ANAITASUNA

304. zenb.

1975.eko urriaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 450 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.

Posta kaxa 495. Tel. 237449.

INPRIMATZAILEA:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10

D. L.: BI. 1753-67.


Nora goaz? [Zentsuratua]

Euskal Herriaren historiak garai ilun eta larri asko ezagutu du, «Domuit vascones» (euskaldunak garaitu zituen) hura sarritan idatzi izan da errege eta militar gidarien kroniketan. Ez «Wisigotuen» garaian bakarrik, bai eta «Frankoenean» ere. Baina behin eta berriro garaitua izateak, Herri baten azpiraezina adierazten du.

Azken urteotan hil diren Euskal Herriko semeak ugari dira: burruka baten aldarean hil direnak, halegia. Atzerriratuak eta espetxeratua, berriz, milaka. Milaka dira, beraz, beren senideen gain nigar egin dutenak. Baina aspaldiko urteotan jazo gabekoa, orain dela egun gutti gertatu da: Espainiako militarren hauzitegiak bi euskaldun heriotzara bota ditu eta goiz triste batetan garbitu dituzte Estatuaren indar harmatuek. Urrats* bat izan da hori Euskal herriaren azken urteotako historian. Bi euskaldun hauek burutu egin dute, lehengo espetxeratuak nahiz heriotzara kondenatuak izan diren guztiek egindako bidea.

Tristurazko, haserrezko eta ukapenezko hitzak, manifestazioak eta boikotak gertatu dira, aste asaldatu* batean, Europan eta munduan zehar, Espainiako Gobernu eta Erregimenaren aurka. Europako Gobernu gehienek beren enbaxadariak etxeratu dituzte. Azkenik Europako Ekonomi Elkarteak (EEEk). Espainiarekin ekonomiazko akordioa berritzeko zeramatzan elkarrizketak eten egin ditu, Portugali egun berean finantzazko laguntza oparoa eskaini dion bitartean.

Euskal Herriak ez du asaldatzerik izan. Bere beldurra, nigarra, baretasuna eta kemena... dena batera ixiltasunean agertu du: elizetan, kaleetan, lantegi hustuetan. Eta horrela, baretasun hortan, bere itxaropenaren deia egin du. Europan nahiz Espainian bota diren oihuek ez dute, Euskal Herriak agertu duen ixiltasun baretsu eta kementsuak adina balio. Azkenean geure esperantzaren berri guk geuk eman beharko dugu, eta guk geuk urratu beharko Euskal Herri berri baten bidea.

Gogorkeriaren bidetik ari den edozein talde ezkertiarrek eskuindarren jokoa jokatzeko arriskua du, hauek, beren interesak galtzeko zorian daudela ikustean, burua bera galtzen baitute eta probokazio eta mendeku* hutsetara jotzen, herriko jendea eta populu langilea bost axola zaielarik. Horregatik ezkertiarrek oso kontuz ibili beharra daukate, eskuindarren energumenokerian ez erortzeko* eta horien jokoa ez jokatzeko.

Honen guztionen aurrean, indar moral, politikazko, kulturazko eta erlijiozko guztiak galdera hauxe egitera biltzeko ordua dugu: Nora goaz? Ordua da, geure arteko txikikeriak eta txokokeriak alde batera uzteko, eta Euskal Herria benetan hartzen duten indar guztiok bat egiteko. Une larria eta garrantzizkoa dugu oraingo hau. Talde bakoitzak bere taktikari eta estrategiari aurrenik eta derrigorrez* eutsi beharrean, euskal herri langilearen beraren bizitzari eusteko ordua da. Denok une batez Euskal herri berri eta euskal gizarte berri bat nahi dugula aitortu beharrean gaude, eta Herri eta gizarte berri horik bideratzeko elkarrekin batu beharrean.


Iraun!

Gutako bakoitzak, behin baino gehiagotan galdetu dio bere buruari: egoera larri hontan zer egin? Zer egin behar dut? Zer egin genezake? Gure ustetan, orain bizi dugun hau ere holakoetakoa da, larria. Gainera, irakurleak aldizkariaren zenbaki hau eskuratzen duenerako, ez dakigu zernolako girotan murgildurik aurkituko garen.

Guk ere —eta nik neuk orain zeuon aurrean—, dugun egoera kontuan edukita, zer egin? galdetzen diogu behin eta berriz geure buruari. Hontan hiru jokabide izan daitezke: iraun, erre, etsi.

 ETSI? Jokabiderik erosoena litzateke. Koldarrena ere bai. Zergatik etsi? Esperantzarik gabekoena da etsitzea. Etsituta, ez da deus berririk, ezer handirik eta iraunkorrik eraikitzen.

 ERRE? Ekintza gogor batekin, kolpe gotor baten bidez, egoera bat bortxatzea litzateke. Eta, etengabe behartuz, lehertzapena lortzea. Ba dakigu, bai, nork bere buruari eta egoerari «su ematea», aise miretsi egin ohi duela jendeak.

Baina, geure mailan eta geure kasuan, jokaera horri ezin diogu guk eutsi. ANAITASUNAren zenbaki bakar baten paper piloarekin batera erreko ginateke geu ere.

 IRAUN! Irautea erabaki dugu, muga mugan irautea. Aspaldidanik ikasi dugu iraupena estimatzen.

Kazetagintzan ibiliz, etsitzea gure barnearen aurka doa. Erretzea ez dugu eraginkor ikusten. Oraindik ere irautea nahiago izan dugu.

Geure aldizkariaren ahalmenak eta mugak ongi ezagutzen ditugu, eta ba dakigu —hobe ez!— buztinezko zangoak ditugula. Ez guk eta ez zuek ezarritako joko arauak, bestalde, haintzat hartu behar ditugu.

Egoera hontan, bada, eta irautearren, ahal daitekeenaren mugaraino joaten ere ez gara sarritan ausartzen. Eta, beste batzutan, horrialde hontantxe agertu behar zuen editorialarekin bezala, mugak harantzago daudelakoan aurrera goazenean, «geldi hortxe» oihukatzen digute.

Horregatik, irakurleak ulertuko ahal du gure jokabidea! Irautea hautatu badugu, irakurlearen onerako delakoan egin dugu.

Joan Mari TORREALDAY


Irakurleak idazle

Zorionak ANAITASUNAri

Adiskideak!

Neroni arras* egokia zait ANAITASUNA. Euskara batuaz ongi baliatzen zarete. Bide beraz, horren alderako saila* ederki laguntzen duzue, guztiz* hiztegiari esker.

Berriak xeheki emaiten dituzue; bereziki iparraldekoak, zabal zabala. Hemengo probintzien garrantziari emanik, nasaiegiak,* ugariegiak litezke... Baina ez dut hortaz pleinitzerik.*

Gai zabalak eta herriarteko berriak ere asko estimatzen ditut.

Baina, baina... hemengo herri xehearentzat ez ote da zailegia, behinbehinko,* euskara batua? Eta halaber* artikulu askoren mamia? HERRIA du irakurtzen, den gehienetik, hemengo jendeak.

Hargatik, euskaltzale eta guztiz abertzale «ikasien» artean, arrakasta* izaten ahal luke, agian,* ANAITASUNAk. Nire ustez, berrogei urtez peko* intelektualen eta koadro ttikien artean duzue zerbait eginen.

Periodikotasunaz ba nuke zer erran. Berant etortzen zait, askotan, ANAITASUNA. Batzutan, batere ez, Baina hori zuen gain eman behar ote da? Ez dut uste.

Haz bi hitz. Hemen, beharrezkoak ez diren H guztien kendu beharrez ari gara. Zuek, aldiz,* behar diren tokietan emaiten. Arras ongi. Baina ni beldur, guk gehiegi kentzen dugula, eta zuek, berriz, gehiegi emaiten.

Hala nola, Haren mintegia dugun iparralde hontan, betitik üstiro, ildo, ibai erran eta idatzi da: ez hüstiro,* hildo, hibai. Beraz, uste dut, hitz horik H gabe hartu behar ditugula.

Sail berean, ala eta hala usu* nahasten dira, ANAITASUNAn ez dakit, baina hegoaldeko idazki batzutan, eta orain iparraldeko batzutan ere. Aldiz, oso desberdinak dira bi hitz horien erran nahiak: alaedo; halabezala.

Zorionak ANAITASUNAri. Izan ongi, adiskideak.

J. L. DAVANT

Abonatu berriak

Agur, adiskideak!

Zuen azken bolada* hontako bidea oso gogokoa izanik, eta ikusiz zein beharrezko den Euskal Herriarentzat, daduzkan aldizkari serio xamarrak indartzea, ahal dugun neurri tipian zabaltzeari lotu gatzaizkio.

Horrela delarik, aldizkari horren abonatuak izan nahi duten, Kolegio hontako euskaldunen izen zerrenda igortzen* dizuegu hemen.

Ordaintzeko biderik onena jakin eraziko diguzuelakoan gelditzen gara. Besterik gabe.

Iñaki X.

(Ondoren 13 gazteren zerrenda dator.)

Holako abonatuak ditugun artean, ANAITASUNAk arrera eginen du, ez zalantzarik izan. Biba zuek.


"Iberia Express"

Politik Alderdi Liberal bat Espainian?

Espainiak geroz eta politik elkarte gehiago ezagutu ahal ditu: lehendabizi legezkoak diren «asoziazioak» (denak Mugimenduaren barnean, noski); bigarren, legez kanpokoak edo legearen kontrakoak bezala aipatu ohi direnak (PSOE, PC, MC, ORT, FRAP, eta abar); eta azkenik, legez kanpotik dauden eta konstituzio aldaketa bat eskatuz ageri diren taldeak. Azkeneko hauk* oso bitxiak izan ohi dira. Izan, badira nolabait. Bizi, bizi dira nolabait. Izan, ba dira. Eta izan, ez dira. Honelako elkarte bitxiok noizean behin beren deklarazioak ere egin ohi dituzte, eta, zorte pixka batekin, egunkarietan irakur daitezke semielkarte hauen eritziak.

Liberalen Nazioarteko Kongresuan parte hartu du oraintsu, etorkizunean Espainiako Herritar Alderdi Demokratikoa izan litekeen talde batek. Portugaleko «Partido Popular Democrático»aren antzekoa izango omen da. Espainiako Herritar Alderdi Demokratiko horren gidari izan litezkeen gizonak hauk ditugu: Trias Fargas, Jaume Casanovas, Sendrós, Jaume Carner, Salvador Millet i Bel, Ignaci Camuñas eta Carrascal. Liberalen Nazioarteko Kongresua Edinburgon egin da, eta Camuñas jauna izan da, Espainiatik hara joan diren ordezkarien* buru.

Camuñas jaunak azaldu dituen eritzietatik eta informakizunetatik, jakingarrienak jasotzen ditugu. «Kongresuan bilduko diren alderdiekin dugun hurbiltasunagatik goaz Edinburgora. Eta bigarren, egunen batez gobernabide demokratikoren batetara iristen* baldin bagara, Europako joko politikoan sartu beharko dugulako. Izan ere, politik alorrean oraingoz nazioarteko lau alderdi haundi daude: komunistena, sozialistena, kristau demokratena eta liberalena. Eta ez komunista, ez sozialista eta ez kristau demokrata ez garenok elkarrekin harremanak izatea bidezkoa iruditzen zaigu; eta, hain zu«n, oso egokia da, hurbilen gertatzen zaigun nazioarteko taldearekin biltzea. Nazioarteko liberalekin gaude, beraz».

Espainiako liberalek egin duten aukeraren arrazoinak agertu ondoren, haien ideologiaren eta programen berri ematen du Camuñasek. Zer defendatzen dute liberalok (edo liberal talde honek behintzat)? «Funtsean, politik libertateak eta joko demokratiko baten iraungarritasuna. Ekonomi, kultur eta gizarte oinarri berdin batzu ezartzen ez baldin badira, ez da posible izango benetako libertaterik. Eta egiazko berdintasuna daramakeen libertate hau gabe, joko demokratikoak ere ez du etorkizunik ukanen*».

Nola has, ordea, askatasun politiko horien moldaketa? Nondik nora antola egoera eta bizibide demokratiko bat? «Konstituzio berri bat sortzeko epe bat irekiz. (...) Denen arteko hitzarmen* baten bidez, bakezko eta mailaz maila eramango den denboraldi konstituziogile bat hasi behar da. Hauxe izango litzateke demokraziarako erarik egokiena».

Helburu eta ideia horik* gogoan izanik, ea alderdi politiko bat sortu nahi duten galdetu diote Camuñasi. Erantzuna oso zuzen etorri da: «Egunen batetan partidu politikoak edukiko ditugula uste dugu. Halaxe izan beharko luke behintzat; eta lanean ari gara, hori legezko izan dadinean, Herritar Alderdi Demokratiko bat izan dezagun».

Camuñasen ustez, Espainiaren etorkizun politikoaz baikor* izan daiteke. Baina, irtenbide demokratiko bat erabat* mamitu aurretik, unada* nahiko larria iragan beharko dugu.

Oreja Agirre jaunaren aitorpenak

Berrikitan* Oreja Agirre jaunak egin dituen azalpenak jakingarriak izan daitezke gure irakurleentzat. Horregatik jasotzen ditugu hemen.

Oreja Arregi FEDISAren barnean dago orain, eta politik «asoziazioetatik» kanpo egin nahi du politika. Jokabide horren arrazoina 1974.eko abenduan eman zuen Kontseilu Nazionalaren aurrean. «Ez du zentzurik, politikarako, asoziazioei eman nahi zaien eginbide hestu hau onartzeak, espainol askori ez baitzaio lekurik emango politik alorrean».

Orejaren ustetan, espainol guztiei berdintasun osoa eskaini behar zaie. Politik asoziazioen arteko epaile egoki bat behar da: ez Kontseilu Nazionala, nazioko Goi Tribunala baizik. Kontseilu horrek orain artean eraman duen jokabidea oso murritza* da. Batez ere probintzi eta udal* mailan ez du jokatu komeni zen eragipenarekin*. Bukatzeko, azken legeak (ANAITASUNAk argitara eman ditu lege horren artikuluak, 302. zenbakian) argitalpen eta egunkariei ezarri dizkien baldintzak aipatzen ditu. Ilunegiak ikusten ditu Oreja Arregik 10. eta 19. artikuluak.

Don Quixotek Santxori: «Elizarekin egin dugu topo»!

Urteak daramatza* Espainiako Gobernuak, Elizaren jokabideak zuzendu nahiz, Elizarekiko harremanak nolabait konpondu guraz*. Izan ere, aspaldiko Konkordatu zaharra oso baitago zaharturik.

Gizartea eta beharkizun* politikoak, harez gero, oso aldatu dira. Elizaren barne bizitza ere Kontzilioaren bataio berritik pasatu da; eta ezinezkoa da, dagoeneko*, behin betirako joan ziren uretan igeri egitea. Nondik nora jo?

Elizgizonen pentsamendua oso irristakorra* omen da. Eta, hitz egiteko aukera igandero izan ohi dutenez, ez dira isiltzen. Entzun dugunez, bai omen da hor nonbait, apezen hitzaldien gain etorri diren zigorren albiste zehatza eman nahi duenen bat.

Azken une larria, hil berriak direnen bost heriotzen ondotik gertatu da. Enrique y Tarancón jauna Erroman egon da, hilketa horien aurretik. Eta Aita Sainduak entzunak dituzke* Espainiako apezpikuen eritziak. Dena dela, ba dirudi, apezpikuen azken ageria* baino ausartagoa* izan dela —diplomaziaren legeen kontra— Aita Sainduaren beraren jokabidea. Vatikanoaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak, geroztik, are* ozpinduagoak* agertzen zaizkigu. Izan ere, hiru aldiz eskatu zion Gobernuari kondenatuentzako barkamena. Azkenekoz, goizeko lauretan Madrilera telefonoz deituz.

Hilketen ondoren ere ez da isildu Aita Saindua. Bost mila lagunen aurrean mintzatu zen, egin* eskabideen berri emanez. Horrela, diplomaziaren bidez isilpean esandakoak argitara ateratzen zituen. Ez da hori izan, orain artean, Vatikanoaren ohitura. Bistan dago, ausartzia* horrek biziki txunditu* duela zenbait agintari.

Ariasek telebistako hitzaldian —askok hala uste izan du— bi aldiz aipatu zuen Aita Sainduaren eskabidea. Ez zuen, noski, erregu hura* ontzat eman. Dakigunez, ofizialki Aita Sainduari buruz horrela mintzatzea orain gertatu da lehen aldiz, azken berrogei urteetan.

Egunean baino egunean atezuago* ikusten dira Gobernuaren eta Elizaren arteko harremanak. Bai ote dago inondik irtenbiderik?

Joanes GOIA


Hementxe denok

Bizkaia

Bilbo Haundia, «Eskualde Kutsatua»

Aurreko egun batez, Bilboko «El Correo Español» egunkarian, pixka bat harriturik utzi gintuen berri bat irakurri ahal ukan* genuen: Bilbo Haundia deritzan* antolakundeak «Eskualde Kutsatua» deitura eskatu omen du bere eskualderako. Harriturik utzi gintuela esan dut, eta hori, ondoko arrazoinengatik.

Batetik, populuaren eritzian Bilbo benetako eskualde* kutsatua* delako, ofizialki deitura hori ez duen arren. Alde hortatik, arazo horri, Amerika berraurkitzearen antza* hartzen diogu. Dena dela, beranduxe izan arren ere, hortaz konturatzea eta arduratzea hobe dateke* inoiz ere ez egitea baino. Beraz, poztu egiten gaitu gertakari horrek.

Bestetik, eta lehen aipatu dugun artikuluan irakurri dugunaren arabera,* deitura hori eskatu denetik emanen denerarte, luzaro itxaron beharko dugulako. Epe horren luzerak txunditurik* utzi gaitu; eta, horregatik, horri buruzko iruzkin* bat egitea pentsatu ukan dugu.

Egia da: Bilbo satsuturik* dago

Egurats* ingurua zaintzeko emana dagoen legeak (Ley de Protección del Ambiente Atmosférico delakoak) dioenez, Bilbo Haundia antolakundeak egin duen bezalako eskari bat egiteko, eskari hori zertan oinharritzen den azaldu behar da aurretik. Hau da, eskari hori ezin egin daiteke besterik gabe, hots,* daturik gabe; datuak eduki behar dira aurretik. Beraz, Bilbo Haundia antolakundeak datuak ditu.

Eta datuak aipatu ditugularik, beroriei buruz mintzatuko gara. Zenbait kazetarik salatu duen bezala, oso zaila da, Bilboko satsudur* datuak eskuratzea. Ba dira zenbait Udalek* eta enpresak instalaturiko satsudur neurgailuak;* eta berorik egunero ari dira datuak biltzen Baina nekez heltzen dira datuok informatzaileen eskuetara.

Hala ere, lantzean* behin, horrelako datu batzu* argitaratu egiten dira. Eta argitaraturiko datuok ikustean, problema hortaz kontzientziatzen hasten gara, zertxobait behintzat. Hori dela eta, ondoren eramanen dugun arrazonamendurako, horietako bi lan aipatuko ditugu.

Ihaz, Espainiako Industri Ministergoak 1973. urteari buruzko datuak argitaratu zituen (lan horri buruzko iruzkin llabur bat ANAITASUNA aldizkarionen 281. zenbakian aurki daiteke). Bertan esaten denez, 1970. urtetik gora, kontrolaturik daude Bilbo inguruko satsudur datuak. Eta, beti lan horren arabera, ba dakigu, 1973. urtean Bilboko eguratsean 10 egunetan 800 mg/m3 baino SO2 gehiago neurtu izan zela.

Oraintsu, «El Correo Español» egunkarian, aurtengo agorrilaren* 19ko datuak agertu ziren. Egun hortan, Lutxana-Barakaldo aldean, 10 aldiz neurtu izan ziren 3.000 mg/m3 baino SO2 gehiago. Egun osoa harturik, SO2 (anhidrido sulfuroso) delakoaren batezbesteko* kontzentrazioa 900 mg/m3 izan zen.

Dakigunez, eta lehen aipatu legearen arabera, aski* da bi orduz SO2 delakoaren batezbesteko kontzentrazioa 800 mg/m3 izatea, eskualde hori «eskualde kutsatua, lehen graduko emergentzi mailan» izendatzeko («zona contaminada con emergencia de primer grado», legean esaten denez).

Noiz arte itxaron beharko den

Esandakoak eta beste asko dira orainarteko datuak. Baina ikus dezagun, ordea, deitura hori lortu arte eraman beharko den prozesu edo bidea.

Lehenik, inkesta* bat egin beharko da, afektaturik geratuko diren Udaletan. Hortaz gain, sei hilabete luzetan, puntu berezietan instalaturiko neurgailuen datuak bildu beharko dira. Eta, ondoren, hainbeste pauso administratibo eman beharko da.

Datuak biltzeko behar diren neurgailuak, ordea, instalatu gabe daude oraindik. Ba da, Bilbo Haundian aurrikuste* eta alarma automatikozko neurgailu sare bat instalatzeko projektu bat. Baina, egunkarietan irakurri dugunez, beharbada datorren urteko urtarril* alderarte ez da sare hori funtzionatzen hasiko. «Beharbada» esan dut, zeren,* antza denez, ez baita gauza segurua.

Legearen barnean, sei hilabetetako neurketa horik baldintza beharrezko bezala kontsideratzen dira. Beraz, neurketa horik egin gabe, ezin joan daiteke aurrerantz. Hitz batez, Bilbo Haundiak urte bete itxaron beharko du gutienez, «Eskualde Kutsatua» deitura lortzeko.

Puntu hontara heldurik, gure harridurak ez du mugarik. Ez ote daude aurretik bildurik datuak? Ez ote daude instalaturik neurgailu batzu? Industri Ministergoak berak ere ez ote ditu datu batzu argitaratu? Zertarako balio dute orain arte bilduriko datuok? Eta beste zernahi galde.

Ene ustez, legea ez da hitzez hitz aplikatu behar. «Neurgailuak erregelamentuaren araberakoak ez direlarik, haiek eginikako neurketek ez dute deus balio» —hau esaten bide* dute, lehendiko neurketak onhartzen ez dituztenek. Errealitateak, ordea, sobera* frogatu* du instalaturiko neurgailuek diotena.

Urriaren 2a

Eta satsudurak ez du itxaroten. Bilbo gero eta satsutuago dago. Urtean urtean, xitu* egiten dira aurreko urteko satsudur markak. Satsudura eguneroko errealitate garratz eta mingarria da Bilbon.

Eta diodanaren lekuko,* hor dugu urriaren 2an gertatua. Arratsaldeko bostetatik zortzietararte, kaletik zebiltzan pertsonek, irritazio bereziak pairatu* eta jasan* behar ukan zituzten begietan eta arnasbideetan. Kitzikapenaren* ondorioz, asko eta asko hasi ziren nigarrez, eta beste askok mukizapiaz* zaindu behar ukan zuten ahoa eta sudurra. Batek baino gehiagok, leherkari* nigarrerazleren bat ez ote zen galdetu zuen.

Erandiotik Torre Urizarreraino, San Ignacio, Deustua eta Bilbo guztia satsuduraren menpean geratu ziren. Itxuraz, ez zen ezer berezirik somatzen eguratsean; beti bezala zegoen. Baina txarrena ez da hori. Antza denez, egoera berberori beste zenbait alditan ere gertatu da, oraingo hedadurarekin* izan ez bada ere.

Ondorioak

Ene ustez, Bilbo guztiz satsuturik dagoela, eztabaida ezin daitekeen gauza da. Hor daude datuak, eta hor dago eguneroko errealitatea. Bestalde, esan bezala, egoera oker hori ez doa konponduz, gero eta txarragoratuz baizik.

Hori konpontzeko, zerbait egin behar da. Eta laster. Badakigu ezen* «Eskualde Kutsatua» deiturak problemak ekarriko dizkiela fabrikei, zeren, deitura horrekin batera, satsudura gera erazteko arau bereziak eman beharko baitira. Baina arazo honen aurrean ezin daiteke egin ostrukarena,* hots, burua lurpean sar eta ezer ere ez ikus. Martxa hortan ez dugu burua soilik lurpean sartuko, gure gorputz osoa lurperatuko baitu satsudurak. Ea, bada, erabakiak laster hartzen diren!

J. R. ETXEBARRIA

Bizkaiko industria gero eta larriago

Aspaldion Europako Estatuetan haundituz joan da langabezia. Aurreko hilabeteetan bost milioi langile inguru zeuden lanik gabe: 4.495.000 uztailean,* 4.675.000 agorrilean.* Bizi garen Estatu hontan ere, mundu osoko ekonomi krisiaren ondorioak jasaten* hasiak gara.

Bizkaiko industria, ihazko abendurarte, gelditu edo eta atzeratu ez bazen ere, aurten egunean baino egunean gaizkiagotuz joan da. Honela, eskarien gutitzearekin batera, stockak gero eta haundiagotzenago ari izan dira.

Hau guztiau kontutan edukirik, joan den irailaren* 15ean, Bizkaiko Metal Enpresarien Elkartearen batzarrean, arazo hontaz arduratu ziren, bertan parte hartu zuten 65 enpresariak. Elkarte hortan sektore hauk* sartzen dira: siderurgia, altzairu* bereziak, untzigintza, elektrotresnak, burdinazko ez diren metalak, erreminta eta makinagintza, ekipamendu ondasunak, eta abar, Sektore horien guztion ustez, denoi dagokien problema hau larri xamarra da; eta etorkizun labur batetan ez da irtenbiderik ikusten. Horregatik edo, Sindikal Informazio Zerbitzuak ageri bat argitaratu du, ondoko puntuok ukituz:*

- Gaurko egoera, sektore guztiena, larria da,

- Eskarien beherapenagatik eta stocken gorapenagatik, produkziorako gaitasuna 50 %-70 %etan gutitu da zenbait kasutan.

- Industriak jasaten ari duen kinka* txar hontan, finantz eta diru problemarik ere nabaritzen* da.

- Irtenbidetzat, Administrazioarekin hitz egitea eta berari arazoa aurkeztea erabakitzen da.

Beraz, batzarre hartan laguntza eskatu zitzaion Administrazioari. Bistan denez, pesimismoak bereganatu zituen batzarkideak; eta egoera hortan ez dago inbertsio berriak egiteko ahalbiderik.*

Problema hor dago. Soluzioa ez da erraza» exportatzeko posibilitaterik ere ez baitago, gaur egunean nazioarteko ekonomia hortarako gai ez da eta.

Horrexegatik edo, Madrilen, Gobernuko bigarren presidentorde eta Finantzazko Ministrua, Rafael Cabello de Alba, honela mintzatu da: «Gaur egungo ekonomi krisia, 1929.ean munduak jasan zuena baino haundiagoa eta larriagoa izan liteke».

P. UGARTE

AGUR, ez adiorik!

Zer gertatzen zaio AGUR aldizkariari?

Ez dugu hartzen, ez dugu inon ikusten. Bati eta besteri galdetu diogu. Ez daki inork ezertxo ere. Hilabete hauetan ixilik dago. Zurrumurruak ba dabiltza ibili. Zer problema du AGURek? Ekonomiazkoa? Talde barnekoa? Politikazkoa? Legezkoa? Dakienak adieraz diezagula.

Gu AGUR astekariarekin, gauza asko eta askotan, ez gara egon eta ez gaude ados.* Nork ez daki AGUR ez dela gure gustukoa? Planteamendu askotan, kulturan, hizkuntzan, politikan, gizarte moldeekiko pentsaeretan, arras* bestelakoak dira batzutan gure eta haien eritziak eta joerak.

Baina AGUR desagertuko balitz, mina hartuko genuke. Mintzo* bat isiltzea litzateke, aniztasunari* zati bat eranztea.* Eritzi bateko eta bereko informaziobideekin nekatuta gaude. Eritzizko eta eritzi desberdinezko prentsaren aldeko gara.

Datorrela atzera AGUR euskal prentsaren plazara. Laster arte!

Sabino Egileor ezkondu da

Urriaren 4ean, Arratiako Lamindao hauzunean, Bizkaiko alfabetatze batzordekoa den Sabino Egileorrek eta Txartxo Lebrero euskaldun berriak beren bizitzak elkartu zituzten betirako. Zorionak bioi, eta orainarteko lanean kemen eta adorez segi dezatela!

Deustuko Unibertsitatea eta euskal kultura

Deustuko Unibertsitatean hasi berria den ikasturteak euskararen eta euskal kulturaren aldeko puntu batzu ekarri dizkigu.

Soziologiako Fakultatean, Antropologiaren sail barnean, Kulturaren Soziologia aztertuko da aurten lehenengoz. Eta euskal kulturari helduko dio. Irakaslea Joan Mari Torrealday izango da, Soziologiako lizentziatura Parisen euskal kulturari buruz egin duena. Entzun dugunez bera prest legoke gai hau euskaraz emateko; baina erabakia ikasleen eskutan* geldituko dela jakin ahal izan dugu. Zein hizkuntza egokiagorik, euskal kultura aztertzeko?

Teologiako Fakultatean ere, ba dakigu, Zuzendaritzak gogo onez ikusten eta bultzatzen dituela euskararen aldeko lanak. Honela, aurten, hastapen* gisa,* Teologiako gai nagusi bat euskaraz emango du Paulo Agirrebaltzategik. Hontaz gainera, ba dira euskarazko mintegi zenbait. Bestalde, jakin dugunez, Fakultatearen nahi eta asmoak zabalagoak dirateke;* eta aurrerantzean era bereko beste zenbait berri jakin ahal izango dugu. Ikasleek dute hemen hitza eta ahala.

«Operación Limpieza» Bilbon

Bilbo biziezina omen da: airea kutsaturik* eta batzutan erdi pozoindurik,* kaleak zikin, espaloiak* hestu eta enbarazuz beterik, hibaia lohi, kale zenbait asfaltatu gabe, bidezuloak ugari. Eta hori omen da gure bizi ingurua, gure paisajea.

«Bilbao es tu paisaje de todos los días. Mantenlo limpio». Deigarri bezala han eta hemen ikusten izan dugu esakuntza hori, Udaletxeak* agindurik jarrita. Baina jaramon* guti egiten izan zaio, antza.* Eta horregatik Udaletxeak kanpaina baten ideia izan zuen. Bilbo garbitu egin behar dela, guztizko garbiketa bat egin behar dela agindu du: «Operación Limpieza». Hortan dabiltza orain ere.

Guztizko garbiketa hori zela eta, asko poztu nintzen. Zeren eta azken hilabete hauetan oraindik ere gehiago zikindu baita Bilbo. Orma* guztiak margoztaturik* daude.

Niri, ormak garbi eta txukun gustatzen zaizkit. Publizitateak berak ere ez dit batere graziarik egiten.


Hementxe denok

Gipuzkoa

Zinema festibala Donostian

Amaitu berria dugu Donostian XXIII. zine sariketa edo festibala. Ihaz ere horrialde hauetan aipatu nuen, Europako zine erakusketa edo festibalen barruko hierarkian hemengo honek duen tokia. Aurten, antolatzaile «bizkor» eta kezkatu hauek toki hori nola bete duten azaldu nahi nuke, haien prestaera eta jokabideak aztertuz.

Noski, horrelako festibal batetan, erakusketa bat delarik, ezin daiteke inolaz ere ahantz, aukeratutako filmeek interesgarritasun nahikoa ukan* behar dutela, beti festibal bakoitzaren helburuen menpean eta gorago aipatu dugun hierarkiaren muga barruan egonik. Aurten, ordea, ez dira aski* izan ezarri izan diren arau iraunkor* hauk, hainbat arrazoinengatik eta batez ere betiko berri «obvioen»gatik. Orduan, XXIII. saio hontan, sekula ekarri ez diren filmeak agertu behar ziren, inoiz baino hobeak ikus erazi, eta sekulako «markak hautsi», beste giro «estranio hori» ez-dakit-zer-apertura-arazo arraroan itoz. Eta, horrela, antolatzaile edo aukeratzaile bizkor hauek, Lumet, Truffaut, Losey, Damiani, Schlöndorff, Kovacs... direktore famatuen edo uda hontan Europa eta Amerikan jendartean harrera ona izan duten filme diruegileen babesean konpondu dute soluzio erraza ez duen gorabehera hori.

Beste urteetan, sarira ekartzen zituzten filmeetatik aparte, haien interesgarritasun ezagatik, beste filme «hobeak» edo atzerrian komentario onak jasotzen zituztenak erakustera ahalegintzen ziren antolatzaileak. Aurten, berriz, ez da horrelako lanik hartu behar izan, eta, jakina, ezin izan zaie interesik bilatu ekarritakoei. Dena dela, filme pare bat ikuslez bete ziren, aipatutako aukeramen berezi horren «izpirituzkoak» baitziren.

Bestalde, direktore berrien lehenbiziko filmeen partea, ezin ikusi izan dut; baina ez omen da, erakusketa sinple eta ahul batetik kanpo, gauza izugarririk izan. Ez da harritzekoa, lehen aipatu duguna gogotan hartzen baldin badugu.

Festibalari taxuzko* itxura emateko, gainegituran* finkatzen den zati garrantzitsuenetako bat, kazetariak konbidatzea izaten da. Baina, hortarako, ez uste, antolatzaileak edozeinengana abiatzen direnik, Donostian irail* gozoan oporraldi lasai batez gozatzeko. Ez noski! Atzerriko kazeta salduenen ateetara jotzen dute, eta, jakina, berdin egiten dute Espainiakoekin ere. Inork ez du pentsatzen, hori ezarri behar ez den ohitura edo oinharrizko lege bat denik. Baina, logika hutsez, zinemaren munduan kritikari bezala beren sakontasun eta seriotasuna frogatu* dutenei ere, ezin dakizkieke erraztasun osoak uka, nahiz eta haien periodikoak horrialde gutitakoak edo probintzietakoak izan, industria soila ez baita zinema.

Lerro hauk* irakurri eta gero, norbaitek esan lezake, mindurik nagoela talde marginatu hortan neure burua ikusita. Ba liteke hala izatea. Baina egia da ere, arrazoin horren ondorioengatik, filme pila bat ikusi gabe, kazetari askok beren lana osorik bete ez dutelako susmo eta inpresioarekin alde egin dutela.

Kanpotik begiratuz, aldizkarietan eta prentsa grafikoan agertzen den irudiak —aurpegi polit, margo bizi, irribarre bero— ba du bere eragina. Galde egin, bestela, hainbat «artista» eta inguruko abar ekartzen, hainbeste ahalegin egin duten antolatzaileei. Aurten, ordea, ikusle guztiek komentatzen zuten, alde hontatik festibala ez dela izan espero zen bezain jantzia; eta, gehienen ustez, haseran aipatu ditugun arrazoin «obvioen»gatik gertatu da hori, nahiz eta antolatzaileek aitzaki erosoak* erabili. Hori bai, azaldu diren «artista» horiek lan asko izan dute, hainbat hutsune betetzeko. Hurrengo urteetarako, artista horik* gogotan hartuak izango dira, segur aski.

Jende asko saioetan. Famaz inguraturik zetozenak batez ere. Filme diruegileen famaz edo direktore famaz. Noski, ezin da ahanztu, filme batzu* oraingoz ez direla ikusiko hemengo zine areto* triste hauetan; eta iristen* direnak, gerla garaiko mutilatuak bezala azalduko zaizkigula, bai «haragikeri» arrazoinagatik eta bai beste zenbait «keriarengatik». Jendea aurten, eta ez dakit zergatik, korrektuegi iruditu zait saioetan. Filme sakonen ohitura falta izango ote? Egia esan, eta honekin amaituko dut, nire neure eritzian, festibal honek zaraten, berbaroen* eta bestelako hots arraroen gatz punttak behar izan zituen.

I. JAUREGUI

Euskarazko ikastaroa Donostiako KRESALAn

KRESALAk, 1975-76.eko euskarazko ikastaroa urriaren 13an hasi dela ezaguterazi nahi die bere bazkide eta lagunei.

Antolatutako taldeak hauk dira:

- lehen mailako bi talde.

- bigarren mailako talde bat.

Taldeak mugatuak dira. Klaseak gauez ematen dira. Informazio zehatzagorik KRESALAn bertan har dezakezue (Euskalerria, 9, bajo), astelehen, astearte eta asteazkenetan, 8etatik 9 ta erdiak arte. (EKT)


Hementxe denok

Euskal Herria

Goazen Durangora hazilaren 1ean eta 2an

Datorren hazilaren* lehen egunetan (1ean eta 2an) Euskal Liburu eta Diskoen Durangoko Azoka ospatuko dugu. Feria hau ospatzen deneko hamargarren urtea da aurtengoa. Lehen urtean ezik, beste guztietan egun horientantxe bildu izan dira hortxe Euskal Herriko liburu egile eta disko saltzaileak. Euskaltzale asko eta askoren bilgunea da Durango egun horietan.

Aurten ere hortxe bilduko gara. Liburugintzaren berrikuntzak ezagutzeko, jende ezagunak agurtzeko, lagun zaharrekin solastatzeko.* Aurten, jakin dugunez, gauden egoerari amore emanez, seriotasun handienarekin egingo da Azoka.

ANAITASUNA zuen aldizkaria ere hantxe egongo da, urtero bezala. Zuzendariarekin eta taldeko lagunekin egon gura baduzue, gure standera hurbil zaitezkete. Azoka hortarako, gainera, zerbait berri eramango dugu: Azokari buruzko zenbaki berezi bat, haren hamargarren urtea ospatzeko, hain zuzen ere. Zenbaki hortan Azokaren historia eta sekretuak eta gorabeherak oro* ikusi ahal izango dituzue.

Liburu berriak

HUMBOLDT, W.F.:

Los Vascos.

Auñamendi, Donostia, 1975.

Auñamendi argitaletxeak 103. alea zabaldu berria du gaztelaniaz idatzia. Liburua, Humboldt famatuak joan den mendearen hastapenetan* idatziriko lanaren berrinprimatzea da, eta, nahiz eta aspaldiko gauzak azaltzen diren, oso interesgarria da gaurko irakurlego gaztearentzat, kanpotar jakintsu harek Euskal Herria eta euskaldunak nola ikusten zituen jakiteko.

Liburuaren akatsik aipatzekotan, hizki* txikiegiz inprimatua dela esango genuke; baina hori, textua luzea delarik, prezioaren faboretan izan daiteke.

AZKUNE, Iñaki; ARRIETA, Jose Mari:

Amaia.

Gero, Bilbo, 1975.

Euskaldun gaztettoen liburutegia aberastuz doa, eta honek asko pozten gaitu. Azkunek eta Arrietak «Amaia» elaberri* famatuaren euskal itzulpen interesgarri bat egin dute, gaztettoentzat egokituz. Elaberri hau irakurtzean, euskal itzultzaileek gaurkotu egin dutela esango nuke Navarro Villosladaren obra, arindu egin dutela, bizitasun berezi bat emanez. Bai gazteek eta bai adinetakoek gogoz irakurriko dukete* liburu hau, ez baita inolaz ere aspergarri egiten.

BIZKAIKO IKASTOLAK:

Barrezka: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon.

Cinsa-Gordailu, Donostia, 1975.

Liburuxka hau hizkirimiri* bilduma bat da, irudi egokiez apaindua, pertsonaiek euskaldun pailazo famatuen izenak hartzen dituztelarik.

Behin batez turista bat Mixkiri urreratzen zaio, eta ba

diotso:

— Monsieur!

— Mezie? Bai, [aurreko eliza hortan goizeko] hamarretan.

GOROSTIDI, Ramon; LARREA, Sabin; APALATEGI, Joxe Martin; ETXEBARRIA, Jose Ramon:

Gizartean: Ekonomiaz, Ekologiaz.

Jakin, Oinati, 1975.

Goian aipaturiko lau idazleek saiaera bana eskaintzen digute ekonomiaz eta ekologiaz: «Gipuzkoako industriaren azterketa sozio-ekonomikoa», «Arrantza munduan», «Etnologia eta soziologia kondairaren ataritik, edo Ataungo San Gregorio hauzoa», «Nuklear zentralak eta satsudura*».

Euskal saiaera honelako heldutasunera iritsi* zaigu; eta Jakin argitaldariak aurkezten digun liburu hau horren froga* bat da.

ALDABALDETREKU, Patxi; REKALDE, Jose Ramon; URDANGARIN, Karmelo:

Deba: Euskal kosta nuklearra.

Kriselu, Donostia, 1975.

Hona hemen beste saiaera bat. Oraingo hau, hain eztabaidatua izan den eta euskal kosta nuklearrari eta bereziki Deban altxatzeko den zentralari buruz. Saiaera hau gizon berezituek* egina da, eta beraz ongi dokumentatua eta hainbat estatistikaz hornitua.

LHANDE HEGUY, Pierre:

En torno al hogar vasco.

Auñamendi, Donostia, 1975.

180 horrialdetako liburua, frantsesetik gaztelaniara itzulia. Ipar Euskal Herriko familien egoera aztertzen da, eta urteetan zehar ukan duten bilakaera* azaltzen. Argazki batzurekin* horniturik dator.

GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan:

 Euskal Esku Langintza. Artesanía Vasca.

Auñamendi, Donostia, 1975.

Hizkuntza bitan idatzia dago, horrialde batean euskaraz eta bestean gaztelaniaz. Hainbat eskualdetako* esku langintza aztertzen du batzuren* laguntzaz.


"Joxe Migel Barandiaran" Saria

Oinarriak

1. «Joxe Migel Barandiaran» Sariak Euskal Herriaren azterketa du helburu. Ataungo Guraso Elkarteak eta Lan Kide Aurrezkiak antolatzen dute; eta inbestigazio lanetarako antolatu ere.

2. Gaiak:

I. Euskal Herriko Etnologia eta Prehistoriaren azterketa.

II. Euskal Herriko Gizarte Ekonomiaren azterketa.

3. Batzorde Eratzaileak horrela nahi izanez gero, Sariketa urtero antolatuko da, eta epaimahaiaren erabakia ekainaren 25ean jakin eraziko.

4. Batzorde Eratzailea, Joxe Migel Barandiaran buru delarik, Guraso Elkartekoek eta Lan Kide Aurrezkikoek osatuko dute.

5. Sariketaren antolatzea, eta batez ere epaimahaiaren hautatzea, Batzorde Eratzailearen esku izango da. Epaimahai hori, saritu nahi diren gaietan ikasitako gizonek osatuko dute.

1976. urterako deia

1. Urte hontako lehiaketak Euskal Herriko gizarte bizitza du gai.

2. Lanak euskaraz idatziz gero, edozein herrialdetako pertsonek har dezakete parte Sariketa hontan.

3. Horriaren alde batetik bakarrik makinaz eta tarte bika eginiko idazlanaren hiru kopia beharko dituzte bidali.

4. Idazlanok, sobre hitxi batetan eta zorroaren gainean lema edo egilearen izenordea agertzen delarik bidal bitez. Eta zorro barruan, egilearen izen-deiturak.

5. Lanak bidaltzeko epea: Oraindanik hasi eta 1976.eko apirilaren 15era bitartekoan.

6. Bidal bitez idazlanak helbide hontara:

«Caja Laboral Popular»

Ladera de Olandiano, s/n

MONDRAGON (Guipúzcoa)

7. Saria: EHUN MILA (100.000) PEZETA eta idazlanaren argitaratzea. Argitaratze hori Lan Kide Aurrezkiaren esku izango da.

8. Erabakia emateko ordurartean, ez dira epaimahaikoen izenak jakin eraziko. Epailariok Batzorde Eratzaileko norbait izango dute lagun, eta horrek egingo du sekretaritza lana. Hitza izango du, baina boturik ez.

9. Saritu gabeko lanak egileei itzuliko zaizkie.

10. Idazlanak gaiari ez badagozkio, edo neurriotara biltzen ez, saririk ez ematea gerta daiteke.

11. «Joxe Migel Barandiaran» Sariketara etortzeak, oinarri hauk eta epailarien erabakia onartu beharra darama berekin. Sariketaren ingurumarian sor daitezkeen beste gorabehera guztien konpontzea, Batzorde Eratzaileari dagokio.

Arrasaten, 1975.eko ekainaren 30ean


Herrialde guztietan

Israeldik Palestinara, Estatu Batuetatik iraganez

Handien eritzirik edo bedeinkaziorik gabe, nekez konpon daiteke gaur herri tipien arteko haserrerik. Froga* beharrik ez ahal digu irakurleak eskatuko! Hain ugariak dira!

Dakargun bat oraingo hontan. Israelen eta Palestinaren artean Ipar Amerika dago.

Gehienetan ongi informaturiko berri iturrietatik —esan ohi den bezala— jakin ahal izan dugunez, askeneko hitzarmen* sekretuetan, honako hau gelditu da garbi, halegia,* Estatu Batuek ez dute OLP (Palestinaren Askatasun Antolamendua) haintzat hartuko, harik* eta beronek Israel Estatuaren burujabetasun eskubidea onartu arte. Orainokoan,* Israeli dagozkion akordio internazionalak oro gaitzetsi* edo ukatu egin izan ditu OLP delakoak.

Israeldarren ustetan, palestinarren asmoak berez eta automatikoki dakar Israel Estatuaren suntsitzea.* Izan ere, Arafatek nahi duen Palestina «bateratu, laiko eta arraza aniztasunezko» horren lurra, gaurko Israelek okupatzen duena da. Errealitatea hauxe dela dio Israelek. Hauxe eta ez besterik. Gainerako dena, utopia da, hitz hutsak.

OLP delakoak ere errealista izan nahi du. Berak proposaturikoa onartzen ez bada, etengabean mende* erdiko gerla izango da.

Zer esan? Musulmanak, juduak eta kristauak elkarrekin bizitzea aise* erdietsiko* dela? Errealitate da hori? Ez dea* utopia? Libanon gertatzen ari dena ikusirik...

Baina, bestaldetik, palestinarrak ez daude amore emateko. Eta nola eman dezakete, beren lurretik kanpo bizitzera behartuak daudelarik? Israelgo Estatua munduko eskualde hortan integratzeaz beste irtenbiderik ikusten ahal da? (Joanes Lekerika)


Herrialde guztietan

Korsikarren eritziak

Denok ezagutzen ditugu, zehatz-mehatz ez bada ere, Korsikako azken gorabeherak. Garrantzizkoenaz ANAITASUNAk zerbait esan zuen 302. zenbakian.

Jendeak, Frantzian eta handik kanpora, asko hitz egin du Korsika dela eta ez dela. Frantziako alderdi politikoak, dirudienez, ustekabean harrapatu ditu gertatuak. Bestalde, berba egin dutenetarik gehienak ez dira izan Korsikakoak. Hoberena, bidezkoena* eta zentzuzkoena, gure ustez, korsikarrei beraiei hitz egiten uztea zen. Eta horixe egin da, inkesta* baten bidez.

Inkesta hori biziki interesgarria da. Are* interesgarriagoa dateke* hemen, gure egunkariek azpimarkatu dutena horko punturik ahulena* izan baita.

Inkesta hortatik ondorioztatzen* denez, korsikarrek Frantziako Gobernua salatzen dute. Alde askotatik eta gogorki salatu ere. Aleria hirian gertatutakoaren errua, 60%rentzat Gobernuak du. Bi polizia hil ziren istilu* hortan. Zergatik? Gobernuak, elkarrizketatu beharrean, atakatu egin zuelako, diote korsikarrek. Poniatowski gelditzen da hor hiltzaile bezala. Baina ez da hori dena. Korsikarrak ez daude Gobernu honen kontra bakarrik. Parisen beraren beldur dira. Ezkerreko gobernu bat Parisen dagokeelarik ere, korsikarrek ez dute hobekuntza handi handirik espero. Aginte zentralarekiko mesfidantza irakurri behar da erantzun mota horietan. Beti salatzen da zentralismoa, eta sarri Frantziaren kolonialismoa ere gaitzesten.* Esaterako,* CEDT sindikatu ezkertiarraren Ordezkariak,* Korsikan ez du kapitalismoa beronen hutsean gaitzesten, baizik eta «kapitalismo frantsesa».

Beste gauza bat da, korsikar guztiak ARC* talde autonomistakoak direla pentsatzea. Azken burruka hauen ondoren, galde hori egin zaio herriko jendeari. Erantzunen arabera,* sinpatia handiak dituzke* ARC horrek. 62% dira, ARCren ekintza onartzen dutenak. Esate baterako, begi onez ikusia izan da askoren aldetik, harma eta guzti «kolonizatzaile» baten etxaldea* okupatzea. Bide beretik, 55%ek ez dute onartzen, Gobernuak ARCri ezarri dion debekua.

Korsikarren erdia baino gehiago talde autonomista konkretu baten alde egotea, esangarritsu da. Alde daude, nahiz eta garbiki jakin ez, zuzen zuzenean ARC hori zer den. Batzurentzat* (17%) eskuin aldeko mugimendu abertzale klasiko bat dateke. Beste batzurentzat (14%) mugimendu sozialista bat da. Baina gehienentzat (40%) ideologia politiko gabeko mugimendu bat da. Zer den zehazki ez badakite ere, korsikarrek ba dakite ARC Korsikaren alde dagoela. Hori denek dakite.

Alderdien klasifikatze arruntetatik* kanpo gelditzen dira, gaurko Aberri-Estatu direlakoen periferian azaldu diren mugimendu hauk. ARC, esate baterako, Korsikaren eta korsikarren defendatzaile da, baina ez hori bakarrik. Alderdi klasikoei neketsu gertatzen zaie mugimendu hauen integratzea. Alderdi Komunistari, Frantziakoari bederen,* ulertzea bera ere zail gertatzen zaio. ARCren ingurumarian* italiar faxisten eragina eta laguntza dabilela salatu izan du L'Humanité egunkari ofizialean Salini jaunak. Poniatowskiren aurreko Barne Ministruak, Marcellin jaunak halegia,* italiar «gauchiste» edo ezker puntakoen eragina ikusi zuen. Aginte zentralista eta gogor baten aldekoak oro* berdinak direla esan duenari ez zaio arrazoinik falta. (Joan Mari Torrealday)


Herrialde guztietan

Europa Portugali laguntza eskaintzen

Hitzetatik egintzetara pasatzekotan da oraingoan Europa. Eta Portugal laguntzekotan. Vasco Gonçalves komunistazalea erori* eta gero, lehenbizikoz egindako eskaintza.

Orainarteko promesak oro* aidean eta hitz hutsetan gelditu baldin badira, zeragatik izan da, Portugalen politikazko sistema libre eta demokratiko baten perspektiba askirik* ez zegoelako.

Irakurlea oroituko da —edo beharbada ez, zeren* eta hemengo egunkariek holakotsu gertakariak ixildu egin ohi baitituzte, egiari amore emanez— nola ihaz Merkatu Batukoek laguntza bat eskaini zioten Portugali Bruselan. Baldintza batekin egin zitzaion eskaintza hura*: aniztasunezko* demokrazia bat eratzekotan.

Europako Parlamentuko talde sozialistaren buruzagiak, SPDko diputatu aleman Ludwig Fellermaier jaunak, Portugalen aldeko Marshall Plan bat antolatzeko eskatu die bederatzi Gobernuetako lehendakariei.

Etnozentrismoaren deabru zaharrak uxatzeko kemenik baldin badu, Europak lagundu egingo du Portugal. Eta gu poztu egingo ginateke. Alde guztietatik poztu ere. Eta zergatik Portugal bai eta Espainia ez inork galdetuko baligu, Europa bere buruaren jabe dela erantzungo genioke, aski hazia eta hezia* dela, bere lagunak eta partaideak aukeratzeko. Eta zorionez, ikusi dugunez, Europaren partaide ezin daiteke izan ekonomiazko adiskidetasun soilagatik. Partaide izateko, politika beretsukoa izatea premiazkoa da. Behin eta berriz ikusi eta adierazi dugunez. Portugali laguntza eskaintzen badiote, orain demokrazia pluralista baten garantiak ematen dituelako da. Adiskide eta partaide izan nahi duenak, ba daki zer egin. (Joanes Lekerika)


Herrialde guztietan

Mundu librearen amaia

Laster barru, Sobietar Batasunaren kolonia izango omen gara.

Arazo serioa da hau; eta hori nola gertatuko den aldez aurretik jakitea komeni zaio ANAITASUNAren irakurleari.

«Mundu librearen» mugan bertan dago Sobietar Batasuna, eta izugarriro harmaturik egon ere. Noiz atakatuko dago hortxe, garai egokiaren zain. Ba dirudi, laster barru gertatuko dela hori.

Kissinger amerikarrarekin ere hitzarmen* gisakoren* bat egina du Kremlinek. Ipar amerikarren eraginpean geldituko lirateke Hego Amerika eta Israel, Europako Hegoaldea Sobietarrentzat gordez.

Hirugarren bide bat ere ez dute bazterturik utzi. «Quinta columna» famatu bezain beldurgarri horik* lan eta lan dabiltza, Elizan, Harmadan, sindikatuetan sartu nahiz.

Laster barru, bada, Sobietar Batasuna izango da bazter hauetan jaun eta jabe. «Bigarren gerla hotza» oraintxe hasi da berotzen. Gerla ideologikoan dabil Sobietar Batasuna. Baina ez hortan bakarrik. Estrategia eta taktikak ere, indioen zagitak* bezala, atakerako zorrozturik eta prestaturik daude: Hona, gauzak nola gertatuko dien. Batez ere Mediterranio aldetik jotzea pentsatu du Kremlinek, nahiz eta Finlandia eta Berlin ez dituen alde batera utzi. Has gaitezen Italiatik. Hemen du Sobietar Batasunak Mendebaldeko alderdi komunistarik jendetsuena. Hor ez dago problemarik, Italiako komunistek agintea hartzeko ordena hartua dute eta.

Jugoslavian ere, gerora, ez dagoke korapilorik. Tito laster barru hilko da, eta, orduan, agintea jabetzeko, kolpetxo baten laguntza aski* izango da. Horkoa ere, egindakotzat utz genezake.

Espainia eta Portugal gelditzen dira honantzago. Hemen zer? «Quinta columna» horiek asper gabe dihardute hemen. Itzulipurdikatze lan hortarako, urtero 860. milioi pezeta inguru ematen ditu Sobietar Batasunak.

Has gaitezen prestatzen, bada, guti barru jabez aldatu beharko dugu eta. Historiaren zentzua ezagutu nahi duenarentzat, horra hor urte batzutarako munduaren eboluzioa ongi esplikaturik.

Ez dezala inork pentsa, «politika-fikzioan» ari garenik. Informazio zehatz hori, «La Voz de España» eta «La Gaceta del Norte» irakurririk izan dut nik. ANAITASUNAn inoiz kontrakorik ere agertu izan da. Esaterako, Carrillo eta Berlinguer ez direla Moskurekin oso ondo konpontzen, Europako alderdi komunistek demokrazi tankerako gobernumodu batzutan parte hartu nahi dutela, KBG baino CIA gugandik hurbilago dagoela, eta abar. Gezurra da hori guztiori. Aurrerantzean, «La Voz» eta «La Gaceta» egunkariei esker, ba dakigu zer pentsa. Inorantzia errudun* hori abandonatuz, ea noiz hasten diren ANAITASUNAren irakurleak ere egia eta errealitatea aurrez aurre ikusten, komunisten presentzia bazter guztietan eta haien nahasmendu guraria* aldakuntza guztietan somatzen. (Joanes Lekerika)


Herrialde guztietan

Iraneko Xaharen hitzak aztertzen

Gogotik atakatu du Mendebaldea* Iraneko Xahak. Urte askotan Iran zakuratu* eta hustu egin omen dugu. Eta egia da. Eta ez Iran bakarrik. Hirugarren Munduari buruz izan dugun politika, lapurreta izenaz deitzea ez litzateke agian* ikaragarrizko gehiegikeria.

Petrolioaz ari zen Xaha. Petrolio kontu hontan, putzu asko hustu ondoren, itzarri* egin da Hirugarren Mundua. Eta eskubideak eskatzen hasi da. Mendebaldeak ugari egin du nigar. Hala ere, analisiak garbi erakusten duenez, gehien sofritu duena ez da gure mundu aberats hau, Hirugarren Mundua baizik, petrolioarekin «aberats berri» bihurtzeko aukerarik izan ez duen Hirugarren Mundu pobre hori. Puntu hortatik begiratuta, petrolioaren goraldia eta munduko inflazioa biziki kaltegarri gertatu zaio.

Mendebaldeari egindako salakuntza hauetan, ezbairik* gabe, Xaharen ikuspegia oso hedatua* da gaur. Mendebaldearen politika kolonialista salatu egin behar dela pentsatzen dugu. 1960.aren inguruko urteetan desegin zuen Hirugarren Munduak kolonialismo politikoa. Beharbada 70.aren inguruko urteotan hautsiko du kolonialismo ekonomikoa. Petrolioaren hauzi honekin bide onetik doala esango genuke.

Baina ez da aski,* kanpotarra etxera bidaltzea. Ez dezala inork pentsa, metropoliaren kontra burrukatuz, burrukagai hori amaitua denik. Holako zerbait Hirugarren Munduari gertatzen ez ote zaion pentsatzen nago. Xahari ere errazago zaio arazoa bide hortatik planteatzea, eta ez barneko problematika aztertzea eta konpontzea. Xahak hitz bat ere ez du esan demokraziari buruz, askatasunari buruz, eta guk behintzat premiazko bezala ikusten ditugun, espresatzeko, idazteko eta mintzatzeko eskubideei buruz. Hitzerdi bat ere ez hortaz, den lurralderik autokratikoenean.

Kanpotarra Europara botatzearekin, zenbait problema konpontzen da, ez da zalantzarik. Baina ez denak. Hortan ere ez dugu zalantz izpirik. Hori ahantzi zaio Xah horri. Demokraziaren problematika ahanztearekin, demokrazia bera ahantzi zaio. Esan duenez, 35 milioitako lurralde zabal hortan konformagaitz bakarrak 40.000 estudianteen artean omen daude. Eta kanpoan egon ere. Komunistak eta joera bihurrikoak* omen dira horik. «Dixit Xah». (Joan Mari Torrealday)


Oinazea "tortura" denean

Irailaren* erdi inguruan kongresu bat bildu zuen ONUk Genevako* bere etxean. Hauxe zuen bere aztergaia: Nola bidea ken krimenari eta nola erabil gaizkileak. Laurogei ta hemeretzi ziren tarteko Estatuak. Eta honela zehaztu zuten «torturaren» definizioa: «Indar publikoko batek edo honek eraginda besteren batek, asmoz eta xedez,* gizaki* bati min eta oinaze biziak —gorputzezkoak nahiz izpirituzkoak— ematea, harengandik edo besteren batengandik berriak edo aitorpenak ateratzeko, edo hura* edo besteren batzu* beldur erazteko».

Orain arte ere jakin izan dugu jakin oinazearen berri. Baina eraman eta jasan* beharreko mina zela uste genuen. Minezko egoera bat esan nahi zuen oinazeak, edozein gertakarik sorturiko egoera. Orain, ordea, ba dakigu oinazeak ba duela beste adiera bat ere: asmoz eta xedez min ematea, halegia;* eta orduan «tortura» ere deitzen da.

«Oinazeztapena» oinazetik dator

Eta bai alderantziz ere: oinazea oinazeztapenetik* dator. Oinazea ematea oinazeztatzea da, eta orduan oinazeztapen bihurtzen da oinazea: oinazea eraman eta jasan erazten bada, oinazeztapena ematen eta obratzen da. Beraz, asmoz eta xedez baten bat oinazeztatzea da tortura.

ONUk aipatzen dituen asmo eta xedeetarako inor oinazeztatzea betidanik jazo* den gauza da, beharbada. Baina hogeigarren mende* honek hedatuagotu,* beldurgarriagotu eta «zuriagotu» egin du tortura, teknika berriak eta ikaragarriak sortuz. Oinaze «finagoak» asmatu dira gaurregun, baina horrexegatik ikaragarriagoak; ez baita beharrezkoa inor egurtzea edo zigortzea edo gorputza erretzea edo beste horrelakorik egitea. Oinaze «finagoak», baina sarritan beste horik* baino izugarriagoak: adibidez, inor buruzbehera urpera sartuz itolarrian jartzea, edo bakartate ilun berezitan ezartzea, edo lorik egin gabe iraun eraztea. Ukabilka erabiltzeak bezala, psikologiazko teknika berriok ere —eta errazago, gainera— oinazepean dagoenaren nahimena eta adimena beratzea* eta indargabetzea lor dezakete.

Tortura eta legea

Teorian, Estatu gehienek legearen kontrakotzat hartzen dute tortura. Baina, era berean, ez dute lege zehatzik torturatzaileen edo borreroen* kontra. Horregatik nahiago izaten dute torturarik gertatu denik ere ukatzea, ez baitute hori zigortzeko biderik eta gehienetan ez gogorik ere. Horregatik, oraingoz behintzat, torturen arazoa herriaren kontzientziaren hauzipean gelditzen da, agintarien legepean ezean. Baina kontzientzia hori erne eta asalda daiteke, demokraziak ematen dituen azter- eta informabideez. Nola, ordea, gerta liteke hori, informabiderik ematen ez duten diktaduretan? Horregatik hauk* izan ohi dira librekien eta arinkien tortura erabiltzen dutenak.

Honelakoetan munduaren kontzientzia asaldatu* beharra dago, torturez jabe eraziz. Hontarako lan handia egin dute azkenaldian «Nazioarteko Amnistia» deritzan* elkarteak batetik, eta «Russell Hauzitegiak» bestetik. Hauen lana oso zaila izan ohi da, gobernariek ez baitie azterbiderik inola ere ematen. Horregatik, oinazeztatuak izan direnen tortura seinaleez inoiz, eta gehienetan horien aitorpenez baliatzen dira, torturabide horik salatzeko. Askok eta askok aitorpen berberak egiten dituztenean, nahiko fidagarri gerta daiteke salakuntza; eta beste bide zuzenekoagorik* ezean, aski* izan beharko lukete informazio horiek, torturak erabiltzen dituzten gobernariak salatzeko eta kondenatzeko.

ONUk urrats* on bat eman die Estatuetako legelariei, torturen arazoa zehazki legepean ezartzeko, horien definizio argi bat onartu duelarik. Hala ere, legelariok gogoa beharko dute aurren aurrenik, lege horik egiteko eta betetzeko. Horrela bakarrik zigortu ahal izango dira torturak benetan, eta ez hauk teoria hutsez kondenatuz eta merke ukatuz.

Gizabide* arazoa da tortura

Ez da irabazi handirik ateratzen, torturen arazoa betidanikoa dela eta neurriren batetan Estatu gehienek tortura erabiltzen dutela esanez. Gizadiaren* kontzientzia da, hori kondenatzen duena. Eta kondenatzen ez baldin badu, gizabidea bera —mendebaldekoa* behintzat— goitik behera datorrela esan nahi du horrek.

Agintariak eta epailariak, oinazeztapenak izan direnik ere ukatzen saiatu ohi dira gehienetan, sistema bera dardarazten* baitu torturak. Hala ere, demokrazia formaletan, salakuntza egiteko biderik dagoen bezala, formalki behintzat torturatzaileak kondenatzeko biderik ere ba dago. Diktaduretan, ordea, oinazeztapenak izan direnik aztertzeko, horik salatzeko eta kondenatzeko askatasunik ez baitago, gizabidea bera itota gelditzen dela esan behar da. Orduan torturetaz ohitzeko arriskua ere ba dago, baldin salatzaile profetikorik sortzen ez bada, eta profeta horrek gizartearen kontzientzia asaldatuko ez badu.

Elizak bere burua profetatzat aitortzen du. Baina sarriegi, beldurrez edo diplomaziaren izenean eta torturen segurtasun oso oso bat nahi lukeelako —hau ezinezkoa da, hain zuzen ere, azter eta informabiderik ematen ez duten diktaduretan—, ixildu egin ohi da gizabidearen profeta izan gura duen Eliza. Horregatik, gizabide horren aitzindariak* Nazioarteko Amnistia eta Russell Hauzitegia izango dira gaurko gizartean. Ez dago salakuntza teorikoan ere gelditzerik. Konkretuki egin behar da gizabidea salbatuko bada. Urrutian gertatzen diren torturak salatzea errazago da norberaren inguruan gertatzen direnak baino, norberaren kontzientzia ikaratuko delako beldurrez edo.

Elizak —eta ez apezpikuek bakarrik— bere burua profetatzat daukalarik, bera bizi den inguruko torturak salatuz beteko luke bere eginkizuna, eta orduan egingo luke benetan Nazioarteko Amnistiak eta Russell Hauzitegiak egiten ez dutena. Hala ere, harek eta hauek elkar lagun dezakete: haiek informazioa bilatzen eta ematen dutelarik, eta honek tokian tokiko torturak konkretuki salatzen eta kondenatzen dituelarik.

Nola ordain torturatuei zuzenbidea*

Ez Eliza, ez Nazioarteko Amnistia, ez inolako hauzitegi nazioarteko —itzal handiena dutela ere— ez dira gauza izaten, torturak eragiten dituzten politikarien nahiz torturak egiten dituzten borreroen zuzengabekeriak eta krimenak zigortzeko, Horien eginkizuna gaitzespen* hutsetan geratu ohi da.

Bitartean hor dabiltza gizartean galduta eta ahanztuta, komisarietan, koarteletan nahiz espetxeetan torturatuak izan direnak, beren oinazeen seinaleak eta ondorioak ezkutatu* ezinik. Eta inork ez die zuzentasunezko ordainik ematen, diktaduretan torturak oso nabarmentzen direnean eta mundu osoak kondenatu dituenean ere, gobernariek beren buruak eta borreroak babesten ba dakite eta.

Horregatik gogoangarria* da eta itxaropenaren pizgarria, Grezian jazo dena. Izan ere, diktadura jausi* denean eta demokrazia nagusitu, diktadura garaiko hamabost polizgizon gartzelaz zigortuak izan baitira, ez inor hil zutelako, baina bai bahitutako* jendea oinazeztatu edo torturatu zutelako.

Paulo AGIRREBALTZATEGI


Fedea eta ekintza

Vatikanoa komunisten beldur

Sturzo apeza ausarta* izan zen garai haietan.

Garibaldiren harmadak* Erroma eta Aita Sainduaren beste Estatuak hartu eta Italiaren batasun politikazkoa lortu zuenean, «ez zaigu zilegi* —esan zuen Aita Sainduak—, ez zaigu zilegi katolikooi, erregimen honen barnean politika lanik egitea». Horrela, luzaroan, Italiako katolikoek politik ekintzatik aldenduta iraun zuten. Horregatik, ausarta izan zen Sturzo apeza, De Gasperirekin eta, «Partito Popolare» hura eratu zuenean eta katolikoei politika bideak ireki.

Munduko Azken Guduaren ondoren, Kristau Demokrazia bihurtu zen «Partito Popolare» hura.* Vatikanotik eta Elizaren aldetik ukan* du babesa; eta Vatikanoak ere Kristau Demokrazian ezarri du bere usteona eta Italian bultzatu nahi zuen politika modua. Baina azken urteotan Kristau Demokrazia zartatzen* ari da, barneko ustelduragatik eta herriaren konfiantza faltagatik. Bitartean, eta azken hauteskundeetan* nabarmendu den bezala, alderdi komunistak irabazi egin du herriaren konfiantza. Eta agintaritza lortzeko bidetik doa.

Orain Vatikanoa beldur da. L'Osservatore della Domenica astekaria eta Civiltà Cattolica hamabosterokoa ez dira Vatikanoko aldizkari ofizialak; baina horko pentsakera eta jokabidea agertu ohi dute neurri on batetan. Egun hauetakoa da, horiek piztu nahi izan duten sua eta beldurra. Aurrenak kristautasunaren eta ateismo marxistaren arteko elkarrezina astintzen duen bitartean, bigarrenak komunismoaren betiko joera «aldaezina» salatzen du, eta alderdi komunistaren abiadaren kontra katolikoen alderdi politiko berri baten premia nabarmentzen du, Kristau Demokraziaren berrizta ezina aitortuz edo. Bataren eta bestearen asmoa berbera da: Italiako katolikoak izutzea eta ernai jartzea alderdi komunistaren agintaritzarako bidearen aurrean. (P. Kortabarria)

Espainiako erlijio bizitza

Berrikitan* argitara da, Espainiako erligio bizitzaren berri ematen duen mapa. Estatuko herrialde guztiak agertzen diren mapa bat moldatu da, urteetan zehar egin diren ikerketen* ondoren. Oso gaizki ez bagaude, erlijioaren egoera soziologikoak ukanen* du orain eta laster zerikusirik, ondoko hilabete eta urteetan sortuko den politikarekin. Ikus dezagun, bada, hortik zerbait.

Rogelio Duocastella jaunak kudeatzen* duen «Instituto de Sociología Pastoral Aplicada» erakundeak* osatu du informazioa. Igandeetako mezari buruzko datuak jaso dira. Hortara legez beharturik daudenetatik, hirutatik batek entzuten omen du iganderoko meza, hau da, 10.162.101 lagunek.

Baina legearen konplimendua ez da berdina nonnahi. Madril eta Barcelona dira gutien betetzen dutenak. Estatu osoan ez dira jokabide berekoak hegoaldea eta iparraldea, hiriak eta nekazalerriak. Desberdintasun haundienak dituzte elkarren artean.

Azken urteotan —holatsu uste dugu gehienok— Elizarekiko harremanok bizkor urritu dira, gutitu. Eliza katolikoak galdu egin du bere gizarte zabalkunde eta sakontasunean, dirudienez. Frantziako «Sofres» delakoak esan duenez, azken urteotan, lurralde hortan, nabarmenki etorri da behera erlijiozko praktikabidea. Espainian zer gertatu da, «Ispa»k egindako azterketa hontatik ageri denez? Ba,* ez da hainbeste hemen.

Kontzilio ostean* egindako galdeketa batek, 35-38 %ren praktika eman zuen. Oraingo hontan, 33-35 %era jaitsi da. Lehenbizikoan paretsu geratu da, beraz. Espainia Europako erdibidearen parean dago, Italiaren antzera, Holandaren azpitik, eta Frantziaren eta Belgikaren gainetik.

Igandeetako betekizun hauek, ostera,* zenbaterainoko esannahia ote dute, jendearen erlijio bizitza balioztatzeko? Hor dago gakoa.* Norberaren erabaki libre bat ahal dago beti azpitik? Ez da erraza erantzuten. Baina gauza bat da, oso kontutan hartu behar duguna (gogora Espainiako II. Errepublikaren historia, gogora oraingo Portugal): Elizaren deiari jendeak zabalki ihardesten* dio. Hori egia soziologiko bat da (ez teologikoa), eta laster egingo den politikak ukanen du hor zer pentsa.

Espainol Estatuko erlijio soziologian, Euskal Hegoalde honek nortasun apartekoa du. Legez mezatara deituak daudenetatik, lau probintzietan 71 %eraino heltzen dira elizara doazenak. Andaluzian, 22 % baino ez dira; eta Katalunia 21 %ean geratzen da. Datu hau ere jakingarria da. Eta arrazoin politiko batengatik aipatzen dut hau guztiau: politikan ere ez dezagun ahantz.

Monarkiak lur jo zuenean, 1931.ean halegia, berehala nahastu zen Espainian, eta Euskal Herrian ere, jendearen erlijioa eta alderdi politikoen ekintza. Orduko historia ez genuke, agian,* segitu behar. Eta datu soziologiko hauk* ahanzten baditugu, behaztoparri* berean jausiko* gara. Kasu horri! (Joanes Goia)

«No Papas comunistas»!

Azken urteotan ohituak ere ba geunden apezen eta apezpikuen kontrako «goxokeriak» geure kaleetako ormetan* idatzita ikusten; eta luzaroan gainera, gure ormen «txukuntzaileek» ez baitzituzten nonbait horrelakoak ikusten. Italian inoiz Aita Sainduaren kontrakoak ere ikusiak ditugu; baina han denentzat dago askatasun berdina, horrelakoak idazteko.

Ustekabean, egun batetik bestera —baina, hala ere, arrazoina berehala aurkitu dugu geure kolkorako —Aita Sainduarentzat ere aipamen bereziak ikusi ditugu Donostiako ormetan: «No Papas comunistas»! «Papas rojos no»!

Europako nazioetan behintzat, atzerriko Estatuburuari irain* publikoa egitea zigortu egin ohi da. Espainiako legeetan bereziki babesten da elizgizonen eta batez ere Aita Sainduaren ohorea eta izena, eta ez bakarrik Eliza katolikoaren irakatsiak, dogma eta morala. Hala diote legeek eta inoiz zentsurak ere bai. Baina garaiak aldatuz doaz, jaunak!

Orain arte sarritan entzun izan dugu, Aita Saindua kapitalista dela edo kapitalismoaren laguna, eta Vatikanoa dela Estatu kapitalistarik dirudunena. Hemendik aurrera ba dakigu komunista ere ba dela Aita Saindua.

Agian, gure herritik joango zaio Aita Sainduari bere kontzientzi barneko komunista izatea pizteko akuilua; eta orduan eskertu egingo digu mesede hau, kapitalismoaren sareetatik askatzeko lagungarri izan gatzaizkiolako. (P. Kortabarria)


Akademiaren inguruan

Jaume Perichek, bere oraintsuko Perichcionario-aren lehen horrietan, Christoph Lichtensbergen esaldi interesgarri pare bat ezarri digu. Hala ere, eta agian* horrexegatik, hor doa hurrengo hau.

Jesukristo aurreko 300. urte inguruan Athenasen gizon handiki bat bizi zen, aberatsa eta —hemen eta orain arraroago dena— kultur zale porrokatua. Haren etxe inguruan lorategi eder bat omen zegoen; eta toki atsegin hura* Greziako philosopho eta jakitunei uzten zien borondaterik onenaz, bertan beren irakaspenak eman eta zabal zitzaten.

Gizon hark Akademos zuen izena; eta haren lorategiaz gehienik baliatu zirenetako bat Platon izan zen. Horregatik, Platonen eskolari, Akademosen lorategian biltzen zelako, Akademia izena jarri zitzaion. Handik urte askotara, Errenaisantzaren garaian, Italian gisa* bereko kultur eta arte elkarteak hasi ziren moldatzen, maiz,* gainera —haik ziren garaiak!..., mezenas batzuren* babesean; eta Greziakoaren oroipenaz beraiei ere Akademia izenaz bataiatzea erabaki zen. Horrela, italieraz accademia, frantsesez académie, ingelesez academy, alemanez eta txekoz akademie, gaztelaniaz academia, portugesez académia, katalanez acadèmia, bretoieraz akademiezh, hungarieraz akadémia, errusoz akadjemija, georgieraz akademia eta arabieraz akadimia moldatu izan ziren.

Akademosi, beraz, ez dio inork lehena izateko ohore hori ukatuko; eta haren izenak bizirik dirau gaur egun ere toki ezberdinetako hizkuntzetan, kulturaren symbolo baten antzera.

Esan behar da, dena den, gaztelaniaz abusu nabari* bat egiten dela academia hitzarekin, beste inon ez baita erabiltzen hain zentzu baldresez. Munduko hizkuntza gehienetan akademia hitzak «kultur elkarte» zentzua du, eta Hizkuntz Akademia, Zientzi Akademia, Medikuntz Akademia eta holakoetan ezartzen da soilki, sekula ez, ordea, academia de corte y confección, academia «Almi», academia de conducir (!!) eta gisa bereko erakundeetan.* Hauetan, bistan dago, ez dute inola ere hitzaren jatorrizko esangura ezagutu, ez eta, beraz, errespetatu; eskola bat eta akademia bat gauza berbera ez baitira.

Gurera begiratuz, hortxe dugu, Euskal Herriak gaurkoz bederen* ofizialki duen Akademia bakarra: Euskal Akademia, beste izenez —«alias» hobeki— Euskaltzaindia.

Aspaldion, Euskaltzaindi izenaren ordez, edo eta horrekin batera, Euskal Akademia nahiago dugunoi, betiereko betiko benetakoek erdal zaletasunaren sanbenitoa jantzerazi nahi digute. Harrigarria da, noski, Euskaltzaindiaren bileretan inoiz agertzen ez diren jaun horien ardura sakratua. Ez legoke gaizki horrenbeste indar eta grina, beraiek ere osatzen omen duten —nahi dutenerako bai bederen— erakunde horren aldeko balerabilate, orduan guztioi beste txori batek kantatuko liguke eta.

Nik ez dakit zergatik den. Beharbada ijitoren baten madarikazioa dateke,* edo auskalo* zer. Kontua da, Euskal Herrion sortu diren erakunde, aldizkari eta elkarte gehienen izenak, euskaraz baldin badaude, penagarrizko egoeraz egoten direla. Hortxe daude, gogoa* lagun, Euskal Esnalea (esnatzaile, ernatzaile edo iratzarle beharko zukeena), Euskerazaleak (Euskaltzaleak euskara jatorrean), Lan Kide Aurrezkia (Lankideen Aurrezki Kutxa edo eta Herri Kutxa beharrean). Eskualzaleen Biltzarra (Euskaltzaleen izan ordez), Margo Ederdun Enziklopedia (kolore ederretako entzyklopedia-ren tokian); eta, noski, marka guztiak iragaten* eta txitzen* dituena: Euskaltzaindia. Eta marka guztiak esan dut, zeren* ez baita txantxetakoa, hizkuntzaren garbitasuna gordetzeko omen dagoen erakundeak bere izena, euskara jatorraren ispilu beharko lukeena, hizkuntz erregela arruntenen* kontra moldatua izatea eta holaxe irautea.

Orain berrogei ta hamar urte baino lehentxeago, Euskal Akademia —edo, hobeto esan, La Academia de la Lengua Vasca— sortu zenean, haren fundatzaileek ez zuten batere zalantzarik ukan, hegoaldeko eta iparraldeko bi erdara batuetan nola deitu behar zuten erabakitzeko. Arazoa, ordea, besterik zen euskaraz, eta Academia-Académie delako hori itzultzeko ordua etorri zenean, izugarrizko eztabaidak gertatu ziren.

Dirudienez, ez zitzaion inori bururatu, hitz hori nondik zetorren eta Europako kultur hizkuntza guztietan nola esaten zen aipatzea edo eta jakitea. Eta horrexegatik, inon problema gertatuko ez zatekeena, gurean gertatu egin zen, euskaraz Akademia nola esan behar zen erabakitzerakoan. Problema hori, ordea, are* modu kuriosago batez erabaki zen, zeren, akademia hitzaz sartu aurretik, akademikide hautatu baitzuten: euskaltzain, halegia.* Hitz hau, egiari zor zaionagatik, euskal konposabide jatorrez moldatua dela aitortu behar da; baina, hala eta guztiz, egia beste hau ere ba da, hots* euskaltzain ez dela akademikide, guretik ibiltzeko gauza sui generis bat baizik, inon homologaziorik ez duena. Ondorioak gaur arte ikus ditzakegu: euskaltzain zer den antzematea* errax xamarra izan arren ez dakikegu* nola arraio esan behar diegun beste akademietakoei ez baitirudi bidezko,* erdaltzain, frantseszain, ingeleszain, alemantzain, errusozain eta tokian* tokiko gisa hortako bitxikeriak etengabe asmatzen ibiltzea, akademiko guztiak, gainera, hizkuntzarenak ez direla kontuan harturik.

Euskaltzainen osotasunari nola esan? Horixe zen, azkenik, erabakitzeko gelditzen zena. Azkuek, zentzu zuhurraz, Euskaltzaingoa proposatu zuen. Baina -di landare atzizkiaren* aldekoak —hauteskundeak* (orduan bederen) demokraziaren eta arrazoi absolutuaren iturri garbiak baitziren— nagusi gelditu ziren, eta Azkuek, Euskaltzaindia hura euskararen lege jator guztien kontrako munstro bat zela ongi ezagutu arren, hain demokratikoki onharturiko eritzi hura berea ere egin zuen. Eta harez gero Euskaltzaindia izenak ba dirau

Hitz horrek, bere jatorrizko moldaketa desegokiaz gainera, ez du biderik uzten analogiaz beste erakundeei izen egokirik ezartzeko inon ez diren eta ezer ez diren erdaltzaindi (¡?) eta gaskoitzaindi (sic) moduko perla preziatuen iturburu izanki.*

Alfontso Irigoien idazkari* izan zen garaiko aktetan, Euskal Akademia hitza maiz irakur daiteke Euskaltzaindiaren ondoan, beronen «euskarazko esplikazioa» bailitzen.* Hor, noski, bi gauza nabari dira: bata, Euskaltzain hitza berez argia bazen ere, ez zitzaiola beste horrenbeste gertatzen -di-dunari; eta bigarrena, ez garela izan oraingo gazteok Euskaltzaindiari Akademia izena ezartzera abiatu garen lehenbizikoak.

Ba dirudi, gainera, gure aurrekoen okerrak —haik* zuzentzeko asmoz— aipatzea lotsagabekeriazko bekatu larri bat dela, eta zaharrek gaizki egindakoa —jarritako desordenuaren antzera— denborak berak justifikatzen eta ontzen duela, inolako apelaziorik gabe. Horixe pentsatu behar dukegu,* noski, Akademian bertan gertatuak eta ikusiak ikusi ondoren.

Irakurleak dakikeenez, Akademia hitza, ofizialki gainera, euskal hitz-tzat onhartua du Euskaltzaindiak (ikus Merkatalgo Izendegia), Orain hilabete batzu,* Euskaltzaindi hitza izen propio eta historikotzat utzirik, Euskal Akademia izena ere gaztelaniazko Academia de la Lengua Vasca eta frantsesezko Académie de la Langue Basqueren itzulpen zehatz-tzat ipin zedin eskatzera ausartu nintzen. Baina euskaltzain jaun askok, Euskaltzaindia hitza «gaizki dagoela eta ez dela ongi ulertzen» publikoki onhartu eta ezagutu arren, erabiliaren erabiliaz azkenean herrian sartu eginen zela uste ukan* zuten, ezertan aldatu beharrik gabe. Horrekin argiro erakutsi zidaten zernolako biderik uzten den, gaizki dagoena emendatuz* joateko.

Eta kontua horixe besterik ez da: Euskaltzaindia, ofizialki bederen, ez dela oraingoz Akademia bat, inon homologaziorik ez duen izaki* estrainio bat baizik. Dena dela, eta umilki aitortzen dut, izena aldatzeko eskatzean errore haundi bat egin nuen, aldatu behar datekeena,* izena barik,* izana baitateke. Bitartean, Euskaltzaindia noizbait Euskal Akademia izatera helduko dela espero dugunok, Akademia deitzen iraunen dugu, euskara, inongo erdararen itzal negatiboa gabe,* zerbait positibotzat baitugu, zeren euskara jatorra, egia bezala, berez baita iraultzaile.

Xabier KINTANA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADINA, aina, beste, bezainbat.

ADOS, konforme.

AGERI, documento público.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu.

AHAL, ojalá.

AHALBIDE, posibilitate.

AHUL, makal.

AISE, errazki, fácilmente.

AITZINDARI, pionero.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALTZAIRU, acero.

ANIZTASUN, askotasun, pluralismo.

ANTZ, irudi.

ANTZEMATE, conjeturar.

APO, sapo, crapaud.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARC, Action pour le Renaissance de la Corse.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARETO, sala, salón.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, osoki.

ARRETA, detenimiento, atención.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASALDATU, alborotado, conmovido, soulevé.

ASKI, nahiko.

ATEZU, tirante.

ATZIZKI, sufijo.

AURRIKUSTE, previsión, prevención.

AUSART, valiente, osado, intrépido.

AUSARTZIA, valentía, osadía. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

AUSKALO, búscalo, vete a saber.

BA, bada, pues.

BAHITU, secuestrado.

BAIKOR, optimista.

BAILITZEN, balitz bezala.

BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

BATEZBESTEKO, banabesteko, promedial.

BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

BATZUREKIN, con unos. (BATZUEKIN, con los unos.)

BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)

BATZURENTZAT, para unos. (BATZUENTZAT, para los unos.)

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEHARKIZUN, necesidad.

BEHAZTOPARRI, obstáculo, piedra que hace tropezar. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

BEHINBEHINKO, behinbehingoz, por el momento.

BERATZE, ablandar, amollir

BERBARO (berba+ haro, ruido), murmullo confuso de voces. (ARO, tiempo, tempero, época.)

BEREZITU, especializado. (BEREIZTU, separado.)

BERRIKITAN, berriki, recientemente

BIDE, beharbada, nonbait.

BIDEZKO, justo, legítimo, obvio.

BIHURRI, torcido, tordu.

BILAKAERA, evolución.

BOLADA, temporada.

BORRERO, verdugo, bourreau.

BUZTAN, germinar. (BUZTANDU, germinado.)

DAGOENEKO (dagoen + orduko), para ahora, a estas alturas.

DAGOKE, dago nonbait.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DARAMATZA, daroaz, eramaten (eroaten) ditu.

DARDARAZTE, dardara erazte, hacer temblar.

DATEKE, da nonbait.

DEA (da + a), ahal da?

DERITZAN, deritzon, deitzen den.

DERRIGORREZ, baitezpada.

DEUS, ezer.

DIRATEKE, dira nonbait.

DITUZKE, ditu nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EGURATS, atmósfera.

EGUTEGI, calendario.

ELABARRI, novela, roman.

EMENDATU, aumentado.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAGIPEN, eragin, influencia, acción.

ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.

ERANZTE, desvestir. (ERANSTE, añadir, ajouter.)

ERDIETSI, lortu.

ERDIESTE, lortze. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ERORI, jausi.

ERORTZE, jauste.

EROSO, cómodo.

ERRUDUN, hobendun, hobenduri, culpable.

ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

ESKUALDE, zona, distrito, comarca, región.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos.)

ESPALOI, acera, trottoir.

ETXALDE, granja, propiedad rural.

EZBAI, duda.

EZEN, que. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

EZKUTATU, escudado, escondido, ocultado, oculto.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probado, demostrado.

GABE, barik, en vez de, au lieu de.

GAINEGITURA, superestructura.

GAITZESPEN, condena.

GAITZESTE, condenar, reprobar.

GAITZETSI, condenado, reprobado.

GAKO, kako, clave, busilis, punto esencial, clef.

GENEVA, Ginebra.

GISA (1), era, modu.

GISA (2), bezala.

GIZABIDE, civilización, humanidad.

GIZADI, humanidad, conjunto humano.

GIZAKI, persona humana.

GOGO, memoria.

GOGOANGARRI, digno de tenerse en cuenta.

GORABEHERA, a pesar de, malgré.

GURA, nahi, gogo.

GURARI, nahikari, desira.

GUZTIZ, guztiz ere, batez ere, bereziki. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

GUTIZIA, hacer desear, excitar al deseo. (GUTIZIATU, excitado al deseo.)

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)

HALABER, así mismo, igualmente.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

HARIK ETA... ARTE, hasta, jusque.

HARMADA, ejército.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAUTESKUNDE, elección por votación.

HAZIL, noviembre.

HEDADURA, extensión.

HEDATU, zabaldu.

HEZI, educado.

HIGI, mover. (HIGITU, movido.)

HILDO, surco, sillon.

HITZARMEN, convenio.

HIZKI, letra.

HIZKIRIMIRI, chascarrillo, donaire, chiste, plaisanterie.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

HORREN, hoin, tan.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HÜSTIRO, hustiro, explotación.

IDAZKARI, sekretari. (Ikus SEKRETARI «Axularren Hiztegia»n.)

IGEL, rana, grenouille.

IGORTZE, bidaltze.

IHARDESTE, erantzute.

IHARDETSI, erantzun.

IKERKETA, investigación.

INGURUMARI, inguru.

INKESTA, encuesta.

IRAGATE, pasatze.

IRAIL, septiembre.

IRAIN, injuria, ultraje.

IRAUNKOR, permanente.

IRISTE, heltze.

IRITSI, heldu.

IRRISTAKOR, resbaladizo, glissant.

IRUZKIN, comentario.

ISTILU, conflicto.

ITZARRI, itzartu, esnatu.

IZAKI, ser, ente. (IZANKI, izanik.)

IZANKI, izanik. (IZAKI, ser, ente.)

JARAMON, kasu.

JASAN, soportado, aguantado.

JASATE, soportar.

JAUSI, erori.

JAUZI, salto.

JAZO, gertatu, agitu.

KILIKA, incitar. (KILIKATU, incitado.)

KINKA, momento, situación.

KIRATS, hacer fétido. (KIRASTU, hecho fétido.)

KITZIKAPEN, zirikapen, excitación proveniente del exterior.

KUDEATZE, dirigir.

KUTSATU, contaminado. (SATSUTU, polucionado.)

LANTZEAN, noizean.

LEHERKARI, bomba.

LEKUKO, testigu.

MAIZ, sarri.

MAREA, mover con las mareas.

MARGOZTATU, pintatu.

MENDE, siglo, siècle.

MENDEBALDE, occidente, Oeste.

MENDEKU, venganza.

MINTZO, boz.

MUKIZAPI, pañuelo moquero.

MURRITZ, raso, desnudo, pelado.

NABARI, evidente, manifiesto, patente.

NABARITZE, advertir, notar.

NASAI, abundante. (LASAI, amplio, cómodo.)

NEURGAILU, aparato medidor.

NORTZU, quiénes. (NOR, quién.)

OINAZEZTAPEN, tortura.

ONDORIOZTATZE, derivar, resultar.

OPARO, abundante.

ORAINOKOAN, orain arte. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ORDEZKARI, delegado.

ORMA, pared, paroi. (HORMA, hielo, glace.)

ORO, guzti.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OSTRUKA, avestruz, autruche.

OZPINDU, avinagrado.

PAIRATU, padecido, sufrido.

PE, azpi.

PLEINITZE, quejarse, plaindre.

POZOINDU, envenenado.

SAIL, asunto.

SATSUDURA (satsudur hitz elkarteetan), polución.

SATSUTU, polucionado. (KUTSATU, contaminado.)

SEN, buen juicio, temple.

SINESTU, sinetsi, convencido, convaincu.

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

SOLASTATZE, conversar.

SOR, germinar. (SORTU, germinado.)

SOS, diru.

SUNTSITZE, hondatze, destruir.

TAXUZKO, adecuado, apropiado, conveniente.

TOKIAN TOKIAN, en cada lugar.

TXITZE, xitze, sobrepasar. (Ikus XITU, «Axularren Hiztegia»n.)

TXUNDITU, estupefacto.

UDAL, municipio.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

UKITU, tocado, touché. (HUNKITU, conmovido, emocionado.)

UNADA (une + ada), período. (Oso erabilia Bizkaian.)

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

URTARRIL, enero, janvier.

USAIN, hacer fétido. (USAINDU, hecho fétido.)

USU, sarri.

UZTAIL, julio.

XEDE, propósito.

XITU, sobrepasado, superado. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ZAGITA, saeta, flecha.

ZAKURATU, saqueado, saccagé. (Ene ustez, hitz hau oso ongi asmatua da, eta onhartu eta hedatu egin behar litzateke.)

ZARTATZE, reventar, hacer explosión.

ZEIN, cuál. (ZER, qué.)

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZUZENBIDE, justicia. (HELBIDE, dirección, adresse.)

ZUZENEKO, directo.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Hau da nik nahi nukeien gauzetarik bat, ene entseiu apur hunek kilika* zintzan eta gutizia,* bertze entseiu hobeago baten egitera eta ene hemengo falten ere erremediatzera (10: 54-17).

Bertzela, sor* liteke bihi hura, buztan* liteke, belar bihur liteke (22: 76-8).

(Jainkoak) nahi du (itsasoa) ibil dadin, higi* dadin, marea* dadin. Bertzela, usain* liteke, kirats* liteke, eta are apoz,* sugez, igelez* eta likiskeriaz bete liteke (25: 82-10).


Egunkari bat euskaraz?

Han eta hemen zurrumuruak entzun ditugu. Behin eta berriz entzun ere. Euskal egunkari bat ateratzeko omen da. Laster barru periodiko bat izango omen dugu euskaraz. Euskal periodiko bat. Nork ez daki oso urri gabiltzala hortan? "Gaceta del Norte", "La Voz de España", "Sud-Ouest", "El Pensamiento Navarro", eta gainerakoek, "Norte" edo "Vasco" izena gorabehera,* ez dute ez euskal kutsurik, ez euskal izanik ere.

Premiazko dugu euskal egunkari bat. Euskaraz izango dena. Euskal arazoari helduko diona.

Egunkariaren eginkizuna

Ba dirudi, gaurko prentsaren eboluzioa ikusita, prentsa handia kontzentratzera doala: beraz, tituluak gutitzera eta tiradak gehiagotzera. Horrela, nazio mailan, egunkari bat edo besterekin beharkizunak* beterik leudeke. Izan ere, berriak zabaltzeko eta komentatzeko, hor daude telebista eta irratia.

Zein litzateke, orduan, egunkariaren eginkizuna? Egunkari baten betekizuna, edozein berri beraren textuinguruan jartzea eta dagokion garrantzia ematea da, nire ustez. Irakurle askorentzat denean, edo eta nazio oso baten problematika edo mundu osoarena tratatzen denean, egunkari askorentzat ez dago lekurik. Banaka batzuk bete lezakete beharkizun hori, hain zabalak eta hedatuak izanez, nahiko aseptiko izan behar baitute derrigorrez.*

Egunkariaren etorkizuna ez doa hortik. Tipiagoa behar du izan egunkariak: leku bati edo problematika bati edo jende multzo bati hurbilagotik lotua. Horregatik, Frantzian esate baterako, Le Monde arratsaldeko egunkaria salbu, prentsa osoa ikaragarrizko krisian dagoelarik, eskualdeetako* egunkarien abonatuak eta hartzaileak gora eta gora doaz. Ez telebistan, ez irratian, ez nazio mailako egunkarietan erabiltzen ez diren lekuan lekuko problemak tratatzen dituztelako, jendeak arretaz* irakurri ohi ditu.

Euskal egunkari bat?

Euskal egunkari bat, beraz? Gerla ondoko erritmorik biziena zazpi egunetakoa izan dugu, asterokoekin. Orain egunerokoarekin jauzi* ikaragarria egiten dugu, aste betekoa. Egunerokoa izango da aurrerantzean gure erritmoa.

Baina, pozaren pozez triunfalismo antzu batetara jo aurretik, utz biezagu irakurleak, eguneroko posible horren inguruan, zenbait galdera egiten.

Egia esan, deus* guti dakigu, atera litekeen egunkari horri buruz. Berri zehatzik ez dugu izan. Baina ba dirudi baietz, hori aurrera doala. Ba dakigu, egitamua edo projektua hezurmamitzen ari dela. Baina ez dugu ezagutzen diru jartzailerik, periodiko antolatzailerik, kazetaririk,

Egunkari batek diru asko behar du. Nork jartzen du dirua? Uste dugunez, euskal periodiko bat ez da dirubiderik izango. Irentsi egingo du dirua horrek, eta gogotik irentsi ere, euskal kulturaren kondizio eskasak eta larriak irauten duen arteino. Dirua jarri baino zer gutiago egin dezake euskal burgesia kontzientziatu batek? Euskal burges tipien artean, bat baino gehiago ikusi dugu, holako asmoekin prest legokeena. Guk diru jartzaileak ezagutu nahi baditugu, zein joeratako prentsa izan litekeen ezagutzeko da.

Diruarena da, beharbada, euskal egunkari batek izan ditzakeen problema handietarik tipiena.

Sosa* jarriko duten diru emaile horien izenak baino gehiago, askoz gehiago, interesatzen zaigu projektu horren eramaileak eta antolatzaileak ezagutzea, eta horiekin elkarrizketan sartzea. Euskal mundu hau horren* handia ere ez delarik, gizon horik* nortzu* izango diren asmatzeko, ez dugu Uri Geller jaunaren beharrik; baina, tira, jakin ez dakigu ezer.

Azken galderak

Zer nahi nukeen haiengandik jakin? Gauza asko. Horien artean, esaterako,* zein* euskaratan izango den. Ez ahal* dute ahantziko, ez probintzia bat, ez lau, baizik eta zazpi probintzia garela! Eta zazpi probintziek Euskal Herria osatzen dutela! Eta zazpi probintzietakook elkar ulertzeko, ba dagoela guztiok lagundu eta bultzatu behar genukeen euskara bat, Euskal Akademiak proposatua: Euskara Batua! Logika hutsa. Ez dea* hola, irakurle?

Eman dezagun, dirua mahai gainean dagoela. Antolatzaile taldea ere osaturik dagoela. Eta kazetariak?

Non daude euskal kazetariak, euskal periodistak, profesionalki hor lan egin dezaketenak, hortarako eta hortik biziko direnak?

Kazetariak non dauden galdetzean, ez noa ni tituludun kazetarien bila. Legezko baldintza bat izango da titulua. Ez da kazetaritza onaren nahitaezko baldintza. Unibertsitatea, eskola eta titulua baino gehiago dira sena,* bokazioa eta lana. Demokrazia, demokrazi bideak eskainiz eta praktikatuz lortzen den bezalaxe, periodista ona izatea ere praxiaren eta lanaren poderioz erdiesten* da. Sinesturik* nago. Baina arazoaren gakoa* ez dago hortan.

Kazetaritza gazte, bizi, interesgarri, moderno eta jator bat egin dezaketenak non daude? Ba ote dago holakorik, orain arte plazara atera gabekorik? Bestalde, galdetzekoa da, nola egin litekeen periodismo interesanterik, ezarri dizkiguten lege hauekin. Beharbada, egun hobeen zain dago hori ere, laster etorriko direlakoan.

Egiazko egunerokoa izango den egunkari bat nahi dugu. Ez egunkari itxurazko egutegi* bat.

Joan ALTZIBAR