ANAITASUNA

271. zenb.

1974.eko martxoaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

BEHIN BEHINEKO ZUZENDARIA:

Imanol Berriatua, O.F.M.

ZUZENBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Publizitatea: euskararen balio berria

«Euskarak ez du ezertarako balio». Euskaldunok sarritan entzun dugu honelako esaerarik; eta, zoritxarrez, ezin uka dezakegu, horren esaleak kultura exkaxeko pertsonak izan arren, esaldi horren azpian nolabaiteko egia garratz bat datzanik.* Euskarak, egia da, egun* bizi garen erdal mundu honetan, ez du diruzko baliorik. Egitez gauzak horrela dira; baina, beharbada, gauzak beti horrela izate horretan, euskaldunok erru* apur bat ere ba dugu, gauzak aldatzeko ezer egin ez dugulako.

Dudagabea da, hizkuntza baten balorazioan ofizialtasunak duen indarra eta eragina; baina ba daude, horrez gainera, hizkuntzaren alde joka dezaketen beste indar batzuk* ere: merkatalgoarenak,* esate baterako. Ingelesa eta frantsesa, kasu,* ez dira Espainian hizkuntza ofizial, baina hainbestek ikasten dituzte, eta ez, segur aski,* haien ederraz zoraturik, bizibidean, estudioetan edo lanlekuetan eskatzen dizkietelako baizik. Euskaraz ez da, ordea,* holakorik gertatzen.

Gerraurreko aldizkari abertzaleetan maiz* honelakoak irakur zitezkeen: «Euskalduna, lagun egiozu euskaraz ez da, ordea,* holakorik gertatzen.

Gerraurreko aldizkari abertzaleetan maiz* honelakoak irakur zitezkeen: «Euskalduna, lagun egiozu euskaldunari!», «Eros itzazu euskal produktuak!», e.*a. Noski, esaldiotan azalez herritarren aldeko jokatze nahi bat badago ere, sakonean nolabaiteko arrazismo antzu* bat gordetzen zen, zeren,* gehienetan, beren produktuak erostea nahi zuten saltzaile haik* euskal deituradun* batzuk besterik ez baitziren, Euskal Herriaren alde eta hizkuntzaren alde ezer egiten ez zutenak, gaurko Bilbo Zaharreko dendari askoren gisara.*

Baina zer gertatuko litzateke, eslogan horik* beste modu honetara ezarriz gero? «Euskalduna, erosazu, bere propaganda euskaraz egiten duen produktua!», «Euskalduna, erosazu, izena euskaraz duten dendetan!». Lehengoekiko ezberdintasuna honetan datza:* oraingoek ez dute eskatzen saltzaileengan «euskalduntasun» abstrakturik, euskalduntasun praktiko eta nabari* bat baizik. Baten batek esan lezake, hori presiobide bat dela; agian* bai, baina zer guttiago eska lekieke beren irabazpideak euskaldunengandik ateratzen dituzten merkatariei, beren bezeroen* hizkuntza errespetatzea baino? Bidegabekeria bestea da, orain artekoa.

Eslogan hauei guztiok kasu eginez gero, euskarak berehalaxe hartuko luke merkatalgoan egiazko balio ekonomiko bat. Ofiziala izan ez arren, euskara, guttienez, hizkuntza komertziala bihurtuko litzateke.

Eman dezagun, dendari batek, Euskaltzaindiak oraintsu argitaratu duen izendegiaren arauera,* bere dendaren izena euskaraz eta erdaraz ipintzen duela. Ondoko dendariak erdaraz du bakarrik; baina, euskal jendea besteagana erostera doala ikustean, berak ere ipini beharko duke* bere dendaren izena euskaraz, ez gehiago saltzeagatik, gutiago ez saltzeko baizik. Ondorioa bistan dago: euskara gure kaleetan sarriago agertuko da, eta jende gehiagok, eta ez erromantizismoz, ikasi beharko du; ikastoletara ere ume gehiago joanen dateke,* eta eskola-kolegioetan sartzeko ere eskari gehiago egonen da gurasoen aldetik. Ez dezagun ahantz Kataluniaren kasua. Bertan katalana ez da hizkuntza ofiziala, baina bai, horregatik,* conditio sine qua non hainbat lekutara sartzeko.

Banku batek, merkataletxe batek bere propaganda euskaraz eskaintzen digu, beste batek, ordea, erdaraz. Euskaldun ikusmira batetik, lehenbizikoek kontuan hartzen gaituzte, eta azkenek ez. Ez ote da beraz logikoa, gure haiekiko portaera* antzekoa izatea? Alferrik da, norbaitek euskaltzalea dela esatea. Orain duke* frogatzeko era.* Etxaparek esan bezala, hitzak ari bira,* dugun* egina!

Euskal eta erdal merkatariek, bankuek, publizitatetxeek, irrati eta aldizkariek, eta, azkenean, publiko erosle osoak, guztiok dugu honetan azken hitza. Nahia aski* da. Ekintza hau ezin erraxagoa zaigu: aukera huts bat. Ea 1974. urte hau egiaz mirarien urtea bihurtzen dugun guztion artean.

Xabier KINTANA

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

digu, deusku

dizkiete, deutseez

itzazu, eizuz

lekieke, leitekioe

lezake, leike

zaigu, jaku

zitezkeen, eitekezan


Algortako ikastola berria

Gure Algortako ikastolak, aurrerantz jarraitu guraz,* bere burua laguntzeko modu bat aurkitu du. Gure ikastolak Madrilera jo zuen diru laguntza eske, bai eta baiezko ihardespena ukan ere Hezkuntza* Ministeriotik. Gero, bide beretik, laguntza hori ukatua izan zela jakin erazi ziguten.

Algortan etxe berri bat egin dugu, ditugun 500 haurrak ganorez* begiratzeko* eta hezteko. Ikastola berrirako 16 milioi pezeta gastatu izan dira. 16 milioiok gurasoen poltsikoetatik atera dira. Ikastola kooperatiba modura antolaturik dago. Baina, gurasoen sakrifizioak eta ahalak aski* ez izanez, laguntza eske joan izan gara herriko zenbait euskaltzalerengana. Denen artean eman dutenarekin eta gurasoen izerdiarekin egin ahal ukan dugu geure ikastola berria.

Guraso ez diren laguntzaileei geure esker ona erakusteko, larunbat goiz batez ikastola bisitatzera konbidatu ditugu. Eta gero, ikastola bisitatu ondoren, hamaiketako labur bat ukan dugu, Errioxako ardo paregabeaz ahoa bustirik. Mugimendua ba da: bizi garelako seinale.

E. G.


Iparraldea iparleihotik

Nekazarien haserrea

Ipar Euskal Herrian aspaldiko ohitura da, Nafarroa aldetik ardi «manexak» ekartzea, hemengo ardi saldoen* osatzeko eta berritzeko. Baina, ohitura horrekin ez ados izanez, Paueko prefeturaren esku diren batzu,* ardi horietarik zenbaiten* bahitzen* hasi dira Hazparnen eta Beskoitzen. Nekazari multzo bat agertu da berehala, ardiak bahituak zituztenen alde. Bi egun berantago, Baionako suprefeturan biltzarre bat egin da lege gizonen eta artzain horien artean. Biltzarrea artzainen onetan bururatu* da, ardi bahitzeak geldituko baitira.

Ikusgarri* berri bat

«Aita eta semea laborari» izenburu horrekin, «Guk» kantari taldeak bere kantu ikusgarria agertu du lehenbiziko aldiz Aiherrako herrian. Ikustekoa da zinez.* Ordu bat eta laurden luze, ba dakar irakaspen eta xede.* Ikusgarriaren gaia zera da: nekazarien bizitza eta gogoetak* Ipar Euskal Herrian. Hor erabiltzen dituzte zazpi bat soinu tresna: ritmoko gitarra, gitarra idorra,* akordeoia, tronpeta, kontrabaxua eta mandolina.

Txalo asko ukan* dute entzuleen aldetik. Gure ustez, eginen du lan ikusgarri berri horrek Euskaldunen gogoetan, joan den urtean Zazpiribai izeneko ikusgarriak bezala edo hobeki.

«Enbata» talde politikoa debekatua

Ba dira orain hogei bat egun jakin dugula, frantses gobernuak Enbata izeneko euskaldun politika taldea debekatu duela. Bai eta honek astero ateratzen zuen kazeta. Orain ikusiko, gauzak nola antolatuko diren Ipar Euskal Herriko euskaltzale edo abertzaleen artean.

Merkatarien nekeak

Han hemenka merkatariekin* mintzatuz, bai eta hemengo egunkarietan behatuz,* ipar euskal itsas hegiko* merkatariak haserre direla jakin dugu, Hendaia eta Pausuko* mugan ez direlakotz erraxki pasatzen Bizkaitar eta Gipuzkoarrak, Carrero Blanco zenaren heriotzeaz geroztik.

Barau luze baten ondotik

Frantses gobernuak erabaki laburrak baina motzak* hartu ditu hegoaldetik ihes etorri* Euskaldunentzat. Hauek, iduri* duenez, gutiz* gehienek joan behar dute Ipar Euskal Herri honetarik Frantzia iparraldera. Baina ez dute frantses erabaki hori hola onhartzen; eta orain berrogei bat ba dira, Baionan gose oporketan daudenak. Iparraldeko gazte batzu ere horien alde agertzen dira, han hemenka paperak zabalduz eta biltzarre batzu eginez. Bestalde, ehun eta berrogei eta hamar familiak beren izena agertu dute hemengo egunkarietan, iheslari horien* beren etxean hartzeko prest daudela erranez. Hauzia gogor dago, eta ez dakigu oraino nola bururatuko den.

Izendatze bat

Baionako «merkatalgo* ganbara» deitu batzordean,* bozkak edo hauteskundeak egin dira. Buruzagi izendatua izan da Jakes St Martin jauna. Hau, ba dakite askok, Izarra izeneko edari etxearen zuzendari haundienetarik bat da. Eta bide horretaz asko ezagutzen du Gipuzkoa eta Nafarroa aldea, zeren* Beran baitu etxe horrek lantegi bat. Esperantza dugu, tokiko ekonomiaren alde eginen duela lan.

Doktoregoan titulu bat

Piarres Charritton apez ezagunak doktore titulu ederra erdietsi* du Tolosako Unibertsitatean, hor agertu duen lan mamitsu baten saritan. Lan horren gaia: Giza kulturaren oinharriak. Goresmenak, sariztatu duten honi.

Euskal Unibertsitatea aurten ere

Iragan urtean bezala, Ikas batasunak, Euskaltzaindiaren babespean antolatuko du Donibane Lohitzunen bigarren Euskal Unibertsitatea. Iragan urtean, ehun bat lagunek parte hartu zuten Unibertsitate horretan; eta hain* segur aurten ere beste horrenbeste izanen da agian.* Goresmenak antolatzaileei.

Maskaradak beti

Xuberoan aurten ere egin dituzte maskaradak. Maskaradak Ihauteriko* festa batzu dira, lehenago Xuberoako herri gehienetan ematen zirenak. Oraino ere hor ditugu beti antolatzaile Altzürükü eta Barkoxe.

M. HERRIZAIN


Bizkaiko abesbatzen I. astea

Martxoaren haseran,* Begoñako Ama Birjinaren basilikan, Bizkaiko koroen lehen astea eratu izan da ondoko taldeokin:

Martxoak 4: Galdakaoko koroa, Otxarkoagako musika taldea, Lamiakoko «Beti Lagunak» taldea eta Basauriko koro elkartea.

Martxoak 5: Portugaleteko «Danok Bat» zortzikotea, Orduñako koroa, Laudioko «Santa Luzia» koroa eta Ondarretako koro elkartea.

Martxoak 6: Alontsotegiko «Gure Ametsa» haur eta nagusien koroak, Sestaoko orfeoia eta Portugaleteko «Los Barbis» kantari musikal taldea.

Martxoak 7: Bilboko «Jatorki» koroa, «Deustoarrak», Lekeitioko «Itxas Soinua» eta Bilboko koro elkartea.

Martxoak 8: Zaldibarko koroa, Durangar koroa, Algortako «Biotz Alai» koroa eta Lejoako «San Juan Bautista» koroa.


Euskaldun bat

Istorio honen protagonista, Bizkaiko hiri ttipi batean jaioa dugu. Haren gurasoak, noizko ez dakigun gau ilun batean, maitasunez elkartu zirenean —eta besarkada hartatik gure gizon hori sortu zela ba dakigu segur aski*—, euskaraz ziren elkarrekin mintzo.

Jaio eta gero, lehenik entzun zituen hitzak ere, euskaraz zetozkion bere amaren ahotik bihotzera, ez oraino burura, ez baitzuen oraindik deus* ere ulertzen.

Baina lehenbizi ulertu zituen hitzek —eta hauk* dira, hark bere barrenean gordetzen dituen ederrenak— euskal soinu bigun bat zekarkioten.*

Ez zekien, bada, gure mutil honek, sei urte kunplitu izan zituen artean, beste hizkuntza molderik, euskara baizik.

Sei urtetara heldu zenez geroztik, eskolara joan behar, garai hartan ikastolarik ez zegoen eta. Eskolara, ikas egarriaz beste ezerk ez zeraman* mutilko hura.* Baina hemen dugu miraririk ikusgarriena: eskolari esker —erdaraz ematen baitzen—, bere jatorrizko hizkuntza ahantzi eta galdu egin zuen, bai guttienez haseran* zedukan erraztasun eta etorri* hura.

Gero eta estudio handiagoetan sarturik, beste hizkuntza berri batzuk* —latin, frantses, ingeles eta abar— menperatu zituen. Baina bere amarengana etortzen zen bakoitzean, lotsaturik zetorren beti etxera, anitz* gauza berri jakin arren, bere jatorrizko aditz jokoan hestu eta larri zebilela ikusirik.

Gaur egun, gizaseme horrek ba ditu bere sorbaldan* berrogeitamar urte, gutti gorabehera. Eta zertan ari dela uste duzue? Euskara berriz ikasten edo birpizten.

Ba dakit, istoriotto hau alderdi guztietatik lotsa dariola* aurkituko duzuela. Baina, lotsa handi honetatik nork bere zatiñoa leporatu ondoren, denok galde genezake: Enea ote da erru* guztia? Edo beste era batera: Ez ote du, guztion erruaren gainetik, beste zerbaitek errurik handiena?

Bernardo ARRIZABALAGA

genezake, geinke

zedukan (zeukan), eukan


Neure lantokitik

Txistularien Elkartea

Martxoaren 3an egin zuen Bilbon Euskal Herriko Txistularien Elkarteak urteroko bere bilera nagusia, eta hartaz idatziko dut gaur gehienbat sail honetan.

Txistuaren garrantzia

Euskal kultura eta literaturaren oinharria euskara den bezalaxe, txistua da euskal folklorearen zimendu eta zutabea.* Txistularitza gora doan neurrian, halaxe doa euskal folklorea ere gora eta gora. Dantza taldeek, mendizaleek eta beste hainbat ohitura herritarrek txistuan dute beren laguntzaile berezia. Beraz, oso garrantzi handikoa da txistuaren indartzea, euskal folklore osoa indartu nahi badugu.

Azken bilera

Aipatu dugun bilerara hirurehun txistulari inguru etorri ziren, gure Herriko zoko aldenduenetarik. Migel Anjel Astiz Elkarteko lehendakariak eman zion hasera,* aita Hilario Olazaran eta hil diren beste txistulariei goraipamen bat eginez. Gero Joan Mari Mendizabal ordezkariak urteko egintzen ageria irakurri zuen, eta bertatik jakingarri hauk* jaso ditut, gaur egun Euskal Herrian zenbat txistulari dagoen ikus dezazuen:

Araban 166

Gipuzkoan 550

Nafarroan 291

Bizkaian 845

Ipar Euskal Herrian 47

Munduan zehar 30

Guztitara 1.929

Elkar hizketa

Diruzainak bere kontuak eman ondoren (joan den urtean mentsa* ukan dute), elkar hizketari eman zitzaion hasera. Beronen bizitasuna adierazteko, aski* da esatea, hamaika eta erdietan hasi eta hirurak laurden gutiagotan bururatu* zela. Eztabaidatu ondoren, Elkartearen egituratze* berria onhartu zen. Berriztatze hau Euskaltzaindiarenean onharriturik dago, eta horrela Elkarteak abiada berri eta haundiago bat hartuko du dudarik gabe.

Txistua jotzen ikasteko euskarazko metodo bat eskatu zen, eta Euskaltzaindiari dei egingo zaio, musikarako hiztegi tekniko bat molda dezan, gero metodo egileak hartaz balia daitezen.

«Txistulari» aldizkarian ere euskara gehiago erabiltzeko eskatu zuten txistulariek. Honetaz zera esan behar dugu, Elkarteak aurten eratu duen euskarazko ipuin laburren Kirikiño Sarirako, hiru lan presentatu direla.

Publizitatea

Honek puntu berezi bat merezi du. Guztiok dakigun gauza da, aldizkari bat ezin daitekeela abonamenduetatik bakarrik bizi eta publizitatea beharrezkoa dela. Baina euskal aldizkarientzat publizitatea bilatzea oso zaila da, memento honetan bereziki, gure aldizkarietan agertzen diren etxeei presioa egiten hasi baitzaie, anuntzioak kentzeko gomendatuz.

Hauetariko kasu nabarmen bat, «Caja de Ahorros Municipal de Bilbao» delakoarena da. Txistularien Elkarteari, orain hogeitabost urte sortu zenez geroztik, Kutxa horrek ez dio txakur* txikirik eman. Neu pertsonalki joan izan natzaie zazpi aldiz anuntzio eske, eta ezetza eman didate beti. Gogora dezagun, oraintsu Kutxa horrek «en apoyo de la lengua castellana» 500.000 pezetatako erdal sariketa bat eratu duela. Eta euskal kultura non? Ez da harritzekoa, beraz, txistularien bilera nagusi honetan Kutxa horren kontra agertu zen haserre bizia.

Agurra

Bileraren ondoren, Bilbo Zaharrean bazkari bat eduki zuten, merke merkea (100 pezetatakoa), oso humore onean. Han berotu egin ziren, eta adore bizia agertu zuten, aurten euskal folklore eta kultura osoari indar gehiagorekin eusteko. Segur nago, gazte haiek (han zeudenetarik % 90 gazteak baitziren) ez dutela alferkerian denbora galduko eta bai beren hitza zintzo zintzo beteko.

«Agur Jaunak» kantatzeko geundela, nafar biologo bat hurbildu zitzaidan, txistularia eta euskaldun berria bera, eta Euskaltzaindiari biologi hiztegi tekniko bat eska niezaion erregutu zidan, biologoentzat oso beharrezkoa zela eta.

«Abadiak sakristixan»

Adiskide batek, oso haserre bera, euskal aldizkari baten lehen horrialdean zetorren lan bat erakutsi zidan. Hartan, «Jaungoiko bakuen H trabatsu ori» eta horrelakoak aparte (Axular, Leizarraga, Etxepare gizaixoak!), beste honako hitz hauk agertzen dira: «Abadiak sakristixan. Gizonen artian sartuta eitxen ditxuen anka-sartziak...».

Hori dioenaren eritziz, apezek eliz barnean sarturik egon behar dute. Ahantzi egin zaio nonbait, Kristo bera herririk herri ibili zela, Berri Ona predikatzen eta on egiten. Ez zen Jerusalemeko tenpluan sartuta bizi. Ogien gehitzea, uraren ardo bihurtzea eta gaixoen sendatzea, ez ziren aldare aurreko zeremonia huts bat izan, gizonen arteko problemen konponketa baizik.

Misiolariak ez daude sakristian. Eritegiak* eraikitzean, ikastetxeetan irakastean, gizonen artean daude, eta ez errosarioa errezatzen.

Eta gure artean, gaur eta hemen, Kristoren eta misiolari horien antzera, apezek gizonen artean behar dute bizi, kristau bizitza ez baita otoitz egite soila. «Abadiak sakristixan». Nola esan daiteke horrelakorik, GAUR batez ere, Euskal Herrian?

Arriskugarria da, bai, apezentzat sakristiatik jalgitzea,* Kristorentzat eta Frantzisko Xabierkoarentzat izan zen bezala. Arriskugarria, baina baitezpadakoa.*

Xabier GEREÑO

dezagun, daigun

dezan, daian

dezazuen, daizuen

didate, deuste

geunden, gengozen

dio, deutso

natzaie, natxake

niezaion, neion

zaie, jake

zaio, jako

zidan, eustan

zion, eutson

zitzaidan, jatan

zitzaion, jakon


Gure Munduko Albisteak

Bizkaiko Diputazioak hiru euskal kathedra sortu

Ez, ez da gezurra. Bizkaiko Diputazioak erabaki berri duenez, Bilboko Unibertsitatean hiru kathedra berri jarriko dira euskal kulturari buruz: Euskal Linguistika, Historia eta Zuzenbidezkoak, alegia.

Lehenago ere ba zegoen Bilboko Institutuan, Diputazioak berak jarria, euskarazko kathedra bat, 1936.eko gerraren ondoren kendu zena. Oraingo hau genuke, beraz, aspaldiko 38 urteotan Bizkaiko Diputazioak euskal kulturaren alde ematen duen lehenbiziko pausu trinkoa. Noiz edo noiz ere!

Bonba bat Deustuko Unibertsitatean

Otsailaren 27an, Deustuko Unibertsitatean, gazte batek poltsa bat utzi zien bedelei, gorde ziezaioten. Berauek, ordea,* kuriositatez poltsa hura* irekirik, barruan, paper artean, erlojeri bonba bat aurkitu zuten, goizeko seietan, Unibertsitatean inor ez zegoenean, lehertu behar zuena. Poliziari abisu emanik, beronek lehergailua desmuntatu egin zuen.

Erretoreak, horregatik, Unibertsitatearen ateak hertsi* eta eskolak martxoaren 4erarte atzeratu zituan. Egun honetan, ordea, agian* Puig Antich-en heriotzaren kausaz nahasteen beldurrez, eskolak martxoaren 7rarte atzeratu izan dira berriro.

Unibertsitate berean, eskuindar estudiante ultra batzuek, antza,* hiltzeko mehatxu bana bidali diete Deustuko bost irakasleri, Lucas Verdú eta Adrián Celaya jaunei haien artean.

New Yorken: Picassoren «Gernika»ri pintura gorria bota

Otsailaren azken egunean, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan, Tony Shafraz deritzon artista zoro batek Pablo Picassoren «Gernika» koadroari pintura gorria bota zion gainetik, «hil bitez gezurti guztiak!» hots* eginez.

Zoroa atxilotu* ondoren, museozainek deklaratu dutenetik, egindako kalte guztiak errazki konpondu ahalko dituzte.

Bilboko apezpikuaren homiliaren inguruan

Otsailaren* 24ean Bilboko apezpikua den Añoveros jaunaren homilia bat irakurri zen Bizkaiko eliza gehienetan. Idazki honetan apezpikuak, Estatu batzuetan herri ttikiek jasaten* duten zapalkuntza salatzen zuen, Euskal Herriaren kasuan, bertan esaten zenez, euskarak eta euskal kulturak legeen eta agintarien aldetik eragozpen haundiak dituztelarik. Zenbait elizatan, ordea,* apezak apezpikuaren eritziekin bat etorri ez eta, ez zen gutun* hori irakurri.

Egunkarien erantzunak

Homilia hori dela eta, Bilboko EL CORREO ESPAÑOL-El pueblo vasco-k editorial luze bat ekarri zuen otsailaren 26an, «El Problema Vasco» izenpean. Hartan esaten zenez «...el regimen español actual es esencialmente vasco...», horretarako, Maeztu, Goicoechea, Sangróniz, Bilbao, Castiella, Iturmendi, Lequerica, Careaga, Arístegui, Bengoa eta beste euskal deituradun* edo hemen jaiotako jaun ohoretsuak aipatuz.

Aldizkari berberak dioenez, «...no es cierto que exista restricción alguna sobre el uso de la lengua vasca. Este periódico podría ser redactado en euskera con absoluta libertad —de la primera a la última página—, si las exigencias de los lectores así lo justificasen». Folkloreari dagokionez, berriz, hortxe daude, apezpikuaren artzan* gutunean esaten direnen kontra: Gerediagaren kultur ekintzak, el Instituto Vascongado de Cultura Hispánica, la Gran Enciclopedia Vasca, Akelarre theatro taldea, Amigos del País, Deustuko Unibertsitateko Anthropologi Asteak, Zigor Opera, Larrauri jaunaren Ezpatadantza...

Guk, zerrenda honi, herrietako kontaezinezko euskal jaiak, bertsolari saioak, euskal izenetarako eragozpenik eza, ikastolen aldeko laguntza ofizial ugaria, telebista-irratietako euskal musika, ohitura eta hizkuntz saio ederrak, eta El Correo Español-ek berak euskal kulturari hain oparo* eskaintzen dizkion atalak eta abar luzeak gaineratuko genizkioke froga* handiagotzat.

Donostiako La Voz de España-k, aldiz, beste gauza batzuen artean, hauxe dakar: «En cuanto a los periódicos, LA GACETA DEL NORTE dedica una página periódica titulada «Comarcas de Euskalerria», en la que se tratan temas vascos mediante originales que se publican en vascuence, si bien parece ser que, a causa de que algunos grupos politizan el idioma con el uso de la ortografía (sic) y dado que el euskera es un idioma más hablado que escrito, va a dejar de insertar textos en vascuence». Gu ere horretan gaude, euskarak, oroz* gainetik mintzatzeko hizkuntza bat denez gero (beste guztiak bezalaxe), ez duela egunerokoetan batere laguntz horririk behar ez merezi.

Apezpikua atxilotua bere etxean

Gobernuaren aginduz, Añoveros jaunak, Bilboko apezpikuak, bere bikariarekin* batera, bere etxean egon beharko du, inora joan gabe. Etxean egonerazte hau egiazko arresto domiciliario gisako* bat dugu, komentaristek diotenez, Espainian Errepublika denboretatik hona gertatzen den lehenbizikoa apezpiku baten kontra.

Apezpikuak albisteriei esan dienez, eskutitz asko jaso ditu bere eliztarrengandik, egoera larri honetan adore emanez.

Martxoaren 3an lagun mordo bat bildu zen apezpikuaren etxe ondoan, beronen alde zeudela agertzeko. Haren aurrean Gora Añoveros deihadarka egin eta Agur jaunak kantatu omen zuten. Bortxa Publikoak, jende bilduari megaphonoz handik aldentzeko eskatu ondoren, parte hartu behar zuen, hura bana* zedin.

Gobernuak publikatu berri duen komunikatuan, Añoveros apezpikuaren homilia Espainiaren Nazional Batasunaren kontrako irain* haundi bat dela deklaratzen da.

Vatikanoak zer esanen?

Une honetan Erroman ari omen dira Bilboko apezpikuaren arazo honetaz neurriren bat hartzen. Añoveros jaunak berak ere, Aita Sainduaren eritzia jakin arte, ez dela Bilbotik irtengo esan omen du. Lerrook agertuko direnerako, noski, agian* Vatikanoak bere erabakia jakinerazia duke.*

Puig Antich eta Heinz Chez hilak

Martxoaren 2an, goizeko hamarrak hamar guttiagotan, Salvador Puig Antich, 25 urtetako katalan anarkhista, hil ukan dute Bartzelonan «garrote vil» deritzon zigorraz. Minutu batzuk lehenago, Tarragonan, Heinz Chez poloniarra, 33 urtetakoa bera, modu berean hila zuten.

Biok hiltzera kondenatuak izanak ziren: Puig Antich, tiroketa batetan polizia bat hil zuelako, eta Heinz Chez, berriz, goardia zibil bat eskupetaz hil zuelako.

Esnea: arazo lotsagarri bat

Euskaldun baserritarrek, orain arte behintzat, gogor diraute beren ekintzan. Esnefabrikek, orain hilabete batzuk esne grebak* hasi zirenetik, bi bider altxatu digute kaletarroi esnearen prezioa, eta nekazariei, aldiz, aginduak agindu arren, txakur* ttikirik ere ez. Hau burlatzat hartu behar ez bada, nola hartu behar ote da, bada?

50.000 pezeta inguru balio duen esnebehi batetik egunero goizeko sei eta erdietan eraistera* altxatu eta hilero 600 litro esne eman ondoren, pentsuak pagatu eta gero, irabazitan 2.000 pezeta hartzeko eskubiderik ba ote dago ala*? Zenbat ordaindu beharko liokete baserritarrek, behi horrekiko lanak eginen lizkiekeen morroi bati? Ez segur asko 2.000 pezeta, halajainkoa! Ez gara honetaz, ez horixe, batere harritzen, baserritar askok esnebehiak saltzeaz; ematen dutenerako ere!

Estatuburuak goardia zibil bat barkatzen

Francisco Francok, Espainiako Estatuburuak, goardia zibil bati, Antonio Franco Martin-i, bizia barkatu dio azken mementoan.

Goardia zibil honek bere kapitaina, zerbitzuko lanean ziharduela, bere bulegoan* bertan hil zuen pistola tiroz, eta horregatik hiltzera kondenatua izan zen iragan urtarrilean* Huelvan. Barkamen honen ondoren, ez omen zaio batere penarik gehiago guttituko ondoko indultuetan.

«La Cultura Vasca hoy», Cuadernos para el Diálogo-n

Enrique Bustamante jaunak, ihaz Euskal Herrion egin zuen inkesta* eta berri bilketaren ondoran, Los complementos sailean (44. zenb.) panoramika interesgarri bat dakarkigu gaurko euskal kulturaz, oraingo kinka honetan egoki ala desegoki datorren ez dakiguna.

Euskal hizkuntzak, folkloreak, kantak literaturak eta, hitz batetan, kultura osoak gaur egun topatzen dituen era guztietako eragozpenak aipatzen ditu bertan, datu esanguratsu batzuk dakartzalarik. Alde honetatik objektibo xamar azaltzen da lana.

Hala eta guztiz ere, Ibarrolaren marrazkien* agerpen esklusibotik hasita (ez ote dago gurean, honez gainera, beste artistarik?), nolabaiteko alderdikoikeria bat nabari* dakioke informe honi, ikuspegi erabat* mugatua emanez. Ez dugu uste, kasu,* Portugaleteko ikastola bakar batetan egindako inkesta soiletik, ikastola guztiak burjes haundi eta erdi mailakoen eskuetan daudelako ondorio biribila atera daitekeenik.

Eta koaderno honen azkenean azaltzen den elkarrizketako pertsona batzuen errepresentatzailetasunaz zilegi* bekigu dudatzea. Barka biezagu Natxo de Felipek; baina, «explotación de los cantantes» dela eta, ego martyr horri gehiegizko deritzogu. Idazleok ere zerbait esan beharko genuke horretaz, eta isilik egotea nahiago dugu, dagoenean bon-bon eta ez dagoenean egon delakoagatik besterik ez bada ere, inoren apaltasuna sinestea, hain errax ez denez gero.

Dena dela, aldebatekokeriazko akasño batzuk gorabehera,* eskertzeko lana deritzogu honi zin zinez.*

Are* gehiago Bilboko Herri Irratiaz

Zertxobait entzuna genuen Bilboko Herri Irratiko euskal programmazioaren hobekuntzaz; baina bai zera! Jakin dugunez, Beñat Olaurrek, Getxoko albistariak, bere dimisioa presentatu du irratitik, bere saioetan euskara guti eta informazio hutsa (komentariorik gabe) ematera behartu zutelako, eta eginen zela agindu zioten berrilarien arteko bilera inoiz egin ez delako.

Dakikegunez,* euskal programma gehienak apez batzuen eskuetan daude, darien* sermoi kutsuaz; erdarazkoak erdal eta euskal laiko profesional batzuen ardurapean dauden bitartean. Jadanik behin baino gehiagotan esana dugu: Erdararako erabiltzen den sistema eta ogika bera euskararako ere ez darabilagun artean, saio guztiak borondate oneko adabaki* batzuk besterik ez dira izanen. Problema horren soluzio bakarra diruzkoa da.

Irratirako hizlari on batzuk topatzea ez da batere gaitza; baina bai, segur aski, musu truk! Eta Bizkaiko Elizak erdaldunei ordaintzeko dirua badu, ez dakusagu* zergatik euskararekin bestelako kriterioak erabili behar dituen. Euskal irratsaioak, gainera, publizitate ongi eraman baten bidez ordain litezke, Gipuzkoan gertatzen denez.

Bizkaiko apezpikuak euskararen indartzea Diozesiaren 4. helburutzat ezarri zuen ihazko urrian. Oso hitz ederrak izan ziren haik;* baina orain arte horixe besterik ez, hitz hutsak.

Bizkaiko Poliziburu berria

Oraintsu egin den kargu aldaketaren arauera,* Bizkaiko Poliziburu nagusi berria Enrique de la Hoz Gabiola jauna izanen da.

Beronen aurrekoa, Don José Sáinz González, ETAkoen kontrako ekintzetan hain trebeki saiatua, D.G.S.eko sozial inbestigazioko komisari jenerala izendatu berri dute.

 La Gaceta del Norte-n (74-111-3) deklaratu duenez, ETAkoenganako errespetu bat sentitzen du, barauk oker daudela kontsideratu arren. «ETA ez da oraindik amaitu, eta ene ondorengoari ere zeregin haundi bat gelditzen zaio» —esan zuen Sáinz jaunak. Soluzioa, ordea,* ez da, haren ustez, polizi bidezkoa bakarrik, eta ministerio bakoitzak eta administrazioaren departamentu guztiek zerbait egin beharko lukete beren aldetik arazo honetaz.

Gure hizkuntzari dagokionez, euskara miresgarria dela deklaratu du, zernahi kosta* kontserbatu eta lagundu behar dena; baina berau hizkuntza ofizialtzat ezartzea tontokeria huts bat litzatekeela. Berak ez daki euskaraz, baina ikastea asko gustatuko omen litzaioke. Euskal hiztegi bat, ordea, beti daduka bere mahaian.

Euskal Herria birtute ugaridun herri bat da, Sáinz jaunaren ustez; baina pobretasunetik aberastasunera emandako pausoa, oraindik asimilatu gabea, ordea.

Erabaki jator bat

Gure belarrietara heldu dena egia bada, eta halaxe dirudi, halafede, El Corte Inglés-ek erabaki txalogarri eta gogoangarri* bat hartu berri du Espainiaren nazional batasunaren alde.

Larreategi jauna, Carrero Blancoren heriotzean parte hartu omen zuen plastikolariaren anaia, entrepresa honetan aritzen zen lanean, harreman publikoen sailean; baina gertatuok gertatu ondoren, El Corte Inglés-etik jaurtiki dute, entrepresa horretan kriminal baten familiakorik ezin eduki dezaketelako arrazoia emanez. Dena dela, legea behar bezala eginez, honelako kasuotan zor den diru ordaina eman ei* diote.

Oso bide egokia deritzogu, zin zinez,* El Corte Inglés-ek hartu duen horri, entrepresa batentzat holako pertsonekiko harremana beti desohoragarri gertatzen baita, are* gehiago berauk ETAko separatistetarikoak direnean.

Ba omen daude, hala ere, horregatik, El Corte Inglés-en erabaki ausart* horren kontra jarri diren lagun ultra batzuk, mendekuz* edo protestaz beren erosle txartelak atzera bidali dizkiotenak, erabaki horrekin bertan ez zutela gehiago erosiko esanez. Zer eginen diegu halakoei, ba*? Ez duke horiengatik El Corte Inglés-ek, segur asko, gauza haundirik galduko.

Perugorriari erantzuna

Arrazoia duk, lagun. Hik dioanez, hizkuntza finkatzeak ez diadukak lehentasunik, baina bai, ñabardura* eta zehaztasunak aurrera eramateko, koordinazio beharra behintzat. Literatur aldizkari horri dagokionez, besterik sortu artean, zer deritzok ZABALi? Bide bat izan litekek, ez duk uste?

ARMENDARITZ

(74-3-4)

biezagu, beisku

dakioke, daitekio

daude, dagoz

dezakete, daikee

diadukak, daduka (dauka)

die, deutse

diegu, deutsegu

diete, deutsee

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

dizkiote, deutsoez

gaude, gagoz

genizkioke, geunskioz

liokete, leuskioe

litekek, liteke

litezke, leitekez

lizkieke, leuskioez

zaio, jako

zeuden, egozen

zien, eutsen

ziezaioten, eioen

zion, eutson

zioten, eutsoen


Altzürükü jaunari erantzunez

 Hastapenean* "aditza" zen delako artikulua lehenengoz irakurri nuenean, berehalaxe erantzuteko gogoa etorri zitzaidan; baina gero, beste zeregin batzuekin ibili eta, ahantzi egin nintzen hartaz. Atzo, ordea,* 265. ANAITASUNAko zorioneko artikulu hori berriro ere ikusi eta irakurri nuen, eta, oraingoan behintzat, ez da arraposturik gabe geldituko.

Ez dakit nik zer amorru hartu duten batzuek gipuzkoarron kontra. Ba dirudi, aspaldian Euskal Herriko bizio eta oker guztien biltzaileak garela. Hizkuntzan pobreenak omen gara, izaeraz harroak, eta portaeraz inperialistak gainera. Hauxe dateke,* gutti gorabehera, Charrittonen, Kintanaren eta Altzürükü jaunaren esanetatik atera daitekeen ondorioa.

Ez noa ni akusazio horietan dagokeen* egia ukatzera. Bai, ba dago horietan arrazoin pittin bat. Liturgi Batzordearen* portaera gipuzkoarzalea, adibidez, ez da inola ere barkagarri, bizkaiera eta nafarrera egiten den gipuzkoar alderdietan. Baina, hortik kanpora, ez dakusat* nik zertan garen gu, bizkaitarrak, nafarrak edo ipar euskaldunak baino harroagoak.

Batasun arloan, literatur hizkuntza erdiko euskalkiekin osatu beharra dago, Mitxelenaren ustez; eta Gipuzkoa, zorionez edo zorigaitzez, erdialdean kokatua* dugu. Bere artikuluan dioen esaera batek salatzen digunez, Altzürükü jauna bizkaitarra da. Minduta ote daude, ba,* bizkaitarrak gurekin, batasun hauzi honetan gu garaile irten* garelako?

Ba liteke; baina ez dezatela esan, inperialismoz jokatu dugunik. Euskaltzaindiko aditz batzordean ba daude, gipuzkoarrez gainera, besterik: Aresti, Berriatua, Kintana eta Lino Akesolo bizkaitarrak dira, bai eta Villasante Euskaltzainburua ere. Eta, hauez gainera, ba dira beste euskalkietako euskaltzainak ere hor. Aukeratu dituzten formetan, asko eta asko ez dira gipuzkerazkoak (gara, zara, zarete, litzateke, dugu...). Non dago, beraz, gipuzkoar inperialismo xelebre hori?

Ez nuke nik beste euskaldunen aditz aberatsagorik baztertu ez mespreziatu nahi inola ere; baina, faborez, errespeta diezagutela guri ere geurea. Batasunaren onetan, guztiok jakin behar dugu zerbaitetan amore ematen; eta honetan ez dut uste gipuzkoarrok azkenak izango garenik.

Altzürükük dioen ziat/diat (diat/derauat) delako hauzian, berriz, ez da egia, Gipuzkoan biak bereizten ez dakigula. Nire herrian, Andoainen, eta ingurukoetan behintzat, ez dugu berdin esaten liburu bat irakurri dit nik eta hiri liburu bat eman diat. Ez pentsa, beraz, horretan beste euskaldunak baino guttiago garela.

Egingo* nuke, gainera, aditz batzorde horretan leku guztietako euskaltzainak daudenez gero, honelako gauzak ongi kontutan hartu dituztela, edonolakoak* ez direnez gero. Nik neuk behintzat neure konfidantzazko botoa ematen diet. Eta hik ez, Altzürükü jauna?

Jesus EHIZMENDI

daude, dagoz

dezatela, daiela

diet, deutset

diezagutela, deiskuela

digu, deusku

zitzaidan, jatan


Deustuko gertakariak

Bilbo aipatzen denean, lantegiek, kutsadurak,* alkate andreak eta kultur ezak edo eskasiak osatzen dute aipamena. Baina, kultur eskasiaren barnean, berehala agertzen zaigu, uharte* bat bezala, Deustuko Unibertsitate ospetsua. Bai jende xeheak eta bai apainak ados datoz, haren ohore eta omena* aupatzeko.

Ez da gure asmoa, historian zehar ikertzea zertan datzan omen hau. Laburrago jokatuko dugu. Azkenaldi honetako gertakariak eta zehatzago egun hauetan jazotakoak* argitaratu nahi ditugu.

Denok dakigunez, Unibertsitate hau jesuitena da. Unibertsitate pribatu bat izanik, haren sorreratik mota batetako jendea bakarrik heldu da bertara. Beraz, beti izan da guttiren abantaila.* Orain dela sei urte arte, Bilbon zeuden Fakultateen artean, Deustuko Unibertsitatea benetako hesparru* hertsi* bat zen: hango estudianteentzat, bestetako estudianteen problemak eta istiluak* arrotzak ziren.

Nahiz eta ikasteko prezioak urtetatik urtetara "bizibidearen gorapenaren arauera" igan (ba dirudi, kasu honetan, bizibidearen iganaldia aipatzen denean, prezioen gorapena bakarrik kontutan hartzen dela eta ez alokairuena*), azken urte hauetan erdaraz "masificación" deitzen duguna gertatu zen: halegia,* estudianteak nahiko gehitu ziren, baina haien gizarte jatorria askorik aldatu gabe.

Orain dela bizpahiru urte, Ferrer Pi jauna dugu Unibertsitate honetako Errektore. Lehendik ere ibilia da beste leku batzuetan holako gailurretan,* eta gure artean ba darama urte mordoxka. Beraz, ez da ikasi berria. 1971-1972.eko kurtsua nahiko mugitua izan zen Bilboko unibertsital eremu* osoan. Fakultate guztietan zegoen eskabideren bat, eta berehala estudianteen burruka eremu guztira zabaldu zen. Deustuan, konkretuki, kurtsu honen haseran* prezioen ikaragarrizko gorapena egona zen, eta berehala irakasle batzuen eta programmen desegokitasuna nabaritu* zen. Estudianteek beren nahiak eskari konkretu batzuetan azaldu zituzten. Honen atzetik istilu franko egon zen, baina "goikoek" ez zuten ezertan amore ematen. Aitzitik,* ordaina udan heldu zen: 30 expediente bi Fakultatetan, Philosophian eta Zuzenbidean.

Horra Deustuko Unibertsitatearen bereizgarri* berri bat, samina benetan. Orain arte ba genekien zer gertatzen zen prezioen eta irakaskintzaren arloan. Gainera, urte honetan, eta burrukak Bilboko beste Fakultateetan gero eta latzagoak izanik, ez zen esku beltz beldurgarri hori nabaritu.

Joan den kurtsuan, berriz, unibertsital eremu guztia nahiko geldi eta baketsu egon zelarik, Deustuan, eta esku garbizalearen lanaren ondorioz, ez zen inolako problemarik sortu Zuzendaritzarentzat. Bakarrik, kurtsuan zehar, kanpoko langile burrukekin elkartasunezko egintza batzuk* egin ziren. Bere garai egokiari —udari— itxaron* zaio; eta orduan ez dago expedienterik, baina hamar estudianteri jakin erazten zaie, eskutitz baten bidez, datorren kurtsuan matrikulatzeko debekua. Horren ondoren, "egokiak" bihurtzen diren eztabaidak datoz: "Neurri hauk* ez dira zigorrak, Unibertsitatearen berezko ahalmenak dira...", eta abar.

Lehengo 30 expedienteen kasuan bezala, honetan ere zenbait irakasle eta laguntzailek, izkribu batzuen bidez, beren desakordua hola edo hala agertzen dute, beste Fakultate batetara alde egitearekin eta Theologiako dekanoak bere dimisioarekin, garbizaleen neurriaren aurkako beren jarrera* tinkoa adieraziz. Baina harrigarriena, estudianteen erantzun eza bi kasu hauetan, zeren* eta batzuen burrukak besteen agintzeko lasaitasuna baldintzen baitu eta mugatzen.

Aurtengo kurtsu honetan, berriz, kazeta eta aldizkarietan dakusagunez,* estudianteak higitzen* ari dira Estatu guztian zehar. Gure txokoan ere berdin gertatzen ari da. Denok dakikegu* zerbait, gaingiroki* bederen,* Sarriko eta Lejoako istiluei buruz. Deustuan ere, hauen aldeko geldiune bat egitea erabaki zen otsailaren* hastean. Bitartean barneko problemak eztabaidan ipini ziren. Problema hauk zama astun samarra izanik, estudianteak ohartu egin dira non datzan* gakoa eta zein izan litekeen irtenbide* bakarra. Hau, estudianteentzat behinik behin, Deustuan dauden Fakultateak (Zuzenbide, Philosophia, Informatika eta Turismo) Estatuarenak bihurtzea da. Estudianteen eritziz, modu honetara bakarrik ebatziko* dira diruaren hauzia (gaur egun ordaindu behar den paper berde zama izugarria) eta irakaskintza eskasa (irakasle espezializatuen falta eta ikasketen ofizialtasun eza); eta, horrela, Deustukoak beste estudianteen problematika eta buruhauste berdinen barnean sartuko dira.

Egun hauetako biltzarre orokor* batetan gertatutakoak euskaltzale guztiok poztu behar gaitu. Bilbon gaudenez eta Bilbo oraindik Euskal Herria denez, estudiante bat euskaraz mintzatu zen, bere asmoa adierazteko. Haren xedea* hauxe zen: orduantxe biltzarreak onhartutako bi eskutitz euskaraz eta erdaraz idaztea eta bata Bilboko Unibertsitateko Errektoreari eta bestea Deustuko maila berdineko agintariari bidaltzea. Bapatean* sortu zen eztabaida, eta, han zeuden estudianteentzat batere sakondu eta prestatu gabeko problematika baitzen, bai aldeko eta bai aurkako argudioak* nahiko sentimentalak izan ziren. Arazoa oso interesgarri eta garrantzitsua zela konturaturik, moztu egin zen eztabaida, beste egun batetarako atzeratuz, arazo honi buruz erabaki sakon bat hartzeko asmotan.

Baina, zoritxarrez, kanpokoek parte harturik, hurrengo astean (otsailaren 4etik 10era), ez zen posibilitaterik egon, zintzilika gelditu ziren gaiak berriro erabiltzeko eta sakontzeko. Beraz, biltzarre orokorretan batzeko posibilitate ezarekin, mugimendua geldiro geldiro hiltzera zihoan. Baina begira non "goikoek" su motela pizten duten, behar ainako* egurra emanez. Aipatzen dugun astean, eta 5ean fetxatua (badaezpadan, bigarren trimestreko dirua kobratu eta gero), sasoin hartarako gutun* arraro bat heltzen zaie Deustuko 20 estudianteri. Bera hiketan idatzia, eta ondoko mami honetaz betea: "...ordena akademikoa deuseztatzen* eta besteren* ikasteko eta klasera joateko eskubidea kentzen tematsuki irauten dualako, Unibertsitatera eta haren inguruetara sartzetik debekatzen* haut..., hire portaerak heure itzulketa lasterra posible egin dezan desiratuz...".

Ostiralean,* otsailaren 8an, Unibertsitateko toki askotan agertu zen zigortuen zerrenda. Neurri "garbizale" honen berri, igandean, hamarrean, Bilboko "El Correo Español" kazetan agertu zen. Badaezpadan, eta iturri onetatik apartatu gabe, Deustuko Zuzendaritzaren ohar bat oso osorik argitaratu zuten, inolako komentariorik gabe. Astelehenean, 11n, Madrileko "Pueblo" kazetak ia ohar hau berau baino ez zekarren. Hogei kanporatuek, ohar honetan irain* asko eta froga* gutti ikusirik, eta prentsako legeak babesten duen erantzuteko eskubidea praktikan ezarririk, izkribu baten bidez oharraren baieztapen batzuei ihardetsi* nahi diete. Haien helburua erantzunaren argitaratzea izanik, puntu iraingarrienak ez dira ukitzen eta tankera* bera ere nahiko biguna da. 16an, larunbatez,* agertzen da kanporatuen izkribua, baina berriro ere iturri onetatikako jarraipen batekin; berau, redakzioaren ohar bat bezala agertzen da. Mundu guztiak dakusa,* kazeta honentzat zein den iturri ona eta zein faltsua. Harritzekoa: Errektorearen eta kazetaren oharrak bat dira. Beraz, haien ustez, estudianteengan itsukeria gauza nabaria* da: mutil hauek, nahiz barnean nahiz kanpoan, ez dakusate* errealitatea, den bezala...

Bitartean, Deustuan amaigabeko geldiune bat hasten dute estudianteek. Haien eskari nagusia, kanporatuen itzulketa. Zuzendaritza bortxatzeko, indarrezko neurri honetan parte hartzen dute Zuzenbide, Philosophia, Informatika eta gaueko estudianteek, bai eta Theologiako Fakultateak ere. Denek ez daramate era berean greba,* ez eta egun berean hasi ere. Zuzendaritzagandik estudianteenganako mehatxuak ugaritu direnez, ba dirudi, kurtsu batzuek amore eman dutela. Bestalde, Unibertsitatea hersteko posibilitatea, kanpokoen parte hartzea... beti bezala Zuzendaritzaren eskuan dago, eta etorkizun ilun hau estudianteen buruen gain ezpata bat bezala agertzen da.

Baina jokabide honekin ez dira estudianteak bakarrik amorratu. Makina bat irakaslek ere ba dihardu, lotsagarri eta arbuiagarri* iruditzen zaien gertakari honen kontra.

Ez dakigu zertan amaituko den istilu hau, estudianteek zer lortuko duten beren burruka latz honen bidez, agintariak zer pauso atzera emateko prest dauden... Baina ez zaigu zalantzarik gelditzen, gertakari honek gauza onak ekarriko dituela, hemendik aurrera "goikoek" ez dutela gaur arte bezala hain arinki jokatuko, pausoa eman aurretik pixka bat pentsatuko dutela, oharkabean amil* ez daitezen.

Eta, gaurkoz, hemen bukatzen dugu Deustuko Unibertsitateko gertakarien azalpena.

PERUBI

(1974-2-22)

daude, dagoz

dezan, daian

diete, deutsee

gaude, gagoz

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zeuden, egozen

zihoan, joian


Jose Lasaren azken liburua

 «Ensayos críticos sobre la unificación literaria del vascuence. Las Ikastolas y otros propósitos». Irakurri berria dudan Jose Lasaren liburu honi, kritikatto bat egin nahi nioke. Liburuaren puntu konkretu batzuk ukitu* baino lehen, liburu osoari buruz eta jeneralki hasiko naiz.

Gai garrantzitsuena euskal batasun literarioa duen arren —eta hau da nire harridura izugarria—, hemezortzi-hogei bat esaera latinezko eta beste batzuk kenduz gero, liburua den dena gaztelaniaz dago idatzia. Eginahalak egin eta hala ere, nik ezin konpreni, euskarari buruzko polemikak erdaraz idazteko grina* eta lehia horren arrazoina! Gerta liteke, norbait euskalari jantzia* izatea eta haren mintzabidea euskara ez izatea. Honelako bati euskarari buruzko polemiketan euskaraz idatz eraztea, hura* ezereztatzeko modu zuzengabea izanen litzateke. Baina kritikagai dudan liburuaren egileak —Ataungo semea bera— ondo baino hobeto daki euskaraz idazten eta mintzatzen. Zergatik idatzi du, orduan, liburua, goitik beheraino erdaraz? Zenbat jende ote dago, euskara batuaz kezkatua izanki,* euskara irakurtzen ez dakienik? Oso gutti. Beraz, euskara batuaz kezkaturik dauden gehienek, ba dakite beren hizkuntzan irakurtzen, nahiz ez dakiten idazten. Hau egia bada, eta ba* da, ez du zentzurik, Jose Lasa Apalategik idatzi duen liburua erdaraz idazteak. O tempora, o mores!

Zentzurik ez badu ere, egileak ba duke* arrazoinen bat, liburua erdaraz baitago idatzia. Haren eginbidea* zen, zentzugabekeria hau aldez aurretik zuritzea,* ohi den bezala; baina, egin ez duenez, hona hemen aztertzaileonen* eritziak.

Arrazoin bat zera izan daiteke, egilearen egitura* mentalak askoz ere leunago, arinago eta hobekiago funtzionatzen duela gaztelaniaz, euskaraz baino. Euskaraz ongi, erdaraz hobeki eta erosoago.* Hau, beraz, ez dut uste ezer txarrik izan daitekeenik. Horrela da, eta kitto. Ene ustez, jakina. Baina darabilen gaia darabilenez gero, zergatik ez du bide erraza utzi eta bide zuzena hartu? Hots,* zergatik ez du euskaraz idatzi? Erantzun zuzena jaso arte, errazera jotzen duela pentsatuko dut, eta horretara dagoela ohituen. Eta bide horri, euskararentzat, oso kaltegarri deritzat.

Beste arrazoin bat zera izan daiteke, batasunaren aldekooi bide okerretik goazela sinesteraztea baino gogoanago eduki duela —nahiz ohartu gabe— batasunaren aurkakoak lausengatzea* eta liluratzea.* Azkeneko hau, hein* bikain batean lortu duela pentsa daiteke; lehenbizikoan, aldiz, huts egin duela erabat.* Esana dut, egileak ez zukeela beharbada xede* hau. Esanen dut halaber,* aldeko argudioak* bezain jakingarriak estimatzen ditudala aurkakoak ere; eta, nirekiko behintzat, huts egin du. Euskaltzaindiak proposaturiko batasunaren aldeko burubero* xamarra ote naiz, bada? Ez dut uste. Eta hau frogatzen* saiatuko naiz, liburuko puntu konkretu batzuk jorratuz.

Atenasko literatur produkzioaren kopuru* handiaren eta nolakotasun* hobearen ospe, indar eta eragipenez,* Grezian beste dialektuei hizkera atikoa nagusitu zitzaiela esan ondoren, Jose Lasak honela dio 30. horrialdean: «Pero una cosa es que alguien o algo se imponga por el prestigio, que equivale tanto como a voluntaria aceptación, y otra muy distinta la imposición, por la fuerza, maniobras y otros sucedáneos de la violencia». Esaldi biribil hau egileak lasai xamar idatzi ote duen nago; euskalkien artean ere, beste horrelako zerbait gertatu behar litzatekeela ulertzen baitut. Historian zehar* —beti ez bada ere, gutiz* gehienetan behintzat—, ekonomiari esker, une* bateko bizimaila hobeak sortu ditu, hein* haundi batean, kulturaren ospea eta indarra; eta gero, hein haundi batean hau ere, inguruko kulturak zapaldu ditu, hots, bizimaila exkaxagoko herrien kultura. Baina, interpretazio historiko-materialista hau alde batera utzirik, noan esaldiari beste kako batetik heltzera.

Lehen batean, Lapurdiko euskalkiak ukan* zuen aipaturiko omen* hori. Gero, Sabino Aranaren garaitsuan, Bizkaira pasatu zen. Gaur, ba dirudi, gipuzkera dukegula* euskalkietan nagusiena, produkzioari bagagozkio behintzat. Tamalez,* ordea, hiruretarik batek ere ez du ukan Euskal Herri osoan inposatzeko adina* itzalik. Noiz arte itxaron* behar dugu, beraz, euskalkiren bat inposa dadin? Demagun,* gipuzkera laster inposatuko dela, hots, 50 edo 100 urteren buruan. Eta, bitarteko urteetan, ikastoletako textu liburuak nola idatzi behar dira? Lapurdikoak lapurteraz, Bizkaikoak bizkaieraz, eta abar? Has gintezkea* honela gaurko egoera larrian? Honexegatik iruditzen zait, Euskaltzaindiak eskaini eta gomendatu zituen arauak benetan zirela premiazkoak. Gainera, lumarik ospetsuenak, eta batez ere jorienak,* batuaren alde jarri dira. Gazte jende idazlea, ia* erabat alde. Zer gehiago behar da?

48. horrialdean: «Para mí, un académico de mi lengua ha sido siempre un ser nimbado de gloria y de merecimientos, con derecho a una tranquila silla, a una conversación prolongada y amena, con derecho a viajar y reunirse en ventas típicas, junto a la lumbre, bien financiado por el pueblo, fuera de la batalla de las banderías y de las ideologías, presto siempre a arrojar su luz serena sobre consultas que se le presenten». (Azpimarkak eneak dira). Jose Lasaz beste inork ez duela sinesten, esango nuke, honelako euskaltzain batengan. Gainera, «para mí, un académico de mi lengua «ha sido siempre» esan ordez, «debiera haber sido siempre» esan beharko zukeela uste dut. Noiz izan da Euskal Akademia «bien financiada por el pueblo»? Herriaren dirua zergaz* eta bestez biltzen duten erakundeek* gehixeago lagundu* behar luketela pentsatzen dut. Egia esan, Diputazioak eta hasi zaizkio laguntzen; baina laguntza hori askoz neurri haundiagokoa nahi genuke. Ez dea* triste, herri aberats batek Akademia pobre bat edukitzea? Erakunde pobrerik bada, Euskaltzaindia dugu bat. Begien bistakoa da, bada, euskal akademikoak ez direla izan, egileak azaltzen duen modukoak; eta, aurrerakoan ere, ez diratekeela* inoiz horrelakoak izango pentsatzen dut.

«En algún tiempo, he escrito con H. Volví de nuevo a la antigua manera, la cual (ojo!) no es anti-H, sino simplemente sin H, que no es lo mismo». Honela dio 51. horrialdean. Ez ote da berdin, anti-H izatea eta H-rik erabili nahi ez izatea? Anti-H direnek, H gabe idazten dute; eta besteek ere halaxe idaztea proposatzen dute, H-a hegoaldean sartzea oztopo hutsa baino ez dela eta. Besterik da, non erabili behar den ez jakiteagatik, H gabe idaztea. Baina ez da hau Jose Lasaren kasua, berberak aitortzen baitu, denboraldi batez H-rekin idatzi zuela. Gainera, 52. horrialdean zera dio: «Y por si alguien tiene curiosidad por conocer mi razonamiento en contra del uso personal de la H, se lo expondré seguidamente». Anti-H, bai ala ez? Alferrik da. Bi taldeetarik batean murgildurik egonez gero, zaila da, bien gainetik egotearena egitea. H-ak, ura = el agua eta hura = aquél eta antzeko kasuak bereizteko bakarrik balio duela edo esatea, xinplekeria bat esatea iruditzen zait. Euskaldun askok ahozkatu* egiten dute H-a, adibidez iparraldekoek. Gainera, askoz errazago iruditzen zait, guk, ahozkatzen ez dugun letra bat idaztea, haiek (iparraldekoek), ahozkatzen duten letra hori baztertzea baino. Lehen kasu hau* hizkuntza gehiagotan ere gertatzen da; bigarrena, aldiz,* ez dut uste inongo hizkuntzatan jazotzen* denik.

55. horrialdean: «... hay un intencionado y sistemático abuso de erderismos. También yo estoy en ello. Se leen frases y expresiones como éstas: panorama heterogeneoa». Galdera bat: esaldi hori gaizki baldin badago, zergatik ez du egileak euskara «jatorrean» idatzia eman? Betikoa! Kritika bai, baina beste biderik eman ez. Eta hau jokaera negatiboa dela esan behar. Bere eritzian euskarari dagokiona jarri balu, oso ondo zegokeen, eta beste era bat ikas zezakeen irakurleak. Egin duen bezala egiteari, ordea, jokabide negatiboa deritzat. Eta jokabide hauxe berberau eraman dela esango nuke, Euskaltzaindiak proposatu duen batasunaren kontrakoen artean. Arbuia* bai, eta beste bide zehatzik proposa ez.

Eta azkenik, bukatzeko, latinezko esaera bat egilearentzat, holako esaldiak oso atsegin dituela iruditu baitzait, liburua irakurtzean: «Dura lex, sed lex». Zenbait une larritan, hobe da legea, etengabeko nahasmendu hiltzailea baino. Eta hurrengo liburua ea euskaraz irakurtzen diodan, Ataungo euskara eta Segurakoa antzekoak direnez, hobekiago elkar ulertuko dukegulako* susmoa baitut.

Jon URRUJULEGI

daude, dagoz

diot, deutsat

nioke, neuskio

zait, jat

zaizkio, jakoz

zezekeen, eikean

zitzaien, jaken


Albistearen miztoa

Ene* bada! Iruinean ez dute oraindik eztabaida amaitu Gogoan duzue, noski, hango Udaletxeko* sei-zazpi kontseilarigairen* izendapena (Sindikatuetatik izendatutakoena) oso dudazkoa izan zela, haietako batzuen izendapen gaitasuna ukatu zelako. Izan ere, baztertuak izandako kontseilarigai haiek Hauzitegira jo zuten, eta Hauzitegiak, nolabait egindako hauteskunde* haien kontra, arrazoina eman ere bai Urmeneta jaunari eta. Baina soka muturra luzeagoa da oraindik: Udaletxeak diputatuak aukeratu behar zituen Ahaldundirako.* Baina nolatan inor hauta harako, Udaletxean sartu den kontseilari sail bat Hauzitegiaren epaien kontra sartu baldin bada! Horra, bada, Iruneko Udaletxea eta Nafarroako Diputazioa ezin osaturik. Ikustekoa da Nafarroako zezenketa hau!

***

Eta noan, orain hilabete isildutako berri batekin. Leitzako papertegiak lantegi berria ireki nahi du Allon (Nafarroan). Aurrekoan, Granadako inbertsioak gogoratzen genituen; beste hau Euskal Herrian izanen da. Mila milioikoa omen da inbertsio berria. Baina ez pentsa, «euskal» mandioan* ustelduko den kapitala dugunik hori. Nazioartekotasun handiko dirua du sozietate horrek. Portugalera zabaldu ditu bere egitekoak: lehendik ere lanean ari zen ITPG industriaren bitartez, orain Papeis Revestidos delakoari eskaini dizkio teknikak. 50%arekin lan egingo du portuges lantegi honekin. Papeis Revestidos hau Portugaleko zelulosa- eta papertegirik nagusiena da. Zuhaitz zabalak gerizpe ona.

***

Bankuek ere lanik franko egin dute azken urteetan Espainian. Oraintsu ikusi dugunez, ez da txantxetakoa dirudun hauen emana (edo, hobeki, hartu beharra). Hauek bai dutela mandio* handia! 37 bankuk 10.000 milioitatik gora jaso dute beren bezeroengandik,* joan den urtean. Denek egin dute gora hamabi hilabete haietan. Industri bankuak izan dira, bereziki batezbesteko* irabazietan, portzentaia erlatiboan, gorakadarik handienak eduki dituztenak: Bankisur-ek 107 % gehiago bildu du urte batetik bestera, Bankunion-ek 82%, Bankinter-ek 77%. Dena dela, hain goitik ibili gabe aurrerakada erlatibo bikaina ukan dutenak: Ind. Bilbao (62 %), Ind. Cataluña (64 %), Noroeste (66 %), Occidental (74 %). Bukatzeko, esan dezagun, zeintzuk diren Espainiako bankurik dirudunenak: 1. Banesto, 293.500 milioi pezeta gordetzeko dituela; 2. Hispano, 260.800 milioirekin; 3. Central, 260.100 milioirekin; 4. Bilbao, 219.600 milioirekin; 5. Vizcaya, 168.300 milioirekin; 6. Santander. 155.400 milioirekin; 7. Popular, 110.000 milioirekin. Askoz ere beheragotik datoz ondorengoak: Exterior, Urquijo, Ibérico, Atlántico, Pastor, eta abar. Pentsatu ere egin dut (ahuntza mendi min* izaten omen da), euskal kulturak ere holako bankutto bat behar lukeela.

***

Aginteak bere aulki zabala maite du. Soljenitsyn kanpora bota dute Rusiatik. Ongi egina. Isilik egoten jakin balu, ez zukeen herbesteratu beharrik izango. Montevideon ere ba da zer egin eta zer ikasirik: Bordaberry paregabeak Onetti idazlea harrapatu du. Uruguayko gobernu honek ere ba daki ongi, idazleek isilik noiz egon beharko luketen. Azken bolada* honetan, XIX. mendeko liberal entzutetsu haien ametsak berritu zaizkit barruan. Atzeratu samar ote nabil? Hizpide* irekiak, esanbide zabalduak, ez dira, nonbait, hain erosoak.* Pentsamendua eta hitza delitu bilakatzen* ari ote dira? Belgradon ere Unibertsitateko zortzi irakasle kale gorrian utzi dituzte, politika ofizialaren bide jakinetatik saihestu direlako, «ezker mugimendu berri» bat sortu dutelako. Baina irakasleok ez dira isildu: marxismo jatorraren predikariak, berak omen dira. Horra, ba, dogmaren eztabaida. Libra gaitzazu, ba, Jauna, pentsamendu guztitatik.

***

Aurten betetzen da lehen liburu katalan inprimatuaren mendeurrena.* Bostgarren mendeurrena da, 1474-1974. Mendeurren hau ospatzeko, Batzorde* Eratzaile bat sortu dute Barcelonan. Lehen liburu katalan hura* València-n inprimatu zen. Batzorde hau osatzen dutenak oso ezagunak dira: A. Comas (Universitat de Barcelona), P. Domingo (Institut d'Estudis Catalans), J. Molas (Universitat Autònoma), Barcelonako Kolegio Elkarteetako Lehendakariak (Abokatu, Arkitektu, Doktore eta Lizentziatuen Kolegioetakoak), eta abar. Guztien artean dei bat egin dute liburu katalanaren alde: «Gutako bakoitzak, bere lantokitik, dei bat egiten dizuegu guztioi, oroitaldi esangarri honetan parte har dezazuen. Izan ere, aukera honekin hobekiago ezaguteraz genezake liburu katalana, eta, beronen problemekin batean, bai eta geure liburuaren historia, gaurko arazoak, eta liburuak herri baten kulturgailu* bezala ukan dezakeen egitekoa ere».

Joanes GOIA

dezagun, daigun

dezake, daike

dezazuen, daizuen

dizkio, deutsoz

dizuegu, deutsuegu

gaitzazu, gaizuz

genezake, geinke

zaizkit, jataz


Arabako berriak

Gopegi

Zigoitia eskualdean,* Gorbea mendiaren barrenean aurkitzen den herriska bat duzu Gopegi. Diotenez, oraintsu arte hitz egin da hemen euskaraz. Gaur ez da deusik* ere egiten; baina, hala ere, oraindik oroitzapen hurbil bat bezala, ustekabean galdu berria den zerbait bezala dute euskara Gopegitarrek.

Otsailaren* 2an eta 3an ospatu zituzten herri festak.

2an, gauez, Gasteizko "Lantzale" elkartekoak euskal erromeria bat egiteko asmoz hartaratu ziren. (Elkarte honek dantza eta kama talde bat du, eta kultur talde bat ere; eta ia elkarkide guztiak euskaldun berriak edo bidean doazenak dira).

Euskal folkloreko zenbait dantza ikusi ondoren, kanta saio ttiki bat ere entzun ahal izan genuen talde honetako kantariengandik. Bai dantza eta kantuek eta bai komentarioek ere Arabako euskararen galdu berria eta birpiztu beharra adierazi zuten.

Azkenez, eta euskal herrietan maiz* gertatzen den bezala, Manolo Erratz-en kantu ospetsuarekin, jendea plazara joan zen dantzatzera.

Donagate eguna

Gasteizen ere ospatzen dugu, bai horixe, Donagate* eguna. Aspaldian bazterturik egon ondoren, zorionez, duela sei bat urte, berriz ere kaleratu zaigu ohitura zahar hau; eta, harez gero, urtero ikusi izan ditugu Gasteizko kaleak, anitz* gazte taldek alaituak, Donagate eguna dela eta.

Ez dakit, ohitura honen aintzinatasuna eta jatorria nondik norakoak diren. Mutilena bakarrik ote da? Batek ba daki!

Aurten, Gasteizko neskak behintzat kalera irtetera* ausartu dira, nahiz berak bakarrik nahiz mutilekin batean. Eta neska talde batek desafio bortitza* bota digu mutilei. Oso ongi kantatu zuten. Eta 18 bat mila pezeta eskuratu ere!

Euskaltzaindiaren ordezkaritza

Azken egunotan jakin izan dugunez, eta ez dakigu nola har berri hau, Gasteizko Euskaltzaindiaren Ordezkaritzak* ez du babestu nahi izan, irakasle talde batek proposatu dion euskal ikastaro bat.

Irakasle talde honek E.G.B. mailako irakasleentzat ikastaro bat antolatu zuen otsailaren 4etik apirilaren 10erarte, eta Euskaltzaindiaren Ordezkaritzari babesa eskatu zion. Eta honen erantzuna, 10 egun luze ondoren, ezezkoa izan da. Zer esan? Zer pentsa, Gasteizko egoera ezagutu ondoren?

Algeriarrak Araban

Berriki* irakurri ahal izan dugu hemengo kazeta batetan honako albiste hau: "Gasteizen Espainiaz kanpoko 500 atzerritar bizi dira, Algeriarrak bereziki". Eta, denbora gutti barru, Agurainera* 2.000 Algeriar etorriko direla entzuten da. Agurainen euskal zaletasuna oso motela da, eta zerbait zuzpertzen* hasia da azken aldion. Algeriarren etorrerak ez dizkiguke* gauzak erraz ipiniko.

Gasteizko Maisu Eskolakoak greban

Otsailaren 22an, eskola honetako ikasleek greba* bat hasi zuten. Hiru kurtsuetakoak geldi egon dira bi egunez. Astelehenean, otsailaren 25ean, hirugarrenekoak klaseetara itzuli ziren. Baina beste bietakoek greban dihardute oraindik, martxoaren 2rarte antza.*

Zergatik? Orain dela denbora gutti argitaratutako lege ospetsuagatik. Entzun dugunez, anitz* eskolatan berdin gertatzen da: Bilbon, Donostian, Iruinean, eta beste zenbait eskualdetan.

Aialako Foruaren VI. ehunurteburua

Otsailaren 26an eman zaio hasera* ehunurteburu honen ospatzeari. Zenbait hitzaldi eginen dela entzun dugu.

Gasteizko Maisu Eskolaz gehiago

Otsailaren 26an Gasteizko Magisterio Eskola hertsia* izan da, eta, gehienetan bezala, mugarik gabe, goikoei gogoak eman diezaien arte. Ikasleriak lasai hartu du erabaki hau, hirugarren kurtsukoak izan ezik. Hauk* pixka bat kezkaturik aurkitzen dira, behin 20 egunez huts eginez gero, ikastaro osoa galduko baitute.

JUANJO

diezaien, deioen

digu, deusku

dio, deutso

zaigu, jaku

zaio, jako

zion, eutson


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Komikiak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Irrisolasak

• Lagun batek beste bati:

— Aizak*, Antton! Zer gertatu zaik buruan?

— Zer izanen da, ba*? Politika berriaren ondorio bat.

— Nola izan daiteke hori, ordea*?

— Bai, ba! Ene hauzoa erdianalfabetua duk; eta, dirudienez, aperturismo barik* apurturismoa ulertu eta dzast! makilada batez buruan jo eta ia ia apurtu egin zidaan, apurtu ere.

• Mutxurdin* horietako batek kalean zehar txakur iletsu bat darama. Mutil batek, haren aurrean geldituz, honela diotso:

— Hara, andrea! Non du txakur horrek burua?

— Erraxa duk, mutiko! Tira ezak buztanetik, eta laster jakinen duk non dituen hortzak.

• Maisuak: — Oxygenoa 1779.ean aurkitu zuten.

Pellok: — Eta ordurarte nola konpontzen ziren gizonak, arnasa egiteko, ba?

• Misiolari batek mahometar bati:

— Ali, hiru emazte dituk, eta hori gehiegi duk. Bi behintzat utzi beharko hituzke, ez duk uste?

— Ez aita, ez! Bi ez, hirurak baizik!

• Maisuak: — Haurra, etxeko hizkuntzari zergatik esaten zaio amaren hizkuntza?

Pellok: — Errax erraxa da hori, maisua. Etxean ama beti hizketan ari izaten delako.

ezak, eik

hituzke, heukez

zaik, jak

zaio, jako

zidaan, jeustaan


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (36)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ADABAKI, remiendo, petacho.

ADINA, aina, beste, bezainbat, bezainbeste.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGIANTZATU, opa izan, opatu, deseado, souhaité.

AGURAIN, Salvatierra.

AHALDUNDI, Diputación.

AHOLKU, kontseilu, consejo.

AHOZKATU, pronunciado.

AIHER IZAN, sentir aversión. (Korintioak hain zitzaizkien aiher alferrei, ezen,* ikusten zutenean gizon bat ofiziorik gabe, berehala bizia edekitzen* baitzioten, Axular, 19).

AINAKO, adinako, besteko, bezainbesteko.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AITZINAMENDU, aurreramendu, progreso.

AITZITIK, al contrario.

AIZAK, adi ezak, adi eik.

ALA, o qué?

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal.

AMIL, precipitarse, despeñarse. (AMILDU, precipitado, despeñado).

ANITZ, asko.

ANTZA, dirudienez, al parecer.

ANTZE, destreza.

ANTZU, estéril.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARBUIA, despreciar. (ARBUIATU, despreciado).

ARBUIAGARRI, despreciable.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARGUDIO, argumento.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ARTZAN, pastoral.

ASKI, nahiko.

AUSART, atrevido, osado, valiente.

ATXILOTU, detenido.

AXOLA, ardura.

AZTERTZAILEONEN, del examinador, del crítico. (Artikulua lehen graduan dago. Ikus Altuberen «Observaciones a la Morfología Vasca», 45. horrialdea).

BA, bada, pues.

BA DA, si es. (Gure ustez, BA partikula bereiz idatzi behar litzateke baiezko esaldietan. Honelaxe egiten dugu beti aldizkari honetan).

BAGEZ, gabez.

BAHITU, secuestrado.

BAHITZE, secuestrar, apresar.

BAITEZPADAKO, derrigorrezko, beharrezko.

BALDINBA, ojalá.

BANA, dispersar. (BANATU, dispersado).

BAPATEAN, bat batean, derrepente.

BARIK, gabe; en lugar de, au lieu de.

BASA, basati, salvaje.

BATEZBESTE, banabeste, promedio.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZU, batzuk.

BATZUK, batzu, zenbait. (Batzuek aktibo, batzu pasibo).

BEDEREN, behinik behin, gutienez.

BEGIRATZE, zaintze, jagote.

BEHATU, begiratu.

BEREIZGARRI, característica.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BESTE, inor.

BEZERO, cliente.

BIKARI, vicario.

BILAKATZE, bihurtze.

BIRA, izan bitez (beitez). Izan aditzaren forma.

BOLADA, unada, temporada.

BORTITZ, fuerte.

BULEGO, oficina, bureau.

BURUBERO, exaltado, fanático.

BURURAPEN, azken, akabu, fin, término.

BURURATU, bukatu, amaitu.

BURURATZE, bukatze, amaitze, akabatze.

DAGOKE, dago nonbait.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKUSA, ikusten du.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut.

DAKUSATE, ikusten dute.

DARIE, les mana, les fluye. (Jarion aditzaren forma).

DARIO, le mana, le fluye. (Jarion aditzaren forma).

DATEKE, da nonbait.

DATZA yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, al da?

DEBEKATZE, prohibir (ikus Axular, 182).

DEITURA, apellido.

DEMAGUN, eman dezagun (daigun), supongamos.

DEUS, ezer.

DEUSEZTATZE, ezereztatze, destruir.

DIRATEKE, dira nonbait.

DITUZKE, ditu nonbait.

DIZKIGUKE, dizkigu nonbait.

DONAGATE, Santa Ageda.

DUGUN, eduki dezagun (daigun).

DUKE, du nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

E.A., eta abar, etc.

EBATZI, resuelto.

EDEKITZE, kentze.

EDONOLAKO, nolanahiko.

EGIN, apostar, parier.

EGINBIDE, obligación.

EGITURA, estructura.

EGITURATZE, estrukturatze.

EGUN, gaur.

EGURATS, atmósfera.

EI, omen.

ELKARGO, compañía, sociedad.

ENE BADA, ay de mí!

ERA, ereti, parada, ocasión, oportunidad.

ERABAT, guztiz, osoki, zeharo.

ERABATEKO, completo, total.

ERAGIPEN, influencia.

ERAISTE, ordeñar, traire.

ERAKUNDE, organismo, entidad.

ERDIETS, conseguir, lograr.

EREMU, campo, distrito.

ERITEGI, centro sanitario.

ERORTZE, jauste.

EROSO, cómodo.

ERRU, hoben, kulpa.

ESKUALDE, comarca.

ESKUAR, disponible, al alcance de la mano. Eskuar (eskuarrean), eduki, tener a mano. Hain erremedio handia eta medizina eskuarra den lekuan, en un sitio donde existe un remedio tan eficaz y una medicina que está tan a mano. (Axular, 340).

ETORRI, etorritako; facundia.

EZEN, que.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATZEN SAIA, entseia, berma, denda, tratar de (afanarse en, empeñarse en, intentar, procurar) probar. Beste batzuek —eta beharbada, hobeto— «frogatzera saia» esaten dute, idazle zaharrek egiten zuten bezala. (Nork daki zenbat belar sendagarri eta osasungile egongo diran mendi oetan, bilatzera saiatu bagez, inork oraindik ez dakitzanak? Iztueta. Zahartzeko aitzinean entseiatu nintzen ongi bizitzera. Axular, 126. Hunen (hau) geureganik kentzera, urruntzera eta etxetik ateratzera behar dugu geure indar guztiaz eta antzeaz* entseiatu, permatu.* Axular, 28).

GAILUR, altura, puesto alto.

GAINGIROKI, superficialmente.

GANORE, ganora, kanore, destreza, manera adecuada.

GINTEZKEA, al gintezke?

GISA, modu.

GOGOANGARRI, memorable.

GOGOETA, pensamiento, reflexión.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GOTOR, vigoroso.

GREBA, huelga.

GRINA, propensión.

GURA, nahi, gogo.

GUTIZ GEHIENEK, kasik gehienek.

GUTIZ GEHIENETAN, kasik beti.

GUTUN, misiva, carta.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HAIN SEGUR, muy probablemente.

HAIZU, zilegi, lícito.

HALABER, igualmente, así mismo.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HASERA, haste, hastapen, principio, comienzo.

HASTAPEN, haste, hasera, principio, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, elección.

HEDATU, zabaldu.

HEGI, ertz.

HEIN, grado, proporción, medida.

HERTSI, hetsi, hitxi.

HESPARRU, lugar acotado.

HEZKUNTZA, educación.

HIGITZE, mugitze.

HITS, desvaído, terne, peu coloré.

HITZARMEN, convenio.

HIZPIDE, medio de comunicación verbal.

HOBETZEN SAIA, esforzarse en hacer prosperar. (Beste batzuek «hobetzera saia» esaten dute, idazle zaharrek egiten zuten bezala).

HORIEN, horik, hoik.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREGATIK, horregatio, a pesar de eso.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HOTS EGIN, gritar.

HURA, ha.

IA, kasik,

IDOR, seco.

IDURI DUENEZ, dirudienez.

IHARDESPEN, erantzun.

IHARDETSI, erantzun.

IHAUTERI, carnaval.

IKUSGARRI, espectáculo.

INKESTA, encuesta.

IRAGAZKI, irazki, filtro.

IRAIN, injuria.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

IRTENBIDE, salida, solución.

IRTETE, urtete, ateratze, jalgitze.

ISTILU, conflicto.

ITXARON, iguriki, igurikatu.

IZANKI, izanik.

JADANIK, ya.

JALGI, irten, urten, atera.

JANTZI, aditu.

JARAMON, caso.

JARRERA, postura, actitud.

JASATE, soportar, sufrir.

JAZO, gertatu.

JAZOTZE, gertatze.

JORI, fecundo.

KASU, adibidez, por ejemplo.

KOKATU, situado.

KONTSEILARIGAI, kontseialgai, candidato a concejal.

KOPURU, cantidad, cúmulo. (Kopuru eta mukuru hitzak latinezko cumulus berbatik datoz).

KOSTA (zernahi kosta), cueste lo que cueste.

KULTURGAILU, instrumento de cultura.

KUTSADURA, contaminación.

LAGUNDU, ayudado. (Aditz honek akusatiboa eskatzen du).

LARDERIA, beldur.

LARUNBAT, zapatu.

LAUSENGATZE, lisonjear.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIA, empeño.

LILURATZE, encantar.

LURRUN, vapor.

MAIZ, sarri, sarritan.

MANDIO, bihitegi, garautegi, granero.

MARRAZKI, dibujo, grabado.

MENDEKU, venganza.

MENDEURREN, centenario.

MENTS, déficit. (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia).

MERKATALGO, comercio.

MERKATARI, comerciante.

MIN, nostálgicamente deseoso.

MOTZ, severo, frío, riguroso.

MUTXURDIN, neskazahar, solterona.

NABARI, evidente, notorio, patente; observar, percibir.

NABARITU, advertido, hecho patente.

NOLAKOTASUN, calidad.

NON, ezen, que.

ÑABARDURA, matiz, nuance.

OLDARTZE, reacción, afrontamiento.

OLDE, movimiento.

OMEN, renombre, prestigio.

OPARO, abundantemente.

ORDEA, ostera, aldiz, berriz.

ORDEZKARITZA, delegación.

ORO, guzti.

OROKOR, general.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, febrero (mes de lobos).

PAUSU, Behobia.

PERMATU, bermatu, saiatu, entseiatu, dendatu.

PORTAERÁ, azentuaz, portaerea, el comportamiento.

PUNTU, cuestión, problema. (Pontua da ea zahartuko zarenz, Axular, 121).

SALDO, talde.

SORBALDA, espalda, épaule.

TAMAL, lástima.

TANKERA, estilo.

TXAKUR TXIKI (TTIKI), céntimo.

UDALETXE, Herriko Etxe, casa consistorial.

UHARTE, irla, isla.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, tocado. (Bizitzearen bazterra heriotzeak ukituz gero, Axular, 145).

UNADA, bolada, temporada.

UNE, unada, época, período.

URTARRIL, enero, janvier.

XEDE, intención, designio, propósito.

ZEHAR, gaindi.

ZEKARKIOTEN, ekartzen zioten (eutsoen).

ZENBAITEN, zenbait.

ZERAMAN, eroian, eramaten zuen (eban).

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, contribución, impuesto.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZURITZE, justificar, disculpar.

ZUTABE, pilar, columna.

ZUZPERTZE, reavivar, revitalizar, revivir.


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Beste aldizkarietan ageriak (*)

Egitate horiengatik, jadanik* Elizari aiher* zaizkion asko, ez ote dira lehen baino gehiago Elizatik baztertuko? Arbelbide («Zabal»).

Zergatik ez Lafonen lanen antologia bat prestatu eta argitaratuko? Euskal Herri osoak irabaziko luke, haren izkribu nagusiak bederen* eskuarrean* izanda. Baldinba* proposamendu hau mamituko! Larresoro («Zeruko Argia»).

Zenbat desira agiantzatuko* geniokeen geure herriari! Orain has bagintez beronekiko ditugun esperantzak segidan aipatzen, bururapenik* izanen ote litzateke? «Zabal».

Gure herrian, urte horrek izan zuen hastapena iduriz bururatzen* da: hits* eta ilun, tristerik. «Zabal».

Errepresioa hain basa* da Txilen, non* absurduan dabiltzala iruditzen baitzaie hangoei. «Zabal».

(*) Behin baino gehiagotan, euskara batuaren amorearren eta irakurlearen faboretan, aldatu egiten ditut pixka bat hitz eta esaldiok.


Elektrizitatea garbia ote?

Azken urteotan, elektra industriak aitzinamendu* izugarria ezagutu du. Bai lantegietan eta bai etxeetan, beharrezkoa dugu elektrizitatea. Geure etxeetan dugun energi iturririk erabilkorrena, elektrizitatea da, dudarik gabe. Honela, etxeak elektragailuz betetzen ari gara, eta etxeko tresna guztiak elektrikatuz doaz egunetik egunera.

Elektrikatzeak ba du zenbait ondorio jendearen mentalitatean. Hainbat jenderen artean, etxearen elektrikatzea (tresna guztiena esan nahi dut) gizarteko goi mailaren ezagugarri bezala hartzen da. Bestalde, gaur egungo kutsadurak* sortzen dituen problemez kezkaturik dagoen jende askok, energia garbi baten premia dugula entzutean, elektrizitatearen erabiltzera jotzen du. Baina elektrizitatea garbia ote da? Ez ote du kutsadurarik sortzen? Leku guztietara heltzen den publizitateak, garbia dela diosku; baina, artikulu honetan, publizitate horren atzean gordetzen den errealitatea aztertzera saiatuko* gara.

Elektra industrien plangintza

Ipar Amerikako entrepresek egiten duten bezala, Europako (eta Espainia eta Frantziako) elektra elkargoen* helburua hamarrurte bakoitzean elektrizitate kontsumoa doblatzea da. Helburu hori lortzeko, bi bide hartzen dituzte.

Bata, kontsumatzaileen kopurua* handitzea da. Kopuru hori gehitzeko, aukera bi daude. Batetik, erraz ikus daitekeenez, lurralde gabetuak elektrikatzean, bezero* berriak egiten dira, kontsumatzaile berriak, halegia.* Gainera, jokabide honek lagundu* egiten du elektra elkargoen propaganda, honela gizartearen zerbitzari leial eta desinteresatuak legez* agertzen baitira jendearen aurrean. Gaur egun lurralde gehienak elektrikaturik daude. Baina errazki elektrikatzeko moduan ez daudenak, edo irabazpide handirik emanen ez dutenak, lurralde horik* elektrikatu gabe gelditzen dira, ekonomia baita elektra elkargoen jainkoa (aipa dezagun, adibidez, hainbeste baserriren kasua). Bestetik, jaiotze portzentuaren goratzearekin ere gehitzen da kontsumatzaileen kopurua, nahiz gertakari honen efektuak ez diren geroxeago arte sentitzen. Hala ere, propaganda aldetik, puntu hau oso labankorra da, eta elektra elkargoak ez dira hartaz zuzenki arduratzen, modu indirektu batez axolatu arren.

Beste bidea, kontsumatzaile bakoitzaren kontsumoaren gehitzea da. Eta gehitze honen eragile nagusia publizitatea da. Honela sortu dira, ene eritziz guztiz alferrekoak diren hainbat elektragailu, hala nola, haginak garbitzeko frikagailuak, ogia (bai, ogia!) ebakitzeko elektraganibetak, eta beste. Eta orain arte beste energi iturriez baliatzen ginen kasuetan ere, elektra energiaz balia gaitezen gomendatzen zaigu. Publizitate horren eraginez, geroago eta gehiago dira elektra energiaz berotzen diren sukaldeak, ur- eta etxeberogailuak, orain arte, egur, ikatz, fuel edo gazez funtzionatu duten arren. Puntua* da nola sar eraz geroago eta gehiago elektrizitatea.

Elektra zentralen premia

Plangintza aurrera eramateko, eta aipatu* tresna horien guztion elektra «gosea» asetzeko, elektra zentralak behar dira, Hori dela eta, nonnahi eraiki gura dituzte elektra zentralak.

Dakikegunez,* hiru elektra zentral mota dago: hidroelektrikoak, termikoak eta nuklearrak (izatez, azken hauk erregai berezi bat erabiltzen duten termikoak dira).

Lehenago, hibaietako uren indarra oraino erabili gabe zegoenean, zentral hidroelektrikoak eraikitzen ziren gehienbat. Hauek ez zuten (eta ez dute) kutsadurarik sortzen, eta garai hartan elektrizitatea garbia zela esan zitekeen.

Gaur egun, uraren indarra kasik guztiz probetxaturik dagoenez gero, zentral termikoak eta nuklearrak muntatzen dira gehienik. Eta, azken unada* honetan, elektra elkargoen zuzendariek bultzada gotor* bat eman nahi diote nuklear zentralen eraikitzeari, zientzigizon askoren aholkuei* jaramonik* egin gabe.

Elektra zentralek dakarten kutsadura

Ikus dezagun orain, ea elektra zentral termiko eta nuklearrak, elektrizitatea sortzean, garbiak ote diren.

Elektrizitatea sortzeko, ura lurrundu behar da, gero lurrun* horren energia, turbina baten eta alternatzaile baten bidez, transformatu ahal izateko. Zentral termikoetan erregai batzuk (ikatza, fuela edo besteren bat) erretzean sortzen den beroaz lurruntzen da ura. Erretze horretan zenbait gaz kaltegarri sortzen dira. Eta, sarri, gaz hauk kebideetan gora doaz eta eguratsean* zabaltzen dira. Beraz, elektrizitatearekin batean, kutsadura ere sortzen da. Baina zentral termikoetan sortzen den kutsadurari erraz egin dakioke kontra, gazak, kabideetara bidali baino lehenago iragazki* egoki batzuetatik iragan erazirik; eta, honela, ia kutsadurarik ez dela sortzen esan dezakegu. Hala ere, duda bat dut neure buruan: Ba ote dute zentral termiko guztiek behar den moduko iragazkirik?

Nuklear zentraletan erabiltzen den erregaia, uranioa da. Beroa uranio atomoen apurtzetik dator, eta ez erretze arrunt* batetatik. Atomoen apurtzean, radioaktibitatea sortzen da; eta hemen dago zentral hauen arriskua. Horren kausaz, nuklear zentralak kutsadura radioaktiboaren iturri izugarriak dira, eta, gainera, hondakin radioaktiboak sortzen dituzte parra parra. Egia esan, teknologiak ez ditu oraino problema bi hauk gainditu; eta, horregatik, nuklear zentralak oso arriskugarriak direla aitortu behar dugu. Hala ere, ba dirudi, honelako zentralak nonnahi eraikiko direla (Euskal Herrion, epe labur baten barruan, sei muntatuko omen dira). Ez ote da hau burugabekeria galanta?

Elektrizitatea egiteko alferrik galtzen den energia

Zentral termikoetan, eta ur lurrunaren izate termodinamikoagatik, ikatza edo fuela erretzean sortzen den energiatik, 40 % inguru baino ez da elektrizitate bihurtzen. Gainerakoa galdu egiten da. Elektrizitatea motore bati eragiteko behar dugunean, bero energiaren galtze hori nahitaezkoa da, eta ondo galdutzat eman dezakegu. Baina, elektrizitatea berriro ere beroa lortzeko erabiltzen dugunean (elektra sukaldeetan, ur berogailu elektrikoetan, eta abarretan), alferrik galdu egiten dugu energia pilo bat (gainerako 60 %a, halegia*).

Nuklear zentraletan, uraniotik datorren energiatik, 30 % inguru baino ez da elektrizitate bilakatzen.* Beraz, nuklear zentraletan sortutako elektrizitatea beroa lortzeko erabiltzean, are* energiaren alferrik galtze handiagoa egiten dugu.

Ondorioak

Elektrizitatea gauza askotarako dugu baitezpadakoa,* eta, egia esan behar bada, haren aurkikundeak anitz* aurrerapen ekarri digu. Baina, artikulu honetan ikusi dugunez, haren garbitasunari buruz esan liteke, ardi larruz jantzitako otsoaren gisakoa* dela, eta energiaren erabiltzeari buruz,. parabolako seme galduaren antzekoa dela.

Ni ez nago aitzinamenduaren* kontra, baina bai kontsumismoaren sareetan erortzearen* aurka. Eta areago,* kontsumismo horren antolamenduak gizarte osoaren geroa arrisku bizitan jar baleza. Gainera, ez dut uste, energi iturriak alferrik gastatu behar ditugunik; eta, guti batzuen sakel beteak beteagotzeko, gutiago oraindik.

J. R. ETXEBARRIA


Euskara orokor literario hori nola munta?

Erresuma batzuek hiriburuko hizkera edo eskualde jakin batekoa hartu izan dute oinarritzat, bai idazteko eta bai mintzatzeko ere hura erabiliz.

Gure kasuan horrelako hiribururik ez dugu. Bere hizkuntza besteren gain jar dezakeen eskualderik ere ez. Gainera, horrelako inperialismorik nekez onartuko lukete beste euskaldunek.

Bereizkuntza ere egin beharra dago hizkera batuen artean: badira, alegia, bi motatako hizkera batuak. Batzuk idatzi eta hitz egiteko erabiltzen dira (hala nola frantsesa eta espainola), beste batzuk idazteko soilki (hala nola italiarra, alemana, eta abar).

Guk nahi dugun euskara batua, berez, bigarren klase honetakoa izango litzateke. Euskalki mintzatuen etsai ez den hizkera batua.

Luis VILLASANTE («Gure Herria»)

Literatur hizkerak baditu lehendik ere euskarak. Eta ez bat bakarrik. Lau gutienez: lapurdiera, zuberoarra, gipuzkoarra, bizkaitarra.

Hala da. Eta gertaera hau kontuan eduki behar da. Hizkera batu hauen nortasuna aitortu behar da. Lau gehiegitxo izan, ordea, eta bakoitzak eremu hestu meharrean du bere aginpidea. Hoik batere arbuiatu edo gaitzetsi gabe, hoien gainetik edo hoien aldamenean, euskara batua, guztiona, behar eta nahi dugu. Euskal Herri guztia batasun bat bezala hartuz, denean hizkera idatzi arrunt eta orokor bezala aginpidea izan lezakeena.

Hizkera hau idatzizko zereginetarako izango litzateke, berez eta zuzenean behintzat. Eta eskola bidez ikastekoa. Zehazki mintzatzeko, beste muga hau ere ipini behar da: idatzizko zereginetan eta eskolan toki bat izango litzateke oraindik, lehen aipaturiko euskalki batu edo literario haientzat.

Euskaldunon euskaltasuna zergatik izan ohi da gehienetan hain mehea, axalekoa, erorkorra, eta galtzen erraza? Hizkuntza horretan eskola sakon iraunkorrik egin ez dugulako, geure hizkuntzako maisulanik pixka bat sakonki ikasi ez dugulako.

Gure literaturak, bere tipian, izan du, bai, horrelako maisulanik. Zoritxarrez, ez ditugu ezagutzen. Eta orduan ez balira bezala dira.

Euskaltasunak gugan erro sakonak egin ditzan, mardul bizi dadin, horrelako liburuen adiskide mami izatea bezalakorik ez dago. Erresuma denetan dakite hori. Eta hizkuntzaren klasikoetan eskolatzen dituzte beren ume eta ikasleak.

Luis VILLASANTE («Gure Herria»)

Euskara mintzatua indartzea, hori da lehen. Baina beste hau ere gaineratu beharra dago, ene ustez.

Gaurko terminologia batez baliatuz, nik esango nuke, hizkuntza biziek, gaurko zibilizazioan bizi ahal izateko, azpi egitura edo infra estruktura baten premia edo babesa behar dutela. Bizitzan maizenik gauzak elkarturik egon ohi dira, bata bestearekin loturik. Hizkuntzaren bizia da lehen, baina bizi hori seguratzeak berak beste baliamenduak baliatzea ere galdetzen du.

Nik esan nahi dudan infra estruktura hori, badakizue zein den: idatzizko zereginetan eta irakaskintzan erabilia izateko, hizkera batu, orokor eta berdina edukitzea. Tresna hori eginik ez dugun bitartean, euskara ez da izango gai, ez eskolarako, ez idazlanetarako, eta euskaldun guztien artean lokarri izateko ere ez.

Hizkera idatziaren batasuna eginik edukitzea, hori da, besteak beste, hizkuntza biziak behar duen azpi egitura edo infra estruktura.

Luis VILLASANTE («Gure Herria»)