ANAITASUNA

276. zenb.

1974.eko maiatzaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Bilboko Euskal Irakasle Eskola

Bilboko Henao kaleko bostgarrenean, Apezpikutegiko bulegoak* daude, eta han, lehen oinean,* Irakasle Eskola, hobeto esan, E.G.B.ko Irakasle Unibertsital Eskola.

Nik ez nekien, Elizak hemen honelako erakunderik* zuenik; eta hori esan zidatenean, eta batez ere ikastoletarako irakasleak prestatzen zituela, hara joatea erabaki nuen, gauza jakingarriren bat ezagutzeko eta gero zuoi azaltzeko asmoz.

Gazteria ikusi nuen kolidorretan eta dei batzuk orma* batean. Zuzendaria datorren artean, deiok irakurtzen ditut. Batek etsaminen berri ematen zuen: «Ikasleen eritzia entzun ondoren...» Beraz, ikasleak haintzat hartzen dira. Eskola honek eritzi zabalekoa dela ematen du. Gero, horrela zela esango zidan zuzendariak.

Angel San Vicente Marañón jaunaren langelara pasa erazten nautenean, handik ikasle bat ateratzen da. Azken hitzak entzun ditut, eta zuzendariak «hika» berba egiten dio. Abegi* ona edukiko dudala susmatzen dut. Zuzendariaren aurrean nago. Adierazi diot neure asmoa. Berehalaxe hartu du, eskaini diodan galde zerrenda, eta erantzuteko prest dagoela esan dit.

Eta, besterik gabe, hona hemen irakurleontzat eduki dugun elkar hizketa, hitzez hitz jasoa:

— Zertzu titulu ematen dizkie ikasleei Eskola honek?

— Estatuaren Unibertsital Eskolek ematen dituzten berberak. Hezkuntza* eta Zientzi Ministerioak espreski emandako baimenaz, gure Eskolak aurtengo ikastaroan (1973-1974) jarri du irakasbide berria, arruntki* «1971.eko Antolaketa» deitzen duguna.

«1967.eko Antolaketa»ren arabera,* gure ikasleek, hemengo ikasketak bukatu ondoren, beste etsamina bat pasatu behar zuten Estatuaren Eskoletan, beren tituluak balia erazteko. Baina, orain, antolaketa berriaren arabera aurtendik ikasten hasi direnek, ez dute beste etsamina horren beharrik.

Hemengo programak Estatuaren Eskoletakoen berdinak dira. Hezkuntza eta Zientzi Ministerioak emandako arauak bete behar ditugu, beraz. Lehengo maisu ikasketak nahiko* eraberrituak izan dira, bai programaketan eta bai luzaduran. Orain ikastaro osoak hiru urte irauten du, unibertsital haroaren lehen aldia edo zikloa kunplituz.

Dakikezunez,* unibertsital haroa hiru ziklotan banaturik dago: lehen zikloa, hiru urtetakoa, bigarren zikloa, bi urtetakoa, eta hirugarren zikloa, urte mugarik gabekoa. Lehen zikloan Diplomatu titulua lor daiteke (gure kasuan, «Educación General Básica» edo E.G.B.ko irakaslearena). Diplomatu titulu horrekin bigarren ziklora iragan daiteke, Lizentziatu titulua erdiesteko;* eta nahi izanez gero, hirugarren ziklora ere pasa daiteke, Doktoratua lortzeko.

— Nortzuk izan daitezke Eskola honetako ikasle?

— Gure Eskolarako baldintzak* oso argiak eta xedatuak* dira. Hona hemen: Ikaslegaiek behar dute

a) COU delakoa bukatua ukan.*

b) benetan E.G.B.ko irakasle izan nahi.

c) horretarako dohainak eduki.

d) Eskolako hezkuntza moldea onhartu.

e) fedearen hildoan* benetako hezleak* izan gura.

f) ahal bada, euskara jakin edo jakin nahi.

— Zenbat ikasle duzue?

— Aurtengo ikastaroan 200 inguru: 100 antolaketa zaharrekoak (neskak bakarrik), eta beste 100 berrikoak (neska-mutilak). Plan zaharreko 50 hirugarren ikasturtea egiten ari dira. Horretarako, Eskola honetan teknika eta pedagogiazko hiru ikastaldiño* hartu dituzte, eta ikastaroaren hastapenetik* praktikak egiten dihardute E.G.B.ko zenbait eskolatan. Plan zaharreko beste 50 ikasleak bigarren kurtsuan daude; eta hemen amaitzen da plan zaharra.

Beste 100 ikasleek, plan berriaren barruan, lehen kurtsuan daude, bi talde (A eta B) osatzen dutelarik.

— Moldatzen dituzuea* ikasleak, gero euskara irakasteko gai izan daitezen?

— Bai, jauna. Hauxe da, hain zuzen, ordezko* ekintza gisa,* gure Eskolak duen xedeetariko* bat. Ba dakigu, zaila dela. Baina gurako genuke, gure ikasleek, ikastoletako maisu-maistrak izateko behar den besteko euskara ikas lezaten. Euskararen alde zin* zinez saiatzen gara. Gure ikasleetarik asko Bizkaiko euskal alderdietakoak dira: Gernika, Arratia, Durango... aldekoak. Ba ditugu Gipuzkoakoak ere: Eibar, Elgeta, eta bestetakoak.

— Zenbat ikasle daude euskarazko kurtsuetan?

— Bete gura dugu, «Ley General de Educación» delakoak agintzen duena: «Hezkuntzan har bitez kontutan eskualde* bakoitzeko berezitasunak».

Fermin Iraolagoitia jauna da irakaslea, eta ikasleak berrogei edo dira. Taldeka banaturik daude, bakoitzak dakienaren arabera. Batzuek asko dakite, beste batzuek guttiago, eta beste zenbait ikasten hasi berriak dira.

Aurtengoa da lehen urtea, Eskolan euskara sartu duguna, eta frantsesak eta ingelesak duten hein* berean sartu ere. Ez da guti, hasteko.

— Gorantz ala beherantz ote doa. euskara ikasten dutenen kopurua*?

— Gaitza da galde horri erantzutea, ikastaro bat bakarrik daroagu,* eta, beraz, konparatzeko daturik ez dugu eta.

Baina egiaz esan diezazuket, euskara irakasteko asmo hau gure Eskolakoek esperantza handiz hartu dutela, eta Euskal Herri osoan zehar zabaldu dela. Jadanik* hainbat herritatik hasi zaizkigu, piloka, datorren ikastarorako eskabideak. Ematen dizkiguten arrazoinen artean, hauxe agertzen da ia* beti: «Euskara ikasi edo landu nahi dudalako, gero ikastoletako irakasle izateko».

— Zer asmo duzue gerorako?

— Asmorik eta egitekorik zenbatgura. Eta esperantza handiz, gainera. Lehenik eta behin, indar handia emanen diogu euskararen irakaskuntzari.

Datorren ikastaroan, lehen kurtsurako 150 ikasle berri etorriko zaizkigula uste dugu. Horrela, aurtengo 100 ikasleekin, 250 inguru ukanen ditugu, denok «1971.eko Antolaketa»ren barrenean.

Hemezortzi hilabete barru, Elizaren E.G.B.ko Irakasle Unibertsital Eskola bat muntatuko dugu. 450 maisu-maistragairentzat izanen da. Bilboko Uribarri hauzunean eraikiko dugu, «La Sagrada Familia» parrokiak duen eremuan.* Bihoakio* Parrokia horri gure eskerronik sutsuena, eta ailetsa* Jainkoak, gure asmo eder hau kunpli ledin!

— Zenbat kostatzen zaio ikasle bakoitzari zuen Eskolan ikastea?

— Azterketa bat egina dugu, gastuak zenbateraino heltzen diren jakiteko. Azterketa horren arabera, Eskolari berari 4.000 pezeta inguru kostatzen zaio hilabetero ikasle bakoitzeko. Baina guk, hilabeteko,* 1.750 pezeta bakarrik kobratzen dizkiegu lehen kurtsukoei, eta 1.250 bigarrenekoei, bederatzi hilabetetan. Mentsa,* ahal dugun moduan betetzen dugu, Estatuak, orain arte behinik behin, ez baitigu ezelako* laguntzarik ematen.

— Nahi zenukea* zerbait gehiago esan gure irakurleentzat?

— Beno, eskerrik asko, geure Eskolan euskararen aurreramendurako ditugun eginak eta eginkizunak adierazteko, ANAITASUNA aldizkariak eskaini didan abagaduneagatik.*

Uste dut, gure Eskolak kultur zerbitzu on bat egin diezaiokeela Euskal Herriari. Gure ikasleak geroko maisu-maistrak izango dira, Euskal Herri osoan gaindi* barreiaturik* dauden ikastoletan.

Ez dezagun ahantz,* Euskal Herrian ez dagoela, gurearen berezitasunak dituen Eskolarik, Donostia, Gasteiz eta Iruinekoak Estatuaren E.G.B.ko Irakasle Unibertsital Eskola soilak baino ez baitira. Eta Bilbon Estatuarena eta geurea ditugu.

Mila esker! Eta beti zure zerbitzari.

Xabier GEREÑO


Ipuinak kontatzeko hizkuntza

Urtero bezala, «Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa» delakoak «Irun Hiri Idatz Sariketa» antolatu du. «Premios Literarios Ciudad de Irún» hori honako sail hauetan eratu da aurten: Poesia, Ipuinak et Irratsaio* lanak euskaraz; Poesia, Saiakera eta Elaberria* gaztelaniaz.

Ikus daitekeenez, saiakera eta elaberri sailik ez dago euskaraz, ez eta ipuin sailik gaztelaniaz. Eta batek galde egiten du: Zer adierazten digu horrek? Zeren seinale izan daiteke hori? Euskarak saiakera- eta nobelagintzarako baliorik ez ote? Gaztelania ipuinak kontatzeko gai ez agian?*

Ihaz, epai mahaiak irabazleak zeintzuk ziren jakin erazi zituenean, Donostiako kazeta batetan honelako zerbait irakurri ahal ukan* nuen hurrengo egunean: «La especialidad de cuento en euskera, que reunió la sorprendente (sic) cifra de 30 originales...» (Kontutan ukan dezagun, antolatzaileek ihaz lehen aldiz ezarri zutela sariketan euskarazko ipuin saila). Harrigarria zera da, euskara ipuinak kontatzeko hizkuntza bat dela kazetari dontsu* hark ez jakitea!

Kontuak kontu, ipuinak kontatzeko edo onenean olerkiak* egiteko —eta ez bestetarako— gai den hizkuntza, Larresorok zioen bezala, «amets hutsen tresna hutsa bihurtzen da». Olerkiak eta ipuinak: ai ene!, hizkuntza ahul* eta txiro* baten neurri xuxen!

Bizi garen merkatal* munduon, diruzko eta literaturazko balioak elkarrekin doaz antza,* xanpon berberaren bi aurpegi legetxe.* Horregatik, Espainiako gerra ondoko literaturgintza eta sarien sortzea elkarrekin lotuxeak joan badira, ez da inor harrituko. Planeta, Nadal, Biblioteca Breve, Adonais, Alfaguara... sari horiek eragin eta hauspotu dute gaztelaniazko narratiba eta poesia azken 30 urteotan.

Horrek gauza bat erakusten digu nabarmenkiro, gaurko munduon sariek literatur hizkuntza baten omenerako* duten inportantzia, halegia.* Jakina, literatur sariak ez dira inolaz ere hizkuntza baten orotarako* sendagailuak, baina... Gaur hemen Euskal Herriko sariei gagozkiela, euskal saiakera eta elaberriari egiten zaion bereizkeria* salatu nahi dut.

Poesiatik saiakerara, ipuinetatik elaberrira pasatzen ez garen bitartean, literatur sari horietan saiakera eta elaberria sar erazten ez ditugun bitartean, gure literatura* eria izango da, ipuinak kontatzeko hizkuntza soila.

PERUGORRIA

dezagun, daigun

digu, deusku


"Iberia Express"

Langile jaurtikiak

Bai Euskal Herrian eta bai inguruko zenbait eskualdetan,* langile asko jaurtiki dituzte ugazabek.* Hona urte honen haserako* gertakari batzuk, eskualde, entrepresa eta langile jaurtikien zifrekin:

 Katalunia

Juan Domingo Casanova 50

Telerasa 36

Pegaso 12

Bermar 4

Antonio Puig 3

GUZTITARA 105

 Euskal Herria

Manufacturas Eléctricas (Mungia) 131

Metalúrgica de Bedia 72

Vulcano 25

GUZTITARA 228

 Valencia

Unión Naval de Levante 21

Salneurriak gora

1974. urtean ehuneko 18 edo 20z iganen omen dira salneurriak, ekonomistek diotenez.

Bi seme-alaba duen familia batek eguneko egin behar duen gastua, guttienera joz,* honela aldatu da («Acción Social Empresarial» delakoak emandako zenbakiak, pezetatan):

 1973 1973 1974

 urtarrila* ekaina* urtarrila

Barcelona 200,10 215,09 246,04

Granada 172,47 180,45 193,96

Madrile 198,20 203,54 219,60

Oviedo 192,92 208,07 218,19

Valencia 188,88 199,75 217,12

Valladolid 188,63 198,15 210,67

Zaragoza 188,78 197,49 208,84

Olioak odola dakar

1972. urteko martxoan, Vigo inguruan C.A.T. (Comisaría de Abastecimientos y Transportes) delakoak dituen biltegietatik 4.502 tonelada olio ohostu* zituztela jakin zen. 150 milioi pezeta gutti gorabehera.

José María Romero injinadoreak, lapurreta hori leporatuko zioten beldurrez, Hauzitegiaren aurrean salatu zuen. Handik denbora guttira, gorabehera horrekin nonbait zerikusia zuen Isidro Suárez izeneko jaun bat preso hartu zuten, Madriletik Bilborako trenean zihoala. Baina, poliziaren eskutan* jausi* baino lehentxeago, trenaren leihatilatik dirua eta dibisak bota zituen.

1972.eko irailean,* José María Romero (salataria), haren emaztea eta alaba tiroz hilda azaldu ziren Sevillan.

Orain hilabete, olio haren berri gehien jakin zezaketenetako bat hil zen Vigoko gartzelan pozoinduta. Eta, apirilaren 20an, Vigoko bere bulegoan* Antonio Alfageme jauna hil zuten ganibetkadaz. Dirudienez, jaun hau ere olio haren berri jakin zezaketenetako bat zen.

García Rebull, Girón eta Troncoso ez dabiltza gozo

Azken aldi honetan, kantzerbero bulartsuak ditu, Inperioaren bidez Jainkoarengana iritxi* nahi dutenen jauregiak. Dirudienez, ba dabil, azpilanean diharduenik, jauregi zahar sendo horren oinharriak ahuldu* nahirik; baina, kantzerbero bizkor horiei esker, jauregia tinko omen dago oraindik.

Martxoan hasi zen Troncoso de Castro jauna, Pedagogi Aste baten azken hitzaldian, Espainiaren barnetik eta kanpotik azpilangile gisa* ari direnak salatzen. Hezkuntzaz* mintzo zen; baina oraingoan ezin zezakeen ezpata ahantz, behar baitzuen hainbeste etsairen aurka joateko. Etsaiak ezker-eskuin, aitzin-gibel: Mendebal Europako eskema demoliberalak, beste komunitateak birrintzeko prest daudenak; Espainiako apezpiku sermolariak, goseak bultzaturik lapurreta egiten duten gizagaixoak baino beste indar batzuk defendatzeko beti gertuago* direnak; Santiagoko unibertsitariei, biharamunean grebak* eta biltzarre debekatuak egin ditzaten, whisky eta drogak ematen dizkietenak; euskaraz hitz eginez hauzoak ostikokatzen, Espainiako lehen ekai* guztiak eskuratzen, Gaztelako, Andaluziako eta Extremadurako langileen haurrak hilabetearen 15a bitartean zakurkumeak bezala bataiatzen eta haien gurasoak «txakurrak» deitzen dituztenak...

García Rebull jeneralak, erreserbara pasaturik badago ere —harmadan* noski, beti izan baita Mendebaldeko* erreserba izpirituala osatzen dutenetakoa—, ezpata* zorrotz daduka, eta Troncosoren kezka berdintsuak azaltzen ditu: drogak, ETAkoak, masoiak. Diferentzia bat dago, nahiko teknikoa, kimika dakitenek agian* hobeki ulertuko dutena, zeren* eta García Rebullentzat droga, herriaren opioa, alderdi politikoak omen baitira, eta politika elkarteak haien iturburu segurak. Alderdi politiko horiek hainbeste buruhauste sortzea ez da harritzekoa, lobelar ezezik* gizartearen banpiro odolxurgatzaileak* ere ba omen dira eta.

Girón jauna, berriz, José Antonio- (Primo de Rivera) -ren ideiak uzten dituztenen eta, liburutegietan, Marxen ideiak dituzten liburuak saltzeko baimena ematen dutenen aurka dago, ministruen inguruan ibiliz, haik* liberaltzera bortxatzen ari direnen aurka.

Lotsagarria litzateke, izan ere, «Santiago, y cierra España!» esan eta aperturismoari jokoa egitea.

Zenbait berri labur

• Sobiet Batasuneko gobernu gorriak 500.000 Hl ardo gorri erosi du Espainian, eta 50.000 Hl brandy.

• Aurten noraino iganen dira prezioak Espainian? Portzentaia hauk* eman dira: Finantza Ministerioaren arabera 12,5 %, eta Merkatalgo Ministerioaren arabera 15 %. Baina Banco de Bilbao-ren «Situación» aldizkariaren ustez, portzentaia hauk atzean geratuko dira, prezioen iganaldia haundiagoa izanen baita.

• Espainian, aurtengo garau* uzta* ona izanen omen da, ihazkoa baino hobea. 45 milioi kintal gari (ihaz 39, 2) eta 58 milioi kintal garagar (ihaz 44,1) bilduko ei* dira.

Baina prezioak ez dira merkatuko, kostuak ere haundiagoak izanen baitira.

• Bost mila ikasle ari dira kazetalgoa* ikasten Madrileko Fakultatean. Lehen ikasturtean 2.589, bigarren eta hirugarrenean 2.143, eta laugarrenean 300. Kazetari titulua lortu eta gero, izanen ote da guztientzat lanik nahiko?

Kazetariak:

Xabier GEREÑO

Andoni SAGARNA

ditzaten, daiezan

dizkiete, deutseez

zezakeen, eikean

zihoan, joian

zezaketen, eikeen

zioten, eutsoen


Hementxe denok

Ipar Aldea. Bizkaia. Gipuzkoa. Nafarroa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Ipar Euskal Herria eta Frantziako bozkak

Euskaldun orok* dakiena da, Ipar Euskal Herriko jendeak aspaldidanik, bozkatzeko* tenorea* etorri zaion aldi oro, eskuindarren alde eman duela bere baia. Egia hori ederki argitaratu digu J. L. Davant-ek, ZABAL agerkariaren bigarren zenbakian, gai horretaz idatzi zuen artikulu luzean.

Azken urte hauetan, ordea, iparraldeko jende bozkatzailearen kolorea aldatzen ari da. Hona zifrak lekuko*: Maiatzaren 5ean, lehen itzulian, Mitterrandek 45.248 boz ukan ditu. Chaban Delmasek, berriz, 43.026, eta Valery Giscard d'Estaingek 39.315.

Egia erran,* oraino eskuina nagusitzen zaio ezkerrari, Chaban eta Giscardek bien artean 82.341 boz biltzen dituztenez gero. Baina, orain arteino behin ere gertatu ez den bezala, ezkerra ari da azkartzen* Ipar Euskal Herrian.

Aipatzekoa ere da, denbora berean, ezkerraren muturrak bildu duen boz andana:* Laguiller-ek 2.901, eta Krivine-k 397. Biez bat eginez, 3.298 boz! Ez baita gutiestekoa!*

Frantziako lehendakarigaien bozkek, lehen itzulian —bigarrenaz hurren zenbakian mintzatuko gara—, ederki agertu dute, Ipar Euskal Herriko jendea, 3tarik bat, eskuindarrez asea dela eta politikabide berri bat nahi duela.

Bostehun kantari Lekorneko elizan

Maiatzaren 5ean, igande egunez, bostehun bat kantarik ezinago elizkizun ederra eman digute Lekorneko elizan, «Kanta Jaunari» eliz sailaren bururapen* bezala. Orotara, hemezortzi bat herritako kantari taldeak elkarretaratuak ziren, Diosesiko eliz artzain edo apezpikuaren inguruan.

Arratsaldean, kantari talde horiek berok parte hartu dute zeingehiagoka batean, Hazparneko «Berria» trinketean.

Urte guztiez egiten da eliz kantarien egun hori. Eta aldi oro* arrakasta* on bat ukaten* du. Sail ederra, urte guztiez berritzea eta zabaltzea merezi duena.

«Gazteak eta Izadia» deitu batasunaren mendiko ibilaldia

Maiatzaren 12an, igande egunez, «Jeunes et Nature» deitu* erdal batasunak* muntaturik, Xuberoako mendietara ibilaldi bat egina izan da. Mendigoizaleak goizean goizik hiru herritarik abiatu dira, Arballako oihanetxearen* aitzinean* eguerdiko elkarretaratzeko. Eta, arratsaldekari,* kantaldi pollit bat emana izan da.

Aipatu dugun batasun honek, natura edo izadiaren zaintzaileak biltzen ditu bere baitan; eta, behin baino gehiagotan, lekuko dirudunek, herriko boteredunen* laguntzarekin, doi* bat nonnahi egiten dituzten bideen eta oihanetan muntatzen ari dituzten bakantza herrixken kontra altxatu da. Euskal mendien ederra begiratu* nahi du, guztientzat izan daitezen ibil leku atsegingarri eta pausaleku laket,* eta ez daitezen bakarrik hirietako eta lekuko jende aberatsen gozaleku huts bilaka.*

Frantzia eta Espainiako esperantisten biltzarrea Biarritzen

Frantzia eta Espainiako esperantozaleak Biarritzen bildu dira maiatzeko lehen astean, urteko biltzarrearen egiteko. Ba ziren orotara laurogei bat pertsona. Han erran zenez, ba omen dira munduan zehar bost milioi esperantodun.

Esperanto mintzaira berria herrien arteko hizkuntza bakar izateko esperantzarekin sortua izan zen 1905.ean, eta horren sortzaileek latina eta grekoa % 75ez baliatu* zuten, ingelesa eta alemana % 20z eta eslaboa % 5ez.

Ikas erraxa den mintzaira omen da, eta zenbait ikastetxetan irakatsia da.

Heldu* den uztailaren* 27tik hasirik agorrilaren* 3a arte, Hamburgo hirian egina izanen da, urte guztiez egiten den munduko biltzarre nagusia. Eta aldi oro lau mila biltzarkide inguru elkarretaratzen omen dira karia* horretara.

Nafar odola pizten ari Biarnoan?

Aspaldi honetan ba genekien, Okzitanian, Katalunian, Bretainian, Korsikan eta Euskal Herrian bezala, Biarnoan* ere herri kontzientzia sortzen ari zela azken urteotan. Ez genekien, ordea, herri kontzientzia hori, bakarrik Okzitaniari buruz itzultzeko orde, Nafarroari ere atxikia* zela. Biarnesak okzitanistak izatea, gauza normala zitzaigun, hain baitira biarnesa eta okzitanoa elkarren ahaide. Eta nafartar haize horrek lehenik harritu egin gaitu,

Baina, doi* bat gogoetatu ondoren, oroitu egin gara, Nafarroako Erresumaren* denboran Biarnoa nafartar zela lurraldez. Beraz, ez da batere harritzeko gauza, egun* biarnes abertzaleetan zenbait baldin guti edo aski nafartar agertzen bada. Alabaina,* egun ere oraino, Paueko Diputazioaren edo kontseilu jeneralaren harmarria («Parlement de Navarre» deitzen dena oraino) Nafarroako kateak berak dira!

Bestalde, oroitu behar dugu, Xuberoako Legea edo Forua biarnesez idatzia izan dela, eta biarnotarrak zuhaitz baten azpira biltzen zirela, bizkaitarrak Gernikako haritzaren azpira bezalaxe! Gehiago dena oraino, Biarnoko eta Nafarroako foruak kasik berdin berdinak dira! Biarnoak, beraz, ez du, egun oraino, nafar ezagugarri eskasik! Ba du aski, baldin Nafarroari loturik bizi nahi badu, bere interesek hala eskatuko dioten egunean!

Biarnes abertzaleen kasu hau doi* doi aipatu dugu hemen, zeren* eta jakin baitugu, biarnes abertzale multzo batek bere herritasuna eta Nafarroari dion atxikimendua ageri batean agertu dituela Siros herrian (eta geroztik «Sirosko Ageria» deitzen da), Enbata oldeak,* duela hamar bat urte, «Itsasuko Agerian» egin zuen bezalaxe.

Biharko Ipar Euskal Herriaren itxura

Biharko Ipar Euskal Herriaren itxura moldatuko duen planteamendua edo planifikazioa, martxoaren 13an finkatua izan da Pariseko ministruen bilkura* batetan. Heldu* diren hamar urte hauetan plantatuko* diren obralan nagusienak oraingoz finkatuak dira, beraz; eta bistan da, gure eskualdearen hazkundean* konta* izanen direla. Ikus dezagun, bada, non zeri buruz ariko den, planteamendu berri horrek kudeatuko* duen hazkundea, 1985.a barne.

Lehenik, turismo hutsaren sailean. Eta bereizki aberatsen turismoarentzat. Ez dugu ahantzi behar, udatiarrei buruz eginen dela indarrik haundiena, orain arte bezala, gehiago ez bada. Turista horientzat eginen dira, beraz, udaportu multzo bat itsas hegian,* hala nola Angelun* (hau jadanik* hasia dute), Biarritzen, Urruñan eta Hendaian. Orotara,* bi mila hirurehun barkuren egonlekuak muntatuko dituzte. Udaportu horietaz bestalde, etxegintza leku batzuetan bereziki hurbildik kontrolatua izanen da, ez daitezen etxeak, bizitegiak eta hotelak nonnahi nolanahi altxa. Azken hauk* leku hautatu batzuetan eraikiko dira, planaren arabera.* Hau denau, itsas aldearentzat.

Mendi aldearentzat, indar berezi bat eginen da, turisten edo udatiarren* etxeetan, hoteletan eta bakantza herrixketan errezibitzeko. Orotara, hogei eta hamalau mila ohe berri muntatuko dira Ipar Euskal Herrian.

Bizibidearen edo ekonomiaren sailean, bide nagusienak berritu eginen dira. Hala nola, Baionatik eta Donibane Lohitzunetik Kanbo gaindi* Donibane Garazira eta Baigorrirakoak zabaldu eta zolaberrituko dira.

Bestalde, Biarritzeko aireportua ez da beste norabait aldatuko. Haunditua izanen da, ordea, mugaz bestaldeko jendeak gero eta gehiago baliatuko* duela pentsatuz.

Industriaz ere oroitzen dira guti edo aski planteamendu horren egileak. Berek ere pentsatzen dute, lantegi berriak mugaz bestaldetik jinen* direla, han gaindizka baitira; baina lantegi garbiak izan daitezela. Hemen frantses administrazioak jokabide aldatze bat egin beharko luke, zeren* orain artean segurik* ez baitu mugimendu hori hainbat faboratu,* zenbait lekutan gibelerazi* ere egin baitu, zorigaitzez. Hala nola Donibane Lohitzunen, industrial eremuaren apailatzea* trabatuz, Gipuzkoa aldeko zazpi industrilari hona etortzeko prest zeudelarik.

Baionako itsasportuarentzat ere indar berezi bat egina izanen da, sarbidearen hobetzeko, hogei mila toneladatako untzien errezibitzeko eta ondorioz mugaz bestaldeko itsasportuetako negozioaren soberakina Baionara etor dadin. Portuaren bazterretan, bestalde, industrial eremuak muntatuko dira, lantegi berri zenbait altxa dadin, portuaren abantailetan.*

Planteamendu horren arabera, iduri luke, beraz, gure ipar alde honek hazkunde sanoago baten bidean abiatu behar duela. Planteamendua egina da. Serioski obratua izanen denentz, hori geroak erranen.

Biarritzeko zapatagintzari adio

Duela hiru urte, Biarritzen ba ziren mila zapata langile inguru. Egun* ez da bat ere.

Biarritzeko azken zapata lantegia, joan den abenduan, ehun eta hirurogei langile lanik gabe utziz hetsi* da. Geroztik, eginik izan da bilkura* franko eta karrika* kurrida bat baino gehiago. Baina oro debaldetan,* zorigaitzez. Biarritzeko zapata lantegiak, zapatagintzarako bederen,* ez ditu berriz bere ateak irekiko. Beste lan mota berri batetarako egin* balitza, gaitzerdi* litzateke. Baina hori geroak erranen.*

Anartean,* lantegi horretako langile ohiek* beste lan bat beharko dute bilatu. Andana* batek zorionez oraingoz lanbide berri bat hatzeman* ahal izan du. Baina gehienak oraino lanik gabe daude.

Duela zenbait aste, azken hauk* Baionako bilkuretxean bildu dira, beste lan baten ikasteko zer ahalbide* duten jakiteko. Ofizialeen Arteko Batasunak bere laguntza eskaini die. Hiru hilabetez ofizio berri bat guti edo aski ikasi ahalko dute, gutienez hilabetesari apalena edo «smiga» delakoa irabaziz. Ikasaldi hori apirilaren 16an hasia da. Agian* denek aurkituko bide dute ikasaldi horren ondotik beren irabazpidea.

«Sat» lantegian oraingoz 180 langile

Duela zenbait hilabete, Baionako eskualde* honetara lantegi berri bat heldu zitzaigun. Telekomunikabideentzat lan eginen zuena. Egun* erran behar dugu, Angeluko* lantegi zaharberritu batetan lanean hasia dela serioski, eta oraingoz ba dituela ehun eta laurogei langile! Ez baita gutiestekoa!*

Lantegi garbia dugu. Laneko lekuak bulego* berri batzu* bezain garbi eta argi ditu. Ez da hautsik ageri, ez eta hezetasunik* sendi*! Han egiten den lanak hala eskatzen baitu. Horrelako lantegiak behar genituzke geure eskualdean. Oroit gaitezen, gisa* bertsuko* lantegia ba duela Urketa herriak hiruzpalau urte honetan, eta den tenorean* ehun eta berrogei bat langile ba duela.

Angeluko lantegi berri hori, luza* gabe, Mugerreko industrial eremuan plantatuko zaigu. Eta, hiru urte barne, zazpi ehun enplegu edo lanbide berri eman beharrak dizkio gure eskualde honi. Eta, gauzak oraingo buruzagiek asmatu bezala joaten badira, bere langileria emendatuko* du, beste lantegi berri bat altxatuz.

Segur, ez da gutiestekoa, hainbeste lanketari* duen eskualde batentzat. Agian, horrek erakutsi* bideari beste industrialetxe zenbait lotuko bide zaio.

Bizkaia

500 lagun Xabier Peñaren omenaldian

Beste behin esan genuen bezala, apirilaren 28an, omenaldi bat eskaini zioten Xabier Peñari haren ikasle ohiek.*

Goizetik hasi zen jendea Arantzazura biltzen, bost autobus eta zernahi berebiletan.* Elizan, bere lehen meza eman zuen Xabierren ikasle izandako Iñaki Amezua apez berriak. Meza bitartean, Balendin Enbeitak bertso batzuk bota zituen. Enbeitarrak oso loturik daude Peñarekin, honen ikasle asko Muxikako baserrietara joan baitira gero, euskara praktikatzera.

Bazkarian 500 lagun inguru batu ziren. Hainbat telegrama irakurri ziren, Europako zenbait naziotako ikasleek bidaliak. Zilarrezko oroikailu* bat eman zitzaion, guztien sinadurekin.*

Xabierrek, oso hunkiturik,* hitz batzuk esan zituen, denei eskerrak emanez: berari egindako omenaldia beste irakasle askoren partaide bezala onhartzen zuela, Euskal Herrian hainbeste irakasle euskara irakasten eta ikastoletan lan miragarria egiten ari zirela eta. Beraz, omenaldia guztientzat egina bezala onhartu zuen. Azkenik, eskari sutsu bat egin zien guztiei, egun hartako fruitua bezala: euskara gehiago maitatzea, euskararen alde biziago burrukatzea.

Euskararen maitatze honetan eredu* dugu Xabier Peña, 25 urtetan, hutsik egin gabe, hainbat eta hainbat euskaldun berri sortu baititu Bilbo erdaldun honetan. Euskara, euskaldunek dirauten bitartean biziko da; eta euskaldunak egiten, nor Xabierren bete*?

ANAITASUNA ados* dator, omenaldi hori eskaini diotenekin; eta bizitza luzea opa dio Xabierri, euskararen aurreramendurako izanen baita eta Euskal Herriaren onerako.

San Pedro jaiak Deustuan

Ekainaren* azken astean izanen dira Deustuko San Pedro jaiak; eta aurten euskal kutsu bizi bat edukiko dute.

Garaiz elkartu dira deustuar gazteak, jaien programazioa egiteko. Aurten, Donostiako «Argia» dantza taldea ekarri nahi dute, San Pedro plazan saio bat gauez egin dezan. Beste gauza berri asko ere izango da: kantari jaialdia, euskal gaiei buruzko berbaldiak, eta, bukatzeko, jendaurreko mahai biribila. Oraino ez dute erabaki, zeintzuk izanen diren kantariak; baina hitzaldietarako, hauk* izanen dira deituak: Iñaki Irigoien, Xabier Mendiguren, Imanol Berriatua eta Xabier Kintana.

Aurrerago emanen dugu berri zehatzagorik.

Orduña eta euskara

«Zeru goibel lainotsu hartan, ostarte* eder bat urratu zaigula esan daiteke». Hauxe esan du berrikitan* Larresoro idazleak ZERUKO ARGIAn gure hizkuntzaren egoeraz.

Ba dirudi, ostarte horren argi izpiak Orduñara ere heldu direla.

Maiatzean ukan* ditugu geure hiriko jai nagusiak; eta euskara osorik galdua zedukan Orduñak, zuzendu nahi duke* oker hori. Hain zuzen,* aurtengo jaietako gauzarik nabarmenena zezen plazan gertatu zen, maiatzaren 5ean. Xeberri kantaria, Oihartzunak eta Oskorri kantari taldeak entzuteko, jendetza haundi bat bildu zen, tokia mukururaino* betetuz. Kantuen aurretik, erdal eta euskal azalpenak ematen ziren. Halako batetan, presentatzaileak barkatzeko eskatu zuen, erdaraz egin beharragatik; eta euskara hutsean egiteko eguna laster etorriko zelako esperantza handia zuela adierazi zuen. Jendeak biziki txalotu zuen. Jaia oso ederra izan zen, eta giroa ezin hobea: Orduñak hartu duen bide berriaren seinale.

Deustu, Erandio eta Lejoako gurasoei

Lejoako ikastola berrian ba dago tokirik, datorren ikastaroan ikastolara etorri nahi duten umeentzat. Eskariak oraintxe egin behar dira, ikastaroaren antolaketa egin ahal izateko.

«Preescolar» delakoa eta E.G.B. osoa emango dira; eta diru aldetik ez dago inorentzat oztoporik, nork bere egoera ekonomikoaren arabera* ordain baitezake.

Aurten bezala, ikastolako autobusak eramango ditu Deustu, Erandio eta Lejoako umeak; eta, segur aski,* datorren ikastarorako, gura dutenentzat, bazkaria ere bertan emanen da.

Izena emateko eta gainerako argibideentzat: Cooperativa Alzaga. Ondiz, 24. Lejona.

Albokarien txapelketa Euban

Entzute handikoa da Bizkai guztian, Eubako Pasiotar fraideek urtero eratzen duten Euskal Jaia.

Aurten, apirilaren 28an, Lehen Albokari Txapelketa antolatu zuten. Jende asko, zahar eta gazte, leku askotatik etorria, bildu zen bertara.

Baina, hasteko orduan, arratsaldeko 5etan, hiru albokari bakarrik agertu ziren, lehiaketan* parte hartzeko: adinetako* bi, eta gazte bat. Euskal Herrian ez dago beste albokaririk ala*?

Zozketa* egin ostean,* Zeberioko Kepa Perez Urraza aritu* zen lehenik, Ibarruriko Joanita Gorroño pandero jotzaileak lagundurik. Gero Silbestre Elezkano «Txilibrin» agertu zen, Balbino Ojanguren pandero jotzailearekin. Eta, azkenik, Gaztelu Elexabeitiko Leon Bilbao, Maurizia Aldaiturriaga lagun zuelarik.

Epai mahaikoak hauxek ziren: Mariano Barrenetxea, albokari eta txistulari, Euskal Herriko Folklorearen ikertzaile amorratua; Nestor Goikoetxea gaztea, albokaria hau ere; eta Joan Mari Mendizabal, Euskal Herriko Txistulari Elkarteko idazkari eta euskal musika zaharraren ikertzaile.

Haien erabakiz, Leon Bilbaok eta «Txilibrin»ek lehen tokia hainbanatu zuten, eta Kepa Perez Urraza bigarrenean geratu zen. Orain arte, beraz, hauk gertatu* dira Euskal Herriko hoberenak, gure alboka zaharraren historiarako.

«Egun On», Bilbo Zaharreko aldizkaria

Joan den hilabetean, «Egun On» aldizkaria ezagutzeko era* ukan genuen. Aldizkari hori Bilbo Zaharreko merkatariek ateratzen dute, beren publizitatea egiteko. Hartan, Bilboko merkatal hauzotegi inportante horren propaganda egiteaz gainera, literatur eta kultur sail batzuk* agertzen dira (Esteban Calle Iturrino eta Manuel Basas jaunen mailako intelektual batzuek sinaturik*), eta haien artean horrialde bi euskaraz.

Oso ongi deritzogu, halafede, geure Bilbo Zaharreko dendarien ideia begiko* honi; baina ez ote da guttiegi, «Egun On» izena daraman aldizkari batetan, euskarari hain leku gutti eskaintzea?

Ba dirudi, Bilbo Zaharra euskararen existentziaz konturatzen hasi dela; baina beldur gara, ez ote den oraindik bilinguismo egiazko batetik oso urrun. Maiatzaren lehen egunetan, kasu,* krabelinak ematen zituzten dohainik,* bakoitzak honelako esaera bina zeramalarik:* Es una atención del Casco Viejo: Día de la Madre. Hainbeste kostatzen ote zitzaien, erdarazkoaren parean Bilbo Zaharraren eskaintza Amaren Egunean ere jartzea? Buru gutti, nonbait.

Lauroko ikastolako korua txapeldun

Lauro, Bilbo inguruko hauzune bat dugu. Hango ikastolako koruak Lehen Saria irabazi du, Belgikako Meerpelt-en haur kantarien koruentzat egin den lehiaketan.*

Lehiaketa horretan 32 koruk kantatu dute, eta Begoña Cortina andereñoak zuzentzen duen abesbatzak, Lauroko ikasleez osatuak, arrakasta* haundia ukan du.

Lauroko ikastola Bizkaiko haundiena da, eta batez ere Bilboko ikasleez horniturik dago. Gure zorionik beroenak Laurokoei, bereziki sari horrekin euskal ikastolen izen ona goratzen lagundu dutelako.

Xabier Mendigurenek alaba bat

Maiatzaren 12an Mari Angeles Goienolak, Xabier Mendigurenen emazteak, alaba polit bat ekarri zuen mundura. Jaioberriari Oihana izena ipini diote. Geure zorionak guraso bioi.

Hitzaldi interesgarria Lejoako ikastolan

Maiatzaren 11n, Lejoako ikastolan, mintzaldi interesgarri bat eman zien Xabier Kintanak hango haurren gurasoei.

Aretoa* bete egin zen, ikastola horretako euskararen irakaskuntzaren koordinatzaile den Xabier Kintanaren berbaldia entzuteko. Lehen hitzak Koldo Azkue jaunak esan zituen, hitzaldiaren gaia aurkeztuz.* Kintanak, bere mintzaldiaren lehen partean, munduko hizkuntzen partiketa azaldu zuen, eta hauen estrukturatze eta harremanak aztertu. Bigarrenean, euskarari lotu zitzaion. Hitz argiz eta azalpenak harbelean* idatziz, nola euskara, inguruneko zibilizazioen ekarriez,* geldi geldika aberastuz joan den jakin erazi zuen. Erromatarren denboran, esate* baterako, latinetik hainbat berba hartu zuen (gauza, gela, bake, eliza, fede, eta abar). Bisigoduek, euskaldunekin beti guduan ibili zirenez gero, oso gutti kutsatu zuten euskara. Arabeek, ostera, hitz gehiago utzi ziguten (alkate, azoka, alkondara, albaitari, albiste, eta abar).

Entzuleak guztiz pozarren* geratu ziren, eta, horren frogatzat, txalo beroak jo zizkioten hizlariari, berbaldia amaitu zenean.

Orduñako euskal jaialdiaz berriz ere

Gorago aipatu dugunez, maiatzaren 5ean euskal jaialdi bikain bat ospatu zen Orduñako zezen plazan, dantzari, txistulari eta kantariekin.

Arratsaldeko 5etan hasi zen, Nerbion eskualdeko* dantzari eta txistulari taldeak bertan zirelarik: Basauri, Arrigorriaga, Zaratamo, Zollo, Arrankudiaga, Laudio,* Amurrio eta Orduñakoak, halegia.*

Kantariek, oztoporik gabe, erraz bereganatu zuten entzuleria, txalo ugari bilduz. Mintzaldi zorrotzak entzun ziren, jendearen pozerako. Azkenean, jaialdia amaitzeko, Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga alboka eta pandero jotzaileek dantzan jarri zuten gazteria. Nork uste, Burgosko mugan halako giro euskaltzalerik egon zitekeenik!

Errekaldeberrikoak euskal dantzaldirik gabe

Bilboko Errekaldeberri hauzunean, euskal dantza salo bat zegoen programaturik apirilaren 21erako.

«La Gaceta del Norte»n ikusi dugunez, Bizkaiko gobernariak debekatu egin du jaialdi hori.

Barakaldo euskalduntzen ari

Barakaldon, Bizkaiko bigarren hiri honetan (120.000 bizilagun ditu, gutiz* gehienak erdaldunak), meza bat ematen da euskaraz, larunbat* arratsaldeetan, 7etan, Karmengo Andre Mari elizan. Eliza hau geltokitik* hurbil dago, lurpean. Oso estimu handia du Barakaldoko euskaldunen artean; eta hauek begi onez ikusiko lukete, Bilboko eta Bizkaiko euskaldunek noizean behin hara joatea, beste ekintza batzuetarako bultzagarri izango bailitzaieke hango elizkizun jatorra.

Bestalde, Erramu Igandean, «Anaconda» dantzatokian, kanta saio bat eskaini zuen Patxi Andionek. Bost kantutarik hiru euskaraz izan ziren. Aretoa* beterik zegoen, eta, euskaraz kantatzen hasi zenean, txistuak eta txaloak bateratu ziren. Azkenerako, Andion entzuleen jabe egin zen, arrakasta* haundia lortuz.

Lea-Artibai eskualdearen egoera

Oiz mendian hasi eta itsasoraino, Lea eta Artibai hibaiak pasatzen diren eremuetan kokaturik* dago eskualde* hau. Bizkaiko eskualderik atzeratuena dugu, eta gerra ondotik aldaketarik gutien ukan* duena. Eta bi ibarretarik atzeratuena Leakoa dugu, zeren,* Artibaiko ibarrak aldaketa handirik egin ez badu ere, Ondarroak, Berriatuak eta Markinak ukan baitute beren industrializatze berandua. Lea ibarra, ostera,* Lekeitioko turismoa salbu, lehengo lehengoan dago edo txarrago.

Horretaz oharturik, leatar zenbait gazte azken urteotan hainbat herri zereginetan sarturik ibili dira: aldizkari bat sortu dute, folklore taldeak eratu, udako neska-mutikoen koloniak aurrera eraman, gazte eta zaharren gogo-bihotzak argitu eta iratzarri.

Azkenik, ibar honi gehienik komeni zaiona industrializatze jator bat dela konturatu dira. Hau dela eta, inkesta* eta estudio batzuk* egin dituzte, kooperatiba bat sortu guraz. Caja Laboral-ekin harremanetan ba dabiltza, orain haiei ofizialki hasera* emanik.

Caja Laboral-i presentaturiko estudio baten arabera,* Lea ibarrean lan egiteko sasoinean dagoen jendea, honetara banatzen da:

- 55 % lehen sektorean (nekazaritza, arraintza).

- 22 % bigarren sektorean (industria, merkatalgoa).

- 23 % hirugarren sektorean (zerbitzuak). Ibar honetako arazorik larrienak hauk* dira:

1. Guraso askok ez dituzte beren seme-alabak kolegioetara eta eskola profesionaletara igortzen,* gero, estudioak amaitu ondoan, eskualde eta ibar honetan lan leku aproposik aurkituko ez dutelako.

2. Behin 14 urte konplituz, 40 % neskatila —eta herri batzuetan gehiago—, neskame lana hautatuz, etxetik ateratzen dira.

3. Ofiziodunak eta zerbait ikasiak ezin daitezke herrian egon, eta kanpora joaten dira, nahiz eta gero herri minez bizi.

Baina, gaurko lerro hauk eskualde honen aurpegi iluna agertzeko asmoz idatzi ez ditugunez gero, esan dezagun, hango gazteengan esperantza haundia dugula, eta nondik edo handik laguntzaren eskua eta indarra ez zaiela faltako.

Gipuzkoa

«1974 Irun Hiri Idatz Sariketa»

«Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa» delakoak, kulturaren aldeko lanari jarraituz eta idazleek horretarako egokiera izan dezaten saiatuz, «1974 Irun Hiri Idatz Sariketa» antolatu du.

Lanak uztailaren* 30erako bidali behar dira.

Aurtengo sariak honako hauk* izanen dira:

- poesia euskaraz, urrezko gaztelua eta 75.000 pezeta.

- ipuinak euskaraz, urrezko gaztelua eta 30.000 pezeta.

- irratsaio* lanak euskaraz, urrezko gaztelua eta 30.000 pezeta.

- poesia gaztelaniaz, urrezko gaztelua eta 75.000 pezeta.

- saiakera gaztelaniaz, urrezko gaztelua eta 100.000 pezeta.

- elaberria* gaztelaniaz, urrezko gaztelua eta 125.000 pezeta.

Ekaineko gertakizunak

• Egundainokoa* prestatzen ari omen dira Endañeta eta Mendizabal harrijasotzaileak ekainaren* 2rako. Baldin atzerapenik sortzen ez bada behintzat, Endañeta hogei arroako (250 kg) harriarekin arituko da, eta Mendizabal, aldiz, hemezortzikoarekin (225 kg).

Oraintsu arte inor gutik uste zezakeen, honelako norgehiagokarik egin zitekeenik ere. Hala ere, dudarik ere ez, baldin harrijasotzaileok plazan iharduteko intentziorik badute, norbere etxean aski* iharduna dela oraingoz. Azpeitian ikusi beharko!

Bestalde, ba da susmoa, proba honen ondoren Endañetak harrijasotzeari utziko diola. Galtzeko burutapenik ez du, nonbait, Itziartarrak.

• Ekainaren 9an ospatzeko da Bergaran Umeen Euskal Jaia. Ez da aspaldion honelako jai berezirik Bergaran eratzen. Arantzadi Ikastolako Guraso Elkartea, ordea, biziki ari da, jaialdi on bat egiteko asmoz.

• Ekainaren 14ean, Ramuntxo Kanblong «Ipar Euskal Herriko Ekonomiaz» mintzatuko da Eibarren. Honako hitzaldi hau «Club Deportivo» delakoak eratua da, Donostiako Aurrezki Kutxaren laguntzapean.

• Programaren berri ez dugu jakin ahal izan oraino; baina hor nonbait susmoa da, ekainaren 22an, kanta jaialdiren bat eratzeko dela Elgetako pilotalekuan. Jakin bezain laster jakin eraziko dizugu, irakurle.

• Ekainaren 23an, Soraluzen* eratuko da bertako, Umeen Euskal Jaia.

• Aurten ere eratzeko da Arraten, Peli Aldazabalen omenetan, azken urteotan eratu ohi den Haur Idazlehiaketa.

Honako idazlehiaketa hau, oraindik erabaki ez den ekaineko iganderen batetan izanen da; eta bertan bilduko da segurik* Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zenbait herritako ume mordoxka.

Idazlehiaketa honetan sarituen artean, horra hor Ataungo «Trikuarrieta» eta Eibarko berri emale den Odile Kruzeta.

Eliz otoitza gaurko Euskal Herrian

Gai honi buruz aste oso bat eginen da, datorren uztailaren* 8tik 13ra, Oinatiko Beneditar Seroren* Monastegian.

Gaiari sakonki helduko zaio Teologi aldetik, gure Herriaren izakera eta sineskera zahar eta berriaren aldetik, eta, batez ere, Liturgiaren aldetik. Ospakizun* erakusgarriak egunero izango dira. Horregatik, eliz otoitzak behar dituen giro, musika, egitura* eta abar ongi aztertuak izango dira.

Ba daduka gure kristau herriak honetan zer ikasirik.

Aste betean han izanen gara elkartasunik anaikorrenean.

Aste hori bereziki fraide eta serorentzat eratua izan arren, bai apezak eta bai zenbait gizaseme eta emakume sekular ere han izanen dira..

Eguneroko ihardunaldi eta ospakizunen egitarau edo programa garaiz denontzat zabalduko da.

Aste osoa euskaraz eta euskal giroan egingo dela esan beharrik ez dago.

Otoitz arazoak gaurko munduaren joran* eta kezka haundienekin zerikusi mardula dadukala ere ezin uka.

Ez dago hemen iheskeriarik.

Nafarroa

Bost mila karlista Jurra mendian

Bost edo sei mila lagun bildu dira maiatzaren lehen igandean Jurra mendian. María de las Nieves de Borbón Parma aurretik zela, eguerdiko hamabietan eman zen meza mendi tontorrean. Hamabi eta erdietan, gurutzea zapi batekin estali ondoren, Carlos Hugoren ageri politiko bat irakurri zuen gazte batek. Alderdi karlistak ere beste bat zabaldu zuen, azken urteko politika gertakariak aztertuz. Javier de Borbón-en eskutitz bat ere irakurri zen. Tarteka-marteka, eupada politiko batzuk aldarrikatu* omen ziren bileran.* Arratsaldean, Lizarrako* Foruen Enparantzan* bildu zen 200 bat lagunetako talde bat kanta- eta oihuka, enparantzari jirabiraka. Ehun eta berrogeitamar bat polizia omen zeuden haiei begira begira. Askotxo, askotxo berrehunentzat, alajaina!*

Zankozako txistularien disko berria

Zankoza* hirian, Aragoeko muga ondoan, txistulari talde bikain bat dugu, Euskal Herriko hoberenetarikoa noski. Luis Mari Vital, Rikardo Elizalde, Jesus Mari Bermejo eta Mikel Larrañetak osatzen dute taldea.

Arestion* disko handi bat atera dute, beren trebetasun eta euskal zaletasuna ongi frogatuz.* Luis Mari Vital, taldearen zuzendaria, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak Zankozako merindadean duen ordezkaritzako burua da.

Idoia izeneko neskatilen bilera

Ekainaren* 30erako, Idoia izeneko neskatxen bilera* eratu asmoz ari dira Izaban.

Arbeloa apez jaunaren zuzendaritzapean bilera hori prestatzen ari direnek, Idoia izeneko neskatilak, ahalik eta gehienak, Erronkariko* janzkeraz horniturik joan litezen nahi izango lukete.

Euskal Herria

Euskaltzaindiaren batzarrea Errioxan

Ekainaren 23an, Kukulako* Donemilia herrian eginen du Euskaltzaindiak bere hilabeteroko biltzarrea.

Donemiliako biltzarre hau, «Glosas Emilianenses» delakoaren mila urteurrena dela eta eratzen da, ez baitira alferrik lehen euskal hitzak izkribu horretan agertzen.

Ikastolentzat oso interesgarria

Maiatzaren 6an, «Boletín Oficial del Estado» delakoan, 1974-1975.eko ikastarorako diru laguntza nola eskatu behar den jakin erazi du Hezkuntza* eta Zientzi Ministerioak.

Ikastaro horretarako, diru laguntza gehiago izanen da, eta, beraz, ikastetxe gehiagotara zabalduko.

«Santa Kruz apaiza», Orixek, GEROn

«Gero» liburu sortak bere 32. zenbakia bidali digu Orixeren lan honekin. Liburu hau jadanik* 36.eko gerra aurretik argitaraturik zegoen, baina oraingo belaunaldi* gazteak ezin zezakeen hura* erraxki topa liburudendetan. Berrargitaratze honetan, beraz, mesede bat datorkio euskal irakurlegoari.

Liburu erraxa, uste handiegirik gabea, probintziar kutsu nabarikoa,* irakurle gehienentzat ezin egokiagoa. Santa Kruz apezaren ibilaldiak irakurriz, euskal prosa modernoa finkatzera lagundu duen idazle on baten tankera* dastatzeko* aukera ona, halafede.

Bibliographiarako: Orixe: Santa Kruz apaiza, Ed. Mensajero, Bilbo, 1974.

Albistariak:

Eugenio AGIRRETXE

Xabier GEREÑO

Erramon GERRIKAGOITIA

Joseba INTXAUSTI

Xabier KINTANA

Gehexan LANTZIRI

Joan Mari MENDIZABAL

balitza, baleiz

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezan, daian

dezaten, daien

die, deutse

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

dizugu, deutsugu

genituzke, geunkez

litzaieke, litzakioe

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zeuden, egozan

zezakeen, eikean

zien, eutsen

ziguten, euskuen

zioten, eutsoen

zitzaien, jaken

zitekeen, eitekean

zitzaigun, jakun

zitzaion, jakon

zizkioten, eutsoezan


Herrialde guztietan

CFDT sindikatua eta Mitterranden garaitzapena

Oker ez banago, idazlan hau argitaratzen denerako, hauteskundeak eginak izango dira Frantzian, eta irakurleak ba dakike* lehendakariaren izena.

Oraingoz nor garaile aterako den jakin ez arren, eta nahiz eta Mitterrand presidente izan ez, Ezkerrak asko baino gehiago irabazi duela esan dezakegu segurtasun osorekin. Izan ere, eskuin nekatu eta zatikatuari etsenplu ederra eman dio Ezkerrak. Bazter talde batzuk aparte, Ezker osoa batasunean agertu izan da lehen mementotik. Eta batasunean irauten du.

Ezker osoa esan dugu, eta ez ezker alderdiak bakarrik. Hala da. Ezker sindikatuak ere Mitterranden aldeko agertu dira eta. CFOT sindikatu autogestiozalea ere bai.

Gizartelari* bat baino gehiago harriturik gelditu da CFDTren baietzarekin. Sindikatu honen tradizio haustura ere salatu du norbaitek. CFDTren erabaki hau tradizioaren sakondura izan dela eta ez haustura, esan du sindikatuko idazkari nagusiak, Edmond Maire jaunak. Zeren* eta CFDTk sindikatuen apolitismoa ez baitu sekula defendatu, erdiko eta eskuineko sindikatuen antzera.* Defendatu duena, zera da, hots,* sindikatuaren eta honen lanaren independentzia. Sindikatuaren eta alderdiaren edo gobernamenduaren harreman organikoaren aurka dago, hori bai, eta CGT sindikatu komunistaren jokabidearen aurka egon ere.

Baina CFDTk ba du politika eritzirik, bai horixe. CFDT autogestiozko sozialismoaren aldeko burrukari sutsu da eta antikapitalista gogor. Eta horregatixek, oraingo honetan, ezkerreko gobernamendu baten alde buru eta bihotz jokatzeko gertu* dago. Ez, noski, lehena ukatuz. Herri indarren batasuna proposatu du betidanik, antikapitalista diren politikazko eta gizartezko antolamenduekin eratutako batasuna. Ezkerraren batasuna nahi du CFDTk, baina batasun hori programa bati baino projektu bati lotuago.

Herri indarren batasuna eskatzen du, «gobernamendu mailako» politikaz ez delako fidatzen. Edmond Mairek ba daki, Mitterrand agintera eramatearekin, mirakulu baten bidez edo ez direla arazo guztiak konponduko. Gerora, ere, dio berak, benetako aginteak ugazaberiaren* eskuetan iraungo du. Horregatik segituko CFDTk burrukan. Baina errazago izanen da burruka.

Baina, oraingo honetan, benetako hautakizun edo alternatiba bat ez dela eta, CFDTk ez du bazterrean gelditurik nahi izan. 68.eko maiatzak irakatsi dio Maire jaunari, gizarte mobilizazio handi bat sortzea ez dela aski.* Olde* horren arnasa, putz bilakaturik nahi ez bada, politikazko egituretan* hezurmamitzea nahitaezko dela. Azterketa honen arabera,* bada, irtenbide bakarra politikazko hauteskunde eta gizarte mobilizazio baten bategitean datza.

Mitterranden alde agertzeko erabakia ez da barne tirandurarik* gabe hartu, egia esan. Sindikatuko ezker puntak, Charles Piaget, LIPeko mugimendu-eramailea, aurkeztu nahi zuen. Berdin PSU alderdiak. Baina hemen zatikatzea gertatu delarik, CFDTn ez. Piaget presentatzea, CFDTrentzako propaganda eta testigantza* zitekeen. Egiazko orduan eraginik gabekoa. Eta oraingo memento hau ez da testigantza agertzeko, agintea hartzekoa baizik. Boto batek lekarke garaitzapena. Eta 800.000 partaide ditu CFDTk.

«Erromerian» Erromara

Irakurleak ba daki, nik uste, «erromeria» hitza Erroma hitzetik datorrela, eta kristauek aspaldidanik Erromara egiten zituzten pelegrinazioak adierazteko erabiltzen zela. Gaur besterik adierazten du Euskal Herrian.

Aurtengo abenduaren 25ean hasiko da Erroman Aste Saindua. Eta «kristauek» milioika bilduko dira Erromara urte horretan. «Erromes» hauk* hartzeko hotelak, hospederiak, bentak, etxeak, komentuak prestatzen ari dira. Denek saiatu nahi dute erromes moderno hauei egonaldi goxo bat ematen.

Baina, bitartean, jakin beharrekoa da, Italian eta Europa osoan Erroma dela, «txabolatiar» gehien dituen hiria: bai guztitara eta bai hiriko bizilagunen arabera.*

Oso nabarmena eta zaratatsua izan zen, martxoan txabolatiar* hauek egin zutena: familia asko, Erroman hutsik dauden etxeetara sartu ziren, besterik gabe, polizia bera zalantzan* utziz. Baina, azkenik, guztiak ateratzeko erabakia hartu zuen poliziak. Txabolatiarrak ez ziren, ordea, «beren»(!) txaboletara itzuli, elizetara baizik. San Paulo Basilikan ere horietako familia askok jarri zuten beren bizitoki berria.

San Paulo Basilikan eta hango abadetxean izan zuen bere bizitokia eta agintaritza ere, orain dela urtebete arte edo, Franzoni abade nagusiak. Hau ere «bota» egin zuten, eta abade jauna txabolatiarren artean bizitzera joan zen. Berak ekarri ote zituen txaboletatik San Pauloko bizilagun berriok?

Dena dela, Franzoni izan zen, otsailaren* erdialdean, Erromako kristauek beren elizbarrutiaren* giza eta gizarte egoera zorrozki aztertzeko egin zuten bileraren eragile bizienetariko bat. «Maitasunaren eta zuzenbidearen eskabideei buruz kristauek dituzten egitekoak»: hauxe izan zen bilera honen aztergaia. Eta datorren urtean mundu osotik etorriko diren «erromes» eta turistei Erromaren aurpegi zuzenago eta gizatiarrago* bat erakutsi nahian egin zen azterketa hori. Baina hotel handietara eta «barne girotuzko» autobusetan datozen erromesak ohartuko ote dira Erroma inguruko txaboleria horretaz?

Erromako Udalaren* kontu ofizialen arabera, 30.000 dira txaboletan bizi direnak; baina «ofizial» ez diren beste kontuen arabera, 100.000 ere ba dira. Dena dela, ez Italiako eta ez Europako beste hirik ez du horrenbestekorik. Baina, bitartean, 64.000 etxe hutsik daude hiri honetan, txabolatiarrentzat garestiegiak direlako.

Azken hamar urte honetan, oso ugaritu dira Erromako bizilagunak: 600.000 inguru. Eta asmotan ziren etxe berriak oso urri gelditu dira. Alde batetik, etxegintza pribatuak etxe garestiegiak egiten iraun du. Eta Udalak, herri langile eta pobrearentzat egiteko zituen etxeetatik, 2 % besterik ez du egin. 270.000 behar zituen egin, premiak betetzeko; 4.500 baino ez ditu egin, ordea.

Hau guztiau agertu zaie Erromako kristauei, beren kontzientziaren azterketarako, eta beren Urte Sainduko konbertsiorako. Baina hau denau ez ote zaie, Erromara «erromerian» etorriko diren «erromesei» izkutatuko?*

Indar iturri berri bat Akitanian?

Petrolioaren prezioa neurriz goiti* goratuz geroztik eta hori petrolio konpainia multinazionalen abantailetan* (herrien artean izan den eskandalurik haundiena)—, Estatu industrializatuak oro* iker eta mia* ari dira, indar iturri berri batzu hatzeman* beharrez,* ekarprezioa* eta salprezioa petrolioarena baino merkeago ukateko* esperantzarekin.

Indar iturri edo energia berri horietarik bat da nuklear indarra. Frantziako eta Espainiako gobernuek geroko indar iturri nagusi bezala hautatu dute, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian egin beharrak dituzte, orotara,* zazpi nukleartegi. Jadanik* errana* dugu, nuklear indarra jakintsunek ez dutela aski* barnatik* ezagutzen eta aski meneratzen,* eta, ondorioz, indar horrek uste baino arrisku haundiagoak ekar diezazkiela lurrari, urari, aireari eta bide berez bizidun guztiei, sortzen duen irradiantza edo radioaktibitatearen gatik.

 Beste indar iturri bat, oraingoz zenbait lekutan guti edo aski baliatu* dena, ekindarra da, edo eguzki indarra. Eguzkiaren beroak bateria edo pila batzu kargatzen ditu, eta hauek eguzkiaren berotasuna elektrikindar bihurtzen.

Beste indar iturri bat oraino, gas berezi batena, hidrogenoarena. Jakintsunek honetan finkatzen dute beren esperantzarik espantagarriena,* zeren eta honek jalgitzen duen indarra ixila baita eta ezinago garbia.

Ba da beste indar iturri, orainokoan* guti ezagutua eta baliatua dena, baina gorago izendatu horik* denok baino lehenago eta gehiago beharbada baliatua izanen dena. Indar iturri berri hori, geotermia edo lurberogintza da. Lurraren ikertzaileek edo lurginek* aspaldian dakitena da, lurraren barnea, barnago eta beroago dela. Eta beraz asmatzen* dute, lurpetik petrolioa edo gasa biltzen duten bezala, lurpeko urberoa ere biltzea eta gisa* berean baliatzea, etxeen berotzeko.

Eta beharbada, Akitaniako eskualdean,* luzagabe ezagutuko da indar iturri berri hori. Hala jakin erazi du Vanderbergue jaunak, Tolosako* Unibertsitatean urgintza edo hidrologi irakasle denak, berrikitan* Tarbes-en eman duen mintzaldi batean.

Haren arabera,* Akitaniak ba du hamazazpi mila kilometro karratuko lurreremu* bat, mila metroz petik guztiz beroa dena. Lurreremu hori hiri hauek mugatzen dute: Paue,* Tarbes, Tolosa, Albi eta Foix.

Mila metro barnatan, lurraren berotasuna hogei eta hamar gradutakoa omen da. Eta hiru mila bostehun metro barnatan, berriz, ehun gradutakoa!

Lurberotasuna baliatuz, kilowatio bat jalgi* omen daiteke, fuelaren edo ikatzaren bitartez baino hogei aldiz merkeago! Beraz, lurpeko urbero hori laster baliatzeko asmutan dabiltza. Eta oraingoz Blagnac-en lanari lotuak dira: lurpeko urberoa, bildu eta barne berotzeko baliatzen hasiak dira. Esperientzia horretatik, uste duten bezain ondorio onak jalgitzen bazaizkie, indar iturri berri horren baliatzea hedatu* gogo* dute ahal duten bezainbat.

Baina bistan da, hor ere konkurrentziaren* jokoa bizi bizia izanen dela; eta berogaien aldatzea ez da, beharbada, urgin* asmatzaileek uste duten bezain aise* eta laster eginen. Dena den, geroak erranen.

Txinaren teknik aurrerakuntza

Txinako Gobernuak teknikaren aurrerakuntza bultzatu nahi du, eta horretarako giroa sortzen ari da, batez ere Unibersitateetan, ikertzaileen* artean aurkikunde* tekniko eta zientifikoak lortzeko taldeak antolatuz.

Txina osoan hasiak dira ikertzapenok, eta orain arte lortutako aurkikundeen zerrenda ikasle eta irakasleen artean zabaldu da, eredu* bultzagarri bezala. Pekin inguruan dagoen Tsinghua Unibertsitatean 366 aurkikunde erdietsi* omen dituzte, eta hauetatik 289 praktikara eraman lantegietan.

Zaila da aurkikunde hauen egiazko balioa ezagutzea, norainotzen den propaganda eta noraino egia. Adibidez, Canton-go Merkatal* Azokara* joan diren mendebaldeko* entrepresa gizonek ez dute aurrerakuntza hori konfirmatu ahal izan, eta, haien eritziz, Txina oraino atzeratua dago industri* teknikan. Medikuntzan, berriz, Hong Kong bisitatu dutenek diotenez, aurrerapen haundia egin da.

Bestalde, Txinako Gobernuak jaiotzen kontrola ezarri du. Aurtengoz, jaiotzen muga 1 % izanen da. Beraz, Txinan aurten, gehien gehienez, 7 milioi haur inguru jaioko dira. Neurri honekin Gobernuak ixtitu* nahi du gosea eta pobretasuna.

Europako Parlamentua

Gaur egun Europako Parlamentuak 198 postu ditu, honela bananduak: Alemania, Bretainia Nagusia, Frantzia eta Italiak 36na postu. Belgika eta Holandak 14na. Dinamarka eta Irlandak 10na, eta Luxemburgok 6.

Alderdi politikoei bagagozkie, honela banatzen dira: Kristau Demokratek 52 postu, Sozialistek 51, Liberalek 24, Kontserbadoreek 20, Demokrata Aurrerazaleek 17, Komunistek 13, alderdi ttikietakoek eta lotura politiko gabekoek 21.

Idazleak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Xabier GEREÑO

Gehexan LANTZIRI

Joan Mari TORREALDAI

dezakegu, daikegu

diezazkie, deiskioez

dio, deutso

zaie, jake

zaizkie, jakez

zitekeen, eitekean


«Bilinguismo goxoa»

«Bestalde, nahiz eta zenbait diglosiaz mintzatu, Euskal Herria herri bilingue bat dugu», baieztatzen du Haranburu-Altunak («Aurtengo zenbait berri —Ikastolak 1973», Lur, 1973).

Hala ere, bilinguismoaren eta diglosiaren artean ez dago elkar ezintasunik, zeren maila diferenteko kontzeptuak baitira. Lehenbizikoa pertsona bakarraren arloan azaltzen da, eta psikologiaren aztergaia dugu. Diglosia, berriz, sozial orotasunari lotzen zaio, arazo soziologiko bat bezala.

Joshua Fishman-ek, gizarte batetan, bilinguismo eta diglosiaren artean lau erlazio mota egon daitezkeela seinalatzen zuen: 1. Bilinguismodun diglosia. Lagun gehienek bi mintzaira erabiltzen dituzte, baina bakoitza giro eta sail desberdinetan: bata merkatalgoan* eta goi mailako kultura eta teknologia aurreratuaren arloan; bestea, erlijioan, folklorean, teknologia arruntaren* arloan, familian eta hauzoko bizitzan. 2. Bilinguismorik gabeko diglosia. Klase nagusiak ez du herriaren hizkuntzan hitz egiten. Mintzaira beraren bi hizkera erabiltzen dira, eginkizun desberdinekin: literatur hizkera harreman formaletan, landu gabeko hizkera beste kasuetan. 3. Diglosiarik gabeko bilinguismoa (Lewis-en «bilinguismo funtzionala»), Zoritxarrez, ez dugu ezagutzen mota honen exenplu askorik; baina, Euskal Herria bezalako gizarteetan, bilinguismo hau aurrerabide linguistikoaren eredutzat* har dezakegu. Lagun bakoitzak bi hizkuntza menperatuko lituzke, zeregin guztietan: kultur hizkuntza (herri propioaren hizkuntza) eta harreman hizkuntza (beste herriekiko komunikabide hizkuntza). 4. Azkenez, bilinguismorik eta diglosiarik gabeko mintzamoldea, gizarte askotan gertatzen dena.

Adibide hauk* nahiko abstraktuak dira, noski. Gauza zaila da, izan ere, gizarte konkretuetan, bilinguismoaren eta diglosiaren arteko erlazio motak ondo xedaturik* aurkitzea. Maizenik,* mota batzuk nahasirik daude. Bestalde, diglosia ez da egoera estatiko bat, bestelakatzera nahiz normaltzera abiatzen den bilakabide* bat baizik. Elkarrekin bizi diren sistema linguistiko batzuen harremanak deskribatzeko orduan, beharrezkoa dugu, mintzaira eta hizkera guztion egoera sozio-linguistikoa azaltzea, bilinguismoen nolakolasuna (funtzional diglosiko) eta, diglosiarik badago, bilakabidearen norakotasuna argitzea. Hau guztiau kontuan eduki behar dugu.

Bestela, hitzak ideologia bihurtzen dira, eta, haien atzean, errealitatea desagertzen da. «Bilinguismo» edo «bilingue» hitzak, zein bilinguismo klase den eta zein egitura* soziali eusten* zaion gaineratu gabe, kezko gortina lodiak baino ez dira, benetako gatazka* linguistikoak estaltzen eta ezkutatzen* dituztenak. Eta gatazka linguistikoak gatazka sozialak dira, zeren oposatzen diren hizkuntzak ez baitira izaki autonomoak, sozial interesen jazargoaren* sinboloak baizik. Ezpairik gabe, gatazkaren ukoak* sozial talde nagusiari egiten dio mesede, eta zapaldutako klaseentzat anestesiarik arriskutsuena bihur daiteke; aitzitik,* gatazkaren azalpenak bere soluzioa eskatzen du, eta beharrezkoa du erantzun bidezko bat.

Behin esan nuenez, Euskal Herrian bilinguismo hutsaren ideologia ez da soilki nagusiarena. Ideologia horrek iraultzale askoren lengoaia* ere kutsatzen du. Hau ez da harritzekoa. Marxismoa zientzia burgesaren urrats* baliotsuena bezala presentatzen zaigu. Ezin daiteke irten, beraz, hizkera burgesaren unibertsotik. Baina hau beste kontu bat da.

Hala eta guztiz ere, Haranburu-Altunaren esaldiak harritu egin nau. «Euskara goxoa»ren mito hiperreakzionarioaren salatari errukigabeak erantzun liezaioke ondoko galdera honi? Nolakoa da Euskal Herriaren bilinguismoa?

Nik neuk, Bilbo triste honetan, apezpiku famatu baten kasuaren kausaz zenbait egunkari handik publikatutako euskarari buruzko editorial batzuk irakurri eta gero, «diglossiam habemus» pentsatzen irauten dut.

Ganix JUARISTI

daude, dagoz

dezakegu, daikegu

dio, deutso

liezaioke, leiskio

zaigu, jaku

zaio, jako


Fedea eta ekintza

Italia eta dibortzioa

Italiak eman ditu bere bozak,* referendum horretan: % 59,1 dibortzio legearen alde eta % 40,9 kontra. Dibortzioaren alde agertu diren alderdi politikoak hauk* dira: sozialistak, sozial demokratak, komunistak, errepublikanoak eta liberalak. Dibortzio legearen kontra, berriz, besteok: kristau demokratak eta monarkikoak.

Bozketa horren ondorena guztientzat izan da ustegabea, aldeko eta kontrakoentzat berdintsu. Era batera edo bestera, Europako Estatu guztiek onhartzen dute beren legeetan dibortzioa, Espainia eta Irlandak ezik.

Oraingo referendum hau test bat izan da Italiako kristau fededunentzat; baina ez, beharbada, kristau fedearen erroak ukitzen* zituelako, fede horren ikusmolde desberdinak aurrez aurre jarri direlako baizik. Horregatik banatu dira katolikoak berak ere, hierarkia legearen aurka oso osorik edo agertu arren. Dena dela, referendum horrek ez die kalterik egingo, teologoen lanari eta fedea gaurko mundu batera eraman nahi dutenei.

Portugalen apezpiku berriak?

Gobernu aldakuntzak gauza anitz* aldatu nahi ditu Portugalen. Berrikitan* kristau talde «aurrerazale» batek bozetara* eman ditu zenbait eskabide.

Lisboako Elizaren Ikastetxe batean mila bat lagun bildu dira, ondoko proposamenak onhartzeko: «Portugaleko apezpikuek serioki pentsa dezatela beren karguen uztea» (707 boto alde, 232 kontra). «Nuntzioaren erretiratzea, gobernabide zaharrarekin zituen loturengatik, eta, lotura horik* tarteko, kristauen ekintzari sortu zizkion oztopo larriengatik» (550 alde, 203 kontra). «Madermusako apezpikuaren dimisioa», berau baita Portugaleko harmadaren* bikari jenerala (625 alde, 125 kontra). Borborra* hasi denez, ikus dezagun zer datorren ondoko hilabetetan. Dagoeneko,* Konkordatua ere lehenbailehen birrikus dadila eskatu da.

Kristauak eta musulmanak Afrikan

Martxoaren 23an hitzaldi garratz bat eduki zuen Gaddafi koronelak, Bengasin bilduta zegoen Gazteriaren Panafrikar Biltzarrearen aurrean. Europartzat salatzen zuen kristautasuna, eta Islamera dei egiten zien afrikar herriei.

Kristautasunari, ukan* dezakeen afrikartasuna ukatu dio Gaddafik. Berehala jaso* du erantzuna. Gaddafik ez du historia ikasi nonbait. Etiopian ia hogei mende daramatza* kristautasunak. Ipar Afrika, berriz, Islamari mende batzuk lehenagotik hartu zion aurrea kristautasun horrek berorrek. Gaur egun Afrikan 100 milioi lagun dira bataiatuak, eta hauetatik 45 milioi bat katolikoak. Musulmanak 140 milioi dirateke,* iparraldekoak ere barne.

Gaddafiren mintzaldi hau dela eta, Abidjango Yago artxapezpikuak eskutitz bat zabaldu du, Libiatik predikatu nahi den «gerla sainduaren» kontra. «Bai, kristautasuna —dio artxapezpikuak— askotan elkartu da agintari zapaltzaileekin, eta honetaz damutu eta bekatua aitortu beharra du Elizak. Baina beste horrenbeste aitortu beharko dute, elkar hizketaren haseratik,* Afrikako gainerako erlijioek ere». Eta historia gogoratzen du: Almorabideek, «gerla sainduaren» izenean, Ghanako animismoa desegin zuten 11. mendean; 19. mendean, egiptotarrek Hego Sudango jatorrizko kulturak birrindu zituzten, eta Zaireko ekialdean* berdin egin zuten Zanzibarko islamdarrek. «Gogoratu egin beharko ote da, ba* —dio artxapezpikuak—, aipatu* kasu hauetan musulmanek egin duten esklabu beltzen merkatalgoa?»*. Izan ere, 19. mendearen azken aldian, 80.000 esklabu omen ziratekeen* salduak urtero. Bukatzeko, Islamak berak ere kolonialismoari atera dizkion probetxu onak aipatzen ditu eskutitzak. Azalpen horren ondorio bezala, honek dio: «Guztion bekatuak aitzinean* ditugula, musulmanek eta kristauok apal apal agertu beharko genuke Historiaren aurrean».

Zinez,* erlijio eta kulturen arteko afrikar historiaren eztabaida honi interes handiena aurkitzen diogu. Sudango El Nimeiri musulmanak ere erantzun dio Gaddafiri: «Ez dut dei horren probetxu onik ikusten, eta ba dago, gainera, berehalako premia handiagorik: Erlijio arazoan bertan, fedegabeen itzultzea, hain zuzen».

Misiolari Comboniarrak

Comboniarrak Afrikara begira eta Afrikan lan eginez bizi dira. Espainian, baliozko aldizkari bat ematen dute argitara: Mundo Negro. Gaur aipamen aparteko bat irabazi dute, Afrikako herrien eta minorien alde daramaten gerla horretan eman duten fede testigantza* bikainagatik.

Duela zenbait urte, Sudango hegoaldean Jartumgo gobernariek egiten zituzten hilkintzak salatu zituzten, erdi isilpean jazarpena* eta desterru beltza jasateraino.* Gizonki jokatu ziren orduan. Orain, bestelako gobernarien kontra izan dute burruka: Mozambiquen Portugalek ezarria zuen sistemaren kontra, alegia.*

Txapela kendu beharra dago elizgizon hauen aurrean. Hauk* izan dira Gobernuaren salatari gogorrenak eta gainerako eliztarren gidari. Portugaleko altxamenduaren aurretik, Mozambiqueko herriaren nortasuna aitor zezatela eskatzen zieten Elizako hierarkiari eta gainerako misiolariei; klerikalismorik gabe, Mozambiqueko askatasun mugimenduei beren aparteko dinamika eman ziezaietela. Dei honi, gerora, beste zenbait elkartek ere eman zioten baiezkoa: kaputxinoek, montfortianoek, klaretianoek, sakramentinoek, jesuitek;.. Esan dezagun, jokabide horrekin, misiolari comboniarrek egiazko ebanjeliogintza egin dutela.

«Kristauak Sozialismora»

Italiako Civiltà Cattolica aldizkariak (zergatik ez dakigula, Vatikanoaren mintzabide erdi ofiziala den aldizkariak), «Kristauak Sozialismora» deritzan elkarteaz, Bartolomeo Sorge-ren idazlan bat eman du. Santiago de Chilen, Avilan eta Bolonian elkarteak eduki zituen bilkurak* gogoratu ondoan, mugimenduaren tesi nagusiak agertzen ditu idazleak.

Hona tesiok, Sorge-ren ustetan: Izanbehar historiko bezala ematen ditu elkarte horrek Sozialismoa eta Iraultza. Ez du kontzientzi problemarik aurkitzen, eginkizun horietarako, kristauak eta marxistak elkartzean. Eta, azkenik, iraultz eginkizun horretatik birpentsatu behar dira Eliza, Teologia eta Fedea. Sorge-k dioenez, hiru oinharriok (izanbehar historiko hura,* kontzientzi problemarik eza eta teologi metodologia hau, esan nahi da) postulatuak lirateke, alde aurretik benetan frogatu gabeko oinharri teorikoak; eta hortxe legoke, beraz, mugimenduaren* funts* ahula.*

Guk, egia esan, ez dugu uste, hain funtsik gabeko oinharriak direnik; baina ba da hortik, hauzi horretan guk baino zerbait egokiagorik esan dezakeenik.

Joseba INTXAUSTI

dezagun, daigun

dezake, daike

dezatela, daiela

die, deutse

dio, deutso

diogu, deutsagu

dizkio, deutsoz

zezatela, eiela

zien, eutsen

zieten, eutseen

ziezaietela, eioeela

zion, eutson

zioten, eutsoen

zizkion, eutsozan


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Ispiluaren beste aldea

Seme-alabak ikastolara bidaltzen dituzten guraso batzuek, beraiek euskara jakin ez arren, beren haurrei gauzak beti euskaraz esateko eskatzen diete, eten gabe «esan euskaraz» aginduz; bestela ez diete ematen, umeek eskatzen dietena.

Erandion kasu barregarri bat gertatu izan da oraintsu, horrelako guraso batekin. Ama kalera joan eta etxean lau urtetako mutiko bat utzi zuen bakarrik. Erosketak egin ondoren, ama etxera bihurtu eta giltza barruan ahaztua* zuela konturatu zen. Orduan bere semeari honela esan zion: ¡Abreme, Aitortxu! Haurra, ateraino joan eta, zabaldu barik, hauxe erantzun zion: Esan euskaraz!

Amak ez zekien nola esaten zen hura* euskaraz, eta behin eta berriro eskatu zion mutikoari erdaraz, atea zabaltzeko; baina alferrik. Hark beti berdin erantzuten zuen: Horrela ez du balio. Esan euskaraz! Amak, azkenean, bere eginahal guztiak alferrekoak zirela ikusirik, hauzoko adiskide bategana joan behar ukan* zuen, beronek euskaraz «ábreme la puerta» nola esaten den esan ziezaion.

Hain lezio ederraz ikasitakoa ez zaio erraz ahaztuko, nonbait!

diete, deutsee

zaio, jako

ziezaion, eion

zion, eutson


Gurutzegrama (41)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, aukera, era, ereti, parada, ocasión.

ABANTAIL, ventaja.

ABEGI, acogida, accueil.

ADIN, edade.

ADOS, de acuerdo.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu. (Euskara batuan, idazle askok nahiago dute agorril hitza, abuztu baino).

AHALBIDE, posibilidad.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AHAZTU, ahanztu, ahantzi.

AHUL, makal.

AHULDU, makaldu.

AILETSA (ai + lets[a]), ojalá viese con agrado. Jainkoak baletsa, si pluguiera a Dios. (Etsi aditzaren forma).

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AISE, aisa, fácilmente.

AITZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

ALA, o qué?

ALABAINA halabaina, en efecto.

ALAJAINA, halajaina, pardiez, pardi.

ALDARRIKATU, oihukatu.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ANARTEAN, hanartean, bitartean.

ANDANA, talde multzo, cantidad, multitud.

ANGELU, Anglet.

ANITZ, asko.

ANTZ, irudi, iduri. (ANTZA, dirudienez).

APAILATZE, preparar.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARESTION, oxtion, hace poco.

ARETO, sala, salón.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRATSALDEKARI, arratsaldean.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ARRUNTKI, arrunki, comúnmente, corrientemente.

ASKI, nahiko.

ASMATZE, proponer. (Gizonak asma, Jainkoak xeda, el hombre propone y Dios dispone).

ATXIKI, adherido, ligado.

AURKEZTU, presentatu.

AURKIKUNDE, invento, descubrimiento.

AZKARTZE, indartze, sendotze.

AZOKA, feria.

BA, bada, pues.

BALDINTZA, condición.

BALIATU, erabili, utilizado.

BARNA, sakon, profundo.

BARREIATU, sakabanatu, esparcido.

BATASUN, elkarte.

BATZU, batzuk.

BATZUK, batzu, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin.

BEGIKO, simpático.

BEGIRATU, zaindu, jagon.

BEHARREZ, con intención firme, con voluntad decidida.

BELAUNALDI, generación.

BEREBIL, automóvil.

BEREIZKERIA, discriminación.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERTSU, casi idéntico.

BETE, igual.

BIARNOA, el Bearne.

BIHOAKIO, joan bekio.

BILAKA, convertirse, devenir.

BILAKABIDE, proceso.

BILERA, bilkura, reunión.

BILKURA, bilera, reunión.

BORBOR, ruido profundo de ebullición.

BOTEREDUN, agintari.

BOZ, sufragio, voto.

BOZKATZE, votar.

BULEGO, oficina, bureau.

BURURAPEN, clausura, término.

DAGOENEKO (dagoen orduko), para ahora.

DAKIKE, daki nonbait.

DAKIKEZU, dakizu nonbait.

DARAMATZA, daramazki, daroaz.

DAROAGU, daramagu. (Eroan aditzaren forma).

DASTATZE, gustar, degustar, saborear.

DATZA, yace. (Etzan aditzaren forma).

DEBALDETAN, en balde, en vano.

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DIRATEKE, dira nonbait.

DITUZUEA, al dituzue.

DOI, apur. (DOI DOI, precisamente, justamente).

DOHAINIK, doharik, dohan, gratis.

DONTSU, dichoso, virtuoso. (Ironiaz esaten da).

DUKE, du nonbait.

EGIN, ireki.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EGUNDAINOKO, sekulako.

EI, omen.

EKAI, materia. (Lehen ekai = materia prima).

EKAIN, junio.

EKARPREZIO, precio de extracción, precio de producción.

EKARRI, aportado, aportación.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

ELABERRI, novela, roman.

ELIZBARRUTI, diócesis.

EMENDATU, aumentado.

ENPARANTZA, plaza.

ERA, ereti, abagadune, aukera, parada, ocasión.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERAKUTSI, erakutsitako, erakutsiriko.

ERDIESTE, ardieste, lortze. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ERDIETS, lor, alcanzar.

ERDIETSI, ardietsi, lortu. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

EREDU, modelo.

EREMU, solar, terreno.

ERRAN, esan.

ERRENDATU, rendido, agotado.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ERRONKARI, Roncal.

ESATE BATERAKO, adibidez, por ejemplo.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

ESPANTAGARRI, harrigarri.

EUSTE, apoyar.

EZELAKO, inolako.

EZEZIK, no solamente.

EZKUTATZE, izkutatze, ocultar.

EZPATÁ, ezpatea, la espada. (Artikulua adierazteko jartzen da azentua).

FABORATU, favorecido. (Ikus «Axularren Hiztegia»),

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo, esencia.

GAINDI, zehar.

GAITZERDI, mal menor.

GARAGAR, cebada, orge.

GARAU, garaun, bihi, grano.

GATAZKA, conflicto, disputa, debate.

GELTOKI (geldi + toki), estación, gare.

GERTATU, resultado. (GERTA, resultar).

GERTU, prest.

GIBELERAZI, gibelatu, atzeratu.

GISA, era, modu.

GIZARTELARI, sociólogo.

GIZATIAR, humano.

GREBA, huelga.

GOGO UKAN (izan), nahi izan, gura izan.

GOITI, gora.

GUTIESTE, menospreciar, desdeñar.

GUTIZ GEHIENAK, kasik guztiak.

GUZTIZ ERE, batez ere, bereziki.

HAIK. hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HAIN ZUZEN, precisamente.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

HARBEL, pizarra, tablero.

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, hasera, haste, comienzo.

HATZEMAN, aurkitu.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZKUNDE, desarrollo, développement.

HEDATU, zabaldu.

HEGI, ertz.

HEIN, condición, estado, punto, grado, proporción.

HELDU, próximo.

HETSI, hertsi, hitxi.

HEZETASUN, humedad.

HEZLE, educador.

HEZKUNTZA, educación.

HILABETEKO, por mes.

HILDO, surco, sillon.

HONDAR, hondo, fondo.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKITU, conmovido.

HURA, ha.

IA, kasik.

IGORTZE, bidaltze.

IKASTALDIÑO, cursillo.

IKERTZAILE, investigador.

INDUSTRI, industrial.

INKESTA, encuesta.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu, erdutu.

IRRATSAIO (irrati + saio), emisión radiofónica.

IXTITU, reculado. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

IZKUTATU, ezkutatu, ocultado.

JADANIK, ya.

JALGI, atera, irten, urten.

JASATE, soportar, sufrir.

JASO, errezibitu.

JAUSI, erori.

JAZARGO, contradicción.

JAZARPEN, persecución.

JIN, etorri.

JO, reducido. (Bazterreraz gero, kosta joz gero, ez da gobernatzerik. Axular, 145). Ene ustez, joaz, ikusiaz eta abar ez lirateke erabili behar euskara batuan, joz, ikusiz eta abar baizik.

JORAN, afán, ansia, anhelo, deseo vehemente.

KARIA, motivo.

KARRIKA, KURRIDA, manifestación callejera.

KASU, es el caso, por ejemplo.

KAZETALGO, periodismo.

KOKATU, situado.

KONKURRENTZIA, competencia.

KONTA (infinitiboan), kontatzeko, kontutan hartzeko. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 208. horrialdea).

KOPURU, número, suma, cantidad.

KUDEATU, dirigido.

KUKULAKO DONEMILIA, San Millán de la Cogolla.

LAKET, atsegingarri. (Latinezko placet berbatik dator).

LANKETARI, buscador de trabajo.

LARUNBAT, zapatu.

LAUDIO, Arabako Llodio.

LEGETXE (legez + xe), letxe, bezalaxe.

LEHIAKETA, competición.

LEKUKO, testigu.

LENGOAIA, lenguaje.

LIZARRA, Estella.

LITERATURÁ, literaturea, la literatura. (Artikulua adierazteko jartzen da azentua).

LURGIN, geólogo.

LURREREMU, extensión de terreno.

LUZA GABE, antes de mucho tiempo.

MAIZ, sarri.

MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

MENERATZE, menperatze.

MENTS, déficit.

MERKATAL, comercial.

MERKATALGO, comercio.

MIA, mira, araka, azter, iker, iratio, averiguar, examinar, buscar, registrar, indagar.

MUKURU, colmo, tope.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NAHIKO, aski.

ODOLXURGATZAILE, chupasangre.

OHI, ex-.

OHOSTU, lapurtu, ebatsi.

OIHANETXE, oihan (baso) + etxe.

OIN, piso, étage.

OLDE, mugimendu.

OLERKI, poesía.

OMEN, prestigio, renombre.

ORAINOKOAN, orain artekoan.

ORDEZKO, supletorio, subsidiario.

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

ORO, guzti.

OROIKAILU (oroit + gailu), recordatorio.

OSPAKIZUN, celebración.

OSTARTE, rato en que el sol sale por entre las nubes.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OTSAIL, febrero.

PAUE, Pau.

PERIL, peligro. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

PERILOS, peligroso. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

PLANTATU, jarri.

POZARREN, pozik.

SEGURIK, ciertamente.

SENDI, senti, sensible, apreciable.

SERORA, sor, monja.

SINADURA, firma.

SINATU, firmatu.

SORALUZE, Placencia.

TANKERA, estilo.

TENORE, ordu, garai, memento.

TESTIGANTZA, lekukotasun, testimonio.

TIRANDURA, tensión.

TOLOSA, Frantziako Toulouse.

TXABOLATIAR, etxolatiar.

TXIRO, pobre.

UDAL, municipio.

UDATIARREN, udatiarrak.

UGAZABA, nagusi, jabe.

UGAZABERIA, ugazabego.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITZE, tocar. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

UKO, negación.

URGIN, hidrólogo.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTA, cosecha, récolte.

UZTAIL, julio.

XEDATU, determinado, delimitado.

ZALANTZA, vacilación.

ZANKOZA, Sangüesa.

ZENUKEA, al zenuke.

ZERAMAN, eroian, eramaten (eroaten) zuen (eban).

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZINEZ, benetan.

ZIRATEKEEN, ziren nonbait.

ZOZKETA, sorteo.