat badago —izar bat edo satelite bat, adibidez—, eta argi izpi bat zuzen badator, lurraren eta eguzkiaren higidura estudiatuz, lurrera noiz helduko den jakin genezake. Baina esperimentua eginez, argi izpi hori zuzenean zetorkeena baino arinago heltzen zela konturatzen gara, eta hau eguzkiaren ondotik pasatzean pairatu den okertzearen kausaz, Einstein-en teoriak aurresan zuenez.

Neurketa guztiak eguzkitara begira egin behar, noski, eta eguzkitara zuzen behatuz ezer ikusi ezin daitekeenez, neurketak egiterakoan eguzkia zerbaitez, estalirik egon behar da. Aipaturiko neurketak, eklipseak izan direnean egin dira, hots, lur eta eguzki tartean hilargia izan denean.

Beraz, masa handi baten ingurutik iragatean, argiak aldatu egiten du bere direkzioa eta masa hori oso haundia izan balitz, zer gertatuko litzateke? Argia, masaren zentrura erakarria izanen litzateke, eta masa horrek argia irentsi eginen luke: horrelako masa izugarria duten gorputzak, zulo beltzak deitzen dira, ez baitute argia egozten, eta heltzen zaiena ere ez baitute isladatzen. Eta Astronomiak horrelako zulo beltzak aurkitu ditu.

Astronomiaren beste lan arloak

Astronomiak ez du soilik argiaz lan egiten: ostera, beste edozein uhin elektromagnetikoz ere baliatzen da. Izatez, uhin elektromagnetikoak elektra kargak higitzean sortzen dira, eta argia, guk begiz senti genezakeen uhin elektromagnetiko bat baizik ez da.

Gaur eguneko astronomoek, teleskopoarekin batera, heste aparailu korapilotsuagoak dituzte, radio-uhinak hartzeko batez ere: radio-teleskopoak dira. Hauk oso sentsibleak eta izarretara zuzenduak dauden antena batzuk baino ez dira, bertatik datozkigun uhinak hartzeko. Horrela, unibertsuan argi izarrak soilik ez daudela jakin izan dugu, eta guk ikusi ezin ditugun, baina antenei esker "entzun" genitzakeen beste izar moetak ere ba direla. Azken urteotan, honelako izar moeta batek asko kezkatu ditu jakintsuak, beraren "argia" saltoka heltzen baitzaizu, amatatzen eta pizten den argi bat bezala. Izena, pulsar dute (ingelesez, pulse: taupada, pultsua).

Baina Astronomiak azken hamar urteotan izan du bere bultzadarik handiena. Inguratzen gaituen atmosferak, unibertsutik datozen izpi askotarik zaintzen gaitu, baina, modu berean, datorren uhin asko ez du lurrera erortzen uzten, eta uhinok ezin genitzake lurretik azter. Orain, sateliteek atmosfera hori igaro dutenean, eta antenak izarretara zuzendu dituztenean, informazio multzo izugarri bat batu eta lurrera bidali egin dute. Honi esker, azken urteotan gehiago jakin izan dugu unibertsuaren egiturari buruz, orain arte jakin izan dena baino.

I. Zuazo


Iberian zer

Botorritako brontzea edo udako sugea

Udan, jendea oporretan ari delarik, oso berri gutti egoten da. Albistariek ez dute aldizkariak betetzeko gai askorik. Horregatik, udako sugeak asmatzen dira.

Lehenik norbaitek —ez dakigu zein herritan— suge ikaragarri eta harrapagaitz bat ikusten zuen, eta hura zela eta ez zela izugarrizko muntaketa bat eratzen zen, hainbeste horrialde betetzeko. Hori hasiera batetan izaten zen. Gero Ness lakuko munstroa hasi zen agertzen udan. Hurrengoan plater hegalariak. Geroago Hego Amerikako harri pintatu espazialak. Ondoren Bermudetako triangulua... eta orain, D. Manuel de Aranegui jaunari esker, Botorritako eskribua.

Georgiako Herritik dator notizia...

Hasieran sovietar burubero baten zorakeria besterik ez zelakoan nengoen. Xota Jbedelidze izeneko hegazkinari batek, Bilbo ondoan aurkituriko inskripzio zahar bat Georgiako alphabeto zaharraz aldaraturik eta georgiera zaharragoaz baliatuz, textu haren esannahia atera omen zuen. Hartan, zioenez, euskaldunok, orain dela hirur mila eta bostehun urte inguru Kaukasotik Pirinioetara etorriak ginela argitzen zen lekualdatze horren zergatia bertako lurrikara haundiak izanki.

 Hemen, ordea, ez zuen inork Bilbo ondoko textu harrigarri hori ezagutzen, ez eta, jakin dudanez, Georgian bertan ere. Orain, ordea Manuel de Aranegui jaunak, Arabako Diputazioaren eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del Paiseko presidente-ohiak, Madrilen prentsari eta Atheneoan egindako azalpenekin, ba dakigu, bai, zen textu den: Botorritako brontzea.

Hizkuntzalari baten laprastada

Botorrita Zaragozatik 20 bat Km. hegoaldera dago, eta Bilbotik Moskutik baino hurbilago egon arren, ez dago hain. ondoan, nik uste. Brontzean egindako eskribu hori, bestetik, ez da oraingoa, eta berorri buruzko eritziak, uste genuenez, jadanik argi xamar zeuden.

Botorritako brontzea orain dela zenbait urte aurkitu zen eta hartan, iberiar idazkeraz, textu luze xamar bat zegoen (ehun hitz baino gehiago). Horren berri jakin bezain agudo, Antonio Beltrán jaunak, Menéndez Pidal eta beste zenbaitzuren aurreritziaz batera, textu hori iberieraz, hots, "euskara zaharraz" zegokeela pentsatu zuen, eta, inorekin kontatu gabe, Azkueren hiztegiaz baliatuz, brontzearen "esannahia" 1974.ean argitara eman zuen.

Hasteko, methodologiaz den bezainbatean, gutienez bi mila urte dituen "euskal" textu bat itzultzeko oraingo hiztegi batekin baliatzea, latina ulertzeko gaurko gaztelaniazko hiztegi bat erabiltzea bezain zentzugabea da. Areago, baina, iberiar idazkeraz zegoen textua, euskara zaharra edo iberiera barik, keltar hizkuntza batetakoa dela kontutan harturik. Pentsa dezakegu, beraz, zer nolako lan bikaina zen Beltran jaunarena!

Mitxelenak eta, diotena

Horren kariaz, orain bi urte, Javier de Hoz-ek eta Luis Mitxelenak liburu bat eman zuten argitara Botorritako textuaz. Hartan, izenaz hastia, eskribua, argi eta garbi, keltiberiera zela frogatzen dute, hots, keltar familiako indoeuropar hizkuntza bat. Zenbait datutatik, gainera, brontze hori Erromako errepublika aldekoa dela susma daiteke, hau da, orain 2.000 urte ingurukoa. Aipaturiko obra horretan xehetasun eta argibide ederrak ematen dira, irakurleak kontsulta ditzakeenak.

Arazoa horretan zegoela, horra non dioskun Aranegui jaunak brontze hori euskaldunon etorki ezkutuaren giltza dela. Seriostasun pixka bat, otoi!

Xabier Kintana


Munduan zer

Independentziaren II ehunurteburuan. Estatu Batuen askatasuna

1776.eko Uztailaren 4ean "old state house" delakoan (Independence hall-en), hamabi Estatuetako ordezkariek Jeffersonek idatziriko Independentziaren Deklarapena aukeratzen dute. Hamairugarrenak, New-York halegia, 15 egun geroago sinatuko du.

Egun, eta gertakizun hori hospatu nahiz, ikaragarrizko jaiak hospatuko dira aurten Ipar Amerikan. Izan ere, aurten jausten da zuzenki bigarren ehunurteburua. Irakurri dudanez, herri mailan ere goitik hospatzen dituzte, amerikar filmeetan ikusten ohiturik gauden bezala, dena handi, dena ugari, dena zaratatsu, gehiegian dena, folklore amerikanoan Business edo dirubide ikaragarri bilakatu dira jai hauk, amerikarrek egiten dakiten moduan.

Koloniak ziren

Izan ere, aurten berrehun urte dira askatasuna lortu zutela. Aipatu Deklarapen honi esker, kolonia izatetik burujabetasun osora iragaten dira Estatu horik, Estatu Batuak izenarekin.

Ingalaterrako Koroiarengandik lortutako askatasun hau ez zen bigunean lortu, eta izenpetze baten bidez gutiago. Ez zen minik, burrukarik eta gatazkarik eta odolik falta izan, orain beraiek askatasuna nahi duten herriekin beretsu jokatzen badute ere. Beren historia, jatorrizko historia, ahaztu egin ote dute, ba, amerikarrek?

Ingalaterrarekiko harremanak zirela eta, eztabaida asko izan zen Kongresuan, Koroiarekin hasarre zeudelako, hango merkantziak boikotatu egin ohi zituzten; eta metropolia gogortzean, Ingalaterrako eta Ameriketako soldaduak gudu-zelaian ikusten ditugu elkarren kontra.

Ikusten denez, askatasuna ez da eskatzen, ez da ematen, burrukatu eta lortu egin behar da.

Haro berri bat

Historiaren alde berri bat bezala hasten da askorentzat 1776.eko Ekainaren 4ean. Izen sonatu batzuk pertsonifikatzen duten munduikuskera bat: Samuel Adams-ek, Benjamin Franklin-ek, George Washington-ek, Thomas Jefferson-ek. Ezagunak egiten zaizkigu izen hauk denok.

1777eko Konstituzioaren arnasa eta iturri den Deklarapen hau Thomas Jeffersonena da. Batzuren ustetan, hementxe egiaztatzen dira lehenengoz Europako filosofoen ideiak, Frantziako Iraultzan baino lehenago. Punturik garrantzizkoenetako hau da, halegia, "gizonak oro berdintasunean jaiotzen direla". Zera ere esaten du, iturria duen herriarengan egon behar dutela aginte guztiek. Eta Ingalaterrako legeak deseginez, aginte demokratikoa eraikitzen da. Ikuspegi historikoa ez da sekula ahantzi behar. Eta beraz, ideia hauk, guri orain ebidentziaren argitan agertzen zaizkigunak, aginte mailan benetan berriak ziren garai hartan.

Hala ere, puntu beltz bat ba dago, benetan beltza. Berdintasun hori, kolonoak Ingalaterrako Majestatearen menpekoen mailako egitea zen, beltzak ezertarako ukitu gabe. Argiago esanez, beltzek esklabo irauten dute, 1861.ean Abraham Lincoln-ek askatu arte. 750.000 ziren beltzak George Washington-en garaian.

Iraultza ala independentzi gudua?

Inor gutik ukatuko du, Ipar Amerikan gertatua, aurrerakada handia izan ez zenik. Baina, zehazki epaitzeko or duan, eritziak arras bitaratzen dira. Batzurentzat, 1789.eko Frantziakoa baino iraultza sakonagoa eta osoagoa litzateke. "Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna" aldarrikatu zuen lehen iraultza. Iraultza bakarra izan dela baitzen duenik ere ba da. Beste batzuren ustez, Ameriketako hau independentzi burruka hutsa izan da eta ingeles kolonia horientzat ez du funtsezko aldakuntza ekonomiazkorik ez sozialik ekarri.

Jacques Godechot jaunak erdibidea nagusitzen dela gaur, dio. Konstituzioaren mailan ikusten da han iraultza. 1776.eko Uztailaren 4ean, bosteko Batzorde batek Thomas Jefferson buru dela, Independentziaren Deklarapena prestatzen du. Gero, Estatu bakoitzak bere Konstituzioak ertzen ditu. Konstituzio berrietatik gehienak eskubideen deklarazioa dute aurrean.

Independentziaren Deklaraziotik bost urtetara (1871) Ameriketako lehenengo Konstituzioa, hots, Konfederazioaren Artikuluak delakoa, onhartzen da, eta hor, batasun lokarrien gainetik nabari da demokrazia gordetzeko desirkunde hori. Konstituzioak aristokrazia kutsua badu ere, benetan iraultza demokratikoa izan dela Amerikakoa, dio Godechot historialariak.

Estatu Batuak eta askatasunak

Aurten Estatu Batuentzat bi gertakizun dira nagusi; Independentziaren bigarren ehunurteburua eta Lehendakariaren hauteskundeak. Biak direla eta, artikuluak, komentarioak eta hango hospakizunak eurrez barreiatuko dira mundu zabalean.

Ameriketatik munduan zehar hori hedatzen denean, hala ere, gaitzerdi, pentsatuko du norbaitek. Txarrago baita CIA edo bonbak barreiatzea. Eta hementxe ukitzen dugu hain zuzen ere gaitzaren bihotza. Nola liteke, izan ere, demokraziaren herriak hain demokrazia gutirekin jokatzea? Anaitasuna, berdintasuna, askatasuna defendatzen omen duen nazioak nola egin lezakeen VietNamekoa, Txilekoa, agerienak bakarrik aipatzearren?

Klasikoa da jadanik esatea, bi neurrirekin jokatzen duela Ipar Amerikak: bata barnerako, eta bestea kanporako. Demokrazia formalaren barruan, ba dirudi askatasunek ba dutela han lekurik. Watergate aipatzen da holako kasuan, prentsaren askatasuna eta indarra adierazi nahian. Eta egia da, eta holakorik ere ezagutzen ez dugunontzat, gauza handia.

Baina, Estatu Batuen bigarren aurpegi hori, kanporako hori, ikaragarri itsusia da, CIAk, Pinochet-ek, Indotxinako eta bereziki VietNameko bonbek itsustua, betiere munduko eskuindarrenen ispiluan agertzen dena da. Hori ote "pax americana"?

Ezer opatzerik bagenu, iturrietara itzultzea opatuko genieke guk Estatu Batuei. Zaputz dezala oraingo politika inperialista. eta askatasuna hezurmamitzen duten indarren alde has dadila Adams eta "Askatasunaren semeek" eta gainerontzeko amerikar nazioaren gurasoek egin zutenaren antzera.

joan larrinaga


Munduan zer

Hegoafrika. Geure hizkuntza ala hil!

Hizkuntza bat hiltzea Herri bat hiltzea dela ohartu dira Soweto-ko bizilagunak, eta norbere herria hiltzean norberarentzat bizitzeko ingurunetik ez dagoela.

"Zanpatzailearen hizkuntza EZ" esanez, kaleratu dira Hegoafrikako jendeak, eta bi egunetan 128 hila gelditu dira, eta milatik gora zaurtuak. Ekaineko 16an hasi ziren Soweto herrian kaleko asaldapenak, Vorster jaunaren Gobernu arrazistak Afrikaans" hizkuntza eskolan ikastera behartu dituztelako.

Hizkuntza asko dago Hegoafrikan; eta afrikaans delakoa ez da, holandesaren eta Afrikako hizkuntzen arteko batasun moduko bat besterik. Vorster-ek, berriz, hizkuntza horrentzat baliatu nahi du bere politika arrazista aurrera bultzatzeko.

Hegoafrikako politika arrazistak 66 urte daramatza. Alderdi Nazionalistak, Vorster-enak, berriz, 28 urte daramatza agintean. Beste bi alderdi ere ba dira: Batasunaren Alderdia eta Alderdi Progresista hauek "apartheid" politikaren kontrakoak dira, baina ez dute indarrik Parlamentuan.

Lau gizatalde dira Hegoafrikan: Beltzak (15.000.000); mestizoak (2.000.000); asiarrak edo indioak (600.000); europarrak (3.700.000). Apartheid politikaren arauera europar gutiengoak agintzen du erabat Hegoafrikan, beste guztiei beren eskubide oinharrizkoenak ukatuz.

Soweto asaldapenen ondoren, beste protesta handirik ere izan da, bestelako arrazoirengatik ere; baina hizkuntzarengatik hasi ziren burrukek 128 hil utzi dituzte bazterrean. Orain hamasei urte, Shaperville-n gertatu zen beste horrelako asaldapen baten ondorioz, 69 lagun izan ziren poliziaren eskuetan hilak. Oraingoan ia bi halako. Munduan protestarik eta jantzi urratzerik izan da. Baina nekez hartzen dituzte Estatuek neurri gogorrak, munduko errejimen arrazisten honen kontra.

Honako hau idazten dudanetik bi egunetara Kissinger jauna Vorster lehen ministruarekin elkartuko da. Vorster-ek argitu beharko du bere poliziaren jokabidea, beltz haserretuen kontra. Baina hortik aurrera ez da pentsatzeko Kissinger-ek neurri gogorragoak hartuko dituenik.

Dena dela, Hegoafrikaren eta Rhodesiaren egoera gero eta larriagoa gertatzen da, Angola eta Mozambike askatu ziren ondoren. Eta beraien bakartate politikoa handiago eta mingarriago izango dute, Afrikako beste Estatuen aldetik.

Hegoafrikako beltzentzat, norbere herriaren hizkuntzaren salbazioak balio ditu 128 hil.

Paulo Agirrebaltzategi


Erlijioa

Euskaldun apezak itzalean

Berriki Logos agenziak barreiatu duenez, Espainian ez da geratzen apezik gartzeletan, Zamoran zeudenak libratuak izan zirenez gero. Egia besterik da, hala ere. Jakin dugunez, Basauriko gartzelan ba dira bi apez euskaldun, aspalditxotik sententziaren zain daudenak eta nahiko kondizio txarretan aurkitzen direnak.

Zabala entrepresa-gizonaren bahiketan nahastuak daudelazkoa egozten zaie apez horiei. Oraingoz militar tribunalaren eskutan dago hauzia. Erabat jareitea ala TOPera pasatzea litzateke hoberena, baina diplomaziaren bideak luzeak eta bihurriak dira nonbait. Dena den, Añoveros jaunak ez du bi apezok hauzitegira eramateko baimenik eman eta hortxe daude gauzak, ez atzera eta ez aurrera. Hobeki esan, denbora aurrera doa eta barruan daudenak luze eritzita egonen dira.

Diplomazi bideak erabat saihestu gabe, Zamorako apezak librarazteko enplegatu zirenak fruitukorragoak lirateke, agian.

Euskal Herriko apezak bateratzen

Hilabete gutiren barruan, hiru bider elkartua a jadanik Euskal Herriko apez sail bat, pastoralgintzaren nolabaiteko koordinaketa lortu nahiz. Azken bilera Iruinean izan zen, ekainaren 8an. Hara bildu ziren 120 bat apez. Hego Euskal Herriko lau probintzietatik. Ipar aldekoak ere azalduko dira hurrengoan.

Euskal Herrian, maila orotan, bateratzearen beharra gero eta biziago nabari da. Aipaturiko mugimendua gure herri giroaren fruitu eta ispilu dateke. Agi denez, herrigintza eta elizgintza hertsiki loturik daude bata besteaz.

Bestalde, ikusgarria eta pozkarria da euskal kontzientziaren azkenaldi honetako urratsei jarraitzea. Ba dirudi gauzak beren arrastotik sartzen ari direla. Iruinetik Erriberaraino eta Araban zehar, euskaldungoak puntu asko irabazi du azken bolara honetan. Eta eliz mailan ere hori bera nabari da. Dirudienez, herrigintzaren dinamikak bere ondorenak dakartza pastoralgintzan ere.

Herrigintzari dagokionez, geure erakundeak finkatu eta indartu beharra somatzen baldin bada, eliz mailan ere hori bera nahi litzateke. Gero eta gehiago, sukurtsalismotik irten eta euskal elizaren beharra sentitzen da Euskal Herrian. Besteak beste, artzapezpikutegi bakarra beharko genuke eta Euskal Herriko apezpikuak bilduko dituen konferentzia muntatu beharko litzateke.

Hauk ez dira burubero batzuren amets urdinak. Euskal Herriaren prozesuak fededunari eta elizari jotzen dien erronka jasotzea besterik ez da, funtsean. Labur esan, gaur Euskal Herrian fededun gertatzeak planteaketok egitera bultzatzen du zenbait jende.

Ikusten denez, ba da zentzu bazterretan. Elkar ikusteak eta elkarrekin hizketatzeak mesede handia egiten duela bistan da. Tamalez, geure Herria ttikia izanik ere, ez dugu elkar ezagutzen eta aurreritziz josita gaude batzu besteren kontra. Franko aldiz, ezeren funtsik ez duten aurreritziak dituzu, bakoitza bere aldetik ibiltzeak dakartzan errezeluak eta susmoak.

Gainera, ene ustez, Iruine eta Gasteiz aldeko euskaldungoak hain beharrezkoak ditugun errealismoa eta irekitasuna damaizkio Gipuzkoa eta Bizkai aldeko abertzaletasunari. Honetan ere ez dago monopoliorik.


Munduan zer

Torturak eta beste

Maiatzaren 29an, Donostiako apezpikuek gutun bat egin diete beren apezei, azken bolara honetan Euskal Herrian gertatzen ari diren gogorkeriak salhatuz eta gaitzetsiz. Besteak beste —eta honetan datza nobedadea— ordena-zaintzaileek darabiltzaten tratu txarrak eta torturak ere aipatzen dituzte oraingoan.

Hala ere, Argaya eta Setien jaunek hori esaterako, gure artean dabiltzan zenbait aldizkarik harrotua zuten albistea, nola azkenaldi honetan poliziak tratu txarrak eman izan dituen. Zeruko Argia, Punto y Hora de Euskal Herria, Cambio 16 eta Guadiana behintzat mintzatuak ziren arazo horretaz.

Horrenbestez esan nahi dut, gure apezpikuek ez dutela beste mundo akziorik egin eta oraingoan ere franko berandu ibili direla.

Poliziaren torturak ez ezik, bortxakeria oro kondenatzen dute apezpikuek, nola terrorismoarenak hala terrorismoaren aurkako taldeenak eta errepresioarenak ere.

Hein batean ados gaudelarik ere, aspaldiko leloaren oihartzuna dakarkigu guzti honek. Urteak dira gisa horretako ihardunak entzuten gabiltzala eta, egia esan, ez gaituzte betetzen. Hauxe da gutienez esan daitekeena. Izan ere, zeren alde daude gure apezpikuak? Zer defendatu nahi dute konkretuki?

Zeren kontra dauden ikusten da guti asko, baina zeren faboretan diharduten ez da erraz somatzen. Horregatik, holamoduzko idazkiak jasotzen ditugunean, kezkatan geratu ohi gara personalki. 3a dirudi zerbaiten errena somatzen dela mintzamolde horretan. Zeren eta zerbaiten kontra dagoenak zerbaiten alde ere egon behar luke, eta horixe ez dugu behar bezala ikusten.

Ba dakigu jakin ez dela Elizaren egiteko berezia —ez eta hierarkiarena ere— programa sozial-politikorik Herriari proposatzea. Baina horrenbestez ez dago dena konpondurik. Beste hau ere ondo kontutan hartu beharrekoa da, gehienetan aise ahanzten baitzaigu: Elizak —eta hierarkiak bereziki— nahitaez joko politikoa egiten du gizartean eta joko hori zernolakoa den aztertzea guztiz interesgarri jotzen dugu. Tamalgarri da baina, historiak erakusten duenez, hierarkiak gehienetan botere ekonomiko-politikoari dagokion jokoa egiten du.

Ez nuke gutunaren balioa gutietsi nahi, baina nire kezkak ere hor daude: alde batetik, gutunaren mamiak berak sortzen dizkidanak eta, bestetik, beti berandu ibili behar horrek damaizkidanak. Gure Axularrek dioenez, gerotik gerora eta luzamendutan ibiltzeak kalte handiak dakartza.

Jose Altuna


Elkar ikuska

M. Luisa Ozaitarekin

Maria Luisa Ozaita. Barakaldon jaioa. Piano karrera egindakoa, konposatzeko karreraduna, orkhestra zuzentzeko estudioak, klabitzinbaloan espezializatua. Danimarkako gobernuak eman zion beka baten bidez Kopenhageko Kortserbategian eta Folklorea Ikertzeko Institutuan ikasten aritua.

Euskal arloan, Maria Luisak gure musika (herrikoa zein ikasia) ardura biziz aztertu du, eta horren inguruan Txistulari aldizkarian zenbait artikulu eman ditu argitara. Horrez gainera, klabitzinbalo kontzertu ugari egin ditu Euskal Herrian eta Espainiako probintzia batzutan. Ozaitaren obra batzu, jende eta kritikaren abegi onaz estreinatuak, R.N.E.rako grabatuak izan dira. Honez gainera, Donostiako Abangoardiako II Musik Jaialdian parte hartua dugu. Hauxe da gure aurrean dagoen euskal artista.

Maria Luisa, zer esan diezaguken heure lanez? Nolakoa da hire musika?

Nik neuk, arlo berean, hirur ekintza ezberdin daramatzat: folklorea, klabitzinbaloa eta konposatzea. Nire musikari dagokionez, bestalde, ez zait erraz egiten hura definitzea. Neure obrak moldatzerakoan ez du konposatze sistima bakarra erabiltzen; bakoitza, ene eritziz ongien dagokion bideaz egiten dut. Ez naiz, hortaz, serialista hertsi bat, ez eta elektronikaren jarraitzaile itsua ere. Finkaturiko sistimak oro gaitzesten ditut; kasu bakoitzean, orduan behar dudanaren arauera, hortik eta hemendik zenbait gauza hartzen ditut, oraingo esthetikaren bidetik.

Hire eritziz, jotzaileak, interpretatzaileak, garrantzi handikoak al dira?

Noski. Nik neure philosophi kredoa Ametsak izeneko obran ezarria dut, eta hor jotzaileek inprobisatzeko duten ahalmenaz baliatu izan naiz, beraiek kreatzeko behar dituzten neurri eta ernegarriak eskainiz. Hori dela eta, obra hori beti gertatzen da ezberdina.

Beste obra aipagarririk al dun?

Beste bat aipatzekotan, hauxe litzateke: Pelleas eta Melisenda, Pablo Nerudaren poema baten inguruan, haren azken omenaldi gisa, moldatua. Horretan, giro inpresionista batez baliatzen naiz, hari ahozko eta instrumentuzko forma berriak gehituz. Obra honetan musika eta textua, eskenographia, balleta eta zinema bera ere elkarrekin lotzea nahi ukan dut.

Hi euskal musika ikertzen aritua haiz, Maria Luisa. Ba al dute elkarrekin zer ikusirik hik egiten dunana eta euskal musika zaharrak?

Nire eritziz, ezer berririk egiten hasi aurretik, ezinbestekoa da gure aurretik egin dena ezagutzea, hortik aurrera zerbait egiteko. Aurreko mendeetan ere euskal musikalari asko egon dira. Horik aztertzeko diru babesa beharko genuke. Azterkuntzak, gainera, Euskal Herrian eta kanpoan ere egin beharko lirateke. Hortxe dago, kasu, Olague: beronen musika Portugalen agertu da, eta ez dut uste bera ale bakarra denik, beste askoren arteko bat baizik.

Euskal musika landua eduki dugula uste dun, beraz. Zeintzu konposatzaile izan ziren XVIII mendean Euskal Herrian?

Begira, oraintsu XVIII mendeko euskal musikalariei (Oxinaga, Larrañaga, Gamarra, Sostoa, etab.) eskainitako programma bat muntatu dut Dakikeanez, horien joaldi bat Gernikako juntetxean eratu nuen. Horixe izan da, oso oker ez banago, azken 40 urteotan toki horretan moldatu izan den lehen kultur saioa.

Programma hau, autore ezezagun horiez osatua, ene ustez, oso interesgarria da; gure herriko balioak ezaguterazteko, hain zuzen. Horrek frogatzen digu, gainera, gurean herri musika ez eze, bazik eta musika landua, ikasia eta goiz mailakoa ere izan dela Historian zehar.

Ikertze lan hauetarako, nolako laguntzarik dun?

Inolakorik ez.

Estatuak musikarako urtero ematen duen dirutik, zenbat jasotzen du Euskal Herriak?

Hobe duk herrorek kalkulua egitea. Hara, musik ekitalditarako, Madrilek urtero 370.000.000 pta. jasotzen du, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Sibilia, Malaga eta abarren artean 75.658.495 pezeta banatu behar diren artean. Manuel Valls-ek bere "La música en cifras" liburuan dioenez gutariko bakoitzari 24 pta. dagokigu urtero, per capita, musik kulturarako. Diru horretan, gainera, Madrilek beretzat gordetzen duen zifra hori sarturik dago, praktikan are gutiago izanki.

Mila esker, Maria Luisa, hire albiste interesgarriengatik. Aski argiak izan ditun esan dizkigunak, bai horixe.

Xabier Kintanak


Postaz etorriak

"Anaitasuna"ren Zuzendari jaunari.

Adiskide maitea:

Bohemia-ko erdian datzan Praga izeneko hiritik bidaltzen dizuet nire euskarazko eskutitz txiki hau "Postaz etorriak" izena duen atalean argitaratzeko.

Zuen hamabosterokoaren lankide ta irakurle guztiei bihotz barrutik agur egiten diet. Nire izena ongi ezaguna da euskaltzaleen artean askorekin eskutitzeko harremanetan nago-ta.

Zuen aldizkariaren irakurle sutsua nauzue aspalditik. Berriatua Aitari ta Kintana jaunari eskerrak zenbakitik zenbakira hartzen dut. Aurtengo urtearen hasieratik gure "Anaitasuna" jantzi berrian eta mamiaz ere aberastuta datorkigu. Harridura handi-handia ba zen niretzat gure aldizkaria itxura hain ederrean ikustea.

Pozik irakurtzen ditut horko berriak, batez ere nola Euskal Herrian ikastola berriak sortzen diren. Ikusten dudanez Alfabetatze jardunak ederki aurrera doaz eta fruitu mardulak ekartzen dituzte. Euskal kulturari buruzko hitzaldi ugariak antolatzen dira Euskal Herriko bazter guztietan eta hau guztia txit pozgarria da euskara maite bakoitzarentzat.

Horko hamabosterokoaren irakurtzea niretzat garrantzi handikoa da euskara batua estudiatzeko. Euskaltzain ohorezkoa naizelarik, nire artikulu ta eskutitz guziak euskara batuan idazten saiatzen naiz.

"Gora EUSKARA" deiarekin bukatzen ditut nire lerroak.

Praga-tik 1976.eko Maiatzaren 15ean.

Norbert Tauer

***

"GASTEIZ MAIATZAREN LEHENA" idazlanari erantzunez.

Indar zatikatzaileak: O.C.A.-ren jokabidea.

Gasteizeko langile bat naiz, Batzorde Ordezkarietako (Comisiones Representativas) konponente bat, eta gainera Antikapitalista antolamenduan organizaturik. Juanjo Urangaren idazlanari erantzun nahi nioke puntu honi buruz; guk ZATIKATZAILEAK GARELA. Fitxik ere egin ez dugulako langile herriari eragiteko, geldierazteko baino.

Lehenik esango dizut (g) oso gaizki jakin duzula, ez dakit nondik baina oso gaizki. Gu Antikapitalistok, esan dizkiguten bilera guztietara joan gara eta gauden lantegietan egin diren asanbladetan ez dugu geldierazteko ahaleginik egin (langile guztiak lekuko).

Beste aldetik inoiz ere ez gara kexatu, Batzorde horik politizatuegiak daudela eta (zein ederki honela balitz).

Beharbada egia da ezin izan dugula, oraino behintzat, askorik egin, zeren eta errepresio handiena gure kontra joan baita. Gure helburua, langile guztien antolamendua lortzea da, Antolamendua horretan langileak berak izango dira jaun eta jabe, eta orduan langile guztiek esango dute nolako antolamendua behar edo nahi duten.

Uste dut ez garela indar zatikatzailea. Eta Juanjori esango nioke, holako gauza bat idatzi baino lehen, hobeto jakiteko.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkizuet zuri Juanjo, eta ANAITASUNAri Gasteizko gertaerak Euskal Herri osoan zabaldu dituzuelako.

Gasteizko langile batek

***

"SEASKA" ETA KANTARI EGUNA

Duela bi urte Kantari Eguna Donibane Lohitzuneko ikastolak antolatu zuen. Joan den urtean, aldiz, erakunde berri batek "abertzaleak" izenekoak eratu zuen.

Aurten "ikastolen laguntzeko" egina dela jakin da, eta, bestalde, SEASKA antolatzaile bezala emana da ageritan Donibane Lohitzuneko "Euskal hilabetea"rentzat.

SEASKAk jakin erazten du, kantari Eguna-ren antolatzen, ezer ez duela parte hartu, eta beraz egun hortako diru konduak ez daudela bere eskutan. Bestalde, "Euskal hilabetea"rentzat SEASKAren izena, SEASKAkoek berek jakin gabe emana izan da.

Hazparnen egina

Maiatzaren 22an

SEASKAko Zuzendaritza

***

Zuzendari Jauna:

Juanjo adiskideak Gasteiztik bidalirik, ANAITASUNA 317. zenbakian argitaratu duzuen artikuluaz kritika txiki eta anaikor bat egin nahi nuke.

Hasteko, zononak Juanjori, bera baita ANAITASUNAn langile arazoak aipatzen dituen bakarra edo ia bakarra. Gasteizko langile burrukaz lan politik irakurri ahal izan dugu beraren luma zorrotzari esker. Aurrera hortik!

Eskutitz hau idaztera bultzatu nauen artikuluan, Juanjok zenbait erizpide ematen du antikapitalisten jokabideaz. Zerbaitetan ados nator harekin, baina ez zatirik haundienean. Hona nire ikuspuntua:

a) Onhartu behar dut Maiatzaren Lehen eguneko burruka zuzpertzen antikapitalistak ez zirela gehiegi saiatu. Eta parte hartu ere, ez zuten gehiegi hartu. Nahiko diskutigarria ikusten dut jokabide hau. Beharbada, taktikak beste era batera jokatzea eskatzen zuen,

b) Lehenengo puntu hori diskutigarria bada, ez da hala oraingo hau. Ez da egia O.C.A.k (antikapitalistek) ez dutela onhartzen Batzorde Ordezkarietan lan egiterik, eta askozaz gutxiago oraindik Batzorde hauen ekintzak zapaltzen saiatzen dela. Ez horixe, tira, tira!

Batzorde Ordezkariak direla eta, antikapitalisten jokaera hau izan da eta da:

1.- Batzorde Ordezkariak behar beharrezko dira; erakunde iraunkor behar dute izan.

2.- Batzorde Ordezkariak berrizgarriak (revocables) behar dute izan, beti Asambladaren kontrolpean. Langile indarrak Asambladan azaldu behar du. Hau ez da Batzorde Ordezkariak zapuztea, Batzordeari bere neurria ematea baizik. Zenbait jendek Asambladari kontrola edo agintea kendu eta Batzorde Ordezkariari eman nahi izan dio. Hauentzat, Batzorde Ordezkaria, Asambladaren hitzpean eta erabakipean ipintzea, Batzordea zapuztea da, itxura denez. Hauen eritzia heldu ote da Juanjoren belarrietaraino?

d) Juanjok zera esaten duenean, halegia, antikapitalistek ez dutela onhartzen, Batzorde Ordezkarietan lan egiterik, "Batzorde hauk politizatuegiak daudela eta...", batek baino gehiagok uste dezake, antikapitalistek politikarekin zer ikusirik ez dutela nahi edo.

Egia hau da: Antikapitalistak ez dira ekintza politikoen aurkakoak. Gasteizko azken burruka, guztiz politikoa eta politizatua izan da. Baimenik gabeko asanbladak, Sindikato eta lege bideak baztertzea, Batzorde Ordezkariak hautatzea eta horien bidez bakarrik negoziatu nahi izatea, lanetik jaurtikien eta poliziak hatzituen aldeko ekintzak, hitz batez, burgesiaren eta honen gobernu zaindariaren bideak aztertzea eta langilegoaren demokrazia aplikatzea, ez ote da politika egitea?

Eta Juanjok ongi daki —hontaz sarri mintzatu gara elkarrekin eta guztiz ados gaude— antikapitalistak burruka horretan nondik nora ibili diren.

Antikapitalistak politizatzearen alde dira, % 100, politikagintza hori langile klasearen politika denean, langilegoa indartuz egiten denean.

Ohar hauk beharrezkoak direla uste dut, Juanjo adiskidearen bide zuzeneko okertxoa zuzentzeko.

Jarrai hakio, Juanjo, hire euskal idazlanarekin langile herriaren burruka zuzenaren berri emanez.

Eusebio OSA

***

Donostia, maiatzaren 8 - 1976 urtea.

"Anaitasuna"

Zuzendari Jauna:

Irakurri det "Tristagarria". Beste askotan bezala aspijan, "hipócrita" ta maltzurkeri betea.

Zuen jokabidea ikusirik pentzatzen det zuek uste dezutela Euskal Erria askatzeko nai eta nai ez kolore gorria gorri arekin, ori da, "Comunismoarekin lortuko dala... etziok gaiski... Noiztik comunismoa ain askatzallea? Eguitan uste orretan bazeudete, barkatu bañan arrunt oker zabiltzate, nik ez det pentzatzen ain tontuak zeranetik.

Siriya ori ez diozute sartuko ez da bost urteko ume koskorrari ere.

Orrelako teoriak "Hippi" en moduko zimaluziari bakarrik sartzen diskiote Krutwigt, Quintana ta beste "Politburó" ko naspil-saltzero-oportunista batzuk... tamalgarria bañan benetako "traidoreak".

Ta sinistu bearko al degu "Partido Socialista Español", "Partido Comunista Español", "Anarquista Español", "Partido Carlista Español" ta beste atzerriko españolista gustiak (bai oyek danan importatuak bai dira) aundiyenak ziranak, aurten lendabizi "Aberri Eguna" ren lagunik aundiyenak dirala?

Teodoro Artola

Donostia

Oarra: Neregatik ematen dizut baimena nai badezu edo komeni bazaizu argitaratzeko nik idatzi deten bezela ta nai badezu nere firma ta gustiyakin.


Irudimenaren txokoa

Euskararen alde

Zer egin euskara zabaltzeko? Txoko honetan irakurlearen proposamenak agertuko dira. Irakurle guztiak gonbidatzen ditugu, beren eritzia labur-labur ematera.

Euskal Herriko gizartean, badakizu hirutatik bik ez daki euskararik. Euskara zabaltzeko asmoa ez da nahikoa. Nola ihardun, ondo pentsatu beharra dago.

Mailaz maila eta sailka pentsatu beharko dugu, zer egin. Zer egin etxean ari diren emakumeekin. Langileekin. Haurrekin. Eta abar.

Proposamenak errealismo apur bat izan dezala. Utopia ta irudimena ez dira guziz baztertzen. Bidetasunik erakusten bada batez ere.

Helburua badakigu: euskal gizartea. Denek euskara dakiten gizartea. Nola lortu hori? Beharbada zuk badakizu talderen bat edo gizarte sailen bat euskaldun berritzeko zer egin litekeen. Medioak proposatzeko eskatzen dizugu, irakurle.

Zure proposamenak bidal zaizkiguzu. Zure izenaz ala gabe argitarako ditugu. Zeuk nahi duzun eran. Zure lanbidea edo ofizioa adieraztea interesgarri litzateke.

***

Zer egin euskara zabaltzeko? Txoko honetan irakurlearen proposamenak agertuko dira. Irakurle guztiak gonbidatzen ditugu, beren eritzia labur-labur ematera.

Soldaduzka

Oraintxe berton, egiten den baino askoz gehiago egin liteke soldaduzkan, euskaldunok, gauden lekuetan, parrandarako bakarrik elkartuko ez bagina. Zergatik ez kintoak herrietan preparatu, koartelera etorri baino lehen?

Familiek, andregaiek, euskal errebistak bidali behar lizkioteke mutilari. Errebistetan honelako anuntzioak ikusi behar genituzke: Ama, bidali ZERUKO ARGIA zure seme soldaduari, Andregaia, bidali ANAITASUNA zure lagun soldaduari.

Baina hemen zenbait egin litekeen, ez da leku guzietan berdin. Leku batzuetan bildurrik ere izan behar da. Euskaldunok ez dugu beti eguzki aurkitzen. Beste leku batzuetan euskaldunek beren koruak ere antola ditzakete. Alfabetazio bat ez litzateke gaizki etorriko.

Gerora begira, euskal mutil guziak soldaduzkan elkarrekin egotea lortu behar da. Mutil guziek egunean gutienez ordu ta erdiko eskola izatea. Soldaduzkan bada nahiko asti, ondo antolatzen bada, edozeinek euskara pasable samar ikasteko.

Beste herri batzuetan berdintsu egin da. Sobiet Batasunak eta Cubak, adibidez, horrela garaitu dute analfabetismoa. Txinan horrelaxe lortzen da denek hizkuntza ber-bat ulertzea. Harmada nazioaren eskola bihurtu behar da. Nire ofizioa: Soldaduzkatik.


Hizkuntza

T(z)er eta t(z)ear

Gehienetan, ANAITASUNA, "hiltzear", "hiltzeko zoria" itzultzen du, oker ez banago frantsesez "sur le point de", erraten dena.

Ipar aldean ez da batere hola erabiltzen ordea, "TER" edo "TZER" hori: gauza bat abantzu gertatu dela baina gertatu ez dela errateko erabiltzen dira hain zuzen; frantsesezko "avoir failli" delakoa beraz.

Zenbait adibidez:

etortzer da: ez da etorri baina guttik egin du ez bada etorri. Il a failli venir. Casi hubiera venido, casi venía (espainolezkoez ez naiz segur).

hiltzer du: ez du hil, baina ia ia. Il a failli le tuer. Casi le mata (pero no lo ha hecho).

Ikusten duzuen bezala, ez da arras gauza bera.

Laffittek gauzu garbi adierazten du bere gramatikaren 218garren horrialdean (n 466). Haren arauera, forma hau adlatibo moztua da: hiltzer(a) etortzer(a), eta, irudiz, hala da.

Beste forma, "hiltzear" "etortzear" etab... dudarik gabe, datibo moztua dateke "etortzear(i)" "hiltzear(i)". Bi forma moztu horien nahasketa hau ez da harrigarria: Forma osoek berek erran nahi bertsua baitute: "joatera dago", "joateari dago". (ikus Laffitte: 220 horrialdean n 473 eta Arotzarena 139 horrialdean n 129).

Azkenik hona zer proposatzen dudan:

"TER edo TZER" eta "TEAR edo TZEAR" elkarretarik bereiztea: lehena: "avoir failli" hots, abantzu gertatua dela baina gertatu ez dela errateko: bigarrena: "sur le point de", erran nahi baita: horretara doala.

Bereizketa hau ez da artifiziala, iparralde honetan egiten baita jadanik. Euskararentzat aberasgarri izan daitekeelakoan, gorde behar dela uste dut.

Iparraldeko irakurle batek


Hizkuntza

• ABAGADUNE: mementu egoki.

ABANGOARDIA: vanguardia.

AHANTZ(I): ahaz(tu).

ALBISTARI: kazetari, berriemaile.

ANIZKOR: pluralista.

APEZPIKU: obispo.

ARBITRAIA: arbitraje.

ARRASATE: Mondragón.

AURREBAIMEN: permiso previo.

AURRERITZI: prejuicio.

• BALDINTZA: kondizio.

BAHIKETA: secuestro.

BEILEGI: hori (kolorea).

BERNA: hanka, zango.

BERTSU: ia berbera.

BOTERE: poder.

• DAKUSAGU: ikusten dugu.

DAMAIZKIDANAK: ematen dizkidanak.

DARAMATZA: daroaz, eramaten ditu.

DINOSKU: diosku, esaten digu.

• ERRESUMA: errege baten peko herrialdea.

ERRONKA: zerrenda, ilada.

ESTATU: Estado.

• GAZTELA: Castilla.

GAZTELANIA: Gaztelako hizkuntza.

GAZTELAU: Gaztelako bizilaguna.

GOGAIDE: berdin pentsatzen duena.

GUTIENGOA: la minoría.

GUTIETS(I): guttitzat har(tu), mespreza(tu).

GUTUN: eskutitz, karta.

• HAUTESKUNDE: elección.

HERTSIKI: hestuki, hestu-hestu.

HERTZALE: (herri-zale), herriarekin bat eginik dagoena.

HIGIDURA: movimiento físico.

HIZKUNTZALARI: linguista.

HOBARI: irabazi, beneficio.

• IPURTAGERI: ipurdia agerian duena.

IRAGAN: pasatu.

IRITS(I): hel(du), lor(tu).

ITZULPEN: traducción.

IZPI: errainu, brizna, rayo.

• JAREIN: aska(tu).

• KARIAZ: kausaz.

KONTRAESAN: contradicción.

• LANKIDEGO: cooperativa.

LILURAGARRI: zoragarri, fascinador.

• MAIZ: sarri, sarritan, askotan.

• PRESIDENTE-OHI: presidente izandakoa.

• SAIHES(TU): oker(tu), aldara(tu).

SINATZAILE: firmatzaile.

• URRATS: pauso.

• ZAURTU: zauritu.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Bilbon, banderez aparte, ba dago "Sociedad Cooperativa San Carlos" izeneko supermerkatu bat, erosketak egiteko plastikozko poltsetan, erdaraz eta euskaraz, bere izena ipini duena. Horra hor, goiko partean, zer nolako eskribu harrigarria ezarri duen. San Carlos lankide elkartea edo San Carlos lankidegoa izan behar zuena "Lan Kide Gizarte" bihurturik dakusagu.

Azken hitza, noski, euskara ongi ez dakien norbaitek hiztegiren batetik jasoa duke, baina Lan Kide hori, aldiz, beste nonbaitetik hartua da, guztiok dakigun banku baten euskal itzulpen traketsetik, halegia.

Lehen ere horretaz zerbait esan genuen. Oraingoan joera oker baten fruitu okerragoak ikusten hasten gara. Euskara ikusiak bere indarra du eta oker jarritakoak, txarrerako bada ere, imitatzaileak sortzen ditu. Gaurko astabelarri urreztatuak, beraz, San Carlosekoei eta Arrasateko banku horri hain izan aldrebesa ezarri zionari eskaintzen dizkiegu bihotzez. Ez dago zergatik.