ANAITASUNA

1976.eko Apirilaren 15ekoa

315. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

DOSSIER ANAITASUNA. 24 ORDU EUSKARAZ


AURKIBIDEA

3. Aurkezpena: EUSKAL KULTURAREN EGUNA.

4. tantaka:

A. Inurritegi

X. Kintana

X. Gereño

X. Artzelus

6. EUSKAL HERRIAN

24 orduak euskaraz

Hezkuntza

Politika

Ipar Aldea

17. IBERIAN ZER

18. ERLIJIOAZ

20. ELKAR IKUSKA

J.P. Seiliez

24. HIZKUNTZA

25. POSTAZ ETORRIAK

26. AISIAREN ORDUA

Zapaburu birbiztua

Urrezko astabelarriak

Gurutzegrama

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos., S.A.

San Martin, 153

Zamudio


Aurkezpena

Euskal kulturaren eguna

Martxoaren 27an 24 orduak euskaraz egin genituen. Egun osoan. Egun betea. Egun zoragarria zela entzun nion bati baino gehiagori.

Egun au, euskal kulturarentzat, esperientzia bat izan zen.

Sinbolo gisa eta bere osotasunean da esanguratsua, eta ez puntuz-puntuka epai zorrotzaren bahetik pasaturik. Goitibeheti ugari izan zituen: gauza onak, arras lortuak, eta ez hain onak.

Guretzat, egun honek bospasei gauza utzi zituen agerian.

Haustura ikaragarri bat dago ezarritako kulturaren eta euskal kulturaren artean. Euskal kultura honek ez du babesik, ez du aginterik. Baina bizi da. Traba eta eragozpen guztien gainetik.

Erdal egunkariek eta astekariek ez dute haintzat hartu ere egin egun hori. Gure egunkarien axolarik eza ezaguna zaigu. Harrituago gaude Madrilen ateratzen diren astekari horien jokabidea ikusiz.

Egun honek, ba, aspaldi aldarrikatzen ari garen euskal komunikabideen premia are azpimarratuago uzten du. Geure arazoak eta geure dinamika bultzatuko duten mass media batzu behar ditugu lehenbailehen.

27koak, nahi eta behar genukeena dastatzeko balio izan zuen. Baina egunero egunero horren erdia egiteko ba al gara gauza?

Ez ditzagun geure buruak engania. Epe luzerako lan bat egiten gertu beharretan gaude. Egiturak, instituzioak eta pertsonak prestatu behar ditugu oraindik. Ezin dezakegu ahantz bi irratik besterik ez dutela parte hartu nahi izan. Gainera, hainbeste jendek parte hartzea pozgarria izanik ere, oraingoz agian euskal kultura gaitzat harturik gerta daiteke hori, eremu landuena berau baita.

Zenbaki honetan, egun hau dela eta, zenbait jenderen eritziak bildu nahi izan ditugu: euskahzain batena, antolatzaile batena, langile batena, Jaialdian parte hartu zuen batena.


Tantaka

Punto y Hora de Euskal Herria-ri ongi etorri

Apirilaren hasieran, nafarrek berri on bat eskaini digute: Punto y Hora de Euskal Herria izeneko hamabostekariaren lehen zenbakia kaleratuz. Kazeta hau, artikulu bat salbu, gaztelaniaz idatzita dator baina Euskal Herriko arazoak orain arteko ezein erdal aldizkaritan ikusi ez dugun zehaztasun, egokitasun eta jatortasunaz tratatzen ditu.

Bide horretatik segituz gero, ez dago hor dudarik, arrakasta haundia lortuko du. Shakespearek aspaldian bezala, Nafarroa harrigarria da beti eta oraingoan nafarrek lezio eman digute beste euskaldunoi. Zorionak eta mila esker.

Lasarteko ikastolaren deia

Lasarteko ikastolan talde artistiko bat dute eta beren programan, dantzak, kantak eta jokuak dituzte, zerrenda luze batetan.

Euskal Herrian zehar ezagunak dira beraiek eskainitako saioak, eta orain dei berezi bat egiten dute, jai antolatzaileek Lasarteko ikastolako taldea gogoan euki dezaten jaiak antolatzerakoan. Gogoan har ikastolako horretako gurasoen artean Michelin lantegian lan egiten zutenak hainbat direla, eta greban daudelarik aspalditik, ikastolako kuotak ordaintzea nekeza egiten zaiela. Ikastolako talde artistikoaren asmoa da eskaintzen duten jaialdietako dirua guraso horien kuotak ordaintzera aplikatzea.

Haien helbidea: Ikastola de Lasarte-Usurbil - Casa Andre Joakina Enea - LASARTE.

Urteoroko meza

Dakikezuenez, Eustakio Mendizabal (Txikia) Algortan erhan zuten 1973ko apirilaren 19an. Aberri Egunean egin zitzaizkion hiletak Itsasondon, herri guztia harmaz hartua zelarik.

Urteoro berri nahi izaten du haren aitak meza hori. Aurten ere, Itsasondon, San Joan hauzoan antolatua du hamabi t'erdietan.

RTVE-ren partzialkeria

Espainian nabaritzen den irekitasunak maila ezberdinak ditu.

Adibidez, handiagoa da irekitasuna asterokoetan egunkarietan baino. Eta hauetan handiagoa RTVE-ean baino.

RTVE ikusirik, ba dirudi lehengoan gaudela. Juan Carlos Erregek esan zuen ez zirela pribilegiorik egongo, baina RTVE-koek ez dute Erregeren agindua betetzen, zeren ba dirudi eskuinaren eskuineko eskuindarrek monopolizatzen dutela zorioneko RTVE hori.

RTVE guztiok ordaintzen dugu eta inongo taldek ez du eskubiderik herriaren lepotik irri egiteko.

Herria leialki informatu behar da eta honek eskatzen du inpartzialitatea eta denei aukera berberak ematea. Telebistaren partzialkeria oso nabarmena da, eta adibide bezala hor dugu Soljenitsyn-en kausa. Guk ez dugu juzkatuko hark esandakoak egiak ziren ala ez. Baina erruso horri eman zitzaion aukera ez zaio beste bandakoei ematen, eta hori ez da zuzena.

Egia eta gezurra

1 936. urtean Gernika bonbez apurtu egin zuten eta ekintza horren inguruan nahaste handia sortu zen. Nork apurtu zuen Gernika egiazki? Hainbat urtetan gezurra izan zen nagusi, baina azkenik egia gailendu egin zen eta orain guztiok dakigu.

Berrogei urte beranduago, Gernika berean, euskal abertzale omen diren familia batzuren etxeak bonbez zartatu dituzte. Ekintza horien eragile omen zirenek, beraiek izan direla adierazi dute. Hemen ere nahastea. Baina hemen ere egia gailendu egingo da, eta nor nor den jakingo dugu.

Txekeak euskaraz

Lehenik Caja Laboral Popular eta Banco de Bilbao baziren, orain, aldiz, Banco Atlántico delakoak berak ere txekeak euskaraz, katalanez zein galegoz ere onhartzeko erabakia hartu berria du. Dakusagunez, merkatal munduaren interesek Estatuari aurrea hartu diote oraingoan herri hizkuntzak onhartzean.

Euskaldun askok, seguraski, euskaraz páguese eta al portador nola esan litezkeen jakin nahiko dukete. Gu geu, txeke askorik esku artean ez darabilgun arren, hurrengo formulez baliatu izan gara orain arte: ordain ...-ri eta dakarrenari. Inork hoberik aurkitzen ez digun artean, horiekin segituko dugu.

Hauteskundeak Lauron

Apirilaren 2an Lauroko ikastolan junta zuzentzailearen aldaketa egon zen. Bizkaiko ikastola haundiena den honetan aspaldion egon diren gorabehera latzak direla eta, jendea oso arduraturik aritu da, hautapena egiteko orduan ikusi ahal izan denez. Izan ere ia lankide guztiek hartu ukan dute parte oraingoan. Onerako izan bedi.

PCE: Aberri Eguna = martxa berdea

Holaxe bataiatu du bere ezker panphletoan PCE delakoak (E = Euzkadi = España) Euskal Herriko oposizioko alderdi guztiek —beraren salbuespen ohoragarriaz— aurten Iruinean egitea erabaki duten manifestazioa.

Iruineko biltze hori, Espainiako lurralde guztien arteko oinharrizko batasun sakratuaren kontra doala eta erabat galerazia izan da Madrileko Gobernuaren ordezkari nagusien aldetik.

Unibertsitatean guztiak arin

Apirilaren 2an Lejoako Unibertsitatean Iberiar Penintsulako herri ezofizialen eguna hospatu zen. Horretarako Galizia, Katalunia, Valentzia eta Euskal Herriko ordezkari batzu, nor bere herriko problema bereziez mintzatzea pentsatu zen. Lege aurreko betebehar guztiak kunplitu ondoren, esandako egunean, Lejoako Unibertsitatearen ikasgela nagusian 3.000 estudiante baino gehiago bildu ziren, aretoa mukurruraino betez. Tokia katalan, valentziar galego eta euskal banderez horniturik zegoen, eta jendeak gogoz txalotu zituen Galizia, Katalunia eta Valentziako hizlariak.

Euskal Herrikoek —X. Amuriza apeza, Matxain eta X. Kintana— berauk ez zuten erarik ukan deus esateko, hitzaldien arteko bitartean, polizia harmatuz etorri eta jendea, zalapartan, nor bera aldetik sakabanatu baitzen. Nabari izan zen irekitasun bakarra, han, ate eta leihoena besterik ez zen izan, handik,ahal bezala, ihes egiteko.

Txistulariak Santutxura

Datorren hilean, Maiatzean hain zuzen, Santutxu izeneko Bilboko hauzotegian, euskal hamabostaldi bat egiteko asmoarekin ari gara. Hamabostaldi horretako igandeetan, 9an eta 16an txistulariek izanen dute beren gain neurri handi batetan behintzat, jaia goimailako giroan eustea, goizetik gauerarteko dantza, kalejira eta beste ekinaldi alaitsu eta luzeren bidez. Horregatik, bi egun horietan Santutxura etorri ahal zaitezketen txistulari guztiei, geure eskari beroa bidaltzen dizuegu, etor zaitezten erregutuz. Zuen erantzunaren zain geratzen gara 4334742 telephonoan; bertan Sara Salazar-ez galde dezakezue.

Bat bitan (edo hirutan) banatzen da

Loiola eta Donostiako Herri Irratiek poliki antolatu eta aurrera eraman zuten, '24 orduak euskaraz' deituriko egun osoko irratsaioa. Bilbon bizi garenok, ordea, ez genuen aukerarik izan, bertoko Herri Irratitik egun horretaz gozatzeko. Baina, entzun dugunez, ez dut uste Irrati horretakoei errua behar diegunik, programa hor Bizkai eta Nafarroarako debekatua izan baitzen goi-erakunderen batez. Zergatik? Horren erantzuna izenburuan aurki daitekeela uste dut: "Zatika ezak eta garaituko duk". (Ramon Garai)

Georgia: euskara unibertsitatean

Georgiako sovietar Errepublika Sozialistan, aurten, euskara asignatura optatibo gisa ezarri izan da Tbilisiko unibertsitatean.

Georgiako hizkuntza, euskararen antzera, erabat ezberdina da inguruko guztietatik eta estrukturaz ba du euskararekin antz nabari bat. Hori dela eta, mintzaira bien arteko lotura posiblea hobeki aztertzeko, georgiarrek beren unibertsitatean euskara asignatura ofizialtzat jartzea erabaki dute, beronen irakaskuntza Greta Txantladze andre euskalari gaztearen karguan utziz.

Pozgarri bezain lotsagarria da, noski, Sovietar Batasunean euskara hemengo egoera berberaz aurkitzea, hots, ikasgai optatibo gisa. Zeren, Carlos Sentís jaunak oraino ez baldin badaki ere, georgiera, leku eta maila guztietarako, lehen hizkuntza ofiziala baita Georgiako errepublika horretan.

Alberto Gabika, kalean

Alberto Gabika Lekeitioko abadea, Zamorako espetxean zazpi urte egon ondoren, kaleratua izan zan orain dela egun batzu. Berri on hau ezagutzean Lekeitioko herriak ongi etorri alaitsu eta bero bat abadeari egitea erabaki zuen eta ehun lagunen bat elkartu zen Lekeitio erdian bere zain. Itxaroten zeudela, karneta eskatzen hasi ziren hango goardia zibilak eta, abadea berebilaz iristean, gogor hasi ziren jotzen taldeko lagunei. Gabika abadearen anaia bat, gogor zaurituta, eritegira eramana izan zen, matrail ezurra apurtu baitzioten. Detenituren artean dago gainera Karlos abadearen anaia hau.

Euskal Aste bat Errekaldeberrin

Euskal Kultur Aste bat izan dogu Bilboko Errekaldeberri hauzunean. Errekaldeberriko Famili Elkarteak eratu du aste hau, bere barruan dauden euskaltzaleak indartzen baitira piskanaka. Dakizuenez Errekaldeberrin erdal giroa de jabe, bertan bizi diren bizilagun gehienak erdaldunak izatean. Azken berrogei urteotan ez da ez euskal girorik ez ekintzarik ikusi hauzune honetan. Epe luze eta triste hau apurtu dela dirudi. Betiko izango al da?

Kultur Aste hau Martxoaren 22tik 29ra iraun zuen eta bertan ikuturiko gaiak hauxek izan ziren: "Sozial eta kultural integrapena Euskal Herrian", Joan Mari Torrealdaik gertuta; P. Goenagak "Hizkuntz bitasuna eta diglosia" gaiaz hitzegin zuen; Gotzon Elorzak Euskal Kulturaz diapositibak agertu zizkigun; "Arraizpe" eta "Batasuna" taldeak euskal dantzei ekin zitzaizkien eta, amaitzeko, Iñaki Irigoienek euskal dantzak diapositibaz ezaguterazi zizkigun.

Gertutako gai bakoitzak ehun edo ehun ta berrogeitamar entzule edo ikusle izan zuen eta euskal astearen antolatzaileek konforme xamar dirudite, lehengo aldiz antolatua izan dela pentsatuz. Ba dute orain beste euskal aste batzu gertutzeko asmoa. Aurrera, ba.

Europako Parlamentua

1978. urtean europarrek hauteskundeak edukiko dituzte Europako Parlamenturako diputatuak aukeratzeko.

Parlamentu honek 355 diputatu izango omen ditu, eta egin berri den inkesta batek adierazten digunez, hauteskundeak orain egingo balira, diputatuak honela izango lirateke aukeratuak; 117 sozialista, 92 kristau demokrata, eta 30 inguru talde bakoitz hauetakoak: komunistak, kontserbakorrak eta liberalak. Alderdi txikiagoen artean, 50 bat.

Estitxu berriz ere gure artean

Ipar Euskal Herritik etorri zaigu Estitxu Bizkai aldera eta berriz ere ekin zaio bere zereginari: abesteari.

Hainbat saio eskaini digu azken egunotan, eta batez ere dantza tokietan. Orain arte euskal abestiari arrotz izan. zaion toki horretan Estitxuk arrakasta lortu du.

Zertarako Foruak?

Orain arte Palmako Gobernadore Zibila izandakoari elkar hizketa bat egin diote "España 21" aldizkarikoek, eta Foruak aipatzerakoan, hau esan du: "Fueros al País Vasco? Y para qué?... Lo mismo se los podrían dar a Castilla".

Eman diezazkietela Foruak, bai Gaztelari, zen Andaluziari. Baina eman diezazkigutela geureak euskaldunoi.

Manifestazioak

Apirilaren laurako manifestazioak egiteko baimena eskatu zuten Madril eta Bartzelonako demokratek. Hori ikusirik, Federación de Excombatientes delakoek egun berean, ordu berean eta leku berean, beste manifestazio bi egiteko eskatu zuten. Zein helbururekin? Bistan da: Gobernuak, hiritar bakea gordetzearren, denak debeka zitzan.

Benetako libertateak besteak errespetatzea eskatzen du, baina ba dirudi Excombatientes direlakoek orain arteko monopolioan iraun nahi dutela, beraiek dituzten eskubideak besteei ukatuz.

A. Inurritegi

X. Kintana

X. Gereño

X. Artzelus


Euskal Herrian. Dossier Anaitasuna. 24 orduak euskaraz

Martxoaren 27-aren, hau dek, 24 ORDUAK EUSKARAZ delako egunaren hasieran bertan esaniko hitzak berberak ekarriko nizkikek izenburuko galdera gisako hoieri erantzutearren. Gerra aurreko disko batetik jasotako irrintzi batekin hasi genian eguna. Eta esaten: "Aspaldiko irrintzi hau egunaren hastapenetan jartzeak zera esan nahiko luke:

LEHENIK; bizi nahia. Edo hobe, bizitzen jarrai nahia. Nahiz eta, sarri, bizitza karraxi bat bezain latza gerta.

GERO, bizitza hau karrasia bera bezain aske eta airosa izan dadinaren nahia.

HIRUGARREN, aspaldiko karrasi berbera bularretan sentitzea eta kanpora jaulkitzeko adorea izatea."

Hitz bakar batzuetara biltzen saiatuaz honela esan genezake: 24 ORDUAK EUSKARAZ eguna antolatzean aspalditik, arbasoengandik datorkigun bizitza berriro adorez bizitzen hasi nahia adierazi nahi genuela.

Eta, nik uste, batez ere egunak adore hau adierazi zuela. Ez noski, bakar batzuren adorea. Gehienona baizik. Euskal kulturaren alde lan egiteko prest daudenena, halegia. Adore heldu eta umotua. Hazia. Eta gazte gaztea, bidebatez. Etorkizunari begira jarria.

Hesirik, mugarik gabeko egunaren antzeko izan zuan guretzat 24 ORDUAK EUSKARAZ. Hala planteatu nahi izan genian. Mugagabe. Mugagabe denboran, eta horregatik bataiatu genian bataiatu genuen bezala eguna: 24 ORDUAK EUSKARAZ (eta ez "24 ordu euskaraz"). Eta osotasun itxurako eta plantako ekintza nahi izan genian, orobat, planteatu geografia aldetik. Egunaren geografia, horrela, Euskal Herriaren geografia osoan kokatu zuan probintzi eta bestelako mugatasun guztiak gailendu nahiaz. Nik uste erabili genuen sinbologia aski adierazkor a izan zela zentzu honetan, nahiz eta erabili nahi izan genuen guztia ez genuela erabiltzerik izan.

Asmoetaz hitz egiterakoan nagusiena hauxe izanik, hementxe utziko nikek.


Euskal Herrian. Dossier Anaitasuna. 24 orduak euskaraz

Egunaren gorabeherak eta nondik norakoak...

Egun honetarako ideiek ba diate urtebete pasako bizia, urte eta erditakoa ez badute. Ideiei pasatzen zaiena, ordea: egokieraren txanda zain egon behar izaten dutela, beraiekin deus egingo bada behintzat. Gure honi ere, halamoduzko zerbait gertatu zitzaioan. Joandako urtearen azkenaldera bakarrik erabaki genian ideia martxan jartzea, Decreto de las Lenguas Regionales delakoa eman ondoren.

Lanarekin hastea, konkretuki, urte honen hasierarekin izan zuan. Irratitik kanpoko hiru mutil eta neska batekin batzorde bat eratu genian, eta asteroko bilerei ekin geniean. Hau honela egitearen arrazoia, irratien eguneroko martxa baldartuegi aurki ez zedin izan zuan. Arrisku hori berehala ikusi genian, ikusi ere; eta eskerrak ikusi genuenari Loiolako eta Donostiako Herri Irratiek beren martxari eutsi ahal izan zioate, bide batez, 24 ORDUAK EUSKARAZ egunaren prestamenak jarritako epean lortzen zirelarik.

Lehen lehenik egin genuena, egun osoaren programaketa erabaki izan zuan. Egunaren osagaiak, esan genian, hauxek izango dira: Mahai inguruak, kronikak, elkarrizketak, bertsoak eta musika. Azkenerako, gauzak honela konkretatu genitian: MAHAIN INGURUAK gai hauetaz: euskalduntzen-alfabetatzen, poesia, Aranzadi elkartea eta ikerkuntza, euskal folklorea, komunikabideak eta euskara, Euskal Herriko ekonomiaz, margogintza eta eskulturgintza, liburu-argitaldariak, antzerkia, nobela eta saiakera, bertsolaritza, kantagintza eta diskogintza. Bakoitza ordu erditakoa. Ordu eta erdiko mahai inguru bat IRAKASKUNTZAZ, bertara Nafarroa, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako zenbait jende biltzen zelarik. KRONIKAK, hogeitabost. Guztien gaia:euskal kulturaren egoera eskualdeka. Hasiera batetan, kronikalari bakoitzari zortzi minututako epea jartzea pentsatu genian, baina azkenerako, bakoitzak nahi zuen denbora guztia hartzeko modua izan zian, puntu hau biziki interesgarri iruditu zitzaigunez. Interesgarri eta aberasgarri. Ez diagu, noski, Euskal Herri osoan euskal kultura nola aurkitzen den isladatzea lortu. Baina hau hola gertatu duk egun batek dena egiteko astirik ematen ez duelako. Eta beste arrazoiren bategatik. Eta denontzako tokirik ez izanez, batez ere, punturik interesgarrienak —mila arrazoi bide— jasotzen saiatu gaituk, hala nola Bidasoaz bestekaldea, Tafalla, Tutera, Barakaldo, Basauri, lau hiriburuak etab.

ELKARRIZKETENAK, berriz, ez diat uste argibide handirik behar duenik, hori berez argitzen den zerbait delako: euskal kulturaren alde, guztiz alor desberdinetatik, lanean diharduten bakar batzurekin baizik ez diagu elkarrizketa izan ahal, denbora faltaz. Gutien loturik gelditu dena hauxe izan dela uste diat.

MUSIKA eta bertsoez ez diagok zer esanik, ez bada hura guti sartu genuela —jende askok hitz egin zezan— eta hauk bertsolariei geuk jarri genizkien gaiez batatako bertso batzu zirela.

Hau dena aurrera ateratzeko ez zaiguk oztoporik falta izan. Ez diagok beraien historia osoa hemen kondatzerik. Eta horregatik bere horretan uztea dela onena pentsatzen diat. Hori bai: oztopo bati zor zaiok egun hau Donostia eta Loiolako Herri Irratietarik ez ezik Iruineko eta Bilboko Herri Irratietatik eman ez bada.

Oztopo eta traba guztiak ez duk gainditzerik izan. Batzu bai, horregatio. Eta eguna hospatu ahal izan duk. Ba diagu nori eskerturik. Batzuk oztopoak jarri ahala, beste batzuk beren laguntza osoa eskaintzen baitziguten. Eta iritsi gaituk iritsi garenera. Guztientzat beraz horri hauetatik gure eskerrik beroenak!

Jose R. Beloki


Euskal Herrian. Dossier Anaitasuna. 24 orduak euskaraz

Jendearen erantzuna!

Aldez aurretik esan dezadan urtean zehar gerta ohi denaren alderantzira, egun honetan jaso ahal izan genuela jendearen erantzuna. Eta jaso izanak berak —erantzun honen nolakotasunak ez ezik— zerbait esan nahi dik. Entzulea, nekez bihurtzen duk, izan ere irratitik esaten den edo egiten den zerbait dela kausa, erantzule. Behintzat entzulegorik gehiena. Ozta ozta bakar batzu izaten dituk entzunari zerbait erantsi nahi izaten diotenak, edo kendu edo eztabaidatu. Oraindik ere gutiagotan gerta ohi duk oneritzia agertzeko eta zoriontzeko deitzen edo idazten dutela.

Martxoaren 27-ak eskema guzti hauk txikitxiki egin zizkian. Gauerdian bertan hasi zen telefonoa dantzan: "Zorionak", "Jarrai horrela", "zuek etxerako", "gau pasa egiteko asmotan gaude", "horrela izan beharko luke egunero", "entzuten gaude, jarrai aurrera". Deiak bata bestearen segidan zetozen, atsedenik utzi gabe ere. Goizeko ordu biak edo hiruak zirela, berdin: "amona ezin oheraturik gaude", "gau guztia lo egin gabe igarotzea pentsa dut, Jarrai". Goizaldeko hirurak inguru izango ziren. Arrantzara joateko asmotan jeiki naiz, bainan irratia jarri dut eta ez joatea erabaki dut, gaurkoz. Zuekin nago".

Egun horretan jaso genituen dei asko eta askoren konstatapena ba diagu. Gehientxoenena. Eta errepasa bakoitzean, txundituta gelditzen nauk. Gure irratia entzuteko modua duten herri guztietatik jaso genuen deiren bat. Hasi Bilbotik, pasa Gasteizera, jo Gipuzkoa alboko nafar herritara (gure entzulegoa hor gelditzen denez), iritsi Donibane Lohitzuneraino: barrenean aurkitzen diren herri guztietako deiak. Kultur elkarteak, mendigoizaleak, alkate bakar batzuk, 60 urteko aitona-amonak, ikastolako haurrak, ikasle eta irakasleak, Unibertsitate mailakoak eta haurzaindegikoak... Batek, aldez aurretik idatzi zuen txostena irakurtzen zigukean, besteak, bertso parea, negarrez batek baino gehiago, ezin hitzeginaz... Ez zaitak posible dei guztien berri zehatz ematea. Eta bilduma lana ere ez duk posible, oso ere nekeza —eta murrizgarria— gertako litzatekeenez hori guztia eskemaratzea. Ez diat uste esan beharrik dagoenik, bainan badaezpadan, esan dezadan esajerazio apurrik ez dela hitz hauetan. Zertarako esajeratu, bestalde? Jakin ere bai bait zekiagu dei horiek gure erresponsabilitateari gehiago hots egiten diotela, harropuzkeriari baino.

JOSE R. BELOKI


Euskal Herrian. Dossier Anaitasuna. 24 orduak euskaraz

Euskaltzaindiaren batzarrea

Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren jauregiko saloi nagusian, martxoaren 27ko eguerdiko ordu batean bildu zen Euskaltzaindia, mahaiburuan Euskal Herriko lau diputazioetako ordezkariak, euskaltzainburua, batzarrearen moderatzailea eta idazkari jaunak.

Euskaltzainburuak agurrezko hitzez ireki du batzarrea, esanez, lehen aldiz ematen deia Euskaltzaindiko batzarrea irratiz eta gogoraraziz oraintsu errege Juan Carlosek egindako nortasun onhartzea. Eta, lau Diputazioetako ordezkariei esker ona erakutsi ondoren irrati-entzuleak agurtzen ditu.

Jose Maria Ayestaran Gipuzkoako diputatu jaunak, Julio Iturralde Nafarroako diputatu jaunaren agurrezko hitzak irakurri dituzte, eta ondoren Anjel Ibañez de Opakua Arabako diputatu jaunaren ordez M. Ruiz Urrestarazu jaunak irakurri du arabarren agurra.

Haritschelhar jaunaren etorri ezina agertu du Jose Maria Satrustegi euskaltzain jaunak, batzarre hontarako moderatzaile izendatua denez. Era berean beste euskaltzain batzuren etorri ezina agertu du, eta ondorengo hizlariak aurkezten ditu, beren sarrera hitzaldia eginen duten euskaltzain laguntzaile berriak: J. M. Iriondo Loiolako Herri Irratiko speaker, Gexan Alfaro "Lantziri" ifarraldeko kazetaria, Mikel Atxaga kazetari eta Zeruko Argia-ko zuzendaritzakoa, Joan Mari Torrealday Anaitasuna aldizkariaren zuzendaria eta Xabier Aranburu "La Voz de España"ko kazetaria eta Donostiako Asociación de la Prensa-ko burua, bostak 1975eko ekaineko batzarrean izendatuak.

Jose Maria Iriondok irakurri du bere txostena, "Irratigintza eta euskara", euskara irratian noiztik eta zer mailatan erabilia izan den adierazten du. Nekazaritzaz pentsatzen hasi zen lan hura orain kaleko zabalkundeetara gehiago begiratuaz datorrela.

Gexan Alfaro (Gexan Lantziri) mugazandiko berriak emanez datorkigu, "Euskara Ipar euskal Herriko irratian", zer mailatan erabiltzen den euskara Baionako irratian eta zelako eragozpenak aurkitzen dituzten adiarazten du.

Mikel Atxagaren txostena "Komunikabideen beharra" agertzea izan da, aintzinakoetatik hasiaz kazetaritzaren historiara eta hemendik gaurko egunak arte ekarri duen bidea, honen beharra eta euskarazkoaren zabalkundea haztearen neurria euskara beraren beharra gehitzen dela.

Joan Mari Torrealdayk "Euskal komunikabideak gaur eta bihar" gaiaz, kulturatzearen aurrerapenak euskal aldizkariei eman dien eragina eta gure astekariak nola behartu diren erdarazkoak bezain onak izatera, baina kazetaritza profesionalizatu beharra agertzen du eta irratiz eta telebistaz lan gehiago egin beharra.

Azkenik, Xabier Aranburuk, "Euskara, erdal egunkarietan" gaizko txostenaz, lehen partean izan zituen eragozpenen historia egiten du, euskarazko lanak argitaratzen dituen egunkarien izenak eta horien noiztikakoa markatzen ditu, eta Euskal herriko 215 tituludun kazetarietatik hamar bakarrik direla euskara dakitenak. Baita ere, aztertzen ditu erdal egunkarietan erabiltzen diren gaiak, euskaraz, eta kazetaritzaren berri ematetik baino hurbilago daudela literaturgintzatik.

J. M. Satrustegi jaunak, zenbait oharren artean, hartu diren agurren berri ematen du eta mugazandik gaur bertan Madaleine Jauregiberry euskaltzain ohorezko andereari egiten dioten omenaldia aipatzen du.

Idazkariak goizean euskaltzain osoak eta aditz batuaren batzordekoak egin duten bileraren berri eman du: Zaldibarko udaletxeari eskerrak ematea, Bitor Garitaonandiaren omenaldi antolaketarako eman ziguten laguntzagatik; Nafarroan Euskaltzaindiaren ordezkaritza sortzeaz, Principe de Viana mintegiaren inguruan eta J. M. Satrustegi euskaltzain jauna buru delarik; bestalde, aditz sintetikoaren zenbait puntu aztertu direla, batzorde idazkari den P. Altuna jaunak bildu dituen adierazpenen araueraz.

Idazkari-ordezkoak irakasle titulurako egongo diren examinen berri, eta Gasteizen Odon de Apraiz euskaltzain ohorezkoari egingo zaion omenaldiaren aipamena.

Jose Maria Olaizola, Gipuzkoako diputatu eta diputazioko kultur saileko buru denak hitz egin du, duela denbora guti Madrileko Ateneoan euskarazko hitzaldi batera nola joan zen eta teknika hiztegiari buruzko gaidun hitzaldi hartatik argi ikusten zela euskara ez dela baserritarrena bakarrik eta gazte kementsurik eta jakitunik ba dela euskararen indarberritzeko lanetan. Eta bere aita Jose zenaren olerki bat irakurriaz bukatzen du.

Azkenik, bukatzeko, Xabier Diharce "Iratzeder" jaunak mugazandiko euskaldunen agurra eta J. M. Satrustegi eta L. Villasante jaunek Donostia eta Loiolako Herri Irratikoei eta "24 orduak euskaraz" antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak emanez bukatzen da.

J. San Martin


Euskal Herrian. Dossier Anaitasuna. 24 orduak euskaraz

Jaialdia

"24 orduak euskaraz", Herri-Irratikoek beren buruekin egindako dema bat izan da, baina, jendaurrean eta jendartean desarroilatu den dema bat. Beren herrian bazterturik dauden irratilariek, plazaratzeko ausartzia izan dute, totelkeriarik gabe eta bide batez esku eman die beste hainbat ilunpetako langile isilei beren ahotsa plazara zezaten. Eta zer hizkeran agertu ere! Orobat garturik egun horretan jendeak erabili duen euskara adierazgarria izan da, desbirgatutako hizkuntza bat, bere baitan kabi ezinez lehertutakoarena; nahiz eta oraindik oinazez, ausarta eta konplexurik gabea, naharoa.

Hau argi eta garbi nabaritu zen, bai azalez nola mamiz, irratsaiok beren mementurik dramatiko eta sujerenteenetako batera heldu zirenean 2,30tan: Martzianoak azaldu zirenean Saturnoko berriak ematen.

Egun guztian zehar beren ahotsa airez igorri zutenek eta hitz hori jasotakoek elkar ikustekoak ziren, beharra zuten eta gaueko jaialdian, soinu eta dantza atxakia zelarik, elkarrengana bildu ziren egun guztian bildutako zama elkarri adierazteko.

Jendea belodromora hurbiltzen zelarik jaialdiak bere sareetan gartzen zuen, ordurako han bait zebiltzen Iturengo Ttuntturroak biltokiaren inguruneak berenganatzen. Jendea sartu ahala biribilean esertzen zen, batak bestea aurrean zuelarik eta biribilaren zati bati loturik, kantari eta dantzarien agertokia. Lehen mordoska bildu bezain laster jendea kantari hasi zen. Belodromoa erdi bete zenean ttuntturroak agertu ziren lurpeko sarreratik eta pistari jarraikiz, jendea inguratuz eta jendez inguraturik, egundainoko orro eta marru lagun, hamaika itzuli eman zituzten etorri ziren bezala lurpean ezkutatu ziren arte.

Kantariak ekin zitzaizkion ondoren. Hauen emankizuna ez zen bestetan bezalakoa izan, bakoitzak saio labur bat eginez, giroari erabat loturik beren kantuak, ohi ez bezalako erantzun zuzenak jasorik... Bestalde, kantariek eta musikalariek ez zuten ohizko protagonismorik; jendea ere ez zen betiko pasibotasunean egon edoeta kantariak agintzean, beroni koro eginaz, partehartze enganiagarri batean sartu. Jendeak berak aukeratzen zuen noiz eta zer kanta, nori argia biztu bere barruko su pindarren adierazpen bailiren, nori kantuz lagundu eta nori kontrakantua egin beste kantu batez. Esan diteke, nolaerebait, kantarien egitekoa jaialdiaren dinamikari eustea zela, behin eta berriz kanta eta musikaren bidez jendeari beste hainbat bide sumaraziz.

Herri-Irratikoen desafioa hor dago. Berriz ez da horrelakorik egingo. Desafioak ez du berriroko konturik onhartzen. Hortik gora. Erdal egunkarien isiltasunak biziki ozenagotu du desafio honen oihartzuna. Ezin zezaketen besterik egin. Nola bada aipa beren suntsiera iragartzen duen deia?

ja arze


Euskal Herrian. Dossier Anaitasuna. 24 orduak euskaraz

"24 orduak euskaraz"

Irratsaioa euskaldun guztiontzat pentsatua izan zen, zalantzarik gabe. Baina euskaldun guztiek ez dute modu berean egun hau bizi ahal izan. LANGILE EUSKALTZALE honen artikuluak bi arazo plazaratzen ditu. Bat, laneguna zela askorentzat larunbat goiza, eta horregatik euskal kulturarekiko ikuspegi zenbait jarraitzerik ez dutela langile askok izan. Eta horrekin, lanaren eta kulturaren arteko eguneroko harremanak. Eta bi, euskaraz egiten duen irratiaren hedadura eskasa eta batasunik eza. Eta honekin, irratien gaurko egitura gau iraunerazteko dauden politik interesak.

Kaleko langile euskaltzale baten "24 orduak euskaraz"

Hiruzpalau lerro egun horri buruz idazteko eskatu didatenez, ohiturarik ez badut ere, 24 orduok nola bizi izan nituen agertu nahi nuke.

Egia da nere lan-inguruan batzuk ez zekitela holakorik ba zenik ere. Hala ere ni noiz hasiko zain nengoen. Baina 26 gauean, irratiari josita egon arren, Herri Irrati hori hartzerik ez nuen izan. 27an ere askotan ahotsa urrundu egiten zela konturatu nintzen gero. Zergatik ote? Eguratsaren gorabeherak ote? Dena dela, Donostiatik eta Loiolatik hain gertu bizi naizelarik ere, Tolosan euskaraz gehien egiten duen irrati hau hartzeko hain gaizki ibiltzeko eskubiderik ez dago.

27an, jaiki nintzenerako, irratia jarri nuen. Pilot anderearen entrebista zen. Gero kazetaritzaren mahain-ingurua zetorren. Ba nuen hori entzuteko gogorik, baina lanera joan behar nuen! Torrealday sarrera egiten ari zela alde egin behar izan nuen. Profesionalizatzearen beharra azpimarkatu zuen. Elkarrizketan, Amatiño, euskal kazetaritzaren egoeraz, pesimistegi agertu zela esan zidan, bueltakoan, ahizpak.

Eguerdian, lanetik korrika batetan itzuli nintzen. Kronika bat edo beste entzun nuen. Asentsiok Tolosako bilaraz egindakoa dut gogoan, nola ikastolen arazoa eta gerorako dugun leku falta aipatu zituen.

Eguerdiko "plato fuerte" Euskaltzaindiaren bilera zen. Lehenengo aldiz entzuten dut Euskaltzaindiaren bilera bat. Hau ere komunikabideez zen. Euskara irratian, euskal errebistetan eta erdal egunerokoetan nola zegoen ongi erakutsi ziguten. Zein baino zein interesanteagoak!

Irakaskuntzaren mahain ingurua bukatu bezin laster atera ginen Donostia aldera. Jaialdira joateko asmoz. Zortziretarako Donostiako Velodromoan geunden, eta ordurako hirutik bat beterik zegoen. Gero, leporaino bete zen dena, eta jende asko, ezin sartuz, kanpoan gelditu zen. Ikusten zenez, hasi aurretik, bost ordu egon behar hura patxaraz hartu zuen jendeak, bokadillo eta guzti joan baitziren. Jende gaztea zen gehiena.

Jendea oso animatuta zegoen, kantari. Giro beroa. Giroa goraka joan zen, geroz eta gehiago. Gorakada horrek Pantxo eta Peilo abeslariekin hartu zuen indar handiena. Txaloak eta Euskal Herriaren aldeko oihuak ugari. Abesti ezaguna zenean, jendeak ere kantariarekin abestu egiten zuen, ezin ixilik egon ba; esate baterako, Laboaren "Hegoak ebaki banizkio" denok abestu genuen. Benetan hotzikaraz egotekoa zen.


Euskal Herrian

Hezkuntza

Gipuzkoako herriari Filosofia eta Letretako ikasleen asanbladak sarrera

"E. U. T. G. es un centro docente de carácter universitario para la formación humana y cristiana del profesional, la investigación científica y la difusión cultural y elevación del nivel social, económico y moral, al servicio de la sociedad y de la iglesia" (Boletin Informativo de los E. U. T. G., curso 74-75).

Otsailaren 26an Geografia eta Historiako ikasleok 2. zikloa ezartzeari buruzko informazioa eskatu genion fakultateko Dekanoari. Erantzun gisa, Deustuko Gobernu Batzordearen ezezkoa eman zitzaigun. Estatutuek, Deustuko Gobernu Batzordean, E. U. T. G. ko Filosofia eta Letretako Dekanoaren presentzia akonsejatzen badute ere, ezezkoa ematerakoan gure Dekanoa ez zuten bilerara deitu.

Bigarren zikloari ezezkoa emateko azaldu zituzten arrazoiak hauk izan ziren:

1) Politika Unibertsitarioa: Jesuiten ikastetxeen zentralizatzea ala deszentralizatzea, apirilean erabakiko dela, Manresan egiteko duten bilera batetan.

2) Arrazoi akademikoak: Irakasleen titulazio eskasa eta instalazioen (biblioteka, etab.) desegokitasuna. Arrazoi hau E. U. T. G. ko irakasleen Klaustroak Deustura bidalitako agiri batetan, argi gainditua gelditzen da. Bestalde, liburutegi osoago baten beharra aitortzen da.

E. U. T. G. ko F. eta L.ko ikasleen jokaera

Bigarren zikloa ez ezartzearen berri hartu ondoren, erabaki honek dakartzan ondorioak, ez E. U. T. G. ko ikasleen mailan bakarrik, baizik eta Gipuzkoako kultura eta gizarte mailan ere, aztertzea beharrezkoa dela ikusi dugu.

E. U. T. G. ko Gobernu Batzordea lan diplomatikoa egiten ari da, Deustuk, hartutako erabakia alda dezan. Ikasleak asanbladan, geldialdi intermitenteak egitea erabaki genuen, arazoaren sustraietan sakontzeko eta Gipuzkoako herria kezkatzearren, informazio kanpaina bat aurrera eramateko.

Uste dugu, gaur egun, Gipuzkoako herria, ekonomi eta sozial alorretatik ezin berezi den kultur bilakaeraren beharra planteatzen eta bereganatzen ari dela. Historiaren ikastea funtsezkoa iruditzen zaigu kultura alorrean. Eta ikasle garenez, alor hau egungo metodologiaz, eta bertako historiagileen bidez ez dela sakondua izan aitortzen dugu. Bigarren zikloa ez ezartzeak, ikerketa zientifikoa, benetako fruituak lortzen dituen bakarra, oztopo haundi baten aurrean jarriko luke sozial eta kultural mailan lekarzkeen ondorioekin.

Era berean, argi dago humanista ikasketak emanen lituzkeen zentruaren behar gorria. Eta ikasketa humanistikoen bilakaeraren eta probintziaren kultur mailaren egoeraren artean dagoen harreman herstua kontutan harturik E. U. T. G. ren helburuetarik bat bezala ezarria (sarreran aipaturiko textua, hain zuzen), uste dugu Deustuko Gobernu Batzordeak hartutako erabakia, Gipuzkoako harriaren nahiak kolpatzen dituela.

Nahi hauk guztiok, Euskal Unibertsitatearen eskaeran gorpuztu dira.

Beste zenbait ondorio:

a) C. O. U. tik heldu diren ikasleen matrikulak gutxitu eginen lirateke, E. U. T. G. en karrera osoa ezin eginagatik. Beherapen honek E. U. T. G. ko Filosofia-Letretako sailaren itzaltzea erakarriko luke.

b) Filosofia-Letretan ikasi nahi luketen ikasleen sakabanatzea Espainiako Unibertsitateetan barne.

d) Gipuzkoako zenbait giza mailatako ikasleei estudiatzeko ahalmenak gutxitzean, beste unibertsitateetara ezin joanik geldituko lirateke. Posibilitateen gutxitze hau haundiagoa izanen litzateke, bere ikasketak lan eginez ordaintzen dituenarentzat. "E. U. T. G. ofrece especiales facilidades a quienes, estando en condiciones de cursar la carrera de Filosofía y Letras deseen hacerla compatible con su trabajo, ya que además de clases ordinarias, esta sección tiene establecidos cursos nocturnos que se desarrollan a diario de las 18,15 a las 21,45 horas (Folleto de divulgación).

e) Diplomatu titulua emanen balitzaigu ere, honen balio praktikoa zalantzan legoke. Honela lehenengo zikloari, bere balioa kentzen zaio, bigarren zikloak osatzen ez badu. Horretaz beste ikasleen etor jarioa mehetuz joanen litzateke.

f) Geure herrian, bertako eta hemen hazitako irakasleen beharra, B. U. P. eta C. O. U. ko irakaskuntzarako, egunetik egunera haundia egiten ari zaigu.

Konkretuki Geografia eta Historiako gauregun matrikulaturik gaudenoi, bigarren zikloa ezarriko zutela hitz eman ziguten. Ezezkoaren aurrean bi aukera ditugu.

a) Deustura joatea fakultate pribatu batetan sartzea izanen litzateke. Estatu unibertsitatean ikasteak erakartzen duen diru premiagatik unibertsitate pribatuan ordain du behar den diru mordo berbera eskatzen digu.

b) Deustu ez beste unibertsitate batetan sartzea zaila izanen litzaiguke zenbat sareskaera dituzten jakinik, saretsamina bat izanen genuelakoa gaude. Matrikulatzea ez litzateke ziurra izanen.

Egungo Geografia eta Historia ikasten dugunen artean galdera zerrenda bat egin eta datu hauk lortu ditugu: % 100ek 2. zikloa eskatzen dugu.

% 72,6ek Historia Moderna y Contemporánea.

% 13,4ek Artearen historia.

% 8,8ek Geografia.

% 3,2ek Espainia eta Ameriketako historia.

Esandako guztiaren ondorio bezala, uste dugu Deustuk E. U. T. G. rekin eta Gipuzkoako herriarekin hartu zuen konpromezu morala oso serioa dela probintziarekiko, bere kulturarekiko eta bere historiarekiko.

Gauza hauk guztiok aurrean ditugularik arazo hau guztioi axola zaigula deritzogu eta horregatik hau eskatzen dugu: Gipuzkoako herriak bere eritzia toki guztietan ager dezala eta bere jokabidea Deustuko Gobernu Batzordea delakoan idatz, eskutitz eta beste edozein bidez azal diezaiola.

MUNDAIZEN. E. U. T. G. F. eta L. etako IKASLE ASANBLADAK.

DONOSTIAN, 1976. Martxoaren 18an.


Euskal Herrian

Hezkuntza. Euskararen irakasleak ikastolan

Ikastolaren hasieran eta ondorengo urteetan, irakasle taldea osotzen zuten andereño eta maisu guztien eta bakoitzaren eginkizuna zen euskara irakastea.

Urteak iragan ahala, ikastolak hazi eta EGB-ko haro eta maila desberdinak besarkatuz joan direlarik, irakaslegoa ere ugalduz eta mardulduz joan da; eta gaurregun aski erraza da hamabost-hogei eta gehiagoko irakasle taldeak ikastoletan aurkitzea. Ikasturteak aurrera doazen neurrian, gero eta zailago gertatzen zaio irakasle bakarrari gai desberdin guztiak behar bezala menperatzea eta ikasleei egokiro ematea. Bestalde, ba dira irakasleen desberdinkatzea eta bereiztea eskatzen duten pedagogiazko arrazoiak ere. Horrela, bada, matematika, natur zientziak, ingelesa e. a. emateko orduan, eta EGB-ko bigarren haroan batik bat, irakasle apropos batzu ari izaten dira ikastola handietan.

Euskara aldetik ere, beronen irakaskuntz ardura guztien sorbalda gainetan berdinkiro ezartzea gero eta nekezagoa ikusten delarik, "euskararen teknikari" gisako batzu sortuz joan dira zenbait ikastola handitan. Hala ere, teknikari hauen egitekoa, hizkuntz irakasle berezituarena baino besteen laguntzailearena, textu eta material prestatzaile eta antolatzailearena areago izan ohi da.

Gauzak honetan daudelarik, programakuntza mailakatu baten arauera, euskara urtez urte sistematikoki ematearen premia gero eta bizikiago nabari denez gero, maila eta haro desberdin bakoitzean zehar, euskara profesionalki emateko irakasle berezilari batzuren orduak jadanik jo ez ote duen galdetzen hasiak gara.

Euskara —eta literatura bere garaian— soilik irakatsiko lukeen irakasle hau bizpahiru mailatan euskara sistematikoki lantzeaz arduratuko litzateke. Horretara, ikastola bakoitzak bere ahalbide eta programakuntza orokorraren arauera aukeratuko lituzkeen bospasei pertsona horik euskaraz eta beronen metodologiaz eta didaktikaz ongi jabeturik egotea edoeta jabetzeko bidea ipintzea aski erraza litzateke. Bestalde, berriz, urtez-urteko esperientziaz hornitu ahala, maila desberdinen arteko lotura eta programakuntza askoz hobeki gordeko lukete eta material egoki bat metatzeko eta sortzeko ere gai izan litezke.

Eta gainerako irakasleek zer? Euskararen buruko mina taldetxo honek soilik jasan baleza, ez ote litzake loak har? Ez, inola ere ez. Bospasei irakasle berezilari hauek euskararen irakaskuntza sistematikoaren zama beren gain hartzeak beste irakasleen euskal maila eta kezkari ez lioke ezertxo ere kendu behar. Irakasle —eta eragile— berezilariok, nork bere mailan gainerako irakasleen euskara koordinatzen, epekako helburuen berri besteei ematen, hiztegi arazoak konpontzen eta bateratzen, guztien lana hizkuntza aldetik globalizatzen ahalegindu beharko lukete. Euskara, irakasle guztien lan tresna izango litzateke, eta ahalik eta zorrotzena, gainera, baina berezilariok izango lirateke lan tresna hori haurrengan espreski eta zuzenean landuko luketenak eta guztien arteko ahalegina komunztatzen arituko liratekeenak. Jakina, guzti honek talde lan hestu eta sarria eskatzen du.

Beste alderdi batetatik begiraturik ere, ba du abantailik lan banakuntza honek. Ikastola bakoitzeko euskararen abiadak eta aurrerabideak sor litzakeen premiei erantzuteko ematen duen zalutasun eta arintasunaz gainera, ikastola desberdinen artean arazo horik berorik lantzeko, esperientziak trukatzeko eta beste zernahitarako ere ahalbide zabal eta aberatsak, eskaintzen ditu. Bai eta lan bilera mugatuak, ikastaldi bereziak e. a. antolatzeko ere. Hitz batez esateko, profesionalki arituko liratekeenez gero, profesional mailan ikastolako euskarari erantzun egokia emateko gai izango lirateke eta etengabe beren buruak gaitzen ihardungo lukete. Eta azkenik, diodan hau ere: zenbait herritan, euskara ikasteko jendeak ageri duen egarri eta sugar horri erantzuteko ere, ikastolako irakasleez aparte, behar adina prestatutakorik ez legokeen tokietan, ikastolako euskararen irakasle berezilariok izan litezke horretarako aproposenak. Ikastola, bere ingurua euskalduntzeko duen erantzukizunaz sakon jabeturik baldin badago, duda-muda eta akiakularik gabe saiatu behar du, aldamenean dituen beste erakundeetatiko eskabideei erantzuten, bere irakasle gaituok eskaintzen eta plangintza orokor baten barruan ikastolaren eragina hedatzen. Inori mesede egiten diolakoan ez baina, ikastolaren ingurunea euskalduntzen ahaleginduz, bere buruari indar ematen ari delako baizik.

X. Mendiguren


Euskal Herrian

Politika. Gasteiz

Burrukaren irakaspenak

Gasteizko grebariak lantegiratuak ditugu berriki. Baina ez beza inork pentsa, burruka hemen amaitu denik eta are guttiago konpondu denik. Langileriaren burrukak gogor irauten du lantegi barneetan. Grebarien eta "eskirolen" arteko harremanak jasan ezinak bilakatu dira, eta lantegiek justu justuan dihardute lanean. Negoziazioak geldirik daude oraingoz. (Hurrengo artikulu batetan emango dugu honen berri.) Oraingo honetan, Gasteizko greba luzeak eskaintzen dizkigun burruka bideez arituko gara, bide hauek posibletu baitute greba horren iraupena eta arrakasta; eta langilegoarentzat interesgarriak direlakoan ematen ditugu.

1976.eko martxoaren hausterre eguna, euskal langileon buru-bihotzetan suz eta amorruz irarririk geldituko da. Gogoan ditugu Martinez Ocio, Aznar Clemente, Barroso Chaparro eta Castillo Garciaren izenak, Gasteizko kaleetan balaz josiriko langile gazteon izenak.

Baina egun hori ezin dugu bereizi, Gasteizko langileriak urtarrilaren 9tik zeraman burrukaren prozesutik. Prozesu horren barnean aztertu eta ulertu behar da egun gogoangarri hori. Bi hilabete luze horietan, esperantzaz eta etsipenez, baina beti ere urratsak segurtasunez emanez, Gasteizko langileriak zenbait burruka bide asmatu ditu eta gorputz eman ere egin die bideoi.

Asanbladak

Greba luze honen benetako protagonista bakarra eta funtsezkoena herri osoa izan dela aitortzen dute langileek berek gaur egun: "Asanbladei esker iraun dugu", "asanbladarik izan ez balitz...", "lanera ere, asanbladak ukatu dizkigutelako eta ukatu dizkigutenean itzuli gara itzuli ere". Zertan datza, bada, asanbladon garrantzi eta eginkizuna? Asanbladok, nire ustez, hiru gauza batez ere izan dira:

- Batasunerako deia eta eragina.

- Erabaki guztien iturria eta azken hitza.

- Langile burrukalarien erakunde errepresentatibo bakarra.

Asanbladok Gasteizko langileontzat eta herri osoarentzat izugarrizko demokrazi esperientzia suposatu dute. Langileriarentzat benetako demokrazi eskola gertatu dira. Eta asanbladoi esker lortu dugu burruka kaleratzea ere, eta, bide batez, herri osoaren solidaritatea lortzea. Asanbladak lantegietan, elizetan, eskoletan eta hauzoetan, eta langileek, estudianteek, etxekoandreek, salerosleek eta hauzokideek parte hartuz.

Negoziatze batzordeak

Asanbladan aukeratuak. Hauxe dugu, greba zuzendu eta zentralizatu duen erakundea.

Negoziatze eginkizun honetan zehar, mailaz maila zenbait pauso eman behar izan dute, burrukaren bideak eskatzen zuen heinean: burruka hedatzea, koordinatzea, autodefentsa, burruka bideak proposatzea etab.

Hasera batetan lantegi bakoitzean aukeratuak izanki, sindikal ordezkarien sustitutu izan dira. Baina gerora, Batzorde horietan, burrukarako prest dauden beste herri sektoreen ordezkariak ere onhartzen dituzte (estudianteak, hauzo ordezkariak, etab...), eta bide horretan grebaren egiazko batzorde bilakatzen da.

Herri sektoreen solidaritatea

Herriaren erantzun hau era askotarikoa eta garrantzi handikoa izan da (herri erantzun hau gabe, ezin zitekeen pentsatu ere egin Gasteizko burrukaren arrakasta): era guztietako asanbladetan eta manifestazioetan parte hartuz, grebarientzat dirua biltzeko batzordeak antolatuz, taberna eta komertzioek beren ateak hitxiz, etab. Estimagaitza da benetan herri sektoreon laguntza eta bultzada.

Burrukaren kaleratzea

Gasteizko langileen burruka gogorrak guztiz beharrezko zuen kale mailaraino iristea. Entrepresarien egoskorkeria hausteko, ez zen aski langileon batasuna. Entrepresariei aurpegira bota behar zitzaien, Gasteizko greba luze eta zentzugabeak, bere ondorio kalkulagaitzekin, errudun bakar bat zuela: Entrepresarion Kontseilua, bere egoskorkeria. Eta hau, burruka kaleratuz, herri osoak manifestazioetan eta burruka egunetan parte hartuz lortu genuen. Nola ahantz martxoaren 3tik 8ra bitarteko egunak?

Euskadiren erantzuna

Martxoaren 3ko egun beltzak ondorengo egunetan Euskadi mailan lortu duen erantzuna guztiz aparta izan denik nork uka? Arrakasta bikaina, bikainik bada! Urtarrilaren 9an Forjas lantegikoak kaleratu zirenean, beharbada ez zuen inork uste, haien burruka "ekonomikoak" horrelako amaia izango zuenik.

Dudarik gabe, hau dukegu, Euskal Herriko langileriak orain arte eman duen erantzunik bateratu eta jatorrena. Euskal langileria bide onetik abiatu zaigu, eta hortik segituko duelakoan nago. Hala bedi!

JUANJO URANGA

Gasteiz, apirilak 3, 1976


Euskal Herrian

Ipar Aldea

Martxoaren 8an, Kontseilu Jeneralerako Hauteskundeen lehen itzulia egina izan da

Martxoaren 8an, Ipar Euskal Herriko hamar bat kantonamendutan egin dira kontseilari jeneralen hautatzeko bozketen lehen itzulia. 45 kontseilarigai presentatzen ziren. Jadanik, lehen itzuli hontan, 5 hautetsiak izan dira:

Angelun: Mendiboure (Erdikoa. Euskal departamenduaren kontrakoa).

Ezpeletan: Labéguerie (Erdikoa. Euskal departamenduaren kontrakoa).

Maulen: Goux (Erdikoa. Euskal departamenduaren kontrakoa).

Donapaleun: Dubosq (UDR. Euskal departamenduaren kontrakoa).

Baigorrin: Dermit (UDR. Ez Euskal departamenduaren kontrakoa, baina ez biziki aldekoa ere).

Martxoaren 1 5ean, beste itzuli bat eginen da, Miarritzen (Borotra eta Destrade); Hendaian (Poulou, Beloqui, Pery), Donibane Lohitzunen (Ithurralde, Poletti), Uztaritzen (Lastrade, Luberriaga), Bidaxunen (Lasserre, Baraton).

Bozketa horien ondotik, ateratzen ahal den irakaspena ez da bihotz altxagarria bihotza euskaldun eta ezkerrean dutenentzat. Euskaldunek berriz ere, jaunskilen alde eman dute boza. Irudiz, euskal departamenduaren alde edo kontra izateak ez du gauza handirik aldarazi. Lehengoak berriz hautatuak izan dira; lehenean ez bada, bigarren itzulian izanen baitira. Aldakuntza bakarra: Dermit (Intchausperen idazkaria) Baigorrin, bere kargua utzi duen Etxeberri Aintxart-en ordez. Marc Legasse-k Hendaiako kantonamenduan, 313 boz bildu ditu, hots % 3,5.

EHASek, kontseilari gairik ez zuen presentatu.

"Lauburu" Batasunaren biltzarre nagusia

"LAUBURU" Batasuna ez da biziki ezaguna. Haren saila, egia erran, oso berezia da: euskal hilharrien begiramendua, eta bereziki "harri-gizonena".

Aspaldi honetan, ebasketa anitz egin izan da, ipar aldeko herrisketako hilherrietan. Halabaina, euskal harri gizon zaharrak oso ondo saltzen omen dira Parisen eta urrunagoko bazterretan. Orain arte, inork ez baitzituen zaintzen, ez zen neke haien hartzea, eta zenbaitek sakelen ondo bete diru bildu ahal ukan du horrela.

Duela hiruzpalau urte ordea, bi gaztek Mikel Ouvert eta Jean Etxeberri-Aintxart, gauzak zeuden bezala egoten ahal ez zirela pentsaturik, zerbaiten egiteko xedea hartu zuten. "LAUBURU" izeneko Batasuna eratu zuten orduan, eta lanean hasi ziren.

Haien lanaren lehen fruituak agertzen hasiak dira eta Otsailaren azken honetan, Batasunaren Biltzarre nagusia egin baitute, alferrikako lana izan ez dela erakustera eman ahal ukan dute. Herri guztietako alkate eta erretorak jakinean jarriak izan dira, Herriko aberastasun horien zainketa beren gain hartu behar dutela. Batasuna, bere aldetik, hilherri guzietako harri-gizonen bildumaren egiten hasia da. Sekulako lana da, herriz herri ibili behar baita, harri-gizon bakoitzaren fitxaren egiteko: non, nola, noiztik ezarria den. Haren argazkia. Hautsia bada, haren konponketa. Eta bistan dena langile gutti horretarako.

Bada, inor balego igandeetan enoatzen dena, ba lekike orain denbora zertan eman.

Langabezia

Departamenduan, aurtengo urtarrilean, 11.051 lan-eskaera fitxatu dira, erantzunik gabe gelditu direnak (11.126 abenduan, 9.118 joan den urteko urtarrilean). Irudiz beraz, langabezia ber heinean egoten da.

Etxegintzan hobekitze bat agertzen hasia bada, zapatagintzan gauzak gaizkituz doaz. Donibane Lohitzunen sortua da kinka xarrena: "Soubelet" kontserbategian, 20 langilek kanpoa ukan baitute, eta "Itxasokoa" kontserbategiak, Martxoaren erditik 6 hilabetetarako, hertsi beharko duela erraten ere baita.

Euskal errefugiatu baten autoan emana, bonba ez da lehertzen

Otsailaren 29an, igande goizarekin, 8 orenak hirian, Baionan bizi diren bi euskal errefugiatuk xantza ederrik ukan dute gutik egin baitu ez badira zenbait itsaso-aitzindariren gisara ederki airatu. Halabaina, beren autoan igan eta abiatu orduko arrabots arraro bat entzun dute, aurreko eskuin aldeko txirringari kontra zerbait balego bezala. Giroa ontsa egina baita jadanik, ez dira luzaz egon gogoetaka ea zer deabru izaten ahal zen: paketeño bat, haien jauzterazteko xarmanki moldatua. Gertatu da ordea, orain egon behar luketen goiko Betiri ere greban jarria zatekeela, eta autoaren abiatzeak leherrerazi behar zuena ez dela egin.

Bi errefugiatu horien etxe aitzinean holako zerbait jazo zen lehen ere. Aitzin hartan berriz, bonba lehertu ere lehertu zen, baina inor hil edo grabeki golpatu gabe, jomuga zen errefugiatuaren bi haurrak doi bat zaurituak izan baziren ere.

Nor ari ote den holako jostetan ez da neke asmatzea. Kasu hurrengoan.

Veyrin-en "Les basques" liburua berriz argitaratua

Philippe Veyrin-en "Les Basques" liburu famatua, mugaz honaindiko euskal populuaren parteaz egina izan den liburu hoberenetarik berriz argitaratua izan da. Nahiz aspaldian egina (1943.ean), balio du orain ere haren irakurtzeak, Ipar Euskal Herriko historia, geografia eta folklorea zerbait ezagutu nahi badira. Bostgarren argitarapen honi, Haritschelhar Jaunak idatzi kapitulu berria bat eratxeki izan zaio, gerraz geroztikako aldakuntzen aipatzeko. Beharrik ere, gaur egun, euskal populuaren arazoa ez baita batere gisa berera agertzen ipar aldean.


Iberian zer

Deserdirapena

Itxuraz politik arazoek aldaketa haundia hartu behar dute hurrengo hilabeteetan. Deserdirapenaren nahia aho guztietan dabil, eta eskualdeak indartzeko premia ikustean dute guztiek.

Ideia on batek, projektu on batek, premiek edo nahiek, Cadizekoak edo Santanderkoak, Alikantekoak edo Lugokoak, guztiek Madrilera joan behar dute. Antza denez Madrilen dakite inon baino hobeto arazo guztietako gora-beherak, eta txarrena dena, Madrilen erabaki egiten dute dirua nori eman eta nori ez, nori lagundu eta nori ez, nork du arrazoia eta abar. Madrilen dena dakite.

Egoera hau ez da logikoa zeren eta problemak norberak baino hobeto ez daki inork nola zuzendu. Beste aldetik, Madrilera joan, beti eskatzen ibili, eta askotan hainbeste adierazpen ondoren eskubideak eta eskakizunak lortu gabe ikustea, denbora alferrik galtzeko eta gizona mesprezatzeko ez beste izaten da. Orain gaude sasoi egoki batean Madrileko jabetasun gogorra bizitzaren gai eta mementu guztietatik kentzeko.

Demokraziaren giro berriarekin Estatuaren antolaketa beste era batez moldatu nahi dute, Gobernu eta Boterea Herriarengandik hurbilagoa egon daitezen. Legislatiboa Ganbara bietan ipini, Diputazioak eta Udaletxeak indar eta arazo gehiagoren erantzunkizuna eduki dezaten, oraingo giroan dauden asmoak dira.

Hori guztiori ondo dago, baina egiazko aldaketa lortu nahi badute eta Boterea eta Gobernua Herriarengandik hurbilagoa egon daitezen, deserdirapen fisiko bat lortzea premiazkoa da. Ez bakarrik legeetan eta funtzioetan, geografikoa baizik. Madriletik at atera beharko litzateke hor dauden Organismo eta Consejo gehiegi. Halegia, orain Goiko Ganbara eta Beheko Ganbara atera beharko lukete, bata Salamancan ipintzeko eta bestean Sevillan esate baterako; Tribunal Supremoa Zaragozan eta abar.

Honelako sistema bat erabiltzen dute Estatu batzutan eta ondo pozik daude. Legislatibo eta Judizialak lan egiteko askatasun haundiago edukiko balute aurrerabide interesgarria izango litzakete, eta erditasunik gabe Herri osoaren nahiak, ideiak, premiak eta neurriak hobeto ikusi eta hartu egingo lituzkete.

Ejekutiboa ere hobeto egongo litzakete Ministerioak banaturik egongo balira, eta ez erabakiak hartzeko osoa Madrilen bakarrik egoteaz.

Batzuk esango dute alde guztietatik banatuz gero Ministerioen artean harremanak edukitzea zaila izango litzatekela, eta gainera horrelako harremanak kasu askotan eduki behar direla zeren eta arazo batzutan Ministerio bat baino gehiagoren eritziak kontsultatu behar baitira.

Baina atxakia honek duela hogei urte zuen indar guztia galtzen da oraingo komunikabideekin, telebista, telefonoa, hegazkinak, autopistak etabar. Gainera lau mendetan zehar Ministerio guztiak elkarturik egon dira Madrilen eta haien arteko harremanak eta koordinaketa hain eskasa izanik ezin liteke guttiago egin.

Honelako deserdirapenarekin Madrilen lasaiago geldituko litzake eta probintziak indarturik; eta hauxe da bide bakarra egiazko eta errealitatezko deserdirapen bat lortzeko. Baina hau ez da gauza erraza izango zeren eta oraindik interes asko baitago Madril olagarro lapurtsu baten alde, eta demokrazia eskatzen duen Herriari sasi deserdirapen batekin ea enganiatzen duten dihardute.

G.O.


Iberian zer

Auskalo zer gertatuko den

Espainiako politika egoera kinka larri batetan dago.

Gerraz geroztik politikagintza populuarengandik urrun dago, gerra haren sortzaile eta irabazle izan zirenek ez baitute inoiz boterera beste inor heltzeko aukerarik utzi.

Mendebal Europako jokabidetarik oso aparte beraz, demokrazia formalaren oinharririk gabe.

Batetik baldintza sozioekonomikoengatik eta besterik gerra irabazi zutenen belaunaldia galtzen ari delako —batez ere beren buruzagia zen Franco jenerala hil zelako— posible eta beharrezko ikusten da egitur aldaketa sakon bat.

Oposizioak aldaketa ezezik etena ere nahi du, errejimen zaharraren egitura eta moldeak baztertu eta demokrazi bidez jendeak adieraziko lukeen borondatearen arauerako taiu berriko ibilbideak ipintzea halegia.

Agintariek berek ere demokrazia aldera abiatu nahi dutela diote.

Nolabait esateko, agintean daudenek orain arteko legeetan eta erakundeetan oinharrituz, lege eta erakunde horixek aldatu nahi omen dituzte.

Espainiarren bataz besteko pentsamoldeak, bizimoduak eta are kaleko eskabide ozenek nahi eta nahiezko egiten dute aldaketaren beharra.

Demokraziaren aldeko presioa asko handitu da azken aldi honetan, edo, hobeto esan, hainbeste denboran erremediorik gabe ezkutuan egon behar izan duena ezin da gehiago agertu gabe egon.

 Statu quo politikoaren jabeek hartu duten jokabidea egoera honen aurrean, orain arteko errejimenaren sostengu diren instituzio eta legeak ahalik eta gehien iraun eraztekoa eta egitura ahalik eta gutien aldatzekoa da. Adibide batzu aski izanen dira:

Oraino Espainian alderdi politikoak debekatuta daude, zenbait bilkuraren aurrean agintariek ez ikusia egiten badute ere.

Herbesteratu gehienei itzultzen utziko zaiela esaten da, baina itzultzen badira legezko garantia bat izateko ordez zenbait agintariren hitza besterik ez dute izanen.

Dauden legeak betez gero, gartzelek gainezka bete beharko lukete legea onhartzen ez duen hainbeste batzarre, manifestazio, liburu eta abarrekin.

Aginteak berak ere ez du legea herstuki betetzen.

Batzutan kaleetako manifestazioak asaldurik gabe gertatzen dira eta hurrengoan okasio berdintsutan heriotzeak egon dira. Legeak giza eskubideen babes eta sostengu bezala eman behar lukeen segurantza falta du eta horrek arrisku handiak ditu.

Zerk garantizatzen du aldaketa bat izanen dela? Gobernuan lehen mailan dauden pertsonen biografiek ez behintzat. Errejimen zaharrari oso atxekita egon den jendea baita.

Auskalo zer gertatuko den eta horixe da tristeena, bide batzu finkatuta ez edukitzea, politika indar guztiek normalki parte politikagintzan har dezaten.

ANDONI SAGARNA


Iberian zer

Euskal izenak ofizialki onhartzeko bidean

Martxoaren azken egunetan galego, katalan eta euskarazko pertsona izen guztiak ofizialki onhartzeko legegai bat eratu du Madrileko Gobernuak. Erabaki hori aurrera badoa, hemendik aurrera haurrei gurasoen gustuko izenak ezarri ahal izanen zaizkieke, gaztelaniapeko orain arteko morrontza lotsagarria gehiago jasan gabe. Honez gainera, orain arte toki ofizialetan geure izena gaztelaniaz ipintzera behartuak izan garenok ere, geure hizkuntzaren arauera jartzeko era edukiko dugu hauzitegi eta karnet berrietan.

Izan ere, ba zen horretarako garaia. Makina bat istilu eta haserre ekarri digu galego, katalan eta euskaldunoi gaztelaniaren orain arteko inperialismo eta giza eskubiderik onhartu nahi ez horrek. Poztu egiten gaitu, noski, gauzak horretan aldatzera doazela ikusteak, baina ez beza inork guregandik inolako eskerrik espera horregatik, horrenbeste eta gehiago zor zitzaigun eta. Zuzenki joatekotan, gainera, azken berrogei urteotako bereizkeria lotsagarriagatik barkamena eskatu beharko litzaiguke publikoki.

Baina oraingoa aurrerapauso bat da eta ongi dator. Hala ere, geure hizkuntzaren ofizialtasun osoa lortu arte, bide luzea geratzen zaigu ibiltzeko. Hor daude, beste gauza askoren artean, euskal, galego eta katalanezko deiturak, maiz berena ez duten orthographia eta phonetika batez ezarriak Noiz izanen dira Aranzadi Arantzadi, Echeverría Etxeberria, Sarasola Saratsola eta Querejeta Kerexeta? Noiz ikusiko ditugu geure herrien izenak euskaraz, eta Guernica, Munguía, Ceánuri, Lazcano eta Huarte-ren lekuan Gernika, Mungia, Zeanuri, Lazkao eta Uharte irakurriko? Zer eskubide du gaztelaniak bereak ez dituen izenak bere idazkeraren morrontzapera erabiltzeko? Noizko, kaleak, bideseinaleak telebista, irratia eta administrazio osoa erabat euskaraz?

Zeren horik guztiok lortzen ez ditugun artean, irakaskuntzaz batera, geure eskubideak arlo horietan moztuak edukiko ditugun bigarren mailako hiritar batzu besterik ez baikara izanen.

Xabier Armendaritz


Erlijioaz

Ekialdetik beti argia

Frantziako eta Belgikako familia asko kezkatuta daude. Kristau Elizek, eta juduek berdin, ez dute beren urduritasuna ezkutatzen. Ehundaka eta milaka gazte, neska eta mutil, beren familia, lagunartea utzi eta jainko berri bati eta bere profetari, Moon jaunari, jarraitzen zaizkio. MOON sekta honen sinestunak bi milioi ba omen dira munduan zehar, gehientsuenak Korean eta Ipar Amerikan.

Zer da Moon sekta

Zer da ez baino nor da Moon jauna galdetu behar da. Moon ez da aspaldiko maisu mitifikatu edo jainko bat. Moon bizi da oraindik. Eta sasoirik onenean. 56 urte besterik ez ditu. Ipar Korean jaio zen Sun Myung Moon. 16 urte zituela, Jesus berbera Jainkoaren erresuma hemen lurrean eraikitzeko mezuarekin agertu omen zitzaion.

1951. urtea zen, komunisten menpean hiru urte kontzentrapen zelai batetan igaro ondoren, "Munduko Kristautasunaren Batasunaren Elizari", bere inperioari, halegia, hasera ematen dionean. 1960ean Jainkozko printzipioak liburuan bildu zuen bere doktrina. Geroztikakoa da munduan barrena izan duen arrakasta.

Arrakasta hau ekonomikoa da batez ere. Moon jaunak dela hamabost bat urte sosik ez zeukan. Gaur New York-eko villa zoragarri batean bizi da. Bi yaten, jet baten eta Lincoln blindatu baten jabe da. CIA-ren babesaz gain (irakurleak antzemango dio gizon honengan zergatik duen interesik CIAk), eskolta pertsonala dauka. Korean lau industria kontrolatzen ditu, eta "ginseng" izeneko edari misteriosoa egiten duen laborategia eta harma arin fabrika bat ere bereak ditu. 11 miloi dolarren ondasunak gaur ba omen ditu. Eta gainera ba du, lau bider dibortziatu ondoren, 1960.ean 18 urtetako ikasle zela ezkondu zuen emazte lirain bat. Baina arrakasta ekonomikoak ba du zerikusirik erlijioazkoarekin. Milaka jende gizon honen argazkiaren aurrean otoizka belaunikatzen da.

Doktrina xelebre bat

Moon-ek, Adam eta Kristoren parean, kategoria berdinean, ipintzen du bere burua. Jesus gure salbatzailea da. Izpiritualki garaile atera zen; baina honetako erresuma bat jasotzeko gauza ez zen izan. Bere ezin hori ezkondu eta sendi bat sortu nahi izan ez zuelako eta inperio baten buru, Israeleko benetako erresumaren buru, jarri ez zelako da.

Eta Jesusek kale egin zuen eginkizun hau betetzera, Jainkoaren erresuma hemen lurrean eraikitzera, hain zuzen, bidali du Jainkoak Moon jauna. Ez dakit asmatuko duen, Jesusen buruan eskarmentaturik edo, ez dago behintzat andrerik gabe eta defentsa harmaturik gabe bizitzeko egina.

Doktrina manikeista da. Ongia eta Gaitza hor nagusi dabiltza. Indar onak gaiztoen kontra daude. Jainkoa Satanen aurka. Satan, berriz, marxismoa eta komunismoa da. Eta Moon da Satanen gatibutasunetik mundua askatuko duen Kristo berria. Mesias boteretsua, "Salomon baino jakintsuagoa", "Jesus bera baino bihotzberagoa".

Erreinu honek "sinesmenaren lurraldean", Hego Korean, ditu bere erroak, bere izpirituzko indarrak. Ipar Amerikan ere beso eta indar materialak. Bion artean mundua garaituko dute. Honez gero aspaldi garaile behar zuen Erreinu honek, "1954.ean Mac Arthur jeneralak Hego Koreako mugan bildurik zeuden 600.000 txinatar soldadoen gain bonba atomiko batzu bota balitu".

Ipar Koreak Hego aldera abiatu nahi badu, gurutzada bat antolatuko du Moon-ek. Marxismo eta komunismoarekiko amorru hau bera dio Islam-ari ere.

Jarraitzaile zintzoak

Moonen jarraitzaileak gazteak eta ikasleak dira batik bat. Baina ez guztiak. Lanik gabe edo arazo gordin batean larri aurkitzen diren gizon emakumeen artean ere erreklutatzen dute.

Nola erakartzen dituzten? Sistima zaharra da. Antzeko sektek bezalatsu, kalean edo etxean inguratzen zaitue. "Mundua gaizki doa", "bakea behar da", "Jainkoagan sinesten duzu?", "zatoz gurekin", etab. entzun ondoren, nolabait bilera batetara eraman eraziko zaitue. Zure jakinminak bultzatuko zaitu. Han kanta eta konferentzia sutsu artean, lagunarte gozoa, eta bakearen eta Jainkoaren alde lanean ari diren adiskide leialak topatzen dituzu.

Elkarte egun batzu, adiskide jator horiekin bizitzeko erabakia hartzen baduzu, urrats handi bat emango duzu. Jangartzuz, lo faltaz, ito beharreko lanez, eta etengabeko hizketaz, eta hori bai beti giro goxo batetan, ideia bakar bat sartuko dizute kaskoan. Orain arteko iraultzek, erlijioek, eta gaurko zientziek porrot egin dute. Moon da Maisu berria, paregabea. Bere mitoa erabiliko dizute gau eta egun. Ez dute pentsatzerik nahi, ez bakarka ez taldeka. Kontrako baduzu? ez da deus esan behar. Sinets ezazu. Egun batean konprenituko duzu. Lau sinplekeri horik eta ahogozatzen duzun famili giro bigun horrek sare hestu bat josten dute zure adimenean eta nahimenean. Eta pixkanaka guztien senide sentitzen zara. Moon da denon aita eta bere emaztea, ama. "Gure Aita" esaten duzunean ez dakizu Jainkoari edo Mooni errezatzen diozun..

Aste guttiren buruan, pentsaeraz eta izaeraz aldaturik gelditzen da bat. Drogaturik bezala sentitzen dituztela beren buruak diote esperientzia hori bizi dutenek. Problema guztiak elkarteak konpondu dizkio. Lan arazoa, diru ardura. Sexo ardura ere bai. Neska mutilek ez dute lehengo maitasun egarririk. Eta hori aparte lo egiten dutelarik. Moonek sexoan satanen bat gordetzen ote den edo uste du. Eta ez dirudi munduaren salbatzaile berriak berak ere deabrutxo honekiko kontuak garbitu dituenik. Alproja horrek bost bider ezkondu erazi du, eta ziri gaiztoagorik ere sartu izan dio: besteren emaztearekin zebilelako, beste arrazoi batzuren artean; komunistek kontzentrapen zelaira sartu zutenean bezala.

Eta liluratutako jarraitzaileak elkarte horri izena ematen badio, izana ere beharko dio eman. Bere izerdia eta odola. Baina hori gutti da. "Bere ondasunak, atzokoak, gaurkoak eta biharkoak sektari uztera konprometatzen da". Eta logikoa da. Denok senide bagara, ez dago nererik eta zurerik. Dena denontzat beraz. Zure banku diruaren, edo ondarearen ordezkari izendatuko duzu beharbada elkarte hori. Hemen dago Moon sekta honek egin duen dirutzaren behi ezkutua.

Ezkontzen bazara ere elkarteari zor zatzaizkio. Ihaz, Seulen, 1.800 bikote ezkondu ondoren (horretarako andregaiak argazkietatik aukeratu zituen Moon jaunak), bost urtetarako elkarrengandik banatu eta sektaren alde lan egiteko eskatu zien.

Eta galdera serioak

Moon sektaren doktrina xelebrea izango da, eta bere jarraitzaileak teknika psikologiko bizkorrez erabiliak egongo dira. Baina hala eta guztiz ere fenomeno honek galdera zorrotzak aurpegiratzen dizkigu. Zergatik kristau elizetatik pasa diren gazte horiek, eta kristautasunaren doktrina ikasi dutenek, eta beharbada sinetsi, itxuragabeko kredo sinkretista hori onhartzen dute? Zer ematen die sektak, beren familian, lagunartean edo ezkongai harremanetan topatzen ez duenik? Zer dela eta, kristauen edo juduen Jainkoa arrazoi astunez ukatzen duen horrek Moonen jainkoa eta beone profeta bedeinkatzen ditu?

Soziologo, filosofo, teologo eta guraso asko gaurko kontsumo gizarte hau aztertzera bultzatu du Moon-en sektaren fenomeno honek. Betetasun eta oparotasun azaleko baten azpian, izugarrizko hutsune beltza somatzen diote gizonari. Gizakia, bakar, huts, triste, nazkaz gainezka dago. Hiri handietako gizonak ez du berotasunik eta maitasunik ikusten. Pilatuago eta baztertuago bizi dira. Jainkoagandik umezurztu zena orain gizonagandik ere umezurtz egin da.

Errorik gabeko gazte horrek edo gupidarik gabeko gizartearen hoztasuna bere haragian sufritzen duen langile horrek, ez harritu orduan berotasun apur bat ematen dion komunitate horri bere bihotza ta bizia eskaintzen badio. Dela Moon sektari, dela Jehovaren testiguei, dela beste edonori. Bihotzik gabeko sasi maisu manipulatzaile horiegan aurkituko du bere pertsonalitatearen sostengua eta balore krisiaren gaitz larriak jotako zibilizazio honek erakusten ez dizkion eredua eta norabidea. Horik mirestuko ditu. Eta maitatuko. Horik mesias berritzat kantatuko, eta berorien aurrean ahozpeztuko.

Honek bide beretik, mendebaleko kristau Eliz nagusien elkarte bizitza nola doan galdetzera garamatza, Frantziako apezpiku batek esan duen bezala. Gure bilkura liturgiko eta bestelakoen senidetasun formala eta sinestunon arteko harremanen hoztasuna salatzera. Gure fedea eta bere esijentziak zer diren eta nola aurkezten eta ulertzen ditugun aztertzera.

Moon sektaren tankerako erlijio berrien ugalketari, beren proselitismo lotsagabean eta manipulazio azkar batetan esplikabide airosorik aurki diezaiokegu. Baina hori lasaigarri bezain arin eta enganiagarri litzateke. Moon Mesias honek eta bere sektaren arrakastak gaurko zibilizazioaren eta Eliz bizitzaren sakonketara bultzatzen bagaitu gaitz erdi izango da.

Manolo Pagola


Elkar ikuska

Ipar Aldeko ikastolak. J.-P. Seiliez Seaska-ko lehendakaria

 Ikastolek ez dute iparraldean, mugaz beste partean duten arrakasta bera. Hala eta guztiz, konparatzerik ez badago ere, zerbait hasi da; eta, guti ezagunak diren iparraldeko ikastolak hobeki ezagutu beharrez, Seaska deitu batasuneko lehendakariarengana jo dugu. Hona zer ihardetsi digun.

— Duela orain sei hilabete, lehendakaritzat hautatu hindutelarik, zertan zen Seaska? Nola aurkitu huen?

— Seaska orduan ez zuan gauza berri bat izan enetzat. Ba zian sei hilabete jadanik, Seaskako idazkaria nintzela. Haren egoera eta ari moldea ondo ezagutzen nitian, beraz. Ba niekian bereziki, Seaska zabalduz eta handituz zihoala, eta zabaltzeak eta hedatzeak ohi dakartzan buruhausteak aurkituko nituela: erakundezko problemak, hasteko, eta informaziozkoak ere bai. Lehen jende guti izanik, denok elkar ezagutzen genian; orain, aldiz, Seaska handitzearekin, ez duk gehiago horrela. Ezin zezakeagu arras lehengo molde berean segi; funtzionamendu edo ari molde berri bat asmatu behar diagu. Halabaina, ez duk dudarik, talde ttipi baten ari moldea, batasun handi batena ezin izan daitekeela. Muga bat ba duk bien artean, eta muga horren iragatea diagokiguk orain.

Kasu! Talde "handi" bat diodalarik, kontutan har, gauzak hemengo heinaren arauera ikusi behar direla: ez gaituk Gipuzkoan edo Bizkaian.

— Prezeski, aipu duan Seaskaren handitze hau zer izan da zuzen? Hastapenetik gaur arte zer bide egin du Seaskak?

— Seaska, 1 969.ean sortu zelarik, biziki talde tipia zuan. Lehen ikastola, orduan, Baionan egin ziaten, 8 haurrekin. Claire Noblia-k —ni izendatu arte Seaskako lehendakaria izan denak— sorterazi zian. Geroztik, haren lanari esker bereziki, bide handia egin diate ikastolek iparralde honetan. Egun, 17 ikastola dituk, 350 haur biltzen dituztenak; 21 irakasle, lau irakaslegai, eta hiru bulego langile. Hamazazpi ikastola horietarik, bi dituk sei urtez gorako haurrentzat, esan nahi baita, lehen mailako irakaskuntzari dagozkionak.

Hazpen eta handitze hau, geografiaren aldetik ere nabari duk. Esaten nian bezala, Baionatik hasi zuan Seaska, gero itsas hegi osora zabaldu zuan; barneko aldera ere ondotik, aurten Paueraino hedatu baitugu besoa.

— Handitzeak buruhausteak ohi dakartzala esana didak. Zer dira gaur egungo zuen problemak?

— Beti bezala: dirua, tokia eta haurren biltzea. Noski, hirurak elkarri lotuak.

Dirua, hasteko. Xahupen guztiak gurasoek eta laguntzaileek hartzen baitituzte beren gain. Egia duk, zenbait Herriko Etxek eta departamentuko Kontseilu Jeneralak laguntzen gaituztela; baina horrekin guztiorrekin ere, ororen buru, nekez ari gaituk diru aldetik.

Tokia ere. Ikaste gela gehienak, Herriek edo Elizak emanak ditiagu; gehienetan, ordea, ez dituk horretarako eginak, eta leku txarrean diaudek. Gisa guztiz, Herriko Etxeentzat eta Elizarentzat ere problema bat duk, haien beharra beste zerbaitetarako baitute beraiek. Tokia ematen (hots, prestaturik ematen) ez digutenean, erosi egiten diagu. Beharrik, gutitan izan gaituk horretaratuak: bi herritan bakarrik, Uztaritzen eta Senperen.

Haurren biltzea, azkenik: hots, ikastoletan gero eta haur gehiagoren ibiltzea. Euskal kontzientziatzea, guk nahi genukeen baino emekiago aitzinatzen duk. Ikastolaren ideia zabaltzen ari bada ere, pixkanaka, baratxe ari duk, mila motatako traba eta aurreritziren aurka baitoa.

— Seaska irakaskuntza ofizialetik aparte duk. Zer da haren "estatua"?

— Garbi mintza nadin. Ikastola, guretzat, euskal nazio irakaskuntzaren "umegaia" duk. Seaskak ez dik, beraz, deus ikustekorik irakaskuntza ofizialarekin, hots, frantses nazio irakaskuntzarekin.

Lege aldetik, Seaska 1901.eko legearen arauerako batasun bat duk: Iparraldeko ikastolen biltzailea; ikastola guztien federapena, nahi bada. Ikastolak ez dituk arras beren aldetik ari. Autonomoak dituk bai, baina ez guztiz elkarretarik bereiziak. Urte guztiz, Biltzarre Nagusia egiten duk, guraso, irakasle eta laguntzaile guztiekin. Biltzarreak zuzendaritza bat hautatzen dik, hura baita egitura legegilea, hilabete oroz biltzen dena. Egitura eragilea (exekutiboa), berriz, "bulegoa" duk.

Holako egiturek edozein motatako talde baten nagusitasunetik begiratzen giaitiate. Ikastolak ez dituk inoren peko edo meneko; osorik gure buruaren jabe gaituk.

— Seaskak, lehen mailako irakaskuntzari dagozkion bi euskal eskola ireki ditik aurten. Sei hilabeteren buruan, esperientzia ona izan dela iruditzen zaika?

— Hala duk. Joan den irailean hasi gintuan sail berri honen urratzen, eta orain arras ongi pasatzen dela ikusten ahal dik nornahik.

Hastapenean, beldur gintuan, bi eskolak debekatuko ez ote zituzten, legez kanpo aritzen ginela uste baikenuen. Geroztik, legea kontra ez genuela eta Administrazioak poxolatzen ez gintuela frogatu ahal ukan diagu. Halabaina, gure aurka hastea ez ziaiekek biziki on.

Gurasoen aldetik, herabetasun handia izan zuan hastean. Orain, sei hilabete joan dituk, eta inor ez duk gehiago harritzen. Eskola mailan fruitu onak ditugula esan behar diat. Haurrek euskaraz irakurtzen, idazten eta kontatzen biziki ontsa ikasten diate; eta euskara, eskolatzeko egokia ez zela uste zutenak, oker zeudela konturatzen hasiak dituk. Ez baita aldakuntza tipia, zenbaiten gogoetan gertatu den hori.

— Pedagogiari dagokionez, zer bideri darraio Seaska?

— Pedagogiaz biziki kezkatuak garela badiot, ez haizateke harrituko. Ezen ikastolen zeregina ez baitatza euskara irakastean bakarrik. Haurrak edukatu, hezi egin behar ditiagu, euskaldunki eta euskararen bidez, baina edukatu. Horregatik, zuzendaritzak dituen lan batzordeetarik garrantzitsuena, "Pedagogiarako batzordea" dukek.

Zer den gure bidea? Pedagogia modernoari giarraizkiok. Freinet-en bidetik ari gaituk. Abantaila ederra diagu, ez baitugu 25 haurrez goitiko klaserik onhartzen.

Aitor dezadan, oso ondorio onak ateratzen direla, bai eta, gurasoak euskaldunak ez dituzten haurrekin ere. Garrantzi handikoa duk hori, ezen, geroago eta gehiago gertatuko den. Esaldi batez hona zer nerrakeen Seaskaren pedagogiaz: euskal kulturaren bidez, haurra, bere nortasunaren moldatzen eta aberasten laguntzen dugula.

— Seaskak harremanak ba ditua beste aldeko ikastolekin?

— Erakunde loturarik ez duk. Hots, ez gaituk ber erakunde batetan bilduak (konfederatze edo gisa horretako zerbaitetan). Hala eta guztiz ere, ipar eta hegoaldean ikus- eta jokamolde bertsuak ditugula nabari duk: ama ikastoletan, bai han eta gisa berean hemen, euskara bakarrik irakasten duk. Gero, handitu arau, irakurtzen, idazten, eta kontatzen ere euskaraz ikasten diate haurrek. Frantsesa eta gaztelania ondotik sartzen ditiagu.

Horretaz gainera, ahalaz bederen, pedagogiazko ber materialaren eta irakasbide berdinen erabiltzera entseiatzen gaituk. Gure irakasleek, sistematikoki, ikastaldi bat egiten diate mugaz haraindiko ikastoletan, Donostian bereziki.

Zera ere esan behar diat, izendatu izanez geroztik, hegoarekilako lokarrien finkatzeko urrats zenbaiten egiten hasia naizela. Hastapena duk.

— Zer dira Seaskaren gerora buruzko xedeak?

— Lehenik, jadanik sortu ikastoletan, haur gehiago bildu nahi genitizkek, Lapurdin bereziki. Ikastola handiagoak gura genitizkek.

Bigarrenik, lehen mailako irakaskuntza hastetik burura eraman gogo genikek, hots, 6 urtetatik 10 urte arte. Holako euskal eskolak beste herri batzutan sorterazi ahal bagenitza, ez lukek gaizki.

Hirugarrenik, ama ikastolarik ez duten hirietan, haien sorteraztea: Iluron, Tarben, Akizen, Martzamendin... Bistan dena, oraindanik eratua den sarea ere aberastu nahi genikek.

— Hi sortzez eta etorkiz ez haiz euskalduna. Halarik ere, hagoenean ikusten haugularik...

— Egia diok. Nahi gabe aurkitu nauk Euskal Herrian. Gaztaroa ez diat hemen pasatu, Frantziako iparraldean baizik. Sortzez ere, Nantua-koa nauk (Frantziako ekialdeko hiri batekoa). Hona jitera behartua izan ninduan, duela zazpi urte orain. Etorri orduko, hautu bat egin behar ukan genian emazteak eta biok: geure haurrak non sar, zein eskolatan, euskal ikastolan ala frantses ama eskolan? Ba dakik zer erabaki genuen. Eta behin hasiz gero...

B. Bidegorri


Hizkuntza

ANAITASUNAk bere idazleei proposatzen dizkien zenbait idaztarau

1. ANAITASUNAk, oinharriz, Euskal Akademiak erabaki dituen idaztarauak onhartzen ditu, hura gure erakunderik printzipalena eta horretarako egokiena delakoan. Hala ere, arau horietako batzu, gure ustez behar bezain zehatz eta praktiko gertatzen ez diren zenbait kasutan, eta Akademiak berak uzten duen askatasunaz baliatuz, haik aldatzen ditu, euskara idatzia egokiago eta zehatzago egiteko gogoz.

2. Izenordeak:

Batasunerako, ANAITASUNAk izenorde sistema hau proposatzen du, denetarik aberats eta zehatzena delako:

    Nominat Ergat

hau honek honetan honi hauk hauek

hori horrek horretan horri horik horiek

hura hark hartan hari haik haiek

Bai eta, mugatu/mugagabe, singular/plural eta nominatibo/ergatibo gisa, hurrengoak:

batzu/batzuk/batzuek nor/nortzu/nortzuk

batzuren/batzuen zer/zertzu/zertzuk

batzutan/batzuetan zein/zeintzu/zeintzuk

batzuri/batzuei zenbait/zenbaitzu/zenbaitzuk

3. Graduapena:

hau berau hemen berton

hori berori hor berton

hura bera han bertan

4. Adberbioak:

Eritzi, erazi (-razi, aurrekoa a-z bukatzen denean: kantarazi, moldarazi, bultzarazi, baina adierazi, sorterazi, eman erazi...), guti (dim. gutti), tiki (dim. ttiki), bat batean, batik bat, problema, -tate (unibertsitate, errealitate, erlatibitate, borondate...), espresuki, prezeski, estranjeria, estrainio, enganiatu, arauera, examina, exenplu, adjektibo, arktiko, produkzio, textu, extra, sexu, hexagono, exotiko. (Eta ez, aldiz, iritzi, arazi gutxi, gitxi, txiki, bapatean, batipat, prolema, -dade (unibersidade, errealidade), expresuki, preseski, extranjeria, estrainu, engainatu, arabera, esamina, etsenplu, ajetibo, artiko, produzio, testu, estra, seksu, setsu, heksagono, eksotiko, etab.)

hemen hemengo hemendik hona

hor horko hortik horra

han hango handik hara

5. Guzti hitzaren tokia:

hau guztiau hauek (hauk) guztiok

hori guztiori horiek (horik) guztiok

hura guztia haiek guztiek; haik guztiak

 hauen guztion

 hauei guztioi

6. Ez nahas baina eta baino:

Hau ona da, baina hori ez. Hori ona da, baina. Hau hori baino hobea da. Hobea da hau, hori baino.

7. Kontutan har ezazue hitz elkartuetan lehen hitzaren bukaera aldatzeko joera:

kultur mintegia elabergintza (elaberri + gintza)

politik arloa sindikal arazoa (sindikari + arazoa)

eliz agintariak proletal egoera (proletari + egoera)

itsas bazterra unibertsital mundua (unibertsitari + mundua)

8. Ez nahas partizipioa eta infinitiboa. Horretarako, ikus ANAITASUNAren 231, 232, 233 eta 236. zenbakietan 15. horrialdean agertu ziren arauak:

Etorri da, haik ere etor daitezen.

Etorri ahal da, baina ezin etor daiteke.

Etorriko litzateke, haik ere etor litezen.

9. Hitz elkartuetan, hitzek bat ere letrarik galtzen ez dutenean, l, n eta r sinplearen ondoko h-a gorde daiteke, bigarren hitza hola hasteh denean: onhartu, oinharri, oinhartu, burhezur (cfr. erdarazko deshacer, malhechor, inhábil, malheur...); baina ez rr-en ondoan: elkarrizketa, berrogei... Halaber, l, n eta r sinplearen ondoko h-ak esangura ezberdineko hitzak bereizteko bada, erabil daitezke: oratu (hartu) eta orhatu (ogia egiteko orhea egin, eri (gaixo) eta erhi (hatz, hatzamar), salo (jator) eta salho (salhakuntza), une (mementu) eta unhe (neke); bai eta iparraldeko h horren ordez beste euskalkietan g, d edo ondoriozko beste letraren bat dagoenean: inhar (txingar), inhurri (txingurri, txindurri)...

10. Norma bezala, grekotiko hitzak o bokalez amaitzen dira latinezkoak, aldiz, u bokalez: sinodo, metodo, katoliko, historiko, politiko kasu, soldadu, prozesu, projektu, artikulu.

Salbuespenak, usadioak eta kakofoniak erakusten ditu aktibo, pasibo, astro, karbonato, aluminio...

11. BAIT beti loturik idazten da: baita, baitzara, bainuen, baikaude, bailuke, etab.

12. BA baiezkoetan aparte, supositiboetan loturik:

Ba ote dator aita? Bai, ba dator. Aita badator, ni ere ba noa.

13. Norma bezala, hitzak osorik idazten dira, ez bokalik ez kontsonanterik galdu gabe: irensten, eranskin, janzten, belzten, ahanzten, ahanzkor, honanzkoa, da eta, edo eta, bai eta, dela eta, hala ere, etab.

14. Hala ere, zenbakietan TA erabiltzen da, eta ez ETA: hogeitamabost (hogei ta hamabost), ehun ta hirurogeitamalau, mila berrehun ta hirurogeitamabi. Lau t'erdiak (lau ta erdiak).

15. Eta abar laburtu nahi denean, etab. idazten da, honela eta beste izan baitaiteke.


Postaz etorriak

INKESTATZAILEAK ETA ELEBITASUNA

Ene adiskide bati Bizkaiko Apezpikutegitik bidaliriko inkestatzaile bat etorri zaio etxera. Inkesta euskaraz izanen zenentz galdetu dio ene adiskideak. —Ezetz— inkestatzailearen erantzuna. Ene adiskide horrek, horrelako kasuetan ez duela erdal inkestarik egiten erantzun dio, eta Euskal Herrian dagoen Eliza sasieuskaldun batentzat denean, are gutiago.

Ez ote ditu Elizak horrelako kasuak aurrepentsatu behar?

RAMON GARAI

***

BIZKAIKO ELIZA OFIZIALAREN ELEBITASUNA (??)

Gero eta harrituago uzten gaitu, Bizkaiko Eliza Ofizialak argitaratzen duen aldizkariak, "Iglesia en Vizcaya/Bizkaian eleizea" deiturikoak hain zuzen. Hasera batetan euskara eta Euskal Herriaren aldeko jarrera positibo batetarako bidea izan zitekeena, kontrako jarrera bihurtu ez ote den galdetzen diogu geure buruari. Zergatik ote diodan hau? Ikus eta azter ditzagun azken zenbaki biak (8.a eta 9.A). Zortzigarrenak 20 horrialde ditu; hauetarik, bi horrialde eta erdi ozta ozta euskaraz, eta gainerontzekoak erdaraz. Bederatzigarrenean, gauzak are okerrago daude: hamasei horrialdeetarik, horrialde bat euskaraz eta gainerontzeko hamabostak erdaraz. Hori elebitasunaren alde egotea bada, ni Erromako kardinale!

Baina horretaz ez dira nire kezkak amaitzen. Artikulu interesgarriak erdaraz idatzirik daude, erdara hutsez. Euskarazko artikuluak, ordea, anekdota mailatik ez dira pasatzen (salbuespenen bat kenduz). Gramatikazko irakaspenak ere ba dira (Euskaltzaindiaren arauak ezertan segitu gabe, noski). Eta gutun bitxiren bat ere bai, zorioneko (edo eta zoritxarreko) "Comisión Provincial para la enseñanza del vascuence" erakunde ez euskalduna goraipatuz.

Zortzigarren alean Gabika eta Naberan euskal apezen berri ematen da; indultaturik geratu direla eta abar. Eta albistea ematerakoan, Euskal Herriaren alde hainbeste burruka eta neke opa duten apez hauen izenak erdara hutsez aipatzen dira. Holakorik!

Gauzak horrela, ez da harritzekoa, azken zenbakian (9.ean prezeski), bertako idazle bat —Olazar'tar Martin— kexuka agertzea. Honela mintzatzen zaie aldizkari horretako zuzendariei, "Euskera geiago mesedez" deitu artikulu batetan: "Gure aldizkari au ez dala euskalduna esan bear", "orrela jarraitzen ba'dau ezin izango dogu zabaldu gure erri euskaldunetan", "Lotsatu egiten gara" eta beste. Hitz hauekin dena esanda dagoela uste dut.

RAMON GARAI

***

Gernika, 1976ko Martxoaren 31 an

"ANAITASUNA"ren zuzendari jauna:

"ANAITASUNA"ren 313gn. zenbakian, "TANTAKA" sailean, lehengo otsailean Gernikako "JAI-ALAI" frontoian egundako jaialdia "ARESTl TALDE"ko kultur elkarteari zegokiola esan zenuten. Zortzi bertsolarik eta "OSKORRI" abeslari taldeak parte hartu zuten jai hau, Foruko "GOIZEKO IZARRA" jatunen bazkuriak eta Gernikako "SEBER ALTUBE" ikastolak antolatua izan zela gogoratu nahi dizugu.

Argitasun hau argitaratzeko eskaria eta agur bihotzekoa eginez.

SEBER ALTUBE Ikastolako JUNTA BATZARREAK

***

ANAITASUNA ALDIZKARIKO ZUZENDARI JAUNARI

Agur:

Zure aldizkariaren azken zenbakian ARESTI TALDEAZ diharduen notatxoari buruz zehaztasun batzu egin nahi genituzke, inork txarto uler ez dezan.

Beste herri batzuetan egin dugu legez, Gernikan bertso-saio bat antolatzeko asmoa genuen aspalditik; ikastolakoak asmo berarekin zeunden eta Juntako errepresentante batzuekin hitz eginda gero, batera egitea erabaki genuen.

Hala ere, Foruako Goizeko Izarra Elkarte Gastronomikoak bere laguntza osoa eman zuen antolaketan, gu batez ere prentsako eta irratietako propagandaz eta jestio legalez arduratu ginelarik.

Orduan, bakoitzari berea hori da zuzenbidea, esan beharrean aurkitzen gara ARESTI TALDEAN gauden lagun batzuen laguntasunaz, benetako antolatzaileak GERNIKAKO SEBER ALTUBE IKASTOLA eta FORUAKO GOIZEKO IZARRA ELKARTE GASTRONOMIKOA izan zirela.

Besterik gabe, har itzazu gure eskerrik beroenak.

Josu Torre

Natxo de Felipe


Aisiaren ordua. Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Aisiaren ordua. Urrezko astabelarriak

Santurtziko San Juan hauzategiko ganadu hiltegia handitu nahian ari dira. Hortik etor datekeen kirats eta sundagatik, toki horretako hauzoek protestako kanpaina bat eratu dute. Asmo honekin goian agertzen den eranskailua atera dute: EZ IL TEGI SANTURTZEKO EZ. Aproposagoa zatekeen, noski, EZ SANTURTZIKO HILTEGIARI, EZ, baina gizaixoek euskara ondo jakin ez eta holaxe ezarri digute.

Hau, euskara dakitenen artean eginez gero, gure astabelarrietarako aski meritagarri balitz ere, ez da horrenbesterako Santurtzikoen kasuan, hauzategi horretako gehienak Andaluziatikoak direla kontuan harturik. Asko eta sobera egin dute, nik uste, beren eskari hori, nola edo hala bada ere, euskaraz ipintzean. Dena den, eta hurrengoan ardura gehixeago ukan dezaten, gure aste honetako astabelarriak honoris causa eskaintzen dizkiegu, umore onaz onhartuko dizkigutelakoan. Ez dago zergatik.

***

NO MATADERO

DE SANTURCE

NO

EZ IL TEGI

SANTURTZEKO

EZ


Aisiaren ordua

Gurutzegrama