ANAITASUNA

1976.eko Otsailaren 1ekoa

310. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

GEROARI DEIKA


AURKIBIDEA

3 Aurkezpena: ATARIAN

4 TANTAKA

6 EUSKAL HERRIAN

Kultura

Politika

Ipar aldean

13 IBERIAN ZER

15 MUNDUAN BARRENA

Hirugarren mundua

Sozialismoa

Kultura nazio artean

19 ERLIJIOAZ

20 ELKAR IKUSKA

22 POSTAZ ETORRIAK

23 HIZKUNTZA

24 AISIAREN ORDUA

Zapaburu birbiztua

Urrezko astabelarriak

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga


ANAITASUNAren oharra

ANAITASUNAren zenbaki hau jadanik inprimaturik zegoela, ondoko dokumentua lortu dugu.

Gure ustez garrantzi haundiko problema bat aipatzen du, konponduz gero, gure Herriari, segur aski, luzaroko mesedeak ekarriko lizkiokeena. Geure irakurleoi albistearen primeza hau eman nahirik, hortaz, eskabidearen textua eskaintzen dizuegu.

ANAITASUNAk

JAUNA:

Geure izenaz izenpetzen dugunok, 1975 abenduaren 10ean, egungo euskal problematikaren berri eman asmoz, Audiencia eskatu genizun jaun horri. Horretarako egin genduen dokumentuan bildu genituen zuri esan nahi genizkizunak. Hona hemen esaten genuena:

«Euskal Herriko kultur, ekonomi eta herri bizitza sail desberdinetan ari gara Talde hau osatzen dugunok.

Ez gatozkizu inoren izenean, ez da hori gure asmoa, baina gartzelan, atzerrira alde eginik eta zigorturik direnen alde amnistia osoa eta erabatekoaren alde geure borondatea eta nahi bizia agertzen dizugunean, gutako bakoitzari dagokion sail horretako jende gehienaren iritzia azaltzen dizugula uste dugu.

Eskari honen garrantziaz konturatzen gara. Taldea osatzen dutenek eskari hori egiteko dituzten arrazoiak hemen eman genitzake, baina arrazoi horik desberdinak lirateke eta behar bada elkarren kontrakoak. Arrazoietarik batean ordea denok berdin pentsatzen dugu eta horrexengatik hain zuzen ere gailenena bailitzen agertzen dizugu: elkarren artean baketan bizitzeko gogoa, demokratiko gizartean zinezko bake zuzena iristeko gogoa.

Egitekoa haundia eta bidea luzea delarik, norbaitek egin behar du lehen urratsa, eta gure ustez, iñor bai eta Agintariek egin behar dute lehen urrats hori.

Geure herriaren geroaz kontu haundia izanik, problemak zuritu nahi eta ezer iritsi ez, luzaz, gogorrik egin eta erabili den politika errepresiboaren azken gaiztoaren lekuko izan gara.

Indarkeriak hartu duen itxuraz beldurrak harturik, aurrera ere orain arteko politikari lotzeari, arras itsu eta irrespontsable irizten diogu.

Aitzitik, demokratik ondorioei sinestea zor diegu, bai eta lehen neurri gisa emango litzatekeen amnistiari ere.

Agintariei gauza zaila eskatzen diegula badakigu, baina gauza nabarmena da bestalde, gure ustez behintzat, guzti horrekin erdietsiko litzatekeen ondorioa haundia izango litzatekeela: berrogei urtez, mindurik eta zapaldurik izan direnei beren erantzun eta eskariei amore ematera eragingo litzaieke.

Gure herriaren borrokan aspaldidanik itsatsirik daudelarik, eta gero eta gogorkeria haundiagora garamatzan elkarren arteko egitateak bertan behera utzirik, oraindik egin daitekeen bake egarriaz eraginik egin dugu geure eskaria.»

Baina oraindik ez baitugu iritsi eskatu genizun Audiencia, hauzi hau konpontzeko gero eta zantzu txarragorik dela ikusirik, lehen baino oldar haundiagoz azaldu nahi dizugu geure arazoa.

Eman asmotan diren amnistia erabat osoa izanen ez ote den susmoa dugu; odol-delito delakoaz zenbait bazterturik ez ote den geratuko alegia.

Irtenbide okerra litzateke; makur hori Euskal Herriko sozio-politiko egoera ez ezagutzeari zorko litzaioke, hemen izan ere, mende osoz eta gehiagoz bizi izan den biolentzia, azken gerra zibilaz geroztik arras gorbizitu baita, kultur, ekonomi eta politikan izan den jazarkunde-opresioaz, eta batez ere, giza-eskubideak begiratu ez direlako, eta jendetasunari eta gorputz osotasunari eraso zaielako. Horiek horrela direlarik, orain bizi diren legez kanpoko egoerara eragin diote askori. Oso ezaguna da eta nabarmen senti da egoera hau Euskal Herrian, eta bestalde, gazteenek bizi izan duten errealitate bakarra da biolentzia egoera hau.

Egoera honetan, juridiko gisako iritzitez ezin daiteke balia, Euskal Herritik gauzei begira ala beste nonbaitetik begira, arras bestelakotu baititezke iritzi hoik. Batzuentzat kriminal direlakoak beste batzuentzat gudari baitira.

Amnistiaz batera politiko-errepresibo aparatoaren errausketa erabatekoa eta osoa egiten ez baldin bada, etsi-etsita gaude Euskal-Herriko egoera txartu eta gogorkeria ezin eta gehiago indartu egingo dela.

Bizi ditugun orduok larriak direla uste dugu; hala ere, Euskal-Herri osoa berrogei urte zai egon ondoren elkarrekin bakean bizitzeko lehen urratsa izango litzatekeen amnistia osoa eta erabatekoa, litekeen gauza da.

Amnistia osoa emango ez ote den beldur izanik, hau eskatzen dugu: lehen gertatutakoa erabat ahaztuko duen amnistia zabal dadila.

Euskal Herriko jenderik gehienak guk hemen azaldu bezala uste duela uste dugu.

Jainkoak luzaz gorde beza Jaun hori.

Donostian, 1976.urtarrilaren 16an.

SEÑOR:

Los abajo firmantes, con fecha del día 10 de diciembre de 1975, solicitaron una Audiencia a S. M., para exponer el momento actual de la problemática vasca. Nuestra exposición habría de concretarse en los términos que resultan del documento preparado a tal fin y que seguidamente se transcribe:

«Los componentes de este Grupo pertenecemos a diversos sectores de la vida cultural, económica y popular del Pueblo Vasco.

No nos arrogamos representación alguna, y ni siquiera la pretendemos, pero creemos identificarnos con la opinión dominante en los sectores que nos son propios, al expresar una voluntad de amnistía total, sin reservas, para los presos, los exiliados, los sancionados.

Somos conscientes de la transcendencia de esta pretensión. Podríamos exponer las razones que los componentes del Grupo tienen para formularla, pero serían distintas y posiblemente divergentes. Hay una razón, sin embargo, en la que todos coincidimos y por ello la exponemos como predominante: el deber de llegar a una convivencia, el deseo de conseguir una paz justa en una sociedad democrática.

En este largo camino, alguien ha de dar el primer paso, y el primer paso, en nuestra opinión, lo debe dar la Autoridad.

Hondamente preocupados por el futuro de nuestro pueblo, hemos sido testigos del fracaso de la política represiva aplicada tenazmente, durante muchos años, en un fallido intento de resolver los problemas.

Asustados por la espiral de violencia, creemos que seguir aplicando la misma política supondría un alto grado de ceguera e irresponsabilidad.

Por el contrario, creemos en la solución democrática, y como primera medida para ella, en la amnistía.

Conocemos la dificultad de lo que pedimos a la Autoridad, pero no es menor, en nuestra opinión, la transcendencia de la contrapartida que podría conseguirse: propiciar la renuncia a los deseos de réplica y reivindicación de quienes, durante años, se han considerado vejados y oprimidos.

Nuestra gestión responde a esta voluntad de una paz que aún parece posible, abandonando las actividades de enfrentamiento que nos llevan a una escalada de violencia y que tienen raíz secular en las luchas de nuestro país».

Este es el día en el que la Audiencia solicitada no ha sido concedida, lo que nos impulsa a replantear el caso, insistiendo con mayor energía en el tema que nos ocupa, a la vista del giro desfavorable que ciertos indicios parecen señalar.

Tememos que la amnistía en estudio no llegue a ser total; que se excluyan los calificados como delitos de sangre.

Sería una solución equivocada y el error arrancaría de desconocer la situación socio-política del País Vasco, donde la violencia, con precedentes históricos de más de un siglo, se ha visto exacerbada a partir de la última guerra civil, por una opresión cultural, económica y política y, particularmente, por un desconocimiento de los derechos humanos, con reiterados ataques a la dignidad y a la integridad física de las personas, que ha empujado a muchos a la vía extralegal, donde actualmente se encuentran situados. Este hecho es bien conocido y sentido en el País Vasco y, para los mas jóvenes, esta situación de violencia que han recibido es la única realidad vivida.

En esta situación no puede partirse de calificaciones de tipo jurídico, que pueden ser completamente diferentes según se miren desde dentro o desde fuera del País Vasco. Lo que para unos son criminales para otros pueden ser combatientes.

Estamos convencidos de que si la amnistía, junto con el desmantelamiento del aparato político-represivo, no es total, la situación vasca puede degradarse y llegar a un máximo de violencia.

Creemos que el momento actual es crítico; hoy existe la posibilidad de una amnistía total, que durante cuarenta años se ha estado esperando en el País Vasco y que puede ser un primer paso para la convivencia necesaria para la Paz.

Por ello nos adelantamos al hecho posible de una amnistía incompleta para pedir más: una amnistía que equivalga a un olvido del pasado.

Estimamos que la voluntad de la mayoría del Pueblo Vasco sigue la misma orientación por nosotros expuesta.

Dios guarde a V. M. muchos años.

San Sebastián, a 16 de enero de 1976.

JOSE-MIGUEL DE BARANDIARAN

ETNOLOGO

JAVIER-MARIA ELICEGUI ARRILLAGA

RECTOR DE ESTUDIOS UNIVERSITARIOS Y TECNICOS DE GUIPUZCOA

JESUS ALTUNA

PREHISTORIADOR

JOSE MARIA SEGURA ZURBANO

NOTARIO

ANDONI ELIZONDO MENDIOLA

ENTRENADOR DE FUTBOL

ELOY LOBO AMESTOY

INDUSTRIAL

RAMON BAJO FANLO

ABOGADO

MIGUEL CASTELLS ADRIAENSENS

NOTARIO

EDUARDO CHILLIDA JUANTEGUI

ESCULTOR

JAVIER UNZURRUNZAGA GOICOECHEA

DECANO DEL COLEGIO DE ARQUITECTOS VASCO-NAVARRO

JOSE-ANGEL CUERDA MONTOYA

ABOGADO, CONCEJAL AYUNTAMIENTO VITORIA

PASCUAL JOVER LAGUARDIA

ABOGADO DEL ESTADO

CARMELO ORTIZ DE ELGUEA JAUREGUI

PINTOR

TOMAS CABALLERO PASTOR

TENIENTE ALCALDE AYUNTAMIENTO PAMPLONA

JAVIER YABEN BENGOECHEA

PRESIDENTE DEL CONSEJO DE TRABAJADORES DE NAVARRA

VICTOR MANUEL ARBELOA

HISTORIADOR

J. CARLOS GARAICOECHEA URRIZA

CONSEJERO FORAL

RAMIRO PINILLA

NOVELISTA

LUIS MICHELENA ELISSALT

CATEDRATICO UNIVERSIDAD SALAMANCA

JULIO CARO BAROJA

DE LA ACADEMIA DE LA HISTORIA

JULEN GUIMON UGARTECHEA

ABOGADO

LUIS ALDECOA URIZAR

PRESIDENTE ATENEO DE BILBAO

ADOLFO CAREAGA FONTECHA

FINANCIERO

FRANCISCO-JAVIER ERICE CANO

MEDICO. ALCALDE ELECTO PAMPLONA (25-I-76)

JOSE-LUIS GARCIA DE FALCES

PRESIDENTE DE LA REAL SOCIEDAD DE AMIGOS DEL PAIS DE NAVARRA

CARLOS OLAVERRIA

CONSEJERO FORAL

LUIS-MARIA DE ITURRI

DIRECTOR TEATRAL

JOSE-ANGEL IRIBAR

FUTBOL PROFESIONAL

GABRIEL CELAYA

ESCRITOR

BLAS DE OTERO

POETA


Aurkezpena

Atarian

Etorkizun berri baten lehen egunetan ote gaude? Berritu nahia, bazter guztietan, nabari da, batez ere politikan nabarmentzen delarik. Iragana —hurbila, berrogei urtekoa; edo luzeagoa, ehun urtekoa— likidatu nahian dabil jendea. Iraganaren semea baino gehiago etorkizunaren aita izanen den hazaldi berri bat izan nahi du gaurkoak. Azken ehun urteotako ilunpetik atera berri gara.

Ilunik gabeko etorkizun bat moldatzen baturik jokatu behar dugu guztiok. Denon indarrak batuta behar ditugu. Denon konpromezuaren beharretan dago Herria. Uzta ugaria da. Herrigintza hontan denok behar dugu esku hartu, langileok, medikuok, unibertsitariok, kultur-gizonok...

Gure laneremuari zuzenkiago dagokionez, euskal komunikabidean arazoa aipatu nahi genuke. Kazetaritzaren urtetzat jo zuen aurtengoa ZERUKO ARGIA bazkideak. Osorik gaude harekin. Aspalditik gabiltza ANAITASUNAn ere arazo berarekin. Urte berri, asmo berri, ANAITASUNA berri esaten genuen ihazko azken zenbakian ere. Euskal komunikabide guztien urtea izan dadila. Ba dirudi mass mediari dagokionez sentikortasun bizi eta berezi bat sortu dela Euskal Herrian. Esaterako, Deustuko Unibertsitateko Astea, hain zuzen euskal komunikabideei buruzkoa, oraintxe bertan amaitu da. Handik eta hemendik, deiak eta eskariak ugari datozkigu.

Hasi dira gauzak aldatzen. Gure inguruko hiru euskal aldizkari arras aldatu zaizkigu. Zurrumurruak dioenez, euskal astekari-hamabostekari zenbaiten lanasmo eta projekturik ez da falta. Bizpahiru ba omen datoz, euskaraz eta erdaraz. Zain gaude. Kezka batekin: zein leku izango du euskarak? Iturri onetik jakin izan dugunez, JAKIN aldizkaria ere ba dator, hutsune bat betetzeko asmotan. Egunkari bat ere ateetan dugu, diotenez.

Zalantzarik gabe, euskal kazetaritzak ba du etorkizunik. Eta ba du lanik. Orain arte sarritan bezala, negatiboaren positibotasunean ibiltzerik ez dugu. Geroz eta hizkuntza argiagoa behar dugu, zehatzagoa, jokabideak idarokiz ez baino argi eta garbi paperean jarriz idatzi beharko dugu. Kazetaritza profesionala.

Uste dugunez, aldakuntza handien atarian gaude.


Tantaka

Deustuko problematika

Deustu Bilbok anexionatu ondoren, funtsik gabeko plan (hobe esan desplan) batez baliaturik, dena etxez eta kalez bete dute. Ondorioz, ez dago jendea elkartzeko tokirik eta nortasun handi bat zuen Deustua, despersonalizaturik agertzen zaigu gaur. Hau dela eta, urtarrilaren hasieran Famili Elkarteak eta Zubibarri Euskal KULTUR Elkarteak, Kultur Aste bat antolatu dute (erakusketak, hitzaldiak, jendaurreko elkarrizketak) eta nahiz eta denak ezin egin izan (elkarrizketa horietako bat debekatua izan zen), jendea kontzientzatzea lortu dute. "Etxe Sozial" bat eskatu nahi diote Bilboko Ajuntamentuari, kultur taldeak, kirol taldeak eta gainerakoak biltzeko toki eduki dezaten, eta inguruetan hauzoarentzat polikiroldegi batekin, batez ere gazteak eta haurrak bil daitezen.

Santutxun irudimena nagusi

Irudimen kritikoa Santutxukoa. Erakusten digute, gainera, Bilbo barruko bizitza baino askoz ere biziagoa dela ingurukoa. Irudimen gehiago eta kreatzaileagoa dute Rekaldeberrin eta Santutxun, esaterako.

Turistari Santutxu erakustekotan, zer erakutsi? Ba zulo batzu, arratoiak ugari, urik gabeko iturria, jolaslekuaren premia gorria, eta abar erakutsiko lizukete Santutxuko Gurasoen Elkarteak. Turistak ez baino Santutxutarrak ere harriturik gelditu ziren, udaletxekoek pankarta batzu kendu ondoren, igandean arboletatik eskegita, fruitu bezala ikusi zituztenean. Santutxu zineman ere gauza bera bistabidez eta esaera kritikoz ikusi ahal izan zuten.

Inguruaz jabetuz herria edo hauzoaren arazoa eskuetan hartu nahi izan dute Santutxutarrek.

Kale manifestazioak nonnahi

Ezina zaigu hemen manifestazioen kontu osorik ematea. Ugaltzen ari dira. Non ez da azken egun hauetan manifestaziorik izan? Bilbokoa sonatua izan zen, Tolosakoa eta Donostiakoa eta Zarautzekoa eta Azpeitikoa, eta abar, eta abar, berdin... Jendeak baketsu jokatzen du, ordenu handian. Baina leku guztietan ikusten dena zera da, halegia, esperientziarik eza: beldur da jendea. Herri demokratikoetan ez bezala, erakunde egokien faltaz, antolatu eta gidatu gabeak dira manifestaziook. Poliziaren aldetik jokabide desberdinak nabari dira, joka batzutan, sakabanatzen beste batzutan, eta begira ere bai. Bidezko denez, manifestazioak eta protestak eta ageriak ugaltzen ari direnez, arazo problematsu baten aurrean aurkitzen da Gobernua: hau guztiau kontrolatzerik, bideratzerik, demokrazia zainduz eramaterik izango al du? Ez al da hori Fragaren apostua?

Nafarroan alkate berriak

Urtarrilak 25 ean, Iruinean eta Nafarroako gainerako ajuntamenturik erdietan, bertako kontseilariek alkate berriak hautatuak izanen dira.

Gure hiriburuaren partez, Erize, Zalba eta Sarasa delakoak presentatzen direlarik, agi denez, Erize jauna H. O. A. C. erakundearen partez egun Iruineko kontseilaria izanki, dugu posibilitate gehienak bere baitan dituzkeena.

Egia erran, Iruineko herriak aukeratu behar balu, Erize jauna alkate altxatuta izanen litzatekeelakoan gaude, zeren familia aldetik, azken hauteskundeetan kontseilari izendatuta gertatu zenetik, ez baitira itzarrak eta eskasak hain zuzen, herriaren alde erabili dituen ahaleginak.

Euskara Deustuko Hizkuntz Institutuan

Jakin dugunez, Otsailean hasita, Deustuko Hizkuntz Institutu Ofizialean, euskara ere irakatsiko da. Estatuaren Institutu horrek goi mailako ikasleei titulu bana emanen omen die, examinak iragan ondoren. Euskaltzaindiaren tituluak, dirudienez, ontzat hartuak izanen dira modu berean.

Bilbo Zaharrean: erdara nagusi

Ihazko Urtarrilean, Hilbeltzari erraztasunen bat eman nahirik, Bilbo Zaharreko dendari elkarteak publizitate kartel batzu atera zituen, erdaraz eta euskaraz. Euskarazkoak, erdarazkoen itzulpen merke bat izateaz gainera, idazkera okerrez agertu ziren. Hori zela eta, zenbait kritika egin zieten euskal aldizkarietatik. Aurten, ondoan duten Euskal Akademiara argitasun bila joan beharrean, Bilbo Zaharrekoek bere publizitate kartelak erdara hutsean argitaratzea erabaki dute. Hori da benetan argi jokatzea.

Euskal Unibertsitatea

Abiada handian zabaldu dira Euskal Herrian zehar Euskal Unibertsitatea eskatzen duten pegatinak. Nonnahi ikusten dira jendearen jantzietan eta berebiletan ezarriak, baina batez ere gazteen jantzietan.

Euskal abeslarien birpiztea

Azken urteotako oztopoak zirela-ta euskal abeslarien saioak urritu egin ziren, baina egunotako irekitasunarekin berriz ere ugaritu egin dira. Libreago kantatzen dute, saioak edonon egiten dira eta jendeak aretoak betetzen ditu.

Comisión de enseñanza del euskera

Bilboko egunkarietan irakurri dugunez, urtarrilaren 16an, Bizkaiko Gobernu Zibilean egindako bilera batetan, aipaturiko batzordea sortu da, honela konposatua: Lehendakari, Bizkaiko Gobernadore Zibila, Vicelehendakari, Hezkuntza eta Zientzia Ministergoko Delegatu Probintziala eta Bokalak Diputazioaren ordezkaria Magistergo Eskolako zuzendaria, Hezkuntzako inspektore burua, Juan Ramon Urkijo eta Alfonso Irigoien (biak Euskaltzaindikoak) eta Angela Beldarrain "Torre Urizar" Eskola Nazionaleko zuzendaria. Berehala hasi dira lanean eskoletarako euskara irakasleak antolatzeko ikastaroak egingo dituzte, eskolen arteko inkesta bat euskararen egoerari buruz, etab.

Goardia zibil bat hila

Urtarrilaren 17an goardia zibil bat hil da "bandera separatista" bat kentzera zihoanean. Bilboko erdal egunkariek "bandera separatista" bezala kontsideratzen duten hau, edozein euskaldunentzat euskal ikurrina da soilik. Zergatik "separatista" adjektibo hori ezarri, "euskal" denean? Ez dugu hau konprenitzen, ez eta zergatik ikurrin hori erabiltzea libre ez den. Katalunian kasu, katalan bandera den bezala Dena den, Espainiako Gobernuak du azken hitza, eta haren zuhurtasuna inposatuko delako segurtasunean gaude.

TVE: Pinpilinpauxari harrera ona

Urtarrilaren 9an TVEko Euskalerria programan, Pinpilinpauxa telesaioaren barruan, haurrentzako txapelketa bat eratu zen. Txapelketa hau hilean behin eginen da, hileko lehen ostiraleetan. Jakin dugunez, txapelketa horretan parte hartu nahi dutenengandik, 3.000 eskutitz inguru jaso dituzte telebistakoek Euskal Herriko txoko guztietatik. Lehenbiziko aldia izateko, ez dago, guk uste, hain gaizki.

Xabier Mendiguren soldadu

Xabier Mendiguren, ANAITASUNAko idazkidea, soldadutzara joan zaigu Urtarrilaren 19an. Xabier, dakikegunez, 30 urterekin, ezkondua da eta jadanik alaba bat du. Burokraziaren kausaz orain arte, pasiotartzat hartua izanki, ez zen militar morrontzara deitua. Orain hiru hilabete egin beharko ditu Arakan. Kanpamendualditxo horren ondoren, adinagatik, Xabier etxera etorriko zaigu berriro ere.


Euskal Herrian

Kultura. Euskal Komunikabideen Astea

Euskal Komunikabideen Astea

Urtarrilaren 18tik 25arte

Bilboko Deustuko Unibertsitatean

EKMk antolatua

Aste barruan lau hitzaldi eta, amaiera emanez, mahai inguru bat izan dira.

Aste hau zer izan den, laburki, azaltzera natorkizue.

Astelehenean, lehen hitzaldia izan zen, Joan Mari Torrealdayk eman zuena, halegia: "Herri txikiak informazioaren aurrean".

Puntu berezi batzu aipatu zituen, hots, gaur egungo agentzia mundialek duten informazioaren herrialde guztietara sartuak daudenez gero; berauek duten kontrola, edozer informazio hartu eta elaborazio berezi batez, berri horik zabaltzeko; teknika aldetik tresnak ere (agentziena, noski), monopolio horren adierazpide garbi bat dela azalduz. Horrela, ekonomia inperialismoak politikoarekin duen lotura hertsia agertarazi zuen, guztia hau Estatuen kontrol batetan sartzen delarik.

Informazioaren kontrol hau dutenak sei agentzia besterik ez dira; batzuk kapitalista eskualdean daudenak eta besteak komunista eskualdean.

Estruktura informatibo honen sustraian, notiziaren MANIPULAZIOA dagoela, zioen berak. Albistea hartzen denetik irakurlearengana iritsi arteko prozesu edo bide horretan dagoela, noski, manipulazio hori. Beste era batera esanez, notizia etzaigula gerta den bezala ematen.

Perspektiba honetan sartu zuen herri txiki hauek duten marginaltasuna informazio mailan. Besterik gabe, Frantziako eta Espainiako Estatuetan ematen den Euskal Herriaren informazioa ikustea besterik ez dagoela, gertaera harrigarri batzu besterik ez dutela ematen konturatzeko.

Azkenik, eta egoera zentralista honetatik irteteko eman zituen bideren artean, "prensa zonal" baten beharra nabari zen. Adibide gisa, Frantziako "Libération" eta "prensa underground" en urratsak azaldu zituen.

Bigarren hitzaldia "Kazetaritza eta Irratigintza" izan zen. Hizlariak K. Mendizabal eta J. R. Beloki ziren.

Bere jardunaldiaren asmoa eta helburua, unibertsitari batzuei hitzegitera etortzea zen, eta aldi beren, hauen iritziak jasotzea.

Definizio gisa, komunikabide bat zer den eta, konkretatuz euskal komunikabide bat zer den, edo eta zer izan behar zukeen adieraziz hasi ziren. Gero gaurko kazetagintza eta irratigintzaren egoerara pasatu ziren, azkenik, geroari begira maila honetan zer egiteko dagoen agerteraziz.

Arazo ugari jarri zituzten mahai gainean, gero elkar hizketan aberastuko zirenak. Hauetako batzu azaltzea nahi nuke, bakarrik.

Hizkuntza aldizkari eta irratietan; euskaraz ala erdaraz; zein portzentaiatan erabili behar diren hizkuntza biak. Bestalde, aldizkarietan, Euskal Herri osoko informaziorik eza nabaritzen dela, garrantzi handia emanik arazo honi. Aldizkarien zabalkuntzak gaur Euskal Herrian dituen oztopoak, batik-bat euskaraz egiten den aldizkarietan; honekin batera, harpidedunen arazoa azaldu zen. Idazle arazoa ere plazara agertu zen, profesionaltasunik eza dagoela ere garbi ikusiz.

Dena dela, azterketa industrial bat izan zen, gehien bat gaurko beharra ikusiz, Koldok egin zuena, dauden proiektuak azalduz.

Hitzaldia ez zen batere teorikoa izan, praktikoa baizik. Horregatik, han agertu ziren puntuak bizi biziak izan ziren.

Belokik ere, geroari begira, hiru puntu bota zituen: Euskal Herri osoan entzungo den irrati baten beharra. Eta, itxuraz, martxan omen dabil holako projekturen bat. Bestalde, irratien kate arteko kolaborazio hestuago bat sor dadila, zioen. Azkenik, galdera gisa, hau bota zuen: ia, egoera politikoa benetan aldatzen bada, hots, autonomi indartsu bat hartzen badugu eskuetan, Radio Nazionalak berdin berdin jarraituko ote duen, edo eta zer egingo den irrati horrekin.

Hirugarrenez, asteazkenean egin zena, Joxe Mari Iriondok eman zuen: "Kantagintza eta Bertsolaritza".

Hamasei urtetako esperientziaren berri ematea izan zen bere agerpidea. Azalpen garbia egin zuen, orobat, hurre hurretik bizi izan duelako, noski.

Alderdi bi hauk (kantagintza eta bertsolaritza) komunikabidetan sartzea bidezkoa zela, zioen.

Lehenik, bertsolaritzaren azterketez hasi zen. Bertsolaritzak herrian duen egin beharra edo funtzioaz; bertsolaria herri gizona dela eta herriarekin bat dagoela. Bertsolarien lana hiru eratan azaldu zaigula: bertso paperetan, jaialdietan eta tabernetan, mitinetan egiten zena ere agertuz.

Bestalde, bertsolariek eduki duten aldaketa denboran zehar. Aldaketa hauk era ezberdinekoak dira. Entzulego aldetik ere aldaketa garbia egon dela, hots, lehen baserritarrak izaten ziren bezala, orain kaletarrak omen dira bertsolariak entzutera joaten direnak.

Kantagintzari bagagozkio, gaurko abestiaren sustraiak ematen hasi zen: Nemesio Etxaniz, Juan Mari Lekuona, Iriondo eta abar. "Ez Dok Amairu" sortzearekin beste epe baten aurrean aurkitzen garela esaten zuen. Garai honetan hasi ziren katalanekin harremanetan (Mikel Laboa batik bat). Hura desegin zen. Bestaldean, Iparraldean dagoen "Zazpiribai" taldea ere aipatu zuen. Eta gaur atera diren diskoen garrantzia goratu ere, EDIGSA eta ARTESI etxeetan agertu direnak halegia.

Kantari aldetik talde baten beharra ikusten zuen eta ez egotearen hutsune nabarmena.

Kantari batzuk fruitua eman dutela, beste batzuk, erdi bidean gelditu direnak, kantuz zertara eta zertarako jakin gabe, hasi zirelako ez dutela aurrera egin. Halaz ere, jendeak, edozein gauza dela medio, kritika ezezkor asko egin dizkietela, kantariek egin duten hainbeste lan, eta gaurko giro xelebre eta zail honetan irauteak esan nahi duena kontuan hartu gabe.

Ostegunean, Iñaki Eizmendik euskal filmeez hitzegin zuen.

Gaurko euskal filmearen egoera eskasa azaldu ondoren, zutabe edo base teoriko batzu ipini zituen, hots, NHI. Nazionala, Herrikoa eta Iraultzailea izan behar zuela. Bernardo Atxagak euskal teatroari jartzen dizkion bezala.

Kintana ere azaltzekoa zen, paperean hala ipintzen zuen, behintzat; eta ez zen agertu. Telebistaz hitz egitekoa zen, bera.

Egun honetan bertan ARRANTZALE filmea bota zen. Bere zuzendaria Antton Merikaetxebarria da. Han agertu zen, elkar hizketan parte hartzen zuelarik. Egun honetako gauzarik mamitsuena elkar hizketa izan zen. Jende askok hartu zuen parte bertan. Euskal zinearen berezitasunak zeintzuk izan behar zuten, izan zen hango punturik garrantzitsuena, mementu batetan giroa berotu arte. Eritzi ezberdinak azaldu ziren, beste gauzetan bezala, gai hau polarizatu zutenak.

Azken egunean izan zen, aste honi bukaera emanez, mahai ingurua egin zena. Bertan parte hartu zutenak Amatiño, Paulo Agirrebaltzategi eta Gexan Lantziri izan ziren. Lehengoa, Zeruko Argiaren berri eman zuen. Bigarrenak, Anaitasunarena eta Gexanek Iparreko buruz hitzegin zuen. Moderatzaile, Iñaki Azkoagak egin zuen.

Aldizkarien orain arteko azterketa egin zuten. Orain nola dauden, zein arazo dituzten eta gerokoa nola ikusten duten. Elkar hizketa baterako denbora gutti eman zuen eta mahai ingurua ez zen oso bizia izan. Jendeak ez zuen parte hartu eta mahaiburukoek ere aldizkari bakoitzaren ezaguera bat eman ezik, ez ziren elkar hizketa bizi batetan sartu.

Holena izan zen Deustuan egindako komunikabide astea.

Jende aldetik, 50 edo 60 lagun agertu ziren hitzaldi bakoitzera, filmea bota zen egunean etorri zen jendea izan ezik. Elkar hizketak, bestalde, ez ziren hain probetxugarriak izan. Gertaera hau normala da bi arrazoirengatik. Jende gutti etortzea, hiru hitzaldi euskaraz egin zirelako zen, noski, eta euskal komunikabide gaia orain arte ez da askotan hitzaldi gisa emana izan.

Dena dela, hasiera bateko urratsa izanik, EKMko antolatzaileak pozik gelditu ziren, aste hau aurrera atera zelako.

Jose Larrañaga


Euskal Herrian

Kultura. Uzta ugaria da...

Ebangelioko hitz hauk bete-betean datoz gure kasura: "Uzta ugaria da, baina langileak guti". Baina ba da makurragorik. Uzta jabeari erregutzeaz arazoa konpon baledi, gaitzerdi. Hemen, dirudienez, ez dago uzta jaberik, edota soroetatik urrun bizi da eta bakoitzaren euskal kontzientziari dei egitea beste irtenbiderik ez dugu.

Urteak joan urteak etorri, euskal kulturgintzan —hizkuntzarekin horren lotura hestuak dituen horretan— ari garenon taldea nekez eta tantagailuz bezala ugaltzen da. Zeregin astun horren zama lehergarria eskutada bat izen "sakraturen" sorbaldetan baizik ez dagoela ematen du. "Sakratu" hitzak lan bortxatuetara kondenatua esan nahi kasu honetan, inork ez baitu pentsatzen izen banaka horiez landa jakituriarik eta trebetasunik ez dagoenik. Lanerako gogorik ere ez da falta izango, agian!

Eta galdera bat egitera ausartzen naiz: beti eta gauza desberdinetan izen berdinok gabiltzalako ez ote da sortzen berririk, ala izen berririk sortzen ez delako ote gabiltza beti eta gauza gehienetan izen berdinok? Nik neuk, egia esan, gurpil zoro baten antza hartzen diot honi, eta biribilketa itogarri hau hausteko ordua delakoan nago.

Ikastolako euskararen mila gorabehera dela, irakasleen prestakuntza dela, textugintza dela, irakurgaiak moldatzea eta itzulpenak egitea dela, kazetaritza dela, zernahi gauzari buruzko hitzaldiak direla, kontsultak, zuzenketak, bilerak eta hamar mila modu eta gisatako lan eta lantxo izengabeak direla, beti eta beti, aspergarrizko segurtasunez, ibiliak, joanetorriak eta eskabideak, lan guztiak hitz batez, betiko pertsona jakin banaka batzuren baitan bukatzen dira, egunezko orduak ez-ezik, gauezkoak eta jaiegunetakoak ere irentsiz. Hala ere, inor guti aberastu gara, nik dakidanez, behintzat!

Eta egunak hogeitalau ordu baizik ez duelarik eta gehienok, ez jeinu eta ez munstro, ez garelarik, leher egitera edota ia dena erdipurdika egiten dugula ikustera kondenaturik gaude.

Belaunaldi hau —Mari Errauskin-en belaunaldi hau— osotzen dugunok geure patuaz konformatzeko astia izan dugu, lanean ari garela, hori ere, jakina, eta geure buruak ekintza honetan erre beharko ditugulakoa aski irentsia dugu baina ez genituzke hutsaren truk erre nahi, ez halafede! Behin behineko aldi iragankor hau ez genuke behar baino gehiago luzarazi nahi. Ez genuke sasi-maisutzan ari izan nahi benetako profesionalismo baten kaltetan. Izenak bete-betean izanari erantzun liezaion nahi genuke, autarkiak birpizteko gomendiorik inork ez baitigu egin. Ikastoletako ehundaka andereño eta irakasle horien artean ba da, nik uste, euskararen didaktika eta metodologia aztertzeko, lantzeko eta ematen hasteko gai denik, baita euskararen programakuntzak burutzeko eta irakasle berriak prestatzeko gauza denik ere.

Ikastolaz aparte, egunean egunean haziz doan euskara ikasi nahiaren eskabideari erantzun egoki bat emateko ardura ere norbaitek bere gain hartu ere hartu beharko du, eta agian, ikastoletan euskara irakasteko bereziki gaitzen direnak edo gaitu beharko luketenak dirateke erantzun hori emateko aproposenak, irakasle berri eta egokirik sor ez dadin artean.

Hitzaldiei bagagozkie, gurasoek behar-beharrezkoak dituzten eta ikastolek eurrez eskatzen dituzten pedagogiazko eta mentalizapenezko horik emateko, berriz, nor da egunero irakaskuntzan ari diren edota ingurutik laguntzen ari diren profesional horik baino egokiagorik?

Eta euskal kulturaren egarri den Herriari hitz egiteko, nor da sailean saileko adituak eta alor bakoitzeko unibertsitariak baino aproposagorik?

Itzulpenak direla, kazetaritza dela, non dira Alfabetatze kanpainetan zehar pasatu diren milaka horik eta Euskaltzaindiaren titulua lortu duten 400 horik, eskua luzatzeko, eta non gure profesionalak aldizkarien aurpegiak zaharberritzeko? Honez gero, gai bakoitzean aditua denak itzulpenak egiteko ordua ere bada, zientziari zientziarena dena emanez.

Ikerkuntza eta kritika lan serioa beharrezkoak ditugu, nahitaezkoak, benetako dibulgazioa oinharritzeko. Zorionez, gure unibertsitari batzu jabetu dira honetaz eta lanean hasi ere hasiak ditugu, baina orientapen errealista baten beharrean daude, beharrizan hierarkiaren arauera, besteoi lagun diezaguten, eta bururik ez dagoen lekuan txapelak ipintzen denborarik gal ez dezaten.

Hau guztiau honela da eta berriro ere lehengoari nakio. "Uzta ugaria da, baina langileak guti". Euskal kulturgintzaren galburuak zoritzen ari dira eta galsoroak hedatuz doaz. Langile berri eta suharrak behar ditugu, eta gureak baino uztamakina modernoagoz hornituak, gainera.

Izen "sakratuen" eta zernahitarako taldeska orokonpontzaile horren aroak amore eman behar du kulturgintza zabal eta profesionalago baten onetan, aztien eta enplasteroenak medikuenari amore eman zionean bezala.

Euskara ongi menperatzea nahitaezkoa da euskal kulturgintzarako baina euskara jakite hutsak ez dezake gure kulturgintza monopoliza eta muga, izenak izanaren lekua sekula bete ez dezakeen bezala. Haro berri honen ordua jo du eta gure kulturgintza froga berri bat gainditu beharrean dago, teologiaren gerizapean loratu zen kulturgintza hark laikoen parte hartze aberasgarria onhartu behar izan zuenean bezala, Bestela "hizkuntz klerikalismoa"ren erreinua azkengabeki luza liteke gurean.

X. Mendiguren


Euskal Herrian

Kultura. Euskal kultur aste bat Iruinean

Izan ere, ez dira ugari, eskasak baizik, Iruinean ikusten ahal diren euskal aktibitateak, beraz beti arras harrera onarekin errezibitzen ditugu, hemen moldatzen dizkiguten euskal ihardunaldiak.

Azken hontan, urtarrileko hirugarren astean halegia, zenbait gai interesgarri hautatuta, gure kulturaren alderdi ezagugarri batzu ikusterik ukan dugunez gero, bertan azaldu eta erakutsitako notizia eta ezagumenduak komentatuko ditugu, konetan saio guztiak euskaraz burutu zirela erranez, txalogarria egiaz.

Dakikezuenez, beste behin edo, jakin erazi baitizuegu, gure hiriburu honetan, euskara irakasten ari direnetarik, Campion Akademia dugu hobekienik saiatzen dena, zeren pedagogi aldetik, batez ere, gailen gelditzen baita. Akademia hauxe izan da, delako astean, euskaltasunari buruz, saio batzu prestatu dituena, hots: konferentzia bat, bi mahai inguru, kanta saio bat eta euskaldunei hain gustozkoak zaizkigun bertsolariek eramandako sesio batekin bukatuz.

Aipa eta komentagarri suertatu diren beste gauza batzuren artetik, geure irudiz, bi xehetasun gertatzen dira jakingarrien; batetik, nahiz anitz diren, gure Iruinean bizi diren nafar herrietako euskaldunak, holakorik batere ez horretaratzea, berentzat eraturik zeuden saio haietara, propaganda huts bat ote? Bestetik, larunbatean egin errezitalean ikusleetarik altxatutako kexu oso bat, ez baitzen deus ere adierazten, kantariek botatzen zutenik. Bistan da, Iruinseme gehienok euskaraz ez dakigula, hortaz ez da harritzekoa, han esaten ziren gauzetarik pitin batere ez entenitzea. Beraz ez ote zitekeen paper batetan edo, kanten erdal itzulpena molda eta idatz? bederen, bilatzen baldin bada gu nafarrok gure kulturaz, herri jakintzaz eta, entera eta jabe gaitezen.

Esan astean asteazkenean, euskaldun berriez moldatu konferentzia bat, Xabier Kintanak emana hain zuzen, entzuterik ukan genuen, jendea polliki bilduz; berean nabari zen akats bat, ezin dugu aipatzeke laga, zeren seriotasuna erabat galtzen baita holako gertaerekin, hots: aulkien falta nabarmena.

Segituz, derragun astearen ostegunean, euskal komunikabideez mahai inguru bat aitzinatu zela, hortarakotz Anaitasuna eta Zeruko Argiren, errebisten aldetik eta Loyola, Popular irratien ordezkari bana ekarririk.

Telebista zela eta diskusio pollit bat suertatu zen, euskal komunikabideak zer ziren eta eztabaidatuz, ondorioz, euskal herri langilearen nortasun, bereiztasun, kezka, problema eta interesak oro agertu eta defendatzen bermatzen diratekeenak, euskal komunikabideak ditugula argituz, —oraingoan bazen aulkirik aski.

Ostiralean, beste holako mahai inguru bat, honetan Patxi Zabaletak, Leitzako semea, eta Joseba Agirreazkoenagak, Busturiko gazte bizkorra, ihardun ziguten posibleko euskal unibertsitate batez, azken urteetan, mugaz haraindiko Ustaritzen egin diren udako unibertsitate saioetan, azaldu esperientziak erakutsiz.

Lehen aipatu dugun arauera, larunbatean euskal ikusgarri eder bat ukan genuen, pollita benetan Mikel Laboa eta Artza anaiek presentatu ziguten euskal kanta eta poemek egindako espektakulua, bertan hil nahi ez duen herri baten garraisi latzak entzun oraziz. Honelako gauzetan gertatzen ohi den bezala, Labrit frontoia leporaino, publiko kezkati batez bete zen. Lehen esan akatsa izan zen puntu beltz bakarra.

Azkenik eta delako astea bururatzeko, esan akademiakoak, bertsolari besta eratzekotan Gayarre delakoa aukeratzean, nonbait gehiegi ausartu zirelakoan nago, ezen propaganda behar bezainbateko zabalkundeaz ez eginez, arras zaila baita, igande goiz batez Gayarre antzokia betetzea. Haatik, bertso bikainak, sei koblari hoberenetarik aditzen ahal ukan genituen mezuak.

Parte hartu zuten bertsolariak hauk izanik, hots: Arozamena, Nafarroa aldetik; Lizaso, Lazkao-Txiki eta Igarzabal gipuzkoarrak eta Lopategi, Azpillaga Bizkaiaren partez.

Honako aste hau, oinharri sendo bat izan dadila, erreferentzia puntu eta urrats bat bezala, gero eta gauza mamitsu eta arrakasta gehiagokoak muntatzen jakiteko. Hortarakotz, gu nafar guztiok gure mintzoa ezin bestez ikasi eta landu behar dugunik ahaztu gabe.

Pedro Ulzurrun Sagala


Euskal Herrian

Kultura. Irakaskuntza eta euskara eskabideka

Irakaskuntzan euskara sartzeko eskabideak ugaltzen ari dira nonnahitik, dei hauetariko asko norbaiten paperontzian edo hutsaren urrengoan geratzen diren arren. Durangoaldeko Gerediaga elkarteak ere eskabide bat egin du eskualdeko hainbat instituziori arazo garrantzitsu hontaz. Eta hari horretatik zerbait esateko aukera ematen digu:

Espainiako Estatu barnean mintzo diren hizkuntzei buruzko dekretu biek urrats inportante bi suposatu omen dute eskualdeko hizkuntzaren normalizapen bidean. Haietara itzultzen direla interpretazio eskuzabalaren itxaropenean, dioskute gerediagatarrok. Bestalde, hauk dira eskabide konkretuak: Mankomunidadeari, koordinaketa eta laguntza ekonomikoa eskatzen zaio; ajuntamentuei ere gauza berbera; eskolen zuzendariei, dekretuen aplikapena; eta Institutuko zuzendariari, BUParen 2. eta 3. kursoetan "Lengua Vasca", eta COUn "Lengua Vasca" eta "Literatura Vasca", asignatura optatibo bezala jartzea.

Ederto dago! Baina, ba ote dakarte soluziobiderik eskabide hauek? Agian, arazoaren planteaketa bera bestelakoa izan behar luke errotik. Euskara asignatura optatibo moduan jarri nahi duenak ez du arazoaren eta problemaren kontzientzia barneraturik edo ez dakike zein-nolakoa den irakaskuntzaren giroa.

Bilinguismoaren barnean dautzan kontraesanak ez bide dira garaituko honako forma apur batzuren aldaketakaz, zerbait radikalagorekin baizik. Gainera, elebitasuna inon utopikoa baldin bada, (eta bada) eskolatan da, diglosiaren indar eta eraginagaitik noski. Eta gaur, erdal irakasleek ez dute eraztun edo makilarik behar, egitura osoa, telebistatik hasita, mitologia guztia (bateren batzuk bestela pentsatu arren), berek eta beren alde moldatua dutelako.

Are gehiago, hizkuntzak zer-edo-zertaz mintzatzeko tresnak dira, eta ez aztertzeko fenomeno bitxiak; eta euskara erdaraz erabiltzen den neurrian, hura fosilizatzen, museo-xendera urratsen eta erdal sisteman integratzen doa, erdararen finkatzea eta suizidio ezkutuko bat suposatzen duelarik.

Honegaitik, soluziobidea ikastolan dakusat, euskarazko eskola herritarretan halegia, eta hauk lirateke indartu beharrezkoak, euskararen etorkizuna hauetan datzalako: euskarazko eskolatan. Beste edozer, hitz bitan esateko, diglosia zapaltzaile baten inposaketa litzateke.

Bestaldetik, eskabide honen fruiturik urrenena, baldin badu, zera izango litzateke: orain arte para-eskolarki egin ohi izan den, eta egingo den, euskaldunen alfabetatzea eta erdaldunen euskalduntzea irakaskuntzaz egiteko posibletasuna.

Baina, edozelan ere azken baten, erdal kultura itotzaile baten barnean ibili behar igeritan... Eta hemen errealismoari beha eta deika egotea erreazionari bihurtzen da... kapitalismoarekin, inperialismoarekin eta faxismoarekin ere "errealistak" izan beharko ginateke, eta ez da hori kontua! Zeren gauzak jausten diren legez onhartzea ez da errealista izateko erarik egokiena.

SARRIONAINDIA


Euskal Herrian

Kultura. 24 orduak euskaraz. Zuk eta guk. Donostia eta Loiolako Herri Irratiek

Martxoaren 27-rako Donostia eta Loiolako Herri Irratiak 24 ORDUAK EUSKARAZ eguna antolatzen ari dira.

Deiturak berak garbiro adierazten duenez euskara hutsean eginak izango dira egun horretako 24 orduak, gauerditik gauerdira, Radio Nacionalarekin eguerdiz eta arratsez halabeharrezko dituzten konexioak ezik.

Egun horren berezitasuna —eta berezitasun honek damaiokeen garrantzia ez da euskara hutsean egina izatearena izango. Mamiaren aldetik, berdin, bereizi izango da, urtean zehar izaten diran egunekin aldatzen badugu. Egunak, horrela, gai bakarra izango du: EUSKAL KULTURA. Gai hau alorrez alor eta sailez sail ukituko badugu ere. Euskal kulturaren ikuspegi luze eta zabal bat ematea espero dugu 24 orduetan zehar. Horretarako mahai inguruak, Euskal Herriko zenbait bailaretako kultur egoeraren kronikak eta gure kulturan lan garrantzizko bat egin dutenekin elkarrizketak eskainiko ditugu.

Zer esanik ez da hau guztiau egiteko, hots gure asmoak lortzeko, jende sail handi baten laguntza beharko dugula. Eta ere gehiago beharko dugu, gure asmoak egun guztian direktoan (hots, hitzegin hala entzuten delarik) egitekoak diranez. Honek esan nahi baitu jende multzo bati egun horretan gure irratitik bueltatxo bat egitea eskatuko diogula. Eta gauerditik gauerdira aritu nahi dugunez, zenbaiti ordu "txarretan" eskatu beharko diogunarekin ezin ahantzi.

Esan beharrik ez legoke, baina derragun badaezpadan: 24 ORDUAK EUSKARAZ eratzeko taldeak lankidetza hau eskatzean ez du bere probetxu hutsean pentsatzen. Alderantziz egun hori egitea Euskal Herriaren probetxu eta alderako pentsatzen dugu eta horregatik ekin zaio lanari. Ezeren izenean eskatzekotan horretxenean eskatzera ausartzen gara.

Martxoaren 27-a, ordea, ez dugu oraindik ere hain gertu. Eta gaurkoz beste albisterik ematen ez badizuegu —baizik laguntza eskatu, batez ere laster gure deia jasoko duteneri— bidebatez eguna hurbiltzen joan hala izango duzue egun honen albiste zehatzik. Ordurarte. Eta, ohitura denez, eskerrik asko, aldez aurretik.


Euskal Herrian

Kultura. Heriotze ondoko diskriminapenak

Nahiago nukeen, honelakorik idaztera ezerk bultzatu izan ez banindu. Baina, isilik egonik gauzek sekula santan dauden moduan (edo are okerrago) segituko luketenez, alda- eta konpongurak zerbait praktiko egitera bultzatu nau. "Zer dela eta, honelako sarrera korapilatsurik?" galdetuko bide du irakurleak. "Lasai egon" —erantzunen diot—, laster ikusiko baituzu zein gauza sinplea den.

Oraintsuko ANAITASUNA batetan (307. zenbakian prezeski) Paulo Agirrebaltzategik Espainiako Estatuko eskualdeetako hizkuntzen erabilbidea arautzen duen dekretuari buruz eginiko artikulu bat irakurri nuen. Bertan, Paulo adiskideak kritika zorrotza egiten zion aipatu dekretuari. Eta arrazoiz egina zela esan behar. Dena dela, eta han esaten zenez, dekretuaren arauera "inor ez da diskriminatua izanen euskara ez jakitearren". Artikulu honen bidez, aldiz, alderantziko portaerarik ba dela frogatzera saiatuko naiz. Hau da, praktikan, zenbait kasutan euskara jakite- eta erabiltzearren, euskaldunok diskriminatuak izaten garela frogatzera saiatuko naiz.

Eta, besterik gabe, aipa dezadan adibide bat.

Neuk biziriko gertakari bitxi bat

Ene aitaginarreba hil zelarik, eskela bana agintzera joan nintzen Bilboko bi egunkarietara. Gure etxeko hizkuntza bakarra euskara baita, euskara hutsez egin nahi genuen eskela.

"La Gaceta del Norte" egunkarian ez genuen problemarik izan. Eskelarako nahi genituen izen eta mezuak horri batetan idatzi, ondoren, horri hori bertako bulegoan utzi nuen, eskela behar zen moduan idatzirik ager zedin. Eta dena joan zen ongi.

"El Correo Español - El Pueblo Vasco" egunkariko bulegoan, ordea, txunditurik utzi ninduen ohar hau egin zidaten: Egunkari hontan ez dago eskelak euskaraz bakarrik agertzerik; edo euskaraz eta espainolez —biak batera— agertzen dira, edo espainol hutsez edo eta ezela ere ez. Familiakook eskela agertzeko interesa genuenez gero, bietara egin behar. Modu hontan, aipatu egunkarian —hortara beharturik— bi eskela argitaratu behar izan genituen: euskaraz bata eta espainolez bestea.

Honaino gertakaria.

Euskaldunok diskriminaturik

Gertakari hortan diskriminapen bizia ikus daiteke argi eta garbi. Diskriminaturik geratzen garenok, geu gara, euskaldunok hain zuzen; zeren eta euskaraz eskelarik argitaratzeko, bi aldiz ordaindu behar baitugu eskela berbera. Honela, zer esanik ez, eta eskelak dohainik ez direlarik, batek baino gehiagok euskaraz argitaratu gabe utziko duke. Eta euskarari, kalera irteteko bide bat erdi hitsirik uzten zaio.

Hontaz pentsatzen hasi nintzelarik, eta, egia esan, kaskoa gehiegi berotu gabe, egunkari horren irakurlegoaren parte ez-mespreziagarri bat euskalduna dela konturatu nintzen. Zer esan nahi ote du horrek? Egunkari hortako zuzendaritzak bere irakurlegoaz ezer pentsatzen ez duela ote? Baina nola pentsa eta uler horrelakorik?

Zer egin?

Bulegotik etxera itzultzean, guztiz sumindurik heldu nintzela erraz uler daiteke. Eta arazo hori konpondu egin behar zela pentsatu nuen. Zer egin?

Bururatu zitzaidan gauza bakarra, egunkari hortako zuzendari jaunari gutun bat idaztea izan zen. Modu errespetagarriz eta beraien jokabidearen desegokitasuna arrazonatuz, gutun bat idatzi nion zuzendari jaunari. Gutunean bertan, argiro jarri nuen neure izena eta helbidea; eta bukatzeko, neure sinadura.

Honela, ondoko portaera biotarik bat espero nuen: Edo egunkarian gutuna argitaratzea edo beraren erantzuna etxean jasotzea. Eta, edozela ere, beren jokabidea alda zezaten lortzea ere espero nuen.

Neuk eraman nuen pertsonalki gutun hori bertako bulegora. Eta atarian zegoen zaintzaileari eman nion. Eta itxaroten gelditu nintzen. Eta hurrengo egunetan erosi egin nuen aldizkari hori. Eta han aritzen, zuzendariari eginiko gutunen artean nirea agertzen zenentz begira eta begira. Eta astebete iragan zen. Eta oraindik esperantza pixkarik ba nuen. Eta geure etxeko gutunkutxan begiratzen nuen. Eta esperantza galdu nuen. Eta gehiagorik ez nuen egunkari hori erosi.

Hamabost egun baino gehiago pasatu ondoren, eta gaixorik etxean nengoela, egunkari hortako pertsona bat etorri zitzaidan etxera. Zertara ote?... Bi eskelak kobratzera hain zuzen. Ordaindu nituen, eta hemen naukazue oraindik ere sumindurik.

Ez dut uste, neuk eginiko gutunaren erantzuna itxaron behar duen bakarra neu naizanik. Horren antzeko gertakariak —funtsean euskaldun guztien aurkako jokabideak direlarik— salatu beharrekoak direla uste dut.

Diskriminaturik geratzen garenez gero, jokabide horren aldakuntza eskatu behar dugu. "El Correo Español - El Pueblo Vasco" egunkariko zuzendaritzari, jokabide hori zeharo alda dezan eskatzen diot publikoki.

Ea erantzunik hartzen dugun!

J. R. Etxebarria


Euskal Herrian

Kultura. JAKIN Aldizkaria berriz ere

Gaurko euskal idazle askok eta askok JAKIN Aldizkari hartan zorroztuak dituzte beren lumak. Ia hamabost urtez egin zuen lana JAKIN aldizkariak: 1956-1970, tartean bi urteko ixilaldia eta guzti, legezko baimenik gabe gelditu zelako. 1969an debekatu egiten da Aldizkaria, eta gaur arte ixilik egon.

Orain, berriro, JAKIN taldeak, zenbait bilera egin ondoren eta handik eta hemendik eritziak eskatu ondoren, Aldizkaria berriz ere plazaratzea erabaki du. Bere asmoa aski zehaztua du; eta euskal kultur munduan dagoen hutsune handi bete nahi du.

Aurtengoa euskal kazetaritzaren urtea izango omen dugu. Eta bada asmo berririk ere hortik: astekari berriak direla, egunkaria. e. a. JAKIN aldizkariak beste maila batetan beteko du bere kultur lana. Euskal Herriaren eta gizartearen gaurko dinamikari atxekia joango den kultur aldizkari bat izango da, hain zuzen ere. Euskal Herriko eta mundu zabaleko gertaera eta egoeren azterketa sakonak; gaurko kulturbideen dibulgazio zabala; kultur kritika... Guzti hau izango da nonbait JAKIN aldizkaria.

JAKIN taldeak uste duenez, hilabete batzu barru kalean izango da lehen zenbakia. JAKIN Aldizkaria gogoan dugularik, ba dugu urte onik eta itxaropenik, benetan euskal kultur aldizkari bikain eta gaurko bat izango dugula JAKIN. Eskertzekoa da JAKIN taldearen kemena eta lanerako gogoa.

Zain gelditzen gara, bada.


Euskal Herrian

Politika. ELA prensaren aurrean

Euskal Herriaren muga barnetan, ELA-STV (Euzko Langilleen Alkartasuna) organizazioak prensa bildu egin du, urtarrilaren 31an. Han zeuden Zeruko Argia, Goiz Argi, Donostiako Herri Irratia, Doblon, Mundo. Eta ANAITASUNA. Kazetarien aurrez aurre CISL-eko (Confédération Internationale des Syndicats Libres delakoaren) Idazkari orokor laguntzaile John Vanderveken, eta ELAko bost mutil gazte.

Dei honen helburua zein ote? nork bere buruari galdetu: egin genuen, agian, harako bidea. Oso oker ez banago, kemen berrituz abiatzen dela adierazi nahi izan du, honetara, ELAk. Etapa berri bat? Alde batetik, Alkartasunaren beraren barruan joera bat indartu eta nagusitu bide da. Baita ere, CMT-i CISL hoberiztean, linea nondik nora doan aditzera ematen da. Esanguratsua da, gainera, memento honetan sindikalgintzaren plaza irekira era honetan bere burua ateratzea.

CISL, ehun herritako sindikatu demokratiko eta libreak bere baitan biltzen dituen Antolamendu hau, behar diren laguntasunekin ELA laguntzeko gertu dago, behin eta berriz John idazkariak esan zigunez. Oraingo bere etorraldi hau —"emozioz igaro dut muga"—, lehendabizikoa izanik, hautaturiko mementoagatik agian, Organizazio horren babesaren eta laguntzaren seinaletzat har daitekeela ematen du. Bulegotik kanpora harremanak estutzeaz aparte, "sur place" etorkizunarekiko perspektibak nola sendotu ikustera etorri dela esan zigun berak. Babesaren eta indarraren bila dabil ELA. Eta nor ez?

ELAk deiturik etorri da CISL delakoaren Idazkari laguntzailea. Demokrazia, giza eskubideen aitortza eta sindikal askatasuna onartzen duen Organizazio honetan, CISL-en alegia, ELA ez da arrotz senditzen. Izan ere, 1949an, erakunde hau eraiki zenean, partaide fondatzailea zen ELA. Gerora CMT-n egon baldin bada, "arrazoi historikoengatik" izan omen da. Iturrietara al doa atzera ELA? CISL-en egoteko interes handia erakutsi zuen ELAk. Baina partaidetza hau ez doa, ez, hauzirik gabe. Peninsula barruko UGT ere Organizazio berean dago. Gerora, istilu-iturri bat hor dagokeenik ezin uka, bi politika desberdin aurrez aurre jarri daitezke eta. UGT-rentzat eskualde sindikatu da ELA. Hauek ez dute berdin pentsatzen.

Barneko bizitzari begiratuz edo, argi eta garbi utzi nahi izan zuten ELAtarrek, ELA-STV sindikatua dela. Finkatu omen du bere nortasuna. Langileen Antolamendua da, beraz, eta ez kulturazkoa, eta ez beste deus. Sigla hauen manipulatze ikaragarri bat egin omen da, klandestinidadearen pentzura.

Norbaitek galdetu zuen ea ELAk sindikatu bakarraz eta sindikal aniztasunaz zer pentsatzen zuen. Erantzun garbirik ez genuen entzun. Ihesi? "Zenbat eta indar gehiago, hobe" esateak ez du pentsaerarik eta jokabiderik beste gabe markatzen, gure ustetan.

Langileen Organizazio bezala agertu zen ELA. "Euskal Herriko langile guztientzat Organizazioa". Barnean, ideologiazko aniztasuna onartzen duelarik. Baina ulertu bide genuenez, ELAk langileen beste antolamendu euskaldunik ez du ezagutzen, ez haintzat hartzen. Ez al dago, egon? Edo ELAk ez al du onhartu nahi? Edo bateratzailetzat al du bere burua ELAk? Pontu honek argitzea merezi luke.

Pontu hau bezala gainerontzeko denak argitzeko, ekintza bera dela biderik egokiena pentsatzen dugu. Bide hori, hein handi batetan, posibleztatzeko, lege baldintza zenbait eskaini beharko du gizarteak. Ez da holakorik ikusten oraingoz. Aldakuntza, hasi gabea da oraindik, ELAren ustetan. Artean, prestatuz doaz denak.

J. M.


Euskal Herrian

Politika. Bizkaian bilinguismoaren alde

Bizkaian. Madriletik omen datozen aire berriekin bat egoteko edo, bilinguismoaren aplikapena estudiatzeko batzorde bat izendatu da. Batzorde horren lehendakaria Bizkaiko gobernadorea da, Uriarte jauna, lehendakariordea Andres Elhazah, Educación y Ciencia-ko delegatua: hauez gainera, Magisterio eskolako zuzendaria den Fermin Delmas, Lehen Mailako Irakaskuntzako inspektore nagusia, Fernando Pérez Alejo, Juan Ramón Urquijo, Angeles Beldarrain andrea eta Alfonso Irigoyen euskaltzaina daude.

Euskarari buruz zerbait erabakitzekotan, ba dirudi euskaraz dakitenek egin beharko luketela, eta batzorde horretan gure hizkuntzaz mintzatzen dakien bakarra, oso oker ez bagaude, Alfonso Irigoyen da.


Euskal Herrian

Politika. 1876-1976 ehunurteko ilun bat

Hasi berri den urteon ehunurte triste bat gogoratu behar dugu euskaldunok. Izan ere, Cánovas del Castillo jaunaren gobernuak aintzinako euskal libertate politikoen azkeneko hondarrak 1876. urtean suntsitu zituen. Aitzakitzat edo arrazoitzat, espainol guztiek Estatuaren aurreko eginbehar berdinak izan behar dituztela eman zuen Cánovas-ek, eta, egia esan, espainol gehienak, neurri berdinzale hau, txalotu zutela.

Jakina denez, Foruen historiak hamaika gorabehera izan zuen XIX mendean zehar. Baina Cánovas-ena azkeneko eta erabateko kolpea izan zen.

Ordurarte, Euskal Herria erdi askatasun batean bizi izan zela esan daiteke; bideak, mendiak eta beste herriko lanak, irakaskuntza, herri-diruak, Eliza eta kultoaren arazoak, armada, polizia, etabar, bere eskuan izan zituen.

Gauza batez oharterazi behar dugu, halabaina: denbora hartan Euskal Herria ez zela herri aberats bat, herri pobre bat baizik, askotan, bizi ahal izateko atzerrira jo behar zuena.

Honen ordainez, euskal jendearen gizarte-birtutei esker, Euskal Herriaren gobernua eta administrazioa oso onak ziren, orduko lekuko guztiek —eta Cánovas-ek berak lehenengoa— ematen zuten bezala.

Gero, bere burujabetasuna galduz gero, denbora oso desberdinak ezagutu ditu Euskal Herriak. Ekonomiaren aldetik aurrerapen handiak egin dira. Euskal Herria herri aberats bat bihurtu omen da, eta aberaste honekin batean, arazo berri asko agertu da, hazkuntza modernoaren arazo bereziak, halegia: gizarteko estrukturak aldatzea; industrializapena antolatzea, demografi mugimendua mugatzea; hiriko egiturak berritzea; ohitura berriak onhartzea, etab.

Ez da kasu bakarra eta ez da harritzekoa. Beste herriak ere prozesu horretik igaro dira eta bizirik daude oraindik.

Baina Euskal Herriaren kasuan zoritxarrena honako hau da: aldakuntza hori egiteko eta problema pila horri aurpegi emateko, Euskal Herriak ez zituela, ez esku, ez politikako pertsonalitatea, ez beharrezko medioak ere. Ez zuen bere gisara eta bere jeinu politikoaren arauera jokatzerik izaten. Oinharrizko erabakiak besteren eskuan zeuden eta.

Alienazioaren izena hemen erabiltzea zilegi izango al da?

Kondaira hau ezaguna baino ezagunagoa, jakina. Behin eta berriro bera kondatzea alferren leloa da, besterik ez. Gure gaurko arazoa ez da atzokoa. Bide berriak eta molde berriak aurkitu behar ditugu gaurko euskaldunok, gure denboraren arauera.

Foruen urtea ospatu behar dugu, ez arkeologiazko modu batez, aintzinako gauzak bakarrik aipatuz, baizik eta etorkizuna, gure herriaren etorkizuna, benetan prestatuz. Bi gauzak ez dira elkartezinak. Batak bestea eskatzen du, ordea.

Ona izango litzateke, nire ustez, aurten irakasleek, idazleek, hizlariek eta beste horrelakoek, Euskal Herria osoan lege zaharren izana eta garrantzia euskaldunei erakustea, nahiz eskoletan, nahiz aldizkarietan, nahiz hitzalditegietan ari izan, jo eta ke.

Beste aldetik, jende ikasiak, politikariak eta lege-jakintsuak, halegia, saiatu beharko lirateke, ikastegi eta mintzategi egokietan, Foruen mamia gaurkotzeko moduak asmatzen.

"Foruen urtea" antola dezagun 1976. urte berri hontan!

Nire ustez garaia ona da euskal libertateen alde aldekoaldi handi bat antolatzeko. Hori da nire pentsaera. Beti bezala irakurleak dauka azken hitza, ordea.

Karlos Santamaria


Euskal Herrian

Ipar Aldea

Baionako itsasportuaren geroa

Baionak duen itsasportua ez da hein handikoa. Eta haren kaietan erabiliak diren merkantzien tonelaia ez da hirur milioi toneladatara heltzen. Gauza jakina da, aspaldiko urteetan gainera, tonelada horien erdiak Lacq-eko sufreak osatzen dituela. Jadanik azken bizpahirur urte hauetan gauza jakina zen, Lacq-eko sufre horren ekarria urtetik urtera ttikituz joanen zela, eta oraintsu hala gertatzen ari da.

Portuko merkantzien joan-etorria beldurgarriki buruz behera abiatua dela ikusiz, zenbait kudeatzaile eta ekonomilarik oihu samin bat adierazi dute lekuko egunkarien bitartez.

Baionako Merkatal Ganbarak bide berberaz zabaldu du bere oihartzuna, erranez horrelako egoerak ez zuela zinkurinaldi batetara eraman behar, baina bai ekintzara bultzatu. Berak, bere aldetik bost urtetako obraplan bat moldaturik du. Honen arauera, Aturri hibairako itsas sartzeari hegoaldetik harresi haundi bat ezarri behar zaio, horrela itsas korronteek sarbidearen erdian urtero metatzen duten harea piloei sarbidetik urrun traba haundi bat ezartzeko.

Bestalde, porturako sarbidea, hibaizolua karrakatuz, bai natu beharra dute, hamasei mila toneladatako itsasuntziak kaietara errazki hel daitezen. Kai bazterretako tresna muntadurak ere berritu behar dituzte. Eta azken bi urte hauetan horretan lanean hasiak ditugu. Kai bazterretan, lantegi berrien esperantzan, oraindanik lur eremu zabalak dituzte.

Baionako portuari geroa apailatzen ari diote. Baina gero eta argiago ageri zaigun gauza da, haren geroa, hegoaldeko euskal herrialdeetako ekonomiarekin ukanen dituen harremanen heinekoa izanen dela. Baionako portuak, 1841.a aitzin, egun ederrak ezagutu zituela denok dakigu egun. Agian orain buru dituenek bihar egun berdinak ezaguteraziko dizkiote. Ez baitu segur berdin balioko lanbidez behartsu den gure iparralde honentzat.

ORTZIKEN ikusgarria

Bi aldiz emana dute jadanik ORTZIKEN ikasgarria. Lehenik, Donibane Lohitzunen frango jendek, ezin sartuz, kanpoan gelditu behar ukan duelarik; eta bigarrenik, Uztaritzen, honetan aldiz ikus entzuleak ez baitira hain nasaiki bildu.

Denen eritziz ORTZIKENen ikusteak zinez merezi du, lan baliosa egin baitute ikusgarri horren antolaketan parte hartu duten kantari ezagunek: Iker, Eneko Labeguerie, Maite Idirin, Manex Pagola, Pantxika, Peio eta Pantxoa, Urtizberea, Xanpun bertsolaria, eta hemen haien izenak ematen ez baditugu barkatuko gaituzketen taula-gizon emazte horien laguntzaile izan diren teknikariek.

Hala ere, eta beharrik, karranka gabeko orgarik ez denaz gero, kritikak ere izan dira. Beregainki, ikusgarriaren esan-nahi politikoa izan da eztabaidatua: euskaldunak ez zuri ez gorri baina oroz gainetik euskaldun izan behar dugula baita, beste gauza batzuren artean ORTZIKENek erakustera ematen duena.

Nahiz, maizegi, "gorri" zenbaitek halako usteetara lerratzeko parada ematen duen, askok, sinplekeria deritza gauzak horrela besterik gabe azaltzeari. Bestalde, gaude gu ere, ez ote zatekeen zenbaitetan hobe izanen politikakerietara erori beharrean, iparralde hontako Herriaren baliatzaile eta bizkarkoiak zuzenki salatuak izan balira. Berauk baitira noski, mugaz honaindiko euskaldunen enganatzaile galantenak, kantu eder batzutan edo Biltzarre zenbaiten urte orozko bazkarietan besterik badiote ere.

Gisa guztiz, Herri zapaldu baten mende askotako askatasunerako burrukaren goratzea da ORTZIKENen haga-ideia Beste molde batez egin zitekeela dudarik batere ez, "Aita seme laborari" "Guk" taldearen lana oraindik ere gogoan dugularik bereziki; baina hautatu sail honi loturik, ororen buru, ontsa ari izan direla nork uka?

BEÑAT BIDEGORRI


Iberian zer

Sozialisten batasun arazoa

Lehendik ezaguna genuen batasunik eza, biziki nabarmendu da Espainiako sozialismoaren barnean, Nazioarteko Elkarte Sozialistaren ikustaldiaren ondoren, Mugimendu sozialistak hiru talde nagusi ditu orain: 1. Felipe Gonzalez-ek gidatzen duen PSOE, 2. Llopis-en PSOE historikoa, eta 3. Tierno Galván eta Raúl Morodo-ren P. S. P. (Herritar Partidu Sozialista).

Nazioarteko Elkarte Sozialistaren ikustariak Gonzalezen deiari erantzunaz etorri dira eta beronen taldearekin bakarrik hizketatu dira, nonbait. Ikustaldia azalpen bat eman du Delegazioak: "PSOE da (Gonzalez-ena, noski) sozialista espainolei batasuna emateko eskaintzen zaien ardatza". Eritzi honek min eman die gainerako talde sozialistei eta egunkarietaraino heldu da taldeon arteko eztabaida.

Nazioarteko Sozialistaren batzorde ordezkaria Madrilera etortzean, berehala gogoratu zuen PSOE historikoak (Llopis-enak, alegia) atzetik zuen indarra: Espainian hogei federazio ditu talde historikoak, eta alderdiaren zuzendaritza Espaini barnera ekarria da 1975eko abenduaz geroztik. Batzorde ikustaria Madriletik irten orduko, eman dituzte beren erantzunak, bai Tierno-Morodo-k bai historikoek.

Tierno eta Morodo-ren ustetan, Nazioarteko Elkarte Sozialistak Gonzalez-en PSOEkin egin duen hautapenak Espainiako sozialismoa behin betirako zatikatua utz dezake eta ezinezkoa bihurtzen du sozialisten baterakuntza. Oraindik salakuntza gogorragoa jaurtiki du Tierno-k: PSOE hori minoria bat dateke Espainiako sozialismoaren barnean. Llopistek, denen arteko bitartekotza garbi bat gida dezala eskatzen diote Nazioarteko Sozialistari.

Felipe Gonzalez-ek ere ba du erantzuna: prest dago elkarrizketarako, baina ez nolanahi eta eskuartean duen partiduko agintea inorekin banatzeko. Elkarrizketak ez du izan behar goigailurrean, basian eta beheko ekintzaileen artean baizik. Dena den, ba dirudi Danimarkan urtarrilaren 17an bildu den Nazioarteko Elkarte Sozialistaren Kongresuan, Gonzalezen hitzaldiak ezezik, gainerakoen kexuak ere izan dutela oihartzunik. Laster ikusiko da "eten demokratikorako" batasuna nola moldatzen den.

Gerlari zaharrak eta herria

Begiak zabalik, harridura ezin desharritu batetan dago oraintxe Joanes gizarajoa. Egunsenti berriaren argitan, ondoak bezalaxe ari zaizkigu jaiotzen demokrazizaleak. Denboraldi berrien mirakuluak! Esate baterako, "Hermandad Nacional de Alféreces Provisionales" eta "Confederación de Combatientes" lagunarteetako buru batek hauxe esan du: "Ba daki herriak, bai, zer nahi duen eta zer gal lezakeen, eta hain zuzen horrixe entzun behar zaio". Kontxo, ba da hor nonbait berrogei urte luzetan, 1976 hori itxaron gabe, gauza bera esan duelako herbestean egon denik eta dagoenik ere!

Jaun Errege eta demokrazia

Franco hil zaigunetik, maiz entzuten da Erregek jokatu beharko lukeen "goi politika" neutralarekiko esames gozorik: Jaun Erregek ez du sartu behar —diote politikologo hauek— alderdi politikoen artean inori lehentasunik ezartzen.

Esan liteke, hori oso argi dagoela. Baina zer egin behar du Jaun Erregek (inolako aukera politiko baztergarririk egin gabe), herriari entzunez politik alderdiei lekurik egiteke dagoenean? Entzun, herri bakar jakin bati entzun behar baitio Jaun Erregek.

Demokrazia gabeko egoera batetan, "botere moderatzaileak, hau da, Erregek berak (politik bizitza demokratiko batean neutralki jokatu behar duenak berak) parte hartu egin behar du, hautapenik oinharrizkoena egiteko, halako neutraltasun urrun batetan egon gabe", esan du Oscar Altzaga kristaudemokrata ezkertiarrak. Demokraziaren aurretik, ezinezkoa da Erregeren neutraltasuna, hain zuzen hauxe da instituziorik konprometatuena. Jakin beza hori, etorkizuna beretzat nahi duen Erregeak!

Europa, gure aberria

Azken deklarapen batzutan, Fraga jaunak hemendik ehun urtera gure ondorengoak, Erromantizismo garaiko nazionalismo inozoa gainditurik, europar aberriaz mintzatuko direla esan du. Europa bat horretan eskualdeek oinharrizko zelulak osatuko dituzkete. Fragak esana.

"Consello de Forzas Politicas Galegas"

Katalunian egin denaren antzera, Galizian ere hilabete batzuren buruan antolatu da "Consello" politiko hau. Hiru alderdik osatzen du elkartea: Partido Sozialista Gallego (PSG), Partido Gallego Sozialdemocrata (PGD) eta Union do Pobo Galego (UPG). Kristaudemokrata sail bat ere ikustari bezala agertu da, "Consello"a sortzean.

Honek eman du bere lehenengo egitaraua. "Consello"ren baitara dator orain "Asamblea Nacional Popular Galega", eta —honetan ere Kataluniakoaren antzera— "Consello"a izanen da, 1974ean antolatutako "Xunta Democratica de Galicia"-ren ondoan bigarren talde-erakunde pluralista.

Kataluniako "Consell"arekin, Galiziako "Consello" honekin eta Euskal Herriko alderdi politikoen talde-erakunderen batekin, beharbada laster ikusiko da Akordio zabal eta haundi bat. Jaioko ote da, gero, hortik (pizpahiru alderdi haundi behar omen ditu Estatuak eta) autonomista guztien partidu haundi bat? Geroak erakutsiko hori ere.

Bizkai-Gipuzkoarako lege berriez

Urtarrilaren 21ean, Madrilen, Fraga Iribarne jaunaren aurrean, Bizkai-Gipuzkoarako gobernamodu bereziak aztertzeko batzordea lanean hasi zen. Batzorde horretara agerturiko proposamenduak bi dira: alde batetik Bizkaiko Diputazioarena: Ekonomi abantail hutsezkoa (superportua, oinestruktura...): bestetik Gipuzkoakoarena dago, Herriko ekonomi autogestio batekin batera, kultur eta irakaskuntz deserdirapena eskatzen duena. Fraga jaunak, bere hitzaldian, bigarren eskabide honen alde egin zuela dirudi. Zerbait ere ba da, batzorde horren errepresentatibotasuna gora behera. Hontaz, Zubiagak, gipuzkoar prokuradoreak, ez du hor parterik hartu nahi ukan, bere ustez batzorde horretan, gehien-gehienik, ekonomi eta kultur arazo hutsak aztertuko direlako, Euskal Herriko funtsezko politik arazoa ukitu gabe.

Katalana eta hizkuntza teknikoa

Barcelonako Industri Injeniarien Goi Eskola Teknikoak, ikasle-maisuen artean beharko litzatekeen kultur berdintasunari begira azalpen bat egin du, kultura eta hizkuntza gaztelauak eta katalanak trataera berdina ukan dezaten. Fundacio Torrens Ibern dela eta, egin da azalpen hau.

 Fundacio honen egiteko, katalan hizkuntza teknikoa finkatzea da, normalizapen batera iristea. Barcelonako Unibertsitate Politeknikoko irakasle talde baten asmoari jarraikiz jaio da Fundacio hau, eta eginkizun berezi bezala zerak hartu ditu: katalanez idatzitako literatura teknikoa araueztatzea; hizkera hau Unibertsitatean egunerokotu; terminologia finkatua zabaldu, etab. Honela Torrens Ibern zientifikoaren izenpean (1939an herbestetua, 1950ean itzulia eta 1975ean hila berau), burutu nahi dute katalanek hizkuntzaren historialdi berri hau.

Katalunia: "Consell"-a jendaurrean

Aurrekoan esandakoetatik irakurleak ba daki Katalunian sortua dela "Consell de Forces Politiques de Catalunya" deitura. Urtarrilaren 9an egin du bere aurkezpena Madrilen kazetarien aurrean, taldekoen asmoak agertuz.

Erdi eta ezkerreko alderdi elkartuon egitaraua presentatu dute, elkarrizketa batetan. Lehenengo —esan dute "Consell"ekoek— "Generalitat"en berrespena eskatu da; izan ere, gobernabide autonomo hau Estatu espainolak onhartua zuen Errepublikarekin eta XVI-XVII. mendeetan bai eta Monarkiarekin ere. "Generalitat"aren Lehendakaria, Terradelles jauna, Frantzian bizi da desterruan, baina prest beti Katalunia demokratiko batera itzultzeko. Azken finean, horixe da premiazkoa dena, herriak aukera dezala bere gobernabide librea. Horretarako, lehenen pauso bezala, alderdiak legeztatu behar dira.

Beste ñabardura nabarmen bat da indar politiko elkartu horiek azpimarratu dutena: "Consell"eko kontseilakideak (alderdiak, noski), diziplina katalanekoak dira denak, hau da, beren Kongresuak Katalunian eta autonomia osoarekin egiten dituzte. "Asemblea de Catalunya"n ba da —gogoratu zuten elkarrizketan— beste talde politikoak ere eta "Consell"ekoek ba dituzte harremanak, baina Kontseiluaren autonomismo katalantzaleari uko egin gabe beti ere.


Munduan barrena

Europa. Hirugarren semea Frantzian

Frantsesek bi semerekin aski izan ohi dutela gauza ezaguna da. Milioi t'erdi familia baino gehiago daude kasu hortan, izan ere.

Gobernuak, urte berri hontatik hasita edo, frantsesek hiru seme ukan dezaten nahi du, eta laguntzak eskaintzen ditu hortarako.

Beldurtu egin ote da Gobernua? Izan ere, demografian, behera eta behera doa Frantzia. Geroz eta jaiotza gutiago: 1964an 874.000 jaio baziren, hamar urte geroago 1974an, gehiago izan beharrean, 760.000 bakarrik jaio dira. Jendetza osoa kontuan hartuta egindako jaiotz-neurria da hori. Beherapena are handiago da, ugalkortasun-tasa edo delako hori kontutan hartzen badugu, hots, haurrik izateko adinean daudenen artean neurriak harturik, 30 % jaitsi da azken hamar urteotan. Horiei, gainera, frantsesak izan gabe ere Frantzian haurrak izan ohi dituztenak kendu behar zaizkie (eta ezaguna da, hauen artean ugariago jaio ohi dela jendea).

Martxa hontan, ONUk egin kalkuluen arauera, 100 urte barru, munduko jendetzaren 6 % besterik ez liteke izango Frantziakoa, orain 14 % delarik. Eskastuz eta zahartuz doake, beraz, Frantzia. Ondorio asko dakar honek, eta maila guztietan ekarri ere; politikan, esaterako, Frantziaren agintearen indarra gutitu egingo litzateke; ekonomia ere ahuldu egingo litzateke, langile eta erretiratuen artean desoreka bat sortuko litzateke, seguruen deficitarekin, etab.

Semeen kopurua gutitzearen joera hain bizia, berria da Europan, 70 urte inguruan hona sartua. (Estatu Batuetan 1960-1965 inguruan nabarmendu zen). Fenomeno bera, baina ez arrazoi berengatik, hemen baino lehen ezagutu izan zuten Sovietar Batasunak eta lurralde komunistek. Baina, arriskuez jabeturik, gaur egun, lege eta laguntza sozialen bidez, gainditzeko bidetik bide doaz. Europa oraintxe ari da kontuan jausten.

Demografiarekiko politikaren aldatzeak ba ditu lanak. Etekinaren gizarte-modu hontan gauza bat baino gehiago aldatu beharko da, hala nola, etxegintza (zenbatentzat egin ohi dira bizilekuak?), eskola eta ikasketen antolaketa (dohainik ez den bitartean edo laguntza bereziren batez ez bada, nola prezio horietan seme ugaltzera inor behartu?), etab.

Ba da, gure artean, beste beldur bat ere: Zenbat... eta jende gehiago mundura ekarri, hainbat eta gaudenontzat jateko gutiago. Eskasiaren argumentua. Janariaren eskasia ez baino ondasunen banakuntza makurra da gaurko zuzengabekeriaren erruduna. Sozialistak, komunistak eta gaullistak bat etorri dira puntu hontan, Malthusen aurka.

joanes lekerika


Munduan barrena

Europa. C. I. A. ren atzetik

Izkutuen artean izkutuena den C. I. A. hau agerian jartzen ari da oraintxe. Azkeneko egunetan, C. I. A. ren ekintzak bakarrik ez baino hango izenak ere ageri dira. Cambio 16 astekariak, Espainian ari diren 10 baten izenak dakartza, lanbide eta guzti. Bilboko Kontsulatuon ere ba dagoela dio, izenik jakin gabe oraingoan. Eta kanpoko egunkari batetan irakurri dudanez, laster barru izen gehiago ere kalera aterako dira. Frantziako Liberation egunkariari zerrendak "Kontraespionaia" aldizkari ezkertiar puntakoaren Zuzendariak eman zizkion, Baltimorek esan berri duenez, Espainian izkutuki lanean ari direnen izenak Espainiako aldizkariren bati emango dizkio. Japonian eta Italian dabiltzanenak ere bai hango aldizkariei, geroxeago.

Grezian ere gauza bera egin zuten. Athens News egunkariak Richard Welch hango C. I. A. ren Buruzagitzat salatu ondoren, hil egin zuten, ezaguna denez. Horren beldur dira orain beste batzu ere.

Italian zenbat diren inork ez daki, baina Erromako Republica egunkariak 50ren bat edo salatu ditu dagoeneko, izen eta guzti salatu ere. Bestalde, alderdietan, sindikatuetan, ministergoetan, entrepresa handietan, Vatikano, eta abarretan sarturik daudelako susmorik ba da.

Berrikitan, Angolan C. I. A. k egiten duen lanaren berri ere atera da. MPLAren aurka burrukatzen diren gudalosteak laguntzeko 60 milioi dolar edo eman duela zabaldu da.

Ezagunagoa dena. Azken aste hauetan ikaragarrizko eskandalua sortu du Frantzian Liberation ezker puntako egunkariak. C. I. A.ko 32 agenteren izenak, helbide eta telefonoekin, ezagutzera eman ditu.

Hortan ikasiek diotenez, ia kasu guztietan, Espainian, Frantzian, Italian, Grezian, C. I. A.ren ardurarik nagusiena Mediterranioko politika amerikarra babestea da, Estatu Batuen interesak arretaz zaintzea. Parisen, hortaz gain, Liberation delakoak dioenez, hegoamerikarrak zaintzeko daude, haien urratsak, harremanak eta ekintzak kontrolatzeko.

Zergatik eta nola atera diren datu hauek denak? Batzuk gerra bat ikusten dute hor, dela Estatu Batuen aurka, dela Ford Lehendakariaren aurka. Hauteskundeak datoz orain Ipar Amerikan, eta orduan Forden arerio politikoak, ezkertiar intelektualen laguntzaz, Lehendakariaren agintea ahuldu nahiko lukete, hipotesi honen arauera. Baina, ba al dago, gero holako esplikapenaren beharrik? Hortan dabiltzanek diotenez, datu hauk eskuratzeko, Philip Agee, C. I. A.ren agente zenaren datuak eta metodologiaz baliatzea aski da. CIA Diary da Philip Agee horren liburua.

joan larrinaga


Munduan barrena

Hirugarren mundua. Libano. Libanoko guduzibila: Palestinaren eta Israelen tartean

Ba dira bederatzi bat hilabete Libanoko gudu zibila hasia dela; tregoa askoren eta motzen artean, kristau eskuindarren Falangearen eta musulman ezkertarren arteko gudua izan da luzaroan. Orain dela gutti, palestinar errefugiatuak ere nahasi dira, musulmanekin batera, Falangearen kontra. Azkenik, gaur, hilak 21, Syriako palestinar O. L P. ere nahasia da guduan. Libanoko gudu zibila zena nazioarteko gudu bihurtu da. Israelek ez du luzaroan iraungo beharbada tartera sartu gabe, lehendik esana duenez. Baina kristauen, musulmanen eta juduen arteko gudu honek, nazioarteko gudu askoz zabalagoa bihurtzeko arriskua du. Zer gertatuko den jakinminez gaudelarik, gudu horren oinharrizko arrazoinak ulertzen saiatuko gara hemen.

Libanoko sistema politikoa, ekonomi jauntxo kristauen interesak zaintzeko ezarria dago. Ezkertiarrek eta musulman gidariek sistema politiko horren aldakuntza eskatzen dute. Horregatik kristau klase gidari horren interesak zaintzeko sortu dira miliziak, Falange izenekoak. Libanoko gudu zibila, bada, politikoa izanik, soziala da funtsean, eta ez erlijiozkoa, agerian kristau eskuindarren eta musulman ezkertiarren arteko gudu agertzen bada ere. Palestinar errefugiatuak ditu Falangeak bere etsairik nabarmenenak; eta hilabete luzetan Libanoko eskuindar eta ezkertiarren arteko gudu zibilean nahasi nahi izan ez duen O. L. P. erakundea, azkenean Falangeak berak guduratu ditu.

Egun hauetan UNOko Segurtasun Kontseilua bilduta dago, Ekialde Hurbileko arazoa aztertzeko. Palestinarren erakunde politiko ofizialtzat hartua izan den O. L. P. delakoa deitu dute bilerara; horrexegatik Israelek ez du parte hartu nahi izan, ez baitu inon eta inola ere "terroristekin elkarrizketaratu" nahi. Orain arte Palestinarren arazoa errefugiatu batzuen arazo bezala hartu izan du UNOk. Oraingo honetan O. L. P. ek eskatu nahi duena hauxe da: Palestinar Herriarentzat beregaintasuna, autodeterminazioa eta nazio soberania. Honela, sustrai-sustraitik aldatuak geldituko lirateke, 1967an eta UNOk berak harturiko erabakiak: 242. eta 338. erabakiak, halegia. Hauetan ez baita zuzenean haintzakotzat hartzen Palestinar Herria. USAk, oraindik gaur bertan ere, bere kontrakotasun osoa ezartzen dio horrelako erabakien aldakuntzari, betoaren mehatxuz.

UNOko Segurtasun Kontseiluko eztabaidak aurrera doazelarik, Libano nazioarteko gudu bizian nahasi da; eta ez dago ikusterik nondik norako irtenbidea izango duen guduak; baina Ekialde Hurbileko arazo zabala, bere osotasunean, ei da konponduko, Palestinaren Herri arazoa konpontzen ez den bitartean.

Paulo Agirrebaltzategi


Munduan barrena

Hirugarren mundua. Sahara - Timor. "Deskoloniatuen" zoritxarra

Timor Asia urrutian dago; Sahara, Afrika hurbilean. Aurrena Portugalen kolonia zen oraintsu arte; bigarrena, Espainiaren kolonia oraintxe arte. Hark Indonesia indartsuaren inbasioa jasan du; honek, Marokkiar jendearen "martxa berde" hura harrituta ikusi ondoren, orain marokkiar armadaren "martxa beltzaren" indarpean zapalduta ikusi du bere burua. Batean eta bestean "deskoloniakuntzaren" eskema berberatsua gertatu da.

Diktadura egokia izan ohi da herri koloniatuak menpean edukitzeko eta horien askatasun grina zapaltzeko. Horretarako biderik zuzenena hauxe da: metropoliko herriari koloniaren egoera ezkutatzea. Horixe egin zuen Salazar-en eta Caetano-ren Portugalek bere koloniei buruz; horixe egin zuen Francoren Espainiak Saharari buruz.

Espaniako eta Portugaleko herriak sinetsita zeuden Sahara eta Timor (eta baita Angola edo Mozambike ere) beste probintzia batzu besterik ez zirela edota metropoliaren urrutiko lurraldeak; ez zegoen nonbait burutik pasatzerik ere, itsasoaz haraindiko "probintzia" edo "lurralde" haiek metropolitik inoiz ere etengo zirenik. Haien independentzi garraisia ixilperatua zegoen, eta Espainiako eta Portugaleko herriek ez zekiten "probintzia" edo "lurralde" haietan ezer apartekorik gertatzen zenik ere. Baina horra hor, egun batetik bestera, harrituta eta txundituta, nola jakiten duten "probintzia" haiek kolonia direla; oraindik ere kolonia batzu menpean edukitzea itsusia dela, eta borondaterik onenaz independentzia emango zaiela.

Zer gertatu da? Metropolietako diktadurak makaldu edo erori egin direla; eta hemen eutsi ezin dioten egoerari ezin diote eutsi kolonietan ere. Eta hauei independentzia ematera behartuak gertatzen dira.

Baina koloniakuntzak ez du sekula deskoloniakuntzarik prestatzen, koloniatzaileek horrelako asmo onak oihukatzen baldin badituzte ere. Eta diktadurak ez du sekula demokrazia eta askatasun bidea sortzen, beste diktadura baten bidea baino.

Espainiak eta Portugalek, diktadura luzeen ondoren, nahiko lan dute barneko demokrazi bideak urratzen; ez dute beren kolonia zaharren etorkizunaz arduratzeko indarrik ei gogorik. Bertan behera utzi dituzte Sahara eta Timor, ahal zutelarik, beren interesak zainduz; baina buruhausteak baztertuz.

Koloniakuntzak beste koloniakuntzari prestatzen dizkio bideak. Eta Timor, mendetan zehar Portugalen menpean egon dena, orain Indonesiako diktaduraren menpera eron da; Sahara, urte luzetan Espainiaren menpean egon dena, orain Marokkoko errege absolutistaren menpera erori da. FRETILINen, Timoren, eta POLISARIOK, Saharan, beren herrien askatasuna eta burugaintasuna lortzen saiatu direnek, hurbileko inperialisten armaden azpian itota ikusi dituzte beren herriak, urrutiko kolonialisten harmadak eta gobernariak uxatu ondoren.


Munduan barrena

Sozialismoa. Sozialistak Espainiara begira

Espainiaren etorkizun politikoak geroz eta gehiago kezkatzen ditu munduko elkarte politikoak. Horregatik doaz aste hauetan hainbat kanpoko delegazio Madril eta Barcelonara: liberalak, kristaudemokratak, sozialistak, guztiek hartu dute Espainiarako trena. Dirudienez, Portugaleko eskarmenduak oso eskolatu ditu politik elkarte haiek. Eta, beste zenbaiten artean, etorri berria da urtarrilaren 14ean Madrilera Nazioarteko Elkarte Sozialistaren talde ordezkari bat.

Bospasei laguneko delegazioa izan da ikustari bezala etorri den hau: Jaime Gama (Portugaleko Alderdi Sozialista koa), Jenny Little (Labour Party-koa), Veronica Isenberg (Alemaniako sozialdemokrata), Abraham Allon (israeldarra) eta Pierre Guidoni (frantsesa) izan dira taldearen buru nagusiak, lehendakaritzat Hans Janitschek (Nazioarteko Elkarte Sozialistaren Idazkari orokorra) dutela. Talde ordezkari hau PSOEk dei eginda iritsi da, hemengo sozialistekin mintzatzeko asmotan.

Espainian barneko partiduek herbestekoekin eta kideko dituzten Nazioartekoekin oraintxe bertatik sor ditzaketen harreman hauek garrantzirik haundiena ukan dezakete, zalantzarik gabe: orain, liderak molda eta kideko alderdiak hemen barnean eratu eta datorkeen "eten demokratikorako" indar daitezen; geroago Europara begira elkarrekin lan egiteko ere bai. Janitschek sozialistak azaldu duenez, Nazioarteko Sozialistak 56 partidu elkartzen ditu eta 80 bat milioi lagun dira alderdi horietara biltzen direnak. Alderdi sozialista horietatik, 22 daude orain agintean eta 12 Gobernu-buruzagi dituzte beste hainbeste Estatutan. "Nazioarteko Elkarte Sozialista da gaurregun munduko mugimendurik bortitzena eta beronen izpirituzko eragina Eliza Katolikoarenarekin bakarrik konpara daiteke", esan du Janistschek-ek.

Biltzarre Demokratikoaren eta Plataformaren arteko arazoan aldez aurretiko jokaerarik hartu gabe heldu dira taldekoak; baina bai, inondik ere, Espainiaren europartasuna aitortuz: "Espainia, guretzat, Europako lurralderik axolazkoenetakoa da. Etorkizunean, Espainia eta Europa osoki besarkatuak behar ditugu. Espainia ez da, oporraldietarako lurraldea bakarrik.

Joanes Goia


Munduan barrena

Kultura nazio artean. Kolonen aurreko literatura Latinamerikan

Neure harridura kondaturik hasiko naiz. Pariseko Trocadero enparantzako "Musee de l'Homme" famatura lehendabizikoz sartu nintzenean, han bildutako zibilizazio guztietatik gehienbat inpresionatu nindutenak Inka eta Azteka eta horienak dira. Hain bitxiak, hain enigmatikoak, hain misteriotsuak eta hain esanguratsuak; beste planeta batetik baletoz bezala.

Pariseko Gizonaren Erakustokian egon ala ez, miresleak ugari ditu zibilizazio zahar eta aurreratu honek. Aberatsik badago, hauxe da aberatsa. Espainolek kupidagabeko garbiketa eginda gero ere, aberastasun miresgarri bat nabari da zibilizazio hortan.

Oraindik ere ikertzen ari gara aberastasun hori. Ikerkuntza bakoitzak miresgarriago bihurtzen du, eta harrituago jartzen gaitu. Esaterako, literaturari dagokionez, liburu interesgarri bat argitaratu berri da oraintxe Frantzian. Espainolak hara joan aurretiko literatura, edo literatura prekolombiana aztertzen du. "Lettres précolombiennes" hortan Okzitaniako Tolosako Unibertsitateko irakasle den Georges Baudot jaunak adierazten digunez, literatur bizitza interesgarri baten testigantza ikusten dugu.

Nahualt, maya eta inguruko zibilizazio horiek hitz idatzia maite dute. Idatzia sagaratua zen haientzat, esoterikoa. Haien liburuak zein landuak diren ikusi besterik ez dago. Miguel Angel Asturias Nobel Saridunari inoiz irakurri diogunez, afrikarrek ahozko tradizioa eta belarria zaindu zuten bitartean, juduen eta egyptiarren antzera, Mexiko eta beheragoko zibilizazio hauek idaztea maite dute. Espainiako kolonizatzaile basati haiek "Gaztelako izaren antzera bildurik", eta azal pintatuen barnean liburuak zituztenean, haiek ere harritu egin bide ziren.

Liburuarekiko jaiera hori begien bistakoa da: Azteken artean, liburutegia Tenpluaren ondo ondoan zegoen. Espainolek deuseztu zituztelako etxe hauetatik guti batzuk besterik ez ditugu ezagutzen.

Basati odoltzale gisa, irudi beltzenaren pean presentatu zaizkigun indio horiek literaturarik izan al dezakete, gero? Baudot jaunaren liburu hortan ikusten dugunez, ba dute, bai, literatura ederrik. Ageri denez, XI mendetik XVIra bitartean, poema lirikoak, epopeiak, Jainkoari eresiak, kondairakizunak, kondakizun mitikoak dira nagusi.

Erromatarren eta grekoen iturritik besterik edan ez dugunontzat, Lettres précolombiennes liburuan ba dago zer ikasirik. Are gehiago, literaturazko balioak geuk sortuak eta asmatuak zirela uste zutenentzat.

Latindartzat, Iberiartzat eman dugun Amerika hori, hain latindar eta horren iberiar al da? Ez al dabil, gero, oraintxe, bere buruaren bilaketa etengabean? Esaterako, espainol hizkuntzaren monopolioaren aldekoek ez lukete ahantzi behar Paraguayn, kasurako, herriaren 90 % guaraniz mintzatzen de/a. Lekuko ona da, puntu hortan, Georges Baudot bat, dionean: Zalantzarik batere gabe, birpizte batzuren aurrean gaude. Hizkuntza, kulturaren tresna baita, bere lekua hartuz doa. Amerika honek, egunen baten, "latindar" izatea ez ote duen utziko galdetzea ez da ezina.

Joan Mari Torrealday


Munduan barrena

Kultura nazio artean

 Pariseko Gabak. Jean-Louis Barrault-i gauza zailak eszeneratzea gustatzen zaio. Rabelais eta Nietzscheren Zaratustra behin. Eta Restifen Pariseko Gabak orain, urte berriaren hasteko.

 Pariseko Gabak. 7 787 ta 1 794 artean idatzi zen. Eguneratu beharra egon da, hortakoz. Eta C. Carrierek egin du hori. Laburtu beharra ere egon da: orijinalak lau mila horrialde ta gehiago baitzuen. Zazpi gautara laburturik gelditu da.

Restif Pariseko gau kronista bat zen: gabez oso ondo ikusten zuena. Zenbait ilunago eta nahasiago eta hainbat hobeto ikusten zuena. Sozial kritiko ta XIX mendeko utopisten aitzindari. Gauean kalez-kale ibili ohi zen, eta, goizaldean, ikusitakoak idatzi ta bere inprentan argitara.

Halakoxea zen bera ere ta halaxe ikusi du mundua: erotomano, voyeur, inzestuoso, fetitxista sexuala bera; janean ona eta edanean ez txarragoa. Berehun amorante eta gehiago izan zuela ta, oso harro zegoen. Haren mundua ere antzeko tipo interesantez beteta dago: markesa ilustratu bat, emagalduak bide zuzeneratzen; asperkeriaren ihesi karitatea egiten ari diren libertinoak, zerbait egitearren; beren alabak sos batzuengatik edozeini gau batetarako eskaintzen dizkioten amak; kaleetako katu eta zakur-ehiztariak, lukainkak egin eta saltzeko; hildakoen gorpuak harrapatzen dituzten zirujau gazteak, esperimentuak egiteko; gizonak bortxatzen dituzten andreak; egunez Jainkoa eta gabez beste norbait maitatzen dituzten mojak; eta, behin eta berriro, Mari-bidetakoak, mila klase eta etakoak.

XVIII mendeko hiri gizartea borbor irakiten. Saltsa bero-beroa. Saski-naski hortantxe sortu ziren lehenengo utopistak. Kontraste indarrez. Utopia protesta bat baita. Eta Restif de la Bretonne halakoa dugu. Bizi-bizia. Eskenifikapen honetan Barraultek berak egiten du Retif: eskenario zoko batetatik, aktoreen gorabeherak ikusten ari da. Ikusle aktibo bat da, beraz, eta ikusleak pentsatu behar duena predikatzen du: ondasun guzien komunismoa. Emazteena ere bai, noski, edozein merkaduria bezalaxe kontsideratzen baitira. Heriotze kondena, zelibatoa, moja konbentuak ezeztatzea. Erabateko askatasuna. Gizarte guzia eraberritzea. Dena eraberritzea. Azkenik, ortografia eraberritzea ere bai.

Zazpi gauen erdian Iraultza gertatzen da. Dena gainazpikatu eta eraberritu duen Iraultza. Lehen ikusi ditugun lapur, emagaldu, mozkor, hiltzaile eta beste alproja horietxek dira, zapalduak, Iraultza egin dutenak. Lehen bezain alproja irauten dute, beste egoera ta itxura batzutan. Pariseko zazpi gauak, lehen eta oraingo Pariseko gauak dira. Ballet baten antzera eramandako akzioan, Barraultek predikatzen du iraul dezagun dena, dena berdin uzteko. Ezer berririk ez hilargipean.

 Dr. Constantineren estigmak, Tom Dulacken nobela. Edoeta: gizarte amerikanoaren adarrak eta adar jotzaile bat.

Dr. Constantine, kimikari, ta biologo ohia. katoliko ohia ateista, senar ohia, amorantearekin pasatako gau baten ondoren, eta ez errosarioa errezatzen, ondoezean erortzen da zerraldo. Whisky gehiegitxo. Hurrengo goizean Jesukristoren estigmak aurkitzen ditu eskuoinetan eta saihetsean. Ikaratuta, bere burua etxean preso hersten du. Estasi eta bisio erotiko izugarriak. Ez dio inori aterik zabaldu nahi. Asistenta bati bakarrik. Gaua Santa Teresa irakurriaz pasatzen duen birjina bat da hau, Cathy. Cathyk beste zerbait ere nahi luke gauean. Baina alferrik, oraingoz.

Odol proba bat bidaltzen dute Mayo-klinikara. Erantzunik ez. Dr. Constantine hotzak eta goseak ia akabatu denean, Cathyk hippy komuna batetara darama. Lehen kristauen erako hippy komunitate bat da, otoitzean eta whisky ta drogen deboziotan bizi dena. Cathyk ere bere grima mistikoak ase ditzake Dr. Constantinerekin. beti oso debozio haundiz. Dr. Constantine estasian erortzen denean, mirariak egiten hasten da: dohain miragarri batez, haur leukemikoak sendatzen ditu.

Hemen sortzen dira istiluak. Eta sortzen da kontrastea Jende printzipala burutik nahastuta dabil. Apezpiku oso moderno batek ez du estigma eta mirari ipuinik entzun ere nahi. Zorakeriok aspaldi superatu omen zituen Elizak. Ez omen gaude Erdi Haroan. New Yorkeko psikiatra sonatu batek ez daki zer egin, horik ez omen dira fenomeno zientifikoak.

Dr. Constantinek ezin jasan du hippy komunitatea. Elizak, agirian, ez du harekin ezer jakin nahi. Baina, ezkutuan, laguntzatxo bat ematen dio. Eta laguntza horrekin Dr. Constantine Manhattango ganbara batetara doa bizitzera. Eskerrak horri, bizi da behintzat: izan ere, hippy komunitatean Apokalipsi harrigarriren bat gertatu da, eta hippiek elkar hil eta erre eta kiskali dute, debotoegi jarri diren batetan.

Mayo-klinikak, azkenean, Dr. Constantineren odola arras bitxia dela, argitzen du: ez da gatzaturik gelditzen. Mundu guztia Dr. Constantineren bila hasten da zalapartaka. Polizia detenitzera doakionean, ordea, End: Dr. Constantine hil egiten da. Gizarte amerikanoari ihes egiten dio bere mirariak.

Nobela hau hizkuntzagatik da ohargarria, lehenengo. Eta ironia zorrotzagatik, bigarren. Charles Manson eta Esorzista, hippy komunitate erlijiosoak eta fenomeno erlijiosoak baino gehiago psikoanalisiak interesatzen duen kleroa, droga ta sexu eta erlijio nahasketa, gizarte amerikano "tipikoa", zakurraren salatik pasa ditu Autoreak.


Erlijioaz

Palmar de Troya-ko azoka, apezpiku eta guzti

Kondaira laburra du. 1968.urtea zen. Martxoko 30eko arratsaldean, 10-13 urtetako lau neskatilak, Palmar de Troya-ko inguruetan jostatzen ari zirela, Ama Birjina edo ikusi omen zuten. Elkarrekin ere ez bai zetozen ados. Batzuk zintzilik edo urkatuta bezala zegoen andre bat ikusia zuten. Laborari herrixka pobrea erabat asaldatu zen. Ume gertakizun hau apainduz, edertuz, eta puztuz joan zen. Sekulako gertakizun liriko eta epiko aurrenik eta ekonomiko segidan bihurtu arte.

Palmarko azoka, nazioarteko sare

Antonio León Román eta Eduardo González jaunak, Palmarko alkate eta botikaria, herriari bizitasuna, izena eta dirua eman ziezaiokeen une historikoan zeudela somatu zuten. Propaganda ikaragarria egin zuten, Palmarko "mirarigile" edo negozio errepresentanteek, Espainia barruan eta kanpoan. Erromeriak ugaldu ziren. Lehen agerkundearen bigarren urteburuan 30.000 milatik gora bildu ziren.

Histerismoa kolektibo bilakatu zen. Ikuskizun harrigarriak, extasiak, estigmak eta beste paranormal bitxienak, gaizki edo ongi jokatuak, eguneroko eta arrunt egin ziren. Asko ziren negozioan sartu nahi zuten "igarleak".

Baina igarle hauk ttikiak ziren, Clemente Domínguez Gómez, 24 urteko gaztearen ondoan. Fenomenorik harrigarrienak gertatu zaizkio. Inoiz saihetseko zauritik hiru litro odol galdu omen ditu, transfusio beharrik gabe. Ikuskizunak, noiz nahi eta gogoak ematen dionean. Zeruetako saindu eta aingeru gehienak gazte trebe hau bisitatzera etorriak izan behar dute. Iragarkizunak, berriz, biblioteka koxkor bat osatzeko lain. Bere adiskide minenetakoak dira fotografo bat eta takigrafo bat. Hauei eta magnetofonoari esker, beragan jazotako ezertxo ere ez du geroak galduko.

Azoka debekatua

Eliza ofizialak, horrelakoetan izan ohi duen jokabidea hartu zuen. Behin eta berriro kultu publikoa debekatu du, fenomeno horik "histerismo" huts bezala epaituz.

Baina bost ajola zaie Clemente eta beste "apostoluei" (honela bataiatu dituzte beren buruak). "Lourdes eta Fatima ere antzeko debekupean egon ziren". Arrazoi osoz diote. Apezpiku eta apaiz jendea bezain sinisgogor gutti aurkitu baitute Ama Birjinak eta beste sainduek, bazterren batean azaltzea otu zaienean. Gainera 1972eko abenduan informe zabal bat Vatikanora eraman omen zuten. Aita Sainduak beren jokabidea konprenituko eta onhartuko omen luke. Baina beste apezpiku eta kardinalek "drogaturik" daukate nunbait.

Clemente Domínguez, fraide

Baina Clemente jaunak bapatean "Carmelitas de la Santa Faz" ordena sortzeko agindua goitik hartu zuen. 1974 urteko abenduak 22 zuen. Eta dei hori noiz hartuko magnetofonoa eta takigrafoa alboan adi adi zegoen. Bere Erregelako araurik ttikienak ere goitik jaso ditu. Hara nola, zenbat kafe edo te har dezaketen (lau aldiz eguneko); ez dago hain gaizki, Fr. Clementeren jarraitzailerik sutsuenetakoak irlandarrak dira ta), zenbat zigarro erre dezaketen (lau, otordu ostean). Baina barauz eta gosez zimeltzeko asmorik ez dute. "Ondo jandako elkarte bat nahi dut —dio Fr. Clementek entzun duen ahots misteriotsuak—. Ba dituzue beste penitentzi moduak. Fraide eta serora indartsuak nahi ditut, ez erdi eroriak eta lelotuak. Indartsuak, osasuntsuak, baina zailduak". Batzuen argazkiak aztertuz gero, erregela puntu hau zintzo betetzen dutela esan liteke.

Ordena honek bi adar ditu. Emakumezkoen buru Madre Ramonita dago. Villaviciosako klarisa komentutik burutik gaixo zegoelako irtendako 40 urteko emakumea.

Fr. Clemente apaiz eta apezpiku

Baina Fr. Clementek eta, beste ametsik zerabilten. 1975eko gabon zahar gauez apaiz ordenatu zituen vietnandar apezpiku batek bera eta beste lau lagun (espainiar bat, irlandar bat, mexikar bat eta frantses bat).

Baina P. Clemente ez da apaizgoarekin konformatu. Aste eta erdi geroago, urtarrilak 11, beste lau lagunekin apezpiku sagaratu zituen aurreko artzapezpiku berberak.

Ba du interesik joku honetara prestatu den Pedro Ngo Dinh-Thuc hori nor den jakiteak. Hue-ko artzapezpiku izana da. Saigon-go diktadorearen, Dien famatuaren anaia. Hainbat masakreren erantzunduna. Katolizismoa komunismoaren aurkako eta Vietnam mendebaltartzeko harma bezala zuena. Diktadoreak Hue-ko artzapezpikua izan zuen hain zuzen, politika horren eragilerik lotsagarriena.

Palmarko fraide hauen azken urrats hau garrantzi haundikoa da, Eliza barrutik begiratuz gero. Ekar dezaken nahasketa izugarriagatik, eta bost apezpiku hauek beste apaiz eta apezpikuak sagaratzeko ahalmenik izango luketelako, nahiz eta ahalmen hori Erromako baimenik gabe ezin erabili.

Bai sagaratzailea bai bost apezpikuak "ipso facto", bertan behera, exkomunioak jota gelditu dira. Halaxe adierazi du ofizialki Nuntzioak Sevillan.

Baina ez da hauzia hor bukatuko noski. Clemente apezpikuak apaiz eta apezpiku berriak sagaratzeko asmotan dela agertu du eta. Nork daki ez ote duten laster Aita Saindu berri baten beharrik izango? Horrela Eliza paralelo bat sortuko litzateke.

Palmarko mezua

Jende hauek azaltzen duten elizaganako atxekimenduak inozoak bakarrik engaina dezake. Antihierarkismoa darie. Gaurko apaizak eta apezpikuak bekatutan eta doktrinez okerbideraturik dabiltza. Seminarioak ustelduraz beterik daude. Trentoko kontzilioari jarraitzen zaizkio. Integrismo azalpen arinenak besterik ez dira, meza latinez ematea, errosarioa otoitz nagusitzat hartzea, etab. Bestetik, antikomunismoa. Errusia konberti dadin otoitz egin behar da. Ez da batere orijinala ikusten denez.

Jesukristoren bigarren etorreraren zain omen daude. Baina bien bitartean lur honetantxe oinak tinko jartzen hasi zaizkizu. 15.000 m2 erosi berriak dituzte.

Gainerontzean negozioa abiada azkarrean doa, Erromesaren etxeari, oroigarriei, eskapularioei esker. Palmarko miraritako urak ere diru egiten du. Honetan ere ez da batere orijinala.

Palmarko botikaria eta alkatea baino azkarragorik sartu da negozio hontan. Haiek sortutako azokak oso bizirik dirau. Eta gaurdanik, apezpikuen bedeinkapen eta guzti.

Manolo Pagola


Elkar ikuska

Rikardo Arrue: euskaraz doktor

"Oihu egiten diet lerro hauetatik nire ondorengo sendagile eta beste motako euskaldun ikasle guztiei haik ere era hontako lanekin euskara aberatsago, euskara jantziago, euskarago bat egiten saia daitezen".

"Itxuragabekeria bat izanen litzateke nire bizia gehienbat jan duen lan hau nire gurasoek hazi eta hezi ninduten hizkuntzan ez aurkeztea"

"Ez dezala gero inork pentsa hemen agertzen diren xehetasun guztiok euskaraz pentsa eta esan ez daitezkeenik. Ba daiteke ahal"

 Egunkarietan ikusi ahal izan dugunez, Rikardo Arrue Imaz medikua doktor egin da, urtarrilaren hamabian. Sobresaliente "cum laude" delako diplomarekin egin ere. Lejoako Unibertsitatean aurkeztu du bere tesia. Gaia; His sortaren ezkerreko adarraren hestura aurreratua eta zaingorrigrafiaren koerlazioa. Holaxe, euskaraz, euskaraz idatzia da eta tesia.

Rikardo Arrue amezketarra da. 33 urte ditu. Eta ikasketak eta lana Valencian, Hospital Provincial delakoan eta "Fundación Vizcaya Pro-Cardiacos" hortan egin ondoren, Parisera joan zen, Broussais gaixotetxera, teknika esploratzaileetaz hobeki jabetzera.

Medikuen artean jaio eta ibilia da, inor izatekotan, Rikardo. Bere aita eta osaba zena mediku ziren. Hiru anaia mediku ditu. Eta emaztea ere, medikuen familikoa izateaz gain, erizaina da.

Tesiarena jakin dugunean, horren berri zehatzagorik jakin nahian, galdera hauekin Rikardo berari hurbildu gatzaizkio. Hona galderak:

1. Zergatik egin duzu tesia euskaraz?

1. Zergatik euskaraz? Mila arrazoigatik. Bapatean burura datozkidan batzu esango dizkizut. Euskal Herrian jaioa naiz, eta euskaraz bizitzen erakutsi zidaten. Arrazoi handi bat da, niretzat, biologiazko hori. Gainera, ez da ahantzi behar 10-12 urterarte euskaraz besterik ez nekiela, eta espainolez egitera behartu egin nindutela. Behartu, bai.

Tesia euskaraz egitea, beraz, burruka bezala planteatu nahi izan dut, bai nire barnerako, bai kanporako. Ezarri diguten egoera baten aurkako egoera. Burruka hori, bakoitzak bere harmekin eta bere lekuan egin behar du. Eta ongi dakit Euskal Herriaren aldeko burruka hortan ni baino fronte arriskutsuagotan asko eta asko dabiltzala. Izen eta guzti aipa nitzake.

Azkeneko arrazoi bat ere ba dut, agian ez tikiena. Tesi honekin eupada edo desafio bat egin nahi izan dut. Zera adierazi nahi izan dut, halegia, kultur gaiak, gai teknikoak eta zientziazkoak tratatzeko, moldatzeko, euskara ba dela gauza. Euskara ez da arloteen hizkuntza. Oraingo egoera hau gaindi daiteke.

2. Tesia osorik euskaraz emateko nola moldatu zara?

2. Egiari amore emanez, ezin dut ukatu holako tesi zientifiko batek euskaraz erdaraz baino ere zailtasun handiagoak dituela, hizkuntzaren aldetik batez ere. Ohiturarik ez dugu, hitz teknikoen eta zientifikoen hiztegia falta zaigu. Nekazari giroko tresnak eta gorabeherak aipatzeko euskara oso aberatsa dugun bitartean, ez da hala zientziaren eremura gatozelarik. Trebatu gabe dugu hor geure hizkuntza.

Nere tesiari dagokionez, Goenaren hiztegiaz baliatu naiz batez ere. Hala ere, hitz tekniko hutsetan ardura gehiegirik gabe ibili naiz, hain zuzen hiztegi internazional bat arras egina delako. Hizkuntzaren aldetik, gainera, Gotzon Nazabal berastegitarrarekin laguntza baliosa izan dut.

3. Laguntzarik izan al duzu? Eragozpenik?

3. Bai, bietarik izan dut, laguntzak eta eragozpenak. Laguntzarik handiena tesiaren Zuzendari eta aita zen Miguel Mari Iriarte jaunarena izan da, zalantzarik gabe, bai tesia prestatzeko eta bai presentatzeko.

Tesia euskaraz eta erdaraz aurkeztu nuela esan dute egunkariek. Hala da izan. Baina nik euskaraz bakarrik presentatu nahi izan nuen. Ezina gertatu zen. Haseran bertan etorri zitzaizkidan eragozpenak. Bilboko Unibertsitateko Erretoreak, Pastor horrek, debekatu egin zidan euskaraz egitea. Dekanoa, ez batera ez bestera, zegoen. Goi mailan elkarrizketaren bat izan zuten, eta bakoitza bere aldetik kontsultatzekotan gelditu bide zen. Erretoreak Zabala injeniariari egin zion kontsulta. Irakasle honen erantzuna ez zen inondik ere originala izan: "El vascuence no es vehículo de cultura". Dena dela, euskaraz egiten ere utzi zidaten.

Bietara egin nuen orduan. Euskaraz zekienik ez zegoela inortxo ere tribunalean ez daiteke ahantzi. Egoera hau hautsi beharra dago. Administrazioak ez du holakorik onhartzen; gehienez ere, beste erremediorik ez duenean, amore ematen du.

4. Zein giro dago medikuen artean?

4. Euskal Herrian dauden medikuen artean, banaka batzu ari dira euskararen aldetik lanean. Baina ezer guti. Ez dugu euskara landu. Profesionaltasunaren mailan euskara erabiltzeko ez gara gauza. Bestalde, mediku asko eta asko kanpotiarrak dira. Eta gure axolarik ezagatik edo, Zuzendari gisa beraietako asko dago

Nik hala ere ba dut konfidantzarik. Bilboko Medikuntz Fakultatean eta, gazte batzu ba dabiltza lanean, taldeka gainera. Alde hontatik, gu baino gertuago aterako dira. Gazte hauekin, zihur nago, gauza on asko egin ahal izango dugu.

Joan Altzibar


Postaz etorriak

ANAITASUNA

Zuzendari jaunari

Lagun agurgarria:

Orain egun batzuk zoritxarrezko albiste bat etorri zitzaigun, hau da, gure lehenengo diskoan agertzen diren kantuak, Aita-semeak eta Gosetea, Información y Turismoko Gipuzkoako Delegazioak Loiolako Herri Irratian galerazi dituela eta, datu zehatzik ez badugu ere, pentsatzen dugu probintziako beste emisoretan gauza bera gertatuko dela. Gaur egunean bizi ditugun momentuotan honelako portaera bati guztiz irrazionala deritzagunez gero, eta aipatutako kantuek Información y Turismoko Ministerioaren baldintza eta zentsura guztiak sufritu dituztenez gero, zure aldizkariaren tribuna publikoa erabili nahi genuke gure eskubideak zaintzeko, bai eta gure herriaren onerako kultura herrikoi baten alde esfortzuetan dabiltzen beste lagunenak ere, gu bezala trantze hauetan aurkitzen direnenak. Dei honen bidez Información y Turismoko Gipuzkoako Delegazioak esplikazio bat emango digun esperantzan, gure eskerrik beroenak.

OSKORRI

***

IRUNETIK

1976-1-20

Kaixo Anaitasunakoak!

Abenduan atera zenuten Elizari buruzko alea irakur ondoren, ea gure Euskal Herrian zein iritzi edo kontraesan sortzen zituen zain egon naiz. Eta tamalez, ez dut ezer ere entzun. Gure Herriko kristauak mututuak ote?

Benetan harritzekoa da Elizaren aurka nahiz alde hainbat hitzegiten den Herri honetan, behin hortaz agirian hitzegiten denean, eta (ene ustez) arazoak garbi bere lekuan jarriaz, inork ere ez du ezertxo eztabaidatzen. Agian dena argi gelditu ote da ba? Ez dut uste.

Dudarik gabe Eliza ofizialaren defendatzaile purrukatuak (eta ba dira holakoak gure Herrian) ezin ikusi ahal izango dute begi honez "Eliza ofiziala" eta "Alboko Eliza" deituen arteko zatiketa, eta biak kaleratzeko eskubide berbera izatea. Apezpikuen ixiltzeaz ere izango dute defentsarik. Noiz entzungo ote ditugu beren eritziak?

Bestalde, Euskal Herriko Elizak euskal arazotan ezer ere ez duela egin defendatzen dutenek ere izango dute ba, Anaitasunaren ale monografiko honi buruz zer esanik, Eliza zenbait euskal burrukalarik osatzen dutela agirian jartzen duenean. Bestela irakur ditzatela "Kristauak Euskal Herriaren burruketan" artikuluan P. Kortabarriaren eritziak.

Azkenik, neronek ere zerbait aipatu nahi nuke. Gure Herriaren batasunean dihardugula (zazpi probintziak, euskara batua, etab.), benetan interesgarri D. Amaiterminek izenpetzen duen artikulua, eta ezin argiagoa gainean daraman irudia. Gure Herria zenbait hesik zatitzen badu, Eliza ofizialak ezarri dizkigun hesi hauk ere salatu beharra zegoen, ez baikara gehienetan konturatzen. Burruka beharrik bada, honetan ere Euskal Herri bat egitea badugu lanik. Apezpikuengandik, dirudienez, ez dugu laguntza handirik izango; beraz, beste zenbaitetan bezala, "baseak", herriak beharko dugu egin. Ale hau antolatu eta zuzendu duzuenoi, zorionak mila, eta Euskal Herriak dituen beste honelako zenbait arazori buruz ere prestatuko ahal dituzue ale monografikoak! Zorionak berriro ere!

I. B. Zabaleta


Irakurle!

ANAITASUNA berriztatua ikusia duzu, irakurle. Apain, dotore, txukun eta bizi eman nahi izan dizugu, bi aldiz begitatik sar dakizun, ikusteko eta irakurtzeko atsegin izan dakizun. Euskal kazetaritzan urrats bat gehiago egin nahi izan dugu.

ANAITASUNAzale zintzoa zaren irakurle horri, gauzatxo bat edo beste adierazi nahi dizugu, konfiantza aldera:

 Bat. Urteko eta aleko salneurria igon egin dugu. Urtekoa 500ean jarri dugu. Ez dela gehiegi uste dugu. 1000 pesetan jar genezan kontseilatu digutenak asko dira. Baina dirukostu hori irakurlearen gain bota beharrean, beste nonbaitetik lortzea nahiago izan dugu. Hala ere, zuetako inork gehiagorik bidali nahi badigu, aurretiaz eskerrak emanez hartukogenioke laguntza hori, dena beharko dugu eta.

 Bi. ANAITASUNA, abonatuz ugaldu egin nahi dugu, egin behar dugu. Behar luketen askok ez dute ANAITASUNA hartzen. Eta irakurle bakoitzak abonatu berri bat lortuko balu? Hona ANAITASUNAren kalitatea hobetzeko biderik egokiena. Zure laguntzaren zain, irakurle.

 Hiru. ANAITASUNAk hartu berri duen bideaz zure eritziak ezagutu nahi genituzke, irakurle. Idatz iezaguzu, zer pentsatzen duzun, zer aldatuko zenukeen, zer kenduko eta zer sartuko zenukeen esanez.

ANAITASUNA, guztion aldizkaria baita.


Hizkuntza

Eskelak nola idatz

Oraintsu arte euskara plazara eta informabideetara gehiegirik atera ez delarik, hainbat eta hainbat arlotan, uniformitate falta handia ikusia dugu, jendaurrerako euskaraz egiten den zenbait lanetan. Horregatik, hontaz sail berri bat hastea pentsatu izan dut, artikulu laburrak eginez, eta artikulu bakoitzean gauza praktiko bat agertzeko eta azaltzeko. Lehen artikulu hontan eskelak nola idatzi behar diren azalduko dizuet.

Erdal egunkarietan —noizean behin— euskaraz idatziriko eskelak aurki daitezke. Hauetan astakeria handiak irakurri ohi ditugu sarri. Eta hori diot, ez soilik Euskaltzaindiaren arauak betetzen ez direlako, baizik eta batzutan euskara aldetik oso gaizki idatzirik irakurtzen ditugulako.

Dakidanez, erdal egunkarietan eskelak egiteko eredu batzu daude; horrela, eskelak beti agertzen dira berdin edo oso antzeratsu. Guk ere horrelako eredu batzu behar genituzke euskaraz. Zer esanik ez, Euskaltzaindiaren arauak gordez eginak izan behar lukete. Eta, beharbada, erdal egunkariek Euskaltzaindiari eskatu beharko lizkiokete eredu horik. Bitartean, nik eredu bat proposatuko dut. Honen gainean oharrak egin ditzakezue; eta, beharbada, azkenean, Euskaltzaindiari proposa geniezaioke, eredu hori ofizialki onhar lezan.

Bukatzeko, ohar bat. Zalantzan ibilia naiz, asmaturiko eskela bat edo eta benetako bat jartzeaz. Azkenean, badaezpada ere, benetako bat jartzea hobe litzatekeela pentsatu dut. Honela, neure aitaginarrebari egin niona agertuko dizuet. Besterik gabe, hona hemen eskela hori.

† Jorge Akaiturri Aboitiz jauna

Atzo hil zen, 71 urte zituela, Eliza Amaren Sakramentuak eta Aita Sainduaren Bedeinkapena harturik.

GOIAN BEGO

Haren emaztea, Alodia Urrutia; seme-alabak, Jorge Maria eta Lore; suhia, Jose Ramon Etxebarria; erraina, Ana Maria Corcuera; ilobak, Alaitz, Gorka, Maider eta Iratxe; anaiaarrebak, Nicolas, Pascuala, Fermin (kanpoan) eta Genaro; koinatu-koinatak, Casimira, Juan, Elvira, Hipolita, Eugenio, Miren eta Joaquin; bestelako loba eta ahaideak.

Hauek guztiok otoitz bat eskatzen dizuete haren arimaren alde; eta modu berean, gaur, asteartea, eguerdiko ordu bat eta erdietan Santutxuko "Begoñazpi" elizan eginen diren elizkizunetara etor zaiteztela.

Ondoren Ereñora eramanen da gorpua, bertako hilerrian lurperatzeko.

Bilbon, 1975.eko abenduaren 30ean.

HELBIDEA: Zabalbide 70, 3., B. Bilbo - 6

Beste hitz batzu ere erabili behar izaten dira. Adibidez, hauxek: bilobak, herenlobak, senarra, gurasoak, nebak, ahizpak, lehengusuak, eta abar. Eta bestelako datu batzu, kasu bakoitzerako egokitu beharko dira, noski.

J. R. Etxebarria


Hizkuntza

Hizkuntza

ALPROJA: abandonado, miserable.

AURKIKUNDE: descubrimiento.

AZTI: igarle, mago, adivino.

BERRESPEN: confirmación.

BURKIDE: camarada.

DANIMARKA: Dinamarca.

DESERDIRAPEN: descentralización.

DESKOLONIAKUNTZA: descolonización.

E. A. J.: Euzko Alderdi Jeltzaliaren siglak, PNV edo Partido Nacionalista Vasco izenez ezagunagoa.

ESKENIFIKAPEN: escenificación.

ESKUTADA: puñado.

ETEN DEMOKRATIKO: ruptura democrática.

GOI-GAILURREAN: en la cumbre (conferencia).

GURPIL ZORO: círculo vicioso.

HAZALDI: tiempo de crecimiento.

IDAROKI: atera, atera erazi.

IKUSTARI: bisitalari, visitante.

INJENIARI: ingeniero.

IRAGANKOR: pasakor, denbora laburreko.

IZARA: maindire, sábana.

JENDAURREKO ELKARRIZKETA: mesa redonda, coloquio público.

JENDOLDE: jende pila, jendetza.

KATALANTZALE: catalanista.

KOLONIAKUNTZA: colonialismo.

KONTRAKOTASUN: oposición.

LAN BORTXATU: trabajo forzado.

LANEREMU: campo o área de trabajo.

LATINAMERIKA: Latinoamérica.

LEHENTASUN: primacía, preponderancia.

MARI ERRAUSKIN: La Cenicienta.

MENDEBAL (DU); occidentalizar, -ado.

MENTALIZAPEN: mentalización.

MIRESLE: admirador.

ORIENTAPEN: orientación.

OPORRALDI: vacación.

POLIKIROLDEGI: polideportivo.

SAGARA (TU): kontsakra (tu).

SEGURTASUN KONTSEILU: Consejo de Seguridad.

SENTIKORTASUN: sensibilidad.

SERORA: moja.

TANTAGAILU: cuentagotas.

TRATAERA: tratu, tratatzeko modua.

UGALKORTASUN TASA: tasa de fecundidad.

Xabier KINTANA


Aisiaren ordua

Liburuak

ASKOREN ARTEAN; X. Kintana eta J. Tobarren hitzaurre batez Euskaldun (berri) ekin euskaraz.

Cinsa, Bilbo, 1975

Atera berria da, ANAITASUNA hontako Xabier Kintana eta Joseba Tobar lankideek prestaturiko liburu eder hau.

Bertan, eta inkesta baten bidez, azken bolada hontan euskaldun berri izenez ezagunak diren —niri ez zait izen hori gustatzen— EUSKALDUN batzuren gorabeherak aztertzen dira (inkestari erantzun diotenak, 30 bat dira). Horien artean, euskal munduan hainbeste lan egindako P. Lafitte, B. Estornes, K. Santamaria, Krutwig, Txillardegi, Aresti, Kintana eta beste gazte askoren eritziak aurki ditzakegu. Liburua oso interesgarria da benetan, eta bat baino gehiago harritu egingo da nonbait, euskaldun hauek euskal kultur mugimenduan ukan duten eta duten eragina ikustean.

Horrez gainera, lanaren moldatzaileek sarrera mamitsu batez hornitu dute liburua. Eta mamitsua dela diot, guztioi pentsabide eta esna erazle gertatuko zaigulakoan.

Elkar hizketa antzera eginik dagoela, oso erraz irakurtzekoa dateke. Gaia egun egunekoa delarik, eta Euskal Herri deseuskaldunduari buruz ukan dezakeen eraginagatik, hasi berria dugun urteko "bestseller" a izan dadila opa diogu.

J. R. Etxebarria

HARITSCHELHAR, Jean

Lizardi

Graficas Valverde, Donostia, 1975

68 horrialdetako liburu oso ongi presentatua, Antonio Valverderen irudi baliosez horniturik. Xabier Lizardi euskal poeta handiaren poema bilduma bat dugu liburu hau, erdal itzulpenekin osatua.

ZABALA, Federiko

Euskal Herriaren historia II

Gero - Jakin 1975

GERO eta JAKIN editorialek koprodukzio bezala eskaintzen digute Federiko Zabalaren liburu hau, Euskal Herriaren historiari idazle honek eskaini dion bigarrena. Bigarren honetan, Azken Erdi Haroa aztertzen du historigileak, eta bere lehenengo liburuan bezala, aztertze hau ez da ekintza historikoen presentatze soil bat, baizik eta gizartearen giroen sakontze eta aztertze bat. Euskara batuan. 260 horrialde.

ELHUYAR

4. zenbakia. Iraila 1975

Euskara batuan. Ale honetan ukitzen diren gaiak: Ustaritzen azken udan egindako Euskal Unibertsitatearen inguruan egindako ikertze bat. Kimika estudio baten lehen zatia. Matematiken irakaskintzarako materialen azaltzea eta estudiatzea. Fisikaren saila, "Naturaren Atomoak" titulodun lanaren kritika batekin. Euskara teknikoaz saiaera bat eta azkenik Fisikako beste lan bat: "Hotsaren sorrera eta hedaketa". Eskabideak: Elhuyar - Círculo San Ignacio - San Marcial, 26, bajo - San Sebastián.

IRIONDO, Lurdes

Buruntza azpian

GERO, Bilbo, 1975

Editorial honek gaztetxoentzat duen KIMU sailean 12. liburua da ANAITASUNAren horrialdetara dakargun liburu hau. Euskara batuan idatzia. Sarrera orijinal baten ondoren, nobela bera ere modu oso orijinal batean aurkezten digu Lurdes Iriondok, teatro lan baten antzera. Euskara errazean idatzia, gaztetxoek gogoz irakurriko dutena. Irudiak ere gaztetxoek eginikoak dira. 120 horrialde. Eskatzeko: GERO - Apartado 73 - Bilbao.

Spyri, Juana - MENDIGUREN, Xabier

Heidi

CINSA, Bilbo 1976

Euskara batuan. Bigarren argitalpena. Telebistari eskerrak, euskal literaturgintzan lortutako arrakastarik handiena eduki du liburu honek: lau hilabetetan 2.000 aletako tirada agortu ondoren, bigarrena argitaratu behar izan da. Bigarren edizio honek ez du ukiturik. Beraz, lehen bezala, euskara erraza du eta irudiak Joseba Txarterinarenak. 106 horrialde. Eskatzeko: CINSA - Av. Ejército, 18, 3.º - Bilbao.

XABIER GEREÑO


Amerikanuak

Euskaldunak Ameriketan

Ezaguna dugu William A. Douglass jauna, euskaldunoi buruz idatzi dituen liburuetatik: bereak ditu Muerte en Murélaga: El contexto de la muerte en el País Vasco eta Echalar and Murelaga: Opportunity and Rural Exodus in Two Spanish Basque Villages (nik dakidanez, oraindik ez gaztelaniara eta ez euskarara itzuli gabea).

Ezagunagoa dugu, beharbada, Jon Bilbao, Auñamendi argitaldariaren La Enciclopedia del País Vasco liburu sailean, zenbait tomo handi bereak baititu, euskal bibliografiari buruz. Izan ere, hogei ta hamar urtetako lanaz, euskaraz eta Euskal Herriari buruz beste hizkuntzetan idatzi diren artikulu xehenak ere bilduak ditu Jon Bilbao-k.

Bi euskaltzaleok —oraingoan bai dela egokia "euskaltzale" hitza— beste liburu mardul bat argitaratu berria dute ingelesez: Amerikanuak: Basques in the New World. Aurrenik Euskal Herriaren historia labur bat ematen du, 16. menderartekoa, Kristobal Colon-ek Amerika aurkitu zuen artekoa, halegia. Eta hor hasten euskaldunen, hegoaldekoen eta iparraldekoen, "beste" historia, mundu berrian egindakoa.

Txundigarriena zera da, Amerikaren aurkikundean eta koloniakuntzan euskaldunek izan zuten garrantzia handia; Espainiak Amerikarekin zuen itsas trafikotik 80% euskaldunen eskuetan zegoen garai batetan.

Ameriketako koloniakuntzaren historia espainolek edo frantsesek idatzi dutenean, Madrilen edo Parisen ikuspegitik idatzi izan dute. Eta Ameriketatik idatzi ohi denean ere, espainolen edo frantsezen eta kriolloen harremanetara biltzen da gehienetan hango historia. Gure autore hauek, aurren aurrenik finkatu nahi dutena zera da, Europa ez dela orain edo orduan ere zeuden Estatuak, bakarrik, eta bai nortasun osoa zuten Herri txikiak ere. Horietakoa zen, hain zuzen ere, Euskal Herria, hegoalde eta iparralde. Eta autoreen asmo nagusia Euskal Herritik abiatuz koloniakuntzaren eta Ameriketarako emigrazioaren historia idaztea da, hain zuzen ere.

Liburu osoaren haria hauxe da: Euskaldunek, bai lehen koloniakuntza hartan eta bai geroko emigrazioan etni sena handi batez jokatu dutela, beren herritasuna eta herri batasuna han ere nabarmenduz. Horregatik ere, eta negozioetan zuten arrakastagatik eta administrazioan zuten garrantziagatik, beste herrialde batzuk begi txarrez ikusi izan zituzten inoiz euskaldunak. Inoiz, eta Argentinan batez ere, egiten zen berezkuntza ez zen euskaldunen eta andaluzen eta gailegoen artean edo; batetik, los vascos ziren eta bestetik los españoles, hauen artean andaluzak, katalanak, gaztelauak, galegoak eta beste guztiak zeudelarik.

Hari honi eutsiz kontatzen digute, bada, euskaldunek Ameriketan egin duten historia, Potosiko koloniakuntzatik hasi, Argentinatik pasa eta Californian bukatuz. Hauk dira, hain zuzen ere, euskaldunek beren Ameriketako bideetan erabili izan dituzten ametsik nagusienak; baina izatez Amerika osoa izan da mendeetan zehar euskaldun askoren ametsa. Eta betetako amets horren historia luzea eta zabala ematen digute xehetasun eta bibliografia handiaz gure autoreek.

Euskaldunek Ameriketan egin duten historiari buruzko bibliografia luze bat bildu dute autoreek 32 horrialdetan. Liburu honek beronek eta eskaintzen duten bibliografiari helduz, ondo jakin genezake Ameriketako historian ibili diren euskaldunak ez direla Espainiako edo Frantziako edo mundu osoko historietan agertzen diren gizon famatu horik bakarrik; Urdaneta, Elkano, Fr. Juan de Zumarraga, Lope de Aguirre edo beste. Euskal Herri osoak mamitu du bere Ameriketako historia, bere herritasuna han ere bere semeei gorde eraziz.

Oraindik ere Euskal Herri bat aurki genezake Argentinan, edo Californian edo Idahon, eta batez ere Venezuela-n. Baina nonbait, gero eta nabarmenago euskal izen ozenak Lurralde eta Estatu haietako lehendakari, edo ministru edo industri gizon famatu bezala agertzen diren bezala, gero eta galtzenago ari da han finkaturiko euskaldunen batasuna eta herritasuna, harako euskal emigrazioa gaurregun ia galdua delarik.

Kezka hori dutelarik edo, diote autoreek, liburuaren 175. horrialdean: "Esan beharra dago, Latinamerikako euskaldunen arteko talde sena eta elkartasun nabarmena kinka larrian sartuak direla. Gaurregun Europako euskaldun gutxi dira Latinamerikara abiatzen direnak, eta hango gizarteak laster asimilatzen ditu lehendik ere dauden euskaldunak. Orain joaten diren euskal emigrante gehienak teknikoak edo profesionalak dira, eta beren trebetasunak berehala ematen die ekonomiazko eta gizartezko egokiera onak".

"Amerikanoak" oso ezagunak izan dira gure herrietan, lurralde haietatik beren dirua, itzala eta harrokeria ere ekartzen baitzuten. Horien erretratu Kresala nobelan ederki asko emana digu Txomin Agirrek ere. Inbidiaz sinpatiaz eta mespretxuz: denetara begiratu izan zaie beharbada gure herrietan euskal-amerikano horiei. Baina jakin behar duguna hauxe da, hain zuzen ere: euskaldunek izen handia lortua dutela Ameriketako lurraldeetan, azken mendeetan zehar, eta historia ezagun bat landua dutela. Hori ezagutzeko liburu egokia dugu W. Douglass-ek eta Jon Bilbaok eskaintzen digutena. Jakin dugunez, euskal argitaldari batek ba du asmorik, euskal irakurleei euskaraz emateko.

P. Uribarren


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Urrezko astabelarriak

Aurrera goaz sail honekin. Hemen, euskaraz gaizki idatzitako hitz eta esaldiak argitaratuko ditugu, okerra salhatu ondoren, nola idatzi behar den ongi adierazirik. Irakurleak eskua du, noski, bere ustez goiko titulurako merezimendurik aski duten txartel edo eta eskribuak hona bidaltzeko. Argazkiak ere argitara emanen ditugu.

Lehen, nuklear zentralak, gero euskal unibertsitatea, orain berdeguneei etorri zaie txanda. Egunotan, geure hirietan zehar, honelako txartel zuri berde batzu ikusi ditugu: "kontraten espekulatzerik ez. Verde guneak bai / Impugnación. Especulación no, zonas verdes sí". Ederki, gu ere ideia horrekin erabat konforme gaude. Hain konforme ez gaudeneko puntua, ordea, bestea da, hots, euskaraz berde b-az idazten dela ez jakiteaz. Horregatik, hurrengo edizioan berdeguneak bai irakurriko dugulakoan, geure ale honetako urrezko astabelarriak esaldi horren idazleei bidaltzen dizkiegu bihotz bihotzez.


Euskal salda