ANAITASUNA

261. zenb.

1973.eko irailaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XXI. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Salvador Allende, Kaupolikan berria

Milaka urtez zapalduriko ketxua zahar bat bezala itzarri* zinen lozorrotik; herriaren beso ahulek lurretik altxatu zintuzten eta oihu egin zenuen:

«Hemen nauzue, amets dugun Txile hori berregiten laguntzeko. Mediku laguntzan, heziketan* eta janaritan haur guztiei aukera* berdina emango dien Txile hori. Gizon eta emakume, nork bere sormena* loratzeko aukera ukan* dezan, ez besteen aurka, guztion bizimodu hoberako baizik» (S.A.).

Zapalduen begi tristeak argitzen hasi ziren, langileen zango nekatuak sendotzen; eta Andes mendiek gailurrez gailur askaziogintzaren* berri ona zabaldu zuten.

Ezeduki* eta baztertuen itxaropen zama* astuna sorbaldaratu zenuen, eta, Kaupolikan* berri baten antzera, bide malkarrari heldu zenion, agindutako lurraren bila.

Baina ilunpeko semeak maltzurrak dira. Osinak haitzurtu, murrailak eraiki dizkizute bidean. Indarkeriazko orma* gogorraren kontra inguratu eta hertsatu* zaituzte, eta zeure herriari esan zenizkion hitz esperantzakor haiez mendeku* hartu dute García* Hurtado de Mendozaren jarraitzaile leialek. Zure umezurtz penatuek lurraren erraietatik ateratzen duten metalaz mututu dizute ahoa betirako ilunpetarrek.

Zure ezpainak isildu diren arren, odola —Txile osoa gorritu duen odol hori— ozenki* mintzo da.

«Inoiz ez bezalako sinesmena behar du gizonak bere buruarengan, eta mundua berregiteko, bizitza berriztatzeko duen ahalmenean» (S.A.).

Kaupolikan berrien hazi bihurtuko den zure odolak, muga berri bat ezarri du itxaropena eta etsipenaren* artean. Eta zure odolak, Salvador, noizbait argituko duen egun atzeratuaren zain jartzen gaitu.

X. M.

dezan, daian

dizkizute, deutsuez

dizute, deutsue

zenion, zeuntsan

zenizkion, zeuntsazan


"Auñamendi" argitaldariaren oharra

Orain zenbait aste, Donostiako «Auñamendi» argitaldariaren gandik, eskutitz batekin zetorkigun ondoko ohar hau jaso genuen.

Barka biezagu Beñat Estornes jaunak udako geure atzerapen hau. Ohar hau argitaratzean, bukatutzat ematen dugu, hemen aipatzen den arazoa.

ANAITASUNA

Anaitasunaren 257gn. zenbakian Olako izengoitiz estaltzen dan batek bide artzen du Auñamendi Argitaldariari irain egiteko eta ezer gutxi dala bide. Guziz bestelakoa da, gai bera ikutuaz, Armendaritzen irizpide neurrizkoa eta bere eskukoa Olakoren arinkeri eta axolakabearen aldean.

Armendaritzek Argitaldariak zabalpean gisa Euskaltzaindiaren euskal izenen Izendegia banatu duela jakinarazten die irakurleeri, eta aitortzen du Argitaldariaren lana euskerazko izenen alde. Millaka ale asko banatu da dubarik. Igorpenak Argitaldariaren gain izan dira. Baiña aldi berean lau orridun plama bat sartu zan, eta bertan artzen zan, ez pasarte bat, Olakok gezurrez dion bezela, H arazoarekiko lerroalde osoa baiño.

Argitaldaria ez zan ez alde ez kontra atera. Gai orretaz Unamunoren iritzia zekarren, bertan gaur egunean gertatzen danari egoki baiño egokiago dagozkion irakaspenak badituela uste izan zuelako. Gertakari onekin Argitaldariak arrazoia ematen dio Euskaltzaindiari euskal izenei dagokion arloan eta gaiñera diruz lagundu egiten dio, eta ez dio ematen ortografiarekikoan baiña ez dio kentzen ere.

H-ri buruzko gaia benetakoa eta ardurazkoa dala uste izan du, izkuntzari kalte aundia egin diolako, Euskaltzaindiko jaunak aldez aurretik antz eman bear zioten berezpena sorturik. Ez zan zuurki jokatu, bai ordea arinkeri aundiz eta erabiltzailleen gutiespenez. Auñamendi Argitaldaria, beste batzuekin batera, Euskaltzaindiagana jo zuen, ortografiarekiko naaspilla bukatu zedin eskatuz eta erabakibide baten billa, esaten dan lekuetan H onartua izan zedin eta bearbada erabilpenezko arrazoia duenean, baina letra bizkarkaririk gabe izkuntzan.

Gai oni buruz berezi bear dira H atsezkoa eta H ixilla, bizkarkaria (parasitoa). Bizkarkariak txarrak dira nun nai: gizartean, eta baita ere alfabetoan. Euskaltzaindiak ez zuen iñoiz H ixilla erabilli, baiña bai H atsezkoa. Euskaltzaindiak oraindik ez die erantzun Argitaldarieri, baiña bai ortan zer ikusirik ez duen eta ezer eskatu ez zuen lagun bati.

Olakok auzitara dakarren K-ren kasua ez dator arira. Ez da letra ixilla, ez da bizkarkaria. Gurdia bere bidetik ateratzea da ori, ontzitik kanpora pix egitea ez esateko.

Auñamendik atsezko H erabilli du, erabiltzen du eta erabilliko du, M, B, K, Z eta T erabiltzen dituen bezela, bakoitza bear dan tokian. Gaurko egunetan ez du edozeiñek saldu gabeko irizpidea, eta begira, Olako jauna, nola dakigun arrazoia ematea Euskaltzaindiari baduela uste dugunean eta kentzea ere bai oker ibilli dala uste dugunean. Zuk, irainik eta zozokeriarik gabe, oker gaudela erakusten badiguzu, bereala zuzenduko dugu. Joera berdiña dugu Unamunorekin eta beste edozeiñekin. Batzutan bat gatozke, bestetan ez, baiña ¿artalde egin? Ez pentsatu ere.

ZUZENDARIA


Irakaskintza

Matematika hiztegia

Donibane* Lohitzunetik heldu berria naizela, aipatu egin nahi dut nolabait, han ukitu* genuen zenbait puntu, jendeak hango berri ukan* dezan.

Ez naiz antolaketa lanen kritika egiten hasiko, ezin hobeak izan baitziren; eta neuri dagokidan arloa aztertuko dut.

Goizeko hitzaldietara, nolanahiko gaiei buruz izanki,* era guztietako pertsonak biltzen ginen. Beharbada horregatik, hitzaldi hauk* ez ziren, guk nahi genukeen bezain sakonak izan; baina, hala ere, onuragarriak* izan zirenik ez dut uste inork ukatuko duenik.

Lan konkretuetarako, arratsaldeko mintegiak* antolatu ziren. Honelako mintegiak niretzat gauza berri zirenez gero, zezenek harrapatu nindutela esan nezake, ez bainengoen guztiz gerturik* horretarako. Hala ere, matematika arloa aztertzen duten batzuk, mintegia prestatzen arduratu ziren. Bereziki Txillardegik, matematika liburu batzuk idaztean erabili ukan duen hiztegia denen aurrean aztertu zuen; eta hiztegi honen ikertzeari* lotu gintzaizkion hurrengo egunetan.

Liburu bizien beharra

Euskal Unibertsitatea bukatu zeneko, matematika hiztegi hori guztiz azterturik zegoen. Nik, orain, hiztegi honek ukan lezakeen garrantzia aipatu nahi dut, haren sortzean parte hartu dutenen eritziak kontutan edukirik.

1. Hiztegi hori, premia bizi batek sortua da. Matematikari buruz euskaraz liburu bat idaztean agertu diren premiei, erantzun bat eman zaie. Gaur egun egin ditzakegun hiztegiak, multzo nagusi bitan banatuko nituzke: hilak, edo besterik gabe pertsona batzuen burutik sortuak, baina inongo liburutan erabiltzen ez direnak; eta biziak, liburu batzuk egitean halabeharrez sortuak, eta, beraz, erabiliak.

Azken hauek, erabiltzean dute beren balio eta indar guztia. Sortu bezain laster erabiliak, eztabaidatuak eta berriztatuak direlako. Erabiltzean, jendeak beretu egiten ditu, edo behintzat egin ditzake; eta jendeak asimilatu dituenean, orduxean esan dezakegu, benetako hiztegi bat dugula.

Nik aipatu ditudan hiztegi hilek, ez dute baliorik. Haien premiarik ez badugu, guztiz alferrikakoak direla esan dezakegu.

2. Hiztegi hau, bai matematika eta bai hizkuntza arloan trebeak diren batzuek egina da, ez baita aski* hizkuntza ondo menperatzea. hiztegi tekniko baten oinharriak prestatu ahal izateko.

3. Hiztegi hau talde lanean sortua da, denen eritziak entzun ondoren onhartua.

4. Hiztegi hau hitzarmen* gisa* sortua da, hots,* denek era berean erabiltzeko asmotan. Puntu honetan, berriro ere, batasunaren beharra argi ikusten da. Talde lanetara sartu baino lehen, alde batera utzi behar ditugu geure aurreritziak,* lan onuragarri bat bururatzeko.

Hiztegi honen apologia egin ondoren, ba dirudi, lan hau onhartu besterik ez dugula egin behar. Hala ere, lehen esan dudan bezala, hiztegi hau ez da benetako hiztegi baten hazia baizik. Hautatu diren hitz eta egiturak,* ikastoletan eta bizitza arrunteko* gorabeheretan erabili behar ditugu.

Horretaz konturaturik, ikastolentzat liburuak prestatzeko programatze bat ere egin genuen. Beraz, hiztegi horretan onharturiko hitzak eta egiturak berehala erabiltzeko asmoa dugu. Batasunerako ere bide bat zabaltzen dela, argi dago. Han batu ginenok, euskal herri gehienetakoak ginen. Mintegi hartan ba geunden behintzat nafarrak, giputzak, lapurtarrak, zuberotarrak et bizkaitarrak.

Ohar bat

Neuri dagokidanez, ba dut oraindik esatekorik. Azken urte honetan, ph, y, kh, th eta beste zenbait letra erabili ukan ditut, gai teknikoez idaztean. Horretarako nituen zergatikoak, beste artikulu batean azaldu nituen, eta oraindik zutik diraute.

Donibaneko mintegietan —zenbait eritzi entzun ondoren, eta gure egoera honetan batasunerako onuragarri izan daitekeelakoan—, hitzarmen* bezala eta urte beteko epean, letra horik* ez erabiltzea onhartu genuen. Grekotik nahiz beste edozein hizkuntzatatik harturiko letren aldaketa bat onhartu genuen, denok ora berean egiteko. Beraz, hurrengo artikuluetan ez ditut letra horik erabiliko.

Hala ere, eta amore eman dudan arren, ene eritziz, Unibertsitate mailan gai teknikoez idaztean, baitezpadakoa* da letra horien erabiltzea.

Horrez gainera, argi utzi nahi dut gauza bat: Horretaz erabaki bat hartzekotan, Euskaltzaindiak hartu beharko du. Erabaki hori, orainokoan, hartu gabe dago; baina egunen batean hartu beharko da, batasuna lortu gura badugu.

Beraz, hauzia airean dago.

J. R. ETXEBARRIA

dezakegu, daikegu

dezan, daian

ditzake, daikez

ditzakegu, daikeguz

geunden, gengozen

gintzaizkion, gintxakozan

lezake, leike

nezake, neiko

zaie, jake


Herrenka

Gure Herria ez ezagutzea eta nazioarteko politikaren berri ez jakitea: hara gure ideologo askoren huts nabarmen bi.

Oraino asko ez dela entzun dugu, geure jokaera proletalgo* bidetik lehendabizi abiatu behar dugula; gure Herria ttikia izanik, Estatuko beste proletal indarrekin jokatu behar dugula hautakizun* bezala; bestela, ez dugula zereginik.

Ez naiz ni, proletalgo bide hori gaitzetsiko* dudana. Baina hori lehendabizi jartzea, beste gauza askoren artean, «nazioartekotasun» famatu horren kontra joatea da, gainera Estatua hain ttikia izanik munduko kontzertuan. Zein ote da ttikiago edo ahulago*: gure Herria, Estatuko beste Herri eta herrialdeekin* konparatuz, ala Estatu hori, nazioarteko kontextuarekin eta munduko potentzia nagusiekin erkatuz?*

Gure Herria ezagutzearekin batera, non dagoen jakitea ere beharrezkoa da, geopolitika, guda estrategia eta ekonomi influentzien harat-honatak zeintzuk diren jakitea baitezpadakoa* den bezalaxe.

Gaztelar herrialdeen mendeetako aginte nagusigoa ezagutzen ote dugu sustraitik? Irakurri ote ditugu Ledesma Ramos eta Onésimo Redondoren usteak? Ba ote dakigu, uste horik* nola finkaturik dauden herrialde horietan, eta ez bakarrik eskuineko taldeetan, bai eta ezkerreko talde anitzetan* ere, berak ohartzen ez badira ere? Ezker talde horietakoek hezketa* hartu ote dute Estatu barneko lau naziotasun desberdinetaz? Frantzian —eta ez eslabo Herrietan—gertatzen den bezala, ezkertar horiek ez dituztea* onhartzen, eskuindarrek bezalatsu, inperio erresumek* egindako muga berberak, Leninen bideari jarraiki beharrean, Maurras edo Albiñanaren bide berberak segituz?

Hemengo ezker indarrek Estatu barneko antzerako* beste indarrekin harremanak ukatea* zilegi* da; eta, horregatik, ezartzen zaien «ismo» hori ez litzaieke ezarri behar, besterik gabe askotan ezartzen zaien legez.* Baina, horretarako, hemengo indar horiek eskatu egin behar liekete hangoei, Portilla de Padornelo, Fraga eta Pancorboko atetik barnera ez sartzeko. Eta hori ahantzi* egiten zaie nonbait, eta hemen dabiltza soro* beretan jorran. Hor ageri zaie nabarmenki, heldutasuna edo argitasuna ments* dutela.

Hemengo batek bere aitari galdetuko balio, ea, orain 37 urte eskuindarrek Estatutua eskaini izan baliete, haiekin joango ote ziren, tranpazko eta zintzotasunik gabeko galdea eginen lioke. Lehenik eta behin, eskaintza hori errotik ezinezkoa zela jakin behar genuke, eta sekula ere ez zuketela Estatuturik eskainiko.

Saltoka aipatu ditugun baldintza hauei eta beste batzuei gure ideologoak ohartzen ez zaizkien bitartean, herrenka* ibili beharko dugu, bai, herrenka.

D. AMAITERMIN

baliete, baleutseo

balio, baleutso

daude, dagoz

liekete, leuskioee

lioke, leuskio

litzaieke, litzakioe

zaie, jake

zaizkie, jakez


Neure lantokitik

Arabako Errioxa

Oso atsegina da, Arabako Errioxan dauden herriak bisitatzea: Biaisteri,* Zieko,* Bastida...* Aintzinako denboretako usaina kale zaharretan, katedralak diruditen elizak, mahastiak, ardo upeltegiak... Eta Arabako herri handi guztietan legez,* udalak* egindako igertokiak,* haurrentzako hainbeste gustagarriz hornituak.

Errioxan, bide ertzean agertzen diren herri izenak ikusi gabe ere, behingoan* nabaritzen* da zein herri den Arabakoa eta zein Logroñokoa, zein herri dagoen Deputazio deserdiratu* baten menpean eta zein erdiratu batenean. Arabako herrietan ura dute etxeetan, Logroñokoetan ez. Arabakoetan igertokiak daude, Logroñokoetan ez. Arabakoetan etxe berri asko, Logroñokoetan askotaz gutiago.

Anekdota gisa,* Biaisteriko ostatu batetan gertatu zitzaiguna esango dizuet. Gau bi iragan* genituen, eta gau bietan, ordu batak inguruan, lorik hoberenean geundela, telefonoak jo, nik hartu, eta boz bat entzun nuen, «guztiak zaudete? atea herstera* goaz» goxo goxo esaten zidana.

Euskaldunak Argentinan

Aurrera doaz euskal ikastaroak La Platako Eusko Etxean, Buenos Airesko Laurak Bat batzokian eta Lavallel-eko Kaputxinoen ikastetxean.

Mar del Platan, irail honetan, Euskal Astea egingo dute.

Temperley-ko Denak Bat elkartekoek dantza talde bat sortu dute.

La Platan, ikastolako ikasleak boletin bat euskaraz argitaratzen hasi dira. Astero, irratitik, saio bat eskaintzen da, Euskal Herria La Platan izena duena.

Eta han bizi den M. Ezkerro jaunak dioskunez, ANAITASUNA ongi hartzen da eta oso pozik irakurtzen.

Allende hil da

Txileko azken gertakariek mugaz bestaldean hartu naute, eta Frantziako aldizkarietan irakurri ahal izan ditut.

Mundua zorionaren bila dabila, sistema politiko berriak xerkatzen.* Horregatik, interesgarria zen, Allendek egin nahi zuen experientzia: komunismoa demokrazi bidetik eramatea. Militarrek ebaki egin diote bide hori; eta egitada horren ondorioak ez dira Txilen bertan bakarrik sentituko, hango experimenduak interes orokor* bat baitzuen.

Allenderen portaera eta heriotze tragikoak are* nabarmenago egin dute Txilen gertatu dena.

Orain, Pariseko «Le Monde» egunkarian irakurri dudanez, «Patria y Libertad»eko milizia faxistak kaleen jaun eta jabe dira, eta batetik bestera dabiltza, ezkertiarrak harrapatzen eta hiltzen.

Txile eta gu

Txileko gertakariek irakaspen bat izan behar lukete guretzat.

Txileko berriak irakurtzean, geure Herria etorri zait gogora. Han indarkeria erabili dute, eta hemen ere horren arriskua dago. Nik ondo ezagutzen dudan ikastola bateko gertaerak abisu bat dira, eta, nahiz eta Txilekoekin desberdintasun ugari eduki, ba dute puntu berdinik:

- Txilen, eskuin muturrekoek erabili dute bortizkeria.* Ikastola horretan, berdin.

- Txileko kolpearen atxakia, marxistei bidea herstea* izan da. Ikastola horretan, berdin.

- Txilen, herriak botoen bidez aukeratutako gobernua desegin dute. Ikastola horretan, gurasoek botoz hautaturiko kontseilua.

- Txilen, herriaren botoz egindako konstituzioa geldi erazi dute. Ikastola horretan, gurasoek botoz eginiko araudia.*

- Txilen, Parlamentua deuseztatu* dute. Ikastola horretan, berdin egin dute gurasoen Batzarrearekin.

Indarkeriak indarkeria sorterazten du. Horrexegatik dira kondenagarri zapalketak, nahiz zuriak nahiz gorriak izan. Jendeak bide egokiak eta baketsuak behar ditu, behar diren aldaketak aurrera eramateko; eta bide horik* hersten zaizkionean, indarra bakarrik geratzen da, nork bere eskubideak defendatzeko. Beraz, geure gizarte bizitzan arrazoia eta ez indarra, bakea eta ez gudua, justizia eta ez zapalketa nahi baditugu, gizonek oinharrizko eskubideak behinik* behin behar dituzte.

Gizonki jokatu behar dugu; eta gizonki jokatzea ez da lagun hurkoa zapaltzea, errespetatzea baizik. Euskal Herri zoriontsu bat gura badugu, hemendixek hasi behar dugu.

Manolo Escobar

Saio bi eskaini ditu Bilboko «Pabellón de los Deportes» delakoan.

Baimen ofizialak lortu ditu, mitologoek ez dute desmitologizatu, ez H-ren kontrakoek eskumikatu:* eta, beraz, 10 000 lagunen aurrean kantatu ditu «Porrompompero», «Viva España», eta abar.

Honen aurrean, zer esan genezake guk, ANAITASUNAko zazpikiok?

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

diote, deutsoe

dizuet, deutsuet

geunden, gengozen

zait, jat

zaizkio, jakoz

zaudete, zagoze

zidan, eustan

zitzaigun, jakun


Iparraldetiko berriak

Irailaren* 15ean, Baionako PAX deiturikako zinetokian, arratseko 9 orenetan,* ZABAL-KANTALDIA izan zen.

Izenak berak erakustera ematen duenez, kantaldi hori, sortu berri den ZABAL iparraldeko aldizkariaren alde egina da.

Oraintsu, irailaren lehenean hain zuzen, bere 3. zenbakia argitara eman du ZABALek. Bertan aipatzen dira:

- Euskal Herriko Eliza.

- Bestelakatzea.*

- Dixmiuden flamandar abertzaleek eginikako Euskal Herriaren burrukari buruzko biltzarre nagusia.

Harpideduna izateko xehetasunak behar badituzue, eska itzazue leku honetara: ZABAL, 31, Bourgneuf, Bayonne.


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Txingo», Sabin Irizarrek, GEROn

GERO liburu sortak Sabin Irizar debatar idazle berriaren obra autobiographiko bat eskaini digu irailaren* lehen egunetan: Txingo, gertaldi eta ibilkeriak.

Egileak, gizon heldua jadanik,* 1936.ean Euskal Herritik ihes egin beharrez, Frantzian, Belgikan eta Ameriketan zehar ikusiriko gorabeherak kontatzen dizkigu, denak nobela baten antzera.

Oraindik osorik irakurri ez dugun arren, esan dezagun, nobela hau biziki interesgarri dela, egileak berak gertaerak bizi izateak ematen dion gatz eta piperraz.

Bibliographiarako: IRIZAR, Sabin, Txingo, gertaldi eta ibilkeriak, Ed. Mensajero, Bilbao, 1973.

Nafar Diputazioak Euskaltzaindiari 25.000 pezeta

Aurten Nafarroako Diputazioak Euskaltzaindiari, laguntza gisa, 25.000 pezeta ematea erabaki du, hau da, aspaldiko urteetan bezalaxe. Honela, nafarrena da, gure Herrian euskararen alde dagoen erakunde* printzipalenari diru gutien ematen diona, zeren*, dakikegunez,* Bizkaikoak urtero 100.000 eta Araba eta Gipuzkoakoak 50.000na pezeta ematen baitiote.

Nafarroako Diputazioak euskararen alde duen Príncipe de Viana sailekoek, aurten bereziki, Diputazioari Euskaltzaindiarentzako urteroko saria 50.000 pezetara altxatzea eskatu zioten; baina, dakusagunez,* ez diete batere kasurik egin.

Honek, egia esan, harritu egin gaitu guztiz. Euskal gauzez kezkaturik, bere kontutik euskal tituluak ematen hasia den Diputazio bategandik, halafede, edozeinek espero zezakeen gehitxoago Euskaltzaindiaren alde; baina ikusi da: ez da horrela. Are* harrigarriagoa, gainera, non eta honelako gauzak Nafarroan gertatzea. Lehen, zertarako uka, euskaldun guztiok eredu* bikaina genuen bertako Diputazioan. Baina, dirudienez, honez gero gauzak aldatu egin dira, eta. nabari* denez, txarrerako.

Udako Euskal Unibertsitatea Donibane Lohitzunen

Aurten, agorrilaren* 28tik irailaren 8ra, Donibane* Lohitzunen eratu den Euskal Unibertsitatean, egun pare bat egoteko parada* ukan* genuen; eta bertan nabarituriko* giroa, zin zinez,* bikaina zela osorik esan dezakegu.

Bertan egon ginen artean, L. Villasante, L. Mitxelena, A. Irigoien, Lizundia, Murgiarte eta Jauregiberri andrea entzun genituen, nork bere gaiaz irakaspen oso interesgarriak emanez. Ikasleen aldetik, ehun eta hogei inguru zeuden, Euskal Herriko alde bateko eta besteko unibertsitari gazteak gehienak. Ba ziren, horregatik,* T. Monzon eta beronen adineko* beste gizon heldu batzuk ere, ikastarora ardura handiz zetozenak. Dakusagunez,* gaztetasuna ez da gazteriari bakarrik dagokion zerbait, gogoan luzaro iraun dezakeen zerbait baizik.

Unibertsital* ikastaro honek kanpoko zenbait jende ere erakarri zuen bertara. Ba zegoen, gutienez, japones bat (euskara oso ongi zekiena) eta korsikar* bat, biak euskal kulturaz kezkatuak.

Ikastaro honek ederki erakusten digu, gure hizkuntza ba de!a gauza, goren mailako gaiez aritzeko, eta euskaldunon orain arteko kultur atzerakuntzak sustraiak beste nonbait dituela.

Bihoazkie* gure txalorik beroenak eratzaileei, Jean Haritschelhar jaun euskaltzainari batez ere, guztiek ongi mereziak baitituzte. Ea geurtz* ere beste horrenbeste edo are* gehiago eratzen dugun!

Jon Oñatibia jaunaren portaera ulertezina

AGUR aldizkarian irakurri berri dugunez (73-IX-8), joan den udan Nafarroako Diputazioan egin bezala, orain Arabakoan euskal tituluak emateko ikastaro bat eratu nahi da, J. Oñatibia euskaltzain laguntzailearen ardurapean.

Dakigunez, ikastaro hauetarako, oiartzuar* irakasle honek ez du Euskaltzaindiarekin inola ere kontatu, euskal erakunde* honek eman zion «euskaltzain» izenaz bere probetxurako eta haren kalterako ongi baliatu arren.

Jadanik* ezagunak genituen jaun honen jokabide desegokiak, Euskaltzaindiak onharturiko euskara batuaren kontra, Donostiako erdal egunkarietan argitaratu ditu eta; baina aspaldi honetako portaera berri hau are* zatarragoa da, Euskaltzaindiak emandako izena, haren kontra jotzeko baitarabila.

Hemen gauza bi berezi beharko lituzke: eskubidea du, hobe* ez!, Euskal Akademiarekin bat ez etortzeko. Baina Euskaltzaindiaren bileretara inoiz ez doan jaun horrek, bere kontutik, bera ere partaide den erakundeari gerra partikular hori egin aurretik, bere dimisioa edo presentatu beharko luke, euskaltzain, gauza batzuetarako bai eta beste batzuetarako ez, izaten iraun gabe. Nori berea baita zuzenbidea.

Denda izendegia azkenez argitara doa

Batzuetan txoria, gutien espero genuen leihotik sartzen zaigu etxera. Bai, Euskaltzaindiak ofizialki onharturiko denda izendegia lehenik Bilbo Zaharreko salerosleei eskaini zitzaien; baina berauek, dirurik ez zutelako atxakia aipatuz, ezezkoa eman zioten. Orain, ordea, izendegi horren albistea jakin bezain agudo,* Iruineko Banco de la Vasconia etxeak bere laguntasun osoa eskaini dio Akademiari, obratto hori lehenbailehen argitara dadin.

Izendegi horrek 200 denda, erakunde* eta ofizio izen inguru daduzka, guztiak ofizialki ontzat emanak, espainolezko eta frantsesezko itzulpenez lagunduak. Horrez gainera, gehigarri gisa,liburuxka horrek merkatal* munduko esaldi praktiko mordo bat dakar (pase Vd. sin llamar, horas de oficina, cerrado por vacaciones...), bai eta propagandako eslogan batzuk ere (grandes rebajas, lo mejor a los mejores precios...), askori lagungarri izanen zaizkielakoa jarriak.

Benetan portaera jatorra banku horrena, aurretik pertsonen euskal izendegia eskaini zigunarena.

Gauza-zaharzaleak baserririk baserri

Arazoa ez da gaurkoa; baina, gure belarrietara heldu denez, aspaldixeon antikoari eta era guztietako gauza-zaharzaleak baserrietan zehar ari dira, nekazariei bost txakur* ttikitan balio historiko eta ethnographiko haundiko tresnak eta gauzak erosten; laiak, gurpilak, buztariak, zepuak, harlanduak, zurlanduak, antigoaleko plantxak,e. a.

Kontuz ibili beharko dukete* baserritarrek holakoekin; eta ez litzateke gaizki egongo, holako traturik egin aurretik familiako pertsona eskolaturen batekin hitz egingo balute, engainatuak ez izateko.

Noizko Arana-Goiriren omenaldia?

J. San Martinek aurreko ANAITASUNAn zioskunez, gure artean omenaldiak ia eguneroko ogia bezain gauza komunak bilakatu* dira. Kasik esan daiteke, norberak nahi duenean bere buruari gorazarre* bat eskain diezaiokeela, horretarako, lagunei esatea aski* delarik. Umiltasuna ez dugu, segur asko, oso gogoko egungo* euskaldunok. Bitartean, ba daude bestelako gizon batzuk, lan isila, ezkutua* eta etengabea egin arren, burutik sekula iragaten* ez zaizkigunak; eta honelakorik askotxo dago Euskal Herrian.

Baina biziak alde batera utzirik, dezagun hiletariko bat hemen aipa: Sabino Arana-Goiri. Dakikegunez* politikan ere hain sonatu izan zen gizon honek, euskararen arloan ere lan haundiak egin zituen. Haren eraginez, euskal estudioak ardura handiagoz hasi ziren hartzen; eta zeduzkan garbizale eritziak, oro* har, guretzat gaur egun zuzenak ez badira ere, ezin uka diezaiokegu inondik ere, euskarari bestelako indar bat eman zionik, onerako gehienbat.

Noski, egungo giroa ez dateke,* politikalari zen aldetik inolako gorazarrerik egiteko modukoa; baina, euskaltzale zen bezainbatean, zergatik ez? Dakikegunez,* honez gero haren euskal lan batzuk argitara eman ditu aspaldian La Gran Enciclopedia Vascak; eta ez da ahanztekoa, Areilza jaunak, 1965.ean, Bizkaiko Diputazioaren Vizcaya aldizkarian haren bizitzaz publikaturiko lana.

Zer, ba?* Ez ote diogu holako bat zor Sabinori ere? Eta omenaldi hori publiko ez bada ere, izan dadila pribatua, euskal kulturaz arduratzen direnen hitzaldiekin edo. Ez dut uste, Hitler-en arimaren aldeko mezak ontzat ematen diren artean, horretarako eragozpenik legokeenik. Ala bai?

Salvador Allenderen herioa

Dolorez ikusi dugu Salvador Allende jaunaren hiltzea. Herriak aukeraturiko presidentea, atxakiak atxakia, hain bidegabeki hiltzeak ez du izenik merezi. Txileko militarrek eta burjeseriak argiro erakutsi dute, ez dutela onhartu nahi ezkerraren nagusitasunik, berau lege bidezkoa bada ere. Oraino batzuentzat klar ez bazeuden, horien asmoak oraingoan nabari* daude.

Txileko Herriari, ordu ilun hauetan, berekin bat gaudela esan nahi diogu: demokrazia zapalduaren alde.

ZABAL edo iparraldeko gazteen miraria

Eta iparreko albisteez ari garelarik, diogun,* Donibane Lohitzuneko Unibertsitatean ZABAL izeneko euskal aldizkariaren 2. eta 3. zenbakiak hedatu* zirela. Irakurle askok agian* oraindik kazeta horren berri ez dukeelakoan* ZABAL ipar euskaldun gazte abertzale eta sozialisten aldizkaria dela esanen dugu.

Ba zeuden orain arte HERRIA, OTOIZLARI eta GURE HERRIA; baina publikazio hauk,* gehienbat, adineko pertsonen ardurapean zeuden. Orain, aldiz,* gazteek ba dukete* beren ideologia eta era guztietako kezkak adierazteko bide berri bat.

Bihilabetekari honen zuzendaria Beñat Oiharzabal da, eta, bertan idazten dutenen artean, P. Xarritton, J. L. Davant, Gehexan Lantziri eta R. Kanblong idazle ezagunak daude. ZABAL, sentimenduz abertzalea da, sozialista joeraz, eta zeharo demokrata jokabidez. Ez genuen uste, eta ba dakusagu* oker geundela, ipar gazteriak horrelako aldizkari serio bat atera zezakeenik. Egiazko miraritzat har dezakegu, bai horixe.

Harpidetzeko urteroko sariak hauk* dira: Ipar Euskal Herrirako, 22,00 libera;* Hego Euskal Herrirako, 48,00 libera edo 600 pezeta.

Bizi lekua: ZABAL, Bourgneuf karrika, 31 (64100 Baiona).

Berri laburrak

Euskalduntzen 3.a laster agertzeko

Euskalduntzen methodoaren 3. zenbakia laster agertuko da liburudendetan. Bilboko irakasle talde bat, horretarako, uda osoan ibili da lanean.

Euskara eskoletan ote?

Espainialdeko Euskal Herriko eskoletan, euskara asignaturatzat ezarriko omen* da. Horretarako, irailaren* erdian bilera bat egin dute Donostian euskal probintzien hiriburuetako kultur arduradunek, Irakaskintzako Lege Jeneraleko artikuluak betetzeko asmoz.

Programma, textuliburu eta irakasleei dagokienez, batzorde* honek Euskaltzaindiaren kontseilua hartuko du. Donostiako lehen bilera honetan, hain zuzen ere, Antonio Arrue jaun euskaltzaina egon zen Akademiaren errepresentazioan.

Plentziako nahaste-borrasteak

Agorrilaren* 31n, Plentziako enparantzan,* Txindor dantzari taldea aritu ondoren, Natxo de Felipe kantaria bere saioaz hasi zenean, herriko alkateak, bertara pertsonalki joanik, kantaldia debekatu zuen. Ondorioz, plazan zegoen jende mordo bat protestaka hasi zen, bere haserraldian inguruko kristalak eta bonbilak hautsiz. Gizabide gutiko erakusketa honegatik eta puskatua zegoen ordena berriro ezartzeko, goardia munizipalek eta zibilek parte hartu behar ukan* zuten. Natxo de Feliperi eta Plentziako zortzi mutili multa bana jarri diete agintariek.

Donostiako «Fiestas Euskaras»ko kantaldiak

Donostian, udaroko «Euskal jaiak» direla eta, Ez dok Amairu taldeak, beste lagun batzuekin, beren saioa eskaini ziguten.

Natxo de Felipe bilbotarra, beste bederatzi musikalarirekin, irailaren 15ean bertan parte hartzekoak ere ba ziren; baina, asken orduan, ez zitzaien behar zuten baimena eman.

Herri eta herritarren izen batzordea Donostian

Irailean, Luis Mitxelena jaunaren zuzendaritzapean, Euskaltzaindiak gure herrien eta herritarren izenak aztertzeko duen batzordea,* Donostian bi.du da lehenengoz. Dakikegunez,* talde honen helburua, herriz herri azterketa batzuk egin ondoren, Euskal Herriko hiri, herri eta hiritarren izenak euskara batuan nola diren erabakitzea da.

ARMENDARITZ

dezakegu, daikegu

diete, deutsee

diezaioke, deiskio

diezaiokegu, deiskiogu

digu, deusku

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkigu, deuskuz

geunden, gengozen

zaigu, jaku

zaizkie, jakez

zaizkigu, jakuz

zezakeen, eikean

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zion, eutson

zioskun, inoskun, esaten zigun (euskun)

zioten, eutsoen

zitzaien, jaken


"Oihartzunak" kantari talde trebea mintzo zaigu

Ekaitz ondoko uholde baten gisara* ikusi dugu hedatzen* kantari hauen lan humila. Bide laburrean historia luzea idatzi dute. Eta gu, esan dezagun, propagandaren interesak sarritan ikusi nahi ez dituen herri ekinaldi isilak biziki biziki estimatzen ditugu.

Izen famatuen txartelik ez daraman* talde honekin muntatu dugu elkar hizketa hau. Hemendik aurrera irakurleak juzga beza, talde honek merezi duen estimua.

 Galdea. Orain dela gutti, Lapurdiko partean izan zarete kantatzen, uste dut lehen aldiz, eta hor arras* ongi hartua izan da zuen izena. Zuek zer giro aurkitu duzue bazter horretan?

 Erantzuna. Bi ekinaldi izan genituen, Baionan bata eta Arrangoitzen* bestea. Baionako ferian egindako ekinaldian oso giro eskasa aurkitu genuela esan genezake, hangoa ofizialkeria hutsa baitzen. Arrangoitzen izan genuena, ordea, oso interesgarria eta ederra: hemen behintzat euskaldun sentitu ginen, giroa ere halakoa baitzen.

 G. Jende askok ozta* ozta dakite zuen berri. Oskorri, Ez dok Amairu, Oskarbi eta beste kantari eta talde batzuek propaganda gehiago izan dute euskal aldizkarietan. Zergatik da hori?

 E. Ez dok Amairuk, Oskarbik eta bestek, guk baino fama eta entzute handiagoa hartu dute, hobeak ere izanen baitira. Aipatu dituzun talde hauek beren diskoak dituzte eta guk baino denbora gehiago daramate kantatzen. Gainera, gu Gorbeia mendiaren pean bizi gara. Ez dok Amairu eta Oskarbi, ordea, Donostia aldean bizi dira, eta Oskorri, berriz, Bilbon.

 G. Bizkaitik kanpora atera zaretea*?

 E. Bai, Euskal Herriko herrialde* guztietan izanak gara. Oraintxe berriki* Zuberoako Atarratzen* izan gara, abuztuaren 5ean hain zuzen ere.

 G. Noiz hasi zineten kantatzen, eta non sortu zen zuen taldea? Interesantea da, taldean zenbat zareten eta teknikaren aldetik nork zuzentzen zaituzten jakitea.

 E. Bi urte dira, elkartzen edo bilerattoak egiten hasi ginela. Arratiaren bihotz bihotzean sortu zen gure taldea. Zortzi kantari gara; baina beste bostekin osatzen da gizatalde bezala. Teknikaren aldetik aita Juan Jose Arizmendik zuzentzen gaitu.

 G. Euskal kantua profesionalizatu egin behar dela diote batzuek. Honetaz zer diozue?

 E. Zeinen* pozgarri litzatekeen, baldin gure herria kantari profesionalik ukateko* eran* balego!

 G. Honek esan gura* du, kantua zuentzat ez dela bizibide bakarra, noski.

 E. Guretzat hauxe da kantua: zorrak sortzeko bide eder bat.

 G. Nabari* da, zeuen kantuetan gogoan duzuela Euskal Herriko egoera. Arratiatik begiraturik, nola ikusten duzue Herri honen aurpegia?

 E. Esan dezakegu, azkenaldiotan, zorionez, batasun bidetan zehar abiatu dela gure Herria; baina oraindino kontzientzia garbi baten premia ere nahiko garbi agertzen da.

 G. Segur aski,* zuek ere ba dukezue* zeuen pentsaera berezi bat. Publikoak nola ikusten zaituzte?

 E. Bai, taldeak ba du bere pentsamolde bat, bere ideologia bat, bere helburu bat, nahiz eta batzuetan helburu horren betetzea teoria hutsean gelditzen den. Gure kantuetan nabaritzen* da hobekien gure jokabidearen norakoa. Horregatik, ez dago esan beharrik, Herriak nola ikusten gaituen; eta baldin galde horri erantzun behar bagenio, lehenbizi bereiztasun edo klasifikazio batzuk egin beharko genituzke publikoarengan.

 G. Euskal kantuan gero eta inportantzia gehiago ematen zaio nola poesiari hala musikari. Zuok bakarrik sortzen ote duzue?

 E. Gehiena guk geuk sortzen dugu. Herri kantak ere hartzen ditugu.

 G. Protestako kanta dela eta ez dela, hamaikatto komeria ba dabila hor zehar. Askorentzat garai batetako moda bat zen kanta mota hori; baina egun* ez luke balioko. Oraingo egunean artea eskatzen da, eta, horretarako, musika zaharretara jotzen dute. Joera hau aski* ezaguna da batzuen artean. Zuek zer pentsatzen duzue?

 E. Artea guztiz inportantea da, eta guk onhartzen ditugu autore zaharrak. Geroago eta inportanteago iruditzen zaizkigu. Hala eta guztiz ere, protestako kantuek oraindik garrantzi eta zeresan handia dute.

 G. 1973.eko Euskal Herri honi zerbait berezirik esan nahi diozue kantuaren bitartez?

 E. Horixe da, hain zuzen ere, gure helbururik handiena: kantuaren bitartez Euskal Herri honi zerbait berezirik esatea. Kantuaren bitartez Herriaren nortasuna azaldu gura* dugu. Oraindik lotan dauden herritarrak iratzarri* nahi ditugu. Ahal dugun neurrian, Euskal kontzientzia bat pizkor erazi nahi diogu, Euskal izan behar lukeen Herri honi.

Honeraino gure elkar hizketa «Oihartzunak» taldearekin. Jende sinplea, oso sinplea, ez horregatik inozoa.* Segur naiz, ez zela Zuberoako Atarratzen (Agur, Atarratze!) itzaliko* gure agurra. Laster entzungo ahal dugu, diskoren batetan, Arratia eskualdeko gazte hauen aire esperantzagarria!

HERRANDONEA

bagenio, bageuntso

beza, bei

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

diote, dinoe

diozue, dinozue

genezake, geinke

genituzke, geunkez

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz


Arabizazioa

Xabier Gereñok eskatu zidan, Algeriako bilinguismoaz zerbait idatz dezadan.

Lehenik esan beharra dago, hemen bilinguismoaren problemarik ez dagoela, trilinguismoarena baizik, Algerian hiru mintzaira bizi baitira: arabea, berberiera eta frantsesa.

1966. urteko estatistikek darakuskigutenez,* honela banatzen dira Algerian erabilitako hizkuntzak:

 Bertako hizkuntzak:

Arabea: 9 734 100 bizilagun (% 81,5).

Berberiera: 2 267 300 (% 17,9).

 Kanpoko hizkuntzak:

Frantsesa: 77 600 (% 0,4).

Besteak: 23 000 (% 0,2).

Frantziaren denboran, Algeriako hizkuntzek ez zuten ofizialtasunik asko lortu izan. Pariseko gobernuaren menpean egonik, goiko maila guztietan erabilitako hizkuntza frantsesa zen; eskoletan arabea aparteko langai bat zelarik. Frantsesek erlijioaren mintzaira bezala onhartzen zuten arabea. Honetaz gainera, kontuan hartu behar da, eskolara Algeriar gutti zihoala, eta Europarrek arabeari inportantzia gutti ematen ziotela. Beraz, herri xehea, bere hizkuntza eta frantsesa entzunik, mintzaira biok nahasten hasi zen. Berberiako herrialdeetan, Kabilian bereziki, nahaste hau askoz zabalduagoa zen eskualde* arabizatuetan baino, zeren* Kabiliarrek, beren hizkuntzan idazten ez jakinik, nahiago baitzuten, idazten zen eta ofizialtasuna zedukan hizkuntza ikastea. Bestalde, toki askotan, Berberiarrek lotsa dadukate, Arabeen aurrean berberieraz mintzatzeko.

Berjabetasuna* lortu eta gero, Algeriako gobernuak frantsesa onhartzen du hizkuntza ofizialtzat, eta arabea hizkuntza nazional bezala. Arabizazioaren helburua, arabeari lehen maila ematea da, Algeriak bere nortasuna aurki dezan. Berberierak oraindik ez du ofizialtasunik erdietsi.*

Arabe hizkuntza aipatzen dugunean, hiru gauza bereizi behar ditugu: Arabe klasikoa, «Koran» liburuan erabilia eta mendeetan zehar aldatu ez dena; arabe modernoa (edo prentsakoa), hitz teknikoz hornitua; eta arabe dialektala, herriz herri aldatzen dena, eta frantsesarekin nahasia. Honetaz gainera, arabe dialektalak ez du deklinabiderik erabiltzen, eta herrialde menditsuetan hitz asko berberieratik hartu ditu. Arabe hizkerak honela bana daitezke: Berberiakoa, Arabiakoa, Siriakoa eta Egiptokoa.

Irratian hiru emisio sail daude: bata arabez, bestea berberieraz eta hirugarrena frantsesez. Telebistako emisioak arabe modernoz ematen dira. Pariseko ORTF delakoarekin kontratu bat firmaturik, pelikula asko frantsesak dira; baina aurten arabe modernoz ematen da itzulpena. Beste filme eta antzerki asko Egiptotik dator; baina batzuetan frantsesezko nahiz Algeriako arabezko itzulpena ezarri behar da, bertako herri xeheak Egiptoko arabea gaizki ulertzen baitu.

Musikazko emisiorik asko bertan antolatuak dira, arabe modernoz nahiz dialektalez emanak. Kaleetan denda guztien izenak hizkuntza bietan irakur daitezke, bai eta herrien izenak ere. Egunkariak eta telebistan emandako munduko berriak arabe modernoz eta frantsesez agertzen dira. Irratian egunero arabe modernoa irakasten da; baina, ene ustez, ez da ongi egina, zeren* gramatika gehiegi egiten baita eta esplikazio guztiak frantsesez ematen baitira. Administrazioan arabea gero eta sartzenago ari da; hor lan egin ahal izateko, arabe modernoa jakin behar da.

Aurten lehen mailako irakaskintza arabe modernoz egiten da. Bigarren mailako kolegioetan literatur gai guztiak arabez ematen dira. Aurten Irakaskintzako Ministerioa gai zientifikoak arabez eman erazten hasi da. Eskola teknikoetan arabearen egoera larriagoa da, irakasle guztiak kanpotarrak izanik. Irakastaldiak frantsesez baizik ezin daitezke eman. Adibidez, lan egiten dudan eskolan, ikasleek astero bi orduz ikasten dute arabea; hor arabe teknikoa ikasten dute.

Unibertsitatean, kolegioetan bezalaxe, filosofia, historia, hizkuntza, zuzena* eta artea arabez ikasten dira. Aurten gai zientifiko batzuk ere arabez ikas daitezke.

Ba zioen* Alger-eko irakasle batek: «Arabizazioa behar dugu, gaurko ikasgai guztiak arabez azaltzeko eta frantsestuak izan diren gure jakintsuak herritik ez. urruntzeko, beren egiazko problemak uler ditzaten. Hain zuzen, arabizazioaren zailtasuna gauza hauetan datza:*

- irakasleen eskasia (gehienak kanpotik datoz).

- postu inportanteetan daudenetarik asko frantsestuak edo atzerritarrak dira.

- arabe moderno eta tekniko bat irakatsi behar zaio herri xeheari.

- Kabiliarrek ez dute arabea ikasi nahi. Baina hortik beste problema etniko bat sor daitekeelakoan nago.

XANTI LAFITTE

daude, dagoz

dezadan, daidan

dezan, daian

zaio, jako

zedukan (zeukan), eukan

zidan, eustan

zihoan, joian, joaten zen

zioen, inoan, esaten zuen


Etxe barreneko zentsura

Entzun dudanez, gure arteko idazle batek egina omen daduka, ez komarik ez majuskularik duen nobela bat. Bai eta euskal editorial batek argitara ez ematea erabaki duela ere. Arrazoirik? Itxura denez, zentsore jaun horien arauera,* euskal irakurlego gaixoari ezinezkoa eginen litzaioke liburu horren ulerkera. Hori batetik. Ekonomikoki begiratuz gero, berriz, ez litzaiekeela batere abantailagarri aterako editorialistei. Hau bestetik.

«Zentsurak erabakitzen du zer den on eta zer txar, zer zuzen eta zer oker, zer komenigarri eta zer ez», Meakaberrik dioskunez (ikus ZABAL, 2. zenb. 48. hor.). Eta halaxe da, nik uste.

Bistan da, delako nobela «zail» hori, ez baitakigu ere on ala txar den, ez dela batere «komenigarri»...

Komenigarri gabe, norentzat ez den komenigarri galdetu beharko genuke. Euskal nobelarentzat ez ote? Euskal langileriarentzat ez, beharbada? Ala zentsore jaunen...

Nik ez dut komarik eta majuskularik gabeko nobela dontsu* hori irakurri oraindik (nola irakurriko nuen, bada?) ez eta haren egilerik ezagutzen ere; baina egiten zait niri, ba daitekeela halako Joyce-ren kutsu bat, halako Sollers-en eragin bat aurkitzea berarengan. Oker ote nabil?

Behin batean, ba zioen I. Sarasolak «nork idatziko luke Joyce-ren «Ulises»a Agirreren euskaraz»? eta eransten zuen «inor ez dela gauza, gaurkoz, holako bide batetik abiatzeko» (ikus Egunero hasten delako-ren hitzaurrea).

Nola jakin, ordea, moldiztegiko ateak hersten* bazaizkigu?

«Gure hizkuntzaren moteltasuna, eskasia eta atzeratasuna, gure hiztegi urria..., gure sintaxis hertsia eta ankazgoratua..., gure jardunaren baserri-kutsu soportatu ezina» (Sarasolak berak jarraitzen zuen) ikusirik (fanatiko ez garen guztiok onhartzen duguna), bistan da entrenamendu experimental oro* euskal prosarentzat komenigarri litzatekeela». Finnegans Wake eta H bezalako textuak egiten diharduen orok, ateak are* zabalagorik behar lituzkeela.

Ni nago, ez dakit zergatik, ez ote duen euskal prosagintzan gure nobela ezezagun horrek etapa berri bat markatuko, etendura bat errepresentatuko, eta gure zentsoreok beldur...

Sasoi batetako kritikalari «progre» eta ausart* haik,* nork esanen, egun* zentsore bihurturik ikusi beharko genituzkeela? Bon Dieu!

Nork ukatuko du, zail gertatuko zaiela euskal irakurleei holako textu bat? Itsuenak ere ba dakusa,* gaurkoz ingeles langileria ez dagoela prest, Finnegans Wake konprenitzeko (burjeseria ere ez, egia esan) ez eta frantsesak H ixiritzeko;* hala ere, astakeriatzat joko genuke Joyceren literaturgintza zentsuratzea, edo eta bandalismotzat, Sollersek idazteko darabilan makina apurtzea.

Alferrikako gastua litzatekeela lan horren inprimatzea? Batek ote daki!

Dena dela, gure argitarazleak diruaren gutiziak* mugiturik balebiltza, askoz hobe, Retana jauna eredutzat hartuko balute.

PERUGORRIA


Amodio baten oroitzapenak

Udako beroaz ez dirudi gai serioak oso egokiak direnik, herriaren gogoan uda, eta oporrak bereziki, eguneroko atsekabeak ahanzteko eta denbora alaiki emateko garaiak baitira.

Soinuren bat entzutean, neskatxa bat aiezka eta zuzpirioka jartzen bazaizue, laster jakingo duzue zergatik den: Oporretako amodioaren oroitzapenengatik.*

Gertaera hau sarritan ikusi dugu geure herrietan. Ez naiz ari sexual kezkak. «gaindituak» dituztenei buruz, ez eta nekez oreka* lortu duten guti horiez ere. Aipatzen ditudan neskak politikaz ez dira gehiegi arduratzen, eta, urte osoan zehar senargai bila alferrik saiatu eta gero, oporren zain egoten dira, honela, konturatu gabe, beren hertsapen* sexualari irtenbide bat emateko.

Azkenean oporrak heltzen direnean, ba doaz taldeka Costa Bravara edo lurralde beroren batera. Oporrak iragateko* tokiari ez zaio gauza haundirik eskatzen, beharbada, hondartza egon dadila, gero herrira belzturik itzultzeko; baina, dudarik gabe, bertan ezagunik ez egotea izaten da eskaerarik garrantzitsuena.

Heldu bezain laster, nesken artean lehiaketa hasten da, zeinek gizon bat lehenago harrapatuko. Ez dute gehiegi eskatzen; hondartzako lehen mutilarekin nahikoa dute, eta, esperientziarik ezak beldurtuta, beronen besoetan jartzen dira. Huraxe* bai sua eta paradisua, han bai pizten zaiela beren emetasuna...

Berez desegin baino lehen, oporren bukaerak une onenean moztuko du erromantze hau, eta, moztuaz batera, goratu, sublimatu egingo du, «ezinezko maitasuna» bihurtuz.

Oporrak amets bat beza!a geldituko dira, eta, soinu bat entzutean, han izanen dira zuzpirioak eta oroitzapenak. Orain garrantzitsuena senargaia bilatzea da. Zenbat eta aberatsagoa, hobekiago. Eta, horretarako, moralezko neska izan behar, sexual hertsapena hasi da eta. Aurrerantzean, «berak ez du edozeinekin tratatzen eta are* gutiago bere burua inoren besoetan jartzen».

AGURNE

zaie, jake

zaizue, jatzue


Euskal Herriko piztiak

Urtxintxa (14)

Uda joan berri da. Arratsa orain arinago dator, eta zuhaitzen itzalak luzeago egiten dira. Arratsaldean, aireak urregorrizko hautsez betea dirudi. Haizea, bazterretan, lehen horbelak* pilatzen hasia da, eta sagar-madariondoetan fruitu ondo helduak mutikoen tentagarri bihurtzen.

Erreka ondoan urritzek* euren* lehen hosto horiak erakusten deuskuez sasoi honetan, aleak batzeko unea heldu dala iragarriz.*

Zein politak diren urrak,* urritzetik, fresko oraindik, batu berriak direnean! Azala ileguri* xuriska batez estalita dauke, kolorea gaztaina, eta arbolari inkaturik dagozen aldea, esnea bezain zuria. Eta usaina! Gauza gutti eskaintzen deusku Naturak urren lurrin* goxo garratz horren parekorik.

Goizeon, Eneko eta osaba Martin, zakuto bana hartuta, erreka ondoko ur batzuk batzera joan dira. Eguzkia epel dago, ezti, sargoririk gabea. Hara heldu eta... ai ene! zer da, ba,* abarretatik iheska dabilan hori?

— Ikusi dozu hori, osaba? —dino Enekok aho zabalik.

— Bai, ba dakusat*

— Begira, begira! Hantxe dago. Zelako* buztan luzea daukan, ez da?

— Bai! Urtxintxa bat da. ikaratu egin dogu, hona etortzean.

— Eta zer egiten eban hemen, ba?

— Gu egitera etorri garena bera. Urrak batu.

— Urrak batu? Zertarako?

— Hara! Negua laster dator, eta urtxintxek eurek ba dakie hori. Orain urrak, intzaurrak, ezkurrak,* pagaziak* eta honelakorik bilduko ez balebe, hotzak etortzean zer janik eduki ez, eta hil egingo lirateke, txotxo.

— Ez dabe negua lotan ematen, ala*?

— Bai, lo egoten dira. Baina lantzean* behin, tripako zorriek min egiten deutseenean, euren habian daukezan aleetatik jaten dabe, gero berriro ere loak hartzeko.

— Eta udaberrian zer jaten dabe?

— Udaberrian urtxintxek zuhaitzen abarren puntta bigunak jaten ditue.

— Baina oso gogorrak dira, osaba. Egurrezkoak.

— Ez ote dakizu, urtxintxak, saguen eta arratoien antzera, marraskariak direla eta aurreko hortzak oso zorrotz eta gogorrak dituela? Honeei esker, egurra, ur eta intzaurren oskol gogorrak erraz apurtu leikeez.

— Eta udan zer jaten dabe?

— Zuhaitzen kimatxoez* gainera, era guztietako basafruituak, intsektuak eta txori habietako arraultzeak jaten ditu. Pinaburuak oso gogoko ditu urtxintxak; hortzekin azal guztia urratu eta barruko haziak gustora hartzen ditu.

— Ba,* Bizkaian orain pinu asko dago; eta urtxintxek oso ugari izan beharko dabe, jateko asko dauke eta.

— Bai, egia! Baina etsaiak* ere ba ditu. Hortxe dozu, esate baterako, lepahoria,* urtero hainbat urtxintxa hiltzen dituana. Horrez gainera, lepazuriek,* arranoek eta ehiztariek* ere franko garbitzen ditue.

— Puf! Baten bat gelditzen danean ere!

— Ez ikararik izan, txotxo. Urtxintxa emeak urtero bospasei kumetto egiten ditu, eta, beraz, ez dago bildurrik, oraingoz behintzat, euren kasta akaba dakigun.

— Danak horren handiak izaten dira, osaba?

— Ez. Hori ez da oso handia, aurtengo kumetto bat baino. Handienek 25 zentimetro dauke luzeran, 20 zentimetrotako buztan iletsu eta oker batez. Kolorea gorriska edo beltziska izaten da.

— Zer beste izenik dau urtxintxak?

— Euskaraz, izenik zabalduena urtxintxa bada ere, katagorria ere esaten deutsoe leku batzuetan; baina txarto, katuen senidea ez da eta. Frantsesez écureuil eta gaztelaniaz ardilla deitzen da. Zientzi izena Sciurus vulgaris dugu.

TRAUKO

balebe, balute

dabe, dute

dagoz, daude

dauke, dadukate (daukate)

daukez, daduzkate (dauzkate)

deusku, digu

deuskuez, dizkigute

deutsee, diete

deutsoe, diote

dino, dio

eban, zuen

leikeez, litzakete


Baserritarren eguna Mallabian

Benetan egun zoragarria, joan den abuztuaren 19an, Mallabiko herrian iragan* genuena. Goizean goizetik, jendea argi eta alai zebilan. Goizeko hamaikak eta erdietan, Herri Meza izan zen. Meza alaia benetan: txistu, bertsolari eta, azkenean, «Agur, Jaunak».

Hamabiak eta erdietan bertso saio bat ukan* genuen. Lau bertsolari izan ziren: Xalbador, Gorrotxategi, Lazkao Txiki eta Mattin. Beste bi ere, Agirre eta Kepa Enbeita, programan zeuden; baina Agirre ezin zitekeen etor, eta Enbeitari, bertsolari askori gertatzen zaiona jazo omen zitzaion: debekua. Presentatzailea, Inozentzio Olea izan zen.

Trikitilariek hango jendea alaitu ondoren hasi zen bertso saioa. Agurra ematekoan, lau bertso kantatu zituzten, bakoitzak bana, Mallabiko herria eta gazteak goraipatuz. Ba zen beharra!

Lazkao Txikik honela kantatu zuen:

Egun ederra Jaunak eman du.

Hauxe da egun garbia!

Oraindik nunbait alde daukagu

geure Jaungoiko handia.

Hau eta dena merezi dituk,

bihotzeko Mallabia,

euskal kutsuko jende jatorra

gordetzen dezun kabia!

Gero binaka aritu ziren: Xalbador eta Mattin alde batetik, Lazkao Txiki eta Gorrotxategi bestetik. Iparraldekoentzat, hango egoera eta berrien esplikatzea izan zen gala. Hona hemen haien bertsoak:

Xal.:

Lendik dakigu, gure semeak

herritik nola doazan,

eta herri bat nola egon daiken

gauza onaren esperantzan.

Gureak urrun joan dira, ta

besteak gure artean arrantzan

euskaldunak beti bizi behar

baitu inoren morrontzan.

Mat.:

Geure herrian huna geienik

zer behar dugun ikusi:

kanpokoak honuntz ba datoz, eta

bertokoak juan bear ihesi.

Industriarik ez dugula ta

han ez ditakela bizi,

Euskal Herrian jaio umeek

beren Herria bear utzi.

Lazkao Txikiri eta Gorrotxategiri, turisten diru ekartzeaz beren eritzia hiru bertsotan eman zezatela eskatu zitzaien. Beren eritzi horik,* umore aldetik begiraturik eman zizkiguten. Honela:

Gor.:

Uda garaia datorrenean,

hemen turisten demanda.

Hor gabiltza gu jendetza hoien

martxa ezin eramanda.

Diru asko uzten dutela hemen

sinestea naiko lan da,

bokadillo bat jaten baitute,

«coca-cola» bat edanda.

Laz.:

Ez dakit nola nik jende horri

hartutzen hainbat arreta,

hoiengandikan gure herrira

ezertxo ez dator eta.

Ni bezelako flako asko ta

danak ez daude aseta:

bide ezkinak uzten dizkute

tomate potez beteta.

Bertso saio hau umore eta barre algaratan* joan zen aurrera. Goizekoa amaitzerakoan, arratsaldeko saioa hobea izanen zela esan ziguten bertsolariek, sabela beterik hobeki kantatzen baita. Ez zen arrazoirik falta!

Arratsaldean, bertsolarien aurretik, harri jasotzaileak ukan genituen: Mallabiko Txikito, Leon Navarro eta Ezkurreta. Hamabost, hamalau eta hamar arroako harriak jaso zituzten. Nork pentsatuko zukeen, Txikito bere berrogei eta zazpi urterekin hain indartsu eta pizkor egon zitekeenik! Dirudienez, Berrizko saiheskiak Mallabira ere heltzen dira. Heltzen dira, bai!

Honen ostean,* bertsolariek kantatu zuten. Han aritu ziren, elkar zirikatzen.

Baina gauza batez harritu ginen guztiz* ere: gazte gutti ikusteaz. Zergatik ote zen galdetzera, bertsolariengana jo genuen.

Arrazoi xinpleak baina biribilak eman zizkiguten. Bestelako dibertimenduak daudela, gazteak ez direla bertsotan saiatzen, eta, Xalbadoren eritziz, gazteek beste zerbait eskatzen dieketela* bertsolariei, eta hauk* ez direla oraingoak, beste zerbait hori eman ahal izateko.

Bestalde, Gipuzkoan nahiko bertso saio antolatzen dela ikusirik, Gorrotxategiri itaundu* genion, ea nola konpon gintezkeen, Bizkaian ere beste horrenbeste egiteko. «Bertso zaletasuna sorterazteko —erantzun zigun— bertso saioak antolatu behar dira; baina nola antola, uzten ez badute? Honela izanik, dauden lekura joan behar».

Arrazoi haundia! Ba dugu, beraz, eginbeharra, nola edo hala bete behar duguna.

ERROTA

daude, dagoz

dizkute (dizkigute), deuskuez

genion, geuntsan

gintezkeen, geintekezen

zaio, jako

zeuden, egozen

zezatela, eiela

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zitekeen, eitekean

zitzaien, jaken

zitzaion, jakon

zizkiguten, euskuezan


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan, gure idazkaritzara ondoko berriok heldu dira:

• Nafarroako Diputazioak duen Príncipe de Viana sailean sartu berri den jaun batek, lanean hasi orduko, bertako «plantilla»n sartzea eskatu omendu. Haren aurretik 7 urtetan nafar euskal kultura zuzpertzen* eta birpizten aritu zirenek, aldiz,ez omen zuten horregatik inoiz txakur* ttikirik kobratu, baina bai beren sakeletik Iruinerako joan-etorriak ordaindu.

• Jendeak aho batez dioenez, Bilboko aurtengo jaiak ihazkoak baino alaiagoak izan omen dira. Inork dudarik badu, guk geuk baietz, agorrilean* edo, Bilbon jaiak egon direla entzun dugula esanen diogu.

• Lehen, goiko laguntzarik ezaz, gurasoek ordaindu behar zutelako, ikastolak burjesak omen ziren. Orain, aldiz, ba dirudi, Estatuak lagunduko dituela nolabait. Baina ezkertiar fin horien eritziz, Estatua burjesa delarik, ikastolak lehen bezain burjesak izaten segituko dira.

• Eskola nazionalak, horregatio,* ez omen dira burjesak.


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (26)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

ADIN, edade.

AGIAN, nonbait, beharbada.

AGORRIL, abuztu. (Armendaritzen ustez Euskaltzaindiak batasunerako proposatu dituen hitzak, halako kasuren batean alda daitezkeenez gero erdal sustraizko abuztu hitzaren ordez hobe litzateke agorril euskal izen jatorragoa erabiltzea, Leizarragaren denboretatik iparralde osoan hedatua*).

AGUDO, laster.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado.

AHUL, makal.

ALA, o qué?

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALGARA, karkaila, carcajada.

AMILDU, precipitado, derrumbado, despeñado.

ANITZ, asko.

ANTZERAKO, parecido, semblable.

ARAUDI, reglamento.

ARAUERA, arabera, según.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARGUDIO, argumento.

ARRANGOITZE, Lapurdiko Arcagues.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKAZIOGINTZA, liberación, acción libertadora.

ASKI, nahiko.

ATARRATZE, Zuberoako Tardets.

ATXIKITZE, atenerse, adherirse.

AUKERA, oportunidad.

AURRERITZI, prejuicio, préjugé. (GIBELASMO, segunda intención, arrière-pensée).

AUSART, intrépido, osado, valiente.

B

BA, bada, pues.

BAITEZPADAKO, beharrezko, derrigorrezko.

BASTIDA, Labastida.

BATZORDE, comisión.

BEHINIK BEHIN, bederen, gutienez.

BEHINGOAN, berehala.

BERJABETASUN, independencia.

BERRIKI, recientemente.

BESTELAKATZE, alienación.

BIAISTERI, Laguardia.

BIHOAZKIE, joan zakizkie, joan zakioez.

BILAKATU, bihurtu.

BORTIZKERIA, indarkeria.

D

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKUSA, ikusten du.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut.

DARAKUSKIGUTE, darakuskue, erakusten digute, erakusten deuskue.

DARAMA, daroa.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DESERDIRATU, descentralizado.

DEUSEZTATU, ezereztatu.

DIEKETE, diete (deutsee) nonbait.

DIOGUN, dinogun, esan dezagun (daigun).

DITUZTEA, dituzte + a. (A bokala, galdeetan eransten zaio aditzari).

DONIBANE LOHITZUNE, Lapurdiko San Juan de Luz.

DONTSU, dichoso.

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

DUKEZUE, duzue nonbait.

E

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EHIZTARI, cazador, chasseur.

ENPARANTZA, plaza.

ERA, modu, gisa.

ERAKUNDE, organismo, organización.

ERDIETSI, lortu.

EREDU, modelo.

ERKATU, konparatu.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ESEKI, esegi, eskegi, colgar, pendre.

ESKUALDE, comarca.

ESKUMIKATU, excomulgado.

ETSAI, arerio, enemigo.

ETSIPEN, desesperanza.

EUREN, beren.

EZEDUKI, ezeuki, behartsu, pobre.

EZKUR, bellota, glande.

EZKUTU, izkutu, oculto.

G

GAITZETSI, condenado, reprobado.

GARCIA DE MENDOZA, Kaupolikanen hiltzailea.

GELTOKI, gelditoki.

GERTURIK, preparaturik.

GEURTZ, datorren urtean.

GISA, era, modu; bezala.

GORAZARRE, homenaje.

GURA, nahi, gogo.

GUTIZIA, codicia.

GUZTIZ ERE, batez ere, bereziki.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

H

HALABER, así mismo, igualmente, también.

HASTAPEN, hasera, hasketa, haste, hatsarre, hasburu, comienzo. Ene eta beste zenbaiten ustez, hasiera hitza baztertu egin behar litzateke euskara batuan. Alde batetik, -ERA (-KERA) atzizkiak sustrai-infinitiboa eskatzen du (bukarea, ibilera, pentsaera; eta ez bukatuera, ibiliera, pentsatuera). Eta, bestetik, hasiera hitza ez da erabiltzen iparraldean eta beste zenbait lekutan).

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAKIZUN, alternativa.

HEDATU, zabaldu.

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, grado, medida.

HERREN, cojo, boiteux.

HERRIALDE, provincia, región.

HERSTE, heste, hixte.

HERTSAPEN, represión.

HERTSATU, oprimido.

HEZIKETA, hezketa, hezkuntza. (Ikus hurrengo lerroan HEZKETA).

HEZKETA, hezkuntza, educación. Ene eta beste zenbaiten ustez, heziketa hitza baztertu egin behar litzateke euskara batuan. (Ikus goian HASTAPEN).

HITZARMEN, hitz hartze, convenio, compromiso.

HOBE EZ, claro está, sin duda, no faltaba más.

HORBEL, hoja seca, feuille sèche.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREGATIK, horregatio, hola ere.

HORREGATIO, hola ere.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURAXE, haxe.

I

IGERTOKI, piscina.

IKERTZE, aztertze.

ILEGURI, terciopelo, velours.

INOZO, apocado, pusilánime.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGARRI, anunciado, annoncé.

IRAGATE, igarotze, pasatze.

IRAIL, septiembre.

IRATZARTZE, despertar, éveiller. (ITZARTZE, despertarse, s'éveiller).

ITAUNDU, galdetu.

ITZALI, iraungi, amatatu.

ITZARRI, esnatu.

IXIRITZE, digerir. Berba hau Axularrek erabiltzen du («Gero», 3. kapitulua, 33. atala).

IZANKI, izanik. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 232. horrialdea).

J

JADANIK, ya.

JAZARGO, contradicción.

K

KAUPOLIKAN, Araukoko indiarren buruzagia, Erzilla idazle Bermeotarrak bere «La Araucana»n kontatzen duenez, espainiar konkistatzaileen kontra burrukatu zuena.

KIMA, punta de rama. Berba hau latinezko cyma (erdaraz cima) hitzetik dator.

KINKA, período crítico.

KORSIKAR, Korsika (Córcega) uhartekoa.

L

LANTZEAN, noizean.

LEGEZ, lez, bezala.

LEPAHORI, marta, martre.

LEPAZURI, garduña, fouine.

LIBERA, franco.

LURRIN, perfume.

M

MAIZ, sarri.

MENDEKU, venganza.

MENTS, falta.

MERKATAL, mercantil, comercial. (Merkatari hitzak eta beronen antzekoek, hurrengoarekin berba elkartu bat egiten dutenean, galdu egiten dute azken bokala, eta R kontsonantea L bihurtzen da).

MINTEGI, seminario.

N

NABARI, evidente, notorio, perceptible.

NABARITU, notado, percibido, advertido.

NABARITZE, notar, percibir, advertir.

O

OIARTZUAR, Oiartzungoa.

OMEN, ei.

ONURAGARRI, provechoso, útil.

OREKA, equilibrio.

OREN, ordu.

ORMA, pared. (HORMA, hielo, glace).

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OROITZAPEN, recuerdo, souvenir. (OROITMEN, memoria, facultad de recordar). Ikus Azkueren «Morfología Vasca» (69. horrialdea) eta Tournier-Lafitteren «Lexique Français-Basque».

OROKOR, general.

OSTEAN, ondoan.

OZENKI, sonoramente.

OZTA, doi, apenas, à peine.

P

PAGAZI, pago hazi, fabuco, faîne.

PARADA, aukera, era, ereti, ocasión.

PROLETALGO, proletario. Proletari (obrero), bikari (vicario), notari (notario), merkatari (comerciante), sekretari (secretario), unibertsitari (universitario) eta hauen antzekoek, -GO atzizkia hartzen dutenean, galdu egiten dute azken bokala, eta R kontsonantea L bihurtzen da: Proletalgo (eta ez proletargo), bikalgo, notalgo, merkatalgo, sekretalgo, unibertsitalgo, eta abar. (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia).

S

SOLO, soro.

SORMEN, creatividad, facultad creativa.

T

TXAKUR TTIKI, céntimo.

U

UDAL, municipio.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, tocado. (HUNKITU, conmovido, impresionado).

UNIBERTSITAL, universitario. (Ikus goian MERKATAL).

UR, avellana, noisette.

URRITZA, avellano, noisetier.

X

XERKATZE, bilatze.

Z

ZALANTZA, vacilación.

ZAMA, karga.

ZARETEA, zarete + a. (Galdeetan, A bokala eransten zaio aditzari).

ZEINEN, zein.

ZELAKO, nolako.

ZEREN, ze, pues.

ZIEKO, Elciego.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZUZEN, derecho, abogacía.

ZUZPERTZE, revivir, reavivar.


Azken utopizaleak

Euskal Herrian, dirudienez, systema zientifiko baten azalpean pentsamolde ideologiko zahar bat zabaldurik dago. UTOPIA, zalantzarik* gabe, gizarte historiko batzuetan aurki daiteke: Platonen «Errepublika» Grezia klasikoan, «Merry England»eko humanista eta philosopho batzuen liburuetan (More-ren «Utopia», Bacon-en «Atlantida Berria»), XIX. mendeko lehen sozialisten artean (Fourier, Owen, Saint-Simon...). Pentsaera honen hastapen* theorikoak zeintzuk diren esatea ez da erraza, zeren* gizarte mota desberdin askori lotzen baitzaizkio.

Hala eta guztiz ere, historian zehar, Utopiak bi funtzio ideologiko kunplitzen ditu: Treveristar agurgarri baten Iraultza Theorikoa baino lehenagokoa, eta gerokoa.

Lehen, funtzio kritiko eta aurrerakoi bat betetzen zuen. Garai haietako gizarteen molde edo negatibo bat bezalako zerbait izaten zen. Utopiak ziren ereduetan,* giza harremanak «giza naturari» (egileak zedukan gizonaren ideiari behintzat...) lotzen zitzaizkion: Gizarte historikoari antithesi bat izaten zitzaion Utopia, eta literaturazko ANTITHESI baten medioz salatzen zituen gizartearen egiazko arrazoigabeko akatsak. Funtzio honen ondorio praktikoak, gizartea aldatzeko mugimenduak besterik ez ziren izaten. Esaterako, lehen kristauen erlijioan, Gramsci-k zioenez, Utopiaren funtzio praktikoa argiro nabaritzen* da.

Egun,* batzuek ANTIUTOPIA izenpean ezagutzen dr ten jenero berri batek, aintzinako Utopiaren funtzio kritikoa hartu du. (Euskal Herrian, Antiutopiari UKRONIA deitzen diote beste batzuek...). Orwell, Wells, Bradbury, Huxley eta beste askoren nobeletako methodo edo bidea ez da honez gero Utopiarena. Egungo gizartearen akats eta beldurrak haunditzen dituzte, geroko gizaldiaren eredu ikaragarri bat lortu arte. HYPERBOLE baten medioz egin ohi dituzte beren salaketak.

Baina problema Utopiaren izakera ideologikoan datza,* eta gure Treveristarrak ongi ikusi zuen: Utopia guztiek Errealitatea alde batera uzten zuten, eta ideiari atxikitzen* zitzaizkion. Errealitatea aldatzeko, kontuan eduki behar dena Errealitatea bera da, eta ez Gizartearen Arkhetyporik. Sozialismoak «Utopiatik Zientziara» egindako saltoan, Historiaren Philosophia bat amildu* eta haren lekuan Methodologia Zientifiko bat eraiki zen. UTOPIA SOZIALISTAK anarkhisten eskuetan gelditu ziren, faxismoaren bandera beltzen artean hiltzeko.

Gero, Utopiaren funtzioa kontsolagarri eta atzerakoi bihurtu zen. Gaur egun, hauxe da Utopiaren funtzio posible bakarra. Zapalkuntza arazoari erantzun faltsu bat ematen dio ideologiaren mailan. Erantzun ideologiko horri «egiazko balore» bat gehitzen dio, eta berarekin zapalkuntza konkretuak estaltzen ditu.

Kakoa non dagoen hobeto ikusteko, kasu bat azter dezagun. Dakigunez, Marxek ez zuen ez gizarte sozialistaren eta ez komunistaren eredurik egin («Gothako programmari buruzko kritika» liburuan, oso puntu abstraktu batzuk ezik). Boltxebikeek, 1917.eko urrian, ez zuten aurkitu, Marxen idazkietan, sozialismoa eraikitzeko gidaririk, Marxek ez baitzuen Utopiarik egin.

Hala ere, hurrengo urteetan, faxismoaren aurrerapenak Europako sozialisten optimismoa amildu zuen. Urte haietako Theoriko Marxisten lanetan utopi kutsu bat dago presente (Lukács-en eta Korsch-en hegelianismo berrian, eta Stalinen hurrengo paradisuaren irudietan, noski...). Utopismo hori, galdutako optimismoa birpizteko tresna bat besterik* ez zen izan.

Egungo* ezkertiarren artean maiz* erabiltzen diren argudio* utopiko asko, egoera horren arrastoak dira. Alegia,* komunist gizartean Hizkuntza Bakar Bat besterik ez dela erabiliko sarri entzuten dugu. Gizateriaren Batasunak, Kulturarena, eta, noski, Hizkuntzarena eskatzen du.

Hauxe izan zen, jakina, Stalinen argudioa. F. Vallverdú-k («Sociología y lengua en la literatura catalana». Barcelona, 1972) dioenez, argudio hau a priori huts bat besterik ez da, oinharririk gabeko utopikeria bat. Zergatik Hizkuntza Bat eta zergatik ez Bilinguismo funtzional —ez diglossiko— bat?

Euskal Herrian utopismo berriaren ondorioak ezagunak ditugu, nahiz desberdinak izan. Hizkuntzaren arloan, bi mota daude:

- «Euskara, Hizkuntza Bakarra lortzeko oztopo bat dugu. Beraz, geure praktikan, ezin dezakegu euskararen alde lanik egin, zeren,* Sozialismoaren bidetik, Anitza* desagertu behar baita, Bakarrari lekua uzteko».

- «Euskararen alde lan egitea onhartzen dugu, baina hastapen* mailan. Euskararen problemarekiko erantzuna Iraultzarekin batera etorriko da. Egun horretararte (noiz arte?) geure praktika beste arazo batzuetarantz zuzendu beharko dugu».

Nahiz eta desberdinak irudi, kasu biak hein* ideologiko berean (Utopiaren mailan) jarririk daude. Lehenbizikoan, geroko gizartearen irudi-eredu utopiko baten izenean, egungo problema bat uzten da. Bigarrenean, gaurko kinka* edo jazargoarekiko* erantzunak isiltzen dira, arazoa uzten da, Utopia (nahiz eta Iraultza esan...) obratuko den egunerarte.

Hala eta guztiz ere, Historia ez da geltoki* ezezagunetarantz doan autobus bat. Egungo praktikan eraikitzen da geroa, edo Machado / Serrat-en hitzetan:

«... ez dago biderik

ibiltzean egiten da bidea...»

Batzuek ahantzi* ote dute hau?

GANIX JUARISTI

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dio, deutso

diote, deutsoe

zaizkio, jakoz

zedukan (zeukan), eukan

zioen, inoan, esaten zuen

zitzaizkion, jakozan