ANAITASUNA

238. zenb.

1972.eko Uztailaren 15ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Emakumearen desfeminizazio baterako

Askatasunaren aldeko mugimenduak

Askatasunak bere kondizioak ditu. Ba dira gure artean, gizona eta emakumea berez aske direla eta zirkunstantziarik gatibatzaileenetan* ere barne askatasun bat gordetzen dutela diotenak. «Presondegian ere izan daiteke bat libre» esanen daukute.

Baina irudipenezko edo ametsezko askatasun bat Baino gehiago beren bizitzan askatasun erreal bat nahi dutenek, askatasunaren kondizioetaz hitz egiten daukute. Ba dakite hauek, teoriaz eta eskubide formalen mailan emakumea eta gizona libre direla onhartua egonagatik ere, bizitza errealean gatibatuak* aurki daitezkeela eta aurkitu ere aurkitzen direla.

Ez dautzute hoiek askatasunaz —edo askatasunari buruz— emana dagoen zerbaitez bezala hitz egingo. Askatasuna lortu egin behar da. Askatasunerako kondizioak lortzean dago kakoa. Kultura askatu —hobe askatzaile— bat egin behar dugu.

Honetaz jabetuak dira «Emakumearen askatasunaren aldeko mugimenduak» (Euskal Herrikoak?). Eta jabetuak direlako hasi dira emakumearen situazioa aztertzetik. Hori eginez gero, askatasunaren alde burruka planifikatu bat eraman ahal izateko.

Margaret Benston-en boligrafoz

Aurreko artikuluan aditzera eman genituen mugimendu hauen helburu nagusi batzuk:* etxetik at* gizonezkoen kondizio beretan lan egitea, etxeko lana sozializatzea, haurren haziketa eta heziketaren erantzunkizuna, gurasoena bakarrik izan ordez, gizartearena ere izatea.

Helburu hauk* ez ziren, ordea, nolanahitan lortzekoak izango, interes asko baitzegoen kontra. Interes hauk aztertzen hasita, zera ikusten dugu, bi alderdi nagusitatik sortzen direla:

Emakumeek ordaindu gabe egiten dutena ordaindu behar izanez gero, aberastasunak gaur baino areago* banatu beharko lirateke. Produkzio bideen jabe direnentzat oso probetxugarria da, senarrari ematen zaion lan-sariaz, senarraren lanindarra ezezik, etxean gelditu den emaztearena ere erostea.

Bigarren kakoa hemen dago: ea ekonomia, gizon guztiei —emakume guztiei— lana emateko haina* heda* daitekeen. Gerra ekonomiak emakume sail bat sartu zuen etxetik kanpoko lanetan, baina ez guztiak, ez eta gehienak ere. Ba dirudi, etxelana industrializatzean, lan-postuak ugarituko liratekeela. Baina, industrializazio hori ez dute begi onez ikusten status quo delakoaren defendatzaileek. Gaur kapitalismo barnean sortu diren zerbitzu industriek ere ez diote lanindarraren hazkundeari aurre eman. Aitzitik,* etxelanetan subenplegu bat sortu besterik ez dute egin.

Situazioa hau den artean, emakumeek erreserbako eskulan izaten jarraituko dute.

Lantegietara berdintasun mailan sartzeak, etxelana kapitalizatzeko presio bat sortuko luke; baina, lantegietara sartzeko, gaur arte gerra garaietan eman izan den baino ekonomi hedadura* haundiago bat behar litzateke.

Famili eskema zaharra, eta esperientzia berriak

Gainera, egitur* aldaketok direla eta, gaurko familiaren eskema hautsia geldituko litzateke. Gaurko egitura sozio-ekonomiko-psikikoa horren kontra dago, ordea. Eta egitura neokapitalistok gauzak aldatu nahi ez izatea konprenigarria da, familiak kontsumoa estabilizatzeko duen eginkizunari, emakumea lanaren merkatutik at* edukitzeko, etxekoandrearen mitoak duen indarra eransten badiogu.

Bestalde, etxe produkzioa aldatzeko behar den guztia neokapitalismoaren pean egingo balitz ere, gizon-emakumeen harreman guztiak diruaren loturez estekatzea* besterik ez genuke egingo. Margaret Benston-ek dioenez, lehen ere aski* atomizatuak eta aislatuak aurkitzen garen mendebalde* honetan, ez gaude horrelako bakartade eta aislazio psikiko bat jasan* ahal izateko tenorean.* Emakume horren eritziz, beldur honi zor zaio agian,* emakumearen askatasunaren aldeko mugimenduei eman zaien erantzun negatiboa.

Hau kontuan harturik, hurrengorako uzten dugu, elkar bizitzarako eta afektibitate bizitza bete batetarako gaur egiten ari diren esperientzien berri ematea.

JON eta KLAUDIO

daukute, dauskue, digute

dautzute, dautzue, dizute

diogu, dautsagu

diote, dautsoe

gaude, gagoz

zaie, jake, zaiote

zaio, jako


Eliza

Beasaingo San Martinen, euskarazko mezak direla eta

San Martin Loinaz Beasaingo hauzune bat da, eta bertako eliz zeregin eta betebeharra hiru frantziskanoren ardurapean dago. Hauzo honetako mezak direla eta, Andoni Sarriegi jaunak zenbait artikulu argitara eman izan ditu ZERUKO ARGIA astekarian, euskal hizkuntza elizkizunetan gehiago erabiltzeko eskatu eta argumentatuz.

Sarriegi jaunari erantzunez, «En torno a una oportuna contestación» izeneko artikuluxka bat irakurri izan dogu «La Voz de España» egunkarian (ekaineko* 6koan), Beasaingo López kronikegileak sinaturik.*

Lopez jaunaren argudioaren arrazoirik funtsezkoenak, jarraiko hiru honeexek dituzu:

- euskara derrigorrean eta larregian* elizkizunetan erabiltzeak, jende asko elizatik urrundu baino ez dau egin.

- fraileen zeregina, mundu guztiarentzat —inor ulertu ezinik utzi gabe— berba egitea da, ezelango* Babel berririk sortu barik.

- ba dira beste arazo batzuk gure artean, euskararen hainako* lodi eta garrantzitsuak.

Lopez jaunak, bistan dago, gure arazo honi bere «de facto» izatea baino ezin dautso ikusi, «de facto» hori ikutu eta aldatu ezina balitz bezala. Guk, ostera, egoera hori «de jure» aldatu beharrezkoa dala ikusten dogu.


[Herriz herri]

Ondarroa

«Kresala» gure elkartearen izena berriro ere hortik zehar apur bat entzuten hasia da. Eibar, Elgoibar eta Tolosan, «Mariñelak» izeneko euskarazko antzerkia eman du. Beste herri batzuetatik ere deituak izan direla jakin dugu.

Horrekin amaitzen duenean, beste zerbait gertatuko duelakoan gaude. Aurrera beti!

Hala ere, antzerkia eta kantua «Kresala»ren zati bat baino ez dira. Horrez gainera ba ditu bere babespean, dantza, txistu eta kitarra ikasten dutenak, gauezko alfabetatze, zine forum, hitzaldi antolatzaile taldea eta ikastola.

Ikastolari dagokionez, orri bat eskuratu dugu, zehaztasun hauk dakartzana:

- Aurten hiru urte betetzen dituzten umeak dira deituak.

- Ikastola horretara bidaltzea erabakitzen duenak, «Enseñanza General Básica» ere bertan egiteko asmoarekin sartu beharko du umea.

- Nahiz eta diru neurri bat izendatuta egon, hau ez da oztopo izango, umea ikastolan sartzeko.

- Herri eskola denez gero, ateak denentzat daude zabalik.

ONDARRUTARRA


Castro Algerian

Lerro hauk* idazterakoan, Fidel Castro Afrika eta Europako herri sozialistak bisitatzen ari da. Bidaje hau —agian* herri-buruzagi batek inoiz egindako ibilaldirik luzeena— Fidelen beraren luzeena da behintzat.

Bisita hauek interes haundia sortu dute nola Europan hala Afrikan, batez ere Fidelen egonaldiaren harian jazo* litezkeen gertakizunak gatik. Berri guti heltzen zaiku Cubatik eta are* gutiago Algeriatik, eta, beraz, interesgarri dateke* Fidel Castrok Algeriako herriari egindako bisitaz mintzatzea.

Hamar egun luze izan dira, Fidelek lan ritmo harrigarriaz bete dituenak. Egun hauetan 5.000 km. egin ditu, gehienak kotxean; eta, 5.000 km. hauen hedaduran,* Boumedian Algeriako lehendakariak, hango herriak askatasuna lortu zuenez geroztik egin duen bide emankorra ikus erazi dio Castrori.

Cherchell-eko ur berdeetatik oasis hondartsu eta eguzkitsuetara, Kabiliako eskoletatik Hassi Messaoud-eko putzuetako lantegietara, Arzew-eko base petrokimikora edo Skikda-ko gas naturala likuatzeko fabriketara, Fidelek azaldu duen irudia, duela zenbait* urte Che Guevarak Espainian agertu zuena da: uniforme berdea, apaindu gabeko bizarra, kanpainiako bota lodiak, harma bat gerrian eta, batez ere, lan ritmo paregabe eta pairagaitza,* kotxean lo eginez, egun berean eta are* goiz berean zenbait lantokitan hirugarren munduko herri sozialisten solidaritatearen beharra esplikatuz, herriarekin bat, herriaren artean.

Berak inauguratu zituen Mesdar Skikda-ko olioduktoa, 630 kilometrotakoa (Algeriako laugarrena), Remel Skikda-ko gaseoduktoa, 577 kilometrotakoa, El Hadjar-eko altzairu ola,* Annabako fosfatuzko abono fabrika. Leku hauetan eta beste askotan izan da Fidel Algeriako herriaren lanaren lekuko.*

Eta egun emankor hauei buru emateko, Castrok, Algeriatik alde egiteko bezperan, 50.000 algeriar aurrean zituelarik, honela hitz egin zuen: «Herri iraultzaileek solidaritatezko garai berri bat bizi dute». Eta Boumedianek —egun hauetan, Algeriako herri osoa bezala, Fidelen lankide— abagadune* berberean esan zuen: «Cuba ez dago bakarrik burrukarako. Algeriarrak Afrikan, vietnamdarrak Asian eta beste zenbait* herri, nor bere eskualdean,* Cubaren aldamenean daude, helburu berberak betetzeko».

Algeriako herriak frogatu* nahi izan dio Fideli, iraultzak xedatutako* bideari darraiola.* Giro honetan, Algeriako iraultzaileentzat, Fidelen bisita guztiz garrantzitsua izan da: bi iraultzek aurkitu dute elkar.

AINHOA


Euskaldungoa

Maribel Zamakonak bere lehen haurra

Maribel Zamakonak, emakune lirainak, ANAITASUNAren zuzendari dan Anjel Zelaietaren emazteak, mutiko zoragarri bat izan dau, uztailaren* 8an. Zorionak!

Bertsolariak Oiartzunen

Uztailaren* 16an, goizeko hamaiketan, Oiartzungo Ibargoin etxeko jardinetan, bertsolarien jaialdi bat izanen da. Parte hartuko duten bertsolariak: Mitxelena, Xalbador, Lizaso, Mattin, Garmendia, Lazkao Txiki, Igarzabal eta Lazkano. Sarrera 50 pezeta. (Arbelaitz).

Euskal disko berri bat Baxenabarren

Eñaut Etxamendi eta Eñaut Larralderen lehen diskoak ukan duen arrakasta* ba dakigu. Aurten saldu diren euskal diskoen artean, gehien agertu da. Harentzat izan da ere, Baionan antolatu duten 1971.eko Euskal Diskoaren saria. Euskal Herrian, bai eta Californian, Nevadan, Idahon eta beste toki ainitzetan,* poliki saltzen ari da. Egileek bigarren diskoa oraintxe ager arazi daukute. «Tiki-Taka» du izena.

Lau kantu ezin ederragoak ditu: «Tiki-Taka», «Argi zirrinta», «Nexkato bat», eta «Zato gurekin» edo Ameriketan diren euskaldunei etxeratzeko deia. Bigarren disko honetan, gure betiko Etxamendi entzuten dugu, haren poesia eta doinu ederrekin, gure lurraren oihartzuna* bezala. Euskal gogoa ezagutzen eta maite duten guztiek onhartuko dute bigarren disko hau. Dudarik gabe, arrakasta haundia izanen duela. (Berrizaleak).

Mallabi aldeko eskolak bateratzen

Hauzo eskola txikiak kenduta, Mallabi aldeko eskola guztiek batera joan behar izango dabe datorren ikastaroan. Herriko gazteek, hala ere, eskari bi egin nahi litukee: bata, eskola nagusi horretarako autobusak jartzea; eta bestea, hauzo eskola horreetariko bat harturik, gazteentzako batzar leku bat antolatzea. Danon ustea da, eskari bi horreek oraingo honetan onhartuak izango direla. (Txurruka).

Okerrak zuzentzen

ANAITASUNAren 235. zenbakian, 4. orrialdean eta «Euskaldungoa» sailean, «Jaunhartzeak» izenarekin emandako berrian, Bilboko Espartero kaleko San Frantzisko Xabier elizan jazoriko* arazo bat agertu zan. Berri hau hobeto jakin ondoren, esan egin behar dugu, eliza horretako apaiz batek eman ebala meza, Manuel Ardantzak alegia,* eta laguntzaile Markinako Jose M. Rementeria izan zala.

Kultur bizitza

Ekainean eman diren mintzaldi batzuk

«Euskal historia», Eugenio Goienetxek, Angelun.* «El medioevo y la comarca del Bidasoa», Julio Caro Barojak, Irunen. «La educación de los hijos», Aita Bereziartuak, Anoetan (euskaraz eta erdaraz). «Exigencias de la primera comunión», Felix Garitanok, Tolosan (ikastolan). «John Borman-en 'Leo' filmea», Benito Ansolak, Motrikun.

Antonio Elorza, «Real Sociedad de los Amigos del País»eko bazkide

Antonio Elorza —Alcalá de Henares-en, hango «Universidad Complutense» dalakoan «Ciencias Políticas» irakasten ari dana— «Real Sociedad de los Amigos del País»eko bazkide egin berri da. Sarrerako hitzaldia, «Las corrientes políticas en Vizcaya» gaiari buruz izan da, kapitalismoa, sozialismoa, nazionalismoa... ikutuz.

Herri Jakintza, «Diario de Navarra» egunkariaren sail berria

Ekainaren* 22an hasirik, Herri Jakintza (Etnologia y Folklore) izeneko sail berri bati heldu dautso Iruineko «Diario de Navarra» egunkariak. Ikus, egun haretako alean zer dinoskun sail berri horren arduraduna dan Satrustegi jaunak:

«Azkeneko 'Euskal orrian' adierazten genuen bezala, etnologiari eta euskal gaiei idekia egongo den sail berri bat hasten dugu gaur. Lanbide honetan egiten dena asko da gure artean; baina goi mailako aldizkarietan bakarrik zabaltzen dira orain arte lan hoik.* Herriak ezer gutti daki, goseak janarekin zerikusirik ez balu bezala.

Gure asmoa, beraz, ez da Herri Jakintza sakonki aztertzea; horretarako daude lehen esandako jakintsuen idazkiak. Azterketarako ez baina zabalkunderako izango dira gure lerroak; han hemenka agertzen diren lanen berri eta jakingarrienen laburpena emateko».

Jerezko ardoari laudorioak euskaraz

Jerezko ardoari laudorioak eginez idatzitako erdal poesiarik hoberenarentzat, 30.000 pezetatako sariketa bat antolatu izan dau Jerezko «Junta oficial de la fiesta de la vendimia del Sherry» dalakoak. Gainera, ba dira beste bost sari ere, euskaraz, katalanez, balentzianoz, mallorkinez eta gailegoz egindako poesientzat. Irabazle bakoitzarentzat, 5.000 pezeta, oroitgailu bat eta Jerezko jai horreetara joan-etorria eta ostatua eskaintzen dira. Euskal poesiaren sariari dagokiozenak, Bizkaiko «Ateneo de Bilbao» elkartearen ardurapean dagoz. «Ardoaren hazañak» kantatzeko, «Txirrita»rik badago...

Euskaldunak langile Zamorako gartzelan

Zamorako espetxean diren zenbait apaiz euskaldunek —gehientsuak bizkaitarrak— hainbat kultur lan egin izan dabe euren ilunpe argitsuan. Apaizok, talde lanean ihardunik, ikus zer sail luzea jorratu daben, beste obra batzuen artean: A. Sastreren «Guillermo Tell» euskaratu, 8.000 hitzetako euskal hiztegi bat eratu, euskal atzizkien* eta aurrizkien* estudio luze bat atondu,* «Batasunaren Kutxa»ko aditza paradigma ikasterrazetan jarri, eta abar. Zenbaitzuk euskarazko lan berriak prestatzen ere ba dabiltza, bereziki Xabier Amuriza, berau euskal nobela berri bat egiten ari baita. Gartzelako orma* lodiek ez dabe eten, euskal apaizek euren jaioterriari dautsoen atxikimendua.*

Bost lehendakari, bost irudi

Euskaltzaindiak, 1918. urtean sortu zanez geroztik, bost lehendakari izan ditu, bostok botoen bidez hautatuak:

Resurrección María Azkue, 1919-1951.

Ignacio María Etxaide, 1952-1962.

Jose María Lojendio, 1964-1966.

Manuel Lekuona, 1967-1970.

Luis Villasante, 1970.

Orain dala denbora gutxi, bakoitzarentzat irudi eder bana jarri izan dabe Euskaltzaindiaren etxean, Bilbon, Ribera kaleko 6.ean. Izan ere, bakoitza bere tokian.

Elkanoren ibilaldi famatuaren 450. urteurrena

Aurten betetzen dira 450 urte, Elkano getariarrak lehen aldiz mundua inguratu ebanez geroztik. (Hazaña hori ohoratzeko, «Primum circumdedisti me» inskrizioa jarri eben haren eskuduan). 450. urteurren hau ospatzeko, zenbait jaialdi zelebratuko dira Getarian eta Donostian.

«Oskorri», txapeldun

Joan dan ekainaren* hasieran, Iruinean, Euskal Herriaren hiriburuan ospatu zan Euskal Kantarien Lehiaketan,* «Oskorri» bilbotar taldea atera zan garaile, 16.000 pezetatako saria irabaziz. Bigarren saria irabazlegabe utzi eben epaimahaikoek.

Benito Lertxundi eta «Los Euskaros» Bolibarren

Benito Lertxundi eta «Los Euskaros» kantariak entzun ahal izan ziren Bizkaiko Bolibarren, San Joan gauean.

Benito Lertxundiri, berak kantatu nahi izan zituan kanta pila bat debekatu egin eutsoezan. Bolibar aldeko publikoa ere ez zan entzule bezala lar* ondo portatu, kantuen hitzak eta doinua, nork ganorez* entzun ez ebelarik, mendietan barrena galtzen ziren eta. «Los Euskaros» kantari taldea, Bizkai aldean berri xamarra, asko gustatu zan.

Baionako ikastolaren festa

Joan dan ekainaren* 25ean, Baionako ikastolaren festa zelebratu izan zan hiri haretako Teatro Handian. Jarraiko kantari honeek izan ziren, «Ori Bai» dantza taldearekin batera, festa horretan parte hartu ebenak: Añorgako «Ertizka» taldea, Estitxu Berazkoiztarra,* Lapurdiko Carrère eta Ospital bikotea («Lepoan hartu eta segi aurrera» kanta famatua abestu eben), Eneko Labeguerie —Kanboko alkatearen semea— eta Baionako «Pottoroak». 200 entzule bildu ziren.

«Estitxu» kantaria Donostian

Lapurdiko Berazkoitzen* jaio eta Bilbon bizi dan «Estitxu» (Estivaliz Robles-Aranguiz) kantariak Igeldoko «Ku» boitean esan zituan bere kantak, ekainaren* 28 eta 29an.

Lurdes eta Xabier Oñatin

Lurdes Iriondo eta Xabier Lete senar-emazte kantariak Oñatiko institutoan entzun ahal izan ziren ekainaren* 28an, «Oñatz» elkarteak antolatutako kantaldi batetan.

«Nobela berria Hego Amerikan», Mikel Lasak, ETORen

Hau dugu, ETOR editorialak atera daukun liburu berria. Bertan Mikel Lasak Hego Amerikako idazle batzuen azterketa sakon bat egiten du, batez ere koloni garaiko literaturatik askatasunekora pasatzearen prozesoa aipaturik eta nolabait euskal literaturaren egoerarekin konparatu nahirik. Eskatzerakoan: ETOR, apartado 73, Bilbao.

Ekonomia

Jose M. Aristrain industrilariari omenaldia

Ekainaren* 26an, Madrilen, bazkari-omenaldi bat eskaini izan jako Jose M. Aristrain nafar industrilariari. Industri arazoetan 40. urtea betetzen dauala eta, Estaduko buruak emandako Lanaren Urrezko Medaila ezarri izan jako bazkari-omenaldi horretan.

Sail honetan lehenago aditzera eman genduanez, Aristrain jaunari esker jasoko ei* da Irurtzunen enpresa berri bat, 4.500 milioi pezeta kostatuko dana. Era berean, «Fundación Aristrain» dalakoa ere —mila milioi pezetatakoa— jaun beronek fundatu eban, diru beharrean aurkitzen dan jendearen promozioa zertzeko.

Bazkari-omenaldi hau, Licinio de la Fuente eta Gregorio López Bravo ministroek antolatua izan da.

C.V.F. Estaduaren eskuetan

C.V.F. (Compañia Vascongada de Ferrocarriles) izeneko euskal burdinbidea Estaduaren eskuetan utzia izan da. Ekainaren* 24ean, goizeko 9etan, Bilboko Atxuri estaziora sartu zan trenak, C.V.F. letren ordez, F.E.V.E. (Ferrocarriles Españoles de Vía Estrecha) ekarren lehen aldiz, eta makinaren muturrean lore txorta alegre bat. Makinistak deklaratu izan ebanez, «aurreko jabeek ba zituen zenbait hestuasun, eta oraingo jabe berriekin esperantza hobeak ditugu». Aipatu dogun memento horretan, han egoen Rafael de Guzmán jauna, C.V.F. elkartearen kontseiluko lehendakaria, eta Bilboko etxagunik* handienetarikoa. Estaduaren eskuetan «utzia» izan danez gero, ez dakigu, lehengo jabeek «saldu» ote daben ala oraingoek «erosi». Edozelan* ere, euskal izen eta izate bat gutxiago.

Unibertsitatea

«Folklore y Sociedad», J. Lakuntzaren estudioa

J. Lakuntza, Bilboko Jesuiten Unibertsitateko ikasleak, «Folklore y Sociedad (un estudio sobre el folklore en la sociedad vasca)» izeneko idazlan bat presentatu dau «licenciatura» dalako examinetara. Makinaz, lerro bitara, 90 folio luzeetarikoetan, estudio diskutigarri bat eskaintzen dausku. Oteiza, J. A. Arza (eta beronen bitartez «Ez dok Amairu»), Estitxu, «Argia» dantza taldearen eta abarren kritika egiten dau. Estudioaren kezkarik behinenetarikoa* bezala, Euskal Herriaren industrializatzea aipatzen dauala uste dogu, beronen eta euskal folklorearen artean diren —edo izan behar leukeen— zerikusiak ikutzen ditualarik. Euskal folklorearen arriskurik gaiztoentzat manierismoa eta mistizismoa jotzen ditu.

«Summa cum laude» J. M. Apellaniz jakintsuarentzat

Juan Maria Apellaniz bilbotar jakintsu gazteak bere tesi doktorala («La evolución de la cultura en el País Vasco desde la aparición de la agricultura hasta la época romana») defendatu izan dau Madrilen, eta kalifikaziorik gorena (summa cum laude) lortu dau. Juan Maria Apellaniz, euskal arkeologo azkar, jakintsu eta langileak, Joxemiel Barandiaran giputzaren lorratzei* jarraitzeko itxurak ematen ditu.

Neure ikasketak egiten nenbilanean, entzun izan neutson profesore honi esaten, berak ez eukala, orduan behintzat —eta harez gero ere lehengo xedean* irauten dauala uste dogu—, euskara ikasteko asmorik, hizkuntza horren bidez ez baita kultura handirik kreatu, eta beretzat beste eginkizun batzuk garrantzitsuagoak zirela. Baina Apellaniz jauna oraindik gaztea da, hizkuntzak ikasten trebea; eta, euskara ikasteko gaur egun lehenagoko denboretan baino arrazoi bereziago eta indartsuagorik somatzen dalarik, guk behintzat ez ditugu hori egingo dualako esperantzak galdu.

Liburuak

«Pintores Vascos, III», Madariagaren liburu berria

Luis Madariagak bere hirugarren liburua argitara eman berri dau, «Pintores Vascos, III» izenburuarekin, «Auñamendi» etxearen bidez, aurretiko biak bezala. Euskaraz eta erdaraz datorkigun liburu honetan, euskal pintoreak aipatzen ditu, Fernando Beorlegirekin hasi eta Mariano Plazarekin bukatuz. Jarraian, Antonio Valverdek «Euskal eskolari buruz» izenburuarekin 1966.ean emandako mintzaldia dakarsku, hau ere euskaraz eta erdaraz. Liburuak 185 orrialde ditu, eta 138 irudirekin hornituta dator.

«El arte del Renacimiento en Vizcaya», berriz argitaratua

Francisco Sesmero Pérez, Gernikako Juntaetxeko artxibozainak, bere «El arte del Renacimiento en Vizcaya» liburua (bere lizentziaturarako tesia), 1954. urtean agertua, berriz argitaratzekotan dabil. Pozarren* ikusiko geunke langile zehatz honen liburua, batez ere edizio egoki eta merke xamar batean balitz.

«Tintinen gertaera arrigarriak» saileko liburu berri bi

Bilboko «El Mensajero» jesuiten argitaldariak, bere «Etor kultur bidean» elkargoaren prestutasunez, «Tintinen gertakari arrigarriak» izeneko sailean beste liburu bi atera berriak ditu: «Tornasolen arazoa» eta «Ottokarren errege-makila». Benetan argitalpen interesgarri bi, haurrek irakurgarri berezirik izan daien. Irudien ondoko irakurgaiak —tebeo* antzeko liburuak baitira— eskuz eta Gipuzkoako herri-euskaraz eginak, oso irakurterrazak eta txukunak dira, honelako kasuetan beharrezkoa dana. Ortografi aldetik, Arantzazuko erabakien aurretikoa darabile, zoritxarrez, noiz behinka hango arauak betetzeko seinaleak agertzen badira ere. 150na pezeta balio dabe; hau ere zoritxarrez. Inprimakuntza eta enkuadernazioa, egia esan, salneurriaren araberakoak dira.

«Semblanzas de tipos populares» edo noragabeko liburua

Julian Alegria bilbotar enpresarioak behinola* idatzi eta argitaraturiko «Semblanzas de tipos populares» liburua, bigarren aldiz argitara eman berri dau Bilboko «Grafor» etxeak. «Tipos populares» dalako honeek, mende* honen hasiera inguruan Bilbon zelanbait* bizi izan ziren tipo xelebre batzuk dira. Hala, kasurako, Cabesita de ajo, Jodra, Angulita, Lorito, La Porroña... Alegria jauna limonada fabrika baten jabea zan, eta bere fabrikako produkto indargearen antzera eta itxura berean agertzen dauskuz gizon hareek, aire paternalista, kontserbadore eta moralista batekin. Bilboko txikiteroentzat omen* da, «los felises tiempos de la tasita de plata» gogoratu nahi dituan liburu epel hau.

«Euskal Herriaren Geografia», multikopiaz

Iñigo Agirre elorriotarrak Derioko apaizgai etxean Euskal Herriaren geografiari buruz emandako klaseetan jasoriko* apunteak, Adolfo Arejitak euskarara itzuli izan ditu, eta multikopiaz «ad usum privatum» argitara eman berriak dira. Iñigo Agirrek, geografia aztertzerakoan, ekonomiazko azpidurari* garrantzi handia ematen dautso. Kooperatibetan oinharritzen dau, batik* bat, Euskal Herriaren ekonomiazko etorkizuna. Bilbo Handia —hau da, Bilbo eta haren ingurua— gutxi aztertzen dau. Arejita gaztearen itzulpena zeharo ona da.

Amaia Etxeberria, «Miss Vascongadas 1972»

Ekainaren* 24ean, Irungo «Uranzu» pelotatokian egindako «Miss Vascongadas 1972» lehiaketa, Amaia Etxeberria donostiarrak irabazi eban. Sari bezala, txapel bat jarri eutsoen buruan.

«Zorion baten zainak», Gorka Trintxerpek, ETORen

Zortzi sailetan banaturik, 48 poema ematen dauzkigu Leitzako Patxi Zabaleta gazteak liburu honetan. Haietariko batzuek azalpen bat dute, hitz lauez* egina. Denetan, egilearen psikologi egoera agertzen dela dirudi. ETOR, apartado 73. Bilbao.

ANJEL ZELAIETA


Fedea gaur

Lehen hitza

Ez dugu ahaztu behar, gure herria oso erlijiozale dela, oraino behintzat. Praktika bezala erlijioa baztertu duen gazte jendea bera ere, erlijio etapa oraindik ez du ongi superatu. Erlijio kutsuak astindu dituelakoan dagoenak ere, hitzetik hortzera Jainko hitza darabil, inertziaren poderioz. «Jarrera* anti» delakoan bizi da beste jende ainitz* gurean, erlijioa dela eta. Eta jarrera hori jende heldugabearena da, erreakzio etapan bizi den jendearena.

Beraz, erlijio sail hau gogoan izan gabe, ezin dugu egin egiazko heziketa* lan askatzailerik. Gaur gure herrian ematen den erlijio giroarekin batere konforme ez bagara, soluziobide batzuk* markatuz joan behar dugu, edo eta, hobeto, perspektiba batzuk proposatuz. Federik ez duenak berak ere ezin du, herri giroan eta efikaziaz jokatu nahi badu, erlijio problema bazterrera utzi. Fedea ba dugula uste dugunok, gutiago oraindik.

Uste dugu, gaurko erlijio giro alienagarriaren kontrako alternatiba bakarra ateismoa ez dela. Erlijiozko mundu horren kontra fededun ager gaitezkeela uste dugu batzuek.

Puntu honetan, oso memento historiko interesgarria izan daiteke gurea. Beharrezko dugu, jendea planteamendu xinpleetatik ateratzea. Gaur egun, gehienik, erlijiozaleak hitzez eta hortzez* eusten dio bere erlijiotasunari, erlijiozko berezko arrazoinengatik nahiz beste interes profanoagoren bategatik. Eta beste ertzean, erlijioaz nazkatu eta ateismoaren sailera iragan* direnek, fede planteamendu guztiei irri eta trufa* egiten diete, gehienetan. Jarrera primitibo eta akritiko hauk* eguneroko ogia dira gure artean.

Zenbait lekutan eta batez ere Hego Amerikan zehar egiten diren fede ikuspegi berriak eta iraultzaileak, teoria huts dira oraindik guretzat, eta gehienentzat horixe ere ez. ZERUKO ARGIAn eta beste orri bakar bat edo bestetan, zenbait kristau mugimendu berriren berri ematen da. Baina hemen berton ez da oraino ezer horrelakorik hezurmamitu. Urrutiko fenomeno ausartak* ditugu, hor nonbait gertatzen diren gauza bitxiak.

Gure herriko gazteria konprometatuari* begira, fedearen alternatiba proposatu nahi dugu. Frogatu* ez, proposatu bakarrik, bakoitzak libreki hauta dezan. Erlijioaz nazkatu den eta erlijioa gizartearen kontrakotzat dadukan jende gaztez beterik dago gure herria. Hori itsuenak ere ikus dezake. Fenomeno horren aurrean nostalgiaz, etsipenez,* minez eta kexuz* nigar egitea alferra da.

Baina uste dut, gure herriko Eliza konkretu honetan, gaurko arriskurik eta kalterik haundiena, fedea erlijio soineko zaharrez janztea eta estaltzea ez dela. Neo-erlijioa ikusten dut arrisku eta okerbiderik okerrena. Vatikano II.a irakurri eta hitzez hitz onhartu duen jendearen jarrera erreformista. Vatikano II.a abiapuntu bezala hartu beharrean, azken hitz bezala hartu duen jendearen erdibide delako hori. Edo eta, inoiz lurra ikutzen ez duen ezker mistikoa.

Guk ez dugu nahi lehena azal berriz. Ez lehengo erlijiorik, eta gutiago neo-erlijiorik. Fede biluzia bai. Ongi dakigu, beti eramanen duela erlijiozko zapitxoren bat soinean; baina zapi hoik* ahalik eta gutien izan daitezen saiatuko gara.

Gu ere erlijioaz nazkatu ginen, eta neo-erlijiorik ez dugu nahi. Baina geure urratsak* fede bidetik aurrera eman nahi ditugu, inoiz baino esperantza haundiagoz. Lehenaren nazka ahaztu zaiku, eta fede-esperantzen poza deskubritu ere bai. Zergatik erlijiorik ez, eta fedea bai? Erlijioa lehenean, mitoan oinharritzen da, eta hasieraren itzulminez edo nostalgiaz bizi da. Fedea, berriz, utopiaren egarriz, gerora begira, mundu berriaren bila. Erlijioak mundu hau kontenplatzera eramaten du gizona, fedeak mundu hau transformatzera. Erlijioa ordenazale da, fedea transformaziozale. Gizon erlijiosoa kontserbadorea izanen da. Fededuna, berriz, iraultzailea: «Ez zaitezte egoki* gizarte honetara» (Rm. 12,2).

(Baina erlijio hitzaz zer esan nahi dudan hobeki jakin nahi duenak, irakur beza E. Osaren «Bonhoeffer-en erlijiorik gabeko kristautasuna», Erlijioa Hauzipean, JAKIN sorta).

Oraingo erlijio eta eliz estrukturak hondo hondotik kritikatzen eta baztertzen ditugunean, batzuek uste dute, etsipenean erori* garela, pesimistak garela, gure fedeak porrot egin duela. Hoiek jakin bezate, oso besterik dela gure jarrera. Uste dugu, pizteko, lehenik hil egin behar dela. Lehengo modu zaharretara hil nahi ez duenak, ez du piztueraren esperantzarik. Eta puntu honetan datza,* hain zuzen ere, fedearen muina eta gakoa.*

Artikulu sail baten bidez, fedearen ikuspegi global bat ematen saiatuko naiz. ANAITASUNA hamabosterokoa delarik, ez da erraz izanen globaltasun hori ikustea, oso tartekatua azalduko baita. Dena dela, artikulu bakoitza besteekin erlazionatu gabe ez dezala balora kontseilatzen dut irakurlea.

Bide hau eramanen dut, guti gorabehera, zati bakoitzari zein luzera emango diodan ez dakidalarik:

1. Kristau maitasuna, politika bilakatzen* denean.

2. Fedea eta politika.

3. Fedearen eta sozialismoaren arteko kidetasuna edo.

4. Fedea eta iraultza.

5. Fedea eta klase burruka.

6. Fedea, gizartearen kritikagile.

7. Fedea eta utopia.

8. Utopia eta eskatologia.

Eta abar. Aski* dateke* hitzaurrez.

SAKONE

beza, bei

bezate, beie

dezake, daike

dezala, daiala

dezan, daian

 diete, dautsee

 dio, dautso

 diot, dautsat

zaiku, jaku, zaigu


Kritika

X. Kintanaren "Behin batean"

Kintana Beste izakia («Euskal-Elerti 69») fikzioko nobelaren egile da, eta liburu honetan antzerako ipuinekin datorkigu.

Liburuak zazpi ipuin ditu. Lehen laurak aintzinako Grezia, Ekialde* eta Ameriketako ohitura eta sinesmen zaharretan oinharriturik. Ipuinok, politak izanagatik, aski* ilunak dira, Sisyforena alde batera utzirik. Hau, europarragoa delako edo, gure mentalitatetik eta gure egoeratik konprenigarriagoa zaiku. Eta ez, euskara joria ez darabilalako, gaiek berekin duten iluntasunagatik baizik.

Bostgarrena, Ukronia, aski anakronikoa, guztietan irristakorrena. Humore eztentsuak, maiz,* barre algarak eragin dauzkit. Euzkeltzaindiko gertaeretan beretan ere ez gutti. Ipuina, euzkeltzale eta euskaltzale arteko burruka izanen da funtsean. Bi gramo L.S.D.k egin erazitako zorabioan edukitako ametsetatik sortua, ikusten denez. Gure artean berbakizunik gehien sortuko duena, noski. Eta bidezkoa da, hemen, neure aburu* hauetan, ipuin honi toki gehiago ematea.

L.S.D.ren efektoak neronek ez ditut probatu. X. Kintanak berak ere ez, seguru asko; eta, probatu baditu ere, zorabioa iragan* ondorean, konorta* behar bezala zuelarik idatziko zuela nik uste. Fikzioko ipuin bat egiteko atxakia besterik ez da izan Xabierrena. Baina oso gaizki planteatua, eta bere ahoberokerietan neurririk gabea. Garbizaletasuna alderdi batean jartzen du, bere arrazazaletasunaz eta faszista izateaz bat eginik; eta herrikoitasuna proletalgoa errepresentatzen duen aldean, mentalitate aurrerakoiz. Alderdi bata eta bestea, H letraz ere aurrez aurre jartzen ditu.

Gezurra dirudi, memoria hain laburra izatea edo gaurko zaharren gaztaroko historia ez ezagutzea; zeren,* pittin bat ezaguturik, konturatuko baikinateke, baldin erreflesionatzeko ahalmenik badugu. Haiek, besteak beste, Hitler eta haren lagunen kontra ihardun zuten; eta, gaur holakorik idaztean, ba dirudi, haren lagunen alde gabiltzala. Hauek ekarri daukuten estruktura politikoan oinharriturik, haik* juzgatu nahi baldin bada.

Garai hartan, herri-euskararen mugimendua hasita zegoen. Alde batetik, Gorosabel liberalak uxatu zuen bertsolaritza mugimendua hasi zen, Lekuona eta Aitzoli esker. Bestetik, J. Urkixo ari zen literatura zaharreko lanak argitaratzen eta baliatzen. Eta, azkenik, alderdi eskuindar hartako Altubek Erderismos eman zeukun.

Lotsagabeko ukamenik egin nahi ez badugu, aitortu beharrean gara, egungo argibideen sustraiak haiei zor dizkiegula. Beraz, Kintanak hauzitan jartzen duen arazo hori, gehienbat ere, adin kontua da —jakina, beti eta toki guztietan agertzen diren estremistak eta zentzugabeak aparte utzirik—. Baina politena hau da, eta bearbada Xabier Kintanak ez dakiena: Garai hartan, alderdi komunistak ateratzen zuela euzkera-erdaraz aldizkari bat, Erri izenez (ez Herria, baizik Erri, erre gangardunarekin*). Eta, proletalgoaren aldizkaria bazen edo ez bazen, Alderdi bezain euzkera garbiduna.

Ikusita dago, orduan, Altube agertu arte behinik behin, politikaz karlismoarekin kutsatuak bakarrik zirela, euskara jatorra erabiltzen zutenak. Eta hoien influentzia nekez ikus zitekeen Xabierrek adierazten daukun Ukronian, zeren,* gerra bestaldera joan balitz, C.N.T.ko proletari amurratuek guztiak akabatuko baitzituzten. Edo, bestela, alderdi eskuindar hartakoek, salbatzaile bezala, beren buruen arrisku handirekin jarkiz,* zerbait egin ez balute, zenbait* presondegitan egin zuten bezala.

H kontuan, berriz, ez dut uste, proletalgoak bultzaturik ihardun zutenik, Baionan 1964.ean eta Ermuan eta Arantzazun 1968.ean bildu zirenek. Bestalde, Jon Mirandek, faszista izanik (?), beti idatzi zuen euskara jatorrez eta H-z. Eta, bestalderago, gezurra badirudi ere, Baionako erabakien ondorean ere, Arragoa aldizkariak, proletalgoaren izenean, oraindik neologismoz jositako garbizaletasunari jarraitzen zion, titulua bera ere erre gangardunez jarriz.

Literaturan, fikzioak ere bere helburu batzuk* betetzen ditu, eta Ukroniak ez dut uste horrelakorik duenik, alderantziz ez bada behintzat. Nire honek helbururik betetzen duen? Ba,* bai, Xabier; eta osasungarria gainera, kontaminazioen kontra eta egiaren alde.

Azken ipuin biak politak dira. Azkenaurrekoa zerbait astuna eta aspergarria bere hasieretan, baina oso ona, egungo fikziogintzetan ohi den erakoa. Azkena oso bikaina, fikzio hoik* alde batera uzten dituena.

JUAN SAN MARTIN

daukute, dauskue, digute

dauzkit, daustaz, dizkit

dizkiegu, dautseguz, diozkategu

zaiku, jaku, zaigu

zeukun, euskun, zigun

zion, eutson

zitekeen, eiteken


Elkar hizketa

Arantza Urretavizcaya

Donostian eta bazkal ondoren egin dugu elkar hizketa hau. Josu Torre eta Ibon Sarasola ere gurekin dira. Hau ez da ohi bezalako elkar hizketa, bazkal ondorengo solasaldi bat baizik. Ezagutzen ez dutenentzat esanen dut, Arantza Urretavizcaya gaztea dela, oso gaztea, eta dotorea* gainera. Zimela da, eta oso biziak ditu begiak. Oso agudo* hitz egiten du. Eskuaz mintzatzen da mihiaz hainbat. Baina hona hemen haren zenbait pentsamendu:

— Poema bilduma* bat bidali duzu «Agora» sariketara. Zergatik bildu eta eraman dituzu?

— Dirua irabazteagatik. Berrogei mila pezeta irabazteagatik. (Hau ez dakit publikagarria den ala ez).

— Sariketen kontra ez duzu, beraz, ezer?

— Ez. Ezer ez. Hasieran pentsatu nuen, «Agora» zela, eta abar. Baina gero pentsatu nuen, alderdi guztietako dirua beti ere diru dela. Gero jakin nuen, Lete eta besteak sarituak izan zirela, baina hori geroztik. Nik benetan dirua irabazteagatik eraman nituen. Beraz, ez dut ezer sariketen kontra. Baina, halaz ere, lotsagarria dela iruditzen zait, Euskaltzaindiaren sariketa batetan hogeitabost mila pezeta besterik ez ematea. Ene ustez, nobela batek sekulako lana suposatzen du, eta bost mila duro ez da ezer. Poesia, erraza da egitea: gai bat hartzen duzu, eta tira!, bukatzen denean, kito! Baina prosak lan gehiegi eskatzen du.

— Idazleek nahiko problema larria dute diruaren aldetik. Orduan niri iruditzen zait, sariketak literatura promozionatzeko era bat direla.

— Bai. Ez dut uste, idazleek beren lanak argitaratzeko problemarik dutenik. Editorialek originalak falta dituzte. Sariketek izena... ez dute izenik ematen. Dirua litzateke haietara presentatzeko arrazoina.

— Zure poesiari gagozkiolarik, esplika ezazu poesia horren genesia.

— Elaborazioa denbora gutian burutu dut. Baina gaiak, askotan eta luzaroan bueltaka eta bueltaka erabiliak nituen. Barnean nituen aspaldian. Formaz ez dakit, baina gaiz aski* landuak nituen neure poesiak.

— Nik uste dut, gure artean hain poesia ugaria sortzeak, gure literaturaren subdesarroilo bat adierazten duela.

— Zurekin nago horretan. Eta, gainera, profesionalizazioa falta zaiku. Nik poesiak egin baditut, gauza batzuk paperean jarri nahi nituelako izan da. Prosaz egitea ez zitzaitan bururatu ere; askoz ere zailagoa delako. Nik ba ditut ipuinak, baina ez dizkiot inori utzi, ez eta utziko ere. Zailagoa dela iruditzen zait prosa. Literaturan gabiltzanok beti orduz kanpo ari gara. Ez dugu astirik, lau zoriontsuk izan ezik. Poema bat memento batetan burutzen da. Prosa askoz ere gehiago landu behar da.

— Beraz, poesia egin duzu, erraza delako bakarrik? Edo eta, aitzitik*, esanbehar bat zeure barruan nabaritzen* zenuelako? Barne sena* adierazteko?

— Esanbeharra bai, horrelako zerbait ba nuen; baina, guztitara ere, errazago deritzat poesiari. Gero, ba*... nik ez dut musa eta horrelako gauzetan sinesten.

— Poetak ez garenoi, zailagoa dela iruditzen zaiku, poesia bat egitea prosa baino. Prosan, ideia bat botatzen duzu besteren segidan, eta nolabait lortua duzu; eta tira! prosa, osatua duzu. Batik bat orain arte rimak garrantzi handia zuen poesian. Gero Baudelaire eta antzekoak hasi ziren bertso libre delako hori egiten, eta orain ba dirudi, edonork egin dezakeela poesia.

— Baina, hor ere, bertso libreak bere ritmoa eskatzen du. Nik teknika kontuan ez dut ideia handirik, baina bertso libreak ere ba du teknikarik.

— Poesiaren definizio bat eman behar bazenu, nola definituko zenuke poesia?

— Ba*... ez dakit nola erantzun horri.

— Zuretzako behinik behin, zer da poesia?

— Niretzako... zerbait esateko era erraz eta atsegina. Baina ez zait iruditzen, etorkizun handia duenik genero literario bezala.

— Zergatik ez?

— Begira! Nik ez dut neure poesiaren etorkizunean sinesten. Lehenik, ez dudalako konfidantza handiegirik poesiaren beraren etorkizunean. Baina batez ere, ene poesia liriko delako, eta lirikotasuna beherantz doan edo behean dagoen talde edo klase baten seinale bat bezala hartzen badugu. Eta argi dago, lirikotasuna egoera ezin hautsi baten ondorio dela. Poesiaren bidea, ene ustez, epikotasunean datza*. Eta Euskal Herrian nik ezagutzen ditudan poetetarik (euskal poesia ez dudala oso ondo ezagutzen aitortzen dut), Aresti da horretarako indar aski duen poeta bakarra, egoera positibo baten itzalean* noski. Gure poesia gehienak lirika kutsu bat du. Inoiz konprometatu* bada ere, beti da lirikoa. Eta ez zait iruditzen, poesia tresna habila denik, gaurko zenbait* gai erabiltzeko. Arte bezala, agian* bai. Baina niri iruditzen zait, kantak duela garrantzia, eta etorkizunik duen generoa dela.

— Ba ditugu bertsolariak. Eta haiek kantan sustraitzen dute beren poesia.

— Bertsolariak ez dira olerkariak*, jeneralki behintzat. Idatziriko bertsoek ba dute poesi alderdirik; baina bat batean jartzen direnak ez dira poetikoak.

— Epikotasuna diozunean, zer esangura ematen diozu hitz horri? Agian, epikotasuna aintzinako gauzen kantatzean datza?

— Ez. Aintzinakoak ez. Oraingoak. Gauzak kontatu behar dira, eta ez norberarenak bakarrik (norberaren betiko fantasmak). Istorioak esan behar dira, poesi moldean. Agian, frantsesek egiten duten bezala: gertakariak kantuetan molda. Poesiaren bidea kantak lirateke. Baina Euskal Herrian, zoritxarrez, baliorik ez duten letrak hartzen dira kantetarako, gure poeten lanez baliatu gabe.

— Argitaratuko dituzu poema hauk? Uste dut, lotsa duzula.

— Lotsa bai. Lehenik, beldurra ematen dautaten kontuak direlako; eta pentsatu nuen, paperean jarriz gero, ez zeutatela hainbeste beldur emanen. Nik ez nizkion inori erakutsi nahi. Baina Iboni erakutsi nizkion, zeren eta berarengan fidatzen bainaiz, askotan esan dautalako, egin dudana xarra dela; eta harritu egin nintzen, onak zirela esan zeutanean. Baina uste dut, nahiko subjetiboa dela, poema bat ona den ala ez esatea.

 — Poesia gehiago eginen duzu?

— (Barre egiten du). Ez dut uste. Edo agian eginen ditut; baina inoiz ere ez argitaratzeko asmoz. Prosa landu nahi dut.

— (Torrek). Ez ote du merezi, poesia egiterik «el arte por el arte»?

— Ez. Inoiz ere ez. Izan ere, poesia bat noiz da arte? Hain subjetiboa da poesia!

— Poesiaren definiziorik zaharrena «ekintza» da (etimologia, «poieo»). Beraz, ekintza bat dela esanen zenuke zure poesia?

— Ez. Niretzako ez litzateke ekintza bat. Bibentzia bat esanen nuke hobeto, edo beste maila batetako ekintza bat.

— Praktika pertsonal bat beharbada?

— Praxis teoriko bat litzateke nonbait. Eta praktika hori osatzean, orduan bakarrik, aurkitzen dut neure burua.

— (Ibonek). Zure poesian, Frantziako zenbait abeslariren kutsua edo oihartzuna nabaritzen dut nik.

— Ni oso frankofilo naiz, eta egiazki aitortzen dut hori. Brell, Barbara, Ferrat... asko gustatzen zaizkit. Barbara memoriaz ezagutzen dut. Agian bai nabari* daiteke ene poesian haien oihartzuna. Aragon-ek ere kutsatu duke* ene poesia.

***

Poesia asko argitaratzen da gure artean, edo poesia da behintzat gehien argitaratzen den genero literarioa. Uste dut selekzio bat hedatuz* joan behar dugula, gure literatura urria aberastuz doan neurrian. Kriterio hau begien bistan dudalarik, uste dut, Arantza Urretavizcayaren poemak argitaratu beharrezkoak direla, eta hau bi arrazoinengatik: onak dira, eta berriak gainera.

Bai. Onak dira Arantzaren poemak. Benetako sen* poetiko bat adierazten dute. Denok dakigu zein subjetibo den, poema bat ona ala xarra den esatea. Ez dago arau* segurik, poema bat ona den ala ez esateko. Nik bakar bakarrik esan dezakedana, zera da: asko gustatu zaizkidala. Eta, gainera, berriak dira.

Poesia pertsonal baten aurrean gara. Poesi mota hau ez da hain landua izan gure artean. Ni ez naiz harritzen, egileak lotsa duela esaten daukunean. Nolabait ere esateko, bere biziaren zati batzuk gauzatzen ditu bere poemetan. Alderdi honetatik, eta zinezko* poeta guztiek legez,* arrisku bat du. Agian, Lete, Azurmendi eta M. Lasak egin dute poesia pertsonalik; baina ez da, Arantzak egin duenaren gisakoa. Beharbada, formaz landuagoak dira aipaturiko poeta hoien lanak. Arantzak, ordea, eta berak horrela aitortzen du, ez du forma alderdia gehiegi landu; eta hau ez diot, akats bat salatu nahirik bezala, ez. Ez duela landu esatean, zera esan nahi dut: ez duela artesaniazko lan literario bat egin, zaren* eta, aitzitik*, haren poemak landuak baitira oso eta denbora luzean zehar. Nirekiko uste dut, askotan eta luzaroan errepikatu* dituela, bere poemetan jarri dituen hitzak. Errepikatu diot, zeren eta frase bakoitzak gorputz bat baitu eta bere ritmo nabarmena.

«Kozkor gris

borroso eme bat

baizik».

Hori dioenean, adibidez, perpaus* bakoitzak bere nortasuna du; eta poema guztia honela ardazten da, gogorazio klaro —grafiko esanen nuke— eta garbien arauera*. Psikanalisis ihardun batetan esan daitezkeen perpausak dira. Fraseek ez dute berez nortasunik, plastikoa ezik; baina, poema osoki hartuz gero, hitz bat ere ez da sobera*, eta denek zehazki argitzen dute poema osoaren esangura.

Esaera eta perpaus hoik oposatuak aurkitzen dira inoiz, eta sinkroniaren mekanismoaz biziki animatzen dute poemaren abiadura. Sinkronia aipatu dut eta ez ustekabean, zeren eta historiari —denborari hobeto— atxikirik* baitira haren poemak. Denboraren sinbologia darabil, gainera. Eta imaginak nahiko landuak dira. Inoiz frase berdinak edo antzekoak jartzen ditu, poemaren barnean plano desberdinak bereiziz. Bereiziz eta oposatuz, eta hortik datorkio poemari bere dinamika historikoa. Plano hoik* ziklo hertsiak* dira; baina, bata besteari oposatuz gero, egitura historiko bat konposatzen dute.

Bestalde, Arantzak emakumearen psikologia aberatsa agertzen dauku. Eta alderdi honetatik, Amaia Lasarekin ba du paretasunik. Baina biek, bereziki landua dute emakumearen arima. Bai formaz eta bai mamiaz, Amaia ekintzaren mailan mugitzen da, eta plastikaren ardura* gehiago du. Arantzak, berriz, barrunbe psikologikoa hatzematen du*, eta poemaren haria isuri bezala egiten du.

Arestik 64.eko belaunaldia* markatu du (une honetan, ba dakit oso lanjeroso dela generazioaz hitz egitea; baina hobebeharrez...). Agian, beste generazio bat sortzen ari zaiku euskal literaturan. Lertxundi hor dugu, eta parean jarriko nuke nik Arantza Urretavizcaya. Bestalde, Ibon Sarasolaren influentzia nabaritzen* dut, aurkezten* ari naizen poema hauetan. Ibon Sarasolaren «Poemagintza» ere generazio honetan sartuko litzateke hoberen. Poesiak hautsi egin du zenbait gate astunegi. Poesia hau ez da hain funtzionala. «Naif» kutsu gehiago du, pertsonal delako. Eta gizonaren barrunbeak ez du muga jakinik.

«Duela urte gutti,

edo ez hain gutti,

lau ia,

San Pedro bezpera batetan,

gaueko hamarrak bost gutiagotan

espero izateko esperantza

hil zeutaten.

Kronika bat dirudi. Baina egunero dira «gaueko hamarrak bost gutiago»ak, eta egunero gertatzen dira antzekoak. Pertsonak, bera irauten du. Poesiak hargatik ez du edaderik; poetak bai, ordea. Eta agian Arantzak poesia gehiago eginen du. Ez da ugaria izanen; baina barrunbeak ez du mugarik, eta denbora han pausatzen da.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dauku, dausku, digu

daut, daust, dit

dautate, dauste, didate

dezake, daike

dezaket, daiket

diozu, dautsazu

dizkiot, dautsadaz

nizkion, neutsazan

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zaizkit, jataz

zeutaten, eusten, zidaten

zitzaitan, jatan, zitzaidan


Sindikatoak Rusian

Zer joera dute, zeintzuk eginkizun betetzen dituzte Sindikatoek Rusian? Laburki bada ere, gai hau erabiliko dugu gaurko lan honetan.

Sindikatoen joera

Hasiera batean, kapitalisten aurrean langileen interesak defendatzeko sortu ziren Sindikatoak. Behetik gora moldatu ziren, alderdi politikoetatik at,* langileriaren beharrizanak betetzeko. Zerbait egin behar zen, kapitalisten muga gabeko diru goseari neurri bat ezartzeko, bai eta langileen lanarentzat alokairu* zuzenago bat lortzeko.

Baina Sindikatoen joerak funtsezko aldakuntza bat izan du, alderdi politiko bakar bat duten Estatuetan. Hauetan, hasierako Sindikatoen oinharrizko baldintza, hots,* behetik gorakoa izatea eta alderdi politikoetatik kanpo egotea, aldatu egin da. Estatu hauetan, Sindikatoa goitik behera antolatzen da, eta alderdi politiko bakarrak kontrolatzen du, Estatuan agintea dutenen laguntzaile eta tresna bihurtuz.

Sindikatoak Rusian

1917. urteko iraultza handiaren aurretik, gobernariek susmo txarrez begiratzen zituzten Sindikatoak.

Gero gauzak aldatu egin ziren, eta, iraultzaren ondoren, Sindikatoek garrantzi handiago bat hartu zuten Rusiako bizitzan.

Boltxebike Alderdiaren X. kongresuan (1921.ean) eta XIV.ean (1925.ean), argi eta garbi aitortzen da, «Sindikatoen eginbehar nagusia eta behinena»* langileak defendatzea dela. Baina erabaki honek ez zuen luzaro iraun.

Joera honen funtsezko aldakuntza 1929. urtean dator, lehen plangintza kinkenala egin zenean. «Sozialist ekintzaren egoera honetan, Sindikatoak lehen tokia du, produkzioa jaso ahal izateko burrukatzen dutenen artean».

Planak seinalaturiko produkzio mailak lortu behar ziren, eta Sindikatoak Estatuaren tresna bihurtu ziren. Lantegietan diziplina gogortu egin zen, gaztiguak gehitu, inspekzioak ugaritu.

Beraz, orain Sindikatoen eginbehar nagusia ez da langileen interesak lantegietan defendatzea, Estatuak seinalaturiko produkzio maila lor eraztea baizik.

Sindikatoen xede* honek, Stalinen heriotzerarte, 1953. urterarte iraungo du Rusian.

Marx eta Leninen eritziak

Ginebrako* kongresuan, 1866. urtean, Marxek hau esan zuen Sindikatoei buruz: «Nazioarteko Elkartearen eginkizuna zera da, langileek berek sorturiko mugimenduak ugaritzea eta batzea, eta ez ezertariko* dotrina sistemarik haiei proposatzea edo onhar eraztea».

Hiru urte geroago, Basileako* kongresuan, Marxek berak hau esan zuen: «Sindikatoak, langileek berek egindako lanetik sortu dira, kapitalaren aginte despotikoaren kontra burrukatzeko».

1920. urtean, Sindikatoak Estatuaren menpean jarri nahi izan zituen Trotskik. Lenin asmo horren kontra agertu zen. Honen eritziz, Sindikatoen betebehar nagusia langileen interesak defendatzea zen, komunist Estatuak burokraziaren eraginez egin zitzakeen abusuen kontra.

Stalinen ondoren

Stalinek aginte gogorrez kontrolatzen zuen bai Rusia eta bai hainbat Estatu-komunista.

Haren heriotzearekin biguntze bat etorri zen. Eta, biguntze hori nabarien* sentitu zen nazioetan, Sindikatoak aldatu egin ziren, berriro langile elkarteak sortuz: Hungrian 1956. urtean, Txekoslovakian «Pragako udaberrian» 1968. urtean, Polonian 1970.ean. Eta ez ahantz* Jugoslavia.

Beraz, Estatuaren kontrola bigundu denean, Sindikatoek beren hasierako xedera* jo dute: langile elkarteak sortzera, langileak berak antolatzaileak izanki.

Sindikatoen XV. Kongresua

Berrikitan* egina da Moskun Sindikatoen XV. kongresua.

«Gure Sindikatoak —esan du Breznev-ek— sozialismoa nagusitu den Estatu batean ari dira lanean. Langileen aldeko burrukan, gainditua* dugu jadanik* defentsa funtzioa. Sindikatoek —egia da— defendatu egin behar dituzte langileak administrazioaren gehiegikeriaren eta burokraziaren desbiazioen kontra. Baina haien eginkizuna ez da hemen amaitzen. Antolatu egin behar dute sozialist lehiaketa,* eta gidatu langileria, produkzioa bai kantitatez eta bai kalitatez gero eta haundiagoa izan dadin».

Hemen Breznev-ek eginbehar bi ezartzen dizkie Sindikatoei: langileen defentsan aritzea,* eta produktibitatearen laguntzaile izatea.

Esan nahi ote du honek, Rusian ere Sindikatoen planteamendua zuzenagotuz doala? Izango ote dira aurrerantzean langileen benetako defendatzaile?

Hori, hitzez gabe, ekintzez frogatu* beharko dute etorkizunean.

XABIER DEUSTUA


Eror-jaikika [Olerkia]

Telesforok diosku:

 «Baldin laguna erortzen bazaik,

 har ezak lepoan eta segi

 aurrera».

Kuestionea da zein den laguna:

 Ni banintz,

 ni naiz,

 inork ez nau hartzen.

Hainbeste urtetan ibili naiz

eror-jaikika...

 «Bida-ertzean ez marrubi,

 ez belar gizenik...»

Bakarrik,

noizean behin,

hondakin triste hau,

nerau...

  Inork hartu banau,

  hi izan haiz...

 «Melitxu Basurtuko,

 piku melatua»,

  ene

SAMAR,

SAMAR,

SAMAR

itana.

  Mintza nadin

hitano.

Hi gabe,

zeri helduko?

  «Sakoneko lainoz gora...»

  Ene euskarri bakarra.

Inork ez diost:

Haik* gora.

Bakarrik:

Gora.

Aberria.

  Non nago ni?

GABRIEL ARESTI


Heziketa askatzailea

Kontzientzia primarioa

Kontzientzi maila honen ezagugarri batzuk hauk dira, laburki emanak:

a) Gizonaren interes nagusia, biologi sailera biltzen da. Jatorria, odola, abizena,* senitartea, jaioterria, hauk dira balore nagusiak, hau da bizi duen orbita bakarra. Eta mundutxo horrek ba du sakratutasun bat. Orbita hau erlatibizatzeak eta hortik pixka bat irteteak* ba du sakrilegio kutsu bat.

b) Behar bejetatiboei erantzuteak ematen ditu lanik haundienak. Zer jan, zer edan, zer jantz, hauk dira kezka nagusiak, kontzientzia primarioa duenarentzat. Bere interesa horretara zentratua dagoelarik, behar hoietarik kanpo berari dagozkion giza problema larriak ez ditu somatzen.

Beraz, bere ezagutza saila oso mugatua dago. Hesi hitxi* batean bizi da. Judizioak egitea oso zail gertatzen zaio.

c) Ikuspegi historikorik ez du. Mundua gauza burutu bat da. Ez da prozeso bat, eginez doan zerbait. Mundua goiko norbaiten edo norbaitzuen posesioa da (beste munduko jauntxoena nahiz mundu honetakoena). Batzuen posesioa, ez denen zeregina.

Ez du historiarik ezagutzen, naturaleza ezagutzen du, honen derrigorrezko legeekin. Beraz, naturalezaren kolkoan, honen jirabiraz, itzulminez edo nostalgiaz bizi da, hasiera hartako paradisuaren irrikaz.*

Nola naturaleza, hala gizona ere. Gizona burutua dator mundura amaren sabeletik. Gizona biologiak eta arrazoimenak definitzen dute: «arrazoimendun animalia», eskolastikako definizio zaharrak dioenez.

Eta hori, jaiotzez dakar mundu honetara gizonak. Beraz, gizona jaiotzez da pertsona. Geroko geroan, munduko ibilaldian ikutu batzuk hartuko ditu, heziketa* bat izango du, zirkunstantzia batzuek moldatuko dute zerbait. Baina funtsezko aldaketarik ez du izango, kalitatezko saltorik ez du emango.

Kontzientzia primarioak ikuspegi biologikoa du gizonaz, ez oraingo antropologiaren ikuspegi kulturala. Gaur gizona ez du animaliaren eta arrazoimenaren uztarri abstraktuak definitzen, errespontsabilitateak, askatasunak eta esperantzak baizik. Gorputza eta arrazoimena jaiotzez hartzen ditugu. Askatasuna eta esperantza, berriz, kulturaren frutuak dira, hots,* historiarenak.

d) Kontzientzia primarioarentzat, jainko indarrek, indar izkutuek,* indar anonimoek darabilte mundua. Gizartean gertatzen dena ere, «halabeharrez» gertatzen da. Kontzientzia honek ez du uste, mundua oso beste modu batera izan daitekeenik. Naturaleza halabeharrezkoa den bezala, gizarteko estrukturak eta bizitza ere halabeharrezko dira.

Esperantzaren mundua ez du deskubritu oraino, mundu berririk daitekeenik ez du ikusten, ez du egiazko utopiaren erakarpenik.* Beraz, giza mailaren ezagugarri nagusia falta zaio.

Kausen eta ondorioen arteko erlaziorik ez du ikusten. Ez daki, gauzak zergatik gertatzen diren gertatzen diren bezala.

e) Indar izkutuek darabilten mundu hitxi hau, mundu mitifikatua da. Zer esan nahi dugu horrekin?

Mundua gure eskutan egon beharrean, guk kontrolatu ezin ditugun indar anonimoen eskutan badago, guk ez dugu zeregin haundirik mundu honetan. Mundua gizonarentzat ikuskizun izango da, eta ez eginkizun.

Mundua halabeharrak edo destinoak gidatzen badu eta ez guk, ezin dugu munduaren martxa aldatu. Horregatik, mundu mitifikatuan gizona espektadore bihurtzen da. Mundu mitifikatua kontenplatu egiten da. Ez da funtsezko galderarik egiten, ez da azterketarik egiten, ez da ezer transformatzen. Kontenpla, ez transforma.

Hauk dirateke, kontzientzia primarioaren karakteristika nabarmenenak. Kontzientzia hau duen gizonak eta herriak, «gauezko esistentzia» bizi du oraino, dio P. Freirek.

Kontzientzia hau herri primitiboetan eta industrializatu gabeetan ematen da, batez ere. Beraz, ez da zuzenki gure Herriaren kasua. Hemen zibilizazioa, industria, makina sartu dira. Indar izkutuetan (mundutik kanpotikakoetan, alegia*) gero eta gutiago sinesten dugu. Kontzientzia post-primarioan sartu samarrak gara. Horregatik, bigarren etapa horretan gehiago luzatuko naiz, hor ikusten baitizkiot nik oraindik zangoak eta burua Euskal Herriari.

Baina kontzientzia primarioa guztiz gainditu ote dugu gero?

a) Itzulminez edo nostalgiaz, lehengo Urre Haroren* bati begira bizi den jenderik asko ezagutzen dugu, ezagutu. Naturalezaren zilbor* hestea ez dute eten, historiaren harian ez dira sartu. Historiaren haririk ez dute ikusi. Linea ukatzen dute, betiko jirabira entronizatzen. Ustekabeek, absurdoak, salto itsuek, atzerakadek gidatzen dute, hoien eritziz, mundua. Ikuspegi lineala guti indartu da, oraindik, gure artean.

b) «Arbola santuek», «lur bedeinkatuek», abizen luzeek, odol garbiek eta abarrek, gero eta sakratutasun gutiago duten arren, oraindik ere horren aztarnarik* ba da.

Baina, dena den, euskal biologiaz baino euskal kulturaz gehiago arduratzen* gara gaur. (Horretaz zerbait esanen dut, bigarren etapaz aritzerakoan*).

Ba da, hala ere, kontzientzia primarioaren kapitulu bat, Euskal Herriak oraindik benerazio haundiz betetzen duena. Interes bejetatiboen kapitulua duzu, hain zuzen ere. Zer jan eta zer edan. Eta, horrekin batera, zenbat jan eta edan ere bai, zenbatak garrantzi haundia baitu kontzientzi maila honetan.

Elkarte gastronomikoz josita dago gure Herria, eta oraindik jostenago* ari da. Horren ondoan, oso kultur elkarte guti. Oraindik ere nahiko haurtzaroan edo haro primitiboan gaudela esan behar euskaldunok, gure tripazentrismoa ikusirik. «Urdail fasea» ez dugu superatu.

Inkesta* zehatz batzuk egiteak ez leukegu batere kalterik ekarriko: Zenbat diru ematen da extrako jan-edanetarako eta zenbat kultur beharretarako?

Tripazentrismo hori gainditzea, kulturzentrismoa lantzea eta, areago,* kontzientzia primarioaren markak borratuz joatea, ez da izango heziketaren egitekorik makalena.

Biologi interesetatik kultur interesetara eramango gaituen heziketa izanen da heziketa askatzailea.

EUSEBIO OSA

dizkiot, dautsadaz

gaude, gagoz

leukegu, leuskigu, liguke

zaio, jako


Mitologiak

Etikarik ez denean

 Ethos hitzak, «harresia»* esan nahi du greko zaharrean. «Toki» ere esan nahi du. Baina, mendebaldeko* kultur historian zehar, hitz honek «moral» esangura hartu du. Gaurgeroan, tokia zena, ohitura («mores») bilakatu* da.

Nik ez dakit zergatik; baina, tokiak huts egiten duenean, ohiturak nagusitzen dira. Zera adierazi nahi dut: alegia,* gizonak bere erroak eta sustraiak galtzen dituenean, usadioaren arauera* konportatzen dela. Gizona bere etxean (harresian) dagoenean, fierki* portatzen da; eta haren jokabideak beti berriak eta jatorrak dira, hots,* etikoak dira konportamenduak. Baina gizona deserroturik aurkitzen denean, «tokirik» ez duenean, ohituren arauera mugitzen da, hots, moralki. Eta egun* euskaldunok ez dugu tokirik, edo eta dagokigunik behintzat.

Morala diodanean, zentzu peioratibo batetan erabiltzen dut. Etikaren hondakina da morala. Etikaren arauera hedaturiko* konportamenduak libroak eta errotuak dira, historikoak hain zuzen. Etikak ba du denborarik; moralak, ordea, ez du historiarik. Ohiturek ez dute denborarik; denbora badute ere, sasoi mitiko batetakoa da.

Mitologia politikoa

Egungo mitologia politikoa, mitologia moral bat da batik* bat. (Euskal intelektual gehienok apaizgai edo apaiz izanak gara; eta fenomeno honek ba du zerikusirik gure politikagintzaren moralismo honetan). Sistema politiko gehienek eredu edo modelo bat ba dute. Egun, bi modelo ditugu klaroenak (modeloak beti dira bikoitzak: ona / xarra. Morala da hori ere). Bi modelo hauk kapitalista eta sozialista dira.

Sistema bakoitzak bere ereduaren aplikazio xuxen eta garbia izan nahi luke, Politikoek egiten dituzten apologetika eta autojustifikazioak, eredu baten arauera eginak dira. Bakoitzak izan nahi du erabateko* kapitalista edo sozialista. Baina hemen mitologiaren arlora irixten* gara.

Adibidez, egungo sistema politikoetan, nola sozialistetan hala kapitalistetan, XVIII. mendeko* ideiek garrantzi aparta dute. Frantziako Ilustrazio edo «Argien haroak» berebiziko* arrakasta* suposatu zuen ondorengo politikagintza guztietan. Egun, XVIII.eko ideia asko erabiltzen dugu. Askatasuna, anaitasuna, berdintasuna... Frantziako errepublikaren slogan izan ziren hitzak, erabat* xertaturik* ditugu geure mitologia politikoan. Moral politiko berezi baten lekuko* ditugu hitz hoik. Hitz hauek ez dute denborarik. Eta iruditzen zaiku, hitz hauk* betidanik preziatuak eta onhartuak izan direla. Baina hitz hoik arketipoak dira, eta mitologia politiko berezi batetan bakarrik uler daitezke.

Hitzek beren esangura galdu dute, eta, edozein sistema politikotan erabiliak izan arren, ez dute deus* esan nahi. Mitoak dira. Moral baten sostengu bilakatu dira. Ohiturak dira.

Euskaldunon ohiturak

Euskal ideologiaren historian zehar maiz* aldatu dira hitzak. Baina esangurak gutti aldatu dira. Azalak berritu dira, baina muinak ez. Hain zuzen ere, XIX. mendeko eta XX.aren hasierako kontzeptualizazioetatik oso hurbil* gabiltza oraindik euskaldunok.

Egun salatu beharrezko euskal mitologia, XIX. mendekoa dugu oraindik. Askok, lehen raza hitzak zuen esangura ematen diote ethnia hitz modernoagoari. Lehen «lagi zarrak» deitzen genuena, orain «goiko lerroak» dira.

Agian,* hizkuntza dugu euskaldunok kontzepturik eragileena. Baina hizkuntza ere moral eta erlijio bat bezala erabiltzen dugu. (Garbiak eta zikinak dira, euskaldunak eta «mordoiloak»). Hizkuntzaren funtzionalizazioari beldur diogu. Hizkuntza sagaratua da; eta ohituren arloan mugitzen gara. Chao, Astarloa eta Kardaberazek hizkuntzaz iharduten zutenean, erlijioski eta moralki iharduten zuten. Hizkuntza (beti ere abstraktuki) lege zaharretarik bat da. Ohitura moraletarik bat.

Etikarik ez du hizkuntzak. Euskararen etika bere funtzionaltasuna izanen litzateke. Guk, ordea, moral mailan dihardugu. Ez gara gai eta gauza, premia eta fenomeno berriei erantzun berriak emateko.

Sozialismoa eta morala

Adibidez, sozialismo hitzarekin gertatzen dena. Denok iharduten dugu sozialismoaz; baina inor guttik adierazten du, hitz horrekin esan nahi duena. Nehor* guttik frogatzen* du ekintzetan hitz horren esangura. Gure artean dotrina mitiko baten antza du zenbaiten sozialismoak. Sozialismo hitza, geure mitologia politikoaren zutabeetarik* bat dugu.

Zenbaiti nik eskatuko nioke, ez dezala hainbeste hitz egin sozialismoaz, eta froga dezala areago* bere uste hori ekintzetan. Edo, guttienez, froga dezala bere sozialist izatea, egiten dituen analisietan. Praktikatik at,* mitoak dira nagusi.

 Sozialismo hitza, zentzurik gabeko hitza bilakatu zaiku. Hitz hutsa da. Hitz hau xapel bat da, edozein buru estaltzeko gai den xapela.

Gainera, sozialismoaz hitz egiten duten zenbaitek, humanismo arrunt* baten mailan iharduten dute. Moral maila batetan. Eta erabat* bazterturik dute ekonomi alderdia. Gure artean ugaria da delako sozial-humanismo hori.

Politikaren arloan ez da aski,* mito batetik bestera pasatzea; aitzitik,* ekintzari atxiki* behar zaio politikagintza. Ekintzak mitoa apurtzen du. «Ismo» guztiek segurantza bat ematen daukute. Mitologia baten barnean garen bitartean, seguru gara. Baina ekintzari ekiten dionak, ez du mitoaren babesik. Ekintzari atxikirik dagoenak, kreatu egiten du; geroa sortu. Eta honi deritzat etiko.

Moralean, pentsamenduak eta intentzioak, ekintzak bezainbat* garrantzi du. Moralista gehiegi dugu geure artean. Fantasmak, ez daudenean, sortu egiten dira. Fantasmak (mitoak) beharrezkoak dira, norberaren segurantza eta uste ona gordetzeko.

Euskaldunok etikaren bat frogatzen badugu, ez dadila izan denborarik gabekoa, edo eta beste sasoi batetakoa. Etika, ohituren bizkarretik lortzen da. Gizonarekin batera osatzen da etika. Eta gizonik ez da; gizona «egin» egiten da. Bilakatu. Euskal Harresia ba dugu; baina, agian,* oraindik ez dugu euskaldunik.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

daude, dagoz

daukute, dauskue, digute

dezala, daiala

dio, dautso

diogu, dautsagu

diote, dautsoe

nioke, neuskio

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako


Literatura eta gizartea historian. Grezia

Haro helenistikoa

Haro* helenistikoa Alexandro Handiaren ondoko hirurehun urteek osatzen dute. Haro honetan, nahiz klase diferentzia areagotzen* den, etorkian* oinharritzen ziren abantailak* bukatu egin dira, aristokrazia zaharraren boterea deusezten* delarik.

Ekonomiak kapitalismo internazionalaren maila irixten* du. Klase gidari burjes bat sendotzen da agintean, bere botere ekonomikoan soilik oinharrituz. Estadu berriak, beste ezer baino areago,* razionalismoa faboratzen du. Razionalismo hau bizitze kulturalaren maila guztietara heltzen da. Zientzia eta arte lanak, nazioen gainetik dauden erakundeez* zuzentzen eta gobernatzen dira. Ekonomia razionalki organizatu duten oinharriak dira zientzia eta artea ere organizatzen dituztenak, espezializazioa eta talde lana sortuz. Inbestigazio zentroak, museoak eta bibliotekak kreatzen dira. Iragana* ezagutzeko eta aurreko mendeetako* arte lan eta estiloak ulertzeko eta miresteko joera nabari* da. Honen ondorioz eklektizismoa azaltzen da, hots,* estiloen nahastetik sortzen den estiloa, jadanik* Euripidesen drametan mostratzen hasi zena, elementu dramatikoak lirikoekin eta erretorikoekin nahastuz.

Haro helenistikoan biografia eta autobiografia, maila goren batera heltzen dira. Garaiko gizartea gero eta areago arduratzen zen gizona ezagutzeaz, batez ere konkurrentzia ekonomikoaren burrukan gero eta areago baliatu behar delako ezagutze horretaz. Psikologiari buruz mostratzen den interesa, beste bi jeneroren sortzailea da: nobela eta komedia «burjes»arena. Haro helenistikoak sortzen ditu historia asmatuak, beren gaia irakurlearen eta entzuleen munduan hartzen dutenak, eta ez leiendaren mundu hurrunean.

Giro honetan sortzen dira Menandroren komediak. Komediotako pertsonaiak erdiko eta behereko klaseetakoak dira; eta gaiak, maitasuna, dirua, heredentziak, haur abandonatuak, aita galdu eta berraurkituak. Amodioa ez da inolaz ere falta. Honetan ere, Euripides da haro helenistikoaren teatroaren aintzindaria.* Haren aurretik ez zen inoiz erabili maitasuna joko dramatikoan, eta berari dagokio berritasun honen aitatasuna. Dena dela, haro helenistikorarte ez da amodioa egintza dramatikoaren eragile bilakatzen.*

Komedia burjes honen alderik burjesena gai berri hau dateke,* ez baitira amoranteak jainkoen aurka burrukatzen, mundu burjesaren mekanismoaren aurka baizik: kontra jartzen diren gurasoen aurka, kontrario aberatsen aurka, karta gezurtien eta testamentu berezien aurka. Guzti hau bizitzearen «desliluratze»* eta razionalizazioari lotzen zaio, moneda ekonomiari, garaiko espiritu merkatariari, zeinak* ez baitu ezer jakin nahi jainkoez eta heroeez. Azkenean, orain lortzen du burjesiak bere teatro propioa izatea.

IBON SARASOLA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUA

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, coyuntura, ocasión.

ABANTAIL, ventaja.

ABIZEN, deitura, apellido.

ABURU, eritzi.

AGIAN, nonbait, aurki, eiki, hurrean, beharbada.

AGUDO, arin, laster.

AHAL-OROTAKO, todopoderoso, omnipotente.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu, ahaztu (inperatiboetan).

AINITZ, asko.

AINTZINDARI, buruzagi.

AITABITXI, padrino, parrain.

AITZITIK, al contrario.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, aloger, salario, jornal.

AMILDU, precipitarse.

ANGELU, Lapurdiko, Anglet.

ARABERA, conforme, según.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAU, norma, regla.

ARAUERA, según, conforme.

ARDURA, axola, arta.

ARDURATU, axolatu, arta hartu.

ARE, aún, hasta, encore, jusque.

AREAGO, oraindik gehiago.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRUNT, común, ordinario, corriente.

ASKI, nahiko.

ASTOLOGO, astoen bizitza estudiatzen duena.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATONDU, antolatu, eratu.

ATXIKI, adherirse.

ATXIKIMENDU, adhesión.

ATZIZKI, sufijo.

AURKEZTU, presentatu.

AURRIZKI, prefijo.

AUSART, valiente, intrépido.

AZPIDURA, infraestructura.

AZTARNA, aztarren, arrasto, seinale.

BA, bada, pues.

BADERIZT, erizten badaut (badit), si cree de mí, si opina de mí.

BARIK, en vez de, au lieu de.

BASILEA, Bâle.

BATIK BAT, bereziki, batez ere.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEGIRATU, zaindu, jagon.

BEHINEN, primario, primordial.

BEHINOLA, en otro tiempo, anteriormente.

BELAUNALDI, generación.

BERAZKOITZE, Lapurdiko Briscous.

BEREBIZIKO, pintiparado, de perlas, à propos, choisi.

BERRIKITAN, berriki, oraindik oraintsu, aurtemein, arestian.

BEZAINBAT, beste, haina.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BIPIL, valiente, resuelto.

BOKART, antxoba.

BULEGO, oficina, bureau.

DARRAIO, jarraitzen zaio. (Aditz hau intrantsitiboa da).

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste, está. (Etzan aditzaren forma).

DESLILURATZE, desencantamiento.

DEUS, ezer.

DEUSEZTU, ezereztu.

DOHAN, gratis.

DOTORE, apain.

DUKE, du nonbait.

EDOZELAN, edonola, nolanahi.

EGITUR, egitura, estructura (hitz elkarteetan).

EGOKI, egokitu, acomodarse (sujuntiboetan).

EGUN, gaur.

EHIZA, caza, chasse.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIALDI, eguzki alde, Este.

ENDELEGUTSU, inteligente.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERABATEKO, completo, total.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERAKARPEN, atracción.

ERHI, dedo, doigt. (ERI, gaixo).

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERREPIKATU, repetir.

ESKUALDE, comarca, región.

ESTEKATU, lotu.

ETORKI, origen, abolengo.

ETSIPEN, resignación.

ETXAGUN, propietario.

EZELANGO, inolako.

EZERTARIKO, de alguna clase. (Ezezko esaldietan, de ninguna clase).

FIERKI, resueltamente.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

GAINDITU, superar.

GAITZ, eskerga, enorme.

GAKO, kako, clave.

GANGAR, cresta.

GANORE, ganora, kanore, fundamento, fuste.

GATAZKA, burruka, lucha cuerpo a cuerpo.

GATIBATU, encadenar.

GINEBRA, Genève.

GOGARAKO, gustuko.

GURA, nahi, gogo.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo). Jaiki hadi.

HAINA, beste, bezainbat.

HAINAKO, besteko, bezainbateko.

HARO, época, período.

HARRESI, seto de piedra, clôture en pierre.

HATZEMAN, captar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEDA, hedatu, zabaldu (potentzialetan).

HEDADURA, expansión, extensión.

HEDATU, zabaldu.

HEGAL, ala.

HEGATS, pluma.

HERRA, rencor, aversión.

HERTSI, hitxi.

HEZIKETA, educación.

HIRIGINTZ, hirigintza, ordenación urbana (hitz elkarteetan).

HITXI, hetsi, hertsi, cerrado, fermé.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORTZ, hagin.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURBIL, hur.

IAIO, bikain, excelente.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRITXI, alcanzar, atteindre, llegar, arriver.

IRRIKA, gutizia, ansia, anhelo.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISTRIPU, accidente.

ITAUNDU, galdetu.

ITZAL, babes.

ITZEL, gaitz, eskerga, enorme.

IZKUTU, oculto, caché.

JADANIK, ya.

JARKI, iharduki, resistir, oponerse.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, soportar, aguantar.

JASO, hartu.

JAZO, gertatu.

JOSEFINA, asto baten izena.

JOSTENAGO, josiagotzen.

KEXU, descontento, inquietud.

KONORT, zentzu.

KONPROMETATU, engaiatu, comprometerse, s'engager.

KRESPA, crespón.

LAR, larregi, gehiegi, sobera.

LARREGIAN, gehiegian.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición, emulación.

LEKUKO, testigu.

LORRATZ, huella, vestigio.

MAIZ, sarri.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

NABARI, evidente, notorio, patente; nabaritu (potentzialetan).

NABARITU, sentir, percibir.

NEHOR, inor.

NORAGABEKO, sin orientación, sin rumbo.

OIHARTZUN, eco.

OINESTRUKTURA, infraestructura.

OLA, fabrika.

OLERKARI, poeta.

OMEN, ei.

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

PAIRAGAITZ, pairatzeko (sufritzeko) gaitz.

PERPAUS, esaera.

POZARREN, pozik.

SEN, instinto.

SINATU, izenpetu, firmar.

SOBERA, lar, larregi, gehiegi.

SUZTAGARRI, aliciente, estímulo.

TAMALGARRI, lastimagarri.

TEBEO, cómic.

TENORE, ordu, garai, denbora.

TRUFA, burla.

UHIN, olatu.

URRATS, pauso.

UZTA, mies, cosecha, moisson, récolte.

UZTAIL, julio.

XEDATU, fijar, determinar, disponer.

XERTATU, injertar, greffer.

ZEDE, helburu, asmo, fin, objetivo.

ZEINA, el cual, lequel.

ZELAN, zela, nola.

ZELANBAIT, nolabait.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERRILOGO, zerrien bizitza estudiatzen duena.

ZILBOR HESTE, cordón umbilical.

ZINEZKO, benetako.

ZORU, zola, suela, semelle.

ZUTABE, columna, pilar.


Euskal asto-lasterrak

11.

Gure eskritorerik (eskritore, Jainkoarren, ez idazle!!!) bokazionatuenak ZERUKO ARGIAn euskaldunen klasifikazio zoolojiko bat egin zeukun, orain asko ez dela. Harentzat bi euskaldun klase dago, bi totemek gordetzen gaituen euskaldunok: bufalo eta termita.

Euskaldun-bufalo, haren gogarakoak* direnak dira. Berak maitatzen dituenak, Manitu ahal-orotakoaren* zelai ferdeetara eramaten ditu, eta gainerakook, zerbitzari apal eta apur hau kapitain jeneral naizelarik, termita edo inurri edo komejenen gradoan ezartzen gaitu.

Partikularzki bi euskaldun-bufalo aipatu zuen bere sententzia solemne hartan. Bere poesiaren hegal* eta hegats* fantasmetan Manitu gorenaren belar gizena hausnartzen imajinatu zuen bi adardun ezin-ahaztu: Azkue eta Baroja. Paradisu totemikoetako bake miragarria ez dadila inola ere turba, bufalo hoien adar burrukarekin; ez dezatela bi hoiek hemen behereko haien gatazka* arrabiatua kontinua; bestela, termiton ifernu iluneon are* trankilago biziko baikara. Ez diezola berriz ere Barojak Azkueri esan: «Zuek, euskaldunok, mahometano mota bat zarete, galtzarpean Elkorana eraman beharrean, Aita Asteteren katixima daramazuenak». Eta, honi arrapostuz, ez diezela eska Azkuek lau Diputazioei (eta zergatik ez Paueko prefektuari?) ezein Elkartate Filarmonikotan Barojaren deserritze eta desterratzea, «por hijo espúreo». Baina hala gertatzen balitz, alegeraki errezibituko genuke termiton mundu nardagarrion.

12.

Nik dakidanez, Luis Mitxelena astologo* famatuak estudiatu zuen lehenez asto mota hau. Espezimen honek arras* maiz* Euskal Herrian, baina bai Kristau Herri guztian ere, bere habitat egokia aurkitzen du. Hau ez dakit nola katalogatu behar dugun, baina haren karakteristikak hauk* dira: Bere fedea munduan dagoen bakarra izan uste du. Hortik, esaten zuen Mitxelenak, sortu da «euskaldun fededun» slogan zaharra. Baina slogan hau erabiltzen dutenek (gaur ere asko erabiltzen da, eta lepa-ondoan astintzen gaituzte, lehengo zaharrek kristautzat hartzen ez zirenei gurutze santuaren egur benedikatuaz lepa-hezurra jotzen zieten herra* eta gerra ber-berarekin), apropos ignoratzen zuten, edo ez zuten inola ere jakin nahi, zenbait* fede diferente egon dela Euskal Herrian, beren fedeak ba zituztela hala nola Eneko (edo Iñigo) Loiolakok, bai Joane Berazkoizkok* eta Tomas Meabekok ere. Nik ere, askok bestela baderizt* eta azken urteotan epeltzen hasi bazait ere, neure fedetxoa ba dut, krespa* artean harri preziatu baten moduan amoroski gorde eta begiratu* dudana.

Euskal Herriaren inguruko asto lasterraldi honetako egungo etapan, bukaerara zortzi minututako abantailarekin ailegatu dena, ez da Euskal Herrikoa. Lehengo egunean esan zeutan neure bigarren alabak, bere irakurgaitako liburuan bere aitabitxiaren* poema bat zetorrela, eta gainera lektura erlijiosoen artean, eta ea nola izan litekeen hori posible, baldin eta berak (umeak) segurantza osoa bazedukan Blas de Otero ez dela inola ere eliz-zale edo jainko-zale.

Hartu nuen liburua, eta poema hura leitu nuen. Poema zaharra zen, nik ere behin euskaraz argitaratua, eta bertan gure Orozkoarrak bere fedeari egiten dio aipamen. Baina, alafede! Oteroren fedea, nahiz eta Eiffel-go dorrea baino fermuago eta iraunkorrago izan, ez da fede erlijioso bat. Meaberenarekin edo enearekin zerikusi haundiagoa du, Loiolakoarenarekin edo Berazkoizkoarenarekin baino. Gure euskal eskoletako metodoekin sartzen gara batzutan (ikastola hitza usatzea ez zaiku gustatzen, errazago baitakarkigu gogora eskola bat baino zentral termiko bat); baina erdal eskoletako profesional diplomatuen artean, ez du efektibitate handirik frogatzen,* «Naya» liburuetako laugarren kurtsua preparatu zuenak.

13.

Astakeria hau lehen aipatutako astologoak sujeritzen daut. Kontuan eduki behar da lehenbizi, Mitxelena oso zerrilogo* trebea ere ba dela, eta terreno honetan jabe den jakituriaren frogantza* handi bat ematen dauku bere azken liburuaren asken bukaeran bertan, han seinalatzen baitauku erhiarekin* (eta batzutan ez da hain edukazio xarrekoa), galtzontzillo arrosa-kolorekoak tirante beltzez estekatzen* dituen bat.

Zoologo sozialen artean, hala ere, hainbat estudiatu ez den gauza, hauxe da: zoolojia ekolojikoaren brantxa desberdinek (brantxa erabiltzen dut, adar edo beso edo parte ez erabiltzearren), elkarrekin dituzten loturak. Kezkaturik ibili naiz ni azken aspaldion harreman ezezagun hauetaz; eta ondorio batetara ailegatu naiz, azken fin batean, zerrilojiak astolojiarekin duen loturaz, behintzat. Hauxe da: erri batek gizon argi eta prestu bat asto bihurtuko du, baldin eta deskuido batetan harrapatzen badu.

Hala gertatu zitzaion, orain zenbait urte dela, Jiménez Martos ezagunari, Aguilar-ek publikatutako «Poesía Hispánica» bere liburuarekin. Bertan, guri baimenik eskatu gabe eta gainera «copyright» delakoa jarririk, Intxausti, Irigoien, Lekuona, San Martin, Sarasola eta enekin batean, poeta berri baten lehen euskal poesia agertzen da. Gehiegizkoa iruditzen zait benetan, tintazko bataioa antolojia batetan hartzea. Ziri ederra sartu zion gure (zuen!!!) Santiago Aizarnak Jiménez delakoari. Aizarna oso endelegutsua* da, eta, dirudienez, uhin* gaitzen* artean ederki daki igeritan; baina, adarren artean gabe, belarrien artean toreatzeak eta banderillatzeak ez dirudi hazaña ohoragarria.

Urte hartan, Aretan (Arabako Aretan, ez Bearnokoan), asto-lasterra Josefinak* irabazi omen zuen.

14.

Urrezko luma bat Pelay-Orozkorentzat. Eta ez da oilar gangarra,* lumak aldatzen dituelako, ez. Duda bat ere gabe, lehengo euskalduna oraingoa baino nobleagoa zen. Lehen euskaldunek irrintzi egiten zuten; orain arrantza.

Baina letra bakar bategatik ez naiz Aizarnarekin haserratuko.

Pelay-Orozko jaunarekin egon nintzen azkenean (fotografia bat, ez argazki!!! bat, argitaratu zen aldizkarietan —bi asto irrintzika— eta asko eta asko molestatu zen jendea), ez nion ezkerreko belaunaren barren aldeari begiratu, ea hark ere, nik bezala, Balaam-en marka zorionekoa daraman. Txuleta bat Azpeitiko Artetxerenean, baietz.

MALGIZON ARESTIAR