ANAITASUNA

280. zenb.

1974.eko uztailaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Aukera galdua?

Mendebal* Europa gero eta krisi handiagorantz doa. Lanik ezaren mamua* nonnahi ageri da. Prezioen izozteak* eta austeritatezko programa guztiak gorabehera,* soldatak murrizten* ari da inflazioa.

Bien bitartean, ordea, bankuak goraka doaz, petrolio elkarteek inoizko irabazi mamitsuenak aitortzen dituzte, eta multinazional elkarteak —ekonomiaren olagarro* horik— izugarriro ari dira ugaltzen eta sendotzen.

Aukera ona zatekeen,* Kopenhagenen lehen aldiz bildu diren 33 milioi sindikalisten ordezkariak batasun eginkor batetara hel zitezen, eta naziogaindiko* ekonomi indarren hazkuntza* hesigabe horri kontrolen bat ezar ziezaioten.

Baina zoritxarrez, ia hitz jario hutsa izan da bilkura* hau. Zer mailatan hitz egin zen ikusteko, hona hemen ale* bat. Bilkura hau egin baino hilabete batzuk lehenago, ongi kostata* bururatu* zen "ekintza programa" batetarako aurre idatziak honela zioen:

"Industri, finantz eta merkatal* elkarte nagusiek beharrezko dituzten beren zabalkunde eta berriztatze politikak, kapital bateratzeak eta finantziabide premia handiak daude inflazio prozesuaren sustraian,* diru sistemaren degradakuntzan, ingurunearen hondamendian eta lanerako baldintzen gaizkoatzean.* Agintari politikoen gain erortzen da nagusiki beronen erantzunkizuna. Hauek harturiko jarrerek* jokoa egiten diete Mendebal Europako elkarte handiei eta talde kapitalistei..."

"Mundu merkatalgoari* oztopoak kentzeko, eta industri baterakuntzari indar emateko, nazio estatuek eraman duten politikak, berori kontrolatzeko eta gidatzeko inolako mekanismorik parean jarri ez dutelarik, bizkor erazi egin du hazkuntza prozesua, eta honek nabarmenki jarri ditu agerian sistema kapitalistaren kontraesanak..."

Baina, dirudienez, hitz hauk gogorregiak edo ziren britaniar eta alemaniarren belarrietarako; eta hara nola geratu zen, bigundu eta belaskatu* ondoren, goiko textu hori berori:

"ESK (Europar Sindikatuen Konfederakuntza) jabeturik dago, hazkuntzaren kontrola eta orientabidea lortzeak europar gizartearentzat duen funtsezko* garrantziaz, bai eta populazioa eta langileak gizabanakoaren* eta komunitatearen premietara zuzenduriko hazkuntza batez baliatzeak..."

Giscarden lehen ministruak berak ere hobeki egingo zukeela esan du norbaitek.

Dena dela, orain bi urte sinesgaitz zatekeen* sindikatu sozialista guztiak elkartzea, are* sinesgaitzago sindikatu katolikoekin bat egitea. Nork esango zukeen, berriz, italiar komunistak barruan hartzeko ere, konfederakuntzak bere exekutiboari baimena emango zionik ere?

CFDT eta CGIL sindikatuek bizi injekzio bat eman diezaiokete konfederakuntzari, eta, "re-negotiation" delakoaren aldia bukatzean, TUC bera ere bizkorrago ibiliko den itxaropenik ez dugu galdu behar.

Kopenhagengo bilkura honek, batzuen eritziz, aukera bat galdu du, hutsa edo hutsaren hurrengoa lortu du; baina Europa mailan ikuspegi zabaleko lehendakaritza bat eta sekretaritza eginkor bat sortzeak zenbaterainoko zailtasunak dituen jakin ondoren bakarrik hitz egin liteke Kopenhagengo bilkuraren ondorioez. Lortu duena ezer guti bada, lortu duentxo hori gutiesterik* ere ez dago inola ere. Kopenhagengo bilkurak behetik jo du, egia da; baina aukera galdu duela aitortzea ere, gehiegi esatea litzateke.

X. MENDIGUREN

daude, dagoz

diete, deutsee

diezaiokete, deiskioe

ziezaioten, eioen

zion, eutson


"Iberia Express"

Unibertsitaterako dirua

«La educación hoy» aldizkariak José Carlos Rodríguez-en idazlan bat argitara eman du azkeneko apirilean. Rodríguez-ek, Unibertsitateari ematen zaizkion diruak, hauk* erabiltzeko moduak eta gainerako zenbait zertzelada* aztertzen ditu idazlan honetan. Azken ondorioetan puntu hauk aipatzen ditu:

1. Segurtasunik eza. Unibertsitateari izendatzen zaion urteroko presupostuaren erdia, alde aurretik eralgita* egon ohi da Hau dela eta, kreditu berezi eta apartekoak behar ditu beti Unibertsitateak, bere gastu arruntak* kitatzeko. Beraz, Unibertsitateetako Erretoreek beti diru bila ibili behar dute, eta diru premia larri horiek ez dute plangintza egoki baterako abagadune* onik uzten.

2. Zerbitzuak zaintzeko erraztasunik eza. Unibertsitateak, geroz eta gehiago, beren zerbitzuen egitekoak zabaltzen ari dira; baina eginkizun berrietarako ematen zaien dirua, pertsonal ordainketarako ozta* ozta heltzen da. Zerbitzuak, beraz, hondatuz doaz.

3. Plangintzarik eza. Orain arteko ekonomi egoerak ez du posibletu Unibertsitatearen luzarorako plangintza bat; eta gaur —gizartea hezkuntzaren* garrantziaz jabetu den garai honetan— plangintza gabezia oso gauza larria da Unibertsitate batentzat. Eta areago,* ikasleria hainbeste ugaritu denean.

Plangintzarik gabe (eta diruaren faltaz gertatzen da hutsune hori) ezinezkoa da presupostu aitzinikusle* bat. Eta etorkizuna alde aurretik planteatzen ez duen presupostua ez da adabaki* bat baizik.

Salneurrien goraldi gaitza

Iragana da 1974.eko lehen seihilabetekoa. Eta nolakoa, gainera! Urtarril* eta martxoan petroliokiek izan zuten prezio gorakadaren ondoren, ikustekoa izan da inflazioaren abiada geldiezina. «Geseco»k bere istudio batean esaten digunez, urtearen lehen bost hilabeteetako inflazioa % 6,5koa izatera iritxi* da; eta 1974. urte osokoa, ba liteke % 20raino heltzea. Inflazio hau, pentsa litekeenez, neurri on batetan kanpotikoa da (kanpoko gorabeherek bultzatua, alegia*), baina barnekoa ere bai hein* handi batetan.

Inflazioaren ondoriorik gordinena, agian,* espainiar erosleari erosmena nabarmenki murriztea* da. Horregatik, apiril-maiatzetan somatu denaren arabera,* eros-eskea erori* egin da, eta lantegietako «stock»-ak metatu. Herbesteko merkatua ere gogorragoa agertzen da, eta honek ere lagundu egin du salmentaren beheraldia. Arrazoin guztion ondoan ba da, gainera, besterik: turismoak ere atzera egin du. «Geseco»ren eritziz, % 10 edo 15 turista gutiago sartuko da aurten Espainiara, gaizki datorren ekonomia oraindik gehiago hertsatuz.

Franco gaixorik

Uztailaren* lehen hamabostekoan gaixorik egon da Francisco Franco, Espainiako Estatu Buruzagia eta Gudalozteen Jeneral Nagusia. Flebiti bat izan da gaixotasuna. Baina, medikuek esan dutenez, sekula baino osasun hobea du Estatuko Buruzagiak, eta eritasun* hau ez omen da batere kezkagarri. Oheburuko sendagileak esan duenez, Francoren gaixotasun bakarrak nauk dira azken urteotan: haginetan zerbait, begibistan bi dioptria. Heriotze arriskuan 1916.eko ekainaren* 29an egon zen azkeneko aldiz, Morrokoko guduan zauritu zutenean.

Goiko lerrook idatzi eta gero, uztailaren 19an, irrati eta egunkari guztiek zabaldu dute berria, Francoren osasuna berriz ere gaizkoatu dela, eta, ondorioz, Estatuaren buruzagitza Printzeari utzi diola.

Portugaleko Gobernu berria

Uztailaren 13an Gobernu berrikuntza bat egin da Portugalen, Palma Carlos eta beronen alderdikide eta lagunen dimisioaren ondoren. Lehen Ministru berria, Vasco Gonçalves koronela da. Sozialista eta komunistek ez zuten utzi Palmarekin batean Gobernua, eta, lerro hauk izkribatzen ditugun unean, ba dirudi, Gobernu berrian ere segituko dutela. Portugaleko aldaketa eta gorabeherak interesgarrienetakoak dira, eta, irakurleak gure kontseilurik behar balu, dena hurbildik segitzeko esango genioke, Portugaleko alderdien oraingo taktikak eta luzarorako estrategiak eskolatzen baitute —dirudienez— Iberiako beste zenbait jende ere.

Nuklear zentralen arriskuak

Hona Akisgran-go Unibertsitatean katedradun den Arno Beckers jaunaren agerpen batzuk gai honetaz. Radio eragipena,* nuklear zentralek botatzen dituzten hozkarrien* hondakinetatik dator (hozkarri hori ura izan ohi da gehienetan). Zentralok ur kantitate izugarria behar izaten dute hozteko; eta, haien barnetik irtetean,* sekulako beroarekin doa ur hondakin hori. Kataluniako Vandellós herrian, hango nuklear zentralak egunero kilometro koadratua duen lau metro lodiko ur masa bat botatzen du, guti gorabehera. Horrenbeste ur berok desekilibrio ekologiko handia sortzen du, besterik gabe. Abere eta landare bizitza erre egiten da, beraz, inguruetan. Eta oraindik ez dakigu, etorkizun luzeagoan zer gerta litekeen.

Hozkarri bezala, uraren ordez, haizea ere erabil liteke; eta, onenean, hortxe dago irtenbiderik egokiena, nahiz eta bigarren teknika hau garestixeago izan. Zentralak kokatzeko* tokirik egokienak basamortuak ditugu beti, jende asko bizi den eskualdeetatik* urrun dauden tokiak, alegia. Eta komeni da, gainera, Estatu bakoitzeko zentral denak toki berean edo gutitan eraikitzea, guztien kontrola errazagoa izan dadin. Hots,* geografiaz eta gizonez, ertzekoa* den toki batean ezarri behar dira zentral nuklearrak. Hau da Beckers irakaslearen eritzia.

Joseba INTXAUSTI


Hementxe denok

Ipar Aldea. Araba. Gipuzkoa

Ipar Aldea

Ezetza Arretche jaunaren planari

«Jazar» eta «P.S.U.» batasunek* bilkura* bat egin zuten ekainaren* 27an, Donibane Lohitzunen, Akitania eta Euskal Herriko «Plan d'Aménagement» delakoaz mintzatzeko.

Lehenbizi, bilkura hura zertarako egiten zen esan ziguten: euskaldunek xuxen jakin dezaten, Gobernamendukoek zer egin nahi duten Euskal Herriaz, dakien batek hobeki ikusten baitu, apailatze* hori onhartu behar duen ala ez. Akitaniako izendatu bat mintzatu zen gero, eta Gobernamenduaren xedea* adierazi zigun: euskaldunok turismoarekin bakarrik aberastu behar garela. Hala ere, orain arte, turismoa izanik ere, gazte franko urrundu behar izaten da Euskal Herritik. Turismoak laguntzen duela, egia da; baina turismoak bakarrik, industriarik gabe, ez digu, ez Akitaniari, ez Euskal Herriari, etxean bizitzeko eskubiderik emanen. Egia esan, Akitania guztia, Euskal Herria barne, kanpokoei saldu nahi diete. Eta guk beste norabait joan beharko dugu bizitzerat.

Akitaniako izendatu hark bi etsenplurekin akabatu zuen: Capbreton eta Lacanau hirietan, nola jendea oldartu* den, «aménagement» delako horren kanbia erazteko.

«Jazar» taldeko batek esan zigun gero, nola turismoak euskal izatea suntsitzen* duen, hondarra* geure kultura folklore gisa* saltzera goazelarik.

Gero esan ziguten, Arretche jaunak nola nahi duen moldatu Euskal Herriaren geroa, turismoa delarik manari* bakarra. Eta denbora berean mintzatu ziren lan gabeziaz, eta gure gazteriak nola ez duen kasik Euskal Herritik kanpo baizik lanik atzematen.*

Azkenean, entzuleak berak hasi ziren salatik hitz egiten:

- batek esplikatu zuen nola laborariei kenduak zaizkien beren lurrak.

- beste batek, gazteek gero eta gehiago nahi dutela Euskal Herrian berean bizi.

- beste batek, nola Donibaneko arrantzaleek joan beharko duten beren portutik, udatiarren untziei tokiaren uzteko, eta beste halako.

Denen ondotik, esana izan zen, euskaldunok geure geroari lotuko gatzaizkiola, geure lur, etxe eta lantokiak kontserbatzekotan behar garelakotz elkartu eta lanean hasi segidan, denbora deino.*

Udako Euskal Unibertsitatea

Aurreko zenbakietan jakin erazi denez, Donibane Lohitzunen izanen da II. Euskal Unibertsitatea, irailaren* 2tik 13a arte.

Egun horietan, beste gauza askoren artean, euskal soziologia eta antropologia aztertuko dira. Hori dela eta P. Bidart jaunak, bi sail horien arduradunak, argitasun batzuk ematen ditu, guk orain hemen argitaratzen ditugunak.

Bi gai horiei buruz —dio Bidart jaunak— zenbait oharpen egin nahi nituzke.

Lehenik, soziologia ez dela antropologia; bakoitzak ba ditu bere alor* eta metodo bereziak.

Kondaira eta usaia zeharrak biltzea ez da antropologi lana; zuzen esateko, hori etnografia da, esan nahi baita, ikerketako mailan lehen urratsa.* Interpretazioa edo analisia, horixe dugu ikusten antropologi lana bezala.

Berdin berdin, leku batetako haurreria* eskolako klaseetan nola zatikatua den esatea, hori ez da soziologia. Hori informazioaren biltzea edo estatistika lana litzateke.

Zer den antropologia eta zer den soziologia zuzenki ez jakitearren,* gai hauk biok, biziki ardura,* bata bestearen ordez hartuak direla uste dut. Hemen, dudarik gabe, zenbait hautu* beharko ditugu egin, beharrezkoak direlakotz. Horregatik, bi gai horietan, ikerketak Euskal Herrian zein heinetan* diren beharko dugu jakin.

Udako Unibertsitatean eginen diren mintzaldietan, antropologia eta soziologiari buruz sei kondizio bederen* beharko ditugu ahal bezainbat errespetatu:

1. Irakasleak puntu bat behar du hautatu, garbiki eta zientifikoki istudiatuko duena.

2. Gaia, ikerketa teorikoaren mailan edo ikerketa praktikoaren mailan izan daiteke.

3. Ikergai bezala, Euskal Herria edo beste edozein herrialde edo edozein puntu har daiteke.

4. Irakasleak uztailaren* azken egunetarako beharko du bere mintzaldiaren gaia ahal bezain garbiki ezaguterazi, programaren finkatzeko.

5. Berdenboran,* IKAS taldeari (15, rue Port-Neuf. Bayonne. Tel. 256426) bere mintzaldiaren laburpen bat behar dio helerazi, horrela ikasle bakoitzak kopia bat ukan* dezan. Horiek denok beranduenez uztailaren azken egunetarako.

6. Bilduma* horren bidez gaiaren ideia haundienak, laneko moldeak eta bibliografia bat emanen lirateke.

Ororen* buru, kondizio hauk baitezpadakoak* iruditzen zaizkit, lan serios baten egiteko. Bakoitzari doakio, beraz, ahalaren egitea, denen onetan, abisu hauk* segituz.

«Stamp» airekoen fandangoa Biarritzen

Stamp izenez deitzen dituzte, itzul-inguruka, goiti-beheiti, ezker-eskuin ibiltzen diren airekoak edo hegazkinak. I933.ean frantses belgikanoek egin zituzten; eta, entzuten denaren arabera,* ez omen da geroztik aireko hoberik asmatu eta egin, «voltige» edo «acrobacia» deitu* aire deporterako. Oraino berrehun bat gelditzen omen da, orotara.*

Ekainaren 22an eta 23an muntatu zuten Biarritzeko aireportuan, Belgikatik, Ingalaterratik eta Frantziatik etorritako Stamp-en biltze eta agertze haundi bat. Honelako bilkurekin,* Europan aurkitzen diren Stamp-ak berton atxiki* eraztea nahi dute, zeren* eta amerikar dirudunak urrea eskainiz hasiak baitira horien erosten.

Domintxineko irakasleen greba edo oporra

Donapaleutik* hamar bat kilometrotan, ba da Domintxine herrian ikastetxe bat, non ere, apez bat gidari, eskolatuak baitira hirurehun bat haur eta ikasle, jendeak dioenez, beste ikastetxeetan hartzen ez dituztenak. Zer esanik ez, hobena* ez dela haurrena, haur horien adimenduak ez badu ororenen gainetik argitzen. Dena den, eskola horri esker, zerbaitetara heltzen dira.

Ikastetxe horretan, joan den maiatzaren hogeitazazpian ororen* jakinera heldu zen, ba zela zerbait gaizki zihoanik. Hamabost bat irakasle, alabaina,* opor edo greba egiten hasi baitziren. Jokabide honi lotu aitzin, urrats* anitz* ba zuten eginik, zuzendariari buruz, bai eta ikastetxearen jabe den AEP deitu* batasunari buruz. Denak, ordea, ondoriorik gabe.

Zergatik oporra? Lehenik zenbait irakaslek ez baitzuten hiruzpalau hilabete hartan beren soldatarik eskuratu, eta beste batzuek, berriz, arras* desberdinki. Zergatik? Ikastetxeak, akademiarekin duen hitzarmenaren* erreberritzeko* bidali behar zituen paperak, zortzi hilabeteren berantarekin* heldu baitziren behar zen lekura, eta bestalde akademiak ez baitzion kontraturik berritu nahi, ikastetxeak ez zituelakotz legezko baldintza guztiak betetzen. Dena den, urte baten berantarekin, delako hitzarmena erreberritu diote. Baina, ikastetxearen zuzendaritzak hamaika irakasle kanpo eman ditu, datorren urterako lanik gabe utziz. Egitate hitsa!* Jainkoaren izenean egina, gainera!

«Aita laborari», antzerki kantatua

«Aita laborari» antzerkia, oraingoz, dotzena bat herritan kantatua dute «Guk» taldeko kantari airosek: Sarasola, Borda, Lacarrieu, Davant eta Berzaitz. Azkenik, joan den ekainaren 22an eman dute Urketa herrian, kantaldiaren apailatzea* Mañex Pagolak bere gain harturik. Jendea polliki bildu da, eta nahiz eta denek euskara ez aditu, denak guztiz gustaturik joan dira.

Uda honetan, herriko festakari,* eman beharra dute beste zenbait aldiz; eta datorren udazkenean oraino emateari ekin gogo* dute.

Heldu* den urterako, hala ere, ba omen dute hautatua beste gai bat, guztiz interesgarria eta bizi bizia. Gauden beha, eta anartean* goresmenak «Guk» taldeari, daraman sail ederragatik.

Parkimetroak ugaltzen ari... kontrarioak ere bai!

Nornahik ba daki engoitik* zer diren parkimetroak, autoen geltokietan ezartzen diren tresnaño sosbiltzaile* horik.* Baionan, Biarritzen, Donibane Lohitzunen eta orain azkenik Hendaian ba da horietarik nasaiki.* Beste hirietan autodunak ohituxeak badira ere, Hendaian ez! Obrak lekuko.*

Ezen,* ezarri dituzten mila parkimetroetarik, gau batez, ehun eta hogeitalau errotik ateraiak izan baitira. Abisu bat ote? Gu beldur, hala ere, parkimetroak nagusituko ote diren, zeren* dirubiltzeko tresna horientzat zernahi eginen baita!

Getariako dantzari jaia

Aurreko zenbakian esan genuen bezala, ekainaren* 3an, Mendekoste egunez, Euskal Dantzarien Biltzarrea deitu* batasunak* bere dantzari eguna egin zuen, Donibane Lohitzuneko herri ederrera mila bostehun bat dantzari bilduz. Gisa* bertsuko* egun bat muntatu nahi izan du, Baionako Orai Bat deitu* dantzari taldearen inguruan dabilan dantzari batasunak. Egun hori ekainaren 23an izan da Getariako herrian. Jendea ederki bildu da, dotzena bat dantzari talderen ikusteko.

Baionako hamabostgarren mintzaldiak

Baionako hamabostgarren mintzaldiak ekainaren 23tik 29ra bitartean iragan dira, beti bezain jende guti bilduz. Aurtengo mintzaldi horietan, politikazko gaiak ikertu dira: militantearen egitekoa, herrigizon* hautatuarena, Estatuko gizonarena, emakumea eta politika, gazteak eta politika, alkate baten politika, politika soziala, sindikalismoa eta politika, faxismoa atzotik egunera,* erreformista izatea, iraultzailea izatea, autogestioaren seinale politikoa, zientzia eta politika, eta azkenik fedea eta politika.

Mintzaldi hauen berri, ohi bezala, nasaiki* zabaldu dute lekuko kazeta eta irratiek, bai eta Pariseko kazeta haundiek. Baionaren frantses omenarentzat* aipabide ona!

Araba

Euskal jaialdia Gasteizen

Ekainaren* 25ean, Gasteizko ikastolak jaialdi bikain bat antolatu zuen Guridi antzokian,* bere ikastetxe berrirako diru zerbait biltzeko. Jaialdian parte hartu zutenak, hauk* izan ziren: Gorka Knörr, Xeberri, «Amets», «Araba» abesbatza,* Gasteizko dultzainlariak, «Lantzale» kantari taldea, eta ikastolako txistulari, kantari eta dantzariak.

Jaialdi honetan inoiz gertatu ez dena jazo* zen: antzokia osoki bete zen. Poz haundiz ikusi genuen Gasteizko ikastola, hainbeste jendek txalotua. Itxuraz, harrera ona du bertoko jendearen artean.

Baina —dena esan behar da— samintasunez beterik esaten dut, biziro harrituta gelditu nintzela, ez bainion haur bati ere euskaraz hitz egiten entzun. Ba dakit, arazoa ez dela hain erraz konpontzekoa, oso zaila baita inguru arrotz batetan euskaraz berba egiten ikastea. Zenbaterainokoa ote da arazo honetan guraso erdaldunen errua?

Aramaioko jaialdia eta kantarien zatikeria

Aramaion* jaialdi bat antolatzekotan ziren hango gazteak. Horretarako, kantari hauk aukeratu zituzten: Pantxoa eta Peio, Ibai Rekondo, Lantzale taldea eta Abots Berriak.

Baina ezinezkoa gertatu zitzaion Lantzale taldeari jaialdi horretara joatea, eta beronen ordez Oskorri taldea sartzea erabaki zuten antolatzaileek. Eta hemen dator istilua.*

Oskorriren «zomorroak»* izutu egin zituen nonbait beste kantariak. Hau dugu hau mundua! Lau katu, eta bost partidu! Ez zirela jaialdira joango esan omen zuten behintzat. Eta zergatik? Galde zaiezu. Ez duzu berehalakoan jakinen. «Euskal» arrazoinen bat ipiniko dizute; baina zuk, «euskaldun» izanik ere, ez dukezu* ulertuko. Nik neuk behinik behin ez. Zoritxarrez egia izanen ote da Xenpelarrena: «Zailak gerade* humiltzen eta pakean unitzen»?

Euskal ikastaroak Gasteizen

Uztailean* zehar bi ikastaro ari zaizkigu lanean Gazteizen. Bata Euskaltzaindiak eta «Manuel Iradier» elkarteak babestua, eta bestea Euskaltzaindiak bakarrik antolatua eta babestua.

Bata «Jesusen Bihotzaren» izeneko seroren* ikastetxean ari da. Hirurogeitamar ikaslek parte hartzen dute bertan, zortzi taldetan banaturik. Haietarik berrogei aurtengo honetan hasi dira euskara ikasten, eta irakasleetarik bi euskaldun berriak dira. Pozgarria benetan!

Beste ikastaroa «Jesús Obrero» izeneko eskola profesionalean ari da. Hogeitamar ikaslek parte hartzen dute, lau taldetan bananduak. Abiada honekin ez dago Gasteizen euskara galtzeko beldurrik!

Gipuzkoa

Harmaz gaixoetxetik ateraia

Urtzelai Imaz (Juan Jose), donostiarra eta ETAkoa, Gipuzkoako Probintzi Gaixoetxetik ateraia izan zen uztailaren* 6an. Egun horretan, arratsaldeko 5etan, lau lagun sartu ziren, beren ikustaldi txartel eta guzti, aipatu* gaixoetxean, eta 426. gelara igan. Harmatuak zetozen, eta gaixoa zaintzen zeuden Polizia Harmatuko bi lagunak desarmatu ondoren, bi aupada eman zituzten, egunerokoek esan dutenez: «Geldi, denok!» esan zieten gaixoei, eta «Urtzelai, arin!» garrasi egin zioten Urtzelai gazteari. Jendea uxatzeko, bi tiro airera bota ondoren, ihesari eman zioten «Seat 1500» batean.

Urtzelai giltzurrunetatik eri* zegoen ohean, eta, agi* denez, nahiko harritu omen zen, gertatzen ari zen hura* ikustean. Aste pare bat iragan den arren, ez da geroztik berririk izan. Diputazioko lehendakariak, berehala egin zuen ikustaldian, gaixoak lasaitu ondoren, zera esan du: «Beharrezkoa da presondegi-gaixoetxe bat sortzea».

«Estudios Universitarios de Oñate»

Eskutara heldu zaigun programaren arabera,* eta aurretiaz* esan bezala baldin badoa, uztailaren 22tik abuztuaren 10era, Azkoitiko Insausti Jauregian, «Estudios Universitarios de Oñate» ikastarottoa egiten ari da. Hirugarren aldia da, honelako ikastaroa egiten dela; eta lau gai nagusi aukeratu dira: Kazetaritza, Musika, Historia eta Artea.

Hizlariak hauxek dira: Xalbador Garmendia (euskara), Luis Mendizabal (kazetaritza); Javier Bello Portu (musika), Joan Mari Mendizabal (euskal musikagailuak), Maria Luisa Ozaita eta Sierra Larrañaga (euskal organugileak), Pérez Ollo eta «Cuarteto Juglar de Estella» (errenazimenduko euskal musika), Isasa, Barce eta González Azilu (abangoardiako musika); Caro Baroja eta Larrañaga (euskal itsas bizitza eta untzigintza*); Larramendi, Mendiburu, Sistiaga, Basterretxea, Ibarrola eta abar (arte sorkundea*).

Ikusten dugu, ikastarotto honen eragileek (Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País-en babespean egiten da) oso goitik jo nahi izan dutela. Pozteko da. Gaien aldetik, denak iruditzen zaizkigu interesgarriak; eta ahal bagenu, han izango ginateke, Azkoitiko Jauregian, bereziki itsas bizitzari dagozkion horietan, segur baikaude ikastekorik izanen dela. Hizlariak jakitunak dira, eta alde askotatik probetxu onik atera liteke, noski.

Bestalde, «Amigos del País» delako elkargoak,* euskaraz egin nahi den saioaldi hau babestea ere argigarri da guztiontzat, zeren,* dakigunez, haren izen handiari dagokion neurriko euskarazko ekinaldirik eratzeko* baitzegoen oraino. Txaloak, beraz.

Baina poza dugun iturri beretik datorkigu zalantza* ere. Hizlari horietan iaioak* ditugu zenbait, euskaraz lan egiten: eta horiengandik euskara onik ikas liteke, noski. Baina, guk jakin dugunez, ikastarotto osoa omen da euskaraz emateko, Euskal Unibertsitatea izan nahi duelako nonbait. Eta hona, bada, gure galdera: Agertzen diren horietatik askok ez du euskaraz deusik* idatzi (kalera atera duenik bederen*), eta batzuek kaleko euskara arruntik* ere ez dute sekula jakin. Jakin, nork bere alorrean* ba daki franko eta bost; baina anitzek* ezingo dute euskaraz ezer eman, eta, gutiago oraindik, euskara gaurko zientzietarako tresnatu eta trebatu. Edo eta berdenborako* itzulpen bidez mintzatuko ote dira erdal hizlari horik*?

Galdera honekin ez dugu inoren bihotzerrerik piztu nahi; baina pentsatu bezalaxe idazten dugu, egiten dugun galdera horretantxe baitago egon Euskal Unibertsitatearen gaurko gako* larriena, gure uste apalez.

Euskal Hamabostaldia Donostiako Egia hauzoan

Donostian, ekainaren* 30tik uztailaren* 14era, Euskal Hamabostaldi bat antolatu zuen Egia hauzotegiko Antoniotar Gazteriak.

Duen garrantziagatik, eta lehen aldiz egina izan dela kontuan harturik, pozik ematen dugu hemen, hamabostaldi horretan egin zenaren berri:

Ekainak 30 UMEEN EGUNA

Goizeko 12etan: Umeentzako jaialdia Donostiako «Principal» antzokian:* kantak, antzerkia,* bertsoak... Arratsaldeko 5etan: Zenbait dantzari txiki talderen ibilaldia Egiako kaleetan zehar. Eta gero Atotxako pilotalekuan talde horien ihardunaldi ikusgarria.

Uztailak 1

Benantxio Otaegiren hitzaldia Euskal Herriaren Prehistoriaz. (Hitzaldi guztiak, arratseko 7,30etan, Aita Frantziskotarren aretoan, Duque de Mandas kalean.

Uztailak 2

Xabier Leteren hitzaldia Euskal Antzerkiari buruz.

Uztailak 3

Mahai inguruko elkar hizketa euskal aldizkari, liburu argitarazle eta irratiaz. Bi hizlari hauk* bildu ziren mahai inguruan: Xabier Kintana eta Iñaki Zubizarreta.

Ondoren Luperen kantaldia.

Uztailak 4

Unzurrunzagaren hitzaldia Hirigintza edo Urbanismoari buruz.

Ondoren Jon Bergaretxeren kantaldia.

Uztailak 5

Mikel Ugalderen hitzaldia: Euskal Herria XIX. mendean.

Uztailak 6

Arratseko 7etan: Euskal musika tresna zaharren erakusketa Atotxako pilotalekuan.

Gaueko 10,30etan: Mikel Laboa, Arza anaien eta Joxe Mari Zabalaren ihardunaldia Trinitateko Enparantzan.

Uztailak 7

Arratsalde osoan ERROMERIA trikiti soinu eta txarangarekin.

Uztailak 8

LAPURDI ETA BEHENAFARROAREN EGUNA. R. Camblong-ek hitzaldi bat eman zuen Lapurdi eta Behenafarroari buruz, eta Pantxoa eta Peiok eskualde* horietako kanta zahar eta berriak eskaini zituzten.

Uztailak 10

ZUBEROAREN EGUNA. Gregoire Eppherrek hitzaldi bat egin zuen Zuberoari buruz, eta Altzaiko bi gaztek eskualde horretako kanta zahar eta berriak eskaini zituzten.

Uztailak 11

ARABAREN EGUNA. Juan Kortabarriak hitzaldi bat eman zuen Arabari buruz, eta Juan Jose Urangak eskualde horretako kanta zahar eta berriak eskaini zituen.

Uztailak 12

NAFARROAREN EGUNA. Joxe Mari Satrustegik hitzaldi bat egin zuen Nafarroari buruz, eta Iñaki Zabaletak Nafarroako kanta zaharrak eskaini zituen. Kanta berriak Fermin Valenciak kantatu zituen.

Uztailak 13

Arratseko 8,30etan: Dantzarien Jaialdi Handia Trinitateko Enparantzan:

Lapurdiko IZARTXO

Behenafarroako ARROLA

Zuberoako TALDEA

Arabako INDARRA

Nafarroako OBERENA

Bizkaiko MIKEL DEUNA

Gipuzkoako ERKETZ

Uztailak 14

Goizeko 12etan: Bertsolariak Donostiako «Principal» antzokian: Agirre, Gorrotxategi, Igarzabal, Larrañaga, Lazkao Txiki eta Lazkano. (Zati bat gai librean egin zen).

Arratsaldean: Trikitia eta txaranga.

Albistariak:

P. BIDART

Joseba INTXAUSTI

Gexan LANTZIRI

Juan Jose URANGA

dezake, daike

dezan, daian

dezaten, daien

diegu, deutsegu

diete, deutsee

digu, deusku

dio, deutso

diote, deutsoe

dizute, deutsue

gatzaizkio, gatxakoz

lezakete, leikee

zaie, jake

zaiezu, eioezu

zaigu, jaku

zaizkie, jakez

zaizkigu, jakuz

zaizkit, jataz

zieten, eutseen

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zihoan, joian, joaten zen

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon


Deia Euskal Argitaldariei

Gipuzkoako Ikastolen Elkarte Batzak batzarre bat egin du Loiolan, ekainaren 2an, Gipuzkoako ikastoletako batzorde eta irakasleekin.

Euskal textu liburuen beharra ikusi zen. Hutsune hau nola estal aztertu zen.

Hamaseiren bat irakasle prest daude, erdal textuak euskaratzeko.

Elkartearen eskutan gelditu zen, datorren ikastarorako eskola liburuak argitaratzea. Bai eta alor honetarako euskal argitaldari bat sortzeko bideak egitea ere.

Eskutitzez egingo zaie, ezagunak diren argitaldariei deia. Baina, ezjakinean edo ahantzirik, inor deia jaso gabe gera ez dadin, euskal aldizkarien bidez guztiei deia egitea erabaki zen.

Bide batez, euskal kultur alorreko eskola liburuak egiten eta argitaratzen saia daitezela eskatzen diegu euskal argitaldariei. Eta, Elkartearekin harremanetan jartzeko, idatz edo dei egin dezakete toki honetara:

GIPUZKOAKO IKASTOLEN ELKARTE BATZA

Matía Trasera, 21-1.º

Tel. 215102

San Sebastián


«Herrialde Guztietan»

Zoroak eta maneiatuak USAn

Marcus Wayne Chennault, 20 urtetako beltz iparramerikarrak, Alberta King, Luther King zenaren ama hil berria du. Jendeak galdera bat egin du: Zoro bakartien ala hiltzaile telegidatuen artean ote gaude?

John eta Robert Kennedy, Luther King, Wallace eta beste asko, tankera* berdintsuko hiltzaileen eskutan* erori dira.

Kasu berezietarako tupusteko* ikertzaile* den Howard Hunt-en eritziz, «norbaitek maneiaturiko* hiltzaileak» dira honelako hauk.*

Watergate arazoan ari den Paul Erwin-ek berdintsu aitortu du: «Otsoak* ez dira bakarka ibiltzen, saldoka* baizik; eta, segur aski,* Estatu Batuetan dagoeneko ba da atentatuetarako benetako makina bat».

Abernathy artzain beltzak, berriz, hau esan du bere aldetik: «Astelehenean egon nintzen Alberta King-en hiltzailearekin. Ez da hiltzaile ingenuoa. Gu guztiok hiltzeko hitzarmen* bat dagoela esan dit berak. Nire izena ere zerrendan zedukan. Kennedy lehendakariaren heriotzaz aurretiko konploten batetan partaide izan bide* da Chennault. Hitzarmen edo konspirazio honen erantzunkizuna, nazio mailan ongi kokaturiko* jendeen eskutan dagoela uste dut».

Eta nire galdera hau da: Zoro bakartiak ala maneiatuak ote diren. Kasurako berdintsu da. Hiltzaile «bakartiak» izango balira ere, kointzidentzia gehiegi dute, halabeharrez edo ezerekiko loturarik gabe sortzen direla sinetsi ahal izateko. Pertsonalitateen aurka ari diren zoro bakartiok nahiz talde interesatuok eustazpi* berdinetik loratzen dira. Beraz, harrigarri ote da, jungla legea etxean eta kanpoan ezarri duen gizarte batetatik, etika eta zuzenbidezko sinbolo oro* sistematikoki desegin nahi duten hiltzaileen sortzea? Ez. Harrigarriagoa besterik da, Luther King bezalako gizonak oraindik ere loratu ahal izatea.

FRELIMO: Ez dago kolonialismo demokratikorik

Portugalgo aldakuntzaren ondoren, M. Samora Machel, FRELIMOren (Mozambikeren Askatasunerako Frontearen) lehendakariak, aitorpen batzuk egin ditu. Beste gauza askoren artean hau esan du:

«FRELIMOk mozambiketar herriaren askatasun osoa lortu nahi du, portugaldar kolonialismoa deseginez. Mozambiketar herriak bestelako zertasuna du portugaldar herriaren aldean, eta, gizarte, politika eta kultur nortasun berezia duenez gero, beregaintasunik* gabe ezin dezake bere burua lant.* Ez gara burrukan ari, narru beltzeko portugaldar bihurtzearren...

Portugalgo herriari eskaini zaion demokraziak, gure herriaren independentzia eragozteko* estalkitzat balio izaterik ezin dezakegu onhar Caetanoren garaian agerian jarri denez, faxismo liberala ezina bada, kolonialismo demokratikoa ere ezinkizun dela ulertu beharrean gaude...»

Xalbador MENDIGARAI

dezakegu, daikegu

dit, deust

gaude, gogoz

zaio, jako


Fedea eta ekintza

Helder Cámara, Erromako Sinodora

Datorren udazkenean Erroman egingo den Sinodorako hautatua izan da Helder Cámara, Recife-ko artzapezpikua. Brasilgo Apezpiku Elkargoak* hiru ordezkari bidaliko ditu hara, botu bidez aukeratuak. Hauen artean lehena Lorscheider artzapezpikua izan da (Elkargoaren buruzagia). Bigarrena Sâo Pauloko Arns (berau ere Cámara bezainbat aurrerazalea), eta hirugarrena Helder Cámara bera. Pozteko da benetan, honelako gizon ausart* eta irekiak ere Sinodoan ikustea, eta Brasilgo Elizaren ordezkari legez* doazela jakitea.

Otoizlari taldeak

Erligio alorrean,* udaberriko loreen gisara,* edozein koloretako mugimenduak ugaltzen ikusi ditugu azken urteetan. Askorentzat bitxikeria hutsa baino ez badira ere, ezin uka, mugimendu hauk* fenomeno serioago baten fruitu bezala agertzen zaizkigula, eta, aspaldixeon sekulartze oldeak* gure mundu hau alde batetik besteraino astindu duen une honetan, pentsakizun aski* sortzen dutela.

Mugimendu bat ukituko dut hemen, sakontasunik baduelakoan, eta aipaturiko fenomenoaren azalpen bat datekeelakoan.* Nork ez du entzun otoizlari taldeetaz, izpirituzko esperientzien bilatzea bizitzako eginkizunik printzipalena egin dutenen talde horietaz? Hain zuzen, erdiko Europan batik* bat, eta Frantzian ere bai, talde hauk egundainoko* indarrez ari dira zabaltzen. Mugimendu honen alderdi interesgarria, azalekoa bada ere, zera dateke, elizetatik edo "gogo* ihardun" etxeetatik kanpora atera dela. Inor ez da harritzen, kale ertzetan,* Unibertsitateko barnebideetan* eta elkar hizketa akademikoetan izpirituzko gaiez mintzatzen entzuteaz. Liburu dendetako erakustokietan beti ikusten ditugu "izpiritu" gaia erabiltzen duten liburuak. I. Lasalle, K. von Durkheim, K. Tillmann eta beste zenbait autore ezagun gero eta gehiago ugaltzen ari dira irakurleen artean. Otoizlari taldeok beren esperientzietarako eskolak edo biltokiak noranahi zabaltzen ari dira. Gutienekoa da, beren saioetarako, ekialdeko* mistikoen sistemaren bat —yoga dela, nahiz beste izenekoren bat dela— metodutzat hartzen badute. Jakin ere ez dakit, talde hauk osatzen dituztenak, katoliko, kristau bederen,* erligiodun ala erligiogabeak ote diren. Zer axola? Honelako edo antzeko oldeak errazegi jotzen ditugu arinkeriatzat, edo geure kritikaren galbahe hestutik eralgi nahi izaten ditugu, batik bat eliz estrukturetatik kanpo gertatzen direla ikusten badugu. Dena den, interesgarri deritzat* mugimendu berri honi, eskapismo edo itzurpen* karga alde batera utzirik, gaurko gizonaren egoeraren muinera bete betean jotzen baitu. Nola ez hauteman* jarrera* horretan, nora doan ez dakien izakiaren deihadar larria? Zeren, izpirituzko baloreak eta humanismoa bera baztertu dituen zibilizazio tekniko materialistaren erdian, bere izatearen betiko sustraietara* jotzean aurkituko baitu gizonak, itotzeko zorian dagoen bere salbabidea.

Gogoragarria da, Tillmann autoreak, orain dela zenbait urte, bere "Die Führung zur Meditation" liburuan egiten duen arrazoinketa, gizona esperientzia horretara bultzatu nahiz. Izan ere, dio berak, esperientzia horrek lagunduko baitu gizona bere egiazko izate izpirituala aurkitzen, zibilizazio berrian sartu zenetik mila estalkipean itorik gelditu den barneko izatea, halegia.* Kanpotik datozkion mila erasok* automata bihurtu dute gizona: alderdi guztietatik, itsaso amorratua legez,* barnera sartu beharrean datorkio mundua, bere baitan* dituen ahalmenak kanpora erakarri nahiz bezala, bere berezkoa duena ahantz eraziz, dohain berezienak zeharo endurtzen* edo korapilatzen dizkiolarik. Kanpoko zirimolek* barneko denduntasuna* galerazi diote; eta bakea, atsedena, patxada, barnetasuna eta misterio- eta transkendentziarako irekitasuna ematen dituen zelai jori* eta ugaria bat batean desertu bilakatu* da. Gizonak ez daki non datzan* bere nortasuna. Izpirituzko bizitza, sakontasuna, giza izateari tinkotasuna eskaintzen dion oro* koloka daduka. Ez da bere heldutasunera iritxi.* Kanpotikako haizeek barreiatu* dute. Axalkeria arinenaz eta hutsenaz markatua gelditu da. Bere nortasuna ezin aurkitu duelarik, beste inori argi egiteko herabe,* itsu eta sorgor delarik, Azken Finaren sena* galdu du: horrelako gizakiarentzat Absolutuak, Jainkoak, ez du zentzurik.

Tillmann-en arrazoinketa honetatik ez dabil urruti, gaur-gaurkoa eta aski* ezaguna den Fromm pentsalaria, zera dioenean: Erakundeak* eta makinak direla gaur bizi direnak, gizona haien esklabu delarik, jabe izan beharrean. Gizonak ez du beregan sinestapenik, ez politikan, ez filosofian, ez erligioan, ez maitasunean. Bere identitatearen aztarna* galdu du. Hemeretzigarren mendeak Jainkoa hil bazuen, gurean gizona bera da hil dena.

Ikuspegi ilunegia? Agian* bai. Baina, hala izanik ere, ezin uka, bizi garen zibilizazioak sortu duen erauntsi* ikaragarriaren eragin makurra. Hau guztiau errealitatearen azalpena den ala ez, historizaleek eta soziologoek esan bezate. Geure aldetik, haserako* taldeetara itzulirik, puntu bat erantsi nahi genioke esandakoari, hots,* gizon horiek, izpiritu bilatzaile izanik, ba dutela esatekorik erligioaren iraupenean sinesten dugunontzat. Eta ez litzateke garrantzi ttipienekoa, beren exenplu soilez adierazten digutena: erligio arazoa barne esperientzian datzala, batik bat Absolutuaren deiari erantzun bat ematean. Une larri honetan Elizak bizi dituen problemak estrukturazkoak direla pentsatzen dutenei, komenigarri litzateke gauza xinple hori oroiteraztea. Izan ere, Elizan sortu diren kezka, tirabira, burruka, kontserbadore eta progresisten arteko gorabeherak, ba dirudi, talde horiek ahantz erazi dizkigutela, premiazkoena, lehenbiziko eta sakonena, hots, erligio arazoa, norberaren bihotz barnean gertatzen dela adieraziz.

Egileak:

Jose A. AGIRRE

Joanes GOIA

bezate, beie

dio, deutso

dizkigute, deuskuez

dizkio, deutsoz

genioke, geunskio

zaizkigu, jakuz


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Gurutzegrama (45)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, oportunidad, coyuntura.

ABESBATZA, coro, conjunto coral.

ADABAKI, remiendo, morceau à rapiécer.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, agian, por lo visto, según parece.

AHALBIDE, posibilidad.

AHALKE IZAN, tener vergüenza.

AINTZIRA, lago.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZINEAN, aurrean.

AITZINIKUSLE, previsor.

ALABAINA, halabaina, en efecto.

ALE, grane, botón de muestra.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo.

AMORANTE, amante, querida.

ANARTEAN, hanartean, bitartean.

ANITZ, asko.

ANTZERKI, pieza teatral.

ANTZOKI, salón de teatro.

APAILATZE, arreglar, arreglo.

ARABERA, según, conforme.

ARAMAIO, Aramayona.

ARAUAZ, arauera, arabera, de acuerdo con, en conformidad con, de arreglo a.

ARDURA, sarri.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARRAS, guztiz, osoki.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

ATXIKI, conservar, retener.

ATZEMAN, hatzeman, aurkitu.

ATZEMATE, hatzemate, aurkitze.

AURRETIA, anticipación, antelación.

AUSART, intrépido, valiente, osado.

AZTARNA, aztarren, rastro, vestigio.

BAITAN, -gan.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko, esencial.

BARNEBIDE, pasillo interior, corredor interior.

BARREIATU, esparcido.

BATASUN, elkarte.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BAZENEZA, bazengi. (Ikus bazeneza = ikusiko bazenu).

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BELASKATU, bigundu.

BERANT, retraso.

BERDENBORAKO, denbora bereko, simultáneo.

BERDENBORAN, denbora berean.

BEREGAINTASUN, independencia.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERTSU (beretsu), casi igual, casi idéntico.

BESTE, adina (aina), bezainbeste, bezainbat.

BIDE, beharbada, nonbait.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, laburpen, resumen.

BILKURA, bilera, reunión.

BIODEGRADAGARRI, biodegradable.

BITORE, diestro, versado, expedito, capaz.

BURURATU, bukatu, amaitu, realizado, llevado a término.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEINO, den bitartean.

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DENDUNTASUN, equilibrio.

DERAUE, die, deutse

DERAUEZU, diezu, deutsezu.

DERAUKA (derauko), dio, deutso (deutsa).

DERITZAT, deritzot, erizten diot (deutsat).

DEUS, ezer.

DONAPALEU, Nafarroa Behereko St-Palais.

DUKEZU, duzu nonbait.

DUZUINO, duzun bitartean.

EDIREN, ediro, hallar, trouver.

EGITEKO quehacer, quebradero de cabeza, problema, lío.

EGOZTE, jaurtikitze, botatze.

EGUN, gaur.

EGUNDAINOKO, sekulako.

EKAIN (eki, sol + gain), junio.

EKIALDE (eki, sol -i- alde), oriente, Este.

EKIDIN, evitar, rehuir.

ELKARGO, elkartasun, asociación, conferencia, sociedad.

EMAZTE, emakume, mujer.

EMEKI, geldiro.

ENDURTZE, atrofiar.

ENGOITIK, honez gero, dagoeneko.

ENTREGU, diestro, avezado.

ERAGIPEN influencia. (Radio eragipen = radioactividad).

ERAGOZTE, impedir, obstaculizar.

ERAKUNDE, organización, organismo, entidad.

ERALGI, xahutu, gastatu.

ERASO, ataque.

ERATZEKO, erakizun, antolatzeko, antolakizun, eginkizun.

ERAUNTSI, tempestad, borrasca.

ERDIETS, alcanzar.

EREMU, extensión de terreno.

ERI, gaixo.

ERITASUN, gaixotasun.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

ERREBERRITZE, erraberritze, berrikatze, berritze, renovar. (ERABERRITZE, moldaberritze, renovar, dar nueva forma).

ERRENDATU, rendido, agotado, extenuado.

ERRUMES, pobre.

ERTZ, hegi.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

ESLEITU, determinado.

EUSTAZPI, base.

EZEN, ze, pues.

FESTAKARI, festa egunez.

FITE, laster, pronto, vite.

FUNTZEZKO, fundamental, sustancial.

GAITZERARIK, gaitzeraturik, puesto a malas, ido a malas. (Ikus Larresororen «Sustrai Bila», 101. horrialdea).

GAIXOGARRIZTATU, gaixogarriz bete, llenado de elementos patógenos.

GAIZKOATZE, empeorar, agravar, empeoramiento.

GAKO, kako, busilis, clave, clef de la question.

GARBIGAILU, detergente.

GELDI, reservar, guardar, retener. (GELDITU, reservado, guardado, retenido).

GERADE, gera, gara.

GIBELEAN, atzean.

GISA, modu, era.

GIZABANAKO, individuo.

GOGO IHARDUN, ejercicio espiritual.

GOGO UKAN (IZAN), nahi izan, gura izan.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GUTIENEAN, gutienez.

GUTIESTE, despreciar, menospreciar, subestimar.

GUZTIZ ERE, batez ere, batik bat, bereziki. (Ikus «Axularren Hiztegia).

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAURRERIA, umeteria.

HAUTEMAN, advertir, percibir.

HAUTU, hautapen, elección, opción.

HAZKUNTZA, hazkunde, desarrollo, développement.

HEI, haiei, hareei.

HEIN, grado, medida, proporción, estado.

HELDU, próximo.

HERABE, tímido.

HERRIGIZON, hombre público.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HITS, triste.

HITZARMEN (hitz + harmen), convenio, contrato.

HOBEN, erru.

HONDAKIN, soberakin, sobrante, residuo.

HONDAR, fondo.

HONDARRA, finalmente.

HONDARTZA, playa.

HONDATU, suntsitu.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HOZKARRI (hotz + garri), materia refrigerante.

HURA, ha.

IA, kasik.

IAIO, bikain, excelente.

IBENI, ipini.

IGARRI, acertado, adivinado, deviné.

IKERTZAILE, investigador.

IKUZTE, garbitze.

IRAGAZI, purificado por filtración.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

IRTETE, urtete, ateratze, jalgitze.

ISTILU, conflicto.

ITZURPEN, evasión.

IZOZTE, congelar, congelación.

JAKITEARREN, jakiteagatik.

JARRERA, actitud, postura.

JAZO, gertatu.

JAZOERA, gertaera, gertakari.

JORI, fecundo.

KANTOIN, kantoi, esquina.

KOKATU, situado, colocado.

KOKATZE, situar, ubicar.

KOSTATA, kostatuta, kostaturik.

KUTSADURA, contaminación.

LANT, cultivar. (LANDU, cultivado). Ikus «Axularren Iztegia».

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LIKISTE, ensuciar, salir.

LUTERTASUN, luteranismo, sacrilegio, impiedad.

MAIZ, sarri, sarritan.

MAMOR, mamorro, insecto.

MAMU, espantajo, fantasma.

MANARI, agintari.

MANEIATU, manaiatu, manejado.

MENDEBAL, occidente, Oeste.

MERKATAL, comercial.

MERKATALGO, comercio.

MURRIZTE, acortar, despojar, raccurcir, dépouiller.

NAHIKO, aski.

NASAIKI, abundantemente, profusamente.

NAZIOGAINDIKO, naziogaindikako, supranacional.

OLAGARRO, pulpo.

OLDARTU, lanzado, precipitado, soliviantado.

OLDE, movimiento.

OMEN, fama, renombre.

ONDOKO, heredero, héritier.

ONEZ ONETARA, a buenas.

ORO, guzti.

OTSO, lobo, loup.

OZTA, doi, justo.

PERILOS, peligroso.

SALDO, tropa, grupo, manada.

SEN, sentido, instinto.

SERORA, sor, monja.

SORKUNDE, creación.

SOSBILTZAILE (sos, moneda + biltzaile), tragaperras.

SUNTSITZE, hondatze, destruir.

SUSTRAI, erro.

TANKERA, estilo.

TREBATU, familiarizado.

TUPUSTEKO, repentino.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNTZIGINTZA, construcción naval.

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo).

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, julio.

XEDE, meta, blanco, objetivo, fin, límite, tope.

ZAKITZA, zakizkio, zakioz.

ZALANTZA, vacilación, duda.

ZATEKEEN, zen nonbait.

ZEDARRI, límite.

ZENERRAKE, erranen (esanen) zenuke.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERTZELADA, detalle.

ZIRIMOLA, tempestad, huracán.

ZOMORRO, espantajo, fantasma, duende.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Gogoetan jartzen naizenean, zer izanen den ifernuko pena hartaz, noiz akabatuko den, eta finik ezin ikus, akabatzerik ezin ediren, hondarrik* ezin erdiets,* gelditzen naiz bentzutua, errendatua,* non nagoen ez dakidala (389: 765-1).

 Eror* eta jaiki dabiltza; garbitu bezain fite* likisten* dira (346: 685-2).

Orai ba dirudi euskarak, ahalke* dela, arrotz dela, ez dela jendartean ausart,* entregu,* bitore* eta ez trebe. Zeren, are bere herrikoen artean ere, ez baitakite batzuk, nola eskriba, eta ez nola irakur (10: 55-5).

Itsasoari bezala ibeni* derauka* Jainkoak gizonari ere, bere arauaz,* bere zedarria:* seinalatu dio noreraino hel, bere xedea,* bere mugarria eta marra (76: 169-18).

Ez duzu pentsatu behar, ondokoetara* uzteaz konplitzen duzula. Ez eta ondoko hei,* zertzaz paga, esleiturik,* berezirik eta seinalaturik uzten baderauezu* ere. Zeren,* nola —erran komuna den bezala— otsoak* jan baitezake ardi kontatuetarik, hala zure ondokoak ere geldi* dezake beretzat, zuk bertzerentzat seinalatuetarik (162: 326-9).


Itsasoaren Kutsadur Iturriak

Berriro ere uraren kutsadura* aztertzen ari garelarik, kutsadur iturriak ezagutzea komeni dela uste dut. Horregatik, lehenik sailkatu eginen ditugu iturriok.

Bereziki hiru dira itsaso, aintzira* eta hibaietako kutsadur iturriak: etxeetariko hondakinak,* lantegiek botatzen dituzten zaborreriak eta petrolioa. Beste zenbait iturri ere ba dira: adibidez, hondakin radioaktiboak, mamor* hiltzaileak eta bero kutsadura; baina, gaur egun, hauek ez dute lehenago aipaturiko hirurek beste* garrantzirik.

Aurreko artikulu batetan, petrolioak sortzen dituen problemez idatzi nuen bereziki; eta, oraingo honetan, etxe eta industrietako hondakinek sortzen dituztenez idatziko dut.

Etxeetariko hondakinak

Gaur egun, kostaldeko herri gehienetan, etxeetako urekin batera doazen zikinkeria guztiak, itsasora doaz, batere iragazi* gabe. Horrela, kostaldeko edozein hondartzatan* igeri gabiltzanean, ez gara gehiegirik harritu behar, geure ondotik gizagorotzen bat pasatzen ikusten badugu. Hala ere, higuingarri gertatzen den arren, kutsadur mota hau ez da txarrena.

Multzo bitan banatuko ditugu etxeetariko hondakin galgarrienak: bakteria patogenoak eta gai kimikoak.

Etxeetariko hondakinetan hainbeste bakteria doa itsasora. Bakteria asko gaixo-garraiatzaileak dira, eta itsasoa gaixogarriztatu* behar luketela dirudi. Hala ere, itsasoko uren gazitasunari esker, eta guztiz* ere mikroorganismo batzuek sortzen dituzten materia bakteri hiltzaile batzuei esker, bakteria patogenoek ez dute arrisku handirik sortzen, gehienak nahiko* arin hiltzen baitira. Benetako arriskua sor liteke, hala ere, bakteriok arrainetan —gero geuk jan genitzakeenetan— biltzen, trinkatzen eta kontzentratzen direnean.

Gai kimikoen artean, ia* etxe guztietan erabiltzen ditugun garbigailuak* kontsidera genitzake. Azter ditzagun, garbigailuen historia laburrean eman diren urratsak,* eta zer eragina ukan duten uren kutsaduran.

Garbigailuak asmatu baino lehenago erabiltzen ziren xaboiek, ez zuten ura kutsatzen, oso biodegradagarriak* izanik, arin desegiten baitziren uretan. Bestalde, deskonposatzean, ez zuten pozoinik sortzen.

Gero, garbigailuak* agertu ziren. Garbigailuak xaboia baino hobeak ziren, arropak ikuzteko;* baina gero nekez desegiten eta deskonposatzen ziren uretan, eta pozointsuak gertatzen ziren uretako bizidunentzat.

Orduan, gaitz hori baztertzeko, garbigailu biodegradagarriak asmatu ziren. (Hauk* berez desegiten dira uretan). Eta legea jarri zen, biodegradagarri ez ziren garbigailuak ez erabiltzeko. Baina frogatu ahal izan da geroago, garbigailu biodegradagarriok, desegiten direnean, beste gai kimiko galgarriagoak sortzen dituztela. Sendagarria gaixoa bera baino txarragoa gertatu izan da. Hala ere, indar ekonomiko haundiegiak daude, garbigailuok galeraziak izan daitezen.

Lantegietariko hondakinak

Kasu honetan, gai kimikoak dira gehien arduratu behar gaituztenak. Eta gai kimikoei buruz, itsasoko bizidunek duten eraginaren aztertzeari, guztiz interesgarri deritzat.* Adibide bezala, iker dezagun Japoniako herriska batetan gertatutako jazoera.*

Minamata, arrantzale herri ttipi bat da. Misteriozki, hango arrantzaleak gaitz ezezagun batek jota hiltzen ziren. Azkenik, ikertzapenek gaitzaren zergatikoa atzeman* zuten. Hara zer zen: Minamatan itsasoratzen den hibaian gora, lantegi bat zegoen. Lantegi honetarik merkuriozko konposatu bat egozten* zuten hibaira. Gai egotzia oso eskasa zelarik, hibaiaren kutsadura neurtzeko egiten ziren ikertzapenetan, igarri* ere ez zen egiten merkuriorik zegoenik.

Hala ere, konposatu hori itsasora heltzean, fitoplanktonak irentsi egiten zuen merkurioa, eta izugarriro kontzentra erazten zuen. Gero zooplanktonak, fitoplanktona irenstean, oraindik gehiago trinka erazten zuen. Hirugarren kontzentratze bat, arrainek zooplanktona irenstean gertatzen zen. Eta azkenik, arrainak jatean, gizonek neurri hilgarri batez kontzentra erazten zuten zoritxarreko merkurioa.

Zenbait ondorio

Baltiko itsasoan oso arrain guti gelditzen da. Eta geratzen dena ez da hain ona, FAOk hango arrainik astean behin baino ez jateko kontseilatu du eta.

Cousteau jaunak dioenaren arabera,* itsasoko bizitz maila 40 %z gutitu da azken hogei urteotan. Bizkitartean, gizateria handituz joan da, eta haren beharrak ere hein* berean.

Gatozen orain Euskal Herrira. Aipaturiko kutsadur iturriak nonnahi ikusten ditugu geure herrietan. Etxeek parra parra jaurtikitzen dituzte hondakinak hibaietara, eta, hauk jadanik hilik daudelarik, zikinkeria guztia itsasora.doa. Lantegien kasua are* larriagoa da. Hauek botatzen dituzten pozoinkeriengatik, itsasoa egunero ikusteko abagadunerik* ez dugunoi ahantzi egin zaigu, urak zer kolore ukan* behar duen eta hibaietan zeintzu arrain mota bizi diren ere. Eta egoera negargarri honetan bizi gara eta biziko gara, kutsadura honen aurka zerbait egin ez dezagun arte.

J. R. ETXEBARRIA

dezagun, daigun

ditzagun, daiguzan

genitzake, geinkez

zaigu, jaku