ANAITASUNA

283. zenb.

1974.eko urriaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Sinodua-1974

Irailaren* 27an bildu du Erroman Eliza Katolikoak, urriaren azkenerarte iraungo duen bere Sinodua. Mendebaldeko* erromatar Elizaren barnean, Sinodua gobernagailu berria edo berritua da, eta konstituzio berrikuntzarako asmatua. Vatikano II.aren ondoren hasi da lan egiten. Zazpi urtetako bizitza bakarrik du, beraz.

Oraingo hau, Sinoduaren laugarren bilkura da. Lehen bilera 1967.ean egin zen; eta orduko gaiak, fedearen krisia, eliz zuzenbidearen* berriztatzea, apezgaitegiak eta liturgiaren erreforma izan ziren. 1969.eko bilera biltzarre berezia izan zen, eta gaiak: apezpikuen elkarkidetasuna eta hauek Erromarekin ukan ditzaketen harremanak. 1971.oko bilkuran, gizarte lanari zuzenagoan begiratu zitzaion, «apezaren ministergoa eta justizia munduan» gaia aztertuz. Aurtengo bilkurarako hautatu den gaia, «gaurko munduaren ebangeliogintza» da.

Aurtengo Sinoduan parte hartzen dutenak

Erregelamenduaren arabera,* mundu osoko apezpikuek osatzen dute Sinodua. Ekialdeko* eliza ortodoxo-katolikoek 15 ordezkari dituzte. Gainerakoak latin elizaren ordezkariak dira —143 orotara*—, munduko bost alderdietatik etorriak: Europarrak 40, Hego Amerikarrak 36, Afrikarrak 33, Asiarrak 22, Ipar Amerikarrak 7, eta Australiarrak 5. Aita Sainduak berak izendatu dituen 22 batzarkideak, eta Kuriak eta Erligioso Ordenen ordezkari bezala hautatu direnak kontutan harturik, 209 lagun dira, guztitara, Sinoduan parte hartzen dutenak. Ikusten da, beraz, Erromatarren egitekoa eta eragina, handia izanik ere, oso mugatua gerta litekeela Sinodu barnean.

Egia esan, orain arteko Sinoduek ez dute eman, askok nahiko zuketen fruiturik. Beharbada, oso teorikoak izanik, ekintzabide jakinik eragin ez dutelako. Alde anitzetatik beren buruak kristau fededuntzat jotzen dituzten zenbaitentzat, aurtengo Sinodua eraginkorragoa izanen da.

Dena dela, egitekoaren funtsean dagoen galdera bati erantzun beharko dio aurtengo batzarreak: nola eman gaurko munduari betiko Ebangelioa? Bilaketa honen lehen oinharri bezala, galde bilduma* bat zabaldu zuen Sinoduaren Sekretaritzak. Mundu osotik jasotako erantzun eta albisteekin dokumentu sozio-pastoral bat moldatu da.

Sinoduaren lehenbiziko bi asteetan, estudio horren azterketa bat egin du biltzarreak. Brasilgo Lorscheider apezpikuak azalpen orokor bat egin ondoren, bost txostenetan* erakutsi da Elizaren kontinente bakoitzeko egoera: Afrikakoa, Tanzaniako Sangok; Hego Amerikakoa, Argentinako Pironiok; Ipar Amerika eta Ozeaniakoa, Estatu Batuetako Bernardin apezpikuak; Asiakoa, Pakistango Cordeirok; Europakoa, Marseillako Etxegaraik.

Esan bezala, Sinoduaren erabakiek eliz konstituzioa moldatuko dutenez, biziki garrantzizkoa izan da hainbeste eta hain partaide desberdinak elkartzea.

Lehen parteko azterketa sozio-pastoralaren ondotik, hurrengo bi asteetan ekintza berriari teologi oinharriak emango zaizkio, hau da, gaurko munduan lan egiteko premiazkoak diren zimentarri teorikoak bilatuko.

Bistan da, Vatikano II.az geroztik, Elizak gorabehera oso desberdinak ukan dituela: atzerakada nabarmenak zenbaitetan, loraldi berriak bestetan. Etorkizunaz hitz egin eta ausnartu beharra dago, beraz.

Zer itxaron litekeen eliz biltzarre honetatik

Toki askotan ez du Sinoduak baikortasun* handirik aurkitu, aurretik egin direnetatik ondorio eragile eta bizkorrik sortu ez delako, nonbait. Hauxe da egia. Katoliko ekintzaileengan ere ba da pesimismorik franko. Hala ere, zerbait jatorrik espero ote genezake oraingo bilkura honetatik?

Katolikoak zerbait itxaron beharrean daude une honetan, eta beharbada itxaropen hobeagorik ukateko arrazoinak ere ez dira falta. Hasteko, gogora dezagun, Sinoduak egingo dituen gogoetek,* bestetan baino oinharri errealistagoa dutela. Teoria hutsean funtsatu* partez,* azterketa soziologiko batetik ekiten* zaio lanari. Alde honetatik, Kontzilio berritzaile haren jite* berriari leial zaio Sinodua.

Bestalde, mundu osoari Erromako hiritik epaia eman ordez, nonnahiko kristau bizipen eta etsimenduen esperientzia dutenak mintzatuko dira oraingoan. Hauxe da, hain zuzen, Elizako gobernagailuen artean Sinoduak ekar dezakeen egiteko apartekoa: Elizaren, osoaren eta irekiaren, egiazko oihartzun* eragailea izatea. Izan ere, herrien kulturek ez dizkiote alferrik ematen hain ñabardura* desberdinak: tokian tokikoa izan beharra du, beraz, eliz lagunarteak. Azken mende t'erdian (eta lehenagotik ere) Eliza Katolikoan nagusi izan diren zenbait konstituzio molde, birpentsatzekoak dira, eta horretarakoxe ere bidelagun egokia izan daiteke Sinodua.

Joanes GOIA


"Iberia Express"

Galiziako akademiko batekin elkar hizketan

Estatuko beste Herriak ezagutzen iragan ditugu azken lau urteotako oporraldiak. Lehen hiru urteetan katalan hiru herrialdeak ezagutu genituen, eta aurton Galizia. Interesgarria izan zaigu azken ostera hau. ANAITASUNAren irakurleen kultura* zertxobait aberasteko, ustea dugu, tartean, Portugalera, Galiziaren anaia den Herrira egin genuen sar-irtentxoari ere txoko bat utziz.

Hasteko, Santiago de Compostelan, Galiziako hiriburuan, elkar hizketa bat egin genuen Ramon Piñeiro jaunarekin.

Ramon Piñeiro jauna, ozta* ozta bazen ere, aspalditxotik ezagutzen genuen. Bera izan zen, «Real Academia Gallega»ren izenean, gure hiriburu zaharrera, Iruinera, Euskaltzaindiaren urre eztaietako biltzarrera etorri zena. Orduan, elkar agurtu baino askoz gehiago ez genuen egin.

Piñeiro jaunak —«Galaxia» editorialaren eta «Grial» aldizkariaren asmatzaile eta sortzaile— lan interesgarriak eginak ditu, adibidez, «Siñificado metafísico da Saudade», «A Saudade en Rosalía», «Pra unha filosofía da Saudade», «A lingoaxe i as língoas», eta abar. Azken lan hau irakurria dugu, eta oso interesgarria da guretzat ere.

Hara zer konfusio bide ikusten duen Piñeirok galego hizkuntzarentzat bere lan horretan: «prexuicio sociolóxico, prexuicio lingüístico, prexuicio ideolóxico». Zatiño batzuk hartuko ditugu. Uste dut guretzat ere baliozkoak direla.

«O feito de que durante varios séculos o galego teña sido arredado de toda vixencia oficial e reducido á condición de língoa oral popular, tiña que producir unha profunda discriminación sociolóxico-idiomática. Si a língoa do Poder, a língoa da cultura i a língoa do prestixio social era a língoa oficial, mentres que o galego era só a língoa coloquial do pobo traballador...»

«O prexuicio lingüístico pódese en xeneral reducir a istes tres: o poliformismo dialectal, a anarquía ortográfica i o desprestixio social...»

«Chamámoslle ideolóxico, porque vai asociado a un tipo de ideoloxía que en nome do progreso refuga a pluralidade idiomática...»

Eta, besterik gabe, goazen elkar hizketara.

— Nola sortu zen galego hizkuntzarekiko kezka?

— Aintzina aintzinatik, galegoa baserritarren, arrantzaleen eta hirietako langile xeheen hizkuntza bezala bizi zen. Kulturgintza gaztelaniaz egiten zen eta egiten da oraino. Gainera, gaztelania, kultur hizkuntza izateaz aparte, agintarien hizkuntza zen. Administrazgoak, Elizak, handikiek eta hiri burgesiak gaztelania erabiltzen zuten, jakinaren gainean eta harrokeriaz. Galegoz, gizarteko behe mailakoak mintzatzen ziren, menperatuak, «ezjakinak». Baina XIX. mendearen bigarren zatian gure olerkariek kultur iraultza bat egin zuten, herriko hizkuntza arrunta poesi hizkuntza landua bihurtuz. Harez gero, galegoa, hizkuntza landu bezala, poesi sorotik* kultur ekintzetako beste sail guztietara pasatu zen, geroago eta gehiago. Burruka hau, Galiziaren nortasunaren errebindikazio eta afirmaziozko burruka gertatu zen.

— Galegoak zer egoera du gaur?

— Kultur errespetuaren burruka irabazia duela esatea, ez dut uste gehiegikeria bat denik. Gaur galegoari ez zaio kultur balioa ukatzen. Galegoaren erabiltzea errespetuz ikusten da, eta errespetu hau astiro astiro zaletasun bihurtzen da.

Galegoak gaur egun dituen beharretarik, bi aipatuko nituzke nik:

a) Barrura begira, bere aspaldiko itxuraren aldatu beharra. Mende askotan nekazarien kultur munduan iraun zuen, eta nekazaritza gaur kinka larrian dago. Orain hiri hizkuntza bezala ibili beharra du, teknika zibilizazioaren gaietara guztiz egokiturik.

b) Kanpora begira, irakaskintzaz jabetu beharra, batez ere aitzineskolako* eta EGBko mailetan.

— Galegoa hiri handietan guti erabiltzen dela konturatu naiz, egiten ez duten askok mintzatzeko gai izan arren. Ez ote du joera horrek, belaunaldi pare batez, hizkuntza hilgo?

— Hala eta guztiz ere, barrutik begiraturik, galegoaren etorkizunaren itxaropena hirietan dago. Azken hamar urteotan galegoak atzera egin du baserrian. Hirietan, aldiz,* irabazi egin du; jendeak inoiz baino gehiago irakurtzen eta haintzat hartzen baitu. Hirietan lotsa gutiagorekin hitz egiten da geroago eta gehiago; eta honek, geroari begira, balio izugarria du, batez ere jokabide berri honetan parterik nagusiena gazteriak duela kontutan hartzen badugu.

— Galizia eta Portugaleko kultur eta politika taldeen artean ba dago harremanik?

— Portuges intelektualekin ia* beti izan dira kultur harremanak, eta sendotuz doaz. Politika harremanak, ordea, ezinezkoak gertatu dira alde bietatik, joan den urte mordoan.

— Eta euskaldun eta katalanekin?

— Kultur harremanak, eta neurri batez politikazkoak, joan den mendearen azken aldean hasi ziren katalanekin. Alfredo Brañas irakaslearen, «erregionalismoaren» teorigilearen dotrin eragipena oso nabarmena izan zen, batez ere Prat de la Riba-ren eta Cambó-ren jokabidean. Geroago, 1917 eta 1918.ean, Cambó-ren inguruko gizonek eta Cambó-k berak ere orduko galegismoarekin harreman ugariak sortu zituzten.

Euskaldunekiko harremanak geroago hasi ziren, 1920.ean uste dut; eta bai euskaldunekin eta bai katalanekin 1930. urte inguruan indarberritu ziren. Harreman onak izan ditugu beti herri biekin; baina elkarren arteko lanak eten asko eta jarraipen guti izan du.

— Galiziar herriaren birpizkundean zertan jokatu du Galego Hizkuntzaren Akademiak?

— Gure Akademiaren kultur lana, 1906.ean sortu zenez geroztik, oso mugaturik egon da beti, diru faltagatik. Bere ahalen arabera, positiboki lagundu du gure birpizkundea.

— Oviedo, Leon eta Zamorako probintzietan, zeintzuk dira, historiaz, ekonomiaz eta geografiaz galiziar bezala jotzen diren eskualdeak*?

— Asturiasko mendebaldea, Nava hibairaino guti gorabehera, hizkuntzaz Galiziaren jarraipen bat da. Berdin León-go Bierzo eskualdea eta Zamorako Sanabria. Hizkuntzaz eta bizimoldez eskualde hauek eta beren mugako galiziar eskualdeek ez dute desberdintasunik.

J. L. LIZUNDIA

zaigu, jaku

zaio, jako


Hementxe denok

Ipar Aldea. Bizkaia. Nafarroa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Ebangelioa euskaraz

Aspaldidanik hitzemana ziguten, euskarazko Ebangelio berri bat inprimatua izanen zitzaigula. Gaur eskuratu dugu. Jesus Kristoren Berri Ona du izenburua, eta igandeetako irakurgaien bilduma* bat da. Dakigunez, irakurgai hauk* Euskal Liturgi Batzordeak zuzentzen, moldatzen eta idazten dizkigu. Euskal nortasunaren izenean goresten ditugu lan honen kudeatzaile* eta asmatzaileak.

Bizkitartean,* gure eritzi apalez, ez da lana itzalik gabea, bereziki Euskara Batuari doakionez. Gaur egun —ANAITASUNA aldizkari hau, euskal liburuak, diskoak, Euskal Unibertsitatea direla lekuko—* Euskara Batuari buruz hortzez* eta haginez lanean ari garenean, zergatik ez idatz Ebangelio hau Euskara Batuan? Gisa* horretara lanean aritzeari, sozio-kultural baldintza baitezpadako* baten baztertzea dela deritzagu. Zertarako, eliz gauzetan, Euskara Batuari buruz jarrera* ezezkor* eta faltsu hau har? Dakusagunez,* idazlan horretan erabili* euskara* lapurtarra dela esan genezake. Baina, hala ere, duda-mudazko euskara. Hain zuzen, hona zer gisatako kontraformak aurki daitezkeen liburu horretan: adibidez, uso hitza bi gisatara (uso eta urso); batzuetan Jerusalemera eta beste batzuetan Jerusalemerat, t batekin. Zertarako ez behinbetikotz uso hitza har, eta Jerusalemera (eta antzeko hitzak) t-rik gabe idatz! Gainera, huts haundi bat nabari* da: aditz baturik ez da erabili.

Agian,* hemendik aitzina* Euskal Elizak jarrera guztiz ezezkor hau aldatuko digu, jarrera baiezkor batetan sartuz. Ba dirudi, gomendio* hau segituz, asko diru eta izerdi salba litekeela. Azkenekotz: «Jesus Kristoren Berri Ona» lan goresgarria, baina lan mugatua.

Euskaldun laborariak azkenean mugitzen hasi dira

Europako laborariek beren haserrea erakutsi dute, beren traktore eta karroekin bideetara eta karriketara* jaitsiz eta autoen ibilpideak* bizpahiru orenez* trabatuz.

Ipar Euskal Herrikoak ere azkenean itzarri direla esan dezakegu, zeren eta Baionan baitziren berrehun bat traktore, Salbaterran beste berrehun bat, Donibane Garazin eta Ortzaizen zenbait hamarreko.

Donibane Garazin, konkretuki, irailaren 16an, merkatu egunez, goizeko 8etarik aitzina berrogei laborarik bide nagusiak hitxi zituzten. Traktoreak urrats* urrats zihoazen, eta gaitzeko* auto lerrokada gibeletik. Guztiak harriturik zeuden. Laster, manifestatzaileetara hurbildu ziren merkatura etorritako laborariak. Eritzi guztietako jendea multzokatu zen, eta eztabaida bizi biziak sortu. Adibidez, laborari batek zera zioen: «Zuzen da, laborariak bestek bezala ager ditzan bere grinak eta arazoak». Gazte batek: «Damurik,* ez ziguk inork esan, kurridarik* izanen zenik; bestenaz,* geure traktoreekin etorriko giztuzkean gu ere».

Ez da goizegi, gure laborariak edo nekazariak ere lot dakizkion burrukabideari, ikusten baitugu nola eta zenbat haien bizkar zabalaz baliatzen diren Europako gobernuak.

«Monoplast» lantegi berria Baionan

Lantegi berri bat gehiago ba dugu Baionan. «Monoplast» du izena. Sainte Croix deitu hauzoko industrial eremuan aurkitzen da.

Obralanak, joan den urteko irailean hasi ziren. Eta langidariek uste baino gehiago iraun zuten, zeren* eta, lurpearen sendotzeko, orotara* 530 zutoin edo pilare zementuzko sartu behar izan baitzituzten.

Lantegia, joan apirilean hasi zen lanean; eta irailaren 16an bisitatu du Herriko Kontseiluak, Grenet jaun alkatea buru. Orain 125 langile, gizonki eta emazteki, ba ditu. Urte hau bururatu orduko, beste hogei bat gehiago izanen ditu, heldu* den urtearen bukaerarako berrehun, handik besterako hirurehun eta hurrengorako beste ehun bat gehiago: orotara, bostehun bat langiletara heltzeko nahikundea dute lantegi berriaren nagusi diren Caunegre bi anaiek.

Lantegi honek plastikozko ekaia* baliatzen* du. Pikorka* heldu zaio lehen ekaia; eta gero, lanteknika berezi batzuen bitartez, behar bezala landu eta moldeatu ondoren, eguneroko bizian baliatzen diren gauzak bihurtzen ditu, hala nola plastikozko hosto, arin nahiz pisu,* haurren haltzari,* ikuztoki,* janari ontzi eta farmaziako ontzi mota asko.

Baionako Herriko Etxea indar berezi bat egiten ari da, azken urte hauetan muntatu dituen industrial eremuetara* lantegi berri eta garbien ekar erazteko. Noiznahi ordu liteke, beste hiri-herrietako Kontseiluak ere bide beretik abia litezen.

Lanbide berriak nasaiki* behar ditu gure eskualdeak.* Ahal bezainbatean lanbide garbiak eta teknika aldetik aitzinatuak.* Baina ez da aski.* Lantegi horrien gidariak edo koadroak ere lekukoak behar ditugu, eta ez, orain arte gertatzen den bezala, gutiz* gehienak atzerrikoak.

Herri ttipietako eskolak ezin irekirik atxikiz

Iparralde honetan, frantses Estatuaren pean diren beste anitz* eskualdetan bezala, herri ttipiek ba dute non zer egin beren herriko eskolaren irekirik atxikitzeko.* Azken hamar bat urte honetan, bat baino gehiago hitxi da. Eta denbora berean, beste herri batzuetan, haurrak metatu egin dituzte, zenbait aldiz berrogei ta hamar baino gehiago emanez irakasle bakar baten gain.

Hala ere, gero eta gehiago ari dira, kasu horretan diren herri ttipiak itzartzen. Hauzeko eskola, Zuberoan, herriko gurasoei esker egon da irekirik. Gisa berean, 1967.ean hitxia izan zen Amorotzeko eskola, Donapaleu ondoan, herriko gurasoei eta Kontseiluari esker berriz irekia izan da aurten.

Herri ttipietarik eskola urruntzen denean, herriko biziarentzat guztiz seinale txarra dela, esan gabe doa.

Donibane Lohitzuneko arraintzariak kexu*

Donibane Lohitzuneko arraintzariak kolera haunditan sartu zitzaizkigun, joan den agorrilean. Goiz batez, lehenik hirirako biderik gehienak arrainketako karroekin trabatu zituzten bizpahiru orenez,* autobide berria barne. Ekintza horrek itsas hegiko* bide nagusian sekulako auto lerroa muntatu duela, esan gabe doa. Arratsaldean, arraintzari multzo batek lau kamioikada atun gasoilez zikindu zituen, bata Hendaian eta beste hirurak Donibane Lohitzunen. Eta azken hauetarik bata Herriko Etxearen ate aitzinean* eta Luis XIV.aren Plazan hustu zuten, ehunka udatiar behari zituztelarik. Atun horik kontserbategienak ziren.

Zerk asaldatu* ditu gure arraintzariak? Zabaldu zituzten paperetan esplikatzen zutenez, itsasoan biltzen duten atuna ezin saldua dute, zeren* eta Donibane Lohitzuneko atun erosleek mugaz bestaldetik ere ekartzen baitute atuna. Kontserbategiek ez zuten, beraz, hobenik arazo horretan, zeren eta lekuko arraintzariek ez baitiete aski atun ekartzen, eta ondorioz kanpotik bildu behar izaten baitute, mila bostehun bat langileri lana ematekotz.

Ekintzazko egun horretaz geroztik, biltzarre bat egin da Donibane Lohitzuneko arraintzarien, arrain erosleen eta kontserbarien artean. Bi erabaki berezi ere hartuak izan dira. Lehenik, mugaz bestaldetik heldu den atunaren kontrolatzeko, batzorde bat muntatua izan da. Talde honek aduanaren laguntza ukanen du, bere lanaren hurbiletik betetzeko. Bigarrenik, arrain erosleen sindikatuak erabakia hartu du, ez duela urria artino mugaz bestaldetik atunik ekarriko. Hemengo atunarien abantailetan hartu* erabaki edo deliberamendu honek, mugaz haraindiko atunariak kexa erazi dituela, berez doan gauza da.

Bestalde, prezioen berritzeaz ere ari izan dira ele* eta ele. Eta azkenean elkar aditu dute.

Esan behar dugu, oraingo problema hau, guti edo aski konpondu bada ere, ez dela osoki ezeztatua,* zeren eta, atunaren salprezioaz bestalde, atun arraintzaren moldea bera baita jokoan. Egungo egunean, molde berrienak baliatzen* dituzte beste herriek. Donibane Lohitzunek ere oraingoz muntaturik ba daduzka lau atunketari haundi. Baina ez da aski. Gelditzen diren gehienak ere bide berari beharko zaizkio jarraiki, ahal badute, zeren eta, bestenaz,* haien ofizioak gero eta irabazpide gutiago emanen baitu.

Eta, bururatzeko, esan dezagun oraino, atunarien problema hau, mugaz bestaldetik heldu den atunetik baino gehiago, Mediterraneo aldean kolpeka eta desberdinki saltzen den atunetik heldu dela.

Eta orain gertatzen dena, hauxe omen da: Mediterraneoko itsasportuetara heldu den atuna bospasei liberatan saltzen dela, Donibane Lohitzunekoa zazpi ta erditan egiten delarik.

Ez da, beraz, ikusten dugunez, arazo xinplea. Eta, itxura guztien arabera,* izanen da oraino beste kalapitarik.*

Ametsak amets, noiz ikusiko dugu Euskal Herri osoko arraintzarien batasun azkar* bat?

Bizkaia

«Beti Lagunak» koralaren lehen diskoa

«Beti Lagunak» korala hirurogei kantarik osatzen duten taldea dugu, Lejoako Lamiakon 1917.eko urriaren 6an sortua.

Lehen urratsak* adiskide talde txiki batek eman zituen, hauzotegiko musika zaletasuna gehitu nahirik, eta koral on bat sortzeko behar hainbat kantari ba zegoela ikusirik.

«Beti Lagunak» koralak epe labur batez lortu ditu bere asmoak, eta gero eta gorago doa. Gaur egun, Euskal Herrian bazkide gehien duen kantari taldea dugu. Bizkaiko Koralen I. Astean parte hartu du, eta urtean zehar zenbait kontzertu eman ditu, Antolin Zarraga maisuaren zuzendaritzapean.

Antolin Zarragak Lamiakoko parrokian eman zituen lehen urratsak musika alorrean, eta Aita Domingo Ugarteren gidaritzapean ikasi zuen musika sakratuari doakion guztia. Portugaleteko «Danok Bat» zortzikotean parte hartu zuen, eta gero bertako «Adiskideak» izeneko bigarren zortzikotearen zuzendari izatera heldu zen.

«Beti Lagunak» koralak atera berri duen disko labur hau Begoñako Basilikan kantaturiko zenbait kantuz osatua da: Festara (Mokoroa), Ilun nabarra (Mokoroa), Edurra (Jaroff), Goizeko izarra (Santesteban). Hauxe da, koral honek argitaratu duen lehen diskoa. Bizitza luzea opa diogu, eta beste disko asko emanen digula espero dugu, kantatzeko duen tankera* bikaina eta kalitate jatorra zehazkiago eta luzeago froga* diezagun.

IX. Euskal Liburu eta Disko Azoka Durangon

Aurtengo Euskal Liburu eta Disko Azoka hazilaren* 1etik 3rarte izanen da. Standak hazilaren 1ean, 2aren arratsaldean eta 3an egonen dira zabalik. Egun horietan eta azokatik kanpo, euskal liburuaz zerikusia duten ekintzak eginen dira.

Azokako orduak hauk* izanen dira: Goizean 10 eta erdietatik ordu 2ak arte, arratsaldean 5etatik 9ak arte. Lekua, beti bezala, Uribarriko Andre Mari elizpean. Agertuko diren argitaldariak, elkarte eta erakundeak* 20 bat dira.

Azoka barruan atseden agerpen batzuk ere izanen dira, batez ere gure folklore eta ohiturenak.

Ihaz bezala, «Gerediaga» sari berezi bat emanen da. Aurten euskal kazetaritza hautatu da gaitzat. Evaristo Bustintza «Kirikiño» zenaren oroitmenez, edozein egunkari nahiz aldizkaritan argitaratu den lan bilduma* hoberena sarituko da.

Horretaz gainera eta azken azoketan bezala, presentatzen diren liburu onenak ere sariztatuak izanen dira, haien literatur maila eta esannahia kontutan harturik.

Kantaldiak, ikastaroak, jaiak

• Aurten ere Bilbo eta inguruetako haurrek beren Gabon Jaia izanen dute, «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan. Oraino ez dugu zehetasun askorik; baina esan genezake, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak izanen ditugula. Jaialdia abenduan izanen da, ia segur 22an, igande goizez.

• «Zubi Barri» izenarekin sortu berria da Deustuan euskal kultur elkarte bat, eta haren lehen ekintza euskarazko ikastaro bat antolatzea izan da. Horretarako giroa sortzeko, eskuz egin dituzte mural apain batzuk* eta bar eta dendetan ezarri. Ondorioz, ehun bat ikasle eta zazpi irakaslerekin emanen diote hasera ikastaroari, Euskalduntzen metodoa erabiliz, Deustuko Lasalletarren ikastetxeko geletan.

• Sondikarrek euskal kantarien jaialdi bat eratu nahi dute urriaren 29rako. Hau idazten ari garen memento honetan ez dakigu, behar diren baimenak lortu ahal izanen dituztenik. Presentatzailea Zorion Egileor izanen omen da, eta kantariak Estitxu, Xeberri eta Gontzal Mendibil. Estitxuk, irailaren* 18an, Frantziako telebistan kantatu du, berak dituen dohain bereziak agertuz. Hango etxe batek diskotaratu nahi izan dizkio kantuak; baina ez zaio posible izan, horretarako eskubide bakarra —lau urtetan behintzat— «Columbia» etxeak baitu.

Euskal Hit Parade antolatzen duen Bilboko Juan Manuel Ares jaunak bidali digun kontaketan, honela daude lehen bost postuak: 1. Euskal Herri polita gora (Lejoako Korala), 2. Sarako Festak (Joxe Mati eta Mikel), 3. Zugana, Manuela (Xerberri), 4. Maitia nun zira (Lejonako Korala), 5. Atso atso (Oskarbi).

Nafarroa

Nafarroaren historiarako aurkimendu berriak

Udialdia, jakina, aberatsa izaten da arkeologi lanetan, ikasle eta irakasleek libre izaten baitituzte hilabete horik,* horrelako ikertzapenetan* iharduteko. Nafarroako Meano herrian bost hilobi bisigotiko aurkitu dira, beste hainbat gurutzerekin. Muino* batean aurkitu dira guztiok.

Santakara herrian ere aurrera eraman dira arkeologi lanok, eta hemen erromatar nabarimenak* aurkitu dira «Las Delanteras» deitu* lurretan. Harloza idatzi bategatik, 50.000 pezeta ordaindu ditu Nafarroako Diputazioak.

Euskaltzaindiaren Batzarre Ageria Axularren omenez

Irailaren 14ean, Nafarroako Foru Diputazioa eta Urdazubiko* Udala* lagun zituela, Euskaltzaindiak batzarre ageri eta ospetsu bat egin zuen, Urdazubiko monasterio zaharraren klaustruan, Axular euskal idazlearen ohoretan.

Batzarrearen aurretik, kontzelebraziozko meza eman zen herriko elizan; eta Castro, herrika alkate jaunak, agur hitz batzuk irakurri zituen, batzartuei ongi etorria emanez.

Aita Villasantek eman zion hasera batzarreari, Axularri euskal literatura landuan zernolako tokia zor zaion adieraziz.

Ondoren, Juan San Martin jaunak bere sarrera hitzaldia irakurri zuen, gai honetaz: «Euskal literatura landuaren sorrera giroa, Axularren garairarte». Jean Haritschelhar jaunak erantzun zion, eta, beste gauza askoren artean, San Martin jaunaren lanak eta merezimenduak azpimarkatu zituen.

«Principe de Viana» erakundearen* zuzendari den Vicente Galbete jaunak eta Jose Maria Satrustegi euskaltzainak Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zenbaki bereziaren aurkezpena egin zuten, dena Axularri eskainia baita.

Eta batzarreari bukaera emateko, Iturralde Diputatu jaunak hitz batzuk esan zituen, Nafarroako Diputazioaren izenean.

Ondoren, euskaltzain, agintari, eta omenaldira etorritako jende guztia Axularren jaiotetxera joan ziren (etxe hau, beronen jabe den Justo Salaberri jaunak berriztatu baitu), eta bertan jarritako oroitarria agertu zen. Oroitarriak hauxe dio: 1974, Axular euskal idazle nagusiaren sortetxea, 1956-1644. Ayuntamiento de Urdax - Diputación Foral de Navarra - Academia de la Lengua Vasca.

Oroitarria agertu eta, Arizkungo dantzariek, eta Mattin eta Xalbador bertsolariek saio bana egin zuten.

Nafarroako Diputazioak eskainitako bazkariaren ondoan, Zugarramurdiko harzuloak ikusi ziren, eta haietan beretan ikusle guztiak edari batekin gonbidatu zituen Herriko Kontseiluak.

Euskal Herria

Liburu berriak

1. ELOSEGUI, Jesus:

Las minas de cobre de Aralar (1732-1804).

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones. San Sebastián, 1974.

Editorial honek ohi duen gisara,* liburu apain batean ematen da, euskal meagintzaz* Jesus Elosegi jaunak egin duen lan hau. Hogei kapitulutan estudiatzen dira Aralarreko meatokiak, eta haietan XVIII. mendean egindako lanen berri ematen da. Lan honen iturriak lehen eskukoak dira. Artxibuetan bilatu du gaia autoreak: Gipuzkoako artxibu nagusian, Oinatikoan, Iruineko eta inguruetako udaletxe* eta parrokietako artxibuetan (Huitzin, Amezketan, Gaintzan, etab.). Alor berri bat urratzen duen liburu baten aurrean gaude, beraz.

Meatzok eraman zituen elkargoaren* bizitza, zuzendarien nortasuna, langileriari buruzko berriak, teknika aldaketak, kapitaltzearen gorabeherak, elkargoaren berrikuntzak: hau guztiau agertzen zaigu idazlaneon. Bere ttipian, Euskal Herriko Industri Iraultzaren atalaurreko* bat da, Elosegik lan honetan agertzen duena. Beste zentzu batean, liburuaren parterik praktikoena, izen eta tokizenen aurkibide aberatsa da.

Holamoduzko lanetatik etorriko da, egunen batean, Euskal Ekonomiaren Historia amestua. Gure ikasle gazte askorentzat eredu* egokia dela esango nuke, liburu hau.

2. LASA, Fr. Jose Ignacio:

Jáuregui el Guerrillero (Un pastor guipuzcoano que llegó a Mariscal).

Premio «Basauri».

Ed. La Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao, 1973.

Hona, artxibu zuloetatik, hauts artetik, Aita Lasa Urbiako artzainen kapellauak atera digun artzain gerlaria. «Artzaiaren» bizitza hau, Gipuzkoak Tolosa eta Oinatin dituen artxibuetatik atera du, bereziki, autoreak. Paper sorta zaharretan dauden eskribuetatik jaio da guretzat euskal gerlari honen biografia.

Gaspar Jauregi Urretxuan jaio zen 1791.ean. Jauregi hau eskolatu gabea zen: ez zekien firmatzen ere. Ogibidez artzaina, 1810.ean gerrillari ekin* zitzaion Napoleonen harmadaren* kontra. Espoz Minarekin harreman hertsiak* ukan zituen Gasparrek. Gerratea aurrera zihoala, Jauregi gertatu zen Gipuzkoako Harmada Buruzagi. 1820-1823. urteetan, konstituziozaleekin, Gorostidi apez gerlariaren kontra gudukatu da. Ondoren herbesteratu beharra du Jauregik. 1830.ean mugako erasoaren* porroketaren ostean,* lehen karlistada dator: liberalen buruzagi izan zen Jauregi. 1841.eko urrian Foruen alde egindako matxinadan, ostera,* Espartero liberal progresistaren aurka agertu zen euskal Diputazioekin batera. Honegatik jasan* behar izan zuen beste herbesteraldi baten ondoren (1841-1843), Gasteizen hil zen 1844.ean.

Aita Lasak, euskal historiarako, lehen eskuko langai gaitza* bildu digu liburu honetan. Beharbada, oraindik ere landu beharrekoa; baina, garaiko kondaira moldatuz joateko, gai berri eta iraunkorrez betetako kutxa da idazlan hau.

Albistariak:

Juan Manuel ARES

Xabier GEREÑO

Joseba INTXAUSTI

Mañex LANATUA

Gexan LANTZIRI

dakizkion, dakiozan

diete, deutsee

diezagun, deiskun

digu, deusku

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

ditzan, daizan

dizkigu, deuskuz

dizkio, deutsoz

genezake, geinke

gintuzkean, ginatekeen

litezen, leitezan

zaio, jako

zaizkio, jakoz

zeuden, egozan

ziguk (digu), deusku

ziguten, euskuen

zion, eutson

zitzaigun, jakun

zitzaizkigun, jakuzan


Zer egin, Euskal Herria euskal herri bihur dadin?

Baten batek uste duke* dagoeneko,* Euskal Herriarentzat politikazko egitarau* handi eta miresgarriren bat ematera natorkiola. Horixe berberori bururatu bide zitzaien frantsesei, Chaban-Delmas jaunaren alde propaganda egitera André Malraux telebistara atera zitzaienean, eta honela hasi: «Zer egin genezake, Frantzia benetan Frantzia bihur dadin?» Eta Malraux jaunak entzule eta ikusle asko asper erazi eta liburu saltzaile asko haserre erazi omen zituen. Niri, berriz, Malrauxen hitzaldiaren berri jakiteak, Euskal Kulturaren arazorik larrienetako bat ekarri dit gogora.

«Cuadernos para el Diálogo» aldizkariak ale berezi bat eskaini berri dio Euskal Kulturaren «birpizteari». Birpiztea ba dakigu zer den: zerbait, lehen izandakoa (agian* bikainduagoa) bihurtzea. Euskal Herriarentzat, euskaldun eta herri bihurtzea izanen litzateke (euskaldunago eta herriago, noski). Hala ere, «Cuadernos para el Diálogo» aldizkariaren ale berezia idatzi duen Bustamante jaunak ezin ziezagukeen ezer esan euskal telebistari eta euskal zinemari buruz.

Frantsestasunaren galtzearen sustraia irakaskintzan somatu du Malraux jaunak. Eta hona hemen, hark aurkitu duen konponbidea: «Irakaskintza erabat* aldatzeko bidea, liburuetan gabe,* ia oso osorik telebistan aurkitzen da». Beraz, utikan* liburuak eskoletatik eta haurren eskuetatik, eta Frantzia sustrai* sustraitik aldatua izanen da. Batek baino gehiagok irribarrez hartuko du beharbada konponbide hau; eta Chaban-Delmasek horrexegatik ere horren nabarmenki galdu zuela esanen du beste norbaitek; hain gogotan hartu baitzuen lehendakarigaiak bere adiskidearen ateraldia.

Hala ere, Malraux jaunari eman egin behar zaio ez dabilela inola ere hain oker, herri bat aldatzeko eta berorren benetako aurpegia erakusteko, eta politika osoa berriztatzeko ere, irakaskintzaren garrantzia begien aurrean jartzen digunean. Eta, batez ere, berea du arrazoina Malraux jaunak, gaurko kulturgintzan eta herrigintzan telebistak duen eginkizuna eta indarra nabarmentzen digunean. Ni ez naiz pedagogoa, eta ez dakit zenbateraino behar diren gaur liburuak eta zenbateraino telebista, eskolako haurrak hezteko;* baina ba dut hemen ere neure susmotxoa, Malraux jauna gaurko pedagogiaren bide zuzenetatik ote zebilen. Egi sail handi bat bota du Malrauxek euskaldunontzat. (Eta, bere laguna frantsesen lehendakari egiten arrakastarik* izan ez duenez gero, berori hautatu beharko genuke agian* geure lehendakari).

Nork ukatuko luke Euskal Herriarentzat irakaskintzak duen garrantzia? Eta Euskal Herriarentzat euskal irakaskintzak duen inportantzia? Eta, beraz, Euskal Herriak duen ikastolen, euskal lizeoen eta euskal Unibertsitateen premia? Izan ere, Euskal Herriak, izango den eta izan behar duen Euskal Herriari ezer utziko badio, irakaskintzaren bidez izango da batez ere. Eta nolako irakaskintza, halako Herria. Euskal Herri hau benetan Euskal Herri bihur dadin nahi baldin badugu, euskal irakaskintzaren premia dadukagu, eta, beraz, geure ikastolak, lizeoak eta Unibertsitateak (!) indartu beharra.

Gure ikastoletan liburuak urriagotzea ez da erraza izanen: kentzeko, eduki egin behar da; eta nabarmenegia da textutan eta bestelako liburutan ikastolek duten hutsunea. Betetzeko eginahal handiak egiten ari diren bitartean, ikastoletatik liburuak baztertu behar direla esatea, geure buruak ukatzea litzateke eta ikastolak irtenbiderik gabe uztea. Baina galdetu behar duguna zera da: ikastolako liburuek eta irakasleek horren neke handiz lortzen dutena, eguneroko telebistak eta asteroko zinemak ez ote duten suntsitzen.* Galdera hau egina dago aspalditik, ordea, eta arazo larria guztion aurrean jarria. Hala ere, beldur naiz, ikastolak, liburuak eta irakurgaiak egiteko lan nekagarria egiten dihardugun bitartean, entzun-ikusgailuak ahantzita* (edo ezinezkotzat jota) ote daduzkagun. Textuak eta irakurgaiak prestatzeko egitarauak antolatu baldin baditugu, entzun-ikusgailuak prestatzeko eta ikastola guztiei eskaintzeko bideak ere eratu beharra dago. Eta oraingoz prestatu dena oso gutti ote den susmoa dut. Lehengo udan Loiolan egin zen batzarreak ez zuen horretan gauza garbirik eskaini ez agindu.* Honela, beste Herriek eta Kulturek, eskoletan liburuak «baztertuz» eta telebista emanez, beren irakaskintza berriztatzen eta beren herritasuna birpizten duten bitartean, gu, geure liburuak prestatuz eta entzun-ikusgailuak ahantziz, geure irakaskintza suntsitzeko eta geure herritasuna itotzeko arriskutan gaude.

Hala ere, galduak lirateke ikastolak eta euskal irakaskintza osoa, une honetan telebista erabiltzera beharturik bageunde, Malrauxek Frantziarako eskatu duen bezala. Orduantxe bai, Euskal Herria euskaldunagotzeko eta jatorragotzeko izan beharrean, deserriratzeko eta erdalduntzeko izango liratekeela ikastola eta irakaskintza. Beraz, arazo honek Euskal Herriaren gaurko eta biharko kulturaren premia zabalago eta oinharrizkoago bat jartzen digu aurrean.

Inguruko kulturak liburuaren kultura bihurtzen ari ziren bitartean, guk hizketaren kulturan irauten genuen. Inguruko kulturek irudiaren kultura bihurtzen ari direnean, gu liburu kulturara hurbiltzen ari gara. Eta honela, geure atzerapenean, aurrerapenaren indarrak itorik garamatza. Irtenbidea ez da, ordea, besteen aurrerapena ukatzea eta baztertzea, geuk bizkorrago aurrerago jotzeko kemena edukitzea baizik.

Aspaldiko urteotan, zenbat liburu berri argitaratzen diren begira gaude (ea aurreko urtean baino bat edo beste gehiago ateratzen ditugun aurten). Aldizkari berri bat sortu delako, edo horietako bat hamabosterokotik asteroko bihurtu delako, edo eta erdarazko aldizkariren batetan euskarazko horrialderen bat gehiago idatzi dutelako, geure euskal kulturan urrats* handi bat emana dugula uste dugu. Azken urteotan euskal argitaletxe berriak eta indartsuak (!) sortu direla eta, euskararen (eta euskal kulturaren) etorkizuna eskuratua dugula iruditzen zaigu.

Euskara hutsera bihurtu dugu, antza,* geure euskal arazoa eta euskal kultura. Eta euskararen problemetan murgilduta gabiltzalarik, hitz idatziaren liluramenaz* liluraturik gaude. Baina hizkuntza kulturaren oinharria eta ontzia bada, zeragatik da, komunikabide nagusia eta beste mintzaira modu guztien iturria delako. Eta, gaurko kulturen dinamikan, hizkuntza bat hitzaren mintzaira hutsez baliatzen bada, itotzeko arriskutan* dabil. Irudiaren mintzairak demaion* arnasa behar du hizkuntzak, gaurko gizona irudiaren kultur bidetik baitoa.

Alde honetatik oso murriztua* dugu euskara eta euskal kultura. Ez dugu benetako aldizkari grafikorik, ez dugu euskal zinemarik (baten batek euskal zinema zer den galdetuko dit beharbada), ez dugu euskal telebistaren asmorik ere. Eta, horrela, euskara eta euskal kultura irudiaren kultur mundu honetan arnasarik* gabe itotzen ari da.

Euskal Herria Euskal Herri bihur dadin, euskara zaharrari irudiaren arnasa berria eman beharko diogu. Neure susmoa hauxe dut, ordea: aspaldi honetan Euskal Herria «euskal herriago» bihurtzeko asmotan, geure indar eta eginahalak hitzaren kultura bat indarberritzean erabiltzen ari garela; hortxe agortuko ditugula ahalmenak, eta bitartean irudiaren kultur munduak irentsiko gaituela. Gaurko Euskal Herrian kemen handia behar da, hitzaren kulturatik irudiaren kulturarako urrats hori emateko; baina... eman beharra dago. Horretarako, gure kulturbideak eta kulturbide hauk* lotzen dituzten egiturak* behar lirateke eten eta irauli.

Ez ahal* zaizkit neure gogoeta* hauengatik euskal liburu saltzaileak asaldatuko,* Malrauxen kontra Frantzikoak egin diren bezala! Izan ere, iruditzen zaidanez, euskal liburuak kenduta ere, zoritxarrez ez lukete hutsune handirik somatuko ez beren dendetan ez beren sakeletan, batez ere orain arte ikastolako textu liburuez irabazten dutena hain gauza exkaxa izanik. Eta beldur naiz, euskal zinema eta euskal telebista (?) ere ez liratekeela haien «galeratik» aberastuko.

Bestalde, ni neu ere neure indartxoak ematen ari naiz argitaldari batetan, liburu eta aldizkarien artean, eta honetan iraun beharko dut, zeren* eta, zinemaren eta telebistaren mundura sartuko banintz, burua galdua nukeela esango bailidakete, edo, bestela, orduantxe galduko bainuke. Horregatik, Euskal Herrian hitzaren kulturgintzan ari direnok, errazago barkatu ahal izango diote beren arteko bati, beren monopolioa (?) puskatu behar dela esaten duenean.

Euskal hitzaren kultura «euskal» irudiaren kulturaren dinamikan jarri behar da. Eta, horretarako, ikastolatik hasita, eta «euskal» irudiaren kultura lantzeko egiturak sortu eta indarrak prestatu eta bultzatu, zinemaren eta telebistaren eta aldizkari grafikoen bidez batez ere.

Chaban-Delmas jaunak ez du Frantziako hauteskundeetan* irabazi; eta Frantzia, bere galbidean, bere frantsestasuna galduz joango da nonbait (!). Eta, zoritxarrez, ez zaigu beste Malraux jaunik ez Chaban-Delmas jaunik Euskal Herrira oraingoz behintzat etorriko; eta herriaren indarrak piztu beharko dira. Bestela, geure galbidean abiatuta gaudelarik, geure euskaltasun eta herritasun zaharrean itoz joango gara, eta, birpizten ari garelakoan, geure heriotz bide labaina* irekiko dugu, «izandako» Euskal Herriaren itxaropenik gabe.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

bageunde, bagengoz

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dit, deust

garamatza, garoaz, eramaten gaitu

genezake, geinke

lidakete, leuskide

zaigu, jaku

zaio, jako

zait, jat

zaizkit, jataz

ziezagukeen, eiskigun


Herrialde guztietan

Beste mundu baten mezulariak*

Erdaraz, «airean dabiltzan zer ezezagunak deitzen dituzte izenez, eta hitz laburrez «ovni». Euskaraz beharbada «airontzi» hitzarekin izenda genitzake. Eta idazlan honetan hala eginen ditugu.

Beste mundu batetik heldu diren airontzi horietan, jendeak komunzki ez du sinesten. Pentsatzen baitu, ixtorio-mixterio horik* ameslari batzuen asmakizunak direla. Hala ere, egun,* munduko jakintsuen artean, mila dira, airontzi horien izatearen ikertzeari serioski lotuak direnak.

Ez da gai hori oraingoa. Duela zenbait mila urte ere aipu ziren «airontzi harrigarri» horik. Hego Amerikan, duela bizpahiru urte, zenbait ehun mila pertsonak beren begiz ikusi ahal izan dituzte ehun eta berrogeitamar baino gehiago airontzi, lerro lerro elkarrekin iragaten.* Brasilen, duela zenbait urte, ostikolarien edo futbolisten partidu bat gelditzen da mementorik beroenean (eta esan gabe doa, ostikolarien* horrela geldierazteko, zerbait haundi behar dela); eta, ostikolariek bezala, haien ikusteko bilduak ziren hogeitabost mila pertsonek ere ikusten dituzte berrogeitamar bat airontzi, kirolpentzearen* gainetik ziuntan* iragaten.

Milioika dira, gaurko egunean, oraino inork ezagutzen ez dituen delako airontzi horik beren begiz ikusi dituztela dioten jendeak. Bakar zenbaitek, airontzi horien barnean diren izakiak berak ere ikusi dituztela darasate.*

Guk bezala beste anitzek* ez dituzte ikusi; baina horrek ez du esan nahi, bistan da, ez direnik. Jakintsuetaz bestalde, militar erakundeak,* hala nola amerikarren pentagonoa bera ere, hurbildik jarraikitzen zaizkio, ximistaren lasterra duten airontzi horien misterioari. Eta hauek, zerbaiten jakitera heldu badira ere, orainokoan* ez dute hitzik salatu.

Titoren eta Sobiet Batasunaren arteko harremanak

Jugoslaviako «Tanjug» agentziak zabaldu duenez, Titok hitzaldi bero bat izan du Esloveniako Jesenice hirian, «kominformista» bezala salatu dituen isilpeko talde politiko batekoen kontra.

Irailaren* lehen hamabostekoan zabaldu zen, Belgradon gertatzen ari zen zerbaiten zurrumurrua: 50 edo 40 lagun atzemanak* zituela poliziak. Antititoista omen da talde hau, eta, gainera, Jugoslavia barnean Sobiet Batasunaren aldeko politika eratzen ari da nonbait. Talde horren buruzagia, Titok salatu duenez, herbestean dago, eta herbesteko indarrez eragindako taldea da «kominformista» hori, kanpoan inprimatutako propagandagai gaitza* aurkitu baitio poliziak.

1948.az geroztik herbesteratutako jugoslaviar komunista desbidetu eta sobiet zaleek osatzen dukete,* «stalinista» bezala ere aipatua den multzo hori. Arazoa tribunaletara eraman da, eta hauzitegiak esan beharko du nor den subertsio horren eragile nagusia, esan du Titok.

Talde horrek Gobernuari eta Jugoslaviako alderdi komunista ofizialari botatzen dion salakuntza, «marxismo-leninismoaren ideologiatik» urruntzea da. Beraz, alderdi komunista berri bat sortu beharko litzateke. Gorabehera hauengatik, jugoslaviar Gobernuak ohar bat zuzendu die Sobiet Batasuneko eta Poloniako Gobernuei, Jugoslavia barruko arazoetan izan ote dezaketen eskuharmenagatik.* Esan denaren arabera,* Sobiet Batasunean, Kiev hirian, bizi da isilpeko gidari horietako bat, Mileta Perovic; eta bestea, Vlado Dapcevic, Brusselan dago 1959.az geroztik, eta handik zuzentzen du talde sobiet zale bat.

Arazo hauk* tarteko direla, nahiko ozpindu* dira nonbait Titoren eta Sobiet Batasunaren arteko harreman anaikorrak. Hungarian harmadaren* mugimendu eta maliobra errezelagarriak* egin dira garai berean. Sobiet Batasunak 70.000 bat harmagizon eduki ohi ditu Hungarian; baina, Austrian esan denez, 60.000 gehiago etorri dira maliobra horietarako. Jugoslaviak ere erne jarri du bere harmada. Albiste ofizialik ez bazen ere, hala esan da irailaren bigarren hamabostekoan. Dena dela, ezin daiteke oraindik esan, egoera* gerla atariraino heldu denik.

Atzemanak izan diren sobiet zaleen hauzia, ikusi da tribunaletan. 32ren judizioa irailaren 19an izan da, oraindik Kulikof sobiet harmadako Kontseilu Nagusieran buruzagia Jugoslavian zegoela; eta hilabetearen 2an ezagatu da epaia. Urte betetatik hamalau urtetarainoko zigorrak eman zaizkie epaituei. Tribunalak haintzakotzat* hartu dituen salakuntzak, hauk dira: Estatuaren burujabetasuna hausteko eginahalak egitea, eta erregimena alda erazten eta Jugoslaviako «autogestio» moldea desegiten saiatzea.

Hasera* batetan bestelakorik uste izan bada ere, tribunalen prozedurak zenbait hilabete iraun du. Izan ere, orain jakin denaren arabera, talde hau apirilean atxilotu zuen poliziak; eta geroztik nahiko sokatira izan da, agi* denez, Sobiet Batasunaren eta Titoren diplomaziaren artean. Ofizialki esan denez, garbi geratu da, judizioaren ondoren, Sobiet Batasunak arazo honetan izan duen parteharmena.

1948.ean Titok eta Stalinek beren harremanak hautsi zituztenetik, ez dira harreman horik hain atezu* gorrian sekula egon. Eta, bien bitartean, Balkanetan ba du China handiak non koka* bere oina, Rumania eta Jugoslavia adiskide dituela.

Soldaduek ere ba dute esatekorik

Frantses harmadako soldaduak kalez kale hasi dira beren eskabideak egiten. Draguignan hirian egin dute beren kalejira, prefeturaren aurrean eseraldi* bat ahantzi gabe. Bertan egontokia duen erregimenduko 200 soldatu kalera atera dira, eskumuturrak gora eta jende txundituaren* aurrean beren eskeak aldarrikatuz:* «Esanbide librea eskatzen dugu», «Dirua nahi dugu, ez obusak». Hots,* soldata hobeak gura dituzte eta koarteletan propagandarako libertate osoa.

Dirudienez, Frantziako koarteletan ageri bat dabil eskuz esku, Ehunen Deia deritzana. Dei hau antimilitarista da. Ez dakigu, 200 soldadu horien kalez-kalezko agerpenak zer garrantzi izan dezakeen. Dena den, ezkerreko alderdiak berehala agertu dira manifestatzaileen alde.

Indiako jendeketaren etorkizuna

Indiako Zientzi eta Teknologi Batzorde* Nazionalak idatzi duenez, 2000. urtera irixtean.* Indiaren egoera ezin larriagoa izanen da. Hamahiru ekonomista eta soziologok osatzen dute batzorde hau, eta argitara eman duten txostenean* gaurko egoera eta etorkizuneko prospektiba bat azaltzen dute.

Indiak, urtero, 13 milioi bizilagun gehiago ditu. Jendeketaren hazkuntza hau dela eta, indiarrek geroz eta janari gutiago dute «per capita». Bizimoldeen oinharrizko aldaketa bat eskatzen du batzordeak. Otoruntz* eta bizitoki moldeak, lan metoduak, oporraldiak..., dena da aldatu beharrekoa, haien eritziz. Atomo indarra premiazkoa du Indiak, beste energi moduen parean.

Indiako arboladi eta basoak ere zaindu beharra dago. Izan ere, urtero 100 milioi tonelada egur ateratzen dira, sutarako bereziki. Baso mozketa hori, gaur doan bidetik, 2000. urtean 200 milioi toneladatara helduko dateke*; eta, uste baino lehenago, lurrak bere hezetasuna* galduko duke* horrela.

Nolakoa izango da India, XXI. mendearen hastean? Kalkuluen arabera, gutienik 900 milioi* bizilagun izango ditu. Energi beharra eguzkitikoaz aseko da. Janari premia itsas belar eta lantegietan egindako proteinez beteko da 50%tan. Janaririk ez dutenak, pastila bidez elikatuko* dira. Indiarrak —jendetzaren ugariak eraginik— kibbutzim-etan biziko dira, bizitza elkartasunean eginez. Irakaskintza talde handietan emango da, telebistaren eta era askotako ikus-entzun tresnen bidez.

Honelatsuko ikuskizuna eskaintzen du batzordearen txosten honek. Oro* har, oso ikuskizun iluna 2000.eko gizarteari eskaintzen zaiona. Gaurko teknologo eta soziologoek ikusi beharko dute, nola salba, Indiako ekonomiak leporatuko duen jendetza izugarri hura.*

Idazleak:

Joseba INTXAUSTI

Gexan LANTZIRI

dezake, daike

dezakete, daikee

die, deutse

dio, deutso

genitzake, geinkez

zaio, jako

zaizkie, jakez

zaizkio, jakoz


Ikastolak

Nola idatz: 5 % ala % 5?

Euskaltzaindiak erregela bat emana du arazo honetaz (ikus Euskera aldizkaria, 1971). Erregela honen arabera, %5 idaztea onhartzen da. Arrazoina: euskararen izakerak ordena hori eskatzen duela.

Hala ere, Euskera berean honela mintzatzen da Euskaltzaindia, hartu* erabakiei buruz: "Hartu diren erabakiak, ez dira ezin aldatuzkoak. Geroago punturen bat beste era batera aldatu behar dela ikusiko balitz, beti gelditzen da horretarako atea zabalik". Hau honela delarik, puntu honi buruz dudan eritzia azaltzera saiatuko naiz.

Sinbolo hau (%) eta beste batzuk* erabiltzeko, Euskaltzaindiak ematen duen arrazoinak, ez dut uste, nagusiena izan behar duenik. Ba dira beste arrazoin batzuk ere; eta, hauengatik, aipatu* ordenaren aldatzea eskatuko nuke. Ikus ditzagun arrazoinok.

Inguruko hizkuntzetan 5 % idazten da. Gero, mintzatzean, ordena berean esaten da: cinco por ciento, cinq pour cent, five per cent, eta abar.

Egia da, euskara mintzatuan ehuneko bost (ehunetarik bost) esaten dela. Eta puntu honetaraino ba du arrazoinik Euskaltzaindiak. Baina mintzatzen den ordenan idatzi behar ote da?

Hara! Nire ustez, honelako numero eta sinboloek beren multzotasunean dute benetako esannahia. Numero hutsak edo sinbolo hutsak ez digu ezer adierazten. Irakurri ere, multzo bezala egiten dira; eta horregatik, hainbeste kasutan, idatzi modu batetara eta irakurri bestetara egiten dira. Adibidez: £ 3 = three pounds (hiru libera). Ca SO4 = sulfato de calcio (kaltzio sulfatua).

Ikusten denez, idazteko modua eta esatekoa desberdinak dira. Baina, horrela izan arren, ez da nahasterik sortzen.

Esandakoagatik, nik neuk 5 % idaztea proposatuko nuke, nik dakidala behintzat, forma unibertsala delako. Eta bide hau egokiena delakoan nago. Bestela, mundu guztian erabiltzen diren sinboloak aldatu egin beharko genituzke, geure mintzairara moldatuz. Eta aldaketa hori, ez dut uste beharrezko denik, ez eta komenigarri ere.

Argiago ikusteko, beste adibide bat aipatuko dut. Demagun,* gorputz baten tenperatura adierazi nahi dugula. Graduka eginen dugu, noski. Baina, zehaztasun gehiagorako, zernolako graduak diren adierazi beharko dugu. Idaztean, ez dut uste inork eztabaidatuko duenik, mundu guztian erabiltzen den nomenklatura erabili behar dugula. Ez eta, mintzatzean eta irakurtzean, euskararen joera eta joskera gorde behar dugula ere.

Horik* guztiok kontutan harturik, nik neuk honela eginen nuke: idaztean, 18º C; irakurtzean, hemezortzi Celsius gradu. Nahiz eta mintzatzean Celsius gradu esan, inola ere ez nuke 18 Cº idatziko. Modu berean, 200º F idatzi eta berrehun Fahrenheit gradu irakurriko nuke.

Ikusten denez, graduen seinalea, C eta F letren aurrean egon arren, haien ondotik irakurtzen dugu, eta ez da nahasterik sortzen. Lehen esan dugun legez,* ºC sinboloa beronen multzotasunean irakurtzen dugu.

Aipatu* arrazoinak kontutan harturik, sinbolo hauen idazteko modu unibertsala proposatu nien zientzi taldekoei, Donibane Lohitzunen izan berria den Udako Euskal Unibertsitatean. Jendea ados* geratu zen, eta aipatu modutara idaztea erabaki genuen.

Bukatzeko, esandakoaren laburpen gisa,* Estatistikan behar diren berba bi aipatuko ditut. Lehena, portzentaia hitza da; eta hitz hau, ehuneko zenbatekoa abstraktuki adierazteko behar dugu. Bigarrena, ehuneko hitza da; eta hau, numeroekin batera erabiltzeko behar dugu. Bien arteko desberdintasuna adierazteko, bi adibide jarriko ditut:

"Frogatu denez, nuklear zentral batzuen inguruan, minbizien* eta hilortzeen* portzentaia handitu egin da".

"Hiri honetan bizi diren pertsonetarik 49 % (ehuneko berrogei eta bederatzi) gizonezkoak dira".

J. R. ETXEBARRIA


Ikastolak

Taldeko irakaskintza

Irakasle bakarrak nekez menpera ditzake gai guztiak (matematika modernoa, linguistika, zientziak, etab.) eta nekezago beharbada gai hauen didaktika. Ez zaio gauza erraza izaten hezkuntzaren* teknologian eta irakaskintzarako psikologian azken urteotan egin diren aurrerapenak ezagutzea.

Irakasle bakarrari oso zail gertatzen zaio, ikasle bakoitzaren egoera kontutan harturik, ikastaldiak ematea. Irakasle askok jaramonik* gehiago egiten diote gaiari berari eta haren azalpen hutsari, haurraren benetako beharrei baino: ez dakite irakaskintza bakoizten.* Horregatik, haur askok galdu egiten dute beren norabidea ikasturteko lehen egunetan, eta ez dira gero berriro bideratzen.

Irakasle bakarrak, edozein profesionalek bezala, gero eta ments* gehiago izaten du, benetako "kasketaldiak"* izaten ditu, eta, batez ere, ez du aurrera egiten, besteren bultzagarririk eta laguntzarik izaten ez duelako.

Ordea, irakasle talde batek haur multzo baten ardura hartzen badu (adibidez, EGBko 3. eta 4. ikasturtekoak elkartuz, edo bizpahiru ikasgelatakoak batuz), orduan irakasle bakoitza gai batean berezitzen* da, nahiz eta haurrekin irakasle guztiek parte hartzen duten orotan.*

Hizkuntza arloan, haurren artean taldeak egin daitezke. Irakasle berezitua,* ikasle atzeratuekin gelditzen da; beste irakasleak, aurreratuekin. Zenbait arazotan, haurrek talde haundi batean lan egiten dute, irakasle baten begi menean.* Bitartean, beste irakasleek beste zerbaitetan ihardun dezakete, adibidez, programak prestatzen, haur bakoitzarekin berba egiten (kuratoregoa* deritza eginkizun honi). Irakasleek, elkarrekin lan egiten ohituak direnean, lan ordu desberdinak ezar diezazkiete haurrei: adibidez, matematikan gaizki dabilen haurrak, ordu pare bat eman diezaioke gai honi; baina, horretarako, ekintza desberdinak eta bere beharren araberakoak* eskaini behar zaizkio. Horrela, irakasle taldeak haur bakoitzagan bateratzen du bere lana, bat* bederari ikas ekintza egokienak ezarriz.

Taldeko Irakaskintzan —elkarren esperientziak ezaguturik, programazio eta ebaluazio arazoak denon artean eginik— irakasleek laguntza haundia hartzen dute batak besteagandik, irakas teknikak hobetzen dituzte, eta nork bere jakintza biziki emendatzen* du.

Taldeko Irakaskintza (ingelesez "Team Teaching" deritzana) oso hedatua* da anglosaxoniar eta eskandinaviar lurraldeetan; eta fruitu baliotsuak ematen dihardu: alde batetik, irakaspidearen bakoiztapena* errazten duelako, eta, bestetik, irakasle bikainak moldatzen dituelako. Horrela, irakasle berriak ez du ikas ekinaldi alferrikako eta neketsurik egin behar, eta ez du arriskurik, irakasle gaixo eta herren* bilakatzeko,* ez eta, irakaskintzari buruz eta bereziki autoritateari buruz ideia faltsuak dituen hainbeste eta hainbeste irakasleren pareko izateko. Taldeko lanak —lankideen artean askoikasiren bat beti egoten baita— lastertu egiten du irakasle berrien moldaketa.

Beste abantail* bat deserdirapena dugu. Irakasle taldeak, lan egiteko kontuan, nolabait berejabe dira, "kolegio ttipi" bat balira bezala ari baitira. Erabakiak demokratikoki hartzen dira. Horretarako, jakina, heldutasuna* behar da; baina heldutasuna, denok dakigunez, erabakiak hartzean lortzen da. Taldeko buruzagiek zuzendariarekin batean deliberatzen* dute, kolegio osoari dagokion guztia. Sarri askotan zuzendaria bera ere taldeko buru izan ohi da.

Taldeko Irakaskintzak, hala ere, ezin ditzake irakaskintzako gaitz guztiak senda (adibidez, lanbide aniztasunera* behartzen eta herbaltasuna* sortzen duen soldaten eskastasuna, etab.); baina, irakaslearen lanbidea hobetzera lagun dezakeen antolaketa eskema bat eskaintzen du.

Maria RUBIES

Barcelonako ICEkoa

dezake, daike

dezakete, daikee

diezaioke, deiskio

digu, deusku

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan

ditzake, daikez

nien, neutsen

zaizkio, jakoz


Fedea eta ekintza

Ingalaterrako Eliza eta Gobernua

York hirian bildu den Eliza Anglikanoaren Sinoduak erabaki duenez, hemendik aurrera apezpikuen izendapena Elizak berak egingo du, eta ez, orain artean bezala, Ingalaterrako Erreginak. Deliberamendu hau boto baten aldearekin bakarrik hartu dute, Yorken bildu diren apezpikuek: 271 alde, 270 kontra.

Onhartua izan den proposamen hori Norman Anderson profesoreak aurkeztu zuen, eta Ramsey Canterburyko artzapezpikuaren txaloekin proposatu ere. Erabaki honekin tradizio zahar bat hausten da, XVI. mendetik Eliza Anglikanoa Erregeren menpekotzat aitortu baita. Oraingo erabaki horrek, Koroari mendez mende aitortu zaion eskubidea ukatzen dio. Baina, bozketatik* ikus daitekeenez, ez da hori burrukarik gabe deliberatu. Parlamentuko Ganbara Garaian hainbat apezpiku dituen Elizak, ez du nahi izendapenetarako Gobernuaren babesik. Eta horra, onhartutako jokabide berriaren beste alde bat: Eliza Anglikanoak, zuzenean eta Gobernuaren eskuharmenik* gabe eramango ote ditu bere gizonak Ganbara Garaira? Elizatik bertatik, libertate osoan egingo ote du politika Ingalaterran?

Ez dirudi, hala ere, «establishment»aren aurkako burruka sustraizkorik* sortuko denik hor. Eliza Anglikanoaren teologo eta elizgizonak aski* zentzuzkoak eta kontserbakorrak dira. Hain zuzen, aipatutako erabaki hori hartu duen Sinodua bera, gogor eta kontra ekin* zaio Kontseilu Ekumenikoaren jokabideari, erakunde honek Askapen Mugimenduak laguntzen omen baititu eta, bide batez, arrazismoa pizten. Kontseiluarentzat pentsatua zegoen 17.000 liberatako* laguntza, 1.000 liberatara mugatu du Sinoduak.

Baina Kontseilu Ekumenikoak izan ditu bere defendatzaile suharrak* ere: Oliver Tomkins Bristoleko apezpikua eta Howse artzadiakonua. Ondoko urteek esango dute nondik nora doan Eliza Anglikanoa.

Elizen Kontseilu Ekumenikoaren politika

Kristau Eliza guztien erakunde izan nahi duen Kontseilu Ekumenikoak Berlinen bildu du bere Batzorde* Nagusia. Bi izan dira bilkura* honetako eztabaida gaiak: erakundearen politizazioa eta ekumenismoaren gelditzea. Arazo hauen inguruan ihardun dute 90 naziotako eta 267 Elizatako ordezkarien elkar hizketek.

Jakina denez, Kontseilu Ekumenikoak laguntza handia eskaintzen die bereziki Afrikako Askapen* Mugimenduei, eta berezikiago Portuges Afrikan, Hego Afrikan eta Hegomendebaldekoan* arrazismo zuriaren kontra burrukatzen diren mugimenduei. Kontseiluak eman duen dirua, alemaniar ordezkarien ustez, ez da beti laguntza gizatiar batetarako erabili, eta bai sarritan gerlarako eta odol isurketarako. Jokabide horren kontra jaiki da Alemaniako Lutertar* Eliza, bide batez Ekialdeko* Estatu komunistetan agertzen den minorien zapalkuntza salatuz, Kontseiluak nolabait ere moztu nahi baitie laguntza mugimendu nazionalistei.

Biltzarrea bukatu denean, orain arte bezalaxe jarraitzea onhartu da, hau da, datorren urterartekoa zen programa bera luzatzea (119 boz* erabakiaren alde, bat bakarra kontra). Hegoaldeko Koreari eta Filipinei dei bat egin zaie, giza eskubideen kontra atxiloturik* dituztenak aska ditzaten. Palestinarrentzat ordezkaritza* bat eskatzen da Ginebrako Konferentziarako. Vietnamgo berreraikuntzarako* laguntzari jarraitu egingo zaio. Hirugarren Mundua laguntzeko banku bat sortzen da, lurralde haietako laborantzari, artesautzari* eta etxegintzari erreditu txikiko prestamenak eskaintzeko.

Lourenço Marques-eko artzapezpikuaren dimisioa

Aita Sainduak onhartu egin du Lourenço Marqueseko artzapezpikuaren dimisioa. Orain hiru hilabete, Custodio Alvim Pereirak Die Welt Alemaniako astekariari deklarazio nabarmen batzuk egin zizkion, espainol misiolariek zabaldu zituzten albisteak ezeztatu nahirik. Misiolariok Londreseko Times egunkariari salatu zizkioten portuges harmadaren* basakeriak. Orain, basakeria haik* egiazkoak zirela agertu denez gero, artzapezpikuak bere kargua uztea deliberatu du, edo delibera erazi diote.

Bi apezpiku Chinatik deituak

Urriaren lehenaren inguruan Chinako Herritar Errepublikaren zilarrezko eztaien ospakuntzara deituak izan dira bi apezpiku katoliko. Cuernavacako Méndez Arceo eta Recifeko Helder Cámara dira apezpiku horik.* Bi deiok, uste denez, ez dute aldatuko Elizaren eta Chinako Herri Errepublikaren arteko harremanik, bi apezpiku hauei xuxenean eta pertsonalki egin baitzaie deia. Agi* denez, Maok Hirugarren Munduarekin daraman politikarekin lotu behar da inbitazio hau, apezpiku biok baitira Latin Amerikako arazoen adierazle bizkorrenak. Hala ere, esplikagarri izan arren, nahiko harrigarri gertatu da, orain arteko ohituretarik hain urrun izanki.

Helder Cámara, berriro ere, Nobelgaitzat proposatua izan da, nahiz eta Italiako Giovanni per la Famiglia mugimendu kontserbakorrak berau eta beste 300 bat elizgizon «minoria burugabe» batean sartu.

Joanes GOIA

die, deutse

dio, deutso

diote, deutsoe

ditzaten, daiezan

zaie, jake

zaio, jako

zizkion, eutsozan

zizkioten, eutsoezan


Gurutzegrama (48)


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ADOS, akort, conforme.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, dirudienez.

AGINDU, prometatu.

AGORRIL, abuztu. (Euskara baturako, idazle askok —bereziki iparraldekoek— nahiago dute agorril hitza, abuztu baino).

AHAL, baldinba, oxala.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AIHERKUNDE, aversión.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZIN, aurre.

AITZINA, aurrera.

AITZINATU, aurreratu.

AITZINESKOLAKO, preescolar.

AITZITIK, al contrario.

ALDARRIKATU, manifestado a gritos.

ALDEZ EDO MOLDEZ, de una forma u otra. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALHA IZAN, funcionar. (Erlojua alha da, el reloj funciona).

ALTZO, seno, regazo, sein.

AMORANTE, amante, querida.

ANITZ, asko.

ANIZTASUN, askotasun. (Lanbide aniztasun, pluriempleo).

ANTZ, semejanza, ressemblance. (ANTZA, dirudienez).

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARABERAKO, proporcionado.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARNASA, hats, aliento, haleine.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRISKUTAN, en peligro. (ARRISKUAN, en el peligro).

ARTEGATASUN, urduritasun, inquietud, preocupación.

ARTESAUTZA, artisanado.

ASALDATU, turbado, desasosegado, incomodado.

ASKAPEN, liberación.

ASKI, nahiko.

ASKO, aski, nahiko.

ATALAURRE (atari aurre), antesala.

ATEZU, tirandura, tensión.

ATXIKITZE, atxekitze, mantener, conservar.

ATXILOTU, atzilotu, detenido, aprehendido.

ATZEMAN, atxeman, atxilotu, detenido, aprehendido.

AXOLA, ardura.

AZKAR, indartsu, sendo.

BAIKORTASUN, optimismo.

BAITEZPADAKO, beharrezko, esencial.

BAKOITZEKO, por cada.

BAKOIZTE, individualizar.

BAKOIZTAPEN, individualización.

BALAKA, lisonjear.

BALIATZE, erabiltze.

BARIK, gabe.

BAT BEDERA, bakoitz. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behinik behin, behintzat.

BEHAR, obligar. (BEHARTU, obligado).

BEHARI, observador, espectador.

BEHINGOAN, berehala.

BELAUNALDI, generación.

BEREZITZE, especialidad. (BEREIZTE, separar).

BEREZITU, especializado. (BEREIZTU, separado).

BERRERAIKUNTZA, reconstrucción.

BESTENAZ, bestela.

BILAKATZE, bihurtze.

BILDUMA, colección.

BILKURA, bilera, reunión.

BIZ, izan bedi. (Izan aditzaren forma).

BIZKITARTEAN, sin embargo.

BOZ, voto.

BOZKETA, elección por votos.

BURRUKÁ, burrukea, la lucha. (Azentuak hitzaren artikulua adierazten du).

BURURATU, llevado a término, realizado.

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAMURIK, zoritxarrez.

DARASATE, parlotean. (Eras(i) aditzaren forma. Ikus «Axularren Hiztegia»).

DATEKE, da nonbait.

DATXEKIO, atxekitzen zaio, se le junta.

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DELIBERATZE, erabakitze. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

DEMAGUN, eman dezagun (daigun), supongamos, supposons.

DEMAIO, ematen dio (deutso).

DERRIGORREZ, baitezpada.

DIREINO, diren bitartean.

DISEINATZAILE, delineante.

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

DUTEA, al dute?

EGITARAU, programa.

EGITURA, estructura.

EGOERÁ, egoerea, la situación. (Azentuak hitzaren artikulua adierazten du).

EGUN, gaur.

EGURATS, atmósfera.

EDIREITE, edirete, edirotze, encontrar.

EI, omen.

EKAI, materia.

EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

EKIDIN, evitar, rehuir.

EKIN, insistentemente aplicado, insistentemente entregado.

EKITE, aplicarse insistentemente, entregarse insistentemente.

ELE, berba, hitz.

ELIKATU, alimentado.

ELKARGO, compañía.

EMAZTE, emakume, mujer.

EMENDATZE, aumentar.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERABAKITZEKE, erabaki gabe.

ERABILI, erabilitako, erabiliriko.

ERAKUNDE, organismo, entidad.

ERALGI, xahutu, gastatu.

ERASO, ataque.

EREDU, modelo.

EREMU, extensión de terreno.

ERETI, ocasión propicia, momento oportuno.

ERORI, jausi, caído, tombé.

EROSO, cómodo.

ERREZELAGARRI, mesfidagarri.

ESERALDI, jezarraldi, sentada.

ESKUALDE, comarca.

ESTE, juzgar, reputar, estimar. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ETEKIN, mozkin, beneficio.

EUSKARÁ, euskerea, el euskera. (Azentuak hitzaren artikulua adierazten du).

EZEZKOR, negativo.

EZEZTATU, desaparecido.

FROGA, probar, demostrar. (FROGATU, probado, demostrado).

FUNTSATU, fundamento, basado.

GABE, en lugar de, en vez de, au lieu de.

GAITZ, eskerga, enorme.

GAITZEKO, eskerga, enorme, descomunal.

GAITZERARIK, gaitzeraturik, puesto a malas, ido a malas. (Ikus Larresororen «Sustrai Bila», 101. horrialdea).

GISA, modu, era; bezala.

GIZATIAR, humanitario.

GOGOETA, reflexión, consideración.

GOGOETAN JAR, ponerse a pensar. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

GOMENDIO, recomendación.

GUTIZ GEHIENAK, kasik guztiak.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HAINTZAKOTZAT, en consideración.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HALTZARI, mueble.

HARMADA, ejército.

HARTU, hartutako, harturikako, harturiko.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, elección por votación.

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HEGI, ertz.

HEGOMENDEBALDE, Sudoeste.

HELDU, próximo.

HELDUTASUN, madurez, maturité.

HERBALTASUN, debilidad, agotamiento, épuisement.

HERRA, odio.

HERREN, cojo, boiteux.

HERTSI, herstu, hestu.

HEZ, domar.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HEZTE, educar.

HILORTZE, aborto.

HOBEN, erru, culpa.

HODI, tubo, tuyau.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORTZEZ ETA HAGINEZ, (con dientes y molares), con todas las fuerzas.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IA, kasik.

IKERTOKI, centro de investigación.

IKERTZAPEN, investigación.

IKUZTOKI, lavabo.

IRAGATE, igarotze, pasatze.

IRAIL, septiembre.

IRIXTE, heltze.

ISTRIPU, estropu (ikus «Axularren Hiztegia»), accidente.

ITXARON, iguriki, igurikatu.

JARAMON, kasu.

JARRERA, actitud, postura.

JASAN, soportado, sufrido.

JASATE, soportar, sufrir.

JITE, índole.

JOAN, joandako, joanikako, joaniko.

KALAPITA, tumulto, follón.

KARRIKA, kale.

KASKETALDI, manía.

KEXU, haserre.

KIROLPENTZE (kirola + pentze), campo deportivo.

KOKA, colocar. (KOKATU, colocado).

KOKATZE, situar.

KOPURU, cantidad, suma. (Kopuru eta mukuru hitzak latinezko cumulus berbatik datoz).

KORRITU, interés.

KUDEATZAILE, gestor.

KULTURÁ, kulturea, la cultura. (Azentuak hitzaren artikulua adierazten du).

KURATOREGO, tutorego, tutoría.

KURRIDA, manifestación callejera.

KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución).

LABAIN, laban, resbaladizo, glissant.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LIBERA, libra.

LILURAMEN, encantamiento, fascinación, hechizo.

LUTERTAR, luterano. (LUTERTASUN, luteranismo. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

MAIZ, sarri, sarritan.

MEAGINTZA, minería.

MEN, alcance, portée.

MENDEBALDE (mendebal+alde), occidente, Oeste.

MENTS, déficit, defecto.

MEZULARI, mandatari, mensajero.

MINBIZI, cáncer.

MUINO, colina, altozano.

MUINURTZE (muin, núcleo + urtze), fusión del núcleo.

MURRIZTU, mutilado, despojado.

NABARI, notorio, patente.

NABARIMEN, vestigio. (Ikus Andre Tournier eta Pierre Lafitteren «Lexique Français-Basque»).

NASAIKI, abundantemente.

ÑABARDURA, matiz, nuance.

OIHARTZUN, eco.

ONEZ ONETARA, a buenas.

ORAINOKOAN, orainartekoan.

ORDEZKARITZA, delegación.

OREKA, equilibrio.

OREN, ordu.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA (1), viaje, vuelta.

OSTERA (2), ordea, aldiz, berriz.

OSTIKOLARIEN, ostikolariak.

OTORUNTZ, comida, repas.

OZPINDU, avinagrado.

OZTA, doi, justu.

PARTEZ, ordez.

PERILOS, peligroso.

PIKOR, bolita, boulette.

PISU, astun.

POPULU, jende.

SORO, solo.

SUHAR, ardoroso, ferviente.

SUNTSITZE, hondatze, destruir.

SUSTRAI, erro.

TANKERA, estilo.

TENTEL, zozo, tonto, bobo.

TREBATU, familiarizado.

TXOSTEN, informe escrito, generalmente breve.

TXUNDITU, estupefacto.

UDAL, ayuntamiento, municipio.

UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

URDAZUBI, Urdax.

URDURI, artega, inquieto, preocupado.

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo).

URRATS URRATS, paso a paso, lentamente.

UTIKAN, a paseo, al traste, fi donc!

UZKUR, someter, sujetar.

ZAHAR, envejecer. (ZAHARTU, envejecido).

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZINEZ, benetan.

ZIRRIKITU, hendidura, grieta, fente.

ZIUNTAN, ziuntaz, a toda prisa.

ZUZENBIDE, derecho. (HELBIDE, dirección, adresse).


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Etsaitu gabe eta gaitzera etorri gabe, onez* onetara (amoranteaganik*) apartatzea ere gaitz izanen da eta perilos.* Zeren* lehen trebatuak* izan, eroriak* izan: lehen bezala elkarrekin egoiten, ibiltzen, mintzatzen: okasinoak ere lehen bezala edo maizago* presentatzen eta gertatzen: gogoa urri, aldatzen errax; eta emazteak* ere, behin gertatuz gero, ez falta ekidin.* Ba da egiteko,* ba da zertan pentsa. Ba dirudi, hobe litzatekeela gaitzerarik* eta haserreturik partitzea eta elkar uztea (245: 482-2).


Nuklear zentralak hain arriskutsuak ote?

Aitzin solasa

Gai polemiko honetan —nuklear zentralei buruzkoan, halegia—* askotan erabili ohi izan dira jendaurrean izen arrotzak, baina behar bezain zehazki argitu barik,* nire ustez, zientzigizon horiek zer dioten. Bestalde, hauzi korapilotsu honetan, euskaldunoi, hau da, euskaraz irakurtzen dugunoi, alde bateko eritziak bakarrik heldu zaizkigula iruditzen zait, eta bestekoak, aldez* edo moldez, estali. Euskaldun guztiak eritzi batekoak ote? Mirari handia litzateke, benetan, gurea bezalako herri pluralista batean.

Beste gauza bat ere ez dut ulertzen. Honelako arazo batean, non dira ekonomi azterketa seriosak, hauzi hau, funtsean, ekonomikoa besterik ez baita? Uste dutea* zinez* gure hizlari eta idazle trebeek, horrelako diru pilo ikaragarria eralgi* behar denean, gure kapitalistak bat batean tentelak* bihurtu direla, berena eta besterena hain gauza perilosean ipintzeko? Bai zera, dirua berez hain ikaratia izanik! Eta pentsa dezagun, gure kapitalistek beren zerbitzuan ba dituztela teknikoak —guti edo asko ikasiak— mila bider gehiago kontrakoek baino. Zeren,* istripurik* nahiz kutsadurarik* gertatzen bada, zentralek gelditu egin behar baitute, eta orduan agur etekinak;* eta, hala ere, geldiune horregatik bost axola* zaion Amerikako "Export Import Bank" diruetxeak berdin berdin eskatuko baitu hilabeteroko korritua.*

Aitzin* solas hau luze samar badoa ere, jar gaitezen gogoetan,* gure Euskal Herri honek duen eretiaz,* behingoan* bere zentralak berton kokatzeko* eta elektrik indar gehiena Duerotik edo Aragoatik ekarri beharra ez edukitzeko, arazo honek dituen maila guztietako ondoren larriekin. Eta ekonomiaz nahiz kutsaduraz apur bat kezkatzen direnek ezin dezakete esan, ikatzezko nahiz petroliozko zentralak berdin ipin daitezkeela; zeren ondotxo baitakite, Asturiasko ikatzak eta arabiarren petrolioak, garestiak izateaz gainera, noraino kutsa lezaketen eguratsa* eta gaur egun ere zenbat kutsatzen duten Santurtzeko eta Pasaiko bi zentralen bitartez. Bero kutsadura, berriz, berdintsua dela thermal zentral guztietan, gauza ondo jakina da.

Are* gutiago esan dezakete, fusio nahiz haize zentralek eta itsaso nahiz eguzkitiko energia erabiltzen dutenek, gaurkoz behinik behin-, ezer praktikorik eskaintzen dutenik. Eta harritzekoa dena: nuklear zentralen nazionalizazioa —gure gaurko egoeran behintzat— eskatzen dutenak, konturatu barik agian,* inoren jokoa egitera hel daitezke. Begiratu bat eman, jaunok, zenbat inbertitu duten INIkoek gure artean. Hor duzue zer gertatu den oraintsu, Bilbon muntatzeko zen gasifikazio lantegi hartaz. Eta ez pentsa, gerokoan hobeto izanen denik, berak ere sozialistak ei* dira eta! Hori gerta baledi, Euskal Herriak besteren morroin izan beharko luke sekula sekulorunetan.

Sasoina ba zen, eta jarraian doazkizue Rasmussen zientzigizonaren konklusioak, agorrilaren* 20ko "Atomic Forum" aldizkaritik itzuliak, ea labetik hain ateraberria den opilak lasaitzen gaituen zertxobait artegatasun* honetatik. Dena dela, jende urduriak* ba du hemen beste iturri bat, bere jakin egarria asetzeko, nahiz eta, segur aski,* galdera berriak sortuko diren erantzunak bezainbat.

Rasmussenek dioena

"Populuaren* arriskuak, nuklear zentraletako istripuetatik etor daitezkeenak, oso ttikiak dira". Hauxe dio, agorrilaren 20an agertu eta US Atomic Energy Commission delakoak finantziatu duen Reactor Safety Study. Assessment of Accident Risks in US Commercial Nuclear Power Plants deitu* txostenak.* Massachussets Institute of Technology ikertokiko* Norman C. Rasmussen profesoreak, hiru milioi dolar kostatu den azterketa bat bururatu* berria du. Azterketa honen helburua, "alde batetik, nuklear zentraletako arriskuen balorazio erreala egitea zen, eta, bestetik, gure gaurko gizarteak eta gizabanakoak jasaten* dituzten eznuklear arriskuekin parez pare konparatzea".

"Erreaktore baten ingurune osoan bizi den pertsona batek", dio txostenak, "urte batez eta istripu batez hiltzeko duen probabilitatea, bat da 300 milioitan; zauritzeko, berriz, bat 150 milioitan". Zifra hauen ondoan, bestelako zenbait kasutan sortzen diren heriotzeak aipatzen ditu txostenak: zirkulazioan, bat 4.000tan; erortzean, bat 10.000tan; igerian, bat 30.000tan; tximist ekaitzetan, bat bi milioitan.

Estudio horren arabera,* core melt edo muinurtzearen* probabilitatea 17.000tatik bat da, erreaktore bakoitzeko* urte osoan zehar. Beraz, "1980. urtean USAn —aurrez ikusten denez— 100 erreaktore alha* izanen direlarik, mende bat eta laurdenean gerta liteke, batez beste, holako istripu bat". Bestalde "garrantzizkoa da oharteraztea", gaineratzen du txostenak "muinurtze bati ez zaiola derrigorrez* jarraikitzen, jendartean kalte astunik sor lezakeen ondoriorik". Ikertzapen honen aurkikunde nagusienetako bat hau da: muinurtzeetan, hamarretarik batek bakarrik sor lezakeela osasunarentzako ondorio nigargarririk, eta zoritxar hau, batez beste, hamazazpi mendetan behin bakarrik gerta litekeela.

Hala ere, horrelako istripuren bat gerta baledi, hauk izanen lirateke ondorio larrienak: hiltzeak, bat baino gutiago; zauritzeak, bat baino gutiago; ondoko heriotzeak, bat baino gutiago; thyroideko nuduluak, lau edo; akats genetikoak, bat baino gutiago. Kalkuluek erakusten dutenez, "hamar heriotze edo gehiago sor litzaketen istripuen probabilitatea, urte eta zentral bakoitzeko, 250.000tan bat da guti gorabehera; 100 edo gehiago hiltzeko probabilitatea, milioi batean bat estimatzen da; 1.000 edo gehiago hiltzeko, bat 100 milioitan. Kalkulatu den kopururik* handiena 2.300 heriotze izan zen, eta hauen probabilitatea bat 1.000 milioitan".

"Antzekoak diren 100 zentral talde bat hartzen badugu, hamar heriotze edo gehiago sor litzakeen istripu baten probabilitatea, urte bakoitzeko bat da 2.500tan, edo, batez beste, holako istripu bat 25 mendetan. Mila heriotze edo gehiago sor litzaketen istripuen probabilitatea, bat da milioi batean, edo holako istripu bat behin milioi urtetan. Interesgarria da jakitea, berauxe dela, hain zuzen, USAko hiri bat jotzeko eta bertan 1.000 heriotze obratzeko, meteoro batek duen probabilitatea".

 Reactor Safety Study (WASH-1400) izeneko txosten hau, urriaren 7tik aurrerantz salgai jarri du Amerikako National Technical Information Service delakoak. Prezioa 7,50 dolar. Eranskinen prezioa 174,50 dolar.

Euskaldun guztion lana

Rasmussenek dioena ez da, inolaz ere, "magister dixit eta kitto" horietako bat, hori ez baita posible gaurko munduan. Aitzitik,* nire asmo bakarra informazio zatiño bat eskaintzea izan da, horrelako gauzarik irakurtzeko aukera erosorik* ez duten herrikide batzuei. Bai eta gure ANAITASUNA hau oreka* dinamiko batetara erakartzea ere, zeren, eztabaidak mesedegarriak eta guztion artean osatuak izan daitezen, baiak eta ezak, biak onhartu behar baitira altzo* berean, honelako gai konplexuez dihardugunean. Izan ere, itxuragabeko luxua litzateke, euskal komunikabideak hain eskasak izanik, holako aldizkari batek alde bateranzko bidea bakarrik har dezan, Bilboko "El Correo Español" eta "La Gaceta del Norte" egunkariek egiten duten bezala. Ezin ahantz dezakegu, bestalde, euskal inginadore, peritu eta diseinatzaile* askotxok saiatzen dihardutela teknika berriak bereganatzen, batez ere Bizkaian. Nork uka dezake, gure etorkizunari buruz honelako teknika berrien menperatzeari datxekion* garrantzia?

Azkenik, nahiz eta beragaz gauza frankotan ez natorren bat, benetako agur bero bat bidali gura nioke J. R. Etxebarria adiskideari, bera izan baita nuklear arazoetan gure "pioneer" trebea, gai hau euskaraz lehenik erabili duena, herriaren aurrean bere eritziak zintzoki agertuz. Nola oraino gauza asko eta asko erabakitzeke* baitaude eta argitzeko, ez dut batere dudarik egiten, aurrerantzean ere berdin jokatuko duela, herrigintzan lan egiten eta euskarari arlo berri honetan baitezpadako* urratsak eman erazten.

Eta, azken finean, desira dezagun, egiten (edo ez egiten) dena guztion onerako izan dadila. Hala biz!*

 P. S. Lantxo hau amaiturik nedukala, irailaren* 25ean Amerikatik dator albistea: hango AECk 60 egunen barru 21 erreaktore geldierazteko agindu duela. Erreaktore hauk* guztiok, BWR (Boiling Water Reactor) edo ur irakinez hozten direnetarikoak dira. Holako hiru erreaktoretan, zirrikitu* batzuk aurkitu dituzte hodietan,* zeintzuetarik ur erreaktiboa irten baita, baina inori kalte egin barik, horretarako dauden biltokietara eramana izan da eta. Hala ere, teknikariek zirrikitu guztiak ikertu eta beharbada konpondu egin beharko dituzte. Ezin uka daiteke, zorigaitz honek, ekonomi aldetik, kolpe ederra emanen diela Elektro Elkargoei,* baina ez denei, zeren erreaktore gehienak PWR (Pressure Water Reactor) edo ur konpresatuz hozten direnetarikoak baitira, hau da, Lemonizko erreaktorearen antzekoak. Makurra, beraz, mekanikoa izan da, ez nuklearra.

Patxi LATXIONDO