ANAITASUNA

269. zenb.

1974.eko otsailaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

BEHIN BEHINEKO ZUZENDARIA:

Imanol Berriatua, O.F.M.

ZUZENBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Alkohola: Adiskide ala etsai?

«Alkoholismoa: desarroilorako gaitz» izeneko entsegua* eskaini digu oraintsu E. González Durok. Mendebaldeko* zibilizazio osoa bete betean harrapatzen duen arazo honek, ez gaitu euskaldunok inola ere alde batetara uzten. Euskal Herrian ere ukan* du eta ba du alkoholak adiskide minik:* gure folkloreari gainbegiratu bat ematea aski* da, mendez mende gurean ezagutu duen arrakastaz* jabetzeko.

Historiari bagagozkio, herrialde eta haro guztietan ezagutu du gizonak droga edo gai sorgortzaileren* bat. Ezagutu ezezik,* aldez* edo moldez ontzat eman ukan ditu gizarteko usadio eta legeen barrutian,* hala nola: opio, kifi, Marihuana, peyote, ololuiki, eta abar.

Erlijioaren beraren eta zenbait sorgorkariren arteko harreman eztiak ere ezagunak ditugu: peyoteismoa lekuko.*

Alkohola, kristau mendebaldeko zibilizazioaren droga legepetua dela aitor genezake. Ardoaren kulturaz hitz egiteari bidezko deritzatenak ere ez dira falta. Noeren mozkorretik bidezainen* alkoholimetroetaraino, bide luzea egin dute ardoak eta beronen senideek.

Hurrenekoa baizik ez aipatzearren, joan den mendeko proletalgo zanpatu hark hamaika pena ito zuen alkoholetan. Gaurkoak, kontsumismoan burubelarri murgildurik dagoen honek ere, berdintsu jokatzen duela aitortu behar. Milioika dira, eguneroko edo asteroko ihesleku eta sasi-irtenbidetzat alkohola hautatu dutenak.

Publizitatea jaun eta jabe dabileneko garai honetan, alkohola hegalberritu eta kontsumogai dirdiratsu bihurtu da. Telebista eta aldizkarietako iragarkiei* begirada bat ematea aski da, gure gizarte honek alkoholari zenbaterainoko ahalmenak ezagutzen dizkion ikusteko: gizontasuna, indarra, dotorezia, arrakasta, atseginezko sentsazio ezezagunak, paradisu berriak, zoriontasun betea, zer ez du eskaintzen alkoholak?

Eman, ordea, besterik ematen digu. Estatistikei fede ematekotan, lehen aipaturiko bikaintasun horiekin guztiokin zerikusi handirik ez duen egia ikaragarria agertzen zaigu. Espainiarako milioi eta erdi, eta Frantziarako bi milioi alkoholeztatu izendatzen dizkigute.

Inbestigazioei bagagozkie, gehiegizko edanak bizia laburtzen du, hogei eta hamarren bat gaitz sorterazten edo errazten ditu, sarritan hilgarri den gibeleko zirrosia bezalakoak tartean direla.

Psikiatren hitza sinetsiz gero, haserrekortasuna, apatia, aldarte* aldakuntzak, lokamutsak,* larridurak, suizidio nahiak, seksu ezintasuna, lilurak,* amnesia, adimen galera e.a. gerta daitezke alkoholeztatuen artean.

Zirkulazio ezbeharren zifrak aztertuz gero, berriz, 50 %-tik gora dira, alkoholaren eraginez gertatzen direnak. USAn, esaterako, 25.000 inguru hiltzen dira urtero alkoholaren erruz,* bertako Alkoholismoaren aurkako Institutuak dioenez.

Bestalde, alkoholaren ahalmen kriminogenoa ere nabaria* da. Amark, suediar* espezialistak dionez, alkoholeztatuengan, bestelakoengan baino 4etik 8 biderrerako heinean* ugaltzen da kriminaltasuna.

Eta hau guztiau* gutti bailitzen,* guraso alkoholeztatuek beren semeei uzten dieten heredentzia negargarria: hazkuntz atzerapenak, adimen eskasia, izakera aldabera,* neurosiak, eta abar. Cremieux-Diatkine azterlana ondorio hauetara heldu zen: alkoholeztatuen semeetarik 32,9 % aldaberak, 28,5 % neuropatak, 17,5% maniatiak, 15% atzeratu mentalak. Schachter, Cotte, Nyalander eta beste zenbaiten inbestigazioek ere ez dute berri alaiagorik ematen.

Kopuru* hauek zer pentsatua eman behar ligukete, gure herri honetan urtero irensten den alkohol putzu horren aurrez aurre. Dena den, edanaren eragin hondatzailea garrantzizkoa denik ezin uka, eta, gauzak honela daudeneon, egoerak hobera joko duenik ezin espero.

Alkoholismoa, gaitz ezezik* egiazko gizarte izurri* dela aitortzen dute adituek. Aski ote da, gero, pertsona berezi eta bakarrarengan gaitzaren aurka joatea? Egituratze* sozio-ekonomiko oker baten ondorioa denez gero, benetako soluziobideek gizartearen berregituratzea eskatzen dute. Errazena zera da, alkoholeztatua biziotsutzat hartzea, zigortzea eta baztertzea, gizarte osoak eskuak garbi balitu bezala eta hondamendi honek zerbait sakonagorik eskatuko ez bailigun.

X. MENDIGUREN

daude, dagoz

diete, deutsee

digu, deusku

dizkigute, deuskuez

dizkio, deutsoz

genezake, geinke

ligukete, leuskigue

zaigu, jaku


Nork ematen du gehiago?

Bakeak egin omen ditu bere bideak, sobietar eta amerikarrak bat datozenetik. Eta Vietnamen ere egin zen bakea, azken urtean hil diren ia 60.000 lagunentzat. Bakea ari da bere bidea egiten.

Egun guti barru, Defentsarako (atakerako esan* nahi baita, eta horregatik esaten da aldrebes) 99.000 milioi dolar eskatuko omen zaizkio Ipar Amerikako Kongresuari. Ihaz baino ehuneko hamabost gehiago, alegia.* Estrategia berri baten barnean datorren bake konponketa izanen omen da hori.

Diplomazia guztiak gorabehera,* SALT eta bestelako elkar hizketa bukaezinak tarteko direla ere, lehengoan irauten dugu munduan: homo* homini lupus, hau da, Rusia eta USA elkarrekin ez fida.

Hirien kontrako estrategia

Oso ezaguna da orain artean Ipar Amerikak eraman duen estrategia. Harma beldurgarriak sortu ditu, sortu eta ugaritu. Bere geografia zabalean eta adiskide dituen Estatuetan sakabanatu ditu bere harma atomikoak. Ipar Amerikaren atomik misilak prest daude, adi adi daude, behar litzatekeen unean* Rusiako hiri nagusien bila airatzeko.* Hegada geldiezin batean joanen lirateke Rusiako hirien gain. Atomik harma horiek txahutuko* lituzkete bizitoki handienak. Gizonak eta emakumeak, Rusiako bizilagunak, dira estrategia honen norakoa.

Estrategia hau «hirien kontrako» estrategia deitzen da. Mehatxua* hor dago. Rusiak ba daki, bere semeen gain letorkiokeela kolpea, etsaiaren erasoak* aurrea hartuko balio. Beldur da, beraz.

Indarren kontrako estrategia

Estrategia berri honen izenean eskatzen dira orain ia ehun mila milioi dolar. Aurrerantzean, amerikarren atomik harmen jomugak ez dira izango hiriak, bizitokiak eta gizonak. Estrategia berri honetan, misilen gordelekuak, aireportuak, harmagizonen biltokiak, agintelekuak eta abar izango dira atomik harma haien jomuga.

Amerikarren harma* ziriek ez dute hirietara begiratuko, beste helburu horietara baizik. Estrategia honen asmoa ez litzateke Rusiako gizateria desegitea, daduzkan harma indarrak birrintzea baino.

Amerikarren «hirien kontrako estrategia» zergatik aldatu nahi da, beste «indarren kontrako» honekin? Lehendabizi, harmatan* lortu diren aurrerapenei erantzuteko: izan ere, sobietarrek aspaldixko asmatua baitute, bidean datorren misila desegingo duen misilkontrakoa. Beraz, estrategia zaharreko hiri mehatxatuak ez zeuden hain arriskutan.

Harma berri, gizon zahar

Asmamena bizkortu behar eta, harma berriak datoz orain. Ipar Amerikaren kontinentearteko harma ziriak ongi kausitzen* zuten beren jomuga: ehundaka metro gutiren aldearekin,* kapaz ziren puntu puntuan jotzeko. Hiri bat errazki kausi zitekeen, eztandagailu* asko dituzten kontinentearteko misilekin. «Poseidon» delakoak 2.880 miliatarainoko* bidea egin zezakeen.

Baina hori ez da aski,* eta aurrera jo nahi da orain. Orainokoan* urpeko* bakoitzean posible zen 16 «Poseidon» horietakoak sartzea eta handik botatzea. Hemendik aurrera, urpeko «Trident» bakoitzari 24 misil emango zaizkio: «Perseus» dute izena harma ziri hauek, eta 4.000 miliatarainoko bidea egin dezakete.

Misilen aurrerapen hauekin batean, harma ziri hauen burumuturra berritu nahi da. Misilek atomik harma bat baino gehiago ukan* ohi dute, jakina denez. Atmosferara sartzean irekitzen da burumuturra, eztandagailu bakoitza bere bidetik doala. Bonbardamendu batean, sistema honen bidez eskualde oso bat hartzen da, ez jopuntu bakarra: nolabait esateko, eskualdea deseginez, bertako jopuntuak ere desegiten dira.

MIRV sistemaren barnean pauso bat gehiago eman da: misilaren burumuturreko harmei, bakoitzari, bere jopuntu jakina ezartzen zaio, eta jopuntu horik* txahuturik desegiten da eskualdea. Aitzintxean* aipatutako sistemak* baino 40 aldiz boteretsuagoa da MIRV hau.

Orain MARV sistemara pasatu nahi da, MIRV delakoaren abantailak* galdu gabe. MARV honekin ere, misilaren harma multzoaren ale bakoitzari jopuntu konkretua ematen zaio, bakoitzari dagokion leku lekuan leher dadin. Baina burumuturreko harma multzoa ez da zabaltzen atmosfera ukitzean,* geroago baizik. Honela, harma antimisilek ezin dezakete ezagun garaiz atomik harma hauen azken abiadura. Antimisilak alferrikakoak bilakatzen* dira.

Rusiaren eta Ipar Amerikaren norgehiagoka hau ez da amaitu. Horregatik, SALT elkar hizketak geldi daude. Bai batak eta bai besteak MIRV sistema aurrera atera dute. Eta, estrategia berrien publizitatearekin, Ipar Amerika prest dago, berriz ere harmatan dirua emateko.

Betiko zorabio eta zoramenak izanen ote ditugu lege?

J. ERREKALDE

balio, baleutso

daude, dagoz

dezakete, daikee

lituzkete, leukeez

zaio, jako

zaizkio, jakoz

zeuden, egozen

zezakeen, eikean

zitekeen, eitekean


Gure burkide nafarrak

Bi sozial burrukaren berri eman nahi dugu: bata «Lanaciones de Lesaca»koa, eta Iruineko «Authi»koa bestea.

Ba dira hiru hilabete, Lesakan hazilaren* 12an greba bat sortu zela. Greba gogorra, beraz. la lantegiko guztiek, hots* 1.700 langilek, ez dute lanik egiten.

Orain dela gutti, «Bizkaiko Labe Haundiak», AHV delakoak, erosi zuen lantegi hau. Helburua argi zegoen: AHVk Sagunton jarri behar duen lantegiari konkurrentzia* egin liezaiokeen bakarra, Lesakako lantegia zen; eta, hau erosiz gero, merkatuan bera gelditzen zen nagusi, konkurrentziarik gabe, monopolista gisa.*

Lesakako langileek, denentzako berdin, hilabetean 4.000 pezeta gehiago eskatzen dute. Ez da eskari ikaragarrizkoa. Baina non dago, langile hauek merezi eta behar duten laguntza? Zer egin da haien alde?

Beste greba ospetsua Iruineko «Authi» lantegikoa izan da. Lan egiteko giro hobea eta alokairuen* goratzea eskatu dute langileek; baina zuzendaritzak onhartu ez. Salgaitegiak* mukururaino* beterik omen daude, eta entrepresari ez dio kalte handirik egiten greba labur batek: hortik zuzendaritzaren gogorkeria. Bestalde, automobilen galdea* guttitu egin da aspaldion petrolioaren krisiaz: Alemanian Ford lantegietan lanegun laburragoa jarri da; orobat* BMW eta beste guztietan. Nola joka langileek, salgaitegiak beterik daudenean? Gure ustez, aurten honelako kasu asko ikusiko dugu.

ARATZ

daude, dagoz

dio, deutso

liezaioke, leiskio


Euskara ikasteko laguntza

Urtarrilaren* 14ean irratsaio berri batekin hasi dira Donostiako Herri Irratian. Irratsaio berri honen izena: EUSKARA IKASTEN.

Arratseko 9etan hasi eta 9ak eta laurdenean amaitzen da.

Patxi Altunaren metodoaz euskara ikasten ari direnentzako laguntza bat izan nahi luke EUSKARA IKASTEN izeneko irratsaio honek.

Euskara ikasten ari diren talderik gehienek, 8etatik 10ak arteko saio luzeak egiten dituzte. Horientzako laguntza atsegin bat izan gura luke ordu laurdeneko saio honek; hain zuzen, beren lan luzean atsedenalditto bat ukan dezaten, bitartean ere euskara ikasten dutelarik.

Astelehenetik ostiralera bitartean egiten da Donostiako Herri Irratian EUSKARA IKASTEN saioa, arratseko 9etan hasi eta 9ak eta laurdena bitartean.


Neure lantokitik

Gipuzkoa zifratan

Donostiako Merkatal* Ganbarak argitaratu berri duen «Economía Guipuzcoana 1972» liburuan, hainbat gauza jakingarri agertzen da.

Gipuzkoako bizilagunak 632.000 dira, Donostiakoak 163.000 direlarik. Beste hiri nagusiak hauk* dira: Irun (45.000), Eibar (37.000), Errenteria (35.000), Hernani (24000), Arrasate (22.000), Pasaia (21.000) eta Tolosa (19.000).

Zergatan* Espainiako Haziendak 7.000 milioi jaso du, eta Aduanak 10.000: danetara, 17.000 milioi. Bizilagun bakoitzeko, Haziendak 3.920 pezeta eraman du, eta Aduanak 11.077: guztitara, 15.005 pezeta.

Emigrazioa asko guttitu da: 1965. urtean 6.870 irten* ziren, eta 1971.ean 334 bakarrik.

Heriotze bi

Donibane Lohitzunen Eli Gallastegi jauna hil da, gudu aurreko euskal politikan oso ezaguna.

-Bilbon hil berri da Sabin Makua jauna, ANAITASUNAko Ekonomi Kontseiluko Jose Mari Makuaren aita.

Bion familiei, gure dolumin sentikorrak.

Euskal alfabetatzea Bizkaian

Euskaltzaindiaren gidaritzapean lan egiten duen. Bizkaiko alfabetatze taldeak, 1972. urtean egin duen lanaren laburpen bat zabaldu berri du.

Hiru ikastaro nagusi antolatu izan ditu Bilbon: bat neguan 6 irakasle eta 125 ikaslerekin, eta bi udan, uztailekoa* 75 ikaslerekin, eta agorrilekoa* 70ekin.

Ohiko* ikastaroak hainbat hiri eta herritan egin dira: Bilbon 45 ikaslerekin, Bermeon 26kin, Durango eta inguruetan 200ekin, Ondarroan 35ekin, Gernikan 45ekin, Orozkon 15ekin, Txorierrin 95ekin eta Markinan 20kin.

Diru kontuan oso urri dabiltza. Laguntza gisa* 118.550 pezeta bildu dute, eta ordaindu 118.410. Beraz, ozta* ozta bete dituzte zorrak.

Errealitatea ezagutu behar

Gutariko bakoitzak bere adiskide eta ezagunak ditu, eta hauek ematen diote, inguratzen gaituen giroari, bere berezitasuna. Honek ba du garrantzirik, batez ere ideologia eta zaletasunaren aldetik: uste izaten baitugu, inguratzen gaituen giro partikularra, jenerala edo orokorra dela.

Jeneralizazio hauk arriskugarriak izan ohi dira, programazioak eta plangintzak egiterakoan. Geure giro partikularretik kanpora, beste giroak ere ezagutzea baitezpadakoa* dugu. Horrela lortuko genuke, gure planteamenduak errealitatean finkatuak izatea, eta, beraz, aurrera eramateko orduan zerbait positibo lortzeko posibletasun bat edukitzea.

Filatelia

Espainiak zabaldu du aurtengo seilu berrien zerrenda. Hauk izango dira agertuko direnak:

Apirilak 2. «Ferrocarril Barcelona-Mataró» (seilu bat, 10 milioi ale).

Apirilak 29. «Europa 1974» (2 seilu, 20 eta 10 milioi ale).

Maiatzak 6. «Día Mundial del Sello» (seilu bat, 20 milioi ale).

Maiatzak 28. «Personajes» (3 seilu, 10 eta 15 milioi ale).

Ekainak* 5. «Uniformes militares» (5 seilu, 8 milioi bakoitzeko).

Ekainak 11. «Roma Hispania» (8 seilu, 10 milioi bakoitzeko).

Uztailak* 3. «Fauna» (5 seilu, 7 milioi bakoitzeko).

Uztailak 17. «Uniformes militares» (5 seilu, 8 milioi bakoitzeko).

Irailak 29. «Pintores» (8 seilu, 8 milioi bakoitzeko).

Urriak 9. «UPU» (2 seilu, 10 milioi bakoitzeko).

Urriak 12. «Hispanidad» (4 ale, 8 milioi bakoitzeko).

Hazilak 4. «Navidad» (2 ale, 80 eta 20 milioi).

Hazilak 8. «Flora» (5 seilu, 7 milioi bakoitzeko).

Abenduak 10. «Monasterios (Leyre, Navarra)», 3 seilu 10 milioi bakoitzeko.

Guztitara, 15 emisio edo sail, 55 seilu desberdinekin, 287 pezetako balioaz. Tirada guztiek 581 milioi ale osatzen dute.

Emandako zerrendan ikusten dugunez, aurtengo seilu berrietarik hiruk ba dute Euskal Herriarekin zerikusirik, abenduan Leireko monasterioa gogoraziko digutenek, alegia.* Behin baino gehiagotan pentsatu dut, Euskal Herria gaitzat harturik, katalogo bat moldatu behar genukeela, euskal filatelistek bilduma* bereziak egin ditzaten. Izan ere, munduan zehar hainbat seilu argitaratu dira, Euskal Herria (kirolak, monumentuak, pertsonaiak, eta abar) aipatzen dutenak.

Ikastoletarako textuak

Oinatiko Tomas Elortzaren zuzendaritzapean, talde batek hainbat textu liburu egin ditu, 5 urtetatik 10 urte arteko ikasleentzat. Oso merkeak dira (15, 20 eta 25 pezeta); eta arrakasta* handia lortu dute, milaka saltzen baitira. Haietariko batek, «Ipuinak eta Olerkiak», Durangoko liburu azokan lehen saria irabazi zuen ihaz.

Orainokoan,* «Elurra», «Mimi Katua», «Mikel, Miren eta Xantxangorri»... argitaratu dira. Datorren hilabetean, hauk agertuko dira: «Ardia», «Txertoa», «Dortoka», «Petrolioa», «Behia», «Leize zuloan», «Sorginak, Jentilak, Basajaunak», «Botila baten historia», eta abar.

Eskabideak egiteko, CINSA editorial etxera nahiz Iñaki Beobide-rengana.

Xabier GEREÑO

digute, deuskue

diote, deutsoe

ditzaten, daiezan


Gure Munduko Albisteak

Donagateko kantuak

Urtero bezala, aurten ere otsailaren* 4eko gauean gure herrietatik Donagateko taldeak irten dirá. Toki askotan, berriz, bildutako dirua ikastolen alde eman da. Hori da, noski, aintzinako ohitura zaharrak gaur egungo premietara egokitzen jakitea, bai horixe.

Nafarroan, zerbait usteldurik ote?

Ez dakigu zer gertatzen den Nafarroan; baina ba dirudi, entzunak entzun eta ikusiak ikusi, «Bianako Printzea» saila ez dabilela oso ongi. ZERUKO ARGIAtik Amatiño adixkidea behin baino gehiagotan mintzatu zaigu aspaldi honetan, han nabari* den triumphalismoaz. Urtarrilaren* 24ean, berriz, Diario de Navarran, Premin Ixurkok «Bianako Printzea» saileko Garde jaunaren errepresio hertsia* salatzen du.

Agian,* Shakespearek bere Hamlet-en esan zuenez, something is rotten in the state of Denmark (zerbait dago ustelduta Dinamarkako erresuman); eta, usteltasunari dagokionez, Oihenarte gureak orain hirurehun urtetsu arraina burutik hasten dela kirasten esan zigun.

Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak Euskaltzaindiari laguntza

Ez dugu urtea hain gaizki hasi; eta urtarrila gehienetan «hilbeltza» izan arren, oraingo honek «mirarien urtea» dirudi.

Horra hor non, beragandik irtenik eta inork eskatu gabe, Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak Euskaltzaindiari 50.000 pezetako laguntasun bat ematea erabaki duen. Txalotzekoa benetan. Baten batek esan dezake, beharbada, banku baterako ez dela horrenbeste; baina, tira! zerbaitekin hasten da.

Galdakao: hiru maskaratuk alkatearen moldiztegia erre

Urtarrilaren 21ean, gaueko hamarrak aldean, hiru lagun maskaratuk Galdakaoko* alkatearen moldiztegira sartu, gasolina bota eta sua eman zioten. Garrek egindako kalteak, paper erretan bakarrik, milioi bat pezeta ingurukoak omen dira. Suemaileek elkarren artean euskaraz egiten zuten, lekukoek* deklaratu dutenez.

Bilbo: unibertsital nahasteak

Bilboko Unibertsitatean estudianteen nahasteak ez dira gelditu. Poliziak zenbait lagun atxilotu* ditu, eta karnet ugari kendu.

Egunotan, berriz, Bilboko Brigada Erregional Politiko-Sozialak 14 gazte harrapatu ditu, «Encrucijada» zeritzon zelula komunista trotskysta batetakoak.

Bartzelona: manifestazio bat «Erorien Gurutzea» desiraintzeko

Urtarrilaren 27an, ia* 100.000 pertsona bildu omen ziren Pedralbesko «Erorien Gurutzea»ren aurrean, egun batzuk lehenago bertan bonba batek egin zuen irainaren desagrabioan. Bilera horretarako deia, Gurutzadako eta Dibisio Urdineko burrukalari izandakoek egina zuten astebete lehenago.

Presidentzian Bartzelonako gobernadorea eta Mugimenduko Nagusi Probintziala Tomás Pelayo Ros jauna egon zen, bai eta probintziako beste agintarí batzuk ere. Jaun hauek zenbait lore koroa ezarri zuten, ondoren jendeak, Falange-ko bandera ugariez etorriak, 700 ereinotz* koroa inguru jarriz.

Euskal Herriko Golkoaren partiketa

Frantzia eta Espainiako gobernuen errepresentatzaileek, J. P. Cabouat eta Antonio Poch jaunek, urtarrilaren 29an akordio bat izenpetu dute, Euskal Herriko golkoaren* kostak eta itsaspeko lurraldeen mugak Estatu bien artean anaikorki banatuz, hemendik aurrera elkarren artean nahasterik egon ez dadin. Dirudienez, Euskal Herriko golkoaren azpia oso leku aproposa da, bere barrenean petrolio putzuak edukitzeko.

Akordio honen ondotik jakin erazi denez, gobernu biek aspaldion proposamendu asko ukan* dituzte itsaspeok arakatzeko,* petrolio bila; baina orain arte, mugaketarik ezaz, ez da posible izan baimenik ematea. Akordioaren arauez,* berriz, erdiko partean zulogintza Espainiak eta Frantziak elkarrekin eginen dute.

Pinuen prozesionariak direla eta

Bizkaiko egunkari batetan irakurri dugunez, aurtengo irailean* Basoaren Izurrien* kontrako Zerbitzuak abioneta edo helikoptero batzuk erakarriko ditu pinorriak jaten dituen prozesionarien kontra.

Dirudienez, alderdi oso ttiki eta mugatu batetan eginen omen dute «erakusketatxo» bat, beldar* kaltegarri horik* airetik intsektiltzailez nola hiltzen diren agertzeko.

Gure ustez ez dago horretarako batere eskubiderik, zeren, erakusketa huts bat izanik, Bizkaiko pinuen izurria ez baita ezertan guttituko, eta bai, ordea, intsektiltzaile batzuk kontrolik gabe erabiliz —haizeak edonora bidal baititzake—, ura, landareak, txoriak eta beste animalia batzuk, bai baserrikoak eta bai basokoak, hil, pozoi horik direla eta.

Ekologiaren kontrako atentatu bat besterik ez dateke, hitz guttitan. Hibaiak kutsaturik baditugu, basoa ere kutsatu behar ote digute? Erreketan arrainik utzi ez, eta orain basoetan lorerik, txoririk eta tximeletarik* ikus dezagun ez dute nahi. Laster Euskal Herria, Iparragirreren «eder maite» hura gabe,* basamortu pozoitsu eta kutsatu bat bihurtuko digute. Eta gu isilik!

Frantses gobernuak erakunde autonomistak galerazi ditu

Urtarrilaren 30ean, Frantziako Errepublikako gobernuak eman duen erabaki batez, legetik kanpo gelditu dira Enbata, Bretainiaren Askatasunerako Frontea (F.B.L.) eta Kortsikaren Askatasunerako Herri Frontea (Fronte Paisanu Corsu di Liberazione: F.P.C.L.). Azken biok, aurreko zenbakian esan genuenez, beren helburuetarako ekintza gogorren bidetik abiatzen hasiak ziren. Aspaldiko egunetan plastikolari kortso eta bretoien ekitaldiak inoizko gogorrenak izan dira; eta azken hauek, Nantes-en, Infanteriako 33. erregimentuaren koartelean indar haundiko bonba bat ezarri dute, kalte ugari eginez. Poliziak, berriz, 20 bretoi eta kortso bi eraman ditu preso Parisera, bertan jujatuak izateko.

 Enbatari dagokionez, erakunde* sozialista moderatu hau ez zen plastikatze lanetan aritzen; baina, frantses gobernuaren eritziz, ETAkoekin bat harturik zegoen, haien propagandagile erdiofiziala izanki.

Frantses aldizkariek, oro* har, gehiegizkoa eritzi diote gobernuaren neurri honi, Enbataz den* bezainbatean guztiz* gain. Prentsak deklaratzen duenez, erabaki horrekin agintariek, Frantzian ere de facto autonomistekin problema bat dagoela aitortu dute, eta berau orain europar mailan planteatzen dela.

Euskal arazoari doakionez, Daniel Doustin-ek, Akitaniako prefektuak esan duenez, ETAko iheseginen ekintzek Frantzia-Espainia arteko harremanak gaizkoatzen* dihardute, harremanok leundu behar diren mementuon. Bestalde, jaun berberonek, «euskaldunak Frantzian ondo eta zoriontsu bizi direla» deklaratu du, «inolako separatismorik nahi ukan gabe».

Baionako grebalekuan, berriz, bi diputatu flamenko eta euskaldun batzuk egon dira protestaz; eta, poliziak handik egoztean,* kaleetan zenbait manifestazio eta burruka nahasi* egon dira. Lagun batzuk komisaldegira eramanak izan dira, eta diputatu flamenkoak, aldiz, Belgikara bidaliak.

Belgikan, berriz, zortzi estudiante flamenkok beren burua kateaz lotu dute Anvers-ko* frantses kontsuletxean, Frantziak euskaldunekiko duen portaeraren kontra. Polizia etorririk, 8 gazteok, kateak zerratu eta, komisaldegira eraman ziren.

Israeldarrak atzerantz

Dakusagunez, Kissinger amerikar idazkaria* bitarteko ona izan da arabiar-juduen arteko hauzian. Urtarrilaren 18an, Egypton, Al Kairotik Suez-erako kaminoaren 101. kilometroan akordio bat izenpetu zen Egypto eta Israelgo ordezkarien aldetik.

Erabaki horren bidez, juduek beren tropak kanaletik 30 kilometrotara atzeratu dituzte, egyptoarrak lehen 10 kilometroetara pasatu dira, eta bitarteko beste 10 kilometroetan Nazio Batuen tropen begipean gelditu. Egyptok, bere aldetik, Sam misilak gutitu eginen ditu kanalaren ekialdeko* bazterrean. Akordio hau, juduek arabiarrei bortxaz harturiko lurralde guztien itzultzearen hasiera* besterik ez da. Ageri da, behingoz, arrazoia egia dutenen alde doala oraingoan. Ez, ordea, aurretik hortzak erakutsi gabe.

Suezko kanala garbitu, sakondu eta nabigaziorako prest uzteko obrak laster hasiko omen dira.

Tunez + Libya = Arabiar Errepublika Islamikoa

Libya eta Tunezko* Estatuak bat izanen dira hemendik aurrera. Horrela erabaki berri dute Habib Burgiba tuneztar presidenteak eta Muammar el-Gaddafi koronel libyarrak. Dudak sortzen dira, ordea, arabiar Estatu Batasun haundirako lehen pauso honen iraunkortasunaz. Dakikegunez,* ihaz Gaddafik antzeko elkarte bat eratu nahi ukan zuen Egyptorekin; baina el-Sadatek ez zuen onhartu, libyar koronelaren eritzi hertsitasuna kontuan harturik. Zori* hoberik edukiko al du oraingoak!

Donostiako poliziak hiru lagun ETAko atxilotu* ditu

Donostiako poliziak ETAko hiru mutil atxilotu ditu egunotan: Ignazio Maria Garmendia Otamendi, Donostiako semea, 18 urtetakoa, urtarrilaren 18an Salvador Puig Antich anarkhista katalanaren aldeko manifestazio batetan harrapatua, COUko ikaslea; Jose Ramón Arrieta Arrieta, 20 urtetakoa, donostiarra, EUTGko estudiantea, Errenteria-Herrera alderdiko politikarduraduna, eta Frantzisko Xabier Satrustegi Galdona, 26 urtetakoa, Donostiakoa, bidaiantea,* eta antza denez, aurreko mutilen «giltza».

Taldeko beste bat, Justo Elizaran Sarasola, Frantziara ihes egina izan zen abenduan, Carrero Blanco jaunaren hilketaren ondoan. Hirurok agintarien eskuetan utziak izan dira.

Frantzian arrazismoa gora omen doa

Aldizkarien estatistikek darakuskigutenez,* Frantzian eskuineko mugimendu arrazistak goraka doaz, beren kolpeak, gehienik, langile beltz eta arabiarren kontra zuzenduz. Mugimendu horietako batek, Charles Martel deritzonak, Marseillan bonba bat ezarri zuen Algeriako kontsuletxean, hil batzuk eginez.

Liburu berriak

 Apellidos Vascos (3. edizioa), Luis Michelena, TXERTOAn.

 Estudios Vascos, Julio Caro Baroja, TXERTOAn.

LUR editorialaren deia

Abonatuei bidali dien horri batetan, LUR editorialak une txar bat jasaten duela dio, zenbait libururekin ukan* duen baimenik ezagatik. Hori dela eta, harpidedunei jadanik argitaraturiko liburuak eskaintzen dizkie prezio merkeago batez. Abonatu ez direnek abonatuen bidez egin litzakete beren eskariak.

ARMENDARITZ

(74-II-4)

ditzake, daikez

digute, deuskue

diote, deutsoe

die, deutse

dezake, daike

dezagun, daigun

dizkie, deutsez

litzakete, leikeez

zaigu, jaku

zigun, euskun

zioten, eutsoen


Euskal Theatro Berriaren bila (2)

NHI-ren «H» elementua

Guk nahi dugun theatroa herrikoia izanen da, herriaren alde dagoena, herriarenganako zaletasun bat agertuko duena. Kontzeptu hau zehatz-mehatz azaldu gabe ere, edonork konpreni dezake, gure ekinaldiak ez direla Donostiako Tenis Club delakoan emanen, ez eta Baionako udatiarren aurrean; emanen direla, ordea, Barakaldoko herri langilearentzat, Asteasuko herri nekazariarentzat, Getariko herri arrantzalearentzat, eta itxura horretako beste herri, herrixka eta hauzotegietakoentzat.

Eta herriari mintzatzen bagatzaizkio, bidezkoa da, noski, haren mintzoan egitea, mendez mende eta historian zehar sortu dituen sentimendu eta ideia adierazle berberekin hitz egitea; modu honetan, ulertuko ez gaituenik ezin dezakegu pentsa. Ba dakigu, hala ere, zenbait tokitan, bertsotan egitea, adibidez, adierazpide arraroa gerta litekeela, lehen aipatutako zapalkuntza eta alienazio luzeagatik. Baina horrelako okasioetan, eta oraindik bizirik dirauten elementu batzuk (musika tresnak, dantzak, sentimendu erlijiosoak...) erabiliz, gure xedeetako* bat, galdutako aberastasun horien inguruan arituko da, eta esplikatu eginen zaio herriari, nola galdu duen euskara, nola egin zaizkion arrotz bere bereak dituen adierazpideak, eta abar. Kasu horietan, politizazioa hortikan bertotikan hasiko da.

Guretzat, injustiziaren kontrako burrukan, ez dago prozeso aldaezinik. Bertolt Brecht-ekin diogu: gauzak horrela badira, ez dezatela horrela izaten segi. Beste jokaera guztiak erreakzionariotzat jotzen ditugu.

Eta zerk osatzen du herriaren mintzo hau? Zertzu adierazpide eta komunikabide erabili ditu Euskal Herriak? Non bilatu behar dugu herriaren boza? Beste askoren artean, segur asko, honako adierazpide hauk jarriko genituzke:

Bertsolaritza

Herriak luzaro erabilitako tresna dugu bertsolaritza, eta guk lehenago aipatutako tradizio bizidunetako bat, aberatsenetakoa hain zuzen ere. NHI-k bi eratan eskuratu beharko du aberastasun hau:

1. Bertsolarien estiloa bereganatuz: irudimen bizkorra, irudimen «zoroa», erlea lorez lore dabilan legez* ibiltzen dena, ia* batasunik gabe; logika gabeko haria, estrophak etenik bezala aurkitzen direla; sobrietatea; doinuen ugaritasuna, egokitasuna. Estilo honetaz baliaturik egina dago, adibidez, gure literaturaren obrarik baliotsuena: Barrutiaren «Gabonetako ikuskizuna», Gabriel Arestik argitu zigunez.

2. Bertsolariak publikoarekin duen harreman berezia, ahal den neurrian gorderik: harreman horretan, erantzuna bapatekoa* da, hitzetik hortzerakoa. Peter Brook, Marat Sade-k egindako lanaren zuzentzaileak dioen bezala, honelaxe (textualki, «arartegabeko* harremanez») lortuko da theatro horren bizitasuna. Peter Brook kexu agertzen da, U.K.eko zentsurak inprobisazioa galerazten duelako. Zeren* —argi gera bedi hau— zinema ez bezala, theatroa beti beti orainaldian gertatzen baita. Zinemak iraganeko imajina eta irudiak aurkezten dizkigu; eta, nola gure zerebroak horixe berberori egiten duen, zinemari guztiz zinezkoa,* erreala deritzagu. Baina theatroan iraganik ez dago: hor aurrean, oraintxe berton gertatzen ari den zerbait da; eta horrexegatik da errealitateari lotuagoa eta, beraz, zentsura aldetik zigortuagoa. Bapateko elementuekin oraingo hori aberastu egiten da, askatasunari hurbiltzen* zaiolarik.

Guretzat, bertsolaritzaren elementurik garrantzitsuena BAPATEKO erantzuna da. NHI theatroa, beraz, supitutasunez betea azalduko da, jendearekin harreman biziago bat lortzeko.

Pastoralak

Peter Brook-ek dioenez, theatroa piztu nahiz birpiztu izan den bakoitzean, herri theatrora jo behar izan da. Eta gu ere bide berberetik goaz, pastoralak baitira euskaldunen herri theatroa.

Eta herri theatro honetan, goikaldean jotzen duten musikalarietatik hasi eta ageri ageriko apuntatzailearekin bukatzeraino, ba dirudi, elementu orotan* ikuslearen «urrutiratzea», «objetibitatea» bilatu dela, Brecht-ek nahi zuen era berean.

Brecht-ek ez zuen nahi ikuslearen lilurapen* bat lortzea (A. Artaud-en aurka, noski, eta theatro sakratua deituaren aurka); eta ez zen haren asmoa jokalekuan ilusioaren iraupen bat erdiestea;* aitzitik,* ilusio txinpartak zituen laket,* piztu bezain laster itzaltzen* zirenak, ikuslea «harrastaka eramanen ez zutenak», urruntze eta objetibitate bat permitituz (zeren, berak egiten zuen planteamenduan, ikusleak adimen sortzaile eta kritiko bat ukanen* baitzuen).

Brecht-ek ez zuen sinesten, theatroan berriro ume bihurtzen garela dioen esaera komun horretan.

Eta pentsatzen zuen, halaber,* publikoaren errespontsabilitatea gehituz gero, ikusten ari denaren aurrean lan eraginez gero, jendeak hobekiago konprenituko zuela bizi zen gizartea ere, eta, honen ondorioz, gehiago saiatuko zela gizarteorren aldaketa bilatzen.

Eta guk uste dugu, Brecht-i asko gustatuko zitzaiokeela* pastorala, eta epika theatro bat egiteko xit* egokia irudituko zitzaiokeela.

Eta horregatik diogu: Euskal Herriko historiaren gertaera eta pertsonen berri emateko (talde batzuek egiten duten bezala; baina gaurko gizartearekin synkronizazio gehiago erdietsiz,* Intxitxu deitu* taldeak hartutako bidean edo), pastorala erabiliko dugula.

Frontoiak

Frontoiak dira, NHI theatroa emateko jokaleku naturala. Aintzinatik euskal jendearen biltoki eta gozaleku izan direlarik, tradizio on baten barrenean sartuko ginatekeela iruditzen zaigu. Bestalde, frontoiak abantail* izugarriak ditu:

- Euskal Herriko herri, herrixka eta hauzuneetan, zaila da frontoirik ez topatzea.

- jokaleku emankorra da, eta irekia, zabala: era askotako modeluak sor litezke frontoi batean. Hutsune bat da, eta theatroak (adibidez) bete eginen luke.

- elementu tekhnikoen aldetik (argitasuna, sonoritatea, eta abar) oso egokia dela uste dugu.

Frontoiak iruditzen zaizkigu, bada, NHI theatroaren jokaleku naturalak.

Musika tresnak eta abar

Esan dugu lehenago ere, Brecht-en eritziak eta Artaud-enak, beronen sakratu grinarekin, aurkakoak zirela eta kontrajartzen zirela bete betean. Marseillako theatrolariak theatro gogorrago, bortitzago,* basatiago, irrazionalago, hitz gabeko eta majiko bat bilatu nahi izan zuen, eta gaur ere jarraitzaile asko ditu nonbait. Guk uste dugu, hala ere, aipatutako elementu horik* oso arriskutsuak direla, eta faxismoak berak ba duela hor zerikusirik, Brecht-en zale anitzek* salatu duten bezala.

Dena den, Artaud-ek zenbait puntutan arrazoia zuela iruditzen zaigu; eta ikuslearen sentsibilitatea areagotzeko,* berak eskatzen zuena (: «hotsen ikuspuntutik, kalitate berriko hotsak bilatu behar dira, horretarako musika tresna zaharrak argitaratuz, eta beste berri berriak sortuz»), gure kasuan ondo baino hobeto aplika litezkeela pentsatzen dugu.

Gure jokoak, kontalariak, gure kirolak, ihauterietako ohiturak

Euskal Herriko bizitzaren agerpenak dira denak, eta denak aztertu beharko dira, theatrorako ukanen* duten baliotasuna ikusiz, ikertuz.*

Erlijio kutsuzkoak eta alegoriak

Hauk ere erabili behar dira, zenbait toki eta mementotan. Lehen aipatutako «Royal Shakespeare Company»ren zuzendariak dioenez: «Katholikoek aintzinatik estrukturatu duten alegoriazko theatroaren bidez gaur egungo arazoak adieraztea: horixe izan liteke bide bakarra, zenbait eskualdetako publikoarekin harreman biziak sorterazteko».

Eta, gure ustez, diaspora deitu ditugun lekuetan egiazko harremana lortzeko, nahitaezkoa gertatuko da erlijio kutsuzko lanak ematea.

NHI-ren «I» elementua

Hitz hau, guretzat, konkretasunari atxikirik* doa. Guk ere gogoan dugu, eta bat gatoz esaera honekin: Herri konkretu baten arazo konkretu bat, soluziobide konkretuak eskatzen dituena.

Theatro mailan, ez ditugu onhartzen inolaz ere, mundu guztiarentzat, herri eta giza mota guztientzat eginak diren lanak. Pentsatzen dugu, gainera, den denei mintzatzea, inori ez mintzatzea bezalakoa dela, eta delako obra «unibertsalista» (kasu, «Socrates» deitu lana, Donostian ikusi ahal izan dugun eran behintzat) systemarentzat integra erraza bihurtzen dela.

Horregatik, NHI, theatro konkretu bat izanen da, hurbil hurbil dakusaguna* aztertu ondoren, erantzunak ematen saiatuko dena.

«I» elementuak, halaber,* beste gauza bat eskatzen du: N arazoaren eta sozial arazoaren arteko lotura eta harreman hertsia.* Puerto Ricoko theatrogileei entzuten diegu berriro: «La Muestra portorriqueña evidencia dos planteamientos fundamentales: uno, el rescate de la latinoamericanidad de Puerto Rico, la contemplación de sus problemas específicos dentro del discurso general de América Latina. Otro, la superación del nacionalismo romántico, del simple ideal de soberanía, para ligar tales conceptos al análisis y transformación social de Puerto Rico. En otras palabras, el implicar entre sí el status político y el status social».

Esan genezake, bukatzeko, gure asmoak honela adieraz litezkeela: Gure NHI theatroak Euskal Herriarekin elkarrekiko erlazio batean ihardunen du, zeren, haren funtziotan egonik, E. H. zerbitzatuko baitu eta hura* eraikitzen eta jasotzen lagunduko.

Andoainen, urtarrilak 1 (1974).

Bernardo ATXAGA

dezake, daike

dezakegu, daikegu

diegu, deutsegu

dizkigu, deuskuz

gatzaizkio, gatxakoz

genezake, geinke

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zigun, euskun


Teoria kritikoa

1930.ean, Horkheimer Frankfurteko Unibertsitatean sozial filosofiaren irakasle eta Inbestigazio sozialerako Frankfurteko Institutoaren buruzagi jarri zuten. Adorno zuen lankide eta adiskide. 1932.ean hasi eta 1941. urterarte, Frankfurteko Eskolaren eta batez ere Horkheimeren aipua* sortu duen aldizkari sonatua atera eta zuzendu zuen: «Inbestigazio sozialerako aldizkaria», jadanik kasik legendarioa.

Aldizkaria lehenik Leipzig-en irteten zen, gero Parisen (nazismoari ihesi), eta azkenik, gerra garaian, Paris okupaturik zegoenean, USAko emigrazioan. Aldizkari honen esannahia adierazteko, aski* da lankideren batzuen izenak aipatzea: Horkheimer bera, Adorno, Marcuse, E. Fromm, Benjamin, Pollock, Loewenthal, Gerra hotzaren ondoren mendebaldeko* pentsamentu kritikoa ernatu duten autoreak. Orduan franko gazte eta bero, noski.

Teoria kritikoak, Horkheimeren asmoa zenez, filosofiari gizarte-kritiko izatea eskatzen dio. Status quo sozial politikoa kritikoki trazendatzea. Horkheimeren gizarte kritika* marxista da, zer esanik ez. (Status quo soziala kritikoki trazendatzen duen beste gizarte-kritikarik ba ote dago, egon ere, kritika erlijiosoa ez bada behintzat?).

Marxismoa zehaztuz eta zertzelatuz, Marxen inspirazio jeneralak inbestigazio sozialerako gaitu* zituen, marxismoari tresna kontzeptual kritiko eta zientifikoak prestatuz. Frankfurteko Eskolako talde guztia ikusten dugu lan honetan enplegaturik: Adorno eta Benjamin estetika arazoekin, Fromm eta Marcuse marxismoa psikologiarekin osatzen, eta abar. Eta horixe da, hain zuzen, Horkheimeren txalogarriena: pentsamentu kritikoaren mugimendu indartsu eta aberats bat sortu duela, diferentziaz betea, «eskola» bat baino gehiago. Autoreok denok guztiz desberdinak baitira. Baina denak inspirazio eta zeregin kritiko berari loturik.

Ezker berriaren buru eta sinbolo bezala Marcuse hartzen da, askotan. Eta ez da harritzekoa. Ezker berriari, edo ezker berriko gazteei behintzat (estudianteei, batez ere), besterik uste izan arren, oraintsu arte USAtik ailegatzen* zitzaien inspirazioa. Eta Marcuseren arrakasta* USAn, Vietnamgo guduaren aurkako erreboltetan esaterako,* ezaguna da.

Marcusek Berkeleyen irakasten du, eta Berkeley sinbolo bat bihurturik dago. Gainera, USAn doi doi dago tradizio filosofikorik; eta idealismo alemanak, nolanahi ere, tradiziorik batere ez du han.

Beraz, Marx «hegeldiarki» esplikatuz gero, Marcuse guztiz arrotza egingo litzateke. (Frantzian ere tradizio hori falta delarik, Althusser Marx «deshegeldiartzen» saiatu da: neomarxista alemanek gogotik kritikatzen dioten gauza bat, horixe).

Psikologiaz baliatzen delarik, ordea, mentalitate amerikanoari hobeto mintzatzen zaio Marcuse, eta Lukács edo Horkheimer baino ulerterrazago eta «gaurkoago» egiten da. Bai eta Europarako ere: idealismo alemanaren tradizioak baino askoz indar gehiago baitu jadanik hemen ere psikologiak. Edo psikologiaren modak. Hala ere, ez litzateke ahantzi* behar, Horkheimeren eragipen isilagoak —baina sakonak— Marcuse eta ezker berriaren beste eragile asko ernarazi dituela.

Horkheimeren nortasun berezia giza zientzien gaurko panoraman situatzeko, ez dira ahantzi behar, pentsamentu kritikoak egunotan ageri dituen desarroilo diferenteak. Esaterako, Marcusek psikologiari heldu badio, Althusserek positibismo alderago jo du. Freire esistentzialismoaz probetxatu* da (Hego Amerikako beste askoren moduan). Italian, Gramsci eta Croce-rekin, idealismoaren eta tradizio humanistaren (Italian bereziki aberatsa hau) eragipena nabarmena da.

Joera horietan guztiotan marxismoak duen sarrera, ez dago aipatu beharrik ere. Askotan, marxismoaren desarroilo diferente huts bat bezala kontsideratzen dira. Horrekin zer ulertzen den, horixe da kontu guztia. Gaurko astronomiarekin Kopernikoren desarroilo hutsa ulertzen bada bezalatsu litzateke. Dena den, pentsamentu kritikoaren batasuna agerikoa da, barnean, pluralismo izugarri horren aberastasunak engainatzen ez duenarentzat.

Mugimendu honen barnean hartu behar da Horkheimer ere. Beste askoren artean. Pentsamentu benetan propiorik duen edozeinenak bezalaxe, Horkheimeren pentsamentuak ere sustraiak norberegandik kanpora daduzka: sustrai horien gainean ernez, zuhaitz propio bezala hazten da. Althusseren pentsamentuak ba ditu sustrai ezagun batzuk; baina, hala ere, Althusserek ba du bere pentsamentua: halaxe, Horkheimeren pentsamentuak ere ba ditu bere sustraiak. Sustraiok esplikatzen dute Horkheimeren pentsamentuaren tankera* berezia.

Joxe AZURMENDI


Albistearen miztoa

Ezagutzen duzu zuk, noski, de la Cierva jauna. Ez abiadorea, bestea baizik. Beste hau idazlea da, eta liburuska sonatu batzuk saltzen ditu kioskoetan. Eta, herri kulturaren aldekoa eta zuzendaria denez, mintzaldiak ematen ditu. Azkeneko bat Mahón-en (Menorkan) eman omen du, «Espainiako herri kulturaren berrikuntza» gaitzat harturik. Oso zabaldua den egunkari batetik izan dut haren berri. Hor ikusten denetik, gauza eztabaidagarririk franko esan du hizlariak. Baina hitzaldiaren laburpenak utzi nau sor* eta lor: «El Estado debe crear una cultura popular». Izan ere, beti pentsatu baitut, egiteko hori ez dela Estatuarena, gizartearena berarena baino. Eta gizarte bakoitzaren egitekoa, gainera: hots,* gizarte bakoitzak bere nortasun apartekoaren barnean egin behar duena. Mahón-en eta Menorcan, eta katalan tradizioaren barnean, edo eta —norbaitek nahiago balu— katalan tradizioen barruan. Kultur planifikazio guztiak betiko zuloan eroriko* zaizkie politika gizon horiei, gizartean bertan libreki lanean dihardutenak laguntzen* ikasten ez baldin badute. Laguntza eman, eta hipotekarik gabe... Bakoitzak bere bidea egin dezan. Baina, ene* bada! non ote da aingerutxo politiko hori?

***

Kulturarentzat behar diren autonomia hauk* eskatzen ari direnak, ugalduz doaz. Urte batzuetatik honakoan sortu dituzten Unibertsitate Autonomoek, horixe berori nahi omen zuten. Berorien jatorrizko asmoa hala omen zen, behintzat. Geroztik, aldian aldiko Ministruek kontrakarga ere jarri zioten asmo hari. Hori bai, beti ere izenak gordez, badaezpada.* Orain, Unibertsitate Autonomiaren ogi zuria probatu zutenek, ba dakite zein gozoa den hura.* Eta zer egingo, eta, berriz ere, eman eta kendutako autonomia eskatu egiten dute. Barcelonakoaren Batzordeak aho batez eskatu dio Hezkuntzako* Ministruari, Unibertsitate Autonomiaren estatutuak berrizta daitezen. Ha, askatasun dastatuaren* gozoa! Betorkigu zure erreinua...

***

Eta gizon jakitunen berriekin hasi garenez, goazen aitzina.* Jakitunok edo jakintsuok ez dadukate nahi luketenik. Espainiako ikertzaileek, inbestigariek, ez dute aukera handirik izaten beren lanetarako; baina ba dute, aterperen bat ematen dien erakundea*: Zientzi Ikerketarako Goi Kontseilua (CSIC delakoa). Azken hilabeteetan nahiko urduri* ere ibili dira erakunde horretako jakitun langileok. Oraintsu, berriz, beste ezbehar bat izan dute. Inbestigari batek Espainiako ikerketa lanaren alde onak eta txarrak aztertu ditu mintzaldi batean. Eta kritika bidea hartu duelako, hauzipean jarri dute. Hau dela eta, hamahiru inbestigarik (kontuz, numero gaiztoa hori...) eskutitz bat zabaldu dute prentsan, zientziaren askatasuna eskatuz. Diotenez, zientziak askatasun hori galtzen badu, ez omen da etorkizun onik Espainiakoarentzat. Eta nongoarentzat, gero?

***

Ba dakizue, azken urte hauetan nolako abiada eman zaien direlako autobideei. Bilbotik Baionarakoa aurrera doa. Nafarroak ba du bere plangintza, eta Arabak ere esan nahi luke zerbait bere autobideez. Maltzagatik Mirandarakoa izanen da Araban nagusitxoena. Egiteko da, noski, eta bereak eta bost eskatuko ditu, osorik burutu aitzinetik:* entzundakoen arabera,* 1980.aren aurretik ez omen da bukatuko. Baina izan ez diren eta nik dakita* zenbat kilometrotako amets luzeak diren bideok, eztabaida dakarte jaio baino lehenagotik ere: nor izanen da Araban autobideen jabea, egileei eman zaien epea amaitzean? Asmatuko ote du Arabak, bere eskubide bereziak, daduzkantxoak, ongi gordetzen? Guti izanik ere, zerbait litzateke.

***

Jorge Edwards idazle bat da. Baina ez da anglosaxon bat, beste idazle batzuk bezala diplomaziara pasatu den Chileko idazle bat baizik. Allendek Cubara bidali zuen enbaxadari bezala. Azken hiru urteok Cuban eman ditu, bere baitan* zeraman sokatira nola konponduko. Intelektualtasunaren eta politikaren ezinezko ezkontza nondik salba ezin asmaturik burrukatu da Chiletar hau Fidel Castroren mundu hartan. Zentzadura* jakingarri horren berri emanez, liburu bat idatzi du, Persona non grata tituluarekin. Geure artean ere benetako problema dugun arazo bat agertzen zaigu liburuan: zein da pentsalariaren egitekoa, iraultzara doan gizarte batean? Libre izan behar ote du intelektualak politikaren barnean? Eta noraino libre, aginte bidez aldatu nahi den gizarte batean? Irakurtzekoa da liburu hau.

Joanes GOIA

dezan, daian

die, deutse

dio, deutso

zaie, jake

zaigu, jaku

zaizkie, jakez

zioten, eutsoen


Balentin Enbeitari omenaldia Donostian

Urte batzuk direla, urtero bertsolari baten omenez jai berezi bat egitea onhartu zen. Aurreko urteetan, Uztapide, Xalbador, Mattin, Basarri, Lasarte... izan ziren omendatuak. Aurten, Donostiako Astoria zinetokian, joan den otsailaren* 3an, Balentin Enbeita muxikarrari egin zaio, dudarik gabe merezi ukan* duen omenaldi hori.

Jaiari bagagozkio, ene ustez, alde onak eta ez hain onak aurki litezke. Pozgarria benetan, han izan zen jendetza; baina tamalgarria,* kalean geratu zena. Herriak egindako omenaldi baterako, 1.700 sarrera eskas geldituko zirela aldez aurretik pentsatzen bagenuen ere, hara joanik, uste hori egia zela ikusi genuen. Eritzi hau ez zen gurea bakarrik. Bertsolari batek ere, ezbehar horri soluziobide bat eman nahiz, honela adierazi zuen bertso zaleen gogoeta:* "Edo Astoria luza, edo altabozak kalera atera, herri guztiak entzun ahal dezan". Izan ere, Euskal Herria den bezain zabal izanik, ez dea* nonbait toki gehiagorik? Mahai azpiko zakurrak ogi birrinak jan behar! Eta ez pentsa, otoi, antolatzaileenganako eta theatro hura* utzi zutenenganako ezer kontrakorik dugunik.

Hamasei izan ziren, han ihardun zuten bertsolariak. Gogoz joanen ziren batzuk falta ziren: bai iparraldekoak eta bai bizkaitar batzuk ere. Falta horien arrazoinak ez ditugu konprenitzen; eta argi gera bedi, arrazoin horik* ez direla bertsolarienak. Ez dugu konprenitzen ere Basarriren falta. Are* guttiago, berak agerkari batetan azaldu zituen arrazoinak aztertzen baditugu: "Bertsolari larregi zirela, saio on bat edo 'de alta calidad' egiteko". Eta beste hau: "Hara zihoazen bertsolariak, beren kabuz* zihoazela, omenaldian parte hartzeko asmoz". Hala ere, bazkarian, bi bertso bota zituen.

Guk geuk, honelako jaialdi baterako, zenbat eta bertsolari gehiago, hobe dela uste dugu. Oroz* lehenik, omenaldi bat delako; eta omenaldi batetan nola bazter liteke bertsolarien familiako inor, parte hartu nahi baldin badu behintzat? Ez dea,* askoren artean, bertso onak entzuteko posibilitate gehiagorik? Dakigun neurrian, bertso nahiko onak atera zirela esan genezake. Hauxe da, dugun pena bakarra: Beste batzuenen artean, Basarriren bertsoak falta zirela!

Bertso saioak eduki zuen alderdi txarra hauxe izan zela iruditu zitzaien entzuleei: Bertsolari bik, beren bertsoetan, honelako hau esan zutela: "Bizkaitarra izan arren..."

Hala ere, uste dugu Balentin Enbeitak eta besteok, bertsorako ondo etorri zitzaielako edo esan zutela, eta, horregatik, bertsolari biok barkatu behar ditugula.

Jaialdia amaitu ondoren, bazkaltzera joan ginen. Bazkal ostean,* lehengo bertsolariek eta beste batzuek bertsoak bota zituzten. Jon Enbeitak, kitarra lagun zuelarik, bere aitonaren bertso batzuk kantatu zituen. Bertso hauk* ez zitzaizkien denei gustatu, norbaitek bazkaltzeko txartelean hauxe idatzi baitzion: "Eresi arrotzak zirela eta bertsolariaren hondamendia".

Esan beharra dago halaber,* norbaitzuk mundua konpontzera joan zirela bazkal tokira: Mitxelena gora, eta Mitxelena behera. (Han beherean geratu zen gure hizkuntzalari ospetsua). Bizkaiko bertsolari onenak Lopategi eta Azpillaga zirela; baina, hala ere, ez zirela Gipuzkoakoekin konparatzekoak.

Jakin ere ba genekien zerbait horretaz; baina hara joan arte, ez ginen konturatu Gipuzkoan geundela.

Bazkarian erabaki hauk hartu ziren: Datorren urtean Pedro Iturriri, eta aurtengo udazken inguruan 70 urtez gorako bertsolari guztiei omenaldi bat egitea.

Ez pentsa, irakurleok, jaialdia txarra izan zenik. Kontatu ditugunak, batzuenak bakarrik izan ziren. Gehienak ongi bai ongi portatu ziren, hainbeste merezi zuenarekin; eta, kontuak kontu, bertsolari batek esan zuenaz buka genezake: "Anaiak bilduko bagina, elkartuta bizi gintezke".

HARRIET

dezan, daian

genezake, geinke

geunden, gengozen

zaio, jako

zihoazen, joiazen, joaten ziren

zion, eutson

zitzaien, jaken

zitzaizkien, jakezan


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Komikiak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Txantxetan...

Etxe batetara gizon bat agertzen da. Eskuan Biblia bat dakar. Etxeko jaunak atea zabaltzen dio, eta...

— Egun on, jauna! Jehovaren lekuko bat naiz, eta zurekin Bibliaz hitz egin nahi nuke.

— Jehovaren lekukoa zarela? Orduan alferrik ari zara nirekin. Ez dut erlijio katholikoa sinesten, berau egiazkoa izan arren; eta zurea, faltsua izanik, nola nahi duzu sinets dezadan, bada?

...eta benetan

Gizon bat, etxean Play Boy aldizkari pornographiko batzuk edukitzearren, «inmoralitate publikoagatik» (sic), lau hilabeteko gartzelaldira kondenatu zuten. Gizonak, goiko tribunal batetara apelatu zuen, bere etxean gordeta zeduzkanez gero, «inmoralitate publikoa» ez zela esanez.

Tribunal horrek, kausa berrikusirik, arrazoia eman dio, aldizkari pornographikoak edukitzea ez dela deliktu bat esanez, baina bai, seur aski... bekatu mortala!!! (resic).

Eta ez dugu hemen gehitu behar «sar dadila kalabazan eta ager dadila Derioko plazan», kasu hau benetan gertatua baia... Espainian!!!

dio, deutso

zeduzkan (zeuzkan), eukazan


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (34)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu.

AGUDO, laster.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AILEGATZE, heltze, irixte.

AIPU, renombre, fama.

AIRATZE, volar, s'envoler.

AITZINA, aurrera.

AITZINAMENDU, aurreramendu, adelanto, progreso.

AITZINETIK, aurretik.

AITZINTXEAN, un poco antes.

AITZITIK, al contrario.

ALA, o qué?

ALDABERA, tornadizo, inconstante.

ALDARTE, humor.

ALDE, diferencia, distancia.

ALDEZ EDO MOLDEZ, de una forma u otra.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, aloger, soldata.

ANITZ, asko.

ANVERS, Antuerpia, Amberes.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATZE, aztertze, ikertze.

ARARTEGABEKO, inmediato.

ARAUERA, arabera, arauera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGOTZE, oraindik gehiagotze.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ASKI, nahiko.

ATXIKI, adherido.

ATXILOTU, prendido, detenido, arrestado.

AXOLATZE, arduratze.

BADAEZPADA, por si acaso.

BAILITZEN, como si fuese.

BAITAN, -gan.

BAITEZPADAKO, beharrezko, derrigorrezko.

BAPATEKO, bat bateko, repentino, improvisado.

BARRUTI, campo de acción propio.

BATEZBESTEKO, banabesteko, promedio.

BATZU, batzuk.

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BELDAR, oruga, chenille.

BEPAZTERKA, begi bazterka (bet + bazterka), de reojo.

BESTABURUKARI, festaburukari, en día de fiesta grande.

BESTE, inor.

BIDAIANTE, viajante, commis voyageur.

BIDEZAIN, bidazain, guardia de circulación.

BILAKA, convertirse.

BILAKATZE, convertirse, volverse, hacerse.

BILDUMA, colección.

BIZIBIDEKETA, bizibide bila.

BORTITZ, fuerte.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKITA, al dakit?

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARAKUSKIGUTE, erakusten digute (deuskue).

DASTATU, gustado, probado.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, al da?

DEITU, deitutako, deituriko, deiturikako.

DEN BEZAINBATEAN, dagokionez.

DEUS, ezer.

DUKE, du nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

EGITURATZE, estructurar, estructuración.

EGOZTE, echar, jeter.

EGURATS, atmósfera.

EHO, moler, moudre.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

ELE, hitz, berba.

ENE BADA, ay de mí, hélas!

ENTSEGU, entseiu, ensayo literario.

ERAGIPEN, influencia.

ERAKUNDE, instituto, institución, organismo, entidad.

ERASO, ataque.

ERDIESTE, lortze.

EREDU, modelo.

EREINOTZ, laurel, laurier.

EREMU, campo, terreno.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRU, kulpa.

ESAN NAHI BAITA, a saber, es decir, esto es.

ESATERAKO, por ejemplo.

ESKATUKO EZ BAILIGUN, como si no nos pidiese.

ESKUALDE, comarca.

EZEZIK, no solamente.

EZTANDAGAILU, lehergailu, zartagailu, artefacto explosivo.

GABE, en vez de, au lieu de.

GAITU, capacitado.

GAIZKOATZE, agravar, empeorar.

GALDAKAO, Bizkaiko Galdácano.

GALDARATEGI, calderería, chaudronnerie.

GALDE, demanda.

GARRAIO, transporte.

GIBELETIK, atzetik.

GISA, bezala.

GOGOETA, pensamiento.

GOLKO, kolko, golfo.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GUTIZ GEHIENETAN, casi siempre.

GUZTIAU, guztior. (Mundu hau guztior, Axular).

GUZTIZ GAIN, oroz gain, batez ere, bereziki.

HAATIK, hala ere.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALABER, igualmente, así mismo.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

HARAT, aurrera.

HAREN, Goñiren. (Hegoaldean bere esaten dugu, gaizki baina).

HARMATAN, en armas. (HARMETAN, en las armas).

HARMA ZIRI, cohete de guerra.

HASIERA, hasera, hastapen, haste.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTEMATE, percibir.

HAZIL, noviembre.

HEIN, grado, proporción.

HELDUTAKOAN, heldu eta gero.

HERSTURA, angustia.

HERTSI, hestu.

HERTSITASUN, cerrazón.

HEZKUNTZA, educación.

HOMO HOMINI LUPUS, gizona gizonarentzat otso.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBILTZE, hurreratze.

IA, kasik.

IBILKI, andando. (Eror eta jaiki dabiltza, andan cayendo y levantándose, Axular).

IDAZKARI, sekretari.

IDURI ZUEN, zirudien.

IHAUTERI, carnaval.

IKERTU, aztertu, arakatu, miratu, iratio.

IKUZ, lavar.

IRAGARKI, anuncio.

IRAIL, septiembre.

IRIAN, inguruan, aldean.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITZALTZE, iraungitze, amatatze.

IZURRI, peste, epidemia.

JADANIK, ya.

JASATE, soportar, sufrir.

JAZOTZE, gertatze.

JAUNXKILA, jauntxo, señorcito, señorito.

KABU, iniciativa.

KAUSITZE, acertar, dar en el blanco.

KIRIO, nervio.

KONKURRENTZIA, konpetentzia. (Ene ustez, kasu honetan konkurrentzia erabili behar genuke, eta ez konpetentzia).

KOPURU, gran cantidad, cúmulo. (Kopuru eta mukuru hitzak cumulus latin berbatik datoz).

KRITIKÁ, azentuaz, la crítica: bizkaieraz kritikea.

KUTSADURA, contaminación.

LAGUNTZE, ayudar. (Aditz honek akusatiboa eskatzen du).

LAKET, atsegin. (Hitz hau latinezko placet berbatik dator).

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LEKUTU, ausentado.

LEJOA, Bizkaiko Lejona.

LILURA, delirio.

LOKAMUTS, pesadilla, cauchemar.

MEHATXU, amenaza.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

MERKATAL GANBARA, merkatari ganbara, cámara de comercio (de mercaderes, de comerciantes).

MILIA, milla.

MIN, íntimo.

MIZTO, ezten, aguijón, dard.

MUKURU, colmo, tope.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NAHAS, mezcladamente, en confusión, en mezcla.

NAHASI, turbulento.

OHIKO, ohizko, usaiako, habitual, normal.

OPARO, abundante.

ORAINOKOAN, orain arte. (Honelakorik orainokoan gutitan gertatu da, Axular).

OREN, ordu.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

ORO HAR, oro harturik, en conjunto.

OSTEAN, ondoan.

OTSAIL, mes de lobos, febrero.

OZTA OZTA, doi doi.

PAIRA, soportar, sufrir. (PAIRATU, soportado, sufrido).

PISU, astun, pesado.

POXI, zati ttipi, pedacito.

PROBETXATU, aprovechado, servido. (Etsaia okasinoaz probetxatzen da, Axular).

SALGAITEGI, almacén de mercancias.

SO EGIN, begiratu, behatu.

SOR ETA LOR, estupefacto.

SORGORTZAILE, estupefaciente.

SUEDIAR, sueco.

TAMALGARRI, lastimagarri.

TANKERA, estilo.

TXAHUTU, xahutu, birrindu.

TXIMELETA, mariposa, papillon.

TUNEZ, Tunisia.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITZE, tocar. (Bizitzearen bazterra heriotzeak ukituz gero, Axular).

UNE, memento.

URDURI, kexu, artega, inquieto, preocupado.

URPEKO, submarino.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, mes de recolección, julio.

XEDE, asmo, helburu.

XIT, altamente. (Pilotak xitu egin nau, la pelota me ha sobrepasado).

XIXTA (begi xixta), punzadita de ojo, ojeadita.

XUKAGAILU, secador, aparato para secar.

ZAHARTZERA UTZ, dejar envejecer. (Iparraldekoek, Axularrek bezala, hola esaten dute, eta ez zahartzen).

ZENTZADURA, zentzamendu, escarmiento. (Gaitezen besteren gainean zentza, Axular).

ZEREN, ze, pues.

ZERGATAN, en impuestos. (ZERGETAN, en los impuestos).

ZERRATEGI, aserradero, scierie.

ZINEZKO, benetako.

ZITZAIOKEEN, jakon nonbait.

ZIZTA, ziztada, punzada.

ZORI, zorte, suerte, fortuna.

ZUKEEN, tendría. (Ukanen zuela erdarakada bat litzateke).


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Mikelau Ainerabelar idazlearen izenpean «Gure Herria» aldizkarian ageriak (*)

Gure herria komentu bat bezain ezti eta garbi zegoen igande goizetan, alegera eta kartsu komentu bat bestaburukari* bezalaxe.

Hiriko plaza bizkarrean, Enbatako gazte eskolatu bat mintzaldi bat egiten ari zen: «Lantegirik ez dugu hemengo Euskal Herrian, eta urte oroz bi mila euskaldun gazte ba doaz deabruetan barna, ahal duten tokietarat bizibideketa.*

Goñik Enbataz deus* guti zekien. Entzun zituen, haatik,* bere inguruan zazpi-zortzi lagun ari zirela: «Utz gaitzatela zahartzera* trankil, bizkaitar kapitalista haundi batzu* honat ekarri gabe, gure lanari konkurrentzia* egiterat.

Goñi eta haren* adiskide Xantxo apezaren eta jendeen erranaren beldur ziren poxi* bat.

Galeria izkinatik, meza denboran, ixil ixilik Goñi so zegoen neskatxa gazteen aulkietarat. Iduritzen zitzaion, Begoña bepazterka* haren* galeria izkinara so* egin nahiz ari zela.

Begoñak hamalau urteko nexkatxa bat iduri* zuen lehen xixtan.* Zer zorion zizta* Goñirentzako, haren begi beltz ederrak aurkitzean!

Ostatuko ezkaratzean bero heze pisu* bat ba zen: gizon arropa euriz eta izerdiz bustiek usain bortitza ematen zuten, tabako eta ardo hatsarekin nahas.*

Hiru orenetarik* harat* mintzoak goratuak ziren azkarki ostatuan. Jaunxkila* batek eskua bular gainean ezarri zion Begoñari.

Arratsaldeko bostak irian,* jendea berritzen hasi zen: zahar gehienak lekutuak* ziren.

Goñik harat-honat ikusten zuen Begoña, erne erne, gizonei zerbait ekar ibilki.* Atzo ondo ondoan zuen, bihotza pil pil, bestek* ikus beldur. Orain, ostatuan, hainbeste ele* eta irriño besterekin.

Gogora heldu zitzaion Goñiri, Begoñak beste zerbait abiadura norbaitekin ba zukeela* beharbada.

(*) Behin baino gehiagotan, euskara batuaren amorearren eta irakurlearen faboretan, aldatu egiten ditut pixka bat hitz eta esaldiok.


Zarata kutsadura

Ba dirudi, kutsadura industri aitzinamenduaren* sasikumea dela.

Kutsadura* hitzak esannahi zabala du, eta era askotako kutsadura motak adierazten ditu. Lantegi artean bizi garenoi, kutsadura. mota guztien ezagutzea oso komenigarri zaigu, haiei kontra egin ahal diezaiegun. Sarritan, ez dugu kutsadura motaren baten berririk ukaten,* eta, hark sortutako problemaren kontzientziarik ez dugularik, ez gara haren kontra burrukatzen. Portzentu handi batetan horixe jazotzen* zaigu zarata kutsaduraren kasuan. Kutsadura hau beste kutsadura motak bezalakoa ez dela esanen dit norbaitek. Nik horri, zaratak sortzen dituen problemak azter litzan eskatuko nioke; eta, azterketaren ondoren, ea berdin pentsatzen duen ikusiko genuke.

Zaratak gizonarengan gehienbat sortzen dituen problemak, psikologi eremuko* desordenuak dira. Zaraten kausaz, lehenik kirio* tentsioak, gero kirio hersturak* eta azkenik neurosiak sortzen dira. Bestalde zarata handiek belarrietako tinpano mintza apur dezakete indarraren indarrez. Eta zaraten kausaz etor daitezkeen gaixotasunen ondorioak, gutiz* gehienetan sendaezinak direla esan behar dugu.

Hala ere, industri aitzinamenduak zaraten gehitzearen alde jokatzen du. Garraioa* geroago eta beharrezkoagoa da, eta garraiogailuak (kamioiak, airekoak...) zarata iturri oparoak* dira. Esandakoa entzunik, ba ote dago inor, zaraten eta zarata iturrien aztertzearen garrantzia ukatzen duenik? Goazen, bada, aurrerantz.

Zarata zer den

Izatez, zarata fenomeno fisiko bat da. Zarata iturrian bibratze bat gertatzen da; eta bibratze hori, airea bide delarik, zabaldu egiten da eguratsean.* Honela, bibratze energia belarrietara heltzen da, eta, han barruan, tinpano mintzera iragaten da. Orain arte aipatu duguna, fenomeno fisiko hutsa da. Bibrazioa tinpano mintzera heldutakoan,* entzumena hasten da. Entzumena gizon bakoitzaren ahulmen bat denez gero, zaraten hautematea* fenomeno subjetibo bat dela esan dezakegu.

Beraz, bi alderdi kontsideratu beharko ditugu zaraten aztertzean: Batetik alderdi objetiboa, edo zarataren izakera bera; eta bestetik alderdi subjetiboa, edo zarataren sentitzea.

Izakera fisikoa fisika metodoez aztertzen ahal da. Honela, bibratzearen nolakotasuna, beronen frekuentzia neurturik ezagutzen dugu; eta bibratze energiaren zenbatekotasuna, zarataren intentsitatea neurturik.

Entzumenaren portaera ezagutzeko, estatistika neurketak eta konparaketak egin behar dira, gizon guztien konportamoldea ez baita berdina. Estatistika neurketa hauen laguntzaz, batezbesteko* gizonaren zarata sentsibilitatea, eta beroni zaratak egin diezazkiokeen kalteak aztertzen ahal dira. Hala ere, neurketa hauetan ez da agertzen ohi ez bezalako pertsonen eta gaixoen konportamoldea; eta kasu hauk* bereziki aztertu behar izaten dira.

Zaratak neurtzen

Neurgailu egoki batzuez, errazki neur daiteke zaraten intentsitatea. Zarata intentsitatea, izatez, bibratzearen energia da, eta zarata iturritiko distantziaren koadratuaren arabera* ttipitzen da. Intentsitatea erosoago* adierazteko, kalkuluetan zarata unitate berezi bat erabiltzen da: dezibela (dB).

Zarata baten dezibelak ezaguturik, zarata hori entzutean batezbesteko gizonak duen sentsazioa nolakoa den ezagutzen da. Beraz, dezibelek bai zarata maila eta bai sentsazio maila ere neurtzen dute; sentsazio maila, hala ere, guti gorabehera neurtzen dutela esan behar da.

Esperimentuetan ikusi izan denez, zarata maila hamar dezibelez goratzean, sentsazioa doblatu egiten da. Honela, adibidez, 60 dB-eko zarata batek 50 dB-eko batek baino bi bider sentsazio gehiago sortzen du gizonarengan. Hau denau, guti gorabehera mintzaturik.

Gizonaren sentsibilitateak bi muga ditu: behekoa eta goikoa. Beheko mugak, gizonak entzun dezakeen zaratarik ttipiena seinalatzen du; eta besteak, goikoak halegia,* gizonak paira* lezakeen zaratarik handiena. Dezibelak beheko mugaren arabera definitzen dira; eta, honela, beheko muga 0 dB-eko mailan aurkitzen da, eta goiko muga 130 dB edo 140 dB-eko mailaren inguruan. Goiko mugari hurbiltzean, zaratak min ematen dio gizonari eta tinpano mintza bera ere leher eraz diezaioke. Egunero pairatzen ditugun zaraten neurriaz jabetzeko, ikus dezagun ondoko zarata mailaketa:

- lorategi trankil batetan, elkar hizketarik entzuten ez denean, 20 dB inguru dago.

- lo egiteko, 30 dB baino gutiago behar izaten da. Legeak, gaueko zarata maila 35 dB baino ttipiagoa izan dadin agintzen du.

- mekanografiatze bulego* batetan 45 dB egoten da.

- elkar hizketa gogor batetan 55 dB-eko mailara heltzen da.

- egun osoan zarata artean egon behar denean, 60 dB baino beheragoko maila bat komeni da, gaixotasun arriskurik egon ez dadin.

- kamioi handi batetik hamar metrotara 85 dB dago.

- Ipar Amerikako zenbait tokitan debekatu egin dute 90 dB-etik goragoko zarata mailan lan egitea.

- galdarategietan* 100 dB inguru egoten da. Inork ez luke, honelako lan batetan, zortzi ordutik gora lanik egin behar, osasuna arriskutan jarriko luke eta.

- metala ebakitzeko zerrategietan* 115 dB egoten da.

- erreakziozko hegazkinek, lurretik airatzean, 130 dB-eko zarata egiten dute.

Eguneroko bizitza eta zarata

Ikusi dugunez, zarata kaltegarri gerta daiteke gizonarentzat. Problema honen kontzientzia ukan behar dugu; eta, orain arte horretaz arduratu ez bagara ere, ordua da, zarata problemaz axolatzen* has gaitezen.

Zenbat eta zenbat haserre hauzoen artean, zaratak direla eta! Etxean geroago eta erabiltzenago ditugun elektragailuak, zarata iturriak dira. Aipa ditzagun hotz-, ikuz-,* eho-* eta xukagailuak,* irrati eta telebista aparatuak, eta abar eta abar. Haien erabiltze desegokiaren kausaz, zenbat haserre!

Herri osoaren mailan hitz egiten ari garelarik, mila adibide jar genitzake. Nik bi aipatuko ditut.

Lehengo egunean, ondoko esperientzia hau ukan* nuen. Bilborako sarreran, Begoña aldeko autobidearen hegalean, neure indar guztiez hasi nintzen kantatzen; eta nigandik hogei metrotara zeudenak, konturatu ere ez ziren egiten horretaz. Hura* zen automobilen zarata! Inork zoratzeko asmorik badu, bego ordu pare batez toki zoragarri hartan!

Jadanik* hegazkinen zarata handia den arren, Sondikako aireportua jo eta ke ari dira zabaltzen eta handitzen. Hala ere, milaka lagun bizi dira aireportu horren inguruan. Guk geuk, Lejoako Unibertsitatean, hamaika bider gelditu behar ukan ditugu klaseak, airekoren bat albotik iragatean, alferrekoak bihurtzen baitziren irakaslearen azalpenak. Eta aireportuaren handitzeko baimenarekin batera, gaixotegi baten egiteko baimena ere emana da. Eginahala egin arren, bi baimen horien arrazoina ez da ene buruan sartzen.

Eta Japoneko kasu batez oroitu naiz. Hango hiri batetan, Osakan hain zuzen, Unibertsitatearen albotik iragaten zen autobide batetarako, lurpeko kamino luze bat egin zuten, hango ikasle-irakasleek automobilen zarata entzun ez zezaten. Gehiegi dea,* hemen ere problema horik* azter daitezen eskatzea?

J. R. ETXEBARRIA

dezake, daike

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

diezaiegun, deioegun

diezaioke, deiskio

dio, deutso

dit, deust

genitzake, geinkez

lezake, leike

dezagun, daigun

nioke, neuskio

zaigu, jaku

zeuden, egozen

zezaten, eien

diezazkioke, deiskioz


Euskara mintzatua indartzea, hori da lehen. Baina beste hau ere gaineratu beharra dago, ene ustez.

Gaurko terminologia batez baliatuz, nik esango nuke, hizkuntza biziek, gaurko zibilizazioan bizi ahal izateko, azpi egitura edo infra estruktura baten premia edo babesa behar dutela. Bizitzan maizenik gauzak elkarturik egon ohi dira, bata bestearekin loturik. Hizkuntzaren bizia da lehen, baina bizi hori seguratzeak berak beste baliamenduak baliatzea ere galdetzen du.

Nik esan nahi dudan infra estruktura hori, badakizue zein den: idatzizko zereginetan eta irakaskintzan erabilia izateko, hizkera batu, orokor eta berdina edukitzea. Tresna hori eginik ez dugun bitartean, euskara ez da izango gai, ez eskolarako, ez idazlanetarako, eta euskaldun guztien artean lokarri izateko ere ez.

Hizkera idatziaren batasuna eginik edukitzea, hori da, besteak beste, hizkuntza biziak behar duen azpi egitura edo infra estruktura.

Luis VILLASANTE («Gure Herria»)