ANAITASUNA

1976.eko Apirilaren 1ekoa

314. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

SOLJENITSYN SHOW

KATALUNIA GAUR AVIU


AURKIBIDEA

3 EDITORIALA

Soljenitsyn

4 TANTAKA:

A. Zurritegi

X. Kintana

X. Gereño

Unzurrunzaga

6 EUSKAL HERRIAN

Kultura

Hezkuntza

Politika

Hirigintza

Ekonomia

Ipar aldea

15 IBERIAN ZER

Katalunia berriaren bila

20 MUNDUAN BARRENA

21 ERLIGIOAZ

22 ELKAR IKUSKA: Avui

25 HIZKUNTZA

26 AISIAREN ORDUA

Kaleko

Urrezko astabelarriak

Gurutzegrama

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos., S. A.

San Martin, 153

Zamudio


Editoriala

Soljenitsyn. Iraultzaren martiria ala kontrairaultzaren kantaria?

Martxoaren 20an, larunbatetako "Directísimo" teleprograman Alexandr Issaievitch Soljenitsyn mintzatu zen. Ordu erditik gora mintzatu ere. Profeta baten itxurarekin, salatzeari ekin zitzaion. Sobietar Batasuna, komunismoa, sozialismoa, eta horiekiko Mendebaldearen jarrera gupidagabeki kondenatu zituen. Planetaren nondik norakoa dakienaren antzeko segurtasunarekin mintzatu zitzaigun.

Soljenitsynen hitzek ez digute batere onik egin. Hari entzunda, Paradisuan bizi denaren kontzientzia txarrarekin gelditu ginen: ez omen dakigu zer den diktadura, ez eta askatasunik eza. Paradisutik irten nahiz gauzak aldatzera jotzen duenak, politik bide batzu bilatzera doanak... horrek Adamen pareko erantzunkizunen bat edo luke. Zeren eta garbi esan zigun Soljenitsynek, aurrerapenak, aldakuntzak, sozialismoak, berak jasan duen infernura garamatzala. Zuzenki eraman ere, bihar ez bada etzi.

Horrenbeste sufritu duen gizon bat begirunez tratatzeko berezko joera izan arren, ezin dugu haren jokurik onhartu. (Gure artean ere, ba da sufritu duenik, gainera). Soljenitsynek iragarritako etorkizunaren ispiluan ez dugu geure bururik ikusten. Sobietar Batasuneko manikeismoa alderantzira eman besterik ez digu egin Soljenitsynek. Honentzat, bitan banatzen da mundua: komunismoa (erabateko Gaitz osoa) eta gainerontzekoak (noraezean dabiltzanak). Sinplekeria haundiegia da.

Amore ematea, dimisioa, lozorroa salatzen dio Soljenitsynek Mendebaldeari. Eta horretan ere, Feron-ek Le Monde Frantziako egunkarian, Soljenitsyne hango telebistan egon zenean idatzi zuenez, salbatzen duen intransijentziatik itsutzen duen tolerantziarik ezera lerratzen ari da. Sinesgarri iraun nahi badu, salakuntza ez dela aski pentsatu behar du. Politikazko azterketa zor digu Soljenitsynek.

"Politika" gutietsiz, gudu izpiritualtzat jotzen du berea Soljenitsynek. Hala dateke. Baina ba da besterik ere. Soljenitsynek amesten bide duen kristauteriak bere baitan darama gizarte-molde bat, politika-modu bat, etc. Politikaren gainetik dabilela esatea ez da aski. Aurrerapen ideiak eta sozialismoa deskalifikatzen diharduenari, zeinen jokua egiten ari den galdetu behar zaio. Politikazko inozentziaren izpirik ez dago Soljenitsynen hitzetan. Une honetantxe Espainiara etortzea, ezkerrak darabiltzan ideien aurka mintzatzea, eta jendeak gehienbat ikusten duen programa batetan agertzea... ez dira esannahi gabekoak. Soljenitsynek ba daki zertan dabilen. Eta Fragak ere bai.


Tantaka

Kanpokoak eta bertokoak bat

Euskal Herriak bizi izan dituen azken gertaeretan, bost langile hil dira: haietarik batzu berton jaioak eta beste batzu kanpotik gurera lan egitera etorriak. Eta heriotzean elkartu diren bezala, haien arimen aldeko elizkizunetara joan direnetarik batzu bertokoak ziren eta beste batzu kanpokoak.

Bost hildako horietariko bat Basaurin hil zuten martxoaren 8an, eta haren aldeko elizkizuna Basozelai futbol zelaian egin zen. Hildakoa kanpotik etorria zen, eta elizkizuna txistulariekin hasi zuten, eta mikrofonoetatik euskara eta gaztelania erabili zen, 30.000 lagunen aurrean.

Honek zera frogatzen du: hemen daramagun burruka denona dela. Euskaldunok berriz ere frogatu dugu egun hauetan, eskua luzatzerako orduan ez garela atzean geratzen, gurera lan egitera etorri direnekin bat egiten dakigula. Orain kanpokoek frogatu behar digute (askok jadanik egin dute) gure komunitatean integratu nahi dutela, gure hizkuntza eta kultura bereganatuz.

Atzerrian jaioak izan arren, Euskal Lurraren gainean beren odola isuri duten hilak eta zaurituak elkartu diren bezala, elkar gaitezen hemen bizi garen guztiok, Euskal Herri zuzenago bat lortzeko asmoz.

Irakasleen erantzunkizuna

Dakigunez, ikastola batetako irakasle batzu, hauzi bat dutela eta, ez dira behar bezala beren auletan portatzen. Barruan daude, baina ez diete ikasleei erakusten. "Zer egingo dut" galdetzen badu haur batek, sorbalda jasoz erantzuten diote.

Gu ez gara, hauzi horretan arrazoina duena nor den erabakitzera sartuko; baina gogor, oso gogor, kondenatzen dugu goian aipaturiko irakasle horiek auletan daramaten portaera.

Duten burruka gurasoekin bada, burruka daitezela haiekin; baina, mesedez, utz ditzatela bakean haurrak, ikasleak. Portaera horrek irakasle horien erantzunkizun eza frogatzen du, eta hori ezin daiteke inolaz ere onhar.

Segovian

Euskal preso Abertzaleek barne egoeraren berri emanaz atera duten paper bat dela eta, 20 egunetarako zigor gelatan sartuak izan dira.

Busgoseko gartzelatik

Zazpi euskal preso politikoen familiak gartzela honetatik dakartzaten berriak ez dira onenak. Zazpiok galeria hertsi berezian, beste presoekin harremanik gabe hiru funtzionariren kontrolpean egun osoan. Igande Mezatarako baimena ere ukatu egin zaie. Burgoseko periodikua dute aldizkari bakarra eta hau ere nahiko atzeratua. Paketeak, familiak bisita egun hartarako eraman lezakeen janari beroa besterik ez. Bisitak berriz asteazken eta ostirale goizetan, inola ere alda ezinak; guraso, anaia, emazteek bi eguneko lana galdu behar hara joatekotan.

Euskal profesionalak

Martxoaren 7an Arantzazun izandako 500 euskal profesionalen bilerak eta han ateratako manifestuak ez dute inongo oihartzunik ukan. Argi ikusten ez duguna, France Press'ek berri honen publizitate ez ematearen arrazoia. Kriterio desberdinetatik beldur berdinera iritsi ote gara... Euskal Hego Aldeko profesional artean (mediku, arkitekto, abokatu, injeniari...) 500 lagun batzea erraz dela jakin eraztea ez ote zaie Ipar Aldekoei komeni...

Dena dela, ez Pariseko Irratia, ez Le Monde ez besterik ez dira berri honen komunikabide izan.

PSOE berriz

Arantzazuko 500 Profesional Biltzarrari gagozkiolarik, nondik eta PSOEn izan omen du oihartzunik. Bertan izan gabe Fernando Múgica Hertzogek zehaztu nahi izan du: "ez omen ziren ez 500, ez eta Profesional, 300 bat estudiante baizik".

Arantzazuko prailegai estudianteak ote ziren ba, Pernando?

Cambio 16 eta Euskal Herria

Aurtengo Martxoaren 8-14eko Cambio-16ean (222. zenbakian) ikusi eta irakurri dugunez, Espainiako aldizkari sozialista horretakoek, Gernikan PCEkoek egin bezala, Euskal Herria (Euzkadi haien hitzez) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatzen digute, Nafarroa, jatorrizko "terra vasconum", aparteko zerbait bailitzen. Euskaldunontzat nafarren euskalduntasuna ez da zerbait interpretagarri, histori eta soziologi factum bat baizik eta horrekin jolastea euskaldun guztioi egindako irain bat besterik ez da. Aski burlarik jasan dugu euskaldunok diktadura garaian eskuindarrengandik, demokraziaren aitzindari gisa agertu nahi duten sozial-inperialista berriongandik antzekoak pairatzeko.

Ezaguna dizuegu divide et vinces delakoa, jaunok!

A. Zurritegi

X. Kintana

X. Gereño

Unzurrunzaga


Euskal Herrian

Kultura. Deustuko Hizkuntz Eskolan euskara

Bilboko HIZKUNTZ ESKOLAN orain dela aste batzu, euskara irakasten hasiak ditugu. Madrileko Ministergoak onhartu omen du gure gurea den euskara eta bera bakarrik omen da euskaraz nor dakien ala ez agiririk emateko gauza.

Harritzekoa benetan! Arrotzek, gure hizkuntza zuzendu. Ikasbideak antolatu eta zuzendu. Irakasleak hatzamarrez izendatu. Agiriak eman. Ikasleak mailakatu etab.etab. Eta inork besterik ez dezala muturrik sar, gero!

Honek, nere ustez, bi gauza adierazten du garbi asko:

a) Euskal Herria beste enbor bateko adartzat hartua izan dela.

b) Euskal Herriko erakundeak ez direla onhartuak izan.

Hori horrela izanik, euskaldun jator batek ezin dezake horrelakorik onhar, ez eta urrunetik ere. Bestalde, gaur egun, gure artean gertatzen ari diren zarpailukeriak ez salatzea, konponketetan sartzea bilakatzen da... eta ez da babak egosteko garaia, mozorroak ipurzulotik hartu eta hankaz gora botatzekoa baizik.

Ez da nahiko Euskaltzaindia onhartzea. Gero beronen eginkizunak ez badira onhartzen, bide okerretik doaz hizlari jaio hoik eta adarrak somatzen zaizkie mozorro atzetik... Euskaltzaindia ez bada euskara zaindu eta zuzentzeko, esan diezagutela zertarako den. Horretarako gai ez bada gure Euskaltzaindia esan diezagutela nor den eta noren izenean. Besteren oilategian sartu ohi den oilarra mokoka hartua izan da beti...!

Hizkuntz Eskola honek egin duena, duena, besteri ahalmena kentzea da. Euskaltzaindia, ba, beraz, euskaldun bat euskaraz zein neurrian jabatu duen esan behar duen erakunde bakarra... Nori dagokio gaztelania-agiria zabaltzeko eskubidea Gaztelako erakundeari ez bada... Baina gurean sortu diren sorginkeriak ez dira nolanahikoak...!

Zenbaitek pentsa dezake demokrazi usainean etorri zaigula "baimen" hori... Ez gaitezen lilura, etxekook! Nere ustez, zirritu guztiak hestutzera etorri zaigu, hots: Euskaltzaindiak, lehen euskal lurrean zehar, han hemenka, banatzen zituen tituluak, orain Bilbon bakarrik lor daitezke... eta hori hestutzea ez bada ni etsaien ixipua nauzue!

Dena dela, hor dabilkizue, zenbait eta zenbait ikasle euskara kakazteko zorian (ikasteko esan nahi nuen, barka!). Irakasle gutti, ikasle larregi. Ikasbide eza, arau eza, buru eza eta era guztietako ezkeria guztiak batean ditugu zorioneko Hizkuntz Eskola horretan. Mailakatzerakoan ere, nola hala beraien eginkizuna beterik, hor gaude, asko, erdipurdiz, gutti gora behera, nardaska hutsean etab. dakigunok... danok baturik. Ezetz horrela joka beste hizkuntzarekikoan? Gurea beti larre hizkuntza ala ze arraio? Ez dago eskubiderik horrelako nahaste borrastean bizitzeko. Besterik ere ba dago, noski. Esate baterako, oraindik inork ez daki zertarako gertua dagoen Ikastaro hau: irakasleak gertutzeko ala euskara ikasteko? Ez baita ikusten garbirik!

Eta azken hau arazo larri baten erakusle da, zeren eta Euskal Herriak orain irakasle trebe eta yayoen behar gorrian baitago...

Neure aldetik, eskabide hauk egingo nituzke, eta ez dakit nori.

1. Euskaltzaindia izan dadila ikastaro hauk zuzen dakit keena.

2. Irakasle oro, Euskaltzaindiak zabaldutako agiridun izan daitezela edo bestela Euskaltzaindikoak.

3. Euskaltzaindiak berak era ditzala era ditzala ikastaro bakoitzeko arautegi eta mailakatzeak.

4. Euskaltzaindiak beste bazterretan tituluak zabaltzeko duen eskubidea onhartua izan dadila eta erakunde horrek emandako tituluak, Deustuan lortutakoa bezelaxe izan dadila.

Baina... zer egin genezake, barruan gaudenez gero... kanpotik ezer gutti lor daitekeela konturaturik? Ozenki eskatu gurea dena, etengabe.

1. Hizkuntz Eskolak, baldin borondate onik badu, onhar ditzala Euskaltzaindiaren erabakiak.

2. Azal diezagutela garbi zertarako den ikastaro hau, irakasleak trebetzeko ala euskara lantzeko... ez baita berdina!

3. Hizkuntz Eskolan ematen diren beste hizkuntzak bezelakoxe eskubideak ukan ditzala gure euskarak.

4. Aurretik eta lehenbailehen eman diezagutela, ikastaroetako arautegi osoa.

5. Bai irakasle titulu bila etorri direnentzat eta bai besteentzat zer nolakoak izango diren azterketak garbi azaltzea.

Hori egiten ez den bitartean, buruhauste izugarriaz aurkituko gara gure zorioneko Herri honen hizkuntza landu nahi dugunok.

Asier BERROETAETXE


Euskal Herrian

Kultura. "Bitor Garitaonandia" Antzerki Saria 1976. Bizkaiko Aurrezki Kutxaren saria, Euskaltzaindiak eratua

Sariketaren oinharriak

1. Euskaraz, Euskaltzaindiak Arantzazuko bileran (1968) erabaki zuenaren arabera (Ikus "Euskera", XIII, 1968.ekoa, 250. horrialdean), baina literatur balioak lehenago kontuan izanik.

2. Egileak bere kabuz egina izan behar da. Ez da ontzat hartzen ez itzulpenik ez eta bestetatik egindako antolamenik.

3. Lanaren neurria libre uzten da, alde batetik makinaz idatzia, lerroune bat zuri utzirik, folio edo DIN A-4 paper neurrian.

4. Sari bakarra, Bizkaiko Aurrezki Kutxak jarritako 100.000 pezetatakoa, ezin zati daitekeena.

5. Saria gabe geldi daiteke, epaimahaikoei hala iduritzen bazaie.

6. Lanak argitara gabeak izan behar dira, eta hiru kopia bialdu behar dira Euskaltzaindiaren etxera (Academia de la Lengua Vasca, Ribera, 6 - Bilbao-5), 1 976.eko uztailaren 22rako. Lema batez izenpetua, eta lemaren giltza estaldua, egilearen izen eta deiturekin, lanarekin batera bidaliz.

7. Epaimahaia Euskaltzaindiak izendatuko du.

8. Saria, urriaren 31n, Aurrezki Kutxen egunean emango da, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren etxean egingo den jaialdian.

9. Arau hauk interpretatzean sor litezkeen arazo guztiak, Euskaltzaindiak izendatzen duen epaimahaiak erabakiko ditu. Eta erabakiaren kontra inora joaterik ez dago.


Euskal Herrian

Kultura. Euskal zinema

Otsailaren 24tik 27ra, Bilboko SANTIAGO APOSTOL aretoan, EUSKAL ZINEMAREN LEHEN ERAKUSKETA eskainia izan zen. "Azken urteotan Euskal Herrian egin den zinemari ikuste zabal bat" ematekotan edo ARESTI TALDEKO gazte prestu prestu horiek 10 filme azaldu zizkiguten.

Ez noa orain zeintzu izan ziren esatera, ez eta zergatik hainbeste gizon trebek huts egin zuen mahai ingurutik. Utz dezagun oraingoz susmoak...

EUSKAL ZINEMA zer den eta zer ez den izan zen erakusketaren muina. Denetatik azaldu zen: emandako zenbait filme nire ustez —eta beraiena ere bai— ez baitzuen euskal kutsurik, nahiz Euskal lurrean jaiotako gizon batek zuzendu, nahiz euskal bazter batean egin.

Mahai inguruak oso makalak izan ziren, ez baitzegoen ez gatzik ez eta piperrik. Dena dela, jakiteko prestatuak izan ziren eta tira...

Han hemenka zenbait eritzi, zenbait jokaera, zenbait nahaste sortu zen. Hizkuntzarekikoa izan zen eztabaida latzena.Askorentzat ez dago garbi euskaldun izatea zertan datzan. Gaur egun euskal lurrean jaiotzea ez dela aski esango nuke nik, ez eta hainbeste euskal deiturez inguraturik burua edukitzea. Ez da berdina, zinegile batek zioena esatea, hots, "el vasco soy yo", ala "euskalduna naiz" apalki aitortzea. Batzuentzat, euskal arazo bat astintzen duen filmea, euskal zinema arlokoa da; besteentzat, berriz, euskaraz ez bada hitz egiten zine barnean, ez dago euskalduntasunik. Askorentzat, aski da hemen jaioa izatea izatea eta horientzat berdin da Kerejeta, Erize Olea, Basterretxea, Caro Baroja, Sota ala beste edonor izatea. Besteen eritzirako, euskaldun baten obra, nahiz filmea, irudia ala beste zerbait, nahi eta nahi ez euskalduna da. Norberak bere izatez jokatu eta lanean diharduena baita. Norbaitentzat euskal zinema iraultzailea ez bada ez da "euskal", nahiz eta zinema izan. Eta beste askorentzat, horrek ez du axolarik; zine trebetasuna izanik, hor dago lana eta lan horrek adieraziko du "nongoa" den eta kitto. Batek baino gehiagok zioen Euskal Herriaren hizkuntza bat baino bi zirela eta, horregatik, biak zirela "euskal" hizkuntzak... Ba dirudi zenbaitentzat gaur egun Herriak jasatzen duen egoera izatezkoa dela eta aldatzerik ez dagoela. Diglosia ala hizkuntzabitasuna... hizkuntzalariek esan dezatela, esan.

Inoiz ez zen elkar hizketa burutsu bat josi eta nik somatu nuena baino ez diot. Azkenean, amaieran, eskabide batzu egin ziren: "oinharrizkoak eta larriak, hasteko bederen" esan zuten antolatzaileek: bekak, zine ikasleak, zine hariak edo gidoiak eta horrela... Sistiagak eta beste norbaitzuk ziotenez, eginahaletan eta lanaren zehar ikusiko da euskal zinema zer den. Oraingoz egin dezagun, gerorako azterketak... eta lanari lotzen denak du hitz egiteko eskubide osoa. Hori, ziotenez... Gaur egun Euskal Herria arazo nahiko korapilotsua denez gero, korapiloetatik hasi beharko dute lanean "euskal" lana sortu nahi dutenek. Harritzen nauena zera da, hots, zergatik esaten da "zine nazionala" eta ez "zine abertzalea"? Horrek ba du neretzat xehetasun gorri bat, zeren eta hizkuntzarekikoa pentsamolderekiko arazoa da sakonean.

Gizona bere gizarteari lotuta dagoelarik, inork ezin du gizonki joka hori kontutan ez badu hartzen. Euskaldun artista batek ere ez, gero. Estetika kontua, horretan bakarrik murgiltzen bada, estetikakeria hutsean amaitzen da. Estetika ere zerbait baliagarri bilakatu behar du, gizonen eta gizartearen onuragarri izan nahi badu. Estetika lan batek, "euskalduna" izan nahi badu, euskal arazoei lagundu behar die, hain zuzen. Euskal gizonengandik euskal gizonengainoko bidea egiten duen lana da euskal artelana; baita zinelana ere. Horregatik eta muga bezala, euskara eta beste hizkuntzen arteko harremanak normaltzaz jotzea, era berdinean lerrokatzea ez da normala, ez eta euskalduna. Guttienez, egoera hori astingarri, eztabaidagarri eta ezinezkotzaz hartzea eskatuko nuke nik euskal deitura eraman nahi duen zinemari. Aberri bat, hizkuntza bat. Bat baino gehiago badira... inor ez dadila inoren menpean ihardun...

Bestalde, gure aberria aberri zanpatua da. Hortik abiatu behar da. Hori agertu, behin eta berriro onhartezina dela aldarrikatuz. Herri ttiki honen oinazeak, egarriak, beharrak, ezinegonak, buruhausteak, gogoetak etab. Nortasuna eta ondorioz, berezitasuna.

Arazo ideologikoetan sartu gabe — bakoitza berea edukitzeko eskubidea baitu, eta euskaldun bat era askotakoa izan baitaiteke—, zinea eta euskal zinemari hau eskatuko nioke:

euskal nortasunaren adierazle izatea,

euskal egoera korapilotsuaren agertzaile eta argitzaile azaltzea,

euskal burruka tresna bilakatzea

euskara ahalik eta gehien erabiltzea

kapitalismo azoketatik ahalik eta urrunen ibiltzea,

kapitalismo hutsean eror ez dadin; kapitalismoaren bitartez ez baitago kapitalismo ezerezterik...

Bide honetarik joan diren zenbait zinegile ba dago munduak zehar. Ondo etorriko litzaieke zinegileei —euskal zinegileei— Godard, Glauber Rocha eta Errusiar autore zaharren iturrietatik apurtxo bat edatea. "Dziga Vertv" en lanak eta beste taldeen ekintza iraultzaileak onhartu eta jaso beharko lituzkete... guretzat ere zinema, iraultzaile bihurtzea nahi badute behintzat...

JESUS MARI ZALAKAIN


Euskal Herrian

Hezkuntza. Euskararen egoerari buruz otsailaren 21ean Maisuen Elkarte Katolikoan egindako batzarrearen laburpena

Euskararen egoera kontuan izanik Maisuen arteko bilinguismo taldekoak egoki ikusi genuen batzarre zabal bat egitea.

Batzarrean ondorengo hauk bildu ziren:

- Santutxuko Famili Elkarteko bilinguismorako taldea.

- Ikastolak.

- Litzentziatu eta Institutuak.

- Magisterioa.

- Kultur Elkarteak.

- Abokatu Gazteen Elkartea.

- Maisuen arteko bilinguismorako taldea. Erabilitako puntuak:

I. Irakaskuntza

a) Ez ditugu onhartzen Lege Jeneralaren 14. eta 17. puntuak; ez eta Maiatzaren 30ean emandako dekretua: Dekretu horren interes bakarra gaztelania ondo ikastea delako eta ez duelako konpontzen euskara dakitenen eta ez dakitenen arazorik.

- Praktikan eraman ezina da, ordu-banaketa, joan etorria, irakasleen soldata etab.

- E. G. B.-ko norabideetan programatugabe, baizik eta boluntarioki eta gainera beste gaiei ezelako oztoporik ipini gabe eman behar den irakaskuntzak ez dio Euskal Herriko beharrizaneri erantzuten.

b) Orain arte (ez traba eta oztopo gabe) ikastolak izan dira bilinguismoa praktikara eraman duten bakarrak. Bizkaian 1 970ean 47 ikastolatan 8.000 ume zeuden eta 1972an 1 65.000 ume ziren Bizkaian E. G. B. ikasten ari zirenek. Konparatzea baino ez dago ikusteko. Eskola nazionalak ez dira inoiz bilingueak izan ez eta guttiago ere, nahiz eta orain toki batzutan euskara ematen hasi eskola orduetatik kanpo (Mallabia dugu Bizkaian eskola orduetan ematen duen eskola bakarra).

Erdi mailako irakaskuntzakoek 1975eko apirilean eskabide batzu egin zizkioten Unibertsitateko Errektoreari baina oraindio ez dute erantzunik jaso.

c) Irakasleei dagokionez, preparazio eta titulu falta izugarria ikusi zen. Hizkuntz Eskolan orain ipini dituzten ikasketek ez dute arazoa konpontzen. Magisterio Eskolan gertatu behar dira ikasleak eta ez euskara irakasteko bakarrik baizik eta euskaraz irakasteko ere bai.

d) Sortu berri duten "Comision de Bilingüismo" delako horrek ez duela ez zer esanik, ez noren izenean esanik adierazi zen, gehienek ez baitakite ez euskararik ez bilinguismoak sortzen duen problematikarik ere.

II. Egoera globala

Larriena, eta beste guztia ondorio bat bezala dator, euskararen ofizialtasunik ezean dugu punturik beltzena, beste guztia horren ondorio bat besterik ezpaita.

Ez dugu onhartzen dekretu hau. Euskara bera diskriminatzen duelako, hain zuzen ere, euskara ez dakienik ezin dela diskriminatu esatean.

III. Ondorioak

Denok, herri eta hauzoetako guztiok elkartu behar dugu egoera honi geuk nahi bezalako irteera emateko. Epe laburrera hau eskatzen zen:

1. Datorren ikastarorako eskola nazional guztietan euskararen irakaskuntza ezartzea eta eskola orduen barruan.

2. Orain arte emandako euskal irakasle tituluak onhartzen eta maisu titulu gabeek ere euskara irakasteko ahalmena lortzea.

3. Bilinguismoa praktikan jartzea hauzo eta herrietako kartel, dei, anunzio, eta batzarre guztietan.

4. Sektore bakoitzak bere balantzea eginen du hurrengo batzarrerako.

5. Lan hauk kontuan harturik benetako BATZORDE bat eratzeko posibilitatea izanen dugu.

Luzaro begira egin behar diren eskabideek ere lan honetatik sortuko lirateke.

Hurrengo batzarrea martxoaren 26an izanen da.


Euskal Herrian

Politika. Berrogei urteren ondoren

Berrogei urte baketsu eta pozgarrien ondoren, orain ari gara haien ondorioak ikusten.

Berrogei urte hauetan dena ondo egina izan da, eta munduko lekurik onenean bizi ginen.

Berrogei urte Herriaren alde lan egiten, Herri aberats eta ohia izan dadin; baina Herriak zer nahi duen esaten utzi gabe.

Berrogei urtez ekonomiaren hazkuntza helburu nagusi bakarra zela.

Berrogei urtez entrepresari laguntzen, entrepresa produkziogintzan bakarrik finka zedin.

Berrogei urtez, ondo ez zegoela esaten zuten Herriko ahoak ixileraziz.

Berrogei urtez atzerriko iritziak eta aurrerabideak mespreziatuz.

Berrogei urte atzerriko ideien beldurrez.

Berrogei urtez itsu.

Berrogei urtez gor.

Berrogei urtez lotuta.

Orain munduko errealitatean ibiltzen hasi gara eta ez dugu ondo ez ikusten ez eta entzuten, gorputza dardaraz lotuta dugu eta.

G.O.


Euskal Herrian

Politika. Euskal Herriarekin kolonialismorik ez

Munduan zehar kolonialismoa hankaz gora doan garai honetan, beltzek berek ere Afrikako bazterretan herri nortasuna lortu duten une honetan, ba dira oraindik kolonialismoa iraunerazi nahi dutenak.

Zer da kolonialismoa? Era askotara praktikatzen da. Adibidez, kolonialismo kulturala dago herri baten hizkuntza eta kultura bigarren mailara bortxatzen kanpoko baten menpeko bihurtuz. Joko honekin herri nortasuna ukatzea da helburua, jakinik hizkuntza eta kultura nortasun haren oinharria direla. Beraz, hizkuntza eta kultura baztertuz herri nortasuna hil zorian ipintzen da. Nik orain kolonialismo kultural hau aztertu nahi nuke lan honetan.

Aurreko urte ilunetan Euskal Herria, besterik ezinean, kultur lanetan ihardun izan da, eta zorionez gainera, zeren arlo honetan egin dugun lana ez soilik handia, baizik eta etorkizun batetarako garrantzi handikoa izan da. Guk, orain, lan haien fruitu bezala, politikan hain balio handikoa den "hecho consumado" bat aurkeztu dezakegu: bere hizkuntzaren eta kulturaren balioaz jabetu den herri bat. Ikastolen mugimendu indartsu bat, heldutasun bat lortu duen euskal literatura bat, kazetaritzan urrats handiak egindako zerbait, milaka euskaldun berri, euskara batua, euskal unibertsitatearen aldeko deia eta hiru udatako saio baliosak, etab. etab.

Gudu zibila bukatu zenetik hainbat urte igaro izan dira, eta urte horietan aldakuntza nabarmenak gertatu dira Euskal Herrian. Esan dugunez, hizkuntzak aurrera egin du, batez ere goi maila kulturaleko jendeagan, eta lehenago ez zuen balorazio bat lortu. Bestetik, ideologia sozio-politiko-erlijiosoan, aldakuntza handiak gertatu dira, eta lehen ez zegoen zerbait orain dago, hau da, euskaldun ezkertiarren multzo handia.

Goian aipaturiko guztiak errealitateak dira, gure begi bistan dagoen zerbait da. Ikus ditzagun orain errealitate horien artean nola ari diren munduan zehar zabaldurik dauden hiru instituzio handi: Socialismoa, Komunismoa eta Eliza Katolikoa.

SOZIALISMOA.—Gudu zibila aurrean, Espainiako Alderdi Sozialistak (PSOE) indar handia zuen Euskal Herrian, Prieto-ren gidaritzapean. Garai hartan ez zegoen ia euskaldun ezkertiarrik, eta zeudenak espainol alderdietara jo behar zuten beren ideologiari atxekitzekotan.

Behar bada Felipe González-ek irakurri du Prieto-ren garaian sozialistek Euskal Herrian zuten indarraren berri. Edo beharbada Múgica Herzog eta beste sozialista batzu ez dira konturatu hemen gertatuko aldakuntza nolako sakontasun eta zabaltasunez egin den. Dena den, Felipe González Euskal Herrira etorri da beren lehen bidaia publikoan eta horrek adierazi nahi du nolako garrantzia ematen dion gure herriari. Baina ez du zuhur jokatu. Sozialista horik gerra aurrean bezala, portatu dira hemengo giroa zeharo aldatu dela konturatu gabe. Huts egin dute, eta politikan, hutsak barkaezinak dira.

Aurreko urteetan, ene ustez, PSOE-koak izan dira Euskal Herrian guttien mugitu direnak, eta beharbada horregatik hemengo errealitatetik at geratu dira. Zenbat PSOE-ko jende dago ikastoletan, euskal folklore taldeetan, euskal kazetaritza eta literaturan? Nik bederen ez dut batere ezagutzen. Orduan, Euskal Herri euskaldundu batetan, gidaririk gabe geratu dira, herriaren dinamikatik at. Eta errealitatetik at egote honen ezaugarririk nabarmenena Lintzirin ostatuan gertaturiko anekdota da; ZERUKO ARGIAko kazetari bati, galdera euskaraz egin ziolako, "Biba Euzkadi Nazi" erantzun zion haietariko espainol sozialista batek. Irteera hori ez soilik infantilismo hutsa, baizik eta PSOE-ren kontra euskaldunok erabil dezakegun sloganik hoberena bihur daiteke, zerbait aldatuz noski: "Biba PSOE Nazi", zeren euskaldunok Euskal Herrian euskara egitea ez da nazismoa. Nazismoa litzateke gu gaztelaniaz egitera bortxatzea.

KOMUNISMOA.—Sozialistak ez bezala, PC-koek ez dira lotan egon azken urte hauetan. Fabriketan batez ere lan asko egin dute, eta euskal kulturaren arloan ere bai. Gerra aurrean ez zutena orain daukate: txistulariak, dantzariak, kantariak, bertsolariak eta euskal idazleak, eta azken hauk ez edonolakoak. Beren ideologiaren propaganda (etxera postaz bidaltzen didate) gaztelaniaz eta euskaraz egiten dute, euskara batuan, eta hau ez itxura gisan, zeren lan sakonak eta sloganak euskara hutsean ezartzen dituzte.

Baina hauek ere barkaezinezko huts bat egin dute, Gernikako manifestua dela ta. Nafarroa Euskal Herria da eta egia hau dudatan jartzea ez dugu euskaldunok inolaz ere onhartuko. Euskal Herriaren mutilazio hori ezin daiteke gaur egun planteatu ere. Nafarroa Euskal Herria da, Bizkaia den bezala. Horretan ez dago dudarik.

ELIZA KATOLIKOA.—Hemen bereiztu egin behar dugu Eliza ofiziala eta jende katolikoa. Euskaldun katolikoek euskaldun kontzientzia dute, baina ez Eliza ofizialak, azken ANAITASUNAK batetan argitaratu zen mapa barregarri hark adierazten digun bezala (Gipuzkoa Bizkaitik bereiztearen zorakeria ez zaio ezkertiar lerdoenari ere bururatu).

Eliz hierarkiak zuhurtasunez jokatzearen fama du, baina euskal arazoan ez da horrela gertatu, eta gaur, 1 976. urtean, ez dago euskal konferentzia episkopalik eta Euskal Herri osoturik Elizaren lur banaketan.

Bestetik, euskararen arloan Elizak galdu egin du orain arte zuen monopolioa, eta euskara batuaren arazoan ere oker jokatu du.

Aipaturiko huts hauek zuzentze bat eskatzen dute, luzapenik gabeko bideratze bat.

AUKERAREN GARAIA.—Ikusi ditugu hiru instituzio mundialak. Aztertu dugu, gainetik bederen, euskal arazoaz duten jarrera. Jakin bezate Euskal Herriko giroak ez duela kolonialismorik onhartzen, ez mono urdinez ez sotana morez jantziriko predikatzaileek ekarria izan arren.

Espainian aurrera doan irekitasunaren bidea hauteskunde libre batzutan bukatzen bada, euskaldunok aukera politikoak egiteko garaian aurki gaitezke. Euskaldun ezkertiar batek, nori eman beharko dio botoa? Indartuko ote da gure artean euskal sozialismo bat? Gerta daiteke hau gure buruhausteen irtenbidea?

Asko itxadon gabe, denborak emango digu erantzuna.

Xabier Gereño


Euskal Herrian

Politika. MCE Euskal gobernura deika

 Movimiento Comunista de Euskadi-k (orain arte Movimiento Comunista de España izenaz ezagunagoa) bere burua Euskal Gobernuan sartu nahi du. Horretarako, Martxoaren 2 5ean Bilbon moldaturiko kazetaurreko elkarrizketa batetan, Gobierno de Euzkadi-koei beren eskabidea egin berri dietela adierazi digute.

Beraien ustez, MCEk, izugarrizko alderdi bat izan barik ere, ba du aski indar Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan herbesteko Euskal gobernu horretan partaide izateko. Antzeko eskabidea egin zuten, guk dakigularik, orain bi urte PCEkoek, baina Leizaolaren gobernuak oraindio ez die inolako erantzunik eman.

Bilboko kazetaurreko elkarrizketa horri hasiera euskaraz eman zioten MCEkoek, ondoko guztia, galdera bat salbu, espainolez eginez.

 Anaitasuna-ko kazetari bati erantzunez, MCEk bere izena, Euskadi hitz ezarri berriari dagokionez, aldatu arren, ez du horregatik bere orain arteko barnestruktura ezertan aldatu, eta lehengo ideiologi oinharrietan diraute. Izen aldaketa, diotenez, beren jarrera federalistarekin adosago egoteko besterik ez da izan.

MCEkoek beren Euskadi hori Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroara mugatzen dute, baina Frantziapeko Euskal Herriraino ez dira heltzen, berau beste egoera politiko sozialean dagoela kontsideraturik. Hala ere, PCEkoek ez bezala, Nafarroa Euskal Herriaren kentzezinezko zatia dela aitortzen dute.

Galdetu genien, galdetu, ea zergatik MCEko kide batzuk, gurean, euskal hizkuntza, kultura, saio eta ikastolen kontra holako portaera negatiboa erabili duten orain arte. Erantzun zitzaigunez, jarrera horik beraientzat ulertezinezkoak dira eta alderdiaren betidaniko oinharri ideiologiko guztien kontrakoak, gainera. Holako gauzak, izatekotan, argitu zuten, setakeria pertsonalak besterik ez dirateke.

Euskal gobernuari dagokionez, MCEk uste du Euskal Herriko indar guztietara zabaltzen bada, demokrazi egoeraren lehen mementutik, berau behin behineko gobernu autonomo bat sortzeko plataforma bat gerta daitekeela, Gernikako Batzarre Demokratikoa edo eta KASek zeregin hori, beraien eritziz, bete ezin dutelako.

Xabier Armendaritz


Euskal Herrian

Politika. Amnistiaren aldeko Asoziazioa Gipuzkoan

Azken bolada honetan, nahiko sarri entzuten ditugu amnistiaren aldeko deiak.

Hemen aipamen berezi bat merezi dute, Euskal Herrian zehar sortu diren Asoziazioek. Orainarte Bizkaian eta Nafarroan sortuak ziren. Oraintsu Gipuzkoan sortu da, eta horretarako bideak jartzen ari dira Araban.

Gipuzkoako Asoziazio hau sortzeko, beste edozein Asoziaziok onhartua izan dadin daraman bide berari jarraitu behar izan zaio. Horrela, martxoaren 15ean Gobernari Zibilari araudi osoa aurkeztu zitzaion, 29 pertsonaren izenean. Pertsona hauk Gipuzkoako zenbait sektoreren errepresentanteak dira: profesionalak, hauzokide elkarteetakoak, presoen ahaideak, etab.

Batzorde honetako izen batzu hemen aipatzerakoan (denak aipatzea luze bailitzateke), nolabait ezagunenak emango ditugu: J. M. Bandrés, M. Castell, A. Elizondo, J. Elosegi, X. Unzurrunzaga, E. Chillida.

Hauek ez dute Asoziazioa bera osatzen. Asoziazioa sortzeko batzorde bat baino ez dira. Beraz, haren zeregina, Asoziazioaren onhartzearekin amaitzen da.

Asoziazio hau sortzera, jendea bultzatu duena, "espetxe barruko problematika" izan da: "Preso politikoen zatiketa presoek gurasoekin ezin hitz egitea, ahaideek presoak ikusteko dituzten eragozpenak, espetxe barruko ukatze eta erregimen bereziak, etab."

Bestalde, amnistiaren aldeko hainbat eskari ikusi ondoren, puntu hauk kontutan hartzekoak dira:

- Une honetan lor daiteke amnistia.

- Amnistiaren alde lan egitea, herriaren behar eta eskari zintzo bati erantzutea da.

- Ezin daiteke eragozpenik izan, eta ez dugu uste dagoenik ere, lan hau aurrera eramateko.

- Ezinezkoa iruditzen zaigu demokraziarako bidea, preso politikoak askatu gabe eta atzerriratuak itzuli gabe.

Asoziazio honen eginbeharra, bigarren artikuluak dioenez hau litzateke: "Alde batetik amnistiaren aldeko lana bultza eta bestetik lan batzu eraman, politik arazoagatik espetxeratuei dagozkien gorabeherak konpon daitezen: espetxeen egoeraren azterketa, ahaideen aldeko laguntza, behinbehineko askatzeen azterketa, tramiteak aurrera eramatea, etab."

Orain sortu den batzorde honek ez du amnistiaren aldeko ekintza guztien ardatza izan nahi, ez eta monopolio bihurtu Besteren ekintza guztiak onhartzen baditu ere, nolabaiteko zentralizazio baten beharrak bultzatuta sortu da.

Inork informazio zehatzagorik edo eta ekintza honetan ezer egin nahi balu, hona hemen Asoziazio honen helbidea Aizkorri, 21-1.º. Donostia.

Antton I.


Euskal Herrian

Politika. Gasteiz 1976

Gasteizko gertaerei erantzun nahiez apezek ere hitz egin dute. Lau Probintzietako 200 bat bildu ginen Gasteizeko Seminarioan Martxoaren 9 eta 16an. Gertakizunen informazio ofizialetatik at lekukoek osaturiko masakrearen azalpen zehatz, ofizialki argitaragaitza entzun genuen; erantzunaren alderdi, begirapen, modu eta beste zenbait xehetasun diskutitu ondoren, 4 Probintzietako ordezkariek idazki bat aurkeztu zuten, onhartu genuen eta Herrian zehar euskal apez talde honen eritzia hedatzera konprometatu ginen.

Hona hemen idazki honen puntu batzu:

1.—Gertakizunaren alderdi onak:

- Diru gehiago irabazte hutsa ez zela langileen helburua Norberaren probetxua alde batera utziz Taldearen oneratu burrukatu dira: lanetik botatakoak berriro onhartuak izan zitezen, langile ordezkaritza jatorragoa, askeagoa eta osoagoa sort zedin...

- Elkartzeko trebe direla agertu digute langileek. Batasunean indartu dira, Herri osoaren arazo bihurtu arte langile arazoa.

- Gasteiz eta Euskal Herri osoaren parte hartzeak politika jokoaren garrantzia adierazi digute.

- Greba Orokorrak Kapitalismoaren aurka duen indarra ikusi du langileak.

- Elizaren jokabidea azaldu da: Hierarkiak alde batetik "zuhurtasunez" ixilik egotea aukeratzen duen bitartean, Eliza - Jainko - Herriak bestetik langileen zerbitzuan jarri du bere burua, Justiziaren aldeko aukeraz.

2.—Alderdi negatiboak

Langile arazoak konpontzerakoan Sindikato Ofizialen ezina eta politika eta ekonomi erakundeei lotuegi jokatzea.

- Gaur horren aipatu Demokrazi eta Irekitasunaren gezurra: Batzartze eta manifestatzearen ondoren negargarriak, Gasteiz lekuko.

- Desarroiloaren aurrerapenak ekonomi aldetik bakarrik eraman nahi dizkigutela, ez gizon osoari begira.

- Langileriaren eskabide zuzen eta baketsuak Agintariek gogorkeriaz zapaldu dituela.

- Informazioaren kontrola, gertakizunen berri nahi eta komeni bezala emateko.

3.—Gertaeren azterketa

Kapitalist sistema gogor eta esplotatzailea aurkitzen dugu Gasteiz eta Basauriko gertakizun beltzen iturri. Bere ondasunen zaintzeko Estatuaren erakunde, Agintari eta indarrak oro menperatzen ditu Kapitalismoak.

"Politikazko egoera berria" itxurazkoa besterik ez da. Hitzez "demokrazia" oihukatzen digute, egitez ordea lehengo jauntxokeriak eta indarkeria gogorrean diraute. "Berdintasuna" hots egiten digute baina ekonomi neurriak aberatsa babestu eta langilea beherago zapaltzeko dira. Betiko Estatu klasistaren barnean bizi gara.

Egiazko Demokrazia barnean ez lirateke posible hemen gertatuak, eta benetako Demokraziak bakarrik gerokoak ere uxa ditzake.

4.—Gertaerak eta Euskal Herria

Gasteizeko gertaerak bitarteko, Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Araba Herri bat eginik ikustea benetan izan da pozgarri eta txalogarri. Bada hemen bere nortasunaren jabe den Herri bat; gizarte arazoen kontzientziadun Herria; inongo desberdintasunik gabe hemen bizi garen guztion kezkak bere baitan jaso ditzakeen Herria. Gertakizun horiek Euskal Herrian beste inon baino errepresio eta odol isurtze ugariago erakarri ohi dute,.

Euskal Herriari bere eskubide ukatzearen agiri bat gehiago izan da Gasteiz eta Basauriko langile Taldearen aurka hartu izan diren aparteko neurri indartsu horik.

5.—Gertaerak eta gure Fedea

Sinesmenaren argitara azter eta bizi ditzagun gertakizunak.

Giza duintasunaren egarria gugan piztu duen Jainkoak gure bitartez gizarteak zuzentasuna eta askatasuna lor dezan nahi du.

Bekatuzko egoera konkretu bat salatu beharrean aurkitzen gara; Herria azpikeriaz baztertua nahi lutekeen Instituzioen bekatua; langileen bizitzak eta Herriarena mespreziatzen dituztenen bekatua; Jainkoaren Salbapena gizon eta Herrien askatasun eta Liberazioa dela aitortzen dugu, eta Salbapen hori lortzeko burrukan Herriarekin gaude.

Euskal Herrian, 1976.eko Martxoan


Euskal Herrian

Hirigintza. Autoestrataren bide okerrak

Martxoaren 22an, Deba Garaiko (Alto Deva) bost alkate (Bergarakoa, Arrasatekoa, Eskoriazagakoa, Aretxabaletakoa eta Lenizeko Gatzagakoa) eta lantalde teknikoak (bost gizon, X. Unzurrunzaga buru zelarik), prentsa bildu zuten Bergarako Herriko Etxean.

Arazoa, benetan garrantzizkoa da: Maltzagatik Burgoserainoko autostrata edo autopista. Deba Garaian aipaturiko bost herri horietarik igaroko da. Eta nola pasatu ere: eskualdeko industri lurren batez besteko ehuneko 20 bat edo janez. Gaur EUROVIASek markaturik duen bidetik autobide hori egiten baldin bada, eskualdearen hazkuntza-ahalbide zenbait murrizturik gelditzen da.

Egoera honen aurrean, bildurik eta baturik jokatu nahi dute eskualdeko alkateek. Biltzeko ohitura hau ba zuten lehendik ere, jakin genuenez: hain zuzen ere eskualde osoaren planifikatzea egiteko orduan elkarlanean jokatu nahi baitute. Exenplu ederra beste askorentzat. Autostrataren arazo honetan ere, entrepresa kapitalistari eta administrazioari aurrez aurre presentatzeko tenorean, batasunean dute indarra. Jokabide honen egia aski garbi gelditu da orain arte egindako diligentzietan. Autopistakoen banan banan herrietako arazoak tratatu nahi izan dituztenean, ez dira alkateok tranpan erori.

EUROVIASek merkeenera jo nahi du, besterik gabe, herriari, lur onari, jende multzoari jaramonik egin gabe. Dirudienez, Burgoserainoko autestrata honen irabazirik gehienak hementxe atera nahi lituzke. Entrepresa basakapitalistaren logikarik hoberenean, eperik motxenean ahalik eta probetxurik gehien ateratzeko asmotan heldu nahi diote lanari. Eta horretarako ez bizigiroa, ez hirigintza, ez eskualdearen ekonomiazko geroa dute erreparatzen.

Orain markaturiko bidetik, leku askotan, etxebizitzak eraikitzeko eta industriarako erabil litezkeen mendibarren eta ordekarik goxoenetan zehar igaroko litzateke autoestrata hori. Onhartu ezineko bidea. Mendizulorik, ez zubirik egin nahi dute. Hori egitea garestiago delako, bistakoa denez. Kalkulatutako prezioetan, eta Bilbo-Behobiakoarekin aldezturik, bailararen 30 kilometrotan 1.500 milioi merkeago aterako litzaieke autoestrata.

Eskualdeak beharrezko du autoestrata bat. Baina ez kondizio horietan egina. Eskualdearen etorkizuna salbatzeko, beste eskema bat proposatzen du ekipo teknikoak, zubi eta tunel gehiagorekin. Soluzio hau garestixeagoa da, baina, esan zigutenez, teknikazki egingarria eta burutsu bakarra. Hemen aurrez aurre daudenak bi interes moeta dira: bat, entrepresarena; eskualdearena, bestea.

EUROVIASen soluzio hau ezin onhartua baldin bada, alkateen eritzian, beste hainbeste da prozedura bera. Bide definitiboa erabakirik dagoelarik ere, oraindik alkateek ez dute planurik ofizialki ezagutzen. Herriak ikus ditzan planu horik ez dira utzi nahi. Baina batez ere autoestrataren gorabehera hauetan argi eta garbi bi akats nabarmendu dira: zentralismoa eta teknokraziakeria.

Eta teknokraziakeria eta zentralismo hauk modu askotara salatu zituzten han. Deba Garaiko bailara hau ezagutzeko, aztertzeko eta planifikatzeko urteak eman direnean, Bilbo Haundia planifikatzeko adina gastatu denean (25 milioi), nolabaiteko planu zaharrekin Madrileko bulegotan bide bat markatzea eta nondik norakoa erabakitzea ez da posible. Horixe da hemen gertatu dena.

Honen aurka altxatzen dira alkateak. Baturik. Entrepresarekin izan dute elkarrizketarik. Negoziatzera jo beharko dute EUROVIASekoek, alkateek ez baitaude etsitzeko, sakabanatzeko edo amore emateko. Lantalde teknikoak eginik, ba dute, gainera, alternatibarik.

Nor aterako da irabazle? Negoziatze honetan ba dute alde onik eskualdeko erresponsableek eta teknikoek. Baina agian ez da aski izango. Herria ere mobilizatu beharra dagoke.

J. M.


Euskal Herrian

Ekonomia. Eraberritze Fiskala

Arlo hau hamaika bider aipatua izan da azken urteetan, eta Haziendako ministro guztiek hasten zuten beraien agintea "benetako" Eraberritze Fiskala agintzen. Guztiak zeuden konforme eta ados beren akatsak aipatzen, baina inork ez zuen aurrerabide tikienarik lortu. Guztiak zeuden ados inflazioaren aurka joateko eta txiroari laguntzeko, baina beti ikusi ditugu txiro gizarajoak bazterturik eta prezioaren gorakada beldurgarria. Azkenengo Haziendako buruak, gehiago etorriko dira eta, guttiago ez izatearren berdin berdin agindu zuen Eraberritze Fiskal hospetsua amaituko zutela epe tiki batean, eta txantxetan ez hartzeko, zeren eta Gobernu guztiaren lehenengo asmoa zen. Batzuk sinestu zituen ministroaren asmoak, beste batzuk ez, baina guztiak itxaroten zeuden lehenengo neurriak ikusteko nondik hasiko ziren eraberritzen eta nolako berrikuntzak itxaro zitezkeen.

Otsailaren azkenengo astean hasi ziren lehenengo neurriak zabaltzen, Haziendako nagusiak guztien onerako asmatutakoak eta Gorteetara bidali bedeinkapenaren zain. Nolakoak dira inflazioari atzeman egiteko eta txiroak ondo bizi daitezen ezin hobe neurri asmatutako hauk?

Lehenengotik, 160.000 pezetatik beherako alokairuak IMPUESTO RENDIMIENTO del TRABAJO PERSONAL delakotik aske zeudenak orain 170.000 pezetatik beherakoak jarri, Europako hoberena zela esanez. Europa alde batera itxita, beste arazotan legez, Espainiako alokairu tikienak, "salario mínimo" ere, ordaindu beharrean aurkituko dira. Bestaldetik honek suposatzen du 6'6 % gorakada bat baina bizitzakoa askoz haundiago izan da. Hots, ez dugu abantailarik ikusten, hitz hutsak baizik.

Bigarrena, txaletak, motorrak, jolasetako beribilek eta itsasuntziek, edari alkoholikoek eta abar, luxozko gauzak direla eta, zerga haundiago ordainduko dute hemendik aurrera. Aberatsek lehen bezala erosiko dute nahi dutena, nahiz eta pixkat gehiago ordaindu, baina bitartean txiro gizarajoa kopatxo edo luxotxo bat ezin eskuratuz aurkituko da. Artikulu guztiak garestiago izango dira, eta aberatsa ez dena txarrenak eta merkeenak bakarrik eskuratu ahal izango ditu. Gauza onak beti gelditzen dira aberatseentzat. Honela ere Haziendako kutxak abantaila edukiko du. Ikerpena zaindu eta babestua izango dela agintzen dute, inspekzio fiskala gogortu eta zabaldu, inbersioa lagundu eta honelako beste borondate oneko asmoak, jendea lasaitzeko edo hitzaldia betetzeko, baina errealitatean gutti egingo dela ikusten da oraindik.

Azkenean, datorren urterako agintzen dute Eraberritze Fiskala Gorteetako lege batean irtengo dela, eta beldur gaude ea ez den izango beste sasi-eraberritze bat, hitz hutsak bakarrik aldatu eta sustrai faltsuak kendu eta garbitu gabe.

Lehenengoz kontuan hartu behar da zergak ez direla arbolako lore bezala, urtero udaberrian pizten direnak. Haziendako eginkizuna gizarteak dituen premiak betetzea da, gizarteko gizon bakarrari laguntzeko. Horretarako gizonak bidea eduki behar dute beren premiak azaltzeko Haziendari. Honela Haziendak jakingo zuen zer premiak bete behar dira, eta zenbat diru beharko da horretarako, eta hau bai izango litzateke eraberritze garbi bat. Gizarteak eta berau konposatzen duten gizonek ezin dute topo egitea Hazienda itsu eta gor batekin.

Behin jakinez gero zenbat diru behar den ba dira teknika konkreto asko diru hori batzeko, eta sistemak ez dira onak ala txarrak, Gizarteak ondo ala gaizki ikusiak baizik. Sistema bat onartua izan dadin: Gizarteko gizona:

a) Beren premiak eta interesak Haziendan ondo errepresentatuak ikusi behar ditu.

b) Argi eta garbi jakin behar du zer gastu egin behar dira eta zertarako.

c) Nola batuko den dirua jakin behar du eta bakoitzak zenbat ordaindu behar du.

d) Eskubidea eduki behar du praktikan kontrolatzeko eta ikusten dituen akatsak azaltzeko.

Guzti hau lortzeko Gizartea aldatu behar da Gobernu eta Haziendakoek beren ateak gehiago zabaldu behar dituzte. Eta hau bai zaila izango da.

G. O.


Euskal Herrian

Ipar Aldea. Euskal departamendua?

Aire zahar berrituari lotuz, Euskal Herri gizonak dantzan

Nork usteko zukeen? Euskal departamendua uste gabetarik plazara atera zaigu berriro. Aspaldiko xede zaharra —departamendua bezain zaharra funtsean—, orok ahantzixea zutena, ipar aldeko Euskal Herri gizonen azken eztabaida-gai nagusia bilakatu da zenbait aste honetan. Ez da kasik aste bat iragaten, Urliak edo Sandiak euskal departamenduaz zer dioen jakin erazi gabe: kontra; alde; edo bai eta gero eta maizago, kontra izan gabe ez alde ere; alderantziz ez bada. Nora haize, hara aise... Haizea norako den jakin behar, haatik.

Franco beste mundurako bideetarik abiatuz gero, denbora laburretan, euskaldun anitz sortu da hemengo bazterretan. Eta, ondorerik gabeko kausarik ez baita, lepoa egin daiteke, laster, mugaz hego aldean gauzak "ontsa" joaten badira, beste asko sortuko dela, udazkenean Uztaritzeko oihanetan onddoak bezalatsu. Fruituek orok beren sasoia: hala egin zuen Jainkoak mundua. Beha gaude, bada, orain arte ukatzen zutenak, noiz diren oroituko beren aitamen euskalduntasunaz edo bederen, zuhurraren zuhurtziaz, noiz diren ohartuko gaurko departamenduaren desorekaz. Halatan, frogatuko da laster, frogatzeko bada, zeinen ahula den ideiaren indarra, moltsarenaren ondoan. Gaizki ala ongi, zer munta? Moralak Historiaren errota (holako hitzez ari baitzaigu zenbait) ez du behin ere geldi erazi.

Gisa guztiz, ez uste Euskal Herri gizonen baitan halako euskal garrik piztu denik oraindik. Zer nahi da? Deiako errota hura emeki-emekiño aitzinatzen da. Burutik joan eta nahaslari ero batzuk konfesategietarik ateraziz geroztik, "euskaldun" hitza, hitz erragarria bihurtu baita, ez da nola nahika erabili behar. Ez erabiltzea hobe. Hastapenean bederen. Horra bada zergatik baztertua den gaurko departamenduaren erdibitzearen aldekoen solasetarik. Haien Frantziaren alderako atxekimenduaz inork ez dezan duda, ez dute euskal departamendurik aipatzen: departamendu "berri" baten alde dira. Nolakoa ordea? Hona, beraz, abilezia: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa isilka, alegia deus ez, bilduko dituena. Euskaldun klandestino moeta berria.

Ba dira arras kontra direnak ere. Tokiko bunkerra nahi bada. Oraingo kontseilari jeneralak adibidez. Denek, batek salbu, xede horren kontrako ageri bat izenpetu dute. Diotenaz, departamenduaren zatitzeko eskapena desgaraikoa eta lanjerosa da. Desgaraikoa zergatik den ez da ondo ulertzen; lanjerosa bai. Piska bat bederen. Nahiz ez den hain beldurgarria, mugaz alde batean nola bestean, giderrak nork atxekitzen dituen ikusten delarik. Gainera ba dirudi haien arteko batzu damutzen hasiak zaizkigula jadanik. Guy Petit-ek ontsa berotu baitzituzkeen ez bide ziren ohartu zertan ari ziren. Geroztik hitz leunagoak darabiltzate: ikusi eta aztertu behar dela; arazoa politikatik at utzi behar dela; geroan beharbada gauzak aldatuko direla, eta holako ele zuri franko...

Kontseilari jeneralen ageriak ekarri eztabaida eta kalapitak jabaltzen hasi orduko, gutik usteko zuenak jo du errefera: Frantziako Alderdi sozialistak. Duela zenbait egun, halabaina, Frantses sozialisten Departamenduko batzorde eragileak ere bere agiriñoa argitara eman du. Honetan zera baitio: Euskal Herriko militanteen artean egin ikertze baten arauera euskal departamendu baten sorpena % 60k gauza baliagarritzat daukala. Ipar aldeko frantses sozialistak ezagutzen dituenarentzat aski handia da jadanik. Alta, handiagorik bada: garbi gera dadin nahi dute, arazoa, oroz gainetik, politikazkoa dela, eta ez ekonomiazkoa edo administrazionezkoa. Hots, "euskal populuaren arazoa" dela. Kasu eman behar da ezen hitzek beren pisua duten: "euskal populua" diote eta ez "euskal herriko jendetza". Bi orduz mokoka? izan omen dira bata ala bestea emanen ote zuten jakiteko Erabaki historikoa.

Bistan denaz, ausartzia horrek bere muga badu. Lehenik problemari % 72k ez dio lehentasuna ematen. Bigarrenik Frantzian ezkerra nagusi arte, huskeriatzat daukate euskal departamendua. Orduan eginen den deserdiratzeari esker egiten ahalko baita zerbait serioski. Erran nahi baitu, euskaldunek beren departamendua nahi badute, noren alde bozka ba dakitela. Nonbaitetik ere...

Eta abertzaleak? Antza, ez dira horretaz biziki kezkatuak oraindik. ENBATA astekaria izan ezik, osoki "departamendu berri baten aldeko Batasunaren" alde jarri baita. E. H. A. S.ek ere horri buruz zer dioen jakin erazi du: euskal departamendu-Herrialde baten alde da. Besteak, har hemenka barreiatuak diren taldexkak isilik daude.

Irudiz, euskaldunak berak bezain isilak. Hitza aspaldian kendu zioten hemengo euskal populuari. Elea galdurik, beharrik hor dituela herri gizonak, haren ordez mintzatzeko.

BENAT BIDEGORRI


Euskal Herrian

Ipar Aldea. Bi komiki berri euskaraz

Bata, Kaiku artzain-zakur izenekoa, Patrice Rouleau-k (alias Bizar Beltza) egina da. Berau 27 urtetako irudigile gazte bat da, frantses etorkikoa izan arren, ttikitandik Baionar bizi eta bere herritzat Euskal Herria hartu duena.

Itsasoko istripu baten kausaz, esku-hanken balioa galdua du, baina elbarriturik egon arren, bere obra ikusita, diseinatzeko biziki ongi moldatzen dela aitortu behar dugu. Zer nolako lezioa erabat oso egon arren, deus egiten ez duten beste askorentzat!

Bestea, Mugaldek argitaratua, komiki futurista eta erotiko horietako bat da, euskaraz egiten den lehenbizikoa segurki eta helburuz gutiatsua bada ere, ez dago, gure ustez hain ondo biribildua. Saio interesgarria, hala ere.

X. KINTANA


Iberian zer

Katalunia berriaren bila

Galderak: Joanes GOIA

Erantzunak:

J. Andreu

P. Ardiaca

J. Cabré

J. Pallach

J. Pujol

R. Trías

Alderdi erantzuleak

 Convergència Democràtica de Catalunya

Erdi-Ezkerreko alderdi abertzalea. Sozialki aurrerazale izango den Demokrazia nahi du eta Europan integratuz.

 Ezquerra Democràtica de Catalunya (EDC)

Parlamentudun demokrazia, partidu askotarikoa eta benetan errepresentatzailea, ekimenari leku emango dion ekonomia librea.

 Esquerra Republicana de Catalunya (ERC)

Macià eta Companys-en alderdia da, 1931an sortua. Ezkertiar ez-marxista. Abertzalea eta programa sozial bizkorra.

 Partit Carlista

Federalista, kojestionaria, europazalea, errepublika natural konfederatuen aldekoa, Erregea guztien batasun ardatz izanik.

 Partit Socialista Unificat de Catalunya (PSUC)

1936an sortua, lau alderdi sozialista eta komunista elkartuta. Kataluniako alderdi komunista bezala jotzen da. Marxista-leninista. Kontseiluak alderdi autonomutzat jo du.

 Reagrupament Socialista i Democràtic de Cat.

Gaurregun Kataluniako alderdi sozialista nagusitzat jotzen da. Psoetarrekin izan ditu gorabeherak. Sozialista demokratikoei irekia, berdin marxista, sindikalista eta kristauei ere.

Gure erantzuleen berri llaburra

Convergència: Jordi Pujol Soley

 Taldearen burua. Midikua, baina bere eginkizunik ezagunena banketxeetakoa izan da. Banca Catalanaren Lehendakari-ordekoa. Gaurko katalan abertzaletasunaren gidaririk ezagunenetakoa.

EDC: Ramón Trías Fargas

 Unibertsitatean irakasle. Ekonomista. Barcelona-ko "Vanguardia"n idatzi ohi du. Nazioarteko Elkarte Liberalarekin oso lotua. Alderdi burua.

ERC: Josep Andreu i Abelló

 Abogatua da. Tradizio haundiko alderdia du, Errepublika garaiko politika beronek gidatu zuelako. Alderdi burua.

P. Carlista: Joan Cabré

 Hugo Carlos-ekin berritu den alderdi honen buruzagietako bat Katalunian.

PSUC: Pere Ardiaca i Martí

 Alderdiaren sortzaileetako bat. 1939an herbesteratua. 1962tik 1971ra espetxean. Gerratez gero, oraintxe guti hitzegin du lehenengoz Barcelona-n. Idazlea.

Reagrupament: Josep Pallach

 Barcelona-ko Unibertsitate Autonomuan irakasle da. Geroz eta oihartzun zabalagoa du Kataluniako indar aurrerazale eta demokratikoen artean.

Erantzun ez dutenak

 Kontseiluan partehartzen duten guztiei bidali dizkiegu gure galderak: hamaika alderdiei, inor baztertu gabe. Birritan idatzi zaie.

 Ez dute denek erantzun. Arrazoina? Bat edo beste erdi izkutuan dabil, nonbait. Besteren batek, baiezkoa bitan eman arren, kanpotik politik lanetan dabilenez, ez du egokierarik izan, dirudienez. Ba liteke norbaitek holako berririk guk ez izanarren, erantzun nahi ez izatea. Hona, ba, erantzunik eman ez digutenak:

Unió Democràtica (kristau demokrata)

 Anton Canyellas.

Front Nacional

 Joan Cornudella.

Partit Popular

 Joan Colominas.

Convergencia Social

 Joan Raventós.

Partit d'Alliberament Nacional

 Joan Josep Armet.

Euskal Herria bere erakunde politikoen bila dabilen honetan, Penintsulako beste minoria nazional bateko erakundeengana jo dugu, zenbait galdera zuzenduz. Kataluniak ba du, abenduaz geroztik, bere alderdi politikoen Kontseilu bat, alderdiena. Bestalde, eten politikoaren alde ekiteko ba da han ere Assemblea bat, partidu politiko eta bestelako gizarte-indarrekin osatua.

 Consell de Forces Politiques de Catalunya-n itaun batzu egin nahi izan dizkiogu. Kontseilu honetan elkartzen dira Katalunian oposizio demokratikoa daramaten alderdiak. Hamaika dira barnean daudenak. Aurreko batean eman genuen hemen berton guztion zerrenda. Galderak guztiei egin zaizkie; erantzun, ez dute denek erantzun.

Seiren ihardespenak ditugu hemen, hain zuzen, gaizki ez bagaude, une honetan bizkorren dabiltzan alderdienak. Eta eskuinetik ezkerreraino doaz taldeok, gainera: hau da, alderdi karlistatik partidu komunistaganaino, nahiz eta bakoitza non koka jakitea batere erraza ez izan.

Bost galdera zuzendu dizkiogu bakoitzari, denei berdinak. Bi Kataluniari buruzkoak dira, bi Euskal Herrira begira eginak eta beste bat Katalunia eta Espainiaren arteko alderdi-harremanei dagokiena. Sei erantzuleetatik bik, eskainitako luze-zabala hautsi egin dute; baina batek, behintzat, espreski esan digu laburpena geuk egiteko. Erantzun denak idatziz eman dizkigute, eta ia beti datozen bezalaxe itzultzen ditugu.

Euskal irakurle arruntari ezezik, gure partidu politikoei ere eskaini nahi dizkiegu galde-erantzun hauk. Agian, ez dio inori kalte haundirik eginen. Eta, nork daki, beharbada zerbait ikasi ere egingo dugu.

Kataluniaz zer?

Zeintzu izan dira, zure ustez, gaurregun Katalunian ikusten ditugun alderdien politik elkargoak sortarazi dituzten arrazoinak? Zein da partiduen elkargo horien gaurkoa eta etorkizuna Katalunian?

Joan Cabré (Kataluniako Partidu Karlista)

Kataluniako alderdiek ikusi dute, bakarka ez dutela inongo egia osorik, talde-elkartean egin behar dutela lan. Komentzimendu honek eta denon indarraren premiak eraman gaitu batasun hauetara. Elkartasun izpiritu hau finkatuz doa alderdi haundi eta txikien artean. Ez da egokieraren arrazoina bakarrik, partidu klasikoek ukan ohi duten egozentrismoa hautsi nahia era ba da. Ez dugu nahi neohitlerismorik, ez neostalinismorik.

Ramón Trías Fargas (Esquerra Democràtica de Catalunya)

EDC Kontseiluan sartu denean zeragatik izan da: Kataluniarekiko iritzi bateratu eta zabal bat indarberritzeko, egiazko demokrazia baterako behar-beharrezko erreforma politikoak egin ditzagun. Bistan dagoenez, demokrazia hori lor dadinean, hauteskundeetarako elkartasunak beste esannahi bat ukanen dute gure artean.

Jordi Pujol Soley (Convergència Democràtica de Catalunya)

Gure naziotasunaren benetazkoa eta berau aitorrerazi beharra izan da gure arrazoina. Horretarako katalan menpekotasuna duten partidu politikoekin batasun batera iristea premiazkoa ikusi dugu, bide honetatik, Estatu espainolaren barneko beste erakunde politikoekin hitzarmen batetara hel gaitezen.

Josep Pallach (Reagrupament Socialista i Democràtic de Catalunya)

Espainiako indar politikoekin egin ditzakegun edozein hitzarmenetarako fronte batu bat presentatu ahal izateko sortu da Kontseilua. Defendatu nahi dituen gutieneko pontu batzu hauk dira: askatasun demokratikoak eta Generalitat de Catalunya-ren ber-jartzea. Kontseiluaren une honetako ahalegina Katalunia-ri Gobernu bat ematera zuzentzen da. Etorkizunean, libreki erabakiko du gure herriak, zernolako Parlamentu eta Gobernu nahi dituen. Gu libreki joango gara hauteskunde horietara.

Josep Andreu i Abelló (Esquerra Republicana de Catalunya)

Katalunian ditugun Kontseilua eta Asanblada, eten demokratikoa sortzeko sortu dira. Aldaketarako bide bakarra eten horixe dela uste dute batasun-elkargo horiek. Iritzi berdintasun honek gutieneko pontu batzuetara eraman ditu: amnistia, askatasun demokratikoak, Autonomi Estatutoa, eten-unerako Kataluniarentzat behin-behineko Gobernu bat. Gizarte-klase askotarikoek parte hartzen dutenez, batasun-elkargo hauk klaseartekoak dira, noski. Orain-oraingoz da hori horrela; errejimen demokratiko eta autonomikoa etor dadinean, oraingo elkartasunak desagertu egingo dira, gaurreguneko guztien helburu bakarrak ere iritsiak izanen direlako, eta politik elkargo berriak sortuko dira.

Pere Ardiaca i Martí (Partit Socialista Unificat de Catalunya)

Gaurreguneko batasun-elkargoak, hau da, Kontseilua eta Asanblada Espainiari errejimen demokratiko bat eman eta bertako nazioei autodeterminazio eskubidea eskaintzeko sortu dira: demokrazi helburua ezezik beste batzuk era balira (amnistia, autonomi estatutoa, etab.), ez zen posible gertatuko holako elkartasun zabalik. "Botere publikoen aginte iturri bakarra herriaren borondatea dela" adierazten du demokraziak. Irizpide horren gain jaso dira bi batasun erakunde horik, eta antolamendu biok Kataluniako oposizioaren banatzaile ez, baizik elkar-osagarri dira. Ezker, erdi eta eskuineko indarrekin Kataluniaren hitzarmen-bloke bat (bloque pactante catalán) egin nahi da, eta Generalitat-aren behinbehineko Gobernu bat eratu. Espainiako Estatuari ere holako Gobernu bat eman nahi zaio. Bai Katalunian eta bai Estatu osoan, eten demokratikoa behar da, beraz.

Nolakoa nahi zenuke eta nola ikusten duzu, berehalako urte hauetan, Kataluniaren nazio-etorkizun politikoa? Zer esango zenuke zure politik programa horretatik begiratuta?

Joan Cabré (Partidu Karlista)

Errepublika natural konfederatuen gure programaren barnean ikusten dut; autojestioaren eta kojestioaren sozialismo batean lotuko diren anaiarteko errepubliken artean ikusten dut. Borbón-Parma familiarekiko paktua, arkuaren giltzarritzat hartzen dugu. Erantzukizun osoko errege bezala, katalan komunitatearen kojestio oso bat posible eginaz eta koordinatuz, guztien libertatea eta nortasuna gordez. Katalan Nazioaren etorkizuna osorik nahi dugu, gainerako espainiar Nazioen onginahia ere lagungarri duela, horrela, Espainiaren betetasun batera denok batean hel gaitezen.

Ramón Trías Fargas (EDC)

EDC-k Kataluniarentzat autonomia eskatzen du, Generalitat-a berreraikiaz dagokion gobernaera historiko bezala, izan ere burujabetasun hori (soberania) bozkatua izan baitzen Gorteetan eta Gerrate Zibileko dekretu baten bidez bakarrik eragotzia.

Jordi Pujol Soley (Convergència)

Lehenik, argi dago, Kataluniaren instituziogintza politikoa nahi dut, dagozkion eginpide guztiekin, eta inola ere ez 1932ko Autonomi Estatutoaren eskubideen beheragotik geratuz. Helburu hau zabal eta sakonki sentitzen du Kataluniako herriak. Helburu hori lortzeko, honegatik ere, denboraren joana dugu gure alde, denon batasuna, lanerako gaitasuna eta irudimen politikoa lagun ditugula.

Josep Pallach (Reagrupament Socialista)

Gobernu eta Parlamentu katalanak nahi ditut, 1932ko Estatutoak ematen zituen bezala, Espainiako Estatu federal baten barnean. Hau ezinezkoa balitz, bazterrezina da autonomia bat, 1 932koa baino zabalago bat.

Josep Andreu Abelló (ERC)

Ezkerreko indar politikoen elkarbide bat eginda ikusi nahi nuke, gobernurako guztien programa batekin, zentzu sozialista izango lukeen programarekin. Ezkertiarrok bat-bildurik irauten badute, 1936an bezala, Kataluniako hauteskundeetan gehiengoa, maioria, izango dira.

Pere Ardiaca i Martí (PSUC)

Kataluniaren etorkizun politiko eta nazionala nahiko baikorki eta optimista begira liteke, izan ere sortutako politik elkargoek alderdiak demokrazi jokua errespetatzera bortxatzen baitituzte: aldizka hauteskunde libreak egitera, eta herriaren borondatearen arabera agintea itzulikatzera. Lehendik dugun eskarmendua gogoan dugula, nazio bakoitzeko indar gehienak, eta Estatu osokoak ere, demokraziaren alde egongo gara, eta lortuz gero, hori irmotu eta iraunarazteko izango gara.

Kanpoko alderdiekin zer?

Kataluniako alderdi politikoek independentzia edo autonomia bat eduki behar ahal dute beren izenkide era kideko dituzten Espainiako beste partiduen aurrean? Nolakoak dira zuek dituzuen lokarriak, nola elkartu beharko lukete Kataluniako eta Espainiako alderdi lagunek? Delako sukursalismoaz ari naiz.

Joan Cabré (Partidu Karlista)

Beste edozein tokitako alderdiak bezalaxe, Kataluniakoak ere erantzukizun osoarekin jokatu behar dute, Kataluniako beharrizanak eraman eta posibletzeko. Penintsulako Nazio Konfederatuak bezala, partidu politikoak ere geopolitikak ezartzen dizkien kondizioen barnean lan egin behar dute. Bakoitzak bere nortasuna mamituz, kideko dituzten beste alderdiekin ere elkartu egin behar dute, talde-lan egokia bete dezaten. Hauxe da, hain zuzen, guk dugun esperientzia.

Ramón Trías Fargas (EDC)

Alderdi politiko katalanek Kataluniaren errealitatea ispilatzen dute. Katalunian ez dago alderdi politiko espainolik, katalan partiduak baizik, Madrilen eta gainerako Espainian izenberekoekin batera. Kataluniaren errealitatea ezjakitea, porrot bat izan da horretara jo duten alderdi guztientzat.

Jordi Pujol Soley (Convergència)

Estatu espainoleko errealitatea nazioaniztuna, plurinazionala, baldin bada, partiduek errealitate horretaraxe egokitu beharra dute. Beharrezkoa da, beraz, Kataluniako alderdiak katalanak izatea. Bereztasun honek, ordea, ez du apartetasunik esan nahi. Katalantasunak horretara eramanik, Kataluniako indar guztiekin harremanetan gauden bezala, ideologi lokarriak dauzkakiegun Espainiako Erdi-Ezkerretako taldeekin ere harremanak nahi ditugu.

Josep Pallach (Reagrupament Socialista)

Katalan alderdi politikoek independienteak izan behar dute, eta halaxe komeni zaienetan hitzarmenak hartu beren izenkide dituzten penintsulako gainerakoekin. Gure eskarmenduak dioenez, gaur-gaurkoz hauxe da irtenbide bakarra. Harreman onak ditugu Galiziako gure lagunekin eta bai eta PSOE eta PSDE-rekin ere. PSOEk nolanahiko sukursalismoak bazter litzala nahi genuke, eta beronen Kataluniako Federazioa sar dadila gure Reagrupament honetan. Hain zuzen, PSOE ez da eratu Katalunian.

Josep Andreu i Abelló (ERC)

Noski baino noskiago, Kataluniako alderdi politikoek gainerako Penintsulako izenkide dituzten partiduetatik independiente izan behar dute. Katalunian, hemengo partiduek bertoko menpekotasuna izan behar dute, hau da, beren erabakigailu eta zuzendaritza hemen behar dituzte eduki, gerrate aurrean gertatzen zenaren gisara: Esquerra Republicana de Catalunya, Lliga Catalana, Acció Catalana Republicana, Unió Socialista de Catalunya... Ezer guti irabaziko litzateke, Kataluniari autonomia aitortu, eta gero beren zuzendaritzak Madrilen dituzten partiduek erabaki haundiak han hartuko balituzte. Horregatik, partidu horiek alde batera utzi beharko lukete hemen, Katalunian, sukursalak jartzea. Nere alderdiaren esperientzia arazo honetan argia da. Autonomi garaian gurea zen gehiengo politikoa Katalunian, eta gure menpekotasunak hemengoak ziren. Eta horrelaxe segiko dugu. Beste elkarte-moduz eraman litezke Penintsulako taldeekiko harremanak.

Pere Ardiaca i Martí (PSUC)

Alderdi bakoitzak libre izan behar du Estatu osoko beste izenkide edo edozein alderdirekin harremanak izateko. Dena dela, Kataluniako herria izanen da, bozketen bidez, horren epaile. Demokraziaren arabera egingo da hori ere. Bere aldetik, PSUC partidu katalana, nazionala eta klasista da, eta bere ideologiaren eta helburuen arabera, harreman anaikorrak ditu Espainiako Alberdi Komunistarekin. Hain hestuak ze haren jarraileak bizilekuz aldatzean, Katalunian gure alderdira pasatzen dira, beste gabe. Demokraziaren eta sozialismoaren aldeko burruka, ene ustez, Espainiako herri guztiena da, horrelaxe joan beharko dugu denen eta bakoitzaren askapen soziala eta nazionala lortzera.

... eta Euskal Herriaz zer?

Aldaketa une honetan zer eskatuko zenieke zuk Euskal Herriko alderdi abertzaleei, eten demokratikoa datorkeenerako? Zer, batez ere arazo soziala darabiltenei?

Joan Cabré (Partidu Karlista)

Autodeterminazioari leial natzaiola, ezin dezaket Euskal Herriaz deus esan, hor bizi izan gabe. Baina muga horren barnean erantzun egingo dizut. Abertzale bakarrik direnei zera esango nieke: ez dezagun ahantz gure giza-zuzterra; gizarte-klasista edo legalista bat Herria bera ukatzea da. Hizkuntzaren garrantzia aitortuz ere ez dugu dena egin, bizitzako beste beharrizanak (jatena, eskola, lana, etab.) asetzen ez baldin baditugu. Gaur, zorionez —eta horixe da premiazkoena—, aitortu dugu lanaren duintasuna, baina norberaren osotasunerako komunitatea behar dugu. Arazo soziala bakarrik darabiltenek gogora bezate ekonomiarekin batera izpiritutasuna ere premiazkoa duela gizonak.

Ramón Trías Fargas (EDC)

Euskal alderdiak, katalan partiduak bezalatsu daude; baina eragozpen bat gehiago izan dute, euskal errealitatea gurea baino gutiago aitortu delako eta, ofizioski, euskal alderdiak askatasun gutiago ukan dutelako. Espainia osoko alderdi lagunekin, eta nazioartean ere bai, lanegiten badute, erraztasun gehiago izango dute hazteko eta aitzinatzeko.

Jordi Pujol Soley (Convergència)

Euskadik tradizio politiko luze eta trinkoa du, eta jeltzaleak eta jaioberriago ditugun beste zenbait talde izan litezke horren ezagugarriak. Horiek horrela, ez dut uste kanpotiko iritzien beharrik dutenik, euskal arazoak urruti batetik ikusten ditugun lagun nahiz erakundeengandiko iritzi premiarik. Hala ere, apalki itzalik haundienarekin, esango nuke zerbait, Kataluniatik esana: naziotasunari ardatza emateko instituzio propioen garrantzia; alde honetatik, Eusko Gobernuari eustean Euskadik benetan asmatu du.

Ba liteke —ez dakit— Eusko Gobernua kritikagarri izatea, beste edozein giza-egintza bezala, baina hor dago eta konkretua da, eta trukaezinezko zerbitzu bat betetzen du.

Josep Pallach (Reagrupament Socialista)

Euskal alderdi abertzaleak geroz eta gizartezaleago izan daitezela; eta sozialistak, berriz, azpimarra dezatela abertzaletasuna. Euskal herriaren nazio-eskubideen aldeko paktu nazional bat da, ene iritziz, irtenbiderik onena.

Josep Andreu i Abelló (ERC)

Elkargo bateratzaile bakarrak molda ditzatela eskatuko nieke alderdi horiei, hemen Kontseilua eta Asanblada bezala. Eta beste zerbait ere bai: garai bateko Galeuzka hura berbiztu dadila.

Pere Ardiaca i Martí (PSUC)

Euskaldunon zereginetan sartu gabe, eten demokratikorako, zeuon oinarrien gain, planteamolde batu batzuetara hel zaiteztela. Horren ondoren, zer egin beharko den hori autodeterminazio bidez erabaki beharko da Kataluniako elkargo batuen iritzia hauxe da: 1932ko Estatutoaren eta Parlamentuaren berritzea, berauen bidez herriak bere autodeterminazioa egin dezan, bai bere gobernabideaz, bai eta Espainiako herriekin izan dezakeen batasun moduaz. PSUC-ek hori nahi du, Estatu federatu baten baterakuntza.

Datorren hamar urteetarako zer nahi zenuke Euskal Herriarentzat? Zein instituzio eta zein politika?

Joan Cabré (Partidu Karlista)

Ez dagokit neri, hemendik, inoren herria moldatzea, baina erantzun diezazudan nolabait. Kataluniak, Aragoek, Andaluziak nahiz beste edozein lurraldek bezala, Euskal Herriak ere bila ditzala bere erroak, ezagut posibilitateak eta jatorrizko herri-balioak, eta mugak ere. Hori izanen da behetik gora, hauteskunde demokratikoen bidez, aministrazio-ordezkaritza on bat hautatzeko egokiera, herriaren ohituretatik hasirik halegia.

Ramón Trías Fargas (EDC)

Bere errealitatea aitortzea behar du Euskal Herriak. Aitorpen horrek beste eskakizun bat du euskal alderdi abertzaleentzat: espainol guztien bizimoldea eta maila politiko, ekonomiko eta sozialak hobetzea.

Jordi Pujol Soley (Convergència)

Euskal Herriak, askatasun osoan, bere buruari eman nahi dizkion instituzioak. Estatutoak, hasera baterako, ba du baliozko bikaintasunik, nahiz eta ez izan bere hartan, beste gabe hartzeko zerbait.

Josep Pallach (Reagrupament Socialista)

Euskal politika euskaldunek erabaki behar dute. Guk —eta berriz ere gauza bera diot— Penintsulako herrien Konfederazio bat nahi dugu, denon problemak elkarrekin konpontzeko gai izan gaitezen.

Josep Andreu i Abelló (ERC)

Hauxe bakarrik nahi dut Euskadi-rentzat: bere herriaren borondatea egia bihur dadila.

Pere Ardiaca i Martí (PSUC)

Ez dagokit euskaldunen instituzio-bizitzaz iritzia ematea. Lehen esanari jarraikiz, katalana naizenez eta Kataluniaz esandakoa eta Espainiako instituzio eta bizitza politikoaz aipatua eskaintzen dut. Nere mirespenik hoberena Euskal Herriko langileriak eta herri osoak aurrera daraman demokrazi burrukagatik, eta nere itxaropena: demokraziaren eta sozialismoaren bidez iritsiko ahal da bere betetasun nazional batera.


Munduan barrena

II Russell Hauzitegiak bere kondena eman du

Hamabi ordutik hamabi ordura hildako bat. Milaka azken 18 hilabetetan. Taldeka fusilatuak. Lau milatik gora giltzaperatuak eta hauetatik hiru mila guttienez salakuntza garbirik gabe. Berrehundik gora desagertuak. Militarren eta Isabelita Peronen erregimenak, halako sistimak erabiliz zapalketa beldurgarrietara irixten ari da Argentina. Erroman, joan den urtarrilean II Russell Hauzitegiko epailarien aurrean, horrela adierazi dute hainbat eta hainbat lekukok. Hauen artean Ana Maria Guevara, "Che"ren arreba, aurkitzen zen.

Hauzitegi honek Bertrand Russell filosofo eta gizazalearen izena darama. Berau izan zen Vietnamgo gudua epaitu eta kondenatzeko hauzitegi bat sortu zuena. Hau, 1967 urtearen inguruan gertatu zen eta gizon "haundi" hori hil hondoren —1970 urtean— bere izena hartuko zuen, alegia, Russell Hauzitegia.

Geroztik erakunde han zeharo indartu da eta, 1973 urtean, Hego Amerikako zapalketa epaitu asmoz, II Russell Hauzitegia sortzen da. Ordutik gaur arte Hauzitegi honek hiru epaiketa izan ditu. Lehenengoa 1974ean Erroman; bigarrena 1975an Bruselan eta hirugarrena eta azkena, lehen esan bezala, aurtengo urtarrilean Erroman. Hauetan Argentinako, Boliviako, Brasilgo, Txileko, Guatemalako, Haitiko, Nikaraguako, Paraguayko, Puerto Ricoko, Dominikar Errepublikako eta Uruguayko herrien egoerak aztertu dira.

Hauzitegi honek edozein hauzitegik bezala epaitzen du. Epaitu nahi den Gobernu edo Estatua aztertzen da eta horretarako lekuko moeta guztiek azaltzen duten informazioa onhartzen da. Berrehundik gora izan dira hiru epaiketa hauetan salatzaile eta lekuko bezala, beren dokumentazioarekin parte hartu dutenak. Dokumentazio hauei ezker, Hauzitegiak, zapalketa, sindikatuen aurkako burruka, ekonomi zapalketa eta menderatze tankerak, harmadaren erantzunkizuna, kulturakiko menderaketa, Elizaren jarrera eta eskubideek jokatzen duten papera aztertu ahal izan du.

Material guzti hau aztertzerakoan, II Russell Hauzitegiak, Estatu bakoitzaren kondizio berezietatik at, menderatze eta zapalketako sistema egoki bat zabaltzen dela Hego Ameriketaren gainean, eta sistema honen arduradun garrantzitsuena Estatu Batuetako Gobernua eta multinazional entrepresak direla frogatu ahal izan du.

Hego Amerika eta "multinazionalak"

Mendebaldeko inperialismoa gogorkeriaren inguruan, emeki-emeki, antolatuz joan da eta gaur egun mundu guztiko herrien amenaza bihurtu da. Estatu Batuen menperaketa, kapitalaren eta botere politikoaren helburuak batzera heldu da. Kapitalaren kontzentrazioak ikaragarrizko entrepresak —"multinazionalak" deituak— sortu ditu, eta mundu guztira heltzen dira. Entrepresa hauk oinharrizko materien jabe egiten dira, esku-lana prezio merkean lortzen dute eta merkatu berriak sortzen dituzte. Beren kapitalak Hirugarren Munduko herrialdeetan zuzenki inbertituaz, menpekotasunezko egoera bat sortzen dute herrialde horien ekonomiazko bizitzan. Baina, hau ez dago gertatzerik agintari politikoek besteen interesen defentsari uko egiten badiote. Multinazional entrepresetako administrazioko kontseiluetan politikako arduradunak edo militarrak egoteak botere ekonomikoaren eta politikoaren adiskidetasuna dakar. Horrela gobernu horik, sindikatoei eragozpenak jarriz, oinharrizko materiak prezio merkean multinazional entrepresen eskuetan ipiniz, etab., entrepresa hauei ikaragarrizko irabaziak lorterazi egiten dizkiete.

Inperialisten sistimarentzat beharrezkoa da botere ekonomikoaren eta politikoaren elkartasuna, bai herrialde menperatzaileetan eta bai menperatuetan ere. Estatu menperatzaileetan elkartasun honek erakunde demokratikoak errespeta litzake, beren menperakera beste bide batzutatik eramanaz, halegia, herri-aburuaren kontrola ezarriz, alderdi politikoak ustelduz, etab. Herrialde menperatuetan, ordea, elkartasun hau indarraren bidez azaltzen da. Estatu Batuak Hego Ameriketako herrialdeen barne-arazoetan oso osorik sartzen dira: 1954ean Guatemalan, 1961ean Cuban, 1965ean Dominikar Errepublikan. Txilekoa, berriz, gaur gaurkoa dugu.

Hego Ameriketako armada Pentagonoaren mendean aurkitzen da eta beregandik hartzen du formazioa. Harmak ere Estatu Batuetako eta Europako entrepresek bidaltzen dizkiote eta hauenganako lotura gogorragoa da oraindik. Harmada hauek gero eta nazional kutsu guttiago dute. Ipar Ameriketako indar harmatuaren txotxongilo besterik ez dira. Hau Hego Amerikan maiz gertatzen dena bada ere, ez da horkoa bakarrik; beste lurraldeetara ere zeharo zabaldu da (Vietnam, Angola, etab.) Menderatze eta desegite honek Estatu moeta berri baten sorrera posible egin du. Halegia, "Estatu alienatua" rena. Kolonialismo moeta berri hau oinazean eta gogorkerian oinharritzen da.

Kissinger eta Estatu Batuak kondenatuak

Fenomeno hau handitzeakin batera, egiazko askatasun baten bila doazen herri zapalduen borroka ere gogortu eta indartu egin da. Munduan zehar gero eta gehiago zabalduz eta garaipena lortuz doa. Inperialismoaren menpeko herri hauk izan dira Hauzitegi honen itzala eskatzen, erakunde honen bitartez beren nortasun apurra aldarrikatu ahal zezaten. Beraz, II Russell Hauzitegiak, Estatu Batuetako eta lehen aipaturiko Estatuen gobernuak herri horien eskubideen izenean epaitu ditu.

Aurtengo urtarrilean, II Russell Hauzitegiak, alde guztietatik heldutako kazetarien eta jendetza multzo haundi baten aurrean, epaiketaren azken erabakia eman du: Hauzitegi honek Argentinako, Boliviako, Brasilgo, Txileko, Kolombiako, Guatemalako, Haitiko, Nikaraguako, Dominikar Errepublikako eta Uruguayko gobernuak kondenatzen ditu. Era berean, Estatu Batuetako gobernua, eta bereziki Kissinger jauna, kondenatuak izan, dira. baita ere multinazional entrepresak eta hauei jokoa egiten ari zaizkien erakunde guziak.

Azkenez, Hauzitegiaren ekintza zabalagoa izan dadin, Herrien eskubideen eta askatasunaren aldeko Elkarte eta Fundazio bat sortu dira. Poz handiaz entzun dugu hau. Hego Amerikaren hurrengoa ez dakigu zein izango den. Agian Europa aldera itzuliko dira. Dena dela, erakunde hauen eragina gero eta handiagoa izango delakoan gaude.

Guretzat ez da berria begien aurrean azaltzen zaigun arazo hau. Euskal Herriak maiz sufritu izan ditu hustiraketa moeta hauk. Erakunde hauen laguntzaz ere ez dut uste beste oilar batek kantatuko duenik. Halere batean ez bada bestean, lagungarri izango zaigulakoan nago. Hala biz.

A. Agirreazaldegi


Erlijioaz

Euskal Herriko Eliza aldaketaren aurrean

ANAITASUNAk Euskal Elizaren azken hamar urteak aztertuak ditu berriki (ikus 1975eko abenduaren 31eko alea). Han esanak kontutan hartuz, aurrera begiratzea dagokigu, orain, eta horrelako zerbait egin nahi genuke artikulu honetan.

Lehendabizi, gure kezkak

Geure inguruari begiratzen badiogu, ba dirudi haro berri baten aurrean gaudela. Aspaldiko partez, gure gizarte giroa zertxobait mugitzen hasia da. Berrogei urteko jelate luzea lurmentzen ari da dagoeneko. Oraingo hastapenak ez dakigu zertan mamituko diren, baina zerbait "berria" datorkigula itsuak ere igarri diezaioke.

Ba dakigu zer nolakoa izan den gure Elizaren ibilera azken urteotan. Gaingiroki eta bataz beste mintzatuz, kreatibitatea eta orijinaltasuna falta izan zaizkio gure Elizari. Ezarritako sistemak ez dio arnasarik hartzen utzi eta bertoko indarra ere ez da aski izan bortxadura hori astintzeko. Protestak, burrukaldiak eta istiluak maiz izan dira, baina oinharrizko, planteamenduak eta erakundeak falta ziren halako zapalketari behar bezala ihardesteko. Nolabait esateko, oihal zaharrean adabakiak ipintzen ari denaren antz gehiago izan du gure Elizak aspaldi honetan.

Gure apezpikuek ere, behar zen garaian behintzat, ez dute adorerik eta argitasunik aski izan Euskal Herriaren arazoa behar bezala planteatzeko. Ba zirudien, gure apezpikuek ez zutela zer esanik erailketa edo iskanbila gogorren bat gertatu ezean.

Haro berria Elizarentzat ere

Aldaketaren aurrean, herrigintzan dabilen jendea planteamendu berriak egiten ari da eta lehengo jarrerak birpentsatzen.

Halabeharrez, gure begiak Elizarengana doaz, Euskal Herriko Elizarengana, hain zuzen. Eta, kasu, hemen Eliza aipatzen dugunean, gizarteko erakunde bezala hartzen dugu batik bat eta erakunde hortan eskubide bereziak dituztenak ditugu gehienbat gogoan.

Zertan da, beraz, Euskal Herriko Eliza? Lehenean ote dirau ala bere jokabideak berrikusten ari zaigu? Mementu honek ez ote luke deklarazio berezirik merezi Euskal Elizaren aldetik? Zertarako izan dira, bestela, iragan urtetako protestak eta etengabeko tirabirak?

Haro berri baten aurrean gaudela esan dugu eta gainean ditugu garai berriek Elizari ere postura berriak eskatuko dizkiote, noski.

Hona zertzelada batzu gure gizartea nondik nora dabilen sumatzeko. Euskal Herriaren deskristautzea gero eta nabarmenagoa da. Edoeta behintzat, herriaren eta Eliz erakundearen arteko loturak indargetzen ari dira. Igandetako "mezatara joateak" puntu asko galdu ditu aspaldi honetan. Gure arteko erlijiozko literaturgintza franko eskasa da, bai kopuruz eta bai kalitatez. Ezkontza zibilaren eta elizazkoaren bereizketa laster etorriko da. Kaleko usario eta ikuskizunetan libertate gehiago izanen da. Familiak seme-alabetan duen eragipena urritu eginen da. Orobat, ikastetxe konfesionalen eskua ez da hain luze-zabala izango.

Labur esateko eta ondorio bidez, Elizak ez du oraindainokoan izan duen eragipenik izango Euskal Herrian. Herria eta herrigintza ere ez da Elizarekin hain lotua egonen. Kristiandate haroari behingoz adio egin beharrean gertatuko da gure Eliza eta misiogintzan hasi beharrean. Nolanahi ere, ez da erraza izanen bide berri horik bilatzea eta ebakitzea.

Gure proposamenduak, azkenik

Abiatzeko, hautapen serio batzu egin beharrean dago gure Eliza. Eta batik bat, Ebangelioaren lekuko izan nahi duen Eliza, gure Herriaren arazoa haintzakotzat hartu beharren dago. Bada tenorea betiko eskema errazak alde batera utzi eta taiuzko planteamenduak egiten ausartzeko. Nik hemen zenbait proposamendu aurreratuko nituzke.

 Bat. Bizi dugun egoeraren aurrean, postura bat hartu beharko luke Euskal Elizak, apezpikuen bidez bereziki. Oinharrizko planteamendu batzu egiteko aukera ederra de gaurkoa. Agerpen moduko bat ere puntuan legoke une honetan. Agerpen horrek iraganari eta etorkizunari begiratu beharko lieke, noski. Elizak egia zor dio gure Herriari, bai azken urteotako historiari buruz bai etorkizunari buruz.

 Bi. Gaurgero, Euskal Herriko Elizak herrigintza soilari (Herriari) askoz garrantzi gehiago eman beharko dio. Herria egiten saiatzeke, ez dago benetako Elizarik egiterik. Hortaz, Herriko mugimenduak eta herrigintzan dabilen oro haintzakotzat hartu beharra dago. Bestela, Eliza hori ez litzateke mundu honetakoa.

 Hiru. Euskarazko pastoralgintzari indar eta kalitate gehiago eman behar dio gure Elizak. Ez dago orain arte bezala irauterik. Honetan ere hautapen batzu egin beharra dago, gure Herriari erantzun seriorik eman nahi baldin bazaio. Euskal Herrian dauden bi herrietatik bat egiten saiatu behar dugu denok. Hauxe da, hain zuzen, gure problemarik handienetakoa. Elizak ere eginkizun hau oso berea bezala hartu behar luke. Horretarako, ordea, kriterio batzu behar dira. Kriterio horietarik bat Euskal Herria euskalduntzea izanen da, noski. Izan ere, hau onhartzen ez duen Elizak nondik hasi behar du hemen lanean?

Kriterio honen arauera, gauza asko berrikusi beharko litzateke pastoralgintzan: mezak emateko modua (hizkuntzari gagozkiolarik), euskaldun jendeari ematen zaizkion erraztasun eta aukerak, etab. Euskal Eliza hautapen serio bat egin beharrean dago euskararen alde.

Guk ezin dezakegu ameti Herria eta Herriaren balioak haintzat hartzen ez dituen Elizarik. (Eta hori teorian eta praktikan, bietan erakutsi behar da). Ezin dugu ere ametitu oinharrizko problemak ezertarako ukitzen ez dituen pastoralgintza kolonizatzaile eta zapaltzailerik.

 Lau. Euskal Herriko Elizak bere erakunde eta antolamendu bereziak egitera jo behar du. Honetan ere bere kreatibitatea erakutsi beharrean dago. Bestela, erren ibiliko gara beti geure Herriari behar bezala erantzuteko. Erakundeei garrantzi handia ematen diegu geure kasuan. Axalezko pertsonalismo baten izenean, ez gaitezen burugabeki edozein erakunderen aurka ibil. Bertoko erakundeak behar ditugu Euskal Herrian eta Eliz mailan ere horixe bera nahi dugu.

 Bukatzeko. Eliza librea nahi genuke, baina Herriari lotua.

Jose Altuna


Elkar ikuska

Avui gaur

Jaio aurretik Avuik lortu dituen laguntzaile eta harpidedun guztiek garantizatzen dute bere bizitza. Herriaren laguntza honen parte interesgarri bat artista katalanek eskaini dituzten lan guztiak dira, Avuiren "fons d'art" deritzona osatuaz, patrimoniren garanti bezala. Argazkian, egunkariaren promotoreakin Joan Miró, katalan egunkari zaharren erakusketa ireki zenean.

"Avui", katalanen "normalitatera" iristeko lehen pausua

Normalitate horren maila bat, bere komunikabideak lortzea dela esaten digu Josep Maria Cadenak, Avui egunkariaren zuzendari ordezkoa izango denak.

Donostian eduki genuen elkarrizketa luze bat berarekin egunkari honen problematikari buruz. Ez beraien eskemak Euskal Herrian aplikatzeko, kasu zeharo desberdinetan aurkitzen garela uste baitut, ezagutzeko baizik. Gure herrian Avuik nahiko interes sortu du, baita imitatzaile batzu ere. Nire eritziz, Katalunian katalanez egunkari bat egitea posible eta zuzena iruditzen zait bere historia eta gaurko kultur egoera kontuan hartzen baditugu: 9 milioi bizilagun dituzte, seik bere hizkuntza ezagutzen dute eta bostek irakur dezakete. Beren hizkuntz batasuna 1912ean lortu zuten, Pompeu Fabra eta Prat de la Riba-ren bitartez, Bartzelonako dialektoari, ezagunena zelako, gehien bat lotuaz. Gaurko egunean, jendeak gutti idazten badu, ortografia menperatzen ez dutelako besterik ez da. Joskerakin ez dute problemarik zeren gaztelaniarena bezalakoa baita. Katalanak ere beste hizkuntzan, ez berean, alfabetatuak izan dira baina, eta hemen gurekin desberdintasun haundiena, alfabetatzen horrek katalanerako ere balio du.

Euskal Herrian, hizkuntz aldetik egoera erabat desberdina izanik, kazetagintzan ere ez gara berdinak. Nahiz kazetaritzaren urtea, itxura aldaketaren urtea, eta beste zenbait inbento izan, jaio berriak gara arlo honetan. Kontuan har dezagun euskal kazetaritzaren lehen pausuak, —Donostian Manterolak ateratzen zuen "Euskalerria"—, 1880.ean eman zirela eta ordurako katalanek egunkari bat ba zutela: 1879an Valentí Almirallek sortutako "Diari Catalá". Ordutik 1939.rartean beti izan dituzte bat, bi edo hiru egunkari katalanez idatziak. Badakigu Euskal Herrian maila honetara 1937.eko lehengo sei hilabetetan, bakarrik iritsi ginela. "Eguna"ren bitartez. Gerra, edo gudu, ondoren, Euskal Herrian bertako, eta bere aldeko, talde politiko, kultural eta ekonomikoek duela hilabete guttirarte ez dute kontuan hartu gizartearen laugarren botere esaten zaion indar hau. Orain bai; orain guztiak dabiltza aldizkari, irrati eta, baita ere, kazetari guztien atzetik. Zer dela eta? Alde batetik, zerbait egiteko eta esateko posibilitateak ikusten, edo susmatzen, direlako eta bestetik, lehen baino behar haundiagoa dugulako. Ez dezagun ahantz Madrileko bost astekari "politikoen" artean 1 50.000 ale baino gehiago saltzen dituztela astero gure herrian.

Katalunian, aspalditik ari dira Presencia, Canigó, (astekariak) Oriflama (hamabostekari) eta Serra d'or (hilabetekari) kalera irteten bakoitzak bere funtzioa beteaz. Aldizkari edo errebista maila osatua dute naiz eta zabalkunde haundia (gehiena Serra d'orek 18.000 alekin) ez izan. Bestalde, nork esan Destino katalana ez dela nahiz eta erdaraz idatzia izan?

Josep Maria Cadenak esaten digunez beren "normalitat" hori egunkariekin lortuko dute eta bat baino gehiagorekin gerra aurretik zituzten bezala.

Avuiren sorrera

Katalunia osoan dagoen "normalitat" nahiak, egunkari nahiak mass-mediaren arloan, hamar lagun elkartzen ditu "Premsa Catalana, S. A." entrepresan. Hamar lagun kultur munduan ezagunak, burjesia ttiki eta erdikoak, elkartzen dira nahi jeneral hau aurrera eramateko. 1974.eko urtarrila zen. Oinharritzat jartzen dute herriaren partizipazioa: denak errepresentatuta sentitu beharko dira eta denek parte hartu beharko dute bere ekintzetan.

Sozietate hau, milioi bat pezetarekin sortzen da. Ondoren partizipazioko kontuak zabaltzen dituzte, bonoen erara, jendea joan dadin bere interes hori laguntza konkretu batera bihurtzen. Partizipazioa hauk mila pezetatik ehun milara doaz eta inork ez du kantitate hau gainditzerik "interes pribatuek ez dezaten kondizionatu egunkariaren esannahia". "Asko dira 100.000 peseta hartu dituztenak beren lagun eta etxekoen artean partitzeko. Baita ere hogei eta berrogei mila pezeta hartu dituzten familia umil edo apalak ere".

Kontu hauetako bat hartzeak urtebeteko harpideduntzea ekartzen du berarekin.

"Jende klase guztietakoa dugu. Zer esanik ez politikoak, baina Avui ez da izango alderdiko periodikoa herri osoarena baizik".

Avui gaur

"1975.eko ekainean iritsi ginen 40 milioiko kapitalera eta orduan, pentsatuta genuen bezala, presentatu genuen dokumentazio guztia, eta eskaera, Madrilen. Ez genuen ezer espezialik egin, legearen aginduak bete baizik. Ba dakigu lehengo gobernuak begi onekin ikusi zuela gure projektua baina ezer egin baino lehen gertatu behar zuena gertatu behar zuen Avui eta horrela izan zen. Urtarrilaren 23an esan ziguten ofizialki Avuik, gai guztiek egunero tratatzeko eskubidearekin, kalera irten zitekeela".

"Apirilaren 23an, Kataluniako patroi den Sant Jordi egunean, nahi dugu kaleratzea. Egun hau kultur eta herri giro batean gure herri osoan ospatzen da, Avuirentzat nahi dugun giro eta mundu berdinean halegia. Eta ordutik aurrera, 32 horri, tabloide deritzan formatuan (hemengo Correo Españolen berdina), egunero kaleratuko gara".

Gure aldizkarien egoera eta problematikatik begiratua, Katalunia beste geratzen da herriaren barneko egoeraren ispilu direla "mass-media" guztiak.

Diru kontuak

"Gaur 64 milioi pezeta ditugu eta 33.000 harpidedun. Gure asmoak, 60 eta 30.000, gaindituak izan dira".

"60.000 ale izanen ditu aurrenengo Avuik eta 100.000ra irits gaitezke informazio zuzen, oso eta ona ematen badugu".

Kataluniako beste egunkariek tirada hauk dituzte: La Vanguardiak 250.000, Noticierok 100.000 eta Tele Expres eta Correo Catalanek 50.000 ale bakoitzak.

"Publizitate nahikoa izango dugu. Entrepresak eta markak behartuta ikusiko dira Avui en anuntziatzera, Kataluniaren alde daudela horrekin adieraziko dutelako". "Bide hau normalitatera iristeko bide bat besterik ez da. Jendeak ahalegin bat egin beharko du eta publizitateko agentziak ere bai. Ez badituzte kreatibo, edo sortzaile katalanik, lortzera behartuko dira. Ez dezatela pentsa guk itzulketarik egingo diegunik".

Hortxe datza errealitate eta amets tarteko desberdintasuna. Benetakoa izan edo faltsua izan. Egunkari batek, beste mass mediak bezala, egoera soziologikoari erantzuten dio. Bere adierazpena da eta zenbat eta zuzenagoa izan, orduan eta hobeto beteko du bere funtzioa: gizartearen desarroiloa, halegia. Katalunian Avui egiteko ez dute beste munduko lanik egin behar; ez dute egunkaria erregalatu beharrik zeren nahiko erosle ba dituzte; ez dute irakurle eta idazle faltarik eta ez dute publizitatea itzuli beharrik. Ez dute nahikoa katalanez idazteakin. Katalanez eta katalanentzat egunkari baten zerbitzuak jartzen dituzte, besterik gabe.

30.000 harpidedun behar zituen "Premsa Catalana, S. A."k entrepresa bezala irauteko. Egunkari koxkor batek zabalera hau guttienez behar du eta hori inprenta propiorik gabe, Avuiren kasuan bezala. Hauek 60 milioiko inbertsioa egiten dute, gehienbat azpiegitura, infraestruktura, informatibo bat sortzen Països Catalans horietan. Beraiekin batera irtengo duen "El País" espainol egunkariak 500 milioiko inbertsioa eskatu du inprenta eta beste inmobilizatu artean.

Noiz izango da posible gure "Herrian" zenbaki hauetara iristea? Eta ez dezagun ahantz egunkari, edo aldizkari batek irakurtzen duten erosle eta harpidedunak behar dituela, ez irakurtzen ez dutenik.

Idazkaritzak

Gure problemak ezagutzen zituen Cadenak eta horregatik puntu honetaz oso zehatz hitz egin zuen. Hauk dira, berak esan bezala, haren hitzak:

"Katalanez idazteko gai izan behar dute guztiek. Ez dugu ahanzten katalanez idazteko posibilitate haundirik ez dela egon, idazkera periodistikoan batik bat, baina, gizon eta emakumeek bere harreman sexualak ikasten dituzten bezala, gogoarekin praktikatuz gero, dominatzera iristen da". "Korrektore edo zuzentzaileak zainduko dute ortografia eta estilua. Hizkuntza bere sustraietan ezagutu behar dute hauek eta bere lege eta normak kriterio zabal eta aurrerakoi batekin aplikatu, idazkera maila asko direla eta kazetagintzarena apalena dela kontuan hartuta. Ez dira izango purista, exijenteak baizik. Bi hitz zuzenen artean ezagunena hartu behar da. Kultismoak ez dute tokirik kazeta idazkeran baina bai egunkarian dauden beste sekzioetan, kolaboradorenean halegia".

"Berrogei urtetan bere hizkuntza egunero irakurtzeko posibilitaterik izan ez duen herriak, ez da txokatu edo akonplexatuta geratu behar Avui hartzerakoan. Katalan horiek katalanez hitz egiten dute eta hizkuntza, bere adierazpen, esaldi eta modismo aldetik, % 80etan zuzena da eta Avui bere irakurleen zuzentasun horretan mugitu behar da. Batzutan erdalkeriak ere ibiliko ditugu, hurrengo egunean zuzendu eta bere jatorrizko forma azalduz. Avuik, beste funtzioen tartean, didaktikoa ere badu".

"Esaldi periodistikoak sortu behar ditugu gure hizkuntzan; "alto el fuego", "conferencia en la cumbre" eta abar ez ditugu gaur katalanez esaten. Berdin kiroletako esaldiekin. Hiztegi osoa dugulako ez dugu hitza sortu beharrik, esaldia baizik".

Hogeitabost redaktore inguru izango ditu Avuik. Galdetu genion beren subdirektoreari Huertas Clavería, aspalditik katalanez idazten zuen kazetaria eta orain espetxeratua dagoena, sartuko ahal zen Avuiren plantilan. Eta eskainiko zitzaiola erantzun zuen Cadenak.

Lau parte berezi izango ditu Avuik:

 "Països Catalans", "Barcelona", "Teletipos" eta "l'esport". Azalak eskaparate funtzioa edukiko du, linguistikako txoko berezi batekin. Hauetatik kanpo, beste egunkarien txoko eta sailak ere izanen ditu.

Politik arloan

Aldizkari, egunkari edo irrati bat egiterakoan edo sortzerakoan nahi eta ez politika arloan sartzen gara. Ze esanik ez komunikabide edo harreman bitarteko hori Iruinean esan zuten bezala, Euskal Herrian sortzen bada. Katalunian beste hainbeste gertatzen da Josep Maria Cadenak esaten digunez, baina oraindik asmatu ez duguna haiek aurrera daramate Avuiren kasuan: indar gehienak alkartu eta konpondu erazi azkenengo erabakia herri zabalari emanaz.

"Eritzi politiko guztiei irekita dago Avui. Beraien artean errespetatzen diren talde, pertsona eta eritzi guztiek Avuiko ateak irekita dauzkate". "Espainol Estatu federal baten barruan País Catalá demokratiko eta askatu baten alde dauden eta lan egiten duen guztientzat da Avui. Katalunia egiten duten guztiekin gaude, inori lotu gabe. Aste Saindua egiten den erara, saindu guztiak bisitatuko ditugu baina inor ez dugu etxera eramango".

"Bai, ba dakit oso zaila izango dela. Kritika asko izango ditugu Administraziotik eta, batik bat, berak jarritako legeak errespetatzen uzten ez dioten bere inguruko zenbait jenderenak. Baita maximalistenak ere. Baina inork ez gaitu gehiegi bildurtzen ez eta arduratzen ere. Minduko ginateke prensa katalan bat nahi dugunon lan guztia deuseztatuko balu kritika negatibo horrek".

Hitz ezagunak, egoera ezagunak, problema ezagunak Gure herriaz, Josep Maria Cadenak hauxe esan zigun:

"Euskal Herrian bere problemari nola erantzuten dion ba dakigu eta kontuan hartzen dugu Katalunian. Ez dizuegu begiratzen sinpatia hutsez, desentendimentuko postura estetiko bat besterik ez litzateke izango hau, laguntzeko gogoaz baizik. Espainiako herri guztien artean burrukatu behar dugu geure normalitatea lor dezagun".

LUIS MENDIZABAL

 Josep Faulí, Avuiko zuzendariaren hitzak bere hizkuntzan:

 "Básicament, l'Avui ha de cobrir una necessitat de tota comunitat: la d'ésser informada en la seva llengua. Per això la seva activitat ha de centrar-se a subministrar al public català, una informació equilibrada de contingut i tècnicamente ben presentada".

 "Diari d'una comunitat però no d'un grup, l'Avui, per respecte als qui en fan possible i per responsabilitat davant la comunitat, ha de contenir —i no és gens facil tecnicamente— la seva opiniò en uns limits dins els quals no ultrapassi les coincidències fonamentals. Ben altrament, si l'opiniò pròpia cal que sigui matisada, per les seves característiques el dian ha d'esdevenir lloc de trobada i de diàleg, on, amb respecte a les opinions dels altres, cadascú pugui exposar les pròpies, de manera que el diari sigui exponent de la realitat total dels Paisos Catalans".

 "Amb tot —i aquest és el fet més esperançador—, l'Avui ha començat el seu camí com a fruit d'un gran acte de fe. Cal creure en el diari perqu'ja hihan cregut molts catalans de tota mena que hi han fet la seva aportació. Per ells, el dian és possible. Gràcies a ells, el diari té futur. I és per ells que l'experiéncia de l'Avui és tan diferente de quasevol altra. La humilitat i el respecte que he asseyalatt es converteixen en barretada davant aquesta munió que, abans d'hora i contra tota esperança, ha dit que si al diari en un plebiscit impressionant".

(Serra d'or 197tik hartuta)


Hizkuntza

Kiroldegietarako oharrak

Duela zenbait aste, Barcelonako estadioan jokatzen zen futbol partidu bat telebistaz ikusteko abagadunea ukan genuen. Momentu batez harriturik geratu ginen, estadiorako ematen ari zen ohar bat entzutean. Eta harriturik diot, gure lurralde honetan —zoritxarrez— horrela ohiturik ez gaudelako. Estadioko bozgorailuez katalanez eman zuten jokalari-aldaketa baten berri. Guk, ordea, geure pilotaleku, futbol zelai eta antzekoetan, ez dugu horrelakorik entzuteko zorionik. Baina, ez ote dugu horretarako eskubiderik?

Argi denez, kasu honetan katalanen exenpluari jarraiki behar geniokeela uste dut. Eta, kritika hau ustela gerta ez dadin, adibide batzu jarriko ditut, hori nola egin daitekeen adierazteko.

Futbol partiduan

"Arretaz entzun! Goikoetxea irten da zelaitik. Haren ordez, Madariaga sartu da, bizkarrean hamalaua daramala."

Honelakoak edo antzerakoak izan daitezke oharrak. Oso egintza interesgarria izan daitekeela uste dut. Horregatik, lerro hauen bitartez dei egiten diet Euskal Herriko kirol erakunde guztiei, beren estadio eta polykiroldegietan euskarari leku egin diezaioten.

Pilota partiduan

"Arretaz entzun, mesedez! Arretaz entzun! Elurraren kausaz (edo eta gaixotasunaren kausaz, edo eta bestela) Orexa hirugarrena ezin etor daiteke partidu ordurako. Beraz, programaturik zegoen partidua aldatu beharrean aurkitzen gara. Honela, bada, bigarren partidua hauxe izanen da: Erretegi lehena eta Nalda bigarrena, Berasaluze laugarrena eta Aldazabal lehenaren aurka"

J. R. Etxebarria


Hizkuntza

ABERRI: patria, patrie.

ABERTZALE: patriota, patriote.

ABERTZALETASUN: patriotismo, patriotisme.

ADOS: batera, konforme.

ANAIKOR: fraternal, fraterno.

APEZPIKU: obispo.

ARMADA: ejército.

ARRETAZ: kontuz, arduraz.

AUTOESTRATA: autopista.

AVUI: "gaur, egun" katalanez.

BATZORDE: comisión.

BEHIN BEHINEKO: provisional.

BERRERAIKI: reconstruir, -ido.

BORTXADURA: presión, opresión.

BOTERE: poder.

DAMAIGU: ematen digu.

DEITURA: apellido.

DUINTASUN: dignidad.

ENTREPRESA: empresa.

ERANSKAILU: pegatina.

ERAGIPEN: eragin, influencia.

ESKABIDE: petición, reivindicación.

ESTATU: estado.

FROGA(TU): probar, demostrar, -ado.

GARAMATZALA: garoazela, garamazkiela.

GAZTELANIA: castellano (idioma).

GUPIDAGABEKI: urrikigabeki, bihotz gabeki.

GUTIETS(I): mespreza (tu), txartzat har(tu).

HAZKUNTZA: crecimiento.

HELBIDE: dirección, domicilio.

HITZARMEN: pacto, acuerdo.

HUSTIRATZE: hurrupaketa, zurrupaketa.

IGARO: pasa(tu), iragan.

IJITO: buhame, gitano.

IKUSKIZUN: espectáculo.

IRITS(I): lor(tu), erdiets(i), del(du).

ISKANBILA: nahaste, istilu, kalapita.

ISPILA(TU): reflejarse, -ado.

IRAGAN: pasa(tu), igaro.

ITAUN: galdera.

IZENKIDE: homónimo, tocayo.

JASAN: paira(tu), sufri(tu).

KATALANTASUN: catalanismo.

MENPEKOTASUN: subordinación.

MILIOI: millón.

MOETA: mota, klase; hitz hau latinezko monetatik omen dator.

NAZIO: sorterri, nación.

NAZIONALITATE: nacionalidad, komunitatea.

NAZIOTASUN: nacionalidad, nazio izate.

OINAZE: min, pena, sufrikario.

POLITIK—: politikazko, politikari dagokion; politik arloa: campo político.

POLYKIROLDEGI: polideportivo.

PROPOSA(TU): proponer, -uesto.

PROPOSAMENDU: propuesta, proposición.

PROZEDURA: procedimiento.

SINESGARRI: creíble.

SOBIETAR BATASUNA: la Unión Soviética.

SORBALDA: bizkarra, lepoa.

-TIK AT: -tik kanpoan, -az landa.

TXARTEL: boleto, billete.

YAYO: trebe, azkar; gaztelaniazko dado-tik omen dator.

ZERRENDA: lista.

Xabier KINTANA


Aisiaren ordua. Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Aisiaren ordua. Urrezko astabelarriak

Amnistia danoentzat

Eranskailuek, antza denez, ijitoaren madarikazioa edo daukate: ez dago ia bat ere euskaraz ongi idatzita dagoenik. Eta bizpahirur lerrotan oker bat edo bi ezartzea, ez da, guk uste, hain barkagarri.

Oraingo honetan amnistia eskatzen duen bat dakargu, urrezko astabelarrietarako aski meritu duelakoan. Amnistia eskatzeari guztiz txalogarri deritzogu, eta gu ere horren alde gaude erabat. Baina danontzat edo eta danentzat (GUZTIONTZAT edo DENONTZAT hobe) jarri beharko lukeen tokian danoentzat moduko gauza ezentzun eta ezirakurria azaltzen da. Nortzu ote dira danoak; ala nanoak ote dira?

Tira ba! Atera dutenei puntutxo hori argitzeko erregutuko genieke. Eta bitartean, eta daukaten borondate ona kontutan harturik, eranskailu horren egile danaeiountzat, aste honetako asta- ez baina urrezko katabelarriak proposatzen ditugu. Ez dago zergatik.


Aisiaren ordua

Gurutzegrama