ANAITASUNA

1976.eko Urtarrilaren 15ekoa

309. Zenbakia


ANAITASUNA

HAMABOSTEROKOA

Jabea:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

Batzarre honek ez du kapitalik.

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Idazle kontseilukoak

Xabier Gereño, Xabier Kintana, Xabier Mendiguren, Juanjo Zearreta, Jose Ramon Etxebarria, Antton Inurritegi, Patxi Elgezabal, Erramun Gerrikagoitia.

1975. urteko Ekonomi xehetasunak:

Inprimatze lana 972.475,10

Gastu orokorrak 160.874,70

Sartua 1.112.732,61

Zorra 20.637,19

INPRIMATZAILEA:

EDITORIAL ELEXPURU HNOS: - ZAMUDIO - BILBAO


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


AURKIBIDEA

3 aurkezpena: Eta abar

4 tantaka

 EUSKAL HERRIAN

6 Kultura: TXIRRITA, Letek eta Valverdek

 X. Artzelus

9 Politika: Eguzkia nora... zapiak hara

 X. Kintana

 Amnistia eskatzen

 X. Gereño-P. D. Ulzurrun

 Gartzelatik kalera

 Josu Cepeda

 Gernikan bildu ziren

 J. M.

12 Ipar aldea: Ortziken ikusgarria

 B. Bidegorri

13 IBERIAN ZER

Kataluniaren politika

 Joanes Goia

Consell

 Joanes Goia

15 MUNDUAN BARRENA

 Europa: Gu ere europarrak

 P. Agirrebaltzategi

 Hirugarren mundua: Angola multinazionalen harrapakin

 X. Mendiguren

 Sozialismoa: Frantziako AKren aldakuntzak

 Joan Altzibar

 Kultura: Gallimard hil da

 Jose Azurmendi

 Gernikako Arbola, Arrabalena

 Xanti Lafitte

18 ERLIJIOAZ: Vatikanoa

 M. Pagola

20 ELKAR IKUSKA: Ez dago ezer aldaezinik

 Joan Mari Torrealday

22 LIBURUAK: Gizartea eta Parasozialismoa

 X. Gereño

 Kultura eta Dialektika

 Juanjo Uranga

HIZKUNTZA

 X. Kintana-J. R. Etxebarria

24 POSTAZ ETORRIAK AISIAREN ORDUA

25 Urrezko astabelarriak

 Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga


Aurkezpena

Eta abar

 Aurpegi berriz, hobeki esan, aurpegi berriztatuz irten da ANAITASUNA, plazara —dantza moeta, musika soinu eta karta joko desberdinak eurrez eta erraz ugaltzen ari diren plaza honetara— baina ez gogo eta izpiritu berriz edo desberdinez. Arima, barne kemen eta sua, asmo, helburu eta ametsak zaharrak, lehengoak ditu.

 ANAITASUNAK ez du bere bideak aldatu beharrik sentitzen, beste zenbaitek bezala. Bideak eta asmoak aldatu beharrik ez baina bai, ordea, bere urratsak bizkortu eta ozenkiago dei egiteko eztarria sendotu premia.

Urte Berriaren atalburutik eta Euskal Herriaren zazpi alderdietara, hau aitortzen du ANAITASUNAK: lehengoan dirauela bere zerbitzu nahiak, bere herrigintzak. uzta ugaria eta zoritua dagoela eta langileak behar ditugula euskalgintzan, Herrigintzan esku hartzeko, eta horretarako geure indar guztiak jokoan jarri behar ditugula. Eta abar.

Hau eskatzen du ANAITASUNAK: presoentzako amnistia eta desherriratuen berehalako itzulera, euskara eta euskal kulturarentzat bizi ahalbide zabalagoak, euskal langileriaren eta indarren batasuna, geure Herriarentzat bere nahiak eta ametsak argi eta garbi agertzeko eta hezurmamitzeko, aukera, eta giza eta herri-eskubideak nonnahi eta noiznahi babes eta indar ditzan gizarte anaikor bat. Eta abar.

Hau kondenatzen du ANAITASUNAK: taldekeria eta hertsikeria, aldien zantzuak ez ezagutu nahia, "eguzkia nora, zapiak hara" dabiltzanen oportunismo koloka, beren euskaltzaletasuna egiteetan frogatu ordez, hitz hutsaletan galtzen direnen jokabidea, sasi-batasun liluragarrien izenean gure eta beste edonongo langileriari izerdia era Herriri nortasuna zurrupatu nahi dieten kolore guztietako bizkarroiak, nazioartean indartsuak ahulagoarekiko darabilen nagusikeria. Eta abar.

ANAITASUNAK zabalik ditu bere ateak —bere horrialdeak— honela pentsatzen duten guztientzat eta dei zoli eta suhar bat egiten die elkarlanean, anaitasunezko katea bat Euskal Herrian eta mundu zabalean zehar sortzeko prest dauden guztiei.


Tantaka

Gabon Jaiak Barakaldon

 Barakaldoko Lutxana hauzoan eta "Amaya" folklore elkartearen inguruan ari den gazteriak antolaturik, hainbat euskal ekintza egin dira: Olentzaro kaleratzea, euskal abestien saio bat Parrokiako saloian, txistularien kalejirak eta euskal filmak.

Deustuko Kultur Astea

 Urtarrilaren 5etik 11 arte, eta Deustuko Familien Elkarteak beste kultur taldeekin batean, batez ere "Zubibarri", Aste Kultural bat eratu dute. Aste honetan zehar Deustuaren lehena, oraina eta batez ere geroa aztertu da hitzaldietan, mahai biribiletan eta Lan Kide Aurrezkiaren aretoan eskaini den erakusketan. Deustuko prolematika barruan bereziki aztertu da euskara eta euskal kulturaren egoera, eta azken egunean euskal jai batekin eman zaio bukaera.

Bizkaiko populazioa

Lortu ditugun azken datuen arauera, Bizkaiko populazioa 1.120.488 lagunekoa da. Hirietan, Bilbo da lehena 416.791 bizilagunekin, eta gero Barakaldo dator 115.078 bizilagunekin.

Taloiak eta txekeak euskaraz

 Foto honetan ikus dezakezuenez, Banco de Bilbaok euskara onhartu du taloiak-eta egiteko orduan. Argazkian dagoena Baionan egindakoa da, baina Bilbon ere egin eta kobratu dira hainbat, batez ere Vizcaya eta Guipuzcoano Bankuetxeetan.

Oskorri Taldearen lehen diskoa

Natxo de Felipe eta bere lagunek beren lehen diskoa argitaratu dute eta entzun dugunez arrakasta handia lortu du, bertan baitaude Oskorrik hain ugari egiten dituen saioetan eskainitako kanta txalotuak.

Juan Manuel Ares

 Esan digutenez, euskal musikaren arloan hain biziki lan egin duen Juan Manuel Aresek utzi egingo dio lan hori. Egia esan, lan nekeza egin du garai ilunetan eta ongi merezia du atseden bat. Behar bada, gero berriz ere lanari lotuko zaio, eta hori espero dugu euskal musikaren onerako.

La Gaceta del Norte eta euskara

 Fama izan du "La Gaceta del Norte" erdal egunkariak Bilbon argitaratzen zirenen arteko euskaldunena izateaz, baina ba dirudi aire berriekin aldatzeko beharra sentitu duela, zeren orain zeharo kanbiatu baita. Adibidez, urtero Bilbon Gabonetan euskaldun umeentzat egiten diren jaialdietarako ez du laguntzarik eskaini, eta hitzik ere ez du esan haietaz. Lau aldiz ekin ondoren, jaialdiaren egun berean zerbait idatzi zuen, euskaldunen aldetiko aldizkariarekiko boikot baten beldurrez edo. Eta entzun dugunez, jaialdi hauen kasua ez da bakarra izan.

"Altzagako kazeta"

 Ba dugu euskal kazetagintzan aldizkari berri bat, eta hau ikastola batetako ikasleek egina, Lejoako "Altzaga" ikastolakoek hain zuzen. Norbaitek hartu nahi balu, hau da honen helbidea: Ikastola Alzaga Ondiz, 24 Lejona.

Berriz ere autopista

Aitzineko Anaitasunan kontatu genuenez, autopistako langileek bizkargain eraman beharra zuten lan egoera ez zen edozelakoa, izan ere. Orain, eritzi hori egiaztatzen duen berri bat altxatu dugu, eta hauxe da: Nafarroako autopistaren zuzendaritzak 200 bat behargin bota duela, halegia.

Bistan denez, Gobernuak babesturik, entrepresek berei bururatzen zaien guztiaren egiteko bide eta fakultate guztiak dituztelarik, langileak erabat desbabesturik aurkitzen bide dira, zeren beti entrepresaren nahikunde eta aburuen menean nahitaez gertatzen baitira.

Zubiritarren denda kiskaldua

Anaitasuna aldizkariak hainbeste zor dion Sabin Zubiri jaunaren denda bat bigarrenez bonba batekin kiskaldua izan da Bilbon abenduaren 27an. Bidegabekeria hau egin dutenek Kristau Erregeren gerrilleroak omen dira. Ekintza honek bilbotarrak konmozionatu ditu, batez ere Zubiritarrek duten prestijioarengatik.

Urretxindorrak abeslari taldea

Behar bada hau izan da euskal kanta taldeen artean ezagunena, edo ezagunenetarikoa behintzat, "Ez dok hamairu" ren ondotik, baina noizbait ixildu egin zen. Harez geroztik noizbehinka berriz ere abestuko zutelakoaren zurrumurruak ibili dira hortik zehar, baina beti konfirmatu gabe.

"Urretxindorrak" ixilik segitzen badute ere, haien bost diskoetako abestiekin cassette bat argitaratua izan da. Gerta daiteke cassette hau haien plazaratzearen lehen seinalea izatea?

Cercle Català de Biscaia

 Elkarte honek kaleratu du bere lehen aldizkaria. Egokia denez, bere horrialdeetarik gehiena katalan munduari atxikia dago, baina ba ditu euskal prolematika ukitzen dituenak ere. Euskara batua (Basc Unificat), Ikastolak, etab. dira erabiltzen dituzten gaiak.

Zerbaitek harritzen bagaitu, aldizkariak dakarren publizitate ugaria da. Ba dirudi, Entrepresen aldetik, katalanek harrera hobea dutela euskal aldizkariek baino. "Banco de Vizcaya" delakoak Anaitasunari publizitatea ukatu bazion ("Los anuncios en euskera no son rentables" esan ziguten), "Banco Industrial de Cataluña" k bestetara jokatzen du eta horrialde osoko anuntzio bat eskaini dio katalan aldizkariari.

Kanta saio bat Iruinean

Abenduaren 29an Salesianoen aretoan nafar kantari batzuren saio interesgarri bat antolatua zegoenez, harantza jo genuen, zer moduzkoa zen ikustatzeko asmoz.

Aritu zirenetarik bi besterik ez dago aipatzerik, zeren gainerako horien kantuek bai esannahi eta bai hizkuntz aldetik deus apartekorik ez baitzuten erakusten.

Patxi Muruzabal eta Fermin Balentzia aipatu nahi ditut, zeren, ikusten ahal izan genuenez, haien kantuek mezu pollit eta gogorra agerterazten baitzuten, herri langilearen ezbeharrak eta problematika oihukatuz eta hedatuz.

Eguberrietako iluminazioa

Iruineko Udaletxeko kontseilari gehiengo batek ontzat harturik, Eguberrietan bertako kaleen apaindurian enplegatuko ziratekeen sosak, Lezkairuko argietan erabiltzeko gelditu zirenez geroz, Zarraluki jaunak, kultura eta holako arazoen kontseilari arduradunak, Iruineko kaleak argituak egon zitezen asmoa erakutsi zuen, hortarakotz suskrizio bat irekiz.

Posible ote da, gure irudiz, pertsona bat Eguberri aferetan horren kezkati agertzea eta gero amnistia bidezko eta anaitasunezko baten kontra aritzea? Kinka larri hontan edozer gauza ikusi behar.

Si no es cristiano, nada

Abenduaren 24a, iluntzeko zazpirak, Bilbon. Posta kalean, Lejoako ikastolakoek jendeari Umeen Gabon Jaialdien programak banatzen ari dira. Euskaraz idatzirik daude. Gizon batek ale bat hartzen du eta begirada bat eman ondoren, apurtu eta lurrera botatzen du. "Si no es cristiano, nada!", dio. ¡Ai, super kristau hauk!


Euskal Herrian

Kultura

Zeruko Argia

 Biziki pozik jaso dugu ANAITASUNAko Zuzendaritzan ZERUKO ARGIAren zenbaki berria, benetan berria.1976: euskal kazetaritzaren urtea? Hori nahi genuke, eta hala izan dadin saiatuko gara gu ere. Euskal kazetaritza hobetzeko urrats ezin hobea eman du ZERUKO ARGIAK.

ANAITASUNAren irakurleak ere bazuen gure burkidearen aldakuntzaren berririk. Axal eta barne aldatu da ZERUKO ARGIA. 36 horrialdekoa da. Neurrietan, 28 x 21 luzezabalekoa.

 Epe berri honen lehen zenbakian, jarraipena adiarazi nahian edo, guti edo asko, lehengo lantalde berak idazten du. Aipagarriena, agian, 6 horrialde hartzen duen L. A. Aranberriren erreportaia nagusia da: Zentral Nuklearraren arazoa. "Bazterrak aztoratu eta jendea erne ipini duen arazoaz hasi nahi izan dugu aldi berri honetan", dio editorialak.

Eskatzeko: ZERUKO ARGIA - Okendo 22 - San Sebastián.

Durangoko Azoka zifratan

 Gerediaga Elkartearen boletinean, 30. alean, 1975 urteko Euskal Liburu eta Diskoen Azokari buruz hainbat lan eta datu eskaintzen dira. Dena hemen aipatu ezin dugularik, zifrei atxikiko gatzaizkie, hauk baitira beren hoztasunean adierazgarri argienak.

Ikusleen eta erosleen zenbatari buruz, estimazioak 40.000tik 80.000ra doaz. Hamasei stand aurkeztu ziren, hauetarik 4 ofizialak, eta partikularren artean, hiru "basko", hau da, nahiz hemengoak izan beren produkzioaren gehiengoa erdaraz argitaratzen duten editorialak, eta bederatzi euskaldun argitaldariak.

Salgai zeuden liburu ezberdinak 1.086 ziren, hauetarik 150 stand ofizialetan, eta gainerakoak partikularretan. Hauen artean, 807 erdaraz eta 279 euskaraz. Liburu berrien artean, 22 erdaraz eta 79 euskaraz idatziak ziren. Liburu gehien presentatu zuen editoriala La Gran Enciclopedia Vasca izan zen, 550 tituloekin. Euskarazko liburuen artean, 188 euskara batuan idatziak zeuden eta 91 hainbat euskalkitan.

Gaiei buruz, pedagogi liburuak 83 ziren euskarazkoak eta bat ere ez erdarazkoa. Literaturan, 65 euskaraz eta 123 erdaraz.

Prezioei buruz, erdal liburuen erdi prezioa 624,23 pta. izan zen eta euskarazkoena 253,41 pta. Salmentetan, 1.384 ale saldu ziren euskarazkoen artean eta 817 erdarazkoak. Dirutan, 397.088 euskarazkoak eta 264.340 erdarazkoak. Baina inkesta egin zutenek uste dute datu hauek ez dutela egia adierazten eta Haziendaren beldurrez edo, oso beheratuaz daudela.

Jendearen adinari gagozkiolarik, stand ofizialetara hurreratu zirenen artean gazteak 35 % izan ziren, erdarazkoetara 60% eta euskarazkoetara, gazteak 75% izan ziren. Erosleen artean, euskarazko liburuen erosleak 90 % gazteak izan ziren, eta askoz guttiago erdarazkoetan (adibidez La Gran Enciclopediaren liburuen erosleen artean gazteak ez ziren 10% ailegatu).

Iruineko Lankide Aurrezkian

1975eko 30ean, Jose Mari Satrustegui euskaltzainaren EUSKALDUNEN SEKSU BIDEAK liburua aurkeztu zen Iruinean, Sarasate kaleko Lankide Aurrezkiaren bulego ederretan. Ekinaldi benetan polita, egokia, arretaz atondua. Lankide Aurrezkiak, Jakin argitaletxeak eta egileak berak hartu zuten bertan parte.

Presentapena, Lankide Aurrezkiaren izenean, honen Produkzioko Buruzagi den Luis Iriondo jaunak egin zuen; liburuaren berritasuna gaiaren eta erabilkeraren aldetik aupatu ondoren, Nafarroan egiteari ere zentzu berezi bat aurkitu zion.

Jakinen aldetik, Zuzendari den Joseba Intxausti mintzatu zen, liburua argitaltzeko editorialak izan dituen arrazoiak agertuz. Euskaraz behar zuen, gainez, liburuak, esan zuen Josebak, hizkuntzak eta sexuak barne-barnean duten loturagatik.

Jose Mari Satrustegi jaunak, lan etnografiko honen berri bilketaren gorabeherak eta metodologia eta lanaren textu ingurua maisukiro agertu zigun. Izan zituen ardurak eta eragozpenak ere bai. Sexuaren arazoa, izan ere, ixila eta ezkutua da gure artean; ez da, beraz, lanik gabea, informazioa ateratzea. Informazio hori batipat Luzaiden, Urdiainen eta Altsasun jaso du egileak. Testigantza ona da liburua, informazioari begirune arretatsua gorde zaio eta.

Mintzaldien ondoan, lunch aberatsa izan genuen. Beta ezin hobea Iruineko euskaltzalerik ospatsuenekin solasaldi bat edukitzeko. Prentsak ere ongi erantzun zuen.

Nafarroak merezi du holakorik. Eta batez ere, Nafarroari —eta ondorio bidez Euskal Herriari— komeni zaio holakorik.

Joan Larrinaga

"Txirrita", Lete eta Valverderen bidez

Urtero bezela, Donostiako "Principal" Antzokiak euskal saio bat opa zuen joan zen Santo Tomas egunean. Urte batzutan euskal antzerki farragarrizko edo umorezkoak izan dira, beste batzuetan kanta eta bertsolari saioak.

 Aurten izan duguna azken hauetakoa da. Xabier Letek eta Antton Valverdek "Txirrita" bertsolarien lan aukeratu eta egokienak agertu dizkigute, beren bertsoak gitarraz horniturik.

Jose Manuel Lujanbio, "Txirrita", Ernanin 1860. urtean jaio eta Alzan 1936an hildako bertsolari famatua izan zen. Lete eta Valverderen bidez bere bizitzari buruz berri asko jakin edo gogoratu ditugu. Ernaniko bertsolarien kezkak, farrak eta arazoak gureganatu ditugu bi orduren barruan. "Txirrita" k bazituen, noski, bertsolari guztiek bezala, irripar gaiak: emakume eta batez ere neskazaharrei buruz botatzen dituen bertsoak sekulakoak dira (mutil-zaharra zen "Txirrita"), baina Lujanbiok Euskal Herrian ikusten zuen arazo sakon eta gogorrenak ere bertsotan jartzen zituen: Foru galduei buruz beren bertsoak samintasun eta tristuraz beterik daude; Pasaian egindako greba batez beren justizi nahia garbi agertzen digu; erlijioari buruz ere pentsatzen duena ezagutzen dugu saio honetan.

Letek eta Valverdek biziki azaltzen digute "Txirrita" bertsolaria eta bi orduak laburrak iruditzen zaizkie entzuleei. Bertso sorta bakoitzak ba du doinu egokia, alai edo ilun. Bi abeslariek aukeratu dituzten bertsoek, gainera, Txirritak bizi izan zuen sozial giroa jator agertzen digute. Bertsolari hau sagardotegien laguna izan baldin bazen ere, herriaren arazoak ere bizitzen zituen, baserritarrenak batez ere.

Entzuleei buruz hitz batzu. Gu egon ginen saioan entzuleek gehiago onhartu zituzten bertso alai eta axalezkoak ilunak baino. Jai giro baten eta bazkari on baten ondoren normalki da hau gertatzea. Beste batean entzuleek arazo bertsoak hobe onhartuko dituzte eta, gure ustez, bi kantariek alde hontatik bere saioa indartuko dute, entzule talde bakoitzak bere nortasuna baitu. "Txirrita" ren bidez, gure ustez, bi abeslariek saio sakon eta gogorragoak antola ditzakete, eta hori gertatzea ez da zaila izango. Gitarra eta ahots aldetik bi abeslariek egin dituzten aurrerapenak izugarrizkoak izan arren, saio hau oraindik gehiago landu behar dutela uste dugu, akats batzu nabaritu bai kenuen une batzutan. Hala ere bihotzez zorionak bidaltzen dizkiegu.

Saio hontan ere hiru bertsolari entzun genituen: Zeberio, Lazkao-Txiki eta Agirre. Denbora laburregi izan zuten hirurak beren bertsoek behar zuten giroa sortzeko. Hirurak "Txirrita" maisuari buruz nabaritzen zuten harrigarritasuna agertu ondoren ez zuten ia denborarik izan gehiagorako. Beste saioetarako bertsolari "biziak" gehiago kontutan izatea ez litzateke gauza txarra izango, berak baitira gaurko "Txirritak".

X. Artzelus

Ortziken-ek ba du oihartzun!...

Ortziken izeneko kantaldi ikusgarriak ba du oihartzun, iparraldeko euskaldunen artean behintzat. Ezkerreko batzurentzat, Euskaldunak hilabetekarian agertu den eritzia berau, antikomunismo primario batez jantzia omen da. Lafitte kalonbera gogoetan dago ea ez ote duen izenak berak ixilka salhatzen berak ikusten dion izan mota hori. Halabaina, baitio, Ortzi = Jainko, eta Ken. ¡Horren arauera, beraz, Jainkoa ken!

Ene aldetik, kantaldi hori bizpahirur aldiz ikusia dut eta hartan erabiltzen diren kantuen hitzak ere hurbildik irakurriak. Eta ene ustea da batzuen eta bestearen eritziak ez direla bide onetik ari.

 Lehenik: funtsez, abertzale sozialista agertzen zait ikusgarri hori. Sozialista baino gehiago, abertzale, dudarik gabe. Eta hau hola baldin bada, haugatik da, ene irudiko: Ortziken kantari multzo baten lana delako. Politik ideia ezberdinetako kantan multzo baten lana! Eta ez politik alderdi batena. Beraz, bere huts guztiekin, kultur sailean batasun bidetik ari dela erran dezakegu. Eta ondorioz, ez dela batzuk nahi luketen bezain sozialista agertzen ahal. Bestalde, delako antikomunismo primario hori ez dut uste Ortzikeneko hitz bakar batetan ere aurki daitekeenik. Aurkitzekotan ere, bertsolariak bere izenean ematen dituen bertsoetan aurki daiteke. Eta hau, bertsolaria ideia horretako kultur inguru batetan hazia izan delako. Eta gauza normala dela iruditzen zait, zeren kantari taldeak ez baitio bertsolari bati eskatu behar bere bertsoak gisa batera edo bestera eman ditzan. Horretarako, gainera, bertsolariak berak kantarien ideia berekoa izan beharko luke.

Kristau balioak atakatzen dituela esatea, gauzen nahastea dela iruditzen zait. Bitor Egurrolak eginikako "Umezurtza" izeneko kantuan, herririk gabeko eliza da, guti edo aski, atakatzen dena. Beraz, egiazko elizaren orde, elizaren administazioa, ene ustez. Eta egun ezagutzen diogun administrazio motaren galtzeak, ez dio egiazko elizari, Herriko jendearen zerbitzari izan nahi duen elizari, kalterik eginen!

Bestalde, kantu berean, hauxe kantatzen da: "Euskal mesias goitik ez da etorriko... gu, benetako euskaldun mesias gara". Eta lerro hauetan ere, ez dut ikusten non eta zertan atakatuak aurkitzen diren kristau balioak. Zeren egia baita, egungo euskaldunen problema soziopolitikoak ez dituela zeru aldetik jaits litekeen mesias berri batek konponduko. Baina bai euskaldunek berek, orain bezala, sail guztietan, burrukabideari jarraikiz. Burrukarako duten kemen edo barne indar hori, bakoitzak daki nondik eta nola hartzen duen...

Eta azkenik, Ortziken izenak, ez dezake inoiz "Jainkoa ken" zentzua ukan edo har. Zeren, lehengo euskaldun zaharren jainko bat "Ortzi" deitzen bazen ere, Ortzi izen horrek ez dezake inondik kristauen Jainkoa izenda. Bestalde, egungo euskaldunen mintzairan "Ortzi" hitzak, Nafarroa Beherean "ortzantza" hitzaz izendatzen den "tonnerre" delakoa adierazten du ("trueno" espainolez). Beraz, Ortziken, egungo mintzairan esan nahi duenaren arauera behar da gutienez ulertu. Ene ustez.

BEÑAT BIDEGORRI

 Colegio oficial de Arquitectos vasco-navarro delakoa etxagintzan bakarrik ez baino herrigintzan ere ba dabil. Eskabideak egiten maixu ageri dira. Bizpahiru aipatuko ditugu hemen.

 Bat. Hego Euskal Herrian, Araban, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan dauden Unibertsitateetan, Salamancako, Bordeleko eta Nevadako Unibertsitateetan egin ohi den bezala, Euskal Hizkuntzaren eta Literaturaren Katedrak jar ditzala Gobernuak. Hona zer eskatzen duten. Euskal Herriaren altxor hau —haien hizkuntzan esateko— ofizialki eskainia izan dadila.

 Bi. Bide beretsutik doa hau ere. Euskal Herrian dauden Maixutzako Eskoletan Euskara diziplina gisa eman dadila, horrela tituludun horik behar den leku guztietan emateko gai izanez.

 Hiru. Amnistia ere eskatzen dute. Gizarte erreforma eta ordenu demokratiko eta zuzen baten oinharritua izan behar du amnistiak. Herritarren askatasunak eta eskubideak segurtatzeko eta elkarbizitze baketsu bat lortzeko behar da amnistia. Bidenabar, terrorismoaren aurkako legea eta honen inguruko edo antzekoak oro ere ezabatu egin behar dira.

Euskal Komunikabideen Astea Deustuan

 Deustuko Unibertsitateko EKM (Euskal Kultur Mintegia) langileak 1976ko lehen ekintza sendo bezala euskal komunikabideei buruzkoa hautatu du. Komunikabideen premiaz kontzientzia berri bat sortzen ari da, ezpairik gabe. Prentsa idatziz eta ikus-entzun-bideen erabil beharrez geroz eta jabetuago dago euskaldun jendea.

Deustuko Aste hontan euskal komunikabideak aurkeztu eta aztertu egin nahi dira, egitarau honen arauera:

- Urtarrilaren 19an: Agentzien eragina eta etnia eta herri tipien problematika. Hizlari: Joan Mari Torrealday.

- Urtarrilaren 20an: Irrati eta kazetagintza gaurko Euskal Herrian. Hizlari: Koldo Mendizabal eta J. R. Beloki.

- Urtarrilaren 21ean: Bertsogintza eta kantagintza euskal komunikabide bezala. Hizlari: Jose Mari Iriondo.

- Urtarrilaren 22an: Filma eta telebista. Hizlari: Xabier Kintana eta Iñaki Eizmendi. Anton Merikaetxebarriak bere Arrantzale filma presentatuko du.

- Urtarrilaren 23an: 1976: euskal komunikabideen urtea. Mahai inguruan Paulo Agirrebaltzategi eta Amatiño.

Euskal idazleei

 Kasu idazleok! Baionako Euskal Erakustokian, abenduaren 20an erabaki zenez, bere burua idazletzat duenak alde bilduma hau bete egin behardu. Ez zaizue pertsonali inkestarik bidaliko; honako hau bete behar duzue eta Idazkari honen norabide hontara bidali. Elkartea sortzeko beharrezko da zure hitza, zure erantzuna. Elkartearen eroaz zuk duzu azken hitza. Egin zaitez partaide!

Euskal idazleen elkartea

Euskal Idazleen Elkartea; aspaldian ez da bildu eta zenbait elkarrizketaren ondoren beharrezkoa iduritu zaigu bilkura bat egitea elkarrekin zer egiten ahal dugun ikusteko.

Lehen bilkura; Abenduaren 20an egina izan da eta dotzena bat idazlek parte hartu du.

Hain gutxi izanik, ez da garrantzizko gauzarik erabaki, baina halere abiadura emateko idazkaritza sail bat muntatu da, datorren Martxoan idazleen Biltzarre Nagusia antolatzeko.

Lehen urrats bezala inkesta hau kazeta guztietara zabaltzen dugu, baina zuk idazle ez duzu bati baizik erantzun beharrik. Zure ezagunen artean, inkesta hau eskuratu duen norbait ezagutzen baduzu beharrezko litzateke hunen berri ematea.

Zure erantzuna itzultzeko epea otsailaren 15-an bukatuko da. Bestalde, Idazleen Elkartean parte ukaiteko inkesta hau bete behar duzu eta ondotik xehetasun gehiago bidaliko zaizkizu.

DEITURA

IZENA

IZENGOITIA

HELBIDEA

NON ETA NOIZ SORTUA

OGIBIDEA

NON ETA ZER IKASI DUZU

NOIZ HASI ZARA EUSKARA IKASTEN (URTEA)

ETA ZEIN ALDIZKARITAN IDATZI DUZU

ZURE LIBURUEN IZENBURUAK, ARGITALDARIA ETA URTEA

ZEIN OBRA EUSKARATU? NORENA, ITZULPENAREN ARGITALDARIA ETA URTEA

BA AL DUZU EGINIK ARGITARATU NAHI ZENUKEEN ZERBAIT?

ETA ORAIN ZER PREPARATZEN ARI ZARA?

ZEIN LITERATURA SAIL DUZU GOGOKOEN?

Euskal aldizkariak

Txistulari

Berandu samar bada ere, argitaratu da 81. alea. Musikaren aldetik, Demetrio Iriartek idatzitako Alborada bat dakar lehenik, gero Juan de Orueren "Irutzi" izeneko suite bat, aipaturiko Iriarte beraren Zortziko bat ("Arabako otoitza"), eta Oraitaren fandango eta arin arina. Alde literarioa, beti bezala, euskaraz eta erdaraz dator. Euskal lanen artean firma hauk daude: Latxaga, X. Gereño eta Ibiltaria. Eta Ibiltari hau nor den jakin nahi duenak ikus beza "Zeruko Argia" aldizkariko "Zenbat Gara" sail azpian firmatzen duen langile porrokatuaren beste izenordea. Eskatzeko: TXISTULARI - Iturribide, 1, 4.º - Bilbao.

Dantzariak

Aipaturiko titulua darama Euskal Dantzarien Biltzarrak argitaratzen duen boletinak, eta seigarren alea zabaldu du.

Zerbait nabarmen aipatzekotan, Sorgin Dantza nola egin adierazten du luze eta zabal, musika, koreografia eta guzti, zehatz eta hainbat grafikorekin. Lan bikain hau Gaizka Barandiaran josulagunak egin du. Alea osatzeko, Goizaldi taldearen kondaira laburra dakar, baita Irri Dantzei buruzko lan bat. Eskatzeko: Iñaki Beobide - Ferrerías, 1 - San Sebastián.

Langileak kalera

 Azken egun hauetan, IBEMO eta TAMOIN entrepresetako langileak, ondoko gertakarien ondotik, lantegitik jaurtikiak izan dira. Guztira 450 bat langile izan dira egotziak, hauetako 35 Romo-Ondarretako San José Obrero elizan, Abenduaren 23 an hasita gose-greba bat egiten arituz.

Ihazko Otsailean beste antzeko gertakari batzuren ondoren, oraintsu, ondoko hauk jazo dira. Hazilaren 25ean, Lemoizeko Nuklear Zentralean, lanean ari diren tokian, bertako langile guztiek asanblada legal bat egin zuten. Asanblada hura normalki burutu zen eta konklusio gisa, eskakizun hauetara heldu ziren:

- Maila guztietako langileentzat 8.000 pezetako alokairu igoera bat ematea.

- Lantokira datozen egun bakoitzagatik urruntasunagatik— 180 pezetako saria.

- Eskari hok eskatzen zituzten 12.000 pezetako alokairu altxapena osatzen dute.

- Obretaraino joateko dauden 2 orduak ordaintzea, beste kontrata batzutan langileei eskuharki egiten zaienez.

Lanerako segurtasuna eta higienea. Istripu larriak gertatu baitira, batetan pertsona bat hilez.

- Langile guztiek dieta osoa kobratzea. Gaur erdia besterik ez baitute jasotzen.

- Gripe, alborengoa eta egurats gogorpeko gaixotasuna laneko istriputzat eta ez gaixotasun soiltzat onhartzea, entrepresariek langileak beti eguratsetan eta edozein eguraldipean lan egitera behartzen baitituzte.

- Aprobako epea eragana duten langileentzat, plantilan sartzea, orain arte duten indarrik eza hobetzeko. Abenduaren 11rako zenbait erakunde politiko klandestinok burruka egun bat eratua zutela eta, entrepresak 10ean bere langileei eskariak ez dituela kontutan hartzen diotse, haik arrazoi politikoengatikoak izaki.

Zenbait harreman izan ondoren, Abenduaren 23an langile batzuk esandako elizan sartzea erabaki zuten. Romoko herriak, egun guztiotan izugarrizko lankidetasuna erakutsi du grebalarienganako. Jendearen solidaritate honi guerrilleros de Cristo Rey delakoek gauetan mehatxuz erantzun diote.

 Sevilla ko MEGESAko langileek bidaliriko telegrama bat dela eta IBEMO eta TAMOINeko grebalariek honela erantzun dute:

 "IBEMO-TAMOIN langile egotziak, San José Obrero elizan sartuok, solidaritatea eskatzen dizuegu eta zuen kezka eta burruka nahiak geureak ere egiten ditugu. Sevillako Herriak gure Solidaritatea ontzat emanen duelakoan gaude. Euskal Herria berekin eta besteekin baturik dago eta. Burrukaren azkeneraino helduko gara. Garaitu ala hil".


Euskal Herrian

Politika

Eguzkia nora...

 Euskal Herrian gauzak zerbaitetan aldatzen hasiak direla dirudi. Horrela pentsa erazten didaten gauzak milaka dira. Ez, jakina, gertatu haundirik; baina bana banaka harturik anekdota hutsean geldituko liratekeen jazoera batzu, elkarri itsatsirik eta oro har, symptomatiko bilakatzen dira.

Herenegun, musikazkoa ez den kontzertu bati buruz zerbait galdetzean, agintari batek Historiak ez duela bueltarik esan zuen publikoki. Gaur, aldiz, jaun berbera estatutu delako batez mintzo da. Ez, beharbada, batzuk nahiago luketen E majuskulako Estatutuaz, baina estatutu batez behinik behin.

Orain urte mordo bat dela, politik hastapen ezagun batzuren kausaz euskal izenak erabat separatistak zirela esan eta idatzi egin zen. Nik dakidalarik ez dira hastapen horik ezertan aldatu sakratuak diren aldetik aldaezinak izanki baina gaztelania ez diren beste hizkuntzak ere nazionaltzat deklaratu berri dira hastapen berberorien kariaz, oraingoz inolako eskubiderik ez badute ere.

 "Euskal" den edozeren kontra inon aldizkaririk egon bada, hemengo batek urte luze askotako meritu ongi frogatu eta meritatuen bidez, erramu boneta eraman dezake justiziarik hertsienean. Lehengo egunean, horra non irakurri ahal genuen hegazkin linea batek aldizkari horretara zuzendu eta bidalarientzako agurraren euskal itzulpena horrexeri eskatu dion. Azerbaidzaneko kalegarbitzaileen federakuntzakoek hobeki erantzun zezaketelakoan nago, ez baitirudi inorentzat itzulpenak egiteko hain prest dauden jaun horik beren aldizkariko eskelak eta euskal izenak orain arte euskaraz ongi edo gutienez modu irakurgarri batez idaztera sekula heldu direnik. Are gutiago horko nagusi batek —eta anekdota egiazkoa da— behin esan zuena kontuan harturik, hots, bere aldizkarian euskarazko horri bat ezarri baino lehen, aurreko horrialdean neska biluziak argitaratuko lituzkeela!

Egunkari berean maiz idazten duen jaun ohoretsu batek —Lokatza jauna— orain dela guti bilbotar erdal idazle bati Kristorenak eta bost esan zizkion "euskara guti zekiela ematen zuelako". Berak gehiago ez dakielako segurantza osoa dut, eta euskaraganako ardura sutsu hori nondik nora sortu zaion ere ez dakusagu garbi, halafedea, jaun hori histori irakasletzat ukan eta bere eskoletan los vascos son un pueblo residual gisako perlak entzuteko zoria dugunok.

Kargu politiko bat hartzean ohitura berria da orain, bestalde, administratuenganako kezka, ardura eta maitasuna ba dugula errepikatzea. Hori ere zerbait da, zeren ba dirudi lehenagokoek holakorik zertan sentitu beharrik ez zegoela.

Euskara hizkuntza burjesa, arbuiagarria, antinternazionala eta Historiaren martxak berak nahiz eta ez hiltzera kondenatua zela esanez belarriak luzaro alaitu dizkigutenek, beste bandatik, aspaldion diskoari buelta eman eta euskararen aldeko asteak (hirur koloretakoak gainera!) muntatzen hasiak ditugu. Bejondiela!

 Azkeneko danborrada, propagandaparatu eder batez orkhestratua, Gernikakoa izan da. Hara, dirudienez, Euskal Herriko indar bizi eta errepresentatiboenak bildu ziren, horietako asko beren etxeetan, eta bazkaltzeko orduan bereziki, oso ezagunak zirelarik. Haien ahotik sekula entzun gabeko gauza harrigarri batzu aditu ondoren, atzorarte ezin gogorkiago konbatituriko beste batzuren aldeko laudorioak agertu eta gero, betiko lelo batekin irten ziren, nafarrek, ez eta karlistek ere, barkatuko ez dietena.

...zapiak hara

Galegoek diotenez, cousas veredes, amigo. Eta bai, ez dugu zertan harritu behar. Oportunismo politikoa zer den ba dakigu: lehenagoko ideologi oinharriak ezertan aldatu gabe tokian tokiko eta sasoian sasoiko komenientzien arauerako praxis moldakoi bat erabiltzea, bestek, izerdi eta neke askoren bidez lorturikoa, ahal bada, eskuetatik kentzeko. Liburu askoren interpretapenak, hortaz, Bibliaren antzera, denborak bezain ugariak izaten dira.

Euskal ipuinetan bezala dena da posible Derioko plazan, eta helburuak lortzeko, politikan ere bai, Machiavelori jarraikiz bederen. Baina kasu, posible den guztia, moraltasuna alde batera utzirik ere, ez da beti politikoa helburuetara ez bagaramatza, eta oportunismoa bera aho biko ezpata ere ba da. Eta inoren alorreko fruituak lapurtzen ibiltzeak —eguargiz egiten denean— merkatuan haien jabe bezala saltzeari mesede eta publizitate exkaxa egiten dio beti. Zeren ardi larruz jantzitako azken ordukoek otso izenik entzutea nahi ez badute, orain arte beste larru batez ibiltzea besterik ez zuten.

Xabier KINTANA

Amnistiaren alde

Azken egun hauetan Euskal Herriko hainbat herri eta hirietan (Donostia, Eibar, Iruinea, Algorta, Basauri, etab. luze bat) amnistiaren aldeko manifestazioak egin dira. Anaitasunakoek Bilbon egin dena ikusteko aukera izan dugu eta labur azalduko dizuegu.

Urtarrilaren 3an, gauean, San Antongo elizan 400 bat lagun bildu ziren eta han iraun zuten gau osoan, biharamuneko eguerdirarte. Eguerdian, hiru pankarta zuri, letra beltzez "Amnistia" eta euskal textu batzurekin, elizatik irten ziren Goienkaletik aurrera. San Juan eliza aurrean Posta kalerantz abiatu ziren, eta han jeep batzu zeuden. Polizia Harmatuak irten eta manifestazioaren burua aurrera joaten utzi zuten, eta erditik atzerakoak beste kale batetara joan eragin zuten (Bidebarrietarantz). Kaleetatik zebilen jendeak manifestazioa zertaz zen ikusirik, hasierako laurehunekin batzen zen, eta Hareatzara heldu orduko, bost milatik gora ziren. Gran Via-ren hasieran poliziak berriz ere manifestazioa erdibitu zuten, eta gorago berriz ere bai. Guk ez genuen aurrera joan izaterik, eta ez dakigu nola bukatu zen. Dena den, poliziek ez zuten jo eta dena ixilik eta bakean gertatu zen. Gazte bi nola detenitu zituen ere ikusi genuen.

Udaletxeak amnistiaren alde

 Abenduaren 30ean, asteroko batzarrean, Iruineko Udaletxeak garrantzi handiko erabaki bat hartu zuen. Hots, zortzi botari kontra zeudelarik (Iraburu, Berazaluze, Garisoain, Arraiza, Ibañez, Avalos, Zarraluki eta alkate jauna, halegia), amnistiaren alde Erregeri eskaera bat altxatzea deliberatu zuen.

Orobat, erriberako Kaskante Herrian, hango Udaletxeak beste honelako eskaera bat jasotzea erabaki zuen. Jokabide honi ez deritzagu gaizki, zeren eta gure Udaletxeetako kontseilariak, hein batetan bederen, geroz eta elkartuago azaltzen baitira herrien nahiekin.

Kontseilu forala ere

Diputazioko kontseilu foral deituak, ohiturazko batzarrean bildurik, beste jarrera bat agerterazi du amnistiaren alde, terrorismo delako legearen barruan kausitzen diratekeen guztiak baztertzen baititu amnistia hortatik. Gure partez ezin uler dezakegu zergatik egin behar holako bereizkeriarik.

Amnistia dela eta, bi manifestazio berezi Iruinean

Erregek erabaki indultua zela eta, Estatu osoan bezala Iruinean ere, aipamen berezi bat merezi duten ekintza batzu gertatu izan ziren abenduaren lehenetan. Hala, 8an eta 9an prestatutako "burruka egunen" osagarri gisa, ondorio txarrak ukanen zituen manifestazio bat eratu zen abenduaren 11n. San Nikolas elizaren ondoan eta manifestatzaileak aldarrika hasi bezain laster, beste jende talde batzu hortxe sartu ziren, izugarrizko nahasketa eta zalaparta sorteraziz eta karrika horietatik ihesi alde egiten zuen jendea lotsagarriro kolpatuz.

Bestalde, Gabon egunean, arratsaldeko 6 ta erdietan eta bake eta isiltasun harrigarri batekin, bost mila pertsona bildu zituen beste agerkunde bat moldatu zen Iruineko "Karlos III.a" kalean zehar. "Gobierno civil" delakora heldurik, amnistiaren alde jendetza handi batek sinatutako dokumentu bat eraman zitzaion gobernariari, beronek Erregeri entrega ziezaion.

Gartzelatik kalera

Egun hauetan denok kezkatzen gaituen gai batez idazteko premiak eraginik, hemen nauzue indultoaren bidez kaleratu den gartzelatu politiko bekatari bat.

Lehenik eta behin, eta inork bestelakorik pentsa ez dezan, esan beharra dut, hontara mugitu nauten arrazoinen artean, barnean gelditzen diren lagunen —gutariko gehientsuenen— defentsa ez dela azkena izan.

Amaigabeko heriotzea

Hasteko, presook azken mementoak nola bizi izan ditugun kondatu nahi nizueke, Carabanchel-eko presondegian hain zuzen. Franco, Estatuko buruzagia, gaixotu egin zenetik —argigarri gisa, orduan gure arteko 106 preso politiko gaztigurako geletan geunden hertsirik—, hizketak, hizkirimiriak eta berriketak ugaltzen hasi ziren. Ageria zen itxaropen izpi bat. Zurrumurrurik ere ez zitzaigun falta, Espainiako hiriburuan ohi den bezala.

Francoren eritasunak osatuz saiatzen ziren medikuen txostenak arreta haundiz irakurri eta entzuten genituen, batere hitzik edota arrastorik alde batera utzi gabe. Hitz bakar batek asko esan ziezagukeen, geuretzat beste inorentzat baino bizikiago.

 Egunero berdin, egunero medikuen txosten kontradiziotsu berberak entzun beharra! Egunek, gure esperantza berez ttikia lurperatu nahirik edo, ez ziguten ezer berririk ekartzen. Horra nola genbiltzen...

Hil da!

Azkenik, hazilaren 20an ikusi ahal izan genuen bere heriotzaren berria, letra ezin haundiagoz, arratsaldeko egunkarietan. Indultoa jadanik gauza segurua zen.

Ba genekien aldez aurretik amnistiarik ez zutela emanen, baina indulto zabal xamarra espero genuen. Adibidez, nik neuk entzun nion lagun bati, laster Errege bihurtzeko zen Printzeak, bere aitonak berak eskainitako indultoa baino haundiago baten aurrean aurkitzen ginela esana omen zuela. Eta Alfonso XIIIak emandakoa hamabi urtetakoa izan zen, gero! Bakoitzak, bere kondenaren arauera egiten zituen kalkuloak, hura bezain indulto luzeak asmatuz, berari komeni zitzaion bezainbat urtetakoak.

Pozak, ordea, ez zigun luzaro iraun, hazilaren 26rarte baino ez. Aurreko egunetik indultoa errealitate zen. Indultoa, labur bezain penagarri, hiru urtetakoa baizik ez zen. Gainera, hau guti bailiken, salbuespenez betea zen. "Inor ez da irtenen" oihuaz esnatu nintzen goiz hartan. "Terroristak" indultoaz kanpo gelditzen zirelarik, ez al ginen denok, terrorista, azken dekretulegeak dionez? "1001. judiziokoak ere, Langile Komisioetako Marcelino Camacho eta abar, ez al dira terrorista, Langile Komisioak Alderdi Komunistaren beso bat kontsideratzen delarik". "1001.ekoak irteten ez baldin badira, nor aterako da ba?". Honelakoak nork bere buruari galdetzen zizkion.

Indulto honen berri zehatzik jakin bezain laster sortu ziren protestak han-hemenka. Gizarte-maila guztietatik amnistiazko eskariak ugalduz eta tinkatuz zihoazen, eta lerro hauk idazten ditudanean ere ez dira bukatu, amnistiaren aldeko oihuek oraindik gogor baitihardute.

Erantzun orokor honen aurrean, ordea, interpretazio ofiziala nabarmenki desberdina izan dugu, denok dakikegunez. Terrorismoaren kontrako dekretu-lege famatua ezarri baino lehen eginiko delituengatik gartzelatu "denok" irtenen ginen, terrorismoa edo antzeko delituak izan ezik; hura ezarri ondoren, inor ere ez.

Eta holaxe gertatu da. Ideia tinko bat egiteko xedez, zifrak ozenki mintzo zaizkigu. Kaleratu diren 4000 espetxeratuetarik, berrehun ditugu "politikoak"; hots, politiko guztietarik 13%. Zifra larria benetan. Are larriagoa euskal presoen artean. Gartzeletan geundenen kasik erdia osatzen genuen seirehun euskal presoon artetik, bakarrik 35ek urratu dugu kalerako bidea. Nork bere gogoetak egin bitza... zeren euskal gartzelatu gehienek terrorismozko salapena baitute.

Amnistiaren beharrak ba du gure herrian premia berezia, euskaldun gazterik franko barruan dagoelarik, beste inongoak baino ugariago. Bizkitartean, Demokraziarantz abiatu garela esanen digu Gobernuak. Ulergaitza. Gauza bat nabarmena dugu: Gobernu berriak ez du sinesgarritasunik ukanen amnistia ematen ez duen artean, Frantzia eta Alemaniaren amnistia ematen ez duen artean. Eta gauzak hola daudelarik, ez ginateke harritu behar egun hauetako baten beste indultotxoren bat ematen badute.

Baina argi eta garbi utzi behar dugu AMNISTIA hitzak zer esan nahi duen: lehenik, osoa, guztientzat izan behar du, preso politikoen arteko bereizkuntzarik egin gabe; bigarrenik, Amnistiak aldaketa bat eskatzen du, zeren eta, delitua desager araztean, eskubide bihurtzen baitu. Amnistia eskaini arte delitu kontsideratu dizkiguten egintzak legeztatzen ditu, halegia. Argi gera bedi, García Salve eta Camachoren atxilopenak gogoan ditut eta.

Bukatzeko, presoak nola eta zein egoeratan dauden azaldu nahi nizueke, baina luzeegia bihurtzen ari zait eta lekua, berriz, eskasa dugu. Gauza bat soilik adierazi nahi dut.

Askotan entzun dukezue presoak gose greban aritu garela; egia da, baina hura amaitzen denean gaztigurako gelak datozkigu. Hau da, presoek harma guti dituztelarik, defentsarik gabe aurkitzen direla atakatuak izateko, kalean, ezen ez libre, gabiltzanon laguntza salbu. Hauxe da beren harma bakarra.

Besterik ez. Ea hasten den urte berri hontan presoen arazoa ebazten dugun; eta, jakina, haien arazoari dagokion irtenbide bakarra, barnetik ateratzea da.

Josu Cepeda

Gernikan bildu dira

Urtarrilaren lauan, igandez, 2.000 bat pertsona bildu zen Gernikan, Arbolatik ez urruti. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Demokraziazko Asanbladetatik edo, etorriak; hain zuzen "Asamblea Democrática de Euskadi" hementxe sortzeko. Egina da. Alderdi edo Organizazio bezala, gonbidatuak aparte, hauk bildu ziren: Euskadiko PC, Partido del Trabajo, CC. OO., Bizkaiko USO, PSP.

Hamabost minutuko manifestu bat irakurri zen, euskaraz eta erdaraz. Euskarazkoa, Espainiako mass mediak deus ez esan arren, Erteuropatik jakin izan dugunez, "Haranburu euskal idazleak" irakurri zuen.

Gaceta del Norte egunkariak separatistatzat jo du Bilkura. El Correo Español delakoarentzako Espainiaren batasunaren aurka joan da Gernikakoa. Bide hortatik, gainera, muturzalekeria horregatik, legalitatearen kontra egoteaz aparte, atzera egin besterik ez omen dugu egiten, benetan erreformak gerorako utziz.

Bide beretik doa Fragaren salakuntza. Espreski kondenatu du Fraga ministroak Gernikakoa. "Ez edozein eratako terrorismoak, ez komunismo internazionalak, ez separatismoak dute itxaropenik ukaiterik".

Politika kontutan eta dabiltzanek zenbait pontu bereziki azpimarkatzen dituzte Gernikakoa aztertzerakoan: PCren Bilkura izan dela, polizia ez agertzea, Fragaren kondena, Manifestuan Nafarroari ematen zaion tratamendu berezia, Ipar Euskal Herriaren presentziarik eza, etabar.

Joan Larrinaga


Euskal Herrian

Ipar Aldea

Safamko langileek hiru aste daramate greban

 Baionako Safamko langileak abenduaren 2az geroztik greban jarriak dira. 580 langile enplegatzen dituen lantegi hau, langileen kopuruz, hirugarrena da iparraldean.

Langileek ez dute lan orduak gutituak izan daitezen onhartzen, hala nahi bailukete nagusiek. Diote azken hauek, oso kinka xarra dela gaurkoa ekonomiarentzat, eta besterik egin ez dezaketela. Langileek, berriz, SAFAM sartua den C. G. E. trustaren mozkinak egundainotik hain ederrak izan ez direla, eta, gisa guztiz, kapitalismaren gora beherez ezer jakin nahi ez dutela...

Hiru hilabete hasia dela greba hau eta ez da oraino aterabiderik ikusten.

Frantziako armadako soldadu jazarrien artean euskaldun bat

 Frantzia guztian soldaduen haserre eta jazarraldia hain aipatua den egun hauetan, hona bi aldeetako euskaltzale askoren lankide eta lagun den Pantxoa gure adiskidea Parisen preso altxatua izan dela jakiten dugula. Hiru hilabete doi doia ba zuen Frantses Errepublikari zor zion (hala erran ohi baita?!) soldadu urtearen ematen hasia zela. 90 egunok aski ukan dituzke, Frantses Armadan ere oro daitezkeen bezain ontsa ez direla ohartzeko, eta, nonbaitetik han ere, zorigaitzeko bere soldadu lagunekin bazterrak harrotzen hasteko.

Ba dea krimen handiagorik, soldaduak gizonak bezala tratatuak izan daitezen eskatzea baino? "Cour de la Sureté de l'Etat" delako hark erran beharko du zer gaztigu merezi duen "Armada desmoralizatzen" ari izan omen den gure Pantxoak. 5 urtetarik 10 urtetarainoko preso denbora irriskatzen du. Kinka berean 42 pertsona daude oraingoz: 23 soldadu eta beste gehienak C. F. D. T. delako sindikatu hartakoak.

Beñat Bidegorri

Muzeroletako lantegian langileak greban

Baionan, Muzeroletako hauzategian aurkitzen den urtzagintza edo fonderian, hirurehun langile daude greban sarturik hazilaren 28az geroztik. Haien eskakizunak betikoak dira, oro har: alokairuak goratu eta laneko baldintzak hobetzea.

Beste behin gehiago, beren burrukari aterabide bat aurkitzeko, zenbait urrats egin dute, dela nagusiari buruz, dela kanpoko langileria eta jendeari buruz. Baionako karriketan ere milako bat langileren kurrida muntatu dute.

 Lantegian bertan berriz, beren laneko lekua hartu. Egite horregatik hamar bat langile eraman ditu nagusiak hauzitegira.

Alfabetatzeko ikastaldiak Baionan

Aurten lehen aldikotz hasi dira alfabetatzeko ikastaldiak Baionako Erakustokian. Emailea, Arrasateko eskualdean bereziki asko ezaguna den Zubizarreta. Astean hirur aldiz ematen ditu ordu beteko ikastaldi horik.

Ikasleak ez dira anitz. Eta direnetan ere iparraldeko gutisko. Baina, hala ere, hastapen bat da. Agian bizpahirur urteren buruko, beste hiri eta herri zenbaitetara hedatuko bide dira, ikastolak egin diren bezala.

Hazparneko jende biltzea

H. A. S. ek eta Hazparneko komite abertzaleak (komite horrek hegoar eta ifartar abertzaleak biltzen ditu) ehun bat jende bilerazi dute Hazparnen, abenduaren, 6an. Jende biltze hori, Hazparne Herria lanaren aldetik gero eta gaizkiago joatez, azkenean hiltzera zihoala ikusiz, Hazpandarren iratzar eta higierazteko egina zen batik bat. (Nahiz ehun jende horien artean guti ziren Hazpandarrak; gutiz gehienak, hala, bihotzez bakarrik izanki, baina ez sortzez, eta ez bizitzez).

Hego aldean, batek baino gehiagok oso jende guti dela pentsatuko duke; eta arrazoinarekin. Baina Hazparne, edo ipar Euskal Herriko Uztaritzez barneragoko eskualdea, dazagutenak ez dirateke harrituko. Anitz ideitarik urrun dira oraino gure herritarrak, eta ez xoilki euskaldun gisa, langile gisa ere bai. Bizkitartean, norbaitek egitekotan, haiek dute ipar Euskal Herria salbatuko; beste inork ez. Haiena da etorkizuna, eta gurea ere izanen, haiekin bat egiten ikasten badugu. Ez baikara oraino hortaratuak.


Iberian zer

Kataluniaren politika

 Kataluniako politik giroan bi ekintza modu somatzen dira asteotan: jendaurrean edo jendearentzat egiten diren politik azalpenak eta alderdi politikoen elkarganatzea. Ikus ditzagun, bada, lehendabizi talde gidarien azalpen horik, eta, gero, Kataluniak etorkizunerako sortu nahi duen fronte nazionalaren arazoa.

Anaitasunako irakurleek dakitenez, Jordi Pujol da, "demokraziarako etena" eskatzen dutenen artean, benetan azkar dabilenetako bat. "Convergencia democrática" koa dugu bera. Arazo sozialaren eta nazionalaren arteko sintesia egin nahi du. "Nazionalista katalantzat" eman du bere burua, ez autonomista hustzat. Honela lotu ditu teorian arazo nazional eta sozialak: une historiko bakoitzeko klase gidariak, politik ekintzan irabazteko, nahitaez hartu behar du beretzat arazo nazionala, berau benetan bizia denean; bestela, ezinezkoa gertatuko litzateke gidari izan nahi duenaren garaitzapena. Pujolen ustetan, berak "el fet nacional" deitzen duena, gizarte klase jakin baten gainetik dagoen zerbait da. Memento bakoitzari dagokion talde gidariak hartzen du bere baitan benetan bizia den abertzaletasunaren ikurrina. Pierre Villar historigile ezagunagan finkatu nahi izan du Pujolek interpretapen hau. Alderdi politikoen legeztapena eskatzen du politikari honek, politik alorrean nahasmendu itsugarri bat sortu baino lehen.

Euskal Herrian bezalatsu (bestelako baldintzen barnean izan arren), Katalunian gerrate aurreko partiduen geroa eztabaidatan dago. Zer etorkizun ukan lezakete "Lliga" edo "Esquerra" batek? Unibertsitari eta politikariak horretaz ari zaizkigu egunkarietan. Kataluniako alderdi klasikoek ba ote dute zereginik politika berrian, ala erakunde berrietara joko da?

Beste hauzi bat ere izan da azken asteotan: zer behar du Kataluniak, fronte nazional bat (Pujolen tesia) ala "demokraziarako etena" sortuko duen gizarte eta politik elkartea (PCren tesia)? PSUCek (komunistak) gehienik bultzatu duen "Assemblea de Catalunya" izan da bigarren tesiaren erakundea; baina Gabon aurretik beste erakunde bat sortu da, "Consell de Forces Politiques de Catalunya" deritzana. Bigarren antolamendu hau alderdi politikoena bakarrik da.

Ihazko udaberritik honakoan eraman diren elkarrizketen ondorena da "Consell" hau. Hamaika partidu dira partaide. Datozen hilabeteetan izan dezaketen garrantziagatik, denak aipatuko ditugu:

 Alderdia Esannahia Gidariak

Partit Carlista foralista Carlos Hugo

Esquerra Democràtica liberala Trías Fargas

Unió Democràtica kristaudemokrata Anton Canyellas

Al Servei de Catalunya sozialdemokrata Jordi Pujol

Front Nacional  Joan Cornudella

Partit Popular  Joan Colominas

Esquerra Republicana sozialista Andreu Abelló eta Heribert Barrera

Reagrupament Socialista i Democràtic sozialista Josep Pallach

Convergencia Social sozialista Joan Raventós

Partit d'Alliberament nacional sozialista Joan Josep Armet

PSUC komunista Antoni Gutiérrez

 Honelatsu zerrenda litezke, eskuinetik ezkerrera, "Consell" horretan bildu diren taldeak. PSUCen gogoen kontrakoa izan arren, alderdi komunista ere sartu egin da azkenik, baina ez eztabaidarik gabe. Alderdi komunistaren eragozpiderik haundiena "Paisos Catalans" direlakoen aipua onartzea zen, hau da, katalan kulturaren lurralde guztiei dagokien batasun politikoaz kargu egitea. Izan ere, PSUC hori Espainiako alderdi komunistaren hegal bat baita, eta, hain zuzen, Principat (=Catalunya) deitu lurralderako bakarrik sortua eta ez inondik ere Valenciarako, Balearetarako, etab. Arazo honetan, ba dirudi, Euskadiko Alderdi Komunistarekin erabateko kidetasuna duela PSUCek, hemengoak ere alde batera utzi nahi baititu, euskal abertzaletasunaren eskakizunetan, Nafarroa eta Iparraldea. Dena dela, azkenik, eratu da Kontseilua eta hoh aurrera doa, liberalen eta komunisten abertzaletasuna partidu katalanekin hain bat ez datorrela ere.

Kontseilu honek Josep Tarradellas jaunarekin (herbestean bizi den Generalitat-eko lehendakaria berau) hasi ditu harremanak, aldaketa unerako behinbehineko Gobernu bat edo sor dadin. "Assemblea de Catalunya"k elkarrizketa eskatu dio Kontseiluari, ekintzarako batasunen batetara hel daitezen. Oraingoz, bada, Kataluniak politikarako bi talde ditu: aldaketa behartzeko sortu zen Asanblada eta partidu politikoen Kontseilua.

Manifestazioak

 Orain hilabete ta erdi, kalejira politikoak "manifestación subversiva" izan ohi ziren. Geroztik, "manifestación pacífica" bilakatu dira. O tempora, o mores!

Alderdi politikoak eta Mugimendua

 Girón de Velasco jauna ohartu berria denez, uztailaren 18ko Mugimenduak (1936.ekoak, halegia) bere baitan omen zuen betidanik politik aniztasuna, hau da, partidu politikoen demokrazia. Izan, aspalditik zen, bada, hori. Baina jakin, kasik berrogei urte geroago "asmatu" du hori Girón de Velasco jaunak.

Alkate jaunaren makila

Udaletxe eta Probintzietako Diputazioetarako lege barri bat sortua da. Aurtengo haziletik 1979.erartekoan, hauteskunde bidez, herriak berak berritu beharko ditu Udaletxeetako kontseilariak. Oso patxadatsu bada ere, demokrazia egin nahi omen da. Baina, zeru eder horretaraino heldu aurretik, Diputazioen lehendakariak eta Udaletxeetako hainbat alkate zahar kontseilu lagunek berek berritu behar dituzte oraintxe berton, 1976.eko urtarriletik hasita.

Politik berrikuntzaren giroan ezin zitekeen onar hauteskundeen mekanika hori, hau da, oraindik ere (1979.erarte, halegia) elekzioak herriarekin kontatu gabe egin eta alkate berriok 1979.eko hazilerarte aukeratuak izatea. Ezinezkoa zen, noski, etorriko diren alderdi politikoentzat horrelako aitzin egoerarik onartzea. (Gogora dezagun, Errepublika Udaletxeen bidez jaio zela 1931n.) Horrelako aldrebeskeriarik gerta ez dadin, Gobernuak legegai bat aurkeztu du Gorteetan: urtarrilean hautaturiko alkateek aurtengo hazilerarte bakarrik izan beharko dute.

Beraz, oraingo legeak bere horretan irauten baldin badu eta azken legegaia onartzen bada, datorren hazilean herrietako alkateen hauteskundeak izango dira, hauzolagun bakoitzak bere isilpeko boza emanez. Polita da hori; baina lehen bai lehen jakin beharko litzateke, alderdi politikoek beren alkategaiak-eta aurkezterik ukanen dutenentz.

Alderdi politikoak Espainian?

Demokraziarako, alderdi politikoena da "test" ik argiena. Hala ulertzen du, behintzat, Mendebal Europak bere demokrazia. Horren zain omen dago Espainia.

Kontraesanez betetako politika batetan gabiltza orain: bai eta ez, bai baina ez, ez baina bai... Legez ez dago partidurik, baina Gobernukoak partiduen buruzagiekin elkarrizketan ari dira agerian nahiz isilean. Politik gidariekin elkarrizketan; eta TOPek, bienbitartean, bere lana egiten du, legez kontrako lagunarte politikoetan sarturik dabiltzanen aurka. "Ba gara eta ez gara, ez gara eta ba gara" gabiltza hilabete ta erdi honetan.

 Egunkarietara baldin bazoaz, laster jakin zenezake, alderdi bakoitzak zein gidari dituen eta Espainian dauden oposizioko partiduen programak zeintzu ditugun: PSOEren buru Felipe González, PCErena Carrillo (eta hurbilago, Camacho ere ba da zerbait), "Partido Socialista Popular" enak Tierno Galván eta Raúl Morodo, eta abar. Hauxek dira, bada, izan, izan gabe.

 Baina partidu politikorik onartuko ahal da legeetan? Fragaren ustetan, goizegi da oraindik horrelakorik, "partidurik", aipatzeko. Hala ere, lehen unada baterako bakarrik nahi ditu "asoziazioak". Eta gero zer? Hau ere, agian, kontraesanez beteriko tramankulu politikoa da: FEDISAk ez zuen nahi "asoziazio" izan eta asmakeria horren kanpotik geratu nahi izan zuen; Gobernuaren agintea eskutara duenean, ostera, lehenago zapuztutakoari heldu gura dio.

Horik horrela, alderdi politikoak ez daude geldi. Elkartuz doaz, kalean dabiltza, programak aldarrikatzen dihardute, mitinak egiten ere bai. Polizia bera dute orain bide laguntzaile. Eta hori denori, behinola legez kontrakotzat hartuak zeuden kale ibilaldietan! Ba dirudi, arazo hauetan urduriena dabilena Katalunia dugula.

Joanes GOIA

Amnistia

 Estatu osoko elkarteak (kultur, hauzo-, profesio- eta edozein motatako elkarteak) politik presoentzat amnistia eskatzen hasi dira. Etengabeko erretolika luzean ari dira eske eta eske. Kalez kale, edo izkribu apainetan, jendeak hori du amets: amnistia. Aldez aurretik, erdi esana dago jadanik: amnistia, etorri, etorriko da... bestela, ez zuketen eskatzen ere utziko. Nolakoa jakin behar, nolakoa eta norentzat. Euskal Herriak premiazko duenik ukanen ote dugu?

Espainian hizkera politiko berri bat sortuxea da, Tarancón kardinaleak eskakizun politikoak otoitz bidez agertu zizkigunetik. Politikariei (Erregeri, Ministruari edo Probintziako Gobernari jaunari) eskatu partez, Jainkoari hitz egiten zaio, politikarientzat egiteko onak galdatuz.

Tarancónen bide beretik jo du Justizi Ministruak ere Santiagon. Egindako otoitzaren eskabideak hauk izan dira: Errege jauna moderatzaile izan dadila, Konstituzioaren babesle eta justiziaren eragile izanki; Gorteek, premiazko den lege berrikuntza ekar dezatela, zuhurtziaz bai, baina bai eta erabakiz ere. Justizi Ministruak Europaren alde ere eskatu du; eta hauxe da, zenbait egunkarik azpimarratu duen eskaria.

Espainiako Elizak ez du galdu nahi izan, Ministruaren otoitzaldi honek eskaintzen zion egokiera, eta amnistia eskatu du. "Ba dut itxaropen —agertu dio Sukia jaunak Ministruari— Erregek eta beronen Gobernuak, Compostelako Urte Sainduaren barnean eta une eta erarik egokienean, geroz zabaltzenago ari den herri espainolaren sentiera jasoko dutela. Hau da, Espainiako Apezpikuen Konferentziak, bere Biltzarre Orokorrean, preso politikoez eta gizarte libertateen erabilkerarako lege mugatzaileen aldakuntzaz esandakoa ez dezatela ahantz. Espainol guztien bakekuntzarako bide leuntzaile izango dira bai indultua eta bai amnistia". Ikusten denez, Compostelako ataundar artzapezpikua ez da tontoa...

Hitzaldion ondoren prentsa elkarrizketa bat ukan du Garrigues jaunak Compostelan. Lehenik aipatu duen arazoa, amnistiarena izan da; eta hona zer esan duen: "Gobernua, eta Justizi Ministergoa berezikiago, amnistiaren arazoa beraren osoan aztertzen ari dira, eta sakon aztertzen gainera. Benetako zerbait egin nahi dute; ez dute egin gura, inola ere, demagogikoa izan daitekeenik. Gobernuak eta Ministergoak eginahal guztia eginen dute, daitekeena eta beharrezkoa dena izan dadin. Arazo honetaz egingo denaren berri emateko aukerarik laster izango dudala uste dut". Antiterrorismoaren Dekretu Legeaz ere ihardun du Ministruak, eta honetaz ere zerbait esango dela adierazi du.


Munduan barrena

Europa. Gu ere europarrak gara

 Estatu baten arazorik nagusienetakoa bere buruarentzat leku bat aurkitzea da; eta aspaldiko urteotan horixe izan da, hain zuzen ere, Espainiako errejimenaren eta gobernuaren buruhausterik larriena: kanpora begira, zein da Espainiaren lekua Europaren ingurunean? Barrura begira, zein da eskualdeen eta herrien lekua Estatu barnean? Hala ere, urte luzeetan, erreferentzia horieri begiak itxirik definitu nahi izan du Espainiako errejimenak bere burua.

Jokabide horren ezina nabarmena gertatu da azken urteotan; baina, hala ere, ekonomi arazo soiltzat hartu nahi izan da: Europaren batasuna eta Espainiaren horrekiko harremana ekonomi maila hutsean konpon zitekeela uste izan da luzaroan; Espainiako Herrien arazoa ere, ukatzerik ez zegoela nabarmen gelditu denean, administrazio eta ekonomiaren maila hutsera baztertu nahi izan da, ordenu publikoaren prolema soiltzat hartu ez denean.

Horrez gainera, Europarekiko eta barruko Herriekiko arazoak, batak bestearekin zerikusirik ez balute bezala ikusi nahi izan dira: bata, poliziaren eta errepresioaren bidez edo eta eskaintza ekonomiko batzuren bidez konpondu nahi izan da; bestea, salmentarako akordio batzuren bidez. Baina azkenik, bai baterako eta bai besterako bideak okerrak agertu dira; irtenbiderik gabeak. Eta bi arazoak oso lotuta daudela ikusi da: ezin daitezkeela bereizirik bideratu eta konpondu.

Europa batu demokrata eta liberalak, ekonomiazko akordioetara iristeko eta Europako herriartera sartzeko, demokrazia eskatu dio Espainiari, nahi izanik ere, ez dago osorik bereizterik Europaren ekonomiazko eta politikazko batasuna. Eta ekonomiazko batasunak politikazkora eramango baldin badu, Europa demokratak ez dauka diktadurarik bere barnean onhartzerik. Espainiak azkenik onhartu egin behar izan du bere Europarekiko arazoa politikoa zuela, eta demokraziarako bideak urratzen hasi dela dirudi.

Baina Europaren batasunaren arazoa politikaren alorrean ipintzen bada, derrigorrez Estatu barneko eta Europa osoko Herrien (eskualdeen?) arazoa politikaren mailara ekarri beharra dago, eta ez ordenu publikoaren mugetara baztertu. Horregatik, beharbada, Espainiako Herrien arazoari beronen izenez deitzen hasi zaio orain: hau da, politikaren izenez. Europarekiko eta barruko Herriekikoa, biak, politik arazoak direlarik, ez dago bata bestetik bereizterik. Orduan, bien arteko lotura, bien politikotasuna eta uneko garrantzia adieraztera, Europako gizonak deitzen dira. Horixe gertatu da berriki Europar Mugimenduaren idazkari den Robert Van Schendel delakoarekin.

Bi aldetatik joan dira Van Schendel-en deklarazioaren punturik nagusienak: Espainiak benetako demokrazia bat lortu behar du Europaren Batasunera sartu nahi badu; Espainiak bere barneko eskualde arazoa egoki konpondu behar du Europaren Federaziora sartu nahi badu. Federazio bezala ikusten du, hain zuzen ere, Europar Mugimenduak Europaren etorkizuneko batasun politikoa. Baina federazio hori ez litzateke Estatuen artekoa bakarrik izango, eta bai eskualdeen artekoa ere, Estatu bakoitzean.

Europaren batasuna ekonomi mailan ipintzen delarik, Europako Herri txikien arazoa ekonomikoa besterik ez dela uste izan da: Estatu bakoitzak duen eskualde ekonomiko arazoa, halegia. Baina Europaren batasun bideak berak, eta batez ere, Europa Herri txikien burrukak berak nabarmen jarri du Herri horien arazoa ez dela ekonomikoa bakarrik, eta bai etniazkoa, gizartezkoa, kulturazkoa eta hizkuntzazkoa ere. Horrela, bada, arazo politikorik nagusiena gertatzen ari da Herrialde txikiena, Europaren batasun bidean. Eta oraingo Estatuak ez dira gauza Europaren batasun politikoa egiteko, Herri txikiak Herri bezala hartzen ez baldin badituzte, eskualde soiltzat hartzen dituzten bitartean.

Federalismoak politik mailan jarri nahi luke benetan Europaren batasuna eta Europako Herri txikiena ere. Baina oraindik ere, Estatuen mugak zaindu nahi ditu, Herrien puskatzaileak direla konturatu gabe. Estatu barnean ere federalismo bidetik jo nahi luke, baina Herriak zatikatuta dauden bitartean, Estatu zentralistaren eskualde hutsak besterik ez direla izango ez dira konturatzen nonbait federalista zaharrok eta berriok. Gure artean ere honelako federalismo batetatik burrukatu nahi dutela dirudi, azken aldi honetan. Euzkadiko Alderdi komunistak eta "beronen" Euzkadiko Batzar Demokratikoak, alde batetik, eta Estatutu zaharraren atzetik dabiltzanak ere bai, bestetik. Guztiok Madriletik edo Parisetik ikusi, aztertu eta konpondu nahi dituztela dirudi Euskal Herriko arazoak eta beronen etorkizuna.

Europa zaharra Herri zahar eta berriago askok osatua da, eta Euskal Herria horien arteko bat da. Europaren batasun politikoa egingo bada, Herri guztiok kontutan eduki beharko ditu: guzti hauk bihurtuko dira Europa berriaren zentruak, eta ez oraingo Estatuak. Euskal Herria Europako Herria da, eta gure arazoa konpondu eta gure Europarako bidea urratu, geure Herriaren osotasuna onhartuaz eta geure Herritik bertatik egingo dugu; Herri honen erdigunetik abiatuz, eta ez Madriletik edo Parisetik.

Paulo Agirrebaltzategi


Munduan barrena

Hirugarren mundua. Angola: Multinazionalen harrapakin

Angolan gertatzen ari dena, funtsean, ez da barne gudu bat. Indartzen ari zen askapen mugimendu sozialistaren aurka multinazionalek piztu duten suan ari da erretzen Angola. Angolar gobernu berria, MPLA-k eratu duena, bere buruaren jabe den estatu sozialista bat sendotzen ari den uneon, gupidagabeki erasotzen dion etsai amorratu talde bati aurpegi eman beharrean aurkitzen da: Hego Afrika arrazistari eta beronen lagun oportunistei, Estatu Batuei eta haren europar morroiei eta Txinari.

"Mendebaldeak" interes ugari du Angolan: bertako natur baliakizunak hustiratzen ari diren multinazionalen interesak, petrolio gordailuen kontrol hestuago bat, Atlantikoko estrategiari dagokionez, sovietar laguntza duen Estatu baten oztopoari bazterrera eragitea. Hego Afrikak, berriz, ez du gobernu antirrazistarik nahi bere alboan. Eta txinatarrek beren Realpolitik horren haritik, gogor ekiten diote Sovietar Batasunak Hirugarren Munduan izan ditzakeen interes guztiei, kapitalista eta inperialistekin eginkorki esku hartzeraino, gainera.

Hona hemen zer dagoen jokoan Angolan: bere baliakizun eta eskuarteak kontrolatuz bere eskuko izango den Estatu bat edo eta gobernu txotxongilo baten menpeko mendebaldekoaren gisako kapitalismo bat. Bestalde, burruka honek garrantzi erabakitzailea du Hego Afrikaren etorkizunari begira. MPLA-k porrot egiten badu, Hego Afrikak arnasa hartuko du, bere bakarbizitzatik irten eta amerikar aldeko eta kapitalistek menperaturiko katea sendo bat sortu da, alde hartako herrialderik aberatsenak elkarrekin lotuz: Hego Afrika, Angola eta Zaire. Namibiako SWAPO askapen mugimenduaren ametsak ere pikotara joango lirateke eta bere eskuko diren herrialde txikiagoak bortxatuagorik aurkituko lirateke Hego Afrikarekin harremanetan sartzera. MPLA-k, garaile irteten bada, eta estatu sozialista indartsu bat ezartzen badu, hegoafrikarrak inguraturik eta hestuturik geratuko dira. Zenbaiten eritziz, espainiar barne gudua Europarentzat izan zena, huraxe izan liteke Angolakoa Afrikarentzat. MPLA-ren aide jartzeak sovietarren aide jartzea esan nahi du. Ba al dago, ordea, hautakizun hoberik? FNLA/UNITA-ri Laguntzeak, berriz, Hego Afrika arrazistari bete-betean laguntzea eskatzen du.

Zer egingo dute Europako ezkertiar eta sozial-demokratek? Oraindainokoan, agintean dauden bi alderdi sozial-demokratak soilik eutsi diote beren hasierako jarrera jatorrari: eskandinaviarrak eta holandarrak. Britainiar alderdi laboristak oraindik ere hitzez haren alde jokatzen du baina egiteetan gero eta murritzago agiri da. Afrika sozialista bat eta mundu sozialista bat nahi dugunontzat erantzukizun larria da Angolarekikoa. Hamasei herrialdetan gutienez sortu dira Angolako MPLA-ren aldeko elkarteak era guztietako laguntza biltzeko, hona hemen guregandik hurbilen dagoenaren helbidea: Moscagam, BP 72, 75623 Paris. Teoria hutsetan geratu nahi ez duenak ba du nora jo.

X. Mendiguren


Munduan barrena

Sozialismoa. Frantziako alderdi komunistaren aldakuntzak

 Oraindik oraintsu, 1975eko hazilaren 15ean, Georges Marchais jaunak, Frantziako Alderdi Komunistaren (AK) Idazkari Nagusiak, Italiako AKren kargu bereko Berlinguer jaunarekin batean, deklarapen ezin interesgarriago bat egin zuen. Alderdi bakoitza Moskutik aske dela eta hala izan behar duela aldarrikatu zuten biek batean.

Oraintsuago oraindik, abenduaren 12an alegia, zentzu berean egun handiagoa izan da. Egun historikoa, batzuren eritzian, "tournant" edo benetako bihurketa gisa ulertzen dutelako AK delakoak hartu duen jokabidea. Zer gertatu da, ba? Frantziako telebistak eman zuen telefilme batetan Sovietar Batasuneko Rigako kontzentrazio-barruti hortako bizitza agertzen zen. Erreportaia eta testigantza gogorra.

Telefilme horren ondoren, zain zeuden frantsesak, AKren haserrearen eta protestaren zain. Espero zitekeenez, gezur zuria zela hori, eskuindarren joku zikina besterik ez dagoela hor, etab. etab. esan behar zuen Alderdiak, holakoetan ohitura duenez. Baina ez, itxaropen guztien aurka, hauzi hori egiaren arauera garbitu behar déla eskatu du. Antisovietismoaren atxakiaz, egindako akatsen edo erruen ixiltzea eta justifikatzea ez dela bidezko, hona zer salatu duen Frantziako Alderdi Komunistak. Harriturik gelditu da jendea, are gehiago Frantziako Alderdiaren "Humanité" egunkariaren eta Moskuko "Pravda"ren arteko eztabaida ikusiz.

Harridura igaro ondoren, esplikapen eta interpretazio bila hasi dira zenbaitzu. Alderdiaren aldakuntza hori hitzengainua ote, ala barne-barneko korronte ezezagun baina egiazko baten azalpena?

AKren taktika hutsa dela hori, pentsatzen dute batzuk, hala nola "Bat bitan banatzen da" delakoaren jarraitzaileek. Taktika bat da, axaleko aldaketa bat, zeren eta ikusten zuen Alderdiak, Alderdi Sozialistaren ondoan indarra eta eremua galtzen zuela, eta hori hain zuzen Moskurekiko loturagatik. Oraingo deklarapen horrekin, gehiengoari, Giscarden lagunei, AK txorimalo espantagarritzat hartzeko bidea kendu egiten die. Eta Alderdi Sozialistari ere nolabait esaten dio, askatasunen eremuan bertan ere, aurrerantzean bera ere sinesgarri dela. Lehenago ere, bide beretik, Askatasunen "Chartre" bat egina du Alderdi Komunistak.

Beste muturrean, AKri konfiantza egin ohi diotenak daude, sozialistak horien artean. Joera bat nagusitzen ikusten bide dute hor batzuk. AK batek, gizabanakoen askatasunak eta ulertzeko sentikortasunik bere barnean ez badu ere, diote hauek, sozialistekin eta bidelagun izanik, salakuntza horri behin eta berriz erantzun beharra izateak kutsatu egin du AK bera.

Aldakuntza eta sentikortasun berri honen abiapuntua 1968an dagoke, Frantziako Alderdi Komunistak Txekoslovakian tanke sovietikoak sartzea gaitzetsi zuenean. Urte berean, gainera, Champignyko Bilkuran demokraziabidez agintera iristea erabaki zuen Alderdiak. Hor dago "Askatasunen Chartre" hori ere. Eta gorago aipatu bezala, azkenik, Italiako Berliguer jaunarekin eta orain kontzentrazio-barruti sovietikoa dela eta egindako deklarapenak. Bide beretik dena. "Divorce à l'italienne" idatzi du norbaitek. Italiako AK liberalagoa izan da beti. Frantziako AKren lehen agindua, berriz, Moskurekiko leialtasuna izan omen da.

"Bat bitan banatzen da" delakoaren jarraitzaileen argirik ez dugunok, zer pentsa honi buruz? Lehentasun hauzi baten aurrean aurkitu da, ene eritzian, Frantziako Alderdi Komunista: Moskurekiko leialtasuna gordetzea ala agintera joatea; nazioartekotasuna hauspotzea edo nazio-koloreak azpimarratzea. Deus ukatu gabe ere, bigarren aukerarekin gelditu da. Horregatik uste dugu ba dagoela zerbait aldaturik AKren erresuman.

"Des-sovietartze" bezala irakurri behar al da Frantziako AKren joku-aldakuntza hau? Europan Moskurekiko leialtasuna arreta handienarekin zaindu dutenen artean dago Frantziakoa. Harreman horik nola eten? Baina, kasu hontan, des-sovietartzeak beste esangura bat ere ba du, eta da estiloa aldatzea, politika ulertzeko eta egiteko manera aldatzea, stalinismoa ukatzea. Adiskide eta etsaiak, bigarren puntu hontan ditu Alderdi Komunistak zain.

Joanes Lekerika


Munduan barrena

Kultura nazio artean. Gernikako Arbola

Artikulu hau ez da Iparagirreren kantuari buruz idatzita izango, Arrabalen azkeneko filmeaz baizik. Egun hauetan pelikula hori ikustera joan naiz beste gauza bat begiratzeko asmoz. Tema hori arras ongi iruditu zait, orain daramatzagun denboraldietan batez ere; Espainiako gerla irakatsi nahi digu Arrabalek: alde batetik faxistak, berauen indarkeria eta laguntzaileak, eta bestetik errepublikazaleak eta "gorriak".

Irudiak sinboloz beterik datozkigu, artetan denbora hontako egiazko pelikulek mozten dituztelarik.

Eskenategi osoa (edo gehiena behintzat) Ebro aldeko Villa-Ramiro deituriko herritxo batean gertatzen da; eta bertako bizilagunen gogortasuna eta kontzientzia hartzea ikus ditzakegu; horko irakasleak eta aparte bizi den emazte sugedun batek (Dolores Ibarruri seguraski) iraultza eta defentsabidea antolatzen dituzte.

Baina Gernikari buruzko irudi oso gutti agertzen zaizkigu; Arrabalek Gernika sinbolotzat nahi izan duela hartu iruditzen zait; hain zuzen ere emazte sugeduna kontzientziatzea Gernikan bonbak erortzen direnean gertatzen da. Hots, Gernika beste sinbolo bat legez agertzen da eta ez Euskaldunen ezaugarri bezala. Gernikako Arbola espainolismoaren izenean bereganatua izan dela uste dut. Nik pelikula honi "La resistencia en el pueblo republicano de Villa-Ramiro" deituko nioke; bestela "Eibarko errepublika" "Gernikako arbola" bezain okerra litzateke.

Xanti Lafitte


Munduan barrena

Kultura nazio artean. Gaston Gallimard hil da

 Frantziako argitaldari haundienetako baten sortzaile eta jabe zen Gaston Gallimard. Duela zenbait urte zuzendaritza Claude semeari utzia bazuen ere, aitak eraman du azken azkenerarte Gallimarden argitalpen politika. 94 urtez hil da.

1909.ean, Gaston Gallimardek Nouvelle Revue Françai-se sortu zuen, André Gide eta Jean Schlumbergerekin batera. Errebista hau berehalaxe Frantziako literatur aldizkari interesgarriena bilakatu zen. Eta ezaguna da, aldizkari harek berriztapen bizi bizia ekarri zuela letretan, Frantziatik kanpora ere arrakasta handikoa. Frantziako idazle gazte eta intelektual bizkorrenak bildu baitzituen. Batez ere elaberriari eta teatroari begiratzen zioten.

Hiru urte geroago, Gaston Gallimardek argitaldari apal bat abia erazi zuen: Nouvelle Revue Française Librairie Gallimard. Lehenengo obrak Gide eta Claudelenak izan ziren. Idazle diferenteenak elkartzen zekien Gaston Gallimardek. Hori zuen bere arte berezia. Eta begi zorrotza zuen, batez ere talentu literarioak ezagutzeko, berrien artean. Aldizkariaz bezala argitaldariaz ere, Gallimardek idazlea produzio mekanismoaren morrontzatik askatzen zuen. Idazleak, berak nahi zuena idatz zezakeen, ez argital produzitzaileei komeni zitzaiena. Eta Gallimardek argitarako zion, balio bazuen.

Lehenengo Gerra Nagusiaren ondoren, entrepresa bortitz bat bihurtu zuen argitaldaritza. Cocteau eta Gide, Roger Martin du Gard, Jean Paulhan, Léon Paul Fargue, Valéry Larbaud eta frantses "klasiko moderno" guztiak elkartzen zituen berriz ere. Izpiritu diferenteenak. Elkar ezin ikusi zutenak. Ez da Frantzian, Nobel Sari gehiago duen argitaldaririk: Roger Martin du Gard, Gide, Mauriac, Sartre.

Literaturaren ondoan entseiua ere argitaratzen hasi zen: entseiu filosofiko, antropologiko, soziologikoak. Eta Bibliotèque de la Pléiade sailean, munduko literaturaren berri zabaltzen zuen, itzulpen txukun txukunetan.

Gaston Gallimard, merkatuari antzematen zekien entrepresaria baino gehiago zen. Liburu tankera egokiena asmatzen zuena baino gehiago, eta "manager" argia baino ere gehiago. Literatura ona ezagutzen eta promozionatzen zekiena, hain zuzen. Literatur hazkundearen kontzeptu garbi bat zuena, eta kontzeptu horren arabera idazle diferenteenak elkartzen asmatzen zuena. Literatura frantses modernoaren hazkundea Gaston Gallimarden izenari eta argitaldariari lotu lotuta ibili da.

Joxe AZURMENDI


Erlijioaz

¡Ez bakerik komunistari!

 1975eko Urte Saindua amaitzera zihoan, eta italiar kristauak ez du italiar komunistarekin bakerik egin. Eta ez egiteko eskatu diote. Zortzi milioitik gora dira Ate Saindutik barna pasatutakoak. Izugarrizko marka 1950 urtean baino bost milioi ta erdi erromes gehiago joan dela kontu eginez gero.

Gehienak italiarrak ziren. Baina Urte Saindu honen "bakeatze" mezuak ez du behar bezalako emaitzarik sortuko Italian. Hesi lodi bat eraiki bait da kristau eta marxisten artean. "Ezin da marxista eta kristau izan" deihadar egin dute apezpikuek. "Kristau sinesmenaren aitorpena ez dago, era desberdinetan bada ere, marxismoan beren oinharri duten mugimenduak onhartu eta eustearekin uztartzerik; zeinaren adierazpenik osoena gure artean kultur eta administrazio mailan ari den komunismoa baitan dago".

Oso argi dago. Marxista eta kristauen arteko derrigorrezko erdibiketa hori, komunisten eta katolikoen artekoa bezala ulertu behar da batez ere.

Kristau demokrazia, katolikoen alderdia

Doktrina itxurazko baieztapen hauen azpitik dauden gertaera eta giro politikoak ez dago ahazterik. Politika usain gehiago somatzen zaie doktrina dogmatikoarena baino. Batez ere, "marxista" eta "kristau" hitzak beren ideologiazko biribiltasun horren ilunbearen barrunbean, gehiago zehaztu gabe, uzten direnean. Hamaikatxo esanahi desberdinetan erabiliko ez balira bezala. Eta bestetik Alderdi Komunistaren programari bere boza ematea marxista izatea balitz bezala.

Kristau Demokrazia zortzi mila puskatan urratuz doan oihal bat da. Edo urratuz zetorrena. Ihazko ekainaren 15eko hauteskundeetako porrota zela ta, Fanfaniren ordez izendatutako Benigno Zaccagniniren adabakiek zulo batzu konpondu baitizkio honez gero. "Kristau jatortasunetik" edaten omen duen indar politiko higatu eta zarpaildu hau bere lehen egunetako dotoretasun eta bizitasunera etor dadin eskua luzatu diote Italiako apezpikuek. Kristau Demokrazia katolikoen alderdia bihur dadin.

Kristau demokratak doi doi dira komunistak baino gehiago. Horregatik elkarren etsai amorratu, elkarren beldur, baina elkarren beharrean daude. Zaccagnini jaunak derrigorrezko elkar konponketa hori nolabait onhartzen du. Abortuaren arazoan bezala.

Mini "konpromezu historikoa"

Italiako alderdiek alternatiba bat zeukaten. Lege berri baten bidez abortua kupidarik gabe kondenatzen duen legea aldatu, ala lege honen kontrako referendum bat jasan datorren maiatzean. Orain dela urte terdi dibortzioari buruz egin zen referendumaren esperientziak, nahiz eta indar laiko eta ezkertiarren garaipen paregabea izan, besterik ere erakutsi du. Halegia, beste arazo larriagoen soluzioa atzeratu egiten duela. Hilabetetan parlamentu bizitza polarizatu egiten dela, indar politiko guztiak arazo bakar batek polarizatzen dituelako.

Arrazoi berdintsuengatik inork ez du gaur hauteskunde jeneralik nahi. Ez alderdiek eta ez sindikatuek. 1.200.000 dira une honetan lanik gabekoak, partzialki lanik gabe egonik seguruetatik laguntza jasotzen duten beste 800.000ak kontatu gabe. Hamar milioi langile ukituko dituen hirurogeitamar kontrata kolektibo berritu behar dira aurten. Eta Aldo Mororen gobernua oso ahula da, baina arazo guzti hauei ez dago hilabetetako luzapenik ematerik.

Komunistek eta kristau demokratek ba dituzte bestetik beren arrazoiak referendum bat gustuko ez izateko. Hauei aurreko esperientzian eramandako jipoiak beste gurutzada bat antolatzeko gogoa jan die. Haiek azken hauteskunde administratiboetan bereganatutako bozak, katolikoenak asko, ezbairik gabe, galtzeko arriskurik ez dute nahi.

Abortuarekiko printzipioetan behintzat, MSI-DN (Movimiento Sociale Italiano - Destra Nazionale) alderdiko faxistak kristau demokratengandik oso gertu daude. Baina hauekin tratutan sartzea baino deabruarekin besoz beso jartzea hobe zen. Beren sinesgarritasun politikoa galduko lukete eta, izugarririk oraintxe gelditzen ez bazaie ere.

Eta horixe egin dute. Deabru gorriarekin elkartu. Komunistak eta kristau demokratak bat etorri dira umea galdu nahi duen emakumeari inongo trabarik jartzen ez dioten aurreprojektuak sozialistena tarteko zela, baztertzeko, eta baldintza eta kontrol jakin batzuren pean abortua ametitzen duen beste aurreprojektu bat moldatzeko. Hau izango da senatuan eta parlamentuan eztabaidatuko dena. Guzti hau alderdi laikoen amorruarekin gertatu da. Fortuna jaunak, diputatu sozialistak, dibortzio legeari bere izena erantsi ziona, eta abortu askatasun osoaren aldeko burrukatzailerik zintzoenak, parlamentuan bere dimisioa eman du.

Etsaiari bakerik ez

Ba dira, ordea, komunisten eta kristau demokraten arteko mini "konpromezu historiko" honekin batere konforme ez daudenak. Apezpikuak. Kristau Demokraziari, eta bereziki bere zuzendariei, zera gogarazi diete: Ez dela posible inongo konponketa eta konpromezurik "ideologia totalitario, radikal eta laikoekin eta bizitzaren ikuskera materialista eta ateo aitortzen duten beste guztiekin".

Baina horixe da benetan garbi ikusten ez dena hain zuzen: zergatik kristauak bere fedeko ez denarekin lanik, edo ekintza politikorik ez duen egin behar. Kristau batek ezin ote dezake, ba, Alderdi komunistaren arautegiak materialismo dialektikoa onhartzen duela eta, mediku eta injeniari komunista baten aterik jo? Eta edozein konponbide printzipioz ezinezko bada, zer konpondu nahiean dabil ba Casaroli monsignorea bere Ostpolitik delakoa egiten? Eta nola, Frantziako apezpikuek, beren izena Alderdi Komunistari eman dioten kristauen hautaketa onhartu eta errespetatu dute oraindik aste asko ez dela?

Ez dut ikusten, gainera, Kristau Demokraziaren programa politikoak berez komunistena baino hobea zergatik izan behar duen. Eta Erromako alkate komunistak kristau demokratak baino administrazio okerragoa eraman behar lukeenik ere ez.

Guzti honek teoria mailan balio du noski. Ez baida ahanztekoa komunismoak bere erraietan daramala totalitarismorako joera beldurgarria. Eta hauxe gogoratzeko, kontuz ibiltzeko eta tontoak ez izateko katolikoei esateko eskubiderik ba dute apezpikuek. Baina eritzi politikoen mailan, hori esan nahi bazuten, horixe esatea zeukaten. Eta ez oso urrutiko onhartezinezko printzipio dogmatiko (Dogmari dagozkionak halegia) batzuren izenean mintzatuz politika jokabide oso konkretu bat onhartzera inor behartu.

Manolo Pagola


Elkar ikuska

TVE Euskal Herrian. Maximiliano Alonso Rodríguez jaunak: Ez dago ezer aldaezinik

 TVE delakoak Euskal Herrirako Zentrua Bilbon du. Horren buru egiten duen Maximiliano Alonso Rodríguez jaun gaztearekin egon gara. Euskaraz telebistak eman ohi duen telesaio bakarrari buruz zerbait jakin nahi genuen. Abenduaren 12an hasi zen. Eta ostiralero, urte osoan, arratsaldeko 6retan izango da. Ordu erdiko programa.

Ordua ez zaigula egokiena iruditzen, ordu erdi guti dela, eta hizkuntza arloan Euskaltzaindiarenak behar lukeela azken itzak... hori eta gehiago esan diogu. Eta galdetu, telesaio hori zer eta zertarako zen galdetu diogu.

 Ireki agertu zaigu TVEren Eskualdeko Zentruaren Burua. Kritikak jasotzeko eta idarokizunak hartzeko prest bide dago. Irakurleari azken hitza.

 Hona "EUSKALERRIA" ezagutu nahian egin dizkiogun galderak:

1. Zer da eta nola funtzionatzen du TVEren Eskualdeko Zentrua?

1. Honako hau "Centro Regional de TVE del Norte" da. Orain laubost urte sortu zen, albisteak bidaltzeko. Gero, "telenorte" ere beronek darama. Eta azkenik, hilabete bat duela hasita, EUSKALERRIA saioa ere hementxe egiten dugu.

Bilboko hau, Espainiako telebistaren eskualdetako bost zentruetarik bat da. Compostelako Santiagon, Sevillan, Valencian eta Asturiasen daude besteak, Madrilekoa, Barcelonakoa eta Canariasekoa at utzirik.

 EUSKALERRIA telesaioa aparte, eskualdeko telebista hau informazioa produzitzeko da, ez programak egiteko.

 Gure etxe hontan, denetara 50 bat gaude lanean. Instalakuntza eskasegiak dauzkagu, eta beti gabiltza noiz teknikatan noiz pertsonatan urri.

 2. "Euskalerria" zer da? Nola eratzen duzue?

 2. EUSKALERRIA telesaioaren guraria, Euskal Herriko Kultura, tradizio, ohitura, pertsonaira, doinu eta folklorea agertzea da. Ba dago haurrentzat programa bat ere: Pinpilipauxa.

Aski suelto eta eskemarekiko lotura hestuegirik gabe bada ere, guti edo asko egitura hau izan ohi du telesaioak: Pinpilipauxa, Erreportaia, Elkarrikusketa eta Musika. Honelaxe osatzen da ordu erdia.

Egitearen aldetik, artearen eta teknikaren alderdia geure etxearen pentzura doa. Baina gaiak tratatzeko eta erabakitzeko, ba dugu lantalde berezi bat, honako hauk osatua: J. M. Iriondo, J. M. Iraolagoitia, E. Uriarte, M. Oñatibia, eta Pinpilipauxa eratzeko X. Kintana eta Borja Barandiaran.

 3. Zeintzu dira telesaio horren gaiak?

 3. Dagoneko, hautaturik ditugun gaiak aski interesgarriak iruditzen zaizkit. Esan bezala, orain arte emandakoen artean (irakurleak eskuratzen duenerako, hiru izango dira emanak), bi erreportaia: Arrantzaleena eta Estropadena; bi interbista, Antonio Labaienekin eta E. Bilbaorekin; eta Pinpilipauxaren aurkezpena egin ondoren, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon presentatu ditu Leire berak.

Geroko zenbait emankizun ere gerturik edo programaturik daude. Interbisten artean, J. M. Satrustegiri eta Xabier Peñari egingo zaizkienak. Erreportaien artean, Euskaltzaindiarena, Txistulariena eta Artzain-txakurrena. Ikastola gaia ere erabiliko da, berdin bertsolaritza, euskal kantak. Ikusi ahal izanen ditugun kantarien artean, X. Lete, Gorka Knörr, A. Valverde eta Lupe daude. Gerora ere haurrek izanen dute bere txokoa.

 4. Galdera biperdunik onhartzen al duzu? Ea ba; Euskaltzaindia onhartzen al duzu? Batek baino gehiagok desegokitzat jotzen ditu eguna eta ordua. Zer diozu? Ez al zaizu gutiegi iruditzen asteroko ordu erdi hori?

 4. Noan zuzenki erantzutera. Euskaltzaindiaren hizkuntza erizpiderik onartzen dugun guk? Gu ez gara hauzi hortan sartzen, baina Euskaltzaindiari jaramon egitea bidezko iruditzen zaigu. Hizkuntzari buruz gure problema beste hau zen, halegia, lekukoa ez baina hartzen den leku guztietan ulertzeko modukoa egitea. Eta orain arte egin duguna, esan digutenez, non-nahi ulertzen da. Ez dakit Euskaltzaindiaren bidetik doan.

Egunari, orduari buru zer esatea nahi duzu? Euskal Herritik kanpora ere telesaio hori ikusten dela eta, gainerontzeko programei enbarazurik ez egiteko moduko txokoren bat bilatu behar izan genuen. Ez dakit ordu hori egokiena den ala ez. Aisago litzateke beste ordu bat aukeratzea, bigarren katean esaterako, bigarren kate hori leku guztietan ikusiko balitz. Ostiralea ere, egunik seguruena eta urtean zehar aldakuntzarik gutien izan lezakeena zelako aukeratu genuen.

Ordu erdi, guti dela diozu. Hala da, beharbada. Baina oraingoz, eta gauzari oinharri sendoak ezarri arteino, duguntxoa kalitatez zaintzea nahiago dugu. Esan dizut ez dugula ikaragarrizko posibilitaterik.

Baina kasu!, ez ordua, ez eguna, ez telesaioaren irautea dira aldaezinak. Eginez eginez goaz. "EUSKALERRIA está en rodaje".

Joan Mari TORREALDAY


Liburuak

Liburu berriak

ETXARREN LOHIGORRI, J. B.

Huarte, hator etxerat

JAKIN, Oinati, 1975

 Euskara batuan idatzia. XVI mendeko euskal idazle izan zen Joanes Huarte Donibaneko eta haren lana aztertzen da. Aipagarriak dira "geroaren" definizioa (19. horrialdea), "astoarena" (114. horr.), "predikariarena" (96. horr.) eta "baketiarrarena" (108. horr.). Atsotitzak (46. horr.), esaldi literarioak (76. eta 81. horr.), etab. Erregez eritziak (104. horr.), Inkisizioaz (78. horr.), etab. Liburu interesgarria, batez ere euskararen aberastasunagatik. 122. horrialde. Eskatzeko: JAKIN - Santuario Aranzazu - Oñate.

HARANBURU ALTUNA, Luis

Zera...

KRISELU, Donostia, 1975

Euskara batuan. Aitzin solas polemiko bat, gatz handikoa, lehen 27 horrialdetan. Gero "Harrobiko Andrea" nobela laburra, 1974 urteko "Usurbe" saria. "Marian" izeneko beste nobela labur bat. Gero "Zera...", liburuari tituloa ematen dioen erromantze irekia, askoren ustez liburukorik onena. Bukatzeko, "Ez", konposizio literario baten entsegu berria. Euskararen aldetik eta gaiak nola tratatzen duen ikusita, nabari da liburu honetan Haranburu Altunaren aurrerakada idazle bezala. 126 horrialde. Eskatzeko: KRISELU - Apartado 550 - San Sebastián.

LARRINAGA, Guillermo

LANDARE JAKINTZA. BOTANIKA

KARDABERAZ BILDUMA, 1975, Tolosa.

 Gipuzkeraz idatzia. Tituluak adierazten duenez, estudio liburu bat da, botanikari atxikia. Gaia ongi aztertua dago eta presentazioa ere ona da, irudi ugariekin osatuta. Akats bakarra euskara batuan ez egotekoa litzateke, zeren ikastoletan erabiltzen diren textu liburuekin lotura bat ez edukirik, oztopo bat gerta daiteke zabalkunde orduan.184 horrialde. Eskatzeko: Librería Técnicas de Difusión - Tolosa.

ARREGI, Mikel

Hego haizearen konpasean

KRISELU, Donostia, 1975

 Euskara batuan. Hasieran Joan Mari Lekuonaren lehen hitzak liburuaren presentazioa egiten. Ondoren, Mikel Arregiren poemak. Nafar idazle honen poemok ez dute titulurik. Hitz joko asko erabiltzen ditu, era esperimental eta modernoak. Irudi orijinalak, gaurkoak... "eta nik, bihotza haundia dudalako, Euskal Herrira tipula janez etorri denari bi musu eman nahi dizkiot benetan ene anaia senti dadin..." Oso gustura irakurtzen den liburu polemiko eta gizatiarra. 110 horrialde. Eskatzeko: KRISELU - Apartado 550 - San Sebastián.

AZURMENDI, Joxe

Iraultza sobietarra eta literatura

GERO, Bilbao, 1975

Euskara batuan. Idazleak aitortzen digunez, begi bat Errusian eta bestea Euskal Herrian edukiz idatzia, gaurko gure problematikari atxikia. Asmo horri jarraituz, iraultza sovietarrak Errusiako literatura berrian eduki izan duen eragina aztertzen da, baina tartean kapitulu bat eskaintzen zaio euskal poesia berriari, eta kapitulu honen titulua bera oso argigarria da: "Euskal poesiaren iluna". Bitoriano Gandiagaren bertso batzu kopiatzen ditu: "Baina gu inork ez gaitu inoiz askatuko. Askatzaile berriekin ametseta berririk ez dezagun egin". Liburu bereziki interesgarria literaturaren munduan eta bere inguruan bizi direnentzat. 200 horrialde. Eskatzeko: GERO - Apartado 73 - Bilbao.

***

DIALEKTIKAZ ETA KULTURAZ

Edit. KRISELU

E. OSAren liburu berria

Gasteizen bizi dugu E. OSA aspaldidanik eta bertan ari zaigu ematen bere bizialdirik fruitokorrena, ene ustez, hemen bizi dela burutu baititu bi saiakera sakonok: PEDAGOGIA ETA GIZARTEA (LURek argitaratua) eta oraintsu argitaratu duena: DIALEKTIKAZ ETA KULTURAZ.

Nire eskuetara orduko irakurri nuen aipatu liburu hau eta zenbait gogoeta sakon sorterazi zidanik ezin uka. Benetan saiakera sakona dela uste dut oraingo hau. Osaren liburua gure barne bizitza ixileneraino sartzen zaigu.

Gehienok, gogorik onenaz euskalgintzan ari garenok ere, gure horretan buru-belarri ari garelarik, maiz galdu egiten dugula esango nuke geure nondik norakoa, gure planteamenduen oinharria: Kapitalist egitura batetan ari garela eta, erne ibili ezean, bere jokoan itoko garela. Nik Osaren liburuaren eginkizuna bi galdera hauetara lotuko nuke:

— Zu, euskalgintzan, herrigintzan edota beste edozein gintzetan ari zarena, ba dakizu ZERTAN ARI ZAREN?

— Geure lantxoetan ari garenoi: Badakizu NONDIK NORA ari zaren?Ei ote duzu saihestu zure oinharri bidea!

Beraz, euskalgintzan, herrigintzan, arte eta literaturgintzan eta batipat irakaskuntzan diharduen orok kontutan hartu behar lukeen liburua deritzat E. Osaren hau, ikuspegi zorrotzez salatzen baitu gaurko kultur egoeraren akatsa eta norabidea.

Lehen partea, bereziki, irakurgaitz gerta dakioke norbaiti, filosofia landan ari baita Eusebio. Bainan halaz ere, exenplu bizi, argi eta adierazkorrik ez zaio falta.

Gure egoerari (euskal egoerari) gagozkiola, zezenari adarretatik heldu diola uste dut eta planteamendu sakonik egin ere bai. Agian, azken parte hau motzegi, laburregi gertatzen dela uste dut. Beharbada hobeki eta zabalago arrazonatu behar zuen euskararen erabilkera eta beronen ondorioak. Dudarik gabe azken parte hau izanen zaio kritikatuena, sutsuena eta amorratuena, gaizkien ulertua eta gaizkiago erabilia. Eusebiok ondotxo daki hau eta berak kontseilatzen du irakurlea sarrerako hitzotan:

"(Burgesia, langilegoa, klase burruka, dialektika eta horrelako hitzak entzuteaz bakarrik tripako minez jartzen denak ez beza irakur liburu hau, ez baitut nahi horrenbeste sufri dezan!)".

Egia biribilak esan ditu. Ez du erdi-ipurdika hitz egin. Ez dio gaizki ulertua izateko bildurrak mihia lotu. Eta ez dut uste ere inor amorratzeko eta izorratzeko asmoz idatzi duenik. Elkar hizketa probetxagarririk sor daitekeela uste dut planteamendu honen inguruan. Beraz, norbaitek zerbait argiago eta zuzenagorik balu, guztion onerako esan lezan eskatuko nioke.

Liburua irakurri ondoren, haseran duen argitaratzeko bildurra guztiz deseginda gelditzen dela uste dut, ongi merezia ez ezik benetan mesedegarria izanen baita saiakera hau argitaratzea. Milesker KRISELU argitaletxeari eta nire lagun eta lankide Eusebiori!

Juanjo URANGA


Liburuak

Luis M. Muxika. Gizartea eta Parasozialismoa

LUIS M. MUXIKA

Gizartea eta Parasozialismoa

GERO, Bilbo 1975

 Hainbat saiaera liburu argitaratu da euskaraz azken urteotan; baina gutti dira komentatzen ari garen honek besteko gai garrantzitsu eta idaztankera errazik duten liburuak. Eta honek zera frogatzen digu, halegia, gai interesgarriak idazteko ez dagoela esaldi astunera jo beharrik, batez ere euskaldunon alfabetatze maila gorago ez dagoen bitartean. Hau lortzea, alde batetik, gure eskuetan dago eta bestetik Gobernuek emango dizkiguten legeetan. Ikusiko dugu Espainiak gaur estrenatu duen Erregek zer egiten duen euskararen alde. Baina telebistatik oraintsu entzun dizkiodan hitzak egia bilakatzen diren bitartean, lanean ekin beharko diogu bakoitza bere aldetik, eta ni Muxikaren liburua komentatzen.

Bere liburuan, Muxikak gizartearen joera ideologikoak azaltzen eta aztertzen ditu, mendez mende. Gizartearenak esan ditut eta oker esan, zeren Mendabaldeko Estatuak aipatzen ditu soilik, eta ez Ekialdea eta are guttiago Asia eta gainerako kontinenteak. Eta nola Mendabaldeko historian Kristautasuna oinharrizko zerbait izan den, kristau fedearen eta Elizaren gorabeherak aztertzen ditu bereziki.

Has gaitezen lehenengo kristauekin, hau da, Kristautasunaren ideia eta sua bizien eta garbienik sentitzen zituenekin. "Fededun izatea, norberaren ogasun eta aberastasunak lagunen artean banatzean zetzan". (37. horr.). "Dudarik gabe, Eliz Guraso batzuen literaturak demagogia radikal baten kutsua daduka, baina ez da demagogia, ebanjelioaren funtsezko eskabidea baino". (40. horr.). "Fedearen eskabidea hau da: kolektibitatearen zuzentasuna eta zoriona bilatzea. Alaparatzailea, dirugosetia, aberatsa lapurra da". (42. horr.). Gauza batetaz partikularki jabetu garenean, ahora "nere" eta "zure" hitzak zozoki etortzen zaizkigunean sortzen dira anaiarteko burrukak, ezinikusiak eta gorrotoak. Horrengatik, denen jabetza pribatua baino berezkoagoa da (Epis. I ad Timot. Homl. XII) "(43. horr.). "Bestalde, limosna bera ez litzateke elkartasun seinale... Diruaren elkarkizuna limosnarena baino lehendikoa da". (44. horr.). "Jainkoak denei lurzabal bat bakarra azaldu zien. Nolatan, bada, lurra denena, hots, kolektiboa izanik, dituzu zuk lur zatiak, eta harek lur kozkorrik ere ez?" (Homl. XII-3-4. MG. 62, 562)". (44. horr.). "Naturak eskubide komuna sortu zuen, eta lapurkeriak eskubide pribatua". (48. horr..). "Bestalde, lehenengo kristau komunitateen eredua, zeharo komuna zen; ogasunak salduz gero, haien balioa apostoluei ematen zitzaien anaien artean banatzeko. (Ps. 131,5. ML 31, 1718)". (51. horr.).

Liburuan zehar horrialdeak pasatuz ikus ditzakegu nola Erdi Haroa aurrera zihoalarik kristau pentsakera aldatuz doan eta berarekin Mendabal Europako bizimoldeak. Estatu handiak sortzen ari dira, guduek dirua eralgitzen dute, batzuek gehiegi aberasten dira. Harrokeria ere hedatzen da eta katedrale handiak altxatzen. "Gotikoaren handitasuna eta harrotasuna ez daitezke konpreni burgoetako jendearen lankidetasunik gabe" (160. horr.). Hau da, hiri zahar batetako monumentu bat ikusten gaudenean pentsatu behar dugu batez ere hura altxatu behar izan zuen jende umilean. Baina aldakizun hau ez zen egin burrukarik gabe. Ba zegoen oraindik lehen kristauen pentsamoldeei atxikitzen zitzaionik. "Naturaren legez, gauza guztiak komunak dira (Decrt. Grat. I, dist. 8, 9). Grazianok, honetan, Erdi Haro Beheko Eliz Gurasoen dotrina eta erakusketak reflexatzen ditu". (164. horr.).

XIV eta XV mendeetan Eliza zeharo aldaturik ikusten dugu: "Orduko Eliza osatuegia, organizatuegia zegoen, gainera, arras aberatsa eta indartsua. Apostoluen Eliza, ordea, guztiz umila eta pobrea zen." (215. horr.). "Ondorio bezala, kanpotiko egintza guztiak, limosna, baraua, erregelak, sakramenduak, etab. hipokresia ziren. Fedea da, barren mugimendu gisara, beharrezkoena salbatzeko". (215. horr.). Garai haietan Wiclef-ek liburuetan zioen "lur jabetza komunak ebanjelioaren izpiritu nagusia adierazten du" (215. horr.), baina Elizak "Bohemian elizlurretan 50% zedukan". (216. horr.). Garbitasuna nahi zutenek protesta egiten zuten eta "sarritan, protestaren gidariak fraide eta jakintsuak ziren". (220. horr.).

Zifra interesgarri batzuk kopiatuko ditut. XV mendean: "Gaztelak garai honetan 700.000 lagun inguru daduzka. Kataluniak, berriz, 300.000 biztanle bakarrik, eta Nafarroak 100.000 inguru. Hurien demografia eskasa da: Bartzelonak 35.000, Sevillak 100.000, Salamancak, Valladolid-ek eta Cordobak 18.000, Medina del Campok 10.000 inguru". (227. horr.). Baina "Katoliko anitzen bizitza ebanjelio gogotik urrun zegoen". (230. horr.). "Dirugosea nahasturik dago edonon. Adibidez, Espainian Elizak nazio guztiko errenten hirurrena daduka eskuetan eta Alemanian lurretan hirutatik bat gotzaiena eta elizgizonena da". (230. horr.). "Giro eta eliz krisis garaian sortzen da Savonarola fraidearen abots ikaragarria; bera zorrotza da, eta elizaren zabarkeria eta handinahia salatzen ditu. Hainbeste urre, zilar eta pitxi ez da gauza egokia eliz jantzi eta tresnetan. Fraidearen salaketa ez da guztien atseginezkoa, eta Savonarola erre egiten dute sasifededun gisara". (230. horr.).

245. horrialdean hasten da Inkisizioaren historia belgurgarria. "Espainiako inkisizioak bide berezia egin zuen. Historiagile askoren luman, espainiar inkisizioaren gain, krudel fama izugarria eroriko zen, Europan zehar". (241. horr.). Jarraitzen diren 35 horrialdeetan, inkisizioaren gehiegikeriak azaltzen dira eta nolako torturak erabiltzen zituzten goikoek kristau faltsutzat zeuzkatenen kontra. Biziki interesgarriak dira azken horrialde hauk eta gure aldizkariaren irakurleei gomendatzen dizkiet, ikus dezaten nola munduan ez dagoen gauza berririk. Honetaz hainbat nota hartu ditut baina, lan hau gehiegi ez luzatzeagatik, ez dizuet kopiatuko. Gainera, urrengoan J. B. Etxarren Lohigorri-ren "Huarte, Hator Etxerat" komentatuko dut, eta hemen ere Inkisizioaren aldrebeskeriak zehaztasun handirekin aipatzen direnez, orduan lotuko natzaio gai honi.

Xabier Gereño


Postaz etorriak

Bilbotik, 1975eko 10aren 25a.

 ANAITASUNA posible egiten duzuen guztioi:

 Mila esker eta segi aurrera! Ni, aldizkaria noiz irtengo, irrikitzen egoten naizen horietako beste bat naiz. Eta aldizkariarekin batean, komikiaren zain ere egoten naiz, noski. Komikiari buruz hau esanen nuke: biziki ongi pentsaturik dagoela, bertan aurki baitezakegu irriparño bat egiteko abagadunearekin batera gure kultura hobeki eta gehiago ezagutzeko aukera. Baina, niretzat, komikiaren balio handiena eta garrantzitsuena, gure euskal kulturan bide berri bat izatean dago, hots, kultur bide berria eta garrantzitsua dela.

Uste dut une hontan ditugun ahalbideak aztertu behar direla, eta hauen mugak jakinik, ahal den neurri haundienean, ahalbide horik praktikara eraman behar direla, ditugula.

Mailak igo behar ditugu: aldizkari, komiki, TBO, egunkari, irrati, telebista, zinema... Baina gaurko egoeran maila batzu zail, oso zail, gertatzen zaizkigu, kanpoko nahiz etxeko arrazoin batzurengatik. Baina komikiaren maila posible dela uste dut. Maila hortatik begiratuz, zera ikusten dut: oraindik lan asko egin behar dugula denok alfabetatze mailan, euskalduntze mailan, euskara batua irakaslearen mailan; horrela jende gehiago komikiaren mailara igoteko, eta honela jokatuz, beste maila nagusietarako gertu egon gaitezen.

Beraz, komikiari balio inportante hori ematen diot, hots, bultzagarri izatea.

Euskaldun guztiok komikiaren zain egotea, euskara batua jakitea, hori da komikiak, ANAITASUNAk, euskara batuak, Euskal Herri batuak bultzatzen gaituenon lana eta nahia.

Komikiaren marrazkilariei eta gidoilariei ere aupa bero bat esanen diegu.

 Eta ANAITASUNA eta bertako komikia aurrera jarrai dezatela esanik, beren lehenago esana errepikatuko diet: Mila esker eta segi aurrera!

 Barka nire ortografi hutsegiteak.

 Zuon irakurle seguruak,

Iñaki

***

Eibarren, 1975-XII-2

Agur lagunok:

 Komikia buruz idazten dizuet, zeuen eskainia betetzeko.

 Lehenbizi esan behar dut, ondo ikusten dudala holako inkestak, aldizkaria ez okertzeko.

 Nik 21 urte ditut eta euskara ikasten ari naiz. Nire ustez komikia umeentzako da, orduan haurrek ere badute beren lekua aldizkarian (nire ustez aldizkaria denontzako izan behar da) eta alde hortatik oso ondo dago. Nik ere pozik irakurtzen dut gure lagunen arriskuak, euskara ikasteko bide ona dalako eta baita ere nire haurtzaroaren asmoak gogoratzen zaizkidalako. Beste aldetik, ondo ikusiko nuen 305. zenbakian bezalako "txisteak". Askenik eta amaitzeko gaurko egoeran hobe izango zen komikia beste bi orri edukitzea, gure haurrek gehiago ikusteko eta ikasteko, gure etorkizunen gizonak direlako.

Barkatu nire "faltak". Oraindik ez dakit ondo euskara eta.

 Segi aurrera,

Mitxel Sarasketa

***

Amezketa. 75-XII-4

Kaixo!

 Ni Amezketarra naiz eta Ana Feli dut nere izena. Komikia asko gustatzen zait. Hamalau urte dauzkat eta Ikastolan nabil. ANAITASUNA irakurtzen dut eta gustatzen zait, baina, batzutan honen euskera zaila egiten zait ulertzen.

Hobe litzake komikiak orrialde gehiago balituzke. Zenbakia ere jarri behar luke, bestela nahastu egiten ditugu. Eta nere gustokoa izango litzake, baita, margotuta balegoke.

Besterik gabe, agur eta hurrengo arte

Ana Feli

***

Ataun, 75-XII-4

Kaixo!

Ni Ataungo Arantza naiz. Hamabost urte dauzkat. ANAITASUNA irakurtzen dut, eta, baita komikia ere eta asko gustatzen zait.

Nere lagunek ere irakurtzen dute ANAITASUNA eta KOMIKIA. KOMIKIA gustagarri zaigu, batezere AIMARen historia.

Hobe izango litzake Euskera errezagoa balitz. Batzutan zaila egiten zaigu ulertzen. Luzeago balitz hobe.

Batzutan komentarioa ateratzen da lagun artean: ulertzen zaila egiten zaigula. Ulertzen ez duguna gure anaia edo lagun haundiagori galdetzen diogu.

Baita, hobe litzake ale bakoitzak bere zenbakia baluke, ordenan jartzeko.

Eta honekin bukatzen dut nere eskutitza. Agur eta beste bat arte.

Arantza

***

Donostia, 1975-XII-19

Kaixo jaunak:

Geure eritzien eske zatoztenez gero, neuk ere emanen dut neurea ahal dutan moduan.

KOMIKIA, egun, haurtxoentzat egin den gauzarik pollitena da eta arras interesgarria da benetan ikas dezaten Euskal Herri zahar honen historia geuk inolaz ere ikasterik izan ez genuen kondaira, geure-geurea. Gainera atsegin zait eta pozgarria da Euskara batuan egina delako, zeren eta horrela biharko lana aurreratzea delako ere. Nik uste dut, ez dela eztabaidarik sortuko inoiz, haurtzarotik EUSKARA ikasten dutela naizta iñozo bat edo beste arrantzaz ihardun.

Gauza gehiago ere esanen nituen, eduki bainuen trebatasun apur bat idazteko, baino hori eta euskal erdi-analfabetoa naizenez gero, ezin denak erdietsi batera. Barkatu ortografia eta gainerako hutsegiteak.

ANAITASUNA zale purrukatua naiz eta gura nuke astekari bihurtuko balitz.

Gora EUSKALTZAINDIA!

 Gora Euskara batua!

 Gora ANAITASUNAKOAK!

 Gora ANAITASUNA!

Santos Zinkunegi

***

Aizarna, 75-XII-22

 Gu gera iru anai-arreba, Mari Conchi, Amaya eta Xabi. Oso gustokoa zaigu Heidi ipuin. Aurtengo erregeri, Heidi ipuia euskeraz jarrita dagoena eskatzea pentzatzen degu. Guk ez ditugu ezagutzen Bilboko erregeak baino zuek bai. Gure partez zuek eskatu eiezue eta bidali guri renbolsobidez mesedez.

Agur eta urrengo urte arte zueri eta zuen erregeri.

Conchi - Amaya - Xabi

ANAITASUNAren oharra: Ikus dezakezuenez, hartu dugu zuen idazkia, baina tamalez ahaztu egin zaizue zuen helbidea ipintzea. Erregekin hitz egitekotan, eta "Heidi" liburua lortzen badugu, nora bidali behar dizuegu? Esan, mesedez.

***

 36 achurch Street,

St. Albans,

 Hertfordshire, AL3 5NQ,

Ingalaterra

 1975eko abenduaren 19an

 Zuzendari jauna, agur!

 Anch'io son —lettore. Ni ere ANAITASUNAko irakurle bat naiz, hiztegiaz. Baina ni 63-urteko ingalandar bat naiz. Zuen KOMIKIA asko gustatzen dut, eta nire ustez jarraitu behar litzateke. Es tanto chistoso como saludable. (Nire Euskera hil zait!) Baina lehen bibliotekari nitzenez nik ere 'ale bakoitzak bere zenbakia eduki behar lukeela' uste dut.

Abonamendu berri bat eta benturaz interesgarria izanen zaizkizuen nire agertzeko liburuaren froga-horri batzu bidaltzen dizkizuet.

Biotzez:

Geoffry Allen


Hizkuntza

 AFERA, arazo, asunto.

AHO, filo; aho biko ezpata: espada de dos filos.

 AITZINEKO, aurreko.

 AMERIKANO, indiano.

 APAILA(TU), presta(tu), gerta(tu), preparar.

 ARRISKUGARRITASUN, peligrosidad.

 ASMA(TU), (1) idear, -ado.

 ASMA(TU), (2) acertar, -ado.

 AURREPROJEKTU, anteproyecto.

BALIAKIZUN, recurso.

BALIATZAILE, aprobetxategi, oportunista.

BANAPEN, distribución.

BARNA(TU), profundizar, -ado.

BARNE GUDU, guerra civil.

 BEHARGIN, langile.

 BEJONDIELA, on egin diezaiela, on dagiela!

 BEREGAINKI, bereziki, especialmente.

 BIDE, beharbada, nonbait.

 BIDELAGUN, bidaide, compañero de viaje.

 BIRGOGORA(TU), recordar, -ado.

 EGINKORKI, aktiboki.

 ERRENTAGARRITASUN, rentabilidad.

 ERREPORTAIA, reportaje.

 ESKAKIZUN, reivindicación.

GOIENKALE, Bilboko kale bat, erdaraz Somera deiturikoa.

HAREATZA, Bilboko Arenalaren euskal izen jatorra.

HEGOAR, habitante del sur.

 HUSTIRA(TU), hurrupa(tu), explotar, sacar el jugo, -ado.

 IPARTAR, norteño, nórdico.

 KAI, muelle de un puerto.

 KANTZER, minbizi, cáncer.

 KARRAKA(TU), rascar, dragar, -ado.

 KAUSI(TU), aurki(tu), topa(tu).

 KOLONIAKUNTZA, colonización.

 KUDEATZAILE, gestor, administrativo.

 LEHENTASUN, primacía, preferencia, prioridad.

 MEKANIKAPEN, mecanización.

 MENTALIZAPEN, mentalización.

 MERKATAL BANAPEN, distribución comercial.

 MOLDAKOI, acomodaticio.

ORIENTAPEN, orientación.

 OROKONPONTZAILE, arreglalotodo.

PETRIKILO, curandero, matasanos.

POSTA KALEA, Calle Correo, Bilbo Zaharreko kale bat.

PRESTAKUNTZA, preparación, formación.

 PREZESKI, hain zuzen ere.

 PROGRAMAKUNTZA, programación.

 SATSUKARI, producto contaminante.

 SENDAPEN, curación.

 SINESGARRITASUN, credibilidad.

 SUFRE, azufre (S).

 TINDAKARI, tinte.

 TONELAIA, tonelaje.

 TXOTXONGILO, títere, marioneta; gobernu txotxongilo: gobierno títere.

 TXUNDIGARRI, asombroso, apabullante.

 URTZAGINTZA, (taller de) fundición, fonderie.

 UZTAMAKINA, máquina cosechadora.

 ZINKURINALDI, rato de lamentaciones y suspiros.


Hizkuntza

Errege hitzaren deklinabidea

 Aspaldion Euskal Herriaren gainetik erregerik egon ez delarik, ez da harritzekoa euskaldunok hitz honen deklinabideaz ahanztea. Gaur egun, euskaldun gazte gehienek ez dakite hitz horren deklinabidea nolakoa den. Horregatik, nahiz eta aldizkariren batetan ongi deklinaturik aurkitu ukan dugun, beste zenbait komunikabidetan (aldizkari eta irratitan) gaizki deklinaturik heldu zaigu.

Duela lauzpabost urte, Sustrai Bila deituriko liburuan, Larresorok (ikus 52. horrialdea eta hurrengoak) garbi azterturik utzi zigun arazo hau. Dena dela, ongi dagoke arazo hori birgogoratzea; eta oraingo egoera hontan hitz hori behin baino gehiagotan erabili beharko denez gero, egoki ikusi ukan dut deklinabide hori hemen argitaratzea.

Esan dezagun aurretik, Hitz hori izen propiotzat hartzen dela, eta, beraz, mugagabe bezala deklinatzen dela. Honela, hain zuzen:

 KASUA

 Nominatiboa errege

 Ergatiboa erregek

 Datiboa erregeri

 Genitiboa erregeren

 Instrumentala erregez

 Inesiboa errege (ren) gan

 Direktiboa errege (ren) gana

 Deklinatze modu honen frogak eta adibideak lehen aipaturiko liburuan aurki daitezke. Eta ez pentsa, hori euskalki batetako bitxikeria bat denik, zeren han agertzen diren adibideak euskalki guztietakoak baitira.

Gauza berbera gertatzen zaio, familiartasun kutsua duen zenbait hitzi. Hauen artean, ondoko hauk aipa ditzakegu: aita, ama, izeba, osaba, eta beste.

J. R. Etxebarria


Urrezko astabelarriak

Urrezko astabelarriak

 Sail honetan euskaraz —sarritan borondaterik onenaz— gaizki idatzitako hitz eta esaldien anthologia bati ematen diogu hasiera, okerra salhatu ondoren, nola idatzi behar den ongi adierazirik. Irakurleak eskua du, noski, bere ustez goiko titulurako merezimendurik aski duten txartel edo eta eskribuak hona bidaltzeko. Argazkiak ere argitara emanen ditugu.

***

Bilbotik Zornotzarako bidean, Erletxeak iragan ondoren, CORTEDER'A izeneko gasolindegi bat dago. RR utzi eta K ipini beharrean, R' ezarri eta C bere horretan utzia digute. Horren kariaz, ale honetako astabelarriak gasolindegi horretan izen hori hola idatzerazi zuenari eskaintzen dizkiogu bihotz bihotzez. Ea hurrengoan KORTEDERRA irakurtzen dugun.