ANAITASUNA

281. zenb.

1974.eko abuztuaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Donibane-1974

Aldizkariaren zenbaki hau irakurlearen eskutara orduko, Donibane Lohitzunen bildurik dago irakasle eta ikasle talde bat, guztien artean Euskal Unibertsitatea «asmatu» eta mamitu nahirik. Aurtengo honekin bigarren ekinaldia du, IKASek eratu duen ikastarotto horrek.

Bizpahiru urtetatik honakoan, nahiko hitz egin da Euskal Unibertsitateaz. Hala ere, ez da gure garai hau, horretaz arduratu den lehena. Gerrate aurretik ere egin zen eginahal ederrik eta bost, asmo hori eztenkatzeko.* Estornes Lasa jaunak eman digu, Euskal Herrian aspalditik noizbehinka birpiztu izen den amets honen berri. Los Vascos y la Universidad liburuan ikus daiteke hori. Ea jakitekoak dira, mende honetan, Oinatiko Ikas Biltzarre handi hartatik hasirik gerrateraino esan eta egin direnak.

Euskal Herriak, eta herri xumeak* ere, ez du XX. mendean bere Unibertsitate bat izateko egokierarik aurkitu. Baina horretaz kezka zitezkeenak ez dira premia eta beharrizan horretaz ahantzi. Primo de Riveraren diktaduraren aurretik egindako Eusko Ikas Biltzarreetan (Congresos de Estudios Vascos haietan) hitz egin zen lehenik. Gero hamar urtetako isilaldia etorri zen. 1932.az gero, berriro heldu* zitzaion arazoari. Madrileko euskal ikasleek, hemengo politikari eta jende eskolatuek, guztiek nahi izan zuten zerbait funtsezkorik* egin; baina etorkizunak ez zuen lagundu gero asmoa.

Oinatin (1918) Irakaskintza Sailak eskabide hau egin zuen: «Zientzi, Ekonomi eta Gizarte arrazoinak tartean direla eta, Euskal Unibertsitatearen sortzearen premiaz jabeturik, Euskal Ikas Biltzarreari Unibertsitate haren eraikuntza bultza dezala eskatzen dio Sail honek». Giroa heldu* gabe zegoelako, edo eta eskabideak zehaztasun handirik ez zuelako, Irakaskintza Sailaren asmoa ez zen pasatu Biltzarre osoaren ondorio-eskabideetara ere.

Zuzenean, Iruineko Biltzarrean (1920) heldu zitzaion Euskal Unibertsitatearen problemari. Elorrieta, Simonena, Arantzadi eta Eguren jaunak mintzatu ziren Ikastetxe posible haren antolamenduaz, autonomiaz, gizarte loturaz eta helburuaz. Hitzaldi haietan, Arantzadi agertzen da Unibertsitatearen euskalduntasunari buruz irekiena eta aurrerakoiena. 1920.ean gaude, eta Arantzadik (Unamunoren lehengusuak), titulua lortzeko idazlanetarako hizkuntza hautatzean, nahi zen erara egiteko libertatea eskatu zuen: «El idioma de la tesis no será uno obligado, y siempre se le tendrá al euskera todo el respeto que de nosotros merece y de quien con el euskaldun conviva hay derecho a exigir». Biltzarre haren ondorio-erabakietan Euskal Herrirako Unibertsitatea (Euskal Unibertsitatea?) eskatzen da. Denek somatzen zuten Ikastetxe Nagusi haren premia, nahiz eta, dirudienez, guztiek era berean esannahi bat bera ematen ez bazioten ere.

1922.ean Gernikan biltzen da II. Eusko Ikas Biltzarrea. Justo Garatek eta W. Meyer-Lübkek hitz egiten dute han Unibertsitateaz, harek medikuntzarakoak eta bigarrenak hizkuntzaren irakaskintzarakoak arakatuz.* Unibertsitatearen aldeko Sailak arautegigai bat moldatzen du; baina dena eginkizun gertatuko da, aipatu den politika aldaketa zela medio.

1932.ean entzungo dira ostera* ere mintzo berriak. Madrileko «Eusko Ikas Batzak» inkesta* bat zabaltzen du Euskal Herriko eta Espainiako zenbait intelektual eta irakasleren artean. Inkestari eman zitzaizkion erantzunekin, eta elkar hizketa batzuekin, liburuska bat argitara zuen Madrileko elkargoak.* Aipagarriak dira bildutako eritzi emaleen izenak. Jiménez Díaz, Miral, Ortega Gasset, Fernando de los Ríos eta Unamunok hartzen dute parte elkar hizketa haietan. Inkestaren erantzuleak askoz gehiago dira. Ezagunenak: Altadill, Apraiz, Arantzadi, Barandiaran, Eguren, Espartza, Garate, Guimon, Horn, Irigarai, Irujo, Landaburu, Leizaola, Montero Díaz, Orueta, Salaberria, eta abar.

Unamuno izan zen inkesta hartan, bere ezezko guztiekin, gainerakoen amets eta gogoen nondiknorakoa kontrargitu zuena. Unamunorentzat, goi ikasketak egiteko kanpora irten beharra abantail* haundi bat zen: «La necesidad que experimenta el vasco de salir fuera de su país para cursar estudios universitarios es, a mi juicio, una gran ventaja». Beti bezala, paradoxaz betea agertzen da Unamuno: Euskal Unibertsitatearentzat ez du nahi autonomiarik; baina Filipinetan espainolgintzaren kontra Rizal-ek eta jesuitek egindakoak eredutzat* jartzen ditu. Goi irakaskintzaren eta euskararen arteko zerikusiak honela epaitzen ditu Don Miguelek: «El vascuence, en mi opinión, no llegará nunca a ser un instrumento de cultura».

Unamunoren zalantza eta kezka haietantxe soma liteke EU baten problematika: Egingarri dea* Euskal Herriarentzako EU bat, euskaraz emana, gure kulturaren tradizioan bereziki sustraitua* eta gure nortasunaren etorkizunerako pentsatua? Nahi ote dugu horrelakorik ala ez? Hortxe dago gakoa.* Don Miguelek ez zuen nahi; Lizarrako* Estatutuak, berriz, bai (1953). Eta gehiago oraindik: garai haietan, ezkerrean ezik, nahiko arraroa zen zentzu sozial zabal bat eman nahi izan zitzaion asmoari Lizarran.

Gaurko gure egoeran, ez da urrats* kaskarra izanen, Donibaneko saioaldi horietan hizkuntzaren tresna trebatzea, goi eskola baterako gizonak elkartzea eta indarrak prestatzea. Eta 1918.ean baino baikorrago ere izan gaitezke, beharbada, 1974.eon: herri xumea gertuago* dugu orain, euskara helduago, gizonak jantziago.

Joseba INTXAUSTI

dezala, daiala

digu, deusku

zioten, eutsoen

zitezkeen, eitekezan

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozan


"Andima Ibiñagabeitia" Saria. Sari araudia

1. Azken urteetan bezala, aurten ere Euskara Lagunen Elkarteak (E.L.E.) izenburu honekin urteroko saria eratzen du euskal idazle eta jakintsuentzat, euskararen indarberritze, sakontze eta batasuna helburutzat hartuz.

2. Elkarteak sortua denez gero, bere ardurapean hartzen ditu lehiaketa honen antolatze, zabaltze, epaitze eta sariztatzea.

3. Saria bakarra eta eman beharrekoa izango da 1974eko abenduaren 6an, Euskara Egunez, haren zenbatekoa USAko mila (1.000) dolarrekoa izanen delarik.

4. Gaitzat «Saiakera» hartzen da. Gai librea.

5. Lanaren luzea, 22 x 28 zentimetrozko horrietan idatzia, lerroune bat zuri utzirik, eta 100 horrialde gutienezkoa, marrazki edo apaingarriak kontuan hartu gabe.

6. Lana, lehenidatzia edo originala izanen da.

7. E.L.E.ren gogoa, Euskaltzaindiak gomendatutako EUSKARA BATUAN idatzia izatea da. Hala ere, edozein euskalkitan egindakoak onhartuak izanen dira.

8. Urte beteko epea ematen zaio egileari, lan saritua argitaratzeko. Horrela izan ezik, E.L.E.k bereganatuko ditu lanaren gaineko eskubide osoak. Jasotzen diren beste lan guztiak antolatzaileen eskuetan geldituko dira.

9. Lanak irailaren 30erako korreoan ipiniak izango dira, E.L.E.ren zuzenbidera: Apartado 51.730, Sabana Grande, CARACAS (Venezuela), «Andima Ibiñagabeitia» Saria aurrez idatzirik. Lanak azalburu batekin izenpetuak izanen dira, azalburuaren giltza beste sobre batean zuzenbide bertara igorriz, baina giltza aurrez idatziz, edo eta argi markatuz.

10. Araudi hau aurrera eramateko, nolanahiko eragozpenik sortuko balitz, E.L.E.ren zuzendaritzak berak erabakiko luke.


"Iberia Express"

Katalana eta Omnium Cultural

Katalunian Omnium Cultural delakoa da, katalanaren aldeko ekintzarik bizkorren eta zabalena daramana.* Aurten, Barcelona hiriko hauzoetan egin du bere herri lan nagusia: Sants, Hostafrancs eta abarretan. Hauzo hauetan, esan beharra dago, %60k ez du katalanez hitz egiten.

Hauzo hauetako 39 ikastetxeri laguntza eskaintza bat egin zaie, eta 24ek onhartu egin dute, 11k ezezkoa eman, eta gainerakoek katalanaren alde berak ere lehendik ari zirela erantzun.

Kanpaina honen zuzendaria den Ernest Sabater jaunak dioenez, argi ikusi da, kanpotik irakasle laguntza eskainiz gero, posible dela —behar den diruarekin— katalana nonnahiko ikastetxeetara sartzea.

Gaitza, beraz, irakasle prestaturik ez izatean dago: Kataluniako maisu-maistretatik %50ek ez dute katalanez hitz egiten. Eta egiten dutenetatik, %9k bakarrik dakite katalanez idazten. Egoera hori plan orokor baten barnean konpontzen ez den bitartean, oso zaila gertatuko da katalanaren eskolagintza aurrera ateratzea. Premiazkoa da, bada, eskoletako beretako irakasleak prestatzea eta trebatzea.

Emakumeak kalez kale

Hain humore onekoa den Francisco Umbral kazetari ezaguna, emakumeen alde agertu da. Kazetariak dioenez, kalez kale egiten diren eske horik* gorde egin behar lirateke. Behartsu eta gaixoak laguntzeko ematen duten aukeraren ondoan, beste alde ona ere ba dutelako: Espainiako emakumeari etorkizun eta eginbehar handi bat ematen omen diote eske horiek. Gizartea ez dute aldatuko, baina bai emakumea. Umbral dixit!

Nuklear zentralen arazoa

Uztailaren 13an, nuklear zentralei buruzko mahai inguru bat egiteko zen, Madrileko «Eurobuilding» hotelean.

Mahai inguru hau, AEORMA edo Asociación Española para la Ordenación del Medio Ambiente delako elkarteak antolaturik zegoen; eta bertara, nuklear zentralak eraikitzeko diren herrietako udaletxeak* eta taldeak gonbidaturik zeuden. Hauetaz gainera, zenbait zientzigizon eta jakintsu —fisikalariak, biologoak, inginadoreak (hauen artean, Lejoako* Unibertsitatean irakasle den eta ANAITASUNAn idazten duen J.R. Etxebarria), ekonomilariak, abokatuak eta abar—, Espainiako prentsa agentziak eta TVE bera ere.

Mahai ingururako jendea heldurik zela, batzarrea debekaturik zegoela jakin erazi zuen poliziak; eta, honela, besterik gabe, nork bere etxera joan behar ukan* zuen.

AEORMA elkarteak prentsarako ageri bat prestatu zuen, kazetariak esku hutsik joan ez zitezen; eta ageri horretan bere lehen xedea* jakin erazten zuen, hots,* eragozpen guztiak gorabehera,* informatze lanari gogor ekinen zitzaiola.

Gu ere horretan gaude. Izan ere, jendeak jakin egin behar du zernolakoa den nuklear energia, horretaz kriteriorik ukan dezan nahi badugu behintzat.

Arazo honi buruz, interesgarria da oraintsu Katalunian gertatu dena.

Duela* zenbait hilabete, FECSA entrepresak Tarragonako L'Ametlla herrittoan nuklear zentral bat eraikitzeko asmoa adierazi zuen, eta asmo hori aurrera eramateko eginahalean dihardu oraino.

L'Ametllako jendea ez dago ados* asmo horrekin, eta berorren kontra altxatu da. Lehenbizi herri osoaren manifestazioa izan zen. Azkenik, herriaren nahia kontutan hartzen ez dela ikusirik, jendea asaldatu* egin da, eta, maiatzaz geroztik, ez du FECSAren argi konturik ordaintzen.

«Espainiako Biltzarre Demokratikoa»

Ezker, eskuin eta erdiko politikariak biltzen dituen eta Madrilen bere bizileku nagusia duen «Espainiako Biltzarre Demokratikoa» edo «Junta Democrática Española» izeneko antolamenduak, uztailaren* 29an Parisen izan den prentsa mintzaldi batetan, dei bat egin die Espainiako herriari eta harmadari,* demokrazia organikoa delakoaren ordez Europako beste Estatuetan dagoen demokraziaren antzeko bat berreraiki dezaten.

Hona zer proposatu duen Biltzarreak, Pariseko Le Monde egunkariak dioenez:

1. Behinbehineko* Gobernu bat sortzea.

2. Preso politiko guztientzat amnistia osoa eta berehalako askatasuna.

3. Alderdi politiko guztien legeztatzea, salbuespenik* gabe.

4. Sindikal askatasuna, eta sindikatu ofizialaren ondasunak langile mugimenduen eskutan* ipintzea.

5. Grebak,* bilkurak* eta bakezko manifestazioak egiteko eskubidea.

6. Prentsa askatasuna.

7. Magistraturaren independentzia.

8. Indar harmatuen neutraltasun politikoa eta profesionaltasun hutsa.

9. Espainol Estatu batuaren barnean, Katalunia, Euskal Herri eta Galiziaren nortasun politikoak onhartzea, eta demokrazi bidez nahi luketen nazional batasun guztienak.

10. Eliza eta Estatuaren arteko loturarik eza.

11. Askatasun demokratikoa lortu ondoan, 12 edo 18 hilabeteren buruan bozketa* bat egitea, Estatuaren molde berria defini ahal izateko.

12. Europako Komunitatean Espainiaren integratzea.

Hurrengo egunean, uztailaren 30ean, Biltzarreak ageriko bilkura bat egin zuen Madrilen, Frankfurter Allgemeine Zeitung alemaniar egunkari ezagunean irakurri ahal izan dugunez.

Esan dugu lehen, alderdi politiko, sindikatu eta pertsonaia demokratiko desberdin asko sartzen direla Biltzarrean. Komunistak, Sozialistak, Liberalak eta Kontserbakor Demokratak omen daude barruan. Oraingoz, PSOE ez omen zaio erabat* antolamendu honi atxiki,* zuzendaritzak ez baitu erabakirik hartu.

Biltzarreak, ezkerretara, indarkeriaz eta terrorismoaz baliatzen direnak, eta, eskuinetara, oraingo erregimenaren berezko demokratizazioan sinesten dutenak, kanpoan uzten ditu. Zenbait pertsonaia gailen,* industrigizon eta bankuburu asko biltzen duen «Unión Democrática» izeneko mugimendua ere, aipaturiko antolamenduan omen dago.

Kazetariak:

J. R. ETXEBARRIA

Joseba INTXAUSTI

Xabier MENDIGUREN

Andoni SAGARNA

dezan, daian

dezaten, daien

die, deutse

diote, deutsoe

gaude, gagoz

zaie, jake

zaio, jako

zitzaion, jakon


Hementxe denok

Euskal Herria. Ipar Aldea. Bizkaia. Araba. Errioxa

Euskal Herria

Udako II. Euskal Unibertsitatea

Ihaz egin zuen bezala, aurten ere IKAS elkarteak Udako Euskal Unibertsitatea antolatu du. Programazio osoa oraino ezagutzen ez dugun arren, ikastaro horren xehetasun zenbait azaltzen dugu hemen, irakurleek eta bereziki hara joan gura luketen guztiek jakin dezaten.

Tokia eta egunak

Udako II. Euskal Unibertsitatea Donibane Lohitzunen eginen da, «Lycée Maurice Ravel» ikastetxean, irailaren* 2tik 11rarte. Beraz, irailaren 11n bukatuko da, eta ez 13an, lehen esan zen bezala.

Lan sailak

Hamahiru lan sail aukeratu dira. Hona hemen: Linguistika-literatura, Historia, Zuzenbidea, Antropologia, Soziologia, Filosofia, Politika, Ekonomia, Zientzia, Pedagogia, Edergintza, Antzerkia, Kazetagintza.

a) Zientzi saila

Irailak 3 FISIKA eta KIMIKA

Goizean, bi mintegi: bata fisikaz, bestea kimikaz.

Arratsaldean, ikastaldiak:

- J.R. Etxebarria: Mekanika teorikoa.

- EKAT taldea: Elhuyar zientzi agerkaria.

- J. Iturbe: Kimika kuantikoa.

Irailak 4 MATEMATIKA

Goizean, mintegi bat. Arratsaldean, ikastaldiak:

- Karlos Santamaria: Zalantzazko egoerak eta informazioa.

- beste ikastaldi bat edo bi.

Irailak 6 NATUR ZIENTZIAK

Goizean, mintegi bat: botanikaz. Arratsaldean, ikastaldiak:

- J. Altuna: biologiaz.

- Donostiako Arantzadi taldea: beste ikastaldi bat.

INFORMATIKA

Goizean, mintegi bat: merkatalgo* informatikaz.

Irailak 7 TEKNOLOGIA eta EKONOMIA LANTEGIETAN

Goizean, mahain inguru bat, entrepresetan gai horik* euskaraz erabiltzen dituzten batzuekin.

KUTSADURA

Arrats batez (eguna ez da oraino finkatua), fisikalari, biologo eta beste batzuekin mahain inguru bat.

b) Linguistika-literatur saila

L. Mitxelena: Euskararen historia.

A. Irigoien: Euskararen morfo joskera.

J. Haritschelhar: 6. Etxepare.

L. Villasante: Axularren sintaxi eta morfo sintaxiaren puntu batzuk.

M. Murgiarte: Bilinguismoaz, mintzaldi bat.

Euskal fonologiaz, mintzaldi bat.

Euskararen ikasteko metodo berri baten egiteari buruz, mintzaldi eta mahain inguru batzuk.

(Egunero euskara batuari buruzko irakastaldi batzuk emanen ditu Larresorok).

c) Antzerki saila

Irailaren 7an, arratseko 9etan, «Hil Biziak», Daniel Landart-en azken antzerkia emanen da.

Bi mahain inguru ere eginen dira: bata pastoralaz, eta bestea teatroaz.

Dirua

Lo egiteko eta jateko tokiak, joan den urtean bezala, Donibaneko Lizeoan izanen dira.

Prezioak honela izanen dira: matrikula 30 franko, eguneroko lo eta janaldiak 20 franko.

Ikasleentzat diru laguntzak (bekak) izan litezke. Galdea IKAS taldeari egin behar zaio lehen bai lehen (15, rue Port-Neuf, 64100 Bayonne), argitasun guztiak emanez: izena, helbidea,* jaiotza eguna, ikastetxea, ikas maila, gurasoen lanbidea.

Debako nuklear zentralari buruz

Deba inguruan eraiki nahi den nuklear zentralari buruz Aranzadi elkarteak egindako liburuxka bat heldu zaigu eskuetara.

Bertan, Aranzadi elkartekoek banan banan aztertzen dituzte, nuklear zentral batek bere inguruan sor ditzakeen problemak: kutsadura* radioaktiboa, bero kutsadura, desoreka* ekologikoak eta beste.

Lana oso ondo ordenaturik dago, eta edonork ulertzeko moduan. Batzuetan, textuak zientzi zehaztasuna galtzen du; baina hau, jendearentzat ulerterraz gerta dadin egin dutela uste dugu, eta horregatik akatsa barkagarria da.

Beste akats bat ere aurkitzen diogu txostenari,* eta hau ez da hain barkagarri. Herriaren informaziorako egin bada, eta Deba, Ea, Izpazter, Lemoniz eta alboko herri guztiak euskaldunak badira (eta ba dira), liburuxka euskaraz (edo euskaraz ere) egina izan behar litzatekeela uste dugu. Eta puntu honetan, dudarik gabe, huts egin dute Aranzadi elkartekoek.

Dena dela, lan onuragarria* dela uste dugu. Nuklear zentralei buruzko informazio ugaria baturik eta ordenaturik dago. Orain bigarren pauso bat eman behar litzateke: herria informazio horren jabe egin. Orduan, eta orduan bakarrik, hartu ahal izanen dira erabakiak. Bien bitartean hartzen direnak, herriaren lepotik hartuak izanen dira.

Disko berriak

EDIGSA diskoetxeak bi disko handi argitaratu berriak ditu.

Lehen diskoa Euskal Musikalarien Uhin* Berria izenburupean dator, eta lau euskal musikalari gazteren obrak dakartza. Hauetariko bi bizkaitarrak ditugu: Anton Larrauri, Bilbokoa, eta Karmelo A. Bernaola, Otxandiokoa. Beste biak, berriz, nafarrak dira: Tomas Marco, jatorriz Otsagiarra,* eta A. Gonzalez Azilu, altsatsuarra. Diskoaren lehen aurpegiak hiru obra hauk* eskaintzen dizkigu: Larrauriren Munduak, Gonzalez Aziluren Seriegrafonia eta T. Marcoren Agur, Jerardo. Bigarren aurpegiak K. Bernaolaren Argia ez da ikusten, eta T. Marcoren Miriada dakartza.

Bigarren diskoa, Joxe Mari / Mikel izenpean, herri kanta eta bertso bilduma* batekin dator. Lehen aurpegikoak hauk dira: Sarako festak, Esaten dute, Donostia eder hau, Osaba-ilobak, Ama zuriak neri, Aste pasauta, Erreguetan. Bigarrenekoak. berriz, beste hauk dira: Zirt zart, Herriko festak, Usurbilgo ereserkia, Ijituarenak, Gazte gudaria, Hogeigarren ehunkian, Haur bortxatua.

Bi disko hauen grabazioa Iñaki Beobideren ardurapean egina izan da, eta ona dela esan beharrean gaude. Nekatu gabe ezezik,* atseginez —hunkiturik* ere bai, batzuetan— entzuten dira. Txalogarria benetan, euskal musikaren alde EDIGSA egiten ari den lana, eta oso bereziki Uhin Berri honen oihartzunak* plazaratu dizkigulako.

COLUMBIA etxeak, bere aldetik, beste disko handi bat argitara du, Los Pomposhos izenburuagaz.* Euskal Herriko hiri handietan, batez ere Donostia aldean, euskaraz ez dakitenek edo egiazko euskal kontzientzia ez dutenek, atseginez kantatzen nahiz entzuten dituzten «euskal» kutsuzko —bi edo hiru ezik— erdal kantu eta soinuak.

Ipar Aldea

Angeluko udaportua egiten ari

Joan den neguan hasi ziren Angeluko* udaportu berriaren egiten, Aturri* hibaiaren bazterrean edo ertzean. Egileen ustez, uda honetarako ireki beharra zen. Baina, obralanek uste baino denbora gehiago hartu baitiete, heldu* den negurako bururatua* izanen da, eta ondoko udaberrian irekia.

Baionako Ekonomi Ganbara Gaztea

Duela zazpi urte hasi zen lanean Baionako Ekonomi Ganbara Gaztea. 1967.eko apirilaren 17an sortu zen, André Luberriagaren inguruan bildu zen gizon gazte multzo bati esker. Frantziako Ekonomi Ganbara Gazteen Batasun haundian onhartua izan zen. Estatu honetan ba dira egun,* berrehun eta hogei E.G.B. deitutako erakunde.* Eta mundu zabalean Ekonomi Ganbara Gazteak laurogeitabost Herritan zabalduak dira.

Ba du,* beraz, zazpi urte, Baionako Ekonomi Ganbara Gaztea ari dela lan eta lan, Euskal Herriko mugaren bi aldeetako herrigizonak elkarrekin harremanetan sar erazi nahiz. Duela* bi urte, Bilboko lantegi haundienen eta petroliotegiaren ikustera eraman zituen iparraldeko hirurogei bat gizon eta emakume. Duela bi urte oraino, Akize*-Baiona-Donostia-Tolosa deitua izan zen ekonomi bide edo ardatzaz hobeki jabetzeko muntatu zituen bi egun lanerako, bata Baionan eta bestea Donostian. Baionako eta Iruineko hirien arteko harremanen berriz abia erazteko, kultura eta bizibidearen sailean, urrats* franko erabili du, eta berriz abia eraztea ere lortu. Esan gabe doa, berak ere lan egiten duela bi sail horietan.

Balio luke, beraz, hegoaldean aurkitzen diren gisa* bertsuko* erakundeak, Baionako Ekonomi Ganbara Gaztearekin harremanetan sar litezen.

Esan dezagun, bi urtetarik aldatu direla E.G.G.ko lehendakariak. Hona aldian aldi izan direnen deiturak: Luberriaga, Larramendi, Touraton, Gayon eta Dulac.

Lantegi ttipiak behar dira lagundu

Bai, lantegi ttipiak behar dira lagundu. Horra zer esana izan den, Baionan egin berria izan den bilkura* batetan. Baionako, Paueko eta Tarbeko Industrialdegiek* muntatua zuten bilkuran. Lehen aldia da, ofizialki horrelako ideia bat zabaltzen dela, erakunde horiengandik.

Lantegi ttipiei laguntza eman? Zergatik ote? Jaun horik* ohartu egin baitira, hamar langilez goitiko* lantegiek, azken urte hauetan, lantegi haundiek baino lanbide edo enplegu berri gehiago muntatu dutela. Iparralde bonetan altxatzen diren lantegi berriek, baldin hiru urte barne hogeitamar langilez goitiri lana ematen badiete, Estatuaren eta Departamenduarengandik dirulaguntza ederra biltzen dute. Zoritxarrez behin eta berriz gertatu dena —eta honetaz Biarritzeko zapata langile izanek ba dakite zerbait—, iparraldera etorri diren lantegi berri haundi batzuek, dirualde* ederra eskuratu ondoan, ateak hesi* dituztela, langileak lanik gabe utziz.

Noiznahi ordu da, beraz, lekuko lantegi ttipiak ere lagun ditzaten.

Bestalde, beste ideia berri bat ere, gure ustez industrialdegien baitan lehen aldikotz agertua izan dena, hauxe da: lekuko jendeak, bere dirualde guztia bankuetan baztertzeko* orde, lantegietan behar lukeela bere dirutik parte bat sartu. Zeren* eta, horrela, lekuko bizibidea lekuko jendeak berak ere lagun bailezake, bankuek egiten ez duten bezala.

Oroit dadila irakurlea, joan den urtean, Pirinio Atlantikoetako departamenduan, Aurrezki Kutxa edo «Caisse d'épargne» deitu* diruetxeetan berrogeitamar miliar* libera zaharrez goiti* baztertua izan dela. Ez baita, segur, dirualde ttipia eta gutiestekoa*! Eta jakin ere behar da, bankuek biltzen duten dirualdetik erdia baino gehixeago Pariseko Bankura bidalia dela zuzen zuzenik, zerga* baten gisara.* Eta ondorioz, lekuko bizibidean sartzeko, mailegu* eta prestamen gisa, diru guti gelditzen dela.

Ea, bada, ideia balios horik biok, luzagabe obraturik ikusten ditugun! Agian* bai, gure eskualdearen* abantailetan* bailitzateke!

UDIB batasuna, zertan dugun

Sail honen irakurleetarik norbait oroituko da beharbada, duela* bi urte, 1972.eko martxoaren lehen egunetan sortu zen batasun* ederraz, hitz haundiz izendatu zenaz. Asmatzaileek, erdiko politik alderdi frantsesaren lekuko aitzindariek,* UDIB eman zioten izena, esan* nahi baita, Union pour la Défense et le Développement des Intérêts du Pays-Basque, edo Euskal Herriko interesen hazkundearen* eta zaintzearen batasuna.

Bretoinek, beren interesen zaintzeko, aspaldiko urte haietan CELIB izeneko batasun azkarra* eta langilea ba zutela oroituz, gisa* bertsuko* zerbait muntatu nahi izan zuten Ipar Euskal Herriko politik indarrek.

Zorigaitzez, ordea, izen ederrari izan azkar eta langilerik ez zioten eman ahal izan. Batasun sortu berriak lanik ez du egin. Adios euskaldunen interesak! Interes hauen zaintzeko eta hazteko batasun haundi eta azkarrik munta litekea* iparraldean? Nolaz ez izan sinesgogor?

Baionako ZUP hauzo berriaren bisita

Duela hamar bat urte, Baionako hiria, aurreko urteetan asmatu zuen hauzoaren obratzen hasi zen. Hamar bat urteren buruan, Pariseko hogeitamar bat kazetarik* bisitatu ahal izan dute kasik bururatua* den herrilana. Bizitegien barneak eta etxeen arteko soropil* nasaiak* gustatu baldin bazaizkie, zementu hutsez egin* etxeen arkitektura idor* eta airostasun gabeak ez die hainbat ele* onik jalgi* erazi, egia esan, ez baita kanpoz hain laketa.*

Esan dezagun, hauzo berri horretan ba direla oraingoz zortzi mila bizilagunez goiti,* hauetarik %10 atzerritik etorriak gehienak espainol eta portugesak. Bizitegietaz bestalde,* kulturleku eta jostalekuak egin dira, kirolbarneak* eta kirolpentzeak,* lehen mailako hiru eskola, bigarren mailako bi ikastetxe haundi, igertoki* eder bat, eskulanen ikasleku bat; eta orain hasiak dira trinkete baten, ezker paret baten eta plaza libre baten egiten. Euskaldunen pilota, beraz, ez da ahantzia izanen. Ez behar ere!

Espaniol kazetarien bisita

Akitaniako ekonomiaz arta* duen DATAR izeneko batasun ofizialak eskaturik, mugaz honaindian gaindi* ibili dira espainol kazetari* multzo bat, Frantziako Estatuaren planteamendua obretan ikusi beharrez. Perpignan, Montpellier, Parise, Tolosa, Bordele, Tarbe, Paue eta Baionan gaindi ibili dira.

Espainol kazetariek esan dutenez, ba omen du Espainiak anitz* ikasteko, dela planteamendu oso baten heinean,* dela oraino eskualdekatzearen* heinean.

Bigarren sail honetan, segurik, frantses eskualdekatzea kopiatuz, dudarik ez da, ez direla urrunegi joanen, egiazko eskualdekatze baten ordez, Hiriburuko nagusigo erdirakoiaren eskualdetaratzea baizik ez baitute imitatuko.

Liburu berria iparraldeko ekonomiaz

Bi euskaldun ikasle gaztek, Mikel Leizagoyen eta Jean Suhubiette-k, liburu bat argitara dute, azken 30 urte hauetako euskal ekonomia eta jendeketari* buruz.

Paueko Fakultatean lau urtez ekonomia ikasi eta gero egin dute lan hori. Liburuaren izena, «Problèmes du développement économique du Pays-Basque Nord».

Lan baliosa, zifra asko dakartzana. Argi eta garbi erakusten du, iparralde honetan eskualde* batzuk nola eta zergatik hustu diren eta husten diren jendeketaz eta partikularzki gazteriaz.

Denbora berean, geroari buruz zenbait pentsaketa egiten dituzte bi gazte horiek, eta aterabide batzuk ematen.

Salgai, «Mende Berri» liburutegian (32, rue Bourg-Neuf. Bayonne).

Mauleko eliz batzarrea

Joan den ekainaren* 14ean bildu da Maulen* «Presbyterium» edo apez kontseilarien biltzarrea.

Biltzarre horretan 60 bat apez izan dira, beren apez lagunek hautatuak, Baionako diosesiko apezpikuaren eta apezpiku laguntzailearen laguntzeko. Euskal kulturaz, ekonomiaz eta politika problemetaz mintzatu dira, eta laiko multzo bat ere ekar erazi dute, haien eritzien entzuteko.

Laiko horiek, nork bere ahalen arabera,* lan funtsezkoa* egiten dute iparralde honetan, eta, fededun eta euskaldun gisa,* garbiki adierazi dituzte beren grina* eta arrenkurak.* Agian batzarre horretako deliberamenduen berri ukanen dugu laster, eta agian ere zenbait ondorio ikusiko!

Euskararen ikasteko metodo berria

Euskararen irakasteko nahiz ikasteko, ba genituen orain arte metodo zenbait: Dagorret jaunarena, Nafarroa Behereko euskaraz, Oñatibia jaunarena, lapurtarrez, eta «Ezkila».

Orain metodo berri bat agertu zaigu, «Euskara», Sabin Harrixurik euskara batuan egina. Ezagutzen genuen jada* «Euskalduntzen», eta erabiltzen ere dugu. Baina praktikak erakutsi du, hau ere osoago eta hobe litekeela. «Euskara» metodo berria horretarik sortu da. Hona metodo horretaz xehetasun larrienak:

- hitz guztiak euskaraz ditu, eta haien esannahia irudien bitartez adierazten du.

- hitz horik* euskalki guztietarik datoz; hola, ikaslea bai ipar- eta bai hegoaldean mintzatzeko prestatzen da.

- aditza, deklinabidea eta abar beste metodoetan baino emekiago* ikas daitezke.

- ariketa mota gehiago ditu. Hau baitezpadakoa* da irakaslearentzat.

- metodo osoa liburuxka batzuetan agertuko da, eta liburuxkak bata bestearen ondotik jalgiko* dira. Jadanik* bi agertu dira.

- liburuxka bakoitzaren hondarrean* hiztegi bat dator, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz.

- gaztelaniatik nahiz frantsesetik datozen hitzak baztertuak dira ahal bezain usu,* euskara garbia agertzeko.

Sabin Harrixuriren lan hau, gure ustez, urrats* balios bat da aurrera.

Salgai: Baionan, «Mende Berri» liburutegian (32, rue Bourg-Neuf); Bilbon, «Verdes» liburudendan (Correo, 7). Liburuxka bakoitzaren prezioa, 80 pezeta.

«Otxagabia» diskoa agertu da azkenean

Hainbat eskatua, hainbat igurikatua* eta agindua,* beren diskoa —«Otxagabia»— argitara digute Eñaut Etxamendi eta Ellande Larraldek. Guztiak beha* zeuden. «Joseba Elosegiri», «Tiki taka» eta «Zutik» hiru diskoen ondotik hona orain «Otxagabia».

Estalkian hor ageri da Otxagabia nafar herri zoragarria, Zaraitzuko* ibarrean, Muskildako ermitatik fotografiaturik. Ezkerreko izkinan, emakume bat nigarrez... Nafarroaz nigarrez ari da... Euskal Herriaz...

Estalki gibelean,* Obanosko Infanzonen harmak. Haiek oroiterazi egiten digute, nola XIII. mendean gure arbaso nafarrak gudukan* ari ziren beren libertatearen eta eskubideen zaintzeko, eta nola XIV. mendean Infanzon horik* suntsituak* izan ziren. Istorioa* ez da, bada, gaurko haizeak emana.

Diskoa ederra da. Lau kantuak, zein ederrago. Barneko muinetaraino sindierazten dizkigute sendimenduak.

Udan udatiarrak nagusi

Urte guztiez bezala, udarekin batera hemen ditugu udatiarrak edo turistak. Ez, beharbada, joan urtean bezainbat; baina, berdin berdin, hemen nagusi agertzen dira eta euskaldunak zerbitzari. Eta jeneralean gogotik zerbitzari, zeren* eta, hamar hilabetez bildu ez den dirualdea* nahi baitute bi hilabetez eskuratu. Denda ttipiak eta saltegi haundiak, ostatu eta hotelak, gau eta egun ari zaizkigu lanean. Eta ez haik* bakarrik. Hiri-herrietako festa edo jai batzordeak* ere ez daude lo. Egia esan, ez da iganderik ez eta aste egunik ere, han edo hemen zerbait herrifesta, ikusgarri* eta dibertimendu, gehienik udatiarrei buruz muntatua ez denik.

Udakari,* Ipar Euskal Herriko hiri-herriak bizitasunez bat batean kaldan* jartzen dira. Ez dute, egia esan, ez irauteko arriskurik, zeren eta udaren ondotik datorren negua guztiz luzea baita gure eskualdean.

«Zabal» aldizkaria goiti ari

Baionako inguruan bizi diren abertzale sozialista multzo batek duela* urte bat abiarazi zuen aldizkaria, «Zabal» izenekoa, goiti* ori zaigu. Zortzigarren zenbakia jalgi* bezain laster, bederatzigarrenaren moldatzen ari da, heldu* den irailaren lehen egunetan argitaratzeko.

Atseginez ikusten dugu, irakurleak emeki* emeki emendatzen* ari zaizkiola, eta hegoaldera bereziki gero eta gehiago sartzen ari dela. Hainbat hobe, euskal kulturaren bultzagarri izan nahi duen agerkari bizi horrentzat.

Esan behar dugu ere, «Zabal» taldekoak ez direla bakarrik zenbait artikuluren idazteaz axolatzen. Denbora berean ari dira lan eta lan euskal kulturaren zabaltzaile diren zeren* hedatzen.* Horra zergatik muntatu berria duten Baionan, Pannecau karrikan,* izen bereko liburutegi eta diskotegi berri bat, euskal kulturaren alorrari* osoki zabaldurik dagoena: agerkari, disko eta liburu, orotarik* aurki dezakezu han, euskaraz eta erdaraz. Bestalde, dela pintura, dela eskultura eta beste zenbait arte motaren erakusketak ere egiten dira. Goiz-arratsaldetan irekirik dago «Zabal»en liburutegi hori. Horra berri bat, hegoaldekoentzat pozgarri izanen dena, hain segur.

«Otoizlari» gero eta apainago

Iparraldean argitaratzen den aldizkarietan ederrenetarik bat dugu, dudarik gabe, «Otoizlari» Belokeko beneditanoen agerkari euskalduna. Ezinago apaina eskuratu dugu 74-75. zenbakia.

Zatirik gehiena erligioko tentaldiari eta haren gorabeherei eskainia da. Eta, bururatzeko,* ipar euskal hiri-herrietarik jalgi eta oraino bizi diren seroren* izen-deiturak eta egonlekuak lerrokaturik ekartzen ditu. Ba dira orotara zazpiehun eta hamar bat serora!

Bizkaia

Barakaldoko euskal jaiaren gorabeherak

ANAITASUNAko 278. alean aipatu genuen Barakaldoko «Euskal Dantza eta Musika Zaharren Eguna» ez da egin ahal izan uztailaren* 13an, herriko programa ofizialean agertua izan arren.

Azken orduan, Udaletxeko* batzarrean, euskal jaialdi hori garai horretan ez egiteko eskatu zuen herriko jaien batzordeak,* eta irailean* egitea erabaki zen, orduan egingo omen den «Euskal Arte Erakusketa»ren bukaera bezala.

Kendu edo debekatutako euskal jaialdiaren hurrengo egunean, Cádiz-ko folklore talde bat aritu zen Barakaldoko plazan, herrian bizi diren andaluziar «cantaores» batzuen laguntzarekin.

Bestalde, uztailaren 16an, Karmengo Andre Mariaren egunean, euskarazko meza eder bat ospatu zen Karmengo elizan bertan arratseko 8etan, txistulariek, bertsolariek eta dantzariek, herriko jendearen kantu bizien artean, parte hartzen zutelarik. Gero, meza ostean,* herriko Sorginzubi euskal dantzari taldearen saio jatorra, eta guztion arteko erromeria.

Bizkaiko ikastolentzat

Datorren ikastarorako (1974-1975), «Euskal Kultura» izeneko fitxa batzuk gertaturik ditugu, bigarren etaparako (6, 7 eta 8.erako).

Fitxa hauk* bost ebaluaziotan eta hogei hamabosterokotan banaturik daude. Fitxok betetzeko, haurrek ondoko liburu hauk beharko dituzte: «Euskal Aditza», Joseba Intxausti; «Lutelestia», Goikoetxea (multikopiaz); «Abarrak», Kirikiño.

Hiru liburuok bai bizkaieraz eta bai gipuzkeraz (kasurako, euskara batuan) aurki daitezke.

Fitxok multikopiaz gertaturik daudenez gero, berdintsu da 500 nahiz 5.000 botatzea. Beraz, inork lan honetaz baliatu nahi badu, dei dezake telefono honetara: 561147.

Indarkeri zaleak (Deustuko pasiotar baten ohar-erantzuna)

Zuzendari jauna:

Egiaren zerbitzuan gidatzen duzun ANAITASUNA aldizkarian (279. zenbakian, 8-9. horrialdeetan), talde batek izenpetzen duen «Indarkeri zaleak hor hemen» agertzen da. Gure arteko «eskuin eta ezker muturrekoen indarkeria» aipatu ondoren, han jartzen gaitu, bai bitxi adardun, Deustuko Ikastolakoak ere, Piñartar eta «Fuerza Nueva»koen ereduko* eginik. Deustuko Ikastolaren Zuzendaritzan geratu ginenon izenean, hori ez dela egia aitortu behar dut. Guk, berriemale horrek goraipatzen duen, «gurasoen elkartasun eta zentzu onean» oinharritu genuen Deustuko Ikastolako arazoa. Berriketa hori aztertzean, hutsunea nabari* da bertan: «eskuin muturra» bakarrik salatzen da. Non dira «ezker muturrekoak»? Neurri onak bi aldeak astintzea eskatzen zuen. Eskuindarrek «beren eritziak besteei indarkeriaz» sartzen badizkiet, ezkertiarrek zer sistema darabilate? Erreka nahastea, nonbait? Gezurra ez ahal da indarkeria? Alderdikeria, berri ematean, ez ahal da gezurra? «Ba dela ordua —uste dut nik ere— kolore guztietako indarkeriei NAHIKO DA! esateko». Eta ez «kristautasunik» aipa, hanartean.* Kontseiluak eskertzeko dira, baina nahiago genuen egia. Bera baino kristautasun jatorragorik!

Boluetako jaialdia, debekatua

Uztailaren* 19an Boluetan emateko zen euskal jaialdia, debekatua izan da Bizkaiko gobernariaren aginduz.

Jaialdi hau euskal musika tresnak ezaguterazteko zen, et hainbeste albokari, trikitilari, txirulari, txistulari eta txalapartarik parte hartuko zuten bertan.

Bolueta Bilboko hauzo bat dugu, azken urteotan asko handitu dena, batez ere kanpotik etorritakoekin. Eta oso interesgarria iruditu zitzaien antolatzaileei holako jaialdi bat eratzea, Euskal Herriko folklorearen zati bat gure artera bizitzera etorri direnei ezaguterazteko.

Araba

Aguraingo euskal giroa

Uztailaren* 8a. Zeruan ez da hodeirik ikusten: urdin urdin dago. Eguerdiko hamabietan, Aguraingo* kale garbietan, eguzkiak gogor jotzen du.

Aspalditik ez nuen Agurain bisitatu. Hona etortzen naizen guztietan, neure barnean poz haundia sentitzen dut, hemen iragan bainituen neure umezaroko urterik zoragarrienak. Bestalde, nire arbasoak aitaren aldetik hemengoak ziren.

Agurainen, neure haurtzaroko adiskide Amando Garcia herriko postariagaz* berba egin dut. Herrian euskal giroa nola zegoen galdetu diot, eta hark, birpentsatu gabe, «zoaz Klaretiarren komentura» erantzun dit. Hara abiatu naiz. Maezturako bidea hartzen dut, eta han, Aguraingo Santa Maria elizatik 300 metrotara, Klaretiarren komentua aurkitzen dut.

Aita Patxi Mugertza, komentuko nagusia, eta Aita Patxi Zabaleta ditut aurrean. Gazteak biak, biziak, euskaldun sutsuak. Sagardoa atera didate.

— Hainbat mutiko ikusi ditut hor kanpoan. Fraidegaiak ote dira?

— Bai, hemen Seminario bat dugu. 125 mutiko daude, batxileratua eta EGBko azken urteak egiten.

— Ba dago hemen fraideen artean euskal girorik?

— Gerra aurrean euskaldun asko zegoen gure artean; baina. haietarik gehienak Ameriketara bidali zituzten. Geroztik erdara zen nagusi, eta gure liburutegietan ez zen euskal libururik ikusten. Orduan, euskaldun fraideok Erromara jo genuen, Euskal Probintzia baten sortzea eskatuz.

— Eta lortu zenuten?

— Bai, lortu genuen. Ba dugu orain geure Euskal Probintzia, Kantabriakoa deritzana, eta Arabak, Gipuzkoak, Nafarroak eta Bizkaiak osatzen dutena,

— Eta Errioxa ez da sartzen?

— Ez ginen orduan horretaz konturatu.

— Nongoak dituzue fraidegaiak?

— Erdiek euskara dakite, eta hauei euskara lantzen irakasten diegu, hau da, euskaraz ondo idazten eta irakurtzen.

— Eta beste fraidegaiak?

— Batzuk* Euskal Herrian jaioak dira, baina ez dakite euskaraz. Eta hirugarren talde bat dago, kanpotarrek osatua. Hauei guztioi astero hiru egunez irakasten diegu euskara.

— Beraz, 125 ikasleek, hau da, dituzuen guztiek lantzen dute euskara.

 Bai.

— Eta nola hartzen dute euskal ikastaro hori?

— Ongi, oso ongi. Benetan gustatzen zaie, bai ikasleei eta bai haien gurasoei.

— Fraidegai multzo bat ikusi dut herriko igertokian.*

— Bai. Seminarioko oraingo bizimoldea ez da lehengoa bezalakoa. Orain fraidegaiak sarriago dabiltza kalean. Udan hiru hilabetetarako doaz etxera, eta Gabonetan 15 egunetarako. Berdin, eskatzen duten igandeetan. Horretaz gainera, maiz* joaten dira Agurainera, han dituzten adiskideekin ordu libreak pasatzera.

— Esan didatenez, euskal folkloreak indar haundia du Agurainen.

— Bai. Guk hemen hogei bat txistulari ditugu eta lau dantza talde. Probidentziako serorek* beste hiru talde dituzte, mutiko eta neskatoenak. Gero herrian Aita Patxi Zabaletak txistulari talde haundi bat antolatu du.

 — Zenbat lagunetakoa?

— Laurogeitabost ingurukoa.

 — Ba ote dago Agurainen ikastolarik?

— Ez. Kolegio bi daude: bata Estatuarena eta bestea Probidentziako serorena, biak erdarazkoak.

 — Zuok Klaretiarrok ikastola bat duzue Bizkaiko Balmasedan.

 Bai.

— Eta hemen ez dago ikastola bat egiteko ahalbiderik*?

— Gure ustez, arazo horretan herriak eman behar luke lehen pausoa. Herriak berak eska baliezagu, guk eginahala egingo genuke, ikastola hori muntatzeko.

Holakoekin eta antzekoekin bururatu* genuen geure elkar hizketa. Esan dezagun, bestalde, Agurainek, Arabako aintzinako hiriburuak, 1.500 bizilagun bakarrik zituela, orain dela zenbait urte. Gaur 4.000 inguru bizi dira hemen (kanpotarrak gutiz* gehienak), herrian lantegi berri asko eraiki baitira aspaldion. Arabako plangintzaren arabera,* Agurainek, 20-25 urte barru, 50.000 bizilagun edukiko ditu. Beraz, Agurainek, bere euskal nortasuna gorde nahi badu, gogor burrukatu beharko du. Txistulariak eta dantzariak beharrezkoak dira, lehen pausoa emateko; baina haien atzetik euskarak etorri behar du, hezkuntzan* ere aitzineskola* lehenik eta EGB gero dauden bezalaxe. Haundia da benetan, Klaretiarrek eta Aguraindarrek, biok elkarturik, arlo honetan egin lezaketen lana!

Errioxa

Euskara Errioxako dendetan

Haroko kale nagusienetariko batean, Vegas kalean halegia,* «Iturbe» gozotegi apainean, txartel handi bat dute, eta honela dio: «Etxeko berezitasuna — Especialidad de la casa — Specialité de la maison».

Errioxar txistulariak

Arabako Errioxan hainbat txistulari daude, baina ez genekien Logroñokoan zeudenik. Ziurin, Harotik Casalarreinarako bidean, bat dagoela esan digute, orain Bizkaian bizi dena. Raul Muriel omen du izena, eta errioxarra da.

Oso interesgarria litzateke, Errioxan oporretan dauden txistulariek bertakoei txistua jotzen irakastea, solfeoa dakitenei txistua jotzen irakastea oso erraza baita. Txistularien bidez gazte taldeen euskalduntzea eta euskal folklore osoaren pizkundea etorriko litzateke nonbait.

Albistariak:

J. R. ETXEBARRIA

Xabier GEREÑO

Leon HAIZAGERRE

Gexan LANTZIRI

Xabier MENDIGUREN

Joan Mari MENDIZABAL

Joan Jose URANGA

baliezagu, baleisku

dezake, daike

dezakezu, daikezu

didate, deuste

die, deutse

diegu, deutsegu

diete, deutsee

digute, deuskue

diogu, deutsagu

diot, deutsat

dit, deust

ditzake, daikez

ditzaten, daiezan

dizkie, deutsez

dizkigu, deuskuz

dizkigute, deuskuez

lezake, leike

lezakete, leikee

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkie, jakez

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zeuden, egozan

zioten, eutsoen

zitzaien, jaken


«Herrialde Guztietan»

Italiako postaren* egoera nigargarria

Maiatzaren 25ean bidalitako eskutitz bat, uztailaren* 31n eskuratu dut; eta apirilaren 21ean idatzitako beste bat, hiru hilabete geroago heldu zait. Eta, jaso ditudanean, pozik; Italiako postari* batzuek kartak azkar* banatzeko metodu berezi bat asmatua baitute!

Ekainaren* 24ean sekulako eskandalu bat sortu da. Italiako kazeta guztietako lehen horrialdeak mintzo izan dira arazo honetaz. Cene-n, Bergamo inguruko herrixka bateko kartoi lantegi batean, polizia sartu eta kartoigai bezala erabilitako zabor* biltegia miatzen* hasi da. Beste gauza askoren artean, hona hemen zer aurkitu duten: eskutitz artamendatuak* 77, eskutitz premiazkoak 22, milioi eta erdi lira balioko postal mandatuak* 18, helbidea* ongi zedukaten eskutitzak ia bi mila, zahartzaro erretirorako ageri ofizialak 48, eta beste dokumentu ofizial batzuk. Bitxitasun hauk* ere bai: medikuei erakusgai bezala bidalitako tonelada pare bat medikamentu, eta atzera Londresera joan behar zuen whisky kaxa handi bat (hutsik, noski).

Eskandalu honen atzetik, betikoa: ikerketak,* nagusi koxkor batzuen aldaketak, eta abar, jendea pixka bat sosega dadin.

Baina eskandalu hori bezain lotsagarria da, orain bi hilabete eskutitz batek bere helburura heltzeko behar zituen bizpahiru egunak, gaur sei hilabete izatea.

Egoera honek galera ekonomiko izugarria ekarri dio Italiari. Turismoa nabarmenkiro urritu omen da. Industriek, berriz, negozio asko egiterik ez dute izan. Adibide batzuk: Milango Pirelli industria ezagunak amerikar bezero* bikain bat galdu omen du, ihazko abenduan bidalitako eskabide artamendatu* bat aurtengo ekainean heldu delako. «Riviera Romagnola» deritzan Rimini inguruko kostaldera, aurten ihaz baino 28 % aleman udatiar gutiago etorri ei* da, hainbat turista taldek, postaren egoera xelebreari esker, beren bidaia garaiz eta taxuz antolatzerik izan ez dutelako.

Baina milioikada liren galera baino zerbait okerragoa leporatu du Italiak. Dirutan truka ezin daitekeen zerbait: bere sinesgarritasuna eta konfiantza mundu guztiaren aurrean galtzea. Eta ez da hau pentsamentu erromantiko hutsa, konfiantza falta hori zifra biribiletako galera ekonomikoan ere nabarmentzen baita.

Bien bitartean, handik eta hemendik kexak ugaltzen ari dira. Nazioarteko postal elkarteak Lausanan egin berri duen batzarrean, kexa asko entzun da Italiaren kontra. Japoniarrak izan dira, gogorkien hitz egin dutenak. Norbaitek, ez ironia punttarik gabe noski, Italiari hirugarren munduko nazioei bezala laguntza teknikoa eskaini behar zaiola esan du. Italiako ordezkariek,* aldiz,* arazo teknikoa gabe,* langileen eta sindikatuen problema zela erantzun dute.

Ekainaren 29ko Le Monde egunkariak, amorruz beterik, zera zioen: «2000. urterako 26 bakarrik falta zaizkigularik, postal harreman normal gabeko lurralde bakarra, Tibetekin batera, Italia da».

Nork konponduko du arazo hau? Posta Ministergoaren buru den Togni jaunak, alokairua* jasoko zaiela agindu die postariei, eta extra lanorduak bi aldiz gehiago ordainduko direla. Horrela, oraingo absentismo izugarria gutitu egingo dela uste dute Gobernukoek. Izan ere, normalki 10 edo 12%ra heltzen den absentismoa, gaur 30%raino igan baita.

Sindikatuak ez dira eritzi berekoak. Hauen ustez, Italiako postal arazoaren sustraia bere egitura* eta mekanika zaharkituan baitago.

Beraz, ez zaitez harri, irakurle, zeure adiskide edo hotel zuzendariren bati eginiko eskutitz goxo edo larri horrek zabortegi bateko zokoren batean bere bidea bururatzen* badu. Erromatik Napolirako karta fresko batzuk Milan aldeko kartoitegi hartara joan diren bezala. Eta ez dago geografia askoren beharrik, gertakari horren esannahia ikusteko.

Suediar sozial demokraten egitaraua

Suediar* sozial demokratek 12 puntutako politik egitarau* berri bat eman dute argitara. Hona hemen punturik nagusienak:

- hiri mailako demokraziaren hobekuntza, eta udalen* autonomia zabalagoa.

- Hirugarren Munduko askaziogintza* mugimenduei laguntza areagotzea.*

- kultur politika zabalagoa, «talde marginatu eta kontestatariei» kontu handiagoa eginez.

- enplegatuak nahierara alokatzeko* eta bidaltzeko legea kentzea.

- lanik eza ahalik eta gehien mugatzen saiatzea.

- osasuna, segurtasuna eta hezkuntzari* dagokienean, ageriko* sektorearen parte hartze zabalagoa.

- industri inbestipenaren* eta kooperatiba federakuntzaren artean komunztadura.*

- suediar eta atzerritar multinazionalekiko kontrol hestuagoa.

- langile migrariei* botua, hiri eta eskualde* mailako hauteskundeetan.

Alderdi Sozialista bakarrerantz Frantzian

François Mitterrandek frantziar ezkerraren alde egin duen kanpaina bizi eta eginkorrari jarraikiz, ba da urtebete barru Alderdi Sozialista bateratu bakar bat sortzeko asmorik.

Ezker radikalak (zentrutik hurbilen daudenak) eta PSU (Alderdi Sozialista Bateratua) bat egingo lirateke Alderdi Sozialistarekin. PSUren etorrerak, bere oinharri ekintzailearekin, eta autogestioa helburu duela, aurrerakoiago bihurtuko luke Alderdi Sozialista. Elkarrekin bateratze honek abantail* garbia emango lioke PSri PCren aldean, zentruko botuak birsegurtatuz.

Mugimendu honek CFDT frantses sindikatu aurrerakoienaren begikotasun* eta laguntasun osoa du.

NATO: 25 urtetako maskarada bat

Gaztelaniazko siglen arauera* OTAN izenaz gure artean ezagunagoa den antolamendu eztabaidatu hori, berriro ere modan dago. Alde batetik, bere 25. urteurrena aurten betetzen duelako, eta bestetik, orain arte Kypreko lehendakari izan den Makariosek egin dituen aipamenengatik.

Ekainaren* 26an, Atlantik Aitorpenaren* birsinatzea* zela eta, gobernuburu partaideak elkarrekin bildu ziren Brusselan. Funtsezko* aldakuntzarik egin ez zenez gero, gauzak lehengoan geratu ziren. Amerikarren nagusitasuna argi eta garbi azaldu zen; eta Nixon pozik geratu bide* zen, Moskura joan dadinean, berriro ere Mendebal Europako «Aliakuntzaz» hitz egin ahal izango duelako.

Baina, norbaitek besterik pentsa eta sinesteraz nahi baleza ere, gaurregun NATO ez da naziogaindiko* militar elkargo* bat, ez eta Mendebal Europak behar duen «nuklear geriza» (nuclear umbrella). Barrenean, arrotz politikagintzarako sekretaritza gidatu bat, eta bertan partaide diren nazioen barne politikagintzarako aholku* eta erabakiak banatzen dituen antolamendu mozorroa* baizik.

Mendebaldeko* babeskuntza* interesen ezinbanatuzkoa, mito ahul* bat da jadanik. Ekialde* Hurbileko gorabeheretan nabarmen ikusi denez, Nixonek NATOko bere partaideekin kontatu gabe jarri ditu ataizean* munduan zehar zabaldutako US indarrak. Alemaniarrek ere antzeko jokabideak erabili dituzte, Israelerako harmaz zamaturik* zeuden US untziak gera eraztean. Interesok aspaldidanik desberdinkatzen hasiak badira ere, hala ere, guztiekiko «etsaiaren» mitoari eutsi* egin zaio. Oraindik ere norbaitentzat probetxugarri den seinalea.

Dena dela, NATOk mende laurden batez zutik iraun du, «guztiekiko etsaiaren eta nuklear harmateriaren erasoa*» txorimamutzat* harturik.

Ezkerrak, oraindainokoan, jeneralki, NATOri buruz aho batez egin duen kritika, hauxe izan da funtsean: Europa banaturik, Estatu Batuen nagusitasunari eusteko militar aliakuntza erasokor* bat izan dela NATO. Baina analisi honek, ekialdeko blokean gertatzen dena eta superbotereen jokoa ez du kontuan hartzen. Europar gizarte sozialista eta demokratikoa helburu duenak, Estatu Batuen nagusikeriari bezalaxe gogor egin behar dio sobietarrenari ere, NATO eta Varsoviako Egiunea* elkarren ispilu leialak baitira.

Europar Ezkerrak izan zuen honetarako aukerarik, 1972-1973. urteetan Helsinkin eratu ziren bilkuretan;* baina galdu egin zuen. Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Hizketaldietan, bi superbotereen gogara* zuzendu ziren gauzak, eta halaxe iraun dute harez gero.

NATOk orduan bere antolamenduari eman zion funtsa —nuklear eraso beldurrarena— logika arauz* aztertuz gero, NATOk Europan duen egitekoa alferrikakoa dela argi eta garbi azaltzen da. Adibidez, Ingalaterrako harmada buruak jadanik jabetuak daude honetaz; eta, Frank Kitson-en liburuak erakusten duenez, nazio harmadak,* barruan sor daitezkeen matxinadak kontrolperatzeaz eta desegiteaz beste zentzuzko helbururik ez duke* etorkizunean. Mugaz kanpotiko erasoak zentzuz gabeturik geratzen dira, blokeen arteko akordio isil eta oreka* politiko honetan.

Azken aldion NATOri buruz sortu den teoriarik bitxiena, Henk Vredeling holandar babeskuntzako ministruarena dateke.* Hain zuzen ere, «Brezhnev dotrinaren» alderantzikoa* dela aitor genezake. Vredelingen eritziz, NATOren hegalpean dauden herrialdeetan diktadurarik sor ez dadin erne egotea, eta, demokraziaren onetan, azpijokoak suntsitzea* litzateke NATOren eginkizun nagusia.

Guk geuk besterik uste dugu: CIAk Grezian egin zuenaren ondoren, eta Italiako kristau demokratek neofaxisten basatikeriak eragozteko duten «prestutasuna» ikusirik, benetako Ezkerra hauteskunde* bidez agintaritzara hel ez dadin neurriak hartzea dela NATOren helburu nagusia. Guk ikasitako logikak —apalki aitor dezagun, Aristotelerena dela berau— beste irtenbiderik ez digu eskaintzen.

Japonian eskuina irabazle

Iragan uztailaren* 7an egin dira Japonian Ganbara Garaiaren edo Dietaren erdia berritzeko bozketak.* Tanakaren Alderdi Liberal Demokratikoaren alde agertzen ziren inkestak* eta eritzi* haztaketak. Alde aurretik esaten zen bezala, Tanakaren alderdia irten de irabazle, baina benetan ozta* ozta.

Erdiak eta bat irabazteko esperantza zuen alderdiak, baina ez du horrelako gehiengo* amesgarririk eskuratu: aurrez aurrean dituen partiduek berdindu egin dute Tanakaren alderdia. 126na bozekin* geratzen dira Gobernua eta oposizioa Ganbara Garaiaren barnean. Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunista izan dira aurrerakadattoa egin dutenak: harek, hiru aulki gehiago ditu orain, eta honek, berriz, bederatzi gehiago, Alderdi Liberal Demokratikoak zortzi aulki gutiago dituela.

Aldaketa horik* gorabehera, Tanakaren Partidua da oraindik —eta alde handirekin— Japoniako lehen alderdi politikoa: berak bakarrik, aipatu* 126 aulkiak ditu Dietan, eta bigarren darraionak* (Alderdi Sozialistak, halegia*) 62 soilik.

Emandako bozetatik, kasik %45 eraman ditu Alderdi Liberal Demokratikoak; eta Alderdi Sozialistak, hiru aulki berri baditu ere, herriarengandik aurreko hauteskundeetan* baino askoz boz gutiago jaso ditu (aurrekoan 9621, eta oraingoan, berriz, % 15,18 bakarrik). Japoniako aztertzaile politikoek diotenez, Tanakaren alderdia lehengoan dago, eta izan duen atzerakadatto hori ere laster konpon liteke beharbada, Partiduaren barnean aldaketa zenbait eginez gero. Laster, indarberritua ere irten liteke Alderdi Liberal Demokratiko kontserbakorra.

«L'Osservatore Romano» hauzipean

«L'Osservatore Romano» egunkaria Vatikanoan ateratzen da, eta, Kuriaren egunkari ofiziala ez bada ere, ba du horrelako zerbait. Bestalde, Vatikanoa egiazko Estatua eta ez Italiaren zatia izanik, ba dirudi, egunkari hau ezin litekeela Italiako ezein* hauzitegitara jaukitua* izan.

Hala ere, Gino Concetti egunkariaren zuzendaria Italian epaitua izan dadila erabaki du Erromako hauzitegi batek, Italiako kazetari bati egindako irainengatik. Epaikuntza datorren irailean* izanen da.

Idazleak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Joseba INTXAUSTI

Xabier MENDIGUREN

Manu PAGOLA

baleza, balei

daude, dagoz

dezagun, daigun

die, deutse

digu, deusku

dio, deutso

genezake, geinke

lioke, leuskio

zaio, jako

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zeuden, egozan


Katalan maistra batekin hizketan

Uztailaren* 13an, Lejoako* ikastolako zuzendaritza osatzen dutenek eta hango irakasleek afari bat atondu* zuten, Maria Rùbies Garrofé katalan maistraren omenez, herri hartako Udondo ostatuan. Bilbotik Lejoarantz atera nintzenean, euri zaparradak ez zidan ia* ia bidea ikusten uzten. Ostatura heldutakoan,* hogei bat pertsona aurkitu nituen atarian, Bilboko ICEn edo «Instituto de Ciencias de la Educación» delakoan katalan irakasle batzuek eman berri zuten ikastaroari buruz bizi biziro mintzatzen. Han zegoen Maria Rùbies ere, ikastaro hartan gehienik nabarmendu zen maistra hura*; eta afalaurreko astiunea, berari galde batzuk egiteko probetxatu nuen.

— Esan zenezakea* zerbait zeure bizitzaz, ANAITASUNAren irakurleek, nor zaren eta zertan lan egiten duzun jakin dezaten?

— Pozik, gainera. Lleidako* herri batetan jaio nintzen. Batxileratua eta Magistergoa egin ondoren, Barcelonara joan nintzen, eta hango Unibertsitatean, matematika sailean, Zientzi Lizentziatura lortu nuen. Batxiler eta Maisu Eskoletan irakasle izan naiz, eta gero parte hartu dut matematika modernoa irakasteko pedagogi mugimenduan. Azken aspaldion hiru urte eman ditut Barcelonako Unibertsitateko ICEn irakasle berrien moldatzaile buru bezala, eta orain berriro nago Lleidan, matematika irakasten hango Magistergo Eskolan.

— Zer izan da Bilboko ikastaldiñoa?*

— Hara! Duela* zenbait hilabete, Lejoako ikastolako irakasle eta guraso batzuk etorri zitzaizkigun Lleidara, han dugun «Escola Espiga-Sant Jordi»rekin harremanetan hasteko asmoz. Bisitaldi horren ondorioz, Bilboko ICEkoek ikastaldiño hau ematera gomitatu ninduten, hemengo irakasleei irakaskintzaren antolaketa berria azal niezaien, elkarrekin lan egiten eta haur bakoitzaren izakera berezia kontutan edukitzen ikas zezaten. Ikastaldiñoa erdaraz izan da; umeekiko ariketak,* berriz, euskaraz, denak ikastoletakoak baitziren.

— Zenbat dira Katalunian katalanez berba egiten dutenak?

— Zaila da kalkulatzea, azken urteotan itsuski* haundia baita gaztelaniaz hitz egiten dutenen imigrazioa, eta, Barcelona inguruan eta beste hiri haundietan batez ere, ezinezkoa izan baita kanpotarreria hori katalan kulturbidean abia eraztea. Eskualde* batzuetan, Lleidako nekazal herrietan adibidez, 100%ek egiten du katalanez; eta alderdi horietara doazen kanpotarrek, berehalaxe ikasten dute herriko hizkuntza. Hiri haundietan, ostera,* Barcelona, Tarrasa eta Sabadell-eko hauzotegi batzuetan esate baterako, 95%ak ez daki katalanez mintzatzen.

— Ba ote dago Katalunian gure ikastolen antzeko mugimendurik?

— 1965.az geroztik ezagutzen dut ikastolen arazoa. Urte horretan, hain zuzen, ikastoletako maisu-maistrei matematikazko ikastaldiño bat ematera deitu ninduten Donostiatik; eta hurrengo urtean beste ikastaldiño bat eman nien Loiolan. Honela, guztiz ondo ezagutu nituen zuen ekintzak eta oztopoak; bestalde, zuen problemak eta gureak berdin antzekoak dira. Katalunian, 1965. urtean hasi ginen lehiatuki* katalanezko eskolak abia erazten. Harez gero, biziki ugaldu dira herrialde osoan zehar, gurasoen nahiz irakasleen kooperatibei esker.

— Nola jokatzen dute arazo honetan erligiosoen kolegioek?

— Zeintzuk diren erligiosoak, halakoak dituzu haien kolegioak. Erligioso batzuk oso irekiak dira, beste batzuk, aldiz, ez horrenbeste. Lleidako Tarragan konkretuki, jesuitek eta eskolapioek ikasle guztiei irakasten diete katalana.

— Zer oztopo dute, hizkuntza biak irakasten dituzten eskola horiek?

— Zure galdeari erantzuteko, bereizi egin behar ditugu eskolak: alde batean, katalanez idazten eta irakurtzen irakasten dutenak; eta bestean, ikasgai guztiak katalanez ematen dituztenak. Azken hauk* dira, dudarik gabe, garrantzitsuenak, eta hementxe aurkitzen ditugu oztoporik haundienak, textu liburuak falta zaizkigu eta. Beste eskolei, astean hiruzpalau orduz katalana irakasten dutenei, Omnium Cultural delakoak prestatzen dizkie irakasleak. Katalan textuei dagokienez, Teide argitaletxeak itzuliak ditu jadanik* E.G.B.ko gizarte eta natur arloko liburuak 6. ikasturteraino, eta orain 7.ekoak itzultzen dihardu. Eta irailerako,* prest egonen dira lehen eta bigarren mailako matematikazko textuak ere.

— Katalanezko liburuok, zein katalanatan argitaratzen dituzue, katalan batuan ala dialektuetan?

— Zure galde horrek dudatan jarriko nindukeen, 1900. urte inguruan egin bazenit; baina gaur ez. Garai hartan, hain zuzen, Kataluniako Mankomunitateak dei egin zion, Bilboko Inginadore Eskolan Kimika irakasten zuen Pompeu Fabra zeritzan katalan ospetsu bati. Jaun hau, dena utzirik, Barcelonara joan zen, eta bere bizitza guztia iragan zuen katalan dialektuak estudiatzen eta hizkuntza bateratu bat prestatzen. Orain, haren lanari esker, katalan guztiok literatur hizkuntza bakar bat dugu, eta denok idazten dugu berdin, nahiz eta, berba egiten dugunean, Lleida, Mallorca eta beste eskualdeetako berezitasunak errespetatzen ditugun. Beraz, textu liburuak katalan batuan argitaratzen dira, «Institut d'Estudis Catalans» delakoaren babespean, berau baita batasunaren arazoaz arduratzen den erakundea.*

Xabier GEREÑO

bazenit, bazeunst

dezaten, daien

diete, deutsee

dizkie, deutsez

nien, neutsen

niezaien, neioen

zaizkigu, jakuz

zezaten, eien

zidan, eustan

zion, eutson

zitzaizkigun, jakuzan


Fedea eta ekintza

Eliz otoitza gaurko Euskal Herrian

Uztailaren* 8tik 13ra, garrantzi haundiko aste bat eman dugu Oinatiko Beneditar Seroren* monasterioan. Laurogeitik gora izan ginen gutienez, ikastaro honetan ibili ginenak, eta denetarik, gainera: apez, fraide, serora (klausurakoak batzuk) eta laikoak. Elkartasun eta otoitz giro ederrean, eta euskal giro jatorrenean. Eta hori ez da, zoritxarrez, egunero ikusten den gauza!

Eliz otoitzari buruz eratutako ikastaroa zenez gero, gorazarreak edo goizeko laudorioak Jaunari kantatuz ematen zitzaion hasera* egunari. Ilunabarrean, berriz, Eukaristiarekin batera Bezperak ere emanez bukatzen genuen eguneroko lana. Eta hau ere aipagarri delakoan nago: elizkizunak Oinatiko eliza berezietan ematen zirela, denek, kanpokoek eta barrukoek, parte hartzen zutelarik.

Aita E. Ozaeta izan da ikastaro guztiaren eragile bizkorra. Eta haren inguruan hamasei bat hizlari ere izan genuen: X. Iratzeder, I. Oñatibia, A. Apaolaza, E. Muxika, L. Akesolo, I. Baztarrika, P. Barturen, P. Nuñez, J. M. Lekuona, M. Lasa, E. Agirretxe, P. Agirrebaltzategi, J. Otaegi. Eta, programaren arabera,* otoitzaren behar gorriaz gainera, salmuen teologia, egitura,* gaurkotasuna eta musika, eta pastoralgintzarako dadukaten garrantzia eta abar erakutsi ziguten hitzaldi mamitsu batzuen bidez. Eta, ondotik, erabilitako gaiaren inguruan elkarteko lana eta elkar hizketak izaten genituen. Euskaraz dena, jakina.

Hauxe da batez ere argi eta garbi ikasi genuena: gaurko teknika mundu honetan ere, gizona, beti bezalaxe, otoitzaren behar gorrian dagoela. Gehiago oraindik: gaurko zenbait gazteren bihotzetan halako otoitz egarri bat edo nabari dela, eta gazte horik* jatorrenak eta engaiatuenak* direla frankotan.*

Eta otoitzik jatorrena, hain zuzen, Elizako salmuetan ematen zaigu, Jainkoak berak Israelgo herriari irakatsitako otoitza delako batez ere. Jesukristok berak ere otoitz modu hau erabili zuen frankotan; eta Elizak, oraingo Israel berriak ere, salmuen bidez goresten du Jainkoa. Erromatik oraintsu eman digute, hain zuzen, «Institutio Generalis de Liturgia Horarum» delako idazki bikaina; eta liburuxka hori izan zen ikastaro guztiaren ardatz eta argibide.

Baina hau ere aitortu behar dugu: Elizak, tokian* tokiko hizkuntzetan Jainkoa gorestea eskatzen duela; eta euskaldunek euskaraz, bidezkoa den bezala. Eta horixe genuen, hain zuzen, ikastaro guztiaren helburu nagusia: euskaldunak eliz otoitza edo Orduen Liturgi Otoitza euskaraz ematen saia daitezela beti. Baina ez apezak eta erligiosoak bakarrik, laikoak ere bai; ez, ohitura den bezala, elizetan eta komentuetan bakarrik, handik kanpo ere bai: sukaldeetan, bilkuretan, taldetxoetan, bakarrean eta bizitzako edozein unetan. Eta Oinatiko ikastaro honen antzekoak —laburki- eta sinplekiago bederen*— herriz herri kristau gogotsuentzat antolatu beharra dagoela.

Esan gabe doa, otoitz giro honek salmuen katekesi luze eta sakona eskatzen digula guztioi. Otoitz eskolak ere beharrekoak direla aitortu zuten denek. Eta, Frantzian eta beste zenbait tokitan bezala, monasterioak eta santutegiak liratekeela egokienak horretarako. Salmutegi berria ere ekarri ziguten. Eta Orduen Liturgi Otoitzaren liburuak ere laster omen datoz.

Azkenik, Arantzazuko elizara bildu ginen, elkarteko Eukaristia ospatzeko eta Setien apezpikuaren hitzaldia entzuteko asmoz. Haren izenean, Jose Mari Zunzunegi apezak hitz egin zigun, Setien jaunaren esankizun guztia hiru puntutan bilduz: bi poz eta gurari* bat. Lehen poza: aste osoan, otoitz giroan eta eliz otoitzaren inguruan, gogoeta* sakon bat egiteko asmotan bildu ginelako. Bigarren poza: ikastaro guztia gure mintzairan, euskaraz, izan zelako. Eta gurari bat: Elizaren seme-alabak bezala, apezpikuarekin elkarturik lan egin dezagula, baina ez pastoralgintzan bakarrik, buruhauste eta lanbide guztietan baizik, Elizaren eta Euskal Herriaren onerako, denok elkarrekin diosesia osatzen dugularik.

Hans Küng eta Erroma

Hans Küng teologo katolikoa Suizan jaioa da, Alemaniako Tübingen-en bizi eta hango Unibertsitatean irakasle bada ere. Teologo honek eztabaida luzea du Erromako Fedearen Dotrinarako Kongregazioarekin, batez ere bere bi liburugatik: Eliza (1967) eta Hutsezina? Galdera bat. Ihazko uztailean Kongregazioak zabaldu zuen agerpen batekin eman zitzaion hasera eztabaidari.

Agerpen haren ondoren, isilaldi luze bat izan da; baina, agi* denez, Erromak aurrera eraman du hauzia. Horregatik, iragan ekainean,* Suizako bi diosesitakoek, Coire-en eta Basilean egindako sinodoetan, esku hartu dute arazoan, teologo katolikoentzat eta Hans Küng berarentzat askatasun gehiago eskatuz. Garai berean milaka jaso dira Suizan eta Alemanian Küngen aldeko sinadurak,* horretarako sortu den Batzorde* batek eraginda.

Uztailaren* 4ean, Hans Küngek Pariseko Le Monde egunkarian azaldu du hauziaren gaurko egoera, «Fedeari buruzko hauzi bat Erroman» tituluarekin agertu den artikulu batetan. Ihaz, bertanbehera moztu nahi izan zuen Erromak eztabaida; baina, Alemaniako apezpikuei esker, baretu egin zen orduan ekaitza. Garai hartan, Erromara egin zuen ikustaldian, teologi eztabaida baterako premiazkoak diren baldintzak jakin erazi zituen Küngek, 53 naziotako 1.360 teologok sinatzen* zuten «Teologiaren askatasunaren alde»ko dokumentua ere kontuan hartzeko eskatuz. Ondotik etorri zen lehen aipatu dugun isilaldia, Küngek ez baitzuen onhartu (ez teologi eta ez lege aldetik) ezarri nahi zitzaion itaunketa.*

Orain Suiza osoko Apezpiku Elkargoak* parte hartu du hauzian. Einsiedeln hirian bildurik, Elkargoak ondoko agerpen hauk* eman ditu argitara uztailaren 3an: Suizako apezpikuei eskabide uholde bat etorri zaie Küngen eta Kongregazioaren arteko eztabaidaz; baina eskabiderik gehienak prentsa bidez jakindako berrietan oinharritzen dira. Eliz Irakaskintzak dituen eskubideak gogoratzen dituzte apezpikuek; Küngen teologi tesietan ez dira sartzen oraingoz: Kongregazioak hauzian daraman trataeraz, berriz, iragan otsailean* Bernan egindako batzarrearen ageria onhartzen dute eta Erromari hala adierazten diote.

Hau da, beraz, Suizako apezpikuek, oro* har, eztabaida honetan duten jarrera. Hurrengo urratsa,* Apezpiku Elkargoaren lehendakaria eta idazkaria Erromara joatea izango da, hauzia ahalik bareen zuzen dadin.

Egileak:

Beñat AZTIRI

Joanes GOIA


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Gurutzegrama (46)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ADOS, conforme.

AGERIKO, público.

AGIAN (1), beharbada, nonbait.

AGIAN (2), ojalá, es de desear.

AGI DENEZ, por lo visto, según parece.

AGINDU, prometatu.

AGORRIL, abuztu. (Euskara baturako, idazle askok —bereziki iparraldekoek— nahiago dute agorril hitza, abuztu baino).

AGURAIN, Arabako Salvatierra.

AHAL, baldinba, oxala.

AHALBIDE, posibilidad.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHOLKU, kontseilu.

AHUL, makal.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITORPEN, declaración.

AITZINDARI, jefe.

AITZINEAN, aurrean.

AITZINESKOLA, preescuela.

AKIZE, Frantziako Landes eskualdeko Dax.

ALDERANTZIKO, reverso.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALOKAIRU, aloger, soldata, salario, jornal.

ALOKATZE, alquilar, tomar a sueldo.

ALOR, campo.

AMORANTE, amante, querida.

ANGELU, Lapurdiko Anglet.

ANITZ, asko.

ANTZ, parecido, ressemblance. (ANTZA, dirudienez).

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARAUZ, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGOTZE, oraindik gehiagotze.

ARIKETA, práctica, ejercicio.

ARNASA, hats, aliento, haleine.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRENKURA, kezka, preocupación, queja.

ARRISKUTAN, en peligro. (ARRISKUAN, en el peligro).

ARTA, ardura.

ARTAMENDATU, certificado, recommandé.

ASALDATU, incomodado, turbado.

ASKAZIOGINTZA, liberación.

ATONDU, apailatu, antolatu.

ATURRI, Adour.

ATXIKI, atxeki, adherido.

AZKAR (1), indartsu, sendo.

AZKAR (2), arin, laster.

BABESKUNTZA, defensa.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko, esencial.

BAKOITZEKO, por cada.

BARIK, gabe.

BATASUN, elkarte, asociación, corporación.

BATEZBESTEKO, banabesteko, promedio.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BAZENEZA, bazengi. (Ikus bazeneza = ikusiko bazenu).

BAZTERTZEKO ORDE, baztertu ordez.

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEGIKOTASUN, simpatía.

BEHA, begira.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERTSU (beretsu), casi igual, casi idéntico.

BESTALDE, además.

BEZERO, cliente.

BIDE, agian, beharbada, nonbait.

BILDUMA, colección.

BILKURA, bilera, reunión.

BIRIKA, pulmón.

BIRSINATZE, firmar de nuevo, ratificar, ratificación.

BOZ, botu, voto.

BOZKETA, elección, votación.

BURURATU, bukatu, amaitu.

BURURATZE, bukatze, amaitze.

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DARAMA, daroa.

DARRAIO, jarraitzen zaio (jako).

DATEKE, da nonbait.

DEA, al da?

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DEMAIO, damaio, ematen dio (deutso).

DERAUE, die (deutse).

DESOREKA, desequilibrio.

DIRUALDE (diru + alde, cantidad), dineral.

DOI, justo.

DUELA, dela, direla.

DUKE, du nonbait.

DUZUINO, duzun bitartean.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EGITARAU, programa.

EGITEKO, quehacer, quebradero de cabeza, problema, lío.

EGITURA, estructura.

EGIUNE, pacto.

EGOTZI, jaurtiki, bota.

EGUN, gaur.

EGURATS, atmósfera.

EI, omen.

EKAIN (eki, sol + gain), junio.

EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

EKIDIN, evitar, rehuir.

ELE, berba, hitz.

ELKARGO, elkarte, elkartasun, asociación, conferencia, sociedad.

EMAZTE, emakume, mujer.

EMEKI, geldiro.

EMENDATZE, aumentar.

ENGAIATU, comprometido, engagé.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAKUNDE, organización, organismo, entidad.

ERASO, ataque.

ERASOKOR, agresivo.

ERDIRAKOI, centralista.

EREDU, modelo.

EREMU, extensión de terreno.

ERITZI HAZTAKETA, sondeo de opinión.

ERORI, jausi, caído, tombé.

ERRUMES, pobre, mendigo.

ESAN NAHI BAITA, a saber, es decir, esto es.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUALDEKATZE, regionalización.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

EUSTE, apoyar.

EUTSI, agarrado, saisi.

EZEIN, alguno, ninguno.

EZEZIK, no solamente.

EZTENKATZE, zirikatze.

FRANKO, asko.

FUNTS, fondo, sustancia.

GABE, en vez de, en lugar de, au lieu de.

GAILEN, eminente, cimero.

GAINDI. zehar.

GAITZERARIK, gaitzeraturik, puesto a malas, ido a malas. (Ikus Larresororen «Sustrai Bila», 101. horrialdea).

GAKO, kako, clave.

GARRAZTASUN, acidez, acidité.

GEHIENGO, mayoría.

GERTU, preparado.

GIBELEAN, atzean.

GISA, modu, era.

GOGARA, gustura. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

GOGOETA, reflexión, consideración.

GOITI, gora.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GREBA, huelga.

GRINA, kezka.

GUDUKA, lucha, combate.

GURARI, desira, deseo.

GUTIENEAN, gutienez.

GUTIESTE, menospreciar, subestimar.

GUTIZ GEHIENAK, kasik denak, ia guztiak.

HAIK, hareek, Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HANARTEAN, anartean, mientras tanto.

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, elección.

HAZKUNDE, desarrollo. (Bazter dezagun euskaratik desarroilo hitz itsusia).

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, escala, grado, nivel, estado.

HELBIDE, dirección, adresse.

HELDU (1), próximo.

HELDU (2), maduro, mur.

HELDU (3), agarrado, saisi.

HELDUTAKOAN, heldu eta gero.

HETSI, hertsi, hitxi.

HEZETASUN, humedad.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HEZTE, educar. (HAZTE, crecer).

HONDAR, azken.

HORIK, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HUNKITU, conmovido. (Ukitu, tocado). HURA, ha.

IA, kasik.

IDOR, seco, insensible, austero. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

IGERTOKI, piscina.

IGURIKATU, iguriki, itxaron. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

IKASTALDIÑO, cursillo.

IKERKETA, investigación, inspección.

IKERTU, aztertu.

IKUSGARRI, espectáculo.

INBESTIPEN, inversión.

INDUSTRIALDEGI, cámara de industria.

INKESTA, encuesta.

IRAGAZTEGI, refinería.

IRAIL, septiembre.

ISTORIO, narración, Ingelesez story. (HISTORIA, kondaira, ingelesez history).

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITSUSKI, enormemente, desmesuradamente. (Iparraldekoek erabiltzen dute).

IZENBURUAGAZ, izenburuarekin.

JADA, jadanik, ya.

JADANIK, ya.

JALGI, irten, urten, atera.

JAUKITU, llevado para ser juzgado.

JENDEKETA, población.

KALDAN, galdan, en calor, al rojo vivo.

KANTOIN, kantoi, esquina.

KARRIKA, kale.

KAZETARI, periodista, journaliste.

KIROLBARNE, pabellón de deportes.

KIROLPENTZE, campo de deportes.

KOMUNZTADURA, coordinación.

KUTSADURA, contaminación.

LABAIN, laban, resbaladizo, glissant.

LAKET, atsegingarri, agradable.

LANBIDE, oficio.

LEHIATUKI, afanosamente.

LEJOA, Lejona.

LILURAMEN, encantamiento, fascinación, hechizo.

LITEKEA, al liteke?

LIZARRA, Nafarroako Estella.

LLEIDA, Lérida.

LUTERTASUN, luteranismo, sacrilegio, impiedad.

MAILEGU, préstamo.

MAIZ, sarri, sarritan.

MANDATU, postal mandatu = giro postal, mandat-poste.

MAULE, Zuberoako Mauléon.

MERKATALGO, comercio.

MIATZE, miratze, aztertze, Ikertze, arakatze.

MIGRARI, inmigrante.

MILIAR, mila milioi.

MOZORRO, máscara, careta.

MURRIZTU, mutilado, despojado.

NASAI, abundante.

NAZIOGAINDIKO, naziogaindikako, naziogaineko, supranacional.

OIHARTZUN, eco.

ONEZ ONETARA, a buenas.

ONURAGARRI, provechoso.

ORDEZKARI, representante.

OREKA, equilibrio.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OSTEAN, ondoan, ondoren. (OZTE, multitud).

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OSTERA ERE, berriz ere.

OTSAGI, Otsagabia. (Ikus Larresororen «Euskara Batua zertan den», 175. horrialdea).

OTSAIL, febrero.

OZTA, doi, justo.

PERILOS, peligroso.

POSTA, correo.

POSTARI, cartero, facteur.

PROBLEMÁ, problemea, el problema. (Azentuak artikulua adierazten du).

SALBUESPEN, excepción.

SERORA, sor, monja, religiosa.

SINADURA, firma.

SINATZE, firmar.

SOROPIL, terreno cubierto de césped, terrain gazonné.

SUEDIAR, sueco.

SUNTSITU, hondatu, destruido.

SUNTSITZE, hondatze, destruir.

SUSTRAI, erro.

SUSTRAITU, errotu, erroztatu.

TOKIAN TOKIAN, en cada lugar.

TREBATU, familiarizado.

TXORIMAMU, txorimalo, espantapájaros.

TXOSTEN, informe escrito.

UDAKARI, en verano, con motivo del verano.

UDAL, municipio, commune.

UDALETXE, Herriko Etxe, casa consistorial.

UHIN, olatu, ola, vague.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo).

USU, sarri, frecuentemente.

UZTAIL, julio.

XEDE, meta, objetivo.

XEHETASUN, detalle.

XITU, sobrepasado, superado. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

XUME, sencillo, humilde.

ZABOR, desperdicio, residuo.

ZAKITZA, zakizkio (zakioz).

ZAMATU, cargado.

ZARAMA, basura, ordure. (Berba hau asko erabiltzen da Bizkaian).

ZARAITZU, Salazar. (Ikus Larresororen «Euskara Batua zertan den», 177. horrialdea).

ZENERRAKE, erranen (esanen) zenuke.

ZENEZAKEA, al zenezake (zeinke)?

ZER, cosa, chose.

ZEREN ETA, ze, pues.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa. Axularrengan

(Okasinoak) aitzinean* ba du nondik lot, baina ez gibelean.* Beraz, aitzinean duzuino,* probetxa zakitza* (101: 217-4).

Baldin ikus bazeneza* ezen gizon batek, meza erraiteko kaliza aldaretik harturik, hartan nori nahi den, ageri diren arlote, errumes* eta bertze jende suerte guztiei emaiten derauela* kantoin* guztietan edatera, zer ote zenerrake?* Gutienean* ba zenerrake, hura* dela lutertasun* handia, gauza itsusia, eta ez dakizula zer gaztigu ordena halakoari (175: 348-11).


Bilbo inguruko egurats kutsadura

Espainiako Industri Ministergoak egindako azterketa baten laburpena esku artean dudala, guztiz harriturik gelditu naiz, han azaltzen diren xehetasunak* irakurtzean. Eta, kutsaduraren* problemaren kontzientzia hartzeko, jendeak ere xehetasun horik* ezagutu behar dituela uste dut, zifrek, beren hoztasunean, problemaren neurria ematen digute eta. Has gaitezen, bada, 1973. urteari dagozkion kutsadurari buruzko datuak ikertzen.

Bizkaiko eguratsera bota dugun zikinkeria

Sinesgaitza bada ere, 300.435 tonelada zikinkeria bota izan ditugu Bilboko eguratsera* 1973. urtean, Lantegiek 71,3% bota izan dute, autoek 19,3%, eta zarama*-erretzaileek eta etxeetako berogailuek 9,4%.

Ikus ditzagun, ondoko taulan, egotziak* izan diren kutsagarrien kantitateak.

Kutsagarriak Toneladak

SO2 144.545

Hauts partikulak 51.770

CO 66.300

NOx 24.540

Hidrokarburoak 13.280

Orotara 300.435

Kutsagarri hauen artean, SO2 (edo anhidrido sulfurosoa) aztertuko dugu bereziki. Eta hau, bi arrazoinengatik batez ere: gehienik egozten den kutsagarria delako, eta problema bereziak sor ditzakeelako.

Zenbat so2 dagoen Bilboko eguratsean

Ikuspuntu bitatik ikertuko* dugu arazo hau. Batetik, zenbat SO2 jaurtikitzen den ikusiko dugu, eta bestetik, airean bertan zenbat dagoen metro kubiko bakoitzeko.*

Goiko taulan ikus daitekeen bezala, ihaz 144.545 tonelada SO2 izan ziren jaurtikiak. Jaurtikitze horretan, Somorrostroko iragaztegiak* eta Santurtzeko zentral termikoak ukan* dute parterik handiena. Somorrostroko iragaztegiak 100 tonelada inguru botatzen ditu egunero, eta Santurtzeko zentralak are* gehiago.

Ikus dezagun orain, zenbat SO2 dagoeri metro kubiko bakoitzeko. Ihaz, Bilboko eguratsak, batez beste, metro kubiko bakoitzeko 195 mikrogramo SO2 (195 mg/m3 SO2) ukan* zituen.

Legeak, muga gorena bezala, 150 mg/m3 ezarria du. Beraz, muga hau biziki xitua* eta iragana aurkitzen da Bilbon.

Oraindik gehiago: Ihaz, 186 egunetan egin ziren kutsadur neurketak Erandion eta Asua ibarrean. Egun hauetarik zortzitan bakarrik seinalatu zuten 150 mg/m3 baino gutiago ingurune hartako lau neurgailuek. Beraz, 4,3 % egunetan bakarrik ez zen xitu eta iragan legeak ezarritako muga.

Goazen aurrera. 400 mg./m3 baino SO2 gehiago dagoenean garraztasun* handia hedatzen* da eguratsean, eta egoera hori arriskugarria izan daiteke osasunerako. Hala ere, ihaz, Bilbon, 87 egunetan ukan genuen 400 mg/m3 baino SO2 gehiago.

800 mg/m3 baino SO2 gehiago dagoenean, emergentzi egoera agindu behar luke legeak. Hala ere, Bilbon, 1973. urtean, 10 egunetan ukan genuen hori baino SO2 gehiago. Eta ez pentsa hein* horretara doi* doi heldu zenik, 1.729 mg/m3ko balorea ere neurtu baitzen.

Bestalde, kontutan hartu behar da, aipatutako balore guztiok egun osoaren batezbesteko* baloreak direla. Esan dezagun, hala ere, Bilboko lantegi batzuek ordu berezietan baino ez dituztela kutsagarriak egozten. Honek zera esan nahi du, une berezi horietan SO2 delakoaren kontzentrazioa askoz ere handiagoa dela, eta problema* gogorrago bihurtzen dela.

SO2 kaltegarri ote da?

SO2 famatu hori aipatzen egon gara orain arte; baina ez dugu oraino azaldu zer kalte egin dezakeen.

Hara! Berez ez du problema handiegirik sortzen, egoera berezietan izan ezik. Baina, haizerik ez dabilenean, airea berriztatzen ez denez gero, SO2 hori, eguratsean hezetasun* handia badago, SO3 bihurtzen da erreakzio fotokimiko baten bidez; eta

S03 horrek, airean dagoen urarekin, azido sulfurikoa sortzen du. Honela, azido sulfurikozko ttanttak sortzen dira, eta, arnasa hartzean, geure barrura sartzen ditugu. Honek, emeki emeki, problema gogorrak sor daitezke biriketan.*

Bilbon, eguratsa 20% egunetan guti gorabehera egoten da bare, ia haize barik.* Bestalde, Bilboko eguratsaren batezbesteko hezetasuna 75%koa da, eta hilabete batzuetan (uztailean, agorrilean*) 90%era heltzen da. Beraz, Bilbo oso toki egokia da, aipatu* azidoa sor dadin.

Ondorioak

Aipatu baloreak kontutan harturik, argi eta garbi ikusten dugu, Bilboko eguratsa guztiz kutsaturik dagoela. Legeak seinalatzen duen mugaz gora gabiltzala.

Hala ere, kutsadura hau, orain, kutsadura radioaktiboaz gehituko dugu, nuklear zentralak eraikitzean.

Ez ote dugu ezer egin behar kutsaduraren kontra?

J. R. ETXEBARRIA

dezagun, daigun

digute, deuskue

ditzagun, daiguzan

ditzake, daikez