ANAITASUNA

278. zenb.

1974.eko ekainaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Europa eta Eskualdeak

1972.eko urriaren 19tik 21era, europar estatu eta gobernu buruek ospatu zuten batzarreko azken azalpenak, bere bostgarren puntuan, Europar Elkartea eta Eskualdeen* arteko arazoari heltzen* zion.

Europar Elkarteko buruzagiek nahitaezko zeritzaten,* eskualdeen arteko desberdintasuna eta desoreka* egiturala* aztertzeari eta beronen konponbiderako oinharri bat eratzen hasteari.  Hitz batez esateko, ba zekien Europar Gailurrak, E. E. mami mamian ukitzen duen arazoa dela eskualdeen hau; eta, Europar Elkarteen Batzordeak 1973.eko maiatzaren 3an argitaraturiko bere txostenean* aitortzen zuenez, ekonomiari buruz ezezik,* inguruneari eta pentsa- eta jokamoldeari begira ere, garrantzi handia duke* eskualdeen politika batek.

Ekonomiari bagagozkio, arazo asko dira, soluziobideak bilatzea beharrezko egiten dutenak: azpiegituraz* eta eskuarteez* ahalik eta ongien baliatu beharra, eskualde indartsuen aldian* aldiko "birberotzeak" eta inflazioaren beldurrak ekarri ohi duen zabalkunde planen izoztea,* lan eskuaren leku aldatzeak berekin dituen gastuak, eta abar.

Pentsa- eta jokamoldeei bagagozkie, berriz, Elkartearen barruan kontraeragingarriak dira sektore batzuen eta besteen arteko bizi baldintza desberdinegiak, batasunerantzeko bidean.

Kondairazko heredentzia eta usadiozko kultur balioak ere oso kontuan edukitzekoak dira eskualde bakoitzaren ekonomi bilakabidean.* Eta honek zera eskatzen du, kapitalak eskualde ezedukiagoetarantz* erretentzea,* tokian* tokiko langileak, beste eskualde aurreratuagoetako langilearen baldintza berdintsuetan lan eginez, bere burua jantz dezan.

Eta, azkenik, inguruneari buruz ere garrantzi handieneko dateke* eskualdeen politika. Azaleko begiratu batek nekez aurki badezake ere, eskualde behartsuentzat bezain onuragarri* da arras* industriazturikoentzat honelako politika bat. Lanik eza eta emigrazioa dagoen eskualdeko pobretasuna eta gehiegizko baterakuntza dagoen eskualdeko ingurunearen hondamendia parekide baitira.

Etxegintzak, hiri zerbitzuek, eguratsaren* eta uraren kutsadurak* egunean* egunean areagotzen* dituzten arazoak konponbidean jartzeko, geografi desorekak berdintzea da eginkizunik oinharrizkoena.

Beraz, politika hau ez litzateke, aberatsak txiroari* paternalismoz luzatzen dion laguntza bezala hartu behar, bizi kalitatea hobetzeko eta jasotzeko,* biek kidez kide batera daramaten elkartasunezko politika zabala baizik.

Europako eskualde politika honen funtsa* bete betean egokitzen zaio gure herriaren egoerari. Mugimendu honen mamia, guk euskaldunok beste zenbaitek baino ere sakonkiago uler dezakegula esango nuke.

Geure hirietako airearen, hibaietako uraren eta datozkeen* nukleartegien kutsadura dela eta, euskaldunok ere sentiberatzen hasiak gara geure inguruneaz.

Bestalde, kondaira, hizkuntz eta kultur balioei bagagozkie, geuretik irten gabe ditugu arazo honen eredurik* garbienak, inorenera abiatzen hasi beharrik gabe. Eta, azkenik, ekonomi alorrean,* iparralde osoa eta hegoaldeko zenbait alderdi ere politika orekatzaile* bizkor baten eske ditugu. Txalogarri ezezik imitagarri ere, hegoaldeko zenbait entrepresari* iparralderantz ematen hasi den urratsa!*

Europagintza bati begira ezezik, lehenagokoa dugun geure herrigintzari begira ere, garrantzi handienekoa dugu eskualdeen politikazko olde edo mugimendu hau. Batzuen aurreritziak deseginez, eta besteen begi lausoak* garbituz, jakingo ote dugu ordu honi dagokion jarrera* hartzen?

X. MENDIGUREN

dezake, daike

dezakegu, daikegu

dezan, daian

dio, deutso

zaio, jako

zion, eutson


Kultur Lehiaketak

Unibertsitari arteko I. Literatur Sariketa

Sariketa hau, Donostiako E.U.T.G.ko Euskal Kultur Batzordeak antolatzen du. Aurtengoa, Gotzon Goena zenaren omenez izanen da.

Oinharriak

1. Donostiako goi mailako ikastetxeetan matrikulaturik dagoen edonork har dezake parte.

2. A) Lanak euskaraz izanen dira, Euskal Akademiaren azken erregelen arabera.

Bi sail izanen dira:

a) Poesia: guttienez 100 lerro, eta gehienez 300.

b) Ipuina: guttienez 5 horri, eta gehienez 10, tartean bi lerro utzirik. Horriek «holandesak» izan beharko dute.

B) Gaia idazlearen aukeran.

3. Lanek originalak, argitara gabeak eta beste inongo sariketatara presentatu gabeak beharko dute izan.

4. Nola igor: Hiru kopiatan, lema batez izenpetuak. Honekin batera, beste sobre ttipi bat bidaliko da, azalean lema duelarik, eta barrenean izen-deiturak, helbidea,* fakultatea, karrera eta kurtsua adieraziz.

5. Nora: «Euskal Kultur Batzordea». E.U.T.G. Paseo Mundaiz. San Sebastián.

6. Noizko: Epea uztailaren* 15ean bukatuko da.

7. Sariak: Sail bakoitzean 10.000 pezetako sari bakarra.

8. Sariak hutsik gerta litezke.

9. Epai mahaikoen izenak uztailean jakin eraziko dira.

10. Sari banaketa uztailaren azken aldean izanen da. Aldez aurretik jakin eraziko dira eguna, ordua eta tokia.

Mallabiko IV. Idaz Lehiaketa

Lehiaketa hau Mallabian izanen da, herri horretako jaien batzorde antolatzaileak eraturik.

Oinharriak

1. Hamalau urterartekoentzat, gaia eta tankera libre izanen dira.

2. Hamalau urtetik gorakoentzat, gaiak zerikusia izan behar du Mallabiarekin, bertsoz nahiz prosaz.

3. Lan guztiek euskaraz eginak izan beharko dute.

4. Lanak bidaltzeko epea uztailaren* 31 n bukatuko da.

5. Lanak helbide* honetara bidali beharko dira: «Idaz Lehiaketa». Bar Bastida, Mallabia (Vizcaya).

6. Lanek izenorde batez sinatuak izan beharko dute, kartazal hertsi batean benetako izena bidaliz.

7. Sari banaketa, Andre Mari eguerdian, abustuaren 15ean, Mallabiko pilotalekuan izanen da.

Sariak

1. Hamalau urterartekoentzat:

Lehena: 2.000 pezeta eta trofeoa.

Bigarrena: 1.500 pezeta eta trofeoa.

Hirugarrena: 1.000 pezeta eta trofeoa.

2. Hamalau urtetik gorakoentzat:

Lehena: 2.500 pezeta eta trofeoa.

Bigarrena: 2.000 pezeta eta trofeoa.

Hirugarrena: 1.000 pezeta eta trofeoa.


"Iberia Express"

Portugal eta hango apezpikuak

Portugaleko Elizak hipoteka txar bat jaso du salazarrismoaren garaietatik: Elizaren hierarkiak Salazar eta Caetanoren Gobernuekin eduki zituen harremanak. O Porton aurkitzen da, orain historia haren salatari bizkorrena den kristau taldea. Izan ere, O Portoko apezpikua, Antonio Ferreira Gomes, izan baita Portugaleko apezpikuetatik hamar urte herbestean egin dituen bakarra. Eta bera da, orain Portugaleko egoera berrian bere izen ona garbi atera ahal izan duena ere. Ferreira Gomes eta Vieira Pinto (Nampulako apezpikua eta Mozambiquetik Gaetanok herbesteratua), biak dira gaur egun itzalik dutenak.

O Portoko kristau talde batek (beren apezpikua ere tartean zutela) hona zer esan duten: «Salbuespen* bakan* batzuk aparte, gaurko apezpikuek hertsiki* loturik lan egin dute, eroria den gobernumoldearekin, beronen aginduen esaneko* izanez edo ideologian parte hartuz, giza duintasunaren* kontra egindako irainak* ez salatuz, eta afrikar herriak zanpatzeko egiten ziren gerrateak moralki onhartuz».

Hain gogorki ez izan arren, Lisboako Presbiter* Kontseiluak ere aitortu ditu Elizaren erruak.* Berrogei urte horietako erruek erro eta ondoren larriak izan dituzte Portugaleko Elizarentzat. Errepublikaren haseratik* (1910) antiklerikalismo bizi bat jabetu zen aginteaz. Politika olatu horren gain dantzatuko zen 1926. urterarte hango bizimodua. Laster zatikatu ziren errepublikazaleak hiru sailetan, eskuin, ezker eta erdi, konponezinak gertatzeraino. 1925.ean ezkertiarrek irabazi zuten; baina, garaitzapen hari erantzunez, harmadak* eskuinari eman zion agintea 1926.ean. Geroztik, Salazar izan zen nagusi. Eta, Salazarrekin batera, beronen adiskide eta eskola lagun izandako Cerejeira Kardinalea, Elizaren buru. Cerejeira eskerronez beterik zegoen gobernumolde zaharrarekin, ezkerraren atzaparretatik Elizari bakea eta babesa eman ziolako. Egia da, 1933.eko Konstituzioak Eliza eta Estatua elkarrengandik aparte uzten zituek; baina ongi jakin zuen, bai, Salazarrek Elizarekiko politika egiten. Tradiziozko erlijio nazional bezala aitortzen zuen erlijio katolikoa, eta legezko nortasun bat ematen zion Elizari.

Eta, batez ere, egiteko handi eta zabal bat eskainiko dio Elizari Estatuak. «Irakaskintzarako instituzio bezala —dio Konstituzioak berak— eta zibilizazio tresna lagungarritzat, itsasoz haraindiko misio katolikoak eta beraietarako pertsonal prestatzaile diren instituzioak Estatuak lagundu eta babestuko ditu». Babes hau onhartzean, beraz, kolonialismoaren lanabes* bat izateko arriskutan aurkitzen zen Eliza katolikoa. Baina kolonietarako hain egoki zetorren Eliza bera, lotuta aurkitu zen Portugalen bertan. «Mater et Magistra» ez zen osorik argitara eman; eta entziklika honetatik ezagutua bera ere atalka eta nolabait itzulia heldu zen portugesen eskuetara. Goa Indiaren menpean erortzean,* Vatikanoak ez du deus* esaten; erantzun bezala, «Mater et Magistra» eta «Pacem in Terris» entzikliken komentatzerik ez da izango Salazarren erresuman.*

Apezpikuek ez dute, hala ere, eztabaida handirik agintariekin. Eliztarrek egin zuten bereziki lan: «Pragma» taldea da, Elizaren irakaskintza berritua zabaltzera gehien saiatzen dena. Geroz eta gehiago dira, Gobernuaren kontra agertzen diren eliztarrak. Caetanok esana da, Portugalen egiazko etsaiak komunistak eta katolikoak zirela. 1973.az geroztik, geroz eta gehiago dira katoliko presondegiratuak eta zigortuak. Bien bitartean, hierarkiak ez du ezer handirik esaten, ihazko maiatzeko gutunean* ezik: apezpikuen eskutitz honek, oso bigunki bazen ere, gizabanako* bakoitzari eta gizarteko talde guztiei entzun beharra gogoratzen zien. Baina urruti bateko printzipiozko ageri honek deus guti esan zion herriari, eta gutiago oraindik askatasunaren alde burrukatzen zihardutenei. Honegatik entzuten da orain, geroz eta ozenago,* apezpikuen dimisioaren eskea.

Katalanak eta euskara

Adiskide batek bidali didan informazio hau, biziki interesgarri iruditu zait.

Lehengo batetan, lantegi batetako «erosteko arduradun» bat Kataluniako fabrika bat ikustera joan zen; eta haren harritasuna, lantegi hartan katalogoak euskaraz erakutsi zizkiotenean!

Katalan batzuek euskarari merkatalgorako* balioa ematen dioten bitartean, hemengo entrepresariak lo. Eta katalanak ez dira tontoak gero!

Antzeko gauza bat ikusia dugu Bilboko egunkari batetan, anuntzioen sailean. Kataluniarako ordezkari izan nahi zukeen batek, bere merituak aipatzean, beste zenbait gauzaren artean, hauxe zioen: «...con perfecto dominio hablado del catalán y el francés». Asko dira, zoritxarrez, Euskal Herrian ordezkaritza bat ematerakoan, kandidatuak euskara dakien ala ez kontuan hartzen ez duten entrepresariak. Eta burua, horregatik, ondo baskotzat dukete.

Mundu biribila

Portugalen, orain dela gutti arte agintean zegoen Gobernuaren aginduz, telebista, irrati eta kazetetan Afrikako kolonietako gerrillariak aipatzen ziren bakoitzean, «terrorista» deitura ezartzen zitzaien beti. Orain, berriz, Mario Soares ministruak, gerrillari horien buruzagiak gizon guztiz prestuak* direla esan du, eta Estatuko lehendakari izateko maila publikoki aitortu die.

Gartzelatuak zeuden gerrillari gehienak, askatuak izan dira; eta geratzen direnak, gerrakoak bezala kontsideratuak dira. Aldi berean, orain arte mendebaldeko* kristau zibilizazioa komunisten eta ateoengandik defendatzen ari zen zenbait polizia oldartsu,* kriminal bezala epaitua izango dela dirudi, Afrikan egindako hilketa eta bidegabekeriengatik.

Mundu zahar honetan guztia erlatiboa da nonbait!

Hitzak eta egintzak

Entrena Cuesta jaunak Legebidea* irakasten du Barcelonako Unibertsitatean, eta egin berri ditu zenbait agerpen. Hauetatik zerbait jakingarririk ba da. «Ikustekoak dira —esan du Entrena Cuesta jaunak— hitzaldien eta legeen artean aurkitzen diren aldeak.* Politika agerpenetan deserdirakuntzarako (dezentralizaziorako, esan nahi da) borondate zabal bat agertzen da; baina, bien bitartean, oso zaila da deserdirakuntza horretarako arau eta lege bakar bat ere topatzea. Eta zentzu horretako legeren bat aurkitzen bada ere, zailago da oraindik legearen mugaketa eta konkreziorik edirotea*».

Eta gure galdera: Noizko da, beraz, dezentralizazio hori?

Raimon kantaria Madrilen

Raimon katalan kantariak olerki* liburu bat argitara du: Poemes i cançons. Madrilen maiatzaren lehenbiziko hamabostekoan jendaurrean aurkezteko* zen; baina ez da posible gertatu aurkezpen hori. Gobernariaren baimenik ez da lortu horretarako. Liburuaren 15 olerkiak, eta liburuaren ondoan doan diskoa, beste ereti* baten zain geratzen dira. Ba dira bost urte, Raimonek Madrilen kantatu ez duela; eta oraingo hau zen, ku urteotan Espainian kalera ateratzen zuen lehen diskoa. Hak ere, Pariseko Olympie teatroan ematen diote lana. Laster kantatuko du han laugarren aldiz.

Kazetariak:

Luis M. ARISTEGI

Joseba INTXAUSTI

Xabier KINTANA

die, deutse

dio, deutso

diote, deutsoe

dit, deust

zait, jat

zien, eutsen

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

zitzaien, jaken

zizkioten, eutsoezan


Hementxe denok

Errioxa. Ipar Aldea. Bizkaia. Gipuzkoa. Euskal Herria

Errioxa

Karlistak eta Errioxa

«Esfuerzo Común», karlistek Zaragozan ateratzen duten aldizkari bat da. Zenbaki bikoitz berezia eskaini dio berak Errioxari. Alde guztietatik agertzen du herrialde honen euskaltasuna. Irakatsi ederra ematen digute karlistek. Alde ederra, gure arteko zenbait «ezkertiarkilo»gandik!

Hona hemen aldizkari horretan agertzen diren gai nagusiak: Errioxaren nortasuna, Errioxaren euskal aztarrenak,* Errioxarren hizkerak, Errioxar karlistak Nafarroara sartu zirenekoa, Errioxa Espainiaren herrialdekatze mugaketan, Errioxa eta Pirino berriak, Errioxa eta hango lurrak, Nekazaritza eta kooperatibak, Errioxako mahasti eta ardoak, Industrializazioa, Errioxako Elizaren «beste boza», Euskara Kalagurriko* diosesian. Azkenean, errioxar gaiei buruzko bibliografia aberats aberatsa.

Merino Urrutia euskaltzain ohorezkoa, Sáenz de Buruaga, Pedro José Zabala, Millán Ardubia eta beste firma interesgarri batzuek parte hartu dute zenbaki honetan. Sáenz de Buruaga ekonomilari famatuak, bere lan interesgarrian, kezka bat agertzen du, halegia,* euskaldunok ondo hartuko ote dugun geure barrutian Errioxa. Ez du zertan beldurrik izan Naxerar horrek, baldin eta guk zuhurtasun pixka bat badugu. Egia esan, Bizkai eta Gipuzkoatik inoiz joaten dira zenbait astakilo; baina besteok girotze lan bat egin behar dugu, lan argia, buruduna eta maitekorra.

Zenbaki hori (martxoa 15 - apirila 1) inork eskuratu nahi badu, eska lezake helbide* honetara: Fueros de Aragón, 16. Zaragoza. 50 pezeta balio du.

Euskaltzaindia Donemiliagan

Ekainaren* 15ean, Euskaltzaindiaren hilabeteroko bilera ohi ez bezalako toki batetan egin izan da: Donemiliaga* Kukulan, Errioxako lurretan. Arrazoia? Mende honetan mila urte betetzen direlako, Euskal Herriko bazter erdiahantzi* horretan lehen euskal esaldi ezagunak idatzi zirenetik.

Hori dela eta, Euskaltzaindiak, Donemiliagako aita augustindarrekin batera eta Instituto de Estudios Riojanos eta Probintziako Diputazioaren laguntzaz, bilera symboliko bat eratu zuen bertan, esaldien gomutan* harrizko oroitgailu bat ezarriz.

Bilera horretan, Alfonso Irigoien Bilbao euskaltzainak bere sarrera hitzaldia irakurri zuen euskaraz, Donemiliagako euskal glossei buruz; ondoren, gaztelaniaz, laburpen bat egin zuen erdal publikoaren faboretan. Irigoien jaunak topaturiko dokumentu baten arauera,* X. mendean, glossak idatzi ziren garai berean, Gartzea Santxonis nafar erregeak kapera* batzuk* erregalatu zizkion Donemiliagako monasterioari, «qui vulgo dicitur Cella alboheta» (= kela alboheta, halegia*), glossak idatzi ziren garaian Donemiliagan jendeak euskaraz egiten zuela frogatzen* dutenak. Lehenagoko dokumentu baten bidez, bestalde, argiro dago, mende batzuk lehenago ere bertan euskaraz egiten zela, hango euskara nafar birpopulaketaren ondorio dela diotenen ustea zokoratuz. Noski, nafar konkistatzaileek bultzada bat eman zioketen* bertako euskarari; baina ez da pentsatu behar horregatik, lehenagotik ere Errioxan euskaraz ez zela egiten.

Aita Luis Villasante euskaltzainburuak, Irigoien jaunaren hitzaldiari erantzun ondoren, beroni euskaltzain osoaren diploma eman zion. Geroago Merino Urrutia jaun errioxarrak hitzalditxo bat egin zuen Errioxako euskararen gainean, eta ondoren aita Villasantek euskaltzain ohorezkoaren izendapenaren berri eman zuen, Merino jaunari bere diploma eskainiz.

Bukatzeko, Diputazioko presidentordeak, Julio Fernández Sevilla jaunak, eta Escudero jaun doktorrak, Instituto de Estudios Riojanos-ko presidentordea berau, hitz batzuk egin zituzten Errioxaren euskal eta erdal kulturei buruz, bilinguismoaren abantailak* aipatuz. Ondoren, oroitarri bat agerterazi zen euskal esaldi biekin: Izioqui dugu eta guec ajutu ez dugu.

Bazkaria, Diputazioaren kontura, Donedomiku* Kaltzadan egin zen. Arratsaldean, berriz ere Donemiliagara bihurturik, Susoko monasterioa ikusi genuen Tarsicio Lejarraga errioxar jatorraren eskutik; gero aita Eubak, Yusoko monasterioko prioreak, beste komentuaren arte lanak erakutsi zizkigun.

Egun gogoangarria guztiontzat, benetan, ekainaren 15ekoa. Egiaz esan daiteke, hauxe izan dela, ipar euskaldunok geure hegoaldeko anaia ahantziei ofizialki egin diegun lehenbiziko bisita. Ez dateke,* segur aski,* azkena izanen.

Ipar Aldea

Euskal Unibertsitateko antzerki saila

Aurreko zenbakian jakin erazi zenez, Donibane Lohitzunen izanen da II. Euskal Unibertsitatea, irailaren* 2tik 13a arte.

Egun horietan, beste gauza askoren artean, euskal teatroa ere aztertuko da. Hori dela eta, Parisen bizi diren S. Arbelaitz eta X. Irigarai gazteek dei bat egin diete Euskal Herriko antzerkilari guztiei, teatroari buruzko eginkizun berezia ezaguteraziz. Hona hemen:

- elkarretaratu eginen dira libre diren antzerki egile eta emale guztiak, eta lan horretan hasi nahi dutenak.

- elkarren ideiak agertu eta konparatuko dituzte, antzerki egiteari eta emateari buruz.

- talde bat, bi edo hirutan lan eginen dute elkarrekin; eta lan horren fruitua, Unibertsitatean egonen diren guztiei erakustera emanen diete arratsalde batez.

- antzerki oso bat emanen dute arrats batez.

Sail honen zuzendaria eta laneko moldeak lekuan berean hautatuko dituzte denen artean. Sail honetan parte hartu nahi duten guztiek, jakin eraz diezaietela lehen bai lehen goian aipatu* gazteei: Euskal Etxea. 10, rue Duban. 75016 Paris (France).

Basusarrin herriko kontseiluak bere kargua utzi, 40 zakurrengatik

Ipar Euskal Herri honetan, orotarik* ikusten ohituak gara. Gisa honetako azken berria Basusarritik heldu zaigu. Seiehun bat bizilagunetako herri pollita dugu Basusarri. Baionatik sei-zazpi kilometrotan, mendixka batzuen artean ederki kokatua,* horrexek esplikatzen du zergatik azken urte hauetan egin den horrenbeste etxe berri herri horretan.

Etxe berri horietarik multzo pollit bat xarmanki* lerrokaturik dago mendixka baten mazelan,* Axeritogarai deitu* hauzo berrian. Beste mazelan aurkitzen da «zorigaitzezko» zakurtegia, bere berrogei bat zakurrekin, Abere Zaleen Batasunak (erdaraz SPA deituak) duela sei urte eta erdi etxalde edo baserri bateko lur sail batean muntatua. Zakurtegitik lehen etxe berrietara bospasei ehun metro daudeke, gorenetik. Zakur ahausi* eta zinkurinak* entzuteko gisan, beraz!

Dezagun erran, zakurtegi hori prefeturako baimenarekin muntatua izan dela, eta prefetuaren baimen hori herriko kontseiluaren nahiaren kontra emana izan dela. Horrengatik, herriak Aministrazioko hauzitegira jaukitu* du prefetua, lehenik. Eta, ondotik, kontseilu osoak bere kargua utzi du, joan den maiatzaren hemeretziko arratsean, prefetuari eskatuz, hauzo berriko bizilagunentzat hain kaltegarri den zakurtegi hura* ahal bezain laster ken eraz dezan, baldin herriko arazoak berriz bide zuzenetik abia daitezen nahi badu.

Itxura guztien arabera,* arazoa ez da egun batez zuritzeko* gisakoa!

Urepeleko behi marka

Ba du hirurehun bat urte, maiatzaren erditsutan egiten dela behi marka Urepele herrian. Ez dakitenentzat dezagun erran, Urepele, Hego Nafarroako mugari loturik dagoen herri ttipi bat dugula, seiehun bat bizilagunetakoa, eta, bere ttipian, Xalbador Aire Euskal Herriko bertsolari haundienetarik bat dadukana.

Behi markaz baitugu solasa,* dezagun bi hitzez erran, zer den ohitura zahar bitxi hori. Urte guztiez bezala, udaberriko sasoin ederra etortzen denean, Baigorriko ibarrean aurkitzen diren Banka, Aldude eta Urepeleko baserritar zenbaitek, beren behi eta xahalak Sorogain deitu* mendiko bazkaleku ederrera eramaten dituzte.

Sorogain mendia Nafarroan, Erro ibarreko lurretan aurkitzen da. Eta bazkaz* behiak hara eramaten dituztenek, Erro ibarreko batasunari* zerga* bat ordaintzen diote, urte guztiez goratzen dena, noski. Aurten 825 pezeta pagatu dute buru bakoitzeko. Joan den urtean, aldiz,* 725.

Behi markatzailea Erroko Fernando Saragueta dute, 28 urte honetan. Aurten 230 behi markatu ditu. Lehenago gehiago egiten zituen, zeren* eta, zenbait urte honetan, Irulegi, Lasa, Azkarate eta Anhauzeko baserritarrek kamioiez Arnegin gaindi* eramaten baitituzte beren behiak.

Dezagun erran bestalde, marka egunkari,* jendalde ederra biltzen dela, Urepeleko eliz aitzinean* aurkitzen den markalekura, eta mugaren bi aldeetako herrigizon* kargudun asko ere bai, gero Arkadia ostatuan bazkari eder bat egiten dutenak.

Biriatun hogei bat etxe lurrera botako dituzte

Biriatu, Bidasoa hibaiari loturik dagoen Lapurdiko herri eder xarmantak,* seiehun bat bizilagun eta mila berrehun hektarea lur eremu* dituenak, heldu* den abenduko, hogei bat etxe eta laborantzako bere lurrik hoberenak galduko ditu. Zergatik? Itsas hegiko* autobide berria Biriatuko Kurleku deitu* ibarrean gaindi iraganen baita. Orotara, 70 bat pertsonak beharko du bizilekuz aldatu, orain arteko egoitza maitagarria utziz.

Etxe eta lurraldeen jabe gehienek beren ondasunen saltzea onez* onean egina dute ACOBA deitu elkarte bidegilearekin. Honek zenbaiti ongi ordaindu die diruz. Beste batzuei ez hain ongi. Hiruzpalauek, aldiz, ez dute traturik adiskideki egin nahi, ACOBAk ez diela, hurbiltzekorik ere, aski* pagatzen eta. Hauek, beraz, oraingo ustez, hauzitegian zuritu beharko dute beren arazoa. Beren egoitza galtzen dutenentzat, ACOBA elkartea hogei bat etxe berri egiten ari da, mendi mazela batetan. Obra horrentzat ba ditu 60 milioi libera* zahar bazterturik.

Ipar Euskal Herriko planteamendua eta ipartarrak

Ipar Euskal Herriko planteamendua, Gobernuko gizonek asmatua eta paperetan eman dutena, jadanik* aipatua dugu sail honetan. Orain erran behar dugu, planteamendu horretaz egin den lehen bilkura* irekia, Baionako Herriko Etxean egina izan dela, joan den maiatzaren 24ean.

Bilkura hori, Herriko Etxeak hilabetero Baionako gazteriarentzat apailatzen* dituen mintzaldien lerrokoa zen. Han ba zen, ordea, gazteetaz beste andre-gizonik, delako planteamendu horretaz zerbait xehetasun* berri jakinen zutelakoan, gogotik etorriak. Beren uste ona laster galdu zuten, mintzalariak, Parisetik etorria zen Genzling jaunak, ez baitzien igurikatzen* zutenetik deus* aipatu!

Ez zen, hala ere, delako bilkura arras* debalde* egina izan, zeren eta entzuleetarik zenbait bizi mintzatu baitzen, mintzalariari adieraziz, planteamendu horrek, doi* bat industria eta bideak aipatzen bazituen ere, turismoa zuela bereziki faboratzen. eta ez nolanahiko turismoa, gainera.

Kasik erran dezakegu, Ipar Euskal Herriaz, frantses Gobernuak nahi duena egin dezakeela, lekuko herrigizonak* guztiz ahulak* baititugu, eta ez baitira kapable, gure eskualdeak* behar lukeen planteamendu baten apailatzeko, eta Gobernuari hura* onhar erazteko!

Maiatzaren 26an 550 musikari Urruñan

Joan den maiatzaren 26an, iparraldeko 13 herrik parte hartu dute Urruñan musikarien zeingehiagokan, karia* horretara festa guztiz eder eta ikusgarri bat muntatzen zutela. Ba ziren orotara 550 musikari. Hauetarik 90ek dute parte hartu xapelgoan.

Hona parte hartu duten herrien izenak: Azkaine, Senpere, Ezpeleta, Hazparne, Baigorri, Makea, Larresoro, Milafranga, Uztaritze, Hiriburu, Ahurti, Bidarte eta Urruña.

Iparraldea gero eta gehiago hegoaldeari begira

Iparraldeko euskaltzaleek arras* ongi dakite, hegoaldeak zer eragina duen, ekonomiako eta kulturako sailetan bereziki. Eta beren ahalen araberako* indarra dagite,* hegoaldeko berri iparraldekoei emateko.

Duela bi hilabete, Euskal Dantzarien Biltzarreak Baionan eta Donibane* Garazin eman erazi zuen «Nafarroako lau sasoinak» deitu* erdarazko filmea. Geroztik, Ramuntxo Camblong gazteak mintzaldi bat eman du, Baionako Bilkuretxean,* Arrasateko kooperatiben mugimenduaz.

Joan den maiatzaren 24ean, Baionako Herriko Etxean ireki da Euskal Herriko margolarien eta zizelkarien* lehen erakusketa, hegoaldeko hogei eta iparraldeko beste hogei artistaren eskulan ederrenen ezaguterazteko.

Bestalde, Baionako antzokian, maiatzaren 28an, Bizkaiko bizibidearen berri ematen duen filmea agertua izan da. Bi egun lehenago, Arrasateko kooperatibetaz beste filme bat emana izan da Donibane Lohitzunen, eta, bezperan, filme bera Hazparnen.

Nola molde bateko zein besteko agerpen horietan guztiotan jendea franko polliki ibili baita, erran dezakegu, hemengo jendea kultur sail berri horri irekirik dagoela, eta ireki berria den bide horren zabaltzea beharrezkoa dela orain.

Bizkaia

Bilboko elizbarrutiaren boletina

Bilboko diosesiaren Boletin Ofizialak eraberritze apaingarri bat izan du. Honelako aldizkariak gehienetan aspergarri eta astunak izaten dira; baina Bilbokoak holako itxura aldaketa atsegingarri bat izan du.

Sailak ere azpimarka polit batekin agertzen dira eta hizkuntza bitan: «La Iglesia en Vizcaya — Eleizea Bizkaian», «La Iglesia en España — Eleizea Espainian». Hemen antitestigantza penagarri bat aurkitzen dugu: Zergatik Eleizea eta ez Eliza? Toki ofizial batetik hori egiteari, euskara batuarekin aurrez aurre jartzea deritzagu. Paulo Agirrebaltzategi elizgizonaren artikulu interesgarria datorkigu burura.

Baina beste arazo batek zeharo ukitu gaitu geure euskaltzaletasunean. Iruineko artzapezpikuaren gutun* bat lehen aipaturiko bigarren sail horretan agertzen da. Nola izan daiteke hori? Konturatzen gara, sail hori jartzeko beharren bat dagokeela; baina ba dira hor sartzeko hainbat artzadiosesi (Granadakoa, Valladolidekoa, eta abar) eta zenbatgura diosesi. Baina lehen eta bigarren sail horien artean, ez ote dago, «Eliza Euskal Herrian» izeneko beste sail bat sartzeko modurik?

Tarragona, Santiago, Granada eta Sevillako eliz probintziez baliaturik, Kataluniako eliz artzainak La Seu d'Urgell-en, Galiziakoak Santiagon, eta Andaluziakoak Montillan biltzen zirelarik, ez genuen ulertzen, hemengoak, Bilbo eta Gasteizko diosesiak nola ez ziren elkartzen —legez eta ganorez,* ez izkutuka*— Iruineko eliz probintzian bederen.* Baionakoa ez elkartzea, ulergarriagoa da gaurkoz; baina beste biak... Orain ikusten dugu zergatik den hori: Iruineko artzapezpikua eta Bueno Monreal sail berean sartzen baditugu...

Gure diosesiko agerkari nagusian, gure ustez, eskandalugarriegia da bekatu hori.

Lejoako Unibertsitateko mintzaldiak

Azken bolada* honetan, Lejoako* unibertsitariak kezkati agertu izan dira, nuklear zentralek Euskal Herrian sor lezaketen kutsaduraz.*

Zentral hauek eta energi mota honek sortzen dituzten problemen berri zehatzagorik ukateko,* hitzaldi batzuk antolatu dira Unibertsitatean. Euskaldunontzat interesgarri delakoan, hitzaldi horietan azterturiko puntuak aipatuko dizkizuet.

Maiatzaren 23an, J. Allende ekonomilariak, Ogellan (Izpazterren) egiteko den nukleartegiaren alderdi sozio-ekonomikoak azaldu zituen. Projektuaren kontra bere erantzuna prestatzeko ukan dituen trabak jakin erazi ondoren, Izpazter eta Lekeitio inguruko bizilagunentzat nukleartegiak ukan ditzakeen desabantailak* agertu zituen, beste gauza batzuen artean.

Maiatzaren 27an, I. Esteban kimikalaria Bizkaiko Golkoko* kutsadura kimiko eta radioaktiboaz mintzatu zen. Jaun honen lana, Santanderetik Ondarroarainoko uren kutsadura neurtzea da. Haren neurketen arauera,* azken urteotan gure itsasoko bizidunen kopurua* modu beldurgarri batez gutitu da. Eta gutitze hau areagotu* eginen da Bilboko superportuaren eta nukleartegien eraginez.

Ekainaren* 3an, J. R. Etxebarria injinadoreak nukleartegien alderdi teknikoei buruz berba egin zuen. Honek, nukleartegien funtzionamendua eta beronen ondorioz halabeharrez sortzen den kutsadura azaldu zuen. Bestalde, kutsadura radioaktiboaren arazoa teknika aldetik gainditu gabe dagoela azpimarkatu zuen.

Ekainaren 4ean, A. Negueruela injinadore eta medikuari tokatu zitzaion hitz egitea. Radioakzioek gizonaren zelula eta geneetan duten eragipenaz* mintzatu zen. Haren eritziz, geneen izakera aldatuz gero, seme-alabengan edo ondorengoengan ere gerta daitezke gorputz aldakuntzak.

Azkenik, ekainaren 5ean, aipatu* hizlarien laguntzaz, jendaurreko elkar hizketa bat egin zen. Elkar hizketa honetan hainbeste lagunek hartu zuten parte, eta bertan puntu hau agertu zen argiro: kutsaduraren arazoa konpontzeko, denok egin behar dugu zerbait, eta, horretarako, lehenik informazioa eman behar zaio jendeari. Gu ere batera gatoz horretan.

Segi gogor, Lejoako unibertsitariok!

Euskal dantza eta musika tresna zaharren eguna Barakaldon

Uztailaren* 13an, larunbatez,* Barakaldon, Euskal Herriko dantza eta musika tresna zaharren erakusketa haundi bat eskainiko da, herriko Andre Maria Karmengoaren jaien atari bezala.

Parte hartuko dutenak: Zuberoako dantzariak, «Maskarada» bertan eginen dutenak. Etxahun xirulari eta bertsolariarekin; Baztango dantzariak, Maurizio Elizalde txistulariarekin; Zubietako zanpantzarrak; Zumarragako ezpatadantzariak; «Bizkai» taldea Lantzeko* «Ihauteri»arekin; trikitia, dultzaina, txistua, alboka, eta abar.

Ordua, arratseko 9,30. Barakaldora joateko: Bilbotik Santurtzerako trena, 10 minuturik 10 minutura; Bilbotik Barakaldorainoko autobusak, 10 minuturik 10 minutura, Bilboko Areatzan.* Etortzeko: autobusak gaueko 12ak arte, eta trena gaueko ordu batak arte.

Mungiako baserritarrei erdaraz omenaldia

Maiatzaren 15ean, San Isidro egunean, baserritar baten irudia eraiki da Mungiako enparantzan.*

Hala ere, aurten, egun horretan, ez zen baserritar askorik kaleetan. Ba zekiten, zoritxarrez, inaugurazioa erdara hutsean izango zela; eta ondo ezagutzen zuten, omendatuak izango ziren baserritar bien jokaera. Bestalde, esnearen arazoaren ondoren, nahiko barregarri zirudien omenaldi honek. Horregatik edo, eguerdiko bazkarian, 400 mahaikideetatik 30 bat bakarrik ziren baserrian dihardutenak.

Hala ere, gure baserritarrek ez dute protesta handirik egin agerian, nahiz eta ixilka-mixilka botatzekoak bota. Uribe-Butroe eskualde* honetan ez da baserritar gazterik. Azken martxoan bertan, 20 urtez gorako baserritar asko lantegiratu zaigu. Etxalde onaren jabe izan arren, bakoitzak ezin gehiago. Hori hola delarik, nor ezer esateko, nor protesta egiteko?

Mungiara zatoztenean, agur* zazue gure baserritarra, ez, otoi, harrizkoa, oraino bizi den zokoratua baizik.

Otxarkoagako abesbatza

Orain dela zenbait urte, kanpotik etorritakoek hainbeste txabola* kaskar eraiki zuten Bilbo inguruan. Agintariek txabola horik* botatzeko agindu zieten, eta Otxarkoagan etxe berriak eskaini. Beharbada 20.000 kanpotar bizi dira Bilboko hauzotegi horretan, baina semeak bertan jaio zaizkie.

Inguruneko giroak bere lana egin du, eta Otxarkoagakoek abesbatza* eder bat sortu dute. Oraintsu, ekainaren* 8an eman dute beren lehen saioa, hauzotegiko elizan. Bertako abesbatzarekin, Basauriko koral famatuak eta «Deustuarrak» kantari taldeak ihardun dute.

Otxarkoagan abesbatza bat sortzea berez albistea bada, areago* aipaturiko saioa, zeren,* seina kanturen artean, Deustuko taldeak euskaraz bi eta Basaurikoak hiru bakarrik eskaini zituztelarik, Otxarkoagakoak lau kantatu baitzituen, txapeldun geratuz.

Horra kanpotarrak etxekoei bide zuzena erakusten!

Galdakaoko «Andra Mari» taldea Bordelen

Galdakaoko «Andra Mari» folklore taldeak saio bi eskaini ditu Frantziako Bordelen,* ekainaren 8 eta 9an. Handik etorri eta gero, beste ihardunaldi bat ukan* du Galdakaoko «Regio» zinematokian, ekainaren 15ean.

VII. Umeen Euskal Jaia Durangon

Durangon, ekainaren 9an, herriko San Antonio jaien lehen pausoa bezala, VII. Umeen Euskal Jaia ospatu zen. Durangoko Tabirara ehundaka bildu ziren haurrak, Bizkai, Araba. Gipuzkoa eta Nafarroatik etorriak.

Lehenik euskarazko meza, ondoren herrian zehar kalegira, eta eguerdiko 12,30 orenetan* Ezkurdi pilotalekuan ume dantzarien ihardunaldia. Bazkaria Durangoko familiek eskaini zieten, eta arratsaldean berriro ekintzara. «Txoritxu Alai» taldeak eratu zuen jaia.

Txistularien bilera Somorrostron

Enkartazioetako Somorrostro Haraneko zazpi udaletako* txistulariek beren lehen bilera* egin dute, ekainaren 23an, igandekari,* Muzkiz* herrian, Santander herrialdeko muga alboan.

Goizean txistularien kalegira eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bertan duen ordezkaritzaren* batzarrea. Eguerdian kontzertua. Bazkaria herriko familiek eman zieten, eta arratsaldean berriro ihardunera, Muzkizko herria alaitzen eta pozten.

Oraintsu arte nork uste izango zukeen, zeharo erdaldundua den herri horretan txistulariei hain harrera ona eman zekiekeenik! Ondorio pozgarria hauxe: Udaletxeak* txistu akademia berri bat zabaldu eta babestuko du, eskualdeko txistulari ordezkaritzak kudeatuko* duena.

Gipuzkoa

Euskaldun fraide eta seroren bilera Oinatin

Aldizkari honen 276. zenbakian esan genuenez, uztailaren* 8tik 13ra, ikastaro bat izanen da Oinatiko Beneditar Seroren* monastegian. Gaia: Eliz Otoitza gaurko Euskal Herrian.

Aste hori bereziki fraide eta serorentzat eratua izan arren, han izanen dira bai apezak eta bai zenbait laiko ere.

Bilduko direnen asmoa hau da: Euskaldunek beren Eliz Otoitza euskaraz egitea, fraide-seroren elkarteetan behinik behin.

Ikastaro honek bi hitzaldi nagusi eta beste bi txosten* ttipiagoak izanen ditu egun bakoitzean. Elizkizun batzuk* ere eginen dira, nahiz taldeka, nahiz herriarekin batean. Hona hemen ikastaroko gaiak eta hizlariak:

Xabier DIHARCE «Iratzeder», OSB. Belokeko Abadea.

Otoitza gaurko euskaldunen artean.

Paulo AGIRREBALTZATEGI, OFM. Erromako Antonianum Unibertsitatean irakasle. Tolosa.

Otoitza elkar bizitzan.

Iñaki OÑATIBIA, Apeza. Gasteizko Teologi ikastetxe nagusian irakasle.

Eliz Otoitza berritzean erabilitako burubide nagusiak.

Errupin MUXIKA, OSB. Lazkao.

Eliz Otoitzaren kondaira eta zatiketa.

Ixidor BAZTARRIKA, OSB. Estibalitz.

Eliz Otoitza eta Eukaristia. Teologi eta lege aldetik azterketa.

Emiliano OZAETA, OSB. Estibalitz.

Bibliako testuak Eliz Otoitzaren eraketan. Eliz Otoitzari buruz Kontzilio ondoko lege edo enrubrikak.

Iñaki ERAUSKIN, Apeza. Donostia.

Musikaren garrantzia Liturgian eta Eliz Otoitzean bereziki.

Martin LASA, Lasalletarra. Irun.

Eliz Otoitzari buruz euskaraz agertu diren lanak.

Lino AKESOLO, OCD. Markina.

Otoitza euskal literaturan.

Pedro NUÑEZ, SSS. Deustu eta Gasteizko Teologi ikastetxe nagusietan irakasle.

Salmoen kondaira eta esannahia. Salmo berriak sortzeko bideak.

Agustin APAOLAZA, OSB. Estibalitz.

Salmoen kristautasuna. Salmotegi berria. Egindako lanaren azalpena. Zuzentzeko burubideak. Salmoen estruktura jatorra eta Eliz Otoitzean erabiltzeko erizpideak.

Juan Maria LEKUONA, Apeza, Donostia.

Olerki aldetik salmoen azterketa.

Eugenio AGIRRETXE, OFM. Bilbo.

Eliz Otoitza gure Pastoralean.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, jakin eraz diezaietela lehen bai lehen Oinatiko Beneditar Serorei. Diruagatik inor ez dadila geldi ikastarora joan gabe, ongile batzuek eskaini baitute laguntza berezia.

Euskal mendigoizaleen bilera Elgetan

Maiatzaren 19an, Euskaldun Mendigoizale Elkartearen urrezko ezteiak ospatu ziren. Elgetan hain zuzen, hango Udaletxean* sortua baitzen elkargo hau, 1924.eko maiatzaren 18an.

Holakoetan ohi den legez,* gonbidatu ofizialik ez zen faltatu, etxetik hasi eta batez ere Madril aldetik. Hainbesteren artean, han zegoen Martínez Masó jauna, Kataluniako Federazioaren lehendakari dena.

Goizeko 11etan Meza Nagusia, mendigoizale zirenen alde. Gero, euskal dantzak, eta indar probak Endañetaren kargu.

Jaialdiari bukaera emateko, anaiarteko bazkaria, agintariekin batera. Bazkalostean,* hitzaldiak, Iriondo, Martínez Masó, San Román eta Salmerón jaun agurgarrien kontu. Erdaraz, noski. Baina ez denak. Oso txalotua izan omen zen Martínez Masó jaunaren mintzaldia, katalanez.

Euskal Herria

Liburu berriak

1. BARANDIARAN, Ignacio:

Guipúzcoa en la Edad Media. Protohistoria y Romanización.

Ed. de la Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Donostia, 1974.

Liburu ttipi baina haundi baten aurrean aurkitzen gara, Inazio Barandiaranen liburuska hau eskuetan dugula. Ofizioko gizon baten lana da; izan ere, autorea Zaragozako Unibertsitateko Agregatua baitugu. Azken bolada* honetan, nahiko jakin mina somatzen da gure artean lehen garaietako historiaz, bai eta erromatargintzaz ere.

Zozokeria irudituko litzaidake, ohar honetan inolako kritika bat egiten hastea. Esan dezadan laburki: ehun horrialde ozta* ozta dituen lan hau, garai haiei buruz oraingoz dadukagun laburpenik onena dugu. Zalantzarik gabe. Eta ikasmin diren guztiek heldu* beharko diote, beren lehen urratsak* ematean.

Azpimarka dezadan garrantzizko zerbait: bibliografia oparo* eta bete bat dakar, irakurleak gerora egin ditzakeen bilaketetarako lagungarri bezala. Gainerako euskal herrialdeei eta Euskal Herri osoari buruz beste horrenbeste egingo balitz, histori laburpen xarmanta* genuke geure kondairazaleentzat. Biziki gomendatzen diogu irakurleari idazlan hau. Gure eskuzarta beroena egileari.

2. VILLARREAL DE BERRIZ, Pedro Bernardo:

Máquinas Hidráulicas de Molinos y Herrerías.

Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones.

Donostia, 1973.

Hain famatua izan den liburu honek, izenburu luzeagoa du. Hona, osorik nola den: «Máquinas Hidráulicas de Molinos, y Herrerías, y Govierno de los Arboles, y Montes de Vizcaya. Por Don Pedro Bernardo Villa-Real de Bérriz, Cavallero del Orden de Santiago. Dedicado a los Amigos Cavalleros, y Propietarios del Infanzado del muy Noble, y muy Leal Señorío de Vizcaya, y muy Noble, y muy Leal Provincia de Guipúzcoa». Titulua luze bezain bitxia duen liburua. Madrilen eman zen argitara lehenbizikoz, 1736.ean. Harez gero laudorioz betea izan da liburu hau, eta ezin hobeto dator orain guztiontzat bigarren argitaraldi hau, aspaldian baitzegoen agortua lehen hura.*

Euskal ola* zaharrei buruz arduratu direnengandik hamaikatxo txalo jaso ditu Berriz zaldunaren* idazlan klasiko honek. Klasikoa diot; izan ere, gure burdingintzaren teknikak ezagutzeko, liburu aparta baita Máquinas hidraúlicas hau, aparta eta garai haietatik datorkigun bakarra.

Hiru parte ditu liburuak: lehenean, ola zaharretako urbide eta ursarbideak aipatzen dira; bigarrenak, lantegi barneko tresneria eta lanabesak* aztertzen ditu: hauspoak, gurpilak,* eta abar; hirugarren partea basoei buruz ari da, basoen murriztea geroz eta larriagoa baitzen nonbait Berrizen garaietan, eta ola haiek basoa behar baitzuten, eten gabe, beren sutegietarako. Liburu kuriosoa eta irakurgarria hauxe, euskal teknikaren historia ezagutu nahi dutenentzat.

Martin de Ugalde eta Soljenitsyn

Bilboko liburudendetan aipatzen denez —eta ba dirudi, Donostiakoetan ere berdin gertatzen dela—, Martin de Ugalderen Hablando con los vascos liburua Soljenitsyn Nobel Saridunaren Gulag Arkhipelagoa baino hobeki saltzen da.

Honez gero edizio arrunta* agortua da; eta salgai gelditzen den bakarra, koadernaturik agertzen dena da. Arrakasta* ederra, nonbait!

Kooperatibak Euskaltzaindiaren alde

Ba genekien, Caja Laboral Popular-ek aurten 100.000 pezetako laguntasun bat eman diola Euskaltzaindiari; baina, portaera jator honi jarraikiz, ULARCOk, Arrasateko kooperatiba elkarte bat berau, beste 100.000 pezeta eman dizkio gure Herriaren lehen erakunde honi.

Dakusagunez,* euskal kapitala euskal kulturaren alde jokatzen hasia da, eta berau pozgarritzat dadukagu. Interesgarria, bestalde, entrepresa hauk kooperatiba izatea. Osterantzeko* erakunde kapitalistei ez zaieke* beronen oihartzuna* hain arin helduko.

Albistariak:

Eugenio AGIRRETXE

Joxe Ramon BELOKI

Jose Ramon ETXEBARRIA

Joseba INTXAUSTI

Xabier KINTANA

Gehexan LANTZIRI

Jose Luis LIZUNDIA

Isidor MENDIETA

Joan Mari MENDIZABAL

dezadan, daidan

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu

dezan, daian

die, deutse

diegu, deutsegu

diete, deutsee

diezaietela, deioeela

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

ditzake, daikez

ditzaten, daiezan

dizkio, deutsoz

dizkiote, deutsoez

dizkizuet, deutsuedaz

lezake, leike

lezakete, leikee

litzaidake, litzakit

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkie, jakez

zazue, eizue

zekiekeen, eitekioen

zien, eutsen

zieten, eutseen

zion, eutson

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon

zizkigun, euskuzan

zizkion, eutsozan


Herrialde guztietan

Chestertonen mendeurrena

Garai batean ezagunak eta miresgarriak izan ziren Ingalaterran Bernard Shaw irlandes protestantearen eta Chesterton katoliko ingelesaren arteko eztabaidak. Agian* gaur ahantziak edo ditugu idazle bikain haik.* Chestertonen mendeurrena* ospatzen da orain, eta ez litzateke gure artean ere erabat* ahantzi behar.

Ingalaterran bapatean* zabaldu zen Chestertonen izena. Nola eta zergatik, ordea? Hego Afrikan ingelesen eta boer-en arteko gudatea piztu zen (1899): holandesek han utzi zuten zurien gizarteak ez zituen ingelesak onhartzen. Ingalaterra erdibitu egin zen, gerla haren aurrean: gudazaleak batetik, bakezaleak bestetik. Chesterton ez zegoen talde haiekin, baina boer-en aldekoa agertu zen. Eta begira zernolako arrazoinengatik: boer haiek beren lurretan abertzale izateko eskubidea zutela esan zuen idazleak, ingelesek Ingalaterran abertzale izateko eskubidea zuten bezalaxe. Kolonialismoa hain maite zuen Ingalaterra harentzat, benetan arrazoin bitxia atera zuen Chesterton paradoxazaleak.

Langile idazleen patu* gaiztoa

Pobre eta eskale izatea, bai dela zori gaiztoa! Miklos Haraszti Hungariako langile idazleak esango luke horretaz zerbait.

Editorial batek langileriaren bizitzari buruzko liburu bat eskatu zion, eta berak lantegi bateko lanaz idatzi zuen liburu hori. Lantegi hartako soldata eskasak aipatzen zituen Harasztik, langile «sozialista» baten bizimoldea ere ez dela erosoago* adieraziz.

Atzeman* eta presondegiratua izan da Miklos, gero libre utzia izan arren. Eta hark esana gezurtatzeko (!), lan soldatak igan erazi egin behar izan ditu Gobernuak. Dirudienez, egin, egin liteke; sala, ordea, ezin liteke inola ere.

Lantegi ugazaben irabaziak URSSn

Sobiet Batasuneko Ekonomi Plangintzarako batzordeak* eman du bere 1973.ean egindakoaren berri. Batzorde honen ageria aztertzen duenak, zera ikus dezake berehala: urte horretan, Estatuaren entrepresen irabaziak 12 % gehitu dira; emankortasuna, berriz, 6 % emendatu* da. Baina langileriarentzako soldatak ez dira hobetu neurri berean: 3,7 % bakarrik irabazi dute alokairuek.* Ba da hor akatsen bat.

Merkatu Komunekoen eritziak Europari buruz

Frantziako azken hauteskundeetan ikusi dugu nolako zehaztasuna duten sundaldiek,* aurretiaz* hauek emandako zifrak eta gero botoen kontaketan bildutakoak berdin antzekoak izan baitira. Sundaldi hauk ongien egin dituztenetariko bat «Institut français d'opinion publique» izan da, eta orain erakunde* honek eta Europako beste zazpik sundaldi berezi bat egin dute Merkatu Komuneko Estatuetan. Erakunde horien nolakotasuna ezaguturik, bildutako erantzunak errealitatetik hurbil daudela esan genezake.

Ikus dezagun, bada, nola ikusten duten europarrek Merkatu Komunaren eta Europaren beraren etorkizuna.

1. galdea: Nola hautatu behar litzateke Europako Parlamentua, Estatu bakoitzeko Parlamentuen bitartez ala zuzen europarren botoez?

 bitartez zuzen erantzunik ez

Belgika 52 14 34

Dinamarka 36 43 21

Alemania 69 12 19

Frantzia 51 18 31

Bretainia Haundia 33 49 18

Irlanda 45 31 24

Italia 64 12 24

Luxemburgo 67 12 21

Holanda 62 16 22

2. galdea: Nahi zenukea* Europaren batasun politikoa?

 bai ez erantzunik ez

Belgika 58 12 30

Dinamarka 28 58 14

Alemania 70 12 18

Frantzia 57 16 27

Bretainia Haundia 26 54 20

Irlanda 35 41 24

Italia 65 12 23

Luxemburgo 69 13 18

Holanda 55 23 22

Alegiazko mundutik egiazkora

Literatur munduan nork ez du ezagutzen García Márquez? Elaberri-* eta ipuinlari bezala, bereziki «Ehun urteko bakartatea» liburuagatik, egunotako izkiriatzaile hoberenetakotzat jo dezakegu.

Pariseko «Le Nouvel Observateur» astekarian irakurri dugunez, literatur mundu zoragarri horretatik politikaren mundu zikinera pasatzea erabaki omen du colombiar elaberrigileak. Hemendik aurrera, Sartre eta beronen gisako* jende zalapartariekin batera, hor ikusiko omen dugu Hego Amerikako faxismoak salatzen. Hots,* faxismoaren fenomenoa aztertzeko eta beronen berri emateko soilik erabiliko ei* du luma.

Zer adierazten digu jokabide honek? Literaturaz etsitu* ote du García Márquezek? Munduko literatura engaiatu* guztiak ez ote dira gauza, faxismoari oldartzeko?*

Gizonaren adimenduak hiru milioi urte omen ditu!

Gizonari noiz eta nola bururatu ote zaio, egun* duen adimenduaren lehen pindarra*? Bat batean, duela hiru milioi urte, austrolopitecus izenez deitzen duten eta Afrikan sortu zen gizonari ote?

Egungo jakintzaren arabera,* bai. Zeren* eta Gizonaren Museoko zuzendari orde den Yves Coppens jakintsunak, Etiopiako lurretan kudeatu* dituen lurmiatzeetarik* jalgi* dituen arrazoinezko ondorioek, hori erakustera ematen baitute. Miatu* dituzten lurretan, Jean Chavaillon prehistorilariak nasaiki* aurkitu dituen lanabesak* edo laneko tresnak, giza adimendu kreatzailearen lekuko* agertzen baitira.

Yves Coppens jakintsunak dioenez, beraz, oraingo jakitatearen arabera, gizona Afrikan sortu da eta duela bi milioi urte handik atera Asiako eta mundu zabaleko lurraldeei buruz, Etiopian aurkitzen den Afar deitu eskualdetik eta Itsaso Gorriaren hegoaldean aurkitzen den Bab el Mandeb deitu* lurmuturretik. Hau ere, usteen lerroan ematekoa da, noski; baina uste hau, dela Chad-en, dela Kenian, dela oraino Tanzanian eta Etiopian eginak izan diren lurmiatzeek erakustera eman duten ustea da. Jakintza bidez finkatua den ustea, beraz.

Gogora ditzagun, jakintsunek finkatu dituzten urtemuga larrien hauk:* lurrak bost miliar* urte ditu. Biziaren lehen itxurak, duela hiru miliar urte agertu ziren lurrean. Bostehun milioi urte geroago agertzen dira lehen bizkarrezurdunak.* Beste berrehun milioi urte berantago lehen ugaztunak,* eta hauetan gizona, guztietan aitzinatuena.* Oraingo ustez, duela hogeitamar bat milioi urte agertu zen, bere ahaide hurbilenak zituen ximinoekin batean.

Egiptoko Kairo hiriaren hegoaldean aurkitzen den Faium deitu hezurrobi haundian eginak izan diren ikertzeek* argitara eman dituzte gizonaren eta ximinoaren arbasoen* hezurrak. Hogeitamar milioi urteren tarte horretan bizi zirenak, eta biek hogeitamasei hortz* zituztenak. Apadium eta parapitecus izenez deitzen dituzte. Eta hezurrobi berean aurkitu dituzte propiopitecus deitu dutenaren hezurrak ere. Honek hogeitamar milioi urte ditu, eta hogeitamabi hortz bakarrik! Iduri duenez, hau omen da gizonaren eta ximinoaren azken arbasoa.

Orduz geroztik, ximinoaren eta gizonaren iturburuak elkarretarik bereizten dira. Orduko ximinoen adarra* oraingo ximino motetaraino helduko da; eta orduko giza adarra, berriz, oraingo gizonetaraino.

Hogeitamar milioi urteren tarte horretan, Afrika aldeko lurrak berotzen hasten dira; eta ordu arte oihan haundietan abarretarik abarretara zebiltzan gizonak, oihanak edo basoak idortearekin* suntsitu* zirenez gero, bortxatuak dira lurraren gainean kurritzera, berentzat eta beren umeentzat janari zerbait aurkitzekotz. Eta, bortxaren bortxaz ikasi zuten bi oinen gainean zutik ibiltzen. Leakey jakintsunak aurkitu ditu, Keniako hezurrobi batetan, beren bi oinen gainean zutik zebiltzan gizon haien hezurrak. Bi gizonenak, xuxen errateko.* Lehenak, keniapitecus africanus bataiatu duenak, hogei bat milioi urte ditu. Eta bigarrenak, keniapitecus wickeri deitu duenak, berriz, hamalau milioi baizik ez! Azken hau harrimutur zorroztu batzuetaz baliatzen omen zen, hiltzen zituen abereen hezur eta burumuinen biltzeko! Honen gisako giza hezurrak Indian, mendebaldeko* Pakistanen, Txinan, Grezian eta Toskanian ere aurkituak izan dira.

Keniapitecus deituen ondotik agertu ziren austrolopitecus deituak. Duela sei milioi urte agertu ziren, eta duela milioi bat urte suntsitu. Haien hezurrak toki askotan aurkituak izan dira. Eta bereziki, Etiopian, Homo (Gizon) deitu* ibarrean egindako lurmiatzeetan.

Hezurrobi honetan eginak izan diren sei lurmiatzeetan, berrogeitamar bat tonelada hezur aurkituak izan dira, orotara* ehun eta berrogeitamar bat bizkarrezurdun mota agertzen zituztenak. Horien guztion artean, bi austrolopitecus mota bereizi dituzte, duela bi milioi urte bizi zirenak. Lehena, austrolopitecus robustus deitzen dutena. Azkarrena.* Metro bat eta berrogeitamabost gora neurtzen duena. Bigarrena, austrolopitecus africanus deitu dutena, gizon itxura gehiago duena. Lehena belarjalea da bakarrik, eta haren buruak 550 cm3ko barnea du. bigarrenak, aldiz,* orotarik jaten du, burua ttipiago badu ere: 444 cm3.

Horien ondotik agertzen da, homo habilis deituko duten gizona. Orotarik jaten duena. Haren burubarneak 680-770 cm3 neurtzen ditu. Bere aitzinekoak baino zerbait finagoa da. Honen ondotik etorriko da homo erectus deitu gizona, zeinengandik sortuko baita Neandertaleko gizona, eta honengandik, berriz, oraingo homo sapiens deitu gizona.

Horra, egun,* jakintzaren arabera nola esplikatzen duten lur honetako gizonaren agertzea eta itxuraldatzea. Ba dira, noski, anitz* gune* gizonaren historian, ilunpean daudenak, eta beharbada behin ere argituko ez direnak.

Baldin, gizona mendez mende osoki itxuraz aldatu dela, historiak erakusten digun gauza segura bada, berdin gauza segura da, haren baitan* kokatu* den gogoa, teknika aitzinatuenaren sortzaile izan dena, ez dela oraino bere abere harotik osoki jalgia eta gizondua.

Gose oporrean hil

La Croix egunkariaren eritziz, 1920.etik hona gertatu ez zena jazo* da egun hauetan Ingalaterran: Michael Gaughan 24 urtetako irlandes katoliko gaztea hil izan da gose greba* baten ondorioz, presondegi batetan zegoelarik. Hemendik aitzina, mutil horren izena Irlandako martirien zerrendan idatziko dute.

Bestalde, bi neska gazte, Price arrebak, baldintza berdinetan gose oporrean sartuak dira maiatzaren 17az geroztik. Osasunez biziki hein* ahul* eta larritan dira. Jenkins barneko ministruak ez die onhartu Ulstereko presondegira aldatzerik.

Ondorioz, ingeles eta kanpo herrietako behagileek* diotenez, orain arte gertatu ez den bortizkeria* sortuko da Irlandan ingeles Gobernuaren kontra, IRAren erantzunez.

Bizkitartean,* Irlandako gertakarien eraginez edo, ingeles Gobernuak gaitzeko* aitzinurratsa* eman du Eskozia eta Gales herrialdeen faboretan. La Croix kazetak dioenez, Londresko Gobernuak askatasun eta eskubide gehiago emanen die lurralde biotako Parlamentuei barneko arazoetan: osasungintzan, hezkuntzan,* ekonomian eta kulturan. Alegiazko* solasak* bazterturik, agian* xede* eder hau egia bihurtuko da.

Idazleak:

Xabier GEREÑO

Joseba INTXAUSTI

Mañex LANATUA

Gehexan LANTZIRI

Jon SUDUPE

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu

die, deutse

digu, deusku

ditzagun, daiguzan

genezake, geinke

zaio, jako

zion, eutson


Kateak

Langilearen alde dihardugunok, lana saltzen duten guztiak berdinak ez direla kontuan hartu behar dugu. Tekhnikalari batetatik peoi edo langile soil batetara, bai alokairuan* eta bai lanean bertan ba dago alderik.* Systemako estrukturen aldaketak ez ditu berez arazo guztiak gainditzen, nahiz eta, egia da, horretarako laguntzen duen. Nazio arazoa, adibidez, horietako bat da; eta langileari berari dagozkion beste arazo asko ere, berdin geldi daitezke konpontzeke,* aldaketa hori lantegi barruraino sartzen ez bada.

Zer programma dugu, ezberdintasun horik desegiteko? Sozialismo batetan, taylorismoa onhar liteke? Taylor-ek, produktibitatearen bila joanik lana zatitu egin zuen, hura* lan apurrak bihurtuz: langileak, horrela. beti mugimendu berdinak eginez, abiada haundia lortuko zukeen bere lanean.

Kapitalismoak, taylorismoa onhartzean, «kateak» sortu zituen, eta langile soilak haien zerbitzari bihurtu. Langile soila benetan kateaturik dago, lanerako adimenik ez du behar, bere kabuz* ezin dezake ezer egin, makina bat balitz bezala dena goitik ezarririk baitatorkio. Taylor-en eritziz, «langileak lantegian ez du pentsatu beharrik», dena pentsaturik eman behar zaio, haur bati ahia* ematen zaion legetxe.*

Langile soilak ez du bere lana bereganatzen. Arrotza da beretzat bere neketik irteten dena. Haren lana era batekoa da beti, monotonoa, aspergarria (pentsa dezagun: egun osoan torlojoak* jartzen). Haren egoera ezertarako kontuan hartu gabe, rythmoa ere ezarri egiten diote. Lanaz bere burua zakartu* egiten du, aberetu, eta askotan nerbioak apurtu. Langile soilaren nortasuna ez da lanaz osatzen. Lana dirua irabazteko bide bat besterik ez da, bide nazkagarri bat, eta inork baino diru kopuru urriago bat irabazteko, gainera.

Langile soil gehienak gazteak dira, kanpotik etorritakoak eta emakumeak batik* bat. Denak, ahal den lasterrenik alde egiteko gogoaz: emakumeak ezkontzaren bitartez, eta besteak lan mota betegarriagoren bila joanez.

Kapitalismoak, langilea ideologiaz eragin ezinik, kateak onhartu ditu, lana hobeki neurtzeko eta kontrolatzeko. Baina kateak bere alde txarrak ere ba ditu: greba* ugari, kalitate urria eta abar. Behin lagun batek esana: «Niri katean bi sukalde elkarregi etortzen bazaizkit, bati ezkutuan bultzada bat emanez, hondatu egiten dut».

Luzarora begira, arazo honen irtenbidea automatizatzean datza;* eta non sozialismo baten barruan baino leku hoberik aurrerakuntza horretara heltzeko?

Bitartean. hiru modutara joka dezakegu horren alde:

1. Denok, geure biziko garai batetan, horrelako postutik pasatuz, gaur egun Txinan egiten duten bezalaxe.

2. Guztiok berdin antzera irabaziz. Segur gaude, hala eta guztiz ere, ez dela tekhnikalaririk katera jaitsiko.

3. Taylorismoaren ordez, «taldeko lana» eginez. Langile talde ttipiak moldaturik, talde bakoitzak bukatua ateratzen da produktua. Talde baten barrenean, postu bakoitzeko lanak osatuagoak dira eta elkarren artean aldakorrak. Langileak, horrela, ez du hain lan aspergarririk; eta produktibitatearen aldetik, lanaren erraztasunagatik galtzen dena, eraginaren aldetik irabazten da.

ARATZ

dezake, daike

dezakegu, daikegu

diote, deutsoe

gaude, gagoz

zaio, jako

zaizkit, jataz


Fedea eta ekintza

Apezpikuak eta Telebista

TVEk erlijio programetarako lantalde berria eratu du. Berrikuntza izugarria izan da hori. Guerra Campos monsinorea da orain buru. Baina izendapen hauk* ez dira egin, noski, Espainiako Apezpiku Elkargoak* dadukan batzorde* ofizialarekin kontatuz. Eta eman den arrazoina hauxe da: TVE ez da Elizarena, eta bere egitekoak libertate osoan egin ditzake. Hala dateke,* baina Madrileko «Ya» egunerokoak ere ematen ditu bere arrazoinak.

Agerkari honek esaten duenez, izendapenok ez doaz inondik ere, Apezpiku Elkargoak orain urtebete eskatzen zuen elkar hizketaren bidetik. Apezpiku talde osoak bere aldetik epaitu duen arazo batean, ez da bidezkoa, hori ahantzi nahi izatea. Bestelakorik nahi izanez gero ere, ezinezkoa da, Elizaren dotrinatzat eman nahi denaz (eta dadukagun telebista bakarraren bidez eman nahi denaz) apezpikuak ez arduratzea, dotrina haren irakasle direnez. Estatuak ezin dezake bere gain har irakaskintza erlijiosoaren egitekoa: lehendabizi, telebista Estatuaren tresna ez delako (beno: ez lukeela izan behar esan nahi du «Ya»k, noski), gizartearena baizik; bigarren, erlijio gaia Estatuari ez dagokiolako; eta hirugarren, TVEra doazenok, azkenean, apezpiku talde osoaren menpeko direlako. Zer nahiko lukete, beraz, Espainiako apezpikuek? Ez, noski, telebistaz jabetzerik, ez eta hango programak eratzerik; baina bai, Kontzilio ondoren Espainiako Elizari eman nahi dioten zuzenbidea xuxenki ematerik. Ala, katolikoei hitz egin nahi zaienean, Eliza katolikoaren hierarkia zapuztuz* lan egin nahi da? Zergatik, norentzat eta zertarako? Holamoduzko arrazoinak ematen ditu «Ya»k.

Chileko Eliza eta Gobernua

Orain guti Chileko hierarkia katolikoak Gobernuari zuzendu dizkion kritiken ondoren, Pinochet-en Gobernuak bortizki* erantzun du. Batez ere nabarmena da, Leigh jeneralak, Gobernuko jeneraletakoa denak, esandakoa: haren ustez, Elizaren jokabide horrek «nazioarteko marxismoaren tresna bihurtzen ditu apezpikuak, ohargabean izan arren». Bestalde, Silva Henríquez Kardinalea, maiatzaren lehen egunetan, berriz ere, Erromara etorri da, Aita Sainduari egoera berriaren albisteak ematera.

Aquinotarraren VII. mendeurrena dela eta

Munduan zehar, Aquinoko Tomasen eguna ospatua dute Kultur Etxeek, aurtengoak berezitasun aipagarri bat duelarik: haren heriotzearen zazpigarren mendeurrena,* alegia.*

Pentsa genezake, gaurko garaia ez dela egokiena, haren goresmenak egiteko; baina, hala ere, hitz batzuk* merezi dizkigu Erdi Haroko teologo eta pentsalari handienetakoak, guztiok dakigun arrakasta* utzi baitu bere ondotik mendebaldeko* kultur barnean. Ezin egokiagoa da, Chenu teologo ezagunak konferentzia batetan oraindik orain eginiko oharra, hots,* gaurko ospakizuna ez dela goraipamen triunfalista bat, zeren* eta Tomas Aquinokoa aski* eta gehiago izan baita «ohoretua, intsentsatua, gantzutua,* lurperatua».

Frantziako teologoaren hitzen ondotik, esan dezagun zergatik egiten dugun geure aipamena: besteren artean, kultura berri bat hasten edo jaiotzen den eta teologia berri baten eske gorrian gauden une honetan, ba duelako Aquinoko jakintsuak esatekorik.

Ezagutu zuen garaia, aski nahasia zen. Orduko gizarte giroak aldaketa sakonak egiten ziharduen. Eta, kultura berriaren bide urratzeak sortu zituen zalantza eta ilunaldian, inork ez bezala igarri* zuen, teologiak berak egoera berrietara jarri beharra zuela, «aggiornatu» beharra zuela, argi egiteko gauza izango bazen.

Eginkizun honek zera eskatzen zuen, Ebangelioaren betiko mezua* dotrina eta instituzio hertsi* batetatik libratzea, eta adimen berrien gai izan zedin lantzea eta itxuratzea. Ez zen lan erosoa.* Kontrako korronteak zebiltzan burrukan, eta berehala nabarmendu ziren bi jarrera:* mugimendu ezkertiarra, librepentsalaria, panteista, «humanisme de cette terre» delakoaren defendatzaile sutsuek osatzen zutena; eta, berrizale hauen aurrez aurre, izpiritu kontserbakorrak, maioria osatzen zutenak, beren jarreran gogorki finkatuak, kultura zaharrari gero eta gehiago atxikiak.* Eta, beti bezala, jarrera bien erdian, ortodoxiaren zaintzaile zorrotza, hierarkia, zenbaitzuen gainera kondena bat baino gehiago eror* erazi zuena.

Zurrumiloaren* erdian aurkitzen zenez gero, jarrera bat hartu beharrean zen Tomas ere. Bi fronteetan burrukatu zen, eta biotako erasoaldiak* jasan behar izan zituen.

Hemen, haren irekitasunaren berri eman nahi dugu. Chenuk oroiterazi duenez, «sekulartzearen» alde jokatuz, bere izpiritu zabalaren agerbiderik garbiena erakutsi zuen. Kultura berria, grekoena, teologia zaharrari itzal egiten hasi zitzaiolarik, eta teologoek eta hierarkiak itzal horren hedadurari* beldurrez begiratzen ziotelarik, Tomasen dotrina berriak txunditu* egiten zituen entzuleak: «Antropologiak teologiaren gain ba du agintea, hura* determinatzen ez badu ere. Bi unibertsoen loturaren erdian gizona datza, izpiritu eta materia. Eten gabe ari da gizona elkar hizketan, eraikiz doan munduarekin. Naturak ba du berezko izate bat, duintasun* bat, sinestuna galdezka jar erazten duen zerbait. Arrazoinak ba du zer esanik sineste arloan, baina bere teknika propioaren arauera*».

Honelako irakatsiak behaztopo* gerta zitezkeen; baina ez zen Tomas horregatik kokildu,* ez zuen atzera egin, jarrera horrek ezbehar bat baino gehiago ekarriko bazion ere. Eta, gure egunetako beste askoren antzera, goitikako kondenarik ezagutu zuen.

Orobat,* Ebangelioaren askatasuna traba eta eragozpen guztitatik libre ikusi nahiak, arazo zail baten erdian jarri zuen. Sortu berri ziren Dominikotar eta Frantziskotar Ordenak kinka* larrian bizi ziren, alde guztietatik irainduak* eta mexpretxatuak zirelarik. Beren predikuz eta bizikera hertsiaren* exenpluz feudalismoaren ekonomi sistemaren arbuiatzaile* gogorrenak bilakatu* ziren, eta ongi baino ongiago finkatua zegoen garaiko eliz hierarkiaren estruktura bera salatzen zuten. Horregatik, goi mailakoengandiko gorrotoa beren buruen gainean sentitzen hasiak ziren. Oroit dezagun harako gertaera bitxi hura: dominikotarren etxea hirizainek inguratu behar izan zuten, «eskuindar komando» batek (Chenuren hitzak) indarrez hartu nahi baitzuen.

Jokabide zuzen eta garbian inork iraungo badu, arrisku eta oztopo ugari gainditu behar ditu. Eta hor dugu Aquinotarra, bere exenpluaren erakuspide arras* gaurkoa ematen: gizonak Ebangelio berritu bat bizi dezakeela, kultura berriaren garaian gizartearentzat argi eta indar izan dadin.

Bai, zinez,* Tomismoak gaurkotasuna galdua badu ere, Tomasek, kultur bideetan maisu izan diren beste askoren artean izanen du tokirik, zenbait puntutan munduaz zuen ikuspegiak ukitu beharra badu ere. Eta, dena den, haren exenplua onhartzen dugu, Ebangelioaren izpirituz jantzitako Eliza baten alde lan egin nahi dugunok behinik behin.

Egileak:

Jose A. AGIRRE

Joanes GOIA

dezagun, daigun

dezake, daike

diote, deutsoe

ditzake, daikez

genezake, geinke

dizkigu, deuskuz

zaie, jake

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Gurutzegrama (43)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

 ABESBATZA, coro, coral.

ADAR, rama.

AGIAN beharbada, nonbait.

AGUR, saludar. (AGURTU, saludado).

AHAUSI, ladrido.

AHI, papilla, pasta de harina y leche.

AHUL, makal.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

 AITZINATU, aurreratu.

 AITZINEAN, aurrean.

 AITZINURRATS, paso adelante.

 ALDE, diferencia, distancia.

 ALDIAN ALDIAN, a cada rato de tiempo. 

 ALDIZ, ordea, ostera, berriz.

 ALEGIA (1), halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

 ALEGIA (2), ficción. (HALEGIA [hala + egia], a saber, es decir, esto es.

 ALOKAIRU, aloger, soldata, salario.

 ALOR, arlo, sail.

 ANITZ, asko.

 APAILATZE, preparar.

 ARABERA, arauera, según, conforme.

 ARAUERA, arabera, según, conforme.

 ARBASO, antepasado.

 ARBUIATZAILE, despreciador.

 AREAGO, oraindik gehiago.

 AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

 AREAGOTZE, oraindik gehiagotze. (Arazoen areagotze, problematizar aún más los problemas).

 AREATZA, arenal.

ARESTION, arestian, hace poco tiempo.

 ARRAKASTA, éxito, succès.

 ARRAS, guztiz, osoki, zeharo.

 ARRAUN, remo.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

 ASKI, nahiko.

ATXIKI, aferrado, adherido.

 ATZEMAN, atxilotu, detenido, aprehendido. (Beste zenbaitek hatzeman).

 AURKEZTE, presentatze.

 AURRETIA, anticipación, antelación.

 AZKAR, sendo, indartsu.

 AZPIEGITURA, infraestructura.

 AZTARREN, aztarna, vestigio.

BAHI, garantía.

BAITAN, -gan.

BAKAN, raro.

BALAKATZE, halagar. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

BALIATZE, utilizar.

BAPATEAN, bat batean, repentinamente.

BATASUN, elkarte.

BAT BEDERA, cada uno.

BATIK BAT, batipat, batez ere, bereziki. 

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BAZKA, pasto.

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEGIRA, guardarse, precaverse.

BEHAGILE, observador.

BEHAZTOPO, tropiezo.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BILAKABIDE, evolución, proceso evolutivo.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BILERA, reunión.

BILKURA, reunión.

BILKURETXE, bilkura* + etxe.

BIZKARREZURDUN, vertebrado.

BIZKITARTEAN, bien, bitartean.

BOLADA, unada (une + da), temporada.

BORDELE, Burdeos.

BORTIZKERIA, indarkeria, violencia.

BORTIZKI, gogorki.

BULEGO, oficina, bureau.

BURURATZE, bukatze, amaitze.

DAGITE, egiten dute.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DATEKE, da nonbait.

DATOZKE, datoz nonbait.

DATZA, está (Etzan aditzaren forma)

DAUDEKE, daude (dagoz) nonbait.

DEBALDE, en balde, en vano.

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DESABANTAIL, desventaja.

DEUS, ezer.

DIFERENTZIA, pendencia, altercado.

DOI, apur.

DONEDOMIKU KALTZADA, Santo Domingo de la Calzada.

DONEMILIAGA KUKULA, San Millán de la Cogolla.

DONIBANE GARAZI, St-Jean-Pied-de-Port.

DUINTASUN, dignidad.

DUKE, du nonbait.

EDIROTE, edirete, aurkitze.

EGITEKO, problema, quehacer, negocio.

EGITURAL, estructural.

EGUN, gaur.

EGUNEAN EGUNEAN, cada día.

EGUNKARI, en el día, con motivo del día.

EGURATS, atmósfera.

EI, omen.

EKAIN, junio.

ELABERRI, novela, roman.

ELKARGO, elkarte, asociación, conferencia.

EMENDATU, aumentado.

ENGAIATU, comprometido, engagé.

ENPARANTZA, plaza.

ENTREPRESARI, empresario.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAGIPEN, influencia.

ERAKUNDE, institución, organismo.

ERASOALDI, ataque.

ERDIAHANTZI, medio olvidado.

ERDIESTE, lortze.

EREDU, modelo.

EREMU, extensión de terreno.

ERETI, oportunidad.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

ERORTZE, jauste.

EROSO, cómodo.

ERRATE, esate.

ERRESUMA, reino.

ERRETENTZE, encauzar, canalizar.

ERRU, hoben, kulpa.

ESANEKO, obediente.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUARTE, recurso.

ETSITU, desesperanzado. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

EZEDUKI, ezeuki, pobre.

EZEZIK, no solamente.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, esencia.

GAINDI, zehar.

GAITZEKO, enorme.

GANORE, ganora, kanore, forma adecuada.

GANTZUTU, embalsamado.

GISA, modu, era.

GIZABANAKO, individuo.

GOGOETA EGITE, reflexionar.

GOLKO, kolko, golfo.

GOMUTA, oroitzapen.

GREBA, huelga.

GUNE, intervalo.

GURPIL, rueda, roue.

GUTIESTE, menospreciar, subestimar.

GUTIZIATZE, desear, codiciar, ansiar. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

GUTUN, eskutitz, carta, lettre.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEDADURA, extensión.

HEGI, ertz.

HEIN, estado, condición.

HELBIDE, dirección, adresse.

HELDU (1), próximo. (Heldu den = datorren).

HELDU (2), agarrado, saisi.

HELTZE, agarrar, saisir.

HERRIGIZON, hombre público.

HERTSI, cerrado, estrecho, riguroso.

HERTSIKI, estrechamente.

HEZKUNTZA, educación.

HIROS, iracundo.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORTZ, hagin.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IDORTE, lehorte, sikate.

IGANDEKARI, igande egunez.

IGARRI, acertado, adivinado.

IGURIKATZE, itxarote.

IKERTZE, aztertze, miatze.

ILKITZE, jalgitze, irtete, ateratze.

INKESTA, encuesta.

IRAGATE, pasatze.

IRAIL, septiembre.

IRAIN, injuria.

IRAINDU, injuriado.

IRAUNGITZE, amatatze, itzaltze.

IZKUTUKA, gordeka. (Beste zenbaitek ezkutuka).

IZOZTE, hormatze, congelar, congelación.

JADANIK, ya.

JALGI, atera.

JARRERA, actitud, postura.

JASOTZE, altxatze, goratze.

JAUKITU, llevado ante los tribunales.

JAUZKOR, propenso a saltar, irascible.

JAZO, gertatu.

KABUZ, buruz. (Berba hau latinezko caput hitzetik dator).

KALAGURRI, Calahorra.

KAPERA, capilla.

KARIA, motivo.

KILIKABERA, quisquilloso.

KINKA, kenka, situación crítica.

KOKATU, situado, ubicado.

KOKILDU, okildu, kikildu, amilanado, intimidado.

KONPONTZEKE, konpondu gabe.

KOPURU, cantidad, número, suma.

KUDEATU, dirigido.

KUTSADURA, contaminación.

LANABES, instrumento.

LANTZE, Lanz.

LARUNBAT, zapatu.

LAUSO, catarata.

LEBERTASUN, habilidad.

LEGEBIDE, derecho.

LEGETXE (legez + xe), letxe, bezalaxe.

LEGEZ, lez, bezala.

LEJOA, Lejona.

LEKUKO, testigu.

LIBERA, franco.

LURMIATZE, lur + miatze (aztertze, ikertze).

MAZELA, ladera.

MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

MENDEURREN, centenario. (Beste zenbaitek mendehurren).

MERKATALGO, comercio.

MEZU, mensaje.

MIATU, aztertu, ikertu, arakatu.

MILIAR, mila milioi.

MUZKIZ, San Julián de Musques.

NASAIKI, abundantemente.

OIHARTZUN, eco.

OLA, ferrería.

 OLDARTSU, acometedor, agresivo.

OLDARTZE, jazartze, hacer frente, combatir.

OLERKI, poesía.

ONEZ ONEAN, a las buenas.

ONURAGARRI, provechoso.

OPARO, abundante.

ORDEZKARITZA, delegación.

OREKATZAILE, equilibrador.

OREN, ordu.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

OSTERANTZEKO, diferente.

OZEN, sonoro.

OZTA, apenas, escasamente.

PAIRU, aguante, paciencia.

PATU, zorte, zori, hado, fortuna.

PERILOS, peligroso.

PINDAR, chispa, étincelle.

PRESBITER, presbítero, preste. (BERETER, monaguillo).

PRESTU, honrado, honesto.

SALBUESPEN, excepción.

SERORA, sor, monja, religiosa.

SOBERA, lar, larregi, gehiegi.

SOLAS, palabra, discurso, conversación.

SUNDALDI, sondeo.

SUNTSITU, desaparecido.

TOKIAN, TOKIAN, en cada lugar.

TORLOJO, tornillo, vis.

TURUTA, trompeta.

TXABOLA, etxola.

TXIRO, pobre.

TXOSTEN, informe, rapport.

TXUNDITU, durditu, turditu, estupefacto.

UDAL, municipio.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UGAZABA, jabe, nagusi.

UGAZTUN, mamífero.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, julio.

XARMANKI, xarmantki, encantadoramente.

XARMANT, zoragarri, encantador.

XEDE, propósito, proyecto.

XEHETASUN, detalle.

ZAIEKE, zaie (jake) nonbait.

ZAKARTU, vuelto rudo.

ZALDUN (zaldi + dun), caballero.

ZAPUZTU, abandonado, repudiado.

ZATEKEEN, zen nonbait.

ZENUKEA, al zenuke?

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, impuesto.

ZERITZATEN, erizten zioten (eutsoen).

ZINEZ, benetan.

ZINKURIN, gemido.

ZIOKETEN, zioten (eutsoen) nonbait.

ZIZELKARI, escultor.

ZURITZE, arreglar, resolver.

ZURRUMILO, remolino.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

(Koleraren iraungitzeko*) lehenbiziko erremedioa da, bat* bederak bere buruaren eta kondizionearen ezagutzea: bere buruarekin gogoeta* egitea, ea haserrekor dentz, hiros* dentz, jauzkor* dentz. Eta baldin hala bada, perilos* bada, kilikabera* bada, pairu* gutitako bada, ihes egin, eta begira* diferentzietarik,* ahal datekeien okasino guztietarik, presentatzen diren periletarik, jendartera sobera* ilkitzetik,* eta bai egitekotan* eta kargutan ere sartzetik (191: 377-14).

 Jaiki eta eror dabilanaren bizitzea, bizitze perilosa da, guztiz* ere baldin eroririk denbora gehiago egiten badu, jaikirik baino (301: 593-15).


Euskal musikaren alorrean

Txistularitzatik abesbatz zuzendaritzara

Xabier Leiba zuzendari izatera heldu da, baina musika alorrean beste hamaika zereginetatik iragan ondoan.

Txistulari gazte hau albistea izan da oraindik orain Bilbo aldean, ohi ez bezala erakutsi baitzuen bere balioa, «Txindor» taldearen omenez Coliseo Albia teatroan egin zen jaialdian. Akordeonlari izana, txistulari talde baten zuzendaria, txistulari solista, eta «Txindor» abesbatzaren* zuzendaria.

Azken jaialdia antolatzeko egin duen lanak, nekatu beharrean, gazteagotu egin duela iruditu zaigu. Gu hitz egitera joan gatzaizkio, eta zera galdetzen diogu:

— Xabier! Eta musikaz zer?

Berak apalki:

— Zertxobait.

Ordea, solfeo, piano, harmonia, akordeoi eta turuta* ikasketak eginak ditu.

— Eta txistuaz?

Txistu irakasle, Manu Landaluze izan zuen. (Oraindik guztion oroitzapenean dagoena). Txistu Akademian ikasi zuen, eta «Txori Alai» txistulari taldea berak sortu eta gidatu. Lehenik Olabeagako «Txori Alai»koa izan zela diosku, eta gero «Txindor» taldera joan zela.

— Baina zuzendaritzan zer?

Egiten digun keinua, ezin argiagoa da. Ofizioa ondo ezagutzen duenarena. Urte askotan zuzendari trebeen ondoan egoteak, esperientzia handia eman dio. Holaxe ikasi du, zuzendarigai batek ikas lezakeen guztia.

Xabier Leiba txistua gutik bezala manaiatzen du. Bere lebertasuna* sobera* frogatu* du, eta diskoetxeak ohartu dira horretaz. Egun,* hiru etxe dabiltza elkarren lehian haren bila. Gabonetarako, uste dugu, L. P. eder bat aterako duela. Ez da erabakiak arinki artzen dituen gizona, ez eta gauzak bahirik* gabe egiten dituena. Segur gaude, diskoetxeek garantia guztiak emanen dizkiotela.

— Baina lot gakizkion abesbatz gaiari, Xabier.

— «Txindor» abesbatzan hutsetik hasi naiz. Ba dakit jende guti dudala, baina poliki poliki 37 lagun batu ditut. Hala ere, 40 edo 45 beharko nituzke. Egia esan, sei gizon gehiagorekin, oraingoz behintzat, zoriontsu izanen nintzateke. Sareak jaurtikiak ditugu, eta neure asmoen parte bat bederen* erdiestea* espero dut.

Buruhausterik ere ba dut, ordea: esaterako, heltzen zaizkidan partiturak ez dira jatorrak, eta, inoiz badira ere, berrikuntza asko sartu zaie. Autorea interpretatu beharrean, «konpontzaile» talde batek ezarritako ritmoaz arraunak* mugitzen ditudala uste izaten dut, eta gehienetan haien erruz* untzia hondora doala. Nik partitura originalak behar ditut.

— Ez zaitez udari, ukanen dituzu eta! Gaur abesbatza guztiek Ireki dituzte beren artxibuak, eta zuk libre duzu haietarako sarrera. Ez duzu laguntzarik falta izango.

Baina gerorako zer?

— Prestaturik ditugun hamasei obretatik hasita, iraultza oso bat egin behar dela uste dut. Kantuak abesbatzaren ahalmenak kontuan edukirik taxutu behar ditugu, eta ez, orain arte egin dugun bezala, korua taxutu kantuen arabera.* Arlo honetan, Coliseo Albia-ko jaialdia izan da nire lehen esperientzia. Nik nahi dudana, hau da: musikaren barneko mamia kanpora azaltzea. Beste abesbatzak ere lan eginez heldu dira goi mailara, eta nik ere horixe berori lortu behar dut neure talde gogotsu eta ondo heziarekin.

— Leiba maisua, txistulari ala abesbatz zuzendari?

— Maisutzak xede* bezala bakarrik balakatzen* nau. Gaur txistulari naiz; eta eginahala eginen dut zuzendari on bat izateko, baina txistulari izatea utzi gabe. Ene ustez, gaur euskaldun musikariak gehien gutiziatzen* duen tresna txistua da. Txistulari jaiotzen da eta txistulari hiltzen. Tartean, beste gauza batzuk ere egin daitezke.

Koral musikazko disko berri bat

 Antología Coral Vasca, vol. 2. Discos Columbia. Madrid, 1974.

Izenburu honekin atera da arestion* merkatura euskal abesbatz* musikazko L. P. berri bat.

Lehen sorta, «Panorámica General» tituluarekin atera zen, eta jendeak atseginez onhartu zuen, bilduma* eder baten hasera* zatekeela* pentsaturik. Baina hona hemen bigarren sorta hau, norabiderik gabe eta beharrezko ordenamendu bat falta zaiola moldatua: formazko akatsak.

Azaleko irudiak, euskal kutsua badu ere, mamiarekin ez du zerikusi haundirik. Bestalde, ez dugu konprenitzen, goialdean agertzen den baserriari buruzko errekoadrotxoaren arrazoina.

Diskoak berak ba du kantu hautaketa on bat, baina erlazio punturik gabe. Gauza konkretu batzuek harritu egin gaituzte. Esate baterako, «Ai tierra vasca» izeneko kantuaren ondoren, «canción vasca» dela esaten zaigu. Horretaz dudarik ote dago, edo beste kantuak ez ote dira euskaldunak? «Nere amak baleki» titulupean bi kantu datoz, aipatua eta «Adio Euskalerriari» izenekoa. Berriz diogu, formazko hutsak direla. Gehiago oraindik: zer egiten du «Venerabilis barba capuccinorum» horrek euskal abesbatz lorategi batean? Aita Donostiren kantuez osaturiko lorategi zabal baterako ongi letorkeela dirudi, baina holako disko batean...?

Dena dela, diskoa oso ongi dago. A alderdian kantu hauk* dakartza: Amonatxo, «Gure Ametsa» haur abesbatzako kantariek. Goizeko Izarra, Donostiako «Easo» taldeak. Arno hun hun huntarik, Bilboko «Sociedad Coral» delakoak. Celedon, Gasteizko «Manuel Iradier» taldeak. Nere amak baleki eta Adio Euskalerriari, «Stella Maris» koralak. Ay tierra vasca, Beasaingo «Loinaz» koralak eta Donostiako «Maitea»k. B alderdian: Erromerian, Bilboko «Deustuarrak» kantari taldeak. Txori kantari, «Gure Ametsa»k. Deun Ageda, Donostiako ganbara orfeoiak. Euskalerria, Bilboko «Biotz Alai» koralak. Venerabilis barba capuccinorum, Bilboko «San Anton» orfeoiak. Eta, azkenik, Aurresku, «Los Barbis» izeneko taldeak.

Hauxe da guztia. Bildumako bigarren sorta hau, garrantzizko disko bat izan zitekeena, beste disko bat gehiago izatera heldu da soilik. Interesgarria da, bai; baina besterik ez. Ea hurren argitaraldian zuzentzen diren akatsak.

ANDEKO

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

dizkiote, deutsoez

gakizkion, gakiozan

gatzaizkio, gatxakoz

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkit, jataz

zitekeen, eitekean