ANAITASUNA

245. zenb.

1972.eko Abenduaren 15ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Isilpeko telegrama (Belendik mundu zabalera)

Herodes maltzur haundia beldurrez dugu.

Herriaren diruz, hiri bikain, gaztelu eta jauregi franko jaso ditu. Jerusalemgo tenplu berri guztiz harrigarriaren egilea ere bera dugu.

Herri xehea, ordea, zapaldurik daduka.

Baina txiki eta zapalduoi esperantza berria sortu zaiku. Jesus jaio da hemen.

Hori jakinik, Herodes Haundiak ez du nahi bera ez beste gidaririk. Eta Jesus, bere gurasoekin, herbesteratua dugu orain. Belen inguruko haur txikiak ezpataz hilak. Jesusek ihes.

Indartsua beldurtzen denean, ikaragarria da.

Baina Jesus itzuliko da, eta mundua ez lehen bezalakoa izango.

Zapalduok, herbesteratuok, espetxeratuok, txiki zareten guztiok, itxaropenari hel! Zuen min bat ere ez da alferrik galduko.

Jesus txikiak piztuko du mundu zabalean egiazko askatasunaren burruka. Gorroto gabeko eta maitasunezko burruka.

Lurrerako eta betirako den askatasunaren oihua entzun dugu.

Goraintziak Belendik gogo oneko gizon guztiei. Baina bai eta Jesusek hasi duen jokabide neketsura biltzeko dehadar bortitza ere. Agur.


Mitoak, mitologiak, ideologiak eta horrelakoak

Gaur egun horrelako gauzetaz aldizkarietan mintzatzen zaizkigunek (batez ere Haranburu-Altuna eta E. Osa ditut gogoan) ez dakit eritzi hau onhartuko duten ala ez; baina eritzi hori aipatuz hasi nahi nuke lantxo hau.

L Dewart-ek (Die Zukunft des Glaubens; Die Grundlagen des Glaubens, I-II, Sinesmenaren etorkizuna; Sinesmenaren oinharriak, I-II), sinesmenaren oraindainoko aldaketak argitu eta geroan egin beharreko aldaketak oinharritu nahirik, giza kontzientziara jotzen du, gizonaren bere baitako izatera.

Gizonaren ezagupidea ez da, L. Dewart-en eritziz, gizonak, bere ezaguera indarrez, beregandik kanpora dagoen zerbait, gauza bat hautematea. Bestela baizik: norbait, bere baitan izatera heltzen denean, beste gauzetatik bereizi egiten da, horrela bere eta gauzen artean erlazio bat, harreman bat sortuz. Hori da kultura. Kultura desberdinek, harreman desberdinak adierazten dituzte, hau da, gizonaren bere baitako izate modu desberdinak (hizkuntza da gertakari honen adierazpiderik garbiena).

Gizonaren eta errealitatearen arteko harreman honek, ez giza banakoan, ez gizatalde batean, ez du irauten beti berdin: kontzientziak, gizonaren bere baitako izateak, desarroilo bat du. Kontzientzia desarroilatu egiten da, esperientziak gehituz eta esperientzia hoietaz erreflexio bat eginez. Desarroiloa gertatzen denean, errealitatearekiko harremana ere aldatu egiten da; kultura bera ere bai, be

Gure artean horrelako zerbait gertatzen ari denik ukatzerik ez dago. Aldaketa eta desarroilo garaian garrantzirik handienetako gauza, eta zailenetakoa noski aldaketa formulatzea da, bizitze mailako aldaketa gogoeta mailara jasotzea.* Ekintza honek garrantzi handia du, ez, hori eginez, desarroiloaren, aldaketaren nagusi bilakatzen* garela dirudielako, baizik eta aldaketa gogoeta mailara jasotzeak, benetan aldaketaren desarroiloan eraginik ba duelako.

Aldaketa eta desarroiloa formulatzerakoan, gonbarazioetan ihardun beharra dago nahitaez: lehenago zena eta orain dena, lehenagoko ideiak eta oraingoak, lehenagoko kultur moduak eta oraingoak.

Gonbaraketa honek eginkizun asko betetzen ditu. Hauen artean garrantzitsuenetakoa, hau iruditzen zait: beste garai batekiko, beste kultur modu batzuekiko desberdintasuna azpimarkatuz,* gaurkoaz —geureaz— hobeto jabetzen gara, eta honek halako segurtasun bat ematen digu. Segurtasun hori, ordea, ez da geure burua besteengandik bereizteak ematen diguna bakarrik, baizik eta bereizketa horrekin batera balorazio bat doalako: gurea, oraingoa, besteena, lehengoa baino hobea da. Mailaketa bat ezartzen da: hasiera, tartekoak eta azkenik oraingoa. Mailaketa hau, ordea, logikoa da, ez historikoa bakarrik, hots*: hasiera maila eta tartekoak ez dira kondairan noizbait izandakoak bakarrik, gaur egun ere aurki daitezkeenak baizik. Gonbaraketa ez da, beraz, gonbaraketa historiko huts bat, azken finean gaur egun bizirik aurki daitezkeen kultur modu bereizien arteko mailaketa bat baizik; eta mailaketa huts bat ezezik, edo mailaketa oinharrituz, balorazio bat.

Aldaketaren eta desarroiloaren punturik zailena balorazioa da. Eta arrazoi xinple bategatik: a) edo eta, horrelako gonbaraketa bat egiterakoan, balorazio bat egiten ari dela onhartzen da, eta orduan —balorazio guztiek subjetibismo haundi bat berekin dutelako— oraingoaren balioa ere erlatibatu egiten da, b) edo eta gonbaraketa hori gure ustez kriterio edo neurri objetiboetan oinharritzen da, ez dago subjetibismoaren menpean, jakintzazkoa da, eta horregatik gonbaraketa horretatik sortzen den egia, absolutua da: orain arteko guztia, batez ere gaur egun irauten baldin badu, ideologia, mitoa, mitologia, prekritikoa, primarioa da; gaurkoa, berriz, ez-ideologikoa, jakintzazkoa, herritarra, kritikoa, eta abar. Bi ohar honi buruz:

1. Ez dut ukatzen, kondairan eboluzio bat dagoenik eta, eboluzio bat dagoenez, gonbaraketak nahitaezkoak direnik eta balorazioak beharrezkoak. Ez da hori nire eritzia. Nahitaezkoa eta egin beharrekoa da hori. Horregatik da posible mailaketa bat egitea, kontzientzia primarioaz eta potsprimarioaz, prekritikoaz eta kritikoaz mintzatzea, denboraren ulermen sakratuaz eta denboraren ulermen historikoaz, errealitatearen ulermen mitiko batez eta errealitatearen ulermen gizarte-jakintzazko-kritiko batez. Halaz ere, mailaketa egiterakoan, gauza asko da kontuan eduki beharrekoa, eta hemen orain aztertu ezinekoa.

2. Aurreko puntuan esandako guztia ukatzerik ez badago ere, inola ere ahantz* ezin daitekeen gauza da, mailaketa hori egiterakoan balorazio bat egiten dela, eta horregatik, azken finean, ez dela itxurazko edo desitxuratutako errealitate bat beste benetako batekin gonbaratzen (mitoak jakintzarekin, ideologia eta sinesmenkeria ulermen aske* eta kritiko batekin), ez. Ezin ahantz daiteke, bien arteko diferentzia eta mailaketa guztiak onharturik ere, azken finean, ideologia bat beste batekin gonbaratzen dela. Eta, orduan, bakoitzak onena uste duenaren alde bere arrazoiak azaldu behar ditu. Bestela, zirkulo hitxi batean etengabe atzera eta aurrera ibiliko gara; eta, garbi esanda, jendea enganiatzen jarraituko dugu, erbiaren ordez katua emanez, hau da, jakintzaren izenean ideologia salduz (eta hori da ideologikeriarik eta mitologiarik haundiena). Ene eritziz, nolabait adierazteko, «ideologitasunaren» gurpiletik* irteteko bide bakarra geure eritzi eta balorazioen ideologiazkotasuna onhartzea da, horrela pausoz pauso, agian* sekula amaituko ez den prozeso batetan, edozein ideologiatik geure burua askatuz joateko. Bestelako guztia, jendeari inpresioa —ona edo txarra— egiten dioten hitzekin jokoan ibiltzea da. Eta joko hau arriskuzkoa gerta daiteke, zeren* egunen batean jendea konturatuko baita, bere «zentzu komuna» gure filosofia guztiak baino zuzenagoa eta egiazkoagoa dela, eta orduan ero etxe batetan sartuko gaituzte arrazoi guztirekin.

JOSEBA ARREGI

digu, deusku, dauku

diote, deutsoe

zait, jat

zaizkigu, jakuz


Ekonomia eta historia (2)

Lanaren berezkuntza sozialaren hasiera

Janariak aski* ez diren bitartean, beharrak ezin erabat* ase daitezkeen bitartean, gizon guztiak behar dira lan horretarako, eta ezin daiteke inor erabat beste lanetara eman, ezin daiteke inor janariak produzitzetik libra. Beraz, guztiak bizigarritara dedikatzen badira, ezin gerta daiteke lanaren berezkuntza sozialik, ezin gerta daiteke egiazko espezializaziorik, ofiziorik.

Dena dela, giza bilakaeraren* maila honetan ere, zenbait gizon lan berezi batetarako trebe da, beste zenbait beste lan batetarako. Baina egoera ekonomikoak, hots,* janari soberakin* iraunkor baten faltak, ez dio gizonari trebetasun horik* lantzen uzten.

Egoera honetan berezkuntza bakar bat gerta daiteke: sexoen arteko berezkuntza. Herririk atzeratuenetan, gizonak ihiztari* dira; emakumeak frutuak biltzera eta animaliarik xipienak eta mantsoenak harrapatzera ematen dira. Beranduago, talde aurreratuagoetan, gizonezkoek eta emakumeek teknika bereziak dituzte: emakumeek etxearen edo babeslekuaren inguruko lanetan iharduten dute: sua gorde, irun,* ehun,* lurrontziak egin. Gizonezkoak etxetik urrundu egiten dira, ihiziaren* bila; eta halaber* harlangintzan, hezurlangintzan edo zurlangintzan iharduten dute, hots, lan tresnak egiten dituzte.

Lanaren partiketa sakonago baten faltak, ikasaldi luzeak eskatzen dituzten teknikak galerazten ditu; eta gizona oso geldiro abiatzen da teknikaren bidean. Ez dago gure gaurko espezialistengandik urrunago den gauzarik, garai hartako gizona baino.

Gizonaren abiada teknikoa urtez urte guti nabaritzen* bazen ere, denboraren harian bide luzea egin zuen. Janariak biltzeko behar zen lana, gutituz joan zen eta produktoreen nekea bigunduz. Inbentu xipi asko egin ziren; eta inbentu horien poderioz, gizonaren bizitzea apur bat bigundu zen: lanaren produktibitatea areagotu* egin zen. Arkua, tragazak*, arpoia asmatu zirenean, adibidez, ihizian eta arrantzan gertatu zen aurrerapenak, segurantza apur bat eman zion gizonari: harez gero, frutuak biltzea bigarren mailako eginkizun bat izanen da. Animalien larrua, ilea, adarrak, hezurrak, gizonak lortu berri dituen atseden mementoetan lantzen diren gaiak izanen dira. Gero, ihizian edo arrantzan bereziki aberats den eskualde batera ailegatutakoan, gizona egonkor egiten da, bolada luze batetan behintzat. Eta lanaren produktibitateari esker gertatutako fenomeno horrek berorrek gehitu egiten du produktibitate hura:* gizonak, leku jakin batean finkatzen denean, mugikor denean baino tresna gehiago gorde dezake, ez du joan-etorrietan denborarik galtzen, atseden gehiago lortzen du.

Poliki poliki, taldeak superbizitzeko behar dituen ondasunen aldamenean, soberakin* iraunkor bat formatzen da, soberakin sozial baten lehen aztarrena.* Superprodukzio honen lehen funtzioa, gosearen birretorrera ritmikoa eragotziko* duen janari erreserba osatzea da. Bigarrena, lanaren dibisio sakonago eta egokiago bat erraztea: taldeak janariak sobera dituenez gero, gizon batzuek gero eta denbora luzeago pasa dezakete, janerako ez diren gauzak lantzen; eta, era honetan, ofizioen antzeko zerbait sortuko da. Superprodukzio horren hirugarren eginbeharra, populazioaren ugaritze azkarrago bat lortzea izanen da. Herri primitibo gehienak, ezin bestean, medio artifizialez baliatzen dira, populazioa mugatzeko, janarien eskasia larriegi izan ez dadin. Oso gaixo eta elbarritu* guti jasan* dezake taldeak, eta, halaber,* oso haur guti. Gerrako katibuak akabatu* egiten dira, eta, zenbaitetan, jan. Populazioa mugatzeko egiten ziren ahalegin guztiak, ez dira, inolaz ere, lehen gizonaren krudeltasunaren seinale; aitzitik,* mehatxu bat baztertzeko egiten zituzten ekinaldien lekuko* dira: janari faltaz herri osoa desager* ez zedin.

Horrela, janari erreserba iraunkor bat lortzen denean, ekilibrio berri bat lor* daiteke: zenbatenaz janari gehiago, hanbatenez bizilagun gehiago. Jaiotzak ugaritu egingo dira, eriak* luzaroago biziko dira. Populazioaren ugaritzeak dialektika berezi bat azaltzen du: ugaritze horrek indar produktiboak gehituko ditu, eta indar produktibo berri horiek populazioa ugarituko dute eta lanaren espezializazioa ekarriko: progresuaren abiada bizkortuz doa.

ARANTXA URRETAVIZCAYA

dezake, daike

dezakete, daikee

dio, deutso

zion, eutson


Euskal liturgia, alfabetatze eragile?

Durangoko aurtengo liburu azokan, inoiz baino euskal liburu gehiago saldu omen* da. Jende asko, ordurarte sekulan euskaraz liburu bat irakurri ez zuena, biziki arduraturik agertzen zen, eta eskuan hartu, barrutik pixka bat aztertu eta gehienetan erosi ere bai. Gehien bat saldu zirenak «Auspoa» sortako bertsolarien liburuak eta X. Gereñoren nobelak izan ziren. Batzuek ziotenez, jendeak erakusten duen irakurtzeko gogo berri horretan euskal liturgiak ba du zer ikusirik. Izan ere, iganderoko elizkizunekin euskaraz zerbait irakurtzeko ohitura ere sartu da; eta berau, azken batez, beste era guztietako liburuak irakurtzeko, eskertzekoa da.


Osaba Martinen kontuak

Euskal Herriko piztiak: Azkonarra (1)

Zerua gris dago. Iparraizeak, soloan* gelditzen diren azken arto horisken orri urratuak indarraz eragiten ditu, eta gereziondoari* bere hosto gorri politak banan banan kentzen deutsoz. Ingurua oso ikusgarria da udazkeneko sasoi honetan: laino mehe urdinska bat urrunean, kalabaza hori handi biribil batzuk soloetan, eta baserri bakartietako tximinietatik ke zuriska bat irteten da, iratxo* dantzari bat bailitzen.

Hazilaren* azken igande honetan, Eneko bere osaba Martinekin Markina aldera joan da, menditik ostera* bat egitera, eta, bide batez, osabaren lehengusu Brauliori bisita bat egiteko.

Brauliok pozaren pozez hartu ditu bere baserrian, eta, kanpoan hotza dagoela eta, sukaldean beheko suaren ondotxoan gelditu dira, pernil pixka bat eta ardo zurrutadatxoen artean kontuak esaten. Mendizaleek jaten diharduen artean, Brauliok burdinazko tranpa hagindun bat prestatzeari ekiten deutso, eta, zertarako dala eta, Enekori honela erantzun:

— Bai, gure solorako da, txotxo. Azkonar barrabas bat dabil aspalditxuon, eta artaburu guztiak jaten deuskuz.

Brauliorekin artatzara joan dira; eta beronek, piztiak egindako kalteak erakusten deutsez. Ba dago, bai, artaburu mordo bat janda; eta bideko buztinaren* gainean, baso ondoan, animaliaren oinhatzak ikusi daitekez, zapal zapal, aurrean erpe* luzeekin. Baserritar onak solo hegalean tranpa ondo ipinita utzi dau, jatekotzat artaburu berde zati bat eztiz igortzita ezarririk.

— Ez da erraza izango harrapatzea —dinotso osaba Martinek Brauliori—; piztia horreek oso maltzurrak izaten dira. Onen onena, soloko artaburu guztiak etxera eroatea* litzateke, nik uste; behiei emateko besterik ez bada ere.

— Bai, horixe ere egin dot, eta honez gero gehientsuak ganbaran dagoz, ondo gordeta. Hala ere, ba dira batzuk, berandutxuago erein nituanak, oraindio guztiz helduta ez dagozenak, eta horreexetara joaten jat, hain zuzen ere, azkonar demoniño hori. Urte osoan dagoenik, igarri ere ez jako egiten; baina artaburuen sasoian, dzast! hona non datorren hauzo txatxar hori.

Berandu zala eta, osaba Martin eta Eneko beherantz hasi dira joaten, Markinan autobusa hartzeko. Bidean Enekok osabari azkonarraren bizitza kontatzeko erregutzen deutso; eta Martin gureak, umeen galderei, ahal bada, erantzuna beti eman behar jakela eta, beti legez*, poz pozik erantzuten deutso:

— Zelakoak izaten dira azkonarrak, osaba?

— Azkonarra zakur baten itxurakoa izaten da, zapaltxoagoa baina. Ilea* gogorra dauka, basurdeena lakoxea. Kolorez grisak izaten dira, baina buruan zuriak. Muturretik atzera arraia beltz bana daroe begi aldean, antifaz bat bailitzen. Hagin zorrotz gogor gogorrak ditue eta erpeak luzeak. Buztantxo bat ere ba dabe, iletsu iletsua bera. Pisuz, handienak hogeitamar kilo ingurukoak izaten dira.

— Eta non bizi dira azkonarrak?

— Azkonarrak basoetan bizi dira, pagadi, harizti eta gaztainadietan. Pinuak, niri legez, ez jakez asko gustatzen.

— Katagorriei*, berriz, bai, osaba.

— Jakina baietz, hortixek janaria ateratzen dabelako, baina azkonarrak ez. Piztia iletsu hau egunez basoko zuloren batetan egoten da lo, eta gauean irteten da bakar bakarrik. Basoetatik basafrutuak eta perretxikoak, harrak, kokoak eta saguak bilatzen ditu, bertan jateko. Sarritan mendiko behien pekorotzetan bere erpeekin zuloak egiten ditu, bertan egoten diren kakarraldoak* atera eta jateko. Baserleen eztia, erraz topatzeko era daukanean, jan ere egiten dau, eztenkaden beldur barik.* Brauliori entzun deutsozunez, artaburuen sasoian agertzen dira bakarrik artatza inguruan, eta, beraz, ez dabe aparteko kalterik egiten.

Eta neguan zer jaten dabe azkonarrek, osaba? Orduan ez dabe zer janik topatuko.

— Egia da. Baina neguan azkonarrak lo egoten dira euren habietan, eta udan eta udazkenean asko janaz egin daben koipetik bizi dira. Udaberrian, martxo aldean edo, neguko lotaldi luze horretatik itzartu egiten dira; eta emeak, gainera, hiru edo lau kumetxo ekartzen ditu mundura, nagusitxoak izan arte habian biziko direnak.

Zelan* deitzen da azkonarra beste hizkuntzetan, osaba?

— Espainol erdaraz tejón edo tasugo, eta frantses erdaraz, aldiz,* blaireau (= bleró). Zientzigizonek, aldiz, mundu osoan beste izen honekin ezagutzen dabe: Meles meles.

 — Eta azkonarrak, txikitan hartuz gero, etxekoiak egin daitekez, osaba?

— Bai, erraz, gainera. Baina, mantsoak izan arren, ez dira oso animalia egokiak etxean eukitzeko, eguna lotan pasatzen dabelako, gauean erne ibiliaz.

TRAUKO


Elkarte bizitza historian

Gizonen arteko tentsio eta kinka* larrietatik ihes egin nahirik, gizarte berri bat eraiki nahi izan denean sor tu da elkarte bizitza. Mundu zaharraren ardatza barnetik usteldurik dagoela somatzen dugulako sentitzen dugu gaur, beharbada inoiz baino gehiago, elkarte bizitzaren premia.

Piztien beldurrak eta haiengandik gorde beharrak elkartzen zituen lehen denboretako gizonak. Beste bat da gaur, elkarte bizitzaren bitartez bentzitu nahi den piztia; beste bat da, elkarte bizitzara eramaten gaituen arrazoia.

Elkarte bizitza hastapenetan da oraino. Esan nahi da, ez dela heldu, auguratzen diogun hedadurara.*

Prehistorian

Elkarteari esker bizi ziren aintzinako gizonak. Elkarrekin joaten ziren ehizara* nahiz arraintzara, eta elkarrekin bizi ziren. Beharrezko zitzaien hori egitea. Gerokoak ez bezala, lehen elkarte hauk,* mailarik elementalenean, «superbizitzeko» eratuak ziren. Elkar bizitzaren beharrezkotasun honetan ikus genezake etika sozialaren hasikina.* Giza-emakume maitasunaren eta adiskidantzaren hasikina ere bai; segur aski.*

Geroago, gizonek leze zuloa utziko dute, eta etxea bihurtuko da haien bizileku. Bizileku berri hauetan odolkidetasunaren arabera* elkartuko dira. Jabetzarekin batera eratutako familia patriarkalistaren sorrera arazoa dugu hor tartean. Nolanahi ere, herri komunitarioek luzaz iraungo dute.

Esenioak eta kristau komunitateak

Baina elkar bizitza benetan aukeratu zuten lehenak, judaismotik sortutako esenioak ditugu. Kristoren jaiotza baino mende* bat lehenago elkartuak. Lau mila inguru ziren Palestinako herri eta hirietan. Kristo aurreko 70 urte bitartean iraun zuten. Esklabismoaren etsai,* beren lanetik bizi ziren, inor zapaldu gabe. Salerosketa galerazia zuten, haien eritziz, salerosketak elkar konfiantza hausten baitzuen. Bakezale izanik, ez zuten harmarik egiten. Honela dio Josefo historilariak haiei buruz: «Ondasunen banaketa praktikatzen zuten. Janariak elkartu eta, mahai baten inguruan elkarrekin jaten zuten Bizilekua eta janzkiak ere guztienak ziren. Herrietan elkarrekin bizi ziren, eta gizon bat zen eguneroko gastuez enkargatua. Soberakinak gaixoen eta adinekoen* premietarako erabiltzen ziren.

Gauza handirik ez dakigu haiei buruz; baina ideologia baten eraginez bizimodu hori aukeratu duten lehenak dira (Gougaud). Ez dira superbizitzeko elkartzen, beren pentsamenduaren arabera* bizitzeko baizik.

Lehen kristau elkarteak giro latz batetan sortu ziren. Nekazari klasea urritzen ari zen Erromako inperioan, eta populu behartsua sailean* zihoan hirietara. Goi mailako jendeek luxozko bizitza nahiko usteldua zeramaten. Eta, esenioak azpiratuak eta ezabatuak* izan baziren ere, kristauak garaile atera ziren.

Herritar elkarteak

Artisanoz eta jornaleroz osatutako elkarteak XII. mendean hasi ziren sortzen. Alde batera uzten ditugu, IV. mendeaz geroztik sorturik, gaur oraino irauten duten elkarte monastikoak. Herritar elkarteen mugimenduak XV. mendean eta Bohemian izan zuen bere gailurra. Joan Hus 419.ean hiltzen dute Pragan. Haren jarraitzaileek herritar komunitateak fundatzen dituzte. Ezagunena «Tabor» zaiku, mugimendu hartako adar iraultzaileenak sortua. Bertan, erabat* kolektibizaturik dago hiri bizitza. Elkarte bakoitzak kaxa bat du, eta han utziko dute bazkideek lanetik ateratako irabazia. Aita Santuak eta Germaniako enperadoreak gurutzada bat predikatzen dute hiri elkarte hoien kontra. Ez dute luzaz iraungo.

Hurrengo mendean, Jakob Huter-en ideiei jarraiturik, elkarte bi sortzen dira: Tyrolen bata 1526-ean, Moravian bestea 1528.ean. Aldi bertsuan,* Turingia, Saxonia, Hego Alemania, Austria eta Suizako elkarteen artean, Anabaptisten elkartea sortu zen, 1525. urtean Alemaniako nekazariekin batera burrukatuko zuena. Elkarte hauen legea: errenta pribaturik ez. Ondasunak, janariak eta janzkiak elkarrenak dira. Haurren heziketa elkarteari dagokio.

XVIII. mendean elkarte mugimenduak izugarrizko indarra hartzen du. Haren printzipioen gain oinharriturik, kolonia eta erakunde* asko sortzen dira. Gehienak meteoro gisa ezereztuko dira. Erlijio espiritua asko galdu da, eta indiferentzia horretan elkarte bizitzaren loturak asko desmitifikatzen dira. Iraultza frantsesa izango da. mistika erlijiosoa hondatuko duena eta mistika sozialistari ateak irekiko dizkiona.

Fourier

Sozialismoaren aitzindarietako* bat. Basançon-en jaio zen 1772.ean, erdi mailako salerosle batzuen familian.

Fourier-ek nekazaritza jotzen zuen gizonaren ihardunbide nagusitzat, abere hazkuntzarekin batera Mekanizazio eta zentralizazioaren kontra zegoen.

Fourier-en helburu nagusietako bat, lana atsegingarri bihurtzea zen. Nork bere joeren arabera egin behar du lan. Premiazko diren lan gehienak, behar bezala organizatuz gero, gozagarri bihur daitezkeela zioen.

Lanak giza taldeka banatuko ziren. Lana aukeratzeko, emakumeek ere gizonezkoek aina* askatasun behar zuketela pentsatzen zuen. Premiazko ez diren lanak, sarritan aspergarrienak, utzi egin behar dira. Gauzak asko sinplifika daitezkeela uste du. 300 familiatako herri batean, 300 ganbera, 300 upeltegi eta 300 sukalde behar dira. Familiak elkartuz gero, aski lirateke ganbera bat, upeltegi bat eta sukalde bat.

Fourier-ek kapitalisten laguntza behar zuen, bere asmoak aurrera ateratzeko. Bere bizitzan izan ez bazituen ere, gero jarraitzaileak izan zituen, Frantzian bertan, Alemanian, Inglaterran eta Ipar Amerikan.

JON eta KLAUDIO

dio, dino

diogu, deutsagu

dizkio, deutsoz

genezake, geinke

zaiku, jaku, zaigu

zeramaten, eroien

zihoan, joian

zitzaien, jaken


Gure munduko albisteak

AGUR-i buruzko argitasunak

Bide ongi informatu batzuetatik jakin dugunez, Euzko Alderdi Jeltzaleak orri batzuk zabaldu ditu, AGUR astekariak berarekin batere zerikusirik ez duela esanez. Antza denez, argitasun horik, orain dela gutti AGUR-en bertan antzeko esanguraz agerturikoez batera, aspaldion hortik marmarka zebiltzan eritzi okerren kontra datoz.

Beraz, gauzak garbi daude orain. AGUR ez da talde politiko horren aldizkaria; eta erakusten duen ideologia, bertan idazten duten pertsonena besterik ez da, erantzunkizuna beraiek eta beren zuzendariak besterik ez dutela. Argiro hitz eginez, gauzak hobeki gelditzen dira, bai horixe.

Gabon, bon bon

Gabon jaiak datozela eta, hortik eta hemendik, ZORIONAK opatzen dituzten xartelak ikusten ditugu denda eta kaleetan. Beharbada oraindik irakurleren bat egon daiteke, zorionak hori, jatorriz, xori onak besterik ez dela ez dakiena; eta bai, halaxe da, hortixek dator, aintzinan xoriek eta hegaztiek, beren kantu eta hegaztadaz, etorkizuna igartzen zutela uste zelako. Beraz, lagun bati zori edo xori onak opatzea, xoriek etorkizun on bat eman diezotela eskaintzea besterik ez zen.

Gabonetan, lehen Nafarroan eta Gipuzkoan egiten zenez, Bizkaian ere Olentzero kalerik kale ateratzeko ohitura polita sartu zaiku. Bejondiola!* Eta, sasoi honetako bixigu, ogi salutatu,* intzaur saltsa eta arrozesneaz batera, bekarkigu ordu onean guztioi zori* hobea. Ea honetan beste xori batek egiten deraukun kukurruku.

Euskaltzaindiko hauteskundeez oharra

Aurreko zenbakian jarri genuenez, aita Luis Villasante Kortabitarte izan da aukeratua, honetan ere, euskaltzainburu. Hala ere, botoei buruz hauxe zuzendu beharrean gaude. Hauteskunde* bi egin ziren. Egia da, lehen hauteskundean Villasantek bere alde 12 boto eduki zuela, Irigaraik eta Erkiagak boto bana, eta bi boto zuri egon zirela. Baina gehientasun erlatiboa lortu zuena, bigarrena izan zen; eta hauteskunde honetan Villasantek berriro ere 12 boto lortu zuen, Lojendio jaunak bat, eta hiru boto zuririk eman ziren.

L. Mitxelenaren «Zenbait Hitzaldi», ETORen

Oraintsu heldu zaiku harpidedunoi, jadanik* Durangoko liburu azokan salgai jarri zen liburu hau. Funtsean,* Luis Mitxelena jaunak Donostiako EUTG-en emandako hitzaldiak dakartza, linguistikari buruzkoak, J. A. Letamendia euskaldun berri eta idazle trebeak euskaraturik, hitzaldi horik, jatorriz, erdaraz eman baitziren.

Ez noa ukatzera, liburua nola moldatua zen aldez aurretik nekielarik, halako tranpa gisako* zerbait topatzen nionik, Mitxelenaren izenaz etorri arren, Mitxelena ez zen batek idatzia baitzen; baina aho bete haginekin gelditu naizela aitortu behar dut, zeren,* biotarik bat: edo eta Mitxelenak berak Letamendiak aipatzen duen baino eskusartze gehiago ukan* du obra horretan, edo eta Letamendiak, hitzen itzulpena ezeze, bai eta Errenteriako kathedradunaren hiztegia, tankera eta umorea bera ezin ederkiago euskaratu baiterauku. Honetaz zorionak nori eman ez dakidalarik, bihoazkie biei erdi bana.

Liburuaren azala eta lorea alde batera uzteko —liburuaren frutua eta mamia ikustera berehalaxe iragateko*—, esan dezagun, linguistikazko hiztegia oso finkaturik agertzen zaikula obra honetan, aurrekoen hitzak, egokiak zirenean, kontuan hartuz, honela euskara standard bat agertuz. Irakurri, gaiaren beraren eragozpen eta zailtasun batzuk gorabehera,* ezin hobeki egiten da, are* erraxago, nik uste, gai berberaz erdaraz argitaratzen direnak baino.

Mamian sartuz, lehen partean linguistika tradizionala, konparatismoa eta estrukturalismoa azaltzen derauzkigu, azkenean Chomskyren grammatika sortzaileari eta bihurtzaileari zabalera handiago bat eskaintzen diela.

Bigarren partean, hizkuntzak eta kulturak elkarrekin daduzkaten loturei buruzko galdera-erantzun biziki interesgarri batzuk ematen dira, Euskal Herriko gaurko problema batzuekin ezin hobeki datozenak.

Mitxelenak, duen umora paregabe horrekin, ba daki linguistikako gairik latzenak halako ikutu eta ñabardura* barregarriez —eta bai ziritxo zorrotzez ere— gatzpiperztatzen eta alaitzen. Barre franko egin dugu, hain zuzen ere, gutien pentsatuko genukeen liburu batetan.

Noski, Axularrena bera ere berraipa dezakegu hemen ere: ez dela liburu hau (linguistikako) letratu handienentzat egina, ez eta deus* ez dakitenentzat ere.

Guztira, edozein philosophi ikaslerentzat eta linguistika ikasi nahi duenentzat, liburu bikain bat ETORek eskaintzen deraukun hau.

Gaztetxoentzako nobelak

Jakin dugunez, gure artean hain ezaguna den eta euskal diskographiari hain zabalera haundia eman dion CINSA etxeak, laster gaztetxoentzako nobela batzuk euskaraz publikatzeko asmoa du.

Honez gero, Robinson Crusoe, Mikel Strogov, Heidi eta Salgariren nobela bat euskaraturik eta inprentara eramateko prest omen ditu. Hemendik aurrera, beraz, gure gazteek, bai neskek eta bai mutilek, ez dituzte zertan obra klasiko horik* erdaraz irakurri beharko, euskara erraxean edukiko dituzte eta.

Gauzak diren bezala

Berez neroni ez dagokidan arren, egiaren amoreagatik esan dezagun, gezurra dela, Eusebio Erkiaga jauna bankeroa denik, norbaitek aurreko batetan ANAITASUNAn idatzi zuenez. Ba dakigu, banku batetan ari dela bulego* lanetan; baina, guk dakigunez, ez da bankuaren jabea ez ugazaba,* langile alokatu* bat baizik.

Harrigarri zaiku, gainera, zergatik aipatu behar den pertsona baten bizibidea, nobela xapelketa batez aritzen denean, zeren* Euskaltzaindiak, segur aski,* epaimahaiko hautatu bazuen, daduzkan literatur merituengatik egin baitzukeen, eta ez, gure eritziz, banku batetan lan egiten duelako.

Satrustegi jaunaren hitzaldiak Deustuan

Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak eraturik, eta Philosophia-Letretako Fakultatearen bitartez, hazilaren* 27tik abenduaren 1-erarte, hitzaldi interesgarri batzuk eman derauzkigu ethnologia eta ethnographiaz Satrustegi jaun euskaltzainak.

Honelako hitzaldietara etortzen den jendea kontuan hartuz, nik neuk erdarazkoetara baino lagun gehiago eta gazteago agertu zela euskarazkoetara esanen nuke, gehien gehienak Bilboko estudianteak zirelarik. Entzuleen artean zenbait maisu eta andereño ere ikusi genuen, baina zoritxarrez ez aski.* Gaurko Euskal Herrion zerbait lotsagarri bada, ene eritziz, euskal umeei euskal kultura bat emateko omen daudenek euskal gauzetarako hain gogo gutti edukitzea da. Noiz arte egonen zaizkigu alferkerian andereñoak?

Hitzaldiak Nafarroako euskara leun eta atseginez egin zituen, eta haietan materialak (bai gauzak eta orobat* ohiturak, azalpenak, ipuinak, eta abar) herriagandik biltzeko, klasifikatzeko eta interpretatzeko modua erakutsi zuen trebeki. Berari pertsonalki gertaturiko kontuak ere —batzuk aski barregarriak— jator jator azaldu zerauzkigun, entzule guztion pozerako.

Zorionak, beraz, Satrustegiri, biba gogor bat Euskal Kultur Mintegiko gazte adoretsuei eta eskerrak Philosophia-Letretako dekanoari.

«Euskara, hire laguna» atera da

Patxi Altuna irakasle ezagunak oraintsu atera berri du bere euskal methodoa euskara batuan. Egia esan, oraino gainbegiratu bat egiteko astirik besterik ez dugu ukan;* baina, gure ustez, lehengo oinharrietan iraun arren, gauza berri franko dakartza liburu honek. Ba dirudi, lehengo edizioko zenbait oker eta hitz desegoki batzuk zuzendu eta halako aldaketa batzuk (hauen artean, Lasa jaun ezaguna gabe. Larrea jauna agertu zaiku!) egin direla oraingo honetan, honez gainera, aditz forma ugariagoak (hypothetikoak eta) gehiturik, agian* ikastaro oso eta bakar batetarako programmaturik balego legez.*

Uste dugunez, salmenta ona edukiko du liburu honek, eta euskara ikasten saiatzen direnentzat oso probetxugarri izanen. Zorionak, beraz, hain langile porrokatu dugun Patxi Altunari. Ari gara, ari gara!

Eskatzeko: Euskara, hire laguna (euskara batuaz), El Mensajero del Corazón de Jesús, Bilbo. Prezioa: 150 pezeta.

Gernika ala Guernica?

Erdal aldizkarietan irakurri dugunez, Madrilen komisio ofizial bat izendatu berri da, gaztelaniazkoak ez diren leku. eta herri izenak (euskarazkoak, katalanezkoak eta galegozkoak) estudiatu eta beren jatorrizko hizkuntzaren phonetika eta orthographia zeintzuk diren erabakitzeko, handik aurrera (ofizialki) horrela idazteko. Honetaz, Galizia, Euskal Herri eta Kataluniako inguruak askoz ere herritarrago agertuko lirateke.

Duda gabe, abusu nabaria* izan da eta da, gaztelauek beren hizkuntzazko ez diren izenekin egin dutena; eta ez dezagun ezer esan frantsesei buruz, okerra askoz ere txarragoa baita. Inori ez litzaioke bururatuko, Washington hitza, kasu, Guosinton idaztea, hitz hori gaztelaniazkoa ez delako eta ingelesez, jatorrizko hizkuntzan, bere orthographia propioa duelako. Baina, antza denez, galegoek, euskaldunok eta katalanek ez dukegu horrelako pribilejiorik, hizkuntza ofizialik ez baitugu, eta horiekin gaztelaniak nahi duena eta nahi duenez idazteko eskubide osoa duke: Cruña gabe, Coruña, Ampurdá gabe, Ampurdán, Donostia edo Iruinea gabe, S. Sebastián edo Pamplona, e. a.

Katalanek, maiz* irakurtzen dugunez, katalan hutsez idazten dituzte beren herrietako izenak ofizialki, eta bai beren izen deiturak* ere. Herri izenekin hasten bada, azken ondorioak, deitura eta izen asko toponimiatik hartuak izanez, ba dirudi izen deiturak nork bere hizkuntzaren arauera* idaztea izan beharko liratekeela.

Baina ez gaitezen gehiegi alai,* Madrileko komisio horrek, esan duenez, hamabost urte inguru beharko baitu lan hori egiteko. Euskaltzaindi gurea, horien aldean, bolido bat dela esanen genuke, hala fede!

Bilbo Zaharra artegailu

Guztiok dakigunez, Bilbo Zaharra (zergatik ez dakigula, zenbait erdaltzalek Casco Viejo edo Uri Zarra deitzen dutena) conjunto artístico monumentaltzat hartua izan da ofizialki. Hori dela eta, bertako zenbait etxe, eliza eta monumentu garbitzen eta apaintzen hasi dira, bilbotar guztion pozerako. Gurutz kaleko eliza, berez duen tankera* itsusia gorabehera,* ongi apaindurik gelditu zaiku, eta orobat* esan genezake Zakur kaleko iturriaz Agian,* laster beste etxe eta monumentu ugari dotoretuko derauzkigute modu berean.

Uka ezina da, Bilbo Zaharreko salerosle eta merkatariek ahalegin haundiak egin dituztela horretan; eta hori zalantzarik bat ere gabe, eskertzekoa da. Baina hortik entzuten diren galderak, hauxek dira: Zergatik ez dute horixe berori lehenago egin, honez gero zeharo galduta dauden monumentu batzuk hobeto zeudenean? Nori eman behar ote zaizkio eskerrak, Bilbo Zaharrekoei ala El Corte Inglés-eri, honek egiten dien konpetentziagatik Bilbo Zaarraren itxuraz arduratzera bultzatu dituelako? Galdera zorrotzak, ez pentsa.

ARMENDARITZ

bihoazkie, joan zakioez (zakizkie)

daduzka, daukaz, dauzka

dakartza, dakaz

daude, dagoz

derauku, deusku, digu

derauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

die, deutse

diezotela, deioela, dezaiotela

gaude, gagoz

nion, neutson

zaiku, jaku, zaigu


Mitologiak

Larresororen tesiak

"Egun* salatu beharrezko euskal mitologia, XIX. mendekoa* dugu oraindik. Askok, lehen arraza hitzak zuen esangura ematen diote ethnia hitz modernoagoari". Nire hitz hauk* direla eta, Larresorok hasarre gisara* erazotzen* zidan 224. ANAITASUNAn. Eta nire harridura handia izan zen, zeren eta nik hain biziki maite eta miresten dudan Larresorok ba dirudi, hitz hauk bere buruari atxiki* dizkiola eta salaketa pertsonal baten gisara hartu dituela. Egia esan, nik ez nuen Larresororen gogoraziorik, aipaturiko hitz hoik* idazterakoan.

"Erdal mitologia atzerakoiaren gorantzan* abiatu" naizeneko kontua ez dut hemen gogoan hartuko. Gainera, ohituak gara horrelako salaketa merkeak entzuten; eta bestalde ba dirudi, oso dela zaila "erdal" hitzaren esangura kultural eta politikoa gure artean zehazki mugatzea. Agian,* "erdal" hitzak heterodoxo esan nahi du; eta gauza jakina da, heterodoxia eta ortodoxia kontzeptuak erlatiboak direla. Dena den, ikuspegi arazo bat da hori. Oso gauza logikoa deritzat, "erdal" eta heterodoxo garela Larresorok esateari, bistan baitago, Larresorok bere burua ortodoxia eta euskaltasun exklusiboaren barnean jotzen duela. Nik ere esan dezaket (edo pentsa nezake, agian) nire ikuspegia dela euskaldun eta ortodoxo; eta kasu horretan Larresoro izanen litzateke "erdalzale". Hori baino humilagoa naiz, ordea; eta ez dut gisa horretako pretentsiorik. Ahal den neurrian, errealitatea hatzematen* saiatzen naiz; eta jakina da, nola batzuetan errealitate hori guk nahi hainbat "euskal" ez den. Denik ere, ez zait zilegi* iruditzen, sozial-humanista eta ethnozentristak ez garenoi, euskaldun izateko ohore, eskubide eta urguilu mina ukatzea. Ez. Ez zait zilegi iruditzen ez eta zuzen.

Borondate onez diharduelarik, Larresorok Arraza eta Ethniaren arteko zenbait zehaztasun ematen digu. Benetan argia eta txalogarria Larresororen ahalegina, guztiz klarua eta zehatza denez. Baina bereizketa hoien bizkarretik —eta bidenabar*— berari hain laket* zaion bere zenbait tesi ematen digu. (Tesi hauk argiago soma deitezke haren azken liburuan: H.E.P., Etor, 1972). Aipaturiko bi kontzeptuen bereizketa egiterakoan mostratzen digu zein aisa* pasa daitekeen Arraza kontzeptutik Ethnia kontzeptura. Nik esanen nuke, bi kontzeptu hauk hein* ideologiko berdinean funtsatzen* direla; hots,* bi hitz hauk logika berdinarekin definitzen ditu Larresorok. Biologian funtsatzen da arrazakeria, eta honela arraza negazio bezala definitzen du. Era berean, Kulturan funtsatzen du ethnozentrismoa, eta Kultura hori ere negatiboki eta diferentzialki definitzen du, hizkuntzaren gain Kultura sustraitzen duenez. Baina hona hemen zehazkiago Larresororen tesietarik batzuk, nire antitesiei kontrajarririk:

1. "Herritasuna, herri nortasuna, kulturan datza*... Herriaren nortasuna kulturazkoa da". — Ordea, Herriaren nortasuna ez da soilik kulturala; politikoa eta ekonomikoa ere bai, aitzitik.* Eta, azken finean, ekonomi eta sozial egiturak* mugatzen eta determinatzen du kultural egitura ere.

2. "Herriaren nortasuna, kulturazkoa denez, Hizkuntzan funtsatzen da". — Ordea, kultura ezin daiteke ikuspegi linguistiko soilean funtsa. Hizkuntza ez da KULTURA; hori kulturaren expresiobidea baino ez da. Hizkuntza ez da goiestruktura bat. Hizkuntza ez da kulturaren ondorio nagusia. Kultura, determinazio materialei erantzuteko egitura funtzionala da; eta, azken finean, determinazio hoiek eta beroien erantzun funtzionalek funtsatzen dute kultura eta Herriaren nortasuna. Hizkuntza erantzun-egituretarik bat da. (Une historiko batetan dominante izan daitekeena).

3. "Herriaren nazio-infrastruktura, Hizkuntza da". — Herriaren nazio-infrastruktura ez da hizkuntza. Esan daiteke, Kultura dela Herriaren nazio-infrastruktura, baina ekonomi eta politika egiturak "kultural" bezala jotzen direlarik. Kultura, lanaren bitartez eta arauera* hedatzen* da. Kultura, lana da. Produkzio moldeek egituratzen dute kultura baten funtsa.* Azken finean, egitura ekonomiko-politikoa eta baldintza egiturala dira Herri bate nazio-infrastruktura. Hizkuntza, nazio-infrastruktura horren expresiobide eta lanabesa* da. Gure kasuan, ugariak dira expresiobide hoik. Euskara dominante izanez.

4. "Pentsakera hizkuntzaren estrukturek baldintzatzen dute". — Larresorok, pentsakera hitzaren "aparato logiko" esangura eta pentsakera hitzaren "ideologia" esangura nahasten ditu. Hizkuntzak, gizonaren pentsabidea (aparato logikoa) baldintzatzen badu ere, gizonaren ideologi egitura ez du funtsean determinatzen; aitzitik,* infrastruktura ekonomikoaren determinazioak dira, gizonaren ideologi estruktura, finean, determinatzen dutenak. Hizkuntza, determinazio hori egokitzeko tresnetarik bat da.

5. "Herri nortasuna hizkuntzaren bitartez iragaten* da belaun* batetik bestera; alegia,* kulturazko bide batez". — Herri nortasuna historiaren dialektikaz iragaten da belaun batetik bestera. Historia hori giza taldeen bilaketa eta hedadura* dialektikoaz osaturik dago, eta halaber* produkzio moldeen bilaketaz. Herriaren nortasuna historian zehar iragateko tresna habiletarik bat da hizkuntza, besteak artea, folklorea, legedia, mitologia eta abar direlarik.

6. "Herriaren arazoa hizkuntzaren mailako burruka bihurtzen da funtsean". — Historikoki horrela gerta daiteke zenbait kasutan, eta hizkuntza izan daiteke "eragile" politiko bat. Gure artean ere horrela gertatu da; baina hori fase historiko bat baino ez da izan. (Larresoro bera dugu fase honetako lekukorik* adoretsuena; berak jakinen du zergatik gelditu den "han"). Eta "herriaren arazoa soziologiazko arazo den aldetik", hizkuntzarekiko burrukaren azken analisian kausa sozialak aurkituko ditugu. Burruka ez da linguistikoa, soziala baino. Eta hizkuntzaren burrukarako gaitasuna bere funtzio sozialetik datorkio. Hizkuntza lanabes ere ba da, eta ez soilik esentzia orokor* bat. Bide bat da hizkuntza, kultura baten expresiobide osoa edo partziala. (Gure kasuan, euskara arrunt* partziala da).

7. "Herrien arteko muga eguneroko bizian topatzen da, bilatu ere gabe. Muga, izanezkoa da". — Herriak ez du funts esentzial bat. Herriaren funtsa historikoa da. Eta herrien arteko muga ez da izanezkoa, eduki edo ezedukien artekoa baino. Kondizio material eta kultural batzuen edukitzeak mugatzen du herrien arteko tartea.

8. "Kultura guztiek dituzte eskubide berberak. Ez dago kultura hobeagorik edo okerragorik". — Hori horrela izan daiteke, baina horrek ez du deus* frogatzen;* hori kontsiderazio moral edo, agian,* estetiko bat baizik ez da. Eta kultura guztiak ez dira berdinak, haien indar eta operatibitateari gagozkielarik. Kultura baten indarra, beronen baldintza politiko, ekonomiko eta sozialek funtsatzen dute. Zoritxarrez, gure kultura frogatzeke* dago oraino.

9. "Kulturazko eta hizkuntzazko estrukturak inkontzienteak dira, eta funtsezko pentsabide berezia ematen diote ethniari". — Hori horrela izan daiteke azkeneko funtsaren funtsean; baina ethnikideen pentsakera edo ideologiak arrunt* dira diferenteak, eta bereiztasun horren kausak ez dira inkontzienteak edo psikanalisiaren arlokoak, soziologiaren arlokoak baino.

Eta horrenbestez:

10. Larresorok ez du gogoan hartzen, egun Euskal Herrian bizi dugun bilinguismoaren fenomenoa. Ez dugu ahanztu behar, nahiz eta euskara dominante izan, ba dela gure artean beste hizkuntzarik.

11. Larresoro, hizkuntzaz edo kulturaz iharduten duenean, euskaldun historiko, objetibo eta errealaz ahanztu bide* da. Hizkuntza, zerbait inmanente bezala hartzen du.

12. Estrukturalismoa diferentziala da, aranismoa bezala.

13. Ethno-linguismoak, errealitate sozio-politikoaren zati bat baino ez du gogoan.

14. Hizkuntzak gauza asko eduki eta adieraz dezake; baina hizkuntzak ez du hizkuntza bera "edukitzen". Hizkuntzarekiko ikuspegi politikoa eta ethnologikoa hizkuntzatik dator eta hizkuntzara doa. Ez da analisi irekia. Diferentziak nabarmen* ditzake, baina ez kontradikzioak.

15. Euskal Herrian, euskaldun tipo ugari da. Kultura ugari da. (Produkzio molde ugari da, guttienez hiru). Eta, nahiz eta euskalDUNAK ez izan, Euskal HerriKOAK dira. Euskal herritasuna euskaran funtsatu nahi duenak, ez du Euskal Herri osoaren herritasuna funtsatzen. Eta, finean, jarrera* politiko irrazional bat da hori; eta, areago,* ez-zientifikoa.

16. Larresorok erromantizismoaren aideak berriztatzen dizkigu. Erromantiko alemanek gogoko zituzten "Volksgeist" eta "Genius des Volks" kontzeptuak. Larresororen "hizkuntza" kontzeptuak, "Volksgeist" eta Ibar-en "Genio de la Lengua"rekin antz nabarmena du. Jakinak dira, erromantizismoak Alemanian baldintzatu zituen ondorio politikoak.

Ba zioen Oteizak: "Nuestra raza está en el idioma". Nik hori barkatzen diot Jorgeri, Oteiza delako eta oteizakeriak aspaldian ahanztu bide* direlako. Baina horretaz gero Oteizak esan zezakeen "nuestra etnia está en el idioma" ere.

Finean, tamalez dakusagu nola Larresoro hurbilago* dagoen aranismotik gugandik baino. Mitologiak kamuflatzen dira, baina ez bide dira galtzen.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dakusagu, ikusten dugu

dezake, daike

dezaket, daiket

digu, deusku, derauku

diot, deutsat

diote, deutsoe

ditzake, daikez

dizkio, deutsoz

dizkigu, deuskuz, derauzkigu

nezake, neike

zaio, jako

zait, jat

zezakeen, eikean

zidan, eustan, zerautan

zioen, inoan, esaten zuen


Deustuko ikastolako azken gertaerak

Gauza nabaria* da, euskal ikastolek hartu duten indarra; eta, indar hau kontrolatu eta bere probetxurako erabili nahiz, hainbat instituzio eta talde dabila lanean.

Euskal ikastolak oso garrantzi haundikoak dira —horretaz ez dago dudarik—, hainbat eta hainbat ikasle biltzen, eta gurasoen artean euskal zaletasuna eta ekintza sortzen dutelako. Baina ez horregatik bakarrik. Inportantzia horretan parte haundia dute irakasleek, beren gaztetasun eta dedikazioagatik, eta erabiltzen dituzten teknika modernoakatik. Irakasleek bihurtzen dituzte euskal ikastolak, kolejio guztien artean aitzindari.*

Klase berezi bat bilakatu* zaiku irakasleena, klase intelektual eta aurrerazale. Eta neurri berean guraso guztiak hain aurrerazale ez direnez gero, irakasleen eta eboluzionatu ez diren gurasoen artean konfrontazio bat, kontrajartze bat sortzen da.

Nik ez dakit, Gipuzkoa aldeko ikastoletan izan diren burrukak (Urretxu, Beasain, Andoain, Arrasate* eta beste zenbait tokitakoak) bide horretatik joan ote diren; baina ezagutzen ditudan Bizkaikoak (Portugalete eta Deustukoak) bai.

Urte bitan Kontseilukoa izan naizen aldetik, Deustuko ikastolaren problematika bizi izan dut.

Gure Kontseiluan, guraso batzuek ez zuten konprenitzen irakasleen mentalitatea. Beste batzuek bai. Haik* ziren gutti irakurtzen zutenak, seme txikiak zituztenak. Hauk,* asko irakurtzen dutenak, seme nagusiak dituztenak.

Mundua aurrera doa, bai teknikan eta bai mentalitatean. Eboluzionatu ez diren gurasoak, eskuineko muturrean geratu dira, gaurko gazteen mentalitatetik urrun. Nik ez dut honekin esan nahi, eskuineko muturretik ezkerrekora pasatu behar dugunik. Bai famili mailan, bai gizarte mailan, gazteengana hurbildu behar dugula esan gura* dut, gazteena delako etorkizuna. Horrela iharduten ez badugu, geure inguruan leze bat egingo dugu eta uharte* hitxi eta agor batetan biziko gara, geure ekintzen jarraipena galduz.

Ez noa ni hemen, Deustuko azken gertaerak zehazki azaltzera; baina zera esan behar dut, alegia,* eskuineko muturrekoek, aita Pasionistekin bat eginik, guraso guztiena zen ikastola beren kontrolpean ezarri dutela.

Guraso guztien batzarra egin genuen hazilaren* 17an eta nahiz eta argi eta garbi han agertu, talde txiki bat izan ezik, beste guztiok linea zabal batean geundela, Deustuko ikastola, gurasoen nahiaren kontra, eskuineko muturrekoek hartu dute. Baina gauza kuriosoa: beren tiroak irakasleen kontra jaurtiki arren, ez dira ausartu, gorago aipaturiko ikastoletan bezala, irakasleak kalera botatzera. Hemen, behintzat, atzera egin dute, irakasleek guraso gehienen konfidantza eta defentsa eduki dutelako.

Euskal ikastolen historia laburra da oraindik, baina oso mamitsua, eta merezi du ondo estudiatzea. Gure soziologoek ba dute hor beren azterketetarako gairik.

XABIER GEREÑO

geunden, gengozen

zaiku, jaku, zaigu


Talde bizitzaren abantailak

Gizartearen barruan eztabaida asko izan ohi da. Gure herrian, zer esanik ez.

Azken aldi honetan mila teoria ba dugu. Zenbait aurrelarik lan pixka bat egin dute, eta besteok ba dugu gairik franko aztertzeko eta interpretazioak eman ahal izateko.

Baina zer gertatzen da? Interpretazio asko eta asko ez dugula sakontzen, sendoki eginak ez direla izaten. Aurrelarien mundu hori kopiatzen dugunean, segurtasunez ez dugula egiten esango nuke.

Liburuak bakarka aztertzen ditugu. Iraultzaren gailurrean dabiltzan autoreengana sonanbuloki amiltzen* gara; eta, jakina, esnatutakoan,* autore hoiek duten erakarpenaren eraginez, itsumustuan jarraitzen gatzaizkie. Gertaera honen adibiderik franko ba dugu.

Beraz, segurtasun batez interpretazioak egin ahal izateko, talde baten inguruan egitea askoz hobe ikusten dugu. Horrela, baten bat lo-ibiltari balitz ere, aldamenekoek iratzar* lezakete.

Talde bizitzan ideien segurtasuna lortzen dugu, ideia pertsonaletan finkaturik ibiltzeke.* Talde bizitzaren bitartez, ideia orokorrago* bat izanen dugu eta amateurgintza galeraziko.

Talde bizitzak beste alderdi bat ere ba du, eta zera da: babestasuna. Talde bizitza daramanak, taldearen geriza du. Gaur egun, Euskal Herrian, erreta dauden zenbait aurrelari ezagutzen ditugu. Jende asko herri lanean pozik eta indartsu hasten dira; baina, oposizioaren aurrean nahiz bakartadean aurkitzen direnean, indarrak galdu egiten dituzte.

Bere ideia pertsonaletatik irtendako errezetak aplikatzen dituena, bere burua defendatzerakoan, bakarrik aurkitu ohi da, errespaldorik gabe. Beraz, galtzen aterako balitz, berarentzat bakarrik izanen litzateke eramankizun mingarria.

Talde bizitzak indarra ematen du, nork bere ideiak eta ekintzak ondo eta segur defendatzeko.

Taldeko batek iharduten duenean, fermuki eta segurtasunez azalduko ditu gauzak, ondo baitaki, atzetik ba dituela taldean beste gehiago, ideia berak defendatzen dituztenak.

Taldearen barruan beste faktore bat ere ba da: animoa. Elkar animatzea beharrezko dugu gaurko zenbait lanetan eta areago* ikastolako ekintzan.

Ikastolako ekintza lan pisua da eta atseden asko behar duena. Zozokeriaren batetan ez erortzeko,* zer hobe talde bizitza baino? Lan bat egiten dugunean, denok nahi izaten dugu, baten batek lan hori ondo egin dugula aipatzea, "ederki diagok" esatea.

Herri lanean ihardutean, holako faktore psikologikoak ez zaizkigu falta behar.

Ondo eraturiko talde baten estrukturak taldeko bakoitzaren kontrola inplikatzen du, zabarkerian eror ez dadin.

TELEIKOZULOKOEK

gatzaizkie, gatxakez

lezakete, leikee

zaizkigu, jakuz


Euskaltzaindiaren batzarra

Joan den hazaroaren* 24ean, Euskaltzaindiak hilabeteroko bere batzarra egin zuen Donostian, Gipuzkoako Diputazioren jauregian.

Hona hemen batzarrean erabilitako gairik nagusienak:

Euskaltzaindiak bere eskerrona agertu nahi dio "La Vasconia" izeneko diru etxeari, "Euskal Izendegia" argitaratzeko eman duen laguntzagatik. Izendegi hau Satrustegi euskaltzain jaunak Euskaltzaindiaren aginduz prestatua da.

Elgoibarren urtarrilaren* 28an egingo den batzar ageriko xehetasunak lotu ziren. Batzar hau Urrunzuno idazlearen omenez egingo da, urte horretan berrogei eta hamar urte betetzen baita, hura hil zenetik. Arrue eta Zabala euskaltzain jaunek hitz egingo dute, eta euskal irakasle tituluak batzar horretan banatuko dira.

Euskal irakasleen esaminetarako bigarren deia egiten da. Esamina hauk* Eibarren egingo dira, abenduaren 30ean.

Batzorde bat jartzen da, udako ikastaro unibersitarien antolatze lanetan Euskaltzaindiaren izenean parte hartzeko.

Goizeko bilkura* bereziaren kontu eman zen. Goizean zuzendaritzako karguak hautatu baitziren bi urtetarako. Villasante, Haritschelhar, San Martin eta Erkiaga izan ziren hautatuak, Euskaltzainburu, Buru ordezko, Idazkari eta Diruzain izateko.

Lafitte euskaltzain jaunak txosten* bat irakurri zuen Euskal Herriko ipuinetaz.

Etxegintzako hiztegia prestatzen ari den batzordeko lanetaz mintzatu zen San Martin jauna. Batzorde horretako lankide den Zumalabe jaunak, azterketa askoren ondoren. hitzen fitxategia osatu duela gogoz entzun zen.

Eta, azkenik, euskaltzain laguntzaile den Zatarain jaunak ohar batzuk irakurri zituen aditz batuko bi formari buruz.

(Euskaltzaindiaren Prensa Bulegoko Agiria)


Zientziaren eragina gizartearen bilakaeran (2)

Ba dirudi, jakintza batzuk «neutroak» direla, hots,* edozein sistema izan, kapitalista zein sozialista, berdin aurreratzen direla. Baina nik ez nuke horrenbeste esango. Hor ditugu, esate baterako, fisika berriak ekarri dituen aurrerapenak, kontzeptuen aldaketak, determinismo mekanikoak dituen hutsak, berau mundu mikroskopikoan aplikatzen denean «azar» delakoaren legea azaltzea, eta abar. Honek guztiak bere eragozpenak ekarri dizkio dialektika tradizionalari, alegia,* Engels, Lenin eta Stalinek aurrera eraziriko dialektikari. Eragozpen hauk* sortzearen ondorioa, zientzia hauk, lehen aipatu ditugunen jarraitzaile ortodoxoen aldetik, burjesak direla esatea izan da.

Ekonomia politikoaren arauera* ezin dezakegu esan, jakintza «neutro» dagoenik. Ekonomia politikoak, gizartean egintza* eta produktuen zatiketa nola egiten diren erakusten du, hots, era guztietako produktuak nola egiten diren eta gero, giza beharrak asetzeko, nola banatzen diren ere.

Gizarte batetan sozial klase eta maila asko egonik, jabetasuna eskuan dadukaten gizonek, burjesek eta berauei eusten* dieten beste maila sozialek, ahalak egingo dituzte, egintza eta produktuen banaketa une bakoitzean egiten diren bezala justifikatzeko eta ilun dauden gauzak itxuraldatzeko. Ekonomiaren bilakaeran,* gainera, eragozpen asko sortzen dira, zikloak, konpetentzia, inperialismoa, nekazariak, eta abar; eta, problema hauk konpontzeko, politika bat aplikatu beharrean aurkitzen dira. Orduan burjeseriak, bere probilejioak defendatzeko, tresna bat sorterazten du. Tresna hau, beraz, ezin daiteke objetiboa izan.

Beste alde batetatik, burjes ttipiek beren ekonomia politikoa egingo dute, beronen aplikatzea oso zaila izan arren. Burjes ttipi hauk, beren pribilejioak defendatzeagatik, monopolioen kontrakoak izanen dira, pittinka pittinka monopolioen hatzaparretan eroriz* joaten baitira; eta, horregatik, konkurrentzia libreko harora berriro itzultzea nahi izaten dute. Berauek ere jabego pribatua onhartzen dute. Beren jarrera hauk justifikatzeko, teoria batzuen beharrean aurkitzen dira, honela beren ekonomia politikoa sortuz.

Herri zapalduak, herri kolonizatuak ere —Europako herri askoren kasua berau— beren ekonomia politikoa egin beharrean aurkitzen dira; eta beronek problema asko sortzen ditu. Herri hauetan, bera osatzen duten klase askok zapaltzaileen azpitik irtetea nahi dute; eta, horretarako, beren ekintza ahalik eta arrazionalena izan dadin, praktika eta teoria baten premia dute. Baina, ikusten denez, nola gaindituko dira elkarri kontraesaten dioten interesok? Nola ukan dezakete teoria berbera, gizarte batetan elkarren kontrako interesak dituztenek?

Herri zapaldu batetan bizi direnek, ba dakite, beren lehen mailako etsaia metropoliko buruzagiak direla, eta, hauk botatzeko, ahal den indar haundienaz kontatu behar dutela. Baina kontu! Ez da ahantzi* behar, herri horretan ere klase batzuk ere ba daudela, eta, inperialismopetik irten ondoren, barruko burruka etorriko dela. Gainera, klase guztien teoriak eta nahiak berdinak ez direla.

Hemen agertzen denez, herri zapaldu batetako proletalgoa, klase zapalduena izanik, inperialismopetik irten beharrean aurkitzen da, nazional burjeseria eta burjes ttipiak aurkitzen diren bezalaxe; eta inperialismotik irten behar komun honek, guztiak batzen ditu lehen urratsean.*

Era honetan, aipatu ditudan klase hauek, beren ekonomia politikoa eratzeko orduan, puntu garratz hau kontuan eduki behar dute, eta, teorian batzen direnean, praktikan ere batu beharrean aurkituko dira; bestela, dena idealismo hutsa izango litzateke, eta ez praktika errealista bat.

Azkenez, proletalgoaren ekonomia politikoa ikusteko premian aurkitzen gara. Kapitalismoa gizartean inposatu zenean, ekonomia politikoa, zientzia bezala, proletalgoaren eskuetara pasatu zen; eta, kapitalismoa zientifikoki kritikatzeko, harmatzat erabiltzen hasi zen hura.* Ekonomia politikoaren bidez, proletalgoak sistema berria zientifikoki esplikatzen zuen, eta, azterketa sakon bat egin ondoren, bideak ipintzen zituen gizartea konpontzeko, horretarako, bere inguruan herri guztia jartzeko ahal guztiak eginez.

Ekonomia politikoaren bitartez, proletalgoak sistemaren barruan bere egoera ezagutu ahal izan zuen, bai eta sistemaren legeak eta kapitalismoaren bilakaera bera ere, beronen baldintzak eta bitartekoak ikusirik, egoera horretatik irteteko.

Proletalgoak bideak ba zeduzkan, bere askatasunaren bila joateko. Baina beraren gidari izango zirenek, behin eta berriz enganiaturik utzi dute alde guztietan; bestela, begiratu bat eman...

B. BAKAIKOA

daude, dagoz

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

diete, deutsee

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

zeduzkan, eukazan, zeuzkan


Esaminarako deia

Euskal irakasle (D maila) titulua lortzeko, aurtengo bigarren deiko esamina (lehen deikoa urrian izan zen), datorren hilabetearen azken larunbatean, abenduaren 30ean izango da, arratsaldeko 4retan, Eibarren, Udal Aurrezki Kutxaren etxean, "Dos de Mayo" kalean.

Eta, hau irakurriaz batera, aditzera ematen da, matrikulatzea Euskaltzaindiaren etxean, Bilbon, Ribera 6an, edo Donostiako Ordezkaritzan, Diputazioaren jauregian egin daitekeela, abenduaren 23rarte. Bai eta idazkiz ere egin daiteke, Bilbora, Euskaltzaindiaren "Caja Laboral Popular"eko 198 kontura matrikularen ordaina (250 pezeta) igorriz* eta banku "duplicado" delakoa Euskaltzaindiaren bulegora.* Urrirako matrikulatu zirenek ez dute zertan ordain.*

Bilbon, 1972.eko hazaroaren* 27an.


Zapaburua. Euskaldunon Rh-dunen umore orria

Mikel Lasa Jauna

(Euskaldun berri askoren ezaguna)

Bilbon, 1972.eko hazilaren* 30ean, lau berrinprimaldi zituela, beste mundura joan zaiku. Bere aita izpiritualak, aita Patxi Altunak, beronen ikasle eta haren ezagun ugariek nigarrez doluztatzen dute haren heriotza. Goian bego!

Haren lekuan Euskara, hire laguna-n lan egiten duen Larrea jaun berriak meza bat eskaini du abenduaren 28an haren arimaren alde. Guztiei otoitz bat eskatzen zaie.

Oharra: Familiak ez du bisitarik hartzen, eta halaber* haren aitona Franck Candlin-ek (hemen ez dagoenak) ere ez.


Zapaburua. Euskaldunon Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan, gure idazkaritzara ondorengo berriok heldu dira:

Abenduaren 28an, Pio Barojaren jaioteguna ospatzeko. Euskal Herriko igerilarien* federazioak, Bizkaiko Hibaizabalen behera, Bilbotik Portugaleteraino, xapelketa bat eratuko omen* du.

Pariseko gobernuak, euskara patrimoine national-tzat harturik, urtero Euskaltzaindiari zazpi milioi libera* berri (NF) ematea erabaki omen du.

Anboto inguruko andre ezagun batek, Sorgina Atsozaharregik, datorren urtea euskaldunen arteko anaitasun urtea izango delako prophezia bota omen du.

Ez ei* da egia, mihi gaiztoek hortik diotena gorabehera,* Lasa jauna «euskalduntzenitis» delako gaixoaz hil denik, lehenagotik ere gaixorik omen zebilalako. Halaber,* gezurtatuak izan dira behin eta berriro —liburu berrian azaltzen den irudi konprometigarrian elkarrekin agertu arren—, Larrea jauna Mikel Lasa zenaren alargun gaztearekin ligean dabilala.

Neguriko* fabrikadun ezagun batzuek, Gabonak beren langileek ez bezala iragateko,* egun horietan gose greba* bat eginen omen dute.

Azken mementoan dioskutenez, Gipuzkoako igerilariek hola eskaturik, Pio Barojaren omenezko xapelketa, Hibaizabalen gabe, Donostiako Urumean egitea erabaki da. Dirudienez, gipuzkoarrek ez zuten Bizkaian igeri egin nahi, Hibaizabalgo uren zikinagatik.


Zapaburua. Euskaldunon Rh-dunen umore orria

[Komikia]


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (10)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa

Gure irakurle askok beharbada hieroglyphikoak asmatzen ez dakitelakoan, hona hemen erregela erraz batzuk, berorien esangura ezkutua aurkitzeko:

a) Zifretan dauden zenbakiak, erromatar zenbakiekin ipini behar dira. Esate baterako: 1 = 1, 50 = L, 10 = X, 500 = D, 1.051 = MLI...

b) Oharra jartzen denean, solfeozko ohar edo nota musikal bat izaten da, edozein: do, re, mi, fa, sol, la, si.

c) Gauzen irudiek beren letren balioa dute, gauzen izenen arauera; eta (—) ezagugarria badute, ondoren datozen letrak kendu egin behar zaizkio hitz horri. Esate baterako, gorosti izena duen landareari -GR badarraio, horrek esan nahi du, bi letrok kendu egin behar direla: oosti utzirik.

d) Hieroglyphikoan agertzen den gauzaren gainean letraren bat balego, horrek adierazten du, letra hori gauza horren izenaren barnean ipini behar dela. Esate batez, buru bat agertzen bada eta gainean R bat badu, burru irakurri beharko litzateke.

e) Gauza guztiak aldrebes egon daitezke, buruz behera; eta orduan beren letren balioa bestetara hartu behar da: buruz behera jarritako etxe batek exte balio du.

f) Letren izena batzuetan letra izentzat ere har daiteke: B = be, K = ka, Q = ku, M = eme. Erromatar zenbakiak, era berean, geure zifra normalen izentzat har ditzakegu: I = bat, II = bi...

g) Euskarazko hieroglyphiko hauetan, geure deklinazioaren atzizki batzuk ere sartu ditugu, duten balioarekin: datibo = RI, alatibo = RA, eta abar.


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi.

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait ere.

AHANTZ, olvidar.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHOLKATZE, kontseilatze, aconsejar.

AHULDU, makaldu.

AISA, erraz.

AITZINDARI, pionero, precursor.

AITZITIK, al contrario.

AKABATU, liquidado, matado.

ALAI, alegrarse.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKATU, empleado, remunerado, ajornalado.

ALOR, arlo.

AMANDA, multa, sanción.

AMILTZE, precipitarse.

ANITZ, asko.

ARABERA, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, hasta, aún, incluso.

AREAGO, oraindik gehiago.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

ARERIO, etsai, enemigo, contrario.

ARESTIAN, oraindik orain, berriki.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRUNT, oso, guztiz.

ASKE, libre.

ASKI, nahiko.

ATXIKI, aplicado, adherido.

AURREZTA, ahorrar, épargner.

AURREZTU, ahorrado, épargné.

AZPIMARKATU, subrayado.

AZTARREN, aztarna, vestigio.

BA, pues.

BARIK, gabe.

BE, bere, ere.

BEDEREN, gutienez.

BEJONDIOLA, enhorabuena! (Bide on [Jainkoak] diola).

BELAUN, generación.

BERAGAZ, berarekin.

BERTSU, casi idéntico.

BIDE, agian, nonbait, antza.

BIDENABAR, bide batez.

BILAKAERA, evolución.

BILAKATU, bihurtu.

BILAKATZE, bihurtze.

BILKURA, bilera, batzar.

BULEGO, oficina, bureau.

BUZTIN, arcilla, argile.

DATZA, yace, está. (Etzan aditzaren forma).

DAUDEKE, dagokez, dagoz nonbait.

DEITURA, apellido, nom de famille.

DENIK ERE, dena den.

DESAGER, desaparecer.

DEUS, ezer.

DEZANTZAT, daiantzat, dezan, daian.

EGINTZA, producción.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EHIZA, ihizi, caza, chasse.

EHUN, tejer, tisser. (EHUNDU, tejido, tissé).

EI, omen.

ELBARRITU, inválido, lisiado.

ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAGOTZ, impedir, evitar.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERASOTZE, atacar.

ERDIESPEN, logro.

EREDU, modelo.

ERI, gaixo.

EROATE, eramate.

ERORI, jausi.

ERORTZE, jauste.

ERPE, garra, griffe.

ERREPIKATZE, repetir.

ESNATUTAKOAN, itzarritakoan, itzartutakoan.

ESTAGNAZIO, estancamiento.

ETSAI, arerio, enemigo, contrario.

EUSTAILE, eusle, sostengatzaile.

EUSTE, sostener, apoyar.

EZABATU, borrado, barrido, effacé.

FROGATZE, probar, demostrar.

FROGATZEKE, frogatu gabe.

FUNTS, fondo, sustancia.

FUNTSATZE, fundar, basar.

GAL, perder. (GALDU, perdido).

GEREZIONDO, cerezo, cerisier.

GISA, modu.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GORANTZA, alabantza, laudorio.

GREBA, huelga.

GURA, nahi.

GURPIL, burpil, rueda, roue.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente, así mismo.

HARRI, admirarse. (HARRITU, admirado).

HASIKIN, primicia, embrión.

HASTAPEN, haste, hasiera.

HATZEMATE, encontrar, captar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, elección.

HAZARO, hazil, noviembre.

HAZIL, noviembre.

HEDADURA, extensión, dimensión.

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, grado, rango.

HEL, llegar, arriver. (HELDU, llegado, arrivé).

HELMEN, alcance, portée.

HETAN, haietan.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOSTO, orri.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IBILTZEKE, ibili gabe.

IDURI, aburu, eritzi.

IDURITZEN, iruditzen.

IGERILARI, nadador.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHIZI, ehiza, caza, chasse.

IHIZTARI, cazador, chasseur.

ILE, ule.

IRAGAN, iraganiko, iragandako, igarotako, pasaturiko.

IRAGATE, igarotze, pasatze.

IRAGATEKO, igarotzeko, pasatzeko.

IRATZAR, despertar. (ITZAR, despertarse).

IRATXO, duende, petit fantôme.

IRUN, hilar, filer.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, soportar.

JASO, altxatu, goratu.

KAKALARDO, escarabajo, scarabée.

KATAGORRI, ardilla, écureuil.

KINKA, kenka, período crítico.

LAKET, atsegingarri.

LEGEZ, lez, bezala.

LANABES, instrumento de trabajo.

LEGUNTZE, leuntze, biguntze.

LEKUKO, testigu.

LIBERA, franco.

LOR, erdiets, lograr, conseguir. (LORTU, logrado, conseguido).

MAIZ, sarri.

MENDE, siglo.

MOZKIN, producto, beneficio.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITZE, advertir, notar, percibir.

NABARMEN, destacar, resaltar. (NABARMENDU, destacado, resaltado).

NEGURI, Bilbo inguruko hauzunea. Aberats okitu asko bizi da bertan.

ÑABARDURA, matiz, nuance.

OMEN, ei.

ONURAKOR, probetxugarri.

ORDAIN, pagar. (ORDAINDU, pagado).

ORDIZIA, Villafranca de Oria.

ORO, guzti.

OROBAT, berdin.

OROKOR, general, global, universal.

ORTUTSIK, oinhutsik.

OSTERA, itzuli, vuelta.

SAILEAN, sin interrupción y con abundancia.

SALUTATU, ogi salutatua = aurreko Gabonetan hurrengoetarako gorde den ogia.

SAMURTU, bigundu.

SAR, meter. (SARTU, metido).

SOBERAKIN, reserva.

SOLO, soro.

SOS, moneda, dinero.

TAMALGARRI, lastimagarri.

TANKERA, estilo.

TRAGAZA, tragacete, especie de dardo.

TXIRO, pobre.

TXOSTEN, informe, comunicación.

UGAZABA, amo, maître.

UHARTE, isla.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UMOTU, madurado.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTA, cosecha, récolte.

XAHUTUKO, eralgiko, gastatuko.

XEDA, determinar, fijar, definir. (XEDATU, determinado, fijado, definido).

ZERBI, zerbitza, servir (ZERBITU, servido).

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERITZON, erizten zion.

ZELAKO, nolako.

ZELAN, nola.

ZILEGI, lícito.

ZORI, suerte, fortuna.

ZUTABE, pilar, sostén, apoyo.

ZUZPERTZAILE, reanimador, vitalizador.

ZUZPERTZE, reanimar, vitalizar.


Fedea gaur

Bi jaun: Jainkoa eta Kapitala

Ebanjelioa ez da, gizarteko burrukak leguntzeko* olio bigungarria. Ondasunak eta baloreak gizonaren gain jartzen diren bakoitzean, ebanjelioaren indar subersiboa agertzen zaigu, gizonaren jauntasuna errekuperatu nahirik.

«Ezin daitezke zerbi* Jainkoa eta Dirua». «Gamelua orratz zulotik sartzea baino zailago da aberatsa zeruko erreinuan sartzea». «Ai, zuek aberatsok».

Baina, puntu honetan ere, ebanjelioko hitz hauk* errepikatzea* ez da aski.* Gaurko gizartea begien bistan izanik, gauzak gehiago konkretatu beharra dugu, beti entzun ohi ditugun hitzak alfer alferrik errepikatzen, denbora gal* ez dezagun.

Pertsonaren jauntasunaren gain eta kontra, diruaren jauntasunari eusten* diona, beronen kontextuan kontsideratu behar dugu gaur. Ebanjelioa eta dirua elkarren kontrakoak direla esatea ez da aski.

Testamendu Berriak ematen digun aberatsen kondena, lehen kristauak bizi ziren gizartearen eta zibilizazioaren arabera* eginik dago. Izan ere, Testamendu Berriak begien aurrean duen zibilizazioak, dirua eta ondasunak gizonarekin pertsonalki eta zuzenean erlazionatzen zituen. Irabazia, lan pertsonal bati lotu samarra zegoen. Ekonomi sistema, nahiko sinplea; nahiko tolesgabea zen oraindik. Ebanjelioak presentatzen dizkigun adibideak, esanguratsu dira:

- ondasun haundiak dituen gazte bat.

- uzta* ugaria eta aleganbara txikiegia duen laboraria.*

- soineko finez janzten den goi mailako jaun elegantea.

Hauetako bakoitzak beste bide bat hartu beharra du, ondasunak behartsuen artean zabaldu behar ditu, eta abar.

Gaur besterik da. Diruaren balore abstraktua izan behar dugu gogoan. Bankuko bileteak berez duen balorea, hutsa da. Baina erartzen zaion balorea edo balore nominatiboa, haundia izan daiteke. Diruaren balore abstraktu honek barne barnetik aldatu ditu gauzak. Ondasunak ez daude zuzenki pertsona konkretuen eskutan. Jabegoa, inpertsonala da, gehienetan. Eta, sarritan, guztiz anonimoa ere bai.

Horregatik, diruaren problema, gaur egun osoki beste modu batera planteatu behar dugu, ebanjelioaren eragina benetakoa izan dadin nahi badugu. Gaur egun, dirua eta diruduna bakarrik ez baina, kapitalist sistema eta honen sostengatzaileak eta zuzpertzaileak* behar dira kondenatu, ebanjelioaren izanean.

Ebanjelioan irakurtzen dugun pasarte hark, «Ezin ditzakezue zerbi Jainkoa eta Dirua», gaur beste itzulpen hau har dezake: «Ezin ditzakezue zerbi Jainkoa eta Kapitala». Ebanjelioak radikalki kondenatzen duen jainko faltsua da dirua, baina gaur hartzen duen formapean batez ere, kapitalismoaren formapean.

Aurreko artikuluan nioen, maitasuna politizatu egin behar dugula, beste erremediorik gabe. Politizatze honen lehen urratsa,* berriz, kapitalist sistemaren kontra burrukatzea izanen da. Profeten lineari jarraitzea besterik ez. Haiek, Jainko askatzailea erakusteko edo herria askatasun bidean ezartzeko, jainko faltsuak salatu eta gaitzetsi behar zituzten lehenik.

Johann Baptist Metz teologoak honela diosku: «Nahiz eta beti ongi jakin ez, askatasuna, bakea eta justizia nolakoak behar duten izan, ba dakigu, esperientzia luze batek erakutsirik, askatasunik eza eta justiziarik eza zer diren. Esperientzia negatibo honek, zerbait egitera bultzatzen gaitu. Askatasun eta justizia positibo eta konkretu baten alde ez bada ere, askatasunik eta justiziarik ezak sortzen dituen krudelkerien eta izugarrikerien kontra bai behintzat» (Teología del mundo, 163. orrialdean).

Ebanjelioaren alde jartzen dena, kapitalist sistemaren kontra jarri behar. Kristauak, nahi eta nahi ez hartu behar du kontrako jarrera* hori. Eta ez kapitalismoak izan ditzakeen abusoen kontrako jarrera bakarrik, sistemaren beraren kontrakoa baizik. Zeren* eta sistemak berak sustrai sustraian baitaramazki injustizia eta herriaren askatasunik eza.

Hau beste modu batera esanez, eskema pre-kapitalistak alde batera utzi behar ditugu. Aberatsa eta kapitalismoaren eustailea* ezin ditzakegu, besterik gabe, identifika. Jokoan milioiak botatzen dituen aberats zerri haundia eta milioi pilatzaile eta gordetzaile amorratua ez dira, gaur egun, gizarteari kontrola ezartzen diotenak. Lujoa, dirua eta aberastasuna vedette-ek hobeki errepresentatzen dute, agintariek eta enpresarioek baino. Hauk* dira iturri. Bestea, ondorio da.

Agintariak eta enpresarioak, gehienetan, dirurik, lujorik eta ostentaziorik gabe ibiltzen direnik, ez dugu esango. Baina, batez ere kapitalismo teknifikatu batean, kapitalistaren bizimodu itxuragabeak ez du definitzen kapitalismoa, lan tresnen jabegoaren bidez eta lan banaketaren bidez gizarteari ezartzen dion kontrolak, manipulazioak eta zapalketak baino. «Jefe de empresa» delakoa ba daiteke milioien jabe ez izatea eta lujo haundirik gabe bizitzea; baina, enpresa teknifikatu batean, kapitalismoaren zutabe* sendoenetakoa da. Kapitalismoaren seme modernoa den kooperatibaren kasua harturik, kooperatiba indartsu bateko zuzendari bat edo beste ba daiteke austeritatez bizitzea. Baina, kooperatibismoaren bidez, jendea kapitalist sisteman integratzen ari da. Sistemari posibilitate berriak eskaintzen eta indartzen, beraz. Kapitalismoaren ministro zintzo eta debotuak Arrasaten* kooperatibismoaren apologia beroa egitea, ez da. batere harritzekoa.

Ebanjelioko Berri Ona, gaurko Berri On eta Askatzailea izan dadin, ez da aski, lehen esan dugun bezala, diruaren eta aberatsen kontra tiroak disparatzea. Tiroen norakoa gehiago konkretatu behar da. Zapaltzaileei, produkzioko tresnen jabetza pribatuak ematen die zapaltzeko ahala. Ez dut esan nahi, zapalketa guztiak hortik datozenik eta hori eliminatuz gero zapalketarik izango ez denik eta paradisua ikusiko dugunik. Baina bai esan nahi dut, orain eta hemen —eta ez gara beste noizbait eta beste nonbait bizi— zapalketa nagusia eta beste injustizia askoren iturria hor datzala.*

Europako teologo aurrerazaleak, ebanjelioaren izanean, zera esan du: gaur egun munduko banaketa nagusia zapaltzaileen eta zapalduen artean ematen dela, eta ez fededunen eta fedegabeen artean. Baina zapaltzaileen identitatea gehiago eta zehatzago azaltzen ez badu, neokapitalismoaren sabelean asimilatua gelditzeko arriskua du.

Ikuspegi honetatik, Vatikanoko II.a neokapitalismoaren batzar bezela ikusten dugu. «Gaudium et Spes» bera, Europako herri neokapitalistetako teologo neokapitalistek eskainiriko teologiaz osatua dago. Teologia hori kapitalist sistemak integratu du, eta ezin dezake zeregin kritikorik eta profetikorik bete. (Ikus «Témoignage Chrétien», 1.468. zenbakia, 16. orrialdea).

Maitatzea zera da, hondo hondoan: pertsonaren desarroilo osoa zuzpertzea.* Baina egiazko desarroilorik ezin daiteke eman kapitalist sistemaren barnean, pertsonaren desarroiloaren gainetik, kapitalaren desarroiloa ezartzen delako, sistemaren oinharri bezala.

SAKONE

daramazki (daramatza), daroaz

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

die, deutse

dio, deutso

diote, deutsoe

diosku, dinosku, esaten dauku

ditzake, daikez

ditzakegu, daikeguz