ANAITASUNA

289. zenb.

1975.eko urtarrilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Epe berri bat?

 Ikusi ahal izan dugunez, ihazko urtea amaitzen ari zelarik eta urte berriaren haseran berdin, nolabait etorkizuna asmatu nahiz zebiltzan aldizkariak. Aurtengo urtea ihazkoa baino hobea ala txarragoa izango ote den, sortuko bide* zaizkigun eskasiak eta gehiegikeriak neurtu nahiz, etc.

Asmatzea eta igartzea* ez baina azterketa dakargu gaur horri hauetara. Zenbaki honen ardatz, nire ustetan, L. Mitxelena eta Larresoro jaunek egindako erantzuna da. Horien gerizaren pean, euskal kulturgintzan kritikaren arazoa zertan den idazteko, lerro bat edo beste erabili nahi nuke.

Salakuntza bat. Gure kultur alorrean, metodologia serio baten izenean eta sistematikoki eginikako azterketak falta zaizkigula, sarritan entzun eta irakurri dugu, eta behin baino gehiagotan esan ere egin dugu. Baldintza horik* ongi betetzen duen liburu bat da hain zuzen «Begiarmen» delakoaren SEI IDAZLE PLAZARA («Jakin», 1974).

Gure kultur mugimenduaren azkeneko 10-15 urte hauk* estudio gai bilakatu* zaizkigu. Eta, nire ustez, lehengoekin konparatuz, ba da garai horretan berririk eta aztertzekorik, politikaren eta herrigintzaren sozio-kulturazko dinamikaren aldetik bereziki.

Kultur mugimendu honen azterketetan nire gustukoenak, Jose Azurmendik ZERUKO ARGIAko horrietan eginak dira (eta, oker ez banago, liburu batetan bildurik eta osaturik laster agertzeko direnak). Horietaz gainera, «Herriaren lekuko» liburuan Rikardo Arregiri eta honen garaiari egindako sarrera politikoa.

 Paulo Iztueta eta Jokin Apalategi jaunek ere batasunean eta Unibertsitateko mailan daramate* azterketa. Oso gogoz irakurtzekoak dira hauen lanak ere. Froga* gisa,* besteak beste, ZABAL aldizkarian agerturiko azterketa ugariak.

Ibon Sarasolak ere egin ditu, batipat* literatur arloan, bere azterketak; eta, dakidala uste dudanez, hortik eta eremua* hedatuz* segitzeko asmotan dabil.

(Aipatu ditudanak, kultura idatziaren inguruan egindako lanak dira, gehientsuetan.)

Zenbaki honetan, joera beretik doan liburu baten kontrakritikak irakurriko ditugu. Izan ere, ezkeneko 10-15 urte hauetan gailendu* diren idazle batzuk* aztertzen dira SEI IDAZLE PLAZARA liburuan. Lehen liburuki* honetan: Mitxelena, Aresti, Larresoro. Eta laster plazaratzeko den bigarrenean: J. Azurmendi, G. Ansola eta G. Garate.

 Lehen hiru idazle horiei eskatu diegu kontrakritika bat, nork bere azterketari buruz. L. Mitxelenak eta Larresorok erantzuna bidali digute. G. Arestik ez. Egin zaion kritika ez gustatzeaz gainera, bere haserrea, beharko liratekeen hitzekin gure aldizkarian ez duela agertu nahi esanez idatzi digu. Milesker, gizonki eta irakurleen onerako erantzun duten Mitxelena eta Larresorori.

 Batez ere gauza bat da, hemen azpimarkatu nahi genukeena. Azterketa hauk egitera joateak eta gure mugimenduak aztertzeko gai eta gogo emateak, horrek denak heldutasun* bat erakusten du, nire eritzian. Kulturaren heldutasuna, horixe.

Joan Mari TORREALDAY

diegu, deutsegu

digu, deusku

digute, deuskue

zaio, jako

zaizkigu, jakuz


Aurtengo "Karmel" sarirako deia

 «Karmel» aldizkariak, ihazko saria eman ondoren, idazleek nahiko astia ukan dezaten, 1975. urteko saria prestatzea erabaki du, euskal idazleei epe luzeagoa eman nahiz.

Elaberrientzat

 Ihazko saria Agustin Zubikarai euskal idazle entzunak eskuratua du, «Euri eta txingor» elaberriarekin. Zorionak guztion partetik, eta segi aurrera!

Aurtengo sariketarako, sei hilabetetako epea ematen da. Ekainaren* 10erarte.

Lanen luzeera, 50 foliotatik 100 foliotara, tarte bi utziz.

Idazle bakoitzak hiru ale bidali beharko ditu estalki haundi batetan, beronen barruan beste estalkiño batetan bere izen-deiturak eta helbidea* jarriz.

Epaimahaikoak hilabete aurretik izendatuko dira.

Saria 20.000 pezetatakoa izanen da.

Ipuinentzat

Geure hizkuntza sukaldeetara zabaldu eta neguko gau luzeak alaitu nahirik, beste sari bat eratzea pentsatu dugu. Sari hau ipuin sari bat izanen da: ipuinik ederrenentzat, halegia.*

Lehen saria, 5.000 pezeta. Bigarrena, 2.500 pezeta.

Luzeera, 6 foliotatik 15 foliotara, tarte bi utziz.

«Karmel» aldizkariak lau ipuin hoberenak argitaratzeko eskubide osoa izanen du. Beste kondizioak, berdinak.


"Iberia Express"

Elkarte politikoak Espainian

Espainia, Espainolen Foruko 16. artikulua egintzetara pasatzera doa. Eta politik ekintzara pasatu nahi da oraingoan. Elkarte politikoak sortzeko eskubidea legeztatu egingo da, Mugimenduaren barnean dihardutenentzat. Demokraziaren bidean urrats* handi bat izango omen da lege berria. Joan den udazkeneko esamesen* marmario gaia izan da, jaiotzera doan lege hau. Hala ere, eta prentsa, irrati eta telebistak esan dituztenak gorabehera,* jendea ez dakigu zenbateraino jabetu den gaiaz.

Inkesta argigarri bat

Barcelonako egunkari handi batek inkesta zabal bat egin du, ikerketa* hauetara emana den «Consulta» etxearen bidez. Galdeketa hau 1.436 laguni egin zaie, 91 udaletan* eta 13 probintziatan. Abenduaren 5ean egin da inkesta* (Arias Navarroren telebistako mintzaldiaren ondoren: beraz, hiru egun geroago). Lau galdera egin zaizkie lagun horiei: 1. Ezagutzen duzula* dokumentua? 2. Ulertzen duzula? 3. Zer deritzazu? 4. Elkartuko zarea?

Galdetuak izan direnetarik 44%ek ez dute deus* irakurri, dokumentuaz argitara eman direnetarik. Beste 12%k laburpentxo bat irakurri du, eta 9%k tituluak baizik ez ditu ikusi. Zer ulertu duten galdetu zaienean, 45%ek ez dute erantzuten. Emandako informazioa, oso iluna ikusten dute 19%k, nahiko iluna 15%ek, argi samarra* 13%k, eta oso argia 8%k.

Gobernuak proposatzen duen legegaia egokia dea* une politiko honetan? Zer dio jendeak? 7%rentzat pauso handitxoa da. 24%en ustez, mementorako pausorik aproposena da. Urrats ttikitxoa, ostera,* 20 %rentzat. Ez dakite deus edo ez dute erantzuten galdetutako erdiek (49%k). Elkarte berriotan parte hartzeko prest daude inkestatuetarik 22%; baina 43%k ez dute parte hartuko, eta 35%ek ez dakite zer erantzun.

Zer esan nahi ote dute inkesta horretako erantzunok? Informazio mailan, herriak deus guti daki elkarteen arazo honetaz. Hori bistan dago. 65%ek ez du apenas informaziorik (44% dira ezer ez dakitenak). Eta egoera horrek bi arrazoin modu ukan ditzake: jendeari bost axola* zaio, elkarteotan egin nahi den politika (bere politikatzat sentitzen ez duelako?), edo eta emandako informazio eskasak ezer guti argitu du, eta jendea ez da arazoaren garrantziaz jabetu. Dena dela, inkesta honen ondorioak nekez izan litezke baikorrak.*

Etorkizunaren gakoa

Azpitik, ba dirudi, galdera jakin batzuk dabiltzala irakiten. Norentzat izanen da, elkarte politikoetarako eman nahi den lege berria? Espainol guztientzat ala Mugimendukoentzat? Espainolen Foruaren artikuluak nola eramango dira, Foru horren menpean eta zerbitzuan sortu nahi diren lege berrietara? Eta, galdera horien ondoan, hortik parean doan beste bat ere: zer autonomia eta zentzu politiko ukan* lezakete jaiotzeko diren elkarteok? Politik agintea eskuratzeko taldeak sor litezke ala ez? Taldeok kontseilari eta hizlari bakarrik izango dira, ala ekintzaile eta agintari ere izango ote dira? Eta Mugimenduaren Kontseilu Nazionalak zer autonomia eta hautabide* utziko die elkarteoi?

Eritziak

 Asmo berrion aurrean, jendea jarrerak* hartuz doa. Apezpikuek hitz egin dute; prokuratore zenbaitek ere bai. Haiek, batez ere berdintasun bat eskatzen dute espainol guztientzat. «Premiazkoa da —diote apezpikuek— hirigizon denentzat politik partaidetasunerako bideak irekitzea, bakarka nahiz elkarturik nazioko politikan parte har dezaten».

Berrogei ta hamar bat prokuratorek edo prokuratore ohik* egin dute bilkura* bat. Bildutakoek eritzi ezberdinak zituzten. Batzuek (zenbait euskaldun tartean zela) Mendebal Europan ezagutzen den demokraziaren araberako* bat eskatzen zuten, hau da, politik elkarteoi alderdi politikoen benetako balioa emanez. Beste batzuk* gutiagorekin kontentu dira, proposatu nahi den lege berriari behinbehineko* balioa aitortuz. Diotenez, lege hauxe da orain eman daitekeena, eta heldu egin behar zaio, gerorako ditugun ahalbideak* irabazteko.

Azken ordukoak

Kontseilu Nazionalak onhartu egin du legegaiaren aurrekoa: 85 boz* alde, hiru emangabekoak. Beraz, aurrera doa hori. Oreja Agirre jaunak, benetan esatekoak ziren batzuk argi azaldu ditu: «Eskaini nahi den bidearen hestutasunengatik, espainol sail bat kanpoan geratzen* baldin bada, Estatutua amets galdu bat izanen da».

Galegozko liburuen katalogoa

 Espainiako INLE (Instituto Nacional del Libro Español) delakoak galegozko liburuen katalogo bat argitara eman du. Katalanez jadanik* eginik dute hori berori.

Lau sail nagusi ditu katalogo horrek:

- galegozko liburu guztiak, gaiz eta autorez zerrendan emanak.

- galego kulturari buruz informazio gehiago edukitzeko beharrezko diren gaztelaniazko liburuen zerrenda.

- gaurko galego kulturan dauden bildumak* edo liburu sailak.

- galego liburugintzan diharduten argitaletxeak. 1940.az geroztikako garaia da katalogatze honetan adierazten dena. Liburu multzoaren egiturari* kantitate aldetik soilik begiraturik, honako hau ematen omen du gehienetik gutienera: poesia, narraziozko literatura, antzerkia, filologiazko eta linguistikazko liburuak, haurrentzako literatura, erlijioa, politikazko zientziak, ekonomia, arte ederrak, geografia, historia, etab.

Oraindik ez dugu katalogatze hau eskutan. Honen berri jakiteari interesgarri deritzagu, geurearekin konparatuz, zer berdin eta zer ez agertzen den ikusteko. Gurean, dakigunez, ez da egitura berbera nagusitzen.

Telebista, gormutuak eta besteok

Aspaldion TVEk, arratsaldeko ordu bi ta erdietan, gormutuentzat informaziozko telesaio batzuk egiten ditu egunero. Guk oso ongi deritzegu horiei; baina, geure ezjakintasunean, ez dakigu oraindik, zenbatsu* diratekeen* saio horretaz mesede hartzen duten gormutuak. Hala ere, eta hau gure aburu umiltxoa besterik ez da, ez dugu uste, Espainiako gormutuak populazioaren % 35 bat direnik. Eta portzentaia hori da, hain zuzen, euskaldun, galego eta katalanen artean, gaztelaniaz* beste hizkuntza batez mintzo garenona. Hiru hizkuntzotako mintzatzaile talde bakoitza, gainera, Espainia osoko gormutuak baino ugariago datekeelakoan gaude.

Dakusagunez,* beraz, hizkuntz bereizkeria* honetan, katalan, galego eta euskaldunok are* mutuek baino eskubide eskasagoak ditugu. Baina hori bai, espainol guztiak, horregatik*, berdinak dira eta eskubide berberak dituzte, agian* diferentki hitz egitekoa izan ezik.

Kazetariak:

Joanes GOIA

Patxi URTIAGA

dezaten, daien

die, deutse

ditzake, daikez

lezakete, leikee

litezke, leitekez

zaie, jake

zaio, jako

zaizkie, jakez


Hementxe denok

Euskal Herria. Ipar Aldea. Gipuzkoa. Bizkaia

Euskal Herria

Txaloak Euskaltzaindiari

 Euskaltzaindiak erabaki txalogarri bat hartu berri du. Aspaldiko asmoa. Euskara zertan den jakin nahi du. Soziologiaren aldetik oraingo hau.

Agian,* Euskaltzaindiak bere historian egingo duen lanik ederrena, osoena izango da. Azterketa sozio-linguistikoa da. Ez, askok uste duten bezala, datu biltze eta konbinatze soila. Sakonago jo nahi du Euskaltzaindiak. Hizkuntzaren inguruko gorabeherak oro* aztertuko dira inkesta* horretan.

Aspaldiko asmoa delarik, oraingo honetan aurrera joango dela, gauza segura da. Lan Kide Aurrezkia,* finantziatzeko gertu* dago. Hau ere eskertzekoa da, bai baitakigu, euskal kulturan asmoek porrot egin ohi dutela maiz,* ekonomiazko oinharrien faltaz.

Bi urtetako epea jartzen du Euskaltzaindiak. Lan hori egitea entrepresa profesional bati eskatuko dio; lehendik ere euskal lurretan ezaguna den talde profesional bati, pentsatzen dugu.

 Erabaki ezin hobea da Euskaltzaindiaren hau. Errealitateari aurrez aurre begiratu behar diogu. Geure lana lainoetan eta utopietan ez baina lurrean oinharritu behar dugu. Eta, horretarako, non gabiltzan jakin behar da. Lan honen abantailik* ez tipiena izango da horixe.

Euskal erlijiosoak Herriaren bila

Abenduaren 26tik 28ra egin da Loiolan Euskal Erlijiosoen Hirugarren Batzarre Nagusia. Orain dela hiru bat urte sortu zen, euskal erlijioso batzuen artean, beren Herriarekiko jokabidea eta eginkizuna elkarrekin aztertzeko asmoa. Ordutik, urtero, Eguberri aldian egin izan da Batzarre Nagusi bat. Aurtengoa hirugarrena izan da.

Behin baino gehiagotan salatuak izan dira Euskal Herriko erlijiosoak, guztitara harturik, Euskal Herria ez dutela haintzakotzat* hartu eta. Erru* hau aitortu nahi izan dute, eta Herriari barkapena eskatuz hasi: «Barka diezagula Herriak orain arteko eginbeharra ez egina», lehen Batzarrearen bildumako* sarreran esaten denez.

Hiru sailetan egin dute aurten lana: Irakaskuntza (erlijiosoen ikastetxeak), etxebizitza (erlijiosoen biziera), eliz argitalpenak (erlijiosoen eginkizuna). Sail bakoitzak, egindako azterketaren fruitu bezala, Batzarre Nagusiaren eta Setien jaunaren aurrean aurkeztu zituen bere asmo eta erabakiak. Bai eta batzorde* bana eratu ere. Batzarre osoaren oneritzia izan duten asmo eta erabaki horik* aurrera eramaten eta betetzen saia dadin. Beste urteetan bezala, Euskal Herriko erlijiosoentzat eta nahi duen beste edonorentzat zabalduko da egun horietako lanaren emana.

Lehen aldiz aurten, gizonezkoak baino gehiago izan dira bildu diren emakumeak. Hirurogei ta hamar bat, guztitara. Hala ere, eta urte batetik bestera lagun berri ugari bildu baldin bada ere, oraindik ba dira, Euskal Herrian oso hedatuak* dabiltzan kongregazioak eta oraindik egin zaizkien deiei erantzunik eman ez dutenak.

Hiru urte iragan eta gero, oraindik ez dute euskal erlijiosoen Batzarreok egitura* tinkorik lortu. Hala ere, ez dira urteroko Batzarre Nagusi horik egitean gelditzen. Aurkezturiko asmoak eta harturiko erabakiak aurrera eramaten eta mamitzen, zenbait batzorde saiatu izan da. Baina benetako egiturazko erakunde* bat sortzeko garaia iritsi* dela uste dut.

Hirugarren Batzarre honetan, lehenean eta bigarrenean erabilitako zenbait gai eta erabakitako zenbait puntu berriz ere errepikaturik gelditu da. Eta, alde honetatik, monotoni itxura ere izan du Batzarreak.

Dena dela, aurtengo hiru sailek, orain arte erabilitako kezken eta gaien hiru hildo* edo bide nagusiak markatu dituzte: erlijiosoen bizitza Herri barnean, erlijiosoen eginkizuna irakaskuntza mailan, erlijiosoen argitalpen lana Elizaren mailan.

1. Etxebizitza. Euskal Herrian bizi direlako kontzientzia hartu nahi dute eta Euskal Herrian bizi diren erlijioso guztien artean hedatu. Aurtengo asmotik nagusiena hauxe izan da, hain zuzen ere: eskualdez* eskualde antolatuko dira erlijiosoen bilerak eta hitzaldiak, erlijiosoak eta herria gaitzat hartuz.

Kontzientziatu beharra ezezik,* erlijiosoen elkarteko bizitza herritartu nahia ere agertu da, komentuak euskal-girotuz eta euskal elkarte txiki bereziak sortuz.

Erakunde mailan, berriz, erlijiosoek Euskal Herri osoko Probintziak era ditzatela eskatu da behin eta berriro. Probintzialen beraien batasuna ere lortu behar da; honela, euskal erlijiosoen Batzarre hauek lortu ahal izango dute euskal erlijiosoen elkartea.

2. Irakaskuntza. Orain dela zenbait hilabete, erlijiosoen ikastetxeek ETAren deia jaso zuten, beren eskoletan astero hiru orduz gutienez euskara eman zezaten. Lehenagotik Loiolako Batzarreak dei hori egina zuen: euskarari buruz ezezik, euskal kulturari buruz ere bai. Zoritxarrez, oraindik beste mila dei eta «bestelakorik» beharrezkoa izango da agian,* Euskal Herri osoko erlijiosoen ikastetxeek eginkizun hori haintzakotzat har dezaten.

Eragozpen handienak ez datoz legearen aldetik, eta bai programazioaren aldetik eta irakasle ezaren aldetik. Horregatik, aurten, ikastetxe horietan euskara eta euskal kultura emateko programazioa aurkeztu da, eta guztien artean landuagotzea erabaki. Horretaz gainera, gizonezko eta emakumezko erlijiosoentzat ikastaroak antolatuko dira, euskal irakasleak prestatzeko.

3. Eliz argitalpenak. Eliz, liturgi eta pastoraltzako liburu oinharrizkoenen hutsunea nabari* da. Eta ez dago Euskal Elizan horretarako argitaldari bereziturik.* Horregatik, orain dela bi urte bezala, aurtengo Batzarrean ere zera eskatu da: erlijiozko gaietan dabiltzan argitaldari eta aldizkariek, eliz argitalpenetarako Argitaldari berezitu bat bidera dezatela.

Alor* honetan, Euskaltzaindiaren batasun bidetik jotzea onhartu du Loiolako Batzarreak.

Euskal erlijiosoen batzarre horietara, joera guztietakorik bildu ohi da: erlijiosoen bizitzari, kristautasunari eta Elizari buruzko, ekonomiari eta gizarteari buruzko pentsakera diferentetako lagunak. Eta honek zehaztasuna eta bizitasuna moteldu ohi dio Erlijiosoen Batzarreari. Hala ere, gogo, asmo eta helburu nagusi bat nabari da guztien artean: euskal erlijiosoen herritartu beharra.

Orixek esango lukeenez: «Jainkoaren bila» dabilen gizon-emakumea omen da erlijiosoa, ez, ordea, «Jainko bila». Baina, Jainkoaren bila zebilelarik, edo herririk gabekotzat hartu du askotan euskal erlijiosoak bere burua, edo edozein herritakotzat. «Herri bila» ez, eta bai «Herriaren bila» dabiltza orain euskal erlijiosoak.

Hala ere, ba dago ametsetako Herriaren bila ibiltzeko arriskurik, eta ez den bezalako Euskal Herriaren bila, gaur egun ez baitugu Euskal Herri garbi hutsik, zatikatua eta nahasia baizik. Nahasketa eta zatiketa horretan, batasun eta integrazio bidetik behar lukete joan euskal erlijiosoek Euskal Herriaren bila. Horregatik, datorren urterako, gure-herriratu diren kanpotiarren arazoa hartu beharko luketela uste dut, gai nagusi bezala. Etxebizitza sailekoek, irakaskuntza sailekoek eta argitalpen sailekoek aztertzeko gai egokia izan liteke.

Ipar Aldea

«Urte berri, xede berri»

 Urte berriari lotu aitzin, batasun* anitzek* beren batzorde* nagusiak bildu dituzte. Kontuak eginez, behako* bat eman diete, bukatu den urtean erabiliak izan diren lanei.

Orotan* agertzen da, euskal kulturan eta folklorean ba dagoela asko bide irekirik, eta urtetik urtera aurreratzen dela nolabait Herriaren izatea, bizia eta nortasuna.

Ba da lanik nahikoa, eta, batzordeen esanen arabera,* langileak ere emendatuz* doaz. Ez da harritzekorik, azken urteotan euskal nortasunaren hazia eta grina* jende askorengan pizten ari dela ikustea, partikularzki gazteen baitan.* Ez du onik baizik gauza horrek. Alabaina,* biharko egunen lantzea ororen baitezpadako* lana da; eta zinez* ba dugu non lan egin, kinka txar honetan geure Herria itotzetik begiratzeko.*

Urte berriari buruz, beraz, xede berri batzuk hartu dituzte batasun zenbaitek.

Donibane Lohitzuneko «Begiraleak» deitu* batasunak kultur lan bat egin nahi du, dantza sailean euskal folklorea miatzera* lehiatuz, eta kantu sailean Urteaga jaunak sortu* euskal musika eta hitzak hedatuz.*

Bestalde, aurten bere 40. urtemuga izanen duelarik, karia* horretara besta berezi batzuk* nahi ditu muntatu.

«Oldarra» batasunak, usaiako* lanez bestalde, hilabetero eginen du gau kantaldi bat, herriko kantari edo musika joleekin.

«Orai Bat» taldeak, aurten ere beti bezala, mintzaldiak eginen ditu hilabetean behin, Euskal Herriari doakion gai batekin.

«Euskal Dantzariak» batasuneko batzordeak ere hartu ditu urte berrirako xede batzuk oso baliosak, hain segur gero aipatuko ditugunak.

Beste talde batzuek ere, partikularzki Herri barnekoek, usu* aipatzen ez direnek, lan ona daramate, ixila baina beharrezkoa, bai Zuberoan, bai Nafarroa Beherean, bai Lapurdin.

«Fededunak» lanean

 «Fededunak» batasuna 1969.ean sortu zen. Euskaldun kristau talde bat biltzen zuen.

 Hauek euskal errealitate bat ikusten zuten, irudiz ahantzia zena, Elizako lan taldeetan inolaz ere aipa ezin zitekeena. Errealitate horrek hiru problema zeduzkan orduan, atsulutuki zulatu* behar zirenak: euskara irakastea, liturgia euskaraz, katixima euskaraz.

Geroztik «Fededunak» egin du lan, atera ditu liburuak, muntatu bilkura eta mintzaldiak, eta agerterazi ere beste problema batzuk.

Egungo, apailatu* duen lan berri bat aipatuko dugu: Baionan, 7 eta 8 urtetako haurrei katixima euskaraz irakastea. Hona zer agerterazi duen, lan horren arrazoinen emateko:

«Baionan ba da aitamarik asko, xede honek interesa litzakeenik. Baina aitortu behar dugu, deusek* egungo gizartean ez duela inor laguntzen, mintzaira zanpatuen alde obratzeko. Hiltzera doazen artelanen salbatzearen beharra jende gehienetan sartu da. Denok aigeneza* konpreni, geure nortasuna hazten eta aberasten duen herriko mintzaira bizierazi behar dugula!»

GETIS batasunaren ikertzapen baliosa

GETIS batasunak agerterazi egin ditu, Aturri* eskualdean* jendeketaren* aldatzeaz egin duen ikertze baten irakaspenak.

- Aturri itzuliko lau departamenduek milioi bat eta erdi jende dadukate.

- Itzuli horretan, ba da ibilketa gaitza*: itsas hegiko* hiriek eta herri koxkorrek bereganatzen dute jendea, gero eta gehiago; barnea, aldiz, husten ari da.

- Sei urtez, 1962.etik 1968.era, 112.000 jende etorri da Frantziako eskualdeetarik. Hemendik, aldiz,* 106.000 jende partitu. Ipar Afrikatik kanpora igorrietarik* 31.000 etorri dira, eta beste atzerrietarik 34.000. Beraz, sei urtetan, 5%ez emendatu* da jendeketa, delako itzulian.

- Pyrénées-Atlantiques gure departamendura kanpotik datozenetarik, 23% Parisetik heldu zaizkigu. Beste iturri batzuetarik ere ba dator jendea: Bordeletik*, Hautes-Pyrénées eta Haute-Garonne departamenduetarik.

Aldatze joko honek ondorio zenbait dekartza. Hala nola:

- Jendeketa gero eta zaharrago. Sei urtez, 1524 urtetakoen sailean, 8.000 jende guttiago. Hirurogei ta bost urtez goitikoen sailean, aldiz, 4.100 gehiago.

- Gizonen portzentaia gero eta haundiago. Sei urtez, kanpotiarretarik 53% gizonak dira. Ber* denboran hemendik joan direnetarik 53% emakumeak dira.

- Lanerako jendea ttipituz doa. Kanpotiarretarik 65 % zaharrak edo haurrak dira.

- Hirietako jendea doi* bat burgesten ari da.

Ikertze honen irakaspenak ezin baliosagoak dira, biharko Euskal Herria sortu nahi duten guztientzat. Aitzinamenduaren* planteatzeko baldintza beharrezkoa, egungo egoeraren analisia baita. Ikertze honek hori egin du, eta arras* ongi gainera.

Ikasle gazteen aldizkari berria

Ikasle gazteen aldizkaria edo agerkaria dugu «Batasuna». Eta, izenak dioen bezala, haien artean batasunaren lokarri eta ararteko* nahi du izan. Hirugarren zenbakia da, orain aipatzen dugun hau. Ba du denbora, argitaratua dela. Baina, hala ere, oraino salgai aurkituko duzu, irakurle, Baionako «Zabal» liburutegian.

Bi mintzairetan idatzia da. Gaiak ikasleen artean erabiltzen direnak dira, esan* nahi baita, orotarik.* Hala ere, ororen artetik, euskal arazoa da gehienik aipatua eta eztabaidatua.

 Euskararen idazkera edo ortografiari buruz, hauxe esan nahi genieke agerkari horren kudeatzaileei*: «Euskararen batasuna gehiago kontutan har zazue hurrengo zenbakian, oraingoan baino».

Aturri-Baskonia

 Horra nola bataiatua izan den, joan den hazilaren* azkenaldian, Biarritzeko Kasinoan egin diren bilkuren* mintza eta aztergaia.

 Aturri hitzak erdarazko Adour izeneko hibaia adierazten du. Eta hitz honen barnean sartzen dituzte, bizibide eta kultur mailetan batasun gehiegirik ez duten eskualde hauk: Ipar Euskal Herria, Biarnoa* eta Landesetako hegoaldea. Nahiz, egia esan, lehenagoko denboretan lurralde horik* oro eta gehiago euskaldunak ziren.

 Baskonia hitza, berriz, mugaz bestaldeko euskal probintzien izendatzeko hartu dute. Hala ere, gure historian hitz honekin izendatua izan zen, 602-1052 bitartean, iparraldeko euskaldunen lurraldea, Bidasoatik Garonaraino (Tolosa eta Bordeleraino) hedatzen* zena.

Biarnes ekonomilari batzuek, gure historiaren berri ez jakinez, Baskonia hitz zahar hori, geroago Kaskoinia bihurtu denori,* iparraldetik hegoaldera bidali dute. Beren ustez bederen!*

Pago landatzea Larrunen

Azkaine herriak oihaneztatzeari* buruz sail* eder bat hasi du. Larruneko mendi mazela* pago oihanez beztitu nahi baitu.

Oraingoz ba ditu hamabost hektarea alanbrez hitxirik* eta pagoz landaturik, «Basatrumil» deitu* lekuan.

Geroago beste zenbait leku berdin irauliko ditu, hitxiko eta pagoz landatuko. Orotara, 65-70 bat hektarea.

 Ipar Euskal Herrian, orotara, ehun mila hektarea larre eta arrokadi* oihanezta litezke. Eginen balira, zer aberastasun biharko herritarrentzat!

Artaldeak arriskutan

 «Fédération Ovine» edo artzainen elkarteak bere grinak* agerterazi ditu Euskal Herriko artaldeei buruz, aurten ardietan azkarki* sartu den eritasun* batengatik: «agalaxia» deitzen dute erdaraz, eta esnegaltze euskaraz.

 Eritasun hau 1966.eko udan agertu zen lehen aldikotz, Baigorri aldeko artalde batetan. Geroztik, artzainen elkarte honek, departamenduko bulegoen* bitartez, tratamendu berri batzuk balia erazi zituen.

Gero, 1972.a arte, hiru urte iragan dira kalmatan, eta pentsa zitekeen eritasuna garaitua zela.

Baina, 1973.eko udan, berriz jalgi* zen, lehen baino azkarrago. Zenbait artaldetan, 100etarik 80 ardi ukituak* izan ziren. Aurten oraino makur haundiagoak egin ditu.

Bilkura bat muntatua izan da, beraz, prefeturan, Pauen; eta erabaki batzuk hartu dituzte, Gobernuaren laguntza erdietsiz,* esnegaltze horren geldierazteko.

«Gaztelu Zahar» oihuka

«Gaztelu Zahar», Hendaiako taldeak, duela hogei bat urte Pepito Alonsok altxatuz geroztik, arrakasta* ederra bildu du eskualde honetan. Hori, traba guztiengatik,* eta, kantuaren amodio bakarrak suztaturik, euskal ohiturak bizierazi nahiz.

Orain, adinean* aurrera joanik, taldeak odol berria behar luke. Horretarakotz, Paul Legaraldek dei bat egiten die gazteei. Ez deia, oihua baizik, kasik hiltzera abiatua den baten oihua. Zeren,* kantari berririk heltzen ez bazaio, «Gaztelu Zahar»rek ez du luzaz irauterik ukanen.*

Penagarri litzateke, talde honek Hendaian egin* lana, urtetik urtera gero eta hobea, horretan utzi behar balitz —maleruski* usu* gertatzen den bezala— hamar bat kantariren eskasean.

Gipuzkoa

Bergarako Euskal Kultur Hamabostaldia

 Kronika honetan, abenduaren 6tik 22ra Bergaran egin zen Euskal Kultur Hamabostaldiaren berri zehatz-mehatz ematea luzeegi gertatuko litzatekeenez gero, aipa ditzadan berri jakingarrienak bakarrik.

1. Liburu eta disko azokaren arrakasta. Hamabostaldi osoan barrena Seminarioko arkupean egin den azokan, zenbait liburu eta disko, uste baino lehen saldu dira: hala «Lauaxeta» izeneko liburua eta bertso bildumak. Diskoei bagagozkie, «Urretxindorrak» izan dira, gehien saldu direnak. Asko erosi du jendeak: 150.000 pezeta baino gehiago bildu da liburu eta disko salmentan bakarrik. Duda ezina da, euskal arloan irakurleak etenik gabe gehituz doazela. Asko pozten gaitu, poztu ere, Bergaratar askoren zaletasun berri honek.

2. Baina Bergaratarrentzat hain berria ez dena, jaialdi zaletasuna da. Han eratzen direnen oihartzuna ezaguna dute antolatzaileek. Bi jaialdi aipatuko ditut bakarrik, gehiago izan badira ere.

Bertsolari eta trikitilariena, abenduaren 7an. Herriko pilotalekuan izan zen. Hara bildu ziren kantari: Lizaso, Agirre, Lazkano, Xalbador, Mattin, Lazkao Txiki, Egileor eta Gorrotxategi bertsolariak, Joxe Mari Iriondo gai jartzaile zutelarik. Tartean eta azkenean, Sakabi-Egañazpi eta Laja-Iturbide soinu joleek beren aire alaiak eskaini zizkieten entzule eta dantzazaleei. Jaialdiari eman zitzaion erantzuna neurtzeko, aski izanen da esatea, pilotalekuko kantxa bera ere jendez bete, eta kalean geratu behar izan zuenik ere gertatu zela. Eta entzuleek ez zuten mixkinkerietan ihardun, bertsolariok txalotzerakoan; izan ere, entzun genuen zenbait bertsok hori ainakoa* merezi izan baitzuen.

Abenduaren 21ean, larunbat ilunabarrez, beste jaialdi bat muntatu zen, eta berau kantariei eskainia hain zuzen ere.

Egitaraua osatu zutenak, hauk izan ziren: Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi, Gorka Knörr eta Patxi Zabaleta. Azken hau, «Oskarbi» taldekoa, beronen izenean etorri zen, zorioneko gripeagatik besteek ez baitzuten etortzerik izan. Egun honetan ere pilotalekua berriz mukururaino* bete zen, eta, ia bi ordu ta erditako ekitaldiaren ondoren, Lertxundiren kanta gehiagoren eske zegoen jendea.

 3. Beste gai batetara pasatuz, ezin dezakegu aipatzeke utz abenduaren 11n jazotako* gertakari deitoragarria.* «Irala» zinema gelan AMA LUR deitu* filmea emateko zen. Hara ere jendea eurrez* bildua zelarik, eta filmea ematen hasi ondoren, norbaitek bonba bat jarri zuela jakin erazi zuten. Deia faltsua gertatu zen. Jendea, eztanda* gerta zedin eman zen epea kalean bete ondoren, barrura sartu zen berriro, eta filmea ikusi ahal izan zuen.

Gertakari honetaz, nik —eta, nik bezala, beren eritzia azaldu zidatenek— zera pentsatzen dugu: ba dagoela Bergaran, euskara eta euskal ekintzen aurka lan egin nahi lukeen zenbait kaskarin. Izan ere, norbaitzuek oraindik ez bide dute ikusten edo ez dute ikusi gura, egundaino —eta Hamabostaldiaren inguruan bereziki—, hanka sartze batetik bestera ibili direla, eta era horretan segitzeko itxura osoa dutela. Hamabostaldiaren arrakasta, diodanaren lekuko.

4. Jaialdien arrakasta horren* sonatua izan bazen ere, ezin daiteke gauza bera esan hitzaldienaz. Hiru ihardunaldi aipatuko ditut bakarrik.

Kazetaritzari buruzkoa. Ihardunaldi hau programan «mahai inguru» bezala agertzen zen, nik hemen hitzaldien artean aipatzen badut ere. Ez zen programaturiko egunean egiterik izan, hizlariak —X. Kintana, X. Mendiguren eta Amatiño— ezin izan baitziren heldu, bideetan ziren kontrolengatik. Izan ere, mahai inguru hau abenduaren 11rako zegoen programaturik. Horregatik geroagoko egun batetan izan zen, eta ez zen entzule askorik bildu Maestri Eskolako aretora.*

Bertsolaritzari buruzkoa. Julian Lekuonak eman zuen, eta hemen ere entzule askorik ez zegoen. Hala ere, oso interesgarria izan zen hitzaldia, ez alferrik Lekuonak inor guttik bezala meneratzen* baitu gaia, eta hara joan zirenek ez zuten joatearen damurik izan. Hizlariak bertsolaritza alditan banatu zuen, eta aldi bakoitzeko bertsolari errepresentatzailea aztertu. Azkenik, egungo bertsolari eskolak ikertu dituen.

 Zergatik ez zen jende gehiagorik izan, hitzaldi hau entzuten? Besteak beste —eta nire aburua besterik ez da—, propaganda eskasa izan zuelako. Bestalde, ezin daiteke ahantz, idorragoa* dela hitzaldi bat, bertsolaritzaz bada ere, bertsoak entzutea baino. Ba zen antolaturik hirugarren hitzaldi bat ere, Unibertsitateaz hain zuzen; baina, berriz ere, gripea zela eta, ezin izan zen egin hau ere.

5. Abenduaren 8an, igandekari, haurrei eskainitako eguna izan zen: «Haurren Eguna». Haiek aurrez prestatutako buruhaundiak kaleratu ziren goizean. Umeok ederki azaldu zuten, ba dutela irudimen fantastikorik, gauza apainak egiteko. Denetara, berrogeiren bat buruhaundi paseatu ziren herriko kaleetan zehar. Arratsaldean, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon euskal pailazoek ttipi eta handiak poztu zituzten.

Azkenik aipa dezadan, Seminarioko sarreran Hamabostaldi osoan barrena muntatua egon zen erretratu agerketaren arrakasta. Bizpahiru argazki salbu, beste guztiak mende honen hastapenetakoak ziren. Hamaika Bergaratar helduk ikusi ahal izan zuen han bere gaztaroko aittonak eta amonak, eta garai hartako diligentzia trebea bera ere. Erakusketa hau «Argazki» erretatetxe ezagunak prestatu zuen. Une guztiez egon zen aretoa jendez beterik.

Amaitzeko, bihoazkie «Bergarako Urrats Berriak» taldekoei, antolatze lanagatik merezi dituzten txalo eta zorionak.

Euskararen Eguna Zumarragan

Abenduaren 8an, igandez, Euskararen Eguna ospatzen zelarik, La Salle ikastetxean aukera izan genuen, euskal kantariak, txistulariak, dantzariak eta abar ikus eta entzuteko. Baina ba da gertakari bat, Euskararen Egun horren barnean izana, eta agerpen zabalago bat merezi duena.

Zenbait aste lehenago, poz handiz ikusi ahal izan genituen, «Euskerazaleak-Erribide» elkartekoek herrian zehar jarritako kartel batzuk, hitzak euskaraz nola esan behar ziren adierazten zutenak: ez karnizeroa, arakiña baino, ez errenteroa, maisterra baizik, eta abar.

Euskararen Egunean, erribideko Joxe Agustin Orbegozo jaunak hitz batzuk esan zizkigun, adierazi nahiz, bere taldekoak zirela, eta ez beste inor, euskaldun eta euskaltzale garbiak. Berek euskaratutako «Kosmos 3» deritzan liburuaren aurkezpena egin zigun, aditza bai gipuzkeraz eta bai bizkaieraz zegoela esanez, eta jokaera hau hartu behar zela gaur egun Euskal Herrian, liburuak argitaratzerakoan.

Euskara batua ere aipatu zuen, haren kontra mintzatuz noski: laborategiko hizkuntza zela, ulergaitza, ez herriarena, ez herriarentzakoa, eta, gainera, haren kontra joan behar zela.

Hitz hauk ongi ausnartu ondoren, zertxobait esan nahi genioke Joxe Agustin jaunari.

Gipuzkeraz eta bizkaierazko aditza erabiltzen duten liburuak argitaratu behar liratekeela dio jaun honek, horrela euskaldun guztiok elkar uler dezagun.

Gure ustez, problema ez da horren xinplea. Euskal Herriak bi probintzia besterik ez du ala*? Edo eta lapurtarrek eta zuberotarrek ulertzen ote dute gipuzkera eta bizkaiera? Ez. Gure eritziz, ez da hori bide zuzena. Gainera, norbaitek frantses edo gaztelania ikasi nahi badu, ez zaio andaluziar azentuaz irakatsiko, akademiak onhartu duen erara baizik; hizkuntza idatzia irakatsiko zaio, liburuetan erabiltzen dena, eta ez toki batetan zein bestetan mintzatzen den dialektua.

Beraz, garbi ikusten dugu, euskaran ere batasun bat behar dela. (Herriko gazte talde batek.)

Amatiñok landare berri bat

Ana Askargortak, Luis Alberto Aranberri («Amatiño») idazkide ezagunaren andre xarmagarriak, haur bat egin berri du Gabon jaietan, abenduaren 21ean hain zuzen. Oraingo hau mutiko bat izan da, eta Ibon izena jarri diote. Gure zorionik bihotzetikoenak guraso bioi.

Zaragueta hil da

 1974. urteak Zaragueta ere eraman digu. 91 urterekin joan da. Oriotarra zen. Apeza. Eta filosofo sonatua.

 Gizon honen produzioa ikaratzeko modukoa da. Hona: filosofiazko 80 liburu, soziologiazko 27, pedagogiazko 20 eta erlijiozko 19.

 Gazte, gazteegi gara gu honen lana ezagutzeko. Neoeskolastikoa zen, Mercier Kardinalearen eskolakoa. Lovainan atera zuen doktoregoa. Eskola horren errepresentatzailerik hoberena omen zen. Eta, gainera, bere garaian asko berritu omen zuen filosofia, batipat zientzia positiboak ateratako datuetan oinharritzen saiatuz.

Baina neoeskolastikaren bideak ez dira ezagunak gaur gehienentzat, nahiz eta harek ukituriko* asko egon gure artean. Filosofia beste nonbaitetik joan da. Bide askotatik.

Zaragueta gure artean ezezaguna izan da. Ez dea* harritzekoa? Nola esplika hori? Ez dakit. Beharbada, Madrilen bizi eta han eman duelako bere jakintza. Bestalde, ba dakigu, kazetari ere ba zela. Eta, gainera, kazetagintzan, 1971.ean «Francisco Franco» saria eman zioten.

Zientziazko aldizkari berria

Goi mailako aldizkari zientifiko bat behar genuen euskaraz, eta ba dugu. «Elhuyar» du izena, eta Luis Bandres-en zuzendaritzapean argitaratzen da. Helbidea*: Círculo de San Ignacio - San Marcial, 26 - San Sebastián. Oso mesedegarri iruditzen zaigu aldizkari hau, zeren* Donibane Lohitzuneko Euskal Unibertsitatearen lana osatzen baitu, han hemenka lanean ari diren unibertsitari taldeei lotura bat emanez.

Bizkaia

Txistulari txikien lehiaketa Santurtzen

 Santurtze herrian haur txistularientzako lehiaketa bikain* bat izan da, abenduko lehen lau igandeetan, 1ean, 8an, 15ean eta 22an, herriko «Bihotz Gaztea» taldekoek eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteak antolatua.

 Bizkai guztiko 70 txistulari txiki inguru presentatu ziren, 14 urtetarik beherakoak. Lehenik, antolatzaileek ezarritako gai bat jo behar izan zuten, eta gero nork berak hautaturiko beste bat. Arrakasta* handia izan du lehiaketa honek, eta txistulari gazte eta trebeak ezagutzeko aukera eman digu. Zorionak antolatzaileei eta Bizkaiko txistulari txikiei!

Esperientzia berri bat haurren hezkuntzan*

Abenduaren 21ean, hainbat ume eta guraso bildu ziren Bilboko Santutxu hauzunean Maristek duten ikastetxeko teatroan, Donostiako euskal teatro taldearen «Txano Gorritxo» antzerkia ikusteko.

Donostiarrek, oso zentzu onez, umeei parte har erazi zieten, artistek berek, salara jaitsirik, umeak tauladara igan eraziz; eta horregatik, hainbeste aldiz ANAITASUNAtik eskatu dugun artista eta entzuleen arteko harremanagatik, izugarrizko arrakasta lortu zuten.

Jaialdia osatzeko, Santutxuko ikastolako ikasleek ere ihardun zuten eskenarioan; eta, zerbait aipatzekotan, nuklear zentralei buruzko mimo koadroa azpimarkatuko genuke, oso ongi asmatua eta aurkeztua izan baitzen. Umeek eskenarioan artista bezala jokatzea, guztiz interesgarria iruditzen zaigu, haurren hezkuntza osatzeko eta aberasteko, jendearen aurrean presentatu beharrak erantzunkizun bat sortzen baitu haiengan eta esperientzia berri bat bizierazten.

Olentzaro Bilboko kaleetan

Abenduaren 24eko arratsean, Euskal Herriko hiri eta herrietan, Olentzaro ibili zaigu kalez kale, haurrez, gaztez eta adinetakoz* inguraturik. Ohitura zahar hau zeharo* birpiztu da euskal herrialde guztietan.

Deustuan, «Zubibarri» euskal kultur taldeari esker, Olentzaroren ibilaldia arratsaldeko lau ta erdietan hasi zen La Salletarren ikastetxetik; eta, hainbat kaletan zehar ibili ondoren, gaueko bederatzietan San Pedro plazan su eman zioten, jendeak «Olentzaro joan zaigu» kantatzen zuen bitartean. Gero gazteriak mutil dantza bat egin zuen, eta etxeratu baino lehen «Agur, Jaunak» kantatu.

Euskal jantzien erakusketa Deustuan

Lan Kide Aurrezkiak* (edo «Caja Laboralek) aintzinako euskal jantzien erakusketa bat muntatu du, Deustuan duen aretoan.* Donostiako «Argia» taldeak, Karmele Muxikak eta beste zernahi talde eta familiak eskaini dituzte jantziak. Erakusketa bikaina eta oso ongi hornitua izan da; eta horregatik jendetza handia joan da ikustera.

Euskal kantariak burgesak ote?

Berandu xamar izan arren, jakingarri delakoan ematen dugu albiste hau.

 Hazilaren* 24ean, Gernikako pilotalekuan, euskal kantaldi bat izan zen. Hona hemen xehetasun batzuk:

Programaturiko sei kantarietarik hiru bakarrik aritu ziren (Lupe, Lurdes Iriondo eta Laboa), beste hirurak (Lete, Pantxoa eta Pello) debekatuak izan baitziren.

Entzuleak, mila eta ehun inguru. Gernikako pilotalekua leporaino betetzeko, horrenbeste behar, noski. Egin zen (hobeto esan, debekaturik zegoen) propagandarako, jendeak poliki erantzun zuen.

Lekuaren alokairua,* 40.000 pezeta.

Aste batzuk lehenago, Bilboko «Mocedades» erdal kantari taldeak leku berean ihardun zuen. Orduko alokairua 10 % izan zen. Oraingoa, berriz, 72 %. Zer esan nahi du horrek? Bizitza, aste horietan, horrenbeste garestitu zen ala*?

Jaialdia bukatu orduko, diru zorrak sortu ziren, aipatu* alokairua dela eta. Horregatik, presentatzaileak jendeari esan zion, nahiz eta entzule ugari izan, zorrak sortu zirela, pilotalekuko arduradunek jaialdia amaitu orduko kobratu baitzuten alokairua. Jendea, zorren arrazoina jakin ondoren, marramarraka hasi zen (txistu batzuk ere entzun ziren). Ez zen guttiagorako ere. Baina entzuleek, lekutik irteeran, 20.000 pezeta borondatez eman zituzten, zorrek egindako zuloa betetzeko. Eta bete egin zen.

Gernikako jaialdia benefikoa izan zen. «Mocedades» taldearena, aldiz,* ez. Pentsa ezazu: jaialdi normal bat izan balitz, kantariak eta antolatzaileak larru hutsik irtengo* ziratekeen.

Euskal kantariak burgesak direla esan da inoiz. Baten bat oraino dudatan badago, komeni zaio jakitea, Gernikan behintzat gasolinatarako ere ez zutela eskatu.

Antolatzaileen izenean, mila esker Bizkaiko eta Gipuzkoako entzule guztioi, zuon erantzunagatik.

«Txistulari» aldizkariaren azken zenbakia

1956. urteaz geroztik, hiru hilabetero agertzen da Euskal Herriko Txistularien Elkarteko aldizkari hau. Gaurko aldizkarien artean zaharrenetariko bat dugu, sortu zeneko 1927. urtetik 1936.erarte ere agertu baitzen. Euskaraz eta erdaraz dator, bi mila txistulariri eta mila laguntzaile abonaturi txistu partiturak, irakas lanak eta albisteak emanez.

Azken unada* honetako aleak mehettoagoak dira, diruaren eskasiagatik hain zuzen. Hala ere, arduradunek eginahala egiten dute, gai interesgarriak labur eta argi eskaintzen. Atera berria da 79. zenbakia, hamasei horrialde hitzezko eta hogei ta lau musikazko dituena. Artikulu guztiak hondakin gabekoak dira: «La dulzaina vasca», «Baztan» (Mariano Izetak), «Ikastolak eta folklorea» (Mikel Ugaldek), Arabako txistularien gutuna, geografi saila, umeentzako lehen txistu ikasgaiak emateko zenbait oharpen, etab. Batez ere, Euskal Herriko dultzainari buruz egindako lanak oso arrakasta handia izan du. Partiturak ere errazak dira, eta haietarik batzuk abonatu gazteentzat berriro argitaratuak.

Eskatzekotan: «Txistulari». Iturribide, 1-4. Bilbao-6.

Albistariak:

 ARMENDARITZ

 Bittor EGURROLA

 Xabier GEREÑO

 Leon HAIZAGER

 Gexan LANTZIRI

 Joanes LEKERIKA

 Joan Mari MENDIZABAL

 Luis Mari ORTUONDO

 P. URIBARREN


Hementxe denok

Mitxelena eta Larresoro

 Mitxelena, Aresti eta Larresoro lankideok!

 «Begiarmen» delakoak egina eta «Jakin» argitaldariak aterea, oraintxe ari da jendea SEI IDAZLE PLAZARA liburua hartzen. Dakikezuenez, lehen liburuki* hau zuoi hiruroi buruzkoa da.

Kulturgintzan gizarte eragipena izan duzuelako batipat izan zarete aztertuak, oker ez banago. Eta, zuek gaitzat eta aitzakitzat harturik, zuen inguruan Euskal Herrian bizi bizirik dagoen ideia eta joera asko da aztertua edo ukitua liburu horretan.

ANAITASUNA aldizkariak jakin nahi lukeena da ea zuetako bakoitzak berari buruzko lanaz zer pentsatzen duen. Halegia, zuen zeuon eritziz egokiro aztertuak izan zareten ala ez, zuei buruzko azterketa hori zertan den zuzen eta zertan oker, ongi interpretatuak eta epaituak izan zareten ala ez. Hitz batez, egin zaizuen azterketa kritiko horretaz zer eritzi duzuen.

Ez dizuet inkesta bat egiten, ez dizuet entrebista bat egiten.

Artikulutxo bana egin dezazuela eskatzen dizuet. Bakoitzari horrialde bana eskaintzen diot horretarako (hau da, idazmakinaz 90 lerro, ez gehiago!).

Liburugileari ere, zuen ondoren, beste ale batetan, lekua eskainiko diogu, azken esplikapenak eman ditzan. Eta horrekin bukatuko litzateke gurea.

Lehen bai lehen erantzutea eskertuko nizueke. Zuenaren zain, ez adiorik,

joan mari torrealday

(1)

Torrealday adiskideak, Anaitasuna-ren izenean, egin didan eskabideari erantzun nahi nioke hutsarte batez baliaturik, gerorako utzi gabe, gero horrek ez bailuke epe jakinik izango. Ikusi berria dut, gaingiroki bederen, «BEGIARMEN delakoaren» liburua, eta liburu hortaz, dagokidan aldetik, mintzatu behar omen nuke. Lehen hitzak, beraz, eskerrak emateko izan bitez, bai X horri (herensugeak baino buru gehiago ditu apika) eta bai Anaitasuna-koei, horren konpainia ederrean atera nahi nautelako plazara.

Zenbait puntu nagusiri dagozten ohar batzu agertuko ditut hemen. Eta ea, «nitanoz» mintzatu behar badut ere, neure burua edertzeko grinari amore larregirik ematen ez diodan.

Ez dut uste, lehendabizikoz, hizkuntza eta hizkuntzalaritza kontuan, Larresoro eta bion iritzien arteko desberdintasuna behar bezain nabarmen azaltzen denik. Funtsean bat gatoz: hura eta ni, alegia, etsirik gaude euskara ez dugula bertan behera kupidarik gabe utz dezakegun huskeria. Nik, ordea, ez dut sinesten hizkuntza eta pentsamoldea elkarri hark uste duen neurrian loturik dabiltzanik, behin eta berriro aditzera eman dudanez. Nolabait ere, gure K.-engandik hurbilago ikusten dut neure burua gai horretan, erdaraz esan berria dudanez.

Ez naiz sekula, bigarrengoz, estrukturalistegia izan. Kutsu hori ezinbestean hartu nuenean, gainera, Trubetzkoi, Jakobson eta Martinetengandik hartu nuen, ez Barthes, Lacan, Foucault eta horien gisakoengandik. Lévi-Strauss, bai, erabili izan dut noizpehinka, besterik zelakoan. Dena den, Larresorok baino gogokoago dut eta izan dut Chomsky. Ni naiz agian honen ideiak Espainian (liburua, bada ezpada ere diot, Salamancan agertu zen) lehen aldiz aipatu dituena. Geroztik ez naiz isildu.

Chomsky-gana dudan isuria bezain garbi dago (zozpalak dirudi bere egurra, ta egurrak bere ezkurra) harako «neo» horienganakoa. Ez dut, haatik, hautapen zorrotzik egin, neure lanbiderako izan ezik, «filosofiaren eta zientziaren arteko muga ilunetan», eta ez dut inondik ere pentsatzen estrukturalismoa izan daitekeenik sugerik gabeko «zientziazko paradisua». Ez dut sekula izan (eta nola arraio izan nezakeen?) «soziologia matematika hutsarekin saltsatzeko» gogorik ez asmorik. Are gehiago, ezin onar dezaket hemen, besteren ahotan, ageri den harako iritzi hura: «giza-zientzien metodua ezin izan daiteke zientzia positibuen egitura berekoa». Ze arraio izan daiteke, bada? Ezaren bizkar, lamien gisa, bizi den zera?

 Niri, egia esan, Popper atseginago zait Adorno baino. Hori ez da iritzi bat baizik, baina, bataren eta bestearen iritzien gainetik, badirudi badela gure artean, Mendebaleko mundu honek XVI-XVIIgn. mendeetan biribildu zuen lehen iraultzari buruz, halako nahas-mahas orapilaturen bat: Galileo aurrekoa, ez da Orixe bakarra izan gurean. Baina hobe genuke, hemen ez dugun soseguz eta patxaraz, elkar hizketa luzeren bat egiteko bidea aurkituko bagenu beste aldi batean, hontaz eta hartaz.

Barojarenak, esan zituen bezala jaso genituen Egan-en, ezezkorik ez baiezkorik erantsi gabe. Bistan da, gainera, agertu izan dudan Barojazaletasuna ez dagoela iritzi horietan finkatua. Eta Baroja aipatuz geroz, berez dator euskarak gure artean behar lukeen lekuaren hauzia. Bizirik irauteko adinbat den leku opa diogu, gutienez, baina hori aitortzea ez da aski, X-ek, Aita Mokoroak eta nik ipiniko genituzkeen mugak ez baitira berdinak zabalmeharrean.

 Gure hizkuntza opa diogunaz osorik jabetuko balitz ere, ez lituzke erdarak erabat baztertuko: erdarez ari naiz (hona, aldamenean, frogatxo bat), eta ez erdaraz. Ez dituzte behinik-behin baztertu gu baino larriago, aberatsago eta ikasiago diren inguruko eta urrutikoek. Soziologoek bederen aise uler dezakete zergatik idazten dugun erdaraz maiz aski, zenbait egokieratan erdaraz mintzatzen garen bezalaxe. Hona sarri aski ahotan erabilia izan den kasu bat. Zorioneko Zenbait hitzaldi horiek ez nituen nik erdaraz idatzi. Egin, erdaraz egin nituen, hala eskatu zidatelako, nahiz ondoko elkar hizketak erdaraz eta euskaraz izan ziren. Neure kabuz, ez nituen sekula argitarako, ez erdaraz ez euskaraz. Ez nien, ordea, eskatu zidaten baimenik ukatu. Letamendiari esker agertu ziren. Neronek ere, halaz guztiz, hartu nuen lanik aski, ez inoren itzulpena orrazten, baizik eta trakeski esanak zertxobait osatzen eta zuzentzen.

Don Karlosek, diodan bidenabar, bere libururik mardulena, lodiena ere ez bada, euskaraz argitara izan balu, ez zukeen mundua iharrosiko. Bestela esan, geroxeago iharrosiko zukeen, hizkuntza hedatuagoren batetara irauli ondoan, alegia. Horrela ez balitz, H. Kloss-en boskarren eta gorengo mailan geundeke, oker ez banabil. Maila horretara, eta hemen zuzen nabil zorigaiztoz, ez gara oraindik heldu.

Badirudi, belaunaldiak direla eta ez direla, X-ek nonbait (ez dut orain pasartea aurkitzen) Ortega-ren segiziokotzat hartu nauela, eta ez naiz larriki poztu, horren kulturalismoa gogaikarri (ez dut gogorragorik esan nahi) izan baitzait beti. Besterik da hor eta bestetan esan dudana edo esan nahi nuena: badugula, aspaldidanik, gure artean harako Nafarroan genuen «osin ondagabe» haren antzeko zerbait, eta hosin hori komunikabiderik ezak zabaldu eta sakondu duela. Gazteagoek, eta ez dira hain gazte, ez dakite gure berri (ez ote dut, bada, oraindik orain irakurri Pikabea Donostiatik ihesi joan zela?), eta zaharragoek ez dugu gazteagoen berririk ere jakin nahi, esaten eta egiten dutena okerreko aldetik hartzeko ez baldin bada. Badakigu, noski, nondik datorren elkar ezin aditu hori. Batzuengandik besteenganako bideak eta zubiak zabaltzen saiatu behar genuke. «Ori desio nuke nik», behintzat.

«Eztabaidan, haserre» agertzen omen naiz, azkenik, eta ez noa ukatzera: «agure haserreen» belaunaldikoa naiz eta badugu haserrebiderik gainezka. Gaizki esanak barka, mesedez. Diodan, halaz guztiz, nik ez nuela deus, orain ere ez dudan bezala, Haranburu Altunaren kontra: «burges» hitza eta gogoeta noraino heda zitezkeen zen hauziaren muina, oker ez banabil, eta ez dakit egoki ala desegoki hartu nuen. Aresti ere mintzatu zen gero hortaz, eta ez ene iritzien alde. Halaz ere, uste dut zuzenkiago nenbilela ni ad mentem diui Caroli, hauzi horri dagokionez.

Hori dela bide, zenbait kontseilu on ematen dizkit gure X-ek: ez omen nuke, batipat, hauzirik horrela «pertsonalizatu» behar. Edota, «jeniyo txar oyek utzi, bestela ezurrak autsi».

Hartu nuen, bada, asmo sendoa, lege zaharrekoek agintzen zigutenez, gerorako gizalegea nola behar den, berandu bederen, ikasteko. Eta asmoak iraun du liburuaren azken burukoa irakurri dudan arte. Hor sortu zaizkit duda-mudak. Nik, dakidalarik behintzat, ez dut inoiz inork inoren mirabeari ordaintzen dion soldatarik aipatu. Eta beldur naiz, ni ere horrela abiatzen baldin banaiz, ez ote dudan fin gaizto egingo.

 «Egiazko arazoak», zinetakoak eta benetakoak, ez omen ditut aztertu. Horrela bada, eta horrela da behar bada, lanbideak bestetara ninderamalako gertatu da, segur aski. Ez dut uste, ordea, galderen itzuri gehiegi ibili naizenik. Hemen bertan emango nituzke zenbait erantzun, lekurik ezak bortxaturik ez banenbil. Beude, beraz, hurrengo hizketaldirako.

MITXELENA (Salamancaria)

(2)

«Sei Idazle Plazara» liburua irakurria dut; eta, J. M. Torrealdaik eskaturik, hona hemen, oso hitz laburrez, «Begi-Armen» kritikari bikoteak eni buruz egin duen kapituluaren bir-kritika.

Aldez aurretik, noski, neure eskerrik beroenak hel erazi nahi nizkieke Begi-Armen-i lerro hauen bitartez. Oso beharrezkoa dugu kritika-lana euskal idazleok, besterik ez balitz ere geure idaz-lanen hutsak ikusteko eta geure esanen mugatasunaren eta eskasien berri jakiten eta aitortzen ohitutzeko. Are gehiago, Begi-Armen lankideak bezala, kritika-lan hori errespetuz eta itxuraz egiten saiatua delarik.

Egin zaidan kritika horren funtsaz, dena dela, zer esango?

ZABAL aldizkarian (1973-ko Azaroan, 4. z.) esana dut zerbait.

Alde batetik badago, ene ustez, kritikariek berek aitortuta, kritika horren zatitasuna: ene idazle-lan guztiaren kritika oso bat baino, «Hizkuntza eta Pentsakera» ene liburuaren azterketa soil bat egin dute Begi-Armenek Jakin-Sortako banako berrian.

Eta bestetik badago, eta hau ez dute egileek sekula aitortu, eztabaidaren kako izkutua: aspaldiko urte hauetan marxistek estrukturalismoaren kontra mila liburu eta aldizkaritan egin dituzten kritiken laburtzapen on bat eskaini digutela Begi-Armen-ek. Irakur, esate baterako, eta Begi-Armen-en lanarekin aldera gero, 1966ko udazkenean «L'Homme et la Société» eta 1967ko Urrian «La Pensée» frantses marxista aldizkariek atera zituzten banako bereziak; edo, gugandik bertago, españatar marxista ofizialek «Saioak» (2) eta «Arragoa» (6) agerkarietan argitara dituzten lanak.

 Begi-Armen-en arrazoinak ez dira batere berriak; eta plazaratu nahi den eztabaida, ez da, izan, Begi-Armen eta Larresoro-ren artekoa, estrukturalisten eta marxisten artekoa baizik.

 Hots, Europako eta mundu guztiko intelektualen artean sortu den eztabaida luze eta funtsezko hori lerro gutxiegitara nik biltzea ezinezkoa litzateke, eta kaltegarri ere gerta liteke. Liburuan emandako arrazoinak hor daude beti; eta Begi-Armen-i erantsi behar litzaizkiokeenak beste modu batez emango ditut, agian, zehatz eta mehatz. Puntu bakar bat gogoraziko dut hemen: edonork gaur ongi dakikeenez, marxismoaren ekarria hutsaren hurrena izan dela hizkuntzaren jakintzetan; eta, alderantziz, estrukturalismoak jaso duela hizkuntzalaritza Giza-Zientzien gailurrera.

HIZKUNTZA ETA PENTSAKERA liburuan, gainera, garbiki aitortua dudan bezala, ezer gutxi erantsi dut nik neure kaskoan oraturik. Estrukturalismoaren laburtzapen bat baizik ez nuen egin nahi izan; eta kondairaren edo afasiaren ideiei buruz dagokienez, bereziki, Lévi-Strauss-en eta Gelb-en teoriak azaldu baizik ez nituen egin. «La Pensée Sauvage» liburua irakurria duenak, esate baterako, ongi daki.

«Hizkuntza eta Pentsakera» liburuan, horretara, ez naiz neure buruaz eta neure buruz sobera mintzatu; eta Begi-Armen-en kritika, alde horretatik, ikuspegi abstrakto gertatzen da, nigandik atekoa ia-ia. Eta hotz, hitz batez, «Amatiño»k egokiro somatu duen bezala.

«Sei Idazle Plazara» liburuan agertzen den «Larresoro» horrengan, hitz batez, nekez ezagu nezake nik neure burua. Benetan. Baina beharbada oker nago, eta bestek xuxen xuxen ezagu nazake lerro horietan. Nik uste ez badut ere, beharbada «Hizkuntza eta Pentsakera» da ene ekarririk «nor-tu»ena. Nork uka, eta nik? Nekez!

Bego horretan, beraz, gaurko ene erantzuna.

Eta, berriro ere, mila esker anitz: bai Begi-Armen-i, bai ANAITASUNAri eta honen zuzendari berriari.

LARRESORO


Fedea eta ekintza

Hego Koreako apezpiku bat gartzelan

 Hego Koreako lehendakari Park Chung Hee jaunak gidatzen duen diktadur errejimenaren kontrako joerak gero eta nabarmenagotuz doaz Hego Koreako jendearen baitan,* gazte eta ikasleen eraginez batik* bat. Hango katolikoak (ikasle, apez, erlijioso, kardinalea bera...) argi eta garbi mintzatzen ari dira, Gobernuaren gehiegikeriak salatuz. Hauen artean, oihartzun* berezia ukan* du, Daniel Chi-hak-sun, Won-Ju hiriko apezpikuari egindakoak.

Apezpiku hau iragan uztailean* atxilotua* izan zen eta hamabost urtetarako gartzelatua, Gobernuaren kontra burrukatzeko asmotan ziharduen ikasle talde bat lagundu omen zuela eta. Gertakariak berez ukan zuen eta duen oihartzuna, areagotu* egin dute apezpikuaren bi eskutitzek, bata Aita Sainduari eta bestea Koreako pertsonaia bati zuzendua.

Aita Sainduarentzakoan, egin zaizkion salakuntzak (asaldapena* eragitea eta lehendakariaren aginduak ez betetzea) gaitzetsiz,* bere jokabidearen zergatikoak agertzen ditu. «Zanpaturik eta isilerazirik dauden jendeak lagundu ditut —dio apezpikuak—, demokratiko dela dioen gobernu batek babestu behar lituzkeen oinharrizko giza eskubideak defendatuz. Lagundu egin ditut bai, bidezko* aurkitzen baitut, jende hauek beren eskubideak berriz ere eskura ditzaten... Bazter ezina zitzaidan errealitate baten aurrean, kristau egiaren eta justiziaren lekuko* izan nahi nuen soilik...»

Bigarren eskutitzean, gartzel zainen gezurrak, prentsaren faltsukeriak eta bere arrazoinen aldrebestu nahia etab. aipatuz, eta zentzabidera deituz, bere ekintzaren xedeak* berriro agertzen ditu. «Injustiziaren eta ustelkeriaren aurrean —idazten du apezpikuak—, Ebanjelioaren lekuko izan gura dut, eta ez besterik. Elkar adiskidetzea ez da ahaldunei amore* ematea, gezurraren eta zuzentasunaren aurrean isilduz...»

150.000 sinadura* amnistiaren alde

Hazilaren* 28an, Madrilen bilduta zegoen Espainiako Apezpiku Kontseiluari, 150.000 pertsonak izenpetutako eskutitz llabur bat eskuratu zitzaion.

Espainiako «Justitia et Pax» batzordeak,* mila oztopo eta mesfidantza jasan* ondoren, eta urtebeteren buruan, 150 mila sinadura bildu ahal izan ditu, pertsona bakoitzaren identitate karneteko numero eta guzti, herbesteratuen eta preso politikoen alde Estatuari amnistia eskatzeko eta, honela, Elizak 1975erako jarri digun Adiskidekuntzaren Urte Sainduari behar bezala erantzuteko asmoz.

Horretarako, «Justitia et Pax» batzordeak eskutitz labur bat zabaldu zuen. Eta, bertan, alderdikeriaren eta haserrearen gainditu* beharra azaltzen zuen. Eskutitzean amnistia orokor* bat eskatzen da herbesteratuentzat, presoentzat eta politika eta kontzientziazko arrazoinengatik zigortuak izan direnentzat. Baina hau ez da dena. Etorkizunerako ere, biltzeko, elkartzeko eta mintzatzeko giza eskubideak legeztatuak izan daitezen eskatzen da, bai Elizak eta bai Gobernuak onhartu eta izenpetu duten nazioarteko legediak agintzen duenez.

Kontrakoak eta azpikeriaz jokatu dutenak izan baditu ere, esan beharrik ez dago zenbateko arrakasta* izan duen mugimendu honek. Sinadura horik* berez mintzo zaizkigu. Gizarteko klase ezberdinetakoak bat etorri dira, honelako ekintza bati aurrera eragiteko. Ministru ohiek,* katedratikoek, langileek, nekazariek, elizgizonek, denetarikoek sinatu dute beren izenaz eskutitz hori. Inolaz* ere, kontzientziatze mailan bederen*, ba du eskutitz honek zer esanik.

Añoberos jauna gaurko lan egoeraren aurrean

 «Hazkundearen* alde onak eta txarrak» izenburuarekin argitara berria du dokumentu bat Bilboko Añoberos apezpikuak. Honez* gero aski* ezaguna datekeela* jakin arren —Bizkaiko eliza askotan irakurria izan baita—, hala ere, ez genuke azpimarratu gabe utzi dokumentuaren garrantzia.

Langileriak bizi duen edo, hobeto esan, jasaten* duen egoera, franko zabal —baina ez arin— arakatzen* duela iruditu zaigu. Azterketa osoa kapitalismo giroan murgiltzen bada ere (espreski adierazten da hori), dokumentua, ez dugu uste, ohizko* arruntasunetan* geratzen denik. Eskertzekoak dira, zalantzarik gabe, Añoberos jaunak eskaintzen dizkigun leialtasuna eta zenbait egia garratz esateko ausartzia.*

Frantziako kristau gazteak ez daude lo

Frantziako Kristau Langile Gazteriak, edo JOC mugimenduak, bere 50. kontseilu nazionalean, hiru arlotan iharduteko asmoa berretsi* du: sindikatuetan, langileen eskubideak defendatuz; politikan, gizarte egituren* berrikuntzaren alde burrukatuz; apostoladutzan, gazte langileei «gizona erabat* askatzen, maitatzen eta eraberritzen duen Kristo» azalduz. Mugimendu honetako gazteek elkar ikusketa batzuk ukan dituzte gazte komunistekin. Elkarrekin moldatu duten agerian, ekintza bateratu baten aldeko azaltzen dira, egungo krisiari eta «industria handi eta indartsuaren erabateko* zerbitzuan» dagoen Gobernuari aurre emateko.

Eliza Katolikoa zifratan

Irten* berria da Eliza Katolikoaren «urterokoa», hau da, urte guztiez Elizaren albisteak jasotzen dituen liburua.

1971.eko 669 milioiak 683 milioi katoliko izatera pasatu dira. Parrokiak ere ugaldu egin dira: 192.644etatik 193.996tara igo* dira. Apezak ez dira berdinki ugaldu. Elizbarrutietakoak* (erlijioso ez direnak, halegia*), epe berean, 2.161 gutiago dira (hauetatik 1.894 dira apezgoa utzi dutenak). Apezgaiak ere gutiago dira: 1971.eko abenduan 68.776 ziren, eta orain 4.129 gutiago. Hala ere, esan beharra dago, beheraldi hau ez dela Eliza Katoliko osoarena: Europa, Ipar eta Hego Amerikakoa da; baina Afrikan, Asian eta Erdi Amerikan geroz eta gehiago dira apezak.

Apezgaitegiak ere gutiago dira: elizbarrutietakoak eta erlijiosoenak 400 ziren 1971.ean; gaur egunean, ostera,* 322. Europak izan du atzerakadarik handiena.

Jose A. ADURIZ

Joan J. ITURRIOZ


Herrialde guztietan

AK eta AS

Sigla hauk* ikustera ohitu beharra eta horren premia izango dugu aurrerantzean euskaldunok, eta bestek. Alderdi Komunista edo PC esateko, AK erabiliko dugu euskaraz. Eta PS edo Alderdi Sozialista adierazteko, AS.

 Bi alderdiok ez dira bake saindu luzean orain arte bizi izan. Egun hauetan, bai Frantzian eta bai Portugalen, erdi haserreturik dabiltza, esaterako.* Eta bietan arrazoin berdintsuengatik.

Irakurtzen dudanez (eta hemengo aldizkari zenbaitek pozik ematen du horren berri!), «Avante» Portugaleko AK-ren organo ofizialak AS-ren antikomunismoa eta antibatasuna salatu ditu. Dioenez, «AS-n geroz eta gehiago sartzen ari den joera antikomunista eta antibatasunzaleak, benetako preokupazioa sortzen du». Eta, jarraian, AS-ren joera antisobietarra ere salatu du.

Halatsuko eztabaidak Frantzian ere ezagunak dira. AS bere Kongresu Nagusia prestatzen ari zelarik, AK-k argi eta garbi eta disimulurik batere gabe esaten zuen, AS-ren arriskua eskuinera egitea zela, eta Programa Bateratua aurrera eramateko garantiazko bide bakarra, AK bera bizkortzea, indarragotzea eta nagusitzea zela. Programa berbera egiaztatzeko, AS-ren eritziz, sozialismoaren nagusigoa zen garantiarik premiatsuena, alderdi hau ez baitago inoren menpean. Hilabeteak pasatu arren, polemikak oraino ere irauten du, eta, isiltzen denean ere, ez da ezabatzen.* AK-ri ez zitzaion fitsik* ere akusazio hori gustatu. Moskurekin AK batek ez baitu zerikusi zuzenik.

Sozialista batek —portugaldar, frantses, edozeinek— ongi uler ezin dezakeena zera da, halegia,* komunistek AS-ren jokabide eta joerazko arriskuak eta harreman posibleak kritikatzeko, epaitzeko eskubidea izatea. Eta hori guztiori kontrapartidarik gabe, gainera, zeren* eta, sozialista batek AK-ren politikabideak kritikatzen baditu eta Moskuren jokabideak salatzen, orduan AK guztiz haserretzen baita, eta sozialistak horrela kapitalismo eta eskuin indarren jokoa egiten ari direla esateko eskubideak oro baititu.

Kritika egin ohi duenak, berari buruzkoa onhartzen ere ikasi behar luke. AK-k ez daki horretaz askorik, barneko bide ofizialetatik ez datorkion kritikarik nekez onhartzen baitu. AK, demokrazia batetan, partaide beharrezkoa da, baina zaila. Zaila, baina beharrezkoa.

Europako komunistak

 Duela zenbait aste, Europako 28 Alderdi Komunistak egon dira Budapesten bildurik. Eta Berlinen hurrengo Bilkura* Nagusia egitea erabaki dute.

Oraingo eta geroko bilkuren funtsa,* nire ustetan, honetan dago, halegia,* Europako mugak haintzat eta bereizgarritzat harturik, Europako kapitalismoa eta gainerako arazo eta baldintzak kontutan hartuta, nola benetako komunista izan. Edo, eskola hipotesiarekin esateko, herri aurreratu batetan komunismoa nola egokituko litzatekeen.

Egunkariek, beti nire ustetan, ez diote bilkurari zor zaion garrantzirik eman. Ba dakit, bai, ez zela konferentzia nagusia. Baina Europako AK denak biltzea bera, beti da beraren horretan interesgarri.

Esan bezala, «urte erdi aldera» egingo den Konferentzia prestatu nahi izan dute. Lehen uste genuen, maiatzaren 8an egingo zela, egun horretantxe ospatzen baita nazien galeraren urtemuga. Orain ez dakigu segurtasunez noiz izanen den.

Delako Berlingo Konferentzia horretan gai ardatz bezala erabiltzeko aukeratua denari oso zabal deritzat. Zabalegi, zerbait zehatz atera dadin. Helburu bezala eman dute, eta ez dakigu, gerora egingo diren batzordeko* bileretan-eta deus* zehazterik eta mugatzerik izango ote duten. Ba dirudi, nahiko zail gertatuko dela. Hona titulua: Europaren bakearen, segurtasunaren, elkar lanaren eta gizarte aurrerapenaren aldeko burruka.

Gaiari zer tratamendu eta soluziobide emango dioten, hori gero jakingo dugu, Konferentzia ospatzen dutenean. Orain, eta gehiago sakondu gabe, egin berri den bilkurari buruz puntutto batzuk azpimarkatu nahi nituzke.

Akordio batetara iritsitako* puntuak eskas izatea, ulerterraz iruditzen zait. Merkatu Batuko politikariak iristen al dira, bada? Ulerterraz bakarrik ez baina onuragarri* deritzat horri. Hona zergatik. Alderdi Komunistak ez dira gaur, lehen zirenak. Polizentrismoaren garaian gaude. Moskuri so,* sasoin batetan baino gutiago daude. Desestalinizazioarekin txilbor* heste asko moztu dira. AK horik,* bizi diren herrialde eta eskualdeko errealitateari eta bornuari* geroz eta lotuago eta atxekiago* daude, praxian bezala teorian. «Moskurentzako ona dena, denontzako da ona», hori pikotara* joan da, haizea hartzera.

 Jokabide aldakuntza hau garbi ikusi bide* da bi gauzatan (horixek bakarrik aipatzeko): Sobiet Batasuna, oso oker ez banago, ez zen Konferentzia hau ospatzearen aldeko. Haintzat hartu nahi izan ez duen errealitate bat onhartzera behartu dute Europako Alderdi Komunistek. Zergatik ez zen Bilkuraren aldeko, susmo bidez gutienez, nahiko erraz uler daiteke, Kremlingo bulegoetan* sarrerarik izan gabe ere. Bi arrazoin moduko esango nituzke nagusiki. Bateko, Europako koadro espezifikoa bera ez duela Sobiet Batasunak haintzat hartzen, esan* nahi baita, Europako bezalako herri kapitalista batetan arazo bereziak sor dakizkiola komunismoari, eta taktika eta estrategi aldetik egoera horrek Sobiet Batasunarekin berarekin ere desakorduan egotera eraman ditzakeela alderdiok. Italiako Alderdiarekin gertatua, eta Carrillorekin ere. Eta, besteko, bilkura horiek ohitura zenbait sortuko dutela, eta horrela Europako Alderdi Komunistek aske* eta burujabe* izateari gustua aterako diotela. Banan banan konpontzeak lana badu, areago* bloke egiten dutelarik.

Bere kontseiluak eta eritziak aholkatzea* edo ezartzea (edo aholkatuz ezartzea) geroz eta zailago egiten zaio Sobiet Batasunari. Ponomariev, Sobiet Batasuneko ordezkariak, bilkura horretan, zeharka bada ere, China kondenatzeko eskatu duenean, ez du grazia handiegirik egin. Europako alderdiak, sarri, ez daude segur, Sobiet Batasunaren interesak automatikoki sozialismoarenak diren ala nazioarenak. Dakitena da, China-Sobiet Batasuna burruka horrek, esaterako,* sozialismoari gaitz egiten diola. Baina ez dakite nork duen arrazoin. Antisobietismoa eta antikomunismoa geroz eta gutiago jartzen dira parean eta maila berean.

Gero, alderdiok ez dutela batasun ikaragarririk erakutsi? Harritzekorik ez dago hor. Eta onuragarri ere ba dela esan dugu, hain zuzen bapateko* batasun horiek funtsean izaten baitute gaitza.

 Puntu batzuetan lortu da batasuna. Hala nola, indar demokratiko eta aurrerazale guztien batasuna indarragotzea erabaki da (gaurko estrategiaren arabera*), eta Chipreko eta Ipar Irlandako herriekin bat egitea (interesgarri hau ere, konkretatu egiten dutelako; lastima, beste burruka batzuk ez aipatzea).

Harpeitanya, Alpeetako nazio ezezagun bat

Noizbait Larresorok, ZERUKO ARGIAren horrialdeetan, Italiako Val d'Aostakoen berri eman zigun; eta gu geu, egia aitortzeko, bertakoak frantsesak zirelakoan egon gara orain arte. Baina, Larresororen antzera, oker geunden. Val d'Aostakoak, italiarrak ez diren arren, ez dira horregatik frantsesak; aitzitik,* beste nazionalitate bat osatzen dute: Harpertanya.

Harpeitanya, lurraldez, Savoia, Valais, Val d'Aosta eta Piemonteko ipar-mendebaldeko haranez osatua da, Alpeen oinetan. Hizkuntzaz franko-probentzalak dira, Erdi Haroan zabalera handi xamar ukan zuen mintzaira erromaniko batekoak. Mintzaira horretan, Fernando Sarrailh-en eritziz, indoeuropar hizkuntzen aurreko idioma baten arrastoak aurki daitezke gaur egun ere, euskararekin zerikusia zedukakeen* hizkuntza batenak, halegia.* Harpeitanya izena, horretaz,* Harpeen edo Alpeen herria dateke,* hots,* harri edo haitz pean dagoen lurraldea, Sarrailhen ustez.

Politikan, harpeitarrak ezkertiar agertzen dira, sozialismo ethnokratiko baten aldeko. Ethnokrazia, herri naturalen zerbitzurako agintea da; demokrazia, aldiz,* herri eratu eta burokratikoaren zerbitzurako politika izan den bitartean.

Harpeitarrek, euskaldunokin duketen* ethni sustraia argiro aitortzen dute, eta menditar herri bion arteko anaitasuna predikatzen.

Bihoazkie* hemendik, nazioartekotasunik sentituenaz, gure goraintziak eta egunsenti* hobe baten itxaropena.

Gaullismotik giscardismora

Alderdi Komunistak atera dituen eztabaida eta puntada batzuk aparte, bare dago ezkerra Frantzian.

Eta gaur bare bakarrik ez baina pozik ere. Ezkerraren analisien arabera,* izan ere, eskuinaren batasuna arrakalatuz* doa.

 Azkenengo hilabete honetan UDR alderdi gaullistan gertatuak, ba du zer erakutsirik. Nahiz eta, zehazki bederen,* horren esannahia aztertzea ez oso erraza izan.

 Dakiguna da, «estatu kolpe» txiki bat egon dela hor. Jacques Chirac Gobernuko lehen ministrua, UDR alderdiaren buru da orain, Idazkari Nagusi tituluarekin. Harritzekoa?

Frantziako politik armiarma* sareak pitin bat ezagutzen dituenarentzat, ba da hor zertaz harriturik. Goazen emeki* emeki. Giscardek «new look» edo itxura berriko lehendakari bezala presentatu nahi izan du bere burua. Hau da, politikoki ulertuta, ez De Gaulle eta gutiago Pompidouren antzeko. Gaullistek ongi ulertu zuten hau. Hortik haserrea.

Haserrea, egia esan, lehenagotik dator. Gaullistek sekula ahantziko ez dutena da, nola Giscard, De Gaulleren ministru zelarik, honen kontra atera zen, jaustea* ekartzeraino. Giscard ez da sekula gaullista izan. Denek dakite hori.

Giro horretan, Pompidou hiltzen da, minbizi* gaizto batek joa. Hauteskundeak* datoz. Besteen artean, gehiengoaren* aldetik, Giscard eta Chaban Delmas aurkezten dira. Eta, halabeharrez, aurrez aurre gertatzen. Chaban, Bordeleko* alkate eta lehen ministru ohia* izateaz gainera, gaullista ere ba da. Gaullista izanik ere, diputatu multzo bat —berrogei ta hiru— Giscarden aldera pasatzen da. Hori eskandalua! Handiagoa da oraindik ere eskandalua, horien artean, ministru zen Chirac ere ba doala ikusita. Hau, esan ohi den bezala, «con armas y bagajes» joan da bestaldera. Saldukeria! oihukatzen du zenbaitek.

Giscardek, esker onez eta UDR-rekin ez haustearren, lehen ministru egiten du Chirac. UDR-rentzat berriz ere problema. Ez daki zer egin, Giscardekin kolabora ala ez. Azkenean, edo «errealismoa» nagusitzen delako edo hondakinak ere salbatzearren, harekin ez haustea erabakitzen da. Baina garbi esanez, UDR-k, Gobernuarekin lan egin arren, bere nortasuna eta distantzia gordetzen dituela. Gisa* guztiez, barnean itzalezko* eztabaida eta etendurak sortu dira dagoeneko.*

Eta, halako batez, Chirac salduak berak hartzen duela Alderdiko agintea jakiten dugu. Inoiz baino larriago da gaur UDR gaixoaren barne egoera. Pentsa dezakegu nolako umorez ibiliko diren UDR-ko betiko «oilarrak» («baron» direlako horik): Chaban bat, Guichard bat, Debré bat, Messmer bat, Couve de Murville bat. Hauetako inork ez du Giscard maite. Gutiago Chirac orain, pentsatzen dut nik.

 Zer gertatuko da orain? Zatikatzeren bat etorriko ote den pentsatzen dute batzuek. Separatzaileen buru Guichard izango dela ere esan da. Bestalde, Chaban bera isilune luze honetatik irtetekoa* omen da. Gazteriari, barnean gelditzeko esan dio, hurrengo barne elekzioak horrela bakarrik irabaziko direla eta. Nor aterako garaile?

Bitartean (eta lehendik datorren higidura* da hori), UDR hustuz hustuz doa. Ihazko partaideak (235.000) erdira jaitsi dira.

Inork ez dakiena da, Chirac-ek zergatik eman duen kolpe hori. Giscardek elekzioak aurreratu egin nahi ote ditu, eta, horretarako, UDR ondo eskuetan edukitzeko agindu ote dio Chirac-i? Edo Chirac-ek bere jokoa egin nahi ote du, Giscarden aurrean horrela indartsuago agertuz, eta, beraz, Gobernua uzteko arriskuak eskastuz?

Dena dela, eta palazio jokoak politikakeri zaleentzat utzirik, ikasgai handi bat ba dago hemen. Halegia, De Gaullerik gabeko gaullismorik ez dela posible, Peronik gabeko peronismorik ez bezalaxe. Mugimendu horik, burua desagertzearekin, zatikatu eta lehertu egiten dira, museorako edo alderdi minoritario izateko bihurtu arte. Etorkizuna lekuko,* beste leku batzuetan ere holaxe gerta baietz!

Robert Escarpit jaunak, ezagutzen zaion umorearekin esan duenez, «De Gaullerik gabeko gaullismoaren ondoren, eta gaullismorik gabeko gaullismoaren ondoren, orain gaullismorik gabeko giscardismoan gaude».

Idazleak:

 Joan ALTZIBAR

 Joan Mari TORREALDAI

 Patxi URTIAGA


Gurutzegrama (53)


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

 ABANTAIL, ventaja, privilegio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ABONATU, suscritor, abonado.

ABURU, eritzi.

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHALBIDE, posibilidad.

 AHOLKATZE, aconsejar, inspirar.

 AIGENEZA KONPRENI, ojalá comprendiésemos. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque». 382. horrialdea.)

AINAKO, adinako, besteko, bezainbeste.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

 AIPATZEKE, aipatu gabe.

 AITZINAMENDU, progreso.

 AITZITIK, al contrario.

 ALA, o qué?

 ALABAINA, izan ere, en efecto.

 ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

 ALOKAIRU, precio del alquiler, prix de la location.

 ALOR, arlo, sail.

 AMORE EMATE, ceder. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 ANITZ, asko.

 APAILATU, eratu.

ARABERA, arauera, según, conforme.

 ARAKATZE, aztertze, ikertze, miatze.

 ARARTEKO, intermediario.

 ARAUERA, arabera, según, conforme.

 ARE, oraindik, aún, encore.

 AREAGO, oraindik gehiago.

 AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

 ARETO, sala, salón.

 ARMIARMA, araña.

ARRAKALATU, agrietado, rajado, fendu.

 ARRAKASTA, éxito, succès.

 ARRAS, guztiz, osoki.

 ARROKADI, roquedal.

 ARRUNTASUN, generalidad, tópico.

 ASALDAPEN, alboroto, tumulto, trouble.

 ASKE, libre.

 ASKI, nahiko.

 ATEREA, ateraia, ateratakoa.

 ATURRI, Ipar Euskal Herriko Adour hibaia.

 ATXEKI, adherido, apegado.

 ATXILOTU, detenido, aprehendido, arrestado.

 AURREZKI, ahorro, épargne.

 AUSARTZIA, valentía, osadía. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 AZKARKI, fuertemente.

B

 BAIKOR, optimista.

 BAITAN, -gan.

 BAITEZPADAKO, beharbeharrezko.

 BAPATEKO (bat + bateko), repentino, súbito.

 BATASUN, elkarte.

 BATIK BAT, batipat, batez ere, bereziki.

 BATZORDE, comisión, comité.

 BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo.)

 BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

 BEGIRATZE, librar, proteger, preservar.

 BEHAKO, begirada.

 BEHINBEHINEKO, provisional.

 BER DENBORAN, denbora berean.

 BEREHALAKO, inmediato.

 BEREIZKERIA, discriminación.

 BEREZITU, especializado. (BEREIZTU, separado.)

 BERRETSI, ratificado.

 BERRIKITAN, berriki, arestian, arestion, recientemente.

 BIARNOA, El Bearne.

 BIDE, beharbada, nonbait.

 BIDEZKO, legítimo, justo.

 BIHOAZKIE, joan bekizkie (bekioez).

 BIKAIN, excelente.

 BILAKATU, bihurtu.

 BILDUMA, colección, resumen.

 BILKURA, bilera, reunión.

 BORDELE, Burdeos.

BORNU, contorno, marco, recuadro.

 BOZ, voto.

BULEGO, oficina, bureau.

 BURUJABE, burjabe, independiente.

D

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARAMATE, daroe, eramaten dute.

 DATEKE, da nonbait.

 DEA (da + a), al da?

 DEITORAGARRI, lamentable.

 DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

 DENORI, dena. (Artikulua bigarren graduan dago. Ikus Altuberen «Observaciones a la Morfología de Azkue» 45-49; eta Villasanteren «La declinación del vasco literario común», 75-80.)

 DEUS, ezer.

 DIRATEKE, dira nonbait.

 DOI, apur.

 DUKEGU, dugu nonbait.

 DUKETE, dute nonbait.

 DUZUIA, duzua, al duzu?

E

 EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

 EGITARAU, programa.

 EGITURA, estructura.

 EGUN, gaur.

 EGUNSENTI, arturratze, aurora.

 EKAIN (eki, sol + gain), junio.

 ELABERRI, novela, roman.

 ELIZBARRUTI, diócesis.

 EMEKI, geldiro.

 EMENDATU, gehitu, aumentado.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERABATEKO, total, absoluto, completo.

 ERAGIPEN, eragin, influencia, acción.

 ERAKUNDE, organismo, entidad.

 ERDIETSI, lortu.

 EREMU, extensión de terreno.

 ERITASUN, gaixotasun.

 ERRU, hoben, kulpa.

 ESAMESA, erranmerran, chisme, hablilla.

 ESAN NAHI BAITA, a saber, es decir, esto es.

 ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

 ESKUALDE, comarca, distrito.

 EURREZ, abundantemente. (ERRUZ, hobenez, por culpa.)

 EZABATZE, desagertze, desaparecer.

 EZEZIK, no solamente.

 EZIK, salbu, a no ser, excepto.

 EZTANDA, explosión.

F

 FITS, apur, deus, ezer.

 FROGA, prueba, demostración.

 FUNTS, fondo, esencia, sustancia.

G

 GAILENDU, nabarmendu.

 GAINDITU, superado.

 GAITZ, enorme.

 GAITZETSI, condenado, reprobado.

 GAZTELANIAZ BESTE HIZKUNTZA, otra lengua distinta del castellano. (Ikus Axularren «Gero», 21, 38, 86, 93, 267; eta Villasanteren «La declinación del vasco literario común», 89-90.)

 GEHIENGO, mayoría.

 GERATZE, gelditze.

 GERTU, prest.

 GISA (1), modu, era.

 GISA (2), bezala.

 GISA GUZTIEZ, de todos modos.

 GORABEHERA, a pesar de, malgré.

 GRINA, kezka, souci.

 GUTUN, eskutitz, carta, lettre.

 GUZTIENGATIK, a pesar de todos, malgré tous.

H

 HAINTZAKOTZAT, haintzat, en consideración.

 HALABER (hala, asi + ber, mismo), igualmente, también. Ene ustez, arrazoin du Altubek, baita ere (bai eta ere) gaitzesten duenean. Ikus haren «Erderismos», 195-206 horrialdeak.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción.)

 HAR ZETAGILE, gusano de seda.

 HASERA, haste, hastapen, comienzo.

 HAUTABIDE, opción.

 HAUTESKUNDE, elección por votación.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAUZOLAN, trabajo comunitario.

 HAZIL, noviembre.

 HAZKUNDE, desarrollo, développement. (Bazter dezagun sekula betiko desarroilo hitz itsusia.)

 HEDATU, zabaldu.

 HEDATZE, zabaltze.

 HEGI, ertz.

 HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)

 HELDU, maduro, mûr.

 HELDUTASUN, madurez, maturité.

 HEREN, tercio, tercera parte.

 HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

 HIGIDURA, mugimendu.

 HILDO, surco, sillon.

 HITX, hets, cerrar, fermer. (HITXI, hetsi, cerrado, fermé.)

 HITXI, hetsi, cerrado, fermé. (HERTSI, herstu, estrechado, apretado. Ikus «Zabal», 7. zenbakia, 52. horrialdea.)

 HOBENDUN, hobenduri, errudun, culpable.

 HONEZ GERO, dagoeneko, engoitik, para ahora.

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

 HORREGATIK, horregatio, a pesar de eso, malgré ça.

 HORREN, hoin, tan.

 HORRETAZ, según eso, por consiguiente.

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HURA, ha.

I

 IA, kasik.

 IDAZKARITZA, sekretaritza, sekretalgo, secretariado.

 IDOR, árido, seco.

 IGANDEKARI, en domingo.

 IGARTZE, adivinar, deviner.

 IGO, igan, igon. (Iparraldean eta Bizkai osoan aditz honek ez du N galtzen. Ene ustez, igan hautatu behar genuke euskara baturako, iragan egin dugun bezala.)

IGORRI, bidali.

IKERKETA, ikertzapen, azterketa.

INKESTA, encuesta.

 INOLAZ ERE, nolabait.

 IRAIL, septiembre.

 IRITSI, heldu.

 IRTEN, urten, atera, jalgi.

 IRTETE, urtete, ateratze, jalgitze.

 ITZALEZKO, enorme.

 IZANGO AHAL DA, ojalá haya.

J

 JADANIK, ya.

 JALGI, atera, irten, urten.

 JARRERA, actitud, posición, postura.

 JASAN, soportado, sufrido.

JASATE, soportar, sufrir.

JAUSI, erori.

JAUSTE, erortze.

JAZO, gertatu, agitu.

JENDEKETA, población.

K

KARIA, motivo.

KUDEATZAILE, director, gerente. (Ene ustez, kudea, kudeatu, kudeatzaile berba ederrok sarriago erabili behar genituzke hegoaldean, zuzendu eta zuzendari beti ez erabiltzeko.)

L

 LEKUKO, testigu.

 LELO, cantinela.

 LIBURUKI, tomo, volumen.

M

MAIZ, sarri.

MALERUSKI, zoritxarrez.

MAZELA, falda, ladera.

MENERATZE, dominar. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 MIATZE, aztertze, ikertze, arakatze.

 MINBIZI, cáncer.

 MIXKINKERIA, mizkinkeria, remilgo, minauderie.

 MUKURU, colmo, tope.

O

OHI, ex-.

OHIZKO, habitual.

OIHANEZTATZE, repoblar forestalmente.

OIHARTZUN, eco.

ONURAGARRI, provechoso.

 ORO, guzti.

 OROKOR, general.

 OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

P

 PAIRATZE, padecer, sufrir.

 PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio).

S

 SAIL, zeregin, quehacer, tarea.

 SAMAR, apur.

 SINADURA, firma.

 SO, begira.

 SORTU, sortutako, sorturikako, sorturiko.

 SUSTRAI, erro.

T

 TXILBOR HESTE, zilbor heste, ombligo.

 TONA, tonelada.

U

 UDAL, municipio.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

 UKITU, tocado. (HUNKITU, emocionado, conmovido).

 UNADA (une + ada), bolada, temporada.

 URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

 USAIA, uso, costumbre.

 USU, sarri, maiz.

 UZTAIL, julio.

X

 XARMAGARRI, encantador.

 XEDE, fin, objetivo, propósito.

Z

 ZAREA (zara + a), al zara?

 ZEDUKAKEEN, zeukan (eukan) nonbait.

 ZEHARO, guztiz, osoki.

 ZENBATSU, zenbat guti gorabehera.

 ZEREN (ETA), ze, pues.

 ZINEZ, benetan.

 ZULATU, resuelto.


Euskal Unibertsitaterako bidetan

Titulu hau lapurtua dut. Deustuko, Lejoako eta Sarrikoko unibertsitarien euskal kultur taldeek beren arteko boletinari eman dioten titulua da, hain zuzen ere. Haien, beste askoren eta gure asmoa zuzenean agertzen du.

Abenduaren 26an egin zen bilera bat Donostian, datorren (hirugarren) Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) antolatzeko. Berrogei bat lagun ziren bilduak. Joan zen udakoaren azkenean eta geroztik emaniko eritziak jasoz, lau puntu hauetaz izan ziren elkar hizketa eta hartu ziren erabakiak:

1. Idazkaritza* zabalago bat antola. Zazpi lagunek osatuko dute Idazkaritza hau, beste hainbeste kultur talderen ordezkari bezala. IKASek iraungo du, legearen aurrean, Unibertsitatearen antolatzaile bezala, Idazkaritza horrek inolako ofizialtasunik ez duenez gero. Iruditzen zaidanez, idazkaritza ez, eta bai batzorde antolatzailea eta eragilea litzateke talde hori. Bestalde, ez dut uste talde hitxia* izan behar duenik, euskal munduan beste kultur talde batzuk* ere baitaude, idazkaritza horren mailan eskuhartu beharko luketenak. Unibertsitatearen batzarrea bera ezik, ez dago beste inor, ateak hitx* liezazkiekeenik.

2. Sailak finka. Hauxek ziren orain arteko sailak: Hizkuntzalaritza, Zientziak (beste sail guztiak ez ote zientziak? galdetzen zuen batek), Gizarte zientziak (hiru alorretan banatuak: Antropologia, Historia, Filosofia), Edergintza (antzerkia), Ekonomia, Teologia (filosofia), Kazetagintza, Pedagogia. Beste bi sail erantsiko zaizkie: Medikuntza eta Magistergoa (azken honen zuzendaritza eta erakuntza Euskaltzaindiari eskatuko zaio, eta irakasle diren edo izan nahi dutenentzat sail zabala izango da). Sail batzuk, datorren urteko Unibertsitate hau prestatzen hasiak dira; gehienak oraindik ez. Beldur naiz, Euskal Unibertsitate hau, erakunde bezala tinko egituratu baino lehen, puztuegituko ote zaigun, lehertzeko arriskuz. Dena dela, sail bakoitzak arduradun bat edo bi izango ditu. Arrisku hura* oso gogotan eduki beharra dagoela uste dut; baina, bestalde, ez dago, gaurko egoera honetan, inongo saili eta ikasleri ateak hixterik. Dena dela, sailak ugaritzeko baino, Unibertsitatearen legezko eta ekonomiazko ardatzak eta erakundea bera finkatzeko ardura handiagoa behar dela iruditzen zait.

 3. Ihazko Unibertsitatearen bildumaz* zer egin? Hango hitzaldiak liburu gisa* eta Unibertsitatearen izenean argitaratzeko asmoa ba zen. Hala ere, horietako lan asko biltzerik izan ez delako eta beste batzuk erdizka bakarrik, aurtengoz horrelako bildumarik ez ateratzea erabaki zen. Hala ere, hango zenbait lan argitaratua dela dirudi, aldizkaritan edo libururen batetan. Egokia da, noski, urtero Euskal Unibertsitatearen aurpegia erakustea eta haren fruitua emango duen liburua ateratzea; baina, bileran aitortu zenez ere, lan handia emango luke horrek, eta aurretik ondo antolatu beharra dago. Horretarako, batzorde antolatzaileak arduradun bat hautatuko du, eta sail bakoitzak bere idazkaria izango du.

4. Hirugarren UEU bidetan. Hirugarren Udako Euskal Unibertsitatea bidetan da, baina bidea egin behar da. Eta hauzolanean,* gainera. Batzorde antolatzaileak eta eragileak badu egitekorik: Non egingo Unibertsitatea? Donibane Lohitzunen? Iparraldean egiteak ba du onik, noski; baina bai eta eragozpenik ere, zenbait hegoaldeko ikaslerentzat behintzat. Dirudienez, datorren udakoa iparraldean izango da. Baina batzordeak erabaki beharko du. Egunak ere ez dira edozein modutan aukeratzekoak, eta alde horretatik izan zen kritikarik lehengo urtean, zenbait ikaslek irailean* udazkeneko azterketak prestatzen hasi beharra baitaduka. Horien guztion berririk laster jakingo dugula uste dut. Baina batzordeak izango du lanik, sail guztiak elkar bideratzeko eta aurrera bultzatzeko.

Datorren Udako Euskal Unibertsitatea ukanen dugu noski. Bidetan goaz. Baina bat bakarra ala bi? Eta... Euskal Unibertsitaterik («udako» hitz hori kendurik) ukanen ahal dugu? Zein izango da orduan udakoaren eginkizuna? Uste dudanez, UEUk luzaro xamarrerako eginkizuna izango du oraindik.

Azken urteotan, euskal izeneko udako bi Unibertsitate egin izan dira: Oinatikoa (behin Loiolan eta beste behin Azkoitian egin bazen ere) eta Donibane Lohitzunekoa. Banatuta ibili diren arren, beren asmoetan izan dute beharbada kidetasunik. Eta aurrerantzerako elkar hizketa bat sortzen ari dela dirudi. Izan ere, luxua ezezik,* lelokeria ere ba dirudi, bi Euskal Unibertsitate eduki nahia eta bi daduzkagula uste izatea, bat ere ez dadukagularik. Ez dakit nondik nora joango diren elkar hizketa horik;* baina, uste dudanez, EUSKAL Unibertsitatea sortzera joko dute. Eta, nire eritziz, EUSKAL Unibertsitateak euskarazkoa izan behar du. Azken aldian eta Donostiako azken bileran ere hitz egin da, ea euskal kulturaz ari den zenbait erdal maisuri Donibaneko Euskal Unibertsitatera deirik egin behar zaion ala ez. Oraindik ez da erabaki; baina neure aldetik zera esango nuke: Euskal Unibertsitatearentzat aberasgarri izan daitekeen neurrian, eta ez oztopogarri, dei genitzake jakintsu horik; baina ez diezaiogun inolako abantailik* eman erdal jakintsuari Euskal Unibertsitatean. Euskal Herriko erdal jakintsuak euskarazko kultura egitera bultzatu behar ditugu, eta ez erdarazkoa.

Izan ere, ez dut uste, Euskal Herriko edo Espainiako erdal Unibertsitateetatik, ez Frantziakoetatik, Euskal Unibertsitaterik sortuko digutenik. Euskal Unibertsitateak sortu beharko du euskal Unibertsitatea. Aspaldi honetan, sortzen, hedatzen* eta finkatzen ari dira Unibertsitateetako euskal kultur taldeak. Gero eta entzunagoak gertatzen zaizkigu honelako siglak: EKT, EKM, EIT, etab. Hauk izango ote dira Euskal Unibertsitatearen sustraia*? Horietaz aparte, ba dira, Euskal Herrian beren historia handia edo historiakoa duten kultur Instituzioak: Euskaltzaindia, Arantzadi, Elhuiar (Real Sociedad de Amigos del País?), etab. Unibertsitate bat nahi badugu, Herrian Unibertsitate giro bat behar dugu.

 Hizkuntzaren alorrean Euskaltzaindia, Natur Zientzien alorrean Arantzadi, eta Zientzia «zehatzen» alorrean Elhuiar ari diren bezala, kulturaren beste alorretan ihardungo duten beste horrelako Instituzioak beharrezkoak ditugu, Euskal Unibertsitateari giroa eta bidea prestatzeko. Hauen artera bildu behar ote ditugu SIADECO, GAUR eta beste horrelako azterketa Instituzioak? Zoritxarrez, nabarmena da, Euskal Herriko Instituzio hauk* larri ibili izan direla eta dabiltzala finantziaketa aldetik, eta, beraz, beren barne eraketa aldetik ere bai Ez dirudi, Euskal Herriko Diputazioek aspaldiko urteetan oso haintzakotzat* hartu dituztenik. Hala ere, horrelako Instituzio eta Institutuak Estatuak finantziatu —eta oso gogoz finantziatu ere— ohi ditu. Etorkizunean izango* ahal da, orain ditugun eta gerora izango ditugun horrelako Instituzioak gogotanago hartuko dituenik!

Baina horrelako Instituzioak ez dira inoiz Unibertsitateen ordezkoak izan. Beren eginkizuna dute horiek eta terena Unibertsitateek, elkarrengandik urruti ez badabiltza erti, eta zenbait puntutan elkartzen badira ere. Zein izango da EKT-EKM-EIT eta horrelako kultur taldeen eginkizuna eta etorkizuna? Oraingoz, beren Unibertsitate barneko egoera sendotzen eta finkatzen ari dira. Horrezaz gainera, beren berehalako* eginkizuna dute, bizi eta diharduten Unibertsitate edo Fakultateetan euskal giroa indartzen, euskal kulturazko saioak eragiten eta antolatzen, etab. Ez dute, inola ere, Fakultatean ari diren euskal unibertsitari apurren babesleku hutsak izan behar. Erdal Unibertsitateak —edo, berehalakoan, unibertsitariak— euskalduntzera jo behar dute. Eta horretan ari gara.

Baina, Euskal Unibertsitatearen bidean, talde «agresibo» horiek, Euskal Herriko Unibertsitate bakoitzean, Euskal Kulturaren INSTITUTU bana sortzera edo bihurtzera jo behar dutela uste dut. Ez da aski,* euskararen katedra edo Bizkaiko Antropologiaren katedra ezartzea. Dagoeneko,* Euskal Kulturaren benetako Institutua eskatzera jo genezakeela uste dut. Horretarako indarrak —irakasleak— prestatzen ari dira kultur talde horietan.

Euskal kultur taldeak aurrenik; euskal kultur Institutuak ondoren; euskarazko Fakultateak eta Unibertsitatea azkenik. Hauxe uste dut izango dela «Euskal Unibertsitatearen bidea». Bide honen urratzaile —bidegile— izan behar du Udako Euskal Unibertsitateak.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

diezaiogun, deiogun

digute, deuskue

diote, deutsoe

genezake, geinke

genitzake, geinkez

liezazkieke, leiskioez

zaigu, jaku

zait, jat

zaizkie, jakez

zaizkigu, jakuz