ANAITASUNA

298. zenb.

1975.eko ekainaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 450 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.

Posta kaxa 495. Tel. 237449.

INPRIMATZAILEA:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10

D. L.: BI. 1753-67.


Franzoni, gizon beldurgarri hori!

Giovanni Franzoni, orain dela urte pare bat arte, Erromako San Paulo basilikako eta monastegiko* abadea zen. Apezpiku izan ez arren, edozein apezpikuren agintaritzaren antzekoa zuen, bere «elizbarruti»* moduko bat eta guzti. Pastoral gutun* batez agurtu zituen, hain zuzen ere, bere elizbarrutikoak. Gutun horren izenburua: «Jainkoarena da lurra». Eta, Urte Sainduari begira, Elizari berari galdera zorrotz bat jartzen zion gutun hortan: Ez ote du Elizak bere aberastasunak banatzeko aukera izango Urte Saindu hau? Txabolatiarrak* Erroma inguruan milaka eta milaka bizi direlarik, ez ote du Erromako Elizak bere etxe handietatik eta baratze ederretatik zerbait banatzerik? Eta dei hau eginez, basilika, monastegia eta «elizbarrutia» utzi, eta oinharriko bere kristau taldearekin bizitzera joan zen, handik hurbil dagoen Via Ostienseko garaje antzeko batetara.

Eliza ofiziala iheska

Aurretik eta orduz gero batez ere, Franzonik eta beronen kristau elkarteak buruhausterik franko sortu diete Vatikanoari eta Erromako Elizari. Aurrez aurre eta elkarrizketan ezagutuz gero, baketsua, ia* ia patxadatsua ematen du gizon gorputz sendo honek: inolako barne erreminik* gabekoa eta irekia. Hala ere, piztitzar bat balitz bezala, beldur ematen die Vatikanoari eta zenbait apezpikuri. Paulo VI.a Urte Saindua irekitzera San Pauloko Basilikara joan zenean, Franzonik garaje hartara etortzeko eskatu zion, lekua ezagutzera eta han biltzen zirenekin hitz egitera.

Leku pobre bat da, Franzoni bizi den tokia. Ormetan* oharpen batzu,* egunkarien zatiak, kartelak. Hantxe biltzen dira igandero Franzoni eta oinharriko kristau elkartekoak, eta elkartekoak ez diren beste batzu ere bai. Ni han egon naizen guztietan, beterik egon da «eliza». Herriaren otoitza egitekoan, bekatu eta hutsegiteen barkamena eskatzekoan, Ebanjelioari buruz elkarrizketa egitekoan, etab., sailean* hurbiltzen dira mikrofonora gizon mardulak, gazte biziak, atso beneragarriak, neska kezkatiak, haurrak, serorak*... Luzea izan ohi da meza, baina bizia. Azken aldian Franzoni bera bazter batetan ikusi nuen zutik, eta ez zuen hitzik egin: orain dela urtebete inguru, debekatu egin zioten meza eta bestelako sakramentuak ematea.

Aita Saindua deitu zuten, bada, bisitatxo bat egitera etor zedin. Hurrengo egunean haserre bizian erantzun zuen Vatikanoko L'Osservatore Romano egunkariak, Via Ostienseko kristau elkarteak eginiko deia zirikatze* soiltzat* hartuz. Eta Aita Saindua San Pauloko basilika handi eta bikainera* joan zen; baina kristau elkartearen garaje zatarrera ez zen agertu.

Apirilaren 17an Franzonik hitzaldi bat eman behar zuen Camerinoko Unibertsitatean. Gaia: «Eliza eta Boterea». Oso berea du Franzonik gai hau; eta Elizako agintariek ez diote gogo onez entzuten. Baina oraingo hontan, sekula gertatu ez dena jazo* da: Camerinoko apezpikuak ihes egin du hiritik, Franzoni «beldurgarria» ez ikustearren eta berarekin ez mintzatzearren. Gutun ireki bat idatzi dio, horren berri emanez, beraren jokabidea salatuz —bereziki apezpikuari hitzaldiaren berririk eman ez diolako— eta zenbait aholku* emanez. «Alde egiten dudala esan dut. Zu ez ikustearren. Ez da ihes egitea. Pozik ikusiko zintuzket; baina egun hortan ezin zaitzaket ikus eta ez zaitut ikusi nahi» esaten dio apezpikuak bere gutunean. Protesta bezala eta ikusiko ez duelako segur egotearren alde egin du bere hiritik.

Elizarekiko elkartasuna ez eten

Ihazko dibortzioarekiko erreferendum hartan, Franzonik dibortzio legearen alde jokatu zuen; eta, beste zenbait apezekin batera, «suspensus a divinis», hau da, apezaren egitekoak bete ezinik geratu zen. Franzoni, erreferendumerako gelditzen ziren egunetan ixildu egin zen, Eliz agintariei men* eginez. Hala ere, ihazko udan hautabehar* bat jarri zioten: utz Italia ala Beneditar Ordenatik irten.* Berak bigarren hau aukeratu zuen, bere kristau elkartearen aholkua eskatu ondoren. Ia urtebete meza eman gabe eta elkarteko beste kristauekin batera meza entzuten iraun duelarik, azkenik Bazko egunean meza eman zuen, kristau elkarteak eskaturik. Erromako eta Vatikanoko Eliz agintariek kondenatu egin dute, baina ez dute oraindik Franzoniren kontra neurri gogorragorik hartu. Hauen artean, Elizatik kanpora botatzea ere egon zitekeen.

Franzonik berak agertu duenez, meza emanez ez zuen inolaz ere Eliza ofizialarengandik etenik sortu nahi. Bazko aurretik, Erroman Aita Sainduaren ordezko bezala den Apezpiku-Kardinalearekin mintzatu zen, urte osoan daraman* gaztiguaren arrazoinen argitasunik eman ziezaion. Eta, bereziki, Bazko egunez meza eman zezakeenentz galdetu omen zion. Apezpikuak, ez zedukala baimenik ematerik erantzun zion; baina meza emanez gero, ez zukeela elkartasunaren etendura bat bezala hartuko. Hala ere, Bazko aurreko egunean berriz ere debekazioa etorri zitzaion. Baina kristau elkartean gauzak prestaturik zeudelako, eta gaztiguaren arrazoinak ere oso ilun ikusten zituelako (politikazkoak direla esaten du Franzonik), kristau elkarteak eskaturiko meza ematea erabaki zuen. Aurrerantzean apezpikuaren kontra meza emateko asmorik ez duela esan du, kristau elkarteak eskatzen badio ere, ez baitu etenik sortu gura.

Hala ere, oraindik Eliz agintarien eta Franzoniren arteko tirabira ez da bigundu, eta ba dago zenbait arazo argitu gabe. Ihazko abenduan Erromako Apezpiku-Kardinale den Poletti jaunari gutun bat bidali zion, bere gaztiguaren arrazoinak ere argitzeko; baina batez ere bi arazo zabal eta nagusi jartzen zizkion aurrean. Lehena: Oinharriko kristau elkarteek azterketa berri bat daramate Eliz barnean, bai teologi mailan eta bai Eliz bizitzaren mailan. Elizak debekatu nahi ote du azterketa eta bilaketa hori? Bigarren arazo nagusia beste hau zen: Eliz barnean politikazko joera ezberdinak daude. Gizonaren askapena* erreformismo baten bidez bilatu nahi dute batzuk, eta sozialismo iraultzailearen bidez beste batzuk. Kristauen artean aukerakoak izan daitezke joera biak. Franzonik, sozialismo iraultzailearen bidea hartu duela adierazten du gutun hartan. Hitz laburrez esanez, sozialismoaren aldeko kristauek jarri dituzten arazo nagusienak aurkezten zituen Franzonik. Oraindik ez du Eliza ofizialarengandik erantzunik jaso. Hori etor baledi SAKentzat (sozialismoaren aldeko kristauentzat ere) erantzun bat izango litzateke.

Urte Saindu hau...!

Hau guztiau aidean dagoen bitartean, aurten Urte Saindua aurrera doa, eta Paulo VI.ak astero astero milaka eta milaka hartzen ditu erromesak Vatikanoan. (Basilikak berak eta audientzietarako egin berri den areto* handiak erromes guztiak hartzen ahal ez dituelarik, San Pedroko plazan bertan biltzen dira denak, Aita Saindua ikusteko eta haren berbak entzuteko.) Adiskidetzaren Urtea da aurtengo hau. Be dago noski tirabirarik, eta urraturik ere, Franzoni eta bere kristau elkartearen eta Eliza ofizialaren artean. Baina haien aldetik gogo ona agertu dela esan daiteke, beren pentsabidea eta jokabidea aldatu ez badute ere, arteztzat* hartzen dutelako, hain zuzen ere. Alde hontatik zirikada soiltzat hartu behar ote zuen Vatikanoak San Pauloko elkarteak Aita Sainduari eginiko deia? Dena dela, adiskidetzako bidean, elkarganatzea da lehen urratsa,* eta elkarrizketa bigarrena; ez ihes egitea, Camerinoko apezpikuak egin duen bezala. Eta Aita Sainduak ezin dezake pentsa, kristau guztiak Vatikanora joango zaizkionik; eta hori, kristau asko Urte Sainduaren eraketaren kontra dagoelako ere bai.

Baina honek arazo zabalago bat jartzen digu aurrean. Azken urteotan kontestazio handia da Eliz barnean, apezen eta kristauen aldetik. Eta Aita Sainduak sarritan kondenatu izan du jarrera* hori, edo susmo txarrez hartu bederen.* Urte Saindua ez ote da, horiekin adiskidetasun bideak bilatzeko ere? Eta Vatikanoko plazara joan daitezela esatea aski* ote da? Ez ote zukeen Aita Sainduak San Pauloko kristau elkartearen deiaren barneko gogo onari heldu behar, eta, horrela, bere aldetik Elizako talde kontestatzaileekin adiskidetzeko urrats bat eman behar?

Franzonirenak, bada, arazo zabalago bat jartzen dio Urte Sainduari: Urte Sainduaren esannahia bera aztertzekoa eta birpentsatzekoa, halegia.* Aspaldiko Urte Saindua ez ote zen pobreen, nahigabetuen, espetxeratuen eta zordunen urtea? Elizak, berriz, Aita Sainduaren urtea bihurtu duela dirudi. Horrela balitz, Franzonik ba luke zer esanik «Eliza eta Boterea» gaiari buruz.

Baina eman dezagun, Urte Saindua Aita Sainduaren inguruan antolatzea egokia dela. Eta hala da noski aurtengoa: Erromara, Vatikanora, Aita Sainduarengana joan «behar» da. Ez ote litzateke urte egokia benetan, «aitasaindutzaren» eginkizuna aztertzeko? Paulo VI.ak berak eskatu die Vatikanoko agintari eta langileei —eta bere buruari ere bai— beren pentsabideen eta jokabideen azterketa sakon bat. Baina orduan onhartu egin beharko luke, eliztarrek —eta kontestatzaileek ere bai— Vatikanoak Elizari buruz duen eta behar lukeen eginkizunari buruz azterketa eta kritika egin lezaten.

Bestalde, adiskidetzaren izenean asmatu eta eratu da aurtengo Urte Saindua: Jainkoarekin eta elkarrekin adiskidetzeko, halegia. Baina antolaketa moduak zera ematen* du: Eliza Aita Sainduarekin adiskide dadin asmatu dela Urte Saindu hau; eta bereziki azken urteotan Eliza ofizialarekin tirabiraka ibili diren elkarte kontestatzaileek adiskidetasuna eska dezaten. Alderantziz, eta Urte Sainduaren esannahi tradizionalari begiratuz, ez ote luke izan beharko Urte Saindu honek, Eliza bera pobreekin, baztertuekin eta langileriarekin adiskide ledin?

Hontarako laguntza ederra luke Eliza ofizialak, azken urteotan langileriaren, zapalduen eta pobreen arnasa* hartu nahian sortu diren oinharriko kristau elkarteen —eta elkarte protestarien— mintzoa eta deia entzutea. Orduan benetan beldurgarri gertatzen zaigu Franzoni eta Franzoni bezalako beste edozein.

Paulo AGIRREBALTZATEGI


Gonzalo Fontanedari erantzunez

Adiskide ezezaguna. Utziko didakek,* hikaz ari baikara, hiri ere hika erantzutea.

Diostaan guztia egia duk (ANAITASUNA, 297. zenb.). «Komiki honetaz zerbait» izeneko artikuluan hika.ari ninduan irudigile-gidonistekin; eta, noski, bidezkoa iruditzen ziaidak, hi, hik eta hiri izenordekoei* zegozkienez gainera, adizkera* guztiak hika egoteko eskatzea. Ez pentsa, ordea, hori ezjakinean edo eta oharkabean egin nuenik.

Ene ustez, hiketaren gaurko egoera, duen gehiegizko aberastasunagatik, larri xamarra duk; eta aspaldion, modu pertsonal batez, neronen eskribu batzutan arazo hori sinpletzen eta erraxten saiatu nauk. Euskara zaharrean, hika egiteak ez zian mintzatzailea «adizkera guztiak» derrigor* datibo ethikoz erabiltzera behartzen. Horren froga* argiena zera duk, haiz eta naiz analogia berberaz moldatuak direla, bai eta duk-dun egotea dut, du, dugu batzuren ondoan. Argitasun gehiagorako, hortxe diaudek esaera zahar batzu,* diodanaren lekuko:* Badagik suatean ipirdia uzkarti, zeian berba dai eugaitik (sukaldean ipurdia uzkarti egiten baduk, plazan hitz eginen du heugatik): Refranes y Sentencias, 33. Il eikek ta il aie, ta ire erallea il daie (hil dezakek eta hilko haute eta hire erhailea* hilko dute): Refranes y Sentencias, 227. Hori da onsa errana, baina erakarrak egin dezaana (hori da ongi esana, baina ekar ezak eginen duana): Oihenarteren Atsotitzak, 251.

Alde hortatik, beraz, etengabeko hiketa hori (hi, hik eta hiri pertsonez landa*) gauza moderno xamartzat jo zezakeagu, inoiz A. Zatarainek seinalatu duenez. Hori kontuan harturik, nolabait, arkhaismora jotzea aurpegira diezadakek; baina ez, nik uste, erdalkeriarik darabiladanik.

Gaurko hiketak, bestalde, sustraian diaramak gaitz larri bat. Hizkuntzaren gauza guztiak bezalaxe, erabiliaren erabiliaz ikasi behar duk; eta, hik nahi hukeenez, lehen mementotik forma guztietan sartuko bagenu, izugarriro zailduko lukek gure hizkuntzaren ikastea. Hori, gainera, inork egiten ez duelako —ikus orain arteko methodo guztiak—, ikasleari eta ikastolako haurrari hasieran zuka irakasten ziaiok, bigarren edo hirugarren mailara heltzean hika delako zerbait ere ba dela esanik, ordurarteko praktikaren kontra doalako, inoiz ikastera iritsi* gabe; ez baita batere logiko ez erraza, ordurarte zuka tratatzen zen lagunari, ordutik aurrera, dzapa! beste gabe hika hitz egitea.

Hori konpontzeko, neronek hauxe proposatuko nikek, Hasieran, bai euskara ikastera datorrenari eta bai ikastolako haurrari, hiketa sinple bat irakats: hi haiz, hik duk, hik dun eta datibo ethiko gabeko forma normalak (Akademiak onharturikoak, hitz batez). Hori eginez, geure tratamendu jatorrena, orain duen zailtasunagatik gero eta gutiago erabilia, modu minimo batez bada ere, indartu eta iraun eraziko genikek, eta apurka apurka berreskuratuko. Kontuan har dezagun, kasu, ingelesak you bakar bat duela egia bada ere —zenbait tokitako euskarazko zu bezala—, espainolez eta usted, frantsesez tu eta vous, alemanez du eta Sie, eta errusieraz ty eta vy kontserbatzen direla, euskarazko hi eta zu legez.* Ez genikek, beraz, dugun gauza bat alferrik galdu behar; are* gutiago noski, horren bidez —hizkuntza semitikoen antzera— maskulinotasuna eta femeninotasuna adieraz dezakegunean (duk-dun).

Bigarren maila batez, jadanik* gutienezko hiketa hori ondo menderatzean, ikaslea, pittinka pittinka, diagok, diatork, gioazan, etorri naun eta horien antzekoak gehitzen has diaitekek, adiskerok ikasten eta entzuten dituen ginoan*; baina beti aurretik finkaturiko systemaren gainean eta haren osagarri gisa,* eta ez, orain bezala, zuketarekin batere zerikusirik ez duen beste gauza bat balitz legez,* praktikan, ia ia beste euskara bat ikastea dena.

Hiketa sinpletu hortan —noizbait hiketa osora heltzeko— idatzia diat «Gure piztitxoen artean» liburuxka bera ere, haurrei zuzendua. ANAITASUNAko elkarrizketaz, gainera, hauxe esan diezaaket, mintzakide* batzuk euskararik ez zekitelarik, erdaraz egin behar ukan nuela; eta horrexegatik, neure buruarekin zintzo jokatzeko, ez nian egoki juzkatu hizketa haik* euskara «loratsu» batez ezartzea. Zinez* diotsat,* neronek ez nukeela erdarazko textu bat, -ka egon arren, diagok, niatork eta gisa* hortako ñabarduraz* hornituko, hor, funtsean,* gezur bat dagoelako, erdaldun batek, alderantziz, gure neba edo ahizpa, osterantzeko* argitasunik gabe, hermano eta hermana (frère eta soeur) bezala itzuliko lituzkeen arrazoi berberagatik.

Nik neuk ere sentitzen diat Euskal Akademiak aditz kontuan bide hortatik abiatzea; eta, oso oker ez banago, ene boza izan duk horren kontra entzun diren gutietarikoa. Hala ere, gauzak ez dituk beti norbere gustura irteten.* Oraindik, dakikeanez,* erabakitzeko diaudek aditz synthetikoak eta adizkera ethikoak. Nik neuk zinez espero diat, ahal den neurrian bederen,* batzordeak* ñabardurak gordeko dituela: niake (hiri) eta nikek, dizkiat (hiri) eta zitiat, kasu.*

Beste gabe, hire kezkari —enea ere denari— erantzun diodalakoan, har ezak besarkada bat

Xabier KINTANAgandik

dezakek, daikek

diagok, dago

diaitekek, daiteke

diaramak, darama (daroa)

diat, dut

diatork, dator

diaudek, daude (dagoz)

diezaaket, deiskiat

diezadakek, deiskidak

diot, deutsat

dituk, dira

duk, da

ezak, eik

genikek, genuke

gioazan, goaz

lukek, litzateke

nauk, naiz

naun, naiz

nian, nuen

niatork, nator

nikek, nuke

ninduan, nintzen

zezakeagu, dezakegu (daikegu)

ziaidak, zait (jat)

ziaiok, zaio (jako)

zian, zuen


"Iberia Express"

Portugaleko kristauak egoera politikoaren aurrean

Portugalen, gaurko egoera politikoaren aitzinean,* erakunde* guztiak ikusten ditugu beren lekua aurkitu nahiz. Nork bere burua aztertu gura du eta jarrera* bat hartu. Ibilera hontan bide errazik aurkituko ez duen erakunde bat, kristaugoa dugu.

Ezin daiteke zalantzan jar, Eliza katolikoak Portugalen lehen mailako lekua izan duela. Gaur ere ba duela dudarik ez, Portugalen gehienak kristauak baitira. Bihar izanen duen ala ez, hori beraren esku dago.

Une hontan, behinik behin, kristau guztiek ez dute bide bera hartu. Gutienez hiru jarrera desberdin nabaritzen* dira.

Apezpikuak

Apezpikuen pentsaera argi dakusagu, ihazko uztailaren* 16an eta aurtengo apirilaren 12an argitara zituzten agerietan.

Uztailaren 16koan honela zioten: «Eliza, Salazarren garaian, behar zuen bezala, orduko egoera politikoan sarturik egon zen, hortik etor zekizkiokeen arrisku guztiak bere gain hartuz».

Gobernu hura diktadura izan zela eta akatsik ere ukan zuela aitortu arren, apezpikuek ez dute —oro* har— Gobernu hura* kritikatzen.

«Apirilaren 15eko Mugimenduak —diote apezpikuek— demokraziaren hildotik* bere etorkizuna moldatzeko bideak ireki dizkio herriari, Portugal berri bat egiteko promesarekin».

Apezpikuen lehen ageri hau, gehienbat oraingo egoeraren arriskuak eta nahasketak salatzeko egina dela dirudi. Askatasun gehiegikeria, oportunismoa, demagogia, mendekuak* eta jazarpenak* gaitzesten dituzte apezpikuek.

Eliza, une hontan, ez da ezein* alderdi politikorekin bat egiten. Kristauek, aldiz,* beren fedeari hobekien dagokion alderdia beharko dute hautatu. «Demokrazia eraiki nahi bada, ezin aukera daitezke ez liberalismoa ez marxismoa, demokraziaren kristau kontzeptuarekin ados dauden alderdiak baizik.

Zenbait apezpikuren aitorpenetan, Alderdi Komunistak kontrolaturiko beste diktadura baten menpean erortzeko* beldurra nabaritzen da. Lisboako Ribeiro kardinaleak esan duenez, «bekatu berri batek ezin lezake lehengoa barka. Salazarren garaian Eliza isilik egon bazen, ez da hori arrazoin, gaur ere berdin egon dadin. Ez gaitezen bi bider gaitz berean eror. Baina, hala ere, zentzuz eta zuhur jokatu behar dugu gaurko uneon».

Zenbait katolikok, batez ere iparraldeko herrietako apezek, apezpikuen zentzu eta zuhurtzia hori interpretatu nahiz edo, eskuineko alderdia (CDS) aurkeztu dute, kristautasunari hobetoen dagokiona bezala.

Kristau gehienak

Zenbait erakundek, kristau gehienen pentsaera azalduz, aurreko erregimenaren gizagabetasuna salatzen dute, eta instituzio bihurtu den nagusikeriaren kontra zutitzeko eskubidea defendatzen.

Azken 50 urte hauetako Eliza eta Estatuaren arteko loturaren ondorioz, gaur Eliza sinesgaitz bihurtzen ari dela aitortzen dute. Elizak, azken Kontzilioaren berrikuntzak praktikara eraman beharrean, kristautasun soziologiko batetan iraun omen du orain arte. Gaur, aldiz, Apirilaren 25a gogoz onhartu behar luke, egun hori urrats* handi bat izan baita herriaren eta Elizaren askatasunerako.

Aldaketa honek ba du arriskurik; baina beldur eta mesfidantzaz ezin daiteke aurrera joan. Gainera, sozialista izateko, ez dago Alderdi Komunistarekin ados egon beharrik. Portugaleko Elizak gizartean duen lekua zuzendu beharra du, eta orain arte zenbait katolikok funtsezkotzat* izan dituzten dotrina batzu* ere aztertu eta gaitzetsi beharko ditu. Hala nola jabetza pribatuaren dotrina. Ezin ahantz baitaiteke, hau izan dela Elizak betidanik irakatsi duen dotrina jatorra: ondasunak, halegia,* gizartearentzat direla. Jabetza pribatua ezer* absolututzat hartzea, Elizaren pentsaera ukatzea litzateke.

Kristau talde bereziak

Ba dira beste kristau talde batzu, ttipiak baina oso eraginkorrak (LOC, JOC, JEC, CRP, CPS, etab.), jarrera gogorrago bat hartu dutenak. Elizako agintarien artean ez dira ondo ikusiak. Politikan ezkerreko alderdietan ari dira lanean, baina oso gutti Alderdi Komunistan.

Egungo egoeran, Apirilaren 25eko Mugimenduaren eraginez, argiago ikusten dute behartsuen aldeko hautaketa, Elizak beti egin behar lukeena. Honela zioen "Fixe" astekariak: "Zein aldetik dago eliza? Norekin dago kidetuta? Ez da aski,* burgesiarekin ez dagoela esatea; behartsuekin dagoela frogatu* beharra du".

Elizak erligio askatasunaren alde baino gehiago herriaren askapenaren* alde beharko luke lan egin. Hortarako beharrezkoa da, diote, Eliza barne barnetik berriztatzea, goi mailan dauden pertsonak aldatuz.

Elizak izan du jadanik* zenbait istilu* Gobernu berriarekin. Hauteskunde garaian, alderdi politiko marxisten alde boturik ez emateko eskatuz (edo aginduz), Vatikanoko irratiak katolikoei egindako deiak asaldatu* egin zuen Gobernuko jendea. Greba* batzuren ondoren, «Radio Renascença» (Hierarkiaren menpean lehen), orain Elizaren kontrolik gabe hasi da lan egiten. Estatua Elizaren zenbait ondasunez jabetu da, eta Funchal eta Almadako seminarioak nazionalizatu nahi izan ditu.

Gertakari hauen aitzinean, kristau talde horien ustez, Mugimenduak sortu duen iraultzaren zerbitzutan jarri behar litzateke Eliza.

Vatikanoko irratiak Portugaleko kristauei egin zien deiari erantzunez, Lisboako «Diario de Noticias» egunkariak apirilaren 21eko editorialean honela zioen: «Hainbat urtetan Portugaleko faxismoaren krimenak isildu dituen Erromako Kuria, orain datorkigu, Portugaleko kristauei botua nola eman behar dugun irakastera. Bego lasai, ez baita Portugalen erligio problemarik izanen. Eta hau, arrazoin askogatik: lehena, Portugaleko herriak Vatikanoko irratiak baino zentzu gehiago agertu duelako hemengo errealitateari buruz.

Apirilaren 23ko egunkariek, dei berari erantzunez, JOC taldearen ageri bat argitara zuen: «Langileei dagokie beren etorkizuna erabakitzea, zapaltzaile eta zapaldurik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Jesukristoren Elizak behartsu eta zapalduen Eliza behar du izan».

«Renascença» irratiari buruzko eztabaidan, LOC, JOC eta CRP taldeek beren boza entzun erazi dute: «Noren zerbitzutan behar du egon informazio bide honek? Ebangelioaren zerbitzutan, dudarik gabe. Baina zein Ebangelioren? Zapaltzaileek ala zapalduek bizi dutenaren? Hemen datza,* talde horien ustez, «Renascença» irratiaren arazoa. Grebaren bidez, irratiak herriaren eta langileriaren zerbitzutan egon behar duela adierazi dute argi eta garbi langileek.

CRP taldeak, bere aldetik, Elizak probetxurik gabe dituen ondasunen zerrenda bat egin ondoren, Ebangelioaren izenean ondasun horik* guztiok gizartearen zerbitzutan jar ditzala eskatzen dio Elizari.

Geroak esanen du

Nola konpon Elizaren egoera hau? Ferreira Gomes Oportoko apezpikua dateke lan hau egin beharko duena. Izan ere, hamar urte egin zituen atzerrian, Salazarrek herbesteraturik.

Mugimendua Elizaren ustegabean sortu zen. Herriak ezin du 50 urtetako Elizaren isila urte batean ahantzi. 50 urtetan lehengo erregimenaren injustiziak bedeinkatu (edo behinik behin isildu) dituen Elizari orain nork sinetsiko dio, gaurko Gobernuaren kontra salakuntzarik egiten duenean?

Antton INURRITEGI


Hementxe denok

Ipar Aldea

Maiatzaren lehena Baionan

Joan den urtean baino anitzez langile gehiago ba zen aurtengo maiatzaren leheneko karrika* kurridan* Baionan.

Milako bat langile elkarretaratu da, lantegi hesteen*, langile kanporatzeen kontra eta irabazpide hobeen alde oihu egiteko.

Aitzineko* urteetan, ez ziren euskaldun langileak biziki agertzen. Aurten lehen aldikotz, atseginekin ikusi dugu euskaldun Jangile multzo bat, euskaraz idatzitako beren oihalekin,* Herriko Alderdi Sozialistaren inguruan bildurik.

Oldea* azkar* dadila; eta euskaldun langileak, beste herrietakoak bezala, beren artean elkarretara daitezela.

«ZABAL» hamairugarrena

«ZABAL» aldizkariaren 13. zenbakia maiatzaren lehen astean jalgi* zaigu saltegietara.

Oraingo hontan ere ba dakar bere berrogei ta bost hostoetan* irakurgai sakonik. Hona tituluak:

- Nolakoa den gure sozialismoa.

- Abertzale sozialisten erakundetzeaz.

- L.A.I.A.ren «sugarra» kritikatuz.

- Britainia Haundiko herriak.

- Kurdistan eta Eritrea.

- Flamendar emakume deputatu batekin solasean.

- Louis Althusseren autokritika gaiak.

Xelistarren ibilaldia

Xelistarrak, Biarritzeko dantzari ezagun eta aipatuak* ditugu. Urtetik urtera hobetzen ari ditu talde honek bere dantzaldiak eta ondorioz emendatzen* bere ateraldi* eta ibilaldiak.

Horra nola, joan den otsailaren* 9tik 16a bitartean Siciliako Agrigento herrian izan ziren, herrien arteko folklore festibalean. Han ziren Argentinatik, Mexikotik, Txekoslovakiatik, Hungariatik, Jugoslaviatik, Errumaniatik Ingalaterratik, Libyatik, Maltatik, Kongotik, Italiatik, Frantziatik eta Ipar Euskal Herritik etorritako dantzari talde aipatuenak.

Biarritzeko talde honek bere omena* ederki zaindu du, kopa eta medaila eder batzu irabaziz. Dantzarientzat ez baitzen* guti atsegingarri.

Orain sasoin berriaren apailatzen* ari zaizkigu. Ibilaldirik ederrena opatzen diegu.

ZABALen kulturasteari buruz zenbait gogoeta

ZABAL batasunak* eraturik, kulturaste labur bat, lau mintzaldi, bertsoaldi bat eta ikastoletako haurrentzako giñol ikus-entzungarri bat emanak izan dira, Baionako euskal erakustokian. Bana* beste, hogei ta hamar bat pertsonak parte hartu dute aldi oro.* Batzurentzat arras* gutik. Beste batzurentzat, berriz, ez zen gehiago entzulerik igurikatu* behar.

Dena den, esperientzia bat zen. Eta orain, epe labur baten buruan, gogoetaturik nago ez ote litzatekeen hobe, kulturastearen sistemaren ordez, hilabeteroko mintzaldien sistemari jarraikitzea.

Ba lituzke abantail* haundiak bigarren jokabide honek.

Lehen lehenik, muntatzeko lan eta gastu gutiago eskatuko* luke. Bestalde, urtean behin kulturaste bat egiteko orde, eta, horrela eginez, urtean behin eta kolpez bezala euskal kulturgai nagusienak gainez gain aipatzeko orde, hilabetero mintzaldi bat muntatuz, delako kulturgai nagusien horik* gehiagotan eta barnagotik aipatzeko bidea ukanen genuke.

Hilabeteroko sistema hartuz, arratseko mintzaldi bakoitzeko, gai berezi bat har liteke, eta horrela muntatzaileak ez lirateke bizpahiru gairen hautatzera behartuak.

Kazetari bezala hilabeteroko mintzaldien sistemari ikusten diodan beste abantail bat hauxe da:

Euskaldungoari eta Euskal Herriari doazkion gaiak, arras bakan* aipatzen direla erdarazko egunkarietan. behin baino gehiagotan irakurleengandik entzun* oihartzunetarik* da. Eta ez dago harritzeko arrazoin izpirik hor. Zergatik ote? Zeren* eta izendatu ditugun sail horietan lanean ari garenok, ez baitugu aski pentsatzen, nola jokatu behar dugun, geure lanen berri kazetariengana helerazteko.

Eta nornahik errazki ulertuko du, kazetariengana heltzeko bide bat, agerian zerbaiten muntatzea dela. Munta ditzagun beraz mintzaldiak, munta ikusgarriak, ager liburu eta diskoak, ager ere behar orduan karrika gaineko ekintzak, laborariek, mahastizainek eta arraintzariek egiten dakiten bezala. Hitz batez, agerian egin. Bere xokoan ixil eta umil dagoenak, ez duke* izan, ez du egun* eta ez izanen biharko gizartean kasu eginen dionik.

Hilabeteroko mintzaldiekin, gure herriak bizi dituen buruhauste guztiak aipatzen ahal ditugu. Eta bide berez kazeten bitartez izanen dute kanpoan ere oihartzun.

Gauza jakina da, oihartzuna ez dela aski.* Baina, gaurko egunean, oihartzunik ez den lekuan, ba ahal dea* BIZITZERIK?

Gexan LANTZIRI


Hementxe denok

Bizkaia

Mikel, eguzkia eta euritakoa

Lankideen Aurrezki Kutxaren babesean argitaratzen dugun Komikian, ixtorio berri bat agertzen hasi da: Mikel, eguzkia eta euritakoa, Iñaki Alvarez irudigileak moldatua.

Artista berri hau, J. Zabaletaren antzera, Debako arte eskolakoa da, eta haurrentzako graphian espezializaturik dago. Ez dugu dudarik egiten, berorren irudiek arrakasta* ederra ukanen dutela. Ongi etorria, Mikel!

Ikastola laguntzeko ekintzak Ermuan

Ikastolako beste eginkizunak bezala, ekonomi arazoa ere talde edo batzorde* baten ardurapean aurkitzen da. Gurasoek, irakasleek eta herriko gazte jator batzuk osotzen* dute taldea. Lan eta lan dihardute, eta, hala ere, diru ments* galanta gertatzen da beti: hilabetero 58.000 bat pezetatakoa. Aldizkari honen aurreko zenbakietan agertzen genuenez, galera handiena ume guti izatetik datorkio Ikastolari.

Eta zer egin dute gaur arte talde honetakoek? Euskal jaialdiak eratzea aspaldion oso zaila eta menturazkoa* dela ikusirik, futbol eta pilota partiduak antolatu dituzte. Herriaren erantzuna oso ona izan da. Beste herri askotan bezala, paper eta kartoi bilketa* ere antolatu dute; baina probetxu. gutirekin, paperaren prezioa aspaldion asko apaldu da eta.

Orain dituzten egitekoak hauk* biok dira: Lantegi, denda eta antzekoei dei bat egitea, eta itsuen aldeko loterian jokatzea.

Lantegi ugazabei eta dendariei gutun* hau bidali diote:

Ikastola zure diru laguntzaren beharrean aurkitzen da. Urtero bezala, zugana gatoz betiko konfiantza eta bizkortasunarekin, Ikastolak zure laguntza behar du eta.

Ba dakizu, Ikastolaren beharrak gero eta handiagoak direla. Eta Ikastola herriarentzako bada, herria beharturik dago, hari laguntza ematera. Asko dira Ikastolako arduradunek aurrera eramaten dituzten ekintzak: Euskal kultura eta folklorea zabaltzea, euskarari eustea, euskara irakastea, era guztietara eta alderdi guztietan jendeari gauza hauen berri ematea, eta abar.

Ermuko Ikastola aurrera eta gorantza doa. EGBko 5. ikasturterarte ematen da. Gure seme-alaben hezkuntza ahal den hoberena izan dadin, tituludun irakasleak ditugu, Ikastolaren alde izugarrizko lana egiten dutenak.

Baina Ikastolaren ekonomi egoera ez da ona. Zure laguntza behar dugu. Herri guztiaren laguntza. Izan ere, Ikastola azkenean herri osoaren onerako da eta.

Ondoren hilabeteroko ekonomi egoera agertzen dizugu, kontura zaitezen, nondik nora gabiltzan. Lagun zazu Ikastola!

Bigarren egitekoa aurrera eraman nahirik, ekonomiaren arduradunek beste gutun hau zabaldu dute herrian:

Joka ezazu itsuen aldeko loterian Ermuko Ikastolarekin. Ikastola indartzea denon eginkizuna da. Euskaldun sentitzen garen ermutar guztiok, geure hizkuntza zaharraren eta ohituren galtzea nahi ez dugunok, Ikastolaren alde lan egitera beharturik gaude.

Orain ekonomiazko batzordeak era erraz eta interesgarri bat eskaintzen dio herri guztiari: Itsuen aldeko loterian jokatzea.

Zuk zeuretzat hilabetero numero bat har zenezake, 100 pezetagatik. Hilabetean 100 pezeta jokatuz gero, astegunetako zozketan* sartzen zara. Zure numeroa astegunez aterako balitz, 1.000 pezeta jasoko zenituzke. Eta larunbatez aterako balitz, 5.000 pezeta jasoko.

Hain erraza da! Edozein egunetan toka lekizuke premio bat; eta, batez ere, ba dakizu honela denon egiteko bat laguntzen duzula: Ikastola aurrera eramatea.

Gustatzen zaizu gure asmoa? Joka itzazu 100 pezeta hilabetero itsuen aldeko loterian, eta era batera lagun eta bultza ezazu Ikastola. Bila ezazu bidea, zure semeek bihar lekua izan dezaten Ikastolan. Gure haurren irakaskuntza hain zaila izanik, egunero lanean ihardun behar dugu, irakaskuntza hori gero eta aurrerago egon dadin. Ikastola, guk hain maite dugun euskararen zaintzailea da.

Orain arte soinu onak entzuten dira. Ba dirudi, herri honetan ere euskaldungoa indartuz doala. (Irakasleak)


Hementxe denok

Euskal Herria

Udako III. Euskal Unibertsitatea

Udako Euskal Unibertsitatea Uztaritzen egingo da aurten, agorrilaren* 19tik 29a arte. Uztaritz Lapurdin dago, Baionatik Kanborako bidean, herri hau baino 6 kilometro lehenago.

Maiatzaren 7an, arratsaldean, Deustuko Unibertsitatean, eta hango Euskal Kultur Mintegiak eraturik, Manex Goihenetxek hitzaldi labur bat eman zuen, ikastaro nagusi hortan zer egingo den azalduz.

Ikasleei erraztasunak eman nahiz, ikastaroa egingo den toki berean zelai bat antolatuko dute, nahi luketen ikasleek, kanpingoa —jan eta lo— bertan egin dezaten. Besteentzat, hau da, jan-etzanak ordaindu gura dituztenentzat, eguneroko prezioa 35 libera* izango da, eta be. kadunentzat erdia. Beraz, diruaren aldetik ez da problema handirik izango.

Unibertsitate honen eratzaileak hauk* dira: Euskal Kultur Mintegia, EKT, Elhuyar, Jakin, Ikas eta Euskaltzaindia. Beraz, inork xehetasun gehiago ukan nahi badu, jo beza erakunde horiengana, edo ANAITASUNA hontara.

Orain arte antolatu diren sailak eta haien arduradunak hauk dira: Hizkuntzalaritza (A. Eguzkitza eta M. Murgiarte). Pedagogia (J. A. Ozamiz). Ekonomia (R. Camblong eta J. M. Eizmendi). Zientzia (C. Harluxeta*). Medikuntza (Mertxe Petralanda). Gizarte Zientziak (J. Apalategi eta A. Artamendi).

Beste sail batzu* ere egongo dira, baina programaketa osoa oraindik bukatu gabe dago. Hauk izango dira: Psikologia, Soziologia, Edergintza eta Antzerkia. Euskara batuari buruz ikastaldi bat izanen da egunero. Euskal eskultore eta pintoreen erakusketa bat ere antolatuko da, eta Daniel Landarteren «Xuri Gorriak eta...» antzerkia emango.

Zientzi saila taldekatu egingo da. Hauk izanen dira ikasgaiak eta talde bakoitzeko arduradunak: Fisika eta Kimika (J. R. Etxebarria, J. Iturbe eta EKT). Natur Zientziak, Geologia, Biologia (Arantzadi elkartekoak). Matematika (J. M. Goñi eta J. M. Larraza).

Euskara, Geografia, Historia eta Politika ere taldeka emanen dira.


Fedea eta ekintza

Adiskidetza gizartean eta Elizan

«Adiskidetzaren Urtea». Izen hau ipini zion Paulo VI.ak aurtengo Urte Sainduari. Textuinguru hontan, Espainiako apezpikuek ere adiskidetzaren eskakizunak* zeintzu* diren zehaztu nahi izan dute. Hilabete luzeren buruan argitara dute beren ageria. «Carta colectiva del Episcopado Español» bezala eman dute. Argitaratze modu honek ere ba du bere garrantzia, apezpikuen ageri batek har dezakeen formarik nagusiena baita.

Ia bi urte pasatu dituzte, gai hau lantzen. Baina denbora hau ez da aski* izan, apezpiku guztiak eritzi batekoak izateko. 81 apezpikuetatik 70ek beren baietza eman zuten, 11k ezetza.

Apezpikuak ez dira politikariak

Dokumentu honek bost atal ditu. Sarrerakoa eta bukaerakoa dira laburrenak. Adiskidetzari buruz nondik nora eta zer asmorekin mintzatzen diren adierazten dute apezpikuek. Hauen gogoetak bi iturri dituzte. Kristau mezua* batetik, eta gaurko egoera konkretua bestetik. Argi eta garbi aitortzen dute apezpikuek, ez direla politikan sartzen, eta beren kristau kontzientziaren eta artzaingoaren izenean hitz egiten dutela.

Bigarren atala, kristau sinesmenak adiskidetzari buruz irakasten dizkigun egien bilduma* bat da. Ederra eta egokia oso. Hala nola, gizarte elkartu eta baketu bat eraikitzeko gizonaren ezina, Jesus bakegilearen eragipena hortik Elizari datorkion eginkizuna.

Baina atal hontan esaten direnetatik, ba da biziki ukitu nauen zerbait. Ez noski, esaten direnen artean ideia nagusiena delako, edo gauza berria delako, kristauon pentsa eta mintzaeran toki gutti izan ohi duelako baizik. Zera da: Gizonen arteko anaitasuna eragozten duen guztia ez da beti bekatuaren fruitua. Giza bizitzak berezkoak ditu tirandurak*. Kristauon artean, izan da —eta ba da oraindio— gizarte bizitza egoki eta zuzenaren eragozpen guztiak bekatuaren bizkar jartzeko joera. Horrek, ondorio bidez. azterketa politikoak gutiestera* eramaten du kristaua. Gizarte problemak bekatuaren fruitu badira, konpon dezagun lehenik gizona, eta besterik gabe gizarte berri bat sortuko zaigu. Pentsaera honen kontra agertzen dira apezpikuak: «Hala ere, gogoratzea komeni da, anaitasuna eragozten duen guztia ez dela beti bekatuaren fruitua». Kristauak ez du, bada, analisi politikoak baztertzeko, eta azterketa soziologikoei barre egiteko eskubide berezirik.

Dudarik gabe, hirugarren eta laugarren atalak dira dokumentuaren muina. Bertan daude. hain zuzen ere, argitara aurretik oso eztabaidatuak izan diren puntu batzu.* Eta hamaika apezpikuk beren baietza eman ez badute, bertan esaten denagatik izan da.

Bi atal horien laburpen bat ematen dugu hemen.

Gizartearen kontradikzioak

Gizonaren duintasuna* eta eskubideak, giza berdintasuna eta anaitasuna lau haizeetara zabaltzen dira. Baina, nork bere asmo politikoak aurrera ateratzeko, gizonaren duintasuna zanpatu egiten da sarri. Gogora ditzagun bahikuntzak*, torturak, atentatuak, eta abar.

Zundaketak* eta ikertzapen soziologikoak egiten dira, ez politikintza herriaren nahiari egokitzeko, haren gogoa manipulatzeko eta haren zentzu kritikoa kamusteko* baizik.

Askatasunaren aldeko eta kolonialismo mota guztien aurkako politika bat eskatzen da. Baina talde batzuk politik eboluzioa eta gizarte aldaketak galgatu* eta ixtingatu* nahi dituzte. Beste batzu, ordea, aldaketa horien alde saiatzen dira, kolonialismo eta diktadura berriak ezartzeko asmoz.

Bidezkoa da, minoria etnikoen gizarte eta kultur aberastasunari politik erakundeetan* toki ematea. Baina batzuk gutiengo* etniko horien bizia eta hazkundea* oinperatzen dituzte; beste batzuk, ostera*, balio horik babestu nahirik, elkar bizitzaren oinharriak apurtzen dituzte.

Eliza eta politikaren arteko bereizketa garbia nahi da. Baina alde batekoek eta bestekoek beren jokaeraren alde erabili nahi dute Eliza, beste batzuk iheskeria aurpegiratzen dioten bitartean.

Eliza barneko kontradikzioak

Karismen desberdintasuna eta ugaritasuna ez dago batasunaren kontra. Baina batzuk instituzioaren eta bizitza karismatikoaren bereizketa elkarrenganako kontrakotasun bat bezala ulertzen dute.

Gauza ona da, kristau bizitzari eta Ebanjelioari hurbilagotik heldu nahirik, talde txikiak sortzea eta bide berriak irekitzea. Baina batzu kristau elkarte osoarengandik urruntzen dira. Beste batzuk, berriz, Elizaren gogoaren kontrako berrikuntzak egiten dituzte, edo Elizak onhartu eta erabaki dituen berrikuntzen kontra burrukatzen dira.

Ekumenismoak kristau Eliza guztien batasuna nahi luke. Baina nola lor batasun hori, Eliza katolikoaren barnean ez baitugu batasunik?

Elkarrizketa eta kritika onhar ditzan eskatzen zaio Elizari. Baina, praktikan, erabakiak hartzeko ahalbidea* ukatzen zaie sarritan Eliz agintariei.

Teologoei eta kristau pentsalariei zor zaien beregaintasuna ontzat hartu behar dela esaten da. Baina beregaintasun eta askatasun hori fede katolikoaren irakatsien kontra erabiltzen da.

Tradizioarekiko leialtasun eta atxekimenduaren* izenean, Elizaren irakaspenak gutiesten dira. Gaurko Hierarkia eta Vatikanoko II. Kontzilioa atzoko Hierarkiaren eta aurreko kontzilioen kontra baleude bezala.

Adiskidetzarako bideak

Elkar bizitza hain gaizki dagoelarik, beharrezkoa dugu adiskidetzarako bideak prestatzea.

Kristauak ondo daki, elkartasun osorik ez dela lortuko. Baina gerorako eskaintzen zaion esperantzak, ez dio inolaz ere oraingo bakegintzan lanik ez egiteko eskubiderik ematen. Bere itxaropenaren egiazkotasuna, mundu hontako errealitateak haintzat hartuz azaltzen du.

Apezpikuek ekintzara deitzen dute. Ez da irtenbide egokia, tirandurak sor ez daitezen, nork bere eskubide, berezitasun, askatasun eta hautakizun* bidezkoei amore ematea. Elkarren balio eta interesak ongien biltzen dituzten formulak bilatu behar dira. Nola maita besteak, beren nortasuna ukatzen badiegu?

Adiskidetzak itzulketa bat, bihurketa bat eskatzen du. Jokabidez aldatzea. Baina ezinezkoa dugu Jainkoaren barkamena lortzea, geure anaiari barkatzen ez badiogu. Gizona maitatu gabe, Jainkoa maitatzea ez da egingarri. Beraz, Jainkoarekiko adiskidetzak gizonekiko bakegintza konkretu bat eskatzen du. Eta hortarako urratu behar liratekeen bide batzu aipatzen dituzte apezpikuek.

Famili bizitzan, senar-emazteen eta guraso-semealaben artean elkarrizketa bideak sortzea derrigorrezkoa da. Elkar ulertzeko bermantza* hortan gaindituko dira, pentsaera desberdinek sortzen dituzten elkar bizitzarako oztopoak.

Gazteen boza entzun behar da. Haien kritikaren zorroztasunak, gizarte hobe bat eraikitzeko akuilu izan behar du. Era batez edo bestez hezkuntzan* ari diren guztiek, aldaketak onhartzeko prest egon behar dute. Baina gazteek, beren aldetik, praktikan ez dituzte ukatu behar teorian defendatzen dituzten baloreak.

Langileen eskubideak

Kristautasunak lanari ematen dion baliotasuna gogoratzen digute apezpikuek. Gure gizarteak egiazko bakean bizi gura badu, baitezpadakoa* da, langileek beren eskubideak balia erazi eta beren interesak defendatu ahal izatea. Bai lantegi mailan eta bai nazio osoaren ekonomi mailan. Hortarako, beharrezkoa da, langile elkarteak antolatzeko eta egiazko ordezkariak hautatzeko eskubide juridikoa.

Langile elkarte hauek, lanaren fruitua zuzenago banatzea ezezik,* lantegi barnean produkzio indarren harremanak sakonetik aldatzea ere lortu behar dute.

Garaile eta garaituen arteko bakea

Politik arloan adiskidetza posible izan dadin, beharrezkoa da, nork bere erantzunkizuna* bete ahal izateko egitura* eta erakunde juridikoak sortzea. Eta. honekin batera, garaile eta garaituen artean gerla zibilak sortu zuen erdibiketa gainditzea. Gerla honen ondorio txarrak anaien arteko adiskidetzaren kontrako oztopo gaitza baitira. Belaunaldi* berriek elkar barkatzea eskatzen digute etorkizun anaikorrago eta zuzenago bat gerta dadin.

Arau juridiko egokien bitartez neurtutako agintaritza publikoari men* egin behar zaiola gogoratzen digute apezpikuek. Eta, halaber,* legeak gizarte kontzientziaren aldaketari egokitu behar direla.

Biltzeko, mintzatzeko eta elkartzeko eskubideek egiazko babesa ukan behar dute. Horixe baita biderik egokiena, nahiz eskuineko nahiz ezkerreko taldeak gogorkeriaren tentaldian eror ez daitezen.

Ez da aski,* minorien balioak aitortzea eta haien berezitasunak defendatzeko eskubidea ezagutzea. Hortaz gainera, minorien aldeko molde juridiko egokiak sortu behar dira, eskualdeen desberdintasun ekonomikoei ere soluziobide zuzenago bat emanez.

Politik arloan kritikak duen balioa ere biziki azpimarkatzen du apezpikuen dokumentuak. Kritikatzea ez da, besterik gabe, etsaigoaren seinalea. Aitzitik,* konkurrentzia leial batek zainduko du gizonaren askatasuna, alde bateko propagandaren bidez onhar erazi nahi diren eritzi eta ideologia guztietatik.

Azkenik, elkarren kontrako interesen tirandurak sortzen direnean, zuzen jokatu behar da, batzuen interesak besteenak baino gehiago babestu gabe. Arazo honi buruzko gaurko legedia berrikusi beharra dago. Langileriari, bere eskubideak eta interesak defendatzeko bidea segurtatu behar zaio, legetik kanpoko jokoak bazter daitezen.

Kristauen arteko adiskidetza

Elizak ba du, gizarte eta politik arazoak Ebanjelioaren argitan aztertzeko eskubidea. Baina inork ez du, bere usteak Ebanjelioarenak bezala ezartzeko eskubiderik, bidezko pluralismoa edo aniztasuna eragotziz. Horrelako zerbait ikusten dute apezpikuek, «klase* hautaketa» delakoa eskatzen duten «sozialismorako kristauengan». Jokaera hau, zientzi aldetik eztabaidagarri diren analisietatik dator, eta Elizaren katolikotasunaren kontra legoke.

Bidezko da aniztasuna teologian. Kristoren misterioa molde bakar batez adierazterik ez baitago. Baina aniztasun hontaz baliaturik, ezin daiteke Magistergoaren kontra joan. Hortik sortuko bailirateke razionalismo, subjektibismo eta erlatibismo mota guztiak.

Txalogarria da, Eliz erakundeek izan duten eta oraino ere duten pisua arintzea. Baina ez dezagun ahantz, instituzioa senitarteko maitasunaren zerbitzurako dela, eta eliza ezin daitekeela arimen barnean gertatzen den maitasunezko elkarte soil bat izan.

Kritikari ere beharrezkoa derizkiote, batez ere baretasunez eta fedez egiten denean. Kritikak ondorio txarrak dakartza, ordea, maitasunik eta zuzentasunik gabe egiten denean, sinestunen aldetik etor nahiz kanpokoen aldetik.

Eliz berrikuntzaren eskakizunen zerrenda luze bat ematen dute gero. Hauen artean, Eliz elkarte osoarenganako atxekimendua azpimarkatzen da.

Azkenik, Elizaren batasunaren zerbitzari direla esaten digute. Apezpikuen agintaritza Elizaren barne muinekoa da. Baina honek ez du esan nahi, sinestunek gizon eta kristau bezala dituzten eskubideak ukatzen direnik. Eskubide hauk beldur gabe erabil eta defenda ditzakete, baina batasunezko izpiritua galdu gabe. Bestela, taldekerien arriskua letorke hortik. Eta apezpikuek ez dute inongo talderen presiopean erabakirik hartu gura.

Hauk lirateke apezpikuen ageri honen punturik nagusienak.

Zer esan ageri hontaz?

Aurretik espero zen arrakastarik* doi doi izan du. Ageri hau, adiskidetza egin nahiz idatzi dute apezpikuek. Ahal zen idazkera goxoen eta bareenaz. Inor mindu gabe, ez kanpokorik ez Eliz barnekorik. Baina nik neuk nahiko neutro ikusten dut. Min eman zezaketen esaldiak kimatuz* eta bigunduz, azkenean erdi iren* gelditu da. Beharbada, bakegintzaren eskazikun bat dateke* hori ere. Beste batzuren* ustez, hori «ekilibrioa» eta «errealismoa» da.

Ezin uka, gauza eder asko esaten dela, batez ere lerro artean. Baina, horregatixek, gauzak garbiago esatea hobe zen, bai Eliz barneko bai kanpoko arazoez ari denean.

Euskal Herritik begiraturik, hutsune bat baino gehiago ba dago noski. Bat aipatuko dut: biolentziarena. Gogorkeria, politikintza egoki baten bidez baztertu behar den tentaldia dela eta bakegintzaren kontra doala esatea ez da aski. Adiskidetza oso urrutitik, goitik, abstrakzio mailatik ikustea derizkiot horri.

Hala ere, irakurgarria da ageri hau. Edozein kristauengandik ausnarketa serios bat merezi duela uste dut.

M. PAGOLA


Herrialde guztietan

Indotxina

Asia Asiarentzat

Ia bost mende ba dira, Portugal Asia Urrutirako bideak irekitzen hasi zela. Orduan ekin* zitzaion lurralde haiekiko Europaren eta Mendebaldearen* nagusitasunari. Indian, Txinan, Japonian, Filipinetan, Indotxinan..., Europako Estatu ezberdinek nahiz Amerikako Estatu Batuek, batak bestearen ondoren, beren merkatalgoaren,* politik edo harmada* indarraren nagusitasuna ezarri nahi izan dute.

Portugal, Holanda, Ingalaterra, Espainia, Frantzia, USA: guztiek txandan beren inperio zaletasuna lurralde haietara zabaldu gura izan dute. USAk Kambodian eta Vietnamen jasan* duen astinaldiaz amaitu ote da Mendebaldeak Asia Urrutian izan duen nagusitasuna? USAk bere etxera biltzeko gogoa dadukala uste du anitzek;* eta batek baino gehiagok eskatu du USAk utz diezaiola munduaren jagolea* izateari, eta etxeko ezbeharrak konpontzen saia dadila. Ford lehendakaria eta Kissinger jauna ez dira nonbait aburu* hortakoak; baina herria izan da USAko harmada Vietnametik eta Kambodiatik etxera erazi duena, eta azkenik herria izango da agintarien asmoak bideratuko dituena. Europak, berriz, ez du, oraingoz bederen,* inperio asmotan ibiltzerik.

Beharbada, mende askoren ondoren, oraintxe heldu zaie Asia Urrutiko herrialdeei beren etxeko jabe izateko aukera. Hitzez behintzat, komunismoaren kontra burrukatu da USAko harmada Vietnamen eta Kambodian. Gero «ohorezko bakearen» aitzakia atera zuen Nixon lehendakariak, Amerikaren eskuak gudu luze eta «zikinaren» nahaspilatik ateratzeko; baina ez ohore eta ez bake lortu zuen USAk. Orain, berriz, bere menpeko eta ordezkari zituen zenbait «adiskideren» adiskidetasuna ere galdua duelarik, lotsa besterik ez zaio gelditzen USAri. Eta orain konturatu da nonbait, ea zergatik izan behar zuen berak, lurraldez, kulturaz eta tradizioz hain urruti zituen herrialde haien «zaindari».

Mundua mundu delarik eta herrien handikeria oraindik hil ez delarik, nekez esan liteke oraingoz, behin eta betiko Asia Asiarentzat eta Mendebaldea Mendebaldearentzat izango direnik; baina bost mendetako nagusitasuna erori* dela esan daiteke behintzat. (Patxi Kortabarria)

Herri txikiak garaile

Komunismoaren mamua* uxatzearren egin omen du USAk bere gudu luzea Vietnamen; eta komunismoaren mamua uxatzearren eduki nahi izan ditu bere menpean Kambodia eta Laos. Vietnam eta Kambodia eta Laos komunisten eskutara* erori dira. USAren beldurrak beteko balira, laster Urrutiko Asia osoa Errusiaren eta Txinaren menpean egongo litzateke.

Hala ere, oraingoz bederen, eta gerora ere beharbada, ustela gertatu da USAren aitzakia. Vietnameko Gobernu berriak argi eta garbi adierazi du bere asmoa: Vietnam «bereburu eta neutral». Berdin adierazi du Kambodiako Gobernuak: Kambodia «bereburu eta neutral». Herri txikientzat ez da erraza beren independentzia eta neutraltasuna zaintzea. Baina Vietnam eta Kambodia ez dira alferrik urte luzetan burrukatu. Dena dela, zer gertatuko ote orain, Errusiaren eta Txinaren eragina* Herri txiki horientzat beste zapalkuntza bat bihur ez dadin?

Urrutiko Asiako Herri txikietan nazionalismoa bizia da, eta nazionalismo horren izenean burrukatu dira zurien inperialismoaren kontra. Mendebaldeko propagandak komunisten inperialismoa jarri izan digu Vietnameko eta Kambodiako guduaren sustrai* bezala. Baina gudua bukatu denean, gezurtatua gelditu da estakuru* hori. Izatez, aspalditik dute Herri «handiek» beren arteko burruka Herri txikien bizkarretik egiteko joera, eta beren asmo beltzak norbere etsai handiaren inperialismoaz zuritzeko ohitura. Hego-Ekialdeko Asiako Herrialdeek ba dakite horren berri. Herri «handien» interesek lortu dute Vietnam erdibanatzea, eta berdin Korea ere. Historian zehar Herri «handiak» aldatuz joan dira, Herrialde txikiak menperatuz eta xurgatuz.*

Joko hontatik libratzeko gudu luzea egin dute Vietnamek eta Kambodiak, eta azkenik Laosek ere: Errusiaren eskutan eroriko ote orain? Beldur handiegia diote zurien inperialismoari. Txinaren eskuetara jausiko*? Txinak, ordea, etsai handia du Errusia Eta oroz* gainean, Herri txikien bizi nahia, herri bezala bizi nahia.

Aspalditiko eta azken aldiko Hego-Ekialdeko Asiako gertaerak ulertzeko bidea eman digute, Vietnamen, Kambodian eta Laosen garaile atera diren indarrek hartu dituzten jokabideek. Inperialismoaren eta beronen morroinen kontra izan da Herri txikien burruka. Eta Herri txikiak azkenik garaile atera dira. Vietnamek bere batasuna lortuko du orain, inperialismoak erdibituta eta erdibanatuta baitzedukan. Esperantzaren zuzpertzailea* da urrutiko Herri txiki horien garaipena eta batasuna. (Jurgi Ganboa)


Herrialde guztietan

Libano

«Falangeak» ez ditu Palestinarrak maite

Palestinarrek egun beltzak izan dituzte joan den apirilean. Oraingo hontan, ordea, erasoa* ez zaie Jordaniako harmadaren aldetik etorri, Libanoko Kataeb alderdiaren aldetik baizik. Beiruteko kaleetan bi egunez ikaragarrizko burruka sortu dute alderdi honek eta Palestinarrek, ia ia Libanoko Gobernua bera eror eraziz eta gudu zibila piztuz. Beste arabiar herrialdeak bitarteko, azkenik konponketa batetara iritsi* dira; baina burruka zelaian hirurehun bat lagun hilik gelditu dira, eta beste askoz gehiago zauriturik.

«Kataeb» hitzak Falange esan nahi du arabieraz. Eskuin eskuineko kristau alderdia da; eta haren xederik* nagusiena nazioaren beregaintasuna zaintzea da, kanpokoek —eta, beraz, Palestinarrek— sorteraz litzaketen arrisku guztietatik begiratuz.*

Munduko bigarren gudate nagusiaren ondoren sortu zen Kataeb alderdia, Frantziak Libanori beregaintasuna eman zionean, hain zuzen ere; eta orduz gero eragin* handia ukan du Libanoko politikan, Parlamentuan ordezkari* oso guti badu ere. Kataeben erakuntza militarra da; eta militanteak oso trebaturik eta harmaturik daude. Gaurregun Libanoko harmadak berak baino indar handiagoa duela esan daiteke.

Palestinarren presentzia ez du sekula gogo onez ikusi, horik* ezkertiarrak direlako eta Libanoren beregaintasuna zalantzan jartzen dutelako. Aspalditikoak dira Falangearen eta Palestinarren arteko burrukaldiak; baina azken hau izan da gogorrena. Palestinarrei zailago egin zaie, bada, bizitza. Lurralderik ez dutelarik, beste arabiar herrialdeen aldetik halaholako laguntza eta babesa besterik ez dutelarik, Libanon ere ez dute inoiz bizitza goxoa ukan; baina orain Falangearen gorrotoak erdi erdian zirikatzen ditu. Etsai gehiegi du Palestinak eta benetako lagun guti. (Patxi Kortabarria)


Herrialde guztietan

Italia

Hemen ere legezkoa zen greba

1968.eko maiatz hartan Frantziako langile eta unibertsitariek iraultza egin nahi izan zuten, baina ez zuten ia ezer lortu.

1970.eko maiatz hartan, Italiako langileek aurreko udazkeneko burruketan prestatua zuten «Langileen Estatutua» lortu zuten.

1975.eko maiatz hontan, Espainiako langileek, lanuzte handi eta luzeak egin eta gero, greba* egiteko legezko zirrikitutxo* bat irekitzea lortu dute.

Maiatza langileen hilabetea izan ohi da, baina ez denentzat eta ez beti berdin.

Bost urte bete dira, bada, Italian «Langileen Estatutua» lege bihurtu zela. Munduko langileekiko legeetan aurrerakoienetakotzat hartu zen orduan estatutu hori. Lehen artikuluak honela dio: «Dituzten eritziak dituztela, politikari, sindikatuei, erlijioari buruz, beren pentsaera libreki lantegian bertan agertzeko eskubidea dute langileek». Ordutik hona Italiako langileek indar handiagoa hartu dute, sindikatuen alorrean noski; baina politikaren alorrean ere bai. Eta honek ematen du, eman ere, Italiako langileriaren neurria; ez, sarritan egin ohi dituzten —eta inoiz txantxetan edo amorruz hartu ohi ditugun— grebek: hauk azkenik, Italiako langileriaren egoeraren eta dinamikaren azala besterik ez dira.

Italiako Konstituzioaren lehen artikuluak honela dio: «Italia 'lanean oinharrituriko Errepublika demokratikoa' da». Inork idatzi ohi du ironiaz: «Italia greban oinharrituriko Errepublika herritarra da». Demokrazia liberalak ematen duen baimentxoa bezala da greba. Horrexegatik, grebarako eskubidea edukitzeak —eta grebak ugari egiteak ere— berez ez du langileek Herri baten instituzioetan duten tokia eta indarra ematen. Italiako langileek aspalditik zuten grebarako eskubidea; baina «Langileen Estatutuak» Errepublika barnean bost urte besterik ez ditu. Eta estatutu honek indar politikoa esan nahi du bereziki langileriarentzat.

Politikaren bidetik abiatu da azken urteotan Italiako langilegoaren jokabidea. Politikaren alorrean langileen indarra eta eragina finkatzea, biziagotzea eta zabalagotzea: hauxe da Italiako sindikatuek ere azken urteotan daramaten* bidea. Eta bide horixe urratu nahi dute langileek, batez ere sindikatuen batasuna lorturik. Nekeza gertatzen ari da batasun bide hau, politikazko indar asko batasun horren beldur direlako eta oztopoak jartzeko eginahal guztiak egiten dituztelako. Oraindik bide luzea dute Italiako langileek, beren helburu hura erdiesteko*; eta hain aipatuak diren langileriaren greba ugariek helburu hartarako urrats* txiki batzu izan gura dute agian.*

Greba eskubidetik Langileen Estatutura bide luzea dago; eta are* luzeagoa beharbada Langileen Estatututik langileen politikazko agintaritzara. (Patxi Kortabarria)

Odol gehienak kolore beltza

Azken bost urteotan, bonbek, atentatuek eta politik kutsuko heriotzek astinduta eta asaldatuta* dadukate Italia. Azkenik, apirilaren erdi inguruan bizi izan ditu Italiak egunik larrienak, gudu zibilaren txingarra pizteko beldurrez.

Barneko Arazoen Ministruak berriz ere agertu behar izan du Parlamentuaren aurrean, Gobernuak nola ikusten dituen gertaerok. Eta ez du zalantzarik ukan, azken aldiko atentatu eta hilketa gehienak eskuin aldetik datozela adierazteko.

Mila izen dituzte Italian eta Europa osoan eskuin indarrek: «Ordine Nero», «Anno Zero», «Fronte Nazionale Rivoluzionario», eta bai... «Lotta di Popolo» ere. Izen zaharrak hiltzen dira eta berriak sortzen; baina betiko eskuindar hegi edo ertzekoak dira, bonbez eta pistolez hornituak. Izen guztiek daramate,* oraindik bizia den faxismoaren marka, beronen betiko probokazioaren taktika eta guzti.

Zein izan da, ordea, politik indarren erantzuna? Sindikatuek eta alderdi demokratikoek manifestazio ugari antolatu dute, hiri handietan batez ere. Berauen xede* nagusia hauxe izan da: faxismoaren probokazioari herriaren batasunaren eta demokrazi nahi indartsu eta ageriaren bitartez erantzun, eta ez mendekuaren* eta biolentziaren bidez. Hala ere, ezker ertzeko* zenbait taldek ezin izan dio bere amorru biziari eutsi;* eta faxisten probokazioari, berauexek nahi zuten biolentziaren bidez erantzun diote gudu zibilaren giroa prestatuz, hain zuzen ere.

MSI (Movimiento Sociale Italiano) da Italiako Parlamentuan eskuineko indarrik handiena, eta funtsean* faxismoaren jarraitzailea. Atentatu eta biolentziaren kontrako protesta egin du. Bortizkeria* horien sustraia* Estatuaren ahulezian* legoke: hau da, Estatuak ezin dituzke galerazi, agintaritza galdu duelako. Ordenurik eza da, MSIrentzat, gertaera hauen guztion azalpena. Beraz, MSIk egingo lukeena zera litzateke: Demokraziak gobernatzeko ahalmena galdu duenez, demokrazia ken eta diktadura ezar. Horra hor nola baliatuko litzatekeen faxismoa, faxistek berek sorturiko desordenuaz. Hauxe da, hain zuzen, faxismo modu guztiek urratu duten bidea: desordenua sorteraz eta herria asalda, diktaduraren ordenua ezartzeko. Hortarako, herria eta demokrazia probokatu behar da, desordenua piztuz eta emendatuz,* ordenu zaletasuna sortzeko; honela bakarrik presta bailezake giroa, agintaritza eskuratzeko. Ordenuaren eta desordenuaren argitan argitu nahi izan ditu, bada, MSIk, Italia astindu duten azken aldiko gorabeherok.

Baina Kristau Demokraziak berak ere nolabait MSIren jokoa egin du. Aspalditiko teoria oso baliagarria* du Fanfanik, Kristau Demokraziaren sekretariak*: Bata bestearen kontrako hegikerien* («opposti estremismi» direlakoen) teoria deritza* horri. Hau da. eskuin aldean nahiz ezker aldean indarkeria nabari* da; eta ordenuaren eta bakearen eta demokraziaren euskarririk* sendoena eta zaintzailerik segurena Kristau Demokrazia litzateke. Bortizkeri maila berean daude eskuindarrak eta ezkertarrak. Alde bietatik datoz azken aldiko atentatuak; beraz, ez dago ez ezker aldetik dabilen Alderdi Komunistari ez eta eskuin aldetik diharduen MSIri gure konfiantzarik ematerik. Hontara biltzen* da, bada, Kristau Demokraziak ematen duen Italiako politikazko egoeraren azalpena. Eta oso egoki datorkio, hain zuzen ere, zenbait botu eskuratzeko. Hitzez ezezik*, egitez ere azalpen horri eusten dio. Horregatik, azken egunetako biolentzien kontrako protesta demokratikoa egitean, ez ditu beste indar demokratikoekin eskuak «zikindu» nahi izan, eta bere aldetik antolatu gura izan ditu manifestazioak. Honela berriz ere zera adierazi nahi zuen, hain zuzen ere: Kristau Demokrazia bakarrik dagoela garbi biolentziaren aurrean.

Beharbada Fanfani ez dea* konturatzen, MSIren joko bera egiten ari dela? Honek eskuineko biolentzia nahi luke, ezkerrekoari sua emateko, eta horrela ordenuaren izenean diktadura ezartzeko. Fanfanik, aldiz,* MSIren asmoak lagundu besterik ez du egiten, bere «kontrako hegikerien» teoriaz.

Une hontan, Bobby Seale, USAko Pantera Beltzen buruzagiak, bere jarraitzaileei esaten ziena datorkit gogora: «Kontuz, lagunok! Pistola bat aldean eramateak ez du esan nahi, inor iraultzailea denik. Faxistek ere beren pistolak dituzte». Italian, hain zuzen, faxistak izan dira lehenak, edozein herritarren kontra pistolak erabiltzen diktadurari bideak irekitzeko, desordenua sortuz. Iraultzaileek, ordea, benetako iraultzaileek, ez dute pistola herriaren kontra erabiltzen. Herriaren kontrako terrorismoa eskuinetik dator ia beti, eta bereziki Italian, edo eta eskuinaren jokora erori diren ertzeko ezkertarrengandik. Ezkerreko benetako iraultzaileek ez dadukate herria izutzerik. Izutu behar dituztenak, herriaren zapaltzaileak dira; hauen kontrako terrorismoa izan daiteke haien bidea.

Eskuindarren eskuek isurtzen duten odola, kolore beltza du. Horregatik, Italiako Barneko Arazoen Ministruak gehienbat faxistei egotzi* dizkien atentatuen eta bortizkerien kolorea ondo bereizi beharra dago. (Patxi Kortabarria)

«Zubiak» ken!

Aspalditxo batetan Aita Agirretxek dei hura* egin zuenetik, euskal aldizkari gehienek eta talde askok «zubi» premia behin eta berriro aipatua digute, euskal gizarte hautsi hau batzeko. Bilbon azken berrogei urte hontan «zubi» bat besterik ez da egin Ibaizabal gainean; eta trafikoa ikaragarriro ugaritu delarik, «zubi» eske ari da herria. Italian, aldiz, «zubi» gehienak kendu nahi dituzte (!?).

Igandeak aparte, hamazazpi dira Italian, urtean zehar, astebarruko jaiak. Eta tartean gertatzen diren «zubiak» kontuan izanik, urtero ia hogei ta bost bat jai dirateke* astebarrukoak. Ken, beraz, jaiak eta «zubiak» berez eroriko dira.

Lanaren Ministergoak legegai berri bat prestatua du, astebarruko jai gehienok igandetara* eramateko. Lehengotan geldituko liratekeenak hauxek dira: Urtezaharra, Bazko biharamuna, Maiatzaren lehena, Ekainaren* bigarrena (Errepublikaren eguna), Agorrilaren* hamabosta, Hazilaren* lehena, Eguberria, eta Eguberri biharamuna.

Aspalditikoa da asmo hau: zortzi bat urte bederen*, Baina asmoak asmo gelditu dira beti. Hala ere, gehienak (sindikatuak ere bai) ados daude hainbeste lan etenen kaltea konpondu beharraz. Eliza bera ere prest legoke, aspalditxo adierazia duenez. Eta hortarako ez legoke Konkordatuaren artikulurik aldatu beharrik ere, zenbait erlijiozko jai Konkordatukoak baldin badira ere. Izan ere, apezpikuen Konferentziak berak du jai horik* egunez aldatzeko eskubidea.

Langileen kaltetan gertatuko ote da jaien aldatze eta zubien botatze hau? Harritzekoa litzateke. Italian sindikatuak oso indartsuak dira, eta jai eta «zubi» hauk guztiok aspalditik lorturiko eskubidetzat gorde nahi dituzte. Ez dituzte, bada, jai hauk galduko. Udako oporraldiak luzatzeko eta neguan edo beste sasoinen batetan oporraldiak egiteko bilduko dituzte jaiegun guztiok, bakoitzean sindikatuek eta ugazabek* erabakiko duten arabera*. (Patxi Kortabarria)


Herrialde guztietan

Frantzia

Soljenitsyn Parisen

Soljenitsyn Parisera etorri da. Batzuren* pozerako, beste batzuren haserrerako, Soljenitsyn, agertzen den bakoitzean, gertakari* bat da. Halaxe Parisen ere. Areago* liburu bat argitaratu berria duelako. Eta hori ere gertakari bat da.

Hain zuzen, frantsesez argitara berri den «Le Chêne et le Veau» (Le Seuil) bere liburua aurkeztera etorri da Parisera. Ereti* berean, telebistatik ere mintzatu da.

Liburu berri bat. Bat gehiago? esan lezake norbaitek. Oraindik ez dut irakurri. Baina, diotenez, oso interesgarria da. Ez da elaberri* bat. Ez da «dossier» astun bat. Historia bat da. Sobietar Batasunean, idazle eta idazlan baten nondiknorakoa, arrazoinak eta burruka (idazle baten agintearen kontrako burruka). Soljenitsyn idazlearen beraren historia da, autobiografia bat, presondegietatik aske, kontzentrazio zelaietatik kanpo, publikatzeko ez bada ere, idazteko behintzat libre izan den idazle baten hamabi urtetako historia.

Salatzeko ohitura aspaldidanik du Soljenitsynek. Eta Parisen ere hortan iraun du, betiko ekanduari* eutsiz.* Soljenitsynen ustez, Sobietar Batasunari buruz informazio falta ikaragarria dugu. Sobietar Batasuna doi doi ezagutzen omen dugu. Eta ezagutzen duguntxoa ere, gaizki. Informazio falta bakarrik ez baina dimisioa da gurea. «Zer egiten duzue askatasunaz»? Fronte guztietan amore eman besterik ez du egiten Mendebaldeak,* hala nola, Ekialdeko* Europan, Vietnamen, Portugalen. Eta hori guztiori, beti sistema komunistaren faboretan. Eta askatasunaren kaltetan.

Hona Soljenitsynen salakuntza. Nor da Soljenitsyn? Iraultzaren martiria ala kontrairaultzaren kantaria? Soljenitsynen ustez, guk ez dugu Sobietar Batasuna ez ezagutzen ez ulertzen. Eman dezagun hala dela. Baina esan behar dugu ere, Soljenitsynek berak ere ez duela gure herria ez situazioa konprenitzen. Agian,* Mendebaldea, berarentzat, «idolo bat izan zelako» errealitate bat baino gehiago. Inpresio berau izan nuen, Sobietar Batasunean izan nintzenean ere. Hain zuzen, Soljenitsynen adiskide batzurekin,* haien etxean afaldu genuen. Sozialismoari eta kapitalismoari buruz eztabaidan ari ginelarik, liberalismoan ikusten bide* zuten irtenbidea. Baina, kasu!*, liberalismo hori ez zen Mendebaldean ezagutzen dena. Haiek amesten zuten liberalismoa ez da inon. Haiek proposatzen zutena, hango sistemaren antidotoa zen; eta haiek eskatzen zutena, askatasun gehiago zen, bai politikan eta bai ekonomian. Aitortu zidatenez, amesten zutena, azken finean, autogestioa* zen, Jugoslaviakoa baino are* egiazkoagoa eta aniztasun* politiko batez hornitua. Horra!

Uste dudanez, antisozialista denentz* aparte eta ukitu* gabe utzirik, Soljenitsynek ilusio bat galtzearen mina du. Baina jakin behar luke ere, gure herria ez dela sekula Paradisurik izan. Kolonialismoa ez luke sekula ahanztu behar, eta abar. «Gulag Uhartedia» idatzi zuenak, «Mendebal Uhartedia» ere idatz dezake, gai faltaren beldurrik gabe. (Joan Mari Torrealday)

«Aguirre, la colère de Dieu»

Egia esanez hasi behar baldin badut, euskaldun bati buruzko filmea delako joan nintzen ikustera. Eta ikaragarriro gustatu zait, ez euskaldun bati buruz delako, filme oso ona delako baizik.

Filmeko pertsonaia, Lope de Agirre, araoztarra, da. Saldua edo traidore izendatzen den hura.* Klaus Kinski da filmean Agirre. Pelikularen benetako gaia, Agirreren pertsonaia baino gehiago (edo honen bidez) gutizia,* handinahia, indar gosea, frakasuaren liluramena*... dira.

1560. urte inguruan, Pizarroren gidaritzapean, espainiar menturazale* zenbait Amazonian sartzen dira. «El Dorado» amestuaren atzetik. Urregorriaren kolore gehiegi ispilatzen da haien begietan. Bide urratzaile bezala, talde ausart* bat izendatzen du Pizarrok. Ursuak gidatuko du, Agirre duelarik bigarren. Bideko arriskuengatik eta helburuaren urrunagatik oiloturik edo, Ursuak atzera egin nahi duenean, Agirreren menpean dago talde osoa. Espainol koroarekiko harremanak hautsi eta independentzia aldarrikatzen* du. Hibaiaren urekin batera, taldea ba doa... aurrera eta aurrera. Nora? Ez daki inork. Edo bai: amesturiko eta aginduriko paradisu baten bila doaz, urrearen, ondasunen paradisuaren bila. Ezin hel, ordea. Indioen zagitek,* eritasunek* eta taldeko haserreek biderditan utziko dituzte. Agirrek azkeneraino zutik dirau. Bakarrik baina zutik. Zutik baina zoraturik.

Filmegilea Werner Herzog alemana da. Filme hau fraide baten egunkaritik ateraia da, eta kronika moduan emana.

«Aguirre, la colère de Dieu» oso filme ederra da, biziki ederra. (Joanes Lekerika)


Kantzerra

Garai bakoitzak bere eritasun* berezia du. Joan den mendean, tuberkulosia izan zen. Gaur egun, beste batzuren artean, infartua, ultzera eta kantzerra dira gure gizaldiko eritasun bereziak. Guk kantzerra aztertuko dugu artikulu hontan.

Dudarik gabe, kantzerra betidanik gertatzen izan da. Baina oraintsu arte ez zen ezagutzen, diagnostikatzeko mediorik ez zegoelako, edo beharbada hain sarri agertzen ez zelako, eritasun hau jende zaharrak batez ere sofritzen baitu eta gure egunok arte gizabizitza batez* beste aski* laburragoa izan baita. Dena dela, kantzerra bera aztertu aurretik, has gaitezen tumoreak zer diren ikusten.

Tumoreak

Tumorea, gorputzean dagoen masa anormal bat da. Masa hori osotzen* duten zelulak ere anormalak dira; horregatik, tumoreei neoplasia izena ematen zaie. Grekotik datorren hitz honek, zelulen egitura edo formazio berria esan nahi du.

Baina nola sortzen dira tumoreak? Hara! Tumoreen sortzea ongi ulertzeko, zenbait oharpen egin behar dugu gorputzaren hazkundeari* buruz.

Fetuaren hazkundea, zelulen bidertzean* eta berauen berezitzean* finkatzen da. Haurrak, jaiotzean, zelulak milioika ditu. Zelula horik guztiok zelula bitatik (hau da, espermatozoide eta obulutik) datoz. Hau kontutan harturik, argi dago, haurraren jaiotzarako hainbat eta hainbat zelula biderketa gertatu behar izan direla. Esan dugun bezala, biderketarekin batera zelulen desberdintzea eta berezitzea jazotzen* da.

Modu berean, zelula zaharrenak (gutien desberdindurik daudenak) aldatuz joaten dira astiro astiro. Honela, gero bete beharko duten funtziorako egokitzen dira; eta egokitasun hau, gero osotuko duten ehunaren* edo organoaren arabera* izaten da.

Bilakabide* honek karakteristika bat du, eta hauxe da: zelulak geroago eta konplexuago (hots,* desberdinduago) izanik, berauen hazkundea geroago eta astiroago agitzen* da. Beraz, zelula zaharrenak (hots, gutien desberdinduta daudenak) berriak baino askoz ere lasterrago bidertzen dira.

Hau guztiau azaldurik, laster ulertuko dugu tumorea zer den. Diferentziaturik dauden zelulek, erregresio bat pairatuz,* desdiferentziatuago geratzen badira, tumore bat sortzen da.

Tumoreak galgarriak edo ezgalgarriak izan daitezke. Sailkatze hontarako, ondoko hiru puntuok hartzen dira kontutan:

a) Erregresio maila. Tumoreko zelulek pairatu duten erregresioa zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta galgarriagoa da tumorea.

b) Kapsula barruan egotea edo ez egotea. Tumorea, kapsula baten barruan badago, ez da hain arriskugarria izaten. Arrazoina oso sinplea da. Anormal diren zelulak, kapsulatik irteten* ez direnez gero, ez dira ehun sanoetara barreiatzen,eta honela hauk* ez dira eritzen.*

c) Metastasia. Zenbat eta desdiferentziatuago egon (ikus lehen puntua), tumore baten zelulen arteko elkar* atxekidura hainbat ttipiagoa da. Gainera, tumorea, kapsularik gabekoa bada, zelula multzo ttipitan zatitzen da. Eta, gero, zelula multzo hauk beste leku batzutara joan daitezke, odoletik edo linfatik edo zuzenki; eta honela tumor iturri berriak sor daitezke. Bilakabide hau metastasi deitzen da.

Kantzerra eta beronen sintomak

Tumore galgarri guztiak kantzer deitzen dira.

Eritasun honen sintoma jeneralak honako hauk dira: makaltasuna, pisu galtzea eta gorputz osoaren ondoeza. Sintoma hauk guztiok, gorputzaren energi ahalmena ttipiturik dagoelako gertatzen dira, neoplasiek, beren hazkunde erritmoagatik, gorputzaren energia neurri handi batez bereganatzen dutelarik.

Kantzerra zein organo edo ehunetan dagoen arabera, sintoma bereziak agertzen dira. Tumoreak zelulen egitura berriak direla jakinik, erraz ulertzen da, gorputzean bai obstrukzioak eta bai konpresioak sor daitezkeela. Ixiritze* aparailuan, adibidez, tumorea barrurantz hazten bada, janarien garraioa zaildu egiten da. Beste horrenbeste gertatzen da, biriketan* dagoen kantzerrarekin: arnasa hartzea neketsu bihurtzen da. Ordea, tumorea —nahiz galgarria nahiz ezgalgarria izan— buruan dagoenean, buruhezurraren kontrako konpresioa gertatzen da, beronen bolumena finkoa* izanik.

Beste sintoma bat: tumordun organoak galdu egiten du bere funtzioa. Urdaileko kantzerrak, adibidez, geldi erazi egiten du elikaduraren fluxua, higidura peristaltikoak galeraziz. Berdintsu ja. zotzen da gibelean: kantzerraren eraginez, gibelak galdu egiten du odola garbitzeko funtzioa. Antzera agitzen* da gurintxa endokrinoetan ere: kantzerrak zailago (edo bizkorrago) bihur dezake hormonen liberatzea; eta, alderantziz, hormonarik sortzen ez den organoetan, kantzerrak hormona antzeko batzu* sorterazten ditu. Gertakari hau, kantzerraren hormonoide efektua deitzen da.

Metastasirik dagoenean, sintomak leku bi edo gehiagotan ager daitezke. Adibidez, bularreko kantzerra edo prostatakoa, bizkar hezurrera metastasia daiteke, leku bietan sintomak emanik.

Ba dira, halaber,* galgarriak izan ez arren, galgarri bihur litezkeen beste tumore batzu: orainenak, adibidez. Orainen hauk urra litezkeen lekuetan (batez ere oinetan) daudenean, oso arriskugarriak dira, galgarri bihur bailitezke eta burura metastasia. Horregatik, onena, ahalik eta lasterren extirpatzea da.

Kantzerraren tratamendua

Tumorea galgarria dela ikusi eta gero, tratamenduak kirurgikoa izan behar du. Baina, operatzean, ez da nahikoa kantzerra bera bakarrik extirpatzea; haren inguruan dauden ehun guztiak ere extirpatu behar dira, zeren* hauetariko batetan has baitaiteke kantzerra berriro ere hazten. Hala ere, ba dira zenbait kontraindikamen, operatzeko orduan: hala* nola, eriak* —zaharregia delako edo oso makalik dagoelako— operazioa ezin jasanen* lukeenean; edo geratuko den organoak bere funtzioa ezin beteko duenean; edo kantzerra leku askotara metastasiatu denean.

Kantzer zelulak desdiferentziatuak eta hazte bizkorrekoak direla kontutan harturik, erradioterapia ere erabil dezakegu, metodo honek horrelako zelulei erasotzen* baitie gehienik. Erradioterapiak inguruko zelula batzu ere deuseztatzen* ditu; baina, nolanahi ere, ona da tratamendu hau.

Kantzer zelulen biderketa zailtzen duten medikamenduak ere erabiltzen dira, era berean kantzerraren beraren haztea zailtzen dute eta. Erradioterapiarekin jazotzen den bezala, medikamendu hauek inguruko ehunetako zelula arrunten* biderketa ere zail dezakete.

Komunzki, kantzerra duen eriari bost urtetako bizitz epea ematen zaio. Hala ere, kantzerraren pronostikoa ez da inoiz segura, zeren epearen luzera kantzerraren araberakoa* baita. Nolako kantzerra, halako bizitz epea.

Kantzerraren kausak

Ez dugu ongi ezagutzen kantzerraren etiologia; edo —ulerterrazago esanik— ez dakigu zehazki, zeintzu* diren kantzerraren kausak, Oso ezagunak dira, eritasun honi buruz ikertzaileen artean dauden eztabaidak eta polemikak. Baina gehienak bat datoz, faktore hauk onhartzean:

- Biriketako kantzerraren sortzaile garrantzizkoena, tabakoa dela dirudi. Tabakoak biriketako zilioak kitzikatzen* ditu, eta zeluletan aldaketak sorterazten.

- Urdaileko kantzerra, ba dirudi janari batzuk sortzen dutela, arrain keztatuak batez ere. Japonian beste inon baino gehiago agertzen da kantzer mota hau; beharbada, hango jendeak holako arrainik sarri jaten duelako. Bestalde, gauza ezaguna da, urdaileko kantzerra ultzera zahar batetatik ere etor litekeela Eta, halaber, kantzer hau A odol mota dutenen artean agertzen dela gehien.

- Ikerketa batzutan frogatu* denez, janariei gaineratzen zaizkien koloratzaile batzuk ere gibeleko kantzerra sorteraz dezakete.

- Azaleko kantzerraren kasuan, kausa predisposatzaile batzu ere ba daudela ikusi izan da. Kedarkentzaileek,* esate baterako, sarri eduki ohi dute eskrotoko kantzerra. Bestalde, X izpiek ere azaleko kantzerra sorterazten dute; ez da harritzekoa, beraz, erradiologoek honelako kantzerrik pairatzea.

- Hezur apurturek hezurretako kantzerrerako predisposatzen dute.

- Kantzer batzutan, heredentziak zerikusi handia du. Adibide bezala, hesteetako polipo anizkoitzen* eta erretinoblastomaren kasuak aipatuko ditugu hemen.

- Oilaskoetan birus batzu injektatuz gero, kantzerra sortzen dela frogatu izan da (Rouss-en sarkoma). Esan dezagun, azkenik, afrikar ume batzuk pairatzen duten Burkitt-en sarkoma ere, dirudienez, birusen batek sortua dela.

Medikuntz Hiztegirako Mintegikoak


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak

A

ABANTAIL, ventaja.

ABURU, eritzi.

ADIZKERA, flexión verbal.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGITZE, gertatze, jazotze.

AGORRIL, abuztu.

AHALBIDE, posibilidad.

AHOLKU, kontseilu.

AHULEZIA, makaltasun.

AIPATU, renombrado, famoso.

AITZINEAN, aurrean.

AITZINEKO, aurreko.

AITZITIK, al contrario.

ALDARRIKATZE, proclamar.

ALDIZ, berriz, ostera.

ANITZ, asko.

ANIZKOITZ, múltiple.

ANIZTASUN, askotasun, pluralismo.

ANTZ, irudi.

APAILATZE, prestatze.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARNASA, hats, aliento, haleine.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, osoki.

ARRUNT, común, ordinario, corriente.

ARTEZ, zuzen. (Ikus «Axularren Hiztegia.»)

ASALDATU, alborotado, alarmado, perturbado.

ASKAPEN, liberación.

ASKI, nahiko.

ASMU, plan, cavilación, maquinación. (ASMO, propósito.)

ATERALDI, salida, sortie.

ATXEKIMENDU, adhesión.

AUSART, valiente, intrépido.

AUTOGESTIO, autokudeantza. (KUDEATZAILE, gerente.)

AZKAR, sendo. (AZKARTU, sendotu).

B

BAHIKUNTZA, secuestro.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko, derrigorrezko.

BAITZEN, lo cual era. (Konpara: «Errege bizi baita gizaldi eta gizaldi guztietan».)

BAKAN, bakanki, raramente.

BALIAGARRI, utilizable.

BANA BESTE, batez beste, por término medio.

BARIK, gabe.

BARREIATZE, esparcir.

BATASUN, elkarte.

BATEZ BESTE, bana beste, por término medio.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZU, zenbait. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

BATZUREKIN, con unos. (BATZUEKIN, con los unos.)

BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEGIRATU, libratu.

BELAUNALDI, generación.

BEREIZKERIA, discriminación.

BEREZITZE, especializar, especialización.

BERMANTZA, esfuerzo, effort.

BIDE, beharbada, nonbait.

BIDERTZE, multiplicar, multiplicación.

BIKAIN, excelente, magnífico.

BILAKABIDE, proceso.

BILDUMA, resumen.

BILKETA, recogida, cueillette.

BILTZE, resumir.

BIRIKA, pulmón.

BORTIZKERIA, indarkeria.

D

DAKIKEK, dakik nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAKEGU, dakusagu nonbait.

DARAMA, daroa.

DARAMATE, daroe.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DEA (da + a), ahal da?

DENENTZ, dentz, denez, den ala ez.

DERITZA, derizkio.

DERRIGOR, baitezpada.

DEUSEZTATZE, ezereztatze, destruir.

DIAKIAT, dakit.

DIAKINAT, dakit.

DIDAKEK, didak (deustak) nonbait.

DIOTSAT, esaten diat (deuat).

DIRATEKE, dira nonbait, deben de ser, serán.

DITUZKE, ditu nonbait.

DUINTASUN, dignidad.

DUK, da.

DUN, da.

E

EGOTZI, imputado.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EHUN, tejido, tissu.

EKAIN, junio.

EKANDU, ohitura.

EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

EKIN, aplicado (dedicado) insistentemente.

ELABERRI, novela, roman.

ELIKADURA, alimentación.

ELIZBARRUTI, jurisdicción eclesiástica, diócesis.

ELKAR ATXEKIDURA, cohesión.

EMATE, parecer, dar la impresión.

EMENDATU, aumentado.

EMENDATZE, aumentar.

ENTZUN, entzundako, entzunikako, entzuniko.

ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

ERAGIPEN, eragin, influencia, acción.

ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.

ERANTZUNKIZUN, responsabilidad.

ERASO, ataque.

ERASOTZE, jazartze, atacar.

ERDIESTE, lortze, conseguir.

ERETI, ocasión.

ERI, enfermo. (ERHI, dedo, doigt.)

ERITASUN, enfermedad.

ERITZE, enfermar.

ERHAILE, erhale, matador, tueur.

ERORI, jausi.

ERREMIN, resquemor, resentimiento.

ERTZ, hegi.

ESKAKIZUN, exigencia.

ESKATU, demandatu, exigido.

ESKELA, esquela, billet d'enterrement.

ESKUTARA, a manos. (ESKUETARA, a las manos.)

ESTAKURU, akiakula, pretexto.

ESTRATA, estratza, camino estrecho.

EUSKARRI, sostén, apoyo.

EUSTE, sostener, apoyar.

EUTSI, asido, agarrado, saisi.

EZEIN, ninguno.

EZER, zerbait.

EZEZIK, no solamente.

F

FINKO, fijo, fixe.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia, esencia.

G

GAITZESTE, condenar, reprobar.

GALGATU, frenado.

GERTAKARIA, gertatua. (GERTAKIZUNA, gertatzekoa.)

GINO, medida, proporción.

GISA (1), modu, era.

GISA (2), bezala, legez.

GREBA, huelga.

GURINTXA, glándula.

GUTIENGO, minoría.

GUTIESTE, menospreciar, subestimar.

GUTIZIA, codicia, cupidité.

GUTUN, eskutitz.

H

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)

HALABER, así mismo, también. Ene ustez, arrazoin du Altubek, baita ere (bai eta ere) gaitzesten duenean. (Ikus haren «Erderismos», 195-206 horrialdeak).

HALA NOLA, por ejemplo.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

HARLUXETA, Harlouchet. (Ikus Jaime Kerexetaren «Diccionario onomástico y heráldico vasco».)

HARMADA, ejército.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAUTABEHAR, hautakizun, alternativa.

HAUTAKIZUN, opción, alternativa.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement.

HEGIKERIA, extremismo.

HESTE, cerrar, cierre.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HIGIDURA, movimiento.

HILDO, surco, sillon.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOSTO, horri.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

I

IA, kasik.

IGANDETARA, a domingo. (IGANDEETARA, a los domingos.)

IGURIKATU, itxaron.

IREN, castrado, châtré.

IRITSI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jaldi.

IRTETE, urtete, ateratze, jalgitze.

ISTILU, conflicto.

IXIRITZE, digerir, digestión. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

IXTINGATU, frenado.

IZENORDEKO, pronombre.

J

JADANIK, ya.

JAGOLE, zaintzaile.

JALGI, atera, irten.

JARRERA, actitud, postura.

JASAN, soportar, aguantar, sobrellevar.

JAUSI, erori.

JAZARPEN, persecución.

JAZO, gertatu, agitu.

JAZOTZE, gertatze, agitze.

K

KAMUSTE, embotar, émousser.

KARIA, motivo.

KARRIKA, kale.

KASU (1), por ejemplo.

KASU (2), atención, cuidado.

KEDARKENTZAILE, deshollinador, ramoneur.

KITZIKATZE, excitar, irritar.

KIMATU, podado, émondé.

KLASE HAUTAKETA, opción de clase social.

KOMUNZKI, comúnmente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

KURRIDA, korrida, manifestación.

L

LANDA, kanpo, fuera.

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, bezala.

LEKUKO, testigu.

LIBERA, franko.

LILURAMEN, encanto, hechizo, fascinación.

M

MAMU, fantasma.

MENDEBALDE (mendebal, viento del oeste + alde), occidente, Oeste.

MENDEKU, venganza.

MEN EGIN, obeditu.

MENTURAZALE, aventurero.

MENTURAZKO, aventurado, arriesgado.

MENTS, déficit.

MERKATALGO, comercio.

MEZU, mensaje.

MINTZAKIDE, interlocutor.

MINTZO, voz, palabra.

MONASTEGI, monasterio.

N

NABARI (1), evidente, notorio, patente.

NABARI (2), advertir, notar, percibir. (NABARITU, advertido, notado, percibido.)

NABARITZE, advertir, notar, percibir.

NIKEK, nuke.

NIKEN, nuke.

NONBAIT, non edo non, en alguna parte.

Ñ

ÑABARDURA, matiz, nuance.

O

OIHAL, pancarta.

OIHARTZUN, eco.

OLDE, movimiento.

OMEN, renombre, fama.

ORAINEN, uder, lunar.

ORDEZKARI, delegado, representante.

ORMA, pared. (HORMA, hielo, glace.)

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto, globalmente.

OSOTZE, completar, componer. (OSATZE, bizkaitarrentzat, curar, guérir).

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OSTERANTZEKO, distinto, diverso.

OTSAIL, febrero.

P

PAIRATU, padecido, sufrido.

S

SAILEAN, initerrumpida y abundantemente.

SEKRETARI, idazkari, secretario. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

SERORA, sor, monja, religiosa.

SISTIMA, sixtima, xixtima, medio hábil. (SISTEMA, sistema.)

SOIL, mero, simple.

SUSTRAI, erro.

T

TIRANDURA, tirantez, tensión.

TXABOLATIAR, etxolatiar.

U

UGAZABA, nagusi, amo, dueño, maître.

UKITU, tocado. (HUNKITU, conmovido, emocionado.)

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

UZTAIL, julio.

X

XURGATU, chupado, sucé.

XEDE, propósito, objetivo.

Z

ZAGITA, saeta, flecha.

ZEIN, cuál. (ZEINTZU, cuáles. ZEINTSU, cuál probablemente.)

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZINEZ, benetan.

ZIRIKATZE, kitzikatze, provocar, provocación.

ZIRRIKITU, rendija, fente.

ZOZKETA, sorteo.

ZUNDAKETA, sondeo.

ZUZPERTZAILE, reanimador, revitalizador.