ANAITASUNA

302. zenb.

1975.eko irailaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 450 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.

Posta kaxa 495. Tel. 237449.

INPRIMATZAILEA:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10

D. L.: BI. 1753-67.


Pobrearen zoria eta oporraldiak

Berrogei ta zortzi aste lanean, eta lau oporrean. Hauxe da gaurko langilearen zoria.*

Apartekoa izan dugu aurtengo uda Euskal Herrian. Urte mordoxka batetan ez omen dugu eguzkialdi hain luze eta berorik ukango*. Horregatik, lehorte eta guzti, eguzkiminez agurtu dugu aurtengo udaldia. Errioxan edo Benidorm-en, Las Palmas-en edo Pirinio mendietan, norberak ukandako bizimodurik ederrena kontatua diogu geure ondoko langileari. Baina, entzuten denez, bat baino gehiago damuturik dabil, aurtengo uda Euskal Herrian iragan ez izanagatik: mila bider hobe zukeen gure itsasaldean Plantziako, Lagako, Donostiako edo Zarauzko eguzkiaren argiaz eta beroaz belztea, urrutirako bide luzearen asperraldia eta arriskuak pasatzea baino.

Baina uda joan zaigu. Hona hemen udazkena! Lau urtaro ematen dizkigu Euskal Herriko klimak. Garairen batetan, beharbada, bi bakarrik ziren. Geroztik uda luzatu egin dugu, «berrialdi» bat aurretik eta «azkenaldi» bat atzetik erantsiz.*

Lau urtaro ditu, bada, euskal langileak, oporraldiak egiteko; eta sarritan uda ez dugu izaten sasoinik egokiena, Hala ere, euskal langile gehienek, ia denek, udan hartzen dituzte beren oporraldiak, hori baita langilearen zoria.

Oporrak hartu behar

Lantegian zortzi orduz beharrean* diharduten langileek, badakite noiz hasten diren beren oporraldiak eta noiz amaituko: lanorduak eta lanegunak neurtuta eta mugatuta daduzkatenez, horien arabera* mugatzen dira oporrak ere.

Herri jendearen oporrak gauza berria dira. Garai batetan, ministruek, aristokratek eta, beharbada, medikuek ukaten* zituzten beren oporraldiak Donostian. Gaurregun, «demokratizatu» egin dira oporraldiak; eta batzurentzat galdua dateke* ametsetako garai haietan oporrek zuten «bikaintasuna» eta «dotoretasuna». Baina langileak ez du oporraldien «demokratizatze» edo arruntatze horren errua.* Langileari ezarri egin dizkiote oporregunak, lanegunak ezarri dizkioten bezala.

Lantegiztatzeak eta jendearen hiritartzeak ekarri du gaurko oporraldien arrunt* bihurtze hori. Oraino baserritarrek ez dute fenomeno hortan parterik hartzen, ez eta artzainek ere. Lantegiak, langilearen indarren emana ordu jakin batzutan eta ahal denik laburrenetan ateratzea lortu du. Makina batekin berdintsu gertatu ohi da: lehen bai lehen atera behar zaio makinari bere errentabilitate osoa. Hala ere, ba dago alderik* langilearen eta makinaren artean. Makina, berea eman duenean, bota egiten da; gizonak, ordea, indarrak bereganatzeko ahalbidea* du. Horrexegatik ematen zaizkio oporrak, indarberri dadin eta berriz ere lantegian bere izerdia isur dezan. Nekazariak, eta bere gain lan egiten duen edonork —gaurko lantegiztatzearen makinan nahasi gabe dabilenak, halegia*— bere erara neurtzen ditu lanorduak, lanegunak, atsedenorduak eta atsedenegunak.

Baina, zoritxarrez, nekazaria ez da lantegiko behargina* baino zori hobekoa; eta kapitalismoak ezarritako legeak eta makinak harrapatua dute, dagoeneko,* euskal nekazaria ere. Hala ere, horrek ez dizkio oporrak ezarri, nekazariak oraino «zorion» hori lortu ez duelako.

Oporraldia berez ez da irabazpide; eta kapitalismoak ez du onartzen ezer, irabazpide ez baldin bada. Horregatik, langilearentzat oporraldia izan litekeena, kapitalismoarentzat turismo bihurtu da, turismoaren negozio, halegia. «Turismo» hitza frantsesezko «tour» berbatik dator, eta jirabiraka ibiltzea esan nahi du. Horixe bilakatu* dira, hain zuzen ere, langilearen oporraldietako lau asteak: jirabiraka ibiltzeko garaia. Jirabiraka ibiltzeak, ordea, zorabioa sortzen du. Horregatik, oporraldi = zorabioaldi! Turismoaren makinara sar erazten du kapitalismoak langilea, oporraldiak hartzera behartu eta gero.

Kanpora, kanpora!

Atzo (abuztuak 29), Beasaindik Tolosarainoko auto erreskada bat zetorren. Lehengo egun batez hiru ordu eman zituen nire lagun batek, Donostiatik Tolosara etortzen: 25 kilometro. Parisetik ateratzen den «Autoroute du Soleil» delakoan, 80 kilometrotako auto erreskadak ikus zitezkeen uda hontako edozein egunetan: 26 milioi frantses kaminoetan zehar!

Zabal* kaminoak, ireki autobideak! Dena autoz asetzeko antolatzen direla dirudi gaurregun oporraldiak. Sukaldean traba egiten dutenean, ostiko bat emanez eta «zakurrak kanpora» esanez uxatzen dira zakurrak. Sarritan horrelako zerbait gertatzen dela dirudi gure lantegi eta hirietan, oporrak ematean.

Etxetik kanpora! Gure bizitzetxeak, jateko, lo egiteko eta telebista ikusteko bakarrik eginak direla esan genezake. Langileak ez daduka txalet politik erosterik, ez eta lorategi atseginez bere bizitokia inguratzerik. Horregatik, kaiola meharretik* jalgi* behar, oporraldietako atsedena hartzeko.

Hiritik kanpora! Langilearen etxeak etxatzarrak* dira, zabalak ez badira ere. Eta langileariaren hiriak hiritzarrak, handiak ez baldin badira ere; langileak pilatzeko eginak dira, langileak lantegiari lotzeko. Horregatik, oporraldietako asmorik nagusiena hiritik kanpora irtetea da, arnasa berria eta garbia (?) hartzeko: itsasora, mendira, baserrira..., nonbaitera.

Herrialdetik kanpora! Trenik gabe, hegazkinik gabe, autobusik gabe eta batez ere kotxerik gabe, gaur ez dago oporraldirik antolatzerik, urrutira joan behar baita: ahaideak bisitatzera, aurkientza* berriren bat ikustera, eguzkia hartzera nahiz «paella» bat jatera edo basoerdi bat edatera. Exodo handi eta beldurgarri bihurtu da langileen oporraldi garaia. Eta exodo itxura eta errealitate hau nabarmenago gertatzen da, atzerritik datozen langileena ikusiz. Lanbidearen premiak hegoaldetik iparraldera milaka eta milioika bota ditu langileak gaurko Europan: Andaluziatik Euskal Herrira, Napolitik Milanera, Zuberoatik Parisera, Espainiatik Frantziara eta Alemaniara, Italiatik Jugoslaviatik, Greziatik, Portugaletik edo Turkiatik Europako Iparraldera. Udako oporraldiak datozenean, sistema berberak botako ditu hegoaldera, merkeago baitago han itsasoa, eguzkia eta bizitza; baina, batez ere, atzerriratuek beren familiakok hegoaldean dituztelako. Bil eta multzoka* jendea kotxeetan edo autobusetan edo trenetan, bete maletaz zoko-moko guztiak, eta prest dago hegoalderako exodoa. Bideetako bero kiskailgarria, arrisku ikaragarriak, asperraldi luzeak, nerbio etenak: hauk guztiok dira oporraldietako exodoaren ezbeharrak. Baina sistemak antolatuta daduzka bai iparralderako exodoa eta bai hegoalderakoa.

Udatiarren ehizan

«Udatiar» izena ere ba dute udaldiko turistek. Eta, sarritan, udazkeneko uso pasakarien ehizaren* itxura ematen du udaldiko turismoak. Hortarako, ehizategiak prestatuta daude mendian, usoek bidea egiten duten lekuetan; eta ehiztariak, hosto artean edo ormaren* baten ostean* ezkutaturik,* lehiaka dabiltza, zeinek uso gehiago botako. Antzeratsu* gertatzen da oporraldietako langile pasakariez ere.

Agentziak, autobusak, hotelak, udatokiak..., denak dabiltza elkarren lehian, zeinek oporketari gehiago harrapatuko. Eta turistak nekez ihes egin dezake turismoaren «industriak» hedatzen* dion saretik. Turismoaren propagandak hainbeste aukera ematen duelarik, norberaren barnetiko aukera kentzen du sarritan, ia ia «pasabide» derrigorrezkoak* markatzen dituelarik.

Eta okerrena zera da, gainera: etxeetatik, hirietatik eta herrialdeetatik botatzen dituen kapitalismoak berak —konkretukiago esanez, kapitalistek beraiek— markatzen dituzte turismoaren bideak eta beraiek jartzen ehizalekuak, beraiek uxatutako txori oporketariak harrapatzeko. Gaurko langilea sistema oso batek bere sareetan harrapatua daduka, lanean nahiz oporrean.

Datorren urterarte

Langilearen aurtengo oporraldiak amaitu dira. Eta berriz ere laneratu gara. Berrogei ta zortzi aste ditugu aurretik..., eta hurrengo oporraldien ametsa. Ametsez amets doa langile pobrearen bizitza, soldata noiz goratuko, oporraldiak noiz luzatuko. Baina, hortarako ere, oporraldietatik datorren udatiar beharginak, udazkeneko langile burrukak antolatu beharra izaten du gehienetan.

Hauxek dira, oporraldiak joan ondoren, eta ikuskari ederrenak eta gertakari gogoangarrienak* lagun eta adiskideei konta ostean,* beharginaren gogoeta* apurrak. Eta, hontarako, lagun datorkio poeta ere: «Hau diagu* pobrearen jakitatea: Lan egin, lanean lan egin eta hiltzea» (Joxe Azurmendi).

Paulo AGIRREBALTZATEGI


ANAITASUNA eta langilegoa

Azken hamar urteotan Euskal Herrian, hegoaldean batez ere, eduki dugun industri hazkundea,* eta beronekin batera sortu zaigun mundulerkuntza* berria, ANAITASUNA aldizkarian agertu diren langileriari buruzko artikulu eta berriekin parekatzen baditugu, llabur eta herren* geldituko ginatekeela uste dugu.

Izan ere, Araban industri polo indartsu bat eraiki da Eta Nafarroan, azken gertakariek frogatu* dutenez, Estatuko langilerik porrokatuenak ditugu: eta hau guztia klasekidetzat bai (ez dakigu noraino, hala ere), baina euskal herkidetzat* hartzen ez duten itsaso eta ur gabeko zenbait arrainen kontra.

Iparraldeaz guti esan daiteke, lan gabezia edonon ikusten ahal delarik. Hori dela eta, Parisera eta beste lekutara lan bila joatera beharturik aurkitzen dira bertakoak.

Bizkaia eta Gipuzkoan inoiz baino indar haundiagoa ikusten da langile mugimenduan. Dena dela, aldizkari honen irakurlegoari deus* guti eman zaio mugimendu hortaz. Eta hau ez da harritzeko, zeren* tokian tokiko eta aldian aldiko kondizioek mugatzen baitituzte idazleak. Izan ere, bere burua ezagutu nahi ez duen gizarte hontan, oso guti —eta gaizki gehienetan— hitz egiten da langileen arazoaz. Eta mintzatzen denean, gaingiroki* eta halako kutsu liberal batez egiten da.

Etorkizunean, bihar-etziko egoeran, aldez* edo moldez, langileez mintzatuko gara, dudarik gabe. Urlia,* langile mugimenduan integratu edo engaiatu* nahirik, honela mintzatuko da. Sandia,* oportunismo bategatik edo, horrela. Eta Berendia,* hala. Baina denek, eta abagadune* guztietan, langileria aipatuko dute.

Hamabostekari hau mugimendu horren berriemale izan ledin nahi genuke, gaurko honekin hasten den epe berri hontan. Hala izan ledila erregutuko genieke idazleei. Bestalde, ez. genuke artikuluxka hau bukatu nahi, hor han hemen eta orain arte bederen* soldata merke bategatik beren izerdia saldu duten zenbait andereño eta maisuren ohorezko aipamen bat egin gabe, berok izan baitira «asaba zaharren baratzean» ari izan diren benetako langileak, langile intelektualak noski, behin baino gehiagotan beren interesak eta eskubideak nola edo hala zapaldurik ikusi dituztenak, eta, beren lan eta ekintzaz, klase arteko burrukak bizirik dirauela frogatu digutenak.

Joseba TOBAR


"Iberia Express"

Terrorismoaren kontrako legea

Abuztuaren 27an argitara du BOEk* terrorismoaren aurkako Dekretu-Legea. Hogei ta bat artikulu ditu, delibero gehigarriak eta azken deliberoak kontatu gabe. Hamahirugarren eta hamalaugarren artikuluak bi urtetarako onartzen dira. Hain zuzen, artikulu hauk* dira, «Fuero de los Españoles» delakoaren 15. eta 18. artikuluak baztertzen dituztenak, hau da, etxebizitzen miaketak* egiteko, eta detenituak, epailearen eskutara pasatu gabe, egun gehiagotan edukitzeko eskubide berezia ematen dutenak. Agintariek adierazi dutenez, poliziaren ikerketak errazkiago egin daitezen eman da Dekretu-Lege hau. (Joanes Goia)

Solís jauna, oso baikor

Fraga Iribarnerekin egon ondoren, Solís jaunak hala esan du: «Asoziazioen etorkizunaz erabat* baikor* nago». Abuztuaren 27an esan du hau. (Joanes Goia)

FEDISAren ageria

Solisekin egon ondoren, Fraga Iribarnek FEDISAren* ageria* izenpetu du. Elkarte honen egitarauean* eman diren puntuetan, ondoko hauk ikus daitezke: 1.º Datozen hilabeteetarako, elkartearen ekintzen plangintza bat jartzea. 2.º Berehalako baterako, ikasgai bezala, beste batzuren artean, zerak aukeratzea: Hauteskunde* legea eta errepresentagarritasuna, erregionalismoa, Konstituzio erreforma, Estatu Buruzagitzaren segida, zergen* erreforma, hezkuntz* politika eta Sindikatu erreforma. 3.º Gai hauetaz premiazkoak diruditen ikerketa lanak gomendatzea, berehala irtenbide erabaki batzu* eskaini ahal izateko. 4.º Akziodunei, eta berdin gai hauen ikerketan parte hartu nahi duten guztiei, beren lankidetza eginkorra* eskatzea, zehaztasunik haundienarekin Espainiako gizarte errealitatearen analisi juxtu juxtu bat lor dadin. Gero, argitalpenen edo beste bide egokien bitartez ezaguterazteko. 5.º Madrilen, irailaren* erdi alderako, bilera bat egitea, eta bertan elkarte osoaren bilera orokor* berezi baterako deia aztertzea. Bukatzeko, ageriak bi gogoeta* labur egiten ditu: jende asko dago, Espainiako arazoak lege barnean arakatu* nahi dituenik; baina jende horiek ez dute asoziazio politikorik sortu gura, hortarako. (Joanes Goia)

Kataluniako Kongresua

Orain zenbait hilabete, Barcelonako Abokatuen Kolegioak Katalan Kulturaren Kongresu baten asmoa bultzatu eta gidatu du. Hortarako, Kolegioan bertan bildu izan da Katalan Kulturaren Kongresurako Behinbehineko* Idazkaritza, Kongresuaren helburuak finkatu, estruktura moldatu eta asmo guztien albistea* emango duen ageri bat prestatzeko. Prestaketa guztion berri emateko, abuztuan eman da ezagutzera ageri hori. «Països Catalans» guztietatik eta gizarte maila denetatik jaso dira deiari emandako erantzunak. Kongresuak, batez ere, milurtekoa* bete duten kultura, hizkuntza eta deretxoaren azalpen irmo* bat izan nahi luke. Betidanik Katalunian bizi izan diren edo eta beste lurraldeetatik hara heldu diren guztien bilkura izan gura du.

«Kultura» hitza zentzurik zabalenean ulertu nahi da. Hizkuntzaren, deretxoaren, pentsamentuaren, giza jokabide eta bizimoldeen agerpen bat izanen da Kongresua. Etorkizunean, planteamolde demokratiko bati jarraikiz, edozein Gobernuk segitu beharko dituen kultur politikaren bide ordenatu eta egituratuak* aurkeztu beharko ditu, gutienez, Kongresuak. Kataluniako kulturan, estruktura desegoki batek sortu dituen hutsuneak ongi ezagutu beharko dira, lehenik. Gero, hori dena jakinki,* erabaki jakin batzutara heldu behar da, kulturaren normaltasun batera joz, katalan gizarte demokratiko baten barnean kultura horrek bere bidea egin dezan. Kongresuari herritar giro bat eman nahi zaio.

Jakingarria da, Kataluniaren etorkizunaz estudio taxuzko bat egin nahiz, Kongresuari eman zaizkion iker sailak ezagutzea: hizkuntza, irakaskuntz estruktura, ikerketa, historia, gizarte egitura,* deretxoa, instituzioak, lurraldearen ordenamendua, ekonomia, osasun estruktura, industria, lurgintza, turismoa, artegintza, komunikabideak, katalan kultura eta herbesteko oihartzunak,* atsedenaldiak.

Arazo guztiok ez dira bereziki teknik aldetik erabiliko, baizik eta Katalan Lurralde guztietan ukan* dezaketen beren aplikamenean. Kongresua gidatuko duten antolagailu* hauk izendatzen dira aurreplangintza hontan: Ohorezko Patronatua (gaur Katalunian kultur mugimendua daramaten gizon prestuenekin*). Batzorde Gidaria (Kongresuari beren lankidetza eskaini dioten erakundeekin.* Irailaren azkenetan edo bildu beharko luke honek, Kongresuaren aipatutako norabideak onar ditzan). Batzorde Iraunkorra (60 lagunek osatuko dute Batzorde hau. Valencia Lurraldetik, Iparraldeko Kataluniatik, Balear Irletatik, Printzipatu* osotik, Andorratik... hautatuak izanen dira Batzorde lagunok). Batzorde Iraunkor hau izanen da Kongresuaren ekingailua.* Beronek eratu beharko ditu aukeratutako langaiak. Lehendakaria eta idazkaria Barcelonako Abokatu Kolegioarenak izango ditu. Kultur Idazkaritza* bat ere izango da, aukeratu diren 17 sailetako buruekin osatua, eta Katalan Lurraldeko lau herrialde nagusiak ere (Printzipatua, Valencia Lurraldea, Balear Irlak eta Iparraldeko Katalunia) sartzen direla.

Kongresuaren asmo honek 700 bat talderen atxikimendua* jaso du dagoeneko,* eta milaka eta milaka dira bakarka atxiki zaizkionak. Baina ez dira atxikimendu platoniko hutsak: lurralde eta eskualdeetan ere sortu dira lanerako idazkaritzak. Oso argi ikusi da, Kataluniak bizi bizirik duela bere nortasunaren kontzientzia; eta ez hori bakarrik: nortasun horren alde lan egiteko prest daudenak ugari direla eta indartsu. (Joanes Goia)

Europak ez omen du garbi jokatzen

Bilboko kazeta batetan, Merkatu Batuaren kontrako artikulu bat irakurri dut. Benetan interesgarria. Europak ez omen du Espainiarekin garbi jokatzen.

Denok dakigu, Espainia-Merkatu Batuaren harremanak ez direla izan oso eztiak. Ez eta sakonak ere. Elkartzeko eta are* gutiago bateratzeko, ez da hitzarmenik* egon. 1962.eko leku beretsuan omen gaude. Hau da: akordio komertzialetan.

Zer gertatzen da, bada? Besteak beste, Espainiak nahi luke hor barne egon. Baina Merkatu Batuak baldintza gogorrak jartzen omen dizkio. Europa abusukeria hutsean dabilela diote hemengo batzuk. Merkatu Batuak begi hobeagoekin ikusten omen du Portugal Espainia baino. Zergatik hori? Hemengoen ustez, Espainia hartzaile hutsa ez baina konkurrentzikide ere ba delako. Nekez onartzen dute, politik desberdintasun kontua dabilela tartean. Merkatu Batuko Gobernuek ez dute hemengo politik modua maite. Hori da arrazoin nagusia. Ullastres jaunak berak inoiz aitortua. Eta horrek ez du itzulirik. Politik era hori aldatzen ez den bitartean, Espainiak ez duela Merkatu Batuan sartzerik, hori mila aldiz aldarrikatu* dute europarrek.

Uste dudanez, Espainiako ezkertiarrak ere ados daudeke* hortan. Nahiz eta europazaleak izan, gaurko kondiziotan Espainia sar ledin ez lukete gura, horrela argumentu eta maliobra bide bat gal lezaketelako. (Joanes Goia)

Valenciar politikari batzuren* zenbait eritzi

Euskal Herrian eta Estatuko beste zenbait lurraldetan, nazio arazoei buruz ezjakintasun izugarria nabari* da, «jakintsu» direnen artean hain zuzen. Gure inguruan ari diren talde eta taldeñoen zuzendari eta zuzendarittoen artean ere bai.

Azken hilabeteotan, valenciar hizkera katalana den ala ez, hor ihardun izan dute. Alde batetik, katalantasunaren alde agertu dira gehienak, Real Academia Española eta Tarancón kardinalea tartean direla (hau hangoa baita, Plana Baixa eskualdekoa* hain zuzen); eta beste aldetik, jo eta ke ibili dira «jakintsu» zenbait, ahal denik eta gehien valenciera katalan hizkuntzatik bereizi nahiz, haien artean Oltra Moltó Valencia probintziako gobernaria, arabarrek eta gipuzkoarrek ezagutzeko aukera izan zutena.

Gure artean, tamalez,* «Triunfo», «Cambio 16» eta antzekoak bakarrik irakurtzeko aukera edo ohitura dago. Eta aldizkari hauek ez dute honelako arazoetan argi gehiegirik ematen, beren «progre» itxura guztiekin. Ez dute «extra»rik, ganorezkorik* behintzat, eskaintzen. Ez dakite nonbait zenbat nazio dauden penintsulan, ez eta nondik nora dabiltzan. Hauxe da «País Valencià»ren kasua. Zenbat euskaldunek dakite beronen katalantasuna?

Jauzika* baino ez bada ere, eta arazo horren aurpe gietariko bat erakusteko, Barcelonako «Oriflama» aldizkariak 153. zenbakian agertu duen «taula rodona» edo mahai biribilaren berri emango dugu, zatirik interesgarrienak azalduz. Parte hartzaileak: Francesc de P. Burguera i Escrivà, Laura Pastor i Collado, Josep Guia, Joan-Josep Perez i Benlloch, Vicent Ruiz i Monrabal, Ernesi Sena i Calabuig, Vicent Soler i Marco eta Vicent Ventura i Beltran, Valenciar Herriko zortzi politikari edo pentsalaririk bikainenetarikoak.

Lehen galderan aldizkariak hau planteatzen die: «Taronja* i arrós: una falsa imatge del País Valencià», hau baita sarritan zabaldu den Herri horren irudi erraz eta okerra. Ondoren, industrializatzeaz eta «multinazional. deituen arazoaz berba egiten dute. Mediterranioko auto bideaz ari direnean, Sena jaunak dio, lehenbizi lurraldearen antolakizuna egin behar dela eta gero autobidea: «Al País Valencià li fa falta un gran esquema director d'ordenació del territori». Uste dut, Euskal Herriari ere horrelako zerbait izugarriro falta zaiola. Niri behintzat ez didate grazia handirik egiten, ez Bilbotik Ebroaldera doan autobidearen nondiknorakoak eta ez Nafarroakoari buruzko duda-mudek.

Ventura jaunak hau dio: «Valenciar Herriak, berbera izan nahi baldin badu behintzat, ezin dezake uka bere katalan naziotasuna».

Josep Guiak beste hau: «Bozketa egitea baino lehenago, beste gauza batzu* daude: adibidez, gure hizkuntzaren ofizialtasuna, nolabaiteko autogobernua eta abar. Hau guztiau ez da inondik inora botutara jotzekoa, eman beharrezkoa baizik. Gauza hauk lortu ostean,* bozkatzekotan, Estatuaren azken eraketak eta politikazko gainegiturak* bozkatu beharko lirateke. Nork bere eritziak ditu. Nik neuk, gure Herria Printzipatuarekin* eta Balear Irlekin* mankomunatzea gura izango nuke».

Gure inguruan dabiltzan zenbait ezkerrillorentzat ongi dator hau; baina hemen esaten dena ez dukete* irakurriko, euskara guti irakurtzen baitute, erdal iturrietatik bakarrik edaten dutelarik. Autodeterminatze leloarekin* hasi eta bukatzen dute plastada* batez euskal arazoa, zer eta zertaz, non eta nondik nora, nortzuk eta nola bozkatuko duten batere zehaztu gabe. Ordua dela uste dut, horiei beste feria batzutan beren merkantzia saltzera joan daitezela esateko.

Horiekin baino askotaz lehenago egingo nuke nik konbergentzia, valenciar hauekin. (D. Amaitermin)


Hementxe denok

Araba

Okondoko Bilkura

Jose Paulo Ulibarri euskaltzale sutsuaren jaiotzaren 200. urtea ospatzeko, Bilkura* Nagusi bat antolatu zuen abuztuaren 17an, Okondon,* Euskaltzaindiak.

Arabako herriska hontara («hizkuntzaz eta pentsaeraz erdaldundua», Endrikek esan zigunez) iritsi* ginenean, besta giroa somatzen zen bazterretan. Zerbait handia egin nahi izan zuen herriak. Han bildu ziren Euskaltzaindia, Arabako Diputazioa eta Okondoko Udaletxea.*

Bestakizunik ba zen han ugari: meza, Euskaltzaindiaren bilkura irekia, Ulibarriren oroitarriaren agerteraztea, dantzak, bazkaria, eta gero ere kantuak eta musika, bertsolariak eta trikitia...

Zalantzarik gabe, garrantzi nagusia Okondoko Gizarte Etxean egin zen Euskaltzaindiaren bilkura irekiak izan zuen. Antonio Arrue, Lino Akesolo, Nikolas Alzola, Endrike Knörr eta Federiko Barrenengoa jaunak mintzatu zitzaizkigun, Jose Paulo Ulibarri Galindez ohoretuaren bizitza eta lanak aipatuz eta aupatuz.*

Gizon kontzientziatu bat

Ikusi ahal izan genuenez, gizon interesantea da Jose Paulo hauxe. Euskal kulturaren mundutxoan, historian zehar izan ditugun gizonetarik bizienetako bat iruditzen zait. Etxahun, Iparragirre, Iztueta eta horien artean sartzekoa, halegia.

Jose Paulo Ulibarri Galindez Arabako Okondon sortu zen, eta 9 urterekin joan zen Bizkaiko Abandora,* han bizitzera. Albaitari* eta ferratzaile* zen. 1797. urtean ezkondu zen. Kargu publikoak ere izan zituen, Abandoko Udaletxean bertan eta Gernikako batzarreetan. Foruzale amorratua zen, katoliko osoa. Abandon hil zen 1947. urtean.

Batez ere Ulibarrirengan harritzen gaituena zera da, halegia,* haren euskaltzaletasun erabakia. Garai hartan inork ez bezalako kontzientzia argia zuen harek hizkuntzaren egoeraz eta erremediatzeko sendabideez. Ulibarrirekin euskal gauzekiko kontzientzia berri bat jaiotzen dela esan zigun Akesolok.

Gizon moderno baten kontzientzia dirudi harenak. Euskara, salbatzekotan, leku eta maila guztietan sartu eta beti erabili behar zela ikusten zuen. Bost sendabide edo nabari* zituen bereziki: euskararen prestigio soziala, eskola, aldizkariak, alfabetatzea, eta Euskal Akademia. Geroztikako euskaltzale zenbaitek horren* kontzientzia garbirik izan balu, hobeto geundeke gaur.

Euskaltzain laguntzaile berriak

Uste dudanez, egun ezin egokiagoa zen, euskaltzain berriak hautatzeko. Ulibarriren omenezko egun batetan Euskaltzaindira sartzeak ba duke* zentzu berezirik. Eta ez ttikienetakoa, nolabait haren jarraitzaile izatea dateke.*

Ulibarriren antzera, hizkuntzaren gizarte prestigioa eta izen ona zainduko duten euskaltzainak behar dira. Euskara ofizialki erabilia ikusi gura izan zuen Jose Paulok. Carlos erregeak ere zerbait euskaraz egin zezan nahi zuen. Bizkaiko Batzarreak euskararen alde, eta euskaraz, zerbait egin zezan lan egin zuen. Eta lortu ere bai, neurri batetan.

Ulibarriren atzetik, eskolaz arduratuko diren lagunkideak behar ditu Euskaltzaindiak. Harekin batera esango dutenak:

Esaizu: zelan* da au,

zetara adi gara?

Euskera berba eginda,

eskolia erdera?

Alfabetatzea ere pentsatua zuen harek. Euskaldun guztiak euskaraz mintzatzen ikusi nahi zituen. Gramatikak eta hiztegiak egiteari ere ekin zitzaion.

Periodikoetan, aldizkarietan ere pentsatu zuen. Hizkuntza jendearenganaino eraman behar zela eta, asmo horrekintxe egin zuen «Euskal Egutegia».

Oraindik gehiago. Euskal Akademia batetaz ere mintzo zaigu. Hala dio berak:

Ogetalau gizon biar dira izentau

Gernikako batzarrian,

egiteko alegin au

euskeraren ganian.

Sartu berri diren 18 laguntzaileak aukeratzerakoan, Euskaltzaindiak Ulibarriren ikuspegiok kontutan ukan dituela pentsa daiteke. Aipaturiko alorrik gehienetan dabiltzanak sartu dira oraingoan, hala nola, Alfabetatzekoak (Joanjo Zearreta, M. Goienetxe), Ikastola ingurukoak (J. M. Aranalde, Retolaza, E. Knörr, J. A. Letamendia, I. Laspiur, X. Mendiguren, P. Zabaleta...), Aldizkari lanetaneta dabiltzanak (J. M. Torrealday, M. Atxaga, X. Aranburu, J. M. Iriondo, Gexan Alfaro...).

Ikusten da, bada, hizkuntzaren linguistik arazoan baino hizkuntzaren izari* sozialean lan egiten dutenak gehiago aukeratu dituela Euskaltzaindiak. Eskolari, Alfabetatzeari, Kazetagintzari bereziki garrantzia eman nahi izan zaiela, gustura esango nuke.

ANAITASUNA ondo barnean dago. Ekipoko hiru egin dira euskaltzain: Joan Mari Torrealday, kazetaritzan dabilena; Xabier Mendiguren, Ikastoletan dabilena; eta Joanjo Zearreta, Alfabetatzean dabilena.

Liburuska bat

«Gordailu»koek ekarria, pozik ikusi genuen Jose Paulo Ulibarri liburuxka. Biziki polita da liburua, tipia eta fina, bi koloretan gustu handirekin moldatua. Daniel Ibargoiti arabarrak egina da. Ulibarriren bizitzaren eta lanaren laburpen egoki bat aurkituko du hor irakurleak.

Ikastolarako liburua da, Historia sailean «Gordailu»k argitaratua. Gisa* hontako liburuxkak premiazko ditugu, presentapenaren eta gaiaren aldetik irakurterrazak direlako.

Joan ALTZIBAR


Hementxe denok

Bizkaia

Deustuko euskal ikastaroak

Bizkaiko Alfabetatze Batzordeak,* Deustuko Euskal Kultur Mintegiaren laguntzaz, hilabeteko bi ikastaro eratu ditu jesuiten Deustuko Unibertsitatean, bata uztailean* eta bestea agorrilean.* Aurtengoak, hirugarrenak izan dira, hau da, Batzordeak hirugarren aldiz antolatuak.

Aurton,* hirurehun ta hamar ikasle etorri zaizkigu ikastaro hauetara. Kopuru* garrantzitsua benetan, ihaz baino hiru aldiz gehiago etorri zaizkigu eta.

Ikasleen bizibideari begiratuz, honela bana daitezke: 99 ikasle, 55 lizentziatu, 39 maisu eta 54 bulegari.* Enparaduak* legegizon, langile, etxekoandre, eta.*

Ikusten dugunez, 30 % maisu edo lizentziatu dira. Gino* hau kontutan hartzekoa da, beraiengan baitago euskal irakaskuntzaren etorkizuna.

Ikasleak hiru mailatan banatu ditugu. Hontaz gainera, laugarren maila berezi bat ere izan dugu, irakasle titulua lortu gura dutenentzat. Maila hontan, atera berria den «Alfabetatzen» metodoa erabili dugu.

Ikastaroan zehar, hitzaldiak eta kantaldiak ere izan ditugu. Honela, uztaileko ikastaroari hasera emateko, Erkiaga euskaltzainak eta gero Xabier Mendiguren euskaltzain laguntzaileak berba egin ziguten. Amaiera, Joseba Etxebarria, Patxi Villamor eta Jon Bergaretxe kantariek eman zioten.

Agorrilean, berriz, Xabier Kintana euskaltzain laguntzaileak euskara teknikoari buruz hitz egin zigun; azkenaldian, J. L. Lizundia Euskaltzaindiko idazkari ordezkoak eta J. Zearreta euskaltzain laguntzaileak Euskal Akademiaz eta euskararen irakaskuntzaz. Bigarren ikastaro hau, Edu Iriondok eta Gontzal Mendibilek emandako kantu saio batez bukatu zen.

BIZKAIKO ALFABETATZE BATZORDEA


Hementxe denok

Euskal Herria

Udako III. Euskal Unibertsitatea

Abuztuaren 19tik 27ra ospatu da, hirugarren aldiz, Euskal Unibertsitatea. Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), ez baitugu negukorik. Lehengo biak Donibane Lohitzunen ospatu ziren, Maurice Ravel Ikastetxean. Aurtengoa Uztaritzeko Landagoyenen egin da. Lehen ere, etxe hori udako eskoletarako erabilia izan da.

Gero eta erakar* indar handiagoa du, antza,* Udako Euskal Unibertsitate honek. Orain hiru urtekora 100 bildu ziren. Ihaz, 120. Eta askoz gehiago aurten, 200dik gora.

Biltzen dena, gazte jendea da. Eta, dirudienez, gero eta gazteagoak datoz. Gaztetzen ari da Unibertsitatea. Urtetik urtera, jendea asko berritzen da, gainera.

Gehien gehienak Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorri dira. Bizkaitik, uste genuen baino askoz gehiago, gainera. Lekeitiotik talde handi bat izan da. Unibertsitateetan eta Ikastoletan dabilen gazteria da batipat* horra biltzen dena. Alfabetatzetik ere ba zegoen.

Era askotariko gaiak aztertu ziren, hala nola, Zientzia Zehatzak, Hizkuntza, Historia, Gizarte Zientziak, Pedagogia, Antzerkia...

Mintzaldi eta mintegiak, goiz eta arratsalde, nahastekaturik, ematen eta egiten ziren. Gauetan, gai deskantsagarriak izan ohi ziren: pelikula, kantaldi eta beste.

Numeroek zer dioten

Gaur egun, estatistikak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira gure gizarteon. Horregatik ezin gal genezakeen, besterik gabe, zenbait numero egiteko ukan dugun abagadunea.*

Uztaritzeko Euskal Unibertsitatera hainbat lagun bildu ginen; eta, ene ustez, guztiz interesgarria da, hara joan diren pertsonak zernolakoak izan diren jakitea. Aurretiaz* ez genuen galdetegi* berezirik prestatu. Horregatik, estatistika labur hau, azken egunean eta arinka egina delarik, herren* geratu izan zaigu. Datorren urterako, galde zerrenda egoki bat prestatzearen komenientzia ikusten dugu, eta horretan salatuko gara. Dena dela, hona hemen zenbait datu.

Guztitara berrehundik gora izan dira, aurtengo Udako Euskal Unibertsitatetik iragan direnak. Hontaz ez dugu numero zehatzik, zeren* batzu* egun bakar batzutarako etorriak izan baitira eta ez baitute beren izenik eman. Horregatik, jarraituki* bertan egon direnen kopurua* eta bestelako ezagugarri batzu emanen ditut soilik.

Jarraituki 155 pertsona egon dira: 62 emakume eta 93 gizonezko. Partaideen jatorrizko eskualdeak* kontutan edukirik, honako datu hauk lortu genituen. Gipuzkoako probintziatik 77 etorri ziren, Bizkaitik 49, Nafarroa Garaitik 12, Lapurditik 8, Nafarroa Beheretik 7, Zuberoatik 1 eta Arabatik 1. Beraz, probintzia guztietatiko ordezkariren bat egon zen behinik* behin. nahiz eta batzutatikoak oso guti izan.

Numero horik* ikusirik, zenbait galde etorri izan zait burura. Adibidez, Ipar Euskal Herritik 16 pertsona baino ez ziren agertu. Zer dela eta hain guti, bertara joatea askoz ere errazago dutelarik? Hutsuneren bat dagoke* hor, eta nola edo hala hutsune hori betetzera saiatu beharko dugu. Propaganda falta ote? Edo euskal gauzezko interesik eza? Puntu hori ikertzeaz ba dute aski* lanik Iparraldeko herkideek,* Zuberoakoek bereziki. Ea, urtean zehar lan eginik, geurtz* bestelakorik ikusten dugun! Eta Araba ere, modu berean, esnatu* eta indartu beharrean dago, nahiz eta bertako baldintzak desberdinak izan.

Beste ikuspuntu batetatik aztertuz, esan dezagun, emakumearen nazioarteko urteon emakumeak polito portatu direla. Emakumeak partaideen 40 %a izan dira. Gertakari honek poztu egin gaitu benetan. Ea bide hortatik segitzen duzuen!

Adinaren* araberako* daturik bildu ez dugun arren, begirada batez nabaritzen* zena zera da, gehienbat gazteak zeudela (irakasleak eta guzti kontatuz). Penagarria izan da, han egondakoen batezbesteko* adina ez kalkulatzea. Hala ere, ez garateke* errealitatetik lar* urrunduko, hogei ta bost urtez beherakoa zela esatean; edonola* ere, hogei ta hamarretatik beherakoa bai behintzat.

Adinetakoan falta ikusi izan da. Ba da, ordea, Euskal Herrian horrelako hainbat irakasle on. Zer dela eta ez dira agertu? Gerora begira, baitezpadakoa* da gazteen parte hartzea; baina gazteok, aurretik lan egin dutenen premia dute. Lotura bat behar da iraganaren, oraingoaren eta etorkizunaren artean; eta lotura hori finkatzeko eta indartzeko, oso egokia dateke* Unibertsitatea.

Hil da Errege! Gora Errege! Horixe berori esan genezake Unibertsitateaz. Hirugarrena bukatua da. Laugarrena jaioa da, zeren* eta, jadanik,* datorren urterako lanak prestatzen eta atontzen* hasiak baikara.

J. R. ETXEBARRIA

Beste zenbait berri

• Giro ona zen aurtengo UEUn, iruditu zitzaigunez. Bildu zen jendea, ideologi aldetik, Baionako Aste famatu haietan baino elkarrengandik hurbilago zegoen, norbaitek zioenez.

 Egokia lekua. «Mens sana in corpore sano» behar dela eta, futbolari ere ekin zitzaion jendea. Unibertsitatearen gaztetasunaren beste seinale bat.

• Unibertsitate demokratikoa hauxe. Ez zegoen deus* inposaturik, ez zegoen deus behin betirako erabakirik. Eta aldakuntzak ugari gertatu ziren, arrazoin askogatik, Anarkiarik ere ez zela falta izan, salatzen du zenbaitek. Baina hau, ez hango jendearen kulpaz, arduradun batzuk ez zutelako behar bezala erantzun baizik.

• Bi egun lehenago bukatu zen Unibertsitatea. Abuztuaren 29an beharrean, 27an gauean. Asanbladaren erabakia izan zen. Euskal Herriaren Unibertsitate batek, egoera honen aurrean, ezin omen zezakeen bestela joka.

• Talde zenbait, kultur talde zenbait, ez zen hara agertu. Mihi gaiztoek ziotenez, batzuk bere burua ez dute kakatzat, eta, espreski deituak ez badira, ez dira azaltzen.

• Goienetxek, Manexek, bizkar sendoa du. Unibertsitatea eratzen, atontzen, antolatzen, zuzentzen..., lanik gehiena haren bizkar dago. Udako Euskal Unibertsitatea zerbait bada, Manexi esker dela esango nuke nik. Ez ahal* du amore emango! Baina, konprenitzen denez, organizazio mailarako jende gehiago eskatzen du berak.

• Uztaritzen bildu direnek, Unibertsitate bat nahi dute, Unibertsitate euskaldun bat, Unibertsitate berri bat. Euskal populua ardatz dela eraikitako Unibertsitatea, herri hau bere osotasun geografiko, politiko-administratibo, kulturazko eta ekonomiazkoan ulertuz eta hartuz.

Manex Goienetxerekin elkarrizketan

— Zer giro da hemen, Manex?

— Ikusten duzunez, biziki ona. Unibertsitatea gero eta gazteagoa da, eta giroan ere agertzen da hori. Jende berri anitz* ikusten da aurten.

— Eskolak nola joan dira?

— Denetarik ba da hortan. Bereziki bi gauza salatu nahi nituzke hemen. Irakasle zenbaitek ez du ongi ihardetsi,* ez dute seriotan afera* hartu. Aldakuntza gehiegi egin beharretan aurkitu gara. Baina ikasleen aldetik ere ba da hutsegiterik. Ba dakikezu,* ihaztik ekipo lanera jo nahi izan dugula; eta ikusi duguna da, orain asko eta asko artzainaren zain dagoela. Bai, esan beharra dago, pasibokeria eta informalkeria, guk nahi baino gehiago izan dela.

— Agian,* giro baten sortzaile izanik ere, zuk saiatzen dituzun akats horik* urte guztiko giroaren fruitu dira. Esan nahi dut, pasibokeria diozunean, ez ote den horren atzetik Unibertsitateko —neguko Unibertsitateko eta irakaskuntza osoko— egitura* irakurri behar; eta berdin, informalkeria diozunean, hots,* jendeak urtean zehar ba dituela beste mila lan eta haietan sarturik dabilela.

— Nahi baduzu, bai. Baina Euskal Unibertsitate batek beste zerbait izan behar du, joeraz eta helburuz.

— Zer nahi zenuke Udako Unibertsitate honekin lortu?

— Niretzat, kezkarik nagusiena Euskal Unibertsitaterik eza da. Euskal Herrian fakultate zenbait ba dugu, baina Euskal Unibertsitaterik ez. UEU Euskal Unibertsitatearen oinarri izan dadin nola joka, horra nire kezka. UNIBERTSITATE BAT BEHAR DUGU. BEHAR DUGU UKAN. BEHAR DUGU ERDIETSI.*

— Nola ulertzen duzu, bada, UEUren funtzio eta funtzionamendua?

— Bi lan mota edo bereizi behar da hemen. Bateko, urte osoko lana; eta besteko, udako hamar-hogei egun hauk. Paulo Agirrebaltzategik esan zuen bezala, Unibertsitate etengabe bat beharrezko dugu. Unibertsitate etengabea, hau da, UEU euskal kultur talde guztiei ideki eta urte guztirako ekipoak lanean jar.

Gero, ekipo horik denok hemen elkarrekin bildurik, lan horren fruitu bat bezala izanen lirateke hamar egun hauk.

— Zein da, zure ustez, UEUren eginkizuna? Unibertsitate klasiko bat litzatekea*?

— Aurtengo UEU Agerpen edo Manifestu bat prestatzen ari da. Hain zuzen, Euskal Unibertsitate bat nola ulertzen dugun adierazteko dago Manifestu hori pentsaturik. Manifestu hori biziki interesgarria da; eta eskuratu nahi duenak, eska diezagula.

UEU hauetan erabiliko ditugun gaiak oro,* bi mailatan egin nahi genituzke. Esan dezagun, goi mailan eta behe mailan. Izan ere, gure ustez, bi eginkizun ditu UEUk: lehenbizi, inbestigazio leku bat da; eta bigarren, langailuak herriaren zerbitzurako prestatu nahi ditu, andereñoei eta materiala eskainiz, esate baterako.

— Jarraitzekotan?

— Bistan da. Heldu* den Unibertsitatea ere Landagoyenen izanen dugu segurenik. Aurtengoa baino osoagoa.

Joan Mari TORREALDAY


Euskal Unibertsitatearen Agerpena. Uztaritzen egina

Sarrera

Euskal Unibertsitatea, inoiz baino gehiago, gaur egun ari da beharrizan gogor bilakatzen* gure herrian.

Baldintza berriak ari dira, bada, sortzen gure herrian: unibertsitate berria, euskal unibertsitatea eskatzen duen gizarte berria abiadan dago gure artean. Unibertsitatearen politika, kultur-teknik ikerkuntza* eta irakaskuntza politikaren sailean datorrena da. Eta, jakina, ideiologia menperatzaile oro* gaindituz ihardun behar du.

Honek guztiak, funtsean,* elementu hauk* eskatzen ditu:

- ikerkuntz eta hezkuntz* tresna egoki eta jator baten lortzea.

- gizartearen eguneroko bizimodua ikertzea, eta gizarte moldeen ebazle* bihurtzea.

- sortutako aldakuntza eta dinamikaren egiazko kontrola eta jabetza herriaren eskuetaratzea.

- unibertsitatea ez da bere baitan* hertsiriko* zerbait, produkzio eta gizarte munduari lotua baizik.

Tresna horren faltaz, hutsune handiak sortu dira gure artean. Eta ondorioak izugarriak dira. Horien kontzientziak bultzatu gaitu Agerpen* honen egitera, jakinik garaia dela pausoak ematen bortizkiago hasteko. Gure herrian egina da jadanik* urrats* bat baino gehiago alde honetatik. Horien laburpena emanez hasiko gara. Udako Euskal Unibertsitatea bera ere dinamika horretan uler daiteke soilki.

I. Euskal Unibertsitatearen atzetik

Lehen unibertsitatea 1540.eko apirilaren 23an sortu zen Oinatin, Paulo III.aren «bulda» batez, eta bere kideko zituen* Paris, Salamanca, Alcalá eta Boloniakoen arau berberez.

Aipatu* Oinatiko Unibertsitateak normalki ihardun zuen bere lanean 1842. urterarte. Ordudanik eta 1901.erarte, gorabeherarik aski* ukan zuen: inoiz zabalik, inoiz hertsirik. Aipagarriak dira, zinez,* bitarte horretan Euskal Unibertsitatearen alde egin* zenbait lan:

1866.ean, Nafarroak «Universidad Vasco-Navarra» zelakoa projektatu zuen, eta lehen urratsak egin ere bai, asmoa burutzekotan Gernikako Batzarrak projektu hura* ontzat eman zuen, eta Bizkaiko Diputazioari, asmoa aurrera eramatekotan beste hiruekin bat egiteko agindu zion.

 Projektu horretan, beraz, lau probintzietarako unibertsitate eskualde* edo distritu bakarra egin nahi izan zen; eta zentrua, lau Diputazioek erabakitako lekuan eraikitzekotan. Eta fakultateak beste edozein unibertsitatekoren antzera sortuko ziratekeen: medikuntza, zuzena,* botikaritza, filosofia eta zientziak (hauk hiru ataletan).

 Zoritxarrez, 1868.eko gertakarien ondoren, asmo huts geratu zen projektu hura guztia.

 • Carlos VII.ak nahi hori bera azaltzen du, Lizarran* eman* aginduan:

«1.º Las cuatro provincias vasco-navarras formaran, para los fines académicos, un distrito universitario, de que será centro y cabeza la antigua Universidad de Oñate.

5.º Para la segunda enseñanza regirá en todo el distrito el mismo plan que se adopte para la Universidad.»

 • 1922. urterarte ez dugu topatuko beste saio handirik. Urte horretan, «III Congreso de Estudios Vascos» delakoak eskabide bat egin zuen, Euskal Unibertsitatea eskatuz. Bere laugarren oinarrian honela dio: «El criterio de la Sociedad de Estudios Vascos es opuesto a todo monopolio de la enseñanza, pero mientras subsistan los actuales régimen y distritos universitarios, recaba para la Universidad Vasca, respecto a las provincias de Alava, Guipúzcoa, Navarra y Vizcaya, aquellas funciones anejas a dicho régimen que el poder público siguiera ejerciendo por medio de las universidades.»

 Eta bigarren oinarrian: «La Universidad Vasca que la Sociedad preconiza, no ha de considerarse como institución localizada en un determinado punto del País Vasco, sino como la organización de todos los centros científicos y docentes de grado superior existentes en el País...»

 • 1924.ean, ezetza espreski eman zion Gobernuak «Sociedad de Estudios Vascos» edo Eusko Ikaskuntzaren eskabideari.

 • 1932.ean, Bilboko Udal* Batzarrak eskabide bat egin zuen. Bilera bat egin zen, Agirre, Oreja eta Prieto mahaipuruko zirelarik. Prieto ministru zen garai hartan, eta Gobernuaren izenean jesuisten* Deustuko unibertsitateaz balia zitezela erantzun zien; euskal deputatuek ez zuten onartu proposamendua.

 • 1936.eko hazilaren* 18an, Euzko Gobernuak «Euzko Irakastola Nagusia» sortu zuen, gerrate denboran ihardun zuena.

 • Gaur egun, Euskal Herriak, bere behar guztiak beteko dizkion Unibertsitaterik ez du. Ba dira, bai, fakultate batzu* Euskal Herrian. Baina, hona:

 1. Batetik, ez da Euskal Herria bere osotasunean hartzen Unibertsitate mailan, Euskal Herria lau distritu edo eskualdetan zatiturik du administrazioak: Ipar Euskal Herria Bordeleri* atxikirik* dago, Nafarroa Garaia Zaragozari, Gipuzkoa eta Araba Valladolidi, eta Bizkaia bakarrik dago.

 2. Distritu edo geografi banaketa hori izugarria delarik, beste sailketa bat gehiago jasaten* du Euskal Herriak unibertsitate aldetik: bertako fakultateak, batzu pribatuak dira (jesuita eta Opus Deirenak), eta publikoak besteak: espainiar eta frantses Estatuenak.

 3. Are* harrigarriago dena, Donostia eta Gasteizko fakultateak Valladolideko unibertsitatearen «sucursal» huts izatea da.

 • Ipar Euskal Herriari gagozkiolarik, eskabide bat zuzendu zitzaion 1968.ean, Gobernuari, unibertsitate baten eskea eginez. Pabek* ere beste horrenbeste egin zuen, eta horri ematea erabaki zuen Parisek.

Ondoren, Baionan eman dute, bai, fakultate bat: zuzen* fakultatea, Bordelekoaren mende;* baina ez dio honek fitsik* ere ihardesten* Ipar Euskal Herriaren beharrari.

Oinarriak

Herriaren premiei loturik egon behar du:

1. Eguneroko problemez ikerketa eta azterketa zientifikoak burutuz, eta, era berean, ebazpen* egokiak proposatuz, zeren* arazo sozial eta politikoek, gizarte baten eraikitzean, zientzian oinarriturik egon behar baitute.

2. Historian zehar, Euskal Herriak produkzitutako errealitate sozial eta kulturalaren jarraipenaz, eta halaber* potentziatze edo indartze berriez.

3. Norgehiagokeria sortzen duten oinarriak hautsiz.

4. Irakaskuntzan dauden eta guztiz mugatzen gaituzten ziklo hertsi, kontrol eta selektibitateak deuseztuz.* Gaur egun, klase domeinatzaileek erraz neutraliza eta kontrola ditzakete,* herriarengandik urrunduz, elite batzuk sortutako abangoardismoak, hau da, superespezializazioaren bidez, bai eta beren artean erabili* metahizkuntzez sorturikoak diren abangoardismoak.

5. Produkzio prozesuak eta hezkuntz prozesuak elkarren eragina* edukiz, hau da, burulana eta eskulana batera aitzineratuz,* lanaren zatiketa soziala arras* gaitzesten* eta kondenatzen dugularik.

6. Guzti hau, oinarrizko demokrazi giro batetan askatasun joera kontutan harturik.

7. Moldaketa: Parte hartzaileek autonomia ukan behar dute Unibertsitatearen antolaketan, nahiz eta berau loturik egon behar duen gizarte osoaren helburuei.

III. Euskal Unibertsitatearen berezitasunak

1. Euskal —populua, herria, herri ostea,* herri masa, herri jendea...— ardatz

Euskal Herriko Unibertsitateak euskal gizartea ukan* behar du ardaztzat, euskal gizartea bere osotasunean harturik: osotasun grafiko, politiko-administratibo, kultural eta ekonomikoan.

 Osotasun geografikoan: Euskal Unibertsitateak, Euskal Herria osatzen duten herrialde guztiena izan behar du: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa biena.

 Osotasun politiko-administratiboan: Euskal Unibertsitateak Euskal Herri osorako kultur joera eta jokabideak bildu behar ditu. Horretarako, bere beregaintasun osoaren jabe behar du izan. Kultur osotasunean: Euskal Unibertsitateak Euskal Herriaren kultura osoaz arduratu behar du, Euskal Herriak bere historian barna sortu duen eta sortzear* duen kultura osoaz, alegia.*

 Osotasun ekonomikoan: Euskal Unibertsitateak Euskal Herriko jende guztia hartu behar du kontutan, ezelako* diskriminaziorik gabe. Eta, jakina, gure herriko jende guztiak gizabidetsuki* bizitzeko behar duen egoera ekonomikoaren alde saiatzen delarik. Egun, ipar euskaldunak kanporatzera bortxatzen dituen egoeraren kontra burrukatuz, eta Euskal Herri osoan, nola Hegoaldean hala Iparraldean, kapitalismo sistemari azpia jaten ahaleginduz, eta geroagoko edozein sistema kritikatuz.

2. Euskalduna

Euskal Herriaren Unibertsitateak euskaraz behar du ihardun nahitaez. Ezin onar dezakegu hizkuntzabitasunik, eta Euskal Herri osoa berreuskalduntzea dugu geure xede.* Zer esanik ez dago, berreuskalduntze hori lortzeko, euskara batua ezinbesteko baldintzatzat dadukagula.

Hona nola oinarritzen dugun geure hautapen* guzti hori:

1. Euskal Herriak, beti, bere kultura euskaraz adierazi du. Ezin pentsa dezakegu, geure egungo kultura eta historia lehenarekin etenik egin ditzakegunik.

2. Euskal Herria jasaten* eta pairatzen* ari den egoera diglosikoan, berreuskalduntze osoaren eta monohizkuntzatasunaren alde ez egoteari, euskararen kontra eta erdararen alde egotea deritzagu.*

3. Hizkuntzabitasun kontzeptua, edozein kasutan, ideiologikoki erabilia izan ez arren, egoera sozial bati ez baina egoera pertsonalari dagokio.

4. Herri txiki bat izanik, eta geure barne harremanetarako euskarazko monohizkuntzatasunaren alde gaudelarik ere beste herriekiko harremanetarako, bigarren hizkuntzaren bat ongi menderatzearen* alde gaude.

5. Euskal Herriaren egoera diglosikoarengatik, hau da, euskaraz gain frantsesa eta gaztelania erabiltzen direlarik. eta berreuskalduntzera heltzen garen bitartean, baina bide bat bezala bakar bakarrik, erdara bion erabilkuntza beharrezko jotzen dugu.

6. Euskal Herriko alderdi batzuk, aspaldiko urtetan jazoriko* erdalduntzearengatik, erdal hizkuntzak erabili dituzte beren komunikabidetzat. Ez dugu dudarik, hala ere, batetik, euskal kultura aberastu dutenik, eta bestetik. urratsez urrats berreuskalduntzearen alde direnik.

Ondorioa

Honetara heldurik, eta ondorio gisara, hona zer dugun aldarrikatu* nahi, eta ozenki:* Euskal Unibertsitatearen plangintza orokor baten behar gorria dugula.

Euskaldunok geure Unibertsitatea ukaitearen premia nabarmenkiro erakutsi dugu historian zefiar. Beraz, garaia da. Kontzientziatze maila soila gaindituz, lanari ekin gakizkion, pauso emankorragoak eginez, eta gogor, sendo eta azkarrago jokatuz.

Uztaritzen, 1975.eko abuztuan.


Herrialde guztietan

Langileen krisia Europan

Ekonomiazko arazoak hurbildik segitzen dituenak ezezik,* kaleko edozein gizonek ere ba daki, gaur ekonomi kinka* larri batetan dagoela Mendebaldea,* eta bereziki Europa. Tunel batetan bezala, irteerako argirik oraindik ezin ikusirik.

Krisi honen fruitu larrienetako bat, zalantzarik gabe, lan gabezia da. Ekonomiazko egoera hontan, denok ikusten dugu nola lantegi zenbait hixten* den eta nola beste zenbaitetan lana urrituz joan den. Egoera honen lehen biktimak langileak dira

Edozein langile ere ez da berdin kolpatua,* bestalde. Lan alorrak eta lan motak zerikusi handirik dute. Oro* har, gehien sofritzen dutenak, atzerritar langileak dira. Frantzian dauden 260.000 eta Alemanian lan egiten duten 190.000 espainolak, Algeria, Italia, Jugoslavia, Portugal eta Turkiako beste asko ta asko, kapitalismo basatiak, herrietatik deserroturik* atzerrira bidali ditu lan bila, eta orain etxera igortzen* ditu, sobera* direlako. Azken 20 urte hauetako Europaren hazkunde* ekonomikoa kanpotar beharginei* esker egin da, hein* handi batetan. Alemaniak, Suitzak, Frantziak eta Britainia Haundiak ikaragarriro erakarri dituzte kanpoko langileak. The Economist aldizkariak dakarrenez, 1973.ean, Alemaniak 2.500.000, Frantziak 1.930.000 eta Suitzak 861.000 kanpotar langile zituzten. Izugarria da, Alemaniako langile guztien 9,4 % baita, Frantziakoen 9 % eta Suitzakoen 28,2 %.

Lana urrituz doan era berean, mugak hitxiz doaz. Hori da gaurko joera. Horren bazter problema bat Hendaia inguruan ikusten dugu geuk. Gero eta gehiago dira, muga iragan ezinik, hemengo aldean gelditu beharretan aurkitu ohi direnak. Aurrez lan kontraturik gabe doanik ez du Frantziak onartzen. Alde hontan gelditu behar. Gora doa holakoen kopurua:* 1972.ean 5.300 ziren mugaren honaindian geldituak, 1973.ean 8.091 eta 1974.ean 10.000tik gora. Portuges, algeriar eta marrokiarrak gehienbat.

Hauen ingurura, saiak* haragi ustelera bezala, pasatzaileak hurbildu ohi dira. Merkantzia ona bilatzen dute hemen. Horrenbesteko bat emanez —askotan, duten guztia—, Frantziara iragan nahi dute, kontzientzi gabeko merkatari horiek gidaturik. Kondizio horietan pasatzen den kanpotar langilearen martirioa ez da hor amaitzen. Langile klandestinoak dira. Beraz, ez dute lan kontraturik, eta egon ere ez daude legez. Edozein ugazaba agintezaleren zanpaketarik handiena jasan* beharretan daude sarritan, dauden kondiziotan defendatuko dituen erakunderik* ez baitago. Merkatu beltz hau benetan eta zinez* beltza da. (Joanes Lekerika)


Herrialde guztietan

Korsikarrak tiroka

Korsikarrak, beste asko bezala, aspaldidanik daude haserreturik. Eta benetan egon ere, oraingoan erakutsi dutenez. Frantziak duen buruhausteetarik bat Korsikako uharte* hori da, gainerako zenbait Bretainian, Okzitanian eta Ipar Euskal Herrian dituelarik.

Korsikarrek askatasun gehiago —askatasuna!— eskatu dute. Sarritan eskatu ere. Parisetik urrun ikusten dituzte beren buruak, gero eta urrunago. Bestalde, Parisek berak ere aski* abandonaturik dituela konturatzen dira. (Izan ere, ba dirudi, Frantzia Parisez bakarrik axolatzen dela, gainerako lurraldeak desertutzat edo joz, hauetan istiluren* bat sortu artean.)

Korsikarrak gero eta haserreago daude. Manifestuekin eta manifestazioekin ez dute askirik. Gose grebek ez dituzte betetzen. Bonba batek edo bestek ez duela deus* leher erazten ikusi dute. Elkarrizketaren etorkizunik eza lehendik ere froga. la* dute. Zer egin? Lekuak okupatzera jo dute oraingoan. «Piednoir» («oin beltz» edo Algerian kolonizatzaile izandako) baten «Sovincor» izeneko ardo lantegia harrapatu dute, hortzetaraino harmaturik. Kolonizatzaile bezala hartzen dituzte hemen ere «pied-noir» hauk, kanpotarrak izanez, Gobernuaren laguntza bereziarekin sartu baitziren uhartera, lurrak erostera, Hauen kanporatzea ere eskatzen dute korsikarrek, ez baitute konprenitzen, bertako semeek lan bila kontinentera joan behar duten bitartean, kanpotarrak lurrak okupatzera nola datozen, Ekonomiazko hauzi handia da hori: urtero 20.000 gazte ateratzen omen dira uhartetik, lan bila; ardo aberastasunaren 70 %a 300 pertsonaren eskutan* dago, hauetako asko «pied-noir» direlarik; azken hogei urte hauetan sortu diren 700 ardo lantegietatik 200 bakarrik dira korsikarrak.

Azkeneko kolpea ARCeko autonomistek eman dute (ARC hau «Action pour la Renaissance de la Corse» da, talde autonomizale bat, 1967.ean sortua). 40 edo 50 langile sartu ziren «Sovincor» ardo lantegi hortara. Erdi sinbolikoa izan zitekeen ekintza, oso seriotan hartu zuen Gobernuak: sei helikoptero, auto harmatuak, gendarmeak eta poliziak bidali zituen, eskopetaz eta ehiz* fusilez harmaturik zeuden langileen kontra.

Horren arriskutsuak ote dira, bada, korsikar hauk? ARCen buru den Simeoni jaunak deklaratu zuenez, zera eskatzen zuten: korsikar gazte guztientzako lanlekuak sortzea, lanlekuok korsikar egitea, herbesteratuen etxeratzea, hizkuntzabitasunaren eta korsikar kulturaren promozioa, uhartearen barneberritzea, eta laborantzako eta turismoko lurren errekuperatzea.

Eskabide hauen aurka indarkeria aukeratu du Poniatowski, Frantziako Barne Ministruak. Libération frantses egunkariak dioenez, «Korsikan Poniatowskik biolentzia hautatu du, harmadaren* eta poliziaren biolentzia korsikar aberriaren aurka, autonomisten aurka. Korsikan, aurrerantzean ez da deus lehen bezala izanen». Frantses Estatuaren batasuna ukitzen* deneko, bere senetik* aterata dabil Poniatowski hau. Frantziaren batasunaren eta zibilizazioaren kontra omen zihoan ekintza hori, esan du Poniatowski. Hitz biribilak bezain hutsak dira horik, ez beste ezer.

 Le Monde egunkariko editorialak finago aztertu du arazoa. Eskualde* bezala, bere identitate bila dabil Korsika. Identitate bila Parisek lehenbizi eratu eta gero zanpatu egin duen Frantzia batetan. Estatuaren eta eskualdeen artean burruka bat ba dagoela gaur Europan, arazo ageria da. (Joan Mari Torrealday)


Herrialde guztietan

Uda Frantzian

Oporrak iristen* direneko, automobila hartu eta bere bizigirotik irten: beste pentsamenturik ez omen du frantsesak. Hori diote gizarte aztertzaileek. Asteak «weekend» delakoarekin hartzen du gailurra; urte osoak, udako bakantzekin. Egun horietarako lan egiten dela dirudi.

Baina lana eta oporra, beste leku askotan bezala, Frantzian ere ez daude integraturik. Guretzat, gaurko gizarte kondiziotan, oporrak lan modua jartzen du hauzitan. Oporretan lana ahantzi egin nahi izaten da. Zergatik? Lana eta lan kondizioak ez daudelako behar bezala gizonari egokituak. Gizona jartzen da gaur lanaren kondiziotara. Alderantziz behar luke izan. Lana behar bezala gizonari egokitu arte, oporrak ihesbide izango dira. Opio, beraz. Gauza bera esan behar da, oporrak derrigor hiritik kanpora hartzeaz ere. Hiria, biziezina bihurtu dugu. Hilabete batez bakea eta aire garbia izateko, Pariseko bizimodu mugitua eta zaratatsua eta hango aire zikina utzi egin behar. Kapitalismoaren bultzadak ez du barkatzen.

Publizitateak ahal duen guztia egiten du hain zuzen bakantzetan, geure eguneroko bizitza ahantz dezagun. Espainian baino ere argiago da hori Frantzian. Baina joko hau ez da inozentea. Hori, horixe komeni zaio Gobernuari: problemak oro* ahantz ditzala jendeak. Demobilizazio ikaragarria dakarte opor egunek, ezaguna denez. Nahiz eta problemak bizirik egon, norberari hurbildik ez dagozkionean, ahantzi egin ohi ditu jendeak, kontzientzihartzea ez baita sozio kondizionamenduetatik aparte gertatzen. Informabideek ere garrantzi ezin handiagoa dute hortan.

Bakantzetan ba dirudi ez dela deus gertatzen Frantzian. Ez holakorik! Politik joko klasikoa erdi geldirik egon ohi dela, egia da. Egia da ere, lantegiek geldiro geldiro lan egiten dutela. Ezin uka, arazoak eta hauziak epeldu egin ohi direla. Dena den, jendea ez dago lotan. Lo egin ezinik bai, ostera*! Sokatira eta tentsio gaitzak* daude lanaren munduan. Har dezagun, azterbidetzat, uztaila* bera. Ba dirudi ez dela deus jazo.* Ehun mila langile egon omen dira greban: azken hamabi urte hauetako gehien. Ia departamendu guztietan izan da zerbait, 194 lantegitan. 42 lantegitan, gainera, grebariek okupatu egin dute lantegia.

Ekonomi alor batzu* beste batzu baino irakinagotan daude, hala nola, metalurgia, janztegiak, larruarena, textilgintza, inprimategiak, konstruzioa.

Zergatik burrukarik gehienak? Hain zuzen, lanaren segurantza defendatzeko, erosahala* gordetzeko, lan kondizioak hobetzeko, sindikal* askatasuna babesteko...

Jendeak ahantzi egin nahi izan ditu problemak, baina hauek zutik eta bizi bizirik diraute. (Joanes Lekerika)


ANAITASUNA eta alfabetatzea

Ba dut adiskide zirin* bat, zirin bezain adiskide. Ez duk inoiz idazten ANAITASUNAN. Egin ezak artikuluxka bat —esan zidan. Zertaz, baina? —nik erantzun. Eta berak berriro: Alfabetatzekoek ANAITASUNAZ duten eritziaz.

Bero beroan ezetza ez ematearren, sutan nabil ni orain, zer edo zer esan nahiz.

Ene ustez, jende askok idatziko luke ANAITASUNAn. Baina ez dute egiten. Zergatik? Batzuk, trakets samar idazten dutelako. Bestek, beren ideien plazaratzearen beldur direlako, edo ba delako haien eritzia nork idatz.

Lehenetarikoak ugari dira Alfabetatzean. Nik neuk, erdaraz egin arren ere, onhartu egingo nieke idazten dutena, nahiz eta gero itzultzaileak euskaratu behar.

Bigarrenetarikoak ere ba gara zenbait, eta ez dugu inongo barkamenik merezi.

Zer eritzi dugun Alfabetatzekook ANAITASUNAz? Ene ustez, ANAITASUNAren irakurleetarik 40 % Alfabetatzean ibiliak dira. Beraz, Alfabetatzekoen eritzia agertzean, 40 % horiena eman behar genuke. Eta, niri neuri behintzat, 2.000 pertsonaren eritzia adierazteak beldurra ematen dit. Inkesta bidez jokatu beharko litzateke, kritikotasunean interesgarri liratekeen eritziak biltzeko.

Idaztekotan, gaur eta hemen idatzi behar dut. Bizkaitik eta ANAITASUNA ingurutik. Beraz, nondik nabilen esanik. Denok egin behar genukeen bezala, Alfabetatzeak Euskal Akademia du mugarri eta iturri.

Berriatua fraide jauna Rikardo Arregi baino 27 urte lehenago jaio zen. Alfabetatze kanpainak hasi zireneko, ANAITASUNAk ba zuen 12 bat urtetako bizitza. 1967.ean Alfabetatzea martxan jarri baino lehen, ANAITASUNAk alfabetatze lanean ziharduen (euskara batzen, gaiak sakontzen...). ANAITASUNAk, euskara zabaltzean eta ikerketak herriratzean, Alfabetatzeari zuzen zuzen dagokion lana egiten du.

Alfabetatze eskoletako euskara eta ANAITASUNAkoa hildo* beretik doaz. Biak Euskal Akademiaren gidaritzapena. Ogia, ogiya, ogixa, ogie, ogije dakarten artikuluetatik, euskara standard bat erabiltzen duten artikuluetara alde haundia dago. ANAITASUNAk arlo hontan asko laguntzen gaitu.

Gaur egun, bizkaierazko artikuluak urritzean, laguntasun bat galdu dugu. Bizkaierazko horrialde pare bat behintzat behar genuke Alfabetatzekook. Euskara mailakatua. Bizkaierazko aditza. Bizkaiko formak. Eguneroko berbetan baino 1.000 bat hitz gehiago darabiltzaten artikuluak. Hiztegi minimo hortatik at,* hitz berri guti. Bi horrialdeotan Azorín erdal idazlearen tankerako* esaldi llabur eta argiak. Herriko esaerak eta gatza dakartzaten artikuluak. Bi horrialde gehiago ANAITASUNAn ezartzea ordaindu behar balitz, Alfabetatzeak ordainduko luke. Bi horrialdeon zuzenketa ere Alfabetatzekoen esku geldituko litzateke. Ba da garaia, bestalde, urteko abonamenduagatik 1.000 pezeta edo gehiago ordaintzeko. «Cuadernos para el Diálogo» aldizkariaren ale bakoitza 50 pezeta kostatzen zaigu; edozein afari 300 pezeta.

Gauza nabaria* da, bizkaieraz idatzitako bi horrialdeok ez baditu, edozein euskaldunentzat gogorregia gertatzen dela ANAITASUNA. Bertan datorren euskara aberats, moderno eta teknikoa, Alfabetatze maila gorenetan dagoenarentzat baita,

Geografia, literatura, historia... hauk* dira Alfabetatzean ematen diren gaiak. Arlo hontan ere, Alfabetatzea Euskal Akademiaren esanetara mugatzen da. ANAITASUNAk, bere aldetik, Alfabetatzean erabiltzen ditugun baino gai zabalagoak erabiltzen ditu. Gure ikasleak euskaragatik beragatik sartzen dira harremanetan ANAITASUNArekin. Dagoen textu urritasunean lagungarri ona dugu hortan ANAITASUNA. Baina abonamenduak aldizkariaren jokabide, joera eta beste arrazoin askoren arabera* egiten dira. ANAITASUNA eskoletara euskaragatik eramaten bada, gero abonamenduak aldizkariko gaiengatik egiten dira. Ikaslea, alfabetatu ondoren egiten da ANAITASUNA nahiz beste aldizkarien hartzaile.

Alfabetatzeak euskal munduan parte hartzeko tresnak —irakurtzea eta idaztea— eman ondoren, alfabetatuak ANAITASUNA eta beste aldizkari batzutako gaietara jotzen du.

Alfabetatzean ibili den gehiengoarentzat,* ANAITASUNAk, gai herrikoiagoak barik,* konkretuagoak eta ugariagoak erabili beharko lituzke. Adibide askoz eta erretorika gutiz idatziak (lantegi hartako hitzarmena,* ikastola hartatik kanpora bidaliak...).

Edonork daki, gaiaren aldetik ere ANAITASUNAk kultur maila bat eskatzen duela. Kulturazko gaiak, ordea, nahiz eta euskara errazean, gaitz eta zail gertatzen dira. Euskara baino gaia bera delako oztopo. Beraz, ideien alorrean ere alfabetatu egin behar da jendea. ANAITASUNA Alfabetatzekoentzat ulerkorra den ala ez itauntzen* denean, zein alfabetatze mailatarako galdetu behar da. Edozela* ere, ANAITASUNA ez da zuzen eta besterik gabe edozein irakurlerengana heltzen. ANAITASUNAko euskara aberatsa delarik, euskara hori uler erazteko, jaso egin behar dugu irakurlea euskara mailan. Hortan datza Alfabetatzearen lana. Ez baita soluziobide egokia, herritar ba tek berez dakien euskaraz idatziriko artikuluak ematea. Gaurko gizarteko tresna izan behar du euskarak.

Alfabetatzerako gaiak, konkretuki eta «Herri Gazteria»K erabiltzen duen metodoaz azalduz gero, oso interesgarri eta ulerkor gertatuko lirateke.

Gure herrian politika lanetan dabiltzanei esker, jende asko dator alfabetatzera (oraintsu amaitu den salbuespen* garaian 35 % ihaz baino gehiago). Alfabetatzearen ondoren, ANAITASUNAk eta kontzientziatze lan zehatza egiten dute.

Euskaldunok alfabetatu gabe, alferrik ditugu Euskal Herriko argitaletxeak, aldizkariak eta idazleak. Argitaletxe, aldizkari eta idazlerik gabe ere, Alfabetatzea ez da ezertarako. Ikusi dugunez, ANAITASUNA nahiz edozein euskal aldizkari ugatzeko, aberasteko eta herriratzeko bide bakarra, Alfabetatze da: euskaldunok gaia eta letra irakurtzen eta idazten jakin eraztea.

GOIKO


Fedea eta ekintza

Holandako Elizak elkarrizketarako gizon bat behar du...

...baina elkarrizketarik gabe gura du Vatikanoak gizon hori hautatu.

Bernard Alfrink izan da, Kontzilioaren ondoko urteotan, Eliza Katolikoko gizonik eztabaidatuenetakoa. Holandako Apezpikuen Konferentziaren buru zelarik, berak gidatu behar izan du Holandako Eliza biziaren bidea.

Kontzilioaren osteko* Elizan, inoiz baino garratzago agertu dira aurrerazaleen eta atzerakoien arteko burrukak eta kontradizioak. Eta burruka horien punturik nabarmenetakoa Holandako Eliza izan da. Alde* garrantzizko bat egon da, ordea, Holandako Elizaren kontradizioen eta beste Elizen kontradizioen artean. Beste hauetan Kontzilioa gauza hertsitzat ematen zutenak gehiengoa* ziren bitartean, Holandako Elizan Kontzilioa zerbait bizitzat eta bide irekitzailetzat hartzen zutenak gehiengoa ziren. Horregatik, atzerakoien erasoa ere handiagoa izan da Holandako Elizaren kontra. Eraso honen puntu garaienak: Holandako Dotrina Berria (laster, azkenik (!), euskaraz ere kaleratuko dena), Holandako Eliza osoaren Kontzilio pastorala, etab.

Holandako Elizaren aurrerabideak eta horren gidari izan den Alfrink Kardinaleak, Erroman ukan dituzte beren etsairik handienak. Eta orain, Kardinalearen ondorengoa hautatu behar den une hontan, beldur izan daiteke Kuriako zenbaitek ez ote duen bere mengantza* hartu nahi izango, hain tinko, baina hain baretsu, Holandako Eliza aurrera gidatu duenaren kontra.

Seinale txarrena oraingoz hauxe da: Holandako elizbarrutietarako* apezpikuak hautatzean, azken urteotan kristau herriari bere eritzia emateko aukera eman zaion bitartean, oraingo hontan Vatikanoak dena ixilik eraman nahi du. Susmo txarrik ere ukan daiteke, azken bi apezpikuen antzeko beste tradizionalista eta atzerakoiren bat ez ote zaion ezarriko Utrechteko elizbarrutiari, Alfrink Kardinalearen ordezko.

Esperantzarik sortu dute, Aita Sainduak, Villot Kardinaleak eta Benelli jaunak Vatikanotik Alfrinki bidali zizkioten telegrama goraipatzaileek. Baina horik* ez ahal dira aldez aurretiko goxoki bat izango, ondoren Kardinaleari berari, elizbarrutiari eta Holandako Eliza osoari etor dakiekeen garratza goxatzeko?

Bitartean, Holandako katolikoak elkarrizketarako gizon bat eskatzen ari dira, Alfrinken ondorengo bezala, honek baturik (!) iraun erazi dion Holandako Elizan etenik sor ez dadin. Herriaren eritzia jasotzeak bere arriskuak baldin baditu, hori alde batera uzteak handiagoak ukan litzake. Dena dela, ez dirudi biderik onena, elkarrizketarako gizon bat elkarrizketarik gabe hautatzea.

Frantziskotarrak ere sozialismo bidetik

Sozialismoa modan omen zegoen, Rikardo Arregik zioenez. Eta gaurregun ia inor ez da eskandalizatzen, apezen bati, edo apezpikuren bati ere, bere burua sozialistatzat jotzen duela entzuten dionean Hitz horrek zer esan nahi duen ez dakigularik, lasai gelditzen gara. Eta bere burua sozialistatzat jo duena, harro harro gelditzen da gainera, bera aurrerazalea dela aitortua baitu.

Frantziskotarrak sozialismo bidetik abiatu direla esatea ere, huskeriatzat har daiteke. Lehenengo komunistak kristauak izan zirela esan ohi da, eta frantziskotarrek zin egin daroate,* ez dutela ezer berekotzat edukiko, eta bai gauza guztiak fraidekideen edo elkartearen eskutan* utziko. Horregatik «komunistak» lirateke berenez frantzikotar guztiak, eta, beraz, sozialistak. Nola ez, ba?

Frantziskotarren Akitania Probintziako hogei ta bost fraidek (horien artean ba daude euskaldun batzu* ere) ez dute, oraino bederen,* sozialismoaren aldeko manifestu handirik zabaldu, ez eta beren buruak kristau-marxistatzat aitortzeko ageri nagusirik eman. Baina aspaldittotik ahaleginak egiten ari dira, beren fedea eta beren bizitza sozialismoaren argitan argitzeko eta sozialismoaren bidetatik bideratzeko. Beren bide sozialistari eduki* zehatza emateko, joera berezi bat duen talde bat bezala antolatu dira. Beren bilerak eta azterketak egiten dituzte; eta orain beren boletina ere sortua dute. Frantziskotar hauk talde txikitan bizi dira, Ipar Euskal Herrian eta Frantziaren hegoaldeko zenbait tokitan.

Fedea, kristau bizitza eta erlijiosoen bizitza ere politikarekin loturik ikusten dute, Kristoren bidea bera ere politikazko bidea izan zen bezalaxe. Kristoren mesianismoaren adiera* izpiritualista ukatzen dute, eta horren esannahi politikoa nabarmentzen, politika hitzarena bera baino esangura zabalagoa duelarik, baina benetan politikazkoa. Horregatik, kristau bizitza politikatik aparte ulertu nahi izatea, ihesbide hutsa litzateke.

Sozialismoaren bideak urratzeko, marxismoaren analisi zientifikoa onartzen dute; eta ez dute uste horrekin, derrigorrez* bat egiten dutenik ateismoak eta materialismo filosofikoak.

Kapitalismoaren egiturak* puskatzeko eta sozialismoa ezartzeko, iraultza bidea ematen dute egokitzat. Sozialismoaren eredu* eta helburu bezala ez dute ikusten, ordea, derrigorrez alderdi komunistena edo Leninena. Askatasunean nahi dute sozialismoa, eta «autogestio» izena eman diote sozialismo horri.

Frantziskotarren bizitza osoa asmo horien arabera* ulertzen dute: hau da, sozialismorako iraultzabidetik abiatu diren guztiekiko elkartasunean, eta kristau mesianismoak eskatzen duen guztien askapen* osoaren aldeko burrukan.

P. KORTABARRIA


Lege berria eta Kazetaritza

Abuztuaren 27tik Terrorismoaren kontrako Lege-Dekretu bat dogu, Espainiako Gobernuak emana.

Hogei ta bat artikulu ditu lege honek. Horien artean ba dira, hurbilagotik komunikabideak ukitzen* dituztenak. Puntu horietan sartzen da, halaber,* epaituak edo kondenatuak izan diren pertsonen alde idaztea edo horien alde egin ohi diren ekintzen berri ematea, hala nola gose grebak, bilkurak,* etab. Ez dago holakotsu albisterik ematerik.

Hurreagotik prentsari dagozkion puntu batzuren* berri ematen dugu ANAITASUNA hontan, herrietako gure idazle eta berriemaleek jakin dezaten eta kontutan har zernolako kondiziotan lan egin behar duten.

ARTICULO 4.—Declarados fuera de la ley los grupos u organizaciones comunistas, anarquistas, separatistas, y aquellos otros que preconicen o empleen la violencia como instrumento de acción política o social, los que organizaren o dirigieren estos grupos, los meros afiliados y los que, mediante sus aportaciones en dinero, medios materiales o de cualquier otra manera auxiliaren al grupo u organización, incurrirán respectivamente en el grado máximo de las penas previstas en el Código Penal para las asociaciones ilícitas de aquella naturaleza.

A quienes, por cualquier medio, realizaren propaganda de los anteriores grupos u organizaciones que vaya dirigida a promover o difundir sus actividades, se les impondrá la pena correspondiente a tal delito en su grado máximo.

ARTICULO 10.—Los que, públicamente, sea de modo claro o encubierto, defendieren o estimularen aquellas ideologías a que se refiere el artículo 4 de esta disposición legal; o el empleo de la violencia como instrumento de acción política o social; o manifestaren su aprobación o pretendieren justificar la perpetración de cualquier acto terrorista; o enaltecieren o sus ejecutores o participantes; o trataren de minimizar la responsabilidad de las conductas tipificadas en este decreto ley por medio de la crítica —directa o solapada— de las sanciones legales que las previenen o castigan; o intentaren menoscabar la independencia y el prestigio de la justicia mediante manifestaciones de solidaridad con las personas encausadas o condenadas, serán castigados con la pena de prisión menor, multa de 50.000 o 500.000 pesetas e inhabilitación especial para el ejercicio de funciones públicas y para las docentes, públicas o privadas.

ARTICULO 19.—Cuando los hechos a que se refiere el artículo 10 se cometieren por medio de la imprenta o a través de cualquier medio de comunicación social, independientemente de la responsabilidad penal, el Consejo de Ministros podrá imponer las siguientes medidas:

a) Al autor material, firmante o no, y al director de la publicación o medio de comunicación social, suspensión en el ejercicio de sus actividades profesionales, de tres meses a un año, que será causa justa de despido laboral o de resolución del contrato que profesionalmente tuviere con la empresa, sin derecho o ningún derecho de indemnización.

b) Al titular jurídico de las publicaciones o que se refiere la ley 14/1966, de 18 de marzo, con independencia del secuestro previsto en dicha ley, suspensión de la publicación en que se haya producido la conducta delictiva, por los siguientes plazos: Hasta tres meses en las publicaciones diarias; hasta seis en los semanarios y hasta un año en las restantes.

c) Al titular jurídico de los demás medios de comunicación social, con independencia del secuestro correspondiente de la obra o producto en que se haya cometido la conducta delictiva, suspensión de sus actividades hasta el plazo máximo de un año.

d) En los dos supuestos anteriores, en caso de multirreincidencia, podrá ser cancelada definitivamente la autorización o inscripción necesarias para el ejercicio de la actividad correspondiente.

Espainiako prentsa baliozkoenak eta zenbait kazetarik, galderak eginez hartu dute lege berri hau.

Galderok, harridura edo artegatasuna, edo urduritasuna,* edo beldurra, edo denak batean agertzen dituzte. Gure jokabidea ez da bestelakoa.

Zentsura berri hontan norabideak falta zaizkigu, zer den informatzea eta zer propaganda egitea, zer den ezkutuan zerbait aipatzea, etab. Horik* erabakitzeko neurbideak falta zaizkigunez, iraun nahi badugu, artazi* edo guraizetara jo beste erremediorik ez dugu. Autozentsura eskatzen zaio idazleari eta aldizkariaren zuzendariari. Autozentsuraren arriskuen kontzientzia, inork edukitzekotan, geuk dugu.

Irakurleak gure nahiak bezainbat gure ezinak ere ulertuko ahal* ditu!

ANAITASUNA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, coyuntura, oportunidad.

ABANDO, gaur egun Bilbo osatzen duen herriska. Sabin Aranaren sorleku.

ADIERA, significación, sentido.

ADIN, edade.

AFERA, arazo, asunto.

AGERI, agerpen, manifiesto.

AGERPEN, manifiesto.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu. (Idazle zenbaitzuk nahiago dute agorril hitza, latinetiko abuztu baino.)

AHAL, ojalá.

AHALBIDE, posibilidad.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZINERATU, aurreratu, desarrollado, développé.

ALBAITARI, veterinario.

ALBISTE, berri, noticia.

ALDARRIKATU, proclamado.

ALDE, distancia, diferencia.

ALDEZ EDO MOLDEZ, de una forma u otra. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

ANITZ, asko.

ANTOLAGAILU, entidad organizativa, medio organizativo.

ANTZ, irudi.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, aztertu.

ARAKATZE, aztertze, ikertze.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARRAS, guztiz, osoki.

ARRUNT, común, ordinario.

ARTAZI, guraiza, tijeras, ciseaux.

ARTEGATASUN, inquietud.

ASKAPEN, liberación.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, fuera.

ATARI, vestíbulo.

ATONTZE, antolatze, eratze.

ATXIKI, adherido, dependiente.

ATXIKIMENDU, adhesión.

AUPATU, goraipatu.

AURKIENTZA, zona, paraje. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

AURRETIA, antelación.

AURTON, aurten (lehen graduan).

BAITAN, -gan. (BERE BAITAN, en sí mismo.)

BAIKOR, optimista.

BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

BATEZBESTEKO, banabesteko, promedial.

BATIPAT, batez ere, guztiz ere, bereziki.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

BATZUREKIN, con unos. (BATZUEKIN, con los unos.)

BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEHAR, lan. (Berba hau lan hitza baino askoz gehiago erabiltzen da Bizkai aldean. Artikuluaren egilearen ustez, eta ene ustez ere, sartu egin behar litzateke berba hau euskara batuan.)

BEHARGIN, langile.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BEHINIK BEHIN, bederen.

BEHINOLA, behiala, en otro tiempo, autrefois.

BERENDIA, mengano, un tel.

BILAKATU, bihurtu.

BILAKATZE, bihurtze.

BILKURA, bilera, reunión.

BOE, Boletín Oficial del Estado.

BORDELE, Burdeos.

BORTIZKI, sendoki.

BOZKETA, hauteskunde, elección por votación.

BULEGARI, oficinista.

BURUTZE, realizar, llevar a cabo.

DAGOKE, dago nonbait, hay probablemente, debe de haber, puede que haya.

DAGOENEKO, honez gero, para ahora.

DAKIKEZU, dakizu nonbait, debes de saber, puede que sepas.

DAROATE, suelen, acostumbran. (Eroan aditzaren forma.)

DATEKE, da nonbait, debe de ser, puede que sea.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DAUDEKE, daude nonbait, deben de estar.

DERITZAGU, deritzogu, erizten diogu (deutsagu).

DERRIGORREZ, baitezpada, necesariamente.

DESERROTU, desarraigado, déraciné.

DEUS, ezer.

DEUSEZTU, deuseztatu, ezereztu.

DIAGU, joagu, dugu.

DITZAKEGU, daikeguz.

DITZAKETE, daikeez.

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EBAZLE, erabakitzaile.

EBAZPEN, solución.

EDONOLA, edozela, nolanahi.

EDOZELA, edonola, nolanahi.

EDUKI, contenido.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EGINKOR, activo.

EGITARAU, programa.

EGITURA, estructura.

EGITURATU, estructurado.

EHIZA, caza, chasse. (EHIZI, presa u objeto de caza, gibier.)

EKINGAILU, medio de acción constante.

ELIZBARRUTI, distrito eclesiástico, diócesis.

EMAN, emandako, emanikako, emaniko.

ENGAIATU, comprometido, engagé.

ENPARADU, restante.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERABILI, erabilitako, erabilirikako, erabiliko.

ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

ERAKAR, atraer.

ERAKUNDE, organismo, entidad.

ERANTSI, añadido, ajouté. (ERANTZI, desvestido.)

ERASO, ataque.

ERDIETSI, lortu. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

EREDU, modelo.

EROSAHAL, poder adquisitivo.

ERRU, hoben, culpa.

ESKUALDE, comarca, región, distrito.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos.)

ESNATU, itzarri, itzartu.

ETAB., eta abar, eta beste.

ETXATZAR, caserón.

EUTSI, asido, saisi.

EZELAKO (ezer + lako), inolako.

EZEZIK, no solamente.

EZKUTATU, escudado, oculto. (Hitz hau ezkutu [escudo] berbatik dator. Hortaz,* ene ustez, euskara batuan ez genuke izkutatu esan behar.)

FEDISA, Federación de Estudios Independientes. Sociedad Anónima.

FERRATZAILE, herrador, ferrant.

FITS, apur, minucia.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probado, demostrado, experimentado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia, esencia.

GAINEGITURA, superestructura.

GAINGIROKI, superficialmente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

GAITZ. eskerga, itzal, enorme.

GAITZESTE, reprobar, condenar.

GALDETEGI, cuestionario.

GANORE, kanore, fundamento, forma debida, sustancialidad.

GARAMATZA, garoaz, eramaten (eroaten) gaitu.

GARATEKE, gara nonbait.

GEHIENGO, mayoría.

GERATU, gelditu.

GEURTZ, datorren urtean, heldu* den urtean.

GINO, proporción.

GISA (1), modu, era.

GISA (2), bezala.

GIZABIDETSUKI, humanitariamente.

GOGOANGARRI, memorable.

GOGOETA, reflexión, consideración.

HALABER, así mismo, igualmente.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

HARMADA, ejército.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAUTAPEN, opción.

HAUTESKUNDE, elección por votación.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement. (HAZKUNTZA, crianza de ganado, élevage.)

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, neurri, medida, grado, proporción.

HELDU, próximo.

HERKIDE (herri + kide), compaisano, compatriota.

HERREN, cojo, boiteux.

HERTSI, cerrado, fermé.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación. (Azken bokala galtzen du hitz elkarteetan.)

HILDO, surco, sillon.

HIRUEKIN, hirurekin.

HITZARMEN (hitz + harmen), convenio.

HIXTE, heste, cerrar, fermer.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

HORREN, hoin, tan.

HORTAZ, por consiguiente.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURREAGO, hurbilago.

IDAZKARITZA, sekretaritza, sekretalgo, secretariado.

IGORTZE, bidaltze.

IHARDESTE, erantzute.

IHARDETSI, erantzun.

IKERKETA, investigación.

IKERKUNTZA, investigación.

IRAIL, septiembre.

IRISTE, heltze.

IRITSI, heldu.

IRLA, isla.

IRMO, irme, fermu, sólido, firme.

ISTILU, conflicto.

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITAUNTZE, galdetze.

IZARI, dimensión.

JADANIK, ya.

JAKINKI, jakinik.

JALGI, atera, irten, urten.

JARRAITUKI, permanentemente, con continuidad.

JASAN, soportar.

JASATE, soportar.

JAUZI, salto.

JAZO, gertatu, agitu.

JESUISTA, jesuita.

KINKA, momento, situación.

KOLPATU, herido, golpeado, ofendido.

KOPURU, cantidad, suma.

LAR, sobera, gehiegi, larregi.

LELO, cantinela, estribillo.

LITZATEKEA, ahal litzateke?

LIZARRA, Nafarroako Estella.

MEHAR, estrecho, étroit.

MENDE, menpe. (MENDE, siglo, siècle.)

MENDEBALDE (mendebal [viento del oeste] + alde), occidente, Oeste.

MENDERATZE, meneratze, menperatze.

MENGANTZA, mendeku, venganza.

MIAKETA, miraketa, inspección.

MILURTEKO, milenario.

MULTZOKA, amontonar. (MULTZOKATU, amontonado.)

MUNDULERKUNTZA, visión del mundo, filosofía de la vida, Weltanschauung.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITZE, advertir, notar.

OHI, izandako, ex-.

OIHARTZUN, eco.

OKONDO, Oquendo.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OROKOR, general.

ORMA, pared, paroi. (HORMA, hielo, glace.)

OSTE, ozte, multilud, masa. (OZTE, multitud de gente. OESTE, atze, parte posterior.)

OSTEAN, ondoan, ondoren, atzean, gibelean.

OSTEKO, ondoko.

OZENKI, sonoramente, vibrantemente.

PABE, Biarnoko Pau.

PAIRATZE, sufrir, padecer.

PLASTADA, bofetada, golpe.

PRESTU, honorable, prestigioso. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

PRINTZIPATUA, el Principado, Cataluña.

SAI, buitre, vautour.

SANDIA, zutano, un tel.

SALBUESPEN, excepción, salvedad.

SEN, juicio, estado normal.

SINDIKAL, sindikari (hitz elkarteetan).

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

SORTZEAR, sortzer, a punto de crear. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 218. horrialdea.) Ene ustez, euskara batuan TZER atzizkia erabili behar genuke, eta ez TZEAR.

TAMAL, lástima, sentimiento profundo.

TANKERA, estilo, modo.

TARONJA, naranja, orange.

TAXUZKO, adecuado, apropiado, conveniente.

UDAL, ayuntamiento, municipio.

UDALETXE. Herriko Etxe.

UHARTE, irla, isla.

UKAITE, izate. (Ikus UKAN.)

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

UKITZE, tocar, toucher. (HUNKITZE, conmover, emocionar.)

URDURITASUN, inquietud, nerviosismo.

URLIA, fulano, un tel.

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

UZTAIL, julio.

XEDE, propósito.

ZABAL, ensanchar, élargir. (ZABALDU, ensanchado, élargi.)

ZELAN, zela, nola.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, impuesto, contribución, tributo.

ZINEZ, benetan, zinetan.

ZIRIN, inquieto, enredador.

ZITUEN, las cuales tenía (le eran). Ene ustez, holako kasuetan, oso komenigarri da adizkeraren gainean azentu bai jartzea (zituen), haren erlatibotasuna adierazteko, irakurpena erraztuz. Nik neuk birritan irakurri behar izan dut frase hau, beronen esannahia ondo ulertzeko.

ZORI, suerte, fortuna, ventura.

ZUZEN, zuzenbide, derecho.