ANAITASUNA

243. zenb.

1972.eko Hazilaren 15ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


"Berriro ere izango dugu arropa zaharra kakoan"

Geure herrian 1972. urtean izan dugun gertakaririk handienetariko bat, handiena ez esatearren, ikastolari buruzkoa izan dela esango genuke, Arrasaten* gertatu dena, alegia*.

Zer jazo* den agertzea ez zait iruditzen bidezkoa, zeren* eta, lehenengoz, aldizkariaren luze-zabal guztia beharko baigenuke, eta, bigarrenez, gertakari hutsa hotza dela uste baitut kasu honetan, zer den baino zergatik den jakitea interesgarriagoa delako, ene eritziz.

ANAITASUNAren 242. zenbakian honela irakurtzen genuen: «Hain dago pentsakera alternatibista hezurretaraino sarturik, jendeari oso zail zaio nolakoa-ren eta nola-ren munduan sartzea (jende xeheaz eta zapalduaz ari naiz, zartaginaren kirtena eskutan dutenek planteamendu berririk zergatik onhartzen ez duten ongi baitakigu, jakin!)».

Pentsakera alternatibista hau esplotatu nahiz, oso zuhur jokatu dute talde batzuek, eta maximum-eraino esplotatua izan da herri xehea. Hau da, gurasoak eta haurrak intxaur azalak itsas zabalean bezala izan dira, «abertzale» izena patentatu nahi duen talde baten eskuetan. Talde horretakoek, berek nahi izan duten airean dantza erazi diete gurasoei, haien fede onaz eta dato faltaz baliaturik. «Txarto informaturik dagoenak, ezin dezake ongi arrazona», sarritan entzun izan dugu hor zehar.

Talde honen ustez, nahastea sortu ondoren (eta interesantea litzateke, nahaste hau nork probokatua izan den sustraitik jakitea), ikastola aurrera atera ahal izateko, posibilitate bi zeuden, hautakizun* gisa planteaturik, bata onhartzean, bestea baztertu egiten baitzen: Junta onhartzen bazen, Juntak zituen indar guztiak, bere gustura lapikokoa egosteko; Junta, ahalguztiduna zen. Irakasleak onhartzen baziren, laguntza guztiak ukatu egingo ziren.

«Junta-Irakasleak» binomioa, sinpleegia eta areago sinplista iruditzen zait. Izan ere, nola uler daiteke, irakasleak marjinaturik dituen Junta Zuzendari bat? Irakasleak Junta Zuzendariaren zerbitzari itsu hutsak dira ala?* Lana banatu zenetik, gizonok pedagogia maisuen eskuetan utzi bagenuen, eta aparteko lan horretarako izendatu bagenituen, pertsona hoiek zenbait eskubide eta posibilitate, eta nortasun sufizientea behar dute, metodo bat eta programa bat, diskutitu eta ondo azterkatu ondoren, erabiltzeko.

Azken batean, «Junta ala Irakasleak» planteatzean, Ikastola (gurasoak, irakasleak, haurrak eta herria bera) zoko batean utzirik, talde bat onhartzean edo ez onhartzean dago kakoa. Joko honen bortxakeria argiago ikusteko, kontuan edukitzekoa da, talde honen planteamendua, laburki, hau zela: «Guk segurantza (dirua eta abar) eskaintzen dugu. Gu ametitzen bagaituzue, gure laguntza izanen duzue. Gu ametitzen ez bagaituzue, laguntza hori erretiratu egingo dugu». Frantses hizkuntzak ba du hitz berezi bat, joko hau adierazten duena, eta nolabait* beste hizkuntzetara zabaldu dena. Argiago: diru truke, linea bat.

Beraz, zer da nahi dena? Ikastola aurrera ateratzea ala talde baten nahia, planak, programa eta ideologia plazaratzea?

Juntak, gurasoek, irakasleek eta denok ere beste era batera beharko genuke jokatu, makina bat barre zantzo ebitatzeko, Euskal Herriaren ona benetan nahi baldin badugu behintzat.

JOSE ANTONIO


Elkar hizketa

Joxanton Arza

Nola hala jakin dugu, txalaparta jole eta poeta den Joxanton Arza («Harzabal») poema liburu bat prestatzen ari dela. Horregatik, harekin elkar hizketa bat egiteari, interesgarri eritzi diogu.

Lehen galderatik, haren itxuran artista edo pentsalari baten sinu-mikuak* nabaritzen* ditugu: gora edo urrunera begiratzen du, ez han edo hemen zerbait ikusteagatik, ikuspena bere barnera itzultzeagatik baizik. Astiro eta argi mintzatzen da, hitzak banan banan barnetik jalgiak* bailitzaizkion. Zertarako etorri garen diotsagu, eta hau da lehen galdera:

— Joxanton, zer da hiretzat, edo zer diotsu poemagintzak?

— Poema bat ontzea, niretzat, barruko min bati irteera ematea duk. Burruka bat duk, sena* eta ezagueraren arteko burruka. Bilaketa bat duk, ezen* kaos honetan bide bat bilatu nahi baitut. Sendagailu bat, gizarte «sano» honetan «ero» bilakatzeko* sendagailu bat.

— Ezaguna duk eta nahiko Irakurria, hire «Isturitzetik Tolosan barru» liburua. Esan zezakeagu, gainera, presentazioz eta «arkitekturaz» molde denetatik kanpo dagoela. Poemak ere holako zerbait lortu nahi duela nabari* diaitekek. Zeren bila joan hintzen eta zer lortu nahi huen?

— Hirugarren munduko garenok, beste mundu zori-hobeagokoek duten masifikatze batetik at,* problema bat da diagu: geure gaintasunik ez edukitzea. Beraz, nortasun falta: nortasun falta kultur alorrean,* bai eta politika, ekonomi eta erlijio arazoetan. Hitz bitan esateko, gurea ez den giro batean leporaino sarturik gaudela.

«Isturitzetik Tolosan barru» delako liburuarekin egin nahi nuena, masifikatze eta arrozkeriari erantzun bat ematea zuan. Lehenik, neure nortasuna bilatzea zuan nire xedea;* eta gero, gizarte jakin baten osagarri naizenez, memento berean, neure herriarena. Horregatik egin nitian, eta egiten ari nauk, historia ikertu* nahi dituzten poemak. Horregatik batu ninduan talde batean, liburu hori egiteko, taldekoon esperientzien bidez geure artean elkar hizketa sortzeko. Zer lortu den esatea, esanezina duk. Orain liburua ez duk gehiago gurea, irakurle bakoitzak hartatik beste berri bat egin baitu. Zer lortu nuen? Ekintzak ematen duen esperientzia berri bat...

«atzeak erakutsi behar badigu

aurrea nolaz dantzatu,

lege zaharren ikastera goazenean...» (I.T.B.tik).

— Zertan saiatu hintzen batik* bat: hitzetan, forman, ideietan?

— Hitzak, forma, ideiak..., denak batera diabiltzak niretzat. Bereizi ezinak dituk. Gizakumea bezala. Batzuetan hitza izango duk lehena, besteetan ideia.

— Non aurkitu dituk akats berezienak?

— Poema batzuek hegoak laburregiak dituztela.

— Molde berdinetan aterako ahal duk liburu berri hori?

— Ez. Oraingoan liburua xumeagoa* izango duk. Lehengoarekin produktoreek diru asko galdu ziaten (nahiz eta zenbait* «aingeruk» liburua garestiegia zela esan), eta ez duk erraza diru galtzailerik aurkitzea.

— Zeintzuk dira liburuaren bereiztasunak?

— Olerkiak helduagoak direla; denborak ba duela zer adierazterik; haria tinkoago luzatzen dela... Aurreko zenbait saiaketa, oraingoan, aidean uzten ditiat. Horrek ez dik esan nahi, ordea, baztertu ditudanik.

— Bukatu ahal duk liburua?

— Liburuaren bihotza ez diat oraino zeharo aurkitu. Bizkar hezurra agertzen ari zaiola esango nikek. Bata duk poemak egitea; eta bestea, liburuak eskatzen duen batasuna poemei ematea. Honi garrantzi dezente ematen zioat. Hau duk oraindik falta dena.

— Zertaz baliatu haiz, poema hauk egiteko?

— Gehien bat erabili dudan gaia, zera duk: bizitzari aurre eman nahi diotenen eta heriotza bizitzea dela uste dutenen arteko burruka edo sintesia. Arazo hau zenbait alorretan tratatu diat, nola lanean, maitasunean, hala paisajean, familian, karrikan*...

— Zer ikusi duk hortaz «hor, herrian»?

— Gure herriak ba duela bizitzeko gogorik, eta... Beno, liburua eros eta ikus.

— Oraingoan bakarrik ibili haiz, edo zer laguntza izan duk?

— Gaur eta inguru honekin egin ditiat poemak.

— Zer da hiretzat ingurua?

— Gizarte honetako gizakumeak, etxe aurreko eliza, kaleetako zuloak, hauzokoek kaiolan dadukaten txoria, Joxeinazioren zakurra, bide bazterreko giza inurritegiak, gure teilatuan jorratzen duen haizea, noiz behinka ikusten dudan artizarra, gure herrian estali berri duten giza-txori-zuhaitz ehiztatua... Denak dituk niretzat ingurua, diskriminaziorik gabe.

— Eta zer eginkizun jokatzen du inguru horrek?

— Inguru horrek ematen diautak kosmoaren neurria eta oreka;* inguru horri ematen zioat neure indarra eta ezaguera.

— Definitu nahi dituk bertsolaria eta poeta?

— Bertsolariak denbora geldi erazten dik, eta munduko indar guztiak beregana deitzen ditik. Bertsolariengan ez diagok jostaketarik (benetakoengan esan nahi diat, jakina). Bertsoa egiterakoan, bertsolariak bere burua amiltegira* botatzen dik, eta amiltegi horretatik ateratzen dik bertsoa. Poetarekin, hein* batean, berdin gertatzen duk, denbora kenduz gero; bestalde, poetak, amiltegi batetik atera orduko, beste batera botatzen dik bere burua.

— Zein da, orain eta gaur, bertsolari eta poeten eginkizuna?

— Ene ustez, ezinbestekoa duk, bai poetek bertsolarien eta bai bertsolariek poeten berri sakonki jakitea.

— Aipa hezake bertsolari bat eta poeta bat?

— Poeta eta bertsolaria Urlia* eta Sandia* badira, Urlia eta Sandia izatea...

Honaino Joxantonen hitzak. Zer nahi duen edo zer nahi izan duen, liburua agertu ondoren ikusiko dugu zehatzago.

BOTOLARRE


Familia patriarkalaren iraupena

Mendebaldeko* kulturak ongi barnean darama familia patriarkalaren ideia. Gaur oraindik, emakumearen etxetik kanpoko lana dela eta, aitak familiaren gain duen aginte ekonomikoa galtzear* dagoenean. Jaiotzen neurketa dela eta, aginte sexologikoa emakumearen eskuetara pasatzeko dagoenean. Haur, zahar eta erien* zaintzea, familiatik Estatuaren eta erakunde* autonomoen eskuetara pasa erazteko posibilitateak emanak daudenean. Parbulario, eskola eta komunikabideei esker, kultur transmisioa familiatik beste erakundeetara iragan* denean. Gaur oraindik, industrializazio eta salerosketaren arauera eratu diren familia atomizatu hauk* gordetzen interesatua dago kontsumoko gizartea.

Afektibitatearen gordeleku?

Geure herrian ere, iraganak gara kutsu organikoa zuten elkarte pertsonal eta direktuetatik gizarte atomizatu eta itunzale batetara. Feudal garaikoek ez zuten indibidualizazio batetara heldu gara. Orain libreago sentitzen gara, eta elkarte tradizional haietan baino aukerabide gehiago somatu uste dugu.

Baina gero eta handiago eta lausotuago den gizarte hau, multzo bakarti ari da bihurtzen. Eta espezializazioak multzo horren zati bat gehiago izan eraztera darama giza-emakia.

Sarri entzun dugu: «Ken familia, eta, lehen bakarti eta atomizatuak aurkitzen bagara, laster gara denok sikotiko. Familia da, emozio eta afektibitate alderditik babesten gaituena». Afektibitatearen gordeleku eta jagole* nagusi bezala familia presentatzean —unitate ekonomiko bezala, edo unitate siko-sozio-ekonomiko bezala—, familiak gure gizartean jokatzen duen eginkizuna ahanztu egiten du zenbaitek. Hori alde batetik. Eta bestetik, gaurko gure gizarteko atomizazio eta bakartadetik familiak preserbatzen gaituela esatean, beste puntu hau ahanzten zaio zenbaiti: familia bera dela, komunen alternatiba ukatzean, atomizazio horri eusten diona.

Komunen helburua

Famili erakunde patriarkalari eta gizarte osoaren estankamenduari irtenbide bat eman nahiz sortu ziren burjesiarekin lehen komunak. Eta oraino ere asmo hoiekin irauten dute.

Lehengo familia handi haik* odolak elkartzen zituen lurralde baten inguruan. Gaurko familia ttipiak ekonomi eta afektibitate hildo* hertsi* batzuetatik eratu dira. Lehen begiraldiz, ba dirudi, afektibitateak leku gehiago duela gaurko familiaren osaketan, eta ez dagoela interes ekonomikoz lehen bezainbat determinatua. Gogoeta puntu bat jarriko dugu: Dibortzioa legez onhartua dagoen tokietan jende asko dibortziatzen ez bada, ez da lotura afektiboak dituztelako, haik hautsi eta gero ere ekonomi lokarriz lotuak aurkitzen direlako baizik.

Kultur iraultzaren eta komuna hauen helburua hau dateke: Elkartuen egitura sikikoa alda, libera eta autonomiza; gizarteko egiturak aldatzeko, norbera alda; edo, norbera aldatuz, gizarte egiturak alda. Norberaren esistentziaren erabide estereotipatua ezabatu* egin behar da. Noski, norberaren desalienazio hau elkarren eta gizartearen desalienazio bat gabe ezin gerta daiteke, prozeso bera osatzen baitute bi biok. Hala ere, jokabide ezberdinak hartzen dituzte komunek honen aurrean, beste batetan ikusi ahal izanen dugunez.

Zergatik, beraz, elkarte bizitza?

«Inor ezin daitekeelako izan politikan iraultzaile eta bizitza pribatuan erreformazale edo erreakzionario. Guk alde eragin nahi genukeen mundu zaharra ez da ezabatuko, gu guztiok garen gizon-emakume zaharra ezabatzen ez bada. Geure aldetik elkarte bizitzaz eman diogu aurrea arazo honi».

Bestalde, «masak ezin politiza ditzakegu, ezin eraman ditzakegu Estatu burjesaren aurkako burrukara, burruka horren benetakotasuna frogatzen* ez badugu, eta gizon berriaren sorrera ekarriko duen gizarte zeharo berri baten posibilitatea konkretuki demostratzen ez badugu».

Iraultza «in your mind first» (= iraultza zeure burutik hasita). Lelo honekin erabat* ados ez bagara ere —lehen factum-a indibidua ez, gizarteko gizon-emakumeok baizik garela ikusita—, beharrezko ikusten dugu, predikatzen denaren demostrazio konkretuak gaur bertotik egitea. Hori da, sarritan planteamendu, helburu eta organizazio ezberdinekin, Japonetik hasi eta Amerikatik jarraiki, Europan zehar zenbaitek egiten diharduena.

Hurrengoan zerbait esanen dugu lehengo eta gaurko komuna konkretu eta utopikoez, bai eta Euskal Herrikoez ere.

Erabilitako liburuak:

«Las comunas», Josep M. Carandell. Tusquets Editor.

«Nous voulons vivre en communauté», Henri Gougaud. Editions Belibaste, Paris.

KLAUDIO eta JON

darama, daroa

daude, dagoz

diogu, deutsagu

ditzakenu, daikeguz

zaio, jako

dio, deutso


Euskaldungoa

Gramatiken garbitasuna

Oso txikitatik uste izan dot, gramatikalariak ere, nonbaiten sortu eta bizi diren gizonak direla. Hau da, ez dituela euren lan eta gramatikak aidean, laboratorio batean bezala, egiten; baizik eta, alderantziz,* bizi dituen inguru eta zirkunstantzien influentzia eta eragina garbi agertzen dabela euren lanean.

Eguneroko ogia eta geroko bizitza seguridade handiz irabazten daben gramatikalariek, «etxe inguruan oso lorategi polita dabe» (Altuna), «zergaitik esaten da, lorezaña sarritan etorten dala?» (Peña), eta horrelakoak esatea maite dabe. Beste batzuek, berriz, edo bizitza larritsuago bat bizi izanez, edo jakinaren gainean hautapen* moral bat eginez, «con los pobres de la tierra quiero yo mi suerte echar» kantatzen dabenek, beste aide bateko musikak jotzen ditue: «Ez dot garbi ikusten baserriaren etorkizuna», «familia askoren ogia ostutzen dute zenbaitek» (Euskalduntzen).

Gaitz ikusten dot, izan ere «alfabetatze soila» egitea, ez baita posible horrelako anjelismorik. Are* gehiago, horrelakorik eskatzen eta esijitzen dabenek ba dakie bai, horretara behartu nahi daben hori euren kontra datorkeala. Hemen ere, Kristoren deihadarrak balio dau, mutatis mutandis: «Nigaz* bat ez datorrena, ene kontra dago»; eta gramatikalariek ere edo loreen kontra edo loreen fabore egiten dabe.

Zamorako espetxean lanean

Zamorako espetxean diren euskal apaizek, George Jacksonen «Soledad Brother» liburua euskarara itzultzekotan ziren; baina, oraingoz behintzat, ez dauke lan hori aurrera eramateko baimenik. Dana dala, ez dagoz oporretan. Seldon-en «Diccionario de Economía» (Editorial Oikos), Robinsonen «Introducción a la economía marxista» (Editorial Siglo XXI) eta Maite Rungis-en «Introducción a la economía» (Ediciones de cultura popular) dalako liburuak euskaratzen ari dira.

Eli Gallastegik 80 urte

Eli Gallastegi abertzaleak 80 urte bete izan ditu, joan dan ekainaren* 20an. Gizon hauxe omen* da, bizirik direnen artean, Sabino Arana zanaren «época españolista» dalakoa ondoen eta garbien ezagutzen dauana. Hau dala eta, joan dan udan, beronengana hurbildu* ginen, arazo horretaz zerbait jakin nahiz. Baina Eli Gallastegik, politikazko gorabehera publikoak, bere gogoz, albo batera utzita eukazala esan euskun; eta lehengo ainan* gelditu ginen.

Gabriel Aresti lanean

Gabriel Aresti —poeta bokazioz eta kontable ogibidez— lehen euskal entziklopedia prestatzen ari da. Entziklopedia honek 60.000 bat hitz izango ditu, eta, lehendabizikoz historian, euskara hutsean etorriko da. Lan hau interes handirekin itxaroten* da euskal letren alorrean,* jenero honetan lehendabizikoa izateaz gain, gizon prestu eta polemiko baten eskutik baitator. Aurrera, gizon!

Euskaldun burgesia bide berriak zabaltzen

Bilboko «Cámara de Comercio, Industria y Navegación» erakundeak* «Aquitania-Vascongadas» liburu interesgarria jarri berri dau merkatuan. Ez dogu liburu sendo hau sakonkiro aztertuko; baina bai esango, haren intentzio funtsezkoa zeharo azkarra eta egokia iruditu jakula. Espainiak Merkatu Komunean sartzea beharrezkoa dau; eta errejimenaren buruzagitzan indarrik gehien daukan sektorea, aspaldion dabil horrexen bila. Bilboko Ganbararen eritziz, pauso hori egokien eta probetxugarrien emateko, Euskal Herrian barrena, beronen geografian barrena eman behar litzateke, behinola Gaztelerriko artileak* eta osterantzeko* merkantziak Euskal Herritik ateratzen ziren bezala. Beraz, zer hoberik Euskal Herria atontzea* eta modernizatzea baino, Europarako «atari» apain bat gerta dadin? Oraingoz ez deutso euskal burgesiak ezelako* mesederik Madrileri eskatzen; bide on bat bakarrik erakusten deutso.

Era berean, Antonio Lekuona kronikariak emandako albiste* bat irakurri dogu Donostiako «La Voz de España» egunkarian. Pirinio Atlantikoetan, konkretukiago Paue* hiriaren inguruetan, lurrak dohan* eta inbertsioen % 25 eskaintzen jakez espainol industri jabeei, paraje hareetan instalazio berririk egin nahi badabe. Ekonomiazko mugimendu berri eta indartsu baten atarian* ote gagoz?

Haurren sexualidadea

Sigmund Freud zanaren «Sexualidad infantil y neurosis» liburua argitara eman berri dau «Alianza» editorial etxeak. Liburu hau zeharo interesgarria dala, nik esan beharrik ez da egongo. Hasieran, M. Furst doktoreari egindako kartan, Freudek zera dino: «Sexual edukazioa parbuloen eskolan ematen hasi behar da». Eta gerotxoago: «Baina, eskola horreek apaizen ardurapean diren tokietan, ez dago zer eginik, apaizek ez baitabe inoiz ere onhartuko, animalien eta gizonaren artean dagoen funtsezko* (essentialiter bat dan) berdintasuna. Dana dala, gure Sigmund zaharrak ez eban beharbada berdin pentsatuko, gaur egungo antropologiazko teologia ezagutu baleu, kasurako, Lazkanoko fraileen ardurapean egindako «Haurtxoa, zigoinak Parisetik ekarria ote?» liburua euskal ikastoletara zabaldu dala jakin baleu. Bukatzeko, horra hor, haurren edukazioari buruz interesgarri diren liburu biren tituluak.

Añoverosen deia: ondorenak eta gogoetak

ANAITASUNAren irakurleak urriko zenbakian irakurri ahal izan dauan bezala, Añoveros Ataun jaunak, Bilboko gotzainak, bere «Dei» bat irakur erazi eban bere ardurapeko elizetan, iragan* hilabetean. Egunkari nagusiek, Errejimenaren egunkari handiek ez dabe argitara eman dei hau, ohitura hala izan arren. Baina, era berean, ez dabe haren kontra ere ezer esan. Bake baketan uztea hobe dala uste izan dabe, edo beharbada ez dabe txarto ikusi gotzainaren interbentzioa.

Dana dala, egunkari nagusietan esku sartzerik ez dauken erdi isileko faxista talde amorratu batzuek, orrixka batzuk* zabaldu ditue Bilbo aldean, «Si los obispos callan, las piedras hablarán» titulu sibilinoarekin, kristorenak eta bi esaka, ezelako* firma barik. Baina gotzainaren deiak inoazanak ez ditue kritikatzen ez aipatzen.

Horren ordez, Bizkaiko eliztarrek —bereziki apaizek— egin omen* dituen egintza nabarmen* eta badaezpadako* batzuen berri dakarre. Ez deusku ardura, egiazkoak direnentz. Kuestioa da, taktika horren bidez gotzainaren deia alferrik galdu eta deuseztatu* nahi dala. Taktika hau ondo ezagutzen dogu, gure atariko* atean bizi diren gixontxo batzuek ere berdin jokatzen baitabe. Era honetan jokatzen daben guztiak, jenero ezberdinekoak badira ere, espezie berdinean jarri behar dira: zaku berean sartu, soka sendo batekin muturra lotu, kako gogorrekin giltzatu, eta azalean, letra beltz beltzez, ezagugarri hauxe ipini: faxistak.

Erregeak

Erregeak direla eta, zer saltsa eta negozio-mundu sortzen dan, txikiek ezezik gizaseme guztiek ere ba dakie. Erregeak etorriko dira, bai; baina «erregea» ere etorriko ote da?

«Euskera» aldizkaria

Euskal Herrian, gaur egun, erakunde* bat bakarra dago, bere eginkizuna herri osora zabaltzen dauana, eta entzule era jarraitzaile ezagunak dituana: Euskaltzaindia. Beste arrazoirik ez balego ere, nahikoa berau, harengana begirune eta errespetua izateko. Bestalde, «euskara batua» lortu nahiz dihardu aspaldion, jo eta ke.

Oraingoz, euskal berboaren batasuna (literarioa) dau zereginik behinena.* Erakunde honek aldizkari bat ateratzen dau urtero: «Euskera». Inork aldizkari hau jaso nahi badau, edo erakunde hori hobeto ezagutzeko asmorik badauka, jo bei zuzenbide honetara: «Euskaltzaindia», Ribera, 6. Bilbao. Tel. 212745.

Egintza eta azalpena

«Beren ideien gatik mugaz hainditik alde huntarat ihes etorriak ziren euskaldun batzu.

Euskaldun hek* urrundu dituzte gure lurretik, gehiagoko funtsik* eta xehetasunik gabe.

Hori ez dugula onhartzen nahi dugu geure gose egoiteaz erakutsi». Gosean jarri* lau gazteak.

Bilboko «Athletic» futbol taldearen historia

«Los Españoles» kolezioak, «Historia del Athletic de Bilbao» tituluarekin, futbol talde honi dedikatzen deutso oso osorik bere laugarren alea. Hori dala eta, solasaldi labur bat egitera ausartu naiz, Bilbo aldean hain garrantzi handikoa dogun soziologiazko fenomeno honen inguruan.

«Los Españoles» kolezioa, M. Martín Ferrand jaunaren ardurapekoa, lau aldiz agertu da. Lehendabiziko alea Franco jeneralari buruz etorri zan, bigarrena Juan Carlos erregegaiari, hirugarrena Dalí pintoreari, eta laugarrena Bilboko futbol taldeari buruz. Orain komentatzen dogun ale hau, José María Múgica kazetariak* egina da, foto askorekin hornitua dator, eta, itxuraz behintzat, deportea soil soilik aipatzen da bertan. Athletic, Bilboko burgesia handiak kontrolatua eta gidatua, gerra ostean* batez ere, euskal jendea madrildartzeko tresna egokia izan zan. Horregatik planeatzen zan, harek hainbeste kanpeoi kopa irabaztea. Haren jarraitzaileak hiru giza mailatan banandu geinkez: Lehenik, ekipoaren jabe diren burges handiak, partiduak galdu nahiz irabazteagatik asko ikaratzen ez direnak, baina beren ekipoa gorengoa izan dadin arduratzen direnak. Bigarrenez, burges txikiak, ekipoaren jarraitzaile nahiz arbuiatzaile* beroenetarikoak. Eta azkenez, jende xehe eta humila, beren amorru, amets eta itxaropenak ekipoan jartzen dituenak eta haren gorabeherekin alienaturik dagozenak.

Baionako gotzaina eta Liburu Santuak

Bilboko egunkarietan irakurri dogunez, Baionako gotzainak, Vincent jaunak, gaitzetsi* egin dau, gose huelgak egiteko, bere diosesiko elizak okupatzea. Arrazoi bat eman dau, batez ere, horretarako: elizak otoitz pribatu eta soziala egiteko tokiak direla, eta, gose huelgak egiteko okupatzearekin, eginkizun sakratu hori ezin dala zertu.*

Vincent jauna eskolastiko fina gertatu jaku, finegia. Liburu Santuetan garbi agertzen danez, «benetako gurtzaileek egiaz eta espirituz gurtuko dabe Jainko Aita» (Jn 4, 23), eta harrizko tenpluak ez dira gizonen premien ainako* sakratuak; eta hala «David eta berarekin egozenak, gose zirelarik, Jainkoaren etxera sartu ziren, eta ogi sakratuak —apaizek bakarrik jan eikeezanak— jan zituen» (Lk 6,3-4). Elizak guztionak dira, bereziki premiarik gehien daukenenak. Beste gauza bat da, hori bai, okupatzaileek dituen helburuak, eta eurok lortzeko erabiltzen dituen medioak.

Albisteñoak

• «Gaur» taldeak «Estudio socio-económico de la ordenación urbana de Zarauz» idazlana presentatu berria dau.

• Jose Maria Satrustegik euskal izenei buruz prestatu dauan liburua, «La Vasconia» bankoetxeak pagatu dau.

• Pariseko Euskal Etxean alfabetatze kanpaina bat hasi berria da, Pantxoa Bimbaire jaunaren zuzendaritzapean; eta Bilboko Unibertsitatean beste bat, Xabier Kintana eta Juanjo Zearreta gazteen maisutzapean.

• «Euskal abertzale batentzat bidajatzea eta karlista batentzat ilustratzea dira osagarririk hoberenak». Errefrau ironiko hau baten batek zabaldu dau Bilboko parteetan.

• «Tintin Ameriketan» eta «Marxen marxismoa», biok «Etor» sailekoak, ahitu* egin dira.

• Bilbon, urtero, 15 gizasemek eskaintzen dabe hil aurretik euren gorputza, hil ondoren zientzi inbestigazioei laguntzeko.

• «Tierra Vasca» agerkariak, ekonomiaz gaizki antzean dabilela eta, diru laguntzaz ez ahanzteko eskatzen deutse irakurleei.

• «Diccionario lexical fraseológico de Axular» izeneko lan izugarrizko bat ei* dauka prestaturik Luis Villasante jaunak. Inork ba ote dauka publikatzeko asmorik?

• «La cooperación remunera al trabajo y no al capital» esan eban Nafarroako gobernadoreak, Iruineko Txantrea hauzunean, urriaren 17an, «Eroski» denda bat inauguratu ebanean.

• Euskal liturgiaz arduratzen dan Batzordea Urkiolan bildu izan da, joan dan urrian, Mikel Zarate eta Karmelo Etxenagusia bizkaitar apaizen zuzendaritzapean.

Anjel Zelaieta

baleu, balu

bei, beza

dabe, dute

dakarre, dakarte

dauke, dadukate, daukate

deusku, dauku, digu

deutse, die

deutso, dio

eban, zuen

egozen, zeuden

eikeezan, zitzaketen

eukazan, zeduzkan, zeuzkan

euskun, zeukun, zigun

geinkez, genitzake

inoazan, esaten zituen

jakez, zaizkie

jaku, zaiku, zaigu

Txomin Peillenek: «Itzal Gorria», Itxaropena-n

 Itxaropena editorialak, Kuliska Sortako bere 74. zenbakia eskaini derauku: Itzal Gorria, Dominique Peillen zuberotar idazlearen nobela bat, 1966. urteko Domingo Agirre sariaz galardoatua, hain zuzen. Beronen Pariseko lagun euskaldunek oraintsu agertua zeraukuten beren kexa, hots,* zuberotar idazle yayo* hau in margine, isildua eta baztertua zela, euskal editorialei haren argitara gabeko lanei kasu gehiago egiteko eskatuz. Hona hemen, inork baino arinago gainera, haiek jaurtikiriko eskularrua Itxaropena etxeak altxatu duela, Peillenen obra interesgarri hau publikatuz.

Gaiaren aldetik, sozial eta langile giro batetan ari den nobela labur bat dugu berau, 166 orrialde, puntu askotan symbolista, kezka, grina eta gorroto ugariz jositakoa, bizitza bera bezala. Euskara aldetik, Peillenek, beste batzuek ere egiten dugun bezala, idazle klasikoen iturrietara bihurtu nahi duela dirudi, aditzean Axularren systema hautatuz. Zuberoko zenbait hitz hemen guti ezaguturen batzuk gorabehera,* liburu erraxa dela esan daiteke, irakurle trebatu xamarrarentzat bederen.* Azala, modernoa eta tankeraz* Ibarrolaren kutsu nabariaz,* Debako arte eskolan egina. Gure eskerrak Itxaropena editorialari, eta zorionak Peillen lagunarentzat.

Eskatzeko: Ed. Itxaropena. Zarautz. (X. K.)

Kataluniako domina

Irailaren 7ko Destino katalan aldizkarian, Banco de Bilbaok azken orrialdean jarritako anuntzio bikaina ikusi dugu. Hartan, Barcelona, Gerona, Lérida eta Tarragonako udalen* elkarrekiko babesean, Kataluniako domina* urregorrizko bat presentatzen du banku ezagun honek. Xanpon horretako alderdi batean, Kataluniako harmarria dator, «Dolça Catalunya, Pàtria del meu cor» (= Katalunia goxoa, ene bihotzeko aberria) delako eskribuaz inguraturik; eta bestean, lau probintzia horien harmarriak, irakurgai honekin: «Quan de tu s'allunya, d'enyorança es mor» (= hiregandik urruntzean, herriminez hiltzen da).

Aberatsentzat bada ere, harrigarri egiten zaiku, Katalunian lau eskualde* horietako udalek lan bikain hori egitea, horrekin ofizial ez den herri hizkuntzari duda gabeko mesede bat egiten baitzaio. Harrigarri, bai eta ere, nor eta Banco de Bilbao katalanentzat hain esku zabala izatea, zeren* eta domina horietako bat erosiko duen guztiari Kataluniako folklor poster polit bana dohainik* emanen baitio.

Galegoz, antzeko domina bat ikusi dugu nonbait. Noiz, ordea, euskaraz? Kanpolarrosa* gertatuko ore zaiku Banco de Bilbao? Ez, bada! (X. K.)

Euskal Ethnologi ikastaro bat Deustuan

Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak Philosophia eta Letretako Fakultatearen lankidetasunez, "Euskal Ethnologia eta Ethnographia"ri buruzko ikastaro bat antolatu du.

Ikastaro hau J. M. Satrustegi jaunak emango du euskaraz.

Egunak: Hazilaren 27tik Abenduaren 1-erarte.

Ordua: Arratseko 7,30etatik 9,30 arte.

Tokia: Deustuko Unibertsitatea.

J. Arregik eta J. Azurmendik: «Kolakowski», Jakin-en

JAKIN editorial eragile eta finak beste liburu berri bat eskaini derauku irailean:* «Kolakowski». Jose Arregi —Rikardo ahantzezinaren anaia, bera— eta Jose Azurmendi izan dira lan eder hau moldatu dutenak.

Liburuak, funtsean,* Kolakowski pentsalari polakoaren philosophi saio sakon batzuk daduzka, marxismoaren ingurukoak denak, egileak ikutzen duen problematikaz jabetzeko Azurmendiren hitzaurre luze eta mamitsu batez horniturik. Kolakowskiren lanen itzulpenak, alemanetikoak, Arregik eginak ditu.

Ia hirurehun orrialdetako liburu baten laburpena lerro hauetan egitea ezina bada ere, hauxe esan genezake liburu honen funtsaz, hots, marxismoak gaur egun theoria eta praxiren artean dituen problemez arduratzen dela, theoria marxistak, batzuen aldetik, fede mythiko eta fanatiko bat bihurtzeko duen arriskua salatuz eta konpondu nahirik.

Gaiak berak horretaraturik, euskara zail xamar erabiltzen da zenbait partetan, argigarri eta zinez* ederra besteetan, beti beti gure hizkuntzak zientzi arlo honetan pittinka pittinka lortuz doan hiztegi tekhnikoaren erakusle zehatza, ordea. Bistan dago, gainera —eta berau eskertzekoa dateke— nolako ardura ukan* duten bi egileek hiztegiari dagokionez, gai honetaz euskaraz argitaratu diren beste liburuetatik hitz egokiak hautatzean, honetan ere tradizio bat sortu eta finkatu nahirik.

Aberasgarri deritzogu liburu honi eta xalogarri gazte langile hauen lanari, are* gehiago Kolakowskiren lan hauk erdaraz, guk geuk dakigularik behintzat, ez daudelako. Euskarak honetan aurrea hartu dioke erdarari, eta jadanik marxismoari buruzko bibliographia haundituz doa Axularren hizkuntzan. Obra interesgarria, beraz, burua «ikasi»tzat duen edozein euskaldunek irakurri beharrezkoa.

Eskatzeko: JAKIN liburu sorta. Ed. Franciscana «Aránzazu». Oinati. (X. K.)


Mitologiak

Denboraren gurpila (1)

«Ez da deus* berririk

eguzkiaren pean» (Hegel)

Landareak, erne, jaio, hazi eta hil egiten dira; baina berriro udaberrian indar berriaz ernetzen dira. Hil eta berbiztu egiten da naturaleza.

Ilargia ere osatu egiten da: emeki* emeki, laurden bat lehenik, gero erdia, eta osoa finean. Hil eta berbiztu egiten da ilargia. Ilargiaren zikloa. Eguzkia ere jaio eta itzaldu egiten da. Horrela, gizon arkaikoek uste zuten, historia ere naturalezaren gisara* egin eta desegin egiten zela, etengabeko ziklo batetan. Denbora, ziklo hertsi* bat zen haien baitan.*

Mitologia zaharretako denbora guztiak, hertsiak dira; eta ziklo hoik* hertsiak eta beti berdinak bilakatzen* dira, naturalezarenak bezala. Esan daiteke, gizon arkaikoek progresua zer zen ez zekitela.

Behin batean

Gizon arkaikoek uste zuten, inoiz izan zela Denbora Nagusi bat. Denbora Nagusi hori jainkoen denbora zen. Eta, garai hartan, jainkoek hainbat ekintza egin zuten: maitasuna egin zuten, burrukatu ziren, mundua egin zuten eta halaber* gizona.

Gizonen ekintzak, jainkoek eginikako ekintzen kopia ziren. Jainkoen ekintzak, arketipoak ziren. Gizon arkaiko haiek uste zuten, «ez zela deus* berririk eguzkiaren pean», eta berek egiten zituzten gauzak, aspaldidanik eginak zituztela jainkoek. Gizonak ezin zezakeen ezer berririk egin. Gizon haiek ez zuten uste, historia aurrera zihoanik. Ez zuten uste, egun bakoitza berria zenik. Denborarik ez zen haientzat. Ez zen historiarik. Haien baitan,* gauza guztiek buelta ematen zuten, gurpil* baten antzera. Gauzak beren hastapenetara* itzultzen ziren etengabe. Finik ez zuten. Hastapena zen fina.

Judeo-kristianismoa

Teologo katolikoek diotenez, eta hala dirudi, Biblian agertzen den denbora ez da ziklikoa, lineala baino. Dirudienez, juduen denbora ez zen ziklo hertsi bat bilakatzen. Denbora aurrera zihoan. Finik ba zuten juduek: Mesiasen etorrera. (Jakitekoa litzateke, Mesias horren etorrera bera ere ez ote zen, juduen baitan, Paradisuko ekintzen berrerrealizatzea. Arketipo bat). Guztitara ere, juduek iraultza bat suposatu zuten, beren inguruko herriek zuten ideologia historikoaren aurrean. Nolabait* ere, juduak izan ziren, mendebaldeko* zibilizazioan denboraren kontzeptu lineala sartu zutenak.

Ordea, denbora lineal horrek ere ba ditu bere zikloak. Adibidez, milenarismoaren fenomenoan argi nabaritzen* dugu denbora ziklikoaren ustea. Agian,* Nietzsche eta Schopenhauer direla eta sortu da gure artean denbora ziklikoaren ustea. Hegel eta Marxek ere denboraren dialektikaz hitz egiten daukute. Baina Marxen historia dialektikoa ez datza* ziklo hertsi batzuez osaturik. Marxen dialektikan zikloak osatzen dira; baina ziklo bakoitza hurrengoari irekia datza, eta horrela osatzen da historiaren dialektika lineala. Dialektika honek ez du zerikusirik arkaikoen denbora ziklikoarekin.

Denbora ziklikoaren exenplu bat, arestian* gertaturiko nazismoa dugu.

Alemanek uste zuten, lur jota zeudela eta berbiztu egin behar zutela. Beren hastapenetara itzuli behar zutela. Denboran atzeraka ibiltzen entseiatu* ziren, beren jatorri historikoa berraurkitu nahiz. Odolari garrantzi aparta ematen zioten. Razismoaren ideologia sortu zuten, hots,* hastapenaren balioa preziatu zuten. Antitesi historiko bat behar zuten, beren zikloa osatzeko. Eta juduak ziren antitesi hori. Juduak ziren maketo, beltz, gorri eta inpuroak.

Euskaldunon hastapenak

Gure artean ere, XIX eta XX.eko lehen urteetan izan da denboraren ideologia zikliko bat. Jakina da, gure artean zein garrantzi aparta duen abizenak.* Euskaldunok nobleak gara, odol garbikoak: gure jatorriak ez du kutsurik. Lehen, Agotak ziren gure antitesi; gaur, beste Agota berriak sortu ditugu.

Nabarmena dela iruditzen zait, lehengo mendean* eta kasik egundaino gure literaturan agertzen den hastapenetarako gogoa. Mogel, Txomin Agirre, Orixe eta abar, ideologia zikliko honen lekuko* ditugu.

Euskalduna oso loturik datza* lurrari. Lurretik oso hurbil* garenez, mentalitate arkaikoaren aztarna* asko nabari da gure artean. Mentalitate horretan, «el retorno a los orígenes» delako horrek garrantzi handia du. Eta mitologia ugari bat hedatu* dugu geure hastapenari buruz.

Esan daiteke, gure historiak mila urte baino ez duela. Oso dato gutti dugu geure historiaz X. menderarte. Gure historia eta gure arkeologia X. mendean kateatzen dira. Ditugun dato apurrek ez dute historia orokor* bat osatzen.

Gure histori gabetasun honek biziki eragiten dio gure irudimenari. Eta anitz* dira gure «konponketa» historikoak.

Euskal paradisua

Gogoan dut Larramendi. Larramendik, adibidez, gure hastapenak Paradisuraino zeramatzan. Perochegik zioen, berriz, euskara Paradisuko hizkuntza zela. Munduko lehen hizkuntza. Bai eta ere aipatu behar dugu hemen, nola, Uholde Nagusiaren ondoren, Noeren seme zen Tubal Euskal Herriraino etorri zen. Gauza hauk* esaten ditu gure mitologiak, hots, gure sasi-historioak.

Gauza hauek denek frogatzen* dute, euskaldunok hastapenetarako dugun joera bortitza.* Egun* ere zenbait euskaldunek uste du, alemanek arestian bezala, gure egoera hau amets txar bat bezala dela, eta beste denboraren batetara, geure hastapenetara itzuliko garela. Geure Paradisura bihurtuko garela, amets txar honetatik itzarritakoan. Eta zenbaitek uste du, berriro ere geure arbasoen gisakoak izanen garela: puro, demokratiko eta odol garbikoak. Noski, ideologia honetan denboraren mitologia zikliko bat ari da jokatzen.

Baina mitologia hau lan honen bigarren partean aztertuko dugu.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

daukute, deuskue, digute

zait, jat

zeramatzan, eroiazan, eramaten zituen

zeuden, egozen

zezakeen, eikean

zihoan, joian

zioen, inoan, esaten zuen


Kritika

Baga, Biga, Higa... (sentikaria)

Lehen partea

«Oraingo honekin, beste lotura batez azaldu nahi ukan ditugu, azken denbora honetan egindako kantu, olerki eta abar; hari bati darraikiola, ikuskizun batuago eta osatuago bat sortu nahian. Herri batekoak izateak, garai honetako giroan bizitzeak, eta xede berdintsuekin lan egiteak, uste dugu, halako batasun bat ematen diotela gure ekintzari; bai eta ere uste dugu, batasun hori nabaritu behar litzatekeela nahiz taldekoaren, nahiz bakoitzaren agerpenetan» (Harza).

«Baga, Biga, Higa» ez da, beraz, euskal abesti jaialdi soil bat. Euskal abeslari eta doinuak ordu pare batean entzunez, jendeak ongi pasatzeko nolabaiteko «espektakulu» bat. Ez eta hurrik eman ere. Hain zuzen, horixe ez beste guztia da: Jendea, ikusle eta entzule patxadazko izate lasai batetik ekintzara, jokatzera bultzatzen baitu, hots, galdera bati, jaialdian zehar egiten den galdera mila modutan adierazitako bati erantzun bat ematera, nahi eta nahiezko erantzun bat gainera.

Jaialdi hau ekintza bat da, gizonaren bizitza berbera, gizonak une oro bizi duen egoera, bizikera, galdera nagusiaren espresioa; espresioa bera baino gehiago adierazpen zehatza. Zeren eta bi maila agertzen baititu, biak elkar lotuak, biek bat bera egiten dutela. Bata, gaineko jantzia: gizonaren bizitzaren azalpen bat, kantuz, doinuz, poesiaz eta abarrez adierazia. Eta bestea, horren muina: bizitza berbera, bere zirkulu hertsian, eguneroko dialektikan, borrokan.

Horregatik jaialdia erabat hertsia da, zirkulu bat; bizitza bera bezala, galdera eta erantzuna, edo erantzun gabeko galdera gizonak bere gain baitarama beti ere, inoiz ere bere gaindik bota ezinik. Horrela, jaialdiak bizitza guztiari, gizon osoari heltzen dio, gizonaren muinean lotzen da.

Baina, bestalde, jaialdi hau eginkizun ideki bat da, gizonaren bizitzari itsatsia, gizonarengana jaurtikia, haren aurrean azaldua. Ideia hau zerak ematen du, hots: «Hasieran» eta «bukaeran» Baztango Mutil Dantza denek sokan jokatzean, derrigorrezko denbora mugatu horren bi ertzak gizonaren eguneroko bizitzara idekiak gelditzen dira. Hasieran dantza horren bidez lotura bat egiten da: kaletik datorren «ikuslearen» bizitza ondorengo unearekin lotzen da. (Eratzaileek asmo hori dute behintzat, Harzak, Letek... Nahiz eta, ikusten den bezala, jendeak hau ez ulertu: modako jaialdi bat bezala jaso, abesti bakoitzaren ondoren txaloak; horrela, jaialdi osoaren barreneko lotura hautsiz, banalizatuz. Tarteko farrak eta zenbait arinkeriak ere, abesti hutsarekin gelditzeak adibidez, horixe berori azaltzen daukute).

«Bukaeran» berriro ere Mutil Dantzarekin jaialdia idekia gelditzen da: kalera doan entzulea, jaialdiak agertutako galderari erantzun beharrean gelditzen da.

Horrela, beraz, jaialdi hau zerbait berria da, oraino ikusi eta espero gabea. Zentzu berria: bizitzaren espresioa. Eta honekin beronekin argitua gelditzen da jaialdiaren ondorioa: gehienentzat folklore jai soila (egungo gizonaren itsutasun eta gogortasuna, sinbolo eta profeziarako hilik egotea). Guti batzuek noski jaso dute esannahia; eta beronen ondorioak gero eta ugariagoak dira, gazterian batez ere.

Euskal gizonaren bizitza: gizona noski konkretua da, herri batekoa alegia. Eta hemen euskal gizona agertzen da. Hitzak, doinuak, musika tresnak eta abar. Baina batez ere jaialdiaren zentzu historikoa, euskal gizona historian zehar denaren agerpena: lehena eta oraina lotzen dira (kultura); euskal gizonaren muinera jotzen da (etnia): Altzateko jauna, Xenpelar, Lertxundi. Historiaren lotura: abesti zaharrak, egungo egoera adierazteko. Instrumentuen garrantzia: txalaparta eta abar. Dantzaren zentzu erlijioso eta soziala.

Jaialdiaren egitura (lehen zatia)

1. Baztango Dantza. Dantza kolektiboa, denek batera eta zirkuluan dantzatua. Dantza honek gizarte giro bat agertzen du. Gizona bere bizitzan, kondairan, herrian lotzen du. Bere barrenera bil arazten. Lanera, azterketara bultzatzen, bizitzara eragiten. Giroa prestatzen du. Euskal gizonaren egituraren presentazioa bezala da. Eta hasiera eta bukaeran dantzatzearekin jaialdia amairik gabe uzten du, hots, aurrera idekia. Harzaren hitzez esateko: «Gorputz berotze, gogoaren barrura biltze» bat. Giro prestatze hau luze xamarra da, behin eta berriro errepikatua, beti ere jira eta itzuli prestaketa jator eta sakon bat egin nahian.

Dantzaren zentzu erlijiosoa: Dantzaren ritoak hutsune erlijioso bat sortzen du. Espazio borobila. Rito bat da dantza hau. Profanoa eta sakratua lotzeko bide bat. Dantzaren bidez gizona bere barrenera biltzen da. Dantza honek eguneroko bizitzatik datorren gizona bere muinera lotzen du, bere izatearen azterketara bortxatzen. Dantza zirkular honek ilargiaren zikloekin duen zerikusia, garrantzi haundikoa da. Horrela, beraz, jaialdi honetan gertatzen den oro, hizkuntza xinple bat erabiltzeko, gizonaren mundu honetako esistentzia jorratzen saiatuko da.

Doinu eta musika tresnei buruz, zerbait aurrera dezagun. Oso giro sentibera eta pesimista dakarkigute. Dudarik gabe, halako kutsu triste eta latz bat sortzen dute. Horregatik erabat bortitzak, eraginkorrak dira; horrela, ideiarekin bat bera egiten dutela. Hain zuzen, berak dira ideiarik argienak. Hitza eta doinua, biak egoki batzen dira. Doinua bere soilean galdera bat gertatzen da, azterketa bat, gizonaren barreneko garrasi bat. Eta hitzarekin batera bere osotasuna lortzen du.

Jaialdia hasieratik bukaeraraino galdera soil bat da. Mila eratara moldatutako galdera, gizonak bere eguneroko bizitzan bizi duen galdera: gizonaren bizi-kezka, bizitzak zer zentzu du, edo zentzurik ba ote du; gizonak eta bere munduak zer balio dute, hots, funtsean zer da gizona? Galdera soila, nahiz eta bere azpian erantzun iskutu bat eraman (espresio moduan bertan nahiko nabarmen ageri dela dirudi). Erantzuna ez da azalean edo argitara ematen; baina hau bidezkoa da. Bai galdera, eta aspertu gabeko galdera gainera, zeren eta gizonari bere burua bakarrik baitzaio axola eta hori baitu bere buruhauste bakarra; horregatik, hain zuzen, bere une oroko bizitzaren zentzua bilatu nahi du, edo saiatzen da behintzat. Eta erantzunik ez emateak ere ba du bere arrazoia, zeren eta erantzunik ez baitu aurkitzen, edo ezin, edo agian ez baitago erantzunik. Erantzun bat jatorra iruditu arren, gizona beti ere bere galderarekin gelditzen baita.

Horrela, beraz, hemen gizona bere oso osoan hartu nahi da: gizonaren bizi-kezka (Job Lege Zaharrean bezala). Gizona bere buruaz galdezka: gizona nondik eta nora eta zertarako?

Giroa, berriz, erabat esistentzialist kutsukoa ageri da. Nolabait esateko, sobera pesimista edo nihilista. Oso iluna agertzen da gizonaren egoera (nahiz eta noiz behinka hala holako argi printzen batek argitu). Galdera hau borobiltzeko, egiturak aztertzen eta jorratzen dira. Hemen berezi bereziki askatasunaren arazoa datza: gizona gizonaren menpe, emakumea gizonaren menpe, eliz agintarien, erlijioaren, ohituren, legeen, moralaren, diruaren menpe. Arazoa, beraz, askatasunarena da: gizona kanporatua, ezereztua, makinaren eta beste gizonen esklabu, galdua, ahanztua, izaditik urrun, bere iturritik aldendua (Altzateko jauna).

2. Xoxoak galtzen badu... Ume jolas bat, hitz joko edo «trabalenguas» bat. Gizonon arteko jolas arin batek, izadiko eredu soil batez, giza arazo sakona azaltzen dauku (sinboloaren balioa). Txoriaren adierazpiderik jatorrena kantatzea da. Baina bere bizia galtzen badu, nola kanta? Ezin... Azkenerako, txoriaren heriotza geldi honek tristura ematen du eta gizonaren izakera bera esnarazten. Gizonok lotuak, askatasunik gabe, heriotzara kondenatuak... Zer egin egoera honetan? Galdera, askotan errepikatzen da. Txalaparta hasi eta, galdera txalapartaren kolpeetan jarraitzen da, aurrera doa. Eta txalapartak, kolpeka kolpeka gizonaren askatasunik ezaren arazoa begien aurrean agertzen dauku, desesperazio kutsu berezi batekin.

Txoriaren eredua sarritan aipatzen da. Izan ere, hainbat abesti zahar dira hau azaltzen daukutenak: beti ere txoria alaitasunaren eta zorionaren ispilu da, hots, askatasunaren eredu. Horregatik lotzen zaio, hain zuzen, gizonaren arazo bakarrari.

3. Txorietan buruzagi... Abiatu garen azterketa honetan, presentazioko galdera borobilduz doa. Berriro ere txoriaren eredua. Txoriaren askatasun erabatekoak gizonari halako inbidia bat sortzen dio. Halaz ere, txoriak ba du arriskurik. Askatasun honek oker haundi bat sor liezoke, hain zuzen. Bigarren zatian, gizonak bere burua txoriarekin konparatzen du; eta une bateko harrotasun bortitz bat, alaitasun izpi jator bat jaiotzen da haren bihotzean: bere burua erabat libre eta bere bizitza alai alaia ikusten du.

Hemen eta jaialdi guztian zehar, gauza bat nahiko nabari ageri da: gizonaren muineko kontradikzioa alegia, ideala eta egoera konkretuan ageri den borroka. Xoxoaren abestian, askatasun nahia eta eza ageri dira, ondoren askatasunaren baieztatzea, bat batean haren ukazioa, azkenik baieztatze bortitz batekin bukatzeko. Honen arrazoia agian hau izan daiteke: gizona kate guztietarik libre sentitzen dela, edo nahi duela, edo batez ere, horren egarri denez gero, bere ahalegin guztiz horretara jotzen duela.

4. Arranoak bortuetan... Berriz ere, arranoa zorionaren seinale. Izadiaren alaitasuna eta giza-emakumeen arteko harremanen zoriona konparatzean, gizonaren bizitzak gora jotzeko duen egarria adierazten da. Giza-emakumeen harremanak askatasun bide azaltzen dira. Bide bai, nahiz eta egoerak honetara ez lagundu; baina hori geroago agertuko da garbiago. Emakumea gizonaren askatasunaren seinale. (Hemen emakumearen objeto izaera bigarren mailan gelditzen da; ez du zerikusirik kasu honetarako).

Baina beti ere betiko leloa ageri da hemen, azken bertsoek azaltzen daukutenez: gizona sekula ez da aske, alai, erabat zoriontsu izanen; zenbait oztopo aurkitzen ditu. Horrela, beraz, gizonaren eta bere grina eta ezinaren arteko borroka bat da hau; saltoka saltoka edo dialektikoki emana, abestien konstruzioan bertan ageri denez, eta doinuan ere agian bai.

Baina arranoaren abesti honen bukaera, ondoren argi eta garbi azalduko den trajedia beldurgarriaren ataria dugu. Hartz itxuragabe batek hertsatzen eta larritzen du gizona: gizonaren bizitzarako beldurra. (Honek guztiak profezi kutsu garbi bat agertzen du). Eta azken hitzak —«arras bankarrot egin nian»— benetan trajikoak dira. Erantzun sobera etsipenezko bat izkutatzen dute beren barrenean.

5. Txoriñoak kaiolan... Abesti hau ere ideia guzti hauen bilduma da. Txoriak kaiolan kanpoa desiratzeak, gizonaren libertate egarri amorratua agertzen dauku. Azken lerroa —«zeren, zeren— benetan izugarria da, efektibismo haundikoa.

6. Behin batez... Orain datorren poema hau jaialdi guztiaren muina dela esan daiteke, edo muinetako bat, edo muinaren unerik sakonenetako bat behintzat. Dena, hona biltzen da: aurrekoa introdukzio edo prestaketa bezala, ondorena muinaren azalpen bezala. Une honetan egiten de GALDERA. Doinuek, abotsek, denek dute beren burrundada sentikor eta etsipenezkoarekin une hau girotzen. Hemen egiten da galdera. eta agian, bidezko denez, erantzuna eman ere bai edo zerbait aditzera eman behintzat: bide bat ikusi nahia edo agian nahi hutsean gelditzea.

Baina galdera hau bidezkoa ote da? Ez ote da harrokeria burges eta nabarmenkeria bat? Gizonak, bere buruaren jabe denez, eskubide oro du bere buruaren gain; eta horregatik galdera hau bidezko zaio (kanpotik, teologi edo moral aldetik begiztaturik alegia), zeren eta barrutik, hots, antropologi aldetik, bidezko ezezik, derrigorrezko baitzaio, ezinbestekoa. Arazoa, praktikan, ez datza galderan, erantzunaren bilatzean baino, bilatu ahal ezinean alegia.

Eta galdera: gizonaren ezin bizia, bizitzaren zera, zergatik bizi, mundu honek bizitzerik merezi ote du gero. Erabateko etsipena, ezin bizia eta mundu honen eta gizonaren ukazioa: gizonak ez du zentzurik, ez da ezer ere, hobe ez jaio, hobe ez bizi; bere jaioteguna madarikatzen du; bere lehenengo une hura, geroko bizitzaren ataria, betiko gorrotatzen. Ekaitzak hondartzara botatako gizon biluzia. (Agian Joben poemarekin konpara daiteke).

Hemen arrisku latz bat aurkitzen da: poema hau bere girotik ateraz gero (eta, giroa aipatzean, jaialdi osoa eta egungo euskal poemagintza guztia esan nahi dugu), hitz soilen kritika «razional» batekin gelditzeko arriskua. Zenbaitek (kleroak adibidez) zenbait ondorio moral xelebre aterako ditu hemendik: abortoa, antikontzeptiboen onhartzea, egungo famili eta sexual egituraren gaitzespena, eta abar. Baina hauk guztiak bigarren maila bateko ondorioak besterik ez dira; ondorio logikoak noski, baina jaialdiarekin zerikusirik ez dutenak; zeren eta jaialdiaren funtsa ez baita hori, gizonaren zentzurik gabezia baino. «Beren hazia» eta «desiozko txoriak» ere, sexual harremanen benetako balioaren ukatzea baino gehiago, gizonaren beraren bizitzaren zentzurik ezaren sinbolo baitira. Hau bera defendatzera dator, hain zuzen, Leteren poema honen azken partea, arriskua igarri balu bezala eta halako justifikazio kutsu batekin.

Erantzuna emana ote dago gero? Nire ustez, erantzun konkretu batera bidea idekia bakarrik, edo erantzun posible batera. Eta horregatik galdera maila soilean gelditzen da. Zeren eta burutapenak, ideiak (sinboloz eta metaforaz jantziak) galdera besterik ez baitira; erantzuna bizitzaren praktikan dagoke. Baina, halaz ere, bien banatzerik ez dagoenez gero, hortik gizonaren borroka eta ezin bizia. Eta honen arrazoia eta gizonak egiten duen galderaren esplikazioa azken estrofan argi eta garbi ageri da: «bizitzak ez du, ordea, ezer ere galdetzen». (Oso ongi legoke, poema hau Leteren lan guztiarekin konparatzea, adibidez bere azken piztuerari buruzkoarekin).

7. Udaberriak eraman... Ondorengo poesia, L. Iriondoren musaren pean, aurrekoarekin lotua, haren azalpen edo zabaltze soil bat da. Gizonaren barren borroka. Beronen ekintzarik funtsezkoena maitasuna izanik (hartaz hirrikatua da), haizeak hein batean kentzen dio, ez du erabat asetzen. Maitasunarekin lotua, amatasuna dator: amaren erraietako haurtxoarentzako maitasuna. Baina hori mito bat besterik ez da, emakumearen ama izatearen mitoa. Gizonaren esklabu gelditzean, ama izateak bere buruaren ukatzera behartzen du, emakumearen oinperatzera. (Hemen ere, moral ondorioei buruz lehen esana bera aipa daiteke). Egungo estruktura sexual klasistaren kritika, gizonaren askatasun grina errespetatzen ez duelako. Horrela, beraz, egituren kritikarekin hasten da, askatasunik ez honen iturriak argitzeko. Emakumearen egoera hau gizarte osoarenaren eredu besterik ez da.

Halaz ere, azken bi bertsoek beste zerbait gehiago esan nahi ote dute?

 «Haize krudel», «O, jantzi zuri». Azterketa lan honetan, geldiune edo parentesi bat dela dirudi. Galderari ezin erantzunez asperturik, kezka eta buruhauste guztiak bazter batera zokoratu nahi balitu bezala: zergatik kezka, galderarik gabe ez ote da hobekiago bizi gizona? (Geroago ere agertuko da hau bera). Baina inolaz ere ezin ahantz, ezin lo har, bere buruarekin jator izan nahi badu behintzat. Gizona horrela da, eta agian ez dago beste erremediorik, egoera hori gorrotatu (jantzia erantzi) besterik. «Haize krudela»: halabeherra, patu gaiztoa. Hemen ez dago irteerarik (Sartre eta Camus-en mundu hertsia). Jainkorik ez da inongo aldetik ageri, Jainko salbamenik gutiago. Gauza horrela gertatzen da, gizona bere bizitza betirako madarikatzera behartua datza, eta ez daduka beste erremediorik; ez du arrazoirik inongo aldetik aurkitzen. «O, jantzi zuri»: erabat trajikoa. Agian inozentziako garai batetik beste honetara heltzearen metafora. Beti ere umezaro urrezko hartara itzuli nahia. (Baina zati hau Leteren poema bildumaren barruan hobetoago uler daiteke).

8. Merkatuan... Ondoren datorren sexual manifestu hau kritika bortitz eta garratz bat da, erabat mingotsa, tristea, ironikoa eta zinikoa gainera. (Jendearen farrak, honen axal soilean gelditzea agertzen du). Egungo sexual egitura tabuz jositako madarikatu honen kritika. Gizonaren askatasuna (maitasun librea zentzurik jatorrenean) ukatzen eta oinperatzen duenaren gaitzespen eta lotsagarri uztea. Zenbait jokabide ohizko eta ustel (reakzionario) zirikatzen du, erabat lotsagarri utzi ere. Halaz ere, umore erabat tristea da, gizonak bere buruari farra egitea baino tristeagorik ez baitago; baina bere bizitzak horretara behartzen du. Nagusien, zeharren, Elizaren moralaren, gizarte egituren kritika. Sarrerako «xirri-xerri» hori oso esannahi haundikoa da, egungo gizarteko sexual arazoari buruzko hipokrisia nabarmentzen baitu. «Xirri» hitz honekin jostatuz, jendearen sexual hiztegi hipokrita eta lotsatia zirikatzen du; eta une honetan entzuten diren farrak ere horixe baieztatzera datoz. «Arraultzak» hitzarekin ere berdin; eta abotsaren doinuak berak eta halako sermoi doinu batean esateak horretara darama. Sexual tabu eta errepresio latzaren haizatzea: neska zahar kontsolagaitz eta abarren bidez adierazia.

9. Txori eroa... Lehengo moduko parentesi bat. Galdera honek sortzen dion kezkak larriturik, ihes egin nahi du gizonak, irteera bat bilatu. Baina oraingo honetan lehengo kezka hura sintesi batera heldu da, orain atearen ertzean zirrikitu bat ikusi bide du eta: bere buruaren ahalmenaz jabetzea alegia. Baina hau ere ez ote da une bateko amets zoro bat? Hala dirudi, zeren berriro ere heriotz bidean behera eta behera amildegira baitoa gizona. Eta etsipen honen mugatzeko edo, behera-behar hau nolabait isil erazteko edo, erantzun bat hartzen du: gizona hau denez gero, honetan kontenta gaitezen; behin bakarrik biziko denez, bertan ondo bizi dadin, aprobetxa dezagun behingoz tokatu zaion bizitza hori. Eta, hain zuzen, hor berton datza gizonaren izatearen haunditasuna. Ba du zertaz harro izan. Besterik ez zaio axola, bere eguneroko bizitza arrunta baino (Sartre). Horrela sintesi berri bat. Galdera-erantzunek bigarren pauso bat eman dute: lehengo nihilismo hutsetik nihilismo hori onhartzera. Bigarren erantzuna edo sintesia, beraz.

Halaz ere, bat batean, erantzunarekin batera hain zuzen, berriro ere etsipena datorkio gizonari; erantzun honek ere ez du asetzen, bidezko denez (Pariseko tenorea...).

Baina berean finko du irauten, eta sintesi hori borobiltzen du: kateatua nago bai, izatera kateatua (izate honen egiturak ez dira oraindik zehaztu); baina horretan bertan naiz harrotuko (ederragotzen). Hau behin eta berriro eta aspertu gabe kantatzeak hixten du lehen zatia. Horrela, beraz, bilduma bat gertatzen da, bizitzako borrokan zehar burututako bilduma: gizona katepean da gizon.

Azken kantua aurrekoaren jarraipen bat da. Agian berriro ere halako beheratze bat nabari da, aurreko konklusioarekin gizona erabat segur eta kontentu ez balego bezala. Horrela, bigarren zatiarekin lotzen da, zeren eta galdera idekia gelditzen baita eta bizitza aurrera baitoa.

Azken poesia hauk hobekiago J. Azurmendi eta Harzaren poesi bildumen barruan jaso daitezke.

Lehen zatian, galdera hau ez da osatuz joan linealki, bai noski denbora eta espazioan zehar. Baina dialektika ez da tenporala soilik izan, kontzentrikoa baizik. Galdera bera, zula eta zula, aspertu gabe ari izan da, baina beti ere bere jirabiran, ziba bat bezala ardatz bakar baten gainean.

Bidezko arrazoi logikoengatik lehen zatia abstrakzio mailara mugatu da, nahiz eta zenbait zaztada konkretu nabaritu. Bigarren zatia, berriz, gizonaren eguneroko bizitza konkretuaren azalpen argia eta zenbaitetan plastikoa ere ba da. Bizitzan ez dago noski bi maila hauen banatzerik; hobekiago esan, maila bakar bat baino ez da. Halaz ere, hemen jaialdiaren egiturak tarteko atseden haundi bat eskatzen zuen. Gainera, atseden denboran jaialdia bizitzarekin lotzen da, eta jendea (profezia entzun badu) kezkatzen has daiteke.

HOLTZ


[Mundua mundu]

Palestina

Yasser Arafatek, uztailaren* lehenean, Beiruten zabaldutako berriak gezurtzat hartu ditu. Berri hauek ziotenez, palestinoek alde egin dute Libanoko hegoaldetik. «Palestino gerrilleroak ez dira Libanotik mugitu, eta ez dira gutituak izan ere», esan du Arafatek. «Baina —gaineratu du— Palestinako erresistentziak ahaleginak eginen ditu, Libano ahalik eta gutien konprometatzeko».

Austria

Abuztuaren 1ean, Detusch-Feistritz hirian, Ernst Fischer filosofo marxista hil da, 73 urte zuela.

Peru

Uztailaren* 3an, Peruko gobernuak ezepziozko egoera dekretatu du Puno eskualdean* (Andeetan). Barneko Hauzietarako ministroak azaldu duenez, erabaki hau, ezker ezkerreko zenbait elementuren ekintza bortitzak* neutralizatzeko hartu da. Azken egunotan, ministroak dioenez, zenbait komisaria asaltatu dute, zazpi polizia zaurituz.

Yemen

Abuztuaren 8an, Yemengo Errepublika Demokratikoak lege bat eman du, etxe residentzial eta komerzial oro* nazionalizatzeko. Familia bakoitzak etxe bat bakarrik gorde dezake beretzat.

Iran

Teheran-en, gerrilla hiritarraren aurkako errepresioaren buru zen gizona hil egin dute. Poliziak berak dioenez, hiltzaileak, legetik kanpo dagoen alderdi bateko bi gazte ziren. Gertakari hau abuztuaren 13an jazo* zen.


Basaurin dantzariei begira

Basauriko* jaiak izan dira. Aurtengoek, inoizkoek baino euskal kutsu gehiago izan dute. Baina ni gehien harritu nauena, zera da, euskal dantzek duten indarra. Oraindik urte asko ez dela, dantzari taldeen aurkako giro bat sortu zen (erein zen esan banu, hobeto zegokeen). Folklore hori gainditua* zela, ihespide bat zela esaten zen. Hori dela eta, gazte asko eta asko, dantza taldeak utzi eta hor zehar abiatu ziren. Beste zereginen bat hartu ote zuten? Bai zera! Banaka batzuek bai, baina beste guztiek...

Basaurin izan nintzen. Jendearen eritziak jaso nituen; eta nabarmen* nabarmen agertzen zen, herri bateko jaietan holakorik ezin daitekeela bazter.*

Beharbada, dantza talde baten zeregina horretan geratuko balitz, dantza batzuk egin eta kito, ni ez nintzateke holako talde baten alde irtengo.* Baina gaur egun talde gehienek beste asmo batzuk dituzte, beste lan batzuk egiten dihardute. Eta, honez gainera, gure herrietako gazteak elkartzeko, ba ote dago bide egokiagorik?

Baina goazen, Basaurin ikusi genuena esatera. Goizean, hiriko kaleetan zehar dantzarien kalejira eta karrika* dantza. Oso ondo ikusten ditut holako kalejirak, baina... betiko bainak. Eratzaileei ohar bat egingo nieke, eta hau da: Holakoak antolatzerakoan, sinkronizazio on bat behar da. Bestela, hurrengoan ere, aurten gertatu zaitzuen berbera jazoko* zaitzue: jaialdia, hamarretan hasi beharrekotan, ia ia hamaiketan hastea! Kontuz hurrengorako.

Dantza taldeak zein baino zein xukunago agertu ziren, eta oso ederto aritu. Beren trebetasuna ondo agertu zuten; eta saio ugari eginik zeudela nabari* zen.

Bizkaiko dantzen bizitasuna agertu zen, «Iremine», «Herrikoi» eta Mikel Deunaren taldeak bide zirela. Gipuzkoatik, Donostiako «Argia» eta Zumarragako dantzariak. Nafarroatik, gure hainbat eta hainbat ohituraren gordeleku den Nafarroa zahar horretatik, Iturengo Zanpantzarrak beren larruzko jantzi eta joareekin,* eta Arizkungo mutil dantzariak.

Ikustekoa zen Arizkungo dantzarien saioa. Mutil eta gizon helduak berak, Euskal Herrian hain ezaguna den Mariano Izeta buruzagi zela, Baztango mutildantza mordo bat eskaini zuten.

Gazteentzat eredu* ederra. Benetako plaza gizon bezala agertu zitzaizkigun. Dantzaren urratsak* zein airoski osatzen zituzten, eta elkarrengandiko distantzia zein ondo zaintzen! Arrazoizkoa zen Azkueren eritzia, Euskal Herriko Dantza Nagusia mutil dantzetan oinharritu behar zela esan zuenean.

Eta Zuberoko gure anaiak agertu zirenean? Zer zen hura*! Zelako* xaloak haien alde! Jendeak zerbait esan nahi zuen.

«Zuberotarra dantzari» dio aintzinako esaera zahar batek, eta esaera hori ongi frogatu* zuten. Aparteko dantzariak dira, bai; baina zer esan Etxahun xirulariari buruz? Xorien pare jotzen duela esanez gero, uste dut ez dudala gezurrik esaten.

«Argia» taldekoek, beti bezala, trebeki dantzatu zuten. Baina eskari bat: Noizean behin, Gipuzkoako dantzak egin behar zenituzkete; ala Gipuzkoako dantzen «monopolioa» beste talde baten eskuetan utzi duzue?

Dantza saioak goiz eta arratsalde.

Azkenean, Etxahunek bertso batzuk kantatu zituen, eskerrak emanez eta Bizkaia eta Zuberoaren arteko haurridetasuna* azalduz. Denok poz pozik geratu ginen, eta datorren urtean euskal jai hobeago batzuk egiteko asmoarekin.

Zorionak Basauriko gazteei!

P. A.

nieke, neuskioe

zaitzue, jatzue, zaizue

zeuden, egozen

zenituzkete, zeunkeez

zitzaizkigun, jakuzen


Georgiako dantzariak direla eta

Abuztuan Bilbora etorri zitzaikun —lehenago Donostiara eta geroago Gasteizera bezala— Georgiako Errepublika Sozialistako ballet nazionala.

Dakigunetik, Georgia (edo beraien hizkuntzaz Sakartvelo) Itsaso Beltzaren ekialdean* dago eta Sobietar Batasuneko hirugarren errepublika da ekonomiaz, aurrean Errusia eta Ukrainia dituelarik; georgiarrak dira, gainera, hizkuntzaz euskaldunokin munduan kidetasunik haundiena omen* dutenak.

Aurten, Arantzazuko euskal ikastaro internazionala zela eta, georgiar bat ezagutzeko okasioa ukan* genuen: Ivane jauna. Euskaraz ere ba zekien zerbait, erdipurdika eta greko modernoaz nahasi xamar aritzen bazen ere; baina jaun georgiar hau oso xelebre eta alaia zen, eta hari esker Georgiari buruzko kultur, histori eta literatur xehetasun batzuk jakin genituen, esate baterako, orain zortzirehun urte inguru Rustaveli idazleak georgiar literaturaren goi maila lortu zuela «Tigre larrudun gizona» izeneko poemaz. Haritschelhar jaun euskaltzainak argitu zeraukunez —Georgian linguistik azterketak egiten egona berau—, Tibilis edo Tbilissiko kale nagusia Rustaveli idazle horren izenaz dago bataiaturik; eta, Ivane jaunaren esanez, haren obra nagusia, hots,* aipaturiko «Tigre larrudun gizona», ez da falta Georgiako ezein* etxetan.

Georgiak, onerako edo txarrerako, entzute handiko seme bat du mundura sortua, alegia,* Iosif Vissarionovitx, Stalin goitizenaz ezagunagoa. Honez gainera, Georgiak ba du kultur eragin haundia. Bertako hizkuntza V. mendetik* aurrerantzean idatzirik agertzen da textu ugaritan Ekialde Hurbiletik Bulgariaraino, georgiarrez populaturiko monasterioei esker. Are* Europako beste edozein hizkuntzak baino literatur tradizio zaharrago bat daduka, beraz.

Ofizialtasunari dagokionez, georgiera lehen mailako hizkuntza da errepublika sozialista horretan; eta beraren bidez irakasten dira gai guztiak eskolatik Tibilisko Unibertsitateraino, nahiz eta, Sobietar Batasuneko beste lurraldeetan bezala, errusiera bigarren hizkuntza ofizialtzak ezaguna izan. Donostian, aurtengo zinema erakusketan, filme bat georgieraz mintzatua presentatu zen Beraz, nortasun nabariko* nazio bat dugu Georgia.

Agian* —esanen duke* irakurleak— ez dut hemen esan inork ez dakien gauzarik; baina, dirudienez, ez da horrela, Bilboko egunkarietako kazetariek* ez bide* zekiten horrenbeste behintzat, zeren* bai batean eta bai bestean behin eta berriro «bailarines rusos» izengoitiaz agertu baitira. Zertara dator guzti hau?

Ez ote dakigu oraino, Sobietar Batasunean naziotasunez errusoak erdiak baino gutiago direla (% 45), eta hauez gainera ukrainiarrak, georgiarrak, armeniarrak, estoniarrak, letoniarrak, lituaniarrak, alemanak, tartaroak, baxkireak eta abar eta abar ere ba direla? Ez ote dakigu, Sobietar Batasunean ehun hizkuntza baino gehiago direla ofizialki onhartuak. Ez ote dakigu oraindik, sobietar gehienentzat «erruso» deitzea egiazko irain* bat dela?

Ez noa ukatzera, «atzerrian ere.zakurrak ortozik» delakoa Sobietar Batasunean ere nolabait* gertatzen denik, eta erruso haundien aldetik ba daudela zenbait nagusikeria lotsagarri, Ivane jaunak berak ere argiro erakutsi zeraukunez. Baina kontuan hartzekoa dateke, halaber, UNESCOk, nazional eskubideen errespetu onaz den bezainbatean,* Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna aipatu duela eredutzat;* eta hau, guti bada ere, zerbait da.

Honetaz on litzateke, naziotasuna eta hiritartasuna (burjesia deitzen zuen berau Leizarragak) oraino bitzuk direla ikasi ez dutenak horretaz jabetzea, eta S.E.S.B.eko bizilagun guztiak, hiritartasunez «sobietar» izan arren, naziotasunari dagokionez «errusoak» ez direla ongi kontuan hartzea. Horretara, ez litzateke prentsan hainbeste astakeria irakurriko.

XABIER KINTANA


Liburu berriak

1. «Sikomotrizitate heziketa». Lanerako fitxak. Pilar Bari eta Pepa Odena. 150 orrialde. 100 pezeta. Donostia. 1972.

2. «Euskalduntzen». Euskara ikasteko metodoa. Lehen maila. Irakasle talde batek egina. 85 orrialde. 160 pezeta. Argitarazlea: «Cinsa». Bilbao. 1972.

3. «Nora naramazue?». Nobela. Egilea: Xabier Gereño. 106 orrialde. 120 pezeta. Argitarazlea: «Lur». Donostia. 1972.

4. «Giza zirriborra». Literatura. Egilea: Kaxildo Alkorta. 157 orrialde. 125 pezeta. Argitarazlea: «Mensajero». Bilbao. 1972.

5. «De la vieja Tudela», Luis Gil. 15 pezeta. Diputación Foral de Navarra. Pamplona. 1972.

 6. «La Valdorba», Francisco de Olcoz. 15 pezeta. Diputación Foral de Navarra. Pamplona. 1972.

7. «Nunilo y Alodia en la Crónica Legerense», Fr. Ramón Molina. Diputación Foral de Navarra. Pamplona. 1972.

8. «Los Españoles» (4). Historia del Athletic de Bilbao, por José María Múgica. 112 orrialde. 25 pezeta. Publicaciones Controladas. Madrid. 1972.

9. «Gotzainaren Deia», Antonio Añoveros Ataun, obispo de Bilbao. 5 orrialde, multikopiaz. Obispado de Bilbao. Bilbao. 1972.

10. «Itz lauz», Joseba Mirena Agirre («Lizardi»). 150 orrialde. 80 pezeta. Edili. Donostia. 1972.

11. «Euskal esku-langintza — Artesanía Vasca», Juan Garmendia. 190 orrialde. 125 pezeta. Auñamendi. San Sebastian. 1972.

12. «Calles de San Sebastián», Serapio Múgica. 224 orrialde. 75 pezeta. Gráficas Izarra. San Sebastian. 1972.

13. «Obras Completas» (I), José Miguel Barandiarán. 450 orrialde. 928 pezeta. Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao. 1972.

14. «Toda la verdad sobre el Arbol de Guernica», Luis de Castresana. 254 orrialde. 190 pezeta. Gran Enciclopedia Vasca. Bilbao. 1972.

15. «Historia y Fueros del País Vasco» (Navarra I), Pedro de Madrazo. 861 orrialde. 1.200 pezeta. Auñamendi. San Sebastián. 1972.

16. «Euskal Literatura. I. (XVI-XVII)», Joxe Erzibengoa — Patxi Ezkiaga. 120 orrialde. 110 pezeta. «Mensajero». Bilbao. 1972.

17. «Información comercial española». Región vasco-navarro-riojana. 250 orrialde. 100 pezeta. Secretaría Técnica del Ministerio de Comercio. Madrid. 1972.


Ekonomia eta historia (1)

Produktu beharrezkoa

Gizona da, abere guztien artean, bere ingurune naturalera erabat* ezin egoki daitekeen bakarra; eta egokigaiztasun hori da gizonaren espezia iraun erazi duena. Izan ere, giro berezi batera erabat egokitzen den espeziak ez du aldaketa sakon baten aurrean bizirik irauten, bere girotik kanpo ez baita gauza. Gizonak bortxatu egin behar du bere ingurua, bere beharretara egokitu. Beste animalia guztiek, giro natural berezi baten aurrean, organo espezializaturen bat desarroilatzen dute. Gizonaren organo espezializatuak, berriz, (eskuetako hatz lodia eta sistema nerbiosoa) ez dira aski,* giro natural jakin batetik alimentua sortzeko; baina lan tresnak erabiltzeko egokiak dira. Bestalde, mintzairaren desarroiloak organizazio sozial baterako trebe egiten duelarik, gizona egoera faboragarri batean aurkitzen da, ia edozein girotan bizirik irauteko. Lana, erakunde* soziala, hizkuntza eta kontzientzia dira, beraz, gizonaren bereizgarriak.

Gizonaren janariak lortzeko beharrezko diren lan tresnak, gizonaren beraren organoren baten laguntzaile artifizial bezala agertu ziren hasiera batean: eskuak baino gogorkiago joko duen harri pusketa, besoa baino urrutirago ailegatuko den makila. Ondoren, lan berberaren errepikatzeak, denboraren harian, teknika produktiboak ekarri zituen, eta hauen artean giza prehistoriaren aurrerapen teknikorik garrantzitsuena: sua. Nahiz egun* ez den geratzen herririk, sua ezagutzen eta menperatzen ez duenik, mitoek eta istorio zaharrek oso argi adierazten dute, gizona oraindik suaren jabe ez zen garai hura.

Gizonak, beraz, lanaren bidez asetzen ditu bere beharrik oinharrizkoenak: jan, edan, deskantsa, hotzaren eta beroaren aurkako babeslekuak ukan*... Behar guzti hauk* ez dira, ordea, gizon bakar bakoitzak naturaren indarren aurka eramanen lukeen burruka bakarti baten bidez betetzen, baizik giza talde bateko kideen artean gauzatzen diren harremanen ondorioz. Hau da: oinharrizko behar guzti horik* sozialki asetzen dira.

Produktu beharrezkoa

Zenbatenaz herri bat atzeratuago eta ezjakinago, hanbatenaz lan gehiago beharko du egin bere janariak biltzeko, eta denbora luzeago eman bere beharrak asetzeko. Basoetako frutuen biltzea, ihizia* eta arraintza (formarik elementalenetan) dira, bizigarriak biltzeko lehen bideak. Baina talde baten beharrak era honetan asetu nahi badira, ibilaldi luzeak beharko dira, ekinaldi gogorrak. Beraz, aitona zaharrak geratuko dira soilik lan horretatik aparte. Halaz ere, era honetan eskuratutako janariak nekez ziren aski, beharren erdi maila betetzeko. Pentsa dezagun, humanitateak milioiren bat urte badu, gutienez 980.000 urtez goseti eta behartsu bizi izan dela. Gosea zen espeziaren iraupenerako mehatxurik* haundiena. Horrela, inoiz uste baino janari gehiago biltzen bazuten, ez zekiten nola gorde kondarrak, eta, beraz, aberastasun epe labur hauetan sekulako janaldiak egiten ziren. Asea eta gosea ritmikoki agertzen ziren. Urte askotako goseak ez zuen uzten, asetzeko lain* eta gehiago zegoenean, kontserbazio teknikarik lantzen: segurtasun faltak jatea agintzen zuen, geroan pentsatu gabe.

Egoera honetan, gizon guztien lan osoa, janaria, jantzia eta babesa lortzera zuzentzen zen, eta, noski, produkzioari eusteko beharrezko ziren tresnak kontserbatzera. Ez zen ezagutzen inolako soberakinik,* edo, behintzat, luzaroan iraunen zuen soberakinik.

ARANTXA URRETAVIZCAYA


Disko berriak

1. «Gure Itxasoa», la Sociedad Coral de Bilbao a su maestro Guridi. Argitarazlea: «Columbia». Presentazio gisa, Guridi musikalari finaren bizitzaren berri ematen da diskoaren azalean. Diskoak maisu honen zenbait lan dakar, «long play» batetan. Alde batean «Eusko Irudiak», zenbait zatirekin egindako ia 18 minutuko lan bat. Beste aldean, «Así cantan los chicos», «Arno hun hun huntarik» eta «Akerra ikusi degu». Kanta guztiak Bilboko Koralak oso ederki kantatuak, hiri hartako Sinfonikaren laguntzarekin.

2. «Antología Coral Vasca». Argitarazlea: «Columbia». Juan Manuel Ares koordinatzaile delarik, hamaika taldek interpretatutako hamalau kanta ditu disko honek. Sail bateko lehen alea dela esaten zaiku presentazioan, Euskal Herriko koralek kantatzen dituzten kanta gehientsuak ateratzeko asmotan.

3. «Los Barbis». Argitarazlea: «Columbia». Portugaleteko «Los Barbis» taldeak bere lehen «singlea» eskaintzen dauku, lau kantarekin: «Aurresku», «Urriaren 28. eguna» (Xabier Leterena), «Aratuzte» eta «Jeriko».

4. «Fanfarre Los Pomposhos». Izen honekin bi «single» eskaintzen dauzkigu «Columbia» etxeak. Guztitara, zortzi kanta, euskaraz eta erdaraz «Los Pomposhos» taldeak kantatuak, nahiz eta gehienak gai euskaldun bati jarraitu.

5. «Aitor Badiola». Argitarazlea: «Edigsa». Lau kanta agertzen dira Donostiar gazte honen disko txiki honetan: «Donostia», «Lorea eta biok», «Zu nerea baziña» eta beste kanta alai bat.

6. «Kantu Zaharrak», Joxe Mari eta Mikel gazteek kantatuak. Argitarazlea: «Edigsa». Iragan mendean* modan zeuden kanta batzuk, gure egunotara ekarriak. Kanta zaharren gogoratzea eta gazte hauen inbestigazio lana, aipagarrienak.

7. «Kantu Zaharrak», «Drindots» neska taldeak kantatuak. Argitarazlea: «Edigsa». Aurreko diskoko kantarien jokabide berdinean datoz disko honetako kantak, batzuk akordeoiz lagunduak.

Azken hiru disko hauen banatzailea: Iñaki Beobide, Ferrerías, 1. San Sebastián.


Osaba Martinen kontuak

Jentilak

Orozko aldean, Zubiaurrera heldu baino lehentxoago, Etxebarren baserria dago. Bertan Enekoren aitita eta amama bizi dira, eta igande honetan bertara joan da etxeko guztiekin gure mutila.

Bazkal ondoan, inguru hareetatik ostera* batzuk egitera joan da osaba Martinekin.

— Osaba —esan deutso—, aintzinako euskaldunak zelakoak ziren? Gu lakoak?

— Bai. Zergatik ez?

— Eta bizi non egiten ziren?

— Koba eta haitzuloetan.

— Baina hemen ez dago holakorik.

— Bai, ba dagoz; baina zuk ez dakizu non. Hara! Zatoz nirekin, eta neuk erakutsiko deutsut bat.

Osabarekin joaten da, eta mendi baten oinean dagoen koba batera heltzen dira.

— Hementxe dozu haitzulo eder bat. Jentil zulo deritzo.

— Aintzinako euskaldunak jentilak ziren ala?»

— Bai horixe. Oraingo jendeek, jentilen ipuinak kontatzen dituenean, uste izaten dabe, jentilak ez zirela euskaldunak, mairuak edo holakoak baino; baina oker dagoz horretan. Jentilak, Jesu Kristoren erlijioa oraindik onhartua ez eben euskaldunak ziren, sorginkerietan sinesten ebenak. Hasiera batean beste euskaldunengandik aparte bizi izaten ziren, mendietan eta kobetan, berton gauza miragarriak eginez.

— Zelako gauzak, osaba?

— Ba... ura galbaheetan* jausi* gabe eroaten* ei* ekien; garia eta artoa ezagutzen ei zituen, beste euskaldunek oraino ezagutzen ez zituenak.

— Baina ez zeunstan lehengoan esan, artoa Ameriketatik ekarri zala orain laurehun urte inguru, osaba?

— Txotxo, buru ona dozu gero! Bai, holaxe da. Baina hola ere, lehenago Euskal Herrian ba zan beste landare bat izen horrekin deitua, gaur artatxikarra esaten deutsoguna.

— A, bai, perikitoek jaten dabena, ez da?

— Horixe berori. Eta San Martin Txikik kendu ei eutsen jentilei garia apostu batean.

— Zelan izan zan hori baina?

— San Martin Txiki jentilen koba batera joan zen, eta bertan gari pila handi bat ikusi ei eban. Jentil bati esan eutson, berak baino urrunago egingo ebala salto gari pila gainetik. Biok salto egin ei eben; baina San Martin Txikik, apropos, pilan sartu zituan bere botak, eta garia oin artean sartu jakon botetan.

Barre algara galantak egin ei zituen jentilek haren salto txikiagatik; baina, San Martin Txiki handik joan zanean, beronen maltzurkeriaz konturatu ziren, eta, leku guztietatik bilatu arren, ez eben aurkitu. Jentil batek urrunean ikusi eban eta haizkora haundia bota eutson; baina, zuhaitz asko jo eta moztu arren, San Martin Txikiri ikuturik ere ez eutson egin, beronek honetan azkar egin ebalako saltoa.

Hurrengo batez, basoari ezkutaturik,* garia noiz erein behar zan entzun eutsen San Martin Txikik jentilei, honela esanez: «Gizonezkoek balekie! Ha, ha! Orriak jausten* direnean, erein bedi garia; eta orriak ernetzen direnean, erein bedi artoa!». Hau aditu bezain laster, herrikoei esan eutsen, eta honetara zabaldu zan garia Euskal Herritik.

— Eta koba honetan ez ote da egongo oraindik jentilen baten gauzarik?

— Ez dot uste; baina sartu gaitezen, gura* badozu. Hara! Ikusten dozu hor? Saguzaharrak besterik ez dago.

— Bu! Goazen kanpora, osaba, guzti honek beldur ematen deust eta.

TRAUKO

balekie, balekite

dabe, dute

deust, dit

deutso, dio

deutsogu, diogu

deutsut, dizut

eban, zuen

eben, zuten

ekien, zekiten

eutson, zion

eutsen, zien

jakon, zitzaion

zeunstan, zenidan


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABIZEN, deitura, apellido.

ADOS, conforme.

AGIAN, nonbait, beharbada.

AHITU, agotado, épuisé.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AINAN, adinan, bestean, bezainbatean.

AITZITIK, al contrario.

AKITU, nekatu, unhatu.

ALA, o qué?

ALBISTE, berri, noticia.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo.

AMILTEGI, precipicio.

ANITZ, asko.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARBUIATZAILE, despreciador.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARESTIAN, oraindik orain, berriki.

ARRASATE, Mondragoe.

ARTILE, ardi ile (ule), lana.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATARI, portal, atrio.

ATONDU, antolatu, hornitu.

AZTARNA, aztarren, lorratz, arrasto.

BADAEZPADAKO, de bondad dudosa.

BAITAN, -gan.

BASAURI, Bilbo inguruan, 39.000 bizilagun dituen hiria.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, batzu, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BAZTER, arrinconar, marginar.

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEHINEN, principal, primordial.

BEZAINBATEAN, errespetu onaz den bezain-batean = errespetu onari dagokionez.

BIDE, antza, itxura, nonbait.

BILAKATZE, bihurtze.

BORTITZ, fuerte, vigoroso.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEUS, ezer.

DEUSEZTATU, ezereztu.

DOHAINIK, dohan, doharik, urririk, gratis.

DOHAN, doharik, dohainik, urririk, gratis.

DOMINA, medalla.

DUKE, du nonbait.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EMEKI, geldiro, astiro.

ENTSEIATU, saiatu, bermatu.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, organismo, institución.

EREDU, modelo.

ERI, gaixo.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERREPIKATZE, repetir.

ESKUALDE, comarca.

EUSKARRI, sostengu.

EUSTAILE, sostengatzaile.

EUSTE, sostener, apoyar.

EZABATU, borrado, destruido, effacé.

EZEIN, ninguno.

EZELAKO, inolako.

EZEN, ze, pues.

EZKUTATU, oculto, caché.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, motivo, razón, fondo, sustancia.

GAINDITU, superado, desfasado.

GAINDITZE, franquear, superar.

GAITZETSI, condenado, reprobado.

GAL, perder.

GALBAHE, gari bahe, cedazo, criba, crible.

GALTZEAR, galtzeko zorian.

GISA, modu.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GURA, nahi, gogo.

GURPIL, burpil, rueda, roue.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente, así mismo.

HARRI, estona, admirar, étonner.

HASTAPEN, hasiera, principio, origen.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAURRIDETASUN, anaitasun.

HAUTAKIZUN, alternativa.

HAUTAPEN, opción.

HEDATU, zabaldu.

HEIN, grado, medida.

HEK, haik, hareek.

HERTSI, hestu, zarratu.

HEZIKETA, educación.

HILDO, surco, sillon.

HITXI, hetsi, hertsi, cerrado, fermé.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

HURBILDU, hurreratu.

IHIZI, ehiza, caza, chasse.

IKERTU, explorado, investigado.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAIN, injuria.

IRITXI, heldu, ailegatu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITXARON, igurikatu.

JAGOLE, zaintzaile.

JALGI, irten, urten, atera.

JARRERA, postura, actitud.

JARRI, jarritako, jarririko.

JAUSI, erori.

JAZO, gertatu.

JOARE, cencerro, sonnette.

KABU, iniciativa (caput = cabeza, tête).

KANPOLARROSA, obsequioso con los extraños.

KARRIKA, kale.

KAZETARI, periodista, journaliste.

LABORARI, labrador.

LAIN, aina, beste, bezainbat.

LANDATU, fijado, fixé.

LANTZE, cultivar.

LEGUNTZEKO, leuntzeko, biguntzeko.

LEKUKO, testigu.

MEHATXU, amenaza.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

NABARI, evidente, notorio, patente; advertir, notar, percibir.

NABARITZE, advertir, notar, percibir.

NABARMEN, escandaloso, extraordinario, destacado, sobresaliente.

NIGAZ, nirekin.

NOLABAIT, zelanbait, zelan edo halan.

OMEN, ei.

ONHAR, aceptar.

OREKA, equilibrio.

OROKOR, general, global.

ORTOZIK, ortutsik, oinhutsik.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA, vuelta.

OSTERANTZEKO, distinto.

PAUE, Pau.

SANDIA, mengano, un tel.

SEN, instinto.

SINU-MIKU, gesto, mueca.

SOBERAKIN, sobrante.

TANKERA, estilo.

UDAL, municipio, commune.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URLIA, fulano, un tel.

URRATS, pauso.

UZTA, cosecha, récolte.

XEDE, asmo, helburu.

XUME, tipi, txiki.

YAYO, bikain.

ZAMA, karga.

ZELAKO, nolako.

ZENBAIT, batzuk.

ZERBI, zerbitza, servir.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGATIKO, causa.

ZERTU, realizado.

ZINEZ, benetan.

ZUTABE, pilar, sostén, apoyo.

ZUZPERTZAILE, reanimador, vitalizador.

ZUZPERTZE, reanimar, vitalizar.


Heziketa askatzailea

Kontzientzia kritikoa (1)

«Heziketa* jator batek bilaketaren eta oharketaren egarria eman behar zuen, eta egungo* estrukturak, jokabideak eta moduak kritikapean ezartzera eraman, hitz hutsetatik, esaldi biribiletatik eta dotoreetatik, esaldi puztuetatik aparte. Izan ere, esaldi biribilek eta hitzaldi hutsek, gehienak azal hutsezkoak direlarik, mentalitate hitxiaren* seinale dira, batez ere.

Geure zentzu kritikoa zenbat eta gehiago erabili, inguruari zenbat eta lotuago egon, demokraziatik hainbat hurbilago* gaude. Bestela —geure heziketa lanean— xinplekerietan, problema faltsuetan eta berbakerian eroriko gara.

Hau zen, guti gorabehera, gure egoera. Gure heziketak geure problematikatik kanpo uzten gintuen, eta kritikatzeko, bilatzeko eta kreatzeko egarririk ez zigun ematen. Pasibotasunera, liburuen erabiltze eta ikaste hutsera eramaten gintuen. Horrela, egiazko jakituriarik gabe gelditzen ginen» (P. Freire, L'éducation: pratique de la liberté).

Textu hau aurrean dugularik, ikus ditzagun orain kontzientzia kritikoaren ezagugarri batzuk.*

a) Kausa eta ondorioen arteko erlazioak analizatzen ditu. Esplikazio magikoetatik erantzun logikoetara pasatzen da. Kontzientzi maila honetara heldu denak, gauzen eta gertakarien zergatikoa* eta zertarakoa asko galdetzen du. Gizartean gauzak ez dira kasualitatez eta halabeharrez gertatzen. Beti zerbaitegatik eta zerbaiterako gertatzen dira.

Gure artean gertatzen den guztiak helburu bat da du. Eta autore batzuk ere bai. Zein eta nor dira autore hoik?* Zein dira helburu hoik? Zergatik da gizarte hau, den bezala? Nola izan daiteke eta izan behar luke beste modu batera? Zergatik? Zertarako?

Heziketa galdetzailea edo problematizatzailea dugu hau. Heziketa honetan, denenak dira galderak eta denenak erantzunak ere. Heziketa honek gazteari pentsatzen laguntzen dio, hau da, gizon mailari dagokionez jokatzen laguntzen dio.

Gauzak gogoan hartu eta ikasi, hori ximinoak ere egiten du. Baina galdetu eta pentsatu, zergatikoak eta zertarakoak jakin, hori gizonak bakarrik egin dezake. Horretan dago zentzu kritikoa.

b) Ordena finkatu eta sakratu guztiak kritikapean ezartzen ditu. Sistema eta estruktura guztiak erlatibizatu egiten ditu. Estatuaren, sistemaren, organizazioaren, Elizaren arrazoin eta egia guztiak ditu erlatibizatzen, eta dena pertsonaren zerbitzuan ipintzen.

c) Mugak gainditzea* du helburu, «situaciones límite» direlakoetara ez da makurtzen. Zentzu kritikodunak uste du, gainditzeko eginak direla mugak, eta ez hoietara egokitzeko.

Hiru jarrera* dira mugen aurrean:

1) Animaliena. Animalia, muga batzuetara adaptatzeko edo akoplatzeko jaio da. Animaliaren zeregina, beraz, jaiotzez landatu* zaizkion mugetara egokitzea da.

2) Zapaltzaileena. Hauen zeregina, mugak organizatzea da. Edo eta situazioak absolutizatzea eta eternizatzea.

3) Zapalduena. Hauen egitekoa, muga guztiak, situazio guztiak erlatibizatzea eta gainditzea. «Situaciones límite» direlakoak edo muga-situazioak ez dira posibilitate guztien azken puntu, animalientzat diren bezala eta zapaltzaileak zapalduarentzat nahi lukeen bezala. Mugak, nahiz eta oso sendoak izan, posibilitate guztien hasiera dira gizonarentzat. Eta puntu honetan datza* gizonaren giza maila berezia.

Beste hitzez, hautakizuna* ez dago gizonarentzat izatearen eta ez izatearen artean, izatearen eta gehiago izatearen artean baino.

Beraz, animalia mugak sufritzeko dago; zapaltzailea mugak organizatzeko; zapaldua mugak gainditzeko. Hala delakoan dago zentzu kritikoduna.

d) Transformazioa gehiago maite du ordena baino. Beti eta dena transformatuz joatea du ideal nagusia, eta ez betiko eta betirako ordenaren irautea. Paradisua edo Urre Haroa, historiaren azken muturrean ikusten du, eboluzioaren azken puntuan, eta ez hasiera sakraturen batean.

Transformazioan finkatzen den pentsamoldeak, kulturaren eboluzioan oinharritzen du heziketa. Ongi hezitzea ez da, holakoarentzat, jendea gizartearen barnean ongi akoplatzea. Ongi hezitzea, zera izanen da: jendea esperientzien kolkora eramatea, eta esperientziei beti erantzun berriak eta orijinalak emateko ahala eskaintzea. Gizona, eboluzio bidean ibili dabilen norbait da, eta ez iritxi* den norbait.

e) Lehenean finkatzen den mentalitatea, zer eta zenbat ikasten den jakiteaz konformatzen da. Pentsakera lantzeaz* baino oroitmena ongi amoblatzeaz eta hornitzeaz gehiago arduratzen da.

Aitzitik,* aurrera begira bizi den pentsamolde kritikoa, zenbataz baino nolaz gehiago arduratzen da, hots,* kualitatez gehiago kantitatez baino. Gizartearen egiazko gizakuntza edo humanizazioa ez du ikusten kantitatezko segida batean, kualitatezko transformazioan baino.

Ikusten du, ikusi, munduari giza mailara eragiteko, jende bilatzailea behar dugula, eta ez jende jakituri pilatzailea. Biharko gizona ez da izango, lehengoa ezagutzeaz eta pilatzeaz konformatuko dena, etorkizuna bere esku hartzeko harmatzen dena baizik.

f) J. P. Sartre-k, Frantzian 1968.eko maiatza ezagutu ondoren eta Ipar Amerikaren kontra Vietnameko herriaren burruka harrigarria ikusi ondoren, maiatz hark eta burruka horrek «posiblearen saila hedatu* egiten dutela» dio: «il va élargir le champ du possible».

Horretan bereizten da gizarte «hitxi» bat gizarte «irekitik». Gizarte hitxia, hots,* primarioa eta postprimarioa, halabeharrean finkatuz eta ezina kontenplatuz bizi da. Gizarte irekia edo kritikoa, berriz, mundu berriaren esperantzaz. Posiblearen saila hedatzea eta esperantza indartzea, gauza bat eta bera da.

EUSEBIO OSA

dezake, daike

dio, deutso

ditzagun, daiguzan

gaude, gagoz

gintuen, ginduzan

zaizkio, jakoz

zigun, euskun, zeraukun